Udalak urteak daramatza Errege Mintegiaren ondarea zaintzen, antolatzen eta berreskuratzen. Hala, Laboratorium Museoaren bitartez, ikuspegi zientifiko eta dibulgatiboarekin aldi baterako hainbat erakusketa antolatzea aurreikusten dugu. Hau, biodibertsitateari buruzkoa, lehena izango da. Baina etorriko dira beste batzuk.

Honako honetan, hain zuzen ere, Errege Mintegiak natur zientzia alorrean egindako lan itzela izan dugu abiapuntu eta gurera ekarrita, biodibertsitatearen gaia zabal jorratzea erabaki dugu. Are gehiago, Udaleko bildumari Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako lagapenak batuta erakusketa oso berezia antolatu du.

Esan beharra dago, baita ere, Laboratorium Museoan egiten diren ekintzak beti ere zabalik daudela publiko orokorrari, espezializatuari eta baita ere etorkizunari; ikastetxeei hain zuzen ere. Jardunaldi hauetan ere guztiei eta bakoitzari zuzendutako ekimenak aurreikusi dituzte.

Biodibertsitatea bat dator Errege Mintegian luzaroan zaindu eta mimatu den ondare atal garrantzitsuarekin. Eta horri gehitu dakiokegu Bergarako ikastetxeetan azken bi ikasturteetan ikasleek Agenda 21erako ‘Biodibertsitatea’ aukeratu izana.

Museoan bideratzen diren ekintza ia guztiak bezala, bi publiko nagusira zuzentzen dira jardunaldiok. Batetik publiko orokorra. Horiei zuzenduta dago Aldi baterako erakusketa hau eta 2 bisita gidatu mota antolatu dira: erakusketan aholkulari zientifiko egin duen adituak gaztelaniaz, eta museoko arduradun Iñaki Irizarrek euskaraz.

Bestalde, Tailer bereziak ere antolatu dituzte: larunbat honetan bertan familiei zuzendutako narrastien tailerra egingo da, Aranzadi Zientzia Elkartekoekin batera. Bartzelonako Carles Puige artista ezagunak Marrazketa botaniko tailerra gidatuko du. Horrez gain, Zetazeo eta itsas hegaztiak ikusteko irteera antolatu dute.

Publiko orokorrari begira, familiei erreparatzen die nabarmen, eta horiei keinua da baita ere ipuin kontalari baten bitartez erakusketa ere erakutsiko dela, bere narrazio estilo eta ipuinen bitartez.

Azkenik, jardunaldi hauen baitan 2018rako diseinatutako ‘Herritarren zientzia programa’ ere aurkeztuko dute. Hala, animatzen diren herritarrek, museoak gidatuta, espezie jakin batzuen jarraipena egingo dute.

Ikasleei begira ere dinamika ugari: 3 bat orduko saioak Museoan eta Laboratorioan, Lehen Hezkuntzakoekin, maila batean eta Bigarren Hezkuntzakoekin, baita ‘Herritarren Zientzia programa’ ere. Erakusketa hau berrerabilgarria izango da eta abenduan gordeko den arren, beste ikasturte batzuetan ere aterako da berriro erabili ahal izateko.