Torbern Olof BERGMAN (1735-1784)

Suediako Zientzialari ospetsua, eta Uppsalako Unibertsitateko izen handiko irakasle ezaguna. Zientziaren hainbat adar landu zituen; Kimika Inorganikoaren alorrean ekarpen benetan aipagarriak egin zituen. Batez ere, Mineralogia Kimikoan gailendu zen, eta mineralak osaketa kimikoaren arabera sailkatzeko lanetan dugu AITZINDARI. Horretaz gain, afinitate kimikoa ere aztertu zuen; honen taulak, zalantza-izpirik gabe, garaiko osatuenak ziren.

Richard Bowdler SHARPE (1847-1909)

Zoologo ingelesa, hegaztien ikerketan espezializatu zen; ornitologo hau British Museum-eko ornitologia-ataleko bildumetako arduraduna izan zen. Bere ibilbide profesional bikainean zehar, interes berezia izan zuen taxonomian eta filogenian. Egin zuen lan ikaragarriari esker, EZAGUTZA zoologikoa nabarmen hazi zen. Lan hori ehunka liburu eta artikulu espezializatuetan dago jasota; horien artean aipagarriena, Catalogue of birds in the British Museum (27 liburuki), bere obra nagusia.

Pierre François CHABANEAU

XVIII. mendeko kimikari ospetsua; platinoa purifikatzeko lehen metodo eraginkorra aurkitu zuen.

Mariano de la Paz GRAELLS (1809-1898)

Graells, Madrilgo Zientzia Naturalen Museoan, Zoologiako katedradun eta bertako zuzendaria izan zen, nazioartean ere ospe handiko naturalista. Bai erakunde-arloan, bai irakaskuntza-arloan egin zuen lan, eta hamarkadatan zehar Zientzia-lehortea jasan ondoren, XIX. mendeko Espainian Natur Zientzien BERRITZAILEA izan zen, Zientzia Naturalak berpiztu zituena. Ikertzeaz gain, animaliak eta landareak katalogatzeko lanak sustatu zituen, eta naturalistak trebatu nahiz antolatu.

Louis Joseph PROUST (1754-1826)

Ikerketa-lanetarako gaitasun handikoa, Frantziako L. J. Proust kimika-irakasle izan zen Bergarako Mintegian. Garai hartan argitaratu zuen Introducción al curso de química , eta baita hiru ohar ere —espatu astunei, kobaltoari eta behazunaren osaerari buruz— Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Batzar Orokorren Laburpenetan. Eta berari zor diogu, halaber, Bergarako Laboratorium Chemicum izan zena antolatu eta martxan jartzea. Proust analisi kimikoaren sortzaileetariko bat dela jotzen da.

Juan Jose ELHUYAR (1754-1796)

1772-1777 urte bitartean Kimika ikasketak egin zituen Parisen, bere anaiarekin batera, Hilaire-Marin Rouellerekin. Faustori lagundu zion hiru urteko prestakuntza-bidaian, Europako hainbat zentrotan ikasiz (Freiberg). I. de Montalvorekin batera, Carlos III.aren armadako kanoien ekoizpena hobetzeko egindako espioitza tekniko-militarreko espedizio batean izan zen. Tarte horretan, sei hilabete pasatu zituen Uppsalako Unibertsitatean (Suedian) Kimika ikasten, Bergman-ekin eta Scheele-rekin; eta han asko ikasi zuen wolfram trioxidoaren inguruan.

Juan González ARINTERO (1860-1928)

Aita domingotarra, Zientzia-ikasketak burutu zituen eta irakasle izan zen Bergaran (1886-1892). Naturalista, apologista, teologoa, ospe handiko eklesiologoa, eta XX. mende hasieran, Europako mistiko handienetarikoa. Zientzia eta fedea bateragarriak direla frogatu nahirik, Errege Mintegian Goi Mailako Ikasketa Zientifiko eta Apologetikoen Zentro bat proiektatu zuen, eta Zoologiako kabinetea ere aberastu zuen. Onartu egin zuen EBOLUZIOA, hainbat xehetasunekin bazen ere. Bere pentsamolde bilakatzailea Eklesiologian eta Mistikan aplikatu zuen.

Fausto ELHUYAR (1755-1833)

1772-1777 bitartean Kimika ikasketak egin zituen Parisen Hilaire-Marin Rouellerekin, Juan Joserekin batera. Hiru urtez Freiberg-en, Abraham Wernerekin ikasten ibili ostean, Bergarako Errege Seminarioan Mineralogia irakaskuntzaren kargua hartu zuen. Denbora tarte horretan, bere anaia Juan Joseri lagundu zion Wolframa isolatzeko ikerketetan, eta Chabaneau-rekin platinoa landu zuen.

Euskal ilustratuak: fundatzaileak eta kudeatzaileak

XVIII. mendearen erdialdean euskal ekonomia desorekatzen hasi zen, eta krisialdi baterantz abiatzen. Hainbat euskal zaldunek bere goi mailako ikasketak Europan egin zituzten, eta berehala ohartu ziren egoera horretaz. Gainera, Europan hedatzen ari zen “Ilustrazioaren” ideiekin bat egin zuten: pentsatzen zuten krisietatik ondo ateratzeko arrazoia erabili behar zela, eta horretarako, kalitatezko hezkuntza eta ikerketa zientifikoa bultzatu behar zela.

Carlos URIARTE FURIRA (1819-1897)

Arkitektoa, Bergarako Epaitegi eta Kartzelaren proiektuaren egilea. Erabateko ARDURA eta DEDIKAZIOA eskaini zien Bergarako Mintegiari eta Bigarren Hezkuntzako Institutuari. Berrogeita hamar urtetik gora egon zen erakundean, 1846an Matematikako katedradun izendatu zutenetik, zendu arte 1897an. Institutuko irakasle izateaz gain, Eskola Industrialean ere eman zituen eskolak, eta 1871tik aurrera, Gipuzkoako Institutu Probintzialeko zuzendari izan zen, hasieran Bergarako egoitzan eta gero Donostiakoan.

Orriak