Arrate Lasa: “Zeliakoen bizi-kalitatea hobetzea da gure helburu nagusia” #Zientzialari161
Gaixotasun zeliakoa glutenarekiko intolerantzia iraunkor bat da. Glutena hainbat zerealen irinak dituzten proteina batzuk dira, batez ere gari-irinak, baina baita ere zekalearenak eta garagarrarenak. Gaixotasun honek, betetasun-sentsazioa edo hantura sabelaldean ez ezik, bestelako arazoak sor ditzake, hala nola, goragalea, beherako kronikoa, idorreria edota urdaileko mina, besteak beste.
Gluten 3S ikerketa taldeak, zeliakoen mesederako aurrerapausoak emateko lan egiten du. Adibidez, glutenik gabeko elikagaiek glutenik ez dutela bermatzen dute laborategian egindako hainbat analitikei esker, zeliakoen osasuna hobetzen saiatzen dira, eta intolerantzia pairatzen dutenak gizarteratzeko lan egiten dute.
Zeliakoek jarraitu behar duten dieta akatsik gabekoa eta orekatua dela bermatzeko, nutrizio-aholkularitza izatea oso garrantzitsua da. Beraz, hezkuntza nutrizionala sustatu ahal izateko, ikerketa taldeak, infografiak, gidak eta bideoak bezalako multimedia materialak dituzte eskuragarri bere webgunean. Horrez gain, ikertzaileek dietak diseinatzeko eta ebaluatzeko software berria sortu dute, bai zeliakoentzat, baita sektoreko profesionalentzat glutenik gabeko dieta jarraitzen dela bermatzeko.
Glutena detektatzeko teknikei buruzko aurrerapenak eta zeliakoen bizi-kalitatea hobetzeko nondik-norakoez gehiago jakiteko, Arrate Lasa UPV/EHUko Gluten 3S taldeko ikertzailearekin bildu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Arrate Lasa: “Zeliakoen bizi-kalitatea hobetzea da gure helburu nagusia” #Zientzialari161 appeared first on Zientzia Kaiera.
Adimen artifizialaren erabilera buru-hausgarriak ebazteko: 15 makilen jokoa
Lan honetan Deustuko Unibertsitateko ikasleok Adimen Artifiziala ikasgaiko kontzeptuak aplikatu ditugu telebistako saio batean planteatzen den buru-hausgarri bat konputazionalki ebazteko: 15 makilen jokoa. Joko honetan bi parte-hartzailek azken makila ez hartzeko elkar lehiatzen dira. 15 makilen jokoa hobeto uler dadin, gaztelaniaz dagoen bideo baten esteka ipini dugu, El Hormiguero telesaioan azaldu baitzen joko hau. Bertan Rogelio jaunak telebista saioko aurkezlearen aurka jokatzen du:
15 makilen jokoa ebazteko adimen artifiziala deskribatu dugu, batez ere bilaketa arazoetan sakonduz, jokoa bera deskribatu dugu, eta soluzio konputazional baten metodologia planteatu dugu ikasketa automatikoko metodoak erabiliz. Honela, inolako kanpo informaziorik erabiltzen ez duen software agente batek jokoa ebazten ikasten du bere buruaren aurka lehiatuz, eta jokoaren egoera irabazleak eta galtzaileak diskriminatzen ikasten du.
Bereziki, reinforcement learning deritzon ikasketan oinarritu da joko honi soluzioa eman dion kodeketa. Mekanismo honi esker, software agenteak posible dituen mugimendu guztien artean optimoenak egiten ikasten du bilaketa espazioa miatuz. Hau da, software agenteak inolako kanpo informaziorik gabe bilaketa espazioan ibilbide desberdinak miatzen doa, eta jokoa amaitzen denean irabazi edo galdu duen kontuan izanda -errefortzua- hartutako ibilbidea kalifikatzen du, hala agentearen hurrengo erabakiak hobeago eginez.
Gure inplementazioaren baliagarritasuna enpirikoki ebaluatzeko, agentearen aurka lehiatu gara hainbat aldiz, eta, software agentearen hiperparametro konbinazio egokiak aukeratutako kasuetarako, ezin izan genuen jokaldi bat bera ere irabazi. Beraz, garbi ikus daiteke software agenteak jokoa ebazteko estrategia modu latentean (hau da, bere kabuz) ikasi duela.
Honen ondoren, garatutako agentearen, eta honek jarraitzen duen ikasketa prozesuaren gaineko analisi sakon bat egin dugu. Analisi sakon hau hiru hiperparametroren inguruan egikaritu da, hiruak baitira algoritmoaren jokaera zehazten duten ezaugarriak:
- Ikasketa abiadura (learning rate). Hiperparametro honek mugimenduen baliagarritasunaren aldaketa kontrolatzen du.
- Agentea trebatzeko erabilitako partida kopurua. Parametro honen bidez agenteak esperientzia edo aukera handiagoa edukiko du egoera hoberenak lortzeko.
- Ustiaketa eta miaketa hiperparametroa. Hiperparametro honekin agenteari adierazten zaio egoera ezberdinen aurrean zenbatetan den aske ibilbide berriak miatzeko, eta zenbatetan dagoen behartua ikasitako jakinduria ustiatzeko. Parametro hau bereziki garrantzitsua da adimen artifizialean oinarritutako agenteak trebatzeko.
Atal esperimentalak erakutsi digun modura, partida kopuruaren eta, bereziki, miaketa portzentaiaren aldaketak, emaitza onak eman dituzte, nahiz eta ikasketa abiaduraren aldaketak ondorio garbirik ez eman. Izan ere, hiru parametro hauetatik eraginkorrena miaketa portzentaia modu aldakorrean erabiltzea izan da, eta ez modu estatiko batean (hau da, balio bakarra ematea esperimentu guztiaren iraupenean), agenteak gutxika-gutxika ikasi baitu egoera hoberenak hautatzen, eta azkenean, egoera horiek ustiatzen ditu soilik. Azkenik, ondorioak zein etorkizuneko lanak planteatu ditugu, adibidez: jokoarentzako interfaze grafiko bat diseinatzea, ideia berrien miaketa egitea ikasketa abiadura hiperparametroan aldaketak egiteko, heuristikoen inplementazioa saiatzea, etab…
Iturria:
Idigoras, Anne; Galdós, Beñat; Echeverría, Imanol; Josune Ordóñez, Echeveste, Mayi; Lopez-Gazpio, Iñigo (2020). «Adimen artifizialaren erabilera buru-hausgarriak ebazteko: 15 makilen jokoa»; Ekaia, 37, 2020, 305-325. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20831) Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 37
- Artikuluaren izena: Adimen artifizialaren erabilera buru-hausgarriak ebazteko: 15 makilen jokoa.
- Laburpena: Artikulu honetan Deustuko Unibertsitateko ikasle talde batek Adimen Artifiziala ikasgaiko kontzeptuak aplikatzen dituzte telebistako saio batean planteatzen den buru-hausgarri bat konputazionalki ebazteko: 15 makilen jokoa. 15 makilen jokoa buru-hausgarri motako joko bat da non bi parte-hartzaile azken makila ez hartzeko elkarren kontra lehiatzen diren. Arazo hau ebazteko, adimen artifiziala deskribatzen da, batez ere bilaketa arazoetan sakonduz, 15 makilen jokoa deskribatzen da eta soluzio konputazional baten metodologia planteatzen da ikasketa automatikoko metodoak erabiliz. Honela, inolako kanpo informaziorik erabiltzen ez duen software agente batek jokoa ebazten ikasten du bere buruaren aurka lehiatuz, eta jokoaren egoera irabazleak eta galtzaileak diskriminatzen ikasten du. Bukatzeko, garatutako software agentearen eta honek jarraitzen duen ikasketa prozesuaren gaineko analisi sakon bat egiten da. Azkenik, ondorioak zein etorkizuneko lanak planteatzen dira.
- Egileak: Anne Idigoras, Beñat Galdós, Imanol Echeverría, Josune Ordóñez, Mayi Echeveste, Iñigo Lopez-Gazpio
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 305-325
- DOI: 10.1387/ekaia.20831
————————————————–
Egileez:
Anne Idigoras, Beñat Galdós, Imanol Echeverría, Josune Ordóñez, Mayi Echeveste, Iñigo Lopez-Gazpio Deustuko Unibertsitateko ikasleak dira
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Adimen artifizialaren erabilera buru-hausgarriak ebazteko: 15 makilen jokoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Patogenoei aurre egiteko estrategia berriak bakterioen esku
Bakterioek aurkariak garaitzeko erabiltzen dituzten baliabideen ikerketa batek antibiotiko berriak garatzeko bideak zabaldu ditu. Ikerketa Londresko Imperial College, Sanger Institutua eta EHUko Biofisika Institutuko ikertzaileek gauzatu dute eta emaitzak Nature Mikrobiology aldizkarian argitaratu dira.
Antibiotikoekiko erresistentzia gero eta handiagoa da mundu mailan, eta horrek esan nahi du antibiotiko berriak aurkitu behar direla infekzioei aurre egiteko. Esaterako, P. aeruginosa bakterioa da pneumoniaren kausa nagusietako bat paziente immunodeprimituengan eta biriketako gaixotasunak dituzten pertsonengan. Antibiotikoen aurka duen erresistentzia handiaren eraginez, gero eta zailagoa da hark eragindako infekzioak desagerraraztea. Ondorioz, Osasunaren Munduko Erakundeak patogeno honi aurre egiteko antibiotiko berriak garatzea lehentasunezkotzat jo du.
Horren harira nazioarteko ikerketa-talde batek, bakterio espezie desberdinek eta bakterio-espezie bereko andui desberdinek, beren lehiakideei kalte egin edo hiltzeko erabiltzen dituzten “armak” aztertu dituzte. Baliabide horietako bat VI. Motako Sekrezio Sistema da (T6SS), arpoi mikroskopikoa, zenbait bakteriok beste bakterio batzuei gezi toxikoak jaurtitzeko erabiltzen dutena.

P. aeruginosa hilgarria bihur dezaketen faktoreetako bat VI. Motako Sekrezio Sistema da (T6SS ingelesezko siglen arabera). Sekrezio-sistema hau P. aeruginosaren barruan mihiztatzen da, eta beste zelula batzuekin kontaktuan jartzean, mekanismo molekular uzkurkor bat erabiltzen du zelula horietan toxinak txertatzeko. Azken hamarkadan P. aeruginosaren T6SS-ari buruzko ezagutzan aurrerapauso handiak eman diren arren, bakterioen norgehiagokan nahiz patogenesian duen garrantzia barne hartuta, oraindik ez dira ezagutzen T6SS-ak jariatzen dituen toxina gehienen identitateak eta funtzioak.
Biofisika Institutuko (CSIC-UPV/EHU), Imperial College Londoneko eta Sanger Institutuko (Erresuma Batua) zientzialariek osatutako nazioarteko ikerketa-talde batek T6SSak jariatzen dituen toxina horietako bat lehenengo aldiz identifikatu eta Tse8 izena eman dio. Tse8-ak heriotza zelularra eragiten du bere inguruko beste bakterio batzuetan. Nature Microbiology aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa honek Tse8-aren ekintza-mekanismoa argitu du. Toxina honek proteinen biosintesia murrizteko gaitasuna du helburuko zeluletan. Zehazkiago esanda, Tse8ak asparagina eta/edo glutamina aminoazidoen biosintesirako mikroorganismo prokarioto ugaritan funtsezkoa den transamidosoma erasotzen du.
Aurkikuntza horrek eragin zuzena izan dezake antibiotikoen etorkizuneko garapenean. Biofisika Institutuan lanean diharduen David Albesa Ikerbasqueko ikertzailearen hitzetan, “antibiotiko berrien garapena nabarmen erraz daiteke gaixotasunen eragileen biologia hobeto ulertzen baldin bada. Hortaz, molekula-mailan Tse8k transamidosomari nola erasotzen dion ulertzeak lagundu lezake bakterio patogenoei aurre egiteko estrategia berritzaileak garatzen”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Intoxikatutako zeluletan proteinen biosintesia aldarazten duen toxina patogenoa aurkitu dute
Erreferentzia bibliografikoa:Nolan, L.M., Cain, A.K., Clamens, T. et al. (2021). Identification of Tse8 as a Type VI secretion system toxin from Pseudomonas aeruginosa that targets the bacterial transamidosome to inhibit protein synthesis in prey cells. Nature Microbiology, 6, 1199-1210. DOI: 10.1038/s41564-021-00950-8.
The post Patogenoei aurre egiteko estrategia berriak bakterioen esku appeared first on Zientzia Kaiera.
Tokian tokiko jarduera: paperezko elektronika
Munduaren digitalizazioak badirudi bueltarik ez duela gaur egun. Munduko txoko ia-ia guztietan dago Interneteko konexioa, eta ez dagoen lekuetan laster posible izango da, adibidez, Starlink proiektuarekin. Telefono mugikorrak, tabletak, ordenagailuak eta wearableak direlakoak, hau da, aldean daramatzagun gauzak –besteak beste, erloju edo betaurreko adimendunak–, nonahi daude jada. Gauzen interneta azken burukoa izango da.
Mundua hiperkonektatuta dago, bai, baina baliabideak mugatuta daude.
Gailu horien guztien oinarria material ez-berriztagarriak dira; egia da, batzuk birzikla daitezke, besteak beste metal gehienak, baina prozesu konplexua da, eta konplexua dena garestia izan ohi da. Etorkizunean, birziklatuta dagoena izango da bakarrik ekonomikoki bideragarria, eta hori gertatuko da birziklatzea merezi duenean baliabide naturalen erauzketa oso zaila delako.

Beraz, gaur egungo digitalizazioa mantentzen bada, etorkizunean lehengaien inguruan arazo larria gertatuko da. Antzeko egoera bizitzen ari gara txipen hornidurarekin eta, ondorioz, ezinezkoa da eskariari erantzuteko bezainbeste auto fabrikatzea. Hala, bigarren eskuko autoen merkatua izugarri hazten da, baita inflazioa ere.
Etorkizuna distopikoa izango ote da, non bakar-bakarrik pribilegiatu gutxi batzuek erabili ahal izango dituzten azken gailu espintroniko ikaragarri garestiak, eta gainerakoek, berriz, osagaiak berrerabiliko dituzten? Ez du zertan hala izan. Zaharragoak garenok antzeko argumentuak ezagutu ditugu paperaren inguruan; Internet aurreko garaiaz ari naiz. Iraganean uste zen aldizkariek eta liburuek basoak suntsituko zituztela. Baina ez zen horrela izan; baso industrialak kudeatzeko sistema adimendunekin, gaur egun zenbait herrialdetan orain dela hiru hamarkada baino baso azalera handiagoak dituzte.
Elektronikarako materialak, aldiz, ezin dira landatu zuhaitzak bezala, eta hori erabateko arrazoia izan liteke. Baina, zergatik ez? Elektronikaren oinarria papera eta kartoia izatea nahikoa litzateke. Eroale gisa metalezko hariak erabili beharrean, papera tinta eroaleekin inprimatu ahalko litzateke. Zientzia-fikzioa dirudi, baina, irtenbide hori gizateriak aurre egin beharreko arazoa bezain erreala da.
Cidetec erakundeak koordinatutako Innpaper proiektua papera oinarri elektroniko ezin hobea bihurtuko luketen ezaugarrietan oinarritzen da: hau da, merkea, malgua, berriztagarria eta birziklagarria da. Paperaren zelulosa zuntzak imajina daitezkeen ia helburu guztietara egokitu daitezke: elektrizitatea eroateko, urari eusteko eta eremu magnetikoak babesteko. Innpaper proiektuaren helburua da tinta eta paper funtzionalak garatzea, eta horiekin bateriak, antenak, zirkuituak eta monitoreak inprimatzea; hau da, papera substratu gisa erabiltzeaz gain, gailu elektronikoen osagarri aktibo gisa erabiltzea.
Gailu berri horiek guztiak hasieran ontzi eta enbalaje, segurtasun, elikadura eta osasun industrietan erabili ahalko lirateke, etiketa adimendun modura, edo drogak, nahi ez diren substantziak, kutsadurak edo gaixotasunak detektatzeko gailu modura.
Ideia hori bideragarria dela frogatzeko, Innpaperrek hiru gailu operatibo sortu nahi ditu, elikadura, segurtasun eta medikuntza sektoreetara bideratuak. Hiru kasuetan, plataforma elektronikoan sentsoreak erabiliko dira paperean, industriaren betekizunetara egokituta. Elikagaien sektorean etiketa adimendunak erabiliko dira elikagaiak ontziratzeko, besteak beste, hezetasun, tenperatura eta presio sentsoreekin; segurtasunaren sektorean, edarietan eta listuan kafeina eta drogak detektatzeko gailu bat sortuko da, eta medikuntzan, berriz, gripearen birusa eta estreptokoko bakterioak detektatzeko sistema bat eratuko da.
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Tokian tokiko jarduera: paperezko elektronika appeared first on Zientzia Kaiera.
Azken emakume gatz egileak
Triasiko Berantiarrean, duela 230 miloi urte inguru, Iberiar penintsulako iparraldea itsasoak estalia zegoen. Garai hartan, gatz ugariko buztinen sedimentazioa gertatu zen. Lurrazalak aldaketa sakonak izan zituen, eta buztin geruzak beste material batzuekin estali ziren. Hala ere, geruza gaziek, dentsitate txikiagokoak eta plastikotasun handikoak, pixkanaka-pixkanaka gora egin zuten beste harri batzuetan zehar. Horrela, harriak deformatu edo zeharkatu egin zituzten, eta kasu batzuetan gainazaleraino heltzea lortu zuten. Egitura horiei diapiro esaten zaie, eta zenbait kilometrotako sakonera izan dezakete. Lurpeko ur korronte batek diapiroa zeharkatuz gero, gatza uretan disolbatzen da, eta, korrontea azaleratzen denean, ur gaziko iturburuak eratzen dira.
Gasteiz ondoan, mendebalderantz eginda, halako egitura bat dago: Añanako diapiroa, zeinak 20 km2-ko azalera eta 5 km-ko sakonera baitu. Azaleratzen den uraren gatz kontzentrazioa 220 g/l da. Adibidez, Kantauri itsasoak 35 g/l-ko gatz kontzentrazioa du (Frankovic et al., 2016).

Badakigu gatza oso preziatua izan dela beti, elikagaiak kontserbatzeko erabil daitekeelako, eta oso balioetsia izan dela, halaber, gutxi dagoelako. Hain balioetsia, ezen antzinatean gatza erabiltzen baitzen ordainsari moduan (gaztelaniaz, salario). Lurpeko gatz hobiak, hau da, gatzarrien (halita) meatzeak ustiatzen hasi aurretik, gatzaren ekoizpena kostako gatzagetara eta iturburu gaziak zituzten barnealdeko eremuetara mugatzen zen.
Asko dira gatz ustiapenaren gaineko datu arkeologikoak; horiei esker, Neolitoan eta Kalkolitoan zer erabilera zuen jakin dezakegu. Aldi horretakoak dira iturburuetatik gertuko aztarnategietan topatu diren zeramika moldeen zati ugari. Izan ere, orduko gatz egileek zeramika ontzi ugari behar zituzten ur gaziko iturburuetatik gatza lortzeko. Ontziak –batzuetan erabat egosi gabeko zeramikaz eginak– ganbera labeen gainean jartzen zituzten, edo zuzenean buztinezko oinazpiko edo idulkietan. Prozesuaren amaieran, edonola ere, moldeak hausten zituzten gatz blokeak ateratzeko. Instalazioa abandonatu ondoren, molde hautsien zatiek, labeetako errautsekin eta labeen euskarri- eta pareta-hondakinekin nahasirik, lur eremu handiak eratu zituzten. Lur eremu horiek briquetage izenez ezagutzen dira Europa osoan, eta, arkeologoen arabera, halako gatz ekoizpenaren arrasto nabarmenena dira.
Añanako bailarara itzuliz, arkeologia lanek aztarnategi zabal bat agerian utzi dute, eta azken sei milurtekoetako datu garrantzitsuak eskuratzen ari dira. Horiei esker, gatza ekoizten noiz hasi zen jakin dezakegu. Oraindik abian dauden ikerketa horiek erakutsi dutenez, Añanako bailaran duela 7 000 urte hasi zen gatza ekoizten.
Oraingo aroaren aurreko I. mendean, penintsulako iparraldeko eskualde hori Erromatar Inperioak hartu zuenean, aldaketak egon ziren gatza ekoizteko prozesuan: ura behartuta lurrundu ordez, agente atmosferikoen bidez (haizea eta eguzkia) lurruntzen uzten hasi ziren, eta modu horretan lortzen zen gatza. Sistema berri horrek kostu handiagoa zekarren, putzu handiak eta beste instalazio batzuk behar baitziren; ekoizpena, ordea, ikaragarri handitzen zen. Gainera, erregaia aurrezten zen, eta ez zen erabilera bakarreko ontzirik alferrik galtzen.
Baina jarrai dezagun gatz egileek gatz zuri-zuria eta garbia –segituan erabil zitekeena– lortzeko jarraitzen zituzten urratsekin.

Iturburuko ura partidero deritzon biltoki bateraino eramaten zuten ubideen bidez, eta handik uraren banaketa kontrolatzen zen zenbait adarkaduraren bidez, putzu pribatuetara eramateko (familia ekoizle bakoitzak, oro har, putzu bat zeukan). Azkenik, putzuetatik larrainetara garraiatzen zen ura. Larrainak plataforma lauak eta errektangularrak ziren, ertz batez inguratuak, igerilekuak bezala, eta 10 cm-ko sakonera zuten. Egiturak ur gaziz betetzen ziren, oineko erpurura heldu arte. Ura ez zen etengabean igarotzen ubide saretik; aitzitik, txandaka banatzen zen esklusa sistema sinple bati esker. Hala, bizilagun guztiei ziurtatzen zitzaien euren putzuak betetzeko aukera. Ura banatzeko prozedura zinez garrantzitsua zen, eta Liburu nagusia izenekoaren bidez arautzen zen (Plata Montero, 2010).
Larrainak zurarekin eraikitzen ziren habeen gainean, gainazal lauak eta zabalak lortzeko. Gainera, behar baino larrain garaiagoak eraikitzen ziren, azpialdean gatza biltegiratzeko. Biltegi horiei muera esaten zitzaien. Zurezko plataformak ahalik eta iragazgaitzenak izan zitezen, buztinarekin estaltzen ziren. Horren gainean, gatz geruza bat lehortzen uzten zen, eta lehortzean, buztina gatzetik bereizten saiatzen ziren, gatza ahalik eta zuriena izan zedin, gizakiak kontsumitzeko erabiltzen zen eta.
Helburu horrekin –hots, buztinak gatza ez zikintzea–, XIX. mendean buztinaren gainean errekarriak jartzen hasi ziren, baina, pentsatzekoa denez, gatz asko sartuko zen horien artean. XX. mendean buztina zementuz estaltzen hasi ziren, gainazala garbi egon zedin. Hala ere, zementua pitzatu egiten zen tenperatura aldaketekin, eta lehendik zegoen geruzari beste bat gehitu behar zitzaion. Geruzen gehiegizko pisuaren ondorioz, habeek ezin zioten larrainari eutsi. Arazoa konpontzeko, zementu geruza guztiak kendu zituzten, eta oinarrian zegoen buztina lauzekin estaltzen zuten. Hala, lauzaren bat hondatuz gero, arazorik gabe alda zitekeen.

Larrainen gainean isuritako gesala lurruntzen uzten zen; gesala noizean behin mugitu beharra zegoen, gatza bloke handietan pilatu ez zedin. Gatza oraindik heze zegoela biltegiratzen zen larrainen azpiko biltegi edo terrazetan. Horretarako, goiko irekidura batzuetatik sartzen zen, boquera izenekoetatik, alegia.
Larrain bakoitzean tona bat gatz inguru ekoizten zen. Gatza ustiatzeko, eguraldi ona behar zen; euriak prozesu osoa hondatzen zuenez, udaberriko eta udako hilabeteetan lan egiten zen. Normalean, familia bakoitzak zenbait larrain eduki ohi zituen, eta larrain multzo osoari granja zeritzon.
Larrain multzoetan gatz egile emakumezkoak nahiz gizonezkoak aritzen ziren lanean, Salineras de Añana bideoan ikus dezakegunez. Zazpi minutuko bideo atsegin hori Berdinbidean zerbitzuaren bidez egin da. Zerbitzu hori, hain zuzen, berdintasunari buruz aholkularitza emateaz arduratzen da Arabako udalerri txikietan. Emakumeek landa inguruneko herrietako bizitza sozial eta kulturalean izan duten zereginaren memoria historikoa berreskuratzeko ekimenaren barruan egin da bideoa.
Emakumeek eta gizonek beste zeregin bat izaten zuten gatz bilketa amaitu ondoren: gatz zakuak sorbaldan edo buruan garraiatzen zituzten terrazetatik herriko biltokietaraino. Biltokietan luzaroago gordetzen zuten gatza, euritik salbu. Zeregin horri entroje esaten zioten. Egunean hogei aldiz egin zezaketen bide osoa. Gizonek anega bat eta erdi eraman ohi zuten bizkarrean; emakumeek, anega bat –gehienetan buruan–, eta umeek, anega erdi. Anega bat 56 kg inguru dira. Zorionez, XX. mendean umeek lan egitea debekatu zen, eta, horren ordez, eskolara joaten ziren. Gatza garraiatzeko modu horrek ez zuen arriskuan jartzen larrainen egitura; zamabereak eta ibilgailu txikiak, ordea, ezin ziren larrainetatik igaro.
Gaur egun, Añanako bailara ikertzen jarraitzen dute arkeologoek, kimikariek, biologoek, ingurumen arloko adituek eta beste zientzialari batzuek. Hainbat larrain berreskuratu dira, eta gatzagako lan tradizionalak egiten jarraitzen dute, bai hezkuntzari loturik, bai gatzaren artisau ekoizpena babesteko helburuarekin. Gatzaren ekoizpen katean, hala ere, bazegoen emakumeek soilik egiten zuten eta oraindik ere egiten duten lan bat: amaierako produktua kontrolatzen eta garbitzen dute, ontziratu, etiketatu eta banatu aurretik. Emakumeek, zeregin horretan, arreta handiz kentzen dituzte amaierako produktuaren ezpurutasunak. Hori egin ondoren, gatza prest dagoen merkaturatzeko.
Joan den mendeko emakume gatz egileen lekukotasunak gure arreta erakartzen du, hunkitu egiten gaitu eta gogoeta eginarazten digu. Horren adibide dira bideoko emakumeak: ahantzi ezin ditugun emakume itzelak, gizonekin batera lan egin zutenak gatzagetan nahiz beste hainbat ogibidetan. Jada ez diegu gizon aurpegia bakarrik jartzen luthierrei, eskribauei, Erdi Aroko eskuizkribu argiztatuak egiten zituztenei, inprimatzaileei, nekazariei edo gatz egileei. Izan ere, badakigu lan horietan eta beste askotan emakumeek ekarpenak egin zituztela beren adimenarekin, sormenarekin eta lanarekin. Emakume haiek, bada, aitortza eta ikusgarritasuna merezi dute.
Egileaz:Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko irailaren 7an: “Las últimas salineras“.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Azken emakume gatz egileak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #362
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Kari Alberdik, sare sozialetan Kari Kimikari moduan aurkezten denak, dibulgazio-lana egiten du Twitterren eta Instagramen eta bere esperientziaren inguruan hitz egin du aste honetan Zientzia Kaieran. Bere esanetan, komunikazioa falta da zientzian dabiltzanen eta ez dabiltzanen artean eta beraz, zubi-lana egitea erabaki zuen euskal abestiak eta eduki zientifikoak uztartuz. Bere azken helburua, zientziaz inguratuta gaudela ohartaraztea da. Azalpenak Zientzia Kaieran: Kari Alberdi, kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea: “Garrantzitsua da ikusaraztea zientzia ez dagoela gizartetik bereizita”.
OsasunaEAEko Gazteen Behatokiak hainbat modutan neurtu du pandemiak gazteengan izan duen eragina, besteak beste, hainbat arlotako espezialistengana joaz. Horietako batzuk laburbildu ditu Garak, “Gazteen zaurien barruan begiratzen” artikuluan. Bertan irakur daiteke, hala nola, gazte batzuek hibernazio afektiboa aukeratu dutela pandemiari aurre egiteko eta beste batzuek, bestalde, bizitzan oreka berrezartzeko aukera izan dute. Orokorrean, enpatikoagoak izaten ikasi dutela diote baina ondorio latzen truke, ondorio ekonomikoak nahiz psikologikoak, hain zuzen.
TeknologiaEuskarazko sare neuronalak posible direla argitaratu dute Asier López, Mikel de Velasco eta Raquel Justok, UPV/EHUko Elektrizitatea eta Elektronika Saileko ikerlariek. Sare neuronalak datuetatik eredu konputazional konplexuak lortzeko balio duten paradigma konputazional bat dira eta adimen artifizialaren beste arloetan izan duten emaitzak ikusirik, elkarrizketa sistema automatikoak eraikitzeko teknologia nagusia bilakatu dira. Baina orain arte, arloko autore gehienek ingelesez dauden datu-baseekin egin dute lan eta hiru ikerlari hauen artean, euskarazko elkarrizketa sistema automatikoa eraiki dute. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
ZoologiaSaguak, baleak, hegaztiak eta arrabioak, denek beren gorputz-tamaina txikitu dute azken urteetan eta ikertzaileek ez dakite zergatik. Zientzia Kaieran “Animaliak txikiagotzen ari dira” izenburuarekin argitaratutako artikuluan, bi kasu aurkezten dira, gorputz-tamaina geroz eta txikiagoa duten bi espezie: Doñanako basasaguen kasua eta Eskandinaviako izokinen kasua. Bertan azaltzen denez, bi espezieen gorputz-tamainaren murrizpena gizakiaren esku-hartzearekin erlazionaturik egongo litzateke.
MatematikaLegez kanpoko zenbakien inguruan hitz egin du Josu Docel matematikariak Zientzia Kaieran. Badira zenbaki batzuk jendearen duintasun edo intimitatearen kontrako informazioa dutenak edo baita estatu-sekretu direnak, eta horrelako informazioaren jabe izatea legearen kontrakoa izan daiteke. Honen adibide da, esate baterako, DVDak pirateriatik babesten dituen enkriptazioa gainditzeko behar zen informazioa gordetzen zuen zenbakia, legez kanpokotzat jo zena 2007an. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Legez kanpoko zenbakien existentziaren inguruan artikuluan.
ArkeologiaAlkerdi 2 haitzuloan (Urdazubi) duela 25.000 urteko dozena bat grabatu figuratibo aurkitu dituzte. Kantabriako Unibertsitateko Diego Garate Maidagan labar-artean aditua izan da lan honen koordinatzailea eta azaldu duenez, grabatu figuratibo hauek paleolitikoan oso ohikoak ez ziren ezaugarriak dituzte. Bisonteak, uroak, zaldiak eta, bereziki, lau bulba nabarmentzen dira grabatu hauetan. Iristeko zaila den leku batean zeuden ezkutatuta. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: Duela 25.000 urteko grabatu ezohiko batzuk aurkitu dituzte Alkerdi 2 haitzuloan
AstronomiaMexiko, Korea eta Espainiako astrofisikari-talde bat zulo beltzen inguruko hauts kosmikoa nola banatzen den ikertzen aritu da Kanarietako Teleskopio Handia erabiliz. Horri esker, aurretik egindako beste behaketa batzuetan lortutako informazioa osatu ahal izan dute eta dirudienez, hauts kosmikoa zulo beltzetik ehunka argi-urteetara dauden hodeietan antolatzen da, zulo beltzetik ateratzen den haizeak lagunduta. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Zulo beltz masiboen inguruko hautsa hodeietan banatzen dela ondorioztatu dute.
FarmakologiaElhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, sendabelarren gaineko ezagutza galbidean dagoela jakinarazi dute Zuricheko Unibertsitateko ikertzaileek. Amazonia, Ginea Berria eta Ipar Amerikako sendabelarren propietate eta erabilerak hizkuntza indigenetan baino ez dira transmititzen eta ahozko komunikatzen dira gehienetan. Egungo botika asko sendabelarren ezagutza tradizionaletik atera dira, hala nola, azido azetilsalizilikoaren eta morfinaren osagai aktiboak. Beraz, hizkuntza indigenak galtzeak kolokan jar dezake etorkizunean botika berriak sortzeko gaitasuna.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #362 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #367
Zuzenean entzefalora konektatutako idazteko dispositiboa garatzeko nahikoa al dakigu entzefaloari buruz? Badirudi baietz eta pertsona askoren bizitzak alda ditzakete haren aplikazioek. Rosa García-Verdugoren Writing with your brain: the potential of brain implants for paralysed people
Zelan bidal daiteke teleskopio erraldoia espaziora? Horretan lanean dabilen norbaitek azaltzen du: Marcia Riekeren James Webb Space Telescope: how to send a giant telescope to space – and why
Fisikan interesgarri den edozein kontutan dabil DIPC, grafeno zatitxo bat bapo noiz jartzen den determinatzen, esaterako. Topological graphene nanoribbons.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #367 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kari Alberdi, kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea: “Garrantzitsua da ikusaraztea zientzia ez dagoela gizartetik bereizita”
Kari Alberdi Etxabek Kari Kimikari izena du sareetan, beraz, ez da zaila asmatzen kimika ikasi duela. Dioenez, beti izan du zientziekiko interesa: “Ikusten nuen zientziak galdera asko egiten dituela munduan dauden auzien inguruan, eta niri jakin-mina pizten zidan”. Gainera, batxilergoko azken urteetan, zientzietako irakasle oso onak egokitu zitzaizkion, eta aitortu du horrek ere lagundu ziola aukeratzen.
Gradua bukatutakoan, besteek bezalaxe, bere buruari galdetu zion “eta orain, zer?”. Aldi berean, ingurukoek galdetzen ziotenean, nabaritzen zuen haiek ez zekitela oso ondo zer zen kimika eta zer egiten zuten kimikariek; are gehiago, oro har, jendeak ez daki zer egiten duten zientzialariek. “Iruditu zitzaidan komunikazioa falta dela zientzian dabiltzanen eta ez dabiltzanen artean, eta, idaztea ere gustuko dudanez, pentsatu nuen zubi-lana egin nezakeela“, gogoratu du Alberdik.

Hala, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak elkarrekin eskaintzen duten Kultura Zientifikoaren masterraren barruan, zientziaren komunikazioaren unibertsitateko adituaren atala egitea erabaki zuen, eta orain dibulgazioko modulua egiten hasi da.
Gustura dabil hautatutako bidean, eta egitasmo politak aurrera eramateko aukera eman dio, adibidez, Twitterren eta Instagramen egin duen dibulgazio-lana, euskal abestiak eta eduki zientifikoak uztartuz.
Hain zuzen, iazko ikasgaien artean, sare sozialei buruzko bat zuen, eta irakasleak proposatu zien denbora mugatu batez komunikazio zientifikoa Twitterren lantzea. “Nik, lehenik, publikoa aukeratu nuen, eta erabaki nuen zientzian hain sartuta ez dagoen publiko euskaldunari zuzentzea. Pentsatu nuen zer izan zitekeen interesgarria publiko horrentzat, eta iruditu zitzaidan euskal kantak amu egokia izan zitekeela zientzia-kontuak helarazteko”.
Zubi-lana, ezinbestekoaAipatu du batek baino gehiagok esan diola inoiz ez zela jabetu hainbesteko kontu zientifiko zeudenik kantuetan; beraz, pozik dago lortutako emaitzarekin: “Azkenean, helburua hori zen: zientziaz inguratuta gaudela ohartaraztea. Eta uste dut, neurri batean, lortu dudala”.
Horrekin batera, zientziaren eta gizartearen artean dagoen hesian pasabideak ireki nahi izan ditu. “Pandemia-garaian oso garbi ikusi da badaudela entzun nahi ez duten pertsonak, zientziarekiko mesfidantza dutenak, informazio zuzena eta faltsuaren artean bereizteko gai ez dena… Horri aurre egiteko, garrantzitsua da ikusaraztea zientzia ez dagoela gizartetik bereizita. Horretarako ere uste dut nire proiektua, txikia izanik ere, baliagarria dela zientzia pertsona horiei gerturatzeko”.
Alberdiren iritziz, pandemiak ekarri duen ziurgabetasun-giroan, zientzia ezinbesteko zutabea da sortu diren arazoei irtenbidea emateko, eta zientzia-komunikatzaileen lana da hori gizartera helaraztea.
“Ez da erraza, jendeak baduelako aurreiritzia zientziak dena konpontzen duela eta ezin duela akatsik egin. Azken finean, komunikabideetan irudi hori ematen da askotan. Eta orain, ikusi dutenean zientzialariek hainbat auzitan zalantza egin dutela, edo lehen esandakoa ezeztatu egin dutela gero, errezeloa piztu zaie. Hori ez zen gertatuko metodo zientifikoa zertan datzan jakingo balute. Horrek erakusten du zein garrantzitsua den kultura zientifikoa“.
Alberdik euskarazko zientzia-dibulgazioan jarraitu nahiko luke. Orain irakasle dabil hezkuntza ez-formalean, zientziako irakasgaiak ematen 15-18 urteko gazteei, eta lan hori ere oso baliagarria zaio jakiteko zer kezka dituzten eta zer jarrera duten zientziarekiko. Zaila iruditzen zaio hortik dibulgazio-mundura jauzia ematea eta dibulgatzaile-lanetan jardutea, baina itxaropentsu dago, eta horretarako pausoak ematen ari da dagoeneko.
Fitxa biografikoa:Kari Alberdi Etxabe Azkoitian jaio zen, 1996an. Kimikako ikasketak burutu ostean, Komunikazio Zientifikoko Graduondoa egiten ari da gaur egun. Irakasle lanarekin uztartuz, euskarazko zientziaren dibulgazioan dabil lanean bere sare sozialetan.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Kari Alberdi, kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea: “Garrantzitsua da ikusaraztea zientzia ez dagoela gizartetik bereizita” appeared first on Zientzia Kaiera.
Euskarazko elkarrizketa sistema automatikoa sare neuronalen bidez
Elkarrizketa sistema automatikoek pertsona eta makinen arteko komunikazioa eta interakzioa ahalbidetzen dute, lengoaia naturalaren bidez. Lan honetan eremu irekiko edo helbururik gabeko elkarrizketa sistemetan zentratuko gara. Sistema hauetan erabiltzaileak eta makinak ez diote elkarri hitz egiten helburu espezifiko batekin; interakzioa bera naturala eta zentzuduna izatea da helburua. Horretarako, sistemak esaldi ahal bezain logiko, koherente eta informatzaileekin erantzun behar dio erabiltzaileak esaten duenari. Hau da, sistemak era gizatiarrean hitz egin behar du.
Adimen artifizialaren beste arloetan izan duten emaitzengatik, sare neuronalak elkarrizketa sistema automatikoak eraikitzeko teknologia nagusia bilakatu dira. Sare neuronalak datuetatik eredu konputazional konplexuak lortzeko balio duten paradigma konputazional bat dira, bereziki eraginkorra datuen kantitatea oso handia denean. Ulertzekoa da, beraz, arloko autore gehienek ingelesez dauden datu-baseekin lan egitea, normalean hauek baitira handienak.

Baina, zer gertatzen da baliabide gutxiagoko hizkuntzekin? Ba al dago sare neuronaletan oinarrituriko elkarrizketa sistema automatikoak eraikitzerik euskaraz? Lan honetan erakusten dugu baietz, badagoela. Normalean erabiltzen diren datu-baseak baino bi magnitude ordena txikiagoak diren datu-baseak erabiliz modu koherente eta zentzudunean euskaraz hitz egiten duen elkarrizketa sistema automatikoa aurkezten dugu. Horretarako, sare sortzaile aurkariez baliatu gara, baita euskararen morfologian oinarritutako aurreprozesamenduaz ere.
Sare neuronalen bidezko eremu irekiko elkarrizketa sistemak itzulpen automatikorako erabiltzen diren sareetan oinarritzen dira, hots, sekuentziatik-sekuentziarako sareetan. Dena den, hauek doitzeko erabili ohi diren ikasketa metodo gainbegiratuek irteera bakarra esleitzen diote sarrera bakoitzari, eta horrek ez ditu elkarrizketen propietateak behar bezala jasotzen. Izatez, hitz egiten dugunean, norbaitek esan duenari erantzuteko hamaika esaldi ezberdin erabili ahalko genituzke, guztiak onargarriak. Horrela, esaldi askoren erantzuna izan daitezkeen esaldi generikoak probabilitate handiarekin sortuko ditu sareak.
Arazo hori konpontzeko, ikasketa gainbegiratuaren ordez sare sortzaile aurkariak erabili ditugu. Sare sortzaile aurkariek Turingen testaren ideia era konputazionalean aplikatzea ahalbidetzen dute. Kasu honetan, erantzunak sortzen dituen sareari ez zaio adieraziko zein irteera dagokion sarrera bakoitzari. Horren ordez, beste sare batek, sare diskriminatzaileak, sare sortzaileak emandako erantzunak ebaluatuko ditu, zein punturaino gizatiarrak diren adieraziz, Turingen testaren epaile batek egingo lukeen modu berean. Sare sortzailearen helburua sare diskriminatzaileak berari emandako ebaluazioa ahal bezain beste hobetzea izango da. Sare diskriminatzailearena, aldiz, pertsonek sortutako eta sare sortzaileak sortutako esaldien artean bereiztea izango da. Modu honetan, bi sareak iteratiboki entrenatuko dira; sortzailea saiatuko da diskriminatzaileak hura pertsonatzat hartzen, diskriminatzaileak sortzailearen eta pertsonen artean bereizten ikasten duen bitartean.
Bestalde, sare hauek euskarazko corpus batekin doitu ditugu. Ingelesa ez bezala, euskara hizkuntza eranskaria da egitura morfologikoaren aldetik. Hau da, euskarak monema independenteak elkartuz sortzen ditu hitzak. Horrela, askotan euskaraz hitz batekin esan daitekeena ingelesez hainbat hitz erabiliz adierazi behar da. Adibidez, ingelesezko “to the cinema” euskaraz “zinemara” bezala itzuliko litzateke, edo “because of the baby” “haurrarengatik” bezala. Sareen ikuspegitik hitz bakoitza token independente bat denez, sareak ez lituzke euskaraz gertatzen diren hitzen arteko erlazioak ikusiko, euskararen prozesamendu automatikoa zailduz. Arazo honi irteera emateko, hitzen lexemak kasu marketatik eta postposizioetatik banatzea proposatu dugu.
Horrela, euskaraz era zentzudunean hitz egiteko gai den eta sare neuronaletan oinarritzen den lehen elkarrizketa sistema automatikoa sortu dugu. Hurrengo taulan sarrera mezu batzuen aurrean sistemak emandako erantzuna ikusi daiteke:
Iturria:
López Zorilla, Asier; de Velasco Vázquez, Mikel; Justo, Raquel (2020). «Euskarazko elkarrizketa sistema automatikoa sare neuronalen bidez»; Ekaia, 37, 2020, 327-341. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20987)Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 37
- Artikuluaren izena: Euskarazko elkarrizketa sistema automatikoa sare neuronalen bidez.
- Laburpena: Lan honetan sare neuronalen bidez euskaraz hitz egiten ikasten duen elkarrizketa sistema automatiko bat aurkezten dugu. Horretarako, turingen testaren ideia era konputazionalean inplementatzen duten sare neuronal sortzaile aurkariak erabili ditugu. Normalean erabiltzen diren ingelesezko corpusak baino bi magnitude ordena txikiagoa den euskarazko corpus batekin halako sareak doitzea badagoela frogatzen dugu. Amaitzeko, euskararen morfologia kontuan hartzen duen aurreprozesamendua erabiltzea komenigarria dela erakusten dugu. Sare neuronaletan oinarrituta dagoen euskarazko lehen elkarrizketa sistema aurkezten dugu.
- Egileak: Asier López Zorilla, Mikel de Velasco Vázquez, Raquel Justo
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 327-341
- DOI: 10.1387/ekaia.20987
————————————————–
Egileez:
Asier López Zorilla, Mikel de Velasco Vázquez eta Raquel Justo UPV/EHUko Elektrizitatea eta Elektronika Sailekoak dira.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Euskarazko elkarrizketa sistema automatikoa sare neuronalen bidez appeared first on Zientzia Kaiera.
Animaliak txikiagotzen ari dira
Saguak, baleak, hegaztiak eta arrabioak, denek beren gorputz-tamaina txikitu dute azken urteetan eta ikertzaileek ez dakite zergatik.
Doñanako Parke Nazionaleko basasaguek (Apodemus sylvaticus) duela 40 urte pisatzen zutenaren herena pisatzen dute gaur egun. Finlandiako izokinak ere (Salmo salar) txikiagoak dira, eta gertuen sentitzen dugun kasua agian euskal balearena da (Eubalaena glacialis), 80. hamarkadatik metro bat baino gehiago txikitu baitu bere gorputz adierazgarria. Zer ari da gertatzen animalia erreinuan? Zein edo zer da prozesu honen erantzule?
Galdera hauei erantzuna ematen saiatu zen Science aldizkarian argitaratutako artikulu bat. Bertan, Pleistozeno amaieratik (duela 125 000 urte) 200 urte etorkizunera arteko denbora tartean ugaztunetan ikusi den gorputz-tamainaren murrizpena ikertu zuten. Izan ere, zeinek ez ditu ezagutzen mamutak, errinozero iletsua edo Smilodon laban-hortz tigrea? Ugaztun hauek megafauna deritzon taldean sartzen dira, hau da, animalia “erraldoi” edo “oso handien” taldean. Alabaina, zerrendaturiko espezie erraldoi horiek eta beste hainbat, antzina Lurraren parte handi batean zabaltzen baziren ere, jada iraungi egin dira, Afrikar kontinenteko espezie urri batzuk kenduta.
Ikerketa honetan, ordea, aldiberekotasun interesgarri bat topatu zuten erregistro fosilean megafaunaren desagerpenarekin batera: hominidoen hedapen globala, hain zuzen. Hainbat hominido (Neanderthalak, Denisovarrak eta gizaki arkaiko nahiz modernoak) Lurreko ekosistemen parte izan dira Pleistozeno amaieratik. Paleolitoan zehar hominido hauek taldeetan antolatutako ehiztariak ziren, erremintak egiten zituzten eta baita sua ere. Talde hauen ehiza selektiboa zen eta gehienbat gorputz-tamaina handiko ugaztun belarjaleak zituzten ehizaren jomuga. Beraz, onartu daiteke hominidoen hedapen bizkorrak eraginik izango zuela inguruko ugaztunen biodibertsitatean. Gaur egun, bistakoa da eragin hori.

Hala ere, bada beste fenomeno bat animalia espezie batzuen populazioetan ikusi dena. Orain arte asko ikertu da espezieak iraungitzeko dagoen arriskua emendatzeaz, populazioen murrizpenaz eta espezie jakin batzuen geroz eta ale gutxiago egotearen arazoaz. Orain, haatik, espezie batzuetan prozesu berezi bat ikusi da: geroz eta gehiago dira baina gorputz-tamaina txikiagokoak.
Doñanako basasaguen kasua fenomeno hau erakusten duen kasu oso muturrekoa da. Ugaztun txiki honen populazioko aleak duela 40 urte 30 gramo pisatzen zuten batez beste; gaur egun ez dira ia 20 gramora iristen. Miguel Delibes de Castro, Doñanako Estazio Biologikoko ikertzaileak, zenbait azalpen posible ematen dizkio prozesu bitxi zein kezkagarri honi. Lehena klima- aldaketa da eta tenperaturarekin du zerikusia. Biologiako Bergmann legeak hitzartzen duenez, espezie bereko bi populazio izanik, bata eremu hotzagoetan bizi dena eta bestea epelagoetan, beren kidekoak baino txikiagoak izateko joera azalduko dute eremu epeletan bizi diren populazioek. Doñana, inguruko eremu guztia bezala, epeldu egin da azken hamarkadetan eta basasaguek beren bizimodurako tamaina optimoa murriztu dute, ingurunera moldatzeko estrategia gisa.
Aipatzeko moduko beste adibide bat da izokinen kasua. Craig Primmer-ek, Helsinkiko Unibertsitateko biologoak, urteak daramatza arrain espezie honen aldaketa genetikoen norakoak aztertzen. Zehazki, vgll3 genean erreparatu du, izokinak berriro errekara itzultzen diren adinarekin erlazionaturiko genea, baita heltze prozesuarekin ere. Izan ere, arrainetan heltzeak zehazten du, gehienbat, lor dezaketen tamaina maximoa. Bitxikeria gisa, gizakiongan pubertaroarekin erlazionatzen da gene hau. Gauzak honela, Primmer ikertzaileak izokinen bi populazio ezberdin ikertu ditu, arrautzak errun eta hil aurretik bi ibai banatara migratzen dutenak. Inarojoki ibaiko aleek ez dute aldaketa esanguratsurik erakutsi azken 40 urteetan, baina bigarren taldeak, Tenojoki ibaiko populazioak, bere pisu erdia galdu du arren kasuan eta pisuaren %10 emeen kasuan. Ezberdintasun hauek ikusirik, aipaturiko vgll3 genean jarri zuen arreta Primmerrek eta bigarren taldeko aleetan gene honen maiztasuna %18 murriztu zela ikusi ahal izan zuen. Biologoak bi azalpen posible eman ditu emaitza hauen aurrean. Bata, migratzeko orduan izokin handiek bizirauteko arazo gehiago izan ditzaketela ale txikiagoekin alderatuta. Bestea, nola ez, gizakiaren esku hartzearekin erlazionatua da, arrantzaleek selektiboki indibiduo handiagoak harrapatzen baitituzte. Bi kasuetan, izokinen moldaera baten aurrean egongo ginateke (ugalketa aurrera eraman eta bizirauteko probabilitatea handitzea da helburua) eta txikiagoa izatea abantailatsua suertatzen zaie.
Ikusi denez, kausa anitzek emaitza berera eraman dute: animalia espezie asko txikitzen ari dira. Kausak anitz dira, baina bakarra dago oinarrian: gizakia bera eta, zehazki, gizakiak eragindako klima-aldaketa. Jakina da gizakiak ekosistemetan eragina duela, baita espezie jakin batzuen ugaritasunean (animalia etxekotuak) eta beste batzuen urritasunean (iraungitzeko arriskuan dauden hainbat espezie). Hala ere, orain arte espero ez zen beste eragin bat ere sortu dugu: animalia batzuen gorputz-tamainaren aldaketa; ondorioz, etorkizunean ugaztun gehienek gaur egungoek baino gorputz-tamaina txikiagokoa izango dutela espero da.
Iturriak:Criado, Miguel Angel (2021). Los animales están encongiendo, El País, 2021eko uztailaren 11.
University of Helsinki. Evolution, Conservation, and Genomics Research Group.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Animaliak txikiagotzen ari dira appeared first on Zientzia Kaiera.
Tokian tokiko jarduera: katenariarik gabeko tranbia elektrikoak
Ozeanoen, atmosferaren, lurrazalaren, kriosferaren, biosferaren eta klimaren jokaera gaur egun ez da oraindik formalki bizitzen ari garen eta duela 11.000 urtetik baino gehiagotik ezaugarritu duen garai geologikoko (Holozenoa) bera. Gizakiak Lurra aldatu du.
Gure planetaren garapen geologikoa hainbeste alda dezakegula ikusita, 2009an Antropozenoari buruzko lantalde bat sortu zen, Nazioarteko Taula Kronoestratigrafikoan (Denbora Geologikoaren Eskala modura ezagutzen dena) Antropozeno terminoa formalizatzeko eta gehitzeko aukera aztertzeko.
Klimaren ikuspegitik, XIX. mendetik aurrera berotegi efektuko gasak azkar gehitu direnez, tenperatura eta itsasoaren maila ere gehitu egin dira, eta kontinenteetan geroz eta izotz gutxiago dago. Berotze maila Holozenoan detektatutakoa baino handiagoa da, eta Kuaternarioko fase interglaziarreko beste garai batzuetan izandakoaren antzekoa da.

Berehala hartu behar dira neurriak klima aldaketaren ondorio kaltegarriak gelditzeko eta egoera lehengoratzeko, eta hori guztia maila diplomatikoan formalizatu zen orain dela bost urte Parisko Akordioan. Akordio hori gorabehera, herritarren kontzientziari esker, erakundeak, gobernuak eta enpresak neurriak ezartzen ari dira berotegi efektuko gasen emisioak gutxitzeko.
Komunikabideetan askotan nahasten badira ere, klima aldaketa eta kutsadura ez dira gauza bera. Beharbada, hori gertatzen da komunikabide handiak hirietan kokatuta daudelako eta kontzeptu horiek nahasten dituztelako. Baina ez da horrela. Adibidez, klima aldaketak Salamanca iparraldeko nire arbasoen herrixkari eragiten dio, baina hangoentzat kutsadura Madrilen dagoen zerbait bat da, Bernabeu bezala.
Beraz, hiri handietan kutsaduraren eta klima aldaketaren aurkako borroka gauza bera dira; izan ere, iturri bera dute: ibilgailuen errekuntza motorrak eta berogailuetako galdarak. Arazo biak konpontzeko, energia metagailuak behar dira: lehenengo kasuan, adibidez, autoen bateriak, eta bigarren kasuan, besteak beste, panel fotovoltaikoentzako metagailuak.
Hiri handietan ezinbestekoa da kutsatzen ez duen eta berotegi efektuko gasik emititzen ez duen garraio publikoa izatea, ez bakarrik klima aldaketarako eta herritarren osasunerako, baizik eta baita hiriko monumentuen osasunerako ere. Dena den, eskakizunak ez dira hor geratzen. Garraiobide berria fidagarria, kutsatzen ez duena eta berotegi efektuko gasik emititzen ez duena nahi baldin badugu, zergatik ez gehitu zaratarik ez sortzea eta egitura iraunkorren ingurua ez aldatzea?
Sevillan lanean ari nintzen bertan metroko obrak egiten ari zirenean; hain zuzen, metroa hiriaren erdigunean azaletik igarotzen da. Noizean behin lankideok zerbait hartzera ateratzen ginen katedralaren inguruko taberna ñimiño batera, non sukaldea ezin hobea den, eta gutariko batek, ingeniaria bera, hauxe esaten zuen obrak ikustean: “Ea zer egiten duten katenariekin”. Ez dago katenariarik Sevillako metroan monumentuen eremuan, eta elektrikoa da. Bateriak erabiltzen ditu, baina ez nolanahikoak.
Ez da batere erraza tren bat hainbat kilometrotan (egunero 130 km baino gehiago Sevillari dagokionez), bere martxan jartze eta gelditzeekin, eta neguan hotza (berogailua) eta udan bero jasanezina egiten duela kontuan hartuta (aire girotua), mugitzeko gai diren bateriak sortzea. Bi euskal erakunde elkarlanean ari dira eskakizun horiek guztiak beteko dituzten bi metagailu sortzeko: CIC energiGUNE, zeinak ikerketako alderdiak lantzen baititu, eta CAF Power & Automation, zeinak garapeneko alderdiak jorratzen baititu. Emaitza bideo honetan ikus daiteke:
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Tokian tokiko jarduera: katenariarik gabeko tranbia elektrikoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Legez kanpoko zenbakien existentziaren inguruan
Argi dago zenbait informazio edukitzea legez kanpokoa dela. Izan ere, jendearen duintasun edo intimitatearen kontrako informazioa duzularik edo estatu-sekreturen baten aditu zarelarik harrapatzen bazaituzte, informazio hori edukitzea legearen kontrakoa bada, zigor bat (isun txiki bat edo zenbait urte kartzelan, informazioaren arabera) merezi duzula esaten du gaur egungo legeak. Alabaina, informazio hori digitala bada, esate baterako, dokumentuak, argazkiak, bideoak edo programazio-hizkuntza baten kodea bada, zenbaki baten bidez identifika daiteke. Hortaz, zenbaki hori edukitzea legez kanpokoa izango litzateke. Baina zenbaki bat, entitate abstraktua izanik, nola izan daiteke ilegala?
Matematikariak asko hitz egiten ari dira legez kanpoko zenbakien inguruan azkenaldian. Esate baterako, 2007an eztabaida sortu zen hurrengo zenbakiarekin:
09 F9 11 02 9D 74 E3 5B D8 41 56 C5 63 56 88 C0
Goikoa hamaseitar zenbakia da. Zenbaki-sistema hamaseitarrak 16ko oinarria du eta, beraz, 0 – 9 eta A – F ikurrak erabiltzen dira. Horrela, 0-9 balioak berdinak dira sistema hamartarrean eta hamaseitarrean, baina sistema hamaseitarreko A balioari sistema hamartarreko 10a dagokio, B balioari 11a, C balioari 12a, D balioari 13a, E balioari 14a eta, azkenik, F balioari 15a. Adibide bezala, goiko zenbakiko azken bi digituak hartuko ditugu, hau da, C0 zenbaki hamaseitarra. Hartutako zenbakia 192 da sistema hamartarrean; izan ere, 192 = 12*16+0. Bestalde, AA zenbaki hamaseitarra 170 zenbakia da sistema hamartarrean (konturatu 170 = 10*16+10 dela).
Askotan, sistema hamaseitarreko bi digitu erabiltzen dira byte baten balioa adierazteko (honen arrazoia da 16 zenbakia biren berretura izatea, (alegia, 16 = 24 da). Izan ere, byte bat 8 bit dira, hau da, 8 zenbaki sistema bitarrean. Zortzi zenbaki bitarrekin 0tik 255rako balioak lortzen dira (zero balioa 00000000 zenbaki bitarra izango litzateke eta 255 balioa 11111111 zenbaki bitarra). Bestalde, 00 zenbaki hamaseitarrari hamartar sistemako zero balioa dagokio eta FF zenbakia hamaseitarra, berriz, 255a. Beraz, goiko zenbakiak 32 zenbaki hamaseitar dituenez, 16 byteko zenbakia da hura ere.
Goiko zenbaki hamaseitarra (16 byte erabiliz adierazi daitekeena) legez kanpokotzat jo zen 2007an. Izan ere, zenbaki hori lehena da eta ezaugarri berezi bat zuen. Zenbaki honek zuen, hain zuzen ere, DVDak pirateriatik babesten dituen enkriptazioa gainditzeko behar zen informazioa. Beraz, zenbaki horrekin DVDen segurtasuna apurtu zitekeen. Eta, ondorioz, zenbaki hau partekatzean DVDak pirateriatik babesteko behar den informazioa partekatzen da eta agerikoa da hori legez kanpokoa dela. Goiko zenbakia, hortaz, oso ospetsua egin zen eta 09–F9 gako izenaz ezagutzen da (konturatu 09 eta F9 09-F9 gakoaren lehenengo bi digituak direla).
Antzeko kasu bat gertatu zen 1999. urtean DeCSS kodearekin. Kode honen zenbakiak balio zuen ordenagailu arruntetan enkriptatutako DVDak ikusi ahal izateko. Kasu honetan, John Lech Johansen pirata informatikoa atxilotu zuten 2000. urtean informazio hau partekatzea leporatuta. Prozesua ondo bukatu zen Johansen informatikariarentzat, epaiketa egin ondoren libre geratu zen eta. Antza denez, beste informatika bik berarekin lan egin zuten, baina zoritxarrez ez zituzten aurkitu. Hala ere, kasu honek adierazten du ez dagoela beti argi, zenbakiez ari garenean, zer den legala eta zer ez.

Bukatzeko, adierazpen-askatasuneko banderari buruz hitz egingo dut. RGB sisteman (red-green-blue = gorri-berde-urdin), kolore bakoitza hiru zenbaki erabiliz definitzen da, zenbaki bakoitzak 0tik 255rako balioa hartzen duelarik (edo beste modu batean esanda, RGB sisteman kolore bakoitza hiru bytez osatuta dago). Lehenengo zenbakiak gorri kopurua adierazten du, bigarrenak berde kopurua eta hirugarrenak urdin kopurua. Lehen esan dugun bezala, bi digitu hamaseitarrekin 0tik 255rako balioak lortu ahal dira. Hortaz, RGB sistemako edozein zenbaki sei digitu hamaseitarrekin definitu ahal da. Adibidez, FF0000 gorria da RGB sisteman, 00FF00 berdea, 0000FF urdina eta FFFFFF zuria. Ondoko irudian agertzen den bezala, adierazpen-askatasuneko banderak 5 kolore du: lehenengo kolorea 09 F9 11 zenbaki hamartarrarekin (09–F9 gakoaren lehenengo 6 digituak) RGB sisteman lortutako zenbakia da; bigarrena 02 9D 74 zenbakiarekin (09–F9 klabearen hurrengo 6 digituak) lortutakoa eta berdin gainontzeko koloreekin. Horrela, 09-F9 kodearen lehen 15 byterekin bost koloredun bandera sortu da, hau da, adierazpen-askatasuneko bandera. Horretaz gain, banderaren ezker-beheko ertzean +C0 agertzen da, C0 zenbaki hamaseitarra baita 09–F9 kodearen azken byteari dagokiona.
Egileaz:
Josu Doncel Matematikan doktorea da eta UPV/EHUko Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Saileko irakaslea.
The post Legez kanpoko zenbakien existentziaren inguruan appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #361
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Aste honetan Zientzia Kaieran, harri-industriak historiaurreko gizakiari buruz ematen dituen jakintzen inguruan egin zaio elkarrizketa Joseba Rios Bizkaiko Arkeologia Museoko ikertzaileari. Harri-industria edo industria litikoa lehenengo gizakiek erabiltzen zituzten harri tresneriari egiten dio erreferentzia. Egun, harri tresna hauek garrantzizkoak bilakatu dira, izan ere, historiaurreko gizakien kultura, ekonomia eta gizarte-antolakuntza nolakoa zen ikusteko eta bilakaera ikertzeko baliagarriak dira.
OsasunaAutismoaren etiologia eta fisiopatologia oraindik guztiz ezaguna ez bada ere, badakigu genetikak eragin garrantzitsua duela eta gaixoek aldaketa genetiko amankomunak dituztela. Hainbat ikerketa egin dira gene hauek identifikatzeko baina oraingoz, autismo kasuen %75ak tratamendu farmakologikoa jasotzen du asoziaturiko sintometarako. Hala ere, momentuz ez dago sintoma nagusietarako eraginkorrak den farmakorik. Testuinguru honetan, oxitozinak autismoaren tratamenduan izan dezakeen erabilgarritasuna eta arrakasta aztertzen ari dira. Oxitozina esne ekoizpenean eta erditze garaiko muskulua uzkurketan parte hartzen duen peptidoa da. Azalpenak Zientzia Kaieran: Oxitozina, autismoan ematen den urritasun sozialerako erabilgarria izan daiteke?
Minbiziaren ikerketaren aldeko eguna izan zen irailaren 24a eta honen harira Minbiziaren mitoak eta errealitateak: ulertu sendatzeko hitzaldia eman zuen Ibarrangelun Arkaitz Carracedo ikertzaileak. Carracedoren hitzetan, minbiziaren oinarria eta eboluzioarena berdin-berdinak dira. Gorputzean ditugun milioika zelulek, ugaltzen diren bakoitzean, informazio genetikoa bikoiztu egiten dute eta gehienetan prozesua ongi gertatzen de arren, batzuetan akatsak gertatzen dira. Akats horiek dira bai minbiziaren bai eboluzioaren oinarria. Azalpenak Berrian: “Egun hemen egoteko ordaindu behar dugun prezioa da minbizia”.
ZoologiaMahastien modernizazioak ondorioak ditu hegaztiek eta ugaztunek mahastiak erabiltzeko moduan. Horixe aztertu dute UPV/EHUko Zoologia eta Animalien Biologia Zelularreko Saileko ikertzaileek eta egiaztatu dute espezie desberdinak daudela mahasti tradizionaletan eta besorakoetan. Mahasti mota bat edo beste bat aukeratzea espeziearen araberakoa dela ziurtatu dute. Hala ere, jakina da zenbait espezie babesturentzat, hala nola, basoiloa, besorako mahastiak kaltegarriak direla. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
IngurumenaAste honetan, Unibertsitatea.net webgunean, Ioar de Guzman biologoari eginiko elkarrizketa irakur daiteke, erreketako kutsaduraren inguruan. Egun, Ioar EHUko ibai ekologia taldean tesia egiten dabil. Giza populazioaren hazkundearen ondorio diren ur erauzketak eta kutsadurak erreketan duen inpaktua aztertzeko bertako bizidunak aztertzen ditu Ioarren taldeak eta bere esanetan, kutsaduraren eragina ur erauzketarena baino handiagoa da gure erreketan.
AstronomiaOsaketa kimikoari erreparatuz, Eguzkiaren antzekoak diren izarren laurden batek planetaren bat ‘irentsi’ izanaren zantzuak erakusten dituela kalkulatu du astronomo talde batek eta Nature Astronomy aldizkarian argitaratu dituzte eginiko aurkikuntzak. Artikuluak dioenez, izar ezberdinen osaketa kimikoak aztertu dituzte eta izar batzuen osaketa kimiko berezia, planetak irentsi izanagatik datorkiela esateko froga sendoak aurkitu dituzte. Juanma Gallegok kontatzen du Zientzia Kaieran: Beren planetak irensten dituzten izarrak.
Turistak soilik zeramatzan lehenengo espazio-ontzia Lurrera itzuli dela azaltzen da Berrian. Lau bidaiari zituen astronauta profesionalik gabeko lehenengo saio hau Atlantikoan jaso dute, misiotik bueltan. ‘Inspiration 4’ misioa espazioko turismoaren aroan mugarri izango da, arrakastaz amaitu baitute lau bidaiariek. Hiru egun igaro dituzte Lurraren azaletik 575 kilometrora.
GeologiaZumaiako itsaslabarretan egindako ikerketa batek frogatu du kretazeo bukaeran Indian jazotako muturreko bolkanismoak, Lurrean inoiz izan den bortitzenak, oso eragin txikia izan zuela dinosauroen desagertzean. Dinosauroen suntsipen masiboaren aurretik, 2 °C eta 5 °C bitarteko berotze globala gertatu zen eta Indiako bolkanismo erraldoiaren eraginez izan zitekeela pentsatzen zen. Baina azterketa honek hipotesi hori ezeztatu du, dinosauroen eta beste bizidun askoren suntsipena duela 66 milioi urte Mexikoko Yucatán penintsulan jotako asteroidearen inpaktuak eragin zuela berretsiz. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
Cumbre Vieja sumendiko erupzioaren gakoak azaldu ditu aste honetan Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian. 2021eko irailaren 19an La Palman hasitako erupzioak, ikertzaile asko jarri ditu martxan eta horri esker argitzen ari dira erupzioaren ezaugarriak eta izango duen eboluzioa. Besteak beste, erupzioaren azalpen geologikoak, laba itsasora iristeak sortzen dituen kezken zergatia edo erupzio honek jada eragin duen geografia aldaketaren inguruan dihardu Aitziberrek.
TeknologiaMaterial eta osagai ezberdinek itsaso zabalean duten bilakaera aztertzeko laborategi flotagarri handiago bat uretaratuko du Tecnaliak. Itsasoa eremu fisiko gogorra da, eta lur lehorrean erabiltzeko balio duten gailu eta material askok ez dute jasaten olatuen, kresalaren edo ugerraren eragina. Hori probatzeko, hain zuzen, eraiki du Tecnaliak HarshLab berria. 2018an uretaraturiko izen bereko laborategiaren bertsio handiagoa da. Azalpenak Berrian: ‘Offshore’-an murgiltzeko probalekua.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #361 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #366
“Ni”a zer den definitzeko berebiziko garrantzia du Teseoren itsasontziaren istorioak (The ship of Theseus) eta, beraz, psikologiarentzat garrantzia du. Pertzepziozko jarraikortasuna irtenbide erraza da, baina ez dio oinarrizko arazoari irtenbidea ematen: zelan izan dezake zerbaitek jarraikortasuna, baldin eta bere oinarri materiala denborarekin aldatzen den. JR Alonsok hurbilketa psikologikoa dakar.
Suge olioa ez da ezertarako balio ez duen zerbait. Baina bere onurak hainbeste puztu ziren, ezen, egun, Fierabrásen baltsamoaren baliokidea den. How snake oil got a bad name Caitjan Gaintyrena.
Angelu magikodun grafeno bigeruzaren supereroaletasuna bezalako kontu harrigarria ezin zen DIPCtik at geratu: How the screened Coulomb interaction induces superconductivity in twisted bilayer graphene
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #366 appeared first on Zientzia Kaiera.
Joseba Ríos: “Harri-industriaren ikerketak historiaurreko gizarteari buruzko jakintzak ematen ditu” #Zientzialari (160)
Harri-industria edo industria litikoa lehenengo gizakiek erabiltzen zituzten harri tresneriari egiten dio erreferentzia. Harriak elkarren kontra kolpatuz, aho zorrotzak zituzten tresnak sortzen zituzten, biziraupenerako beharrezkoak ziren giza jarduera desberdinak burutzeko, hala nola, haragia moztu edo larrua eta egurra landu.
Lehenengo harri tresnak orain dela 2,6 milioi urte agertu ziren Etiopian (Afrika). Egun, garrantzizkoak bilakatu dira, izan ere, historiaurreko gizakien kultura, ekonomia eta gizarte-antolakuntza nolakoa zen ikusteko eta denboran zehar izan zuten bilakaera ikertzeko baliagarriak dira.
Euskal Herrian neandertalen okupazioaren xehetasunak eta historiaurreko harri-industriari buruz gehiago jakiteko, Joseba Ríosekin, Bizkaiko Arkeologi Museoko ikertzailearekin, bildu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Joseba Ríos: “Harri-industriaren ikerketak historiaurreko gizarteari buruzko jakintzak ematen ditu” #Zientzialari (160) appeared first on Zientzia Kaiera.
Oxitozina, autismoan ematen den urritasun sozialerako erabilgarria izan daiteke?
Autismoaren espektroaren nahastea jokabidean definitutako garapen neurologikoaren desoreka da. Bi sintoma dira bere bereizgarri nagusi: batetik, urritasun soziala; bestetik, mugimendu errepikakorrak eta murriztaileak. Autismoa garatzen duten haurren ezaugarririk ohikoena urritasun soziala da, eta hau komunikazio berbalean zein ez berbalean ere ikusten da. Izan ere, autismoa duten umeek ez dute seinalatzea gauzatzen nahi duten objektua zein den esateko, eta ez dituzte gauzak ematen ezta erakusten ere ez. Gaixo hauek, sintoma nagusiekin batera, beste sintoma batzuk pairatu ditzakete: atentzio arazoak, ezgaitasun intelektuala, hiperaktibitatea, antsietatea, suminkortasuna, defizit motorea, edo agresibitatea besteak beste.

Nahiz eta autismoaren etiologia eta fisiopatologia oraindik guztiz ezaguna ez izan, badakigu genetikak eragin garrantzitsu bat duela. Autismoak jatorri genetiko konplexua dauka, gaixo gehienek gene bat baino gehiago mutatua baitaukate. Hala ere, autismoa pairatzen duten gaixoek aldaketa genetiko amankomunak dituztela ere zehaztu da, eta hainbat ikerketa egin dira gene hauek identifikatzeko (familietan eta bizkietan egindako ikerketak garrantzitsuak izan dira). Autismoaren klinikaren heterogeneotasunagatik, eta etiologia eta fisiopatologia konplexuagatik, farmakoterapia zuzendu bat garatzea da gaur egungo erronka garrantzitsua. Erabiltzen den ohiko interbentzioa portaeraren terapia bada ere, autismo kasuen %75ak tratamendu farmakologikoa jasotzen du asoziaturiko sintometarako, baina momentuz ez dago sintoma nagusietarako eraginkorrak den farmakorik. Medikamentuen agentzia erregulatzailea den FDAk (Food and Drug Administration) autismorako onartutako medikamentu bakarra antipsikotiko atipikoak dira; hauek suminkortasunean eta agresibitatean daukate eragin terapeutiko nagusia. Beraz, farmako berriak garatzeko ahalegin handia egiten ari da ikerketa biomedikoa, eta hauen artean oxitozina daukagu.
Oxitozina, esne ekoizpenean eta erditze garaiko muskulua uzkurketan parte hartzen duen peptido bat izateaz gain, nerbio sistema zentralean neuromodulatzaile bezala jokatzen du ere. Oxitozina, beraz, hainbat portaera sozialen modulatzailea da, besteak beste, aurpegien ezagutzearen hobetzea, lagun hurkoaren emozioen identifikazioa eta agresioaren murrizketa eragiten duelarik. Gainera, garapen goiztiarrean mutazio genetikoengatik emandako oxitozina-sistemaren porrotak jokaera sozialean eragin dezakela ikusi da, aktibitate eta plastikotasun sinaptikoan eraginez. Testuinguru honetan, oxitozinak autismoaren tratamenduan izan dezakeen erabilgarritasuna eta arrakasta aztertzen ari dira.
Batetik, autismoaren forma monogenikoetan oinarritutako zenbait animalia-ereduk oxitozina sisteman nolabaiteko alterazioak erakusten dituzte, eta hauetan oxitozinaren administrazioak urritasun sozialaren hobekuntza eragiten du. Bestetik, gizakietan ere hainbat saio kliniko burutzen ari dira oxitozinaren erabilgarritasun terapeutikoa aztertzeko. Baina kasu honetan, animalia-ereduetan ikusi denarekin parekatuz, lortutako emaitzak ezberdinak dira, ikerketa batzuetan kognizio sozialean hobekuntzak ikusi direlarik, baina beste batzuetan ez. Gizakien artean dagoen heterogeneotasuna dela eta, hau ez da oso harritzekoa. Ondorioz, ikerketa gehiagoren beharra dago oxitozinak autismoan izan dezakeen erabilgarritasuna modu sendoago batean balioztatzeko eta baita tratamendu mota hau onuragarriena zein banakorentzat izango litzatekeen zehazteko ere. Izan ere, oraindik argitu gabe dago zein den oxitozina emateko biderik egokiena, dosi optimoa, maiztasuna, oxitozinaren eragina epe luzera, eta emakumeetan zein haurretan duen eragina, besteak beste. Erronka handia suposatzen duten ikerketa guzti hauek autismoaren etiologia eta patologiari buruzko mekanismoak hobeto ulertzen lagunduko ligukete, eta gainera, autismoaren sintoma nagusietarako oxitozinaren erabileraren potentzialari buruzko ondorio landuagoak lortuko lirateke.
Iturria:
Ruiz de Mendoza Ruiz de Arechavaleta, Celia; Peñagarikano Ahedo, Olga; Erdozain Fernández, Amaia Maite (2020). «Oxitozina, autismoan ematen den urritasun sozialerako erabilgarria izan daiteke?»; Ekaia, 37, 2020, 241-256. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20886) Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 37
- Artikuluaren izena: Oxitozina, autismoan ematen den urritasun sozialerako erabilgarria izan daiteke?.
- Laburpena: Autismoaren espektroaren nahastea jokabidean definitutako garapen neurologikoaren desoreka da. Bi sintoma dira haren bereizgarri nagusi: batetik, urritasun soziala; bestetik, mugimendu errepikakor eta murriztaileak. Autismoaren klinikaren heterogeneotasunagatik, eta etiologia eta fisiopatologia konplexuagatik, farmakoterapia zuzendu bat garatzea da gaur egungo erronka garrantzitsua. Erabiltzen den ohiko interbentzioa portaeraren terapia bada ere, autismo kasuen % 75ek tratamendu farmakologikoa jasotzen du asoziaturiko sintometarako, baina momentuz ez dago sintoma nagusietarako eraginkorra den farmakorik. Beraz, farmako berriak garatzeko ahalegin handia egiten ari da ikerketa biomedikoa, eta horien artean oxitozina dugu. oxitozina nerbio sistema zentralean neuromodulatzaile gisa jokatzen duen peptido bat da. Ikusi da garapen goiztiarrean mutazio genetikoengatik gertatutako oxitozina-sistemaren porrotak jokaera sozialean eragin dezakeela eta aktibitate eta plastikotasun sinaptikoan ere bai. testuinguru horretan, oxitozinak autismoaren tratamenduan izan dezakeen erabilgarritasuna eta arrakasta aztertzen ari dira. Batetik, autismoaren forma monogenikoetan oinarritutako zenbait animalia-ereduk oxitozina sisteman nolabaiteko alterazioak erakusten dituzte, eta horietan oxitozina emateak urritasun sozialaren hobekuntza eragiten du. Bestetik, gizakietan ere hainbat saio kliniko egiten ari dira oxitozinaren erabilgarritasun terapeutikoa aztertzeko. Baina kasu horretan, animalia-ereduetan ikusi denarekin konparaturik, lortutako emaitzak ezberdinak dira: ikerketa batzuetan kognizio sozialean hobekuntzak ikusi dira, baina beste batzuetan ez. Gizakien artean dagoen heterogeneotasuna dela eta, ez da oso harritzekoa hori. ondorioz, ikerketa gehiagoren beharra dago oxitozinak autismoan izan dezakeen erabilgarritasuna modu sendoago batean balioztatzeko eta baita tratamendu mota hau zein banakorentzat litzatekeen onuragarriena zehazteko ere.
- Egileak: Celia Ruiz de Mendoza Ruiz de Arechavaleta, Olga Peñagarikano Ahedo, Amaia Maite Erdozain Fernández
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 241-256
- DOI: 10.1387/ekaia.20886
————————————————–
Egileez:
Celia Ruiz de Mendoza Ruiz de Arechavaleta, Olga Peñagarikano Ahedo eta Amaia Maite Erdozain Fernández UPV/EHUko Farmakologia Sailekoak dira.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Oxitozina, autismoan ematen den urritasun sozialerako erabilgarria izan daiteke? appeared first on Zientzia Kaiera.
Mahastien modernizazioak ondorioak ditu hegaztiek eta ugaztunek mahastiak erabiltzeko moduan
UPV/EHUko Zoologia eta Animalien Biologia Zelularreko Saileko lan batek, IRECeko eta Michigan Estatuko Unibertsitateko ikertzaileekin batera, mahastietan bizi ohi diren hegaztietan eta ugaztunetan mahastien modernizazioak duen eragina aztertu du, eta egiaztatu du espezie desberdinak daudela mahasti tradizionaletan eta besorakoetan, eta espeziearen araberakoa dela mahasti mota bat edo beste bat aukeratzearen aldeko apustua.
Mendeetan zehar, mahastiak asko landu dira Mediterraneoko eskualdean. Gaur egun, mahasti-azalera handia du Espainiak eta berregituratze- eta areagotze-prozesu sakona jasaten ari da, besorako mahastiak ezarriz. Prozesu hori Europar Batasuna sustatzen ari da kostuak murrizteko eta produktibitatea handitzeko. Mahasti tradizionalak besorako mahasti bilakatzeak mahats altuagoak eskatzen ditu, bilketa mekanizaturako mahatsondo-ilara arteko distantzia handiagoa, ureztatzeko sistema eta lur-zati handiagoak.

“Mahastiak modernizatzeak dituen ondorioak oso ezezagunak dira oraindik, eta mahastiaren berregituraketak eragina izan dezake haietan bizi den faunan. Beraz, funtsezkoa da ulertzea nekazaritzaren modernizazioak nola eragiten dion biodibertsitateari. Lan honen helburua hau da: mahastiaren egitura eta erabilera zertan aldatzen den ikustea eta nekazaritza-ingurune horietan normalean bizi diren hegazti eta ugaztunetan zer eragin duen kalkulatzea”, adierazi du Xabier Cabodevilla Bravok, UPV/EHUko Zoologia eta Animalien Biologia Zelularreko Departamentuko ikertzaileak. Horretarako, Espainiako hego-mendebaldeko 52 mahasti (26 tradizionalak eta 26 besorakoak) aztertu dituzte udan, mahastiaren egitura eta mahastietan egindako kudeaketa-praktikak konparatuz, eta mahasti-mota bakoitzean ohikoenak diren hegazti eta ugaztunak behatu dituzte.
Cabodevillaren arabera, “mahastien modernizazioak ondorio nabarmenak ditu faunaren biodibertsitatean, baina ez du eragin negatibo orokorrik hegaztiek eta ugaztunek mahastiari egiten dioten erabileran. Ikusi dugu espeziearen araberakoa dela eta espezie batzuk (eper gorria, buztantentea, kardamirua, txolarrea eta zozoa) besorako mahastietan ageri dira sarri eta beste batzuk (txorrua eta untxia), berriz, mahasti tradizionaletan. Hala ere, gauza jakina da ikerketa honetan aztertu ez diren beste zenbait espezie babesturentzat, hala nola, basoiloa, besorako mahastiak kaltegarriak direla”.
Ikerketan ere ikusi dute espezie batzuek mahastiak erabiltzen dituztela mahastiaren ondoko lurrak goldagarriak badira. Adibidez, eper gorria eta Europako untxia agertzeko probabilitatea handiagoa da mahastiak lur goldagarrien ondoan daudenean. Horrek iradokitzen du mahastiak ez direla espezie horientzako habitat egokienak. Izan ere, espezie horiek, seguruenik, mahastiak erabiltzen dituzte udan babesleku gisa, zereala uzta eginda dagoenean, bere egituragatik eta eguneko ordu beroenetan berotik babesteko itzal-eskaintzagatik.
Mahasti tradizionalen eta besorako mahastien arteko kudeaketaren beste desberdintasun nagusietako bat ureztaketa da. “Baliabide hidriko hori erakargarria izan liteke, halaber, hegazti edo ugaztun askorentzat udan. Gainera, ureztatze-sistemak ongarriak gehitzeko aukera ematen du, batez ere nitratoak. Hori arrisku larria izan daiteke ur hori edaten duten animalientzat. Jarduera hori, udan, besorako mahastien heren batean aplikatzen da ur-iturri naturalak urriak direnean, eta bereziki arriskutsua izan daiteke baliabide hidriko toxiko horrek erakarrita gerturatzen den faunarentako”, adierazi duUPV/ EHUko ikertzaileak.
Ikertzaileek aurreikusita dute aztertzen jarraitzea ureztapenak zer neurritaraino erakartzen dituen lehorreko laborantzako lurretako hegaztiak eta bestelako animalia basatiak besorako mahastietara, eta zenbatestea ureztatze-sistemaren bidez ura eta ongarriak aldi berean aplikatzean zenbatekoa den nitrato dosi toxikoen eraginpean egoteko arriskua.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Mahastien modernizazioak ondorioak ditu hegaztiek eta ugaztunek mahastiak erabiltzeko moduan
Erreferentzia bibliografikoa:Cabodevilla, Xabier; Arroyo, Beatriz; Wright, Alexander D.; Salguero, Antonio J.; Mougeot, Francois (2021). «Vineyard modernization drives changes in bird and mammal occurrence in vineyard plots in dry farmland»; Agriculture, Ecosystems and Environment (DOI: 10.1016/j.agee.2021.107448)
The post Mahastien modernizazioak ondorioak ditu hegaztiek eta ugaztunek mahastiak erabiltzeko moduan appeared first on Zientzia Kaiera.
Tokian tokiko jarduera: simulazio hiperrealistak
Etorkizun distopiko batean, gizateria, jakin gabe, preso dago errealitate simulatu batean, Matrix batean. Errealitate hori makina adimendunek sortu dute, gizakia ohartu gabe egon dadin, haien gorputzak energia iturri modura erabiltzen duten bitartean. Horixe zen Matrix filmaren oinarria, 1999an wachowskitarrek sortu zuten lana. Ikuspegi termodinamikotik argumentua oso efizientea ez bada ere, bere inpaktu kulturala nabarmena da, eta filmaren izenburua kaleko hizkeran erabiltzen da asmatutako eta errealitatetik banandutako mundu batean bizi garela adierazteko.
Hala ere, simulazio batean bizi garen ideia ez da berria inolaz ere. Historian konstante bat da, adibidez, hinduismoko munduaren ilusioa (maia), Zhuang Zhouk tximeleta taoista bat zela amestu zuen unea, Platonen kobazuloa, Descartesen jeinu gaiztoa (malin génie), Berkeleyren Jainkoa, kubetan dagoen saguzarra, eszeptikoaren tentaldi solipsista, alegia, existitzen den gauza bakarra nire kontzientzia eta informazioa ematen dion zerbait dela dioen ideia.

Gure unibertso guztia zibilizazio hiperaurreratu bateko ordenagailu simulazio bat besterik ez den ideia ezin da hala-hola baztertu. Soilik Ockhamen labana aplikatuz esan genezake ez dirudiela oso gertagarria. Hala ere, 2003an Nick Bostrom-ek 2003an Philosophical Quarterly aldizkarian artikulu bat argitaratu zuen, “Ordenagailu bateko simulazioan bizi zara?” izenburuarekin, eta horrekin “simulismo” deritzon mugimendu metafisiko bat sortu zen –ez epistemologikoa– errealitatea simulazio bat dela dioena.
Bitxiki, gizakiok ezagutzen ditugun gauzekin konparatzen ditugu beste gauza batzuk. Gure ezagutzak denborarekin aurrera egiten duen moduan, konparazioek ere haiekin batera egiten dute aurrera. Adibide ohikoena garunaren funtzionamendua da; izan ere, garunaren funtzionamendua unean uneko teknologia aurreratuen eta harrigarrienarekin alderatzen da, eta misterioarekin lotu. Hala, Descartesek entzefaloa makina hidrauliko batekin konparatu zuen; Freudek, bapore makina batekin; gerora, telefonogune batekin konparatu zen eta, azkenik, ordenagailuarekin; azkenaldian batzuek garuna web nabigatzaile batekin edo Internetekin konparatzen dute.
Etorkizuna imajinatzen dugunean joera kognitibo horren beraren preso gaude. Unibertsoa simulazio bat izan daitekeela uste dutenen oinarria errealitate birtualak gaur egun egin dezakeena da, eta horrek baliozkotasun emozionala ematen dio konparaketari, baina, horrek ez du esan nahi probabilitate handiagoa duenik egia izateko.
Izan ere, errealitate birtuala geroz eta leku gehiagotan dago, garuneko infartua izan dutenen errehabilitazio guneetan, bideo jokoetan (mota guztietakoak) eta oso zeregin konplexuak eta arriskutsuak egiten dituzten langile adituak modu seguruan entrenatzeko simulazio hiperrealistetan ere bai.
Virtualware euskal enpresak ongi irudikatzen du errealitate birtualarekin zer lor daitekeen; adibidez, GE Hitachi Nuclear Energyrentzat simulazio bat sortu dute eta, bertan, zentral nuklear bateko erregai erradioaktiboaren mugimenduaren entrenamendu errealista egin daiteke. Zeregin horretan, ezagutzak eta langileen arteko koordinazioa maila gorenekoak dira, eta errealitatearekin bat ez datorren edozerk ondorio larriak izan ditzake.
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Tokian tokiko jarduera: simulazio hiperrealistak appeared first on Zientzia Kaiera.
Beren planetak irensten dituzten izarrak
2009
Osaketa kimikoan abiatuta, astronomo talde batek kalkulatu du Eguzkiaren antzekoak diren izarren laurden batek planetaren bat ‘irentsi’ izanaren zantzuak erakusten dituela.
Ohiko irudia da unibertsoari buruzko dokumental eta erreportajeetan: astro batek bestea irensten duenekoa. Irudi harrigarriak dira, zalantza izpirik gabe, kasu gehien-gehienetan irudikapen artistikoak diren arren. Baina irudimena pizteko modukoak dira. Neutroi izar batek bikotekidea irensten, edo bi zulo beltz talka egiten, adibidez. Izar batek planeta bat irensten duelako irudia ez dago agian horrenbeste zabalduta, seguruenera izarraren aldean planetak erakusten duen txikitasunagatik edo. Baina perspektiba kontua da, noski. Planeta horretan egonez gero, zaila litzateke egoeraren tamainari neurria ez hartzea.

Irudi hori, baina, uste baino ohikoagoa izan daiteke unibertsoan, gaiaren bueltan egin den azken ikerketa bati kasu eginez bederen. Nature Astronomy aldizkarian argitaratutako artikulu batean (hemen, irekian ) proposatu dutenez, Eguzkiaren antzekoak diren izarren artean, gutxi gorabehera laurden batek haren inguruko planetaren bat irentsi du.
Gure Eguzki-sistemaren inguruan daukagun esperientziatik abiatuta, lehen kolpe batean bederen zaila da pentsatzea fenomeno hori gerta daitekeela. Izan ere, gure auzo kosmikoan, planeten lerrotzea nahiko ordenatua dirudi. Eguzkitik gertuen daude arrokazko planetak: Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte. Ondoren, gas erraldoiak: Jupiter eta Saturno. Azkenik, izotz planetak: Urano eta Neptuno. Handik harago, gure ezagutza nahiko mugatua da, baina jakin badakigu izotzez osatutako planeta nano eta bestelako objektuak badirela, Kuiper gerrikoan eta Oorten hodeian.
Horregatik, hasiera batean uste zen beste eguzki-sistemek antzeko hurrenkera izango zutela. Behaketek bestelako irudi bat eman dute, ordea. Azken hamarkadetan zehar aurkitu diren exoplanetei esker, jakin badakigu mota askotako eguzki-sistemak badirela Esne Bidean. Adibidez, Jupiter beroak aurkitu dira beren izarretik nahiko gertu. Izar bakar batez ez baizik bi izarrez osatutako sistema bitarrak oso ohikoak dira, eta, muturretara joanda, sei izarrez osatutako sistemak ere aurkitu dira. Funtsean, hein handi batean, eguzki-sistemen ezaugarriak izar bakoitzaren edo izar multzo bakoitzaren araberakoa da.
Bestetik, planetak hain dira zailak atzemateko ezen astronomoek gehienetan izarren argira jo behar baitute mundu urrun horien inguruko informazioa jasotzeko. Oraingo ikerketan horrela izan da ere. Izarren espektroari erreparatu diote. Zehazki, Eguzkiaren antzekoak diren 107 izar sistema bitar aztertu dituzte. Bikote horietatik, 74k antzeko osaketa kimikoa dute. Gainerako 33 sistematan, berriz, izar baten burdin eta litio kontzentrazioak bikotearenak baino dezente handiagoak dira.
Aukeraketa egiterakoan, antzeko masa eta tenperaturak dituzten sistema bitarrak aukeratu dituzte, horiek izar biki gisa hartu ahal izateko. Bestetik, sistema bitarrak aztertu izanak azalpen garbia du. Gure Eguzkia G motako izarra da. Esne Bideko izarren %7 inguru horrelakoak dira. Baina Eguzkia oso berezia da beste aldagai batean. Horrelako izarrak normalean bitarrak izaten dira, hau da, bikoteka azaltzen dira, masa zentro baten inguruan biraka.
Bikoteka eta jatorrizko material beretik jaiota, zentzuzkoena da pentsatzea izar biki hauen osaketa kimikoa berdina izan beharko zela, baina, behaketek erakutsi dute hau ez dela beti horrela. Hortaz, zientzialariek aurretik bazekiten Eguzkiaren antzekoak diren izarren artean badirela aldeak osaketa kimikoari dagokionez. Desberdintasun horrek azalpenaren bat izan behar du, eta horren bila joan dira oraingoan astrofisikariak.
Eta hau azaltzeko, orain arte bi teoria jarri dira mahai gainean. Lehen aukera da planeten eta izarren sorrera ahalbidetu zuen jatorrizko gas hodeian desberdintasun kimikoak egon izana. Bigarren aukera da izarrak planetak irentsi izana, eta handik eskuratu izana osaketa kimiko berezia. Hipotesi honen alde “froga sendoak” aurkeztu dituzte orain, zientzia artikuluan bertan ikertzaileek aldarrikatu dutenaren arabera. Ondorioz, ikertzaile hauek uste dute G motako izarren portzentaje batek (probabilitatea %20-%35 tartean kokatu dute) planetaren bat bereganatu duela. Osaketa kimikoa desberdina horren zantzua litzateke.

Oro har, izarren osaketa kimikoa nahiko sinplea da. Haien bizitzaren zati handienean bederen hidrogenoa eta helioa dituzte batez ere, eta baita oxigenoa eta karbonoa. Zahartu ahala, elementu horiek “erre” eta eraldatzen doaz, taula periodikoan aurrera eginez. Arrokazko planetek, berriz, elementu pisutsuak dituzte haien osaketa kimikoan, eta, horregatik, izarraren kontra jotzen dutenean, elementu hauen aztarnak sartzen dira izarrean. Hori gertatzeko, litekeena da bi planeten arteko grabitazio tira-birak gertatu izana, eta, ondorioz, horietako bat izarrera amildu izana, edo izarretik hain gertu geratzea ezen pixkanaka planeta gizajoa guztiz lurrunduta geratu baita.
Ikusi dute ere beroen dauden izarretan aukera gehiago dagoela irenste hauen zantzuak aurkitzeko. Beroenek kanpoko geruza meheagoak dituzte, eta horrek aukera ematen du planetek haien heriotzan utzitako zantzu kimikoak hobeto atzemateko. Burdin gehiago ez ezik, litio gehiago dute ere, eta hau oso adierazgarria dela azaldu dute. Izan ere, litioa nahiko azkar desagertzen da izarretan, baina planetetan aise kontserbatzen da. Horregatik uste dute litio hori irenste prozesu horren arrastoa dela ere.
The Conversation atarian argitaratutako artikulu batean Lorenzo Spinoza astrofisikariak azaldu du ikerketaren muina: “Gure eguzki-sisteman, Eguzkiaren inguruan biratzen dute planetek, modu egonkor eta ia-ia zirkularrean, eta horrek iradokitzen du orbitak ez direla asko aldatu planetak eratu zirenetik. Baina beste izarren inguruan orbitatzen duten beste sistema planetario askok oso iragan kaotikoa izan dute”.
Eguzki-sistemaren historia nahiko lasaia suertatu izanak bultzatu du bizitzaren agerpena Lurrean. Horregatik, beste sistema planetario urrunetan bizia bilatzerakoan, astrofisikariek uste dute ataza errazagoa izango dela baldin eta jakin badakigu identifikatzen zentzuk izan diren antzeko iragan lasaia izan duten sistema planetarioak. Ikertzaileek argudiatu dutenez, garatu duten metodoari esker errazagoa izango da identifikatzea zenbait eguzki-sistema: Lurraren atzekoak diren planetak izateko moduko baldintzak ez dituztenak, alegia.
Erreferentzia bibliografikoa:Spina, L., Sharma, P., Meléndez, J. et al. (2021). Chemical evidence for planetary ingestion in a quarter of Sun-like stars. Nature Astronomy. DOI: https://doi.org/10.1038/s41550-021-01451-8
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Beren planetak irensten dituzten izarrak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #360
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumea zientzian
Aste honetan Zientzia Kaieran, genero-arrakalaren inguruko artikulu bat izan dugu, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko orekaren inguruan. Yana Gallen eta Melanie Wasserman ekonomialari laboralen ikerketa baten arabera, emakumezko ikasleek askoz ere bat-bateko informazio gehiago jasotzen dute lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko bateragarritasunaren inguruan gizonezkoek baino. Eskatu gabe emandako informazioa da eta gizonezkoekin alderatuta probabilitatea bikoitza baino gehiago dute informazio hori jasotzeko.
IngurumenaIkerketa batek lehen aldiz frogatu du suteetan sortutako aerosolek itsasoa ongarritu dezaketela eta horren ondorioz, algen ezohiko loratze handiak sortu. Halaxe gertatu zen Ozeano Antartikoan, 2019-2020an Australian izan ziren sute erraldoien ondoren. Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, eta, fitoplaktonaren hazkundea aireko karbono dioxidoarekin erlazionatu dute. Izan ere, litekeena da algek, neurri batean, suteek askatutako CO2-a xurgatzea, fotosintesia egiteko. Datu guztiak Elhuyar aldizkariko Australiako suteek Ozeano Antartikoan algak neurriz kanpo ugaritzea ekarri dute artikuluan.
Ostreopsis cf. siamensis mikroalgak arazoak sortu ditu aste honetan Donostian ere. Abuztuan Lapurdin hondartza batzuk itxiarazi eta gero, oraingoan Gipuzkoako hiriburuko uretan azaldu da. Ez da lehenengo aldia honakorik gertatzen dela, baina oraindik ez dakigu gauza handirik, oraindik deskribatuta ez dagoen Ostreopsis generoko mikroalga bati buruz ari baikara. Hala ere, Aitor Laza EHUko biologoak aitortu duenez, uraren tenperaturaren igoerarekin eduki dezake erlazioa gertaera honek. Datu guztiak Garan: klima larrialdia, ate joka euskal herriko kostaldean artikuluan.
OsasunaZientzia Kaieran irakur daitekeenez, minbiziaren kontrako tratamendu alternatibo bat agertu da, argiak zuzendurikoa. Minbizia tratatzeko erabiltzen diren metodo terapeutiko ohikoenak albo-efektu kaltegarriak dauzkate gizakien osasunean eta horregatik, ahalegin ugari egiten ari dira horren kontra egiteko metodo eraginkor eta selektiboagoak aurkitzeko. Ildo honetatik terapia fotodinamikoa (TFD) agertu da etorkizun handiko alternatiba bezala.
Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, SARS-CoV-2arekiko immunitate zelularra detektatzeko test erraz bat garatu dute Kanarietako Unibertsitate Ospitalean. Larruazaleko test erraz eta merkea da, tuberkulinarena bezalakoa: S proteinaren zati bat injektatzen da larruazalean, eta erreakziorik sortzen ote duen ikustea besterik ez da. Denborarekin antigorputzak desagertzen joaten dira eta beraz, antigorputz-testak ez dira nahikoak immunitate-maila neurtzeko. Larruazaleko testak, berriz, T linfozitoak detektatzen ditu eta aurrez izandako infekzioak edo txertoak emandako immunitate-maila adieraziko digu.
COVID-19 larria garatu eta ospitalean amaitzen duten pazienteek, antigorputzez gain, autoantigorputzak ere sortzen dituztela azaltzen du Elhuyar aldizkariak. Hori da, hain zuzen ere, COVID-19 larria garatzearen arrazoia. Gaixotasun autoimmuneetan bezala, autoantigorputz horiek birusari aurre egiten dioten antigorputzen aurka jotzen dute eta hala, antigorputzek ezin diote infekzioari aurre egin. Stanfordeko Unibertsitatean egindako ikerketa batean ohartarazi denez, autoantigorputz hauek, COVID-19 larria garatzeaz gain, pazienteek etorkizunean benetako gaixotasun autoimmune bat garatzea ere eragin dezakete. Aitziber Agirrek kontatzen du Elhuyar aldizkarian: COVID-19 larriaren mekanismoa argitu dute.
GenetikaGiza geneak izendatzen dituen erakundeak 27 generi izena aldatu die, Excel edo Google Sheets programa ospetsuen autozuzentzaileek sortzen zituzten arazoak saihesteko. Autozuzentzaileek uste dute SEPT4 edo MARCH1 geneak datak direla eta “irailak 4” edo “martxoak 1” izenpean gordetzen dituzte. Arazoa oso hedatuta dago: Lan berri batean 11.000 artikulurekin batera eskuragarri jarri diren kalkulu-orriak aztertu dira, eta horien heren batean akatsak aurkitu dira geneen izenetan. Orain, SEPT4 genea SEPTIN4 izendatzen da eta MARCH1, berriz, MARCHF1. Datu guztiak Koldo Garcia genetistak eman dizkigu Zientzia Kaierako Akatsek genetikaren ikerkuntza oztopatzen dutenean artikuluan.
TeknologiaLitio-ioi baterien arazoen inguruan idatzi du aste honetan Imanol Landa kimikariak eta Zientzia Kaierako kolaboratzaileak. Bateria hauen hastapenetan nabarmendu ziren hiru ikertzailerik 2019 urteko Kimika Nobel saria irabazi zuten, auto elektrikoek erabiltzen dituzten bateriak baitira. Imanolek ordea, zalantzan jartzen du sari honek ezkutuko interesik ba ote duen, autogintzarena hain zuzen. Argi esaten du: ingurumen-inpaktua gutxi murriztuko da auto elektrikoen erabilerarekin, auto hauen bateriak kargatzeko egungo energia ekoizte-ereduari eusten badiogu. Azalpenak Zientzia Kaieran: Litio-ioi bateriak: irtenbidea edo arazo berria?
ArkeologiaArropagintza duela 120.000 urte hasi zela argitu dute Max Planck Institutuko arkeologoek, Marokon aurkitutako hezur-erreminta batzuei esker. Erreminta gisa erabiltzeko moldatutako 60 hezur baino gehiago aurkitu dituzte Contrebandiers izeneko kobazuloan, eta duela 120.000-90.000 urtekoak zirela frogatu dute. Erreminta horietako asko, arropagintzarako erabiltzen zituztela ondorioztatu dute, hezurrek dituzten markak aztertuta. Aitziber Agirrek kontatzen du Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #360 appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 59
- 60
- 61
- 62
- 63
- 64
- 65
- 66
- 67
- …
- hurrengoa ›
- azkena »