Bada garaia izotzezko erraldoien madarikazioari amaiera emateko
Nork ez du noizbait amets egin kriseilu miragarri bat topatzeko aukerarekin? Imajinatu: kriseilua igurtzi eta bertatik aterako den jeinuak hiru desio emango dizkizu. Nahi duzuna aukeratzea baduzu. Baina, kontuz, hiru besterik ez dira. Eta ez dago atzera bueltatzeko modurik.

1. irudia: Izotzezko erraldoi biek interes handia pizten badute ere, badirudi Neptunok dituela misio bat jasotzeko aukera gehien. (Argazkia: NASA)
Berdina gerta dakieke zientzia planetarioen arloan aritzen direnei. Aldian behin, zenbait desira lortzeko aukera eskaintzen zaie, baina zinez aukeraketa zaila da hori. Jomuga miresgarriez beteta dago eguzki sistema, eta, ezagutzaren bidezidorrean aurrera egin ahala, gero eta jomuga gehiago gehitzen dira “gauza txundigarrien” katalogoari.
Cassini zundari esker, Entzelado eta Europa ilargiek interes astrobiologiko izugarria dutela badakigu orain; Artizarra gertuen dagoen planeta da, baina –hitzez hitz– lanbropean mantentzen zaigu oraindik. Ilargira iritsi ginen, baina 50 urtetan ez gara bueltatu, harri ukaldi batera egon arren. Eta Titan, zer esan Merkurio baino handiagoa den ilargi horri buruz? Nork ez du ikusi nahi Titanetik transmititutako metanozko euri zaparrada bat? Eta Marte?… ene Jainkoa, ez al da Marte izan behar gizateria planeta arteko espeziea bilakatzeko lehen pausua?
Aukeraketa ezin zailagoa, beraz. Baina eguzki sistemaren mugak ere lauso geratu zaizkigu: Urano eta Neptuno apenas ez ditugu ezagutzen. Zerbait egin badaiteke ere, teleskopioz probetxuzko zerbait ikustea zaila da. Oroitzen 2015. urtera arte Plutoni buruz zegoen ezagutza nolakoa zen? Eta oraingoa? Alde nabarmena suposatu zuen zuen bertara New Horizons zunda eramateak. Eta istorio berdina errepika liteke oraingoan Urano eta Neptunorekin. Beren-beregi prestatutako zunda bat hara eramateak izugarrizko bidea irekiko luke, zalantza barik.
Momentuz, Voyager zundei esker dakigu planeta horiei buruz dakiguna; baina, halere, zunda horiek gertu igaro zirelako, Urano eta Neptuno planeta “bisitatuen” katalogoan sartu dira, eta horrek zaildu egin du bertara beste misio bat diseinatzeko aukera. Paradoxa horri “Voyager zunden madarikazioa” deitu izan zaio.
Baina, antza, madarikazio horri buelta emateko ordua iritsi dela uste du NASAk. Datorren hamarkadan, Uranora eta Neptunora misioa abiatzeak lehentasunezkoa izan behar duela uste dute erakunde horretako adituek.
2017ko ekainean NASArentzako txosten mardul batean landu zuten gaia, planeta horiek ikertzeko zeuden aukerak aztertuz. Txosten horretan NASAk zehaztu zuen bi planetak ikertu behar zirela, baina kriseilu miragarriaren arazoarekin egin dute topo, eta errealitate gordina azaldu zaie, bete-betean: ez dago diru nahikorik planeta bakoitzari zunda bana bidaltzeko, horrek kostu izugarri handia izango lukeelako. Daniel Marin dibulgatzaileak Eureka blogean azaltzen duenez, orain NASAko batzorde batek ebatzi du Neptunok izan behar duela lehentasuna.
Dena dela, bai Urano zein Neptuno, biak ala biak dira interes handiko jomugak, eta momentuz zaila da zehaztea nola egingo den behin betiko hautaketa. Hilabete honetan bertan AGU Ameriketako Geofisika Batasunaren biltzar batean aurkeztu dituzte planeta horiek ikertzeko argudioak, eta erakunde horretako EOS aldizkarian laburbildu dituzte.
Argitzeko misterioakNASAko zientzialari Mark Hofstadterrek azaldu du zergatik beharrezkoak diren kostu handiko misioak, eta ez merkeagoak izan litezkeen misio txikiagoak: “Garrantzitsua da izotz erraldoi batera doan hurrengo misioak sistema osotasunean iker dezala: planeta bera, atmosfera, eraztunak, sateliteak eta magnetosfera”.

2. irudia: Triton eta Neptuno, NASAk egindako fotomuntatze batean. Tritonek bereziki arreta erakarri du, jarduera geologikoa izateaz gain, barruan ozeano bat izan dezakeelako. (Irudia: NASA)
Bide hori jarraituta, lehenik eta behin, zientzialariek argitu nahi dute printzipioz nahiko antzekoak diren bi planeta horien artean dagoen tenperatura aldea: biek izugarrizko tenperatura baxuak badituzte ere, Neptuno Urano baino beroagoa da. Bai Jupiter, Saturno zein Neptuno planetek Eguzkitik jasotzen dutena baino energia gehiago igortzen dute, baina Uranok barruko bero gutxi igortzen du.
Bestetik, planeta horiek osaketa bitxia dute: Jupiterren eta Saturnon ez bezala, izotzezko erraldoietan hidrogenoa eta helioa baino pisutsuagoak diren elementu asko daudela uste dute zientzialariek.
Erantzunak dira ere intereseko gaia. Uranoren eraztunak oso mehe eta dentsoak dira, eta grabitate legeen arabera eraztun horiek egonkorrak izateko artzain-ilargiak beharko lituzkete; baina ilargi horien arrastorik ez dago. Bestetik, Uranoren µ izeneko eraztuneko partikulek antza handia dute Saturnoko E eraztunekoekin. Entzeladoko lumei esker sortzen da E eraztuna, baina µ eraztuna sortzen duen Mab ilargiak ez du lumarik, eta, beraz, gaur egun ez dago batere argi nola sortu den eraztun hori. Neptunoko erantzunei dagokienean, zalantzetako bat da zergatik haietan eremu batzuk besteak baino dentsoagoak diren.
Izotzezko erraldoien ilargiei dagokienez, Uranotik gertuen dagoen Miranda ilargiaren osaketa bitxia aztertu nahiko lukete, baina batez ere Neptunoko Triton ilargiak erakartzen du arreta gehien. Triton da, hain zuzen, Neptunoren aldeko hautua bultzatu duen arrazoietako bat. Kuiperreko gerrikotik erauzitako ilargia da, jarduera geologikoa duena –geiserrak eta arraila ilunak ditu–, eta, gainera, barruan ozeano bat izan dezakeela uste dute astronomoek.
Azkenik, planeta horien eremu magnetikoen konplexutasuna argitzen saiatu nahi dute. Diotenez, bertako eremu magnetikoaren hain irregularrak izatearen zioa izan daiteke eremu horiek sortzen dituzten prozesuak lurrazaletik gertuago gertatzen direla, gas erraldoiekin konparatuta.
Argudio hauek guztiak eskuetan, planeta biak edo horietako bat aztertuko dituen misioa gaurdanik prestatu behar dela nabarmendu dute adituek. Neptunoren aldeko hautua garaile ateratzen bada, 2028-2030 urte tartean izango den jaurtiketa-leihoa baliatu nahi dute hara joateko. Orduan eginez gero, Jupiterren grabitazio-laguntza erabili ahal izango litzateke arinago iristeko: 2043. urtean helduko ginateke hara. Urruneko data dirudi, egia da, baina kontuan hartu behar da orain egindako aurkikuntzetako asko duela hainbat hamarkada hasi zirela “egosten”. Kriseiluko jeinuak eman ematen du, baina beharrezkoa irizten duen denbora hartzen du horretarako. Politikariek ez bezala, jeinuak epe luzerako pentsamendu estrategikoa du. Eskerrak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Cartier, K. M. S. (2018). Uranus and Neptune should be top priority, says report. Eos, 99, DOI: https://doi.org/10.1029/2018EO112187.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Bada garaia izotzezko erraldoien madarikazioari amaiera emateko appeared first on Zientzia Kaiera.
Tumore barneko heterogeneotasuna eta ekologia

1. irudia: Minbizi bateko milioika tumore-zelulek jokamolde bateratua aurkez dezakete, naturan topa daitekeen arrain-sarda, txori-multzoa edo edozein erlekumeren antzera. Baina, barnetik tumorea heterogeneoa da eta tumore-zelulek harreman konplexuak ezartzen dituzte bere inguruarekin. (Egilea: Gorka Larrinaga)
Ariketa bezala, pentsa dezagun minbizia tamaina eta konplexutasun handiko hiri bat dela, bertako biztanleak zelulak direlarik. Pixkanaka ulertzen ari garen arau konplexuak betez zelulak euren artean eta inguruarekin eten gabeko elkarrekintzak dituzte, biziraun eta bilakatu ahal izateko. Diziplina anitzeko ikertaldeek aditzera eman dute elkarrekintza hauek ekologiaren arau klasikoak betetzen dituztela. Gauzak erraztuz, esaten da tumore-zelulen ekologia bektore nagusi bik baldintzatzen dutela: tumore-zelulak aurre egin behar dituen arriskuak eta inguruan dituen baliabideak.
Tumore-zelulek aurre egin behar dituzten arriskuak berau hil dezaketen baldintza edo agenteak dira; horien artean badaude pazientearen immunitate-sistema, gorputzean ekoiztutako toxina eta hondakinak, mikroorganismo batzuk eta, noski, minbiziaren aurkako terapia ezberdinak. Gure babes-zelulek minbizi-zelulak arrotz bezala hautematean tumore zelulentzat predatzaileak bihurtzen dira, eta gaur egungo immunoterapia berriek immunitatearen ezaugarri hau indartzea dute helburu. Oxido nitrikoa, azido laktikoa eta erradikal askeak bezalako gorputz hondakinak toxiko bilaka daitezke baita tumore zelulentzat ere. Gure florako mikrobioek baliabideekiko lehia izan dezakete tumore-zelulekin eta kimioterapiarekiko sentikorrago bilakatu ditzakete tumore-zelulak (hala ere, gure bakterio-flora tumore zelulentzako inguru egokia sortzeko gai dela ere deskribatu izan da).
Energia-iturriak maximizatu eta gastuak minimizatuEkologoek “foraging ecology” terminoa erabiltzen dute animaliek eta landareek energia-iturriak maximizatu eta gastuak minimizatzeko erabilitako estrategiak definitzeko. Minbizi-zelulen ugalketa-erritmoa eta tumorearen hazkundea mikroingurune edo tumore-sistema horretako baliabide jakin batzuen arabera gertatzen da: karbohidratoak, proteinak, gantzak, eta beste baliabide batzuk. Baliabideen eskasiak minbizi-zelulen arteko lehia eragin dezake, zelula talde edo klon batzuk besteekiko abantaila har dezaketelarik ingurura egokitzeko eskuratzen duten gaitasunaren arabera. Minbiziaren markak artikuluan azaldu bezala, minbiziaren marka edo ezaugarri bat metabolismo energetikoa birprogramatzeko gaitasuna da; honi esker, tumore-zelulek iturri energetikoen erabilpen efikazagoa egiten dute. Marka hau eskuratzen duten klonak horrelakorik lortzen ez dutenek baino lehiakorragoak izan daitezke ingurune horretan. Antzera, ingurune hipoxikoetan bizirauteko edota angiogenesia eragiteko gaitasuna lortzen duten tumore-zelulak tumore-ekosistema horretan lehiakorragoak dira.
Tumoreak sailkatzeko tresna klasikoak tumorearen hedapena eta tumore-zelulen morfologiaren analisian oinarritzen dira. Horrez gain, diagnosirako eta pronostikorako balio duten markatzaile eta tresna berriak sartzen ari dira gure osasun-sistemetara. Era honetan, patologoek tumorea diagnostikatu eta onkologoek zein tratamendu jarri erabakitzen dute. Baina oraindik ez dago minbizia deituriko ekosistema honetan eboluzioa eta ekologia sailkatzeko sistema bat.

2. irudia: Eboluzio-onkologiak tumore barneko heterogeneotasuna eta mikroinguruneko elkarrekintzak ditu aztergai. Minbiziaren diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena egiteko sailkapen berri bat proposatu du, orain arte klinika mailan erabilitakoekin bateragarria dena: “Evo” eta “Eco-Indexa” indizeak. (Egilea: Gorka Larrinaga)
Bi indize sailkapen berrirakoEboluzio-onkologia bere hastapenetan dagoen arren, diziplina honetan adituek sailkapen berri bat proposatu dute minbiziaren bilakaera zehaztasunez aurresateko lagungarri gisa (2. Irudia). Sailkapen honek indize bi hartzen ditu kontuan eta bien konbinaketa egiten du. Indize bakoitzak ezaugarri orokor bi dauzka eta horrela, Evo-index izenekoak kontuan hartzen ditu bai tumore barneko aniztasun maila bera, bai eta tumore horretako populazioak zenbat aldatzen diren denbora epeko. Eco-indexak, bestetik, goian aipatutako bektoreak hartzen ditu kontuan, arriskuak eta baliabideak hain zuzen. Oraindik eztabaidagai dira ezaugarri bakoitza nola neurtu, zein balio eman eta indize bien konbinaketak ematen dituen tumorearen profilak nola interpretatu, baina hala ere honelako sailkapenak emaitza onak eskainiko ditu klinika mailan.
Minbizia gaixotasun oso heterogeneoa dela jakinik, tratamenduak ahalik eta pertsonalizatuenak izan beharko dira eta, horretarako, ezinbestekoa izango da tumore-zelulen barneko aldagarritasuna eta inguruaren arteko elkarrekintzak ahalik eta zehatzen neurtu eta sailkatzea. Hau da gaur egun minbiziaren ikerketak daukan erronkarik handiena.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Merlo L.M.F., Pepper J.W., Reid B.J., Maley C.C., (2006). Cancer as an evolutionary and ecological process. Nature Reviews Cancer, 6, 924-935 . DOI: https://doi.org/10.1038/nrc2013
- Thomas F., Nesse R.M., Gatenby R., et al., (2016). Evolutionary Ecology of Organs: A Missing Link in Cancer Development? Trends Cancer, 2(8), 409-415. DOI: https://doi.org/10.1016/j.trecan.2016.06.009
- Maley C.C., Aktipis A., Graham T.A., et al., (2017). Classifying the evolutionary and ecological features of neoplasms. Nature Reviews Cancer, 17, 605-619. DOI: https://doi.org/10.1038/nrc.2017.69
———————————————————————————-
Egileez:Gorka Larrinaga, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta Erizaintza Saileko irakaslea da.
Iker Badiola, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Zelulen Biologia eta Histologia Saileko ikertzailea da.
José Ignacio López, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzu burua eta ikertzailea da.
———————————————————————————-
Zer dakigu minbiziaz? artikulu-sorta
- Zer dakigu minbiziaz? Minbiziaren markak.
- Zer dakigu minbiziaz? Minbizi-zelula amak.
- Minbizia: zauri sendaezina.
- Tumorearen mikroingurunean ezkutaketan jolasten.
- Tumore barneko heterogeneotasuna. Sarrera.
- Tumore barneko heterogeneotasuna eta eboluzioa.
- Tumore barneko heterogeneotasuna eta ekologia.
The post Tumore barneko heterogeneotasuna eta ekologia appeared first on Zientzia Kaiera.
Ehun eta berrogeita hamar pertsonekin daukagu harremana
150eko kopuru hori erdiesteko, 38 primate-genero aztertu zituen ikertzaileak, eta ordutik “Dunbarren zenbakia” esan izan zaio kopuru horri. Era berean, esan zuen agian 150 banakok osatzen dituztela giza taldeak, baldin eta baldintzapenak zorrotzak badira eta banakoek elkarrekin egiteko arrazoi sendoak badituzte. Kopuru horretakoak izaten dira arrisku bizipeko taldeak, hala nola biziraupen-herrixkak, tribu nomadak eta kantonamendu militarrak. Horrelako baldintzapenik gertatzen ez denean, taldeak txikiagoak izaten dira, 150eko muga horrek bere horretan irauten badu ere.

Irudia: Hainbat ikerketen arabera, gizakiok harremanak izateko gaitasun mugatua dugu. (Argazkia: Geralt / Pixabay – Creative Commons lizentziapean)
Madrilgo Carlos III Unibertsitateko ikertzaile batzuek eta Dunbarrek berak giza harremanen eredu bat garatu dute teoria mailan. Horretarako, abiapuntu modura jakintzat eman dute mugatua dela gizaki desberdinekin harremanetan sartzeko, eta bestetik kopuru desberdinak gauzatzen dituztela giza harreman desberdinek. Teoria honek, azaltzen du zirkuluka gauzatzen direla giza harremanak. Normalean, hiru-bost pertsonekiko harreman estua izaten dugu: senideak eta hainbatetan, lagun-minak. Hurrengo zirkuluan, hamar bat lagun egoten dira. Urrunago, beste 30-35 kide izaten dira maiz tratatzen ditugunak.
Hala ere, ereduak aditzera ematen du agian alderantzizko egitura bat egon litekeela tartean: Komunitateko kideen kopuruak 55etik behera egiten duenean, banakoak hasierako zirkuluetan ditu bere harreman gehienak, eta kohesio handiko talde txikia gauzatzen da; hala gertatzen da jende gutxirekin harremanak izateko nortasuna duten banakoen eskura eta era berean, hala suertatzen da kide gutxiko komunitateetan, adibidez etorkinen komunitateetan.
Horrela bada, badirudi kognizio-ahalmen jakin bat dugula, eta pertsona gutxirekiko harremanik izanez gero, oso trinkoak eta sakonak izan daitezkeela harreman horiek. Bestelako nortasun bat badaukagu eta jende askorekin harremanak izateko beharra edo joera badaukagu aldiz, harremanetarako kognizioaren zati txiki bat baizik ez dugu erabiliko kide bakoitzarentzat. Azken batean, neokortexen bolumena ez da infinitua.
Erreferentzia bibliografikoa:
TamaritIgnacio, Cuesta José A., Dunbar Robin I. M., Sánchez Angel, (2018). Cognitive resource allocation determines the organization of personal networks. PNAS, 115 (33), 8316-8321. DOI: 10.1073/pnas.1719233115
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
The post Ehun eta berrogeita hamar pertsonekin daukagu harremana appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #234
Gizakiak Lurrari egindako kaltea aipatu izan dute askotan zientzialariek. Iaz, adibidez, ohartarazi zuten berdin jarraituz gero Lurrari egindako kaltea atzeraezina izango da. 184 herrialdeko 15.000 zientzialarik baino gehiagok izenpetu zuten World Scientists’ Warning to Humanity: a second notice dokumentua. Helburua argia da: gizartearen arreta deitzea. Bederatzi adierazleren eboluzioa aztertu dute lanean; horietako batean dago hobekuntza, besteetan okerrera egin du egoerak 1992. Zeintzuk diren ezagutu nahi duzu? Zientzia Kaiera blogean dituzue datu
MedikuntzaMigrainak zein mekanismoren bidez sortzen diren identifikatu dute Frantziako Zientzia Ikerketarako Zentroko ikertzaileek: proteina baten mutazioan dago gakoa. Elhuyar aldizkariak kontatu digu berria: neuronen jarduera elektrikoa inhibitzeko gaitasuna du berez proteinak, baina, mutazioaz, gaitasuna galtzen du eta ondorioz hiperestimulazioa sortzen da neurona sentsorialetan. Tratamendu eraginkorrik ez dago oraindik.
OsasunaBurumakur eta triste egoteko joera dugu Gabonetan. Garai hauetan zabaldu ohi den mitoa da suizidioak areagotzen direla. Usteak erdi ustel. CDC-AEBtako Centers for Disease Control and Prevention erakundearen arabera, azaroan eta abenduan gertatzen dira buru-hilketa gutxien, eta udaberrian gehien. Adituek diotenez, Gabonetako oporraldiak dakarren estresa ez da suizidiora eramaten duen estres-mota. Orduan nondik dator mitoa? Baliteke It’s a Wonderful Life filmean egotea jatorria. Horrekin lotuta, komunikabideek ere kalte handia egiten dute, uste hori zabaltzen laguntzen baitute.
“Min dut bihotzean” askotan esan dugun esaldia da, sentitzen dugun mina sakona denean erabiltzen dugu, alegia. Baina noraino da metaforikoa esaldia? Ana Galarragak kontatu digu Finlandiako Turku Unibertsitatean urteak daramatzatela emozioen eta gorputzaren arteko lotura ikertzen eta berriki sentimenduen mapa aurkeztu dutela. Laburbilduz, sentimendu eta emozioak sailkatu dituzte eta non kokatzen diren ikusi dute. Ikertzaileek ondorioztatu dute sentimenduak gorpuztuta daudela. Oso interesgarria!
Elikagaiei dagokienez, Berrian jakinarazi digute, Espainiako Gobernuak jakinarazi du Nutriscore etiketa sistema ezartzeko asmoa duela. Sistema honek produktuen kalitatea neurtzen du, eta koloretako grafiko baten bitartez erakusten du. Guztira, bost maila daude, berdetik gorrira. Nutrizio kalitatea neurtzen da horrela. Obesitatearen aurkako prebentzio estrategiaren barruak jarri du neurria Espainiako Gobernuak. MOE Munduko Osasunaren Erakundeak ere sistema babesten du.
AstronomiaEguzki-sistemako planetarik urrunena aurkitu dute, Eguzkitik 18.000.000.000 km-ra dago, zehazki. Planeta nanoa da eta 1000 urte baino gehiago behar ditu Eguzkiaren inguruan buelta emateko. Haren distiran jarri dute arreta; horri begiratuz kalkulatu dute 500 km inguruko diametroa izan dezakeela. Kolore arrosa leun bat du eta izotz-kantitate handiaren erakusgarri izan daitekeela adierazi dute. Farout ezizena jarri diote. Elhuyar aldizkariak argiro azaldu digu artikulu honetan. Ez galdu!
KimikaKonposatu kimikoen gehiegizko erabilerak ingurumenean kalteak sor ditzakeela ezin dugu ahaztu. Gauzak horrela, erakundeek konposatu kimikoen presentzia arautzea helburu dute. Bi legedi daude hori jasotzen dutenak eta horien artean topa daitezke adibidez konposatu disruptore endokrino (EDC) izenez ezagutzen diren konposatuak. Eragin ditzaketen kalteen artean, besteak beste, malformazioak, populazioen aldaketak edo intersexualitatea dira nabarmentzen direnak.
TeknologiaMODELA euskarazko itzultzaile automatiko berriaren inguruan hitz egin du Itziar Cortes ingeniariak elkarrizketa honetan Zarauzko Hitzan. Proiektuaren arduradunetako bat da eta itzultzailearen inguruan aritu da. “Ez da testu edo itzulpen zatirik gordetzen; funtzio matematikoaren segida bat sortzen du”, azaltzen du. Gaineratzen du oso tresna ona dela oso deskribatzaileak diren testuak itzultzeko baina ez leloak, metaforak eta abar itzultzeko. Cortesek dio horretarako oraindik ez duela balio.
BiologiaZergatik ibil daitezke uraren gainean gekoak? Orain badakigu galdera horren erantzuna Juanma Gallego kazetariari esker: narrasti txiki honek zuhaitzetara igotzen denean edo izotzaren gainean ibiltzeko gai da hatzetan dauden ile mikroskopikoei esker. Horretaz gain, uraren gainean ibiltzeko gaitasuna du, besteak beste, argitu dute uraren gainazal-tentsioa baliatzen du desplazamendu hori lortzeko. Halaber, hanken mugimendua funtsezkoa dela ikusi dute.
Senak animalien jokaeran duen paperari buruzko lehen gogoetak Aristotelesen, estoikoen eta Galenoren lanetan aurkitzen dira. Lehenengo bereizketa bat egin zuten: batetik, animalien jokaeraren aldaezintasuna, “naturari” zegokiona, eta, bestetik, gizakien egintzen aldakortasuna, “arrazoimenari” zegokiona. Hala ere, Aristotelesen jarraitzaileek animalia ez gizakiei “arrazoimen txikiago” halako bat aitortzen zieten. XVII. mendean, filosofoek lotu egin zuten senezko jokaera gorputzaren antolaketarekin. XVIII. mendean, aldiz, uste zuten animalien senak eta gizakien arrazoimena esperientziatik ikasteko oinarrizko ahalmen beraren ondorioa zirela. Senaz aritu zirenen ideiak garatuz joan ziren mendez mende. Irakurri osorik artikulua, ez zarete damutuko!
Emakumeak zientzianAsteon Barbara McClintock genetistari buruz artikulu bat plazaratu dugu. Bertan bere lanari buruz hitz egin dugu: Medikuntzako Nobela bakarka irabazi zuen lehen emakumea izan zen. Meiosian gertatzen diren geneen birkonbinazioa eta transposizio mekanismoak azaltzeko gai izan zelako jaso zuen saria, 1983an. Artoaren landarea izan zuen eredu, haren egitura genomikoa ondo ezagutzen baitzuen. Horiek aztertzean genoma zati berezi batzuk identifikatu zituen: transposoiak. Genetikan iraultza abiatu zuen. Baina gainontzeko zientzialariek ez zuten bere aurkikuntza onartu 81 urte bete zituen arte, hau da, Nobela jaso zuen arte.
2018. urtea laburreanElhuyarrek urte honetan zientzia eta teknologia arloan publikatu diren albiste ugari bildu ditu artikulu honetan. Horien artean, genetikoki eraldatutako haurren afera, GIBaren ikerketan eman diren pauso berriak eta MODELA itzultzaile automatiko adimendua azpimarratu ditu, besteak beste.
Laburpen gisa ere badugu munduan gehien aipatu diren zientzialarien zerrenda ospetsua. Hori gauzatzeko, azken hamar urteetan argitaraturiko artikuluak kontuan hartzen dituzte eta beste zientzialarien zenbat aipamen jaso dituzten zenbatzen dute. Zerrendan Euskal Herrian lan egiten duten zazpi agertzen dira. Ikus dezagun zeintzuk diren, Berriaren eskutik: Humberto Bustinze, Adimen artifizialaren ikertzailea NUPen; Luis Liz-Marzan CIC Biomaguneko zientzia zuzendaria; Javier Aizpurua, Materialen Fisika Zentroko ikertzailea eta Angel Borja Azti Tecnaliako ikertzailea dira, besteak beste, zerrenda horretako protagonistak. Ezagut ezazue euren lana!
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #234 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #242
Errealitatea ez da denboran garatzen den espazio tridimentsionala, denbora garapenik gabeko espaziodenbora laudimentsionala baizik. Daniel Fernandezen The road to quantum gravity (1): Spacetime as the network of causality
Pobrezia gutxitzeko bi metodo historikoak, hazkuntza ekonomikoa eta baliabideen berbanaketa, ez dira nahiko pobreziarekin amaitzeko. José Luis Ferreira, When money is not enough to help the poorest
Etorkizuneko espintronikak euskarri material egokiekin esperimentatzen dabil. Esplorazio horren adarretako batean aurrerapausua egin da. Material antiferromagnetikoetan informazioa irakurtzeko modua topatu dute DIPCn Detection of the reversal of magnetic moments in an antiferromagnet
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #242 appeared first on Zientzia Kaiera.
Barbara McClintock (1902-1992): “Gene jauzilariak” eta kolorezko arto-aleak

1. irudia: Barbara McClintock neba-arrebekin 1907. urtean. Ezkerretik hasita Mignon, Malcolm Rider “Tom”, Barbara, eta Marjorie. (Argazkia: Wikimedia Commons – domeinu publikoko argazkia)
Baina izen-aldaketa abiapuntua besterik ez zen izan. Gutxika ahalmen berezi horiek jaso zituen, bai, baina ikasiz eta ikerketa ugari eginez. Bere lanak hain izan ziren garrantzitsuak, ezen 1944an Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalean onartu baitzuten (hori lortu zuen hirugarren emakumea izan zen). Bere aurkikuntza, dena dela, ez zuten hasieratik onartu emakumea zelako. 60ko hamarkadan, François Jacob eta Jacques L. Monod zientzialari frantziarrak ondorio berdinera iritsi zirenean orduantxe egin zioten kasu, 30 urte igaro ondoren eta berak jada erretiroa hartuta zuenean.
Botanika hautatu zuen baina genetika nahiagoMcClintockek botanika ikasi zuen Cornelleko Unibertsitatean, hasieratik bere amak horri uko egin zion arren. Ez zitzaion gustatzen emakume batek zientzia ikastea, ez zen batere erakargarria, ezkondu nahi duen emakume batentzat, jakina. Azken batean, eta bere amaren aburuz, zientzian aritzeak bakardadean bizitzea dagokizula esan nahi zuen. Dena den, zientzialariak ez zion kasurik egin eta graduaz gain, botanikan doktoregoa lortu zuen 1927an.
Egia esateko, genetika gehiago gustatzen zitzaion. Izan ere, kromosomen tindaketaren teknikak berak garatu zituen eta horiek dira, esaterako, egun testuliburuetan agertzen direnak. Genetikarekin izan zuen lehen kontaktua 1922. urtean izan zen, irakasle batek diziplina horretako ikastaro batera gonbidatu zuenean. Arlo hori jorratu zuen batez ere Cornelleko Unibertsitatean eta bertan zitogenetikaren aitzindaria bilakatu zen. Artoa erabili ohi zuten eredu gisa, haren kromosomak atzematea erraza zelako mikroskopio baten bidez. Barbarak ederki ezagutzen zuen artoa, eta argiro sailkatu zituen kromosoma guztiak.

2. irudia: Barbara McClintock lanean 1947. urtean. New Yorkeko Cold Spring Harbor Laborategian. (Argazkia: Wikimedia Commons / Smithsonian Institution. Domeinu publikoko argazkia)
1933an Alemaniara bidaiatu zuen eta horren ondotik Missouriko Unibertsitatean irakasle gisa lan egin zuen. Emakume izateagatik gaizki tratatu zuten bertan; behin bere departamentuko nagusiak kaleratuko zuela mehatxu egin zion bere izena zuen emakume bat ezkonduko zela egunkarian ikusi zuenean. Giroaz kexu, lan hori utzi eta Cold Spring Harbor Laborategian sartu zen ikertzaile 40ko hamarkadan. Bertan garatu zituen botanika eta genetika arloko ikerketa-lan esanguratsuenak erretiroa hartu zuen arte.
“Gene jauzilariak” eta artoaLaborategian zegoela, artoa ikertzen jarraitu nahi zuen. Horretarako, landareak hazten hasi zen gero buruan zituen esperimentuak abiatu ahal izateko. Guztira, 100 edo 200 landare zituen soroan eta berak zaintzen zituen. Horien kromosomak aztertzean, genoma zati berezi batzuk identifikatu zituen: transposoiak. Genomaren baitan lekuz aldatzeko gai diren elementu genetiko mugikorrak dira. Prozesu horretan mutazioak sortu ahal dira, baita genomaren DNAren kantitatea aldatu ere. Lan honek azaldu zuen organismo multizelularretan zelula bakoitzaren ezaugarriak dibertsifikatu daitezkeela, baita genoma berdin-berdina denean ere. Herentziazko prozesuak azaltzeko funtsezkoa izan zen aurkikuntza hau.
Hori argi ikusi zuen artoaren landarearen genoma oinarri hartuta. McClintockek “elementu kontrolagailu” gisa izendatu zituen lehendabizi, txertatzen ziren geneetan espresioa aldatzeko gai zirelako. Esaterako, elementu transposakor horien ekintza batek sortu zuen artaburu baten arto-aleak kolorez desberdinak izatea. Hori ikusi zuenean, laster konturatu zen halako elementu genetiko mugikorrak artoaren zeluletan bazeudela eta horien jokabidea oso garrantzitsua zela genetikaren baitan topa daitezkeen hainbat prozesu azaltzeko. 1948an lortu zuen aurkikuntza hori publikatzea Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) aldizkari ospetsuan.

3. irudia: Barbara McClintock eta George Redei botanikaria 1978. urtean, Stadler Genetics Symposium ekitaldiko une batean. (Argazkia: Coe, Edward H. Jr. / U.S. National Library of Medicine. Domeinu publikoko irudia)
Genetikaren paradigma erabat aldatu zuen baina aurkikuntzak ez zuen harrera ona izan komunitate zientifikoan eta zientzialari orok baztertu zuten. Erasoak etengabeak izan ziren baina bera ez zen hondoratu eta itxaron egin zuen, pazientziaz, beste lankide batzuek berak esandako berdina ikusi zuten arte; McClintockek ingurukoei aurrea hartu ziela argi geratu zen.
Urteak pasa ahala, “gene jauzilariak” publikazio zientifiko ugaritan aipatzen hasi ziren eta orduantxe onartu zuten genetistak egindako aurkikuntza. 80ko hamarkadan eman zioten Nobel Saria, 81 urte zituela, oraindik Cold Spring Harbor Laborategian lanean ari zela. Berria eman ziotenean, intxaurrak biltzera atera zen mendira, eguneko paseotxoa ematera. Pozik zegoen baina bakarrik egon nahi zuen, hainbatetan egon izan zen moduan. Jenioaren bakardadea. Barbara.
Iturriak:
- American Philosophical Society: Barbara McClintock Papers, 1927–1991
- Mujeres con Ciencia, Carolina Martínez: Barbara McClintock y la libertad de pensamiento
- The Nobel Prize: Barbara McClintock
- Wikipedia: Barbara McClintock
- Zientzia Kaiera, Koldo Garcia: Genetikaren ibilbidea (eta IX): Eppur si muove
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Barbara McClintock (1902-1992): “Gene jauzilariak” eta kolorezko arto-aleak appeared first on Zientzia Kaiera.
Konposatu disruptore endokrinoen azterketa kimika analitikoaren ikuspuntutik

1. irudia: Musketa fragantziak, ftalato esterrak, alkilfenolak, hormona natural zein sintetikoak, bisfenol-A eta zenbait pestizida animaliei eragiten diete eta konposatu disruptore endokrino (EDC) izenez ezagutzen dira.
Hori dela-eta, geroz eta erakunde gehiagok konposatu kimikoen presentzia arautzea dute helburu. Mundu mailako araurik garrantzitsuenak Ameriketako Estatu Batuen ingurumen agentziak (EPAk) eta Europar Batasunak duen uraren Zuzentaraua (WFD) dira. Bi legedia horiek aztertu beharreko konposatuak zeintzuk diren finkatzen dituzte, eta zenbait kasutan euren maila maximoa (EQS) zein den ere ezartzen dute.
Zoritxarrez, bi zuzentarau horietan ez daude ingurumenean kalteak sortzen dituzten konposatu kimiko guztiak. Zentzu horretan, NORMAN izeneko lan taldea aztertu beharreko konposatu berriak ikertzen dabil, etorkizunean zuzentarauetan sartu behar diren edo ez erabakitzeko.
Zuzentarau horietan dauden konposatuen artean musketa fragantziak, ftalato esterrak, alkilfenolak, hormona natural zein sintetikoak, bisfenol-A eta zenbait pestizida daude. Horiek guztiek, gizakien eta animalien sistema endokrinoan eragiten dituzten aldaketak direla-eta, konposatu disruptore endokrino (EDC) izenez ezagutzen dira. EDCak gorputzaren sistema endokrinoan aldaketak sortzen dituzten substantzia exogenoak, edo horien nahasteak dira, eta organismo osasuntsuetan edo euren ondorengoetan hainbat kalte sor ditzakete.
Kalte horien artean malformazioak, ugalketa-arazoak, espezieen tamainaren aldaketa edo intersexualitatea aurki daitezke. Oro har, konposatu kimikoak oso kontzentrazio baxutan aurkitzen dira ingurumeneko ur laginetan, ng/L mailan gehienetan. Kontrara, konposatu organikoek biotan metatzeko joera dute. Arrainaren atal desberdinek informazio desberdina ematen dute. Adibidez, muskuluan dauden konposatu kimikoak epe luzean metatutako konposatuak dira, esposizio kroniko bat adieraz dezakete. Behazunean dauden konposatuak aldiz, epe laburreko esposizioari dagozkio.
Gorputzera sartu diren konposatuak behazunean metatzen dira kanporatuak izan aurretik, bertan dauden kontzentrazioak ng/µL izatera irits daitezke eta horregatik behazuna biomonitorizazioan neurtu beharreko ehuna izan daiteke. Hori guztia ikusirik, oso garrantzitsua da kimika analitikoaren ikuspuntutik EDCak ingurumenean, ur laginetan zein arrainen atal desberdinetan, neurtzeko metodo egokiak garatzea.
Konposatu kimiko organikoak uretan zein biotan neurtzeko jatorrizko metodoak nahiko luzeak izateaz gain, disolbatzaile organikoen bolumen handiak behar izaten zituzten, analisiaren kostua handituz eta gainera ez ziren ingurumenarekiko errespetagarriak. Arazo horiei aurre egiteko, metodo berriak garatu dira.
Zentzu horretan, lagin likidoei dagokionez, mikroerauzketan oinarria duten teknikak indarra hartzen hari dira gaur egun. Ur laginetan dauden konposatuak zuntz batera adsorbatzen dira eta ondoren disolbatzaile organikoaren bolumen egokia erabiliz bertara desorbatzen dira.
Lagin solidoei dagokienez aldiz, ultrasoinu fokatuaren bidezko solido likido erauzketa teknika asko erabiltzen da. Ultrasoinu energiaren laguntzaz, konposatuak disolbatzaile organikoaren bolumen txiki batera igarotzen dira. Bi kasuetan, konposatu organikoak neurtzeko teknikarik ohikoenak kromatografian oinarritzen dira. Konposaturik ez-polarrenak gas-kromatografia bidez neurtu ohi dira, eta konposaturik polarrenak, likido-kromatografia erabiliz.
Garatutako teknika guztiak EHko kostaldean zehar jasotako ur laginak zein arrainak aztertzeko erabili ziren. Ur laginei dagokionez, hainbat izan ziren antzemandako konposatuak, kasurik gehienetan ng/L mailan. Arrainetan aldiz, uretan neurtu ez ziren konposatuak antzeman ziren arrainen behazunetan, behazuna ehun egokia dela frogatuz. Horretaz gain, estuario batzuetan arrantzatutako zenbait arrainetan intersexualitatea zegoela ikusi zen. Oraindik lan handia dago egiteke intersexualitatea eta konposatu kimikoen arteko erlazio egokia egiteko.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia. 2018
- Artikuluaren izena: Konposatu disruptore endokrinoen azterketa kimika analitikoaren ikuspuntutik.
- Laburpena: Ingurumeneko uretan kutsatzaile organiko desberdinak aurkitzen dira, nahiz eta kontzentrazio baxuetan izan (ng/L mailan). Araztegien irteera korronteak izan ohi dira konposatu horien iturririk nagusietako bat, araztegiek erabiltzen dituzten mekanismoak ez baitira gai kutsatzaileen arazketa osoa burutzeko. Horien artean, konposatu disruptore endokrino (EDC) izenez ezagutzen diren konposatuak aurki daitezke, eta horiek ingurumenean bizi diren espezieetan aldaketa endokrinoak sor ditzakete, nahiz eta EDCak kontzentrazio baxuetan egon. Kalte horien artean, malformazioak, populazioen aldaketak edo intersexualitatea dira nabarmenenak. Hau guztia ikusirik, kimika analitikoaren ikuspuntutik oso garrantzitsua da metodo analitiko sentikorrak garatzea konposatuak ur- eta biota-laginetatik erauzi eta garbitzeko, bai eta konposatuek biotaren atal desberdinetan metatzeko duten joera aztertzeko ere.
- Egileak: Oihana Ros, Asier Vallejo, Maitane Olivares, Ailette Prieto, Nestor Etxebarria.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 89-114
- DOI: 10.1387/ekaia.17880
————————————————–
Egileez:
Oihana Ros, Asier Vallejo, Maitane Olivares, Ailette Prieto eta Nestor Etxebarria UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko Kimika Analitikoa Sailekoak dira.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Konposatu disruptore endokrinoen azterketa kimika analitikoaren ikuspuntutik appeared first on Zientzia Kaiera.
Senez

1. irudia: XX. mendean senaren nozioaren erabilera zabalduarekiko eszeptizismoa bereziki agerikoa zen Estatu Batuetan.
Autore horiek oinarri hartuta, baita Ibn Sinaren (Avicena) lanak eta erlijio-tradizioak ere, Erdi Aroko ikastunek eta Aro Berriko lehenengoek bereizketa bat azpimarratu zuten: batetik, animalien jokaeraren aldaezintasuna, “naturari” zegokiona, eta, bestetik, gizakien egintzen aldakortasuna, “arrazoimenari” zegokiona. Hala ere, Aristotelesen jarraitzaileek animalia ez gizakiei “arrazoimen txikiago” halako bat aitortzen zieten.
XVII. mendean, René Descartes-ek animalien gorputzen azterketara eginiko hurbilketa mekanizistaren zabalkundearekin, filosofoek lotu egin zuten senezko jokaera gorputzaren antolaketarekin. Uste zuten senak jaiotzetiko jokabide-ereduak zirela, espezie ezberdinen bereizgarriak, eta ondorioztatu zuten gorputz-antolaketa berbereko banakoek sen berberak agertzen zituztela.
Enpiristek, bestalde, zentzumenen esperientziaren papera nabarmentzen zutenez, ahalmen berbera aitortzen zieten animaliei, gizakiak barne; eurek egindako zentzumen-irudietatik ikasteko ahalmena alegia. Ikuspuntu horrexekin, XVIII. mendeko hainbat autorek ―hala nola Étienne Bonnot de Condillac eta Erasmus Darwin― uste zuten animalien senak eta gizakien arrazoimena esperientziatik ikasteko oinarrizko ahalmen beraren ondorioa zirela.
Jean-Baptiste de Lamarckekin, senei buruzko gogoetak argudiaketaren atal garrantzitsu bihurtu ziren, aldaketa ebolutiboa azaldu ahal zuten arrazoiak finkatu nahian. Lamarcken eta bere jarraitzaile gehienen ustez, senak ―organoak edota funtzio fisiologikoak bezala― izaki bizidunek garatutako ohituretatik sortu ziren, ingurura eta bizi-baldintza aldakorretara egokitzeko premiagatik.
XVIII. mendearen amaierako eta XIX. mendearen hasierako senei buruzko literaturak (“teologia naturala”-ren arloan egin zena barne) paper garrantzitsua jokatu zuen Charles Darwinen eboluzio-mekanismoei buruzko lehen ideietan. Geroago Espezieen jatorria (1859) laneko kapitulu oso bat eskainiko zion azaltzeari senak, funtzio eta organo konplexuak bezala, hautespen naturalak denboraren joanean ekarritako mailaz mailako eraldaketaren bidez azaldu ahal zirela. Bertan, eta luzeago Gizakiaren jatorrian (1871), Darwinek argudiatzen zuen giza espeziearen adimen-ahalmenak “hobetu” egin zirela hautespen naturalaren bidez, baita animalia-senak ere.
XX. mendeko lehen erdian, etologia deitutako diziplina berri baten atal nagusi bihurtu zen animalien jokaeraren egintza-eredu finkoen azterketa, batik bat Austrian, Alemanian eta Herbehereetan garatua. Karl von Frischek, Konrad Lorenzek, Nikolaas Tinbergenek eta beste batzuek behaketa-datu kopuru handia metatu zuten, eta kontzeptu asko garatu zituzten diziplina berriaren esparruan.
Bestalde, jada 20ko hamarraldian, senaren nozioaren erabilera zabalduarekiko eszeptizismoa bereziki agerikoa zen Estatu Batuetan, konduktismo izeneko psikologia-korrontearen barruan. Ohiturak hartzeko prozesuak eta baldintzapena azpimarratzen zituztenez, behavioristek ―hala nola John Watson― zorrozki murrizten zuten senezko jokaeraren (ez ikasia) papera animalien jokaeran ―gizakiak barne―.
70ko hamarralditik, hainbat autorek ―batez ere soziobiologiarekin lotutakoak, Edwrad O. Wilson tartean― hurbilketak garatu dituzte jokabide ez ikasiaren ereduaren azterketara, eta azterketa horiek alderdi genetiko eta neurobiologikoak azpimarratzen dituzte.
——————————————–
Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta
Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao
——————————————–
The post Senez appeared first on Zientzia Kaiera.
Uraren gainean ibiltzeko gai dira gekoak, eta orain badakigu zergatik
Naturan lurrorotakorik bada, horixe da gekoa. Berdin zuhaitzetara igo edo izotzaren gainean korrika egin, horietan guztietan ederki moldatzen da narrasti txikia. Kristal baten gainean jartzen dutenean ere lasai asko dabil animaliatxoa, Nagore Elu eta Nerea Osinalde ikertzaileek azaltzen duten bezala, oin-hatzetan dauden ile mikroskopikoei esker. Eta, hau guztia gutxi balitz, uraren gainean ibiltzeko gaitasuna du. Azken abilezia honen atzean dauden mekanismoak argitu nahi izan ditu zientzialari talde batek, eta gaiari buruzko ikerketa abiatu dute. Current Biology aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

1. irudia: Gekoek trebezia berezia dute zenbait mugimendu egiteko. Hein batean, naturaren “lurrorotakoak” dira. (Argazkia: PolyPEDAL Lab / UC Berkeley)
Baina goazen pausuz pausu. Gure protagonistaren aurkezpen formala egitea da aurrena, gekoa ez baita etxetik ateratzean aise ikusten den animalia horietako bat, eta normalean ez dago telebistako dokumentalean sarri agertzen den basapiztien artean.
Espezie ugari ditu Gekkota familiak –1.500 baino gehiago–, eta, horregatik, tamaina eta forma ugari izan ditzakete gekoek. Batzuk sugandilak baino txikiagoak badira ere, beste batzuek 40 zentimetro arteko tamaina izan dezakete. Mundu osoan oso zabalduta daude baina, narrasti guztiek bezala, epeltasuna maite dute.
Mingainarekin haien begi handiak garbitzen dituzteneko irudia oso ezaguna da, baina hasieran aipatu ditugun “ahalmenek” ere zeresan ugari eman dituzte. Animalia hauek erakusten dituen trebeziak hobetu ezagutzeko, laborategian sartu dituzte gekoak. Dauden espezieen artean, Hemidactylus platyurus deritzona aukeratu dute ikerketa aurrera eramateko, bereziki bizkorrak direlako.
Kamera geldoa erabili behar izan dute gekoen mugimenduak aztertzeko: hain dira azkarrak ezen zaila baita begi hutsez haien jarraipena egitea. Kamera geldoa erabilita, aukera izan dute animalien mugimenduak framez frame ikusteko ura zeharkatzen zutenean.
Ur arrunta eta xaboia duen ura erabili dituzte probetan, horien artean alderik ote zegoen ikusteko. Besteak beste, animaliak uraren gainazal-tentsioa baliatzen du uraren gaineko desplazamendua lortzeko, eta xaboiarekin tentsio hori aldatu nahi izan dute, uraren ezaugarri hori noraino den erabakigarria zehaztu aldera.
Aintzira batean zapatariak (Gerris lacustris) ikusi dituen edonork badaki nolakoa den uraren propietate hori: uraren gainean hanken gainean flotatzeko gai dira zapatariak, batere busti gabe. Modu sinple batean esanda, likido baten gainazal-tentsioa molekulen arteko indarrei zor zaie. Likidoaren barruko molekulak antzeko beste molekulekin elkarrekintzak dituztenez, haien arteko indarrak konpentsatu egiten dira. Baina gainazalean beste jariakin batekin topo egitean –airea, normalean–, goranzko indarra besterik ez da sortzen, eta horrek ahalbidetzen du gainazal horrek xafla malgu baten modura funtzionatzea. Udan noizbait igerilekura bere burua gaizki bota duenak ederki asko daki xafla ikusezin horren gainean sabelarekin topo egitean zeinen “ondo” igartzen den gainazal-tentsioa.
Aire poltsa txikiakDena dela, gainazal-tentsioa soila ez da da nahikoa uraren gainean ibiltzeko, zapatariak ez bezala, gekoak pisutsuegiak direlako. Ikerketan ondorioztatu dutenez, beste hainbat faktorek parte hartzen dute prozesuan. Hanken mugimendua funtsezkoa dela ikusi dute: horien bitartez ura jotzen dute, oso modu arinean, eta mugimendu horrek aire poltsa txikiak sortzen ditu, flotagarritasuna hobetuz. Ura uxatzeko azal hidrofoboa du narrastiak, eta horrek ere laguntzen dio ez hondoratzen. Bestetik, buztanak egonkortasuna ematen dio. Gainera, gorputza zein buztana mugitzen ditu, higidura ondulatorio baten bidez, eta horrek bultzada ematen dio. Horrez gain, buztanak egonkortasuna bermatzen du. Gutxi gorabehera, krokodiloak uretan mugitzen diren antzera mugitzen dira gekoak, hain zuzen.

2. irudia: Kamera geldoa baliatu dute gekoen mugimendua ondo ikusteko, begi hutsez ezinezkoa baita behatzea ur gaineko ibilbide hori nolakoa den. (Irudia: Pauline Jennings / PolyPEDAL Lab / UC Berkeley)
Ikertzaileek azaldu dutenez, haien asmoa ez da soilik izan naturaren misterio txiki hau argitzea: robotikan erabiltzeko moduko irakaspenak eskuratu nahi dituzte ere. Uretan azkar mugitzeko gai diren roboten garapenean ezagutza eskuratu nahi dute, adibidez, jendea erreskatatzeko gai izango diren robotak martxan jartzeko. Norabide horretan, gekoaren inguruan gauza berriak ulertzea robot horien diseinua inspiratzeko bidea izan daitekeela uste du artikuluaren egile nagusi Jasmine Nirody biofisikariak. “Naturak gauza asko ditu guri irakasteko. Makina miresgarri hauek guztiak eraiki ditu, horietatik ikusi eta ikasteko”, nabarmendu du ikertzaileak prentsa ohar batean.
Badira gekoa baino pisutsuagoak izanda ere uraren gainean mugitzeko ahalmena duten animaliak. Horien artean, agian trebezia gehien duena beste narrasti bat da: Basilisko arrunta. Halere, horrek ez dio gainazal-tentsioari etekinik ateratzen, horretarako pisutsuegia delako, eta hanken indarra baino ez du erabiltzen.
Erreferentzia bibliografikoa:
Nirody et al., (2018). Geckos Race Across the Water’s Surface Using Multiple Mechanisms. Current Biology, 28(24), 4046–4051. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2018.10.064
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Uraren gainean ibiltzeko gai dira gekoak, eta orain badakigu zergatik appeared first on Zientzia Kaiera.
Gabonetako suizidioen mitoa
Burumakur eta goibel egoteko garaia da eta horrek depresioak errazten ditu, bada, jende gehiago suizidatzen da Eguberrietan urteko beste edozein unetan baino. Bada, hori guztia pentsatzen baduzu, oso oker zaude.

1. irudia: Gabonak ez dira suizidio gehien gertatzen diren urteko sasoia, hori pentsatzeko mitoa dagoen arren. (Argazkia: Peggychoucair – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Blog honetara bertara duela urte bete ekarri genituen Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea. Bertan aztertzen zen Gabonetako oporren inguruan heriotza kopurua urteko maximora iristen zela eta hori ezin zela tenperatura hotzen bilakaerarekin bakarrik azaldu. Hain zuzen ere, gaia aztertu zuten ikertzaileek ikusi zutenez bada Eguberrietako oporrekin batera tenperaturarekin bat ez datorren heriotzen igoera adierazgarri bat. Hori gutxi balitz, ekarpen hartan kontatzen nuen heriotza gehien gertatzen diren urteko egunak abenduaren 25a, 26a eta urtarrilaren 1a direla. Eguberriek osasunean duten kaltearekin jarraituz, oraingoan beste heriotza faktore bat aztertuko dugu: suizidioak.
Ustea ustela daEsan bezala, egia da jende asko goibelago sentitzen dela Gabonen bueltan, eta hori normala da, baina, datuek erakutsi dutenez horrek ez du esan nahi abendu bukaerako eta urtarrila hasierako egun horietan suizidio gehiago gertatzen direnik. Ez hori bakarrik, CDC -AEBtako Centers for Disease Control and Prevention- erakundearen arabera azaroan eta abenduan gertatzen dira buru-hilketa gutxien. Azaldu dutenez, haien buruaz beste egiten duen pertsonen gehiengoa buruz gaixo dago. Oro har, urte guztian zehar ondo sentitzen diren lagunentzat abenduan goibel egotea ez da arrazoi nahiko suizidatzen saiatzeko. Adituen arabera, Gabonetako oporraldiak dakarren estresa ez da suizidiora eramaten duen estres-mota. Aitzitik, buru-hilketak amaitzeko estresa gehiago lotzen da buruko gaixotasunekin, genetikarekin, traumekin edo armak eskuragarri izatearekin.
Hala ere, populazioaren gehiengoak uste du Eguberrietan suizidio kopurua asko handitzen dela eta ez dago batere argi zein den mito horren jatorria. Baliteke It’s a Wonderful Life filmean egotea jatorria, zeinetan antzezle nagusiak bere buruaz beste egitea pentsatzen duen Eguberriak iristen direnean. Horrekin lotuta, komunikabideek ere kalte larria egin dute eta mitoa zabaltzen lagundu dute neurri handi batean. Egindako ikerketen arabera, 2009-2010. urteen artean Eguberrietan gertatzen diren suizidioei buruz idatzitako albisteen ia %50ak mitoa zabaltzen jarraitzen dute. 2014ko datuen arabera, %70ak babesten du mitoa. Zentzu horretan, ikerketaren egileek behin eta berriz ohartarazi dute komunikabideek zirkulu anker hori eten egin behar dutela. Izan ere, suizidioan pentsatzen ari den gaixo batek neurriak hartu beharrean bere burua kaltetzen amai dezake pentsatzen badu hori dela ohikoena Eguberrietan. Buruko gaixotasun larriak dituztenak oso zaurgarriak eta sentiberak dira horrelako albisteekiko eta, hortaz, hedabideek kutsatze efektu hori gelditzen lagundu beharko lukete.
Udaberrikoan gertatzen dira suizidio gehienakCDCk adierazi duenez, abenduan gertatzen dira buru-hilketa gutxien eta gehiengoa, aldiz, udaberrian gertatzen da. Hortaz, esan bezala, informazio desegoki horrek kalte larria egiten die suizidioei aurre hartzen lan egiten duten erakundeei. Suizidio gehienak udaberri inguruan gertatzen dira eta lurralde ilunenetan ere, Finlandia kasu, buru-hilketa gehiago gertatzen dira maiatzean otsailean baino. Hegoafrikan, adibidez, suizidioen maximoa hego hemisferioko udaberrian gertatzen dira, alegia, irailean eta urrian. Honen arrazoia hauxe da: eguraldi epelak aktibatu egiten gaitu eta, hortaz, bere buruaz beste egiteko gai ez den gaixoak energia nahikoa izan dezake udaberrian bere bizitzari amaiera emateko. Tamalez, pozik egotea espero den urteko sasoi horretan, udaberrian, depresioa dutenak are okerrago sentitzen dira.

2. irudia: Udaberria pozik egoteko urte sasoia dela dirudi eta, antza, horrek bai areagotu ditzakeela suizidioak. (Argazkia: Michael Gaida – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Jakina da Eguberrietan hainbat gaixotasun eta asaldura areagotu egiten direla, ikerketek erakutsi dutenez, baina, hori ez da suizidioen kasua. Hain zuzen ere hainbat herrialdetan egindako ikerketek antzeko ondorioak erakutsi dituzte. 2015ean Austrian egindako ikerketa zabal batek ere antzekoa erakutsi zuen: Eguberrietan urteko beste sasoietan eta jaiegunetan baino jende gutxiago suizidatzen da. Danimarkan ere ondorio berera iritsi ziren 2010. urtean eta, hortaz, ikerketa guztiek erakusten dute Eguberrietako suizidioen gorakadaren ustea mito hutsa besterik ez dela. Zentzu horretan, ezinbestekoa da mitoak ez zabaltzen jarraitzea eta benetako zientziarekin lortutako datuetan oinarritzea. Horiei esker, posible izango da suizidioak edo bestelako osasun arazo larriei aurre egitea, baina, beti bezala, ebidentzian eta datuetan oinarrituta.
Erreferentzia bibliografikoak:
Sansone, R. A., Sansone, L. A. (2011). The christmas effect on psychopathology. Innovations in clinical neuroscience, 8(12), 10-3.
Plöderl Martin, Fartacek Clemens, Kunrath Sabine, Pichler Eva-Maria, Fartacek Reinhold, Datz Christian, Niederseer David, (2015). Nothing like Christmas—suicides during Christmas and other holidays in Austria. European Journal of Public Health, 25(3), 1 June 2015, 410–413. DOI: https://doi.org/10.1093/eurpub/cku169
Informazio osagarria:
- Suicides don’t really spike around the Holidays, Melissa Dahl, thecut.com, 2015.
- Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea, Josu Lopez-Gazpio, zientziakaiera.com, 2017.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Gabonetako suizidioen mitoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Etxe bakarra dugu

Irudia: Zientzialariek 1992. urtean egin zuten lehen adierazpena. 2017. urtean, 25 urte beranduago, bigarren bat argitaratu zuten: ingurumena zaindu behar dugu etorkizuna izatea nahi badugu.
184 herrialdeko 15.000 zientzialarik baino gehiagok izenpetu zuten BioScience aldizkarian argitaratutako “World Scientists’ Warning to Humanity: A Second Notice” dokumentua. AZTI-Tecnalian Itsas- eta Kostako-ingurunea ikertaldeko burua den Ángel Borja dago haien artean. Gizartearen arreta deitzea dela dokumentuaren helburua azaltzen du, bereziki garai hauetan non zientzia ezbaian jartzen den txertoen aurkatu mugimenduekin eta aldaketa klimatikoaren ukatzaileekin.
Zientzialariek egindako lehen abisuaren 25. urteurrenean kaleratu dute bigarren ohartarazpen hau. Mundu mailako jarrera aldaketa eskatzen zen lehenengo dokumentu hartan, planeta mugatua dela azpimarratu eta ingurugiroaren suntsipena mugatu ezean etorkizun latza aurreikusi. 1.700 zientzialarik, haien artean bizirik zeuden Nobel saridun gehienek, sortu zuten 1992. urtean argitaratutako jakinarazpena.
Eboluzioa 1992. urtetikBederatzi adierazleren eboluzioa aztertu dute lanean, egindako lehen ohartarazpeneraino eta ondoren izan duten eboluzioa aztertuta. Ez dira dauden indikatzaile bakarrak (Planetary Boundaries ala IUCNrenak ere badira), baina erabilitakoak bilakaera ezkorra erakusteko oso eraginkorrak, datu serie luze eta adierazgarrienak direla azaltzen du Ángel Borjak. Bederatzi[1] adierazle horietatik bakar batean dago hobekuntza, besteetan okerrera egin du egoerak 1992tik:
- Ozono geruzaren suntsitzaileak (-68,1%). Tendentzia positiboa duen bakarra. Ozono suntsitzaileei (CFC, gehienbat) aurre egiteko Nazio Batuen Montrealgo Protokoloa jarri zen abian 1987an. Ordutik ozono geruzak suntsitzeari utzi eta osatzen hasi da.
- Per capita ur geza (-26,1%). 60ko hamarkadako hasierako eskuragarritasunaren erdia baino gutxiago da gaur egun eta zenbait tokitan jendeak ez du ur geza eskuratzerik Aquastaten datuen arabera.
- Arrantza kantitatea (-6,4%). Arrantza kantitateak behera egin du, industriak esfortzuak handitu arren.
- Ozeanoetako zonalde hilak (+75,3%). Handitu egin dira 60ko hamarkadatik ur hipoxikoak (oxigenorik gabekoak) duten itsas zonalde hilak, 2008an kaltetutako 400 sistema baino gehiago identifikatu zirela.
- Basoen azalera (-2,8%). Gutxitu egin da basoen azalera, alor honetan galera handienak nekazaritzan erabiltzeko zoruak lortzeko izan dira.
- Ornodunen espezie kopurua (-28,9). Biodibertsitatearen neurketa egiten duen Living Planet Indexeko datuak erabili dira, isuriak ekiditeko egokituak. Ornodunak ez dira, baina, galera erakusten duten animalia bakarrak.
- CO2 emisioak (+62,1). Etengabeko hazkundea izan dute CO2 emisioak 1960tik.
- Tenperatura globala (+167,6). 136 urteko datuak daude eta serieko 10 urterik beroenak 1998tik aurrera izan dira.
- Giza populazioa (+35,5%). Datuen arabera bi mila milioi gizaki gehiago daude munduan 1992tik.
Egoera azaltzeaz gain, egoerari aurre egiteko hainbat neurri proposatzen dituzte zientzialariek artikuluan. Besteak beste, energia berriztagarrien erabilera, aberastasun ezberdintasunak murriztea, elikagai xahuketa gutxitzea, giza populazioa maila jasangarrira mugatzea ala ekosistema erreserben sorrera. Azken honen adibidea litzateke Mexikok sortutako 148.000 km2 dituen itsas-erreserba.
Artikuluan agertzen diren zenbait punturekin ez dago erabat ados Ángel Borjak, hala ere. Esate baterako, dieta aldaketa sustatzen da artikuluan eta gehienbat begetaletan oinarritutakoa gomendatu. Honen harira, Europan nekazaritza dela ingurugiroari kalte gehien egiten dien aktibitateetako bat dela azaltzen du ikertzaileak, nahitaezkoa duen ur kontsumoa eta erabiltzen diren produktuak dela eta.
Kudeaketa arazoa dela deritzo AZTIko ikertzaileak, aktibitateak jasangarriak bihurtu behar dira. Itsasoari dagokionez, adibidez, Itsaso estrategia europarra dago martxan, itsasoz itsaso herri ezberdinen kudeaketa komuna aurreikusten duena. Itsas zabalean dago arazoa, ez dago inongo legedirik, itsasoaren legea da nagusi. NBE bezalako entitateek hartu behar lukete indarra Ángel Borjaren ustetan.
Zein da, baina, mota honetako dokumentu baten balioa? Ángel Borjak argi du:
“Gizarteari deia da. Guztion lana da, ez soilik zientzialari eta politikoena. Horrela, erabilgarria da gizartea kontzientziatzeko. Garai batean CFCekin eta ozono geruzaren zuloarekin lortu zen bezala, oraingoan ere”.Oharrak:
[1] 1992ko ohartarazpenean lurraren produktibitatea ere kezka kausa bezala zerrendatu zen, bigarren honetan ez da analizatu datu falta dela eta.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Diaz Robert J., Rosenberg Rutger, (2008). Spreading Dead Zones and Consequences for Marine Ecosystems. Science, Vol. 321, Issue 5891, pp. 926-929. DOI: 10.1126/science.1156401
DOI: 10.1126/science.1156401 DOI: 10.1126/science.1156401 - Pauly D., Zeller D., (2016). Catch reconstructions reveal that global marine fisheries catches are higher than reported and declining. Nature Communications 7:10244 DOI: http://dx.doi.org/10.1038/ncomms10244
- McRae L., Deinet S., Freeman R., (2017). The Diversity-Weighted Living Planet Index: Controlling for Taxonomic Bias in a Global Biodiversity Indicator. PLoS ONE 12(1): e0169156. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pone.0169156
- Ripple William J., Wolf Christopher, Newsome Thomas M., Galetti Mauro, Alamgir Mohammed, Crist Eileen, Mahmoud Mahmoud I., Laurance William F., and 15,364 scientist signatories from 184 countries, (2017). A Second Notice, BioScience, Volume 67, Issue 12, 1, Pages 1026–1028. DOI: https://doi.org/10.1093/biosci/bix125
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
——————————————————————
The post Etxe bakarra dugu appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #233

Igel ar hiritarrak basatiak baino erakargarriagoak dira emeentzat, korroka konplexuagoak dituztelako. Ikertzaileek Panamako Kanalaren inguruko igel basatien eta hiritarren korrokak grabatu zituzten. Ikusi zuten hiritarrenak konplexuagoak zirela eta maizago egiten zutela. Grabatutako korrokak emeei jarri zizkieten, eta ikusi zuten haiei erakargarriago zaizkiela hiritarren korrokak.
Fotosintesiaren agerpena mila milioi urte atzeratzea proposatu du zientzialari talde batek: duela 3.500 milioi urtera, alegia. Fotosintesiaren prozesuan parte hartzen duten proteinen analisian oinarritu dute hipotesia, fosiletara jo beharrean. Zehazki, oxigenoan oinarritutako fotosintesiari lotuta dauden bi proteinen eboluzioa aztertu dute ikertzaileek: D1 eta D2 izeneko proteinetara, hain zuzen. Hipotesi hori zuzena bada, ondorioak agerikoak dira: ikuspuntu ebolutibo batetik ikusita, fotosintesia nahiko azkar sortzen den prozesua litzateke.
FarmakologiaZiur denok entzun dugula noizbait Fluoxetina sendagaia, Prozac izenez merkaturatu zen lehen aldiz. Jakina denez botika askotan erabili da depresioa tratatzeko eta haurdunetan ere. Ildo honi jarraiki, Otawako Unibertsitateko ikertzaileek ikusi dute haren eragina hobeto ezagutu behar dela. Izan ere, zebra-arrainetan egindako esperimentuetan frogatu baitute botikaren ondorioak hurrengo belaunaldiei ere nabaritzen zaizkiela.
Emakumeak zientzianArantza Diaz de Ilarraza informatikaria da, 1981etik ari da EHUn lanean, Lengoaia eta Sistema Informatikoak sailean dihardu, baita Ixa taldean ere, euskara informatikan txertatzen: Xuxen zuzentzaile ortografikoa sortu dute, besteak beste. Berez, matematika ikasi nahi zuen, baina ezin izan zuen, horregatik hautatu zuen informatika. Berriki Modela aurkeztu dute eta oro har, euskarak dituen itzulpen tresnez mintzatu da: “Modela nahiko ona da, eta abiapuntua baino ez da: ideia asko daude hori hobetzeko linguistikoki, terminologia aldetik… Hamabost edo hogei urte daramatzagu itzulpen automatikoarekin lanean”. Halere, gogoratzen du “itzultzaile automatikoak ez du inoiz pertsona batek bezala itzuliko”.
Elbira Zipitria andereñoa izan da protagonista artikulu interesgarri honetan. Bide urratzailea izan zen pedagogian; ikasle ohiek oroitzen dute tratuan “zorrotza” zela eta baita lanak zuzentzerako garaian ere. Bere klaseak emateko modua erabat berritzailea zen, adibidez, “manipulazioaren bidez irakasten zuen: txotxak erabiltzen zituen matematika irakasteko, eta kanikak”. Elbira Zipitria zenaren ikasleen 70 koaderno inguru dituzte gordeta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza Museoan, Donostian.
InformatikaSareko hiztegi euskaldun berri bat sortu dela jakin dugu: TextReference.com. Testuingurudun hiztegi honek hitz eta esamoldeen ordainak itzulpen memoria handietan bilatzeko aukera ematen du. Mikel Artetxe informatikariak sortu du.
Teknologia‘Big data’-n oinarrituriko teknologiak gizartearen onurarako erabil daitezkeela diote zenbait adituk. Enaitz Ezpeleta MUko irakasleak dio, adibidez, enpresan erabiltzeko “oso interesgarria” izan daitekeela. Osasungintzan esate baterako, herritarren datuak gordetzen dira jaiotzen direnetik eta datu horiek erabilita gaitzak aurreikusi ditzakete. Beste hainbat arlotan onura ikus daiteke. Testu honetan beste hainbat adituren iritziak jaso dituzte. Ez galdu!
AstrofisikaUnibertso goiztiarreko materiaz osatutako tantatxoak sortu ditu ikertzaile talde batek. Hain zuzen, quark-gluoi plasmaren antzeko egoera likido bat lortu dute, ustez Big Bangaren osteko lehenengo mikrosegundoetan unibertsoa bete zuenaren antzekoa, oraindik partikulak elkartu eta atomoak osatzeko beroegi zegoenean. Lan honek lagundu du ulertzen nola hoztu zen lehenengo materia ultrabero hura lehenengo atomoak sortzeko.
EkologiaPlastikoaren zati handi batek ozeanoan amaitzen du; zabor uharte erraldoiak aurkitu izan dira. Arropa ere plastikoz osatuta egoten da eta horretan atentzioa eman du kutsadura iturri batek: mikroplastikoak. Horien zikloa ankerra da artikuluaren egileak azaltzen digunez; izan ere, itsasoko organismoek jan ondoren, gurera itzultzen dira eta jan egiten ditugu. Batezbesteko, europar bakoitzak 11.000 mikroplastiko sartzen ditu organismoan dietaren bidez. Mikroplastikoak jaten baditugu horiek hesteetara joan behar dute eta hortik beste organoetara iritsi daitezke. Beste organoetara iristen ez direnak gorozkietan amaitzen dute.
IngeniaritzaInterfase neuronaletarako propietate elektriko eta antibakteriano egokiak dituzten hidrogelak garatu dituzte ikerketa batean, aplikazio biomedikoetan erabil daitezkeen elektrodoentzat, hain zuzen. Orain arte halako aplikazioetarako erabili izan ez den biopolimero bat aukeratu dute hidrogela sortzeko: almidoia.
Gaur egungo harriak aglomeratzaileak batzen dituen ale urratzaile gogorrez osatutako diseinuzko konglomeratu porotsuak dira. Alearen ezaugarriek, aglomeratzailearen erresistentziak eta, poroekin batera, hiruren arteko proportzioak harriaren izaera baldintzatzen dute. Bere natura heterogeneo konplexuak modelizazioa zailtzen du. Berriki, elementu diskretuen metodoa aplikatu da harriaren portaera simulatzeko. Artikulu honetan, lan horren eredua eraikitzeko prozedura berriaz hitz egin digute.
FisikaTxerenkov erradiazioaz gehiago jakiteko hauxe da artikulu aproposa. Fenomeno honek Pavel Alekseievitx Txerenkov fisikariarengandik hartu zuen izena. Ikerketak egin ostean, fisikariak ikusi zuen ez zela luminiszentzia, baizik eta erradiazio-mota berri bat. Sergei Ivanovitx, bere kideak lagundu zion ikerketan, iradoki zuen erradiazio hori gamma-izpiek atomoetatik erauzten zituzten elektroiek sortzen zutela. Txerenkovek esperimentu berriak egin zituen iradokizun horren ostean. Hala frogatu zuen emisioaren gehiengoa berau sortzen zuten partikulen ibilbidearen norabide berean egiten zela. Igor Jevgenievitx Tamm eta Ilia Mikhailovitx fisikariek fenomenoa elektrodinamika klasikoaren ondorio gisa azaldu zuten 1937an: partikula kargatu batek, elektroiak kasu, ondo zehaztutako norabide batean igorriko du erradiazioa baldin eta inguru bateko argiaren hedatze-abiadura baino azkarrago bidaiatzen badu ingurune horretan. Lan horri esker Txerenkovek, Tammek eta Frankek jaso zuen Nobel saria 1985ean.
AstronomiaAsteburu honetan Geminidak ikusteko aukera izan dugu. Meteoro zaparradak abendua aldean izaten du intentsitaterik handiena. Euskal Herrian eta inguruetan ezagunagoak izaten dira Pertseidak edo Done Laurendiren malkoak. Udan izaten dira eta beraz, aukera gehiago modu egokian ikusteko. Leicesterreko Unibertsitateko bi astronomok Geminidak 1983ak izendatu zituzten lehenengoz. Orduko 50 eta 100 meteoro artean ikus daitezkeela kalkulatzen dute adituek.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #233 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #241
Homofilikoak gara, gure antza duena dugu gustuko. Zelan zaren jakin nahi baduzu, beraz, fija zaitez zure lagunetan. Zergatik da hori horrela, baina?JR Alonsok harrigarria izan daitekeen erantzuna dakar Neuroscience of friendship
Egungo kimiofobia dela eta, jendeak inongo kontserbagarririk gabe nahi du janaria eta bakterioei zoragarri iruditzen zaie. Metodo fisikoak bilatu behar dira kontserbagarririk gabeko janaria usteldu ez dadin eta gaixotasunik sortu ez dezan. BCAMekoek kalkuluak egin dituzte arroz pastelekin Is thermal sterilisation of preservative-free rice cakes possible?
Trantsizio metalezko alkogenuroak ia grafenoa bezain harrigarriak diren material bidimentsionalak direla ez da berria. DIPCren ekutik azkenengoa: Polariton anomalous Hall effect in transition-metal dichalcogenides
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #241 appeared first on Zientzia Kaiera.
Gorka Arana: “Marte bezalako planeta batean ikertzea erronka teknologiko handia da” #Zientzialari (106)
Nahiz eta Marte izan, Lurraren ondoren, Eguzki-sisteman gehien esploratu den planeta, asko dira planeta gorriak eragiten dizkigun galderak: nolako izan zen iraganean? Existitu ote zen bizitza Marten? Ba al dago urik?
Galdera guzti horiei erantzuna bilatzeko asmoz hamaika proiektu jarri dira martxan historian zehar, Mars2020 eta ExoMars esaterako. Misio espazial hauen helburu nagusia Marteko gainazaleko lurzorua eta planeta honen geografia aztertzea da, besteak beste.
Misio hauen prestaketak hainbat diziplina zientifikoen elkarlana behar izaten du, kimika analitikoa horien artean. Gorka Arana zientzia arlo honetako irakaslea da UPV/EHUn, eta aipatutako programa bien prestaketan parte hartu du. Berarekin elkartu gara planetarteko misio baten antolaketaren xehetasunak zeintzuk diren hobeto ezagutzeko.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Gorka Arana: “Marte bezalako planeta batean ikertzea erronka teknologiko handia da” #Zientzialari (106) appeared first on Zientzia Kaiera.
Harriaren egituraren zenbakizko eredua artezketan

Irudia: Harriaren egitura granularraren zenbakizko eredua DEM bidez aurkezten da lan honetan.
Eskakizun tekniko zorrotzak dituzten elementu mekanikoetan erabiltzen denez, artezketa balio erantsi handiko eragiketa da. Prozesu urratzaileei buruzko azterketa gehienak deterministak izan dira, zientzian baino esperientzian oinarritutakoak. Prozesu urratzaileak, teknologia ez, artea direla esan ohi da.
Gaur egungo harriak diseinuzko konglomeratu artifizialak dira. Ale urratzaile gogorrak harroketaz arduratzen dira eta hauskorragoa den aglomeratzaileak eusten ditu aleak, tarteetan poroak eratuz. Harriaren morfologia granularrak eta propietate mekanikoek eragin zuzena dute arteztean.
Hasteko, harriaren gainazalaren topografian eragiten du, piezaren gainazalerekin interakzio zuzena duena material harroketan. Era berean, ale-neurriak, urratzaile frakzioak eta aglomeratzailearen erresistentziak harriaren gradua edo gogortasuna finkatzen dute: ale bat harriaren gainazaletik askatzeko erresistentzia. Urratzaile-aglomeratzaile bikoteak osatutako solidoak gainera, kontaktu-baldintzak aldatu, eta bero-fluxuan (kalte-termikoa) eta aleen higaduran eragiten du. Beraz, nabarmena da harriaren osaketaren eragina artezketan. Izatez, aplikazio bakoitzak bere harri konposizio egokia dauka. Interesgarria izango litzateke, osagaien konbinazio jakin batentzat, harriaren propietateak aurreikusten dituen eredua izatea.
Azken hamarkadetan artezketaren zenbakizko ereduen garapena oso aktibo egon da, prozesuaren optimizazioa bultzatzeko. Harria solido ez-jarraitu heterogeneoa da. Ondorioz, bere portaera mekanikoa deskribatzeko ingurumen jarraituen mekanikako ohiko zenbakizko erreminten erabilera zailtzen da. Azken urtetan, geotekniarako garatu zen elementu diskretuen metodoa (discrete element method, DEM), artezketaren simulazioan indartsu sartu da, eremu granularrak deskribatzeko duen potentziala profitatuz.
Lan honek harriaren egitura granularraren zenbakizko eredua DEM bidez aurkezten du. Ereduak harriaren ezaugarri morfologikoak eta propietate mekanikoak aurreikustea du helburu. Ereduak gaurdaino aurkeztutakoen gabeziak betetzera dator. Lanaren abiapuntua, harriak dituen ezaugarri morfologikoen eta propietate mekanikoen deskribapena da, bere fabrikazioan urratzaile-aglomeratzaile nahasketaren, trinkotzearen eta labealdiaren ondorio direnak. Azterketak harriaren egitura definitzen duten parametro nagusiak identifikatu ditu, besteak beste, ale-neurria, urratzaile frakzioa eta harriaren gradua. Azken honek, harriaren zurruntasunarekin zeharka erlazioa duena.
Aurreko guztiak kontutan hartuta, harriaren egitura DEM eredu bidez eraikitzeko metodologia berria aurkezten da. Ereduak ale urratzaile bakoitza elementu diskretu batez adierazten du; kontaktuan dauden elementuen artean ipinitako habeek berriz aglomeratzailearen rola hartzen dute. Elementuak kontaktuan egotea ezinbestekoa da, errealitatean horrela gertatzen baita. Horretarako koordinazio zenbakia (elementuko kontaktu/habe kopurua) urratzaile frakziora eta ale-neurrira moldatzen da. DEM eredua gai da ale-neurriarekiko urratzaile frakzio muga teknologikoak estimatzeko eta muga horiek koordinazio zenbakiaren menpeko direla frogatzen du. Lehen zati honetan, DEM ereduak harriaren egitura granularra deskribatzen du.
Habe sareak hiru dimentsiotako egitura espaziala sortzen du eta horien lan konbinatuak ematen die zurruntasuna ereduari. Harriaren propietate mekanikoak pultsuaren erantzunaren bidez neurtzen dira modu erraz ez-suntsikorrean. Esperimentalki antzemandako balio homogeneoak urratzaile-aglomeratzaile bikoteak eskala batetik aurrera azalarazten dira. Horregatik beharrezkoa da bolumen elementu adierazgarria (representative volume element, RVE) definitzea, hau da, ereduaren dimentsioaren eta elementuen bataz besteko diametroaren arteko erlazio minimoa aztertzea. Bestalde, habeen propietate mekanikoak ezin dira zuzenean aplikatu ingurune jarraituetan egiten den antzera. Beraz, habeen propietateak kalibratu egiten dira zenbakizko trakzio-frogetako emaitzak esperimentalki antzeman direnekin parekatuz.
Lan honetan harriaren DEM eredua eraikitzeko prozedura berria aurkezten da, propietate mekanikoen homogeneizazio prozesua ere azalduz. Garatutako eredua, harriaren osagaietatik abiatuz, lortutako egitura granularra eta zurruntasuna aurreikusteko balio du.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia. 2018
- Artikuluaren izena: Harriaren egituraren zenbakizko eredua artezketan.
- Laburpena: Harriaren portaera artezketa eragiketan, hein handi batean, bere egitura granularraren naturatik datorkio. Gaur egungo harriak aglomeratzaileak batzen dituen ale urratzaile gogorrez osatutako diseinuzko konglomeratu porotsuak dira. Alearen ezaugarriek, aglomeratzailearen erresistentziak eta, poroekin batera, hiruren arteko proportzioak harriaren izaera baldintzatzen dute. Ekoizpen prozesua erdi-sekretua izan ohi da, ekoizlearen urteetako esperientziaren emaitza. Harriaren propietate mekanikoak, diseinuzko material izaki, aurrez ezagutu ahal izan beharko lirateke. Hala ere, bere natura heterogeneo konplexuak modelizazioa zailtzen du. Berriki, elementu diskretuen metodoa aplikatu da harriaren portaera simulatzeko. Lan honetan eredua eraikitzeko prozedura berria aurkezten da. Lanak propietate mekanikoen homogeneizazio prozesua ere azaltzen du.
- Egileak: Juan Luis Osa, Ana Boyano, Borja Fernandez-Gauna, Mikel Larrañaga.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 173-190
- DOI: 10.1387/ekaia.17880
————————————————–
Egileez:
Juan Luis Osa UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Sailekoa da Eibarren, Ana Boyano UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Sailekoa da Vitoria-Gasteizen, Borja Fernandez-Gauna UPV/EHUko Hizkuntza eta Sistema Informatikoak Saileko Adimen Konputazionala Taldean dabil eta Mikel Larrañaga UPV/EHUko Hizkuntza eta Sistema Informatikoak Saileko GALAN Taldean dabil.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Harriaren egituraren zenbakizko eredua artezketan appeared first on Zientzia Kaiera.
Txerenkov erradiazioaz

Irudia: Erradiazio-iturrietatik gertu dauden substantzia gardenek argi urdin ahul bat jariatzen dute.
Erradioaktibitatearen hasierako urratsetan (hau da, 1900. urtera aldera) lan egiten zuten zientzialariak konturatu ziren erradiazio-iturrietatik gertu zeuden substantzia gardenek argi urdin ahul bat jariatzen zutela, batez ere likidoek. Fenomeno bitxi hura misterio hutsa zen, baina ez erradioaktibitatea bera bezainbeste eta, hortaz, hainbat aipamen izan bazituen ere, ez zen momentu hartan ikertu.
Efektu horren izena Pavel Alekseievitx Txerenkov fisikariarengandik hartu zuen: Txerenkov erradiazioa edo efektua. Hain zuzen, 1934an luminiszentzia aztertzen zebilen bitartean, Txerenkovek ikusi zuen radio (elementua) iturri bateko gamma-izpiek kitzikaturiko likido gardenek argi urdin ahul bat igortzen zutela. Emisioaren espektroa, iraunkortasuna eta polarizazioa xeheki aztertu ostean, Txerenkovek argi ikusi zuen: fenomeno hori ez zen luminiszentzia, baizik eta erradiazio-mota berri bat.
Txerenkoven kide Sergei Ivanovitx Vavilov fisikariak iradoki zuen erradiazio hori gamma-izpiek atomoetatik erauzten zituzten elektroiek sortzen zutela eta, iradokizun horrek bultzatuta, Txerenkovek esperimentu berriak egin zituen. Hala frogatu zuen emisioaren gehiengoa berau sortzen zuten partikulen ibilbidearen norabide berean egiten zela.
Igor Jevgenievitx Tamm eta Ilia Mikhailovitx Frank fisikariek fenomenoa elektrodinamika klasikoaren ondorio gisa azaldu zuten 1937an: partikula kargatu batek, elektroiak kasu, ondo zehaztutako norabide batean igorriko du erradiazioa baldin eta inguru bateko argiaren hedatze-abiadura baino azkarrago bidaiatzen badu ingurune horretan. Hegazkinek soinu-langa hausten dutenean gertatzen den soinu-leherketaren analogoa litzateke.
Txerenkovek, Tammek eta Frankek 1958ko Nobel saria jaso zuten lan horri esker. Vavilov, ordea, hilik zegoen 1951z geroztik.
Txerenekov erradiazioa ospetsu samar egin zen erreaktore nuklearretako urtegien irudiak agertzen hasi zirenean, bertako erregai nuklear barrek dirdira urdin bat sortzen baitute hozteko uretan barrena.
Aplikazio zientifikoa, berriz, energia handiko fisikaren alorrean aurkitu zuen, zehazki partikula-azeleragailuen inguruko esperimentuetako detektagailuetan. Txerenkov efektuari esker, partikulak argi bihurtzen ziren eta, ondorioz, posible zen horiek detektatzea, eta baita zenbatzea ere, hodi fotobiderkatzaileak eta zirkuitu elektroniko digitalak erabiliz. Hori gutxi balitz, Txerenkov erradiazioak energia handiko partikulen norabidea eta bizkortasuna ere eskaintzen zuen; izan ere, igortzen zen erradiazioa kolimatuta zegoen eta emisio-angelua inguruneko errefrakzio-indizearen nahiz partikula erasotzailearen abiadura-bektorearen araberakoa zen soilik. Txerenkov detektagailuak Bigarren Mundu Gerra osteko hainbat aurkikuntza garrantzitsutan egon ziren presente, esate baterako, antiprotoiaren aurkikuntzan. Egun, neutrinoak (adibidez Super-Kamiokandea) detektatzeko esperimentuetan erabiltzen dira.
——————————————–
Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano
Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao
——————————————–
The post Txerenkov erradiazioaz appeared first on Zientzia Kaiera.
Fotosintesiaren agerpena mila milioi urtez atzeratzea proposatu dute

1. irudia: Munduko leku askotan ikusgai dira zianobakterioek “marraztutako” paisaia miresgarriak. Argazkian, Kroaziako Plitviceko Aintziren Parke Nazionala (Argazkia: Juanma Gallego)
Petrikilo horietako batek zure bizitza hobetzeko oreka energetikoa lortu behar duzula esaten dizun hurrengoan, esaiozu ezetz, horretan ere erratuta dabilela, eta ziririk sartuko ez dizula. Ez da broma. Benetako oreka energetikoa balego, akabo guztia: petrikilo bera eta azokan saltzeko otarrean daramatzan bio-traste guztiak ere.
Izan ere, desoreka energetikoa da bizia ahalbidetzen duena: biziaren funtsa da elektroiak dantzan jartzea. Normalean –amantala zuria jantzita daukatenean bederen–, zientzialariak ez dira hain erromantikoak, eta elektroien dantza zoragarri horri erredox erreakzio deitzen diote: erredukzioa-oxidazioa, hain zuzen. Horretan oinarritzen dira bai landareen fotosintesia zein animalien arnasketa. Eta baita munduaren katalogoan datozen prozesu honen beste hainbat aldaera ere. Prozesu horien guztien bitartez molekula batetik bestera elektroiak igarotzen dira, modu honetan zelulek behar duten energia lortzen dutelarik. Animalien kasuan, zelulek oxigenoa erabiltzen dute elektroi horiek jasotzeko, eta oxidazio horren ondorioz ura eta CO2 sortzen dituzte, hondar gisa.
Oxidazio handiaren garaiaBaina hori ez da beti horrela izan. Oxigenoa duela 2.400 milioi urte nagusitu omen zen gure atmosferan. Data horren bueltan oxidazio handia izeneko prozesua gertatu zen. Dibulgatzaile trebea zenez gero, Lynn Margulis biologoak oxigenoaren holokaustoa deitu zion, eta horrela geratu da gertakari hori askoren buruan. Bat-batean (“bat-batean” hori erritmo geologikoaren arabera ulertu, arren) Lurraren atmosferaz guztiz kutsakorra eta oxidatzailea zen oxigeno horretaz bete egin zen, eta horrek garaiko bizidun gehienak akabatu zituen. Prozesuaren abiapuntuan zianobakterioak egon zirela uste dute adituek.
Deep Future liburuan Curt Stager paleoekologoak dioenez, kutsadura erraldoi horrek “errefuxiatuen uholde” bat eragin zuen. “Oxidazioak zeluletan eragindako sarraskiak konpontzeko gai ez ziren espeziak desagertu ziren, edo uretako lokatz babesgarrietan alboratuta bizitzera kondenatuak izan ziren. Mikrobio errefuxiatu horien ondorengoak oraindik ere ezkutatzen dira, beldurtuta, zingiretako lokatz kiratsetan edota zenbait itsaso edo ozeanotako oxigenorik gabeko hondoetan“. Egileak azaltzen duenez, gure hesteetan ere gordeta daude oxigenozale ez diren mikrobio horietako asko.
Fotosintesiaren agerpenak baditu 3.500 urteHortaz, oxidazio handiaren ondorioz espezie asko galdu ziren; baina, beti bezala, egon zen egoera berrira egokitu eta horri probetxua ateratzeko gai izan zen espezierik. Espezie horiek dira gure gaurko mundu honen jaun eta jabe. Une hori iritsi baino lehenago zegoen egoeraz, halere, askoz gutxiago ezagutzen da. Ohikoa denez, Lurraren egutegian gero eta sakonago murgildu, orduan eta iluntasun gehiago azaltzen da gure ezagutzan. Halere, zabalduta dago oxidazio handia baino lehenago oxigenoa oso urria zeneko hipotesia.
Baina, gaira egindako hurbilpen berri batean, oxigenoaren gorakada horren aurrean zegoena irudikatzen saiatu dira zientzialariak, eta ikusi dute agian uste zena baino oxigeno gehiago bazegoela. Gutxienez, oxigenoan oinarritutako fotosintesia duela 3.500 milioi urte inguru jaio ahal zela proposatu dute.
Ez da Lurraren historiaren erlojuan egindako atzerapen txikia. Proposamen berriaren arabera, mila milioi urte lehenago hasi zen fotosintesia. Denbora geologikoaz ari garela gogoratuta, di-da batean garatu zen oxigenoa baliatzeko ahalmen hori.
D1 eta D2 izeneko proteinen eboluzioa oinarri
2. irudia: Zianobakterioak fotosintesi oxigenikoa egiteko gai diren bakterioak dira. Horiei leporatu zaie duela 2.400 milioi urte inguru gertatutako “oxigenoaren holokaustoa”. (Argazkia: Richard Droker CC BY-NC-ND 2.0)
Geobiology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean zehaztu dute zertan oinarritu diren proposamen ausarta kaleratzeko. Zaila da fosilen bitartez jakitea duela mila milioika urte bizi izan zen organismo batek oxigenoa erabiltzen ote zuen, arroka zaharrenetan geratu diren arrastoak oso urriak direlako, eta, gainera, normalean gaizki kontserbatuta daudelako. Horregatik, fosiletara jo beharrean, oxigenoan oinarritutako fotosintesiari lotuta dauden bi proteinen eboluzioa aztertzeari ekin diote ikertzaileek: D1 eta D2 izeneko proteinetara, hain zuzen.
Zianobakterioek eta landareek proteina hauek baliatzen dituzte fotosintesia egiteko. Eboluzioaren lehen fase batean proteina horiek berdinak ziren, baina denborarekin bereizi egin ziren, eta orain zianobakterioetan eta landareetan proteina hauek sekuentzia genetiko desberdinak dituzte. Estatistika baliatuta, proteina horien eboluzioan atzera jo dute, jakin ahal izateko zein momentuan izan ziren berdinak (gizakien genomak aztertuta populazioen bilakaeran atzera joateko erabiltzen den metodo berdina, hain zuzen). Bide hori jorratuta, zientzialariek ikusi dute D1 eta D2 proteinek oso eboluzio “mantsoa” izan dutela, gutxienez milioi bat urte baino gehiagokoa.
Ikuspuntu ebolutibo berriak zabalikMahai gainean jarritako proposamena zuzena bada, ondorioak agerikoak dira: ikuspuntu ebolutibo batetik ikusita, fotosintesia nahiko azkar sortzen den prozesua litzateke. Tanai Cardona ikertzaileak prentsa ohar batean horixe bera azpimarratu du. “Jakin badakigu zianobakterioak oso zaharrak direla, baina ez dakigu zehazki noiz sortu ziren. Adibidez, 2.500 milioi urte badute, horrek esan nahi du oxigenoan oinarritutako fotosintesia duela 3.500 milioi urte sortua izan zitekeela”. Egilearen arabera, fotosintesi mota horren eta zianobakterioen arbasoen agerpenaren artean denbora dezente pasa liteke, eta horrek “perspektibaren ikuspuntutik aldaketa nabaria” dakar.
Astrobiologiaren arloan egin ohi den moduan, ondorioak ez dituzte Lurrera mugatu. Fotosintesia Lurrean hain azkar sortu bazen, logikak agintzen du berdin gerta litekeela beste hainbat planetatan. Eta horrek, noski, berehala pizten ditu ametsak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Cardona Tanai, Sánchez-Baracaldo Patricia, Rutherford A. William, Larkum Anthony W., (2018). Early Archean origin of Photosystem II. Geobiology, 2018;00:1–24. DOI: https://doi.org/10.1111/gbi.12322
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Fotosintesiaren agerpena mila milioi urtez atzeratzea proposatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Kakan ere badaude
Arropa ere plastikoz osatuta egoten da eta, hortik, azken urteotan atentzioa eman duen beste kutsadura iturri bat: mikroplastikoak. Orain arte bagenekien, eta aski frogatuta zegoen, arropa garbigailuetan garbitzearen ondorioz zuntz sintetikoak apurtu egiten direla eta hondakin-urekin batera itsasoan amaitzen dutela. Alabaina, mikroplastikoen zikloa benetan ankerra da; izan ere, itsasoko organismoek jan ondoren, gurera itzultzen dira eta jan egiten ditugu. Orain dakigunez, bidea ez da hor amaitzen.

1. irudia: Mundu mailan sortzen den plastiko zabor kantitatea izugarria da. 2010. urtean 275 milioi tona plastiko-zabor sortu genituen. (Argazkia: RitaE – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
2010. urtean 270 milioi tona plastiko ekoiztu ziren eta 275 milioi tona plastiko-zabor sortu genuen, eta zifra horiek etengabe handitzen jarraitzen dute. Mundu mailako 2015. urteko datuen arabera, plastikoaren %19,5 bakarrik birziklatzen da -%25,5 erraustu egiten da eta gainontzekoa alde batera uzten da-. Horren harira, plastikoek beraiek ekartzen duten kalte ekologikoaz gainera, azken urteotan beste kutsadura iturri batean ere jarri da fokua: mikroplastikoetan. Mikroplastikoak 5 mm baino gutxiagokoak diren plastiko zati txikiak dira eta arrisku potentzial handia dute. Hain zuzen ere, haien tamaina txikiarengatik oso zaila da mikroplastikoen hedapena etetea eta uretako organismoek erraz irentsi ditzakete. Horretaz gainera, mikroplastikoek beste hainbat kutsatzaile izan ditzakete itsatsita eta, hortaz, are kaltegarriagoak dira. Arroparen kasuan, mikroplastikoak zuntz sintetikoen erabilpenaren ondorioz sortzen dira, garbigailuen agitazio mekaniko eta garbigarrien ekintzaren ondorioz.
2011n M.A. Browne ikertzaileak eta bere lankideek lehen aldiz identifikatu zituzten etxeko garbigailuak mikroplastiko iturri garrantzitsu bezala. Hain zuzen ere, itsas-urak aztertzean ikusi zuten mikroplastikoen konposizioa eta arroparen ekoizpenean erabiltzen diren plastikoak antzekoak direla: poliesterrezkoak, akrilikoak, polipropilenozkoak, polietilenozkoak eta poliamidazkoak izan ziren aurkitu zituzten mikroplastiko ohikoenak. Kontua are nabarmenagoa zen araztegietako hondakin-urak aztertzean: araztegietako uretan zeuden mikroplastikoen gehiengoa poliesterrezkoak eta akrilikoak ziren. Hortik abiatuz, hainbat esperimentu egin zituzten haien hipotesia baieztatzeko eta frogatu zuten etxeko garbigailuetan mikroplastiko kantitate garrantzitsuak sortzen direla. Ez da, gainera, garbigailuen alde ilun bakarra –Zientzia Kaieran bertan kontatu dudan moduan-.
Mikroplastikoen ezin asmatuzko bideakHorretarako ikertzaileek zortzi herrialdetako boluntarioen gorozkiak aztertu dituzte, besteak beste, Italiakoak, Japoniakoak, Errusiakoak eta Erresuma Batukoak. Ondorioak argiak izan ziren: plastiko txiki horiek alde guztietan daude. Mikroplastikoen jatorria etxeetako hondakin-urak dira, baina, badira beste zenbait. Etxean eta industrian erabiltzen diren hainbat garbiketa produktuk mikroplastikoak dituzte -haien ezaugarriengatik gehitzen direnak-. Era berean, sendagaietan eta produktu kosmetikoetan ere aurki daitezke. Bada, azkenean mikroplastiko horiek ozeanoan amaitu ohi dute eta, ondoren, ur-ekosistemetan bizi diren animaliek irentsi egiten dituzte. Mikroplastikoak aurkitu dira jada arrain eta bibalbioetan eta, hortik, gure elikaduran sartzen dira berriz. Batezbesteko, europar bakoitzak 11.000 mikroplastiko sartzen ditu organismoan dietaren bidez.

2. irudia: Plastikozko zuntzek hainbat aplikazio dituzte, besteak beste, arropa ekoizteko zuntz sintetiko moduan. (Argazkia: rkit – domeinu publikoko irudia. Iturria: wikipedia.org)
Bide horren hurrengo pausoa da Phillip Schwabl eta bere lankideek jakinarazi dutena. Mikroplastikoak jaten baditugu horiek hesteetara joan behar dute eta hortik beste organoetara iritsi daitezke. Beste organoetara iristen ez direnak gorozkietan amaitzen dute, ohartarazi dutenez. Ikerketa hau aitzindaria da esparru honetan eta, beraz, oraingoz datuak mugatuak dira. Hala ere, ikertzaileek mikroplastikoen arriskuaz ohartarazi dute eta azaldu dute gorozkien 10 gramotan, batezbeste, 20 mikroplastiko-partikula aurkitu dituztela -nagusiki polipropilenoa eta polietilenoa-.
Momentuz lehen ikerketa da esparru interesgarri bezain higuingarri honetan, baina, ikertzaileek ikerketa sakon gehiagoren beharra dagoela plazaratu dute; izan ere, gorozkietan aurkitu diren mikroplastikoek osasunari kaltea eragin diezaiokete. Une honetan ez da ezagutzen mikroplastiko horien zein zati metatu daitekeen organismoan eta zein zati kanpora daitekeen hondakinen bidez. Gertutik jarraitu beharreko gaia da, baina, oraingoz, argi dagoena zera da: ingurugiroari egiten diogun kaltea, azkenean, bueltan etortzen dela.
Erreferentzia bibliografikoa:
Schwabl Philipp, Liebmann Bettina, Köppel Sebastian, Königshofer Philipp, Bucsics Theresa, Trauner Michael, Reiberger Thomas, (2018). Assessment of microplastic concentrations in human stool – preliminary results of a prospective study. United European Gastroenterology Journal 2018; 6 (Supplement 1).
Informazio osagarria:
- Microplastic discovered in human stools across the globe in ‘first study of its kind’, eurekalert.org, 2018.
- Garbigailutik Gabon gaueko afarira, Josu Lopez-Gazpio, tolosaldekoataria.eus, 2016.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Kakan ere badaude appeared first on Zientzia Kaiera.
Almidoizko eta grafenozko hidrogelak garuneko inplanteen elektrodoetarako

1. irudia: Garuneko inplanteetan erabiltzeko almidoizko hidrogelak garatu dituzte ikerketan.
Aplikazio biomedikoetan erabil daitezkeen elektrodoentzat hidrogelak garatu dituzte ikerketan. Almidoia erabili da lehengai gisa eta hidrogelek berez duten hiru dimentsioko sare-egitura lortu dute. Grafenoa eta salbia-estraktuak gehituta beharrezko propietate elektrikoak eman dizkiote hidrogelari, baita propietate antibakterianoak ere.
Egonkortasun dimentsionala galdu gabe inguru urtsuetan likido ugari beregana dezaketen sare polimeriko fisiko-kimikoak dira hidrogelak. Aplikazio askotarako erabiltzen dira eta, bestelako osagaiak gehituta, propietate bereziak hartzen dituzte, hala nola elektrizitate-eroaleak izatea.
Orain arte halako aplikazioetarako erabili izan ez den biopolimero bat aukeratu dute hidrogela sortzeko: almidoia. Hidrogelak sortzeko propietate biologiko eta fisiko-kimiko egokiak ditu almidoiak.
Interfase neuronalak izan dituzte kontuan hidrogela sortzeko, nerbio-sistemarekin interakzioan aritzen diren inplanteen konexio elektrikoa egiteko osagaiak. Interfase neuronaletako elektrodo tradizionalek, platino edo urrezkoek, adibidez, zurrunak izanik, estaldura polimeriko eroaleak beharrezkoak dituzte ehun neuronalen malgutasunera hurbiltzeko. Gaur egun, ordea, gailu txikiagoak behar dira, bai eta propietate mekaniko, elektriko eta biologiko hobeak izatea ere.
Hidrogelari eroankortasun elektrikoa emateko, grafenoa erabili dute ikerketan. Propietate elektriko oso egokiak ematen dizkio hidrogelari, baina desabantaila bat ere badu: ez da uretan erraz egonkortzen. Oztopo hori gainditzeko, eta grafenoari uretan egonkortasuna emateko, salbia-estraktuak erabili dituzte. Estraktuek, gainera, medikuntzan erabiltzeko are aproposagoa bihurtzen dute hidrogela, propietate antimikrobianoak eta antiinflamatorioak ere baitituzte.
Ikerketaren beste ezaugarri bereizgarrietako bat izan da klik kimika deritzon estrategia bitartez sortu dutela hidrogela. Azkeneko urteetan ikertzaileen atentzioa bereganatzen ari da, sintesirako beste bide askotan ez bezala, klik kimikan orokorrean ez delako katalizatzailerik erabiltzen erreakzioetan, ez delako azpiprodukturik sortzen, eta etekin handiko erreakzioak direlako.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Almidoizko eta grafenozko hidrogelak sortu dituzte garuneko inplanteen elektrodoetarako
Erreferentzia bibliografikoa
- Kizkitza González, Kizkitza, et al., (2018). Starch/graphene hydrogels via click chemistry with relevant electrical and antibacterial properties. Carbohydrate Polymers, 202, 372-381. DOI: 10.1016/j.carbpol.2018.09.007
The post Almidoizko eta grafenozko hidrogelak garuneko inplanteen elektrodoetarako appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #232
Gizakia gauzen neurria zenean, mundua oinekin, besoekin eta eskuekin neurtzen zen, besteak beste. Baina zientzialariak hori aldatzen joan ziren. Neurriak oso garrantzitsuak dira, ikerketa zientifikoen zorroztasunean eta komunikazioan oinarrizkoak dira. Kilogramoa izan da objektu bat erreferentzia izan duen azkeneko neurria. Baina urrian Munduko 57 estatutako ordezkariak bildu ziren Pisu eta Neurrien Batzar Orokorrean, eta orain arte kilogramo bat zer den definitu izan duen erreferentzia aldatzea bozkatu zuten. Ildo horri jarraiki, testu honetan Nazioarteko Sisteman zazpi funtsezko unitateetatik lauen historia kontatu digute: kelvina (tenperatura), segundoa, metroa eta kilogramoa, hain zuzen.
IngurumenaPlymouth-eko Unibertsitatean ikusi dute Ozeanoetako nanoplastikoak ordu gutxian metatzen direla bizidun urtarren organoetan. Bieirak erabili dituzte proba egiteko. Beste datu garrantzitsu bat eman dute aditzera: ordu horiek igarotakoan bieirak ur garbitara pasa bazituzten ere, nanopoliestirenoak hor jarraitzen zuen handik hainbat astera. 25 nm-ko partikulak 14 egunez hauteman dituzte, eta 250 nm-koak, berriz, 48 egunez.
BiologiaUste oker nahiko zabaldua da pentsatzea sudurra eta belarriak hazten jarraitzen dutela adinarekin kartilagoa etengabe sortzen delako. Hori ez da guztiz zuzena. Belarriak eta sudurra handitu egiten dira, bai, eta arrazoia sinplea da, Josu Lopez-Gazpiok azaltzen digun moduan: grabitatearen ondorioz handitzen dira. “Edadetu egin ahala, kolagenoa eta elastina zuntzak apurtzen hasten dira eta ahulagoak egiten dira. Grabitatearen ondorioz, zuntzak luzatu egiten dira eta kartilagoa handiagoa dela dirudi”, dio Lopez-Gazpiok.
Inurrien portaera aztertuta, zientzialariek aurkitu dute inurriek estrategia berezia garatu dutela onddo batek eragindako gaixotasun bati aurre egiteko. Horretarako, “berrogeialdia” egiten dute. Inurri beltzean behatu dute portaera hori, hain zuzen. Zientzialariek ikusi dute patogenoak kolonia batean sartzen direnean, inurriek euren portaera aldatzen dutela eta, modu horretan, gaixotasunaren hedapena galarazten dela. Jokabide harrigarri hau azaltzen du Sylvia Cremer ikertzaileak: “Inurriek osatzen dituzten talde txikiak are indartsuagoak bihurtu dira, eta talde horien arteko kontaktua gutxitu egin da. Janari-biltzaileek elkarrekintza gehiago izan dute beste janari-biltzaileekin, eta kume-zaintzaileek berdin egin dute beste kume-zaintzaileekin”.
OsasunaHigienea ezinbestekoa da osasuna zaintzeko eta gaixotasun asko higiene ohiturak hobetuz saihestu daitezke. Eskubide bat da baina denek ez dute hori bermatuta. Horri aurre egiteko, Bill Gatesek teknologia gehitu die gaur egungo komunei, urik behar ez duten eta giza hondakinak ongarri bihurtzeko gai diren komunak dira.
AstronomiaArgiaren aberrazioaz mintzatu da Cesar Tomé Lopez. Bi faktorek baldintzatzen dute hori: Lurrean dagoen behatzailearen abiadurak eta argiaren abiadurak. James Bradleyk topatu zuen argiaren aberrazioa. Hori aurkitzearekin batera, behin-betiko argudioa lortu zen teoria geozentrikoa baztertzeko. Ikerketak aurrera egin ahala, lehen aldiz mugatu zen zehatz-mehatz argiaren abiadura, konstantea zela ezarri zen, eta posizio-astronomiaren zehaztasuna hobetu.
ArkeologiaArkeologia biomolekularra aplikatu dute azterlan batean Goi Erdi Aroko landako gizarteen dieta ikertzeko. Zehazki, Boadilla herrixkan bizi ziren biztanleen elikadura aztertu dute. Emaitzei erreparatuta, esan daiteke elikadura neguko laboreetan zegoela oinarrituta. Horretaz gain, animalia jatorriko elikagaiak (haragia, arrautzak, esnea, esnekiak) gutxi eta noizean behin baino ez ziratekeen kontsumituko. Era berean, albo batera utzi ahal izan da arrainaren kontsumoa. Beste hainbat datu lortu dituzte ikerketa-lan honen bidez. Ez galdu!
IngeniaritzaEraikinen birgaikuntza energetikoaren ebaluazioan datzan doktoreko-tesia aurkeztu digute artikulu honen bidez. Lanak egoera energetikoa izan du hizpide: Gaur egun, eraikinetan erabiltzen den energia kontsumoa Europar Batasuneko energia kontsumo osoko %40 baino gehiago da. Testuinguru honetan, birgaitze energetiko ezberdinen eragina zehaztasunez neurtzeko metodologiak gero eta beharrezkoagoak dira. Artikuluak tesian egindako atal esperimentalak azaltzen ditu eta datuen tratamendua garatzen da bi simulazio ereduren bidez: kutxa zuriaren eredua (TRNSYS), eta kutxa grisaren eredua.
GeologiaLuis Miguel Martinez geologoa elkarrizketatu du Berriak. Bertan, bere ikerketaz hitz egin du, historian erabili izan diren eraikuntza sistemetako harriez mintzatu da, alegia. Arabako trikuharriak aztertu ditu eta liburu bat publikatu du. Martinezen esanetan, “trikuharriak panteoiak dira. Urte askotan erabili izan dira, milaka urteetan. Jende asko lurperatu dute horietan, objektu guztiekin”. Halaber, azaldu du ikerketan ezusteko batekin topo egin duela. Irakur ezazue osorik elkarrizketa!
Emakumeak zientzianAinitze Labakak, erizaintza ikasten ari zela, pazienteekin lan egiteko asmoa zuen. Orduan ez zuen imajinatzen laborategi batean lan egingo zuenik. Bada, ikasketen amaiera iritsi zen eta ez zuen erizaintzan hasteko aukerarik izan. Masterra egin zuen, beraz, Psikobiologia, UPV/EHUn. “Ikerketa-lerroen artean estresa eta depresioa, estresa eta minbizia eta halakoak zeuden, eta horrek asko erakarri ninduen. Izan ere, pazienteekin tratua izan nuenean, konturatu nintzen askotan lotzen zutela gaitza bizitzako egoera zail edo txar batekin. Eta guztiok dakigu estresa txarra dela osasunerako, baina ez dakigu ondo zer egiten duen eta nola”. Ezegonkortasun sozial kronikoaren estresa sagu emeetan, eta aldaketa immunitarioak, neurokimikoak eta jokabide-aldaketak izenburuarekin hasi zuen tesia. Bere helburua zen aztertzea zer mekanismo fisiologikoren bidez eragin dezakeen “estresak depresio bat; eta, bestetik, emeetan dela. Zergatik emeetan?”. Orain Labakak eskolak ematen ditu eta tesiaren ikerketa-ildoan sakontzen jarraitzen du.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #232 appeared first on Zientzia Kaiera.