Tumorearen mikroingurunean ezkutaketan jolasten

1. irudia: Tumorearen mikroingurunean (TM) gaixotasunaren bilakaera baldintzatuko duten elkarrekintza konplexu eta dinamikoak gertatzen dira.
Joan den mendean indarrean egon zen teoriari Minbiziaren Immunozaintzaren Teoria zeritzon eta, bere arabera, gure babes-zelulek minbizi-zelulen agerpena saihesten dute. Ehun batean mutazioak jasan dituzten zelulak ISarentzako arrotz bilakatzen dira eta honek eraso koordinatu bat prestatzen du minbizia sor lezaketen zelula hauek ez daitezen ugaldu. Eraso honetan, parte hartzen dute bai berezko immunitatea osatzen duten zelulek (neutrofilo, makrofago eta NK zelulak) eta bai hartutako immunitateak (B eta T linfozitoak).
Sagu edo arratoietan egindako esperimentuetan ikusi izan da minbizia izateko arriskua handitzen duela bai berezko immunitatea bai hartutako immunitatea inhibitzeak. Horrez gain, ikusi da minbizien intzidentzia handiagoa dela immunoeskasiaren sindromeak dauzkaten gaixoetan (HIESean adibidez) eta besteak beste transplanteen errefusatzeak ekiditeko immunitate-kontrolerako farmakoak hartzen dituzten gaixoetan. Beraz, minbiziaren garapenetik babesten gaituen immunozaintza bat badagoela ondorioztatu daiteke.
Hala ere, minbizi gehienak immunitatea kaltetu gabe daukaten gizabanakoetan gertatzen dira. Ebidentzia honek ISak tumore baten bilakaeran zehar funtzio ezberdinak betetzen dituela teorizatzera eraman zituen ikertzaileak joan den hamarkadan. Horregatik, gaur egun, immunozaintzaz baino immunoedizioaz hitz egiten dute. ISa eta minbizi-zelulen arteko elkarrekintzako hiru egoera bereiz daitezke ISren uneko egoeraren arabera eta tumore-zelulak eskuratutako ezaugarrien arabera: eliminazioa, oreka eta ihesa (2. Irudia).

2. irudia: Immunoedizioaren aldiak: 1) Eliminazioa: Immunitate sistemako T linfozito (T), B linfozito (B), natural killer zelulak (NK) makrofagoak (M), etab. zelulek tumore-zelulak suntsitu dute eta tumoreak ez du aurrera egin. 2) Oreka: ISak ez ditu immunogeneizitate baxuko zelulak arrotz bezala identifikatu eta ez ditu erraz erasotzen, baina euren hazkundea kontrolpean dago. 3) Ihesa: Tumore-zelulak beste ezaugarri batzuk eskuratuz joan dira (adibidez PD-L1 lotugaiaren adierazpena mintz zitoplasmatikoan), IStik ihes eginez. Tumorea kontrolik gabe haz daiteke. (Egilea: Gorka Larrinaga)
Eliminazioa delako prozesua immunozaintzarekin lotuta dago. Zelula mutatuek euren egituran ISak arrotz bezala identifikatzera daramatzaten proteina ezberdinak adierazten dituzte. Beste era batera esanda, gure babes-sistemarentzako immunogeniko bilakatzen dira, eta horregatik gertatzen da erasoa. Zelula gaizkitu guztiak akabatuz gero, tumorerik ez da sortzen, eta kasu honetan immunoedizioak aldi bat baino ez luke izango. Gerta daiteke ordea mutatzen dagoen zelula populazio horretatik batzuk hain immunogenikoak ez izatea eta, ondorioz, ISak arrotz bezala identifikatzeko eragozpen gehiago izatea. Honela, zelula hauek ezkutuka jolasten hasten dira babes-zelulekin eta euren arteko elkarrekintza oreka aldi batean sartzen da (urteak iraun ditzakeena). Denborak aurrera egin ahala, ezkutuan zeuden tumore-zelula hauek ezaugarri edo marka gehiago eskuratu ditzakete ezegonkortasun genomikoak eta mutazio berrien agerpenak eraginda, ISrengandik ihes eginez eta tumorea hazi eta hedatuz.
Beraz, immunoedizioaren teoriaren arabera, ISak minbizia eragin lezaketen zelulen aukeraketa egiten duela esan daiteke. Azken finean, arrotz bezala identifikatzen dituen zelula mutatuak eliminatu egiten baititu eta, ordea, ez baita gai babes-zelulengandik ezkutatzen direnak akabatzeko. Edizio honen bitartez, mutatzen dauden zelulen arteko lehian babes-zelulengandik ihes egiteko gaitasuna eskuratzen dutenak egiten dira garaile, eta tumorearen garapenean zehar protagonista bilakatzen dira. Bada minbiziaren immunologia eta immunoterapiaren arloan ikertzen duten talde askok ihes egiteko gaitasun hau eskuratu duten tumore-zelulak ISrentzat berriro identifikagarri bilakatzea helburu daukate. Alegia, gure babes-zelulei laguntza ematen diete immunozaintza funtzioa ondo bete dezaten.
Gure babes-zelulen artean T linfozitoak oso garrantzitsuak dira tumore-zelulak bezalako eragile arrotzen aurka ISak eraso espezifikoa sor dezan. Erasoa eraginkorra izateko eta era berean norberaren aurka ez joateko, kontrol-mekanismoak daude. Horretarako linfozitoek mintz plasmatikoan zenbait hartzaile proteiko dituzte, immunitate-kontrol puntuak deituak (“immune check-points”). Proteina hauek beste zelulen mintzetako proteina ezberdinekin lotu daitezke, puzzleko piezak bezala ahokatuz, lotura honen ondorioz T linfozitoaren aktibitatea kontrola daitekeelarik.
Honen adibide bat dira PD-1 kontrol puntua eta bere bikote-kidea den PD-L1 lotugaia. Lehenengoa T linfozitoen mintzetan adierazten da eta bigarrena ehun ezberdinetako zelula askoren mintzetan ikus daiteke. PD-1/PD-L1 loturak linfozitoen aktibitatea inhibitzea eragiten du, elkarrekintza hau ISak norberaren ehunen aurka erasorik ez eragiteko era bat delarik.
Minbizi askotan tumore-zelulek PD-L1 lotugaia adierazten dute eta honek eboluzio-abantaila bat eskaintzen die beste zelula mutatuekiko, linfozitoen aktibitatea inhibituz IStik ezkutatzeko eta ihes egiteko gaitasuna eskuratu baitute. Fenomeno honen ezagutzak minbiziaren tratamenduan immunoterapia bide berriak zabaldu ditu (3. Irudia). Linfozitoetako immunitate-kontrol puntuekin (PD-1, CTLA-4, e.a.) edota minbizi-zeluletako lotugaiekin (PD-L1, CD86, e.a.) elkartu daitezkeen antigorputzak diseinatu dira. Antigorputzek bikote-kideen arteko ezagutza oztopatzen dute eta, honela, minbizi-zelulek ezin diete linfozitoei seinale inhibitzailerik bidali, ISak tumorearen mikroingurunean immunozaintzarako gaitasuna berreskuratuz.

3. irudia. Immunitate-kontrol puntuak eta immunoterapia. Minbizi-zelulek PD-L1 lotugaia aurkezten dutenean mintz zitoplasmatikoan, T linfozitoen PD-1 kontrol puntuarekin lotu eta babes-zelula inhibitu egiten da. Honela, tumore-zelulak babes-zelulengandik ezkutatu eta tumorea garatu egiten da. Immunoterapiak kontrol puntu eta lotugai hauen aurkako antigorputzak erabiltzen ditu, ISak tumorearen mikroingurunean immunozaintzarako gaitasuna berreskuratzea lortuz. (Egilea: Gorka Larrinaga)
Immunoterapia berri hau 2011n erabiltzen hasi zen lehenengoz melanomaren metastasien tratamendurako. Ordutik hona antigorputz ezberdin gehiago merkaturatu dira birika, giltzurrun, maskuria, buru eta lepoko minbizien tratamendurako. Askoren ustez immunitate-kontrol puntuen blokeatzaileen sorrera aurrerapauso handia izan da gaixotasun konplexu honen aurkako borrokan. Hala ere, oraindik ikerketa asko egin beharko dira minbizi-zelulek gure babes-zelulekin daukaten ezkutuko joko honetako zokondo eta bazter guztiak ezagutzeko.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Muenst S, Laübli H, Soysal SD, Zippelius A, Tzankov A, Hoeller S., (2016). The immune system and cancer evasion strategies: therapeutic concepts. Journal of Internal Medicine, 279(6), 541-562. DOI:10.1111/joim.12470
- Hanahan D, Weinberg RA., (2011). The hallmarks of cancer: The next generation. Cell, 144(5), 646-674. DOI:10.1016/j.cell.2011.02.013
———————————————————————————-
Egileez:Gorka Larrinaga, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta Erizaintza Saileko irakaslea da.
Iker Badiola, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Zelulen Biologia eta Histologia Saileko ikertzailea da.
José Ignacio López, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzu burua eta ikertzailea da.
———————————————————————————-
Zer dakigu minbiziaz? artikulu-sorta
- Zer dakigu minbiziaz? Minbiziaren markak.
- Zer dakigu minbiziaz? Minbizi-zelula amak.
- Minbizia: zauri sendaezina.
- Tumorearen mikroingurunean ezkutaketan jolasten.
The post Tumorearen mikroingurunean ezkutaketan jolasten appeared first on Zientzia Kaiera.
Biomedikuntzan erabiltzeko aldamioak txibihezurretatik abiatuta

Irudia: Proteinaz egindako produktua lortzea, oso arina eta erresistentea, zeinetan zelulak atxiki eta hazten diren da helburua.
Iturri alternatiboetatik, txibihezurretatik, besteak beste, kitina nola lor daitekeen ikertzen ari dira, batetik, eta proteinatan oinarritzen diren biomedikuntzarako materialen ekoizpenean indargarri gisa duen erabilera baliozkotzen, bestetik.
Kontserba industriaren hondakinak erabiltzen dituzte lehengaitzat ikerketan eta, haietatik abiatuz, kitina eta proteina lortzeko prozesu optimizatua garatzea espero dute. Kitina eta proteina horiek aplikazio ugari izan ditzakete, oso propietate interesgarriak baitituzte: biobateragarritasuna eta biodegradagarritasuna, besteren artean. Askotariko formatutako materialak lor daitezke, gainera, hala nola, hautsak, pelletak, filmak, hidrogelak, e.a.
Indargarri gisa erabil daiteke kitina, proteinatan oinarritutako biomedikuntzarako hidrogelak lortzeko. Material porotsuak dira hidrogelak, ur askokoak eta elastikotasun eta erresistentzia handia ematen dieten sare molekularrez osatuak. Biomedikuntzan erabiltzeko nahitaezkoak diren biobateragarritasun, biodegradagarritasun eta zitotoxikotasunarekin lotutako zenbait baldintza espezifiko betetzen dituzte. Oso emaitza onak lortu dira proteina hidrogeletan indargarri gisa txibihezurretatik lortutako kitina erabilita.
Proteinaz egindako produktua lortzea, oso arina eta erresistentea, zeinetan zelulak atxiki eta hazten diren da helburua. Aplikazio espezifiko bakoitzak behar dituen propietateen arabera eraldatzeko proteinak zelan desnaturaliza daitezkeen ikertu dute azken urteetan eta birnaturalizatu ondoren, biobateragarri izaten jarraitzen dute eta ez dute errefusik eragiten.
Helburuetako bat da ehun biologikoen antzeko hidrogelak formulatzeko material berriak garatzea; beraz, hidrogel horiek propietate jakin batzuk izan behar dituzte, adibidez, zelula edo farmakoekin elkarrekintzan jarduteko.
Aldamio (scaffold) berritzaileak ekoizteko proteinan eta kitinan oinarritutako material berria garatzea da asmoa, zeinak, egokia izan behar duen Fused Deposition Modeling (FDM) teknologia, injekziozko bioinprimaketa eta estrusiozko bioinprimaketa bidezko fabrikazio aditiboz egiteko.
3D egiturak ekoizteko material berriak garatu behar dira, ez bakarrik materialaren ezaugarriei erreparatuz, baita ordenagailuz lagundutako teknika industrialen bidez erabiltzeko bideragarritasunari erreparatuta ere. Erronka ez dago bakarrik inprimagailuen teknologian, baizik eta inprimagailu horiek elikatzeko erabiltzen diren materialetan ere.
Proteinatan oinarritutako materialak lortutakoan hainbat baldintza bete behar dituzte ehun-ingeniaritzan erabili ahal izateko:
- Ehunekin biobateragarri izatea.
- Biodegradagarritasun kontrolatua izatea ehuna birsortzen denean haien tokia har dezan.
- Organismoan kontrako erantzunak saihesteko zitotoxikoak ez izatea.
- Aplikazio mota bakoitzerako behar diren propietate mekanikoak izatea.
- Porositate eta morfologia egokiak izatea zelulen hazkundea bultzatzeko eta metabolitoen, nutrienteen eta molekula bioaktiboen garraioa errazteko, bai scaffoldaren barnean, bai scaffoldaren eta ingurunearen artean.
Ehun-ingeniaritzarako scaffoldak ekoizteko erreakzio baldintza moderatuak erabiliz propietate kimiko, fisiko eta biologikoak modulatu eta kontrolatu behar dira, proteina termoplastikozko geruza bat beste baten gainean segidan jarrita scaffolda osatu arte. Abiapuntuko abantaila gisa, proteinatan oinarritutako materialak biobateragarriak eta biodegradagarriak dira.
Naturako material berriztagarri ugarienetako bat da kitina eta produktu biodegradagarriak ekoizteko aukera ugari ematen ditu. Bigarren polimero natural ugariena da zelulosaren atzetik eta, besteak beste, intsektuen, araknidoen eta krustazeoen exoeskeletoa osatzen du.
Kitinan aberats diren elikagaigintzako azpiproduktuei kimika berdearen printzipioetan oinarritutako berariazko tratamendua eginda, industrian gaur egun erabiltzen diren tekniken bidez prozesatzeko moduko biomaterialak lor daitezke.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Biomedikuntzan erabiltzeko aldamioak, txibihezurretatik abiatuta
Erreferentzia bibliografikoa:
Garrido Tania, Etxabide Alaitz, de la Caba, Koro, Guerrero Pedro (2017). Versatile soy protein films and hydrogels by the incorporation of β-chitin from squid pens (Loligo sp.) Green Chem., 19, 5923-5931. DOI: 10.1039/C7GC02982A
The post Biomedikuntzan erabiltzeko aldamioak txibihezurretatik abiatuta appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #209

Espazioan ere plaken tektonikaren bila dabiltzala azaldu digu Juanma Gallegok. Orain arte biologiaren ikuspuntutik arreta gutxi jaso du plaken tektonikak, baina azken ikerketek iradokitzen dute rol garrantzitsua jokatu duela biziaren garapenean; hori da, hain zuzen, espazioan ere horren bila aritzearen arrazoia.
Fermi paradoxari erantzun posible berria ezagutu Sustaturen eskutik: bakarrik gaude eta kito. Paradoxa aztertzen saiatu diren zientzialari batzuk Drake-ren ekuaziotik, kalkulu probabilistikoa dena, abiatu dira. Normalean Drakeren ekuazioaren araberako kalkulu gehienetan, zibilizazio kopuru handiak lortzen dira baina, faktore ezezagunei muturreko balioak eman diete oraingoan. Balio anitzekin emaitza asko atera dira: batzuetan zibilizazioak agertzen dira eta beste batzuetan ez. Baina emaitza multzoari begira, %30ean ez da agertzen beste zibilizaziorik. Hortaz, oso posible da bakar bakarrik egotea.
MeteorologiaGure planetan sekula neurtu den tenperaturarik hotzena neurtu dute Antartikan: -98ºC; hala irakurri dugu Sustatun. Orain arte neurtutako tenperaturarik hotzena -93ºC-koa zen, baina satelite bidez egindako neurketak beste 5 gradutan jaitsi dute datu hori. Antartikako erdi-ekialdean dagoen mendilerro garai batean jaso dituzte tenperatura horiek, mendilerro horietan dauden sakonune txiki batzuetan.
Osasuna133 GIB diagnostiko berri jakinarazi zituen iaz Osakidetzak Berrian irakurri dugunez. Infekzio berrien %75,9 gizonei dagozkie eta diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 36,8 urtekoa da. Infekzio berrien %45,9k diagnostiko berantiarra izan zuten, immunitate-sistema dagoeneko oso kaltetuta zegoenean detektatu ziren.
Hotzeriari aurre egiteko C bitamina lagungarri deneko ustea, ustel Eduardo Angulori aste honetan irakurritakoaren arabera. Izan ere, bakar-bakarrik luzapena laburtzeko balio lezake C bitaminak, baldin eta gaixotasun garaiaren erdian hartzen bada eta gaixoek ariketa handia egiten badute eta tenperatura hotzetan badaude.
BiologiaTresnak buruz egiteko gai dira beleek, Elhuyar aldizkarian ikusi dugunez. Ikerketa baten arabera, tresnak buruz egiteko gaitasuna dute Kaledonia Berriko beleek (Corvus moneduloides). Are gehiago, beste bele batzuk egindako tresnak oroitu eta diseinua hobetzeko ahalmena ere badute.
Zergatik txitatzen dute neguan pinguino enperadoreek? Zergatik urteko sasoirik gogorrenean? Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutiak eman digute erantzuna: Txitaldia neguan egiten dutenez, uda izango da txita jaioberria itsasora heltzen denerako eta animalia haragijale batentzat uda da sasoirik onena, orduan izaten baitira ugarien harrapakinak.
Euskalnaturari esker jakin dugu jendeak ez dituela inguruan dituen animalia asko ezagutzen eta bizi den herrialdetik kanpoko fauna hobeto identifikatzeko gauza dela. Oso ezagunak dira Afrikako megafauna (lehoiak, jirafak, elefanteak), ez horrenbeste fauna lokala. Gehien ikusten diren animaliak maskotatzat hartutakoak dira, hauetako asko exotikoak. Horrek eragiten duen arazoetako bat exotikoen askapena da, autoktonoak desplazatzea eragiten dutena.
Klima-aldaketaUnai Pascual Basque Centre for Climate Change (BC3) ikerketa zentroko Ikerbasque ikertzailea elkarrizketatu dute Berrian. Nekazaritzaren intentsifikazioak ez du zertan lagundu garapenean ondorioztatu du Pascualek egindako ikerketan. Elkarrizketatuaren arabera: “zientziak erakusten du puntu batetik behera naturaren emankortasunaren galera atzeraezina dela, berreskuratzea ia ezinezkoa dela. Naturak duen erresilientzia kolokan jartzen ari gara, epe motzerako ekoizpena handitzeko”.
MatematikaArgian azaldu dutenez “Historiaren matematika” izeneko teoria garatu zuen Alexandre Deulofeuk eta zibilizazioen izaera ziklikoa aldarrikatu zuen. Deulofeuren kalkuluen arabera, zibilizazioek 5.100 urte irauten dute gutxi gorabehera, eta 1.700 urteko hiru alditan banatuta zeuden. Inperioek aldiz 550 urteko iraupena dute batez beste.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #209 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #222
Geometrian erabiltzen den kontzeptu algebraikoa da modulu espazioa. Klasifikazio geometrikoen arazoen emaitza espazioa denez korda teorian ere erabiltzen da. Carlos Shahbazi autoreak zer esana badu horren inguruan: Remarks on Moduli Spaces and String Theory.
Zelan jakin daiteke gaixotasun kardiakoak dituzten gazte eta umeek duten minbizia kardiopatia tratatzeko erabilitako tratamenduen ondorio diren? Matematikak erabilita. Is cancer a side effect of the treatment of cardiac problems in children?
Batzuetan, ordura arte ona zen hurbilketak zentzua galtzen du; izan ere, tamaina hain txikiak kontsideratzen baitira, non puntuak ezin diren puntu izan. DIPCk Beyond the point-dipole approximation
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #222 appeared first on Zientzia Kaiera.
Margaret Hamilton: Lehenengo software-ingeniari anderea
Horietako bat hartuko dugu gaur hizpide. Berak asmatu zuen “software-ingeniaritza” adierazpidea. Informatikako programazioaren ameslari aurreratua izan zen, eta berak saihetsi zuen istripu ikaragarri bat, Apolo XI.a lurreratu zenean: Margaret Hamilton.

1. irudia. Margaret Hamilton, berak MITeko ekipo batekin batera Apolo egitasmorako diseinatutako nabigazio-softwarearen ondoan. (Argazkia: MIT)
Margaret Hamilton 1937ko abuztuaren 17.ean jaio zen Paolin (Indiana), Amerikako Estatu Batuetan. Matematikak ikasten hasi zen Michiganeko Unibertsitatean. Geroago, Earlham Colege izeneko erakundera joan zen. Bertan 1958.ean Matematiketan lizentziadun egin zen (Filosofia-diplomatura ere lortuta). Berak gelditu gabe ikasten jarraitu nahi zuen, baina zoritxarrez, bertan behera utzi behar izan zituen bere ikasketak eta bere senarrak karrera Harvarden buka zezan, matematika eta frantses-irakasle egon zen ikastetxe batean. Geroago, bere ametsari jarraiki, Bostonera joan zen, Brandeis Unibertsitatean matematika abstraktuak ikasteko.
Bere bizitza aldatzen hasi zen 1960. urtean MITeko Meteorologia Sailean lanean hasi zenean, Edward Norton Lorentz matematikari eta meteorologoaren zuzendaritzapean. Ezagumendu handia zuen matematiketan, eta are gehiago ikasi zuen irakasle horrekin. Gainera, izugarrizko ahaleginak egin zituen programazio-lengoaia batzuk bere kabuz ikasteko eta horri guztiari esker, LGP-30 eta PDP-1 ordenagailuen bidez denbora aurresateko softwarea diseinatu zuen beste langile batzuekin batera.
Geroago, SAGE (Semi Automatic Ground Environment) egitasmoan hartu zuen parte. Proiektua MITeko Lincon Laborategian garatu zen 1961 eta 1963 urteen artean. Hasiera batean klima aurreikusteko ahaleginetan ibili ziren, baina berehala hartu zituzten helburu militarrak. Egitasmo hartan, Margaretek diseinatu zuen lehenengo AN/FSQ-7 ordenagailurako softwarea, hegazkin “ez lagunak” Amerikako Estatu Batuetako aire-espazioan detektatzeko.
Misio militar honek arrakasta handia lortu zuen, eta ondorioz Hamiltonek aukera izan zuen MITeko Charles Stark Draper Laborategira sartzeko. Une hartan, oso egitasmo garrantzitsuan ari ziren lanean han, eta horrek betiko aldatuko zion bizitza Margareti: Apolo Egitasmoa. Emakumea berehala nabarmendu zen programazio-aditu gisa. Bere ekipoarekin batera, software bat diseinatu zuen Kontrol Moduluak eta Ilargi Moduluak funtziona zezaten. Ziur aski bera izan zen misioaren porrota saihetsi zuena. Izan ere, ilargiratu baino minutu batzuk lehenago, akats larri bat gertatu zen. Zorionez, softwarea diseinatua zegoen ezinbesteko funtzioei lehentasuna emateko, eta une jakin batean akatsak detektatuta beste funtzio batzuk bertan behera uzteko. Horrela, sistemaren gainzama bat saihetsi zen. Eta ilargiratu zen. Bere hitzetan:
“Ordenagailua akatsak konpontzeko diseinatu izan ez balitz, nekez ilargiratuko zen Apolo Ilargian”.
2. irudia: irudian: Margaret Hamilton, Apoloko Kontrol Moduluaren barruan. (Argazkia: MIT)
Akatsak detektatzeko eskarmentu horretaz baliatuz, 1976.ean Higuer Order Software entrepresa sortu zuen beste hainbatekin batera. Geroago, Hamilton Technologies sortu zuen 1986.ean, kasu honetan ere software-akatsak detektatzeko.
Bere garaian, programazioa ez zen zientziatzat hartzen, eta bera aitzindaria izan zen zeregin horretan. Gauza guztien aurka egin aritu zen, sendo eta zintzo, bere kabuz informatika-programazioa ikasiz. Berak sortu zuen programazioaren oinarria izango zena, eta berak software-ingeniaritza deituko zuena. Berak kontatzen du hasiera batean barrezka aritzen zirela bere lankideak izen hori entzuten ziotenean. Egun batean isildu egin behar izan ziren: zuzena zen termino hura, eta software-ingeniaritza zientziaren atal bilakatu zen.
Margaretek sari ugari hartu ditu bere bizitzan zehar: besteak beste, Exceptional Space Act Award (NASA), eta Presidentearen Domina (2006). Amerikako Estatu Batuetan zibil bati ematen zaion errekonozimendu handiena da azken hori.

3. irudia: Margaret Hamilton ingeniaria 1995.eko argazki batean. (Iturria: Wikipedia / Argazkilaria: Daphne Weld Nichols)
Beste alde batetik, sutsuki saiatu zen neskatoei eta emakumeei zientzia eta teknologia ikasteko kemena ematen. Hona hemen bere hitz argigarri hauek:
“Ez dugu ‘ez dakit’ esateko beldurrik izan behar, eta galdera sinpleak egiteko beldurrik ere ez. Galderak ez dira inoiz ergelak. Batzuetan zerbait ezinezkoa dela dirudi, adituek ere ezinezkoa dela diote, baina bidean aurrera egin behar dugu, batzuetan bakarka. Oker egoteko edo akatsak egiteko beldurrik ez dugu izan behar. Hain zuzen ere huts handiak egin dituztela onartzeko prest daudenak dira gero lorpen handienak bereganatuko dituztenak.—————————————————–
Egileaz: Aitziber Lopez (@lopez_aitzi) Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea.
—————————————————–
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
Oharra: Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2017ko ekainaren 7an: Margaret Hamilton: “La Primera ingeniera de software”.
The post Margaret Hamilton: Lehenengo software-ingeniari anderea appeared first on Zientzia Kaiera.
Hormigoi armatuaren eboluzioa linealki irakurtzeko ezintasuna. Espainiaren kasua (1896-1973)
Berez hormigoi armatua bezalako material artifizial baten kalitateak garaiz garai duen bilakaerak ez luke atzerakadarik izan behar. Garapen teknologikoak eta erabileraren jarraipenak bermatu beharko lukete kalitatearen hobekuntza, baldin eta egia balitz teknologiak eta zientziak, bide beretik, norabide berean eta abiadura berarekin egiten dutela beti aurrera. Alabaina, gertaera sozioekonomiko eta politikoek baldintzatu dezakete bilakaera hori, material baten teknologiaren eta ezaugarrien eboluzioa linealki irakurtzea ezinezko bihurtuz. Horren adibide garbia da Espainian hormigoi armatuak izan duen bilakaera. Euskal Herrian aspaldian eraikitako hainbat egitura historikoetan eskuraturiko datuak elkarren parean jarri dira eta kronologikoki aztertu dira garapen hau aztertzeko. Azterketa honi esker argi ikus daiteke hormigoiaren kalitatea aldakorra izan zela aldien arabera. Gainera, hormigoi armatuz Euskal Herrian XX. mende osoan eraikitako egitura batzuetan egindako saiakuntzen emaitzek frogatzen dute XX. mendeko 50. hamarkadaren inguruan erabili ziren hormigoiek akats nabarmenak zituztela, eta atzerapauso nabarmena ekarri zutela, aurreko hormigoiekiko.
Lehenbiziko hormigoi armatuek (1901-1939) konpresio-erresistentzia gero eta handiagoa izateko joera zuten. Izan ere, patenteen eskutik ez ezik, obrako prozedura zorrotz zaintzera zetozen teknikarien begipean egindakoak ziren. Erosiriko sistema bat zen, ardura teknologiko eta zibilarekin.
Gerraosteko murriztapenen aldian aldiz (1939-1960), hormigoiaren kalitateak oso behera egin zuen, erresistentziaren ikuspegitik ez ezik, baita homogeneotasunari, trinkotasunari eta hondamen-koadroei zegokienez ere. Honetan eragin nabarmena izan zuen legez ezarritako materialen murriztapenak sortu zuen merkatu beltzak.
Behin murriztapenen aldia igaro eta gero eraikuntzako materialen merkatu beltza indarra galduz joan zen, oinarrizko materialen eskaintza handitu eta eskuartze-organismoen eskumenak gutxitu ahala. EH-73 araudia indarrean jarri ostean, konpresio-erresistentzia horren balioa gorantz egiten hasi zen, eta 70eko hamarkadaren erdira iristerako, berreskuratuak zituen hormigoiak gerra aurretik erakutsitako erresistentzia-balioak. Ordutik aurrera, gero eta kontrol zorrotzagoak materialaren kalitate kontrastatua eta gaur arteko hobekuntza etengabea bermatu zituen.
Baina nolanahi ere, bai hastapeneko sistematan eta patenteetan, nola gerraostean eta baita 70eko hastapen urteetan ere, erresistentzia bereizgarrien arteko aldeak, garai bereko eta inguru geografiko beretsuko hormigoietan ere, handiak ziren, gorabeheratsuak. Izan ere, materialaren kalitatea kontrolatzen hasi zen garaia iritsi arte, ez zen hormigoiaren kalitatearen hobekuntza egonkortzen hasiko, ez eta erresistentziari buruzko datuak, antzekoak izaten hasiko; hala erakusten dute kontsultaturiko saiakuntza-datuek: EH-73 Araudia indarrean jarri zenez geroztik, konpresio-erresistentzia guztiz egonkortu zela.
Hortaz, emaitza horiek frogatzen dute ezinezkoa dela materialaren bilakaera linealki irakurtzea eta paradoxa honetara iristen gara: duela 100 urteko hormigoi baten erresistentzia eta gaur egun duen egoera izan daitezkeela duela 60 urteko hormigoi batenak baino askoz hobeak.
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 32
- Artikuluaren izena: Hormigoi armatuaren eboluzioa linealki irakurtzeko ezintasuna. Espainiaren kasua (1896-1973)
- Laburpena: Material artifizial baten kalitateak garaiz garai duen bilakaerak ez luke atzerakadarik izan behar. Garapen teknologikoak eta erabileraren jarraipenak bermatu beharko lukete kalitatearen hobekuntza, baldin eta egia balitz teknologiak eta zientziak, bide beretik, norabide berean eta abiadura berarekin egiten dutela beti aurrera. Alabaina, gertaera sozioekonomiko eta politikoek baldintzatu dezakete bilakaera hori, material baten teknologiaren eta ezaugarrien eboluzioa linealki irakurtzea ezinezko bihurtuz. Horren adibide garbia da Espainian hormigoi armatuak izan duen bilakaera. Artikulu honek hori azaltzea du helburu, Euskal Herrian aspaldian eraikitako hainbat egitura historikotan eskuraturiko datuak elkarren parean jarriz eta kronologikoki aztertuz.
- Egileak: Maialen Sagarna, Lauren Etxepare, Iñigo Lizundia, Eneko Jokin Uranga.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 167-178
- DOI: 10.1387/ekaia.17746
—————————————————–
Egileez:
- Maialen Sagarna, Lauren Etxepare eta Iñigo Lizundia arkitekturan doktore dira eta Eneko Jokin Uranga arkitektoa. Denak dira irakasle UPV/EHUn, Donostian.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Hormigoi armatuaren eboluzioa linealki irakurtzeko ezintasuna. Espainiaren kasua (1896-1973) appeared first on Zientzia Kaiera.
Pinguino enperadorea berriro
———————————————————————————————————–
Pinguinoak berriro aipatu ditugunez, uste dugu pinguinoen bizi-zikloak eta, zehazkiago, pinguinoen ugaltze-estrategiak merezi duela gogoeta labur bat. Ez baita erraz ulertzen hain baldintza gogorrei aurre egin behar izatea arrautza txitatzeko. Zergatik neguan? Zergatik urteko sasoirik gogorrenean? Gure ustez, horren arrazoiak zerikusia du txitak jaio ostean aurkituko dituen ingurune-baldintzekin.
Irudia: Neguko baldintza latzetan egiten du txitaldia pinguino enperadoreak. (Argazkia: Christopher Michel)
Txitaldia neguan egiten dutenez, uda izango da txita jaioberria itsasora heltzen denerako, eta animalia haragijale batentzat uda da sasoirik onena, orduan izaten baitira ugarien harrapakinak. Beraz, neguko txitaldi gogorraren ondoren, udaberrian jaiotzen da txita; udaberrian zehar gurasoek elikatzen dute, txita jaioberria ez baita bere kabuz elikatzeko gai. Gero, indartsuagoa denean eta igeri egiteko eta ehizatzeko ahalmena duenean, bere kabuz elikatuko da itsasoan; udarako egongo da horretarako prestatuta, baina udarako prestatuta egon ahal izateko, neguan izan behar txitaldiak.
Beraz, gurasoen lan astun eta arriskugarria, urte-sasoien aldaketaren testuinguru horretan kokatu behar da; bestela, nekez uler liteke.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Pinguino enperadorea berriro appeared first on Zientzia Kaiera.
Biziaren arrastoa jarraitzeko, begiratu plaken tektonikari
Duela milioika urte, Artizarra planeta zirraragarria izateko abagunean egon zen. Ura bazegoen bertan, eta Eguzkiak planetaren lurrazala berotzen zuen. Baina, nonbait, zerbaitek huts egin zuen, eta gauzak behin betiko okertu ziren. Seguruenera, antzeko zerbait gertatu zen ere Marten. Garai urrun batean bertan izan ziren ozeanoek betiko galdu ziren, eta horien aztarnak baino ez dira geratzen orain.
Are gehiago, aspaldiko hipotesia da Lurrean errotuta dagoen bizitza eguzki sistemako beste nonbaitetik etorri izana: asteroideren batek Marteren kontra joz gero, adibidez, planeta gorrian zegoen balizko bizia irits liteke gurera (Marteko ezaugarriak dituzten hainbat meteorito aurkitu dira Lurrean). Artizarraren kasuan, ordea, karanbola hori ia ezinezkoa da, grabitazioaren legeak direla eta. Eguzkiaren indar grabitatorioak ez luke halakorik gertatzeko biderik emango.

1. irudia: Plaken tektonikari esker, litosferaren eta biosferaren arteko elkarrekintza sortzen da. Argazkian Hawaiiko Kilauea sumenditik isuritako laba, itsasora barneratzen ikus daiteke. (Argazkia: Mandy Beerley/ Unsplash)
Baina berdin dio. Bai kanpotik etorrita zein hementxe bertan sortuta, agerikoa da biziari ondo joan zaiola Lurrean. Bost iraungipen masiboei aurre egiteko gai izan da, eta, orain arte bederen, beti gailendu da hondamendien artetik. Atmosfera, Eguzkiarekiko bizigarritasun eremuan kokatuta egotea, eremu magnetiko babeslea… horiek guztiak lagungarri izan dira biziaren arrakastarako, eta unibertsoan bizi aztarnak bilatzen dituzten adituek ere horiek dituzte jomugan.
Baina bada orain arte arreta gutxi jaso duen faktore bat, agian hain agerikoa ez dena, eta, halere, garrantzitsua izan daitekeena: plaken tektonika. Hasiera batean ez dirudi biziarekin lotura asko izan dezakeenik; baina, antza, badu.
Lur-sisteman gertatu ohi den moduan, arrazoi nagusia hainbat faktoreren arteko elkarrekintzan datza. Ezaguna da plaken tektonikari esker lurrazala birziklatu egiten dela, eta horrek dezenteko eragina dauka bai atmosferan zein ozeanoetan. Elkarrekintza hain da garrantzitsua ezen “Bizigarritasun Irunea” terminoa asmatu baitute hainbat zientzialarik. Planeta baten bizigarritasuna bermatzen duten faktoreak adierazteko modua da hori: ura, atmosfera eta lurra osatzen dute “Irunea”.
Hainbat ikerketek elkarrekintza horretan sakondu dute. Horietako batzuk biziaren hasieran jarri dute arreta. Adibidez, 2015ean Australiako ikertzaileek egindako ikerketa batek lotura aurkitu zuen plaken tektonikaren eta Kanbriarreko leherketaren artean. Duela 542 milioi urte, eta denbora geologikoaren eskalan hitz egiten ari garela kontuan izanda, bizia bat-bateko “loraldia” izan zuen. Garai horretan, bizi forma konplexuak oso azkar garatu ziren.
Zientzialari hauek mundu osoko ozeanoetako lurzoruetan hartutako 300 inguru laginen azterketa zabala ezagutarazi zuten. Lagin horietan fosforoa eta beste hainbat elementuren aztarnak neurtu zituzten: kobrea, zinka, selenioa eta kobaltoa, besteak beste. Elementu horiek ezinbestekoak dira biziaren garapenerako. Ozeanoetan halako elementu asko daudenean, planktona izugarri garatzen da. Zientzialari horiek frogatu zuten halako elementuen hazkunde izugarria gertatu zela duela 560-550 milioi urte, eta biziaren “eztandarekin” lotu dute.
Antzeko ondorioetara iritsi dira duela gutxi Earth and Planetary Science Letters aldizkarian argitaratutako beste ikerketa batean. Lan horretan diote Eoi Arkaiko izeneko aroan (duela 4.000-2.500 milioi urte) plaken tektonika “martxan” jarri zen heinean, mantua hozten hasi zela, eta horrek ekarri zuela lurrazalean zegoen fosforo kontzentrazioaren handitzea. Atmosferan zegoen oxigeno mailarekin alderatu dituzte datuak, eta lotura dagoela iritzi diote.

2. irudia: Fenomenoak duen garrantzia ikusita, exobiologoak plaken tektonika beste munduetan bilatzen ari dira. Irudian, Europa ilargitik ikusgai egon litekeen paisaiaren irudikapena. (Irudia: NASA/JPL-Caltech)
Bi elementu horiek funtsezkoak dira biziarentzat. Fosforoz eta oxigenoz osatuta dauden fosfatoak dira, hain zuzen, DNAren, RNAren eta zeluletako ehunen ezinbesteko osagaiak. Sinplifikatuz, eta ikertzaileek proposatu duten azalpenaren arabera, arroketan bildutako fosforo hori urarekin nahastu zenean biziari hauspoa eman zitzaion. Hots, fosforo hori “ongarri” baten modura aritu zen.
Ezaguna da ere tximinia hidrotermalen bitartez mantutik ateratzen direla bertako mineralak, eta egitura horien inguruan bizi forma bitxiak biltzen direla. Bizia Lurrean nola sortu zen azaltzen duten bi teoria nagusietatik, batek tximinia horietan kokatzen du jatorria (“klasikoagoa” den bigarren teoriak kostaldeko ur putzu txikietan kokatzen du biziaren jatorria).
Hau Lurrean gertatu zela ikusita, astrobiologoek hemen ikasitakoak aplikatu dituzte kanpo espazioan. Bizia eta geologia batu lituzketen hautagairik handienak planeta erraldoien ilargietan egon litezke. Entzelado, Titan… edo Europa, esaterako. Jupiterren inguruan orbitatzen duen Europan plaken tektonika egonez gero, bertan bizia garatzea errazagoa izango litzatekeela uste dute zientzialariek. Tektonika horrek biziarentzat hain garrantzitsua den beroa emango lioke ilargiari.
Ez da beharrezkoa, gainera, prozesua Lurraren parekoa izatea. Kontuan izan behar da Europan marea indarren menpe dagoela. Jupiterrek eta hirugarren ilargi baten arteko elkarrekintzaz sortzen dira indar horiek, eta ilargiaren lurrazala birrintzen dute (Jupiterretik gertuen dagoen Io ilargian indar hori hain da handia ezen sumendiz josita baitago).
Journal of Geophysical Research: Planets aldizkarian proposatu dutenez, Europan subdukzio prozesuak egoteko aukera badago. Aurreko ikerketan antzeko planteamenduak mahai gainean jarri izan dira, zenbait leku konkretutan izotzez betetako azalari halako prozesu geologikoak antzeman zaizkiolako: Lurreko ozeanoen erdialdean gertatu bezala, ilargiaren barrenetik ateratzen diren gandorrak diruditen estrukturak ikusten dira Europan. Eta jakina da Lurrean urazpiko gandor horietatik biziarentzat premiazkoak diren nutrienteak ateratzen direla. Bai espazioan zein Lurrean, beraz, arrokei erreparatu behar zaie, bertan egon daitezkeelako ere biziaren giltzarriak.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Brandon C. Johnson et al., (2017). Porosity and Salt Content Determine if Subduction Can Occur in Europa’s Ice Shell. Journal of Geophysical Research: Planets, 122(12), 2765-2778 DOI: https://doi.org/10.1002/2017JE005370
- Grant M.Cox et al., (2018). Linking the rise of atmospheric oxygen to growth in the continental phosphorus inventory. Earth and Planetary Science Letters, 489(1), 28-36. DOI: https://doi.org/10.1016/j.epsl.2018.02.016
- Ross R. Large et al., (2015). Cycles of nutrient trace elements in the Phanerozoic ocean. Gondwana Research, 28(4), 1282–1293. DOI: https://doi.org/10.1016/j.gr.2015.06.004
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
- irudia: plaken tektonikari esker, litosferaren eta biosferaren arteko elkarrekintza sortzen da. Irudian: Hawaiiko Kilauea sumenditik isuritako laba, itsasora barneratzen. (Argazkia: Mandy Beerley/ Unsplash)
- irudia: fenomenoak duen garrantzia ikusita, exobiologoak plaken tektonika beste munduetan bilatzen ari dira. Irudian, Europa ilargitik ikusgai egon litekeen paisaiaren irudikapena. (Irudia: NASA/JPL-Caltech)
The post Biziaren arrastoa jarraitzeko, begiratu plaken tektonikari appeared first on Zientzia Kaiera.
C bitamina eta hotzeria: mitoa hautsita

1. irudia: C bitamina hartzea gure osasunerako ona dela oso zabaldua badago ere, C bitaminaren dosi handiak hartzeak ez da hain ona eta ez ditu ematen dizkiogun onurak. (Argakia: pixel2013 / Pixabay)
Ikerkuntza lan jakin batzuk aukeratu zituzten: C bitaminaren eguneroko dosia 0.2 gr-tik gorakoa denean. Hortik abiatuta, hiru tarte finkatu zituzten: 0.1-1.0 g, 1.0-2.0 g eta 2.0 g-tik gorakoak. 1990-2012 tartean plazaratutako datuak aztertu ondoren, 56 argitalpen aukeratu zituzten. Bertan, kontrolpeko 29 saio zeuden, tartean 11306 gizaki aztergai. Gainera, kontuan hartu zituzten Linus Paulingen ikerketak. Izan ere, zientzialari honek eman zituen ezagutzera C bitaminaren propietateak, eta geroago hotzeriaren aurka dosi handiak hartzeko aholkua eman zuen.
Bide batez, esan beharrekoa da Linus Pauling kimikari eta biokimikoak, bakearen alde eta arma nuklearren aurka egin izan duela, eta irakaslea eta dibulgatzaile gisa ere aritu dela. Paulingek izugarrizko eragina izan du zientzian eta gizartean, batez ere XXI.mendeko bigarren zatian. 1901-1962 tartean bizi izan zen, eta bi Nobel Saria hartu dituzten lauretako bat da. Gainera, Marie Curie eta bera dira esparru desberdinetako Nobel Sariak dituzten bakarrak. Paulingek Kimikarena hartu zuen 1954.ean eta eta Bakearena 1962.ean. C bitaminaren alde aritu zen sutsuki, eta berak 3 gr hartzen zituen eguneko. Gogoan izan behar dugu 80 mg hartzeko aholkatzen dutela Osasun Erakundeek. Paulingek 2.3 gr-tik gorako dosia proposatu zuen eta 1974.ean, 4 gramoraino igo zuen proposamena. 80.eko hamarkadan, ikerketa batzuetan hartu zuen parte eta C bitamina eta minbiziaren arteko harremanak aztertu zituzten, bai eta burmuineko zaurien sendaketa eta bularreko angina.

2. irudia: Linus Pauling kimikariak C bitaminaren onurak aldarrikatu zituen sutsuki urteetan. (Argazkia: Oregon State University)
Hotzeriaren kontura itzulita, Harri Hemilären berrikustapenak ondorio modura atera zuen C bitaminak ez duela nabarmen hoztzeriaren arriskua jaisten, ez baldin bada indar fisiko handia egiten duten gizakietan. 11306 gizaki horiek hiru taldetan sailkatuta zeuden: maratoia egiten zutenak, oporretan eskiatzera zihoazen eskola-ikasle batzuk eta Artiko azpiko zonaldera maniobrak egitera zihoazen soldadu kanadar batzuk.
Dosia ertaina (gramo batekoa) delarik, C bitaminak ez du nabarmen eragiten. Hala ere, badirudi gaixotasunak ez duela hainbeste irauten, behin gaixoturik hartzen badugu dosi hori. Hurrenez hurren, 13,3% eta 8%-ean jaisten du gaixotasunaren iraupena umeetan eta nagusietan. Edonola, berrikustapen honek agerian utzi du bitaminak oso era irregularrean eragiten duela, agian gaixo bakoitzaren ingurua eta jokaeraren arabera: ez da gauza bera etxean geratzea edo eskolara edo lanera joatea, ez eta berogailua egotea ala ez egotea… Banako bakoitzaren genetikak ere eragina du, eta gainera, aurrerago ikusiko dugu emaitzen irakurketa nahiko alda dezakeela lanek beraiek aukeratu duten ikuspegiak.
Antzerako emaitzak lortu zituen G. Ritzel suitzarrak bere metaanalisian. Aspaldi egin zuen, 1961.ean, baina eskiatzera joan ziren umeen kasua hartu zuen kontuan. T.W. Anderson eta Torontoko Unibertsitateko talde batek antzerako metaanalisia eginda, aurkitu dute hobekuntza arin bat gertatzen dela, hotzeriaren une gorenean hartzen baldin bada C bitamina.

3. irudia: C bitamina gehigarri modura hartzeak ez du zentzurik, baldin eta gaixotasuna saihestea bada helburu. (Argazkia: Mojpe / Pixabay)
Clinical Therapeutics aldizkariaren argitaratzaile zuzendaria den Richard Shaderrek plazaratu ditu metodologia honek dituen akats batzuk. Esaterako, berak baieztatu du birus talde oso aldagarriak eragiten duela hotzeria. Birus horietako batzuk, ezezagunak dira oraindik: koronabirusak, errinobirusak eta arnas birus sintzitialak. Berdin azpimarratu behar da hozkeriak oso eragin desberdina duela urtez urte. Gainera, gehienetan aztertutako gizakiei ez zaie C bitamina estandarra ematen. Izan ere, hainbat toki desberdinetatik ateratzen da bitamina: artoa, auka gorriak, ahabiak, kloreilak, arkakaratsak… Dietan bertan hartzen den dosia ere ez da kontuan hartzen, eta gainera, C bitamina uretan disolbagarria da eta berehala kanporatzen da, kantitate handia hartzen bada. Horrela, nekez finka daiteke dosi handiek eragiten dutena.
Shaderrek laburpen bikaina eskaintzen digu, Hemilä eta Chalkerren testuetatik abiatuta:
“C bitaminak ez zuen inongo eraginik izan. Alegia, C bitamina gehigarri modura hartzeak ez du zentzurik, baldin eta gaixotasuna saihestea bada helburu. Hala ere, bitamina honek eragina du gaixotasunaren iraupenean eta larritasunean, eta beraz, komenigarria izan liteke eragina banan-banan probatzea dagoeneko gaixorik dagoen gizaki bakoitzarengan”.Horrela bada, bakar-bakarrik luzapena laburtzeko balio lezake C bitaminak, baldin eta gaixotasun-garaiaren erdian hartzen bada, eta gaixoek ariketa handia egiten badute eta tenperatura hotzetan badaude.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Anderson, T.W. et al., (1974). The effects on winter illness of large doses of vitamin C. Canadian Medical Association Journal, 111(1), 31-36.
- Douglas, R.M., Hemilä, H., (2005). Vitamin C for preventing and treating the common cold. PLOS Medicine, 2(6), e(168). DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pmed.0020168
- Hemila, H., Chalker. E., (2013). Vitamin C for preventing and treating the common cold. Cochrane Database of Systematic Reviews, 2013(1), CD000980. DOI: 10.1002/14651858.CD000980.pub4
- Hemilä, H., (2017). Vitamin C and infections. Nutrients, 9(4), 339. DOI: 10.3390/nu9040339
- Pauling, L., (1970). Evolution and the need for ascorbic acid. Proceedings of the National Academy of Sciences USA, 67(4), 1643-1648.
- Pauling, L., (1971). The significance of the evidence about ascorbic acid and the common cold. Proceedings of the National Academy of Sciences USA, 68(11), 2678-2681.
- Ritzel, G., (1961). Kritische Beurteilung des Vitamins C als Prophylacticum und Therapeuticum der Erkälrungskrankherten. Helvetica Medica Acta, 28, 63-68.
- Shader, R.J., (2017). Vitamins C and D. Clinical Therapeutics, 39(5), 873-8767 DOI: https://doi.org/10.1016/j.clinthera.2017.04.001
—————————————————–
Egileaz: Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko zelula-biologiaren irakasle izan da erretiratu arte. Zientzia-dibulgazioan ere aritu da. Hainbat liburu argitaratu ditu eta La biologia estupenda liburuaren egilea da.
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
The post C bitamina eta hotzeria: mitoa hautsita appeared first on Zientzia Kaiera.
Euskal baleontzien historiaren berri, hainbat zeramika-zatiren azterketatik

Irudia: Lekeitioko aztarnategian topatutako tinetan Balaenoptera generoko baleen olioa izatea da litekeena. (Irudia: Salvatore Cerchio et al.)
Lekeitioko aztarnategi batean egindako indusketa batean XVI-XVII. mendeetako bodega bat aurkitu dute, balea olioaren salerosketarako eta biltegiratzeko erabiltzen zena. Aztarnategitik ateratako bost tinaren bost zati zeramiko analizatu dira ikerketan.
Lagin zeramiko bakoitzaren 1 g-ko eduki lipidikoa erauzi eta teknika kromatografiko bidez analizatu dute estraktua: masa-espektrometro batera akoplatutako gas-kromatografia (GC-MS) eta kuadrupolo bidezko hegaldi-denborako masa-espektrometro batera akoplatutako bereizmen handiko kromatografia likidoa (HPLC-ESI-QToF). Ekipamendu horiek kromatografikoki bereizten dituzte zeramiketan dauden konposatu organiko lipidikoak, konposatuak zatitzen dituzte eta zatiok masa-espektrometria bidez identifikatzen dituzte.
Identifikazioa zuzen egin ahal izateko eta balea koipea izan zutela berretsi ahal izateko balea espezie batzuen koipearen lau lagin fresko analizatu dituzte. Lagin arkeologikoak analizatzeko erabilitako prozedura bera aplikatu zaie lagin horiei, espezie bakoitzaren profil lipidiko bereizgarria ezartzeko eta, ondoren, zeramika arkeologikoetan lortutako emaitzekin alderatzeko.
Erreferentziako material gisa erabilitako lagin freskoen emaitzekin eduki lipidikoa balearen generoaren arabera sailka daiteke. Alegia, Balaenoptera generoko espezieek triglizeridoen eta gantz-azidoen profil antzekoa daukate; Megaptera eta Phocoena generoetako espezieen profilak, berriz, erabat desberdinak dira. Beraz, Lekeitioko tinetan gordetako eta haietatik erauzitako koipeari eta olioari zer balea genero dagokien jakin daiteke, erreferentziako profilekin konparatuta.
XVI-XVII. mendeetan Bizkaiko kostako jarduera produktiboenetako bat izan zen baleen arrantza. Euskal arrantzaleek Ozeano Atlantikoa gurutzatzen zuten Ternua eta Labradorreraino (Kanada) eta balea bat arrantzatzen zutenean, haren koipea erauzten zuten. Zurezko upeletan sartu eta Euskal Herrira ekartzen zuten bueltan, Espainian eta Europan saltzeko. Salmentari ekin baino lehen, koipea zeramikazko tina handietan gordetzen zen euskal portuetako kaietan, banatzeko prest egon zedin.
Lagin arkeologikoak analizatuta, profil lipidikoak Balaenoptera generoko espezieekin bat egiten duela ikusi da. Nolanahi ere, artxibo historikoek diotenez, balea groenlandiarraren eta sarda balearen arrantza —Balaena eta Eubalaena generokoak, hurrenez hurren— zen ohikoena Kanadako eremu hartan. Beraz, funtsezkoa da genero horietako balea koipe freskoaren analisia egitea, lan honetan ikertutako espezieen profil lipidikoarekin alderatzeko eta, hala, haien diferentziak eta antzekotasunak aztertzeko.
Lagin arkeologikoetan aurkitutako hondakin organikoen analisiaren araberako ikerketari esker merkataritzarekin, elikadurarekin edota kultura-errituekin lotutako antzinako ohitura eta tradizioen berri izateko aukera dago. Zeramikazko ontziak dira batez ere aztarnategi eta indusketa arkeologikoetan aurkitzen diren materialak. Zeramiken matrize porotsua dela eta, material paregabeak dira elikagai edo material jakin batzuen, hala nola animalia edo landare koipeen konposatu espezifiko batzuk (biomarkatzaile esaten zaienak), ehunka edota milaka urtez mantentzeko. Ontzien zatiak aztertuta, agerian geratzen da antzina zer erabilera ematen zitzaien material horiei eta antzinako tradizioei buruzko informazio garrantzitsua lor daiteke.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Euskal baleontzien historiaren berri, hainbat zeramika-zatiren azterketatik
Erreferentzia bibliografikoa
Laura Blanco-Zubiaguirre, Erika Ribechini, Ilaria Degano, Jacopo La Nasa, Jose Antonio Carrero, Javier Iñañez, Maitane Olivares, Kepa Castro.GC–MS and HPLC-ESI-QToF characterization of organic lipid residues from ceramic vessels used by Basque whalers from 16th to 17th centuries. Microchemical Journal (2018 March; vol. 137: 190-203)DOI: 10.1016/j.microc.2017.10.017
The post Euskal baleontzien historiaren berri, hainbat zeramika-zatiren azterketatik appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #208

Hil honetan, bat egiten dute lehen emakume kosmonauta eta astronauta lehen aldiz espaziora joan zireneko urteurrenak, hala kontatzen digute Berrian. Hain zuzen, ekainak 18 zituela eman zuen pauso hori Valentina Tereshkovak eta 16an Sally Ridek. Estatubatuarrek lehen emakumezko astronauta, Ride, espaziora bidali zutenerako, baina, baziren 20 urte errusiarrek lorpen hori eskuratu zutela Tereshkovari esker.
OsasunaGaruneko hainbat asaldurak oinarri genetiko bera izan dezaketela azaltzen dute Elhuyar aldizkarian. Ikerketa batean ondorioztatu dute asaldura psikiatriko askok aldaera genetiko berak dituztela eta asaldura neurologikoak, berriz, desberdinagoak direla bai elkarrekiko eta bai asaldura psikiatrikoekiko ere, oinarri genetikoari dagokionez.
BiologiaAnimaliak geroz eta nekezago ikusten dira egunez eta errua gizakiena: ahalik eta urrunen joaten saiatzen dira baina gizakiaren eraginik gabeko eremu gutxi geratzen dira eta egoera honetan animaliek iluntasunera eta gaueko babesera jotzen dutela azaltzen digute Euskal Naturan.
Eta Juanma Gallegok ere, gai berberari heldu dio eta azaldu digu gizakien presentziak animaliak uxatzen dituela ikusi dutela, antza, animaliek gizakiari beldurra diotelako. Arriskuak ekiditeko, ugaztunek gizakiekiko kontaktua alboratzen dute. Inguruan giza jarduera dagoenean animalien gaueko jarduera, batez bestean, %20 handitu dela ikusi dute ikerketa batean.
Behintzat bi hegaztiren kasuan esnea ekoizteko ahalmena aurkitu dela jakin dugu Animalien Aferak atalari esker. Pinguino enperadorea da horietako bat eta, kasu honetan, gainera,arrak sortzen du, arra baita arrautza txitatzen gelditzen dena. Pinguinoaren hestegorriak ekoizten duen esnea, beraz, esne berezia da, baina ugaztunen esneak betetzen duen zeregin bera betetzen du. Esnea sortzen duen beste hegaztia usoa da; kasu honetan papoak sortzen du esnea eta hori dela eta, «papo-esne» esaten zaio.
KimikaZainzuriak jan osteko pixan kimikaren eta biologiaren usaina izan ditu hizpide Josu Lopez-Gazpiok. Izan ere, gernuak zainzuriak jan osteko usaina du. Erantzulea zainzurietan dagoen molekula batek sortzen du: azido asparagusikoak. Jende guztia ez da gai pixan zainzurien usaina bereizteko, baina. Usaimenarekin lotutako zenbait genetan aldaketak dituztenek ez dute azido asparagusikoaren metabolitoak usaintzeko gaitasuna.
GenetikaGenetikan jendarte alfabetatua ikustea nahiko lukeela idatzi du Koldo Garciak. Alfabetatuak gaudela azaltzen du, baina ez dugula ulertzen irakurtzen eta ikusten duguna. Analfabeto funtzionalak garela uste du: irakurtzen duguna esateko gai gara baina ez dugu barneratzen.
AstronomiaArtizarreko azalaren eta atmosferaren arteko elkarrekintza agerian jarri dutela jakin dugu Elhuyar aldizkariari esker. Atmosferan behatutako hodei egitura misteriotsu baten izaera argitu dute: egitura hori egonkor azaltzen zen azalarekiko, harrigarria dena, atmosferak superrerrotazioa duelako. Bada, planetaren topografian dago gakoa: Artizarraren gainazal harritsuan dagoen mendien eta atmosferaren arteko elkarrekintzaren ondorioz sortzen da hodei egitura egonkor hori.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #208 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjaintasunaren kartografia #221
Elefantearen kurbaren arabera, aberatsek aberatsago dira, muga ekonomien eta ekonomia emergenteen hazkundeak errenta baxuenak izugarri igotzea dakarte eta, bitartean, herrialde garatuetako erdi mailako klaseak geratuta daude. Ezker eta eskuin populisten igoeraren, Brexit eta Donald Trump barne, arrazoi gisa ikusten dute askok. Baina, globalizazioa benetan da berdintasun ezaren kausa? Is globalization causing inequality?
Neurogenesirik gertatzen da helduengan, bai ala ez? Ezetzaren alde egiten duen eta Nature aldizkarian argitaratu den lana dakar Rosa García-Verdugok Human adult neurogenenesis, yes or no?
Dituen ezaugarri paregabeen artean, oso malgua da grafenoa. Dispositibo elektroniko malguak eraikitzeko, baina, malgu diren isolatzaileak ere behar dira. DIPCko jendeak lehen aldiz neurtu du malgutasuna konposatu bidimentsional isolatzaile batean: silizea. The flexibility of 2D silica
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjaintasunaren kartografia #221 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ibon Cancio: “Intersex fenomenoak feminizazioa eragiten du animalia arretan, normalean kutsaduraren eraginez” #Zientzialari (97)
Ugalketa sexualaren bidez ugaltzen diren izaki dioikoetan, hots, arrak eta emeak dauden espezieetan, genero bereizketa sexu determinazio genetikoari esker gertatzen da (gizakien kasuan x eta y kromosomak). Hala ere, ingurunean gertatzen diren aldaketek genetikoki egokitutako sexua aldatzea eragin dezakete espezie dioiko batzuetan.
Korrokoien kasuan, adibidez, bizi diren uretan dauden zenbait sustantzia kutsatzailek Intersex izeneko fenomenoa eragiten dute. Horren ondorioz, arrek, espermatozoideak ekoiztu beharrean, obozitoak ekoizten dituzte beraien barrabiletan, hau da, feminizatu egiten dira.
Baina, zer suposatzen du Intersex fenomenoak? Nolako eragina du fenomeno honek euskal kostaldean? Gai honi buruz gehiago sakontzeko UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioan irakasle eta ikertzaile lanetan dabilen Ibon Cancio biologoarekin elkartu gara.
‘Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Ibon Cancio: “Intersex fenomenoak feminizazioa eragiten du animalia arretan, normalean kutsaduraren eraginez” #Zientzialari (97) appeared first on Zientzia Kaiera.
Azido hialuroniko nanogelak

Irudia: Lubrikatzaile, tanpoi osmotiko eta betegarri modura matrize extrazelularretan, ehun bitreoetan, mintz sinobialetan eta dermisean aurkitzen dago azido hialuronikoa.
Gainera, urarekin itzelezko afinitatea dauka eta horregatik hidrofilikoa dela esaten da eta hidratatzeko ahalmen handia du. Azido hialuronikoa lubrikatzaile, tanpoi osmotiko eta betegarri modura matrize extrazelularretan, ehun bitreoetan, mintz sinobialetan eta dermisean aurkitzen da. Polimero naturalen artean aplikazio gehien dituenetariko bat da, batez ere, medikuntza arloan, kosmetika arloan, dermatologian, oftalmologian, aplikazio ortopedikoetan edota minbiziaren aurkako aplikazioetan. Hala ere, nahiz eta azido hialuronikoa ezaugarri eta aplikazio oparotsuak izan, kanpoko azido hialuronikoak gorputzaren barnean berez ez du denbora asko irauten, izan ere, kateen arteko loturen apurketa ematen da eta ondorioz bere funtzioak deuseztatzen dira. Zorionez hau inolako efektu sekundariorik eman gabe gertatzen da, azido hialuronikoa biodegradagarria baita.
Gorputzean duen iraunkortasunaren arazoa konpondu nahian, azido hialuroniko molekulen arteko gurutzamendua ikertzen ari da polimero hauen gelak sintetizatuz. Bestalde, gel hauen tamaina oso txikia izateak, birus baten bezain txikiak, hau da nanometrikoak, erabilera anitza ahalbidetzen du nanogelak gorputzetik erraz adsorbitu eta garraiatu daitezkelako. Nanogelak tamaina nanometrikoa duten sare hirudimentsional modura ezagutzen dira. Sare horiek eratzeko gehien erabiltzen den metodoa gurutzamendu kimikoa da, non azido hialuronikoa agente erretikulatzaile edo gurutzatzaile batekin erreakzionarazi du. Baina, eskala nanometrikoan dauden gelak eratzeko ezinbestekoa da tamainaren kontrola edukitzea sintesi metodoan zehar. Horretarako sintesi metodoan nanoerreaktoreak eratu daitezke, horiek agregatu esferikoak izaten dira eta haien barnean azido hialuronikoa eta agente erretikulatzailea erreakzionatu ahal dute. Horrela, nanoerreaktorean, azido hialuronikoaren gurutzamendua nano eskalan burutzen da gel nanometriko hirudimentsionalak eratuz.
Nanogelak, disolbatzaile egokitan makroskopikoki disolbagarriak dirudite baina mikroskopikoki, ordea, disolbaezinak dira. Beraz, urarekin kontaktuan jartzean puzten dira haien hasierako forma galdu gabe eta disoluzioan dauden konposatuak barneratuz. Gainera, azido hialuroniko nanogelak adimenduak dira, hau da, kanpo-kinada baten aurrean, kasu honetan pHa, nanogelen propietate fisiko-kimikoak, hala nola beraien puzteko gaitasuna, aldatzen dira. Honen argitan azido hialuroniko nanogelak sendagai garraiatzaile modura erabiltzen hasi dira askapen kontrolatutako dosifikaziorako. Egia esan, farmakoen dosifikaziorako baliogarriak diren sistema berrien garapena zientziaren erronka nagusia bilakatu da ohiko bideek hainbat muga dituztelako, hala nola, egonkortasun eza, plasmako mailen gorabeherak, edo intolerantzia. Gainera, azido hialuronikoa kanpo kinada bati erantzuteko gai denez, gaixotasun edota ehun motaren araberako farmakoen dosifikazio espezifikoa eta lokalizaturako aukera berriak eskaintzen ditu.
Lan honetan azido hialuroniko eta bere nanogelen sintesi metodoak, ezugarriak eta erabilerak laburki deskribatuko dira, nanogel hauen potentziala biomedikuntzaren arloan jakinarazteko asmotan.
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 32
- Artikuluaren izena: Azido hialuroniko nanogelak
- Laburpena: Azido hialuronikoa (AH) izaki bizidun guztien zelulaz kanpoko matrizean (ECM) aurkitzen den polisakarido lineala da. Naturan dauden polimeroen artean aplikazio gehien dituena da. Biobateragarria, ez-zitotoxikoa eta biodegradagarria den makromolekula honek eskala nanometrikoan sintetizatzen denean, ezaugarri ezin hobeak aurkezten dituzten nanogelak garatzeko aukera paregabea eskaintzen du. Lan honetan azido hialuronikoaren eta bere nanogelen sintesi-metodoak, ezaugarriak eta erabilerak laburki deskribatuko dira, nanogel hauen potentziala biomedikuntzaren arloan jakinarazteko asmotan.
- Egileak: Sheila Maiz Fernández eta Leyre Pérez Álvarez
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 137-150
- DOI: 10.1387/ekaia.17857
—————————————————–
Egileez:
- Sheila Maiz Fernández eta Leyre Pérez Álvarez UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Sailekoak dira.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Azido hialuroniko nanogelak appeared first on Zientzia Kaiera.
Hegaztien esnea
———————————————————————————————————–
Ugaztunon ezaugarri behinenetako bat, esnea ekoizteko ahalmena da. Balio handiko ezaugarri fisiologikoa da, kumeak elikatzea ez baita geratzen egunez eguneko janari-eskuragarritasunaren menpe.
Irudia: Bi hegaztiren kasuan aurkitu da esnea ekoizteko ahalmena eta pinguino enperadorea da hegazti horietako bat. Kasu honetan, baina, arrak sortzen du esnea. (Irudia: Sheilapic76).
Naturan, elikagai-gertutasuna aldakorra izan daiteke sasoi emankorretan ere. Hori dela eta, esnerik ekoizten ez duten animaliak aldagarritasun horren menpe daude kumeak elikatzeko orduan. Izan ere, janaririk gabeko aldiak luzeegiak izan daitezke zenbait kasutan. Jakina, irentsitako eta xurgatutako energia eta elikagaietatik dator esnea, baina baita lehendik pilaturiko erreserbetatik. Hortaz, gerta daitezkeen janari-gertutasunaren aldaketak nolabait leuntzea ahalbidetzen du esneak, eta hori, bistan da, ona da kumearen biziraupen-probabilitaterako.
Ugaztunak ez dira, baina, esnea ekoizten duten animalia bakarrak. Bi hegaztiren kasuan behintzat esnea ekoizteko ahalmena aurkitu da. Pinguino enperadorea da hegazti horietako bat. Gogora ekarri behar dugu beste atal batean pinguino enperadoreari buruz azaldu genuena: pinguino arrak arrautza txitatzen oso denbora luzea ematen du, emea, papoa beterik, itsasotik itzuli arte. Pinguino arrarentzat oso aldi gogorra da txitaldia, baraurik eta tenperatura hotzenen menpe egon behar baitu.
Emearentzat ere, abentura ez da nolanahikoa; itsasoraino joan behar du, itsasoan ahal duen guztia jan, eta gero arrarengana itzuli. Gogorra da bidaia eta, gainera, atzeratu egin daiteke zenbait kasutan. Bada, estualdietarako irtenbiderik ez balego, erabateko ondorioak izango lituzke atzerapenak. Txita arrautzatik irten ondoren pinguino emea beranduegi heltzen bada, txita hil egin daiteke, janari faltan. Hori horrela, garrantzi handikoa da egoera horretarako irtenbide bat izatea eta, kasu honetan, esnea da irtenbidea. Baina esnea, oraingo honetan, arrak sortzen du, arra baita arrautza txitatzen gelditzen dena. Pinguinoaren hestegorriak ekoizten duen esnea, beraz, esne berezia da, baina ugaztunen esneak betetzen duen zeregin bera betetzen du.
Pinguinoak ez dira, hala ere, esne mota hori sor dezaketen hegazti bakarrak: usoek ere egiten dute. Usoen kasuan, papoak sortzen du esnea eta hori dela eta, «papo-esne» esaten zaio. Usoen esnearen konposizioa eta ugaztunenarena, gainera, antzekoak dira. Bukatzeko, hona beste kontu bitxi bat: ugaztunen hormona berak eragiten du esnea ekoizten hastea, prolaktinak, alegia.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Hegaztien esnea appeared first on Zientzia Kaiera.
Iluntasuna da, gero eta gehiago, animalien ‘territorio libre’ bakarra
Landa eremuan gauez autoa gidatu duen edozeinek ondo baino hobeto daki: ordu txikietan tentuz ibili beharra dago. Edozein momentuan atera baitaiteke errepide erdira animalia bat. Basurdea, azeria edo azkonarra izan liteke. Istripurik ez bada, sentsazio zirraragarria da zuzenean ikustea basapiztien munduak gizakiaren munduarekin bat egiten duen aldiune azkar hori.

1. irudia: Ugaztunek gizakiarengandik aldendu nahi dute, baina “espazioan” hori egitea gero eta zailagoa dute. “Denboran” alde egin behar dute, beraz. (Argazkia: Ray Hennessy / Unsplash)
Ez da kasualitatea. Aspalditik ikasi dugu ugaztun asko gauean aritzen direla hoberen. Iluntasunean bilatzen dute babesa harrapakariengandik. Dinosauroak desagertu zirenetik, hori izan omen da, hain zuzen, haien arrasta ebolutiboaren giltzarrietako bat. Guztiak ez dira, ordea, “gautxoriak”. Asko eta asko egunez aritzen dira.
Baina badirudi batez ere egunez aritzen diren animaliak aterpe horren bila gero eta gehiago ari direla, eta atzean zio naturalik ez dago. Hobeto esanda, zio naturala egon badago, gizakia ere ekosistemaren barruan dagoen aldagaia baita. Baina, onerako ala txarrerako, planeta osoa behin betiko aldatu duen eragilea da gizakia. Kasu honetan, gizakia da “zioa”.
Hori erakusten du, bederen, Science aldizkarian argitaratu berri den ikerketa batek. Ugaztunen ibilbidea jarraitu dute bertan, eta ondorioztatu dute animaliek gero eta jarduera gehiago egiten dutela gauez, antza, gizakiarekin topo egitea zailagoa baita halako orduetan.
Ikerketa zehatza baino, meta-analisia da aurkeztu dutena: orotara, ikertzaileek mundu osoko 62 ugaztun espezieren inguruan egin diren 76 azterketa berrikusi dituzte. Beraz, animaliak jarraitu baino, beste hainbat zientzialariek egindako lana jarraitu dute. Ondo eginda egonez gero, halako ikerketek ikusmira zabalagoa eskaintzen dute, arlo batean egiten den zientziaren adierazgarri baita.
Berrikusitako azterketa horietan, animaliei jarraipena egiteko GPS bidezko jarraipen gailuak eta mugimendua dagoenean automatikoki abiarazten diren kamerak baliatu dituzte. Gailu horiei esker, zientzialariak gai izan dira espezie bakoitzak gauez izan duen jarduera neurtzeko eta alderatzeko. Baina betidanik naturalistek erabili izan dituzten zuzenezko behaketak ere baliatu dituzte.
Datuak ere giza jarduerarekin alderatu dituzte, hala nola sasoi bakoitzean dagoen ehiza, inguruan dauden mendizaleak edota eremuan egiten den nekazaritza jarduera. Gizakien presentziak animaliak uxatzen dituela ikusi dute, antza, animaliek gizakiari beldurra diotelako. Arriskuak ekiditeko, ugaztunek gizakiekiko kontaktua alboratzen dute. Batez ere gizakirik gabeko eremuetan bilatu dute aterpea, baina eremu horiek ere gero eta urriagoak dira. Gizakiak lurreko eremuen %75 bere gain hartu dituela kalkulatzen dute adituek. Horregatik, eta “espazioan” alde egitea gero eta zailagoa zaienez, “denboran” alde egin behar izaten dute: gauean, hain zuzen.

2. irudia: Animalia batzuk gizakiaz profitatzeko gai dira, baina batez ere gauez egiten dute. Irudian, basurde talde bat (Sus scrofa) Bartzelonan, zaborren inguruan janaria bilatzen. (Argazkia: Laurent Geslin)
Behin datu guztiak begiztatuta, ikertzaileek ondorioztatu dute inguruan giza jarduera dagoenean animalien gaueko jarduera, batez bestean, %20 handitu dela. Ohituren aldaketa horrek animalen fisiologian eragin dezakeela ohartarazi dute, eta demografian zein kate ekologikoetan ere ondorioak izan daitezkeela erantsi dute. Modu honetan laburbildu dute arazoa ikerketa artikuluan: “Harrapakari-harrapakin sistema naturaletan gertatu ohi den moduan, arriskuak ekiditeko joera horrek hilgarri ez diren baina garrantzitsuak diren ondorioak izan ditzake animalien fisiologian eta gaitasun biologikoan; horrek demografiari eragiten dio, eta jauzi trofikoak aktibatzen ditu”.
Aferaren alde positiboa aurkitu aldera, planteatu dute gauez ibiltzeak animaliei aukera emango diela gizakiekin elkarrekin bizitzeko. Halere, arriskuak kontuan hartzekoak dira. Horregatik, kontserbazioa sustatzeko egiten diren plangintzetan ondorio hauek kontuan hartzeko beharra babestu dute. Izan ere, orain plangintza horietako askok arlo “espaziala” besterik ez dute lantzen, “denborari” dagokion arloa kontuan hartu gabe.
Ikerketa artikuluarekin batera argitaratu duten iruzkin batean, Radboud Unibertsitateko (Herbehereak) ikertzaile Ana Benitez-Lopezek ikerketaren originaltasuna azpimarratu du. “Denbora luzez, gizakiek animalietan eragindako espazio aldaketak aztertu dituzte ikertzaileek, baina animalien jardueran dauden denbora aldaketei arreta gutxiago eskaini zaie”.
Datuetako batzuk bereziki azpimarratu ditu Benitez-Lopezek. “Gizakien eraginari aurre egiteko ugaztunengan identifikatu dituzten 141 erantzunen %83 gautartasunaren handitzeari lotuta daude”. Joera hau bereziki ugaztun handiengan zabalagoa izan dela dio, animalia handiek dutelako ehizatuak izateko arrisku handiagoa, eta, hortaz, “alde egiteko” premia biziagoa.
Joera hori, hala ere, mantentzen da mota askotako ugaztunetan: txikienetatik hasita eta handienetara, eta berdin ematen da belarjaleetan zein haragijaleetan. Gainera, animaliei berdin zaie gizakiaren presentzia zuzenezko arrisku bat suposatzea hala ez: jarduera edozein izanda ere, animaliek gizakia uxatzen dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Gaynor K. M. et al. The influence of human disturbance on wildlife nocturnality, Science (2018), Vol 360, issue 6394, pp. 1232-1235. DOI: 10.1126/science.aar7121
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Iluntasuna da, gero eta gehiago, animalien ‘territorio libre’ bakarra appeared first on Zientzia Kaiera.
Zainzuriak jan osteko pixaren kimika

1. irudia: Zainzuriak jan ondoren gernuak usain bereizgarria du azido asparagusikoa metabolitzatzearen ondorioz agertzen diren hondakin-produktuengatik. (Argazkia: Sarah_Loetscher – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Agian zu ez zara gai pixaren usain berezi hori antzemateko -genetika kontua-, baina, zure gernuak zainzuriak jan osteko usaina du. Kasu horretan, usain hori detektatzeko gai den boluntarioren bat aurkitu beharko duzu etxean egindako esperimentuaren datuak jasotzeko. Hurrengo bazkariko entsaladan zainzuriak badaude, zientziarekin lotutako hizketagaia izango duzu, zainzuriak jan osteko pixan kimikaren eta biologiaren usaina hartuko duzu eta.
Oro har, zainzuriak jan eta 15 bat minutu pasatzen direnean, organismoa hondakin-produktuak kanporatzen hasten da. Pixa egitean gernuak duen usain desberdin eta bereizgarri hori metabolismoaren ondorioz agertzen diren hondakinei zor diegu. Usainaren erantzulea zainzurietan dagoen molekula batek sortzen du, azido asparagusikoak. Azido asparagusikoak sufrea du eta metabolizatzen dugunean hainbat hondakin lurrunkorretan bihurtzen da, besteak beste, metanotiola, dimetilsulfoxidoa, dimetilsulfuroa, dimetildisulfuroa eta dimetilsulfona. Metabolito horiek dira, hain zuzen ere, gernuari usain bereizgarria ematen diotenak. Bide batez, substantzia horiek mofetaren jariakinetan ere aurkitzen direla esan behar da.
Gakoa, genetikanGuztiok ez gara gai pixan zainzurien usaina bereizteko. Usaimenarekin lotutako zenbait genetan aldaketak dituztenek ez dute azido asparagusikoaren metabolitoak usaintzeko gaitasuna. Hori argitzeko helburuarekin, Sarah Markt eta bere lankideek ikertu zuten zainzurien pixaren usainaren genetika 2016an. Ikerketan 6.909 gizon eta emakume aukeratu zituzten eta ikusi zuten %40a bakarrik zela gai zainzuriak gernuan detektatzeko. Gaitasun hori partehartzaileen ezaugarri genetikoekin alderatu zuten eta ikusi zuten usaimenarekin lotutako geneetan 871 aldakuntza zeudela zainzurien pixa usaintzeko gaitasunarekin -edo hobeto esanda, gaitasun ezarekin- lotuta.
Aipatutako ikerketaren ondorioak medikuntzako BMJ aldizkarian argitaratu ziren 2016an eta beste datu garrantzitsu bat azaleratzeko balio izan zuen: zainzurien metabolitoak usaintzeko gaitasun eza -anosmia- gizonezkoen %58ari eragiten dio eta emakumezkoen kasuan, aldiz, %61,5ari. Hori ez da oso ohikoa; izan ere, normalean emakumeak usain gehiago detektatzeko gai dira eta, gainera, gizonek baino zehaztasun gehiagorekin usaintzen dute.

2. irudia: Esparrago entsalada bat jan ondoren, 15 bat minutu nahikoak dira gernuan zainzurien metabolismoaren hondakin-produktuak agertzeko. Metabolitoen ekoizpen eta metabolito horiek usaintzeko gaitasuna faktore genetikoen araberako da. (Argazkia: RitaE – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Hortaz, zainzuriak jan ondoren agertzen diren metabolitoak usaintzeko gaitasuna genetikaren araberakoa da. Bitxikeriak ez dira hor bukatzen; izan ere, metabolito horiek berak sortzeko gai izatea ere kontu genetikoa dela dirudi. Pertsona batzuk ez dira gai azido asparagusikoa metabolizatzeko eta, ondorioz, haien gernuak ez du usain bereizgarri hori. Agian metabolitoak usaintzeko gai dira, baina, ez dute jakingo beste norbaiten gernua usaintzen ez badute. Nolanahi ere, oraindik ez dago guztiz argi metabolitoak ekoizteko gaitasuna genetikoa den edo ez, eta baliteke beste faktore batzuen menpekoa izatea -esaterako, hesteetan dauden bakterioen araberakoa-.
Nolanahi ere, usain kontuak alde batera utzita -zorionekoak genetikarengatik zainzurien hondakin-produktuak usaintzeko gai ez direnak-, zainzuriak jatearen onurak askotarikoak dira. Zinka, burdina, potasioa, azido folikoa eta A, B6 eta C bitamina dute, besteak beste, eta proteina eduki altuko barazkia da. Hortaz, zainzuriak jateko arazorik ez dago, gernuak izango duen usain -edo kirats- bereizgarri horretaz gainera. Etxerako lanak ere badituzu. Sarreran azaldutako esperimentua egin eta aztertu genetikak zainzurien azido asparagusikoaren metabolitoen lurrina antzemateko gaitasuna eman dizun edo ez.
Erreferentzia bibliografikoa:
Markt Sarah C, Nuttall Elizabeth, TurmanConstance, Sinnott Jennifer, Rimm Eric B, EcsedyEthan et al., (2016). Sniffing out significant “Pee values”: genome wide association study of asparagus anosmia, BMJ 2016; 355 :i6071. DOI: https://doi.org/10.1136/bmj.i6071
Informazio osagarria:
- Zainzurien usaina (edo kiratsa), Koldo Garcia, Edonola.net, 2014
- Scientists sniff out answer to “asparagus pee” mystery, telegraph.co.uk, 2016
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Zainzuriak jan osteko pixaren kimika appeared first on Zientzia Kaiera.
Aldizkako ibaiek nabarmen eragiten dute atmosferara isurtzen diren CO2 emisioetan
Aldizkako ibaiek, zenbaitetan urik izaten ez dutenak eta erabat lehortzera ere hel daitezkeenak, CO2 emisioetan ekarpen esanguratsua dutela egiaztatu du ikerketak. Ibai mota hauek ura etengabe isurtzen duten ibaiak baino askoz gutxiago ikertzen badira ere, munduko ibai sarearen erdia ere izan daitezke eta klima aldaketaren eta etengabeko ur eskariaren eraginez, nagusi izatera irits litezke zenbait eskualdetako paisaian.
Eguneko CO2 isurien zenbatespenak %7 eta %152 artean areagotu litezkeela adierazten dute lortutako emaitzek, aldizkako ibaien datuak gehituko balira dagoeneko existitzen diren ibai iraunkorren datuetara. Umeltze unean sortzen den CO2 isuri pultsuak %10 handiarazten du areagotze hori.
Ibaietan urik ez dabilenean, lurreko orbela, aldameneko inguruneko hostoez eta egurrez osatuta gehienetan, ibai lehor horietako ibilgura erori eta bertan pilatzen da. Klimaren, landarediaren, ibaiaren ibilguaren zabaleraren, lehorte aldiaren iraupenaren eta ibai isuriaren araberakoa da orbel mota.
Munduko 212 ibaien ibilgu lehorretan pilatutako orbela aztertu eta ibai horietan berriro ere ura dabilenean eta orbela berriro umeltzean arnasketa, hau da, CO2 isuria, da ikerketan neurtu dena. Orbela berriro ere bustitzen den une hori une beroa da, ibaian latente dauden hainbat mekanismo biologiko berraktibatzen baitira. Urak komunitate biologikoak berpizten ditu, batik bat bakterioak, baina baita onddoak ere. Denbora luzez latente egon direnez, oso azkar azeleratzen dira eta tasa altutan arnasten hasten dira. Aktibitate desorekatua duen unea da, non aktibitate biologikoa ikaragarri handia den.
Arnasketa (CO2 isuria) neurtzeko orbela berriro ere umeltzen hasten den une hori simulatu dute ikerketan. Izan ere, in situ egitea oso konplexua da, besteak beste, zaila delako jakitea noiz itzuliko den ura berriro ere aldizkako ibai batera. Neurtutako arnasketa tasa altuek mikrobio komunitateen suspertzea islatzen dute eta horregatik da hain handia atmosferara isurtzen den CO2 kopurua.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Aldizkako ibaiek karbonoaren zikloan duten eragin globala aztertu dute lehenengoz.
Erreferentzia bibliografikoa
Datry T, Foulquier A, Corti R, von Schiller D, Tockner k et al. A global analysis of terrestrial plant litter dynamics in non-perennial waterways. Nature Geoscience (2018). DOI: 10.1038/s41561-018-0134-4
The post Aldizkako ibaiek nabarmen eragiten dute atmosferara isurtzen diren CO2 emisioetan appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #207

Berotegi gas isuriak murrizteko Parisko Akordioak zenbait helburu ezarri zituenetik energiaren mundua trantsizioan dagoela irakur daiteke Berrian. Iturri berriztagarriak eta efizientzia oinarri izango dituen eredu berriara trantsizioan. Hainbat faktore daude atzean, baina arrazoi oso indartsua ekonomikoa da: energia berriztagarrien arrakasta. Izan ere, hamar urtean, eguzki energiaren prezioa %85 murriztu da, eta eolikoetatik datorrena, %50-60 inguru.
Eta trantsizio energetikoarekin jarraituz, erregai fosilen gaia jorratu dute Berrian. Azaltzen dutenez, beroketa globala mugatu nahi bada, erregai fosilen erreserben ia bi heren erre gabe utzi behar dira. Hau da, lur azpian utzi beharko da petrolio erreserben %35, gas naturalaren %52 eta ikatzaren %88.
25 urtetan Antartikan hiru mila milioi tona izotz urtu direla eta azken bost urteetan hirukoiztu egin dela urtze tasa jakin dugu Elhuyar aldizkariari esker. Horrek itsas maila ia zortzi milimetro igotzea eragin du, zortzi milimetro horietatik hiru azken bost urteetan igo direlarik.
OsasunaDislexiaren eta elebitasunaren arteko harremana ikertu du Marie Lallier, BCBLko ikertzailea eta elkarrizketa egin diote Berrian. Ikerketaren arabera, idazten den bezala ahoskatzen den hizkuntza bat (gardena) eta letrako soinu ugari izan ditzakeen beste hizkuntza bat (opakua) batera ikasten dituzten haur dislexikoek alterazio gutxiago dituzte irakurtzean. Hartara, ingelesez irakurtzen lagun diezaioke euskarak ume dislexikoari.
Ikertzaile talde bat ajearen ondorioak murrizteko antidotoa bilatzen ari dela azaldu digu Josu Lopez-Gazpiok asteon eta, bide batez, ajearen sintomak eta zergatiak azaldu. Irakur daitekeenez, ikerketa baten emaitzen arabera, organismoak berak dituen entzimak dituzten nanokapsulak erabiliz asko edatearen ondorioz agertzen diren sintomak nabarmenki murriztu daitezke.
Behar bezala txertatu gabeko zerbitzua dira zaintza aringarriak osasun sistema gehienetan oraindik eta alorreko profesionalek sarri askotan adierazten dute arrangura hori. Haien artean Eduardo Bruera medikua, Berrian egindako elkarrizketa honetan irakur daitekeen bezala. Medikuaren arabera, gainera, pronostiko txar bat atzeman orduko, zaintza aringarrien garaia da.
BiologiaGizakiak gainerako primateengandik zerk bereizten duen aztertu duen ikerketa baten ingurukoak irakur daitezke Berrian. Gizakietan, txinpantzeetan eta Rhesus makakoetan zelan erregulatzen diren garunekko geneak da aztertu dutena eta zera topatu dute: aztertutako 3.356 geneetatik soilik %12aren aktibitatea da ezberdina primateen eta gizakien artean. Ezberdintasun nabarmenena tirosina hidroxilasa kodetzen duen genean aurkitu dute, gizakiongan askoz aktiboagoa dena.
Gailu elektronikoren batean entzutean norberaren ahotsa gustuko ez izatea oso ohikoa da. Hitz egitean entzuten den ahotsa grabeagoa da eta soinu harmoniko gehiago dauzka. Ahotsaren doinu aniztasunaren kausa garezurra dela azaltzen dute Euskalnaturan: hitz egiterakoan laringetik airea pasatzean eta ahots korden bibrazioa eragitean, garezurreko hezurretatik zehar garraiatzen da barne belarriraino; hezurren bidez transmititzeagatik gertatzen da ezberdintasuna, haien dentsitateak eragina duelako soinuan.
Hubard basoiloaren kasuan arraren erakargarritasunaren garrantziaz idatzi dute Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutiak. Zehazki, gorteiatze erakustaldia garrantzi handikoa dela hegazti hauetan azaltzen dute. Baita gorteiatze erakustaldiaren ikusgarritasunari eta «kalitateari» dagokionez desberdintasun handiak daudela arren artean. Azaltzen dutenez, onartuta dago erakustaldiaren kalitatea arraren «kalitatearen» adierazle egokia dela.
TeknologiaArlo forentseko adituek aurpegiak ezagutzeko duten abilezia neurtzen saiatu dira ikerketa batean, Juanma Gallegok kontatu digunez eta adimen artifizialaren “abileziarekin” alderatu. Orain arte zeregin horretan gizakiak duen trebezia ezin izan du gainditu teknologiak, antzeko emaitzak lortu dituzte oraingoan, hala ere. Ikertetan ez dute ondorioztatu gizakiak ala makinak hobeagoak direnik, biak batera lan egitean doitasun handiagoa lortzen dutela baizik.
Hurrengo gauza handia, The next big thing, izango da biltegiratze elektrikoa. Hala azaldu dute Berrian. Euskal Herria, CIC Energiguneren bitartez besteak beste, lehiakide da lasterketa teknologiko horretan. Erronka berrien artean daude egoera solidoko baterien teknologiak, katodoa eta anodoa lotzeko elektrolitoa likidoa izan beharrean solidoa izango duten bateriak dabiltza ikertzen, eta, gainera, munduko onenetakoak dira. Elektrolito solido polimerikoetan, Europako zentrorik onenetan bosgarrena dira eta zeramikoetan, lehena.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #207 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjaintasunaren kartografia #220
Erabilgarria izan daiteke errealitate areagotua autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonentzat? JR Alonsok ikertzen du Augmented reality and autism
Botika berrien ikerketan bere horretan aplikatzen ez diren arauak badaude. Isabel Pérez Castroren Putting the “rule of five” of drug research in context
Dentsitatearen funtzionalaren teoriak (DTF) erantzun zehatzak ematen ditu, baina energia trukaketaren funtziorako hurbilketak egin behar dira. DFT kalkulu baten funtsezko egoeratik funtzio espektrala ateratzeko metodoa proposatzen dute DIPCkoek How to extract the interacting spectral function from a ground state DFT calculation
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjaintasunaren kartografia #220 appeared first on Zientzia Kaiera.