Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela ordu 1 45 min

Ariketa fisikoa hezur-dentsitate mineralaren suspertzaile

Or, 2019-08-02 09:00
Gotzone Hervás, Fátima Ruiz-Litago, Amaia Caballero, Jon Irazusta, Idoia Zarrazquin Osteoporosia osasun-publikoan nabarmenezko garrantzia duen gaixotasuna da. Gero eta gehiago dira gaixotasun hau pairatzen duten pertsonak, baina orain arte egindako esku-hartzeak ez dira guztiz eraginkorrak izan. Hainbat dira hezur-dentsitatean eragina duten faktoreak; esaterako, faktore genetikoek, adinak, generoak eta arrazak eskeletoaren zurruntasun eta indarra modu aldaezinean mugatzen dute. Baina badira ere aldakorrak diren beste zenbait faktore, hain zuzen, helduaroan hezur-masaren galera geldotzen laguntzen dutenak. Horietariko bat ariketa fisikoa da.

Irudia: Ariketa fisikoaren eraginei hobeto erantzuten diete hezurrek gaztaroan zehar.

Ariketa fisikoak bizitza osoan zehar hezur-indarraren hobekuntzan eta hezur-mineralaren metaketa eta mantentzean eragiten du. Hezurrak ariketa fisikoaren eraginei hobeto erantzuten die gaztaroan zehar, helduaroan edota zahartzaroan baino. Karga mekanikoetarako egokitzapena gaztetatik lantzeak bizitzan zehar izango den hezur-geometrian, mikro-arkitekturan eta indarrean eragin onuragarriak ditu. Horregatik, nerabezaroa igaro arte egindako ariketa fisikoak, adinari lotutako desmineralizazio prozesuaren kalteak orekatuz eta hezur-dentsitate mineralaren maila maximoa hobetuz, bizitzan zehar hausturak izateko arriskua murriztu eta osteoporosiaren garapena atzera ditzake.

Hezurra ehun dinamikoa denez gero, jasan behar dituen karga desberdinei aurre egin ahal izateko moldaketak egiteko gaitasuna du. Hala ere, ariketa mota guztiek ez dute modu berean eragiten hezur-osasunean. Intentsitate altuan praktikatutako talkadun ariketa fisikoek eta pisua jasan beharreko ariketa mota desberdinak dira hezur-trabekularen orientazioa eta dentsitatea aldatzen dituztenak. Inpaktu eta erresistentzia progresiboan oinarritutako entrenamenduek, hezurren transdukzio mekanikoen bitartez, osteozito eta osteoklastoak aktibatu eta hezur birxurgapena eta galera murrizten dute. Edonola ere, talkadun ariketa luzaroan eta maiztasun eta atsedenaldiak kontuan izan gabe egitean, transdukzio mekanikoa desentsibilizatu egiten da hezurrean duen eragina etenez.

Kontuan izatekoa da ere, emakumeek ez dituztela normalean ariketa fisiko kementsua modu egoki eta osasuntsuan egiteko nahitaezkoak diren beharrizan energetiko eta nutrizionalak bermatzen. Ondorioz, intentsitate altuko ariketetan jarduten duten emakumeek gorputz-gantzaren gehiegizko galera izateko joera eta, aldi berean, kolesteroletik eratorria den estrogeno hormonaren maila baxua izateko arriskua dute. Estrogenoak kaltzioaren xurgapenean eta hezur eraketa eta birmoldaketan eragina dute. Hori dela eta, emakume kirolariaren triadan deskribatzen den bezala, estrogeno-maila baxuak hezur-dentsitatea murriztu eta hezurraren hauskortasuna handitu egiten ditu.

Giharrak eta hezurrak, seinale mekaniko eta molekularren bidez, modu sinergikoan elkarri eragiten dioten ehunak dira. Bi ehun hauen arteko elkarrekiko loturan suertatzen diren interakzio parakrinoek garrantzi handiko eragina dute euren artean ematen den seinaleztapen gurutzatuan. Estres-egoera bat jasan ondoren, karga mekanikoko ariketek sortutako estimuluekin giharra hipertrofiatu eta hezurraren anabolismoa sustatu egiten da. Aldi berean, giharrek erantzun katabolikoaren modulatzaile bezala eragiten duten hezur hazkuntza-faktore lokalak jariatzen dituzte. Beste aldetik, osteozito, osteoblasto eta hezur periostio ondoko zuntzek, miogenesi-prozesuan eragina duten eta gihar hipertrofiaren menpe dauden hazkuntza faktoreak jariatzen dituzte.

Gaur egun arte, tratamendu farmakologikoek ez dituzte hezur hausturak eta gihar distrofia era berean ekiditen. Ariketa fisikoak eragindako estimuluek, ordea, seinaleztapen gurutzatuari esker, modu sinergikoan eragiten dute bi ehunetan. Horregatik, berebiziko garrantzia dauka gaztetatik inpaktu altuko ariketak modu progresiboan karga-maila ezberdinetara lantzeak. Gihar-masa, -indarra eta –funtzionaltasuna bermatuz eta hezur-mineralaren metaketa eta mantentzea suspertuz.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 33
  • Artikuluaren izena: Ariketa fisikoa hezur-dentsitate mineralaren suspertzaile.
  • Laburpena: Osteoporosia osasun-publikoan garrantzi nabarmena duen gaixotasuna da. Gero eta gehiago dira gaixotasun hau pairatzen duten pertsonak, eta gaur egun arte egindako esku-hartzeak ez dira guztiz eraginkorrak. Ariketa fisikoa hezur-dentsitatea metatzeko eta mantentzeko prozesuetarako funtsezkoa den bizi-ohitura da. Gainera, hezurraren eta giharraren arteko lotura dela eta, egindako ariketa fisikoak, hezurrean gain, giharrean ere badu eragina. Kontuan hartu beharrekoa da gaztaroan hezur-dentsitate mineralean lortutako maila maximoa erabakigarria dela bizitza osoan zehar izango den hezur-osasunean. Lan honetan, ariketa fisikoaren bitartez hezur mineralaren metaketa nola sustatu eta mantendu azaltzen da; giharraren eta hezurraren arteko seinaleztapen gurutzatuak eta adinak, osteoporosiaren oinarrizko prebentzioan, zer eragin duten kontuan hartuz.
  • Egileak: Gotzone Hervás, Fátima Ruiz-Litago, Amaia Caballero, Jon Irazusta, Idoia Zarrazquin.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 67-80
  • DOI: 10.1387/ekaia.17840

————————————————–
Egileez:

Gotzone Hervás, Fátima Ruiz-Litago eta Jon Irazusta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia sailean dabiltza, Amaia Caballero, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Bioteknologiako graduko ikaslea da eta Idoia Zarrazquin Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza I sailean dabil.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ariketa fisikoa hezur-dentsitate mineralaren suspertzaile appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Urrundik etorritako eztanda izugarrien atzetik

Az, 2019-07-31 09:00
Juanma Gallego Lehen aldiz detektatu zirenetik, FRB edo irrati eztanda azkarrek izugarrizko erronka suposatu dute zientzialarientzat, haien jatorria zehazteko modurik izan ez dutelako. Pixkanaka, baina, misterioa argitzen doa, galdera berriak pilatzen diren arren.

1. irudia: Irrati teleskopio arruntak erabiltzen dira FRB seinaleak ikertzeko, baina CHIME bezalako behatokiak bereziki egokiak dira seinale horiek ezaugarritzeko. (Argazkia: CHIME)

Espaziotik datozen seinaleen artean, badira bereziki astrofisikarien arreta erakartzen dutenak, haien jatorria zein den erabateko misterioa delako oraindik. FRB seinaleak dira, ingelesezko fast radio burst izendapenean oinarrituta, hau da, irrati eztanda azkarrak. Halako seinale gehienak behin baino ez dira suertatzen, eta, zientzialariak adi egon arren, ez dira berriro errepikatzen. Hori dela eta, arras zaila izaten da fenomenoaren ikerketa.

Izenak dioen moduan, izugarri arinak dira. Milisegundo eskasetan jasotzen diren irrati-seinaleak dira, zeharo ahulak, baina ustezko ahultasun hori begitazio bat besterik ez da, zientzialariek jakin badakitelako horien atzean energia itzela duen zerbait badagoela. Hain urrun egoteagatik ahul atzematen dira, hain zuzen. Momentuz, horien atzean zer dagoen argitzeko dago, eta horrelako fenomeno iheskorrekin gertatu ohi den moduan, teoria ugari baina ziurtasun gutxi dago gaur egun. 2007an detektatu zen aurrenekoz halako seinale bat, eta dagoeneko dozenaka jaso dira.

Mugarri bat FRB 121102 izenekoa izan zen: horren jatorria zehaztasun dezenterekin ezagutzen da. Seinale hori berezia da ere, orain arte errepikatu diren seinale bakarrenetakoa delako, eta hori izan da, hain zuzen, seinalearen jatorria argitzea ahalbidetu duena. Astrofisikariek ikusi ahal izan dute 1.600 milioi argi-urtera dagoen galaxia txiki batean sortu zela seinale hori, eta bertan izar berri asko jaiotzen ari direla. 2016an aurrenekoz aurkitu zuten errepikapen hori, eta handik hasita bi inguru hilabetez berriro lau aldiz jaso zuten seinalea. Aurkikuntza garrantzitsua izan zen: toki berdinetik datozen seinaleak ikusten badira, horrek esan nahi du haien jatorria ezin daitekeela izan gertaera katastrofiko bat. Izan ere, balizko eztanda itzel horrek energia iturriaren igorlea bera txikituko lukeelako, eta baita inguruan egon litezkeen bestelako objektu kosmikoak ere.

Bigarren mugarria joan den ekainean ezagutarazi zuten, Science aldizkarian, aurrenekoz aurkitu zutelako errepikatu ez den halako seinale baten jatorria. FRB 180924 seinalea 3.600 milioi argi-urtera dagoen galaxia baten kanpoko aldean kokatu dute. Baina garrantzitsuena da kasu honetan Esne Bidearen antzeko tamaina duela. Hortaz, ez dirudi FRB seinaleak izarren jaiotzarekin zerikusia dutenik, eta ikerketan sakontzeko beste aztarna bat uzten du: galaxia espektro zabal bati lotutako fenomenoa da.

2. irudia: Oso ahulak diren arren, eta duela gutxi aurkitu direla kontuan izanda, irrati eztanda azkarren ikerketaren bitartez ondorio interesgarriak ateratzen ari dira pixkanaka. Irudian, FRB 150807 izeneko seinalea. (Irudia: Vikram Ravi-Caltech/Ryan Shannon-ICRAR-Curtin-CSIRO)

Baina oraindik ez dago argi seinale guztiak errepikakor ote diren, eta aukera bat da espektro elektromagnetikoan antzeko emaitza duten bi fenomeno desberdin izatea. Eztabaida honetan, CalTech Institutuko (AEB) Vikram Ravi ikertzaileak egin du azken ekarpena. Datuei eta matematikari heldu die kalkulu bat egiteko: orain arte errepikatu ez direnen gertueneko FRB seinaleei erreparatu die, eta emaitzak alderatu ditu gertuko unibertsoan izaten diren gertaera katastrofikoekin. Egiaztatu ahal izan du FRB seinaleen maiztasuna ezagutzen ditugun beste hondamendi moten maitasuna baino handiagoa dela.

Ikertzaileak ondorio logikoa ateratzen du kalkulu horretatik: eztanda edo talka mota bakar batek ezin ditu azaldu FRB seinale guztiak. Hau azaltzeko, egileak proposatu du agian iturri horiek guztiak errepikatzen direla, baina agian ez daukagula ahalmen nahikoa horiek atzemateko.

Zentzu honetan, gogoratu beharra dago zer gertatu zaion CHIME (Canadian Hydrogen Intensity Mapping Experiment, edo Hidrogenoaren Intentsitatea Neurtzeko Esperimentu Kanadarra) izeneko proiektuari. Joan den otsailean ezagutarazi zituzten 13 seinale berri aurkitu zituztela, horietako bat, errepikakorra. Seinale horiek guztiak behatokiaren funtzionamenduaren lehen hilabeteotan detektatu zituzten, 2018ko udan, artean behatokia guztiz prestatu gabe zegoenean. Hortaz, beste asko eta asko egon daitezke bidean, zientzia aldizkarietan argitaratzeko zain. Baina harrigarriena izan zen 13 seinale horietatik zazpi 400 megahertzeko frekuentzian atzeman zituztela, normalean FRB seinaleek 1.400 megahertzekoan daudenean. Kanadako behatokia 400-800 megahertzeko tartean ikusteko diseinatuta dagoenez, litekeena da 400 megahertz baino ahulagoak diren seinaleak egotea, eta horrek Ravik egindako azken proposamen hori babestuko luke: agian baliteke horietako asko errepikakor izatea, baina ahulagoak.

Grabitazio uhinekin gertatzen den modu berdinean, astrofisikariek espero dute etorkizunean, fenomenoa hobeto ezaugarritzen duten heinean, seinale hauek erabili ahal izango dituztela ondorioztatzeko unibertsoan zehar egin duten bidaia itzela, bidean aurkitu dituzten elektroien edota eremu magnetikoen inguruko informazioa eskuratuta. Modu horretan, besteak beste, materia ilunari buruzko informazio gehiago jasotzea espero dute. Osterantzean, hori argitu baino lehen seinale horien jatorria ere argitu beharko da. Paradoxa bitxia izango litzateke seinale horiek tresna modura erabiltzea, tresna beraren jatorria zein den jakin barik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Vikram Ravi. “The prevalence of repeating fast radio bursts”. Nature Astronomy (2019) DOI: https://doi.org/10.1038/s41550-019-0831-y

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Urrundik etorritako eztanda izugarrien atzetik appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ziape-gasa, 200 urteko bidea egin duen gas ezezaguna

Ar, 2019-07-30 09:00
Irantzu Etxaniz Arma kimikoek substantzia kimikoen propietate toxikoak erabiltzen dituzte hil, zauritu edo ezgaitzeko. Substantzia toxikoak Antzinarotik erabili dira gerrateetan etsaiaren aurka. Historialarien esanetan [1] arma kimikoak erabilita egin zen lehen erasoa Lehen Mundu Gerran izan zen, alemaniarrek kloro gasa erabili zutenean frantses eta kanadarren aurka Ypresen (Belgika, 1915). Ordutik, sarritan erabili dira gerra modernoan. Armamentu kimikoen desberdintasun nagusia beste arma konbentzional edota nuklearrekin alderatuta, indar lehergarri baten falta da.

Arma mota horren eraginkortasuna ikusirik, armada boteretsuenak ikerketetan hasi ziren armen eraginkortasuna handitzeko. Esaterako, Lehen Mundu Gerran alemaniar armadak fenildikloroarsina garatu zuen, gas hori soldaduen gas-maskarak zeharkatzeko gai zelako. Ziape-gasa ere garatu zuten gas-maskarak erabiltzen zituzten soldaduei azal-lesioak eragiteko. Gaur egun, agente nerbiosoak erabiltzen dira, duten eraginkortasuna handia delako; batik bat sarin eta VX gasak erabiltzen dira.

Arma kimikoek zuten arriskua dela eta, 1971. urtean Arma Kimikoen Hitzarmena jarri zen indarrean. Hitzarmen horretan debekatu egin ziren arma kimikoen garapena, ekoizpena, biltegiratzea eta erabilera. Izan ere, gizabanakoari kalte egiteko erabiltzen den oro da arma kimikoa, duen jatorria duela ere.

1. irudia: Ziape-gasaren izena ez da guztiz egokia, izan ere giro tenperaturan konposatu likidoa da eta ez gasa. (Argazkia: Herbert Aust / Pixabay)

Arma kimikoak, gorputzari nola eragiten dioten kontuan hartuta, zazpi multzo hauetan sailkatuta daude [2]:

  1. Agente Nerbiosoak. Gorputzeko nerbio-sistemaren funtzioari eragiten diote nagusiki.
  2. Oxigenoaren erabilera normala eragozten dute.
  3. Adimenean, pertzepzioan eta umorean dute eragina.
  4. Birikak gorputzeko fluidoez betetzen dituzte.
  5. Negararazleak. Aldi baterako narritadura eragiten dute begietan; horretaz gain, negarra eta azaleko narritadura ere eragiten dute.
  6. Toxinak. Bizidunek sortzen dituzten konposatu kimiko pozoitsuak dira.
  7. Agente lerde-sortzaileak. Erredurek sortzen dituzten lesioen antzerako lesioak eragiten dituzte azalean.

Ziape-gasa (sulfuro mostaza ere esaten zaio) agente lerde-sortzaileetako bat da. Likido hori oliotsua da, baina erraz lurruntzen da ingurune hezeetan, eta gas moduan dagoenean, ziapearen usaina hartzen du; hortik datorkio izena. Gas hau 1822. urtean sortu zuen César-Mansuète Despretzek ezustean, eta 1917. urtean erabili zuten lehenengo aldiz Alemaniako armadek bataila-eremuan; ordutik aurrera beste hainbat eraldaketa eta nahaste sortu ziren ziape-gasa oinarri izanda.

Hasiera batean, biktima ez da konturatzen ziape-gasaz kutsatua gertatu denik, eraginak ez direlako berehalakoak. Gas honek osasunean duen eragina ere ez da beti berdina izaten, ziape-gas motaren eta gaspeko denboraldiaren arabera izaten delako larritasuna. Eragiten diren sintomak hauek dira: begietan narritadura, mina eta hantura, eta kontzentrazio altuetan, berriz, erredurak eta itsutasuna; arnas aparatuan eztula, eztarriko mina eta arnasa hartzeko zailtasunak; digestio-aparatuan min abdominala, beherakoa eta goragalea; burmuinean dardarak, koordinazio falta eta egonaldi luzeetan konbultsioak; azalean gorridurak eta lerdeak.

2. irudia: Konposatu alkilatzailea da ziape-gasa eta azaleko zelulak hiltzen ditu bertako uraren presentzian. Begietan narritadura eta itsutasuna eragiten ditu. (Argazkia: agnesliinnea / Pixabay)

Sintoma horiek tratatzeko ez da aurkitu sendagai edo metodo espezifikorik. Ikusi da N-acetil-zistina, tokofenola eta sulforafanoa bezalako drogak berehala hartuz gero, eragin onuragarriak gertatzen direla kaltetuengan. Hala ere, droga hauen eragina asko murrizten da kutsatzea gertatu eta bi ordura hartzen badira. Dena dela, gasak eragindako zauriak tratatzeko, gomendagarria da hanturaren aurkako ukenduak erabiltzea, zauriak desinfektatzea eta minaren aurkako drogak hartzea [3].

Ziape-gasa duela 200 urte inguru aurkitu bazen ere, oraindik ezer gutxi dakigu gas horretaz. Gasa lortzeko hainbat metodo daude, baina denek dute beren alde zail eta arriskutsua.

Bere eraginei dagokienez ere, ezer gutxi dakigu. Gorputzean eragiten duen kaltea zein den zehazki ezezaguna da oraindik. Zaurituetan zein eragin duen aztertu izan da, baina oraindik ez dakigu zein mekanismok eragiten dituen lesio horiek. Horretaz gain, ez dago tratamendu espezifikorik ziape-gasaren efektuei aurre egiteko. Hainbat substantziak eraginkortasuna erakutsi dute, baina betiere kutsatzeko unean bertan erabiltzen badira.

Argi dago aurrera begira hainbat ikerketa-lan egin daitezkeela ziape-gasaren esparruan. Alde batetik, gorputzean nola eragiten duen iker daiteke, eta beste alde batetik, sortzen dituen sintomak nola saihestu edo nola senda daitezkeen ere azter daiteke.

Erreferentzia bibliografikoak:

[1] Szinicz, L. (2005). History of chemical and biological warfare agents. Toxicology, 214 (3), 167-181. DOI:10.1016/j.tox.2005.06.011

[2] Ganesan, G.; Raza, S.K.; Vijayaraghavan, R. (2010). Chemical warfare agents. Journal of Pharmacy & BioAllied Sciences, 166-178. DOI:10.4103/0975-7406.68498

[3] Rose, D.; Schmidt, A.; Brandenburger, M.; Sturmheit, T.; Zille, M.; Boltze, J. (2017). Sulfur mustard skin lesions: a systematic review on pathomechanism, treatment options and future research directions. Toxicology Letters, 293, 82-90. DOI:10.1016/j.toxlet.2017.11.039

———————————————————————————-

Egileaz: Irantzu Etxaniz Gipuzkoako Campuseko Kimika Graduko ikaslea da UPV/EHUn.

Artikulua, Maxux Aranzabe irakasleak Komunikazioa Euskaraz: Zientzia eta Teknologia ikasgaian bultzatutako Gas toxikoei buruzko jardueraren harira idatzitako lana da.

———————————————————————————-

The post Ziape-gasa, 200 urteko bidea egin duen gas ezezaguna appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Azido folikoa eta umeen tamaina

Al, 2019-07-29 09:00
Ziortza Guezuraga Kontzepzio inguruko aldian azido foliko gehiegi hartzea eta umeak pisuari begira adin gestazionalerako txikiak izatea lotu ditu ikerketak.

Irudia: Pisuari begira, umeak adin gestazionalerako txikia izatea eta azido foliko dosiak 1000 mikrogramo baino gehiago izatearen arteko harremana plazaratu EHUko ikerketa batek. (Irudia: myllissa)

Azido folikoa hartzearen eta umeen neurketa antropometrikoak aztertu dituzte ikerketan eta azido foliko gehiegi hartzea (1000 mikrogramo edo gehiago egunero) umeak pisuari dagokionez adin gestazionalerako txikiak izatearen arriskua handitzen du.

Haurdunaldian eguneko 400 mikrogramo azido foliko hartzea gomendatzen da, hodi neuralean akatsak saihesteko. Aurretik egindako ikerketek efektu negatibo posiblea aurkitu zuten pisuari begira adin gestazionalerako txikia izatea azido foliko dosiak 1000 mikrogramo baino gehiago denean.

Bi mila ikertu baino gehiago eta lau kontsumo tarte

2302 ama-ume bikote behatu dira ikerketa eta hiru azido foliko kontsumo tartetan banatu dira:

  1. Azido folikorik hartu ez dituztenak.
  2. 1000 mikrogramo baino gutxiago hartu dituztenak.
  3. 1000 eta 4999 mikrogramo artean hartu dituztenak.
  4. 5000 mikrogramo baino gehiago hartu dituztenak.

Dietan hartutako folatoa eta azido folikoa atzera begira neurtu dira haurdunaldian zehar bi elkarrizketa pertsonal eginda: 10-13 aste haudun zeudela lehena eta 28-32 aste haurdun zeudela bigarrena.

Dietan hartutako folato neurtzeko FFQ (Food Frequency Questionnaire) motako galdetegia baliatu da, Willett’s Questionnaire galdetegiaren bertsio moldatua. Galdetegi semikualitatiboa da Willett’s Questionnaire delakoa eta kasu honetan Mediterraneo aldeko haurdunekiko balidatua izan den bertsioa.

Azido folikoaren kontsumoa neurtzeko, aldiz, galdetegi egituratua baliatu da FFQarekin batera. Eguneko hartutako batez besteko azido folikoa kalkulatzeko bi alditan estimatutako batez besteko kantitatea hartu da kontuan: haurdunaldia baino hiru hilabete lehenagotik hirugarren hilabetera arte eta laugarren hilabetetik zazpigarrenera.

Umeen neurketa antropomorfokoei dagokienez, ospitaletako dokumentu medikuetatik eskuratu dira.

Kobariantzen inguruko informazioa ere galdetegi bidez lortu da. Hala, kontuan izan dira ezaugarri sozio-demografikoak (amaren adina, hezkuntza maila, jaioterria), bizimodu aldagaiak (erretzea haurdunaldian zehar, alkohol kontsumoa haurdunaldian zehar eta gurasoen gorputz-masaren indizea) eta faktore obstetrikoak (aurretik izandako haurdunaldi kopurua, abortuak, haurdunaldiko diabetesa).

Erreplikatu beharra duten emaitzak

Amen batez besteko adina 30.6 urtekoa izan da, %33.8k ikasketa unibertsitarioak izan dituzte eta %85.9k Espainian jaiotakoak izan dira. %31.6k erre dute haurdunaldian zehar eta %32.5ek alkohola kontsumitu. Batez besteko adin gestazionala 39.7koa izan da eta umeen batez besteko pisua jaiotzean 3268g.

Aldi perikontzepzionalean azido foliko dosi altuak (5000 mikrogramo eguneko edo gehiago) hartu dituztenen kasuan baino ez da atzeman pisu baxua umeengan.

Emaitzen arabera, gestazioaren lehenengo hiruhilekoan azido folikoaren erabilerak eragin handia izan dezake. Hortaz, ikertzaileen arabera, aldi perikontzepzionalean azido foliko dosi egokiak hartzearen promozioa ezinbestekoa da.

Aldi perikontzepzioanalean azido foliko dosi handiak (1000 mikrogramo baino gehiago) pisuari dagokionez umeak adin gestazionalerako txikiak izatearen arriskua handitzen du ikerketaren arabera. Hala ere, erreplikazio beharra azpimarratzen dute ikertzaileek.

Erreferentzia bibliografikoa:

Navarreta-Muños, Eva María, et al., (2019). High doses of folic acid in the perconceptional period and risk of low weight for gestational age at birth in a population based cohort study. European Journal of Nutrition, 58, 241-251. DOI: https://doi.org/10.1007/s00394-017-1588-7

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

The post Azido folikoa eta umeen tamaina appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #265

Ig, 2019-07-28 09:00
Uxue Razkin

Klima-aldaketa

Euskal kostaldean ugaritu egin dira marmokak eta gizakiak eragindako aldaketak dira horren arrazoi nagusietako bat. Horretaz gain, jakina da uda garaian izaten dela ohikoagoa marmoken presentzia kostaldean baina Javier Francok, Azti zentroko itsaso eta kostetako ingurumen kudeaketako adituak azaltzen du Berriako artikulu honetan planeta jasaten ari dena dela giltza: “Marmoken harrapakari diren animalia asko desagertze bidean daude, gizakiak eragindako aldaketa globalaren ondorioz. Gainera, marmokek badute, oraindik, zertaz elikatu, eta itsasoaren tenperatura igotzeak ere egonkortasuna ekarri die marmoka espezie gehienei”.

Geologia

Azken mendeetako datuetan oinarriturik etorkizuneko egoera iragartzea helburu duten klima-ereduak egin dira simulazio-programak erabiliz. Hala ere, simulazio-programak egungo klima-parametroetan oinarritzen dira, baina berotze global bortitzaren eraginpeko ezaugarriak desberdinak izan litezke, artikuluan irakur daitekeen bezala. Zalantza hauek argitzeko, beraz, baliagarria izan daiteke iragana. Hau da, iraganean izan ditugun klimak eta haien ondorioak nolakoak izan diren ezagutzea. Lurrak iraganean jasandako hipertermal edo supernegutegi gertakariak izan daitezke giltza.

Ingeniaritza

Eguzki-energia erabilita, aldi berean elektrizitatea eta ur garbia sortzeko gai den gailua eraiki du ingeniari talde batek. Bi baliabide eskuratu ditu aldi berean teknologia berri honek: ura eta argindarra. Eguzki-panelek bero asko biltzen dute baina hori ere galdu egiten da. Halere, soberan geratzen de bero hori ez da nahikoa argindarra sortzeko baina bai ura garbitzeko teknologia batean erabiltzeko. Nola funtzionatzen duen jakin nahi duzue? Jo ezazue artikulura!

Biologia

UPV/EHUko Biologia Atalak naturaren kontserbazioan izan duen eragina aztertu dute artikulu honetan. Testuan azaltzen digutenez, 1975era arte ez zuen katedradunik izan, eta zeuden irakasle agregatuetatik bakar bat bera ere ez zen biologiaren arlo naturalistenetakoa –ez botanika ez zoologia ezta ekologiakoa–. Orain, berriz, egoera ezberdina da eta badira taldeak eta ikertzaileak esparru honetan lanean ari direnak. Izan Naturaren kontserbazio atalak izan duen garapenaz gehiago irakurtzeko, ez galdu artikulu hau!

———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #265 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #272

La, 2019-07-27 09:00

Lorik egiten dute arrainek? Arrainek lo egiten dute. Frogatuta. Aspalditik, gainera. Rosa García -Verdugoren Zebrafish point to an ancient origin of sleep

Lego piezaz osatuta balira bezala eraikitzen dira van der Waals materialak. Batzuetan, piezak bidimentsionalak badira eta asko ez badira, propietate elektroniko oso interesgarriak agertzen dira. Haiekin biosentsore ultrakonpaktuak sortzeko modu erraza topatu dute DIPCkoek: antena optikoa. Using an optical antenna to launch phonon polaritons in a low-dimensional van der Waals crystal

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #272 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Aitor Larrañaga: “Eukaliptoek ur kontsumo izugarria dute eta kalteak sortzen dituzte erreketan” #Zientzialari (120)

Or, 2019-07-26 09:00

Landarediak eragin zuzena izan ohi du ingurumenean eta baita gure erreketan ere. Gaur egun, landareek ekosisteman eragiten dituzten ondorioak ezagutzea ikertzaileentzako erronka handia da.

UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko Ibaien ekologia ikerketa taldea alor hori ikertzen dabil. Eukaliptoek, zehazki, kalte handiak sor ditzakete ibaietan; hakzunde azkarrekoak izanik, ur asko kontsumitzen dute eta lehorteak aregaotu ditzakete.

Aitor Larrañaga, UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakaslea eta Ibaien ekologia ikerketa taldeko kideetako bat da eta berarekin hitz egin dugu eukaliptoek ingurumenean zer nolako eragina sortzen duten ezagutzeko.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Aitor Larrañaga: “Eukaliptoek ur kontsumo izugarria dute eta kalteak sortzen dituzte erreketan” #Zientzialari (120) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Biologia Atalaren inpaktua naturaren kontserbazioan

Og, 2019-07-25 09:00
Arturo Elosegi eta Jesús Pozo Askotan gaitzesten da unibertsitateak gizartearekin duen konexio eskasa. Unibertsitatea ezagumendu bitxiak irakasten dituela esan ohi da, eta ikerketak nekez duela ondorio praktikorik. Ikuspuntu hau unibertsitario askok ere badu; beraz, egiatik zerbait izanen du. Dena den, perspektiba historiko apur bat izanda, ikusiko dugu unibertsitate eta gizartearen artean elkarrekintza ugari direla. Adibide gisara, UPV/EHUko Biologia Atalak naturaren kontserbazioan izan duen eragina aztertuko dugu.

1. irudia: Besteak beste, egun gizakiak ustiatzen dituen presak, urtegiak, kanalizazioak, ibaien ekosistemetan duten eragina aztertzen dute UPV/EHUko Biologia Ataleko ikertzaileek. (Argazkia: Uribarri Ganboako Urtegia / Wikipedia CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

Biologia Atalaren ibilbidea oso apal hasi zen, Bilboko Unibertsitateko Zientzia Fakultatea zenean. Atal honek 1975era arte ez zuen katedradunik izan, eta zeuden irakasle agregatuetatik bakar bat bera ere ez zen biologiaren arlo naturalistenetakoa, alegia, ez botanika ez zoologia ezta ekologiakoa. Arlo hauetan ikertzeko dirurik ere ez zegoen zen izaten. Eztanda 80. hamarkadako bigarren erdian gertatu zen, irakasleak ugaritu, doktoreen formazioa bultzatu eta ikerketa-taldeak beren egitasmoak proiektuak gauzatzeko diru-laguntza finantziazio publikoa jasotzen hasi zirenean. 90eko hamarkadan master gisako graduondoko ikastaroak sortu ziren, adibidez, “Ingurunearen Azterketa eta Errekuperazioa” izenekoa, eta ikerketa-taldeek kanpoko agenteekin elkarlana bilatu zuten. XXI. mendeak heldutasunera eraman du talde hauetako askoren ikerketa. Izan ere, nazioarteko egitasmoetan parte hartzen hasi gara, eta horrek nabarmen eragin dio baliabide naturalen kontserbazio eta kudeaketari.

Urte hauetan, Zientzia eta Teknologia Fakultateak kide asko trebatu ditu Biologian, Ingurumen Zientzietan, eta naturaren kontserbazioarekin lotutako beste zenbait esparrutan. Datu ofizialen arabera, Zientzia eta Teknologia Fakultatetik ateratako tituludunak Biologian 3.850 lizentziatutik eta 450 graduatutik gora dira, bai eta ehunaka master ikasle eta 475 doktore. Horietako askok naturaren kontserbazioarekin lotutako lanen bat dute.

Batzuk, lanean ari dira administrazioan udalerrietako ingurumen-teknikari gisa, partzuergo eta mankomunitateetan, foru aldundietan, Eusko Jaurlaritzan, edo natur parkeetan. Beste asko, lanean ari dira naturaren kontserbazioarekin lotutako enpresetan, kontsultoreetan (adibidez, Anbiotek eta Ekolur kontsultoreetan), edo Neiker zein Azti bezalako I+G+I zentroetan.

Badira ere irakaskuntzan dabiltzanak, bai arautuan, institutu, ikastola, eskola edo unibertsitatean, bai ez-arautuan, natur eskola, ingurugiro-eskola, eta abarretan. Azkenik, Fakultatetik ateratako kide askok parte hartzen dute naturaren aldeko elkarteetan, hala nola talde ekologistetan, naturaren aldeko elkarteetan, edo Aranzadi Zientzia Elkartearen gisako ingurumenaren ikerketa- eta interpretazio-elkarteetan. Kuantifikatu ezina den arren, biologian formazioa eta naturaren kontserbazioarekin kezka duen jende honek eragin ukaezina izan du Euskal Herrian giza espezieak ingurumenarekin duen harremana ulertzeko moduan gertatu den eraldaketan.

2. irudia: EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko kideak Aiako Harria Parke Naturaleko leheneratze proiektu bat aztertzen Gipuzkoako Foru Aldundiko, URA Agentzia eta Kantauriar Konfederazio Hidrografikoko teknikariekin. (Argazkia: Arturo Elosegi)

Bestalde, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko talde batzuk gogor aritu dira gure inguruko biodibertsitatea inbentariatzen eta jarraitzen. Haietako batzuk aipatzearren, zoologia-laborategiak hainbat ikerketa-lerro zabaldu zituen ibai- zein itsas faunaren esparruan, eta lurzoruko artropodo zein lehorreko moluskuen esparruan. Lerro hauei beranduago gehitu zaizkie saguzarrena bezalako beste talde batzuk. Bere aldetik, botanika-laborategiak hainbat ikerketa-lerro zabaldu zituen alga, onddo, goroldio eta beste landareen esparruan, bai eta gure inguruko landare-komunitateak deskribatu eta kartografiatu zituen geobotanikako taldeak ere.

Hamarkadatan metatutako informazio hau ezinbestekoa izan da Euskal Herriko lekurik biodibertsoenak karakterizatzeko, bertako arrisku-faktoreak identifikatzeko eta, besteak beste, Natura 2000 sarea diseinatu eta optimizatzeko.

Biodibertsitatea inbentariatzeaz gain, talde batzuk gogor aritu dira ingurumenaren osasun-egoera aztertzen, eta horrela Euskal Herriko ingurumen-informazio sistemaren oinarriak ezarri dituzte. Adibidez, 80eko hamarkadako zoologia eta ekologia-laborategiek jarri zuten abian.

Bizkaiko ibaien lehen ikerketa hidrobiologiko sakona zein Bilboko itsasadarreko ingurumen-azterketa. Lehenak emandako hazitik garatu zen Euskal Herriko ibaien jarraipen-sarea, egun URA Agentziaren eskuetan dena; bigarrenak emandakoak hainbat ikerketa ekarri zituen euskal kostaldearen osasunaren esparruan. Arlo honetan aipatu beharrekoa da mikrobiologia-laborategia ere, urte askotan Euskadiko Erkidegoko bainu-uren kalitatea neurtzeko ikerketetan parte hartu izan duenak.

Beste talde batzuen ikerketak giza jarduerek ekosistemen egituran eta funtzionamenduan duten eragina izan du aztergai. Ibai-ekologia taldeak basogintzak, nekazaritzak, zein hiri-kutsadurak, ur-erauzketek edo klima-aldaketak Euskal Herriko zein beste eremuetako ibaietan duten inpaktua aztertu du. Hastapenetan zitologia laborategia zena, bestalde, ekotoxikologiaren inguruko ikerketa-lerro bilakatu da; egungo Plentziako Itsas Estazioko arima izan zen laborategi hori. Era berean, animalien ekotoxikologia eta biodibertsitate-taldeak espezieak erabiltzen ditu ur gezetako osasun-egoeraren adierazgarri.

Beste zenbait lerro aplikatu dira, adibidez lur kutsatuen ikerketa, zoologia eta landare-fisiologia laborategietan egin izan dena, edo azken honetan agronomiarekin lotuta egindako lanak.

Ikerketa-talde hauek lortutako informazio guztia foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta beste hainbat erakundek erabiltzen du, lurraldearen plangintzan eta kudeaketan.

Informazioa eskuratu ez ezik, Ataleko zenbait taldek erakundeekin elkarlan estua izan dute populazio, komunitate edo ekosistemen kudeaketan. Adibidez, jokamoldearen ekologia eta eboluzio-taldeak mehatxatutako ugaztunen kudeaketan egin du lan, dela bisoi europarra, dela ur-satorra edo saguzarrak aztertuz. Abeltzaintzaren ekologia eta kudeaketa-taldeak mendiko larreetan aziendak kudeatzeko lanetan hartu izan du parte. Landareen ekofisiologia taldeak andeatutako lurren berreskurapenean hartu izan du parte, eta ibai-ekologia taldeak ibaien berreskurapen-egitasmoetan. Lan hauen helburua ez da izan administrazioak egindako ekimenen ondorioak aztertze hutsa. Aitzitik, unibertsitatea estuki lotu da estatu mailan aitzindari izan diren ekimen hauen diseinuan, garapenean eta jarraipenean.

3. irudia: EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko kideak Araxes ibaiaren (Gipuzkoa) leheneratze ekologikoko lanak berrikusten, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariekin, Ekolur eta Basoinsa enpresekin eta Berlineko Institute for Freshwater Ecology and Inland Fisheries (IGB)-ko ikertzaile batekin. (Argazkia: Arturo Elosegi)

Azkenik, ezin ahaztuko dugu ataleko kide askok aholkularitza-lana egin dutela parke naturaletako patronatuetan, Urdaibaiko Biosfera Erreserban, Naturzaintzan eta Eusko Jaurlaritzako Naturaren Kontserbaziorako Aholkularitzan. Elkarlan hauez gain, ohikoa da ataleko kideek parte hartzea administrazioaren estrategiak eta planak zehazteko bileretan, hala nola Espainiako Ibai-Errestauraziorako Estrategian edo Biodibertsitatearen Euskal Estrategian.

Biologia Atalak inguruko ekosistemei buruzko ezagumendua sortzen jarraitzen du, eta horrela gisa horretan gure baliagai baliabide naturalen kudeaketa errazten du. Orain gutxira arte, ezagumendu hau gehien bat aipatu ditugun arlo naturalistikoetan zegoen, baina egun biologia molekularraren tresnak ezinbestekoak bilakatu dira biodibertsitatearen ikerketan, eta beraz, talde gehiago ari dira lanean esparru honetan. Horregatik, pentsatzekoa da Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biologia Atalak bere lan horretan jarraituko duela, Euskal Herriko zein mundu osoko naturaren kontserbazioan.

—————————————————–

Egileez: Arturo Elosegi Irurtia ekologia irakaslea da UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Sailean eta Jesus Pozo Martinez sail berdineko irakasle erretiratua da.

—————————————————–

The post Biologia Atalaren inpaktua naturaren kontserbazioan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Argindarra eta ur garbia, biak prozesu berean

Az, 2019-07-24 09:00
Juanma Gallego Eguzki-energia erabilita, aldi berean elektrizitatea eta ur garbia sortzeko gai den gailua eraiki du ingeniari talde batek. Oraindik modu industrialean garatzeko dagoen arren, eremu idorretan erabiltzeko aproposa izan daitekeela proposatu dute.

1. irudia: Gailu bakoitzean ura gatzgabetzeko mekanismoa duten panel fotovoltaikoz osatutako instalazioa proposatu dute ikertzaileek, argindarra eta ur edangarria aldi berean sortzeko. (Irudia: Wenbin Wang / KAUST)

Mendebaldeko gizarte garatuetatik kanpo denboraldi bat ematen dutenek errepikatu ohi duten ideia da: hemengo eguneroko zereginetara itzultzean, bereziki lehen egunetan, izugarri baloratzen dute egokitu zaien bizitza. Goizean goiz esnatu, txorrotara hurbildu eta… magia! Ura ateratzen da. Ur garbia, geza eta gozoa. Baina, ezaguna denez, ur geza hori ez dago oso ondo banatuta munduan. Zenbait lekutan, bederen, ur gezik ez baina petrolioa badago… eta ez urik ez petroliorik ez duten eremu asko ere badira. Horietan gehienetan, baina, eguzki asko ere egon ohi da, eta egoerari probetxua ateratzeko lanean ari dira zientzialari eta ingeniariak.

Latza da uraren eskasia. Kalkulatzen da munduan 785 milioi bat lagunek arazoak dituztela ur edangarria eskuratzeko. Saudi Arabia eta beste zenbait emirerriren kasuan, hidrokarburoak soberan eskura izateak ur edangarri hori “ekoizteko” bidea ematen die, batez ere gatzgabetze prozesuen bitartez; baina, halere, izugarria da horrek suposatzen duen gastua. Ur garbia sortzeko erabiltzen da Saudi Arabian kontsumitzen den elektrizitatearen %15, esaterako.

Orain, zientzialari talde batek aspalditik garatuta dauden bi teknologia mota bateratu ditu, modu efizientean bi baliabide garrantzitsu eskuratu aldera: ura eta argindarra. Lehen teknologia energia fotovoltaikoa da; bigarrena, mintzen destilazioa izeneko prozesua, ura arazteko erabiltzen dena. Azken teknologia hau eguzki-energia baliatzeko gai denez, biak bateratzeko sistema batean lanean egon dira KAUST Abdullah Erregearen Zientzia eta Teknologia Unibertsitateko (Saudi Arabia) ikertzaileak. Ikasitakoa Nature Communications aldizkarian azaldu dute, zientzia-artikulu batean.

Logikak agintzen du eguzki-panelek bero asko biltzen dutela, eta bero hori ere galdu egiten da: gaur egun ekoizten diren panelek muga fisikoak dituzte eguzki-argia elektrizitate bihurtzeko, batez bestean %10-20 da lortzen den proportzioa. Horregatik, efizientzia hori hobetzeko lanean daude mundu osoan milaka ingeniari, bereziki perosvskita izeneko minerala ikertzen.

Arazoa da soberan geratzen den hondar-bero hori ez dela nahikoa argindarra sortzeko. Baina bai, antza, ura garbitzeko teknologia batean erabiltzeko haina, ikertzaile talde honek proposatu duenez. Zehazki, MSMD izeneko teknologia da eguzki-paneletan txertatu dutena, etapa anitzeko mintza duen destilazio unitatea, hain zuzen. Hori panelen atzeko aldean jarrita, ur garbia lortzeko modua dago, eguzki-panelen efizientzia mantenduta.

2. irudia: Panel fotovoltaikoaren atzeko aldean dago jarrita ura garbitzeko mekanismoa. Urdin ilunean, itsasoko ura; laranjan, mintzak; azkenik, urdin argian, garbitutako ura. (Irudia: Wenbin Wang / KAUST)

Destilazio prozesu honetan, bahe baten funtzioa betetzen duen mintza porotsua erabiltzen da, ur kutsatua eta ur garbia bereizte aldera. Panelak biltzen duen beroa erabiltzen da ura berotzeko, eta, ondorioz, ura lurrundu egiten da. Iragazki batetik pasatuta bukatzen da prozesua, eta gero ur garbi hori jasotzen da. Ura gatzgabetzeko ez ezik, kutsatutako ura garbitzeko erabiltzeko moduko metodoa dela azaldu dute. Adibidez, metal astunak kentzeko.

Egin duten proba desberdinetan, eguzki-panelen efizientzia %11 izatea lortu dute, batez bestean. Egileen esanetan, ura tratatzeko mekanismoa ez duten panel arrunten efizientziaren parekoa da lortu dutena. (Lehenago aipatu bezala, %10-20 tartean kokatzen da efizientzia hori gaur egun). Uraren tratamenduari dagokionez ere, ziurtatu dute fotovoltaikoak ez diren antzeko paneletan lortzen den uraren parean daudela lortu dituzten emaitzak.

Dena den, sistema hau eskala handira eramatea ez da hain erraza izango. Ingeniaritzaren alorrean ia mantra bat da honakoa: laborategian sistema batek modu txukunean funtzionatzea ez da nahikoa, gero modu masiboan aplikatu behar dira horrelako teknologiak; normalean, gainera, asmakizun berriak indarrean dauden beste hainbat teknologiarekin batera harmonizatu behar dira. Hala eta guztiz ere, bi prozesuak aldi berean egiteko aukera abantaila moduan aurkeztu dute, horrek kostuak gutxitzea ahalbidetuko duela uste dutelako.

Garatu duten teknologia hau gaur egun ura garbitzeko erabiltzen diren beste teknologien alternatibatzat aurkeztu dute ingeniariek, eta garapen bidean daudelako handiagoak eta garestiagoak diren azpiegituretara jo ezin duten inguruetan aplikatzeko aproposa dela adierazi dute. Etorkizunean bertakoen bizi kalitatea hobetzen lagunduko duen esperantza agertu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Wang, P et al. “Simultaneous production of fresh water and electricity via multistage solar photovoltaic membrane distillation”. Nature Communications (2019). DOI: 10.1038/s41467-019-10817-6.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Argindarra eta ur garbia, biak prozesu berean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Iraganeko gertakari hipertermalak, egungo eta etorkizuneko berotze globalaren aurrekari

Ar, 2019-07-23 09:00
Aitor Payros Bai zientzian eta bai gizartean ere bero-bero dauden gaiak dira negutegi-efektua, berotze globala eta Lurraren etorkizuneko klima batetik, eta bestetik fenomeno hauek planetaren gainazaleko egungo ezaugarri fisiko eta ekologikoen gain eta gure gizarteetan eragin ditzaketen aldaketak. Klima Aldaketarako Gobernuen Arteko Taldeak dioenez, Lurraren gainazaleko batez besteko tenperatura igotzen ari da azken 150 urteetan (1ºC inguru), eta industria-jardueren ondorioz izandako gas-isurketak areagotzearekin batera gertatu da igoera hori. Ondorioz, negutegi-efektua eragiten duten gasei egozten zaie berotze globalaren errua. Albo ondorio gisa, denboraldi berean itsas mailak 20 cm egin du gora, batik bat ozeanoetako ur-masen hedatze termikoagatik eta neurri txikiagoan izotz-glaziarren urtzeagatik.

Azken mendeetako datuetan oinarriturik etorkizuneko egoera iragartzea helburu duten klima-ereduak egin dira simulazio-programak erabiliz. Hala ere, simulazio-programak egungo klima-parametroetan oinarritzen dira, baina berotze global bortitzaren eraginpeko ezaugarriak desberdinak izan litezke. Beraz, zalantzak handiak dira.

Zalantza hauek argitu nahian, lagungarri gerta daiteke gure planetak iraganean izandako klimak eta haien ondorioak nolakoak izan diren ezagutzea. Izan ere, antzina klima-fenomeno antzekoak gertatu izan balira, pentsa genezake etorkizunean gerta litezkeenen ondorioak ere berdintsuak izan litezkeela. Lurrak iraganean izandako klimak ezagutu ahal izateko antzinako klimen adierazleak behar dira. Adierazle hauek aspaldi (duela milioika urte) metatu ziren eta orain arroka bihurtuta dauden sedimentuetan aurki daitezke. Osagai mineralak, fosil-edukia eta, batez ere, konposizio geokimikoa dira arroka sedimentarioetako klima-adierazle erabilienak.

1. irudia: Antzinako gertakari hipertermaletan eratutako arroka buztintsu ozeanikoen ezaugarri orokorrak (ezkerreko zutabe estratigrafikoaren erdialdeko tarte iluna). KOG: Karbono Organiko Guztia; δ13C: 13C/12C isotopoen erlazioa; δ18O: 18O/16O isotopoen erlazioa (ozeano hondoko uraren tenperaturaren adierazle).

Horrela jakin da Lurrak iraganean hipertermal edo supernegutegi deritzen gertakariak jasan dituela, Geologiaren ikuspegitik laburrak diren denbora tarteetan (hots, zenbait hamarka edo ehunka milaka urtean) atmosferan pilatutako CO2 kantitate handiek eragindako aro klimatiko oso beroak. Gertakari hipertermaletan metatutako sedimentuek zenbait ezaugarri komun dauzkate. Kolore argiko arroka geruza gogorren artean tartekatutako geruza buztintsu bigun ilunak izaten dira, zenbait dezimetro eta dekametro arteko lodiera izan ohi dutenak. Gertakari hipertermaletako geruza buztintsuen oinaldean CaCO3-edukia txikia izaten da. Goialdean, ostera, CaCO3 eta materia organikoa normalean baino ugariagoak izan daitezke. Adierazle geokimikoek iradokitzen dute klima-berotze azkarra gertatu zela geruza buztintsuen oinaldean eta pixkanakako hoztea goialderantz. Modu berean, gertakari hipertermal askotako sedimentuak karbono isotopo egonkor arinean (12C) aberastuta azaltzen dira geruza buztintsuen oinaldean, baina gertakari hipertermalaren amaiera aldera, aurkako joera azaltzen da maiz, hots, isotopo astunean (13C) aberastutako joera, materia organikoaren ugaritzearekin batera. Bestalde, gertakari hipertermal gehienetan aldaketa biotikoak gertatu zirela adierazten dute geruza buztintsuetako fosilek, espezie batzuk desagertu eta berri batzuk azaldu baitziren.

Honelako hainbat geruza aurkitu dira Euskal Herrian, Lurraren historian izandako gertakari hipertermalekin uztartu ahal izan direnak: duela 120 milioi urteko gertakariari dagokion geruza, Aralarren, Mutrikun eta Pagasarrin aurkitua; duela 93.5 milioi urtekoa Leioan; duela 62 milioi urtekoa Sopelan eta Zumaian; duela 59.2 milioi urtekoa Ibaetan eta Zumaian; duela 56 milioi urtekoa Ermuan, Korresen, Laminorian, Mintxaten, Trabakuan (2. irudia), Urrobin eta Zumaian; duela 52.6 milioi urtekoa Sopelan; eta duela 47.4 milioi urtekoa Getxon.

Geruza hauen azterketek eman dizkiguten datuak direla eta, azterketa paleoklimatikoak egiteko punta-puntako gune bilakatu da Euskal Herria.

3. irudia: Duela 56 milioi urte izandako gertakari hipertermalean eratutako geruza buztintsua, Trabakua mendatean (Bizkaia). (Argazkia: Aitor Payros)

Aipatu ezaugarrien interpretazioaren bidez, jakin daiteke gertakari hipertermalek eragindako ingurumen-aldaketak nolakoak izan ziren (3. irudia).

Eragile gisa, gertakari bolkanikoak azaltzen dira kasu gehienetan. Kasurik bakunenetan, sumendiek isuritako SO2-kantitatea handia da eta ur eta karbono-gas (adibidez, CO2) bolkanikoek atmosferan pilatuta, berotze klimatikoa eragiten dute negutegi-efektuaren bidez. Dena den, gertakari hipertermal bortitzenetan, aipatu prozesuak abiapuntua baino ez dira izaten. Gertakari bolkanikoek eragindako atmosfera-berotzearen ondorioz, itsasoetako ura ere berotu egiten da, eta honek itsas hondoko sedimentuetan urarekin batera izoztuta dagoen metanoaren askapena dakar. Itsas hondotik jaregindako metanoaren karbonoa atmosferan pilatzen da, bai zuzenki CH4 gisa, bai uretako edo atmosferako oxigenoarekin erreakzionatu ondoren CO2 gisa. Kalkulatu da antzinako gertakari hipertermaletan atmosferan CO2 gisa pilatutako karbono kantitatea 1000 eta 5000 gigatona artekoa izan zela, CO2-a 1000-2000 ppmv baliotara iritsita. Honen eraginez, negutegi-efektua areagotu egingo zen eta 5-10ºC arteko berotze globala gertatuko zen. Hala ere, toki batzuetako arrokek erakusten dute latitude altuetan nozitzen dela berotze globalaren eragin handiena: poloen inguruko batez besteko tenperatura 15-20ºC ingurukoa izan zen gertakari hipertermaletan, eta latitude altuetako itsas gainazaleko urarena 20ºC-tik gorakoa urtaro beroetan; tropikoetako itsas gainazaleko tenperatura aldiz, 35ºC ingurukoa izan zen.

Beraz, gertakari hipertermaletan egungoa baino txikiagoa izan ohi da planetaren gainazaleko latitudearen araberako tenperatura-gradientea.

Tropiko inguruko lurrinketa handiaren eraginez bertako uraren dentsitatea handitu egingo zen gatzen kontzentrazioagatik, eta tropikotako ur epela izango zen ozeano sakonerantz hondoratzen zena. Honen ondorioz, ozeano sakonetako ura egungoa baino 5-6ºC beroago izango zen gertakari hipertermaletan. Kontinenteei dagokienez, tropiko inguruko eskualdeak oso beroak izango ziren (>40ºC). Tropikoak beroegi bihurtzen zirenean, latitude baxu eta klima epeletako bizidun batzuek latitude altuagoetarantz migratzen zuten. Latitude ertainetan eta altuetan aldiz, klima epela eta hezea egongo zen, zenbait lekutan alderantzizko egoerak gertatuko baziren ere.

Edozein kasutan ohikoak izango ziren euri-jasa bortitzak eta lehorte luzeak. Prozesu horien guztien ondorioz, kontinenteetako arroken meteorizazio kimikoa eta higadura gertatuko ziren, eta horrek itsasoetaranzko sedimentu-garraioa areagotu egingo zuen.

Metanoa, jatorri organikokoa izanik, 12C-tan aberatsa da. Honela, ozeano-hondoko sedimentuetako metanoaren askapenak txikitu egiten du itsasoetako eta atmosferako 13C/12C erlazioa. Ondorioz, garai hipertermalen hasieran eratu eta metatutako sedimentuek 13C/12C erlazioa baxua izaten dute, geruza buztintsuen behealdean maiz ikusi ohi den bezala. Bestalde, gertakari hipertermaletan atmosferako CO2-kantitatea handitzearekin batera ozeanoetako ura ere azidotuz doa. Ondorioz, itsas hondo sakonetan karbonatoa disolbatu egiten da (CaCO3 + H2O + CO2 = Ca2+ + 2HCO3– erreakzioaren bidez); beraz, metatutako sedimentuak CaCO3-eduki txikia du. Ozeanoen azidotzeak zuzen eragiten die bertan bizi diren karbonatozko izakiei, eta suntsipen biologikoak eragiten ditu zenbait kasutan.

Gertakari hipertermalen abiapuntu izan ziren fenomenoen iraupena zenbait milaka urtekoa izan zen, negutegi-gasen urteko isurketa-tasa 1-2 Gt CO2 izanik. Kontuan izanda egungo CO2-isurketaren tasa 25-28 Gt/urtekoa dela, 100-200 urteren buruan atmosferako CO2 kantitatea antzinako gertakari hipertermalak gertatu zirenean egon zenaren antzekoa izatera iritsi daitekeela uste da.

4. irudia: Gertakari hipertermalak eragiten dituzten prozesuak (goian) eta amaiera dakartenak (behean). (Ilustrazioa: Aitor Payros)

Zorionez, gertakari hipertermaletako sedimentuen azterketak erakusten du gertakaria baino lehenagoko baldintza hotzagoetara itzultzen dela klima hamarka-ehunka milaka urteren buruan.

Atmosferako CO2-a gutxitzea da aldaketa horren eragilea, honela negutegi-efektua murrizten baita (3. irudia). Batetik, badugu kontinenteetako silikatozko eta karbonatozko arroken meteorizazio kimikoa. Prozesu hauen bidez, gainera, ondo azal daitezke gertakari hipertermalen amaiera aldeko sedimentuetan dagoen karbonato-edukiaren hazkuntza. Bestetik, materia organikoaren pilaketa da ozeanoetako eta atmosferako CO2-aren murrizketa eragin dezakeen beste prozesu bat. Karbonoa da materia organikoaren ekoizle diren bizidunen oinarrizko osagaietako bat, ingurumenetik bereganatzen dutena. Bizidunek batez ere 12C hartzen dute. Itsasoetako bizidunak hiltzen direnean beraien hondakinak hondoratu eta oxidazio bidez usteldu eta deskonposatu egiten dira. Era horretara, materia organikoko 12C-ak zirkulazioan jarraitzen du karbonoaren zikloaren parte gisa. Dena den, prozesu horiek gertatzea zailagoa gertatzen da gertakari hipertermaletan. Zirkulazio ozeaniko termikoa moteldu egiten da itsaso epel homogeneotan eta ozeanoetako ura geruzatu egiten da, alegia ez da gertatzen gainazalaren eta hondoaren arteko ur-trukaketarik. Itsasoen gainazaletik hondoratzen den materia organikoaren oxidazioak hondoko uren oxigenoa ahitu eta anoxia eragiten du; gerora itsaso hondora heltzen den materia organikoa ezin izaten da usteldu eta sedimentu barnean kontserbatzen da. Honela, gertakari hipertermaletako geruzen goiko aldean dagoen materia organikoaren pilaketa gertatzen da. Gainera, aipatu prozesuen bidez materia organikoko 12C-ak ez du karbonoaren zikloan aurrera egiten, itsas hondo anoxikoetako sedimentuetan harrapatuta geratzen baita. Era horretara, bizidunek ez dute ingurumenean behar beste 12C aurkitzen eta 13C erabili beharrean gertatzen dira. 13C-tan aberastutako bizidun hauen hondakinak sedimentuetan pilatzen direnean, geruza hipertermalen goiko aldeko 13C/12C erlazio altua azaltzen da. Prozesu horiek eragindako CO2-aren murrizketak negutegi-efektuaren murrizketa eta klimaren hoztea dakartza.

Beraz, Lurra aurreko gertakari hipertermaletatik irten bada, etorkizuneko balizko baldintza hiperberoetatik irteteko gai izango dela suposa daiteke. Alegia, gure ukituak ez du planeta fisikoki suntsituko, baina negutegi-efektu bortitzak dirauen bitartean txarrera egingo dute gure biziraupen egokirako komenigarrien zaizkigun ingurumen baldintzek. Ondorioz, baliteke itsas maila altuagoak eragindako geografia berrira egokitu behar izatea; baliteke era berean koral-arrezifeen suntsipenaren eta urakan indartsuagoen eragin bateratuaz kostalde tropikaletan uholde handiak eta higadura bortitza pairatzea; halaber, lehorte luzeek eta euri-jasa gogorrek eragindako lurzoru-galeraren ondorioz nekazaritza eta elikadura-arazoak egon litezke… Are larriago, antzinako gertakari hipertermal batzuk suntsipen biologiko lazgarriak eragin zituztela jakinik, pentsa dezakegu etorkizunean beste suntsipen biologiko bat gerta litekeela. Zorionez, gizakiak muturreko klimetara (ipar poloko klima izoztutik basamortuetako klima idorretara) egokitzeko gaitasuna erakutsi du; beraz, egungo berotze globalak suntsipen biologikoa eragingo balu ere, gera gaitezke iraun lezaketen espezieen artean egoteko itxaropenarekin.

Gehiago jakiteko:

  • Payros, A., Ortiz, S. (2018). “Eventos hipertermales del Paleógeno inferior en los Pirineos occidentales: modelos del futuro climático y elementos del patrimonio geológico”. Non: Badiola, A., Gomez-Olivencia, A., Pereda-Suberbiola, X. (ed.) “Registro fósil de los Pirineos occidentales: bienes de interés paleontológico y geológico” Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia (Vitoria-Gasteiz), ISBN 978-84-457-3437-7, 53-61 or.
  • Payros A. (2009). Etorkizun hiperberoa, eta zer? Iragan geologikoaren irakaspena. Ekaia 22, 157-173.

—————————————————–
Egileaz: Aitor Payros irakaslea da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean.
—————————————————–

The post Iraganeko gertakari hipertermalak, egungo eta etorkizuneko berotze globalaren aurrekari appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Klonatu ahal da gizaki bat?

Al, 2019-07-22 09:00

Zer iruditzen zaizu zure kopia genetiko bat izatea? Hau da, zure klona. Dena den, kopia genetiko zehatza izango litzateke baina DNA nuklearrari dagokionez. Egun, jakin badakigu teoria mailan posible dela eta agian 2100. urtean egingarria izango da edo ez. Izan ere, eztabaida etikoez gain, honetan badaude oraindik menperatzen ez ditugun prozesu biologikoak.

Maiz egiten diren galderak ataleko bideoek labur eta modu entretenigarrian aurkeztu nahi dituzte, agian, noizbait egin ditugun galderak eta hauen erantzunak. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Klonatu ahal da gizaki bat? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #264

Ig, 2019-07-21 09:00
Uxue Razkin

Osasuna

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %44 areagotu dira sexu transmisiozko infekzio kasuak eta %25 GIBarenak. Iaz, GIBaren 169 infekzio kasu detektatu zituzten; 2017an baino 34 kasu gehiago, eta 2016an baino 11 gehiago. Gorakada hori ikusita, kontzientziazio kanpaina bat abiaraziko du Osasun Sailak. Informazio guztia Berrian.

Txinako bi lekutan tigre eltxoa ia desagerraraztea lortu dute, bakterio bat eta emeak antzutzeko teknika bat erabilita. Tigre eltxoak arriskutsuak izan daitezke hainbat birus transmiti ditzaketelako: Dengea, Chikungunya eta Zika, besteak beste. Birus horiek eragiten dituzten gaixotasunek ez dutenez txertorik, eltxoen populazioak kontrolatzea da gelditzen den aukera, Elhuyar aldizkarian azaltzen dutenez.

Biologia

Koldo Garciaren eskutik bakailaoa gertutik ezagutzeko aukera izan dugu honetan. Ternua izan da arrantzarako gune nagusiena eta Kanadak bakailaoaren arrantza debekatu bazuen ere, ez da berreskuratu bakailaoaren kopurua Ternua aldean. Horren harira, orain dela gutxi ikertzaile talde batek bakailaoaren gene-egitura aztertu du bakailaoaren kudeaketa hobetzeko eta bakailaoaren berreskurapenean laguntzeko. Ikertzaileek ondorioztatu dute Ternua aldean gertatu den bakailaoaren gehiegizko arrantzak bakailaoaren gene-egituran eragina izan duela.

Fisika

Zientzialariak hegazkinek sortzen dituzten kondentsazio-lorratzak kezkatuta daude. Ondorioztatu dutenez, lorratza horiek dira planeta bereziki berotzen dutenak, hegazkinetako erregai bera baino. Kalkulatu dute, gainera, hodei artifizialen inpaktua hiru aldiz handiagoa izango dela 2050ean. Horretaz gain, kliman ere eragina dutela uste dute, baina klima-sistema oso konplexua denez, zaila da neurtzea norainoko inpaktua sortzen duten. Informazio gehiago Juanma Gallegoren eskutik.

Matematika

Matematikak behin baino gehiagotan izan dira protagonistak Oscar sarietan. Aleka McAdamsek, adibidez, efektu bereziei buruz idatzi zuen bere tesia eta horren ondotik, Walt Disney estudioetan eman zioten lana. McAdams eta bere tesi-zuzendaria daude Frozen eta Moana bezalako filmen arrakastaren atzean. Animaziozko film onenaren Oscar saria lortu zuen Frozen filmak 2014an. Izotza eta elurra ziren protagonista eta haien diseinu egokia lortzea, ahalik eta irudi errealena ematea, nahi izan zuten zuzendari artistikoek. Eredu matematiko berri bat proposatu zuen elurraren mugimenduen simulaziorako eta hori erabili zuten filmean. Honi buruz gehiago jakiteko, irakur ezazue osorik artikulu interesgarri hau!

Emakumeak zientzian

Marie Curiek bi aldiz irabazi zuen Nobel saria: lehenengoa, Fisikako Nobel saria izan zen (1903), bere senar Pierre Curie eta Henri Becquerelekin batera erradiazioaren fenomenoa ikertzeagatik, eta, zortzi urte geroago, berak bakarrik, Kimikako Nobel saria lortu zuen, radioa eta polonioa aurkitzeagatik. 1893an Fisikako ikasketak bukatu zituen eta urtebete geroago, Matematika Zientzietan lizentziatu zen. Lehen Mundu Gerran parte hartu zuen ere. Erabilpen militarrerako lehen zentro erradiologiko mugikorrak sortu zituen berak; Petite Curie gisa ezagunak. Datu gehiago artikuluan.

Biokimika

Antibiotikoekiko erresistentziaz mintzatu da Itziar Alkorta UPV/EHUren ikastaroetan, Berrian irakur daitekeenez. Bertan, ohartarazi du botika horien erabilera demasak handitu egin duela egoera “apokaliptiko” baten arriskua. “Antibiotikoak medikuntzan sartu ahala, demasa izan dela horien erabilera. Eta, testuinguru horretan, bakterioek erresistentzia metodo berriak garatu dituzte, edota metodo horiek partekatu egin dituzte beren artean”, azaldu du elkarrizketa honetan. Egoera kezkatzekoa dela azpimarratu du: “Bakterioek jarraitzen badute multierresistentziak garatzen, antibiotikorik gabe gera gaitezke”.

———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #264 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #271

La, 2019-07-20 09:00

Onddo batek txitxarren portaera sexualari zelan eragiten dion izugarria da. JR Alonsok azaltzen du Sex, drugs and rock & roll, cicada style

Espazio txikietan, nanometro kubiko bateko espazioetan, argiarekin gertatzen dena oso interesgarria da. Hainbeste, ezen kontsumo baxuko dispositibo nanometrikoak eta aukera handiak martxan dauden. Javier Aizpurua (CFM &DIPC), nanofotonika aditua, berrikuspena egin du taldekideekin batera. The extreme nanophotonics of the plasmonic nanopatch

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #271 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Marie Curie (1867-1934): Mitoaren azpian dagoen zientzialaria

Or, 2019-07-19 09:00
Uxue Razkin Marie Curie gertuago dago kondairatik mundu errealetik baino. Edonon aurki ditzakegu bere bizitza txatalak; historian zehar ezagutu ditugun datuekin bertsio ezberdinak sortu ditugu eta Tangram bateko piezak izango balira bezala, denak batu eta bere mitoa sortu dugu. Oso zaila da guztiok ezagutzen dugun pertsonaz idaztea. Batzuetan hainbeste dakigu gauza baten inguruan, non ematen duen ezer ez dakigula.

1. irudia: Fisikako Nobel saria irabazi eta zortzi urtera Kimikako Nobel saria eskuratu zuen Marie Curiek.

Marie Curiek bi aldiz irabazi zuen Nobel saria erradioaktibitateari lotutako lanengatik eta modu berean, hori lortzen lehen emakumea izan zen ere. 1903an, Fisikako Nobel saria irabazi zuen bere senar Pierre Curie eta Henri Becquerelekin batera erradiazioaren fenomenoa ikertzeagatik, eta, zortzi urte geroago, berak bakarrik, Kimikako Nobel saria lortu zuen, radioa eta polonioa aurkitzeagatik.

Marie Curie (jatorriz Marie Sklodowska) Varsovian jaio zen, 1867an. Etxea izan zuen eskola; bere aita, Władysław Skłodowska, fisikako eta matematikako irakaslea zen eta bere ama, Bronisława Boguska, nesken eskola bateko zuzendaria. Hala, etxean ikasi zituen fisika eta kimika arloetako oinarrizko kontzeptuak goi-mailako ikasketak egin ahal izan zituen arte. Bere ahizpa Bronislawarekin batera, emakumeak onartzen zituen unibertsitate polako batean hasi zen ikasten. Mariek beti izan zuen amets Parisera joatea, Sorbona Unibertsitatean ikasi nahi zuen. Lortu zuen, baina sakrifizio handia eginez, jakina. Matrikula ordaintzeko dirua lortu behar zuenez, irakasle gisa aritu zen. Gainera, jada Sorbonan zegoela, kasik ez zuen jaten gehiago ikastearren eta behin baino gehiagotan klasean zorabiatu omen zen. Halere, 1893an Fisikako ikasketak bukatu zituen eta urtebete geroago, Matematika Zientzietan lizentziatu zen. Gizonezkoen munduan gailendu zen fisikaria historia idazten hasia zen.

Erradioaktibitatearen lehen urratsak

Wilhelm Roentgen eta Henri Becquerel fisikariak X izpiak eta uranioaren erradiazioak aurkitu zituzten eta Mariek bide hori jarraitzea erabaki zuen tesia egiteko: argi zeukan substantzia erradioaktiboen inguruko ikerketak abiatuko zituela. Uranioaren mea desberdinen erradioaktibitatea neurtzen ari zela ikusi zuen horietako batzuk beste batzuk baino erradioaktiboagoak zirela. Bere senar Pierre Curie liluratuta zegoen Mariek egindako aurrerapausoekin eta, hortaz, magnetismoari buruzko ikerketak alboratu eta bere emaztea laguntzea erabaki zuen. Hala, senar-emazteek erradioelementu batekin egin zuten topo, uranioa baino erradioaktiboagoa zena: Polonioa –izen hori ipini zioten Marieren jaioterriaren omenez–. Urte berean, torioaren erradioaktibitatea zehaztu zuen. Eta urtebete geroago, radioa aurkitu zuten. Aurkikuntzek ez zuten etenik.

2. irudia: Hasiera batean, Becquerelek eta Pierre Curiek baino ez zuten jaso Fisikako Nobel sariak, baina Pierrek bere emaztea sarituen artean agertzea nahi zuen.

1903an Curiek bere tesia aurkeztu zuen Sorbonan eta zientzian doktore bihurtu zen. Urte horretan, Fisikako Nobel saria jaso zuen. Hasiera batean, Becquerel eta Pierre Curie izan ziren sarituak bakarrik baina Pierrek bere emaztea sarituen artean agertzea nahi zuen. Horretarako, hainbat gutun bidali zituen eta azkenean, bere helburua lortu zuen. 1906 urteaz geroztik, Sorbonako Unibertsitateko fisika laborategiko zuzendaria izan zen Marie eta bertan aritu zen irakasle –hori lortzen lehen emakumea izan zen!–; Frantziako Akademiak, ordea, ez zuen onartu emakumea zelako. Halere, urte hura ez zen onena izan Marierentzat, bere senarra hil baitzen istripu baten ondorioz eta horrek Marieri depresioa eragin zion. Dena dela, aurrera jarraitu zuen, ez zuen beste irtenbiderik. Gauzak horrela, Sorbonako Unibertsitateko lehen emakume katedraduna bilakatu zen eta horren ondotik, 1911n, jaso zuen Kimikako Nobel saria polonioa eta radioa aurkitu eta azken hori isolatzeagatik.

Lehen Mundu Gerrak aldatu zuen Marie

Lehen Mundu Gerrak ikerketak uztera behartu zuen fisikaria. Hala, buruan zituen nozio guztiak praktikan jartzeko aukera izan zuen. Ez zuen txarto egin: milaka bizitza salbatzen lagundu zuen. Erabilpen militarrerako lehen zentro erradiologiko mugikorrak sortu zituen; Petite Curie gisa ezagunak. Horretaz gain, ospitaleetan soldaduei erradiografiak egin zizkien eta medikuen lana erraztu zuen horrela, horiei esker soldaduen gorputzetan balak aurkitzea errazagoa baitzen. Gainera, erizainei makina horiek nola erabiltzen ziren irakasten aritu zen. Bere laguntza ikaragarria izan zen baina ez soilik gerran. Izan ere, Curiek berak sortu zuen Radioaren Institutuan minbiziaren aurkako tratamenduak ikertu zituen. Bere alaba, Irene-Joliot Curie, bertan aritu zen ere, bere amaren laguntzaile gisa.

Erradioaktibitateak eman zion bere bizitzako arrakasta baina modu berean kondena izan zen harentzat. Izan ere, leuzemiaz hil zen 1934an, ziurrenik bere bizitzan zehar jasotako erradiazioarengatik.

Marie Curie ez da soilik tentuz ahoskatzen duzun izen bat, ezta kondaira baten pertsonaia bat ere. Jakina da Marie Curie biltzen duen arrakasta-geruza lodia dela baina azken batean, zientzian gauza bikainak egin zituen emakume zientzialari bat da: mitoaren azpian dagoen fisikari aparta, haren lana betierekoa izango dena.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Marie Curie (1867-1934): Mitoaren azpian dagoen zientzialaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bakailaoa bere gene-saltsan

Og, 2019-07-18 09:00
Koldo Garcia Pil-pilean, ajoarriero, bizkaitar erara, tortillan, piper beteak,… hamaika modu daude bakailaoa kozinatzeko. Euskal kulturaren, ekonomiaren eta historiaren osagai garrantzitsua dugu arrain hau. Ezaguna da arrantzale asko joan zirela Ternua aldera bakailaoa arrantzatzera, munduko beste arrantzale askok bezala. Izan ere, arrain hau ugaria baitzen paraje horietan. Gehiegizko arrantzak ordea ondorioak ekarri zituen eta 1970.eko hamarkadan bakailao-populazioaren jaitsiera oso nabarmena gertatu zen, eta ondorioz bakailaoaren arrantzaren debekua egin zen. Gehiegizko arrantza horrek bakailaoaren gene-egituran ere ondorioak ekarri zituen.

1. irudia: Amaren bakailaoa, pil-pilean. (Argazkia: Koldo Garcia)

Bakailaoa (Gadus morhua) Ozeano Atlantikoaren iparraldean bizi da. Arrantzarako bi gune nagusi izan ditu: Ipar-mendebaldea, Ternua inguruan (Kanada eta Groenlandia); eta ipar-ekialdea, Svalbard inguruan (Norvegia). Lehenbizikoak 1970.eko hamarkadan bakailao-populazioaren kolapsoa izan zuen eta jada ez dago ia arrantzarik; azkenekoak osasun ona du eta arrantza-gune nagusia da orain. Ternuan gertatutako kolapsoa azaldu izan da gehiegizko arrantzaren eta klima-aldaketaren ondorio bezala. Bakailaoaren ugaritasunaren gainbeheraz gain ipar-mendebaldeko bakailaoak ere tamainan eta heldutasun-adinean gainbehera izan du, arrantzaren menpeko hautespenaren ondorioz. Kolapsoa gertatu ostean Kanadak bakailaoaren arrantza debekatu bazuen ere, ez da berreskuratu bakailaoaren kopurua Ternua aldean. Orain dela gutxi ikertzaile talde batek bakailaoaren gene-egitura aztertu du bakailaoaren kudeaketa hobetzeko eta bakailaoaren berreskurapenean laguntzeko.

Ternuako bakailaoaren gene-egitura ezagutzeko aztertu dituzte bostehun bakailao baino gehiago. Bakailao horiek 2001 eta 2015 urteen artean jaso ziren ipar-mendebaldeko Atlantikoko hamazortzi tokitan: hamahiru Ternua eta Labrador penintsularen inguruetan; hiru Kanadako hegoaldean; eta bana Gilbert badian eta San Laurendi golkoaren hegoaldean. Azterketa egiteko bakailao horien ia zazpi mila gene-aldaera erabili dituzte, mota honetako azterketak egiteko informazio gehien ematen dituzten gene-aldaerak hain zuzen ere.

2. irudia: Gehiegizko arrantzak eragin zuen bakailaoaren populazioaren gainbehera ikaragarria Ternuan. (Argazkia: kazuphotos – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)

Ikertzaileek ikusi zuten bakailaoak hiru taldetan banatzen zirela. Banaketa horren oinarria da lehenengo kromosoman gertatu den berrantolaketa bat; eta bakailaoak kromosoma bakoitzaren bi kopia dituenez, konbinaketa ezberdinetatik defini daitezke hiru taldeak:

  • talde bat osatzen zuten berrantolaketarik ez duten bi kopien eramaileek;
  • beste talde bat berrantolaketa duten bi kopien eramaileek;
  • eta hirugarren taldea heterozigotoak ziren, hau da, lehenengo kromosomaren kopia batean berrantolaketa zuten eta bestean ez.

Aurretik ezaguna zen kromosoma-berrantolaketa hau ekialdeko Atlantikoko bakailaoetan. Kromosoma-berrantolaketa horretan alboan dauden bi genoma-eskualde atzekoz aurrera agertzen dira, kromosomaren egitura aldatuz. Berrantolaketa horrek eragin du bertan kokatzen diren geneak supergene bakar bat bailiran bezala heredatzea eta eragina izatea bakailao-populazioaren egituran, zailagoa baita gurutzatzea berrantolaketa duten bakailaoak eta ez dutenak. Izan ere, uste da kromosoma-berrantolaketa hori ekialdeko Atlantikoko bakailaoetan gertatu zela orain dela 1,6 eta bi milioi urte artean eta eragin zuela ipar-mendebaldeko bakailaoan aldakortasuna emendatzea.

Aurretik ezaguna zen ere kromosoma-berrantolaketa horrek lotura zuela bakailaoaren migratzeko gaitasunarekin eta ikerketa honetan berretsi dute lotura hori. Oro har, berrantolaketa ez duten bakailaoak ez dira migratzaileak, kostaldekoak dira; berrantolaketa dutenek, aldiz, joera handiagoa dute migratzeko. Kromosoma-berrantolaketa gertatu den eskualdean kokatzen dira igeri-maskuriarekin eta muskuluen errendimenduarekin lotutako geneak; eta iradoki da horrek migrazioak egiteko gaitasunean eragina izan duela. Ideia honen alde, azken lan honetan ikusi dute hautespenak modu ezberdinean jokatu duela berrantolaketa izatearen arabera: migrazioa hobetzen duten gene-aldaeren aldeko hautespen naturala gertatu da kromosoma-berrantolaketa duten bakailaoetan.

3. irudia: irudia: Bakailaoaren gene-egituraren aldaketak Ternuako ekosisteman eragina izan dezake (Argazkia: jzabloski – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)

Baita ere, gene-datuetan oinarrituta eta simulazioak erabilita, aztertu dute talde bakoitzaren kopuruaren bilakaera. 1860. urtean talde bakoitzak antzeko tamaina bazuen ere, kromosoma-berrantolaketarik ez zuen taldean eta heterozigotoak ziren taldean populazioa nabarmen hazi zen 1970. urtera arte, hau da, populazio oso emankorrak izan ziren. Kromosoma-berrantolaketa zuen taldean, ordea, ez zen halakorik ikusi, populazioaren jaitsiera txiki bat baizik. 1970. urtetik aurrera hiru taldeetan populazioaren kopuruak nabarmen behera egin zuen eta horrek eragin du orain talde bakoitzaren kopurua ezberdina izatea: kromosoma-berrantolaketa duen taldea oso urria da eta talderik handiena kromosoma-berrantolaketarik ez duena da. Gainera, tokian toki, ikusi da talde bakoitzaren proportzioa aldatu dela eta horrek iradoki dezake hautespenaren intentsitatea, edo arrantzaren eragina, lekuaren araberakoa izan dela.

Egileen ustez argi dago gehiegizko arrantzak batez ere kromosoma-berrantolaketa duen populazioan eragina izan duela, hau da, migrazioak egiten dituzten bakailaoetan. Egileen aburuz, populazio mota ezberdinen proportzio aldaketak eragin du kostako ekosistemaren berrantolaketa eta, gehiegizko arrantzak jarraituko balu, migratzen duen bakailao-taldea guztiz desagertuko litzateke. Ondorioz, bakailaoaren bioaniztasuna, banaketa eta iraunkortasuna aldatuko litzateke eta horrek aldaketak sortuko lituzke ipar-mendebaldeko Atlantikoko ekosistemen funtzioan eta osaketan. Hortaz, bakailaoaren kudeaketa egiterako orduan aholkatzen dute genoma-egitura kontutan hartzea, bioaniztasuna mantentzeko eta, horrela, etorkizunean bakailaoaren populazioaren beste kolapso bat ekidin.

Laburbilduz, badirudi Ternua aldean gertatu den bakailaoaren gehiegizko arrantzak bakailaoaren gene-egituran eragina izan duela eta, horrek, Ternuako ekosisteman eragina izan dezakeela. Horrela, uda honetan egingo diren bakailao-lehiaketa batean parte hartzen baduzu edo kuxkuxeatzen baldin bazaude, zure kideei eta lehiakideei azal ahal diezu nola gure zaletasun horrek bakailaoaren gene-egitura aldatu duen.

Erreferentzia bibliografikoa:

Kess et al. (2019). A migration-associated supergene reveals loss of biocomplexity in Atlantic cod. Science Advances, 5(6), eaav2461. DOI: 10.1126/sciadv.aav2461

—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
—————————————————–

The post Bakailaoa bere gene-saltsan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Arrazoi dute: zeruan ikusten diren lorratzak kezkagarriak dira

Az, 2019-07-17 09:00
Juanma Gallego Hegazkinek sortzen dituzten kondentsazio-lorratzak kezka iturri izan daitezke, baina ez konspirazioari lotutako teoriek esaten dutenagatik. Zientzialariek ondorioztatu dutenez, abiazioari dagokionez, zeruan sortzen diren lorratzak dira planeta bereziki berotzen dutenak, hegazkinetako erregai bera baino. Kalkulatu dute, gainera, hodei artifizialen inpaktua hiru aldiz handiagoa izango dela 2050ean.

The Cloudspotter’a Guide liburuan, CAS Hodeiak Estimatzeko Elkarteko presidente Gavin Pretor-Pinneyk “hodeien familiako sasikume” berritzat hartzen ditu kondentsazio-lorratzak. “Gaur egun, agian hobe da mugatzea esatera haien ez direla sortuak izan haien anai-arrebak sortuak izan diren modu berean”, gaineratzen du, iseka puntu batekin. Egileak argitzen duenez, bi hodei mota horien artean dagoen desberdintasun bakarra da, hain zuzen, batzuk modu naturalean sortzen direla, eta besteak giza jardunaren ondorio direla.

1. irudia: Denbora askoan ez da kontuan hartu kondentsazio-lorratzen eragina klima aldaketan, baina orain ikerketa batek azaleratu du eragin esanguratsua izan dezaketela. (Argazkia: William Hook/Unplash)

Hegazkin komertzialek eragiten dituzten lorratz horiek 8.000-12.000 metroko altueran sortu ohi dira; horixe baita, hain zuzen, hegazkin gehienen gurutzaldi-abiadurarako altituderik hoberena. Baina bertan dagoen tenperatura oso baxua da, 30-60 gradu zero azpitik, eta hegazkinen motorretatik ateratzen diren gas heze eta beroak atmosferan dagoen aire hotzarekin nahastean ur-tanta txikiak eragin daitezke, modu horretan izotz-kristal txikiak sortzen direlarik. Kristalen eraketa horretan motorretik ateratzen diren partikulak ere lagungarri dira, horien inguruan biltzen baita hezetasuna. Alabaina, ez dira beti lorratzak sortzen: airean hoztasun eta hezetasun nahikoa egon ezean, kristal horiek ia berehala sublimatzen dira. Horregatik, eguraldia iragartzen trebezia nahikoa dutenentzat, zeruan marraztutako marra horiek troposferaren goiko aldearen tenperaturaren adierazle izan daitezke.

Eguraldian ez ezik, hodei artifizial horiek kliman ere eragina dutela uste dute zientzialariek, baina klima-sistema hain konplexua denez, askotan zaila izan da neurtzea norainoko inpaktua duten. Batetik, lorratz hauek eta bestelako partikulek iluntze efektu bat sortzen dutela proposatu da behin baino gehiagotan, eguzkiaren energiaren zati bat islatzen dutelako. Hau da, planeta berotu beharrean, planeta hozten lagunduko lukete. Efektu bera dute ere hodei gehienek, baina hodei artifizialen kasuan efektua kontrakoa dela uste dute zientzialariek, haien tamainagatik eta dauden altitudeagatik energia kopuru bat igarotzen uzten dutelako; baina, aldi berean, bertan dauden izotz kristalek energia kopuru bat ere metatzen dutelako.

Orain, aurrenekoz, ikerketa batek zehaztu du lorratz horiek klima aldaketan daukaten eragina, mundu mailan. DLR Alemaniako Zentro Aeroespazialeko bi ikertzailek egin dute kalkulua. Gaur egungo egoera kontuan hartzeaz gain (berez, 2006. urtea hartu dute erreferentzia modura), eta klimatologian egin ohi den moduan, 2050. urterako aurreikuspenak ere egin dituzte. EGU Europako Geozientzien Batasuna elkarteak argitaratzen duen Atmospheric Chemistry and Physics aldizkarian zabaldu dituzte emaitzak.

2. irudia: Mapetan azaltzen da hegazkinetako lorratzek sortzen duten beroketa, metro koadroko miliwattetan neurtuta. 2006ko datuak (a), eta 2050erako aurreikuspenak (b). Erakusten dira ere berotegi efektuak eragindako berotze erantsia (c), eta motorren efizientzian aurreikusitako hobespenak (d). (Grafika: EGU)

Egileek proposatu dute beroketa globalean orain arte behar bezala kontuan hartu ez den eragina badutela hodei artifizial hauek. Bi dira atera dituzten ondorio nagusiak. Batetik, ikusi dute kondentsazio lorratzen bitartez kliman sortzen den eragina hegazkinetan erabilitako erregai fosilen errekuntzagatik sortzen dena baino handiagoa dela. Bestetik, egin dituzten kalkuluen arabera, hodei artifizial horien eragina hiru aldiz handiagoa izango da 2050ean. Zehaztu dutenez, hodei artifizialen eragina abiazioaren hasieratik egindako CO2 isuriak baino zertxobait handiagoa izan da. Kalkulatu dutenez, hegazkinen inpaktua 2006an metro koadroko 49 miliwattekoa izan zen, baina 2050ean eragin hori 159 mW/m2 izango dela aurreikusi dute. Izan ere, eta Europako Batzordeak egin dituen aurreikuspenak kontuan hartuta, aireko zirkulazioa 3-7 aldiz handiagoa izango da data horren bueltan. Hemendik 30 urtera bitarteko egoera kalkulatzeko, egileek azaldu dute haien ikerketan ere kontuan hartu dutela hegazkintzaren industriak motorretan hobekuntzak garatuko dituela.

Argitu dute abiazioak erradiazio bidezko indartze antropogenikoaren %5 sortzen duela, hau da, planetak jasotzen duen erradiazioak eta giza jardueraren ondorioz espaziora bueltatzen den erradiazioaren arteko aldean eragina baduela.

Munduaren tokiaren arabera, ezberdina da hodei artifizial hauen presentzia. Hala, aurretik egindako ikerketa batek zehaztu zuen batez bestean zeruen %0,61 okupatzen dutela hodei artifizial hauek, baina kopurua handitzen da noski populazio gehien duten guneetara hurbildu ahala. Modu horretan, Europan %2 da batez bestekoa, baina kontinente zaharreko erdigunean zein Ameriketako Estatu Batuetako hainbat eremutan portzentajea %10era iristen da.

Toki hauetan ez ezik, eta gaur egun ekonomiari lotuta egiten diren aurreikuspenak kontuan izanda, egileek ondorioztatu dute datozen urteetan bereziki Asiaren ekialdean eta hegoaldean handituko dela lorratzek sorraraziko erradiazio bidezko indartzea.

Erreferentzia bibliografikoa:

Bockand, Lisa; Burkhardt, Ulrike (2019). Contrail cirrus radiative forcing for future air traffic. Atmospheric Chemistry and Physics, 19, 8163-8174. DOI: https://doi.org/10.5194/acp-19-8163-2019

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Arrazoi dute: zeruan ikusten diren lorratzak kezkagarriak dira appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Oscarretarako bide matematikoa

Ar, 2019-07-16 09:00
Javier Duoandikoetxea Asko izan dira gure fakultatean matematikari egin direnak haren 50 urteko ibilbidean. Nik dakidala, inork ez du Oscar sari bat irabazi… orain arte. Harrigarria badirudi ere, hori gerta daiteke, eta ez aktore ospetsu bihurtuta, matematika erabilita baizik.

Star Wars, Karibeko piratak, Toy Story, Frozen eta beste film asko ikusita, sumatzen dugu ordenagailuak zeregin handia izan duela haien atzean dagoen lan teknikoan. Zer ote da, baina, ordenagailuaren lana? Baten batek eman behar dizkio aginduak…

Elurra, ura, ilea, haizea eta abar

Aleka McAdamsek 2011n aurkeztu zuen tesia UCLAn, Joseph Teran irakaslearen zuzendaritzapean. Matematika aplikatuko tesia zen eta izenburuan efektu berezietako erabilera aipatzen zuen (applications to physical simulation in visual effects). Walt Disney estudioetan eman zioten lana. Alexey Stomakhinek urte bi geroago amaitu zuen bere tesia, zuzendari berarekin lan eginda, eta hura ere Walt Disneyra joan zen lanera. Hirurak, Teran, McAdams eta Stomakhin, agertzen dira Frozen eta Moana filmen arrakastaren atzean, beste zenbait lankiderekin batera, haietariko batzuk UCLAko ikasleak.

1. irudia: Stomakhin, Teran eta UCLAko beste ikasle bi, Frozen filmaren amaiera ospatzen. (Argazkia: UCLA Newsroom)

Animaziozko film onenaren Oscar saria lortu zuen Frozen filmak 2014an. Izotza eta elurra ziren protagonista eta haien diseinu egokia lortzea, ahalik eta irudi errealena ematea, nahi izan zuten zuzendari artistikoek. Teranen taldeak, Stomakhin barne zela, eredu matematiko berri bat proposatu zuen elurraren mugimenduen simulaziorako eta hortik sortu zen programa erabili zuten filmean. McAdamsen lantaldeak beste eginkizun bat izan zuen film berean: haizearen eragina jantzietan eta ilean simulatu zuten.

2. irudia: Aleka McAdams Frozen filmak irabazitako Oscarrarekin. (Argazkia: TigerBands)

Moana filma (Vaiana, hemengo aretoetan) Polinesiako itsasoetan kokatzen da. Urari protagonismo berezia eman nahi izan zioten, filmeko beste pertsonaia bat bailitzan. Zaila da uraren simulazioa egitea, masa osoaren mugimenduaz gain, olatuen talkak eta baita zipriztinak ere erakutsi behar baitira, itxura erreala lortzeko. Ordurako beste film batzuetan ere agertu zen uraren mugimendua, baina hobetu nahi izan zuten. Stomakhinek garatu zuen simulazio berriaren kodea, talde baten barruan, eta bertan zen berriro Teran irakaslea ere. McAdamsek ere hartu zuen parte filmean, oraingoan ilearen simulazio berri bat proposatu zuen taldean.

Joseph Teranen tesi-zuzendaria Stanford Unibertsitateko Ronald Fedkiw izan zen, entzutetsua eta saritua zinemarako egin duen lanagatik. Fedkiwren zuzendaria izan zena, berriz, ospe handiko matematikaria da: Stanley Osher, UCLAko irakaslea. Besteak beste, matematika arloko sari garrantzitsu bat eman zioten Osher jaunari 2014n, Gauss saria. Berak sortu zuen, James Sethianekin batera, maila-multzoen metodoa (level-set method) gainazalen irudikapenerako eta horrekin gainazalen mugimendua, nahastea edo bateratzea deskribatzeko tresna bat. Fedkiwk tresna matematikoa zena zinearen teknologiara egokitu zuen eta hainbat filmetan erabili da.

Sci-Tech (Oscar) sariak

Zinemako Arte eta Zientzien Akademiak ematen ditu Oscar sariak mundu guztian ikus daitekeen zeremonia arranditsu batean. Askok ez dute jakingo, ordea, glamour gutxiagoko beste zeremonia batean Sci-Tech sariak banatzen dituela. Horien bidez Akademiak ohoratzen ditu “gizon, emakume eta enpresak, zeinen aurkikuntza eta berrikuntzek modu garrantzitsu eta iraunkorrean lagundu baitioten zinemari”. Ohiko da matematikariak, fisikariak eta informatikariak saritzea. Aurtengo adibidea aipatzearren, 2019ko Zientzia eta Ingeniaritza alorreko saridunen artean Edwin Catmull, Tony DeRose eta Jos Stam izan dira, hiru dimentsioko geometriaren eredu digitaletarako gainazalen zatitze-metodoa sortu eta garatzeagatik. Irudi poligonal edo poliedriko batetik abiatuta, forma leunak lortzen dituzte iterazio bidez.

3. irudia: Jos Stam, Edwin Catmull eta Tony DeRose saria jasotzen. (Argazkia: Todd Wawrychuk / ©A.M.P.A.S)

Edwin Catmull aitzindaria izan zen animazioa ordenagailuz egiten, 1970eko hamarkadan hasi baitzen, informatika eta fisikako ikasketak amaitu berritan. Laster kontratatu zuen George Lucas zinegile ospetsuak bere enpresetan lan egiteko, zinemaren industrian konputazioa sartzearen beharraz konbentzituta. Catmullek ekarpen tekniko asko egin ditu eta, gainera, Pixar eta Walt Disney Animation Studios enpresen presidentea izan da. Bost bider irabazi ditu Zinemako Akademiaren sariak, haietako bat Gordon E. Sawyer sari berezia (2009).

Tony DeRose Pixar enpresaren ikerketa taldeko burua izan da denbora luzez, unibertsitateko irakasle izan eta gero. Gazteen artean matematika, fisika eta ingeniaritza bultzatzeko Pixar in a box programa abiatu zuen Pixar eta Khan Academy elkartuta. Bertan bideo laburren bidez azaltzen da Pixarren animazio lana (bideo-sorta honetan, adibidez, aipatu dugun zatitze-metodo saritua).

Jos Stam, holandarra jaiotzez, Suitzan hazi zen eta informatika eta matematika ikasi zituen Genevan. Gero Toronton egin zuen tesia informatikan eta fenomeno fisikoen animazioan hasi zen lanean. Fluidoen simulazioan arrakasta handiko Maya Fluid Effects programaren sortzaileetako bat da. Bere lana aurkezteko hala dio: “nire ikerketan atsegin dut konbinatzea artea, matematika, zientzia, ordenagailuak eta beste zenbait gauza exotiko”.

4. irudia: Jos Stam, konputazio grafikoan aditua, zenbait ekuazio matematikoren aurrean. (Argazkia: Azam Khan / Wikipedia – CC BY 3.0 lizentziapean)

Aurtengo hiru hauen moduan, hainbat zientzialari agertzen dira beste urte batzuetako sarituen artean.

Kirurgia birtuala

Josep Teranek zinemarako lan egiteaz gain, badu beste ikerketa-ildo interesgarri bat: kirurgia birtuala. Ez du berak sortu, lehenago ere egiten zen, baina bereziki interesatzen zaion alor bat da. Medikuak ordenagailuan egiten du ebakuntza, trebatzeko edo ondorioak probatzeko, eta ez du gorpurik behar. “Pazientea” hiltzen bazaio, berriro has daiteke ebakuntza egiten.

Garrantzitsua da horretarako ordenagailuen kalkuluak denbora errealean egitea, esan nahi baita, medikuaren mugimendu bakoitzaren erantzuna berehala agertu behar da pantailan, benetako ebakuntza bat simulatuz. Horrek esan nahi du atzean dauden ekuazio matematikoak ebazteko denbora oso txikia izan behar dela. Esandako horrek zinemarako ere balio du, komenigarria baita talde artistikoarentzat irudien segida jarraitua ikustea. Hortaz, segundoko 30 fotograma hartzeko, beste horrenbeste bider ebatzi beharko dira ekuazioak, aldi bakoitzean lortutako datuetatik abiatuz hurrengoen kalkulua.

Azken hitzak McAdams, Osher eta Teranen artikulu batetik (2010) hartuko ditugu:

“konputazio zientziaren teknikak duela gutxi bihurtu dira praktikoak zineman eskala handian, beraz, oraindik ez dakigu zein izango den haien eraginkortasuna eta tokia zinemagintzan. Ahaleginak egingo dira hurrengo urteetan erabat ulertzeko matematika aplikatuaren gaitasuna industrian, eta hori bakarrik egin dezakete matematikan, konputazio zientzian eta fisikan oinarri sendoa duten ikertzaileek”.

Gehiago jakiteko:

——————————————-
Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedraduna da UPV/EHUn.

——————————————-

The post Oscarretarako bide matematikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zelan eragiten digu klima-aldaketak?

Al, 2019-07-15 09:00

Aspaldi honetan denok sumatu dugu beroaldiak, hezeagoak, luzeagoak eta larriagoak direla. Hauek, klima-aldaketaren ondorioak dira. Beroaldi horiek are eta larriago eragiten diete aire zabalen lan egiten dutenei, kirolariei, haurrei, adinduei eta bihotzeko arazoak dituztenei ere. Baina, zehazki, zein arazo dakar muturreko beroak osasunarentzat?

Maiz egiten diren galderak ataleko bideoek labur eta modu entretenigarrian aurkeztu nahi dituzte, agian, noizbait egin ditugun galderak eta hauen erantzunak. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Zelan eragiten digu klima-aldaketak? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #263

Ig, 2019-07-14 09:00
Uxue Razkin

Paleontologia

Eurasiako sapiens zaharrena identifikatu dute. Grezian, leku berean aurkitutako bi garezur aztertuta, bata duela 210.000 urteko sapiensa, eta bestea 170.000 urteko neandertala direla ondorioztatu dute. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, lehena, Eurasian aurkitu den sapiensik zaharrena litzateke. Horrek adierazten du modu berean gizaki modernoa uste baino askoz lehenago atera zela Afrikatik. Ikerketa honek zalantzak piztu ditu.

Beste aurkikuntza bat ere izan dugu asteon: Europan inoiz aurkitutako hegazti fosilik handienaren berri eman dute. Paleontologo talde batek ostruka bat baino hiru handil handiagoa zen hegazti bat aurkitu dute; duela 1,5 eta 1,8 milioi urte bitartean kokatu dute fosila, Krimean, eta Europara sartu ziren Homo erectus espezieko lehen hominidoak iritsi zirenean hegazti hori kontinentean zegoela iradoki dute. Aurkitutako fosilean oinarrituta, hegaztia nolakoa izan zen azaldu digute. Juanma Gallego kazetariak eman dizkigu xehetasunak artikulu honetan. Ez galdu!

Astrofisika

Badirudi azken asteotan Jupiterren Orban Gorri Handia materia galtzen eta, ondorioz, tamainaz txikitzen ari dela, hau da, orbana desagertzen ari da. Artikuluan azaltzen denez, Orbana oso gune dinamikoan dago. Jupiterren bandak eta zonak korronte atmosferikoen mugak dira, ia denak ekialderanzkoak. Jupiterrerantz begira jarraitu beharko dugu. Zer gertatuko da etorkizunean?

Artikulu honen bidez egileek azaldu dute nola aplikatzen zaien termodinamikaren legeak zulo beltzei. Hasteko zer da termodinamika? Beroaren dinamika aztertzen duen fisikaren adarra da eta lau lege ditu oinarri, XIX.mendean zehar garatu zirenak. Duela 50 bat urte, Einsteinen erlatibitate orokorraren teoriaren arabera, zulo beltzek termodinamikaren legeen pareko legeak betetzen dituztela ondorioztatu zen.

Osasuna

Frantziako Osasunaren Goi Agintaritzak argitaratutako txosten batean homeopatia diru publikoz ez laguntzea aholkatu zuen agintaritzak, ez dagoelakoan produktu horiek eraginkorrak direla frogatzen duen oinarri sendorik, eta gobernuak kasu egingo dio. Hortaz, 2021etik aurrera, produktu homeopatikoak diru publikoz ordaintzeari utziko diote. Adierazi dutenaren arabera, prozesua progresiboa izango da: 2020an, kostuen %15 ordainduko ditu estatuak. Berrian informazio guztia.

———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #263 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #270

La, 2019-07-13 09:00

Harreman sozialak ez dira errazak autismoa duten pertsonentzat. Estimulu sentsorial jakin batzuekin lotuta egon liteke hau. Pertsonen usaina barne. José Ramón Alonsoren Altered responses to social chemosignals in autism

Fermioi astunen egitura kristalinoak ulertzeko efektu garrantzitsua ikustea lortu dute DIPCn. Oso gauza arraroak, baina oso interesgarriak gertatzen dira. First direct visualization by photoemision of how the Luttinger theorem works for Kondo lattices

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #270 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak