Museoaren inaugurazioa

Laboratorium museoa 2015. urteko irailaren 25ean inauguratu zuen Bergarako Udalak. Urte askotako lanen emaitza izan da, pertsona askoren ahaleginaren fruitu.
1981. urtean erabaki zuen udalak museoa egitea, bildumak berreskuratzeko lan eskerga egin behar izan da, ordea. 1981. urtean museoaren proiektua gauzatzeko lehen saiakerak egin ziren, herritarren laguntzari esker –Promoción Cultural Bergaresa taldea; batzorde Irekia–; hala ere, 1991. urtera arte ez zen egitasmoa profesionalizatze bidean jartzea lortu.

Hain zuzen ere, urte honetan eman zitzaion hasiera bildumen urgentziazko kontserbazio, inbentario eta balorazio teknikoa egiteko faseari, museoan ikusiko diren piezak ikertu, zaharberritu eta prestatuz. Ondoren, haren izaeraren inguruko hausnarketa sakona egin zuen udalak, eta etorkizuneko museoa definitu.