Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 31 min 25 seg

Asteon zientzia begi-bistan #261

Ig, 2019-06-30 09:00
Uxue Razkin

Kimika

Hil ondoren, gorpua lurperatzea edo erraustea dira irtenbiderik ohikoenak baina bada beste irtenbide “berdeago” bat. Josu Lopez Gazpiok azaltzen duenez, AEBetan gorpuekin konposta egiteko proposamena ikertzen aritu dira eta azkenean Washingtoneko Estatuan onartu da hori baimentzen duen legea, 2020an abiatuko dutena. Lege hori babesten dutenentzat ez dago modu hoberik bizitzaren zikloa ixteko. AEBetan urtean 2,7 milioi lagun hiltzen direla kontuan hartuta, ikerketa egin dutenek jo dute hamar urtetan tona metriko erdi karbono dioxidoren igorpena saihestu litekeela. Zuek zer deritzozue?

Fisika

Argiaren propietate berri bat frogatu dute Salamancako eta Colorado Boulder unibertsitateetako ikertzaileek: bihurdura. Ikertzaileek nabarmendu dutenez, azpimarragarriena da argi-sorten propietate berri bat sortu dutela. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, Salamancako Unibertsitatean argiaren bihurduraren kontzeptua sortu eta argi-sorta berri horiek sortzeko eta neurtzeko modua diseinatu dute. Colorado Boulderren, berriz, argi-sorta berriak neurtzeko eta kontrolatzeko esperimentua gauzatu dute, lehen aldiz.

Albert Fert Fisikako Nobel sariduna elkarrizketatu dute Berrian. Disko gogorraren aita gisa agertzen da teknologiaren historian. Saria irabaztera eraman zuten lan haien ondoriorik garrantzitsuena, baina, elektronika mota berri bat garatzea izan da: espintronika. Horri buruz mintzo da Fert: “Laster ez dugu telefonoa egunero kargatu beharko. Gaur, ordenagailuen eta sakelakoen abiada handitzeak badu garrantzia, noski, baina nire ustez kontsumoa jaistea garrantzitsuagoa da sozialki”. Eskirmioi partikulak ere izan ditu mintzagai elkarrizketan. Partikula horiek mundua aldatzeko gai izango dira? Ez galdu!

Teknologia

Nork ez du erabili noizbait “big data” kontzeptua? Zertaz ari gara, baina? Datu bolumen gero eta handiagoak erabiltzeko eta aztertzeko baliabideen garapenari eginen lioke erreferentzia. Egungo helburua da datu horiek guztiak informazio baliagarrian bilakatzea. Eta zer egiten dute Amazon eta Starbucks bezalako enpresek, adibidez, jasotako datu horiekin? Eta nolakoa izango da etorkizunean “big data”? Testu honetan azaltzen zaigu argiro.

Astrofisika

NASAren Curiosity ibilgailuak orain arteko metano-kontzertraziorik handiena neurtu du Marteren atmosferan, SAM tresnaren laser-espektrometroaren bitartez: 21 ppbv. Oraingoan ere ez dute jakin kontzentrazioak ez ohikoak diren ezta zerk sortuak diren ere. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, azken galdera hori gakoa izan daiteke, metanoa bizidunek sortua izan baitaiteke, baina baita arroken eta uraren arteko erreakzioen ondorioz ere.

Biologia

Munduko arrantza eremuek osatzen duten sarea marraztu dute ordenagailu bidezko simulazio baten bitartez. Lan hori eginda, ondorioztatu dute mundu osoko arrantzategiek sare erraldoia osatzen dutela, eta elkarrekiko dependentzia handia dutela. Izan ere, dependentzia hori dirutan jartzen ausartu dira: urtero 10.000 milioi dolarreko balioa duten arrainak “atzerrian” sortu dira, hau da, harrapatutako arrain horiek beste estatu batenak diren uretan sortu direla. Horretaz gain, egileek adierazi dute beharrezkoa dela nazioarte mailako lankidetza arrantza kudeatzerakoan. Juanma Gallego kazetariak ikerketa honen xehetasunak eman dizkigu hemen.

———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #261 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #268

La, 2019-06-29 09:00

Kafetera italiarraren eta zientziaren balioen misterioaren erresoluzioa heldu da. Jesús Zamora Bonillaren eskutik: The Italian coffee pot, a dialog on values in science (3): Science doesn’t do it itself, it has to be done

Askatasun 5 gradu dituen robotizatutako mozketa tresna bati jarraibideak ematea edozein modutan objektu tridimentsionalak sor ditzan ez da hutsala. Jarraibide horien garapenak matematika aplikatuak behar dituenez, BCAM: Finding collision-free tangential cutting directions when machining

Elektronikaren etorkizuna ez da elektroietan egongo, ziur aski, espinean baizik, espintronika deitzen den horretan. Materialak non espinak banatzeko aukera duten behar dira espintronika garatzeko. Osotasunean magneteikoak ez diren baina azalean ferromagnetikoak diren materialak suposatzen du horrek. Horixe bera topatu dute DIPCn: Non-magnetic in the bulk, strongly ferromagnetic at the surface, escrito por los propios protagonistas del hallazgo.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #268 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Maria Jesus Aranzabe: “Hizkuntza-teknologiak ezinbesteko tresna dira euskara bultzatu nahi baldin badugu” #Zientzialari (118)

Or, 2019-06-28 09:00

Hizkuntza baten erabilera bultzatzeaz gain, hizkuntza horrek mundu digitalean duen presentzia ere zaindu beharreko arloa da. Zentzu horretan, euskara Europako beste hizkuntzen mailan egon ahal izateko, hizkuntza-teknologiak lantzea ezinbestekoa da.

Egoera horren aurrean, euskararen unibertsorako onuragarriak izan daitezkeen sistema automatikoak garatzen ditu UPV/EHUko Informatika Fakultateko Ixa ikerketa-taldeak, euskararen gaineko ikerketa aplikatua betiere helburu izanik.

Ikerketa esparru zabal honen xehetasunak ezagutzeko, UPV/EHUko Ixa ikerketa-taldeko ikertzaile den Maria Jesus Aranzaberekin hitz egin dugu.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Maria Jesus Aranzabe: “Hizkuntza-teknologiak ezinbesteko tresna dira euskara bultzatu nahi baldin badugu” #Zientzialari (118) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Big data: Datu masiboen erabilera gaur eta bihar

Og, 2019-06-27 09:00
Jaione Etxeberria “Big data” delakoa askoren ahotan dabil azken urteotan baina berez, askok ez dakigu oso ondo kontzeptu hau zertan oinarritzen den. Big data honen oinarrizko ideia, eguneroko bizitzan uzten dugun urrats digitalaren azterketa litzateke, eta hiru ezaugarri nagusi lituzke: datu bolumen handiak aztertzekoa, denbora errealean egitekoa, eta datu mota desberdinak konbinatuaz egitekoak (hitzak, zenbakiak, irudiak, etab). Big data beraz datu bolumen gero eta handiagoak erabiltzeko eta aztertzeko baliabideen garapenari eginen lioke erreferentzia.

1. irudia: datuen emaitzak modu ulergarrian bistaratzea da Big dataren ezaugarrietako bat. Horrez gain, Big data hainbat analisi gauzatzeko interesgarria da. (Argazkia: Nick Youngson / Alpha Stock Images – CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Googleko zuzendari exekutiboa izandako Eric Schmidten hitzetan, zibilizazioaren hasieratik 2003. urtera arte, gizakiak bost exabyte datu sortu zituen, hau da 34.500 miloi musika disko MP3 formatuan izatearen baliokidea. Gaur egun gizakiak bost exabyte datu sortzen ditu bi eguneko, eta kantitate hau areagotzen doa egunetik egunera. Nola sor ditzake ordea gizakiak hainbeste datu? Belaunaldi berriko mugikor, telebista, erloju edota beste mota batzuetako aparailuen erabileren bitartez.

Adibide batzuk jartzearren, Facebook edo Twitter bezalako gizarte-sareetan mantentzen ditugun elkarrizketek, eta igotako argazki edo bideo guztiek informazio baliagarria sortzen dute enpresa hauentzat. Era berean, kreditu-txartelaren erabilpenak datuak sortzen ditu banketxeetarako eta zer esanik ez, Interneten nabigatzeak. Horri guztiari, sentsore-aparailuek sortutako datuak gehitu behar zaizkio, esate baterako mugikorraren GPS sistemak uneoro ematen duen kokapen zehatzak. Big data hauen helburu nagusia beraz hau da: nola bilakatu datu hauek guzti hauek informazio baliagarrian? Hona hainbat adibide.

Big data gaur

Starbucks, lami berdearen kafetegiak, azken urteetan pairatu duen geldialdi ekonomikoari aurre egiteko eta enpresaren etorkizuna hobetzeko asmoz, teknologia berrien bitartez lorturiko datu masiboen azterketa egitea erabaki du. Bi izan dira finkatutako helburuak: 1- Kafetegi berri bat ireki baino lehen, lokalak izan dezakeen tokian tokiko garapen ekonomikoa ezagutzea, 2- Starbucksen bezeroei eskaera eta esperientzia pertsonalizatuagoak eskaintzea.

Hala, lehen helburua betetzeko asmoz, Starbucksek Atlas sistema baten bidez deskribatua du bere enpresa-sarearen banaketa. Kafetegi bakoitzaren datuak (irabaziak, bezero kopurua, etab) gainontzeko lokalen informazioarekin konektatzen du R programa estatistikoa erabiliz. Hala, lokal berri bat ireki aurretik, “kanibalizazio ereduak” izeneko prozedura estatistikoetan oinarrituz, lokal berriak gainontzekoetan izan dezakeen eragina aurreikusteko aukera du.

Bigarrenik, Starbucksek bezeroei eskaera eta esperientzia pertsonalizatuagoak eskaintzeko asmoz, mugikorrerako aplikazio berri bat jarri du abian. Gerri Martin-Flickinger, Starbuckseko teknologia-zuzendari nagusiaren esanetan, “jendeak zer erosten duen badakigu, non eta nola erosten duen ere. Informazio hau beste datu mota batzuekin konbinatuaz (eguraldia, promozioak, inbentarioak eta lokal desberdinetan egiten diren ekitaldiak), gure bezeroei zerbitzu hobea eskaini diezaiekegu”. Aplikazio honen helburua beraz, erabiltzaile bakoitzaren ohiturak behatzea eta horretan oinarrituta fideltasuna saritzeko sistema pertsonalizatu bat garatzea da. Kontsumo jarraia egiten duten bezeroei sari edo promozio gehiago eskaintzen diete; honek bezeroen gogobetetasuna handitzen du eta hartara luzera bermatzen du bezeroaren fideltasuna. Aplikazio honek, gainera, aldaketa positiboak egiten ditu menuan. Salmentak areagotzen ez diren uneetan, garestiagoak diren kafeak kontsumitzera gonbidatuko lukete bezeroa, salmenta kopuru berdinekin irabaziak areagotzeko asmoz.

2. irudia: Amazonen erosketa-poltsa (goian) eta produktu berrien eskaintza (behean).

Beste adibide bat dugu Amazonen erosketa-saskian. Denok egin dugu noiz edo noiz erosketaren bat Amazon webgunean. Bertan egiten den erosketa bakoitzak enpresari irabazi ekonomikoa eskaintzeaz gain, datu oso baliagarriak ematen dizkio. Hala, zer egiten du Amazonek erosketetatik lorturiko informazioarekin? Eroslea beste produktu batzuk erostera erakarri, interesgarriak gerta lekizkiokeen beste produktu gehigarria batzuk eskainiz. Bezeroek produktu bat baino gehiago erosten dutenean, produktuak sailkatu eta zein produktu beste zeinekin erosi ohi den aztertzen du. Hala, erosle berri batek produktu horietakoren bat erosiko balu, besteak eskainiko lizkiokete (ikusi bigarren irudian).

Bestalde, erosle batek era jarraian erosketak egiten baditu, eroslearen profila osatzeko eredu estatistikoak ere erabiltzen dituzte bezeroaren arreta produktu interesgarrien bidez erakartzeko asmoz. Horrez gain, Amazonek bere prezioak uneoro aldatzen ditu. Metodo honek, erosleek prezio jakin batzuen aurrean duten sentikortasuna aztertzea ahalbidetzen dio eta erosketa-joera datu gehiago biltzea. Beraz, hauek ere Big data al dira? Noski, milaka produktu dira.

Bestetik, esan genezake Facebook datu masiboak sortzen errege dela Googlerekin batera. Ez al duzue sekula pentsatu Facebook bezalako enpresa boteretsu batek nola lortzen dituen urtean milioika eta milioika dolarretako irabaziak eskaintzen dituen baliabide eta zerbitzu guztiak doakoak badira? Gure datuak direlako bere produkturik baliotsuenak. Facebookek profil bakoitzaren azterketa sakona egiten du, gure gizarte-esparrua bereganatzen du eta ordenagailu edota mugikorra erabiliz konektatzen garen unean eurek, gure kontaktuak, gustuak, bizilekua, gainontzekoekin komunikatzeko modua, erosketak eta beste hainbat ezaugarri ezagutzen ditu. Eta zertarako behar du Facebookek informazio hau? Beren onurak lortzeko edota beste enpresa batzuei saltzeko.

3. irudia: Big dataren alorrean, eguraldiari buruzko datuak oso erraz eskura daitezke, lege arazorik gabe. Etorkizunean, seguruenera, erabili ahal izango diren datuen katalogoa asko handituko da. (Argazkia: Kid Circus / Unsplash)

Honen harira, deigarria iruditu zitzaidan kasuetako bat, Estatu Batuetako auto-aseguruetarako etxe batek erabilitako estrategia. Big data erabiliz, euren bezeroen Facebookeko profilak aztertzeko prozedurak garatu zituen auto-aseguru pertsonalizatuagoak eskaintzeko asmoz. Prozedura hori erabilita, bezeroak bitan sailkatzen ditu. Lehenik, gizarte-sare honetan esaldi motz eta zehatzak erabiltzen dituztenek, ala lagunekin biltzeko leku eta ordu zehatzak finkatzen dituztenak erabiltzaile kontziente gisa sailkatzen ditu eta beraz gidari seguru gisa. Bigarrenik, hizki larriz, harridura-ikur ugari eta hitz itsusiak erabiltzen zituztenak, oldarkor gisa sailkatzen ditu eta beraz gidari ez hain seguru gisa. Algoritmo hauek eten gabe eguneratzen dituzte eta aseguru-etxeak duen beste informazio batekin konbinatzen ditu: auto mota, erreklamazioak, parte-emateak, etab. Aseguru-etxearen esanetan, prozedura hauek gidari seguruenei deskontuak eskaintzeko soilik erabiltzen dituzte eta gizarte-sarerako sarbidea borondatezkoa da. Gidari ez seguruei polizaren prezioa ez litzaieke areagotuko printzipioz.

Big data bihar

Gaur egun, Big data hauen aplikazioak gehienbat marketin eta salmenta sektoreetan garatu diren arren, badira beste hainbat sektore ere etorkizunean aurrerakuntza handiak izanen dituztenak. Osasun publikoaren hobekuntzan hainbat dira lan esparruak. Alde batetik, giza banakoaren osasun-egoera monitorizatzeko, zaintza eta tratamendu pertsonalizatuagoak eskaintzeko, datu fisiologikoen analisi eguneratu eta zehatzagoak egiteko prozedurak garatzean oinarrituko liratekeenak daude. Bestetik, osasun zerbitzu desberdinak (urgentziak, itxaron zerrendak, etab) era dinamiko, eraginkor eta egokiago batean kudeatzen ahalbidetuko luketenak.

Etxebizitzetako argindar-kontsumoa murrizteko ere ari dira ereduak garatzen. Hauek, Big data hauetan oinarritutako teknologiaren bidez, zehatz aztertzen dute etxe bakoitzaren kontsumo pertsonala. Ideia hau aurrera daraman enpresak, azken elektrizitate argindar-fakturetan oinarrituz etxebizitza bakoitzaren kontsumo-profilak osatu eta erabiltzaileari argindar-kontsumoan aurrezteko aholku pertsonalizatuak proposatzen dizkio.

Azken adibide gisa emango dugu EUSKALMETek (Euskal Meteorologia Agentziak) jada erabiltzen dituen eguraldiaren aurreikuspen zehatzagoak egiteko prozedura, ohiko informazio iturriez gain (sateliteak, radarrak, etab..), beste hainbat informazio iturrietako datuak konbinatzen dituena (sentsoreak, gizarte-sareak, etab).

Zalantzarik gabe, Big dataren garapenak hainbat abantaila ekarriko dizkio edozein lan edo bizi-esparruri. Esate baterako, erabaki hobeak hartzen lagunduko du, denbora errealeko hartu-emanak erraztuko ditu eta edozein arlotan suerta daitezkeen arazoei konponbide zehatzagoak ematea ahalbidetuko du. Hala, baditu era berean oraindik ziurgabetasuna sortzen duten eta hobetu beharrekoak diren hainbat kontu. Hala, datuen segurtasuna, datuak babesteko politikak eta hain garrantzizkoa den norbanakoaren pribatutasuna.

Gehiago jakiteko:

——————————————-
Egileaz: Jaione Etxeberria Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatistika, Informatika eta Matematika saileko irakaslea da. Matematikan lizentziatu zen UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean.

——————————————-

The post Big data: Datu masiboen erabilera gaur eta bihar appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Munduko arrantza eremuek osatzen duten sarea marraztu dute

Az, 2019-06-26 09:00
Juanma Gallego Ozeanoetako ur-lasterrek eramanda arrainen larbek jitoan egiten duten ibilbidea kalkulatu dute zientzialariek, ordenagailu bidezko simulazio baten bitartez. Ondorioztatu dute mundu osoko arrantzategiek sare erraldoia osatzen dutela, eta elkarrekiko dependentzia handia dutela.

“Zaila da irudikatzea arriskutsuagoa den auzoteri bat”. Horrela deskribatu zuen behin Carl Safina ekologoak lehen egunetan arrainen arrautzek eta larbek aurrean duten erronka. Milioika dira, baina gutxi batzuk baino ez dira bizirik iraungo lehen hilabeteetan, eta are gutxiagoak izango dira heldutasunera iritsiko direnak. “Arrain handiak arrain txikia jaten du” esanak laburbiltzen duen moduan, harrapakariez betetako ingurunea da itsasoa. Jaiotzear direnek zein jaio berri direnek ezinbesteko rola betetzen dute kate trofikoan, beste animalien janari bihurtuta.

1. irudia: Arrantzarekiko lotura estua dute gaur egun komunitate ugarik, baina, hein handi batean, baliabide horiek beste nonbaiten sortzen dira. (Argazkia: Qurrata Ayuni / Unsplash)

Heldutasunera iristen direnak ere kate trofiko handiago baten parte dira. Kasu honetan, gizakiak egindako arrantzarenenak. Ez da kontu hutsala. Historikoki, zenbait komunitatek itsasoarekiko dependentzia handia izan dute, eta oraindik hala da herrialde askotan. Horregatik, eta bioaniztasunaren ikerketa hutsetik harago, arrantzan eskuratzen diren baliabideak ikertzeak garrantzia handia du arlo ekonomikoan ere.

Dena dela, eta ekonomia aipatuta, jakina da itsasoak ez duela mugarik. Ez muga fisikorik bederen. Baina baditu bai muga administratiboak. 1982ko Itsasoaren Legeak zehazten du horiek nolakoak diren –araudi horretan guztiz zehaztuta geratu ez ziren hainbat kontuk etengabeko eztabaida diplomatikoak eragin dituzte, baina hori beste egun baterako gaia da–. Lege horrek jasotzen du itsasoen “tartaren” banaketak nolakoa izan behar duen: hasierako 12 itsas miliak (19,2 km) estatu bakoitzaren jurisdikziopeko urak dira, baina, horrez gain, ekonomia-eremu esklusibotzat hartzen dira lehen 200 miliak (384 km). Bertako baliabideak, “bizidunak” zein “ez bizidunak”, estatu bakoitzaren jabetza dira. Lege horretako 118. artikuluak dio estatuak elkarlanean aritu behar direla bertako bizidunak babesteko, baina agerikoa da baliabide horien kudeaketan ari direnek gutxitan erreparatzen diotela artikulu horri.

Beste arazo bat da, aurrekoan aipatu bezala, itsasoak ez duela ulertzen mugei buruz. Eta hau are nabarmenagoa da larbei buruz ari garenean, ur-lasterren arabera jitoan doazelako, leku batetik bestera. Euren jurisdikziopeko eremuan dauden “baliabide bizidunen” kudeaketa estatuen esku dagoen arren, bizidun horiek non sortu diren beste kontu bat da.

Hortaz, komeni da jakitea harreman hori nolako den. Orain arte mundu mailan egoera horren estimaziorik ez da egon, baina hutsune hori beteta dago orain. Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batean kalkulatu dute, aurrenekoz, herrialde bakoitzaren arrantzategiek alboko herrialdeetan dauden arrainaren ugalketa eremuekin duten lotura zein den. Atera duten ondorio nagusia da lotura handia dagoela mundu osoko arrantza eremuen artean, eta dependentzia hori dirutan jartzen ausartu dira ere: urtero 10.000 milioi dolarreko balioa duten arrainak “atzerrian” sortu dira, hau da, harrapatutako arrain horiek beste estatu batenak diren uretan sortu direla.

Munduan egiten den arrantza gehiena (%90) estatu bakoitzaren mugetan egiten da, hau da, kostaldetik 200 itsas miliara, baina itsasoan dauden ur-lasterrek larbak eramaten dituzte beraiekin batera. Jakina denez, larba egoeran daudenean arrainek ez dute igeri egiteko ahalmenik, eta jitoan doaz.

Ordenagailu bidezko simulazioa egin dute larba hauen jarraipena egiteko. Modu honetan, aukera izan dute irudikatzeko herrialdeen arteko mugetan arrain larbek egiten duten ibilbidea, eta mapa batean zehazteko modua izan dute. Satelite bidez eskuratutako datuak, itsasontzien amarratzeak, ekosistemen behaketak eta arrantza harrapaketen erregistroak bildu dituzte ordenagailu bidezko eredu hori osatzeko. Horrela irudikatu ahal izan dute nola ur-lasterrek 700 arrain espezie baino gehiagoren larbak eramaten dituzten.

Egileek nabarmendu dutenez, mundu osoan zehar larbek egiten duten mugimendua estimatu duen lehenengo lana da hau, eta arrantzaren kudeaketan perspektiba berri batetik ikusteko bidea emango duelakoan daude, elkarren arteko dependentzia handia duten guneak zehazten dituelako. Adierazi dutenez, datu hauek berresten dute beharrezkoa dela nazioarte mailako lankidetza arrantza kudeatzerakoan. Norabide horretan, espero dute ikerketa baliagarria izatea arrantza kudeaketan ari diren arduradunek haien zereginak hobetzeko.

Egin dituzten estimazioen arabera, urtero 114 estatutan gutxienez 1.000 tona arrantza beste estatuen uretan sortzen direla gertatzen da. Errusia eta Hego Korearen kasuan, milioi tonara igotzen da kopurua. “Munduko arrantzategiak nola elkar konektatzen diren erakusten duen mapa dugu orain eskura; ehunka milioi lagunek baliabide horrekiko dependentzia dute, eta baliabide hori kontserbatzeko nazioarteko elkarlana non sustatu behar den azaldu dugu mapan”, azaldu du Delawareko Unibertsitateko (AEB) aditu Kimberly Oremusek.

Teknika sorta

Ikerketa diziplina arteko lanari esker burutu dela esan du artikuluaren nagusi Nandini Rameshek. Izan ere, ordenagailu bidezko simulazioan oinarritu diren arren, ozeanografia, itsas biologia eta ekonomia kontuan hartu dituzte. “Sistema honek nola funtzionatzen duen ikusi ahal izateko arrainen errunaldian dauden patroiak ikusi behar izan ditugu, espezie desberdinetako bizi zikloak, ozeanoetako ur-lasterrak eta baita ur-laster hauek nola aldatzen diren urtaroen arabera”, argudiatu du Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko (AEB) adituak.

2. irudia: Munduko arrain larben mugimenduen mapa. Zirkuluek itsas eremuak adierazten dituzte, eta marrak horien arteko loturak. (Irudia: Nandini Ramesh / Kaliforniako Unibertsitatea, Berkeley)

Ikusi ahal izan dutenez, ozeanoetako eremuak elkar konektatuta daude, “munduko sare txikia” izendatu duten fenomenoari esker. Ohartarazi dutenez, eremu batean izandako mehatxuek gainerako eremuetan izan dezake eragina, ur-jauzi efektu baten bitartez. Ondorioztatu dute bereziki tropikoetan dagoela larben mugimenduarekiko kalteberatasun gehien. “Arrantzategiak gaizki kudeatuta edo arrain-haztegiak gaiki babestuta badaude, horrek eragina izan lezake munduaren beste muturrean dauden lagunen elikadura segurtasunean”, ohartarazi du James Rising ikertzaileak.

Emaitzak ikusita, edalontzia erdi hustuta ikusi dute, baina baita erdi beteta. Edo, –ikertzaileek erabili duten metafora erabilita–, bi ahoko ezpata baten moduko egoera dagoela diote. “Batetik, honek esan nahi du arrantzategi baten kudeaketa txar batek hainbat herrialdetan zehar zabalduko den eragin negatiboa izan dezakeela. Beste alde batetik, hainbat herrialderen artean egindako kudeaketa edo kontserbazio ahaleginak eremu jakin batzuetara bidera daitezke, herrialde horien onurarako”, proposatu du Rameshek.

Erreferentzia biliografikoa:

Nandini Ramesh et al., (2019). The small world of global marine fisheries: The cross-boundary consequences of larval dispersal. Science, 364(6446), 1192-1196. DOI: 10.1126/science.aav3409

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Munduko arrantza eremuek osatzen duten sarea marraztu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Heriotza ekologikoak eta benetako “autokonposta”

Ar, 2019-06-25 09:00
Josu Lopez-Gazpio Heriotza geure bizitzaren azken pauso saihestezina da. Alabaina, ez gara bat-batean desagertzen eta gorpuarekin zerbait egin behar izaten da. Kontu kulturalak direla-eta, gorpua lurperatzea edo erraustea dira irtenbiderik ohikoenak. Alabaina, egunotan hainbat aukera gehiago daude, eta berriak sortzen ari dira, gure gorpuarekin zer egin erabakitzeko. Baltsamatzea aukera interesgarria izan badaiteke ere, hainbat substantzia toxiko erabili behar dira horretarako. Errausketak konposatu toxikoak sortzen ditu eta lurperatzeak ere baditu desabantailak ingurumenari dagokionez. Horren ildotik, proposamen berdeagoen bila dabilen jendea bada eta, baita nahi horri erantzuna emateko prest daudenak ere.

1. irudia: Etxeko hondakinen konpostaren ondoren lortzen den antzeko materiala lortuko litzateke gorpuen birkonposizioaren bidez. (Argazkia: Joke vander Leij – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

AEBtan gorpuekin konposta egiteko proposamena ikertzen aritu dira eta, azkenean, Washingtoneko Estatuan onartu berri da hori baimentzen duen legea eta 2020an sartuko da indarrean. Lege horri esker, gizakiok geure burua konpost bilakatu ahal izango dugu eta lurrarentzat ongarri izaten amai dezakegu. Legea babesten dutenen arabera, ez dago bizitzaren zikloa ixteko modu hoberik. Jarduera hau martxan jarriko duten enpresei esker, giza gorputza egurrarekin eta lastoarekin nahastuko da eta, konpostatu ondoren, emankorra izango den lurraren «bi eskorga» lortuko dira gorpu bakoitzeko. Gizakiak ongarri bihurtzeko prozesuan lurrazpiko uren kutsadura murriztu nahi da -baltsamatzean erabiltzen diren substantzia toxikoekin, adibidez-, lixibatuen igorpena murriztu nahi da, eta baita karbono dioxido igorpena ere. Errausketak baino zotzi aldiz energia gutxiago beharko luke birkonposizioak.

Ideiaren sortzailea Katrina Spade da –hemen duzue bere hitzaldi bat ikusgai- eta birkonposizio deituriko prozedura Recompose enpresaren bidez jarri nahi dute martxan. Diotenez, AEBtan urtean 2,7 milioi lagun hiltzen direla kontuan hartuta -gehienak erraustu edo lurperatu egiten dira-, jo dute hamar urtetan tona metriko erdi karbono dioxidoren igorpena saihestu litekeela. Gutxi gorabehera 54.000 etxek urte batean kontsumitzen duten energiak igorriko lukeena da hori. Ez da txantxa; izan ere, gorpu bat errausteko 100 bat litro erregai behar dira.

Birkonposizioaren -horrela deitu diote gorpuekin konposta egiteari- oinarria gorputzaren deskonposaketa naturala azkartzea da. Gorpuak lastoz, egurrez eta alpapaz beteriko kutxetan kokatuko dira eta, tenperatura eta hezetasun baldintza egokietan, bakterioek haien lana egingo dute -konpost arruntarekin gertatzen den bezala-. Prozesuan zehar, beharrezkoa izango da material ez-organikoak erauztea, esate baterako, hortz-inplanteak eta taupada-markagailuak. Prozesua amaitzean, familiek ongarri moduan erabili ahal izango den materiala jasoko dute, etxeko lorategian edo baratzetan zabaltzeko. Beste aukera bat hildakoaren omenez zuhaitz bat landatzea izan daiteke, adibidez.

Lehen probak eginda daude jada, Washingtoneko Unibertsitatean, hain zuzen ere. Lehen probak egiteko sei boluntario -edo haien gorpuak, hobeto esanda- erabili zituzten eta ganaduarekin erabili ohi diren teknikak aplikatu zituzten. Hori bai, zenbait osagai aldatu zituzten prozesua sozialki onargarria izan dadin. Washingtoneko Eliza Katolikoko ordezkariak ez dute lege berria begi onez ikusi, baina, Spadek erantzun dun ez dagoela hiltzeko modu ederragorik; izan ere, gorputza Naturara bueltatzea dakar bere enpresak egingo duen prozesuak.

Washingtonen onartutako legearekin batera, hidrolisi alkalinoa ere onartu da. Teknika horren bidez gorpuak potasio hidroxidotan irakiten jartzen dira, modu azkarragoan eliminatzeko. Holandan egin den beste proposamen bat kriomazioa da, alegia, gorputza nitrogeno likidotan izoztea gero errazago birrintzeko. Momentuz, inguruan ditugun aukeren artean, lurperatzea eta erraustea alde batera utzita, ekologikoagoak direnak agertzen ari dira. Itsasorako botatzeko gatzez egindako urnak disolbagarriak, hortaz edo material biodegradagarriekin egindakoak ere eskaintzen dira. Ekohilkutxak ere badaude, egur ekologikoz egiten direnak -kotoiez tapizatuta eta lastozko burkoekin-, erraustu edo lurperatu ondoren ingurumenari kalte gutxiago egiteko.

Agian laster izango dugu birkonposizioaren bidez geure gorpua konpost bihurtzeko aukera, edo beste aukera berdeak iritsiko zaizkigu. Esaterako, Jae Rhim Lee-k diseinatu duen onddoen esporez egindako jantzia. Infinity izeneko jantzi hori daraman gorpua lurperatzean, esporetatik onddoak hazten dira -gorpuaren toxinak metabolizatzeko gai direnak, gainera-, kutsadura murrizteko asmoz. Badira beste aukera batzuk, esaterako, Mesoloft enpresak 24 km-ko altuerara bidaltzen ditu errautsak eta bertan askatzen dira. Ikuspuntu ekologikotik baliteke aukerarik garbiena ez izatea, baina, EPAk adierazi du errautsak horrela zabaltzea ez dela arriskutsua ingurunearentzat. Askok egiten ez duten bitartean behintzat. Aukeran, hobe autokonposta egitea.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Heriotza ekologikoak eta benetako “autokonposta” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Sapiens. Gizadiaren historia labur bat

Al, 2019-06-24 15:00
Historiaren eta mundu modernoaren galdera handiei heltzen dien liburua, hamaika hizkuntzatan argitaratu ondoren, euskaraz argitaratu berri du Elkar argitaletxeak. Xabier Kintana eta Andoni Sagarna itzultzaile eta euskaltzainak izan dira liburua euskarara ekarri dutenak. Ausarta, handinahizkoa eta probokatzailea den liburu honek zalantzan jartzen du gizakiaz genekiela uste genuen guztia: gure jatorria, gure ideiak, gure ekintzak, gure boterea … eta gure etorkizuna.

1. irudia: “Sapiens. Gizadiaren historia labur bat” argitalpenaren azala.

Duela 100.000 urte, gutxienez sei gizaki-espezie bizi ziren Lurrean. Gaur bakarra gelditzen da, gurea: Homo sapiens. Nola lortu zuen gure espezieak bizirauteko borrokan gailentzea? Zergatik batu ziren biltzaileak ziren gure arbasoak hiriak eta erresumak sortzeko? Nola iritsi ginen jainkoetan, nazioetan edo giza eskubideetan sinestera; diruan, liburuetan edo legetan konfiantza izatera? Nola bukatu genuen burokraziaren, ordutegien eta kontsumismoaren mendeko izatera? Eta nolakoa izango da mundua datozen milurtekoetan?

2. irudia: Gure senideak, aieruzko berreirakuntza baten arabera (ezkerretik eskuinera). Homo rodolfensis (Ekialdeko Afrika), Homo erectus (Ekialdeko Asia) eta Homo nenaderthalensis (Europa eta Mendebaldeko Asia). Denak dira gizakiak. (Argazkia: Sapiens. Gizadiaren historia labur bat liburuaren irudia – ©Visual/Corbis)

Liburu honetan Yuval Noah Hararik gizadiaren historia labur bat marrazten du, Lurraren gainean oinez ibili ziren lehen gizakietatik hasi eta gure espezieak egin dituen hiru iraultza handiek, hau da, kognitiboak, laborantzarenak eta zientifikoak ekarri dituzten aurrerapen sakon eta batzuetan galgarrietaraino. Biologia, antropologia, paleontologia edo ekonomia bezain jakintza desberdinen aurkikuntzetatik abiatuta, Hararik aztertzen du historiaren korronte handiek nola moldatu dituzten gure gizartea, inguruan ditugun animaliak eta landareak eta are gure nortasunak. Zoriontsuago bihurtu al gara historia aurrera joan ahala? Gai izango ote gara inoiz gure portaera iraganeko jarauntsitik askatzeko? Ezer egin al dezakegu etorkizuneko mendeetan eragina izateko?

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Sapiens. Gizadiaren historia labur bat
  • Egilea: Yuval Noah Harari
  • Itzultzaileak: Xabier Kintana eta Andoni Sagarna
  • Argitaletxea: Elkar, 2019
  • Orrialdeak: 456 orrialde
  • Prezioa: 25 €
  • ISBNa: 978-84-9027-730-0

The post Sapiens. Gizadiaren historia labur bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Berdinak ote dira sintoma medikoak gizonetan eta emakumeetan?

Al, 2019-06-24 09:00

Genero desberdintasuna oso kontuan izan behar dugu gaixotasun baten sintomak baloratzeko orduan. Izan ere, badira gizonezkoei eta emakumeei modu berean eragiten ez diguten gaixotasunak. Esaterako, desberdinak gara miokardio-infartuaren aurrean. Gizonek bai emakumeek gaixotasun kardiobaskularraren sintoma tipiko komunak dituzte baina emakumeen kasuan badira sintoma ezberdinak ere, ezohiko sintomak: nekea, arnasestua, bizkarreko mina, tripalak, eztarriko mina edo okadak.

Maiz egiten diren galderak ataleko bideoek labur eta modu entretenigarrian aurkeztu nahi dituzte, agian, noizbait egin ditugun galderak eta hauen erantzunak. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Berdinak ote dira sintoma medikoak gizonetan eta emakumeetan? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #260

Ig, 2019-06-23 09:00
Uxue Razkin

Biologia

Josu Lopez-Gazpiok testu honetan dioen moduan, hil ondoren ere zientzia dago. Jakina denez, hil ostean, bihotzak odola punpatzeari uzten dio; odolak ez du zirkulatzen beraz grabitateak berak gorputzaren beheko aldeetara eramaten du. Biriken jarduera ere eten egiten da. Eta zelulei zer gertatzen zaie? Zeluletan dauden organuluak eta zakutxoak apurtu egiten dira. Horren ondorioz, babestuta eta zelulatik bereizita egon behar ziren entzimak askatu egiten dira eta artikuluan irakur daitekeen moduan: zelula bere burua jaten hasten da! Ezagutu ezazu prozesu guztia Lopez-Gazpioren eskutik!

Zenbaitek ondorio larriak izaten dituzte sugeen hozkaden eraginez eta, beraz, OMEk plan bat prestatu du suge pozoitsuen hozkaden ondorioak erdira murrizteko asmoz. Berrian irakur daitekeenez, Euskal Herrian, esaterako, ez omen dago arriskurik, adituen arabera. OMEk eman dituen datuen arabera, mundu osoan sugeak 5,4 milioi pertsonari egiten dio hozka urtero; horietatik 2,7 milioi izaten dira pozoitsuak. Badira heriotzak ere: gutxi gorabehera, 81.000 eta 138.000 pertsona hiltzen dira.

Adimen artifiziala

Deep Mind enpresak hiru dimentsioko bideo-joko batean trebatu du haren adimen artifiziala, eta gizakiak baino askoz hobeto moldatu dela ikusi dute. Horretaz gain, elkarlana aipatu dute Juanma Gallegoren testuan: “Parte-hartzaileen artean egindako inkesta batean, agenteak gizakiak baino elkarlan handiagoa egin dutela ikusi da”. Quake III Arena Capture the Flag jokoa hautatu dute ikerketa egiteko, “harrapatu ezazu bandera” motako jokoan. Ikertzaileen arabera, emaitzek adierazten dute adimen artifiziala gai dela kooperazio-estrategia garatuak abiatzeko.

Genetika

Ikertzaile talde batek aztertu ditu Apple Store eta Google Play zerbitzuetan eskuragarri dauden gene-aplikazioak. Guztira, 88 aplikazio aztertu ziren. Aplikazio horiek eskaintzen zituzten funtzioen artean, ia guztiak ziren informazio-iturri bezala erabiltzekoak. Modu berean, gehienak osasun-ikasleentzat eta osasun-langileentzat zuzenduta zeuden baina baziren ere publiko orokorrarentzat. Kalitatea ere izan zuten hizpide. Orobat, uste dute gene-aplikazioak jaisterako orduan tentuz ibili behar dela. Koldo Garcíaren testuan informazio gehiago.

Mikrobiologia

Landa-eremuko mikroorganismoek asma izateko arriskua txikitzen dute hirian, Elhuyar aldizkariak jakinarazi digunez. Ikertzaileek aitortu dute ezin dela zuzenean ondorioztatu mikroorganismo jakin batzuek asmatik babesten dutenik, baina bai ingurumeneko mikroorganismoek lotura zuzena duela asmarekin. Hortaz, asmari aurre egiteko bide bat izan daiteke hauxe.

Ingurumena

Berotegi-efektuko gasen isurketari buruzko plan berria iragarri du EPAk, AEBetako Ingurumena Babesteko Sailak. Haren arabera, estatu bakoitzak aukera izango du isuriei mugak eta helburuak jartzeko. Plan honek, Elhuyar aldizkariak azaltzen digun moduan, industriei bere horretan jarraitzeko aukera ematen diela salatu dute Trumpen asmoaren aurka dauden zenbait adituk.

Fisika

Quantum Flagship proiektu europarraren barruan, egoera kuantiko bat urrutitik prestatzeko protokolo bat garatu dute esperimentu batean. Bere berezitasuna: mikrouhinen maiztasun-tartean egiten duela komunikazioa. Hortaz, esperimentu honekin lehen aldiz frogatu da hori posible dela. Elhuyar aldizkarian dituzue xehetasun guztiak!

Paleontologia

Izturitzeko (Nafarroa Beherea) kobazuloko indusketetan topatu zituzten aspaldi harri pusketak. Baina berriki UPV/EHUko ikertzaile talde batek jakin izan du zer ziren tresna horiek: jostorratzak. Noailles motako zulakaitz esaten diete tresna horiei eta hauek erabat lotuta daude Goi Paleolitoko Gravette aldiarekin, hau da, duela 29.000 eta 21.000 urte arteko garaiarekin. Ikertzaileek egindako lan esperimental honi buruzko xehetasun guztiak Berrian topatuko dituzue. Ez galdu!

Emakumeak zientzian

Donna Strickland zientzian murgildu zen zerbait “dibertigarria” egin nahi zuelako eta orain laserren fisikaren arloan aitzindaria da. Iaz irabazi zuen Fisikako Nobel saria, Arthur Ashkin eta Gérars Mourourekin batera “egindako aurrerapen iraultzaileengatik”. Suediako Akademiak jakinarazi zuenez, zehazki intentsitate handiko pultsu ultramotzak sortzeko teknika asmatzeagatik saritu zituzten Monrou eta Strickland. Egun, teknika hori baliagarria da medikuntzan eta zientzia ikerketa askotan; ikusmena hobetzeko laser bidezko ebakuntzetan erabili ohi da, esaterako. Uxue Razkinen testuan informazio guztia.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #260 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #267

La, 2019-06-22 09:00

“Jakintza publiko gisa izendatu daitekeen ezer ez da existitzen; iritzi subjektiboak baino ez daude” Bai ala ez? Kafe baten inguruan egiten ari den elkarrizketaren bigarren partea: Jesús Zamora Bonillaren The Italian coffee pot, a dialog on values in science (2): From value pluralism to the unity of scientific values

Norbait zerbait egitera bultzatzeko zer da hobe, jarrera baldintzatzen saiatzea ala pertsonak informazioa prozesatzen duen modura moldatzen den eran informazioa aurkeztea? Erabakiak galera arrisku bezala aurkeztea ala erabaki-hartze prozesuan hezi? Publizista, finantziari eta ekonomilarien artean bor-bor dabilen gaia da: José Luis Ferreiraren Is boost the new nudge?

Bata bestearen ispilu-irudiak diren substantzia nahasketak ezin dira analizatu lagina suntsitu gabe substantzia bakoitzaren zenbat dagoen bestearekiko jakiteko, ezta? DIPCko jendeak parte hartu arte: First nondestructive enantioselective detection technique

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #267 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Donna Strickland (1959): Magia egin zuen laser-zalea

Or, 2019-06-21 09:00
Uxue Razkin Historian zehar, Fisikako Nobel saria irabazi duten emakumeen zerrenda agudo amaitzen da. Hiru segundo behar dira, hiru izen bakarrik orrialde zurian. Hain da zabala gelditzen den espazioa orri hartan, ezen itotzen zaren sentsazioa duzun. Iaz, ordea, izen batek desegin zuen estutasun hori, korapilo bat eskuz askatzen den moduan. Marie Curie eta Maria Goeppert-Mayer (lehenak elementu erradioaktiboekin egindako ikerketengatik lortu zuen Nobel saria, 1903an, eta bigarrenari atomoaren geruzen eredua aurkitzeagatik eman zioten saria, 1963an) fisikarien ondotik ezereza zegoen; orain, aldiz, itxaropena marraztu du Donna Stricklandek. 55 urte igaro dira emakume batek Fisikako Nobel saria irabazi zuenetik. Hark iaz hautsi zuen marka hura, Zientziaren historian sartuz horrela.

Strickland zientzian murgildu zen zerbait “dibertigarria” egin nahi zuelako eta orain laserren fisikaren arloan aitzindaria da. Aipatu moduan, iaz irabazi zuen Fisikako Nobel saria, Arthur Ashkin eta Gérard Mourourekin batera “egindako aurrerapen iraultzaileengatik”. Suediako Akademiak jakinarazi zuenez, zehazki intentsitate handiko pultsu ultramotzak sortzeko teknika asmatzeagatik saritu zituzten Monrou eta Strickland. Egun, teknika hori baliagarria da medikuntzan eta zientzia ikerketa askotan; ikusmena hobetzeko laser bidezko ebakuntzetan erabili ohi da, esaterako.

1. irudia: (CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

1985ean argitaratu zuen Nobel sarira eraman zuen artikulua, bere doktore tesiaren oinarria izan zena –Mourou haren tesi-zuzendaria izan zen–. Laserraren munduan lan egin duten ikertzaileek beti izan dute jomuga intentsitate handiagoko pultsuak lortzea eta bazirudien 80ko hamarkadan mugara iritsi zirela. Izan ere, intentsitatea handitzen saiatzen zirenean, material anplifikatzailea suntsitzen zen. Arazo hori konpontzeko asmoz, Stricklandek eta Mourouk teknika berri bat garatu zuten, CPA (ingelesez Chirped Pulse Amplification) izenekoa. Zertan zetzan, baina? Teknologia berri horrek pultsua denboran laburtu egiten zuen –potentzia maximoa murrizteko–, geroxeago anplifikatzen zuen eta, azkenik, konprimitzen zuen. Badirudi ideia Mourourena izan zela baina Stricklandek bihurtu zuen errealitate. Publikatutako bere lehenengo artikulu zientifikoa izan zen.

Gabonetako zuhaitzaren antzera

Donna Strickland fisikariari (1959, Kanada) txikitatik interesatu zitzaizkion laserra eta elektrooptika alorrak eta horregatik ikasi zuen Ingeniaritza Fisikoa, McMaster Unibertsitatean. Bere klasean, 25 ikasletik soilik hiru ziren emakumeak. Strickland matematiketan eta, oro har, zientzietan ona zen. Behin baino gehiagotan bere aitak galdetu zion ea astronauta izan nahi zuen, baina Donnak ezetz erantzuten zion, klaustrofobikoa baitzen: espaziora joatea amesgaiztoa izango zen harentzat. Orduantxe ikusi zuen laserrak izango zituela bidelagun. Hala, Strickalndek kontatzen du laserrak ikertzen dituen laborategi batean lehen aldiz sartu zenean, Gabonetako zuhaitz bat imajinatu zuela, hainbeste kolore ikusi zituenean: “Beti liluratu nau koloretako laserrekin jolasteko aukera izateak”. Harentzat, laserraren munduan lan egitea magia egitea bezalakoa zen.

Gradua amaitu zuenean, doktoregoa egin zuen Rochesterko Unibertsitatean. Mourou fisikaria izan zuen gidari bere tesian eta, Stricklandek gogoratzen duen moduan, ez zen lan erraza izan. Ikerketak arazo handiak planteatzen zituen, hainbeste galdera oraindik erantzun gabe, baina bakarra zuen buruan bueltaka: nola anplifikatu dezakegu laserraren potentzia material anplifikatzailea suntsitu gabe? Lanak berak (Development of an ultra-bright laser and an application to multi-photon ionization) eman zion erantzun iraultzailea: CPA teknika.

2. irudia: Fortune Global Forum 2018 October 15th, 2018 Toronto, Canada (Argazkia: Stuart Isett/Fortune – CC BY-NC-ND 2.0 lizentziapean)

Doktoregoaren ondotik, hainbat lan izan zituen: lehenik, ikertzaile laguntzailea izan zen Kanadako Ikerkuntza Nazioarteko Batzordean, Fenomeno Ultrabizkorren Sailean. Ondoren, Lawrence Livermore Nazioarteko Laborategian aritu zen. Horretaz gain, Princeton Unibertsitatean lan egin zuen eta egun irakaskuntzan zein ikerkuntzan dabil lanean, Waterlooko Unibertsitateko Fisika eta Astronomia Departamentuan. Bertan, irakaslea eta ikerketa-talde baten zuzendaria ere bada; Ultrafast Laser Group Laborategia gidatzen du, hain zuzen. Bertan, intentsitate handiko laser ultrabizkorren teknika desberdinak ikertzen ditu. Gainera, laserrek lente mota desberdinei nola elkar eragiten dieten ikertzen du.

Zenbait sari zientzialariarentzat

Irabazi dituen sarien artean, Nobelaz gain, aipagarriak dira Premier’s Research Excellence saria (1999) eta urtebete geroago lortutako Cottrell Scholars saria. Horretaz gain, Estatu Batuetako Optika Elkarteko (OSA ingelesez) kide izendatu zuten 2008an. 2011n bertako lehendakariordea izan zen, eta 2013an, lehendakaria. Elkarteko Optics Letter aldizkariko gai-editore ere izan zen. Gaur egun, Aholkularitza Batzordeko burua da bertan.

Urte asko igaro dira emakume batek Fisika arloan halako sari garrantzitsu bat lortu zuenetik, 117 zehazki. Oso albiste pozgarria izan zen guztiontzat Akademiak saridunak jakinarazi zituenean, baina Donna Stricklandek ez dio generoari begiratu nahi kasu honetan, izan ere, eta askotan azaldu duen moduan, “nik zientzialari gisa ikusten dut nire burua eta ez Zientzian dabilen emakume gisa”.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Donna Strickland (1959): Magia egin zuen laser-zalea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Gene-aplikazioak, fidagarriak al dira?

Og, 2019-06-20 09:00
Koldo Garcia Telefono adimendun berria duzu. Telefonoak hainbat aplikazio ditu instalatuta eta telefonoaren plataformaren dendara zoaz programa berriak instalatzeko. Bertan, milaka programa daude eskuragarri: jolasak, gizarte-sareak, emankortasuna, osasuna, eta abar luze bat. Arlo bakoitzean aplikazio anitz daude eta galdera berberak sortzen zaizkigu: Zein da aplikazio gomendagarriena? Zein da erabilgarriena? Zein da fidagarriena? Telefono adimenduetan aukera dago gene-aplikazioak instalatzeko ere eta beharrezkoa da galdera horiek aztertzea.

1. irudia: Telefono adimenduetan aplikazio anitz aurki daitezke, genetikarekin harremana dutenak barne. (Argazkia: Pexels – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)

Ikertzaile talde batek aztertu ditu Apple Store eta Google Play zerbitzuetan eskuragarri dauden gene-aplikazioak. Horretarako, zerbitzu horietako bakoitzean bilatu zituzten “gene”, “genetika”, “genomika” edota “familia-historia” bezalako hitzak. Guztira, 616 aplikazio Apple Store zerbitzuan aurkitu zituzten, eta 678 aplikazio Google Play zerbitzuan. 1.294 aplikazio horietatik alde batera utzi ziren bikoiztuta zeudenak, informazio klinikorik ez zutenak, gizakien informaziorik ez zutenak eta ingelesez ez zirenak. Aplikazio batek baldin bazuen ordainpeko bertsioa eta dohaineko bertsioa, kasu horietan ordainpekoa aztertu zuten. Azkenik, bakarrik aztertu zituzten telefono adimendunen sistema eragilearen azken bertsioan funtzionatzen zuten aplikazioak. Irizpide horiek erabilita, 88 aplikazio aztertu ziren azkenean.

Aplikazio horien ezaugarri nagusiak aztertu ziren aplikazio haien deskribapenetan oinarrituta. Aplikazioen erdia baino gehiago, entrepresa pribatukoak ziren; laurden bat inguru garatu zituzten fidagarriak diren erakundeek (adibidez, unibertsitateek, ospitaleek edota gobernu-agentziek), eta beste laurden bat ingururen jatorria ezezaguna zen. Aplikazio horiek eskaintzen zituzten funtzioen artean, ia guztiak ziren informazio-iturri bezala erabiltzekoak. Aplikazio hauetako batzuek ere honelakoak eskaintzen zituzten:

  • Klinikan erabiltzeko aukera. Adibidez, aplikazio batek azter ditzake aurpegiko ezaugarriak dismorfologia-nahasmenduak baloratzeko.
  • Jolasak eta galdera-erantzunak. Adibidez, aplikazio batek badu Mendelen legeak ikasteko joko bat.
  • Bizimoduan aldaketak egiteko gomendioak. Aplikazio hauek lotuta daude norberak egiteko gene-testekin eta test horien emaitzen arabera egiten ditu bizimoduari buruzko gomendioak.
  • Gene-testak egiteko aukera. Aplikazio horien bidez eros daitezke etxe-komertzial baten gene-testak eta aztertu testen emaitzak.

2. irudia: Gene-aplikazioen ezaugarriak beste edozein aplikazioren ezaugarriak bezala azter daitezke. (Argazkia: Pixelkult – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)

Aplikazio gehienek funtzionatzeko behar zuten Interneterako sarrera. Aplikazioen laurden batek informazioa pasahitzaz babesteko aukera ematen zuten eta hainbatek informazioa gizarte-sareetan partekatzeko; adibidez, aplikazio batek aukera ematen du Twitterren nahasmendu kardiobaskularrak izateko gene-arriskua txiotzeko. Aplikazio gehienak osasun-ikasleentzat eta osasun-langileentzat zuzenduta bazeuden ere, aplikazioen heren batek publiko orokorra zuen helburu. Aplikazio horiek Apple Store eta Google Play zerbitzuetan zuten ebaluaziori dagokiola, batez beste, lau izarreko balorazioa zuten, baina aplikazioen heren batek ez zuen ebaluaziorik. Azkenik, aplikazio horien salneurria 2,18$ da batez beste, baina aplikazioen hiru laurden dohainik dira eta ordainpekoen salneurriaren heina 2,99$ eta 50$ artekoa da.

Aplikazio horien kalitatea aztertzeko, MARS (Mobile App Rating Scale, aplikazio mugikorren ebaluazio-eskala) irizpidea erabili zen. Irizpide hori garatu zen Queensland University of Technology-n osasun-aplikazioen kalitatea neurtzeko. Irizpide horien arabera aztertu ziren aplikazioen lau alderdi:

  1. konpromisoa, hau da, ea aplikazioa interesgarria, interaktiboa edota egokia den,
  2. funtzionaltasuna, hau da, aplikazioa erabiltzeko edo nabigatzeko erraza ote den,
  3. estetika, hau da, diseinua, erabilitako grafikoak eta erakargarritasuna,
  4. eta informazioa, hau da, eskainitako informazioaren zuzentasuna, sinesgarritasuna eta kalitatea.

Alderdi horiek erabilita kalkulatu zen gene-aplikazio bakoitzaren osoko kalifikazioa. Alderdi guztiek eta osoko kalifikazioak zero eta bost arteko balioak izan zituzten. Bi ikertzaileek aplikazio bakoitza aztertu eta baloratu zuten, eta, desadostasunak egotekotan, kontsentsu batera heldu ziren.

MARS irizpidearen arabera, hauek izan ziren balorazio handiena izan zuten gene-aplikazioak: My Genetics Compass (4,79), Prader Willi World (4,78), Invitae Family History Tool (4,75), Power of Minus Ten – Cells and Genetics (4,64), Gene Tutor (4,63) eta DNA Play (4,63); balorazio kaxkarrena aldiz, hauek izan zuten: Genetic Disorder (2,42), All about Genes and Genetics (2,73), Genetics (2,73), GenCode (2,85), AP Biology Hardy-Weinberg Spreadsheet Tutorial (2,86) eta Genome Genius (2,88).

3. irudia: Gene-informazioa eskura dugu eta edonon kontsulta dezakegu. (Argazkia: Peggy und Marco Lachmann-Anke – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)

Egileek aditzera ematen dute bere lanak hainbat muga dituela:

  1. Aplikazioak etengabe eguneratzen direnez, zaharkituta gelditzen da aplikazio batzuen balorazioa.
  2. Bakarrik ingelesez dauden aplikazioak aztertu dira.
  3. Ez dira aztertu beste sistema eragile batzuetako aplikazioak.
  4. MARS irizpideetan ez dago erreferentzia bibliografikoari buruzko atalik.

Edonola ere, egileek gene-aplikazioei buruz egiten dituzten gogoetak baliagarriak izan daitezke. Lan honen egileek, kontuan hartu dute fidagarriak diren erakundeek aplikazioen laurden bat bakarrik garatu dituztela, eta erabiltzaileek baloratu gabe utzi dutela aplikazioen heren bat. Ondorioz, uste dute gene-aplikazioak jaisterako orduan tentuz ibili behar dela, bai osasun esparruko langileak, bai eta oro har hiritar guztiak ere. Egileek ere azpimarratzen dute bizimodua aldatzeko gomendioen kasuan, ez daudela argi gomendio horien zuzentasuna eta oinarria. Hortaz, haien ustez hobe da emaitza horiek profesional batekin partekatzea, gomendioak balioztatzeko eta gene-aholkularitza jasotzeko. Azkenik, egileek bere ardura azaltzen dute aplikazioek informazio atalak duten balorazio urria dela eta. Izan ere, MARS irizpideetan aztertzen diren atalen artean berak hartu zuen balorazio txikiena. Egile hauen iritziz, beharbada aplikazioak ez dira behar bezala aztertu, eta ematen duten informazioa ez da zientzia-aldizkarietan argitaratu edota informazio-iturria ez da guztiz fidagarria. Hori dela eta, bi proposamen egin dituzte: batetik, osasun-langileei gomendatzen diete aplikazio hauek erabili baino lehen sakon aztertzea; bestetik, erakundeei eskatzen diete mota honetako aplikazioak egiaztatzeko erregulazio eta arauak garatzea. Oro har, egile hauen ustez, gene-aplikazioak asko hobetu behar dira bere funtzioa behar bezala betetzeko.

Laburbilduz, zure telefono adimenduan aplikazioak jaisteko zerbitzua erabiltzen zaudela, gene-aplikazioekin topo egiten baduzu, tentuz ibili: oraindik gene-aplikazioak ez dira izan beharko luketen bezain egokiak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Talwar et al. (2019). Characteristics and quality of genetics and genomics mobile apps: a systematic review. European Journal of Human Genetics, 27, 833-840. DOI: https://doi.org/10.1038/s41431-019-0360-2

—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
—————————————————–

The post Gene-aplikazioak, fidagarriak al dira? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Adimen artifizialak kolaboratzen ikasi du; momentuz, jokoetan

Az, 2019-06-19 09:00
Juanma Gallego Deep Mindek hiru dimentsioko bideo-joko batean trebatu du haren adimen artifiziala, eta gizakiak baino askoz hobeto moldatu dela ikusi dute. Ez da konputazio ahalmen hutsa: joko horretan aurrera egiteko ezinbestekoa da besteekin elkarlanean aritzea.

1. irudia: Orain arte xake eta go jokoetan garaile atera da adimen artifiziala, baina oraingoan elkarlanaren beharra duen bideo-joko partida batean eskuratu du garaipena. (Argazkia: Sean Do / Unsplash)

Bigarren partidaren 37. mugimenduan, ordenagailuak zentzurik gabeko mugimendua egin du. Komentaristak zur eta lur geratu dira. “Hori oso arraroa da”, esan du batek. Barre bakar batzuk ere entzun dira aretoan. “Hau akats bat da”, besteak. Go partidan ordenagailuaren aurkaria den Lee Sedol aretotik atera da, eta itzuli denean, jarri duen aurpegia ere ikustekoa da. AlphaGo programak aukeratu du bosgarren lerroan fitxa bat jartzea, baina milaka urtetan zehar gizateriak bildutako esperientziak dio horrek ez duela zentzurik, hasierako mugimenduetan bederen. Hirugarren lerroan, bai; laugarrenean, ere. Hirugarrenak epe motzera “lurraldea” eskuratzeko aukerak biderkatzen ditu; eta laugarrenak, berriz, erdialdearen gaineko eragina izateko estrategian laguntzen du. Hori diote, bederen, go jokoan aditu direnek.

2016ko martxoan izan zen Google AlphaGo eta orduko munduko txapeldun Lee Sedol hegokorearraren aurkako partida hori. Garaile atera zen adimen artifiziala, eta, hein handi batean, adituen buruan sartzen ez zen mugimendu horri esker izan zen garaipena. Iraultza txikia egon zen adimen artifizialaren munduan, eta bereziki, go zaletuen artean.

Makina gizakiaren aurka aritzea ez zen kontu berria, xake-jokoan ordenagailuek aspaldi gainditu zituztelako gizakiak. Baina Go jokoa oso bestelakoa da. Kasu honetan, ezinezkoa da “indar konputazional” hutsa erabiltzea aukeran dauden mugimendurik hoberenak aurreikusteko. Go jokoan aukeran dauden posizioak izugarri handiak direlako. Horregatik, AlphaGo sistemaren arrakastaz hitz egitean, horren sortzaileek “intuizioa” edota “kreatibitatea” bezalako hitzak erabili dituzte. Horrelako planteamenduek, noski, eztabaida asko eragin dute mundu akademikoan, kontzeptu horiek, momentuz, gizakiei mugatuta daudelako, eta gizakien artean ere horiek zer diren edo horiek kuantifikatzea ez delako batere erraza.

Eztabaida hori bere horretan dagoela, go jokoan trebatutako adimen artifiziala garatu duen DeepMind enpresako ikertzaileek beste kontzeptu bat atera dute plazara: “kolaborazioa”. Science aldizkarian aurkeztu duten proposamenaren arabera kolaborazioan oinarritzen den bideo-joko batean ere gizakiei aurrea hartu die adimen artifizialak.

Elkarlanaren beharra

Quake III Arena Capture the Flag jokoan trebatu da ordenagailua, “harrapa ezazu bandera” motako jokoa, hain zuzen. Hiru dimentsioko bideo-jokoa da. Erabili duten joko nagusiaren aldaeran, bi talde bata bestearen kontra aritu behar dira arerioaren base batean banderak eskuratzeko eta haien basea babesteko. Dena dela, helburua lortzeko bi talde horiek elkarlana behar dute. Ikertzaileen esanetan, adimen artifizialak maila altuko partidak egin ditu, gizakiak egiten dituen partiden parekoak, baina harago joan da kontua: gizakiekin batera egindako partidetan garaile atera dira makinak. 40 jokalari trebatuen aurkako partidetan, algoritmoak partiden %21 baino ez du galdu, kontuan izanda, gainera, ikertzaileek erabakiak hartzeko algoritmoaren abiadura moteldu zutela, gizakien erritmora eta erreflexuetara egokitu aldera. Bai gizakiekin zein beste algoritmoekin ondo moldatu da adimen artifiziala, partida horietan jokalariak modu aleatorioan banandu direlako, makina edo gizaki ziren kontuan hartu gabe.

2. irudia: Quake III Arena Capture the Flag izeneko jokoan trebatu dute adimen artifiziala, eta ederki moldatu dela ikusi dute, zerotik hasita. (Irudia: Deep Mind)

Ikerketaren egileen arabera, emaitzek adierazten dute adimen artifiziala gai dela kooperazio-estrategia garatuak abiatzeko. Gizakiek garatu ohi dituzten estrategia berdinak garatu ditu algoritmoak. Talde lana egin beharra dago jokoan aurrera egiteko, eta noiz eraso eta noiz babestu ondo jakin behar da ere. Adibidez, arerioaren basetik gertu itxarotea, bandera berriak ateratzeko zain edota norberaren basean geratzea, hura defendatzeko.

For The Win izena eman diote erabilitako algoritmoari, eta ausaz sortutako milaka partidatan egin du ikasketa: bere buruaren kontra 450.000 partidetan jokatuz trebatu da algoritmoa. Orotara, adimen artifizialean oinarritutako 30 agente sortu dituzte, haien artean lankidetzan edota lehian aritzeko.

Aurreko saiakeretan adimen artifizialari jokoaren arauak edota hainbat argibide eman dizkiete, baina hau ez da izan oraingoan egin dutena. Aitzitik, adimen artifizialaren esku utzi dute pantailan gertatzen denaren inguruan ikasketa bere kabuz egitea, egindako esku-hartze bakoitzaren ondoren lortutako puntuazioaren arabera. Zentzu horretan, psikologia konduktistaren alorrean izaten den irakaspen prozesu berdina izan da: zerbait ondo egitean sari bat irabazten da, eta egoera horrek egindakoa errepikatzeko aukerak biderkatzen ditu, saio eta hutsegite bidez. Ikasketa automatikoaren alorrean, errefortzu bidezko ikasketa sakona deitzen diote ikaskuntza mota honi.

DeepMind enpresaren blogean ere azaldu dute, luze eta zabal, joko horretan makinak aurrera egin dezan erabili duten estrategia. Esanguratsua da blogean egindako sarrerari eman dioten titulua: “Agente kooperatibo konplexuen gorakada”. Bertan azaldu dute testuingurua. Agente anitzen ikasketan oinarritzen da adimen kolektiboa: bakoitzak bere kabuz ikasi arren, hainbat lagunen artean elkarlanean aritzeko gaitasuna dute gizakiek, eta orain makinak gaitasun horretan trebatzen saiatu dira ikertzaileak. Makinak trebatu baino, bidea eman diete haien kabuz trebatu daitezen. “Gure agenteei jarri diegun erronka izan da ikas dezaten zuzenean pixel hutsetatik ekintzak sortzen”, azaldu dute.

Gauzak zaildu dizkiete algoritmoei. Partida batetik bestera jokoaren mapa aldatzen duen aldaera erabili dute. Modu horretan sustatu nahi izan dute agente horiek estrategia orokorrak ikas ditzaten, joko zelaia oroimenean gorde beharrean. Hala eta guztiz ere, ederki moldatu dira eta, lehenago azaldu dugun moduan, kolaborazioan aritu dira. “Parte-hartzaileen artean egindako inkesta batean, agenteak gizakiak baino elkarlan handiagoa egin dutela ikusi da”.

Agenteek partida bakoitza nola adierazten duten ulertu aldera, algoritmoen sare neuronalen mapetan azaltzen diren aktibazio patroiei erreparatu diete. Modu horretan, joko egoera bakoitzaren arabera kolore jarri duen aurpegiadesberdina erakusten dute patroiek. –Aipatu ez badute ere, neurologoek antzeko estrategia erabiltzen duten giza burmuinean gertatzen diren prozesuak ulertu nahi dutenean–. “Agenteei inoiz ez zaie ezer adierazi joko-arauei buruz, baina jokoaren funtsezko kontzeptuen inguruan ikasi dute, eta Capture The Flag jokorako intuizioa garatu dute”. Intuizioa. Ez da hitz xumea, makina bati aplikatuta. Zirraragarriena da agian arrazoia izan dezaketela.

Erreferentzia bibliografikoa:

Max Jaderberg et al., (2019). Human-level performance in 3D multiplayer games with population-based reinforcement learning. Science, 364(6443), 859-865. DOI: 10.1126/science.aau6249.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Adimen artifizialak kolaboratzen ikasi du; momentuz, jokoetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zer gertatzen zaigu hiltzen garenean?

Ar, 2019-06-18 09:00
Josu Lopez-Gazpio Bizitza honetan oso gauza gutxi dira ziurrak. Halere, bada bat halabeharrez eta segurtasun osoz gertatuko dena: hil egingo gara. Zu ere hilko zara, bai. Agian ez gaur, ezta bihar ere, baina, egun hori iritsiko da eta hil egingo zara. Zelulen bizitzak muga bat du eta geure gorputzeko zelulak etengabe berritzen badoaz ere, guztiak muga bat du. Mugaldera iristen goazen neurrian, erreflexu okerragoak izango ditugu, gaixotasunek errazago erasoko gaituzte, nerbio-sistema ez da gai izango garunak emandako aginduak betearazteko, muskuluak ez dira gai izango aginduak betetzeko eta, baliteke, garuna bera ere aginduak emateko gai ez izatea. ‘Kaput’ horren ostean, alabaina, geure gorputza ez da bat-batean desagertzen eta hainbat prozesu kimiko eta biologiko gertatuko zaizkio. Nola, bada, ez da zientziarik egongo hil ostean ere?

Irudia: Hil ondoren hainbat prozesu kimiko eta biologiko gertatzen dira gorpua deskonposatzen den bitartean. (Argazkia: Manfred Kain – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Hil ondoren bihotzak odola punpatzeari uzten dio eta, pixkanaka, odola koagulatu egiten da eta lodiagoa egiten da. Odola ez denez zirkulatzen ari, grabitateak berak gorputzaren beheko aldeetara eramaten du odola postmortem hipostasia edo livor mortis deritzon prozesuan. Bihotzak odola punpatzen ez duen bezala, biriken jarduera ere eten egiten da. Hil ostean arnasteari uzten zaionean, zelulek ez dute oxigenorik jasotzen. Oxigenorik gabe, zeluletan dauden mitokondriek ezin dute ATPa ekoiztu. ATPrik gabe, zelulak ez dauka energiarik eta bere jarduera guztiak eten egiten dira. Hala ere, heriotza klinikoaren ondoren, denbora batez -hainbat minutu, ordutara iritsi daiteke- zelulek bizirik jarraitzen dute geratzen zaien oxigenoarekin eta zeluletan karbono dioxidoa ekoizten da -mitokondriek martxan jarraitzen dutelako tarte batez-. Era berean, heriotza klinikoaren hurrengo bizpahiru orduetan rigor mortis delakoa hasten da. Muskuluak gogortu egiten dira eta malgutasuna galtzen dute. Fenomeno horrek ez du asko irauten; izan ere, zelulak bizirik jarraitzen dute beste tarte batez eta haien metabolismoak ATPa azido laktiko bihurtzen du muskuluak deskonposatzen hasten direlarik -eta horrekin bigundu egiten dira-.

Zeluletan ekoizten den karbono dioxidoa azidoa da eta, denboraren poderioz, zeluletan dauden organuluak eta zakutxoak apurtu egiten dira. Horren ondorioz, babestuta eta zelulatik bereizita egon behar ziren entzimak askatu egiten dira eta zelula bera digeritzen hasten dira. Nolabait, zelula bere burua jaten hasten da. Prozesu hori zelula barrutik kanpora gertatzen denez, zelulak nutrientez beteriko poltsatxoak bihurtzen dira. Nutriente guzti horiek erakarrita, hainbat bakterio eta onddo gorpura hurbiltzen dira eta hildako zelulen nutrienteak hartzen dituzte. Pixkanaka, muskulu eta organoak likidotzen hasten dira. Putrefakzioa hasi da. Giza-ehunak erasotzen dituzten mikroorganismoen metabolismoaren ondorioz, hainbat eta hainbat substantzia ekoizten dira -horietako batzuk gas egoeran-.

Askatzen diren gasen artean, freona legoke, adibidez. Freona likido hozgarria da, hozkailuetan erabiltzen dena, hain zuzen ere eta klorofluorokarbonoen taldekoa da -ozono geruza kaltetzen duten gasak-. Bentzenoa ere askatzen da, hain zuzen ere, gasolinan dagoen hidrokarburo minbizi-sortzailea. Igortzen diren beste gasen artean sufredun konposatuak daude -ustel-usainaren erantzule nagusiak- eta baita metanoa eta karbono tetrakloruroa ere. Karbono tetrakloruroa, esaterako, su-itzalgailuetan erabiltzen zen toxikoa dela ezagutu zen arte. Fase honetan askatzen diren molekula nagusiak putreszina eta kadaberina dira. Putreszina eta kadaberina, beste 400 bat konposaturekin batera, gorpuen usain txarraren erantzuleak dira. Esan behar da, halere, putreszina ez dela gorpuen deskonposizioarekin bakarrik lortzen eta, besteak beste, gernuak eta semenak ere putreszina dute.

Mikroorganismoen lanaren ondoren, haragi gehiena desagertzen doa eta geroz eta bigunagoa da, usteltzen ari den seinale. Horrekin batera animalia handiagoak gerturatzen dira, besteak beste, zizareak eta kakalardoak. Intsektuek gainerako haragi ustela erabiltzen dute elikatzeko eta, horrela, hezurrak bakarrik geratzen dira. Denboraren poderioz hezurretan dauden proteinak ere deskonposatu egiten dira eta hezurraren mineralak bakarrik geratzen dira -nagusiki hidroxiapatita, alegia, kaltzio fosfatoa-. Denbora luzea pasata, hidroxiapatita ere hauts bihurtuko da eta horrela, gorputza osatzen zuen materia guztia, organikoa eta ez-organikoa, Naturako beste elementuen parte izatera pasatzen da. Horrela, hautsa bizigai bilakatu zen bezala, bizigaia hauts bilakatuko da. Zikloari berriro hasiera emateko, noski; izan ere, hauts bilakatu diren nutriente guzti horiek beste animalientzat elikagai izan dira eta landareentzat ongarri ona izan dira.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Zer gertatzen zaigu hiltzen garenean? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bizi ote liteke gizakia itsasoan?

Al, 2019-06-17 09:00

Bajau laut herria Filipina, Indonesia, Malaysia eta Bruneiko kostaldean bizi da. “Itsasoko nomadak” bezala ezagunak dira mundu osoan bajautarrak. Izendapenak badu arrazoia, izan ere, literalki itsasoan bizi dira gutxienez duela 1.000 urtetik hona. Baina, nola da hori posible?

Maiz egiten diren galderak ataleko bideoek labur eta modu entretenigarrian aurkeztu nahi dituzte, agian, noizbait egin ditugun galderak eta hauen erantzunak. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Bizi ote liteke gizakia itsasoan? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #259

Ig, 2019-06-16 09:00
Uxue Razkin

Medikuntza

UPV/EHUko eta BioCruceseko ikertzaile batzuek gaixotasun zeliakoa diagnostikatzeko biomarkatzaile berri bat aurkitu dute, glutenik gabeko dieta hartzen duten pertsonekin erabiltzeko aukera emango lukeena. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, metodo berri honi esker pazienteek ez dute glutenik hartu beharko. Izan ere, zeliakia diagnostikatzeko zailtasunetako bat da pazienteek glutena hartu beharra dutela gaitza endoskopia bidez behar bezala diagnostikatzeko.

Immunoterapia gibel-minbizian ikertzeko sagu eredu bat sortu dute, CRISPR-Cas 9 teknika erabilita. Lujambio laborategiko Marina Ruiz de Galarreta Martínez eta Amaia Lujanbio Goizueta nafarrek gidatu dute ikerketa eta azaldu dute testu honetan zein den immunoterapiaren funtsa. Elhuyar aldizkarian topatu dituzue xehetasunak.

Klima aldaketa

Lur Epelde ikertzailea da Neiker-Tecnalia Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundean eta Lurzoruetako Mikroorganismoen Ekologia taldeko partaidea da ere. Berriak egin dion elkarrizketan mikroorganismoen eta klima aldaketaren arteko harremanaz mintzo da: “Mikroorganismoak dira lurzoruak funtzionatzearen arduradunak, eta klima aldaketak funtzionamendu horretan eragingo du”. Horretaz gain, Epeldek aipatzen du ere antibiotikoekiko erresistente bihurtzen ari diren superbakterioen afera.

Paleontologia

Duela 29.000 eta 21.000 urte bitarteko aztarnategietan oso arruntak dira Noailles erako zulakaitzak. Isturitzeko haitzulokoak aztertu dituzte eta goi paleolitoko jostorratzak zirela ondorioztatu dute orain ikertzaileek. Bada, nolakoak ziren? UPV/EHUko Aitor Calvo Martínez de Guereñu ikertzaile eta lanaren egileetako batek azaltzen digu Elhuyar aldizkarian: “Uste dugu Isturitzeko kobazuloko Noailles zulakaitzak animalien larrua zulatzeko erabili zirela nagusiki”.

Biologia

Dallol basamortuan mikroorganismoak aurkitu dituzte, mineralez osatutako kapsuletan sartuta. Etiopiako Afar eskualdean dago kokatuta eta Planetako eskualde muturrenetakoa da. Hiru plaka teknotikok bat egiten dute bertan, eta horregatik bertako lurrazala oso mehea da, zorua gatzez beterik dago eta azpian magma beroa dago. Berriki egiaztatu dute nanobakterioak direla. Juanma Gallego kazetariak eman digu honen berri. Ez galdu!

Kimika

Artikulu honek hasieratik planteatzen digu honako galdera: zein da iturriko ura biguna edo gogorra izatearen desberdintasuna? Gogortasun horretan parte hartzen dutenak kaltzioa eta magnesioa dira. Kaltzio karbonatoari karea deitzen zaio eta hortxe dago uraren gogortasunaren eta karearen arteko harremana, hau da, kaltzioaren kontzentrazioa handia bada, karearena ere handia izango da, eta ur hori gogorra izango da. Hortaz, kaltzio eta magnesio kantitateen baturak karearen kantitatea emango du.

Matematika

Detektibeak hatz-marken bila ibiltzen dira pertsonak identifikatu ahal izateko artikuluan irakur daitekeenez. FBI 1924an hasi zen hatz-markak hartzen. Horren ondotik, digitalizazioari ekin zioten; hori egiteko hazbete bakoitzeko 500 puntuko irudia aukeratu zuten, 8 byteko kolore grisen eskalan. Estatu Batuetako zenbait unibertsitate eta gobernu-agentziatako ikertzaile elkarlanean aritu ziren hatz-marken irudien konpresiora egokitutako algoritmo on baten bila. Uhinxkak erabilita asmatu zuten FBIren beharretarako WSQ (Wavelet Scalar Quantization) konpresio-sistema.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #259 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #266

La, 2019-06-15 09:00

“Ezagutza publikoa deitu daitekeen ezer ez da existitzen, iritzi subjektiboak dira”. Ados ala ez? Kafe baten inguruan elkarrizketa Jesús Zamora Bonillaren eskutik: The Italian coffee pot, a dialog on values in science (1): Individualism, values and preferences

Gure nerbio sistemaren funtzionamenduan oinarrizkoa prozesua da moldaketa neurologikoa. Autismoa duten pertsonek prozesu honetan aldaketak izan ditzakete. Moldaketa honen alderdia den usaimena aztertzen du José Ramón Alonsok Olfactory adaptation and autism

Atomoz atomoko eraikuntza nanometrikoei lotutako efektuak ezezagunak dira neurri handi batean. Zilarrezko gainazalean kobaltozko atomoak dituen egitura sinplean elektroiek duten masa baino mila aldiz handiagoa balute bezala jokatzen dutela frogatu dute DIPCn. Fermi astuna likidoa izena du. Finite size analogue of a heavy Fermi liquid in an atomic scale Kondo lattice

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #266 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Oier Suarez: “Europa osoan ez dago Bardeetan dagoen bezain erregistro fosil hain ona eta jarraia” #Zientzialari (117)

Or, 2019-06-14 09:00

Antzinako gizaki bizidunek utzitako aztarnak aztertzen ditu paleontologiak, hain zuzen ere, eremu jakin bateko fosilak. Miozeno garaiko fosilak ardatz hartuta informazio ugari lor daiteke gaur egun; hala nola, arroken adina zein den jakin daiteke, baita iraganeko klima eta ingurunea nolakoa zen ere.

Gainera, informazio hori abiapuntutzat hartuta, etorkizunean klimak izango duen joera ere ezagutu dezakegu. Nafarroako Errege Bardeetan, zehazki, fosil ugari aurkitu daitezke eta elementu horiek izan dira Oier Suarez ikertzaileak bere tesian aztertu dituenak. Hala, duela 15 eta 20 milioi urteko aztarnak ikertu ditu, Miozeno garaikoak.

Fosil horien azterketan gehiago sakontzeko, UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia saileko ikertzaile den Oier Suarezekin hitz egin dugu.

“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Oier Suarez: “Europa osoan ez dago Bardeetan dagoen bezain erregistro fosil hain ona eta jarraia” #Zientzialari (117) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Hatz-markak, FBI eta Fourier modernizatua

Og, 2019-06-13 09:00
Javier Duoandikoetxea Hatz-markek identifikatu egiten gaituzte. Horregatik, hatz-marken bila ibiltzen dira detektibeak delitu bat gertatu den lekuan. Ez da inor harrituko, bada, esaten badugu hatz-marken bilduma erraldoiak daudela polizien artxiboetan.

FBI 1924an hasi zen hatz-markak hartzen. Tintan bustita uzten zuten atzamarrek marka kartoizko fitxetan. FBIk 25 milioi fitxatik gora zituen gordeta 1993an. Ordurako, ordenagailuen erabilera hedatzen hasia zen eta argi zegoen artxibo digitalak izatea onura handikoa izango zela, bai hatz-markak gordetzeko, bai bilaketak egiteko. Hortaz, digitalizazioari ekin zioten.

1. irudia: hatz-markak fitxetan gordetzen ziren lehen. (Argazkia: Alan Levine / CC BY 2.0 lizentziapean)

Garrantzitsua da ahalik eta zehaztasun handienaz ziurtatzea norena den hatz-marka bat. Horregatik, digitalizazioa egiteko hazbete bakoitzeko 500 puntuko irudia aukeratu zuten, 8 byteko kolore grisen eskalan. Horrek hatz-marken fitxa bakoitzetik 10MBko fitxategi bat sortzen zuen. Artxibo osoaren digitalizazioak izugarrizko tamaina hartu behar zuen! Gainera, duela 25 urteko tresnen biltegiratze-gaitasuna gaurkoena baino askoz txikiagoa zen. Zer egin? Aurreko artikulu batean argazkietarako esan genuen moduan, hemen ere konpresioan zegoen gakoa. Gogoan izan konprimatzea fitxategiaren tamaina txikitzea dela eta hori, baliagarria izateko, informazio esanguratsua galdu barik egin behar dela.

Argazkietarako azaldu genuen JPEG konpresio-sistema 1992an kaleratu zen eta horixe erabiltzeko hautua egin zuten FBIko adituek. Hala ere, ez ziren gustura gelditu, konprimatu ondoko irudia ez baitzitzaien egokia iruditu.

Gehienetan, pixel batetik albokora igarotzean kolore-aldaketa txikia egoten da eta hori baliatzen du JPEG sistemak. Horregatik, ertzak dauden tokietan emaitza ez da hain ona, inguruko pixeletan kolore-aldaketa handiak gerta daitezkeelako. Esan daiteke, neurri batean, hatz-marken irudietan ertzak (marrak) direla garrantzia duten bakarrak.

Arazoa gainditzeko, Estatu Batuetako zenbait unibertsitate eta gobernu-agentziatako ikertzaile elkarlanean aritu ziren hatz-marken irudien konpresiora egokitutako algoritmo on baten bila.

Bitarte matematikoa

1984an Yves Meyer matematikari frantsesa Paris-Orsay unibertsitateko irakaslea zen. Lankide fisikari batek artikulu bat erakutsi zion, interesgarria izango zitzaiolakoan. Egileak Jean Morlet eta Alex Grossmann ziren, Elf Aquitaine enpresako ingeniari geofisikaria lehena eta Marseillako unibertsitateko fisikaria bigarrena.

Artikuluak gasa eta petrolioa bilatzeko bide berri bat proposatzen zuen. Lur azpiko gas-poltsak eta petrolioa detektatzeko, uhin bat igortzen da eta zenbait geruza zeharkatu ondoren itzultzen den seinalea aztertuz, barneko konposizioari buruzko informazioa lortzen da. Morletek hori egiteko teknika berri bat aurkeztu zuen eta Grossmannekin landu zuen arlo matematikoa. Ez zuen arrakasta handirik izan enpresan eta, diotenez, Morletek jubilazio aurreratua baino ez zuen lortu. Aitzitik, zientziaren mundutik iritsi zitzaion ospea.

Yves Meyer harrituta gelditu zen artikuluan ikusi zuenarekin: formula ezagunak aurkitu zituen, ederto ezagutzen zuen alor batekoak, eta bide emankorra izan zitekeela iritzi zion. Berak dioenez, Marseillarako trena hartu zuen Grossmannen bila. Urte gutxiren buruan, Meyer eta haren lankide eta ikasleek hasierako urrats baldar haiek teoria matematiko bihurtu zuten.

2. irudia: Alex Grossmann (1930-2019) eta Jean Morlet (1931-2007), 1991n. (Argazkia: Centre de Physique Théorique, Marsellako unibertsitatea)

Fourieren teoria klasikoan funtzio bat garatzeko oinarrizko osagaiak funtzio trigonometrikoak dira. Teoria berrian, oinarrizko osagai horiek aldatu egiten dira eta funtzio ama baten dilatazioak eta translazioak erabiltzen dira. Hori bai, ama horrek propietate egokiak behar ditu erabilgarria izateko. Dena dela, aukera asko daude eta erabileraren arabera zein hartu erabaki daiteke. Horixe bera abantaila bihurtzen da aplikazioetan.

Objektu berriari frantsesez jarri zion izena Morletek: ondelette. Gero, ingelesera heldu zenean, wavelet bihurtu zen eta gehienbat horrela egin du bidea mundu zientifikoan. Erabiltzaile askok mailegua bere horretan (wavelet) hartu badute ere, badira hizkuntza bakoitzari egokitutako terminoak: ondícula (esp.), ondeta (cat.), onduleta (port.), adibidez. Euskaraz, horien antzeko izan daitekeen uhinxka hautatu nuen nik [1].

3. irudia: Stéphane Mallat, Yves Meyer, Ingrid Daubechies eta Emmanuel Candès, uhinxken teoria eta aplikazioen garapenean garrantzi handikoak izan dira. (Argazkia: S. Jaffard, La lettre d’infos du CMLA, 2017ko ekaina)

Fourieren analisi tradizionalak ez ditu ondo antzematen tarte txiki batean gertatzen diren funtzio baten aldaketa handiak, osagai modura erabiltzen dituen funtzio trigonometrikoak ez daudelako lokalizatuta. Uhinxkak, aldiz, lokalizatu egiten dira eta hobeto moldatzen dira funtzioen aldaketa zorrotzak aztertzeko. Gainera, zertan erabili nahi dugun, uhinxka ama egokia hartzea komeni da. Horrek kostu matematiko handiagoa izan dezake eta, aplikatzeko bada, agian kostu ekonomikoa ere, baina nahi edo behar dugun lana hobeto egingo du.

WSQ eta JPEG2000 konpresio-sistemak

Uhinxken teoriak, aurrekari zuen Fourieren serieen teoriak ez bezala, aldi berean jorratu ditu arlo matematiko hutsa eta aplikazioak. Berehala hasi ziren seinaleen prozesamendurako erabiltzen eta ohiko teknikak arlo berrira egokitu ziren. Lehen urrats haietatik mundu errealerako jauziak ez zuen itxaron behar izan. Are gehiago, teoria matematikoa bera elikatu dute aplikazioek, problema berriak plazaratuz.

4. irudia: Ingrid Daubechiesek aurkitutako uhinxka bat erabiltzen da WSQ konpresiorako.

Uhinxkak erabilita asmatu zuten FBIren beharretarako WSQ (Wavelet Scalar Quantization) konpresio-sistema. Libre jarri zuten, gainera, edozeinek erabiltzeko moduan. Matematikoki uhinxka amen bikote bat erabiltzen du, bata deskonposizioa egiteko, eta bigarrena irudia berreraikitzeko. Funtsean, konpresiorako gauza bera egiten da beti: gorde nahi dugun informazioa oinarrizko osagaien (kasu honetan, uhinxken) errezeta baten bidez eman eta garrantzi gutxiko osagaien koefizienteak 0 egin. Horrela, gorde beharreko informazioan 0 asko lortzen dira, eta zeroen zerrenda horiek modu laburrean gordetzeko bideak asmatu dira.

Ez zen horretan geratu uhinxken konpresiorako erabilera. Argazkietarako JPEG asmatu zuen talde berak beste estandar bat sortu zuen uhinxken bidez: JPEG2000. Hau ere erabiltzen da hatz-marken konpresiorako, hazbeteko 1000 puntuko irudiak hartzen direnean. Eta ez horretarako bakarrik: JPEG2000 erabiltzen da zinema digitalean, sateliteek hartzen dituzten irudietan eta irudi medikoen DICOM protokoloan, esaterako.

Fourier modernoa vs. Fourier klasikoa

Fourieren analisia matematika teorikoaren esparruan bizi zen XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran. Gero, ordea, mundu errealean erabiltzeko arlo ugari aurkitu zizkioten eta ordenagailuen kalkulu-ahalmena handitzearekin batera are gehiago zabaldu ziren aukerak: seinaleak, soinuak, irudi medikoak, espektrometria, kristalografia, telekomunikazioa, astronomia, ikusmen artifiziala, ahots-ezagutzea…

Uhinxken teoriak, geuk sortzen eta garatzen ikusi dugun arlo berriak, beste bultzada bat eman die aplikazioei. Aipatu dugun hatz-marken kasuan, bide klasikoak baino emaitza hobeak ematen ditu. Beti mereziko du uhinxkak erabiltzea funtzio trigonometrikoen ordez? Ez, egin nahi dugunaren arabera erabakiko dugu. Esaterako, gure argazki-kameretan JPEG erabiltzen dugu, ez du merezi argazki arruntetarako beste konpresio-sistema batera jotzea. Teoria berriak aurrekoa osatu egiten du, ez ordezkatu.

Matematikan gaur egun dagoen saririk handiena Abel saria da. 2017ko saritua Yves Meyer izan zen, “haren funtsezko lanagatik, uhinxken teoria matematikoaren garapenean”.

Oharrak:

[1] Norbaitek mailegua erabili nahiko balu, jatorrizko frantses izenetik hartutako ondeleta hobetsiko nuke, zaila egiten baitzait wavelet euskaraz modu egokian ematea.

Gehiago jakiteko:

——————————————-
Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedraduna da UPV/EHUn.

——————————————-

The post Hatz-markak, FBI eta Fourier modernizatua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

‘Infernuan’ ere bizia garaile ateratzen dela egiaztatu dute

Az, 2019-06-12 09:00
Juanma Gallego Planetako toki muturrenetakoa den Dallol basamortuan mikroorganismoak aurkitu dituzte, mineralez osatutako kapsuletan sartuta. Tenperatura altuak, gatza eta azidotasuna, horiek dira bizidun ñimiño hauek gehien gustuko dituzten baldintzak.

Uda hurbiltzen den aldiro munduko bulego gehienetan dagoen eztabaida da. “Haize girotua ipini”. “Igo, mesedez”. “Jaitsi”. “Ireki leihoa, haize girotuari alergia diot”. “Eta nik alergia polenari”. “Itxi, arren, euliak sartzen dira eta”. “Ezetz ba, bestela hau infernua da”. Halako egoera batean zure burua ikusten duzun hurrengoan, pentsa gauzek txarrenera jo lezaketela. Kaferako tartean hain jatorra den lankide horren ordez filia hirukoitza duen arkeobakterio bat izan zenezake alboan. Baina arkeobakterio itxurako lankidea ez da arazo bakarra: 30 gradu horiek beharrean, 50-60 gradu izango zenituzke; eta, kafearen ordez… tira, azido sulfhidrikoaren antzeko edaberen bat.

Bulego hori daukate organismo estremofiloen bila ari diren zientzialariek, landa lanean daudenean bederen. Etiopiako Afar eskualdean kokatuta dagoen Dallol basamortuaz ari gara, Dalakill sakonunean. Planetako eskualde muturrenetakoa da bertakoa, eta tenperatura ez da, inolaz ere, arazo bakara. Azidotasun handiko eremua da ere, pH eskalan zerotik gertu edo balio negatiboetan, hain zuzen; eta, hori gutxi balitz, gazitasun altua dago bertan.

1. irudia: hiru plaka tektonikoren artean egoteagatik, eta iraganean Itsaso Gorriak bertan gatza utzi zuelako, oso baldintza bereziak daude Dallol eskualdean. Hala izanik ere, bertan bizia aurkitzea lortu dute. (Argazkia: A. Savin / WikiCommons)

Planetaren indarrek sortu dituzte baldintza berezi horiek. Hiru plaka teknotikok bat egiten dute bertan, eta horregatik bertako lurrazala oso mehea da, 15 bat kilometrokoa. Historia geologikoan Itsaso Gorriak egin dituen joan-etorriek utzi dute zorua gatzez beterik. Azkenik, errezeta osatzeko, azpian magma beroa dago. Ura lurpean sartzen denean, magma horrekin topo egitean berehalakoan berotu eta askatu egiten da, tximinia hidrotermalen bidez. Urarekin batera doazen mineral eta gatz guztiak askatzen dira, eta bilduta geratzen dira bertan, paleta koloretsu bezain pozoitsua sortuz.

2015ean Martek duela 3.000 milioi urte zituen antzeko baldintzen analogoaren bila joana zen bertara CAB Madrilgo Astrobiologia Zentroko zientzialari talde bat; baldintza zail horietan ikerketa tresnak jarri dituzte eta aurkikuntza garrantzitsua egin dute: muturreko baldintza hauetan muturreko bizia ere badago. Scientific Reports aldizkarian kontatu dute.

Zehazki, geruza koloretsu horretako lehen milimetroetan aurkitu dituzte mikroorganismoak, mineralez osatutako oskola bitxi batzuetan txertatuta. Hala egonik, fosilak direla ematen du hasiera batean, baina orain egiaztatu ahal izan dute nanobakterioak direla. Horietatik, batzuk ohiko bakterioak baino askoz txikiagoak dira, 50 nanometro ingurukoak. Lehen aldia da bertan bizia aurkitzen dena, eta, gainera, oso bizi berezia da. Zenbait haloarchaearen antzekoak dira, baina ez dira haloarchaeak. Horregatik uste dute mikroorganismo berriak izan daitezkeela, momentuz hori zientzia-artikulu baten bitartez demostratzeko modurik izan ez badute ere. Termo-halo-azidofiloak dira, hurrenez hurren beroan, gazitasunean eta azidotasunean moldatzen direlako. Haien metabolismoari dagokienez, konposatu inorganikoen oxidazioa egiten dute “elikatzeko”, bereziki burdina eta sufrea.

CAB zentroko ikertzaile Felipe Gomezek aurkikuntzari buruzko azalpenak eman ditu La mecánica del caracol irratsaioan. “Kontua ez da bakterioak inguru horretara egokitu direnik; osterantzean, kontua da hori dela bakterio hauek duten egoerarik hoberena; haien optimoan daudela, hain zuzen”.

2. irudia: SEM eta TEM motako mikroskopia elektronikoa baliatu dute harrian txertatutako bakterioak ikertzeko. Txikienek 50 nanometroko luzera dute. (Irudia: CAB)

Gauzak horrela, aurkikuntzak bizigarritasunaren mugak ulertzeko beste aurrerapauso bat da hau. Gomezek azaldu duenez, erronka zaila da horrelako inguruetan izaten diren prozesuak ikertzea, ohiko kimikaren mugan ere daudelako. Gogora ekarri du zientzia komunitatean aspaldi piztu zen eztabaida bat, Antartikan aurkitutako ALH84001 meteoritoaren harira. “Meteorito horretan aurkitutakoa fosila ez zela esateko argudiorik handiena izan zen estruktura horiek txikiegiak zirela bizia bertan kabitzeko”, azaldu du adituak. Haren irudikoz, orain egindako aurkikuntzak babesten du biziak halako estrukturak sor litzakeela. Norabide horretan, aitortu du aukera bat dela etorkizunean meteoritoak berraztertzea, antzeko estrukturak aurkitzeko esperantzan, baina ezbaia asko sortzen duen gaia denez, ez dutela aipatu zientzia-artikuluan.

A hombros de gigantes irratsaioan ikerketa prozesuan jarraitu duten ibilbidean sakondu du Gomezek. Oso protokolo zuhurrak erabili behar izan dituztela nabarmendu du. Mikroskopia elektronikoa erabili dute, eta modu horretan ikusi ahal izan dute mintzen geruzak badirela. Azkenik, DNA erauzteko eta sekuentziatzeko gai izan dira. Izan ere, zientzia-artikuluaren ebaluatzaileak eskatu zien baieztatzea bakterio horiek jatorrizkoak zirela eta bizirik zeudela. Horretarako, in situ hibridazioa egin zuten. Teknika horrek DNA-zundak erabiltzen ditu, ezaguna den kanpoko DNA sartuta, laginaren DNAren azido nukleikoekin batu dadin; ikertzaileek hibridazio horren emaitza ikus dezakete, kolore jakin batzuen arabera. “Bakterioa metabolizatzen ari denean baino ez da gertatzen hibridazio hori”, argitu du CABeko adituak.

Mikroorganismo horiek tximinia hidrotermal batean aurkitu izanagatik, bizitza estruktura horietan sortu zelako hipotesia babesten dutenentzako beste argudio bat da. Unibertsoan bizia topatzeko esperantza ere sustatzen du aurkikuntzak, noski. “Estremofiliaren munduan izan dudan esperientziak esaten dit ur likidoa egonez gero bizia badagoela; beste parametroek ez dute axola”, esan du Gomezek. “Faktore nagusia da bizirako beharrezkoak diren erreakzio kimikoak ahalbidetuko duen disolbagarri bat egotea”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Gómez, F. et al., (2019). Ultra-small microorganisms in the polyextreme conditions of the Dallol volcano, Northern Afar, Ethiopia. Nature Scientific Reports, 9, 7907. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-019-44440-8

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post ‘Infernuan’ ere bizia garaile ateratzen dela egiaztatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak