Dozena erdi ariketa 2019ko udarako (3): Erradioaren bila
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure hirugarren ariketa: Erradioaren bila.———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2019. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
———————————————————————————-
The post Dozena erdi ariketa 2019ko udarako (3): Erradioaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Ikusgai-eremu elektromagnetiko osoan zehar igorpen sintonizagarria duten BODIPY laser-koloratzaileak

Irudia: BODIPY (BOron DIPYrromethene) izeneko kromoforoaren ezaugarri fotofisikoak berde-hori gune espektralean azpimarratzekoak dira.
Alde batetik, gaur egun bide sintetiko ugari daude eskuragarri molekula organikoen oinarrizko egitura sakonki eta selektiboki eraldatzeko. Beraz, posible da molekula-egitura nahi den moduan diseinatzea aplikazio berezi baten eskakizunak betetzeko. Beste alde batetik, duela gutxi mikroskopia fluoreszentean zegoen detekzio muga (difrakzio muga) gainditu da eta orain bioirudiaren bidez zuntza fluoreszente molekula bakar bat detektatzea posiblea da (nanoskopia edo superbereizmen mikroskopia, Nobel Saria 2014n). Teknika hau biofotonikan gero eta arrakastatsu eta ospetsuagoa da, ahalbidetzen duelako prozesu biokimikoak jarraitzea eta biomolekulek gorputzean duten kokapena ezagutzea argiaren emisioaren bidez.
Hori dela eta, propietate fotofisiko hobeak eta iraunkorrak dituzten koloratzaile fluoreszente berrien garapena sustatu da, bioirudirako zuntza fluoreszenteak garatzeko zein laser sintonizagarrietan ingurune aktibo gisa erabiltzeko. Izan ere bi aplikazio hauetan fluoroforoek bete behar dituzten ezaugarri nagusiak berdinak dira. Hau da, argiaren absortzioa eraginkorra izatea, argiaren igorpena distiratsua izatea, eta luzaroan erradiazio ahaltsua jasatea hondatu gabe. Gaur egun, hainbat molekula organiko komertzialki eskuragarri daude ikusgai eremu osoan zehar aukeratzeko, baina askotan aurreko eskakizun guztiak ez dira betetzen.
Behar honen aurrean, gure ikerkuntza taldean (Espektroskopia Molekularreko Laborategian, UPV/EHU), eta kimika organiko taldearekin batera (Eduardo Peña Cabrera irakaslea, Guanajuato unibertsitatetik Mexikon), ikusgai-eremu osoan zehar eraginkortasun fluoreszente eta fotoegonkortasun ezin hobeak aurkezten dituzten koloratzaile berriak diseinatzea erabaki genuen.
Horretarako abiapuntu bezala BODIPY (BOron DIPYrromethene) izeneko kromoforoa hartu genuen. Koloratzaile honen ezaugarri fotofisikoak berde-hori gune espektralean azpimarratzekoak dira. Hala ere, bere abantailarik nagusiena kromoforoaren moldagarritasun sintetikoan datza. Izan ere, hainbat bide sintetikori jarraituz selektiboki posizio zehatzetan eta talde funtzional ugari erabiliz molekula-egitura erabat alda daiteke. Hala nola, bibliografian BODIPYei “El Dorado” edo “kameleoiak” esaten diete, sintetikoki duten erreaktibotasuna goraipatzeko, eta nabarmentzeko nola ordezkatzaile aproposak erantsiz kromoforoan honen ezaugarri fotofisikoak gogotik modula daitezke, hurrenez hurren.
Izaera honetaz baliatuz, gure helburua BODIPYen absortzio/igorpen banda espektralak ikusgaiko eremuaren bi ertzetara bultzatzea izan da, hots, alde gorrira edo urdinera, nukleo kromoforikoan talde funtzional aproposak erabiliz, eta ezaugarri fotofisiko optimoak mantenduz. Eremu berde-horitik (BODIPYen ohiko igorpen eremua) abiatuz lerrokatzea alde gorrira lortzeko, hain zuzen ere, talde aromatikoak txertatu dira sistema konjokatua hedatuz. Kontrako lerrokatzea lortzeko, hau da, urdinera, kromoforoan heteroatomoak zuzenean erantsi dira, sistema konjokatu berri bat sorraraziz.
Diseinu molekular honen ondorioz, BODIPYan oinarritutako koloratzaile fluoreszenteak lortu dira ikusgai-eremu osoan zehar argia absorbatu eta igortzen dutelarik. Kasu guztietan, eraginkortasun fluoreszentea ia ehuneko ehuna da, nahiz eta ingurunea aldatu, eta seinale fluoreszentea mantentzen da lagina laser ahaltsuekin luzaro bonbardatu arren. Are gehiago, guk garatutako fluoroforoen portaera fotonikoak eskuragarri dauden pareko koloratzaileenak baino hobeak dira. Beraz, BODIPY berri hauek aproposak dira bai zuntza fluoreszente bezala prozesu biokimikoak behatzeko mikroskopia fluoreszentea bitartez (bioirudia), bai ingurune aktibo moduan erabiltzeko igorpen sintonizagarria duten laserrak lortuz.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 33
- Artikuluaren izena: Ikusgai-eremu elektromagnetiko osoan zehar igorpen sintonizagarria duten BODIPY laser-koloratzaileak.
- Laburpena: Lan honetan, molekula-egiturak BODIPY deritzen koloratzaileen propietate fotofisikoetan duen eragina aztertzen da, gehienbat alde ikusgai gorritik urdinera laser sintonizagarrien ingurune aktiboa garatzeko. BODIPYaren ordezkapen-patroiaren arabera propietate espektroskopikoak modula eta optimiza daitezke. Horrela, BODIPYaren oinarrizko kromoforoa abiapuntutzat hartuta (absortzio/igorpen eremu ikusgai berde/horian) aldaketak egin dira egitura molekularrean banda espektralak lerrokatzeko, bai eremu urdinera (heteroatomoak meso posizioan sartuz), bai eremu gorrira (π sistema deslokalizatua hedatuz). Ondorioz, koloratzaile komertzialekin konparatuz gero, eremu espektral ikusgai osoa betetzen duten BODIPY koloratzaile berriak garatu dira, propietate fotofisiko eta laser hobetuekin.
- Egileak: Edurne Avellanal-Zaballa, Ixone Esnal, Jorge Bañuelos
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 97-114
- DOI: DOI: 10.1387/ekaia.17771
————————————————–
Egileez:
Edurne Avellanal-Zaballa, Ixone Esnal, Jorge Bañuelos UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa sailean dabiltza.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Ikusgai-eremu elektromagnetiko osoan zehar igorpen sintonizagarria duten BODIPY laser-koloratzaileak appeared first on Zientzia Kaiera.
Polinizatzaileekin bueltaka: erleak eta gehiago

Irudia: Erleak salbatzeko kanpainak jarri izan dira abian, polinizazioan dute garrantzia dela eta. Erleak ez dira, baina polinizatzaile bakarrak, ezta nagusiak ere.
Polena garraiatzen landareen ugalketa ahalbidetzen dituzten animaliak dira polinizatzaileak. Zonalde epeletan landareen %78k eta zonalde tropikaletan landareen %94k behar dute animalien polinizazioa. Giza elikadurarako erabiltzen diren laboreen %75ean baino gehiagotan dute eragina polinizatzaileek maila batean edo bestean. Kontuan izan behar da, hala ere, bolumenari dagokionez, giza kontsumoaren gehiengoa (%60) animali polinizaziorik behar ez duten laboreak direla eta animalien polinizaioa behar dutenak %35 direla.
Polinizatzailerik ezagunena, zalantzarik gabe, erlea da. Eta erlea esatean ezti-erlea (Apis mellifera) da gogora datorrena kasu gehienetan. Honi lotuta, ikerketa honen arabera, jendearen %99ak erleak ezinbestekoak edo oso garrantzitsuak direla uste badu ere, %14ak baino ez da gai erle espezie kopurua asmatzeko (1.000 espezie gora behera). Eta zenbat erle espezie daude? 100? 2.000? Ezta hurrik eman ere. 20.000 erle espezie inguru daude munduan.
90eko hamarkadan izan ziren erleen egoeraren inguruko lehenengo alarma hotsak. Orduan argirtaratutako ikerketaren arabera, polinizazioaren inguruko kezka areagotze bidean zen erleen populazioek behera egiten zuten heinean.
1985 eta 2005 urteen artean ezti-erle kolonien %25 galdu ziren Erdialdeko Europan. Estatu Batuetan %59 1947 eta 2005 artean. Collony Collapse Disorder (CCD) izena eman zaio erle kolonien galera jarraituari. Honen atzean ez da kausa bakarra identifikatu, hainbat faktorek dute eragina: habitatetan aldaketak, fragmentazioa, patogenoak, aldaketa klimatikoa, intsektiziden erabilera, nekazaritzaren intentsifikazioa…
Ezti-erleak salbatzeko zenbait kanpaina egin dira nazioartean: TED Talkak egin dira, Greenpeacek ere mundu mailako kanpaina abiatu du eta zereal marka batek ere nazioarteko kanpaina jarri du martxan.
Polinizatzaileen aniztasunazEzagunenak badira ere, ezti-erleak ez dira polinizatzaile bakarrak. Bestelako intsektuak (tximeletak, liztorrak, inurriak, kakalardoak, euliak…) ere polinizatzaileak dira. Baita zenbait ornodun, hala nola, saguzarrak, kolibriak, zenbait karraskari eta baita sugandilak ere. Polinizazioen %14aren arduradunak baino ez dira ezti-erleak.
Portaera moldaketak eta egokitzapen morfologikoak jasan ditu ezti-erleak nektarra eta polena jaso, garraiatu eta biltzerako orduan oso eraginkor bilakatu dutenak, Juan Carlos Pérez Hierro biologoak azaltzen duenez. Horrek, baina, ez du polinizatzaile on bilakatzen, bidean galdutako polena baita polinizatzen duena eta Apis mellifera asko hartu eta gutxi galtzeko dago diseinaturik.
Ezti-erleak, beraz, ez dira polinizatzaile nagusiak. Are gehiago, ezti-erleak polinizatzaile basatien lanaren osagarri dira, ordezkatzaile baino. Megachilidae familiako erleak planetako polinizatzailerik eranginkorrenetarikoak kontsideratzen dira, Juan Carlos Pérez Hierroren esanetan.
Zer bestelako polinizatzaileak daude, baina? Ezti-erle eta gainerako erleez gain hainbat polinizatzaile mota aurki daitezke:
- Intsektuak: Liztorrak, lore-euliak, tximeletak eta baita kakalardoak ere, besteren artean.
- Hegaztiak: Kolibriak dira hauen artean ezagunenak, baina melifagoak eta eguzki txoriak ere polinizazio lanetan ibiltzen dira.
- Ugaztunak: Saguzarrak, zenbait karraskari edota lemurrak, besteak beste.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Ollerton, J. , Winfree, R. and Tarrant, S. (2011). How many flowering plants are pollinated by animals?. Oikos, 120 (3), 321-326, DOI: 10.1111/j.1600-0706.2010.18644.x
- Klein, Alexandra-Maria, et al., (2006). Importance of pollinators in changing landscapes for world crops. Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences, 274 (1608), DOI: http://doi.org/10.1098/rspb.2006.3721
- Wilson, Joseph S., Forister, Matthew L., Carril, Olivia (2017). Interest exceeds understanding in public support of bee conservation. Frontiers in Ecology and the Environment, 15(8), 460–466, DOI:10.1002/fee.1531
- Michener, Charles D. The Bees of The World. The Johns Hopkins University Press. Baltimore. 2007
- Watanabe, Myrna E. (1994). Pollination Worries Rise As Honey Bees Decline. Science, 265 (5176), 1170, DOI: 10.1126/science.265.5176.1170
- Potts, Simon G., et al. (2010). Declines of managed honey bees and beekeepers in Europe. Journal of Apicultural Research, 49 (1), 15-22, DOI: 10.3896/IBRA.1.49.1.02
- Potts, Simon G., et al. (2010). Global pollinator declines: trends, impacts and drivers. Trends in Ecoloby and Evolution, 25 (6), 345-353, DOI: https://doi.org/10.1016/j.tree.2010.01.007
- Garibaldi, Lucas A., et al. (2013). Wild Pollinators Enhance Fruit Set of Crops Regardless of Honey Bee Abundance. Science, 339 (6127), 1608-1611, DOI: 10.1126/science.1230200.
- Regan, E. C. et al. (2015), Global Trends in the Status of Bird and Mammal Pollinators. Conservation letters, 8, 397-403, DOI: 10.1111/conl.12162
- IPBES. The assessment report on pollinators, pollination and food production. Secretariat of the Intergovernmental Science-Policy Platform on
Biodiversity and Ecosystem Services. Bonn. 2016. - IUCN. European Red List of Bees. Publication Office of the European Union. Luxembourg. 2014
- Aizen, Marcelo A., et al. (2008). Long-Term Global Trends in Crop Yield and Production Reveal No Current Pollination Shortage but Increasing Pollinator Dependency. Current Biology, 18 (20), 1572-1575, DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2008.08.066
- Potts, Simon G., et al. (2016). Safeguarding pollinators and their values to human well-being. Nature, 540, 220–229, DOI: 10.1038/nature20588
- Winfree, Rachael. (2008). Pollinator-Dependent Crops: An Increasingly Risky Business. Current Biology, 18 (20), R968-R969, DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2008.09.010
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
——————————————————————
The post Polinizatzaileekin bueltaka: erleak eta gehiago appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2019ko udarako (2): Zifren bila
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure bigarren ariketa: Zifen bila.———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2019. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
———————————————————————————-
The post Dozena erdi ariketa 2019ko udarako (2): Zifren bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Konposatu fenolikoak eta osasuna

Irudia: Landare jatorriko elikagaietan (barazki, ortuari, fruta, fruitu lehor, ardo…) topa daitezke nagusiki konposatu fenolikoak.
Konposatu fenolikoak gure gorputzean sartzen direnetik (elikagaien bidez hartzen ditugunetik), hestean xurgatuak diren arte (digestio ondoren) hainbat eraldaketa jasaten dituzte. Horren ondorioz, odolera eta ehunetara iristen den konposatu fenoliko kantitatea oso txikia izan ohi da; horregatik, konposatu hauek bioerabilgarritasun txikia dutela esaten da. Hala ere, kontuan izan behar da digestioan zehar polifenolen metabolitoak sortzen direla (glukuronatuak eta sulfuratuak nagusiki), eta metabolito hauek ere efektu onuragarriak sortzen dituztela. Gure gorputzak xurgatzen ez dituen polifenol eta metabolitoak berriz, gernu eta gorotz bidez kanporatzen dira.
Polifenolek oxidazioaren aurka jarduteko ahalmena erakutsi dute, eta ondorioz, asko ikertu da efektu honek gure osasunean izan ditzakeen aplikazioen inguruan. Zenbait ikerketek proposatu dute estres oxidatiboarekin erlazioa duten gaixotasunen prebentzioan, edota garapena ekiditen, erabilgarriak izan daitezkeela. Besteak beste ikusi da gaixotasun kardiobaskularretan lagungarriak direla, efektu basozabaltzailea dutelako (oxido nitrosoaren ekoizpena sustatuz) eta baita profil lipidikoa hobetzen dutelako ere (HDL kolesterola igo eta LDL kolesterola jaitsi). Ondorioz, aterioesklerosiaren garapena ekiditen lagundu dezakete. Zenbait minbiziren kasuan (urdailekoa, heste gorrikoa, birikakoa, ahokoa, faringekoa, endometriokoa, pankreakoa eta kolonekoa), konposatu fenolikoetan aberatsak diren elikagaietan (barazkiak eta frutak batez ere) oinarritutako dietak, minbizi hauen agerpen baxuagoarekin erlazionatu dira.
Bestalde, lehen aipatutako oxidazioaren aurkako jarduera dela eta, konposatu fenolikoak neuroendekapenezko zenbait gaixotasunen (Alzheimerra, zahartzaroko dementzia eta Parkinsona) aurkako babes-faktore bezala proposatu dira. Obesitatearen tratamendu eta prebentziorako ere konposatu fenolikoak erabilgarriak izan daitezkeela iradokitzen dute laborategiko modelu esperimentaletan (zelulak eta karraskariak) lortu diren emaitzek. Gainera, obesitatean eragiteaz gain, honekin erlazioa duten osasun asaldaduretan (intsulinarekiko erresistentzia eta diabetesa) ere efektu desiragarriak sortzen dituztela ikusi da.
Ikusten denez, osasunerako onuragarriak diren hainbat funtzio bideratzeko ahalmena egotzi zaie konposatu fenolikoei. Hala ere, nahiz eta lortutako emaitzak oso interesgarriak diren, azpimarratu behar da gaurdaino lortu den informazio gehiena zelula eta animaliekin egindako ikerketetatik lortu dela. Beraz, ikusteke dago oraindik ea konposatu hauek animalietan sortzen dituzten efektuak gizakietan ere ematen diren. Horretaz gain, konposatu hauek osasunean dituzten efektu onuragarriak bideratzen dituzten mekanismoetako asko oraindik ez dira guztiz ezagutzen. Hori dela eta, gaur egun dakiguna kontuan izanda, gomendagarriena konposatu hauetan aberatsak diren orotariko elikagaiak dituen dieta bat jarraitzea da. Izan ere, modu honetan, konposatu hauek banaka dituzten efektu onuragarriez gain, efektu sinergikoak (banakako efektuen gehiketa baino handiagoak) ere sor litezke, osasunean onura handiagoak eraginez.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 33
- Artikuluaren izena: Konposatu fenolikoak eta osasuna.
- Laburpena: Konposatu fenolikoak, egitura kimikoaren arabera sailkatu daitezkeen zenbait sustantziaz osatutako talde zabal bat dira. Landareek ekoizten dituzte bigarren mailako metabolito gisa, erantzun modura erradiazio ultramorea, patogenoak, kalte oxidatiboa eta ingurumen baldintza zailak bezalako erasoei aurre egiteko. Hori dela eta, modu naturalean daude landare jatorriko elikagaietan, hala nola frutetan, barazkietan, fruitu lehorretan, olioetan, tean eta ardoan. Konposatu fenoliko gehienak ester, glukosido edo polimero gisa aurkitzen dira elikagaietan, eta ondorioz hestean hidrolizatu behar dira xurgatuak izan baino lehen. Gibelean eta heste meharrean konposatu fenolikoak metabolizatzen dira II faseko entzimen eraginez. Gibelean eratzen diren metabolitoen zati bat, heste meharrera jariatuko da behazun bideetatik, eta bertan berriro xurgatuak izateko dekonjugatu egingo dira, edota kolonerako bidea jarraituko dute. Behin heste lodian, hesteko mikrobiotak konposatu fenolikoak metabolizatuko ditu. Prozesu hauen ondorioz, konposatu fenolikoen bioerabilgarritasuna txikia da. Konposatu fenolikoen eta beren metabolitoen iraizpena, gernu bidez gertatzen da nagusiki. Antioxidazio-ahalmen handia duten konposatu bioaktiboak dira. Azken urteetan, eragiten dituzten antioxidazio efektuengatik, eta beste mekanismo batzuengatik, hainbat gaixotasunen garapenaren aurkako efektu onuragarriak egotzi zaizkie: minbizia, gaixotasun kardiobaskularrak eta neuroendekapenezko gaixotasunak.
- Egileak: Iñaki Milton-Laskibar, Alfredo Fernández-Quintela, María Puy Portillo
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 55-66
- DOI: 10.1387/ekaia.17818
————————————————–
Egileez:
Iñaki Milton-Laskibar, Alfredo Fernández-Quintela, María Puy Portillo UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak sailean dabiltza.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Konposatu fenolikoak eta osasuna appeared first on Zientzia Kaiera.
Literaturako hainbat pasarte biologo baten begiekin
Literaturan baldin bada animalia ikonikorik, balea da; zehazki, Moby Dick. Zeroia zen Moby Dick, bale horzdun handiena. Euskal kostaldean garrantzia handia izan dute baleek. Baina, pentsa daitekeenaren kontra, ez dira ehizatu haragiagaik, olioagatik baizik. Ugaztunak eta endotermoak dira baleak. Beroa gorde behar dute tenperaturari eusteko eta ura oso medio gogorra da horretarako. Bero galerari aurka egiteko baleek duten modu bakarra olio geruza da. Olio hori ustiatzeko ehizatzen ziren baleak.
Herman Melvilleren “Moby Dick” liburuan irakur daiteke: “Zeroiak bere denboraren zazpiren batean zehar bakarrik hartzen du arnasa edo, bestela esanda, igandean bakarrika hartzen du arnasa”.Hau ez da egia. 90 minutu egon daitezke urpean baleak, arnasa hartzeko azalera igo gabe. Horretaz gain, zeroiak eta baleak urperatzen direnean airea bota egiten dute, hartu baino. Urpera doazenean, beraz, ez dute birikak airez betetzen, husten, baizik.
Aurretik hartutako airearekin mioglobina oxigenoz bete egin dute eta horrekin egiten dute urpealdia. Mioglobina kantitateari esker egin dezakete hau, izan ere, gizakiok kilogramo bakoitzeko 6g. mioglobina baldin badugu, zeroiak 76g. ditu. Horri esker uperatu daiteke 1.500-2.000 metroraino. Non txibia erraldoiak topatu daitezkeen.

(Irudia: A. Twidle. Wellcome Library).
Julio Verneren “Hogei mila legoako bidaia itsaspetik” liburuan topatu daitezkeenak bezala. Eta beti galdera bera sortzen da halako txibia ikustean: jan daiteke? Ba, ez. Oso gogorra delako eta, batez ere, amoniako eduki altua duelako.
Txibia erraldoiek euren barne fluidoetan amonio asko daukate, flotagarritasuna aldatzeko erabiltzen dutena. Ez da duten berezitasun bakarra, baina. Naturaren begirik handiena dute: 25cm baino gehiagoko diametrokoa. Tamaina handiaren arrazoia ez omen da bizi diren sakontasunean argi gutxi dagoela. Zabaldutako hipotesiaren arabera, zeroiek txibiak erasotzean sortzen duten presio uhinek luminiszenteak diren izakietan luminiszentzia aktibatzea eragiten dute eta horrela zeroiaren soslaia ikus daiteke. Bereziki horretarako moldatuta omen dago txibiaren begia.
Itsasotik elurrera…Itsasoaren eremu ilunetik elurrera Jack Londonen “The Call Of The Wild” liburuaren eskutik. Bertan irakur daiteke erresistentzia fisiko aparta duten animaliei buruz: lera txakurrak. Oso animalia bereziak dira: artifizialki aukeratuak dira, neurri batean behintzat, eta horri dagokio erresitentzia fisiko aparta, ziur aski. Oso muskulatura berezia dute, muskulatura nekagaitza, zuntz nekagaitzen dentsitate handia dute hanketan. Nekagaitz esatean, literalki esan nahi da, fisiologikoki ez dira nekatzen: aerobikoa da muskulu hau eta erabiltzen dituen substratuak, batez ere, lipidoak dira.
Gizakiok ere baditugu horrelako zuntzak eta gutako askok, erresistentzia korrikalariak, esaterako, asko dituzte. Muskulu nekaezinak oso ondo odoleztatuak eta oxigenatuak daude. Hain dira eraginkorrak lera txakurren muskulu nekaezinak, ezen nahikoa energia emari badago, lasterketan parte hartzen dutenean egunero 14 ordu jarraian korrika ibil daitezkeela. Gelditzen badira musherrak gelditzen dituztelako da.
Muskuluez gain, bihotza ere oso indartsua dute lera txakurrek. 40/60taupada minutuko dute pausoan, baina korrikan 300 taupada/minutura igotzen da. Konparatzeko, lera txakurrak gizakien tamainakoak balira 220-230 taupada minutuko frekuentzian ibiliko lirateke korrika egitean. Gizakiok 180 taupada/minututik gora atari anaerobikoa gaindituko genuke, energetikoki batere eraginkorra ez dena. Txakurrak, baina, haien metabolismoaren gorenaren erdian daude, tarte zabala dute oraindik ahalegintzeko eta korrika abiadura handitzeko.
Gastatzen duten energia lasterketa egun batean 47.000 kilojuliokoa da, egun normal batean 10.500 kilojuliokoa dela. Artikoan dagoen soldadu batek 30.000 kilojulio gastatzen ditu egun batean eta tourra egiten duen txirrindulariak 33.000 kilojulio. Tourreko txirrindulariak txakurraren tamaina balu, 15.000 kilojulio gastatuko lituzke. Tourrean lasterketan dabilen txirrindulari batek gastatzen duena hiru aldiz gastatzen du txakurrak, hortaz.
Eta zeruraH. D. Thoreau autorearen liburuak zerura begira jarri eta kolibriak eta erreginatxo marradunak jarri ditu arreta puntuan. Oso hegazti txikiak dira kolibriak eta hain txiki izateagatik oso interesgarriak, bereziak. Dagoen kolibririk txikiena erletxoria da, Kuban aurki daitekeena: haren habiak 3 cm baino gutxiago ditu eta bere masa 2 gramo baino gutxiagokoa da. Hegalak 12-90 astintze/segundoko abiaduran astintzen dituzte, 50km/h- ko abiadurara hel daitezke eta atzera egin dezakete hegan, beste hegaztirik ez dago atzera hegan egin dezakeenik.
Lore batetik bestera doaz kolibriak nektarra jateko. Homeotermoen artean metabolismo tasarik handiena dute: gizakiena bider hamar. 1.500 lore bisitatzen dituzte egunero eta hau egiteko ez dute 5 ordu baino gehiago behar. Gauean lozorroan sartzen dira, duten tasa metaboliko handia dela eta energia aurreztu behar dutelako. Duten masaren baliokidea jaten dute masa lehorran, hau da, bere masa azukre puruan. Hartzen duten uraren %80 nektarraren bidez xurgatzen dutenez, arazoa dute ura kanporatzeko, hau izan daiteke planetan duten banaketaren arrazoia, leku beroetan baino ez daude. Toki hotzetan bizi ahal izateko gehiago jan beharko lukete, ur gehiago hartuko lukete eta gehiago kanporatu beharko lukete,
Erreginatxo marradunak, bere aldetik, elikadura ohitura bitxia du. Udazkena heltzen denean, urrian, hegoalderako migrazioa hasi baino lehen askoz gehiago jaten du, normalean baino lau bider gehiago. Fotoperiodoaren arabera, heltzen da eguna noiz hegoalderantz alde egiten duten. Bidaia hiru egunetan egiten dute gelditu gabe eta 3.000km egiten dute.
Hegoalderanzko bidaiari aurre egin ahal izateko oso gauza bitxia egiten dute erreginatxo marradunek: disgestio-aparatua desegiten dute. Digestio aparatua oso garestia da eta energia aurrezteko eta hegaldian erabiltzeko, digestio aparatua atrofiatu egiten dute.
Thoureauk erreginatxo marradunari egiten dion erreferentziari esker, jakin zuen Juan Ignacio Pérez Iglesias biologoak iparralderanzko bidaia egiterakoan erreginatxo marradunak oso ezberdin egiten duela: jan egiten du bidaian zehar. Hala, behean ikus daitekeen hitzaldian dioen bezala:
Batzutan, biologo baten begiekin ikus daitezke bestela ikusi ezin daitekzkeen gauzak, baina beste batzutan idazle baten begiekin biologo batek ere gauzak ikas ditzake.
The post Literaturako hainbat pasarte biologo baten begiekin appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2019ko udarako (1): Karta-jokoa
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure lehen ariketa: Karta-jokoa.———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2019. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
———————————————————————————-
The post Dozena erdi ariketa 2019ko udarako (1): Karta-jokoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #273
Kanibalismo egintza izan zen gure galaxiaren sorrera. Tomás Ruiz-Larak aurkikuntzan hartu duen ikertzaileetako bat da: The origin of our Galaxy.
Bada kafea egiten duenik. Eta badira kafe-kafea eginten dutenak. Eredu berria dakarte BCAMetik dastatu baino lehen zer zapore duen aurreikusten duena, kafea egiteko moduagatik. Horra matematiken erabilgarritasuna A model for the perfect espresso coffee
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #273 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ariketa fisikoa hezur-dentsitate mineralaren suspertzaile

Irudia: Ariketa fisikoaren eraginei hobeto erantzuten diete hezurrek gaztaroan zehar.
Ariketa fisikoak bizitza osoan zehar hezur-indarraren hobekuntzan eta hezur-mineralaren metaketa eta mantentzean eragiten du. Hezurrak ariketa fisikoaren eraginei hobeto erantzuten die gaztaroan zehar, helduaroan edota zahartzaroan baino. Karga mekanikoetarako egokitzapena gaztetatik lantzeak bizitzan zehar izango den hezur-geometrian, mikro-arkitekturan eta indarrean eragin onuragarriak ditu. Horregatik, nerabezaroa igaro arte egindako ariketa fisikoak, adinari lotutako desmineralizazio prozesuaren kalteak orekatuz eta hezur-dentsitate mineralaren maila maximoa hobetuz, bizitzan zehar hausturak izateko arriskua murriztu eta osteoporosiaren garapena atzera ditzake.
Hezurra ehun dinamikoa denez gero, jasan behar dituen karga desberdinei aurre egin ahal izateko moldaketak egiteko gaitasuna du. Hala ere, ariketa mota guztiek ez dute modu berean eragiten hezur-osasunean. Intentsitate altuan praktikatutako talkadun ariketa fisikoek eta pisua jasan beharreko ariketa mota desberdinak dira hezur-trabekularen orientazioa eta dentsitatea aldatzen dituztenak. Inpaktu eta erresistentzia progresiboan oinarritutako entrenamenduek, hezurren transdukzio mekanikoen bitartez, osteozito eta osteoklastoak aktibatu eta hezur birxurgapena eta galera murrizten dute. Edonola ere, talkadun ariketa luzaroan eta maiztasun eta atsedenaldiak kontuan izan gabe egitean, transdukzio mekanikoa desentsibilizatu egiten da hezurrean duen eragina etenez.
Kontuan izatekoa da ere, emakumeek ez dituztela normalean ariketa fisiko kementsua modu egoki eta osasuntsuan egiteko nahitaezkoak diren beharrizan energetiko eta nutrizionalak bermatzen. Ondorioz, intentsitate altuko ariketetan jarduten duten emakumeek gorputz-gantzaren gehiegizko galera izateko joera eta, aldi berean, kolesteroletik eratorria den estrogeno hormonaren maila baxua izateko arriskua dute. Estrogenoak kaltzioaren xurgapenean eta hezur eraketa eta birmoldaketan eragina dute. Hori dela eta, emakume kirolariaren triadan deskribatzen den bezala, estrogeno-maila baxuak hezur-dentsitatea murriztu eta hezurraren hauskortasuna handitu egiten ditu.
Giharrak eta hezurrak, seinale mekaniko eta molekularren bidez, modu sinergikoan elkarri eragiten dioten ehunak dira. Bi ehun hauen arteko elkarrekiko loturan suertatzen diren interakzio parakrinoek garrantzi handiko eragina dute euren artean ematen den seinaleztapen gurutzatuan. Estres-egoera bat jasan ondoren, karga mekanikoko ariketek sortutako estimuluekin giharra hipertrofiatu eta hezurraren anabolismoa sustatu egiten da. Aldi berean, giharrek erantzun katabolikoaren modulatzaile bezala eragiten duten hezur hazkuntza-faktore lokalak jariatzen dituzte. Beste aldetik, osteozito, osteoblasto eta hezur periostio ondoko zuntzek, miogenesi-prozesuan eragina duten eta gihar hipertrofiaren menpe dauden hazkuntza faktoreak jariatzen dituzte.
Gaur egun arte, tratamendu farmakologikoek ez dituzte hezur hausturak eta gihar distrofia era berean ekiditen. Ariketa fisikoak eragindako estimuluek, ordea, seinaleztapen gurutzatuari esker, modu sinergikoan eragiten dute bi ehunetan. Horregatik, berebiziko garrantzia dauka gaztetatik inpaktu altuko ariketak modu progresiboan karga-maila ezberdinetara lantzeak. Gihar-masa, -indarra eta –funtzionaltasuna bermatuz eta hezur-mineralaren metaketa eta mantentzea suspertuz.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 33
- Artikuluaren izena: Ariketa fisikoa hezur-dentsitate mineralaren suspertzaile.
- Laburpena: Osteoporosia osasun-publikoan garrantzi nabarmena duen gaixotasuna da. Gero eta gehiago dira gaixotasun hau pairatzen duten pertsonak, eta gaur egun arte egindako esku-hartzeak ez dira guztiz eraginkorrak. Ariketa fisikoa hezur-dentsitatea metatzeko eta mantentzeko prozesuetarako funtsezkoa den bizi-ohitura da. Gainera, hezurraren eta giharraren arteko lotura dela eta, egindako ariketa fisikoak, hezurrean gain, giharrean ere badu eragina. Kontuan hartu beharrekoa da gaztaroan hezur-dentsitate mineralean lortutako maila maximoa erabakigarria dela bizitza osoan zehar izango den hezur-osasunean. Lan honetan, ariketa fisikoaren bitartez hezur mineralaren metaketa nola sustatu eta mantendu azaltzen da; giharraren eta hezurraren arteko seinaleztapen gurutzatuak eta adinak, osteoporosiaren oinarrizko prebentzioan, zer eragin duten kontuan hartuz.
- Egileak: Gotzone Hervás, Fátima Ruiz-Litago, Amaia Caballero, Jon Irazusta, Idoia Zarrazquin.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 67-80
- DOI: 10.1387/ekaia.17840
————————————————–
Egileez:
Gotzone Hervás, Fátima Ruiz-Litago eta Jon Irazusta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia sailean dabiltza, Amaia Caballero, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Bioteknologiako graduko ikaslea da eta Idoia Zarrazquin Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza I sailean dabil.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Ariketa fisikoa hezur-dentsitate mineralaren suspertzaile appeared first on Zientzia Kaiera.
Urrundik etorritako eztanda izugarrien atzetik

1. irudia: Irrati teleskopio arruntak erabiltzen dira FRB seinaleak ikertzeko, baina CHIME bezalako behatokiak bereziki egokiak dira seinale horiek ezaugarritzeko. (Argazkia: CHIME)
Espaziotik datozen seinaleen artean, badira bereziki astrofisikarien arreta erakartzen dutenak, haien jatorria zein den erabateko misterioa delako oraindik. FRB seinaleak dira, ingelesezko fast radio burst izendapenean oinarrituta, hau da, irrati eztanda azkarrak. Halako seinale gehienak behin baino ez dira suertatzen, eta, zientzialariak adi egon arren, ez dira berriro errepikatzen. Hori dela eta, arras zaila izaten da fenomenoaren ikerketa.
Izenak dioen moduan, izugarri arinak dira. Milisegundo eskasetan jasotzen diren irrati-seinaleak dira, zeharo ahulak, baina ustezko ahultasun hori begitazio bat besterik ez da, zientzialariek jakin badakitelako horien atzean energia itzela duen zerbait badagoela. Hain urrun egoteagatik ahul atzematen dira, hain zuzen. Momentuz, horien atzean zer dagoen argitzeko dago, eta horrelako fenomeno iheskorrekin gertatu ohi den moduan, teoria ugari baina ziurtasun gutxi dago gaur egun. 2007an detektatu zen aurrenekoz halako seinale bat, eta dagoeneko dozenaka jaso dira.
Mugarri bat FRB 121102 izenekoa izan zen: horren jatorria zehaztasun dezenterekin ezagutzen da. Seinale hori berezia da ere, orain arte errepikatu diren seinale bakarrenetakoa delako, eta hori izan da, hain zuzen, seinalearen jatorria argitzea ahalbidetu duena. Astrofisikariek ikusi ahal izan dute 1.600 milioi argi-urtera dagoen galaxia txiki batean sortu zela seinale hori, eta bertan izar berri asko jaiotzen ari direla. 2016an aurrenekoz aurkitu zuten errepikapen hori, eta handik hasita bi inguru hilabetez berriro lau aldiz jaso zuten seinalea. Aurkikuntza garrantzitsua izan zen: toki berdinetik datozen seinaleak ikusten badira, horrek esan nahi du haien jatorria ezin daitekeela izan gertaera katastrofiko bat. Izan ere, balizko eztanda itzel horrek energia iturriaren igorlea bera txikituko lukeelako, eta baita inguruan egon litezkeen bestelako objektu kosmikoak ere.
Bigarren mugarria joan den ekainean ezagutarazi zuten, Science aldizkarian, aurrenekoz aurkitu zutelako errepikatu ez den halako seinale baten jatorria. FRB 180924 seinalea 3.600 milioi argi-urtera dagoen galaxia baten kanpoko aldean kokatu dute. Baina garrantzitsuena da kasu honetan Esne Bidearen antzeko tamaina duela. Hortaz, ez dirudi FRB seinaleak izarren jaiotzarekin zerikusia dutenik, eta ikerketan sakontzeko beste aztarna bat uzten du: galaxia espektro zabal bati lotutako fenomenoa da.

2. irudia: Oso ahulak diren arren, eta duela gutxi aurkitu direla kontuan izanda, irrati eztanda azkarren ikerketaren bitartez ondorio interesgarriak ateratzen ari dira pixkanaka. Irudian, FRB 150807 izeneko seinalea. (Irudia: Vikram Ravi-Caltech/Ryan Shannon-ICRAR-Curtin-CSIRO)
Baina oraindik ez dago argi seinale guztiak errepikakor ote diren, eta aukera bat da espektro elektromagnetikoan antzeko emaitza duten bi fenomeno desberdin izatea. Eztabaida honetan, CalTech Institutuko (AEB) Vikram Ravi ikertzaileak egin du azken ekarpena. Datuei eta matematikari heldu die kalkulu bat egiteko: orain arte errepikatu ez direnen gertueneko FRB seinaleei erreparatu die, eta emaitzak alderatu ditu gertuko unibertsoan izaten diren gertaera katastrofikoekin. Egiaztatu ahal izan du FRB seinaleen maiztasuna ezagutzen ditugun beste hondamendi moten maitasuna baino handiagoa dela.
Ikertzaileak ondorio logikoa ateratzen du kalkulu horretatik: eztanda edo talka mota bakar batek ezin ditu azaldu FRB seinale guztiak. Hau azaltzeko, egileak proposatu du agian iturri horiek guztiak errepikatzen direla, baina agian ez daukagula ahalmen nahikoa horiek atzemateko.
Zentzu honetan, gogoratu beharra dago zer gertatu zaion CHIME (Canadian Hydrogen Intensity Mapping Experiment, edo Hidrogenoaren Intentsitatea Neurtzeko Esperimentu Kanadarra) izeneko proiektuari. Joan den otsailean ezagutarazi zituzten 13 seinale berri aurkitu zituztela, horietako bat, errepikakorra. Seinale horiek guztiak behatokiaren funtzionamenduaren lehen hilabeteotan detektatu zituzten, 2018ko udan, artean behatokia guztiz prestatu gabe zegoenean. Hortaz, beste asko eta asko egon daitezke bidean, zientzia aldizkarietan argitaratzeko zain. Baina harrigarriena izan zen 13 seinale horietatik zazpi 400 megahertzeko frekuentzian atzeman zituztela, normalean FRB seinaleek 1.400 megahertzekoan daudenean. Kanadako behatokia 400-800 megahertzeko tartean ikusteko diseinatuta dagoenez, litekeena da 400 megahertz baino ahulagoak diren seinaleak egotea, eta horrek Ravik egindako azken proposamen hori babestuko luke: agian baliteke horietako asko errepikakor izatea, baina ahulagoak.
Grabitazio uhinekin gertatzen den modu berdinean, astrofisikariek espero dute etorkizunean, fenomenoa hobeto ezaugarritzen duten heinean, seinale hauek erabili ahal izango dituztela ondorioztatzeko unibertsoan zehar egin duten bidaia itzela, bidean aurkitu dituzten elektroien edota eremu magnetikoen inguruko informazioa eskuratuta. Modu horretan, besteak beste, materia ilunari buruzko informazio gehiago jasotzea espero dute. Osterantzean, hori argitu baino lehen seinale horien jatorria ere argitu beharko da. Paradoxa bitxia izango litzateke seinale horiek tresna modura erabiltzea, tresna beraren jatorria zein den jakin barik.
Erreferentzia bibliografikoa:
Vikram Ravi. “The prevalence of repeating fast radio bursts”. Nature Astronomy (2019) DOI: https://doi.org/10.1038/s41550-019-0831-y
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Urrundik etorritako eztanda izugarrien atzetik appeared first on Zientzia Kaiera.
Ziape-gasa, 200 urteko bidea egin duen gas ezezaguna
Arma mota horren eraginkortasuna ikusirik, armada boteretsuenak ikerketetan hasi ziren armen eraginkortasuna handitzeko. Esaterako, Lehen Mundu Gerran alemaniar armadak fenildikloroarsina garatu zuen, gas hori soldaduen gas-maskarak zeharkatzeko gai zelako. Ziape-gasa ere garatu zuten gas-maskarak erabiltzen zituzten soldaduei azal-lesioak eragiteko. Gaur egun, agente nerbiosoak erabiltzen dira, duten eraginkortasuna handia delako; batik bat sarin eta VX gasak erabiltzen dira.
Arma kimikoek zuten arriskua dela eta, 1971. urtean Arma Kimikoen Hitzarmena jarri zen indarrean. Hitzarmen horretan debekatu egin ziren arma kimikoen garapena, ekoizpena, biltegiratzea eta erabilera. Izan ere, gizabanakoari kalte egiteko erabiltzen den oro da arma kimikoa, duen jatorria duela ere.

1. irudia: Ziape-gasaren izena ez da guztiz egokia, izan ere giro tenperaturan konposatu likidoa da eta ez gasa. (Argazkia: Herbert Aust / Pixabay)
Arma kimikoak, gorputzari nola eragiten dioten kontuan hartuta, zazpi multzo hauetan sailkatuta daude [2]:
- Agente Nerbiosoak. Gorputzeko nerbio-sistemaren funtzioari eragiten diote nagusiki.
- Oxigenoaren erabilera normala eragozten dute.
- Adimenean, pertzepzioan eta umorean dute eragina.
- Birikak gorputzeko fluidoez betetzen dituzte.
- Negararazleak. Aldi baterako narritadura eragiten dute begietan; horretaz gain, negarra eta azaleko narritadura ere eragiten dute.
- Toxinak. Bizidunek sortzen dituzten konposatu kimiko pozoitsuak dira.
- Agente lerde-sortzaileak. Erredurek sortzen dituzten lesioen antzerako lesioak eragiten dituzte azalean.
Ziape-gasa (sulfuro mostaza ere esaten zaio) agente lerde-sortzaileetako bat da. Likido hori oliotsua da, baina erraz lurruntzen da ingurune hezeetan, eta gas moduan dagoenean, ziapearen usaina hartzen du; hortik datorkio izena. Gas hau 1822. urtean sortu zuen César-Mansuète Despretzek ezustean, eta 1917. urtean erabili zuten lehenengo aldiz Alemaniako armadek bataila-eremuan; ordutik aurrera beste hainbat eraldaketa eta nahaste sortu ziren ziape-gasa oinarri izanda.
Hasiera batean, biktima ez da konturatzen ziape-gasaz kutsatua gertatu denik, eraginak ez direlako berehalakoak. Gas honek osasunean duen eragina ere ez da beti berdina izaten, ziape-gas motaren eta gaspeko denboraldiaren arabera izaten delako larritasuna. Eragiten diren sintomak hauek dira: begietan narritadura, mina eta hantura, eta kontzentrazio altuetan, berriz, erredurak eta itsutasuna; arnas aparatuan eztula, eztarriko mina eta arnasa hartzeko zailtasunak; digestio-aparatuan min abdominala, beherakoa eta goragalea; burmuinean dardarak, koordinazio falta eta egonaldi luzeetan konbultsioak; azalean gorridurak eta lerdeak.

2. irudia: Konposatu alkilatzailea da ziape-gasa eta azaleko zelulak hiltzen ditu bertako uraren presentzian. Begietan narritadura eta itsutasuna eragiten ditu. (Argazkia: agnesliinnea / Pixabay)
Sintoma horiek tratatzeko ez da aurkitu sendagai edo metodo espezifikorik. Ikusi da N-acetil-zistina, tokofenola eta sulforafanoa bezalako drogak berehala hartuz gero, eragin onuragarriak gertatzen direla kaltetuengan. Hala ere, droga hauen eragina asko murrizten da kutsatzea gertatu eta bi ordura hartzen badira. Dena dela, gasak eragindako zauriak tratatzeko, gomendagarria da hanturaren aurkako ukenduak erabiltzea, zauriak desinfektatzea eta minaren aurkako drogak hartzea [3].
Ziape-gasa duela 200 urte inguru aurkitu bazen ere, oraindik ezer gutxi dakigu gas horretaz. Gasa lortzeko hainbat metodo daude, baina denek dute beren alde zail eta arriskutsua.
Bere eraginei dagokienez ere, ezer gutxi dakigu. Gorputzean eragiten duen kaltea zein den zehazki ezezaguna da oraindik. Zaurituetan zein eragin duen aztertu izan da, baina oraindik ez dakigu zein mekanismok eragiten dituen lesio horiek. Horretaz gain, ez dago tratamendu espezifikorik ziape-gasaren efektuei aurre egiteko. Hainbat substantziak eraginkortasuna erakutsi dute, baina betiere kutsatzeko unean bertan erabiltzen badira.
Argi dago aurrera begira hainbat ikerketa-lan egin daitezkeela ziape-gasaren esparruan. Alde batetik, gorputzean nola eragiten duen iker daiteke, eta beste alde batetik, sortzen dituen sintomak nola saihestu edo nola senda daitezkeen ere azter daiteke.
Erreferentzia bibliografikoak:
[1] Szinicz, L. (2005). History of chemical and biological warfare agents. Toxicology, 214 (3), 167-181. DOI:10.1016/j.tox.2005.06.011
[2] Ganesan, G.; Raza, S.K.; Vijayaraghavan, R. (2010). Chemical warfare agents. Journal of Pharmacy & BioAllied Sciences, 166-178. DOI:10.4103/0975-7406.68498
[3] Rose, D.; Schmidt, A.; Brandenburger, M.; Sturmheit, T.; Zille, M.; Boltze, J. (2017). Sulfur mustard skin lesions: a systematic review on pathomechanism, treatment options and future research directions. Toxicology Letters, 293, 82-90. DOI:10.1016/j.toxlet.2017.11.039
———————————————————————————-
Egileaz: Irantzu Etxaniz Gipuzkoako Campuseko Kimika Graduko ikaslea da UPV/EHUn.
Artikulua, Maxux Aranzabe irakasleak Komunikazioa Euskaraz: Zientzia eta Teknologia ikasgaian bultzatutako Gas toxikoei buruzko jardueraren harira idatzitako lana da.
———————————————————————————-
The post Ziape-gasa, 200 urteko bidea egin duen gas ezezaguna appeared first on Zientzia Kaiera.
Azido folikoa eta umeen tamaina

Irudia: Pisuari begira, umeak adin gestazionalerako txikia izatea eta azido foliko dosiak 1000 mikrogramo baino gehiago izatearen arteko harremana plazaratu EHUko ikerketa batek. (Irudia: myllissa)
Azido folikoa hartzearen eta umeen neurketa antropometrikoak aztertu dituzte ikerketan eta azido foliko gehiegi hartzea (1000 mikrogramo edo gehiago egunero) umeak pisuari dagokionez adin gestazionalerako txikiak izatearen arriskua handitzen du.
Haurdunaldian eguneko 400 mikrogramo azido foliko hartzea gomendatzen da, hodi neuralean akatsak saihesteko. Aurretik egindako ikerketek efektu negatibo posiblea aurkitu zuten pisuari begira adin gestazionalerako txikia izatea azido foliko dosiak 1000 mikrogramo baino gehiago denean.
Bi mila ikertu baino gehiago eta lau kontsumo tarte2302 ama-ume bikote behatu dira ikerketa eta hiru azido foliko kontsumo tartetan banatu dira:
- Azido folikorik hartu ez dituztenak.
- 1000 mikrogramo baino gutxiago hartu dituztenak.
- 1000 eta 4999 mikrogramo artean hartu dituztenak.
- 5000 mikrogramo baino gehiago hartu dituztenak.
Dietan hartutako folatoa eta azido folikoa atzera begira neurtu dira haurdunaldian zehar bi elkarrizketa pertsonal eginda: 10-13 aste haudun zeudela lehena eta 28-32 aste haurdun zeudela bigarrena.
Dietan hartutako folato neurtzeko FFQ (Food Frequency Questionnaire) motako galdetegia baliatu da, Willett’s Questionnaire galdetegiaren bertsio moldatua. Galdetegi semikualitatiboa da Willett’s Questionnaire delakoa eta kasu honetan Mediterraneo aldeko haurdunekiko balidatua izan den bertsioa.
Azido folikoaren kontsumoa neurtzeko, aldiz, galdetegi egituratua baliatu da FFQarekin batera. Eguneko hartutako batez besteko azido folikoa kalkulatzeko bi alditan estimatutako batez besteko kantitatea hartu da kontuan: haurdunaldia baino hiru hilabete lehenagotik hirugarren hilabetera arte eta laugarren hilabetetik zazpigarrenera.
Umeen neurketa antropomorfokoei dagokienez, ospitaletako dokumentu medikuetatik eskuratu dira.
Kobariantzen inguruko informazioa ere galdetegi bidez lortu da. Hala, kontuan izan dira ezaugarri sozio-demografikoak (amaren adina, hezkuntza maila, jaioterria), bizimodu aldagaiak (erretzea haurdunaldian zehar, alkohol kontsumoa haurdunaldian zehar eta gurasoen gorputz-masaren indizea) eta faktore obstetrikoak (aurretik izandako haurdunaldi kopurua, abortuak, haurdunaldiko diabetesa).
Erreplikatu beharra duten emaitzakAmen batez besteko adina 30.6 urtekoa izan da, %33.8k ikasketa unibertsitarioak izan dituzte eta %85.9k Espainian jaiotakoak izan dira. %31.6k erre dute haurdunaldian zehar eta %32.5ek alkohola kontsumitu. Batez besteko adin gestazionala 39.7koa izan da eta umeen batez besteko pisua jaiotzean 3268g.
Aldi perikontzepzionalean azido foliko dosi altuak (5000 mikrogramo eguneko edo gehiago) hartu dituztenen kasuan baino ez da atzeman pisu baxua umeengan.
Emaitzen arabera, gestazioaren lehenengo hiruhilekoan azido folikoaren erabilerak eragin handia izan dezake. Hortaz, ikertzaileen arabera, aldi perikontzepzionalean azido foliko dosi egokiak hartzearen promozioa ezinbestekoa da.
Aldi perikontzepzioanalean azido foliko dosi handiak (1000 mikrogramo baino gehiago) pisuari dagokionez umeak adin gestazionalerako txikiak izatearen arriskua handitzen du ikerketaren arabera. Hala ere, erreplikazio beharra azpimarratzen dute ikertzaileek.
Erreferentzia bibliografikoa:
Navarreta-Muños, Eva María, et al., (2019). High doses of folic acid in the perconceptional period and risk of low weight for gestational age at birth in a population based cohort study. European Journal of Nutrition, 58, 241-251. DOI: https://doi.org/10.1007/s00394-017-1588-7
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
——————————————————————
The post Azido folikoa eta umeen tamaina appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #265
Euskal kostaldean ugaritu egin dira marmokak eta gizakiak eragindako aldaketak dira horren arrazoi nagusietako bat. Horretaz gain, jakina da uda garaian izaten dela ohikoagoa marmoken presentzia kostaldean baina Javier Francok, Azti zentroko itsaso eta kostetako ingurumen kudeaketako adituak azaltzen du Berriako artikulu honetan planeta jasaten ari dena dela giltza: “Marmoken harrapakari diren animalia asko desagertze bidean daude, gizakiak eragindako aldaketa globalaren ondorioz. Gainera, marmokek badute, oraindik, zertaz elikatu, eta itsasoaren tenperatura igotzeak ere egonkortasuna ekarri die marmoka espezie gehienei”.
GeologiaAzken mendeetako datuetan oinarriturik etorkizuneko egoera iragartzea helburu duten klima-ereduak egin dira simulazio-programak erabiliz. Hala ere, simulazio-programak egungo klima-parametroetan oinarritzen dira, baina berotze global bortitzaren eraginpeko ezaugarriak desberdinak izan litezke, artikuluan irakur daitekeen bezala. Zalantza hauek argitzeko, beraz, baliagarria izan daiteke iragana. Hau da, iraganean izan ditugun klimak eta haien ondorioak nolakoak izan diren ezagutzea. Lurrak iraganean jasandako hipertermal edo supernegutegi gertakariak izan daitezke giltza.
IngeniaritzaEguzki-energia erabilita, aldi berean elektrizitatea eta ur garbia sortzeko gai den gailua eraiki du ingeniari talde batek. Bi baliabide eskuratu ditu aldi berean teknologia berri honek: ura eta argindarra. Eguzki-panelek bero asko biltzen dute baina hori ere galdu egiten da. Halere, soberan geratzen de bero hori ez da nahikoa argindarra sortzeko baina bai ura garbitzeko teknologia batean erabiltzeko. Nola funtzionatzen duen jakin nahi duzue? Jo ezazue artikulura!
BiologiaUPV/EHUko Biologia Atalak naturaren kontserbazioan izan duen eragina aztertu dute artikulu honetan. Testuan azaltzen digutenez, 1975era arte ez zuen katedradunik izan, eta zeuden irakasle agregatuetatik bakar bat bera ere ez zen biologiaren arlo naturalistenetakoa –ez botanika ez zoologia ezta ekologiakoa–. Orain, berriz, egoera ezberdina da eta badira taldeak eta ikertzaileak esparru honetan lanean ari direnak. Izan Naturaren kontserbazio atalak izan duen garapenaz gehiago irakurtzeko, ez galdu artikulu hau!
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #265 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #272
Lorik egiten dute arrainek? Arrainek lo egiten dute. Frogatuta. Aspalditik, gainera. Rosa García -Verdugoren Zebrafish point to an ancient origin of sleep
Lego piezaz osatuta balira bezala eraikitzen dira van der Waals materialak. Batzuetan, piezak bidimentsionalak badira eta asko ez badira, propietate elektroniko oso interesgarriak agertzen dira. Haiekin biosentsore ultrakonpaktuak sortzeko modu erraza topatu dute DIPCkoek: antena optikoa. Using an optical antenna to launch phonon polaritons in a low-dimensional van der Waals crystal
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #272 appeared first on Zientzia Kaiera.
Aitor Larrañaga: “Eukaliptoek ur kontsumo izugarria dute eta kalteak sortzen dituzte erreketan” #Zientzialari (120)
Landarediak eragin zuzena izan ohi du ingurumenean eta baita gure erreketan ere. Gaur egun, landareek ekosisteman eragiten dituzten ondorioak ezagutzea ikertzaileentzako erronka handia da.
UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko Ibaien ekologia ikerketa taldea alor hori ikertzen dabil. Eukaliptoek, zehazki, kalte handiak sor ditzakete ibaietan; hakzunde azkarrekoak izanik, ur asko kontsumitzen dute eta lehorteak aregaotu ditzakete.
Aitor Larrañaga, UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakaslea eta Ibaien ekologia ikerketa taldeko kideetako bat da eta berarekin hitz egin dugu eukaliptoek ingurumenean zer nolako eragina sortzen duten ezagutzeko.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Aitor Larrañaga: “Eukaliptoek ur kontsumo izugarria dute eta kalteak sortzen dituzte erreketan” #Zientzialari (120) appeared first on Zientzia Kaiera.
Biologia Atalaren inpaktua naturaren kontserbazioan

1. irudia: Besteak beste, egun gizakiak ustiatzen dituen presak, urtegiak, kanalizazioak, ibaien ekosistemetan duten eragina aztertzen dute UPV/EHUko Biologia Ataleko ikertzaileek. (Argazkia: Uribarri Ganboako Urtegia / Wikipedia CC BY-SA 4.0 lizentziapean)
Biologia Atalaren ibilbidea oso apal hasi zen, Bilboko Unibertsitateko Zientzia Fakultatea zenean. Atal honek 1975era arte ez zuen katedradunik izan, eta zeuden irakasle agregatuetatik bakar bat bera ere ez zen biologiaren arlo naturalistenetakoa, alegia, ez botanika ez zoologia ezta ekologiakoa. Arlo hauetan ikertzeko dirurik ere ez zegoen zen izaten. Eztanda 80. hamarkadako bigarren erdian gertatu zen, irakasleak ugaritu, doktoreen formazioa bultzatu eta ikerketa-taldeak beren egitasmoak proiektuak gauzatzeko diru-laguntza finantziazio publikoa jasotzen hasi zirenean. 90eko hamarkadan master gisako graduondoko ikastaroak sortu ziren, adibidez, “Ingurunearen Azterketa eta Errekuperazioa” izenekoa, eta ikerketa-taldeek kanpoko agenteekin elkarlana bilatu zuten. XXI. mendeak heldutasunera eraman du talde hauetako askoren ikerketa. Izan ere, nazioarteko egitasmoetan parte hartzen hasi gara, eta horrek nabarmen eragin dio baliabide naturalen kontserbazio eta kudeaketari.
Urte hauetan, Zientzia eta Teknologia Fakultateak kide asko trebatu ditu Biologian, Ingurumen Zientzietan, eta naturaren kontserbazioarekin lotutako beste zenbait esparrutan. Datu ofizialen arabera, Zientzia eta Teknologia Fakultatetik ateratako tituludunak Biologian 3.850 lizentziatutik eta 450 graduatutik gora dira, bai eta ehunaka master ikasle eta 475 doktore. Horietako askok naturaren kontserbazioarekin lotutako lanen bat dute.
Batzuk, lanean ari dira administrazioan udalerrietako ingurumen-teknikari gisa, partzuergo eta mankomunitateetan, foru aldundietan, Eusko Jaurlaritzan, edo natur parkeetan. Beste asko, lanean ari dira naturaren kontserbazioarekin lotutako enpresetan, kontsultoreetan (adibidez, Anbiotek eta Ekolur kontsultoreetan), edo Neiker zein Azti bezalako I+G+I zentroetan.
Badira ere irakaskuntzan dabiltzanak, bai arautuan, institutu, ikastola, eskola edo unibertsitatean, bai ez-arautuan, natur eskola, ingurugiro-eskola, eta abarretan. Azkenik, Fakultatetik ateratako kide askok parte hartzen dute naturaren aldeko elkarteetan, hala nola talde ekologistetan, naturaren aldeko elkarteetan, edo Aranzadi Zientzia Elkartearen gisako ingurumenaren ikerketa- eta interpretazio-elkarteetan. Kuantifikatu ezina den arren, biologian formazioa eta naturaren kontserbazioarekin kezka duen jende honek eragin ukaezina izan du Euskal Herrian giza espezieak ingurumenarekin duen harremana ulertzeko moduan gertatu den eraldaketan.

2. irudia: EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko kideak Aiako Harria Parke Naturaleko leheneratze proiektu bat aztertzen Gipuzkoako Foru Aldundiko, URA Agentzia eta Kantauriar Konfederazio Hidrografikoko teknikariekin. (Argazkia: Arturo Elosegi)
Bestalde, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko talde batzuk gogor aritu dira gure inguruko biodibertsitatea inbentariatzen eta jarraitzen. Haietako batzuk aipatzearren, zoologia-laborategiak hainbat ikerketa-lerro zabaldu zituen ibai- zein itsas faunaren esparruan, eta lurzoruko artropodo zein lehorreko moluskuen esparruan. Lerro hauei beranduago gehitu zaizkie saguzarrena bezalako beste talde batzuk. Bere aldetik, botanika-laborategiak hainbat ikerketa-lerro zabaldu zituen alga, onddo, goroldio eta beste landareen esparruan, bai eta gure inguruko landare-komunitateak deskribatu eta kartografiatu zituen geobotanikako taldeak ere.
Hamarkadatan metatutako informazio hau ezinbestekoa izan da Euskal Herriko lekurik biodibertsoenak karakterizatzeko, bertako arrisku-faktoreak identifikatzeko eta, besteak beste, Natura 2000 sarea diseinatu eta optimizatzeko.
Biodibertsitatea inbentariatzeaz gain, talde batzuk gogor aritu dira ingurumenaren osasun-egoera aztertzen, eta horrela Euskal Herriko ingurumen-informazio sistemaren oinarriak ezarri dituzte. Adibidez, 80eko hamarkadako zoologia eta ekologia-laborategiek jarri zuten abian.
Bizkaiko ibaien lehen ikerketa hidrobiologiko sakona zein Bilboko itsasadarreko ingurumen-azterketa. Lehenak emandako hazitik garatu zen Euskal Herriko ibaien jarraipen-sarea, egun URA Agentziaren eskuetan dena; bigarrenak emandakoak hainbat ikerketa ekarri zituen euskal kostaldearen osasunaren esparruan. Arlo honetan aipatu beharrekoa da mikrobiologia-laborategia ere, urte askotan Euskadiko Erkidegoko bainu-uren kalitatea neurtzeko ikerketetan parte hartu izan duenak.
Beste talde batzuen ikerketak giza jarduerek ekosistemen egituran eta funtzionamenduan duten eragina izan du aztergai. Ibai-ekologia taldeak basogintzak, nekazaritzak, zein hiri-kutsadurak, ur-erauzketek edo klima-aldaketak Euskal Herriko zein beste eremuetako ibaietan duten inpaktua aztertu du. Hastapenetan zitologia laborategia zena, bestalde, ekotoxikologiaren inguruko ikerketa-lerro bilakatu da; egungo Plentziako Itsas Estazioko arima izan zen laborategi hori. Era berean, animalien ekotoxikologia eta biodibertsitate-taldeak espezieak erabiltzen ditu ur gezetako osasun-egoeraren adierazgarri.
Beste zenbait lerro aplikatu dira, adibidez lur kutsatuen ikerketa, zoologia eta landare-fisiologia laborategietan egin izan dena, edo azken honetan agronomiarekin lotuta egindako lanak.
Ikerketa-talde hauek lortutako informazio guztia foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta beste hainbat erakundek erabiltzen du, lurraldearen plangintzan eta kudeaketan.
Informazioa eskuratu ez ezik, Ataleko zenbait taldek erakundeekin elkarlan estua izan dute populazio, komunitate edo ekosistemen kudeaketan. Adibidez, jokamoldearen ekologia eta eboluzio-taldeak mehatxatutako ugaztunen kudeaketan egin du lan, dela bisoi europarra, dela ur-satorra edo saguzarrak aztertuz. Abeltzaintzaren ekologia eta kudeaketa-taldeak mendiko larreetan aziendak kudeatzeko lanetan hartu izan du parte. Landareen ekofisiologia taldeak andeatutako lurren berreskurapenean hartu izan du parte, eta ibai-ekologia taldeak ibaien berreskurapen-egitasmoetan. Lan hauen helburua ez da izan administrazioak egindako ekimenen ondorioak aztertze hutsa. Aitzitik, unibertsitatea estuki lotu da estatu mailan aitzindari izan diren ekimen hauen diseinuan, garapenean eta jarraipenean.

3. irudia: EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko kideak Araxes ibaiaren (Gipuzkoa) leheneratze ekologikoko lanak berrikusten, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariekin, Ekolur eta Basoinsa enpresekin eta Berlineko Institute for Freshwater Ecology and Inland Fisheries (IGB)-ko ikertzaile batekin. (Argazkia: Arturo Elosegi)
Azkenik, ezin ahaztuko dugu ataleko kide askok aholkularitza-lana egin dutela parke naturaletako patronatuetan, Urdaibaiko Biosfera Erreserban, Naturzaintzan eta Eusko Jaurlaritzako Naturaren Kontserbaziorako Aholkularitzan. Elkarlan hauez gain, ohikoa da ataleko kideek parte hartzea administrazioaren estrategiak eta planak zehazteko bileretan, hala nola Espainiako Ibai-Errestauraziorako Estrategian edo Biodibertsitatearen Euskal Estrategian.
Biologia Atalak inguruko ekosistemei buruzko ezagumendua sortzen jarraitzen du, eta horrela gisa horretan gure baliagai baliabide naturalen kudeaketa errazten du. Orain gutxira arte, ezagumendu hau gehien bat aipatu ditugun arlo naturalistikoetan zegoen, baina egun biologia molekularraren tresnak ezinbestekoak bilakatu dira biodibertsitatearen ikerketan, eta beraz, talde gehiago ari dira lanean esparru honetan. Horregatik, pentsatzekoa da Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biologia Atalak bere lan horretan jarraituko duela, Euskal Herriko zein mundu osoko naturaren kontserbazioan.
—————————————————–
Egileez: Arturo Elosegi Irurtia ekologia irakaslea da UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Sailean eta Jesus Pozo Martinez sail berdineko irakasle erretiratua da.
—————————————————–
The post Biologia Atalaren inpaktua naturaren kontserbazioan appeared first on Zientzia Kaiera.
Argindarra eta ur garbia, biak prozesu berean

1. irudia: Gailu bakoitzean ura gatzgabetzeko mekanismoa duten panel fotovoltaikoz osatutako instalazioa proposatu dute ikertzaileek, argindarra eta ur edangarria aldi berean sortzeko. (Irudia: Wenbin Wang / KAUST)
Mendebaldeko gizarte garatuetatik kanpo denboraldi bat ematen dutenek errepikatu ohi duten ideia da: hemengo eguneroko zereginetara itzultzean, bereziki lehen egunetan, izugarri baloratzen dute egokitu zaien bizitza. Goizean goiz esnatu, txorrotara hurbildu eta… magia! Ura ateratzen da. Ur garbia, geza eta gozoa. Baina, ezaguna denez, ur geza hori ez dago oso ondo banatuta munduan. Zenbait lekutan, bederen, ur gezik ez baina petrolioa badago… eta ez urik ez petroliorik ez duten eremu asko ere badira. Horietan gehienetan, baina, eguzki asko ere egon ohi da, eta egoerari probetxua ateratzeko lanean ari dira zientzialari eta ingeniariak.
Latza da uraren eskasia. Kalkulatzen da munduan 785 milioi bat lagunek arazoak dituztela ur edangarria eskuratzeko. Saudi Arabia eta beste zenbait emirerriren kasuan, hidrokarburoak soberan eskura izateak ur edangarri hori “ekoizteko” bidea ematen die, batez ere gatzgabetze prozesuen bitartez; baina, halere, izugarria da horrek suposatzen duen gastua. Ur garbia sortzeko erabiltzen da Saudi Arabian kontsumitzen den elektrizitatearen %15, esaterako.
Orain, zientzialari talde batek aspalditik garatuta dauden bi teknologia mota bateratu ditu, modu efizientean bi baliabide garrantzitsu eskuratu aldera: ura eta argindarra. Lehen teknologia energia fotovoltaikoa da; bigarrena, mintzen destilazioa izeneko prozesua, ura arazteko erabiltzen dena. Azken teknologia hau eguzki-energia baliatzeko gai denez, biak bateratzeko sistema batean lanean egon dira KAUST Abdullah Erregearen Zientzia eta Teknologia Unibertsitateko (Saudi Arabia) ikertzaileak. Ikasitakoa Nature Communications aldizkarian azaldu dute, zientzia-artikulu batean.
Logikak agintzen du eguzki-panelek bero asko biltzen dutela, eta bero hori ere galdu egiten da: gaur egun ekoizten diren panelek muga fisikoak dituzte eguzki-argia elektrizitate bihurtzeko, batez bestean %10-20 da lortzen den proportzioa. Horregatik, efizientzia hori hobetzeko lanean daude mundu osoan milaka ingeniari, bereziki perosvskita izeneko minerala ikertzen.
Arazoa da soberan geratzen den hondar-bero hori ez dela nahikoa argindarra sortzeko. Baina bai, antza, ura garbitzeko teknologia batean erabiltzeko haina, ikertzaile talde honek proposatu duenez. Zehazki, MSMD izeneko teknologia da eguzki-paneletan txertatu dutena, etapa anitzeko mintza duen destilazio unitatea, hain zuzen. Hori panelen atzeko aldean jarrita, ur garbia lortzeko modua dago, eguzki-panelen efizientzia mantenduta.

2. irudia: Panel fotovoltaikoaren atzeko aldean dago jarrita ura garbitzeko mekanismoa. Urdin ilunean, itsasoko ura; laranjan, mintzak; azkenik, urdin argian, garbitutako ura. (Irudia: Wenbin Wang / KAUST)
Destilazio prozesu honetan, bahe baten funtzioa betetzen duen mintza porotsua erabiltzen da, ur kutsatua eta ur garbia bereizte aldera. Panelak biltzen duen beroa erabiltzen da ura berotzeko, eta, ondorioz, ura lurrundu egiten da. Iragazki batetik pasatuta bukatzen da prozesua, eta gero ur garbi hori jasotzen da. Ura gatzgabetzeko ez ezik, kutsatutako ura garbitzeko erabiltzeko moduko metodoa dela azaldu dute. Adibidez, metal astunak kentzeko.
Egin duten proba desberdinetan, eguzki-panelen efizientzia %11 izatea lortu dute, batez bestean. Egileen esanetan, ura tratatzeko mekanismoa ez duten panel arrunten efizientziaren parekoa da lortu dutena. (Lehenago aipatu bezala, %10-20 tartean kokatzen da efizientzia hori gaur egun). Uraren tratamenduari dagokionez ere, ziurtatu dute fotovoltaikoak ez diren antzeko paneletan lortzen den uraren parean daudela lortu dituzten emaitzak.
Dena den, sistema hau eskala handira eramatea ez da hain erraza izango. Ingeniaritzaren alorrean ia mantra bat da honakoa: laborategian sistema batek modu txukunean funtzionatzea ez da nahikoa, gero modu masiboan aplikatu behar dira horrelako teknologiak; normalean, gainera, asmakizun berriak indarrean dauden beste hainbat teknologiarekin batera harmonizatu behar dira. Hala eta guztiz ere, bi prozesuak aldi berean egiteko aukera abantaila moduan aurkeztu dute, horrek kostuak gutxitzea ahalbidetuko duela uste dutelako.
Garatu duten teknologia hau gaur egun ura garbitzeko erabiltzen diren beste teknologien alternatibatzat aurkeztu dute ingeniariek, eta garapen bidean daudelako handiagoak eta garestiagoak diren azpiegituretara jo ezin duten inguruetan aplikatzeko aproposa dela adierazi dute. Etorkizunean bertakoen bizi kalitatea hobetzen lagunduko duen esperantza agertu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Wang, P et al. “Simultaneous production of fresh water and electricity via multistage solar photovoltaic membrane distillation”. Nature Communications (2019). DOI: 10.1038/s41467-019-10817-6.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Argindarra eta ur garbia, biak prozesu berean appeared first on Zientzia Kaiera.
Iraganeko gertakari hipertermalak, egungo eta etorkizuneko berotze globalaren aurrekari
Azken mendeetako datuetan oinarriturik etorkizuneko egoera iragartzea helburu duten klima-ereduak egin dira simulazio-programak erabiliz. Hala ere, simulazio-programak egungo klima-parametroetan oinarritzen dira, baina berotze global bortitzaren eraginpeko ezaugarriak desberdinak izan litezke. Beraz, zalantzak handiak dira.
Zalantza hauek argitu nahian, lagungarri gerta daiteke gure planetak iraganean izandako klimak eta haien ondorioak nolakoak izan diren ezagutzea. Izan ere, antzina klima-fenomeno antzekoak gertatu izan balira, pentsa genezake etorkizunean gerta litezkeenen ondorioak ere berdintsuak izan litezkeela. Lurrak iraganean izandako klimak ezagutu ahal izateko antzinako klimen adierazleak behar dira. Adierazle hauek aspaldi (duela milioika urte) metatu ziren eta orain arroka bihurtuta dauden sedimentuetan aurki daitezke. Osagai mineralak, fosil-edukia eta, batez ere, konposizio geokimikoa dira arroka sedimentarioetako klima-adierazle erabilienak.

1. irudia: Antzinako gertakari hipertermaletan eratutako arroka buztintsu ozeanikoen ezaugarri orokorrak (ezkerreko zutabe estratigrafikoaren erdialdeko tarte iluna). KOG: Karbono Organiko Guztia; δ13C: 13C/12C isotopoen erlazioa; δ18O: 18O/16O isotopoen erlazioa (ozeano hondoko uraren tenperaturaren adierazle).
Horrela jakin da Lurrak iraganean hipertermal edo supernegutegi deritzen gertakariak jasan dituela, Geologiaren ikuspegitik laburrak diren denbora tarteetan (hots, zenbait hamarka edo ehunka milaka urtean) atmosferan pilatutako CO2 kantitate handiek eragindako aro klimatiko oso beroak. Gertakari hipertermaletan metatutako sedimentuek zenbait ezaugarri komun dauzkate. Kolore argiko arroka geruza gogorren artean tartekatutako geruza buztintsu bigun ilunak izaten dira, zenbait dezimetro eta dekametro arteko lodiera izan ohi dutenak. Gertakari hipertermaletako geruza buztintsuen oinaldean CaCO3-edukia txikia izaten da. Goialdean, ostera, CaCO3 eta materia organikoa normalean baino ugariagoak izan daitezke. Adierazle geokimikoek iradokitzen dute klima-berotze azkarra gertatu zela geruza buztintsuen oinaldean eta pixkanakako hoztea goialderantz. Modu berean, gertakari hipertermal askotako sedimentuak karbono isotopo egonkor arinean (12C) aberastuta azaltzen dira geruza buztintsuen oinaldean, baina gertakari hipertermalaren amaiera aldera, aurkako joera azaltzen da maiz, hots, isotopo astunean (13C) aberastutako joera, materia organikoaren ugaritzearekin batera. Bestalde, gertakari hipertermal gehienetan aldaketa biotikoak gertatu zirela adierazten dute geruza buztintsuetako fosilek, espezie batzuk desagertu eta berri batzuk azaldu baitziren.
Honelako hainbat geruza aurkitu dira Euskal Herrian, Lurraren historian izandako gertakari hipertermalekin uztartu ahal izan direnak: duela 120 milioi urteko gertakariari dagokion geruza, Aralarren, Mutrikun eta Pagasarrin aurkitua; duela 93.5 milioi urtekoa Leioan; duela 62 milioi urtekoa Sopelan eta Zumaian; duela 59.2 milioi urtekoa Ibaetan eta Zumaian; duela 56 milioi urtekoa Ermuan, Korresen, Laminorian, Mintxaten, Trabakuan (2. irudia), Urrobin eta Zumaian; duela 52.6 milioi urtekoa Sopelan; eta duela 47.4 milioi urtekoa Getxon.
Geruza hauen azterketek eman dizkiguten datuak direla eta, azterketa paleoklimatikoak egiteko punta-puntako gune bilakatu da Euskal Herria.

3. irudia: Duela 56 milioi urte izandako gertakari hipertermalean eratutako geruza buztintsua, Trabakua mendatean (Bizkaia). (Argazkia: Aitor Payros)
Aipatu ezaugarrien interpretazioaren bidez, jakin daiteke gertakari hipertermalek eragindako ingurumen-aldaketak nolakoak izan ziren (3. irudia).
Eragile gisa, gertakari bolkanikoak azaltzen dira kasu gehienetan. Kasurik bakunenetan, sumendiek isuritako SO2-kantitatea handia da eta ur eta karbono-gas (adibidez, CO2) bolkanikoek atmosferan pilatuta, berotze klimatikoa eragiten dute negutegi-efektuaren bidez. Dena den, gertakari hipertermal bortitzenetan, aipatu prozesuak abiapuntua baino ez dira izaten. Gertakari bolkanikoek eragindako atmosfera-berotzearen ondorioz, itsasoetako ura ere berotu egiten da, eta honek itsas hondoko sedimentuetan urarekin batera izoztuta dagoen metanoaren askapena dakar. Itsas hondotik jaregindako metanoaren karbonoa atmosferan pilatzen da, bai zuzenki CH4 gisa, bai uretako edo atmosferako oxigenoarekin erreakzionatu ondoren CO2 gisa. Kalkulatu da antzinako gertakari hipertermaletan atmosferan CO2 gisa pilatutako karbono kantitatea 1000 eta 5000 gigatona artekoa izan zela, CO2-a 1000-2000 ppmv baliotara iritsita. Honen eraginez, negutegi-efektua areagotu egingo zen eta 5-10ºC arteko berotze globala gertatuko zen. Hala ere, toki batzuetako arrokek erakusten dute latitude altuetan nozitzen dela berotze globalaren eragin handiena: poloen inguruko batez besteko tenperatura 15-20ºC ingurukoa izan zen gertakari hipertermaletan, eta latitude altuetako itsas gainazaleko urarena 20ºC-tik gorakoa urtaro beroetan; tropikoetako itsas gainazaleko tenperatura aldiz, 35ºC ingurukoa izan zen.
Beraz, gertakari hipertermaletan egungoa baino txikiagoa izan ohi da planetaren gainazaleko latitudearen araberako tenperatura-gradientea.
Tropiko inguruko lurrinketa handiaren eraginez bertako uraren dentsitatea handitu egingo zen gatzen kontzentrazioagatik, eta tropikotako ur epela izango zen ozeano sakonerantz hondoratzen zena. Honen ondorioz, ozeano sakonetako ura egungoa baino 5-6ºC beroago izango zen gertakari hipertermaletan. Kontinenteei dagokienez, tropiko inguruko eskualdeak oso beroak izango ziren (>40ºC). Tropikoak beroegi bihurtzen zirenean, latitude baxu eta klima epeletako bizidun batzuek latitude altuagoetarantz migratzen zuten. Latitude ertainetan eta altuetan aldiz, klima epela eta hezea egongo zen, zenbait lekutan alderantzizko egoerak gertatuko baziren ere.
Edozein kasutan ohikoak izango ziren euri-jasa bortitzak eta lehorte luzeak. Prozesu horien guztien ondorioz, kontinenteetako arroken meteorizazio kimikoa eta higadura gertatuko ziren, eta horrek itsasoetaranzko sedimentu-garraioa areagotu egingo zuen.
Metanoa, jatorri organikokoa izanik, 12C-tan aberatsa da. Honela, ozeano-hondoko sedimentuetako metanoaren askapenak txikitu egiten du itsasoetako eta atmosferako 13C/12C erlazioa. Ondorioz, garai hipertermalen hasieran eratu eta metatutako sedimentuek 13C/12C erlazioa baxua izaten dute, geruza buztintsuen behealdean maiz ikusi ohi den bezala. Bestalde, gertakari hipertermaletan atmosferako CO2-kantitatea handitzearekin batera ozeanoetako ura ere azidotuz doa. Ondorioz, itsas hondo sakonetan karbonatoa disolbatu egiten da (CaCO3 + H2O + CO2 = Ca2+ + 2HCO3– erreakzioaren bidez); beraz, metatutako sedimentuak CaCO3-eduki txikia du. Ozeanoen azidotzeak zuzen eragiten die bertan bizi diren karbonatozko izakiei, eta suntsipen biologikoak eragiten ditu zenbait kasutan.
Gertakari hipertermalen abiapuntu izan ziren fenomenoen iraupena zenbait milaka urtekoa izan zen, negutegi-gasen urteko isurketa-tasa 1-2 Gt CO2 izanik. Kontuan izanda egungo CO2-isurketaren tasa 25-28 Gt/urtekoa dela, 100-200 urteren buruan atmosferako CO2 kantitatea antzinako gertakari hipertermalak gertatu zirenean egon zenaren antzekoa izatera iritsi daitekeela uste da.

4. irudia: Gertakari hipertermalak eragiten dituzten prozesuak (goian) eta amaiera dakartenak (behean). (Ilustrazioa: Aitor Payros)
Zorionez, gertakari hipertermaletako sedimentuen azterketak erakusten du gertakaria baino lehenagoko baldintza hotzagoetara itzultzen dela klima hamarka-ehunka milaka urteren buruan.
Atmosferako CO2-a gutxitzea da aldaketa horren eragilea, honela negutegi-efektua murrizten baita (3. irudia). Batetik, badugu kontinenteetako silikatozko eta karbonatozko arroken meteorizazio kimikoa. Prozesu hauen bidez, gainera, ondo azal daitezke gertakari hipertermalen amaiera aldeko sedimentuetan dagoen karbonato-edukiaren hazkuntza. Bestetik, materia organikoaren pilaketa da ozeanoetako eta atmosferako CO2-aren murrizketa eragin dezakeen beste prozesu bat. Karbonoa da materia organikoaren ekoizle diren bizidunen oinarrizko osagaietako bat, ingurumenetik bereganatzen dutena. Bizidunek batez ere 12C hartzen dute. Itsasoetako bizidunak hiltzen direnean beraien hondakinak hondoratu eta oxidazio bidez usteldu eta deskonposatu egiten dira. Era horretara, materia organikoko 12C-ak zirkulazioan jarraitzen du karbonoaren zikloaren parte gisa. Dena den, prozesu horiek gertatzea zailagoa gertatzen da gertakari hipertermaletan. Zirkulazio ozeaniko termikoa moteldu egiten da itsaso epel homogeneotan eta ozeanoetako ura geruzatu egiten da, alegia ez da gertatzen gainazalaren eta hondoaren arteko ur-trukaketarik. Itsasoen gainazaletik hondoratzen den materia organikoaren oxidazioak hondoko uren oxigenoa ahitu eta anoxia eragiten du; gerora itsaso hondora heltzen den materia organikoa ezin izaten da usteldu eta sedimentu barnean kontserbatzen da. Honela, gertakari hipertermaletako geruzen goiko aldean dagoen materia organikoaren pilaketa gertatzen da. Gainera, aipatu prozesuen bidez materia organikoko 12C-ak ez du karbonoaren zikloan aurrera egiten, itsas hondo anoxikoetako sedimentuetan harrapatuta geratzen baita. Era horretara, bizidunek ez dute ingurumenean behar beste 12C aurkitzen eta 13C erabili beharrean gertatzen dira. 13C-tan aberastutako bizidun hauen hondakinak sedimentuetan pilatzen direnean, geruza hipertermalen goiko aldeko 13C/12C erlazio altua azaltzen da. Prozesu horiek eragindako CO2-aren murrizketak negutegi-efektuaren murrizketa eta klimaren hoztea dakartza.
Beraz, Lurra aurreko gertakari hipertermaletatik irten bada, etorkizuneko balizko baldintza hiperberoetatik irteteko gai izango dela suposa daiteke. Alegia, gure ukituak ez du planeta fisikoki suntsituko, baina negutegi-efektu bortitzak dirauen bitartean txarrera egingo dute gure biziraupen egokirako komenigarrien zaizkigun ingurumen baldintzek. Ondorioz, baliteke itsas maila altuagoak eragindako geografia berrira egokitu behar izatea; baliteke era berean koral-arrezifeen suntsipenaren eta urakan indartsuagoen eragin bateratuaz kostalde tropikaletan uholde handiak eta higadura bortitza pairatzea; halaber, lehorte luzeek eta euri-jasa gogorrek eragindako lurzoru-galeraren ondorioz nekazaritza eta elikadura-arazoak egon litezke… Are larriago, antzinako gertakari hipertermal batzuk suntsipen biologiko lazgarriak eragin zituztela jakinik, pentsa dezakegu etorkizunean beste suntsipen biologiko bat gerta litekeela. Zorionez, gizakiak muturreko klimetara (ipar poloko klima izoztutik basamortuetako klima idorretara) egokitzeko gaitasuna erakutsi du; beraz, egungo berotze globalak suntsipen biologikoa eragingo balu ere, gera gaitezke iraun lezaketen espezieen artean egoteko itxaropenarekin.
Gehiago jakiteko:
- Payros, A., Ortiz, S. (2018). “Eventos hipertermales del Paleógeno inferior en los Pirineos occidentales: modelos del futuro climático y elementos del patrimonio geológico”. Non: Badiola, A., Gomez-Olivencia, A., Pereda-Suberbiola, X. (ed.) “Registro fósil de los Pirineos occidentales: bienes de interés paleontológico y geológico” Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia (Vitoria-Gasteiz), ISBN 978-84-457-3437-7, 53-61 or.
- Payros A. (2009). Etorkizun hiperberoa, eta zer? Iragan geologikoaren irakaspena. Ekaia 22, 157-173.
—————————————————–
Egileaz: Aitor Payros irakaslea da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean.
—————————————————–
The post Iraganeko gertakari hipertermalak, egungo eta etorkizuneko berotze globalaren aurrekari appeared first on Zientzia Kaiera.
Klonatu ahal da gizaki bat?
Zer iruditzen zaizu zure kopia genetiko bat izatea? Hau da, zure klona. Dena den, kopia genetiko zehatza izango litzateke baina DNA nuklearrari dagokionez. Egun, jakin badakigu teoria mailan posible dela eta agian 2100. urtean egingarria izango da edo ez. Izan ere, eztabaida etikoez gain, honetan badaude oraindik menperatzen ez ditugun prozesu biologikoak.
Maiz egiten diren galderak ataleko bideoek labur eta modu entretenigarrian aurkeztu nahi dituzte, agian, noizbait egin ditugun galderak eta hauen erantzunak. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Klonatu ahal da gizaki bat? appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #264
Eusko Jaurlaritzak ohartarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %44 areagotu dira sexu transmisiozko infekzio kasuak eta %25 GIBarenak. Iaz, GIBaren 169 infekzio kasu detektatu zituzten; 2017an baino 34 kasu gehiago, eta 2016an baino 11 gehiago. Gorakada hori ikusita, kontzientziazio kanpaina bat abiaraziko du Osasun Sailak. Informazio guztia Berrian.
Txinako bi lekutan tigre eltxoa ia desagerraraztea lortu dute, bakterio bat eta emeak antzutzeko teknika bat erabilita. Tigre eltxoak arriskutsuak izan daitezke hainbat birus transmiti ditzaketelako: Dengea, Chikungunya eta Zika, besteak beste. Birus horiek eragiten dituzten gaixotasunek ez dutenez txertorik, eltxoen populazioak kontrolatzea da gelditzen den aukera, Elhuyar aldizkarian azaltzen dutenez.
BiologiaKoldo Garciaren eskutik bakailaoa gertutik ezagutzeko aukera izan dugu honetan. Ternua izan da arrantzarako gune nagusiena eta Kanadak bakailaoaren arrantza debekatu bazuen ere, ez da berreskuratu bakailaoaren kopurua Ternua aldean. Horren harira, orain dela gutxi ikertzaile talde batek bakailaoaren gene-egitura aztertu du bakailaoaren kudeaketa hobetzeko eta bakailaoaren berreskurapenean laguntzeko. Ikertzaileek ondorioztatu dute Ternua aldean gertatu den bakailaoaren gehiegizko arrantzak bakailaoaren gene-egituran eragina izan duela.
FisikaZientzialariak hegazkinek sortzen dituzten kondentsazio-lorratzak kezkatuta daude. Ondorioztatu dutenez, lorratza horiek dira planeta bereziki berotzen dutenak, hegazkinetako erregai bera baino. Kalkulatu dute, gainera, hodei artifizialen inpaktua hiru aldiz handiagoa izango dela 2050ean. Horretaz gain, kliman ere eragina dutela uste dute, baina klima-sistema oso konplexua denez, zaila da neurtzea norainoko inpaktua sortzen duten. Informazio gehiago Juanma Gallegoren eskutik.
MatematikaMatematikak behin baino gehiagotan izan dira protagonistak Oscar sarietan. Aleka McAdamsek, adibidez, efektu bereziei buruz idatzi zuen bere tesia eta horren ondotik, Walt Disney estudioetan eman zioten lana. McAdams eta bere tesi-zuzendaria daude Frozen eta Moana bezalako filmen arrakastaren atzean. Animaziozko film onenaren Oscar saria lortu zuen Frozen filmak 2014an. Izotza eta elurra ziren protagonista eta haien diseinu egokia lortzea, ahalik eta irudi errealena ematea, nahi izan zuten zuzendari artistikoek. Eredu matematiko berri bat proposatu zuen elurraren mugimenduen simulaziorako eta hori erabili zuten filmean. Honi buruz gehiago jakiteko, irakur ezazue osorik artikulu interesgarri hau!
Emakumeak zientzianMarie Curiek bi aldiz irabazi zuen Nobel saria: lehenengoa, Fisikako Nobel saria izan zen (1903), bere senar Pierre Curie eta Henri Becquerelekin batera erradiazioaren fenomenoa ikertzeagatik, eta, zortzi urte geroago, berak bakarrik, Kimikako Nobel saria lortu zuen, radioa eta polonioa aurkitzeagatik. 1893an Fisikako ikasketak bukatu zituen eta urtebete geroago, Matematika Zientzietan lizentziatu zen. Lehen Mundu Gerran parte hartu zuen ere. Erabilpen militarrerako lehen zentro erradiologiko mugikorrak sortu zituen berak; Petite Curie gisa ezagunak. Datu gehiago artikuluan.
BiokimikaAntibiotikoekiko erresistentziaz mintzatu da Itziar Alkorta UPV/EHUren ikastaroetan, Berrian irakur daitekeenez. Bertan, ohartarazi du botika horien erabilera demasak handitu egin duela egoera “apokaliptiko” baten arriskua. “Antibiotikoak medikuntzan sartu ahala, demasa izan dela horien erabilera. Eta, testuinguru horretan, bakterioek erresistentzia metodo berriak garatu dituzte, edota metodo horiek partekatu egin dituzte beren artean”, azaldu du elkarrizketa honetan. Egoera kezkatzekoa dela azpimarratu du: “Bakterioek jarraitzen badute multierresistentziak garatzen, antibiotikorik gabe gera gaitezke”.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #264 appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 96
- 97
- 98
- 99
- 100
- 101
- 102
- 103
- 104
- …
- hurrengoa ›
- azkena »