Ziurgabetasuna eta ustekabea omen dira musikaren arrakastaren gakoak
“Mendian gora, burua galtzen dut maiz, herriko kaletan sarritan galdu izan naiz”. Bai, egia. Hobe honekin ez jarraitzea. Bestela, badakizu, arrisku bat badago. Zauden tokian zaudela, abesti hori buruaren barrenean bete betean sartuko zaizu. Eta zure alboan kokatzen den ahots ikusezin batek behin eta berriz kantatuko dizu melodia hori. Berdin aldapan gora ala aldapan behera joan, zoratuko zara.
Modu informalean bada ere, fenomenoari belarriko harra deitu zaio, eta, askotan, abesti baten arrakastaren muinean dago. Halako melodien arrakastaren atzean egon daitezkeen gakoak zeintzuk diren asmatzen saiatu dira aspalditik zientzialariak. Ezagutza eskuratzeko grina baino zertxobait gehiago egon da halako interesen abiapuntuan: musikaren inguruan dabilen industriarentzat, noski, ezinbestekoa izan daiteke udako arrakasta fabrikatzeko formula asmatzea.
Norabide horretan doazen ahaleginak mantendu dira ikerkuntzan, eta oraingoan beste aurrerapauso bat iragarri dute. Current Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean proposatu dute musika entzutean jasotzen dugun plazera ziurgabetasunaren eta ustekabearen arteko konbinazio egokian abiatzen dela.

1. irudia: Melodia baten arrakastaren atzean egon daitezkeen oinarrien bila ibili dira zientzialariak aspalditik. (Argazkia: Marius Masalar / Unsplash)
Ikerketa burutu ahal izateko Ameriketako Estatu Batuetako Billboard zerrenda ospetsuetan oinarritu dira. Zehazki, 1958-1991 urte tartean izandako arrakasten zerrenda horietan dauden pop generoko 745 abestitan bildutako 80.000 akorde erabili dituzte. Ikasketa automatikoko eredu bat baliatu dute akorde horiek sortzen dituzten ziurgabetasuna eta ustekabea kuantifikatzeko.
Parte hartzaileek abesti desberdinekin izan zitzaketen bestelako esperientzietan abiatutako alborapenak baztertzeko, letrak eta melodiak kendu dituzte. Modu horretan, eta abesti bakoitza funtsezkoak diren oinarrietara eraman nahian, akordeen progresioa baino ez dute erabili (musikan, hiru eta zazpi nota artean batera jotzen diren unitate harmonikoak dira akordeak).
Egiaztatu ahal izan dutenez, akorde baten ostean etorri behar zen akordeari buruz nolabaiteko ziurtasuna zeukatenean, parte hartzaileentzat atsegingarria izan da espero ez zuten akorde bat entzutea. Baina ikertzaileek kontrako fenomenoa ere ikusi dute: zer etorri behar zen ez zekitenean, etortzen ziren akordeak guztiz ezustekoak ez izanagatik atsegina hartu dute.
Max Planck institutuko ikertzaile Vincent Cheung-ek modu honetan laburbildu du ikerketa: “Geroago gertatuko dena jakitearen eta espero ez genuen zerbaiten aurrean ustekabea izatea; segurenera bi faktore horien arteko oreka egokia mantentzen duten abestiak dira atsegingarritzat jotzen ditugunak”. Horri azalpen bat ematen saiatu dira. “Abestia denboran garatzen den heinean, musikak entzulea espektatibak etengabe sortzera eta konpontzera bultza ditzake, eta modu horretan plazera sor dezake”, idatzi dute zientzia artikuluan.
Funtsean, ikerketa honetan azaldu ahal izan dute konpositoreek modu intuitiboan aspaldidanik zekitena: musikan jarraian etorri behar denari buruzko usteak abiatzen duela plazeraren prozesua. Zientzialariek beraiek nabarmendu dutenez, orain arte gaiaren inguruan egin diren azterketa gehienek ezustekoaren ondorioak ikertu dituzte, baina ez dute aztertu entzute prozesuan ziurgabetasunak izan dezakeen eragina.

2. irudia: ABBA taldearen ‘Knowing Me, Knowing You’ abestiak sortutako plazera, datuetara eramanda. Plazera modu ez jarraian aldatuz doa, ziurgabetasunaren eta ustekabearen arabera. (Irudia: Cheung et al. / Current Biology)
Erresonantzia Magnetikoa erabili dute akordeen lagin bat entzun duten 40 bat parte-hartzaileren garunak aztertzeko. Horren bidez, ikusi dute plazera hiru tokitan islatzen dela: amigdalan, hipokanpoan eta entzumen-kortexean. Amigdalak emozioen prozesamenduan parte hartzen du, eta hipokanpoa, berriz, ikasketaren eta memoriaren alorrean funtsezkoa da. Haren izenak adierazten moduan, berriz, entzumen-kortexak soinuaren prozesamenduan garrantzia dauka. Beste alde batetik, ikusi dute sarien aurreikuspenak maneiatzen duen accumbes nukleoa dela ziurgabetasuna islatzen duena, baina eremu horrek ez duela eraginik musikaren plazerean.
Halako aurreikuspenak sortzen diren garunaren toki zehatza seinalatzen ausartu dira: “Baliteke akordeen gaineko espektatiba hauek, neurri batean bederen, beheko zirkunboluzio frontalean sortzea; eremu honetan musikaren estrukturen espektatibetan desbideraketak agertzen dira” idatzi dute.
“Atzera begirako eta aurrera begirako itxaropen egoeren arteko elkarrekintza dinamikoaren araberakoa da musikaren bitartez sortzen den plazera”, laburbildu dute ikertzaileek. “Aurreikusteko dugun oinarrizko gaitasuna mekanismo garrantzitsua da, eta horren bidez soinu sekuentzia abstraktuek esanahi afektiboa hartzen dute. Modu horretan sortzen da musika izendatzen dugun fenomeno kultural unibertsal hori”.
Hurrengo erronkei dagokienez, espero dute irakaspen hau dantza edota zinema bezalako arteetan erabili ahal izatea. Baina musikaren alorrean ere badaude ekarpenak egiteko aukerak. Hala, proposatu dute musika artifiziala sortzeko prestatzen diren algoritmoak hobetzeko erabil daitezkeela irakaspenak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Vincent K.M. Cheung, Peter M.C. Harrison, Lars Meyer, Marcus T. Pearce, John-Dylan Haynes, Stefan Koelsch, (2019). Uncertainty and Surprise Jointly Predict Musical Pleasure and Amygdala, Hippocampus, and Auditory Cortex Activity. Current Biology, DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2019.09.067
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Ziurgabetasuna eta ustekabea omen dira musikaren arrakastaren gakoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Kimika sukaldean: azukrea (eta II). Karamelizazioa

1. irudia: Karamelizazioaren ondorioz sakarosa eraldatu egiten da eta gogortu egiten da. Gainera, azukreari kolore arrea ematen dioten substantziak agertzen dira. (Argazkia: Free-photos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Arretze-prozesuen ondorioz elikagaien kolorea aldatzen da, baina, baita zapore eta usaina ere. Prozesu horiek bi talde handitan banatzen dira: arretze entzimatikoak eta arretze ez-entzimatikoak. Arretze entzimatikoak fruta eta barazkietan gertatzen dira nagusiki, esaterako, sagarrek arretze entzimatikoaren ondorioz hartzen dute kolore marroixka erdibitzen direnean. Arretze ez-entzimatikoen kasuan, alde batetik Maillard erreakzioak daude eta bestetik karamelizazio erreakzioak. Maillard erreakzioa aminoazidoen eta azukreen arteko berotze-prozesuen ondorioz gertatzen diren erreakzioak dira. Barbakoetan, adibidez, Maillard erreakzioaren ondorioz lortzen dira hain zapore gozagarriak. Karamelizazioa, aldiz, azukreen pirolisiaren ondorioz gertatzen da.
Azukre ezagunenei dagokienez, glukosa 150 ºC-an urtzen da eta karamelizatzen hasten da. Fruktosa, aldiz, askoz tenperatura baxuagoan hasten da karamelizatzen: 105 ºC-an. Alabaina, fruktosaren gozotasuna erdira murrizten da 60 ºC-ra berotzen bada. Sakarosaren kasuan, urtzea 160 ºC-an hasten da -fusio-puntua 183 ºC-an dago– eta karamelizazioa, aldiz, 170 ºC-an. Esan bezala, karamelizazioa pirolisi prozesua da, alegia, tenperatura altuen eraginez gertatzen den deskonposaketa. Karamelizazioaren lehen pausoan, azukreak duen ura lurrundu egiten da. Horren ondoren, azukrea konposatu txikiagoetan deskonposatzen da. Sakarosaren kasuan, disakaridoa apurtu egiten da glukosa eta fruktosa emateko. Jarraian, Maillard erreakzioen kasuan gertatzen den bezala, molekulen kondentsazioa gertatzen da. Kondentsazioak molekulen elkartze berriak dira, kasu honetan, beste molekula batzuk eratzeko. Etapa horretan zehar, sakarosaren deskonposaketan agertzen diren molekulak haien artean erreakzionatzen hasten dira ehunaka konposatu aromatiko desberdin emanez. Konposatu horiei zor diegu karameluaren kolore, zapore eta usain berezia. Karamelizazio prozesua gehiegi luzatzen bada, edo tenperatura altuegiak lortzen badira, azukrea gehiegi oxidatuko da eta kolore beltza eta zapore mikatza izango du karameluak.
Azukreen deshidratazioaren ondorioz furfurala osatzen da, eta haren deribatu asegabeak polimerizatu egiten dira melanoidina izeneko pigmentuen makromolekulak osatuz. Prozesu horretan zehar, furanoak, furanonak, laktonak, pironak eta hainbat aldehido eta zetona agertzen dira karameluan. Sakarosaren karamelizazioaren kasuan, jakina da 160 ºC-tik aurrera deshidratazioa, hidrolisia eta lortutako produktuen dimerizazioa aldi berean gertatzen dela. Tenperatura handitzen den neurrian karamelana osatzen da -bi sakarosa elkartu eta lau ur molekula galduta-. Horren ondoren karamelenoa agertzen da -hogeita hamasei karbonoko molekula- eta, azkenik, karamelua berotzen jarraitzen bada karamelina sortzen hasten da, zapore desatsegina duen konposatua.
Deskribatutako erreakzio kimikoen ondorioz, hasiera batean zapore gozoa zuten sakarosa kristal sinpleak -koloregabe eta usaingabeak- sukaldean hainbat konposatu berri eta desberdin sortzen dira. Horietako batzuk garratzak dira, beste batzuk mikatzak eta beste hainbat oso aromatikoak. Sortutako beste zenbait konposatuk, aldiz, kolore arrearen erantzuleak dira nahiz eta zapore berezirik ez duten. Sukaldean karamelua egiteko azukrea urarekin nahasten da eta gero ontzia berotzen da. Ura gehitzeko arrazoiak bi dira: alde batetik, azukrea erre gabe berotzeko aukera ematen du eta, bestetik, azukrearen egoste prozesua luzatzen du. Beroketa mantsoagoa denez, erreakzio kimikoak gertatzeko astia luzatzen da eta zapore eta usain gehiago sortzen dira. Horretaz gainera, urak sakarosaren hidrolisia errazten du, hau da, errazago zatitzen da glukosa eta fruktosa emateko. Amaitzeko, karamelua lortu ondoren azkar hoztea gomendatzen da -ontzia ur hotzetan sartuz, adibidez-, bestela desatseginak diren konposatuak agertzen baitira.
Edozein kasutan, produktu gozagarria lortzen da sakarosa berotuta, hainbat zapore desberdin dituena: diazetiloak esne zaporea ematen dio eta esterrek eta laktonek, aldiz, fruta zaporea. Pirolisiak aurrera jarraitzen badu, zapore gozoa geroz eta txikiagoa da; izan ere, gozoa den sakarosa kopurua murriztu egiten da. Sakarosarekin batera esnea edo esne-gaina gehitzen badira, bertan dauden proteinen aminoazidoek sakarosarekin eta pirolisiaren ondorioz sortutako molekulekin erreakziona dezakete eta konposatu sorta zabalagoa eta aroma aberatsagoa agertzen da. Edozein kasutan, ez dira gutxi sakarosa berotzean gertatzen diren erreakzioak eta, jakina, kimika asko dago bertan gordeta. Etxeko laborategian.
Informazio gehiago:
- Lopez-Gazpio, Josu (2019). Nola kalibratu labea azukrea erabiliz. Tolosako ataria.
- McGee, Harold (2017). La cocina y los alimentos. Pendguin Random House Grupo Editorial, Barcelona.
- Lopez-Gazpio, Josu (2014). Maillard jaunaren patata frijituak. Elhuyar, 312, 46-48.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
Azukreari buruzko artikulu-sorta:
- Kimika sukaldean: azukrea (I). Azukreak eta sakarosa
- Kimika sukaldean: azukrea (eta II). Karamelizazioa
The post Kimika sukaldean: azukrea (eta II). Karamelizazioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Plateren itxurak jaten ditugun elikagaien aukera baldintzatzen du
Gantz eduki handiagoak dituzten produktuak jaten ditugu gaur egun, eta mugimendu fisiko txikiko lan eta bizimoduak dauzkagu. Baina zergatik jaten ditugu elikagai batzuk eta ez besteak? Zergatik ez dugu osasuntsu jaten? Galdera hori erantzuten duen ikerlana bideratu du María Elena Pérez Ochoak, Basque Culinary Centerreko irakasleak “El placer de comer: una mirada biopsicosocial” tesiaren bidez. Ikertzaileak egindako lanaren arabera, elikagai osasuntsuen kontsumoa eta horri dagokion portaera zentzumenek eta ingurunearen eraginak baldintzatzen dute.

Irudia: Elena Pérez ikertzaileak ikertu du gazteek eta helduek dituzten ahorakin portaerak eta hauetan eragina duten faktoreak zeintzuk diren. (Argazkia: RestaurantAnticaRoma / Pixabay – Pixabayren lizentziapean)
Elikagaiak hartzea edo ez hartzea gure zentzumenek eta kultura iragazkiek sortutako portaeraren mende dago, eta portaera horretan zeresan handia dute, besteak beste, ohiturek, jarrerek, emozioek, sinesmenek eta sentsazioek. Izan ere, “Ikusmen eta dastamen estimulazioak plazer zentroekin lotutako garunaren guneen aktibazioa errazten du, eta, horrela, elikagaiak hartzera bideratzen da motibazioa”, dio Elena Pérez ikertzaileak. Hau da, homeostasia mekanismoek (autoerregulazioarekin lotutakoek) eta hedonikoek (plazera helburu dutenek) eragiten diote gure aukeraketari eta bien arteko harremanak zehazten du noiz, zer eta zenbat jaten dugun.
Plater batek duen itxuraren arabera, elikagai hori edo beste bat hartzeko portaera garatzen da. Ikusten dugunak, usaintzen dugunak, sentitzen dugunak edo entzuten dugunak baldintzatu egiten du portaera osasuntsua eta tartean sartzen da kaloria kontsumoarekiko erantzuna.
Oro har, ikerketa honek erakusten du elikagaiak aurkezteko moduak emozioak (esaterako, poztasuna, tristura eta nazka) eta jarrerak (zaporetsu itxura hartzea, loditu egiten duela pentsatzea) aktibatzen dituela kontsumitzaileongan, eta horrek baldintzatu egiten gaituela jango duguna aukeratzerakoan. Baldintzatzaile horiek, batzuetan, garrantzitsuagoak dira elikagaien kaloriak eta nutrizio balioak eurak baino. Egunerokotasunean, badirudi elikagai osasuntsuen aukeraketa kolokan jar dezaketela konstruktu horiek. “Panorama hori ikusita, gero eta beharrezkoagoa da elikadura autoerregulaziora bideratutako estrategiak sortu ahal izatea ikuspegi biopsikosozialetik”, aipatu du Elena Pérezek.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Zentzumenekin lotutako alderdiek eta kultura iragazkiak zehazten dute noiz, zer eta zenbat jaten dugun.
Erreferentzia bibliografikoa:
Pérez Ochoa, María Elena (2019). El placer de comer: una mirada biopsicosocial. Doktorego-tesia, UPV/EHU.
The post Plateren itxurak jaten ditugun elikagaien aukera baldintzatzen du appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #276
Margarita Salas Falgueras biokimikaria hil da, 80 urterekin. Elhuyar aldizkarian azaltzen digutenez, fagoak, bakterioak infektatzen dituzten birusak ikertu zituen eta besteak beste, morfogenesia, eta material genetikoaren erreplikazio-mekanismoak eta gene-espresioa ikertu nahi zituen. Erreplikazioaren proteina abiarazlea topatu zuen, baita DNA polimerasa ere.
KimikaAzukrea izan du abiapuntu Josu Lopez-Gazpiok asteon. Hasteko, argitzen digu gluzidoen artean topa daitezkeela hainbat monosakarido (glukosa, fruktosa eta erribosa), disakarido (laktosa, sakarosa eta maltosa, adibidez) eta polisakarido (maltotriosa eta rafinosa, besteak beste). Sakarosaren kasuan –glukosa molekula batez eta fruktosa molekula batez osatutakoa–, horren kontsumo handia hainbat gaixotasunekin lotuta dago. Beraz, kontsumoa murriztu beharko genuke. Izan ere, azken 20 urteotan azukrearen kontsumoa urteko %2 handitu da.
ArkeologiaTeknika analitiko berrien garapenari esker, indusketetan aurkitutako tresnen jatorria eta ohiturak eta jarduerak ikertzeko aukera dute arkeologoek. Duena 10.500-10.000 urte, Eurasiako mendebaldean, ahuntzak eta behiak etxekotu zituzten eta ondorioz, gizakiak animalietatik eskuratutako baliabideak areagotzea lortu zuen. Haitzuloak abeletxe moduan erabiltzen zituzten eta bertan hondakinak areagotu ziren. Urtetan erretako simaurrak hainbat sedimentu geruzak eratutako metaketak sortu zituen. Geruza horiek ongi kontserbatzen direnez, konposatu organikoen ezaugarriak atera daitezke, ukuiluratutako animalia espezieak eta artzain ohiturak antzemate aldera.
AstrofisikaVoyager 2 espazio-ontzia 1977an jaurti zen, eta jada 18.000 milioi km-ko bidaia egin du. Elhuyar aldizkariak bildu dituen datuen arabera jakin dugu duela urtebete atera zela heliosferatik eta izarrarteko espazio misteriotsuan barneratu zela. Ikertzaileek Heliosferaren muga zeharkatu zueneko datuak aztertu dituzte, zehazki heliopausa, heliosferaren azken mugari buruzko informazioa eman dute.
Eneko Agirre Hitz Ikerketa Zentroko kidea, eta UPV/EHUko informatika fakultateko irakaslea eta ikertzailea da, eta ordenagailuekin elkarrizketak izateko teknologia lantzen ari da. Posiblea da orain ordenagailuarekin hitz egitea baina “oso oinarrizkoak” dira oraindik. Hizkuntzen prozesamenduak euskarak badu bere tokia. Agirrek dio: “Adimen artifizialean iraultza bat gertatzen ari da, baina batez ere mundu anglosaxoian eta Txinan. Euskarak ere ezin du atzean geratu. Izan ere, hizkuntzaren prozesamenduan atzean geratzeak esan nahiko luke gure hizkuntzaren prozesuak beste batzuen esku utziko genituzkeela”. Ikerketaren xehetasunak ezagutzeko aukera Berrian egindako elkarrizketan: Ordenagailuekin elkarrizketan euskaraz aritzeko ahala badago.
PaleontologiaPlaneta honetan bost iraungipen masibo izan dira baina deigarriena hauxe da: dinosauro gehienak desagertu zirenekoa. Ikertzaileek ikusi dute dinosauroak suntsitu zituen meteoritoak ozeano guztien azalaren azidotze azkarra ekarri zuela. Ikerketaren abiapuntua foraminiferoak izan dira. Horri esker jakin dute itsasoaren pHaren jaitsiera 0,3koa izan zela eta Pharen aldaketa hori da hain zuzen ere itsasoetan izandako iraungipenaren abiapuntua. Ildo horri jarraiki, eta beste artikulu batean azaltzen dutenez, hondamendi horren ondotik, bizitza agertu zen: fosil asko aurkitu dituzte Coloradon (AEB), horien artean, 1.000 ornodunen baino gehiagoren fosilak eta 6.000 landarerenak ere. Dinosauroak agertu eta lehen milioi urteko tartean garatu ziren fosilak dira.
MatematikaKonputazio ebolutiboan, algoritmoek optimizazio-problemen gainean duten errendimendua ebaluatzeko, ohikoa izaten da problema horien hainbat instantzia erabiltzea. Baina horiek lortzea ez da erraza eta arazo horri aurre egiteko ikertzaileek instantzia artifizialak sortu behar dituzte. Artikulu honetan azaltzen den lanak instantzia artifizialak uniformeki zoriz sortzearen inguruko aspektu batzuk aztertzen ditu.
PsikologiaMunduko Osasun Erakundearen (MOE) arabera, urtean 800.000 pertsona inguruk egiten dute beren buruaz beste, eta, azken sei hamarraldietan, %50 ugaritu dira kasuak. Suizidiora bultzatzen duten egoerak asko dira baina, oro har, kasu gehienen atzean beti sufrimendu handia dago. Suizidioaren aurrean, neurri prebentiboak garatu behar dira: psikopatologiak atzeman eta tratatu, pertsona bat antzalda dezaketen egoera astungarriak saihestu, jendea suizidioaren gainean hezi…
Horren harira, Ernesto Gutierrez Crespo psikologoa elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, adingabeen suizidioak saiheste aldera, emozioen kudeaketa landu behar dela dio: “Nerabeek, normalean, emozioek gainezka egiten dietelako egiten dute beren buruaz beste”. Ildo horri jarraiki, Gutierrezek dio eskoletan bereziki “babesa” landu behar dela: “Gazteei irakatsi behar zaie emozioak kudeatzen, eta adierazi behar zaie zailtasunen bat dutenean norengana jo dezaketen”.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #276 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #283
Zelan antzematen dituzte autistek gainontzekoon emozioak? Begitartean jartzen dute arreta, aurpegieran edo gorputz osoan? José Ramón Alonsok ematen digu erantzuna Recognition of emotions by people with autism artikuluan.
Baliteke zure umore txarraren oinarria izatea entzefaloa logale dela. Antza, gure entzefaloak logura badu ez da goxoa izaten kontua. Rosa García-Verdugok kontatzen digu zergatik Why (some) sleepy brains get grumpy artikuluan.
Fisika atomikoa eta materia kondentsatuaren fisikako konbinazioa da spinen katearen ikerketa lerroa. Lerro hau oso emankorra izan da azken urteotan eta hainbat aplikazio teknologiko bideratu ditu. DIPCko ikertzaileek berrikusketa baten parte hartu dute, spinen kateen arloarekin lehen hurbilpen bikain bat burutuz: Spin chains on surfaces, a thriving field of research.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #283 appeared first on Zientzia Kaiera.
Gorka Larrinaga: “Minbizia ekosistema bat bezala ikusi beharko genuke” #Zientzialari (125)
Minbiziaren biomarkatzaileak lagungarriak dira minbizia motak hobeto sailkatzeko, tratamendu pronostikoa ona edo txarra den jakiteko eta, kasu batzuetan, tratamendu berriak sortu ahal izateko.
Minbizia ahalik eta hoberen ezagutzea oso lagungarria izan daiteke gaixotasunaren diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko. Hala, minbiziaren biomarkatzaileen xehetasunak eta ikerketa-arlo honen erronkak hobeto ezagutzeko, Gorka Larrinagarekin, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailearekin, hitz egin dugu.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Gorka Larrinaga: “Minbizia ekosistema bat bezala ikusi beharko genuke” #Zientzialari (125) appeared first on Zientzia Kaiera.
Zorizko instantzia uniformeak sortzen al dira optimizazio konbinatorioan?

Irudia: Instantziei dagokienez, uniformeki ausaz esaten denean, optimizazioaren ikuspegitik bi egoera bereizi ditzakegu, soluzioa bilatzeko erabiltzen duten algoritmo motaren arabera.
Batzuetan problema errealen instantziak eskuragarri daude, eta beraz, esperimentaziorako instantzien multzoa hortik osatzen da. Tamalez, orokorrean, ez da hori gertatzen. Instantziak eskuratzeko zailtasunak direla tarteko, ikertzaileek instantzia artizialak sortu behar izaten dituzte, ahal den neurrian, problema errealek dituzten ezaugarriak kontuan izanik.
Ezinezkoa denean ordea, ohikoa da instantzia artifizialak sortzeko, horiek osatzen dituzten parametroak uniformeki ausaz lagintzea. Helburua, instantzien espazioaren eredugarria den instantzia-lagin uniforme bat lortzea da. Alabaina, prozedura hori zuzena izateko, uniformeki ausaz lagintzea parametroen espazioan eta uniformeki ausaz lagintzea instantzien/helburu-funtzioen espazioan baliokideak izan behar dira.
Instantziei dagokienez, uniformeki ausaz esaten denean, optimizazioaren ikuspegitik bi egoera bereizi ditzakegu, soluzioa bilatzeko erabiltzen duten algoritmo motaren arabera. Alde batetik, soluzio bakoitzari dagokion helburu-funtzioaren balioa modu esplizituan kontuan hartzen duten algoritmoak ditugu. Beste aldetik, soluzioei dagokien helburu-funtzioaren balioen konparazioa bakarrik erabiltzen duten algoritmoak daude (A soluzioa B soluzioa baino txarragoa denetz, alegia).
Lehenengo taldeari dagokionez, edozein problema kontsideratuz gero, bereizi daitezkeen helburu-funtzio kopurua infinitua da, hau da, instantzia osatzen duten parametroei balioak aldatuz lortzen ditugun instantzia guztiak ezberdinak dira. Aldiz, bigarren taldeari dagokionez, funtzio kopurua nitua da; Izan ere, talde horretako algoritmoek, funtzioak bilaketa-espazioko soluzio guztien rankingak bezala ikusten dituzte. Beraz, n tamainako edozein problema batentzat, sortu daitezkeen ranking kopurua |Ω| ! da (Ω bilaketa-espazioko soluzio guztien multzoa da).
Azterketa aurrera eramateko konbinatoriako hiru permutazio problema ezagun aukeratu ditugu: ordenazio linealaren problema (LOP), esleipen-problema koadratikoa (QAP) eta Permutation owshop scheduling problem (PFSP). Problema horietan Ω-k n tamaina- ko permutazio guztiak biltzen ditu, hau da, n!. Aurreko hiru problema horietaz baliaturik, instantziak parametro-espazioan edo ranking-espazioan uniformeki ausaz lagintzea berdinak diren edo ez aztertuko dugu.
Horretarako, problema bakoitzaren 105 instantzia sortuko ditugu (n = 3 tamainako instantziak) horiek osatzen dituzten parametroak [0; 100] tartean uniformeki laginduz. Jarraian, instantzia bakoitzari dagokion soluzio-rankinga kalkulatuko dugu, eta azkenik ranking bakoitza zenbat alditan errepikatuta agertzen den zenbatuko dugu.
Emaitzetatik hainbat ondorio interesgarri atera ditzakegu. LOParen kasuan ranking guztiak sortzea, hau da, (3!)!=720 ranking, ezinezkoa da. Problema horretan, soluzio onenaren alderantzizkoa, soluzio txarrena da, eta beraz sortu daitezkeen rankingak simetrikoak izan behar dute. Ondorioz, (3!)! ranking posibleetatik, gutxi batzuk sortu daitezke bakarrik (egindako esperimentazioan, 48 ranking). LOParekin jarraituz, rankingen agerpen-kopurua ez dela uniformea ikusi dugu. Ez hori bakarrik, beraien agerpen-probabilitatearen arabera rankingak, multzokatu egin daitezke.
Rankingen agerpen-probabilitatearen eta haien zailtasunarekin inguruko aipamenen bat egiteko asmotan, LOPan ikusi ditugun rankingak aztertu ditugu duten optimo lokal kopurua aztertuaz. Emaitzen arabera, ranking-multzo berean dauden ranking guztiek optimo lokal kopuru bera dute, eta soluzio rankingean posizio berdinetan daude kokatuta.
PFSP eta QAPari dagokienez, problema horiek ez dira LOPa batezbesteko murriztaileak, eta beraz, n = 3 kasurako, ranking guztiak agertu dira. Baina, n = 4, kasurako, (4!)! ranking sortu al daitezke? Lan honetan agertu diren galdera guztiek etorkizunerako ikerketa ildo interesgarri bat proposatzen dute.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 34
- Artikuluaren izena: Zorizko instantzia uniformeak sortzen al dira optimizazio konbinatorioan?
- Laburpena: Konputazio ebolutiboan, algoritmoek optimizazio-problemen gainean duten errendimendua ebaluatzeko, ohikoa izaten da problema horien hainbat instantzia erabiltzea. Batzuetan, problema errealen instantziak eskuragarri daude, eta beraz, esperimentaziorako instantzien multzoa hortik osatzen da. Tamalez, orokorrean, ez da hori gertatzen: instantziak eskuratzeko zailtasunak direla tarteko, ikerlariek instantzia artifizialak sortu behar izaten dituzte. Lan honetan, instantzia artifizialak uniformeki zoriz sortzearen inguruko aspektu batzuk izango ditugu aztergai. Zehazki, bibliografian horrenbestetan onetsi den ideia bati erreparatuko diogu: Instantzien parametroen espazioan zein helburu-funtzioen espazioan uniformeki zoriz lagintzea baliokideak dira. Exekutatu ditugun esperimentuen arabera, baliokidetasuna kasu batzuetan ez dela betetzen frogatuko dugu, eta beraz, sortzen diren instantziek espero diren ezaugarriak ez dituztela erakutsiko dugu.
- Egileak: Josu Ceberio, Borja Calvo, Alexander Mendiburu, Jose Antonio Lozano.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 261-277
- DOI: 10.1387/ekaia.18877
————————————————–
Egileez:
Josu Ceberio, Borja Calvo, Jose Antonio Lozano UPV/EHUko Informatika fakultateko Konputazio Zientziak eta Adimen Artiziala Sailean dabiltza eta Alexander Mendiburu Konputagailuen Arkitektura eta Tekonologia Sailean.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Zorizko instantzia uniformeak sortzen al dira optimizazio konbinatorioan? appeared first on Zientzia Kaiera.
Apokalipsiaren ondoren esnatu zirenean, ugaztunak hor ziren
Gehienok hain zoriontsu bizi garen planeta honetan bost iraungipen masibo izan direla badakigu, baina, horien artean, bada atentzio berezia ematen duen bat: duela 66 milioi urte inguru gertatutakoa. Hain ospetsua izateko arrazoia azken iraungipena izan zela izan zitekeen, baina nahiko agerikoa da dinosauro gehienak desagertu zirelako egiten zaigula ikusgarria. Dinosauro gehienak, esan beharko, bai, paleontologoak haserretu ez daitezen. Behin eta berriz gogoratzen dutenez, hegaztiak ere dinosauroak direlako, eta argi dago horiek planeta osoa konkistatu dutela.
The Rise and Fall of the Dinosaurs liburuan Steve Brusatte paleontologoak asteroidea erosi zeneko eguna oso modu bizian deskribatzen du. “Orduan, dena hasi zen tonu bitxia hartzen, ordura arte Lurraren historian izandako arau guztien kontrakoa”. Ondorengo egunetan eta urteetan gertatu zena apokalipsi baten antzekoa izan zen. Lurrikarak, tsunamiak edota izugarrizko haizeteak zabaldu ziren munduko leku askotan. “Egun lazgarri horren ondorengo urteetan zehar Lurra ilundu eta hoztu zen, kedarra eta arroketako hautsa atmosferan geratu zirelako, eta horiek eguzkiaren argia oztopatzen zutelako”. Atmosferara botatako hauts horrek guztiak, funtsean, fotosintesia galarazi zuen. Ondorioz, kate trofiko gehiena suntsituta gertatu zen.

1. irudia: Taeniolabis generoko ugaztun fosilaren irudikapena, aztarnategi berriari buruz egin duten telebista erreportaje baterako egina. (Irudia: HHMI Tangled Bank Studios)
Ozeanoetan ere eragina izan zuen iluntze global horrek, fotosintesian oinarritutako planktonaren heriotza beste planktonaren eta kate trofikoaren galera ere ekarri zuelako. Baina zientzialariek aspalditik susmoa dute itsasoan izandako eragin hori ez zela mugatu soilik fotosintesira. Hala, garai horretako itsas mikroorganismoekin egindako ikerketa bat ikertu dute, eta horien bitartez ikusi dute duela 66 milioi urte dinosauroak akabatu zituen meteoritoak ozeano guztien azalaren azidotze azkarra ekarri zuela. Emaitzak PNAS aldizkarian azaldu dituzte.
Geulhemmerberg haitzuloan (Herbehereak) bildutako foraminiferoak izan dira ikerketaren abiapuntua: oskola zuten organismo unizelularrak, hain zuzen. Dinosauroak desagertu zirenean aztarnategi hori garaiko Tetis itsasoan zegoen. Haitzuloaren berezitasuna da talka izan eta ondorengo milurtekoetan bizi izan ziren organismoen zantzuak kontserbatu dituela. Horren adierazle da hamar zentimetro inguruko geruza bat. Zientzialariek uste dute asteroidearen talkak sortutako klima aldaketa azkarrak abiatutako ekaitz erraldoien ondorioz sortu zela geruza hori. Aipatutako estratu horretan zeuden buztinek lagundu dute foraminiferoen oskolen kontserbazioa luzatzen. Oskola horiek karbonato kaltzikoaz osatuta daude, eta horien sorreran badu garrantzia itsasoaren azidotasunak.
Zer gertatu zen jakiteko, oskoletan bildutako boroaren isotopo desberdinei erreparatu diete. Izan ere, oskolen osaketa isotopikoak eta oskola horiek garatu ziren itsasoaren osaketak antzekotasunak dituzte. Uraren tenperaturak kalkulatzeko oxigeno isotopoen ratioak erabiltzen diren modu berean, boroaren isotopoak uraren pH-a ondorioztatzeko adierazle bikainak dira. Egiaztatu ahal izan dute haitzuloan behin betiko gordeta geratu ziren foraminifero horien oskoletan deskaltzifikazio nabarmena dagoela.
7.000 foraminifero inguru bildu dituzte bertan. Baina beste bost lekutan hartutako laginak ere kontuan hartu dituzte: Ameriketako Estatu Batuetan, Ozeano Barean eta Ozeano Atlantikoan. Modu horretan egiaztatu ahal izan dute azidotze hori ez zela izan tokiko fenomenoa eta mundu osoko itsasoetan gertatu zela.
Itsasoaren pHaren jaitsiera 0,3koa izan zela kalkulatu dute. 100.000 urtez edo egonkorra izan ostean, eta orain ikusi duten pHaren aldaketa nabarmen hori kontuan hartuta, zientzialariek atera duten ondorio logikoa da azidotze hori izan zela, hein handi batean, itsasoetan izandako iraungipen masiboaren abiapuntua. Garaiko ekosistemetan izan zen karbonoaren ekoizpena erdira jaitsi zela uste dute ikertzaileek, eta karbono murrizketa masibo hori izan zen, hain zuzen, garaiko bioaniztasunean gertatu zen galeraren tamainaren adierazle.
Alabaina, prozesua ez zen uniformea izan, eta batez ere goiko geruzei eragin zien. Horrek sakonera gutxian bizi ziren foraminiferoen eta beste hainbat bizidunen galera ekarri zuen. Zientzialariek uste dute asteroidearen aurreko pH balioetara bueltatzeko 80.000 urte inguru behar izan zirela.
Gogoratu beharra dago, halere, badirela adituak asteroideari garrantzia aitortu bai baina beste hainbat faktore kontuan hartzeko beharra dagoela diotenak. Paleontologoen artean gero eta gehiago zabaltzen ari den joera honen alde daudenek bereziki Indiako Dekkango basalto plataforma nabarmentzen dute; horren eraketaren erantzule izan zen sumendi jarduera, gutxi gorabehera dinosauroen desagerpenarekin batera gertatu zen, eta halako jardun erraldoiak ezinbestean planeta osoko eragin klimatikoa izan zuen seguruenera. Horregatik uste da asteroidearena dagoeneko maldan behera zeuden dinosauroek jaso zuten azken kolpea baino ez zela izan.
Ugaztunen gorakadaHondamendi globala izan arren, ohi bezala, bizitzak bidea aurkitu zuen. Science aldizkarian argitaratutako beste artikulu batean argitu dute berreskurapen hori nolakoa izan zen, Ipar Amerikaren kasuan eta lur ekosistemen kasuan bederen. Horren arrazoia izan da fosilen benetako altxor bat aurkitu dutela Coloradon (AEB), estatuaren erdialdean dauden Corral izeneko labarretan.

2. irudia: Herbeheretan dagoen Geulhemmerberg haitzuloan dinosauroak akabatu zituen talka gertatu eta gutxira bildutako foraminiferoak aurkitu dituzte. Horien ikerketan ikusi dute itsasoaren azidotzeak garrantzi handia izan zuela. (Argazkia: Michael Henehan / GFZ)
Ez dute soilik altxortzat jo fosil asko agertu direlako, animalien eta landareen fosilez gain klimaren eboluzioa aztertzeko beharrezkoak diren polen asko ere agertu direlako baizik. Hori gutxi balitz, inguruko mineral erradioaktiboek geokronologia finkatzeko aukera eman diete ikertzaileei, garaiko egutegi bat zehazteko modua izan dutelarik. Informazio “mozkorraldi” hau, noski, edozein paleontologorentzako gozoki ederra da.
Kontu honetan, are harrigarriagoa izan da inguru hori paleontologoek aspalditik guztiz “orraztuta” zegoela, baina ingurune hori beste begi batzuekin begiratzeari ekin diote oraingoan. Gakoa ez da izan puntako teknika sofistikatuak erabiltzea, inguruko geologia hobeto ulertzea baizik. Normalean paleontologoak hezurren eta antzeko aztarnen bila aritzen badira ere, oraingoan konkrezioei erreparatu diete. Urak eramandakoak diren eta ondoren arroko porotsu batean prezipitatzen diren sustantzien metaketak dira konkrezioak, eta batzuetan horien nukleoetan hezurrak aurkitzen dira. Labarretan zeuden konkrezioetan aurkitu dituzte fosilak.
Aurkitutakoen artean, 1.000 ornodunen baino gehiagoren fosilak daude, eta 6.000 landarerenak ere. Soilik horiekin garaiko mundua irudikatzeko fosil nahikoa dago, baina informazio paleontologiko honi guztiari gehitu behar zaizkie 37.000 polen ale baino gehiago. Dinosauroak agertu eta lehen milioi urteko tartean garatu ziren animalien eta landareen fosilak dira.
Ezaguna da dinosauroek betetzen zituzten txoko ekologikoak libre geratu zirenez gero, ugaztunek aukera bikaina izan zutela esparru horiek eskuratzeko, eta, modu horretan, arrakasta ebolutibo handia lortu zutela. Denborarekin, hasiera batean ugaztun txikiak zirenek tamaina handiagoa hartu zuten.
Animaliei dagokienez, talkaren ondoren arratoien tamaina zuten ugaztun batzuk baino ez ziren bertan bizi, iratzeak jaun eta jabe ziren inguru batean. Pixkanaka, milaka urte pasa eta gero, baina, palmondoak agertzen hasi ziren, eta ugaztunen tamaina ere handituz joan zen. Intxaurren antzeko haziak zituzten landareak nagusitu zirenean ugaztunek eskura zuten elikagaiaren kalitatea eta kopurua asko handitu zen. Handik 700.000 bat urtera, berriz, lekaleak agertu ziren, eta horiei esker ugaztunek 50 kilo arteko pisua hartu zuten.
Erreferentzia bibliografikoak:
Michael J. Henehan, Michael J. et al., (2019). Rapid ocean acidification and protracted Earth system recovery followed the end-Cretaceous Chicxulub impact. Proceedings of the National Academy of Sciences, 201905989. DOI: 10.1073/pnas.1905989116.
Lyson, R. T., (2019). Exceptional continental record of biotic recovery after the Cretaceous–Paleogene mass extinction. Science, eaay2268. DOI: 10.1126/science.aay2268.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Apokalipsiaren ondoren esnatu zirenean, ugaztunak hor ziren appeared first on Zientzia Kaiera.
Kimika sukaldean: azukrea (I). Azukreak eta sakarosa

Irudia: Sakarosa edo etxeko azukrea glukosa eta fruktosaz osatutako disakaridoa da. (Argazkia: Doris Jungo – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Naturan hainbat azukre mota desberdin daude, baina, horietako gutxi batzuk bakarrik erabiltzen dira sukaldean. Lehenik eta behin, argitu behar da kimikaren ikuspuntutik azukre mota asko daudela, oro har, azukre hitzarekin zapore gozoa duten gluzidoak ezagutzen direlarik. Gluzido horien artean, hainbat monosakarido -glukosa, fruktosa eta erribosa, esaterako-, disakarido -laktosa, sakarosa eta maltosa, adibidez- eta polisakarido -maltotriosa eta rafinosa, besteak beste- sailka daitezke.
Glukosa bizidunok energia lortzeko erabiltzen dugun azukrerik arruntena da eta hainbat frutatan dago. Bestalde, fruktosa frutetan eta eztian dago eta azukre arrunten artean zaporerik gozoena duena da. Sukaldeetan arruntena den azukreari eutsiz, sakarosa glukosa molekula batez eta fruktosa molekula batez osatutako disakaridoa da. Landareek fotosintesian zehar ekoizten dute glukosa eta guk erremolatxatik edota azukre-kanaberatik erauzten dugu. Fruktosaren ondoren azukre arruntik gozoena da eta, hortaz, oso baliagarria da sukaldean jakiak prestatzeko. Sakarosaren zaporea, gainera, gustagarria da nahiz eta kontzentrazio oso altuan egon -postreetan, adibidez-. Beste azukre batzuen kasuan, zaporea gogorregia da kontzentrazio altuan.
Sakarosaren lorpenari dagokionez, kanaberaren edo erremolatxaren azukreak erauztea prozesu nahiko konplexua da, baina, hala ere azukre-kanaberatik erauzten da mundu mailako azukre ekoizpenaren %80. Ez da kopuru txikian, kontuan hartzen bada urtero munduan 175.000 milioi tona azukre kontsumitzen direla. Nolanahi ere, azukrea erauzteko lehengaiak hainbat osagai ditu -erremolatxaren sustraietan zein kanaberaren zurtoinean dauden konposatuak- eta guzti horiek kendu egin behar dira sakarosa lortzeko. Gaur egun, prozesua modu industrialean egiten da koagulaziorako beroa eta karea erabiliz eta ondoren zukua zentrifugatuz. Ondoren sakarosa zuritu egiten da karbono pikortatua erabiliz. Amaieran sakarosa kristalizatu egiten da ale guztiak uniformeak izan daitezen.
Elikadurari dagokionez, azukre puruak nahiko nutritiboak dira; izan ere, energia asko ematen dute. Koipeen eta gantzen ondoren, izan dezakegun kaloria iturri kontzentratuenak dira azukreak. Alabaina, egunotan behar baino energia gehiago kontsumitzen dugu, hau da, energia gabezia arriskurik ez daukagu. Horrexegatik, azukreek beste elikagai nutritiboagoak -energiaz gainera beste osagaiak dituztenak- ordezkatzen badituzte, osasunari kalte larria eragin diezaiokegu. Nolabait esateko, azukreak kaloria iturri hutsalak dira. Herrialde garatuenetako biztanleok azukre asko -gehiegi- kontsumitzen dugu eta iturri nagusia edari freskagarriak dira. Zientzia Kaieran argitaratu den bezala, edari energetikoen kasuan, adibidez, lata bakar bat hartzea nahikoa da Munduko Osasun Erakundeak (MOE) egun batean kontsumitzea gomendatzen duen azukre kantitatea gainditzeko.
Metabolismoaren kasuan, sakarosa jaten dugunean jatorrizko bi monosakaridoetan, glukosan eta fruktosan, hidrolizatzen da sakarosa. Sakarasa eta isomaltasa entzimak dira, nagusiki, prozesu horren erantzuleak eta, jarraian, glukosa eta fruktosa odolera pasatzen dira. Dakigunez, sakarosa kontsumo handia hainbat gaixotasunekin lotuta dago. 2012. urtean eztabaida handia piztu zen azukre kontsumoari buruz, hain zuzen ere, Robert Lustig eta bere lankideek Nature aldizkarian The toxic truth about sugar –azukrearen egia toxikoa- lana argitaratu ostean. Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek ziotenez, azukreak eta alkoholak antzeko eragina dute osasunean eta, hortaz, ezinbestekoa da azukrearen kontsumoa murrizteko neurriak hartzea.
Artikuluaren arabera, azukrea kaloria hutsal gisa definitze ez da zuzena; izan ere, gero eta ebidentzia gehiago daude azukre kontsumoa hainbat gaixotasun kronikorekin lotzeko. Alkoholaren pare jarri zuten azukrea 2012an: bata zein bestea kontsumitzeak hipertentsioa, obesitatea eta beste hainbat gaixotasunekin lotzen zen. Azukrearen auzia oraindik irekita dagoen gaia bada ere, azken 20 urteotan azukrearen kontsumoa urteko %2 handitu da, eta ez dirudi kontsumoa murriztuko denik.
Informazio gehiago:
- McGee, Harold (2017). La cocina y los alimentos. Pendguin Random House Grupo Editorial, Barcelona.
- Lopez-Gazpio, Josu (2014). Maillard jaunaren patata frijituak. Elhuyar, 312, 46-48.
- Galarraga, Ana (2013). Azukrea, toxiko gozoa. Elhuyar , 302, 24-27.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Kimika sukaldean: azukrea (I). Azukreak eta sakarosa appeared first on Zientzia Kaiera.
Kimika analitikoa historiaurreko artzain praktikak ikertzeko oinarri gisa
Duela 10.500-10.000 urte, Eurasiako mendebaldean, Capra aegagrus ahuntzak, Ovis orientalis eta Bos primigenius behiak etxekotu zituzten. Etxekotzearen ondorioz, gizakiak animalietatik eskuratutako baliabideak areagotzea lortu zuen; haragiaren bitartez proteina bakarrik hartzetik, esnea eta artilea erabiltzera igaro ziren.

1. irudia: Animalien etxekotzearen kronologia. (Iturria: Larson, G., Fuller, D. Q., (2014). The Evolution of Animal Domestication. Annual Review of Ecology, Evolution, and Systematics, 45)
Etxekotzea garatzen eta ugaritzen ari zenez, artzainek euren abelburuak babesteko eta salbu gordetzeko toki bat bilatu behar izan zuten. Haitzuloak edo aterpeak abeletxe bezala erabiltzea ohikoa izan zen Mediterraneo osoan zehar, Neolitotik Burdin Arora bitartean. Aterpe horietan aurkitu diren aztarnategiek partekatzen duten ezaugarri nagusi bat sedimentuak dira. Buztin itxurako metakinak dituzten espazioak dira, simaur kantitate handiek sortuak, bertan ganadua izan ohi zutelako; bereziki, ardiak eta ahuntzak. Animaliak ukuiluratuta izatearen ondorioz, abeletxeko hondakinak areagotu ziren, simaurra eta haiek botatako produktuak, belarra, lurra eta harriak pilatzetik sortuta.
Abeletxea garbi eta parasitorik gabe mantentzeko, askotan, simaurra erretzen zuten, simaur kantitatea murrizteko. Uste da praktika horrek Burdin Arora arte iraun zuela, ordutik aurrera, abeletxeetan sortutako simaurra landarako ongarri gisa erabiltzen hasi baitzen.
Urtetan erretako simaurrak hainbat sedimentu geruzak eratutako metaketak sortu zituen, errekuntza unitateak bata bestearen gainean pilatzeagatik. Modu generikoan fumier izenez ezagutzen dira (simaurra frantsesez), eta, oro har, honako geruza hauek osatzen dituzte: zuria edo grisa (erabateko errekuntza), beltza (errekuntza partziala) eta, azkenik, marroia (errekuntzarik gabe). Geruza horiek, batez ere beltzak eta marroiak, ongi kontserbatzen dira, eta, horri esker, konposatu organikoen ezaugarriak atera ditzakegu, ukuiluratutako animalia espezieak eta artzain ohiturak antzematen lagunduko digutenak.
Animalien gorotzak desagerrarazteko estrategia hori erabili zen aztarnategi garrantzitsuenetako bat San Kristobalgoa izan zen, Toloñoko mendilerroan kokatuta dagoena (Araba).

2. irudia: San Kristobalgo indusketa. (Argazkia: UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Kimika Analitikoa saila)
Azterlanari ekin zioten Fernández Eraso UPV/EHUko Geografia, Historiaurre eta Arkeologia Saileko irakasleak eta bere taldeak, High Yield Research Group of Prehistory-k (IT 622-13), gaian interesa zutelako, eta horrek ikerketa lerro bat ezartzeko aukera eman zuen, ukuiluratutako animalien ezaugarriak Toloñoko mendilerroko aterpeetatik ateratako zenbait substantzia organikorekin erlazionatzeko.
Aztarnategi horretan ez da aurkitu bertan ukuiluratutako animalien hezur aztarnarik, eta beharrezkoa da espezieen biomarkatzaileak analizatzea, zer animalia mota ukuiluratu den zehazteko. Azterlana Arabako Analisi Zerbitzu Zentralean gauzatu zen, eta San Kristobalgo aztarnategiko hondakin/sedimentu organikoen (geruza zuriak, beltzak eta marroiak) behazun azidoen, esterolen eta fitoesterolen analisi kuantitatiboan oinarritu zen; Gasen Kromatografia-Masen Espektrometria (GC-MS) neurketa teknika erabili zuten horretarako.

3. irudia: San Kristobalgo aztarnategia, Toloñoko mendilerroa (Araba). Simaurraren egitura. (Argazkia: Javier Fernández Eraso)
Azterlana egiteko biomarkatzaile gisa aukeratutako sedimentuen konposatu organikoak mikrouhinek lagunduta erauzi ziren; ondoren, garbitu egin ziren, eta, azkenik, deribatu eta GC-MS teknikaren bidez aztertu. Biomarkatzaileen azterketaren emaitzak tresna kimiometrikoak erabilita prozesatu ziren (ikus 2. irudia), historiaurreko hondakin/sedimentu organikoak sailkatzea errazten dutelako, eta, hala, aztarnen jatorria eta artzainen jarduera bereiz daitezke.

4. irudia: Sailkatu ezin diren hausnarkarien eta hondakinen laginetarako osagai nagusien azterketa. (Iturria: Journal of Separation Science, (2017), 40)
Geruza marroiek eta beltzek animalia hausnarkarien aztarna gisa sailkatzen dituzte aztarnak, baina gainerakoak ezin dira erabili ukuiluratutako animalia motak sailkatzeko, ez direlako kontserbatu intereseko konposatuak. Gainera, artzainen jarduera hauteman da, 6010±30 BP (Neolito goiztiarra) eta 4030±30 BP (Kalkolitoa) artekoa. Beraz, berretsi egiten dira aurreko azterlanak, eta, gainera, ez dago hausnarkariak ez diren beste animalia batzuk ukuiluratzearen zantzurik.
Erreferentzia bibliografikoak:
Pollard, A. M., Batt, C. M., Stern, B., (2007). Analytical Chemistry in Archaeology, Cambridge University Press, London. DOI: https://doi.org/10.1017/CBO9780511607431.
Angelucci, Diego E.; Boschia, Giovanni; Fontanals, Marta; Pedrotti, Annaluisa & Vergès, Josep Maria, (2009). Shepherds and karst: the use of caves and rock-shelters in the Mediterranean region during the Neolithic , World Archaeology, 41(2), 191-214. DOI: https://doi.org/10.1080/00438240902843659.
Boschian, G. and Miracle, P. T., (2008). Shepherds and caves in the Karst of Istria (Croatia). In Proceedings of the 2nd International Conference on Soils and Archaeology (ed. G. Boschian). Atti Società toscana Scienze naturali, Mem., Serie A, 112(2007), pp. 173–80.
Fernández Eraso, J., Polo Diaz, A., (2009). Establos en abrigos bajo roca de la prehistoria reciente: su formación, caracterización y proceso de estudio. Los casos de los Husos y de San Cristóbal. Krei, 10, 39-51.
Larson, G., Fuller, D. Q., (2014). The Evolution of Animal Domestication. Annual Review of Ecology, Evolution, and Systematics, 45, 115–136. DOI: https://doi.org/10.1146/annurev-ecolsys-110512-135813.
Nigra, B.T., Faull, K.F., Barnard, H., (2014). Analytical Chemistry in Archaeological Research, Analytical Chemistry, 87 (1), 3–18. DOI: https://doi.org/10.1021/ac5029616.
Fernández-Eraso, J. et al., (2015). Beginnings, settlement and consolidation of the production economy in the Basque region. Quaternary International 364, 162–171. DOI: https://doi.org/10.1016/j.quaint.2014.09.070.
—————————————————–
Egileaz: UPV/EHUko Arabako Analisi Zerbitzu Zentrala – SGIker (@SGIker).
—————————————————–
Oharra:
Azterlan hau Jaime Gea del Ríoren doktorego-tesiko lanaren parte da, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko METABOLOMIPs ikertaldean garatua.
The post Kimika analitikoa historiaurreko artzain praktikak ikertzeko oinarri gisa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #275
Climate Central ikerketa zentroak mapa batean aztertu du 2050ean non izan dezaketen uholde arriskua itsasoaren maila igotzean. Munduan, 300 milioi lagun bizi diren lekuak arriskuan egongo dira (Asian, gehienbat: Txinan, Bangladeshen, Indian, Vietnamen, Indonesian eta Thailandian). Euskal Herrian ere pairatuko dugu eragina. Oro har, kostalde osoan nabarituko dute, batez ere, Aturri ibaiaren inguruko herrietan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean, hain zuzen. Horietaz gain, zerrendan, Donibane Lohizune, Irun, Donostia-Pasaia eta Bilboko itsasadarra agertzen dira.
Ikertzaileek diote klima-aldaketaren ondorio asko “geraezinak” direla baina gaineratzen dute, “inoiz ez da berandu aldaketaren eragina murrizteko, horretarako kutsadura gutxituta”.
Elhuyar aldizkariak ere eman du Climate Central ikerketa zentroaren txostenaren berri. Artikulu honetan azaltzen da mapa hau gauzatzeko sare neuronaletan oinarritutako eredu bat sortu dutela bertako ikertzaileek, kalkulatzeko munduko populazioaren zenbatekoari eragingo dion zuzenean itsas mailaren igoerak.
IngeniaritzaEgungo trenbideen komunikazio-sistemen erronka segurtasuna da. Testuan azaltzen digutenez, trena da gaur egun arte istripu gutxien dituen garraiobidea baina halere, sistema kritikoa kontsideratzen da. Europan ERTMS (European Rail Traffic Management System) sistema sortu zen baina horrekin batera, inguruko hainbat erronkak sortu ziren. Komunikazio-sareen osotasuna bermatzeko, bi kriptografia-sistema erabiltzen dira: A5/1 algoritmoa eta EuroRadio protokoloa. Baina horiek ahultasunak dituztela frogatu dute.
AstronomiaGalaxia erraldoi batean milaka kumulu globular berri sortu direla argitu dute. Baina zer dira kumulu globularrak? Elhuyar aldizkariak azaltzen digu milioika izarretik gora osatuta egoten direla eta aldi berean sortutako izarrak direla, gure galaxiaren diametroa baino ehunka aldiz diametro txikiagoko bolumen esferiko dentsoetan biltzen direnak. Ikertzaileek ikusi dute milaka kumulu globular berri sortuz joan direla azken mila milioi urteetan gas hotz batetik abiatuta, Perseus galaxia-kumuluaren erdigunean dagoen galaxia erraldoian.
Ikertzaile talde batek, Mesopotamiako antzinako testuetan oinarrituta, duela 2700 urteko aurora borealen lehen aipamentzat dituztenak aurkeztu dituzte. Aipamen horien atzean ez dago espekulaziorik: eguzki-ekaitzen ondorioz zuhaitzen eraztunetan agertutako anomaliekin alderatu dituzte, eta Kristo aurreko 679-655 urte tartean izandako hiru eguzki-ekaitzaren aztarnak identifikatu dituzte.
BiologiaNitratoek eta metal astunek uretan eragindako kutsadura neurtzeko biosentsore bakterianoak garatu dituzte UPNA/NUPeko ikasleek. Honekin, Massachusettseko Teknologia Institutuak (MIT) urtero antolatzen duen iGEM (International Genetically Engineered Machine) izeneko txapelketan parte hartuko dute. Artikuluan azaltzen den moduan, biosentsoreak nitratoek eta metal astunek uretan eragindako kutsadura neurtzeko metodo bat dira.
GenetikaGure arbasoak irudikatzeko orduan zuhaitz genealogiko baten bidez egin ohi dugu: zenbat eta atzerago, orduan eta adartsuago. Bada, ez da beharrezkoa oso atzera egitea adarretako batzuek bat egiten dutela ikusteko. Adam Rutherford genetistak A Brief History of Everyone Who Ever Lived liburuan dio jatorri europarra dugunok Karlomagnoren ondorengo garela. Europar guztiok dugu arbaso komun bat, duela 600 bat urte bizi izan zena.
Fisika eta TeknologiaUnibertsitate Politeknikoko ikertzaileek jet erraldoi baten sorrera argazkitan jaso dute lehenengo aldiz. Kolonbian hartu dituzte argazkiak, tropikoetan bakarrik gertatzen delako fenomenoa. Jet erraldoiak ezagutzen diren deskarga elektrikorik handienak dira. Ez galdu!
Euskal Herriko, Frantziako eta Alemaniako ikertzaile talde batek materialen azaleko atomoen ezaugarri magnetikoak irakur ditzakeen teknika bat sortu du. Artikuluan azaltzen diguten moduan, iman moduko bat sortu dute, eta disko gogor are txikiagoak eta material berriak sortzeko tresna izan daiteke teknika berria. Nicolas Lorente ikertzailearen esanetan: “Azaleren ezaugarriak neurtu ahalko ditugu, atomoz atomo; horregatik da hau horren ikusgarria, lor daitekeen zorroztasunik handiena delako”.
Super-ordenagailuak edo ordenagailu kuantikoak eraikitzea oso aurrerapauso handia izan da baina oraindik horiek erabiliko ditugun eguna oso urrun dago. Ordenagailu hauen berezitasun nagusiena da qubit-ak erabiltzen dituztela. Aldiz, orain erabiltzen ditugun ordenagailuek informazioa kodetzeko bit kontzeptua erabiltzen dute (bit batek bi balio hartzen ahal ditu: 0 eta 1).
MikrobiologiaAzken hilabeteetan haragi kutsatua jateagatik listeriosi kasuak asko ugaritu dira Andaluzia partean eta horrek alarmak piztu ditu. Gaixotasun hau Listeria monocytogenes bakterioak sortzen du. Oso sentikorra da ingurune azidoetan eta gatz kontzentrazio altuetan. Listeriosia ez da gaixotasun arrunta, baina bada larrienetariko bat. Neurriak har ditzakegu jakina, erabat funtsezkoak dira elikagaien higienea, kontrola eta segurtasuna. Listeriaren inguruan gehiago jakiteko, jo ezazu artikulura.
Neurozientzia
Nerea Irastorza neurozientzialariak pare bat urte daramatza iktus baten ondorioz paralisia duen paziente batekin, mugikortasuna berreskuratzeko ahaleginean. Azken helburua: pazienteak autonomia berreskuratzea. Irastorza Tübingeneko Unibertsitatean dabil tesia egiten, eta azaltzen duen moduan, ikerketa honetan diziplinartekotasuna da nabarmentzekoa. Izan ere, Alemaniako Unibertsitatean Ander Ramos Murguialday neurozientzialariarekin egiten du lan eta azken hau Tecnalian dabil. Azken batean, proiektu honetan, Tecnaliak robotikako alderdia lantzen du, eta Alemaniako laborategiak, batez ere, seinaleen deskodifikazioa.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #275 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #282
Emakumearen ugalkortasuna adinaren arabera aldatzen dela jakiteak ez gaitu harrituko. Hala ere, ezustekoan harrapatuko gaituenak da aldaketa horren zergatiak. Rosa García-Verdugok azaltzen dizkigu zergatiak Female fertility limited by chromosome errors artikuluan.
Energia berriztagarriei buruz hitz egiterakoan ez da aipatzen olatuen energia. Eta egia esan aipatu beharrekoa da, izan ere, hau behintzat aurreikus daiteke. Bestelako kontua da honen kostuen aldakortasuna. Hala ere, aldakortasuna neurtzea badakigu, besteak beste, BCAMeko ikertzaileei esker: Cost of energy and its variability can be reduced in tidal power.
Garai batean korpuskulu ultramundutarrez baliatu ginen Newtonen grabitazio legearen eraginkortasuna azaltzeko. Egun, antzerako zerbait gertatzen da nanopartikulez ari bagara. DIPCko ikertzaileek argitzen digute kontua: Inverse-square law interaction at the nanoscale.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #282 appeared first on Zientzia Kaiera.
Nerea Irastorza, neurozioentzialaria: “Ingeniaritza biomedikoaren eta ikerketa klinikoaren arteko konbinazio hori gustatzen zait”
“Interfaze horren bidez, garuneko eta muskuluetako seinaleak detektatzen ditugu, jakiteko zer mugimendu egin nahi duen, eta horren arabera paralizatuta dauzkan beso eta eskua mugitzen laguntzen diogu, exoeskeleto robotiko bat erabilita”, azaldu du Irastorzak.
Haren esanean, helburua ez da pazienteak une oro robot hori baliatzea mugitzeko, baizik eta iktusak kaltetu ez duen garuneko eremu batek, makina baliatuz egindako entrenamenduaren bidez, galdutako funtzioa ikastea, “garunaren eta gorputz-adarraren arteko lotura berregiteko, eta pazientea gai izateko bere kabuz mugitzeko”. Hau da, robota terapian erabiltzen badute ere, xedea da gero haren beharrik ez izatea, eta pazienteak autonomia berreskuratzea.

Irudia: Nerea Irastorza Landa neurozientzialaria eta ikertzailea.
Irastorzak onartu du horrek pazientearekin harreman zuzena eta sakona izatea ekartzen duela, eta hori oso aberasgarria iruditzen zaio, eta badu alderdi psikologiko eta emozionala ere. “Guk zorte handia izan dugu, pazienteak gogo handia jartzen duelako eta dena ematen duelako, eta, egia esan, eskertzen da”.
Diziplinartekotasuna da nabarmendu duen beste alderdietako bat: “Berez, Alemaniako unibertsitate bateko ikaslea naiz [Tübingeneko Unibertsitatea], han nabil tesia egiten, Ander Ramos Murguialday neurozientzialariarekin. Ramosek hango unibertsitatean eta Tecnalian egiten du lan. Ikerketa proiektu honetan Tecnaliak, gehienbat, robotikako alderdia lantzen du, eta Alemaniako laborategiak, batez ere, seinaleen deskodifikazioa, Berkeleyko Unibertsitatearekin batera. Horrez gain, UPV/EHUko Fisioterapiako taldea eta Bruselako Unibertsitatea daude; azken finean, elkarrekin egin behar dugu lana, robotarekin bakarrik ez da nahikoa. Eguneroko terapia Donostia eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean burutzen dugu”.
Arlo desberdinetako jendea proiektu berean elkartzea benetan “motibagarria” da Irastorzarentzat: ingeniari elektronikoak, fisioterapeutak, biomedikoak, seinaleak prozesatzen dituztenak, neurologoak… Horrekin batera, oso gustuko du pazientearekin zuzenean egiten duen lana. “Eguneroko harreman hori oso berezia da”, dio. Bestalde, gustuko du baita ordenagailuz egiten duena ere, datuen analisia eta abar. “Ingeniaritza biomediko eta ikerketa klinikoaren arteko konbinazio hori gustatzen zait. Azkenean, prozesu osoa ikertzen dugu, seinalearen deskodifikaziotik pazientearen terapiaraino. Lanaren aplikazio zuzen hori ikusteak asko betetzen nau”.
Esan beharrik ere ez dago: horrek baino are gehiago beteko luke ikusteak terapiak emaitza onak ematen dituela. Irastorzaren esanean, terapia-mota ugari daude, baita lesio-gradu desberdinak ere. Adibidez, paziente batzuk, lesio baten ondorioz paralisia izan arren, oraindik gordetzen dute funtzioa, neurri txiki batean bada ere. Horiekin, gordetzen dutena areagotzean oinarritzen da terapia. “Gure kasuan, aldiz, mugikortasuna erabat galduta duten pazienteetan saiatzen gara“.
Guztiz paralizatuta egotetik gutxieneko mugimendu bat lortzea da haien helburua. Gero, orain arte erabiltzen diren beste terapia batzuekin edo terapia berritzaileekin mugikortasuna hobetzen saiatuko lirateke, baina lehen pauso hori lortzea zaila da, eta horretan dabiltza Irastorza eta kideak.
Tesia amaitutakoan ere arlo berean jarraitzeko asmoa du. Hain zuzen, Tecnalian neuroteknologiako proiektuetan ikertzeko aukera du, eta gogoz helduko dio: “Batzuetan ematen du hemen ez dugula ezer, kanpoan dutenarekin alderatuta, baina hemen ere badira ikerketa-talde onak, gauza oso interesgarriak egiten, eta merezi du hemengoa aitortzea eta bultzatzea”.
Fitxa biografikoa:Nerea Irastorza Landa 1991. urtean jaio zen. Ingeniaritza Biomedikoko gradua egin zuen Tecnunen, eta, gero, “Errehabilitaziorako Sistema Mekatronikoak” masterra, Pariseko Pierre et Marie Curie Unibertsitatean. Masterreko proiektua egitera, berriz, Tübingeneko Unibertsitateko Psikologia Mediko eta Portaeraren Neurobiologiako Institutura jo zuen (Alemania), Neuroprotesien taldera. Orain, doktoretza egiten ari da talde berean, Max Planck Ikerketa Institutuaren programaren barruan.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Nerea Irastorza, neurozioentzialaria: “Ingeniaritza biomedikoaren eta ikerketa klinikoaren arteko konbinazio hori gustatzen zait” appeared first on Zientzia Kaiera.
Egungo trenbideen komunikazio-sistemen erronka: segurtasuna

Irudia: Nabaria da oraindik ere handia dela trenbide-sistemetan segurtasuna bermatzeko egin beharreko lana.
Trenen seinalizaziorako komunikazio-sistemek eboluzio handia izan dute azken urteotan. Izan ere, pasa den mendeko laurogeiko hamarkadan, Europako trenen elkarteek kudeaketa-sistema bati buruzko ikerketa hasi zuten, eta horrela, ERTMS (European Rail Traffic Management) sistema sortu. Sistema hori trenen kontrolerako lurraldeetako estandar ezberdinak ordezkatzeko sortu zen.
Baina ERTMS sistema sortzeak industriarako eta bidaiarientzako onurak ekarri bazituen ere, hainbat erronka berri ere azaleratu zituen segurtasunaren aldetik. Hain zuzen, trenbideetako azpiegituren segurtasuna sistemen isolamenduan eta erabilitako teknologien ezagutzarik ezean oinarritzen zen ERTMS sortu arte. Printzipio horiek ez dira bateragarriak sistema berriaren sorrerarekin; ERTMS sistema irekietan eta protokolo zein teknologia ezagunen erabileran oinarritzen da.
Izatez, trena gaur egun arte istripu gutxien dituen garraiobidea da, baina hala ere, sistema kritiko kontsideratzen da, garraiatzen dituen bidaiari eta kargak direla eta. Horren ondorioz, trenbide-sistemen segurtasuna bermatzea oso garrantzitsua da.
Modu horretan, ERTMS sistemak hainbat segurtasun-ezaugarri finkatu behar ditu. Horien artean garrantzitsuena, datuen osotasuna bermatzea izango da. Segurtasun-mekanismo hori betetzearekin, trenek agindu faltsuak jasotzen ez dituztela ziurtatuko da.
Hori horrela izanik, komunikazio-sareen osotasuna bermatzeko, bi kriptografia-sistema erabiltzen dira: A5/1 algoritmoa eta EuroRadio protokoloa. Baina bi segurtasun-mekanismo horiek ahultasunak dituztela frogatu izan da.
A5/1 algoritmoa 1987. urtean sortu zen, eta hasiera batean segurua zela kontsideratzen bazen ere, hurrengo urteetan haren segurtasuna auzitan jarri zuten hainbat eraso argitaratu ziren. Izatez, gaur egun A5/1 algoritmoaz zifratutako mezuak deszifratzeko taulak eskuragarri daude Interneten. Ondorioz, erabat hautsita dago algoritmo honen segurtasuna.
Bestalde, EuroRadio protokoloaren segurtasuna ere zalantzan jarri da beraren ahultasunak deskribatzen dituzten hainbat ikerketa-lanen bitartez. Ahultasun horien artean, lehentasun handiko mezuak entitate ezberdinen arteko autentifikaziorik gabe sarean sartzeko aukera eta sesio hasteko fasean denbora-zigilurik (time-stamp) ez erabiltzea azaltzen dira, horien bitartez mezuak errepikatzea posible eginik.
Gainera, EuroRadioren ahultasunekin jarraituz, trenaren eta trenbideko gailuen arteko komunikazioan datuak zifratzeko erabiltzen den gakoaren kalkulurako kodea off-line banatzen da komunikazioa osatzen duten entitateen artean. Horren ondorioz, banaketan gizakien esku-hartzea beharrezkoa da. Hori dela eta, nahiz eta izatez, kode ezberdin bat erabili beharko litzatekeen bi entitateen komunikazio bakoitzerako, zenbait operadorek prozesua sinpletzea erabakitzen dute, komunikazio askotan kode berdina erabiliz. Hori eginda, handitu egiten da erasoren bat jasateko probabilitatea. Izan ere, kode hori lortzeko helburua duten erasoen bitartez, entitate ezberdinek kode bera izanda, sistema osoaren segurtasuna jartzen da arriskuan; erasotzaile batek beste tren baten identitatea hartu dezake.
Azaldutako segurtasun-arazo eta horien ondorioz gerta daitezkeen eraso larrien azterketa eginda, nabaria da oraindik ere handia dela trenbide-sistemetan segurtasuna bermatzeko egin beharreko lana.
Hori horrela izanik, lan horiek garatzeko berrikuntza eta ikerkuntza proposatzen dira Europan. Shift2Rail elkartea 2009an sortu zuten, trenbide-sistemen erakargarritasuna eta lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin. Gainera, elkarte horrek Europan Ikerketa eta Berrikuntza bultzatzeko sortutako Horizon 2020 finantzaketaren parte izanik, trenbideetako segurtasuna bilatzen duten hainbat proiektu sustatzen ditu.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 34
- Artikuluaren izena: Egungo trenbideen komunikazio-sistemen erronka: segurtasuna.
- Laburpena: Trenbide-sistemak asko aldatu dira azken urteotan komunikazio-teknologia berrien sorkuntzarekin batera. Europan, trenbide-sare bakarra izateko nahiarekin, ERTMS (European Rail Traffic Management System) sistema sortu zen, elkarrekiko bateragarriak ez ziren Europako herrialdeetako kudeaketa-sistema estandar ezberdinak ordezteko. Baina sistema berria sortzearekin batera, segurtasunaren inguruko hainbat erronka berri ere sortu ziren; izan ere, ERTMS aurreko sistema itxi eta ezezagunak protokolo ireki eta teknologia ezagunez ordeztu ziren. Ondorioz, aurrerapausoak eman diren arren, oraindik ere hutsune nabarmenak daude segurtasunaren arloan.
- Egileak: Irene Arsuaga Oria eta Nerea Toledo Gandarias.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 211-223
- DOI: 10.1387/ekaia.19687
————————————————–
Egileez:
Irene Arsuaga Oria eta Nerea Toledo Gandarias UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako I2T Taldean dabiltza.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Egungo trenbideen komunikazio-sistemen erronka: segurtasuna appeared first on Zientzia Kaiera.
Mesopotamiako zeruak gorriz estali zirenekoa
Munduan zoragarri diren gauzen artean, bada zirrara berezia sortzen duen gai bat: gure arbasoek zeruari buruz zuten ikuspuntua irudikatzea. Irudikatzea, bai; zeren gehienetan hori besterik ezin baita egin. Batzuetan, baina, ikuspegi horretara hurbiltzea badago, aztarna arkeologikoetan antzina idatzitako testuetan edota hizkuntzalaritzan ere zantzu batzuk agertzen direlako.
Harea mugikorrak dira gehienetan, eta aztarna horietatik oinarri askorik gabeko espekulazioak ere barra-barra zabaldu dira astronomia kulturala deitu izan den alorrean. Baina ekarpen sendoak ere badira, noizean behin. Orain, Tsukubako Unibertsitateko (Japonia) ikertzaile talde batek diziplinan beste aurrerapauso txikia aurkeztu du. Mesopotamiako antzinako testuetan oinarrituta, duela 2700 urteko aurora borealen lehen aipamentzat dituztenak aurkeztu dituzte. Espekulazio soiletik aldenduta, aipamen horiek eguzki-ekaitzen ondorioz zuhaitzen eraztunetan marraztutako froga fisikoekin babestu dituzte. The Astrophysical Journal Letters aldizkarian azaldu dute ondorio horretara iristeko erabili duten prozesua, baina arXiv biltegian ere dago eskuragarri zientzia-artikulua, modu irekian.

1. irudia: Zenbaitetan aurorek hartzen duten kolore gorria bereziki atmosferan dagoen oxigenoarekiko elkarrekintzari zor zaio. (Argazkia: Tobias Billings / NASA)
Antzinako Mesopotamiako astrologoek zeruan behatutako fenomenoak erregistratzen zituzten, eta horien arabera erregeei augurioak egiten zizkieten. Zeruan idatzita zegoena jakinda, antzinako babiloniarrek uste zuten erritualen bitartez posiblea zela jainkoek ebatzitakoa modu batean edo bestean baldintzatzeko eta ohartarazpen negatibo horiek aurreikusten zutena arintzeko. Orain agerikoa iruditzen zaigu lehen astrologia horretan oinarrituta lurrean gertatu behar zena jakiteko modurik ez zeukatela, baina, horren ordainetan, fenomeno astronomikoak aurreikusteko trebezia garatu zuten; adibidez, Jupiterren ageriko mugimendua.
Gauzak horrela, ez dirudi zerua odolez beteta ikustea oso augurio lasaigarria zenik. Eta hori da, hain justu, duela 2700 urteko idazki kuneiformeetan aurkitu dutena. Zehazki, “gorriak zerua estali du” eta “distira gorria” aipatzen dira Babiloniako eta Niniveko oholtxoetan. Aipamen horren atzean aurora mota berezi bat zegoela uste dute adituek: aurora arku gorri egonkorra (SAR-arc bezala ezagututa). Aurora difuso bat da, iraunkorra eta ia monokromatikoa, eta planetaren erdiko latitudeetan agertzen da. Eguzki-ekaitzetan sortutako eremu magnetiko indartsuek oxigeno atomoak kitzikatzen dituztenean sortzen dira aurora horiek, gorriaren uhin-luzeran.
Aipu historiko horiek zuhaitzen eraztunetan agertutako anomaliekin alderatu dituzte. Analisi horretan oinarrituta, Kristo aurreko 679-655 urte tartean izandako hiru eguzki-ekaitzaren aztarnak identifikatu dituzte. Analisi mota horretarako isotopoak balizatzen dira. Kasu honetan, karbono-14 isotopoaren kopuru handiagoak atzeman dituzte eraztunetan, eta gorakada horien atzean eguzki-ekaitzak daudela uste dute adituek.
Hau ez da lehen aldia zuhaitzetan isotopoen eta gertaera historikoen arteko harremana aurkitzen dena. 2012an ikertzaile talde berak gamma izpien eztanda bat identifikatu zuen, eta ondoren Alemaniako astronomoek izpi horien atzean VIII. mendean gertatutako supernoba baten eztanda egon zitekeela proposatu zuten. Oraingo ikerketa honetan, zientzialariek azaldu dute behaketa horien data zehatza zein den jakiterik ez dutela, baina hori nolabait zehaztu ahal izateko astrologo bakoitza lanean noiz egon zen kalkulatzen saiatu direla.

2. irudia: Rm211 izeneko idazkuna, Kristo aurreko 679-655 urteetan datatua, Issār-šumu-ēreš astrologoak eginda. Bertan “akukūtu” edo “distira gorri bat” aipatzen da. (Irudia: Hayakawa et al.)
Nola ikusiko dira, bada, aurorak, hain latitude baxuetan? Argi dago ez direla oso ohikoak, baina, noizean behin, fenomenoa eman ematen da, bereziki Eguzkitik koroa masaren eiekzioak ateratzen direnean. Ikertu duten eremuari dagokionez, 1870ean Kairon eta Bagdaden aurorak ikusi ziren, eta bi urte geroago fenomenoa errepikatu zen, oraingoan Kairon eta Alexandrian. Gugandik gertuago, ezagutzen da 1938ko urtarrilean Euskal Herritik bertatik halako aurora gorri bat ikusteko aukera izan zela, Espainiako Gerra Zibila puri-purian zegoenean, hain zuzen. Bestetik, ikertzaileek beraiek aipatu dute uste dela iraganean ipar polo magnetikoa Ekialde Hurbiletik gertuago zegoela, eta horrek ahalbidetuko zuela fenomeno hori arruntagoa izatea.
Zientzialariek argudiatu dute aurkikuntza berriak bidea ematen duela Eguzkiaren jarduerari buruz ditugun erregistro historikoetan atzera egiteko. Zehazki, aipatu dute erregistro hori mende bat atzeratzea lortu dutela. Modu horretan harrian zizelkatutako informazio hori gaur egungo joerak hobeto ezagutzeko orduan lagungarriak izango dira. Dena dela, eta ikerketa guztien kasuan etekin praktikoren bat aurkitzea zilegi bada ere, argi dago kasu honetan ezagutza bera eskuratze soila justifikazio nahikoa dela. Eta, zergatik ez, milaka urte aurrerago egindako lehen idazkun horien balioa aitortzeko modua ere. Issār-šumu-ēreš, Nabû-aḫḫē-erība eta Zākiru izan ziren hiru astrologo horiek. Gizaki gehienak bezala, seguruenera, hilezkortasunaren ametsa izango zuten. Bada, modu batean bederen lortu dute: haiek harridura handiz deskribatutako “distira gorri” horiek etorkizunean hizpide eta inspirazio iturri bihurtu dira. Ez da gutxi.
Erreferentzia bibliografikoa:
Hayakawa, Hisashi; Mitsuma, Yasuyuki; Ebihara, Yusuke; Miyake, Fusa, (2019). The Earliest Candidates of Auroral Observations in Assyrian Astrological Reports: Insights on Solar Activity around 660 BCE . The Astrophysical Journal , 884 (1): L18 DOI: https://dx.doi.org/10.3847/2041-8213/ab42e4
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Mesopotamiako zeruak gorriz estali zirenekoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Listeriosia: elikagai kontsumoaren segurtasuna ate-joka
Estatu mailan urtero elikagaiei loturiko 400ren bat agerraldi antzematen dira. Horietatik listeriosia ez da arruntena; badaude beste batzuk ohikoagoak direnak, Campylobacter, Escherichia coli edo Salmonella bakterioek sortuak.

1. irudia: Elikagietan Salmonella spp., Staphylococcus aureus, Campylobacter spp. eta Listeria monocytogenes bezalako patogenoak antzemateko tekniken garapena garrantzitsua da osasunarentzat. (Argazkia: Pontificia Universidad Católica de Chile / Wikimedia – CC BY-SA 2.0 lizentziapean)
Listeriosia noizbehinkako kasu moduan agertu ohi den gaixotasuna da, baina batzuetan kutsatze-agerraldiak agertzen dira, hainbat kasu-kopuru aldi berean gertaturik, eta oso kaltegarria da bereziki populazio arrisku talde batzuetan. Gaixotasun hau Listeria monocytogenes bakterioak sorrarazten du. Bakterio hau, beste batzuekin alderatuz, oso sentikorra da ingurune azidoetan eta gatz kontzentrazio altuetan. Gainera, tenperatura baxuetan bizi daiteke, bai eta hozteko tenperatura baino baxuagoetan ere. Horregatik, hozteko ganbaretan neurri bereziak hartu behar dira bakterioa haz ez dadin.
Bakterioa hainbat ingurunetan bizi daiteke modu naturalean: lurzoruan, uretan, bazkan… Hori dela eta, animaliak bakterioaren gordeleku garrantzitsuak dira haien digestio-hodiko mikrobiotaren partaidea baita bakterio hau. Gizaki osasuntsuen %1-2 ere bada bakterio honen gordelekua, gure digestio-hodiaren partaidea delako.
Gainera, bakterio honen ezaugarriak direla eta, gainazal ezberdinetan (poliester, altzairu, tefloi,…) biofilmak edo biogeruzak sortzeko gai da eta, horren ondorioz, denbora luzez bizi daiteke elikagaigintzaren askotariko instalazioetan.
Nola sartzen da bakterioa gizakiaren barnean?Bakterio honek transmititzeko erabiltzen duen mekanismo garrantzitsuena da elikagai kutsatuak jatearekin batera barneratzea: esnea, gazta biguna, elikagai prestatuak (esate baterako, patea), haragikiak xerratan, arrain ketua, landare kutsatua…
Badago bigarren transmisio-mekanismo bat ere: haurdun dagoen emakume kutsatu batek bere umekiari transmititzea, plazentaren bidez edo erditze unean.
Albaitariengan edo baserritarrengan ere larruazaleko infekzioak ikusi izan dira, kutsatutako materialaren ukipen zuzenaren ondorioz, nahiz eta gertaera hau oso bakana izan.
Europa mailan hainbat agerraldi egon dira azken urtean izokin ketuak eraginak (2. irudia).

2. irudia. Europako zenbait lurraldetan 2018an agertu izan ziren kasuak (ECDCtik hartua). Puntu gorri bakoitzaren tamainak adierazten du agerraldiaren garrantzia.
Gure Euskal Autonomi Erkidegoan ere listeriosi kasuak egon dira azken urteotan 3. irudian ikus daitekeenez, iturburu izan direlarik gazta biguna edo foie, besteak beste.

3. irudia: Listeriosien kasuak Euskal Autonomi Erkidegoan (Datuak Mikrobiologiako Informazio Sistematik SIMCAPV hartuak).
Listeriosia ez da elikagaiengatiko gaixotasun arrunta, baina mota honetako intoxikazioak sorrarazten dituzten patogenoetatik bada larrienetariko bat.
Salmonella, E. coli edo Campylobacter bakterioen kasuan nahikoa da mikroorganismoen kantitate txiki bat infekzioa agertzeko. Listeria bakterioaren kasuan, aldiz, mikroorganismo kantitate handia sartu behar da gorputzaren barruan gaixotasunaren sintomak ager daitezen. Badirudi infektatzeko gutxieneko dosia 102-108 bakterio artean dagoela, pazientearen arabera. Gainera, bakterio hau gure barnean sartzen denetik sintomak ageri arteko epea (inkubazio-epea deritzo) aldakorra da eta 3 egunetik 70era artekoa izan daiteke.
Pertsona osasuntsu gazte edo helduak infektatuz gero, infekzioa arina izaten da eta sintomak gripearen antzekoak izan daitezke (sukarra, buruko mina, gastroenteritisa segur aski), eta iraupena aste betekoa, gutxi gorabehera. Benetako arazoa dator bakterio hau odolera pasatzen denean, bakteriemia eragiten baitu. Eta hori arrisku altuko pazienteetan gertatzen da gehien, hala nola, aldez aurreko gaixotasun bat dutenak (zirrosia, diabetikoak, minbizia…) edo immunologikoki gutxipenak dituztenak, haurdunak, adineko pertsonak, jaioberriak… Hauetan guztietan gaixotasun larriak ager daitezke, hala nola, meningitisa, entzefalitisa, pneumonia, artritisa, eta abar. Emakume haurdunengan, bakterioak plazenta zeharkatu dezake eta, horren ondorioz, fetua kaltetu abortua edo sortzetiko infekzioak sorraraziz.
Gaixotasun hau tratatzeko antibiotikoak erabili behar dira. Gaixotasuna sendagarria da gehienetan. Erabilitako antibiotikoen artean penizilina bat (anpizilina izenekoa) aminoglukosido batekin (gentamizina izenekoa) ematea izaten da ohikoena. Tratamenduaren iraupena aldakorra izan daiteke infekzioaren larritasunaren arabera, baina sei asteko iraupena izatera ere iritsi daiteke. Alergien arabera antibiotiko horiek ere aldatu daitezke. Argi dagoena da sintomak agertu eta ahalik eta arinen hasi beharko dela tratamendua, eraginkorra izan dadin nahi bada.
Baina gaixotasun hau prebenitu al daiteke?Elikagaien higienea, kontrola eta segurtasuna funtsezko neurria izango da eta bete beharreko zenbait arau daude, bai elikagaien iturburuaren gainean (kontrol mikrobiologikoak egin behar dira ziurtatzeko patogenorik ez dagoela), bai ere elikagaien prozesamenduan zehar (kutsadura saihestuz). Elikagaien prozesamenduaren kate horretan kutsadura baldin badago, bakterioen kantitatea hasieran txikia izan arren ugaritzen joan daiteke, elikagai horretan proteina asko baldin badaude, bakterioak horietaz elikatu ahal direlako. Horrela, elikagaia kontsumorako prest dagoenean bakterio patogenoen kantitate altuak izango ditu.
- Ezinbestekoa da prozesamenduaren hasieran eta bukaeran mikroorganismoen kantitatea neurtzea patogenoengatiko kutsadurak saihesteko.
- Arrisku taldeek (haurdunak, immunogutxipenak dituztenak) guztiz egindako haragia, esneki pasteurizatuak edo janari soberakinak guztiz berotuak jan beharko dituzte. Gainera, kontsumorako prest dauden elikagaiak saihestu beharko lituzkete.
- Gordinik edo gutxi eginak jaten diren barazkiak modu egokian garbitu eta desinfektatu beharko lirateke jan aurretik.
- Beste gomendio bat da hozkailuaren garbiketa eta desinfekzioa sarri egitea.
Bukatzeko, eskuen higienea ezinbesteko neurria da beti (elikagai gordinak manipulatu ondoren, animaliak ukitu ondoren, eta abar), azken finean mikroorganismoen transmisioa murritzeko neurririk garrantzitsuena baita.
Iturriak:
- Europako Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroa (ECDC).
- Informazio Mikrobiologiko Sistema (SIMCAPV).
———————————————————————————-
Egileaz: Miren Basaras Ibarzabal, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.
———————————————————————————-
The post Listeriosia: elikagai kontsumoaren segurtasuna ate-joka appeared first on Zientzia Kaiera.
Karlomagnoren ondoregoak gara
Izan ere, hain atzera egin beharrik gabe, gure asaben kopurua eragiketa horien bidez kalkulatu dena baino askoz ere txikiagoa da. Arrazoia argi dago: gure asabetako asko adar genealogiko desberdinetatik ditugu senide. Hori gertatzeko aukera gutxiago dago arbasoak, denboraren aldetik, zenbat eta gertuagokoak izan, eta alderantziz.

Irudia: Akisgraneko (Alemania) katedralean bazaude eta jatorri europarrekoa bazara, entzun nahi duenari esan diezaiokezu bertan daudela hobiratuta zure aitona baten gorpuzkiak. (Karlsschrein / Wikimedia Commons CC BY-SA 3.0 lizentziapean)
XIV. mendearen hasieran, 450 milioi pertsona zegoen munduan (70 bat milioi Europan); beraz, baliteke garai hartan gutako bakoitzaren 16 milioi asaba bizi ahal izatea. Baina orain dela mila urte 400 milioi bakarrik zeuden (50 bat Europan). Horrenbestez, ezinezkoa da garai hartan gure 16.000 milioi asaba bizi izatea.
Naturaltasun osoz mintzatzen gara «zuhaitz genealogikoaz», gure arbasoak zuhaitz baten eran irudikatzen baititugu; zenbat eta atzerago, orduan eta adartsuago. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Ez dago zertan oso atzera egin adarretako batzuek bat egiten dutela ikusteko; are gehiago, oso aspaldiko belaunaldiei erreparatzen badiegu, adarrik batere ez dugu ikusiko. Areago irudituko zaigu adar genealogikoen mataza bat, edo, bestela esanda, gurutzatze asko dituen sare bat. Bestalde, belaunaldiz belaunaldi gertatzen da adarretako askok ondorengorik ez izatea. Denboran atzera egin ahala, sarea gero eta estuagoa bihurtzen da: Neolitoaren hastapenetan, orain dela 12.000 urte, munduan 4 milioi pertsona baino gutxiago bizi zirela zenbatesten da, 60 milioi inguru zirela aro homerikoan, eta mila milioi XIX. mendea hasi berritan.
Adam Rutherford genetistak A Brief History of Everyone Who Ever Lived (Bizi izan diren guztien historia laburra) liburuan dioenez, jatorri europarra dugunok, aldez edo moldez, Karlomagnoren ondorengo gara. Guztiak gara, beraz, errege leinu batekoak. Ez da txantxa, baina kontu erabat hutsala da. Asaba europarren bat dugunok, Karlomagnoren ondorengo ez ezik, garai hartan –800. urte inguruan– bizi eta ondorengoak izan zituzten europar guztien ondorengo ere bagara, belaunaldiz belaunaldi XXI. mendera iritsi garenak. Zenbatespenen arabera, haien ondorengoen % 20 ez da iritsi.
Ez da denboran oso atzera egin behar gure adar genealogikoek bat egin zuten unea topatzeko. Europar guztiek dugu arbaso komun bat, duela 600 bat urte bizi izan zena. Kalkulu hori gizateria osoari aplikatuta, esan liteke gizaki guztiek dugula duela 3.400 urte inguru bizi izan zen arbaso komun bat. Izan ere, sinesgaitza dirudien arren, ez da ezagutzen azken mendeetan erabat bakartuta egon den populaziorik bat ere.
Kontu nahasgarria da, baiki. Pentsatu horretan listu lagin bat sartu baduzu tututxo batean, eta esan badizute zure leinuan bat egiten dutela Errusiako estepako tribu borrokalariek, Europara kaosa eta hondamena ekarri zituzten bikingo suharrek eta piramideak eraiki zituzten egiptoarrek. Ziur aski horien ondorengoa zara. Ni ere hala naiz.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2019ko irailaren 1ean: El legado de Carlomagno, eta bigarren bat The Conversation gunean urriaren 10ean: Usted es descendiente de Carlomagno; su vecino también.
The post Karlomagnoren ondoregoak gara appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #274
UPV/EHUko lantalde batek ekaitz polarrak aurkitu ditu Saturnon. Hainbat gauza frogatu dute ikerketan: desplazatu egiten dira abiadura desberdinetan, eta elkarrekin topo egin eta elkarren albotik igarotzen dira, elkarri eraginez eta perturbazio atmosferikoak sortuz. Azaldu dutenaren arabera, orain aurkitutako ekaitzak ipar hemisferioan topatu dituzte. Urtean 30 eta 60 inguru izaten dira, eta luzeak dira. Berrian aurkituko duzue informazio gehiago.
Eraztunen planetan segidan sorturiko bi enbata behatu, ikertu eta neurtu dituzte lehen aldiz. EHUko Planetologia Taldeko Jon Legarretak dio oraingo kasua “ezohikoa” izan dela: “Orain arte, ekaitz txikiagoak —1.000 kilometrokoak— behatu dituzte, beste latitude batzuetan, eta bakartuak”. Berrian irakur daiteke albistea.
BiologiaZimitzak, intsektu bizkarroiak, itzuli dira. Joan den mende erdialdean desagertutzat jo zituzten baina itzuli egin dira, eta ugaldu, gainera Berrian irakur daitekeenez. Etxebizitzetako altzarietan eta lurreko edo paretetako zirrikituetan ez ezik, geroz eta ugariagoak dira ostatuetan ere. Haien agerpenean bi faktorek izan dute eragina: globalizazioak eta turismoak.
Zergatik erakartzen du kolore gorriak? Artikulu honetan azaltzen digute hizkuntzen bilakaeran, une jakin batetik aurrera, gizartea kanpoko itxurari erreparatuta gauzak izendatzen hasi zela, gauza horiek izendatzean, zuriaz eta beltzaz gain, gorria zen erabiltzen zen lehena. Izan ere, giza hizkuntza batek kanpoko itxura izendatzeko hiru hitz erabiltzen ditu: “argi”, “ilun” eta “gorri”. Kolore gorriaren sekretuak aurkituko dituzue artikulu interesgarri honetan. Ez galdu!
Autofagia zelula eukariotikoetan berez ematen den prozesu bat da. Oreka homeostatikoa mantentzea ahalbidetzen du zelula estres edo energia eskuragarritasun mugatuko egoeratan. Beraz, estres egoerak gertatzen direnean, autofagia maila handitu egiten da. Hiru autofagia mota daude: xaperoi-bidezko autofagia, mikroautofagia eta makroautofagia (hau da gehien ikertu dena). Artikulu honetan azaldu digute autofagiak zelularen funtzio egokia eta biziraupena bermatzen dituela. Baina oraindik ez dira ezagutzen prozesu honen aktibazioak eragiten dituen efektu guztiak.
Urriaren 12an Eliud Kipchogek maratoia 2 ordu baino denbora laburragoan amaitzea lortu zuen. Historiara pasako da kenyarra, izan ere gizakia 2 orduko langatik jaisteko gai izan baita lehen aldiz. Lasterketa honetan baina, zientziak berebiziko garrantzia dauka. Klima, tenperatura, altitudea, espazioa, erabilitako oinetakoen materiala… faktore hauek guztiek izan dute paper erabakigarria lasterketan. Zergatik? Jo ezazue artikulura erantzuna jakiteko.
OsasunaHondakin-uretako substantzia kimikoek eta dietaren adierazleek lotura zuzena dute maila sozioekonomikoarekin. Hala frogatu du behintzat Australian egindako ikerketa batek, Elhuyar aldizkariak jakinarazi digunez. Ikertzaileek ikusi dute maila altuko jendea bizi den lekuetan kafe-, alkohol- eta bitamina-kontzentrazio altuak daudela. Maila baxukoak bizi diren eremuetako uretan, ordea, antidepresiboak eta opioideak dira nagusi.
IngurumenaArabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarren %72k aire kutsatua arnasten dute: lau lagunetik hiruk. Ecologistas en Accion taldeak egin dute ikerketa (urtero egin ohi dute azterketa) ozono troposferikoko kutsaduraren inguruan. Emaitzak ikusita, Ebro ibaiaren kutsadura nabarmentzen dute ikertzaileek. Ozono troposferikoa lurrazaletik hamar kilometrora dagoen geruza bat da, eta eguzki erradiazioaren eta bestelako kutsatzaileak konbinatzearen ondorioz sortzen da hango kutsadura. Informazio guztia Berrian.
KimikaElhuyar aldizkarian irakur daiteke Europako hondakin-uretan dauden droga-arrastoak neurtu dituztela nazioarteko ikerketa batean eta bertan ikusi dutela kokainaren kontsumoak gora egin duela nabarmen 2011 eta 2017 artean. Europako hegoaldeko eta mendebaldeko droga nagusia da kokaina. Ekialdeko herrialdeetan, berriz, metanfetamina da kontsumituena.
Aurreko astean irakurri genuen UPV/EHUko talde batek plastiko-mota erabat birziklagarri eta berri bat garatu duela. Horrek plastikoak sortzen duen kutsadura konpon dezake, ez delako degradatzen prozesuan. Berriak jakinarazi du Ainara Sangroniz ikertzailea dagoela lan honen atzean. Berak sintetizatutako plastikoaren ezaugarririk interesgarriena behin eta berriz birzikla daitekeela da. Oraindik oso garestia da baina merkatu ahalko dutela uste dute.
GenetikaGene-ediziorako teknika berri bat sortu dute: Prime editing delakoa, CRISPR teknika oinarrian duena, alegia. David Liu Harvard eta MITeko ikertzailearen taldeak uste du gaixotasunei lotutako giza mutazio genetikoen % 89 zuzentzeko balio lezakeela. Elhuyar aldizkarian azaltzen diguten moduan, zientzialariek 175 ediziotik gora egin dute giza zeluletan, eta eraginkorra eta segurua dela azpimarratu dute ikertzaileek.
ArkeologiaErdialdeko Europako Brontze Aroko etxaldeetan desberdintasun sozialen frogak aurkitu dituzte ikertzaileek. Alemaniako Lech Haraneko Brontze Aroko hainbat etxaldetan egin dute ikerketa eta zehazki ikusi dute estatus altuko familiak eta haiekin lotura genetikorik ez zuten beste pertsonak ageri direla aztarnategian, baina azken hauek maila sozial baxuagokoak zirela. Hori ondorioztatu dute hilobietan aurkitutako objektuei esker. Ikerketaren xehetasunak artikulu honetan topatuko dituzue.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #274 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #281
Emergentziak eta horrelakoek ez diote analisiari eusten aukeramena justifikatzerakoan. Jesús Zamoraren arabera, behintzat: Why emergent levels will not save free will (& 2)
Film batetik aterata dirudi José Ramón Alonsok azaltzen duen istorio hau… Beldurrezko filma: The bodyguard
Ez dakigu oso ondo zergatik galaxia kumuluetako erdiko galaxiak diren disdiratsuenak. Argira dakar (kliska-kliska) gaia DIPCko ikerketa batek: A common formation mechanism for star clusters over all mass scales
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #281 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ana Picallo: “Termoekonomiak energiaren kalitatearen arabera banatzen ditu kostuak” #Zientzialari (124)
Termodinamika eta ekonomia batzen dituen zientzia da termoekonomia eta, zehazki, energiaren kalitatearen arabera banatzen ditu kostuak zientziaren arlo honek. Izan ere, energia ez da sekula galtzen, eraldatu baizik, eta degradazio horren kalitatea neurtzeko erabiltzen da termoekonomia.
Kontzeptu hau industriaren arloan sarritan erabili ohi izan da, baina UPV/EHUko Makina eta Motor Termikoak sailak lehen aldiz erabili du eraikinetan.
Ana Picallo Perez UPV/EHUko Makina eta Motor Termikoak saileko ikertzaile eta irakaslea da, eta berarekin hitz egin dugu termoekonomiaren inguruko xehetasunak eta erronkak ezagutzeko.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Ana Picallo: “Termoekonomiak energiaren kalitatearen arabera banatzen ditu kostuak” #Zientzialari (124) appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 92
- 93
- 94
- 95
- 96
- 97
- 98
- 99
- 100
- …
- hurrengoa ›
- azkena »