Hondakin-uren analisia birusak atzemateko
SARS-CoV-2aren aurretik, hondakin-urak ere erabili dira beste patogeno batzuk aztertzeko, baina koronabirusak eragindako pandemiak berriro fokuan jarri du araztegietako uren analisien garrantzia. Izan ere, ur horien analisien bidez posible da koronabirusaren presentzia atzematea, biztanleriak sintomak izan baino lehen.
Hondakin-urak biztanleriari buruzko informazio kimikoa gordetzen du: gaixotasunak, sendagaiak, substantzia toxikoak… Mekanismoa sinplea da: birusen arrastoak gorotzekin batera kanporatzen dira; izan ere, digestio hodian sartu eta ateratzen dira. Pandemiaren hasieratik jarri dira martxan SARS-CoV-2 birusa hondakin-uretan atzemateko proiektuak –baita Euskal Herrian ere- eta eraginkorrak direla ikusi da. Sarritan, kasuak diagnostikatu aurretik detektatu izan da birusa uren analisietan. Esaterako, Bartzelonan egindako ikerketa baten emaitzek erakutsi zutenez, Wuhanen gaitza ofizialki agertu baino zortzi edo bederatzi hilabete lehenago koronabirusaren arrastoak zeuden hirian. Ikerketa horren inguruan dauden zalantzak alde batera utzita, komun zulotik araztegietara doazen urak aztertzea oso interesgarria da eta birusari aurre hartzeko moduetako bat izan daiteke.

Garrantzitsua da azpimarratzea bilatzen dena ez dela SARS-CoV-2 birusa bera, birusaren zati zehatz batzuk baizik. PCR probetan egiten den antzera, koronabirusaren material genetikoaren zatiak bilatzen dira hondakin-uretan. Espainia mailan egiten diren analisien emaitzak zaintza mikrobiologiko gunean daude ikusgai eta edonork azter ditzake hondakin-uren analisiaren emaitzak. Analisiak egiteko erabiltzen den protokoloa eta prozedura ere bertan dago argitaratuta.
Pandemiaren hasieran Austriako Tirolean jarri ziren martxan hondakin-uretan koronabirusa aztertzeko lehen proiektuak, besteak beste, Ischgl herrian. Tamalez, Ischgl nahiko ezaguna egin zen 2020ko martxoan, eskiaren arloko turismo gune ezaguna zen berau eta kutsatze kopuru handia egon zen bertan sasoi hartan. Albisteetan aipatzen denez, 32 hildako eragin zituen kutsatze masibo hark. Horretaz gainera, neurtezina da bertan kutsatutako eskiatzaileek zein neurritan zabaldu zuten birusa Europan zehar. Turismoaren menpeko leku horietan, agintariek birusaren hedapena kontrolatzeko neurriak ezarri nahi izan zituzten eta hondakin-uren kontrol zorrotza izan zen neurri horietako bat. Egun, Austriako biztanleriaren erdiak sortzen dituen hondakin-urak monitorizatuta daude.
Koronabirusak, gainera, badu abantaila bat: digestio-sisteman birusaren kantitatea handitu egiten da eta, hortaz, errazagoa da detektatzen. Sarritan, sintomak agertu baino lehen haren arrastoak egon daitezke gorotzetan. Aztertzen diren arrastoen material genetikoak, era berean, birusaren aldaera desberdinei buruzko informazio baliagarria eman dezake eta, horrela, alerta-sistema bilakatu daiteke hondakin-uren analisia. Horrelako kasuak sarritan agertu dira. Kanadako Yellowknife-n, adibidez, agintariek birusaren presentziaren berri izan zuten biztanleriaren artean kasu positiboak egon baino lehen.
Ikertzaile nederlandarrek, esate baterako, frogatu ahal izan zuten hondakin-uretan detektatzen den koronabirus kantitatea biztanleriaren kutsatze-mailarekin lotu daitekeela, Environmental Science & Technology Letters aldizkarian jakinarazi zuten bezala. Egun, Europa mailan monitorizatzen da koronabirusaren presentzia hondakin-uretan eta herrialde gehienek parte hartzen dute detekzio-sare horretan. Hala eta guztiz ere, hondakin-uren analisiak baditu zenbait arazo: datuen interpretazioa sarritan ez da erraza eta baliabideen kontsumo handia eskatzen du etengabeko monitorizazioak. Gainera, eta hau ere gertatu da, hondakin-uren analisiak aurreikusi dituzten kutsatze kasuen igoeren aurrean ez da neurririk hartu benetan biztanleriaren artean gaixotasuna zabaldu den arte.
Hortaz, modu horretara jokatzen bada alarma-sistema baten ezarpenak ez dauka zentzu handirik. Nolabait, ikertzaileek azpimarratu dute analisi horien ondorioak ez direla erabili neurri politikoak hartzerakoan. Bestalde, estrategia horren indargunerik handiena kutsatze maila txikiak dauden guneetan egon daitekeela aipatzen dute. Australian eta Zelanda Berrian, adibidez, hondakin-uren analisia eraginkorra da SARS-CoV-2aren zantzuak detektatzeko. Alabaina, koronabirusa nonahi dagoen eskualde batean hondakin-uren analisiak ez du informazio osagarri askorik ematen.
Informazio gehiago:- Orzaiz, I. (2020). Ur uherren detektibeak, Berria, 2020ko ekainaren 6a.
- Vogel, G. (2022). Signals from the sewel, Science, 2022ko martxoaren 9a.
- Delgado, M. (2022). Aguas residuales, nueva arma en la lucha contra la pandemia, El País, 2022ko urtarrilaren 22a.
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Hondakin-uren analisia birusak atzemateko appeared first on Zientzia Kaiera.
Jakintsu usteko ezjakinak
Informazioa Googlen bilatzeak ilundu egiten du dakigunaren edo dakigula uste dugunaren jatorriari buruzko pertzepzioa.
Googleri datuak, istorioak eta era guztietako jakintza zatiak eskatzean, bilatzaileak ematen digun informazioaren jatorria gu geu garela pentsatu ohi dugu. Hau da, haren jabe lehendik baginela pentsatzeko joera izaten dugu, eta horrenbestez, neurriz kanpo balioesten ditugu gure baliabideak eta gaitasun kognitiboak. Horixe da PNAS aldizkarian duela zenbait aste argitaratutako azterlan baten ondorio nagusia.
Ekintza bera –beste norbaiten jakintza biltzea, alegia–, ez da inola ere ezohikoa. Inork ez daki guztia. Senideen, adiskideen, kideen jakintzaren mende gaude. Pertsona horiekin sistema kognitibo partekatuak eratzen ditugu, eta informazioa aintzakotzat hartu, prozesatu eta gogoratu ahal dugu horri esker. Ez dugu zertan guztia jakin; baina jakin behar dugu nork dakien zer. Zientziak, adibidez, horrela funtzionatzen du, milaka eta milaka pertsonak, horietako asko gaur egun bizirik ez daudenek, partzialki ezagutarazitako natura fenomenoen jakintza eta ulermenean oinarrituta. Giza kognizioa ez da indibiduala; pentsatzea, gogoratzea eta ezagutzea, oso maiz, kolaboratiboak dira, norberaren eta besteren baliabide kognitiboen arteko interakzioaren emaitza.

Azken hamarkadetan, lankidetza kognitiboaren mekanismo klasikoei Internet eta bilaketa azkarreko haren sistemak gehitu zaizkie. Sareak gogoa hedatzeko aukera ematen du, eta behar dugun guztietan kontsulta dezakegun kanpoko memoriaz hornitzen gaitu. Ia guztia daki eta gure esanetara dago beti; eskatu bezain laster ematen digu nahi dugun informazioa, eta guk ez dugu inolako ahaleginik egin behar, gure buruan bertan izango bagenu baino errazagoa da ia. Ez dugu zertan liburutegira joan edo kide bati telefonoz galdetu. Berezitasun hori da, horretara jotzeko erraztasun hori, tarteko bestelako ekintzarik ez egotea, hain zuzen ere, itxuraz, barneko eta kanpoko jakintzaren arteko mugak lausotzea dakarrena. Interneteko jakintza gure jakintza dela pentsatzeko joera dugu.
Kanpoko eta barneko jakintzaren arteko muga lausotuta, beren oroimenean konfiantza handiagoa izaten dute Internetera informazio bila maizen jotzen dutenek. Googlera zerbait jakiteko jo izana ere ahazten dute maiz. Internetik lortutako erantzunak beren memoriatik zetozela uste dute.
«Google efektua» deitutakoaren berri bagenuen: informazioa Interneten erraz lortzen dugunean, gure buruan ez gordetzeko joera dugu, eta ahaztu ere aise ahazten dugu. Bada, aurretik aipatutako azterlanak bigarren Google efektu bat dagoela eman du aditzera; efektu hori ez da jendeak dakienari buruzkoa, dakiela uste duenari buruzkoa baizik. Ondorioz, gure munduan, Interneten bilatzea gure oroimena arakatzea baino azkarragoa eta errazagoa izanik, gerta liteke jendeak gutxiago jakitea, baina gehiago dakiela uste izatea.
Fenomeno horren inplikazioak askotarikoak eta garrantzitsuak izan daitezke. Pertsonek beren jakintzan eta ulerkuntzan konfiantza handiagoa dutenez, gerta liteke horrek ikaskuntzari eta ikasteko motibazioari buruz duten iritzia desitxuratzea. Halaber, erabaki jakin batzuk hartzeko orduan, baliteke horrek nork bere irizpidean konfiantza handiagoa (eta arrazoirik gabekoa) izatea ekartzea. Eta gure jakintzatzat jotzen duguna zalantzan jarri ohi ez dugunez, saretik lortzen dugunarekiko muga ezabatuta, zailagoa izaten da informazio okerrez ohartzea, horren ondorioz izan daitezkeen ondorioak izanik.
Imajinatzen al duzu ia guztia dakitela uste duten ezjakinez betetako mundu bat? Badakit gehiegikeria bat dela, baina handiegia ez agian. Hausnartu.
Erreferentzia bibliografikoa:Ward, A. F. (2021). People mistake the internet’s knowledge for their own. Proceedings of the National Academy of Sciences, 118(43) e2105061118. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2105061118
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Jakintsu usteko ezjakinak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #386
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Dementzia kasu asko helduaroan kirolik ez egiteak eragiten dituela azaldu du Alfredo Ramos-Miguel farmakologiako ikertzaileak. Euskal Herriko Unibertsitateak honen inguruko ikerketa batean parte hartu eta aurten amaitu dute. Ikerketa Alzheimerren gaixotasuna ikuspuntu epidemiologiko eta patologiko batetik ikustean datza, eta, honen barne, ariketa fisikoak gaitzean duen eragina aztertu dute. Aztertu ahal izan dutenez, dementzia probabilitatea jaitsi egiten da zahartzaroan ariketa fisikoa eginez. Alfredok azaldu duenez, oso informazio gutxi dago bizitzan egiten dugun edozerk garunean duen eraginaren inguruan. Horregatik, balio handiko ikerketa izan da hau, maila klinikoan eta giza-mailan planteatzen diren hipotesi ugari egiazta baitaitezke horrela.
FarmaziaGaur egun, biztanleria gero eta kezkatua dago ongizatearekin eta, ondorioz, osasunarekin lotuta dagoen informazioa bilatu eta kontsumitzen du. Hau kontutan izanik, farmazia egokitzapen prozesu batean murgilduta dago, pazienteen beharretara eta osasun sistemaren aldaketetara moldatzeko. Hori dela eta, orain farmaziak bide asistentzialagoa hartu du, eta farmazialaria, sendagaien hornitzailea izateaz gain, pazientean gero eta zentratuago dagoen osasun-profesionala da. Honela, Farmazia Zerbitzu Profesional Asistentzialak (FZPAk) sortu dira, herritar guztiei zerbitzu aukera zabala eskaintzen dien farmazia komunitarioak. Datuak Zientzia Kaieran: Farmazia asistentziala, pazienteen beharretara egokitutako arreta.
ArkeologiaAranzadi zientzia elkarteko eta EHUko aditu talde batek zazpi errotarri harrobi aurkitu ditu Jaizkibelen. Javi Castro ikertzailearen dokumentu zahar batek zuen pista. XVI. mendean Isasti izeneko pasaitar batek errotarri harrobiei egindako aipua, hain zuzen. Horrela, bilaketak hasi zituzten Jaizkibelen. Honela hasi ziren errotarri harrobiak topatzen inguru horietan. Baina aurkikuntza honetaz aparte, Zabra izeneko itsasontzi mota baten inguruko dokumentuak beste pista bat eman zien. Itsasontzi mota hau errotarriak garraiatzeko erabiltzen zen, eta Jaizkibeletik Sevillara, Cádizera, Kanarietara, Madeirara, Lisboara eta Galiziara ateratzen ziren honelako itsasontziak. Ikertzaileen ustetan, toki horietatik ondoren Ameriketara bidaltzen ziren Jaizkibelgo errotarriak. Datu guztiak Berrian: Errotarriak piririka.
Kantabriako Unibertsitateko arkeologoek egindako ikerketa berri batek erakutsi duenez, Goi Paleolitoko haurrek parte hartzen zuten labarretako eskuen margolanetan. Kantabriako Castillo, Garma, eta Fuente del Salín kobazuloetako eskuen margoak aztertu dituzte, baita Cacereseko Maltraviesokoak eta Huescako Fuente del Truchokoak ere. Egileen adina kalkulatzeko 3D-ko eredu fotogrametrikoak erabili dituzte, eta ondoren, gaur egungo egindako adibideekin alderatu. Ikerketa honek eta beste hainbatek ondorioztatzen dute haurrak komunitatearen zati garrantzitsua zirela garai horietan. Ana Galarragak azaldu du Elhuyar aldizkarian.
BiologiaAranzadi zientzia elkarteak herritar-zientzia proiektu bat jarri du abian, lilipen banaketa mapa bat sortzeko. Lilipa edo nartzisoen gune bat ikusiz gero, hura geolokalizatu, pare bat argazki atera eta #lilipa traola erabiliz Twitterren jartzea proposatu dute. Euskal Herrian, hiru lilipa espezie dira nagusiak: Narcissus pseudonarcissus, Narcissus minor eta Narcissus bulbocodium. Espezie babestua da lilipena, nahiz eta aurten oso garaiz eta leku dezentetan ikusi dituzten. Mikel Etxeberria Aranzadiko Botanika saileko kideak azaldu duenez, mehatxua handiagotu egiten da haien habitata galtzen doan heinean, asko basokoak eta larreetakoak direlako. Azalpenak Berrian: Lilura horiaren isla.
Mahatsondo-lerroetan landarez osatutako estalkia jartzeak dituen onurak ikertu ditu Javier Abad Zamorak, UPNA/NUPeko nekazaritzako ingeniariak. Orain arte, mahatsondoen lerroen arteko kaleetan landatu izan da landare estalkia, baina ez mahatsondo lerro berean, Abadek ikerketan egin duen bezala. Bere ikerlanean laborantza-teknika hau hiru urtez aztertu du, Ochoa upeltegietako mahasti komertzial batean. Bere esanetan, laborantza-teknika honen bidez belar txarrak kontrolatzen dira eta ez du eragin negatiborik mahatsen ekoizpenean eta ardoan. Gainera, lurzoruaren kalitatea hobetzen dela ikusi du. Datu guztiak Unibertsitatea.net webgunean.
Duela aste batzuk jada aipatu genuen txikispora, Plentziako Itsas Estazioko eta CEFASeko ikertzaileek aurkitutako bizkarroi itsastar berria. Txikispora philomaios bizkarroiaren aurkikuntzak, espezie berri bat aurkitzearen eta identifikatzearen garrantziaz aparte, beste alderdi garrantzitsu bat du: zelulaniztasunaren jatorria azaltzen lagunduko dezake espezie honek. Ikertzaileen ustetan, zelulaniztasuna garatu aurretik, animalien eta onddoen arbaso komuna bereizi zenetik denbora gutxira Txikispora philomaios eboluzionatu zen. Zenbait zuhaitz filogenetiko egin ondoren, leinu primitibo bateko organismo bat dela frogatu dute, Filasterea leinuko lehen parasito konfirmatua. Ziortza Guezuragak azaltzen du Zientzia Kaieran: Txikispora: zelulaniztasuna azaltzeko parasitoa.
GenetikaKoldo Garcia kutsatzen diren minbizien inguruan idatzi du Zientzia Kaieran. Gizakiotan eta beste animaliotan, tumoreak sortzen dira zelulek beren burua kontrolik gabe bikoizten dutenean. Prozesu hori, orokorrean, indibiduo beraren barnean gertatzen da. Alabaina, espezie gutxi batzuetan aurkitu dira indibiduoen artean salto egiten duten minbizi-zelulak, txakurretan, Tasmaniako deabruan eta hainbat molusku bibalbiotan, besteak beste. Minbizi kutsakorren lehenengo kasua txakurretan aurkitu zen 1877an. Sexu bidez transmititzen da, eta zientzialariek uste dute orain dela 11.000 urte hasi zela kanidoak infektatzen. Tasmaniako deabruaren kasuan, tumore kutsakorra aurpegian garatzen da, animalia hauek elkarri hozka egiteko duten ohitura baliatuta. Beste hainbat ikerketa egin dira geroztik prozesu bitxi hau hobeto ulertzeko, besteak beste, txirla garatxodunarekin eta txirla txikiarekin.
Juanma Gallegok Zientzia Kaieran azaldu duenez, mapa eta egutegia dira itsas elefante emeen iparrorratza. Itsas elefanteek migrazio luzeak egiten dituzte. Itsaso zabalean dauden elikatze eremuetara joaten dira urtero haurdun dauden itsas elefante emeak, eta ondoren, jatorrizko hondartzetara itzultzen dira bertan erditzera. Migrazio honen mekanismoak ikertu ditu zientzialari talde batek, eta aztertu dutenez, migratzen duten itsas elefanteek badakite zein den erditzeko erabiltzen duten hondartzaren distantzia, baita bertatik milaka kilometrotara ere. Horrela, hondartzara itzultzeko momentua aurreratzen dute urrunago bidaiatu badute, eta alderantziz. Ateratako irakaspenak espeziearen kontserbazioan aurrera egiteko baliogarria izango den esperantza dute.
IngurumenaEgoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, baso autoktonoak zuhaitz-landaketak baino hobeak dira ekosistementzat. Basoberritzeak garrantzitsuak dira larrialdi klimatikoari eta haren ondorioei aurre egiteko, bereziki eremu degradatu eta soilduetan. Honen harira, basoberritzeko era desberdinak aztertu ditu lan zabal batek. 53 herrialdetako 264 azterlan konparatu dituzte, planetako baso-bioma nagusiak kontuan hartuta, eta ondorioztatu dute baso autoktonoak zuhaitz-landaketak baino eraginkorragoak direla modu askotan, hala nola, karbono-metaketan, lurzoruaren higadurari aurre egiten eta biodibertsitatea ostatatzen.
EkologiaEstitxu Villamor fisikariak, Ekopol ikerketa-taldeko kideak hidrogenoa erregai gisa erabiltzearen inguruan hitz egin du Garan. Lehenik eta behin, argi utzi nahi izan du hidrogenoa ez dela energia-iturri bat petrolioa bezala; hidrogenoa energia-bektore bat da, eta beraz, energia garraiatzen du. Hidrogenoa energia bektore gisa erabiltzea da etorkizuneko erronketako bat. Hainbat arlotan alternatiba bideragarria da hidrogenoa, baina arazo asko dakartza. Villamorrek azaldu duenez, energia berriztagarriek muga asko dituztela jabetzea garrantzitsua da. Energia berriztagarri askotan, mineral oso espezifikoak behar baitira, eta erregai fosilekiko dugun dependentzia beste mineral urri horiekiko dependentziagatik ari gara ordezkatzen.
Teknologia2013ko irailean, George D. Morganek Rocket Girl bere liburua argitaratu zuen, Mary Sherman Morgan kimikariaren bizitzaren inguruko obra. Mary ikasten ari zela, Bigarren Mundu Gerra piztu zen eta gerra amaitzean lehergaien diseinatzaile gisa zuen curriculum bikainari esker North American Aviation enpresan lortu zuen lanpostua, Rocketdyne dibisioaren lantaldean. Honela sartu zuen espazio-ontzien ikerketaren munduan, eta urteak pasata, ospea irabazten joan zen esparru horretan. Maryk gidatutako proiektu bati esker, Hydyne erregai likidoa lortu zuten.
Astronomia2015an, Europako Espazio Agentziaren Rosetta espazio-ontziak oxigeno molekularra topatu zuen 67P/Churyumov-Gerasimenko kometan, ustetan, kantitate handitan gainera. Alabaina, orain Johns Hopkins Unibertsitateko ikertzaileek egindako analisi berri batek azalpena eman dio aurkikuntzari. Adierazi duenez, kometak bi oxigeno-gordailu ditu barruan, eta, ondorioz, benetan dagoena baino oxigeno gehiago dagoela ematen du, biltegietatik kontzentratuago ateratzen baita. Gainera, ikertzaileen arabera, oxigeno hori ez zen sortu Eguzki Sistema sortu zenean, gerora baizik.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #386 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #391
Sorginak (eta belagileak) antzinako kontuak zirela uste bazenuen, birplanteatu JR Alonsoren hau irakurri ostean: Witches, then and now
Eboluzioa ez da gelditzen. Gizakientzat ere ez. Zein alderditan eboluzionatu dezakegu hurrengo milurtekoetan? Future evolution: from looks to brains and personality, how will humans change in the next 10,000 years?, Nicholas Longrich
Angelu magikodun grafeno bigeruza bezalako material harrigarriak ulertzeko kuasipartikula zuzenetara jo behar da. DIPCren Phason dynamics are key to understand electronics in twisted moiré systems
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #391 appeared first on Zientzia Kaiera.
Mary Sherman Morgan, espazio ontzien ingeniaria
2013ko irailean, George D. Morganek Rocket Girl bere liburuaren aleetako bat lehen aldiz hartu zuen esku artean. Lan hura argitaratuz datu historiko eta zientifikoak bildu eta ikertzen emandako ia hamar urteko zikloari forma eman zion.
Testuaren azalean Ashley Stroupe zientzietan doktorearen izena ere nabarmenduta ageri zen; izan ere, istorioaren hitzaurreari bizia eman zion eta, gainera, idazleari lagundu zion kontakizunean aipatutako fisika eta kimika gaietan sakontzen.
Orduan argitaratutako obraren izenburu eta argumentu bera zuen antzezlan bat urte gutxi lehenago estreinatu zuen Morganek, 2008an. Testu hura ez zen maisulan modura hartu autoreak dramagile gisa egindako lanaren barruan, bere ibilbidean zenbait lan arrakastatsu izan zituen arren –Second to Die, Nevada Belle eta Thunder in the Valley, esaterako–. Gidoiak harrera xumea izan zuen, baina horrek ez zuen autorea kikildu. Ikertzen jarraitu zuen, gogotsu eta gertatutakoa ahal bezainbeste islatuz.

Kritikak asko hitz egin zuen azken xehetasun horren inguruan, antzezlanaren zein liburuaren kasuan. Izan ere, Morganek bi proiektuak lan biografiko gisa planteatu zituen eta, zirudienez, aipatutako gertaera errealak islatzean lortutako objektibotasunak zalantzak eragin zizkien askori.
Aldi berean, idazlea ez zen sekula kikildu kontakizunak sorrarazten zion karga emozionalaren aurrean. Istorioa zorroztasunez kontatzeko ahalegina egin zuen, eskura zituen dokumentu erreal eta bere oroitzapenetatik eta ahoz aho iritsi zitzaizkion memorietatik jaso ahal izan zuen zorroztasunez.
Ez zen gelditu bere buruhausteen emaitza zalantzan jarri zutenei azalpenak emateko. Ontziak espaziora eramateko erregaia sortu zuen lehen ingeniari kimiko emakumearen historia Rocket Girl obraren lerroek kontatuko zioten munduari. Kontakizun haren heroia Mary Sherman Morgan izan zen, autorearen ama.
Belarretan jaiotako zientzialariaZortzi urte zituela Maryk ez zuen eskola sekula zapaldu. Bere gurasoak Ray herriko (Ipar Dakota, Estatu Batuak) bi nekazari ziren, Michael eta Dorothy Sherman; Mary bikoteak bizirik zeuzkan sei seme-alabetatik bosgarrena izan zen. Gurasoek erabaki zuten seme-alabek familiaren lurretan egingo zutela lan, hezkuntzari lehentasuna eman beharrean.
Azkenean, gizarte zerbitzuek esku hartu zuten eta senar-emazteek seme-alabak eskolara eraman behar izan zituzten. Ekintza burokratiko sinple hark erabat aldatu zuen Maryren bizitza. Ikasten bere adineko haurrak baino geroago hasi arren, Maryk argia zela erakutsi zuen, eta handik gutxira bere kideen parean zegoen.
14 urterekin bazekien kimikari izan nahi zuela. Horregatik, 1939an, bigarren hezkuntza bukatu ondoren, Minot Estatu Unibertsitatean eman zuen izena eta gai horretan graduatzera bideratu zuen bere ibilbide akademikoa. Hala ere, Bigarren Mundu Gerra piztu zen eta, horren ondorioz, plana pixka bat zapuztu zitzaion.
Estatu Batuak gerran sartzearen ondorioz gizon gazte eta langile ugari borrokara deitu zituzten. Emakumeak, berriz, herrialdean bertan geratu ziren, baina orduan fabrikak indarberritzera eta elikagai eta armen ekoizpena mantentzera deitu zituzten. Emakume haietako bat Mary izan zen.
Karrera bukatu gabe zeukan arren, kimikari buruz zekienari esker lanpostu bat lortu zuen Sanduskyko (Ohio) fabrika batean. Orduan gurasoen etxetik urrun joan zen bizitzera, eta lehengusina batekin eta haren senarrarekin bizitzen hasi zen.
Maryren lanpostua Plum Brook Ordnance Works enpresan zegoen, gerrarako munizioa ekoitzi behar zuen konpainietako batean, hain justu ere. Trinitrotolueno (TNT), dinitrotolueno (DNT) eta pentolita bestelako substantzia lehergarrietan oinarritutako bonbak ekoiztea zen Mary gaztearen ardura.
1943. urtearen inguruan Maryk haurdun zegoela jakin zuen. Emakume ezkongabe bat haurdun geratzeak eragiten zion estigma sozialak tarte txikia utzi zion zer egin erabakitzeko. Eskura zituen aukeren artean legez kanpoko abortu arriskutsu bat egitea edo lagun eta senideetatik ezkutatzea zeuden. Azken aukera hautatu zuen.
22 urte pasatxo zituenean, Maryk alabatxo bat izan zuen; handik hilabete gutxira Maryren lehengusinak eta haren senarrak adoptatu zuten. Sekretua hainbat hamarkadaz isilpean gorde zuten.
Izarretara iristeko pauso batBigarren Mundu Gerra bukatu zenean Maryk ez zeukan unibertsitate titulurik, baina lehergaien diseinatzaile gisa curriculum bikaina zuen. Aurrekari horrekin, hegazkinak ekoizten zituen North American Aviation enpresa ezaguneko lanpostu batera aurkeztea erabaki zuen.
Lanpostua lortu zuen, eta berriz ere etxetik joan behar izan zuen, oraingoan Canoga Parkera, Kalifornian. Han, Rocketdyne dibisioaren lantaldean sartu zen; motor mota jakin batetik esperotako errendimendua matematikoki kalkulatzea zen lantaldearen helburu nagusia.
Barne propultsioko motorra industria aeroespaziala aldatzeko iritsi zen. Aurrerapen zientifiko hari esker hegazkin askoz indartsuagoak fabrikatzen zituzten; hala ere, zientziak urrunago joan nahi zuen, eta hurrengo maila unibertsoa zen.

Mary aparteko ikerkuntza talde baten parte izan zen, beste 900 gizonezko ingeniarirekin batera. Ontziek Lurraren atmosfera gainditu ahal izatea lortzea zen haien misioa.
Urte luzez, proiektua sekretupean garatu zen North American Aviationeko laborategietan. Garai hartan, Maryk George Richard Morgan ingeniari mekanikoa ezagutu zuen; ezkondu egin ziren eta bere hurrengo lau seme-alaben aita izan zen.
Ipar Amerikako adituak biziki saiatu ziren, baina Sobietar Batasuna ere tinko ari zen espaziora iristeko modua bilatzen. 1957ko urrian lortu zuten. Espaziora bidali zuten satelitea espazioko lasterketa lehiakorraren abiapuntu bihurtu zen.
Altzairuzko oihaletik ekialdera, garaipen hark presiopean jarri zuen Maryk gidatutako proiektua; orduan propelentearen ezaugarriak ari ziren aztertzen, ezinbestekoa baitzen ontzi estatubatuarrak abiarazi eta orbitan jartzeko. Emaitza gisa Hydyne erregai likidoa lortu zuten.
Substantzia hura nahasketa bat zen, % 60 dimetilhidrazina asimetrikoa (UDMH) zen eta % 40 dietilentriamina (DETA). 1958ko urtarrilaren 31n behin betiko hegaldia egin aurretik hainbat aldiz probatu zuten. Egun hartan iparramerikarrek Explorer I satelitea bidali zuten Juno I ontzian; Lurretik gertuko espazioan mantendu zen 1970eko martxora arte.
Mary erregai berria izendatzera ere gonbidatu zuten, erregai hura sortzearen ardura berak izan baitzuen. Ikertzaileak Bagel proposatu zuen, baina proiektu aeroespazial estatubatuarraren ardura zuen armadak ideia hura baztertu zuen.
Maryk ia bizitza osoa eman zuen North American Aviation konpainian lanean. Hala ere, bere karrera eta karrera horretan berak lortutakoa ez zen jendaurrean jakinarazi Mary bera hil eta gerora arte, 2004an.
Familiak berak esan zuenez, Mary emakume sotila eta xumea izan zen, eta bere proiektuetan nahikoa zuen ontziak espazioan ikustearekin; ez zuen bestelako goraipamenik bilatu. Hala ere, gogoratu behar da Gerra Hotzean sekretismo handia zegoela, eta, horren ondorioz, ezinezkoa izan zen Maryk egindako ekarpenei aintzatespen nabarmenagoa egitea.
Espazio erregaiaren aitzindaria zendu ondoren, alargunak heriotza ohar sinple bat eskatu zion seme zaharrenari. Eskela hura antzezlan bihurtu zen, eta, gerora, liburu; den-denek espazio ontzien erregaietan emakume batek izandako talentuaren arrastoa osatzen dute.
Iturriak:- Alonso Cascallana, Tania (2019). Mary Sherman Morgan, la primera científica de cohetes, Nobbot.
- Demming, Anna (2021). Mary Sherman Morgan: The best kept secret in the space race, Chemistry World.
- George D. (2013). Rocket Girl. The Story of Mary Sherman Morgan, Prometheus Books.
- Wikipedia, Mary Sherman Morgan.
- Wikipedia, Júpiter-C.
Claudia Alemañy Castilla zientzia eta osasun gaietan espezializatutako kazetaria da. Juventud Técnica aldizkarian egiten du lan.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko urtarrilaren 5ean: Mary Sherman Morgan, ingeniera de cohetes espaciales.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Mary Sherman Morgan, espazio ontzien ingeniaria appeared first on Zientzia Kaiera.
Farmazia asistentziala, pazienteen beharretara egokitutako arreta
Historian zehar, farmaziak eraldaketa nabariak jasan ditu. Aurretik, farmaziak, botiken prestaketa eta dispentsazioa zituen oinarri nagusitzat, baina gaur egungo gizartean aldaketa nabarmenak ematen ari dira alor ezberdinetan, eta osasuna ez da salbuespen bat.
Egun, biztanleria gero eta kezkatua dago ongizatearekin eta, ondorioz, osasunarekin lotuta dagoen informazioa bilatu eta kontsumitzen du. Bestalde, paziente profil berezi bat nagusitzen ari da gaur egun: paziente adindu kroniko polimedikatua. Honen aurrean, farmazia egokitzapen prozesu batean murgilduta dago, pazienteen beharretara eta osasun sistemaren aldaketetara moldatzeko eta hori dela eta bide asistentzialagoa hartu du. Horrela, azken hamarkadetan arreta farmazeutikoa eta farmazia asistentzialaren garapena suspertu da. Esan bezala, eboluzioa ematen ari da farmazia asistentzialerantz eta hori dela eta farmazialaria, sendagaien hornitzailea izateaz gain, pazientean gero eta zentratuago dagoen osasun-profesionala da.
Arreta farmazeutikoa, farmazialaria pazientearen beharrez arduratzen den praktika profesionala da, sendagaiekin erlazionaturiko arazoak detektatuz, prebenituz eta konponduz, modu jarraituan, sistematizatuan eta dokumentatuan. Pazientearekin berarekin eta osasun-taldeko gainerako profesionalekin lankidetzan, pazientearen bizi-kalitatea hobetuko duten emaitza zehatzak lortzeko zerbitzua da.

Arreta farmazeutikoarekin eta farmazia asistentzialarekin lotuak, Farmazia Zerbitzu Profesional Asistentzialak (FZPAk) sortu dira, farmazia komunitarioak herritar guztiei zerbitzu aukera zabala eskainiz. Gaur egun, herrialde askotan, zerbitzu berriak diseinatzen eta ezartzen ari dira, eta, aldi berean, farmazia komunitarioaren jardueran sakonki txertatzea da helburu. Farmazialariek zerbitzuen garapenarekin lotutako jardueretan modu homogeneoan eta sistematizatuan parte hartzen dute, eta jarduera horien erregistroa egiten dute. Horrek zerbitzuen jarraipena eta ebaluazioa egitea ahalbidetzen du, aurrerapausoak emanez.
Duela urte batzuk, Euskadiko Farmazialarien Kontseiluarekin bat eginez, Euskadiko farmaziak FZPAk eskaintzen hasi ziren. Hauek, lanbidearen aldaketarako tresna garrantzitsua izanik, pazienteez gain, farmazialarien kolektiboan eta farmazialarietan bertan ere onurak sor ditzakete. Hala ere, farmazia asistentziala sustatzeko erronka garrantzitsua da, pazienteek eta gainerako osasun-profesionalek farmazialarien esku-hartze kliniko hauen onurak ezagutzea, eta farmazia komunitarioa, osasun-sistema publikoetan era sakonago batean integratzea.
Baina FZPAk eskaintzeak eta kudeatzeak farmazientzat kostu inportantea dauka, denbora eta esfortzu handiak behar baitira jarduerak modu egokian burutzeko. Ondorioz, hauen eskaintza zabaltzeko, ezinbestekoa da farmazialarien motibazioa suspertzea eta haren jarrera aldatzea eragin dezaketen arrazoiak identifikatzea. Bestalde, farmazia komunitarioan FZPAk erabat ezartzeko eta orokortzeko egungo erronka ordainsaria da. Zerbitzuengatik ordainsaria jaso ahal izateko, ezinbestekoa da aldez aurretik erakustea hauek pazientearen bizi-kalitatea hobetzen dutela eta errentagarriak direla, bestelako osasun-kostuak gutxituz. Honela, zerbitzua prestatzen duen profesionalak egindako lanagatik dagokion ordainsaria eskuratuko luke, administrazioak ere ikuspuntu ekonomiko batetik abantailak lortzen dituen heinean.
Ikusi bezala, farmazialariaren profesioa, ez da duela urte batzuk zen bezalakoa. Oinarri nagusia sendagaia den arren, farmazialariek eskainitako zerbitzu eta egindako esku-hartze klinikoek, medikamentuen aurkako gertaerak murriztu eta pazientearen emaitza klinikoak eta humanistikoak hobetzea frogatu dute eta beraz, farmazia komunitarioaren praktika gero eta asistentzialagoa bihurtzen ari da. Farmazia asistentzialak aurrera egiteak onura handiak ekarriko dizkio gizarteari, eta errentagarritasuna ere ekarriko die administrazio publikoei. Hala ere, farmazia asistentziala sustatzeko erronka garrantzitsua da pazienteek eta gainerako osasun-profesionalek farmazialarien esku-hartze kliniko hauen onurak ezagutzea, eta, farmazia komunitarioa, osasun-sistema publikoetan integratzea.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 39
- Artikuluaren izena: Farmazia-zerbitzu profesional asistentzialak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) farmazietan.
- Laburpena: Arreta farmazeutikoarekin eta farmazia asistentzialarekin lotuak, Farmazia-Zerbitzu Profesional Asistentzialak (FZPAk) sortu dira; farmazia komunitarioak herritar guztiei zerbitzu aukera zabala eskaintzen die. Gaur egun, munduko ia herrialde guztietan zerbitzu berriak diseinatzen eta ezartzen ari dira, eta, aldi berean, farmazia komunitarioaren jardueran txertatu nahi dira. FZPAk bi taldetan sailkatzen dira. Alde batetik, Arreta Farmazeutikoaren Zerbitzuak eta, beste alde batetik, Komunitateko Osasunarekin erlazionaturiko Zerbitzuak. Duela urte batzuk, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Farmazialarien Kontseiluarekin bat eginez, EAEko farmaziak FZPAk eskaintzen hasi ziren. Zerbitzu horiek, lanbidearen aldaketarako tresna garrantzitsua izanik, pazienteei ez ezik, farmazialarien kolektiboari eta farmazialariei eurei ere onurak ekartzen dizkiete. Hala ere, farmazia asistentziala sustatzeko erronka garrantzitsua da pazienteek eta gainerako osasun-profesionalek farmazialarien esku-hartze kliniko horien onurak ezagutzea, eta, farmazia komunitarioa, osasun-sistema publikoetan era sakonago batean integratzea.
- Egileak: Xabier Aizpurua-Arruti, Arantxa Isla, María Ángeles Solinís, Begoña Calvo, Ana del Pozo-Rodríguez, Estibaliz Goyenechea
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 131-152
- DOI: 10.1387/ekaia.21863
Arantxa Isla, María Ángeles Solinís, Begoña Calvo eta Ana del Pozo-Rodríguez UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia Genikoa taldeko ikertzaileak dira
Xabier Aizpurua-Arruti eta Estibaliz Goyenechea farmazialariak dira eta Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko kideak.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Farmazia asistentziala, pazienteen beharretara egokitutako arreta appeared first on Zientzia Kaiera.
Txikispora: zelulaniztasuna azaltzeko parasitoa
Plentziako Itsas Estazioko eta CEFASeko ikertzaileek bizkarroi berri bat aurkitu dute itsas uretan: Txikispora philomaios.

Bi alderdi garrantzitsu ditu Txikispora philomaios bizkarroiaren aurkikuntzak. Batetik, bizkarroi berria aurkitu, identifikatu eta karakterizatu du ikerketa honek. Bestetik, zelulaniztasunaren jatorria azaltzen lagunduko dezake, izan ere, zelulaniztasuna garatu aurretik animalien eta onddoen arbaso komuna bereizi zenetik denbora gutxira eboluzionatu zuen bizkarroi honek.
Txikispora izena aukeratu dute dute espora txiki bat delako. Philomaios hitzari dagokionez, parasitoa maiatzeko egun gutxi batzuetan bakarrik azaltzen delako jarri diote: ‘maiatzaren maitale’.
Protista bizkarroiaTxikispora philomaios protista bat da, hau da, ez animalia, ez landarea ezta onddoa ez den organismoa. Eukariotoa (nukleoa eta bestelako organuluak zelula mintzaz inguratuta duen izaki biziduna) da. Eta tamaina oso txikia du: 2.3–2.6 µm.
Amphipoda krustazeoen bizkarroi topatu dute ikertzaileek, zehazki, Echinogammarus eta Orchestia generokoak. Analisiek erakutsi dute infekzioen prebalentzia apirilaren amaieran eta maiatzean zela altuen, %64 Echinogammarus espeziearen kasuan eta %15 Orchestia espeziearenean. Gainerako hilabeteetan nekez aurkitu da infekziorik.

Tegumentu (oskola) horixka eta opakoagoa, oskolaren parte batean zurruntasun galera eta loditzea, letargoa eta erantzun eza aurkezten dute Txikispora philomaiosek infektatutako indibiduoek.
Ikerketarako garrantzitsuaDuela ehunka milioi urte ustez ozeanoan zegoen organismo zelular beretik datoz munduko animalia eta onddo guztiak. Uneren batean, organismoa elkartzen eta bikoizten hasi zen, elkartutako zelulak ehunak osatuz espezializatzen joan ziren eta, momenturen baten, gorputz bihurtu ziren: marmoka mikroskopikotik balea urdin erraldoiraino. Zelulaniztasuna garatu aurretik animalien eta onddoen arbaso komuna bereizi zenetik denbora gutxira Txikispora philomaios eboluzionatu zela uste dute ikertzaileek.
Bizkarroiari egindako analisiek Filasterearen barruan kokatzen dute, Choanoflagellatearekin batera, Metazoarengandik (animaliengandik) hurbilen dauden protistak. Zenbait zuhaitz filogenetiko egin ondoren (bere DNA eta ahaide hurbila izan daitekeen bestelako indibiduoen DNA konparatu ondoren) leinu primitibo bateko organismo bat dela frogatu dute. Bereziki garrantzitsua da Filasterearen barruan kokatzeak, leinu honetako lehen parasito konfirmatua baita.
Animaliak eta onddoak bereizi ziren puntutik hurbil kokatzen da, beraz, Txikispora eta parasito honen DNAtik abiatuta egindako azterketa filogenetiko eta filogenomikoak laguntzen ari dira ulertzen zer aldaketa eta egokitzapeni esker gertatu zen trantsizio hura, organismo zelulabakar mikroskopikoetatik animalia eta onddo zelulaniztunetara.
Filogenetikaren ikuspegitik dagokion taldean kokatzeak zailtasun handia izan da. Zailtasun honi, gainera, gehitu behar zaio ikertzaileei oso zaila egin zaiela itsasoko uretan aurkitzea, esan bezala, apirila amaieran eta maiatzean baino ez baita aurkitzen anfipodoen komunitatean; badirudi urteko gainerako hilabeteetan desagertu egiten dela.
Hau guztiau gutxi balitz, ikertzaileek azaltzen dutenez, Txikispora ez da espezie berri bat soilik; inolaz ere. Izena ematen dio genero berri bati, familia berri bati, ordena berri bati eta abar. Orain Txikisporidae familia berria dago.
Erreferentzia bibliografikoa:Urrutia, A., et al. (2021). Txikispora philomaios n. sp., n. g., a micro-eukaryotic pathogen of amphipods, reveals parasitism and hidden diversity in Class Filasterea. Journal of Eukaryotic Microbiology, 69, e12875. DOI: 10.1111/jeu.12875
Iturria:Animalien zelulaniztasunaren jatorria azaltzen lagunduko duen parasitoa, Txikispora philomaios, Campusa, Euskal Herriko Unibertsitatearen aldizkaria.
Egileaz:Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
The post Txikispora: zelulaniztasuna azaltzeko parasitoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Kutsatzen diren minbiziak
Gizakiotan eta beste animaliotan, tumoreak sortzen dira zelulek beren burua kontrolik gabe bikoizten dutenean.
Zelulen bikoizketa kontrolatzen duten geneetan gertatzen diren mutazioek eragiten dute kontrolaren galtze hori. Beste gene batzuetan gertatzen diren mutazio gehigarrien ondorioz, zelula horiek aska daitezke eta zabaldu odol- hodietan zehar. Hala, tumoreak gorputzeko beste atal batzuetara hel daitezke. Baina, beti ere, hori guztia indibiduo beraren baitan gertatzen den prozesua da. Tira, ia beti: espezie gutxi batzuetan aurkitu egin baitira indibiduoen artean salto egiten duten minbizi-zelulak.
Txakurretan, Tasmaniako deabruan eta hainbat molusku bibalbiotan –hala nola, txirletan, berberetxoetan eta muskuiluetan– aurkitu dira indibiduo artean transmititu daitezkeen minbiziak. Kutsakorrak badira ere, indibiduo bakarretik eratorri diren minbizi-zelulak dira eta, ondorioz, beren DNA erabilita beren jatorria eta hedapena azter daitezke. Azken finean, tumorea osotzen duten zelulak klonikoak baitira. Hau da, indibiduo ezberdinetan ugaritzen ari badira ere, tumore horien gene-materiala antzekoa da beren artean; eta, aldiz, haien gene-materiala ezberdina da inbaditzen ari diren indibiduoaren gene-materialarekin erkatuta.

Halako minbizi kutsakorren lehenengo kasua txakurretan aurkitu zen 1877an. Sexu bidezko transmisioa du eta uste da orain dela 11.000 urte hasi zela kanidoak infektatzen. Tasmaniako deabruan aurkitu den tumore kutsakorra aurpegian garatzen da, Tasmaniako deabruak elkarri hozka egiteko duten ohitura baliatuta. Uste da animalia honen populazioaren % 80 kutsatu dela eta Tasmaniako deabruaren desagerpena eragiten ari dela. Ugaztunen artean ezagutzen den beste minbizi kutsakor bat aurkitu da hamster urrekaran, Aedes aegypti eltxoaren bitartez indibiduo batetik bestera salto egin dezakeena. Oraingoz, ez da ugaztunetan halako minbizi kutsakor gehiagorik aurkitu.
Esan bezala, halako minbizi kutsakorrak bakan ikusten badira ere, badirudi bibalbioetan badagoela mota horretako minbiziak garatzeko joera. Orain arte, molusku talde horretako espezieetan zazpi minbizi kutsakor identifikatu dira. Gaixotasun ezberdinak badira ere, minbizi hori guztiei “odol-neoplasia” esaten zaie eta odoleko zelulen kontrolik gabeko bikoizketaren ondorioz garatzen dira. Gainera, minbizi-zelula horiek indibiduotik atera daitezke, ozeanoko uretan bizirik iraun, eta espezie bereko beste indibiduo batekin topo egiten dutenean, indibiduoan sar daitezke –kutsa dezakete– eta, ondorioz, indibiduo horrek odol-neoplasia gara dezake. Hortaz, minbizi hauek arrisku ekologiko bat izan daitezke itsas ingurunerako. Ikerlan berri batean aztertu dute txirla-espezie batek garatzen duen minbizi kutsakor bat, halako minbiziei buruz gehiago jakiteko.

Ikertzaile talde batek 400 txirla garatxodun (Venus verrucosa) inguru jaso zituen Europako kostaldeko hainbat lekutatik: Espainiako, Portugaleko, Frantziako, Irlandako, eta Kroaziako kostaldetik, hain zuzen ere. Txirla horietan odol-neoplasia zantzuak bilatu zituzten eta Espainiako kostaldeko bi lekutako txirletan aurkitu zituzten: Balear Uharteetako bost txirlatan eta Galiziako Atlantikoko kostaldetako hiru txirlatan. Txirla horietan aldakorra zen gaixotasunaren larritasuna: lau indibiduok gaixotasunaren formarik larriena zuten, hiruk formarik arinena eta batek erdibideko forma.
Indibiduo horien tumoreak sekuentziatu zituzten eta ikusi zuten tumoreen arteko gene-aldakortasunik ez zegoela. Hala, tumore horien gene-materiala hainbat teknika erabilita aztertu ostean, ikertzaileek ondorioztatu zuten bi populazio horietan aurkitutako minbizi-zelulek jatorri berdina zutela. Horrek baieztatuko luke minbizi-zelula horiek kutsakorrak direla eta gaitza hainbat populazio artean zabaldu dela. Bi populazio horietan minbizi-zelulak hain antzekoak izateak iradokitzen du tumore mota hori orain dela gutxi sortu dela; edo giza jarduerak, nahi gabe, haren hedapenean lagundu duela. Horrela balitz, gizakien esku-hartzearen bidez saihets liteke tumore horien zabalkuntza.

Are gehiago, egindako gene-analisiek agerian jarri zuten minbizi-zelula horiek ez zirela soilik txirla garatxodunetan garatu. Minbizi horien gene-materialean txirla txikien (Chamelea gallina) gene-sekuentzien zantzuak aurkitu zituzten. Bi espezie hauek Mediterraneo itsasoan gertu bizi direnez, ikertzaileek iradoki dute minbizi hori txirla txikian hasi zela eta, gero, txirla garatxodunera egin zuela salto. Hori dela eta, ikertzaileek toki horietako 200 txirla txiki aztertu zituzten odol-neoplasiaren zantzuak bilatzeko, baina ez zuten minbiziaren arrastorik aurkitu. Ondorioz, badirudi odol-neoplasia horiek txirla garatxodunetan soilik garatzen direla orain.
Laburbilduz, sakon aztertu da txirlak gaixotzen dituen tumore kutsakor bat, jatorria beste txirla-espezie batean duena eta, agian, giza jarduerak hedatzen lagundu duena. Zorionez, indibiduo artean bidaiatzen duten tumoreak oso urriak dira. Baina kasu bitxi honek gogorarazten digu nahiko genukeena baino konplexuagoa dela bizia.
Iturria:Garcia-Souto, Daniel et al. (2022). Mitochondrial genome sequencing of marine leukaemias reveals cancer contagion between clam species in the Seas of Southern Europe. eLife, 11:e66946. DOI: 10.7554/eLife.66946
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Kutsatzen diren minbiziak appeared first on Zientzia Kaiera.
Mapa eta egutegia dira itsas elefante emeen iparrorratza
Itsas elefante emeak espazioaren eta denboraren pertzepzioan oinarritzen dira erabakitzeko noiz itzuli behar diren hondartzetara erditzera. Ez dute erabakia hartzen —orain arte uste zenez— pisu nahikoa irabazi dutenean.
Animalia espezie askok migratzen dute elikadura eremuetatik ugaltze eremuetara, eta, hori egin ahal izateko, doitasun handiz kudeatzen dute denbora. Biologo eta etologoak aspalditik ari dira migrazio horien atzean dauden mekanismoak argitu nahian, baina ikasi dute zaila dela arrazoi bakar bat erabiltzea naturaren mirari horiek azaltzeko.

Erronka are handiagoa da migrazio luzeak izaten direnean. Hori da, hain justu, itsas elefanteen (Mirounga angustirostris) kasua. Itsaso zabalean dauden elikatze eremuetara joaten dira urtero haurdun dauden itsas elefante emeak, baina gero itzultzen dira jatorrizko hondartzetara, bertan erditzera. Doitasun handiz egiten dute itzulera bidaia hori: erditu baino hilabete lehenago hasten dute buelta, eta hondartzetara iritsi eta bost bat egunera erditzen dira.
Elikatzea eta ugaltzea helburu dituen migrazio epiko horren atzean 240 egun irauten dituen 10.000 kilometroko bidaia dago, eta, halere, gai dira bueltatzeko ondartzetara doitasun izugarri horrekin. Ezinbestean, emeak bidaia horietan ondo elikatu behar dira, edoskitze aroak irauten duen bitartean ez dutelako ezer jango, eta kumeek esne asko kontsumitzen dutelako.
Beste espezie askok ez bezala, animalia hauek ez dute migrazioa taldeka egiten, banaka baizik, eta, hori aintzat hartzen denean, migrazioan erakusten duten doitasuna azaltzea erronka zaila da. Kasu horietan, doitasuna azaltzeko erabili izan ohi den azalpena da animaliek buelta ematen dutela haien bidaian behin ondo ase eginda daudenean; hau da, kumaldia aurrera ateratzeko moduko nahikoa pisu irabazi dutenean. Baina orain, ikertzaile talde batek egiaztatu du hori ez dela horrela, ez espezie honen kasuan, bederen. Current Biology aldizkarian argitaratutako gutun batean ezagutarazi dute hori.
Satelite bidez 108 animaliaren gaineko jarraipena egin dute, orotara, 2004-2015 urte tartean egindako 126 ibilaldi aztertuz. Ikusi dutenez, janaria eskuratzeko urrutiago joaten diren itsas elefanteek lehenago hasten dituzte itzulera bidaiak, eta ez, uste zitekeen moduan, janariaren bitartez nahikoa energia eskuratu dutenean.
“Aurkitu dugu migratzen duten itsas elefanteek badakitela zein den erditzeko erabiltzen duten hondartzaren distantzia, milaka kilometrotik ere”, argitu du Kaliforniako Santa Cruz Unibertsitateko (AEB) ikertzaile Roxanne Beltranek. Erantsi du “gutxi gorabehera” emeek badakitela zenbat denbora beharko duten bueltatzeko.

“Espero genuen arrakasta handiagoa lortua zuten itsas elefanteek —lodien zeudenek—, haien elikatzeko bidaiak lehenago bukatuko zituztela, baina ez zen horrela izan. Osterantzean, ematen zuen ondo programatuta zeudela estrategikoki buelta emateko honako faktorearen arabera: non zeuden eta zenbat denbora beharko zuten hondartzara itzultzeko”, azaldu du Beltranek. “Datu horiek frogatzen dute fokek ugaltze hondartzatik duten distantzia ezagutzen dutela, eta denbora gehigarria ematen dutela itzultzeko urrunago bidaiatzeko baldin badute”, idatzi dute ikertzaileek.
Artikuluan azaldu dutenez, migrazioak taxuz egin ahal izateko, animaliek bi motatako informazioak aintzat hartu behar dituzte: kokapena eta denbora. Artikuluan, faktore horiek “mapa” eta “egutegi” gisa izendatu dituzte. Batetik, itsas elefanteek ugalketa lekuarekiko zehazki non dauden jakin behar dute. Bestetik, aurreikusi behar dute ere noiz hasi behar duten itzultzeko bidaia. Funtsean, animaliak elementu horiek integratzeko gai izan behar dira.
Onartu dute ez dakitela zein den animaliek baliatzen duten mekanismoa erabaki horiek hartzeko, baina sinetsita daude denbora eta kokapena funtsezkoak direla horretarako. Ateratako irakaspenak espeziearen kontserbazioan aurrera egiteko baliogarria izango den esperantza dute. Orain, argitu nahi dute norainokoa den zehatza itsas elefanteek baliatutako kokatzeko gaitasun hori.
Erreferentzia bibliografikoa:Beltran, Roxanne S. et al. (2022). Elephant seals time their long-distance migrations using a map sense. Current Biology, 32(4), 156-157. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2022.01.031
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Mapa eta egutegia dira itsas elefante emeen iparrorratza appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #385
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Almroth Edward Wright (1861-1947) bakteriologoa ezaguna zen emakumeen sufragioaren aurka zegoelako. Bere arrazoiketa zera zen, emakumeen garunak ez zeudela antolatuta gai sozialak eta publikoak lantzeko, eta liburu bat eta guzti idatzi zuen ideia guzti hauek azaltzen. Baina liburua argitaratu aurretik, eskutitz bat idatzi zuen The Times egunkarira, ideia antzekoak plazaratuz. Eskutitz horrek hainbat erantzun sutu jaso zituen, horietako bat «C.S.C. Kondenatuetako bat» sinadurarekin. Clementine Spencer Churchill ezkutatzen zen hitz horien atzean, Winston Churchillen emaztea. Zientzia Kaierako Clementine, «Kondenatuetako bat» artikuluan irakur daiteke emakume honek Wright-i emandako erantzuna.
OsasunaBerrian irakur daitekeenez, hil egin da zerri transgeniko baten bihotza jarri zioten gizona. Duela bi hilabete, urtarrilaren 7an hain zuzen, 57 urteko David Bennet estatubatuarra hil ala biziko egoera batean zegoen, bihotzeko gaitz baten ondorioz. Ez zuen aukerarik gizaki baten bihotza jasotzeko eta, horregatik, ebakuntza esperimentalarekin saiatzea erabaki zuten, txerri bihotz bat transplantatuz. Historian lehen aldiz egin zen gisa honetako ebakuntza bat, eta ebakuntza ostean zirujauek esan zuten bihotza ondo funtzionatzen ari zela. Zoritxarrez, eta ebakuntza mugarri bat izan bazen ere, Bennet aste honetan hil da.
Aste honetan Zientzia Kaieran, Nerea Telleria UPV/EHUko Elikadura Jasangarria taldeko ikertzaileari egin diote elkarrizketa. Nerearen esanetan, elikadura osasungarri eta jasangarriak onura ugari ditu gizakiontzat eta naturarentzat. Gaur egungo elikadura sistemak mundu-mailako berotegi efektuko gasen herena isurtzen du, besteak beste, nekazaritzan, abeltzaintzan edo elikagaiak prozesatzerakoan sortzen direnak. Inpaktu handiena, hala ere, haragi gorriak eta bere eratorriek dute: munduko nekazaritzaren % 70 ganadua elikatzeko beharrezkoa den janaria landatzeko erabiltzen da. Zientzialari atalean ikus daiteke ikertzaileari egindako elkarrizketa: Nerea Telleria: “Elikadura osasungarri eta jasangarriak epe luzera gaixotasunak izateko arriskuak murriz ditzake”.
Depresioa gaixotasun mental ohikoa da, tristura handia, energiarik eza, gauzen ikuspegi negatiboa eta lo egiteko, kontzentratzeko edo elikatzeko zailtasunak eragiten dituen gaixotasuna. Azken urteotan gorakada handia jo du depresioak eta osasun publikoko arazo handienetako bat bilakatu da. Honen harira, antidepresiboak hobetzen dihardute zientzialariek eta azken hamarkadako aurkikuntza garrantzitsuenetarikoen artean kokatu da ketamina farmakoa. Aipatu beharra dago, hala ere, antidepresibo honek sortu ditzakeen eragin kaltegarriak direla medio, esketamina ere administratzen dela. Alabaina, farmako honen administrazio errepikatuek epe luzera eragingo lituzketen ondorio arbuiagarriak aztertzea beharrezkoa da oraindik. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Depresio erresistentea tratatzeko etorkizunerako erronkak.
Azken bi urte hauetan bizitako pandemiak utzi dituen lezioei buruzko artikulu-sorta bat argitaratu du Science aldizkariak. Bertan, hainbat hausnarketara bultzatu nahi dute irakurlea. Horietako bat, hainbestetan aipatu dugun normaltasunerako bueltari buruz. Ez ote litzateke ariketa ona normaltasunera itzuli beharrean, normaltasuna hobetzea? Politikei buruzko bi analisi ere badaude. Batean, maila ekonomiko baxuko eta ertaineko herrialdeen egoera aztertu dute. Beste artikuluan, bestalde, COVID-19ari aurre egiteko politiketan genero-ikuspegia aintzat hartu ote den aztertu dute. Informazio gehiagorako, Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian: COVID-19aren lezioei buruzko sorta berezia argitaratu du Science aldizkariak.
GenetikaNature Communications aldizkarian argitaratu duten artikulu batean, mundu osoko zientzialariz osatutako talde batek eskari bat egin nahi izan du. Gaur egun, mundu osoko sekuentzia genetikoen informazio digitalerako sarbidea guztiz librea da. Orain, ordea, maiatza eta ekaina bitartean COP-15 egingo da, eta bertan Biodibertsitatearen 2020 Osteko Esparru Globala sinatzekoak dira. Zenbait herrialdek, ordea, adierazi dute baliabide genetikoak jatorrizko estatuarenak direla, eta ikertzaileek akordioak adostu beharko lituzketela estatuekin, baliabide horiek erabiltzeko. Zientzialari asko honen kontra agertu dira, diotenez, zientzia erabat oztopatuko bailitzateke honela. Datuak Elhuyar aldizkarian: Informazio genetikorako sarbidea irekia izan dadin bermatzeko eskaria egin dute.
ArkeologiaErnest Shackleton esploratzailearen ontzia topatu dute itsas hondoan 3 kilometroko sakoneran. Hondoratu zen tokian aurkitu dute, Antartikako Weddell itsasoan, 106 urte geroago. Endurance 22 espedizioaren barne aurkitu dute izen bereko bergantina hondoratua. Ontzia aurkitu eta gero, filmatu eta eskaneatu egin dute ur azpiko ibilgailu moldatu bat erabilita. Izan ere, espedizioaren asmoa ez da izan ontziaren arrastoak lehorreratzea, leku eta monumentu historikotzat hartuta baitago, eta, beraz, ezin da dagoen lekutik mugitu. Jakes Goikoetxeak azaldu du Berrian: ‘Endurance’ aurkitu dute.
IngurumenaAste honetan Urak aske dokumentala aurkeztu dute Bego Zubia zuzendariak eta bere kideek. Dokumentalean Artikutzako urtegia hustutzeko lanak azaltzen dituzte, egitura artifizial hauek ibaietan duten eragina ikusarazteko helburuarekin. Erreken edo ibaien ibilguetan pareta bat eraikitzeak ondorio anitzak ditu, besteak beste, inguruko fauna oztopatzen dute, errekek eramaten dituzten sedimentuak ere geldiarazi egiten dituzte eta noski, ur-emaria aldatzen dute. Azalpenak Berrian: «Presak kentzeak zein bertan uzteak sortzen ditu ondorioak».
Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, plastikoen kutsadura murrizteko nazioarteko akordio loteslea, bidean dago. 175 herrialderen ordezkariek ebazpen bat sinatu dute, eta 2024an juridikoki loteslea izango den nazioarteko akordioa sortzeko konpromisoa hartu dute. 2021ean 461.100.000 tona plastiko sortu dira, eta ekoizpena ikusita, aurreikusi du 2040rako bikoiztu egingo direla plastiko-hondakinak. Datu hauek ikusirik, Nazio Batuen Ingurumen Batzarrak ekonomia zirkularrerako aldaketa behar-beharrezkoa dela adierazi du. Azaldu dutenez, sistema ekonomiko horrekin ozeanora iristen den plastiko-kantitatea % 80 murriztuko litzateke, plastiko berriaren ekoizpena % 55, eta berotegi-efektuko gasak % 25.
BiologiaEHUko MikroIker ikerketa-taldeak bakterio espezie berri bat aurkitu du Añanako Gatz Haranean eta Altererythrobacter muriae deitu diote. Añanako Gatz Haranean baldintza berezi horietan bizitzeko gaitasuna duten organismoak bakarrik bizi dira, gatz-kontzentrazio altuetan bizitzea ez baita lan erraza. Mikroorganismoen artean, aniztasun handia dago eta aurretik deskribatu gabe zegoen espezie hau aurkitu berri dute. Aurkikuntzaren berezko balioaz aparte, mikroorganismo hauek egokitzapen-mekanismo bereziak dituzte bizi diren lekuan bizi direlako. Bizirauteko, konposatu bereziak sortzen dituzte eta oso interesgarriak dira, esaterako, biomedikuntzarako, bioerremediaziorako eta elikagaien industriarako. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Bakterio espezie berri bat aurkitu dute Añanako Gatz Haranean.
OzeanografiaJada Kolonek Amerikarako bidaia egin zuenean, bazekien Ipar Atlantikoko haizeek eta korronteek nabigazioa erraztu edo zaildu zezaketela. Gaur egun, ozeano horretako itsaslasterren dinamikak pixka bat hobeto ulertzen ditugu, azterketa ozeanografikoetan aurrerapen asko egin baitira. Ozeano Atlantikoan dauden ur masa batzuek uhal garraiatzaile gisa funtzionatzen dute, eta bero energia banatzen dute, latitude baxuko eremuetatik latitude altuko eremuetara. Honek korronteak sortzen ditu itsasoan, eta nabigaziorako oso garrantzitsuak izateaz gain, planetaren klima erregulatzeko ezinbestekoak dira. Blanca Martinezek azaltzen du Zientzia Kaieran: Nabigazioa eta korronte ozeanikoak.
MatematikaDatorren asteko astelehenean Pi zenbakiaren nazioarteko eguna ospatzen da, eta honen harira, artikulu bat eskaini diote Berrian zenbaki famatu honi. Zirkunferentzia baten perimetroaren eta haren diametroaren arteko zatiketaren emaitza da zenbaki hau; eta beti mantenduko da proportzio hau. Lau hamartarrekin ezagutzen du jende gehienak (3,1416), baina Grisoniako Zientzia Aplikatuetako Unibertsitateak (Suitza) 22,8 bilioi hamartar baino gehiago kalkulatu zituen. Historian zehar hainbat zientzialarik egin zuten Pi zenbakia kalkulatzeko saiakera eta hainbat bitxikeria bildu dira konstante berezi honen inguruan. Datu guztiak Berrian: Pi, nortasun handiko zenbakia.
AstronomiaIzarretatik datorren argiaren espektroak datu asko eskaintzen ditu. Espektro horiek erabiliz, adibidez, Angelo Secchi astronomo italiarrak izar motak bereizteko sailkapen bat sortu zuen, izarraren kolorearen eta zenbait osagai kimikoren arabera. 1. motako izarrak zuriak edo urdinxkak ziren, eta espektroek lerro oso markatuak zituzten, hidrogenoarenak. Hauetaz gain, tonu apalagoa zuten argi horiko izarrak (2. motakoak), laranjakoak (3. motakoak) edo gorrixkak (4. motakoak) zeuden. Sailkapen sistema hori egun erabiltzen ez den arren, Secchi aitzindarietako bat izan zen ikerketa astronomikoetarako espektrografia erabiltzen, eta 4.000 izarren espektrotik gora sailkatu zituen. Azalpenak Zientzia Kaieran: Ortzadarra interpretatzen izarrak sailkatzeko.
Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, beirazko perlak aurkitu dituzte Ilargiaren alde ezkutuan. 2019ko urtarrilaren 19tik dabil Chang’E-4 misio txinatarreko Yutu-2 ibilgailu robotikoa Ilargiaren alde ezkutua arakatzen. Orain, misioko astrofisikariek iragarri dute beirazko esfera garden batzuk aurkitu dituela ibilgailuak. Bi perla aurkitu dituela baieztatu dute, 3 cm ingurukoak. Ikertzaileen arabera, talkaren baten ondorioz sortuak dira: Objekturen batek Ilargiaren azalaren aurka talka egitean, esfera sortzen duen minerala urtu egingo litzateke, eta, solidotzean, esfera horiek sortuko zituen.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #385 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #390
Ingurumenerako kaltegarriak diren hidrofluorokarburoak bezalako konposatuen erabilera saihesteko daude diseinatuta errefrigerazio teknologia berriak. Orokorrean, ez dira gasen konpresioan oinarritzan. BCMaterials dabil horretan. Next generation refrigeration technologies
Zer dela eta egiten dira teoriak zientzian? Ez al da nahiko harremanak, legeak, ikusgarrien arteko harremanak? Teorikoak soberan al dira? On theory and observation (1): The theoretician’s dilemma por Jesús Zamora Bonillarena.
Dispositbo magnetikoen abiaduraren doitze finarentzako bidea izan daitezke lantanidoak, hurrengo belaunaldiko informazio teknologientzako oso interesgarria. DIPCren Fine-tuning the speed of magnetic devices
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #390 appeared first on Zientzia Kaiera.
Nerea Telleria: “Elikadura osasungarri eta jasangarriak epe luzera gaixotasunak izateko arriskuak murriz ditzake” (Zientzialari #170)
Elikadura osasungarri eta jasangarriak onura ugari ditu gizakiontzat eta naturarentzat. Nutrizionalki egokia izateaz gain, ekonomikoki justua da eta ekosistema zaintzen du. Dieta osasungarriek beraz, gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiek bizitza osasuntsu bat izan dezaten laguntzen dute.
Elikadura sistemak bere osotasunean berotegi efektuko gasen herena isurtzen du, besteak beste, nekazaritzan, abeltzaintzan edo alimentuak prozesatzerakoan sortzen direnak. Ikerketa batzuen arabera, ingurumenean inpaktu handia eragiten duten elikagaiak dira haragi gorria eta bere eratorriak: munduko nekazaritzaren % 70 ganadua elikatzeko beharrezkoa den janaria landatzeko erabiltzen delako. Horrek sortzen duen deforestazioak, biodibertsitatean eragiten du, eta ekosistemen funtzionamendua galarazten du.
Jaten ditugun elikagai eta produktuen osagai batzuek zenbait gaixotasun garatzeko arriskua areagotzen dute eta, ondorioz, bizi ohitura osasungarriak izatea eta arrisku faktore horiek saihestea gomendatzen da.
Elikadura jasangarri eta osasungarriaren inguruan dauden oztopo eta erronkak ezagutzeko, UPV/EHUko Elikadura Jasangarria taldeko Nerea Telleria ikertzailearekin bildu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Nerea Telleria: “Elikadura osasungarri eta jasangarriak epe luzera gaixotasunak izateko arriskuak murriz ditzake” (Zientzialari #170) appeared first on Zientzia Kaiera.
Depresio erresistentea tratatzeko etorkizunerako erronkak
Depresioa gaixotasun mental ohikoa da, tristura handia, energiarik eza, gauzen ikuspegi negatiboa eta lo egiteko, kontzentratzeko edo elikatzeko zailtasunak eragiten dituena eta ondorioz familia-bizitza zein lan-bizitza larriki kaltetu ditzakeena. Azken urteotan, gaixotasun honen gorakada handia dela eta, osasun publikoko arazo handienetako bat bilakatu da, ez bakarrik gizakien bizi-kalitatean duen eraginagatik, baita tratamendu antidepresiboaren erantzun partzial edo ezagatik.
Gaur egungo terapia antidepresiboek dituzten zailtasunei aurre egiteko, gaixotasunaren diagnostikoan goiztiarrak diren eta erantzunean eraginkorrak eta azkarragoak diren terapia berriak ikertzera eraman ditu osasun arloko ikertzaileak.

Ketamina anestesiko bezala erabili ohi den farmako bat da eta bere efektu antidepresibo azkar eta eraginkorra azken hamarkadako aurkikuntza garrantzitsuenetarikoen artean kokatu da psikiatria arloan. Naiz eta gizakietan anestesiko bezala administratzeko baimenduta egon, entsegu kliniko ugarik frogatu dute zain barnetik ematen diren ketaminaren dosi baxuek eragin antidepresibo azkar eta iraunkorrak dituztela.
Gainera, orain arteko entseguetan zain barneko ketaminaren administrazioa gailendu den arren, sudur bideko administrazioa aukera erabilgarri eta segurutzat jo da. Hori dela eta, Ameriketako eta Europako Medikamentuen Agentziek sudur bidetik administratzen den Spravato (esketaminaz osatutako farmakoa) izeneko medikamentuaren merkaturatzea baimendu dute depresio erresistentea tratatzeko.
Aipatu beharra dago, sortu ditzakeen eragin kaltegarriak direla medio, zefalea eta disoziazioa adibidez, medikamendu honen administrazioa osasun zentroan bertan egin behar dela mediku baten gainbegiradapean. Dena den, esketamina ketamina baino medikamendu seguruago bat dela proposatu da. Hala ere, azpimarragarria da, esketaminaren epe luzeko ondorio kaltegarrien arriskua ez dela ebaluatu, hala nola mendekotasuna eta asaldura kognitiboak. Horregatik, farmako honen administrazio errepikatuek epe luzera eragingo lituzketen ondorio desiragaitzak aztertzea beharrezkoa litzateke. Ondorioz, uka ezina da, epe luzerako entsegu klinikoak egitez gain, merkaturatze ondorengo azterketak ere nahitaezkoak direla ketamina eta esketaminaren segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko.
Bestalde, gaixotasun konplexu honetan botika bat baino gehiago erabiltzen direnez, kontutan hartu behar da ketaminak beste botika hauekin izan ditzakeen elkarrekintza farmakologikoak, eragin antidepresiboa murriztu edo baldintza dezaketela. Egin diren entsegu klinikoetan aldakortasun metodologiko handia egon da, izan ere, hauetariko batzuetan oinarrizko tratamendua (depresioa tratatzeko erabiltzen diren beste farmakoak) mantendu den bitartean, beste batzuetan baztertu egin da. Horrela, aldakortasun farmakologiko honek ketaminak depresioaren aurkako tratamenduan duen eraginkortasunean eragin dezake.
Amaitzeko, esketaminaren kostu ekonomikoa eta sendagaiaren eskuragarritasunak beste eztabaida bat sortu du. Alde batetik, esketaminaten urteko kostuak ketaminaren kostuak baino hamar aldiz handiagoak dira eta beste alde batetik, sudur bidetik emateko aukerak abantaila handia sorrarazi bazuen ere, ondorio kaltegarriak direla eta, botika hau osasun zentroan bertan eman behar denez ez dirudi oso erosoa denik. Dena den, bistakoa da aurrekari baliotsu bat dugula eskuartean hobeto onartzen diren eta ondorio kaltegarri gutxiago dituzten sendagaiak aztertu ahal izateko.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 40
- Artikuluaren izena: Ketamina eta esketaminaren erabilera depresio erresistentea tratatzeko: etorkizunerako erronkak.
- Laburpena: Nahasmendu depresiboak osasun publikoko arazo handienetako bat bilakatu dira azken urteotan, ez bakarrik bizi-kalitatean duten eraginagatik, baita tratamendu antidepresiboaren erantzun partzial edo erantzun ezagatik ere. Hori dela eta, (R,S)-ketaminaren (ketamina) efektu antidepresibo azkarra eta eraginkorra azken hamarkadetako aurkikuntza garrantzitsuenen artean dago psikiatria arloan. Orain arteko entseguetan ketaminaren zain barneko bidea gailendu den arren sudur bideko administrazioa aukera erabilgarri eta segurutzat jo da. Hori dela eta, FDAk (Food and Drug Administration) eta EMAk (European Medicines Agency) S-ketamina (esketamina) baimendu dute Spravato izen komertzialarekin merkaturatutako sudur-lainoztagailurako soluzio bezala, depresio erresistentea tratatzeko, farmako horren merkaturatze-baimena sostengatzen duten entsegu klinikoak epe luzekoak ez diren arren. Horregatik, epe luzeko segurtasun-profila ikertzea premiazkoa da, eta, testuinguru berean, baita administrazio-protokolo errepikatuen egokitasuna ere. Izan ere, ketaminak farmako antidepresibo batzuekin eta bentzodiazepinekin izan ditzakeen elkarrekintzak ebaluatzea gomendatzen da, tratamenduaren eragin antidepresiboa baldintza dezaketelako. Ildo horretan, orain arte egindako entseguen diseinuaren aldakortasuna kontuan hartzeko ezaugarria litzatekeela proposatu da. Entsegu batzuetan tratamendu antidepresibo gehigarria baztertzen da, eta beste batzuetan, berriz, mantendu egiten da; aldakortasun metodologiko horrek tratamendu antidepresiboaren eraginkortasuna alda dezake. Ondorioz, uka ezina da epe luzerako entsegu klinikoak egiteaz gain merkaturatze ondorengo farmakozaintza-azterlanak ere nahitaezkoak direla ketaminaren eta esketaminaren segurtasuna eta eraginkortasuna epe luzera bermatzeko.
- Egileak: Ane Elexpe, Cristina Bruzos-Cidón, Marta Cabrera, Gabriel Barreda, María Torrecilla
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 33-50
- DOI: 10.1387/ekaia.21862
Egileez:
Ane Elexpe eta Gabriel Barreda IMGPharmako ikertzaileak dira.
Cristina Bruzos-Cidón, Marta Cabrera eta María Torrecilla UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Depresio erresistentea tratatzeko etorkizunerako erronkak appeared first on Zientzia Kaiera.
Nabigazioa eta korronte ozeanikoak
Denok dakigu bi punturen arteko distantziarik laburrena lerro zuzena dela. Baina baieztapen hori ez da beti betetzen ozeanografiaz ari garenean, eta ideia hori defendatzeko bi adibide emango ditut.
Kristobal Kolon Mundu Berria deituko zena arakatu eta aurkitzeko bidaiatzen hasi zenean, XV. mende amaieran eta XVI. mende hasieran, ez zituen belak Andaluziako portuetatik mendebalderantz abiatu eta berehala zabaldu. Hori egin beharrean, Kanariar Uharteetaraino jaitsi zen, eta, handik, arku txiki bat egin zuen hego-mendebalderantz; hala, zuzenean Karibe itsasoko uharteetaraino iritsi zen. Baina ibilbide hura ez zen kasualitatea izan.
Kolon esperientzia handiko marinel bat zen, eta bazekien inguru hartan ipar-mendebaldeko haize alisioek ia etengabe jotzen zutela, eta horrek erraztu egiten zuela itsasontziek Ozeano Atlantiko ezezagunerantz nabigatzea. Hortaz, besterik gabe, Kanariar Uharteak inguratzen zituen korronteari jarraitu zion, artean nola funtzionatzen zuen ongi ulertzen ez bazuen ere.

Bigarren adibidean XVIII. mendearen amaierara arte bidaiatu behar dugu. Garai hartan Ipar Amerikako baleontziek bazeukaten Karibe itsasotik Europarantz zihoan itsas korronte bero baten berri, eta ehizatu nahi zituzten zetazeoek korronte haren eragina saihestu nahi zuten, ahal zela ertzetan bilduz. Balea arrantzale haiek Golkoko itsaslaster izena jarri zioten, eta Ipar Amerikako itsasontzietako kapitainei korrontearen beraren eta korrontearen funtzionamenduaren berri eman zieten.
Korronte hura zeharkatzen hainbat urteko esperientzia lortu ondoren, Ipar Amerikako kapitainek aurkitu zuten batez beste bi astez laburtu ahal zituztela Ipar Amerikako eta Britainia Handiko kostaldeen arteko bidaiak Golkoko itsaslasterraren barruan nabigatuz gero, Britainia Handitik Ipar Amerikara bidaiatzeko behar zen denborarekin erkatuz gero. Britainiarrei zalantza sortu zitzaien aurkikuntza hura zela medio eta, hortaz, Benjamin Franklini berari ikerketa sakonagoa egiteko eskatu zioten, artean Ingalaterra Berriko Postaren arduradun nagusia zela.
Termometro bat hartuta, Franklinek Golkoko itsaslasterraren eragin eremua zehazki kartografiatu zuen, inguruko eremuek baino ur beroagoa zuen, eta gomendioa egin zien britainiarrei: nabigazioa ekialderantz eginez gero, ibilbidea laburragoa zen Golkoko itsaslasterra jarraituz gero; aldiz, mendebalderantz eginez gero, itsaslasterraren eragina saihestu egin behar zen, bestela ontziek astiroago joatea besterik ez zutelako lortuko. Hasieran britainiarrek ez zuten gomendio hura oso serio hartu; epe luzera, ordea, gomendioa jarraitu zuten.
Gaur egun Ipar Atlantikoko itsaslasterren dinamikak pixka bat hobeto ulertzen ditugu azterketa ozeanografikoetan aurrerapenak egin direlako. Eta gai hau Kolonek eta Franklinek haien garaietan imajinatu zutena baino konplexuagoa den arren, haien lanari esker lortu ditugu gaur egun ondorioak.
Lotura zuzena dago atmosferaren eta ozeanoen jokabideen artean eta, gainera, horrek gure planetaren klima ere baldintzatzen du, beroa eta CO2a trukatzen baitituzte. Ozeano Atlantikoan dauden ur masa batzuek uhal garraiatzaile gisa funtzionatzen dute, eta bero energia banatzen dute, latitude baxuko eremuetatik latitude altuko eremuetara. Itsas korronteen sistema horri Zirkulazio Atlantiko Meridionalaren Iraultze Zirkulazioa deitzen zaio, edo AMOC, ingelesezko Atlantic Meridional Overturning Circulation izenaren siglekin. Eta puntu horretan aipatu behar ditugu gure bi protagonistek antzemandako korronteak.
Golkoko itsaslasterra ur beroa eta ez oso trinkoa daraman azaleko korronte bat da; Florida hegoaldean sortzen da, eta Ozeano Atlantikoaren erdialderantz doa. Hor bi adarretan banatzen da; batetik, Ipar Atlantikoko Korrontea edo Adarra, Europa iparralderantz doana, eta, bestetik, Azoreetako Korrontea edo Kanarietako Korrontea; azken hori ur masa hotzagoa eta trinkoa da eta hegoalderantz egiten du; biratu egiten du, erlojuaren orratzen noranzkoan, Karibe itsasora itzultzeko, eta han berriz ere dena hasten da.
Hala, argi geratu da ozeanoen dinamika ezagutzea zein garrantzitsua den gure planetan klimaren jokabidea ulertu ez ezik, baita gure arbasoek egin zituzten itsas ibilbideak ulertzeko ere, gaur egun oraindik ibilbide horiek egiten baitira.
Hasieran esan dudan moduan: lerro zuzena ez da beti bi punturen arteko biderik laburrena, ezta azkarrena ere. Itsasontziz bidaiatzen dugunean, hobe da korronteari jarraitzea.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
The post Nabigazioa eta korronte ozeanikoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Clementine, «Kondenatuetako bat»
“C.S.C. («Kondenatuetako bat»)” delako batek sinatutako gutun bat argitaratu zuten The Times egunkarian 1912ko martxoaren 30ean. Bi egun lehenago Almroth Edward Wright (1861-1947) bakteriologoak bidalitako beste gutun bati emandako erantzun ugarietako bat zen eskutitza.
Almroth Edward Wright ezaguna zen emakumeen sufragioaren aurka zegoelako. Ikertzaileak arrazoi «zientifikoetan» oinarritzen zuen bere baieztapena, eta gizonenen eta emakumeen burmuinak desberdinak zirela argudiatzen zuen. Haren ustez, andrazkoen garunak ez zeuden «antolatuta» gai sozialak eta publikoak lantzeko. 1913an gaiari buruzko liburu bat argitaratu zuen: The Unexurgated Case Against Woman Suffrage (Emakumearen sufragioaren aurkako auzia). Bertan, besteak beste, emakumeen garapen profesionalaren aurka ere agertzen zen.

Liburua argitaratu baino hilabete batzuk arinago, 1912ko martxoaren 28an, gutun luze bat bidali zuen The Times egunkarira. Idazkian zientzialariak argudiatzen zuen emakumeek politikatik erabat aldenduta egon behar zutela beren «gabezia» fisiologiko eta psikologikoengatik. Erantzun sutuak jaso zituen gutunak, merezi zuen bezala, eta horietako batek C.S.C. («Kondenatuetako bat») sinadura zeraman. Erantzun hau bereziki argia eta zorrotza zen eta honela zioen:
1912ko martxoaren 30a
The Times egunkariko editorearentzat
Jaun hori,
Sir Almroth Wrightek emakumeak ezagutzen dituen moduan ezagututa, emakumeei buruz idatzi dituen azalpen burutsu eta sakonak irakurri ondoren, badirudi kontua ez dela «emakumeek bozkatu beharko lukete?», baizik eta «ez al litzateke hobe emakumeak erabat akabatzea?». Hain txundituta geratu naiz Sir Almroth Wrighten zehaztasunarekin, haren esperientzia zientifiko eta pertsonal handian oinarrituta dagoena, emakumeei amaiera eman beharko litzaiekeela ondorioztatu dudala.
Zientzialariarengandik ikasten dugu emakumeak gaztetan ez daudela bere onean, noizean behin hipersentiberatasuna eta zentzugabekeria jasaten dutela, eta haien presentzia bakarrak gizonak gogaitzen eta haserretzen dituela, bizitzan zehar zein eguneroko zereginetan. Jarduera profesional bat hasten badute, beraien adimenaren zakartasunak lankide zitalak bihurtzen ditu gizonezkoentzat. Bizitzan zehar buru-nahaste larriak eta etengabeak izaten dituzte, eta, guztiz erotuta egon ez arren, horietako asko giltzaperatu behar izaten dituzte.
Hau horrela izanik, ez al litzateke izango mundua askoz hobea eta zoriontsuagoa emakumeak akabatuz? Hemen begiratzen diegu zientzialari handiei. Benetan kasu desesperatu bat da? Emakumeek, zalantzarik gabe, baliagarritasunen bat izan behar zuten iraganean, bestela, nola jasan eta onar zitekeen orain arte tribu nazkagarri hori?
Baina, ziurta al dezakegu emakumeak ezinbestekoak izango direla etorkizunean? Emango al digu zientziak ziurtasunik, edo, behintzat esperantzarako arrazoirik? Esan ahal digu aurkikuntzarik handienaren atarian gaudela? Hau da, nola euts diezaiokegun gizonezkoen arraza bati baliabide zientifiko hutsak erabiliz?
Hainbeste urtez mundua hondatu duen espezie bizkarroi, zoro eta immoralagandik askatzea lortu duenez gizateria, ezin al diogu Sir Almroth Wrighti begiratu haren lorpen ugariak txalotzeko?
Zure esanekoa,
C.S.C.
(“Kondenatuetako bat”)
Inizial horien atzean Clementine Spencer Churchill (1885-1997) ezkutatzen zen, Winston Churchillen emaztea (1874-1965), Erresuma Batuko lehen ministroa izango zena.
Benetan tamalgarria da Wright bezalako zientzialariek ideologia misoginoak adierazi izana ustezko egitate zientifikoetan oinarrituta. Seguru asko beste pertsona batzuk diskurtso horietan sostengua hartuko zuten, Wright bezalako defendatzaileen prestigioa kontuan hartuta.
Emakumeen sufragioa 1919an onartu zen Erresuma Batuan (Wrighten eskutitza argitaratu eta zazpi urtera). Espainian 1933an.
Gaur, martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta aurten, “genero berdintasuna gaur, biharamun jasangarri baterako” lelopean ospatzen dugu. Izan ere, aniztasuna eta emakumeen presentzia berdinzalea erakusten duen zientziak egingo dio aurre klima-aldaketak dakarzkigun erronkei.
Iturriak:- Futility Closet, A Modest Proposal. 2022ko otsailaren 22a.
- Letters of Note, Ought women not to be abolished altogether? 2012ko maiatzaren 14a.
Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
The post Clementine, «Kondenatuetako bat» appeared first on Zientzia Kaiera.
Ortzadarra interpretatzen izarrak sailkatzeko
Izarren argiak bere egitura kimikoari buruzko oinarrizko informazioa dauka. Baina informazio hori ezkutuan egon da hamarka mendez, botila bateko mezua bezala. Argiaren barneko ortzadarra askatzeko gai den Newtonen prisma izan zen gerora mezu horiek guztiak interpretatzeko aukera eman zigun puzzlearen lehen pieza.

XIX. mendean, zientziaren eta teknologiaren aurrerabideari esker, erreminta optikoen zehaztasuna gero eta handiagoa zen. William H. Wollaston fisikari eta kimikariak eguzkiaren argian ezkutatutako lehen lerro ilunak aurkitu eta gero (xurgatze-espektroak), Joseph von Fraunhofer fisikariak bere teknika perfekzionatu zuen eta urteak eman zituen horiek zehaztasunez sailkatzen. Fisikari alemaniarra izan zen lehena difrakzio sare bat erabiltzen argiaren espektroa lortzeko –zirrikitu ñimiñoz betetako sareta bat da, argia difraktatzen duena eta uhin luzera ezberdineko izpiak bereizten dituena (kolore ezberdinekoak)–. Era berean, lehena izan zen gailu hori baliatzen ortzadarraren lerro ilun misteriotsuei lotutako uhin luzerak neurtzeko. Horregatik, Fraunhofer espektroskopiaren aita kontsideratzen da. Bere izena eguzki argiaren espektroan idatzita geldituko da betiko.
XIX. mendean, astrofisikariak gutxika izarretatik zetorren argiaren mezuak deszifratzen joan ziren. Espektro horiei esker, zientziak datu berri ugari bildu zituen, gero eta zehaztasun handiagoarekin neurtutakoak. Hala ere, zenbaki horiei guztiei zentzua emateko, beharrezkoa zen aztertzea eta interpretatzea, horiekin eredu bat sortzea. Zer konta zezaketen lerro ilunek izarren jatorriari buruz?
Espektro horietan oinarritutako izarrak sailkatzeko lehen saioak 1860 eta 1870 artean izan ziren. Garai horretan nabarmendu zen Angelo Secchiren lana, Unibertsitate Potifikal Gregoriarraren behatokia zuzentzen duen astronomo italiarrarena. Secchik proposatu zuen lau izar motako sailkapen bat, kolorearen eta zenbait osagai kimikoren arabera. 1. motako izarrak zuriak edo urdinxkak ziren, eta espektroek lerro oso markatuak zituzten, hidrogenoarenak. Izar horien artean zeuden Vega eta Sirius. Gainera, tonu apalagoa zuten argi horiko izarrak (2. motakoak), laranjakoak (3. motakoak) edo gorrixkak (4. motakoak) zeuden. Sailkapen sistema hori egun erabiltzen ez den arren, Secchi aitzindarietako bat izan zen ikerketa astronomikoak espektrografian oinarritzen. Emankorrenetako bat ere izan zen: 4.000 izarren espektrotik gora sailkatu zituen, bere sistema erabiliz.
Atlantikoaren beste aldean, Edward Charles Pickering izeneko fisikariak eta Massachusettseko Teknologia Institutuko irakasleak (MIT ospetsua) ere uste zuen astronomia berria ezin zela mugatu izarren abiadurak eta posizioak neurtzera: ondoren, izarren espektroa, distira eta kolorea funtsezkoak izan ziren unibertsoa ulertu ahal izateko, astrofisika berriaren oinarriak. Baina anbizio handiko helburu hori lortzeko bi osagai ezinbestekoak izan ziren. Hasteko, datu gehiago behar ziren.
Zorionez, Pickeringek bi teleskopio handi zituen horretarako: Cambridgeko errefraktore handia, 1847an eraikitakoa eta zeruaren argazkiak ipar hemisferiotik ateratzen zituena, eta Arequipako Bruce teleskopioa, 1896koa, hego hemisferioan. Eta, batez ere, Pickeringen proiektuak datu horien guztien analisi xehatua behar zuen. Informazio berri hori guztia aztertzeko gai ziren pentsalariak behar zituen. Halaxe osatu zen giza konputagailuen lehen taldea, gaur egun oraindik ere “Pickeringen harema” izen desegokiaz ezagutzen dena.
Erreferentzia bibliografikoa:Gray, O. Richard eta Corbally, Christopher J. (2009). Stellar Spectral Classification. Princeton University Press.
Egileaz:Almudena M. Castro (@puratura) pianista da, arte ederretan lizentziatua, fisikan graduatua eta zientzia dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2021eko abenduaren 30ean: Interpretar el arcoíris para clasificar estrellas.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Ortzadarra interpretatzen izarrak sailkatzeko appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #384
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Silurua arrain harrapakari bat da, eta bi metroko luzera eta 100 kiloko pisua izan dezake. Espezie inbaditzailea da, eta Sobrongo urtegira iritsi dela berretsi dute. Gaztela eta Leongo Gobernuak eman ditu datuak, eta haien kontrolerako plan bat ezarri du. Baina Berriak arrantzaleetatik lortutako datuetatik azaldu du silurua Sobronen aspalditik dagoela, eta baita Arabako beste urtegi batzuetan ere. Baina gaur egun, silurua ez dago espezie inbaditzaile gisa katalogatuta araudian, eta beraz, izatez Araban ezin da silururik arrantzatu. Alabaina, espezie harrapakaria da, eta aloktonoa den ekosistemetan sarraskiak eragiten ditu, ez baitago bera harrapatuko duen beste animaliarik. Datu guztiak Berrian: Siluruaren lorratza.
Plentziako Itsas Estazioko (PIE/EHU) ikertzaileek orain arte inoiz ikusi gabeko parasito bat aurkitu dute euskal kostaldeko uretan eta Txikispora philomaios izena jarri diote. Espora txiki hau maiatzean bakarrik azaltzen da uretan, eta urteko gainontzeko hilabeteetan desagertu egiten da. Baina bitxiena ez da hori: ikertzaileek uste dute leinu primitibo bateko organismo bat dela, eta animaliak emango zituen organismo zelulabakarra diferentziatu eta organismo zelulanitzak emango zituen puntutik oso hurbil kokatzen dela. Parasito honen genomak ulertzen lagunduko du, beraz, zelulak noiz eta nola hasi ziren elkartzen eta espezializatzen. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Animalietan zelulaniztasuna nola garatu zen ulertzen lagunduko duen parasitoa.
Mendexan itsaso zabalean kokatuta dagoen akuikultura eremu bat dago martxan eta beste hainbat ezartzea planteatzen ari da. Akuikulturarako eremuak ezarri aurretik, ezinbestekoa da fitoplankton komunitatearen azterketa sakona egitea, bibalbioen energia iturri eta, aldi berean, toxikotasun eragile nagusia baita fitoplanktona. Honen harira, azken urteetan bibalbioen akuikulturarekin erlazionatutako fitoplanktonaren ikerketa ezberdinak egin dira Mendexa eta Mutrikun, bertako komunitateek bibalbioen akuikultura eusteko duten egokitasuna ezagutzeko asmoz. Muskuiluen hazkuntzarako onuragarriak ziren fitoplankton taldeak aurkitu zituzten, besteak beste, diatomeoak, haptofitoak eta dinoflagelatuak. Alabaina, potentzialki toxikoak diren taxonen presentzia ere bazegoela ikusi zuten bi ikerketa eremuetan. Datuak Zientzia Kaieran: Euskal kostaldeko fitoplanktona bibalbioen akuikulturan.
EkologiaAzpiegitura linealek (errepideek eta trenbideek, zubiek etab.) eragin oso negatiboak dituzte biodibertsitatean. Errepideak eraikitzerakoan, gutxitan hartzen da kontuan bertako animalien banaketa espaziala, eta, beraz, tranpa hilgarri bat ezartzen zaie. Inpaktu hau ezagutzera eman zuen lehenetarikoa Richard T. T. Forman Harvard Unibertsitateko ekologoa izan zen, eta “errepideen ekologia” delako ekologiaren diziplinaren sortzaileetako bat kontsideratzen da. Forman-en aurkikuntzek bidea ireki zuten, errepideen eta animalia basatien arteko elkarrekintzak ahalik eta gehien murrizteko. Ahalegin horien artean daude animalientzako pasabideak, baina hauek ezartzea ez da nahikoa izan errepideetako basa bizitzaren hilkortasuna ezabatzeko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Errepideen ekologia: istripuek basa bizitzan eragindako hilkortasuna aztergai.
OsasunaBerriak Gurutzetako ospitaleko Nora Civicos mediuarekin hitz egin du. Nora Civicos Bizkar Muineko Lesionatuen Unitateko koordinatzailea da eta Suitzako ikerketa-talde batek bizkar muineko lesioen sendaketan egindako aurrerapena aztertu du. Ikertaldeak erabateko lesioa duten hiru gaixo oinez ibiltzea lortu du, baina Norak ez du uste betirako konponbidea aurkitu denik. Azaldu duenez, sekulako aurrerapausoa iruditzen zaio, baina beldur pixka bat ere eragin dio. Izan ere, ondo ulertu behar da zer egin duten Suitzan eta zertan datzan ikerketa, jendearen sentimenduekin ez jolasteko. Suitzakoa ikerketa bat da, terapia esperimental bat, baina bizkar muineko lesionatuen unitateen errealitatea bestelakoa da. Azalpenak Berrian: «Aurrerapen itzela», baina ez sendabidea.
Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, hesteetako hanturazko gaixotasunaren ezaugarri genetikoak argitu dituzte euskal populazioan. Hesteetako hanturazko gaixotasuna bi eratara agertzen da nagusiki: Crohnen gaitz moduan (digestio-aparatuko edozein lekutan) edo ultzeradun kolitisaren bidez (batez ere kolonean). Jakina da pertsona batzuek joera genetiko handiagoa dutela gaitz hauek garatzeko, eta haiekin erlazioa izan dezaketen 200 gene-eskualde identifikatu dituzte. Koldo García Etxebarria Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko genetistak gidatu du ikerketa, eta azaldu duenez, gene-eskualde horien eragina asko aldatzen da populazio batetik bestera. Baina Guretzetako Ospitaleetako datuekin egindako analisiari esker, gaixotasunarekin lotura izan dezaketen 33 gene-eskualde detektatu dituzte.
Gaixotasunak Kontrolatzeko Atlantako Zentroko Andrew Geller medikuak eta bere lankideek nutrizio-gehigarrien inguruko ikerketa bat egin dute. Nutrizio-gehigarriak ikuspuntu nutrizionaletik, nutriente batean edo gehiagotan osoak diren prestakinak dira, baina dietan gomendatzen diren bitamina eta mineral kantitate txikiagoak izan ohi dituzte. Bada, Geller medikuak eta bere lankideek ikusi ahal izan zutenez, Estatu Batuetan 20 eta 34 urte bitarteko gazteen ospitaleratzeen % 28 nutrizio-gehigarriekin lotutako arazoengatik gertatzen da, eta haurren ospitaleratzeen % 21. Hauen artean, ia % 70 lotuta daude belarren zein bitaminen eta mineralen osagarriekin. Azaldu dutenez, kezkagarria da Estatu Batuetan nutrizio-gehigarriak hartzeko dagoen ohitura. Eduardo Angulok azaldu du Zientzia Kaieran: Nutrizio-gehigarriak eta haien enigma.
PsikologiaIone Bretaña psikologoaren ustetan, atxikimendu ez segurua duten gizabanakoek, emozioak erregulatzeko arazo gehiago dituzte. Ionek bikote harremanetako gatazkak eta hauek konpontzeko estrategiak izan ditu bere tesian ikergai. Ikerketa aurrera eramateko, bikote atxikimendu maila neurtu dute autoinformeak erabiliz. Atxikimendua sustatuko luketen zenbait portaera bildu dituzte, hala nola, bestearekiko gertutasun nahia, beraien nahiei erantzuteko gaitasuna edo erlazioaren inguruko espektatibak. Horrela, tesian zehar ikusi ahal izan dutenez, atxikimendu segurua duten gizabanakoek emozioak egokiago erregulatzeko gaitasuna dute. Generoari dagokienez, ez dute gatazka estrategietan ezberdintasun nabarmenik aurkitu. Azalpenak Unibertsitatea.net webgunean daude eskuragarri.
Ikerketa batek 1850etik 2019ra bitartean argitaratutako milioika liburutan hitzek duten erabilera maiztasuna aztertu du. Dirudienez, bi joera garbi hauteman dituzte. Lehenengoa, gaur egun zaharkituta dauden terminoak utzi eta hitz berriak erabiltzea da. Bigarrena, jokabidearen alderdi emozionalarekin lotutako hitzen (sentitu edo sinetsi, adibidez) eta alderdi arrazionalarekin lotutakoen (zehaztu edo ondorioztatu, adibidez) erabilera maiztasuna aldatzea da. Azken hamarkadetan, konnotazio arrazionaleko hitzen maiztasuna etengabe txikitu da, eta aldi berean, alderdi emozionalarekin lotutakoen maiztasuna handitu egin da. Hau ikusita, azterlanaren egileek ondorioztatu dute, egia-ostearen indarrak eta hedapenak, beharbada, aldaketa sakonagoa islatzen duela jendearen interes eta lehentasunetan. Juan Ignacio Pérez Iglesiasek azaldu du Zientzia Kaieran: Emozioen goraldia, arrazionaltasunaren beheraldia.
PaleontologiaEvolutinoary Biology aldizkarian argitaratutako artikulu batek eztabaida sortu du dinosauroen gaiaren inguruan. Izan ere, adierazi dute paleontologoek zaku modura erabili dutela Tyrannosaurus rex izenaz ezagutzen den espeziea, baina, berez, hainbat Tyrannosaurus espezie biltzen dituela bere baitan. Ondorio hau 38 banakoen hezurrak eta hortzak aztertuta atera dute. Izan ere, ikertzaileen ustez banako hauen femurren sendotasunean eta hortzen egituran ikusten diren desberdintasunak ez dira sexuak edo adinak eragindakoak, baizik eta garai eta espezie desberdineko banakoei dagozkiela. Orain arte, emeei eta banako gazteei egotzi zaie femur arinagoak izatea, baina ikertzaileek uste dute desberdintasunak handiegiak direla hala izateko Horregatik, Tyrannosaurus imperator eta Tyrannosaurus regina espezie-izenak proposatu dituzte. Aitziber Agirrek azaldu du Elhuyar aldizkarian: Tyrannosaurus generoko hiru espezie egon zitezkeen.
FisikaLeire Larizgoitiari fisikariari egin diote elkarrizketa Elhuyar Zientzian. Neutrinoak ikertzen ditu Leirek bere tesian DIPCn. Hainbat esperimentu egiten dituzte bere taldean, haietako bat NEXT esperimentua, Canfrancen dagoen neutrino-detektagailuan. Taldearen helburuetako bat DIPCn neutrino-detektagailu bat eraikitzea da, gero Lundera (Suedia) bidaltzeko, ESS espalazio-zentrora. Zientzia Kaieran ere aurki daiteke artikulua: Leire Larizgoitia, fisikaria: “Egiten ari garena ez da inoiz egin; beraz, etengabe ikasten ari gara”.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #384 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #389
Bihotz taupaden erregulartasunean eragina esku hartzen duen zelula tipo berri bat aurkitu dute. Eta zelula glien antza du. A glial cell that touches the heart Rosa García-Verdugorena.
Supergeneak ez dira superheroien kontua. Belaunaldietan zehar mantentzen diren kobinazio genetikoak dira. Arrantzaren gehiegizko ustiatzeari aurre egiteko eboluzionatutako bakailao supergeneak arrantzatuak izatea zailtzen ari dira eta, gainera, klima-aldaketatik babestu dezakete espeziea. Cod ‘supergenes’ reveal how they are evolving in response to overfishing, Tom Cameron.
Egon beharko liratekeen tokian ez dauden bi neutrino detektatzea bezain zaila den zerbait detektatzera bagoaz, zergatik ez erabili ahalik eta handien den detektorea? DIPC A tonne-scale detector for neutrinoless double-beta decay
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #389 appeared first on Zientzia Kaiera.
Leire Larizgoitia, fisikaria: “Egiten ari garena ez da inoiz egin; beraz, etengabe ikasten ari gara”
Leire Larizgoitia Arkotxa neutrinoen fisikaria da, nahiz eta, fisika ikasten hasi zenean, ez zekien bazirenik ere neutrino izeneko partikulak. Gogora ekarri du, batxilergoko bigarren mailan, fisikako irakasle oso on bat izan zutela: “Teoria azaltzeaz gain, esperimentuak egiten zituen, eta oso ondo ulertzen zitzaion dena. Halako batean, fisika ikasi nahi nuela esan nion, eta fisikarien ibilbidea oso zaila zela erantzun zidan. Hala ere, sartu egin nintzen, eta bai, egia da zaila dela fisikaria eta ikertzailea izatea, baina benetan gustura nabil”.
Aitortu duenez, hirugarren mailan partikulen fisika ikasgaia zuten, eta orduan zaletu zen guztiz. “Hala, hirugarren mailan, CERNera joan nintzen udako praktikak egitera (Suitza), eta han konturatu nintzen hori zela nik egin nahi nuela: neutrinoak ikertu, modu esperimentalean”. Nazioartean erreferentziazko laborategia da CERN, eta, alde horretatik ere, sekulako esperientzia izan zen, Larizgoitiaren esanean: “Mundu osoko jendea zegoen, bakoitza bere kultura eta pentsaerarekin, eta denok ingelesez egiten genuen, baina denok ikasten genuen denongandik. Oso aberasgarria izan zen, eta ate asko ireki zizkidan”.

Gradua bukatu ondoren, DIPCra joan zen udako praktikak egitera (Donostia), neutrinoen taldean, eta bertan lanean hasi zen. Segidan, masterra egin zuen Valentzian, eta orain DIPCko neutrinoen taldera itzuli da, tesia egitera.
“Talde esperimentala gara; beraz, hainbat esperimentu ditugu. Haietako bat NEXT da, Canfrancen dagoen neutrino-detektagailuan, eta ni GanESS proiektuan ari naiz egiten tesia (Gaseous detectors for neutrino physics at the ESS). Gure helburua da neutrino-detektagailu bat eraikitzea DIPCn, gero Lundera (Suedia) bidaltzeko, ESS espalazio-zentrora”, azaldu du Larizgoitiak. Haren esanean, ederra da pentsatzea hemen garatutako detektagailu bat Europako beste puntara bidaliko dela, punta-puntako ikertzaileek erabil dezaten, neutrinoak ikertzeko.
Etengabeko ikasketaOnartu du atzera-aurrera asko dituztela proiektuan, eta bidea ez dela zuzena: “Baina hori badakigu horrela dela, eta, gainera, ikasteko modua da. Azken finean, gu egiten ari garena ez da inoiz egin; beraz, etengabe ikasten ari gara”.
Bestalde, laborategiko giroa oso ona dela kontatu du. Beste arlo askotako jendearekin lan egiten dute: ingeniariak, enpresekin… “Esperimentazioan lan egiten dugunok hori dugu ona: ez dela bakarkako lana, beste diziplinetakoekin ere elkarlanean aritzen zarela”.
Bukatzeko, gogoratu du masterra ikasi zuenean neska bakarra zela, eta, bazterkeriarik sumatu ez badu ere, batzuetan faltan duela inguruan neska gehiago izatea. “Zorionez, gero eta gehiago gara, pixkana-pixkana. Eskertzen da”.
Fitxa biografikoa:Leire Larizgoitia Arcotxa 1998an jaio zen, Gasteizen. EHUn ikasi zuen fisika, baina 4.maila Queen’s Unibertsitatean egin zuen (Kanada). Udako praktiketan, CERNen eta DIPCn izan zen. Masterra Valentzian egin, eta, orain, DIPCn dabil tesia egiten, neutrino-taldean. Bere tesi-zuzendariak (Francesc Monrabal) Europako diru laguntza bat jaso berri du (ERC-Sarting Grant) ‘GanESS’ izeneko proiektua aurrera eramateko.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Leire Larizgoitia, fisikaria: “Egiten ari garena ez da inoiz egin; beraz, etengabe ikasten ari gara” appeared first on Zientzia Kaiera.
Euskal kostaldeko fitoplanktona bibalbioen akuikulturan
Akuikulturak azken hamarkadan mundu mailan izan duen garapena itzela izan da eta, honek, Euskal Autonomia Erkidegoan itsaskien akuikultura burutzeko nahia piztea eragin du. Gaur egun, itsaso zabalean (Mendexan) kokatuta dagoen akuikultura eremu bat dago martxan. Eremu hau 2019ko uztailean hasi muskuiluak saltzen. Hala ere, sektorea gehiago garatzeko helburuz, beste aukerazko kokaleku batzuk planteatu dira kostaldean, Mutriku portua adibidez, izan ere, akuikulturarako eremuak kostaldeko sarguneetan kokatzen dira gehienetan (Galizian adibidez).
Gauzak horrela, ezinbestekoa da fitoplankton komunitatearen azterketa sakona egitea, bibalbioen energia iturri eta, aldi berean, toxikotasun eragile nagusia baita fitoplanktona. Elikagai bezala duen balioa konposizio lipidikoaren araberakoa da, bereziki gantz azido esentzialen araberakoa. Fitoplankton zelulen osaketa lipidikoa espeziaren edo taldearen arabera aldatzen da. Gainera, zelulen tamaina eta ugaritasuna (biomasa) kontuan hartzeko faktoreak dira, muskuiluen ingestio eta erretentzio eraginkortasuna baldintzatzen baitituzte. Hala ere, fitoplanktona ere arriskutsu bilakatu daiteke, izan ere, muskuiluek eta bestelako bibalbioek fitoplankton toxikoa elikagai gisa iragazterakoan, fikotoxinak pilatu egiten dituzte eta maila trofiko altuagoetara lekualdatzen dira, gizakientzako arrisku nabarmena bihurtuz, intoxikazio ezberdinak eragiteko aukera baitago (ASP, DSP, PSP, NSP edo AZP).

Jarraian, azken urteotan, Mendexa eta Mutrikun egin diren bibalbioen akuikulturarekin erlazionatutako fitoplanktonaren ikerketa ezberdinen emaitzak laburbiltzen dira, bertako komunitateek bibalbioen akuikultura eusteko duten egokitasuna ezagutzeko asmoz. Informazio iturritzat erabili diren artikulu eta txosten-teknikoetan fitoplankton komunitatearen ugaritasuna eta osaketa ikertu ziren, potentzialki toxikoak ziren taxonei arreta berezia eskainiz. Horrez gain, muskuiluen haragian aurkitutako toxina kontzentrazioa ere neurtu zen.
Diatomeoak, haptofitoak eta dinoflagelatuak ziren Mendexa eta Mutrikuko fitoplankton biomasa totalari ekarpen handiena egiten zioten taldeak. Hau, muskuiluen hazkuntzarako onuragarria da, hiru taldeek duten gantz azido edukiagatik. Halaber, bi eremuetan nagusitzen zen fitoplankton zelulen tamaina 2-20 µmkoa zen, eta hau ere muskuiluak hazteko aproposa da, 4 µmtik gorako zelulek ingestio eta erretentzio eraginkorra ahalbidetzen baitute. Hala ere, Europako beste akuikultura eremu batzuekin alderatuz, Mendexa eta Mutrikuko fitoplankton biomasa balioak oso baxuak dira, 0,5 µg/L inguruko a klorofila kontzentrazioekin.
Gainera, potentzialki toxikoak diren taxonen presentzia aurkitu zen bi ikerketa eremuetan. Pseudo-nitzschia spp., Dinophysis spp. eta Alexandrium spp.-ek itsaskien toxikotasun arriskua adierazten duten kontzentrazio muga-balioak gainditu zituzten hainbat aldiz, azido okadaikoa izanik muga legala maiztasun handienaz gainditu zuen toxina, bai Mendexan baita Mutrikun ere. Gainera, bi eremuak konparatzeko egindako ikerketa batean ikusi zen Mendexan toxikotasun arriskua handiagoa zela. Dinophysis acuminata da euskal kostaldeko, eta bereziki Mendexako, akuikulturak duen mehatxu nagusia, Galizian eta beste akuikultura eremu askotan sortzen dituen arazoak ikusita. Era berean, Mutrikun, eta orokorrean kostaldeko eremuetan, potentzialki toxikoak diren dinoflagelatu bentonikoekin (Ostreopsis spp.) kontuz ibili behar da, bertako sakonera eskasak ur zutabean aske aurkitzeko aukera gehiago eskaintzen baititu.
Honenbestez, alde kualitatibotik, euskal kostaldeko fitoplankton komunitateak aproposak dira itsaskien akuikultura garatzeko, haptofito, diatomeo eta dinoflagelatuen nagusitasunari eta zelulen tamaina egokiari esker. Hala ere, Mendexa eta Mutrikuko a klorofila balioak akuikultura eremu tradizionalenak (itsasadarrak) baino baxuagoak izateak, bertako muskuiluen ekoizpen-gaitasuna mugatu dezake. Gainera, toxikotasun arazoak aurkitu dira bai Mendexan baita Mutriku ere. Ondorioz, ezinbestekoa da eremu honetako fitoplanktona aztertzen jarraitzea, muskuiluentzako elikagai iturri gisa duen balioa ikertu eta toxikotasun arrisku posibleak kontrolatzeko.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 40
- Artikuluaren izena: Euskal kostaldeko fitoplaktona eta bere garrantzia bibalbioen akuikulturan.
- Laburpena: Azken urteotan, Mendexan eta Mutrikun, bibalbioen akuikulturarekin erlazionatutako fitoplanktonaren zenbait ikerketa gauzatu dira, bertako komunitate naturalek bibalbioen akuikulturari eusteko duten egokitasuna ezagutzeko asmoz. Ikerketa horietan fitoplankton-komunitatearen ugaritasuna eta osaketa aztertu ziren, potentzialki toxikoak ziren taxonei arreta berezia eskainiz. Horrez gain, muskuiluen haragian aurkitutako toxina-kontzentrazioa ere neurtu zen. Diatomeoak eta haptofitoak izan ziren Mendexako eta Mutrikuko komunitate fitoplanktonikoen talde nagusiak, dinoflagelatuen aldizkako agerpenekin batera. Horrenbestez, fitoplankton-komunitate horiek muskuiluen hazkuntzarako nutrizio-kalitate onuragarria daukatela ikusi da, talde nagusiek gantz azido maila altuak azaltzen dituztelako. Gainera, komunitateetan nagusitzen zen zelula-tamaina (2-20 μm) aproposa da muskuiluen ingestio eta erretentzio eraginkorrerako. Hala ere, Europako beste akuikultura eremu batzuekin alderatuz, Mendexako eta Mutrikuko a klorofila-balioak oso baxuak dira, 0,5 μg/L inguruko kontzentrazioekin. Halaber, itsaskien toxikotasun-arriskua adierazten duten zelula-ugaritasuna eta toxinen kontzentrazio-mugak hainbat aldiz gainditu ziren bi eremuetan. Dinophysis da generorik arriskutsuena, Mendexan bereziki, genero horren eta bere toxinen (azido okadaikoa) kontzentrazioa handiagoa baita. Horrenbestez, beharrezkoa da fitoplanktonen azterketekin jarraitzea, toxikotasun-arrisku posibleak hauteman eta kontrolatzeko.
- Egileak: Jone Bilbao, Oihane Muñiz, Marta Revilla, José Germán Rodríguez, Aitor Laza-Martínez, Sergio Seoane
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 180-202
- DOI: 10.1387/ekaia.22340
Egileez:
Jone Bilbao, Aitor Laza-Martínez eta Sergio Seoane EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia Saileko eta Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzaileak dira.
Oihane Muñiz, Marta Revilla eta José Germán Rodríguez AZTI ikerketa zentroko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Euskal kostaldeko fitoplanktona bibalbioen akuikulturan appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 51
- 52
- 53
- 54
- 55
- 56
- 57
- 58
- 59
- …
- hurrengoa ›
- azkena »