Itsasoko plastikoa harrapatzen duten landareak
Posidonia oceanica itsas landareak itsasoan dauden plastiko hondakinak harrapatu eta itsasotik ateratzen ditu, ikerketa baten arabera.
Bartzelonako Unibertsitateko Itsas Geozientzien Ikerketa Taldeak burutu du ikerketa Mallorcako kostaldean, Mediterraneoan hazten den posidonia itsas landareak plastikoak harrapatu eta zelan lehorreratzen dituen aztertzeko. Zonalde horretan daude posidonia landarearen belardi ugarienak eta baita Mediterraneo itsasoaren ur gaineko plastiko hondakin gehienak ere. Posidonia landareak sortzen dituen aegagropiletan (Neptuno bola, itsas-bola) harrapatzen ditu belardietan dauden dentsitate altuko plastikoak eta bola horiekin batera ateratzen dira plastikoak itsasotik hondartzetara, nagusiki eguraldi ekaiztsuan.

Itsasoa garbitzeaz gain, hainbat berezitasun ditu itsasoko belar honek. Esan behar den lehenengo gauza zera da: posidonia landarea da, ez alga. Klima epeleko espeziea da eta Mediterraneo itsasoan endemikoa. Bertan belardiak sortzen ditu 0.5 eta 40 metroko sakoneran.
Lau atal nagusi ditu landareak: hostoak, zorroak, errizoma eta sustraiak. Hostoak landarearen alde fotosintetikoa dira eta hosto-zorroaren bidez (pigmenturik ez duena eta zuntzez osatutakoa) lotzen zaio errizomari.

Oso paper garrantzitsua du posidoniak habitat sortzaile moduan. Klima-aldaketa arintzen ere du zeregina, CO2 hustubidea baita. Sortzen dituen ohantzeek (udazkenean hostoak galtzen ditu, itsaso olatuek eta korronteek hosto solteak hondartzetara eramaten dituzte, bertan ohantzeak sortzen dituztelarik) urertza babesten dute eta kostaldeko higadura eragozten dute, olatuen energia arintzeaz gain. Ez hori bakarrik, dunetako landaredian ere eragina dute, nutrienteak hornitzeaz gain, substratu aridotasuna galarazten baitute.
2015eko ikerketa baten arabera 1 224 707 hektareako distribuzioa du Posidonia oceanicak. Estimazioen arabera, azken 50 urteetan %34 egin dute atzera posidonia belardiek.
Plastikoak itsas-boletan harrapatzenPlastiko garbiketari bueltatuz, bi modutara eragiten du posidoniak:
- Iragazki moduan. Lurretik itsaso zabalera doazen plastikoak harrapatuta geratzen dira posidonia hostoetan, iragazki lana egiten duelarik.
- Plastikoa itsasotik ateratzen. Inguruan duen plastikoa itsas-bolan harrapatu eta honekin batera itsasotik lurrera bueltatuz.
Bigarren honetan landarearen hosto-zorroek hartzen dute garrantzia. Izan ere, ligninan aberatsak dira zorroak, bestelako itsas landareen zorroak ez bezala. Ligninak ematen du itsas-bolak sortzeko behar den zurruntasuna.
Udazkenean, landareak hostoak galtzen dituenean, hosto zorroek higadura jasaten dute eta zuntzak askatzen dituzte. Itsasoaren mugimendua dela eta (korronteak, olatuak) zuntzak korapilatu egiten dira bolak sortuz: aegagropila (Neptuno bola, itsas-bola). Bola sortzen den bitartean inguruan plastikoa badago, bolaren zati bilakatzen da eta itsas-bolarekin batera hondartzan bukatzen du, bereziki ekaitza dagoenean.
Itsas-bolen kanporatzea itsasok mugimenduaren menpekoa da, olatuen mendekoa. Udazkenean eta neguan olatuak biziagoak dira Mediterraneo itsasoan eta momentu horretan ateratzen dira itsas-bola gehiago itsasotik hondartzetara. Hala ere, urte osoan zehar topa daitezke itsas-bolak hondartzetan.

Tamainari dagokionez, gehienbat mikroplastikoak (5 milimetro baino gutxiagokoak) eta mesoplastikoak (5 eta 25 milimetro artekoak) dira itsas-bolekin batera itsasotik ateratzen direnak.
Nolakotasunari dagokionez, itsasoko ura baino dentsoagoak diren plastikoak harrapatzen ditu Posidonia oceanicak, hondoratu egiten direnak. Haien artean, PET (botilak, ontziak eta ehunak egiteko asko erabiltzen den plastikoa), PVC (hodiak, ateak eta leihoak, pelikulak, jostailuak, e.a. egiteko erabiltzen dena), poliuretanoa (isolatzailea dena, besaulkiak, koltxoiak, hodien isolatzaileak, e.a. egiteko erabiltzen dena) ala poliamida (nylona).
Formari begira, filamentuek eta zuntzek presentzia handia dute. Itsas-boletan harrapatuta geratzeko erraztasun handiagoa dute, hosto-zorroen zuntzekin korapilatzen baitira.
Posidonia landareak itsaspean sortzen dituen zelaiek zeregin garrantzitsua dute itsas ekosisteman, izan ere, oso sentikorrak dira kutsadurarekiko. Hori dela eta, uren egoeraren adierazle onak dira, biomonitore natural gisa eta, ikerketa berri honi esker, agerian gelditu da itsasoa plastikoz garbitzeko tresna naturalak ere badirela.
Erreferentzia bibliografikoak:Sanchez-Vidal, A., Canals, M., de Haan, W.P. et al. (2021). Seagrasses provide a novel ecosystem service by trapping marine plastics. Scientific Reports, 11, 254. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-020-79370-3
Telesca, L., Belluscio, A., Criscoli, A. et al. (2015). Seagrass meadows (Posidonia oceanica) distribution and trajectories of change. Scientific Reports, 5. 12505 (2015). DOI: https://doi.org/10.1038/srep12505
Iturriak:La mecánica del caracol (2021): Posidonia atrapa-plásticos. Euskadi Irratia, emisio-data: 2021-01-19.
Egileaz:
Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
The post Itsasoko plastikoa harrapatzen duten landareak appeared first on Zientzia Kaiera.
10 urte kultura zientifikoa zabaltzen
UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak lehen hamarkada bete du 2020. urtearen amaiera aldera. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) Kultura Sailaren arteko akordio bati esker sortu zen. Katedraren sorrera arrazoitzeko unibertsitateko Gobernu Kontseiluari aurkeztu zitzaion agirian, kultura zientifikoa hedatzearen garrantzia azpimarratzen zen. Kultura zientifikoa gizartean hedatzea komenigarritzat jotzen zen, alde batetik, arrazoi kulturalengatik, eta, beste batetik, irizpide iturri izan zedin banako zein taldeko erabakiak hartzerakoan.
Urte hauetan zehar, katedrak jarduera bizia izan du hainbat esparrutan, eta askotariko euskarriak baliatu ditu. Hitzaldiak antolatzen ditugu era askotako testuinguruetan, argitalpenak egiten ditugu hedabide digitaletan, lehiaketak antolatzen ditugu, dokumentalak eta bideoak ekoizten ditugu zenbait formatutan, gazteei zuzendutako lantegiak egiten ditugu, erakusketak antolatzen ditugu, ikastaroak eta graduondokoak sustatzen ditugu, eta beste dibulgazio jarduera batzuk egiten ditugu. 1o.zientzia.info gunean ikus dezakezue gure jardueraren zatirik handiena, laburbilduta.
Interneteko jardueraAzpimarratzekoa da Interneten dugun jarduera; irismen handia du eta gure gainerako jarduerak ezagutarazteko plataforma da. Horregatik, zenbait datu zehatz aipatuko ditut. Guztira, 11.500 artikulu inguru argitaratu ditugu, eta, orotara, 32 milioi bisitatik gora izan dituzte. Cuaderno de Cultura Científica (CCC) 2011ko ekainean hasi zen; Mapping Ignorance (MI), 2012ko abenduan; Zientzia Kaiera (ZK), 2013ko irailean, eta Mujeres con Ciencia (McC), 2014ko maiatzean.
Baliabide horiek, esaterako, 2020an lortu duten hedapena zifra gutxi batzuetan laburbildu daiteke:
- Cuaderno de Cultura Científica blogak 8,5 milioi bisita izan ditu (10 milioi orrialdetik gora bisitatu dituzte); bisita horietatik % 67 Latinoamerikakoak izan dira, eta % 13, beste herrialde batzuetakoak.
- Mapping Ignorance guneak 300.000 bisita baino gehiago jaso ditu (385.000 orrialdetik gora bisitatu dituzte); bisita horietatik % 40 AEBkoak izan dira, % 8, Erresuma Batukoak; % 5, Kanadakoak, eta % 39, atzerriko beste herrialde batzuetakoak.
- Zientzia Kaierak 75.000 bisitatik gora izan ditu (130.000 orrialde); bisita gehienak (% 84) Euskal Autonomia Erkidegokoak izan dira; % 4 Nafarroakoa izan da; % 8, AEBkoak, eta % 4, munduko beste herrialde batzuetakoak.
- Mujeres con Ciencia blogak 2,5 milioi bisitatik gora izan ditu (3,5 milioi orrialdetik gora); bisita horietatik % 50 Latinoamerikakoak izan dira; % 5, AEBkoak, eta % 10, atzerriko beste herrialde batzuetakoak. Balio metatutan, 11,375 milioi saio dira; baliabide horiek beren bizitza urteetan zehar izan duten trafiko osoaren herena da hori. Beraz, agerikoa da urteek aurrera egin ahala hazkunde nabarmena izan dutela.
Baliabide digitalek izandako hedapena, hein handi batean, sare sozialetan izandako jarduerari esker izan da. Beste alde batetik, Youtubeko gure kanalean 400 bideo baino gehiago argitaratu ditugu, eta 2,5 milioi alditan baino gehiagotan ikusi dira. Gainera, Ciencia Clip bideo zientifikoen txapelketa abian da 2016az geroztik; 2.500 gaztek baino gehiagok parte hartu dute, eta 1.350 bideo aurkeztu dituzte.
Bidelagunak eta ekimenak2010eko urrian jaio zenetik, eta joan den abendura arte, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa jaso du katedrak bere jardueretarako. 2013an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila laguntza ematen hasi zen, euskarazko eduki zientifikoak zabaltzeko, eta, gerora, areagotu egin da laguntza hori, hezkuntzarekin eta STEAM diziplinen sustapenarekin lotutako proiektuak bultzatzeko, batez ere. 2015etik aurrera, Bizkaia Talent ekimenak zenbait programa sustatu ditu, zientzia eta teknologia nerabeei eta gazteei gerturatzea xede dutenak. Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza ekimenaren bidez, Naukas Bilbao Euskalduna Jauregiko auditoriumean eta beste areto batzuetan egiteko aukera eman du. FECyTk ere lagundu izan digu gure jarduera batzuetan, 2016. eta 2017. urteetan.
Aurreko horiez gainera, beste erakunde publiko batzuek ere lagundu digute gure programetan eta jardueretan. EiTB taldeak, bere Nahieran eta Kosmos kanalen bidez, guk programatu ditugun ia hitzaldi eta jaialdi guztiak eman eta grabatu ditu, eta jendearen eskura jarri.

Donostia International Physics Center izan da gure bazkide zientifiko nagusia. Hainbat jardueratan (Naukas Bilbao ekimenean, bereziki) eman digun laguntza behar-beharrezkoa izan da haiek egin ahal izateko. Gainera, beste ekimen batzuetan ere parte hartu dugu, hala nola Gipuzkoako Bertsozientzia saioetan, Naukas Donostia eta Passion for Knowledge jaialdietan.
Ikerbasque fundazioarekin egindako lankidetzari esker, ikastaro bat antolatu dugu urtero UPV/EHUren udako ikastaroen esparruan, eta erakundearen laguntza izan dugu, halaber, beste eremu batzuetan. Basque Center for Applied Mathematics zentroarekin izandako lankidetzari esker, Matemáticas para mentes inquietas programako mintegiak eta tailerrak egin ahal izan ditugu zenbait urtez, bai eta Pi eguna antolatu ere, 2018. eta 2019. urteetan. Orobat, era askotako jarduerak antolatu ditugu –jardunaldiak, hitzaldiak eta mintegiak, batez ere– beste ikerketa zentro batzuekin batera, hala nola Biofisika-Basque Center for Biophysics, BCMaterials, Plentziako Itsas Estazioa, eta Achucarro-Basque Center for Neuroscience zentroekin.
2011tik 2019ra, Naukas jaialdia egin da urtero Bilbon, izen bereko dibulgazio plataformaren arduradunen ahaleginari eta lagundu duten pertsonen parte hartze eskuzabalari esker.

Azkuna Zentroan, Zientziateka programa egin zen 2012tik 2018ra. Bestalde, Bidebarrieta liburutegian hitzaldi sorta zabala egin da 2018tik aurrera, Bidebarrieta Zientifikoa programaren baitan. Metro Bilbaori esker, Bilboko itsasadarrari buruzko infografia erakusketa egon zen ikusgai geltokietan, 2020an. Bilbao 700 Fundazioak ere parte hartu zuen Naukas Bilbaoren zenbait ediziotan. Euskadiko Eskola Kontseiluari esker, Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Promaestro Fundazioari esker, beste erkidego batzuetan, Hezkuntzaren frogak programa geografiako beste puntu batzuetara zabaldu ahal izan da. Ekimena 2017an abiarazi zen, eta arrakasta nabarmena izan du. Halaber, lankidetzan jardun dugu Jakiunde elkartearekin, haren Jakin-mina programako Bizkaiko zikloetan. Eta, 2017az geroztik, eduki zientifikoko hitzaldiak ematen ditugu Goienagusi elkartearen programazioaren baitan, Debagoienan (Gipuzkoa).
Euskaltel eta Petronor enpresek laguntza eman dute Naukas Bilbao jaialdirako, zenbait ediziotan. Eta Iberdrola enpresak, 2018az geroztik, Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna ospatzeko egiten dugun bideoaren ekoizpenean lagundu digu.
- bideoa: Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunaren baitan ekoiztutako lehen bideoa: “Leku hori”. (Bideoa: K200 / Jose Antonio Pérez Ledo / Kultura Zientifikoko Katedra)
TVE-ko La 2-eko Órbita Laika zientzia saioaren 1., 2., 5. eta 6. denboraldietan emandako bideoak K2000 telebistarako ekoiztetxearekin egindako lankidetzaren emaitza izan dira. Catástrofe Ultravioleta zientzia podcastaren ekoizpenean ere lagundu dugu, 2014ko otsailean sortu zenez geroztik. Podcastak online saio onenarentzako Ondas saria jaso zuen 2017an.
Gainera, lankidetza jarraitua izan dugu irratiko zenbait saiorekin: La mecánica del caracol (Radio Euskadi), Zientzia eta Pazientzia (Faktoria, Euskadi Irratia), Lau Haizetara (Bizkaia Irratia), Zientzialari (Bilbo Hiria Irratia), Euskadi Hoy Magazine (Onda Vasca) eta Zebrabidea, Arrosa Irratien Sareak ekoitzitako programa.
Gure ibilbidearen lehenengo urteetan, lankidetzan jardun genuen Elhuyar Fundazioarekin, Euskal Herriko gazteen zientzia eta teknologiari buruzko pertzepzioa (2010-2011) azterlanaren lanketan eta Zientzia Live 2012 proiektuan. Orobat, Zientzia eta teknologiaren pertzepzioa Euskadin 2012 azterlanean ere parte hartu genuen.
2016an, Big Van taldearekin elkartu ginen, Ciencia Show lehiaketa antolatzeko. Arte eszenikoak (stand-up comedy edo bakarrizketa umoristikoak) baliatzen dituen heziketa proiektu bat da, eta haren xedea da zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa piztea DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako gazteen artean.

2015 eta 2017an, beste erakunde batzuekin batera, Science+ antolatu genuen. Ekitaldi hauetan, hainbat esparrutik etorritako goi-mailako hizlariek zientziaren munduko aukera profesionalen ikuspegi zabala eskaintzen diete graduatu gazteei. Jardunaldiok Alemaniako Errepublika Federaleko Zientzialari Espainiarren (CERFA) eta Erresuma Batuko Zientzialari Espainiarren (CERU) elkarteekin eta Bizkaia Talent-ekin elkarlanean antolatu ditugu.
2015az geroztik, UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Sailaren Kristalografia Taldeak antolatzen duen Kristalizazioa Eskolan txapelketan laguntzen dugu. Halaber, 2018az geroztik, lankidetzan dihardugu Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Sailarekin, Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat jardunaldietan. 2016tik aurrera, zenbait jarduera antolatu ditugu gure unibertsitateko Zientzia Astea ekimenerako, eta Zientzia eta Teknologia Fakultatearen 50. urteurrenaren ospakizunetan parte hartu genuen 2019an, haren ikerketa lana ezagutarazteko. Gure unibertsitateko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzarekin eta Ekaia aldizkariarekin batera, euskaraz egiten den ikerketa lana ezagutarazteko lanean dihardugu 2015az geroztik.
Gure ibilbidearen hasieratik, otsailaren 12an, Zirkulu Eszeptikoarekin batera, Darwinen Eguna antolatu dugu. Eboluzioari buruzko bi hitzaldiko programa batekin ospatzen dugu, hautespen naturalaren bidezko eboluzioaren teoriaren aitaren jaiotzaren urteurrena.

2018an, LOGOS elkartearekin lankidetzan hasi ginen Zientziaz Blai dibulgazio zientifikorako proiektuan. Proiektuaren xedea da kultura hurbiltzea Bilboko eremu zaurgarri eta behartsuenetara, eremu horien estigmatizazioaren aurka borroka egiteko eta bizikidetza sendotzeko.
Honako erakunde edo talde hauekin ere izan dugu lankidetza: Asociación Española de Comunicación Científica, Guggenheim Bilbao Museoa, Innobasque, Scenio plataforma, Bergarako Laboratorium, EHUgune, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala, Pint of Science eta zenbait kultura elkarte, hala nola Zientziaren Giltzak, ZarautzOn eta Lemniskata.
Kolaboratzaileak eta lantaldeaKultura Zientifikoko Katedrak egitura bikoitz bat du oinarri. UPV/EHUko gainerako luzapen katedrek bezala, zuzendari bat du, eta, horrez gain, kolaboratzaile batzuk, guztiak ere unibertsitatearen beraren akademikoak. Gure kasuan, agiri hau sinatzen duena –neroni– da katedrako zuzendaria, eta kolaboratzaileak dira Ana Arrieta, Aitor Bergara, Raúl Ibáñez eta Miren Bego Urrutia –antolatzen ditugun ekintzen antolaketaz eta aurkezpenaz arduratzen dira–, eta Marta Macho –Mujeres con Ciencia blogeko editorea eta erredaktorea da–. Beste alde batetik, Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntzako Unitateak funtzionatzeko behar-beharrezkoak dituen zerbitzuak ematen dizkio katedrari. Gure jarduerei euskarri ekonomikoa ematen dieten hitzarmenen administrazio eta kudeaketa lan gehienak egiten ditu, bai eta hedapen lanak ere. Benetan funtsezkoa den bigarren lan horretan aritzen dira honako hauek: Ziortza Guezuraga, komunikazio lanen arduraduna eta ekitaldien antolaketako laguntzailea; César Tomé, Mapping Ingnoranceren eta Cuaderno de Cultura Científicaren editorea eta erredaktore nagusia; eta Uxune Martinez, Zientzia Kaieraren editorea, eta katedrako jardueren koordinatzaile nagusia.
Hamar urteotako ekintzetan, eragile ugarik lagundu dute nolabait. Ezer ez litzateke posible izango erakundeen laguntzarik gabe (eta haietako buruen laguntzarik gabe, noski), euskarri ekonomikoa ematen baitiote guztiari. Urte hauetan zehar sortu dugun ikerketa zentroen eta erakunde laguntzaileen sareak gure katedraren egitura txikia orekatzen du. Kolaboratzaileen zerrenda luzea dugu, lankide profesionalena zein modu eskuzabalean dihardutenena; horiek funtsezko laguntza eman digute, zikloak, mintegiak eta jardunaldiak zuzentzen, hitzaldiak ematen eta programatzen ditugun ekitaldietan txostenak aurkezten baitituzte. Ezin ditut guztiak aipatu. Eta, nola ez, katedraren eguneroko lanari eusten dioten pertsona horiek dira gure lorpen guztien arduradun. Eskerrak eman nahi dizkiet horiei guztiei, zuzendari gisa, beren laguntza ordainezinagatik, eta bakarra den proiektu hau errealitate bihurtzeagatik.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post 10 urte kultura zientifikoa zabaltzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #334

Elhuyar aldizkarian jakinarazi digu Aitziber Agirrek seinale positiboak aurkitu dituztela Ivermectina botikarekin egindako entsegu kliniko baten. Emaitzek medikamentuak SARS-CoV-2aren transmisioa eragotz lezakeela iradokitzen baitute. Sintomen iraupena murrizteaz gain, gaixo daudenen karga birala txikitu eta birusaren transmisioa murrizten lagundu dezake.
Jarduera fisikoa egitea osasungarria da denontzat. Eta, bestalde, kaltegarria da aulkian eserita edo sofa batean botata igarotzen baditugu egunak eta egunak. Baina lanagatik eserita orduak pasa behar badituzu, komenigarria litzaizuke hogei minutuan behin altxatzea eta berriz eseri aurretik pare bat minutuz mugitzea. Zure osasunak eskertuko baitu. Juan Ignacio Pérez biologoak azaltzen du zergatik.
Pobrezia energetikoak eragina du osasunean, Bartzelonan egindako ikerketa batek argitu duenez. Juanma Gallegok ematen dizkigu datuak eta xehetasunak: bronkitis kronikoa izateko aukera 4,9 aldiz handiagoa da pobrezia energetikoa duten emakumezkoetan, eta 5,4 aldiz handiagoa gizonezkoetan.
Jakin badakigu 1955ean Jonas Salkek erabilera orokorreko poliomielitisaren aurkako txertoa garatu zuela baina bere aurretik, Isabel Morgan birologoak eman zituen urrats oso garrantzitsuak: hark sortu zuen poliomielitisaren aurkako txerto esperimentala, tximinoetan probatu zutena.
KimikaKonposatu kimikoen historian murgildu gara César Toméren artikulu honen bidez. Denboran zehar izan diren kimikariak eta euren aurkikuntzak azaltzen dira testu honetan. Konposatu kimikoen izaera ahalik eta zehatzenen izendatzea zuten helburu. Ez galdu!
SoziologiaElhuyar aldizkarian, Ana Galarragak Michigango eta Templeko Unibertsitateetako Soziologia sailetako ikerketa interesgarri baten emaitzak argitaratu ditu asteon. AEBko STEM arloko 21 elkarte profesionaletako 25.324 lagunei (1.006 LGTBIQ taldekoak) bideratuko inkesta baten emaitzak izan dira eta hauek adierazten dute bereizketa sistematikoa jasaten dutela arlo zientifikoko LGTBIQ taldeko langileek. Emaitzen arabera STEM alorreko LGBTQ langileek gainontzekoek baino muga profesional gehiago dituzte eta jazarpen eta gutxiespen handiagoa pairatzen dute.
Adimen artifizialaMITeko ikertzaileek birusen mutazioak aurreikusteko tresna bat garatu dute, Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkariak azaldu duenez. Zehazki, A gripearentzat, GIBarentzat, eta SARS-CoV-2arentzat garatu dituzte ereduak.
GenetikaFaltan botatzen nituen Koldo Garciaren artikulu zientifikoak. Asteon, animaliei buruz hitz egin digu Zientzia Kaieran, hain zuzen, ugaztun primitiboen gene-bitxikeriak kontatu dizkigu. Horien artean, ornitorrinkoa. Horri jarraiki, aipatu du zientzia-lan batean gene-sekuentzien kromosoma-kokapena zehazteko ornitorrinko ar baten genoma sekuentziatu dutela. Horri esker ikertzaileek ikusi dute, besteak beste, ornitorrinkoaren genoman erantzun immunean parte hartzen duten geneen antolaketa ugaztunak ez diren ornodunen antzeko antolaketa dela; eta ornitorrinkoen pozoiaren jatorria defensinak deitutako gene-familia dela.
Paleontologia1996an Otxola espeleologia-taldeko kide batzuek Mainea haitzuloan (Uitzi, Nafarroa) aurkitu zituzten fosilak ikertu dituzte orain UPV/EHUko eta Aranzadiko paleontologoek. Fosil horiek duela 46.000 urtekoak direla neurtu dute eta erakusten dute errinozero iletsuak eta mamutak bazkatzen zirela larre horietan. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.
Zientzia eta arteaIlustrazio zientifikoari buruzko erreportaje interesgarria publikatu dute Berrian. Bertan, adibidez, Vega Asensio UPV/EHUko Ilustrazio Zientifiko graduondokoaren koordinatzaileak hitz egin du ilustratzailearen figuraz. Gainera, ilustrazio zientifikoan diharduten Mikel Rodriguezen eta Nuria Hernandezen hitzak bildu dituzte eta denek berresten dute zientzia azaltzeko irudiak ezinbesteko bidea direla, are gehiago espezializazio handiko gaiak komunikatzeko orduan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #334 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #337
Depresioa gure gizartearen gaitz bat da. Medikamentuen eta terapien osagarria edo alternatiba bat zuzeneko estimulazio transkraniala izan daiteke. Jose Ramon Alonsok ekarri du gaia asteon Transcranial direct current stimulation and depression artikuluan.
Galdera hau ez da nolanahikoa. Eta, gizateria etorkizuneko pandemietatik babesteko egin behar den gauza bakarra gure seme-alabak genetikoki editatzea bada? Hori berori lantzen du Yusef Paolo Rabia ikertzaileak: Editing the DNA of human embryos could protect us from future pandemics.
Atomo baten barruan gertatzen diren trantsizioak, esaterako Auger efektua, esperimentalki neur daitezke attosegundoetan. DIPC zentroko ikertzaileek azaltzen dizute zelan: Sub-femtosecond resolution of the Auger effect via self-referenced attosecond streaking.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #337 appeared first on Zientzia Kaiera.
Isabel Morgan (1911-1996) polioaren txertoaren bidean, lehen urratsak eman zituen birologoa
Zaila da norberak ezagutzen ez duenaren kontra egitea. Gatazka hori are neketsuagoa da gizateriaren osasuna modu larrian kaltetzen ari den epidemiari buru egin behar bazaio. XX. mendean, birus batek hondamendia eragin zuen, eta ez zegoen ia informaziorik haren inguruan. Gaixotasuna etxe guztietan sartu zen, familiek ez zuten besterik buruan; beldurrak eraginda, zurrumurrua ahopeka transmititzen hasia zen. Jakina zen poliomielitisak (polio ere deitua), aldi baterako paralisia edo paralisi iraunkorra eragiten zuela haurrengan, eta, batzuetan, baita heriotza ere. Birusa gorputzean sartu eta odol-fluxuaren bidez, nerbio-sisteman sartzen zen. Bada, zer zen hura? Eta nork geldiarazi zezakeen?

Guztiok gai gara imajinatzeko egoera hori Daniel Defoeren Diario del año de la peste eleberriari esker. Bertan, zurrumurruak eta ezjakintasuna nagusi dira, eta horiek nahasmena eta izua sortu ohi dute. Esaterako, narratzaileak kontatzen du behin emakume batek, elizan, jendez betetako banku batean eserita zegoela, usain txarra nabaritu zuela. Izurria banku jakin hartan zegoela ondorioztatu zuen, eta ondoan zegoenari bere teoria azaldu zion. Ondoren, zutitu eta alde egin zuen emakumeak. Jakina, zurrumurruak aise bete zituen elizako zoko-moko guztiak. Denak irten ziren elizatik jakin gabe zer demontre zen eliza horretan zegoen gauza kaltegarria.
Poliomielitisaren kasuan, zurrumurru horiek isilarazteko, birusaren jatorria eta garapena ezagutzeko, eta, modu berean, epidemia hori desagerrarazteko, ikertzaile talde askok oso gogor lan egin zuten txerto antipoliomielitikoa aurkitzeko. Besteak beste, Johns Hopkins Unibertsitateak egindako lana da azpimarratzekoa. Bertan, Isabel Morgan birologoak jardun zuen, David Bodian eta Howard Howe zientzialariekin batera. Hark sortu zuen poliomielitisaren aurkako txerto esperimentala, tximinoetan probatu zutena. Lana funtsezkoa izan zen, 1955ean Jonas Salkek erabilera orokorreko txertoa aurki zezan (Espainian ez zen 1964ra arte merkaturatu).
XX. mendean izurik handiena eragin zuen gaixotasunetako bat izan zen poliomielitisa. Espainian, 1956 eta 1963 artean haurrak izan ziren kaltetuenak; 12.000 ezintasun fisiko larri eta 2.000 hildako inguru eragin zituen. Hala ere, epidemiaren punturik gorenena Estatu Batuetan jazo zen, 1952an, non 60.000 kasu atzeman eta 3.000 heriotza baino gehiago izan ziren. Munduko gainerako herrialdeen egoera ez zen hobea; besteak beste, iparraldeko herrialdeetan, Erdialdeko Europan eta Britainia Handian ere kasuak izan ziren.
Lehenengo ikerketakIsabel Morgan, 1933an Fisiologia eta Medikuntzako Nobel Saria irabazi zuen Thomas Hunt Morgan genetistaren alaba, Stanfordeko Unibertsitatean graduatu zen. Bakteriologiako doktoregoa Pennsylvaniako Unibertsitatean egin zuen eta ondoren Rockefeller Institutuan ikertzaile gisa lan egin zuen. Bere lankideek baino gutxiago kobratzen zuen, batik bat, emakumea zelako. Desagerrarazi nahi zuen epidemia bezain iraunkorra zen diskriminazioa.

Bere maisuetako batzuek zioten Morganek ikertzen zuenean beti bide berriak bilatzen zituela. Zientziarako zuen talentua aski ezaguna zen. Johns Hopkinsen lanean hasi zenean, 1944an, esperimentuak egin zituen birusari buruz gehiago jakiteko asmoz. Bere taldea gai izan zen poliobirusaren sarrera digestio-aparatua zela zehazteko, nahiz eta momentu hartan uste zuten gakoa arnasbidea zela. Era berean, hiru birus mota zeudela ohartarazi zuen, eta gaixotasunaren garapenean fase “biremiko” bat zegoela frogatu. Birusa odoletik nerbio sistema zentralera hedatzen denean gertatzen da hori, hain zuzen. Dorothy Horstmannekin egindako elkarlanari esker lortu zuten informazio hau guztia.
Ikerketan garatutako txerto esperimentalaren emaitzak itxaropentsuak izan ziren: tximinoek eutsi egin zieten poliobirus biziaren kontzentrazio handiko injekzioei. Gerora, Jonas Salkek poliomielitisaren aurkako lehen txertoa garatu zuen, eta hala, ospetsu egin zen. Alabaina, jendeak ahaztu zuen lehen entseguak Isabel Morganek egin zituela. Hasieran ematen diren urrats txikiak azken jauzia bezain garrantzitsuak dira, ezbairik gabe.
Eten egin zen karrera zientifikoaGogorra da erretiroa hartzea nolabaiteko ospea lortzen duzunean, eta Isabelek ikerketa bertan behera utzi zuen arrakastarik handiena lortu zuenean. 1949an Joseph Mountainekin ezkondu zen, New Yorken lan egiten zuen Air Forceko koronel batekin. Bikotea Westchesterrera joan zen bizitzera, eta bertan haren familia zaintzea erabaki zuen. Lana utzi zuenean, beste inork ez zuen bere ikerketekin jarraitu.

Thomas Milton Rivers, Charles Armstrong, John R. Paul, Albert Sabin, Thomas Francis Jr., Joseph L. Melnick,
Isabel Morgan, Howard A. Howe, David Bodian, John F. Enders, Jonas E. Salk, Franklin D. Roosevelt eta Basil O’Connor. (Argazkia: March of Dimes – erabilera publikoko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)
Handik aurrera, ez dago Morganen informazio askorik: Columbiako Unibertsitatean bioestatistikako masterra egin zuen eta Manhattaneko Memorial Sloan-Kettering cancer Centerren (MSK) aholkulari zientifiko gisa aritu zen. Utzitako ondareari dagokionez, Georgiako Roosevelt Warm Spring Institute for Rehabilitation delakoan irudikatuta dago Morgan; poliomielitisa ikertu zuten bere kideekin batera agertzen da busto batean, The Polio Hall of Fame–n.
Iturriak:- Laidler, Keith J. eta Cornish-Bowden, Athel (1977). Elizabeth Fulhame and the Discovery of Catalysis: 100 Years before Buchner, New Beer in an Old Bottle: Eduard Buchner and the Growth of Biochemical Knowledge liburuan (ed. A. Cornish-Bowden), 123-126 orr., Universitat de València, Valencia.
- Steinmark, Ida Emilie (2017). Elizabeth Fulhame: the scientist the world forgot, Education in Chemistry, Royal Society of Chemistry, 2017ko urriaren 10a.
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Isabel Morgan (1911-1996) polioaren txertoaren bidean, lehen urratsak eman zituen birologoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Konposatu kimikoez
XVII. mendean, protokimikariek gai konposatuak izendatzeko erabiltzen zuten “mistura” hitzak ez zituen ia bereizten konbinazio kimikoak eta nahasketa fisikoak. Hala ere, XVIII. mendean zehar bereizketa argi bat hasi zen egiten. Dictionaire de chymie-n (1766), adibidez, Pierre Joseph Macquer kimikariak bereizi egiten zituen, batetik, “konbinazio edo konposizio kimikoa […], zeinean, konbinazioaz gainera, substantzien artean elkarrekiko atxikidura egon behar den”, eta, bestetik, “misturak, hots, nahasketa sinple bat, atalen tartekatze soil bat”.
Georg Ernst Stahl mediku eta kimikariak sortu zuen konposatu-mailen ideia, elementu bakunetatik edo printzipioetatik hasten zena, eta konplexutasun mailari jarraiki, honakoekin jarraitzen zuena: “mixtes, composés, décomposés eta surdécomposés”. Macquerrek nahiago izan zuen izendapen ugaritasun hori saihestu, eta lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailako composés direlakoez mintzo zen. Gaztelaniazko testuetan, composésen ordainez konposatuak itzultzen zuten (itzulpena egiten zutenean).

XVIII. mendean, konposatu hitzaren definizioek ez zuten aipatzen konposatuen atalen proportzioak konstanteak izateko beharrik. Hala ere, gauza jakina zen konposatu-mota aztertuena ―gatz neutroak― azido batek eta base batek osatzen zutela, eta hauek proportzio jakinetan nahasi behar zirela “elkar asetzeko” (hau da, tintaroiari kolorea emango ez zion konposatu bat sortzeko).
1754an, Guillaume François de Rouelle kimikariak gatz neutro mota berri bat deskribatu zuen; gatz mota horrek azido gehiegi zuen, kristalak eratzen zituen, eta tintaroia gorri bihurtzen zuen. Mota horretako gatz bat sortzeko beharrezko azido gehigarria proportzio zehatz batean ageri zen ere, gatz neutroa sortzeko behar zen azidoarekiko, eta halaxe ohartarazi zuen Torbern Olof Bergman kimikariak 1775ean, gatz azidoak bere afinitate-taulan sartu zituenean.
Antoine Laurent Lavoisier zientzialarik ahalegin handiak eskaini zizkion zehazteari zein ziren “aire finkatu”an (geroago, azido karbonikoaren gasa; gaur egun, karbono dioxidoa) konbinatutako karbonoaren eta oxigenoaren proportzioak eta ura osatzen zuten “aire sukoi”aren (geroago, hidrogenoa) eta oxigenoaren proportzioak pisuan. Erretzen edo kiskaltzen direnean metalek eta ez-metalek oxigenoa xurgatzen dutela frogatu ondoren, Lavoisierrek haien konbinazio-proportzioak ere zehaztu zituen, eta konturatu zen haietako batzuek lau oxigenatze-maila zituztela. Proportzioak zehazteko ahalegin hori bere kontulari-arrazoibidea abiarazteko egin zuen Lavoisierrek, balantzeetan —materiarenak kasu honetan— oinarritutako arrazoibidea, izan ere.
XVIII. mendearen bukaeran konposatu kimikoen izaeraren gainean zegoen jakintza ez zen behar bezain zehatza proportzioen konstantziaren datu esperimentalak azaltzeko. Claude Louis Berthollet kimikariak zioen 1803an “hipotesi” hutsa zela konposatuak proportzio zehatzetan ageri ziren osagaiek osatzen zituztela, eta ideia horren abiapuntua disoluzioen eta konbinazioen arteko –oinarri gutxiko– bereizketa zela. Bertholleten ustez, substantziek kimikoki eragiten zuten beste substantzia batzuengan beren masa eta afinitateekiko indar proportzionalaz. Disoluzioan, partikulak edozein proportziotan konbinatuko lirateke. Hala ere, proportzio jakin batek lurrunkortasun edo kohesio maximoa zuen konbinazio bat sortzen baldin bazuen, delako konbinazioa banandu egingo zen proportzio horrexek ezaugarritutako substantzia gisa. Gasek “beste konbinazio batzuek baino proportzio uniformeagoak” agertuko zituzten, beren osagaiak konbinatzean uzkurdura handiagoa jasaten dutelako. Horrela, Berthollet izan zen lehena konbinazio kimikoaren teoria orokor batetik eratorritako azalpenak ekartzen, logika apur bat ematen zietenak “konbinazio jakin batzuen proportzio finkoak zehazten dituzten antolaera eta egoerei”. Baina, hori egitean, orobat adierazi zuen proportzioak baldintza berezien ondorio zirela; eta baldintza horiek “eten” egiten zuten substantzia batek beste baten gainean zuen akzio kimiko arrunta.
Eztabaida historiko batean ―bi aldeen gizalegeagatik eta lehiaren mailagatik ospetsua, baita aztergaien garrantziagatik ere―, Joseph Louis Proust kimikariak zalantzan jarri zuen bai Bertholleten ikuskera orokorra, bai bere baieztapenak funtsatzeko erabilitako oinarri esperimentala; oinarri horren arabera, hainbat gatz eta oxido proportzioen maila jarraitu batean osatu daitezke. Proustek oinarrizko bereizketa bat egin zuen: batetik, disoluzioak, aleazioak eta beirak, eta bestetik, “benetako konposatuak”. Konposatu bat, esan zuen, “naturak proportzio finkoak ematen dizkion produktu pribilegiatua da […] Benetako konposatuen ezaugarriak beren elementuen arrazoiak bezain finkoak dira”. Nahiz eta konposatu kimikoen proportzio finkoen aldeko froga esperimentalen sorta handia eman zuen ―baita zalantzazko kasuetarako ere― Proust ez zen gai izan benetako konposatuaren definizio zehatz bat emateko, disoluzio batetik edo proportzio aldakorreko beste substantzia homogeneoetatik ezberdintzeko.
Pisu erlatiboak identifikatzean elementuak definitzeko propietate gisa, John Dalton zientzialariak “konbinazio-pisu”en esanahia eraldatu zuen. Haien zehaztapena jada ez zen xedea berez, baizik eta honakoa bilatzeko bidea: “partikula konposatu bat osatzen duten partikula elemental sinpleen kopurua, eta partikula konposatuago baten sorreran sartzen diren partikula ez hain konposatuen kopurua”. Gai konposatuak atomoen zenbaki oso eta txikiek osatzen dituztelako doktrinak funtsezko bihurtu zituen haien proportzio zehatzak bere definizioan, eta ez esperientzia analitikoaren emaitza.
Ezaguera kimikoaren bilakaerak ―bereziki mineral, kristal eta organismo bizien konposizio zehaztuaren ezaguerak― bertolidoetatik bereizteko daltonido deitutako konposatu-multzo oso zehatz batera mugatu zuen Daltonen definizioa. Gaur egun, IUPACek (Gold Book, 2.3.3, 24/02/2014 bertsioa), ezaguera hori guztia egokitze aldera, substantzia kimikoaren —konposatuaren— definizioan ez ditu proportzioak aipatzen; konposizio konstantedun materia aipatzen du, osatzen duten atalek ezaugarritua (atomoak, molekulak, unitate-formula), eta ezaugarri fisiko zehatzengatik identifika daitekeena (dentsitatea, errefrakzio-indizea, urtze- eta irakite-puntuak, etab.).
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena:Leire Martinez de Marigorta
Hizkuntza-begiralea:Xabier Bilbao
The post Konposatu kimikoez appeared first on Zientzia Kaiera.
Ugaztun primitiboen gene-bitxikeriak
Animalia bitxitzat jotzen dugu: ahatearena du mokoa, kastorearena buztana eta igarabarenarena hankak. Pozoitsua da eta, ugaztuna bada ere, arrautzak erruten ditu. Australiako ekialdean eta Tasmaniako irlan bizi da. Ornitorrinkoa da.
Bizirik jarraitzen duen ugaztun primitiboen ordezkaria da ekidnekin batera; biak dira monotrema taldearen ordezkariak, hain zuzen ere. Ekidnak Australian eta Ginea Berrian aurki daitezke eta haiek ere erruleak dira. Ugaztun hauen bitxikeriak beren gene-materialean ere aurki daitezke. Ornitorrinko eme baten genoma sekuentziatuta bazegoen ere, sekuentzien %25 bakarrik zegoen kromosometan kokatuta; nolabait, gene-puzzlea bukatu gabe zegoen.
Gene-sekuentzien kromosoma-kokapena zehazteko lan berri batean ornitorrinko ar baten genoma sekuentziatu dute hainbat teknika erabilita. Gainera, ekidna ar baten genoma ere sekuentziatu dute, modu hain sakonean ez bada ere. Horrela, monotremen inguruko zehaztasunak lortu nahi izan dituzte, bai gainontzeko ugaztunekin erkatzeko, bai monotremen arteko ezberdintasunak aztertzeko. Zeren, ugaztun-talde primitibo bereko kideak badira ere, ornitorrinkoek eta ekidnek moldaketa ezberdinak dituzte: ornitorrinkoak karniboroak dira eta elektroerrezepzioa erabiltzen dute orientaziorako; ekidnak, aldiz, intsektiboroak dira eta usaimena erabiltzen dute.

Sekuentziazio berri horri esker posible izan da ornitorrinkoen genomaren %98 kromosometan kokatzea. Hala, ikertzaileek ikusi dute monotremen genomaren sekuentziaren ia erdia gene-osagai mugikorrek osatzen dutela, ornodunetan ohikoa den gertaera, hain zuzen ere; eta gene-osagai mugikor horiek narrastien genometan agertzen direnen antzekoak direla, ez ugaztunetan agertzen direnen antzekoak. Gainera, ornitorrinkoaren genoman 20.742 gene aurkitu dituzte eta ekidnan 22.029 gene.
Genoma-sekuentziak erkatuta, ikertzaileek ondorioztatu zuten orain dela 187 milioi urte banandu zirela monotremak gainontzeko ugaztunetatik; eta orain dela 55 milioi urte banandu zirela ornitorrinkoak eta ekidnak . Gainera, ikertzaileek ondorioztatu zuten bi ugaztun primitibo hauen eboluzio-tasa –hau da, izan duten mutazio-kopurua– gainontzeko ugaztunen eboluzio-tasaren parekoa zela. Era berean, ikusi zuten bazeudela ugaztunetan kontserbatuta dauden gene-sekuentziak. Sekuentzia horietan kokatzen dira garunaren garapenean parte hartzen duten gene-osagaiak. Azkenik, gizakiaren, Didelphidae martsupialaren, Tasmaniako deabruaren, ornitorrinkoaren, oiloaren eta sugandilaren kromosomak erkatu zituzten ondorioztatzeko zeintzuk ziren ugaztunen jatorrizko kromosomak. Horrela, ikusi zuten ugaztunen arbaso komunak 30 kromosoma bikote zituela; eta aztertutako ugaztunetan 918 kromosomen berrantolaketa-gertaera egon zirela. Horretaz gain, ikusi zuten ugaztunen arbaso komunean erantzun immunean eta ilearen hazkundean parte hartzen duten gene-familien hedapena egon dela. Ikertzaileek ikusi zuten, gainera, ornitorrinkoaren genoman erantzun immunean parte hartzen duten geneen antolaketa ugaztunak ez diren ornodunen antzeko antolaketa dela; eta ornitorrinkoen pozoiaren jatorria defensinak deitutako gene-familia dela.

Monotremen gene-ezaugarri oso bitxi bat da sexu-kromosoma bat baino gehiago dutela, gainontzeko ugaztunek bikote bakarra duten bitartean. Sekuentziazio berri horri esker lortu da ornitorrinkoaren bost sexu-kromosoma bikoteen sekuentziak osatzea. Hala, ikertzaileak gai izan dira sexu-kromosoma horien jatorria eta ezaugarriak aztertzeko. Ikertzaileek ondorioztatu zuten monotromen sexu-kromosomak sortu zirela hegaztien eta ugaztunen sexu-kromosomak sortu ziren antzerako gene-mekanismoen bidez; eta sortu zirela ugaztunen aitzindari komunak zituen kromosomen arteko berrantolaketen bidez. Beste berezitasun bat ere badute monotromen sexu-kromosomek: bata besteari lotzen zaizkiola kate antzeko bat eratuta. Gainera, ikertzaileek ondorioztatu zuten sexua ezartzen duen AMH genea kokatzen den gene-eskualdetik hasi zela sortzen ornitorrinkoen sexu-kromosomen antolaketa berezi hori. Aipatutako kromosomen arteko ez-ohiko lotura hori ikusteaz gain, ikertzaileek ornitorrinkoaren sexu-kromosomen arteko elkarrekintzak ikusi zituzten. Gainontzeko kromosomek elkarrekintzak bakarrik beren buruarekin zituzten bitartean, sexu-kromosoma ezberdinetan kokatzen diren gene-osagaien arteko elkarrekintzak detektatu zituzten.
Dietan parte hartzen duten geneei dagokiela, monotremen aitzindariak hortzak bazituen ere, ornitorrinkoek eta ekidnek ez dute hortzik. Izan ere, hortzen garapenean zerikusia duten hainbat gene galdu dituzte bi espezie hauek, hortzak ez dituzten beste ugaztun batzuetan gertatu den bezala. Gainera, bi espezie hauek digestioan parte hartzen duten gene asko galdu dituzte, urdailaren eta arearen garapenean behar-beharrezkoa den gene bat gorde badute ere. Usaimenari dagokiola, ekidnetan usaimen-erraboilaren garapena handiagoa da ornitorrinkoetan baino. Horrek bere isla du genoman: usainen pertzepzioan parte hartzen duten geneen kopurua bikoitza da ekidnetan.

Monotremen ezaugarri deigarriena, ugaztunak izanda, arrautzak erruten dituztela da. Hortaz, beren genoma baliagarria izan daiteke obiparotzatik –arrautzak errutetik– bibiparotzarako –enbrioia umetokian gelditzerako– trantsizioa ikertzeko. Egia esateko, monotremen kasuan, arrautzek proteina asko izateak ez du garrantzi handirik, enbrioiek nutrienteak lortzen dituztelako uteroko sekrezioetatik eta kumeek edoskitzean zehar. Izan ere, martsupialetan gertatzen den bezala, monotremek edoskitze luzea dute eta esnearen osagaiak aldatzen doaz kumearen beharrak asetzeko. Hala, prozesu horiek isla dute gene-osagaietan: arrautzen proteina-kopuruan parte hartzen duen gene-kopurua narrastietan baino txikiagoa da; eta monotremen genometan aurkitu egin dira gainontzeko ugaztunetan esnearen sorreran parte hartzen duten gene gehienak.
Laburbilduz, ornitorrinkoen eta ekidnen bitxikeriak ez dira soilik mugatzen beren itxurara edota portaerara, beren gene-materialean ere badaude: sexu-kromosomen banaketa berezia dute eta haien genometan narrasti, hegazti eta ugaztunen genomek dituzten ezaugarriak aurki daitezke. Gainera, ugaztun primitibo hauek ikertzeak abagunea eman du ugaztunen eboluzioa sakonago aztertzeko. Espero ez izatekoa bada ere, arrarotasunean gene-arrasto baliagarriak aurki daitezke.
Erreferentzia bibliografikoa:Zhou, Y., Shearwin-Whyatt, L., Li, J. et al. (2021). Platypus and echidna genomes reveal mammalian biology and evolution. Nature. DOI:https://doi.org/10.1038/s41586-020-03039-0
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Ugaztun primitiboen gene-bitxikeriak appeared first on Zientzia Kaiera.
Saihestu, ahal baduzu, aulkia eta sofa
Jarduera fisikorik ezak ondorio kaltegarriak ditu osasunean, kutsakorrak ez diren zenbait gaixotasun izateko arriskua areagotzen duelako. Gaixotasun kardiobaskularrak, 2. motako diabetesa eta zenbait motatako minbiziak izateko probabilitatea handiagoa da jarduera fisikorik egiten ez duten pertsonen artean. Jarduera fisikorik eza, beraz, heriotza goiztiar batzuen eragilea da; hori modu esanguratsuan murriztuko balitz, bizi-itxaropena zortzi hilabete igoko litzateke, batez beste, gizateria osoarentzat.
Aurreko paragrafoan esandakoa aski jakina da honezkero. Agian ezezagunagoa da gimnasiora joaten direnen edo egunero tarte batez korrika aritzen direnen artean ere ondorio kaltegarriak dituela jarduera fisikorik ezak. Eta ez, bi esaldi horiek ez dira kontraesanezkoak. Jarduera fisikoak ondorio osasungarriak ditu, jakina. Baina egiten duenak bere denboraren zatirik handiena sofan etzanda edo ordenagailuko pantailaren aurrean eserita ematen badu, eragin onuragarriak murriztu egiten dira.

Dena den, jarduera fisikoak osasungarria izaten jarraitzen du, baita oso gomendagarria ere, mugimendu gutxiko bizimodua baldin badugu. Zozketaren metafora erabiliz: zenbat eta txartel gehiago erosi, orduan eta handiagoa da tokatzeko probabilitatea. Eserita denbora laburra emanez gero, egoera osasungarrian egoteko txartelak erosiko ditugu; kirolen bat edo jarduera fisikoren bat maiz eginez gero ere bai. Txartel ezberdinak dira. Zenbat eta gehiago erosi, orduan eta handiagoa da osasun ona egokitzeko probabilitatea eta alderantziz.
Entzima lipoproteinlipasak funtsezko rola jokatzen du zozketa horretan. Odol kapilarren barruan dago –argian–, endoteliora erantsita, hau da, hodiak estaltzen dituen zelula geruzara. Odolean zirkulatzen duten dentsitate baxu-baxuko eta oso baxuko lipoproteinen triglizeridoen gainean eragiten du eta molekula bihurtzen ditu. Horiek, halaber, zelula muskularretan sartzen ditu, bere metabolismorako, baita adiposoetan ere, metatzeko.
Egonean egotea osasunerako kaltegarria da, muskuluak ez mugitzeak lipoproteinlipasaren mailak murriztea eragiten duelako, eta, hala, zelula muskularretan sartu behar zuten molekulak odolean geratzen dira. Ondorioz, triglizeridoak kontzentrazio handia izatera eta arazoak sortzera irits daitezke.
Gogora dezagun, amaitzeko, mundu guztiak ez duela bizitza erdia pantailaren aurrean ematen. Are gehiago, batzuek ez daukate aulkirik. Duke Unibertsitateko (AEB) Herman Pontzerrek hadzen metabolismoa aztertu du, hots, ehiztari eta biltzaile afrikar talde batena. Ez daukate ez aulkirik, ez antzeko ezer, baina lo egiteaz gain, atseden hartzen dute; egunean hamar bat orduko atsedenaldia egiten dute, Mendebaldeko herrialdeetan eserita ematen ditugun orduen adinakoa. Eta, hala ere, hadzek ez dute triglizerido maila alturik odolean. Pontzerren arabera, atseden hartzeko moduan datza gakoa, orpoen gainean kukubilko edo belauniko, orekari eusteko nolabaiteko aktibitate muskularra eskatzen duten jarreretan. Badirudi ezberdintasun «txiki» hori nahikoa dela arazoak saihesteko. Baina haiek imitatzeko asmotan bazaude, hobe ez saiatzea: haurtzarotik egiten ez bada, ez da erraza eta, azkenean, lesio bat izan dezakezu.
Beraz, saihestu, ahal baduzu, aulkia eta sofa, baina, zure lanaren edo beste edozein arrazoiren eraginez ordu asko eman behar badituzu eserita, gutxi gorabehera hogei minutuan behin altxatzea eta berriz eseri aurretik pare bat minutuz mugitzea komeni da. Eta, horrez gain, egunero ordutxo bat ematen baduzu jarduera fisiko moderatua egiten, hainbat txartel erosiko dituzu bizitza osasungarria izateko.
Erreferentzia bibliografikoak: Lee, I.M., Shiroma, E.J., Lobelo, F., Puska, P., Blair, S.N., Katzmarzyk, P.T. (2012). Effect of physical inactivity on major non-communicable diseases worldwide: an analysis of burden of disease and life expectancy. Lancet, 380 (9838), 219-29. doi: 10.1016/S0140-6736(12)61031-9.Pontzer, H., Raichlen, D. (2020). How changing the way you sit could add years to your life. New Scientist, 3291.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Saihestu, ahal baduzu, aulkia eta sofa appeared first on Zientzia Kaiera.
Energia eskasiak osasunean eragiten duenekoa
Bartzelonan egindako azterketa batek ondorioztatu du pobrezia energetikoak eragin esanguratsua duela kinka horretan dauden lagunen osasunean. Besteak beste, bronkitisarekin eta depresioarekin lotu dute etxea behar beste berotu ezin izatea.
Ezaguna da hainbat eta hainbat faktorek osasunean eragiten dutela, baina beti ez da erraza faktore horien garrantzia eta eragin zehatza ezagutzea. Tartean gaixotasun larriak daudenean, are garrantzitsuagoa da lotura horiek argitzea, eta polemika galantak sortu ohi dira horren harira. Agian adibiderik ezagunenak dira minbizia izateko joera indartzen duten faktoreen inguruan Osasunaren Munduko Erakundeak egiten dituen berrikuspenak, baina, horiez gain, sarritan argitaratzen dira hain mediatikoak ez diren ikerketak.
Halakoetan, normalean arazorik handiena da oso zaila dela eraginak maila molekularrean frogatzea, eta, ezinbestean, korrelazioen munduan sartu beharra dagoela. Horien bitartez, aldagaien arteko lotura estatistikoei erreparatzen zaie. Gehienetan, datu medikoak bizi-ohiturekin edota ingurumenean dauden faktoreekin alderatzen dira, atzean horien arteko kausalitatea egon ote daitekeen argitu aldera. Normalean halako ikerketek ezin dute finkatu behin betiko kausalitate bat, baina, abiapuntu duten oinarri estatistikoaren eta azterketaren diseinuaren kalitatearen arabera, arreta sakonagoa merezi duten gaiei buruz oso zantzu interesgarriak eman ditzakete.

Hau bereziki garrantzitsua da oso gutxi landu izan diren harreman posibleen kasuan. Horren adibide argia da pobrezia energetikoak osasunean izan dezakeen eragina. Orain arte, ikerketa gutxi egin dira horren inguruan, mendebaldeko herrialde garatuen kasuan bederen. Gaia gehiago landu da, ordea, garapen bidean dauden herrialdeetako etxeen barruan kozinatzeko zein berotzeko erabiltzen diren suteen kutsadurari dagokionez: bereziki errekuntzaren ondorioz sortutako karbono monoxidoa da kalte gehien eragiten duena; batzuetan, gainera, heriotza ere ekar dezake, ohartu gabeko intoxikazioen bidez.
Herrialde garatuetan, berriz, pobrezia energetikoa etxebizitzaren behar energetikoak behar bezala asetzeko ezintasunarekin lotu ohi da. Egoera horrek osasunean izan dezakeen eragina aztertu du ikertzaile talde batek. Kasu honetan, Bartzelonako datuak baliatu dituzte, bertan eskuragarri izan dituztelako pobrezia energetikoko egoeran dauden bizilagunen datu base bat, eta horiei inkesta bat egin diete. Gaceta Sanitaria aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dituzte emaitzak.
Pobrezia energetikoaren aurka Bartzelonako Udalak egin zuen programa baten barruan dauden 2.470 lagunen datuak jaso dituzte azterketan (1.799 emakumezko eta 671 gizonezko), eta datuok 2016an egindako osasun publikoaren gaineko inkesta baten arabera energiaren alorrean aparteko arazorik ez duten 2.608 lagunekoekin alderatu dituzte (kasu honetan, 1.393 emakumezko eta 1.215 gizonezko).
Energía, la justa lelopean, 2016an populazio zaurgarrietan pobrezia energetikoa arintzeko egitasmo hori abiatu zuten Bartzelonan. Programak hiru oinarri izan zituen, emaitzen analisia egin zuen ebaluazio batean azaltzen denez: efizientzia energetikoa ahalbidetzeko ohiturak sustatzea, bonu sozialaren tramitazioaren bitartez aurrezkia lortzea, eta etxeetan kontsumo baxuko bonbillak jartzea.
Egileek azaldu dutenez, etxe barruan behar adinako beroa eta bestelako bizi-baldintza egokiak ez izateagatik, neguan heriotzen eta gaixotasunen tasak handitu direla ondorioztatu da aurreko ikerketa batzuetan. Horietan, arnas sistemari eta sistema kardiobaskularrari lotutako arazoak aurkitu dira, eta baita osasun mentalari dagozkionak. Baina orain arte ez da jorratu horrelako ikerketarik Europa hegoaldean.

Diotenez, Europar Batasunaren baitan, arazoa bereziki kezkagarria da ekialdeko eta hegoaldeko herrialdeetan, eta egoera larriagoa egin zen 2008tik aurrera higiezinen burbuilak eztanda egin zuenetik. Klima epelagoa izan arren, egileek argudiatu dute Europa hegoaldeko herrialdeek arazoarekiko zurgarritasun handiagoa dutela, babes sozialerako sistemak “zatikatuta eta gutxi garatuta” daudelako, berotze sistema egokiak faltan daudelako, eta etxebizitzen kalitatea txarragoa delako. “Egoera ondorengo faktoreen elkarrekintzari lepora dakioke: batetik, etxebizitzaren alorreko politika eskasei; bestetik, truke-balioa beharrean erabilera-balioa lehenesten duen eta merkatura bideratuta dagoen etxebizitzen produkzioari. Eskuragarria, egokia eta kalitatezkoa den etxebizitza bat izateko eskubidean txarrerako eragiten du bigarren faktoreak”.
Inkestan, norberak informatutako osasun egoera kontuan hartu dute. Hau da, inkestatutakoak izan dira haien osasun egoeraren berri eman dutenak. Baina egileek babestu dute datu horien balioa. Ikerketaren egile nagusi Juli Carrere soziologoak posta elektroniko bitartez argitu duenez, beste ikerketa batzuek erakutsi dute osasun erregistroak eta norberak emandako erantzunak maila handi batean bat etorri ohi direla.
“Oro har, nolakoa da zure osasun egoera?” galdetu diete parte hartzaileei. Modu berean, aurreko 12 hilabeteetan asma, bronkitis kronikoa, depresioa edota antsietatea izan ote duten galdetu zaie. Haien etxeetan dagoen egoera ere izan dute hizpide: tenperatuta egokia mantentzen duten, edota fakturak ordaintzeko zailtasunik izan ote duten; etxebizitzen egoeraz ere galdetu diete. Datu horiekin guztiekin, hiru mailatan sailkatu dituzte parte hartzaileak: pobrezia energetikoko maila baxua, ertaina edo altua.
Bronkitis kronikoa izateko aukera 4,9 aldiz handiagoa da pobrezia energetikoa duten emakumezkoetan, eta 5,4 aldiz handiagoa gizonezkoetan. Osasun mentalari dagokionez, depresioa eta antsietatea izateko aukera 3,3 aldiz handiagoa da emakumezkoen artean, gizonezkoetan 4 aldiz handiagoa izanik. Ikertzaileek diotenez, familien egoeraren eta osasunaren arteko lotura indartsuagoa da pobrezia energetikoa handiagoa den kasuetan. Aldagai guztietan aurkitu dute harremana, batean izan ezik: gizonezkoek informatutako bronkitis kronikoa.
Egileek hiru faktore jo dituzte egoeraren abiapuntutzat: familiaren egoera sozioekonomikoa, etxearen errendimendu energetikoa eta energiaren prezioak. Faktore horiek, noski, testuinguru politiko, sozial eta ekonomiko zabalago baten barruan daudela ohartarazi dute. “Umeak, adineko pertsonak, emakumeak, etorkinak eta klase baxuko populazioak zaurgarriagoak dira pobrezia energetikoaren aurrean”, idatzi dute. Arazoaren tamaina ikusita, gaia jorratuko duten “politika publikoen beharra” nabarmendu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:Carrere, Juli; Peralta, Andres; Oliveras, Laura; López, María José; Marí-Dell’Olmo, Marc; Benach, Joan; Novoa, Ana M. (2020). Energy poverty, its intensity and health in vulnerable populations in a Southern European city. Gaceta Sanitaria. DOI: https://doi.org/10.1016/j.gaceta.2020.07.007
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Energia eskasiak osasunean eragiten duenekoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #333
Gorka Orive UPV/EHUko Farmazia irakasleak abenduan abiatutako txertaketa prozesuaren erritmoa jarri du ezbaian artikulu honetan. Haren irudiko, beharrezkoa da datozen asteetan abiadura etengabe batean arintzea.
Ildo horri jarraikiz, honatx Elhuyar aldizkariak dakarrena asteon: eztabaida sortu du txertoen bigarren dosia atzeratzeko auziak. Izan ere, bigarren dosia oso berandu hartzeak arazoak sor litzake, adibidez, birusak erresistentziak garatzea.
Txertoen historiari erreparatu dio Ana Galarragak artikulu honetan. Zehazki, txertoen garapenean egon diren emakumeak: Mary Wortley, Marie Laurent, Leone Farrell. Modu berean, COVID-19aren txertoen garapenaren atzean dauden emakumeak aipatu ditu, horien artean, Katalin Karikó.
Txertotik botiketara. Garatzen ari direnen artean, bi multzo: batzuk, antibirikoak, besteek ez dute zuzenean birusaren aurka egiten, gaixotasun larriaren sintomen kontra baizik. Miren Basarasen eskutik bi talde horietako adibideen azalpenak topatuko dituzue Berriako testu honetan.
IngurumenaTrafikoaren eta kutsaduraren arteko harremana ikertu dute Nafarroako Agrobioteknologia Institutuan. Horretarako metodo berritzaile bat erabili dute, Berriak azaldu duen moduan: ezkien hostoetan metatutako metal astunen kontzentrazioen bitartez egin dute neurketa.
Ikerketa batek erakutsi du biodibertsitateak gizakion osasunean izan dezakeen garrantzia. Elhuyar aldizkariak azaldu duen moduan, kitridiomikosiak eragindako anfibioen gainbeherak malaria-agerraldiak areagotu zituen 1990eko eta 2000ko hamarkadetan Erdialdeko Amerikan, azterlan batek ondorioztatu duenez. Xehetasun gehiago, hemen.
BiokimikaProteinen munduan murgildu gara erreportaje honen bidez. Horien egiturak ezagutzeko metodo ezberdinak erabiltzen dira. Duela gutxi, esparru honetan egindako aurrerapen teknologiko bat azaldu digute testu honetan: adimen artifizialaren bidez, algoritmo batek (AlphaFold 2, deitua) proteinen egitura zehaztu du, asmatze maila oso handiarekin, haien aminoazidoen sekuentziatik abiatuz.
KristalografiaAsteon elurra mara-mara aritu da eta ezin hobeto datorkigu azalpen hau: elur malutak izotz-kristal multzoez osatuta daude baina nola osatzen dira kristal hauek? Zergatik dute horrelako itxura konplexuak? Artikulu honetan galdera horien erantzunak topatuko dituzue. Ez galdu!
IngeniaritzaAireko garraio ekologikoagoak, jasangarriagoak eta eraginkorragoak lortze aldera, kontuan hartzen dira elektrifikazio-maila altuak dituzten hegazkinak (MEA, More Electric Aircraft, ingelesez). MEA motako hegazkinetan bi aplikazio elektriko daude: aktuadore elektromekanikoak (EMA, Electro Mechanical Actuator, ingelesez) eta propultsio elektrikoa/hibridoa. Horri buruzko azalpena, hemen.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #333 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #336
Lesboseko marismetan asmatu zuen biologia Aristotelesek, sekulako ondorioekin. The ‘prehistory’ of philosophy of science (7): The invention of biology Jesús Zamorarena.
Gainerako ozeanoekin konparatuta, ezberdina da ozeano Antartikoa, arrazoi askorengatik, gainera. Eta planetaren etorkizunerako duen garrantzia izugarria da. Berarekin erlazionatutako guztia da izugarria. An ocean like no other: the Southern Ocean’s ecological richness and significance for global climate Ceridwen Fraser et al.-en eskutik.
Javalambre-Photometric Local Universe Surveyren lehen datuen analisiek oso ondorio interesgarriak ditu. Haien artean, urrun izarrak uste genuen zenbait elementu, quasarrak direla. DIPC-k The brightest end of the Lyman alpha luminosity function.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #336 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ana Rodriguez-Larrad: “Gure osasun fisikoa, afektiboa eta kognitiboa oso lotuta daude, elkarrekintza estu batean” #Zientzialari (145)
Jarduera fisikoak osasunean eragiten du. Izan ere, bizitzan zehar egiten ditugun mugimenduek eragina dute gure osasun fisiko, kognitibo eta afektiboan. Baina zein da inpaktu-maila?
Ariketa fisikoko esku-hartze programak erreminta baliagarriak dira eraginak neurtzeko. Esaterako, ikusi da mugitzeko arazoak dituzten pertsonek edo zaharren egoitzetako egoiliarrek ariketa fisikoko esku-hartze programetan parte hartzen dutenean, erorketa kopurua jaitsi egiten dela eta menpekotasun maila ere murrizten dela.
Ana Rodriguez-Larrad ikertzaileak, besteak beste, ariketa fisikoko esku-hartzeen diseinua eta ebaluazioan eta esklerosi anizkoitza duten pertsonen exoeskeletoen esku-hartzeak ditu ikergai. Ageing On ikerketa taldeko kidea da eta UPV/EHUko Fisiologia saileko ikertzailea eta irakaslea ere, eta berarekin bildu gara gaia hauetan gehiago sakontzeko.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Ana Rodriguez-Larrad: “Gure osasun fisikoa, afektiboa eta kognitiboa oso lotuta daude, elkarrekintza estu batean” #Zientzialari (145) appeared first on Zientzia Kaiera.
Hegazkinen elektrifikazioa: aktuadore elektromekanikoak eta propultsio elektrikoa
Aireko garraioari dagokionez, Advisory Council for Aviation Research and innovation in Europe (ACARE) elkartearen helburua da % 80ko murrizketak lortzea nitrogeno oxidoen (NOx) isurketetan, eta % 20ko murrizketak lortzea CO2 isurketetan. Bestalde, Europar Batasuneko “Flightpath 2050” txostenean 2050erako % 75eko murrizketa proposatzen da helburu bezala, CO2 isurketei dagokionez, 2000. urteko isurketa-tasekin konparatuz. Horrez gain, % 90eko NOx kutsatzaileen murrizketa proposatzen da, eta baita ere % 65eko murrizketa hegazkinek sortzen duten zaratan. Hori guztia kontuan hartuta, elektrifikazio-maila altuak dituzten hegazkinak (MEA, More Electric Aircraft, ingelesez) kontsideratzen dira jarraitu beharreko paradigma.
Konbentzionalki, lau sistema-mota nagusi erabiltzen dira hegazkinetan:
- Sistema pneumatikoak.
- Sistema hidraulikoak.
- Sistema mekanikoak.
- Sistema elektrikoak.
Motorrek sortutako airea aprobetxatzen dute sistema pneumatikoek, hegazkinaren ingurugiroaren kontrola (presurizazioa eta aire girotua) eta hegaletako izotzaren aurkako sistemak gauzatuz. Aldiz, hegazkinaren eragintza guztiaz arduratzen dira sistema hidraulikoak: lurreratze-trena, balaztak eta hegaldirako kontrol-aktuadoreak, besteak beste. Bestalde, erregaiaren eta olioaren ponpaketaz arduratzen da sistema mekanikoa. Azkenik, argiztapen-sistemaz, entretenimendu sistemaz eta hegazkinaren elektronikaz arduratzen dira sistema elektrikoak. Sistema horiek guztiek hegazkinaren konbustiozko motorretatik edota turbinetatik jasotzen dute energia.

Aldiz, MEA kontzeptuak sistema elektrikoek hegazkinetan duten protagonismoa handitzea proposatzen du. Hori da, propultsio-motorretik lau sistema mota elikatuta izan beharrean, MEAk proposatzen duena da iturri horretatik sorkuntza-elektrikoa bakarrik elikatzea. Horrela, sorgailu elektrikoak elikatuko ditu azpisistema guztiak. Era horretara, konpresore elektrikoek ordezkatuko dituzte sistema pneumatikoak, erregaiaren ponpaketa ponpa elektrikoen bidez gauzatuko da eta eragintza hidrauliko guztia aktuadore elektro mekanikoek (EMA, Electro Mechanical Actutator, ingelesez) ordezkatuko dituzte.
Guzti horren helburua da sistema konbentzionalek dituzten desabantailak neurri batetan kentzea. Adibidez, eragintza hidraulikoari dagokionez, olio-banaketarako sistema bat behar da, handia eta pisutsua dena, eta sarritan isurketak sortzen dituena. MEA kontzeptuaren beste abantaila bat da sistema konbentzional bakoitza konektatuta duen kargaren potentzia maximoari erantzuteko diseinatuta dagoela. Hala ere, potentzia-mutur horiek ez dira aldi berean ematen; energia-iturriak sistema elektrikoan bateratuz, osagaien dimentsionamendu egokiagoa egin daiteke, hegazkinaren beharrizan errealetara hobeto egokituz. Ondorioz, hegazkinaren pisua eta bolumena nabarmen murriztu daiteke, erregai fosilen kontsumoa murriztuz. Horrez gain, komunitate zientifikoan adostasuna dago esatean ezinbestekoa dela hegazkinen propultsio-sistemen elektrifikazio partziala edo totala gauzatzea ere, hasieran aipatutako murrizketa-helburuak lortu nahi baldin badira
Elektrifikatu beharreko bi aplikazio kritiko nabarmendu daitezke hegazkinean: EMAk eta propultsio elektrikoa/hibridoa. Osagai horien kritikotasuna nabarmena da, sistema
horietan gertatutako hutsegiteek bidaiarien segurtasuna jartzen baitute arriskuan. Alde horretatik, motor elektrikoak eta potentzia-bihurgailuak dira sistema horien osagai nagusienetakoak. Horien hutsegite-tolerantzia hobetzeak sistema elektriko horien fidagarritasuna hobetzea dakar, sektore aeronautikoak eskatzen dituen segurtasun-mailak betetzeko. Lan honetan, potentzia sistema trifasikoen ordez hutsegite-tolerantzia handiagoa duten sistema polifasikoen ezarpena aztertu da, diren aukera ezberdinak esploratuz. Horien ikerkuntzan jarraituko dute autoreek, topologia horiek hegazkinetan integratzeko eta, kontrol-algoritmo aurreratuen bidez hutsegite-tolerantzia eta hutsegiteen ondorengo funtzionamendua optimizatzeko.
Iturria:
Sierra, Andres Mauricio; Ibarra, Edorta; Kortabarria, Iñigo; Andreu, Jon; Lasa, Joseba (2019). «Hegazkinen elektrifikazioa: aktuatzaile elektromekanikoak eta propultsio elektrikoa»; Ekaia, 35, 2019, 257-275. (https://doi.org/10.1387/ekaia.19780) Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 35
- Artikuluaren izena: Hegazkinen elektrifikazioa: aktuadore elektromekanikoak eta propultsio elektrikoa.
- Laburpena: Gaur egun, elektrifikazio-maila altuak dituzten hegazkinak (MEA, More Electric Aircraft, ingelesez) kontuan hartzen dira aireko garraio ekologikoagoa, jasangarriagoa eta eraginkorragoa lortzeko. Alde horretatik, tradizionalak diren sistema pneumatikoak, hidraulikoak, eta mekanikoak sistema elektrikoengatik ordezkatu nahi dira, denborarekin, MEA kontzeptuaren helburuak lortzeko. Bi aplikazio elektriko nabarmentzen dira MEA motako hegazkinetan: aktuadore elektromekanikoak (EMA, Electro Mechanical Actuator, ingelesez) eta propultsio elektrikoa/hibridoa. Teknologia horien teknologiaren egoera garatzen da lan honetan, eta egileek EMA prototipo erreal batean lortutako emaitzak azaltzen dira. Horrez gain, sistema horien elementu nagusi diren potentzia-sistemak eta motor elektrikoak aztertzen dira, industria aeronautikoaren beharrizan zorrotzak direla-eta egokienak izan daitezkeen fase anitzeko topologietan zentratuz.
- Egileak: Andres Mauricio Sierra, Edorta Ibarra, Iñigo Kortabarria, Jon Andreu, Joseba Lasa
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 257-275
- DOI: 10.1387/ekaia.19780
————————————————–
Egileez:
Andres Mauricio Sierra Tecnalia Research and Innovationen dabil eta Edorta Ibarra, Iñigo Kortabarria, Jon Andreu eta Joseba Lasa UPV/EHUkoIngeniaritza eskolako Teknologia Elektronikoa Sailean dabiltza.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Hegazkinen elektrifikazioa: aktuadore elektromekanikoak eta propultsio elektrikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Izotz-kristalen zientzia
Azken egunotan elurra mara-mara aritu da Euskal Herriko txoko askotan. Elur malutak izotz-kristal multzoez osatuta daude. Forma geometriko eder eta harrigarriak osatzen dituzte, artelan bat balira bezala. Baina nola osatzen dira kristal hauek? Zergatik osatzen dituzte horren geometria konplexuak? Hurrengo lerroetan horretaz mintzatuko gara.

Izotz-kristalak mikroskopikoak dira eta lainoetan osatzen dira, ur-lurruna edota egoera likidoan dagoen ura atmosferan dauden partikulekin kontaktuan jartzean. Kristal hauek elur malutak osatzen dituzte, zenbaitetan kristal gutxi batzuez osatuak daude, baina bestetan kristal multzo handiak dira. Azken hamarkadetan argazkigintzan eta beste alorretan egin diren aurrerakuntzek izotz-kristalen itxura sakonago aztertzea ahalbidetu dute. Hala ere, elur malutak osatzen dituzten kristalek harridura eta interesa piztu izan dute aspalditik, nahiz eta iraganean begi hutsez soilik aztertu ahal ziren, ez baitzegoen beste tresna egokiagorik.
Izotz-kristalen itxura hexagonala, hots, 6 aldeko itxura geometrikoa, dagoeneko ezaguna zen Kristo aurreko 2. mendean, Txinako zenbait dokumentutan jasotzen denez. Alberto Magno teologo eta pentsalariak XIII. mendean identifikatu zituen izar itxurako kristalak. 1611. urtean Kepler astronomo eta matematikariak izotz-kristalen simetria hexagonala aztertu zuen, De nive sexangula izeneko lanean. Lan hau Wacker von Wackenfels diplomatikoari oparitu zion urte berrian. Keplerren hitzetan, opari bikaina zen, izotz-kristalak zerutik baitatoz eta izar itxura baitaukate. Beraren ustez izotz-kristalek itxura hexagonala zuten hori delako paketatze egokiena materialean ahalik eta hutsune txikiena gelditzeko. Ideia hau Thomas Harrior astronomo eta matematikariari zor dakioke; izan ere, Keplerrekin harremanetan egon zen, itsasontzi batean kanoi balak gordetzeko modu eraginkorrena bilatu nahian. Garai hartan atomoen teoria oraindik ez zegoen garatua, baina berak partikula esferikoetan pentsatzen zuen. Paketatze hexagonalak hutsarte txikienak uzten dituen egitura izateari Keplerren hipotesia deritzo eta 1998an frogatu zen, metodo konputazionalak erabiliz. Edozein kasutan, Keplerrek izotz-kristalen inguruan ikerketa sakonagoa behar zela uste zuen.
XIX. mendean Amerikan zein Europan elur-maluten argazkiak egiten hasi ziren. Argazkilari horietako bat Wilson Bentley zen, Vermont-eko baserritar bat. Beraren ama irakaslea zen eta etxean mikroskopio bat zeukaten. Bentleyk gaztetatik erabiltzen zuen mikroskopioa ur tantak, hegaztien lumak edota beste objektu batzuk aztertzeko. Izotz-kristalekin liluratuta, mikroskopioan ikusten zituen irudiak kopiatzen zituen eskuz, baina, marrazkietatik haratago joan nahian, mikroskopioarekin bat eginda erabil zitekeen argazki-kamera bat erosi zuen. Izotz-kristalen argazkiak ateratzea zuen helburu eta, bere kasa ikasiz, 1885ean tamaina mikroskopikoa zuen izotz-kristal baten lehen argazkia lortu zuen. 1885etik 1931ra elur maluten argazkiak ateratzen igarotzen zituen neguak. Milaka izotz-kristal aztertu zituen eta zenbait ikerketa-artikulu eta liburu argitaratu zituen. Bentleyren arabera ez daude bi izotz-kristal berdin.
Garai bertsuan, 1930 inguruan, Nakaya Ukichiro fisikari japoniarra naturan sortzen diren izotz-kristalak aztertzen hasi zen, haien egitura, erorketa-abiadura edota tamaina-banaketa zehazten ahaleginduz. Kristalak sakonago ikertzeko, haiek modu artifizialen sortzeari ekin zion, eta horretarako izotz-kristalak tenperatura eta hezetasun kontrolatuan sortzeko makina bat garatu zuen. Hala ere, laborategian izotz-kristalak eratzea erronka handia zen: hasieran kristal-pilaketak lortzen zituen, baina izotzen eraketa-prozesua aztertzeko, kristal bakar baten hazkuntza jarraitu behar da. Horretarako behar den substratua, hau da, kristala hazteko behar den oinarria, aldatzen joan zen, filamentu desberdinak erabiliz, kotoia edo zeta esaterako, baina emaitza onik lortu gabe. Azkenean, untxi baten ilea erabiliz, kristal bakar bat lortu zuen eta haren hazkuntza-prozesua jarraitu ahal izan zuen. Horrela tenperaturaren eta hezetasunaren araberako diagrama bat osatu zuen, kristalek hartzen zuten itxura azaltzen zuena. Grafiko hau Nakaya diagrama izenaz ezagutzen da. Baldintzen arabera, xaflak, orratzak, dendritak edo era askotariko zutabeak eratu daitezke. Oro har, ur-lurrun gehiago dagoenean forma konplexuagoak eta tamaina handiagoa hartzen dute. Tenperaturari dagokionez, 0 eta -30 °C artean osatzen dira.
Izotz-kristalen morfologia tenperaturaren eta hezetasunaren araberakoa dela orain dela 80 urte jakin bazen ere, ez dago azalpen zehatz bat mendekotasun hau modu egokian azaltzeko. Kontuan izan behar da kristalen hazkuntza egoera ezegonkorrean gertatzen dela. Prozesu dinamikoa da eta, Kenneth Libbrechet fisikariaren arabera, horrek zaildu egiten du kristalen azterketa. Libbrechetek erlazio hau ikertzen jarraitzen du, tenperaturak egiturari eta kristalaren hazkuntza-prozesuari nola eragiten dien aztertuz. Bere laborategian ia berdinak diren kristal-izotzak sortzeko gai izan da. Halako kristalak aldi berean sortzen ditu baldintza berdinetan, eta horrek hazkuntza antzekoa izatea eragiten du.
Erreferentzia bibliografikoak:Higashi, A. (1962). Ukichiro Nakaya—1900–1962. Journal of Glaciology, 4 (33), 378-380. doi: 10.3189/S0022143000027763
Libbrecht, K. G. (2005). The physics of snow crystals. Reports on Progress in Physics, 68 (4), 855-895. doi: 10.1088/0034-4885/68/4/R03
Ball, P. (2011). In retrospect: On the Six-Cornered Snowflake. Nature, 480, 455. doi: https://doi.org/10.1038/480455a
Libbrecht, K. G. (2017). Physical Dynamics of Ice Crystal Growth. Annual Review of Materials Research, 47 (1), 271-295. doi: 10.1146/annurev-matsci-070616-124135
Iturriak:- Snow Crystals.com
- Blanchard, Duncan C. (1970). Wilson Bentley, the Snowflake Man. Weaherwise, 23, 261-269. doi: 10.1080/00431672.1970.9932907
Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.
The post Izotz-kristalen zientzia appeared first on Zientzia Kaiera.
AlphaFold 2: proteinen forma aurresaten duen algoritmoa
Max Perutzek Nobel saria jaso zuen 1962an hemoglobinaren –hau da, odolari kolore gorria ematen dion proteinaren– egitura aurkitzeagatik.
Ziurrenik, proteina hitza irakurtzean, ia automatikoki haragiarekin lotuko dugu, elikagaietan pentsatuz gero, edo gorputzeko muskuluetan, giza gorputza baldin badugu buruan. Hala da, muskuluek proteina asko dituzte, molekula horien filamentuak baitira lerradura bidez uzkurdura sortzen duten egiturak.

Muskuluak uzkurtzea eta, hala, horiek lan egitea eragiteaz gain, proteinek izaki bizidunentzat funtsezkoak diren beste zeregin batzuk ere betetzen dituzte. Organismoetan gertatzen diren ia erreakzio kimiko guztiak katalizatzen dituzte: arnasketa organoetatik ehunetara oxigenoa eramaten dute, substantziak zelulen kanpoaldetik barnealdera garraiatzen dituzte edo garraiatzen laguntzen dute, askotariko funtzioak betetzen dituzten zelulen barne arkitekturak eratzen dituzte, eta zelularen kanpoaldetik seinaleak jaso eta informazioa barrualdera eramaten dute, funtsezko beste zeregin batzuen artean.
Proteinek aminoazidoak dituzte, karbonoz, hidrogenoz, oxigenoz eta nitrogenoz osatutako molekula txikiak, eta horietako bat, zisteina, sufrez ere osatuta dago. Izaki bizidun gehientsuenek gehienez ere horrelako hogei aminoazido dituzte. Proteinak molekula horien kateak dira, askotariko luzeratakoak. Proteinen hiru dimentsioko egitura beren osaketaren mende dago, hau da, berauek osatzen dituzten aminoazidoen eta katean duten ordena zehatzaren mende. Egitura oso garrantzitsua da, proteinen funtzioa finkatzen duelako, eta oso sentikorra, beraz, giroko hainbat faktorek –erradiazioak, beroak eta pHak, besteak beste– alteratu egin dezakete eta, ondorioz, proteinak bere funtzioa betetzea oztopatuko lukete.
Gaur egun, egitura ezagutzeko zenbait metodo erabiltzen dira. Ohikoena X izpien kristalografia da, horiek egoera kristalinoan dagoen substantzia batera zuzentzen direnean osatzen den difrakzio ereduaren azterketan oinarritua. Teknika horretan, X izpien eta kristalaren elektroi hodeiaren arteko elkarrekintzak irudi bereizgarri bat sortzen du, difrakzio eredua, zeinak atomoen kokapena deduzitzea ahalbidetzen duen eta, beraz, baita molekularen egitura ere. Arazoa da metodo hori nekeza dela eta egitura askotan ezin dela aplikatu. Kriomikroskopia elektronikoa berriagoa da, oso tenperatura baxuetan izoztutako laginekin lan egin eta hala artefaktuak agertzea saihesten duen mikroskopia modalitate bat.

Bada, duela egun batzuk, esparru horretako aurrerapen teknologiko oso garrantzitsu bat ezagutarazi da, DeepMind enpresaren eskutik. Adimen artifizialaren bidez, algoritmo batek (AlphaFold 2 izenekoa) proteinen egitura zehaztu du, asmatze maila oso handiarekin, haien aminoazidoen sekuentziatik abiatuz.
AlphaFold 2 metodoa ez da oinarritzen molekulen propietate fisiko-kimikoen ezagutzan eta, ezagutza horretatik abiatuta, haien propietateen eta formaren dedukzioan. AlphaFoldek ehun eta hirurogeita hamar mila proteinako aminoazidoen egiturak eta sekuentziak konparatzen ditu (naturan berrehun milioi proteina daude); erkatze horretatik abiatuz «ikasi» egiten du eta egitura ezezaguna izan arren sekuentzia ezaguna duten proteinen forma aurresaten du.
AlphaFolden sortzaileen ustez, garapen hau xede espezifikoetan eragiteko forma egokia duten sendagaiak diseinatu eta ekoizteko atea izango da. Agian goizegi da hori esateko. Baina aurrerapena ikaragarria da eta izaki bizidunen egituren ezagutzan eta horren aplikazio posibleetan mugarri bat ezarriko du.
Erreferentzia bibliografikoak:Le Page, Michael (2020). DeepMind’s AI biologist can decipher secrets of the machinery of life. New Scientist, 3311. 2020ko abenduaren 5ean argitaratua.
Service, Robert F. (2020). ‘The game has changed.’ AI triumphs at solving protein structures. Science Magazine. doi:10.1126/science.abf9367
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post AlphaFold 2: proteinen forma aurresaten duen algoritmoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Plaken tektonikaren historia
1912an, Alfred Wegerner fisikari alemaniarrak kontinenteen jitoaren edo masa kontinentalen desplazamenduaren hipotesia formulatu zuen. Proposamen hori luze eztabaidatu zen, besteak beste, Britainia Handiko eta Australiako unibertsitateetan. Hala ere, XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan, magnetismo fosilizatua sistematikoki kartografiatzen zuten geologoek ondorioztatu zuten bazirudiela Ipar poloak iraganean posizioa etengabe aldatu zuela.
Era guztietako hipotesiak aztertu ziren aurkikuntza horri erantzuna emateko: haren tresnek sortzen zutela efektua, eremu magnetikoa ez zela beti dipolarra izan, kontinenteak besteekin alderatuz nahiko mugitu zirela, edo poloak elkarrengandik modu independentean desplazatu zirela. Datu horien eta beste batzuen ondorioz, berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, Londresko eta Australiako unibertsitateetako zientzialari-talde bat konturatu zen kontinenteak lekuz aldatu zirela. Ikertzaileok Newcastleko Unibertsitateko Keith Runcorn fisikaria buru zuten eta egindako lanari esker, kontinenteen jitoaren teoria ahulari berpizteko aukera eman zioten.
“Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Plaken tektonikaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #332
UPV/EHUko biokimikari eta Ikerbasqueko ikertzailea den Ugo Mayor elkarrizketatu dute Berrian. Bertan pandemiaren garapenaz eta txertoaren inguruan aritu da. Eusko Jaurlaritzaren erabakiak eta hartutako neurriak, kultura zientifikoaren garrantzia eta hori ongi komunikatzeko beharra izan ditu mintzagaiak.
Koronabirusak eragin duen krisi hau ulertzeko, zientzia behar dugu. Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko medikuak azaldu digu argiro Berriako artikulu honetan RNA txertoak zer diren eta horiek zer egiten duten. Medikuaren esanetan, “euren eraginkortasuna erakutsi dute eta epe laburreko ziurtasuna ere bai”.
COVID-19ak bereganatu du arreta guztia 2020 urtean zehar baina arlo zientifikoan izan dira beste kontu batzuk, aurkikuntza ugari, kasu. Astronomia, adimen artifiziala, biologia, neurozientzia,… Irakurri artikulua osorik esanguratsuenak izan diren horiek ezagutzeko!
Kontzientziazio kanpainak izan dira erdigune erreportaje honetan. Uxune Martinezek, Euskampus fundazioko zabalkunde zientifikorako arduradunak, eta Nahia Idoiagak, UPV/EHUko psikologia irakasleak erakunde publikoek osasun arloan egiten dituzten kanpainak aztertu dituzte Berriako artikulu honetan. Horiei buruzko analisia eta iritziak aurkituko dituzue.
MedikuntzaUPV/EHUko ikertzaileek frogatu dute astrozitoak gako direla Parkinsonaren garapenean, Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez. Artikuluan azaltzen den moduan, frogatu dute astrozito disfuntzionalek parkinsonaren ohiko prozesu neurodegeneratiboa areagotzen dutela, eta lagundu egiten dutela Parkinsonen gaixotasuna hedatzen.
AcceXible sortu dute, pertsonen ahotsaren bidez narriadura kognitibo eta dementzia arina azkar eta % 93ko eraginkortasunarekin atzemateko sistema bat. Javier eta Carla Zaldua dira plataforma honen sortzaileak eta Quironsaluden Donostiako eguneko ospitalean eta Osakidetzako lehen arretako hiru zentrotan probatuko dute teknologia berria. Berrian xehetasun guztiak.
AstrofisikaUnibertsoari neurria hartu diogu testu honi esker. César Tomé Lopezek azaldu dizkigu historian zehar egin diren aurkikuntzak eta garatutako teknologiak, unibertsoa noiz sortu zen eta bere tamaina zein den zehazten lagundu dutenak. Ez galdu!
KimikaOdeuropa proiektuak helburu bitxia du: adimen artifiziala erabiliz testu zaharrak aztertu nahi dituzte duela mende batzuk Europak nola usaintzen zuen ezagutzeko. Usainen entziklopedia bat osatu nahi dute lortutako informazioarekin. Oso interesgarria eta harrigarria Josu Lopez-Gazpiok dakarren gaia!
BiologiaAsier Gorostidik eta Igor Sarraldek Euskal Herriko basoetan eta uretan bizi diren 50 espezietik gora bildu dituzte elkarlanean egin duten ‘Euskal Herriko animaliak’ liburu ilustratuan. Gorostidik dio: “Animalia asko daude Euskal Herrian, eta jendea harritu egiten da horren ezagunak ez diren animaliak bertan ditugula konturatzean”. Berrian informazio osoa.
Emakumeak zientzianSaioa Martinez de Lahidalga Azkuek txikitatik izan du medikuntza ikasteko gogoa. Artikulu honetan aipatzen du hasieran pediatrian ikusten zuela bere burua baina azkenean erabaki zuen paziente helduak nahiago zituela, haurrekin komunikazioa mugatuagoa baita. Medikuntzaz gain, Hizkuntzen Kudeaketa Osasun Arretan graduondokoa egin du. Amaierako lanean, adinekoen osasun-arretan hizkuntzak duen eragina ikertu du.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #332 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #335
Afrikako ekialdeko zibilizazioen sare komertzialak, Indonesiakoak ala Txinakoak ozeano Indikoan gurutzatzen dira. Itsasbide hauek, montzoiak bultzatuta, ozeano honen iragana eta oraina markatzen dute. Exploring the Indian Ocean as a rich archive of history – above and below the water line, Isabel Hofmeyr eta Charne Lavery.
Gobernuek eta haien komunikatzaileek bietako bat: edo ez dakite grafikoak erabiltzen edo nahita erabiltzen dituzte gaizki. Hona arau batzuk jakiteko aurrean duguna inkonpetentzia, manipulazioa ala biak diren: What children can teach governments about making graphs, Craig Anderson et al.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #335 appeared first on Zientzia Kaiera.
Saioa Martinez de Lahidalga: “Askotan, ez zara zapalkuntzaz jabetzen, errealitate hori pairatu arte”
Saioa Martinez de Lahidalga Azkue buru-belarri dabil BAME azterketarako prestatzen. Iaz egin zuen, baina ez zitzaion nahi bezain ondo atera, eta, ez duenez bizilekua aldatu nahi, berriro egingo du, emaitza hobea aterako duen itxaropenarekin. Horrekin batera, bere intereseko gaietan formatzen jarraitzen du, osasungintzarekin lotura estua baitute: hizkuntza eta generoa.
Txikitatik izan du medikuntza ikasteko gogoa, baina, dioenez, ez daki nondik datorkion, familian ez baitauka medikurik: “Fakultateko ikaskide askok familian bazuten osasungintzan aritzen zen edo aritua zen norbait: medikua, erizaina… Gurean ez dago halakorik, ezta zientzialaririk ere. Baina beti izan dut gustuko biologia, eta, giza gorputza ikasten hasi ginenean, oso erakargarria egin zitzaidan. Eta, neurri batean besteei laguntzeko gogoa ere banuen”.

Dena dela, ikasten ari zela, ohartu zen medikuntzaren jarduna askotarikoa dela, eta, batzuetan, zalantzan jartzen dela bokazioarena, sarritan aipatzen bada ere. “Niri pazienteekin sortzen den harremana da gehien gustatzen zaidana”, aitortu du. Hasieran pediatrian ikusten zuen bere burua, oso gustuko baitzuen haurrekin egotea. Praktiketan, ordea, ohartu da nahiago dituela paziente helduak, haiekin komunikazioa aberasgarriagoa baita. “Haurrekin oso polita da, oso gogorra ere bai, baina komunikazioa mugatuagoa da. Konturatu naiz asko betetzen nauela entzute aktiboak, nahiz eta kontsultetan zaila den, denbora-faltagatik. Horrelakoetan, saiatzen gara hitzordu bikoitzak ematen, edo etxera bisita egiten…”
Hori jakinda, erraz ulertzen da zergatik den hain garrantzitsua hizkuntza Martinez de Lahidalgarentzat. Hizkuntzen Kudeaketa Osasun Arretan graduondokoa egin du, eta, amaierako proiektuan, adinekoen osasun-arretan hizkuntzak duen eragina ikertu du.
Gradu-amaierako lanean, berriz, beste kezka bati heldu zion, generoari. Dioenez, oso kirolzalea da, eta ikusi zuen, kirolarien inguruko ikerketa mediko asko bazeuden ere, gehien-gehienetan gizonezkoak baino ez zituztela aztertu. Horrenbestez, emakume kirolariak subjektutzat zituen ikerketa bat egin nahi izan zuen. “Hasieratik argi nuen emakumezkoen fisiologian ardazturiko lana izango zela. Emakumeon fisiologia emakumeak ikertuz aztertu behar da, ez gizonezkoengan aztertutakoa eta haietan lortutako emaitzak emakumeongan aplikatuz. Haurrak tamaina txikiko helduak ez diren bezala, emakumeok ez gara zakilik gabeko izakiak”.
Gogoan du noiz hartu zuen erabakia: “Duela hiru edo lau urte, estropada bat ikustera joan nintzen, eta, hura amaitu zenean, emakumezko talde bateko gizonezko prestatzaile fisiko bati entzun nion hay que entrenar como tíos. Esaldi horrek piztu zuen nigan sugarra. Horri erantzun bat ematea eta gure prozesu fisiologikoek errendimenduan izan dezaketen eragina aintzat hartzea izan nituen helburu nagusi. Bagarenez nor, eskatuko nuke azter gaitzatela, galde diezagutela eta baieztapenetan kontutan har gaitzatela”. Hala, Hilerokoaren zikloaren eragina emakume arraunlarien errendimenduan: hilerokoaren hautematea bi emakume taldetan eta arraunlarien errendimenduan duen eragin subjektibo eta objektiboa aztergai lana burutu zuen.
Egiteko askoMartinez de Lahidalgak garbi du bazterketa-faktoreek bat egiten dutela kasu askotan, eta horiek are gutxiago daude ikertuta. “Generoa, adina eta hizkuntza batera aztertzen dituen ikerketa bakarra topatu dut. Turkian emakume migratzaile adinekoekin egindako ikerketa bat da, baina bibliografian ez dut besterik topatu. Asko dago egiteko”.
Hain zuzen ere, hizkuntzen-kudeaketari buruzko graduondokoa egin ondoren, hizkuntza gutxituen ikuspegitik zer hutsune zeuden aztertzen aritu ziren, bigarren edizioan zer egin zitekeen ikusteko. “Nire ustez generoaren aldagaia txertatzea falta zela esan nien: ez da gauza bera medikua izatea hizkuntza gutxitu batean emakumezkoa izanda edo gizonezkoa izanda. Gure artean, askotan aipatu dugu praktiketara joatean emakumeok beti laguntzaile gisara izendatzen gaituztela, eta gizonak, berriz, lankideak ei dira”.
Ardatz horren inguruan arituko da baita UEUko uda-ikastaroetan ere, hitzaldi bat prestatzen ari baita osasungintzan hizkuntza gutxituak eta emakumeak gaitzat hartuta. Dioenez, historikoki osasungintzan aitakeriaz jokatu izan da. “Eta oraindik, medikuen eta erizainen ehunekorik handiena emakumezkoa den arren, zerbitzuburu asko eta asko gizonak dira”.
Onartu du beti ez dela erraza bazterkeriaz jabetzea: “Bilbora ikastera joan nintzen arte, ez nintzen konturatu nire hizkuntza-eskubideak ez daudela bermatuta. Askotan, ez zara zapalkuntzaz jabetzen, errealitate hori pairatu arte. Horregatik da garrantzitsua kontzientzia hartzea, eta ingurukoekin bat egitea, eskubideen alde elkarrekin egiteko, bai hizkuntzaren aldetik, baita generoarenetik ere”.
Eskubideen urraketak pazienteei ere zuzenean eragiten die. Adibidez, AEBn egindako ikerketa batean ikusi zuten, osasun-arreta beren hizkuntzan jaso ez zutenen artean, tratamenduarekiko atxikimendua, asebetetze-maila eta osasun-zerbitzuen erabilera txikiagoak direla. “Hizkuntza, azken finean, ez da hautu soila; norberarentzat funtsezkoa da, eta ez dut uste daukan garrantzia ematen zaionik osasungintzan”.
Fitxa biografikoa:Saioa Martinez de Lahidalga Azkue Getarian jaioa da (Gipuzkoa), 1995ean. Medikuntza gradua egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, berriki, Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan graduondokoa, UEUn eta UPV/EHUn. Orain BAME (Barneko Mediku Egoiliar) azterketa egiteko ikasten ari da.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Saioa Martinez de Lahidalga: “Askotan, ez zara zapalkuntzaz jabetzen, errealitate hori pairatu arte” appeared first on Zientzia Kaiera.
Unibertsoaren adinaz eta tamainaz
XVII. mendearen bukaeran, Isaac Newtonek ulertzen zuen unibertsoa Jainkoak hitzetik hortzera sortua zela, eta erabat mugagabea. Kontzeptualizazio horrek lekuz kanpo uzten zuen unibertsoaren tamainaz hausnartzea; era berean, bere adina zehaztea historialarien egiteko gisa uzten zuen, eta ez zientzialarien jarduera moduan. Principia argitaratu ondotik, bi mende baino gehiagoan zehar distantzia astronomikoak zehazteko ahalegin orok eguzki sistema eta hurbileko izar gutxi batzuk baizik ez zituen kontuan izan.

Teleskopioak gero eta handiagoak zirenez, eta argazkigintza nahiz espektroskopia agertzearekin batera, izugarri hobetu zen astronomoek eskuragarri zituzten datuen aniztasun eta zehaztasuna. Nolanahi ere, XIX. mendearen bukaeran oraindik ezezaguna zen Esne Bidearen tamaina, eta, beste sistema batzuen existentziaz espekulatzen bazen ere, astronomo gutxik sinesten zuen −baten bat egon baldin bazegoen− gure galaxiatik kanpo zer edo zer existitu zitekeela unibertsoaren huts amaigabean.
Izarrarteko distantziak zehazteko teknika berriek, azkenean, Esne Bidearen tamaina eta forma deskribatzea ahalbidetu zieten astronomoei, 1910 eta 1930 artean. Aldi berean, Vesto Slipher eta Edwin Hubble astronomoek nebulosa kiribil jakin batzuen espektroak gorrirantz noraino lerratzen ziren neurtu zuten, eta emaitza gisa adierazi zuten ia denak abiadura erradial handietan urruntzen zirela Lurretik.
1929rako Hubblek kalkulatuta zeukan hainbat nebulosatara arteko distantzia zein zen, eta, lehen aldiz, froga nahikoa eman zuen nebulosa kiribilak Esne Bidetik haragoko izar-elkarketak zirela esateko (ez zuen esan orain badakiguna, alegia, galaxiak direla). Are garrantzitsuagoa izan zen berak egindako beste aurkikuntza bat: zenbat eta urrunago egon nebulosa, orduan eta abiadura erradial handiagoan urrunduko da Lurretik.
Hubblen aurkikuntzek izar kontaezinez jantzi zuten Newtonen huts kosmikoa, baina ez hori bakarrik: unibertsoa estatikoa ez zela erakutsi zuten, hau da, hedatzen ari dela. Unibertsoaren hedapenaren ideia hori Willen de Sitterek 1917an proposatu zuen maila teorikoan, 1922an Alexander Freedmanek, eta 1927an Georges Lemaîtrek. Albert Einsteinen erlatibitatearen teoria orokorreko ekuazioen emaitzetan agertzen zen anomalia bat konpontzeko modua zen hori. Edonola ere, Hubblen lanari esker hasi ziren astronomoak benetan hausnartzen unibertsoa hedatzen ari zelako ideiaz, eta, ondorioz, bere adin eta tamaina kalkulatzeko modua zegoela.
Hedatzen ari den unibertsoaren adina −hortaz, tamaina ere bai−, kalkulatzeko gakoa galaxiarteko abiadura/distantzia zatiketaren zatidura zehaztean datza (Hubbleren konstantea deritzon hori, hain zuzen). Hubblek berak kalkulatu zuen konstantearen lehen balioa hogeita hamarreko hamarkadan. Horren arabera, unibertsoaren adina 2.000 milioi urte ingurukoa zen. Emaitza hori paradoxikoa zen, Lurraren adinaren zehaztapen erradiometrikoak askoz handiagoak zirenetik.
Walter Baade eta Allan Sandage astronomoen lanen ondorioz, berrogeiko eta berrogeita hamarreko hamarkadetan hurrenez hurren (baina ez bakarrik beraien lanengatik), Hubbleren konstantean onartzen ziren balioak errotik berrikusi behar izan ziren. Hirurogeiko hamarkadarako, astronomoak ados zeuden unibertsoaren adina 10.000 eta 20.000 milioi urte artekoa zela, eta, tamaina, 10.000 milioi argi-urte ingurukoa. Datuok bat egiten zuten Big Bang hipotesi arrakastatsuarekin, zeren eta kosmologoei eta astrofisikariei eredu fisiko kausala eskaini zien, non unibertsoa hedatzen ari baitzen, bat-bateko hasiera-unea zuen eta adin zein tamaina finituak baitzeuzkan.
Berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, ziztu-bizian garatu ziren teknika eta teknologia berri ugariek aukera eman zien astronomoei unibertsoaren mugara hurbiltzeko (behagarrira). Laurogeita hamarreko hamarkadan Hubbleren konstanteari emandako balioa zehaztea lehentasuna bilakatu zen Hubble Espazio Teleskopio berriarentzat.
Dena den, laurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran ika-mika handia zegoen unibertsoaren adin eta tamainari buruz, Hubbleren konstantea birkalkulatzeko nork bere aldetik egindako kalkulu ugariak bat ez zetozelako: XX.aren bukaeran zenbait astronomo konbentzituta zegoen unibertsoaren adina 12.000 eta 15.000 milioi artekoa izango zela; beste batzuek, ordea, uste zuten ezinezkoa zela 10.000 eta 20.000 milioi arteko tartea baino adin zehatzagorik lortzea. Bi tresna berri behar izan ziren, WMAP eta Planck, unibertsoaren adina egun (2013) adostuta dagoen balioan finkatzeko: 13.798 ± 0,037 milioi urte.
Tamaina, ordea, beste gauza bat da. Hedatzen ari den unibertsoarena, noski, adinaren araberakoa izango da, baina kosmologia-teoria berrienek, baita Alan Guth eta beste batzuen inflazioaren ereduek ere, iradokitzen dute gure unibertso behagarria, agian, egitura are handiago baten zati (txiki) bat baino ez litzateke izango.
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena:Lamia Filali-Mouncef Lazkano
Hizkuntza-begiralea:Xabier Bilbao
The post Unibertsoaren adinaz eta tamainaz appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 71
- 72
- 73
- 74
- 75
- 76
- 77
- 78
- 79
- …
- hurrengoa ›
- azkena »