Asier Ruiz: “Kaltzioak ezinbesteko funtzio ugari betetzen ditu zeluletan” #Zientzialari (141)
Ikerketa askoren arabera, neuronen eta zenbait glia zelulen heriotzaren ondorioz sortzen diren gaixotasun neurodegeneratibo guztiek (edo gehienek behintzat) osagai komun bat dute: kaltzio-homeostasiaren, edo zelulen kaltzioaren erregulazioaren, galera. Izan ere, kaltzioak ezinbesteko funtzioa betetzen du hainbat zeluletan eta oso nabarmena da nerbio-sisteman.
Badaude fenomeno batzuk kaltzio-homeostasi hori apurtzen dutenak: gaixotasun neurodegeneratiboak. Gaixotasun mota hauek lehen mailako arazoa bihurtu dira gizartean, sekulako inpaktua dutelako eremu pertsonalean eta ekonomikoan ere.
Kaltzio-homeostasiaren eta bere haustura dakarren arazoen inguruan gehiago jakiteko Asier Ruizekin, Achucarro Center for Neuroscience zentroko ikertzaile eta UPV/EHUko Neurozientziak saileko ikertzaile eta irakaslearekin, batu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Asier Ruiz: “Kaltzioak ezinbesteko funtzio ugari betetzen ditu zeluletan” #Zientzialari (141) appeared first on Zientzia Kaiera.
Inbaditzaileei aurre egitea, lehentasun kontua
Dagoeneko Europara sartu diren espezie inbaditzaileak desagerrarazteko eta etorkizunean sartu daitezkeenak uxatzeko, aditu talde batek lehentasunetan oinarritutako zerrenda bat osatu du. Espezie bakoitzaren araberako estrategia garatzea funtsezkotzat jo dute.
Espezie inbaditzaileen afera biologoen eremu hutsa gainditu eta gizartean dezente txertatu den gai horietako bat da. Gaur egun, gure artean, sakonki sartuta dago zebra-muskuilua arazo iturri delako ideia, eta berdina gertatzen da liztor asiarrarekin. Umetxoen artean ere kuriositatea eta beldurra parean eragiten dituen intsektua da, eta abuztuko arratsalde luzeetan, erredakzioetara berri askorik iristen ez diren horietan, albiste iturri izan daiteke ere, suhiltzaileek Asiatik etorritako liztorraren habi bat kentzen dutenean.

Baten batek esan lezake agian munduan hedatuen dagoen espezie inbaditzailea gizakia bera dela, eremu polar hotzenetatik basamortu beroenetara zabalduta baitago, eta munduan dagoen ia ekosistema orotan gailentzeko gai izan delako, gainerako espezie gehienen kalterako. Aparteko animalia da sapiensa, bai onerako zein txarrerako.
Baina kalekumeok ezagutzen ditugun espezieez kezkatzen hasten garenerako, biologoek eta ekologoek urteak daramatzate oraindik gehiegi zabaltzeke dauden espezieei adi. Batzuetan, horiei begirako kanpainetan ere parte hartzen dute. Hori gertatzen da, adibidez, bisoiekin. Bisoi amerikarraren (Mustela vison) erruz ur-ipurtatsak (M. lutreola) desagertzerako bidea hartu ez dezan, ahalegin izugarriak egiten ari dira. Gehienetan, adituak eta teknikariak estu eta larri ibili behar izaten dira, esku hartzeak hasten direnerako kaltea atzerapausorik gabekoa baita.
Hori gerta ez dadin, ikertzaile talde batek identifikatu ditu zeintzuk diren Europan ahalik eta lasterren arreta berezia behar duten inbaditzaileak. Horrez gain, eta arlo praktikoari begira, ranking bat osatu dute, espezie horien aurkako estrategiak ezartzerakoan lehentasunak argi izateko. Global Change Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean eskuragarri dago zerrenda hori, modu irekian.
Europako 34 ikertzaileren artean ebaluazioak partekatu dituzte, eta adostasuna bilatu dute zerrenda egiteko. Aurreko ikerketa batean ebaluatu zuten espezie bakoitzak Europan ezartzeko zuen arriskua, eta, horren ondorioz, egon litekeen inpaktua. Oraingo ikerketan, berriz, aukeran egon daitezkeen desagerrarazte estrategiekin alderatu dute espezieen zerrenda. Estrategia horien ebaluazioan, hainbat faktore kontuan hartu dituzte: eraginkortasuna, kostua, gizartean desagerrarazte estrategia horrekiko dagoen onarpen maila, iraupena eta, azkenik, behin akabatu ondoren populazio hori berriro agertzeko dagoen probabilitatea.
Aukeran egon daitezkeen desagerrarazte estrategien gaineko azterketa egin dute, jakin ahal izateko estrategia horiek zer inpaktu eta zer eraginkortasun izan zezaketen. Dagoeneko kontinentean dauden espeziak kontuan hartu dituzte, baina berdina egin dute iristear egon daitezkeen espezieekin. Bide hori jarraituta, gauzak are gehiago okertu baino lehen, administrazioek bederen ezin izango dute esan abisatuta ez zeudenik.
95 espezie aztertu dituzte. Horietatik, 60 oraindik Europan txertatuta ez dauden espezieak dira, eta gainerako 35 dira goraka ari direnak; azken horiek lurraldean ezarrita daude, baina, momentuz, banaketa mugatua dute. Bi talde horietatik, aukeraketa bat egin dute, eta nolabaiteko ranking bat osatu dute, ahalik eta lasterren mugatu behar diren espezieez osatutakoa. Txertatuta ez daudenetatik 17 aukeratu dituzte; dagoeneko Europan daudenei dagokienez, 14 aukeratu dituzte. Horiek dira, ikerketan parte hartu duten adituen ustetan, lehentasun gehien izan behar dituzten espezieak.

Ezarritako espezieen zerrendaren goiko aldean daude, hurrenez hurren, Acridotheres tristis txoria, Bufo mauritanicus apoa, Nasua nasua koatia eta Pycnonotus cafer txoria. Lau horiei lehentasun altuko estatusa eman diete, eta ikertzaileen aburuz, agintariek horiek desagerrarazteari ekin beharko liekete. Oraindik ezarrita ez dauden espeziei dagokienez, gehienei lehentasun berdina eman diete, baina bati lehentasun mailarik altuena eman diote: Faxonius rusticus espezieko karramarro herdoilduari, Ameriketan ematen dioten izen arruntaren arabera. Espezie hau luze eta zabal hedatzen ari da Ipar Amerikatik, eta 2019an aurrenekoz aurkitu zuten Frantzian. Zerrenda hauek FBIk landutako Most wanted horietako bat izango balira, karramarro hori agertuko litzateke Public Enemy Number One gisa. Kontua ez da soilik jatorrizko beste espezieentzako izan dezakeen arriskua, baizik eta lehen momentuetan Europan erraz akabatzeko modukoa izango litzakeela, oraindik hedatuta ez dagoelako.
“Hoberena litzateke espezie inbaditzaile guztiak desagerraraztea, baina baliabideak, bai jendez zein diruz, urriak dira; are gehiago orain, beste lehentasun batzuk daudela”, adierazi du prentsa ohar batean Kordobako Unibertsitateko Pablo Gonzalez Moreno ikertzaileak. Gaiaren inguruan administrazioek hartu behar dituzten erabakietan ikerketa hau lagungarri izatea espero dute zientzialariek. Behar hau zientzia artikuluan bertan azpimarratu dute, kudeaketa egiteko garaian datuak eskura izatearen garrantzia nabarmenduta: “Espezie asko izanda, eta baliabideak mugatuak direnez, erabakiak hartzen dituztenek tentuz ebatzi beharko dute zein espezieren kudeaketari eman lehentasuna, eta nola”.
Ikerketak argi utzi du egoera gero eta konplexuagoa dela. Batetik, momentuz zenbait espezieri buruzko informazio nahikorik ez dagoelako. Bestetik, espezie bakoitzaren ezaugarrien arabera estrategia bat garatu behar delako. Adibidez, espezie batzuen aurrean, prebentzioa egitea oso zaila dela nabarmendu dute egileek. Plotosus lineatus arrainaren adibidea jarri dute. Itsaso Gorritik Mediterraneora igaro da espeziea, Suezko kanalen bitartez, eta bereziki Israel inguruko itsasoko ekosistemetan kalte nabarmenak eragiten ari da. Itsaso zabalean dabilen arraina izanik, ez da batere erraza izango arrainaren zabalpena mugatzea. Antzeko zerbait gertatzen da Pterois miles arrainarekin: Suezetik sartu da Mediterraneoan, eta, behin ezarrita, espeziea uxatzea oso zaila izango da.
Horretaz jakitun, zientzialariek ohartarazi dute oraindik iritsi ez diren zenbait espezierekin prebentzioa bai izan daitekeela guztiz beharrezkoa. Homarus americanus otarrainaren kasua jarri dute adibidetzat: Europan sartuko balitz, espeziea akabatzea guztiz zaila izango litzateke, eta, horregatik, prebentzioa lehenetsi beharko litzateke. Kasu honetan, eta Atlantikoaren beste aldekoa den krustazeoa izanik, ez gara hitz egiten ari kanal artifizial batetik etor daitekeen espezie bati buruz, gizakiak nahita mugiarazitako krustazeo bati buruz baizik. Hortaz, mugimendu artifizial hori ekiditea premiazkoa izan daiteke.
Aurrean aipatutako kasu horiek guztiak itsas espezieak dira, eta mota horretakoak dira, hain justu, kudeatzeko zailenak. Adituek diote itsas espezieen populazioak eskala txikietan kudeatzea erraza dela, baina, behin zabalduta daudela, arras zaila da horiek kontrolpean edukitzea. Lur espezieen kasuan, ostera, errazagoa omen da kudeaketa, lurraldean zabalduta egon arren. Horregatik nabarmendu dute espezie baten zabalpena ez dela zertan izan behar irizpide nagusia arazoa jorratzerakoan.
Erreferentzia bibliografikoa:Booy, Olaf et al. (2020). Using structured eradication feasibility assessment to prioritize the management of new and emerging invasive alien species in Europe. Global Change Biology, 26 (11), 6235-6250. DOI: https://doi.org/10.1111/gcb.15280
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Inbaditzaileei aurre egitea, lehentasun kontua appeared first on Zientzia Kaiera.
Behi afrikarren etxekotzearen gene-aztarnak
Behiak, animalia maitagarriak izateaz gain, haragia edota esnea ekoizteko etxekotu ditugun animaliak dira. Etxekotze-prozesua aski ezaguna da Europan, behien gene-materialean nahiz gizakien gene-materialean utzi dituen aztarnengatik; eta bi espezieen arteko koeboluzioaren adibidetzat jotzen delako. Baina beste kontinente batzuetan ez da hain ezaguna behien etxekotzea. Afrikara begira jarriko gara, ikerketetan ahaztu ohi den kontinentera, alegia, eta gene-informazioaren bidez, behiak bertan nola etxekotu ziren aztertuko dugu.
Afrikan 150 behi-arrazatik gora daude eta arraza horiek askotariko ezaugarri eta moldaketak dituzte. Afrikako behi gehienak guretzat ezagunak diren behien (Bos taurus) eta asiar jatorria duten zebuen (Bos indicus) arteko gurutzaketak dira. Bi behi mota horien arteko ezberdintasuna da zebuek beren sorbaldetan konkor handi bat dutela. Konkor horretan gantzak metatzen dituzte eta zebuak klima lehor eta tenperatura altuak jasateko moldatuta daude. Bi behi mota horiek –luze eztabaidatu izan da bi espezie ezberdin ote ziren baina badirudi espezie berdineko azpitaldeak direla– desagertuta dagoen uroaren (Bos primigenius) ondorengoak dira. Baina etxekotutako behiek ez dute afrikar jatorria, ez dira bertakoak.

Afrikan behien gene-historia zein izan den eta jaso dituzten tokiko moldaketak zeintzuk izan ziren ezagutzeko, ikerketa berri batek aztertu ditu behi afrikarren 16 arraza garrantzitsuenen 172 genoma. Hori horrela egin ahal izateko, lan horretako ikertzaileek sekuentziatu zituzten Afrikako 12 behi-populaziotako 114 behiren genoma osoak eta 2 bufalo afrikarren (Syncerus caffer caffer) genomak. Bufaloen genomak erabili ziren konparaketak errazteko. Genoma horietaz gain, jada eskuragarri zeuden beste 4 arrazetako 58 genoma erabili zituzten. Aztertutako behien arraza horiek honako herrialdeetakoak ziren: Etiopia, Sudan, Kenia, Uganda, Gambia eta Nigeria. Horrela lortu zuten –gene-informazioari dagokiola– Afrikako behien ordezkaritza zabala.
Hasteko, aztertu zuten zein zen behi eta zebu arteko nahasketa afrikar behietan eta noiz gertatu zen. Bi behi-taldeen arteko nahasketa-gertaera garrantzitsu bat orain dela 750 eta 1.050 urte artean gertatu zen, orain dela 150 behi-belaunaldi inguru, hain zuzen ere. Gertaera horrek gaur egun Afrikako Adarrean bizi diren behi-arrazen genomak moldatu zituen, bertatik sartu baitziren zebuak Asiatik Afrikara. Kontuan izan behar da, aztertu ziren 16 arrazetatik, 14 Afrikako Adarrekoak direla eta, ondorioz, bertan gertatu den etxekotzea sakonago azter daitekeela.

Erregistro historikoetan oinarrituta, zebua Afrikako Adarrera heldu zen aipatutako nahasketa-gertaera baino 200-300 urte lehenago, Swahili zibilizazioaren sorreraren ostean, hain zuzen ere. Hortaz, ikerketaren egileek iradokitzen dute, hasieran zebuak mugatu zirela Afrikako ekialdeko kostaldera; eta geroago behiekin nahastu zirela, giza populazioen mugimenduen eta dispertsioaren, eta klimaren gorabeheren ondorioz. Mendebaldeko Afrikan ere nahasketa-gertaerak detektatu ziren: esate baterako, orain dela 500 urte halako gertaera bat egon zen, Afrikako Ekialdetik Mendebaldera egindako mugimenduen ondorioz; edota orain dela hogei bat belaunaldi gertatutako nahasketa berriak Borgou eta N’Dama arrazetan, behi-izurriarekin lotura izan dezaketen gertaerak.
Behia nahiz zebua Afrikara sartu ziren beste leku batzuetan etxekotu ostean. Behia Ekialde Hurbilean etxekotu ostean sartu zen Afrikan; eta zebua, berriz, Indiako azpikontinentean etxekotu ostean. Hortaz, pentsa daiteke animalia horientzat erronka izan zela ingurune berrietara egokitzea. Egokitzapen horren zantzuak genoman aztertu ziren, hautespenean egon ziren gene-eskualdeak detektatzeko eta, horrela, hautatutako ezaugarriak zeintzuk izan ziren ondorioztatzeko. Hautespena izan zuten gene-aldaerak batez ere zebu jatorriko gene-sekuentzietan detektatu ziren.

Behi afrikarrek zebutik jasotako gene-aldaeren artean zeuden erantzun immunean parte hartzen duten geneak eta beroarekiko tolerantzian parte hartzen duten geneak. Erantzun immuneari dagokiola, ikertzaileek hautespena detektatu zuten kaparrekin eta kaparrek sortzen dituzten gaixotasunekin –esate baterako, Ekialdeko Kostaldeko sukarrarekin– lotura izan dezaketen geneetan; edota birusen aurkako erantzunean –esate baterako, Rift Haraneko sukarrarekiko tolerantzian– parte hartzen duten geneetan. Beroarekiko tolerantziaren kasuan, ikertzaileek hautespena detektatu zuten bai ingurune beroei erantzuteko geneetan, bai eta ura berxurgatzeko geneetan. Izan ere, zebuak ingurune beroetara moldatuta daudenez, Afrikako inguruneetara errez zuen moldatzea eta, ondorioz, Afrikako behietan gene-aztarna hori nabarmena izatea.
Behietan jatorria izan zuten gene-aldaerak, aldiz, izan ziren hanturan parte hartzen duten geneak eta tripanosomiasiarekiko –protozoo bizkarroiekiko– tolerantzian parte hartzen duten geneak. Hantura modu eraginkorrean kontrolatzeko gaitasunak infekzioen kalteak mugatzea eragin lezake, adibidez, lehenago aipatutako Ekialdeko Kostaldeko sukarraren edota Rift Haraneko sukarraren kasuetan. Tripanosomiasiak Afrikako behien produktibitatea murrizten du eta Afrikako hainbat ingurune halako parasitoez beteta daude. Hortaz, infekzio horiek kontrolatu ahal izatea –bai parasitoen kopurua, bai infekzioaren efektuak– abantaila da behientzat eta beren produktibitatea emendatzen du.
Hortaz, ondoriozta daiteke zebuak Afrikara heltzeak ahalbidetu duela Afrikan behien abeltzaintza arrakastatsua izatea. Hori dela eta, ikerketaren egileek iradokitzen dute afrikar kontinentearen elikagai-segurtasuna bermatzeko ideia ona izan daitekeela Afrikako behiekin beste lekuetako arrazak gurutzatzea.
Laburbilduz, Afrikan zebuen eta behien nahasketak gene-dibertsitatea handitu zuen eta, horren eraginez, Afrikako behiek ingurunera hobeto moldatzeko gaitasuna izan zuten. Badirudi gizakien eta behien arteko harremanak kontinente bakoitzean bere bilakaera izan duela, baina leku guztietan arrastoak utzi ditu bai abeltzaintzan, bai gene-ondarean.
Erreferentzia bibliografikoak:Koch, L. (2020). African cattle adaptations. Nature Reviews Genetics, 21, 718–719. DOI: https://doi.org/10.1038/s41576-020-00293-w
Kim, K., Kwon, T., Dessie, T. et al. (2020). The mosaic genome of indigenous African cattle as a unique genetic resource for African pastoralism. Nature Genetics, 54, 1099-1110. DOI: https://doi.org/10.1038/s41588-020-0694-2
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Behi afrikarren etxekotzearen gene-aztarnak appeared first on Zientzia Kaiera.
Organismo mugikor zaharrenak?
Parisko Sorbona Unibertsitateko Frédéric Delarue zientzialaria buru duen nazioarteko talde batek adierazi duenez, zartailu baten antzeko buztana zuten eta modu aktiboan mugitzeko gai ziren mikroorganismoen aztarna fosilak aurkitu dituzte. Aztarnak duela 3.400 milioi urtekoak dira (hemendik aurrera m.a.).

Orain arte zeuden lehenengo bizitza arrastoak duela 3.800 milioi urte inguruko harri batzuk ziren. Harri horietan dagoen grafitoko karbono isotopoen proportzioak nolabaiteko jarduera biologikoa islatzen du bere formazioan. Baliteke oinarrizko bizitza formak lehenago agertu izana ere, agian duela 4.000 milioi urte, planeta sortu zenetik 500 milioi urtera, oraindik asteroideek maiz kolpatzen zuten garaian. Hala ere, ezagutzen diren organismo zelulabakarren fosil zaharrenak duela 3.500 milioi urte ingurukoak dira.
Ustezko egitura eragileak dituzten mikrofosilak aurkitu dira Strelley aintziraren formazioan, Australiako mendebaldean. Hosto formako mikroorganismoetatik abiatuz osatuko ziren –30-84 µm-ko luzerakoak eta zabalera erdikoak–. Arrasto inorganiko hutsak ez zirela baieztatzeko, mikrofosiletan fosforoa eta nitrogenoa zegoela frogatu dute paleontologoek, hau da, izaki bizidunen ezaugarri diren elementuak. Aurkitutako bostehunetatik, lauk bastoi moduko bat daukate zelularen ertzetako batean, eta egitura hori jotzen dute ikertzaileek apendize eragiletzat, egitura osatugabeak direla susmatzen duten arren. Arrasto gehienetan apendizea ez egotea edo aurkitutako lauretan zatirik ez egotea formatu zirenetik igarotako denbora luzean galdu izanaren ondorioa izango litzateke. Gaur egungo mikroorganismo askok, mugitzeko, antzeko egiturak erabiltzen dituzte, adibidez, flageloak –ingurune likidoan horiek biratuz mugitzen dira– edo beste batzuk.
Ikertzaileek bioRxiv gordailuan –biozientzien arloko biltegi librea– argitaratutako dokumentu batean eman dute beren aurkikuntzaren berri eta beste aditu batzuek aztertzea falta da aldizkari batean argitaratu aurretik. Beraz, oraindik ez du txosten zientifikoek formalki egiazko ikerketa produktu gisa onartuak izateko gainditu behar duten iragazkia pasatu. Gainera, aditu batzuek aurkikuntzen interpretazioaren inguruko zalantzak adierazi dituzte, beraz, tentuz hartu behar dira.
Ikerketaren egileek bai aurkikuntza, bai interpretazioa baliozkoak direla defendatzen dute, logikoa denez. Eta behatutako egiturek funtzio motorrak eduki ahal izatea zalantzan jartzen dutenen aurrean, bizitzaren historian modu goiztiarrean agertzeko pisuzko arrazoiak daudela argudiatzen dute. Azken finean, mugitzeko ahalmenak jatekoa azkar lortzeko aukera ematen du, beraz, segur aski mugimendu-egiturak agertzeko pizgarri indartsu bat izan zuten –hautespen presioak, jargoi biologikoan–. Orain arte halakorik ez ikusteko edo oso proportzio txikian aurkitzearen arrazoia horien ahultasun handia izango litzateke.
Bizitzaren historia eta, batez ere, bere jatorriaren historia, alderdi ezezagunez beterik dago. Funtsezko mugarri batzuen froga biribilik ez daukagu. Delarueren eta haren laguntzaileen proposamenak, azkenean, komunitate zientifikoaren onarpena jasoko du edo baztertu egingo dute. Horrela funtzionatzen du zientziak, arrastoetan oinarritutako usteetatik edo nahasgarriak edo interpretatzeko zailak diren frogetatik abiatuz. Denborak, hala ere, froga gehigarriei esker, egiazkotzat jotzen dugun ezagutza finkatzen du. Gero eta gehiago, eta gero eta hobeto; baina inoiz ez erabatekoa.
Erreferentzia bibliografikoa:Delarue, F., Bernard, S., Sugitani, F., Robert, F., Tartèse, R., Albers, S.-V., Duhamel, R., Pont, S., Derenne, S., (2020). Evidence for motility in 3.4 Gyr-old organic-walled microfossils? bioRxiv, 2020.05.19.103424. DOI: https://doi.org/10.1101/2020.05.19.103424
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Organismo mugikor zaharrenak? appeared first on Zientzia Kaiera.
Agur, Randi, agur
James Randi urriaren 20an zendu zen, 92 urte zituela. Urte horietako gehienak gezurtien eta hitzontzien aurka egon zen lanean eta hainbat eta hainbat iruzurgile utzi zituen agerian. Pentsamendu kritikoaren babesle sutsua eta gezurrak esaten aberastu nahi zirenen etsai beldurgarria, ekar dezagun bere bizitzaren oroigarria Zientzia Kaierara.

James Randi ilusionista zen, baina, zentzu onean. Ilusionismoa iruzurren aurkako tresna bihurtu zuen. Fenomeno paranormalen atzeko gezurrak azaleratzea zen, ziur aski, bere lanik gustagarriena. Bere bizitzari buruzko dokumentalaren izenburuak ondo definitzen du Randi jauna: bera gezurti zintzoa zen –An honest liar-. Randik egiarekin zuen betebeharra apurtezina zen eta aldi oro errepikatzen zituen pentsamendu kritikoaren aldeko aldarriak. Eszeptiko eredugarria zen, zalantzarik gabe. Bere ibilbidea mago gisa hasi zuen The amazing Randi izen artistikoarekin -izatez, Randall James Hamilton Zwinge da-. Lehen etapa hartan ilusionista eta eskapista lanetan aritu zen hainbat saio eta telebistako programetan. Hemen ikus dezakezue, adibidez, Niagarako ur-jauziaren gainean:
Mago lanetan aritu zen 60ko hamarkada bitarte eta hortik aurrera bere bizitzaren tarterik handienean baieztapen paranormalak, sasizientifikoak eta naturaz gaindikoak ezeztatzen egin zuen lan. Hitzontziak agerian jartzea bere espezialitatea zen eta ezagunak dira, esaterako Uri Geller ilusionistarekin izandako eztabaidak -epaitegietan amaitu zuten- edo Peter Popoff telebanjelistaren gezurrak azaleratu zituen momentua. Randi ere ilusionista zen, bai, baina bere trukoen helburua ez zen iruzur egitea, ezta iruzurrak esaten dirua lortzea. James Randi benetako magoa zen. Bideo labur honetan duzue adibide argigarri bat:
Aipatutako Uri Gellerren kasua da, ziur asko, ezagunenetakoa. Heldutasunean ondo sartuta zaudetenak gogoratuko duzue 1975eko Jose María Íñigoren TVEko Directísimo saioan Gellerrek nola okertzen zituen koilarak. Agian ez duzuena jakingo, ordea, zera da: bi urte lehenago, Johnny Carsonen programan Geller agerian gelditu zela saiakera hori bera egin nahi izan zuenean. Carsonek Randirik aholkuak eskatu zizkion Geller bere programara joan baino lehen eta Randik esan zion inondik inora ere ez uzteko Gellerri bere materialak eramaten edo koilarak saioa hasi baino lehen ukitzen. Aholku horiekin, Johnny Carsonen programan argi gelditu zen Gellerren indar paranormalak iruzurrak besterik ez zirela. Gaur egun ere oihartzuna du Randik egin zuena. James Randi hainbat telebista saiotan egon zen, bertan agertzen ziren ustezko fenomenoak azaltzen eta azaleratzen. Ez ziren gutxi izan ipurdi bistan utzi zituen iruzurgileak. Hemen duzue adibide bat:
Beste gertakari garrantzitsu bat, niretzat gozagarrienetakoa, Randik Jaques Benveniste biokimikariarekin izandako gatazka da. Benveniste homeopatia zaleek askotan aipatzen duten 1988ko Nature aldizkariko ikerketa-artikuluaren egile nagusia da. Bertan, ziotenez, uraren memoria frogatzea lortu zuten. Uraren memoria homeopatia zaleek diseinatutako argudiaketa da, diluzio homeopatikoen ustezko eraginkortasuna azaltzeko. Gaiari buruz gehiago sakontzeko Juan José Iruinekin batera Elhuyar Aldizkarian idatzi nuen artikulua irakur dezakezue.
Kontua da -eta hau, jakina, homeopatia zaleek ez dute esaten-, Benvenisteren artikuluak baldintza bat zuela: hain zuzen ere, artikuluan iradokitzen ziren gertaera harrigarrien kausaz, Randi eta bere taldeak Benvenisteren laborategira joan behar behar zuen esperimentuak errepikatzera. Randi joan zenean, Benvenisteren esperimentuak partzialki ondo errepikatu ahal izan zituzten, baina, kasu guztietan ikertzaileek bazekiten zein disoluzio ziren kontrolekoak eta zeintzuk diluzio homeopatikoan zeudenak. Alabaina, Randiren taldeak hodiak zenbakitu zituenean -Benvenisteren taldekoek hodi bakoitzean zer zegoen ez jakiteko-, argi gelditu zen esperimentuak ezin zirela modu arrakastatsuan errepikatu. Horrek azalean utzi zuen uraren memoriaren ustezko frogek ez zutela balio. Randik homeopatiaren aurka egindako lana azpimarratzekoa da. Hemen duzue ikusgai bere hitzaldi gogoangarrienetako bat:
James Randi urriaren 20an zendu zen eta horrekin batera zientzia-dibulgatzaile eta eszeptiko asko umezurtz gelditu garela. Randi egin behar den dibulgazioaren adibide bikaina da, gezurtiak agerian uzteko lan aparta egin zuen. James Randi gehiago beharko genituzke. Randi, gainera, ez zen geldi egotekoa. 1996an James Randi Hezkuntza-Fundazioa sortu zuen, Fundazioak hainbat lan egin zituen, baina, agian Milioi Dolarraren Erronka izan zen ezagunena. Erronka honetan, Randiren fundazioak milioi bat dolar eskaintzen zituen kontrolatutako behaketa baten bidez edozein fenomeno paranormal egitea lortzen zuenarentzat. Saria sortu zenetik mila eskaera bano gehiago aztertu zituzten eta, jakina, saria ez zuen inoiz inork irabazi -1996tik 2015era egon zen martxan-.
James Randi 2012an Bilbon egon zen eta hitzaldi bikaina eskaini zuen, hemen duzuena ikusgai. ARP-Sociedad para el Avance del Pensamiento Crítico elkarteak gonbidatu zuen eta hitzaldian bere ohiko umorea eta argitasuna erakutsi zuen. Randi joan zaigu, baina, zientzia-dibulgatzaile eta eszeptiko guztiak bere oinordekoak gara. Amaitzeko, bere laneko azken urteetan egindako hitzaldiarekin utziko zaituztet, bere pentsatzeko eta lan egiteko moduaren adibiderik argiena, zalantzarik gabe.
Informazio gehiago:- De Oñate, Antonia (2020). Cuando la ilusión señala la verdad. El País, 2020ko urriaren 22a.
- Jorge, Miguel (2020). El hombre que recorrió el mundo humillando y desmontando a pseudocientíficos y fenómenos paranormales. Gizmodo, 2020ko urriaren 21a.
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Agur, Randi, agur appeared first on Zientzia Kaiera.
Nylonaren historia
Joan den mendeko 40ko hamarkadan, zenbait material sartu ziren, hala nola rayona, poliesterra eta nylona, pneumatikoaren konposizioan. Bitxia, ezta? Pneumatikoak ez ziren izan material horiek barneratu zituzten bakarrak. Adibidez, nylona hortzetako eskuiletan, galtzerdietan, jausgailuetan, torlojuetan edo gitarra-soketan egoten da. Nylona poliamida sintetiko hutsa da eta Wallace Carothers kimikariaren taldeak garatu zuen DuPont laborategietan. Material honen aurkikuntzak iraultza komertziala ekarri zuen XX. mendearen erdialdean.
“Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Nylonaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #325
COVID-19aren kontrako txertoa lortzeko prozesua lasterketa moduko bat izaten ari da. Txertoa lortu nahi duten enpresak euren txertoen eraginkortasun portzentajea aipatzen ari dira eta hori albiste bilakatzen ari gara. Baina kontu honek erantzun gutxi eta galdera asko sortu ditu. Berriako artikulu honen bitartez, zalantzak argitzen saiatu dira. Zer dakigu orain arte? Zer esan dute farmazia enpresek? Eta zer dago albiste horien atzean?
Nazioarteko ikerketa batek ebaluatu ditu SARS-CoV-2aren hedapena arintzeko 79 lurraldetan hartu diren neurri ez-farmakologiko nagusiak, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez. Emaitzen arabera, hauek dira eraginkorrenak: bidaiak murriztea, itxialdiak eta jendea biltzen den tokiak ixtea, 50 pertsona edo gutxiagoko bilerak saihestea, etxetik lan egitea eta nerabeen hezkuntza-zentroak ixtea.
Koronabirusek duten mutatzeko ahalmenaz hitz egin digu zutabe honetan Miren Basaras mikrobiologoak. Hori argitzeko, Danimarkan jazo den bisoien auzia azaldu du tartean. Mutatzeko ahalmen horri erreparatuz, eta gripearekin alderatuz gero, hamar aldiz gutxiago aldatzen da. Baina zer gertatzen da aldaketa horiek koronabirusen S proteinan gertatzen badira? Ez galdu Basarasen azalpena Berrian.
Txertoen ikerketak mintzagai direnean ezinbestean finantzaketez ere hitz egin behar dugu. Ildo horri jarraiki, nazioarteko COVAX programako arduradunek esan dute era izango dela baliabide urriko herrialdeetara ere heltzeko. 2.000 milioi dolar bildu behar zirela esan dute, eta lortu dute kopuru hori. Informazio gehiago Berrian duzue irakurgai.
Financial Times-ek argitaratutako azken datuak ekarri dizkigu Berria egunkarira Gorka Oribe Farmaziako irakasleak gazteek pairatzen duten antsietatearen harira: Espainia lehen postuan dago biztanle gazteengan (18-34 urte) atzemandako antsietatea. Kezka nagusienak dira, besteak beste, langabeziaren egoera eta etorkizuna.
Gurutz Linazasoro neurologoari egin diote elkarrizketa Berrian, itxialdiak gugan izan duen eraginaz hitz egiteko. Zehazki, adikzioren bat dutenentzat bereziki gogorra izan dela dio. Horretaz gain, bizi dugun egoerak beste adikzio bat eragin du: teknologia berriena, esaterako. Oso interesgarria elkarrizketa.
ArkeologiaHaitzuloetako irisgarritasuna neurtzen duen sistema aurkeztu du ikertzaile talde batek Bizkaiko Atxurra haitzuloa eskaneatuz. Proiektuaren helburu nagusia da Goi Paleolito garaian haitzuloetan zeuden adierazpen sinbolikoak ikertzea eta argitzea. Kasu horretan, Atxurra leizean, labar-arte garrantzitsua dago, Madeleine aldian datatutakoa.
PaleontologiaDuela 80 urte Koskobiloko aztarnategian (Olaztin) aurkitutako fosilak berriro aztertu dituzte eta duela 220 mila urteko faunaren ebidentziak aurkitu dituzte: errinozeroak, lau hartz-espezie, orein erraldoiak eta makakoak bizi ziren mendebaldeko Pirinioetan. Elhuyar aldizkariak adierazi duenez, Nafarroako Kuaternarioko aztarnarik zaharrenak bihurtu dira.
TeknologiaGailuez inguratuta bizi gara baina zer gertatzen da horiek apurtu edo zaharkitzen direnean? Modu egokian birziklatzeko aukera dago baina gehienetan ez dugu hori egiten. Hondakin elektronikoaren inguruko artikulua duzu hauxe (zenbat sortzen dugun eta sortutakoak zer inpaktu duen, adibidez), hausnartzeko oso aproposa. Ez galdu!
Emakumeak zientzianAsteon, Emakumeak zientzian atalean, Elizabeth Garrett Anderson (1836-1917) medikua izan dugu protagonista. Oztopo ugari izan zituen baina azkenean lortu zuen Medikuntza gradua, lehen emakumea izan zen Erresuma Batuan hori lortzen. Horren ondotik, mediku-kontsulta bat ireki zuen, eta kontsultategi bat zuzendu zuen.
BiologiaDuela gutxi argitaratutako ikerketa batean etxeko oilarren zenbait barietateetako, lau espezie basatietako eta bost oilar gorri basatiaren bost azpiespezieetako 863 aleren genoma aztertu dute. Ikertzaileek ondorioztatu dute gaur egungo etxeko oilarrak azken horren azpiespezie batetik datoz, Gallus gallus spadiceus izenekotik. Ezagutu ezazu oilaskoen iragan genetikoa!
GenetikaZer dakigu orain arte COVID-19ari buruz? Koldo Garciak bere Edonola blogean errepaso bat egin du sei ideietan bildu du azalpena. Ez galdu!
Genetikaren etorkizunari begiratuko diogu asteon ere. Hain zuzen, Jin-Soo Kimen, Oinarrizko Zientziaren Institutuko Genoma-ingeniaritza Zentruko zuzendariaren hausnarketari helduko diogu: CRISPR gene-edizioa praktika klinikoan erabiltzea. Edonola blogean duzue irakurgai.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #325 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #328
Hedabideek batengan baino gehiago besteengan dutela eragina uste du jendeak, zoragarriak eta apartak garelako gu. Berri faltsuekin manipulatzeko baliatzen da hori eta benetakoak ez sinesteko. Dokumentaturik dago mekanismoa: Fake news: the third-person effect, Martha Villabona.
Lege fisikoen bateratzean itxaropen estetikoaren ernamuina baino ez da Platonen lau elementuen hurbilketa geometrikoa. Jesús Zamoraren The ‘prehistory’ of philosophy of science (5): What a beautiful world!
Magnetikoa da grafenoa. Ezta? Ia DIPCn zer esaten duten: Magnetism in graphene nanoribbons induced by a pair of boron atoms
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #328 appeared first on Zientzia Kaiera.
Elizabeth Garrett Anderson (1836-1917): Medikuntzaren erreinuko giltzak jaso zituen emakume
Zeharkaezinak diruditen ateetatik igarotzeko gai zen Elizabeth Garrett Anderson. Bai, dohain berezia zuen, orotariko giltza moduko bat izango balitz bezala. Esan dezagun horiek irekitzeko ahalmena bazuela baina egiari zor, ez zuen erraz izan. Haren garaiko bidegabekeria handienetako bati aurre egin behar izan zion, alegia, unibertsitateetan ikasi nahi zuten emakumeei betoa jartzeari. Elizabethek bere azalean sufritu zuen hori: medikua izateko ikasi nahi zuen, eta asko eskatzea ez bazen, haren ikaskideen begirada harroak jasan behar izan gabe.
Zailtasunez beteriko hasiera bizi zuen –XIX. mendeko zenbat emakumek sufritu zuten patu bera?–, aukera ugari galdu zituen bidean, ate mordoa itxi zitzaizkion. Bada, oztopoak oztopo, mediku-kontsulta bat ireki zuen, eta Britania Handian mediku bihurtu zen lehen emakumea izan zen. Azkenean, bera izan zen atea zartakoz itxi zuena.
Medikuntza ikasteko bidezidorrakElizabeth Garrett Anderson Londresen jaio zen 1836an, familia ugari batean. Bere aita, negozioetan oso abila zenez, erraz aberastu zen. Hala, Elizabeth eta Louie alabak, 13 eta 15 urtekoak hurrenez hurren, barnetegi batera bidali zituen. Bertan, lehenak irakurketez asko gozatu zuen, literatura eta frantsesa ikasi zuen –ondoren, tesia Sorbonan defendatzeko balioko zion hizkuntza– eta idazketa hobetu zuen. Baina horren guztiaren gainetik, medikuntza ikastea zuen amets.

Erreferenteak izatearen garrantziaz hitz egin ohi da maiz. Kasu honetan, Garrettek bazuen bat, Elizabeth Blackwell, Ameriketako Estatu Batuetan medikuntza gradua jaso eta munduan mediku gisa jardun zuen lehen emakumea, hain zuzen. Esan beharra dago eredu izan zuela bai arlo zientifikoan, bai emakumeen eskubideen aldeko borrokan.
Ametsak egia bihurtuz, medikuntzaren aldeko apustua egingo zuela erabaki zuen. Aitak laguntza handia eman zion; ama, aldiz, ez zegoen oso pozik hautu horrekin. Zoritxarrez, iritzi hori ez zen amarena soilik, gizarte osoarena baizik. Garai hori nolakoa zen ederki asko islatzen du britaniarrak mediku batekin izandako solasaldiak. Azken honek galdetu zion, mediku izateko grinaren harira, ea zergatik ez zuen erizaina izan nahi. Eta Garrettek erantzun zion “nahiago zuela urtean mila libra irabazi, hogei libra baino”.
Alabaina, ate bat irekitzen ez denean, batzuetan leiho batetik sartzeko ahalegina egin behar. Modu horretan, erizaintza ikasketak gauzatzeko matrikulatu zen Middlesex Ospitalean, eta sei hilabetez aritu zen praktikak egiten. Horren ondotik, bertako medikuntza eskolan izena ematen saiatu zen, baina ez zuten onartu. Hala ere, latina, greziera eta farmazia klaseetara joateko baimena eman zioten baina ikasle ez ofizial gisa.
Halaber, irakasle bat kontratatu zuen anatomia eta fisiologia bere kabuz ikasteko, eta disekzio eta kimika eskoletara joaten hasi zen. Dena den, lankideek aurkeztutako kexa baten kariaz, sarrera ukatu zioten eta alde egin behar izan zuen Middlesex Ospitaletik. Hori bai, kimikako eta farmaziako ohorezko ziurtagiria erdietsiz.
Etorri ziren beste saiakera batzuk: Grosvenor Street, Westminster eta London Ospitaleko medikuntza eskoletan izena ematen saiatu zen baina ez zuten inon onartu. Denek gauza bera zioten, emakumeak ezin zirela sartu medikuntza graduan. Zorionez, Garrettek ez zuen amorerik eman eta zirrikitu bat aurkitu zuen

: Botikarien Elkarteak ez zuen debekatzen emakumeak azterketetara aurkeztea. Onartu egin zuten, beraz, haren eskaera, baina, era berean, curriculuma osatzeko eskatu zioten, oraindik egiteko zituen beste irakasgai eta praktika batzuekin. Azkenean, hainbat urtez ikasi eta lan egin ondoren, 1865ean medikuntza gradua lortu zuen, eta lehen emakumea izan zen Erresuma Batuan hori lortzen.
Oztopoak amaierara arteGradua izateak ez zizkion gauzak erraztu: ospitale bakar batek ere ez zuen kontratatu emakumea izateagatik. Beharrezkoa zuen zerbait egitea, bazekien ez zuela laguntzarik jasoko. Hortaz, kontsulta pribatua ireki eta kontsultategi bat zuzendu zuen, St. Mary ‘s Dispensary for Women and Children izenekoa, Londresko gunerik pobreenetako batean, Marylebonen. 1866an jarri zuen abian, urte ikaragarria Londresentzat bestalde, kolera-agerraldiaren ondorioz. Pazienteak artatzeaz gain, bisitak egiten zituen gaixoen etxeetan. Azkenean, kontsultategia emakumeentzako ospitale bihurtzea erabaki zuen, non soilik emakumeek lan egingo zuten: New Hospital for Women deitu eta 1872an inauguratu zuen. Elizabeth hil zenean, bere izena jarri zioten. Egun, Londresko Unibertsitatearen zati da.
Dena dela, Garrettek zerbait sumatzen zuen faltan: doktoregoa egin nahi zuen. Hala, Sorbonako Unibertsitatean onartu eta 1870ean amaitu zituen ikasketak. Doktoregoa egin ondoren, London Hospital for Children-eko mediku ofizial bisitari gisa izendatu eta Britainiar Mediku Elkarteko kide izateko aukeratu zuten. 1874an, Londresko Emakumeentzako Medikuntza Eskola sortu zuen. Hemen, irakasle izateaz gain, dekanoa ere izan zen 1883tik 1903ra arte. Datu bitxi bat: ginekologia eskolak emateko haren erreferentea zen Blackwell kontratatu zuen; zirkulua itxiz horrela.
Egunkari eta aldizkarietako artikulu zientifiko ugariren bidez ezagutzera eman zen haren medikuntza-jarduna, baita emakumeen sufragioaren alde egindako borroka ere. Izan ere, 1889an Emakumeen Sufragiorako Elkarte Nazionalaren Batzorde Zentraleko kide izan zen. Ezin da ahanzturan gelditu Aldeburgheko alkate hautatu zutela 1908an, Britainia Handian kargu hori lortu zuen lehen emakumea izanik.
Iturriak:- Valentina project, Elizabeth Garrett Anderson, feminist and Britain’s first female physician, 2014ko martxoaren 8a.
- Encyclopedia of World Biography, Elizabeth Garrett Anderson Biography.
- Historic Figures (BBC), Elizabeth Garrett Anderson (1836 – 1917).
- Iglesias-Aparicio, Pilar (2003). Mujer y salud: las escuelas de Medicina de mujeres de Londres y Edimburgo. Tesis doctoral.
- Johnson Lewis, Jone (2017). Elizabeth Garrett Anderson. First Woman Physician in Great Britain, ThoughtCo, 2017ko abenduaren 5a.
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Elizabeth Garrett Anderson (1836-1917): Medikuntzaren erreinuko giltzak jaso zituen emakume appeared first on Zientzia Kaiera.
Haitzuloen irisgarritasuna neurtzeko metodoa garatu dute
Bizkaiko Atxurra haitzuloa eskaneatuz, eta 21 lagunekin egindako esperimentu baten laguntzaz, ikertzaile talde batek haitzuloetako irisgarritasuna neurtzen duen sistema aurkeztu du. Aditu bakoitzak bere irizpide propioa jarraitu beharrean, alderaketak egiteko moduko metodo objektiboa lortzea izan dute helburu.
Gizakiaren iraganaren gaineko informazioa lur azpitik ateratzearekin lotzen da normalean arkeologia, eta hala da gehienetan. Baina ez da noski, informazioa eskuratzeko bide bakarra. Gauzak nola gertatu ziren argitu ahal izateko oso lagungarria izan daiteke modu praktikoan benetan zeregin horretan jartzea. Ideia baten inguruan azterketa bibliografikoa egin daiteke, ordenagailu bidezko simulazioak, eredu estatistikoak… baina —demagun—, antzinako polinesiarren eta Hego Amerikako biztanleen arteko harremanak posible ote ziren argitzeko modurik hoberena da… horretan ahalegintzea. Kon-Tiki espedizioaren kasua da agian ospetsuena, baina badira ere arkeologia esperimentalaren alorrean hain muturrekoak ez diren saiakerak. Erromatarrek ura nola berotzen zuten argitzeko berogailua eraikitzea, Historiaurrean eskura zauden materialekin harrizko armak egin eta probatzea edota Pazko Uhartean moaiak egin, mugitu eta altxaraztea dira ahalegin horietako batzuk.

Filosofia berdina jarraituz, ikertzaile talde batek arkeologia esperimentalaren alorrean oso metodologia originala garatu du; kasu honetan leizeen irisgarritasunari lotuta. Honen guztiaren abiapuntua da Historiaurreko labar artea askotan iristeko zailak diren tokietan dagoela, eta kokapen hori kontuan hartzea arte horren interpretazioa egiteko baliagarria izan daitekeela. Arazoa da orain arte artelan horien irisgarritasuna neurtzeko modu bateraturik ez dagoela, eta zientzialari bakoitzaren irizpidearen arabera kuantifikatzen dela.
Egoera ikusita, toki sakon horietara iristeko zailtasun maila neurtzen duen metodo bat proposatu du ikertzaile talde batek Journal of Archaeological Science aldizkarian. Berriatuan (Bizkaia) kokatutako Atxurra haitzuloa hartu dute abiapuntutzat. Bertako irisgarritasuna neurtzen saiatu dira Before Art proiektuko kideak. Egitasmo horren helburu nagusia da Goi Paleolito garaian haitzuloetan zeuden adierazpen sinbolikoak ikertzea eta argitzea. Atxurraren kasuan, labar arte garrantzitsua dago bertan, Madeleine aldian datatutakoa.
Batetik, barrunbea eskaneatu dute, eta, lortutako datuekin, haitzuloaren hiru dimentsioko eredua osatu dute. “Laser eskaner bat erabiltzen dugu horretarako”, azaldu du EHUko ikertzaile Iñaki Intxaurbek. “Horrela neurtzen dugu zenbateko distantzia dagoen haitzuloaren puntu desberdinen artean: zorua, hormak, sabaia edota espeleotemak, esaterako”. Gaur egun, hori egiteko teknologiak laguntza handia ematen du. “Minutu erdian, eskanerra gai da 25 milioi puntu kokatzeko”. Datu horiekin guztiekin, haitzuloaren erreplika birtuala lortzen dute adituek, eta gero ordenagailuan zuzenean erreplika horrekin lan egiteko aukera dute. Besteak beste, haitzuloa editatzeko moduan daude, eta hau funtsezkoa da barrunbeak Historiaurrean zuen benetako itxura berreraiki ahal izateko. “Kontuan izan haitzuloak, paisaia gisa, bizirik daudela”, dio Intxaurbek. Garai urrun horietatik gaur egungo egunetara arte izan diren aldaketak ondorioztatzeko gai dira adituak; adibidez, espeleotemen tamainaren aldaketa edota pilatutako sedimentuak kontuan hartu ditzakete.
Ikerketa honen bigarren hanka arkeologia esperimentalari dagokiona da: haitzuloaren irisgarritasuna ebaluatu dute, sektore desberdinetara iristeko dagoen zailtasuna neurtuz. Horretarako, 21 lagun sartu dira haitzuloan, eta egin duten ibilbidea gertutik aztertu dute. Parte hartzaileen ezaugarriak kontuan hartu dituzte, bai altueran, zabaleran edota sexuan, Paleolito aroko populazio arrunt baten isla estatistiko egokia direla ziurtatzeko.

Lagun horiek oinutsik joan dira, eta, Goi Paleolitoan erabiltzen zen argiztapena imitatu nahian, argi-zuzi elektrikoak baliatu dituzte, suari darion kearekin lurrazpiko ondarea ez kaltetzeko. Leku hertsi batera edo jauzi bertikal batera iristean parte hartzaileak nola moldatzen diren aztertu dute egileek. “Leku bertikaletan ikusi dugu guztiak ez zirela gai jaisteko”, azaldu du ikertzaileak. “Batzuetan, laguntza behar izan dute, eta beste batzuetan sokak erabili behar izan dituzte”. Zentzu honetan, adituak gogorarazi du soken erabileraren berri ematen duten zenbait arrasto badirela garai horri dagokion erregistro arkeologikoan. Hortaz, ez litzateke arraroa izango Atxurrako artelanak egin zituztenek sokak erabili izana.
Batez bestean, sektore bakoitzera iristeko zenbat minutu behar izan diren jaso dute ikerketa artikuluan, eta hau martxan diren bestelako ikerketetan erabilgarria izango delako itxaropena dute. “Gure taldean dagoen Mari Angeles Medina-Alcaidek margoen azpian geratzen diren ikatz arrastoak ikertu ditu. Askotan, margoen garaikideak dira ikatz horiek”. Hortaz, pilatutako ikatz arrastoak neurtuz, gutxi gorabehera jakinda zuziek zenbat denbora irauten zuten, eta zenbat denbora behar zen leku horietara iristeko, ikertzaileek hobeto kalkulatu ahal izango dute garaiko gizakiek zenbat denbora ematen zuten artelan horiek egiten. “Horrek agian zantzuaren bat eman ahal liguke margotzeaz gain hor barruan beste motatako erritoren bat burutzen ote zuten jakiteko”.
Galderarik misteriotsuenek, halaber, erantzuteke jarraitzen dute. Zer funtzio zuten margo horiek? Zergatik daude askotan iristeko oso zailak diren tokietan? Zantzuen bila, askotan adituek gaur egungo ehiztari-bilatzaileen ohituretara jo behar dute, eta hala egin behar izan du Intxaurbek. “Askotan sinbolo berdinak agertzen dira, bai iristeko errazak diren tokietan zein zailak direnetan. Uste dugu ez zela zertan izan behar oso gauza debekatua, baina badirudi leku zail batean egoteak bermatzen zuela norbaitek ez zituela irudiak nahigabean ikusiko. Eta hau agian lotu daiteke Australiako gaur egungo aborigenen artean ikusten den ezaugarri batekin: batzuetan artelanak ikusteko errazak diren tokietan egon daitezke, baina horiei begiratzeko debeku kultural bat garatu dute aborigenek”.
Tribukoa ez den norbaitek margo horiek ikusi eta euren ehiza bereganatzea ekidin nahi ote zuten gure arbasoek? “Bai, baliteke horrelako zerbait izatea, baina, egia esanda, ez dakigu”, aitortu du adituak. Erantzuna, momentuz, haitzulo horretako iluntasunean geratuko da, baina lehen zantzuak jasotzen hasiak dira. Ibilbide luzeenak ere pauso txiki batekin hasten dira, eta horiek emanda daude dagoeneko. Eta ondo neurtuta daude, gainera.
Erreferentzia bibliografikoa:Intxaurbe, Iñaki; Arriolabengoa, Martin; Medina-Alcaide, Mª Angeles; Rivero, Olivia; Rios-Garaizar, Joseba; Salazar, Sergio; Libano, Iñaki eta Garate, Diego (2021). Quantifying accessibility to Palaeolithic rock art: Methodological proposal for the study of human transit in Atxurra Cave (Northern Spain). Journal of Archaeological Science, Volume 125, 105271. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jas.2020.105271.
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Haitzuloen irisgarritasuna neurtzeko metodoa garatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Gailu elektronikoen bizi luzea
Gero eta gailu elektroniko gehiago ditugu gure artean, sakelakorik gabe jada jende asko ezin da atera etxetik, ordenagailurik gabe lan egitea askorentzat pentsaezina zaigu eta etxeetan zein kaleetan gero eta elektronika gehiago ikusten dugu. Gainera urtero-urtero bertsio eta eguneraketak ditugu eskuragarri, eta nork ez du punta-puntako teknologia bere eskuetan izan nahi?
Baina kate honek ere badu bere azken katebegia ere: zer gertatzen da tresna hauek apurtu edo zaharkitzen direnean? Egokiro birziklatzeko aukera badago, baina ez da beti horrela egiten. Gailu askok zuzenean zabortegian bukatzen dute eta beste batzuek, berriz, bidaia luze bat egiten dute guztiz amatatu baino lehen. Baztertutako gailu elektriko edo elektronikoak deskribatzen ditu “e-waste” terminoak. Gure artean hondakin elektronikotzat hartzen duguna litzateke “e-waste”-a, eta, halaber, berritzera, berrerabiltzera, birsaltzera, materialak berreskuratzera edo zuzenean zabortegira bideratzen diren aparatu guztiak. Hegoaldeko herrialde txirotuetan amaitzen dute askok bizia, birziklapen-prozesua han amaitzeko.
Guk erabilera bat eman diogu, eta beste batek birzikla dezala zaborra! Ba al dakizue zenbat hondakin elektroniko sortzen ditugun?

2019an, hondakin elektronikoen 53,6 milioi tona metriko (Mt) sortu zen mundu osoan. Errekor itzela, 2018ko 51,8 Mtak gainditu ziren, eta joerak ez dirudi aldaketarik izango duenik. % 21eko igoera izan dugu azken bost urteetan, NBEren 2020ko E-waste Monitor Globalaren arabera. Etorkizunera begira egindako kalkuluen arabera, 2030erako kopuru hori 74 Mt-ra iritsiko da, eta bestalde, gailu horiek birziklatzeari buruzko datuak ere baditugu. Prosum proiektuaren arabera 2019an sortutako hondakin elektronikoen % 17,4 baino ez ziren bildu eta birziklatu. Espainia mailan 19 kg hondakin elektroniko sortu genituen pertsonako; ez da gutxi eh! Zaku bete hondakin biztanleko! Tona nahikotxo dira urtean sortutakoak, eta birziklatze tasa ez da ez oso esanguratsua. Zein izan daiteke honen arrazoia? Zaharkitze programatua? Traketsak al gara gailu hauen erabilpenean eta asko hausten ditugu? Edo ezin dugu gainditu azkeneko modelo txundigarria erosteko grina?
Pantaila hausteak eta bateriaren errendimenduak askotan telefonoz aldatzera bideratzen gaitu, konponketak garesti dira eta. Baina, aldi berean, askok eta askok bi urte erabili ondoren aldatzen dituzte telefonoak eta gehienek oso ondo funtzionatzen jarraitzen dute. Izan ere, egin diren ikerketen arabera, kontsumitzaile gehienek telefonoak “zaharkituta” daudela uste dute bi urte pasa ondoren. Uste horretan zaharkitze programatuaren eragina egon daiteke, baina erabiltzailearen jokaeran ere badago zer aldatu.
Jarrai dezagun telefono “adimentsu” honen historiarekin… behin bi urte pasata non bukatuko ote dute?
Basel Action Network-ek egindako lanaren arabera, Europa mailan legedia zorrotza egon arren, hondakin hauek Afrika eta Asiako hainbat herrialdetara legez kanpo bidaltzeko aukera handia dago. Beharbada, Guiyu-n, Txinako Guangdong eskualdean, buka dezakete, edo aski ezaguna den Nigeriako Agbogbloshie-ko zabortegian. Guiyu hondakin elektronikoak prozesatzen dituen hiri handi bat da, non milaka tailer txiki zein handitan langileek kableak mozten dituzten, zirkuituen tauletatik txipak ateratzen dituzten eta taulak berak azidoz murgiltzen dituzten metal preziatuak disolbatzeko.

Kontrolik gabeko hondakinen tratamenduak ondorio kaltegarriak izan ditu Guiyu eta Agbogbloshie hirietan. Besteak beste, Guiyu inguruko metal astun toxiko eta kutsatzaileen maila oso altua da eta horrek eragin handia izan du umeen zein helduen osasunean zein ingurumenean.. Kontuan izan behar da, ikerketen arabera, haurrak helduak baino askoz sentikorragoak direla ingurumeneko produktu toxikoekiko. Beraz, kutsatzeko arrisku handia dute hondakin elektronikoak tratatzen diren eremuetan bizi diren haurrek.
Ikusi dugun bezala, gailuak guk erabili ostean, haien bideak jarraitu egiten du, eta, guk ikusi ez arren, arazo larriak sortzen ditu bide horrek. Eta ez bereziki mendebaldeko gizarte aberatsetan.
Ingurumen-inpaktu eta osasun-arazo hauek zuzenean daude lotuta gutako bakoitzak sortzen dituen hondakin elektronikoekin. Gailu hauek sortzen dituzten arazoak ekiditeko, zer egin dezakegu? Hementxe aholku batzuk. Gehiago baldin badituzu… partekatu!
- Gailu berri bat erosi baino lehen, pentsa ezazu ea benetan beharrezkoa duzun. Bi urtean behin erosi behar al dugu telefono berri bat?
- Apurtuta badago, saiatu konpontzen (Repair cafe-ak ezagutzen? Saia zaitez sustatzen!)
- Zaharkitze programatua duten produktu eta softwareak ekidin. Informa zaitez produktuak erosi baino lehen ea zer nolako garantia duten, birziklatzeko errazak ote diren, nondik datozen materialak, etab. Saiatu erosle kontzientea kontzientziaduna izaten. Adibidez, Software Librearen erabilerak asko laguntzen du gailu elektronikoen bizitza luzatzen!
- Gailu iraunkorrak eskatu edo eskuratu. Gailu iraunkorrak aldarrikatu.
- Gailu elektronikoak bota baino lehen iker ezazu ea bigarren bizitza bat duten! Adibidez Reciclaneten webgunean.
Gero eta gailu elektroniko gehiago erabiltzen ditugu, baina haien onurak eta zerbitzuak ikusten ditugu bakarrik. Behin erabilita “e-waste” moduan sortzen dituzten arazoei ere ikusgarritasuna eman behar diegu, gure erantzukizuna ere bada eta. Beharrezkoa ikusten dut gizarte bezala hausnarketa bat egiten hastea. Beharrezkoak al ditugu hainbeste gailu elektroniko? Ba al dakigu zenbat zabor eta arazo sortzen duen gailuen kontsumo amaigabe honek?
Informazio gehigarria:- e-Trash Transparency Project
- E-waste monitor
- Waste Electrical & Electronic Equipment (WEEE)
- Mugarik Gabeko Ingeniaritza: No más artículos defectuosos
Izaro Basurko Pérez de Arenaza UPV/EHUko Ekopol ikertaldeko ikertzailea da.
The post Gailu elektronikoen bizi luzea appeared first on Zientzia Kaiera.
Oilar, oilo eta oilaskoen jatorriaz
Charles Darwinek pentsatzen zuen gaur egungo oilarrak Asiako hego-ekialdeko oihanetako espezie tropikal baten ondorengoak zirela, Gallus gallus oilar gorri basatiarenak. Antza handia daukate eta hibridatu ere egiten dira. Espezie horrek bost azpiespezie basati dauzka, Indonesiako oihanetatik Himalaiaren Pakistango adarrerainoko eremu geografiko zabal batean banatuta. Hain zuzen ere, oilarra Indian etxekotu zutela uste zuen naturalista ingelesak.
Darwinen lehen ustea zuzena zen, baina bigarrena, okerra. Gallus gallus-a, egiazki, gure oilaskoen jatorrizko espeziea da, baina ez dirudi Indiako azpikontinentean etxekotu zituztenik. Asiako zenbait lekutan aurkitutako hezur aztarnetan oinarrituz, arkeologo askok pentsatzen zuten oilaskoak duela 9.000 urte inguru etxekotu zituztela Txinako iparraldean, lehenik eta behin, eta duela 4.000 urte inguru Pakistanen –Indoren haranean–, ondoren.

Berriki argitaratutako ikerketa batean, etxeko oilarren zenbait barietatetako, lau espezie basatietako eta bost oilar gorri basatiaren bost azpiespezieetako 863 aleren genoma aztertu dute. Ikerketa taldeak ondorioztatu duenez, gaur egungo etxeko oilarrak azken horren azpiespezie batetik datoz, Gallus gallus spadiceus izenekotik. Gaur egun, Txinako hego-mendebaldean, Thailandiako iparraldean eta Birmanian banatuta dago. Baina etxekotu ondoren, Asiako hego-ekialdera eta hegoaldera eraman zituzten. Eremu horietan, beste oilar basati espezie batzuk zeuden (eta oraindik ere badaude), baita beste oilar gorri barietate batzuk ere (edo azpiespezieak) eta horietako askorekin gurutzatu eta ondorengo ugalkorrak izan zituzten. Beraz, gaur egungo oilaskoen iragan genetikoa oso korapilatsua da, jatorrizkoari beste espezie eta azpiespezie mota batzuk gehitu zaizkielako. Txinako, Asiako hego-ekialdeko eta Asiako hegoaldeko etxeko oilar guztiek genoma hibridoak dauzkate eta ia laurden bat jatorrizkoa ez den Gallus gallus azpiespezie batekoak dira.
Beste ondorioetako bat izan da etxeko oilarrak duela 9.500 urte inguru bereizi zirela oilar gorri basatitik, hau da, etxekotzea hasi baino lehenago, beraz, horrek ez zuen bi oilar moten, basatiaren eta etxekoaren, arteko zatiketa eragingo. Bi oilar motak klima-aldaketa handiko garai batean bereizi ziren, Pleistozenotik Holozenora arteko trantsizioaren ondoren; garai hartan, Asiako hego-ekialdean tenperaturak igo eta montzoiak ugaritu egin ziren. Baliteke eguraldi aldakorrak eragin izana jatorrizko espeziearen (Gallus gallus spadiceus) dibertsifikazioa eta bere aldaera bat edo batzuk aurrerago etxekotu izana.
Giza kontsumorako erabiltzen diren espezieekin gertatzen den bezala, ekoizpenarekin lotutako geneek hautespen positibo indartsua izan dute eta hori, logikoa denez, hazkunde azkarra eta arrautzen produkzio handia bilatzearen emaitza da. Azken finean, oilaskoak planetako baserriko animalia ugarienak bihurtu dira; gizaki bakoitzeko hiru inguru daude.
Oilar basatiaren barietatea desagertzeko arriskuan dago gaur egun, bere karga genetikoa berarekin hibridatzen diren etxeko oilar askoz ere ugariagoetan galtzen bukatu dezakeelako; hala balitz, dibertsitate genetikoko iturri baliotsu bat galduko litzateke. Agian modu bitxian bada ere, gaztelaniazko esaera zahar bat beteko litzateke: «Ez dago nor bere egurrekoa baino ziri txarragorik».
Erreferentzia bibliografikoa:Wang, MS., Thakur, M., Peng, MS. et al. (2020). 863 genomes reveal the origin and domestication of chicken. Cell Research, 30 (8), 693–701. DOI: 10.1038/s41422-020-0349-y
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Oilar, oilo eta oilaskoen jatorriaz appeared first on Zientzia Kaiera.
Kristalak apurtzen zituen apaizaren historia
Egitura kristalinoaren aurkikuntza urrats erraldoia izan zen egitura ñimiñoen aurkikuntzan. René Just Haüy izan zen kristalografiaren gurasoetako bat eta kristalak oinarrizko egitura geometrikoetan hautsi daitezkeela antzeman zuen lehena.
Argitu behar dugu, horri buruzko iruzkinen bat jaso dugulako, mineralogistek hausteko bi modu bereizten dituztela: apurtzea eta esfoliatzea. Bideoan ez dugu bereizketa hori egiten, eta modu generikoan “hausten” dugu. Haüyk ere ez zuen mailua ganorarik gabe erabiltzen. Zergatik da hau garrantzitsua? Izan ere, adibidez, pirita kubotan esfoliatzen da (bideoan aipatzen den bezala), baina modu irregularrean apurtzen da (eta jargoi teknikoan, maskor-itxurako haustura esaten zaio).
“Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Kristalak apurtzen zituen apaizaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #324
SARS-CoV-2aren transmisioaren inguruko Berriako artikulu honetan zenbait ikertzaile eta aditu aerosolen inguruan mintzatu dira. IDEA-CSICeko ikertzaile Xavier Querolek dio, adibidez, “ebidentzia” asko daudela eta horren inguruko eztabaida bakarra dela aerosolen bidezko transmisioaren garrantzia, hots, “zer ehuneko hartzen duten era horretan gertatutakoek”.
COVID-19 luzea fenomenoari dagokionez, inkesta baten arabera, 40 urte inguruko emakumeei eragiten die batez ere (%79 emakumezkoak dira; gizonezkoak, berriz, %21). Agertzen diren sintoma nagusiak dira: neke kronikoa, arnasa hartzeko zailtasunak, buruko eta giharretako mina eta arreta biltzeko zailtasuna. Datuak irakurgai dituzue Berrian.
Pandemiaren ildotik, lan batean aztertu dute COVID-19aren eraginez sortutako erruduntasunak eta lotsak izandako eragina. Egileek diote emozio horiek gainditzen ez badira, kalte psikologiko larria sor dezaketela. Ana Galarragak ekarri digu azterlana Berriako testu honetara.
BiomedikuntzaElectrospinning teknika zer den ikasteko aukera paregabea eskaintzen digu Berriako artikulu honek. CIC Nanogune ikerketa zentroan erabiltzen dute elektroirutea aspaldi eta orain, Donostiako AEG Berrikuntza Profesionalen Eskolak bat eginez, elektroirutea eta hiru dimentsioko inprimatzea baliatuz, ehun berriak sortzen ari dira, material birziklatuekin eta biodegradagarriekin.
AstrofisikaArabiar Emirerri Batuek Ilargirako lehenengo misioa abiatuko dute 2024an, Elhuyar aldizkariak jakinarazi digunez. Rashid ibilgailua bidaliko dute helburu ugarirekin: Ilargiaren azaleko ezaugarri termikoak argitzea, paisaia hobeto ulertzeko; ilargi-hautsaren partikulak zehaztasun mikroskopikoaz ikertzea; eta Ilargiaren azaleko plasma aztertzea.
Gogoratzen duzue irailean ikerketa bat argitaratu zela Artizarrean fosfanoa zegoela esanez? Horrek bizitza egon zitekeela iradoki zuen eta berri honek sekulako oihartzuna izan zuen. Duela gutxi egin ziren datuen berrazterketak eta litekeena da fosfanorik ez egotea. Josu Lopez-Gazpiok azaldu dizkigu zientziaren prozedurak. Tentuz ibili behar, zientziak baditu bere erritmoak eta.
AnimaliakNola entzuten dute armiarmek? Ikerketa baten bidez agerian gelditu da armiarmek, belarririk ez duten arren, hanken bidez entzuten dutela, hau da, aire bitartez jasotako dardarak hautematen dituztela, errezeptore batzuei esker. Ez galdu artikulu interesgarri hau!
BiologiaEntzefaloa gertutik ikusi nahi? Artikulu honen bidez, bere ezaugarriak ezagutu ditugu. Adibidez, laurogeita hamar mila milioi neurona inguru ditu eta gizaki baten entzefaloak 1,2 eta 1,4 kg arteko masa dauka. Sistema konplexu bat gobernatzen du, eta gutxienez seiehun muskuluren jarduera koordinatzen du.
TeknologiaLitio-ioizko bateriak birziklatzeko metodo merkea eta eraginkorra garatu dute Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek. Elhuyar aldizkariak azaldu digunaren arabera, bateria horiek kobaltoa edo nikela erabiltzen duten beste litio-ioizko bateriak baino merkeagoak, seguruagoak eta iraunkorragoak dira. Arazo bakarra izaten da ekonomikoki garestia dela bateria horiek birziklatzea. Baina motodo berriarekin lortu dute merketzea.
GenetikaIkus dezagun zer dakarren Koldo Garciak asteon genetikaren etorkizunaz: Eran Segal Weizmann Institutuko konputazio-zientzien eta matematika aplikatuen saileko irakaslearen hausnarketa dugu. Haren aburuz, hurrengo urratsa genomika medikuntzan txertatzea izango da. Edonola blogean duzue irakurgai.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #324 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #327
Munduko unibertsitaterik onenetarikoen ekologia departamentuan egin du tesia Pablo Rodríguez Sánchezek. Ez litzateke arraroa, baina doktoregoa matematika aplikatuetan egin du. Eta hainbat kontu ikasi zituen: How can we improve the communication between mathematics and life sciences?
Gutxi gorabehera denok dakigu zer den kristala: espazioan errepikatzen den patroia, simetriak sortzen dituena. Zelan deitzen zaio denboran errepikatzen den patroiari? Instituo Carlos Iek azaltzen du: Rare events and time crystals
Erresonantzia magnetiko nuklearra erabilita enantiomeroak bereizi zitezkeela argitaratu zuenean, DIPC-k hautsak harrotu zituen pasa den urtean. Ezinezkoa dela suposatzen da. Froga gehiagorekin datoz. Remarkable enantiospecific response in Cross-Polarization Solid-State NMR experiments
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #327 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ana Bernal: “Endokannabinoide sistemak hainbat onura eragiten ditu gaixotasun ezberdinetan” #Zientzialari (141)
Garuneko endokannabinoide sistema hainbat funtzio doitzen dituen sistema neuromodelatzailea da. Funtzio hauen artean, oroimena, mugimendua, mina eta jangura aurkitu ahal ditugu. Sistema honen aktibazioak hainbat onura dakartza gaixotasun ezberdinetan eratzen dituen kannabinoide hartzaileei esker.
Esaterako, CB1 kannabinoide hartzaileak neuronak babesten ditu haien endekapena edo heriotza saihestuz eta, CB2 kannabinoide hartzaileak gure immunitate-sisteman adierazi egiten da, hanturazko edo inflamazio erreakzioa murriztuz. Esklerosi anizkoitzaren kasuan, nerbio sistema zentraleko hanturazko gaixotasun kronikoa denez, endokannabinoide sistemaren aktibazioak aurreko bi eragin positiboak edukiko lituzke.
Sistemaren inguruan gehiago jakiteko eta gaixotasunetan izan dezakeen aplikazioei buruz sakontzeko Ana Bernalekin, UPV/EHUko Neurozientziak Saileko ikertzaile eta irakaslearekin, batu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Ana Bernal: “Endokannabinoide sistemak hainbat onura eragiten ditu gaixotasun ezberdinetan” #Zientzialari (141) appeared first on Zientzia Kaiera.
Artizarrean, bizitzarik ez eta, agian, fosfanorik ere ez
Irailean Nature Astronomy aldizkarian ikerketa bat argitaratu zen Artizarrean fosfanoa dagoela adieraziz. Berriak oihartzun handia sortu zuen, fosfanoa biomarkatzailea izanik, Artizarrean bizitza egon zitekeela ere iradokiz. Ikerketa horrek, ordea, zenbait zalantza ere piztu zituen eta datuen berrazterketak erakutsi duenez, litekeena da Artizarrean fosfanorik ere ez egotea. Eztabaida horrek aukera paregabea ematen du zientziaren prozeduretan sakontzeko eta zientziaren behin-behinekotasuna gogorarazteko.

Irailaren erdialdean oihartzun handia izan zuen hedabideetan Artizarraren atmosferan fosfanoa aurkitu izanak. Greaves eta bere lankideek Nature Astronomy aldizkarian argitaratu zuten jatorrizko lana eta, ziotenez, Artizarraren atmosferako lainoetan, gainazaletik 50-60 km-ra fosfanoa zegoen. Fosfanoa biomarkatzailetzat har daiteke, alegia, bizitzaren presentziaren zantzu gisa. Lurrean materia organikoa degradatzen duten mikroorganismoek ekoizten dute eta Greaves eta bere lankideek aipatzen zuten moduan, Artizarrean fosfanoa egotea ezin da azaldu orain arte ezagutzen diren prozesu abiotikoen bitartez -alegia, bizidunen parte-hartzerik gabe-. Hainbat hedabidetan horrek zuzenean adierazten zuen Artizarrean bizitza egon zitekeela eta izenburu potoloak zituzten albisteak argitaratu ziren. Greaves eta bere lankideek argi uzten zituzten haien ikerketaren mugak eta hipotesi probableenen ostean azaltzen zuten soilik bizitzaren hipotesia. Oso goiz zen, zalantzarik gabe, Artizarrean bizitza dagoela edo bizitzaren zantzuak topatu dituztela esateko. Beste hainbat aukeren artean bat zen bizitza, baina, ez zen bakarra ezta probableena ere. Horrelakoak jasota, hedabide honetan bertan Artizarrean, fosfanoa ala bizitza? artikulua argitaratu nuen eztabaida horren berri emanez. Artizarreko baldintza gogorretan oraindik ezagutzen ez den prozesu fotokimikoa edo geokimikoa egotea zen probableena, ziur asko, baina, nik aipatu ez nuen beste aukera bat ere bazegoen: datuak gaizki egotea edo datuen interpretazio desegokia egitea.
Bada, urriaren amaieran iritsi zen albistea. Egia da hasieratik zalantzak egon zirela Greaves eta bere lankideen ikerketan zenbait zalantza; izan ere, potentzia handieneko teleskopioen gaitasunaren mugan egin ziren behaketak. Artizarraren atmosferan fosfanoa dagoela ziurtatzea aurrerapauso handia da eta, ezinbestez, aurrerapauso handiek froga eta baieztapen ugariak behar dituzte. Bada, orain, aurrez argitaratutako lan hori zalantzan jartzen duen ikerketa argitaratuko du Nature Astronomy aldizkariak berak. Momentu honetan Geronimo Villanueva eta bere lankideen ekarpena preprint gisa argitaratu da eta horrek ere kontuz jokatzea eskatzen digu.
Ikerketa-artikulu bat argitaratzeko bidea luzea izaten da eta lana bidaltzen denetik aldizkarian argitaratzen den arten hainbat pauso eman behar dira. Garrantzitsuena, adituen ebaluazioa da –peer review– delakoa. Bada, Villanuevaren ikerketak oraindik ez ditu pauso guzti horiek eman eta horregatik esaten da preprint fasean dagoela. Artikulua irakurgai dago arXiv.org biltegian, baina, oraindik ez ditu betetzen ikerketa-artikulu batek bete behar dituen estandar guztiak.
Hori argituta, Villanuevaren taldeak Greavesen taldearen datuak berraztertu ditu eta horrek erakutsi du ALMA eta JCMT teleskopioen datuek ez dutela fosfanoaren presentzia baieztatzen. Bigarren lanaren emaitzak ondo azaltzen ditu Francisco R. Villatoro adituak bere blogean: JCMTko datuak pareidoliaren ondorioak izan daitezke eta ALMA teleskopioaren datuak baieztapen isuriaren ondorio. Nolabait, zerbait baieztatzeko beharrak zalantzazkoak diren datu batzuetan ez dagoena ikustera eraman gaitzake. Dirudienez, berrazterketak erakutsi du fosfanoa, egotekotan, kontzentrazio askoz ere txikiagoan dagoela eta, hortaz, ALMA eta JCMT teleskopioekin ezingo litzatekeela behaketa hori egin. Momentuz, bada, ezin da baieztatu Artizarraren atmosferan fosfanoa dagoenik. Orain ikusi behar dena da Greaves eta bere taldeak Nature Astronomy aldizkariko lana kentzea eskatzen duten ala ez. Akatsaren jatorria kalibraketa desegoki batean egon daiteke eta ALMA teleskopioko ikertzaileak ere datuak berraztertzen ari dira.
Edozein kasutan, bi lan hauek zientziaren prozedurak aztertzeko aukera paregabea eskaintzen dute. Lehenengoaren kasuan, ikerketaren emaitzak tentuz hartzearen garrantzia erakutsi zuten. Fosfanoa egonda ere, ezin zitekeen baieztatu bizitza egongo zenik inondik inora ere. Orain, lehen lan hori gezurtatzen duen lanak erakutsi digu zientzia behin-behinekoa dela, Kasu honetan lehen ikerketak oihartzun handia izan zuen eta, ziur asko, horregatik izan du orain bigarrenak ere oihartzun handia. Hala ere, normala da zientzian horrelakoak gertatzea eta etengabe berraztertzen dira aurrez argitaratutako lanak. Zenbait kasutan emaitzak baieztatzeko -kasu horretan ikerketa-lerroa sendotuz- eta beste zenbait kasutan emaitzak ezeztatzeko. Bigarrengoaren kasuak, ikerketa-lerroa baztertzea ekarri dezake edo ikerketa gehiagoren beharra egon daiteke. Horixe da zientziaren lan egiteko modua eta hori da bide zuzena. Greavesen taldeari kritika egitea ere ez da bidezkoa, neurri batean behintzat, beraiek eskuragarri zituzten datuekin eman zituztelako emaitzak. Orain, gainera, ez dugu berdin jokatu behar Villanuevaren lanarekin: agian, bigarren lanak ere akatsak izan ditzake. Ez dezagun akats bera bi aldiz egin. Momentuz esan daitekeen bakarra hauxe da: ez dakigu Artizarraren atmosferan fosfanoa dagoen ala ez.
Informazio gehiago:- Villatoro, Francisco R. (2020). Adiós definitivo al fosfano en Venus. La ciencia de la mula Francis bloga. (2020-10-28an argitaratua)
- Agirre, Aitziber (2020). Fosfanorik ez Artizarraren atmosferan. Elhuyar aldizkaria. (2020-10-29n argitaratua)
- Domínguez, Nuño (2020). La vida en Venus se tambalea. El País. (2020-10-30ean argitaratua)
Greaves, J.S., Richards, A.M.S., Bains, W. et al. (2020). Phosphine gas in the cloud decks of Venus. Nature Astronomy, DOI: 10.1038/s41550-020-1174-4
Egileaz:Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Artizarrean, bizitzarik ez eta, agian, fosfanorik ere ez appeared first on Zientzia Kaiera.
Hanken bidez entzuten duten armiarmak
Tinpanoekin ez baizik hanketan dituzten errezeptore bereziei esker hautematen dute mundua armiarmek, lurreko bibrazioak jasota. Ogro aurpegiko armiarmaren kasuan, egiaztatu dute aire bidez ere jasotzen dituztela bibrazioak.
Gorbeia inguruetako bidezidor estu batera iritsita, eskuetan adaxka bat gora eta behera darabilen lagun bat ikusten baduzue, ez izutu. Ez da —nik dakidala— burutik jota dagoen norbait. Ezta Harry Potter enegarrenez ikusteagatik expecto patronum araoa lau haizetara zabalduz dabilen aita bat. Are gutxiago zotz baten laguntzaz lurrari darion energia telurikoa sentitu eta ura aurkitu nahi duen azti hipsterra. Erantzuna askoz prosaikoagoa da. Ni neu izango naiz seguruenera, haurtzarotik ondo ikasitako mugimendu bat egiten: aurrera joan ahala, bidezidorrean egon daitezkeen armiarma sareak kentzeko biodispositiboa astintzen, hain zuzen.
Bai, jaun-andreok, araknofobia garrantzi gutxiko kontua izan daiteke, baina, fobia guztiak bezala, hori nozitzen dugunontzat oso kontu desatsegina ere izan daiteke. Halakoetan, fobiak abiatzen duen elementua ondo ezagutzea funtsezkoa omen da. Nire kasuan, zin dagizuet, askotan saiatu naiz hori egiten. Saiakera horietako bat Adrian Txaikovski idazlearen Children of Time eleberria irakurtzea izan da.
Oso argumentu erakargarria du: etorkizunean, gizakiek planeta bat terraformatu nahi dute, eta, besteak beste, horien eboluzioa azkartuko duen birus bat txertatzen dute tximinoetan. Birus hori tximinoetan ez baizik armiarmetan garatzen da, euren adimena sustatuz. Askoz gehiagorik ezin dizuet kontatu, spoilerra ez egiteko eta liburua oraindik bukatu gabe dudalako.

Bada, hau guztia kontatzen dizuet eleberri horretan ederki deskribatzen delako armiarmek izan dezaketen mundu ikuskera. Izan dezaketen, bai, zeren praktikan gizakioi oso zaila egiten baitzaigu irudikatzea gureak ez diren zentzumenak. Kolorez ikusten dugu mundua, baina duela gutxira arte guretzat infragorria edo ultramorea basoetako maitagarriak bezain ikusezinak ziren. Teknologiari esker dakuskigu. Zer esan espaziotik datozen grabitazio uhinei, buruz? Parekotasun bilatu nahian, unibertsoa entzutea bezalakoa dela esan zaigu askotan, baina gure pertzepzioan parekorik ez duen beste zentzumen bat litzateke benetan.
Armiarmen kasuan, berez ez dute belarririk, baina ez dago argi noraino diren gai entzuteko. Haiek bereziki bibrazioen bitartez hautematen dute ingurua. Animalia horien artean gehien zabalduta dagoen ehiza estrategia ezaguna da: txokoren batean armiarma sarea eraiki eta horren kontra talka egiten duten intsektuak harrapatzea. Hortaz, esan daiteke normalean armiarmek arrantza egiten dutela, eta zeregin horretan bibrazioak atzematea funtsezkoa zaiela.
Baina badira ere ehiza egiten dutenak. Hori da armiarma saltarien hautua: jauzi txiki bat eginez, harrapakinaren gainean erortzen dira. Eta badira ere sarea modu aktiboan ehiza egiteko tresna gisa erabiltzen dutenak. Mota horretakoak dira ogro aurpegiko armiarmak (Deinopis spinosa): sarea aurreko lau hankekin eutsi eta arma gisa erabiltzen dute, horrekin harrapakinak lortzeko.
Beste armiarma mota askok ez bezala, kasu honetan armiarmak ikusmen bikaina du. Zortzi begietatik bi oso handiak dira, eta horiek gauez ehizatzea ahalbidetzen diete. Begi pare hori da, hain justu, ogro izena ematen diena. Eguna ezkutuan ematen dute inguru tropikaletako palmondoen hostoetan mimetizaturik, zotz baten itxura ematen —hortik datorkie spinosa abizena—. Ez da nagikeria, noski, biziraupen kontua baizik: harrapakarietatik babesteko estrategia da. Gauez, berriz, ehizari trebeak bihurtzen dira.
Darabilten ehiza estrategia hain da txukuna ezen ikertzaileek susmatzen baitzuten ikusmenaz eta lurreko dardarez gain zerbait gehiago egon behar zela haien pertzepzioan. Current Biology aldizkarian argitaratutako ikerketa batean horren haritik egindako hainbat esperimentu azaldu dituzte, eta bertan agerian geratu da armiarma horiek entzun entzuten dutela, belarririk ez duten arren. Eta oso ondo egiten omen dute, gainera.
Hau da, hain justu, ikerketa honen berritasunik handiena. Izan ere, adituen artean ezaguna zen armiarmak eta beste animalia askok zorutik jasotako dardarak hautemateko gai direla; zentzumen mota hau solido bidez transmititutako seinale gisa ezagutzen da. Baina gauza bat da bibrazioak atzematea, eta beste bat da airean gertatzen diren perturbazio urrunak hautemateko gai izatea. Oraingoan berretsi dute aire bitartez jasotako dardarak ere hautematen dituztela, eta, horregatik, hori entzumentzat jotzen dugun fenomenoarekin lotu daitekeela.

Tinpanoak baliatu beharrean, hanketan dauden errezeptore batzuei esker lortzen dute hori. Batetik, hanketan artikulazioetan dauden organo metatarsaletan abiatzen da entzuteko gaitasun hori. Eta badirudi ere hanketan dituzten trichobothria izeneko iletxoek laguntzen dutela pertzepzio bitxi horretan.
Aurreko ikerketa batean egiaztatu ahal zuten entzumenak rol bat jokatzen zuela. Begietan silikona jarrita, ikusmena kendu zieten armiarmei; hala eta guztiz ere, gai izan ziren aireko intsektuak harrapatzeko. Lurreko harrapakinekin, ordea, ez ziren ondo moldatu, eta, horregatik, ikertzaileek ondorioztatu dute armiarmak zentzumen desberdinetan oinarritzen direla aireko edo lurreko intsektuak ehizatzeko: ikusmena darabilte lurrekoen kasuan, eta entzumena airekoenean.
Ondorioetara iristeko, batetik, armiarmen garunetan elektrodoak sartu dituzte. Zientzialariek bi metro inguruko distantzia batetik soinu desberdinak sortu dituzte, eta elektrodoen irakurketaren bitartez egiaztatu dute soinuen aurrean garuna aktibatu egiten dela. Bestetik, armiarma batzuei ere hankak kendu dizkiete, eta hanka horietan elektrodoak ezarri dituzte. Ikertzaileen esanetan, hanka horiek ordubetez erantzuteko gai dira. Bada, hankek ere soinuarekiko sentikortasuna erakutsi dute, neurketen arabera. Organo metatarsala kendu dizkieten armiarmen kasuan, berriz, soinuen aurreko erantzuna ez da hain nabaria izan. Horregatik ikertzaileek uste dute organo horiek tinpano baten rola betetzen dutela.
Laborategian ez ezik, naturan ere berretsi dituzte emaitzak. Intsektu hegalari baten presentziaren seinale izan daitekeen frekuentzia baxuko soinu bat entzutean, armiarmek haien sareak zabaldu dituzte. Frekuentzia altuagoetan, berriz, ez dira mugitu, ikertzaileen arabera, txori bat izan ote zitekeen beldur. “Frekuentzia baxuko soinuak jartzen nituenean, distantzian egon arren, armiarmek eraso egiten zuten, intsektu bat harrapatzen egongo balira bezala, baina hori ez zuten egiten frekuentzia altuagoetan”, azaldu du Cornelleko Unibertsitateko (AEB) ekologo Jay Stafstrom-ek.
Argitu nahi duten hurrengo galdera da ea entzuteko gaitasun hori norainokoa izan daitekeen direkziozkoa. Zortzi hanka izateak kokapen desberdinetan dauden sentsoreak izatea suposatzen du, eta ikertzaileek susmoa dute antolaketa hori agian baliagarria izan daitekeela soinuaren kokapena igartzeko. Ehizatzeko erabiltzen duten mugimenduagatik ere uste dute modu batean edo bestean soinuaren norabidea aurreikusteko gai direla.
Agerian geratu da armiarmen pertzepzioaren atzean mundu miresgarria egon daitekeela, eta abian diren ikerketek ezusteko ugari ekarriko dizkigutela. Baina, zer esatea nahi duzue: nire aste honetako terapia bukatutzat eman dezaket, eta pozik emango dut asteburua armiarmetan pentsatu gabe. Eta, ze demontre, hurrengo txangoan armiarmak uxatzeko makilatxo hori hagaxka magiko bihurtuko dut agian. Alde, acromantula zatar hori! Arania exumai!
Erreferentzia bibliografikoa:Stafstrom, Jay A., Menda, Gil, Nitzany, Eyal I., Hebets, Eileen A., & Hoy, Ronald R. (2020). Ogre-Faced, Net-Casting Spiders Use Auditory Cues to Detect Airborne Prey. Current Biology. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2020.09.048
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Hanken bidez entzuten duten armiarmak appeared first on Zientzia Kaiera.
Giza entzefaloa
Gizaki baten entzefaloak 1,2 eta 1,4 kg arteko masa dauka; hau da, gorputzaren masa guztiaren % 2 inguru. Gizonen entzefaloak 1.260 cm3-ko bolumena du eta emakumeenak, 1.130 cm3-koa; dena dela, aldakortasun handia dago banakoen artean. Gorputzaren masaren % 2 hartzen badu ere, organismoak gastatzen duen energia guztiaren % 20 kontsumitzen du.
Entzefaloak laurogeita hamar mila milioi neurona inguru ditu, eta horien jarduera frenetikoa da halako energia gastu handiaren arrazoia. Neurona bakoitzak aldameneko neuronekin bost mila konexio sinaptiko ditu. Konexio horien guztizko kopurua 2 x 1014 eta 3 x 1014 artean dago. Entzefalo normal batek milioi bat konexio ezar eta desegin ditzake segundo batean.

Entzefaloak informazioa presio-aldaketa, erradiazio elektromagnetiko eta substantzia kimiko gisa jasotzeko gai diren sentsore multzo bat erabiltzen du. Sentsoreek seinale bioelektriko bihurtzen dute informazio hori. Seinale horiek despolarizazio trantsitorioak dira, magnitude konstantekoak, eta maiztasun aldakorrekin mugitzen dira sentsoreak eta entzefaloa konektatzen dituzten neuronen mintzean zehar. Entzefaloak, seinaleak jaso ondoren, iragazi egiten ditu, bai eta horien artean lehentasunak ezarri ere, daukaten informazioaren interesaren edo adierazten duten arriskuaren arabera. Informazio horretatik eta zirkuituetan bilduta duenetik abiatuta, bere ingurunea birsortzen –edo kopiatzen– du. Gorputzak eusten badio, mende batez gorde dezake informazioa; automatikoki katalogatzen du eta, behar denean, editatu. Hain zuzen ere, kualitatiboki eta kuantitatiboki aldatzen du informazioa hura atzitzen duen bakoitzean, eta, horretatik abiatuta, «ni» bat eraikitzen du, esnatzean kontziente egiten den bakoitzean.
Konplexutasun handiko mezularitza kimikoko sistema bat gobernatzen du, eta gutxienez seiehun muskuluren jarduera koordinatzen du. Tresna horien bitartez, hauek egiteaz arduratzen da: energia prozesamendua antolatzeaz, dagoen organismoa ugaltzera bideratutako jarduerak gobernatzeaz eta, noski, existitzen jarraitzeaz –dena dela, azken horretan gutxi ahalegindu ohi da–.
Bere gainerako gaitasunak beste entzefalo batzuekin erlazionatzeko, existentziaren zentzua baloratzeko eta esperientziatik eta ezagutu ere egin ez dituen beste pareko batzuetatik ikasteko erabiltzen ditu.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Giza entzefaloa appeared first on Zientzia Kaiera.
Uri Gellerren historia
Badira gauza harrigarriak egiteko gai diren pertsonak. Horien artean daude, adibidez, eliteko kirolariak, gainerakoentzat ezinezkoak diren balentriak egiteko gai direnak. Baina, itxuraz ezinezkoak diren eta gure ulermenetik ihes egiten duten gauzak egiten dituzten beste batzuekin ere topo egiten dugu.
Horietako bat Uri Geller ilusionista da. Duela hamarkada batzuk ospetsu egin zen koilarak bere buruaren ustezko ahalmenarekin okertzen zituelako. Bai, Uri hainbat telebista saioetan agertu zen koilaren ikuskizunarekin. Baina… ba ote zuen koilarak okertzeko botere mentalik?
“Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Uri Gellerren historia appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 74
- 75
- 76
- 77
- 78
- 79
- 80
- 81
- 82
- …
- hurrengoa ›
- azkena »