Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela ordu 1 46 min

Asteon zientzia begi-bistan #427

Ig, 2023-02-12 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Olduvai aldiko

Emakumeak zientzian

Ingeniaritza Informatikoan doktore eta Deustuko Unibertsitatean irakasle den Mari Luz Guenagak emakumeei alor hori erakargarri egiteko lanean dihardu. Otsailak 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela ospatzeko, Guenaga Emakumeak Zientzian egitasmoaren koordinazio lanetan ibiliko da otsailaren 8tik 17ra. Guenagaren ustetan, jarduera zientifiko-teknikoa gizonezkoen kontua delako ustea zabaldurik dago oraindik, gehienbat lan teknikoetan. Informatikan, adibidez, urtero-urtero jaisten ari da emakume kopurua. Azaldu duenez, arazoa konplexua da, eta arrazoi asko daude atzean. Beraz, ekintzak arlo askotan egin behar dira. Informazio gehiago Berrian: «Informatikan urtero-urtero jaisten ari da emakume kopurua».

Argitalpenak

Godfrey Harold Hardyk Matematikari baten apologia liburuan matematikaren erabilgarritasuna dihardu. Oinarrizko zientzian bezala, matematikan ere, ikertzaileak ez du izaten aurretik esaterik zertan izango den baliagarri berak bilatzen duen hori gizartearen ikuspegitik. Aplikazioak gero datoz, etortzekotan. Godfrey Harold Hardy (Cranleigh 1877 – Cambridge 1947) ingeles matematikari gailena, zenbaki-teoriaren eta analisi matematikoaren alorrean egindako ekarpenengatik ezaguna da. Liburu hori buruzko informazioa Zientzia Kaieran aurki daiteke, ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.

Medikuntza

Heriotzatik gertuko esperientziak izan dituztenek ziurtatzen dute gauzak ikusi eta entzun ahal izan zituztela hilzorian zeudenean. Gaur egun ez dugu ondo ezagutzen momentu horretan garunak nola jarduten duen, baina 2014tik azterketa kliniko bat martxan dago fenomeno honi buruzko erantzunak eskuratzeko. Orain arte planteatu duten hipotesiaren arabera, bihotz geldialdi batean heriotzatik gertuko esperientziak izan dituzten pazienteek garunera odol fluxu hobea izango lukete bihotz geldialdian, eta horrek adimenaren kontzientzia eta jarduera eragingo lituzke. 2022ko azaroaren 6an saio zientifiko batzuk egin zituzten Chicagon, eta ikusi zuten bihotz geldialdian dauden pazienteen garunak jarduera goraldiak izaten dituela, baita garuneko hainbat uhin motek ere. Ikerketa honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Zer sentitzen dute hiltzear dauden pertsonek?

Otsailaren 4a minbiziaz kontzientzia hartzeko eguna izan da, eta horren harira, Ana Zubiaga EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari eta genetikan katedraduna elkarrizketatu du Berriak. Zubilagaren ikerketak minbiziaren hilkortasuna murriztea du helburu, eta horretarako, tumore-zelulek behar dituzten proteina anormaletara bideratzen da tratamendua. Tumore-zelulek proteina hauek behar dituzte hazi eta ugaltzeko. Terapia horrek kimioterapia ordezkatzen du, eta ez da hain inbaditzailea, askoz ere zuzenduagoa baitago tumore zeluletara. Alabaina, Zubilagaren ustetan, terapia zuzenduez gain, diagnostiko goiztiarrean eta txertoetan lan egin beharra ikusten du, gaixoen biziraupena hobetuko bada. Datuak Berrian: «Osatu dugu minbizia? Oraindik ez, baina asko laguntzen ari gara».

Genetika

Proposatu da otiek eta landare-zorriek itxura-plastikotasuna izatea abantaila ebolutiboa izan dela. Izan ere, jakina da, inguruan duten indibiduoen kopuruaren arabera, itxura bat edo beste izango dutela landare-zorriek, eta, otien kasuan, gorputz-kolorea edota jokabidea aldatuko dute. Hala, aztertu egin dira dentsitatearen araberako itxura-plastikotasun honen jatorrian dauden mekanismo biologikoak eta geneak. Ondorioen arabera, ikusi egin da hainbat generen funtzionamendua ezberdina dela isolatuta ala dentsitate altuetan dauden intsektu hauetan, eta horrek eragina izan dezakeela intsektu horiek duten itxura-plastikotasunean eta portaeran. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Indibiduo kopuruak itxura eta jokabidea baldintzatzen dituenean.

Ingurumena

Azpiegitura berdeak sortzeak inguruko etxebizitzen prezioa garestitu dezake, eta, hala, goi klaseko bizilagunek ordezka ditzakete langile klasekoak. Prozesuari “gentrifikazio berdea” deritzo, eta jada gertatu da munduko hiri batzuetan. Isabelle Anguelovski ikertzailearen arabera, azpiegitura berdeak sortzeko programetako asko historikoki grisagoak izan diren auzoetan garatu dira, eta eremua biziberritzean, etxebizitzak garestitu eta segregazioa gertatzen da. AEBetako, Kanadako eta Europako 28 hiri aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute haietako hamazazpitan azpiegitura berdeek nolabaiteko eragina izan dutela gentrifikazioan. Beste 11 hiritan ordea, azpiegitura berdeek ez dute eraginik izan, Valentzian, kasurako. Azalpenak Berrian: Eremu berdeetatik egotziak.

Energiarako ikatzaren kontsumoa behar adina murriztea zaila dute mendekotasun handia duten herrialdeek, Nature Climate Change aldizkarian argitaratu berri duten azterketa batean kalkulatu dutenez . IPCC-ren arabera, ikatzaren erabilera % 73 murriztu beharko litzateke 2030erako, berotze-globala 1,5 °C-ra mugatzeko helburua betetzeko. Txina, India eta Hego Afrika bezalako herrialdeek, alabaina, ikatzarekiko mendekotasun handia dute, eta horrek esan nahi du inoiz herrialde batean energia-iturrietan lortu den murrizketa azkarrena baino bi aldiz azkarrago murriztu beharko luketela. Datuak Elhuyar aldizkarian.

David Montoya BC3ko Ikerbasque ikertzaileak mikroplastikoen inguruan idatzi du Berrian. Petrolioaren eratorrietatik sortutako neurri txikiko (bost milimetro baino txikiagoak) partikula sintetikoak dira mikroplastikoak. Mota askotakoak daude, eta bakoitzak ezaugarri fisiko-kimiko ezberdinak ditu (polietilenoa, polipropilenoa, poliestirenoa, adibidez), baina mikroplastikoek bi ezaugarri nagusi dituzte: nonahi daude, eta denbora luzez irauten dute. Ondorioz, mikroplastikoen kutsadura gure ingurunearen zati integrala bihurtu da. Mikroplastikoak aldaketa globalaren faktore gisa tratatuak izaten hasi dira jada, eta haien inguruko gaur egungo ikerketa aldatzen ari da, ikuspegi ekotoxikologikotik, ikuspegi ekosistemiko osoago batera. Informazio gehiago Berrian: Ba al dakigu zer diren mikroplastikoak?

Biologia

Taldean bizi diren ugaztunak bakartiak baino luzeago bizi dira. Hala ondorioztatu du Pekingo ekologia eta kontserbazioko ikerketa-zentro batek, ia mila animalia baino gehiago aztertuta. Antzeko neurria eta pisua zituzten animalien bizi-luzerak alderatu zituzten, eta kontuan izan zuten ea komunitatean ala bakarrik bizi ziren. Horrela, ikusi dute erlazio zuzena dagoela bi aldagai horien artean. Fenomeno honen adibidea dira Blarina brevicauda satitsua eta ferra-saguzar handia. Neurri eta pisu antzekoa izanik, satitsuaren bizi-itxaropena bi urtekoa da, eta saguzarrarena 30 urtekoa izatea irits daiteke. Ikertzaileek oraindik ez dituzte mekanismo molekularrak argitu, baina badirudi taldean bizitzea lagungarria dela inguruneko egoera zailak gainditzeko eta estresa apaltzeko. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

UPV/EHUko Lindy Lab Language in Neurodiversity ikerketa-taldearen azterlan batek kamuflajearen ikuspegi integratzaileagoa eskaini du espektro autista osoan. Kamuflajea zera da, trastorno hau jasaten duten pertsonek gizartera egokitzeko erabiltzen dituzten estrategien multzoa. Gaur egun, testen edota galdetegien bidez detektatzen da kamuflajea, baina kanpoan uzten dituzte espektroan dauden pertsona asko; adibidez, inkontzienteki kamuflatzen direnak, adimen- eta/edo hizkuntza-urritasunak dituztenak eta abar. Ikerketa-talde honek informazioa triangulatzea proposatzen du, hau da, kamuflajearen fenomenoa behatzea baina inplikatutako pertsonari zuzenean galdetu gabe. Honela, gaur egun azterketatik kanpo geratzen diren taldeetara zabaltzea espero dute. Datuak Zientzia Kaieran: Kamuflajearen fenomenoa sakontzen autismoaren ikerketan.

Gazteen artean sare sozialen erabilerak eta horiek buru osasunean duten eragina izan zuen hizketagai Telmo Lazkanok otsailaren 6an Gasteizen, Floridako kultur etxean. Gai horrekin kezkatuta, Lazkanok egitasmo berritzaile bat jarri zuen abian Donostiako Peñaflorida ikastetxean. Astebete mugikorrik gabe egon ziren 15 eta 16 urte bitarteko ikasleak, eta esperientzia hartan jasotakoak eta alor horretan ikasitakoak azaldu zituen hitzaldian. Ikasleek eguneroko bat idatzi behar izan zuten mugikorrik gabe nola sentitzen ziren kontatuz. Lehenengo hiru egunetan dependentzia sintoma argiak agertu ziren gehienetan, baina hurrengo egunetan askatasun hitza askotan errepikatzen zuten ikasleek. Emaitzak ikusitik, Lazkanok ez du uste sare sozialak berez txarrak direnik, baizik bere erabilera direla gakoa. Berri honen inguruko informazio gehiago Alea aldizkarian aurkitu daiteke: “Mugikorraren erabilera egokirako formazioa behar da”.

Antropologia

Lezetxikin neandertalak oso berandura arte bizi izan zirela baieztatu du Bordeleko Unibertsitateko ikertzaile talde batek. Kobazulo horretan Jose Migel Barandiaranek aurkitutako bi hagin aztertu dituzte berriro gaur egungo teknikak erabilita, eta baieztatu dute neandertal gazteenen artean daudela. Zehazki, 32000-57000 urte dituztela kalkulatu dute. Alabaina, ezin dituzte haginak zuzenean datatu, horretarako suntsitu beharko lituzketelako, eta, ez dute ondare hori galdu nahi. Beraz, kronologia gehiago fintzeko, geruza berean aurkitutako animalia-fosilak topatu beharko lituztekete, haiek bai zuzenean datatzeko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Teknologia

Irati Prol Godoyk Energia Berriztagarrien ingeniaritza ikasi zuen UPV/EHUn, eta gaur egun, EHUko ENEDI (Energetika Eraikuntzan) taldean ari da doktorego-tesia egiten. Zehazki, eraikinetako sistema termikoen eraginkortasuna ikertzen ari da Prol. Sistema termikoak dira, besteak beste, berokuntza, ur bero sanitarioa eta hozte-sistemak. Arazoa da sistema hauen eraginkortasuna batzuetan ez dela behar besteko eraginkorra, eta beraz garrantzitsua da instalazioetan mantentze-lan eraginkorrak egitea. Honen harira, Prolek eraikinetako sistema termikoa optimizatzeko Termoekonomia eta Adimen Artifiziala konbinatuko dituen teknikak proposatu ditu bere tesian. Teknika horrekin instalazioen mantentze-lanetarako tresna erabilgarri bat sortzea du helburu. Datuak unibertsitatea.net webgunean: Irati Prol: “Eraikinen instalazio termikoetan mantentze-lan eraginkorrak egitea garrantzitsua da”.

Teknologiaren sorrera Paranthropus generoarekin lotuta egon litekeela iradoki dute. Nyayangan (Kenia) eginiko azken aurkikuntzek ondorioztatu dute Olduvai aldiko teknologia uste baino lehenagokoa zela eta uste baino zabalduago zegoela. Paranthropus generoko homininoen aztarnak topatu dituzte harrizko tresna batzuekin batera, eta iradoki dute litekeena dela haiek erabili izana tresna horiek. Orain arte, Olduvai aldiko tresna zaharrenak, duela 2,6 milioi urte ingurukoak, Etiopiako Afar Triangeluan aurkitutakoak ziren. Nyayangan aurkitutako tresnak, berriz, 3-2,6 milioi urtekoak direla kalkulatu dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Olduvai aldiko teknologia uste baino hedatuago zegoen.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #427 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Generoa, identitatea eta estereotipoak zientziaren eta teknologiaren komunikazioan

La, 2023-02-11 11:00

Hazten doazen heinean, haurrek gero eta hobeto ulertzen dute bizi diren gizarte ingurunea, eta, aldi berean, beren nortasunaren zentzua garatzen dute, batez ere, haiek batzen eta besteetatik bereizten dituzten ezaugarriei dagokionez. Talde bateko kide izateak asko baldintzatzen ditu gizarte errealitatearen ulermena eta nortasunaren garapena.

generoa

Taldearen ezaugarri batzuk oinarri objektiborik gabeko estereotipoak dira edo horietatik eratorriak dira. Bestalde, estereotipoetan sinesteak egin daitekeenari eta egin ezin denari buruz espero dena baldintzatu dezakeenez, talde bateko kide izateak eta horrek ematen duen identitateak kasu askotan baldintzatzen dute espero den hori. Estereotipoek, hala, autopertzepzio akademikoak eratzen dituzte, baita zenbait ikasketa egiteko eta zenbait lanbide betetzeko berezko gaitasunen inguruko usteak eta zenbait ikasketa aukeratzen dituztenen edo egiten ez dutenen taldeko kide izatearen sentimenduari buruzkoak ere.

Generoa, komunikazioa eta estereotipoen transmisioa

Garrantzitsua da, beraz, aipatutako estereotipoak non eta nola sortzen diren eta zein eratara transmititzen diren ulertzea. Familia ingurunean mutilek eta neskek bereganatzeak ez du esan nahi berez sortzen direnik. Ez dira naturaz gaindiko errebelazio edo inspirazio baten ondorio. Familiak ez dira jendartetik isolaturik bizi. Estereotipoek kultura izaera dute, eta, hasteko, komunitate zientifikoaren barnean eratu daitezke, nozio berriak sortzeko moduagatik eta, gero, beste eremu batzuetara zabaltzeko moduagatik. Eta familiaren, lagun taldeen, eskolaren eta komunikabideen bidez transmititzen da. Horiek jendartean indarrean dauden eskemak erreproduzitzen dituzte, zabaltzen duten informazioaren, genero ikuspegiari ematen dioten tratamenduaren edo ematen eta proposatzen dituzten irudikapenaren eta irudien bidez. Erreprodukzio horrek estereotipoak transmititu, eta estereotipoekin bat datozen jarduteko modu jakin batzuk finkatzen ditu.

Estereotipoen sorreraz eta transmisioaz gain, garrantzitsua da jakitea nola; hau da, zein mekanismoren bidez zabaltzen den. Seinale sotil ugari daude, eta horien transmisioak arestian aipatu ditudan identitateak eratzen laguntzen du. Esate baterako, hizkuntzak, bere izaera barneratzaileaz edo baztertzaileaz harago –hori da gehien begiratzen duguna edo kontuan hartzen dugun bakarra–, nortasuna taxutzen eta (ustezko) atributuz hornitzen duten gakoak ditu, ondorio garrantzitsuak dituztenak. Irudiak ere ez dira neutroak. Hitzezko hizkuntza eta ikusizko hizkuntza, aurreiritziak eta eredu estereotipatuak modu sotilean transmititu ditzaketen bi komunikazio tresna dira. Esandakoa komunikazioan profesionalki dihardutenentzat garrantzitsua izateaz gain, ikertzaileentzat ere bada, izan ere, askotan, ez dira jabetzen zerbait baieztatzen edo ukatzen denaren denotazio balioa bezain garrantzitsua direla horren konnotazioak. Horrek guztiak eragin erabakigarria du transmititzen den horretan eta, hortaz, zabaltzen eta sustatzen diren balioetan.

Otsailaren 9an, Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldien barruan, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak Generoa eta Zientziaren Komunikazioa izeneko jardunaldia egin zuen. Orain arte, efemeride hori ospatzeko, bideoak zabaldu ditugu. Horien bidez, arreta erakarri nahi izan dugu, eta nesken eta mutilen arteko desberdintasunei buruz kontzientziatu, zenbait ikasketa zientifiko-teknologikotan sartzeko eta gizonek eta emakumeek karrera zientifikoan aurrera egiteko.

Aurreko bosturtekoan zehar zabaldutako bost bideoen ondoren, jauzi bat egitea erabaki dugu, eta desberdintasun horiei eraginkortasunez aurre egiten lagunduko duten ekintzak gauzatzeko modua bilatzea. Hori izan da, hain zuzen ere, jardunaldiaren helburua: datuak ematea, egoera baloratzea eta komunikazio zientifikoaren arloan konponbideak proposatzea. Neska-mutilengan zientziarekiko, matematikarekiko eta teknologiarekiko hainbat joera, jarrera eta gaitasun marrazten dituzten estereotipoen jatorria estereotipook komunitate zientifikoan sortzen eta hedabideen bidez gizarteari helarazten zaizkion moduan datza.

Hedabideek eta komunikazioak berak jendartean indarrean dauden genero eskemak egonkortu ditzakete edo aldaketa piztu dezakete. Aldaketak errealitatearekin bat ez datozen estereotipo eta rol finkatuak alde batera uztea eskatzen du, eta ezagutza eta informazioa komunikatzea, halako eran, non transmisioa koherentea izango baita gizonek eta emakumeek zientziarekin eta teknologiarekin duten harremanean –ikasle edo profesional gisa– duten funtsezko berdintasunaren ideiarekin. Horregatik pentsatu dugu merezi zuela hori guztia aztertzea eta ondorio praktikoak ateratzen saiatzea. Hausnarketa eta salaketa binomiotik beste binomio batera igaro nahi izan dugu: gogoeta eta ekintzara, hain zuzen ere.

Ez dut amaitu nahi, otsailaren 11 honetan ere, gogora ekarri gabe UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarako urteko egun guztiak direla Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Eguna, eta horren erakusle dugu urteko egun guztietan artikulu bat plazaratzen duen Mujeres con ciencia egitasmoa.

Erreferentzia bibliografikoak: Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunaren argitalpenak:

The post Generoa, identitatea eta estereotipoak zientziaren eta teknologiaren komunikazioan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Menopausiaren historia

Or, 2023-02-10 09:00

Eboluzioaren ikuspuntutik, zer zentzu dauka aurretik bizitza luzea duen pertsona osasuntsu batek une zehatz batean ugalkor izateari uzteak? Bai fenomeno bitxia eta misteriotsua menopausia.

George Christopher Williams biologo ebolutiboak, bere ikerketen ondorioz ‘amonaren hipotesia’ sortu zuen. Emakume batek seme-alabak 60 edo 70 urterekin izaten bazituen, haurrak euren kabuz moldatzeko gai izan aurretik hil zitekeen. Aitzitik, bilobak zaintzeaz eta babesteaz arduratzen bazen, haurrek aurrera egiteko aukerak askoz handiagoak ziren. Biziraupen genetiko hutsa.

‘Zientziaren historia’ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Menopausiaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Matematikari baten apologia

Og, 2023-02-09 09:00

Zertarako matematika? Galdera horren erantzun guztiz pertsonal baina egoki arrazoitua ematen digu Hardyk Matematikari baten apologia (1940) liburuan. Argitu dezagun ez garela ari hainbestean matematikaren gizarte-erabilerari buruz, baizik eta norbaitek lana eta bizitza matematikari eskaintzeko arrazoiei buruz: zergatik egiten den inor, matematikari, alegia.

Matematikari baten apologiaIrudia: Matematikari baten apologia liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Zioen azalpen edo apologia horrek, alderdi pertsonalekin batera, orobat hartzen ditu zenbait gai zabal, matematikaren baliagarritasunetik hasi eta haren estetikaraino. Izenburua, kontuz, engainagarri gerta daiteke: Hardy ez da ari iritsi konbentzionalaren aurrean bere langintza justifikatzen, baizik eta, inoren uste nagiari atsegin gertatu zein ez, berak barne sakonean sentitzen dituenak zintzo azaltzen, ironia biziz sarritan: “pertsonen ehuneko bostek edo hamarrek, hor nonbait, zerbait ondo samar egin dezake”.

Hardyren araberako matematikariarentzat, esate baterako, akuilu jatorragoa da goranahia, itxurak itxura, altruismoa baino. Oinarrizko zientzian bezala, matematikan ere, ikertzaileak ez du izaten aurretik esaterik zertan izango den baliagarri berak bilatzen duen hori gizartearen ikuspegitik. Aplikazioak gero datoz, etortzekotan. Benetako matematikaria ez da horretan ari, besterik baita haren ardura: aurkikuntza ederrak egitea. Aurkikuntzok, ospea ospe, artearenak baino hilezkorragoak dira, ez baitaude inolako euskarri materialen mende.

Matematikariak berak azalduko digunaren osagarri, Hardy zen pertsonaia bitxiaren deskripzio maitekor bezain pipertsua ematen digu hitzaurrean C.P. Snow-ek, bi kulturak esapide ospetsua zor zaion zientzialari eta eleberrigileak, hurbileko tratua izan baitzuen harekin.

Godfrey Harold Hardy (Cranleigh 1877 – Cambridge 1947) ingeles matematikari gailena, zenbaki-teoriaren eta analisi matematikoaren alorrean egindako ekarpenengatik ezaguna da. Matematikari ez direnen artean, Matematikari baten apologia liburuak eman dio ospe zabala, gutxik bezala lortu baitu hor jende arruntari azaltzea zer duen matematikari batek buruan bere lanean diharduenean.

Besterik ere zor zaio, hala nola Ramanujan indiar matematikari jenial baina artean landugabea aurkitu eta bere babespean hartu izana. Harekiko lankidetza zeukan Hardyk bere ekarpenik handientzat, eta huraxe egokitu zitzaion, bere hitzetan, “bizialdiko gertakari erromantiko bakarra”. Bestelako zaletasun bat ere izan zuen, kartsua oso, bizi guztian: cricketa.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Matematikari baten apologia
  • Egilea: Hardy, Godfrey Harold
  • Itzultzailea: Iñaki Iñurrieta
  • ISBN: 978-84-9860-424-5
  • Formatua: 16 x 24 zm
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2010
  • Orrialdeak: 156 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Matematikari baten apologia

The post Matematikari baten apologia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Indibiduo kopuruak itxura eta jokabidea baldintzatzen dituenean

Az, 2023-02-08 09:00

Nolako ingurunea, halako gene-funtzionamendua. Jakin badakigu hainbat generen funtzionamendua doitzen dela ingurunearen arabera. Adibidez, azaleko zelulek melanina ekoizten dute eguzki-izpien eraginaren ondorioz. Hala, mekanismo biologiko batzuk martxan jarriko dira kanpo-faktoreen arabera, geneen funtzionamenduaren egokitzapenaren ondorioz. Kanpo-faktore horietako bat izango ote da inguruan dagoen indibiduo kopurua?

Jakina da dentsitatearen araberako itxura-plastikotasuna dutela otiek eta landare-zorriek. Inguruan duten indibiduoen kopuruaren arabera, itxura bat edo beste izango dute landare-zorrien hegoek. Otien kasuan, dentsitatearen arabera gorputz-kolore bat edo beste izango dute edo jokabidea aldatuko dute, besteak beste, taldekoiak izatera edo hegan egiteko gaitasuna izatera. Proposatu da otiek eta landare-zorriek itxura-plastikotasuna izatea abantaila ebolutiboa izan dela.

Hala, aztertu egin dira dentsitatearen araberako itxura-plastikotasun honen jatorrian dauden mekanismo biologikoak eta geneak. Otien kasuan, hainbat gene-taldek parte hartzen dutela ondorioztatu da; besteak beste, gazte-hormonaren hartzaileak, oxidazio-estresaren aurreko erantzunean parte hartzen duten geneak eta neurotransmisoreak. Hala ere, ezezaguna da espezie ezberdinetan mekanismo-biologikoak antzekoak ote diren, eta oti, landare-zorri eta matxinsaltoak aztertu ditu ikertzaile talde batek, komunak diren geneak aurkitzeko.

mekanismo biologiko1. irudia: Schistocerca americana matxinsaltoa (Argazkia: Christina Butler – CC-BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Lan berri honetan aztertu egin ziren Schistocerca generoko matxinsaltoen bost espezie, Acyrthosiphon pisum landare-zorri espeziea eta Locusta migratoria oti espeziea. Zehatzago esateko, datu-base publikoetan eskuragarri dauden datuak berraztertu dituzte lan honetan. Hala, espezie bakoitzean eskuragarri zeuden datuen jatorria ezberdina zen, espezie bakoitzean ehun desberdinak aztertu baitziren; besteak beste, burua, toraxa eta garuna. Ehun horietan geneen funtzionamendu maila aztertu zen isolatutako indibiduoetan eta dentsitate altuko inguruneetan zeuden indibiduoetan.

Datu horiek modu berdinean aztertu baziren ere, azterketa doitu egin zen espeziearen arabera: A. pisum landare-zorriaren eta L. migratoria otiaren kasuetan, beren genomaren inguruko informazioa dagoenez, zuzenean eskuratu zen geneei buruzko informazioa; Schistocerca generoko matxinsaltoen kasuan, genomei buruzko informaziorik ez dagoenez, modu ez zuzenean inferitu ziren geneak eta gene horien funtzio biologikoa, beste espezie batzuetan ezagunak diren geneekin duten antzekotasuna oinarri hartuta. Aipatutako prozedura hau ohikoa da genomei buruzko informaziorik ez dagoenean edo geneei buruzko informazioa gutxi dagoenean.

mekanismo biologiko2. irudia: Acyrthosiphon pisum landare-zorria. (Argazkia: Shipher Wu eta Gee-way Lin – CC-BY 2.5 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Lan honen asmoa gene komunak aurkitzea bazen ere, A. pisum landare-zorriaren kasuan ezberdintasun gutxi aurkitu zituzten geneen funtzionamenduan isolatutako eta dentsitate altuko inguruneetako indibiduoen artean. Ikertzaileek iradokitzen dute A. pisum landare-zorrian eskuragarri zeuden datuak helduenak zirela eta beste espezieetan larbarenak zirela eta, ondorioz, garapen-faseak eragina izan dezakeela dentsitatearen araberako itxura-plastikotasunean. Edonola ere, gai izan ziren hainbat mekanismo biologiko detektatzeko.

Batetik, DNAren erreplikazioan, DNAren metabolismoan eta zelularen zikloan parte hartzen duten geneak aktiboago zeuden dentsitate altuko inguruneetako indibiduoetan. Mekanismo biologiko hauek ez dira normalean halako ikerketetan aztertzen, baina orain dela gutxi egindako lan batean ikusi zen dentsitatearen araberako hego-formaren plastikotasunean mekanismo biologiko hauek parte hartzen dutela Nilaparvata lugenes intsektuan. Hala, DNAren erreplikazioan eta zelularen zikloan parte hartzen duten geneek garrantzia izan dezakete dentsitatearen araberako itxuraren plastikotasunean.

Bestetik, ple genearen funtzionamendu maila altua ikusi zen isolatutako indibiduoetan. Ezaguna da gene horrek nolabaiteko eragina izan dezakeela L. migratoria oti taldekoen kolorazioan, kolore-plastikotasunean duen balizko eragin hori guztiz argia ez bada ere. Gainera, ple geneak parte hartzen du oxidazio-estresaren aurreko erantzunean eta funtzio horretan parte hartzen duten hainbat genek ere funtzionamendu maila altua izan zuten isolatutako indibiduoetan. Dirudienez, L. migratoria oti bakartiek hegan egiteko gaitasun mugatua dute oxidazio-estresaren aurreko erantzunaren ondorioz. Hala, gene horren funtzionamendu mailak azal lezake oti bakartiek eta taldekoiek beren hegaldi-patroian duten ezberdintasuna.

mekanismo biologiko3. irudia: Locusta migratoria otia. (Argazkia: Holger Krisp – CC-BY 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Azkenik, ikusi egin zen nerbio-sisteman parte hartzen duten hainbat genek eragina izan dezaketela Schistocerca gregaria matxinsaltoan eta L. migratoria otian. Isolatutako baldintzetan funtzionamendu handiagoa izan zuten hainbat genek; hain zuzen ere, beste intsektu batzuetan jokabidean –besteak beste, lo-portaeran, neuronen loturan eta ikusmenean– eragina dutenek.

Hala ere, lan honetan ez dute proposatu zein mekanismoren bidez eragiten duen geneen funtzionamenduan ingurunean dagoen indibiduo kopuruak. Hau da, gene-funtzionamenduaren egokitzea nola gertatzen den oraindik ez da ezaguna.

Laburbilduz, ikusi egin da hainbat generen funtzionamendua ezberdina dela isolatuta ala dentsitate altuetan dauden hainbat intsektutan, eta horrek eragina izan dezakeela intsektu horiek duten itxura-plastikotasunean eta portaeran. Ez dakigu beste animalia talde batzuetan dentsitateak halako eragin argirik ote duen. Hori argitzen dugun bitartean, ezin dugu ez baieztatu, ezta ere ezeztatu, genetikoki programaturik ote dugun gutako batzuek jendetzetatik urrun ibiltzeko dugun joera.

Erreferentzia bibliografikoa:

Toga, K. et al. (2022). Meta-Analysis of Transcriptomes in Insects Showing Density-Dependent Polyphenism. Insects, 13,864, DOI: 10.3390/insects13100864

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Indibiduo kopuruak itxura eta jokabidea baldintzatzen dituenean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zer sentitzen dute hiltzear dauden pertsonek?

Ar, 2023-02-07 09:00

Ba al dago ezer heriotzaren ostean? Gizateriaren historian zehar erlijio asko saiatu dira galdera estu horri erantzuten, baina ez dago frogarik garun heriotza (atzeraezina) jasan duen norbait bizidunen mundura itzuli eta hori kontatu ahal izan duela frogatzeko.

Heriotzara igarotzeko prozesua oso bestelako egoera bat da. Pertsona batzuk gai dira garai lauso horretatik, hau da, hiltzear egotetik, bizirik irauteko, eta heriotzatik gertuko esperientziak (HGE) izan dituztela adierazi dute. Bihotz geldialdi baten ondoren bihotz biriketako bizkortze (BBB) batetik bizirik atera diren gizabanakoen % 10ek erreanimazio aldian deskribatzen dute HGE, ustez konorterik gabe eta hiltzear zeudenean. Bihotz geldialdian gauzak ikusi eta entzun ahal izan zituztela deskribatzen dute batzuek (bihotz geldialdietan ez dago odol ponpaketarik, ezta arnasketarik ere).

hilzorianIrudia: zientzialariek ikusi dute bihotz geldialdian, ustez hilzorian, dauden pazienteen garunak jarduera goraldiak izaten dituela, baita garuneko hainbat uhin mota ere. (Argazkia: OpenClipart-Vectors – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Pazienteek esperientzia bizi eta surrealista horiei buruz egindako deskribapenetan badira bat datozen zenbait puntu. Askok beren bizitzako historiaren panoramika bat edo bizitzako pasarterik garrantzitsuenak ikusi izana deskribatzen dute. Beste batzuek, berriz, haluzinazioak, erabateko bake sentsazioa edo ametsak esperimentatzen dituzte, edo beren gorputzetik kanpo atera izana sentitu dute (gorputzetik kanpoko esperientziak).

Zer gertatzen da garunean une kritiko horietan? Gaur egun ez dugu ondo ezagutzen HGEetan garunak nola jarduten duen, fenomeno hori zuzenean aztertzea oso zaila delako. Hala ere, 2014tik azterketa kliniko bat martxan dago HGEei buruzko erantzunak emateko: AWARE II azterketa (euskaraz, «kontziente»). Behaketan oinarritutako ikerketa horretan, Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko 25 ospitalek parte hartzen dute, eta bihotz geldialdi baten ondoren BBBak pertsonen kontzientzian eta funtzionamendu neurologiko, funtzional eta kognitiboan nola eragiten duen aztertzen du bereziki.

Azterketaren arduradunek honako hau planteatu dute: “Baliteke esperientzia horiek kontatzeko gai diren pazienteek pronostiko hobea izatea garuneko erasan murriztuari dagokionez, baita trebetasun funtzional hobea izatea eta psikologikoki hobeto egokitzea ere. Gure ustez, paziente horiek garunera odol fluxu hobea izango lukete bihotz geldialdian, eta horrek adimenaren kontzientzia eta jarduera eragingo lituzke”.

Hilzorian

Azterketa horretan, 2017ko maiatzetik 2022ko martxora ospitaleratutako 567 pazientek parte hartu zuten. Bihotz geldialdi bat jasan zutenez, osasun arloko langileek bizkortze estandarizatuko maniobra bat aplikatu zieten; aldi berean, garuneko jarduera erregistratu zieten elektroentzefalograma bidez, eta garuneko oxigenazio maila neurtu zieten gailu eramangarri baten bidez. Era berean, tableta bat jarri zuten pazienteen gainean, eta hark hainbat irudi erakusten zituen bizkortze prozesuan (pazienteek kontatzen dituzten oroitzapenak benetakoak diren egiaztatzeko). Horren ondoren, geldialditik bizirik irten ziren eta baimena eman zuten pazienteek beren esperientziei buruzko elkarrizketetan parte hartu zuten (grabatu egin ziren).

NYU Langone Health ospitaleko (New York) ikertzaileak buru dituen azterketa horren emaitzak oraindik ez dira argitaratu aldizkari zientifiko batean, baina egindako azken aurkikuntzei buruzko funtsezko datuak iragarri zituzten Estatu Batuetako Bihotz Elkarteak 2022ko azaroaren 6an Chicagon egindako saio zientifikoetan.

Zientzialariek ikusi zuten bihotz geldialdian dauden pazienteen garunak jarduera goraldiak izaten dituela, baita garuneko hainbat uhin mota ere (alfa, beta, delta, teta eta gamma, besteak beste), gehienez ere ordubetez, BBB egin zen arte. Goi mailako prozesu kognitiboak (pentsatzea eta gogoratzea, adibidez) egiten dituzten pertsona kontzienteengan ere gertatzen dira jarduera piko horietako batzuk. Egileek planteatu dutenez, garun jardueraren erregistro hori heriotzatik gertuko esperientzien froga objektiboa izan liteke.

Sam Parniak, New Yorkeko Estatu Unibertsitateko Zaintza Intentsiboetako eta Bizkorketako ikerketa zuzendari eta azterlanaren buruak, honako hau azaldu die hedabideei: “Esperientzia horiek ezin dira hartu gaixorik edo hilzorian dagoen garun baten trikimailu gisa, gizakia hilzorian dagoenean gertatzen den esperientzia bakartzat baizik”. Bizitzarako kritikoak diren une horietan garunaren desinhibizioa gertatzen dela defendatzen du medikuak; horren ondorioz, oroitzapenak, pertzepzioak eta prozesu mentalak sortzen dira, kontziente garenean egoten diren mugak kontuan hartu gabe.

Etorkizun hurbilean, azterketaren xehetasun guztiak ezagutu ahal izango ditugu, aldizkari batean argitaratzen direnean. HGEen fenomenoan oinarrituta dagoen eta froga objektiboak dituen lehen ikerketa sistematiko handia denez, oso datu baliotsuak ematea espero da.

Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko abenduaren 19an: ¿Qué experimentan las personas al borde de la muerte?

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Zer sentitzen dute hiltzear dauden pertsonek? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kamuflajearen fenomenoa sakontzen autismoaren ikerketan

Al, 2023-02-06 09:00

UPV/EHUko Lindy Lab Language in Neurodiversity ikerketa-taldearen azterlan batek kamuflajearen ikuspegi integratzaileagoa eskaintzen du espektro autista osoan. Etorkizuneko ikerketetarako lehentasunak proposatzeari dagokionez, nabarmentzen du zer-nolako garrantzia duen fenomeno hori hobeto ulertzeak eta egungo neurketa-metodoak hobetzeak.

Azken urteotan asko hitz egiten da autismoa duten pertsonen kamuflajeaz. Kamuflajea zera da, trastorno hau jasaten duten pertsonek gizartera egokitzeko erabiltzen dituzten estrategien multzoa. Hala ere, kamuflajeari buruzko ikerketa nahiko berria da oraindik; haren ezaugarriak gutxi aztertu dira, eta erantzunik gabeko galdera asko daude. Horregatik, lan honek kamuflajearen ikuspegi integratzailea aurkeztu nahi du. “Gure helburua da fenomeno hori hobeto ulertzea eta kamuflajea nola garatzen den sakonki aztertzea, ikerketan aurrera egiteko lagungarriak izan daitezkeen alderdi batzuk iradokitzeko”, adierazi du Valentina Petrolinik. Petrolini EHUko Lindy Lab taldeko ikertzaile da, eta ikerketaren egileetako bat.

Irudia: Kamuflajea autismoa duten pertsonek gizartera egokitzeko erabiltzen dituzten estrategien multzoa da. (Argazkia: geralt – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay)

Normalean, pertsonak bi helbururekin kamuflatzen dira: diagnostikoa ezkutatzeko eta gizartera egokitzeko. “Esaten dugu pertsona bat kamuflatu egiten dela izango dituen elkarrizketak entseatzen dituenean, beste pertsona batzuen keinuak eta adierazpenak imitatzen dituenean eta, oro har, bere sintoma fisikoak ezkutatzeko ahalegina egiten duenean”, azaldu du Valentina Petrolinik. “Ikerketa askok erakutsi dutenez, autismoa duten pertsonek benetan ez diren hori izateko egiten duten ahalegina lotuta dago antsietate-maila handiarekin eta epe luzeko arazo mentalekin”, gaineratu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Nola detektatzen da kamuflajea garapen neurologikoaren desoreka jasaten duten pertsonen artean? Gaur egun, badira zenbait tresna, hala nola testak eta galdetegiak, baina kanpoan uzten dituzte espektroan dauden pertsona asko; adibidez, inkontzienteki kamuflatzen direnak, adimen- eta/edo hizkuntza-urritasunak dituztenak eta abar. Lan honetan, “informazioa triangulatzea proposatzen dugu: dauden probak erabiltzea, inguruari buruzko informazioa biltzea, pertsona batek hainbat testuingurutan duen jokabidea behatzea eta pertsonekin testuinguru desberdinetan hitz egitea…; hau da, kamuflajearen fenomenoa behatzea baina inplikatutako pertsonari zuzenean galdetu gabe”, adierazi du Valentina Petrolinik.

Inpaktuari dagokionez, oso garrantzitsua da orobat gaur egun kamuflajearen azterketetatik kanpo geratzen diren taldeetara zabaltzea ikerketa. Horregatik, azterlan honek gaur egun autismoaren espektroan gutxi ikertuta dauden taldeetara zabaltzen du kamuflajeari buruzko eztabaida, hau da, hizkuntza- eta/edo adimen-urritasunak dituzten haur eta helduetara. “Guk argudiatzen duguna da ezen balitekeela talde horietako kamuflajea desberdina izatea egungo bibliografiak kamuflaje-kasu ohikotzat deskribatzen duenarekin alderatuta”, adierazi du Petrolinik. “Gure azterlanaren ondorioetako bat da kamuflajeak hainbat forma izan ditzakeela, eta inpaktu desberdina izan dezakeela, egiten duten pertsonen arabera”.

Lan hori teorikoa da erabat, eta, Valentina Petroliniren ustez, honako hau ondorioztatzen du: “orain arte egindako ikerketa askoren oinarria mugatua da parte-hartzaileen ezaugarriei eta adierazgarritasunari dagokienez, eta horrek iradokitzen du ondorioak ezin zaizkiola aplikatu komunitate osoari”. Halaber, azpimarratzen du beharrezkoa dela autismoaren fenomenoa sakonago aztertzea eta gaur egungoak baino neurketa-tresna zehatzagoak eta inklusiboagoak garatzea. “Esan genezake ekintzarako dei bat ere badela, egoeraren koadro zehatzik izan gabe ondorio orokorrik ez ateratzeko”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Autisten ezaugarriak hobeto ezagutu nahi dituzte, gizartera egokitzeko erabiltzen dituzten estrategiei erreparatuz

Erreferentzia bibliografikoa:

Petrolini, Valentina; Rodríguez-Armendariz, Ekaine; Vicente, Agustín (2023). Autistic camouflaging across the spectrum. New Ideas in Psychology, vol. 68. DOI: 10.1016/j.newideapsych.2022.100992

The post Kamuflajearen fenomenoa sakontzen autismoaren ikerketan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #426

Ig, 2023-02-05 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

ozono Berdintasuna zientzian

ASHG AEBko giza genetikaren elkarteak barkamena eskatu du adierazpen baten bidez, historian izandako jokabide diskriminatzaile eta eugenesikoengatik. ASHGk onartu du iraganeko ikerketa genetiko batzuk AEBko mugimendu eugenesikoaren parte izan zirela, eta jarrera diskriminatzaileak sustatu ahal izan zituela. Iraganeko akats eta hutsuneei buruzko txostena gizarteratu du, eta horiek konpontze aldera, etorkizunean modu bidezkoan eta ekitatatiboan aritzeko printzipioak azaldu ditu elkarteak. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Emakumeak zientzian

Irene Lafuente Ibañez de Mendozak odontologian ikertzen du ahoko minbiziaren inguruan, eta azaldu duenez, gero eta argiago dago ze erlazioa duen ahoko higieneak eta osasunak gorputz osokoarenarekin. Zehazki ahoko minbiziaren prebalentzia ikertzen du, emakumeen artean minbizi-kasu gehiago baitaude, eta horren arrazoiak argitu nahian dabil. Bere hipotesia da faktore genetikoak direla arrazoi nagusia. Alabaina, onartu du zailtasunak dituztela odontologian ikertzeko diru-laguntzak eskuratzeko, eta jende gutxi dagoela odontologian ikertu nahi duena. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran aurki daiteke, Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atalean.

Argitalpenak

Argia munduaren ertzean liburua Wade Davis antropologoak idatzi zuen 2007an. Bertan, hainbat pentsaera, bizimodu eta izaera desberdin aurkezten dira egiazko kontakizun zirraragarrien bitartez, eta gizarteen aniztasunak egun desagertzeko duen arriskua erakusten du. Hala, Kanadako artikoan, Afrikar-iparraldeko basamortuetan, edota Borneo eta Amazonako oihanetan murgiltzen da idazlea, gizadiren ikuspegi oso bat erakusteko. Argitalpen honi buruz gehiago jakiteko, Zientzia Kaierara jo, ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalera.

Ingurumena

Basoek “irregularrak” izan behar dute. Errez kooperatibako kideak basogintza eredu berri bat ari dira lantzen eta proposatzen. Eredu horren arabera, baso bakoitzak espezie autoktonoak eta genetika ezberdinekoak izan behar ditu, inguruko aldaketei aurre egin ahal izateko. Errezeko kideek uste dute azken urteotako gaitz eta izurriteen gorakadak agerian utzi duela basoko lehengaiak modu jasangarrian ekoizteko beharra. Izan ere, ikerketa askok frogatu dute kanpoko espezieak landatzean, sistema sinplifikatu eta hauskor bat sortzeko arriskua areagotuko egiten dela. Basogintza sistema horren kalteak nabariak dira gaur egun, baina Errezeko kideen iritziz, epe luzean, galera ekonomikoak nabarmenagoak izan daitezke. Datuak Berrian: Basogintza eredu berri baterantz.

Ozono-geruzaren zuloa konpontzeko bidean dagoela dirudi. Ozono-geruza Lurraren gainazaletik 15-35 km-ra dagoen ozonoz osatutako geruza da, eta kutsaduraren ondorioz, ozonoa galtzen joan zen azken hamarkadetan. 60ko hamarkadan ohartu ziren zientzialariak ozono-zuloaz, eta jakin izan zen kloro-atomo erradikalek ozonoaren deskonposaketa katalizatzen zutela. Kloro-atomo horiek klorofluorokarbono (CFC) gasen isurietatik zetozen. 1987an Montrealgo Protokoloa sinatu ostean, CFC gasen murrizketa handia lortu zen eta, pixkanaka, ozono-geruza berreskuratzen joan da. Bada, duela gutxi zientzialariek berretsi duten moduan, 2040rako berreskuratu egingo da ozono-geruza munduko leku gehienetan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Antropologia

Paleolitoko labar-arte Kantabriakoan idazkera zantzuak edo gutxienez zenbaketa sistema bat dagoela proposatu du Cambridge Archaeological Journal-eko artikulu batek. Paleolitoko labar-arte Kantabriakoa Frantziako Dordoinatik Kantauriko leizeetaraino aurkitu diren labar-arteko piezek osatzen dute, eta Euskal Herria tartean da, noski. Labar-arteko animalien marrazkiekin batera, puntu, marra bertikalak eta Y formako zeinuak identifikatu dituzte. Ikertzaileen esanetan, Y forma animalien erditze aroarekin lotuta dago, eta marra eta puntuak hilabete edo ilargi-kontaketak lirateke. Horrela, animalia bakoitzaren ehiza-garaia irudikatzen zutela ondorioztatu dute. Azalpenak Sustatun: Idazketa/zenbaketa sistema paleolitiko bat geure leizeetako labar-artean?

Arrasateko Lezetxiki kobako hagin bati esker, baieztatu dute neandertalak oso berandu arte bizi izan zirela inguruan. Bordeleko Unibertsitateko Diego Lopez-Onaindiak zuzendu du ikerketa, eta hagina sakon aztertu ondoren, baieztatu dute Erdi Paleolitoaren eta Goi Paleolitoaren arteko mugan bizi izan zen neandertal heldu batena zela. Hau da, neandertal hura duela 57.000-32.000 urte bizi izan zen, eta, beraz, Ipar Iberiar penintsulako neandertal gazteenen artean dago. Azalpenak Berrian.

Antzinako Egiptoko enbaltsamatzaileen substantziak eta metodoak argitu ditu Alemaniako eta Egiptoko ikertzaile-talde batek. Aurkikuntza hauek Saqqara hilobiaren momifikazio-areto batean aurkitutako ontzi batzuen arrastoei esker egin dituzte. Ontzi horiek K.a.-ko seigarren eta zazpigarren mendeen artekoak dira, eta haien barnean enbaltsamatzeko substantziak gordetzen zituzten, bai eta momifikazioari buruzko inskripzioak ere. Gas-kromatografiaren bidez, ontziek zituzten arrastoak identifikatu dituzte, eta ikusi dute Mediterraneo osoko substantziak erabiltzen zituztela, baita eta oihan tropikaletakoak eta Asiaren hegoekialdekoak ere. Inskripzioek, berriz, gorputzeko atal jakinak tratatzeko jarraibideak adierazten dituzte. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Geologia

Lurreko nukleo solidoaren abiadura moteldu egin da. Berriki, Yi Yang eta Xiaodong Song iketzaileek aditzera eman dute prozesu hori. Lurraren mantuaren errotazio abiadura eta nukleo solidoarena ez dira berdinak, eta alde hori handituz joaten da. Orain, uhin sismikoen datuak aztertuz, ikertzaileek ikusi dute nukleoaren abiadura moteltzen ari dela, eta mantua eta nukleoa abiadura berean doazela dirudi. Lehen, pentsatzen zen nukleoa planetaren gainerako parteak baino azkarrago mugitzen zela, baina orain ikusi dute motelduz joan dela urteetan zehar. Ikertzaileen arabera, Lurraren barne prozesuak hobe ulertzeko balio dezake. Datu guztiak Berrian: Lurraren barrunbeak ezagutzen.

Astrofisika

Unibertsoko materiaren maparik zehatzena osatu dute, 150 zientzialarik baino gehiagok parte hartu duen azterketa batean. Bi behatokitako datuak konbinatu dituzte mapa osatzeko, eta bietan grabitazio-lenteen metodoa erabili dute materia arrunta eta materia iluna atzemateko. Bi datu-multzo horiek gainezarriz, ikertzaileek inoiz baino doitasun handiagoz zehaztu ahal izan dute nola dagoen banatuta unibertsoko materia guztia. Hala, ikusi dute espero zena baino barreiatuago dagoela materia. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Fisika

Ane eta Nerea Gondra ahizpa bikiak Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleak dira eta ‘Calculation and measurement of center of mass: An all-in-one activity using Tangram puzles’ lana argitaratu dute American Journal of Physics aldizkarian. Artikuluak diziplina anitzeko jarduera bat proposatzen du, Tangram puzzle txinatarrarekin irudi bat sortu, eta ondoren, masa zentroa kalkulatzeko. Ahizpek azaldu dutenez, jarduera merkea da, software libreko programak erabili baitituzte hura sortzeko, eta Tangrama kartulinekin ere egin daitekeelako. Pozik daude bikiak, uste baino urrutiago heldu baita haien sorkuntza. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Tangram puzzlea masa zentroa kalkulatzeko.

Biomedikuntza

Lide Totorikaguena Iturriaga Biologian graduatua da UPV/EHUn, eta biomedikuntzan espezializatu eta ikerketaren bideari ekin zion gero. Medikuntza eta Erizaintza fakultateko ugal-fisiologiako ikerketa taldean doktoretza tesia egin zuen, ugalketa-tekniketan lagunduko duen sistema bat ikertzen. Lagunduriko ugalketa tekniketan, emakumezkoek, aste bat eta hiru bitartean hormona dosi altuak hartu behar dituzte obarioen estimulaziorako, eta gure ikerketa taldean pentsatu genuen emakumeei hormonak ematea ekiditeko bide bat izan zitekeela obozitoak In vitro heltzeko (IVM) teknikan zentratzea. Totorikaguenak kannabinoideetan oinarritutako sistema proposatu du. Zehazki, behiekin eta saguekin egindako esperimentuetan ikusi du kannabinoide sintetikoak erabiliz obuluen heltze-prozesua modulatzen zela. Azalpenak unibertsitatea.net webgunean: Lide Totorikaguena: “Obozitoa kannabinoideekin elkartu eta gorputz barnean gertatzen dena gorputzetik kanpo simulatu genuen”.

Medikuntza

Iraia Garcia Santisteban EHUko Genetika Saileko ikertzaile eta irakasleak diabetesaren inguruan idatzi du Berrian. Diabetesa intsulina hormonaren faltak eragiten duen odoleko glukosaren metaketa da. Intsulina pankreako Langerhansen irletako beta zeluletan ekoizten den hormona da, eta bere funtzioa odoleko glukosa zeluletara sartzea da. I motako diabetesean, sistema immuneak beta zelulak suntsitzen ditu, intsulinaren ekoizpena eragotziz. Diabetesa zuten lehen giza pazienteak tratatzeko, animalia jatorriko intsulina erabili zen, eta halakoa izan zen 1923. urtean merkaturatu zen lehen intsulina komertziala. Geroago, 1982. urtean, ingeniaritza genetikoaren bidez lortutako gizakion intsulina propioa merkaturatu zen. Hurrengo erronka gaixo bakoitzarentzako intsulina pertsonalizatua diseinatzea izango da. Datu guztiak Berrian.

Mikrobiologia

Baliteke COVID-19aren ondorioz gripearen birusen leinu oso bat desagertu izana. Influenza birusen B/Yamagata leinua da hori, eta hori hala balitz, gripearen birusaren hiru taldek bakarrik jarraituko lukete gure artean: A influenza birusen H1N1 eta H3N2 azpimotek, eta B influenza birusen Victoria leinuak. Ikertzaileek urteak daramatzate gripearen Yamagata leinuak gure artean jarraitzen duen ikertzen, eta 2020ko apiriletik gaur egun arte, ez da birus horien existentziaren froga fisikorik aurkitu. Adituen ustetan, bitxikeria hau aukera ona izan liteke gripearen aurkako urteroko txertoen eraginkortasuna hobetzeko. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Psikologia

Hamar gaztetik lauk nahiago dute bilaketak Tiktok aplikazioan egin Google erako bilatzaileetan baino. Beñat Flores Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. Haren iritziz, gazteak informazioa eta entretenimenduaren iturriak eta edukiak nahasten ari dira, geroz eta informazio gehiago kontsumitzen delako sakelakotik. Honetaz gain, testu bat irakurtzea baino errazagoa izan daiteke plano mozketa oso bizkorrak dituen bideo bat kontsumitzea. Izan ere, irudiak eta soinuak lagun dezake informazioa dekodifikatzen, errazagoa baita kontzentrazio maila handiagoa behar den irakurketa batean informazioa filtratzea baino. Bestalde, gazteek sare sozialak erabiltzea informatzeko kezkagarria da Edurne Polanco psikologoarentzat, nerabe askok oraindik ez duelako garatu beren iritzi kritikoa. Informazio gehiago Berrian: Algoritmoaren kolore grisak. 

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #426 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #433

La, 2023-02-04 09:00


Garunaren garapen-prozesuan, heldu gabeko milioika neuronek distantzia luzeak migratu behar dituzte helmugara iritsi ahal izateko. Migrazio hori ingurune konplexu batean egin behar da. Orain argiago dago zein mekanismok ahalbidetzen duen hori guztia posible izatea. Mechanism of brain cell migration unravelled, José R. Pinedak egina.

Fenomeno astrofisikoetan detektatu diren txorroetan, bi abiadura baino ez daudela dirudi: motela edo erlatibista. Zergatik ez dago tarteko mailako txorrorik? Baliteke azalpena oso sinplea izatea. Astrophysical jets are formed at all speeds

RNA mezulariaren teknologia famatu egin zen Covid-19aren aurkako txertoaren garapenarekin. Baina oso litekeena da hau lehen urratsa baino ez izatea. Hurrengo helburua anbizio handikoa da: zenbait minbizi mota. mRNA technology to fight cancer Rosa García-Verdugok egina.

Katalizatzaile biologiko baten antz gutxi duen zerbait badago, industria-katalizatzaile bat da, bai oinarrizko fisiko-kimikagatik, bai funtzionamendu-baldintzengatik. Orain, DIPCko jendeak erakutsi du erreaktiboen arteko lehia erabakigarria dela katalizatzailearen gainazalean. Kinetic modelling of catalysis for the Ostwald process

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #433 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Irene Lafuente, odontologian ikertzailea: “Ahoan hasten da gorputz osoaren osasuna”

Or, 2023-02-03 09:00

Irene Lafuente Ibañez de Mendozak odontologian ikertzen du, nahiz eta, dioenez, “mediku frustratua” zen. Izan ere, medikuntza ikasi nahi zuen. Baina, notagatik eta beste kontu batzuengatik, ez zuen lortu medikuntzako graduan sartzea, eta odontologia ikasten hasi zen, hura baitzen bere bigarren aukera. Eta ez zaio damutu: “Bigarren mailan, gustuko izan nuen ikasgai bat, eta laugarren mailan berriro hartu nuen. Ikasgai haren irakasleak ikerketa-mundua ezagutzeko aukera eman zidan, eta, geroztik, hemen nabil“.

Argi dio irakasle hari esker dagoela ikerketa-arloan, eta irmo baieztatzen du asmatu duela bide hori hartzean: “Oso garbi nuen ez nuela nire burua ikusten klinikan. Ikusten nuen unibertsitatean, ikerkuntzan, eta, haren laguntzarekin, pixkanaka joan zaizkit ateak irekitzen eta joan naiz bidea egiten”.

Irene LafuenteIrudia: Irene Lafuente Ibáñez de Mendoza aho patologian espezializatutako ikertzailea da eta UPV/EHUko Erizaintza eta Medikuntza Fakultateko irakaslea da. (Argazkia: UPV/EHU)

Dena ez da erraza izan, eta, zailtasunen artean, nabarmendu du odontologian ikertzeko diru-laguntza gutxi daudela. “Ikerketarako bekak eta diru-laguntzak beste arloetara batera doaz, gurean ez baitaude aurrekari asko; ondorioz, oso laguntza gutxi iristen dira gurera”. Haren ustez, jende askok ez daki ahoan hasten dela gorputz osoaren osasuna: “Gero eta argiago dago ze erlazioa duen ahoko higieneak eta osasunak gorputz osokoarenarekin“.

Lafuentek ahoko minbizian ikertzen du; zehazki, ahoko minbiziaren prebentzioan. Azaldu duenez, emakumeen artean minbizi-kasu gehiago daude, eta horren arrazoiak argitu nahian dabiltza. “Lehen, gizonetan ohikoagoa zen emakumeetan baino. Izan ere, alkohola eta tabakoa minbiziaren arrisku-faktoreak dira, eta gizonek gehiago edaten eta erretzen zuten. Orian kontsumoa berdinduta dago. Eta begiratzen badiogu erretzen eta edaten ez duen jendeari, ahoko minbiziaren prebalentzia handiagoa da emakumeetan. Gure hipotesia da faktore genetikoengatik dela”.

Kabia ez, txoriak dira garrantzitsuak

Lan horrek guztiz betetzen du, gizarte osoaren mesedetan ari baita. Horrez gain, oso motibagarria zaio, ikerketaren bidez, zerbait ezagutzera iritsi arren, beti geratuko dela askoz ere gehiago ezagutzeko eta ikertzeko.

Arrazoi horiek baliagarriak iruditzen zaizkio gazteak ikertzera animatzeko. Izan ere, “jendea behar da. Ez bakarrik baliabideak. Baliabideak ere behar dira, baina, batez ere, jendea behar da. Irakasle batek dioen moduan, kabiak baino garrantzitsuagoak dira txoriak”. Hala ere, onartzen du ikerketa-mundua zaila dela, ez dagoelako diru-laguntza nahikorik, bere arloan behintzat.

Etorkizunera begira, ikertzaile-lanetan ikusten du bere burua. “Gradua egin nuenean, apustu egin nuen hemen geratzeko. Masterra egin nuen, doktoretza egin dut, eta honaino heltzeko eman ditudan pauso guztiei eutsi nahi diet. Bidea hori da: unibertsitatean jarraitzea eta ikertzen jarraitzea. Azken finean, Espainian, odontologian ikertu nahi baduzu, unibertsitatean izan behar du“.

Gainera, aitortu du oso gustuko duela irakasle-lana: “Euskarazko taldean ematen ditut klaseak, eta oso gutxi dira. Horrek aukera asko ematen ditu, gertuko harremanak lantzeko”. Ikasle ia guztiak emakumeak dira. Hain zuzen, bere arloan gehiengo dira, eta ez du inoiz bazterkeriarik sentitu emakume izateagatik. Bestalde, ez du baztertzen bere ikasleren bat ikerketa-munduan sartzea. “Baliteke baten batek bide hori hartu nahi izatea, bai”.

Fitxa biografikoa:

Irene Lafuente Ibáñez de Mendoza Bilbon jaioa da, 1994an. UPV/EHUn Odontologia Gradua egin ondoren, Aho Patologia Masterra egin zuen, eta 2022an lortu zuen doktoretza “Analisi genetikoa, zitologikoa eta mikologikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Periinplantitisa diagnostikatutako pazienteetan” tesiarekin. Orain, ikertzaile eta irakasle dabil UPV/EHUko Erizaintza eta Medikuntza Fakultatean.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Irene Lafuente, odontologian ikertzailea: “Ahoan hasten da gorputz osoaren osasuna” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Argia munduaren ertzean

Og, 2023-02-02 09:00

Hainbat pentsaera, bizimodu eta izaera desberdin aurkezten dizkigu Argia munduaren ertzean Wade Davisek. Antropologoak kulturen muinak eta landare sakratuak ikertzeko munduan barrena egin dituen bidaiak lokarri hartu ditu 2007an argitaratutako liburu honetan. Egiazko kontakizun zirraragarrien bitartez, gizarteen aniztasunak egun desagertzeko duen arriskua erakusten digu, eta hurbiletik ikustarazten nola galtzen duten herri zaharretako biztanleek beren ohiko bizibidea.

Argia munduaren ertzeanIrudia: Argia munduaren ertzean liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Kanadako artikoan, Afrikar-iparraldeko basamortuetan, Borneo eta Amazonako oihanetan, Orinoko ibaiaren inguruetan, Britainiar Kolunbiako basoetan, edota Haiti uhartean barrena garamatza, gizadiaren ikuspegi osoago bateraino.

Zatoz, bada, giza esperientziaren hamaika modu, aurpegi, mintzo eta ikusmolde zuzenetik ezagutzera; bidaia hau ez zaizu inoiz ahantziko.

Wade Davis (West Vancouver 1953) antropologo eta etnobotanikari kanadar entzutetsuak munduko kultura indigenak ezagutarazteari ekin dio bere lanetan. Ipar eta Hego Amerikako gizarteetan egiten duten landare psikoaktiboen erabilerari loturiko sinisteak eta gurtzak izan ditu aztergai batik bat. Hainbat argitalpen eta liburuen egilea da; horien artean bereziki aipagarri ditugu 1985ean argitara eman zuen The Serpent and the Rainbow, Haitiko zonbiak eta budua ezagutarazi zituena, edo 1996eko One River: Explorations and Discoveries in the Amazon Rain Forest, Amazonako gizarteek landareekin duten lotura sakona azaltzen duena.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Argia munduaren ertzean
  • Egilea: Davis, Wade
  • Itzultzailea: Iñaki Iñurrieta
  • ISBN: 978-84-9860-050-6
  • Formatua: 16 x 24 zm
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2009
  • Orrialdeak: 182 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Argia munduaren ertzean

The post Argia munduaren ertzean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ozono-geruzaren zuloa, konpontzeko bidean

Az, 2023-02-01 09:00

Sarritan arazoek bakarrik dute lekua hedabideetan, baina noizean behin ingurumenak ere albiste pozgarriak ekartzen dizkigu. 90eko hamarkadan ozono-zuloa kutsadurarekin lotutako gai nagusienen artean kokatzen bazen ere, azken urteotan ez dugu haren berri askorik jaso. Hala eta guztiz ere, berri onak ere aipatu behar dira. 1987an Montrealgo Protokoloa sinatu ostean, CFC gasen murrizketa handia lortu zen eta, pixkanaka, ozono-geruza berreskuratzen joan da. Duela gutxi jakinarazi denez, 2040. urterako konponduta egon litezke arazorik larrienak eta, 2066. urterako, berreskuratuta egon daiteke zulorik handiena, Antartikokokoa.

zuloaIrudia: ozono-zuloaz edo ozono-geruzaren zuloaz hitz egiten den arren, zuloak baino, ozono-kontzentrazio baxuagoko eskualdeak dira. (Argazkia: Gerd Altmann – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Lehenik eta behin, koka gaitezen oinarrizko kontzeptuetan. Ozono-geruza Lurraren gainazaletik 15-35 km-ra dagoen geruza da. Ozonoz osaturiko geruza horrek Eguzkitik datozen izpi ultramoreetatik babesteko balio digu. Alabaina, kutsaduraren kausaz geruza ahultzen joan da azken hamarkadetan eta, horrela, ozono-zuloa edo ozono-geruzaren zuloa deitu izan dena agertu da. Ozono-zuloak, neurri batean, arriskuan jartzen du bizidunon gauzarik preziatuena, bizia, Lurraren azalean. Datuetara jotzen badugu, nabarmena da ozono-geruzaren eragina: geruza horrek Eguzkiak igortzen dituen frekuentzia handiko izpi ultramoreen % 97-98 inguru xurgatzen du. Ozono-geruza estratosferan dago eta ozono gasaren molekulez osatuta dago. Ozonoa hiru oxigeno atomoz osatutako molekula ezegonkorra da. Molekula ezegonkorra den arren, Eguzki izpi kaltegarrienak xurgatzeko gai da; hain zuzen ere, UV-B motako izpiak. Era berean, ozonoa sortzeko, ezinbestekoa da erradiazio ultramorea eta horrexegatik sor daiteke estratosferan.

Ozonoa kontzentrazio oso baxuan dagoen molekula da -airean dauden hamar milioi molekula bildu beharko lirateke ozono molekula bakarra lortzeko-. Hala ere, aipatutako arrazoiengatik, ezinbestekoa da ozonoaren funtzioa. Molekula horrek hain beharrezkoa dugun babesa ematen digun arren, dena ez da atsegingarria Kimikaren munduan. Gizakiak sortu duen prozesu zein produktu bakoitzak arrisku bat du eta, arrisku horiek hartu gabe, ez geundeke orain gauden lekuan. Kasu honetan, ozono-geruzak kalte handiak jasan zituen gizakiak sortutako produktu jakin batzuen ondorioz, hasiera batean aurreikusi ezin izan zen arren.

60ko hamarkadan, Antartikan ezohiko erradiazio ultramoreak detektatzen hasi ziren zientzialariak. Fenomenoa udaberri guztietan errepikatzen zen eta, hasiera batean, ikertzaileak ez ziren gai izan azalpenik emateko. Alabaina, ikerketak egiten ziren neurrian, ozono-geruzaren kalteen arrazoia zein zen aurkitu zuten: kloro-atomo erradikalek ozonoaren deskonposaketa katalizatzen zuten eta hori zen ozono-kontzentrazioen murrizketaren eragilea. Ozonoaren sintesi- eta deskonposaketa-erreakzioaren azalpenak izan zuen garrantziaren erakuslea da 1995eko Kimikako Nobel saria; hain zuzen ere, horrexegatik jaso baitzuten Crutzen, Molina eta Rowland zientzialariek.

Kloro atomoak estratosferara nola iritsi ziren ikertuz, klorofluorokarbono gasak agertu ziren. Klorofluorokarbonoak, CFC deiturikoak, askotariko gas taldea dira, industrian hainbat erabilera dituztenak. Besteak beste, aerosolen propultsatzaile gisa erabiltzen dira -espraietan- eta baita hozte-sistemetan ere. Hozkailuetan, izozkailuetan eta aire girotuko makinetan ohikoak ziren CFC gasak. Ozonoa suntsitzen zuten substantziak identifikatu ostean, 1987ko Montrealgo Protokoloan debekatu egin ziren CFCak, haien erabilera murrizteko -1989an sartu zen indarrean debekua-. Horren ondorioz, 1990eko hamarkadan oso ohikoa zen produktu baten salmentak areagotzeko CFCrik gabekoa zela esatea.

Bada, duela gutxi zientzalariek berretsi duten moduan, garai hartan hartutako erabakiek ondorio nabarmenak izan dituzte. 2005. urteko artikuluetan etorkizuna argi ikusten ez zen arren, ozono-geruzaren zuloa murrizten joan da eta ozono kontzentrazioak pixkana berreskuratzen ari dira. Hain zuzen ere, duela gutxi adituek aipatu duten bezala, 2040rako berreskuratu egingo da ozono-geruza munduko leku gehienetan. Artikoan 2045. urterako berreskuratuko dela pentsatzen da eta Antartikan, aldiz, 2066. urterako.

Kasu honetan epe luzean ikusi dira Montrealgo Protokoloaren emaitzak, baina, protokolo hori sinatu eta 35 urtera, esan dezakegu konpontzeko bidean dela ozono-zuloa. Ozono-geruza guztiz berreskuratzea onuragarria izango da, gainera, klima-aldaketan. Hain zuzen ere, Lurraren tenperaturaren 0,5 ºC-ko igoera saihestu ahal izango dela aurreikusten da. Kontzeptuak argitze aldera, hori bai, azpimarratu behar da klima-aldaketa ez dela ozono-geruzaren zuloaren ondorioa. Edozein kasutan berri ezin hobea da; izan ere, gaur egun badakigu ozono-geruzaren zuloa areagotzen duten substantzia kimikoen debekuari esker, haien kopurua % 99 murriztu dela 1989. urtetik. Hala ere, oraindik bada CFC gasen isurian tranpetan ari denik ere, Juanma Gallegok Zientzia Kaieran azaldu zuen bezala.

Gizateriak dituen arazoak ugariak dira eta ozono-geruzaren arazoa konpontzeko bidean dagoela ia ez da aipatu hedabideetan, baina oso lorpen garrantzitsua da. Berri ona litzateke hori eta, gainera, hori froga argia da azpimarratzeko gizateriak hartzen dituen erabaki batzuek ondorio onuragarriak eta nabarmenak dituztela ingurumenean, emaitzak epe luzera ikusi arren.

Informazio gehiago: Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Ozono-geruzaren zuloa, konpontzeko bidean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Baliteke COVID-19aren ondorioz gripearen birusen leinu oso bat desagertu izana

Ar, 2023-01-31 09:00

2019. urtean iritsi zen SARS-CoV-2 birusak azken hamarkadetako nazioarteko osasun krisi nagusietako bat ekarri du eta hainbat aldaketa sozioekonomiko eragin ditu mundu osoan. Aldaketa horien epe luzerako ondorioak oraindik ezin dira zehaztasunez aurresan.

Pertsona eta komunikabide askoren arreta koronabirusaren aldaera berri bakoitzerantz eta osasunerako zekartzaten ondorioetarantz bideratu zen. Bien bitartean, anomalia mikrobiologiko bat gertatu zen munduan, foku mediatikoetatik urrun: baliteke gripea eragiten duten influenza birusen leinu oso bat, B/Yamagata leinua, desagertu izana. Beste era batera esanda, baliteke arbaso bera zuten eta elkarri estuki lotuak zeuden gripearen birusaren aldaeren talde bat desagertu izana eta gizakien gainean zuen eragina betiko eten izana. Honela, gripearen birusaren hiru taldek bakarrik jarraituko lukete gure artean, urtero epidemiak eragiten: A influenza birusen H1N1 eta H3N2 azpimotak eta B influenza birusen Victoria leinua.

leinuIrudia: ortomixobirusen modelo baten irudi digitala, gripea eragiten duen birus-mota. (Argazkia: Sanofi Pasteur – CC BY-NC-ND 2.0. lizentziapean. Iturria: Flickr.com)

COVID-19aren pandemiak bilakaera fenomeno ultra azkar bat eragin du mundu osoan eta birusen arteko hautespen naturala, biziaren eta heriotzaren arteko linboan dauden entitate horien artean, alegia. Honela, SARS-CoV-2 birusa planetan barna barreiatzen zen bitartean eta kutsatzeko eta transmititzeko gaitasunaren arabera eta giza biztanlerien jokabideen arabera elkar ordezkatzen zuten aldaera berriak sortzen ziren bitartean, A eta B gripearen birusen zirkulazioa nabarmen murriztu zen; berez, ia ez zen neguko gripearen epidemiarik egon 2020. eta 2021. urteetan. Gainera, influenza birusen dibertsitate genetikoa izugarri mugatu zen urte horietan. Ospitaleetan COVID-19aren kasu larrien uholdeak saihesteko hartu ziren osasun neurriek (maskarak, segurtasun distantzia, konfinamenduak, aireztatzea, eskuetako higienea, bidaien murrizketa, etab.) ez zuten SARS-Co-V-2 birusa zokoratzeko balio izan, baina bai gripearen zenbait birus baztertzeko.

Ikertzaileek urteak daramatzate gripearen Yamagata leinuak gure artean, gizakion artean, jarraitzen duen ikertzen, akaso munduko txokoren batean ezkutuan. Ahaleginak egin arren, 2020ko apiriletik gaur egun arte, ez da birus horien existentziaren froga fisikorik aurkitu. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) FluNet gripearen birusen zaintza epidemiologikoa egiteko programak B/Yamagata leinuak eragindako 30 gripe kasu jakinarazi zituen 2021eko apiriletik amaierara arte, eta 38 kasu 2022an. Oso kopuru txikia da hori, pandemiaren aurretik urtero jakinarazten ziren milaka eta milaka kasuekin alderatuta. Hala ere, ikertzaileen ustez, kasu isolatu hauek ez dira Yamagata leinuak gure artean jarraitzearen froga bat, baizik eta gripearen aurkako txertoetan erabiltzen diren leinu horretatik eratorritako birus indargabetuen edo inaktibatuen detekzioaren ondorioa.

Bitxikeria ez den leinu baten desagerpena

Yamagata leinuaren desagerpena ez da bitxikeria hutsa. Zorioneko gertaera izan liteke gizateriarentzat. Alde batetik, birus talde hori desagertu egin dela baieztatzen bada, horrek esan nahiko luke gripearen aldaera gutxiago ari direla munduan barna zirkulatzen, epidemiak eragiten eta zenbait kasutan birulentoagoak izan litezkeen aldaera berriak sortzeko mutatzen. Bestalde, pertsonei eraso diezaieketen gripearen birus potentzialen taldea murriztu izana aukera ona izan liteke gripearen aurkako urteroko txertoen eraginkortasuna hobetzeko.

Txerto tribalenteak eta tetrabalenteak –gripearen birusen hiru edo lau motaren aurkako babesa eskaintzen dutenak, hurrenez hurren– asko zabaldu dira munduan. Bi txerto mota horiek barne dute/dituzte B influenza birusen leinu bat edo bi, besteak beste, B/Yamagata leinua eta B/Victoria leinua. Urtero, hemisferio bakoitzean gailenduko diren gripearen birusak zeintzuk izango diren aurresateko ahaleginak egiten dira. Ondorioz, Yamagata leinua desagertuko balitz, gainerako birusen aurkako babes hobea eskainiko litzateke. Hala ere, oraindik goiz da birus talde hori txertoetatik behin betiko desagerrarazteko. Leinu hori berriz ere agertuko balitz, gerta liteke denboran zehar izandako immunitate galerak kasu larriagoak eta heriotza gehiago eragitea kolektibo kalteberen artean. Oraingoz, Espainian 2022-2023 aldirako jartzen ari den gripearen aurkako txerto tetrabalenteak barne du Yamagata leinua.

Denborak eta gripearen birusen zaintza sistemek bakarrik baieztatu ahalko dute, etorkizun hurbilean, Yamagata leinua behin betiko desagertu den. Gizateriak historian eragin dituen eta biodibertsitatea eta ekosistemak kaltetu dituzten gainerako desagerpenak ez bezala, hau berri ona izango litzateke guretzat.

Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko urriaren 10ean: Un linaje completo de los virus de la gripe podría haberse extinguido por la pandemia de COVID-19

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Baliteke COVID-19aren ondorioz gripearen birusen leinu oso bat desagertu izana appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Tangram puzzlea masa zentroa kalkulatzeko

Al, 2023-01-30 09:00

Ane eta Nerea Gondra ahizpa bikiak Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleak dira eta ‘Calculation and measurement of center of mass: An all-in-one activity using Tangram puzles’ lana argitaratu dute American Journal of Physics aldizkarian. Artikulua Fisika Saileko Joxemi Campillo eta Ibon Alonso irakasleekin batera egin dute. Fisikaren irakaskuntzaren arloko aldizkari ospetsuenetako bat da, eta Fisikako Irakasleen Amerikako Elkarteak eta Fisikako Institutu Amerikarrak argitaratzen dute.

Ingeniaritza Kimikoko Graduko (Ane Gondra) eta Matematikako Graduko (Nerea Gondra) 4. mailako ikasle hauen artikuluak diziplina anitzeko jarduera bat proposatzen du, eta horren bidez, ikasleek STEM gaitasun desberdinak  erabiltzen dituzten (Matematika, Fisika, Marrazketa Teknikoa eta Programazioa). Hasieran sormen fasea dago: ikasleek Tangram puzzle txinatarrarekin irudi bat sortzen dute, ondoren, kalkuluetarako erabiliko dutena.

tangramIrudia: jardueraren diagrama eskematikoa hiru faseetan: 1) (sormena): Tangram-eko irudien diseinua eta irudiaren aukeraketa, 2): masa-zentroaren kalkulu teorikoa hainbat ikuspuntutatik (fisika, matematika, CAD programazioa eta marrazketa), eta 3): balidazio esperimentala. (Iturria: Campillo-Robles, Jose M. et. al.)

Ane Gondra adierazi duenez, jarduera honek aukera ematen die “lehen mailako ikasleei hainbat irakasgai lantzeko” aldi berean, eta kontzeptu fisiko bat (masa zentroa) uler dezakete jarduera teoriko-esperimental baten bidez. “Zientziako gradu askotan, ikasleek fisikarekiko duten interesa ez da oso handia, baina diziplina anitzeko jarduerei esker, ikasleak hainbat eduki, ez bakarrik fisikaren arlokoak, modu bateratu eta zeharkakoan lantzera motiba daitezke”, Nerea Gondra ikaslearen esanetan.

Uste baino “urrunago” heldu dira

Laburbilduz, artikuluan jarduera erraza eta ekonomikoa planteatzen da.  Helburua ikasleek Tangramarekin sortu duten irudiaren masa zentroa kalkulatzea da. Horretarako, hainbat metodo erabiltzen dituzte, fisikako, matematikako, irudigintza teknikoko eta programazioko ezagutzak oinarri hartuta. “Merkea da, software libreko programak erabiltzen saiatu garelako eta Tangrama kartulinekin egin daitekeelako. Horrela, mundu osoko irakasle eta ikasleek erabil dezakete, arrazoi ekonomikoengatik inor baztertu gabe”, azaldu du Ane Gondrak.

Lana ahalik eta gehien zabaltzeko eta ahalik eta jende gehienak izan dezan honen berri, Anek eta Nereak bideo bat prestatu dute jarduera hau labur azaltzeko. Bideoa eta artikulua argitaletxearen weg gunean daude eskuragarri. Horrez gain, eskuliburu bat ere badago, prozesua pausuz pausu nola egin azaltzen duena, eta material osagarria ere badauka irakasleentzat.

Bi ahizpak pozik daude, uste baino “urrutiago” heldu direlako. “Prozesu luzea izan da eta gogor egin dute lan. Uste dugu urte bete inguru eman genuela lana argitaratzea lortu arte”, esan du Ane Gondrak.

Bi ahizpek Joxemi Campillo eta Ibon Alonso Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleen laguntza izan dute lana egiteko. “Joxemi nirekin harremanetan jarri zen proiektuan parte hartzeko, eta matematikako norbait behar zuela esan zidan, eta nire ahizpak ere parte hartzea proposatu”, gogora ekarri du Ane Gondrak. “Guk lan-esparru esperimentala egin dugu eta une oro bi irakasleen laguntza izan dugu”, azpimarratu du Nerea Gondrak.

Elkarrekin lan egitea “oso erraza” izan dela, dio Nereak. Haren esanetan, esperientzia “oso aberasgarria” izan da: batetik, “graduan ikasitakoa aplikatu ahal izan dutelako” eta, bestetik, “eta hau ere oso garrantzitsua, jende askorentzat erabilgarria izango delako”.

‘Calculation and measurement of center of mass: An all-in-one activity using Tangram puzzles’ ez da Ane Gondrak aldizkari zientifiko batean argitaratzen duen lehen artikulua. Izan ere, Joxemi Campillo eta Maialen Aranetarekin batera ‘Gaur egungo hidrogeno-ekoizpena: metanoaren ur-lurrun bidezko erreformatzea’ artikulua argitaratu zuen Ekaia aldizkarian. “Oso pozik gaude –halaxe adierazi dute– irakasleak ikasleek ikasteko baliabide hobeak izateaz arduratzen direlako, eta, gainera, horrelako proiektuetan parte hartzeko aukera ematen digutelako”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: American Journal of Physics aldizkarian Ane eta Nerea Gondra ikasleen lana argitaratu dute

Erreferentzia bibliografikoa:

Campillo-Robles, Jose M.; Alonso, Ibon; Gondra, Ane; Gondra, Nerea (2022). Calculation and measurement of center of mass: An all-in-one activity using Tangram puzzles. American Journal of Physics 90, 652. DOI: 10.1119/5.0061884

The post Tangram puzzlea masa zentroa kalkulatzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #425

Ig, 2023-01-29 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

intsektu

Ingurumena

One Earth aldizkarian argitaratu denez, basoen galeran nekazaritzak baino eragin handiago du bestelako produktuen nazioarteko merkataritzak. Produktu hauek dira, besteak beste, mineralak, metalak eta zurarekin lotutako produktuak. Ikertzaileek kalkulatu dute ukitu gabeko basoen galeraren % 60, nekazaritzakoak ez diren produktu horien kontsumoari dagokiola. Askotan, nekazaritzarako lur berriak sortzeari egozten zaio ustiatu gabeko basoen galera. Ikerketa honek, ordea, agerian jarri du nazioarteko merkataritzara bideratutako bestelako produktuek ere eragin handia dutela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Unai Ugalde biologoak intsektuen galeraz ohartarazteko hitzaldia eman du aste honetan Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Ugaldek azaldu zuenez, zenbait lanetan ikus daiteke intsektuen gainbehera azken 30 urteetan izan dela. Hegalariak ez diren intsektuen kasuan, bestalde, egoera larriagoa dela dirudi. Costa Rican egindako ikerketa baten arabera, hamarkada batean lurreko intsektuen %98 galdu dira. Ugaldek dio beherakada honen arrazoi nagusiak ekosistemen suntsipena eta zatiketa direla, eta itxurakeria albo batera utzi eta kontserbazioa lantzeko eskatu du. Informazio gehiago Berrian: «Ez dugu neurtzen egiten ditugun gauzek zer eragin duten inguruan».

Mikrobiologia

Mikrobioen artean ere biodibertsitatea azkar galtzen ari direla ohartarazi du zientzialari talde batek. Talde horren parte den Colin Averill SPUN onddo mikroskopioak babesten dituen elkarteko fundatzailekidea da, eta artikulu berri batean aldarrikatu dute mikrobioak babesteko ardura seriotasunez hartu beharreko zerbait dela. Mikroorganismoek, beren txikitasunetik, mundu makroan ezinbestekoak diren hainbat prozesu bideratzen dituzte, bai animalietan, bai landareetan zein ekosistema osoetan ere. Azterketan lurzoruko onddoetan zentratu dira, bereziki, eta ondorioztatu dute lurzoruko mikrobioma natiboak berrezarriz, batez beste landare biomasaren ekoizpena %64 azkartu daitekeela. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Mikroorganismoak? Bai, eskerrik asko!

Medikuntza

Giza fetuak erabat esterilak direla berretsi dute. Orain arte eztabaida zegoen ea fetuak esterilak diren edo baduten mikrobiomarik. Azken urteotan, ordea, bakterioak detektatu dituzte giza fetuen hesteetan eta beste organo batzuetan, eta fetuaren immunitate-sistema garatzeko ezinbestekoak direla ondorioztatu dute. Orain, berraztertu egin dituzte ikerketa horiek guztiak, eta ondorioztatu du fetuetatik laginak hartzerakoan gertatutako kutsadura besterik ez zela. Hortaz, fetuak esterilak direla berretsi dute. Alabaina, fetuak esterilak izateak ez du esan nahi immunologikoki garatu gabeak direnik. Immunitate-zelulak garapenean zehar sortzen dituzte, baina mikroorganismoekin lehenengo kontaktua jaiotzerakoan izaten dute umeek. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Genetika

Baleen tamainaren sekretua geneetan dago lau genetan dago. Baleak duela 5-10 milioi urte hasi ziren handitzen eta ikerketa berri batek erakutsi du aipatutako gene horiek, handitzea eragiteaz gain, handitzearen efektu kaltegarri batzuekiko babesa ere eman dietela baleei. Zetazeoen gertuko ahaideak diren zaldietan, behietan eta ardietan gorputzaren tamainarekin lotura duten 9 gene aztertu dituzte 19 zetazeo-espezietan azterketa egiteko, eta ikusi dute horietako 4 genek hautespen positiboa izan dutela zetazeoen eboluzioan. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

Nature Geoscience aldizkariak Marteko atmosferaren ezaugarrien berri eman du, NASAren Perseverance ibilgailuko MEDA tresnaren datuetan oinarrituta. Perseverance ibilgailua 2021eko otsailaren 18an iritsi zen Jezero kraterrera, eta intregraturik duen MEDA tresnak Marteko tenperatura, presioa, haizea, hezetasuna eta atmosferan beti esekita dagoen hautsaren propietateak neurtu ditu. Horrela jakin izan dute, besteak beste, airearen batez besteko tenperatura, urtaroetan zehar, zero azpitik 55 gradu ingurukoa da, eta gauaren eta egunaren artean asko aldatzen dela, 50 eta 60 gradu artekoa izanik alde tipikoa. Presio sentsoreek, bestalde, eguneko ziklo konplexu eta aldakor bat erakusten dute, atmosferako marea termikoek modulatua. Berri honen inguruko datu gehiago Zientzia Kaieran: Marteko meteorologia ezagutzen Perseverance ibilgailuarekin.

Orain 250 ikusten diren tokian, mende amaieran bospasei izar ikusiko ditugu gaueko zeruan. 2011 eta 2022 bitartean, gauez zeruan dagoen argitasuna %9,6 handitu da urtero, uste baino zortzi puntu gehiago. Horrela, lehen 250 izar ikusten ziren leku batean hemezortzi urte geroago 100 ikusten direla ondorioztatu dute. Skyglow deitu diote kutsadura horri ingelesez, argiaren kutsaduraren ondorioz, hainbat lekutan zerua ez baita jada erabat iluntzen. Ikerketa hau gauzatzeko, mundu osoko herritarrei eskatu zieten alderatzeko zeruan ikusten zituzten izarrak planisferio batean aurkitu daitezkeenekin. Izan ere, orain arte satelitez egiten ziren neurketak, baina hauek ez dituzte antzematen LED argien emisio urdinak. Horregatik, sateliteen neurketen arabera urtean %2 igotzen zen argiaren kutsadura, baina ikerketa berri honek erakutsi du kutsadura hori askoz ere nabariagoa dela. Informazio gehiago Berrian.

Geofisika

Pekingo Unibertsitateko Geofisika Teorikoko eta Aplikatuko Institutuko ikertzaileek argitaratu berri duten artikulu batek medioen arreta bereganatu du. Izan ere, lerroburu nagusia Lurraren nukleo solidoaren errotazioa moteltzen ari dela izan da. Ondorio hori plazaratu dute Nature Geoscience aldizkariak, 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadara bitartean Hegoaldeko Sandwich uharteetan jazotako hainbat lurrikara periodiko aztertu ondoren. Lurrikara horiek sortutako uhinak bi puntutan neurtu zituzten ikertzaileek: hego polo aldean jasotakoak, eta, Lurra zeharkatu ondoren, ipar polotik gertu erregistratutakoak. Horrela ikusi zituen Lurra punta batetik bestera zeharkatzean, uhinen erritmoa azkartu egiten zela nukleoaren errotazioa azkarragoa zen heinean. Alabaina, azken 30 urteotako astinaldien datuak aztertuta, erritmo hori moteldu dela dirudi. Azalpenak Berrian.

Fisika

XIX. mendearen amaieran diapasoia oraindik ez zegoen prest laborategian tresna gisa erabiltzeko, kolpatu ondoren soinua azkarregi desagertzen zelako. Rudolph Koenig fisikari alemaniarra izan zen irtenbiderik praktikoena eman zuena. Koenig-ek mekanismo bat asmatu zuen arazo hori konpontzeko, eta, gainera, harekin bibrazio maiztasuna zehaztasunez neur zitekeen. Koenigek ospe handia lortu zuen akustiko eta zehaztasuneko diapasoien fabrikatzaile gisa, baita beste gailu fisiko batzuk egiteagatik ere. XIX. mendearen amaieran, munduko laborategi akustiko guztietan aurki zitezkeen bere diseinuak. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Gure denbora neurtzen duten diapasoiak.

Albaitaritza

2022ko urrian Galiziako bisoi-haztegi batean hegazti-gripearen agerraldi bat izan zen, eta orain argitaratu diren agerraldiaren emaitzek kezka berpiztu dute.  Haztegiko bisoiak neumonia-sintomak izaten hasi ziren, eta hasiera batean, SARSCoV2-aren eraginez izango zela uste zuten. Hegazti-gripea izan zen hurrengo susmagarria, eta probek susmoa baieztatu zuten. Ikertzaileek zehaztu dutenez, (HPAI) A(H5N1) gripearen andui oso patogeniko bat izan zen bisoien agerraldiaren eragilea, eta bisoietara iritsi bazen ere, ez da erraz transmititzen ugaztunetara. Artikuluan deskribatutako agerraldia, beraz, berezia da, andui horrek ugaztunetara jauzi egiteaz gain, haien artean transmititzeko gai izan baita. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Elikadura

Lekaleak elikagai oso osasuntsuak dira eta hainbat mantenugai eskaintzen dizkigute: karbohidratoak, proteina ematen dituzte, baita zuntza, bitaminak eta mineralak ere. Hori hala, Nerea Segura nutrizionistaren esanetan gomendio orokorra da lekaleak astean bitan edo lautan jatea, baina, egunero jan beharko lirateke haren iritziz. Lekaleak egokiak dira zenbait patologia dituztenentzat, esaterako, kolesterol txarra jaitsi egiten dutela, baita hipertentsioa ere; aproposak dira diabetesa dutenentzat, eta II motako diabetesa prebenitzen laguntzen dute, besteak beste. Lurrarentzat ere osasungarriak dira lekaleak. Izan ere, atmosferako nitrogenoa lurrean finkatzea eragiten dute, eta kalitatezko materia organikoa askatzen dute lurzoruan. Lekaleen abantailei buruzko informazio gehiago Berrian aurki daiteke: Lekaleak: zakukada bat osasun.

 

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #425 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #432

La, 2023-01-28 09:00


Autoestimu handia edo txikia? Nartzizismoa? Zein nortasun-ezaugarrik abisatzen dute potentzialki matoi baten aurrean gaudela? Personality traits and bullying behavior Egilea: Martha R. Villabona.

Bai, zientzialariek material berriak aurkitzen dituzte ia egunero. Baina bataz beste hilabete behar dute eta adimen artifizial batek sei ordu  baino ez ditu behar. Autonomous methods can discover new materials, faster

Jakina zen haurdunaldiak eta haurraren hazkuntzak amaren entzefaloa aldatzen dutela. Orain badakigu aitarena (presente eta inplikatua denean) ere. Having children also rewires fathers’ brains Rosa García-Verdugoren eskutik.

Gaitz handiei, erremedio handiak. Dauden materialak nanofotonikari zail egiten bazaizkio, beste bat bilatzen da, eta kitto. DIPCko jendea Germanium monosulfide, a versatile platform for terahertz polaritons

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #432 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kiñuren begirada: Ilargia

Or, 2023-01-27 09:00

Gizakiak aintzinatik jakin-mina izan dute Ilargiarekiko eta hamaika ikerketa egin dira Lurreko satelite natural bakarra hobeto ezagutzeko. Eklipseak behatzen, izar bitarren argia analizatzeak bi izarren tamaina eta argitasunaren inguruko informazioa lortzea ahalbidetzen du. Ilargi eklipseekin K.a. III. mendean, Samoko Aristarkok ondorioztatu zuen Ilargia 60 lur-erradiora zegoela Lurretik. Gaur egun ikusi da gero eta urrunago dagoela.

1959. urteraino ez genuen Ilargiaren aurpegi ezkutua ikusterik izan. Astronomiaren zientziaz gain, bestelako zientziak garrantzitsuak ere izan dira satelite honen ezagutzan; geologia besteak beste. Mareta Nelle West geologoak aukeratu zuen Ilargiko lehen giza aztarna markatuta geratuko zen lekua.

Ilargiaren ikerketei errepaso egin dio gure Kiñuk hainbat datu ekartzeko gaurkoan.

Ilargia

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: Ilargia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Eder behar du

Og, 2023-01-26 09:00

Eder behar du. Zientzia modernoko ekuazio bikainak (2002) 12 saiakuntzaz osatzen den bilduma da, munduko zientzialari eta historialari gailenetako batzuek idatzitako ekuazio zientifiko modernoen botereari eta edertasunari buruzkoa. Graham Farmelo zientzia dibulgatzaileak argitaratu zuen kolaboratzaile ezberdinen laguntzarekin, besteak beste, Steven Weinberg, Peter Galison, John Maynard Smith eta Frank Wilczek.

eder beharIrudia: Eder behar du liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Zientziaren poesia, nolabait, haren ekuazio bikainetan gorderik dago, eta, liburu honetako saiakerek frogatzen dutenez, ekuazio horiek ere tipulak bezala zuritu daitezke. Philip Larkin poetak aipatu zuen poema on bat tipula baten modukoa dela: kanpotik begiratuta, biak dira erakargarriro leun eta kitzikagarri, eta gero eta leunago eta kitzikagarriago bihurtzen dira ondoz ondoko esanahi-geruzak erantzi ahala. Ekuazioen edertasuna, jakina, poemena ez bezalakoa da, baina hura ere barrendu daiteke geruzaz geruza.

Ekuazio bikainak, hala, poesia bezain pizgarri dira irudimen prestatu batentzat, eta badute beste ezaugarri bat ere: haien edertasunaren baliagarritasuna. Esperimentu adierazgarri guztien emaitzekin bat etorri behar dute, eta, are gehiago, iragarpen batzuk egin, ordura arte inork egin ez dituenak. Dirac-ek esana: “Ni baino azkarragoa da nire ekuazioa”.

Bilduma honetako saioetan islaturik ageri da zenbaterainoko garrantzia izan duen matematikak, 1900etik aurrera, zientziaren zenbait arlotan. Fisikan bereziki, baina ez han bakarrik, irakurleak ikusiko duenez: biologian, ekologian, informazioan… baita estralurtarren bilaketan ere, hara!

Ekuazio horien aurkikuntza eta erabilerarekin loturiko giza abentura literatura-sen trebez bildurik dago irakurgaiotan: ipuin zukutsu dira, ez berri-emate lehor.

Eder behar du izenburua Einsteinen eta Dirac-en iruzkinen parafrasia da.

Graham Paul Farmelo (1953) zientzia-idazle eta biografoa da, Cambridgeko Unibertsitateko Churchill College-ko kidea eta Fisikako irakasle laguntzailea Bostongo Northeastern Unibertsitatean.

Liburuan parte hartu dute: Igor Aleksander, Peter Galison, Aisling Irwin, Robert May, Arthur I. Miller, Oliver Morton, Roger Penrose, John Maynard Smith, Christine Sutton, Steven Weinberg eta Frank Wilczek.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Eder behar du. Zientzia modernoko ekuazio bikainak
  • Egilea: Farmelo, Graham
  • Itzultzailea: Fernando Morillo
  • ISBN: 978-84-9860-235-7
  • Formatua: 16 x 24 zm
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2009
  • Orrialdeak: 500 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Eder behar du

The post Eder behar du appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Mikroorganismoak? Bai, eskerrik asko!

Az, 2023-01-25 09:00

Mikrobioen artean ere biodibertsitatea azkar galtzen ari direla ohartarazi du zientzialari talde batek. Besteak beste, lurraren emankortasunerako ezinbestekoak dira: landareen hazkundea %64 azkartzen dutela ondorioztatu dute.

Badira hainbat espezie gizakiontzat balio sinboliko handia dutenak, eta azken hamarkadetan natura zaintzeko beharraren ikur bilakatu direnak. Ile urdina orrazten dutenek gogoan izango dituzte izotz zuriaren gainean marraztutako itsas txakur kume horien irudi gogorrak, larrua eskuratzeko kolpeka hiltzen zituztenak. Zer esanik ez balea arrantzaren inguruan izandako protestei dagokienez. Azken urteotan hartz zuria bilakatu da, hein handi batean, klima aldaketaren sinboloa, eta gurean otsoa da galdutako mundu oso baten ikurra. Normalean animaliak izaten diren arren, zenbaitetan landare espezie batzuek eskuratu ahal dute balio sinboliko hori. Kasurako, zenbaitetan aktibistak ikusi dira sekuoia erraldoietatik zintzilika, egurgileek horiek bota ez ditzaten.

Baina onartu beharra dago gehienetan gizakion kezka bizidun horien tamainaren parekoa dela. Intsektuen artean erleak baino ez leudeke kezka nagusien kategoria horretan, eta zer esanik ez mikroorganismoen inguruan hitz egiten dugunean. Gutxitan esnatzen gara pentsatzen enterobakterioen aldeko borroka bat abiatu behar dugula.

mikroorganismoak1. irudia: mikroorganismoen artean biodibertsitatea galtzen ari dela ohartarazi dute zientzialariek, eta horiek babesteko lanean ari dira. (Argazkia: Juanma Gallego)

Ez pentsa, izaki ñimiño horiekiko kezka duen talde bat gutxienez bada, baina zaila izango da hori telebistako albistegietan ikustea. SPUN dute izena, eta onddo mikroskopioak babesten dituen elkartea da. Zehazki, onddo mikorrizikoak ikertu eta defendatzeko lanean ari dira. Diotenez, onddo horiek 475 milioi urte baino gehiago daramate landareekin harreman sinbiotikoa izaten, eta ezinbestekoak dira ekosistemetan. SPUN elkarteko kide gehienak, noski, mikroorganismoetan adituak dira, seguruenera lehen eskutik ezagutzen dutelako begi hutsez ikusten ez diren bizidun horien garrantzia.

Orain, Nature Microbiology aldizkarian Colin Averill talde horretako fundatzailekideak eta beste hainbat adituk idatzitako zientzia artikulu batean aldarrikatu dute mikrobioak babesteko ardura seriotasunez hartu beharreko zerbait dela, beren txikitasunetik mundu makroan bideratzen dituztelako ezinbestekoak diren hainbat prozesu, animalietan, landareetan zein ekosistema osoetan.

Azterketan lurzoruan dauden mikrobioetan zentratu dira, bereziki onddoetan. Horiek lurraren emankortasunean duten eragina aztertzeko gaiaren bueltan egin diren 81 esperimenturi erreparatu diete —esperimentu horiek jaso dituzten 27 zientzia artikulu berrikusiz—, eta irakurketa horretan abiatuta ondorioztatu dute lurzoruko mikrobioma natiboak berrezarriz batez bestean landare biomasaren ekoizpena %64 azkartu daitekeela. Kasu batean egiaztatu dute %700 aldiz handitu dela.

Duela hainbat urte lurpeko mikrobiomak ezagutzea askoz konplikatuagoa bazen ere, orain sekuentziazio masiboko teknikek asko erraztu dute kontua: nahikoa da lur lagin bat hartu eta hori laborategian sekuentziatzea, bertan dauden mikroorganismoen inguruko ideia bat izateko. Modu horretan, lurzoru transplante horiek ezagutzan oinarrituta abiatu daitezke.

Munduan zehar egin diren halako esperientzietako batzuk aipatu dituzte. Horietan, abiapuntua nahiko sinplea izan ohi da: lurpeko mikrobioen ekosistemak berreskuratzeko, oraindik osasuntsu mantendu diren lurzoruetako lurra hartu eta narriatutako lurzoruetara eramaten da, lur horrekin batera mikrobio komunitateak eramanez. Besteak beste, Ipar Amerikako belardietan, Hawaiin edo Estonian egin dira horrelakoak. Funtsean, zenbait gaitzetan lagungarri izateko egiten diren kaka transplanteen antzeko jokabidea litzateke, baina lur ekosistemekin.

mikroorganismoak2. irudia: zenbait proiektutan osasuntsu mantendu den lurra narriatutako lurzoruetara mugitzen ari dira, horiekin batera landareentzat egokiak diren mikroorganismoak mugitzeko helburuarekin. (Argazkia: Juanma Gallego)

Ez da dagoen lotura bakarra. Averillek parekatu ditu hesteetan dagoen mikrobiomak giza osasunean duen eragina eta lurzoruko mikroorganismoek planetaren osasunean dutena. Eta, giza mikrobiomaren kasuan ere, zientzialari batzuk lanean ari dira hesteetan gordeta dagoen biodibertsitatea babesteko. Hau ezinbestekotzat jotzen dute, globalizazioarekin batera zabaltzen diren elikadura forma uniformeak planeta osoan zehar zabaltzen ari direlako. Elikadura uniforme horiek sortzen dituzte ere nolabaiteko mikrobioma uniformeak. Hau saihestu nahian, eta munduko landareen haziekin egiten den modu berdinean, giza mikrobiomaren laginak kontserbatzeko egitasmo bat dago martxan Mikrobiota Ganbara proiektuaren bidez.

Lur ekosistemetara bueltatuz, zientzialariek kezka handia agertu dute galeraren tamainagatik, artikuluan horren inguruan zentratu ez badira ere. Mikroorganismoen kasuan, hainbeste aipatzen ari den seigarren iraungipen masiboaren eskala zenbait “magnitude ordenatan handiagoa” izan daitekeela ohartarazi dute. “Ikerketa berriek erakutsi dute aldaketa globala azkar suntsitzen ari dela munduko mikrobioen biodibertsitatea, eta horrek iradokitzen du biodibertsitate krisiaren eskala uste zena baino askoz handiagoa dela”, azpimarratu du Averillek prentsa ohar batean.

Zientzialari hauen ustez, gizakiak kudeatutako paisaietan parte hartzea da arazoari aurre egiteko aukera gehien ematen dituena. Izan ere, halako paisaiek hartzen dute habitagarri diren lurren erdia. Batez ere deforestazio handia jaso duen Asia Hegoaldean oso irakaspen erabilgarria izan daitekeela diote ikertzaileek. Bestetik, gogora ekarri dute zientzia ezagutzaren beste hainbat alorretan gertatzen den arazo berdina ematen dela beren alorrean ere: Afrikako lurzoruan bizi diren mikrobioen gaineko ezagutza oso urria da oraindik.

Oso garrantzitsua den beste kontu batean arreta jarri dute ere. Jakina da nekazaritza ekoizpena hein handi batean oinarritzen dela monolaborantza zabaletan. Horri esker janari kopuru handiak eskuratu daitezke, eta, nahi ala ez, zaila dirudi denbora gutxian sistema horretan aldaketa sakonak egitea 8.000 milioi lagun baino gehiago elikatu behar dituen mundu batean. Bueltan, baina, halako monolaborantzek arazo asko dakartzate eurekin batera: besteak beste, lurzoruaren emankortasuna ahitu egiten da, eta ongarriekiko dependentzia handia sortzen da. Modu berean, barietate berdinak lantzea izurrien edo klima aldaketaren aurrean zaurgarritasun handia izan dezakete.

Hau arras ezaguna bada ere, horren ezaguna ez da monolaborantza horiez gain sortu daitezkeela ere lurzoruko mikrobioen antzeko monolaborantzak, eta arrisku horren inguruan ohartarazi dute zientzia artikuluan. Diotenez, ingeniaritza bidez posible da mikrobioma horiek nahita sartzea lurpean, eta zerbitzu hori eskaintzen duten enpresak badira. Baina horretan tentuz ibiltzeko beharra azpimarratu dute: “Lurraren gaineko ekosistemen kudeaketan egon diren akatsak ekidin eta errendimendu handiko mikrobio anduien monolaborantzak saihestu behar ditugu, horiek larriagotu dezaketelako ekosistemen zaurgarritasuna patogenoen eta muturreko gertakarien aurrean”, idatzi dute zientzia artikuluan. Bide beretik jo du Thomas Crowther ikertzaileak. “Aire zabalean egindako akatsetatik ikasi behar dugu, biodibertsitatea eta ekosistemen osasuna kaltetu ditzaketen mikrobioen monolaborantzen sorrera saihestuz”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Averill, C., Anthony, M.A., Baldrian, P. et al. (2022). Defending Earth’s terrestrial microbiome. Nature Microbiology, 7, 1717–1725. DOI: 10.1038/s41564-022-01228-3

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Mikroorganismoak? Bai, eskerrik asko! appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Gure denbora neurtzen duten diapasoiak

Ar, 2023-01-24 09:00
Koenig hil da, eta lagunek maitasunez eta errespetuz oroituko dute. Ez zegoen zientzia akustikoa hark bezala miresten zuen inor. Atsedenik gabeko batxiler gisa jardun zuen bizitza osoan zehar, eta azken urteetan antsietatea eta estutasunak gertutik ezagutu zituen. Izan ere, ogibidetzat zuen zientziak ez zion bizitzeko adina ematen. Ez dute berehala ahaztuko, baina ez dago bere lekua hartu nahi duenik ere Le Conte Steven, 19011.

Lissajousen esperimentu optikoek soinu bibrazioak zehaztasun handiz ikusteko aukera eman zuten lehen aldiz, eta ikerketa akustikorako funtsezko tresna bilakatu ziren XIX. mendearen amaieran. Dena den, diapasoia oraindik ez zegoen prest laborategian tresna gisa erabiltzeko, kolpatu ondoren soinua azkarregi desagertzen zelako. Eragozpen hori saihesten saiatu ziren zientzialarien artean, Rudolph Koenig izan zen irtenbiderik praktikoena lortu zuena. Alemaniar jatorriko luthier eta fisikari hark mekanismo bat asmatu zuen: diapasoien hotsa luzatzea ahalbidetzen zuen horrek, eta, gainera, harekin bibrazio maiztasuna zehaztasunez neur zitekeen. Eta hala, nahi gabe, betirako aldatu zuen denbora neurtzeko modua. Haren ondareak gaur egun erabiltzen ditugun ia erloju guztien bihotzean jarraitzen du oraindik, diapasoi erara.

Hala ere, egiaz, Koenig ez da oso zientzialari ezaguna. Nerabezaroan, Fisika eta Matematika ikasi zituen Königsbergen, baina ez zen unibertsitatera joan. Institutua (edo “gymnasium”, garai hartan deitzen zioten bezala) amaitzean, Parisera joan zen bizitzera, Jean Baptiste Vuillaume izeneko luthier entzutetsu baten aprendiz lan egitera. Musika tailerrean, mota guztietako instrumentuak egiten ikasten zuen bitartean, Koenigek egurra eta metala lantzeko zuen talentua hobetu zuen.

denbora1. irudia: 1889ko Koenig katalogoko erloju baten marrazkia, Catalog des appareils d’acoustiquen ageri den bezala. (Marrazkia: L. Landry – domeinu publikoko irudia. Iturria: Sound & Science: Digital Histories / Berlingo Humboldt Unibertsitatea)

Ziurrenik orduan bereganatu zuen akustikarako grina ere. Zazpi urtez soinua egiteko makinak egiten aritu ostean, Koenigek bere negozioa hastea erabaki zuen. Horrek, ordea, aldatu egin zuen bere ibilbidea. Laborategiko tresnen diseinuan eta ikerketa akustikoan lan egitea erabaki zuen. Bere diseinuek jada ez zuten musika soinuak sortzeko balio, aztertzeko baizik.

Koenigek ospe handia lortu zuen akustiko eta zehaztasuneko diapasoien fabrikatzaile gisa, baita beste gailu fisiko batzuk egiteagatik ere. Helmholtz eta biak elkarrekin aritu ziren lanean, soinez soin, eta XIX. mendearen amaieran, munduko laborategi akustiko guztietan aurki zitezkeen beren diseinuak. Horien artean, erloju mekanismo baten laguntzaz etengabeko bibrazioan mantentzen zen diapasoi bitxi bat zegoen. Erloju estandar baten oso antzekoa zen, baina aldaketa bakarra zuen: normalean pendulu batek hartuko lukeen lekuan diapasoia erabiltzen zen, maiztasuna markatzeko. Diseinuari esker, aukeratutako diapasoiaren maiztasuna zehaztasun osoz neur zitekeen. Nahikoa zen gailuaren orratzek markatutako denbora ondo kalibratutako erloju batenarekin alderatzea. Horrela egiaztatu zuen Koenigek Lissajousen diapasoi estandarrak, hots, “la unibertsala” izatera bideratuta zegoenak, ez zituela segundoko 435 bibrazio nabarmen sortzen, 435,4(5) baizik.2

Koenigen erloju diapasoiak beste arrazoi batengatik izan zuen aparteko garrantzia. Mekanismoak bibrazioa konstante mantentzen zuen bitartean, diapasoiaren afinazio tematiak (musikarientzako tresna bikaina bihurtzen duen ezaugarri bera) erlojuaren orratzak beti abiadura berdinean mugitzen zituen, doi-doi. Hori dela eta, denbora neurtzeko aliatu bikaina zen.

denbora2. irudia: kuartzozko kristalezko erresonadorea “kuartzozko” erloju moderno baten diapasoi itxurarekin. (Argazkia: Chribbe76 – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Eskumuturreko erlojuetan mende bat geroago txertatu zen, aurrekaririk gabeko zehaztasuneko modeloak ekoizteko. 1960an, Accutron erlojua salgai jarri zen, denbora adierazteko 360 hertzeko altzairuzko diapasoi bat erabiltzen zuen erlojua, hain zuzen. Maiztasun hori gizakien espektro entzungarrian zegoenez, erabiltzaileek fa diesean zegoen burrunba txiki bat entzun zezaketen erlojua belarrira hurbiltzean. Egia esan, iruditzen zait poesiarako aukera galdu zela 440 Hz-etako diapasoirik ez erabiltzean, baina kontua da berrikuntza hark izugarri hobetu zuela erlojuen zehaztasuna. Ziurrenik horregatik mantentzen du Bulova erloju markak, Accutronen jatorrizko fabrikatzaileak, diapasoi bat bere logotipoan.

Denborarekin, fabrikazio prozesuak hobetu egin ziren, baita materialak ere. Malgukien ordez pilak erabiltzen hasi ginen eta elektronika menderatzen ikasi genuen. Gaur egun, ia eskumuturreko erloju guztiek urkila formako diapasoi txiki bat dute. Kuartzoz egina dago eta 32768 Hz-etan kulunkatzen da. Eta guk jadanik ez badugu entzuten ere, baliteke gure maskotek oraindik soinu musikal hura entzuten jarraitzea.

Erreferentzia bibliografikoak:

1 Le Conte, Steven W. (1901). Rudolph Koenig. Science, 14, no. 358, 1901, pp. 724-727. DOI: 0.1126/science.14.358.724

2 Feldmann, H. (1997). History of the tuning fork. I: Invention of the tuning fork, its course in music and natural sciences. Pictures from the history of otorhinolaryngology, presented by instruments from the collection of the Ingolstadt German Medical History Museum. Laryngorhinootologie, 76(2), 116–122. DOI: 10.1055/s-2007-997398

Egileaz:

Almudena M. Castro (@puratura) pianista da, arte ederretan lizentziatua, fisikan graduatua eta zientzia dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko uztailaren 28an: Los diapasones que miden nuestro tiempo.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Gure denbora neurtzen duten diapasoiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak