Bizia, molekula eta osagai askoren arteko jokoa
Orain dela 3.500 milioi urte abiarazi zen prozesu bat da bizia. Gaur egun ezagutzen ditugun zelulen oinarrizko osagaiek, molekula kimiko bizigabeek, urratsez urrats batzen, nahasten eta elkarri eragiten hasi zirenean sortu zen. Une batean bizidun bihurtu ziren, hau da, sistema autonomo. Urteen poderioz, eboluzionatuz joan dira, gaur egungo konplexutasun eta aniztasunera iritsi arte. Bada, bide horretan atzera egin, eta bizia sortu ahal izateko molekula kimikoak nola elkartu ziren aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek.

Irudia: Gantz-azidoek uretan sortzen dituzten egitura supramolekularren irudi bat, cryo-TEM mikroskopia-teknika erabiliz egindakoa (Argazkia: Adela Rendón eta CIC BioGUNE).
DNA, RNA, proteinak, mintzak, azukreak… asko dira bizidunen zelulak osatzen dituzten osagaiak. Biologiaren alorrean, eta, zehazki, biziaren sorrerari buruzko ikerketetan, oso ohikoa da molekula-mota horietako bati bakarrik erreparatzea, eta haien mekanismo espezifikoak aztertuta bizia nola sortu zen proposatzea. “Ikerketa horiek, oinarrian, ‘biziaren molekula’ bilatzen dute, hau da, bizia sortu ahal izateko molekula garrantzitsuena zein izan zen argitzea”, dio Kepa Ruiz Mirazo UPV/EHUko Biofisika Unitateko eta Zientziaren Logika eta Filosofia saileko ikertzaileak. Kontuan hartuta “bizia molekula eta osagai askoren arteko joko bat dela, azken urteetan ikuspegi-aldaketa bat gertatzen ari da, eta gero eta gehiago egiten ari dira ikerketak molekulen multzoak kontuan hartuta. Sistemen kimika esaten zaio beste horri”, gaineratu du.
Kepa Ruiz Mirazo ikertzaile: “Biziaren jatorriari buruzko ikuspegia aldatu behar dugu”. Kultura Zientifikoko Katedraren bideoa.
Ikuspegi berri horren aldeko jarrera izateaz gainera, Ruiz-Mirazoren taldeak Montpellierreko Unibertsitatearekin elkarlanean egindako ikerketa batean —Sara Murillo-Sánchez UPV/EHUko doktorego-ikaslearen bi egonaldien esker—, frogatu du molekula batzuek badutela besteetan eragina. “Gure taldean adituak gara inguru prebiotikoetan zer eta nolako mintzak sortu ziren aztertzen, gaur egungo lipidoen aitzindariek, gantz-azidoek, nolako dinamika zuten ikusten. Montpellierko taldea, berriz, lehenengo peptidoen sintesia nola gertatu zen aztertzen dago espezializatua. Bada, batzuen eta besteen jakintzak elkartu genituenean, eta esperimentalki gantz-azidoak eta aminoazidoak batera jarri genituenean, ikusi genuen sinergia bat gertatu zela bi molekula-moten artean”.
Hala, ikusi zuten erreakzioaren katalisi hori gertatzen dela gantz-azidoek konpartimentuak sortzean. Ur-ingurune batean egonda, eta lipidoek, izaera hidrofobikoa dutenez, molekulak elkarrekin lotu eta konpartimentu itxiak sortzen dituzte; alegia, mintz-funtzioa hartzen dute; “garai hartan, mintzak ez ziren biologikoak, kimikoak baizik”, argitu du Ruiz-Mirazok. Bada, ikusi zuten mintz horiek eskaintzen dituzten kondizioek nolabaiteko mesedea egiten dietela aminoazidoei: “Montpellierreko taldeak oso ondo karakterizatuak zituen dipeptidoak sortzeko erreakzio prebiotikoak; eta ikertzaileek ikusi zuten gantz-azidoen presentzian erreakzioaren efizientzia areagotu zela”, gaineratu du.
Kimikatik abiatuta biologiaren konplexutasunera iritsiGantz-azidoen eta aminoazidoen arteko sinergia frogatzeaz gainera, oso garrantzitsutzat jotzen du Ruiz-Mirazok ikerketak oinarrizko osagai kimikoekin egin izana, alegia, aitzindari molekularrekin: “Biziaren sorrera oinarrizko molekula horietatik abiatuta gertatu zen; hortaz, biziaren sorrera ikertzeko ezin gara abiatu gaur egungo mintzetan aurkitzen ditugun fosfolipido konplexuetatik. Guk frogatu dugu aitzindari molekularretatik abiatuta lehenengo elkarketak eta kateak sortu zirela. Hau da, kimikatik abiatuta, biologian aurkitzen dugun aniztasunera eta konplexutasunera iristeko modua badagoela”.
Bere ikerketetan, lan esperimentalaz gain, beste bi alor jorratzen ditu Ruiz-Mirazok. Denera, beraz, hiru zutabe edo ikuspuntutatik lantzen eta azaltzen du biziaren sorrera: “Bata esperimentala da; bestea, eredu teoriko eta simulazio konputazionaletan oinarrituta dago, eta esperimentalki lortzen ditugun emaitzak aztertzeko erabiltzen dugu, eta, hirugarrena, apur bat zabalagoa da, filosofikoki aztertzen baitugu zer den bizia, biziaren ikuskerak zer eragin duen gero egiten dituzun esperimentuetan, ikusmolde bakoitzak era bateko esperimentuak egitera eramaten baitzaitu —argitu du—. Hiru metodologia horiek elkarrekintzan daude: azterketa filosofikoan sortzen den ideia batek simulazio berri bat egitera eramaten zaitu, eta simulazio horien emaitzen arabera, esperimentuak diseinatzeko bidea sortzen da. Edo alderantziz. Ziur aski, inoiz ez gara iritsiko biziaren sorrera ebaztera, baina guk horretan dihardugu: lurreko bizidun guztiek jatorri bera dugu, eta hori nola gertatu zen jakin nahi dugu“.
Erreferentzia bibliografikoa:
Murillo-Sánchez, S., Beaufils, D., González Mañas, J. M., Pascal, R. & Ruiz-Mirazo, K. (2016). “Fatty acids’ double role in the prebiotic formation of a hydrophobic dipeptide”. Chemical Science 7: 3406-3414 (online – 09 Feb 2016). DOI 10.1039/C5SC04796J
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Gantz eta aminoazido sinpleetatik tiraka, bizia nola sortu zen argitzeko.
The post Bizia, molekula eta osagai askoren arteko jokoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #135
Saturnoko atmosferan haize handia dabil. Zorrotada korronte handi horrek 70.000 km inguru hartzen ditu iparraldetik hegoaldera, gure planetaren tamaina halako bost. Oraindik ez dago korronte horren jatorria zein den edo korronteak dituen energia iturriak zein diren azaldu dezakeen teoriarik. 2003. urtean UPV/EHUko taldeak ohartarazi zuen dagoeneko, haizeak hodeien mailara jaitsi zirela. Handik hilabetera, atmosfera egitura horren abiadura egiaztatu ahal izan zuten. Horretarako, PlanetCam kamera erabili zuten. Ikertzaileek xehetasunez atmosfera egiturek zein altuera lortzen zuten aztertu zuten eta zehaztu zuten zenbat eta sakonago orduan eta gehiago handitzen direla haizeak. 1.100 km/h abiadura lortzen dute goi atmosferan, baina 1.650 km/h abiadurara iristen dira 150 km inguruko sakoneran.
GenetikaMuskulu-distrofiak herentziazko gaixotasun multzo heterogeneoak dira, eta beraien bereizgarri nagusia gihar eskeletikoko muskulu-zuntzen degenerazio progresiboa da. Muskulu-distrofia mota asko daude. 2A motako gerrietako muskulu-distrofia (LGMD2A), CAPN3 geneko mutazioen ondorio den gaixotasun autosomiko azpirakorra da. CAPN3 geneak muskulu eskeletikoan adierazten den kalpaina 3 proteina kodetzen du. Gerrietako muskulu-distrofien maiztasuna oso handia ez den arren, Gipuzkoan gerrietako muskulu-distrofien (LGMD) kasuen mundu mailako maiztasun handiena deskribatu da (69/106), eta Gipuzkoako LGMD kasu horietatik % 79 LGMD2A formari dagozkie. Ikerlan honetan, LGMD2A gaixoen diagnostiko molekularra egin da: batetik, DNA edo/eta cDNAren sekuentziazioa burutu da mutazioak bilatzeko eta, bestetik, teknika erabili da berrordenatze posibleak identifikatzeko.
NeurozientziaIkerketa baten arabera, haurdunaldiak egitura-aldaketak eragiten ditu amaren garunean eta aldaketa horiek gutxienez bi urtez irauten dutela frogatu dute. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak gidatu du ikerketa eta erakutsi du lehen aldiz ama izan diren emakumeen garunek materia grisa galtzen dutela, baina horrek ez duela galera kognitiborik eragiten. Aitzitik, alderantzizkoa gertatzen da. Elhuyarrek azaltzen digu aldaketa horri egokitze-inausketa esaten zaiola. Ikertzaileen arabera, prozesua nerabezaroan gertatzen denaren antzekoa da; izan ere, haurrek ere materia grisa galtzen dute nerabezarora pasatzean. Badirudi aldaketa horiek amatasunak ekartzen dituen erronkei aurre egiteko gertatzen direla. Horrela, emaitzen arabera, amaren garunaren aldaketek amaren haurrarekiko lotura areagotzen dute, haurraren egoera emozionala errazago ezagutu ahal izateko.
Kontu bitxia dakarkigu Amaia Portugalek. Itxuraz osasuntsu zeuden zazpiehun bat haurrek epilepsia krisia jasan zuten Pokemon telesaileko atal bateko argi distiratsu eta oso azkarrak ikusi eta gero. Epilepsia fotosentikorra izena du fenomenoak eta haren zergatiak Etxeter, Pompeu Fabra eta Kataluniako Unibertsitate Politekbikoak elkarlanean egindako lan batean aztertu dituzte. Atal hartan, Pikachu pertsonaiak erasoa jo eta eztanda eragiten zuen. Irudia argi gorri eta urdin oso distiratsuz bete zen orduan; lau segundoz ia pantaila osoan, eta beste bi segundoz pantaila erabat hartuta. Argion frekuentzia hamabi hertzekoa zen: alfa uhinak ziren, eta hor dago koska. Alfa erritmoko frekuentzia duten kanpo estimuluak jasotzen ditugunean, horiek talka egin dezakete garunaren berezko alfa jarduerarekin, eta epilepsia krisiak eragin.
FisikaFernando Gonzalez fisikaria elkarrizketatu du Berriak. Ordenagailu kuantikoak. Unibertso paraleloekin kalkulatzeko artea izenburuko hitzaldia eman du berriki Iruñeko Planetarioan. Hitachi enpresa japoniarrak Londresko Cambridge Unibertsitatean duen laborategian egiten du lan iruindarrak. Ordenagailu kuantikoen prozesatzaileen nukleoetan dauden bit kuantikoak sortzeaz eta probatzeaz arduratzen den lantaldearen parte da. Ordenagailu kuantikoak oraindik ez dira existitzen, baina fisikariaren arabera, arruntek baino askoz ere ahalmen handiagoa dute. Horren sorrerak dakartzan onurei dagokienez, Gonzalezek hauek aipatzen ditu: “Material berriak sortzen lagunduko du; giza genoman arazoak azkarrago aurkitzen; Interneteko segurtasuna areagotzen; eta informazioa azkarrago bilatzen”.
KimikaGarbigailuak jantzi zikinak garbitzeko erabiltzen dugu, eta bizitza errazten digu horrek. Alabaina, arropa garbitzea kutsadura-iturri garrantzitsua da. Kimikariak testuan esaten duenez: “Ez dugu ahaztu behar garbitzea, azken finean, zikinkeria eta zaborra tokiz aldatzea besterik ez dela”. Eta arrazoia dauka; izan ere, garbigailutik ateratzen diren hondakin-urek hainbat konposatu kutsatzaile dituzte. Azken urteotan bada arreta berezia sortzen ari den kutsatzaile-multzo bat: mikroplastikoak. Lopez Gazpiok azaltzen duenaren arabera, 5 mm baino txikiagoak diren plastiko zatiak dira eta haien arriskua hauxe da: hain dira txikiak, ezen uretako organismoek oso erraz irensten dituztela. Gainera, mikroplastiko horietan kutsatzaile organiko iraunkorrak itsatsi daitezke eta, horrela, bizidunek irentsi egiten dituzte. Artikulu interesgarria, betiko lez. Ez galdu!
HezkuntzaMikel Aizpuruk 1936ko unibertsitatean aurrekariak eta ezaugarriak izan ditu mintzagai testu honetan. 1936ko urrira arte itxaron behar izan zuten orduko euskaldunek unibertsitate publikoa ikusteko euskal lurraldean. Jesus Maria Leizaola, orduko Zuzentza ta Gogo-Lantze saileko sailburua, ezaguna zen 1923an atxilotu zutelako Espainiako erregearen aurrean Euskal Unibertsitatea eskatzeagatik. Egia esan, gerra-egoera ez zen giro egokiena baina gero eta bakartuago zegoen Kantauri aldeko eskualdea, oso ahula zen Gobernuaren kontrola eta askok sumatzen zuten edozein proiektu gauzatzeko aukera egokia aurki zitekeela egoera hartan. Urriaren 7an aukeratu zen lehendakaria eta bi egun geroago Euskal Unibertsitatea sortzeko oinarriak jarriko zituen batzorde bateratzeko agindu zuen Leizaolak.
BiologiaOstrak izan dira artikulu honen ardatz, Juan Ignacio Perezek eman digu horien berri: Bibalbioak kanpo-ernalketaren bitartez ugaltzen dira; hau da, arrek eta emeek euren gametoak uretara askatzen dituzte eta uretan gertatzen da ernalketa. Ale bakar batek milioika gameto aska ditzake errute aldi batean. Izan ere, gameto asko alferrik galtzen dira, ez baitira elkartzen beste sexuko gametoarekin; beste gameto asko, ordea, bai, beste batekin aurkitu, espermatozitoa obozitoaren barruan sartu eta enbrioiaren garapena hasten da. Halere, energia asko galtzen da ugaltze-estrategia horren arabera. Handia da bibalbio helduek egiten duten ahalegina. Izan ere, ingurumen-egoeraren eta bibalbioaren adinaren arabera, gorputz osoko masaren % 95a gametoei egoki dakieke; hortaz, gametoak askatzen dituztenean, masaren % 95 galtzera hel daitezke.
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #135 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #141
Unibertso ezegonkor baten bizi gara. Gure buruen gainean, eta orokorrean biziaren gainean, Damoklesen ezpata asko esekita daude. Horien artean badago bat ez dugula kontuan hartzen, Lurraren ingurutik 25 argi-urteko erradioan dagoen supernoba baten eztanda. Hala ere, dena ez da txarra izango. Santiago Pérez-Hoyosek azaltzen digu Cloudy, with a chance of supernova artikuluan.
Duela gutxi iragarri dute odol-transfusio batek gaztetu gaitzakeela. Rosa García-Verdugo oso argia da aipatutako iragarpenari buruz: Blood is NOT the eternal youth elixir.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #141 appeared first on Zientzia Kaiera.
Emakume zientzialarien letra-zopa
Hamar arrasto emango dizkizugu lana errazteko. Zientzialari bakoitzaren datu eta argazki bana dituzu, baina bata zein bestea ez daude hurrenkera berean. Animatu zaitez eta aurrera letra-zoparekin!
Zientzialariei buruz- Kimikari honek Kevlar® zuntza sintetizatu zuen.
- Sismologo da eta lurraren nukleoa bi atalez osatuta dagoela antzeman zuen.
- Egun mundu osoan erabiltzen den testa sortu zuen mediku honek, jaioberrien osasunaren egoera aztertzen duena.
- Lehen iktiosauroaren eskeletoa aurkitu eta zehatz-mehatz identifikatu zuen paleontologoa izan zen.
- Naturalista hau mundu osoan barrena ibili zen landare-espezieak marrazten.
- Kimika alorrean aitzindaria izan zen Nafarroan jaiotako ikertzaile hau.
- Fisikaria, Igeldoko Meteorologia Behatokiaren zuzendaria izan zen.
- Hilotzak disekzionatzen zituen, anatomia klaseetan erabiltzeko.
- Geologoa izan zen eta itsas hondoaren edo lurzoru ozeanikoaren lehen mapa egin zuen.
- Fisio nuklearra aurkitu zuen haren lankideekin batera.
Baten bat ez baduzu ezagutu, loturan klik eginez gero ikusi ahal duzu emaitza zuzena.
—————————————————–
Egileez:
Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
—————————————————–
The post Emakume zientzialarien letra-zopa appeared first on Zientzia Kaiera.
Norbere gela bat zientzian
Gela bat norberarena. Virginia Woolf

1. irudia: Zientzia, sarri askotan, jenialtasunarekin lotu izan da eta dohain hori gizonezkoei atxikitu izan zaie, ez emakumezkoei. Ondorioz, zientzia gizonezkoen kontua dela luzaroan iraun du historian eta emakume zientzialarien lana estalduta gelditu da.
Judith Shakespeare existitu izan balitz, bere neba William bezain ona izango zatekeen. Baina ez zioten aukerarik eman hori egiaztatzeko. Gela bat norberarena (A room of one’s own, 1929) saiakeraren atal batean aurkeztu zigun Virginia Woolfek fikziozko pertsonaia hura; emakumea izateagatik bere trebetasuna garatzeko askatasuna kendu ziotena. Woolfek erabilitako adibide horrek erakutsi zuen indarrean zegoen –eta dagoen– gizarte patriarkala; eta horren aurrean, emakumeentzako gela propioaren beharra: zer behar dute emakumeek? Woolfek argi zeukan afera eta halaxe idatzi zuen: Sormena eta, batez ere, norbanakoaren independentzia ekonomikoa zein pertsonala garatzeko gela bat, hain zuzen. Tamalez, errealitateak fikzioa erraz gainditu ohi du eta historian zehar, zientzia arloa ez da salbuespena izan.
Emakume zientzialariak egon dira eta asko borrokatu behar izan dute gizonezkoen espazioan sartzeko. Berauen zaletasunak izan dira aurrera jarraitzeko arrazoi nagusiak eta zenbait arlotan aitzindari izatea lortu badute ere, ahanztura zorroan gelditu dira urte askoan. Berriki hasi dira izenei hautsa kentzen.
Imajina dezakezue Eiffel dorrerik gabe, Paris? Sophie Germainen laguntzari esker –beste hainbat zientzialariren parte hartzeaz gain– Gustave Eiffelek burdinazko egitura erraldoia eraiki zuen maitasunaren hirian. Laguntzaile horien ekarpena saritzeko, xafla batzuetan euren izenak grabatu zituen, habeetan. Baina Sophie zerrendatik ezabatu zuen, emakumea zelako.
Eta Hitlerren erregimenaren esanetara egongo bagina oraindik? Ez genuke Philip K. Dickek idatzitako The Man in the High Castle istorio distopikoaren beharrik imajinatu ahal izateko nolakoa izango zatekeen mundua totalitarismoak eta faxismoak indarrean jarraitu izan balute. Joan Clarkeri zor diogu nazien ‘Enigma’ makinak sortzen zituen mezu konplexuak deskodetzearen lana.
Eta jaio berrien bizitasuna neurtzen duen eskalarik izango ez bagenu? Virginia Apgarrek sortu zuen test famatua. Eta imajina dezakezue baztanga gaitz infekziosoak oraindik Europa beldurtuta izango balu, XIV. mendean izurri beltzak biztanleria ikaratu zuen eran? Mary Wortley Montagu Ingalaterrako emakume aristokratak ekarri zuen gaitz horren aurkako metodoa Europara.
Eta zenbat hildako gehiago izango ziren kevlar zuntza sortu izan ez balitz? Bigarren Mundu Gerran erabilitako balen aurkako txalekoei esker, 3.200 pertsona onik atera ziren. Horren atzean dago Stephanie Kwoleken lana.
Zerrenda amaigabea da. Odolak gorputzean egiten duen ibilbidea ezagutu zuen lehena Alessandra Giliani izan zen; Lise Meitner fisio nuklear fenomenoa aurkitu zuen; Marie Tharp itsaso hondoko lehen mapa marraztu zuen lehena izan zen; Marianne Northek munduko botanika ilustratu zuen; Herschel kometa bat identifikatu zuen lehen emakumea izan zen; Mont Blanc mendia igo zuen lehen emakumea bihurtu zen Fanny Bullock Workman, Himalaia esploratu eta haren kartografia jaso zuen; Andereñoen Egoitza sortu zuena Maria de Maeztu izan zen; Mary Anningek hamabi urte zituen Jurasiko garaiko iktiosaurioaren hezurdura topatu zuenean eta hogeita bi urte plesiosaurioaren fosila aurkitu zuenean.

2. irudia: Berriki hasi dira ahaztutako emakume zientzialarien izenei hautsa kentzen.
Historia ez du emakume batek idatzi, ez dago zalantzarik. Baina gehienetan gertakizunen ardatz izan dira, protagonistak, hain zuzen ere. Ezabatu izanak ez du esan nahi existitu izan ez direnik. Eta izan dira, eta badira. Emakumeen ekarriak behar ditugu, jakina da hori. Eta ez zaie lekua eman behar, galtzaileari sari kontsolagarria ematen zaion gisan, haiek konkistatu dutelako irmotasun handiz euren lekua, euren gela, aurreneko su lerroan.
Iraganeko uretan –eta oraina begi-bistan–, dabilen ontzi bat imajinatzen dut nik emakumeek zientzian egin duten lana gogora ekartzen dudanean. Emakumeak dira lemari tinko helduz norabidea erabakitzen dutenak, olatuari beldur ez diotenak. Zenbaitetan ezkerrera, batzuetan eskuinera, baina beti aurrera. Itsasoaren eskergak ez ditu itsutzen; badakite ur mugitu horietan zailtasunak topatuko dituztela, baina datorrenari aurre egingo diote Moby Dick eleberrian Stubbek Pequod ontzian esan zuen antzera: “Etorriko dena ez dakit zehazki zer izango den baina, edozein modutan, pozik joango naiz”.
Bakarrik sentitu dira, laguntzarik gabe. Hala ere, euren eskuek ez diote inoiz lema hartzeari utzi, ontzia ez da inoiz noraezean ibili. Makilaka tratatu dituzte eta beti altxatu dira, inoiz erori ez den norbaiten asmo erabakiaz. Bigarren mailakoak izan direla pentsatu dute askok, eta horiei argitu nahi diet kontua: gustatu ala ez, historian zehar emakumeak protagonistak izan dira.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Norbere gela bat zientzian appeared first on Zientzia Kaiera.
Gabonetan ostrak
Ugaltzea ez da merkea, energia asko behar baita sortu behar diren egitura berriak ekoizteko. Alde handia dago espezie batzuk eta besteek egiten duten ugaltze-ahaleginari dagokionez; espezie obiparoen emeek ahalegin handia egiten dute eta are handiagoa da espezie bizierditzaileenek egiten dutena. Hortaz, handiak izan daitezke desberdintasunak. Hala ere, animalia denek gametoak sortu behar dituzte, gameto arrak (espermatozito) edo gameto emeak (obozito), eta energia erabili behar da gameto horiek ekoizteko.

1. irudia: Zergatik da ohikoa ostrak jatea Gabonetan?
Bibalbioak kanpo-ernalketaren bitartez ugaltzen dira; hau da, arrek eta emeek euren gametoak uretara askatzen dituzte eta uretan gertatzen da ernalketa. Ale bakar batek milioika gameto aska ditzake errute aldi batean. Izan ere, gameto asko alferrik galtzen dira, ez baitira elkartzen beste sexuko gametoarekin; beste gameto asko, ordea, bai, beste batekin aurkitu, espermatozitoa obozitoaren barruan sartu eta enbrioiaren garapena hasten da. Energia asko galtzen da ugaltze-estrategia horren arabera baina populazio batean milioika larba sortzen eta garatzen direnez, gehienetan nahikoak dira gazte-egoerara heltzen direnak eta substratuan finkatzen direnak; eta nahikoak direla diogunean, populazioaren iraunkortasuna bermatzeaz ari gara.
Esan bezala, handia da bibalbio helduek egiten duten ahalegina. Izan ere, ingurumen-egoeraren eta bibalbioaren adinaren arabera, gorputz osoko masaren % 95a gametoei egoki dakieke; hortaz, gametoak askatzen dituztenean, masaren % 95 galtzera hel daitezke! Bestalde, gametoak osatzeko behar den energia bi iturritik etor daiteke: aldez aurretik pilaturiko erreserbetatik edo ur masatik zuzen hartzen duten janaritik gametoak hazi eta garatzen diren bitartean. Hasiera batean biak izan daitezke iturri egokiak, baina arrisku handikoa da ugalketa zuzen hartutako janariaren guztiz menpekoa izatea. Ikus dezagun zergatik.

2. irudia: Ostra arruntak, Ostrea edulis, Europako ostren artean ohikoena da.
Itsaso epeletan bi izaten dira hazkunderako egokiak diren edo izan daitezkeen urtaroak, udaberria eta udazkena. Udan garaiegia da tenperatura eta horrek, -bibalbioak poikilotermoak direnez-, gastu metabolikoa igoaraz dezake; gastu metabolikoa oso garaia denean janari asko irentsi eta asimilatu behar da gastu garai hori konpentsatzeko eta udan, askotan, janari-gertutasuna ez da oso handia izaten. Neguan, bestalde, janari gutxi dago, gutxiegi energia-erreserbak metatzeko edo ehun berriak sortu ahal izateko. Udaberrian eta udazkenean, berriz, tenperatura ez da garaiegia; hortaz, metabolismoari dagokion gastua ez da larregikoa izaten. Ehun berriak edo erreserbak pilatu ahal izatea, beraz, itsasoan gertu dagoen janariaren menpe dago.
Udaberria izaten da hazkunderako oso urtaro egokia, lehen mailako ekoizpena -eta beraz, bibalbioen janaria diren mikroalgen kontzentrazioa- handia izaten baita sasoi horretan. Azken batean, lehorrean bezala gertatzen da itsasoan. Hori dela-eta, udaberria izaten da larbak eta ale gazteak sortzeko urtarorik egokiena, udaberriko egoera mesedegarria balia baitezakete denbora laburrean tamainaz handitzeko. Bestela, negua heltzen denean oso egoera txarrean helduko dira eta, behar bada, negua ezin izango dute gainditu. Hortaz, gonadaren garapena udaberrian gertatzen bada, beranduegi hel daiteke erruteko unea, zeren larbak udan sortzen badira janari gutxiegi egon baitaiteke itsasoan ale gazteek negua heldu aurretik tamaina egokia lor dezaten. Hori horrela, oso onuragarria da udazkenean zehar energia-erreserbak pilatzea, erreserba horiek izango baitira neguan eta udaberri hasieran zehar gametogenesia (gametoak sortzeko prozesua) elikatuko dutenak. Erreserbetan oinarritutako garapen gonadala da, beraz, hurrengo belaunaldiko biziraupena bermatzeko bibalbio helduek egin dezaketen inbertsiorik egokiena. Eta ez dezagun ahaztu hurrengo belaunaldia dela oraingo belaunaldia existitzeko zioa, zio bakarra izan ere.

3. irudia: Muskuilu eta ostra onenak dastatzeko sasoia udazkenena da, zapore onena baitute orduan. Metatu dituzten glukogenozko erreserbei esker sor diogu zapore on hori eta, ondorioz, Gabonetan hauek jateko ohitura.
Bibalbioen erreserben kontu hau dela-eta, bada azken iruzkina merezi duen kontu labur bat, kapitulu honen izenburuari dagokiona hain justu. Energia-erreserbei dagokienez, berezi samarrak dira bibalbioak. Guk dakigula, animalien artean erreserba gisa lipidoak erabiltzen ez dituzten bakarrak dira, glukogenoa baita euren erreserba nagusia. Bibalbioak gustuko ditugunok badakigu udazkenean jaten direla muskuilu eta ostra onenak; pilatuta duten glukogenoak ematen die zapore bereziki ona sasoi horretan. Glukogenoa eta almidoia oso antzekoak dira eta gure listu-amilasak biak digeritzen ditu. Hortaz, udazkeneko ostrak edo muskuiluak jaten ditugunean listu-amilasaren ekintzaren ondorioz sortzen diren azukre sinpleagoak dastatzen ditugu; horri dagokio, hain zuzen ere, duten zapore ona. Beraz, hurrengo negu eta udaberriko garapen gonadalari begira bibalbioek metatu dituzten glukogenozko erreserbek sustatu dute Gabonetan ostrak eta bestelako bibalbioak jateko ohitura. Hurrengo ostra ahoratzen duzunean, gogoan izan!
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————-
The post Gabonetan ostrak appeared first on Zientzia Kaiera.
Telebistak eragindako epilepsia, zabutik erortzearen modukoa
Orain ia hogei urte, zeresan handia eman zuen Pokemon telebista saioko atal batek. Lehen denboraldiko 38. atala zen, eta ordurako milioika jarraitzaile zituen anime horrek. 1997ko abenduaren 16an aireratu zuten Japonian; aurrenekoz, bai eta azkenekoz ere, atal hori ezabatu egin behar izan baitzuten egileek. Izan ere, itxuraz osasuntsu zeuden zazpiehun bat haurrek epilepsia krisia jasan zuten, marrazkion argi distiratsu eta oso azkarrak ikusi eta gero. Epilepsia fotosentikorra izena du fenomenoak. Orain, haren zergatiak xehatu dituzte Exeter, Pompeu Fabra eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak elkarlanean egindako ikerketa batean. NeuroImage aldizkarian eman dute emaitzen berri.
Horretarako, garunaren kortexean dagoen neurona multzo baten eredu konputazionala garatu dute ikertzaileok. Hala, frekuentzia zehatz batzuk dituzten estimuluen aurrean, neurona horiek portaera epileptikoa dutela erakutsi nahi izan dute. Estimulu horiek garunak berak sortuak izan daitezke, edo kanpo faktoreek ekarritakoak, Pokemon telesailarekin duela bi hamarkada gertatu zen bezala.

1. irudia: Ia zazpiehun haurrek izan zuten epilepsia krisia 1997an, Pokemonen atal bat ikusitakoan. (Argazkia: Toshiyuki IMAI / CC BY-SA 2.0)
Atal hartan, Pikachu pertsonaiak erasoa jo eta eztanda eragiten zuen. Irudia argi gorri eta urdin oso distiratsuz bete zen orduan; lau segundoz ia pantaila osoan, eta beste bi segundoz pantaila erabat hartuta. Argion frekuentzia hamabi hertzekoa zen: alfa uhinak ziren, eta hor dago koska. Alfa erritmoko frekuentzia duten kanpo estimuluak jasotzen ditugunean, horiek talka egin dezakete garunaren berezko alfa jarduerarekin, eta epilepsia krisiak eragin.
Fenomenoa azaltze aldera, zabu batekin konparatu dute ikertzaileok. Kulunka dabilen haur bati zabuan bultzada gogorra ematen badiogu, bultzada horren frekuentzia kulunkaren frekuentziaren parekoa izan daiteke. Orduan, zabuaren oszilazioa handituko da, eta haurrak gora eta gora egingo du, erortzeko arriskua izateraino. Erorketa horren moduko efektua izan zuten garunean epilepsia jasan zuten ehunka haur horiek, marrazkien argiek frekuentzia zehatz horretan egin zutelako dir-dir. “Garunaren alfa erritmoa 8-12 hertzekoa da, eta marrazkiok hamabi hertzeko alfa frekuentzia ari ziren erakusten”, gaineratu du Maciej Jedynak Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko ikertzaileak eta artikuluaren egile nagusiak.

2. irudia: Zabu batekin egin dute analogia ikertzaileek, epilepsia fotosentikorra azaltzeko. (Argazkia: Luiz Carlos / CC BY 2.0)
Epilepsia krisiak nola sortzen diren eta horietan neurona sareetako komunikazioek zer rol jokatzen duten ulertzeko aurrera pausoa da ikerketa hau, egileen hitzetan. “Lan honek erakusten duenez, garunaren portaeran eragin sakona izan dezakete haren ausazko jardueraren behin-behineko zenbait ezaugarrik”, dio Jordi G. Ojalvo Pompeu Fabra Unibertsitateko ikertzaileak eta artikuluaren beste egileetako batek.
Epilepsiaren kontrako gaur egungo tratamenduen aurrean alternatibak sortu nahi badira, gaitzaren atzean dauden mekanismoak ahalik eta ondoen ulertu behar dira, eta horixe da gisa honetako ikerketen helburua. “Krisi epileptikoak sortu eta zabaltzeko mekanismoak zeintzuk diren argitzen laguntzen dute gure aurkikuntzek”, dio Jedynakek.
Erreferentzia bibliografikoa:
Maciej Jedynak, Antonio J. Pons, Jordi Garcia-Ojalvo, Marc Goodfellow. Temporally correlated fluctuations drive epileptiform dynamics. NeuroImage. Volume 146, 1 February 2017, Pages 188–196. http://dx.doi.org/10.1016/j.neuroimage.2016.11.034
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Telebistak eragindako epilepsia, zabutik erortzearen modukoa appeared first on Zientzia Kaiera.
1936ko Euskal Unibertsitatearen aurrekariak eta ezaugarriak
Euskal gizartea eta bertako agintariek ondo asko ohartu ziren unibertsitatearen garrantziaz, eta behin eta berriz eskatuko zioten Hegoaldeko ordezkariek Espainiako gobernuari unibertsitate publiko bat. Nafarroako aldundiak 1866. urtean egindako eskaera da ezagunenetarikoa: “Universidad Vasco-Navarra” eratu nahi izan zuten. Hainbat helburu zituen eskabideak: batetik, euskal ikasleek etxetik hurbil ikasi ahal izatea arrazoi moralengatik (atzerri-giroaz kutsatu ez zitezen) eta ekonomikoengatik, eta, bestetik, euskal gizartearen garapena bultzatzea. Madrileko buruzagiek entzungor egin zioten eskariari, eta denbora asko iragan zen nahi hori gauzatu baino lehen. 1886an sortu zen Deustuko unibertsitatea eta 1897an Bilboko Ingeniari Industrialen Eskola.
Aldarrikapenak indar berezia hartu zuen hogeigarren mendearen lehen urteetan, ekonomiaren garapenak, hazkunde demografikoak eta abertzaletasunaren zabalkundeak bultzatuta.

1. irudia: Euzko Irakastola Nagusiaren irekiera ekitaldiaren argazkia (1936ko abenduaren 1ean). (Argazkia: Sabino Arana Fundazioa / Testua: “Amets baten oinordekoak gara-Heredamos un sueño. Euskal Unibertsitatea-Universidad Vasca. 1936” liburua)
1916an, Bartzelonako Unibertsitateko Kimika katedraduna zen Agustin Muruak hitzaldi gogoangarria eskaini zuen Bilbon, eta bertan agerian utzi zuen egitasmo desberdinak zeudela unibertsitatearen eskaeraren atzean. Batzuek unibertsitate arrunta eskatzen zuten, Espainiako beste eskualdeetan zeudenen modukoa. Beste batzuek, ordea, Murua bera tarteko, unibertsitatearen erreferentziak atzerrian zituzten (Alemanian, Britainia Handian eta Estatu Batuetan), eta irakaskuntza-eredu berria nahi zuten. Angel Apraiz gasteiztarrak hartu zion lekukoa Muruari, eta Eusko Ikaskuntzaren bitartez zabaldu zuen euskal gizarte osora. Unibertsitate-ereduak ez ezik, finantzaketak eta kokapenak ere zalaparta sortu zuten: batzuek unibertsitate-campus bakarra nahi zuten (Bilbon gehienen ustez, Oñatin gutxi batzuen aburuz) eta beste asko lau hiriburuetara zabaldutako campusaren aldekoak ziren. Gauza bera gertatu zen ikasketei zegokienez, ez baitzetozen denak bat ezarri beharreko ikasketak aukeratzerakoan; giro horretan, 1914an hasi ziren Bilbon Medikuntza fakultatea sortzeko lanak. Bestalde, Eliza katolikoak zer nolako eragina eduki behar zuen ere izan zen eztabaidagai. Unibertsitatearen aldekoek, oro har, bat egiten zuten autonomia-estatutuen egitasmoekin. Aurreko guztiak kontuan hartuta, ez da beraz harritzekoa unibertsitate publikoa sortzeko ahaleginak Espainiako gobernuaren ezezkoa jasotzea 1930era arte.

2. irudia: Bilbon sortu zen Medikuntza Fakultateko Luis Libano Bilbao irakaslearen agiria. 1937. urtea. (Argazkia: Jose Luis Goiti Zientzia eta Medikuntzaren Historiaren Euskal Museoa)
1931ko apirilean, Bigarren Errepublikaren etorrerarekin aldatu egin zen giro politikoa eta bultzada berri bat eman zitzaion Euskal Unibertsitatearen aldeko aldarrikapenari. Autonomiaren aldarrikapenaren baitan eta ikasleen mobilizazioak hauspoturik indartu zen euskal unibertsitatearen eskaria, baina berriro ere alferrekoa izan zen. Garai hartan, Bilboko egunkari batek azpimarratu zuen alde batera utzi behar zirela txokokeriak, zatiketak eta interesak, eta ez zirela berriztu behar lehenago euskaldunen artean sortutako banaketak, unibertsitatea lortuko bazen; errepublikako urteetan ordea, euskal gizarteko zatiketak ezinezko egin zuen berriro eskaera bateratu bat aurkeztea Madrileko agintarien aurrean. Dena den, indarberritu egin ziren unibertsitatea Bilbon kokatzea hizpide zuten eztabaidak. Eusko Ikaskuntzak antolatutako udako ikastaroek ere agerian jarri zuten unibertsitate ofizialik eza. Donostian Jakintza Zientifikoen Ikasgune bat sortu zen, unibertsitate ofizialetan matrikulaturik zeuden ikasleek praktikak egin zitzaten (Zientzia Fakultatearen hazia izan zen gune hori). Horretarako, lau adar (Matematikak, Zientzia Fisikoak, Zientzia Kimikoak eta Natur Zientziak) zituen unibertsitate gune bat diseinatu zen, non zientzia teorikoak eta horien aplikazioa teknikan eta industrian konbinatuko ziren. Garai berean hasi ziren hainbat lagun aldarrikatzen euskara ikergai ez ezik, irakaskuntzako hizkuntza ere izan beharko zela unibertsitatean.
Autonomia-estatutuaren egitasmoetan ere azaldu zen unibertsitatea izateko premia, baina estatutuari berari buruzko eztabaida eteteaz batera amaitu zen unibertsitateari buruzkoa 1934. urtean.
1936ko urrira arte itxaron behar izan zuten orduko euskaldunek unibertsitate publikoa ikusteko euskal lurraldean, Gerra Zibila hasi, autonomia estatutua onartu eta Eusko Jaurlaritza osatu arte, hain zuzen. Jesus Maria Leizaola, orduko Zuzentza ta Gogo-Lantze saileko sailburua, ezaguna zen 1923an atxilotu zutelako Espainiako erregearen aurrean Euskal Unibertsitatea eskatzeagatik, ez zuen denborarik galdu. Egia esan, gerra-egoera ez zen giro egokia unibertsitate gune berri baten jaiotzarako, baina gero eta bakartuago zegoen Kantauri aldeko eskualdea, oso ahula zen Gobernuaren kontrola eta askok sumatzen zuten edozein proiektu gauzatzeko aukera egokia aurki zitekeela egoera hartan. Urriaren 7an aukeratu zen lehendakaria eta bi egun geroago Euskal Unibertsitatea sortzeko oinarriak jarriko zituen batzorde bat eratzeko agindu zuen Leizaolak. Batzordeak bi sail izan zituen. Unibertsitatearen ezaugarriak definitzeko ardura zuen sailetako batek; Alfredo Ruiz del Castaño kimikariak zuzentzen zuen eta besteak beste, Angel Apraiz eta Ingeniaritza Eskolako Cesareo Madariaga irakasleak izan ziren batzordekideak. Bazekiten behin-behineko proiektu batean ari zirela lanean, baina, aldi berean, ondo zekiten etorkizuneko Euskadiren unibertsitatearen oinarriak ezarri nahi zituztela. «Proyecto de bases de organización de la Universidad Vasca» izan zen batzordearen emaitza. Helburu gisa hartu zuten unibertsitate integrala osatzea eta lehendik zeuden hezkuntza-, ikerketa-, osasun- edo kultura-erakundeak biltzea. Gainera, mailaka eratuko ziren gogoetarako erakundeak nahiz izaera praktikoko erakundeak.

3. irudia: Ikasleak Medikuntza Fakultateko gelan, 1937. urtean. (Danielle Labajos de Bertolinek utzitako argazkia)
Estatuko legeria errespetatuko zen, baina irakasleria propioa izango zuen eta euskal gizartearen eta irakaskuntzaren premiei erantzuten saiatuko zen unibertsitate berria. Horrela pentsatuta bazegoen ere, azaroaren 18an, Euzkadi’ko Agintaritzaren Egunerokoan argitaratu zen dekretuaren bitartez Euzko Irakastola Nagusia, hots, Euskal Unibertsitate ofiziala sortu zenean, aginduan ez ziren aipaturiko xehetasunak agertzen. Lege-arauak bakar-bakarrik argitzen zuen unibertsitatea sortu zela, Medikuntzakoa izango zela lehen fakultatea eta beste ikastetxeen sorrera Jaurlaritzaren erabakien menpe geratzen zela. Azaroaren 1ean egin zen Basurtuko ospitalean irekiera-ekitaldia, eta bertan Agirre lehendakariaren babesa izan zuen erakunde sortu berriak. Garatu gabe geratu ziren egitasmoen artean, besteak beste, eskola politeknikoa sortzeko asmoa zegoen.
Esan bezala, Medikuntza fakultatea izan zen sortu zen fakultate bakarra. Ikasketak aukeratzeak ez zuen arazo handirik sortu, ez baitzegoen zalantzarik. Bilboko Ospitale Zibilak hainbat saiakera eginda zituen bere zereginen artean unibertsitateko irakaskuntza sartzeko, eta bera zen aukera gauzagarriena. Leizaolak sortutako bigarren batzordearen ardura izan zen haren diseinua. Hainbat eztabaidaren ondoren, argia izan zen konponbidea: Espainiako unibertsitateetako ikasketa-plana bere horretan ezarriko zen Bilbon ere, bi aldaketa esanguratsurekin: Sendakintza-Euskara eta Psikologia Medikoa eta Psikiatria. Prestakuntza urte bat ere derrigorrezkoa izango zen mediku ikasketak egin ahal izateko.
Hiru kontu geratu ziren erabaki gabe: irakasleen hautaketa, ikasleen kontua, eta ikasgelen kokapena. Deialdi publikoa egin zen irakasleak hautatzeko, eta zenbait datatan 29 lagun kontratatu ziren irakasle aritzeko. Horietako gehienak Bilboko Basurtoko ospitaleko medikuak ziren eta bertan eman zituzten eskolak. Prestakuntza-ikastaroan 72 lagunek eman zuten izena eta nabarmendu behar dugu horietatik 14 emakumeak zirela. Medikuntzan, aldiz, 71 matrikulatu ziren. Azken ikasle horiek bi jatorri zituzten; gehienek ikasketak aurretik hasiak zituzten Espainiako beste toki batzuetan; laurden batek batxilergoa amaitu berria zuen. Zazpi neska zeuden euren artean. Erizain-eskola bat ere sortu zen, 1937ko otsailean, baina ez zen abian jarri. 1937ko urtarrilaren 3a zen eskolen hasiera-data ofiziala, baina ikasleek makina bat arazo izan zituzten, gazteak izanda gerra-ahaleginean parte hartu behar zutelako. Maiatzetik aurrera erdi etenda geratu ziren ikasketak bonbardaketen eta bestelako gorabeheren eraginez; hala ere, irakasle batzuk saiatu ziren gutxienez praktikekin jarraitzen.
Ekainaren 19an sartu ziren matxinoak Bilbon eta orduan erori ziren Euskadi Autonomoa, eta berak sortu zituen erakundeak, Euskal Unibertsitatea, besteak beste. Ateak itxi zituzten ikasgelek, eta zapalketa latza jasan behar izan zuten Euskal Unibertsitateko protagonista izan ziren gehienek. Hamabost irakaslek galdu zuten aurretik zuten lanpostua, eta horietako batzuek atzerrira joan behar izan zuten kartzela saihestu ahal izateko. Bilbon geratu ziren batzuek, Julian Guimonek eta Juan Viarrek esate baterako, espetxe gogorra jasan zuten eta ezin izan zuten lanpostu publikoa berreskuratu. Ikasle batzuk ere zigortu zituzten, ez hainbeste Euzko Unibertsitatean matrikulaturik egoteagatik, zituzten lotura politikoengatik baizik. Horrela, beste hainbestek bezala pairatu behar izan zituzten zigorren ondorioak.

4. irudia: Justo Garate irakasleak Patologia Orokorra irakasgaia landu zuen. (Argazkia: Argazkia: Sabino Arana Fundazioa / Testua: “Amets baten oinordekoak gara-Heredamos un sueño. Euskal Unibertsitatea-Universidad Vasca. 1936” liburua)
Berritzailea izan zen hogeigarren mendearen hasieran Euskal Unibertsitatearen aldeko aldarrikapena egitea; izan ere, eskakizun horrek unibertsitatearen mundua eta inguruko gizartea lotzen zituen. Azpimarratu egin zen inguruko gizartea, ekonomia eta Euskal Herriaren kultura hobetzeko unibertsitateak zuen ardura, aldarrikatu egin zen unibertsitatearen jardueran ikasleek izan behar zuten parte-hartzea, eztabaidatu egin zen irakasleak hautatzeko erarik egokienak finkatzeko eta agerian utzi ziren erakundearen kudeaketa autonomoaren aldeko jarrerak. Guztiek uste zuten euskal gizartea, ekonomia eta kultura garatzeko nahitaez behar zela Euskal Herrian unibertsitate publiko bat, eta arrazoi bakarra izan ez bazen ere, erabakigarria izan zen sentitzeko modu hori azkenean unibertsitatea sortzeko. Horretarako, ezinbestekoa izan zen 1936ko udazkenean autonomia lortzea.
Gerra galdu izanak unibertsitatea desagerrarazi zuen, baina ez zen erabat itzali haren aldeko aldarrikapena. 1950eko hamarkadatik aurrera euskal gizartean oso azkar ari ziren gertatzen gizarte eta ekonomia-aldaketak, eta horrek inoiz baino gehiago eskatzen zuen goi mailako irakaskuntza zabaltzea. Ez zen prozesu erraza izan, handia baitzen mesfidantza, baina gutxika-gutxika unibertsitate mailako irakaskuntza publikoak bere tokia egin zuen euskal eremuan, aurrena ikastetxe isolatuetan oinarrituta, ondoren Bilboko unibertsitatea lortuta. Franco hil ondoren, ikasleen eta irakasleen belaunaldi berriek bat egin zuten eskakizun zaharra berpizteko: Euskal Unibertsitatea.
Erreferentzia bibliografikoa:
Aizpuru Murua, Mikel. Amets baten oinordeko gara – Heredamos un sueño. Euskal Unibertsitatea – Universidad Vasca. 1936. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatearen argitalpen zerbitzua, 2012.
———————————————————————————-
Egileaz: Mikel Aizpuru UPV/EHUko Gaur Egungo Historia Saileko irakaslea eta zuzendaria da.
———————————————————————————-
The post 1936ko Euskal Unibertsitatearen aurrekariak eta ezaugarriak appeared first on Zientzia Kaiera.
Muskulu-distrofien diagnostiko molekularra

Irudia: Gipuzkoan gerrietako muskulu-distrofien (LGMD) kasuen mundu mailako maiztasun handiena deskribatu da.
Gerrietako muskulu-distrofien maiztasuna oso handia ez den arren, Gipuzkoan gerrietako muskulu-distrofien (LGMD) kasuen mundu mailako maiztasun handiena deskribatu da (69/106), eta Gipuzkoako LGMD kasu horietatik % 79 LGMD2A formari dagozkie. Ikerlan honetan, LGMD2A gaixoen diagnostiko molekularra egin da: batetik, DNA edo/eta cDNAren sekuentziazioa burutu da mutazioak bilatzeko eta, bestetik, MLPA (Multiplex ligation dependent probe amplification) teknika erabili da berrordenatze posibleak identifikatzeko.
DNAren edo/eta cDNAren sekuentziazioa erabiliz aztertutako 722 kasuetatik 271 kasutan 2 mutazio topatu ziren CAPN3 genean, eta diagnostikoa bukatutzat eman zen kasu horietan. 35 kasutan mutazio bakarra topatu zen, eta gainontzeko 416 kasuetan ez zen mutaziorik topatu. Azken kasuak beste muskulu-distrofia batzuen azterketara bideratu ziren. Mutazio bakarra aurkitu zitzaien 35 kasuak eta beste kasu berezi batzuk MLPA bidez aztertu ziren segidan, aurreko teknikekin detektatu ezin izan ziren delezioak egon zitezkeelakoan. Teknika horri esker lau delezio mota identifikatu ziren: 2-8 exoien delezioa heterozigosian, 5-7 exoien delezioa heterozigosian, 2-6 exoien delezioa homozigosian eta gene osoaren delezioa hemizigosian (haustura-puntuak: GANC genearen 16. introiean hasi eta CAPN3 genearen 3’UTR muturrean bukatu). Azken kasu berezi horrek agerian utzi zuen DNAren sekuentziazioz homozigoto diruditen kasu batzuk hemizigosi kasuak izan daitezkeela.
Gure emaitzetan oinarrituz, LGMD2A gaixotasunaren diagnostiko molekularra egiteko ondoko algoritmoa proposatzen dugu:
a) RNA laginak eskuragarri izanez gero, cDNA bidezko sekuentziazioa egin beharko litzateke. Ondoren, DNAz baliatuko ginateke, batetik, odoleko RNAtik abiatzen garen kasuetan, 15. exoia ez dagoelako odoleko isoformetan, eta, beraz, exoi hau DNAn sekuentziatu behar delako; eta, bestetik, topatzen diren mutazioen konfirmazioa burutzeko, NMD (Nonsense Mediated Decay) fenomenoaren ondorioz mRNAren degradazioa gerta daitekeelako. Mutazio bakarra aurkituko balitz, edota mutazioa homozigosian balego, MLPA egitea komeniko litzateke; batetik, bigarren mutazioa hasleak lotzen diren eremuan kokatzen den delezio bat ote den argitzeko, eta, bestetik, ustezko homozigotoak hemizigosi kasuak diren aztertzeko, hurrenez hurren. Delezio bat detektatuz gero, delezioaren ingurutik kanpo lotuko liratekeen hasle egokiak aukeratu eta cDNA sekuentziatu beharko litzateke transkrito trunkatua ikusi eta delezioa konfirmatu ahal izateko.
b) RNA laginik eskuragarri ez balego, DNA bidezko sekuentziazioa egin beharko litzateke ezinbestean. Kasu horretan ere, DNA sekuentziatzean mutazio bakarra topatuko balitz, edota mutazio bat homozigosian ikusiko balitz, MLPA beharrezkoa litzateke delezio posibleak detektatzeko. Bestalde, DNAren anplifikazioan arazoak baleude ere MLPA egitea komeniko litzateke, delezio homozigoto baten aukera aztertzeko.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
- Artikuluaren izena: LGMD2A gaixotasunaren diagnostiko molekularra.
- Laburpena: 2A motako gerrietako muskulu-distrofia (LGMD2A) CAPN3 geneko mutazioen ondorio den gaixotasun autosomiko azpirakorra da. CAPN3 geneak muskulu eskeletikoan adierazten den kalpaina 3 proteina kodetzen du. Ikerlan honetan, LGMD2A gaixoen diagnostiko molekularra egin da eta MLPA erabili da berrordenatze posibleak identifikatzeko. Teknika horri esker lau delezio mota identifikatu dira. Gure emaitzetan oinarrituz, LGMD2A gaixotasunaren diagnostiko molekularra egiteko algoritmo bat proposatzen dugu.
- Egileak: Oihane Jaka
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 77-86
- DOI: 10.1387/ekaia.14528
—————————————————–
Egileaz: Oihane Jaka Biodonostia Institutuko eta King’s College Londoneko ikertzailea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Muskulu-distrofien diagnostiko molekularra appeared first on Zientzia Kaiera.
Saturnoko atmosferan haize handia dabil

Irudia: UPV/EHUko Zientzia Planetarioen ikerketa-taldeko kideek Saturnoren atmosferako zorrotada korronte ekuatorial handiaren berezitasunak ezagutarazi dituzte.
Saturnoren atmosferako zorrotada korronte handi horrek 70.000 km inguru hartzen ditu iparraldetik hegoaldera, gure planetaren tamaina halako bost. Oraindik ez dago korronte horren jatorria zein den edo korronteak elikagaitzat dituen energia iturriak zein diren azaldu dezakeen teoriarik. 2003. urtean UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeak ohartarazi zuen dagoeneko, Nature aldizkarian argitaratutako artikulu baten bitartez, haizeak hodeien mailara jaitsi zirela gogorki, Voyager zundek planeta bisitatu zutenean behatu zenarekin alderatuta.
“Iazko ekainean, Aula EspaZio Gelako 28 cm-ko teleskopio soil baten bidez, ikusi genuen orban distiratsu bat zegoela Saturnoren ekuatorean eta 1.600 km/h abiaduran mugitzen zela. Abiadura hori ez zen 1980az geroztik inoiz ikusi Saturnon”, azaldu du Agustín Sánchez Lavegak, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko eta Gelako zuzendariak. Handik hilabetera, Zientzia Planetarioen Taldeko kideek atmosfera egitura horren abiadura egiaztatu ahal izan zuten. Horretarako, taldeak berak garatutako eta Almeriako Calar Altoko behatokiko 2.2 m-ko teleskopioan instalatutako PlanetCam kamera erabili zuten. Ikerketan, beste herrialde batzuetako behatzaileek teleskopio txikiak erabiliz lortutako irudiak ere erabili zituzten.
Ikertzaileek xehetasunez aztertu ahal izan dute fenomenoa; izan ere, Hubble Espazio Teleskopioaren zuzendariak berau erabiltzeko denbora eman zien, Saturnoren irudiak hartu ahal izateko, garai hartan Cassini ontzia Saturnoren orbitan zegoenez ezin zen-eta planeta ondo ikusi. “Hubblen behatzeko denbora lortzea oso zaila da, oso lehiakorra baita, baina haren bidez lortutako irudiak oso kalitate onekoak dira, eta erabakigarriak izan dira ikerketan”, azaldu du Sánchez Lavegak.
Zenbat eta sakonago, haize bortitzagoakOrban distiratsua osatzen zuten hodeien mugimendua (7.000 km inguruko ekaitz izugarria) eta horien inguruan zeudenena aztertu ondoren, ikertzaileek informazio berri eta baliagarria lortu dute planetaren zorrotada korronte ekuatorial handiaren egiturari buruz. Gainera, ikertzaileek atmosfera egiturek zein altuera lortzen zuten aztertu zuten, eta, horren bitartez, zehaztu zuten zenbat eta sakonago orduan eta gehiago handitzen direla haizeak. 1.100 km/h abiadura lortzen dute goi atmosferan, baina 1.650 km/h abiadurara iristen dira 150 km inguruko sakoneran. Gainera, haize sakona egonkorra da, baina goi atmosferan, korronte ekuatorialaren abiadura eta zabalera oso aldakorrak dira, urte sasoiko intsolazio zikloak Saturnon duen eragina dela eta. Intentsitatea areagotu egiten da, ekuatorearen gainean eraztunen itzala aldakorra delako.
Bada planetaren ekuatorean dagoen beste fenomeno meteorologiko bat, haizean eragin handia izan dezakeena: Urte Erdiko Oszilazioa (SAO). Hodeien sabai gainetik 50 km-ra gertatzen da, gutxi gorabehera; fenomeno horren eraginez, tenperaturak oszilatu egiten dira eta haizeen norabidea eta indarra ekialdetik mendebaldera aldatzen dira.
Saturnoren meteorologia ekuatorialaren konplexutasun hori gutxi balitz bezala, latitude horietan Orban Zuri Handia izenekoa garatu da hiru aldiz, 1876., 1933. eta 1990. urteetan. Planetari bira osoa ematen dion ekaitz erraldoi bat da eta sei aldiz baino ez da ikusi azken 150 urteotan. Zientzia Planetarioen Taldeak eginiko ikerketak iragarri du ekaitz erraldoi hori dela zorrotada korronte ekuatorialean aldaketa eragin duten eragileetako bat.
“Fenomeno horiek guztiak gure planetan ere gertatzen dira, baina beste eskala batean. Hori dela eta, fenomeno horiek beste mundu batzuetan baldintza oso desberdinetan ikertuz gero, horiek hobeto ulertu ahal izango ditugu eta ereduak eraiki”, esan du ondorio gisa Agustín Sánchez Lavega astrofisikariak.
Erreferentzia bibliografikoa
A. Sanchez-Lavega, E. García-Melendo, S. Perez-Hoyos, R. Hueso, M. H. Wong, A. Simon, J. F. Sanz-Requena, A. Antuñano, N. Barrado-Izagirre, I. Garate-Lopez, J. F. Rojas, T. del Rio Gaztelurrutia, J. M. Gómez-Forrellad, I. de Pater, L. Li, T. Barry “An Enduring rapidly moving storm as a guide to Saturn’s equatorial jet complex structure”, Nature Communications, 10.1038/NCOMMS13262.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ezagutarazi dira Saturnoren atmosferako zorrotada korronte ekuatorial handiaren berezitasunak.
The post Saturnoko atmosferan haize handia dabil appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #134
Ospitale-eremutik kanpo hartzen den pneumonia heriotza-eragile garrantzitsua da: urtero 1.000 biztanletik 2-8ri eragiten baitie, eta %10-15eko heriotza-tasa baitu ospitaleratzen diren pazienteetan eta, are handiagoa, zainketa intentsiboko unitateetara (ZIU) eramaten dituzten kasuetan. Galdakao-Usansolo Ospitalean eta Barrualdeko Eskualdean egindako eta UPV/EHUn defendatutako ikerketa batean, biomarkatzaile jakin batzuk ere aztertzea proposatu dute, pneumoniaren eboluzio txarra izateko arriskua duten pazienteak doitasun handiagoz identifikatzeko. Pedro Pablo Españak, Galdakao-Usansolo Ospitaleko Pneumologiako buru klinikoak azaltzen du diagnostikoa egiten den unean jakin behar dela zenbateraino izan daitekeen larria pneumonia-kasua, “oso garrantzitsua baita tratamendua goiztiarra izatea”.
OsasunaEdari gozoei zerga ezarriko die Erresuma Batuko gobernuak 2018ko apiriletik aurrera: ehun mililitroko zortzi gramo azukre edo gehiago dituzten edariei, eta arinagoa, bost eta zortzi gramo artean dituztenei. Horrek guztiak herritarren osasunean zer inpaktu izango duen aztertu dute orain Oxfordeko Unibertsitateak. Badirudi zergak obesitatea, diabetesa eta hortzetako arazoak murrizteko balioko duela. Zerga igoeraren aurrean, zer egin dezakete enpresek? industriak hiru neurri mota har ditzakeela irudikatu dute ikerketa honetan: azukre gehien duten edarien formula aldatzea, produktuok garestiago saltzea edo marketin estrategia aldatu eta jendea azukre gutxiago duten etxe bereko beste edari batzuen kontsumora erakartzea.
InformatikaAzken urteotan asko ugaritu dira ikasketa automatikoan oinarritutako analizatzaile sintaktiko-estatistikoak. Hauen funtzionamendua ezagutuko dugu testu honen bitartez. Analizatzaile sintaktiko-estatistikoak zuhaitz-banku bat behar dute ikasteko. Zuhaitz-bankua sintaktikoki etiketatutako corpus bat da. Corpuseko esaldi guztiek analizatuta egon behar dute eta esaldian dagoen hitz bakoitza etiketatu, esaldiaren zuhaitz sintaktikoa lortuz. Zuhaitz-bankua CoNLL-X formatuan egon behar da. Analizatzaile sintaktiko-estatistiko bat euskarara egokitzeko honako hiru oinarrizko elementu hauek egokituko dira: algoritmo sintaktikoa, ikasketa automatikoa eta ezaugarrien modeloa. Egokitu ostean, euskararako analizatzaile sintaktiko-estatistikoen emaitzak hobetzeko helburuarekin egindako esperimentu-multzoa aurkezten da.
FisikaAntimateria-atomo batek zer argi xurgatzen duen neurtu dute lehen aldiz, CERNeko ikertzaileek. Ikertzaileek aldarrikatu dute neurketa honek ate garrantzitsu bat irekitzen duela antimateria ikertzeko. Antihidrogeno baten espektroa neurtu dute. Eta, emaitzek erakusten dutenez, hidrogenoaren espektro berdina du antihidrogenoak. Hori bat dator fisikako Eredu Estandarrarekin; hark iragartzen baitu hidrogenoak eta antihidrogenoak ezaugarri espektroskopiko berdin-berdinak izan beharko lituzketela.
Gabonetako argiei erreparatu die Aitor Bergarak artikulu honetan. Duela bederatzi urte Bilbok Gabonetako argiteria aldatu zuen. Bonbilla gori tradizionalen ordez, LED (Light Emitting Diode) bonbillak erabiltzen hasi ziren. Zein da desberdintasuna? Tradizionaletan, igortzen duten erradiazioa infragorria da, batez ere. Hori da eraginkorrak ez izatearen arrazoi nagusia. Emandako energiaren %10a soilik bihurtzen delako argi; gainerakoa bero gisa galtzen da. LED bonbillak, berriz, argi kuantikoak dira. LED baten kasuan, argia sortzen da korrontea aplikatzean. LED bat diodo bat da, eta horren osagai nagusia erdieroale bat da. Korrontea erdieroaletik zehar pasatzen denean, diodoaren elektroiek energia handitzen dute, baina justu ondoren, hasierako energia-egoerara bueltatzen dira fotoi bat igorriz, hau da, argia igorriz. Bonbilla horiek ia ez dira berotzen, beraz, oso eraginkorrak dira. Izan ere, bonbilla goriek baino 10 aldiz gutxiago kontsumitzen dute.
Zientzialari asko hidrogenoan oinarritutako beste energia nuklear baten aldeko ikerketetan ari dira aspalditik. Partikula subatomikoen fusioan edo partikulen batuketan abiatutako erreaktoreak lortu nahi dituzte. Asmoa da izarrek sortzen duten energia ikaragarriaren abiapuntu den prozesua Lurrean eta era kontrolatuan lortzea. Igor Peñalva UPV/EHUko ingeniariak gai horri lotutako teknologien aditua da. “Gure departamentuan ITER proiektuan erabilgarriak izan daitezkeen materialak ikertzen ari gara. Gure lana, besteak beste, horiek aztertzea da, gero erabakia hartu behar duenak jakin dezan zeintzuk diren materialik egokienak”. ITER proiektua fusioa garatzeko nazioarteko esperimentu erraldoi bat da. Txina, Europako Batasuna, India, Japonia, Hego Korea, Errusia eta Ameriketako Estatu Batuak ari dira proiektuan lanean. “Zoritxarrez, askotan ikerkuntza gerretatik abiatu da, eta gero hortik ateratako ondorioak bizitza normalerako aprobetxatu dira, baina horrek ez du zertan horrela izan. Kasu honetan nazioarteko adostasuna eta elkarlana dago”, gaineratu du Peñalvak.
BiologiaIgelek egiten duten antzera egin dute salto artikulu honen egileek Titikakatik Borneora, han topatuko baitugu gure protagonista: Barbourula dugu birikarik gabeko igel bakarra. Borneon aurkitu zuten 1978an. Disekzioa egitean aurkitu dute birikarik gabea dela. Barbourularen banakoak aztertu dituen Singapurreko Unibertsitateko ikertzaile baten iritziz, ur-lasterretan bizitzeko moldaera da birikarik ez edukitzea. Birikek flotatzea errazten baitute.
GenetikaCRISPR teknikari esker, banan-banan T linfozitoen gene guztien miaketa egin, eta GIB birusaren infekzioari aurre egiteko gakoak izan daitezkeen faktoreak identifikatu dituzte. T linfozitoen bost gene identifikatu dituzte -horietatik hiru identifikatu gabeak ziren-. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu kontua: Geneok gakoak dira haiek desaktibatuta birusak ezin dituelako T zelulak infektatu, baina aldi berean gene horiek ez dutelako baldintzatzen T linfozitoen bideragarritasuna –geneok isilarazita ere, bizirik diraute–. Hortaz, gene horiek mutatuta dituzten T linfozitoak erabiltzeak GIBaren infekzioari aurre egiteko botika eta terapia eraginkorrak diseinatzeko balio lezake.
2016ko albiste zientifiko nabarmenenak2016an albiste izan direnak bildu ditu Elhuyarrek artikulu honetan. Gogoratzen dituzue?
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #134 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #140
Noiz sortzen da zientzialariaren estereotipoa? Zein adinetan? Hau jakiteko modu bat badago eta José Ramón Alonsok aurkezten digu: Draw a Scientist!
Ioi-kanal mekaniko berriak aurkitzeko prozesua Sherlock Holmesek egingo lukeen horietako bat da. Sergio Laínezen artikulua: Molecular Detectives: discovering new ion channels (II).
Denak ez du balio material spintroniko berriak topatzeko orduan. Esaterako, isolatzaile topologiko baten gainean konplexu metaliko bat jartzea eta zer ikusten den behatzea. DIPCko ikertzaileen kontuak dira horiek: Manipulating the topological surface states with molecular adsorbates.
Gutxienez azukrea eta minbiziaren arteko harremana kontuan hartzeko modukoa da. Pasquale Pellegrinik diosku Sweet, sweet cancers lanean.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #140 appeared first on Zientzia Kaiera.
Aintzane Apraiz: “Hainbat gaixotasunen agerpena autofagiaren garapen desegokiarekin lotuta dago” #Zientzialari (63)
Gure gorputzeko zelulen barnean dauden kaltetutako atalak edota zelulara kanpotik sartutako mikroorganismo kaltegarriak deuseztu eta kanporatzeko prozesuari autofagia deritzo. Giza gorputzean era naturalean gertatzen den fenomeno honek zelulen osasuna bermatzea ahalbidetzen du. Horregaitik, autofagiaren garapen desegokiak hainbat gaixotasunen agerpena ekar dezakeela uste da.
Autofagia zertan datzan eta nola burutzen den azaldu digu Aintzane Apraiz UPV/EHUko Medikuntzako irakasle eta ikertzaileak Zientzialariren azken atalean. Gainera, fenomeno honen inguruan azken aldian eman diren aurkikuntza nabarmenenak ere plazaratu ditu.
‘Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Aintzane Apraiz: “Hainbat gaixotasunen agerpena autofagiaren garapen desegokiarekin lotuta dago” #Zientzialari (63) appeared first on Zientzia Kaiera.
Birikarik gabeko igela

———————————————————————————————————–
Titikaka aintzirako igela atalean esan dugu Telmatobius culeus igelak ez daukala egiazko birikarik, arnasa larruazaletik hartzen duela. Bada, baina, are harrigarriagoa den beste igel bat: Barbourula kalimantanensis du izen zientifikoa eta Borneoko igel buru zapala (Bornean flat-headed frog) izen arrunta. Barbourulak ez du birikarik, ez egiazko birikarik ez eta birika-aztarnarik ere. Gogora dezagun Telmatobiusek birika-aztarnak dituela. Barbourula dugu birikarik gabeko igel bakarra.

Irudia: Barbourula kalimantanensis barbourula generoko animalia da. Anfibioen barruko bombinatoridae familian sailkatuta dago, anura ordenan. (Testua: Wikipedia / Argazkia: David Bickford)
Borneon aurkitu zuten 1978an, baina 2008an espezie beraren bi populazio gehiago aurkitu diren arte, ez da igelaren disekziorik egin eta ez da behar bezala deskribatu eta sailkatu. Disekzioa egitean aurkitu dute birikarik gabea dela. Barbourularen banakoak aztertu dituen Singapurreko Unibertsitateko ikertzaile baten iritziz, ur-lasterretan bizitzeko moldaera da birikarik ez edukitzea. Birikek flotatzea errazten dute, flotagailuek bezala jokatzen baitute. Ura oso arin mugitzen den tokietan zaila izan daiteke errekaren substratu gainean egotea, eta are zailagoa igelak flotatzeko joera badu. Flotatzeko joera txikiagoa da birikarik gabe eta beraz, zentzuzkoa dirudi eboluzioan zehar birikak guztiz galdu izana.
Ur-lasterretan erraz eskura daiteke oxigenoa, ura oxigenoz saturatuta baitago. Beraz, larruazala organo egokia izan daiteke igelak behar duen oxigeno guztia lortu ahal izateko. Gainera, buru laua izatea azalera emendatzeko moldaera izan daiteke; izan ere, azalera handiagoak arnas azalera handiagoa dakar.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Birikarik gabeko igela appeared first on Zientzia Kaiera.
Azukreari bidesaria, osasunaren mesedetan
“Industria etekinak ateratzen ari da, gure haurren osasunaren lepotik. Enpresek ez badute azukrea beren borondatez murrizten, Erresuma Batuko gobernuak aurrera pausoa egin beharko du, eta araudia indartu”. Hala zioen Simon Capewell Liverpoolgo Unibertsitateko ikertzaileak, haurrei zuzendutako edari askok duten gehiegizko azukre kantitateari buruz, Zientzia Kaiera honetara ekarri genuen artikulu batean. Bada, agintariek hartu dute enkargua, eta ondo bidean, Erresuma Batuak zerga zorrotzagoak aplikatu dizkio sektore horri, 2018ko apiriletik aurrera: bidesari gogorra ezarriko diete ehun mililitroko zortzi gramo azukre edo gehiago dituzten edariei, eta arinagoa, bost eta zortzi gramo artean dituztenei.
Horrek guztiak herritarren osasunean zer inpaktu izango duen aztertu dute orain, Oxfordeko Unibertsitatetik gidatutako ikerketa batean. Zerga igoerari erantzuteko edarion industriak zer neurri har ditzakeen aurreikusi, horien araberako zenbait agertoki planteatu, eta balizko ondorioak atera dituzte. Emaitzon arabera, baikor izateko moduan gaude, zergak obesitatea, diabetesa eta hortzetako arazoak murrizteko balioko duela baitirudi. Hala adierazi dute The Lancet Public Health aldizkarian argitaratu duten artikuluan.
Zerga igoeraren aurrean, industriak hiru neurri mota har ditzakeela irudikatu dute ikerketa honetan: azukre gehien duten edarien formula aldatzea, produktuok garestiago saltzea edo marketin estrategia aldatu eta jendea azukre gutxiago duten etxe bereko beste edari batzuen kontsumora erakartzea. Hiru neurri horiek osasunean izan dezaketen inpaktuari begira, bina agertoki errealista identifikatu dituzte: baikorrena eta ezkorrena. Guztira sei agertoki, beraz.

1. irudia: Neskato bat, azukredun edariak saltzen dituen makinari begira. Haur obesitatea nabarmen murriztuko litzateke, industriak neurriak hartuko balitu. (Argazkia: Jmettraux / CC BY 2.0)
Lehen agertokian, formulazioa aldatuko luke industriak, edari gozoenen azukre edukia %30 eta koska bat beherago daudenena %15 murriztuz. Ikerketaren arabera, horixe litzateke neurri onuragarriena. Izan ere, 58,5 mililitrotan gutxituko litzateke Erresuma Batuan norbanako bakoitzak egunero edaten duen azukredun edarien bolumena. Emaitza are nabarmenagoa litzateke 11-18 urteko adin taldean, haurren artean mota honetako produktuek duten ikaragarrizko arrakastaren erakusle: egunean 137,6 mililitro gutxiago edango lukete mutilek, eta 93,2 mililitro gutxiago neskek.
Aurreneko agertoki horrek inpaktu nabarmena izango luke herritarren osasunean. Ikerketa honetako kalkuluen arabera, 144.000 lagun gutxiagok izango lukete obesitatea. Inpaktua bereziki handia izango litzateke txikienen artean: obesitatea duten 4-10 urteko mutilen kopurua %10,4 gutxituko litzateke, eta %8,9 neskei dagokienez. Hori gutxi ez, eta 2 motako 19.000 diabetes kasu gutxiago egongo lirateke urtean (65 urtetik gorakoen artean izango luke intzidentzia handiena) eta 270.000 hortzetako txantxar gutxiago.
Aztertutako agertokien artean, edarien formulazioa aldatzea izango litzateke osasunarentzat onuragarriena, baina beste neurri batzuk ere ez lirateke txarrak. Esaterako, industriak zergaren kostuaren erdia kontsumitzailearen esku utziko balu, %20 igo beharko luke azukredun edarien prezioa (hirugarren agertokia). Garestitze horrekin, obesitatea duten pertsonak 81.600 gutxiago izango liratekeela estimatu dute, 10.800 diabetes kasu gutxiago egongo liratekeela urtean, bai eta 149.000 txantxar kasu gutxiago ere.
Agertoki guztiek eman dituzte emaitza positiboak, batek izan ezik. Azukre gehien duten produktuekin enpresek izan ditzaketen galerak orekatzeko, ikertzaileak beldur dira, marketinaren bitartez, ez ote dituzten edari osasungarriak hartzen dituzten pertsonak azukre zertxobait duten produktuak (zerga, bai, baina arinagoa) kontsumitzera bideratuko. Horixe planteatzen du seigarren agertokiak, eta obesitatea eta beste gaitzak handitzea ekarriko luke horrek.

2. irudia: Azukredun edarien kontsumoak handitu egiten du 2 motako diabetesa izateko arriskua. (Argazkia: Mr Hyde / Public domain)
Hala ere, oro har, ikerketa honetan parte hartu duten taldekideak baikor dira. Adam Briggs artikuluaren egile nagusiaren arabera, “zergaren aurrean industriak eman ditzakeen erantzun balizkoenei erreparatzen badiegu (azukrea gutxitu, prezioa handitu, azukre gutxiko edariei merkatuan tarte handiagoa eman), neurri guztiek dute osasuna hobetzeko potentziala. Onura horiek zenbaterainokoak izango diren, industriaren erabakien araberakoa izango da hori. Adi egon behar dugu, industriak azukrea murrizten duela egiaztatzeko, eta zergaren arabera prezioak igotzen badituzte, soilik azukredun edariak garestituko dituztela ziurtatzeko”.
Gainera, The Lancet aldizkarian argitaratutako artikulu honi iruzkina egin dio Lennert Veerman ikertzaileak, eta are baikorragoa da zergak izan dezakeen inpaktuari buruz. Mexikon eta Frantzian antzeko zergak ezarri dituztela azaldu du, eta bi kasuotan, kontsumitzaileak ordaindu duela osorik, industriak edariaren prezioa nabarmen garestituta. Oxfordeko ikertzaileok ez dute aukera hori sei agertoki balizkoenetan sartu, baina sentikortasun analisia egin dute. Erresuma Batuan ere, Mexikon eta Frantzian bezala gertatuko balitz, ondorioak agertokirik onenean baino onuragarriagoak lirateke: azukredun edarien kontsumoa 71 mililitro murriztuko litzateke pertsona eta eguneko, obesitatea ia 175.000 pertsonatan jaitsiko litzateke, urteko diabetes kasuak 23.000 gutxiago lirateke, eta txantxarrak, 324.000 gutxiago.
Erreferentzia bibliografikoa:
Adam D M Briggs et al. Health impact assessment of the UK soft drinks industry levy: a comparative risk assessment modelling study. The Lancet Public Health. Published: 15 December 2016. DOI: http://dx.doi.org/10.1016/S2468-2667(16)30037-8
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Azukreari bidesaria, osasunaren mesedetan appeared first on Zientzia Kaiera.
Gabonetako apaingarri kuantikoak

Irudia: Bilboko Maria Diaz de Haro kalea Gabonetako argiekin apainduta. 2013an 500.000 LED bonbilla jarri ziren Bilboko kaleetan, 2016.ean ordea, 1,2 milioi bonbilla erabili dira kaleak apaintzeko. (Argazkia: Borja Guerrero. Deia)
Duela bederatzi urte Bilbok Gabonetako argiteria tipikoa guztiz aldatu zuen. Aldaketa estetikoaz gain, aldaketa teknologiko handia ere izan zen. Bonbilla gori tradizionalen ordez, LED (Light Emitting Diode) bonbillak erabiltzen hasi ziren. Bonbilla goriak, hau da, betiko bonbillak, ez dauka zerikusirik LED bonbilla berri hauekin, ezta bere errendimendu energetikoak ere.
Bonbilla goriaren kasuan, korronte elektrikoa wolframiozko (edo tungstenozko) harizpi oso fin eta luze batetik zehar pasatzen da –lodierak ia ez du milimetro baten hamarrena gainditzen, eta luzerari dagokionez, 2 metrotik gora neurtzen ditu bildu gabe-. Harizpiaren erresistentzia handia dela eta, 2000 ºC-tik gorako tenperatura ere har dezake. Tenperatura horretan, objektuek ikusi egin daitekeen erradiazioa igortzen dute, beraz, bonbillak argia igortzen du. Hala ere, bonbilla horiek igortzen duten erradiazioa infragorria da, batez ere, eta guk bero gisa hautematen dugu. Izan ere, hori da bonbilla goriak eraginkorrak ez izatearen arrazoi nagusia. Emandako energiaren %10a soilik bihurtzen da argi; gainerakoa bero gisa galtzen da.
LED bonbillak guztiz desberdinak dira, eta, arraroa badirudi ere, funtzionamendua fisika kuantikoaren ondorio zuzena da. Argi kuantikoak dira. Bitxia bada ere, LED baten argi-igorpena azaltzen duen mekanismoa efektu fotoelektrikoaren kontrakoa da. Efektu fotoelektrikoaren harira jaso zuen Einsteinek Nobel Saria, 1921ean. Efektu fotoelektrikoaren kasuan, material metaliko baten gainean argia aplikatzeak korronte elektrikoa induzitzen du; eta LED baten kasuan, argia sortzen da korrontea aplikatzean. LED bat diodo bat da, eta horren osagai nagusia erdieroale bat da. Korrontea erdieroaletik zehar pasatzen denean, diodoaren elektroiek energia handitzen dute, baina justu ondoren, hasierako energia-egoerara bueltatzen dira fotoi bat igorriz, hau da, argia igorriz. Bonbilla horiek ia ez dira berotzen, beraz, oso eraginkorrak dira. Izan ere, bonbilla goriek baino 10 aldiz gutxiago kontsumitzen dute, eta askoz gehiago irauten dute, 100 aldiz gehiago edo. Horrek esan nahi du 10 urtez baino gehiagoz egon daitezkeela piztuta, etengabe, funditu gabe. LED bonbillak ez dira asmakizun berria. 60ko hamarkadan erabiltzen zirela badakigu. Diodoek argi gorria igortzen zuten, orain etxean ditugun tresna elektrikoetan hain ohikoa dena. Gerora, berdeak garatu ziren, eta laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, Shuji Nakamurak, 2006an Milurtekoko Teknologia saria jaso zuenak (Teknologia arloko Nobel Saria dela esaten da), diodo urdinak lortu zituen. Aurrerapen handia izan zen hori; izan ere, diodo berde eta gorriekin konbinatuta, argi zuria lortu zen, eta LED delakoen aplikazio teknologikoak izugarri zabaldu ziren.
Eraginkorrak izan ez arren, 100 urtez baino gehiagoz erabili ditugu bonbilla goriak. Orain, Europan aurrezte energetikoaren alde egindako apustuari esker, debekatuta dago saltzea. Ez da arazoa, aukera asko ditugu eta: argi halogenoak (goriak ere badirenak, eta beraz, ez oso eraginkorrak), kontsumo baxuko fluoreszenteak, eta noski, LED bonbillak. Azken horiek izango dira urte gutxi barru, seguru aski, prezioa zerbait jaisten denean, etxe guztietan izango ditugunak.
Gabonetako argien xahutze energetikoaren gaia berriro hizpide hartuz, 2013an Bilbon 125 kW-eko potentzia baino ez zen behar izan 500.000 LED bonbillak pizteko. Kontuan izanda argiok 18:00etatik 22:00etara soilik daudela piztuta, eta orduan kW-aren orduko prezioa 0.1 eurokoa zela, eguneko kostua ez zen izan 50 euro baino garestiagoa! Ez da horrenbesterako, ezta? Aurten, kontuan hartuta bonbilla kopurua eta argindarraren prezioa garestiagoa izango da, baina ez espero izango genukeena bezain beste. Azken finean, Gabonetan jendearen animoa hobetzeko balio badu, gure gain hartu dezakegun kostu bat dela esango nuke. Noski, ez da beti horrela izan. Argiteria kuantikoaren aurretik, bonbilla gori tradizionalak erabiltzen zirenean, kontsumoa hamar aldiz handiagoa zen.
———————————————————————————-
Egileaz: Aitor Bergara Fisika irakaslea da UPV/EHUn eta DIPCko (Donostia International Physics Center) ikertzaile laguna da.
———————————————————————————-
The post Gabonetako apaingarri kuantikoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Euskararako analizatzaile sintaktiko-estatistikoak hobetzeko esperimentuak

Irudia: Zuhaitz-bankua sintaktikoki etiketatutako corpus bat da. Corpuseko esaldi guztiak analizatu dira eta esaldiko hitz bakoitza etiketatu da, esaldiaren zuhaitz sintaktikoa lortuz.
Imajinatu, adibidez, “urdina eta edo delakoa” esaten dela. Esaldi honek lau hitz ezagun ditu, baina horrela lotuta, hitzek ez dute inongo zentzurik. Esaldiak lehen baldintza hori betetzen duen jakiteko, analizatzaile sintaktikoa erabil daiteke. Baina, analizatzaile sintaktikoen erabilera arlo desberdinetara zabaltzen ari da: analisi semantikoa lortzeko, gramatika-zuzentzaile modura lan egiteko edo gaizki erabilitako egiturak detektatzeko, bai eta, besteak beste, hizkuntzaren modelizazioan, informazioaren berreskurapenean, itzulpen automatikoan, galdera-erantzunetan, itzulpen automatikorako baliabideak sortzean edota parafrasien eskuratze automatikoan ere. Analizatzaile sintaktiko bat garatzeko orduan, azken urteotan asko ugaritu dira ikasketa automatikoan oinarritutako analizatzaile sintaktiko-estatistikoak.
Analizatzaile sintaktiko-estatistikoak zuhaitz-banku bat behar dute ikasteko. Zuhaitz-bankua sintaktikoki etiketatutako corpus bat da. Corpuseko esaldi guztiak analizatu dira eta esaldiko hitz bakoitza etiketatu da, esaldiaren zuhaitz sintaktikoa lortuz. Zuhaitz-bankua CoNLL-X formatuan egon behar da; hau da, esaldiko hitz bakoitzaren informazioa lerro batean jartzen da eta tabuladore batekin banatutako zutabetan hurrengo informazioa aurki daiteke: esaldian hitzak duen ordena zenbakia, esaldian duen hitz-forma, hitzaren lema, hitzaren kategoria, hitzaren azpikategoria, hitzaren ezaugarri morfosintaktikoak, hitzaren gobernatzailea eta gobernatzailearekiko duen dependentzia-etiketa.
Dependentzia-sintaxian eta datuetan oinarritutako 2006ko eta 2007ko CoNLL Shared Task (X. Compuntational Natural Language Learning) zereginen ondoren, grafoetan eta trantsizioetan oinarritutako hurbilpenak nagusitu ziren. Lan honetan, 2006ko CoNLL zereginen ondoren nagusitutako hurbilpen bietan (hots, trantsizio eta grafoetan) oinarritutako sistema onenen egokitzapena egin da, hau da, MaltParser eta MSTParser izenekoena, hurrenez hurren. Analizatzaile sintaktiko-estatistiko bat euskarara egokitzeko honako hiru oinarrizko elementu hauek egokituko dira:
- algoritmo sintaktikoa,
- ikasketa automatikoa,
- ezaugarrien modeloa.
Analizatzaile sintaktiko-estatistikoak egokitu ostean, euskararako analizatzaile sintaktiko-estatistikoen emaitzak hobetzeko helburuarekin egindako esperimentu-multzoa aurkezten da. Lan honetan teknika ezberdinak aztertzen dira: zuhaitz-transformazioak, analizatzaileen pilaketa eta analizatzaile-modelo desberdinen irteeren konbinazioa. Nahiz eta buru-osagarri eta buru-modifikatzaile egitura gehienek analisi berdintsua izan dependentzia-gramatikan, badaude eztabaidagarriak diren egitura asko; besteak beste honako hauek: aditz-laguntzailea aditz nagusien gobernatzailea izatea edo ez; determinatzaile-sintagman determinatzailea burua izatea edo ez; postposizio-sintagman azken hitza burua izatea edo ez; koordinazioetan, juntagailua edo koordinazioaren lehenengo edo azken osagaia buru izatea edo ez.
Erabakitzeko unean teoria ezberdinak daude. Etiketatze teoria desberdinen eragina aztertzeko, euskarako zuhaitz-bankuari aplikatutako aurretiko eta ondorengo prozesaketa ezberdinak aplikatu dira: sintagmen transformazioa, mendeko perpausen transformazioa eta koordinazioaren transformazioa. Dependentzia-zuhaitzetan aplikatzen diren transformazioek kutxa beltzaren metodoa erabiltzen dute.
Analizatzaileen pilaketaAnalizatzaileen pilaketan bi analizatzaile bateratzeko, lehenengo analizatzailearen irteeran lortutako informazioa bigarren analizatzailearen sarrera aberasteko erabili da eta modelo bi elkarren osagarri izan ahal direla probatu da. Gainera, horrek aukera eman du, lehenengo analizatzailearen irteeran lortutako dependentzia-zuhaitzetatik informazioa goratzeko eta irteerako datuak gehiago aberasteko.
Bozketa bidezko konbinazioaAnalizatzaile desberdinen irteerak kontuan hartzen dira, irteera bateratu eta egokia lortzeko asmoarekin. Aztergai dauden esperimentuak egite aldera, eta dependentzietan oinarritutako analizatzaileen irteerak bateratzeko, bozketaren bidezko konbinaketa erabili da.
Sortutako oinarrizko sistemen (sistemen egokitzapena gauzatu ostean) eta sistema hedatuen (pilaketa eta zuhaitz- transformazio teknika osagarriak gauzatu ostean) irteerak konbinatu dira aniztasun faktoreak analisian izan dezakeen eragina probatzeko. Normalean esperimentuak egiteko zuhaitz-bankuan dauden ezaugarriak erabiltzen dira; hau da, hizkuntzalari-talde batek eskuz gainbegiratutako ezaugarriak. Baina euskaraz ezaugarriak era automatikoan lortzeko aukera dago, testua analizatzaile morfologikotik eta desanbiguatzaile morfologikotik pasatu ostean. Desanbiguazio-moduluen irteerak, batez beste, 1,3 aukera eskaintzen ditu hitz-forma bakoitzeko. Erabiltzen diren analizatzaile sintaktikoek aukera bakarra behar dutenez, desanbiguazio-moduluak ematen dituen aukeretatik lehenengo aukera (sarriena) hartu da.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
- Artikuluaren izena: Euskararako analizatzaile sintaktiko-estatistikoa hobetzeko teknikak.
- Laburpena: Artikulu honetan euskararako analizatzaile sintaktiko-estatistikoen emaitzak hobetzeko helburuarekin egindako esperimentu-multzoa aurkezten da. Lan honetan teknika ez-berdinak aztertzen dira: i) zuhaitz-transformazioak, ii) analizatzaileen pilaketa, eta iii) analizatzaile-modelo desberdinen irteeren konbinazioa. Emaitza guztiak zuhaitz-bankutik zuzenean hartutako urre-patroiko ezaugarri morfosintaktikoak erabiliz eta analisi morfologiko eta desanbiguatze-moduluetatik hartutako ezaugarri morfosintaktiko automatikoak erabiliz egin dira.
- Egileak: Kepa Bengoetxea, Koldo Gojenola.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 19-45
- DOI: 10.1387/ekaia.14548
—————————————————–
Egileez: Kepa Bengoetxea eta Koldo Gojenola UPV/EHUko Hizkuntza eta Sistema Informatikoak saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Euskararako analizatzaile sintaktiko-estatistikoak hobetzeko esperimentuak appeared first on Zientzia Kaiera.
Pneumonia duten gaixoen eboluzio txarra iragarri nahian

Irudia: Osakidetzan burutu eta UPV/EHUn aurkeztutako ikerketa batean frogatu dute emaitza hobeak ematen dituela pneumonia duten gaixoen ohiko iragarpen-erregelei biomarkatzaileak gehitzeak.
Komunitatean hartutako pneumoniarekin (ospitale-eremuan hartzen ez den gaixotasuna) osasun-zentroetara iristen diren pazienteak artatzeko praktika klinikoko beren gida 2001ean ezarri ostean, eta, hortik abiatuta, paziente horien eboluzioa iragartzeko erregela bat sortu ondoren, Galdakao-Usansolo Ospitalean eta Barrualdeko eskualdean egindako ikerketa batean, biomarkatzaile jakin batzuk ere aztertzea proposatu dute, eboluzio txarra izateko arriskua duten pazienteak doitasun handiagoz identifikatzeko. Biomarkatzaileak laborategiko proba klinikoak dira, honen bidez organo baten disfuntzioa antzeman daiteke. Disfuntzioak aldaketa neurgarrien dira eta biokimikoak, fisiologikoak edo morfologikoak izan daitezke.
Zergatik aurreikusi txarrerako joera?Pedro Pablo Españak, Galdakao-Usansolo Ospitaleko Pneumologiako buru klinikoak azaltzen duenez, “karga handia da gaixotasun hori osasun-sistementzat, lehen mailako arretako medikuarengana eta larrialdi-zerbitzuetara egiten diren bisitak direla, ospitaleratzeak direla, tratamendu medikoak direla eta segimenduko zainketak direla, besteak beste”. Karga horiek eta konplikazio larrienak saihesteko, “diagnostikoa egiten den unean jakin behar da zenbateraino izan daitekeen larria pneumonia-kasua, oso garrantzitsua baita tratamendua goiztiarra izatea”. Premisa hori oinarri hartuta, pneumonia zuten pazienteak baloratzeko eta sailkatzeko zenbait protokolo ezartzen eta garatzen joan ziren. 2001ean, praktika klinikoko gida bat ezarri zuten, osasun-pertsonalaren jokabidea estandarizatzeko asmoz, eta aurretik artatze-lanetan zegoen aldakortasuna ezabatzeko. “Emaitzak hobetu zituen horrek, eta artatutako pazienteei buruzko informazioa biltzeko aukera eman zigun”.
Halaber, larritasuna iragartzeko eskala batzuk erabiltzen hasi ziren, hilkortasuna iragartzeko erabiltzen zirenak mundu osoan. Zenbait aldagai fisiologiko oinarri hartuz: tentsio arteriala, odoleko oxigeno-kantitatea, analisi klinikoak edo erradiografia-irudiak; eskala horiek aukera ematen dute monitorizatu behar diren eta tratamendu gogorragoak eman behar zaizkien pazienteak identifikatzeko.
Praktika klinikoko gida ezarri zutenetik biltzen joan ziren datuei esker, dena den, beren iragarpen-erregela sortu eta ezarri ahal izan zuten 2006an, SCAP score deritzona. “Zenbait ospitaletan baliozkotu ondoren, ikusi ahal izan genuen ordura arte erabilitako erregelak baino emaitza nabarmenki hobeak ematen zituela horrek”, dio pneumologiako adituak. Baina, erregela berriak ere muga batzuk zituenez, “interesgarri jo zen zenbait biomarkatzaile seriko aztertzea, arrisku gutxiko paziente gisa sailkatu baina azkenean eboluzio txarra izan zutenak identifikatzeko asmoz, bai eta arrisku handikotzat sailkatu eta azkenean eboluzio ona izan zuten pazienteak identifikatzeko asmoz ere. Pentsatzen hasi ginen paziente bakoitzaren immunitate-sistemak desberdin erantzuten duela gaixotasun beraren aurrean, eta, hortaz, pentsatu genuen ostalariek hanturaren aurrean duten erantzunaren markatzaile batzuk aztertzea. Edozein infekzioren aurrean, immunitate-sistemak hantura eraginez erantzuten du, infekzioa geldiarazten saiatzeko. Baina erantzun hori neurriz kanpokoa bada, pronostikoa larriagoa izan ohi da”, dio.
España doktoreak azaldu duenez, frogatu ahal izan dute “dagoeneko ezagutzen ziren iragarpen-erregelekin batera biomarkatzaile jakin batzuen analisia eginez iragarpen hobeak egiten direla: batez ere prokaltzitonina (PCT), eta, emaitza onenak eman dituena, proadrenomedulina (Pro-ADM). Hain zuzen, informazio gehigarria ematen du horrek kasu jakinetan. Bereziki, erregelarekin arrisku gutxiko gisa sailkatu diren pazienteetan, biomarkatzailearen maila altua neurtzeak jakinarazten digu zerbaitek okerrera egin dezakeela, eta, hala, hobeto aukera ditzakegu tratamendua eta zainketarako lekua”.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Pneumonia duten pazienteek eboluzio txarra izateko arriskuaren identifikazioa hobetu dute.
The post Pneumonia duten gaixoen eboluzio txarra iragarri nahian appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #133
Gero eta goizago hasten dira haurrak Internet erabiltzen, Net Children Go Mobileren ‘Interneteko arriskuak eta aukerak eta gailu mugikorren erabilera Espainiako adingabeen artean (2010-2015)” txostenaren arabera. Bertan, Espainiako 9 eta 16 urte bitarteko 500 Internet erabiltzaile adingaberi eta haien gurasoei egindako inkestako datuak islatzen dira. Honen helburua, gailu mugikorrak konbergentzia mediatikoaren testuinguruan nola erabiltzen diren aztertzen da, egiaztatzeko ea gailu horiek Internetera konektatzeko erabiltzeak arrisku gehiago edo gutxiago dakarzkien 9 eta 16 urte bitarteko Interneten erabiltzaileei. Jarraian agerian utzi dituzten zenbait datu: eskola da Internetera sartzeko leku ohikoenetan bigarrena; haurrak gero eta goizago hasten dira Internet erabiltzen -9-10 urteko haurrak batez beste 7 urterekin hasi ziren Internet erabiltzen, eta 15-16 urteko nerabeak, berriz, 10 urterekin-; azterturiko aparatuen artean, gehientsuenek smartphoneak dituzte. UPV/EHUko EU Kids Online Ikerketa-taldeko Maialen Garmendia, Miguel Ángel Casado eta Estefanía Jiménez irakasleek eta Milaneko Sacro Cuore Unibertsitateko Giovanna Mascheronik eraman dute aurrera ikerketa.
Gauzen Interneta (Internet of Things) eta Big Datari (Datu Handiak) buruz mintzo da liburu hau. Mario Tascón eta Arantza Coullaut kazetari eta Interneten adituek idatzi dute liburua; bertan, argibide interesgarriak ematen dizkigu termino horien inguruan. Hasteko, horien arteko desberdintasuna azaltzen dute. Adituek diote Datu Handiak petrolioa direla eta gauzen Interneta berriz, petrolio hori prozesatzen den ekosistema.
Genetika eta MedikuntzaTumoreen metastasiak gantzen metabolismoarekin zerikusia duela argitu du Bartzelonako ikerketa talde batek. Ikertzaileen arabera, minbizi zelulen ehuneko oso txiki batek baino ez du metastasia sortzeko ahalmena: % 1-% 5ek baino ez. Bada, orain jakin dutenez, haientzat gantza ezinbestekoa da. Ikerketak argitu du metastasia eragiteko ahalmena duten zeluletan besteetan baino askoz ere gehiago espresatzen dela CD36 izeneko genea. Bestalde, proteinak metastasiarekin duen erlazioa ere garbia dela frogatu dute, saguetan egindako esperimentuetan: tumoreari CD36 genea gehituz gero, gaiztoa bihurtzen da eta metastasia eragiten du; aldiz, inhibituz gero, metastasia ia desagertu egiten da.
Klima-aldaketaZiurrenik 2016 urterik beroena izango da. Bi ikerketek berretsi dute datu hori. Alde batetik, itsasoko izotzaren mapa egiten du Rasmus Tage Tonboek Danimarkako Meteorologia Institutuan. Hark ohartarazi du mundua azken hilabeteotan Artikoan gertatzen ari denaren inguruan. Urte luzeak darama datu horiek jasotzen, eta aurten, azkenean, lortu du prest izatea jendaurrean aurkezteko. “Aurten ohi baino askoz goizago apurtu zen izotza Artikoan, Baffingo badian eta Barents itsasoaren inguruan”, dio. “Izotzik gabeko ura asko berotu da udan, eta ohi baino askoz epelagoa egon da udan”, gehitu du. Horretaz gain, munduko klimaren orain arteko oreka amildegiaren ertzean dagoela ondorioztatu du Thomas Crowther Yale unibertsitateko (AEB) biologoak eta klima aldaketaren ekologian adituak. Bere ikerketa lanean esan duenaren arabera, planetaren tenperatura bi gradu igotzen bada, zorutik beste 55.000 milioi tona CO2 isuriko dira atmosferara 2050. urterako. Irakurri osorik artikulu interesgarri hau.
OsasunaHamaika ikerketa argitaratu dira tabakoaren inguruan. Batzuek pentsatzen dute gutxi erreta, kaltea ere txikia izango dela. Baina uste hori hankaz gora jarri du berriki ikerketa batek: egunean batez beste zigarroa baino gutxiago erretzen dutenek ere, heriotza goiztiarra izateko arrisku handiagoa (%64) dute, inoiz erre ez dutenek baino. Minbiziaren institutu Nazionalak (AEB)egin du ikerketa. AEBtako 290.000 lagun baino gehiagoren datuak baliatu dituzte lan honetan. NIH-AARP Elikadura eta Osasun Ikerketan parte hartzen duten pertsonekin osatu dute lagina. Parte hartzaileek 59 eta 82 urte artean zituzten azterketa hasi zenean. Haien bizitzako bederatzi garaitan izandako erretze ohiturei buruz egin zitzaizkien galderak, 15 urte zituztenetik 70 bete arteko denboran. 290.000 laguneko lagin horretatik, erretzaileen artean, 159k adierazi zuten batez beste egunean zigarro bat baino gutxiago erre izan dutela beti, eta ia 1.500ek esan zuten egunean 1-10 zigarro erretzen dituztela. Emaitzek erakusten dutenez, egunean zigarro bat baino gutxiago erretzen dutenek %64 arrisku handiagoa dute heriotza goiztiarra izateko, inoiz erre ez dutenekin alderatuta. Zigarro bat baino gehiago eta hamar baino gutxiago erretzen dutenek, aldiz, %87 handiagoa. Heriotza goiztiar horren kausa zehatzei dagokienez, birikako minbizia da hautagai nagusia.
AstronomiaHelioskiametroa izan dute mintzagai artikulu honetan. Tresna horri esker jakin badakigu ez daudela berdinak diren bi egun. Bere egiturari dagokionez, helioskiametroak gnomon deritzon zutoina dauka eta haren goiko muturrean lente bat. Lenteak eguzkiaren irudi bat proiektatzen du lurrean eta horri esker ezagutu ditzakegu urtaroak, eguzkiaren deklinazioa eta altuera, eguneko argi orduen kopurua edota eguzkia nondik irten eta nondik ezkutatuko den. Artikuluak nola funtzionatzen duen azaltzen du eta informazio horrez gain, gertutik ezagutu nahi baduzue Helioskiometroa Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Arboretumean dago kokatuta. Egun eguzkitsuak dira aproposenak bisita egiteko eta zuen kabuz ikusteko tresna honen nondik norakoa.
Astronomia arloari jarraiki, ALMA teleskopioaren bidez, bi planetaren jaiotza behatu dute Atacamako desertutik. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu gure galaxian, baina eguzki-sistematik kanpo sortzen ari direla, HD 163296 izarraren inguruko hautsezko eta gasezko diskoetan. HD 163296 izarrak bi Eguzkiren adinako masa du. Izar gaztea da –duela 5 milioi urte sortu zen–, eta hautsezko eta gasezko 3 diska handi ditu inguruan: gertukoena izarretik 60 unitate astronomikoetara dago (unitate astronomiko bat Eguzkitik Lurrerako distatziaren parekoa da), eta beste biak 100 eta 160 unitate astronomikoetara. Ikertzaileek argitu dute orain arte ez zutela uste izarretik hain distantzia handira planetak eratzea posible zenik. Gainera, sortzen ari diren exoplaneta biak handiak dira
Gaurkoan, Beulah Louise Henry asmatzailea izan dugu protagonista. 49 asmakizun patentatu zituen emakumea; hala ere, 110en egile dela uste da. Bere asmakizunen artean aurkitzen ditugu, izozkiak egiteko makina, poltsa bat tonu ezberdineko estalki trukagarriekin, oso perimetro txikian tolesten zen eguzkitakoa… Umeentzako ere asmatu zituen zenbait gauza. Hala nola, hitz egin zezaketen panpinak. Protografo bat ere asmatu zuen. Makina honetan idatzitako dokumentu beraren lau kopia aldi berean egin ahal zitezkeen, ikatz-papera edo multikopista erabili gabe. Objektuak asmatzeari dedikatu zion bizitza osoa Henryk. Ez galdu!
BiologiaTitikaka aintzirako uretan bizi den igelak ez du egiazko birikarik. Berezia da igel hori, ez baita anfibioa, urtarra baizik. Igel honek larruazaletik hartzen du arnasa; hau da, larruazala da oxigenoa hartzeko eta karbono dioxidoa kanporatzeko duen organo bakarra. Bitxia da bere larruazala, tolesdurez beteta dauka eta horiei esker, gasen trukerako azalera oso handia dauka, eta horrek konpentsatu egiten du oxigeno-urritasunaren eragina. Gainera, tolestura horiek mugituz, ur-korronteak sor ditzake inguruko ura berriztatzeko. Titikakan bizi den animalia hau gertutik ezagutzeko aukera ederra duzue artikulu honetan.
Sagu helduetan zelulak birprogramatuz zahartzea moteltzea eta bizitza luzatzea lortu dute Kaliforniako Salk Institutuko ikertzaileek. Zelulak partzialki birprogramatuta genomako marka epigenetikoetan eragin dute, eta gakoa hor dagoela uste dute. Zahartze goiztiarra eragiten duen mutazio bat duten saguak erabili dituzte ikerketan. “Ez dugu zahartze goiztiarra eragiten duen mutazioa zuzendu, epigenoma aldatuz eragin dugu zahartzean. Horrek iradokitzen du zahartzea prozesu plastikoa dela”, argitu du ikerketa zuzendu duen Juan Carlos Izpisua Belmonte ikertzaileak. Lehenengo aldia da zelulak birprogramatuz animalia baten bizitza luzatzea lortzen dena.
—–—–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #133 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #139
Rio de Janeiroko Guanabara badia, munduko badiarik kutsatuena ez bada ere, azken olinpiadetan bela probak bertan egin ondoren, gutxienez bada ezagunena. Gerardo Cebriánek badiago egoera errealaren berri ematen digu bertatik: Guanabara Bay: waiting for the return of the whales.
Egun inork (edo ia inork) ez badu onartzen neurketaren teoria adierazpena, haren teoremak oraindik erabilgarriak dira. Jesús Zamorak azaltzen digu bere artikulu-sortaren azken alean: The rise and fall of the representational theory of measurement (and 3).
Geruza monoatomikoen ezaugarri elektronikoak eta spintronikoak kontrolatzea oinarrizkoa izango da haren aplikazio erabilgarriak bilatzeko. DIPCko ikertzaileek aurkitu dute tentsioak badirela hau lortzeko modua: Strains control electronic properties and magnetic ordering in an atomically-thin layer.
Azken urteotan immigrazioaren fenomenoak arreta asko bereganatu du, baina gaiaz idatzi denaren artean antza, datu objektiboak ez ezik, alde bateko edo besteko iritziak eta aurreiritziak ugariak dira. José Luis Ferreirak literatura akademiko nabarmenaren berrikusketa bat egiten du: The effects of immigrants in the host country.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #139 appeared first on Zientzia Kaiera.