Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 10 min 43 seg

Asteon zientzia begi-bistan #517

duela 12 ordu 10 min

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Fisika

Karbono dioxidoak (CO₂) beroari eusteko duen eraginkortasuna bere egitura kuantikoari esker da. Harvardeko ikertzaileek aurkitu dute CO₂ molekulen bi mugimendu (hula-hoop eta luzatze-malguki modukoak) elkarrekin nahasten direla Fermiren erresonantzia deritzon fenomenoaren bidez. Horri esker, CO₂-ak argi infragorria modu bereziki eraginkorrean xurgatzen du, berotegi-efektua areagotuz. Aurkikuntza honek CO₂-ren eskala logaritmikoaren oinarriak argitzen ditu eta klima-aldaketa mekanika kuantikoko oinarriekin azaltzeko aukera ematen du. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Edward Page Mitchellen Takiponpoa kontakizunean, oztopo bat gainditzeko asmoz, maitemindutako bikote batek garraiobide iraultzaile bat erabiltzen du. Takiponpoa antipoden arteko zulo bat da, Lurraren erditik igarotzen den tunel ideala. Zientzia Kaieran Víctor Etxebarria Sistemen Ingeniaritzako eta Automatikako katedradunak tramankulu horren ebazpen matematiko eta fisikoetako batzuk azaltzen ditu. Hala nola, grabitatearen legeak aplikatuta, objektuak linealki beheranzko azelerazioarekin erortzen dira, Lurraren erdigunean abiadura maximoa lortuz. Beraz takiponpoan pakete batek 42 minutu besterik ez ditu behar beste puntara iristeko, energiarik gastatu gabe.

Genetika

Depresioaren genetika aztertzeko inoizko metaanalisi handienean, 700 aldaera genetiko eta 300 gene inguru identifikatu dira, neurona eta emozio-kontrolaren eremuetakoekin lotuta. Aurretik gehienbat jatorri europarreko populazioetan egin dira ikerketak, diskriminazio genetiko eta terapeutikorako arriskua sortuz. Egindako aurkikuntzek tratamendu berrien garapena ahalbidetu dezakete, hala nola, pregabalina eta modafinila depresioaren aurka bideratzea. Ikertzaileek azpimarratu dute ikerketak beste populazioetan zabaltzearen garrantzia, ikuspegi inklusiboago bat lortzeko. Emaitzak Cell aldizkarian argitaratu dituzte. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Matematika

Josu Doncel Matematikan doktoreak Hanoiko dorrea jokoa azaltzen du Zientzia Kaierako artikuluan. Indiako kondaira batean oinarritutako jokoa da, non 64 disko hiru zutoinen artean ordenan mantenduz mugitu behar diren. Kondairak dio, monjeek azken diskoa lekuz aldatzean, mundua amaituko dela. Matematiken bidez kalkulatuta, disko guztien mugimenduak 264−12^{64} – 1264−1 segundu behar ditu, hau da, 500.000 milioi urte baino gehiago. Metodo errekurtsiboa erabiliz, diskoen mugimenduak planifikatu daitezke, baina emaitzek erakusten dute ez garela munduaren amaieratik gertu, kondaira egiazkoa balitz ere.

Biologia

Olga Ibañez Solék, Biologia eta Bioinformatikan aditua, zahartzeak DNAri eta geneen erabilerari eragiten dizkion kalteak ikertzen ditu. Bere doktoretzan, genoma ez dela uniformeki kaltetzen ondorioztatu zuen; gene luzeek, bereziki sinapsi neuronalekin lotutakoek, kalte handiagoak jasaten dituzte, eta horrek neurodegenerazioan izan dezake eragina. Ikerketa hau alzheimerraren eta beste gaixotasun neurodegeneratiboen ulermenean lagungarria izan daiteke. Gaur egun, Alemanian, haur goiztiarren biriken zahartze goiztiarra ikertzen ari da. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEU webgunean.

Adimen artifiziala

Adimen artifizial sortzailearen inpaktu sozial eta ingurumenekoak aztertu dituzte eta Environmental Science and Ecotechnology aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Ondorioek hardwarearen hondakinak, karbono-aztarna, energia-kontsumoa eta gizartean eragindako arrakala digitala eta diskriminazioa nabarmentzen dituzte. Proposamenen artean, komunitateekin lankidetza, lan-baldintzen hobekuntza, eta gobernantza etikoa azpimarratzen dira. Etorkizunerako, inpaktuak ebaluatzeko eredu integralak eta gardentasun handiagoa eskatzen dituzte, garapen jasangarria eta etikoa lortzeko helburuarekin. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Farmakologia

Artritis erreumatoidea gaixotasun kroniko eta autoimmunea da, zeinean immunitate sistemaren gehiegizko aktibazioak artikulazioen suntsipena eragiten duen. Horrek hantura, mina eta ezgaitasuna dakar, gaixoaren bizi kalitatea nabarmen murriztuz. Tratamenduen helburua sintomak arintzea eta gaixotasunaren garapena moteltzea da. Adalimumab, antigorputz monoklonala, immunitate sistema modulatzeko gaitasuna du eta 2002tik oinarrizko tratamendu bihurtu da. Larruazalpeko injekzio bidez administratzen da, eta eraginkortasuna eta segurtasuna erakutsi du epe luzeko entseguetan. Etorkizuneko ikerketek terapia berriak garatzea bilatzen dute, baina gaur egun, adalimumabak funtsezko rola betetzen du. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Itsas biologia

Idelisa Bonnelly Dominikar Errepublikako itsas zientzien aitzindaria izan zen, Karibeko itsas kontserbazioaren ama gisa ezaguna. Columbian itsas biologia ikasi ondoren, bere herrialdera itzuli zen eta 1966an Itsas Biologiako Institutua (CIBIMA) sortu zuen, itsas ikerketa eta prestakuntza sustatzeko. Banco de la Plata xibartentzako santutegi bihurtzea lortu zuen, Atlantikoan babestutako lehen eremua. Bere lanak nazioarteko ospea ekarri zion, hainbat sari eta aintzatespen lortuz. Fundemar erakundea sortu zuen kostaldeko baliabideen erabilera jasangarria bultzatzeko. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Astrofisika

DIPCko eta Singapurko ikertzaileek material berri bat sortu dute, axioien portaera (materia ilunaren osagai hipotetikoa) imitatzeko gai dena. Material topologiko eta fotonikoak uztartuz, argia norabide bakarrean gidatzen duen kristal egitura diseinatu dute, axioien ezaugarriak errepikatuz. Horrek materia iluna detektatzeko bide berriak ireki ditzake. Materia iluna ulertzeko gakoa izan daitezkeen axioiak detektatzea zaila denez, tresna honek zientzialariei hipotesiak egiaztatzeko aukera ematen die, unibertsoaren ezezaguna argitzeko bidean aurrerapauso esanguratsua izanik. Informazioa Berrian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #517 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #524

La, 2025-01-25 09:00

Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.

Errealismo zientifikoa egiarekiko hurbilketa bat bezalakoa bada, ez da harritzekoa zientzia-filosofo askok egiantzekotasunaren kontzeptuaren definizio on bat lortzeko ahalegina egin izana. Jesús Zamoraren Closer to the truth (2): The ugly duckling problem.

Medikuntza izeneko zientzia aplikatu bat existitzeko bezain antzekoak gara pertsonak gure artean, baina aldeak nahiko esanguratsuak dira medikuntza artisau lantzat hartzeko, artisau hobeekin edo okerragoekin. Hau ere entzefaloari eta bere adierazpenei aplikatzen zaie:  Person-to-person variation in brain dynamics

Mutazioek berez ez dakarte leuzemia bezalako minbizia garatzea. Beste faktore batzuek ere eragiten dute haien agerpena. TRAF6 functions as a tumor suppressor in myeloid malignancies por Marta Irigoyen.

Material sinple eta egituratu gabeko plataforma batean polaritoiak kanalizatzeko gaitasunak aukera interesgarriak ematen dizkio nanofotonikari. DIPC jendeak Polariton loss-induced canalization in thin slabs

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #524 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Idelisa Bonnelly, Karibeko itsas kontserbazioaren ama

Or, 2025-01-24 09:00

Idelisa Bonnelly zientzialaria (1931-2022) Latinoamerikako ikertzaile eta irakasle oparoa izan zen. Bere herrialdean, Dominikar Errepublikan, itsas zientzien garapenaren aitzindari izan zen, 1960ko hamarkadatik aurrera. Ikertu zituen arlo nagusiak itsas biologia eta kostaldeko eta itsasoko baliabideen kudeaketa izan ziren.

Idelisa Bonnelly 1931ko irailaren 10ean jaio zen Dominikar Errepublikaren erdiguneko Santiago de los Caballeros hirian, haran eta mendi artean. Oraindik umea zela, familia Santo Domingora, hiriburura, joan zen bizitzera. Bertan, Idelisa kostaldeko itsaslabarretatik oso gertu hazi zen. Arroken artean sortzen ziren putzu txikietan ezkutatuta zeuden karramarroak, barraskiloak eta txirlak bilduz entretenitzen zen, eta arraina jaten zuenean, galdera asko etortzen zitzaizkion burura: nondik zetozen arrainak, nola bizi ziren, nola egiten zuten arnas, nola elikatzen ziren, nola ugaltzen ziren, eta abar. Eta jakingura horrek bultzatu zuen ikastera, bere zalantzen erantzunak aurkitzen saiatzeko.

Idelisa1. irudia: Idelisa Bonnelly, Latinoamerikako ikertzaile eta irakaslea, Dominikar Errepublikan itsas zientzien garapenaren aitzindari izan zen. Iturria: Mujeres con Ciencia)

Garai hartan, unibertsitate bat besterik ez zegoen herrialdean: Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoa. Baina bertan ez zegoen zientzia fakultaterik, eta ez zen biologiarik ematen. Hala ere, landareak eta animalia lehortarrak aztertzen zituzten naturalista dedikatu batzuk bazeuden han. Bigarren Hezkuntza amaitzean, beste orientaziorik gabe, Idelisak New Yorkera joatea erabaki zuen, han ikasten jarraitzeko. Westchester Community Collegen graduatu zen teknologo mediko gisa. Ikastegiko ikasle latino bakarra izan zen, baita bere klaseko nota onenak lortu zituena ere. Irakasleek, Idelisaren gaitasun eta interesen jakitun, unibertsitatean sartu eta biologia ikastea gomendatu zioten, ondoren itsas zientzietan espezializatu ahal izateko.

Eta horixe egin zuen. Columbia Unibertsitatean eman zuen izena gradua egiteko, eta itsas biologiako lizentzia eskuratu zuen 1956an. Ondoren, bost urte geroago, graduondoko maisutza lortu zuen New Yorkeko Unibertsitatean. Bonnellyk New Yorkeko Zoologikoan eginiko aldi baterako lanen bidez finantzatu zuen bere prestakuntza. Ikasketak amaitu ondoren, New Yorkeko akuarioan hasi zen lanean, Ross F. Nigrelli eta Sophie Jakowskaren ikerketa laguntzaile gisa. Bi horiek itsas zientzialari ospetsuak ziren eta ikerketa laborategia zuzentzen zuten. Idelisa akuarioko espezimenen osasuna mantentzeko arduraduna zen. Aldi hori erabakigarria izan zen Idelisaren ikertzaile prestakuntzan, eta “entrenamendurik onena eta anitzena” izan zela esango zuen aurrerago.

Dominikar Errepublikarako itzulera

Bere karrera zientifikoa AEBn eraikitzen jarraitu ordez, Bonnellyk erabaki zuen bere herrialdera itzultzea, eta itsas zientziak berarekin eramatea. Rafael Leónidas Trujilloren (1930-1961) diktadura amaitu berri zen; zalantzarik gabe, Latinoamerikako tirania odoltsuenetako bat. Etxera itzultzean, zientzialariak huts handia sentitu zuen irakaskuntza eta ikerketa zientifikoaren esparruan, baina baita aldaketarako borondate handia ere, askatasunean, demokrazian, ekitatean eta espiritu kritikoan oinarritutako gizarte berri bat eraikitzeko.

Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoan sartu zen. Bere helburua zen itsas ingurugiroaren zientziak sustatzea 1966an ezarritako Itsas Biologiako Institutuaren bidez. Izan ere, erakunde hori lehena izan zen herrialdean biologiaren arloko ikerketa gauzatzen. Gerora, Itsas Biologiako Ikergune bihurtu zen (CIBIMA).

Idelisa2. irudia: Beste irakasle eta aholkulari batzuekin batera, Idelisa Bonnellyk herrialdeko lehen Biologia Eskolaren sorrera sustatu zuen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Hasierako uneak zailak izan ziren, giza baliabide eta baliabide materialen faltagatik —ekipo zaharrak lagatzeko eskatu eta konpondu egin behar izan zituzten, eta/edo beste laborategi batzuk erabili CIBIMA finkatzen zen bitartean—. Besteak beste, biokimika, histokimika eta parasitologiako bere ezagutzak baliatuta, Bonnellyk oso motibatuta zeuden irakasleen eta ikertzaileen talde txiki bat prestatu zuen; eta, handik gutxira, beren ikerketen emaitzak hasi ziren argitaratzen nazioarteko aldizkari zientifikoetan.

Beste irakasle eta aholkulari batzuekin batera, Idelisa Bonnellyk herrialdeko lehen Biologia Eskolaren sorrera sustatu zuen, zeinaren helburu nagusia baitzen zientzialari eta ikertzaile kualifikatuak prestatzea Dominikar Errepublikan zientzia biologikoen garapenerako ateak irekitzeko,eta, horren bidez, lurreko zein itsasoko natura mehatxatzen zuten ingurugiroko arazoei erantzuna emateko.

Kontserbaziora bideratutako karrera

Bere ibilbidearen hasieran, itsasoari eta haren baliabideei buruz zeuden ezagutzak urriak ziren, baina agerikoa zen jada kostaldeko inguruak degradatzen ari zirela eta espezie asko murrizten ari zirela, bereziki arrantzakoak. Berariazko erregulazioak oso mugatuta zeuden. Hori dela eta, CIBIMAk herrialdeko kostaldeko espezieen lehen azterketa taxonomikoak abiarazi zituen, zenbait espezieren (otarraina, karramarroa, izkira, etab.) debekualdiak ezartzeko. Horrez gain, ikerketa biokimikoak ere abiarazi zituzten, itsas elikagaien kalitatea kontrolatzeko. Bonnelly ekimen gehienetan egon zen inplikatuta.

Zientzialariak etengabe borrokatu zuen bere bizitzan eta ibilbide profesionalean ozeanoetako biodibertsitatea babesteko. Gauza asko lortu zituen, baina bereziki nabarmentzekoa da 1986an Ipar Atlantikoko xibartentzako lehendabiziko eremu babestua sortu zuela. Garai hartan, Banco de la Plata arrantzarako gunea besterik ez zen. Bonnellyren lana erabakigarria izan zen ulertzeko gune hori baleen ugalketarako lekurik garrantzitsuena zela, eta baleak desagertzeko arriskuan zeudela. Egun Bancos de la Plata y la Navidad Santutegi gisa ezaguna den eremu hori Ozeano Atlantikoan eremu babestu izendatutako lehena izan zen, baita munduan lehenetarikoa ere. Ekarpen horrengatik, Idelisa Bonnellyk hainbat aintzatespen jaso zituen: Zientziako Emakume Dominikarrarentzako Merezimendu Domina, Dominikar Errepublikako Gobernuaren eskutik (1986); Zientzietako Sari Nazionala, Dominikar Errepublikako Zientzien Akademiaren eskutik (1987); eta Nazio Batuen Ingurumen Programak (NBIP) Global 500 Ohorezko Koadroan sartu zuen (1987).

Idelisa3. irudia: Xibarta Bancos de la Plata y la Navidad Santutegian. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Bonnellyren ekoizpen zientifiko zabala nazioartean erabili izan da itsas eta kostaldeko Ingurumen Zuzenbidean eragiteko, eta zientzialariak askotariko aintzatespenak jaso zituen bere lan bikainagatik. Zientzien Akademiako akademiko izendatu zuten 2007an, Corripio Fundazioak Ekologiako Sari Nazionala eman zion 2008an, eta UNESCOren Marie Curie domina jaso zuen 2009an. 2010ean, Victoriako Biologiaren Kontserbaziorako Sozietateak (Columbia Britainiarra, Kanada) Biologiako Zerbitzu Nabarmenaren saria eman zion; eta, 2011n, Orden al Mérito de Duarte, Sánchez y Mella izeneko saria eman zioten, herrialdeko gobernuak ematen duen garrantzitsuena. 2013an, BBCk Latinoamerikako hamar emakumezko zientzialari garrantzitsuenen artean sailkatu zuen.

Unibertsitatetik erretiratu ondoren, Bonnellyk Itsas Ikasketen Fundazio Dominikarra sortu zuen, Fundemar. Erakundearen helburua zen ekosistemen eta baliabideen erabilera jasangarria sustatzea, ikerketaren, hezkuntzaren eta kontserbazio proiektuen garapena babestearen bidez. Proiektu hori lanerako plataforma berri bat izan zen harentzat, Dominikar Errepublikako kostaldeko baliabideen eta itsas ugaztunen aldeko lanari jarraipena ematekoa.

Idelisa Bonnelly, Karibeko itsas kontserbazioaren ama, 2022ko uztailaren 3an zendu zen, 90 urte zituela.

Informazio zientifikoa eta aukerak eskura dauzkagu, bai gizonezkoentzat bai emakumezkoentzat; bereziki emakumezkoentzat. Zientzia datuak dira, pertseberantzia, diziplina; eta, askotan, baita maitasuna ere. Eta emakumeek asko dakite horri guztiari buruz.

– Idelisa Bonnelly

Iturriak: Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024kourriaren 17an: Idelisa Bonnelly, la madre de la conservación marina en el Caribe.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Idelisa Bonnelly, Karibeko itsas kontserbazioaren ama appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Adalimumab artritis erreumatoidearen tratamendurako: azken urteetako ikasketak

Og, 2025-01-23 09:00

Gaur egun, kasuen gorakada dela eta, geroz eta ezagunagoa egiten ari den gaixotasuna da artritis erreumatoidea. Espainia mailan 200.000 kasu baino gehiago daude eta ohikoa bihurtzen ari da gaixotasun hau pairatzen duen norbaitekin elkarbizitzea; baina, zer dakigu artritis erreumatoidea eta bere tratamenduez?

Artritis erreumatoidea, zenbaitek artrosiarekin nahastu izan ohi duena, gaixotasun kroniko eta autoimmunea da, zeinean immunitate sistemaren gehiegizko aktibazioak, norbanakoaren ehunak erasotuko dituen, artikulazioak, batez ere. Gaixotasun honetan kartilagoaren zein hezurraren suntsipena ikusi daiteke; zurruntasuna, hantura edo artikulazioen funtzioaren galera suposatuz. Min kronikoak eta gaixotasunaren garapenaren ondorioz agerturiko ezgaitasunak gaixoaren bizi kalitatearen murrizpena dakar. Komorbilitate eta arazo psikosozial ezberdinekin erlazionatua dago, eta ohikoak izaten dira eguneroko ekintzak burutzeko ezintasun fisikoa edota arazo mentalak, inguru familiarrean, sozialean edo laboralean islatzen direlarik. Esan daiteke beraz, inpaktu soziosanitario handia duen gaixotasuna dela.

Urteetan zehar artritis erreumatoidearen tratamenduaren inguruko ikerketa ugari egin dira eta gaixoarengan zein gizartean duen eragina ikusita, gaixotasunaren bilakaera kontrolpean izatea garrantzitsua dela argi dago. Egun, antiinflamatorio ez esteroideekin sintomak arintzeaz gain, gaixotasunaren bilakaera moteltzea ere lortu da gaixotasun erreumatikoaren garapena modulatzen duten farmakoak bezalako medikamentuei esker. Ildo horretan, tratamendu biologikoa da adalimumab, immunitate sistema modulatzeko gaitasuna duen antigorputz monoklonala. Tratamendu honen aurkikuntzak emaitza esperantzagarriak aurkeztu zituen gaixotasun honen garapenaren nolabaiteko kontrolean. Arrakasta horren zergatia ulertzeko asmoz, artritis erreumatoidearen ezaugarriak eta adalimumaben indikazioa, ekintza mekanismoa eta bere parametro biofarmazeutikoen inguruko datuak azpimarratu dira lan honetan.

AdalimumabIrudia: Adalimumaben ekintza-mekanismoa. (Irudia: Larreta, Enara et. al. (2024). Iturria: Ekaia aldizkaria)

Adalimumab larruazalpetik administratzen den disoluzio injektagarria da eta aurrez kargatutako pluma edo xiringa moduan formulatuta aurkitu genezake ospitaleetako farmazia zerbitzuetan. Aipatu bezala, immunitate sistema neurri batean modulatzeko gaitasuna dauka eta 2002an merkaturatu zenetik artritis erreumatoidearen tratamenduaren oinarri garrantzitsuenetako bat izatera heldu da, bere erabilera azkarra gaixotasunaren eboluzio hobeago batekin erlazionatu baita. Hala ere, 20 urte igaro dira adalimumabaren merkaturatzetik eta beraz, datu eguneratuen bilketa egitea garrantzitsua da epe luzera erakutsi duen eraginkortasuna eta segurtasuna ebaluatzeko. Horretarako, azken urteotako entsegu eta ikerketa ezberdinak bildu dira eta adalimumaben helmena benetan nolakoa den aztertu da.

Amaitzeko esan, ikerketa prozesu luze bat geratzen dela artritis erreumatoidea erabat sendatzea lortuko duen tratamendua eskuratzeko, izan ere, etiologia ezezaguna izateak eta gaixotasunean zeharreko mekanismo anitzen aktibazioak tratamenduen aurkikuntzan zailtasunak ipintzen ditu. Terapia biologiko berriak lortzeko ikerketak aurrera doaz, eta ama zelula mesenkimalak ere ikertuak izaten ari dira duten ahalmen birsortzailea dela eta. Bitarte horretan, adalimumabak eraginkortasun eta segurtasun ona duela erakutsi du entseguetan eta baita gaixoen bizi kalitatea hobetzen duela ere. Esan daiteke beraz, artritis erreumatoidean funtsezkoa izaten jarraituko duen tratamendua dela.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 46
  • Artikuluaren izena: Adalimumab artritis erreumatoidearen tratamendurako: Azken urteetako ikasketak
  • Laburpena: Artritis erreumatoidea (rheumatoid arthritis, RA) mintz sinobialaren hantura kronikoa eragiten duen gaixotasun autoimmunea da. Kartilagoaren zein hezurraren suntsipena eragiten du; ondorioz, zurruntasuna, hantura edo artikulazioen funtzioaren galera gertatzen dira, eta horrek gaixoaren bizi-kalitatea murriztea dakar, ezgaitasuna eraginez. Urteetan zehar RAren tratamenduaren inguruko ikerketa ugari egin dira, eta egun, sintomak arintzeaz gain, gaixotasunaren bilakaera moteltzea ere lortu da gaixotasun erreumatikoaren garapena modulatzen duten farmakoei (disease modifying anti-rheumatic drugs, DMARD) esker. Ildo horretan, adalimumab DMARD biologikoa da, gaitasun immunomodulatzailea duen α tumorearen nekrosi-faktorearen (tumor necrosis factor a, TNFα) aurkako antigorputz monoklonala. Adalimumabekin emaitza itxaropentsuak lortu dira gaixotasun horren garapenaren kontrolean. Arrakasta horren zergatia ulertzeko asmoz, RAren ezaugarriak eta adalimumaben indikazioa, ekintza-mekanismoa eta bere parametro biofarmazeutikoen inguruko datuak aurkeztu dira. Hala ere, 20 urte igaro dira adalimumab merkaturatu zenetik, eta, beraz, datu eguneratuen bilketa egitea garrantzitsua da epe luzera erakutsi duen eraginkortasuna eta segurtasuna ebaluatzeko. Horretarako, azken urteotako saiakuntza eta ikerketa ezberdinak bildu dira, eta adalimumaben helmena benetan nolakoa den aztertu da. Amaitzeko, esan ikerketa-prozesu luzea geratzen dela RA sendatzea lortuko duen tratamendua eskuratzeko. Bitarte horretan, adalimumabek gaixotasuna nolabait kontrolpean izatea lortu du, eta gaixoen bizi-kalitatea hobetzen jarraituko du.
  • Egileak: Enara Larreta, Manoli Igartua, Rosa María Hernández eta Edorta Santos-Vizcaíno
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 205-225
  • DOI: 10.1387/ekaia.24989
Egileez:

Enara Larreta, Manoli Igartua, Rosa María Hernández eta Edorta Santos-Vizcaíno UPV/EHUko Farmazia fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Adalimumab artritis erreumatoidearen tratamendurako: azken urteetako ikasketak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Lurreko malgukia

Az, 2025-01-22 09:00

Edward Page Mitchell (1852-1927) kazetari estatubatuar bat izan zen. Aintzatespen berezia jaso zuen New Yorkeko The Sun egunkarian argitaratu zituen zientzia-fikziozko kontakizunengatik. Hain zuzen, egunkari horretako editore burua ere izan zen, 1926an erretiroa hartu zuen arte. 1973an haren lehenengo 30 narrazioen antologia bat argitaratu zen (1874-1886), The crystal man izenburupean. Izenburu hori bat zetorren bere kontakizun iradokitzaileenetako batekin, ikusezintasunari buruzkoa, zeina 1881ean argitaratu baitzen, H.G. Wellsen eleberri ospetsua argitaratu baino 16 urte lehenago.

Mitchellen istorioetako hamar gaztelaniara itzulita argitaratu ziren. Istorio horietan, gizaki ikusezinaz gain, beste gai batzuk ere lantzen dira, hala nola denboran zeharreko bidaiak, garun artifiziala (Babbageren makina analitikoa baino hobea) eta teleportazioa. Zientzia-fikziozko hamar kontakizun bikain horietatik nire gustukoenak ez dauka zerikusirik gaur egun oker aipatu ohi diren balizko teknologia kuantikoekin edo AA penagarriarekin. Takiponpoa da.

Takiponpoa (El Taquipompo)

Maitemindutako bikote batek ezkontzeko baimena eskatzen du, baina oztopo handi bat dago: emaztegaiaren familia matematikari familia entzutetsua izanik, senargaiak bertan sartzea merezi duela erakutsi behar du. Kontakizunaren xehetasun gehiago hemen aipatu gabe –izugarri gomendatzen dut kontakizun osoa irakurtzea–, jarraian tramankulu protagonistaren ebazpen matematiko eta fisikoetako batzuk azalduko ditugu.

Objektuak azkar garraiatzeko lurra, itsasoa edo airea erabili behar ditugu, eta energia asko gastatu. Askoz ere eraginkorragoa eta azkarragoa da takiponpoa, eta ez du energiarik gastatzen. Nola funtzionatzen du takiponpoak Lurrean?

Kalkuluak egiteko, fisikarioi hipotesi sinplifikatzaileak ezartzea gustatzen zaigu, hutseko behi esferikoa kasu. Oraingoan imajinatuko dugu zulo bat egin dezakegula Aucklandetik (Zeelanda Berria) Rondara (Espainia). Hiri horiek elkarren antipodak direnez, eta ustez behintzat gure planeta esfera bat denez, tunela Lurraren erditik igarotzen da. Suposatuko dugu, halaber, Lurraren dentsitatea konstantea dela eta zuloari aire guztia kentzen diogula. Horixe da takiponpoa, 1. irudian ikus daitekeen moduan.

takiponpoa1. irudia: antipoden arteko salgaien garraio azkarra. (Argazkia: felipezaratemontero, aldatuta – CC BY 4.0 lizentziapean. Iturria: Sketchfab)Nola funtzionatzen du?

Aucklandetik Rondara premiazko bidalketa bat egin behar badugu, paketea zuzenean zulotik bota dezakegu. Grabitazio unibertsalaren legearen arabera, planetatik kanpoalderantz grabitate indarra alderantziz proportzionala da distantziaren karratuarekiko, baina zer gertatzen da tunelaren barruan bidali dugun pieza erortzen den bitartean? Kalkuluak ez dira zailak, baina ezta azalekoak ere; izan ere, azelerazioa ez da konstantea, objektutik Lurraren erdigunera dagoen distantziaren araberakoa baizik.

Gaussen legea grabitate eremuari aplikatzen badiogu eta objektutik Lurraren erdigunerako distantziaren baliokide den erradioa duen esferaren bolumena kalkulatzen badugu, frogatu dezakegu azelerazioa (eta objektu horren gaineko indarra) jaitsi egiten dela Lurraren erdigunerako distantzia jaisten den heinean, modu linealean. Hori horrela, oso erraza da takiponpoaren bidez bidali dugun gorputzaren gaineko indarraren proportzionaltasun konstantea kalkulatzea, zeina planetaren dentsitatearen eta grabitazio unibertsalaren konstantearen araberakoa baita.

2. irudian Lurrak objektuaren gainean eragiten duen grabitazio indarra irudikatu dugu, izan tunelaren barruan zein kanpo espazioan. Benetako aldaketa planetaren gainazalean gertatzen da. Takiponpoaren barruan distantziarekiko proportzionala den indar hori Hookeren legearen arabera malgukiek jasaten dutenaren berdina da, eta horrek adierazten digu Lurrak malguki batek bezalaxe erantzuten duela.

takiponpoa2. irudia. Lurrak objektuari egiten dion erakarpen indarra, planetaren erdigunearekiko kokatuta dagoen lekuaren arabera.

Fisikarioi asko gustatzen zaizkigu malgukien balantzetan, musika tresnetan eta askotariko uhinetan agertzen diren osziladore harmonikoak, eta unibertso osoa horien bidez azaldu nahi izaten dugu. Hori takiponpoaren kasu xumeari aplikatuta, adieraz dezakegu Aucklandetik Rondara bidalitako premiazko paketea linealki beheranzkoa den azelerazioarekin eroriko dela Lurraren erdigunera, erdiko puntua goreneko abiaduran igaroko duela eta modu simetrikoan iritsiko dela Rondara. Rondan paketea jasotzen ez badugu, berriz ere eroriko da eta Aucklandera iritsiko da, eta ez du batere energiarik behar izango joan-etorri osoan.

Takiponpoaren zifrak Lurrean

Zenbat denbora behar da paketea herri batetik bestera iristeko? Kalkulu integral erraz bat eginda –grabitazio unibertsalaren konstantea G (6,67 10-11 N m2/kg2) eta Lurraren dentsitatea (5520 kg/m3) erabiliz–, ondoriozta dezakegu takiponpoak 2530 segundo besterik ez dituela behar paketea helmugara eramateko, hau da, 42 minutu pasatxo; eta berdin dio paketea arina edo astuna izan.

Mugimendu harmoniko sinpleari aplikatuta, denbora hori oszilazio aldiaren erdia da; horrenbestez, mugimendu harmoniko horren periodoa T=5060 segundo da (joan-etorria). Oszilazio horren maiztasuna, Hertzetan (HZ), periodoaren alderantzizkoa da.

Takiponpoa gaur egungo garraiobideetako edozein baino askoz ere azkarragoa da. Tramankuluak Lurraren erdigunean hartzen duen abiadura gorena kalkulatuta, ondoriozta dezakegu 7910 m/s-koa dela edozein pakete bidalita ere, eta ez du ez erregairik ez elektrizitaterik behar. Espero dugu aurkikuntza hori nahikoa izana Edward P. Mitchellen kontakizuneko bikote zoriontsuak ezkontzea merezi duela erakusteko.

Erreferentzia bibliografikoa:
  • Sam Moskowitz (Ed.) (1973). The Crystal Man: Stories by Edward Page Mitchell. Doubleday Science Fiction ISBN: 978-0385031394
  • Edward Page Mitchell (2015). El espectroscopio del alma. Orciny Press ISBN: 978-8494318115
Egileaz:

Víctor Etxebarria Ecenarro Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga Kontserbatorioan diplomatutako luthierra da, eta Sistemen Ingeniaritzako eta Automatikako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU).

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko urriaren 27an: El muelle de la Tierra.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Lurreko malgukia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Hanoiko dorrearen analisi matematikoa

Ar, 2025-01-21 09:00

Kondairak dioenaren arabera, Indiako tenplu batean hiru zutoin luze zeuden eta zutoinetako batean 64 disko zeuden ordenatuta, handiena behean eta txikiena goian zeudelarik (hau da, ezin zen egon disko txikiago bat handiago baten gainean). Bertako monjeak diskoak beste zutoin batera mugitzen hasi ziren; izan ere, haien ustez, disko guztiak beste zutoin batean jartzean (jatorriko zutoinaren ordena mantenduz) bukatu egingo da mundua. Diskoak mugitzeko, monje bakoitzak disko bat baino ezin zuen hartu segundu oro eta, gainera, diskoen tamainen ordena mantendu behar zen zutoin guztietan. Munduaren bukaeratik gertu gauden edo ez matematikak erabiliz aztertuko dugu.

HanoikoIrudia: Hanoiko dorrea (Argazkia: egile ezezaguna – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Hanoiko dorrea goiko kondairan oinarritutako jolasa da, Eduard Lucas matematikariak asmatua asmatua 1883. urtean. Ordutik, hainbat eta hainbat umek jolastu dute Hanoiko dorrera.

Pentsa dezagun hiru diskoz osaturiko Hanoiko dorrea dugula. Diskoei 1, 2 eta 3 deituko diegu (1 txikiena, 2 ertaina eta 3 handiena izanik) eta zutoinei A, B eta C. Horrela, A zutoinetik C zutoinera pasatuko ditugu diskoak. Eragiketa honi H3AC deituko diogu (H hanoi, 3 disko daudelako eta AC A zutoinetik C zutoinera pasatzen ditugulako). Beraz, H3AC ebazteko, honako urratsak jarraituko ditugu:

1) 1 diskoa A zutoinetik C zutoinera pasatu

2) 2 diskoa A zutoinetik B zutoinera pasatu

3) 1 diskoa C zutoinetik B zutoinera pasatu

4) 3 diskoa A zutoinetik C zutoinera pasatu

5) 1 diskoa B zutoinetik A zutoinera pasatu

6) 2 diskoa B zutoinetik B zutoinera pasatu

7) 1 diskoa A zutoinetik C zutoinera pasatu

Beraz, zazpi mugimendu eginez, ebatzi egin daiteke 3 diskoko Hanoiko dorrea. Horrela, monjeen kasuan, 64 disko izan beharrean 3 disko edukiz gero, zazpi segunduan bukatuko litzateke mundua. Baina, 64k zenbaki txikia dirudi; beraz, munduaren bukaeratik gertu gaudela dirudi. Edo ez da horrela?

Lehenik, aztertu dezagun lortutako emaitza. Ohartu hiru diskoz osaturiko Hanoiko dorrea ebazteko, lehenengo H2AB ebatzi dugula; izan ere, 1), 2) eta 3) urratsetan 1 eta 2 diskoak A zutoinetik B zutoinera mugitu ditugu. Gero, 1 diskoa A zutoinetik C zutoinera pasatu dugu. Azkenik, H2BC ebatzi dugu, 1 eta 2 diskoak B zutoinetik C zutoinera mugitu ditugulako.

Eta n disko bagenitu? Arrazonamendu berdinarekin, HnAC ebazteko Hn-1AB ebatzi behar da; ondoren, A zutoinean geratzen den diskoa C zutoinera mugitu behar da eta, azkenik,  Hn-1BC ebatzi behar da. Eta hori da, hain zuzen, metodo errekurtsibioen printzipioa: alegia, problema bat ebazteko, haren bertsio sinpleago bat ebaztea. Horrek esan nahi du, H3AC ebazten badakigunez,  H4AC ebatzi ahal dugula eta, ondoren,  H5AC eta H6AC etab.

Orain arte ikusitakoa kontuan hartuta, badakigu,  beraz, edozein n-rako  HnAC kalkulatzen. Baina  zenbat denbora behar da  H64AC ebazteko? Edo, beste modu batean esanda, noiz bukatuko da mundua monjeen arabera?

Demagun an dela  HnAC ebazteko behar den segundu kopurua. Aurreko guztia kontuan hartuta, honakoa ondorioztatzen dugu:

(1)    an=an-1+1+an-1

hau da,  HnAC ebazteko  Hn-1AB ebatzi behar da;  ondoren disko bat mugitzen da (gogoratu segundu oro disko bat mugitzen dela) eta, azkenik,  Hn-1BC ebatzi behar da. Bestalde, H1AC ebazteko disko bat baino ez da mugitu behar eta, beraz, segundu bat baino ez da behar. Ondorioz, argi ikusten da a1=1 dela.

Horiek horrela, (1) formula erabiliz segida bat lortu dugu, lehenengo sei elementuak honakoak direlarik: a1=1, a2=3, a3=7, a4=15, a5=31 eta a6=63.

Ohartu kalkulu hau bat datorrela lehen esandakoarekin H3AC ebazteko denborari buruz (izan ere a3=7 da) eta, gainera, H6AC ebazteko minutu bat baino gehiago behar dela. Bestalde, konturatzen gara definitutako segida oso azkar handitzen dela. Gogoratu gure helburua a64-ren balioa zein den jakitea dela. Oinarrizko matematikak erabiliz, frogatu daiteke an=2n-1 dela eta, beraz, a64=264-1 segundu beharko dute monjeek 64 diskoak mugitzeko A zutoinetik C zutoinera, edo, beste modu batean esanda, mundua bukatuko dela diskoak mugitzen hasi eta 500.000 milioi urte baino gehiago pasatu ondoren. Beraz, matematikei esker, lasai egon gaitezke monjeek uste dutena egia bada.

Egileaz:

Josu Doncel Matematikan doktorea da eta UPV/EHUko Matematika Saileko irakaslea.

The post Hanoiko dorrearen analisi matematikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Berotegi efektuaren jatorri kuantikoa

Al, 2025-01-20 09:00

Karbono dioxidoak beroari eusteko gaitasun handia du, eta, aurkitu dutenez, bere egitura kuantikoaren berezitasun baten ondorio da. Aurkikuntzak edozein informatika ereduk baino hobeto azalduko luke klima-aldaketa.

1896an, Svante Arrhenius fisikari suediarra konturatu zen karbono dioxidoak (CO2) Lurraren atmosferako beroa harrapatzen duela. Gaur egun, gertakari horri berotegi efektua deitzen zaio. Harrezkero, egungo klima ereduek, gero eta sofistikatuagoak diren horiek, baietsi egin dute Arrheniusen ondorio nagusia: atmosferan CO2 kontzentrazioa bikoiztu egiten den bakoitzean, Lurraren tenperaturak 2 eta 5 gradu Celsiusen artean egiten du gora.

https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2024/11/Video-CO2.mp4 Zenbakizko parekatze batek lagundu egiten du CO2 molekulak modu jakin batean mugitzen; hala, Lurreko askoz ere erradiazio infragorri gehiago atxikitzen dute beste modu batean mugituta baino. (Iturria: Kristina Armitage/Quanta Magazine; Matt Twombly Quanta Magazine-rako)

Hala ere, CO2-ak horrela jokatzearen arrazoi fisikoak misterio bat izaten jarraitzen zuen duela gutxi arte.

Lehenik eta behin, 2022an, fisikariek berotegi efektuaren “eskala logaritmikoaren” jatorriari buruzko eztabaida ebatzi zuten, hau da, Lurreko tenperaturak, CO2-ren edozein bikoizketaren aurrean (zifra gordinak kontuan hartu gabe) kopuru berean gora egiteko moduari buruzko eztabaida.

Udaberrian, Robin Wordsworth buru zuen Harvard Unibertsitateko talde batek aurkikuntza hau egin zuen: CO2 molekula zergatik den hain eraginkorra beroa harrapatzeko. Ikertzaileek molekularen egitura kuantikoaren berezitasun bat identifikatu zuten, eta berezitasun horrek azaltzen du zergatik den berotegi efektuko hain gas eraginkorra eta zergatik bultzatzen duen klima-aldaketa zerura gero eta karbono gehiago isurtzeak. Aurkikuntzak The Planetary Science Journal aldizkarian argitaratu ziren.

“Artikulu interesgarria da oso”, dio lanean parte hartu ez duen Oxford Unibertsitateko fisikari atmosferiko Raymond Pierrehumbert-ek. “Berotze globala eredu informatiko itxietatik sortzen den zerbait dela diotenei emandako erantzun egokia da”.

Ordea, berotze globala CO2-k mugitzeko dituen bi modu hartzen dituen zenbakizko parekatzearekin dago lotuta.

“Akzidente horrengatik ez balitz, gauza asko bestelakoak izango lirateke” dio Pierrehumbertek.

Ondorio zahar bat

Nola ulertu ahal izan zituen Arrhenius-ek berotegi efektuaren oinarrizko kontzeptuak mekanika kuantikoa deskubritu baino lehen? Dena Joseph Fourierrekin hasi zen. Fourier matematikari eta fisikari frantsesa orain dela 200 urte konturatu zen Lurraren atmosferak isolatu egiten duela planeta espazioaren hotzetik. Aurkikuntza horrek hasiera eman zion klimaren zientziaren esparruari. Ondoren, 1856an, Eunice Foorte estatubatuarrak ikusi zuen karbono dioxidoa bereziki egokia dela erradiazioa xurgatzeko. Jarraian, John Tyndall fisikari irlandarrak CO2-ak xurgatzen duen argi infragorriaren kopurua neurtu zuen, eta, hala, ondoren Arrheniusek Lurrari buruzko oinarrizko ezagutzak erabiliz kuantifikatu zuen efektua erakutsi zuen.

berotegi1. irudia: Harvard Unibertsitateko klimaren arloko zientzialari Robin Wordsworth-ek mekanika kuantikora jo zuen karbono dioxidoaren xurgapen espektroa ulertzeko. (Iturria: Quanta Magazine)

Lurrak argi infragorrien modura irradiatzen du beroa. Honako hau da berotegi efektuaren funtsa: argi horren zati batek espaziora zuzenean ihes egin ordez, talka egiten du atmosferako CO2 molekulekin. Molekula batek argia xurgatzen du, eta, gero, berriro igortzen du. Gero, beste batek egiten du gauza bera. Batzuetan, argia lurrazalera jaisten da berriro. Batzuetan, espaziora igotzen da eta Lurra zertxobait hotzago uzten du, baina soilik atmosferako goiko geruza hotzetara bide irregular bat egin ondoren.

Gaur egun klimaren zientzialariek erabiltzen duten ikuspegi matematiko beraren bertsio oinarrizkoago bat erabilita, Arrheniusek ondorioztatu zuen CO2 gehiago gehituz gero, planetaren lurrazala berotu egingo litzatekeela. Neguan etxea beroago mantentzeko isolamendua gehitzea bezala da: galdarako beroa erritmo berean sartzen da, baina motelago egiten du ihes.

Hala ere, urte batzuk geroago, Knut Ångström fisikari suediarrak ezeztatze bat argitaratu zuen. Argudiatzen zuen CO2 molekulek erradiazio infragorriaren uhin luzera jakin bat baino ez dutela xurgatzen: 15 mikra. Eta ordurako nahikoa gas zegoela atmosferan Lurrak igortzen duen 15 mikrako argiaren % 100 harrapatzeko; beraz, CO2 gehiago gehitzeak ez luke ezer eragingo.

Baina Ångström ez zen konturatu CO2-a gai dela 15 mikrako uhin luzera handixeagoak edo txikixeagoak xurgatzeko, baina ez hain erraz. Argi hori gutxiagotan harrapatzen da espaziora egiten duen bidean.

Baina harrapatze tasa hori aldatu egiten da karbono dioxidoaren kopurua bikoiztu egiten bada. Kasu horretan, argiak molekulen kopuru bikoitza saihestu behar du ihes egin aurretik, eta bidean gehiagotan izaten da xurgatua. Atmosferako geruza altuago eta hotzago batetik egiten du ihes; beraz, beroa tantaka baino ez da irteten. Ia 15 mikrako uhin luzera horien xurgapen handiagoak eragiten du gure klima aldakorra.

Akatsak akats, Ångströmen artikuluak Arrheniusen teoriari buruzko zalantza ugari sortu zituen bere garaikideen artean, eta, ondorioz, aldaketa klimatikoari buruzko eztabaidak oso garrantzi gutxi izan zuen mende erdiz. Gaur egun ere, klima aldaketaren inguruan dagoen adostasunaren eszeptikoek, karbonoaren “saturazioari” buruz Ångströmek eman zuen argudio okerra aipatzen dute.

Oinarrira itzuliz

Hasierako garai haietan ez bezala, klimaren zientziaren aro modernoek aurrera egin dute, neurri handi batean gure atmosfera neurrigabe eta aldakorraren alderdi konplexu eta kaotikoak atzitzen dituzten eredu konputazionalei esker. Zenbaitentzat, horrek zaildu egiten du ondorioak ulertzea.

“Fisikari eszeptiko askorekin hitz egin dut eta beren eragozpenetako bat honako hau da: “Zuek eredu informatikoak baino ez dituzue egiten eta, gero, kutxa beltzeko kalkulu horren erantzunak onartzen dituzue; ez dituzue sakonki ulertzen”, azaldu du Nadir Jeevanjee-k, Estatu Batuetako Administrazio Ozeaniko eta Atmosferiko Nazionaleko (NOAA, ingelesezko sigletan) fisikari atmosferikoak. “Desegoki xamarra da arbela batean norbaiti ezin azaltzea zergatik lortzen ditugun lortzen ditugun zenbakiak”.

Jeevanjeek eta bera bezalako beste batzuek CO2 kontzentrazioak kliman duen inpaktua modu errazagoan ulertzeko helburua dute.

berotegi2. irudia: Svante Arrhenius zientzialari suediarra izan zen, 1896an, Lurraren tenperaturak atmosferako karbono dioxidoaren mailen aldaketen aurrean duen sentsibilitatea zehaztu zuen lehena. (Iturria: Quanta Magazine)

Galdera gako bat berotegi efektuaren eskala logaritmikoaren jatorriari buruzkoa izan zen (ereduek aurreikusten dute CO2 bikoizten den bakoitzean tenperatuak 2-5 gradu egingo duela gora). Teoria baten arabera, tenperaturak oso azkar egiten zuen behera altitudean eta horren ondorio zen eskala. Baina, 2022an, ikertalde batek eredu sinple bat erabili zuen erakusteko eskala logaritmikoa karbono dioxidoaren xurgapen “espektroaren” formaren ondorio zela (argia xurgatzeko duen gaitasuna aldatu egiten dela argiaren uhin luzeraren arabera).

Itzul gaitezen 15 mikrakoak baino luzexeagoak edo laburxeagoak diren uhin luzera haietara. Xehetasun kritiko bat da karbono dioxidoak okerrago (askoz okerrago) xurgatzen duela uhin luzera hori duen argia. Xurgapena gailurraren bi aldeetara erortzen da eskala logaritmikoa sortzeko adinako abiaduran.

“Espektro horren forma funtsezkoa da”, dio David Romps-ek, Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko klima fisikariak, 2022ko artikuluaren egileetako batek. “Aldatu egiten baduzu, ez duzu eskala logaritmikoa lortuko”.

Karbonoaren espektroaren forma ezohikoa da; gas gehienek uhin luzeren tarte askoz ere estuagoa xurgatzen dute. “Honako hau zen buruan nuen galdera: Zergatik du forma hori?”, dio Rompsek. “Baina ezin nuen arrazoia zehaztu”.

Ondoriozko mugimenduak

Wordsworthek eta Jacob Seeley eta Keith Shine egilekideek mekanika kuantikora jo zuten erantzunaren bila.

Fotoi izeneko energia paketeek osatzen dute argia. CO2 eta beste molekula batzuek xurga ditzakete soilik paketeek molekula bestelako egoera mekaniko kuantiko batera eramateko adinako energia dutenean.

Karbono dioxidoa “oinarrizko egoeran” aurkitzen da; hau da, bere hiru atomoek lerro bat osatzen dute karbono atomoarekin erdian, besteekiko distantziakidean. Molekulak egoera “eszitatuak” ere izaten ditu, eta, horietan, molekulak izurtu edo kulunkatu egiten dira.

15 mikrako argi fotoi batek karbono atomoak erdigunearen inguruan hula-hoop moduan mugi dadin beharrezkoa den energia du. Klimaren zientzialariek hula-hoop mugimendu horri egotzi diote berotegi efektua; baina, Ångström-ek aurreratu zuen bezala, eta Wordswortek eta bere taldeak aurkitu duten bezala, efektuak zehatzegia den energia kopurua behar du. Hula-hoop egoerak ezin du azaldu 15 mikratik gora fotoiek duten xurgapen tasaren murrizketa motela; beraz, bere kabuz ezin du klima aldaketa azaldu.

Deskubritu dutenaren arabera, beste mugimendu mota hori da gakoa; izan ere, oxigenoaren bi atomoak behin eta berriro mugitzen dira karbonoaren erdigunera eta erdigunetik, elkarrekin konektatzen dituen malguki bat luzatu eta trinkotuko balute bezala. Mugimendu horrek energia kopuru handiegia behar du Lurreko fotoi infragorriek beren kabuz induzitu dezaten.

Baina egileek aurkitu dute luzatzeko mugimendurako behar den energia hula-hoop mugimendurako energiaren ia halako bi dela, eta, ondorioz, bi mugimendu egoerak nahasi egiten direla. Badira bi mugimenduen konbinazio bereziak, eta horiek hula-hoop mugimenduaren energia zehatza baino gehixeago edo gutxixeago behar dute.

Fenomeno paregabe horri Fermiren erresonantzia deitzen zaio, 1931ko artikulu batean ondorioztatu zuen Enrico Fermi fisikari ospetsuaren omenez. Baina Lurraren klimarekin duen lotura Shinek eta bere ikasleak iaz argitaratu zuten artikulu batean zehaztu zen lehen aldiz. Udaberri honetako artikuluan azalduko da oso-osorik.

“Ekuazio honetan terminoak idatzi genituen unean ikusi genuen dena bat zetorrela, izugarria izan zen”, esan zuen Wordsworthek. “Azkenik mekanika kuantikoa eta multzoaren ikuspegia zuzenean lotzen direla erakusten digun emaitza da”.

Bere hitzetan, kalkuluak, nola edo hala, edozein eredu informatikok baino gehiago laguntzen digu klima aldaketa hobeto ulertzen. “Badirudi funtsean garrantzitsua dela eremu batean oinarrizko printzipioetatik abiatuta guztia nondik datorren egiaztatu dezakegula esan ahal izatea”.

Joanna Haigh, fisikari atmosferikoa eta Londresko Imperial College-ko irakasle emeritua, ados dago eta gaineratzen du artikuluak botere erretorikoa ematen diola klima aldaketaren defentsari; izan ere, erakusten du defentsa hori “mekanika kuantikoaren eta ezarritako fisikaren funtsezko kontzeptuetan” oinarritzen dela.

Aurtengo urtarrilean, NOAAko Monitorizazio Globaleko Laborategiak jakinarazi zuen atmosferako CO2-ren kontzentrazioak gora egin zuela: industrializazio aurreko milioi bakoitzeko 280 zatiko mailatik 2023ko milioi bakoitzeko 419,3 zatiko errekorrera. Horrek, oraingoz, 1 gradu Celsiuseko berotze zenbatetsia eragin du.

Jatorrizko artikulua:

Joseph Howlett (2024). Physicists Pinpoint the Quantum Origin of the Greenhouse Effect, Quanta Magazine, 2024ko abuztuaren 7a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Berotegi efektuaren jatorri kuantikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #516

Ig, 2025-01-19 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

dituela

Ekologia

Gernikako araztegia itxi ondoren, Urdaibaiko estuarioko fitoplanktonaren komunitatean aldaketa esanguratsuak identifikatu dituzte UPV/EHUko ikertzaileek. Mantenugaien isurketen murrizketak uraren kalitatea hobetu du, eta horrek fitoplanktonaren biomasa eta osaeran eragin du. Estuarioaren kanpoaldean biomasa jaitsi den bitartean, araztegi inguruan igo egin da, amonioaren gehiegizko kargak desagerrarazi direlako. Pigmentuen analisian oinarritutako PIGMENTUM tresna berritzailea erabili dute azterketa egiteko. Ondorioek erakusten dute saneamendu-lanek komunitate ekologikoaren berreskurapena sustatu dutela, nahiz eta leheneratze biologikoak denbora gehiago behar duen. Datuak Zientzia Kaieran.

Kimika

Josu Lopez-Gazpio, Kimikan doktorea, auzitegi-zientzia diziplinari buruz aritu da Zientzia Kaieran. Diziplina honek legearekin lotutako gaiak argitzeko metodo eta teknika zientifikoak erabiltzen ditu. Historian zehar, ebidentzia forentseak delituen ikerketan gero eta garrantzi handiagoa izan du, eta diziplina askoren ekarpenak jasotzen ditu, hala nola kimika, biologia eta medikuntza. Telebistan sarri aurkezten den irudi idealizatuaren aurka, auzitegi-zientzia prozesu luze eta zehatza da, delituen ebazpenean oinarri sendoagoak eskaintzen dituena. Justizia-sisteman duen eraginari esker, gaur egun gero eta gehiago erabiltzen da krimenak modu fidagarriagoan argitzeko.

Forever Lobbying Project ikerketak ondorioztatu du PFAS produktu kimikoak ekoizten dituen industriak haien kalteak ezkutatu dituela. 46 kazetari eta 18 adituk aztertu dituzten 14.000 dokumentuen arabera, enpresek eta presio taldeek desinformazioa zabaldu dute, PFASen arriskuak gutxiesteko. PFAS substantziak oso iraunkorrak dira eta osasunean kalte larriak eragin ditzakete, hala nola minbizia, antzutasuna eta hormona-nahasteak. Europako erakundeek debekuak ezartzen ari diren arren, haien kutsadura garbitzeko 2 bilioi euro beharko direla kalkulatu dute. PFASak eguneroko produktutan aurkitzen dira, eta ingurumen kutsadura larri bihurtu dira. Informazioa Berrian.

Astrofisika

Astronomo talde batek, James Webb Teleskopioa erabiliz, Dragoiaren Arkua galaxian inoiz behatutako izar kopururik handiena identifikatu du: 44 banakako izar. Aurkikuntza Nature Astronomy aldizkarian argitaratu da, eta materia ilunaren izaera aztertzeko bide berriak ireki ditu. Grabitazio lenteei esker, galaxia honetako supererraldoi gorriak ikus zitezkeen, aurreko aurkikuntzetan nagusi ziren supererraldoi urdinen aldean. JWST teleskopioaren sentsibilitateari esker, urruneko galaxietan banakako izarrak identifikatzen jarraitzea espero da, unibertsoaren bilakaera eta materia iluna hobeto ulertzeko. Informazio guztia Gara egunkarian eta Elhuyar aldizkarian.

Genetika

Ikertzaileek 500 giza proteinen domeinu aztertu dituzte, aminoazidoak sistematikoki ordezkatuz giza domeninoma 1 katalogoa sortzeko. Katalogo horrek mutazio posibleak biltzen ditu eta gaixotasun heredagarri batzuen arrazoiak argitzen lagundu du. Legamia-zeluletan domeinu mutatuak probatuz, ikusi dute mutazio batzuek proteinak desegonkortzen dituztela, beste batzuek, berriz, funtzioan eragiten dutela. Adibidez, beta-gamma kristalinen mutazioek kataratak sor ditzakete, eta MECP2 genearen aldaketek Retten sindromea eragin dezakete. Nature-n argitaratutako ikerketak tratamendu hobeak garatzeko bidea irekitzen du. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

Gaur arte 80.000 meteoritoetatik % 0,5 baino gutxiago lotu daitezke Marte planetarekin. Ikerketa berri batek meteorito martetarren jatorria identifikatzeko aurrerapausoak eman ditu, talka eredu fisikoak, teledetekzioa eta kraterren datuak konbinatuz. Meteoritook, nagusiki arroka igneoak, Marteko krater zehatzetatik —Chakpar, Domoni, Kotka, Tooting eta Corinto— jaurti zirela iradokitzen da. Ikertzaileek ondorioztatu dute Marteren mantuak ezaugarri ezberdinak dituela eremuaren arabera, prozesu bolkaniko konplexuen isla gisa. Meteoritoek planeta gorriaren historia geologikoa hobeto ulertzeko aukera eskaintzen dute, baina alborapenek Marteren irudi partziala ematen dute oraindik. Datuak Zientzia Kaieran.

Farmakologia

Ekaia aldizkariko artikulu honek nanopartikulen zeregina azaltzen du parkinson gaixotasunerako estrategia terapeutiko berria gisa. Gaixotasun hau dopaminergikoen galerak eragindako nahasmendu neurodegeneratiboa da. Ohiko tratamenduak, hala nola lebodopa, eraginkorrak dira sintomak arintzeko, baina ez dute progresioa geldiarazten eta ondorio kaltegarriak dituzte, administrazio ez-jarraituagatik. Hesi hematoentzefalikoa (HHE) gainditzea erronka da, eta nanogarraiatzaileak (lipidozko, polimerozko edo ez-organikoak) irtenbide berritzaile gisa proposatu dira. Nanoteknologiak farmakoen askapen kontrolatua ahalbidetzen du, baina kostu handia eta segurtasun falta oztopo dira. Entsegu kliniko gutxi daude oraindik, baina nanogarraiatzaileek Parkinson Gaixotasunaren tratamendurako potentzial handia erakutsi dute. Azalpenak Zientzia Kaieran.

UPV/EHUko ikertzaileek frogatu dute WIN55.212-2 farmakoak Alzheimerra duten karraskarien kalte kognitiboak leheneratzen dituela, sistema kannabinoidea aktibatuz eta memoria hobetuz. Teknika berritzaile bati esker, neurotransmisio kolinergikoaren jarduera ere areagotu dutela egiaztatu dute. Hala ere, molekula erabilera librekoa denez, farmazia-sektoreak ez du interesa, eta ikertzaileak antzeko molekulen bila dabiltza azterketa klinikoetara pasatzeko. Ikerketa British Journal of Pharmacology aldizkarian argitaratu dute. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #516 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #523

La, 2025-01-18 09:00

Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.

Fisikaren irakaskuntza aldatu egin behar da sare sozialen arora eta arreta-denbora laburretara egokitzeko. Fisika proiektu batean lan egiteak funtzionatzen duen ideia bikaina dirudi. Transforming university physics education: The challenge of building to learn, Moisés Díaz, Pedro Jesús Rodríguez De Rivera Socorro eta María Dolores Pérez Hernández.

Metodo estatistiko batek iragar dezake noiz izango duzun dementzia? The Florey Dementia Index for Alzheimer’s onset prediction

Zenbat jendek egin duen galdera! Are we alone? TILKUT tira bat.

Protozelulak molekula prebiotikoekin batera bide kimiko desberdinetatik sortu zirela adieraziko lukete Lurra primitiboa simulatzen duten esperimentuek. Protocells may have formed in the proximity of prebiotic compounds

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #523 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Eta Lurrak biratzeari utziko balio?

Or, 2025-01-17 09:00

Unibertsoan ia dena ari da biraka, baita gure Lurra ere. Eta bat-batean geldituko balitz?

Hasteko, denak ekialderantz egingo luke bortizki, eta zurrunbiloak 1.600 km/h-ko abiadura hartuko luke ekuatorean. Poloetan berriz, errotazio-ardatzetik oso gertu egonik, ez litzateke ezer nabarituko, Newtonen lehenengo legeak dioen moduan.

Behin dena geldituta, Lurra geratu den posizioan geratu dela, Eguzkiari begira dagoen aldean egun argia litzateke beti, eta beste erdian, berriz, gau amaigabea. Horrek muturreko klimak eragingo lituzte bi aldeetan, eta ezinezkoa litzateke bertan bizitzea.

Eta…? ataleko bideoek galdera honi eta beste batzuei heltzen die, eta hainbat egoera hipotetiko zientziaren bidez azalen dira bertan. Atal hau Órbita Laika (@orbitalaika_tve) eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arteko elkarlanaren emaitza dira.

The post Eta Lurrak biratzeari utziko balio? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Estrategia terapeutiko berritzaileak parkinsonean: nanopartikulak

Og, 2025-01-16 09:00

Parkinsonen gaixotasuna (PG) nahasmendu neurodegeneratibo motor ohikoena da. Gaur egun, 65 urte baino gehiagoko biztanleriaren %3 ari eragiten dio, eta biztanleria zahartu ahala, haren prebalentziak gora egiten du. PG gai beltzaren zati trinkoko neurona dopaminergikoen galera progresiboagatik eta horrek eragindako mugitzeko desgaitasunagatik bereizten da.

Gaur egun, klinikan gehien erabiltzen diren tratamenduak dopamina ordezkatzeko terapia farmakologikoak dira, eta lebodopak erreferentziazko tratamendua izaten jarraitzen du. Azken tratamendu horrek, sintoma motorren arintze eraginkorra lortzen du, baina ez du gaixotasunaren progresioa geldiarazten, eta denborarekin tratamenduaren eraginkortasuna murriztu eta ondorio kaltegarriak eragiten ditu. Eragin kaltegarri horiek administrazio bidearekin lotuta egon daitezke. Izan ere, farmakoa aho-bidez administratzean, hartzaile dopaminergikoen aktibazio ez-jarraitua eragiten du, tratamenduarekin lotutako asaldura motorren agerpena bultzatuz. Agonista dopaminergikoak ere erabilgarri izan daitezke PG tratatzeko, hartzaile dopaminergikoetara lotu eta nolabait dopaminaren neurotransmisioa berreskuratzen baitute. Terapia farmakologikoez gain, terapia ez-farmakologikoen onurak ere ikertzen dira animalia-ereduetan; hala nola, animaliak ingurumen aberastuetan edukitzearenak. Ingurumen aberastuak faktore neurotrofikoen adierazpena areagotzea eragin dezake, glia zeluletatik eratorritako faktore neurotrofikoarena (GDNF) edota garunetik eratorritako faktore neurotrofikoarena (BDNF) esaterako.

Orain arte, PGren aurkako tratamendu berrien erronkarik handiena, garuneko hesi fisiologikoa den eta substantzien trukaketa kontrolatzen duen hesi hematoentzefalikoa (HHE) zeharkatzeko estrategiak garatzea izan da. HHEren izaera babesleak PGrako farmakoen eraginkortasuna mugatu egiten du, eta hortaz, azken urteotan arreta jarri da HHE gurutzatzea ahalbidetzen duten administrazio-sistema berrien ikerketan. Zehazki, nanogarraiatzaileek HHE zeharkatzeko gaitasuna dute, eta farmako hidrofilo eta hidrofoboekin kargatu daitezke, horien banaketan eraginkortasuna hobetuz. Beraz, aukera ezin hobeak izan daitezke PG tratatzeko.

nanopartikulakIrudia: burmuinean farmakoak administratzeko nanosistemak. Nanogarraiatzaile organiko eta ez-organikoen ezaugarri nagusiak. Laburdurak: LNS: Lipidozko nanopartikulak solidoak; NGL: Nanoegituratutako garraiatzaile lipidoak; BioRender.com webgunean sortu dira. (Irudia: Zubelzu, Maider et. al. (2023). Iturria: Ekaia aldizkaria)

Nanogarraiatzaileak farmakoak gune jakinetara garraiatzeko erabiltzen diren nanomaterialak dira. Matrize organikoz (lipido eta polimeroak, esaterako) edo ez-organikoz (urrea, silika, zilarra edo karbonoa kasu) osatuta egon daitezke. Garrantzitsua da nanogarraiatzaileek ondorengo ezaugarriak betetzea: beraien osagarri diren metabolitoak ez-toxikoak edo toxikotasun maila baxukoak izan behar dute; farmakoen lotura ez oztopatzeko diseinatuta egon behar dute eta farmakoen askapen goiztiarra ekidin behar dute. Nanogarraiatzaile organiko nahiz ez-organikoak erabiliz, lebodopa, agonista dopaminergikoak edo faktore neurotrofikoak bezalako farmakoen eraginkortasuna aztertu da PG animalia-ereduetan, eta emaitza itxaropentsuak lortu dira. Horrela, nanoteknologia PGren aurrean estrategia terapeutiko berritzailea izan daitekeela ondorioztatu da.

Hala eta guztiz ere, entsegu aurreklinikoetan nanopartikulen potentziala azaleratu den arren, oraindik ez dira nanopartikula asko erabiltzen entsegu klinikoetan. Gaur egun, liposomak eta CNM-Au8 urrezko nanopartikulak ari dira ikertzen hurrenez hurren lehen eta bigarren fasean aurkitzen diren entsegu klinikoetan. Nanopartikulak entsegu klinikoetan erabiltzen hastea oztopatzen duten arrazoietako batzuk euren kostua eta segurtasun falta dira. Beraz, ondorengo ikerketetan erronka horiei aurre egiten saiatzea ezinbestekoa da nanogarraiatzaileak PGean erabiltzeko etorkizuneko teknologia eraginkor eta baliagarri direla egiaztatzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 46
  • Artikuluaren izena: Estrategia terapeutiko berritzaileak Parkinson gaixotasunean: nanopartikulak
  • Laburpena: Parkinson gaixotasuna (PG) nahasmendu neurodegeneratibo motor ohikoena da, gai beltzaren zati trinkoko neurona dopaminergikoen galeragatik eta horrek eragindako mugitzeko desgaitasunagatik bereizten dena. Klinikan gehien erabiltzen diren egungo tratamenduek, hala nola lebodopak, garuneko neurotransmisio dopaminergikoa lehengoratzen dute. Hala ere, tratamendu horiek sintomatikoak baino ez dira, denbora pasatu ahala eraginkortasuna galtzen dute eta eragin kaltegarri larriak eragiten dituzte. Eragin kaltegarrietako batzuk administrazio-bidearekin lotuta daude; izan ere, aho-bidezko farmakoek hartzaile dopaminergikoen aktibazio ez-jarraitua eragiten dute, tratamenduarekin lotutako asaldura motorren agerpena bultzatuz. Horregatik, tratamendu berritzaileak aurkitzeaz gain, segurtasun-profil hobeak dituzten administrazio-sistema berriak garatzea beharrezkoa da. Hala, azken urteetan nanopartikulen eraginkortasuna aztertzen duten ikerketak egin dira. Izan ere, nanopartikulek hesi hematoentzefalikoa (HHE) erraz zeharkatzeaz gain, farmakoen bioerabilgarritasuna eta eraginkortasuna hobetuz eragin kaltegarriak minimizatzen dituzte. Nanogarraiatzaile organiko eta ez-organiko desberdinak erabiliz, lebodopa, agonista dopaminergikoak edo faktore neurotrofikoak bezalako farmakoen eraginkortasuna aztertu da PG animalia-ereduetan, emaitza itxaropentsuak lortuz. Hala, nanoingeniaritzako partikulek oso tresna erabilgarria dirudite, HHE gurutzatuz farmakoak modu seguru, eraginkor eta iraunkorrean emateko, eta, beraz, PG bezalako nahasmendu neurologikoak tratatzeko etorkizun handiko estrategia bilaka daitezke.
  • Egileak: Maider Zubelzu, Jone Razquin, Andrea Vaquero-Rodríguez, Raphaelle Bidgood, Naiara Ortuzar, Harkaitz Bengoetxea, Cristina Miguelez, José Ángel Ruiz-Ortega, José Vicente Lafuente eta Teresa Morera-Herreras
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 151-166
  • DOI: 10.1387/ekaia.24852
Egileez:

Maider Zubelzu, Jone Razquin, José Ángel Ruiz-Ortega eta Teresa Morera-Herreras UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko eta Biobizkaiko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeko ikertzaileak dira.

Andrea Vaquero-Rodríguez, Naiara Ortuzar, Harkaitz Bengoetxea eta José Vicente Lafuente UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko eta  Biobizkaiko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeko ikertzaileak dira.

Raphaelle Bidgood eta Cristina Miguelez UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Estrategia terapeutiko berritzaileak parkinsonean: nanopartikulak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zein da Marteko meteoritoen jatorria?

Az, 2025-01-15 09:00

Gaur egun datu base zientifikoetan erregistratuta ditugun 80.000tik gorako meteoritoen artean, 390 baino gutxiago lotu daitezke euren jatorriari dagokionez eta nolabaiteko ziurtasunez Marte planetarekin. Hau da, Marteko meteoritoak egun arte erregistratutako meteoritoen guztizkoaren % 0,5a besterik ez dira.

Horrek ez du esan nahi aurkitu diren guztiak edo gure planetan erori diren guztiak barne hartzen direnik, baizik eta —eta hauxe azpimarratzekoa da— horiek direla jatorria planeta gorrian dutela egiaztatu ahal izan ditugunak. Baliteke, halaber, iraganean eroritakoren bat oraindik aurkitu ez izana —batez ere leku urrun edo sarbide zaileko batean erori bazen—, eta egunen batean deskubritzeko zain egotea.

Aurreko paragrafoetan adierazitako guztia kontuan hartuta, artikulu honi izenburua ematen dion galdera absurdoa iruditu daiteke, baina badu bere mamia. Marte planeta “oso” handia da —gutxienez, meteoritoak etortzen diren gainerako asteroideekin alderatzen badugu—, eta alde geologiko eta geokimiko nabarmenak daude planetaren eremu ezberdinen artean. Hori dela eta, meteoritoak oinarrizko pieza bat dira planetaren historia ulertzeko. Pentsa dezagun puzzle konplikatu bat osatzen ari garela. Pieza guztiak bi dimentsiotako mapa bat bailiran kokatzeaz gain, pieza horiek, seguruenik, planetaren historiaren une ezberdinak ere irudikatzen dituzten, hirugarren dimentsio bat gehituta. Horrekin, meteoritoen eta horien jatorrizko testuinguru geologikoaren interpretazioa are gehiago konplikatuz.

meteoritoen1. irudia: ALH84001 meteorito martetar oso ezagunaren irudia, 1984an Antartikan aurkitutakoa. (Iturria: NASA/JSC/Stanfordeko Unibertsitatea)

Zer meteorito mota aurkitu ditugu? Gehienak arroka igneoz osatuta daude, planetaren barrualdean edo azaleran magma bat solidotzearen ondorioz sortutakoak. Horien talde nagusiak hauek dira: Shergotitak —eta horiek, aldi berean, izena ematen diote meteorito martetarren talderik handienari, identifikatuta dauzkagun meteoritoen ~% 75 baitira—, Nakhlitak, Chasignitak (hiru mota horiek meteorito martetarren SNC supertaldea osatzen dute) eta ortopiroxenitak. Eta azken talde horren barruan sailkatzen da ALH 84001 meteorito oso ezaguna. 90eko hamarkadaren erdialdean, prentsan agertu zen haren baitan bakterioen fosilak izan zitezkeenaren “antzeko” formak aurkitu zituztelako, mundu zientifikoan eztabaida handia piztu zutenak.

Baina itzul gaitezen gaurkoan esku artean dugun gaira. Marte planeta konplexua da eta haren azalera erupzio bolkanikoek, izotzaren eta uraren presentziak, talka kraterren sorkuntzak eta, jakina, erosioak —egun jarraitzen duenak— markatu dute. Prozesu horiek bilakaera bat markatu dute, eta horrek eragin dezake, eremu beretik datozen meteoritoek ezaugarri ezberdinak izatea. Hortaz, oso zaila izango litzateke horiek ondo interpretatzea eta horien jatorria benetan zein den identifikatzea.

Alabaina, Herd et al.-ek Science Advances aldizkarian argitaratutako ikerketa berri batek (2024) aldaketa garrantzitsua ekar dezake meteorito martetarren jatorriari buruzko gure egungo eta etorkizuneko ezagutzetan. Talka eredu fisikoen datuak, teledetekzio datuak —zundek Marteren orbitatik hartzen dituztenak— eta kraterren kronologien datuak —Marteren azaleraren adina kalkulatzea ahalbidetzen digutenak— konbinatuta, Lurrean eroritako meteorito batzuk nondik atera ahal izan ziren identifikatu dute.

Ikerketaren beste puntu interesgarri bat da meteoritoen mineraletan ikusitako alderdiak interpretatu dituztela, talkaren energia bortitzaren ondorioz agertzen direnak. Xehetasun horri esker, ikertzaileek meteoritoak atera ziren kraterren tamaina zenbatetsi ahal izan dute, baita materialen sakontasuna ere —planetaren azalaren barruan— jaurti aurretik. Horri guztiari esker, zein kraterretatik atera ahal izan diren mugatu ahal izan da.

meteoritoen2. irudia: Hementxe Marteko krater bat ikus dezakegu, Corinto; baliteke gure planetara meteoritoak “bidali izanaren” erantzuleetako bat izatea. Ikusi “arrautza frijituaren” forma bitxia duela; horrek esan nahi du Rampart motako kraterra dela. (Iturria: NASA/JPL/ASU.)

Datu horietatik abiatuta, zenbait krater identifikatu dituzte Martetik etorritako meteorito batzuen iturri gisa. Hauek dira aipatzekoak: Chakpar, Domoni, Kotka, Tooting eta Corinto. Azken hori, bide batez, “markak hausten dituen” kraterra da. Izan ere, balioetsi dute haren sorkuntzaren ondorioz bigarren mailako 2000 milioi krater inguru sortu zirela; zehazki, talka ekitaldian zehar bertatik atera zen materialaren talken ondorioz.

Baina, jatorriaz harago, egileek ohar oso interesgarriak ere egin dituzte Marteren geologiari buruz: meteoritoen eta horien krater “sortzaileen” arteko lotura ezarrita, Marte planetaren historia bolkanikoa berreraikitzeko aukera egon daiteke; eta, horren bidez, planeta eraldatu duten prozesuak hobeto ezagutu ahal izango genituzke.

meteoritoen3. irudia: Irudi honetako krater gehienak —eta ikus daiteke ugari direla— bigarren mailakoak dira, Marteren azaleraren aurkako talka batean bertatik ateratako materialek eratutakoak, abiadura handia hartzean krater berriak sortu baitzituzten. (Iturria: NASA/JPL/UA.)

Egileen ustez, meteoritoen konposizioan dauden aldeek esan nahi dute planetaren mantuak ez dituela konposizio edo ezaugarri homogeneoak, baizik eta “erreserba” magmatiko ezberdinetan banatuta egon dela. Horietako bakoitzak bere ekarpena izan du planetaren historia bolkanikoan, arroka igneo ezberdinak sortuta.

Jar dezagun adibide bat: Corinto kraterrean jatorria duten meteoritoek iradokitzen dute Elysium Planitiaren azpian dagoen mantuak elementu bateraezin gehiago dituela —magmen kristalizazioan zehar mineral ohikoenen egituran hain erraz sartzen ez diren elementuak— Tharsis eremuaren azpian zegoen mantuak baino. Horrek esan nahi du Marteren mantuak konposizio ezberdina duela eremuaren arabera, eta, beraz, fenomeno bolkaniko bereiziak sortu ahal izan direla, gutxienez maila geokimikoan.

Azpimarratu beharreko beste alderdi bat da alborapen handia dagoela gure planetara iritsi diren meteorito martetar motei dagokienez. Gehienak nahiko gazteak dira, ehunka milioi urtetik milaka milioi urtera bitartekoak. Eta horrek kontraste handia eragiten du Marteren azalerari dagokionez ezagutzen ditugun adinen banaketan, gehienak oso antzinakoak baitira. Alborapen horrek argi uzten du meteoritoen bidez bakarrik ezin dugula Marteren historiaren irudi argi eta esanguratsurik eraiki, baizik eta soilik episodio zehatz batzuena.

Hori bai, ikerketak atea irekitzen du etorkizuneko misioetan meteoritoak atera diren Marteko eremuak hautatu eta benetan egiaztatu ahal izateko handik datozen. Edo, beste eremu batzuk iker genitzake, non bertako kraterrek gure planetara meteoritoak bidaltzeko moduko tamaina eta ezaugarriak dituzten, horiek behar bezala edo behin betiko identifikatzen saiatzeko.

Eta, jakina, laginak itzultzeko etorkizuneko misioei begira, eremu batzuetako meteoritoak jada edukitzeak benetan lagun dezake laginik ez dugun beste eremuren bat ikertzeko, piezaz pieza planeta gorriaren historia osatzen jarraitu ahal izateko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Herd, Christopher D. K.; Hamilton, Jarret S.; Walton, Erin L.; Tornabene, Livio L.; Lagain, Anthony; Benedix, Gretchen K.; Sheen, Alex I.; Melosh, H. J.; Johnson, Brandon C.; Wiggins, Sean E.; Sharp, Thomas G.; Darling, James R. (2024) The Source Craters of the Martian Meteorites: Implications for the Igneous Evolution of Mars. Science Advances, 10, 33. DOI: 10.1126/sciadv.adn2378

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko irailaren 16an: ¿De dónde proceden los meteoritos de Marte?

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Zein da Marteko meteoritoen jatorria? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zientzia auzitegietan (I): hastapenak

Ar, 2025-01-14 09:00

Azken hamarkadetan ugariak izan dira auzitegi-zientzia hizpide izan duten film eta telesail ospetsuak. Ospetsuenen artean CSI dugu, zalantzarik gabe, baina beste hainbat ere izan dira, gaur egun genero oso bat True Crime gisa definitzen delarik. Telesailetan ikusten dena ez da beti horrela izaten, hedabide honetan bertan jada aipatu den bezala, baina onartu behar da auzitegi-zientziak eta, bereziki, kriminologia ikasi nahi dutenen kopuruak gorakada handia izan duela. Azter dezagun, bada, zer den auzitegi-zientzia deitzen den hori, Gil Grissom-etik harago.

Auzitegi-zientzia edo zientzia forentsea diziplina zabala da, eta haren funtsa da legearekin lotutako gaiak argitzeko metodo, teknika eta ezagutza zientifikoak erabiltzea. Zentzurik zabalenean, auzitegi-zientziak esparru desberdin asko hartzen ditu bere baitan: ingurumenarekin lotutako arauak, sendagaiak, elikagaiak, pestizidak… Arlo horietan eta beste askotan, badira bete beharreko arau eta legeak eta, hortaz, auzitegi-zientziak arlo horietan gertatzen diren delituekin ere egiten du lan. Hala eta guztiz ere, hilketak edo antzeko krimen larriak dira, ziurrenik, auzitegi-zientzia entzutean burura datorkigun lehen ideia. Horiek ere badira, jakina, auzitegi-zientziaren esparrukoak. Hurrengo lerroetan zientziak justizia-auzitegietan delituak argitzeko egin dezakeen lanaz arituko gara.

Auzitegi1. irudia: krimenaren agertokian dauden objektuek delituak argitzeko informazioa gordetzen dute. (Argazkia: stevepb – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

J. M. Mulet-ek (2016) bere liburuan aipatzen duen moduan, auzitegi-zientzia diziplina oso berria da, baina ez bakarrik diziplina bera: nahiko berria da delituak metodo zientifikoaren eta ebidentzien bidez ebazteko beharra ere. Horrek ez du esan nahi lehenago erabiltzen ez zirenik krimenak argitzeko metodoak eta teknikak, baina kasu askotan haien eraginkortasuna zalantzan jarriko genuke gaur egun. Mendeetan zehar, pertsona bat errudun jotzeko nahikoa izan zitezkeen ebidentziarik gabeko akusazioak, aurreiritziak, momentu txarrean leku txarrean egotea eta abarrak. Antzeko norabidean, McDermid-ek (2014) pozoien kasua aipatzen du. Toxikologia garatu zen arte, oso zaila zen ¾eta kasu askotan ezinezkoa¾ heriotza naturalak hilketetatik bereiztea eta, mende askotan zehar, pozoiak izan ziren hilketa-metodo eraginkorrenak.

Zientziaren garapenarekin batera, ulertu zen krimen baten agertokiak informazio oso baliagarria eman dezakeela eta, informazio hori modu egokian aztertzen bada, krimena argitzeko funtsezko informazioa dela. Aipatzekoa da, adibidez, John Toms hiltzailearen kasua; izan ere, bera izan zen ebidentzia forentseen loturaren bidez errudun jotako lehen pertsona. Txantxa badirudi ere, Guinness errekorretan jasota dago.

1784an, Edward Culshaw tiroz hil zuten. Garai hartako armak aurrekargakoak ziren; alegia, kanoitik kargatzen ziren eta sarritan paper-bola bat sartzen zen jaurtigaia eta bolbora estutzeko. Bada, Culshawren gorpua aztertu zutenean, paper-bola horietako bat aurkitu zuten garezurrean. Bola hori ez zen edozein motakoa, egunkariko orri baten goiko aldea zen zehazki, eta ez zen egunkariko orri bat, garai hartan ohikoak ziren ballad sheet bat baizik¾. Hilketaren susmagarri nagusia John Toms zen eta haren poltsikoan aurkitu zuten orriari falta zitzaion zatia. Hori ebidentzia nagusia izanik, Lancasterren egindako epaiketan errudun jo zuten eta, esan bezala, bera izan zen dokumentuen analisian oinarritutako ebidentzia forentseen loturaren bidez zigortutako lehen pertsona.

Gaur egun auzitegi-zientzia ez da diziplina bakarrekoa; hain zuzen ere, zientziaren hainbat alorrek parte hartzen dute delituak argitzeko prozesuan: kimika, fisika, biologia, geologia, medikuntza, psikologia, ingeniaritza, informatika eta beste hainbat sailka daitezke auzitegi-zientzien barruan. Telesailetan eta filmetan ikusten dugunaren ondorioz, sarritan nahastu egin ditzakegu auzitegi-medikuntza eta auzitegi-zientzia, baina, kontzeptuak argitze aldera, kontuan hartu behar dugu mediku forentseek giza gorputzak tartean daudenean egiten dutela lan. Analisia zientzialari forentseekin lankidetzan egitea izaten da ohikoena; esate baterako, su-arma baten tiroz hildako gorpua medikuak aztertuko du, baina tiro-aztarnen konposizioa zientzialari forentseari dagokio. Pozoiketa kasu batean ere antzeko zerbait esan daiteke: mediku forentseak gorpua eta pozoiketaren sintomak aztertuko ditu, baina pozoiaren aztarnak zientzialari forentseak aztertuko ditu.

Jada esan dugun bezala, forentse hitzak medikuak eta gorpuak ekarriko dizkigu gogora, ziurrenik. Hala ere, euskarazko hitzak are garbiago uzten du esanahia: auzitegikoa, auzitegietarako egiten den zientzia. Horixe da, hain zuzen ere, zientziaren esparru hau: auzitegietan ebazten diren delituak argitzen laguntzea. Edozein kasutan, forentse hitzaren jatorri etimologikora bagoaz, forensis hitza latinetik datorrela ikusiko dugu, eta “foro-koa dena” adierazten duela. Antzinako Erroman, Foroan eztabaidatzen zen modu publikoan, eta bertan egiten ziren epaiketak. Frogak aurkeztuz eta argudiatuz ematen ziren epaiak. Hori horrela, argi gelditzen da zientzia forentseaz ari garenean zertaz ari garen: legeekin eta lege-hausteekin lotura duen horretaz. Eta ez hori bakarrik, metodo zientifikoan oinarrituta aztertutako ebidentziek argudio sendoagoak ematen laguntzen dute. Horrela, argiago geldituko da krimen bat benetan nola gertatu den, eta hortik eratorritako erabakiak -bai krimen bat leporatzeko, bai errugabe bat libratzeko-, justuagoak izango dira.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Esteban Santos, Soledad (2023). La Química en el contexto de la ciencia forense. In Cornago Ramírez, Mª del Pilar; Esteban Santos, Soledad. Química Forense (21-47 or.). UNED
  • McDermid, Val (2014). Forensics: what bugs, burns, prints, DNA, and more tell us about crime. Grove Press.
  • Mulet, J.M. (2016). La ciencia en la sombra. Planeta argitaletxea.
Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Zientzia auzitegietan (I): hastapenak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Gernikako araztegiko itxieraren inpaktua Urdaibaiko fitoplanktonean

Al, 2025-01-13 09:00

Gernikako araztegia itxi ondoren Urdaibaiko fitoplanktonak nola erantzun duen ebaluatu du UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikerketa batek. Horretarako, Fitoplanktonaren Ekologia taldeak garatutako eta pigmentuen analisian oinarritutako tresna berritzaile bat erabili dute. Emaitzek erakusten dutenez, uraren kalitate fisiko-kimikoa hobetu egin da, eta horrek norabide onean doazen aldaketak eragiten ditu komunitate fitoplanktonikoan.

Fitoplanktona, fotosintesia egiten duten organismo mikroskopikoen multzo bat, oso sentikorra da mantenugaiak eskuratzeko aukeran gertatzen diren aldaketekiko. Horri esker, adierazle baliagarria da giza jardueraren (eutrofizazioaren) ondorioz sortzen diren gehiegizko mantenugai-kantitateak ebaluatzeko eta haiek murrizteko egiten diren ekintzen ondorioak aztertzeko. Hain zuzen ere, Gernikako araztegiko hondakin-uren isurketak etetean Urdaibaiko estuarioko komunitate fitoplanktonikoak epe ertainean nola erantzun duen ebaluatu du UPV/EHUko ikertzaile Jone Bilbaok. “Saneamendu-lanen aurretik (2020an) eta ondoren (2022an) biomasa fitoplanktonikoan eta komunitatearen osaeran izan diren aldaketak aztertu ditugu”, azaldu du.

urdaibaikoIrudia: Sergio Seoane eta Jone Bilbao Urdaibaiko estuarioan laginketa bat egiten. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Ikerketaren emaitzek erakutsi dutenez, “epe ertainera sisteman eragin garrantzitsuak izan dira”, adierazi du Sergio Seoane Landare Biologia eta Ekologia saileko irakasle eta ikerketaren zuzendariak. Hondakin-uren estazioak sortutako mantenugaiak (amonioa eta fosfatoa) drastikoki gutxitu ziren, eta horrek eragin zuzena izan zuen biomasa fitoplanktonikoan eta komunitatearen osaeran. “Kanpoaldeko eta erdialdeko estuarioan, biomasa nabarmen murriztu zen, mantenugaien kontzentrazioak txikiagoak zirelako. Araztegiaren inguruetan, berriz, biomasa handitu egin zen estolderia-lanen ondoren, isurketetatik eratorritako gehiegizko amonio-kargak inguru hartan fitoplanktona haztea eragozten ari zirelako ziurrenik”, esan du. Era berean, ikertzaileek aldaketa garrantzitsuak sumatu dituzte komunitatean; “adibidez, obrak egin ondoren talde batzuk nabarmen ugaritu direla hauteman dugu”.

Pigmentuetan oinarritutako metodologia

Ikerketa egiteko PIGMENTUM erabili dute, ikertzaile biek pigmentuen analisian oinarrituta garatutako tresna berritzailea (Bilbao eta Seoane, 2024). Tresna horrek aukera ematen du pigmentuen bidez komunitate fitoplanktonikoaren osaera ezagutzeko; “ez maila espezifiko batean, baizik eta aukera ematen du pigmentu-talde bakoitzak komunitatean zer portzentaje duen ezagutzeko”, azaldu du Seoanek. “Ikerketa honek balio izan du frogatzeko tresna erabilgarria dela komunitatearen osaera eta aldakortasuna aztertzeko; izan ere, hain organismo txikiak erregistratzen ditu, ezen ez bailirateke kontuan hartuko mikroskopia bakarrik erabili izan balitz”, gaineratu du Bilbaok.

Landare Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileek diotenez, “aldaketa horiek ondorio ekologikoak izan ditzakete etorkizun hurbilean; izan ere, komunitate fitoplanktonikoaren osaeran gertatzen diren aldaketek eragina izan dezakete kate trofiko osoan (katearen oinarrian baitago)”. Ikerketa honek agerian utzi du “aipatutako saneamendu-lanek ondorio onuragarriak izan dituztela. Argi eta garbi, uraren kalitate kimikoa hobetu egin da. Zantzuak daude baita esateko uraren kalitatea hobetzeko bidean doala. Hala ere,  leheneratze biologikoa lortzeko beti denbora gehiago behar da, estuarioan erresilientzia dagoelako, sedimentuetan substantziak geratzen direlako; baina, bai, aldaketak ere hautamen ditugu”, diote.

Seoanek eta Bilbaok Urdaibaiko estuarioko komunitate fitoplanktonikoa aztertzen jarraitzen dute. “Geroztik egin ditugun laginketek erakusten dute komunitateak norabide ona hartu duela”, esanez amaitu dute.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Gernikako araztegiko urak Urdaibaira ez isurtzeak berehalako aldaketak eragin ditu ur-ingurunean

Erreferentzia bibliografikoa:

Bilbao, Jone; Seoane, Sergio (2024). Response of the phytoplankton community to the cessation of wastewater discharges in the urdaibai estuary (SE bay of biscay) based on PIGMENTUM analysis of HPLC pigments. Marine Environmental Research, 200. DOI: 10.1016/j.marenvres.2024.106668

Bilbao, Jone; Seoane, Sergio (2024). PIGMENTUM: an easy pigment-based tool for monitoring phytoplankton community composition. Marine Ecology Progress Series, 729, 31-45. DOI: 10.3354/meps14518

The post Gernikako araztegiko itxieraren inpaktua Urdaibaiko fitoplanktonean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #515

Ig, 2025-01-12 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

giza

Fisika

Higgsen eremua, partikulen fisikaren oinarrizko osagaia, unibertsoaren “musika tresna kuantikoa” bezala uler daiteke. Eremu honek oinarrizko partikulen masak sortzen ditu erresonantzia maiztasunak aldatuz. Bibrazio hauek gitarraren sokak bezala funtzionatzen dute: partikula bakoitza bere eremuaren barruan kulunkatzen da, masa definituz. Higgsen eremuaren leheneratze efektuak erresonantzia maiztasunak areagotzen ditu, partikulen masa eraginez. Ideia hau eremu kuantikoaren teorietan eta 2012an aurkitutako Higgsen bosoiaren esperimentazioan oinarritzen da, eta argitzen du nola bihurtzen den unibertsoa musika tresna baten antzeko sistema dinamiko bat. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Purnima Sinha Kalkutako Unibertsitatean fisikako doktoregoa eskuratu zuen lehen emakumea izan zen, X izpien difrakzioa erabiliz Indiako buztinen kristal egiturak aztertuz. Baldintza mugatuetan egindako ikerketak Nature aldizkarian argitaratu zituen, eta gero buztinaren eta DNAren egitura aztertzen jarraitu zuen Stanforden. Zientzia eta artea uztartuz, zeramika eta musika landu zituen, eta tokiko hizkuntzetan zientzia hedatzea sustatu zuen. Bere senarrarekin komunitate tribalen hezkuntza bultzatu zuen. Zientziari eta arteei buruzko liburu asko idatzi zituen, ingelesez zein bengaleraz. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Osasuna

Ikerketa batek ondorioztatu du lo patroi irregularra izateak bihotzeko arazoak izateko arriskua % 26 handitu dezakeela. Erritmo zirkadianoak eten egiten direnean, metabolismoan eta immunitatean nahasmenduak gerta daitezke, eta horrek osasun fisiko eta mentalari eragin diezaioke. 72.269 pertsonaren datuak aztertuta, ikusi dute loaren erregulartasunak osasunari mesede egiten diola, baita bihotzeko gaitzak, depresioa eta antsietatea saihesteko ere. Zientzialariek gomendatzen dute ohera joateko eta esnatzeko ordutegi finko bat mantentzea, baita asteburuetan ere, osasun onurak maximizatzeko. Informazioa Zientzia Kaieran.

AEBn egindako ikerketa batek frogatu du sexismoak adineko emakumeetan galera kognitiboa bizkortzen duela, bereziki emakume beltzetan. Estatu sexistenetan jaiotako emakumeek 9 urte gehiago zahartzea bezalako galera dute garunean. Aurretik, 2023ko ikerketa batek ere erakutsi zuen genero-desoreka handia duten herrialdeetan emakumeen kortexa meheagoa dela. Faktore ekonomikoek eta hezkuntzak ere eragina dute. Ikertzaileek adierazi dute sexismoa egiturazkoa dela eta desberdintasun sozialak orekatzeak alzheimerraren prebalentzia murrizten lagun dezakeela. AEBn alzheimerra duten pazienteen bi herenak emakumeak dira. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Endometriosia min pelbikoa, antzutasuna eta bestelako sintomak eragiten dituen gaixotasuna da (dismenorrea, dispareunia, disuria). Tratamenduak sintomen hobekuntzan oinarritzen dira, ikuspegi multidiziplinarrarekin (medikuntza, nutrizioa, psikologia eta fisioterapia). Fisioterapiak mina arintzea, adherentziak askatzea eta bizi kalitatea hobetzea bilatzen du, teknikak ezberdinak erabiliz: masoterapia, TENS, eta arnas teknikak, besteak beste. Azterketek hobekuntza erakutsi dute, baina ikerketa gehiago behar da eraginkortasuna berresteko. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Teknologia

Manhattan Proiektuan, kalkulu konplexuak egiteko baliabide konputazional mugatuak erabili ziren, baina antolakuntza berritzaileak eta giza talentuak eraginkortasuna ziurtatu zuten. Gehienbat emakumeek osatutako “giza ordenagailuek” Marchant kalkulagailu elektromekanikoak eta IBM 601 tabulagailuak baliatu zituzten. Richard Feynmanek kalkulu prozesuak optimizatu zituen, lanak urratsetan banatuz eta giza taldeak eta makinak lehiatuz. Horrek produktibitatea handitu eta erroreak minimizatu zituen. Emakumeen ekarpena funtsezkoa izan zen, eta sistema horrek ondorengo konputazio modernoaren oinarriak jarri zituen. Informazio guztia Zientzia Kaieran.

Klima-aldaketa

NASAko ikertzaileek ondorioztatu dute hodeien estaldura etengabe murrizten ari dela azken 20 urteetan, Terra satelitearen datuen arabera. Kalkuluen arabera, hamarkada bakoitzean % 1,5 gutxitu da, bereziki ekuatore inguruan eta latitude ertainetan. Hodeien galeraren arrazoia ez dago argi, baina litekeena da atmosferako zirkulazio-aldaketekin lotuta egotea. Zientzialariek ohartarazi dute joera honek klima-aldaketa areagotzea ekar lezakeela, eguzki-erradiazio gehiago Lurrera iristea ahalbidetuz eta berotze globala bizkortuz. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Mikrobiologia

H5N1 birusak mutazio bat baino gehiago behar ditu gizakietan pandemia bat eragiteko. Nahiz eta laborategiko ikerketa batek hemaglutininaren mutazio batek birusaren giza errezeptoreetara lotzea errazten duela erakutsi, ez da nahikoa. Birusak oraindik hegaztietan du eragin handiena, baina ugaztunak ere infektatu ditu. Gizakien artean, kasu gehienak behien bidez gertatu dira, eta pertsonen arteko kutsadura ez da frogatu. Arriskua espezie bitartekariren bat infektatzean legoke, horregatik Osasun Bakarra estrategiaren beharra azpimarratu dute zientzialariek. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #515 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #522

La, 2025-01-11 09:00

Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.


Ustezko paleodieta modan daramatza pare bat hamarkada. Gure arbasoek jaten zutena erreproduzitzen duela suposatzen da. Ikerketa berri batek agerian uzten du hau guztia ipuin bat besterik ez dela. ‘Paleo’ diet narrative challenged

Ezagutzen dugun bizitza molekula kiral mota bakar batean oinarritzen da: ispiluaren alde bat bakarrik da zuzena. Batzuek bizitzaren molekulak eta bizitza bera sortzen saiatzen ari dira beste aldeko molekulak erabiliz. Zenbateraino da hori bizitzarako arriskutsua? Ramón Muñoz-Muchpulik gaia aztertzen du Life Through the Looking Glass: An Unprecedented Threat?

Argitan egoteak korronte elektrikoa eragiten du zenbait materialetan, kanpo eremu elektriko baten beharrik gabe. Hori bereziki interesgarria da grafenozko geruza biratuetan. DIPCko jendeak: Photogalvanic effects in twisted bilayer graphene

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #522 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Purnima Sinha, zientziatik eta artetik abiatuta buztina landu zuen fisikaria

Or, 2025-01-10 09:00

Indiako zoruetan aurki daitezkeen buztinen ikerketa izan zen Purnima Sinha zientzialariaren karrerako interes handietako bat; izan ere, X izpien teknikak erabiltzen zituen horien egiturak aztertzeko. Baina materialen eta beren koloreen analisiak ez zuen soilik fisikariaren arrazoibide zientifikoa pizten, haren inspirazio artistikoa ere erakartzen zuen. Horiek horrela, buztina modelatzen hasi zen, eskulturak sortzeko. Bi alderdi horietan dedikazio eta talentu handia erakutsi zuen, harentzat zientzia eta artea jakin-min beraren bi adierazpen bailiran.

Purnima Sinha 1927ko urriaren 12an jaio zen Kalkutan (India); garai hartan kolonia britainiarra zen. Senar-emazte liberal batzuen alaba zen. Aita abokatua zen, 1917ko Errusiako iraultzaren jarraitzailea, eta joera komunistak zituen. Besteak beste, defendatzen zuen emakumeek heziketarako eskubidea zutela, eta sexuen arteko berdintasunean sinesten zuen.

Purnima1. irudia: Purnima Sinha Kalkutako Unibertsitatean fisikako doktoregoa eskuratu zuen lehenengo emakumea izan zen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Hori dela eta, Sinhak eta bere ahizpek karrera akademikoak eta zientifikoak egin ahal izan zituzten matematikaren, kimikaren eta ekonomiaren esparruetan. “Trantsizioko zientzialariak” deritzenaren parte izan ziren. Izan ere, horien oinarrizko heziketa erregimen kolonial britainiarraren pean gauzatu bazen ere, karrera zientifikoak India jada independentea zenean egin zituzten. Sinhak fisikaren alde egin zuen.

Fisikako lehenengo emakumezko doktorea Kalkutako Unibertsitatean

Bere familian emakume batek baino gehiagok jaso zuten prestakuntza zientifikoa, baina Indian ez zen batere ohikoa 40ko hamarkadan emakumeek halako prestakuntzarik jasotzea. 1955ean, Sinha Kalkutako Unibertsitatean fisikako doktoregoa eskuratu zuen lehenengo emakumea izan zen. Sinharen zuzendaria Satyendra Nath Bose izan zen, garai hartako fisikari ospetsua, fisika kuantikoaren eremuan ekarpen handiak egin zituena. Boseri buruzko legatu biografiko gehiena Sinharen beraren eskutik jaso dugu; izan ere, zenbait liburu argitaratu zituen bere maisuari buruz.

Purnima2. irudia: Paul Dirac, Purnima Sinha eta Satyendra Nath Bose (Kolkata, 1954). (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Hala ere, Sinharen lantaldeak fisikaren beste eremu bat aztertzen zuen: buztinetako kristal egiturak ikertzen zituzten, X izpien difrakzioa erabilita. India independizatu berri zen garai hartan, herrialdeak ez zuen baliabide nahikorik ekipo eguneratuak zituzten ikerketa laborategiak ezartzeko. Ikerketa zientifikoa artearen, artisautzaren, asmakuntzaren eta miaketa sistematikoaren arteko erdibidean zegoen.

Tresna zientifikoak makineria militar zaharretik abiatuta

Sinhak berak kontatuko zuenez, lan egiten zuen laborategian hamar ikertzaile zeuden, eta bakoitzak bere tresnak eraiki behar zituen, haren ikerketaren premien arabera. Horretarako, Sinhak eta bere kideek Bigarren Mundu Gerraren ostean abandonatutako makina militar zaharren piezak eta ikerketa tresna zaharrak erabiltzen zituzten. Eta, horri esker, Indiako hainbat eremutako buztin materialen berrogeita hamar bat motaren sailkapen zehatza egin ahal izan zuten, eta bi artikulu argitaratu zituzten Nature aldizkarian horren berri emateko.

Aurrerago, Stanfordeko Unibertsitatera (Kalifornia) joan zen, Biofisika Sailera, eta bertan ikerketak egin zituen hain ondo ezagutzen zituen buztinaren kristal egitura horiek alderatzeko interesgarriak iruditzen zitzaizkion DNA patroiekin, Origins of Life proiektu orokorraren baitan. Garai hartan, halaber, zenbait konferentzia eman zituen Indiako musikari buruz Chicagoko Unibertsitatean. Eta gerora, liburu batean bildu ziren.

Buztina, zientziaren eta artearen erdibidean

Indiara itzuli zenean, Indiako Zundaketa Geologikoan eta JCB Bose Institutuan lan egin zuen; baina, azkenean Kristalaren eta Zeramikaren Ikerketarako Institutu Nagusian sartu zen, kolore ezberdinetako zeramiken fisika aztertzeko.

Interes zientifikoa eta joera artistikoak uztartuta, garai hartan buztina modelatzen hasi zen. Eta musikarekiko bere interesari eta gaitasunari jarraikiz, tabla izeneko musika tresna jotzen ikasi zuen. Eskuarki, gizonezkoek jotzen zuten tresna hori Indiako musika klasikoko taldeetan. Horrez guztiaz gain, hainbat esparrutako erakusketa eta esposizio antolatu zituen, baita horietan parte hartu ere, hala nola zeramika, zura, buztina eta pintura.

Purnima3. irudia: Purnima Sinha tabla jotzen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Zientziari eta arteei buruzko liburu asko idatzi zituen, ingelesez zein bengaleraz, irmoki uste baitzuen zientzia tokiko hizkuntzetan irakatsi eta zabaldu ahal zela. Hain zuzen, garai hartako zenbait obra zientifiko ere itzuli zituen bengalerara, hala nola Erwin Schrödingerren Mind and Matter liburua, haren irismena zabaltzeko asmoz.

Bere senarrarekin batera (Surajit Chandra Sinha antropologoa) ere lan egin zuen talde tribaletako haurren hezkuntzarako sarbidea zabaltzeko; eta, horretarako, eskolak, ikastetxeak eta goi mailako hezkuntza programak sortu zituzten komunitate horientzat.2015eko uztailaren 11n zendu zen.

Iturriak: Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko urriaren 24an: Purmina Sinha, la física que trabajó con arcilla desde la ciencia y desde el arte.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Purnima Sinha, zientziatik eta artetik abiatuta buztina landu zuen fisikaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Fisioterapia tratamenduen eragina endometriosiak sortzen duen minean

Og, 2025-01-09 09:00

Endometriosia emakumeetan eratu daitekeen gaixotasun ginekologikoa da. Gaixotasun honetan uteroa inguratzen duen ehuna, endometrioa, uterotik kanpo agertzen da. Horrek, hantura kronikoa eragiten du eta, askotan, endometrioaren gehiegizko garapena eta uteroz kanpoko metaplasia muskularrarekin batera agertzen da. Endometriosiaren patogenesia ezezaguna da, halaber, gaixotasunaren patogenesia azaltzeko hainbat hipotesi proposatu dira. Hipotesi batzuk besteak baino argiagoak dira, hala ere, ez da proposatu hipotesi bat endometriosiaren patogenesia azaltzeko gai dena gaixotasunaren modu guztietan.

Sintoma nagusiak min pelbikoa eta antzutasuna dira, bizi kalitatean eragin handia izaten dutenak. Dena den, minarekin batera beste sintomak ager daitezke, hala nola, dismenorrea (hileroko mina), min pelbikoa, dispareunia sakona (min sakona harreman sexualetan), diskezia (sabelusteko zailtasunak) eta disuria (mina pixa egiterakoan).

fisioterapiaIrudia: endometriosiaren aurrean fisioterapiaren helburuak mina arintzea, inplante endometrialek edo ebakuntzek eragindako adherentziak askatzea, gaixotasunaren progresioa murriztea eta endometriosia pairatzen duten emakumeen bizi kalitatea hobetzea dira. (Argazkia: Sora Shimazaki -Pexels lizentziapean- Iturria: Pexels.comMina endometriosian

Mina esperientzia sentsorial eta emozional desatsegina da, ehunen kalte erreal edo potentzialarekin lotuta dagoena. Endometriosian ematen den mina mekanismo periferikoarengatik eta mekanismo zentralarengatik ematen da. Mina eremu anatomiko zehatz batean hauteman ohi den arren, minaren esperientzia kontzientea garunetik sortzen da nerbio-sistema zentralaren barruko jarduera koordinatuaren ondorioz. Minak berak ere nerbio-sistema zentralaren egitura eta funtzioa aldatzen ditu, eta sarritan sentsibilizazio zentralera eramaten du; honek eragiten du estimulu periferikoak sentikorragoak bihurtzea, baita mina sortzea lesio kaltegarri periferikorik gabe.

Zein da endometriosiaren tratamendua?

Endometriosiak ez dauka tratamendu sendatzailerik, beraz, tratamendua sintomen eta bizi kalitatearen hobekuntzan oinarritzen da. Izan ere, gaixotasun honen tratamendu sintomatologikoa multidiziplinarra da, tratamendu medikua, nutrizionala, psikologikoa eta fisioterapeutikoa barneratzen dituena, eta, haien artean konbinatu daitezke. Hori dela eta, tratamendu sintomatologikoa planteatu baino lehen, lehenengo minaren jatorria aztertu behar da eta, ondoren, garrantzitsua da zehaztea mina ehunaren lesioarekin lotuta egon daitekeen edo beste faktore batzuengatik sortu den.

Fisioterapia tratamenduei dagokionez, endometriosian ematen den minean duen eraginari buruzko ikerketa askorik ez egon arren, min pelbikoa kronikoari buruz hainbat ikerketa eta berrikuspen sistematiko argitaratu dira azkenengo urteetan. Min pelbikoa endometriosian ematen den sintoma nagusienetarikoa da, izan ere, kasu askotan kronifikatu egiten da. Hortaz, min pelbiko kronikoari buruzko ikerketetan ateratako ondorioak endometriosiarekin erlazio handia izan dezakete.

Gaixotasun honen aurrean fisioterapia pelbiperioneologikoaren helburuak mina arintzea, inplante endometrialek edo ebakuntzek eragindako adherentziak askatzea, gaixotasunaren progresioa murriztea eta endometriosia pairatzen duten emakumeen bizi kalitatea hobetzea dira. Horretarako, Fisioterapia-metodo eta -teknika desberdinak egon daitezke, hala nola, masoterapia (perineala, abdominala, orbainetakoa), osteopatia estrukturala zein biszerala, indukzio miofasziala, berreziketa posturala, arnas teknika fisioterapikoak eta erlaxazio teknikak. Dena den, fisioterapia tratamendu asko enpirikoak dira, beraz, fisioterapia tratamenduei buruzko ebidentzia zientifikoa aztertu nahi izan da.

Berrikuspen sistematikoa egin ondoren eta azken urteetako literatura aztertu ondoren, ikerketak erabilitako fisioterapia metodoak Thiele masajea, TENS-a (kutaneoa eta akupuntura modukoa), nerbio bagoaren elektroestimulazioa eta akupuntura dira. Emaitzei dagokionez, azterlan guztiek minaren hobekuntza estatistikoki esanguratsuak adierazi zituzten. Hala eta ere, tratamenduen eraginkortasuna zehazteko meta-analisi bat egin beharko litzateke, eta, hori hurrengo pausua izango litzateke. Azkenik, berrikuspen sistematiko honek barneratzen dituen ikerketen ezaugarriengatik ezin izan dira ondorio sendoak atera eta etorkizunean ikerketa gehiago, kontrolatuagoak eta lagin handiagoekin gehiago beharko lirateke.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 45
  • Artikuluaren izena: Fisioterapia tratamenduen eragina endometriosiak sortzen duen minean: berrikuspen sistematikoa
  • Laburpena: Endometriosia emakumeetan agertzen den gaixotasun ginekologiko kroniko, ohiko, onbera, hanturazkoa eta estrogeno menpekoa da. Gaixotasun horretan funtzionalki aktiboa den ehun endometriala uterotik kanpo eratzen da, eta horrek hantura kronikoa eragiten du. Sintoma nagusiak min pelbikoa eta antzutasuna dira, bizi kalitatean eragin handia izaten dutenak. Ikusita askotan gaixotasun honen tratamendurako fisioterapiaren erabilera enpirikoa dela, berrikuspen sistematiko hau egin nahi izan da. Alde batetik, endometriosia diagnostikatuta duten emakumeen minaren tratamendurako zer fisioterapia-tratamendu dauden ikusteko eta, bestetik, horiek lortutako emaitzak aztertzeko ebidentzia zientifikoaren arabera. Bilaketa bibliografikoa egin zen «Endometriosis», «Physical Therapy Modalities» eta «Physical Therapy Specialty» terminoekin osasunarekin lotutako 6 datu-basetan. Bertan, endometriosia diagnostikatuta duten mina tratatzeko fisioterapia metodo edo teknikak erabili zituzten ausazko entsegu klinikoak bilatu ziren, ingelesez edo gaztelaniaz idatziak. Kalitate metodologikoaren balorazioa PEDro eskalaren bidez egin zen. Azkenean, 7 azterlan aukeratu ziren, horien kalitate metodologikoa egokia edo ona izanik; batek bakarrik kalitate metodologiko eskasa zuen. Guztira 320 parte-hartzaile aztertu zituzten, eta aztertutako fisioterapia metodoak, Thiele masajea, TENSa (kutaneoa eta akupuntura modukoa), nerbio bagoaren elektro-estimulazioa eta akupuntura izan ziren. Azterlan guztiek minaren edo minarekin erlazionatutako sintometan hobekuntza estatistikoki esanguratsuak aurkitu zituzten. Endometriosiak sortutako min sintomen tratamendurako dauden fisioterapia-tratamenduak ebidentzia zientifikoan oinarrituta Thiele masajea, TENSa (kutaneoa eta akupuntura modukoa), nerbio bagoaren elektroestimulazioa eta akupuntura dira, eta guztiek minaren gutxipena eragin zuten ebidentzia zientifikoaren arabera.
  • Egileak: Ismene Rodriguez, Izaro Esain, Iraia Bidaurrazaga-Letona, Miriam Urquiza eta Iratxe Duñabeitia
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 51-70
  • DOI: 10.1387/ekaia.24979
Egileez:

Ismene Rodriguez, Izaro Esain, Iraia Bidaurrazaga-Letona, Miriam Urquiza eta Iratxe Duñabeitia UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Fisioterapia tratamenduen eragina endometriosiak sortzen duen minean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Manhattan proiektuko giza softwarea

Az, 2025-01-08 09:00

Gaur egun, asko txunditzen du konturatzeak duela gutxiko historiako zientziaren eta teknologiaren arloko mugarri garrantzitsuenetako batzuk arazo batean lan egiteko eskuragarri zeuden giza garunen kopuruak mugatutako gaitasun konputazional baten bidez lortu zirela. Baina, kontua da ikerketa zentro batzuetan garun horiek askoz hobeto antolatuta zeudela eskura izan zezaketen edozein makina baino. Horixe izan zen, hain zuzen ere, 1943 inguruan, Manhattan proiektuan zehar Los Alamos konputazio instalazioen kasua.

Kontu horretan garrantzitsuena izan zen XX. mendeko 40ko hamarkadan, alde batera utzita lehen bonba atomikoaren sorrera finantzatzea eragin zuten inguruabar zientifiko, politiko eta belikoak, halako tresna bat garatzeko beharrezkoak ziren kalkuluak ez zirela hutsalak, ezta gutxiagorik ere. Batez ere mekanismoaren diseinuari eta plutonio bonbaren ―Trinity testean probatu zen eredua― inplosio hidrodinamikari buruzko kalkuluak; izan ere, besteak beste, gailuak zenbat energia askatuko zuen zehaztu behar zen. Ezin zenez frogarik egin, batez ere hasieran, deribatu partzial ez-linealetan ekuazio diferentzialak ebatzi beharreko eredu matematikoekin egin behar zen lan, eta, horiekin trebatuta ez dagoen edozeinentzat, nahiko lan zaila zen ordenagailurik izan ezean.

Manhattan1. irudia: Los Alamos laborategian, giza ordenagailuek (normalean emakumezkoak) eskuz egiten zituzten bonba atomikoa garatzeko beharrezkoak ziren kalkuluak, argazkiko Marchant kalkulagailu elektromekanikoaren antzekoen bidez. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Une hartan, batez ere Bigarren Mundu Gerraren aurretik, nagusiki hiru kalkulagailu mota zeuden: idazmahaiko kalkulagailu elektromekanikoak, txartel zulatuen tabulagailuak eta analizatzaile diferentzialak (Vannevar Bush-ek MITen eraiki zuenaren antzeko ordenagailu analogikoa). Manhattan proiektuan batez ere lehenengo biak erabili ziren. Analizatzaile diferentziala gerran artilleriako taulak egiteko erabili zen.

1943. urtearen hasieran, Stanley P. Frankel eta Edred Nelson Los Alamosera iritsi ziren matematika lan teoriko guztia antolatzeko. Berkeleyko Lawrence laborategian esperientzia jasoa zuten uranioaren isotopoak bereiztearekin lotutako kalkuluak egiten eta kate erreakzioari eusteko beharrezkoa zen masa kritikoa zenbatesten. Mexiko Berrian, hasiera batean, uraniozko bonbarekin lotutako kalkulu balistikoez arduratuko ziren; aurrerago, berriz, 1944 aldera eta John von Neumannek ikuspegia aldatu behar zela behin eta berriro errepikatu ondoren, uraniozko bonbarekin eta haren inplosio mekanismoarekin lotutakoekin arduratu ziren.

Horretarako, idazmahaiko hainbat Marchant eta Friends kalkulagailu eta Monroe batzuk eskatu zituzten, eta prozesuaz arduratuko ziren “giza ordenagailuen” artean (emakumezkoak gehienetan) banatu zituzten. Aurrerago, tabulagailuak erabiltzeko aukera aztertzen hasi ziren eta 1944ko martxoan, besteak beste, IBM 601en errefortzua iritsi zen.

2. irudia: IBM 601 tabulagailu bat zen, eta bertan txartel zulatuen bidez sartzen ziren bi zenbaki biderkatzeko gai zen, ez zatikatzekoa, ordea. 1944. urtearen amaieran, Los Alamos laborategian halako lau instalatu ziren, bai eta beste aplikazio batzuk zituzten IBM ereduko beste batzuk ere. Sistemak, guztira, zortzi makina zituen. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Hemen eten bat egin behar da. Aski ezaguna da, konputazioaren historiaren hasieran, emakumeak arduratzen zirela lehenengo ordenagailuak programatzeko lanez. Manhattan proiektuari dagokionez, batez ere, ehuneko handi batean, han lan egiten zuten zientzialarien emazteek programatzen zituzten. Horiek horrela, izen hauek topa ditzakegu: Mary Frankel, kalkulu talde bat gainbegiratu zuena, edo Mici Teller, zeinen ezkon abizenak ez liratekeen ezezagunak izan beharko. Aipagarriak dira, halaber, gerra amaitu ondoren, Klara Dan von Neumman-ek ENIACekin egindako lanak. Zenbatesten da hirurehun emakume baino gehiago aritu zirela Manhattan proiektuko lanpostu teknikoetan. Los Alamosen kasuan, gainera, familia osoak jaso zituen miniaturazko hiri bat zen leku hura, eta emakume horien lana sustatu zen aktiboki. Horietako asko etxekoandreak ziren eta hainbat laguntza jaso zituzten, normalean etxearen eta seme-alaben zaintzarekin lotutakoak.

Manhattan3. irudia: Mary Frankel (X214) eta Mici Teller (X169) Los Alamosen lan egiten zuten emakume kalkulatzaile ugarietako bi izan ziren. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Hala ere, Frankel-en eta Nelson-en konputazio taldearen alderdirik deigarriena ez ziren ez emakume kalkulatzaileak, ez erabiltzen zituzten makinak, antolaketa baizik. Kalkuluak egiteko tabulagailuak erabiltzea balioesten hasi zirenean, kalkuluak azkarrago egiteko sistema bat pentsatu zuten. Ekuazio baten ebazpen prozesua urrats sinpleetan banatzen zuen “programa” edo fluxu diagrama moduko sistema bat sortu zuten. Ezin izan zuten zuzenean probatu IBMak izan arte; hortaz, simulazio bat egin zuten emakume kalkulatzaileen taldea erabilita. Prozesua nahiko intuitiboa zen. Marchant-a mahai gainean zutela, bakoitzak urratsetako bat egiten zuen: batek biderketak egiten zituen, beste batek zatiketak, beste batek erro karratuak… beti urrats bera, eta emaitzak txartel batean pasatzen zituzten hurrengo mahaira, beste lankide batek kalkuluaren bere partea egin zezan. Sistemak izugarri ondo funtzionatu zuen, pertsona bakar batek ekuazio osoa, urratsez urrats, ebatzi izan balu baino askoz hobeto eta efizienteago.

Guztiaren erdian, hogeita sei urteko fisikari gazte bat zegoen, zeina etorkizunean ezagunagoa izan baitzen bongoak jotzeagatik Nobel saria irabazteagatik baino: Richard Feynman. Marchant kalkulagailuak matxuratzen zirenean, haiek konpontzeaz arduratzen ziren fisikarietako bat zen (izan ere, ez zegoen fabrikatzaileari bidali eta hark noiz itzuliko zain egoteko denborarik) eta oso ondo ezagutzen zuen guztiaren funtzionamendua. Lehenengo IBMak iritsi zirenean, 1944ko apirilean, Frankeli eta Nelsoni muntatzen lagundu zien ―Manhattan proiektuarekin zerikusia zuen guztiaren inguruko muturreko sekretismoa zela eta, hasiera batean, IBMko langile bakar batek ere ez zuen lortu Los Alamosera joateko baimena―.

Dena prest egon zenean, jakina, Feynmanek bere ideia bitxietako bat izan zuen: emakume kalkulatzaileak eta tabulagailuak lan bera egiten jartzea eta elkarren artean lehian aritzea. Nork emango zuen denbora gutxien arazo bat ebazteko? Gaur egun, esango genuke ordenagailu batek behar zuela denbora gutxien, baina, garai hartan, emakumeek irabazi zuten. Desabantaila bat baino ez zuten izan: kalkulu prozesu bera erabilita, emakumeak nekatu egin ziren, IBMak ez bezala, jakina.

Giza “programa” horrek, dagoeneko operatibo zeuden tabulagailuekin batera, izugarri areagotu zuen errendimendua, eta, gainera, ikusi zuten horrela ez zutela zertan aldi bakoitzean kalkulu bakarra egin, baizik eta aldi berean bi edo hiru eragiketa egin zitzaketela. Koloretako txartelak erabiliz gero, lanpostu bakoitzean beti urrats bera egiten zen, baina hainbat eginkizunetarako, bakoitza kolore batekin identifikatuta.

Bitxia da, halaber, hain oinarrizkoak ziren makina haiek burua galarazi ziotela Stanley Frankeli; izan ere, erosi ziren xederako ez bestetarako erabiltzen hasi zen ―merkatuko azken zehaztapenak dituen PC bat erosten duten geekak bezala―, zer egiteko gai ziren aztertzeko. Feynmanek ordezkatu zuen lanpostuan eta oso antolatzaile ona zela erakutsi zuen. Tabulagailuekin lan egiten zuen taldeak ―institututik ateratako gazteek osatua, zeinak teknikaren eta ingeniaritzaren arloko ezagutzaren bat zuten― ez zekien zertarako ziren kalkulu horiek guztiak. Feynmanek horren berri emateko baimena lortu zuen, eta, berriro ere, produktibitateak nabarmen egin zuen gora: gazte haiek prozesuak hobetzeko eta arintzeko moduak aztertzen hasi ziren gau eta egun. Tabulagailuen eta giza softwarearen aurretik bederatzi hilabetetan hiru arazo ebazten baziren, hiru hilabetetan bederatzi arazo ebaztera iritsi ziren.

Sinestezina da arkatza, papera eta talentua bakarrik erabilita zientzialariek etekin hori guztia ateratzea oinarrizko makina haiei, eta atomoaren sekreturik korapilatsuenetako bat argitzeko gai izatea.

Manhattan4. irudia: Esposizio ona duen Trinity eztandaren koloretako argazki bakarra, Jack Aebyk hartua. (Iturria: Wikimedia Commons)Erreferentzia bibliografikoak:
  • Archer, B. J. (2021). The Los Alamos computing facility during the Manhattan Project. Nuclear technology, 204, pp. S190-S203. doi: 10.1080/00295450.2021.1940060
  • Feynman, R. P. (2018 [1987]). ¿Está usted de broma, Sr. Feynman? Aventuras de un curioso personaje. Alianza Editorial.
  • Howes, R. y Herzenberg, C. L. (1999). Their day in the sun. Women of the Manhattan Project labor and social change. Temple University Press.
Egileaz:

Gisela Baños zientzia, teknologia eta zientzia fikzioaren dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko ekainaren 27an: El software humano del Proyecto Manhattan.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Manhattan proiektuko giza softwarea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Loaren erregulartasunaren garrantziaz ohartarazi dute

Ar, 2025-01-07 09:00

Lo patroi irregularra izateak bihotzeko arazo larriak izateko arriskua %26 handitu dezakeela ondorioztatu du korrelazioan oinarritutako ikerketa batek.

Urtetan zehar pilatutako zientzia ebidentziak aditzera ematen du gauzak horrela direla, eta sen arruntak ere ondo ulertzen du hori: argi dago gutxi lo egitea osasunerako oso kaltegarria izan daitekeela. Hori dela eta, loaren iraupenean eta kalitatean oinarritu dira orain arte lo ohituren eta osasunaren arteko harremanen inguruko ikerketak, baina ez dira asko izan loaren erregulartasunaren gainean egin direnak; hots, ohera joateko eta ohetik altxatzeko antzeko ordutegia erabiltzen ote den aztertzen dutenak.

Familia, lana, oporrak edo bestelako aisialdia izan daitezke ohera joateko orduan ohiko ordutegiak aldatzea ekarri dezaketenak, eta agian aldagarritasun hori guztiz kaltegabea dela eman dezake. Alabaina, gauzak oso bestelakoak izan daitezkeelako zantzuak dituzte zientzialariek. Journal of Epidemiology & Community Health aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, erregularrak ez diren lo ordutegiak izateak ondorio negatiboak izan ditzake osasun fisiko eta mentalean.

Loaren1. irudia: Ikerketa honen arabera, gomendatutako loaldiaren luzera baino, askoz garrantzitsuagoa da ordu jakin batzuetan oheratzea eta esnatzea. (Argazkia: Greg Pappas / Unsplash)

Ez da aurreneko aldia horrelako planteamendu bat mahai gainean jartzen dena, zientzialariek aspalditik dakitelako loaren aldakortasunak erritmo zirkadianoei eragiten diela. Alabaina, eragin hori norainokoa den jakitea ez da erraza. Orain hori argitzen ahalegindu dira, eta, zalantza barik, emaitzak zeharo harrigarriak dira.

Erloju biologiko baten funtzioa betetzen dute erritmo zirkadianoek, eta loaren patroiak zehazten dituzte, baina bestelako prozesutan ere ezinbestekoak dira. Loa arautzeaz gain, besteak beste, digestioan, hormonen sorreran edota gorputzaren tenperaturaren arautzean eragina ere badute.

Bada, zientzialari talde honek berretsi duenez, erritmo zirkadianoak sarritan eteteak ondorio kaltegarriak izan ditzake. Besteak beste nahasmendu metabolikoak edo gaitz kardiobaskularrak izateko arriskuak handitzen dituelakoan daude zientzialariak. Are, osasunerako epe luzerako ondorioak uste baino larriagoak izan daitezkeela sinetsita daude ikertzaileak.

Datu andana esku artean izan dituzte Ottawako Unibertsitateko (Kanada) ikertzaileek: 40 eta 79 urte arteko 72.269 pertsonarenak. Horien guztien lo patroien inguruko jarraipen datuak erabili dituzte. Aukeratutako pertsona horiek ez zeukaten aurretik bihotzeko arazo nabarmenik. Erresuma Batuko Biobankuan bildutako datuak dira horiek.

Parte hartzaile horien loaren jarraipena zazpi egunen egina zieten, eta, modu horretan, pertsona bakoitzaren Loaren Erregulartasun Indizea kalkulatzeko gai izan dira. Adierazle honetan 87 puntu baino gehiago dituztenek lo patroi erregularra dutela ebatzi dute; 72 baino gutxiago dituztenak, berriz, irregulartasunaren barruan sailkatu dituzte. Tartean direnak, erdibideko eremu batean sartu dituzte ikertzaileek.

Loaren2. irudia: Erritmo zirkadianoek erloju biologiko baten funtzioa betetzen dute, eta, besteak beste, loaren patroiak zehazten dituzte. (Argazkia: Catherine Hughes / Unsplash)

Loari buruzko datu horiek heriotza erregistroekin alderatu dituzte, bai eta loaren neurketa egin ondorengo zortzi urteetan zehar jasotako ospitaleratze datuekin ere. Horiek arakatzean arreta berezia jarri diete bihotzari lotutako arazoei. Atera duten ondorio esanguratsuenetakoa izan da lo ordutegi iraunkorra jarraitu ez dutenek osasun kalteak izateko arrisku gehiago izan dituztela. Kontrara, lo egiteko ohitura egonkorragoak izan dituztenek osasun egoera hobea dutela ikusi dute, bai alde fisikoan zein mentalean. Besteak beste, aldaketarik gabeko ordutegiak jarraitu ez dituztenek hantura gehiago izan dituzte, eta hau lotuta dago hainbat gaitz kroniko izateko arriskuarekin: diabetesa, hipertentsioa edota bihotzeko gaitzak, esaterako.

Parametro fisikoetan ez ezik, loaren ordutegien alterazioak buruko gaitzei ere eragiten die, antsietatearekin eta depresioarekin lotu dituztelarik. Erritmo zirkadianoek metabolismoa eta immunitatea arautzen dituztenez, azken horietan ere asaldurak gertatzen direlakoan daude ikertzaileak. Atzean dagoen arrazoia da erritmo zirkadianoak egunaren iraupenarekin batera joan ohi diren prozesu fisiologikoak direla, eta, beraz, egunaren argira eta gauaren iluntasunera egokitu ohi direla. Erritmo hauetan oreka galtzen denean, estresa sortzen da, eta glukosaren arautzea ere eten egiten da.

Hormonei dagokienez, serotonina eta dopaminaren produkzioan eragiten dute erritmo zirkadianoek, eta zientzialariek uste dute horrek antsietatea eta depresioa sortzen dituela. Neurotransmisore hauek aldartean zuzeneko eragina daukatenez, arazoak osasun mentalean zuzeneko eragina duelakoan daude zientzialariak, horiek gainera iraunkor bilakatu daitezkeelako.

Halako ikerketa baten aurrean burura ohi datorren galdera logikoa da ea noraino kontuan hartu izan diren bestelako faktoreek zeresanik ote duten harreman horretan. Adibidez, lo egiteko ohitura duen pertsona batek seguru aski dieta orekatuagoa izan dezake, eta estres gutxiago. Zentzu horretan, ikerketa nahiko irmoa da, beste hainbat aldagairen eragin posiblea ere kontuan hartu dutelako. Besteak beste, adina, jardun fisikoa, pantailen aurreko denbora, dieta, txandakako lanaldia, botiken erabilera, osasun arazoak edota kafearen, tabakoaren edo alkoholaren kontsumoa.

Ikertutakoen artean, oro har, modu erregularrean lo egiten duten gehienek gomendatutako loaldien luzerak mantendu dituzte (% 61). Modu irregularrean egiten zutenen artean, berriz, ehunekoa 48 % izan da. Gauzak hala izanik ere, azken hauen artean, berdin nahikoa lo egin ala ez, istripu zerebrobaskularra gutxiegitasun kardiakoa edota bihotzekoa izateko arriskua bere horretan mantendu da, % 26 horretan. Erdibidean egon direnen artean, hau da, loaldi partez irregularra izan dutenen kasuan, arriskua %8 handitzen da. Beraz, egileek nabarmendu dute jaso dituzten emaitzek iradokitzen dutela loaldiaren erregulartasuna loaldiaren iraupen minimoa baino garrantzitsuagoa izan daitekeela.

Logikoa denez, argi dago zein izan daitekeen arrisku hauek guztiak arintzeko modua: lo ohitura iraunkorra mantentzea, eta ohera joateko eta altxatzeko ordutegi zehatzak izatea, baita asteburuetan ere. Kontu honetan Jean-Philippe Chaput egile nagusia nahiko irmoa da, eta ordu erdiko zehaztasun batekin lokartzea eta esnatzea gomendatu du. “Zero aldakortasunik gero eta gertuago egon, orduan eta hobeto” nabarmendu du, baita “asteburuetan ere”. Chaputek garrantzi gehiago eman dio esnatzeko orduari, ohera joateko orduari baino.

Erreferentzia bibliografikoa:

Chaput, Jean-Philippe; Biswas, Raaj Kishore; Ahmadi, Matthew; Cistulli, Peter A.; Rajaratnam, Shantha M. W.; Bian, Wenxin; St-Onge, ;arie-Pierre; Stamatakis, Emmanuel (2024). Sleep regularity and major adverse cardiovascular events: a device-based prospective study in 72 269 UK adults. J Epidemiol Community Health, Published Online First. DOI: 10.1136/jech-2024-222795

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Loaren erregulartasunaren garrantziaz ohartarazi dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak