Substratu elektrikoak landareen hazkundea sustatzeko
Elektrizitatearen eroale den substratu bat erabilita, garagarraren labore hidroponiko batean landareak %50 gehiago haztea lortu du ikertzaile talde batek.
Hamar milurteko baino gehiago daramatza gizakiak zeruari begira, Neolito Arotik aurrera nekazaritza izan delako gizarte gehienetan elikaduraren oinarria. Horregatik, askotan gorabehera klimatikoek zibilizazioen gorakadetan zein amiltzeetan eragin nabarmena izan dute. Nekazaritza teknifikatuaren garaian ere, oraindik ere ureztatze sistemak erabili ezin diren laboreetan lehorteen beldur bizi dira nekazariak, eta ureztatzea dagoenean ere izotzaldiek eta uholdeek hilabeteetako lana txikitu dezakete egun bakar batean.
Arazoez libre ez dagoen arren, eragozpen horietako batzuk konpontzen ditu nekazaritza hidroponikoak, eta, horregatik, sistema horretan hobekuntzak egiteko lanean ari dira ikertzaile ugari. Besteak beste, produktibitatea handitzen ahalegintzen ari dira, espazioa eta baliabideak ahalik eta hoberen aprobetxatzea xede.
1. irudia: Eleni Stavrinidou irakaslea eta Alexandra Sandehn doktoregaia, eSoil izeneko substratua elektrizitate iturri bati konektatzen. (Argazkia: Thor Balkhed)Norabide horretan egindako garapen baten berri eman dute orain PNAS aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Linköpingeko Unibertsitateko (Suedia) ikertzaileek iragarri dutenez, substratu hidroponiko jakin batean garagar landareak batez bestean %50 gehiago hazten dira bizitzaren lehen egunetan beren sustraiak elektrizitate bidez estimulatzen direnean. Zehazki, garagarraren (Hordeum vulgare) KWS Irina barietatea erabili dute esperimentuan. 15 egunean pisu lehorrean %50 irabazi dute, eta %31 landareen luzeran. Lurzorurik gabe hazteko, elektrizitatearen eroale den substratu berezi bat prestatu dute: eSoil izena eman diote.
Ikerketan bertan azaldu dutenez, orain arte landareen hazkundea eragin nahian elektrizitatea gehienbat bi modutara erabili izan da. Lehen kasuan elektrotropismoaren bidea jorratu izan da. Horren bitartez, eremu elektriko baten norabidean haziko lirateke sustraiak. Irtenbide honen arazoa da orain arte ez dela demostratu modu argi batean erabilitako elektrodoek landareen hazkundea bideratzen dutenik.
Bigarren bidea aire bidezkoa izan da. Egindako esperimentuetan tentsio handiko iturriak erabili izan dira, eta horrek, noski, arazo gehiago ohi dakartza energia kontsumoari eta segurtasunari dagokienez. Teknika honetaz baliatuta, hainbat ikerketak lortu dute garagarraren, ilarren eta ohiko organismo eredu den Arabidopsis thaliana landarearen hazkundea sustatzea.
Zientzialariek babestu dutenez, ikerketa honetan landutako beste motatako hurbilketa bati esker bide berri bat ireki dute, eta atzean utzi dituzte aurreko saiakerek izan dituzten puntu ahulak. Hala, esperimenturako hiru dimentsiotako egitura porotsuan oinarritutako substratua landu dute. Lurzoru artifizial hau elektrizitatearen eroalea da. Beraz, aldi berean baliagarria da landarearen hazkunderako aldamio zein elektrodo estimulatzaile gisa. Gainera, tentsio baxua baino ez da behar landarea estimulatzeko, eta substratuaren osagai nagusia zelulosa da; “biopolimero zabalduena”, ikertzaileen hitzetan. Teorian bederen horrek ahalbidetuko luke prozesua errazago txertatu ahal izatea martxan dauden labore hidroponikoetan.
Elektrizitatearen eragin hau “agerikoa da” bai sustraien zein kimuen garapenean, eta estimulazioaren ondoren gertatzen da. Onartu dute landarearen hazkundearen hasierako faseetan oinarritu dutela ikerketa, eta ikusi behar dela estimulazioa beste etapetan ere onuragarria den. Bosgarren egunetik hasita, bost egunez elektrizitatearekin estimulatu dituzte landareak, eta, ondoren, beste bost egunez utzi dituzte hazten. Hamabosgarren egunean, landareak jaso dituzte, beren hazkundea zenbatesteko. Prozesuan zehar ere neurtu dute hazkundea, bost esperimentutan. Horietan guztietan egiaztatu ahal izan dute landareen hazkundearen gorakada.
“Honek adierazten du estimulazioak ez duela une bateko efektu soila sortzen; aldiz, landarearen garapena bideratuko dituzten prozesuak aldatzen ditu”, idatzi dute. Ondorioz, efektu onuragarriak izateko ez da zertan estimulazioa mantendu.
Horrelakoen bitartez modu enpirikoan elektrizitateak landareen hazkundea indartzen duela demostratu den arren, oraindik ere zientzialariek ez dute argi zeintzuk diren prozesuan inplikatutako mekanismo fisiologikoak, baina sinetsita daude eremu elektrikoaren eragina ez dela zuzena. Hots, hobekuntza ez da gauzatzen landarearen baitako prozesuetan, hazkunderako ingurunean baizik. Mekanismo biologikoak ezagutzen ez badituzte ere, bai argitu ahal izan dute, ordea, landareek hobeto kudeatzen dutela nitrogenoa. “Hipotesi bat da hazkundeari emandako bultzada labore-inguruan dauden nutrienteen xurgatze efizienteago baten ondorioa dela”, proposatu dute. “Estimulatutako landareek modu efizienteagoan erreduzitzen eta asimilatzen dute NO3 [nitratoa] kontrol aleekin alderatuta”.
2. irudia: garagar landare txiki bat, elektrizitatearen eroale den substratu berezian. (Argazkia: Thor Balkhed)Besteak beste, egileak sinetsita daude aurkintza baliagarria izan daitekeela etorkizunean ongarrien erabilera murriztu ahal izateko eta laboreen errendimendua “modu jasangarrian” handitzeko.
Gizateria elikatzeko beharra2050ean planetan “9.600 milioi biztanle izango direla” aintzat hartuta, zientzia artikuluan diote gizateriak %60 handitu beharko duela elikagaien ekoizpena.
“Munduko populazioa gehitzen ari da, eta klima aldaketa ere badaukagu. Beraz, argi dago ezin izango ditugula ase egin Lurraren elikadura beharrak soilik orain existitzen diren nekazaritza metodoekin”, argudiatu du Eleni Stavrinidou ikertzaileak prentsa ohar batean. “Baina hidroponiarekin hiri inguruetan ere janaria ekoitzi dezakegu, oso baldintza kontrolatuen pean”.
Kultibo hidroponikoak aspalditik ezagutzen dira, baina gurean bederen beren zabalpena ez da oraindik oso handia. Horren bidez lortzen da laboreak haztea soilik ura eta nutrienteekin, sustraiak garatu ahal izateko moduko substratu batean txertatuta. Besteak beste, ura sisteman birzirkulatzea ahalbidetzen da. Ondorioz, askoz ur gutxiago erabiltzen da ohiko laboreen aldean. Azken hauetan landareek nutrienteen erdia baino ez dute hartzen, baina hidroponian, berriz, nutriente horiek berriro sartu daitezke sisteman. Hazi bakoitzak behar dituen nutrienteak jasotzeaz gain, ageriko beste abantaila bat da bertikalean hazi daitezkeela landareak.
Hala, askorentzat bitxia izan badaiteke ere, mota honetako laboreek “gertuko produktuak” kontsumitzeko aukera erraztu dezakete, hirietan bertan edo aldirietan ekoitzi daitezkeelako, distantzia luzeko garraioak saihestuz. Desabantailen artean, nabarmenena da momentuz energia asko erabil behar dela labore hauek mantentzeko.
Hidroponian askotan artile minerala erabiltzen da substratu bezala, baina ikertzaileek argudiatu dute materiali hori ez dela biodegradagarria, eta ekoizteko energia asko erabili behar dela. Aldiz, beraiek proposatutakoa zelulosaz eta polimero eroale batez eginda dagoela azaldu dute. Halako materialak erabiliz gero, nekazaritza hidroponikoa modu jasangarriago batean landu ahalko dela aurreratu dute.
“Ezin dugu esan hidroponiak elikadura segurtasunaren arazoa konponduko duenik. Baina oso lagungarria izan daiteke bereziki goldatzeko lur gutxi duten eta ingurumen baldintza gogorrak dituzten eremuetan”, babestu du Stavrinidouk.
Erreferentzia bibliografikoa:Oikonomou, Vasileios K.; Huerta, Miriam; Sandéhn, Alexandra; Dreier, Till; Daguerre, Yohann; Lim, Hyungwoo; Berggren, Magnus; Pavlopoulou, Eleni; Näsholm, Torgny; Bech, Martin; Stavrinidou, Eleni (2023). eSoil: A low-power bioelectronic growth scaffold that enhances crop seedling growth. Proceedings of the National Academy of Sciences, 121(2) DOI: 10.1073/pnas.2304135120
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Substratu elektrikoak landareen hazkundea sustatzeko appeared first on Zientzia Kaiera.
Haurdunaldian, ‘infekzio’ faltsu batek fetua babesten du
Plazentako zelulek ohiz kanpoko trikimailu bat erabiltzen dute defentsa immune suabeak aktibatzeko eta horiek aktibo mantentzeko infekziorik ez dagoenean: birus faltsu bat sortu eta ezartzen dute.
Txikiak ginenean, plan burutsua iruditzen zitzaigun: aurpegia ur beroz busti eta aldaroka sartzen ginen sukaldean, aingeruak negar batean jar zitzakeen hasperenak botata. Eta uste genuen gurasoek kopeta gorritua ukitu eta sukarra geneukala pentsatuko zutela, eta horrela ez genuela eskolara joan beharko.
1. irudia: plazentako zelulek ohiz kanpoko trikimailu bat erabiltzen dute defentsa immune suabeak aktibatzeko eta horiek aktibo mantentzeko infekziorik ez dagoenean: birus faltsu bat sortu eta ezartzen dute. (Ilustrazioa: Kristina Armitage. Iturria: Quanta Magazine)Baina gezurra oso ondo planifikatzen eta irudikatzen bagenuen ere, antzerki hori, normalean, ez zen espero genuena bezain limurtzailea izaten. Nolanahi ere, uda honetan Cell Host & Microbe aldizkarian argitaratutako ikerketa batek iradoki du jaio baino askoz ere lehenago, antzeko taktika batek garatzen ari diren gizakiei eta beste ugaztun batzuei laguntzen diela ikuskizun sinesgarriago bat egiten.
Ikerketak erakutsi zuen plazentak, ondorengoak eta ama lotzen dituen organo enbrionarioak, trikimailu molekular bat erabiltzen duela gaixotasun bat simulatzeko. Eraso biral baten pean egotearen itxurak egiten dituenez, sistema immunologikoa erritmo suabe eta jarraituan funtzionatzen mantentzen du, fetua amaren defentsa immunitarioen helmenean ez dauden birusetatik babesteko.
Aurkikuntzak iradokitzen du infekzio bat egon aurretik, zelula batzuek erantzun immune suabe bat aktiba lezaketela, ehun delikatuetan neurrizko babesa aplikatu dezakeena.
Zelulek defentsa immunitarioak prebentzioz aktibatzeko ahalmena dutela dioen ideia horrek «neurri handi batean urratzen du immunologoen ideietako bat», adierazi du Jonathan Kagan-ek, Boston Children’s Hospital eta Harvardeko Medikuntza Fakultateko immunobiologoak (hark ez du ikerketa berrian parte hartu).
Arma immune antibiralek ehunak suntsitu ditzaketenez, zelulek normalean soilik aktibatzen dituzte mehatxu aktibo bat dagoenean, hala nola infekzio bat, adierazi du Kaganek. Ondoren, infekzioa desagertzen denean, arma horiek ahalik eta azkarren desaktibatzen dira.
Baina ikerketa berriaren arabera, plazentak arau horiek hausten ditu. Moduren batean, defentsak aktibatzen ditu horiek beharrezkoak izan baino lehen, eta gero aktibatuta uzten ditu plazenta bera edo fetua kaltetu gabe.
«Babestu egiten du, kalterik eragin gabe», ondorioztatu du Hana Totary-Jain Florida Hegoaldeko Unibertsitateko (Tampa) farmakologia molekularreko irakasle elkartuak; bera da artikulu berriaren egile nagusia. «Eboluzioa benetan argia da».
Plazentak gaixo egotearen plantak egiten dituTotary-Jainek ustekabean deskubritu zuen plazentaren trikimailua. Bere laborategiko kideekin batera, plazentan eragiten duten geneen megatalde bat (“munstro bat” bere hitzetan) aztertzen ari zen. Eta harrituta geratu zen ikusi zuenean plazentaren garapena gidatzen duten geneak aktibatzeaz gain, megataldeak lambda interferonaren genea aktibatu zuela, seinalizazio immunitarioko proteina bat. Zergatik zegoen aktibo infektatu gabeko zelula osasuntsuetan?
Totary-Jainek eta bere taldeak urteak behar izan zituzten erantzuna aurkitzeko: plazentako zelulek birus-imitazio bat sortu zuten, beren genometatik ateratako RNA-a erabilita, sentsore immunologikoak engainatzeko.
Gure genomak eboluzioaren historiaren museo molekularrak dira. Lurrean bizitza sortu zenetik, birusek beren material genetikoaren zatitxoak txertatu dituzte euren ostalarien DNAn. Proteinak kodifikatzen dituzten geneen artean ezkutatuta, antzinako mikrobio-erasoen erlikia genomikoak daude.
2. irudia: Hana Totary-Jainek, Florida Hegoaldeko Unibertsitateko (Tampa) farmakologia molekularreko irakasle laguntzaileak, deskubritu du plazentako zelulek birus faltsu bat erabiltzen dutela erantzun immuneak isilpean aktibatzeko. (Iturria: USF Health Morsani College of Medicine)Giza genometan jarraitzen duten elementu biral ohikoenetako bat Alu sekuentzia izeneko DNA zati bat da. Alu sekuentziak giza genomaren % 13 dira, gutxienez; Totary-Jainen megataldean 300 kopia baino gehiago zeuden. Eta susmatzen zuen Alu sekuentziak zirela plazentaren sistema immunologikoa aktibatzen ari zirenak. Baina bere kideek ohartarazi zioten bide horretatik ez jarraitzeko.
«Gomendio hau eman zioten: ‘Ez ukitu Alu sekuentziak, ez egin lan Alu sekuentziekin, ahaztu itzazu Alu sekuentziak’», adierazten du Totary-Jainek. Genoman Alu sekuentzia mordoa dagoenez, zaila da ikertzea zer egiten duen multzo espezifiko batek.
Baina Alu sekuentziei buruzko datuak sendoegiak ziren albo batera uzteko. Urtetan esperimentuak egin ondoren, Totary-Jainen taldeak erakutsi zuen Alu sekuentzien transkripzioek bi kateko RNA zatiak sortzen dituztela plazentan, hau da, gure zelulek birustzat hartzen duten egitura molekular bat. Birus faltsua detektatzean, zelulak erantzun egiten du, lambda interferona ekoitzita.
«Zelulak agente infekziosoaren mozorroa janzten du», azaldu du Kaganek. «Bere burua konbentzitzen du infektatuta dagoela sinesteko eta, ondoren, benetan hala bailitzan jokatzen du».
Immunitatea su moteleanErantzun immuneak suntsitzaileak izan daitezke, batez ere erantzun antibiralak. Birusak arriskutsuagoak direnez zelula baten barruan daudenean, infekzio biralak erasotzen dituzten estrategia immune gehienek, neurri batean, infektatutako zelulak kaltetzen eta hiltzen funtzionatzen dute.
Horregatik, zelulek “Birusa!” oihukatzen dute, beren erantzukizunpean. Ehun gehienetan, Alu sekuentziak oso mugatuta daude; horrenbestez, ez dute aukerarik izaten eraso biral bat imitatzeko. Nolanahi ere, egoera hori bera da plazentak nahita sortzen duena. Nola orekatzen da hazten ari den enbrioiaren osasuna potentzialki arriskutsua den erantzun immune batekin?
Arratoiekin eginiko esperimentuetan, Totary-Jainen taldeak deskubritu du plazentaren bi kateko RNAk eta horien ondoriozko erantzun immuneak ez dietela garatzen ari diren enbrioiei eragiten. Aitzitik, badirudi enbrioiak babestu egiten dituztela Zika birusagatiko infekzioaren aurrean. Plazentako zelulek haiengandik espero zena egin ahal izan zuten (enbrioiak babestu erantzun immune autosuntsitzailea eragin gabe), lambda interferonaren defentsa suabeenak erabili zituztelako.
Eskuarki, bi kateko Alu ARNen ihesetara erantzuten lehenak I eta II motako interferonak izango liratekeen; zelula immunitario suntsitzaileak erreklutatzen dituzte infekzioa dagoen lekuan, ehunean kalteak eraginez, bai eta gaixotasun autoimmuneak ere. Lambda interferona, bestalde, III motako interferona da. Tokian bertan eragiten du: soilik komunikatzen da ehunaren barneko zelulekin, eta erantzun immune arinagoa eragiten du, plazentan epe luzean mantendu daitekeena.
Hala ere, oraindik ez dute asmatu nola lortzen duten plazentako zelulek soilik lambda interferona aktibatzea, erantzun immunea su motelean mantentzeko, irakin eta gainezka egitea saihestuz. Baina Totary-Jainek uste du badakiela zergatik erabiltzen duten plazentako zelulek beste zelula batzuek saihesten duten trikimailu hori: plazenta jaiotzean baztertzen denez, baliteke beste ehun batzuek hartu ezin dituzten arrisku immunologikoak onartu ahal izatea.
Hortaz, aurkikuntzek ezagutzera eman dute plazentak fetua babesteko duen beste estrategia bat, amaren sistema immunologikoaz gaiz. Amaren erantzun immunea ahuldu egiten denez haurdunaldian zehar genetikoki desberdinak diren zelulenganako erasoak prebenitzeko, plazentak defentsa gehigarriak garatu behar izan ditu elikatzen duen haurtxoarentzat.
Hala ere, trikimailu hori (birus faltsu batengatik eragindako maila txikiko erantzun immunea) baliteke plazentara soilik ez mugatzea. Columbiako Unibertsitateko ikertzaile batzuek antzeko fenomeno bat deskribatu dute duela gutxi, oraingoan neuronetan. Elementu genomiko ezberdineko RNAk detektatu zituzten harizpi bikoitzetan elkartuta erantzun immune bat sortzeko. Kasu horretan, sistema immunologikoak suntsitzaileagoa den I motako interferon bati dei egin zion, baina maila txikietan eragin zuen. Egileek suposatu zuten entzefaloko maila txikiko hantura kronikoak infekzioak kontrolpean mantendu ditzakeela, hantura garrantzitsuago bat eta neuronak hiltzea saihesteko.
Beraz, litekeena da engainu immunologiko mota hori uste genuena baino ohikoagoa izatea. Sistema immunologikoak bere arau propioak hausten dituela ikertzean, zientzialariek hobeto definitu ditzakete, hasteko, arauak berak.
Jatorrizko artikulua:Annie Melchor (2023). During Pregnancy, a Fake ‘Infection’ Protects the Fetus, Quanta Magazine, 2023ko azaroaren 164a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Haurdunaldian, ‘infekzio’ faltsu batek fetua babesten du appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #470
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
MedikuntzaMaría Magdalena Petraccini 1759an jaio zen Florentzian. Kirurgilari trebea izan zen Petraccini. Mediku eta anatomiako irakasle batekin ezkondu zen, eta hark irakatsi zion lehenengo. Gero, Petracciniren trebetasuna ikusita, Florentziako Batzar medikoak unibertsitatean sartzeko baimena eman zion. Bertan anatomiako irakasle bihurtu zen, eta bere lehenengo semea jaio zenean, memoria bat idatzi zuen. Bertan jaioberriak hazteko bere metodoa azaldu zuen eta haurren osasunari kalte egiten zieten ohitura errotuak baztertzea zuen helburu. Datuak Zientzia Kaieran.
Energia berriztagarriakGure itsasertz eta ozeanoetako energia baliabide berriztagarriak modu eraginkorrean ustiatzen jarraitu ahal izango dugu hurrengo urteetan. Hala frogatu du Bilboko Ingeniaritza Eskolako Eolo ikerketa taldeak. Azaldu dutenez, berotegi efektuko gasen kontzentrazioa handitzeak aldatu egiten du atmosferaren eta ozeanoen portaera. Alabaina, azterketaren emaitzek erakutsi dutenez, aldaketa horiek ez dute ondorio nabaririk izango haizetik eta olatuetatik sortutako energia iturri berriztagarrietan. Azalpenak Zientzia Kaieran.
HizkuntzalaritzaAtzerriko azentuak badu eragina hizkuntzaren prozesamenduan. Ondorio hori lortu dute Gertaerei Loturiko Potentzialak izeneko metodoa erabiliz. Metodo horretan, partaideei garuneko erantzun elektrofisiologikoak neurtu zizkieten azentu ezberdinak entzuten zituzten bitartean. Emaitzek erakutsi dute azentu arrotza entzunda, jaiotzetiko hiztunen garunak malgutasun handiagoz jokatzen dutela akatsen aurrean, jaiotzetiko hiztunen azentua entzunda baino. Azalpenak Zientzia Kaieran.
OsasunaGeroz eta minbizi kasu gehiago detektatzen ari dira gazteengan. Ikerketa berri batek detektatu du azken 30 urteetan % 79 areagotu direla 50 urtetik beherako pertsonen minbizia kasuak. 204 herrialdetan jaso dituzte datuak. Egileek ondorioztatu dute, igoera honen arrazoi nagusiak alkohola eta tabakoa kontsumitzea, eta oso osasungarria ez den dieta jarraitzea direla. Horrez gain, obesitateak, sedentarismoak eta ingurumeneko hainbat faktorek ere eragina izan dezaketela uste dute. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
Maskuriko tumoreak % 90 murriztea lortu dute, nanorrobotak erabiliz. Saguetan egin dituzte probak. Erabili dituzten nanorrobotek funtzio espezifikoko zenbait osagai dituzte gainazalean, horietako bat ureasa entzima. Entzima horren bidez, gernuko ureaz propultsatzen dira. Behin tumorera iritsita, eraso egiten diote gainazalean daramaten erradioisotopo batekin. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Metodo bat garatu dute malariaren diagnostiko goiztiarra egitea eta tratamendu eraginkorrak garatzea ahalbidetuko duena. Hori lortu dute Plasmodium bizkarroiak immunitate-sisteman eragiten duen lehen erantzuna identifikatuta. Zehazki, IgM antigorputzen erantzuna eragiten duten 110 proteina identifikatu dituzte. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
BioteknologiaRhesus makako bat klonatu dute teknika berri bat erabiliz. Hain zuzen ere, klonatutako enbrioiaren trofoblastoa in vitro ernaldutako enbrioi batenarekin ordezkatu dute. Teknika horren bidez, 113 rhesus enbrioi klonatu zituzten, eta horietako 11 zazpi tximino emetan jarri zituzten. Kume bakarra jaiotzea lortu zuten eta 2 urte doa bizirik eta osasuntsu. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
BiokimikaPixaren kolore horiaren misterioa argitu du AEBetako ikertzaile talde batek. Azaldu dutenez, Bilirubina reduktasa izeneko entzima da pisari bere kolorea ematen diona. Hesteetako mikrobioek sortzen dute entzima hori, eta bilirrubina urobilinogeno bihurtzen dute. Azken hori degradatzen joaten da eta urobilina izeneko molekula sortzen da, kolore horiaren erantzulea, hain zuzen. Azalpenak Berrian: Pixaren kolorearen misterioa.
TeknologiaMetalen fabrikazio gehigarria gero eta gehiago erabiltzen den fabrikazio-prozesua da. Prozesu horretan 3D eredu batetik abiatuz, materiala geruzaz-geruza gehitzen da. Modu bat baino gehiago daude, baina hedatuena energia-iturri bezala laserra eta material gehigarritzat hautsa erabiltzen duen prozesua da. UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Mekanika Saileko ikertzaileek prozesu hori forja prozesuarekin hibridatu dute Inconel 718 piezen fabrikaziorako. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Fabrikazio aeronautikoa optimizatzen.
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #470 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #476
Minbizi baten hasierako faseetan aurkitzen dena, batzuetan, molekula baten interakzio arraroak dira. Noncanonical β-catenin interactions promote leukemia-initiating activity in early T-ALL, Marta Irigoyenen eskutik.
Bada teknologia bat, ez duena substantzia bat traza mailan detektatu baino, molekulen mailan detektatzen dituena. Ultrasensitive molecular sensing with surface-enhanced infrared absorption (SEIRA)
Minbizia immunoterapiarekin tratatzean, substantzia aktiboak dianara iristea nahi da eta, horretarako, pareta bat hautsi behar da. Baina horma horrek organismoa minbizitik babesten du. Zertan gabiltza? Breaking the wall so immunotherapy reaches the heart of the tumor, José R. Pinedak egina.
DIPCkoek gainerako ikertzaileei jartzen dizkieten erronkak ezin dira normalak izan. Oraingoan, mitokondrien forma eta geometria kuantifikatu nahi dira mikroskopia elektronikoko irudietatik abiatuta. Ehunka talde parte-hartzaileetatik zortzi bakarrik iritsi ziren helmugara. Baina erronkak, zuzenduta eta handituta, aurrera jarraitzen du. MitoEM challenge remains open
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #476 appeared first on Zientzia Kaiera.
María Magdalena Petraccini, kirurgialari trebea eta haurtxoen zaintzen arloko berritzailea
Kirurgilari trebea eta bere garaian haurtxoak zaintzeko moduz kezkatuta, María Magdalena Petraccinik herrikideen eta medikuntzako profesionalen aintzatespena lortu zuen.
María Magdalena Petraccini Florentzian jaio zen 1759ko azaroaren 12an, Toscanako merkatari familia batean.
1. irudia: María Magdalena Petraccini kirurgilari italiarra. (Argazkia: domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia commons)1784an Francesco Ferretti mediku eta anatomiako irakaslearekin ezkondu zen, zeina Bagnacavalloko ospitaleko buru zen. Hari esker, Petracciniri kirurgiarekiko interesa piztu zitzaion; Ferrettik jardunbide horretan irakatsi zion, hilotzei ebakuntzak eginez. Haren teknika hain zen zehatza, non, 1778ko irailean, Florentziako Batzar medikoak unibertsitatean sartzeko baimena eman zion, hain zuzen ere, jardunbide medikoa emakumeen esku ez zegoen garai batean. Hala, 1788ko irailaren 13an, Medikuntza karrerako ikasle bihurtu zen Florentziako Unibertsitatean. Angelo Nannoni eta haren seme Lorenzo Nannoni kirurgialari bikainak izan zituen irakasle eta obstetriziarekiko interesa ere izan zuen.
Ondoren, Petraccini eta bere senarra Ferrarara joan ziren, eta Ferrarako Arcispedale Sant ‘Anna ospitalean ikasten jarraitu ahal izan zuen. Ferrarako Unibertsitatean graduatu zen eta, ondoren, han bertan izan zen anatomiako irakasle.
Memoria per servire alla fisica educazione dei bambini1789an, bere lehenengo semea jaio ondoren eta bere esperientzian oinarrituta, Petraccinik Memoria per servire alla fisica educazione dei bambini (Haurren gorputz-hezkuntzaren zerbitzurako memoria) argitaratu zuen. Honako hau idatzi zuen lanaren hitzaurrean:
Ni, hala ere, emakumea naiz, eta, ondorioz, objektu bat naiz, besteen aintzatespena nekez merezi dezakeena.
Eskuliburu labur hori Barbara Papini-Corbici kondesak eskatuta argitaratu zuen, eta hari eskainiko zion bere lana. Aristokrata erditzeko zorian zegoen eta aholkua eskatu zion Ferrettiri; izan ere, Ferrettik kirurgia eta obstetrizia arloan zituen ezagutzak oso ezagunak ziren. Haurren heriotza-tasaz kezkatuta, María Magdalenak eskaerari erantzun zion, obra horrek jaioberriak hazteko bere metodoa zabaltzen lagunduko ziolakoan eta lan hori irakurtzeak haurren osasunari kalte egiten zioten ohitura errotu eta txar batzuk zuzenduko zituelakoan.
Eskuliburu horrek Jean-Jacques Rousseauren Émile, ou de l ‘éducation filosofia tratatuaren eta Nicolas Andry De Boisregard medikuaren Orthopédie, ou l’ Art de prévenir et de corriger dans les enfants les difformités du corps lanaren eragina izan zuen.
Liburuan, Petraccinik gaitzetsi egiten zuen garai hartan haurtxoak bendatzeko ohitura, bere ustez lesioak eta deformazioak eragin baitzitzakeen. Defendatu egiten zuen, ordea, haurtxoei gorputz-adarrak mugitzen utzi behar zitzaiela. Haurtxo jaioberrientzat bainu beroak, atseden lasaia eta haien mugimenduak eragotziko ez zituen arropa eroso eta zabala gomendatzen zituen.
2. irudia: María Magdalena Petracciniren lanaren azala eta haurtxoen bendatze batzuk (XVI. mendea). (Iturriak: Wikimedia commons eta Staria e memoria della Bassa Romagna)Horiez gain, amagandiko edoskitzea ere gomendatzen zuen. Garai hartan, behe-mailako emakumeek baino ez zuten bularra ematean; aristokrata eta burges aberatsek inude bati ordaintzen zioten beren seme-alabei bularra eman ziezaioten.
Arrakastak eta aintzatespenakMaría Magdalena Petraccinik ikasten jarraitzen zuen eta senarrarekin batera, edo bakarrik, gaixoak bisitatzen zituen, batez ere haurrak. Etxean bertan ere jasotzen zituen pazienteak, eta amei, emakume xume zein aristokratei, gomendioak ematen zizkien.
1789. urtearen hasieran, Bagnacavalloko Adinekoen Kontseiluak haren jardunaren balio profesionala aitortu nahi izan zuen ofizialki eta dirulaguntza bat eman zion inguruko emakume behartsuak doan artatzeko.
María Magdalena Petraccini Ferretti 32 urte zituela hil zen 1791ko ekainaren 1ean. Lau seme-alabak umezurtz utzi zituen, amarik gabe: Giovanni, Zaffira, Euclides eta Antonio.
Haren urratsei jarraikiz, haren alaba Zaffira Ferrettik kirurgia ikasi zuen Boloniako Unibertsitatean eta medikuntzan graduatu zen 1800eko maiatzean.
1873an, Giuseppe Spallicci historialariak, bere Cenni biografici di alcune donne illustri italiane: operetta, proposta come libro di lettura nei collegi e nelle scuole femminili liburuan, honako hau zioen bi emakume horien jardunbideaz:
Ferrettitarrek, amak zein alabak, irakasten digute ez dagoela emakume batengandik ikas ez daitekeen arte edo zientziarik.
Iturriak:- Lippi, Donatella; Vannucci, Laura (2011). Maria Maddalena Petroncini Ferretti: una chirurga nella Firenze di fine sttecento, Atti e Memorie dell’Accademia Toscana di Scienze e Lettere liburan. La Colombaria Vol. LXXVI, atal berria LXII. Leo S. Olschki.
- Focaccia, Miriam. Scienza a due voci. Petraccini Ferretti Maria Maddalena.
- Maria Petraccini, Wikipedia
Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko azaroaren 29an: María Magdalena Petraccini, hábil cirujana e innovadora en el cuidado de los bebés.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post María Magdalena Petraccini, kirurgialari trebea eta haurtxoen zaintzen arloko berritzailea appeared first on Zientzia Kaiera.
Fabrikazio aeronautikoa optimizatzen
Metalen fabrikazio gehigarria gero eta gehiago erabiltzen den fabrikazio-prozesua da. 1980. urtean ateratako lehen patentetik izugarri eboluzionatu eta hazi da.
Fabrikazio gehigarria (FG) 3D eredu batetik abiatuz materiala geruzaz-geruza gehitzean oinarritzen da eta bere aldaera nagusiak bi dira. Alde batetik, Hauts-Ohearen Fusioa (HOF edo ingelesez PBF) eta, bestetik, Zuzeneko Energia Gehikuntza (ZEG edo ingelesez DED). PBF prozesua hauts-geruza ezberdinetan intereseko guneen fusio selektiboan oinarritzen da, helburua ia % 100eko dentsitatea duten pieza konplexuak hutsetik hasita sortzea izanik. DED prozesuetan, aldiz, pieza hutsetik sortzen hasi beharrean, materiala oinarri baten gainean gehitzen da. Horregatik, bigarren aldaera hau, kalteturiko piezak konpontzera, estaldurak sortzera edota piezei xehetasunak gehitzera bideratzen da orokorrean.
DED prozesuen artean hedatuena energia-iturri bezala laserra eta material gehigarritzat hautsa erabiltzen duen Laser bidezko Zuzeneko Energia-Gehikuntza prozesua da (ingelesez Laser Directed Energy Deposition izenekin ezaguna).
Irudia: laser bidezko Zuzeneko Energia-Gehikuntza prozesua. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Aldaera horretan, irudian ageri denez, laser-izpia pitarekiko ardazkide ateratzen da eta laserraren eta hauts gehigarriaren arteko elkarketa gertatzen den gunean, hau da, distantzia fokalean, oinarriko materiala urtuz galda bainua sortzen da bertan hauts-partikulak injektatzen direlarik. Aldi berean, pitaren eta piezaren arteko mugimendu erlatiboari esker gertatzen den hozketaren ondorioz, galda-bainua solidotu egiten da, kordoi solido bat sortuz. Behin galda-bainua solidotuta, oinarriko materialaren eta gehitutako materialaren artean lotura metalurgiko sendoa lortzen da, pieza eta pitaren mugimendu erlatiboarekin itxura hartzen du. Horrela, nahi diren formako kordoiak sortu daitezke eta prozesu hori geruzaz geruza errepikatuz, helburu den hiru dimentsioko geometria lortzen da.
Geruzaz-geruza eraikitzeko askatasunak, pieza konplexuak eta pertsonalizatuak fabrikatzea ahalbidetzen dio FGari erreminta edo tresneria berezien behar izanik gabe. Hori dela eta, prozesu horren aplikazio gehienek, pisu-murrizpena edo diseinu-askatasuna bilatzen dute. Halaber, FG bidez posible da ohiko fabrikazio-prozesuekin lortu ezin diren geometria konplexu eta osagaiak ekoiztea. Horregatik, FGaren aplikazio-sektore nagusiak medikoa, aeronautikoa, industriala eta kontsumokoa dira. Hala ere, industria aeronautikoan eta aeroespazialean ohiko fabrikazio prozesu gisa erabiltzeko azterketa eta egiaztapen ugari falta zaizkion prozesua da, oro har aurkezten dituen propietate mekaniko aldakorrengatik. Beraz, teknologia honen egiaztatze-prozesuetan lan gehiago egitea beharrezkoa da.
Hori dela eta, DED prozesuak aeronautikan asko erabiltzen den forja-prozesuarekin hibridatzea posible den aztertzea oso interesgarria da. Forja bidez propietate mekaniko apartak baina geometria konplexutasun mugatuko piezak fabrikatu daitezke. Horregatik, helburu diren osagaiak lortzeko forjatutako piezek mekanizazio prozesu luzeak jasan beharrean, pieza sinpleak forjatu eta xehetasunak L-DED bidez gehitu daitezke. Bestalde, hibridazio-prozesuan erabilitako materiala Inconel 718a da, zeina industria aeronautikoan ohikoa den. Gainera, material horrekin mekanizatzeko zailtasunak izatea arrunta da.
Forja eta L-DED prozesuak hibridatzeko, lehenik eta behin forjaturiko Inconel 718 oinarri gainean Inconel 718 hautsa L-DED bidez gehitzeko erabili beharreko parametro optimoak definitu behar dira. Horretarako, prozesu mota horretan eragin handiena duten laserraren potentzia, hauts-emaria eta pitaren aitzinapen-abiadura optimizatzea beharrezkoa da. Bestalde, fabrikazio optimoa aukeratzeko lehenengo kordoi bakunak, jarraian geruzak edo gainjartzeak eta azkenik kubo bat eraikitzen dira. Amaitzeko, Inconel 718arentzat ohiko bero-tratamenduaren ostean propietate mekaniko egokiak bermatzeko trakzio-entsegua egiten da, FGak forjak baino propietate ahulagoak eskaintzen dituela ondorioztatuz.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 44
- Artikuluaren izena: Fabrikazio gehigarriaren eta forjaren hibridazioa sektore aeronautikorako Inconel 718 piezen fabrikazio eraginkorrerako
- Laburpena: Lan honetan Inconel 718 piezen fabrikazio-prozedura eraginkorragoa posible ote den aztertzeko lehen urratsak eman dira, batez ere etorkizunean sektore aeronautikoan erabiltzeko. Forja prozesuak propietate mekaniko oso onak eskaintzen ditu, baina geometria-konplexutasun mugatua dauka. Aldiz, fabrikazio gehigarriak diseinu-askatasun handia ematen du, baina prozesu honekin fabrikaturiko piezen portaeraren inguruan ziurgabetasuna handiagoa da. Hortaz, lan honetan bi prozesu horien arteko hibridazioa aztertu da, prozesu bakoitzaren alderdi ahulei aurre egiteko asmoz. Zehazki, fabrikazio gehigarriaren barneko Laser bidezko Zuzeneko Energia Gehikuntza (L-ZEG) —ingelesez L-DED— teknologia erabili da, materiala desira den gunean gehitzeko aukera eskaintzen duelako eta, beraz, hibridaziorako prozesu egokia delako. Ikerlan honetan, lehendabizi forjaturiko Inconel 718 oinarriaren gainean L-DED bidez xehetasunak gehitzeko parametro optimoak zehaztu dira. Honela, loturaren kalitatea analisi metalografiko bidez baieztatu da. Bigarren pauso batean, trakzioko saiakuntza bidez, fabrikazio-prozesu bien arteko lotura mekanikoa egokia dela ikusi da eta bi prozesuen hibridazioa bideragarria dela ondorioztatu da.
- Egileak: Oier Barrenetxea, Oihane Murua, Jon Iñaki Arrizubieta, Aitzol Lamikiz eta Eneko Ukar
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 353-369
- DOI: 10.1387/ekaia.23771
Oier Barrenetxea, Oihane Murua, Jon Iñaki Arrizubieta, Aitzol Lamikiz eta Eneko Ukar UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Mekanika Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Fabrikazio aeronautikoa optimizatzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Zergatik detektatzen ari dira minbizi kasu gehiago gazteengan?
Hiru emakumetik batek eta bi gizonetik batek minbiziren bat izango du bizitzan zehar. Gure organismoko epe luzerako errusiar erruleta bailitzan, 200 gaixotasun baino gehiago barne hartzen dituen gaitz hori izateko probabilitateak gero eta handiagoak dira adinak gora egin ahala. Ezin dugu % 100ean bermatu bala hori saihestu ahalko dugunik, baina gure esku dago neurriak hartzea bala jasotzeko arriskua askoz txikiagoa izan dadin. Zenbatesten da neoplasien erdia ekidin zitekeela prebentziozko neurriak aplikatuta (hala nola tabakoa eta alkohola kontsumitzeari uztea eta elikadura osasungarria izatea).
Pronostikoak ez dira optimistak. Osasunaren Mundu Erakundeak zenbatesten du minbizi kasuak ia % 50 areagotuko direla bi hamarkadetan munduan: 19,3 milioitik 2020an 28,4 milioira 2040an. Espainian, kasuen kopuruak gora egin du ere 2016tik, batez ere herritarren zahartze progresiboagatik, baheketen estaldura eta barietate handiagoagatik eta bizimodu txarrengatik.
Irudia: hainbat ikerketak jaso dute minbiziaren maiztasuna gazteengan nabarmen areagotu egin dela azken urteetan. (Argazkia: cottonbro studio – Domeinu publikoko irudia. Iturria: pxhere.com)Zahartzea da minbiziaren garapenerako arrisku faktorerik garrantzitsuena (kasu gehienak 65 urtetik gorako pertsonetan agertzen dira); hala ere, hainbat faktorek eragin dezakete gaixotasuna pertsona gazteagoetan agertzea. Izan ere, hainbat ikerketak jaso dute minbiziaren maiztasuna gazteengan nabarmen areagotu egin dela azken urteetan. Zentzu horretan, BMJ Oncology aldizkarian duela gutxi argitaratutako ikerketa berri batek detektatu du azken 30 urteetan % 79 areagotu direla 50 urtetik beherakoen minbizia kasuak (agerpen goiztiarreko minbizia) mundu osoan. Halaber, minbiziagatiko heriotzak ere ia % 28 areagotu dira kolektibo horretan.
Emaitza horietara iristeko, ikertzaileek 1990 eta 2019 artean 204 herrialdetako herrietan 29 minbizi motaren agerpenaren bilakaera jasotzen duten erregistro epidemiologikoak aztertu zituzten. 2019an, 50 urtetik beherakoen artean hilkortasun eta gaixotasun karga handiena eragin zuten tumoreak honako hauek izan ziren: bularrekoa, trakeakoa, birika eta bronkioetakoa, urdailekoa, eta kolon eta ondestekoa. Beste alde batetik, prostatako minbizia eta sudur-faringeetako minbizia izan ziren intzidentzietan areagotze nabarmenena izan zuten neoplasiak.
Minbizi kasuen areagotzea are markatuagoa izan zen maila erdiko eta maila erdi-altuko garapen sozioekonomikoko herrialdeetako 40 eta 49 urte arteko pertsonen kolektiboan (bereziki Ipar Amerikan, Australian eta Mendebaldeko Europan). Hala ere, minbiziagatiko hilkortasuna ere nabarmen jaitsi zen garapen altuko herrialdeetan. Ikertzaileek kalkulatu zuten joera hori mantentzen bada, agerpen goiztiarreko minbiziagatiko intzidentzia eta heriotzak % 31 eta % 21 areagotuko direla, hurrenez hurren, 2030. urterako.
Alkohola, tabakoa eta dietaMinbiziaren agerpenean faktore askok eragiten dute; hori dela eta, oso zaila da zehazki jakitea zein diren gazteengan minbizi kasuak areagotzen laguntzen ari direnak. Edonola ere, ikerketako zientzialari arduradunek iradoki dute hauek direla fenomenoaren atzean dauden hiru arrazoi nagusiak: alkohola eta tabakoa kontsumitzea, eta oso osasungarria ez den dieta jarraitzea (haragi gorriaren eta gatzaren kontsumo handia, eta fruta eta esnearen kontsumo txikia). Faktore horietatik haratago, litekeena da beste kausa batzuk ere tartean egotea, baina gazteengan neoplasiak areagotzea zein neurritan eragiten ari diren jakiteko ezagutza oso mugatua da.
Uste dute obesitateak, sedentarismoak eta ingurumeneko askotariko faktoreek ere (kutsatzaile atmosferikoak, elikagai eta edari batzuetan agente kantzerigenoak egotea…) eragina izan dezaketela minbiziaren maiztasunaren hazkuntza globalean. Hala ere, faktore horien pisua ezezaguna da.
50 urtetik beherakoetan minbizi arriskua areagotzen ari diren kausak hobeto ezagutzeko, epe luzerako jarraipen ikerketak egin beharko dira (kohorteak), askotariko arrisku faktoreen potentzial kantzerigenoa identifikatu ahal izateko. Bestetik, ikertzaileek planteatu dute sakon ebaluatzea ea kolektibo horretan minbizi baheketak egiteko programak justifikatuta dauden, kasuen areagotzea dela eta. Gaur egun, minbiziaren detekzio goiztiarreko ia programa guztiak 50 urtetik gorakoei zuzentzen zaizkie (Espainian umetoki-lepoko minbiziaren baheketa izan ezik, adibidez). Agian, pertsona gazteagoetan minbiziaren maiztasuna areagotu egin dela ikusita, arrazoizkoa izango litzateke atari hori jaistea neoplasia zehatzetarako.
Erreferentzia bibliografikoa:Zhao, Jianhui; Xu, Liying; Sun, Jin; et. al. (2023) Global trends in incidence, death, burden and risk factors of early-onset cancer from 1990 to 2019. BMJ Oncology, 2. DOI: 10.1136/bmjonc-2023-000049
Egileaz:Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko urriaren 23an: ¿Por qué se están detectando más casos de cáncer jóvenes?
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Zergatik detektatzen ari dira minbizi kasu gehiago gazteengan? appeared first on Zientzia Kaiera.
Atzerriko azentuaren eragina hizkuntzaren prozesamenduan
Gaur egun oso ohikoa da atzerriko azentua duten hiztunekin topo egitea eta komunikatu behar izatea. Izan ere, hiztun horietako asko kanpotik etorritakoak dira eta heldu berri diren herriko hizkuntza hori ikasten ari dira; beste batzuek, berriz, kanpoko hizkuntza bat erabiltzen dute nagusiki, askotan gurasoen jaioterrikoa, eta hura gainjartzen zaio inguruan entzuten dutenari.
Arrazoiak arrazoi, jaiotzetikoak ez diren hiztun askoren azentua oso nabaria gertatzen da erabiltzen duten ebakera edo ahoskeragatik, edota, gaitasun komunikatibo baxuagoa dutenen kasuan, egiten dituzten akatsengatik. Egoera honen aurrean galdera interesgarria sortzen da, alegia, ea azentudun (edo akastun) ekoizpen horrek hizkuntzaren prozesamenduan eraginik duen eta hala bada, nola eragiten dion.
Irudia: azentua oso baliagarria da hizkuntza prozesatzeko garaian, aurreikuspenak moldatu eta egoera berrietara egokitzen laguntzen digulako. (Argazkia: Alexander Suhorucov – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Galdera honi erantzuteko, Hanuliková, van Alphen, van Goch eta Weber (2012) ikertzaileek Gertaerei Loturiko Potentzialak izeneko metodoa erabili zuten (ing. Event-Related Potentials, ERPs; xehetasunetarako ikus Luck, 2014) eta esaldi batzuk entzunarazi zizkieten nederlandera ama-hizkuntza zuten zenbait hiztuni, garunaren erantzun elektrofisiologikoak neurtzen ari ziren bitartean. Perpaus batzuk jaiotzetiko hiztun batek ekoitziak ziren; beste hainbat, berriz, azentu turkiar nabarmena zuen hiztun batek sortutakoak. Esaldi horietako asko zuzenak ziren, baina zenbaitek akats sintaktikoak zituzten (genero-komunztadura okerra, adib. Nire ama izutu zen poltsatik bitximaskulinoa *garestiafemeninoa lapurtu ziotelako). Beste batzuek, aldiz, akats semantikoak zituzten, munduaren ezagutzarekin zerikusia zutenak (adib. Bart hotz handia egin duelako manta / *arratsalde lodia jarri dut ohe gainean).
Metodo esperimental bera erabilitako beste esperimentu askotan (adib. Kutas eta Federmeier, 2007; Kutas eta Van Petten, 1994; Molinaro, Barber eta Carreiras, 2011), aipatutako akatsek ondo ezagunak diren zantzu elektrofisiologikoak eragin dituzte hiztunen garunetan (xehetasunetara jo barik, dei diezaiegun “positibotasuna” akats sintaktikoen aurrean eta “negatibotasuna” akats semantikoen aurrean).
Bada, ikerketa honen emaitzei dagokienez, jaiotzetiko azentuaz sortutako esaldi ez-gramatikalek arestian aipatutako zantzuak erakutsi dituzte: positibotasuna akats sintaktikoekiko eta negatibotasuna akats semantikoekiko. Azentu turkiarrez ekoitzitako nederlanderazko perpaus sintaktiko okerrek, berriz, ez dute positibotasunik sorrarazi garunean; akats semantikoek, berriz, jaiotzezko ebakeraz ekoitzitakoek bezalaxe, negatibotasuna eragin dute.
Hanuliková eta kolaboratzaileek (2012) aurkikuntza hau esperimentuan parte hartu zuten hiztun nederlandarren ezagutzarekin lotu zuten, hau da, turkiar jatorria duten elebidunen akats sintaktikoak (genero-komunztadurari eragiten diotenak) ohikoak omen dira hiztun horiek nederlanderaz hitz egiten dutenean; beraz, azentu arrotza entzunda, jaiotzetiko hiztun batek nolabait espero edo aurreikus zitzakeen, eta kasu horretan garunak malgutasun handiagoz jokatu zuen akats horien aurrean jaiotzetiko hiztunen azentua entzunda baino. Jaiotzetiko hiztunek, gainera, ez dute gramatika- (komunztadura-) akatsik egiten normalean, edo ez dira oso ohikoak, behintzat; hortaz, jaiotzetiko azentua entzunda, normala da akatsaren aurrean harritzea. Harridura hori, hain zuzen, positibotasunaren bitartez azaleratu du garunak. Era berean, atzerriko azentuak ez dio prozesamendu semantikoari eragin, hau da, bertako zein kanpoko azentuaz ekoitzitako (…) *arratsalde lodia jarri dut ohe gainean bezalako perpausak berdintsu prozesatu zituzten hiztunek.
Horrek guztiak erakusten du azentua oso baliagarria dela hizkuntza prozesatzeko garaian, aurreikuspenak moldatu eta egoera berrietara egokitzen laguntzen digulako –labur esanda– errazago bihurtzen du elkarren arteko komunikazioa.
Irakurle interesatuak atzerriko azentuak hizkuntzaren prozesamenduari eragiten dion moduaz gehiago jakin nahi badu, Grey, Cosgrove eta van Hell (2020) lanera jo dezake berrikusketa baterako; xehetasunetarako, berriz, ikus Caffarra eta Martin (2019); Grey eta van Hell (2017); Holt, Kung eta Demuth (2018) edo Romero-Rivas, Martin eta Costa (2015) lanak.
Erreferentzia bibliografikoak:- Caffarra, Sendy; Martin, Clara D. (2019). Not all errors are the same: ERP sensitivity to error typicality in foreign accented speech perception. Cortex, 116, 308–320. DOI: 10.1016/j.cortex.2018.03.007
- Grey, Sarah; Cosgrove, Abigail L.; van Hell, Janet G. (2020). Faces with foreign accents: An event-related potential study of accented sentence comprehension. Neuropsychologia, 147, 107575. DOI: 10.1016/j.neuropsychologia.2020.107575
- Grey, Sarah; van Hell, Janet G. (2017). Foreign-accented speaker identity affects neural correlates of language comprehension. Journal of Neurolinguistics, 42, 93–108. DOI: 10.1016/j.jneuroling.2016.12.001
- Hanuliková, Adriana; van Alphen, Petra M.; van Goch, Merel M.; Weber, Andrea (2012). When one person’s mistake is another’s standard usage: the effect of foreign accent on syntactic processing. Journal of Cognitive Neuroscience, 24(4), 878–887. DOI: 10.1162/jocn_a_00103
- Holt, Rebecca; Kung, Carmen; Demuth, Katherine (2018). Listener characteristics modulate the semantic processing of native vs. foreign-accented speech. PLoS ONE, 13(12), 1–24. DOI: 10.1371/journal.pone.0207452
- Kutas, Marta; Federmeier, Kara D. (2007). Event-related brain potential (ERP) studies of sentence processing. In M. Gaskell (Ed.), The Oxford Handbook of Psycholinguistics (pp. 385–406). Oxford: Oxford University Press. DOI: 10.1093/oxfordhb/9780198568971.013.0023
- Kutas, Marta; Van Petten, Cyma K. (1994). Psycholinguistics electrified: Event-related brain potential investigations. In M. Gernsbacher (Ed.), Handbook of Psycholinguistics (pp. 83–143). Academic Press.
- Luck, Steven J. (2014). An Introduction to the Event-Related Potential Technique. The MIT press.
- Molinaro, Nicola; Barber, Horacio A.; Carreiras, Manuel (2011). Grammatical agreement processing in reading: ERP findings and future directions. Cortex, 47(8), 908–930. DOI: 10.1016/j.cortex.2011.02.019
- Romero-Rivas, Carlos; Martin, Clara D; Costa, Albert (2015). Processing changes when listening to foreign-accented speech. Frontiers in Human Neuroscience, 9. DOI: 10.3389/fnhum.2015.00167
Adam Zawiszewski Hizkuntzalaritzan doktorea da eta gaur egun, UPV/EHUko irakaslea eta Gogo Elebiduna ikerketa-taldeko ikertzailea da.
The post Atzerriko azentuaren eragina hizkuntzaren prozesamenduan appeared first on Zientzia Kaiera.
Itsas energia berriztagarrien etorkizuna klima-aldaketaren aurrean
Bilboko Ingeniaritza Eskolako Eolo ikertaldeak argitaratu duen lan batek dio klima aldaketak ez diola kalte handirik eragingo, 2100. urtera arte behintzat, itsas energia berriztagarrien produkzioari, berotegi efektuko gasen emisioek gora egin arren. Scientific Reports aldizkarian argitaratu den azterlan honen arabera, modu egokian jarraitu ahal izango da gure itsasertz eta ozeanoetako energia baliabide berriztagarriak eraginkorki ustiatzen. Horrek lagundu egingo du emisioak gutxitzeko eta ekonomia deskarbonizatzeko helburua betetzen. Hauxe izan da klima aldaketaren eta itsas energia berriztagarrien inguruan egin den lehen ikerlana.
2019an, Espainiako gobernuak eta Europako Parlamentuak deklarazio bana egin zuten bizi dugun larrialdi klimatikoaz ohartaraziz, eta mundu osora zabaldu zen haren oihartzuna. Deklarazio horietan, besteak beste, epe luzerako proiekzio klimatikoak aztertu ziren. Zientzialari guztiek onartzen duten ideia baten berri ematen zen: hots, hurrengo hamarkadetan tenperaturak gora egingo duela berotegi efektuko gasen emisioengatik. Hortik etorri da herrialde ugariren ahalegina erregai fosilekiko mendekotasuna txikitzeko, itsas energia berriztagarriak garatuz adibidez, deskarbonizazio helburu globalak betetzea izanik xede nagusia.
Irudia: klima aldaketak ez dio kalte handirik eragingo itsas energia berriztagarrien produkzioari, 2100. urtera arte behintzat. (Argazkia: Pixabay – erabilera libreko irudia. Iturria. Pexels.com)Hala eta guztiz ere, tenperatura igotzeaz gain, berotegi efektuko gasen kontzentrazioa handitzeak aldatu egiten du atmosferaren eta ozeanoen portaera. Horregatik, klima larrialditzat hartzen den testuinguru batean, oso garrantzitsua da zehaztea zer ondorio izango dituen beroketa globalak mende amaieran energia iturri berriztagarri gisa erabilitako haizean eta olatuetan. Beste hitz batzuekin esateko, murritz ditzake klima aldaketak haizea eta olatuak erabiltzeko aukerak, modu horretan eragotziz aldaketa horri aurre egiteko bide garrantzitsuenetako bat; hau da, energia berriztagarrien garapena?
Erantzun zientifiko bat emateko ahaleginean, EOLO ikertaldeak lehen azterlan bat argitaratu du klimak itsas baliabide berriztagarrietan 2100 arte izango duen inpaktuari buruz. Horretarako, aztergai izan du haizetik eta olatuetatik lortzea espero den elektrizitate-kantitatearen bilakaera, energia iturri horiek aprobetxatzeko gailuak ezar daitezkeen itsas eremuetan. Ikerketa horretan, kontuan hartu dira aurreikusitako klima egoeren (CMIP6) azken proiekzioak, Klima Aldaketaren Nazioarteko Panelak (IPCC) argitaratuak, alor honetan nazioarteko ahalegin zientifikoak koordinatzeaz arduratzen den NBEren erakundea.
Azterlanaren emaitzek adierazten dute haizetik eta olatuetatik lortutako elektrizitateak apenas izango duela aldaketarik eta aldaketa horiek itsas eremu gutxi batzuetan soilik izango direla, baita aurreikus daitekeen egoera okerrenean ere: hau da, gaurtik 2100era ez murriztea nazioarteko akordioetan hitzartutako emisio kantitateak. Ikerketaren arabera, mende amaiera arte Espainiako Estatuan ez da aldaketarik egongo instalazio berriztagarriak teknikoki bideragarriak diren itsas eremuetan lortutako elektrizitate kantitatean.
Aldaketa gutxi eta garrantzi txikikoakMundu mailan aldaketak aurreikusi diren eskualde geografiko bakanei dagokienez, dagoeneko itsas parke eoliko erabat funtzionalak dituzten eremuak dira; hala nola Europa Iparraldea eta Txinako Itsasoa. Nolanahi ere, eremu geografiko kopuru txiki horretan espero diren aldaketak ez dira oso esanguratsuak.
Ikertzaileek azaldu dutenez, murrizketa handiak egongo badira ere itsas industria eolikoan eginiko inbertsioetan, aldaketa txiki horiek ez dute arriskuan jarriko haren bideragarritasun tekniko-ekonomikoa. Aitzitik, espero da datozen hamarkadetan nabarmen areagotzea era honetako instalazioak. Are gehiago, ikerketaren ondorioetako bat izan da gaur egun itsas instalazio eolikorik ez duten itsasertzek, hala nola Arabiako Itsasoak edo Bengalako Golkoak, inbertsio handiak erakar litzaketela etorkizunean, industria honen potentzial handiagatik eta aurreikus daitekeen garapenagatik.
Azterlanaren egileek ohartarazi dute olatuetatik lortutako energiaren garapen teknologikoa itsas energia eolikoarena baino dezente apalagoa dela oraindik. Hala ere, ikerketak egin duen erradiografia globalaren emaitza ia estatikoa da, eta leku gutxi batzuetan bakarrik espero dira aldaketak olatuetan, garrantzi gutxikoak gainera, energia eolikoaren potentzialean bezala. Beraz, ikertalde honen iritzian, ez da aldaketa handirik espero ozeanoetan, eta etorkizunean prototipoak garatu ahal izango dira, olatuen energia eraginkorki ustiatzeko aukera emango dutenak. Horri esker, hobeto egingo dira epe luzerako ikerketa eta inbertsio kostuen estimazioak, eta mesede egingo dio horrek garapen aurreikusgarriago eta seguruago bati.
Egileek bere garaian aztertu zuten Mutrikuko olatu instalazioaren energia eraginkortasuna, eta oraingoan aurreikusi dute egoerak egonkor jarraituko duela eta ez dela aldaketa handirik espero instalazio horretan. Beraz, haren ustiapena mantendu eta dispositibo berriak instalatu ahal izango dira. Gogoratu behar da Mutrikukoa dela munduko instalazio bakarra 10 urtetik gora daramatzana olatuek sortutako elektrizitatea sarera injektatzen.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Klima larrialdia? Itsas energia berriztagarrietan ez.
Erreferentzia bibliografikoa:Ibarra-Berastegui, Gabriel; Sáenz, Jon; Ulazia, Alain; Sáenz-Aguirre, Aitor eta Esnaola, Ganix (2023). CMIP6 projections for global offshore wind and wave energy production (2015–2100). Scientific Reports, 13. DOI: 10.1038/s41598-023-45450-3
The post Itsas energia berriztagarrien etorkizuna klima-aldaketaren aurrean appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #469
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
MatematikaEugenio Calabi matematikariak hainbat objektu geometriko berri asmatu zituen bere ibilbide profesionalean zehar. Bereziki ezaguna da 1953an egindako aieruagatik. Zientzialari batzuk bere lanaren aurrean eszeptiko azaldu ziren, baina Calabik Shing-Tung Yau matematikariarekin batera eraikitako objektu batzuk funtsezkoak izan ziren soken teoria planteatzeko. Izan ere, fisikari talde bat ohartu zen unibertsoko sei dimentsio “estrak” Calabi-Yau barietate oso txiki batean ezkutatuta egon zitezkeela. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Espazioaren forma zizelkatu zuen matematikaria.
BiologiaArgiari jarraitzeko landareek duten mekanismoa azaldu du ikerketa batek. Arabidopsis thaliana landarearen ale mutante batek eman die erantzuna. Ikertzaileak ohartu ziren landareek zelulen artean dituzten kanal batzuk oso garrantzitsuak direla landareak argia jarrai dezan. Kanal horietan airea sartzen denean, zelula fotosentikorrak argi gradiente bat sumatzen dute eta, ondorioz, landarearen hazkuntza argirantz bideratzen da. Datuak Zientzia Kaieran.
Hegazti-gripeak gutxienez hartz polar bat hil duela baieztatu du Kanadako Ingurumen Kontserbazio Sailak. Adituek pentsatzen dute hildako hegaztien gorpuak janda kutsatu zela hartza. 2021ean identifikatu zen hegazti-gripearen azken izurria, eta, geroztik, milioika hegazti basati eta milaka ugaztun hil dira mundu osoan birus horrengatik. Albiste honek kezka piztu du bereziki, gripearen birusak normalean ez baitira iritsi lurralde horietara. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Gorostia zuhaitz berezia eta maitatua da gurean. Ohitura zen haren aleak basotik hartu edo kimatzea, eta horregatik erakundeek halakorik egitea debekatu zuten. Pinudiak landatzearekin batera gutxitu ziren gorostiak, beste zuhaitz askorekin batera. Mikel Etxeberria Okariz Aranzadi zientzia elkarteko kideak azaldu du, gorosti arrak eta emeak daudela, eta emeek ematen dituztela pipita gorriak. Gehienbat azten horiek kentzen ziren basotik, eta populazioak desorekatu ziren. Interes bereziko espezieen EAEko katalogoan dago gorostia. Datuak Berrian.
BiokimikaLandareetan aminoazidoetatik abiatuta oxido nitrikoa sortzeko bide metaboliko bat aurkitu dute. Ikertzaileek jakin nahi zuten zehazki nola lortzen zuten landareek konposatu hori ongarri gisa erabiltzen den amonio asketik eta aminoazidoetatik. Izan ere, landareen tolerantzia hobetzen du konposatu horrek lehorteetan edo mantenugaien eskasia dagoenean. Orain Nafarroako Unibertsitate Publikoak gidatutako ikerketa batek ikusi du peroxidasa izeneko entzima bat erabiltzen dutela oxido nitrikoa sortzeko. Egileek uste dute aurkikuntzak hainbat aplikazio izan ditzakeela nekazaritzan eta medikuntzan. Datuak Elhuyar aldizkarian.
IngurumenaGalizian isuri diren moduko plastikozko aleak itsasoan aurkitzea ez da gauza arraroa. Kalkulatzen da urtean 52.000-184.000 tona plastiko-ale isurtzen direla itsasora ekoizpen eta garraio-katean gertatutako arazoen ondorioz. Gaiaren inguruko artikulu berri batean ikertzaileek argi utzi dute halako isuriak beti direla ingurumen-arazo bat, eta materialaren arabera toxikotasun-arazo bat ere izan litezkeela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Plastikozko aleak itsasoan; ez da berria, baina bai larria.
Ibone Ametzaga Biologian doktorea ekosistemen zerbitzuez mintzatu da NAIZ Irratian. Ekosistemen zerbitzuak dira gizakiak ekosistemetatik lortzen dituen onurak. Hauek zuzenak, erregulatzaileak edota kulturalak izan daitezke. Ametzagak azaldu du naturari balio utilitarista jartzea ez dela erraza, zaila baita kalkulatzea paisaia baten edo espezie baten “prezioa”. Gainera, gogorarazi du ekosistemen funtzionamenduen oinarria biodibertsitatea dela, eta horrek denboran zehar eboluzionatzen duela. Azalpen guztiak Gara egunkarian.
Klima-aldaketa2023a izan da inoiz neurtu den urterik beroena, Europako Batasunak klima-aldaketa aztertzeko sorturiko Copernicus zerbitzuaren datuen arabera. Ekainetik abendura, hilabete guztiek gainditu zituzten hilabete horietako tenperatura markak, eta berotegi gasen kontzentrazioa inoizko handiena da. Horren ondorioz, industriaurreko datuekin alderatuta, batez beste ia 1,48 gradu berotu da planeta. Gainera, aurreko urtean muturreko fenomeno meteorologiko ugari izan ziren. Informazio gehiago Berrian.
Ikerketa berri baten arabera, itsasoko tenperaturak 0,23 gradu egin du gora 2022tik 2023ra. Gainera, industrializazioaren garaiarekin alderatuz gero, %50 CO2 gehiago dago itsasoan. Itsasoko tenperaturak gora egiteak ingurumen hondamendiak gertatzeko probabilitatea handitzen duela azaldu dute ikertzaileek. Gainera, uraren ziklo atmosferikoa ere aldatu dela argudiatu dute. Datuak Berrian.
GenetikaZahartzea erruz atzeratzea lortu du Hungariako zientzialari talde batek. Laborategiko zizareetan egin dute, eta Piwi-piRNA bidezidorra aktibatzea izan da gakoa. Bidezidor horrek gene saltariak (transposonak) inhibitzen ditu, genomaren parte batetik beste edonora mugi daitezkeen DNA zatikiak. Gene saltariek ondorio kaltegarriak eragiten dituzte organismoan, eta gehiegi mugitzen direnean, genoma desegonkortu eta zelulen zahartzea eragin dezake. Gene horiek saltorik ez egitea lortu dute, beraz, eta zahartzea atzeratzea. Datuak Berrian.
GeologiaBlanca Martinez geologoak uharteak benetan zer diren eta nola sortzen diren azaldu du Zientzia Kaieran. Uharte guztiak itsas hondotik hazten dira, eta itsas maila gainditu arte ez dira azaleratzen. Uharteak bi prozesu geologikoren bidez sor daitezke: mugimendu tektonikoen bidez, eta itsaspeko bolkanismoaren bidez. Lehen prozesuan, litosfera osatzen duten plaka tektonikoen arteko talken ondorioz sortzen dira uharteak. Bigarrenean, berriz, ozeanoaren hondoko puntu finko batean dagoen ganbara magmatiko batek laba isurtzean sortzen da.
OsasunaAlzheimerraren bost aldaera aurkitu dituzte, eta baliteke bakoitzak tratamendu desberdina behar izatea. Ikertzaileek alzheimerra zuten 419 pertsonen likido zefalorrakideoa ikertu zuten, eta bertako 1058 proteina aztertu. Jasotako emaitzen bidez, ikusi zuten gaixotasunean gertatzen ziren prozesu biologiko batzuk bost taldetan banatu zitezkeela. Gainera, ikusi zuten gaixotasunaren bilakaera ere desberdina zela aldaeraren arabera, eta agian bakoitzak tratamendu ezberdin bat beharko lukeela. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Txantxarra izatea oso ohikoa da mundu mailan. Lesio mota hori agertzen da ahoko mikrobiotaren desoreka-egoera edo disbiosia gertatzen denean. Txantxarrak osasun publikoarentzat erronka handia izaten jarraitzen du, prebentzioan baino tratamenduan oinarritutako ikuspegia gailentzen baita. Hori hala da esku-hartze gehienak klinika pribatuetan egiten direlako. Euskal Autonomia Erkidegoan, PADI programari eta uren fluorizazioari esker, gaur egun Europako onenen artean daude txantxarraren indizeei dagokienez. Datuak Zientzia Kaieran.
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #469 appeared first on Zientzia Kaiera.
Asmo oneko sexismoa
Genero-ekitateaz eta gizarte bidezkoago bat eraikitzeaz arduratzen diren gizon askorekin bizi gara. Ziur gizonok gurekin ados daudela, lantokiko sexismoa oraindik ere arazo bat dela esaten dugunean. Erraza da ulertzea denok, gizonek zein emakumeek, onura ateratzen dugula sinesmen eta aurreiritzi faltsuei aurre egiten zaienean. Eskubide agerikoenak defendatzen dituen gizon batek lanean komentario sexista bat entzuten duenean, senak hari aurre egitera bultzatzen du, komentario horren atzean dauden uste eta estereotipo faltsuak zalantzan jarriz edo ezeztatuz.
Negin Sattari, Sarah H. DiMuccio, Joy Ohm eta Jose M. Romero ikertzaileek hamahiru herrialdetako 7.210 gizoni egindako inkestaren arabera, sarritan, berdintasun justua lortzeko inplikatuta dauden gizonek «sexismo onbera» batez erantzuten diete komentario sexistei: positiboak diruditen jarrera, jardunbide eta ekintzak, esaterako, sarritan beharrezkoa ez den laguntza eskaintzea, lausenguak egitea edo irtenbideak iradokitzea. Horrek emakumeen alde jartzeko helburua ahuldu dezake, laguntza, babesa eta maitasuna emateko aitzakiarekin askotan.
1. irudia: sarritan, berdintasun justua lortzeko inplikatuta dauden gizonek «sexismo onbera» batez erantzuten diete komentario sexistei. (Argazkia: Gerd Altmann – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Hala sexismo onberak nola sexismo kaltegarriak identitateei eta rol sozialei buruz ezarritako genero-estereotipoak indartzen dituzte. Sexismo kaltegarriak genero-aurreiritzi tradizionalak defendatzen ditu eta horiei aurre egiten dieten emakumeak zigortzen ditu; aldiz, sexismo onberak gauza bera egiten du, asmo oneko ekintzen bidez. Baten eta bestearen taktikak desberdinak dira, baina emakume langileentzat izan ditzaketen ondorioak berberak dira: eragin negatiboak izan ditzake haien osasun mentalean, gaitasunik ez dutela sentitu dezakete, eta laguntza profesional gutxiago jaso dezakete.
Oharkabean sexistak diren jokabideek ez gaituzte bultzatu behar lan eremuan oso beharrezkoa den borroka hori alde batera uztera, baina gero eta pertsona gehiagok ikasi beharko lukete halakoak hautematen.
Sinesmen kaltegarriak indartzenSexismo onberaren gakoa ulertzeko, adibide hau irakur dezakegu: sareko sistemen administratzaile izateko lanpostu batean plaza bat dago eta eztabaidatzen ari dira ea Angelina, taldeko kide berri samar bat, sustatu behar den. Colinek dio ez duela uste taldearen errespetua lor dezakeenik, taldekide gehienak gizonak direlako eta hura erakargarriegia delako; beraz, ez du postuz igotzerik nahi. Halako komentario sexista baten aurrean, Jakobek dio: «Colin, ez zenuke hori esan behar: Angelinaren itxurak ez du zerikusirik bere adimenarekin eta lan honetarako duen gaitasunarekin. Baina egia da giroa harentzat agresiboegia izan daitekeela».
Jakobek Colinen komentario sexista nabarmendu du, baina ondorio bera duen komentario bat egin du berak ere: Angelinari igoera ukatzea, hura zaintzearen eta haren ongizateaz kezkatzearen distira positiboarekin adierazita. Pentsa dezake erronka desatsegin batetik babesten ari dela, baina, egia esan, hori sexismo onbera da.
Halako egoeretan, Jakobek eta sexismoa salatu nahi duten beste pertsona batzuek zera hausnartu beharko lukete: positiboak diruditen baina, egiaz, genero-arloan kaltegarriak diren hiru uste faltsuetako bat indartzen ari dira beren erantzunaren bidez? Hona hemen usteok:
- Uste faltsua: gizonek emakumeez arduratu behar dute
Sinesmen hori tradizio patriarkal batetik dator, zeinaren arabera gizonek emakumeak babestu eta hornitu behar dituzten, eta emakumeek gizonen babesa eta laguntza behar duten. Emakumeei eskatu gabeko laguntza eskaintzea, esaterako, finantza-gaiez edo arlo teknologikoaz arduratzeko, agian asmo oneko jokabidea da, baina ekintza paternalista horiek ulertarazten dute emakumeak hauskorrak direla, gaitasun txikiagoa dutela eta ez direla gai beren erabakiak hartzeko.
Adibidez: emakume bati ikusgarritasun handiko proiektu bat zuzentzeko ez eskatzea edo nazioarteko esleipen bat ez ematea, egoera zailei aurre egin beharko liekeelako, arlo familiarrean (batez ere seme-alaba txikiak baditu) eta logistikoan.
2. irudia: uste faltsu bat da gizonak eta emakumeak, berez, gizarteko erantzukizun eta rol desberdinetarako egokiak direla. (Argazkia: Lydia – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)- Uste faltsua: gizonak eta emakumeak desberdinak eta osagarriak dira
Kasu honetan, uste da gizonak eta emakumeak, berez, gizarteko erantzukizun eta rol desberdinetarako egokiak direla. Agian noizbait entzun dugu honelako zerbait: emakumeak gizonak baino solidarioagoak dira eta, beraz, familia, komunitatea eta, lanean, taldea zaintzeko ardura izan behar dute. Agian, uste hori kaltegabea edo lausengagarria ere irudituko zaio norbaiti, baina emakumeek historikoki etxetik kanpoko aukeretan izan dituzten muga askoren oinarria da, eta horrexek bultzatu zituen laguntzeko roletara lan-eremuan.
Adibidez: iradokitzea emakume bat egokiagoa dela giza baliabideetako lanpostu baterako, salmentetarako baino.
- Uste faltsua: gizonen bizitza pertsonala emakumeen mende dago
Uste itogarri horren arabera, gizonen biziraupena emakumeen esku dago. Gizonekiko mendekotasuna nabarmentzen du, baina, aldi berean, ziurtzat jotzen du emakumeek gizartean duten zeregin nagusia gizonen afektu-beharrak asetzea dela. Ikuspegi horretatik, emakumeak objektu sexual hutsak dira eta ez dute baliorik pertsona independente gisa, ezta lantokian ere.
Adibidez: lankide bat bere itxuragatik zoriontzea eta haren senarra zorioneko gizona dela esatea. Edo esatea taldean neskak egoteari esker nolabaiteko ordena eta harmonia mantentzen dela.
Sexismo onbera, baita zientzian ereGutako asko ez gaude uste horiekin ados esplizituki adierazten direnean, baina gehienok oso barneratuta ditugu, eta oso zaila da jakitea zenbateraino dauden txertatuta egiten ditugun edo beste batzuek egiten dituzten komentarioetan.
Hain zuzen ere, maila guztietako gizonek lantokian komentario sexista bat noiz eta nola eten dezaketen jakiteko ikerketa batean, gizonen % 29-74k, herrialdearen arabera, erantzun sexista baina onbera gisa etiketatutako lau aukeretako batekin edo gehiagorekin (23 aukeratik) erantzungo luketela adierazi zuen: adibidez, «Nire gizonezko lankideari emakumeak babesteko eskatuko nioke», «emakumeekin tratatzea gizonekin tratatzea baino errazagoa dela esango nuke», etab.
Gizon-talde horren ezaugarriak behatu zirenean, ikusi zen estereotipoak bere horretan jarraitzen zuela, baita emakumeen laneko eskubideen defendatzailetzat jotzen zirenen kasuan ere. Argitara atera zen erantzun sexista onberak ehuneko hauen artean zeudela (herrialdearen arabera):
- berdintasunaren aldeko borrokarekin konpromiso handia zuten gizonen % 40-82k komentario sexistak egiten zituen oharkabean;
- sexismoari aurre egiteko duten gaitasunean konfiantza handia zuten gizonen %33-82k uste faltsuak zituen,
- genero-desparekotasunei aurre egitearen onura pertsonal eta sozialez jabetzen ziren gizonen %39-84k estereotipoak mantentzen zituen.
3. irudia: gizon batek hierarkia korporatiboan zuen posizioa zenbat eta altuagoa izan, orduan eta probableagoa zen haren erantzunetan sexismo onbera aurkitzea. (Argazkia: Ulrich – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)
Beste gizon batzuen jarrera sexistei zuzenean aurre egiten dieten gizonen kasuan ere, %37-78k sexismo onbera erabili zuen bere erantzunean. Kezkagarriena zera izan zen: herrialde guztietan, gizon batek hierarkia korporatiboan zuen posizioa zenbat eta altuagoa izan, orduan eta probableagoa zen haren erantzunetan sexismo onbera aurkitzea. Gizonok, babestu nahi dituzten emakumeei kalte egiteaz gain, erreferente txarrak dira antzeko postuetan dauden beste gizon batzuentzat. Ez da zaila zientziaren munduan gaizki ulertutako babes-egoera horiek imajinatzea.
Berdintasunaren aldeko ikuspegi zorrotzagoaZer egin dezakete gizonek lanean, departamentuan, eskoletan edo laborategian ekitatea sustatzeko?
Egia da gizon askok inklusioa eta justizia, berdintasuna eta pertsona guztien eskubideak babesten dituztela, baina agian ez dute beren ekintzetan sexismo onbera identifikatzeko estrategiarik. Ikertzaileek zenbait gai proposatu zituzten, sexismoari aurre egin nahi dioten gizonek, batez ere liderrek, ikuspegi zorrotzago bat hartzeko erabil ditzaten.
- Une oro beren hitzez jabetzea, paternalismoei adi egotea. Interesa agertzea sexismo onberari buruz iristen zaien informazioan: nola garatzen den lantokian, zer ondorio dituen eta nola sarritan sexismo kaltegarriarekin lotuta dagoen. Garrantzitsua da gogoan izatea nola ideia sexista onberek genero guztietako pertsonei buruzko estereotipoak eta aurreiritzi zurrunak indartzen dituzten.
- Egiaztatzea zer nolako usteak dauden pertsonek beren generoaren arabera izan beharreko jarrerari eta bizitzari buruz.
- Irudikatzea nola eten daitezkeen komentario sexistak, sexismo onberaren tranpan erori gabe. Zer iradoki nahi da hitz horiekin? Zer eragin izango dute ekintza jakin batzuek? Agertzen al da emakumeek beren kabuz lan bat ezin dutela egin edo ez dutela egin behar dioen aurreiritzia?
- Eskuratutako ezagutzak aplikatzea. Beste batzuek komentario sexista onberak egiten dituztela entzutean, ondo legoke aurre egitea. Adibidez, lankide batek emakume bat proiektu konplexu batetik «salbatu» nahi badu, beste ikuspegi bat emanez lagundu dakioke, galdera honen bidez: «Zer ondorio ditu emakume hori proiektu honetan ez sartzeak? Ez al da egokiagoa hari zuzenean galdetzea, zer nahi duen suposatzea baino?».
- Jokabide ekitatiboak bultzatzea. Emakumezko lankideen edo kontratatuen gaitasunetan jartzea arreta, haien itxuran eta antzeko ezaugarrietan jarri beharrean. Eraginkorra izaten da lanaren emaitzekin eta lortutako helburuekin lotutako feedbacka ematea, ustez emakumeen berezkoak diren ezaugarriak (esaterako, berotasuna eta adeitasuna) goraipatu beharrean.
- Lantokiko sexismoari buruzko elkarrizketak has daitezke, hausnartzeko eta beste ikuspuntu batzuk ikusteko. Egokiena da gai horiei jakin-minez eta apaltasunez heltzea, ezaugarriok beti baitira lagungarriak; alferrik da norbere buruari edo besteei errua botatzea komentario batekin hanka sartu izanagatik. Hobe da ikasteko gogoan jartzea arreta.
Berdintasunaren alde konprometitutako gizon asko daudenez, aldaketarako bultzada handi bat sortuko da. Sexismo onberak berezkoa duen ñabarduraz jabetzea urrats erabakigarria da norabidea sotilki zuzendu eta aldaketa hori gauzatzeko.
Erreferentzia bibliografikoak:Lamarche, Veronica M.; Seery, Mark D.; Kondrak, Cheryl L.; Saltsman, Thomas L. eta Streamer, Lindsey (2020). Clever girl: Benevolent sexism and cardiovascular threat. Biological Psychology, 149, 107781. DOI: https://doi.org/10.1016/j.biopsycho.2019.107781
Hideg, I., eta Shen, W. (2019). Why Still so Few? A Theoretical Model of the Role of Benevolent Sexism and Career Support in the Continued Underrepresentation of Women in Leadership Positions. Journal of Leadership & Organizational Studies, 26(3), 287-303. DOI: https://doi.org/10.1177/1548051819849006
Oswald, D.L., Baalbaki, M. eta Kirkman, M. (2019). Experiences with Benevolent Sexism: Scale Development and Associations with Women’s Well-Being. Sex Roles, 80, 362–380. DOI: https://doi.org/10.1007/s11199-018-0933-5
Informazio gehiago:- Sattari, N., DiMuccio, S.H., Ohm, J. eta Romero J.M. (2022). Dismantling “Benevolent” Sexism. Harvard Business Review, 2022ko ekainaren 8an argitaratu.
- Catalyst. Research Series: Interrupting Sexism at Work.
Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko ekainaren 21ean: Sexismo con buena intención.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Asmo oneko sexismoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Lurraren hedapena
Kontinenteak, gaur egun ezagutzen ditugun bezala, ez dira beti horrela egon. Duela 175 milioi urte baino gehiago superkontinente bakarra osatzen zuten. Darwin izan zen lehenengoetarikoa honetaz ohartzen, elkarrengandik urrun zeuden lekuetan espezie berdinak aurkitu baitzituen.
Hainbat zientzialari saiatu ziren kontinenteen egoerari eta lurraren hedapenari erantzuten. 1889an, Roberto Mantovano geologo italiarrak proposatu zuen iraganean lurra txikiagoa zela eta kontinente guztiak elkarrekin zeudela. Gero, dilatazio termiko bat gertatu zen, planetaren tamaina handitu eta azalera zatitu zuena. Alfred Wegener-ek oso antzekoa uste zuen, baina, haren arabera, Lurrak ez zuen handitu bere tamaina, eta superkontinente hura hondatu zuena Kontinenteen Jitoa deitu zion fenomenoa izan zen.
XX. mendean zehar teoria baten eta bestearen babesleak izan ziren. Marie Thrap kartografo estatubatuarrak izan zen balantza alde batera erorarazi zuena Dortsal Mesoatlantikoa aurkitzean. Horri esker jakin izan dugu Wegener-ek arrazoia zeukala.UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Lurraren hedapena appeared first on Zientzia Kaiera.
Hortzetako txantxarraren etiopatogenia, osasun publikoaren erronka
Txantxarra hortzetako ehun gogorren (esmaltearen eta dentinaren) suntsipen lokalizatua da, azukre libreek bakterien hartziduren bitartez sortutako azpiproduktu azidoen bidez. Haurtzaroan zein helduaroan gertatzen den gaixotasuna da. Are gehiago, behin betiko hortzerian tratatu gabeko txantxarra munduan gehien ematen den egoera da. Dibulgazio-artikulu honetan, historian zehar bere agerpena azaltzeko sortu diren hipotesi etiopatogeniko nagusiak deskribatzen dira. Gaur egun, badakigu ezinbestekoa dela ahoko mikrobiotaren desoreka-egoera bat, disbiosi deritzona, lesioa ager dadin.
Gure osasun-sistemak tratamenduan oinarritutako ikuspegia izaten jarraitzen du, prebentzioari edo osasunaren sustapenari garrantzi nagusia eman beharrean. Gainera, desoreka bat dago gizarteak dituen beharren eta zerbitzuen eskuragarritasunaren eta kokapenaren artean. Hau da, hortzak zaintzeko zerbitzuak sarritan gutxien behar diren lekuetan egoten dira, gehien behar direnetan egon beharrean.
Irudia: behin betiko hortzerian tratatu gabeko txantxarra munduan gehien ematen den egoera da. (Argazkia: Mohamed_hassan – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Gainera, odontologiako esku-hartze gehienak pribatuak izateak tratamendua sustatzen du, prebentzioa eta pazientearen jarraipena bultzatu beharrean. Era berean, dentistak osasun-sistemako gainerako profesionalengandik isolatuta egon ohi dira, lehen mailako arretarekin eta ospitalekoekin harremanik izan gabe.
Aho-hortzetako osasunaren arloko prebentzio-ekintzak normalean banakakoak izaten dira, ingurune klinikoan, dentistaren eta pazientearen artean. Estrategia prebentiboak banaka egiten direnean, estrategia global bat jarraitu gabe, ez dira eraginkorrak ahoko osasunaren arloko desberdintasunak murrizteko. Gainera, oso garestia izan daiteke, banakotasunean jartzen baitu arreta. Halaber, prebentzioaren arrakasta epe laburrera bideratzen da, eta ez da iraunkorra denboran zehar. Osasun publikoan, epe luzeko emaitzak lortu nahi dira; beraz, erabateko aldaketa egin beharko litzateke hortzetako txantxarrari eta ahoko gainerako gaixotasunei aurrea hartzeko politiketan.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 80ko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak bi neurri hartu zituen: Haurren Hortzak Zaintzeko Programa (PADI) sortu zuen eta fluorizazioarekin hasi zen. Hamarkada bakoitzean egiten diren euskal ikerketa epidemiologikoetan ikusi denez, haurren txantxar-indizeak jaitsi egin dira, eta gaur egun Europako onenetakoak dira. Hala ere, badirudi Eusko Jaurlaritzak laster beste bi aldaketa handi egingo dituela bi neurri hauekin. Batetik, proposatu du ikasleek PADI programa erabiltzeko adina handitzea. Gaur egun, 7 eta 15 urte bitarteko ikasleek dute PADI programan parte hartzeko eskubidea, baina gobernuak 0 eta 5 bitarteko adin tartera handitu nahi du.
Bestalde, kontsumo publikoko uren fluorizazioa indargabetzeko lege-aurreproiektu bat dago. Legeria hori oraindik ez da indarrean jarri, hau da, momentuz EAEn uren fluorazioa ez da desagertu. Onartuz gero, komenigarria litzateke herritar guztien aho-hortzetako osasunean duen eragina monitorizatzea, bereziki gizarte-klase apalenena, horiek baitira, zalantzarik gabe, orain arte neurriari onura gehien atera diotenak.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 44
- Artikuluaren izena: Hortzetako txantxarra: etiopatogeniaren garapena eta osasun publikoaren erronka.
- Laburpena: Hortzetako txantxarraren etiopatogeniari buruzko ezagutzak asko aurreratu dira azken hamarkadetan, baina gaixotasunak osasun publikoarentzat erronka handia izaten jarraitzen du. Beharrezkoa da ikerketarekin jarraitzea eta prebentzio-estrategia berriak ezartzea, batez ere komunitate ahulenetan, gaixotasuna sorrarazten duten faktore soziodemografikoak kontuan hartuta. Gaur egun jarraitzen den estrategia prebentibo indibiduala ez da eraginkorra txantxarrak sortzen dituen desberdintasunei aurre egiteko. Azken hamarkadetan aho-hortzetako txantxarren indizeak jaitsi egin dira Euskal Autonomia Erkidegoan, PADI programari eta uren fluorizazioari esker; gaur egun Europako onenen artean daude. Hala ere, klase sozial baxuenek besteek baino indize askoz handiagoak dituzte. Hori dela eta, oso garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzak, azkenean uraren fluorizazioa bertan behera uzten badu, azterketa metodologiko zorrotzak egitea erabaki horren eragina neurtzeko, bereziki talde ahuletan.
- Egileak: Jon Fernández-Bonet, Xabier Marichalar-Mendia eta Aitana Lertxundi
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 11-26
- DOI: 10.1387/ekaia.24615
- Jon Fernández-Bonet doktorea UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateako Estomatología II Saileko ikertzailea da.
- Xabier Marichalar-Mendia UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza Saileko ikertzailea da.
- Aitana Lertxundi UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Saileko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Hortzetako txantxarraren etiopatogenia, osasun publikoaren erronka appeared first on Zientzia Kaiera.
Uharteak, itsasotik azaleratzen diren mendiak
Noizean behin, hedabideek ozeanoetara isuri ditugun eta itsasoko korronteek zenbait ingurutan pilatu dituzten zaborren eta hondakin flotagarrien metaketen irudiak erakusten dituzte. Horiei plastikozko uharte deitzen diegu. Bada, oso izen grafikoa eta deigarria izan arren, akats batera garamatza. Eta ez nago plastikoen kontuaz hitz egiten, uharteen kontuaz baizik.
Kontzeptuak parekatzen baditugu, pentsa dezakegu uharte naturalak itsasoan flotatzen ari diren lur metaketak direla. Ideia hori antzinatik izan dugu lagun eta gure mitologia askoren parte da. Odiseo izan zen lehenengoa (ezagunagoa da latinezko Ulises izenarekin); izan ere, Egeo itsasoan eta Mauira heldu arte bere itsasontziarekin elkarren aurka talka egiten ari ziren arroka erraldoi eta alderraiak ekidin behar izan zituen; itsas hondotik lur zati erraldoi bat atera zuen bere amu magikoaren bidez, eta, askatu eta puskatan apurtu ostean, ozeanoan flotatzen geratu ziren; horrela, Hawaii uharteak sortu ziren. Zorionez, gaur egun, geologiara jo dezakegu uharteak benetan zer diren eta nola sortzen diren jakiteko.
1. irudia: bi plaka tektonikoren (gezi gorrien arabera) hedapen edo bereizte mekanismoa. Horren ondorioz, litosfera apurtu egiten da normalak izeneko failen alde (normal fault irudian). Faila horiek altxatutako blokeak (horst) eta hondoratutako blokeak (graben) sortzen dituzte. (Iturria: Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuaren irudia, United States Geological Service)Uharte bat azaleratutako lur zatia da, hau da, urpean dagoena eta urez erabat inguratuta dagoena. Baina horrek ez du esan nahi itsaso gainean flotatzen ari denik, kontrakoa baizik. Uharte guztiek erroa dute itsas hondoan, eta itsas maila gainditu arte azalera igotzen diren goragune handien goiko partea baino ez dira; horregatik ikusi ditzakegu ozeanoan. Beraz, uharteak itsas lurrean jaio eta une horretako uraren mailatik gora hazten diren mendi erraldoiak baino ez dira. Bestalde, hondo ozeanikoa ez da azalera laua; izan ere, gainazalera ateratzen ez diren lur goragune asko daude, eta horiek itsaspeko mendiak izenez ezagutzen ditugunak eratzen dituzte.
Apur bat orokortuz, uharteak bi prozesu geologiko zehatzen bidez sor daitezke. Alde batetik, mugimendu tektonikoak daude. Beste batzuetan aipatu dudanez, gure planetan kanpoen dagoen geruza (litosfera), zabalena, solidoena eta zurrunena izateaz gain, plaka tektonikoak izeneko zatitxoetan banatuta dago. Plaka horiek beheko geruzaren (astenosfera) gainean mugitzen dira, zeina solido plastikoa den. Plaka horietako bi elkarrengandik aldentzen direnean, litosfera findu eta apurtu egiten da. Ondorioz, bloke hondoratuak eta altxatuak agertzen dira, eskailera bateko mailak balira bezala, eta itsas urez estaltzen dira apurka-apurka. Itsas mailak ez badu behar beste gora egiten, altxatutako bloke batzuk azalean ager daitezke eta uharteak sortu.
Baina plaka teknikoek elkarren aurka ere egin dezakete talka. Kasu horietan, arrokak trinkotu egiten dira, eta pixkanaka altxatzen dira ozeanoaren hondotik, mendiak sortuz. Mendi horiek, berriro ere, uraren maila gainditu dezakete, eta uharteak sortu azaleran. Hona hemen adibide ezagun bat: prozesu tekniko horiek plaka Iberikoaren eta Afrikako plakaren arteko talkan gertatu ziren. Hala, Mendikate Betikoak sortu ziren, bai eta horien itsaspeko ekialdeko jarraipena ere, Balear Uharteak.
2. irudia: Iberiar Penintsularen itsaspeko topografia (batimetria), non Balear Uharteak Mediterraneoaren hondotik nola altxatzen diren ikusten den. (Argazkia: The Mediterranean seafloor maparen irudi eraldatua (Tiborg G. Tothek ilustratu zuen AEBko Geografia Elkarte Nazionalaren Kartografia Dibisiorako). Iturria: Cartographic Division, National Geographic Society).Uharteak sortzeko beste prozesu geologiko ohikoena itsaspeko bolkanismoa da. Kasu honetan, ganbara magmatiko bat dugu ozeanoaren hondoaren azpiko puntu finko batean. Une zehatz batean, ganbara hori erupzioan hasi eta itsaspeko sumendia sortzen du. Inguru berean ondoz ondoko erupzioak baditu, sumendi hori gero eta gehiago haziko da gainazalerantz, eta litekeena da ur gainetik ateratzea. Orduan, jatorri bolkanikoko uhartea osatuko du, Kanarietako artxipelagoko uharte guztiak bezalaxe.
Uharteen sorrera eragin duten prozesu geologikoak denboran mantentzen badira, uharte horiek hazi egingo dira, bai itsas mailarekiko altitudean, bai urpean dagoen azaleran. Baina, prozesu horiek eten egiten badira, higadura bereak egiten hasiko da, eta azaleratutako lurzatiak suntsitu egingo ditu. Hori horrela, baliteke uharteak desagertzea, eta hondar batzuk besterik ez geratzea, itsaspeko mendi gisa. Are gehiago, itsas mailaren igoeren eta jaitsieren ondorioz, azaleratutako lurralde batzuk urak estal ditzake, eta, alderantziz, itsaspeko goragune batzuk gainazalean ager daitezke; horrela, uharteak etengabe agertu eta suntsitu daitezke. Eta hori aintzat hartu gabe azaleratutako lurraldeak bat-batean sortu edo suntsitu ditzaketen muturreko zenbait gertakari, hala nola Thera sumendiaren leherketa-erupzioa aro minoikoan, Santorini uhartearen erdia baino gehiago suntsitu zuena.
Laburbilduz, uharteak, gure planetako gainerako mendiak bezalaxe, ez dira uretan flotatzen ari diren lur puskak, baizik eta hondo ozeanikoan ondo baino hobeto ainguratutako arroken pilaketa handiak, gure paisaia, bai eta itsaspekoa ere, aldatzen duten prozesu geologikoen ondorio.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko urriaren 12an: Islas, montañas que emergen del mar.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Uharteak, itsasotik azaleratzen diren mendiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Argiari jarraitzeko landareek duten mekanismoa azaleratu dute
Zelulen artean dituzten kanalak funtsezkoak zaizkie landareei argia nondik datorkien jakiteko. Gakoa uraren eta airearen artean sortzen den argi dispertsioan dagoela aurkitu dute.
Zientziaren ikuspegi erromantiko batean ohiko ikuspegia da eureka momentua irudikatzea. Zientziari lotuta ez dagoen une batean, bat-batean, zerbaitek klik egiten du garunean, eta aurkikuntza baterako atea irekitzen duen ideia dator burura.
Argi dago, baina, gehien-gehienetan gauzak ez direla horrela. Zientzialarien lana askoz prosaikoagoa izan ohi da, eta, batez ere unibertsitateari lotutakoen kasuan, burokraziak harekin batera darama denboraren zati esanguratsu bat. Horrez gain, zientziari lotutako lana bera lotuagoa dago datuen eta erreferentzien bilketari, bat-bateko ideiei baino. Lanbide gehienetan gertatzen den modu berean, eta esaera modernoari jarraiki, inspirazioak lanean harrapatu behar zaitu.
1. irudia: landareentzat bereziki garrantzitsua da argia non dagoen jakitea, horri esker gai direlako fotosintesia optimizatzeko. (Argazkia: Juanma Gallego)Hau esanda ere, onartu beharra dago zenbaitetan gertatzen direla horrelako eureka une txikiak, eta haietatik irakaspen garrantzitsuak atera daitezkeela. Halako zerbait gertatu zitzaion Christian Fankhauser biologoari. Arabidopsis thaliana landarearen ale mutante bat ikusi zuenean konturatu zen bere zurtoina bereziki gardena zela, eta, gainera, landareak ez zuela modu egokian erantzuten argiaren aurrean. Antza, argiari jarraitzeko landare gehienek duten berezko gaitasuna galdua zuen nolabait landare mutanteak. Zientzialaria izanda, Fankhauser konturatu zen gabezia horretan gako garrantzitsu bat aurkitzeko modua egon ahal zela. Inspirazio kolpe hori Science aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu bilakatu da.
Logikoa denez, abantaila ugari ditu argiaren jatorria non dagoen jakiteak. Horren arabera, inguruan kokatzeko informazio oso baliagarria eskuratzen dute organismoek. Eta gaitasun hau bereziki garrantzitsua da landareentzat, gehienek fotosintesia egiten dutelako. Landareentzat ez ezik, azken finean fotosintesia kate trofiko gehienarentzat ere nahitaezkoa da, landareak prozesu osoaren oinarrian daudelako.
A. thaliana mutante bat laborategian izatea ez da, noski, frikikeria kontua: organismo eredu bezala landarerik erabiliena da zientzian. Besteak beste, izugarri indartsua da, eta berdin berdin hazi daiteke lasai asko asfalto arteko zirrikitu ñimiño batean zein ISS Nazioarteko Espazio Estazioan ere. Bestetik, argiari jarraitzeko gaitasunari fototropismo esaten zaio, eta orain aurkeztu den ikerketa honen aurretik ere mekanismoaren oinarrizko prozesuak ezagunak ziren. Fototropina hormonek auxina izeneko beste hormonen zabalpena arautzen dute: argiak zutoinean jotzen duenean, landarearen hazkundea ahalbidetzen duten auxinak modu uniformean zabaldu egiten dira. Baina argiak alde batetik baino jotzen ez duenean, auxinak itzalpean dagoen aldean pilatzen dira, alde horren hazkundea sustatuz, eta, ondorioz, landarea argitasunerantz bideratuz.
Dena dela, orain arte ez zen ezagutzen fototropina horiek nola moldatzen diren argia nondik datorren ezagutzeko. Orain, Fankhauserrek gidatutako ikertzaile taldeak misterio hori argitu duela dio.
2. irudia: landare basatia eta mutantea, parez pare. Mutanteak ez dio erantzuten argiari, barruan dituen zelula arteko kanaletan airea ez dagoelako. (Argazkia: Martina Legris / © CIG-UNIL)Gakoa landare mutanteen gardentasuna ahalbidetzen duten zelulen arteko kanal txikietan dagoela azaldu dute. Hori baita, hain justu, laborategian ikusitako landare horietan zegoen aldea: ohiko itxura zuten landareen kasuan, zelulen arteko kanaletan airea baino ez zegoen. Landare mutanteen kasuan, berriz, kanal horiek likido batez beteta zeuden.
Handik ondorioztatu dute kanaletan dagoen aire hori funtsezkoa dela fototropismoa ahalbidetzeko, uraren eta airearen propietate optikoak desberdinak direlako. Horrela, argiarekiko sentikorra den landare ehuna airearen eta uraren arteko interfazearen ezaugarri optikoez baliatzen da argiaren jatorriaz jabetzeko. Nolabait, airez betetako kanal hauen bitartez zelula fotosentikorrak gai dira argi gradiente bat irakurtzeko eta, ondorioz, argia nondik datorren jakiteko.
Ikerketa zabaltzeko argitaratu duten prentsa oharrean ostadarra ahalbidetzen duen fenomeno optikora jo dute. “Airearen eta uraren errefrakzio indizeak ez dira berdinak”, azaldu du Martina Legris egilekide nagusiak. “Horren ondorioz, ernamuinean zehar igarotzean, argia sakabanatzen da. Guztiok behatu dugu fenomeno hau ostadar bat ikustean”.
Nabarmendu dutenez, argia nondik datorren ondorioztatzeko ez ezik, landarea zelulen arteko kanal hauetaz baliatzen da ere karbono dioxidoa eta oxigenoa garraiatzeko. Besteak beste, horri esker, uholdeak gertatzen direnean hipoxia gainditzeko moduan dago landarea.
Erreferentzia bibliografikoa: Nawkar, G. M., Legris, M., Goyal, A., Schmid-Siegert, E., Fleury, J., Mucciolo, A., De Bellis, D., Trevisan, M., Schueler, A., & Fankhauser, C. (2023). Air channels create a directional light signal to regulate hypocotyl phototropism. Science, 382(6673), 935–940. DOI: https://doi.org/10.1126/science.adh9384 Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Argiari jarraitzeko landareek duten mekanismoa azaleratu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Espazioaren forma zizelkatu zuen matematikaria
Eugenio Calabi irailaren 25ean hil zen bizitzan zehar objektu geometriko berriak asmatu ondoren; soken teoriarentzako funtsezkoak izan ziren objektuak.
Eugenio Calabi matematikari sortzailea zen kideentzat: “eraldatzaile originala” Xiuxiong Chen ikasle ohiak adierazi zuen bezala. 1953an hasi zen Calabi ordura arte inork irudikatu ez zituen formak ikusten. Beste matematikari batzuen iritziz, ezinezkoa zen forma horiek egotea. Baina handik pare bat hamarkadatara forma horiek oso garrantzitsuak izan ziren matematikan nahiz fisikan. Emaitzek irismen oso handia izan zuten, inork uste zuena baino askoz handiagoa, baita Calabik berak uste zuena baino ere.
1. irudia: . (Ilustrazioa: Kristina Armitage / Quanta Magazine. Iturria: Jean-François Dars; MFO; Laguna Design/Science Source)Calabik 100 urte zituen irailaren 25ean hil zenean, eta XX. mendeko eraginik handieneko geometraria izan dela diote kide nahigabetuek. «Matematikari askoren nahia gai jakin bati buruzko lana amaitzen duten problemak ebaztea izaten da», esan zuen Chenek. “Calabiri gaia hastea gustatzen zitzaion”.
Jerry Kazdan Calabiren kidea izan zen Pensilvaniako Unibertsitatean, elkarrekin irakatsi zuten ia 60 urtez eta haren esanetan Calabik “gauzak ikusteko modu berezia zuen. Gutxien nabarmentzen zen aukera hautatzen zuen; matematika egiteko modu hori zuen”. Kazdanen hitzetan, Calabiren kezkarik nagusienetakoa «inor pentsatzen ari ez zen galdera interesgarriak egitea» zen. Galdera horien erantzunen ondorioek denbora luzezko garrantzia dute askotan.
Calabik ikaragarrizko ekarpenak egin zituen arren geometriako alor askotan, barietate mota berezi bati buruz 1953an egindako aieruagatik ezagutzen da bereziki. Edozein dimentsiotan egon daitekeen azalera edo espazio bat da barietate bat, eta funtsezko ezaugarri bat du: azalerako puntu bakoitzaren inguruko «auzo» txiki orok laua dirudi. Lurra, esaterako, borobila (esferikoa) da urrunetik begiratuz gero, baina lursail txiki bat hartuz gero, laua dirudi.
Princetoneko Unibertsitatean graduondokoa egiten ari zela, Calabiri Kähler-en barietateak interesatu zitzaizkion; Erich Kähler, XX. mendeko alemaniar geometraren izena daramatenak. Mota horretako barietateak lisoak dira, horrek esan nahi du ez dutela ezaugarri zorrotz edo irregularrik eta dimentsio pareak baino ez dituztela: 2, 4, 6 eta abar.
Esfera batek etengabeko kurbadura du. Dena delako abiapuntutik edo norabidetik abiatu eta azaleran edozein tokitara joanda ere, zure bidea neurri berdinean kurbatuko da. Oro har, barietateen kurbadura aldatu egin daiteke puntu batetik bestera. Matematikariek kurbadura neurtzeko modu desberdinak dituzte. Ricciren kurbadura izenekoa asko interesatu zitzaion Calabiri, neurri konparatiboki sinplea izan arren. Kählerren barietateek puntu bakoitzean Ricciren kurbadura zero izan dezaketela proposatu zuen, oro har haren forma murrizten duten bi baldintza topologiko bete arren. Beste geometra batzuen iritziz, forma horiek onegiak ziren egia izateko.
Shing-Tung Yau izan zen hasieran eszeptikoen taldean egon zenetako bat. Calabiren aieru horrekin 1970ean egin zuen topo lehenengo aldiz, Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley) graduondoko ikaslea zela, eta txundituta geratu zen. Aierua egiazkoa zela erakusteko, Calabik problema planteatu zuen bezala, ekuazio oso arazotsu baten irtenbidea aurki zitekeela erakutsi behar zen, baita ekuazioa zuzenean ebazten ez bazen ere. Hori are erronka handiagoa zen, aurretik inork ez baitzuen ebatzi tipo berezi honetako ekuazio bat.
2. irudia: Calabi-Yau barietate baten zeharkako sekzio honek haren konplexutasun zorrotzaren berri ematen digu. (Irudia: Andrew J. Hanson – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Zenbait urtez problema horri buruz pentsatzen aritu ondoren, Yauk 1973ko geometriako batzar batean adierazi zuen aierua faltsua zela erakusten zuten kontradibideak aurkitu zituela. Calabi ere batzar hartan zen eta orduko hartan ez zuen inolako kontrako arrazoirik planteatu. Handik hilabete batzuetara, gaiaz apur bat hausnartu ondoren, Yauri eskatu zion argudioa argitu zezala. Yauk bere kalkuluak berriro aztertu zituenean, akats bat egin zuela ohartu zen. Kontradibideek ez zuten oinarririk, beraz, aierua zuzena zen.
Calabik jatorrian proposatutako barietate klaseak bazirela demostratuz igaro zituen Yauk hurrengo hiru urteak. 1976ko Eguberri egunean Calabirekin eta beste matematikari batekin elkartu zen Yau eta proba baliozkoa zela baieztatu zuten, eta gaur egun Calabi-Yau deitzen diren objektuen existentzia matematikoa eman zuten. 1982an Fields domina irabazi zuen Yauk, matematika arloko ohorerik handiena, eta emaitza horri esker izan zen, hein batean.
Garai hartan, naturaren indarrak bateratuko zituzten teoriak ideiatzen saiatzen ziren fisikariak hasita zeuden ideia bat lantzen: funtsezko partikulak, elektroiak esaterako, soka dardarkari oso txikiez eratuta zeudela. Dardararen patroi desberdinak partikula desberdinen bidez adierazten dira. Arrazoi teknikoen ondorioz, dardara horiek 10 dimentsiotan baino ez dute funtzionatzen behar bezala.
Ez dago esan beharrik ez dirudiela munduak 10 dimentsio dituenik: espazioaren hiru dimentsio eta denboraren dimentsio bat besterik ez daudela dirudi. Baina 1980ko hamarkadaren erdi aldera fisikari talde bat ohartu zen unibertsoko sei dimentsio “estrak” Calabi-Yau barietate oso txiki batean ezkutatuta egon zitezkeela (10-17 zentimetro baino txikiagoko diametrokoetan). Esparru fisiko horri soken teoria izena jarri zitzaion eta esaten zuen Calabi-Yau formak agintzen zituela partikulak eta naturako indarrak. Teoria hori supersimetria izeneko propietate baten mende zegoen, eta Kählerren barietate batean sartuta zegoen simetriatik sortu zen; hori zen Calabi-Yau barietateak soken teoriarentzako egokiak izatearen beste arrazoia.
1984rako Yauk bazekien Calabi-Yauren 10.000 forma desberdin egin zitezkeela (gutxienez) sei dimentsiotan. Ez dago argi gure mundua Calabi-Yau barietatez beteta ote dagoen isilpean (ikusteko txikiegiak diren dimentsioetan ezkutatuta), baina urtero hainbat fisikarik eta matematikarik argitaratzen dituzte milak artikulu haien propietateak ikertuz.
Yauk esan du Calabi-Yau terminoa hainbestetan agertzen dela, batzuetan bere izena Calabi dela pentsatzen duela. Calabik 2007an esan zuen “Harro nago ideia honek izan duen arretagatik”, soken teoriarekin duen loturaren ondorioz. “Baina nik ez dut inolako zerikusirik izan. Aierua lehenengoz planteatu nuenean, ez zuen fisikarekin inolako zerikusirik. Geometria besterik ez zen”.
Calabi ez zuen beti matematikari bihurtzeko asmorik izan. Laster erakutsi zuen talentua: aita abokatua zuen eta zenbaki lehenei buruzko galderak egiten zizkion haurra zela. Baina Bigarren Mundu Gerra hasi eta familiak Italiatik ihes egin ondoren 1939an Massachusettseko Teknologia Institutura iritsi zenean 16 urterekin, ingeniaritza kimikoan espezializatzea erabaki zuen, Gerra garaian Estatu Batuetako armadaren itzultzailea izan zen Frantzian eta Alemanian. Etxera itzuli zenean, ingeniari kimiko aritu zen denbora apur batez, matematikan hastea erabaki zuen arte. Princetonen egin zuen doktoregoa eta zenbait katedratan egon zen Penn-era (Pennsilvaniako Unibertsitatea, itzultzailearen oharra) iritsi zen arte 1964an eta han jarraitu zuen.
Beti izan zuen matematikarako grina eta ikertzen jarraitu zuen 90 urtetik gora ere. Chen ikasle ohia da eta gogoan du Calabik nola hartzen zuen matematika saileko posta aretoan edo igarobideetan eta orduak egon zitezkeen hizketan, Calabik formulen zirriborroak egiten zituen bitartean gutun azaletan, ezpainzapietan, paperezko eskuoihaletan edo bestelako paper zatietan.
Yauk gorde zituen Calabirekin izandako hizketaldi haietako ezpainzapi batzuk. “Beti ikasi nuen formula haiekin, Calabiren intuizio geometrikoaren zentzu harrigarriaren berri ematen zuten”, esaten du Yauk. “Oso eskuzabala zen ideiak partekatzean eta ez zion axola ideia horiengatik aitortzak jasotzeak. Matematika egitea dibertigarria zela pentsatzen zuen”.
Calabik esaten zuen bere denbora pasa gustukoena zela matematika. “Zure zaletasunak lanbide izateko zorte ikaragarria izan dut bizitzan”.
Jatorrizko artikulua:Steve Nadis (2023). The Mathematician Who Sculpted the Shape of Space, Quanta Magazine, 2023ko urriaren 16a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Espazioaren forma zizelkatu zuen matematikaria appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #468
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
InformatikaMuitze Zulaika Gallastegi informatikaria euskarazko zuzentzaile gramatikala garatzen dabil, Orai adimen artifizialeko zentroan (Elhuyar). Azaldu duenez, karreran sortu zitzaion hizkuntzaren prozesamenduaren inguruko interesa, eta horretan dabil lanean gaur egun. Hizkuntza gutxituentzat oso garrantzitsua da ereduek hura ulertzea, hizkuntza gizartean aktibo mantentzeko. Alabaina, adierazi du arloak ikuspegi feministagoa izatea gustatuko litzaiokela. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
OsasunaAinara Castellanos Ikerbasqueko ikertzaileak sakon aztertu du zeliakiaren ondorioz sortzen den inflamazioa. Castellanosek azaldu du gaixotasun zeliakoa gaitz autoimmune bat dela, hestearen inflamazioa egiten duena. Inflamazio hori murrizteko gai den azidoa ikertu du berak, hain zuzen ere, azido salbianolikoa. Salbia landaretik lortzen da, eta Castellanos eta lankideek frogatu dute azido horrek eten ditzakeela glutenak RNAn eragiten dituen aldaketak. Informazio gehiago Berrian eta Elhuyar aldizkarian aurkitu daiteke.
HizkuntzalaritzaHizkuntza batzuk besteak baino zailagoak izatearen fama duten arren, gutxietsitako hainbat hizkerarekin egindako ikerketek erakutsi dute haien hizkuntza-egitura beste edozein hizkuntza naturalena bezain ordenatua eta sistematikoa dela. Beraz, hizkuntza bat zailagoa edo errazagoa iruditzen zaigun gure abiapuntuaren araberakoa izaten da. Hau da, ikasi behar dugun hizkuntza gure jatorrizko hizkuntzatik zenbat eta antzekoagoa izan, errazagoa egingo zaigu ikastea. Azalpenak Zientzia Kaieran: Hizkuntza bat zaila izan daiteke?
Materialen ingeniaritzaEHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikertzaileek esne-gazuratik eratorritako film biodegradagarria diseinatu dute. Zehazki, esne-gazuraren proteina erabili dute, eta konpresio bidez sortu dute filma. Ikertzaileen iritziz, film biodegradagarri horien erabilerarekin hondakinen kopurua murriztuko litzateke, eta elikagaien bizitza erabilgarria ere handituko litzateke. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Esne-gazuratik eratorritako film biodegradagarriak.
Grafenoz egindako lehen erdieroale funtzionala diseinatzea lortu dute Georgiako Teknologia Institutuko ikertzaileek. Erdieroale horrek 10 aldiz mugikortasun handiagoa du siliziozkoak baino, beste abantaila batzuen artean. Ikertzaileen esanean, grafeno epitaxialak erabat alda lezake elektronikaren alorra, eta etorkizun batean teknologia berriak ahalbidetu litzake. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
AstronomiaIkerketa batek planteatu du Olympus Mons Marteko egitura Lurreko artxipelago bolkaniko baten baliokidea izan litekeela. Egitura oso handia da; 600 kilometroko diametroa eta 20 kilometroko altuera ditu. Ikertzaileen esanetan, uharte bolkaniko bat izatekotan, bi arrazoiengatik izango litzateke hain handia. Alde batetik, Marten ez dagoelako plaka tektonikorik, eta bestetik, Marteko grabitatea Lurrekoaren %40 delako. Gainera, garai batean ozeanoaren maila non zegoen ere ezagutu daiteke uharteari begiratuta. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Marterako artxipelago bolkaniko bat.
Abenduaren 30ean Juno zundak Io Jupiterren ilargiaren orain arteko bereizmen handieneko irudiak hartu zituen. Io Jupiterren gertueneko ilargia da, eta hartatik 2.500 km-ra pasa zen zunda. Hala, irudi horietan bereizi daitezke ilargiaren hainbat egitura, hala nola, sumendien kraterrak, mediak eta labazko aintzirak. Otsailean berriro gerturatuko da Iora, datu gehiago biltzeko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #468 appeared first on Zientzia Kaiera.
Menopausia ez da gizakiaren berezko ezaugarria
Menopausia paradoxa bat da bere horretan. Eboluzioaren ikuspuntutik, ugaltzeko gai ez diren izakiek bizirautea ez du zentzurik, ez begi-bistakorik behintzat. Baina gertatzen da, eta ez gizakian bakarrik. Orain arte uste zen gizakiaz gain itsas ugaztun gutxi batzuek baino ez zutela izaten menopausia. Ikerketa berri batek, ordea, ikusi du menopausia duten txinpantzeak daudela Ugandako komunitate basati batean. Aurkikuntza horrek, beste behin, hankaz gora jarri du orain arte ugaztunen eta menopausiaren inguruan ziurtzat jotzen zena.
Lehenik eta behin, argibide pare bat artikulu honetan erabiliko den “menopausia” hitzaren inguruan. Zientifikoki erabat zuzenak izateko, menopausia hitza gizakiarentzat sortu zen terminoa da, eta bi hitz grekotatik dator: “meno” terminoak hilabeteari egiten dio erreferentzia (hau da, hilekoari), eta “pausis”-ek etenaldiari edo amaierari. Hau da, menopausia hitzak literalki hilekoaren amaiera esan nahi du. Definizio hori ez da baliozkoa gizakia ez diren gainerako animalia gehienentzat, ez baitute gizakiak bezalako hilekorik (saguzar espezie batzuek badute ziklo oso antzekoa). Alabaina, hitz hori erabiliko da heldutasunean ugaltzeko gaitasunaren galera adierazteko.
Irudia: Gaur egunera arte egin diren ikerketen arabera, ugaztun oso gutxik uzten diote ugaltzeari hil baino lehenago. (Argazkia: Andre Estevez – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)Gaur egunera arte egin diren ikerketen arabera, ugaztun oso gutxik uzten diote ugaltzeari hil baino lehenago. Zehazki, bost espezietan soilik ikusi da egoera berezi hori: orketan (Orcinus orca), pseudorketan (Pseudorca crassidens) , pilotu izurde hegalaburretan (Globicephala macrorhynchus), narbaletan (Monodon monoceros), eta belugetan (Delphinapterus leucas). Orain dela gutxi txinpantzea gehitu zaie, Pan troglodytes, zerrenda honetako primate bakarra, gizakia alde batera utzita.
Lehenago aipatu bezala, lehen begiradan badirudi menopausia eboluzioaren legeetatik irteten dela. Izan ere, zein abantaila izan ditzake populazio batean ugaltzeko gaitasunik ez duten kideak mantentzeak? Hor dago koxka, hain zuzen ere: abantailan. Eta sakonago begiratuta, zientzialariek aurkitu egin dituzte menopausia duten animaliek eskaini ditzaketen abantailak, bai gizakietan eta baita gizakitik kanpo ere.
Abantaila horietako bat azaldu nahi duen hipotesia nahiko argitzailea da bere horretan, “amonaren hipotesia” izena baitu. Hipotesi horren arabera, ugaltzeko gaitasuna galdu duten emeek (amonek) beren ondare genetikoa indartzen dute amona-lanak eginez. Hau da, haien biloben zaintzan laguntzen dute. Gainera, amonak jada ugaltzen ez direnez, bilobei baliabide eta elikagai gehiago eskaini diezazkiekete.
Txinpantzeek ere menopausia izan zezaketela argitu aurretik, amonaren hipotesiaren bidez azaltzen zen menopausiaren jatorri ebolutiboa. Izan ere, aurrez aipatutako itsas ugaztunetan “amona-jarrera” zuten kideak ikusi dira, eta frogatu da amonek laguntzen zutela hezten beren kumeak ez zirenak. Hipotesi hori ere egokitzen zaio gizakiari, kasu askotan. Txinpantzeetan, ordea, ez da inoiz halako jarrerarik ikusi. Txinpantze emeek beren jaiotzako komunitatea uzten dute nerabezaroan, eta arrak gelditu egiten dira. Beraz, txinpantze eme helduek ezin diete beren alabei lagundu biloben hazieran, ez baitaude haiekin. Semeei bai ahalko liekete lagundu, baina badirudi ez dutela egiten. Froga horiek amonaren hipotesia sendotzen zuten, txinpantzeek ez baitzuten amona jarrerarik, eta (uste zenez) ezta menopausiarik ere.
Baina zientziak egunero egiten du aurrera, eta iritsi da azalpen horren kontra-argudioa, Ugandako txinpantze populazio baten eskutik. Ngogo izeneko txinpantze komunitatea Kibale Parke Nazionalean bizi da, eta ikerketa talde batek komunitate horretako kideak monitorizatu 21 urtez. Txinpantze horien jarrera urteetan zehar aztertu ostean, ikertzaileek ondorioztatu dute komunitate horretako txinpantze emeek badutela menopausia. Azaldu dutenez, Ngogo emeek 45 urterekin izaten dute azken kumea, urte batzuk gorabehera, eta 50 eta 60 urte arteko bizi-itxaropena dute. Hala, kalkulatu zuten beren helduaroaren %20 bizi dutela ugalketa osteko fasean. Baina agian frogatu duten harrigarriena zera da: ugaltzeko gaitasuna galdu duten eme horien gernuan hormonen aldaketa bat gertatzen dela, menopausian sartzen diren gizakietan bezalaxe. Txinpantze horien gernuan hormona folikulu-estimulatzaileak eta hormona luteinizatzaileak gora egiten zuten, eta kontrara, estrogenoak eta progestinak behera.
Aurrez menopausiaz pentsatzen zena berridazteko beharra eragin du aurkikuntza horrek, eta hainbat galdera sortu ditu komunitate zientifikoan. Lehenengo galdera: Zergatik ez da orain arte egoera hori aztertu txinpantzeetan? Ngogo komunitatea alde batera utzita, txinpantzeen populazio basatietan aurrez egindako ikerketek zioten oso txinpantze gutxi iristen zirela 50 urte bizitzera, eta, beraz, ugaltzeko gaitasuna ia hil arte zutela. Ngogo komunitatea, ordea, gehiago bizi da. Ikertzaileek argudiatu dute komunitate hori oso babestuta dagoela beste komunitate batzuekin alderatuta, gehienbat gizakiaren eraginetik. Zein da orduan txinpantzeen bizi-itxaropen “naturala”? Baliteke orain arte txinpantzeen bizi-itxaropena gutxietsi izana, eta menopausia orokorra izatea. Baina, bestalde, baliteke Ngogo komunitatea ez izatea txinpantzeek egoera basatian duten bizimoduaren adierazgarri.
Zalantza horrez gain, beste bat ere sortu du Ngogo komunitateak: Txinpantzeetan menopausia egoera arrunt bat bada, zein da haren jatorri ebolutiboa? Amonaren hipotesiak ez baitu balio espezie horrentzat. Auzi horri erantzuteko, ikertzaileak beste hipotesi batean babestu dira: kasu honetan, “ugalketa-gatazkaren hipotesian”. Premisa horrek dio menopausia duten eme helduek ekidin egiten dutela eme gazteagoekin lehiatzea ugaltzeko, eta horrek taldearen kohesioa sustatzen duela. Gainera, menopausiadun emeek esperientzia eta jakinduria eskainiko liekete komunitateko kideei.
Zalantzak zalantza, argi dagoena da oraindik ezer ez dagoela oso argi. Baina zerbait ondorioztatzekotan, esan dezakegu berriz ere harritu gaituela naturak. Urte askoan pentsatu izan da menopausia gizakiaren berezko ezaugarria zela, eta beste behin ikusi dugu baietz, bagarela bereziak, baina ez horrenbeste.
Erreferentzia bibliografikoak:- Cant, Michael. (2023). Menopause in chimpanzees. Science, 282(6669), 368–369. DOI: 10.1126/science.adk7119
- Winkler, Ivana; Goncalves, Angela (2023). Do mammals have menopause? Cell, 186(22), 4729–4733. DOI: 10.1016/j.cell.2023.09.026
- Wood, Brian M.; Negrey, Jacob D.; Brown, Janine L.; Deschner, Tobias; Thompson, Melissa Emery; Gunter, Sholly; Mitani, John C.; Watts, David P.; Langergraber, Kevin E. (2023). Demographic and hormonal evidence for menopause in wild chimpanzees. Science, 382(6669), eadd5473. DOI: 10.1126/science.add5473
Lewis, Dyani (2023ko urriaren 26a). Menopausal chimpanzees deepen the mystery of why women stop reproducing. Nature News. https://www.nature.com/articles/d41586-023-03308-8#ref-CR2
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Menopausia ez da gizakiaren berezko ezaugarria appeared first on Zientzia Kaiera.
Muitze Zulaika, hizkuntzaren prozesamenduaren ikertzailea “Espazio hau askoz ere feministagoa izatea nahiko nuke”
Muitze Zulaika Gallastegik boladan dagoen arlo batean egiten du lana: adimen artifizialean. Zehazki, euskarazko zuzentzaile gramatikala garatzen dabil, Orai adimen artifizialeko zentroan (Elhuyar). Horra iristeko bidea abiatu zuenean, ordea, adimen artifiziala ez zegoen hain bogan. Are gehiago, gogoratu duenez, informatika ere ez zegoen boladan, eta erdi zoriz hasi zen horretan.
Irudia: Muitze Zulaika Gallastegi ingeniari informatikoa eta hizkuntzaren prozesamenduaren ikertzailea. (Argazkia: Elhuyar)Dioenez, batxilergoa zientzia eta teknologiaren adarrean egin zuen, eta ez zeukan batere garbi nondik jo. Hala, bokazio berezirik gabe baina jakin-minez hasi zen UPV/EHUko Informatika Fakultatean. “Garai hartan, informatikariak irudikatzen genituen gizon friki gisa, txikitatik programatzen zekitenak… Eta, beraz, beldur nintzen karrera zer izango ote zen, gainera, ez bainekien ezer programazioaz eta abar. Baina karrerak horretarako daude, eta bertan ikasi nuen informatika zer den, eta izan zen mundu berri bat deskubritzea bezalakoa: hizkuntza berri bat ikasi nuen, programatzen ikasi nuen… Azken finean, ikasi nuen informatikari edo zientzialari batek bezala pentsatzen”.
Horrez gain, ikusi zuen fakultateko jendeak ez zuela zerikusirik eredu estereotipatuarekin, eta emakume irakasle asko ere bazeudela. Hala, pixkanaka karreraz maitemintzen joan zen. Eta han sortu zitzaion baita hizkuntzalaritzan aritzeko aukera ere. “Informatikaren arloa oso maskulinizatuta dago, eta ohiko lanbideek eta postuek ez ninduten asko erakartzen. Baina karreraren azken urtean hizkuntzaren prozesamenduaren irakasgaia izan genuen. Irakasgai horretan, makinei gizakion hizkuntza ulertzen irakasten zaie, adimen artifizialaren bidez. Eta hor bat egin zuten nire interesek, beti izan baitut hizkuntzarekiko atxikimendua”.
Irakasgai horrekin “guztiz liluratuta” geratu zen, eta mundu berri baterako ateak ireki zitzaizkion. Horrekin lotuta egin zuen gradu-amaierako lana, Elhuyarren, baita master-amaierakoa ere. Zehazki, euskarazko akats gramatikalak zuzentzeko eredu bat garatzea izan zen master-amaierako lana.
Adimen artifiziala, euskara eta feminismoaEredua euskararako egin izanak badu bere zailtasuna, baina motibazioaren aldetik ere berezia da, euskaraz eta euskararentzat egiten baitu lana. “Orai zentroan ekarpena egiten diogu euskarari. Argi dago adimen artifizialak baduela boterea, eta baduela gizartea eraldatzeko indarra, eta hor badaude arriskuak. Baina hizkuntzaren prozesamendua ezinbestekoa da hizkuntza gutxituentzat, hau baita errealitatea, eta, gizarte eguneratu bat eta hizkuntza aktibo bat nahi baditugu, behar dugu ereduek euskara ulertzea, euskaraz sortzeko gai izatea, itzultzeko gai… Euskararen biziraupenenerako behar dugu”.
Euskarak adimen artifiziala behar du, eta emakume ikertzaileak ere beharrezkoak dira. Zulaikaren esanean, zientzia eta teknologia, oro har, maskulinizatuta daude, eta hori aldatu egin behar da. “Eta aldatu behar da orain. Zergatik? Bada, nik ez dut ulertzen emakumezkorik gabeko mundu bat, ez dut ulertzen emakumezkorik gabeko zientzia bat, ez dut ulertzen begirada hori ez daukan ikerketarik. Eta iruditzen zait ezinbestekoa dela begirada eta pentsamendu horiek aplikatzea zientzian eta informatikan”.
Gutxiengoan egoteak prestigio edo garrantzia gutxiago ematea ere badakar, gainera. “Ez dira gauza isolatuak; badakigu egiturazko arazo bat dela. Eta aurre egiteko, lehenik eta behin, beharrezkoa da egoeraren jabe izatea eta ikusaraztea; eta, gero, politiken eta praktiken bidez egin behar zaie aurre, modu sistematikoan. Zer ikertuko dugu; zergatik ikertuko dugu hau; erabakiko dugu, ikerketa bat egin aurretik, begirada feminista batetik egitea; nork ikertuko du, nola… gauza asko planteatu daitezke hasieratik bertatik”, esan du Zulaikak.
Konplizeak ere beharrezkoak dira, eta Zulaikak topatu dituen gehienak emakumezkoak dira, eta ez informatika-arlokoak bakarrik, baita beste eremu batzuetan ere. “Haiengandik ikasiz lortu dut gero nire esparrura eramatea”.
Horrenbestez, ikerketan eta euskaraz oso gustura badabil ere, eta hor jarraitu nahi badu ere, etorkizunerako desio bat ere badauka: “Nahiko nuke espazio hori askoz ere feministagoa izatea”.
Fitxa biografikoa:Muitze Zulaika Gallastegi Berangon jaio zen, 1999an. Informatika Ingeniaritzako gradua egin zuen, eta, jarraian, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Unibertsitate Masterra; biak ere EHUn, Donostian, Informatika Fakultatean. Gaur egun, Elhuyarren Orai Adimen Artifizialaren zentroko ikertzailea da, eta hizkuntzaren prozesamenduaren alorrean dabil lanean, euskararako zuzentzaile gramatikal bat garatzen.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.
Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Muitze Zulaika, hizkuntzaren prozesamenduaren ikertzailea “Espazio hau askoz ere feministagoa izatea nahiko nuke” appeared first on Zientzia Kaiera.
Esne-gazuratik eratorritako film biodegradagarriak
Gaur egun, elikagaien segurtasuna eta kalitatea bermatzen duten eta elikagaien bizitza baliagarria luzatzen duten ontzien ikerketa nabarmentzen ari da eta horretarako elikagaien industriak baliabide berriztagarrietatik datozen material biodegradagarriekiko interesa erakutsi du. Testuinguru honetan, bio-hondakinetatik eratorritako proteinez osatutako filmen inguruko ikerketa-lanak burutu dira azken urteotan eta horien artean esne-gazuraren proteina dago. Euskal Autonomia Erkidegoan, 130 gaztandegik 32 ML/urte esne-gazur ekoizten dituzte, eta sortutako bio-hondakinaren % 35a lursailetara edota araztegietara isurtzen da, honek ingurunean inpaktu nabarmenak eragiten ditu. Baiesten da, 1.000 L esne-gazureko 35 kg-tako oxigeno-eskari biokimikoa eta 68 kg-ko oxigeno-eskari kimikoa sortzen direla.
Gaztaren ekoizpenean sortutako esne-gazura balio erantsiko produktu bihurtzeak ekonomia zirkularra sustatu dezake: lehengaia, esne-gazuraren proteina, gaztaren ekoizpenean sortutako bio-hondakin batean du jatorria eta elikagaientzako ontzi konpostagarriak ekoizteko erabil daiteke, gaztarekin esaterako, elikagai koipetsuekin proteinek duten portaera onagatik. Horrela, elikagaien ontzi konbentzionaletan ez bezala, konpostaren bidez hondakinen sorrera ekidingo litzateke. Ildo horri helduz, proteinetan oinarritutako film biodegradagarriak erabiliz, plastiko sintetikoen eskaria murriztuko litzateke, Ekonomia Zirkularrerako Ekintza Planarekin eta Garapen Iraunkorrerako Helburuekin bat etorriz.
Irudia: Ekonomia zirkularra: gazta bezalako elikagaiak ontziratzeko balio dezakeen esne-gazuraren proteina erabiliz prestatutako film konpostagarrien bizi zikloa. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Gure ikerketa honetan, esne-gazuretik eratorritako film biodegradagarriak konpresio metodoaren bidez prestatu ziren eta ondoren hauen propietateak aztertu ziren, filmak elikagaiak ontziratzeko aplikazioetan erabiltzeko helburuarekin. Proteinazko filmen malgutasuna handitzeko glizerol plastifikatzailea gehitu zen eta elikagaietan aurkezten diren lipidoen oxidazioa atzeratzeko berriz, azido askorbiko (propietate nutritiboak dituen osagai eta gehigarria (E300), elikagai-industrian asko erabiltzen dena) antioxidatzailea kontzentrazio ezberdinetan gehitu zen. Filmen karakterizazioan filmeko osagaien arteko elkarrekintzak eta filmen kolorea, distira, morfologia, propietate mekanikoak eta ingurumen inpaktuak aztertu ziren. Oro har, azido askorbikoaren gehikuntzak filmetan aldaketa nabarmenak eragin zituela ikusi zen, elikagaiak ontziratzeko aplikazioetarako funtsezko propietateak lortuz.
Esne-gazuraren proteinazko filmetan azido askorbikoa gehitzeak propietate mekanikoetan aldaketak eragin zituen, filmen trakzioarekiko erresistentzia murriztu baitzen eta aldiz hausturarekiko luzapena areagotu zen. Hau antioxidatzailearen efektu plastifikatzailearengatik izan zen. Azido askorbikoak esne-gazura proteinarekin interakzionatu zuela ikusi zen. Elkarrekintza horiek filmen hesi propietateak hobetu zituzten, izan ere filmen argiarekiko erresistentzia areagotu egin baitzen. Hesi propietate honen hobekuntzak argiak eragin dezakeen elikagai freskoen koloregabetzea, bitaminen degradazioa, zapore arrotzen garapena eta koipeen oxidazioa murriztu dezake, horrela elikagaien balio-bizitza luzatu daiteke eta alferrik galdutako elikagaien kopurua murriztu daiteke. Azkenik, ingurumen inpaktuaren analisiari dagokionez, aipatu beharrekoa da, filmak laborategiko eskalan egin zirela eta, beraz, fabrikazio-etapak optimizatzeak energia aurreztuko lukeela, filmen ingurumen-inpaktuak murriztuz.
Ondorioz, interesgarria izango litzateke ikerketa-ildo honekin jarraitu ahal izatea; izan ere, azterlan honen bidez esne-gazuraren proteinaz osatutako film biodegradagarriak ohiko ontzien alternatiba egokia izan daitezkeela frogatu da. Horrela, ingurumen-inpaktu handia sortzen duten hondakinen kopurua murrizteaz gain, elikagaien bizitza erabilgarria handituko litzateke eta elikagai gutxiago alferrik galduko lirateke.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 44
- Artikuluaren izena: Esne-gazuratik eratorritako film biodegradagarriak
- Laburpena: Euskadiko gaztandegietan esne-gazur ugari sortzen da eta haren isurketak kalteak eragin ditzake ingurumenean. Horregatik, ikerketa honen helburua film biodegradagarriak ekoiztea da, esne-gazuraren proteina erabiliz. Elikagaien industriako bio-hondakinetatik datorren proteinan oinarritutako elikadura-ontzien bidezko irtenbide honek, hondakinen kopurua murrizteaz gain, elikagaien bizitza erabilgarria handitzea du helburu. Esne-gazuraren proteinan oinarritutako filmak sortzeko, hainbat prozesatze-metodo erabil daitezke eta, lan honetan, konpresioa aukeratu da, ekoizpen-denborak murrizteko eta prozesu iraunkorragoak sustatzeko. Filmen eraketa-prozesua optimizatu ondoren, lortutako filmen propietate fisiko-kimikoak, optikoak, mekanikoak eta hesi-propietateak aztertu dira. Horretaz gain, filmen ingurumen-inpaktuaren azterketa egin da.
- Egileak: Maite Arregi, Pedro Guerrero, Koro de la Caba eta Alaitz Etxabide
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 389-404
- DOI: 10.1387/ekaia.23844
Maite Arregi, Pedro Guerrero, Koro de la Caba eta Alaitz Etxabide UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saila eta BIOMAT taldeko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Esne-gazuratik eratorritako film biodegradagarriak appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 14
- 15
- 16
- 17
- 18
- 19
- 20
- 21
- 22
- …
- hurrengoa ›
- azkena »