Atzo aurkeztu genituen aurtengo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak. Laboratorium museoa 2015ean jaio zen, eta bere filosofiak IKT astearekin bat egiten zuenez, IKT asteak eta Laboratorium museoak eskutik joatea erabaki zuten. Hala, azaroan zientziaren astea dela kontutan hartuta, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza hamabostaldia sortu zen. Hala, iaz egin ziren lehenbiziko jardunaldiak eta "oso arrakastatsuak izan ziren, horregatik aurten aurrekoa gainditu eta hobetzeko ahaleginak egin ditugu. Horretarako, garrantzitsua izan da lankidetza publiko-pribatua eta eskerrak eman behar diegu Gipuzkoako Foru Aldundiari, ESS Bilbao eta Aranzadi erakundeei eta EHUri. Lankidetza hauez gain, eragile eta norbanakoek ere nabarmentzeko parte-hartzea izango dute aurtengo egitarauan. Denen laguntzarekin, jardunaldi hauek merezi duten bultzada emango diogulakoan gaude", agertu zuen Ekonomia sustapen, Turismo eta Enpleguko batzordeburu den Sabino Azkaratek.

Azaroaren 4ean hasi eta 12an amaituko dira jardunaldiak eta berrikuntza ugari izango ditu. Hala ere, iaz bezala, formazio saioak, hitzaldiak edota erakusketak izango dira. Berrikuntzen artean, berriz, Wolfram encounterra, umorezko monologoa, mahai-ingurua edota industria, ekintzaileei eta merkataritzari zuzendutako saioak daude. "Gure etorkizuna zientzia, teknologia eta berrikuntzari lotuta egongo denaren zalantzarik ez dugu. Horregatik, bergararrei jardunaldi hauetan parte hartzera dei egiten diegu, entretenigarriak ez ezik, aberasgarriak ere baitira eta", gaineratu du Azkaratek.

Berelan foroko Xabier Zabalzak, berriz, publiko objektibo zabal bati zabaltzeko egindako ahalegina nabarmendu du; "izan ere, ekintzak publiko anitzari zuzenduko dira, besteak beste, industria, hezkuntza, ekintzaileak, e-sport zaleak, gurasoak...".

Wolfram encounter bideo-jokoen lehiaketa izango da aurtengo berrikuntza nagusiena. Azaroaren 5ean 10:00etan hasi eta azaroaren 6an 14:00etan amaituko da 28 orduko txapelketa. Aranzadiko seminarioko gimnasioan egingo da txapelketa eta bertan parte hartu ahal izateko aurrez izena ematea beharrezkoa da. Horretarako,wolframencounter@gmail.com helbidera idatzi behar dute interesatuek. "Iaz antolatutako txapelketak arrakasta izan zuen eta horregatik, zerbait haundiagoa nahi genuen egin. Partaideek euren ekipoak ekarri beharko dituzte eta guk tokia jartzen dugu, eta hor Aranzadi ikastolari eskerrak eman behar diegu lekua uzteagatik. Gainera, hitzaldiak eta ekintza desberdinak ere egongo dira ume, gazte zein heldu erakartzeko", adierazi du Iker Domingez antolatzaileak.

2016ko EGITARAUA