Laboratorium Museoaren albisteak

Laboratorium Museoa, emakume zientzialarien eta hezkuntzaren arteko topagunea

Emakume Zientzialariak IV. lehiaketaren sari banaketa, Bergarako Laboratorium Museoan, ikasleekin

● Emakume Zientzialarien IV. Lehiaketak emakume zientzialariak ezagutarazi ditu eta genero-berdintasunari buruzko hausnarketa sustatu du

● Sari-banaketa ekitaldian Ainhola Lete Bergarako Udaleko alkateorde, Berdintasun eta Laboratorium Museoko zinegotziak eta Rosa Errazkin museoko zuzendariak parte hartu dute

● 84 ikasleren 23 lan jaso dira, inoizko kopururik handiena

● “Mundua aldatu zuten eta aldatzen duten emakumeak” erakusketa bisitatzeko azken eguna datorren otsailaren 15a izango da

● Emakumeak eta industria ardatz dituen mahai-ingurua martxoaren 12an egingo da

Laboratorium Museoa emakume zientzialarien eta hezkuntzaren arteko topagunean bilakatu da Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean. Zientzia emakumeona ere badela aldarrikatuz, emakume zientzialari erreferenteak eman dira ezagutzera Emakume Zientzialarien IV. Lehiaketan. Genero berdintasunari buruzko gogoeta egin da museoan.

Jardunaldian zehar, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei sariak banatu zaizkie; ikasleek emakume zientzialarietan eta zientziak gizartean duen rolean inspiratutako lan sortzaileekin parte hartu dute lehiaketan.

Guztira, 23 proposamen jaso dira, askotariko gaiak jorratuz, guztiak emakumeek zientzia eta teknologiaren arloan duten rola ikusgarri egiteko helburuarekin. Sariak Bergarako Udaleko Berdintasun zinegotzi Ainhoa Letek eta Laboratorium Museoko zuzendari Rosa Errazkink banatu dituzte.

“Laboratorium Museoa berdintasunarekin, hezkuntzarekin eta dibulgazio zientifikoarekin erabat konprometituta dago. Gaur egun berezia da zientziaren arloan lanean ari garen emakumeontzat, baina guk, gure eguneroko jardunaren bidez egunero jartzen dugu praktikan gaur egiten den aldarria. Zientzia emakumeona ere badelako”, nabarmendu du museoko zuzendariak.

Bergarako Udaletik azpimarratu dute berdintasunak eta zientziak eskutik joan behar dutela. Berdintasun zinegotziak nabarmendu du ikasleak «ez direla etorkizuneko komunitate zientifikoa bakarrik, baizik eta gaurtik bertatik ari direla ekarpena egiten, aurkikuntza txiki baina esanguratsuen bidez, galdera ausartak eginez eta irtenbide berriak bilatuz». Halaber, adierazi du egindako lanak «bidea irekitzen duela neska askok gehiago beren tokia arlo zientifikoan ikus dezaten; hori oso aberasgarria da Bergararentzat eta bere komunitatearentzat».

Ainhoa Lete, Bergarako Berdintasun zinegotzia, Emakume Zientzialariak lehiaketan, Laboratorium Museoan
Ainhoa Lete, Bergarako Berdintasun zinegotzia, Emakume Zientzialariak lehiaketan, Laboratorium Museoan

Emakume Zientzialariak IV. lehiaketa

Emakume Zientzialariak lehiaketaren IV. edizioan 84 ikaslek hartu dute parte, 23 lan aurkeztuta; sariketa sortu zenetik kopururik handiena. Proiektuak oso anitzak izan dira, bai formatuan bai gaian, zientziaren eta ikerketaren hainbat arlo jorratuz.

Marie Curie, Lise Meitner, Hedy Lamarr, Margarita Salas, Valentina Tereshkova, Elena García, Ana Zubiaga, Uxue Lazkano, etab. dira ikasleek beren lanetako protagonista bihurtu dituzten zientzialarietako batzuk. Erreferenteak, bai tokikoak bai nazioartekoak: zientziaren bidez mundua aldatzen duten eta aldatu duten emakumeak.

Talde irabazlea San Martín Agirre ikastetxeko LUK taldea izan da, Unai Guillon Iñarra, Kattalin Cenitagoya Apraiz eta Luisana Antolinok osatua. Lana Uxue Lazkano zientzialari bergararrari egindako elkarrizketa batean oinarritzen da. Aurtengo edizioak parte-hartze errekorrak hautsi ditu, lehiaketa gazteenei zientzia hurbiltzeko erreferentziazko ekimen gisa sendotuz.

Horrela, Laboratorium Museoak indartu egiten du genero-berdintasunarekiko, hezkuntza zientifikoarekiko eta belaunaldi berriak inspiratuko dituzten emakumezko erreferenteak sortzeko konpromisoa.

Emakume Zientzialariak IV. lehiaketako ikasle irabazleak, Ainhoa Lete eta Rosa Errazkinekin batera, Bergarako Laboratorium Museoan
Sariaren ikasle irabazleak, Ainhoa Lete zinegotziarekin eta museoko zuzendari Rosa Errazkinekin batera.

Azken egunak aldi baterako erakusketa bisitatzeko

Datorren otsailaren 15ean, igandea, izango da aldi baterako “Mundua aldatu zuten eta aldatzen duten emakumeak” erakusketa bisitatzeko azken eguna. Erakusketa Euskadiko Parke Teknologikoak sustatu du, eta Emakumeak Zientzian ekimenaren barruan kokatzen da.

Erakusketak zientziaren eta teknologiaren historiako emakume erreferenteak jartzen ditu erdigunean, baita gaur egungo ikertzaile eta profesionalak ere, gizartearen aurrerapenari egindako ekarpenak ikusgai eginez. Iragana eta oraina uztartzen dituen ibilbide baten bidez, askotan ikusezin geratu diren lanak balioan jarri eta belaunaldi berrientzako erreferenteak sortu nahi dira.

Bisitaria “Mundua aldatu zuten eta aldatzen duten emakumeak” erakusketa ikusten, Bergarako Laboratorium Museoan

Mahai-ingurua emakumeak eta industria gaiari buruz, martxoan

Ekimen beraren barruan, Emakumeak Zientzian, datorren martxoaren 12an, 10:00etan, Seminarixoa espazioak “Etorkizuneko industria inspiratzen duten emakumeak” mahai-ingurua hartuko du, Laboratorium Museoak eta Enpresarek elkarrekin antolatuta.

Solasaldiak industria arloko emakumeen rola, sektorearen egungo erronkak eta industria anitzago eta inklusiboago baterantz aurrera egiteko emakumezko erreferenteak sortzearen garrantzia jorratuko ditu.


Scroll to Top