Ibaietako ‘egur emaria’ eragotzi dugu, horren ondorioak ondo ulertu gabe
Ibaien bidez basoetatik itsasoetara iristen den egur kopurua kalkulatu du ikerketa batek. Egileek susmatzen dute industrializazio aurreko kopurua askoz handiagoa zela, eta horregatik fenomenoak ekosistemetan duen eragina ulertzeko beharraz ohartarazi dute.
Ez da sekretua arazo bat dugula naturaren pertzepzioarekin. Gustuko dugu baso garbiak ikustea, haien barrenean aise paseatzeko modukoak. Pinudiez osatutako baso laukidunak baldin badira, seguruenera artifizialtzat joko genituzke. Baina, bertoko espeziekin osaturiko basoak izanez gero, agerikoa egingo zaigu benetako baso batean gaudela. Egia da udazkenean orbelaren gainean ibiltzean belarrietan hautemandako karraska xume hori zentzumenentzako gozamena dela, baina berez hori ez da biodibertsitate baten bermea. Normalean, ahalik eta baso zikinena izanda, orduan eta naturalagoak izango dira. Bueltan, beste zenbait arazo izango dira guretzako; tartean, suteak izateko arriskua handituko da.
Antzeko zerbait gertatzen da ibaiekin. Badira bereziki itxura txukun eta bukolikoa dutenak, inguruan tarte garbi zabalak dituztenak. Ibaiertz garbi horiek itxura polita ematen diete ibaiei, eta gertu egon daitezkeen giza azpiegiturak uholdeetatik babesteko ezinbestekoak izan daitezke. Baina, oraingoan ere ez, ez dira ez bioaniztasun osasuntsu baten adierazle.
Ibaiertzetan pilatutako material horietako asko enbor zatiak, orbelak eta adarrak dira. Zientzialariek jakin badakite egur puska horiek ibaiak eraldatzen dituztela, eta itsasora iristen direnean ere eragin bat badutela ekosistemetan. Halere, orain arte, gutxitan erreparatu zaio kontu honi.

Gai horretan fokua jarri nahi izan dute Ellen Wohl geologoak eta Emily Iskin doktoretza mailako ikasleak, egur horren mugimendua aztertuz. Coloradoko Estatu Unibertsitateko (AEB) zientzialari hauek mundu osoan ibaietara doan egur kopurua kalkulatzen saiatu dira, eta atera dituzte emaitzen berri eman dute Science Advances aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean.
Abiapuntu gisa, ibaietan zenbat enbor doazen erregistratzen duten herrialdeen datu baseetara jo dute, eta, datu horietan abiatuta, mundu mailako kalkuluak egin dituzte. Orotara, munduko 315 ibaitan dagoen egur emaria zenbatesten saiatu dira —horrelako fenomenoan garrantzi asko ez duten ibaien eragina ere aintzat hartu dute, beharrezko zuzenketak egiteko; kasurako, ia-ia egurrik ez daraman Nilo ibaiarena—.
Egin duten balioespenaren arabera, urteko munduan 4,7 milioi metro kubiko egur inguru iristen dira itsasoetara, higadura, ekaitz eta bestelako fenomenoen bitartez. Dena dela, kalkuluetan ziurgabetasun handia dagoela zehaztu dute. Onartu dutenez, benetako kopurua oso tarte zabal batean egon liteke: urteko 316.000 eta 70.000.000 metro kubiko egur artean egon daiteke kopuru erreala.
Baina zenbaki hori industria iraultza aurreko iraganean askoz altuagoa zela uste dute zientzialariek, eta hori arazo bat izan daitekeela ohartarazi dute. “Mende bat baino gehiagoz, gizakiok egur-jauzia eraldatu eta eten dugu”, azaldu du Wohlek prentsa ohar batean.
Hau publiko zabalean asko ezagutzen ez den arren, adituek aspalditik ezagutzen dute egurraren mugimenduak ekosistemetan duen balioa. Azaldu dutenez, 1970eko hamarkada baino lehen baso primarioetako egur hila zabortzat hartzen zen, baina hamarkada horren bueltan zientzialariak hasi ziren konturatzen fenomenoaren garrantziaz.
Askotarikoa da eragina. Adibidez, ibaietan egurra metatzen denean buxadurak sortzen dira, harea eta legar pilaketak abiatuz. Eta horiek, noski, eragin bat dute ibai ekosistemetan, batez ere landare eta animalientzako habitat txikiak sortzen dituztelako. Bestetik, jakina da ere egurra hein handi batean ekosistema askoren abiapuntu energetikoa dela, pixkanaka bertan jasota dagoen karbonoa askatzen delako.

Ibaiertzetan ez ezik, antzeko zerbait gertatzen da hondartzetan ere. Baina horren eragina ez da hor gelditzen, eta itsas hondoetara iristen da ere. “Jitoan doan egurra urperatzen denean, koral uharri baten modukoa da”, adierazi du Wohlek, egur hori bizidun askorentzako aterpe dela azalduz. Bioaniztasun puntu beroak sortzen laguntzen dute.
Are gehiago, egin diren azterketa genetikoek erakutsi dute lotura bat dagoela itsas hondoan bizi diren muskuiluetako mikroorganismoen eta egurrean dauden ur gezako organismoen artean. “Hondoratutako egurretan eta itsaspeko iturri hidrotermaletan bizi den mikrofloraren eta makrofaunaren zati batek lotura estua dute, eta horrek iradokitzen du hondoratutako egurra iturri horietako organismoen moldaera ebolutiborako akuilu izan dela”, argudiatu dute zientzia artikuluan, berariaz lotura hori ikertu duen beste artikulu bat aipatuz. Horrez gain, zenbait mikroorganismoren garraiobide gisa funtzionatzen du egurrak, bai ibaietatik itsasoraino zein itsasoaren azaletik hondoraino.
Gaur egun zenbat egur mugitzen den kalkulatzea zaila bada, are zailagoa da jakitea industrializazio aurreko garaietan zenbatekoa zen. Baina, hainbat faktore kontutan izanik, egileek uste dute askoz gutxiago dela oraingoa, hein handi batean gizakiok egur emari horiek eten ditugulako. Faktore horietako bat da mundu osoan barreiatuta dauden presek egur emari hori eragotzi dutela. Hasieran aipatu dugun ibaiertzen garbiketa ere beste arrazoietako bat da. Bestetik, deforestazioak zuhaitzen kopurua gutxitu duela diote. Azken honen inguruan datu esanguratsu bat bailatu dute: industrializazio aurretik lur masen %40 basoez beteta zeudela kalkulatzen da, baina orain kopuru hori %28 baino ez da.
Dena den, arazo nagusia bere horretan mantentzen da: herrialde askok ez dituzte urtegietatik erauzitako egur kopuruaren gaineko datuak, eta horrek inpaktuak kalkulatzea eragozten du. Datu hobeagoak lortze aldera, proposamen bat egin dute: egur zatiei irrati bidezko transmisoreak jartzea, horien jarraipena egin ahal izateko. Hain justu, biologoek zenbait animalia espezierekin baliatu ohi duten teknika bera erabiltzea. Modu horretan aukera izango lukete hildako egur horrek ibaietan zehar egiten duen ibilbidea zehazteko. Teledetekzioan egiten ari diren hobekuntzak ere lagungarriak izango direlakoan daude.
Dena dela, onartu dute haien ikerketaren helburuetako bat dela arazoaren inguruan arreta erakartzea, irtenbideak bilatu ahal izateko. Izan ere, ezagutzen ditugun arazoak arazo bat dira, baina ezagutzen ez ditugun arazoak are kezkagarriagoak izan daitezke.
Erreferentzia bibliografikoa:Wohl, Ellen & Iskin, Emily A. (2021). Damming the wood falls. Science Advances, 7 (50), eabj0988. DOI: 10.1126/sciadv.abj0988
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Ibaietako ‘egur emaria’ eragotzi dugu, horren ondorioak ondo ulertu gabe appeared first on Zientzia Kaiera.
Bizirik irauten dutenak
New Jersey estatuko Paterson hirian hasi zen Estatu Batuetako garapen industriala, herrialdeak independentzia lortu eta gero. Passaic ibaiaren ertzean kokatu zen industria, hasiera-hasieratik oso kutsagarria izan dena, eta horren ura erabili zuen, baita emariaren heren bat ere zenbait momentutan.
Hasiera-hasieratik oso industria kutsagarriak izan dira Passaic ibaiertzekoak: galdategiak, pintura fabrikak, substantzia kimikoen fabrikak, enpresa farmazeutikoak eta zurrategiak, besteak beste. Helburu askotarako erabiltzen zituzten azido sulfurikoa, artsenikoa, berun azetatoa, kromoa, merkurio nitratoa eta, berrikiago, bifenilo polikloratuak, PCB ospetsuak.

Newark hiriko Diamond Alkali enpresaren lantegian jatorriz ongarriak ekoizten zituzten animalien hezurrak erabiliz. 1940an, DDTa ekoizten hasi zen, egun mundu osoan debekatuta dagoen intsektizida bat. Geroago, herbizidak ekoiztu zituen, artean hostoak galarazteko agente laranja ezagunaren 2,6 milioi litro. Ezaguna egin zen DDT, azido sulfuriko eta herbizida isuri handiak egin zituela Passaic ibaira. Lantegiaren ekoizpeneko hondakinen artean dioxinak zeuden, toxikotasun handiko substantzia batzuk. Cory Booker senatari estatubatuarren hitzetan, lantegi hori New Jerseyko krimen eszena handiena izan zen.
Passaic ibaian behera, Atlantikorako bidean, Arthur Killen, Newarkeko badiaren ostean dagoen marearteko itsasarte batean, New Jersey eta Staten Island (New York) artean, ehunka itsasontziren hondakinak daude. Horietako askok kosta horietako faunarentzat toxikoak diren substantziak dituzte oraindik zamategietan eta tangetan.
Industria jardueraren goreneko urteetan Passaic ibaiaren arroan metatu ziren substantzia kaltegarriek sortutako kutsaduraren eraginpean bizitzeko gai diren zenbait animalia badaude, hala ere. Han bizi diren zizare poliketo, txirla eta tunikatu ugariak kutsagarriz beteta dauden sedimentuko partikula organikoez elikatzen dira. Karramarro urdinak ere badaude. Horietako bakoitzak dioxina kopuru nahikoa du jaten duenari minbizia eragiteko.
Fundulus heteroclitus arraina ere ondo bizi da kutsadurarekin, oro har ingurumen-baldintza zailak jasaten baititu. Gai da ur gezan eta gazian bizitzeko eta garatzeko, eta tenperatura-tarte zabal batera egokituta dago. Negua iristean eta tenperatura asko jaisten denean, lohian sartu eta baldintzak hobetu arte geratzen da atera gabe. NASAk espezie horretako arrainak bidali zituen espaziora, grabitate gabe igeri egiteko gai diren jakiteko. Eta badira gai. Are gehiago, gametoak askatu zituzten. Oso leku kutsatuetan bizi diren espezie horretako izakiek gainerako arrainek baino substantzia kutsatzaileen kontzentrazio handiagoak jasaten dituzte, Newarkeko badian kasu. Fundulusek duela hamarkada gutxi lortu dute oinarri genetikoa duen gaitasun hori. Biologook “eboluzio azkarra” deitzen duguna izan dute.

Ez dago gizakiek bezala planeta hain sakonki eta erradikalki eraldatu duen beste espezierik. Mendiak lautu, ibaien ibilgua aldatu, haranak eta sakonuneak bete, kostaldearen lerroa eraldatu eta paisaia birmoldatu ez ezik, landareak eta animaliak ere aldatu ditugu beraiekin milioika pertsona elikatu ahal izateko. Gainera, erabateko hondamendi ekologikoak eragin ditugu, eta horiekin ekosistema osoak aldatu edo goitik behera suntsitu ditugu. Baina, harrigarria bada ere, espezie batzuek lortu dute giza ekintzaren efektuari aurre egitea, baldintza hilgarrietara egokitzea eta inor gutxik lortzen duen lekuetan bizitzea. Horiek dira edozertatik bizirik ateratzea lortzen duten bakarrak.
Iturria:Flyn, Cal (2021). Islands of Abandonment: Life in the Post-human Landscape. William Collins.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Bizirik irauten dutenak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #380
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Hareak, lekuaren arabera, konposizio desberdina izan dezake. Izan ere, geologian, “harea” terminoak tamaina oso zehatzeko ale bat definitzen du, alearen jatorria kontuan izan gabe. Hau da, gutxienez 0,063 mm eta gehienez 2 mm dituzten partikula guztiak harea kontsideratzen dira gaur egun. Konposizioari buruz, bestalde, sedimentuaren sorburuan dauden material geologiko mota ikusi behar da. Kantauri itsasertzeko hondartzetako harea, adibidez, kuartzo alez osatuta dago gehienbat, eta konposizio misto horrengatik du, hain zuzen ere, tonalitate kromatiko arrea. Karibeko hondartzetan, bestalde, harea gehienbat itsas organismo karbonatatuen zatiez osatuta dago, eta horregatik du kolore zuria. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Zerez dago egina harea?
AstronomiaGure galaxiaren irudi aparta lortu dute SARAO behatoki afrikarrean. Esne Bidearen bihotzeko aktibitate elektrikoa ikusten da irudi horretan, eta ekaitz elektrikoak, hiltzen eta jaiotzen diren izarrak, eta baita galaxiaren erdian dugun zulo beltz supermasiboa, eguzkia bezalako 4 milioi izarren masa duena. Baina agian, irudi honetako esanguratsuena, energia-harizpi luzeak dira. Irudia zeharkatzen duten lerroak dira, 100 argi-urteko luzerako zuntzak, baina zientzialariek oraindik ez dakite zergatik ez nola sortu diren. MeerKAT irrati-teleskopio berriarekin lortu dute irudia. Erradio-uhinak hautematen dituzten 64 antenaz osatuta dago teleskopio hau eta hiru urte behar izan dituzte zientzialariek irudi hau lortzeko. Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Esne Bidearen bihotza, gertutik.
Apolo 11 misioa Ilargira iritsi zela 53 urte beteko ditu uztailean. Orain, NASAk beste misio bat jarri du abian, Ilargitik pasatzea Martera iristeko. Artemis 1 izena jarri diote misioari, eta honen ostean Artemis 2 eta 3k jarraituko diote, urratsez urrats, azkeneko misioan, Artemis 3 misioan hain zuzen, Ilargian lur hartu ahal izateko. Lau astronauta Ilargiaren orbitara bidaliko dituzte Orion ontzian, SLS suziria erabiliz, eta era berean, bi kide gehiago joango dira Space X enpresak egindako gizakien lur hartzerako sistemara. Aste bat pasa ondoren, denak batera itzuliko dira lurrera Orion ontzia erabilita. Misio hauen azken helburua ordea, ez da berriro Ilargira joatea; esperientzia bildu eta teknikak ikasi nahi dituzte ondoren Martera joan ahal izateko. Bestetik, Hego Koreak ere bere lehenbiziko misioa jarriko du martxan Lurreko satelite naturalera, eta baita Errusia eta Japoniak ere. Datuak Berrian: Ilargira bueltan.
KimikaMaria Josefa Molera Mayo kimikaria Izabako alaba kutun izendatu dute. 1921ean jaio zen Izaban Molera, eta kimikako bost urteko ikasketak hiru urtean burutu zituen, eta 1948an doktore izendatu ondoren, Ingalaterran eta Ameriketako Estatu Batuetan aritu zen lanean, besteak beste. Baina Madrilen pasa zituen bere bizitzako urte asko, Rocasolano Institutuko laborategian. Bere esparru nagusia gasen kromatografia izan zen. Orain gobernuak, Alfonso V. Carrascosak idatzitako María Josefa Molera Mayo. Una científica izabar liburua argitaratu berri du. Azalpenak Berrian: Ortiz etxeko zientzialaria.
Kimika Analitikoa diziplina zientifikoa, materialen kuantifikazioa, identifikazioa eta banaketa aztertzen dituen zientziaren atala da. Helburu honetarako, metodo ezberdinak erabiltzen dira, baina azken hamarkadetan asko hobetu dira metodo hauek. Teknologia berri horietako bat da Irudi Digitalen Analisia (DIA, Digital Image Analysis), sistema batetik informazio analitikoa ateratzeko irudi digital bat oinarritzat hartzen duen metodoa. Hau da, irudi batetik abiatuta, hau prozesatzen da informazio kimikoa lortzeko. Malko artifizialak sortzeko adibidez, teknika honetaz baliatu dira. DIA bidez malkoen fosfato kontzentrazioa eta pH-a determinatzeko metodo bat garatu dute. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Irudi Digitalen Analisia: espektrofotometria ordezkatzen.
Onintze Parra Ipiña ingeniari kimikoak nazioarteko lehiaketa batean bigarren postua lortu zuen Maider Bolaños Oriberekin batera. Aveva Prozesu Kimikoen Simulazioen Nazioarteko Txapelketan izan zen, Egoera Egonkorrean Simulaziorik Onena atalean, eta bikote honek bigarren postua lortu zuen dieselaren ordezko dimetil eterra lortzeagatik, erregai garbi bat. Orain, doktoretza hasi du Onintzek, eta oso gustura azaldu da orain arteko esperientziarekin. Talde txikia direla dio, baina giro ederrarekin, eta ilusioz gainezka ekin dio tesiari. Datuak Zientzia Kaieran, Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atalaren parte: Onintze Parra, ingeniari kimikoa: “Elkarrekin emaitza hobeak lortzen ditugu”.
AntropologiaGatzak garrantzi handia du giza-elikaduran eta baita zenbait animalientzat ere, eta historian zehar sustantzia oso preziatua izan da. Ikertzaile batzuek ziurtatzen dute ehiztari-biltzaileek ez zutela gatzik erabiltzen, baina dietan zereala sartzeak ekarri omen zuen elikagaiak gazitu beharra. Dirudienez, historiaurrean gatzak balio handia zuen trukeen sareetan. Gatza uretatik, lurretik eta landareetatik bereizi daiteke, eta metodo ezberdinak erabiltzen dira honetarako. Itsasoko edo laku gazietako gatza, ura lurrunduz eskuratzen da eguzkiaren eta haizearen eraginez. Landareetatik gatza ateratzeari buruzko datu historiko gutxi dago, baina dirudienez gune tropikaletan ekoitzi izan dute gatza horrela. Gure inguruan, Añanako Gatz Harana dugu; diapiro batetik dator Añanako ura, eta sakoneko materialak gainazaleraino igotzearen ondorioz osatzen da. Eduardo Angulok azaltzen du Zientzia Kaieran: Gatz arrunta.
ArkeologiaGasteizko Olagibel kaletik gertu arrasto arkeologiko ugari aurkitu dituzte. Bizikletentzako aparkaleku bat eraikitzeko lanetan ari zirela ohartu ziren lur azpian zegoen altxorraz. Enklabe enpresako arkeologo Ismael Garcia-Gomezek azaldu duenez, erretako lurra duen zati bat aurkitu zuten, sute bat egon zelaren arrastoa, eta dokumentazioan begiratuta, aski bizkor ohartu zuten ze suteri zegokien aztarnek. 1507. urtearen inguruan, Adatseko Andre Maria ospitalea erre egin zela agertzen da dokumentazioan. Beraz, badakite beheko zatia ospitale horri dagokiola, eta gorago dagoena, berriz, gainean eraiki zuten Santiago ospitalearen arrastoak direla. Alabaina, zientzialariak denborarik gabe dabiltza aztarnak ikertu eta objektu baliotsuak ateratzen; izan ere, aparkalekua egiteko lanak ez dituzte eten, eta are gehiago, dirudienez, udalaren asmoa aztarna arkeologikoak estaltzea da. Beraz, aztarna arkeologiko hauei merezi duten garrantzia ematea eskatu dute. Datu guztiak Alean: Azaleratu diren aztarna arkeologikoen garrantzia aintzat hartzeko eskatu dute.
BiologiaBelarriak entzumenaren kanpo-organoak dira, eta hauen funtzioa soinu-uhinak lokalizatu, harrapatu eta entzumen-kanalera bideratzea da. Badira animaliak belarriak soinuaren jatorrirantz orientatzeko gaitasuna dutenak, baina gizakion eta gure ahaide hurbilenen (txinpantze, gorila, bonobo, orangutanek) kasuan, gaitasun hau galduta genuela pentsatzen zen. Alabaina, ikerketa batek erakutsi du oraindik gai garela belarriak soinua datorren tokirantz zertxobait orientatzeko. Alemaniako Saarland Unibertsitateko ikertzaileek gidatu dute ikerketa boluntario batzuei egindako esperimentu batzuekin lortu dituzte emaitzak. Boluntarioei soinu ezberdinak jartzean, belarrien mugimendu ia ikusezinak kontrolatzen dituzten muskuluen jarduera elektrikoa erregistratu zuten. Datuak Zientzia Kaieran: Gizakiok ere belarriak orientatzen ditugu.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #380 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #385
Liburu oso arrakastatsua, anarkistak idatzitakoa. Zeintzuk dira askatasun benetan garrantzitsuak? Autoreek aipatzen dituztenak ez dira ohikoenak. Jesús Zamora Bonillak woke kulturaren inguruan: The dawn of what?
Gran Hermanok zelatatzen gaituela ez da dudan jartzen, zein puntura arte baimenduko dugun baizik. Smart devices can now read your mood and mind, leading to a new set of concerns about technology and consent Francesco Biondirena.
Hidrodinamika oso baliagarria da materia barionikaren eta materia ilunaren arteko elkarrekintzak simulatzeko. DIPCren Robust clustering predictions using hydrodynamics for different samples of galaxies
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #385 appeared first on Zientzia Kaiera.
Onintze Parra, ingeniari kimikoa: “Elkarrekin emaitza hobeak lortzen ditugu”
Onintze Parra Ipiñak sari bat jaso du duela gutxi, nazioarteko lehiaketa batean, Maider Bolaños Oriberekin batera. Zehazki, bigarren postua eman diete Aveva Prozesu Kimikoen Simulazioen Nazioarteko Txapelketan, Egoera Egonkorrean Simulaziorik Onena atalean, dieselaren ordezko dimetil eterra (erregai garbia) lortzeagatik.
Parraren esanean, Ingeniaritza Kimikoa Masterra ikasten ari zirela, irakasle baten bidez izan zuten lehiaketaren berri. Arlo horretan ondo moldatzen zirenez, izena ematea erabaki zuten: “Sei hilabeteko lana izan zen, eta atazetako batean eman ziguten bigarren saria. Albistea jaso genuenean, sekulako poza hartu genuen, ez baikenuen espero”.
Ingeniaritzako graduan ezagutu zuten elkar Parrak eta Bolañosek, eta, geroztik, beti egin dute lana elkarrekin: “Oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Oso desberdinak gara, eta hori garrantzitsua da. Pentsatzeko eta izateko moduan osagarriak gara, eta elkarrekin emaitza hobeak lortzen ditugu, bakarka arituko bagina baino. Sari hau ere ez genukeen lortuko, bakoitza bere aldetik aurkeztu izan bagina”.

Bestelakoan, ingeniaritza kimikoa maskulinizatuta eta industriara nahiko bideratuta dagoela aipatu du; horregatik, gradua ikasten zebilela, ez zuen uste hortik jarraituko zuenik. “Irakasle izateko master bat egingo nuela pentsatzen nuen, eta kito. Baina laugarren mailan hasi nintzen konturatzen gustatzen zitzaidala; bereziki, prozesuen arloa. Hain zuzen, lehiaketa arlo horretakoa da, prozesuen ingeniaritza. Karreran eman genuen irakasgaia pila bat gustatu zitzaigun, bai Maiderri, bai niri. Eta irakasleak lehiaketaren berri eman zigunean, beste talde batzuk ere animatu ziren hasieran. Gero, ordea, utzi egin zuten; guk, berriz, gai horretan ondo moldatzen garenez, eta irakasleek ere bultzatu gintuztenez, aurrera egin genuen”.
Jakin-mina da erregaiaElkarlanaren balioa ez ezik, irakasleen babesaren garrantzia ere azpimarratu du Parrak: “Bi irakaslek eman digute irakasgai hori graduan, eta, lehiaketan, denbora guztian izan ditugu ondoan. Eta orain doktoretza hasi dut, eta, neurri handi batean, irakasle horietako batek animatu nauelako izan da. Azken finean, gure saila oso txikia da, eta erraza da irakasleekin harreman estua izatea”.
Ez zaio damutzen doktoretza egiten hasi izana. Ondo dakien arren gogorra izango dela, grinatsu ekin dio. “Hasiera batean, ez nuen garbi. Baina, azkenean, 2021eko apirilean sartu nintzen beka batekin, Eusko Jaurlaritzako Ikasiker beka batekin, eta ez nekien gustatuko ote zitzaidan. Baina, hara non, zoratzen nago. Ikaragarri gustatzen zait egiten duguna, talde-giroa ere bikaina da… Gainera, jakin-min handikoa naiz, eta tesian egunero zerbait berria ikastera behartuta nago. Nolabait, jakin-min hori da nire erregaia; beraz, poz-pozik nabil. Egia da gogorra dela, ordu pila bat sartzen ditugula, batzuetan gauzak txarto ateratzen direla… Baina, oraingoz behintzat, ilusioz gainezka nago”.
Fitxa biografikoa:Onintze Parra Ipiña Bilbon jaioa da, 1998a. Ingeniaritza Kimikoa gradua ikasi ondoren, Ingeniaritza Kimikoa Masterra egin du, biak UPV/EHUn. Orain, doktoretza egiten hasi berria da.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Onintze Parra, ingeniari kimikoa: “Elkarrekin emaitza hobeak lortzen ditugu” appeared first on Zientzia Kaiera.
Irudi Digitalen Analisia: espektrofotometria ordezkatzen
Kimika Analitikoa materiaren kuantifikazioa, identifikazioa eta banaketa aurrera eramateko metodoak erabili eta aztertzen dituen diziplina zientifikoa da. Azken hamarkadetan teknologiak jasan duen garapen handiari esker, Kimika Analitikoak haren analisi metodoak hobetu ditu. Beraz, teknologiari esker analisi metodo azkarragoak, sinpleagoak, erreaktibo kantitate gutxiago behar dituztenak, ingurumenarekiko jasangarriak eta emaitza fidagarriak eskaintzen dituztenak garatu dira.
Metodologia berri horien artean Irudi Digitalen Analisia (DIA, Digital Image Analysis) dago, sistema batetik informazio analitikoa ateratzeko irudi digital bat oinarritzat hartzen duen metodoa. Teknika horren inguruko lan eta artikulu ugari argitaratu dira azken urteetan. Ez da harritzekoa, metodoak abantaila ugari eskaintzen baititu: merkea eta azkarra da, irudi digitalak lortzeko gailuak geroz eta eskuragarriagoak baitira eta aldi berean lagin asko analizatzeko aukera eskaintzen duelako, DIA metodoak automatizatzeko aukerarekin batera.

Irudi digitalen analisiak aztergai den sistema bati buruzko informazioa lortzea du helburu. Informazioa lortzeko sistemaren irudiak erabiliko dira. Horretarako, argazkia egiteko aparailua (mugikorra, argazki kamera edota eskanerra) behar da, baita irudi horien kalitatea eta egokitasuna bermatzea ere. Irudia lortu eta egokia dela ziurtatu ondoren, honen prozesaketa egiten da informazio kimikoa lortzeko. Tratamendu matematikoa egiteko software desberdinak aplika daitezke (MatLab edo ImageJ adibidez) eta kolore sistema bakoitzaren araberakoak diren parametroak lortuko dira.
Prozesaketatik erauzitako parametroak analitoaren (analizatu nahi den objektua) kontzentrazioarekin erlazionatzea da hurrengo urratsa. Kasurik sinpleenean, erlazioa lineala izango da, eta horrela, kalibrazio zuzen bat lortuko da. Beste kasu batzuetan, ordea, linealtasuna galdu egin daiteke, eta ondorioz, datu matrize konplexuagoak sortu beharko dira, iruditik erauzitako datu gehiago erabiliz.
DIA hainbat sektoretan emaitza onekin aplika daitekeen teknika bat dela egiaztatzeko industria, medikuntza eta elikadura sektoreko objektuekin probak egin dira. Hiru kasuetan antzeko prozedura erabili da:
- lehenengo, erreakzio kolorimetriko egokia bilatu da,
- ondoren, irudiak eskuratu dira.
Laginak aztertzeko polipropilenozko mikroplaka gardenak erabili dira. Hauek 420 μL bitarteko gaitasuna duten 96 zulotxo dituzte, eta ondorioz, lagin ugariren aldibereko determinazioa egiteko aukera dago.
Industria: nikel estaldura bainuen analisiaNikel estaldura bainuen analisia eta kontrola egiten da. Industrian erabiltzen diren nikel estaldura bainuetan hainbat konposaturen kontzentrazioa kontrolatzea ezinbestekoa da, hala nola, nikela, sulfato ioiak edo amonio ioiak. Konposatu hauek determinatzeko erabiltzen diren teknikak garestiak edo sofistikatuak izanik, DIA aplikatzen da determinazio sinple eta azkarrago bat egiteko. Garatutako metodoak hiru kasuetan erregresio lineal bidez emaitza egoki eta fidagarriak lortzea ahalbidetu du.
Medikuntza: malko artifizialen analisiaMalko artifizial mota desberdinak analizatu dira. Medikamentu guztiak, malko artifizialak barne, konposatu askoz osatuta daude. Printzipio aktiboaz gain, testura eta biskositatea mantentzeko substantzia kimikoak aurki daitezke, baita pH-a konstante mantentzeko substantziak ere. Tanpoi erabilienak fosfatoz osaturikoak izaten dira, baina ioi honen gehiegizko kontzentrazioak arazoak sor ditzake. Hau oinarri hartuta, DIA bidez fosfato kontzentrazioa eta pH-a determinatzeko metodo bat garatu da. Lehena erregresio lineal bidez determinatu da, eta bigarrena, modelo konplexuago bat osatuz eta aldagai anitzeko analisia erabiliz. Bi kasuetan determinazioa arrakastaz egin da.
Elikadura: koloratzaileen analisiaKoloratzaileen analisia egiten da. Gaur egun, koloratzaileen erabilera oso hedatuta dago, elikagaien itxura erakargarriagoa bihurtzeko erabiltzen baita. Gehiegizko kontsumoak arazoak sor ditzakeenez, batez ere umeetan, koloratzaileen kontzentrazioa ezagutzea oso garrantzitsua da. Tartrazina eta allura gorria nahasteak determinatzeko DIAn oinarritutako metodo bat garatu da, hauek baitira litxarrerietan sarrien aurki daitezkeen koloratzaileak.
Hiru sektoreetan determinazioa kolore sistema desberdinetako parametroak kontuan hartu dira eta aldagai anitzeko analisia erabili dira ere eta emaitza egoki eta fidagarriak lortu dira. Irudi digitalen analisia (DIA) erabiliz garatutako 3 aplikazioen emaitzak erakutsi dute metodo azkarra dela, merkea, hondakin kantitatea gutxitzeko aukera ematen duela eta sentsibilitate handiko metodoa dela.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 39
- Artikuluaren izena: Irudi Digitalen Analisia: espektrofotometria ordezkatzen.
- Laburpena: Irudi digitalen analisia (DIA) teknika multzo batek osatzen du eta helburu nagusia da aztergai den sistema bati buruzko informazio adierazgarria determinatzea sistema horren irudiak erabiliz. Metodoaren abantaila nagusiak bere abiadura, sinpletasuna eta beharrezko lagin kopuru txikia dira (400 μL-tik behera mikroplakak erabiltzen badira), bai ta sortutako hondakin kopuru txikia ere. Lan honetan DIAren hiru aplikazio desberdin deskribatzen dira: nikel bainuetan aurki daitezkeen konposatu nagusien analisia eta kontrola, hala nola, nikela, amonioa eta sulfatoak; fosfatoen eta pH-aren aldibereko determinazioa malko artifizialetan eta tartrazina eta allura gorria koloratzaileen determinazioa jangaietan. Aplikazio hauetan, mahaigaineko eskanerra eta telefono mugikorra erabili dira irudiak eskuratzeko.
- Egileak: Gorka Albizu, Irati Berasarte, Ane Bordagaray, Sergio Dávila, Edurne Jaime-Barquero
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 189-209
- DOI: 10.1387/ekaia.21860
Egileez:
Gorka Albizu, Irati Berasarte, Ane Bordagaray, Sergio Dávila, Edurne Jaime-Barquero UPV/EHUko Donostiako Kimika Fakultateko Kimika Analitikoko Saileko ikertzaileak dira.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Irudi Digitalen Analisia: espektrofotometria ordezkatzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Gizakiok ere belarriak orientatzen ditugu
Belarriak entzumenaren kanpo-organoak dira. Larruazalez eta kartilagoz osatuta daude eta gizakiotan zein beste espezietako animalietan ikus daitezke. Gizakion kasuan, organo zurrunak badirudite ere, ikerketa berri batek erakutsi du, beste animalia batzuen antzera, gizakiok ere belarriak orientatzeko gai garela.
Belarriak dituzten gainontzeko animalia batzuenekin konparatuz, gizakionak buruaren alboetara itsatsita daudela dirudi. Izan ere, gureak grapatuta ditugula ematen du. Animalia espezie askok, aldiz, gorputzeko apendize edo luzakin independente gisako organo bezala dituzte. Ezaugarri honi esker, animaliek belarriak mugitzen dituzte entzun nahi duten soinu-iturrirantz. Orientatu egiten dituzte.
Belarrien funtzioa, soinu-energia lokalizatu, harrapatu eta entzumen-kanalerantz bideratzea da. Orain arte pentsatu izan da gizakiek eta haien ahaide edo senide ebolutibo hurbilenek (txinpantze, gorila, bonobo, orangutanek) galduta zutela belarriak orientatzeko gaitasuna. Ikerketa batek, aldiz, erakutsi du oraindik badirela belarriak leun-leun soinua datorren tokirantz orientatzeko gai direnak.

Alemaniako Saarland Unibertsitateko ikertzaileek gidatu duten lan batek baieztatu du gure arreta bereganatzen duen hotsaren aldera bideratzen ditugula belarriak. Hala ere, ikusi dute mugimendua inkontzienteki egiten dugula. Egia da oso keinu sotila dela, ez da begirada huts batekin ikus daitekeen gauza, baina egin, egiten dugu, beste animalia batzuek bezala.
Emaitzak eLife aldizkarian argitaratu dituzte eta ikertzaileek adierazi dute, mugitzeko gaitasun horrek erakusten duela oraindik gure belarrien mugimendua gaitzen duten zirkuitu neuronal eta muskuluak mantentzen ditugula. Zirkuitu eta muskulu horiek “‘ezaugarri bestigial’ bat izan litezke. Hau da, bere funtzioa galdu duen zerbaiten aztarna gisa geratzen den arrastoa. Beraz, nonbait, belarriak orientatzeko gaitasuna mantentzen dugu, nahiz eta jada horrek ez duen betetzen bere jatorrizko lana edo funtzioa.
Daniel Strauss, Saarland Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko ikertzaileak zuzendu duen taldeak frogatu du belarrien inguruko muskuluak aktibatzen direla soinu berriak edo harrigarriak hautematen dituztenean. Erreakzio erreflexua litzateke eta bi esperimenturen bidez lortu dituzte emaitzak.
- Lehenengo esperimentuan, hainbat boluntario ipini zituzten testu aspergarri bat irakurtzen. Bitartean, era guztietako seinaleak botatzen zizkieten boluntarioei hauen arreta desbideratzeko. Esaterako, auto-ilara baten soinua, klaxon-hotsak edo negarrez zegoen ume baten audioak jartzen zizkieten.
- Bigarren esperimentuan, audio bat jartzen zieten entzungai baina beste iturri batetik bigarren audio bat botatzen zuten boluntarioek entzuteko moduan. Kasu honetan, helburua zen muskuluen portaera aztertzea, intereseko zerbait entzuten zeudela arreta beste toki batera desbideratuz.
Bi kasuetan, ikertzaileek belarrien mugimendu ñimiño eta ia ikusezinak kontrolatzen dituzten muskuluen jarduera elektrikoa erregistratu zuten. Horretarako, elektromiografia izeneko teknika erabili zuten, larruazalaren gainean jarritako elektrodoen bidez. Bereizmen handiko bideo-irudiak ere grabatu zituzten, eta, ondoren, edozein mugimendu anplifikatzeko erabili ziren.
https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2022/02/Our-animal-inheritance-Humans-perk-up-their-ears-too-when-they-hear-interesting-sounds.mp4Bideoa: ikertzaileek egindako esperimentuen emaitzak erakusten duen bideo bat.
Esperimentuek erakutsi zuten inkontzienteki eta oharkabean parte-hartzaileen belarriak soinu deigarrien norabidean aktibatzen zirela. Straussek azaltzen duenez, “belarriko muskuluen jarduera elektrikoak adierazten du subjektuak norantz bideratzen duen entzumen-arreta”. Halaber, parte-hartzaileak podcast bat entzuten saiatzen zirenean bigarrenari kasurik egin gabe, inkontzienteki orientatzen zituzten belarriak bigarren interes-iturri horretara. Hori bai, gizakion gaitasun hau oso txikia da, urria, ez du zerikusirik, esaterako, beste animalia batzuk egiten dituzten mugimenduekin.
Ikertzaileen esanetan, zaila da jakitea zergatik galdu genuen gizakiok gure belarriak orientatzeko gaitasuna. Hauen mugikortasunak behera egin du, eta tamaina ere galdu dute, txikitu egin baitira, eta zurrunagoak bihurtu dira. Baina badirudi gaitasun horren oroigarriren bat gorde dugula, fosil neuronal bat balitz bezala. Ikertzaileen ustetan, “25 milioi urte inguru garunean iraun duen ‘fosil neuronal’ bat litzateke” belarriak orientatzeko dugun gaitasuna.
Iturria:Un fósil neuronal de 25 millones de años: los humanos también orientamos las orejas.
Erreferentzia bibliografikoa:Strauss, Daniel J. et al. (2020). Vestigial auriculomotor activity indicates the direction of auditory attention in humans, eLife, 9, e54536. DOI: 10.7554/eLife.54536
Testuaren egokitzapena: Uxune Martinez
The post Gizakiok ere belarriak orientatzen ditugu appeared first on Zientzia Kaiera.
Gatz arrunta
Gatza ezinbesteko elikadura osagarria da zenbait animaliarentzat, giza espeziea barne. Gaur egun, oraindik, ardi eta behi aziendek eta gizakiek gatza dute haien barrukietan. Gainera, gatza funtsezkoa da elikagaiak kontserbatzeko.
Gatzak oinarrizko zaporeetako bat ematen dio dastamenari: gazia. Egunean 2-3 gramoko dosia gomendatzen da, eta 6 gramora iristea ariketa bizia egin ondoko egunean, izerditzen dugunean sodio ugari galdu ohi baitugu. Hipotesi gisa, litekeena da elikagaiak –eta, zehazki, landareak– ekoiztu eta biltzen ziren eremuetan hasi izana gatzaren erabilera hauek ontzeko.

Gatzaren garrantzi ekonomiko eta sinbolikoa ezaguna da eta asko aztertu izan da arkeologo eta historialarien artean. Baliteke eginkizun garrantzitsua izatea historiaurreko gizarteetan eta lehen zibilizazioetan. Gatzarekin lotutako jarduera ekonomikoa Neolitoan hazi zen, beharbada nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin batera. Egile batzuek ziurtatzen dute ehiztari-biltzaileek ez zutela gatzik bilatzen eta dieta aldaketak –batik bat zerealetara aldatu izanak– ekarri zuen, hain zuzen, elikagaiak gazitu beharra. Hori dela eta, historiaurreari buruzko azterlanetan eta azterlan etnografikoetan agerian geratzen da gatzak balio handia zuela trukeen sareetan.
Nekazaritza garatu zuten lehen inperioetako bat Mesopotamiakoa izan zen, Ilgora Emankorrean, Ekialde Ertainean. Parisko Goi Ikasketen Eskola Praktikoko (École pratique des hautes études EPHE) Jean Bottérok aztertu eta itzulitako eta Yalen utzitako hiru taulatxo mesopotamikoak duela 3.500 urtekoak dira, datazioen arabera. Guztira, 35 errezeta biltzen dituzte; batzuk pusketak baino ez dira, eta askotan, gatza aipatzen da ohiko bizigarri gisa. Eta ia beti «gutxi gorabehera» dosifikatzen da, Bottéroren itzulpenaren arabera.
Gastronomia mesopotamikoaren adibide gisara, Bottérok itzulitako Salda gorria dugu:
Ez da haragirik behar.Bota ura; gehitu koipea; tripaki gazituak –hesteak edo sabela–; gatza, gutxi gorabehera kalkulatua; tipula eta “samidua”, kuminoa, martorria, porrua eta baratxuri xehatua.
Ikusten duzuenez, errezeta horiek askatasun asko uzten diote sukaldariari.
Gatzaren gordelekuakGatza gema gisa egon ohi da sakonera jakin bateko meategietan eta, halaber, zenbait txoko naturaletan, hala nola itsasoan, laku gazietan, ur gaziko iturburuetan, lur eta harea gazietan, landareetan eta substantzia organikoetan, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko Blas Castellón antropologoak aztertu duen bezala. Leku horietatik guztietatik gatza atera eta garbitu egin behar da. Ohikoena ur gazia lurruntzea da, eguzkiaren eta haizearen bitartez edo beroketa artifizialaren medioz. Horrekin lotuta daude, hain zuzen gatza ur, lur eta landareetatik bereizteko gehien erabiltzen diren metodoak.
Halako prozesuek ez diete beti jarraitzen aurrerapen teknologiko edo zientifiko baten urratsei. Funtsean, ezagutza enpirikoa da, gatz egileen esperientziaren emaitza; halako metodoen aplikazioa eta eraginkortasuna antzinako ohitura eta sinesmenekin lotuta daude.
Eragiketek prozesu naturalak imitatzen dituzte, bereziki kontzentrazioa, asetzea, lurrunketa eta egosketa. Hondartzetatik gertu, non ura itsasaldien arabera igotzen eta jaisten baita, itsasoko urak hilabetean ematen ditu batzuetan kontzentratuta eta, bero handia egiten badu, gatz zarakarrak sortzen dira, geroago bil daitezkeenak. Gauza bera gertatzen da laku gazien ertzetan; bertan, gatzak lurrean eta uretan kontzentratzen dira, eta, lurrunketaren ondorioz, efloreszentziak sortzen dira. Fenomeno natural horiek artifizialki kopiatu ziren ur eta lur gaziak erabiliz, eguzki lurrunketa edo beroketa artifiziala erabiliz, ingurunearen aukeren arabera.
Kostaldean, eguzkiak aukera hori eskaintzen du. Baina barnealdeko eremuetan, lurrunketa posible da urtaroak markatuak badira, eta gatzunaren beroketa artifizialarekin konbina daiteke, erregai ugari badago eta urteko edozein garaitan gatza behar bada; izan ere, eguzki lurrunketa ezinezkoa da euri garaian.
Landareetatik gatza ateratzeari buruzko datu historiko edo arkeologiko askorik ez dago, baina badakigu gune tropikaletan ekoitzi izan dutela gatza horrela; izan ere, leku tropikal batzuetan, espezie jakin batzuetako landareak erre eta gero errautsak iragazi edo garbitu egiten zituzten; horren ondoriozko gatzuna egosi eta, hala, gatza kristalizatzen zuten.
2019an, Txina izan da munduko lehen gatz ekoizlea, 59 milioi tonarekin. Ondoren, Estatu Batuak, 42 milioi tonarekin, eta India, 29 milioi tonarekin. Europan, lehen ekoizlea Alemania da, 14,3 milioi tonarekin. Espainiak 3,9 milioi tona ekoizten ditu. Munduko ekoizpenaren % 60 inguru industriara bideratzen da, adibidez, kloroa eskuratzeko. % 25 baino ez da erabiltzen giza kontsumorako.

Salamancako Unibertsitateko Marta Buenoren hitzetan, historiaurreko gatz meategi batzuetan zeramika aztarna ugari aurkitu izan dira gatzaz gain; briketa deritze halako zeramikei. Ur gaziko iturburuen ondoan agertu ziren; bertan, ontziak ur gaziarekin betetzen ziren eta buztinezko labeetan edo suaren gaineko idulkietan jartzen ziren. Ura lurrundu eta gatz opil bat geratzen zenean, ontziak apurtu eta gatza ateratzen zen. Zeramika hondarrek gehi labeetako errautsek eta hormek zabortegi handiak edo briketak eratzen zituzten. Arkeologoen ustez, gatza ekoizten zelako ageriko seinale dira halako lekuak.
Gatza historian zeharIturburu gazi batetik hurbil, Errumanian, Poiana Slatinein, briketa ugari aurkitu ziren, eta horregatik, ondorioztatu zuten ura beroaz lurrunduz lortu zela gatza. Bertako zeramika duela 8.000 urtekoa da eta, ditugun datuen arabera, aztertu den gatz meategirik zaharrenetako bat da.
1984an aurkitu eta aztertzen hasi zen. Meategiak 60 bider 25 metroko azalera eta 3 metroko sakonera ditu. Errauts, ikatz eta erretako lur geruza gorriak daude. Iturburutik isurtzen den urak 160 gramo gatz ditu ur litro bakoitzeko. Zeramikak adierazten duen bezala, Neolitoan jada erauzten zen bertako gatza, eta, gainera, duela 1.000 urte inguru ere ustiatzen zen, Erdi Aroan.
Ebidentzia batzuek erakusten dute duela ia 7.000 urte, Kaukasoko Araxes haranean (Azerbaijan), Duzdağı izeneko toki batean, gatz meategi bat ustiatu zela. Catherine Marrok eta Nanterreko CNRSko ikertzaileek esandakoaren arabera, Kaukason, meatzaritza bidez gatza ateratzeko lehen arrastoak kobrearen meatzaritza garatu zenean agertu ziren.
Duzdağıko gatz meategia (oraindik jardunean dago) zein zaharra den jakin zen galeria bateko luizi batek lau meatzariren hondakinak agerian utzi zituenean, erreminta eta guzti. Harrizko erremintak ere bazeudenez, Catherine Marroren taldeak meatzeen ikerketa sistematikoa egiten hasi zen 2008an. Aurkitutako erreminta eta zeramika zaharrenak duela 6.500 urtekoak dira. Egileen hipotesiaren arabera, gatza duela 7.000 urte ustiatzen zen. Erromaren gorakadara arte, gatzaren lorpena nabarmen handitu zela uste da. Horrenbestez, eta Marroren azterlanak argitaratu zirenez geroztik (2010ean), Duzdağıko gatz meatzea jotzen da, oraingoz, ezagutzen direnen artean zaharrena.
Zhongban, Yangzi ibaiaren arroan (Txina) briketak dituen beste meategi bat aurkitu da; arrain eta ugaztunen hezurrak ere bazituen, eta horien haragia kontserbatzeko gatzatzen zela jakin da. Orain, Hiru Zintzurren Presan urperatuta dago. Horri buruz ezagutzen diren datuen laburpena Harvard Unibertsitateko Rowan Flad ikertzaileak argitaratu du. Eskuragarri dauden datuen arabera, Meategi hori Brontze Aroaren amaieraz geroztik ustiatzen zen gutxienez (zehazki, duela 4.500 urte inguru), eta duela 2.000 urte baino lehentxeago arte iraun zuen ustiapen horrek. Aurkikuntzak beste meategi batzuetan ikusi ditugun ohikoak dira: zeramika hondakin eta harrizko erreminta ugari, haragia kontserbatzeko kentzen zitzaien animalien hezurrekin batera.
Goazen Ameriketara eta maien zibilizazioa eta horrek gatzarekin duen harremana ezagutzera. Ezagutzen den erregistrorik zaharrena duela 2500 urtekoa da. Yucatán Penintsulako Calakmul herrian margotutako murala da. Saltzaile bat ageri da bertan, bezero bati orrietan bildutako pastel bat eskaintzen. Bezeroak koilara handi bat du eskuan eta gatz solte eta pikortatua duen saski batetik gertu dago.
Louisianako Estatu Unibertsitateko Heather McKillop arkeologoak azaldu zuen K.o. 600.-900. urteetako aztarnategi batean, Belizeko aintzira gazi batean, ur gazia lurruntzen zen suaren aztarnak aurkitu zituela. 2014tik gaurdaino, McKillopek eta bere taldeak antzeko 70 esparru aurkitu dituzte Belizeko aintzirako meategi horretan. Planetako beste leku batzuetan bezala, gatzuna irakiten zuten gatz blokeak izateko.
Meategian labeak, sukaldeak eta oso egoitzagune konplexuak aurkitu zituzten. Egurrezko 4.000 zutoin baino gehiago katalogatu dituzte aintzirako etxeei eusteko, eta, gainera, kanoa bat, arraun bat, eta arraina eta haragia zatitu eta gazitzeko harrizko tresnak. Ohikoa denez, briketa ugari dago, 449 ontzi hondar aurkitu baitira.

Madrilgo Juan Carlos Erregea Unibertsitateko Nuria Morèrerentzat, Iberiar penintsula gatzaren lurraldea da. Bi itsaso ditu, Mediterraneoa, munduko itsasorik gazienetakoa; eta Atlantikoa, udako beroarekin gatza jalkitzen duten estuario handiak dituena. Meategietatik ateratzen diren edo aire zabalean dauden mineral asko ditugu Iberiar penintsulan, eta gatza ur gezatan ere garraiatzen da barne gatzagetan.
Gatza baliatzen duen gastronomian, bakailaoa plater nagusia da. Gatzak kontserbatzaile gisa erabilera baliagarri eta egokia duela adierazten du horrek. Halako bakailaoa dastatzeko, Lorenzo Díazen Recetario del Quijote errezeta liburuko tiznaoa –Ciudad Real eta Toledoko ohiko platera– dastatzea merezi du.
Bakailaoa egur sutan txigortzen da tipula, baratxuri eta piper gorri lehorrekin. Bakailaoa xehatu eta ur epelean jartzen da minutu batzuez. Dena kazolan jartzen da, olio gordinarekin, piperrauts pixka batekin, eta erregosi egiten da. Ur pixka bat, irakinaldi bat eta mahaira.
Gatza gure inguruanGatz meategi ezagunen artean zaharrena Katalunian dago eta Vall Salina de Cardona deritzo. Gainera, Mendebaldeko Europako gatz mendi bakarra da, eta gutxienez duela 6.000 urtetik eskuratzen da gatza bertatik. Muntanya de Sal deitzen diote eta 120 metroko garaiera du. Aire zabalean ustiatzen da eta, lehen lur eta landare geruza kendu ondoren, gatza gainazalean geratzen da, ateratzeko prest. Beste meategi batzuetan bezala, historiaurreko meatzaritza harrizko tresnekin egiten zen. Gatzaren erauzketak 130 hektarea hartzen ditu gainazalean azaleratzen diren substantzia sakonak dituen diapiro baten gainean.
Araban, Gasteizko mendebaldean, Añanako Gatz Harana dago. Lau iturburu ditu, eta segundoko hiru litro ur gazi inguru ematen dituzte iturburu horiek guztira. Batez beste, 250 gramo gatz eramaten ditu gatzagak litroko. Atlantikoan, konparazio gisa, 36 gramo gatz daude litro bakoitzeko.
Añanako gatza diapiro batetik dator, eta sakoneko materialak gainazaleraino igotzearen ondorioz osatzen da diapiro hori. Euri urak diapiroa osatzen duten material gaziak disolbatzen ditu eta, ondoren, iturburuetatik azaleratzen dira gatz horiek.
Añanako gatzaren ustiapena duela 7.000 urte inguru hasi zen. Erromatarrak iritsi zirenean, duela 2.000 bat urte, gatza banatzen hasi ziren, ur gazia lurrunduz, larrainetan, eguzkitan eta haizetan. Gatza, larrainen ertzetan pilatzen dena, bi egunetik behin biltzen da. 1950ean, 5.648 larrain egon ziren abian, 110 000 metro karratuko gainazal batean, herrian 664 biztanle zeudela. 1990erako, 300 larrain eta 150 biztanle baino ez ziren geratzen.
Añanan gatza 822. urtetik eskuratzen dela dago dokumentatuta, eta larrainen lehen aipamen dokumentala, UPV/EHUko Alberto Plata arkeologoaren hitzetan, 978. urtekoa da. García Fernández kondeak Covarrubias monasterioari eginiko putzu eta larrainen dohaintza da.
Juan de Altamiras frantziskotar fraidea izan zen 1745ean agertu zen Nuevo arte de cocina izeneko errezeta liburuaren egilea. Gainera, osagaien artean bakailao gazitua zuten errezetak argitaratu zituen lehen pertsona izan zen; herriko mahai urrietan ohiko platera zen ordurako. Adibidez, bere errezetetan Bakailaoa tomate eta laranjarekin dago.
Anoak ontzian jarriko dituzu, baratxuri gordinak, gatza, piperbeltza, azafraia, olioa, perrexila, tomatea eta laranja zatitxoak botako dituzu, eta ur pixka batekin egosten jarriko dituzu. Oso atsegina da platera, eta osagai horiek guztiek zapore apur bat ematen diote; alabaina, kontuz kantitateekin, ongarri gehiegi jartzeak janaria hondatzen baitu batzuetan.
Egileaz:Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.
The post Gatz arrunta appeared first on Zientzia Kaiera.
Zerez dago egina harea?
Zerez dago egina harea? Hori da zientzia-dibulgazioko ekitaldi batera joaten diren entzuleek geologooi sarritan egiten diguten galderetako bat. Eta erantzuna beti bera da: lekuaren arabera.
Harea lekuaren araberakoa dela erantzunez gero, ematen du azalpen bat emateko gai ez garela eta disimulatzen saiatzen ari garela, baina hori da erantzun zuzena. Izan ere, harearen konposizioa jaso dugun lekuaren araberakoa da. Geologian, «harea» terminoak sedimentuaren ale tamaina oso zehatz bat definitzen du, eta ez du kontuan hartzen alearen jatorria.

Sedimentuak finkatu gabe dauden partikula edo material solidoak dira, batzuetan uraren edo haizearen eraginez lurrazalean edo itsaso eta ozeanoen hondoan metatu arte garraiatzen direnak. Sedimentuen sailkapen bat egin nahi dugunean, bi aukera ditugu: edo haien konposizioa aztertu, edo tamainari adierazi. Eta azken kasu horretan aurkitzen dugu «harea» terminoa.
Sedimentua alearen tamainaren arabera sailkatzeko gaur egun erabiltzen den eskala estandarizatuaren eta unibertsalaren arabera, harea gisa definitzen dira gutxienez 0,063 mm eta gehienez 2 mm dituzten partikula guztiak, haien konposizioa edozein dela ere. Sedimentua harea ote den identifikatzeko modu errazagoa nahi baduzue, hartu eskuan pixka bat eta ukitu hatzekin; larruazala ziztatzen edo urratzen dizuela sumatzen baduzue, harea aurkitu duzue.
Gainera, harearen sailkapenaren barruan azpibanaketak egin ditzakegu, hura osatzen duten partikulen diametroaren arabera. Hala, harea oso fina (0,063-0,125 mm), harea fina (0,125-0,25 mm), erdi mailako harea (0,25-0,5 mm), harea lodia (0,5-1 mm) eta harea oso lodia (1-2 mm) bereizten ditugu.

Eta haren konposizioari buruzko galderari erantzuteko, iturri eremuan –hau da, sedimentuaren sorburuan– dauden material geologikoen motaren araberakoa baita, mota askotako hareak aurki ditzakegu. Adibide batzuk emango dizkizuet.
Kantauri itsasertzeko hondartzetako harea, batez ere, kuartzo alez osatuta dago, beste mineral batzuekin batera (hala nola feldespato eta karbonatoak), eta itsas organismoen maskor eta oskol zati batzuk ere izan ohi ditu. Konposizio misto horrengatik ditu, hain zuzen, guztiok ezagutzen ditugun tonalitate kromatiko arre horiek. Aitzitik, Karibe itsasoko hondartzetan, harea ia erabat dago osatuta itsas organismo karbonatatuen zatiez –batez ere koral zatiez–, eta horregatik du, hain zuzen, hain kolore zurixka. Kanariar uharteetako hondartzetan, alabaina, mota askotako arroka bolkanikoen zatiez osatutako harea dago, eta kolore beltz, gris edo arrea ematen dio hareari konposizio horrek.
Baina adibiderik bitxiena Tunelboka eta Gorrondatxe hondartzetan dago, biak Getxon (Bizkaia), bertako hondarra oso berezia baita. Itsasertzeko eremu horretan, metalurgia enpresek joan den mendean Nerbioi ibaiaren ertzetatik Kantauri itsasora egindako isurketa guztiak metatuz joan dira itsas korronteak, galdaketako zepak barne. Beraz, hondartza horietako harea beltz distiratsua galdaketako zepen zatiz osatuta dago, eta, gainera, osagai magnetikoa dute zepa zati horiek; horregatik, iman bat hurbilduz gero, imanak erakarri egiten ditu.

Baina hondartzetan ez dugu harea soilik aurkitzen. Basamortu handietan –hala nola Saharan–, halaber, haizeak garraiatu eta metatutako partikula sedimentarioak ere harea partikulen neurrikoak dira. Eta halako partikulen konposizioa, baita ere, ale sedimentario horien jatorrizko arroken araberakoa da.
William Blake poetak zioen bezala, «mundu bat ikusteko harea ale batean». Eta egia da, harea-pikor bakoitza, berez, mundu bat da, istorio liluragarri bat kontatzen diguna; belarri geologikoekin entzuten jakin behar dugu, besterik gabe.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
The post Zerez dago egina harea? appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #379
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Ray Sheldon itsas ekologoa 1969an, Halifax-eko portutik atera zen CSS Hudson itsasontzian. Planktona ikertzen zuen garai hartan Sheldonek, eta bidaia ozeanografiko horretan, itsas ekologiako lege garrantzitsuenetako bat deskubritu zuen. Hain zuzen ere, Sheldon itsas ekologoa ohartu zen ozeanoko bizitzak lege matematiko sinple bat jarraitzen zuela, eta organismo baten ugaritasuna estuki erlazionatuta zegoela bere gorputz-tamainarekin. Honek zera esan nahi zuen: itsas espezie bat beste bat baino hamar aldiz txikiagoa bada, ozeanoan hamar aldiz ugariagoa izango dela. Alabaina, Sheldonen espektroa gaur egun oraindik betetzen ote den ikusi nahi izan zuen Eric Galbraith lur zientzietako ikertzaileak. 2021ean argitaratu zen honen ikerketa eta frogatu zuenez, ozeanoko bizitzaren proportzioa erabat apurtu da, nagusiki, arrantzak eraginda. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Ozeanoko bizitzaren proportzio ia miragarria.
Igaraba, duela urte gutxira arte gure lurraldean galzorian zegoen espeziea, ugaritzen doa euskal ibaietan. Orokorrean Iberiar penintsula osoan ematen ari den bilakaera bat da eta, esaterako, Euskal Herrian Araba da hobekuntza hau hoberen islatzen duena. Aurreko astean Gasteizko Atarian La nutria en España liburuaren aurkezpena egin zuten, eta liburu hau idazteko beharrezko datuak herritar zientziaren bidez lortu zituzten. Estatu mailan 8.000 tokitan baino gehiagotan egin dituzte azterketak, eta Arabaren kasuan, orotara, 192 laginketa egin dituzte. Jasotako emaitzek argi erakusten dute espezie hau berreskurapenaren bidean doala, baina azaldu dutenez, momentu honetan arazo nagusiena errepideetan izandako harrapaketei dagokiena da. Datuak Alean: Bueltan da ibaietako erregina.
Estibaliz Diaz AZTIko ikertzailea Berrian adierazi duenez, aingira europarra oso egoera larrian dago. Biologo honek aingiren populazioen dinamikak ikertzen ditu eta Europako Sudoang proiektua koordinatu du, aingira europarra kudeatzeko tresna eta metodo bateratuak sortzea helburu duen proiektua. Aingira animalia misteriotsua da, baita ikertzaileentzat ere, eta oraindik galdera asko dituzte erantzuteko bere biologia eta ekologiaren inguruan. IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunaren arabera, aingira arrisku kritikoan dago. 1960 eta 1979 artean iristen ziren angulen batezbestekoa erabiltzen du erreferentzia gisa Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluak (ICES), eta gaur egun, kopuru horren %5,4 iristen dira. Oso egoera larrian dago espezie hau, beraz. Zuhurtziaz jokatuz gero, ez litzateke aingira europarrik arrantzatu behar 2022an, ez saltzeko, ez aisialdiko arrantzan, baina Estibalizek dionez, aholku zientifikoa eta erabaki politikoa askotan ez datoz bat.
GeologiaFernando Sarrionandia-Ibarra UPV/EHUko Barne Geodinamika arloko ikertzailea elkarrizketatu dute aste honetan Zientzia Kaieran. Fernandoren ikerketa-taldeak arroka igneoak aztertzen ditu. Arroka igneoak magmaren solidotze prozesuaren ondorioz sortutako arrokak dira eta hainbat motatakoak daude, besteak beste, arroka bolkanikoak, plutonikoak edo azpibolkanikoak. Arroka hauen kimismoa (kimikari esker azal daitezkeen fenomeno naturalen multzoa) eta datazioa aztertuz, iraganeko testuinguru paleogeografikoak eraiki daitezke, eta horretan dabiltza Fernando eta bere lankideak. Zientzia Kaierako Zientzialari atalean dago elkarrizketa eskuragarri: Fernando Sarrionandia-Ibarra: “Arroka igneoak aztertuz iraganeko testuinguru paleogeografikoak eraiki daitezke”.
OsasunaUnibertsitatea.net webgunean irakur daitekeenez, larrialdi egoeretan adingabeen pisua kalkulatzeko zinta metrikoa garatu dute. UPV/EHUko Erizaintza Kliniko eta Osasun Komunitarioa ikerketa-taldeak garatu du zinta metrikoa, adingabeen gutxi gorabeherako pisua jakiteko aukera ematen du. Sendoa Ballesteros da ikerketaren koordinatzailea, eta bere esanetan, pisua jakitea oso garrantzitsua izan daiteke egoera batzuetan. Besteak beste, berebizikoa da sendagaien edo zain barneko fluidoen dosia kalkulatu ahal izateko eta larrialdi pediatrikoetan zer neurriko materialak erabili behar diren jakiteko ere. Zinta, gainera, koloreen arabera antolatu dute eta honek, pazientearen pisurako egokiak diren sendagaiak edo tresnak azkar eskuratzea ahalbidetuko du.
Kantabriako Osasun Publikoko ikertzaileek omicron aldaera delta baino errazago kutsatzen dela frogatu dute, eta horren zergatia aztertu. Adrian Hugo Aginagalde Llorente da ikertzaileetako bat, eta, azpimarratu duenez, azterketak agerian utzi du omicronekin kutsatzeko arriskurik handiena sintomak agertu aurretik izaten dela. Gainera, infektatutakoek denbora gutxiago behar dute kutsakorrak izateko, baina sintomak izaten hasi eta bost egun igarota, asko jaisten dela birusa transmititzeko arriskua. Faktore horiek guztiek aldaera hau oso erraz hedatzea eragin dute, eta beraz, Aginagaldek azpimarratu nahi izan du honako ikerketen balioa, erabakiak datu zientifikoetan hartzea ahalbidetzen baitute.
Europako 47 hiri aztertu ditu Londresko ikerketa-talde batek, eta ondorioztatu dute Europan gutxienez 800 heriotza eragotzi zirela lehenbiziko itxialdian airearen kalitateak hobera egin zuelako. Jaitsiera nabarmenena nitrogeno dioxidoan izan zen eta osasunari mesede handia egin zion. Londreseko School of Hygiene and Tropical Medicine (LSHTM) erakundeak egin du azterlana, besteak beste, Paris, Londres, Bartzelona eta Milanen. Gas horren jaitsierarik nabarmenena izan duten herrialdeak Espainia, Frantzia eta Italia izan zirela diote; nitrogeno dioxidoa %50-%60 murriztu zen horietan. Hego Euskal Herrian, bestalde, Ekologistak Martxanek hiriburuetako 2019ko eta 2020ko martxoko datuak erkatu zituen, eta konfinamenduaren eraginez, %46 karbono dioxido gutxiago isuri zela adierazi dute.
IngurumenaEdward Osborne Wilson 2021eko abenduaren 26an hil zen. Biologo hau munduko entomologorik garrantzitsuena izateaz aparte, naturaren eta biodibertsitatearen babesaren erreferentzia izan da. Liburu ugari idatzi zituen Wilsonek, horien artean Half Earth izenekoa. Bertan, kontinenteen eta ozeanoen azaleraren erdia erreserba naturalak sortzeko gordetzea proposatzen zuen, aniztasun naturala berreskuratzeko eta gordetzeko ekintza iraultzaile gisa. Wilsonek ondo zekien natura ondasun oso baliotsu eta ordezkaezina dela, eta beraz, zaindu eta babestu beharra dagoela. Honen harira, Nazio Batuen Biodibertsitate Konferentzia egin zen Txinan duela hiru hilabete, eta herrialde parte-hartzaileek konpromisoa hartu zuten biodibertsitate globalerako esparru akordio bat garatzeko, onartzeko eta praktikan jartzeko. Denborarekin ikusiko dugu akordio honek gaur egungo politiketan aldaketarik dakarren. Azalpenak Zientzia Kaieran: Planeta erdia.
FisikaAste honetan Zientzia Kaieran, Onintze Salazar fisikariak mareen inguruan hitz egin du. Egunean bi aldiz egiten du itsasoak behera eta egunean bi aldiz gora euskal kostaldeetan. Baina mareek lor dezaketen altuera aldakorra da. Nagusiki, arrazoi astronomikoek agintzen dute, hau da, Ilargiaren eta Eguzkiaren indar grabitatorioak ezarritakoek. Baina egoera batzuetan, itsasoaren maila gehiago igotzen da baldintza meteorologikoengatik, eta batik bat, airearen presioagatik. Horrela, itsas denboraleak sortzen dira noizbehinka, eta are gehiago marea biziekin batera gertatzen badira. Marea oso bizietan ura gure kaleetan sartu daiteke eta uholde txikiak eragin, baina ez da uholde handirik sortzen mareen eraginez; uholde handiak euriagatik edota horri gehitzen zaion elur-urtzeagatik gertatzen dira.
TeknologiaBeñat Erezuma ingeniariak adimen artifiziala erabiliz olerki liburu bat argitaratu du. Artiadi izena du liburuak eta hura sortzeko, GPT-3 teknologia erabili du. Erezumak gailuari gaiak proposatu zizkion, olerkiak sor zitzan, eta horietarik 40 onenak itzultzaile neuronalari eman zizkion, ingelesetik euskarara pasa zitzan. Ingeniariaren ustetan, etorkizunean jendea egongo da “makinei” liburu bat idazteko proposatuko diona, eta hau, baldintza batzuk sartuta, 200 orriko liburu bat idazteko gai izango da, koherentzia osoz. Kontua da, edonola ere, adimen artifizialak gizakia behar duela. Erabilgarria izan daiteke lan sinpleak edo automatiko batzuk desagerrarazteko, baina teknologia honek ezin du gizakia erabat ordezkatu. Azalpenak Berrian: Makina bat sortzaile.
AstronomiaUrtarrilaren 24an zen iristekoa Webb teleskopioa bere kokapen definitibora, Ilargia baino harago dagoen Lagrange-2 puntura, hain zuzen. Lagrangeren puntuak bi astroren artean sortzen diren orbitako puntu egonkorrak dira, eta gaur egunera arte 5 aurkitu dituzte. XVIII. mendean Leonhard Euler eta Joseph Louis Lagrangek aurkitu zituzten puntu gehienak eta horrez gero, Jupiter eta Eguzkiaren artean ere aurkitu dute bat. L2 (Lagrange-2) puntuak lurretik urrun eta eguzki izpietatik babestuta dagoen behaketa eremu egonkor eta lasai bat eskaintzen dio Webb teleskopioari, eta hor kokatzekotan dago, beraz. Orain arte, teleskopioaren zabalkunde mekanikoa eta bere ispilu eta tresnen disposizioa ondo joan da, baina orain doiketa egiten hasiko teleskopioa, “enfokatzen” nolabait esateko. Ekaina amaiera edo uztailerako prest egongo dela uste dute zientzialariek. Azalpenak Sustatun: Webb teleskopioa bere kokapen definitibora iritsi da.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #379 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #384
Duela 150.000 urte inguru, orduan gertatzen ari ziren aldaketa klimatikoetan bizirauteko gai izan ziren gizakiak Afrikako kostaldean lortu zuten. Muskuiluak janda. Errepikatu liteke? Could Mussels Save Humanity, again?, Xabier Irigoien.
Epe motzeko interes politikoak osasun publikoaren gainetik jartzen direnean, interes politikoa dutenengandik datozenak ez dute konfidantzarik sortzen. Txerto bat jartzea, adibidez. Martha Villabonaren Disinformation about COVID-19 vaccines in social networks
Zementu hidratatuaren denbora eboluzioa modelatzean agian ez da beharrezkoa oso fin ibiltzea maila molekularrera heltzeko. DIPCren A patchy model of the activation of cement
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #384 appeared first on Zientzia Kaiera.
Fernando Sarrionandia-Ibarra: “Arroka igneoak aztertuz iraganeko testuinguru paleogeografikoak eraiki daitezke” #Zientzialari (168)
Arroka igneoak magmaren solidotze prozesutik sortutako arrokak dira. Lurrazalean zein Lurraren barnean eman daitezken prozesu hauek arroka mota desberdinak era ditzakete. Esaterako, arroka bolkanikoak, plutonikoak edo azpibolkanikoak sor daitezke.
Arroka hauek galdaketatik sortutakoak dira eta testuinguru geodinamiko desberdinetan sortu daitezke. Testuinguru geodinamiko desberdin horiek lau taldeetan bana daitezke eta bakoitzak magma mota desberdin bat sortzen du. Lehenengoa, plaka litosferikoak banatzen diren puntuetan lur barneko arroken deskonprimatze prozesuari dagokio. Bigarrena, plaka litosferikoek talka egiten duten lekuetan eta subdukziorik ematen ez denean ematen da. Hirugarrena, talkaren ondorioz subdukzioa ematen denean, eta azkenak, Lurraren mantuko luma gorakorrekin lotutako prozesuekin egiten du bat.
Magmatismoaren ikerketak zeresan handia dauka barne-geodinamikaren ikerketan, izan ere, testuinguru bakoitzean, arroka igneo mota konkretu bat sortu daiteke. Hortaz, arroken kimismoa eta datazioa aztertuz, iraganeko testuinguru paleogeografikoak eraiki daitezke, alde batetik, Lurraren historia ezagutzeko, eta bestetik, mineral hobien motak ezagutzeko eta sailkatzeko.
Petrologia igneoari eta prozesu magmatikoei buruz gehiago jakiteko Fernando Sarrionandia-Ibarrarekin, UPV/EHUko Barne Geodinamika arloko ikertzailearekin, bildu gara. “Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Fernando Sarrionandia-Ibarra: “Arroka igneoak aztertuz iraganeko testuinguru paleogeografikoak eraiki daitezke” #Zientzialari (168) appeared first on Zientzia Kaiera.
MinervaLab: Jupyter Notebook-etan oinarritutako irakaskuntza-proiektu alternatiboa
Azken urteotan agertutako teknologia eta plataforma berriek ikasleen parte hartzean oinarritutako proiektuak garatzeko eta irakaskuntzarako beharrezkoa den materiala sortzeko eta hedatzeko bide ugari eskaintzen dituzte. Horren adierazle da MinervaLab proiektua.
Egitasmoa Jupyter Notebook plataforman eta softwarearen garapenean erabili ohi diren tresna eta lan-fluxuetan oinarrituta, Termodinamikaren inguruko kontzeptuak ikasteko eta irakasteko material interaktiboa jasotzen du. Ikasleen ikasketa-prozesu autonomoak bultzatzeaz gain, aurrez aurre edota sarean eskola ematea ahalbidetzen du MinervaLab proiektuak.

MinervaLab proiektuan Notebooketan oinarritutako apunte eta programak, haien dokumentazioa eta erreferentzia aurkitzen dira. Kasu honetan, fase-trantsizioen inguruko apunteak presatu dira, fisika arloko ikasleek lantzen duten funtsezko kontzeptua bat delako.
Zehazki, J. D. van der Waals fisikari herbeheretarrak gas errealen portaera azaltzeko proposatutako egoera-ekuazio mekanikoari jarraitzen dioten jariakinen adierazpen grafiko du ardatza gisa MinervaLab proiektuak.
Materialaren ezaugarriakAipatutako materiala hiru multzo nagusietan bana daiteke:
- aplikazio interaktiboak,
- aplikazioei buruzko dokumentazioa,
- eta aplikazioen bidez landutako kontzeptuetan sakontzen duten azalpen teorikoak.
Jupyter Notebook plataformaren bidez, besteak beste, kode interaktiboa, irudiak eta adierazpen matematikoak fitxategi bakar batean bil baitaitezke. Dokumentazioa Read the Docs webgunean kontsulta daiteke eta material guztia GitHub biltegian aurki daiteke.
Saio esperimentalaSortutako materiala probatzeko saio esperimental bat antolatu zen 33 ikaslez osatutako talde batekin, UPV/EHUko Fisikako Graduko eta Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitzeko Termodinamika eta Fisika Estatistikoan zebiltzan ikasleekin. Taldeak fase-trantsizioei buruzko 6 eskola-ordu jaso zituen, van der Waals-en egoera-ekuazioaren bidez lehen eta bigarren ordenako trantsizioen inguruko kontzeptuetan sakonduz. Saio esperimentalean, lehendik jasotako azalpen teorikoak indartzeko asmoz, ikasleek eskola-ordu magistral bat gehiago jaso zuten, oraingoan garatutako aplikazioetan oinarritutakoa: ordu bakarrean, gai horri lotutako kontzeptu ia guztiak landu ziren, eta, ondorioz, aplikazio gehienak erabili ziren azalpenak eman bitartean grafiko interaktiboak sortzeko.
Saioaren amaieran, hainbat galderaz osatutako inkesta anonimo bat betearazi zitzaien ikasleei. Ikasleriaren gehiengoak 14 galdera erantzun zituen eta lehendik ikasgaia eginda zutenentzat bereziki bi galdera gehitu ziren. Inkestan jasotako emaitzak orokorrean oso positiboak izan ziren eta bat egiten zuten esperotakoarekin: ikusitako tresnekiko interesa aurkeztu zuten ikasleek eta taldearen erdiak normalean baino arreta gehiago ipini zuen. Halaber, gai horri lehenbizikoz aurre egiten zioten ikasleak zein errepikatzaileak horrelako metodologien aldeko agertu ziren. Garrantzitsua da azken azpitalde horretako kideen gehiengoak aurreko urteetan baino hobeto ulertu izana adierazi izana, aplikazioen bidez azaldutako kontzeptuak sinpleegiak ez direnaren adierazle baita.

Etorkizunera begira, bi talde esperimental bereiziko dira, Fisika arloko irakaskuntza-metodoen inguruko ikerkuntzetan egiten den moduan. Ohiko irakaskuntza-programa jarraituko du batek. Besteak aldiz, Jupyter Notebook bidez klaseak eta apunteak jaso eta garatutako aplikazioen bitartez ebatz daitezkeen ariketak egingo ditu. Ikasleen asegarritasunaz gain, aipatutako jarduerekin lortzen duten etekin akademikoa ere neurtuko da.
Azpimarratu behar da izaera honetako proiektuetan parte hartzen dutenean ikasleek, ikasgaiari dagozkion ezagutzak jasotzeaz gain, zeharkako hainbat erreminta erabiltzen dituztela. Kasu honetan, esaterako, softwarearen garapenean erabili ohi diren tresnekin kontaktuan jartzen dira (ariketa edota jarduera batzuetan programa sinpleak garatzeko eskatuz) eta graduan zehar landutako programazioa eta konputazio-teknikak praktikan ipintzeko aukera aproposak izan daitezke.
Bukatzeko, aipatzekoa da ere ikasleak kode irekiko softwarearen inguruan hezteak onurak izan ditzakeela. Adibidez, erabiltzen dituzten tresnek zehazki nola funtzionatzen duten jakiteko aukera eskaintzen zaie, programekiko jarrera kritikoa eta kolaboratzailea garatuz.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 39
- Artikuluaren izena: MinervaLab: Jupyter Notebook-etan oinarritutako irakaskuntza-proiektu alternatiboa.
- Laburpena: Azken urtetan agertutako teknologia eta plataforma berriek ikasleen elkarrekintzan oinarritutako proiektuak garatzeko eta irakaskuntzarako beharrezkoa den materiala sortzeko eta hedatzeko bide ugari eskaintzen dute. MinervaLab proiektuak Jupyter Notebook plataforman eta softwarearen garapenean erabili ohi diren tresna eta lan-fluxuetan oinarritutako Termodinamikaren inguruko material interaktiboa jasotzen du. Garatutako aplikazioak dokumentatuta eta azalpen teorikoz lagunduta aurkezten dira, material guztia ikasle zein garatzaileentzat eskuragarri ipiniz (proiektu guztia https://minervalab.readthedocs.io helbidean kontsulta daiteke). Egindako lanarekiko interes handia azaldu eta eskola emateko erabilgarria dela azpimarratu du ikaslez osatutako talde esperimentalak. Etorkizunean, MinervaLab proiektua fase-trantsizioen eta van der Waals-en egoera-ekuazio mekanikoaren inguruko eskolak emateko erabiliko da.
- Egileak: Jon Gabirondo-López, Josu M. Igartua
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 355-370
- DOI: 10.1387/ekaia.21876
Egileez:
Jon Gabirondo-López eta Josu M. Igartua UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Saileko ikertzaileak dira.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post MinervaLab: Jupyter Notebook-etan oinarritutako irakaskuntza-proiektu alternatiboa appeared first on Zientzia Kaiera.
Itsasgoraren esperoan
Enekori hondar gainean ibiltzea gustatzen zaio eta itsasgoraren orduaren arabera irteten da eguneroko paseoa egitera. Udan, itsasgora denean, Anek ez ditu umeak hondartzara eramaten. Karmelek itsasgoraren ondorengo orduak maite ditu, orduan hondartzako haitzetara joaten baita lanpernen bila. Kostaldean bizi direnek argi daukate. Mareen garrantzia erabatekoa da. Arrantzarako, itsasontziak portuetan sartzeko, baita hondartzaz gozatzera zein ordutan joan erabakitzeko ere.
Egunean bi aldiz egiten du itsasoak behera eta egunean bi aldiz gora. Hamabi orduko aldearekin, gutxi gorabehera, izaten dira itsasgorak. Eta hilean bi aldiz, ilbete eta ilberri denean, marea biziak izaten dira, hau da, itsasoaren maila, batez besteko itsasgoretan baino gehiago igotzen da eta, itsasbeheretan, gehiago jaitsi. Eta urtean bi aldiz, ekinokzioen inguruko egunetan, marea biziak are biziagoak izaten dira.

Iragarpena egiten dutenek beti izaten dituzte eskura mareen taulak. Muturreko egoera meteorologikoak aurreikusten direnean, arreta berezia jarri behar zaie itsasgorei, baina ez beti. Itsas denboraleak espero direnean eta kostaldera iritsi daitezkeen olatuak altuak izatea espero denean, orduan bai, sekulako garrantzia izaten du itsasgoraren mailak eta momentuak. Horrelakoetan, olatuen altuera, olatuen periodoa eta mareen altuerak dira abisuak emateko kontuan hartzen diren parametro nagusiak.
MareakMareen altueran, nagusiki, arrazoi astronomikoek agintzen dute, hau da, Ilargiaren eta Eguzkiaren indar grabitatorioak ezarritakoek. Horrela, itsasbehera eta itsasgoren orduak eta mailak oso modu zehatzean ezagutu daitezke. Baina egoera batzuetan, itsasoaren maila gehiago igotzen da; izan ere, eragina izan dezakete baldintza meteorologikoek ere, batik bat, airearen presioak. Depresio batek uraren gainean presio txikia eragiten duenez, itsasgoran taula astronomikoek esaten dutena baino gehiago igotzen da uraren maila, milibar bakoitzeko zentimetro bat, gutxi gorabehera. Hori guztia kontuan hartu behar da denboralea iritsi aurretik.
Itsas denborale okerrenak, edo hobe esanda, kalte gehien sortu dutenak, marea biziekin batera gertatu dira. Adibide argia dugu 2014ko neguko itsas denboraleetan: otsailaren 2an izugarrizko kalteak eragin zituen denboraleak gure kostaldean 7 metro inguruko olatuekin (altuera adierazgarria), 20 segundoko periodoarekin eta 4,94 metroko itsasgorarekin (astronomikoa). Baina ez zen berebiziko olaturik egon. Olatu altuagoak iritsi izan dira gure kostaldera, adibidez, Klaus izenez ezagutzen den depresioak 28 metroko olatuak (altuera maximoa) altxatu zituen Donostiako buian 2009an, baina kostaldean ez zuten kalte nabarmenik eragin. Inpaktua, beraz, ez da soilik olatuen altueraren araberakoa izaten; olatuen periodoak eta mareek ere zeresan handia dute.

Horregatik, Segurtasun Sailak itsasoari loturiko muturreko egoerak, enbata egoerari loturikoaz gain, bitan banatzen ditu eta bi motatako abisuak igortzen ditu: nabigazioari zuzendutakoak eta kostaldeko inpaktuari loturikoak. Nabigaziorako ematen diren abisuetan olatuen altuera da parametro nagusia eta mareek ez dute eraginik. Baina, aldiz, olatuak itsasertzera iristen direnean, eragiten dituzten kalteak ez dira berdinak izaten itsasgoretan eta itsasbeheretan. Horregatik, kostaldean olatuek izango duten inpaktua aurreikusteko, ezinbestekoa da mareen informazioa.
Ohikoa izaten da, beraz, kostaldean inpaktua espero denean ematen diren abisuak soilik itsasgoren inguruan egotea indarrean .
Uholde txikietan, baiEz dira oso olatu handiak egon behar itsasoko urak gainezka egin dezan. Marea oso bizietan ere ura gure kaleetan sartu daiteke eta uholde txikiak eragin. 2019ko irailaren 30ean, adibidez, metro t’erdiko olatuekin urak gainezka egin zuen Bilboko Zorrozaurre auzoan. Horrelakoetan, beraz, ezinbestekoa da jakitea itsasgora zein ordutan izango den eta itsasoaren maila zenbat igoko den.
Uholde handietan, ezUholde arriskua dagoenean, oso hedatua dago gizartean edo, behintzat, hedabideetan, okerrena itsasgorarekin etor daitekeen ustea. Behin baino gehiagotan entzun eta irakurri dugu itsasgoraren unea kritikoa izango dela, eta arreta handiz eta askotan beldurrez egoten gara horren zain.
Alabaina, uholdeak ari duen euriagatik edota horri gehitzen zaion elur-urtzeagatik gertatzen direnean, hau da, etengabeko euriak gure erreka eta ibaien ur-emaria handitzen duenean, oso txikia izaten da itsasgorak gehitu ahal dien altuera. Beraz, nahiz eta itsasgoraren inguruan urak apur bat gora egin itsasoratzen diren ibaietan, zentimetro batzuk besterik ez dira izango, eta larrialdi zerbitzuen ardura edo arreta ez da itsasgora horretan jarrita egongo.

Argi dago itsasgorak muturreko egoeretan eragin handia duela, baina ez kasu guztietan. Itsas denboraleetan edota marea biziak direnean, orduan bai, arreta guztia merezi du. Euri asko egiten duenean, ordea, ez. Enekok, Anek eta Karmelek itsasgoraren esperoan egoteko arrazoi onak dituzte. Uholde arriskua dagoenean ere itsasgorari begira egon beharko gara, baina soilik eragin nabaria espero dugunean.
Egileaz:Onintze Salazar Pérez (@onintzesalazar) fisikaria da eta Euskalmet-Tecnaliako meteorologoa.
The post Itsasgoraren esperoan appeared first on Zientzia Kaiera.
Planeta erdia
Edward Osborne Wilson 2021eko abenduaren 26an hil zen. Agian, bera izan da azken mende erdiko biologorik garrantzitsuena. Wilson mirmekologiako munduko aditurik handienekotzat jotzen da. Mirmekologia inurrien azterketan datzan espezialitate zientifikoa da, baina Wilsonek intsektu sozial guztiak ezagutzen zituen, ez soilik inurriak.
Izan ere, munduko entomologorik nabarmengarrienetako bat izan zen Wilson. Intsektu sozialez gain, beharbada, animalia horiek hainbeste interesatzen zitzaizkiolako, eusozialtasunaren deritzonaren teoriko gisa ere nabarmendu zen.

Eusozialtasuna maila goreneko sozialtasuntzat jotzen da eta honako ezaugarri hauek dituzten espezieak jotzen dira eusozialtzat:
- lehenik, kolonia bat osatzen duten banakoen ardurapean dauden ondorengoak zaintzeko zeregina elkarlanean gauzatzea;
- bigarrenik, kolonia batean hainbat belaunalditako banakoak bizitzea aldi berean;
- eta hirugarrenik, lana kide ugaltzaileen eta ez-ugaltzaileen arabera banatuta egotea.
Baina gaur ez da nire asmoa hemen eusozialtasuna eta horrekin zerikusia duten gaiak jorratzea. Wilsonen interesen beste alderdi batez hitz egingo dut: ingurumen azterketaz, hain zuzen.
Wilsonek gazte-gaztetatik erakutsi zuen natura interesatzen zitzaiola, baita naturaren balioak eta kontserbazioa ere. Batzuen aburuz, biodibertsitatearen aita izan zen Wilson, baina, berez, kontzeptu hori ez zuen Wilsonek asmatu eta kontzeptuari ez zion Wilsonek izen hori jarri. Alabaina, Wilson izan da, beharbada, biodibertsitatearen garrantzia eta hura kontserbatu beharra ahalegin eta oihartzun sozial handienez zabaldu duen akademikoa. Horregatik, erreferentzia eztabaidaezina izan da alor horretako gobernu eta erakunde ekologistentzat.
Publiko zabalari zuzendutako liburu ugari idatzi zituen Wilsonek, baina kontserbazioaren biologiari eskainitakoak dira nabarmentzekoak bereziki, eta horien artean, Half Earth liburuak –bere azken lanak– eragin berezia izan du. Lan horretan proposatu zuen kontinenteen eta ozeanoen azaleraren erdia erreserba naturalak sortzeko gordetzea, dagoeneko oso hondatuta dagoen aniztasun naturala berreskuratzeko eta mantentzeko bermatzaile gisa balio dezaten.
Baliteke lehen begiratuan proposamen burugabea ematea, praktikara eraman ezin den zerbait. Baina agian ez da uste bezain burugabea. Beste gauza asko bezala, argi eduki behar dugu zer ondasun babestu behar ditugun eta zer sakrifikatu behar dugun horren ordainetan. Baina, jakina, ondasun horiek ez babestearen ondorioak ere ezagutu behar ditugu.
Duela hiru hilabete, Nazio Batuen Biodibertsitate Konferentzia egin zen Txinan. Bertan, Kunming Deklarazioa onartu zen. Herrialde parte hartzaileek konpromisoa hartu zuten «biodibertsitate globalerako esparru akordio bat garatzeko, onartzeko eta praktikan jartzeko», 2050era begira, naturarekin bizikidetza harmonikoa lortze aldera.
Baikorrak izan nahi dugu, eta pentsatu gero eta kontzienteago garela biodibertsitatearen etengabeko galerak dituen ondoren handien inguruan. Planetaren aberastasunak eta, beraz, balia ditzakegun ondasunek, neurri handi batean, mundu bizian dute jatorria. Hori dela eta, oso baliotsua da kolokan dagoena: baliabide natural jasangarriak eta ekosistema, animalia eta pertsonen osasuna, eta biharko sendagaien printzipio aktiboen iturriak, besteak beste. Agian, pairatzen ari garen munduko osasun krisiak katalizatzaile gisa jokatuko du, nahiz eta, tamalez, horretaz ziur ezin garen egon.
Iberiar penintsula oraindik biodibertsitate aberatsa duen esparru geografikoa da, baina arriskuan dago. Bitxia bada ere, Iberiar penintsularen azaleraren ehuneko esanguratsu bat –Hegoaldeko Laponia deritzona eta antzeko beste espazio batzuk, Espainia eta Portugal arteko mugan–, ia jenderik gabe daude. Aspaldion hainbeste aldiz aipatzen den Espainia hutsa da. Euskal Herrian ere badira egoera horretan dauden eremu naturalak, Nafarroan eta Araban batez ere. Baliabide horren gainean jokatu behar dugu.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Planeta erdia appeared first on Zientzia Kaiera.
Ozeanoko bizitzaren proportzio ia miragarria
1969ko azaroaren 19an, CSS Hudson itsasontzia Halifax-eko (Eskozia Berria) portutik itsasoratu zen. Itsasontzi hau hainbat itsas zientzialariren etxe eta garraiobide izango zen aste batzuetarako; izan ere, CSS Hudson-ek Amerika kontinentea guztiz inguratu behar zuen historian lehen aldiz. Planktonak liluratzen zuen zientzialari bat zihoan ontzi honetan, Kanadako Bedford Ozeanografia Institutuko Ray Sheldon itsas ekologoa. Zientzialari hau ozeanoan zeharreko bidaia hartaz baliatu nahi zen itsas organismo mikroskopiko hauen ozeano zabaleko banaketa ezagutzeko.
CSS Hudson itsasontzia Hornos Lurmuturrera iritsi eta Ozeano Baretik iparralderantz bidaiatuko zuten, azkenik Ipar-mendebaldeko Pasaia izoztua zeharkatu eta berriro Halifaxen amaitzeko. Laurogei bat estazio ezberdinetan gelditu zen itsasontzia bidaian zehar, lehenik Ozeano Atlantikoan behera eta, ondoren, Ozeano Barean gor. Horietako bakoitzetik Sheldon eta bere lankideek plankton laginak hartu zituzten, itsasontziko laborategian aztertzeko.
Datu horiekin, ozeanoko bizitzak lege matematiko sinple bat jarraitzen zuela jabetu ziren: organismo baten ugaritasuna estuki erlazionatuta dago bere gorputz-tamainarekin. Beste modu batera esanda, organismoa zenbat eta txikiagoa izan, ugaritasun handiagoz aurkitu daiteke itsaso zabalean. Esaterako, krilla (itsas krustazeo txiki bat), hegaluze bat baino 100.000 aldiz txikiagoa denez, lehena 100.000 aldiz ugariagoa da itsas uretan bigarrenarekin alderatuz gero.
Era berean, Sheldonek eta bere lankideek plankton laginak organismoen gorputz-tamainaren arabera antolatu zituzten, eta lege hori modu harrigarri batean betetzen zela ikusi zuten. Txikienetatik hasita (1-10 mikrometro arteko organismo planktonikoak), multzo bakoitzean 10 aldiz organismo handiagoak sartuz joan ziren (10-100 mikrometro arteko organismoak ondoren etab.) Banatutako multzo bakoitzak guztira organismo-masa berdin-berdina zuen, hau da, multzo guztiek berdin pisatzen zuten, baina plankton txikieneko multzoak bigarren multzoak baino hamar aldiz indibiduo gutxiago zituen, bigarren taldeko organismoen ugaritasuna hurrengo taldekoenaren hamarrena zen, eta abar.

Sheldon ekologoak lege honek itsas bizitza osoa gidatu zezakeela pentsatu zuen, bakterio txikienetik balea urdin handienera. Baieztapen hau egia zela frogatu zen eta orain Sheldonen lege edo Sheldonen espektro izenaz ezagutzen da. Espektro hau planktonean eta arrainetan betetzen dela baieztatu da, baita ur gezako ekosistemetan ere. Gaur egun, ordea, ozeanoko bizitzaren proportzioa mantentzen duen legea apurtu dela dirudi. Eric Galbraith-ek, Montrealgo McGill Unibertsitateko lur zientzietako ikertzaileak, aurrera eraman du Sheldonek eta bere taldeak eginiko lana. Azaroan Science Advances aldizkarian argitaratu zuen bere ikerketa eta ez ditu emaitza oso baikorrak eskaini.
Sheldonen espektroa oraindik betetzen ote zen ikusteko, Galbraithek eta bere taldeak planktonaren ugaritasun-datuak jaso zituzten sateliteko irudiak eta ozeanoko laginak batuta, arrainen ugaritasuna iragartzen zuten modelo matematikoak sortu zituzten eta itsas ugaztunen populazioen estima egin zuten IUCNko datuak erabiliz (International Union for Conservation of Nature, ingeleseko sigletatik). Osotasunean, ikerketa-talde horrek mundu-mailako 12 itsas organismo-taldeen ugaritasunen estima bat lortu zuen, bakterioetatik hasi eta itsasoko ugaztunetara arte. Behin gaur egungo ozeanoen egoeraren inguruko informazioa eskuratuta, arrantza industrialaren eta balea-arrantzaren aurretiko ozeanoen egoera ezagutu nahi izan zuten, ondoren biak konparatu ahal izateko. Horretarako, 1850 urtearen aurretiko arrain eta itsas ugaztunen ugaritasuna estimatu zuten. Kalkuluak sinplifikatzeko, ikertzaileek onartu zuten bakterio, plankton eta arrain txikienen populazioak gaur egungoen antzekoak zirela.
50 aurretiko datuak ikusirik, Galbraithen taldeak baieztatu zuen urte horretara arte Sheldonen espektroa oro har betetzen zela. Gaur egungo ereduekin alderatzean, alabaina, ondorioa bestelakoa zen. Ereduek adierazten zutenez, itsas ugaztun guztien eta 10 gramo baino handiagoko gorputz-masa duten arrainen biomasa 200.000 tona metriko murriztu da 1800 urtetik hona. Zaila da datu horiek irudikatzea. Gorputz handienak dituzten itsas organismoen biomasa % 90 murriztu da orotara 1800 urtetik. Duela 200 urte ozeanoa betetzen zuten arrain handi eta ugaztun gehienak galdu egin dira.
Egoera horretara ekarri gaituen arazoetako bat arrantza masiboa da. Askotan, arrantza- industriak itu oso zehatz bat du: arrain handi, gizen, heldu, eme eta ugalkorra. Horien gorputz haragitsuak oso erakargarriak dira kontsumitzaileentzat eta, beraz, baita arrantzaleentzat ere. Aldi berean, indibiduo hauek, hain zuzen, helburu oso garrantzitsua dute arrain populazioetan, ondorengoak sortuko dituztenak baitira. Hauek sistematik kentzeak hankaz gora jartzen du Sheldonen legea. Noski, gehiegizko arrantza ez da itsas animalien populazioek duten erronka bakarra. Etorkizunean bost gradu zentigraduko tenperatura-igoera pairatuko bagenu (kalkulatu den egoera ezkorrena), bero gehiegi egingo luke arrainen % 50en biziraupena bermatzeko. Gehiegizko arrantzak, ordea, itsas organismoak hain ahul dauden kasu batean, areago ahulduko lituzke populazioak.
Hala ere, arrain-espezie batzuk populazio-murrizpena laster iraultzeko ahalmena dute eta ezinbesteko ezaugarria izan liteke hau etorkizuneko populazioen biziraupena bermatzeko. “Errazagoa da gehiegizko arrantza gelditzea klima-aldaketa baino” dio Galbraithek: “Egoera hau lehengoratzeko modu bat arrantza-industriaren jardun jasangarria bultzatzea da, tamaina ertaineko indibiduoak arrantza ditzan eta, honela, helduek populazioak berritu eta suspertu ditzaten”.
Erreferentzia bibliografikoak:Sheldon, R. W., Prakash, A., & Sutcliffe, W. H. (1972). The size distribution of particles in the ocean. Limnology and Oceanography, 17 (3), 327- 340. DOI: https://doi.org/10.4319/lo.1972.17.3.0327
Hatton, Ian A., Heneghan, Ryan F., Bar-On, Yinon M., Galbraith, Eric D. (2021). The global ocean size spectrum from bacteria to whales. Science Advances, 7 (46), eabh3732. DOI: 10.1126/sciadv.abh3732
Reynolds, M. (2021). Humans Have Broken a Fundamental Law of the Ocean. Wired.com, 2021eko azaroaren 23a.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Ozeanoko bizitzaren proportzio ia miragarria appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #378
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Itxaso Martik neurologia ikasi zuen garunak eragiten zion lilurak bultzatuta, eta neuropediatrian espezializatu zen geroago Parisen. Hortik bueltan, ordea, neuropediatra gisa lana topatzen saiatu zen, baina konturatu zen ospitale publikoetan ez zela posible. Donostia Ospitalean lan egiten du egun, eta azaltzen duenez, umeekin lana eginez sentitzen du egiten zuen guztiak eragin ona izango zuela umearen bizitzan. Bere kontsultako esperientziez jardun da Itxaso, baita gaixotasun arraro edo kronikoak dituzten umeekin lana egiteak dituen gorabeheren inguruan ere. Datu guztiak Berrian: «Espero dut orain sendaezinak diren gaixotasunak sendatzen ikustea».
Aste honetan Zientzia Kaieran, Germaine Benoit frantziar emakumeak zientzian egin zituen ekarpenak azaldu dituzte. Bernoit gaixotasun infekziosoen aurkako sendagaiak sintetizatu zituen ingeniari kimikoa izan zen. Ikasketak amaitu ondoren, 1924ko ekainean, Pasteur Institutuan sartu zen Ernest Fourneau kimikari eta farmazeutikoak zuzendutako kimika terapeutikoko laborategian laguntzaile gisa. Germainek malariaren eta loaren gaixotasunaren sintometan eragiteko aukera ematen duten molekulak identifikatu zituen, eta baita paludismoaren tratamendu gisa erabili ziren bi droga ere, orsanina eta errodokina, hain zuzen. Hamar urte geroago, 1934an, Medikuntza Akademiaren Louis Saria jaso zuen farmako sinpatikomimetikoei buruzko ikerketagatik, eta 1957an Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria.
OsasunaCovid-19ari aurre egiteko, indartze-dosia orokortzearen inguruan hainbat zalantza agertu dira. Bere garaian, administrazioek adin nagusikoei eta immunoeskasiak zituztenei hirugarren dosia ematea erabaki zuten, ebidentzia zientifikoek erakutsi baitzuten, bigarren dosia jaso eta sei hilabetetara, asko jaisten zela antigorputzen bidezko babesa. Erabaki ona izan zela ikusi ahal izan dugu, omicron aldaera hedatu ahala, ospitaleratze- eta heriotza-tasak txikiagoak izan baitira indartze-dosia jaso dutenen artean. Alabaina, adituen artean eztabaida dago 18 urtetik gorako guztiek behar ote duten indartze-dosia, azaldu dutenez, antigorputzen bidezko immunitatea denborarekin jaisten bada ere, immunitate zelularrak denboran iraun egiten baitu. Larruazaleko testak eta azalpen gehiago Elhuyar aldizkarian.
GeologiaAurreko larunbatean Pazifikoaren erdian Tonga sumendia lehertu zen, eta gertakizun ikusgarri bat bada ere, ondorio latzak ekarri ditu. Ondorio ikusgarrienetako bat irla bera desagertzea izan da, zazpi urte soilik zituen irla. Baina eragin lokalaz aparte, sumendiaren erupzioak tsunami bat hedatu zuen Pazifikoan, eta olatuek Australia, Zeelanda Berria, Japonia eta Amerikako kosta jo zuten. Gainera, leherketak eragindako presio-uhina atmosferatik mundu osora zabaldu zen. Itsasoan ere mundu osoan nabaritu zen Tongaren leherketak sortutako presioaren eragina. Mediterraneoan, adibidez, metro erdiko igoera sumatu zen itsas mailan tarte batez. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian: Mundu osoan nabaritu da Tonga sumendiaren erupzioaren eragina.
Fermin Alvarez Agoues itsas inguruneetan espezializatutako geologoa da. Gaur egun, Dublingo Trinity College Unibertsitatean dago doktoretza egiten, azken mendeetan zehar eman diren itsas mailaren aldaketak aztertuz, egun ematen ari den itsas mailaren igoera ulertzeko. Itsas mailaren aldaketa ez da uniformea, hau da, ez da mundu osoan berdin aldatzen. Tamalez, itsas mailaren neurketen erregistroa mugatua da denboran, eta apenas ditugu 1950. urtea baino lehenagoko neurketak. Horregatik, Fermin eta bere lankideek paduretako sedimentuak aztertzen dituzte. Padurak energia baxuko kostaldeko inguruneak dira, eta itsas mailaren igoerarekin batera, sedimentuak erritmo berean metatzen doaz. Honela, paduretan lurperatutako sedimentuak itsas mailaren aldaketen erregistro modura erabil daitezke. Oraindik emaitzak ateratzeko goiz dela dio, baina Irlanda hegoaldeko kostaldean, adibidez, emaitzek itsas mailaren igoeraren azelerazio bat erakusten dutela azaldu du Unibertsitatea.net atarian.
GenetikaJose Antonio Lorente Granadako Unibertsitateko Auzitegi Medikuntzako katedradunak zuzentzen du Kristobal Koloni buruzko ikerketa bat. Senideen hezurretako DNA aztertzen eta alderatzen ari da lantaldearekin. 2003an Kolonen eta Hernando semearen gorpuzkiak atera zituzten Sevillako katedraletik, eta hezur zati txiki batzuk kendu eta gorde zituzten. Hezurrak aspalditik eskuragarri bazituzten ere, azterketa genetikoak egiteko teknologia aurreratuak izan arte itxaron behar izan dute, hezur-material gehiegi ez erabiltzeko. Hala ere, berez iazko urriaren 12an aurkeztu behar zituzten emaitzak, Kolon Amerikara iritsi zen egunaren urteurrenean, baina, hiru hilabete pasatu diren honetan, ez dago ikerketaren emaitzarik. Badituzte ordea Kolonen jatorrirako herrialde hautagai batzuk. Datuak Berrian: Kolonen hatza, zientziari begira.
Lo egitea unibertsala eta funtsezkoa da nerbio-sistema duten organismo guztietan, eta badakigu hainbat onura ekartzen dizkiola gorputzari. Egunean zehar, gure zeluletako DNA kaltetu egiten da. Kalteak, besteak beste, argi ultramoreak, erradiazioak, oxidazio-estresak edo entzimen akatsek eragiten dituzte. DNAko kalte hauek gure zelulen makinariak zuzentzen ditu gu esna nahiz lotan egon, baina neuronen DNAko kalteek metatzen jarraitzen dute lo egin ezean. Hala ere, ez dago argi nola jakiten duen gorputzak lo egin behar duela. Artikulu berri batean ordea, frogatu ahal izan dute Danio rerio arrainean Parp1 genearen aktibitateak adierazten duela noiz eta zenbat egin behar duen lo arrain horrek. Koldo Garciak azaltzen du Zientzia Kaieran: Ez zara logura, DNA kaltetuta duzu.
BiologiaAurreko astean berri izan zen David Bennettek astebete baino gehiago darama bizirik txerri baten bihotzarekin. Marylandeko Unibertsitateko Medikuntza Eskolako mediku talde batek egin zion transplantea eta mugarria izan da gisa honetako kirurgietan. Funtsean, esperimentu bat izan da, Bennettek txerri bihotzarekin jarraitzen duen egun bakoitzean, informazio pila bat jasotzen baitute medikuek, bai haren immunitate sistemaren erantzunaz, bai bihotzaren funtzionamenduaz. Txerriaren bihotza genetikoki eraldatuta dago: alde batetik, giza immunitate sistemaren erasoa eragiten duten hiru gene kendu dizkiote, eta bestetik, sei giza gene gehitu dizkiote, giza gorputzari organo arrotza onartzen laguntzeko. Hala ere, salbuespen egoera batean egindako transplantea izan da eta ez dakite txerri bihotzak zenbat denboraz funtzionatuko duen. Oraingoz, transplanteen errefus hiperakutua saihestu dute, eta gutxienez erakutsi dute txerrien bihotz transplantea behin-behineko irtenbidea izan daitekeela zenbait kasutan. Azalpen guztiak Berrian: Gizakiak, txerri organoak amets.
Anfibio gehienek urarekin menpekotasun handia dute eta euren larruazala iragazkorra da oso. Izan ere, larruazala iragazkorra izatea behar dute, arnas elkartrukearen parte bat bertatik egiten baitute. Baina honekin ere badaude salbuespenak kontu honi dagokionez. Phyllomedusa sauvagii izeneko igel hegoamerikarrak, esaterako, bere gorputz-tamainagatik galdu beharko lukeen uraren %1-2 bakarrik galtzen du. Igel honek berak ekoiztutako “olio” berezia erabiltzen du bere larruazala iragazgaitz bihurtzeko eta horrela ur gutxiago galtzeko. Hala ere, honek larruazalaren bidezko arnasketa prozesua oztopatzen du, eta ondorioz espezie honek biriketatik arnastu behar du batez ere. Datuak Zientzia Kaieran: Igel iragazgaitzak.
Juanma Gallegok Zientzia Kaieran azaldu duenez, gorilen eta txinpantzeen arteko liskarrak behatu dituzte aurrenekoz. 2019an ikusi zen portaera hau lehen aldiz, Gabongo Loango parke naturalean. Bi espezie horiek lurraldea partekatzen dute parkearen barnean eta normalean ez dute aparteko arazorik izaten. Are gehiago, ikertzaileek diotenez, bi espezietako kideen arteko jolasak ere behatu dituzte aurretik. Alabaina, Scientific Reports aldizkarian jasotako ikerketan erakutsi dutenez, hogei bat txinpantzek bost gorilari eraso egin zieten 2019an. 52 minutu iraun zituen borrokaren ondorioz, txinpantzeek gorila kume bat harrapatu, kolpatu eta hil egin zuten. Onartu dute oraindik ez dutela garbi zergatik gertatu talka hori, baina argi dute ez dela ohiko harrapakaritza baten modukoa izan.
Muskuiluak asko erabiltzen dira gaur egun ingurumen-kutsaduraren begirale gisa, hau da biomonitore gisa. Animalia hauen ezaugarri biologiko eta ekologikoengatik, bereziki erabilgarriak dira zeregin honetarako. Izan ere, jarduera metaboliko baxua duten animalia sesil iragazleak dira eta, ezaugarri hauek izanik, ehunetan dituzten poluitzaileen kontzentrazioek kutsaduraren magnitudea zehaztasunez isla dezakete. Gainera, oso hedatuta daude munduan zehar eta ikuspegi ekonomikotik ere oso garrantzitsuak dira muskuiluak. Azalpenak Zientzia Kaieran: Muskuiluen erantzun biologikoak kutsadurari aurre egiteko.
Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, izurdeen eta emakumeen klitoriak antzekoak dira, anatomikoki zein funtzionalki. Ikerketa honen emaitzak Current biology aldizkarian argitaratu dituzte eta Patricia L.R. Brenan ikertzaileak azaldu duenez, ernalketa-sasoitik kanpo kopulatzen duten espezieetan, jarduera atsegingarria izaten da emeentzat. Orain ikusi ahal izan dute izurdeen klitoriak emakumeenaren antzeko sentimen-egitura eta funtzionala dituela eta, beraz, izurde emeek plazera sentituko dutela kopulatzean eta masturbatzean.
TeknologiaEnergia nuklearra inbertsio jasangarrien zerrendan sartzea proposatu du EBk. Proposamen hau, ordea, ez da ebidentzia zientifikotik etorri, finantza-jarduerarako aproposa delako baizik. Honek eztabaida handia piztu du, baina interes ekonomiko handidunak ez dira nuklearraren alde dauden bakarrak. Profesional eta gazteen artean ere aldekoak daude. Istripu nuklearren arriskuaren gaineko ikerketa oparoa da, beste hainbat sektoreetako arriskuenaren parekoa. Bestalde, hondakinentzako ez da ezagutzen irtenbide iraunkorrik. Baina alternatibek ere badituzte beraien arazoak: Panel fotovoltaikoek lur arraroak eta inpaktua duten beste materialak behar dituzte eta parke eolikoen kokapena ez ohi da erraza, besteak beste. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Nuklear iraunkorra.
Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, bada garaia makinek ere aintzat har dezaten giza dibertsitatea eta inklusioa. Science aldizkarian salatu dute hauxe Purdue Unibertsitateko (AEB) hainbat ikertzailek. Teknologia berriak eta interfazeak diseinatzerakoan, ikertzaileen aurreiritzi eta akats berak errepikatzen dituzte interfazeek, honela diseinatu baitituzte. Gehienetan, maila sozioekonomiko altuko herritar zuriak baliatzen dituzte ikertzaileek interfazeak garatzeko prozesuan, eta, ondorioz, giza-talde asko teknologia horietatik kanpo geratzen dira. Praktikan, arazo asko sor ditzake honek, besteak beste, azaleko gaixotasunak identifikatzeko interfazeak azal zuriko pertsonekin entrenatzen direnez, diagnostiko-akats handiak egiten dituzte larruazal ilunetan. Horregatik hegemonia kulturalari aurre egiteko gai diren zientzialariak behar dituztela nabarmendu dute.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #378 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #383
mTOR kontzeptuak ez du zerikusirik jainko nordikoarekin, baizik eta neuronen arantza dendritikoen dentsitatearekin. Dentsitate honek zerikusia de autismoaren espektroko nahasmenduekin. JR Alonsok azaltzen du: mTOR and rapamycin in autism spectrum disorders
Zer zegoen Big Banga baino lehen? Zeozer bazen? Baldin bazen, unibertso ziklikoan bizi gara? Alastair Wilson hainbat posibilitate aztertzen ditu: How could the Big Bang arise from nothing?
Ia kimika modernoa bezain zaharra da elektrolisia. Lehen emaitza ikusgarriak 220 urte dituzte. Faradayk ezarri zituen legeak 1834an eta egun jarraitzen dute. Baina, orain arte, hainbat gorputzen hurbilketaren bidez ikerketa ez da martxan jarri. Topologia da Faradayren legeetan zenbaki osoak agertzearen justifikazioa. DIPCren The role of topology in Faraday’s laws of electrolysis
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #383 appeared first on Zientzia Kaiera.
Germaine Benoit, gaixotasun infekziosoen aurkako sendagaiak sintetizatu zituen ingeniari kimikoa
Germaine Benoit 1901eko urriaren 9an jaio zen Parisen. Alaba bakarra zen. Lehen Mundu Gerraren amaieran, 1918. eta 1919. urteen artean, Germainek bi batxilergo eskuratu zituen. 1920an, Fisika, Kimika eta Natur Zientzietako ziurtagiria lortu zuen, Medikuntza eta Kimika ikasketetarako prestakuntza. Ondoren, Kimika Aplikatuko Institutuan matrikulatu zen, Kimikako Eskola Nazionala izango zena, eta hiru urtez joan zen bertara. 1923an, Ingeniaritza Kimikoan graduatu zen eta, 1922. eta 1936. urteen artean, beste bost titulu akademiko lortu zituen kimikan eta biologian.
1924ko ekainaren 1ean, Ernest Fourneau (1872-1949) kimikari eta farmazeutikoak zuzendutako kimika terapeutikoko laborategian laguntzaile gisa sartu zen Pasteur Institutuan. Ikertzaile horrek anestesikoen aurkikuntzan eta suraminaren sintesian parte hartu zuen. Kimika terapeutikoa farmakoen azterketaz arduratzen den kimikaren atala da, eta helburua egituraren, erreaktibotasunaren, propietate fisiko-kimikoen eta jarduera biologikoaren arteko erlazioa zehaztea du. Espezialitate horren helburua da farmako seguruagoak eta sendatzeko propietate eraginkorragoak dituztenak diseinatzeko oinarriak ezartzea.

Germaine Benoitek aurrera egin zuen kimikari gisa Institutuan; besteak beste, honako hauek aztertu zituen: zenbait produktuk nerbio-sistema sinpatikoaren estimulazioan duten eragina, baita nerbio-sistema autonomoak nahi gabe ekintza ugari erregulatzen dituen zatia ere, hala nola muskulu lisoen uzkurdura edo guruin batzuen jariaketa. Germainek malariaren eta loaren gaixotasunaren sintometan eragiteko aukera ematen duten molekulak identifikatu zituen. Ingeniariak Ingeniaritza Kimikoari egindako ekarpen garrantzitsuen artean, sendagaien aurkikuntza eta garapena nabarmentzen da, besteak beste, orsanina (artseniko pentabalentearen deribatu bat) eta errodokina (kinolinatik eratorritako sendagaia). Droga horiek paludismoaren tratamendu gisa erabili ziren, ordura arte erabilitako sendagaiak baino askoz eraginkorragoak baitziren.
Hamar urte geroago, 1934an, Medikuntza Akademiaren Louis Saria jaso zuen farmako sinpatikomimetikoei buruzko ikerketagatik. Sendagai horien propietateek nerbio-sistema sinpatikoaren estimulazioa imitatzen dute, hau da, bihotz-erritmoa bizkortzen dute, arnasbideak zabaltzen dituzte eta odol-hodiak uzkurtzen dituzte.
Germainek doktoregoa lortu zuen zientzia fisikoetan 1942an, Préparation et propriétés physiologiques de quelques Hydroxy-Alcoyl-Hydrazines tesiarekin. Tesia hidrazinaren konposatuen ingurukoa zen; industria farmazeutikoak tuberkulosiaren aurkako sendagai gisa erabiltzen ditu. Urtebete geroago, laborategiko buru izendatu zuten Pasteur Institutuko Kimika Terapeutikoko Zerbitzuan. Ohorezko Legioko Dama izendatu zuten 1947an.
1960an, Daniel Bovet farmakologoak (1907-1992) Germaine Benoit gonbidatu zuen berarekin lan egitera Erromako Instituto Supériore di Sanità institutuan. Bovetek Germainerekin kointziditu zuen Pasteur Institutuko Kimika Terapeutikoko Laborategian 1929. eta 1938. urteen artean. 1957an, farmakologoak Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria jaso zuen, «gorputzeko substantzia batzuen eragina eragozten duten konposatu sintetiko batzuen inguruan egindako aurkikuntzengatik, eta, bereziki, sistema baskularretan eta muskulu eskeletikoetan duten eraginagatik».
Hurrengo urtean, 1961ean, Germaine Albert Funke (1901-1982) biologoarekin ezkondu zen, hura ere Pasteur Institutuko Kimika Terapeutikoko Zerbitzuko laborategiko burua. Hainbat urtez lan egin zuen harekin (Bovetekin ere ikertzen zuen Italian).
Germaine Benoitek 1962an hartu zuen erretiroa, hark eta Albert Funkek Italiako egonaldia amaitu zutenean. Parisen hil zen 1983ko apirilean.
Egileaz:Marta Macho Stadler (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko abenduaren 24an: “Germaine Benoit, la ingeniera química que sintetizó medicamentos contra enfermedades infecciosas“.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Germaine Benoit, gaixotasun infekziosoen aurkako sendagaiak sintetizatu zituen ingeniari kimikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Muskuiluen erantzun biologikoak kutsadurari aurre egiteko
Jarduera antropogenikoek sortutako kutsadurak mundu osoko itsas ekosistemei mehatxu egiten die etengabe. Kostaldeko ekosistemak bereziki kaltetuak izan dira, organismoen osasuna, biodibertsitatea eta ekosistemen funtzionamendua mehatxatzen dituzten isurketa kroniko eta isuri akzidental moduko gorabeherei aurre egiten baitiete. Testuinguru honetan, itsas baliabideen kontserbazio eta kudeaketa sostengarria bideratzeko, ezinbestekoa jo da itsas kutsadura ebaluatzea.
Gaur egun, badakigu kutsadurarena ez ezik, itsas ekosistemek eta organismoek barne- eta kanpo-faktoreen eragina ere jazo dezaketela. Esate baterako, prozesu ekologikoak zein euren arteko elkarreragina, arrantza, klima-aldaketa, habitaten aldaraztea eta eutrofizazioa estres-eragile aski ezagunak dira. Hori dela eta, itsas ekosistemetan kutsatzaileek dituzten efektuak ebaluatzeko estrategia ezberdinak garatu dira munduan zehar, kostaldeko monitorizazio-programak barne. Horietako bat da muskuiluak begirale gisa erabiltzea.
Muskuiluek organismo begirale gisa duten baliotasuna euren ezaugarri biologiko eta ekologikoetan datza. Izan ere, jarduera metaboliko baxua duten animalia sesil iragazleak dira eta ehunetan dituzten poluitzaileen kontzentrazioek kutsaduraren magnitudea zehaztasunez isla dezakete. Beraz, biomonitoreak dira. Hau da, kutsatzaileak metatzeko gaitasuna duten organismoak dira.

Biomarkatzaile kontzeptua aurrenekoz medikuntza diagnostikoan aplikatu zen, gizakien kondizio edo gaixotasun jakin baten adierazle gisa; eta 1990. hamarkada hasieran erakargarria oso bilakatu zen ingurumen-toxikologia arloan. Horren ondorioz, ingurumen-biomarkatzaileei aipamena egin dieten argitalpen zientifikoen kopurua urtero % 12 hazten joan da 2000tik aurrera, eta Web of Science (2019) plataformaren arabera munduan 1.000 ikerlan baino gehiago argitaratzen ari dira urtero.
Ingurumen-toxikologiaren arloan biomarkatzaileak maila biokimiko, maila zelular edo ehun-mailan erdietsitako neurriak dira. Alerta goiztiarreko erantzun horiek konplexutasun biologiko maila baxuetan gertatzen dira aurki eta antolakuntza biologiko maila konplexuagotan poluitzaileek epe luzean eduki ditzaken eragina iragartzeko abagunea eman diezagukete. Biomarkatzaile bakar batek berez bere aldetik poluitzaileen presentziaz zein horren ondorio biologikoez informazio partziala baino ematen ez duenez, maila biologiko ezberdineko biomarkatzaile-multzoa erabiltzea gomendatu da.
Monitorizazio-programak eta muskuiluakMonitorizazio-programa ingurumen-kalitatearen parametroen azterketa sistematiko errepikatua da, kokapen geografiko mugatuan eta zenbait urteetan zehar uretan, sedimentuetan edo eta biotan burutzen dena. Ingurumenean kutsatzaileak nahaste konplexu gisa agertzen dira, eta horrek biotaren gain duten toxikotasunaren ebaluatze zehatza konprometitzen duenez, Europan nagusiak diren JAMP (Joint Assessment and Monitoring Program), MED POL (Mediterranean Pollution Monitoring Programme) eta HELCOM (Baltic marine environment protection commission edo Helsinki commission) itsas monitorizazio-programetan, poluitzaileen aurrean erakutsitako konplexutasun biologiko ezberdineko erantzun biologikoak ebaluatu beharra dago.
Kutsaduraren monitorizazio-programetan efektu biologikoak atzemateko erabiltzen diren organismoei “begirale” izena ipini zaie, euren artean erabilienak muskuiluak dira, euren ezaugarri biologiko eta ekologiko direla eta. Jarduera metaboliko oso baxua duten animalia sesil iragazleak izanik, ehunetan dituzten poluitzaileen kontzentrazioek ingurumen kutsaduraren magnitudea zehaztasunez isla dezakete. Are gehiago, ingurumen-baldintzen tarte zabal itzela jasateko gaitasuna dute. Aldi berean, ez dira ingurumen- eragilendako soraioak. Halaber, zelaian biltzea eta laborategian mantentzea erraza izateak saiakuntzan muskuiluen erabilpenaren hedatze zabala ekarri du. Ondorioz, euren biologiaz asko badakigu. Azkenik, oso hedatuta daude munduan zehar eta ikuspegi ekonomikotik ere oso garrantzitsuak dira.

Poluitzaile eta faktore naturalen arteko elkarreraginek edota faktore naturalen artekoek poluitzaileei aurre egiteko erantzun biologikoen interpretazioaren fidagarritasuna kolokan jarri dezakete monitorizazio-programetan. Nahiz eta momentuz ikerketa gutxi batzuk alor horretan murgildu diren, ekarpen handia ekarri dute. Laburbilduz, tenperaturak, gazitasunak, urtaroek, gametoen garapen-faseek (sexuak ez), laginketa osteko manipulazioak, muskuiluen kokapenak marearteko zonaldean, tamainak eta espezieak, eta esperimentuetan elikadura-estrategiak biomarkatzaileen gain eragina dutela zehaztu da. Ezagutza honen ondorioz, jardunbide batzuk proposatu izan dira nahaste-faktoreen eragina saihesteko:
- muskuiluak udaberriaren hasieran edo udazkenean biltzea (errunaldiaren zein neguko metabolismo baxuaren eragina ahal den neurrian saihestu ahal izateko);
- muskuiluak 0 itsasaldi-markatik ahalik eta gertuen biltzea;
- tamaina bereko muskuiluak erabiltzea (kontsentsuzko tamaina Europan 3,5-4,5 cm);
- espezie berdina erabiltzea;
- muskuiluen ugal-zikloa kontutan edukitzea;
- laginketan in situ disekzionatzea ahalik eta lasterren, eta
- laborategiko esperimentuetan, epe luze zein epe laburrekoetan, muskuiluak mantentzeko jaki gisa mikroalga biziez elikatzea.
Aurrerapauso nabarmenak eman arren, biomarkatzaileen aldakortasun naturala hobeto ulertzeko ikerlan gehiago burutu behar dira. Halaber, biomarkatzaile gain nahaste-faktoreek eduki dezaketen eragina hobeto ezagutzea ezinbestekoa da monitorizazio-programetan eta baita laborategiko esperimentu toxikologikoetan ere. Honek ahalbidetuko du muskuiluak behar bezala erabiltzeko beharrezkoak diren jardunbide egokienak garatzea. Eta, hauek, bermatuko lukete muskuiluen oinarritutako monitorizazio-programen datuak eta esperimentu toxikologikoen emaitzak euren artean konparagarriak izatea.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia, ale berezia 2020
- Artikuluaren izena: Kutsadurari aurre egiteko muskuiluen erantzun biologikoak eta euren aldakortasun naturala.
- Laburpena: Itsas baliabideen kontserbazio eta kudeatze sostengarrirako ezinbesteko beharrizan gisa antzeman da itsas kutsadura ebaluatzea. Muskuilu begiraleek poluitzailei aurka egiteko erakusten dituzten biomarkatzaile izeneko erantzun biologikoak oinarri duten monitorizazio-programak itsas ekosistemen osasuna ebaluatzeko tresnatzat aitortu dira. kutsatzaile eta faktore naturalen arteko zein faktore naturalen euren arteko elkarreraginak direla-eta, poluitzailei emandako aurkako erantzun biologikoak interpretatzea zaila izan daiteke. Biomarkatzaileen aldakortasun naturala nondik nora doan eta poluzioaren efektu biologikoaren ebaluazioan ematen den aldakortasun horrek biomarkatzaileen interpretazio zuzenari nola eragin diezaiokeen zehazteak garrantzi itzela du. Lehen aurrerapausoak eginda dauden arren, biomarkatzaileen aldakortasun naturala guztiz ulertzeko ikerketek urrutiago jo beharra dute. Horrela, ebaluazio-jarraibideak garatu ahal izango ditugu. Jarraibide horiek itsas poluzioaren monitorizazioan begirale gisa eta ur-toxikologian saiakuntza-animalia gisa erabili ohi diren muskuiluei aplika dakiekeen biomarkatzaile anitzeko hurbilketa eraginkorra sustatuko lukete. Berrikuspen honek muskuiluen biologiari buruz eta biomarkatzaile eta euren aldakortasun naturalari buruz egun dugun ezagutzaren funtsezko oinarriak azaltzea du helburu.
- Egileak: Esther Blanco–Rayón, Ionan Marigómez, Urtzi Izagirre
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 163-188
- DOI: 10.1387/ekaia.21101
Egileez:
Esther Blanco–Rayón, Ionan Marigómez eta Urtzi Izagirre EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko eta Plentziako Itsas Estazioko (PiE) ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Muskuiluen erantzun biologikoak kutsadurari aurre egiteko appeared first on Zientzia Kaiera.