Pisu atomikoaz
XVIII. mendeko 70eko eta 80ko urteetan burututako lanetan, Antoine-Laurent Lavoisier kimikariak pisua hartu zuen materia-kopuruaren neurri nagusitzat. Elementu kimikoa definitu zuenean kimikoki deskonposa ezin daitekeen substantzia gisa, pisu-galera hartu zuen irizpidetzat deskonposatze bat zegoen ala ez zehazteko.
Lavoisier hil eta geroko kimikarien belaunaldiak kontzeptu eta hipotesi berriak garatu zituen propietate neurgarri bakar pisua zuten atomoei buruz. Baina ezin zenez neurtu atomoa bezain txikia zen zerbaiten pisu absolutua, pisu atomikoak beti adierazi izan dira eredu konbentzional batekiko unitate erlatiboetan.

Elementu bakoitzaren atomo-pisu erlatiboa zehazteak hiru kontu praktiko zekartzan: lehenik, eredua aukeratzea; bigarrenik, konposatuen formulak zehaztea, horietatik ondorioztatuko baitziren pisuak; eta hirugarrenik, neurketan ahalik eta zehaztasun handiena lortzea.
Atomista kimikarien lehen belaunaldiaren baitan (gogora dezagun atomista filosofoak ere egon zirela, eta kimikari guztiak ez zirela atomistak, are XX. mende hasieran ere), John Dalton zientzialariak, Humphry Davy kimikariak eta William Prout kimikari eta sendagileak erabaki zuten hidrogeno atomoa hartzea eredutzat, eta balio zehatz bat esleitu zioten arbitrarioki: H = 1. Bestalde, Thomas Thomson kimikariak nahiago izan zuen oxigenoa O = 1 balioa esleitzeko; William Wollaston ere oxigenoaren alde agertu zen, baina O = 10 balioa eman zion; baita Jöns Jacob Berzelius ere, baina azken honek nahiago izan zuen O = 100. Guztiaz ere, XIX. mendearen erdialdean ia kimikari guztiek hidrogenoa hartua zuten eredutzat (horixe da, hain zuzen, gaur egun erabiltzen dena, aldatuta, 12C = 12 eran, eta horrek protioa 1etik oso hurbil uzten du).
XIX. mendean, kimikariek zehaztu behar zituzten (edo onartu, enpirikoki zehaztea ezinezkoa gertatuz gero) pisu atomikoak kalkulatzeko erabilitako konposatu kimikoen formulak. Horrela, adibidez, Daltonen datuek (1810) erakusten zuten ura oxigenoaren % 87,5ek eta hidrogenoaren % 12,5ek osatzen zutela. Aintzat hartzen zuen uraren molekula hidrogeno atomo batek eta oxigeno atomo batek osatzen zutela (HO); hortaz, H = 1 hartuz gero, orduan O = 7. Davyk (1812) eta Berzeliusek (1814), aldiz, H2O hartzen zuten uraren formulatzat; horregatik, Davyk ondorioztatu zuen O = 14 zela. Berzelius, bestalde, prozesu analitikoan askoz zehatzagoa izan zen eta zehaztu zuen oxigenoa % 88,8 zela, eta horrek esan nahi zuen H = 1 baldin bazen, orduan O ≈ 16 zela. Hori dela eta, tirabirak izan zituen Daltonekin.
XIX. mendearen hasieran ez zegoenez metodo fisikorik konposatuen formulak zehazteko, nork bere formula hautatzeak pisu atomikoen elkarren kontrako sistemak erabiltzea ekarri zuen; sistema haietako askotan elementu baten atomoei esleitzen zizkieten pisuek zenbaki arrunt txiki baten aldea zuten (esate baterako, O = 8 eta O = 16). Ia mende erdia behar izan zen poliki-poliki adostasunera heltzea ahalbidetuko zuten metodoak lortzeko. XIX. mendeko hirurogeiko urteen hasierarako, kimikari europar gehienek lortua zuten pisu atomikoen eta formulen sistema bakar bat adostea, gaur egun erabiltzen denaren ia berdina. Hala ere, galiar menderaezin batzuek bereari eutsi zioten, mendearen azken hamarkadara arte esanez uraren formula HO zela.
Daltonen eta Berzeliusen arteko liskarrak ―oxigenoaren, hidrogenoaren eta uraren ingurukoa― agerian uzten du zehaztasunaren eta doitasunaren garrantzia konposatuen analisi grabimetrikoetan, pisu atomikoak zuzen zehaztea lortu ahal izateko. Neurketen aldakortasunak bide ematen zien hainbat hipotesi “dotoreri”. Horrela, pisu atomikoetako asko zenbaki arruntetatik hurbil zeudela zirudienez, H = 1 baldin bazen, Proutek eta Thomsonek uste zuten zenbaki atomiko guztiek zenbaki arruntak izan behar zutela. Hori egia izatera, atomo guztien osagai izan behar zuten pisu-unitateak adierazten zituzten partikula subatomikoek; beharbada partikula horiek hidrogeno atomoak berak ziren. “Prouten hipotesia” 1815ean proposatu zen lehen aldiz.
Berzeliusek hipotesi hori errefusatu zuen, datu esperimentaletan oinarrituta. Beraren ustez Thomson eta beste batzuen gustu eta lehentasunek mugatu egiten zien objektibotasuna. Hori gorabehera, 1838 eta 1849 urteen artean Berzelius, Justus von Liebig, Jean Baptiste André Dumas, Charles Marignac eta beste batzuen artean emandako datu-truke eta eztabaidetatik ―hidrogenoa, karbonoa eta oxigenoa bezalako elementu erabakigarriei zegokienez― ondorioztatu zen Berzeliusen datu esperimentalek karbonoari izan beharko lukeena baino pisu handiagoa esleitzen ziotela, %2 handiagoa hain zuzen. Berrikusitako pisuak 1, 12 eta 16 ziren, ia zehazki, eta horrek indar berria eman zion Prouten hipotesiari. Jean Servais Stas kimikariaren geroagoko lanek (O = 16 patroia erabilita) frogatu zuten, arrazoizko zalantzetatik harago, pisu atomikoak ez zirela zenbaki arruntak ―horrek Prouten hipotesiari behin betiko kolpea ematen ziola zirudien― eta finkatuta utzi zituzten gerora elementuen taula periodikoa eraikitzeko erabiliko ziren balioak.
Pisu atomikoen zehaztapen kimiko doienak Edward Morley kimikari eta fisikariak (oxigenoa, 1895) eta, batez ere, Theodore W. Richards kimikariak burutuko zituzten; azken honek 55 elementuren pisu atomikoa zehaztu zuen, hain zehatz ezen lehena izan baitzen isotopoen existentziaren zantzuak aurkitzen metodo kimikoen bidez, mea-berunaren eta fisio nuklearraren bidez lortutako berunaren laginak konparatzean. Lan horiengatik Richardsek Nobel saria jaso zuen 1914an.
Masen espektrometroa garatu ondoren, pisu atomikoak zehaztasun handiz eta askoz errazago zehaztu ahal izan ziren.
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena:Leire Martinez de Marigorta
Hizkuntza-begiralea:Xabier Bilbao
The post Pisu atomikoaz appeared first on Zientzia Kaiera.
Behietatik mundura
Ume diren txertoak edo txerto diren umeak, nazioarteko espedizioa, emakume aristokrata bat zientziari aurre hartzen eta zaldiek kutsatutako behiak dira protagonistetako batzuk baztangaren historian.

1803. urtean 22 ume A Coruñako portutik atera ziren María Pita itsasontzian. Haien gorputzetan munduko historia aldatuko zuen substantzia zeramaten: baztangaren aurkako txertoa. Historiako lehen txertoa. Desagerrarazitako lehen gaixotasunaren aurkako txertoa.
Edward Jennerek aurkitu zuen baztangaren aurkako txertoa 1796an. Baina gaixotasunaren aurkako borroka eta txertoari bidea ireki zion praktika milaka urte lehenago hasi zen.
Zaharra zara VariolaVariola virusak sortzen du baztanga eta gizakiei esklusiboki eragiten dien patogenoa da. Milaka urtez gizakiarekin izan da baztanga, Egiptoko faraoien momietan ere ikusgarriak dira gaixotasunaren markak; Ramses V.aren momian, esaterako.

Jatorria K.a. 10.000 urte inguruan kokatzen dute ikertzaileek, Afrikako lehen nekazarien kokalekuetan. Gaixotasunaren aurkako borroka ere zaharra da.
Aspaldi jakin zen gaixotasuna pasatzen zutenek immunitatea lortzen zutela eta, honetan oinarrituta, bariolizazioa sortu zen. Bariolizazioa/inokulazioa da gaixotasunari aurre egiteko dokumentatutako metodorik zaharrena: gaixo baten pustula heldu batetik lantzeta batekin substantzia hartu eta immunizatu gabeko pertsona bati inokulatzean datza.
Metodoa ez zen beti arrakastatsua, batzuetan pertsona hil egiten zen, bai baztanga dela eta bai bestelako infekzioengatik. Ikerketen arabera, Txinan, Indian eta Afrikan aspaldi egiten zen bariolizazioa eta XVII. mendean Otomandar Inperiora heldu zen praktika. Momentu hau inflexio puntua izan zen baztangaren aurkako txertoaren garapenerako.
Izan ere, bertan ezagutu zuen metodoa Ingalaterrara, eta geroago Europara, zabalduko zuen aristokratak: Lady Montaguk.
Senarra Estanbulen enbaxadore izendatu eta hara bidaiatzean izan zuen Lady Mary Wortley Montaguek bariolizazioaren berri. Bere umeekin praktikatu ez ezik, praktika Ingalaterrara eramateko ahaleginak egin zituen XVII. Mende hasieran. Hala ere, garaiko zientzialariek ez zuten konfiantzarik metodoan. Eta bariolizazioa zabaldu bazen ere, ez zuen arrakasta izan.
Bariolizaziotik txertoraXVII. mende amaieran Edward Jenner medikua baztangaren inguruan hausnartzen ibili zen. Behien baztanga (cowpox), pairatu ostean esneketariek ez zutela baztangarik izaten aspaldi zuen entzuna eta ondorioztatu zuen behien baztangak (variolae vaccinae izena eman zion, eta hortik datoz vaccine eta vacuna hitzak) baztangatik babesten zuela. Ez hori bakarrik, babes metodo gisa pertsona batetik bestera pasa zitekeeneko hipotesia garatu zuen.

Eta bere hipotesia frogatzeko Sarah Nelms izeneko esneketariaren behi baztangaren zauri freskoetatik hartutako materia 8 urteko James Phipps umeari inokulatu zion 1796ko maiatzaren 14an. Sintoma arinekin gaixo egon zen umea hamar egun inguru, baina osatu egin zen. 1796ko uztailean umea baztangarekin inokulatu zuen. Ez zuen gaixotasunik garatu.
Aurkikuntza dokumentatzeko kasu gehiagorekin egin zituen ikerketak Jennerek, baina ez zuen behi-baztanga kasurik eskura. 1798ra arte. Behor batek zaldi baztanga garatu eta, jarraian, abeletxe horretako behiek izan zuten arte[1]
Esperimentuak egin eta An Inquiry into the Causes and Effects of the Variolae Vaccinae, a disease discovered in some of the western counties of England, particularly Gloucestershire and Known by the Name of Cow Pox liburuxka argitaratu zuen.
Akatsak eta polemikak izan ziren, baina 1800 urterako Britaina Handian zehar eta baita Europako herri gehienetan ere zabalduta zegoen txertoaren erabilera.
Europatik munduraAlacanteko Francisco Javier Balmis doktore eta zirujauak Jenneren txertoaren jakitun izan zenean Carlos IV.a erregearen babesa eta diru laguntza lortu zituen Espainiar Inperioan txertaketa egiteko, nahiz eta txertoaren aurkako jarrerak egon, baita medikuen artean ere. Agian erregearen alabak baztangak jota hil zelako 1794an. Edozein dela arrazoia, erregearen babesa lortu zuen inperioko umeak txertatzeko.
Hartara, baztangaren aurkako txertoa Amerikara eta Filipinetara eramango zuen espedizioa prestatzen hasi zen Balmis. Espainiako itsasoaz haragoko lurraldeetara txertoa eramateko jarri zen abian “Txertoaren Errege Espedizio Filantropikoa” Balmis espedizioa izenez ere ezaguna.
Arazo bat zegoen, baina: garai hartan txertoaren seruma kontserbatzeko mediorik ez zegoen eta Amerikaraino eta Filipinetaraino bidaiak luzeegiak ziren txertoa egoera onean iristeko.
Balmisek berak proposatu zuen irtenbidea: in vivo giza garraioa. Txertatuta ez zegoen jende taldea baliatuko zuen txertoa batetik bestera pasatzeko portura iritsi arte. Pertsonak izango ziren txertoa, giza katea osatuz batetik bestera pasatuta.
Hartara, hiru eta bederatzi urte bitarteko 22 umezurtz aukeratu zituen Balmisek. Umeak binaka inokulatzen zituzten behi baztangarekin eta gainerako umeengandik aldendu. Hamar egun pasata, agertutako garauetako likidoa hartu eta hurrengo bi umeak inokulatzen zituzten.
A Coruñatik atera eta Kanariar Uharteetara joan zen lehenengo eta behin 37 pertsonak osatutako espedizioa, haien artean 22 ume, Isabel Zendal umeen zaintzailea eta Francisco Javier Balmis medikua. Handik Puerto Ricora joan ziren, 1804an heldu zirelarik. Behin Amerikan ume gehiago bildu zituzten txerto-giza-katearekin jarraitu ahal izateko.

Baztangarik gabeko munduan jaio eta bizitakoentzat zaila izan daiteke gaixotasuna eta bere ondorioak dimentsionatzea. Antzina-antzinatik dago gizakien artean eta XX. mendean bakarrik 50 milioi hildako baino gehiago eragin zituen. Gaixotasuna pasa eta bizirik irauten zutenek marka izugarriak izaten zituzten, aurpegi eta besoetan, bereziki.
Covid-19ren aurkako txertoarekin gora eta behera gabiltzan honetan, txertoen aurkako mugimenduak dauden honetan, ez dago gaizki gogoratzea 1796ra arte txertoak ez zirela existitu ere egiten. Eta lehenengo txertoa asmatu eta zazpi urtera munduan zabaltzeko ahalegina egin zela.
[1] Egun, ez dago argi txertoa behi baztangatik ala zaldi baztangatik garatu zen, zenbait ikerketen arabera, txertoetako espeziea, vaccinia, eta behi baztangarena ezberdinak dira. Are gehiago, sekuentziazio genetikoak erakutsi du vacciniak eta zaldi baztangak %99.7an berdinak direla eta behi baztanga ahaide hurbila. Jennerek berak ere zalantzak izan zituen.
*Eta norbaitek jakin-mina balu: A Coruñatik abiatutako 22 umeetatik bat ere ez zen itzuli penintsulara: bat bidaian zehar hil zen eta gainerako 21ak hospizioan sartu eta adoptatuak izan ziren Mexikon, Susana Ramírezen arabera. Beste iturrien arabera, ezin da ziur jakin zer gertatu zen haiekin.
Bibliografia:En el nombre de los Niños. Real Expedición Filantrópica de la Vacuna 1803-1806. AEP. 2003
History of vaccine development. Stanley A. Plotkin. 2011. Springer.
Abbas m. Behbehani. (1983). The Smallpox Story: Life and Death of an Old Disease. Microbiological reviews, dec. 1983, p. 455-509 vol. 47. no. 4 0146-0749/83/040455-55$02.00/0
Riedel S. (2005). Edward Jenner and the history of smallpox and vaccination. Proc (Bayl Univ Med Cent). 18(1):21-25. doi:10.1080/08998280.2005.11928028
Brinkmann, A., Souza, A.R.V., Esparza, J. et al. (2020) Re-assembly of nineteenth-century smallpox vaccine genomes reveals the contemporaneous use of horsepox and horsepox-related viruses in the USA. Genome Biol 21, 286. https://doi.org/10.1186/s13059-020-02202-0
Egileaz:Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
The post Behietatik mundura appeared first on Zientzia Kaiera.
Birusak, hautespen naturala eta txertoak
Birus bat kutsatutako organismoaren zeluletan sartzen denean, zelula horien makineria baliatzen du bere material genetikoa –DNA edo RNA– erreplikatu eta, horrela, han barruan bilduta dituen instrukzioei jarraituz, jatorrizkoaren milaka kopia sortzeko. Prozesu horretan akatsak –mutazioak– gerta daitezke, eta, hori dela eta, molekula hereditarioaren erreplika berrietako batzuk apur bat desberdinak izan daitezke jatorrizkoaren aldean. Era horretan, birusaren aldaera genetiko berri bat sortuko litzateke. Kasurik gutxienetan, mutazio horrek abantailaren bat ematen dio; adibidez, kutsatzeko gaitasuna areagotu dezake. Kasu horretan, aldaera berria bizkorrago hedatuko litzateke, eta aurretik zeudenak progresiboki ordezkatu, gehiengoa izatera iritsi arte. Nolanahi ere, gertakari epidemiko batean ohikoena da birus beraren aldaera desberdinak egotea, proportzio desberdinetan.
Ugaltzeko eta bere herentzia hurrengo belaunaldira transmititzeko gai diren izakien eboluzioa bultzatzen duen bi mekanismoetako bat da hautespen naturala; bestea jito genetikoa da, baina orain alde batera utz dezakegu hori. Aurreko paragrafoan ikusi dugu hautespen naturalak nola eragiten dion birus populazio bati, kutsatzeko gaitasun desberdina duten aldaerak sortzen direnean. Baina hori ez da haien jarduteko modu bakarra. Hainbat kasutan, ingurumen faktore baten eraginpean gertatzen da, eta faktore horrek aldaera genetiko batzuen bizirik irauteko eta ugaltzeko gaitasunari laguntzen die beste aldaera batzuekin konparatuta. Horrela, faboratuek ondorengo gehiago utziko dituzte, eta, horrenbestez, azkenean, haien ezaugarri genetikoak nagusi bihurtuko dira populazioan. Faktore horri presio selektiboa esaten diogu.

Antibiralek eta txertoek presio selektibo gisa jardun dezakete, birusei dagokienez. Era horretan jokatzen dute aldaera batzuen ugalketa eragozten edo zailtzen dutenean, baina ez beste batzuena. Kasu horretan, lehenengoak ezabatu edo gutxiengo bilakatuko lituzkete eta bigarrenei ugaltzeko aukera emango liekete. Hori gertatzen da birus baten aldaera batek erresistentzia duenean antibiral edo txerto baten ekintzaren aurrean.
Ez da zaila horrelako erresistentziak sortzea. Alde batetik, antibiralak ematen dira infekzioa jada gertatu denean eta organismo ostalarian milioika partikula biral daudenean. Horrelako egoera batean, milioika birus daude, potentzialki mutatu eta botikarekiko erresistente bihur daitezkeenak. Eta, bestalde, antibiral baten efektua (antibiotiko batek bakterioetan duena bezala) prozesu zelular bakar baten gaineko ekintzan oinarritzen da, eta ez da oso txikia izaten ekintza horrekiko erresistentea den aldaera genetiko bat sortzeko probabilitatea.
Txertoekin, zorionez, zertxobait desberdinak dira gauzak. Alde batetik, infekzio bat gertatu baino lehen ematen direlako; hori dela eta, sorrarazten dituzten defentsak jardun daitezke patogenoa organismoan ugaldu baino lehen, eta, horrela, milioika aldaera erresistente potentzial sortzea saihesten da patogenoak ugaltzen direnean. Eta, bestetik, txertoak antigorputz pilo bat sorrarazten duelako; antigorputz horiek jomuga desberdinak –epitopo deituak– izaten dituzte patogenoetan. Oso probabilitate txikia dago, mutazio bidez, epitopo guztiak aldatuko dituzten aldaera genetikoak sortu eta, horrela, antigorputzen eragina saihesteko, baina hori gertatzeko aukera egon badago.
Arestian adierazitakotik ondorioztatzen da garrantzitsua dela patogeno baten transmisioa saihestea, horrela ugaltzeko aukerak gutxitzen baitzaizkio. Era horretan, jende asko gaixotzea saihesteaz gain, patogeno horien ugalketa mugatzen denez, murriztu egiten da errazago transmititu daitezkeen edo txertoekiko erresistentziak izan ditzaketen aldaerak sortzeko probabilitatea.
Erreferentzia bibliografikoa:Kennedy, David A.,Read, Andrew F. (2017). Why does drug resistance readily evolve but vaccine resistance does not? Proceedings of The Royal Society B, 284 (1851), 20162562. DOI: http://doi.org/10.1098/rspb.2016.2562
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Birusak, hautespen naturala eta txertoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Noiz aurkituko ditu Perseverancek Marteko kanalak?
Martek gure jakin-mina eta arreta bereganatu ditu aspalditik. Perseverance ibilgailuaren bidaia dela eta planeta gorriak berriz liluratu gaitu. Aterpe duen Marteko bazterrak miatuz, bertan bizitzarik egon ote den ikertuko du esploratzaile robotiko bitxiak. Ez dakigu haren arrastorik aurkituko duen baina topatuko ote ditu Giovanni Schiaparelli astronomoak XIX. mendean behatu zituen Marteko kanalak?

Giovanni Virginio Schiaparelli 1835ean jaio zen Italian. Arkitektura eta ingeniaritza ikasi zituen arren, astronomia zen benetan interesatzen zitzaiona. Denborarekin lan garrantzitsu ugari gauzatu zituen astronomia arloan baina bere ospea Marteko kanalei esker lortu zuen.
Schiaparellik Europako behatokirik onenak bisitatu zituen ikasteko. Besteak beste, Johann Encke aditu alemanaren alboan jardun zuen behaketak egiten. Apurka toki bat egin zuen astronomiaren munduan eta 1864an Milango Brera behatokiaren zuzendari izendatu zuten. 1877. urtean Brerako behatokian egin zituen Schiaparellik Marteko kanalen lehen behaketak, Marteren oposizioan. Behaketaren oharretan eta marrazkietan Schiaparellik Marteren gainazaleko “kanalen” sare oso bat deskribatu zuen.
Egia esan, Schiaparelliren behaketak ez ziren oso zehatzak eta finak izan, begiek estruktura bat ikusten zutela uste zuen lekuetan, haren buruak hutsuneak osatzen zituen, eta ilusio optiko hartatik jaio ziren kanal ospetsuak. Hala ere, kanalak ez ziren gauza berria, Angelo Secchi astronomo italiarrak izendatu baitzituen 1858an. Angelo Secchik “canale” hitza erabili zuen, “canali”-ren singularra, Marteren behaketa batzuetan antzeman zuen orban bat izendatzeko. Beraz, Secchik ez zuen kanal hitza erabili “artifiziala” zen zerbaiti izena emateko.
Schiaparelliren lana ez zen oso urrutira iritsi. Emaitzak Atti dell’Accademia dei Lincei aldizkarian argitaratu ziren arren 1878tik 1910era, bere lagun astronomo hurbilenek eta beste gutxik ezagutzen zuten soilik. Urte batzuk beranduago, patuak oihartzuna eman zion apur batzuk bakarrik ezagutzen zuten lanari. Izan ere, ingelesera itzuli zen bere testuetako bat eta bertan hamaika begi-ninien interesa piztu zuen mapa martetar bat argitaratu zen. Mapan izen mitologikoak zituzten lerroak agertzen ziren marraztuak eta hauek “kanalak” omen ziren. Jatorrizkoan, Schiaparellik “canali” hitz italiarraren bidez Marteren gainean behatu zituen lerro lausoak, naturalak izan zitezkeenak, deskribatzen zituen. Hau da, arro natural lerrozuzenak. Baina ingelesez, aldiz, itzultzaileak “canali” “canals” bihurtu zuen, jatorri artifizialeko zerbaitetan bihurtuz (egitura artifizial bat).

Schiaparelliren testua ingelesera oker itzultzeak zientzia-fikziozko istorio bat zabaldu zuen: Marten zibilizazio martetar batek sortutako zenbait kanal artifizial zeudela. Ideia horrekin bat egin zuen, esaterako, Percival Lowell astronomoak. Honen aurrean makina bat adituk adierazi zuten hori guztia behaketa-akats baten ondorio zela eta, baita, itzulpenarena. Hala ere, sasoiko prentsan eta herritarren artean martetarrek egindako obra hidrauliko handien eta beraien balizko inbasioaren ideia ezker eta eskuin zabaldu zen.
Percival Lowell astronomoak urte askoan berretsi zuen Marten kanalak zeudela. Neurri batean, baieztapen hau Schiaparelli beraren oharrei zor zitzaien; izan ere, 1881 eta 1882 urteen artean astronomo italiarrak egindako behaketak jaso zituenean, Marteko kanal asko lerro bikoitzez osatuta zeudela idatzi zuen. Horri gehitu behar zaio, Suez eta Panamako kanalen obrak pil-pilean zeudela garai hartan eta sarritan agertzen zirela prentsan ingeniaritzako lan haiek. Ondorioz, Marten ikusitako lerroak planeta gorriko poloetatik ekuatorera ura eramateko egindako egitura artifizialak zirela sinesten zuten askok eta, honek frogatzen omen zuen, martetarrak zeudela bertan.
Marteko kanalen ideiak “kutsatze-efektua” izan zuen eta erraz zabaldu zen. Adibidez, Henri Joseph Anastase Perrotin astronomo frantsesak, zenbait asteroide aurkitu zituenak, adierazi zuen Nizako behatokitik gauza zoragarri bat ikusi zuela ere Marten, kontinente bat. Schiaparellik bere mapetan Libia izeneko kontinente bat marraztu zuen eta Perrotinek horrela baieztatu zuen benetakoa zela, ez ilusio bat. Beste astronomo batzuek gezurtatu bazuten ere, Perrotinen behaketek berpiztu zuten denboraldi batez ezkutuan egon zen kontinente hura. Zelan zen posible kontinentea berriz ikustea? Erantzun sinplea eman zuen Perrotinek, Libia ozeanoz inguratua zegoen eta ordura arte ez zen ikusi Marteko poloetatik ura garraiatzen zuten kanalek gainezka egin eta kontinentea urpetu zutelako.
Astronomoek jarraitu zuten Marteren lurrazala behatu eta aztertzen. Askok ez zuten ezer ikusterik lortu, beste batzuek, ordea, marrak eta orbanak sumatzen zituzten. Bazeuden ere denetarik ikusteko gai zirenak: kanalak, lerro bikoitzak, urte-sasoiei dagozkien koloreen aldaketak (landarediaren presentzia adierazten zuelarik) edo hazi eta txikitzen ziren lakuak ere.
XX. mendea aurrera joan ahala, aldiz, argi geratu zen guztia ilusio optiko baten ondorio zela, baina Martetik zehar ustez ura zeramaten ubide haien mitoak denbora behar izan zuen lausotzeko eta albo batean ahaztuta gelditzeko.
Egileaz:Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
The post Noiz aurkituko ditu Perseverancek Marteko kanalak? appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #339
Osasuna
Txertoei buruz hausnartzeko aukera eman digu Gorka Orive zientzialariak Berriako artikulu honen bitartez. COVID-19aren aurkako txerto eraginkor eta seguruak izatea zorte handia dela dio eta gaineratzen du bi plataformatako —ARNm teknologia eta bektore biralen teknologia— hiru txerto izateko aukerari esker, herritar multzo bat txertatu ahal izan dela.
Txertoei jarraiki, Israelgo Sheba osasun zentroko ikerketa baten arabera, birusaren kontrako Pfizer txertoaren dosi bakarra aski da gaitzaren kontra %85eko eraginkortasunez eragiteko. Berriak kontatu digu.
Ia urtebete igaro da pandemia hasi zenetik eta oraindik birus honi buruz galdera asko ditugu erantzun gabe. Adibidez, ez dago oso argi zenbat birus kantitate sartu behar den pertsona bakoitzaren barruan infekzioa hasteko. Birusaren dosia ezagutzea falta zaigu, alegia. Horren harira, badirudi Erresuma Batuan COVID-19 Human Challenge proiektua hori jakiteko bidean dagoela. Berrian informazio guztia.
Osasun krisiak eragin du eztabaida bioetikoa ere . Txertaketa kanpaina eta immunitatea erdigunera ekarri du “Auzi etikoak COVID-19aren pandemiaren aurrean: txertaketa eta osasun pasaporteak” solasaldian Ikerbasquek. Bertan, Federico De Montalvo Espainiako Bioetika Batzordeko lehendakaria eta Iñigo De Miguel Ikerbasqueko kide eta bioetikan aditua izan ziren hizlari. Berriak bildu ditu euren hitzak.
GenetikaZiklidoak ezagutzeko aukera paregabea eskaini digu Koldo Garciak. Arrain-talde oso bitxia da. Testu honetan zehazki ziklidoen eboluzioari eta gene-mekanismoei erreparatu die, lan berri batek aldaketa ebolutibo horiek aztertu dituela aprobetxatuz. Ez galdu azalpena!
BiologiaOrganismoa atsedenean dagoenenean duen energia-gastua da artikulu honetan azaltzen digutena. Bihotza, giltzurrunak, gibela, entzefaloa, muskulatura… Ezagutu nahi duzue bakoitzaren gastu energetikoa? Oso interesgarria artikulua, ez galdu!
Albiste hau bitxia bezain interesgarria da: Hawaiiko bi uhartetan, kilkerrak mutu geratu dira. Testuan azaltzen digute, 2006an argitaratutako ikerketaren arabera, Kauaiko kilkerren %90 mutu geratu direla 5 urte baino gutxiagotan. Kontua da ez dela kilkerrek abesteari utzi diotela, baizik eta abesteko egiturak galdu dituztela.
Ez dago desberdintasun esanguratsurik emakumeen eta gizonen garunen artean, Rosalind Franklin Unibertsitateko (AEB) zientzialariek ondorioztatu dutenez. Elhuyar aldizkariak kontatu dizkigu ikerketa honen nondik norakoak. Esaterako, tamaina da garunean ikusi duten desberdintasun bakarrenetakoa.
ArkeologiaItsas-kurkuilu baten maskorra duela 17.000 urte soinu-tresna gisa erabili zutela ondorioztatu dute Tolosako Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu Magdaleniar aldikoa dela, Goi Paleolitokoa, eta ezagutzen den gisa horretako tresnarik zaharrena litzatekeela.
HizkuntzalaritzaDependentzia Unibertsalen eredura egokitutako zuhaitz-bankua aurkeztu digute testu honetan. Alegia, bertan azaltzen da egokitzapen-lan hori nola gauza den. Gainera, jatorrizko zuhaitza-bankuarekin alderatuz, antzekotasunak eta desberdintasunak azaltzen dira.
Emakumeak zientzianBerriki publikatu du Egoitz Etxebeste kazetari eta biologoak Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira liburua. Bertan, hemeretzi emakume zientzialariren istorioak bildu ditu. Horren inguruan hitz egin digu Berriak egin dion elkarrizketa honetan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #339 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #342
Gure hesteetako mikroorganismoen efektuak ezagunak dira. Baina badirudi haien eragina uste baino handiagoa dela. Jakin da sistema immunearen zelulak lehenengo hestean entrenatzen direla eta gero entzefalora doazela. Your gut might protect your brain from infection por Rosa García-Verdugorena.
Prognosi oso txarra duten minbizia dira gliomak. Zelula glialen mutazioetatik sortzen direlako dute izen hori. Tumore hauetan eskala ezberdinetan zer nolako faktoreek parte hartzen duten jakiteko aukera ematen dute BCAMen garatutako hainbat eredu: Multiscale mathematical models for glioma progression.
Zementuaren produkzioak sortzen du jatorri antropogenikoko karbono dioxidoaren %7. Zifra hau murriztea ez da dirudien bezain erraza. Zementuaren kimika aldatzea da bideetako bat. DIPCren Concrete production sustainability: the case for belite cements
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #342 appeared first on Zientzia Kaiera.
Izortze Santin: “1 motako diabetesaren geneak ikertzeak bere diagnostikoan lagundu dezake” #Zientzialari (148)
1 motako diabetesa gaixotasun konplexua da bere garapenean faktore genetikoak eta ingurune-faktoreak parte hartzen dutelako. Genetikaren aldetik, adibidez, gene asko partaide dira haren sorreran. Horregatik, oso garrantzitsua da gene horien identifikazioa.
Diabetes mota honetan eragiten duten geneen ikerketak, batez ere gaitzaren diagnostikoan laguntzen du. Hau da, gaixotasunean parte hartzen duten geneak ezagutuz eta pertsonetan dituzten aldaerak ikertuz posible izango litzateke jakitea pertsona batek etorkizunean 1 motako diabetesa pairatzeko duen arriskua.
Gene karakterizazioan eta azterketan lan egiten du Izortze Santinek, UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko Departamentuko ikertzaileak. Lan hau Biocruces Bizkaia – Bizkaiko Osasun Ikerketarako Institutuan gauzatzen du, Ainara Castellanosekin zuzentzen duen FUNctional genetics of IMMUNE disorders ikertaldean. Berarekin bildu gara hobeto ezagutzeko haren ikerketan erronkak gizartean eta osasunean.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Izortze Santin: “1 motako diabetesaren geneak ikertzeak bere diagnostikoan lagundu dezake” #Zientzialari (148) appeared first on Zientzia Kaiera.
Dependentzia Unibertsalen eredura egokitutako euskarazko zuhaitz-bankua

Corpus horietan, elementu lexikoei buruzko informazio linguistikoa eransten da, eskuarki etiketen bidez. Elementu lexiko horiek zuriunetik zuriunera bitarteko alfabetoko karaktereen segidatzat hartzen diren testu-hitzak edo tokenak dira HPan; alegia, hitzak ez ezik puntuazio-markak, zenbakiak, laburtzapenak edo antzeko beste edozein karaktere.
Euskararen Prozesamendurako Erreferentzia Corpusa (EPEC) maila linguistiko desberdinetan (morfologia, sintaxia eta semantika, batez ere) etiketatuta dagoen 300.000 hitzeko euskarazko corpusa da. Corpus horren etiketatze sintaktikoa Dependentzia Gramatika ereduari jarraituz gauzatu da; horrela, corpuseko esaldi bakoitza osatzen duten elementu lexikoak binaka lotuz esaldi bakoitzaren dependentzia-zuhaitza edo zuhaitz sintaktikoa lortu da (2. irudia). Etiketatze-lan horren emaitza EPEC-DEP zuhaitz-bankua edo treebanka da.
Zuhaitz sintaktiko horietan, 2. irudikoan ikusten den moduan, hitz edo token bakoitza beste hitz edo token baten mendekoa da, edo esaldiaren erro hipotetikoaren (ROOT) mendekoa eta, era berean, hitzen arteko dependentzia-erlazio horietako bakoitzean mendekoak betetzen duen funtzio sintaktikoa adierazten da dependentzia-etiketen bidez.
2. irudian, gezien noranzkoak adierazten du erlazioan dauden bi hitz horietatik mendekoa geziaren helmuga den hitza dela eta gobernatzailea, berriz, geziaren abiapuntua den hitza; dependentzia-etiketei dagokienez, dependentzia-zuhaitz horretan ageri direnak hauek dira:
- haos (hitz anitzeko osagaia)
- ncsubj (non-clausal subject: sintagma mailako subjektua)
- ncobj (non-clausal object: sintagma mailako objektua)
- ncmod (non-clausal modifier: sintagma mailako modifikatzailea)
- xmod (non-finite clausal modifier: mendeko perpaus ez-jokatua)
- auxmod (auxiliary verb: aditz laguntzaiela) eta punct (puntua)
Lan honetan, EPEC-DEP zuhaitz-bankuaren 150.000 hitz Dependentzia Unibertsalen eredura automatikoki egokitzeko egin den lana aurkeztu da. Dependentzia Unibertsalen (DU; ingelesez, Universal Dependencies, UD) proiektuaren helburua hainbat hizkuntzatan sortu diren dependentzia-ereduan oinarritutako zuhaitz-bankuak etiketatze-eskema estandar berera egokitzea da, bateratze-lan horrek aukera emango duelako besteak beste hizkuntza askotan erabil daitezkeen analizatzaile sintaktiko estatistikoak garatzeko eta hizkuntzen tipologiaren araberako egitura sintaktikoak aztertzeko.
DU proiektuan definitutako kategoria gramatikalen zerrenda unibertsalari eta gidalerroei jarraituta, zuhaitz-bankuen egokitzapena tokenizazio, morfologia eta sintaxi mailetan egin behar da. EPEC-DEP zuhaitz-bankua egokitzeko lehen urrats honetan kontuan izan ditugu, halaber, irizpide hauek:
- egokituko den zuhaitz-bankuaren tamaina mugatzea
- esaldien egokitzapena automatikoki egitea ahal den denbora eta eskulan gutxien inplikatzeko
- egokitutako esaldi horiek zuzenak izatea.
Azken helburu hori lortzeko, zalantzazko kasuak baztertu egin dira eta ziurtasun handiarekin ondo dauden esaldiak baino ez dira egokitu.
Egokitzapen-lana egingarria gertatu da bi zuhaitz-bankuek sintaxiaren hurbilpen lexikalistari (erlazioak zatitu gabeko hitz-formen artean gertatzen dira eta ez morfemen artean) jarraitzen diotelako, eta biak bat datozelako eduki-hitzak hartzean izen-sintagmen eta aditz-kateen burutzat. Baina prozesu hori konplexua ere izan da.
Kontuan hartu behar da egokitzapen-prozesua ez dela izan euskarazko etiketak hartzea eta beraiei dagozkien DUen ereduko etiketetara egokitzea soilik. Prozesu horretan, atal batzuetan euskarazko etiketen bihurketa zuzena egin bada ere, beste batzuetan etiketen bihurketa aplikatu baino lehen honelakoak egin behar izan dira: etiketa bakoitzerako kasuak aztertu eta bere DUetako baliokidea identifikatu, zuhaitzaren egitura aldatu, puntuazio-markak moldatu, bihurketa gauzatuko duten programa informatikoak aplikatzeko ordena zuzena erabaki…
Egokitzapen-lan horretan oinarrituta ikus daiteke zer antzekotasun eta zer desberdintasun dauden bi zuhaitz-bankuen artean, eta are gehiago, lan horri esker euskara HPn kokatzen den nazioarteko proiektu garrantzitsu horren partaide izatea lortu dugu.
Iturria:
Aranzabe, Maria Jesus; Atutxa, Aitziber; Bengoetxea, Kepa; Díaz de Ilarraza, Arantza; Goenaga, Iakes; Gojenola, Koldo; Uria, Larraitz (2019). «Dependentzia Unibertsalen eredura egokitutako euskarazko zuhaitz-bankua»; Ekaia, 35, 2019, 291-307. https://doi.org/10.1387/ekaia.19745 Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 35
- Artikuluaren izena: Dependentzia Unibertsalen eredura egokitutako euskarazko zuhaitz-bankua
- Laburpena: Hizkuntzaren Prozesamenduan kokatzen den Dependentzia Unibertsalen proiektuaren helburua da hainbat hizkuntzatan sortu diren dependentzia-ereduan oinarritutako zuhaitz-bankuak etiketatze-eskema estandar berera egokitzea. Artikulu honetan, eredu horretara automatikoki egokitu den euskarazko zuhaitz-bankua aurkezten da; halaber, egokitzapen-lan hori nola gauzatu den deskribatzen da eta, azkenik, horretan oinarrituta, azaltzen da zer antzekotasun eta zer desberdintasun diren jatorrizko zuhaitza-bankuaren eta Dependentzia Unibertsalen eredura egokitutako zuhaitz-bankuaren artean.
- Egileak: Maria Jesus Aranzabe, Aitziber Atutxa, Kepa Bengoetxea, Arantza Díaz de Ilarraza, Iakes Goenaga, Koldo Gojenola, Larraitz Uria
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 291-308
- DOI: 10.1387/ekaia.19745
————————————————–
Egileez:
Maria Jesus Aranzabe, Aitziber Atutxa, Kepa Bengoetxea, Arantza Díaz de Ilarraza, Iakes Goenaga, Koldo Gojenola eta Larraitz Uria UPV/EHUko Ixa taldean dabiltza.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Dependentzia Unibertsalen eredura egokitutako euskarazko zuhaitz-bankua appeared first on Zientzia Kaiera.
Ixil, ixilik daude… kilkerrak Hawaiin

Bada, Hawaiiko bi uhartetan, ezinezko betebeharra bihurtu da, kilkerrak mutu geratu baitira. Baita azkar mututu ere. Kauai irlan 20 belaunaldi baino gutxiagotan galdu zuten abesteko gaitasuna. Kilkerren %90 baino gehiago mutuak dira.
Ez hori bakarrik. Handik eta 2 urtera, Oahu irlan ere kilker mutuak ere agertu ziren. Eta 12-16 belaunalditan Oahuko kilkerren ia erdia mutua zen.
Are deigarriagoa: prozesu biak modu independentean gertatu dira.

Berez Australian dute jatorria Teleogryllus oceanicus kilkerrek. Presentzia handia dute Pazifikoko irletan eta 1877 aldera ailegatu ziren Hawaiira, gizakien eskutik, ziur aski.
Hawaii artxipelagoan, baina, etsai bortitza dute: Ormia ochracea euli parasitoa. Kantari esker topatzen ditu euliaren emeak kilker kantaria eta haren inguruan eta gainean botatzen ditu bere larbak. Larba horietako batzuk kilkerraren gorputzaren barruan aztarrikatu eta irten baino lehen, barrutik kontsumituko du kilkerra 7-10 egunean zehar, prozesuan ostalaria hiltzen duelarik.
Kontua da Ormia ochracea euli parasitoak ere ez duela jatorria Hawaiin, Amerikako iparraldean baizik; kilkerrak bezala, artxipelagoan sartua izan da. Teleogryllus oceanicus kilkerrak eta da Ormia ochracea euliak, beraz, toki bakar batean egiten dute bat: Hawaiin.
2006an argitaratutako ikerketaren arabera, Kauaiko kilkerren %90 mutu geratu dira 5 urte baino gutxiagotan. Ez da kilkerrek abesteari utzi diotenik: abesteko egiturak galdu dituzte. Hau da, 20 belaunalditan mutazioa jasan dute eta kantatzeko hegaletan zituzten egiturak desagertu dira. Ikerketan bildutako laginen arabera, gainera, ez da erdibideko formarik agertu.
1991tik dabiltza ikertzen kilkerrak zientzialari taldeak eta urtero-urtero gero eta kilker gutxiago ikusi eta entzuten zituzten. 2001. urtean kilker bakarra entzun zuten eta bilaketak egin arren, oso kilker gutxi topatu zituzten.
2003an, ostera, nahiz eta kilkerrik ez entzun, populazio ugaria topatu zuten. Topatutako kilkerrak baina, ezberdinak ziren: kasik guztiak kilker emeen antzeko hegalak zituzten. Flatwing (hegal laua/hegal zapala) izena eman zieten

Zer garrantzia du honek? Bada, ugalketarako baliatzen dutela kilkerrek kanta. Kilker arrek hegaletan dituzten egiturak baliatzen dituzte kantatzeko (estridulazio izena duena) eta kantari esker, kilker emeak arra lokalizatzeko gai dira.
Ez da hor bukatzen, baina. Behin topatuta gortea egiten du arrak kanta berezitu baten bidez. Estridulazioak, beraz, berebiziko garrantzia du.
Ugalketa aldaketaKilker arrek eskumako hegala, non aparatu estridulatzailea duten, ezkerreko hegalaren kontra igurtzen dute, kanta ateraz.Eskumako hegalean lima edo karraska dago, batetik, eta, bestetik, harpa eta ispilua osatzen duten erresonantzia egiturak. Ezkerreko hegalean karraskailua dute. Bi hegalak igurtzerakoan karraska karraskailuaren kontra jo eta soinua ateratzen du.
Emeek lehen bi hanka parearen tibietan dituzten entzumen organoen bidez aditzen dute soinua eta arrarengana hurbildu. Orduan arrak bigarren kanta motari ekiten dio: gorteatze kanta. Gorteatzearen ostean emeak arraren gainean igo eta arrak espermatoforoa pasatzen dio.
Kantatzeko gaitasuna, beraz, ezinbestekoa da. Hala ere, kantarik egiten ez duten kilkerrek ugaltzea lortu ez ezik, kilker kantariei nagusitzea ere lortu dute.
Zelan erakartzen dituzte emeak soinurik gabe? Egindako ikerketen arabera, kantatzen duten kilkerretara hurbilduz. Oraindik ere kanta egiten duen kilkerra estridulazioa hastean kantatzeko gaitasuna galdu duten kilkerrak zonaldera biltzen dira (satelite portaera hartuz) eta emeak bidean atzematen dituzte. Modu honetan, soinurik egin gabe emeak topa ditzakete.
Eta gorteatze kantari dagokionez? Ez dago argi. Hipotesietako batek dio emeek ugaltzeko baldintzak arindu dituztela edota arrak gorteatze mekanismoak aldatu dituztela. Dena den, frogatuta dago ar mutuekin ugaltzeko predisposizioa mutazioa baino lehenagokoa dela, egindako esperimentuetan mutazioa eman ez den tokietako emeek ar mutuekin ugaltzen baitira.
Edozein kasutan, argi geratu da gorteatze kanta ez dela beharrezkoa ugalketarako. Eta, hala ere, kilker mutuek lima txikia mantentzen dute (mikroskopioan ikusgarria). Ez hori bakarrik kantatzearen mugimendua egiten jarraitzen dute arrazoia zein den ez dakigula.

Deigarriena, hala ere, ez da mutu geratu izana. Ala mutu izanik ere ugaltzea lortzea. Ezta kantarik ez egin arren kantaren hegal mugimenduak egiten jarraitzea. Fenomenoa bi irla ezberdinetan gertatu izana baizik. Eta, ikerketen arabera, eboluzioa modu independentean eman da bi irletan, eboluzio konbergentean.
Ikerketek ezberdintasunak topatu dituzte bai morfologikoki bai genetikoki. Hegalen morfologiari dagokionez, Kauaiko kilker ar mutuek kanta egituren galera ikusgarriagoa dute. Genetikaren atalean ikerketak erakutsi dutenez, modu beretsuan heredatu arren, fenotipoak ezberdinak dira eta loci ezberdinetara lotuta daude.
Globalizazioa zer den. Australiatik etorritako kilkerrak mututu egin dira Hawaiin Ipar Amerikatik etorritako eulia dela eta. Ondorioz, Hawaiin ezin izango dute tenperatura kalkulatu kilkerren kantua baliatuta.
Bibliografia:
Zuk, Marlene et al. (2006) Silent night: adaptive disappearance of a sexual signal in a parasitized population of field crickets. Biology letters vol. 2,4: 521-4. doi:10.1098/rsbl.2006.0539
Tinghitella, R. (2008) Rapid evolutionary change in a sexual signal: genetic control of the mutation ‘flatwing’ that renders male field crickets (Teleogryllus oceanicus) mute. Heredity 100, 261–267 . https://doi.org/10.1038/sj.hdy.6801069
Bailey, N. W., McNabb, J. R., Zuk, M. (2008) Preexisting behavior facilitated the loss of a sexual signal in the field cricket Teleogryllus oceanicus, Behavioral Ecology, Volume 19, Issue 1, Pages 202–207, https://doi.org/10.1093/beheco/arm123
Tinghitella, R.M. and Zuk, M. (2009), Asymmetric mating preferences accommodated the rapid evolutionary loss of a sexual signal. Evolution, 63: 2087-2098. https://doi.org/10.1111/j.1558-5646.2009.00698.x
Pascoal, Sonia, et. al. (2014) Rapid Convergent Evolution in Wild Crickets, Current Biology, Volume 24, Issue 12, Pages 1369-1374, ISSN 0960-9822, https://doi.org/10.1016/j.cub.2014.04.053.
Iturria:
El silencio de los grillos, Almudena M. Castro, Cuaderno de Cultura Científica.
Egileaz:
Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
The post Ixil, ixilik daude… kilkerrak Hawaiin appeared first on Zientzia Kaiera.
Arrainetan gene-zirkuituak berrantolatzen
Ziklidoek arrain-talde handi bat osotzen dute, ornodunen artean talde handienen artean dagoena. Orain arte 1.500 espezietik gora sailkatu dira talde horretan eta, urtero espezie berriak aurkitzen direnez, uste da 2.000-3.000 espezie inguru dituela talde honek.
Ziklidoak aurkitzen dira Afrikako, Madagaskarreko, Indiako, Asiako mendebaleko eta Hego Ameriketako ibai eta itsasertzetan, eta munduan zeharreko akuario askotan ere. Talde honetako espezie batzuk elikagai gisa garrantzitsuak badira ere –tilapia, esate baterako–, taldeko espezie asko ezagunak dira akuarioen zaleek asko preziatzen dituztelako. Eboluzioa ikertzeko ere oso preziatua da arrain-talde hau.
Esan bezala, ziklidoak hainbat kontinentetan zehar barreiatu badira ere, eboluzioaren ikuspuntutik, interesik handiena eta jakin-mina pizten duten ziklidoak dira Afrikako Aintzira Handietan bizi direnak –batik bat Tanganyika, Victoria, Malawi, eta Edward lakuetan–. Aipatutako laku horiek denbora oso gutxian kolonizatu zituzten ziklidoek espezie-talde gutxi batzuetatik abiatuta, erradiazio adaptatiboa esaten zaion prozesuaren ondorioz, hain zuzen ere. Hala, arrain hauek genetikoki elkarren gertukoak badira ere, askotariko nitxo ekologiko okupatzen dituzte; eta sekulako ezaugarri-dibertsitatea dute, hala nola morfologian, hortzetan, kolore-patroian edota portaeran. Gainera, modu paraleloan ezaugarri berdinak garatu dituzten espezieak aurki daitezke ziklidoen artean. Hau da, laku ezberdinetan itxuraz antzekoak diruditen espezieak bizi dira, beren jatorri ebolutiboa ezberdina bada ere.

Ziklidoek duten aniztasun horren bultzadan hainbat gene-mekanismok parte hartu dutela ikusi da: geneen funtzioa erregulatzen duten gene-osagaien eboluzio arina gertatu izana; espezieen artean geneen funtzionamenduan ezberdintasunak egotea; edota geneen funtzioa erregulatzen duten bideen moldapen ebolutiboak gertatzea. Pentsatu behar da erregulazio-bide horiek gene-zirkuituak bezalakoak direla: aldi berean, modu koordinatu batean, hainbat generen aktibitatea piztu, modulatu edo itzaltzen da gene horien jarduera zelulen beharretara doitzeko. Gainera, aipatutako mekanismo horiei batu behar zaie ziklidoen jatorria berria dela eta gene-fluxua mantentzen dela. Ondorioz, pentsa daiteke geneen funtzionamenduaren kontrolean eragin garrantzitsua dutela gene-zirkuitoetan gertatzen diren aldaketa ebolutiboek. Eta ziklidoetan ikusten den itxura-aniztasuna aldaketa horien isla izan daitekeela. Lan berri batek aldaketa ebolutibo horiek aztertu ditu.
Aipatutako gene-zirkuitu horiek ikertzeko ia 70 mila generen espresioa–funtzionamendu-maila– neurtu zituzten bost ziklidoren –O. niloticus, N. brichardi, A. burtoni, P. nyererei eta M. zebra espezieen– sei ehunetan –garun-ehunean, begi-ehunean, bihotz-ehunean, giltzurrun-ehunean, muskulu-ehunean eta testikulu-ehunean–. Ehun horietan duten funtzionamendu-maila kontuan izanda, metodo konputazionalak erabilita, zehaztu zuten zein diren modu koordinatuan lan egiten duten gene-taldeak, hau da, gene-zirkuituetan parte-hartzen duten geneak. Horrela, definitu zuten hainbat gene-talde –1.200-1.500 gene inguruz osotuta zeudenak– eta ondorioztatu zuten gene-talde horietako batzuk ehun batzuen espezifikoak zirela. Gainera, ikusi zuten gene-talde horien antolaketa antzekoa zela ebolutiboki gertukoak ziren espezieetan; eta bazeudela berrantolatuta zeuden gene-taldeak, espezieen artean geneen funtzionamenduan aldakortasun handiena zuten geneek osotzen zuten gene-taldeak, hain zuzen ere.

Gene-taldeen arteko berdintasunak eta ezberdintasunak oinarri hartuta, aztertutako espezieetan gene bakoitzak izan zuen ibilbidea arakatu zuten, hau da, gene-talde berdinean mantentzen ote ziren aztertu zuten. Horretarako, bost espezieetan parekoak diren geneen ibilbidea aztertu zuten. Hala, ondorioztatu zuten gene horien %40k espezieren batean gene-taldez aldatu zela; eta aldaketa horien eragileak geneen funtzionamendua kontrolatzen duten transkripzio-faktore deitutako gene-osagaiak izan zitezkeela.
Transkripzio-faktoreak geneen funtzionamendua apaltzen edo areagotzen duten gene-osagaiak dira, zelulak jasotzen dituen kinaden arabera beren kontrolpean dauden geneen funtzionamendua aldatzen duten geneak, hain zuzen ere. Kontrol hori gauzatzeko, transkripzio-faktoreek geneen hasieratik gertu dauden sekuentziak ezagutzen dituzte eta, horrela, geneen funtzionamendua doitzen dute. Sekuentzia horietan aldaketak badaude gene hori kontrola dezaketen transkripzio-faktoreak alda daitezke. Hala, ikertzaileek ikusi zuten gene-taldeen berrantolaketan eragin handia zutela transkripzio-faktoreek ezagutzen dituzten sekuentzia horien arteko ezberdintasunek. Nolabait, aipatutako aldaketa horiek gene-zirkuitoen konexioetan aldaketak izango lirateke, gauzatzen duten funtzio-biologikoan aldaketak eragiten. Eta, dirudienez, ziklidoetan eboluzio-indarrek konexio horiekin jokatu dute, eta gene-zirkuitoen aniztasuna eragin dute horrela.

Ikertzaileek adibide gisa jartzen dituzte ikusmenean parte hartzen duten gene-zirkuitoetan gertatuko aldaketak. Ziklidoek argiarekiko espektro-sentikortasun hein handia dutenez, gene-zirkuitoen aldaketek aniztasun hori azal lezakete. Hori baieztatzeko, ikertzaileek opsinak deitutako geneak aztertu zituzten, argiarekiko sentikorrak diren geneak, hain zuzen ere. Hala, ikertzaileek ikusi zuten mota horretako gene batzuk kontrolatzen dituzten transkripzio-faktoreak ezberdinak zirela espezieen artean eta, ondorioz, opsinek parte hartzen duten gene-zirkuitoak, ezberdinak. Adibidez, halako gene-zirkuitoen berrantolaketak detektatu zituzten bi gene-multzoetan: ziklidoek ultramorea ikusteko erabiltzen dituzten geneetan edota ikusmena argia ez den egoeretan ziklidoek erabiltzen dituzten geneetan.
Laburbilduz, ziklidoen eboluzio arin eta harrigarrian eragina izan dute gene-zirkuitoetan gertatu diren berrantolaketek. Hau da, ziklidoen aniztasunaren iturri izan daiteke geneen funtzionamendua koordinatzen duten gene-osagaiek zein gene kontrolatzen dituzten aldatzea. Hurrengokoan, akuarioren aurrean arrain hauei begira zaudela, pentsa dezakezu eboluzioaren mekanismoak arrain hauek bezain txundigarriak direla.
Erreferentzia bibliografikoa:Mehta, T.K., Koch, C., Nash, W. et al. (2021). Evolution of regulatory networks associated with traits under selection in cichlids. Genome Biology, 22, 25. DOI: https://doi.org/10.1186/s13059-020-02208-8
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Arrainetan gene-zirkuituak berrantolatzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Giza organismoa watt gutxiko berogailua da
Giza organismoa milioika zelularen multzo bat da, non, etenik gabe, erreakzio kimiko ugari gertatzen dira eta barruan hainbat motatako substantziak eramaten dira alde batetik bestera. Horri esker irauten du bizirik. Gainera, bere denboraren parte bat zenbait jarduera fisiko egiten ematen du. Horrek guztiak nolabaiteko bero-ekoizpena eragiten du, eta hau, azkenean, disipatu egiten da. Disipatutako bero hori energia-galera bat da, eta gastu metaboliko deitzen diogu; izan ere, azken batean, organismoaren metabolismoan du jatorria, hau da, aipatutako jardueretan esku hartzen duten prozesuen multzoan.

Batez beste, atsedenean dagoen gizakiaren kilogramo batek egunean 22 kilokaloria gastatzen ditu (batez besteko balioa, adin desberdineko gizon eta emakume helduak hartuta). Baina kilogramo guztiek ez dute berdin gastatzen. Bihotzak eta giltzurrunek 440 kilokaloria gastatzen dituzte kiloko eta eguneko. Ez dago batere gaizki; organo horietako bakoitzaren masa gorputz-masaren % 0,4 baizik ez bada ere, gastu guztiaren % 8 (bihotzak) eta % 8,5 (giltzurrunek) dagokie. Bihotzari buruz badakigu minutuko laurogei bat taupada egiten dituela, etenik gabe, gau eta egun, eta, ikusi dugun bezala, kostu erlatibo handiarekin. Ez genuen pentsatzen, ordea, giltzurrunek horrenbesteko ahalegina egiten zutenik, baina egiten dute. Kementsu mugiarazten dituzte ura eta beste zenbait substantzia, eta, lan handi horri esker, hondakin-produktuz jositako pixa fabrikatzen dute, baina, bota aurretik, organismoak behar dituen substantziak kentzen dizkiote, gal ez daitezen.
Aurreko horien mailara iritsi gabe, gibela eta entzefaloa ere benetako txapeldun metabolikoak dira. Horietako bakoitzaren masa ez da organismo osoaren masaren % 2 baino gehiago; hala ere, gibelak 200 kilokaloriako gastua du, kiloko eta eguneko, eta entzefaloak, 240 kilokaloriakoa. Beren jardueraren ondorioz ekoizten den beroa organismoaren bero-ekoizpen osoaren % 17 eta % 20 da, hurrenez hurren. Hori ere ez dago gaizki.
Muskulatura ez da hain aktiboa, inondik ere, (gogoratu aipatu dugun organismoa atsedenean dagoela): masa osoaren % 36 izanda, energiaren % 21 baino ez du gastatzen. Eta gainerako organoen maila metabolikoa oso antzekoa da (gantz-ehuna salbuetsita): masaren % 19 hartzen dute, eta energia-gastuaren % 34 dagokie. Giharren eta beste ehun batzuen tasa metabolikoa, hurrenez hurren, 13 eta 12 kilokaloria da kiloko eta eguneko. Azkenik, gorputzeko gantza geratzen zaigu. Kilo bat ehun adiposok egunean 4,5 kilokaloria baizik ez du gastatzen; horregatik, gantza gorputz-masaren laurden bat bada ere, % 5,5 baino ez du gastatzen. Hau da, organismoak gantza metatzen duenean, gizendu ez ezik, ia energiarik gastatzen ez duen ehuna sortzen du.
Gutxi-asko, organo guztiek jartzen dute beren aletxoa atsedenean dagoen organismoaren guztizko gastu energetikoan: 1.600 kilokaloria inguru eguneko. Kopuru hori aktibitate gutxiko edo batere aktibo ez diren pertsonen eguneko guztizko gastuaren % 75 da, gutxi gorabehera. Elikagaien digestioan eta xurgapenean gastatzen diren 160 kilokaloriak gehitu beharko litzaizkioke horri. Eta pertsonak jarduera fisiko handia egiten badu, eguneroko energia-gastua % 50 handiagoa izatera irits daiteke. Ideia bat egiteko, atsedenean eta jan gabe, egunero 75 watteko berogailu txiki batek sortzen duen beroarekin parekatu daitekeen energia kantitatea gastatuko genuke, baina, egunero jarduera fisiko nahiko bizia egingo bagenu, berogailua ia 150 wattekoa izatera iritsiko litzateke.
Erreferentzia bibliografikoa:Wang, ZiMian; Ying, Zhiliang; Bosy-Westphal, Anja; Zhang, Junyi; Schautz, Britta; Later, Wiebke; Heymsfield, Steven B.; Müller, Manfred J. (2010). Specific metabolic rates of major organs and tissues across adulthood: evaluation by mechanistic model of resting energy expenditure. The American Journal of Clinical Nutrition, 92 (6), 1369–1377. DOI: https://doi.org/10.3945/ajcn.2010.29885
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Giza organismoa watt gutxiko berogailua da appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #338

Ziur asko ostegunean jarraitu zenutela zuzenean NASAren Perseverance ibilgailuaren misioa. Operazio korapilatsua izan zen baina Marten lur hartu du dagoeneko. Planeta Gorria hobeto ezagutzeko asmoz abian jarritako misioa da eta iraganeko bizitza arrastoak bilatzea dute helburu. Berriak kontatu digu albistea.
OsasunaAstraZeneca txertoaren eraginkortasuna neurtzeko asmoz, entsegu klinikoak egiten hasi dira 6 eta 17 urte arteko umeekin, Oxford unibertsitateak jakinarazi duenez. Guztira, 300 umek parte hartuko dute: horietatik 240k AstraZenecaren txertoa jasoko dute, eta besteek meningitisaren aurkakoa. Berriak du informazioa.
SARS-CoV-2 birusaren gero eta aldaera gehiago sortzen ari direla entzuten ari gara. Testu honen bitartez, Gorka Orive zientzialariak azaldu digu zeintzuk diren orain arte identifikatu dituztenak. Berrian duzue irakurgai.
II motako diabetesa tratatzeko erabili den botika bat pisua galtzeko eraginkorra dela eta ez duela eragiten albo ondorio garrantzitsurik ikusi dute. Elhuyar aldizkariak kontatu digunez, ez dago une honetan bi baldintza horiek betetzen dituen beste tratamendurik.
FarmakologiamRNAn oinarritutako inmunoterapia probatu dute minbizia tratatzeko. Elhuyar aldizkariak azaltzen du saguetan probatu dutela; horien tumoreak txikitu dira eta ez dute metastasirik ikusi biriketan. Informazio osagarria irakurri nahi baduzue, jo ezazue artikulu honetara.
Emakumeak zientzianFrances Northcutt Poppy matematikariak Apolo 13 misioa salbatu zuen. Espazio-ontziaren oxigeno deposituak lehertu ziren, astronautak 320.000 kilometrotara zeudela. Egoera larria zen. Baina Poppyk eta taldekideek programatutako softwareak kalkulatu zituen Apolo 13 espazio-ontzia Lurrera itzultzeko beharrezko eragiketak. Bere lana ezagutu nahi? Ez galdu!
KimikaDuela bi aste irakurtzeko aukera izan genuen elementuen balentziaren (beste atomo batzuekin konbinatzeko duen gaitasunaren neurketa) eta lotura kimikoaren inguruko azalpenak. Asteon, artikulu horren jarraipena dugu. Ez galdu errepaso historikoa!
PsikologiaSehaska-kantak izan ditu mintzagai Irati Diez Virtok. Bertan, haurrak lokartzeko erabiltzen diren kantak ezbaian jarri ditu: eraginkorrak al dira? Badirudi Harvardeko Unibertsitateak baduela erantzuna. Emaitzen arabera, bi ideia interesgarri: haurren bihotz-maiztasunak behera egiten zuen sehaska-kantak entzuten zituzten bitartean. Eta atzerriko sehaska-kanta ezezagunekin haurrak erlaxatzen zirela ohartu ziren.
IngurumenaIkerketa batean adierazi dute politika klimatikoek ez dituztela teknologia-mailako esku-hartzeak bakarrik planifikatu behar soilik, osasun-mailakoak ere sartu behar direla. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak hemen.
KlimatologiaDuela 42.000 urte inguruko Lurraren eremu magnetikoaren azken alderantzikatzeak ingurumenean ondorio nabarmenak izan zituela ikusi du ikerketa talde batek, Zeelanda berriko aintzira batean aurkitutako zuhaitz-enbor bat aztertuz. Elhuyar aldizkariak eman digu xehetasunen berri.
NeurozientziaZabalduta dagoen ideia da osasungarria dela zortzi ordu lo egitea. Baina gehienok ordu gutxiago ematen ditugu lotan. Eta osasuntsu egoteko badirudi ez dela beharrezkoa hasierako hori betetzea. Izan ere, eta testuan azaltzen diguten moduan, azterketa baten arabera, bizirik irauteari dagokionez emaitza onenak ematen zituen lotarako denbora egunean 7 h-koa zen.
IngeniaritzaMunduko urtegien zahartzearekin kezkatuta daude adituak. Arazoak ager daitezkeela ohartarazi dute Nazio Batuen Unibertsitateko ikertzaileek txosten batean. Urtegien zahartzeari buruzko azterketa egiteaz gain, pixkanaka gorantz doan uraren arazoaren inguruan nazioarteko ahaleginak sustatu nahi dituzte.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #338 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #341
Erradiazio ultramorearekin kontsumorako ura tratatu badaiteke, baina erradiazio mota hau ez badago beti erabilgarri, zergatik ez bihurtu erradiazio ikusgarria ultramore? Prozesu innobatzaile eta burutsua. Daniel González-Muñozen Converting photons from visible to UV to treat water
Stonhenge ez omen da beti egon gaur dagoen tokian. Galesen egon omen zen lehen. Zelan lekualdatu zuten duela 5 000 urte? Stonehenge first stood in Wales: how archaeologists proved parts of the 5,000 year-old stone circle were imported Mark Parker Pearsonen eskutik.
Espintronika material topologikoen aitzinekoa denez, espero litekeen espintronikan erabilera izan dezaketen hainbat material topologikoak izatea. Espintronikan ezaguna den kobalto sulfuroa material magnetikoa izateaz gain, material topologikoa ere bada. DIPCk Pyrite CoS2 is shown to be a magnetic Weyl semimetal
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #341 appeared first on Zientzia Kaiera.
Frances Northcutt (1943): Houston, nik salbatu nuen Apolo 13 misioa
1970ko apirilaren 13an, Apolo 13 espazio-ontziak lurra utzi eta bi egunetara, Jack Swigert astronauta NASArekin harremanetan jarri zen. “Ok, Houston, we’ve had a problem here” (“Houston, arazo bat izan dugu”). Erlojuak gaueko bederatziak eta zortzi minutu markatzen zituen. Oxigeno deposituak lehertu ziren, astronautak 320.000 kilometrotara zeudela. Egoera larria zen. Baina denok ezagutzen dugu istorio hau. Jakina denez, misioak porrot egin zuen. Halere, ez zen espero zitekeena bezain tragikoa izan.
Tripulazioko kideen bizitza salbatu zuen ingeniarien artean zegoen Fances Northcutt, Poppy ezizenaz ezaguna. TRW Systems konpainia aeroespazialean lan egiten zuen Poppyk. NASAk enpresa hori kontratatu zuen, tripulazioaren misioetan kalkuluak egingo zituzten programak garatzeko. Izan ere, kalkulu horiek beharrezkoak ziren astronautak Lurrera itzul zitezen. NASAko hegaldien kontrolatzaileek ez zituzten ezagutzen programa horien nondik norakoak, eta Poppyren laguntza ezinbestekoa izan zen.

Northcuttek halaxe azaldu zuen afera: “Aplikazio berria zuten, baina oraindik ez zekiten nola erabili”. Hala, Poppyk eta taldekideek programatutako softwareak kalkulatu zituen Apolo 13 espazio-ontzia Lurrera itzultzeko beharrezko eragiketak. Lan horregatik jaso zuten Estatu Batuetako saririk esanguratsuenetariko bat: Askatasunaren Domina Presidentziala (ingelesez Presidential Medal of Freedom).
BBCk egindako elkarrizketa batean, Poppyk bere lana zertan zetzan azaldu zuen. Adibidez, berak kalkulatu zuen zein angelutan piztu behar ziren propultsatzaileak, eta zenbat denboraz; horrela lortu zuen espazio-ontziak ibilbide egokia jarrai zezan. Izan ere, espazio-ontziak eta tripulazioak kalterik jasan ez zezaten, beharrezkoa zen Lurreko atmosferara sartzeko korridore estu batetik igarotzea (birsarrera-leihoa). Oso kalkulu zehatza da hori; espazio-ontzia korridore horretatik kanpo geratu izanez gero, erre egin zitekeen.
“Neska ilehoria, kontrolean”Hala ere, hori ez zen izan Poppyren lehendabiziko misioa. Hasiera-hasieratik izan zen Apolo Programaren parte; bera izan zen, 1968.urtean, NASAren kontrol zentrora iritsi zen lehenengo emakumea. Matematika ikasi zuen Texaseko Unibertsitatean, eta TRW Systems aeronautika konpainian hasi zen lanean. Misioetan lanean hasi aurretik, “giza ordenagailua” izan zen, beste hainbeste emakumeren antzera. Haiek egiten zituzten gizonek agindutako kalkulu matematikoak (Hidden figures pelikulak erakusten du nola egotzi zitzaien lan hau emakumeei, eta nola egon ziren itzaletan). Lanean jardun zuen hamabost hilabetez, eta orduan lortu zuen soldatapeko ingeniari kargua.
Apolo 8 misioan hasi zen lanean. Misio hori azkar burutu behar izan zuten, Ilargira iristen lehenengo herrialdea izan ahal izateko, Errusiaren kontrako lehian. Era berean, Apolo 11 misio arrakastatsuan ere parte hartu zuen: hamahiru minutu latz pasa zituzten porrotaren esperoan, eta azkenean “arranoak lur hartu zuen”. Poppyk kalkulatu zituen espazio-ontziaren bueltarako ibilbideak; eta, gainera, Apolo ilargiratzeko motorra diseinatu eta eraiki zuen. Zortzi egun beranduago, tripulazioa Lurrera bueltan ekarri zuen. Apolo Programan egindako lan aitzindariaren omenez, bere izena jarri zioten ilargiko krater bati.
Ez ziren asko urte haietan NASAn lan egin zuten emakumeak; berak lortu zuen bertan jardutea, gizonez inguratuta. Dena den, elkarrizketa batean esan zuen “askoz zailagoa” zela komunikabideekin jardutea, beste ingeniariekin baino. Komunikabideak sexistak ziren, eta emakumeak kanpoan uzten zituzten. Poppy ez zen salbuespena izan. Apolo 13 salbatzeaz gain, Apolo 11n lan egin zuen. Bada, egunkarientzat “NASAko arrosa texastarra” baino ez zen izan, “neska ilehoria, kontrolean”. ABC irrati-etxeak ere antzekoa egin zuen; 1968an, haren lanaren inguruan hitz egin zezan gonbidatu eta bere itxuraz bakarrik galdetu zioten.

Emakumeen eskubideen aldeko borroka
Apolo Programan parte hartzen zegoela, konturatu zen bazegoela soldata-arrakala, gizonezko lankideei aparteko orduak ordaintzen baitzizkieten, berari ez bezala. Northcutt emakumeen eskubideen mugimenduari buruzko artikuluak irakurtzen hasi zen, eta erabaki zuen gauetan Zuzenbidea ikastea Houstongo Unibertsitatean, legeak ezagutu nahi baitzituen emakumeak lagundu ahal izateko. 1981ean lizentziatu zen.
Behin baino gehiagotan kontatu du garai hartan ez zegoela apenas emakume suhiltzailerik, eta oso emakume gutxik egiten zutela lan udaletan. Errealitate horretaz jabeturik, saiatu zen emakumeen presentzia arlo askotan areagotzen. Era berean, lortu zuen emakumeek bortxaketa kasuak salatzen zituztenean Poliziaren aldetik jasotzen zuten trataera hobetzea. Ez hori bakarrik, lege bat garatzen lagundu zuen, ospitaleek emakumeak salatu zitzaten debekatzeko, “bortxaketa-probak” egitera zihoazenean. Emakumeen Erakunde Nazionalaren Zuzendaritza Batzordeko kidea izan zen Poppy, eta manifestazioak eta grebak koordinatzen lagundu zuen, Emakumeen askapen mugimenduaren baitan.
Guztiok ezagutzen ditugu Neil Armstrong astronautaren hitzak Ilargia zapaltzean: “Urrats txikia da gizon batentzat, baina jauzi handia gizateriarentzat”. Poppyk ere pauso ugari eman zituen. Hasieran bakarrik, NASAko kontrol gelatik, emakumeen eskubideen alde; geroago, borroka-kideek lagunduta. Espazio-ontziek Lurrera itzultzeko egin behar zuten ibilbidea kalkulatu zuen, baina ez hori bakarrik: bidea ireki zien beste emakumeei, eta bidenabar aukera eman aurrerago ingeniaritza eta espazioaren munduan murgiltzeko.
Iturriak:- Martins, Alejandra (2019). Llegada del Apolo 11 a la Luna: Frances Northcutt, la mujer que a los 25 años fue la primera ingeniera en el centro de control de las misiones Apolo, BBC News, 2019ko uztailaren 18a.
- Pais, Ana (2019). Llegada del Apolo 11 a la Luna: los 13 minutos en los que toda la misión estuvo a punto de fracasar, BBC News, 2019ko uztailaren 20a.
- Wikipedia, Frances Northcutt.
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Frances Northcutt (1943): Houston, nik salbatu nuen Apolo 13 misioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Balentziaz eta lotura kimikoaz (eta II)
Kimikari batzuen ustez, balentziaren teoria, eta hartan oinarritutako egiturarena, ez ziren teoria dotoreak. Itxura ematen zuen atomoen arteko balentzia bidezko konexioak aipatzean atomoen artean “krokadura” moduko helduleku batzuk zeudela, edo bestela, “kola” moduko bat, eta ezkutuan gelditzen zela benetako ideia, alegia, elkarrekin eusten dituena indar natural isotropiko bat dela, grabitatearen handitasuna eta indar elektrikoaren eraginkortasuna daukana.
Frankland kimikariak konexio horiei “loturak” deitzera iritsi zen, baina ez zuen haien deskribapena asko garatu. Bestalde, grabitazioa, itxuraz, baztertu egin behar zen balentziaren eragile gisa, konposatu kimikoen konplexutasun eta egonkortasuna kontuan hartuta; erakarpen elektrikoa ere baztertu egin zen, elementu beraren atomoak elkarrekin lotu zitezkeenetik. Hortaz, bazirudien balentziaren ideia ontzat emateak berekin zekarrela uko egitea afinitate kimikoa ulertzeari indar makroskopiko ezagun batek sortua bezala. Kimikotasun bereziko kontzeptu baten aurrean zeuden, XIX. mendearen amaierako fisikak deskribatu gabe zeukana.

Guztiagatik ere, balentziaren teoria sendo ari zen bidea egiten, garapen teoriko eta esperimental berrien eskutik. Kekulé kimikariaren bentzenoaren ereduaren anomalia ez azalduek ondorioak ekarri zituen. Besteak beste, Lothar Meyer, Henry Edward Armstrong eta F.K. Johannes Thiele kimikariak balentzia-lotura partzial edo lotura zentripetoei buruz hitz egiten hasi ziren. 1874an, J.H. van’t Hoff eta Joseph le Bel balentzia-loturak hiru dimentsiotan aztertzen hasi ziren. Mendearen azken hamarkadan, Alfred Werner-ek balentzia-teoria aldatu bat erabiltzen zuen ―zeinari gehitzen baitzion Svante Arrhenius fisikariaren teoria ioniko berria― zuzen irudikatzen lortzeko koordinazio-konposatuak deituriko zenbait substantzia ez-organikoren molekula osaera.
1897an J.J. Thomson fisikariak elektroiaren existentzia frogatu zuenean, fisikari eta kimikari batzuk berehala ohartu ziren partikula horrek balentzia ulertzeko era berri bat eskain zezakeela. 1904an, Thomsonek berak atomo-teoria bat garatu zuen, eta horren arabera elektroiak atomoaren kanpo-geruzetan higitu ahal ziren. Urte horrexetan, Richard Abegg kimikariak arau askoz esplizituago bat formulatu zuen: “zortziaren araua”. Bat zetorren atomoen balentzietan ikusitako erregulartasun periodikoekin.
Lehen Mundu Gerra bitartean, eta gerraren ondo-ondoren, Walther Kossel fisikaria eta Gilbert N. Lewis kimikaria lotura kimikoaren teoria elektronikoak garatzen hasi ziren, nor bere aldetik; geroxeago Irving Langmuir fisikariak arrakastaz zabaldu zuen kontzeptu hori. Atomo neutroek kopuru berean zituzten elektroiak nukleotik kanpo eta protoiak nukleoaren barruan. Teoria berriaren arabera, taula periodikoaren bigarren eta hirugarren periodoetan –zortzina elementu baitaukate– periodo bakoitzeko atomo-zenbaki handiena duenak elektroi-“zortzikote” bat dauka, egonkorra dena eta loturetan parte hartzen ez duena (gas nobleak). Zortzikote osoak dituzten geruzak baino harago zortzi elektroi baino gutxiagoko geruzak egon daitezke, “balentzia-elektroiak”, alboko atomoekin parteka daitezkeenak lotura kimikoak osatzeko. Horrela, 13 atomo-zenbakia duen aluminio elementua, adibidez, lehen gas noblea den helioa baino hamaika toki harago dago, edo lehen zortzikote osoa (neoiarena) baino hiru toki harago; beraz, aluminioaren balentzia 3 da, hiru elektroi aske dauzkalako partekatzeko kanpoko geruzan.
Langmuirrek bereizi egiten zituen, gainera, lotura “ionikoa” ―non “tokialdatzea” gertatzen baitzen atomo elektropositibo batetik atomo elektronegatibo batera― eta berak “lotura kobalentea” deitzen zuena ―non bi elektroi, lotura osatzen zuten atomo bakoitzeko bat, partekatzen ziren berdintasunez, gutxi gorabehera―. Lehen kasuan, erakarpen elektrostatikoak eusten zien atomoei loturik; bigarren kasuan, “elektrizitateak” hartzen zuen parte, mekanika kuantikoa garatu arte fenomenoa ongi ulertu ez bazen ere.
Bien bitartean, Niels Bohr fisikariak eta bere kolaboratzaileek garatua zuten atomoen egitura elektronikoaren teoria, taula periodikoaren ereduak erabilita. Teoria horrek espektro atomikoak azaltzen zituen, printzipio ez-jarraikiak (kuantikoak) erabilita. Louis de Broglie eta Erwin Schrödinger fisikariek, bakoitzak bere aldetik, egin zuten lanak azalpen teorikoak ematen hasi zen lotura kimikoen hiru dimentsioko izatasun direkzionalaz.
XX. mendeko 20ko hamarraldiaren amaieran eta 30ekoaren hasieran, Walter Heitler, Fritz London eta John Slater fisikariek, Linus Pauling kimikariak eta beste batzuek “balentzia-loturaren teoria” sortu zuten, Erwin Schrödinger eta Werner Heisenberg-ek aldi berean garatutako mekanika kuantiko berriaren aplikazio gisa. Horrek zekarren ondorio bat zen uhin-funtzioak eraiki behar zirela lotura kobalente baten elektroi-pareak Lewisen erara irudikatzeko. Ia aldi berean, Robert Mulliken kimikariak lotura kimikoa ulertzeko teknika mekanokuantiko alternatibo bat garatu zuen, berak “orbital molekularrak” deiturikoetan oinarritua.
Erich Hückel fisikariak bi metodoak aplikatu zizkion ―balentzia-lotura eta orbital molekularra― konposatu aromatikoen arazoari, eta ondorioztatu zuen Mullikenen metodoa hobea zela. Orbital molekularraren metodoak modelo garbiagoa eta asegarriagoa eskaintzen zuela zirudien, eta, ondorioz, Bigarren Mundu Gerraren ondoren bazter utzi zuen balentzia-loturaren eredua, Pauling aurka azaldu bazen ere.
Bai balentzia-loturak bai orbital molekularrak “erresonantziaren” kontzepturantz bideratu dituzte zientzialariak: bentzeno-eraztunaren karbono-atomoen arteko loturak ezin ziren hartu ez lotura bakuntzat ez bikoiztzat, baizik eta halako “hibrido erresonante”tzat, bi egoeren arteko erdibidean. Erresonantziak lortu egin du azaltzea konposatu aromatikoen lotura bikoitzek duten pasibotasun bitxia adizio-erreakzioaren aurrean, eta hedatu egin du “aromatikotasun” kontzeptua konposatu ez-bentzenikoetara.
Guztiagatik ere, kimikariek oraindik modelo teoriko asko sortu beharra dute molekuletan ikusi den jokaera kimikoa azaltzeko.
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena:Leire Martinez de Marigorta
Hizkuntza-begiralea:Xabier Bilbao
The post Balentziaz eta lotura kimikoaz (eta II) appeared first on Zientzia Kaiera.
Sehaska-kanten gaitasun unibertsala
Egun guztia jolasean, alde batetik bestera gelditu gabe korrikan; eskolatik parkera, parketik plazara, plazatik etxera… gaua iristen den arte. Halako batean, ohera joateko ordua iritsi eta: “Ama, ez naiz logura”. Inbidiagarria da umeek daukaten eta gutako askok noizbait izan genuen energia agorrezin hura, nekaezina izatea haur izatearen ezaugarri intrintsekoa balitz bezala. Hain da hori egia, ezen abestiak sortu baitira espresuki haurrak lokartzeko: sehaska-kanta deritzogun horiek.
Beste izen batzuk jaso badituzte ere, lotarako abesti horiek munduan zeharreko kultura oso ezberdin eta urrunekoetan aurki ditzakegu. Honakoa galdetzera garamatza horrek: benetan eraginkorra al da haurrei sehaska-kantak abestea lokartu daitezen? Eta hori egia balitz, pertsona maite baten ahotsa al da haurra lasaitzen duena ala sehaska-kantaren doinua da efektu honen eragilea? Harvardeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek eman die erantzuna galdera bitxi bezain interesgarri horiei.

Sehaska-kanten eraginkortasunari buruz, edozeinek esango luke mundu osoan zehar duten aniztasuna kontuan izanda, lokartzeko funtzioa hobeto edo okerrago beteko dutela. Eta, izatez, badute beren funtzioa. Beste animaliekin konparatuz, gizaki kumeak babesgabe eta ezgaiak dira lehen urteetan, eta beren guraso edo zaintzaileen baitan dago haien biziraupena. Honela, haur horiei zuzenduriko abestiak guraso-arretaren seinale modura uler daitezke, aditzera ematen dutelako heldu bat beraiek zaindu eta babesteaz arduratzen dela. Orain arte eginiko zenbait ikerketatan ondorioztatu ahal izan da sehaska-kantek badutela haurrak erlaxatzeko nolabaiteko gaitasuna, baina gaitasun hori umeek abestia aurretik ezagutzeari egotzi lekioke abestiaren beraren propietate akustikoei beharrean.
Hasieran aipaturiko galdera horiei erantzuna emateko intentzioarekin, beraz, Boston, Massachusetts eremuko 144 haurrekin egin zen ikerketa hau. Haurrentzako estimulua Abestien Historia Naturalaren Diskografiatik lortu zen. Diskografia hori sehaska-kanta, dantza-kanta, maitasun-kanta eta kanta sendagarriez osaturiko bilduma bat da, munduan zeharreko 86 kulturatako abestiak erabiliz sortua. Hortik, 16 abesti aukeratu zituzten, 15 gizarte eta hizkuntza ezberdinetakoak. Abesti horietatik 8 sehaska-kanta modura erabiltzen zituzten jatorrizko gizarteek, bildu zituen antropologoaren arabera. Beste 8 abestietatik, 5 maitasun abestiak ziren, 2 gaixotasunak sendatzeko intentzioarekin idatziak eta bat dantzarako abestia. (Ikerketan erabili zituzten abestiak entzun nahi izanez gero, jo Infants relax in response to unfamiliar foreign lullabies gunera.) Estimuluan zehar, haur bakoitzari hainbat neurketa egin zitzaion asaldura maila neurtzeko, hala nola, bihotz-maiztasuna, aktibitate elektrodermala (larruazalaren konduktibitatea neurtzean datza, asaldura fisiologiko eta psikologikoa detektatzeko), begi-niniaren dilatazio maila, kliskatze-maiztasuna eta begiradaren norabidea.
Erantzunak bildu eta gero, patroi interesgarri bat antzeman zuten ikertzaileek: sehaska-kantak ez ziren abestiekin konparatuz, haurren bihotz-maiztasunak behera egiten zuen sehaska-kantak entzuten zituzten bitartean. Honela, atzerriko sehaska-kanta ezezagunekin haurrak erlaxatzen zirela ondorioztatu zuten. Efektu hori, gainera, begi-niniaren dilatazioaren murrizpenarekin eta aktibitate elektrodermalaren ahultzearekin batera gertatzen zela ohartu ziren; izan ere, hipotesia indartzen lagundu zuten seinaleak dira horiek. Eragin horiek, bestalde, ez ziren haurretara bakarrik mugatzen; biek, bai haurrek bai gurasoek, erakutsi zituzten aipaturiko jokabide horiek guztiak, delako abestiari buruz aurretiko inolako ezagutzarik izan gabe. Ez zuten informaziorik abestiaren jatorriaz ez funtzioaz, kanta guztiak ahots hutsez grabatu baitziren, inongo instrumenturen akonpainamendurik gabe; eta abesti ezezagunak ziren, jatorriz musika-estilo arrotzei erantzuten zietenak eta ulertzen ez zituzten hizkuntzetan abestuak. Haur (nahiz gurasoen) abestien gaineko ezagutza falta hori izan zen, egiaz, sehaska-kanten doinuaren lasaitze-efektua behin betiko egiaztatzen lagundu zuena abeslariaren edo beste edozein eragileren gainetik.
Beraz, ikusi ahal izan den moduan, haurrak lokartzeko unean abesteak duen eraginkortasunari buruzko zalantzak argitu ditu Harvardeko ikertzaile talde honek, eta agerian utzi du musikak gizakian eta giza-ongizatean duen eragin positiboa, bai haurrengan bai guraso edo zaintzaileengan. Aipatu behar da, alabaina, ikerketa honetan parte hartu zuten haur eta gurasoak Mendebaldeko gizarte ongi hezi, industrializatu, aberats eta demokratiko batekoak zirela denak, eta beraz, erantzun fidagarriago eta errealistagoak lortzeko, subjektu-aniztasuna handitzeko beharra utzi zuten agerian. Edonola ere, argi geratu da musikak gure bizitzetan duen eragina sekulakoa dela eta zeregin oso garrantzitsua betetzen duela bai hemen bai mundu osoko kultura gehienetan, eta hala izan dela giza historian zehar.
Erreferentzia bibliografikoa:Bainbridge, C. M., Bertolo, M., Youngers, J., Atwood, S., Yurdum, L., Simson, J., Lopez, K., Xing, F., Martin, A., & Mehr, S. A. (2020). Infants relax in response to unfamiliar foreign lullabies. Nature Human Behaviour. DOI: https://doi.org/10.1038/s41562-020-00963-z
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Sehaska-kanten gaitasun unibertsala appeared first on Zientzia Kaiera.
8 ordu lanerako, 8 atsedenerako eta 8 nahi dugunerako
Lerro hauei izenburua eman dien esaera XIX. mendearen bukaerako langileen aldarrikapen baten ingelesetiko itzulpen oso libre bat da. Zortzi ordu egunean, horixe da lotan eman behar dugun denbora, preskripzio zabalduaren arabera. Baina Mendebaldeko gizarteetan gehienek diote lo gutxiago egiten dutela, gauero 7 eta 7,5 ordu (aurrerantzean h) bitartean, eta heren batek dio oraindik gutxiago egiten duela.
Egia esan, jendea gailu elektronikoekin monitorizatzen denean, Mendebaldeko helduen eguneroko lo-denbora 6,5 h ingurukoa da hilabete epeletan, eta 7,5 h, berriz, hilabete hotz eta ilunagoetan. Beraz, europarrek eta iparramerikarrek gaueko 7 h ematen ditugu lo. Batzuen ustez, denbora errealaren eta langileen esloganak aldarrikatzen duenaren arteko aldearen eragilea da argiaren eta soinuaren estimuluekiko gehiegizko esposizioagatik lo-ordu bat galtzen dugula. Errua argi artifizialaren, pantailen eta gainerako gailu elektronikoen erabilera masiboak izango luke. Kaleko estimuluak ez aipatzearren.

Baina ehizatik eta bilketatik bizi diren gizataldeek, gailu horiek erabiltzen ez dituztenek, guk baino ordu gutxiago ematen dituzte lo: egunean 5,7 eta 6,5 h bitartean ematen dituzte lo hilabete epeletan, freskoenetan, berriz, 6,6 eta 7,1 h artean; gutxitan egiten dute siesta. Amishek ez dute inolako tresna elektrikorik eta 6,5 eta 7 h ordu bitartean egiten dute lo, munduko hainbat herritako nekazariek bezala. Era berean, ez dago ebidentziarik azken hamarkadetan Mendebaldeko gizarteetan lo-denbora murriztu denik, nahiz eta espero izatekoa litzatekeen, baldin eta inguruan dauzkagun gailu elektronikoen eraginez ordu gutxiago ematen baditugu lotan.
Gainera, ez dirudi ordu horiek guztiak lotan ematea beharrezkoa denik osasuntsu egoteko. Milioi bat iparramerikarrekin egindako azterketa baten arabera (2002an argitaratua), egunean 8 h lotan ematen zituztenen hilkortasun tasa 6,5 eta 7 h artean ematen zituztenena baino % 12 handiagoa zen. Halaber, 8,5 h baino gehiago edo 4 h baino gutxiago ematen zituztenen hilkortasun tasak % 15 handiagoak ziren. Geroago, datu hobeak eta metodo hobeak erabiliz, egindako azterketen ondorioak antzekoak izan ziren: bizirik irauteari dagokionez emaitza onenak ematen zituen lotarako denbora egunean 7 h-koa zen.
Loaren ereduekin denborarekin bezala gertatzen da: ez dago arau unibertsalik. Batzuk oso berandu joaten dira ohera; beste batzuk, berriz, goiz erretiratzen gara. Gazteenek berandu oheratzeko joera dute, helduek goiz jaikitzekoa eta, oro har, loaren banakako ereduetan aniztasun handia dago. Agian, gainera, gaueko harrapariek mehatxatutako herrietan aniztasun hori baliagarria izango zen, izan ere, horrela gau osoan etengabeko zaintza izan zezaketen. Halaber, batzuk gauaren erdian esnatzen dira eta bestelako gauzak egiten ordubete eman dezakete ohera itzuli eta lotan jarraitu arte. Dirudienez, iraganean, ez zen batere harrigarria tarte luze batez esna egotea eta, tarte horretan, hitz egitea, lanean aritzea, sexu harremanak izatea edo otoitz egitea.
Azken batean, ez dirudi nahitaez bete beharreko lo-denborarik edo jarraibiderik dagoenik, baina egia da muturreko jokabideek osasun baldintza txarrak eragin ohi dituztela eta oso lo gutxi egiteak istripuak eragiten dituela, arreta faltagatik, baita gaixotasun asko ere.
Erreferentzia bibliografikoa:Daniel Lieberman (2020): Exercised. The Science of Physical Activity, Rest and Health. London, Erresuma Batua: Penguin argitaletxea.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post 8 ordu lanerako, 8 atsedenerako eta 8 nahi dugunerako appeared first on Zientzia Kaiera.
Presa zaharrei buruz hitz egiteko unea iritsi da
Munduan diren urtegien zahartzeaz ohartarazi dute adituek. Azpiegitura horien kudeaketa egokia egin ezean, arazoak ager daitezke, eta horiek larriagoak bihur litezke klima aldaketarekin.
Oroituko zarete eskolan irakasten zutenaz: ur gezaren altzoan garatu da zibilizazioa. Edateko ura ez ezik, nekazaritza eta abeltzaintza aurrera ateratzeko ezinbestekoa da ur geza eskura izatea. Ubideen, akueduktuen eta antzeko eraikuntzen bitartez ibaietatik eta aintziretatik zertxobait aldentzeko moduan egon da gizateria, baina, halere, urre urdinari lotuta jarraitzen dugu. Espazioan etorkizuneko aterpeak bilatzerakoan ere, ura da jomuga nagusiena.
Ur emariaren kontrola funtsezkoa izan da historian zehar, baina, zalantzarik gabe, fenomenoak XX. mendearen bigarren erdian hartu zuen berebiziko indarra, batez ere energia hidroelektrikoaren garapenarekin. Uraren energia potentziala aprobetxatuz, argindarra lortzeko bidea ematen dute zentral hidroelektrikoek. Horregatik, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan presa asko eraiki ziren, eta barra-barra sortu ziren urtegiak, batez ere Ipar Amerikan, Europan eta Asian. Hamarkada bat geroago, Afrikaren ordua iritsi zen.

Gaur egun, azpiegitura horien eraikuntza dezente moteldu da, batez ere, halako egiturak ezartzeko lekurik aproposenak dagoeneko erabilita daudelako. Izan ere, gutxi gorabehera munduko ibaien ur bolumenaren erdia presen eraginpean daude orain. Halako proiektuen ingurumen inpaktuagatik eta sorrarazten diren populazioen lekualdatzeengatik eragindako ondoeza soziala ere moteltze horren beste arrazoi bat izan daiteke.
Bueltan, azpiegitura horien abantailak ere nabarmentzekoak dira: energia elektrikoa eskuratzeaz gain, uholdeak arautzen dituzte, eta edateko ura ziurtatzen dute. Baina nekazaritzari ekarritako onurak dira agian funtsezkoenak. Adituek diote ureztatze nekazaritzaren heren bat urtegiei esker egin daitekeela, eta kontuan hartu beharra dago nekazaritza mota hori ekoizpen osoaren %40 dela.
Hortaz, zibilizazioa ahalbidetzen duten tresnak dira gaur egun urtegiak, eta, tresna gehienak bezala, gauzak ondo doazenean bikainak dira. Iltzeak sartzeko asmakizun ederra da mailua, baina, iltzea beharrean hatza zapaltzen duenean, ikuspegia guztiz aldatzen da. Berdin gertatzen da urtegiekin: gauzak gaizki ateratzen direnean, ikuspegia berehalakoan ilundu daiteke. Presei lotutako istripu gutxi izan dira, baina, izan direnean, oso larriak suertatu dira. Hegazkinak edo zentral nuklearrak bezala, istripu gutxi izan dezakete, baina, izaten dutenean, izugarrizko triskantza eragiten dute.
Hegazkinen edo zentral nuklearren adibideari jarraiki, adina eta mantentze lan egokia ezinbestekoak dira. Eta horretan datza, hain justu, Nazio Batuetako aditu talde batek egin duen oharpena: presen adinari eta egoerari erreparatzeko unea iritsi dela uste dute. Egin dituzten kalkuluen arabera, 2050. urterako, gizaki gehienak XX. mendean eraikitako urtegi erraldoi baten azpiko lurretan biziko dira, eta, kasu askotan, azpiegitura horien balio bizitza betetzear edo dagoeneko pasata egongo da. Agerikoa denez, horrek arriskuak handituko ditu. Errezeta horretan larrialdi klimatikoa sartuz gero, gauzak are gehiago konplika daitezke.
Azpiegitura hidraulikoen zahartzea: gorantz doan arriskua izeneko txostena idatzi dute Nazio Batuen Unibertsitateko ikertzaileek. Zehazki, unibertsitate horri atxikitako Ur, Ingurumen eta Osasun Institutuko (UNU-INWEH) kideek egin dute gaur egungo egoeraren azterketa.
Datu base desberdinetan bildutako informazioaren gaineko azterketa egin dute. Erabilitako irizpideen arabera, 58.700 presa handi daude munduan. 15 metro baino gehiagoko pareta duten presak hartzen dira handitzat, eta baita garaiera horretara iritsi ez baina gutxienez hiru milioi metro kubiko ur metatzeko gaitasuna dutenak ere. Ez da gutxi guztira pilatzen duten ura: 7.000-8.300 kilometro kubiko ur inguru dira, munduko ibai guztien emariaren %16.

Batez bestean, azpiegitura horien balio bizitza 50-100 urtekoa dela kalkulatzen dute adituek. Kontuan izanda munduan diren urtegi gehienak 1930-1970 tartean eraikiak izan zirela, horien zahartzeaz kezka azaldu dute adituek. Dena dela, diseinu, eraikuntza eta mantentze lan egokia izan duten urtegiek 100 urteko balio bizitza izan dezaketela argitu dute txostenean.
“Txostenak mundu mailako arreta ekarri nahi du ura biltzeko azpiegituren zahartzeari buruz; modu berean, pixkanaka gorantz doan uraren arazoaren inguruan nazioarteko ahaleginak sustatu nahi ditu”, adierazi du prentsa ohar batean UNU-INWEH institutuko zuzendari Vladimir Smakhtin-ek. Adituak ohartarazi du uholdeek eta bestelako gertakariek kolokan jar ditzaketela presa baten diseinu mugak, haien zahartzea bizkortuz. Horregatik, eta klima larrialdiaren testuingurua kontuan izanda, urtegi horien bertan behera uzteaz erabakiak hartu beharko direla iritzi diote.
Modu berean, urtegi horiek kendu eta aurreko egoerara bueltatzeko orduan egon daitezkeen zailtasunak azpimarratu dituzte. Txostenean orain arte egon diren halako prozesuen azterketa egin dute. Ameriketako Estatu Batuetan, Frantzian, Indian, Japonian, Kanadan, Zambian eta Zimbabwen izandako kasuak hartu dituzte oinarri. Diotenez, presa txikienak kentzeko lanek urteak edota hamarkadak eman dezakete, eta prozesua are zailagoa da presa handiak kentzeko unea iristen denean. Horri begira ere protokolo multzo bat ezartzeko beharraz hitz egin dute. Azkenik, klima aldaketa kontuan hartu beharreko aldagaia dela erantsi dute. Muturreko eguraldiari lotutako gertakarien ugaltzeak arriskuak handitu ditzakeela uste dute.
Halakoetan, noski, zaila da nazioarteko adostasunak lortzea. Baina, kasu honetan, ez da herrialde askotan barreiatutako arazoa, herrialde zehatz batzuetan bildutakoa baizik. Hala, 25 herrialdetan kokatuta daude presa handien %93. Are gehiago, erdia baino gehiago Asiako lau herrialdetan daude: India, Japonia, Hego Korea eta Txina. Azken herrialde honetan daude gehienak: orotara, 23.841 presa handi ditu Txinak, munduko presen %40, hain justu. Adostasunak lortzeko unean, nahiko argi dago nondik hasi.
Erreferentzia bibliografikoa:Perera, D., Smakhtin, V., Williams, S., North, T., Curry, A., (2021). Ageing Water Storage Infrastructure: An Emerging Global Risk.UNU-INWEH Report Series, Issue 11. United Nations University Institute for Water, Environment and Health, Hamilton, Canada.
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Presa zaharrei buruz hitz egiteko unea iritsi da appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #337
Europako Medikamentuen Agentziak jadanik baimendu du hirugarren txertoa (AstraZeneca). Honen kasuan, espainiar estatuko ministeriok erabaki du 18 eta 55 urte bitarteko pertsonei ematea. Txertoen egoerari errepasoa eman dio Miren Basarasek Berriako testu honen bitartez.
Pandemiak eraman du erdigunera buru osasuna, haren ondorio psikologikoak gero eta nabarmenagoak baitira. Adituek diote beldurra eta depresioak gora egin dutela. Erreportaje gogorra bezain beharrezkoa publikatu dute Berrian. Ez galdu.
Horren harira, Mikel Baza lehen arretako medikuak dio lan egiten duen osasun etxean hartzen dituzten kasuen %20k dute zerikusia osasun mentalarekin. Esan du “agerikoa” dela pandemiak buru osasuneko gaitzen bilakaeran egin duen kaltea. Artikulu honetan, Marga Saenz Gurutzetako ospitaleko psikiatraren hitzak ere bildu dituzte: “Adibidez, zazpi lagun erietxeratu ziren igaro asteburuan, eta gainezka dago psikiatriako akutuentzako solairua”.
Zero COVID estrategiari buruzko artikulua dugu hauxe. Berrian azaldu dute: “Izurria kontrolpean izateko, intzidentzia ahalik eta apalena izatea bilatzen du”. Ugo Mayor UPV/EHUko Ikerbasqueko ikerlariaren ustetan, estrategia egingarria da. Adrian Aginagalde epidemiologoak, aldiz, ez du uste hori Europan egin daitekeenik.
Añarbeko Urek utzi egin diote edateko urari fluorra gehitzeari aho-hortzen babesa hobetzeko. Baina badira ura fluoratzen jarraitu behar dela uste duten profesionalak. Berriak kontatu digu afera.
BiologiaUrtxintxa hegalari arrosaren istorioa kontatu digute artikulu bitxi honetan. Ikerketa abiatu zutenean, ikusi zuten gautarrak ziren 109tik, 108tan fluoreszentzia arrosa zutela. Baina ez ziren datu horrekin gelditu bakarrik. Izan ere, ikusi zuten ornitorrinkoak fluoreszenteak ere zirela. Ez galdu artikuluko argazkiak!
MatematikaMatematikaren arloko Von Kochen kurba azaldu digute honetan. Izenak argitzen digun moduan, Helge von Koch matematikari suediarrak asmatu zuen. Zergatik sortu zuen kurba hori? Zein testuingurutan? Ez galdu “elur-maluta” matematikoaren azalpena.
PaleontologiaRuben Santos geologoa munduko hirietako fosilen bilduma biltzen ari da paleourbana.com atarian. UPV/EHUn Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleko fosilen katalogoa egina dute. Arantza Aranburu geologo eta irakasleak lan egin zuen horretan. Geologiaz ikasteko hirian ere badago aukera.
AstronautikaUztailan jaurti zuten Al Amal zunda Marteren orbitan dago jada, Elhuyar aldizkariak kontatu digunez. Arabiar Emirerri Batuek bidaltzen duten lehen zunda da eta beste batzuekin (hiru zunda estatubatuar, bi europar eta indiar bat) batera ibiliko da planeta gorriaren orbitan.
IngurumenaOzeanoaren soinua aldatzen ari dela diote zientzialariek, itsasoko giza jardueren eraginez. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu zarata antropogenikoak ozeanoaren berezko soinuak aldatu dituela: zarata berriak sortu ditu toki askotan, eta itsasoaren berezko kantua desagerrarazi du.
Genetika3MAG (3 Milioi Genoma Afrikar) proiektuaren berri izan dugu Elhuyar aldizkariaren bitartez. Honen helburua da hiru milioi genoma afrikar sekuentziatzea. Izan ere, erreferentziazko giza genoma egiteko erabili diren genoma guztien % 2 baino ez dira izan afrikarrenak. Egitasmo honen xehetasunak artikulu honetan aurkituko dituzue.
KimikaSelenioa (Se) ezagutzeko aukera eman digute artikulu honetan. Elementu hori funtsezkoa da bizitzarako, baina kontzentrazio handietan oso kaltegarria da (hilgarria ere izan daiteke). Kontzentrazio apaletan beharrezkoa da bizi-funtzioak normalak izateko.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #337 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #340
Lehen printzipioetan oinarritutako arrazoibideak, beraien baitan frogaezinak, oso ohikoak dira matematikan, axiomak. Aristoteles da lehen printzipioetan oinarritutako zientzia filosofiaren inguruko liburua idazten lehena. Dakigula. Jesús Zamora Bonillaren The ‘prehistory’ of philosophy of science (8): In search of the first principles
Zer dela eta, duela 5000 urte gizakiak herrietan bizitzetik Egiptokoa bezalako inperioak sortzera pasa ziren. Agian ingurumen aldaketaren batek zerikusia izan zuen. Benjamin Penningtonen Environmental change may have played a role at the dawn of Egyptian history
Karga dentsitate uhinen existentziarako kritikoak dira banadio seleniuroren geruzen arteko van der Waals indarrak, DIPCn frogatu dutenez. Superkonduktibitatearen jakintzan aurrerapausoa. The critical role of van der Waals interactions in the melting of the charge density wave phase in VSe2
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #340 appeared first on Zientzia Kaiera.