Svetlana Savitskaya (1948), paseoan espazioan barna
Espaziora egindako bidaiak mintzagai direnean, Julio Verneren Lurretik ilargira eleberria gogoratzen dute askok. 1865. urtea zen, abenduaren lehena, egun gogoangarria, jaurtigaiak hamarrak eta berrogeita sei minutu eta berrogei segundotan abiatu behar zuen. “Bagoi itxurako” ibilgailu hartan, espazioa zeharkatu eta Ilargia ezagutzeko ametsa zuten hiru gizon zihoazen. Horietako batek, aldez aurretik, etorkizunean bidaia horiek gauza arrunt bilakatuko zirela iragarri zuen: “Laster tren moduko jaurtigaiak sortuko dituzte, eta horiei esker, Lurretik Ilargirako bidaia erosotasunez egingo da. Ez dugu talken, astinaldien eta errailetatik irteteko beldurrik izango, eta berehala iritsiko gara helmugara, nekerik gabe, lerro zuzenean; eta hogei urte igaro baino lehen Lurraren erdiak Ilargia bisitatuko du”.
Planetaren erdia oraindik ez da Ilargia bisitatzeko gai izan, baina askok espaziora bidaiatu ahal izan dute, baita bertan paseoan ibili ere. Ezaguna da Valentina Tereshkovaren balentria. 1963an jaurtitako Vostok 6-an espaziora bidaiatu zuen lehen astronauta eta lehen zibila izan zen. Ezagunak dira ere kosmonautak esan zituen hitzak, ahoskatu bezain laster ospetsu bihurtu zirenak.
“Hemen Chaika, hemen Chaika.
Zeruertzean marra urdin bat ikusten dut: gure Lurra da. Bai ederra! Dena primeran doa.”

Gertaera historiko honen ondoren, 19 urte beranduago hain zuzen, beste bat agitu zen, aurrekoa bezain ikusgarria izan zena: 1982an, Svetlana Savitskaya pilotu eta kosmonautak espaziora bidaiatu zuen, hori lortu zuen bigarrena izan zen. Emakume errekorduna da zalantzarik gabe; espazioan hiru ordu eta 35 minutuz paseoan ibili zen eta bi bidaia burutu zituen lehen emakumea izan zen –1984an jazo zen bigarrena–. Savitskayak berak esan zuenez, protagonista bakarrak gizonezkoak diren diziplina batean, lehen hegaldiaren ostean “inork ez zuen galderarik, inork ez zuen esaten kosmonautika gizonezkoentzat zela soilik. Jada ez zuten hori esan nahi, ez ziren ausartzen, baina jakina, guztiak ez zeuden ados”.
Hegan egin nahi zuen neskatilaSvetlana Savitskaya Moskun jaio zen, 1948an. Haren aita, Yevgueni Savitski, Sobietar Batasuneko aireko armadaren komandantea izan zen. Txikitatik liluratu egin zen aitaren lanbidearekin, zeruak erakartzen zuen hor
nonbait. Hala, hegazkinak gidatuko zituela erabaki zuen. Halaber, hamasei urte zituela, parakaidismoa praktikatzeari ekin zion, gurasoen baimenik gabe. Izan ere, euren alabak ezkutuan egiten zuena ezagutzeko urtebete behar izan zuten. Savitskaya oso trebea zen eta hori nabaria zen: hiru munduko errekor lortu zituen estratosferatik egindako jauzietan, eta hamabost errekor erreakzio-hegazkinetatik egindakoetan.
Zeru-goian marrazten zuen trebetasunari eta haren kemenari men eginez, 1972an, Moskuko Abiazio Institutuan eman zuen izena. Ikasketak amaitu ostean, begirale gisa lan egin zuen. Horren ondotik, hegazkin-pilotuen eskolan ikastaro bat egin zuen eta SESBeko Aire Industriako Ministerioaren eskutik proba-pilotu titulua jaso zuen. Bertan, hogei hegazkin mota baino gehiago gidatzen ikasi zuen. Geroago, 1980an, berriki sortu zen emakume kosmonauten taldean sartu zen. Bertan, Soyuz motako espazio-hegaldietarako prestakuntza ikastaro bat egin zuen. Haren lehen hegaldi espaziala Soyuz T-6 ontzian izan zen, 1982an; zazpi egun, 21 ordu, 52 minutu eta 24 segundo iraun zuen. Kosmonauta ikertzaile gisa joan zen misio honetara eta estazioan hainbat esperimentu egin zituen.

Bi urteren bueltan, haren bigarren hegaldia egin zuen Igor Volk eta Vladimir Dyanibekovekin batera Soyuz T-12 espazio-ontzian. Estazio-espazial bat sortzea zuten helburu. Kasu honetan, Ontziz kanpoko ibilaldia (Extra Vehicular Activity-EVA, ingelesez) egin zuen aurreneko kosmonauta izan zen: 3 ordu eta 35 minutu iraun zuen paseoak. Haren eginkizuna estazioko energia hornikuntzarako material batzuk moztea eta soldatzea izan zen.
Kosmonautikatik politikaraLurreratzeko garaia iritsi zenean, Savitskayak politika hautatu zuen. 1989tik 1991ra Sobietar Parlamentuan diputatua izan zen. 1993an, kosmonauten taldea utzi zuen. Horren ostean, Estatu-Duman, Errusiako Biltzar Federaleko behe ganberan, eta Defentsa Batzordean sartu zen. Egun, Errusiar Federazioko Alderdi Komunistaren ordezkari gisa dihardu eta Moskuko Abiazio Institutuan ere dabil irakasle lanetan.
Haren ibilbidean zehar lortutako sariei dagokienez, bi aldiz aukeratu zuten Sobietar Batasuneko Heroi gisa, eta, gainera, Leninen Ordena bi aldiz jaso zuen. Horretaz gain, Ohorezko Intsigniaren Ordena esleitu zioten. Era berean, FAIren (Nazioarteko Aeronautika Federazioa) urrezko domina eta 18 diploma irabazi ditu, eta SESBeko 16 kirol-domina jaso ditu. Sari berezi bat erdietsi zuen ere Savitskayak, alegia, espazioan egoteko marka gainditzeagatik.
Iturriak:- El País, Svetlana Savitskaya, la primera mujer que “pasea” por el espacio, trabajó cuatro horas en el exterior de la nave, 1984ko uztailaren 27a.
- Mujeres con ciencia, Svetlana Savítskaya, cosmonauta, 2014ko abuztuaren 8a.
- RTVE, 50 aniversario de la salida de la primera mujer al espacio, 2013ko ekainaren 16a.
- Rusopedia, Mujeres rusas en el espacio: Svetlana Savítskaya.
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Svetlana Savitskaya (1948), paseoan espazioan barna appeared first on Zientzia Kaiera.
Konfinamenduak txorien kantuak aldarazi zituen
San Frantziskon egindako grabazioek 2020ko udaberriko berrogeialdian zehar kurloiek haien kantua aldatu zutelako hipotesia berretsi dute. Inguruan zarata gutxiago izanda, txoriek frekuentzia eta bolumen txikiagoan txiokatu zuten.
COVID-19aren izurritearen ondorioz 2020ko udaberrian herrialde askotan izandako konfinamenduak zeresan ugari eman zituen herritarren artean: bat-batean, bazirudien basapiztiak hirietara hurbiltzen ari zirela, eta baziren ere esaten zutenak txorien kantua hobeto entzuten zela. Une horretan ez zegoen batere garbi hori errealitate baten isla ote zen ala gizakiaren pertzepzioa besterik ez zen.
Dena dela, adituei galdetzen zitzaienean, gehienek antzeko erantzuna ematen zuten: “Pena bat da, bai, konfinamenduak esperimentu asko egiteko abagunea ematen duelako. Baina, tamalez, ezustean harrapatu gaitu”.
Zorionez, zabala da mundua, eta konfinamenduan zehar zientzialari batzuek bai izan dute tenorea esperimentuak edota datu bilketak egiteko, aurretik jasotako datuekin alderatzeko bidea irekiz. Lehen emaitzak argitaratzen hasiak dira. Science aldizkarian argitaratutako artikulu honetan San Frantziskoko badiako (Kalifornia, AEB) kurloiei erreparatu diete. Zehazki, bertan koroa zuriko kurloi gisa ezagutzen dutenari; Zonotrichia leucophrys espezieari, alegia.

Elizabeth Derryberry ekologoak gidatzen duen ikerketa taldeak urteak daramatza eskualde horretan kurloien kantuak grabatzen eta haien portaera aztertzen. Zorionez, txorien kantua ez ezik, horien habitatetan sortzen diren zaratak ere jaso dituzte urte horietan. Horregatik, konfinamendua ezarri bezain laster, munduan zehar zientzialari askok zeukaten desio horri erantzun bat emateko moduan egon dira. Konfinamenduan zehar Derryberry Tennesseen (AEB) zegoen, eta ez zuen modurik ohiko landa laneko eremuetan soinu berriak jasotzeko. Baina, Jennifer Phillips ikaslea gertu zegoen, eta hari aitortu behar zaio pandemia baten erdian grabagailua eta mikrofono parabolikoa gora eta behera ibili izanaren meritua. Horrela, 2015eko eta 2016ko apirila eta ekaina bitartean grabatutako soinuak 2020ko hilabete berdinetan eta toki berdinetan grabatutakoekin alderatzeko aukera izan dute.
Lehenik eta behin, bertako zaratan izandako beherakada nabarmena berretsi dute. Munduko hiri eremu ia gehienetan bezala, azken hamarkadetan San Frantziskon zarata mailek gora egin dute, batez ere trafikoaren erruz. Bada, 2020ko udaberrian jasotako datu berriek zarata horren beherakada nabarmena erakutsi dute. Egileen arabera, pandemian zehar neurtutako zarata mailak 1950eko hamarkadan zeudenen parekoak izan dira.
Aurretik ikusia zuten denboraren poderioz txoriek ozenkiago txiokatzen zutela, eta haien kantuaren kalitatea txarrera zihoala. Konfinamenduak aukera eman die ikusteko ea benetan aldaketa horren atzean zarata antropogenikoa ote zegoen. Eta, datuen argitara, badirudi hala izan zela. Gainera, txioen aldaketa hau bereziki nabarmena izan zen hiri eremuetan. Zarataren gainenetik haien kantua bereizi ahal izateko, txoriek txio indartsuagoak egin behar dituzte, frekuentzia eta bolumen altuagoak erabiliz, eta horrek txoriek komunikatzeko duten gaitasunean eragina du. Nolabait esateko, soinuaren kalitatea alde batera utzi dute, ozenkiago txiokatzeko.
Berrogeialdia izan zen bitartean, berriz, joera honi buelta eman zitzaion: frekuentzia eta bolumen baxuagoetan txiokatu zuten, eta hori kalitatearen mesederako izan da. Egileen ustez, horrek txoriei ahalbidetu zien hobeto komunikatzea, txioek distantzia handiagoetara iristen zirelako, eta horrek ere energetikoki etekin bat suposatu zien.
Abestiak duen anplitudearen arabera ebazten dute adituek kantuaren kalitatea zein den. Eta ez pentsa ez melomanoen kontua denik. Ikertzaileen esanetan, txioen kalitatea funtsezkoa izan daiteke animalia horien biziraupenerako. Batetik, arrek emeak erakartzeko gaitasuna hobetzen dute, eta, hori, jakina, ugalketaren mesederako da. Bestetik, euren lurraldea babesteko aukera hobeagoa dute, gainerako arrak uxatzen dituelako. Funtsean, zientzialariek uste dute kantuan ahalegin gutxiago jarri behar izanagatik txoriak gehiago ahaleginduko direla lurraldea babesten eta ugaltzen.

Txioak baxuagoak ziren arren, bi aldiz urrunago iristen ziren. Arlo praktikoari begira, horrek lagun dezake azaltzen konfinamenduan zehar egon zen pertzepzioa: txorien txioak altuago entzuten ziren. Datuak eskura orain egiaztatu ahal izan denez, errealitatean txoriek baxuago txiokatzen zuten, baina modu txukunagoan egiten zuten, eta urrunagotik entzuten ziren, txorien kantu gehiago zaudelako ilusioa eraginez.
Ikerketaren berri ematerakoan, zientzia artikuluan jartzeko modukoa ez den baina hedabideetan kontua azaltzeko oso erabilgarria den terminoa erabili dute zientzialariek: kantu horiek sexyagoak dira.
Azkenik, harritzekoa izan da zer denbora gutxian nagusitu den txiokatzeko modu berria. Egileen ustez, emaitzek erakusten dute txoriek aldaketei egokitzeko gaitasun handia dutela. Horrek hausnarketa bat egiteko abagunea eman die. Haien esanetan, badira ingurumenaren alorrean zailagoak diren neurriak, horren ondorio azkarrak ez dituztenak. Baina, orain ikusi denez, hirietako zarata jaisteak berehalako emaitzak dakartza, eta hori biodibertsitatearen mesedean lagungarri izan daitekeelakoan daude.
Erreferentzia bibliografikoa:Derryberry E., et al. (2020). Singing in a silent spring: Birds respond to a half-century soundscape reversion during the COVID-19 shutdown. Science, eabd5777. DOI: 10.1126/science.abd5777
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Konfinamenduak txorien kantuak aldarazi zituen appeared first on Zientzia Kaiera.
Artizarrean, fosfanoa ala bizitza?
Nature Astronomy aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten emaitzen arabera, Artizarrean fosfanoa dago. Zergatik da, baina, hori garrantzitsua eta zergatik sortu da iskanbila hedabideetan Artizarrean bizitza egon daitekeela iradokiz?

Artizarraren atmosferan fosfanoa -lehen fosfina izenez ezagutzen zena- aurkitu dute lehen aldiz. Aurkikuntza benetan garrantzitsua da eta, beste azalpenik gabe ere, ondo erakusten du zertarako gai den zientzia. Horrelako distantzia luzera dagoen planeta batean tamaina izugarri txikia duen molekula bat dagoela jakin ahal izan dute. Ez da lan makala. Ikertzaileek ikusi dutenez, fosfanoa azaletik 50-60 km-ra legoke, atmosferako lainoetan. Fosfanoa fosforo atomo batez eta hiru hidrogeno atomoz osatutako gas koloregabea da, usain nahiko txarrekoa -baratxuriaren eta arrain ustelaren arteko zerbait-, bide batez. Lurrean materia organikoa degradatzen duten mikroorganismoek ekoizten dute, besteak beste eta industrian erabilera anitzak ditu -esaterako, intsektizida gisa-.
Ikertzaileek dioten moduan, Artizarrean fosfanoa egotea ezin da azaldu orain arte ezagutzen diren prozesu abiotikoen bitartez -alegia, bizidunen parte-hartzerik gabe-. Prozesu kimiko ezagunen bidez ezin bada azaldu, bi aukera daude: Artizarreko baldintza gogorretan oraindik ezagutzen ez den prozesu fotokimikoa edo geokimikoa egotea edo Lurrean gertatzen den bezala, fosfanoak jatorri biologikoa izatea. Greaves eta bere lankideek argi diote ez direla gai, momentuz, fosfanoaren presentziari azalpena emateko. Jakina da gasezko planeta erraldoietan fosfano abiotikoa egon badagoela, baina, prozesu horiek ezin dira Artizarrean gertatu.
Orain arte ezagutzen denarekin, beraz, planeta harritsu batean fosfano kontzentrazio hori azaltzeko modua prozesu biologikoak dira. Horrek, jakina, ez du esan nahi Artizarrean bizitza dagoenik, zenbait hedabidetan irailaren erdialdean hori irakurri bazen ere. Fosfanoa ez da gas atsegina eta Artizarreko azala ere ez da leku atsegina bizidunentzat. 400 ºC-tik gorako tenperaturak daude, presio ikaragarria eta azido sulfurikozko hodeiak. Ez da gutxi. Hala ere, proposatu denez, azaletik urrutiago eta hodei azidoen gainetik, baldintzak leunagoak dira eta bertan posible litzateke organismoren batek bizirautea. 1967an Carl Saganek berak esan zuen Artizarraren atmosferan mikroorganismoak egon zitezkeela.
Horrexegatik, fosfanoa biomarkatzaile interesgarria izan daiteke; izan ere, kontzentrazio konstante eta nahiko altuan fosfanoa badago, bizitza egotea aukera bat da. Nature Astronomy aldizkarian argitaratutako lanaren arabera, hori aukera bat da. Hedabideak azkarregi ibili dira, baina, eta azalpen zehatzak ez dituzte eman. Oso goiz da, zalantzarik gabe, Artizarrean bizitza dagoela edo bizitzaren zantzuak topatu dituztela esateko. Beste hainbat aukeren artean bat da bizitza, baina, ez da bakarra ezta probableena ere. Ez da ondo ezagutzen Lurrean bertan mikroorganismoek fosfina nola ekoizten duten eta gasezko planetetan gertatzen dena ez dugu zehatz mehatz ezagutzen. Egileek hipotesi gisa aipatzen dute prozesu biologikoen ondorioa izan daitekeela, baina, beste hainbaten artean azaltzen duten hipotesietako bat da. Bizitza egongo balitz litekeena da fosfina egotea, baina, kontrakoa ez da egia inondik inora ere.
Greaves eta bere lankideek ikerketa-artikuluan argi uzten dituzte mugak eta hipotesi probableenen ostean azaltzen dute bizitzaren hipotesia. Balizko prozesu kimikoak ere deskribatu dituzte, baina, argi diote ikerketa gehiago beharrezkoak direla fosfanoa biomarkatzaile egokia den jakiteko. Zalantzarik gabe, fosfanoarekin batera beste hainbat indikatzaile aztertu beharko dira bizitzaren hipotesia onartzeko. Amaitzeko, horrelako albisteek erakusten dute sarri askotan hedabideen sentsazionalismoa izugarria dela, baina, jatorrizko erreferentziara jotzen badugu adierazpenak ez direla hain iraultzaileak. Zientzia gutxitan egiten da bat-bateko ezusteko aurkikuntza miragarrien bidez eta argitaratu berri den lanaren ondoren ere beste hainbat beharko dira ikusi dutena baieztatzeko. Liluratuta, zain egongo gara.
Informazio gehiago:- Galarraga, Ana (2020). Fosfanoa detektatu dute Artizarraren atmosferan. Elhuyar aldizkaria. (2020-09-14n argitaratua)
- Domínguez, Nuño (2020). ¿Qué es la fosfina y por qué puede ser un indicio de vida fuera de la Tierra? El País. (2020-09-15ean argitaratua)
Greaves, J.S., Richards, A.M.S., Bains, W. et al. (2020). Phosphine gas in the cloud decks of Venus. Nature Astronomy, DOI: 10.1038/s41550-020-1174-4
Egileaz:Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Artizarrean, fosfanoa ala bizitza? appeared first on Zientzia Kaiera.
Epidemia, ghettoan
Urrian laurogei urte betetzen dira okupatzaile alemaniarrek Varsoviako ghettoa sortu zutenetik. Ghettoaren barruan, Poloniako hiriburuko juduez gain, gainontzeko hirietako eta beste herrialde batzuetako juduak elkartu zituzten. Ghetto horretatik Treblinkako deuseztatze-esparrura eta beste batzuetara eramaten zituzten. Laurehun milatik gora pertsona sartu zituzten ghettoan, ia Varsoviako populazioaren herena, 3,4 km2-ko eremu batean, hiriburuko azalera osoaren % 2,4an.

1939aren bukaeran, hirian lehenengo tifus kasuak agertu ziren. Lehenengo olatu horrek 1940ko apirilean jo zuen goia; udarako desagertuta zegoen. Zorriek transmititzen duten rickettsia prowazekii bakterioak sortzen du tifusa; 14 eguneko inkubazio aldia du, sukar altua, buruko eta giharretako mina, goragalea, hotzikarak eta legen zabala eragiten ditu. Areagotzen den heinean, ahultasuna handitzen da, delirioak sortzen dira eta, kasu batzuetan, konortea galtzen da. Kasu okerrenetan heriotza eragiten du.
Ghettoa sortu ondoren, agintari alemaniarrek elikagaien hornidura eragotzi zieten bertan zeudenei eta Kontseilu Juduak erostea lortzen zuen apurrarekin konformatu behar izan zuten. Gosea kalte egiten hasi zen, eta heriotza asko eragin zituen. Nahiz eta aurrerago, 1942ko maiatzean, blokeoa bertan behera utzi, alemaniarrek hornitutako janaria ez zen nahikoa bizirauteko. Ondorengo hilabeteetan, urte hartako uztailera arte, erregistratutako heriotza kopurua lau mila eta bost mila artekoa izan zen hilabeteko, baina benetako kopura gutxienez bikoitza izan zen.
Ghettoa sortu eta berehala, Varsovian tifusa berragertu zen. Bigarren olatua okerragoa izan zen. Jendearen osasuna nabarmen kaltetua zegoen, ezarritako leku, xaboi eta janari murrizketa zorrotzen ondorioz. Ofizialki tifusa hogei mila lagunek izan zuten arren, benetako kopurua ehun mila ingurukoa izango zen, ghettoko populazio osoaren laurdena, garai hartako hainbat txostenetan islatzen denaren arabera. Gaixotasunak zuzenean hogeita bost mila heriotza inguru eragin zituen, baina zeharka askoz ere gehiago.

1941ean, tifusa gero eta gehiago zabaldu zen, udazkenera arte; sasoi horretan, murrizten hasi zen. Hurrengo uda iristerako, desagertuta zegoen. Ez zen logikoa udazkenaren hasieran epidemiaren hedapena murriztea; zabaltzen jarraitzea eta 1942ko neguaren bukaeran goren mailara iristea zen espero izatekoa. Nazioarteko ikertzaile talde batek tifusaren epidemiaren dinamika simulatzeko zenbait eredu epidemiologiko erabili ditu. Eredu horietatik abiatuz ondorioztatu dutenez, 1941eko maiatzean patogenoaren oinarrizko ugaltze indizea, R0(t), 2,5ko goren mailara iritsi eta, ordutik aurrera, jaisten hasi zen. Hala, 1942ko urtarrilean 1ekoa zen eta urte bereko uztailean 0,5ekoa (balioa 1 baino handiagoa bada, epidemia zabaldu egiten da; txikiagoa bada, murriztu).
Ikertzaileen arabera, ghettoko juduek hartutako neurriek desagerrarazi zuten epidemia, horietako asko ezartzerik izan ez zuten arren. Neurri nagusiak populazioari higienearen eta osasunaren inguruko prestakuntza ematearekin lotuta zeuden; hau da, gelak garbi edukitzea, elkarrengandik urruntzea eta gaixoak bakartzea. Horrela, dozenaka mila bizitza salbatu zituzten, agian gosearen eta gaixotasunaren eraginez galdutakoak bezainbeste. Ghettotik bizirik atera ziren gehienak, berrehun eta hirurogei milatik gora lagun, Treblinkara deportatu eta han hil egin zituzten. Ezin izan zuten sarraskitik salbatu.
Erreferentzia bibliografikoa:Stone, Lewi; He, Daihai; Lehnstaedt, Stephan eta Artzy-Randrup, Yael (2020). Extraordinary curtailment of massive typhus epidemic in the Warsaw Ghetto. Science Advances, 6 (30), eabc0927. DOI: 10.1126/sciadv.abc0927
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Epidemia, ghettoan appeared first on Zientzia Kaiera.
Itsas bizitzaren berreskurapena Bilboko Abran

Bilbo Handia eskualdeak historikoki harreman estua izan du Nerbioi-Ibaizabal ibaiarekin. XIX. mendeaz geroztik, bere ibilguak, etxeetako, siderometalurgiako, meatzeetako eta industriako hondakin-uren bolumen handiak jaso ditu, itsas inguruneak karga kutsatzaile hori guztia beregana zezakeelakoan. Hala ere, Bilboko Abraren ingurumen-baldintza naturalak, erabat aldatu ziren.
Zorionez, gizarteak ingurumenarekiko sentikortasun eta kontzientzia handiagoa hartu zuen eta 1984an ‘Bilbo Metropolitarra Eskualdearen Saneamenduko Plan Integrala‘ abian jarri zen, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatuta; eta industrien ingurumen-eraldaketarekin batera, pixkanaka, Abraren hondo arrokatsuen uren eta animalia- eta algen-bizitzaren kalitatea hobetzen joan ziren.
Arroketan finko bizi diren algak eta ornogabeak uren kalitatea ebaluatzeko adierazle ekologiko bikainak dira. Izaera sesila (mugitzeko ahalmenik gabea) edo sedentarioa dutenez, kutsadurarekiko esposizio luzearen ondorioak metatzen dituzte, eta leku baten egoera ekologikoaren ikuspegi orokorra ematen dute, bertan dauden kutsatzaileei eta aldagai naturalei dagokienez.

Bilboko Abran hamarkadetan zehar jasandako kutsadura handiak jatorriz bertan zeuden komunitate biologikoen ingurumen-degradazioa eragin zuen. Itsas hondo arrokatsua okupatzen zuen flora eta faunak uraren uhertasuna, sedimentazio-tasa eta substantzia toxikoen kontzentrazioa areagotzearen ondorio kaltegarriak jasan zituen, eta oxigeno-eskuragarritasun txikiagoarekin batera, espezie askoren desagertze masiboa eragin zuten.
Zehazki, marearteko gune arrokatsua (itsasbeheran agerian geratzen da) lohi kapa fin batek hartuta gelditzen zen, eta ia bizirik gabe geratzen zen Abraren zati handi batean. Kutsadurarekiko tolerantzia handiena zuten espezieak (Gelidium pusillum alga gorria eta Boccardia generoko harrak, esaterako) baino ez ziren gai hain baldintza txar eta estresagarriak jasateko.
UPV/EHUk 1984tik gaur arte egin dituen aldizkako laginketa-kanpainetan egiaztatu ahal izan denez, industriaren eraldaketak eta hondakin-uren saneamendu-planak pixkanakako ezartzeak kutsadura gutxitzea eragin dute, eta, horri esker, itsaso zabaletik Abraren barnealderaino dagoen fauna eta flora berreskuratu ahal izan da.
Aldaketa positibo ugarik lagundu dute komunitate helduagoak garatzen. Ingurumen-baldintzak hobetzeak honako hauek ekarri ditu: dibertsitatea areagotzea, alga-estaldura handitzea, morfologikoki sinpleak diren algak murriztea eta ingurumen-eskakizun handiagoak dituzten beste espezie konplexuagoak areagotzea, faunaren estrategia trofikoen motak areagotzea eta fauna/floraren oreka berreskuratzea.

Aldaketa horiek guztiak modu mailakatuan gertatu dira denboran. Hobekuntzaren lehen etapan, euskal kostaldeko mareartekoan naturalki nagusitzen diren espezie populazioak garatu ziren. Hauek, hain zuzen: Ellisolandia elongata eta Lithophyllum incrustans arrosa-koloreko alga karedunak. Oraindik aniztasun handikoa ez zen landaredi horrekin batera, Mytilus galloprovincialis muskuiluko banku handiez osatutako fauna iragazlea zegoen. Bestalde, Patella generoko lapa belarjaleak, berriz, arroken azalera birkolonizatzen hasi ziren.
Geroago, ingurumen-hobekuntzek dibertsitatea handitzea ahalbidetu zuten, eta espezie sentikorrak sartu ziren, hala nola Bifurcaria bifurcata eta Halopteris scoparia algak eta Anemonia viridis anemona bezalako kostalde irekiko ornogabe tipikoak.
Gainera, fauna iragazleak atzera egin zuen, belarjaleen aurrerapena eta estrategia trofikoen aniztasuna bultzatuz ornogabe haragijaleen presentziarekin; esaterako, Ocenebra erinaceus gasteropodoa. Komunitate bentonikoen (itsas hondoan bizi diren organismoak) garapenak, ekosisteman beste aldaketa positibo batzuk ekarri zituen; oinarrizko baliabideak emanez, hala nola babeslekua, arrainkumeen hazkuntza eta kutsatu gabeko inguruneetako arrain tipikoen elikadura.
Gaur egun, berreskuratze-fasean jarraitzen dute komunitateek, eremu garbien berezko egoeretarantz. Arintze-neurriak ezarri diren arren eta aldaketa onak izan diren arren, oraindik ere nabarmentzekoa da morfologia konplexuko algen eta belarjaleen eskasia, besteak beste.

Abran egindako jarraipen-programek balio handiko informazio biologikoa eman dute kudeaketa- eta berreskuratze-ereduak proposatzeko, eta, horrez gain, itsas ingurunea babesteko Europako zuzentarauak egiten lagundu dute. Ildo horretan, Abraren berreskuratze-prozesua etengabe aztertzeak informazio zientifiko bakarra eta oso baliotsua lortzea ahalbidetuko du, gure itsas baliabideak behar bezala babestu, leheneratu eta kudeatu ahal izateko.
Egileez:Maria Bustamante, Isabel Díez, Javier Tajadura, Endika Quintano, Nahiara Muguerza, Jose Ignacio Saiz Salinas eta Jose Maria Gorostiaga Garai UPV/EHUko Itsas Bentos ikerketa-taldekoak dira.
Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.
“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:- Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarreko ingurunean
- Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
- Bilboko itsasadarreko fauna leheneratzea
- Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
- Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
- Itsasoko bizitza leheneratzea Bilboko Abran
- Planktona Bilboko itsasadarrean
- Aliron, aliron, Nerbioiko geologia
The post Itsas bizitzaren berreskurapena Bilboko Abran appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #319
Asteon, sariak izan ditugu barra-barra. Eta ez edonolakoak: Nobelak! Kimikakoarekin hasiko gara: genoma editatzeko CRISPR/Cas9 metodoa garatu zutenek jaso dute. Bi saridun izan dira eta biak emakumeak! Emmanuelle Charpentier eta Jennifer A. Doudna. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak hemen.
Fisikako Nobel saria zulo beltzen ikerketan jardun dutenei eman diete. Hala, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, Roger Penrosek jasoko du sariaren erdia, erlatibitatearen teoria orokorrak zulo beltzen sorrera iragartzen duela erakusteagatik. Bestalde, Reinhard Genzelek eta Andrea Ghezek jasoko dute beste erdia, gure galaxiaren erdian objektu supermasibo trinko bat aurkitzeagatik.
Azkenik, Medikuntzako Nobel saria C hepatitisaren birusa aurkitu zutenek jasoko dute, Elhuyar aldizkariaren arabera. Hiru dira ikertzaileak: Harvey J. Alter, Michael Houghton eta Charles M. Rice.
OsasunaMiren Basarasek Berriako artikulu honen bidez eskura ditugun testak errepasatu ditu. PCR probak eta test azkarrak direnak. Horien artean, antigenoaren detekzioa ahalbidetzen duen testaz mintzo da. Horretan, azaltzen duen moduan, koronabirusak geruzan duen proteina bat atzematen da.
Koronabirusarekin jarraituz, Antonio Salas genetistak eta ikertzailearen hitzak aurkituko ditugu elkarrizketa interesgarri honetan, Berrian. Koronabirusaren lehen agerraldiak izan ditu ikergai; Espainiako Estatuko COVID-19aren mutaziorik garrantzitsuenak aztertu ditu eta ondorioztatu du otsailaren 11n Gasteizen zela birusa.
Asteon ere, COVID-19aren inguruko usteak desmuntatzen saiatu dira Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoak Berriako erreportaje honetan. Oraingo honetan, PCR testen inguruko uste okerrak!
ArkeologiaIkertzaile talde batek Granadako Los Machos harpean dagoen labar arteko panelean hatz-markak aurkitu ditu eta horien analisia eginda, ondorioztatu du 36 urte baino gehiago zituen gizonezko batek eta 10-16 urte zituen gazte batek egin zituztela irudiak. Gazte hori, gainera, emakumezkoa izan zitekeela ere proposatu dute. Informazio guztia artikuluan.
Paquita Sanez de Urturi arkeologoa elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, kontatzen da lehen profesionala izan dela Arabako arkeologian eta egun erretiratua dagoela baina ikertutako guztia idazten dabilela, galdu ez dadin. Haren lehen indusketak, unibertsitateko ikasketak, eta sektoreari buruz hitz egin du honetan. Ez galdu!
UPV/EHUko ikertzaileek eta Osakidetzak elkarlanean egin duten ikerketa batean ikusi dute lotura dagoela elikadura eta hainbat minbizi moten artean. Zehazki, ondesteko minbizia izan da aztertutakoa. Berriako artikulu honetan Iker Alegria Lertxundi ikertzaileak eman dizkigu lotura horren xehetasunak.
MikrobiologiaBakterioek antibiotikoen aurka garatzen duten erresistentzia hizpide, ikertzaile talde batek Flemingen onddoak berreskuratu eta haien sekuentzia genetikoa aztertu du. Penizilina ekoizpena hiru genek gidatzen dute eta horiexek izan dira ikergai nagusiak. Ikertzaileek ikusi dutenez penizilina ekoizpenaz arduratzen diren geneek aminoazido desberdintasun nahiko altua dute populazio desberdinek. Josu Lopez Gazpiok azaldu dizkigu ikerlanaren xehetasunak.
AstrofisikaEguzkiaren koroa zergatik da horren beroa? Zientzialariek erantzuna topatu dute: “nanozurrusta” fenomenoak daude horren atzean, Berriak azaldu digunez. Eguzkiaren koroak milioika kelvin baino gehiago ditu. koroa eguzkiaren azala baino beroagoa da.
BotanikaBakterioek Arabidopsis landarearen hazkuntzan nola eragiten duten argitzeko, 185 espezieko komunitate bakteriano sintetikoaz inokulatu du landarea ikertzaile talde batek. Elhuyar aldizkariak azaldu digu genero bakteriano batek (Variovorax izenekoa) duela landareen hazkuntzan eragin handiena, landareen hormona-maila manipulatu eta beste bakterioek eragindako aldaketak inhibitu baititzake.
MedikuntzaAurreko astean, Elhuyar aldizkariak aurreratu zuen albistea: nanohodien bidez bizkarrezur-muineko lesioetako neuronak birkonektatzea lortu dute Donostiako CIC biomaGUNE eta Italiako SISSA ikerketa-zentroetako ikertzaileek. Neuronen arteko konexio horri erreparatu dio Berriak asteon. Pedro Ramosen, Biomaguneko Ikerbasque irakaslearen eta Erresonantzia Magnetiko Bidezko Irudi Unitateko buruaren azalpenak dituzue irakurgai. Ez galdu!
GenetikaGene-datu baseak izan ditu mintzagai Koldo Garciak Edonola blogean. Zehazki, kontatu digu SARS-CoV-aren sekuentziak datu-base publikoetan eskuragarri jarri direla eta bi datu-basek eskaintzen duten informazioa aztertu du testu honetan: alde batetik, Washington-ko Unibertsitateko genoma-nabigatzailea. Eta bestetik, Kaliforniako Unibertsitatea- Santa Cruzeko genoma nabigatzailea.
Nature Reviews Genetics aldizkarian 12 ikertzailek genetikaren eta genomikaren etorkizunaz esan dutena biltzen ari da Koldo. Gaurkoan ere badator zientzia pilula interesgarri batekin: Eileen Furlongen, Europako Biologia Molekulareko Laborategiko Genomaren Biologiako buruaren hitzak ekarri dizkigu. Zehazki, gene-areagotzaileen ikerketa eta enbriogenesiaren ikerketak izan dira azalpen artikulu honetan.
AntropologiaGizakiak baditu ezaugarri propio batzuk. Horien artean, sexua praktikatu ohi dugun modua. Testu honetan azaltzen den moduan, Hominidae familiakoekin alderatuta, gure espeziekoak etengabe dira sexualki harkorrak eta, halaber, obulazioa ezkutatzen dutela. Halaber, beste ezaugarri bat azaltzen zaigu: gizakiak monogamo sozialak gara.
GeologiaMeatzaritza ustiaketa eta horien garraioaz hitz egin digute artikulu honetan. Bertan, azaltzen da, adibidez, Bilboko itsasadarrean eraiki ziren zamalekuetara burdina eramateko zabaldu zen trenbide sarea, eta oro har, aipatzen da minerala nola garraiatzen zen.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #319 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #323
Deabru baten kontua izango da informazioaren eta atzeraezintasunaren arteko harremana. Daniel Manzano Instituto Carlos Iko Daniel Manzanok ondo daki: Maxwell’s demon and the relationship between information and irreversibility
Buru barruan gertatzen da Matrix filma. Erreala balitz sentiarazi dezake Matrixek entzefalora bidalitako bulkada elektrikoak baino ez direnak. Zientzia fikzio dirudiena, gero eta gertuago: How to smell a smell that is actually not there Rosa García-Verdugoren eskutik.
Elektronika berriaz ari garenean, atomo bat, literalki atomo bat, hemen edo han erabat aldatzen du kontua. DIPC-k: The critical role of single atoms on the electronic properties of a metal organic network
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #323 appeared first on Zientzia Kaiera.
Joseba Bikandi: “Sekuentziazio osoaren teknikarekin mikroorganismoen sailkapen oso sakon bat egin dezakegu” #Zientzialari (140)
Mikroorganismoen tipifikazioari esker mikroorganismoen ezaugarriak ezagutu ahal ditugu, haien arteko erlazioak aurkitu eta horren arabera sailkatu. Tipifikazioa egiterakoan mikroorganismoen informazio genetiko ugari lortzen dugu, besteak beste, bakterioetan kaltea eragiteko gaitasuna duten edo antibiotikoekiko erresistente izateko geneak dauden.
Hainbat teknika daude tipifikazioa aurrera eramateko, baina sekuentziazio osoaren bidez mikroorganismoaren informazio guztia lortzen da. Teknika honek, osasun zerbitzu publikoetan ohiko diren teknikak baino informazio gehiago ematen duenez, ikertzaileek espezie bereko mikroorganismoak zehaztasun gehiagorekin bereizteko gai dira.
Mikroorganismoen tipifikazioari buruz eta sekuentziazio osoaren teknikaren inguruan gehiago jakiteko Joseba Bikandirekin, UPV/EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia saileko irakaslearekin batu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Joseba Bikandi: “Sekuentziazio osoaren teknikarekin mikroorganismoen sailkapen oso sakon bat egin dezakegu” #Zientzialari (140) appeared first on Zientzia Kaiera.
Artelan neolitiko baten egiletza argitara ekarriz
Hatz-marketan abiatuta, ikertzaile talde batek Neolito aroko artelan baten egileen profila ondorioztatu du: gazte batek eta gizonezko heldu batek parte hartu zutela uste dute. Gaztea emakumezkoa izan zitekeela ere proposatu dute.

Askotan esan ohi da: arkeologoak iraganaren detektibeak dira. Profesional horiek egindako aurkikuntzak saltzeko argudio polita da, eta hedabideetan gustuko dugu horrelakoak erabiltzea. Topiko bat da noski: arkeologoen lana arrastoei tiraka historia argitzea den modu berdinean, kazetarion lana unean-uneko istorioak saltzea da; eta, batzuetan, kontakizun horiek zertxobait apaindu behar dira. Detektibeei dagokienez, argitu gabeko kasuei irtenbidea ematea da haien jardun topiko eta tipikoa.
Ogibide horien inguruko ikuspegi erromantiko bat zabalduta dago sarritan, baina errealitatea ez da beti hain polita. Arkeologoen lana askotan zikina eta emaitzarik gabekoa da, eta hilabeteak edo urteak eman ditzakete burokraziaren paperetan zein lokatz artean galduta. Detektibeek ez dute denbora ematen azaldu gabeko hilketak argitzen, hankan mina izateagatik laneko bajan dagoen eta hala ere eskiatzen dabilen lotsagabe horri jarraipena egiten baizik. Kazetarioi dagokigunez… tira, hobe isilduko gara, autozentsura Jainkoak ematen duen dohain horietako bat delako.
Batzuetan, ordea, topiko horien atzean dagoena inoiz baino errealagoa bilakatzen da. Hori gertatu da oraingoan, ikertzaile talde bat duela 7.000-5.000 urte margotutako horma irudi batzuen aurrean jarri denean. Detektibeek bezala, hatz-markak aurkitu dituzte, eta, horien analisian oinarrituta, margo horiek zeinek egin zituen argitzeko moduan egon dira. Teknika hori baliatuta ondorioztatu dutenez, 36 urte baino gehiago zituen gizonezko batek eta 10-16 urte zituen gazte batek egin zituzten irudiak. Aztertutako ezaugarrien arabera, gaztea emakumezkoa izan zitekeela ere proposatu dute. Antiquity aldizkarian argitaratutako ikerketa batean azaldu dute ondorio horretara iristeko jarraitu duten prozesua.

Los Machos izeneko harpean daude aztertutako horma irudiak, Granadako Jabalcon muinoan. Neolitoan marraztutako 32 irudi dira, adituek arte eskematikoaren baitan sailkatzen dituztenak. Izenak berak argi uzten duenez, arte figuratiboa da, oso modu sinplean marraztua, baina, aldi berean, oso aberatsa. Irudi antropomorfoak eta geometrikoak dira, eta atzean egon daitekeen mezua ez da oraindik argitu.
Baina irudien artean beste zerbait ere bazegoen: bi hatz-marka. Edo, adituen hizkeran, bi paleodermatoglifo; iragan urrun batean utzitako hatz-markak, hain justu. Horiek ikertzeko, daktiloskopia edo lofoskopiaren teknika erabili dute. Jakina denez, batez ere polizia da hori baliatzen duena delituak eta bestelako gertakariak argitzeko, hatz-marka baten egilea identifikatuz. Horretarako, gordeta dauden hiritarren hatz-marken datu basearekin alderatzen dira krimenaren gertalekuan jasotako markak.
Esan beharrik ez dago: Neolitoan bizi zirenen hatz-marken datu baserik ez dago. Baina horrek ez ditu ate guztiak ixten. Izan ere, marka horiek ere islatzen dituzte pertsonaren hainbat ezaugarri, oso modu orokorrean bada ere. Adinaren eta sexuaren arabera, marka horiek pixka bat desberdinak dira, eta ezagutza horretan oinarritu dira artelanaren egileen sexua eta adina ondorioztatzeko. Sexuaren arabera, hatzetan dauden gandor papilarren kopuruan eta zabaleran aldeak daude, gizonezkoen gandorrak emakumezkoenak baino handiagoak direlako. Adinarekin, gainera, gandorren arteko distantzia handituz doa, eta helduarora iritsita baino ez dira egonkortzen.

Hau kontuan hartuta, marka horiek gaur egungo gizakiek dituztenekin alderatu dituzte. Horretarako, Espainiako 546 lagunen hatz-marken aldean jarri dituzte (304 emakumezko eta 242 gizonezko), konparaketa estatistikoak eginez. Horretan oinarritu dute egin duten atribuzioa.
Bestetik, koloreen arabera ebatzi ahal izan dute bi fase desberdinetan egin zirela marrazkiak. Kasu bietan, atzamarrekin margotu zuten. Hatz-markak okre ilunez margotutako bigarren faseari dagokie.
Labar artean ez ezik, zeramikaren alorrean ere agertu daitezke halako markak; poteak eta bestelakoak egiterakoan, erraza izan daitekeelako nahigabean hatzen aztarnak uztea. Halako kasuetan, egon ohi den arazorik handiena kontserbazioarena da. Los Machos harpeko artelanak, berriz, nahiko ondo mantendu dira: marraztuta dauden tokia ekialdera begira dagoenez, gehienetan mendebaldetik etortzen diren haizeek eta euriek ez dute asko kaltetu.
Behin bide hau irekita, metodologia beste zenbait eremutara eramateko aukera ikusten dute egileek, gaur artetzat jotzen dugun jardun horren atzean zeuden motibazioak eta egileen inguruko xehetasunak argitu aldera. “Norbanakoak identifikatzeko gaitasunak inferentzia berriak eskuratzeko bidea eman dezake, bai lekuaren beraren inguruan zein arte hori sortu zuten lagunen inguruan”, idatzi dute zientzia artikuluan. “Egiletzari buruzko ikerketan hemen erabili dugun metodologiak mundu osoko labar artearen kokaguneetan dimentsio sozial zabalagoak aurkitzeko baliogarria izan liteke”.
Erreferentzia bibliografikoa:Martínez-Sevilla, F., Arqués, M., Jordana, X., Malgosa, A., Lozano Rodríguez, J.A., Sánchez Romero, M., Sharpe, K.y Carrasco Rus, J. (2020). Who painted that? The authorship of Schematic rock art at the Los Machos rockshelter in southern Iberia. Antiquity, 94 (377), 1133-1151. DOI: https://doi.org/10.15184/aqy.2020.140
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Artelan neolitiko baten egiletza argitara ekarriz appeared first on Zientzia Kaiera.
Flemingen onddoak oraindik badu zer esana
Ia mende bat igaro da Alexander Flemingek bere laborategian, kasualitatez, penizilina aurkitu zuenetik. Aurkikuntza hori eta antibiotikoen arloan geroago iritsi ziren beste batzuk iraultza izugarria izan ziren medikuntzaren munduan. Antibiotikoen erabilerari esker hainbat gaixotasun hilgarri sendatu daitezke eta milioika lagun sendatu ahal izan dira. Hala ere, bakterioek antibiotikoen aurka garatzen duten erresistentzia kezka larria da egunotan. Bide horri argia emateko asmoz, ikertzaile talde batek Flemingen onddoak berreskuratu eta haien sekuentzia genetikoa aztertu du.
Irudia: Penizilina onddo mota batek ekoizten duen antibiotikoa da. (Argazkia: Shutterbug75 – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Fleming 1881ean jaio zen Darvel-en (Eskozia). Lehen Mundu Gerran kanpaina-ospitaletan lan egin zuen eta garai hartako antiseptikoen arriskuaz konturatu zen. Zauriek baino kalte gehiago egiten zituzten ondorengoko infekzioek eta tratamendu antiseptikoek. Bere ikerketei esker immunitate-sistema ulertzeko aurrerapauso garrantzitsuak eman ziren, baina, zalantzarik gabe, 1928ko gertakariarengatik da ezaguna Fleming. Istorioa nahiko ezaguna da: Fleming udako oporralditik laborategira itzuli zenean, ahaztutako bakterio kultibo bati erreparatu zion. Kultiboan lizun berde bat hazi zen eta lizun horren inguruan bakterioak hilda zeuden. Lizun berdea Penicillium rubens -duela gutxi arte Penicillium notatum zela uste zen- onddoa zen eta bakterioak onddo horrek jariatutako substantzia baten ondorioz hil ziren: penizilina. Oxfordeko Howard Florey eta Ernst Chain ikertzaileek egindako lanak tarteko, antibiotikoen aroari hasiera eman zitzaion.
Gure egunetara itzuliz, Ayush Pathak eta bere lankideek argitaratu berri dituzte haien ikerketen emaitzak eta, hain zuzen ere, Flemingen jatorrizko Penicillium onddoaren sekuentzia genetikoa lortu dute. Horren ondoren, onddo-andui hori beste birekin alderatu dute, genomaren egiturari eta penizilina ekoizten duten geneei erreparatuz. Andui horien arteko desberdintasun genetikoak zeintzuk diren eta zergatik gertatu diren ulertuz, erresistenteak diren bakterioen aurkako antibiotikoak lortzeko bide berriak lor daitezkeela uste dute.
Antibiotikoen erabilpena iraultza izugarria izan zen bakterioek eragindako infekzioen tratamenduan. Flemingek penizilina aurkitu zuenetik, bakterioen aurkako tresna garrantzitsuak garatu dira eta antibiotiko mota desberdin asko erabili ahal izan dira. Hala ere, antibiotikoak erabiltzen hasi eta gutxira jakin zen, tamalez, antibiotikoek ere bazituztela hainbat arrisku. Hain zuzen ere, bakterio patogenoak erresistente bihur daitezke eta, ondorioz, antibiotikoak ez dute balio haiek akabatzeko. Bakterio erresistenteei aurka egin ahal izateko, Pathak eta bere lankideek Naturako mekanismoetan jarri nahi dute fokua. Natura, berez, mikroorganismoek antibiotikoen ekoizpena hobetzen dute erresistenteak bihurtzen diren bakterioei aurre egiteko. Hain zuzen ere, mikroorganismoek haien antagonistak akabatzeko ekoizten dituzte antibiotikoak, baina, hautespen naturala tarteko, bakterioak ere geroz eta eraginkorragoak dira antibiotiko jakin bati aurre egiteko. Ondorioz, antibiotikoak ere aldatzen joan behar dira erresistente izateko eboluzionatu duten bakterioen aurka egiteko. Horrexegatik, bakterioek eboluzionatzen duten bezala, antibiotikoen ekoizpenak ere eboluzionatu egin behar du. Ikertzaileek lortu duten genomaren sekuentziazioak prozesu natural horiek ulertzen lagunduko du eta ezagutza hori antibiotikoen garapenean erabili izango da, diotenez.
Azken hamarkada hauetan lan handia egin da bakterioen erresistentziaren nondik norakoak ulertzeko eta eraldaketa horiek nola gertatzen diren ezagutzeko. Alabaina, antibiotikoen ekoizpenean gertatzen den eboluzio naturala ez da hainbeste ikertu. Hutsune hori betetzera etorri dira Pathak eta bere lankideak. Antibiotikoen eta bakterioen erresistentziaren koeboluzioa lasterketa moduko bat da; izan ere, lehen pausoa ematen duenak txoko ekologiko oparoagoa izango du. Prozesu horiek hobeto ulertzen badira, bakterioen erresistentziaren eboluzioari aurre egiteko metodoak diseinatzea errazagoa izango da. Ez da gutxi: OMEren arabera, bakterioek antibiotikoekiko duten erresistentzia mundu mailako osasun arazo handienetakoa da eta farmakoen erabilpen desegokia kalte asko egiten ari da.
Scientific Reports aldizkarian argitaratu berri duten ikerketan, Flemingen onddo-anduia ekoizpen industrialean erabili diren beste bi anduirekin alderatu da desberdintasun genetikoak sakonki aztertzeko. Penizilina ekoizpena hiru genek gidatzen dute eta horiexek izan dira ikerketagai nagusiak. Ia ehun urte igaro dira Alexander Flemingen aurkikuntzatik, baina, onddo horiek ondo gordeta egon dira -munduko hainbat lekutan daude gordeta- eta horrexegatik izan da posible ikerketa. Momentuz lortutako emaitzak oso hasierakoak dira, baina, ikertzaileek ikusi dutenez penizilina ekoizpenaz arduratzen diren geneek aminoazido desberdintasun nahiko altua dute populazio desberdinek. Horixe da espero litekeena populazio bakoitzak bakterio-mota desberdinei aurre egiteko eboluzionatzen badu eta hori da gertatzen dena. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, Naturan hautespen-naturalak bideratzen duen penizilina ekoizpenaren eboluzioa interesgarria izan daiteke antibiotiko berriak diseinatzeko eta bakterio erresistenteei aurre egiteko. Agian bitxia dirudien arren, Naturan duela milioika urte martxan dauden irtenbideak erabili beharko ditugu guk ere etorkizunean.
Informazio gehiago:- Flemingen aztarnak azaleratzen, Josu Lopez-Gazpio, Tolosaldeko Ataria, ataria.eus, 2016
- La secuencia del hongo con el que Fleming inventó los antibióticos, Daniel Mediavilla, elpais.com, 2020
Pathak, A., Nowell, R.W., Wilson, C.G., Ryan, M.J., Barraclough, T.G. (2020) . Comparative genomics of Alexander Fleming’s original Penicillium isolate (IMI 15378) reveals sequence divergence of penicillin synthesis genes. Scientific Reports, 10, 15705. DOI: 10.1038/s41598-020-72584-5
Egileaz:Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Flemingen onddoak oraindik badu zer esana appeared first on Zientzia Kaiera.
Berezkoa gizakian
Beste primate batzuekin eta, zehazkiago, Hominidae familiako beste espezie batzuekin –orangutan, gorila, txinpantze eta bonoboak–, hau da, gure hurbileneko ahaideekin, alderatzen badugu sexua praktikatzeko modua, haiengatik bereizten gaituen edo, hobeto esanda, giza emeak eta espezie horietako emeak bereizten dituen ezaugarrietako bat da gure espeziekoak etengabe direla sexualki harkorrak eta, halaber, obulazioa ezkutatzen dutela.

Gainerako primateen emeak, ordea, fisiologikoki ernal daitezkeenean baino ez dira harkorrak, hots, obulazioaren ondoren. Emeak egoera horretan daudenean, arrei asko interesatzen zaie hura estaltzea; izan ere, orduan baino ezin da gertatu sabelaldia eta, horrenbestez, beste banako baten jaiotza. Baina emakumeak beti daude harkor, bai zikloaren barnean obulu bat ernal daitekeen fasean, bai fase horretatik kanpo; horregatik, ondoriozta dezakegu gure espeziean sexu harremanek ugalketaz besteko funtzioak dituztela.
Gizakion beste ezaugarri bat da, oro har, monogamo sozialak garela. Hau da, gure espeziean bikote egonkor samarrak sortzen ditugu. Monogamo sozialak gara, bai, baina monogamo sexualak, ez hainbeste. Sexu harremanak bikotekidearekin baino ez izatea da monogamia sexuala. Oso ohikoa da monogamia sozialarekin batera ez etortzea monogamia sexuala; horrek esan nahi du bikote egonkorreko kide batek –edo biek– beste norbaitekin kopulatu nahi izaten duela (eta batzuetan lortu ere lortzen duela). Egia da badaudela gizarte poliginikoak, non gizonezko bakar batek ugalketarako bikotekide femenino bat baino gehiago izan ditzakeen; orobat, gizarte poliandrikoak ere badira, non emakume bakar batek bikotekide maskulino bat baino gehiago baititu (nolanahi ere, gizarte poliandriko gutxi daude). Baina halako egoerak ez dira ohikoenak.
Monogamia soziala gure espeziearen ezaugarri bereizgarri bat da; izan ere, gure ahaide gertukoenek ez dute praktikatzen monogamia soziala. Orangutan eta gorilen artean, alfa arra izateko lehia handia egon ohi da; bere lurraldeko emeekin (orangutanaren kasuan) edo taldekoekin (gorilari dagokionez) kopulatzen duena da alfa arra. Txinpantzeak eta bonoboak, ordea, promiskuoak dira, alegia, ez dute bikote egonkorrik osatzen. Egiazta daitekeen bezala, horietako batek ere ez ditu sexu harremanak esklusiboki bikotekide bakar batekin izaten, lehenik eta behin, horien artean ez dagoelako bikoterik.
Gure espeziearen eta gainerako hominidoen arteko beste desberdintasun nabarmen bat da gu ezkutatu egiten garela sexua praktikatzeko. Normala iruditzen zaigu, baina, egia esan, bitxikeria da ohitura hori. Orangutanak, gorilak, txinpantzeak eta bonoboak ez dira ezkutatzen, taldeko beste kideen aurrean kopulatzen dira. Sexu harremanak pribatuan izatea ez da ezaugarri kultural bat gure espeziean. Ezein giza taldetan ez da, normalean, besteen aurrean sexua praktikatzen, salbu eta erritu izaerako sexu praktika arraroren baten kasuan edo orgiak egiten direnean (jeneralean, drogaren bat hartu delako). Pribatutasun hori ez da taldearen kode moralaren araberakoa; giza nolakotasun unibertsal bat da.
Beharbada, gure espeziean seme-alabak haztea oso neketsua delako gertatzen da arestian azaldutako guztia. Izan ere, beharrezkoa da bikoteko bi kideen ekarpena, eta horrek bien artean lotura estua izatea dakar. Hori dela eta, harremana monogamoa da. Horregatik dira, seguruenik, monogamoak giza harremanak. Testuinguru horretan, araldia ezkutatzeak eta emeak etengabe sexualki harkorrak izateak, lotura indartzeko funtzioa beteko luke. Eta sexua pribatuan izateak, seguru asko, helburu bera lortzen laguntzen du, harremanari intimitate handiagoa ematen baitio.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Berezkoa gizakian appeared first on Zientzia Kaiera.
Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala

Antzina, Trianoko mendiak eta bertako burdin meatzeak -erromatarren garaian ezagunak zirenak- herri ondasunak ziren.
Somorrostro haraneko [1] herritarrek konbinatu egiten zituzten nekazaritza eta abeltzaintza lanak, venera [2] izenez ezagunak ziren meatzeetako lanarekin eta mineralaren garraioarekin. Mineralok portura eramaten zituzten, mando gainean edo idiek tiratutako gurdietan. Gero, bertatik burdinoletara eramaten zituzten.
Meatzaritza ezinbestekoa zen baserriak ematen zituen diru sarrera prekarioak osatzeko. 1864an, Trapagarango bidea honela zegoen: “burdin meak tindatzen du, eta egun osoa dago mineral aberatsa Galindoko kaietara edo Ortuellako deposituetara daramaten gurdiz eta zamariz beteta” [3].
“Portu” nagusiak Ugarten, Kauson eta Galindon zeuden (Trapagaranen eta Sestaon). Itsasertzetik gertu zeuden lurzatiak baino ez ziren. Minerala lurrean metatzen zen, noiz ontziratuko. Errentari batek zaintzen zuen; hartara, jabeen eta gurdizainen izenak apuntatu eta zainaren kalitatea kontrolatzen zuen. 1846an, Ugarten 225 depositu zeuden, 61 zamari edo venaquerorenak.

Galindo eta Granada ibaietan zehar, zingo txikiko ontzitxoak baino ezin ziren ibili, adibidez, gabarrak. 1826an, 20 bat gabarra zeuden, 40 marinelekin, zaina garraiatzeko. 1850ean, aldiz, 48 gizonezko gabarrari eta 20 emakumezko zamari zeuden. Marea aldeko zutenean, minerala zirgarekin ateratzen zuten itsasadarrera, eta bertatik Asuara (Erandio), Sestaora, Portugaletera edo Bilbora eramaten zuten.
Han zeudela, itsasontzi eta zamari bidez eramaten zuten barrualdera. Zamarien ontzi gehienak (patatxak eta ketxemarinak) Plentziatik eta Mundakatik zetozen. 1850ean, 200 eta 300 itsasontzi bitartean zeuden, eta 1.000 bat marinel aritzen ziren merkataritza lan horretan.
XIX. mendearen erdialdean, aldaketa handiak egon ziren Europan gertatzen ari zen Industria Iraultzaren ondorioz. 1849an, baimendu egin zen minerala atzerrira esportatzea, ordura arte Bizkaiko Foruak debekatzen baitzuen. 1863an, minerala esportatzeagatik ordaindu beharreko ia zerga guztiak desagerrarazi ziren, eta horrek atzerriko kapitalak iristeko beharrezkoa zen azken bultzada eman zion sektoreari. Hala, Europako siderurgia handiek meatzaritza enpresak sortu zituzten, besteak beste Orconera (ingelesa zena) eta Franco-Belga de Minas de Somorrostro.
Gauzak horrela, 1876aren eta XX. mendeko 30. hamarkadaren bitartean gertatu zen meatzaritza ustiaketa handia deritzona. Izan ere, Europako meatzerik garrantzitsuenak izatera iritsi ziren, funtsezko lau arrazoi direla bide: mineralaren kalitatea, ugaritasuna, minerala ateratzeko erraztasuna eta itsasoaren gertutasuna. Mineral gehien-gehiena esportatu egin zen, batez ere Ingalaterrara, eta horretarako meatzeak eta itsasadarra zuzenean lotzen zituen trenbide bat sortu zen. Bertan, kai modernoak jarri zituzten, mineralak ontzietan kargatzen zituztenak.

Meatzeetako trenek burdin kantitate handiagoa garraiatzen zuten denbora gutxiagoan, eta, beraz, bertan behera geratu ziren ibaietako portu tradizionalak. Trapagarango herritarrek sabotajea egin zieten Trianoko trena eraikitzeko lanei; izan ere, mineralaren garraioa zen beren bizimodu nagusia, eta horrek kalte egingo zien.
Azkenik, 1865ean inauguratu zen. Hala ere, minerala zamarien bidez garraiatzen jarraitu zen, baina ez portuetara eramateko. 1886an, oraindik ere “Somorrostroko meatzaldeko errepide eta bideetan idiek tiratutako gurdi asko zeuden, meatzeetako minerala kargatzen zutenak, trenetara eramateko” [4].
Azkenik, Ugarteko portuak bakarrik jarraitu zuen neurri batean aktibo. Izan ere, 1878an kanal bat eraiki zen portu horretara iristen zen minerala Parcocha meatzeko airetiko tranbiaren bidez ateratzeko. 1924ko aipamen bat ere badago: “Ugarteko portutxoa (non oraindik ere gabarrak dauden), eta egun itsasadarra lurrez beteta dagoelako eta mineralak uretatik urrun garbitzen direlako erabiltzen diren Galindo, Kauso eta Salcedillokoa” [5].
Alabaina, XIX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadatik, mineral gehiena itsasadarrean bertan kargatzen zen. Meatzeetako erauzketaren eta garraioaren modernizazioak Somorrostroko haraneko bizimodu tradizionalaren amaiera ekarri zuen berekin.
Oharrak:[1] Somorrostroko harana: Enkarterriren parte zen eta Hiru eta Lau Kontzejuek eta Portugalete hiribilduak osatzen zuten. Hiru Kontzejuak, gaur egun, Trapagaran, Santurtzi eta Sestao dira, eta Lau Kontzejuak, aldiz, Abanto Zierbena, Zierbena eta Muskiz.
[2] Venera: vena edo zaina (purutasun handiko hematite gorria) duen meatzea.
[3] Delmas, JR: Guía histórico descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya, en 1864. Madril, 1944, 526. or.
[4] Alzola, B: “Informe relativo a los recursos de que la industria nacional dispone para las construcciones y armamentos navales”, Madril, 1886, 10. or.
[5] Balparda eta de las Herrerías, G: Historia crítica de Vizcaya y sus Fueros, Bilbo, 1974, I. lib., 487. or .
Egileaz:Eneko Perez Goikoetxea historialaria da eta Meatzaldea-Peñas Negras Ekoetxea ikastetxeko ingurumen-hezkuntzako taldeko kidea.
Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.
“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:- Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean
- Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
- Bilboko itsasadarreko fauna leheneratzea
- Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
- Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
- Itsasoko bizitza leheneratzea Bilboko Abran
- Planktona Bilboko itsasadarrean
- Aliron, aliron, Nerbioiko geologia
The post Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #318
Margarita Del Val, Espainiako CSIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko birologo eta immunologoari elkarrizketa interesgarria egin dio Berriak honetan. Besteak beste, SARS-CoV-2 koronabirusari buruz gaur gaurkoz dakigunaz, udazkeneko arriskuez eta testez mintzatu da. Ez galdu!
Bigarren olatu honetan kezka dira asintomatikoak. Horren harira, negazionisten ustea da asintomatikoek ez dutela kutsatzen. Baina horrek ez du oinarri zientifikorik. Asintomatikoek birusa transmititu dezakete. Oro har, COVID-19aren inguruko usteak desmuntatzen saiatu dira Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoak Berriako erreportaje honetan.
Berriako artikulu honetan, The Lancet aldizkariak argitaratutako txosten baten berri eman digute. Bertan, bederatzi herrialdek konfinamenduaren ondoren egin duten kudeaketa alderatu dute: Hong Kong, Japonia, Zeelanda Berria, Singapur, Hego Korea, Alemania, Norvegia, Erresuma Batua eta Espainia. Azken bi hauek dira bilakaera okerrena izan dutenak.
The Lancet-en arabera, COVID-19a ez da pandemia bat, sindemia bat baizik. Zer dakigu kontzeptu horri buruz? Elhuyar aldizkariak azaldu digu: termino hori Merrill Singer antropologoak sortu zuen 1990eko hamarkadan. Eta kontzeptuak biltzen ditu elkarreragin biologiko eta sozialak.
Koronabirusarekin jarraituz, Euskal Herrian egin den ikerketa baten arabera, birusak eragindako pneumonia kasu larrien bilakaera hobetu daiteke metil-prednisolona glukokortikoidea dosi handitan emanda, Elhuyar aldizkariak jakinarazi digunez. Bertan azaltzen dutenez, hiru egunez glukokortikoide-pultsu bat ematean, % 60 murrizten da haien heriotza-tasa eta ZIUn sartu eta intubatzen direnen kopurua.
Iraide Ibarretxe Antuñano #Reframecovid egitasmoren sortzaileetako bat da. Proiektu honetan, COVID-19 irudikatzeko erabiltzen diren metaforak ikertzen dituzte eta hori izan du mintzagai artikulu honetan. Oso interesgarria da ikustea nola erabiltzen ditugun metaforak osasun-kontuetan.
MedikuntzaNanohodien bidez bizkarrezur-muineko lesioetako neuronak birkonektatzea lortu dute Donostiako CIC biomaGUNE eta Italiako SISSA ikerketa-zentroetako ikertzaileek. Elhuyar aldizkariak azaldu digu nola lortu duten neuronen arteko konexio hori berrezartzea eta lesioa konpontzea.
Berriki argitaratu den ikerketa erraldoi batean ondorioztatu dute bi urte eta erdi bete arte loaren helburu nagusia garunaren garapena dela. Hortik aurrera, neuronen mantentze- eta konponketa-lanari ekiten dio loak. Kaliforniako Unibertsitateak (UCLA) zuzendu duen ikerketaren xehetasunak hemen topatuko dituzue.
ArkeologiaLabar-artea duten kobazuloak aurkitzeko sistema bat garatu dute Kantabriako eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez. Diego Garate Maidaganek zuzendu du ikerketa eta EAEn aplikatu duten arren, sistema munduko txoko guztietan erabili daiteke. Hemen topatuko dituzue xehetasun gehiago.
GenetikaGainpisua edo gehiegizko pisuari buruz eta genetikak horretan duen eraginari buruz hitz egin digute artikulu honetan. Testuan azaltzen den legez, gainpisua gorputz masaren indizearen bidez neurtzen da -pisua (kg-tan) altueraren koadroarekin (m-tan) zatituz kalkulatzen da-. Munduko gainpisu eta obesitatearen indize handienak Ozeano Bareko artxipelagoan eta uharteetan daude. Honen harira, berriki argitaratu den ikerketa batek aditzera eman du lotura handia dagoela gorputz masaren indizearen eta CREBRF geneko mutazio baten artean.
Koldo Garciak ez du inoiz hutsik egiten, beti ekartzen dizkigu zientzia-pilula oso interesgarriak. Aurreko asteetan bezalaxe, Nature Reviews Genetics aldizkarian 12 ikertzailek genetikaren eta genomikaren etorkizunaz esan dutena bildu du Edonola blogean. Genetika (eta haren etorkizuna) gai konplexua da baina Garciak lana errazten digu bere azalpenekin!
BiologiaBilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 1979an martxan jarri zenak, izandako inpaktua eta ekarri dituen onurak errepasatu dituzte artikulu honetan. Itsasadarraren egoera eta bilakaera ezagutzeko, jo ezazue artikulu honetara.
Zer desberdintasun daude ugaztunen eta hegaztien garunen artean? Ikertzaileek ikusi dute hegaztien neuronak txikiagoak direnez, informazioa prozesatzeko neurona-kopuru askoz ere handiagoa dutela tamaina bereko ugaztun-garunek baino. Ikertzaileek azaldu dutenez, badirudi garunaren azalean neurona-dentsitate handiagoa izateak gaitasun kognitiboa handitzen duela. Elhuyar aldizkarian duzue informazioa irakurgai.
Ikerketa batek ondorioztatu dute abiadura funtsezko faktorea izan daitekeela arrainen portaera kolektiboa azaltzeko. Esperimentua arraina dirudien robot batekin egin dute eta horrekin arrain talde baten portaera aztertu dute. Poecilia reticulata espezia hautatu dute ikerketa egiteko. Datu gehiago irakurtzeko jo ezazue artikulu honetara.
MatematikaVicent Caselles saria jaso du aurten Judit Muñoz Matute matematikariak. Doktoretza ondoko ikertzailea da BCAM Matematika Aplikatuen Euskal Zentroan. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren beka bat eskuratu du atzerrian ikasteko; urtarrilean, Ameriketako Estatu Batuetara joango da. Besteak beste, matematikaz eta ikertzaileen munduaz mintzatu da Berriako elkarrizketa honetan.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #318 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #322
Berebiziko garrantzia dute simetriek fisikan, bereziki mundu kuantikoan. Simetriadun sistema kuantiko irekietan eremu magnetikoek duten eraginaren inguruko teoria berri baten garapenean hartu dute parte Instituto Carlos Iko ikertzaileek: Magnetic fields and quantum symmetries, two old (and new) friends
Gaixotasun kronikoek eragin izugarria duten ez bakarrik arlo pertsonalean, baizik eta ekonomiko eta sozialean ere. Eragin hori gutxitzeko ezinbestekoa da gaixotasun hauek hobeto ezagutzea. BGBK (buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa) duten gaixoen bizi-kalitateari denboran zehar zein aldagaik eragiten dien gehiago estatistikoki aztertu dute BCAMen: Health-related quality of life in chronic obstructive pulmonary disease patients
Teknika burutsuak behar dira botika berri batek organismo bizidun batean zelan metabolizatzen den ikertzeko. Urrean oinarritutako minbiziaren aurkako botikekin DIPCn garatu berri dutena bezala: Labeling anticancer gold complexes to study their organ accumulation in vivo
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #322 appeared first on Zientzia Kaiera.
Iraide Ibarretxe, hizkuntzalaria: “Metaforek zure ikuspegiaren berri ematen dute”
#Reframecovid (berkokatu covid) egitasmoren sortzaile eta hedatzaileetako bat da Iraide Ibarretxe Antuñano. COVID-19az hitz egiteko erabiltzen diren metaforak bildu, ikertu eta proposatzen dituzte.
Aitortu duenez, orain eremu zientifikoan dabilen arren, berez, “letretakoa” da. Hain zuzen, ingeles filologia ikasi zuen unibertsitatean, eta zientziarekiko ez du sekula izan zaletasun handiegirik. Txikitatik, paleontologia, arkeologia eta halakoak gustuko zituen, eta kimikan, biologian eta geologian bazuen interesa, “baina matematiketan, inoiz ez”, dio, zalantza izpirik gabe.
Bidean aurrera egin ahala, ordea, ikerketara bideratu da: “Guk, humanitateetakook, beti esaten dugu gure ikerketak zientzia direla, baita literaturakoak badira ere, metodologia erabiltzen dugulako eta hori guztia. Edonola ere, Deustuko Unibertsitatean ikasten hasi nintzenean, hizkuntzalaritza aurkitu nuen, eta ohartu nintzen literatura ondo dagoela liburuak irakurtzeko baina ez hainbeste aztertzeko”.

Laugarren mailan, Erasmus programarekin, Manchesterreko Unibertsitatera joan zen, eta, han, hizkuntzalaritza-sailean egin zuen egonaldia. Orduan berretsi zuen gustuko zuela esperimentuak egitea, jendeari galdeketak egitea eta halakoak. Deustun bukatu zuenean, doktoretza egin zuen Edinburgoko Unibertsitatean, aditzen esanahia aztertzen, zergatik hiztunok aukeratzen ditugun egitura batzuk eta ez besteak.
“Nahiz eta gehien bat hiztegiekin egiten nuen lana, hasi nintzen hiztunen datuak jasotzen. Eta bukatu nuenean, AEBra joan nintzen, Berkeleyko Unibertsitatean, eta han, hizkuntzalaritza-sailean ez ezik, psikologiakoan ere egon nintzen. Orduan hasi nintzen esperimentu psikolinguistikoak egiten”.
Izena eta izana#Reframecovid egitasmoan, COVID-19 irudikatzeko erabiltzen diren metaforak ikertzen dituzte. “Hizkuntzalariok uste dugu hitzek barnean esanahia gordetzen dutela, eta esanahi hori gure gorputzean eta munduarekiko dugun esperientzian oinarritzen dela”, azaldu du Ibarretxek. COVID-19az hitz egiteko erabiltzen diren esapideak eta metaforak ere ez ditugu nolanahi aukeratzen: “horretaz jabetu ala ez, zure ikuspegiaren berri ematen dute; horregatik dira hain garrantzitsuak.”
Ikerketa oso modu informalean sortu zen, eta lantalde irekia da. Kide guztiak emakumeak dira, eta ez du uste kasualitatea denik, hizkuntzalaritzan ez baitago alde nabarmenik generoaren arabera.
Edonola ere, hasieran, gudarekin zerikusia zuten metaforak eta hitzak erabili ziren, batez ere, COVID-19az hitz egiteko. “Garai hartan, martxoan, berezia izan zen nola jendea hasi zen esaten bera ez zela soldadua. Hor ikusten da hitzek esanahiak gordetzen dituztela, eta hartzailearengan emozioak sorrarazten dituztela. Orduan, beste aukera batzuk bilatzen hasi ginen”.
Beste ikerketa batzuk erakutsi dute, adibidez, zer eragin duen antzeko hizkera erabiltzeak gaixotasunetan, adibidez, minbizia. “Minbiziduna gerlari izendatzea kalte handia egin dezake: gaitza gainditzen ez badu, aditzera ematen baita nahikoa ez duela borrokatu; errudun dela, nolabait“.
COVID-19a gerratzat jotzeak, balkoietako poliziak eta eremu bereko izenak eta pentsamoldeak ekarri zituen. Horrez gain, animaliak eta natura-fenomenoak ere erabili ziren: tsunamia, sutea… Horiek guztiak beste hondamendi batzuetan ere erabili izan direla nabarmendu du Ibarretxek.
Denborarekin, metaforak aldatzen joan direla ikusi dute. Adibidez, orkestra batekin alderatu zuen politikariren batek, eta denok elkarrekin jotzeko dei egin zuen.
Orain artikulu zientifiko batzuk idazten ari dira: bat, aurkezteko zergatik sortu zuten egitasmoa, adibide batzuk emanaz; beste bat, azalduz nola sortzen diren metafora berriak, eta beste pare bat, beste talde batekin elkarlanean.
Bestalde, ikusi dute pandemia, birusa eta haiekin zerikusia duten hitzak beste eremu batzuetan erabiltzen hasi zirela, esaterako, plastikoen pandemia. “Oso interesgarria da ikustea nola metaforen sorburua bihurtu den COVID-19a”, azpimarratu du. “Agian hemendik aurrera hori ikertu beharko dugu; nola aldatzen diren gauzak!”
Horrez gain, esperimentu psikolinguistiko bat egin nahi dute, jakiteko zer emozio sorrarazten dien jendeari jaso dituzten metaforek. Helburua da ezagutzea zergatik metafora batzuk diren besteak baino eraginkorragoak edo indartsuagoak diren eta zer eratako emozioak sortzen dituzten. “Garrantzitsua da erakustea erabiltzen diren metaforak ez direla hutsalak, eta badituztela ondorioak, onerako zein txarrerako”.
Fitxa biografikoa:Iraide Ibarretxe Antuñano Bilbon jaioa da, 1972an. Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letretan Lizentziaduna da, eta Hizkuntzalaritzan doktoratua Edinburgoko Unibertsitatean (Erresuma Batuan). Ikertzaile gisa lan egindakoa da Kaliforniako Unibertsitatean, Berkeleyn, Max Planck Psikolinguistika Institutuan (Herbeheretan) eta Deustuko Unibertsitatean. Gaur egun, irakasle katedraduna da Zaragozako Unibertsitatean, eta Academia Europaea ikertzaile-elkarteko kidea. Bere ikerlanak hizkuntza eta kognizioaren arteko harremanak aztertzen ditu.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Iraide Ibarretxe, hizkuntzalaria: “Metaforek zure ikuspegiaren berri ematen dute” appeared first on Zientzia Kaiera.
Zergatik lo egin, txuntxurrun berde?
Jaioberri batek egunean 16 orduz lo egiten du, gutxi gorabehera 3-4 orduko loaldietan, eta tartean esna-aldiak izaten ditu. Heldu gehienek, aldiz, ohikoa dute gauero zazpi ordu eta erdi bat lotan ematea. Helduek baino lo gehiago egitea behar dute haurrek, bi aldiz gehiago, gutxi gorabehera. Atsotitz zahar batek dio “loa umeen mantenuaren erdia” dela, askoren esanetan janaria bezain garrantzitsua da. Argitaratu berri den ikerketa bat harago joan da eta ondorioztatu du bi urte eta erdi bete arte loaren helburu nagusia garunaren garapena dela. Hortik aurrera, ordea, zereginez aldatu eta haren funtzioa garunaren mantentze- eta konponketa-lana da.

Lo egitea garrantzitsua da ume, gazte zein helduontzat. Ikerketek erakutsi dute loak hainbat funtzio betetzen dituela. Esaterako, berregokitze neurala, metabolitoen iraizpena edo zirkuitu neuronalen berrantolaketan laguntzen du. Horrez gain, badakigu loaren gabeziak osasun arazo larriak ekar ditzakeela. Baina ba al dakigu zergatik den hain garrantzitsua lo egitea gure osasunerako?
Kaliforniako Unibertsitateak (UCLA) zuzendu duen ikerketa batek arestian aipatutako galdera erantzutea izan du xede. Neurozientzia, biologia, estatistika eta fisika alorreko ikertzailez eratutako talde batek gauzatu du lana, eta orain arte egin den loaren azterketa estatistiko osatuena burutu du. Gizakien eta bestelako ugaztunen loari buruzko 60 ikerketetan bildutako datuak analizatu dituzte. Besteak beste, giza garapenean zehar lotan ematen diren orduen kopurua, REM fasearen iraupena eta, garunaren eta gorputzaren tamainen datuak aztertu dituzte. Ondoren, eredu matematiko baten bidez, garunaren eta gorputzaren tamaina aldatu ahala loaren funtzioak nola aldatzen diren ikertu dute. Eta ikusi dute loaren funtzioak denbora tarte laburrean aldatzen direla.
Zientzialariak ohartu dira bizitzaren lehenengo 2-3 urteetan loak garunaren azpiegitura osatzen laguntzen duela eta hortik aurrera neuronen mantentze- eta konponketa-lanari ekiten diola. Beraz, inflexio-puntu bat dago adin horretan eta loaren eginkizuna aldatu egiten bat-batean. Ikertzaileen esanetan, trantsizio hori garunaren garapenean gertatzen diren aldaketei dagokie eta garapenaren mugen eta loaren bilakaeraren arteko interakzio konplexua adierazten du.
Azterketak erakutsi du, bi urte eta erdira arteko haurren REM loaldian (begiak bizkor mugitzen dira eta garunak jarduera handia du fase honetan), garuna lanpetuta dagoela neuronak elkarrekin lotzen eta komunikatzen laguntzen dieten egiturak finkatzen. Hau da, sinapsiak sortzen. Horregatik, ikertzaileen esanetan, garrantzitsua da haurrak ez esnatzea loaren REM fasean daudenean, burmuinean prozesu garrantzitsuak gauzatzen baitira. Zientzialariek ikusi dutenez, adin horretatik aurrera, garunaren eta gorputzaren tamaina handitzen den neurrian, REM loa murriztu egiten da. Esaterako, jaioberriek loaldiaren %50 inguru ematen dute REM loan; 10 urterekin, aldiz, %25, eta portzentajeak beherako joera du adinean aurrera egin ahala. Beraz, loaren funtzioaren aldaketa 2-3 urteren bueltan gertatzen da, garuna eta gorputzaren tamainak gora egiten duenean eta REM loaren denbora tartea urritzen denean. Ikertzaileek diotenez, trantsizio hori ura izoztu eta izotz bihurtzearen antzeko zerbait da.
Ikerketan parte hartu duen Van M. Savage biomatematikariaren esanetan, “Lo egiten dugun bitartean, gure garunak ez du atseden hartzen eta miragarria da loak zelan egiten duen bat gure nerbio-sistemaren beharrekin. Izan ere, animalia guztiek pairatzen dituzte kalte neurologiko txikiak esna daudenean, eta loak kalte horiek konpontzen laguntzen du”.
Beraz, lo egitea gauza ederra da. Lo onak gure osasunari egiten dio mesede. Eta doakoa da.
Loa, loa txuntxurrun berde,
loa, loa masusta…
Cao, J., Herman, A. B., West, G. B., Poe, G., Savage, Van M. (2020). Unraveling why we sleep: Quantitative analysis reveals abrupt transition from neural reorganization to repair in early development. Science Advances, 6 (38), eaba0398. DOI: 10.1126/sciadv.aba0398
Egileaz:Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
The post Zergatik lo egin, txuntxurrun berde? appeared first on Zientzia Kaiera.
Abiadura da animalien jokabide kolektiboaren gakoetako bat
Arrain baten itxura duen robot bat erabilita, sardan ibili ohi diren arrain batzuen portaera aztertu dute, eta ondorioztatu dute arinago doazen banakoek taldearen lidergoa eskuratzen dutela.
Eguneroko kezketan murgilduta, landa eremu batean autoa gidatzen edo paseoan doan gizakumeari naturak noizean behin eskaintzen dion ikuskizun txiki baina zoragarri horietako bat da: izaki erraldoi bat mugitzen da goian, leku batetik bestera, arratseko zeru gorrixkan dantza izugarri ederra marraztuz. Ehunka arabazozoez osatutako saldoa da, baina, itxuran, izaki bakar baten mugimendua dirudi.
Arabazozoena ez da antzeko ikuskizun bakarra. Euskal Herrian horrelakorik ez dugun arren, telebistaren aurrean bazkalostea eman duen edozeini aise etorriko zaizkio gogora dokumentaletan ikusten diren ugaztunen mugimendu handiak, eta oroituko du ere harrapakariei zeinen zaila egiten zaien horien erdian ehizatzea. Urpean, sardinzarrek (Clupea harengus) eta beste zenbait espeziek osatzen dituzten sardetan ere antzeko jokabidea ikusten da. Era indibidualean, arrainek ezin dute osotasuna ikusi, baina, halere, guztien arteko mugimenduari esker, badirudi harrapakarien aurreko erantzun bikaina lortzen dutela.

Intsektu sozialek erakusten dituztenak bezala —nahiz eta konplexutasun txikiagoan—, horiek guztiak jokabide kolektiboaren adierazpenak dira, eta zientzialariek urteak daramatzate horien atzean dauden sekretuak argitu nahian. Nola gidatzen dira horrelakoak? Zein abantaila dituzte? Nola atera daitezke mugimendu horiek horren sinkronizatuak?
Hipotesi asko garatu dira gaiaren bueltan, eta, pixkanaka, esperimentuen, ordenagailu bidezko simulazioen eta landa behaketen bidez azalpen horietako batzuk indartzen ari dira. Agerienetako bat segurtasunari dagokiona da: begi eta belarri asko adi egonda, errazagoa da harrapakariren bat ote datorren asmatzea, eta, beraz, taldearen babesean, animalia bakoitzak denbora gehiago eman dezake janari bila. Bestetik, eta probabilitateei begira, banakoak aukera gehiago izango lituzke eraso batetik bizirik ateratzeko, eta multzoan ibiltzeak ere zenbait harrapakari atzera botako lituzke. Multzoa erasotzera ausartzen diren harrapakarietan ere nolabaiteko nahaste-efektu bat sortzen da, horrenbeste harrapakin egonda, jazarpenean zehar zailagoa baita animalia bakar batean arreta mantentzea.
Ez da erraza azaltzea nola abiatzen den prozesu guztia, baina, urteen poderioz, ikertzaileek ondorioztatu dute guztia arau sinple bakar batzuetan oinarritzen dela: alboko animalia gehiegi hurbiltzen bada, urrundu. Asko urruntzen bada, hurbildu. Bitartean, jarraitu mugimenduan edo gelditu, multzoaren erritmoan.
Horrela, alboetan dagoen animaliak arrisku batez jabetu eta mugitzen hasten direnean, mugimendu horren transmisio azkar eta koordinatu bat hedatuko da multzo osoan zehar. Beste modu batean esanda, animaliek informazio lokalari baino ez diote erantzungo, baina informazio hori aise zabalduko da, eta taldeak egoeraren kontrol deszentralizatu moduko bat lortuko du.
Hori zehazki nola gertatzen den azaltzea ez da, noski, hain sinplea. Erasorik ez dagoenean, zeren arabera mugitzen da taldea? Hori argitu nahian, Konstantzako Unibertsitateko (Alemania) zientzialariek arrainen talde portaeran sakondu dute. Horretan laguntzeko, arrain bat dirudien robot txikia eraiki dute.
Biology Letters of the Royal Society aldizkarian argitaratutako artikulu batean adierazi dutenez (hemen artikuluaren aurreargitalpena, irekian), abiadura funtsezko faktorea izan daiteke arrainen portaera kolektiboa azaltzeko. Hori izan da atera duten ondorio nagusia, arrain espezie batekin egindako esperimentu baten bidez: banakorik azkarrenak dira taldean eragin gehiago dukatenak.

Poecilia reticulata espezieko arrainarekin egin dute esperimentua. Ur gezako arraina da; jatorriz, tropikoetakoa, baina akuarioetan erabili ohi dena. Akuariofiliaren munduan Guppy izenez ezagutzen da espeziea. Robotari dagokionez, ahalik eta errealistena egiten saiatu dira; ez soilik itxuran, jokabidean baizik. Zientzialari batzuek erakutsi ohi duten irudimen-ateraldi horietako batean, Robofish izena eman diote.
Hortaz, eta banan-banan, arrainei robota pare-parean jarri diete, haren mugimendu guztiak kopiatuta. Horretarako, bideokamera batekin etengabeko jarraipena egin diete bikoteei, eta berrelikadura sistema bat erabili dute denbora errealean arrainen mugimenduei erantzun ahal izateko. Robotari ez diote eman mugitzeko inolako lehentasunik, kidearen mugimenduak imitatzera mugatu delarik. Animalia talde askotan aurretik ikusi diren arau sinple horiek jarraitu ditu robotak: arrainekiko tarte berdina mantendu du, eta haren parean egin du aurrera.
Ikusi dutenez, dantza horretan arintasunez aritzeak garrantzia izan du. “Guppy-a abiadura handiagoan zihoan kasuetan, bikoteak askoz lerratuagoak eta koordinatuagoak zeuden, kohesioa txikiagoa izanda ere; guppya argiago agertu zen lider gisa”, idatzi dute zientzia artikuluan. “Abiaduraren eta lidergoaren arteko harreman positibo indartsua behatu dugu”.
Kohesioaren beherakadaren eta abiaduraren arteko korrelazioari azalpen bat aurkitu diote: azkarrago mugituta, arrainak lehenago aldatzen du posizioa gainerako taldekideekiko, eta, hauek mugitu arte, kohesio falta hori ikusten da.
Azaldu dutenez, arrainak duen tamainaren, adinaren eta izaten den gosearen araberakoa da abiadura. Horregatik, hurrengo pausua izango da argitzea zein den faktore hauen garrantzia abiadura-mailak ezartzerakoan. Momentuz, jakin badakigu, —arrain espezie honetan bederen— arinen doanaren arabera mugitzen dela taldea. Beste espezie edo animalia mota batzuetan hori ere hala ote den argitu beharko da orain.
Erreferentzia bibliografikoa:
Jolles, J.W., et al. (2020). Group-level patterns emerge from individual speed as revealed by an extremely social robotic fish. Biology Letters of the Royal Society, 16 (9), 20200436. DOI: 10.1098/rsbl.2020.0436
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Abiadura da animalien jokabide kolektiboaren gakoetako bat appeared first on Zientzia Kaiera.
Gene aurreztaile bat
Ingurumen faktoreek eragina dute obesitatean, baina oinarri genetiko garrantzitsu bat ere badago. Egungo gizarteetan iraganean baino jarduera fisiko gutxiago egiten da. Gainera, erraz digeritzen eta xurgatzen den janari gehiegi dugu gaur egun. Munduko gainpisu eta obesitatearen indize handienak Ozeano Bareko artxipelagoan eta uharteetan daude: Nauru edo Kiribatin (Mikronesia) eta Samoa, Tonga, Hawaii edo Tuvalun (Polinesia). Eta deigarria da, toki horietako bizilagunen obesitate maila askoz handiagoa dela antzeko janari hornidura duten herrialdeetakoena baino.
Gainpisua –edo gehiegizko pisua– gorputz masaren indizearen bidez neurtzen da; zehazki, pisua (kg-tan) altueraren koadroarekin (m-tan) zatituz kalkulatzen da. 25eko balioa gainditzeak esan nahi du eraginpeko pertsonak gehiegizko pisua duela, eta 30 baino balio handiagoa izateak, berriz, obesitatea duela. Samoan, aipatutako uhartedietako batean, indize horren batez besteko balioa 31’7 da, soilik Nauru uhartearen (32’5) eta Tonga uhartediaren (31’9) azpitik. XXI. mendearen hasieran, samoar gizonen % 68k eta emakumeen % 84k gainpisua zuten; hamar urte geroago, ehuneko horiek % 80ra eta % 91ra igo ziren, hurrenez hurren.

Duela sei hamarkada inguru, James Neel genetistak proposatu zuen 2 motako diabetesa aldaera genetiko jakin baten hautespenaren ondorio negatiboa dela beharbada, berak «gene aurreztaile» deitu zuenaren ondorio, hain zuzen ere; gene horren eramaileek gaixotasun hura pairatzeko joera dute. Geroago, hipotesi horretan obesitatea barne hartu zen, haren beste ondorio gisa. Diabetes metabolikoa (2 motakoa) eta obesitatea askotan elkarrekin agertzen diren ezaugarriak dira; hala, hipotesi horretan zera proposatzen zen, aldaera genetiko bat onuragarria izan zitekeela iraganean, janari gutxiagorekin bizirik irautea ahalbidetuko zukeelako, baina ugari dagoenean, ordea, aldaera hori arazo bihurtzen dela.
Duela gutxi egindako ikerketa batean jakin dute lotura handia dagoela gorputz masaren indizearen eta CREBRF geneko mutazio baten artean; oso arraroa da aztergai izan den mutazio hori Samoatik kanpo, baina oso ugaria uhartedi horretan. Harreman horretaz gain, ikertzaileek esperimentuak egin zituzten adipozitoekin –erreserbako koipeak gordetzen dituzten zelulekin–, eta ikusi zuten CREBRF geneko mutazioak gantz gehiago biltegiratzea eta energia gutxiago erabiltzea sustatzen duela. Beraz, ondorioztatu zuten neurri batean behintzat, aldaera horrek eragiten diela gainpisua izatea Samoako biztanle gehienei. Ondorioz, «gene aurreztailearen» hipotesia indartu egin da.
Obesitatearekin zerikusia duten gene gehienek energia balantzearen erregulazio zentralean –nerbio erregulazioan eta hormonalean– eragiten dute. CREBRF geneak, ordea, metabolismo zelularrean du eragina. Eta antzeko kasuak egon litezke beste giza talde batzuetan.
Samoarrak, beste polinesiar batzuk bezala, ozeanoan zeharreko itsasaldi handiei ekitera ausartu izan dira azken 3.000 urteetan, jakin gabe zenbateko iraupena izango zuen eta nora eramango zien Bidaia horietan, segurtasun osoz, gosea eta hotza igaro ziren.itsasaldiak. Katamaranaren garapenari eta nabigatzaile gisa duten trebetasun handiari esker egin ahal izan dituzte halako ibilbideak. Bidaia horietan, seguru asko, gosea eta hotza izan zuten.
Egoera gogor horietatik bizirik ateratzen zirenek baino ez zituzten izan ondorengoak. Eta horietako askok metabolismo aurreztailea zutelako iraun zuten bizirik. Iraganeko abantaila hori kaltegarria da nabigatzaile haien ondorengoentzat, obesitate orokortua baitute gaurko samoarrek, egungo egoera –elikagai ugari eta konfort termikoa– arbaso haiek gainditu behar izan zutenen guztiz kontrakoa izanik. Giza odisearen pasarte harrigarrienetako batentzako batere epikoa ez den amaiera.
Erreferentzia bibliografikoa: Minster, Ryan L. et al. (2016). A thrifty variant in CREBRF strongly influences body mass index in Samoans. Nature Genetics, 48 (9), 1049-1054. DOI: 10.1038/ng.3620 Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Gene aurreztaile bat appeared first on Zientzia Kaiera.
Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integrala jarri zuen martxan 1979an, Euskadin inoiz egindako ingurumen proiektu garrantzitsuena, eta 1.200 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarri duena.
Europar Batasunak hondakin uren tratamenduaren arloan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, planak gure ibaien, itsasadarraren eta inguruko hondartzen ingurumena berreskuratzeko aukera eman du. Hasitako lana ez da oraindik amaitu, badago oraindik ere zer egin, saneamenduaren arloan beti baitago zer hobetu.
Baina argi dago azken 40 urteotako lanak posible egin duela, seguruenik gazteenek goratu ere egiten ez duten, irudi bat historiarako uztea: Bilboren DNAren ezinbesteko parte zen itsasadar marroi, usain txarreko eta animalia- edo landare-bizitzarik gabekoa.

Saneamenduko Plan Integralak itsasadarraren irudia goitik behera aldatu du eta hiria egituratzen duen espazio berri bilakatu du, herritar guztiak gozatzeko moduko espazioa. Guztira 280 kilometro inguruko sarea osatzen duten kolektore eta hodi biltzaileek jasotzen dituzte etxeko hondakin urak zein industrialak, eta ibaia azpitik gurutzatzen duten zenbait pasabidek ur zikinak Galindoko (Sestao) hondakin uren araztegira eramaten dituzte, baita itsasadarraren eskuin ertzetik ere.
Zalantzarik gabe, Galindokoa da Ur Partzuergoak egindako saneamendu lanik garrantzitsuena: araztegia 1990ean lanean hasi zenetik, egunero 850.000 bizkaitarrek sortutako ur beltzak garbitzen dira bertan, 350.000 litro egunean gutxi gorabehera. Bizkaiko araztegi nagusia da Galindokoa, baina ez bakarra. Izan ere, lurralde historiko guztian zehar banatutako beste 31 araztegi ere badaude.
Baina goazen gure iraganera begiratu eta zuri-beltzezko Bilbo hura gogoratzera. XIX. mendearen erdialdera, itsasadarraren inguru osoak industrializazio prozesu indartsua abiatu zuen, batik bat, burdin mearen esplotazioan eta esportazioan eta industria siderurgikoan oinarritutakoa.
Portu txiki bat izatetik, Bilboko itsasadarra Estatuko eta Europako industria eta merkataritza foku nagusietako bat bihurtu zen. Urte gutxiko epean, itsasadarraren fisionomiak eta paisaiak eraldaketa sakona izan zuten. Ibaiaren ertzak fabrika eta portuko azpiegiturez bete ziren, eta, eskulan beharrak eragindako migrazio mugimendu indartsuak, ingurune guztian biztanleriaren hazkunde azkarra eragin zuen. 1900etik 1975era bitartean, biztanleria laukoiztu egin zen.

Garapen horrekin batera, itsasadarreko uren kutsadura areagotzen joan zen, maila zinez kezkagarrira heldu arte. Antolatu gabeko hazkunde urbanoak eta ingurumen kontzientzia ezak eraginda, hondakin urak –etxekoak zein industrialak– zuzenean isurtzen ziren estuariora, aldez aurreko inolako tratamendu gabe. Itsasadarra hondakin biltzaile izugarria bihurtu zen, bizia ezinezko bihurtzeraino.
Itsasadarrak egunero-egunero 900 tona hondakin solido jasotzen zituen, nagusiki, meatze ustiategietatik, baita 400 tona isurpen azido, 80 tona metal eta bestelako zianuro eta nitrogeno konposatuak ere. Labur esanda, ia 2.000 tona hondakin jasotzen zituen egunero, eta, ezinbestean, itsasadarra oxigenorik gabeko estolda bilakatu zen.
Horregatik, Saneamenduko Plan Integralaren helburu nagusietako bat Bilboko itsasadarraren ingurumen leheneratzea izan zen, eta, horretarako, uren kalitate estandar gisa % 60ko oxigenazioa finkatu zen. Kolektore kilometro ugari eraiki eta etxe zein industrietako hondakin urak jasotzen hasi ziren hodiok, dagoeneko ibaira ez doazen urak, baizik eta araztegietara.
Lehen esan bezala, sistema osoaren funtsezko pieza da Galindoko araztegia, 1990eko hamarkadatik Bizkaiko urak garbitzen dituen ezinbesteko giltzurruna. Emaitza gaur egun daukagun itsasadar bizia da, gero eta egokiagoa dena kirola egiteko edo erabilera nautiko berrietarako.
Obra hidrauliko horiekin guztiekin batera, 1989an, Ur Partzuergoak eta URA – Uraren Euskal Agentziak finantzatuta, Saneamendu Plan Integralak hartutako neurrien eraginkortasuna ebaluatzeko segimendu-azterketak egiten hasi ziren. Honen helburua zen, hartutako neurrien eraginkortasuna ebaluatzea, batez ere, ingurune urtarrean. AZTI-ko adituak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, dira ingurumen zaintzako lan hori aurrera eramateko ardura dutenak. Urtero egiten dira itsasadarren egoera eta bilakaera ezagutzeko kanpainak eta laginketak, besteak beste, uraren kalitatea, jalkinak, fauna eta flora aztertuz.

Saneamenduko Plan Integralak itsasadarrean izandako ondoriorik garrantzitsuena oxigeno maila normala berreskuratu izana da. Pentsa, 1990eko hamarkadaren hasieran saturazio mailak % 40 ingurukoak edota are txikiagoak baziren, gaur egun % 90eko balioak ditugu. Oxigenazio arazoak dituen zona bakar bat ere ez dago dagoeneko estuarioan.
Horrek guztiak sistema osoan zehar komunitate biologikoak agertzea ahalbidetu du, Bilbo barnean hasi eta Abraraino. Besteak beste, 60 arrain mota bizi dira itsasadarrean (mihi arraina, zarboa, muxarra, platuxa, korrokoia, lupia, barbarina, txitxarroa, aingira…), baita algak eta sedimentu eta substratu arrokatsuetan bizi diren beste organismo batzuk ere.
Honakoa da, beraz, Bizia itsasadarrera itzuli zeneko historia. Orain, guztioi dagokigu ur masak kontserbatzea eta saneamendu sistemak behar bezala erabiltzea. Izan ere, funtsezko pieza dira planetaren jasangarritasuna bermatzeko, erabiltzen dugun ura garbi itzultzen baitute bere ingurunera bere ziklo naturalari jarrai diezaion.
Egileaz:Pedro Maria Barreiro industria ingeniaria da eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko gerentea.
Itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin hasi zen “Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología” proiektua. Abiapuntu horretatik, bideoak eta artikulu-sorta bat gauzatu dira, gizarteari itsasadarrari buruz dakizkigun gauza interesgarriak ezagutarazteko eta, oro har, bizi garen ingurua hobeto ulertzeko aukera emateko.
“Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita” artikulu-sorta:- Geologia, industrializazioa eta burdin mearen garraioa Bilboko itsasadarrean
- Zer ezkutatzen dute Bilboko itsasadarreko sedimentuek?
- Bilboko itsasadarreko fauna leheneratzea
- Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte
- Meatzeetatik portuetara, mineralen garraio tradizionala
- Itsasoko bizitza leheneratzea Bilboko Abran
- Planktona Bilboko itsasadarrean
- Aliron, aliron, Nerbioiko geologia
The post Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integralak, 40 urte appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #317
Osasun krisi honetan, asintomatikoen afera kezka da, izurriaren kontrola zailtzen duelako ezinbestean. Horren kariaz, Berriako artikulu honetan, asintomatikoei buruz lau datu esanguratsu eman dizkigute, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakasle Joseba Bikandiren azalpenak kontuan harturik.
UPV/EHUk Miren Basaras mikrobiologoa izendatu du COVID-19aren Zaintza Batzordearen arduradun, Berriak jakinarazi duenez.
COVID-19a oraindik galdera eta zalantza asko sortzen ari da. Kasu honetan, berrinfekzioei buruz mintzatu da Basaras artikulu honetan. Haren esanetan, hori benetakoa dela esateko lehenengo infekzioaren eta bigarren infekzioaren birusen sekuentziazio genetikoa egin behar da, eta genetikoki ziurtatu birus andui ezberdinak direla. Egoera horietan aukera ezberdinak aurreikusten dira. Jo ezazu Berrriako artikulura horiek irakurtzeko.
Pandemiaren bost urteko bilakaera ikusteko eredu interaktibo bat garatu dute Princetongo unibertistateko ikertzaileek. Zenbait aldagai eta faktore hartu dituzte kontuan. Hauek izan dira aldagaiak, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez: SARS-CoV-2 infekziora egokitzeko aukera, urtarokotasunak transmisio-tasan izan dezakeen eragina, neurri ez-farmakologikoak ezartzea, txertoaren eskuragarritasuna eta eraginkortasuna, txertoei uko egitea, klima…
COVID-19aren arriskuei buruz informatu eta herritarrak sentsibilizatzeko abiatu diren kanpainak hizpide hartuta, horien analisia egin du honetan Uxune Martinezek. Hau da, osasun arloko kanpainiak eraginkorrak al dira? Nolakoa izan ohi da gizartearen erantzuna eta portaera horien aurrean? Ez galdu!
Klima-aldaketaSiberiako Lena ibaiaren deltan permafrostraren higadura neurtu dute Alfred Wegner Institutuko adituek, eta gertatzen ari diren karbono eta metano isuriak kalkulatu dituzte. 1960ko hamarkadatik hartutako irudiei esker egiaztatu dute handik gaur egunera egoerak txarrera jo duela. Informazio guztia Juanma Gallegoren artikuluan.
Zementu eta hormigoiez inguratuta gauden honetan, material horiek zer nolako inpaktua duten aztertu dute. Elhuyar aldizkariak kontatu digunez, metal astunak atmosferara igorri eta baliabide naturalak erauzteaz gain, zementua ekoizteak CO2-igorpen esanguratsua eragiten duela ondorioztatu dute ikertzaileek. Artikuluan datu gehiago irakurtzeko aukera duzue.
GenetikaAzken urteotan, ikertzen hasi dira DNA molekulak informazio digitala biltegiratzeko euskarri gisa duen potentziala. Artikulu honetan, esperimentu interesgarri bezain bitxi baten berri eman digute, duela hilabete batzuk egindakoa, hain zuzen: plastikozko untxi baten ‘genoma’. Ez galdu Berriako artikulua!
Nola jorratzen dute genetika telesailetan? Koldo Garciak Designated Survivor (2016-2019) hartu du adibide gisa galdera horri erantzuna emateko. Hirugarren denboraldian konspirazio bat azaltzen da eta horrek genetika du oinarri. Spoilerrik egin gabe, oso interesgarria da Koldok egin duen analisia Edonola blogean!
Bukatzeko, Nature Reviews Genetics aldizkariak 12 ikertzaileri genetikaren eta genomikaren etorkizunaz aritzeko eskatu die eta aurreko astean bezalaxe, iritzi horiek bildu eta Edonola blogean azaldu ditu Koldo Garciak. Asteon, Afrikako genomikari buruz hausnartu du. Ez galdu!
BiologiaEtxekotze sindromeari buruz irakurtzeko abagunea dugu artikulu honetan. Sindromeak berezkoak diren ezaugarriak ditu, hala nola belarri eroriak, pigmentazio irregularra aurpegi edo mutur motza, atzeko hagin txikiagoak, garezur biribil eta txikiagoa, eta gorputza ere txikiagoa. Testuan azaltzen diguten moduan, gandor neuraleko zelulen kopuruaren defizit arin batzuen ondorio da etxekotze sindromea.
Naturarentzako Mundu Funtsak lurreko biodibertsitatearen egoera zein den ikertu du eta jakinarazi du , besteak beste, ornodunen populazioa %68 gutxitu dela 1970etik 2016ra. Gizakiaren jarduna horren atzean dagoela ondorioztatu dute Living Planet Report 2020 (Lur Planeta Bizia 2020) txostenean. Berrian aurkituko dituzue xehetasun gehiago.
Flamenkoak agertu dira Euskal Herrian. Ezohikoak diren espazioetan topatu dituzte, hala nola Irunen, Zarautzen eta Urdaibain. Berriak eman du albistea.
Bilboko itsasadarreko fauna izan dute aztergai artikulu honetan. Testuan azaltzen da oso urriak zirela fauna populazioak eta espezie gutxi zeudela, kutsadurarekiko erresistenteenak zirenak baino ez. Egun, uraren oxigenazio-maila onak eta kutsaduraren beherakadak aniztasun handia ekarri du. Ildo horri jarraiki, faunaren berreskuratze lan horretan egon diren aldaketak azaltzen ditu testuak.
FarmakologiaUPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientzietako Saileko eta Achucarro Zentroko ikertzaileek, saguekin egindako ikerketetan, ikusi dute astrozitoen mitokondriatan CB1 kanabinoideen hartzaileak aktibatzeak eragotzi egiten duela garunean glukosa metabolizatzea eta laktatoa sortzea. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, horren ondorioz, asaldurak gertatzen dira eta zehazki, kalte egiten dio elkarrekintza sozialeko jokabideari.
MedikuntzaErditzeetan umekien asfixia neurtzeko teknologia berria garatu du CIC Nanogunek. Prototipoa prest dute Orain, dirua behar dute gailua merkaturatzeko. Ikerketa taldeak nabarmendu du haien teknologia zesarea kopurua murriztuko lukeela. Nola da garatutako gailuaren prozedura? Berriak azaldu digu. Ez galdu!
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz:Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #317 appeared first on Zientzia Kaiera.