3D inprimagailuak eta polimeroak babes materiala egiteko
Osasun-langileek beren burua birusetatik babesteko ekipamendu ugari erabiltzen dute: betaurrekoak, maskara, amantala eta eskularruak. Horretaz gain, aurpegia babesteko biserak ere erabiltzen dituzte, halakoek aurpegi guztia estaltzen baitute.

Irudia: Azterketa mikrobiologikoak egiten laborategian babesteko ekipamendua jantzita. (Argazkia: FotoshopTofs – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Biserak bi atalez osatuta daude: alde batetik, buruari lotzeko euskarria, eta, bestetik, aurpegia babesten duen xafla gardena. Lehenengo atala, euskarria, 3D inprimagailua erabiliz egiten da. Horretarako, zenbait material erabil daiteke, baina gehien bat azido polilaktikoa erabiltzen da, material horrek 3D inprimagailuan erabiltzeko propietate egokiak baititu.
Polimero hori oso erabilia izan da azken urteetan, biodegradagarria baita, hau da, behin bere bizitza amaituta, ura, karbono dioxidoa, biomasa eta antzeko konposatuak emanez degradatzen da. Modu horretan ez da hondakinik sortzen. Gainera, iturri berriztagarrietatik lor daiteke, esaterako azukre-kanaberatik. Material jasangarria eta biobateragarria denez gero elikagaien ontziratzean erabiltzen da eta baita biomedikuntzan ere.
Aipatu den bezala, euskarria 3D inprimagailua erabiliz lortzen da. Gailu horrek 3 dimentsioko piezak egitea ahalbidetzen du objektuaren diseinutik abiatuz. Zenbait motatako inprimagailuak daude, baina erabiliena material-urtze bidezko modelatzea deritzona da (FDM), merkea delako eta prozedura sinplea delako.
Inprimagailu horrek 3 atal garrantzitsu ditu:
- estruditzen duen burua,
- polimerozko filamentua,
- pieza inprimatzen deneko oinarria.
Polimerozko filamentua berotu egiten da inprimagailuaren buruan, bere urtze edo biguntze tenperaturatik gertu iritsi arte. Inprimagailuaren burua 3 ardatzetan mugitzen da berotutako polimerozko filamentua estrudituz oinarriaren gainean. Pieza egiteko, polimero geruza bat bestearen gainean inprimatzen da diseinuaren arabera. Geruzak oraindik beroak daudenean beren artean itsatsita gelditzen dira, eta hozterakoan 3 dimentsioko pieza bat lortzen da. Teknika honen abantaila era askotako piezak egin daitezkeela da, baina badu desabantaila bat ere: prozesua mantsoa da, esaterako biseren kasuan pare bat ordu iraun dezake.
Xafla gardenari dagokionez, berriz, zenbait eratako materialak erabiltzen ari dira, gehienbat zelulosa azetatoa, baina baita polibinil kloruroa ere. Zelulosa azetatoak jatorri interesgarria dauka. Zelulosatik lortzen da eta naturan auki daitekeen polimero ugariena da, hain zuzen ere kotoiaren % 90 eta egurraren %40-50 inguru zelulosa da.
Zelulosari anhidrido azetikoarekin erreakzionarazten zaio zelulosa azetatoa lortzeko. Erreakzio hau, lehenengoz, Paul Schützenbergerrek 1865ean burutu bazuen ere, oraindik pare bat hamarkada pasako ziren Camille eta Henry Dreyfusek zelulosa azetato filmak garatu arte. Bi anaiek esperimentu ugari egin behar izan zituzten eta 1910ean zinemaren industriarako filmak ekoiztu zituzten. Horretaz gain, azetatoan oinarritutako laka bat ere garatu zuten hegazkinen hegoak eta fuselajea estaltzeko erabiltzen zena. Bere garaian, kameretako negatiboak zelulosa azetatoz eginda zeuden eta baita Legoko lehen piezak ere. Gaur egun, berriz, oihalgintzan erabiltzen da eta betaurrekoen armazoietan.
Laburbilduz, material polimerikoak ezinbestekoak dira babesteko ekipamendua egiteko. Biseren kasuan funtsezkoak dira 3D inprimagailuak, objektua modu erraz eta sinplean ekoiztea ahalbidetzen baitute.
Iturriak:
- Hwang, S., Reyes, E. I., Moon, K. S., Rumpf, R. C., Kim, N. S. (2015). Thermo-mechanical characterization of metal/polymer composite filaments and printing parameters study by fused deposition modeling in the 3D printingprocess. Journal of Electronic Materials, 44, 771-777. DOI: https://doi.org/10.1007/s11664-014-3425-6.
- Sonchaeng, U., Iñiguez-Franco, F., Auras, R., Selke, S., Rubino, M., Lim, L.T. (2018). Poly(lactic acid) mass transfer properties. Progress in Polymer Science, 86, 85–121. DOI: https://doi.org/10.1016/j.progpolymsci.2018.06.008.
- Plastics Historical Society: Cellulose acetate.
- Wikipedia: Cellulose acetate.
- 3Dnatives.
———————————————————————————-
Egileez: Ainara Sangroniz eta Leire Sangroniz Kimikan doktoreak dira eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak Polymat Institutuan.
———————————————————————————-
The post 3D inprimagailuak eta polimeroak babes materiala egiteko appeared first on Zientzia Kaiera.
Autorik gabeko hiriak
Trenbideko garraioak –metroa edo trena, alegia– pertsona kopururik handiena eramaten du denbora unitateko eta erabilitako hiri-azalera unitateko; ildo horretan, automobil pribatuak baino hamar bidaiari gehiago garraiatzen ditu. Mugitzeko beste modu batzuek bi mutur horien arteko tarteko eraginkortasunak erregistratzen dituzte. Ingurumena ere hartu behar dugu aintzat. Errepideko zirkulazioak eragindakoari –kedarra, nitrogeno oxidoak eta karbono monoxidoa–, gutxienez, 184.000 heriotza goiztiar egozten zaizkio urtero munduan, gehienak bihotzeko edo biriketako gaixotasunak direla eta. Automobilak eragindako istripuetan, bestalde, milioi bat hildako baino gehiago izaten dira urtero, eta laurogei milioi zauritu inguru.

Irudia: Salerno hiriko kale bat. (Argazkia: Raimondo Aufiero – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Autoa erabiltzeak nabari gutxitzen du jarduera fisikoa, eta, hori da, hain zuzen ere, gure garaiko osasun arazorik handienetako bat. Ikerketa batzuen arabera, trafikoaren zarataren eraginpean egoteak depresioa pairatzeko aukera handitzen du helduen artean, eta arreta arazoak sortzen ditu haurrengan.
Hiri handietan automobilak gutxiago erabiltzeko neurriek emaitza positiboak izan dituzte. 2018. urteko irailaren 14an autorik gabeko laugarren eguna ospatu zen Parisen, eta % 40 gutxitu zen nitrogeno dioxidoak eragindako kutsadura trafiko handieneko bideen inguruan. Bruselan, % 80 murriztu zen atmosferako kedarra egun horretan bertan. Stockholmen 2006an auto ilaren tasa ezarri zenetik, haur asmaren intzidentzia txikitu egin zen.
Horrez gain, jarduera fisiko handiagoa egiten dute errepideko trafikoa mugatu den eremuetako bizilagunek. 1960tik aurrera, hirigunean automobilak erabiltzea mugatzen hasi zen Kopenhage: 2015ean, erdigunean aparkatzea debekatu zuen, errepide ugari bidegorri bihurtu zituen eta trenbide sarea handitu zuen. Harrezkero, gero eta jende gehiago mugitzen da bizikletaz hirian zehar, eta gaur egun biztanleen % 60 dira. Agidanez, trafikoa otzantzea lortu du Pontevedrak, 84.000 biztanleko hiriak (65.000 hirigunean). 1999az geroztik, oinezkoentzako eremuak areagotu ditu, baita espaloiak ere, 30 km orduko gehienezko abiadura ezarri du erdigune osoan eta bederatzi disuasio aparkalekuko sarea sortu du, 16.000 tokirekin. Egun, eskola umeen % 80 baino gehiago oinez joaten dira ikastetxeetara, eta ez da izan trafiko istripuen ondoriozko heriotzarik.
Zentzuzkoa denez, errepideko trafikoa mugatzearen aurka agertu dira hainbat sektore. Hiritar ugariren aburuz, norberaren askatasunaren aurkako muga onartezinak dira. Argudiooi osasuna zaintzearen garrantzian oinarritzen direnek egiten diete aurka. Aurkakotasuna arintze aldera, askotan pixkanaka aplikatu izan dira muga horiek. Eztabaida publikoa ildo horretan doan arren, mugikortasuneko adituek aintza hartzen dituzten aukerak trafikoa mugatzeko modalitateei, neurri osagarriei eta ezartzeko epeei buruzkoak dira. Ezin uka daiteke komenigarriak direnik.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Autorik gabeko hiriak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #296
Egunotan, SARS-CoV-2 birusa askotan aipatu dugu baina badakigu zer den, oro har, birus bat? Testu honetan azaltzen digutenez, birusak bizitzaren mugan daude: ez dira haien kabuz ugaltzeko gai eta ez daukate metabolismo propioa. Birusen atalik garrantzitsuena material genetikoa da, DNA edo RNA motakoa izan daitekeena. Horretaz gain, birusek babes-geruza bat dute inguruan (kapsidea) eta hori inguratzen, lipidoz osatutako geruza bikoitz bat egon daiteke.
Berriak ere eman dizkigu birusei buruzko apunte batzuk, UPV/EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia arloko irakasle Elixabete Arreseren eskutik. Hasteko, birusak azelularrak dira, hau da, “ugaltzeko, zelula bizidun baten barruan egon behar dute” eta mota askotakoak daude. COVID-19 eritasunaren kasuan, esaterako, “batez ere albeoloetako zeluletara jotzen du: biriketara. Horra iristen direnean, ezarri egiten dira, eta kaltea eragiten dute”. Kontuan hartu behar dugun beste ezaugarri bat: aldakorrak dira, “mutatu egiten dute”.
GenetikaKoldo Garciari esker, genetika maitatzen hasi gara. Asteon, beste bildumatxo bat ekarri digu. Gai ugari jarri ditu mahai gainean. Hasteko, endorfinak ditugu. Zer dira? Orain beharrezkoak ditugu etxean, konfinamendu egoera honetan, bizipoza mantentzeko: plazera sortzen dizkiguten jarduera batzuetan askatzen dira gure nerbio sistemara. Baina zenbat moda daude? Eta nondik sortzen dira?
COVID-19 gaitzari buruz ere aritu zaigu, zehazki, SARS-CoV-2aren jatorriaz eta azken asteetan mila aldiz entzun dugun animaliaz: pangolina.
Ziur guztiok modu batean edo bestean galdera hau erantzuten saiatu garela: nola “hiltzen” dira birusak? Koldori esker badugu azalpen argi eta labur bat. Baina, aurreratzen dizuet, gure immunitate-sistemak baduela giltza kontu honetan.
Historia pixka bat ere ikasteko parada izango duzue bilduma honetan. Zehazki, testu honetan Tuskegee esperimentuaz mintzo da, AEBetan abian jarri zuten sifilisaren garapena aztertzeko ikerketa. Testuan adierazten denez, adibide honek balio du gogorapen gisa: giza-ikerketetan denak ez du balio.
SARS-CoV-2 birusean zentratu gara, baina zer dakigu urtaroko gripearen genetikaz? Koldo Garciak argitu digu kontua.
BirologiaBiologian eta mikrobiologian doktorea den Adolfo García Sastreri elkarrizketa egin diote Berrian, COVID-19 gaitzaren harira. SARS-CoV-2 birusaren kontrako txertoak eta antibiralak ikertzen ari da New Yorken, baita sagu ereduak garatzen ere, COVID-19aren kontrako txertoak eta botikak eraginkorrak diren probatu ahal izateko. Elkarrizketa interesgarri honetan, birusaren mutazioez eta izurrite honen etorkizunaz hitz egin du, besteak beste.
OsasunaAbiadura bizian lan egiten ari dira ikertzaileak koronabirus berri hau gelditzeko asmotan. Berriak bildu ditu orain arte zientziak eta zientzialariek birusari buruz eskura daukagun informazio guztia. Adibidez, zer bide hartzen ari dira gaitzari aurre egiteko? Noiz lortuko dituzte botikak? Abiatu dira jada txertoa lortzeko ikerketak? OMEk bultzatu duen COVID-19aren kontrako tratamendu bat aurkitzeko proiektuak antibiralak izan ditu helburu. Zeintzuk probatu dituzte? Galdera hauen eta gehiagoren erantzunak artikuluan aurkituko dituzue.
Honen harira, Berrian irakur daiteke Euskal Herrian egin den ikerketa batean antibiral baten eraginkortasuna neurtzen ari dira: remdesivirra, Gilead ekoizlearena. Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako ospitalea eta haren ikerketa institutua, Biocruces, nazioarteko ikerketa talde batean parte hartzen ari dira.
Azken asteetan aipatu izan da ibuprofenoak okertu egiten duela COVID-19 gaitzaren eboluzioa. Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez, oraingoz adituek ez dute frogarik hori ziurtatzeko baina baliteke hala izatea. Iaz Frantziako hainbat ikertzailek egindako azterketa baten arabera, antiinflamatorio ez-esteroideoen erabilera arnas aparatuko gaitzen konplikazioekin lotuta dago. Frogarik ez dago oraindik baina ez dago gomendatuta antiinflamatorio ez-esteroideoen erabilera.
SARS-CoV-2 birusaren jatorriari buruz hitz egitean saguzarrak aipatzen ari dira zenbait artikulutan. Horren harira, Joxerra Aihartza Azurtza UPV/EHUko zoologoaren taldeak urteak daramatza mundu osoko saguzarrak ikertzen. Berriak bildu dituen haren hitzetan, birus askoren gordailuak dira. Hori ahalbidetzen duten bi arrazoi aipatzen ditu ikertzaileak: alde batetik talde handitan bizitzeko joera, eta, bestetik, bizi-itxaropen luzea. Eta ildo horri jarraiki, nola lortu du saguzarren birus batek gizakia infektatzea eta izurri bat eragitea?
SARS-CoV-2 birusak sorrarazten duen infekzio mota oso aldakorra eta zabala da paziente batzuetatik besteetara. Immunitate-sistema da horren arrazoia. Kontuan hartu behar da sistema immunea adinarekin aldatu egiten dela; gazteek antigeno desberdinak eta ezezagunak ezagutzeko gaitasuna duten zelulen errepertorio handia dute. Adinekoetan, ordea, kontrakoa gertatzen da. Miren Basarasek Berrian azaltzen digu COVID-19aren kasu larriek sistema immunearen neurriz gaineko erantzuna ematearekin zerikusia dutela.
Koronabirus berriaren larrialdia hasi zenetik, aditu askok esan dute beroak eragina izango duela birusaren eraginkortasunean. Basarasek Berrian azaltzen duenez, koronabirusak birus geruzadunak dira, geruza lipidikoz estalita daude. Hortaz, klima hotza denean, geruza oliotsua gogortu egiten da. Hezetasunari dagokionez, airea lehorra denean, gure birikak estaltzen dituen mukia murrizten dela uste da, eta garai horietan, ahulagoak bihurtzen gara birusarekiko.
Gaixotasun larriak pairatzeko izua da hipokondria. Koronabirusak eragin duen egoera honetan, horri buruzko gehiegizko informazioak gaixoen obsesioa areagotu dezake. Edurne Saizar psikologoaren hitzak bildu dira Berriako artikulu honetan. Bere esanetan, “norberaren osasunaren irudia distortsionatua dute erabat” eta horren ondorioz, “neutraltasun” posiblea ukatu, eta okerrenera jotzen dute. Hipokondriari aurre egiteko tresnez aritu da psikologoa, baita egun COVID-19 gaitz berriaren pandemiak utzi duen egoeraz ere.
Etxean gauden bitartean, osasunari erreparatu behar diogu. Osasuntsu mantentzeko baditugu eskura hainbat tresna. Horren harira, adituek diote garrantzitsua dela kirola egitea, burua okupatuta mantentzea eta ahalik eta sanoena jatea. Elena Olaiz psikologoak argi du: “Errutina bat ezartzea ezinbertzekoa da denentzat”. Berrian informazio guztia.
Alazne Apalantza fisioterapeuta elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, gernu ihesari buruz mintzatu da; “tabu handia” dela dio “emakumeon arazoa delako”. Gehitzen du hainbat motatako inkontinentziak daudela eta kausa ezberdinak dituztela. Horretaz gain, Apalantzak dio gernu ihesa ez dela soilik erditu diren emakumeen arazoa.
TeknologiaCNRS Frantziako Ikerketa Zientifikorako Zentroko Neel Institutuko ikertzaileek grafenoan oinarritutako sentsore baten bitartez, zauri kronikoen egoera uneoro jasotzeko gai den sistema bat garatu dute. Zergatik da hain aproposa grafenoa? Oso material arina da, izugarrizko erresistentzia du eta eroale bikaina da. Eta ez hori bakarrik, zaurian izaten diren aldaketa fisiko-kimikoen arabera aldatzen da grafenozko elektrodoaren eroankortasuna. Datu guztiak artikuluan.
Dementzia antzemateko aplikazio bat probatu dute Oroitu neurologia arreta berezia eskaintzen duen zentroan. Susana Perez de las Heras medikua eta zentroko zuzendariak Berrian dioen moduan, oso garrantzitsua da gaixotasunak garaiz antzematea eta horretarako izan daiteke baliagarria ahotsaren bidez dementzia detektatzeko AcceXible start-up-ak egindako aplikazioa. Egindako esperimentuari buruz mintzo da honetan: “Oroituk pazienteak jarri ditu. Eta AcceXiblek aztertu du, bere matematikarien bidez eta pazienteen ahotsa aintzat hartuta, narriadura kognitibo hori detektatzeko aukera”.
KlimatologiaMartxoaren amaieran, 18 kilometroko altueran, %90 jaitsi da Artikoko estratosferan dagoen ozono-kopurua. 2011. urtetik ez da egoera hori eman. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, atmosferaren goiko geruzetan aurten izan diren tenperatura baxuek ahalbidetu dute fenomenoa.
Emakumeak zientzianNubia Muñoz epidemiologo kolonbiarrak Giza Papilomaren Birusa (GPB), sexu-transmisiozko infekzioen artean ohikoena, umetoki-lepoko minbiziaren kausa nagusia zela aldarrikatu zuen. Muñozek egindako ikerketa-lanak ahalbidetu zuen txertoa sortzea mundu osoko umetoki-lepoko minbizien %70 eragiten duten andui horiek geldiarazteko. Nobel saria irabazteko zorian egon zen 2008an, baina azkenean, txertoa garatu zuen Harald Zur Hausen mediku alemaniarrak lortu zuen. Haren ingurukoak artikuluan.
EboluzioaDuela bi milioi urte inguru, hiru hominido-espezie garai berean bizi izan ziren Hegoaldeko Afrikan, berriki argitaratu duten ikerketa baten arabera. Ikertzaileek Drimolengo aztarnategian (Hegoafrikako errepublika) bi garezur aurkitu dituzte: Paranthropus robustus eta Homo erectus espezieei dagozkienak. Azken honen kasuan, datazio berriak gutxienez 100.000 urte inguru atzeratu du espeziearen agerpena, Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez.
KimikaArtearen arloan, gehien ezagutzen dugun euskarria mihisea da, lihoa, kotoia, kalamua edo jutea bezalako landareetatik lor daitekeena. Ezin da ahaztu XV. mendera arte zura izan zela euskarririk erabiliena. Baina mihisearen eta zuraren gainean margotu baino lehen euskarri horiek prestatu behar dira. Testuan azaltzen diguten moduan, geruza zuri homogeneo batez estaltzen dira. Beraz, lanean hasteko, geruza hori nola prestatzen den jakin behar dugu. Artikulu honetan aurkituko duzu erantzuna.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #296 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #302
Zelan eragingo dio klima-aldaketak ekosistema baten espezie ezberdinei? Erantzuna aurkitzeko eredu mekaniko batek zenbat aldagai beharko lituzkeen galdera irekia da eta mota honetako eredua, ia ziur, akats iturria litzateke, eraikitzen zaila izateaz gain. Beste modu bat ere badago, hala ere: matematikak erabilita. BCAMekoek How to investigate the effect of climate change on multiple species without a mechanistic model
Burbuiletan bizi gara. Burbuila informatiboetan. Sare sozialen eta bilatzaileen garaian, are gehiago. Eta arriskutsua izan daiteke. Martha Villabonaren Consult different news sources so you don’t get caught in the filter bubble.
Dispositibo baten gakoa molekula bakarra da momentu honetan. Zelan kontrolatu molekula hori, baina? DIPCkoek Controlling single molecule conductance with a new class of covalent bond formation
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #302 appeared first on Zientzia Kaiera.
Grafenoa baliatu nahi dute zaurien urruneko jarraipena egiteko
Zauritua dagoen norbait makina batean jarri, berehalako diagnosia egin, eta, gehienetan, zaintza eta sendaketa automatizatua abiatu. Zientzia fikzioan barra-barra irakurri edota ikusi ahal izan den utopia da. Eta, horrelako tramankulu sorta bat lortzea oraindik oso urrun dagoen arren, egia da pixkanaka medikuntzaren arlo desberdinetan aurrerapauso itzelak ematen ari direla. Aurrerapen guzti horiek berez liluragarriak dira, baina egunen batean horiek guztiak batera txertatzea lortzen bada, emaitzak seguruenera makina miraritsu horren antza hartuko du.

1. irudia: Hiru fasetan prozesatzen da informazioa. Aposituak zauriaren egoera jasotzen du, eta sakelako telefono batera igortzen du; ondoren, telefonoak informazio hori ospitalera edo osasun zentrora bideratzen du, balorazioa egin ahal izateko. (Argazkia: Grapheal)
Bide horretan, hesgailuen alorrean garapen garrantzitsuak egiten ari dira. Gaur egun oinarrizko kontua iruditzen zaigun arren, hesgailuen agerpena bera aurrerapauso itzela izan zen. Zauria garbitu, eta, gainean, ondo desinfektatutako hesgailu garbi bat jartzeak bizitza asko salbatu ditu historian zehar. Bakterioak eta birusak osasun alorreko arazo iturri nagusienetakoa diren heinean, higienea bera izan da horiei aurre egiteko arma baliagarrienetako bat.
Asko aurreratu den arren, badira oraindik konpontzeke dauden hainbat arazo; horietako bat da zaurian zehatz-mehatz zer gertatzen ari den jakitea. Adibidez, errekuntzaren bat jaso dutenen kasuan, posible da ehun osasuntsu berria txertatzea, baina transplante horiek aurrera jo ahal izateko, beharrezkoa da odol-hodiek azal berriari oxigeno nahikoa ematen diotela ziurtatzea. Horretarako, ondo ezagutu behar da hesgailuaren beste aldean prozesua behar bezala gertatzen ari dela. Arazoaz jabetuta, Conor Evans kimikariak oxigeno mailaren arabera modu desberdinean erreakzionatzen duten tindaketak eta nanomolekulak garatu ditu, hesgailu adimentsuak lortuz. Gugandik gertuago, Itxaso Garcia Orue ikertzaileak nanopartikulen bidea urratu du, kasu honetan, zauri kronikoen tratamendurako.
Dena dela, argi dago erronka handienetako bat zaurien monitorizazioa dela, eta arlo horretan ere badago berrikuntzarik. Azkenetako bat CNRS Frantziako Ikerketa Zientifikorako Zentroko Neel Institutuko ikertzaileek eman dute ezagutzera: grafenoan oinarritutako sentsore baten bitartez, zauri kronikoen egoera uneoro jasotzeko gai den sistema bat garatu dute.
Itxaropen asko jarri dira grafenoan. Gehiegi, agian. Aldian-aldian, hedabideetako lerroburuetan ateratzen den material hau nahiko gaztea da. 2004an isolatu zuten aurrenekoz, grafitoan abiatuta, eta hori egin zutenei Nobel saria eman zieten. Funtsean, grafenoa grafitozko geruza bakar bat da, karbono atomo baten lodiera duena. Horren emaitza, baina, bikaina da: oso material arina lortzen da, baina izugarrizko erresistentzia duena. Horrez gain, eroale bikaina da. Ezaugarri hauek guztiak kontuan izanda, ez da harritzekoa grafenoa materialen zientzian aritzen diren ikertzaile askoren jomugan egotea.
Oraingoan, medikuntzara bideratu dute grafenoaren aplikazioa, material hori duen apositu baten bitartez urruneko monitorizazioa egin ahal izateko. Oraindik garapen fasean dagoen arren, irekitzen den bidea arras interesgarria da. Neel Institutuaren inguruan abiatutako Grapheal enpresak bideratu du garapena.

2. irudia: Grafenoa karbono atomoez osatutako materiala da, eta ezaugarri bikainak ditu: arintasuna, erresistentzia eta eroankortasun elektriko ona. Argazkian, molekularen irudikapen bat, ikerketa zentro batean. (Argazkia: Juanma Gallego)
Apositu adimentsu hori zauri kronikoetara bideratuta dago. Sei aste pasata ere oraindik sendatu gabe jarraitzen dutenak hartzen dira zauri kronikotzat, eta horien kudeaketa ez da erraza, pazienteak osasun zentroetara bideratu behar direlako. Medikuek edo erizainek horien jarraipena egin behar dute, hesgailua kendu eta zauria nola doan ebaluatu ahal izateko. Eta horrek, noski, badu eraginik osasun sistemaren funtzionamenduan. Aurrerapena garatu dutenek aurkeztu dituzten datuak ez dira txantxetan hartzeko modukoak: munduan halako zauriek eragindako osasun gastua 27.000 milioi eurokoa dela argudiatu dute, eta —txarrena dena— osasun arazo hauek urtean milioi erdi ebakitze eragiten dituzte.
Azaldu dutenez, diabetesa duten lagunek edo adineko pertsonek dute zauri kroniko gehien. Diabetesa dutenen artean, handiagoa da oinetan ultzerak izateko aukera. Adinekoen kasuan, bereziki hanketan sortzen dira ultzerak; batez ere, presioagatik sortutakoak dira.
Aposituaren funtzionamenduari dagokionez, sistemak grafenoak dituen eroankortasun bikainari ateratzen dio probetxua. Zaurian izaten diren aldaketa fisiko-kimikoen arabera aldatzen da grafenozko elektrodoaren eroankortasuna, eta hori bihur daiteke zaurian gertatzen denaren adierazle. Partxearen osaketan, grafenozko partikulak daude jarrita, plastiko baten gainean, eta hori guztia hesgailu arrunt batean txertatuta dago. Apositu malgua da, gorputzeko edozein zatira ondo egokitzeko modukoa.
Dena dela, argi dago zauriaren gaineko kontrola izatea ez dela nahikoa. Informazio hori adituen esku utzi beharra dago. Horretan datza, hain justu, hurrengo urratsa. Txip txiki batek informazio hori bideratzen du sakelako telefono batera, eta bertan instalatuta dagoen aplikazio batek mezua helarazten dio ospitaleari, detekzio goiztiarra ahalbidetuz. Modu horretan, medikuak azkar erantzuteko moduan egongo dira; adibidez, infekzioren bat egotekotan. Era berean, tratamenduak hobetzeko eta paziente bakoitzaren arabera egokitzeko aukerak handitzen dira.
Ikertzaileen arabera, gainera, orain arte egin diren klinika aurreko ikerketek erakutsi dute aposituak laguntzen duela zaurien orbaintzea hobetzen. Momentuz ez dute azaldu, baina, hobekuntza hori zertan datzan. Orain, mundu errealera jauzi egiteko garaia da: Europa mailako Graphene Flaship ekimenaren baitan aurkeztu dute aurrerapena, eta gizakietan lehen probak hasi behar dituzte. Dena ondo bidean, produktua 2023. urtean merkatuan egotea espero dute.
Erreferentzia:
WO2016142400 patentea. Methof of forming a graphene device. Permalink: https://patentscope.wipo.int/search/en/detail.jsf?docId=WO2016142400&tab=PCTBIBLIO
Iturria:
SINC Agentzia (2020-03-23): Grafeno para monitorizar heridas a distancia.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Grafenoa baliatu nahi dute zaurien urruneko jarraipena egiteko appeared first on Zientzia Kaiera.
Nubia Muñoz, desinformazioaren birusa errotik ezabatu nahi duen epidemiologoa

1. irudia: Nubia Muñoz epidemiologoa. (Argazkia: © Fundación BBVA)
“Egia bihurtutako ametsa da. Ikertzaile pribilegiatua naizela badakit. Oso epidemiologo gutxik lortzen dute osasun publikoko arazo bat konpontzea egindako ikerketa-lanari esker” – Nubia Muñoz, Sinc Agentzia –
Adierazpen haren ondotik, Muñozek trama argitu zuen, Agatha Christieren liburuen azken orrialdeetan Poirot detektibeak egiten zuen moduan: ehunen zeluletan, genitaletan batez ere, txertatzen den birus bat dago. Birus hori gai bazen hori egiteko, ahalmena izango zuen zelula osasuntsuak infektatzeko eta minbizia eragiteko ere. Gauzak horrela, egindako ikerketa-lanak txertoa sortzea ahalbidetu zuen (2006tik dago eskuragarri) mundu osoko umetoki-lepoko minbizien %70 eragiten duten andui horiek geldiarazteko.
Hain zuzen ere, aurkikuntza horri esker, 2018an irabazi zuen Jakintzaren Mugen BBVA Fundazioa Saria (Premio Fundación BBVA Frontera del Conocimiento), Garapenerako Lankidetza mailan (Cooperación al Desarrollo). Horrek agerian uzten du oraindik esku artean duen erronka nagusia, hau da, txertoa herrialde pobreetara iristea, han kasuen %85 gertatzen baita eta urtero 280.000 emakume baino gehiago hiltzen baitira. Izan ere, oztoporik handiena txertoaren truke ordaindu beharreko prezio altua da, garapen bidean dauden herrialdeetan bizi diren emakumeentzat hori eskuratzea ezinezkoa da eta.
Sariei jarraiki, 2008ko Nobel saria irabazteko zorian egon zen Muñoz, medikuntza arloari egindako ekarpen honengatik, baina, azkenean, txertoa garatu zuen Harald Zur Hausen mediku alemaniarrak lortu zuen. Alabaina, azken urteotan, ikertzaile batek jasan dezakeen gauzarik okerrena gertatu zaio epidemiologo kolonbiarrari: zientzian egindako aurrerapauso batek ospe txarra hartzea, alegia. Prentsa txarrak eta txertoen aurkako taldeen presioak eragin dute Muñozen haserrea; berarentzat desinformazioa ebidentziaren aurkakoa da eta azken hau, zientziaren muina da, zalantzarik gabe.
Oso mediatikoa izan den kasua2012an, zerbix edo umetoki-lepoko minbiziaren prebentzio-programa bat abiatu zuen Muñozek Kolonbian baina polemikaz jositako proiektua izan zen, tamalez. El Carmen de Bolivar udalerrian txertoa jarri zuten ia ehun neskek zorabioak izan zituzten. Hori gertatu bezain pronto, txertoen aurkako taldeek ondorioztatu zuten txerto horrek emakumeen osasuna kaltetzen zuen bigarren mailako ondorioak eragiten zituela. Azkenean, zurrumurru horien ondorioz, txertoak derrigorrezkoa izateari utzi zion eta arrakastatsua izan zen programa bat (nesken %90ri txertoa jartzea lortu zuen) bertan behera geratzea erdietsi zuten. Muñozentzat “kolpe latza” izan zen, “amorru handia” sentitu zuen, beste behin ere ezjakintasunak eta zurrumurruak zientziaren aurrean irabazi zutela ikustean.

2. irudia: Nubia Muñozek desinformazioari eta berri faltsuei aurre egiteko formula bat bilatu nahi du, jendeak zientzian konfiantza izan dezan. (Argazkia: © Fundación BBVA)
Nolanahi ere, gaur egun, 84 herrialdek ezarri dute birusaren aurkako txertaketa-programa 9 eta 14 urte bitarteko neskentzat. Polemikak bere horretan jarraitzen du, jakina, baina Muñozek ez du zalantzarik txertoaren eraginkortasunari dagokionez, “umetoki-lepoko minbiziaren ia %100 prebenitzen baitu”. Hori gutxi balitz bezala, epidemiologoak gogoratzen du ez dagoela ebidentzia zientifikorik esateko txerto horrek arazo neurologiko edo autoimmunitate-arazo larriak eragiten dituenik.
Langile nekaezinaNubia Muñozek Medikuntza ikasketak aukeratu zituen eta 1958an, Kolonbiako Univallen hasi zen, beka bati esker. 1964an graduatu zen eta, ondoren, patologian espezializatu zen unibertsitate berean. Gero, Epidemiologia eta Birologiako graduondoko bat hasi zuen Johns Hopkins Unibertsitatean (AEB). Horren ondotik, eta beste beka bati esker, Lyonera (Frantzia) joan zen, Minbiziari buruzko Ikerketen Nazioarteko Zentroan (IARC) lan egitera. Hasierako lanetan, agente infekziosoek sortutako minbiziak izan zituen ikergai. Era berean, Bethesdako Minbiziaren Institutu Nazionalean lan egin zuen, non 2 motako herpes sinplea ikertu zuen. Berehala itzuli zen IARCera, eta minbiziaren epidemiologian jarri zuen arreta berriz ere.
80eko hamarkadaren erdialdean, bera eta zuzentzen zuen lantaldea kasuen azterketak eta kontrolak egiten hasi ziren hogeita hamar herrialde baino gehiagotan, harik eta GPBaren eta zerbixeko minbiziaren arteko harremana ezarri zuten arte. Sariei dagokienez, Brupbacher Saria, Gairdner Fundazioak banatzen duen Mundu Mailako Osasun Saria, eta Nuevo Leongo Unibertsitate Autonomoaren (Mexiko) eskutik, Jose Eleuterio Gonzalez domina jaso zituen, beste lorpen batzuen artean. Gainera, Kolonbiako Kantzerologia Institutu Nazionaleko katedradun emeritua eta Kataluniako Onkologia Institutuko (ICO) zientzialari bisitaria da.
Garatzeko bidean dauden herrialdeetan txertaketa-programen kopurua handitzea eta jadanik ezarrita dagoenetan egoera hobetzea falta den arren, Muñozek azpimarratzen du txerto hori dela uneotan existitzen den eraginkorrena. Hala, Gernot Wersig zientzia-dokumentalistak behin adierazi zuen ideia bati men egiten jarraituko dio epidemiologoak: “Ziurgabetasunari mugak jartzeko aukera ematen digu informazioak”.
Iturriak:
- Agencia SINC, Nubia Muñoz, premiada por la vacuna contra el cáncer de cuello de útero, 2018ko otsailaren 27a.
- Agencia SINC, Nubia Muñoz, impulsora de la vacuna contra el papiloma. “Los antivacunas no quieren aceptar la evidencia científica”, 2018ko ekainaren 14a.
- Burgos Conecta, Nubia Muñoz: «Es una gran tragedia que haya médicos antivacunas», 2018ko abuztuaren 26a.
- ICO, La vacunación contra el virus del papiloma humano, asignatura pendiente en los países en vías de desarrollo, 2016ko ekainaren 27a.
- Mujeres con ciencia, Nubia Muñoz y la lucha contra el cáncer de cérvix, 2018ko abuztuaren 31.
- Pincock, Stephen (2009). Nubia Muñoz: defi ning the role of HPV in cervical cancer. The Lancet, 374, 1587.
- Wikipedia, Nubia Muñoz Calero.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Nubia Muñoz, desinformazioaren birusa errotik ezabatu nahi duen epidemiologoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Birusak (I)

1. irudia: Birusak bizidunak diren edo ez eztabaidagaia da zientzialarien artean. (Argazkia: PIRO4D – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Birusak ez dira bizidunak. Edo bai. Egia esan, birusak bizidunak diren ala ez eztabaidagaia da zientzialarien artean. Ez da kontu erraza hori argitzea; izan ere, biziduna den ala ez argitzeko, lehendabizi biziduna izatea zer den definitu behar da. Definizio hori lortzea ez da erraza eta hainbat proposamen daude. Onartuenen artean, hiru bizi-funtzio definitzen dira, alegia, bizidunek egiten dituzten gauzak zerrendatzen dira eta, horren arabera, zerrenda horietako puntuak betetzearen arabera aztertzen da bizitza. Bizi-funtzioa hauek dira: ugalketa -antzeko ondorengoak sortzeko gaitasuna, espeziearen biziraupena bermatzeko-, nutrizioa -kanpoko substantziak hartzeko gaitasuna- eta erlazioa -ekosisteman dauden beste elementuekin elkarrekintzak izateko gaitasuna-.
Birusak ez dira gai haien kabuz soilik osotasunean bizi-funtzioak betetzeko. Azpimarragarriena da birusak ez direla gai ondorengoak sortzeko. Orduan, nola da posible birusak ez desagertzea? Bada, zelula ostalari bati esker gai dira haien buruaren kopiak egiteko. Birusek ez daukate gaitasuna birus gehiago sortzeko, ez daukate horretarako beharrezkoa den makineria biologikoa. Zelula batek, jakina, beharrezkoa den guztia dauka ugaldu ahal izateko. Birusak, hortaz, bizitzaren mugan daude: ez dira haien kabuz ugaltzeko gai eta ez daukate metabolismo propioa.
Beraz, labur esanda, birusak ugaltzeko beste bizidun baten beharra duten agente infekziosoak dira, parasitoak, bizkarroiak -hala ere, birus guztiek ez dituzte gaixotasunak eragiten-. Horretan, gainera, oso eraginkorrak dira eta beste edozein bizidun kutsatzeko gai dira: animaliak, landareak, onddoak eta bakterioak, besteak beste. Ez hori bakarrik. Badaude birusak beste birus batzuk kutsatzeko gai direnak. Antza, bide horretatik birusen arteko material genetikoaren trukaketa gerta daiteke.
Nolakoak dira birusak?Birusen egiturari dagokionez, birusen atalik garrantzitsuena material genetikoa da. Material hori azido nukleiko moduan dago, DNA zein RNA motakoa izan daitekeena. RNA edo DNA hori kate bakarrekoa edo kate bikoitzekoa izan daiteke eta, berezitasun guztiak kontuan hartuta, birusak zazpi talde handitan sailkatzen dira Baltimore-ren sailkapenaren arabera -ez galdu sailkapen horren zehaztasunen azalpena eta birusei buruzko beste zenbait kontu Koldo Garciaren blogean-. Hemen fokua material genetikoaren funtzioan jarriko da. Azido nukleiko horietan, birus gehiago egiteko jarraibideak daude, baina, jarraibideak bakarrik. Pentsa dezakegu tresna bat egiteko gidaliburua dela eta, hortaz, birusari fabrika falta zaio.
Material genetikoaz gainera, birusek babes-geruza bat dute inguruan, kapside deritzona, eta proteinaz osatuta egoten da. Kapsideak hainbat forma desberdin izan ditzake: helikoidala, ikosaedrikoa, eta abar. Kapsidea inguratzen ere lipidoz osatutako geruza bikoitz bat egon daiteke, baina, ez kasu guztietan. Hortaz, birusen egitura nahiko oinarrizkoa da: material genetikoa eta material genetiko hori babesteko geruzak. Tamainari dagokionez, birusak bakterioak baino askoz ere txikiagoak dira. Salbuespenak salbuespen, birusen tamaina 10 eta 300 nanometro ingurukoa izaten da. Hain tamaina txikikoak izanik, ezin dira ikusi mikroskopio optikoen bitartez eta mikroskopio elektronikoak behar dira.
Puntu honetan, hurrengo galderari erantzuna emateko moduan gaude. Birusek material genetikoa dute, alegia, birus gehiago egiteko beharrezkoa den informazioa daramate, baina, beste zelula baten makineria erabili behar dute jarraibide horien arabera birus gehiago egin eta ugaltzeko. Nola gertatzen da, baina, prozesu hori?
Jarraituko du.
Informazio gehiago:
- Todos los virus, y no solo el coronavirus, Miguel Pita, elpais.com, 2020.
- Itxialdirako genetika (artikulu-sorta), Koldo Garcia, edonola.net, 2020.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Birusak (I) appeared first on Zientzia Kaiera.
Margolanen kimika (III): euskarria, artelanaren euste-puntua
Zalantzarik gabe, mihisea da euskarririk zabalduena. Mihisea lihoa, kotoia, kalamua edo jutea bezalako landareetatik lor daitezkeen ehunez egindako gainazala da. Azpimarratzekoa da lihoaren garrantzia margolanen esparruan: haren zurtoinetik euskarri moduan erabiltzen den oihala lortzen da eta, hazietatik, pigmentuak aglutinatzeko linazi-olioa.

1. irudia: Walther Otto Mülleren Linum usitatissimum landarearen ilustrazioa (XIX. mendea). (Iturria: Wikimedia Commons – domeinu publikoko irudia)
Oro har, zurezko bastidore bat erabiltzen da mihisea tente mantentzeko. Mihisearen gainean egindako artelanetan garrantzitsua da kanpo-faktoreak kontrolatzea, batez ere, tenperatura eta hezetasuna. Horien eraginez zura dilatatu daiteke, baita mihisea uzkurtu edo sabeldu ere.
Hain zuzen ere, zura izaten zen euskarri ohikoena, XV. mendean mihisearen erabilera hedatu zen arte. Gaur egun, Erdi Aroan margotu ziren koadro asko erabilitako egurraren arabera koka ditzakegu. Adibidez, Europako Iparraldean erruz erabiltzen zen haritza; aitzitik, Italian makala zen zur-iturri ohikoena. Lehengai ugari bazeuden ere, artelanak margotzeko oholak prestatzea prozesu konplexua zen, eta hainbat tokitan gremioetako adituek baino ez zituzten egiten. Horri esker, egoera onean biziraun dute oholaren gainean margotutako pintura askok. Hala ere, argi utzi behar da egurra material iragankorra dela, eta, ondorioz, beste obra askok ez dutela zorte berbera izan. Kasu batzuetan intsektu xilofagoen erasoa jasan dute; beste batzuetan, usteldu egin dira hezetasunaren edo uraren erruz.
Zuhaitzetatik eskuratu daitekeen beste euskarri bat papera da. Euskarri hori sarritan erabiltzen da marrazkigintzan eta akuareletan; gutxiago, ordea, olio-pinturan. Etimologikoki, egiptoarrek prestatzen zuten papirotik hartu du izena; zeina, era berean, landare-iturri batetik eskuratzen zen (kasu horretan, Nilo ibaian hazten den Cyperus papyrus landaretik). Papera zelulosaz osatuta dago, ehunka glukosa-molekula dituen polimeroaz. Beraz, azukreekin estuki lotuta dago material hau. Zelulosa-kateen arteko elkarrekintza kimikoei esker, ehun zurrunak lortzen dira, eta beroriek, zuritze-prozesuak direla medio, euskarri egokiak bihurtzen dira. Zelulosaz gain, lignina bezalako substantziak aurki ditzakegu paperean. Konposatu horren kantitate gehiena ekoizpen-prozesuan eliminatzen da, baina gelditzen diren aztarnak denboraren poderioz oxidatuko dira eta papera horituko dute. Horrexegatik da horia paper zaharra.

2. irudia: Zelulosa-kateak eta kateen arteko lotura. (Iturria: Wikimedia Commons – CC BY-SA 3.0 lizentziapean)
Euskarrien zerrenda amaiezina da; batez ere, arte garaikidean. Baina ezin dugu bukatu gizakiak erabili zuen lehen euskarria aipatu gabe: harria. Erabili zuen lehenengoa edo, behintzat, gure garaietara iritsi den zaharrena. 40.000 urte duten pinturak aurkitu dira euskarri horren gainean. Iraunkortasun izugarri horretaz jabetzeko, pentsa ezazu Mona Lisak 500 urte “bakarrik” dituela. Argi dago harria ez dela batere egokia batetik bestera eramateko; ondorioz, berorren erabilera mugatuta egon da etxeen hormetara edo eraikin erlijiosoetara. Hori bai, XX. mendeko 60ko hamarkadatik aurrera euskarri horrek gorantz egin zuen grafitien agerpena dela eta. Euskarri zaharrena modernoena ere bada.

3. irudia: Ekaingo zaldiak (Argazkia: Wikimedia Commons – CC BY-SA 3.0 lizentziapean)
Prestakina, lanean hasteko behar dugun geruzaZura eta mihisea bezalako euskarriei buruz hitz egin berri dugu. Irakurleak pentsa lezake ohola edo oihala hartzea eta margotzea besterik ez dela egin behar. Ezta gutxiago ere. Gaur egun, euskarri zuri-zuriak aurki daitezke merkatuan, baina lehen, norberak prestatu behar zituen. Mihisearen zein oholaren gainean lan egiteko, geruza zuri homogeneo batez estaltzen da euskarria; osterantzean, gainazala zimurregia izango litzateke. Geruza horri esker, gainazala egokia da pintatzeko; eta artistak nahi badu, artelanaren zirriborroa marrazteko ere bai. Baina, nola lortzen da prestakina deritzogun geruza hori?
Izan ere, prestakinak hainbat geruza izan ditzake. Lehenengoak euskarria isolatzeko erabiltzen dira, baita gainazala berdintzeko. Horretarako, igeltsua edo kaltzio karbonato bezalako konposatuak erabiltzen ziren kolarekin nahastuta. Tradizionalki, gehien erabili izan den kola untxi-kola izan da. Untxia? Bai. Animalien ehun konjuntiboa aberatsa da kolageno izeneko proteinetan. Proteina hori organoak elkarturik mantentzeaz arduratzen da; eta organoak itsasten dituen bezala, beste substantziak ere itsas ditzake. Kola lortzeko, uretan egosten dira animalien larrua, tendoiak eta beste hainbat soin-atal. Ura hoztean solidifikatu egingo da likidoa; modu horretan, ur berotan disolbatu daitekeen kola lortzen da edozein momentutan.

4. irudia: Ezkerretik eskuinera: kolagenoaren egitura, untxi-kola forma solidoan eta erabiltzeko prest dagoen untxi-kola. (Argazkia: Wikimedia Commons – CC BY-SA 3.0 lizentziapean)
Prestakinaren azken geruzari inprimazioa deritzogu. Hori izango da margoarekin kontaktuan egongo dena eta agerian gelditu daitekeena. Normalean pigmentu zuri batekin, berun zuriarekin adibidez, lortzen zen. Horrela, artistak mihise zuria prest zuen musa heltzen zenerako. Beste kasu batzuetan, ordea, artistak nahiago du atzealde koloreduna erabili. Velázquezek erabat menperatzen zuen teknika hori. Inprimazioari kolore gorria emateko burdin oxidoa gehitzen zion; eta koloreaz baliatuz eta atzealdea guztiz estali gabe, koadroa margotzen zuen. Denbora aurrezten da, baina ez da lan erraza. Velázquez maisu handia zen, noski.

5. irudia: Velázquezen Mozkorrak artelanean inprimazio gorria antzeman daiteke. Estratigrafian (artelanaren zeharkako argazkia) argi ikus daiteke inprimazioaren kolorea. (Argazkia: Museo del Prado)
Erreferentzia bibliografikoa:
Gayo, D. eta Jover de Celis, M. (2010). Evolución de las preparaciones en la pintura sobre lienzo de los siglos XVI y XVII en España. Boletín del Museo del Prado, 28, 39-59.
Esker onak: Egileak eskerrak eman nahi dizkio Josu Lartategiri testu hau prestatzen laguntzeagatik.
—————————————————–
Egileaz: Oskar Gonzalez (@Oskar_KimikArte) UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea da eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Arte Ederretako Fakultateko irakaslea.
—————————————————–
Margolanen kimikari buruzko artikulu-sorta:
- Margolanen kimika (I): Berniza, babes-mintza
- Margolanen kimika (II): Margo-geruza, artelanaren kolorea eta nortasuna
- Margolanen kimika (III): euskarria, artelanaren euste-puntua
The post Margolanen kimika (III): euskarria, artelanaren euste-puntua appeared first on Zientzia Kaiera.
Etorkizuna ikergaitza da, eta haren mehatxuak ere

1. irudia: Richard Nixon presidentea 1971ko abenduaren 23an National Cancer Act lege federala sinatzen. 1970. urtean AEBko heriotzen bigarren kausa minbizia izan zen eta lege honek minbiziaren aurkako ahalegin nazionala eraginkortasun handiagoz bideratzea zuen helburu. (Argazkia: National Cancer Institute)
Orain, beste gobernu batzuk, Espainiakoak barne, “gerra” deklaratu diote beste gaixotasun bati, SARS-CoV-2 koronabirusak eragindakoari. Pandemiaren hedapenari eusteko ezarritako neurriez gain, jarduera-planek politika zientifikoko jardunbideak dituzte eta baliabide ekonomiko ugariren injekzioa, koronabirusari buruzko ikerketak egin eta gaixotasuna “menderatzeko” tratamenduak lortzeko.
Pandemia sortzen ari den horrenbesteko kezka, min eta ziurgabetasunaren erdian, badirudi agintariek eta iritzi-preskriptoreek zientzian jarri dutela konfiantza, belaunaldiek aurre egin beharreko erronkarik itzelena konpontzeko tresna gisa. Izan ere, badirudi sakon sartu dela duela bi aste esaten genuen hura: bakarrik ezagutzak gainditu ahal izango du pandemia.
Hala ere, zuhur jokatzea komeni da. Aurreko astelehenean, martxoaren 23an, Science aldizkariak editorial bat argitaratu zuen ohartaraziz arriskutsua zela zientziari gehiegi eskatzea edo, baita, komunitate zientifikoak berak behar baino itxaropen gehiago sortzea. Horretarako editorialak GIBaren kasua erabiltzen zuen: birologian, epidemiologian eta farmako berrien garapenean hainbat hamarkadako ahalegina beharrezkoa izan zen emaitzak lortzen hasteko. Eta egia bada ere HIESa gaixotasun kroniko bihurtu dela aspalditik, soilik orain, lau hamarkada geroago, hasi dira gaixo batzuk sendatzen.

2. irudia: National Cancer Act legeak 50 urte beteko ditu aurten eta oraindik ez dugu minbizia “garaitu”. (Argazkia: Louis Reed / Unsplash)
Antzerako zerbait esan daiteke minbiziari buruzko ikerketen eta hauen emaitzen inguruan. Gaur egun, gehiago dakigu izendapen horren baitan dauden gaixotasunetan parte hartzen duten prozesuei buruz eta, 1971tik hona, aurrerapenak egin dira arrisku-faktoreen, tratamenduen eta zenbait motatako pronostikoen ezagutzari dagokionez. Baina asko sendaezinak dira oraindik eta heriotza-tasa apur bat baino ez da jaitsi ordutik. Gerra-metafora berreskuratuz, minbizia “garaitu” gabe dago oraindik.
“Gerra” horien kontradibidea Manhattan proiektua da -hau bai, belikoa-, bonba atomikoaren ekoizpenean bukatu zuenak. Komunitate zientifikoak behar bezala ezagutzen zituen atomoaren egitura eta materiaren izaera. Eta horri esker, gizateriak sortu duen armarik hilgarriena izan zuten estatubatuarrek, denbora errekorrean.
Garrantzitsua da, jakina, baliabideak erabiltzea koronabirusa eta, oro har, epidemiak ikertzeko. Baina aurrekotik atera daitekeen ondorioak harago eraman behar gaitu.
Ez dakigu zer ekarriko digun etorkizunak. Egia bada ere gerta daitezkeen arrisku batzuk lar probableak direla, hauek alde batera uzteko, badira beste batzuk guztiz aurresanezinak direla. Halaber, ez dakigu zein gaitan edo arlotan sortu beharko dugun ezagutza etorkizun hurbilean. Era berean, ez ditugu kontuan hartzen oraingo arazo batzuen azpian dauden funtsezko alderdiak, minbiziaren historiak agerian uzten duen bezala. Horregatik, estrategiarik baliagarriena da ahalegina handitzea eta dibertsifikatzea, hainbat alorretan ereinez, gaur ez baitakigu zer beharko dugun bihar.
Garrantzitsua da arlo askotako ezagutzak biltzea, izan ere, zenbat eta gehiago jakin orduan eta hobeto hornituak egongo gara, pandemia moduan edo beste edozein izaeratan, gizateriak espero dituen erronkei aurre egiteko.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Etorkizuna ikergaitza da, eta haren mehatxuak ere appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #295
SARS-CoV-2 birusaren aurkako sendagaien bila ari dira laborategiak. Denbora aurrezteko, dagoeneko garatuta dauden sendagaiak erabili nahi dituzte; botika hauek beste koronabirus batzuek sortutako gaitzak tratatzeko (MERS eta SARS) sortu ziren. Horietatik guztietatik, OMEk lau aukeratu ditu maila globalean probatzeko, Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez. Solidarity du izena proiektu honek. Ezagutu nahi dituzu OMEk aukeratutakoak? Jo ezazu artikulura.
The Lancet medikuntzako aldizkariak adierazi du COVID-19ak epe laburrean ekonomian izan dezakeen eraginaz ahazteko unea dela eta, eskatzen du, tartean, neurri gogorragoak hartu behar dituztela herrialdeetako agintariek birusa geldiarazteko, Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez.
SARS-CoV-2 birusarekin jarraituz, Miren Basaras Ibarzabalek, Mikrobiologiako irakasle titularrak UPV/EHUn test molekularrak izan ditu mintzagai Berrian, hau da, PCR (Polymerase Chain Reaction) teknikari esker, birusaren genomaren zati bat detektatzen dutenak. Egun hauetan, test arinei buruz ere hitz egin da. Besteekin alderatuz, hauek ez dute genoma detektatzen, birusaren proteina antigenikoak baizik. Basarasen esanetan, test arinen arazo nagusiena da negatibo faltsuak egon daitezkeela, hau da, pazientea kutsatua egon eta birusa ez antzeman.
PsikologiaPatxi Izagirre psikologoa, doluan aditua, elkarrizketatu dute Berrian. Koronabirusaren ondorioz hil direnen ingurukoen dolu prozesuaz aritu da. Kasu honetan, pausa bat dagoela dio, orain ezin baita luto sozialik egin. Horren aurrean, aholku batzuk eman ditu dolu prozesuetan laguntzeko.
GenetikaKoldo Garciak genetikari buruzko beste testu-bilduma bat utzi digu asteon. Testu bakoitzean, modu labur batean, azaltzen dizkigu, adibidez, gene-testen afera. Kasu honetan, nutrizio gene-testez ari da, horiek egin ostean, pisua galtzeko dieta eta bizi-estilo osasuntsua egiteko gomendioak ematen dizkizute. Baina, fidatu gaitezke horietaz? Gene-marketina hemen da.
COVID-19aren larrialdiari buruz hitz egin digu ere. Egoera honek dena bizkortu du, baita zientzia artikulu asko argitaratzea ere. Garciak dioen moduan: “Horietatik artikulu esanguratsuak gutxi batzuk izango dira, gehienak ikerkuntza eta zientzia-argitalpen sistemak elikatzen jarraitzeko zarata”. Zientziak patxada behar du.
COVID-19 gaixotasunarekin jarraituz, larrialdi egoera honetan, SARS-CoV-2az gain, badugu beste elementu garrantzitsu bat: SARS-CoV-2a zeluletan sartzeko erabiltzen duen ACE2 hartzailea. Zer da? Ez galdu Garciaren azalpena, ez zara damutuko!
Eta zeintzuk dira SARS-CoV-2aren geneak?
Koldok arrazoia dauka, itxialdi honetan, ezin dugu etxeko lanak gehiago atzeratu. Etxeak ondo funtzionatu dezan lan hauek beharrezkoak dira. Ildo honi jarraiki, gure zeluletan ere antzeko zerbait gertatzen dela azaldu digu: horien funtzionamendua mantentzeko gene asko daude, “etxeko gene-lanak” burutzen dituztenak, alegia. Zeintzuk dira horien funtzioak? Ez galdu!
RNA zer den badakizu? Azken egunotan entzun dugu SARS-CoV-2 birusa RNA birusa dela. Une egokia da molekula horri buruz ikasteko!
TeknologiaCOVID-19ari aurre egiteko, eta maskara eskasia ikusita, hainbat ekoizlek etxean duten 3D inprimagailua hartu, eta bisera moduko batzuk ekoizten hasi dira. laster arnasgailu bat egiteko moduan izango direla espero dute. Ekoizleek elkartzea erabaki dute eta www.covideuskadi.net webgunea sortu dute. Bizkaiko arduradunari, Eneko Astorkizari, egin diote elkarrizketa Berrian. Berak azaltzen du “egunero” jasotzen dituela eskaerak “ospitale guztietatik biserak emateko”.
Adimen artifizialaOso zaila da egunotan COVID-19 ez den zerbaiti buruz hitz egitea. Gaixotasun hori izan du mintzagai Gorka Azkune UPV/EHUko Informatika Fakultateko ikerlaria eta irakasleak, baina adimen artifizialaren ikuspuntutik. Proiektu bat aipatzen du: Folding@Home. Bertan, koronabirus mota ezberdinen proteinak nola portatzen diren aztertzen dute simulazio tekniken bidez eta baita adimen artifiziala erabiliz ere. Badira beste proiektu batzuk Berriako artikuluan, ez galdu!
BiologiaGizakien zirkulazioa sistema zenbakien bitartez ezagutu dugu. Zenbat segundo behar ditugu globulu gorri batek bihotzetik eskumuturrera iristeko? Geldi gaudenean, minutuko zenbat litro odol ponpatzen du helduen bihotzak ehunetara? Zeintzuk dira odol gehien jasotzen duten organoak? Gorputzeko odol hodi guztiak ondoz ondo jarriko bagenitu, zenbat kilometro inguru egingo lituzkete? Erantzunak artikuluan topatuko dituzue.
Artikulu honetan, galdera hauek planteatzen dira: zerk eragiten du minbiziaren agerpena? Eta zerk bideratzen du minbizia jatorrizko organoetatik beste kokapen batzuetara mugitzea? Erantzuna emateko mutazioak beti izan dira oinarri. Baina Joan Massagué eta bere ikerketa taldeak egindako lanetan ikusi da minbizi-zelulak jatorrizko organoetatik beste organo batzuetara mugitzeko, ez direla derrigorrezkoak mutazioak, zelulen portaera-aldaketak izan daitezke gakoak. Berriki publikatu den ikerketa batek, adibidez, L1CAM proteinak kolon-ondesteko minbizian metastasia sortzen duten zeluletan duten papera erakusten du.
ZoologiaUgaztunen artean, emeen batez besteko bizi-iraupena arrena baino %18,6 handiagoa da, nazioarteko ikertzaile-talde batek aditzera eman duenez. Ondorio horretara iristeko, 101 ugaztun-espezietako 134 populazioren inguruko datuak bildu dituzte. Halere, badira espezie batzuetan non arrak gehiago bizi diren, zaldiak eta zenbat saguzar, kasu. Informazio guztia Elhuyar aldizkarian.
KimikaMaionesa egiten badakizu? Saltsa honen aipamena aproposa izan da emultsioen kimikaz hitz egiteko eta maionesaren osagaiak ezagutzeko ere (arrautza, olioa, ozpina edo limoi zukua eta gatza). Josu Lopez-Gazpiok dioen moduan, osagai bakoitza garrantzitsua da eta bakoitzak funtzio bat du. Testuan azaltzen diren pausoak ordenean jarraitzen badituzue ez da inoiz minduko eta maionesa zaporetsua lortuko duzue. Baina hori ondo egiteko, osagaietako bakoitzak duen funtzio kimikoa ulertu behar da. Ez galdu!
FisikaGaztagintza tradizionala gaur egunera arte ailegatu da Euskal Herrian. Mamiaren prentsaketa prozesu garrantzitsua da eta hiru helburu ditu: gazura kanporatzea, gaztaren azala eratzea eta gaztari forma ematea. Mendeetan zehar, eskuzko prentsaketa erabili izan da XIX. mendearen bukaerara arte. Testu honetan, Euskal Herrian erabili izan diren prentsaketa-teknikak irakurtzeko aukera izango duzu.
ArkeologiaJosu Narbartek urtarrilean defendatu zuen tesian, Euskal Herriko paisaiaren azterketa arkeologikoa egin zuen. Bere ikerketaren emaitzen inguruan mintzatu da unibertsitatea.net-en Narbarte: “ikerketa honek erakusten du gizakiaren eta ingurugiroaren artean harreman-eredu posible asko daudela, eta harreman horiek egunerokotasunean lantzen diren praktiken emaitza direla”. Gehitzen du paisaiaren bilakaera historikoa aztertuz, irakaspen baliotsuak lor daitezkeela.
MatematikakAurtengo Abel saria Hillel Furstenberg eta Gregori Margulis matematikariek jasoko dute, probabilitatearen eta algebraren arteko interakzioan aitzindari izateagatik. Norvegiako Horren harira, Zientzia eta Letren Akademiak esan du: “Biak izan dira aitzindari metodo probabilistikoak eta dinamikoak erabiltzen talde-teoria, zenbaki-teoria eta konbinatoria moduko alorretan”. Honen ingurukoak Elhuyar aldizkarian.
AstronomiaGarapen teknologikoari esker, astronomo profesionalek gero eta tresna zehatzagoak dituzte behaketak egiteko. Baina espazioa amaiezina da, egin beharreko lanak bezala. Horregatik, astronomo amateurrak behar dituzte bidean laguntzeko. Astronomo profesionalen eta amateurren arteko elkarlana sendotu nahi dute eta horretarako badira abiatu diren proiektuak, hala nola Europlanet 2024 Research Infrastructure, Europar Batasunak bultzatuta. Bertan parte hartzen ari da Euskal Herriko Unibertsitateko zientzia planetarioetako ikerketa taldea, Berrian irakur daitekeenez.
AstrofisikaMaterial iluna pixkanaka deskonposatu eta materia arrunt bihur litekeela proposatu izan dute, eta horren froga zenbait galaxiatan ikusitako 3,5 kiloelektronvolteko X izpien isuri-mota bat izan zitekeela esan dute. Baina hipotesi hori ezeztatu egin du ikerketa batek: hainbat galaxiatan eta galaxia-kumulutan hauteman den X izpien seinale bat ez da materia ilunaren deskonposizioaren ondorioa, Elhuyar aldizkariak azaldu digunez.
EboluzioaPortugalgo Figueira Brava haitzuloan (Lisboatik 30 bat kilometrora) itsas elikagaietan oinarritutako ekonomia baten aztarnak topatu dituzte. Ongi kontserbatu dira gainera; bertan, arrainak eta itsaskiak daude, kopuru handitan. Ikertzaileek esan dute: “Europako neandertalen artean itsas baliabideen kontsumo esanguratsuaren lehen ebidentzia ematen du Figueira Bravak”. Artikuluan ikerketaren inguruko informazioa.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #295 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #301
Zer ezberdintasun dago, baldin badago, homosexualen eta heterosexualen entzefaloen artean? José Ramón Alonsoren Sex and the brain
Ezaguna da ariketa fisikoa osasunerako ona dela. Hala ere, gauza bera lor dezakeen pilula lortzea interesgarria litzatekeela uste duenik bada. Zientzia fikzioa? Agian ez. A protein family linked to health benefits of exercise Rosa García-Verdugoren eskutik.
Optikoki aktiboa den molekula (simetria gabeko zentruarekin) aktibo ez den molekula aktibo bilakatu dezake berarekin erreakzionatzen: zentru asimetrikoa gehitzen. Peiokeria da hau, bai matematikaren bai kimikaren ikuspuntutik. Distantzia aldagaia gehitzean da interesgarria: angstrom gutxitan gertatzen da efektu hau. Horregatik da harrigarria nanometroetara lortzen duen mekanismoa egotea, argia erabilita. DIPCkoek mekanismoa argitu dute How chirality information can transfer over long distances
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #301 appeared first on Zientzia Kaiera.
Neandertalen eta itsasoaren arteko harreman estua azaleratu dute
Begetarianismoaren aldeko hautuek merezi duten errespetu osoarekin, bada argi esan behar den kontu bat: ehiza egiteak eta haragia jateak, hein handi batean, gizaki bihurtu gintuzten. Sarraskijaletza hutsetik aldenduta, animaliak modu aktiboan ehizatzeko estrategien garapenak ahalbidetu zuen eboluzioa, eta proteina animalien kontsumoak ere rol garrantzitsua izan zuen garunaren beraren garapenean.

1. irudia: Neandertalen inguruko datu berriak eskuratzen diren aldiro, gure espeziearekin izan zuten antza azaleratzen da. Argazkian, neandertal baten irudikapena, MEH-Giza Eboluzioaren Museoan. (Argazkia: Juanma Gallego)
Hain ezaguna ez bada, eta txikiagoa izanda ere, askok uste dute bigarren jauzi ebolutibo bat egon zela gizakiak itsas elikagaiak eskuratzeari ekin zionean. Batetik, eta portaeraren ikuspuntutik, arrantza egiteko estrategiek ere lagunduko zutelako trebezia bereziak garatzen. Baina elikagaia motak berak ere badu garrantzia: argudiatu izan denez, gantz azidotan aberatsa da itsasoari lotutako elikadura, eta horrek ere lagunduko zuen gizakiaren eboluzioan, garunaren garapena bultzatuz.
Orain arte, Afrika Hegoaldeko Erdi Harri Aroan (MSA, Europako Erdi Paleolitoaren parekoa) dokumentatu izan dira itsas produktuen kontsumoari lotutako lehen aztarnategi garrantzitsuak. Afrikan, duela 160.000 urte hasi zen itsasoarekiko lotura hori. Baina, neandertalen garaiko Europaren kasuan, lotura horren adibide esanguratsu gutxi egon dira. Arrazoietako bat izan daiteke itsas mailaren igoera. Izan ere, Europako kostaldean egon daitezkeen hainbat aztarna seguruenera galduta daude, azken glaziazio arteko garaian zeuden kostaldeak, hein handi batean, orain itsaspean daudelako.
Dena dela, aurretik ere neandertalen eta itsas elikagaien arteko loturaren zantzuak izan dira. Gugandik gertu, esaterako, Kantabriako El Cuco aztarnategian moluskuen kontsumoa jaso zuten ikerketa batean. Orduan, Joseba Rios-Garaizar arkeologoak bertako industria litikoaren analisiaren bitartez ondorioztatu zuen Moustier aldikoak zirela; hau da, neandertalenak. Duela 45.000 urtekoak ziren arrasto horiek. Duela gutxi, bestalde, PLOS ONE aldizkarian agertutako beste ikerketa batean iradoki zuten neandertalak gai zirela urpean igeri egiteko, txirlak lortu aldera.
Bada, Afrikan ez ezik, zaharragoak ziren garaietan ere Europako neandertalen artean garatu zen itsasoari lotutako jardun hori, orain Science aldizkarian argitu dutenez. Portugalgo Figueira Brava haitzuloan (Lisboatik 30 bat kilometrora) ederki kontserbatu da neandertalen garaiko aztarna sorta zabal bat; besteak beste, arrainak eta itsaskiak daude bertan, kopuru handitan. Hori posible izan da bereziki ingurunea higaduratik babestuta mantendu delako. Kokapenak garrantzi handia izan du: ikertzaileek kalkulatu dutenez, okupazioaren lehenengo fasetan, haitzuloa itsasotik 750 bat metrora zegoen. Azken faseetan, berriz, bi kilometrora egon zen. Orain, zorionez, itsasoaren ertzean dago, eta horregatik bertatik ondorioak ateratzeko moduan egon dira ikertzaileak.

2. irudia: Itsaski eta arrainak kontsumitzen zituzten Figueira Brava haitzuloan. Argazkian, Patella vulgata espezieko lapen aztarnak. (Argazkia: Joao Zilhao / Science)
Duela 106.000-86.000 urteko aztarnategi horretan, neandertalek modu sistematikoan kontsumitzen zituzten itsas produktuak: karramarro handiak, itsas moluskuak, arrainak, itsas hegaztiak eta dortokak, besteak beste. Horrez gain, ungulatuak ere jaten zituzten. Modu berean, pinaburuetan oinarritutako jarduera ekonomikoa izan zela ondorioztatu dute. Pinaburuen garaian, horiek biltzen zituzten, eta haitzuloan gordetzen zituzten, antza, gerora pinaziak jateko.
Gaur egun ezagutzen ditugun ziklo naturaletan oinarrituta, urtaro bakoitzaren araberako elikadura izan zutela proposatu dute. Adibidez, udazkenean eta neguan bereziki hegaztiak jango zituztela iradoki dute, udara karramarroak eskuratzeko garai egokia zelarik, urtaro horretan animalia hauek sakonera txikiko uretara jo ohi dutelako. Egileek zientzia artikuluan babestu dutenez, “Europako neandertalen artean itsas baliabideen kontsumo esanguratsuaren lehen ebidentzia ematen du Figueira Bravak”.
Hain garai urrunetako arkeologian gertatu ohi den moduan, zaila da arrasto hauetatik ondorioztatzea norainoko garapena izan zuen itsasoarekiko harreman hori, adibidez, arrantza bezalako jardueretan. Zentzu honetan, egileak zuhurrak izan dira. Ohi bezala, ikerketarekin batera argitaratutako iruzkin batean egon da askatasun handiagoarekin ideiak plazaratzeko toki aproposa. Bertan, Tubingengo Unibertsitateko (Alemania) Manuel Will ikertzaileak aurkikuntzaren garrantzia goraipatu du. “Badirudi hasierako Homo sapiensek kostaldeekin eta itsas janariekin zuten antzeko elkarrekintzak erakusten dituela aurkikuntza berri honek”. Atzerapauso bat eman eta ikuspegi berri horretatik “irudi osatuagoa” eskuratzeko beharra azpimarratu du: “zenbait egoeratan, bi espezieek antzeko portaerak partekatzen zituzten”. Halere, hutsune gehiegi geratzen direla aitortu du, eta, horregatik, itsasoaren igoeraren arazoa aintzat hartuta, urpeko arkeologia bultzatzeko beharra azpimarratu du Willek.
Erreferentzia bibliografikoa:
Zilhão et al. (2020). Last Interglacial Iberian Neandertals as fisher-hunter-gatherers. Science, 367, eaaz7943. DOI: 10.1126/science.aaz7943.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Neandertalen eta itsasoaren arteko harreman estua azaleratu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Gaztagintzako prentsaketa-teknikak: gure arbasoetatik gaur egunera arte

1. irudia: Juan Atxa Bartolome artzaina (1900-1978) gaur egungo garaietara ekarria (Etxarri Aranatz).
Mamiaren prentsaketa urrats bat besterik ez da gaztagintzan eta hiru helburu nagusi ditu: gazura kanporatzea, gaztaren azala eratzea eta gaztari forma ematea. Berez, prentsaketan zehar, presioa gradualki handitu behar da. Hasieran presio handiegia eragiten bada, gaztaren azala azkarregi eratzen da (poroak itxi), eta honek gazuraren irteera oztopatzen du.

2. irudia: Gaztanontziak: a) gazta-azalarekin erabiltzen zen zortzea eta b) zumitza (Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoa, Arteta).
Prentsaketa-prozesuan molde zulodunak erabiltzen dira, gaztanontziak, alegia. Zulo horietatik gazura ateratzen da mamia prentsatzean. Noizbait zeramikazko eta metalezko gaztanontziez baliatu izan bada ere, Euskal Herrian gehien bat egurrezko gaztanontziak erabili izan dira, gazta-azala eta zumitza, alegia.

3. irudia: Eskuzko prentsaketa a) gazta-azalarekin eta b) zumitzarekin.
Mendeetan zehar prentsaketa eskuz egin izan da. Leku batzuetan, duela gutxira arte mantendu da ohitura hau, adibidez, Erronkariko ibarrean. Bordatan egurrezko azpil bat izaten zuten, zortze izenekoa. Zortzearen gainean, gazta-azala jarri ohi zuten, eta barruan mamia sartzen zuten prentsatzeko.
Beste toki batzuetan, berriz, zumitza erabiltzen zuten. Mamiaren gainean eskuz, edo estalki baten bitartez, presionatzen zuten. Zumitzaren azpian txurka izeneko ohol luze eta zuloduna jartzen zen, gazura abatzean jasotzeko. Askotan, eskuekin eragin beharrean, zumitzaren estalkiaren gainean zama bat jartzen zen hainbat orduz. Horrela, mamiak, presio konstantepean, gazura askatzen zuen poliki poliki.
Prentsaketa-prozesua errazteko, artzainak prentsak erabiltzen hasi ziren. Zoritxarrez, gaur egun ez dakigu zehaztasunez noiz. Palanka mekanismodun prentsa da Euskal Herrian gehien erabili dena. Holako prentsak oso sinpleak dira, eta horregatik, oso zabalduta daude munduan zehar ere. Eskegitako zamaren indarra 2-3 aldiz biderkatzen zuten (diseinuaren arabera).

4. irudia: Euskal Herrian erabilitako hainbat gazta-prentsa: a) palankadun prentsa (Erreizabal baserria – Artzaintzaren Ekomuseoa, Legazpi) eta b) torlojudun prentsa (Gaztaren Interpretazio Zentroa, Idiazabal).
Torlojuak erabiltzen dituzten prentsak ere erabili izan dira Euskal Herrian. Prentsa hauek bi torloju izan ohi dituzte, eta horiei esker, eragin beharreko indarra txikia izaten da.
Gaztagintza tradizionalean erabilitako prentsak gehienbat egurrezkoak izan ohi ziren. Berriz, gaur egungo prentsak metalikoak dira, gehienetan aluminiozkoak, eta gaztanontziak plastikozkoak edo altzairu herdoilgaitzetakoak. Horrela, gehiago irauten dute, eta gainera, garbitzeko errazagoak dira.
XX. mendearen bukaeran, malgukidun prentsak hedatu ziren gurean. Holako prentsetan malgukiaren konpresioak sortzen du eragin beharreko presioa. Gaur egun, prentsa pneumatikoak (aire konprimitua) eta hidraulikoak (olioa) ere erabiltzen dira, artzainen lana errazteko. Holako prentsa modernoetan, gaztak multzoka jartzen dira, horizontalki edo bertikalki, eta aldi berean prentsatzen dira.
Iturria:
Campillo-Robles, Jose Miguel; Atxa, Ariane; Telleria, Laura; Domingo, Itxaso (2019). «Gaztagintzako prentsaketa-teknikak: gure arbasoetatik gaur egunera arte»; Ekaia, 35, 2019, 241-257. (https://doi.org/10.1387/ekaia.19681).
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 35
- Artikuluaren izena: Gaztagintzako prentsaketa-teknikak: gure arbasoetatik gaur egunera arte.
- Laburpena:Mamiaren prentsaketa prozesu garrantzitsua da gaztagintzan. Horri esker, mamiak gazura galtzen du. Berez, gaztaren kontserbazio egokia lortzeko, mamiaren hezetasuna txikitu behar da. Gainera, prentsaketari esker, gaztaren azala eratzen da, eta gaztari forma egokia ematen zaio. Mendeetan zehar, eskuzko prentsaketa erabili izan da gehienbat, baina XIX. mendearen bukaeratik prentsen erabilera zabaldu da. Orain arte erabilitako prentsaketa-teknikak eta tresneria oso gutxi deskribatu dira bibliografian. Hori dela eta, dokumentu honetan gai honi buruz egindako bilaketa-lana aurkezten dugu; zehazki, Euskal Herrian erabili izan diren prentsaketa-teknikak jasota daude, bai eta zeregin horretan erabili diren tresnak ere.
- Egileak: Jose Miguel Campillo-Robles, Ariane Atxa, Laura Telleria, Itxaso Domingo.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 225-238
- DOI: 10.1387/ekaia.19681
————————————————–
Egileez:
Jose Miguel Campillo-Robles UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Aplikatua II sailean dabil eta Ariane Atxa, Laura Telleria, Itxaso Domingo Mondragon Unibertsitatean dabiltza.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Gaztagintzako prentsaketa-teknikak: gure arbasoetatik gaur egunera arte appeared first on Zientzia Kaiera.
Nola eta zergatik egiten da maionesa?

1. irudia: Maionesa patata frijituak bustitzeko saltsa aproposa da, baita beste hainbat elikagai prestatzeko ere. (Argazkia: skeeze – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Maionesaren gaia ez da lehen aldiz aztertu EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren blogetan. Hain zuzen ere, sarean dago irakurgai Déborah García Bello zientzia-dibulgatzailearen ekarpena eta, benetan, irakurtzea merezi du. Hemen beste modu batera emango dira azalpenak, modu osagarrian. Lehenik eta behin, maionesaren gaiak emultsioen kimikaz hitz egiteko aukera ematen du eta hori oso interesgarria da. Beste alde batetik, maionesaren osagaietan ere jar daiteke begirada. Has gaitezen hortik.
Oro har, maionesa egiteko behar diren osagaiak hauek dira: arrautza, olioa, ozpina edo limoi zukua eta gatza. Osagai bakoitza oso garrantzitsua da eta bakoitzak bere funtzio zehatza du. Hasteko, azter dezagun osagai horiek nola nahastu behar diren maionesa zaporetsua lortzeko -maionesa alferrik galdu gabe, noski-. Lehen pausoa ontzi batean arrautza jartzea da. Jarraian, olio pixka bat gehitzen da eta irabiagailua sartzen da ontzian. Ondoren, ozpina -edo limoi zukua- eta gatza gehitzen dira eta irabiagailua sartzen da ontzian. Irabiagailua martxan jarri eta, tresna guztiz geldi dagoela, ondo nahasten dira osagaiak emultsioa sortzen hasi arte. Azkenik, olioa pixkanaka gehitzen jarraitu behar da, orain bai, irabiagailua gora eta behera mugitzen den bitartean –bideo honetan ikus daiteke nola egin-. Gehitutako olio kantitatearen arabera, maionesa lodiagoa edo arinagoa lortu da, baina, hori norberaren nahiaren araberakoa da.
Pausoak aipatutako orden jakin horretan maionesa inoiz ez da minduko eta beti lortuko da saltsa goxo eta zaporetsua. Maionesa, azken batean emultsio bat da, alegia, hasiera batean nahastezinak diren bi substantzia edo gehiagoren nahaste itxuraz homogeneoa. Definizio horretan bertan aurkitzen da maionesa hain delikatua izatearen arrazoia. Nahaste hori egonkorra izateko -denbora batez behintzat- emultsionatzaile deritzen substantziak behar dira. Maionesaren kasuan, ura eta olioa dira hasiera batean nahastezinak diren substantziak. Hain zuzen ere, maionesa olioa-uretan –oil in water, O/W- motako emultsioa da. Alderantzizko emultsioak ere badaude, ura-oliotan –water in oil, W/O-. Horrek esan nahi du, maionesaren kasuan olio tantatxoak urez inguratuta daudela emultsioa osatzen.
Jakina, emultsio hori, bere horretan, ez litzateke oso iraunkorra. Bideo honetan argi ikusten da ura eta olioa irabiatzen direnean emultsioa lor daitekeela, baina, besterik ez bada gehitzen nahaste horrek ez duela asko irauten. Denbora gutxi pasatakoan, ura eta olioa bereizi egiten dira berriz. Alabaina, nahastean beste osagai bat gehitzen bada, substantzia nahastezin horiek emultsio egonkorra osa dezakete. Substantzia horiek emultsionatzaileak dira, hain zuzen ere. Hala ere, horrek bi galdera sortuko dizkio artikulu honen irakurleari. Alde batetik, non demontre dago ura maionesan, osagaietan ez bada aipatu? Eta, beste alde batetik, non daude emultsionatzaileak, osagaietan ez badira aipatu? Bada, bi galdera horien erantzuna bera da: arrautza.
Zientza Kaierako irakurleek dakitenez, arrautzaren osagai nagusiena ura da -%80 inguru, zuringoa eta gorringoa kontuan hartuta-. Hortaz, bertan dago maionesa egiteko beharrezkoa den ura. Bestalde, arrautzaren gorringoan badira hainbat sustantzia emultsionatzaile funtzioa dutenak, besteak beste, lezitina. Lehenago aipatutako bideora itzulita, bertan oso ondo ikusten da ura eta olioari arrautzaren gorringoa gehitzen bazaio, ura eta olioa ez direla berriro banatzen. Emultsionatzaileak zati polarra eta zati apolarra dauka eta, hortaz, mizelak osatzeko gai da dagoen ingurunearen arabera. Uretan badago -disolbatzaile polarra-, emultsionatzailearen zati polarra kanporantz jartzen da eta zati apolarra barrurantz (2. irudian, eskuinean). Oliotan -apolarra- badago, aldiz, emultsionatzailearen zati apolarra kanporantz jartzen da eta zati polarra barrurantz (2. irudian, ezkerrean).

2. irudia: Emultsionatzaileak mizelak osatzen ingurune apolarrean (eskuinean) eta ingurune polarrean (ezkerrean). Puntu beltz lodiak zati polarra adierazten du eta lerro uhinduak zati apolarra. (Argazkia: CIker-Free-Vector-Images – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Maionesa olioa-uretan, O/W, emultsioa denez, horrek esan nahi du uretan egon behar dela emultsionatzailea eta ez alderantziz. Alegia, 2. irudian eskuinean ikusten diren motako mizelak osatu behar dira eta hor barruan sartu behar dira olio tantatxoak. Horrexegatik da hain garrantzitsua lehenik arrautza gehitzea eta ondoren olioa pixkanaka gehitzea. Hasiera batean mizela uretan osatu behar da eta gero, pixkanaka, olioak mizelen barruan sartu behar du. Modu horretan, emultsio egonkorra lortzen da. Alderantziz egiten bada -hasieran olio gehiegi jarrita-, 2. irudian ezkerrean dauden mizelak osatzen dira eta ura sartzen da mizelen barruan. Hori gertatzen denean, maionesa mindu egin dela esaten da eta alferrik galtzen da egindako lana. Maionesa horrek ez du balio.
Maionesan dagoen kimika ulertuta, errazagoa da aztertzea zeintzuk diren saltsa hori prestatzerakoan egiten diren ohiko akatsak. Lehenik eta behin, osagai guztiak giro tenperaturan egotea gomendatzen da. Honen arrazoia zera da: arrautza hotza baldin badago -hozkailutik atera berria- emultsionatzaileei gehiago kostatzen zaie gorringotik atera eta mizelak osatzea. Beste alde batetik, osagaiak gehitzeko ordena gakoa da, aipatu dugun bezala -arrautza eta gero olioa, eta ez alderantziz-. Azkenik, olio gehiegi gehitzea ere akatsa da; izan ere, gorringo batek duen emultsionatzaile kantitatearen arabera osatu ahal izango dira mizelak, baina, olio gehiago badago, ezingo dira tantatxoak osatu.
Maionesaren osagai guztiak garrantzitsuak dira, baina, gatza eta limoi zukua edo ozpina oraindik ez dira aipatu. Limoi zukuak azido zitrikoa dauka eta ozpinak, aldiz, azido azetikoa. Edozein dela aukeratzen dena -gustuen arabera-, azidoak emultsioa egonkortzen du eta, hortaz, errazago osatzen da emultsioa eta behin osatuta, denbora gehiago irauten du. Gatzak ere badu bere funtzioa: horri esker, gorringoa errazago apurtzen da eta emultsionatzaileek lehenago osatzen dituzten mizelak. Kalkuluen arabera, maionesaren %80 arte izan daiteke olioa edo, beste modu batera, olio bolumen bakoitzeko bolumen horren herena izan behar da beste osagai guztien batura -gorringoa, zuringoa, ozpina, ura eta beste osagaiak, baldin badaude-.
Esandako guztiaren ondorioz, orain hobeto uler daiteke maionesa nola egiten den, baina, batez ere, zergatik egin behar den horrela. Osagaietako bakoitzak bere funtzio kimikoa du eta pausoak arrazoi kimiko baten ondorioz egin behar dira horrela. Nolanahi ere, maionesak sekretu gutxi ditu bere kimika ulertzen bada eta beti lortuko dugu maionesa goxoa egitea inoiz alferrik galdu gabe. Jakina, sukaldea laborategi kimiko bat bada ere, sukaldariaren sena behar-beharrezkoa da elikagai zaporetsuak lortzeko eta, horretarako, esperimentatzen hastea da bide bakarra.
Informazio gehiago:
- La cocina y los alimentos, Harold McGee, Debate, 2017.
- ¿Por qué se corta la mayonesa y qué relación tiene esto con la cosmética?, Deborah García Bello, Cuaderno de Cultura Científica, culturacientifica.com, 2019.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Nola eta zergatik egiten da maionesa? appeared first on Zientzia Kaiera.
Zelulen portaera-aldaketa metastasiaren giltzarri
Ikuspuntu filosofiko batetik, minbizia berekoitasunaren muturreko adibidea dugu; gure gorputzeko atal txiki batek, zelula (adreilu) batek, berez dagokion funtzioari eta biziraupenari uko egin eta organismo osoaren kontra gailentzen da; ugalketaren ugalketaz ez dagokion tokia okupatuko du (tumore primarioa edo jatorrizko tumorea) eta printzipioz, arrotzak zaizkion gorputzeko kokapen berrietara mugitzera heldu daiteke (metastasia). Jatorrizko organoan, ohikoa duten jardueran diharduten zelulei lekua kentzen diete minbizi-zelulek, eta ondorioz, organoaren beraren funtzionamendua eragozten dute. Antzerako jokabidea daukate jatorrizko mugetatik haratago organo berriak kolonizatzen dituzten minbizi-metastasiek. Gauzak horrela, minbiziaren esparruan galdera nagusi gutxi (baina konplexu) batzuk daude eta, munduan zehar, pertsona ugari erantzun egokiak aurkitu nahirik. Zerk eragiten du minbiziaren agerpena? Zerk bideratzen du minbizia jatorrizko organoetatik beste kokapen batzuetara mugitzea? Nola egin geniezaioke aurre gaixotasun honi?

1. irudia: Minbiziaren garapena, egoera goiztiar batetik metastasia garatzeko ahalmena izatera. (Ilustrazioa: Aintzane Apraiz – Creative Commos Attribution 3.0 lizentziapean)
Klasikoki, proposatutako hiru galdera horien erantzunaren oinarrian mutazioak egon dira, hau da, zelulen funtzionamendua kontrolatzen duen informazio-liburuan (genoma) gertaturiko aldaketak. Mutazio bakoitza hizki aldaketa bat dela onartuz gero, erraz uler daiteke hitzetan hizkiak aldatzeak liburuan ekar lezakeen nahaspila.
Joan Massagué eta bere ikerketa taldearen jakin-mina metastasiaren esparruan dago zentratua aspalditik. Haiek egindako ikerketen arabera, minbizi-zelulak jatorrizko organoetatik beste organo batzuetara mugitzeko, ez dira derrigorrezkoak mutazioak, zelulen portaera-aldaketak berak eman baitiezaioke ahalmen hori zelulari. Egoera horretan, arestian aipatutako informazio-liburuan ez legoke hizki-aldaketarik, baina zelulak normalean irakurtzen ez duen kapitulua irakurriko luke. Kapitulu horretan, zauri bortitzen aurrean jarraitu beharreko pausuak azalduko lirateke, zeintzuek, besteak beste, zelulari desabantaila egoeran bizirik irautea baimenduko lioketen. Ikuspegi honen arabera, eta asko sinplifikatuz, metastasia alegiazko zauri baten ezinezko konponketan diharduten minbizi-zelulen ondorioa litzateke. Ikuspegi hau hainbat ikertaldek partekatzen dute, baina hipotesia baieztatzen duten emaitzak eskuratzea ez da lan erraza.
Massaguéren taldearen azken lanak portaera-antzekotasunak deskribatzen ditu metastasia garatuko duten minbizi-zelulen eta kalte handi bat pairatu duen organo bateko zelulen artean. Normalean irakurtzen ez duten kapitulua irakurtzearen ondorioz, L1CAM deritzon proteina bat ekoizten dute metastasia garatzeko ahalmena duten minbizi-zelulek zein zauria konpondu behar duten zelulek. Ikerketa talde horren emaitzen arabera, proteina honek, alboko zeluletatik askatu ondoren, bizirik irautea erraztuko lioke zelulari; baita odol- edo linfa-hodietan zehar bidaiatu ondoren gorputzeko beste kokapen batera heldu eta bertan, bikoizteko ahalmena izatea ere.

2. irudia: Joan Massagué ikertzaileak zuzendutako ikerketa batek, 2020ko hasieran Nature Cancer aldizkarian argitaratutakoa, L1CAM proteinak kolon-ondesteko minbizian metastasia sortzen duten zeluletan duten papera erakusten du. Irudian kolon metastasikoaren adenokartzinoma nodulu linfatikoan. (Argazkia: Ed Uthman – CC BY 2.0 lizentziapean)
Ikerlana, batez ere, koloneko minbizi-ereduan garatu zuten; hesteko zauri-eredua eratzeko, ordea, saguak erabili zituzten. Animaliei konposatu toxiko bat eman zitzaien eta hestea kaltetu ondoren, berezko konponketa-prozesua aztertu zuten. Ikerketan askotan gertatzen denez, behaketek hipotesietara garamatzate eta esperimentuek, hipotesiak baieztatu edo ukatzera. Massaguéren ikertaldearen behaketen artean, badira zenbait funtsezkoak direnak: gizakietatik erauzitako koloneko tumore primarioak aztertzean, L1CAMen adierazpena ikusi zuten minbizi-zelula gutxi batzuetan; pertsona beretik erauzitako gibeleko metastasietan, ordea, askoz ugariagoak ziren L1CAM adierazten zuten minbizi-zelulak; baita minbiziaren kontrako tratamenduaren ondoren bizirik mantendutako minbizi-zelulen artean ere. Bestalde, L1CAMen ekoizpena nabaria zen kaltetutako hestearen berezko konponketa-prozesuan zebiltzan hesteko zeluletan; ez, ordea, kalte gabeko hestean. Behaketa hauek aditzera ematen dutenez, hesteko zeluletan, L1CAMen agerpena egoera berezi eta zelula zehatz batzuetan ageri den gertaera bat da, baina, behin agertuta, zelula horiek gaitasuna garatzen dute egiturak berreraikitzeko eta kontrako egoeretan bizirauteko. Horrez gain, ikertzaileak gai izan dira hesteko epitelio-zeluletan L1CAMen ekoizpena eraentzeko mekanismoa deskribatzeko: zelulak alboko zeluletatik askatzeko prozesuak berak aktibatuko luke proteina honen produkzioa.
Azaltzeko konplexuak diren eta burutzeko are konplexuagoak diren esperimentuen arabera, interes handiko beste emaitza bat ere lortu zuten: ikustea L1CAM ez dela beharrezkoa jatorrizko kokapenean minbizia garatzeko; bai, ordea, jatorrizko minbizi horretatik metastasiak garatzeko. Minbiziaren aurkako estrategien ikuspuntutik, aurkikuntza honek metastasien aurkako balizko itu farmakologiko baten identifikazioa dakar: L1CAM blokeatzeko edo deuseztatzeko moduren bat lortuz gero, farmako berriak ez luke hesteko atal osasuntsurik kaltetuko eta etorkizunean metastasia garatzeko aukerak neurri handian murriztuko lirateke. Baliteke honek arazo guztiaren konponbidearen itxura ez edukitzea, baina kontuan hartu behar da, hesteko minbiziaren kasuan (zein beste hainbat minbizitan), kirurgia bidez ezabatu ohi dela jatorrizko tumorea. Arazo nagusia, beraz, minbizi-mota gehienetan bezala, metastasien garapena izaten da, behin barreiatuta, bestelako organoetako metastasien kontrola konplexua izaten baita.
L1CAMen adierazpena bestelako minbizietan ere identifikatu izan da, zeinak balizko itu terapeutiko honen erabilpen teorikoa hedatzen duen. Hala ere, badaude kontuan hartu beharreko beste alderdi batzuk; besteak beste, L1CAM proteina oso ugaria dela nerbio sisteman, burmuina bezalako organoetan. Nola kaltetu L1CAM daukaten minbizi-zelulak nerbio sisteman kalte garrantzitsurik eragin gabe? Horra hor erabilpen terapeutikoari begira gainditu beharreko erronka.
——————————————-
Egileaz: Aintzane Apraiz UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintzako irakaslea eta minbiziaren esparruko ikertzailea da.
——————————————-
The post Zelulen portaera-aldaketa metastasiaren giltzarri appeared first on Zientzia Kaiera.
Gizakien zirkulazio sistemaren zenbakiak
Ernalketa gertatu eta hemezortzi egun igarotakoan, enbrioia garatzen hasten da. Zortzigarren astean ia amaitzen da prozesu hori. Funtzionatzen hasten den lehen organoa da; hiru asterekin hasten da, bihotz hodi primitiboa baino ez denean. Bosgarren astean, bihotz gisa konfiguratuta dagoenean, minutuko 80 taupadako (aurrerantzean, bpm) erritmoan aritzen da. Erritmoa azkartuz doa. Bederatzigarren astean, trenkadak, balbulak eta lau ganberak osatuta daudenean, gehienezko balioak erdiesten ditu bihotzak, 155 eta 195 bpm bitartean. Une horretatik aurrera, 120-160 bpm arte moteltzen da erritmoa.
Helduen bihotza segundoko taupada bateko maiztasunean baino pixka bat handiagoan aritzen da. Hala ere, aldatu egiten da norbanako batetik bestera, pisua, adina, egoera fisikoa eta sexuaren arabera. Batez beste, ehun mila aldiz egiten du taupada egunean, hau da, hogeita hamar milioi inguru urtean.

Irudia: Odolak gure gorputzaren barruan atal batetik bestera mugitzeko behar duen denborari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu, esaterako, globulu gorri batek 3 segundo behar dituela bihotzetik eskumuturrera iristeko. (Argazkia: Arek Socha / Iturria: Pixabay.com)
Bi hodi sistemaren bidez odola ponpatzean datza bere lana. Txikienak biriketara eraman –hor O2 hartzen eta CO2 botatzen du– eta bihotzera itzultzen du. Handiak helburu hauetarako bultzatzen du odola: giltzurruneko iragazkietan garbitzeko, zelulei O2 emateko, ekoitzitako CO2 jasotzeko, digestio sistemako elikagaiaren molekulak ehunetara eramateko, hormonak eta beste substantzia batzuk garraiatzeko, plaketak beharrezkoak diren lekura gidatzeko, immunitate sistemako zelulak patogenoen erasoari aurka egitera eramateko, organismoan beroa banatzeko eta organoen artean komunikatzeko eta substantziak garraiatzeko beste zeregin batzuk egiteko.
Geldi, minutuko bost bat litro odol ponpatzen du helduen bihotzak ehunetara; hau da, zazpi mila eta berrehun litro eguneko, gutxi gorabehera. Bestela esanda: minutu batean ponpatzen du gorputzeko odol guztia; jarduera bizia egitean, halere, hamabost segundotan egiten du. Odol gehien jasotzen duten organoak digestio sistema (% 27), giltzurrunak (% 20) eta entzefaloa (% 15) dira. Nolanahi ere, muskuluek odol fluxu osoaren bi herenak ere jaso ditzakete organismoak ariketa bizia egiten duenean.
Giza gorputzeko odol hodiak ondoz ondo jarriz gero, berrogei mila kilometro inguru egingo lituzkete. Distantzia hori, dena dela, paraleloan zirkulatzen duten milaka hodi batzetik lortzen da; izan ere, zirkulazio sistema arteria, arteriola eta kapilarretan adarkatzen da, gure gorputzeko bazter guztietara heldu eta, ondoren, benula eta zainetan taldekatzeko, bihotzera itzuli aurretik. Hori dela eta, odol tanta, odol zelula edo partikula eseki bakoitzak ez du distantzia hori egiten sistemari itzuli osoa ematen dion bakoitzean. Odol zelula batek, adibidez, minutu bat behar du batez beste zirkuitua osatzeko; hortaz, bi kilometro orduko abiaduran bidaiatzen du, eta hogeita hamahiru bat metro egiten ditu.
Odol bolumen osoaren % 45 globulu gorriak dira –eritrozito ere esaten zaie–. Nukleorik gabeko zelulak dira, O2 eta CO2 garraiatzeaz arduratzen dira eta lau hilabete inguru baino ez dira bizitzen. Egunero, halako ehun mila milioi zelula berritzen dira gutxi gorabehera. Bere bizitza laburrean, eritrozitoa ehun eta berrogeita hamar mila aldiz igarotzen da bihotzetik, eta ehun eta hirurogei mila kilometro egiten ditu.
Eta hori guztia gu ia ezertaz ohartu gabe.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Gizakien zirkulazio sistemaren zenbakiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #294
COVID-19 gaixotasunak mehatxupean jarri du Europako belaunaldi askoren bizimodua. Osasunari dagozkion ondorioez gain, beste batzuk ere sufrituko ditugu: politikoak, ekonomikoak… Baina badaude itxaropena ematen diguten datuak ere: potentzia zientifikoak buru-belarri ari dira lanean eta hori ezinbestekoa izanen da birusari aurre egiteko. Azken finean, ezagutza boterea da.
Egunotan, gehien entzun dugun mezua hau izan daiteke: “garbitu eskuak!” Sinplea dirudi baina hori izan liteke koronabirusaren aurkako tresnarik eraginkorrena. Hala mintzatu da Guillermo Quindos EHUko katedraduna Berriako artikulu honetan. Kutsatzeko modu nagusietako bat da: “Birusa ahotik, sudurretik eta begietatik sartzen da; eskuekin aurpegia askotan ukitzen dugu”. Horretaz gain, etxeko garbitasuna eta beste hainbat neurri izango dituzue irakurgai honetan, ez galdu!
Egoera honetan, garrantzi handia du osasun mentalak. Orain, konfinamenduari aurre egiteko, errutina bat ezartzea ezinbestekotzat jo du Izar Arregi psikologo kliniko eta familia terapeutak, bestela, antsietatea, depresioa eta insomnioa ager daitezke. Berriako elkarrizketa interesgarri honetan xehetasun gehiago aurkituko dituzue.
Azken egunotan, asko hitz egin da COVID-19 gaitzaren kontrako txertoaren inguruan. Bada, txertoen garapena ez da kontu erraza. Miren Basaras ibarzabal, Mikrobiologiako irakasle titularra UPV/EHUn Berrian mintzatu da garapen horri buruz. Txinak koronabirus berri honen sekuentzia partekatu zuenetik 60 egun pasatu ondoren, jadanik lehen txertoaren proba hasi da gizakietan. Ikerketa asko abiatu dira herrialde ezberdinetan baina argi izan behar dugu txerto hori populazio guztira ailegatzeko 18 hilabete itxaron beharko ditugula, gutxienez.
GenetikaBerriki ezagutu dugu COVID-19 gaitza eragiten duen birusak gripearenak baino gutxiago mutatzen duela. Informazio asko falta zaigu oraindik baina. Elhuyar aldizkariak azaltzen digunez, oraindik, adibidez, ez dute lortu jakitea izaten ari den aldaketak zeri eragiten dioten: erasokortasunari, birulentziari edo transmisio-ereduei.
Covid-19aren letalitatea handiagoa izan da gizonetan emakumeetan baino. Elhuyar aldizkariak azaldu digu gizonei gogorrago eragiten diela, batetik, emakumeen immunitate-sistema indartsuagoa delako koronabirus berriaren aurrean, eta, bestetik, generoari lotutako portaera ere kaltegarriagoa delako gizonen artean. Alabaina, ikerketa taldeak adierazi du infektatzeko eta hura transmititzeko arriskua handiagoa dela gizonetan baino, osasun-langile gehienak emakumeak baitira.
Koldo Garciak, SARS-CoV-2a hizpide hartuta, itxialdirako testu zientifikoen bilduma bat oparitu digu. Bost artikulu labur dira eta horietan, birusaren jatorria, PCR teknika, antigorputzak, immunitate-sistema eta, oro har, birusei buruz idatzi du.
Koronabirusak jatorri artifiziala ez duela argi gelditu zaigu baina joan gaitezen pixka bat harago eta ezagutu dezagun zergatik ez den artifiziala izan. Argitaratu duten ikerketa-lan batean egin dutena, Garciak azaltzen digun moduan, izan da SARS-CoV-2aren genoma aztertu eta beste koronabirus batzuekin erkatu. Zehazki, punta proteina aztertu dute eta horrek dituen bi ezaugarri nabarmendu dituzte: alde batetik, SARS-CoV-2a giza ACE2 hartzaileari lotzeko duen gaitasun handia, eta bestetik, lotura hori burutzeko erabil ditzakeen bitartekarien heina zabalagoa izan dezakela 12 baseko insertzio bati esker.
Zer da PCR teknika? Orain, SARS-CoV-2 birusaren testa egiteko hori erabiltzen dela entzun dugu askotan baina zer da zehazki? Garciak azaltzen digu DNAren kopurua handitzeko erabiltzen dela. Ez galdu bere azalpena!
Egoera honek, gainera, zenbait elementu argitzea eskatzen du; hala nola, immunitate-sistemak nola funtzionatzen duen, zein den haren mekanismoa, zeintzuk diren antigorputzak kodetzen dituzten geneak, eta lan txukun hau borobiltzeko, birusak zer diren azaldu digu. Ez galdu!
Osasun gene-testak Internet bidez eros daitezke, beste edozein produktu bezalaxe. Bi mota daude: alde batetik, norberaren jatorria aztertzeko erabiltzen direnak eta bestetik, osasunarekin lotuta daudenak. Azken hauei buruz argitaratu berri dute lan bat. Bertan, ikertzaile talde batek aztertu ditu gene-testen merkatu-garapen ezberdina duten lau herrialde: AEB, Erresuma Batua, Japonia eta Australia. Emaitzen arabera, kontsumitzaileek ez dute azaldu osasunarekin lotutako gene-testak erabiltzeko prestutasun handirik. Eta, erabiltzekotan, beren medikuekin lehenago eztabaidatuko lukete.
BiologiaBiziaren hasierako lehenengo entzimen egitura proposatu du AEBko ikertzaile talde batek. Hasierako metabolismo hartan gakoak izan ziren bi egitura proteiko identifikatu ditu. Ikertzaileen ustez, lehenengo entzima metabolikoak lirateke egitura xume haiek, bizia sor zedin funtsezkoak izan zirenak. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.
Zer dira erloju zirkadianoak? Eta nola funtzionatzen dute? Hori jakitea oso garrantzitsua da. Izan ere, haietan asaldurak gertatzen direnean nolako arazo eta gaixotasunak gertatzen diren azaltzea gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Egun dauden hainbat arazo, gizentasuna, gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizia kasu, erlazionaturik daude erloju zirkadianoekin.
Emakumeak zientzianBertha Lutz zoologoa izan dugu protagonista aste honetan. Brasileko mugimendu feministaren oinarriak finkatu zituen; politikan hasi eta lorpen handiak egin zituen arlo honetan: bere sorterriko emakumeen sufragio eskubidea lortu zuen (1932an) eta Nazio Batuen Gutunean parte hartu zuen. Bertan, modu esplizituan emakumeak aipatu ziren lehen aldiz. Zientziari dagokionez, Natur Zientziak ikasi ondoren, anuroetan espezializatu zen. Horren ondotik, intsektuen bidezko malaria eta lepraren kutsadura aztertu zuen.
MatematikaJoko matematiko bat ekarri digu Javier Duoandikoetxeak artikulu honen bidez: Collatzen aierua. Lothar Collatz (1919-1990) matematikari alemaniarra dugu problema matematiko horren egile. Horri buruzko azalpenaz gain, testuaren amaieran, ariketa bat aurkituko duzue. Ez galdu!
TeknologiaAurreko astean ezagutu genuen Elhuyarrek Aditu hizketa ezagutzaile elebiduna sortu zuela. Euskarazko eta gaztelaniazko audioak eta bideoak testu bihurtzen dituen plataforma da, hain zuzen. Nola funtzionatzen du Adituk? Erreportaje interesgarri honetan aurkituko duzue erantzuna.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————————-
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Asteon zientzia begi-bistan #294 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #300
Zergatik du arrakasta abesti batek eta ez besteak? Badirudi “zu” dela gakoa. Agian ez hainbeste, dena den. Jose Ramón Alonsoren You are the success of this song
Pentsa zure bizitza bost aldiz luzeago izan daitekeela, 400 urte. Hauxe lortu dute zizare batekin aldaketa genetikoen bidez. Rosa García-Verdugoren Gene modification drives 500% life extension in worms
Aplikazio teknologiko anitzak izan ditzaketa puntu kuantikoz osatutako solidoak. Asko grafenoan oinarrituta badaude ere, metal-organikoen sare nanoporotsuak askoz ere erabilera anitzagoak dituzte ingeniaritzaren ikuspuntutik, gutxi aztertuta daude. DIPC-n aurrekuntza lortu dute: Metal atoms enhance quantum dot coupling in metal-organic nanoporous networks
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #300 appeared first on Zientzia Kaiera.
Bertha Lutz (1894-1979): Zoologo bat Brasileko mugimendu feministaren aldarri
Politikan hasi zen bere ibilbidea aktibismoagatik; bere sorterriko emakumeen sufragio eskubidea lortu zuen (1932an) eta Nazio Batuen Gutunean parte hartu zuen, San Frantziskoko Konferentzian sinatu zena, 1945ean, alegia. Bertan, modu esplizituan emakumeak aipatu ziren lehen aldiz. Horixe izan zen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren (GEAU) atarikoa, hiru urteren ostean Parisen jazo zena.

1. irudia: Bertha Lutz zoologoa, 1925eko argazki batean. (Argazkia: Wikimedia Commons – domeinu publikoko argazkia)
Dena dela, konferentzia hartan dena zuen galtzeko. Beste herrialdetako kideak saiatu ziren Lutzen borrokatzeko nahi hori zapaltzen; haren ameskeria horiek trabarik ez egitea nahi zuten, “emakumeentzat zerbait eskatzea arrunkeria hutsa” baitzen. Alabaina, Lutzi bost axola zitzaion ondokoek esaten zutena. Beste emakume diplomatikoen laguntza ere izan zuen, Minerva Bernardino eta Virginia Gildersleeve tartean. Horien iritziz, Gutunean emakumeen eskubideak aipatzea garrantzitsua baitzen eta, hala, proposamenarekin aurrera egin zuten.
Anfibioen eta diplomatikoen arteanBertha Sao Paulon jaio zen, 1894an. Bere aita, Adolfo Lutz, medikua izan zen, eta bere ama, Amy Fowler, erizaina. Bere gurasoen lanbideek txunditu zuten txikitatik eta horregatik erabaki zuen Natur Zientziak ikastea Sorbonan (Paris); bertan, anuroetan espezializatu zen. Horren ondorio da igel batek bere izena eramatea: Paratelmatobius lutzii.
Brasilera itzuli zen ikasketak amaitutakoan. 1919an, Rio de Janeiroko Museo Nazionalean hasi zen lanean. Datu esanguratsua da guztiz, izan ere, garai hartan, emakumeek ezin zuten kargu publikoetan lan egin. Zoologia arloan hasi zen lanean, baina ondoren naturalista gisa lan egin zuen Botanika sailean, eta bertako burua izan zen 1964ra arte. Bide bat baino gehiago hartzeko gogoa zuen Lutzek, ikasketak hautatu behar izan zituenean, esaterako, zientzia eta letren arteko dikotomia horri aurre egin behar izan zion eta. Gauzak horrela, zientzia alboratu gabe, Zuzenbidea ikasten hasi zen Rio de Janeiroko Unibertsitate Federalean eta 1933an lortu zuen titulua.
Kaleetatik KongresuraLutz borroka feministan murgildu zen erabat. 1922an, Federação Brasileira pelo Progresso Feminino elkartea sortu zuen eta hogei urtez izan zen bertako burua. Emakumeen boto eskubidea lortzea zuen helburu sortutako elkarteak, eta asmo hori egia bihurtu zen: Getulio Vargas presidenteak baimendu zuen dekretuz Emakumeen sufragioa 1932an (bi urte geroago lortu zuten murrizketarik gabeko boza).

2. irudia: Federação Brasileira pelo Progresso Feminino elkarteko kideak, 1930. urteko argazki batean. Bertha Lutz ezkerretik bigarrena (eserita) da. (Argazkia: Wikimedia Commons – domeinu publikoko argazkia)
1934an, ordezko diputatu izendatu zuten eta bi urte geroago hartu zuen kargua. Emakumeen eta haurren lan-arloko legedia aldatzeko, eta gizonen eta emakumeen soldata berdintasuna bermatzeko borrokatu zuen Kongresuan. Gainera, Amaren, Haurren eta Bakearen Egunak ezarri zituen. Modu berean, Rio de Janeiroko Pedro II eskolan neskak sartu ahal izatea eskuratu zuen, eta 1929an, Emakumearen Unibertsitatea sortu zuen. Halaber, herrialdeko ingurumena eta natura babestearen eta zaintzearen alde egin zuen.
Lutzek ideia ugari zituen baina ez zuen denborarik izan horiek taxutzeko; 1937an, Vargasek Parlamentua itxi zuen eta Estado Novo deituriko erregimen autoritarioa inposatu zuen. Bitartean, zoologoa zientzian aritu zen, zehazki, intsektuen bidezko malaria eta lepraren kutsadura aztertzen. Politika arloan, nabarmentzekoa da La nacionalidad de la mujer casada argitalpena, emakumeen eskubide legalak defendatzen zituena. 2001ean, Bertha Lutz Saria sortu zuten. Urtero, emakumeen eskubideen eta genero-berdintasunaren alde lan egin duten bost emakumeri aitortzen zaien saria, hain zuzen.

3. irudia: Bertha Lutz laborategian lanean. (Iturria: Centro de Investigación de Estudios de Género – Universidad Miguel Hernández de Elche)
2018ko abenduan El Pais egunkariak argitaratu zuen artikulu batean, Ángeles Ezama Gilen, Zaragozako Unibertsitateko Espainiar Filologiako Departamentuko irakaslearen hitzak bildu zituen; hark modu argian azaldu zuen emakumeen egoera historian zehar:
“Gizonei gehiago barkatzen zaie erdipurdikoa izatea emakumeei baino, azken hauek aitortza gehiago behar dute liburuetan agertzeko”.
Bertha Lutz kaskarkeriatik oso urrun zegoen, izan ere, zailena lortu zuen, nahitaezkoa bilakatu zen bi arlotan: zientzian eta feminismoan. Inork bere liburua idatzi ez bazuen ere, berak egin zuen bere lorpenei esker.
Iturriak:
- Enciclopedia Latinoamericana: Lutz, Bertha Maria Julia
- Fábrica de la memoria: Bertha Lutz: una sufragista brasileña en el laboratorio
- Mujeres con Ciencia: Bertha Lutz, zoóloga
- Mujeres que hacen la historia: Bertha Lutz
- Wikipedia: Bertha Lutz
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Bertha Lutz (1894-1979): Zoologo bat Brasileko mugimendu feministaren aldarri appeared first on Zientzia Kaiera.
Erloju zirkadianoak: zer diren, nola funtzionatzen duten eta zergatik diren garrantzitsuak

1. irudia: Gorputzaren eguneko eta gaueko zikloei eragiten die erritmo zirkadianoak.
Erritmo zirkadianoak gau/egun zikloak aurreikusten dituzten barne erloju biologiko baten bidez gidatzen dira, organismoen fisiologia eta portaera optimizatuz. Erloju zirkadianoa hiru zatitan antolaturik dagoela esan genezake. Alde batetik, sarrera-bidezidorra, non organismoak ingurumeneko kinadak jasotzeko hartzaileak dituen eta kinada hauek osziladore zentralera garraiatzen duen; bestetik, osziladore zentrala, non denbora zirkadianoa mantendu eta erritmoa ezartzen den; eta azkenik, irteera-bidezidorra, non erritmoa hainbat prozesu fisiologiko eta metabolikoren kontrol gisa adierazten den.
Begiaren erretinan ditugun zelula fotohartzaileen artean, gutxi batzuek, inguruneko argitasun-maila deskodifikatzen dute formen inguruko informaziorik eman gabe. Zelula berezi hauetan agertzen den pigmentua melanopsina da. Melanopsinatan aberatsak diren zelula berezi hauen seinalea burmuinaren eskualde berezi batera heltzen da, hipotalamoko nukleo suprakiasmatikora, eta nukleo hau da, hain zuzen, organismoan daukagun erloju zirkadiano nagusia.

2. irudia: Erloju zirkadiano zentral eta periferikoen arteko interakzioen arteko irudi eskematikoa. Organoetan azaltzen diren uhinak, organo horietan eraenketa zirkadianoa (jarduera maximo eta minimo ziklikoak) pairatzen dutela adierazten dute. ACTH (Hormona adrenokortikotropikoa).
Erloju zirkadianoaren oinarrizko egitura molekula-mailan atzeraelikadura negatiboa duen transkripzio eta itzulpenean oinarritutako zirkuitu bat da, eta han geneak modu koordinatuan erregulatzen dira. Horrela, CLOCK eta BMAL1 proteinek per familiako eta cry familiako geneen adierazpena bultzatzen dute. PER eta CRY proteinak zitoplasman metatzen dira. Ondoren, PER eta CRY elkarrekin lotzen dira nukleora translokatuz eta bertan CLOCK eta BMAL1-era lotzen dira beren transkripzioa erreprimituz. Modu horretan prozesua ziklikoki errepikatzen da nolabait organismoari ziklotasun bat emanez. Ziklotasun hau, organismoaren beste organoetara garraiatzen da.
Erloju zirkadiano hauek loaren ereduak, elikadura-portaerak, hormonen askapena, odol presioa edo gorputzaren tenperatura bezalako prozesuak erregulatzen laguntzen dute. Erloju zirkadianoek nola funtzionatzen duten eta haietan asaldurak gertatzen direnean nolako arazo eta gaixotasunak gertatzen diren azaltzea gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Izan ere, gaur egun dauden hainbat arazo (gizentasuna, gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia…) modu zuzen edo ez-zuzen batean erlazionaturik daude erloju zirkadianoekin. Gainera, gaur egun ditugun hainbat ohiturek; bidaia luzeak, txandaka lan egitea edo eguneko momentu ezohikoetan argipean egotea ez diote gure barne erlojuari laguntzen.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 35
- Artikuluaren izena: Erloju zirkadianoak: zer diren, nola funtzionatzen duten eta zergatik diren garrantzitsuak.
- Laburpena:Lurrean dauden organismoek denboraren kontrola mantentzeko sistema endogenoak garatu dituzte, hainbat prozesu fisiologiko zein portaerazkoak sinkronizatzen dituztenak. Sistema hauei erritmo edo erloju zirkadianoak deritze, eta haien mekanismo molekularra deskribatzeak eta ulertzeak berebiziko garrantzia izan du biologiaren eta medikuntzaren munduan azkeneko hamarkadetan. Erloju zirkadianoek nola funtzionatzen duten eta haietan asaldurak gertatzen direnean nolako arazo eta gaixotasunak gertatzen diren azaltzea gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Izan ere, gaur egun dauden hainbat arazo (gizentasuna, gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia…) modu zuzen edo ez-zuzen batean erlazionaturik daude erloju zirkadianoekin.
- Egileak: Beñat Zaldibar Aranburu.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 225-238
- DOI: 10.1387/ekaia.20339
————————————————–
Egileaz:
Beñat Zaldibar Aranburu UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Makromolekularrek Laborategian dabiltza.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Erloju zirkadianoak: zer diren, nola funtzionatzen duten eta zergatik diren garrantzitsuak appeared first on Zientzia Kaiera.