Mahatsa, ardoa eta molekula baten bidaia (I)

1. irudia: Mahats aleetan dauden azukreei esker egiten da ardoa. (Argazkia: Johannes Plenio – domeinu publikoan. Iturria: pixabay.com)
Edandako ardo onarekin gozatu ondoren upeltegitik atera da. Pixkanaka etanola bere nerbio-sistemako zelulen mintzetara sartzen ari da. Sentsazioa atsegingarria da eta lasaitasunez begiratzen ditu mahatsondoz beteriko sailak. Denak errenkadan eta txukun-txukun jarrita. Bi kopa ardo bakarrik edan ditu eta oraindik ez ditu nabaritzen etanolaren ondorioak: deshidratazioa, sistema endokrino eta kardiobaskularraren asaldura, besteak beste. Momentuz nerbio-sisteman aldaketak nabaritzen ditu eta gustura dago, pozoitzeaz gozatzen. Nolabait, bere burua intoxikatzen ari da. Etanola arma kimiko bat besterik ez da, legamiek bizi diren ingurunean askatzen dutena gainontzeko organismoak hil daitezen. Horrela, beraientzat elikagai diren azukreak ez dizkiete kentzen. Horrexegatik dauka alkohola ardoak.
Etanola arma kimiko toxikoa izan arren, neurrian hartu du, intoxikazio kontrolatu bat bailitzan eta, horrela, ardoak dituen beste konposatu gustagarriak dastatu eta usaindu ahal izan ditu. Usain horiek gogoratzen dituen bitartean, oxigenoz, nitrogenoz eta beste milaka konposatuz osatutako nahaste homogeneoaz -airez-, bete ditu birikak. Ondoren arnasa bota du birikak hustu arte. Hor ikusi du bi oxigeno atomoz eta karbono batez osatutako molekula sudur-hobietatik irteten. Karbono dioxido molekula bidaiari bati arreta jarri eta bistarekin jarraitu du. Hegan joan da, mahatsondo baten hosto berdean gelditu arte.

2. irudia: Landareek inguruneko karbono dioxidoa eta eguzkiaren argia erabiltzen dute fotosintesia egiteko. (Argazkia: Jacqueline Macou – domeinu publikoan. Iturria: pixabay.com)
Hostoak zulo mikroskopikoak ditu bere gainazalean, estoma deitzen direnak, eta haiei esker gas trukaketa egin dezake. Trukatutako gasen artean, karbono dioxido bidaiaria xurgatu du. Karbono dioxidoa, energiarekin batera, fotosintesiaren fase ilunean beharrezkoak dira azukreak ekoizteko erabiliko du. Fotosintesiak bi fase ditu: argiaren fasean eguzki argia energia kimiko bihurtzen da -ATP eta NADH- eta fase ilunean, aldiz, energia kimikoa eta karbono dioxidoa erabiliz landareak azukreak sortzen ditu -beharrezkoa duen materia organikoa-. Karbono dioxido bidaiariak ere hemen jarraitu dio bideari eta fase iluneko Kalvin ziklotik pasa ondoren, glukosa bihurtu da.
MahatsaFrutak jangaitzak izatetik gozagarriak izatera pasatzen dira hainbat prozesu kimikori esker, eta mahatsari gauza bera gertatzen zaio. Fruitua lore batetik abiatuz garatzen den organoa da eta bertan gordetzen dira landarearen hazi heldugabeak. Lehenik eta behin lorearen ernalketa gertatu behar da -polenaren bidez-. Gero, pareta-zelulen hazkuntza gertatzen da eta, jarraian erreserba-zelulen hazkuntza. Bigarren hazkuntza hori gertatzen denean fruitua oso azkar hazten da. Zeluletako bakuoloek ur-izerdia metatzen dute eta, horrekin batera, landarearen beste organoetatik azukreak iristen dira, tartean glukosa eta fruktosa. Karbono dioxido izandako glukosa molekula bidaiariak, hortaz, mahatsondoaren hostoetatik mahatseraino migratu du eta bertan geratuko da, zain. Horretaz gainera, alkaloide pozoitsuak eta tanino lehorgarriak ere pilatzen dira. Azken konposatu horiek defentsa-mekanismoak dira eta fruitua infekzioetatik eta beste animalien erasotik babestea dute helburu.
Fruitua heltzen den neurrian, haziak gai dira haien kabuz hazteko. Une horretan animaliek fruta jan behar dute, horrela zabalduko baita hazia leku urrunetara. Horrexegatik, defentsarako konposatuak desagertzen joango dira, azidoak murrizten eta azukreak ugaritzen doaz heltze-fasean. Frutak kolorea aldatzen du, gozoagoa da, bigunagoa eta zapore erakargarriagoa du, animaliek jan dezaten. Tamalez, karbono dioxido izandako glukosa molekula bidaiaria duen mahats gozo hori ez du animalia batek jango. Upeltegiko langileek jasoko dute mahats-biltze garaian.
Momentuz, ardotegiko gizonaren hatsetik ateratako karbono dioxido molekulak bide nahiko luzea egin du -airetik mahatsondoaren hostoetaraino eta hortik mahats alera-. Hala ere, bere bidea ez da hemen amaitu eta oraindik kimika gehiago ikusiko dugu kontakizunaren bigarren -eta azken- atalean.
Informazio gehiago:
La cocina y los alimentos, Harold McGee, Debate, 2017.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Mahatsa, ardoa eta molekula baten bidaia (I) appeared first on Zientzia Kaiera.
Norbere identitatearen bila
Haurrek eta helduek baino gehiago sufritzen dute talde batetik kanpo geratzeagatik, eta sufrimendu horrek korrelatu neurologiko bat du. Helduren bat baztertuta sentitzen denean, minaren, haserrearen eta atsekabearen pertzepzioarekin lotura duten entzefalo eremuak aktibatzen dira, bai, baina, jarraian, bazterketari garrantzia kentzen dion kortexeko eremu bat aktibatzen da. Nerabeetan, hala ere, eremu hori ia ez da aktibatzen, baina aurrekoak, haurretan eta helduetan baino areago. Horrenbestez, ez da harritzekoa lagunek eragin handia izatea nerabeengan.

Irudia: Nerabeek arriskuak hartzeko duten joera, neurri handi batean, lagunen harremanen mende dago. Izan ere, taldeko partaide izateko nahiak eta isolatuta geratzeko beldurrak eragiten baitei erabakiak hartzeko unean. (Gerd Altmann / pixabay.com)
Ezein bizitzako arotan ez dute adiskideek eta besteen iritziek nerabezaroan bezalako garrantzia. Horregatik, nerabeek arrisku handiagoak hartzen dituzte lagunekin daudenean ez daudenean baino. Are gehiago, sari zirkuitu entzefalikoa areago aktibatzen da eta autokontrolarekin zerikusia duten garuneko eremuen erantzun maila jaitsi egiten da lagunen konpainian. Helduetan ez da halakorik hauteman. Izan ere, nerabeek taldeko partaide izatearen behar handia izaten dute; beraz, hartzen dituzten erabakiak lagunak aurrean egotearen oso mende egon ohi dira.
Pubertarora arte, portaera prosoziala nahikoa indiskriminatua da. Alabaina, 16 eta 18 urte ingururekin hasten gara bereizketa gehiago egiten. Lagunak izaten dira nerabearen konfiantzaren, elkarrekikotasunaren eta eskuzabaltasunaren hartzaile nagusi. Bestela esanda, nerabeek gero eta garrantzi handiagoa ematen diote harremanetan jartzen diren pertsonen nortasunari, ziur aski, norberaren nortasunari besteek garrantzi gero eta handiagoa ematen dioten arrazoi berberengatik, eta, taldekide sentitzen diren heinean, gainerakoek eurez duten iritziari.
Bestalde, nerabezaroan «adimenaren teoriaren» garapenak aurrera jarraitzen du. Beste norbanako batzuen adimen ikuspegia hartzeko gaitasuna da, txinpantzeek, orangutanek eta bele batzuek ere badutena. Era berean, barnera biltzeko eta norberaren egoera mentala aztertzeko gaitasuna ez da erabat garatzen hogeita hamabost bat urte bete arte. Besteak beste, arrazoi horiek direla kausa aldatzen da nerabeak gainerakoekin harremanetan jartzen diren modua.
Haurtzaroan ez dira argi bereizten istripuzko kaltea eta nahitakoa; pubertarotik aurrera hasten da bereizketa areagotzen. Urteak pasa ahala, gero eta gutxiago aktibatzen dira mina prozesatzen duten entzefaloko eremuak istripuzko kalte bat ikustean, kontrara, nahitako kalte bat ikustean, judizioak osatzen diren kortex prefrontaleko eremuak gero eta gehiago aktibatzen dira. Ekintza baten asmoari kaltezko iriztea da judizio moralen abiaburua; beraz, nerabezaroan, judizio horiek gero eta landuagoak dira.
Sarah-Jay Blakemore neuropsikologoak dioen eran, nerabezaroan asmatzen dugu geure burua; horretan datza, hain zuzen, nerabe izatea. Bidaia luze horretan norbere identitatearen zentzua eta gainerakoak ulertzeko gaitasuna eskuratzen dira, helduaroan gai izan gaitezen gurasoez independizatzeko eta gure berdinen taldean txertatuago egoteko.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
Oharra:
Nerabezaroko neuropsikologiari buruzko hiru artikuluko sorta baten zati da artikulu hau. Hauek izango dira sortako artikuluak:
- Nerabezaroko desoreka
- Norbere identitatearen bila
- Giza garunak denbora behar du garatzeko
The post Norbere identitatearen bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #280
Oraingo joera berean jarraitzen badugu, baliteke mende honen erdirako Pirinioetako glaziarrak desagertzea. Berrian irakur daitezkeen datuen arabera, horien azaleraren %70 galdu egin da 1980ko hamarkadatik hona. Baina egoera hau ez da bakarrik Euskal Herrian jazo, munduko mendi glaziarrak ere jasaten ari dira berotze globalaren ondorioak. IPCCko datuen arabera, urtero 3,6 milimetro igotzen da itsasoaren maila munduan, eta igoera orokorraren %28 eragin dute mendi glaziarrek.
OsasunaGaitzen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) nabarmendu du Europako emakume askori berandu diagnostikatzen zaiela GIBa, hau da, dagoeneko immunitate-sistema kale egiten hasten denean. 2018ko datuetan oinarritzen da baieztapen hori. Horretaz gain, azaldu dute diagnostiko berantiarra jasotzeko arriskua hiruzpalau aldiz handiagoa dela 40 urte inguruko emakumeen artean, gazteagoen artean baino. Informazio gehiago irakurtzeko aukera duzue Elhuyar aldizkarian.
BotanikaLikenak oso bereziak dira; hasieran landaretzat hartu ziren, eta gero onddoen erreinuan sailkatu genituen. Oso muturreko egoeretan bizirik jarraitzeko ahalmena dute eta zuhaitzei edota harkaitz gordinei eusteko gai dira. Orain badirudi likenek ez zietela bidea ireki landareei, ikerketa artikulu batean adierazi dutenez. Artikuluan irakur daitekeen moduan, ezinezkoa da orain arte indarrean egon den hipotesi hori egia izatea, likenak landareak baino milioika urte geroago garatu zirelako!
NeurologiaBadakizue zer gertatzen den gizakien kortexean? Adibidez, bertan pertzepzioa gertatzen da, judizio moralak egiten dira, erabakiak hartzen dira, pentsamendua sortzen da; hizkuntza egituratzen da, eta abar luze bat. Hamasei bat mila milioi neurona ditu. Tamainaz txikiagoa den zerebeloak, ordea, hirurogeita bederatzi mila milioi neurona ditu. Entzefaloari dagokionez, zazpiehun bat mila neurona daude. Eta kortex prefontalari buruz, zer dakigu? Testuan azaltzen digutenez, ez dago guztiz garatuta 25 urte betetzen diren arte. Aldiz, haurtzaroaren amaieran eta pubertaroan eremu azpikortikalak, emozioen sorkuntzarekin zerikusia dutenak, oso aktibo egon ohi dira.
IngurumenaCydalima perspectalis sitsaren izurriteak animalia espezie autoktonoei kaltea eragin die, Euskal Herriko ezpeldiak desagertzeko bidean utzi ditu eta adituek uste dute eragina izanen duela mendialdeko ekosisteman ere. Espezie inbaditzailea da eta ezpela du elikagai. Zuhaixka hori mendiaren parte da. Beraz, hori desagertuz gero, ingurune osoa alda daiteke. “Ezpel autoktonoaren ondare genetikoa desagertzen ari da, eta hori, berez, galera handia da, biodibertsitateari dagokionez; baina, horrez gain, lurzoruan ere badu eraginik”, azaldu du Zerynthia elkarteko buruak, Yeray Monasteriok Berrian.
ArkeologiaLeize-hartzari buruz hitz egin digute artikulu honetan. Erdi Pleistozenoaren amaieran eta Goi Pleistozenoan bizi izan zen eta orain dela 24 eta 26 mila urte desagertu zen betiko. Testuan azaltzen diguten moduan, espezie horren iraungipenaren arrazoia oraindik ere eztabaidagai da, baina gaur egun bi arrazoi daude indarrean: alde batetik, landaretzaren ekoizkortasunaren beherakada handia, klimaren hoztearen eraginez; eta bestetik, gizakiek egindako hartz-ehiza. Zeintzuk dira desberdintasunak egun ezagutzen ditugun hartzekin alderatzen baditugu? Nolakoa izan zen leize-hartzaren hedadura? Eta ba al dakizue leize-hartzak Askondon (Bizkaia) bizi izan zirela? Ez galdu artikulu interesgarri hau!
AstronomiaJames O’Donoghue Ingalaterrako astronomoak Eguzki Sistemako planeten errotazio abiada parekatzeko bideo bat sortu du NASAren irudiak erabiliz. Bertan, adibidez, Jupiter Lurra baino 2,4 aldiz azkarrago mugitzen agertzen da, eskala kontuan hartuta. Izan ere, eta testuan azaltzen digutenez, Jupiter Lurra baino ia 11 aldiz handiagoa da. Gainera, Lurrak 23,9344 ordu behar ditu bira bat egiteko; Jupiterrek, berriz, 9,9. Artizarrari (Venus) dagokionez, ia geldirik agertzen da. Ez galdu Berrian aurki daitekeen bideoa!
ArkitekturaEuskal landa-arkitektura tradizionalak mendeetan iraun du euskal lurralde osoan. Energia-oreka eta -eraginkortasun handiko estrategia pasiboak ditu ezaugarri arkitektura mota honek. Izan ere, tokiko ingurumen-baldintzen eta eraikinaren eraikuntza-ezaugarrien arteko interakzioa gertatzen da beraren barnean. Artikulu honek arkitektura mota horren itxitura-elementuen eraikuntza-bilakaerak beraren barne-giroari nola eragin dion jakitea du helburu.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #280 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #287
Fetu bat izateko, lehenik obulu bat beharko duzu, eta, gero, hura ernalduko duten espermatozoideak, ezta? Agian ez… Rosa Garcia-Verdugok ematen digu erantzuna: A foetus without egg and sperm?
Gorputzeko gauza guztiak elkarlotuta daude. Egia esan, batzuk gustuko ez dugun eran baina, hala ere, lotura hau ezagutzea komenigarria da. José Ramón Pinedaren artikuluan xehetasunak: Neural precursors accelerate the development of tumors.
Polimeroen munduan, naturalak zein artifizialak izan, hauek zelan mugitzen diren edo nola jariatzen diren jakitea funtsezkoa da beraien portaera eta propietateak ulertzeko. Horrez gain, garrantzitsua da ere polimerook manipulatzeko eta haiekin gauzak berriak fabrikatzeko. Horregatik da hain interesgarria DIPCko ikertzaileek lortu duten hau: Direct observation of dynamic tube dilation in entangled polymer blends.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #287 appeared first on Zientzia Kaiera.
Luis M. Agirrezabala: “Intrusismo magmatikoak hainbat ondorio ekarri zituen, geologikoak eta biologikoak ” #Zientzialari (127)
Eusko Kantauriar arroko Kretazeo Ertaineko arroka sedimentarioak interes handikoak dira, bat egin baitzuten Bizkaiko Golkoaren irekierarekin eta bertan gertatu ziren zenbait prozesu garrantzitsuekin. Izan ere, Kretazeo Ertainean, lurra zabaldu eta mehetu zenean, lurrazpiko magma gora joan zen eta lurrazaleko sedimentuetan txertatu zen, intrusismo magmatikoa sortuz.
Intrusismo magmatikoaren sorrera eta ondorioei buruz hitz egiteko, Luis M. Agirrezabalarekin, UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia saileko ikertzailearekin egon gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Luis M. Agirrezabala: “Intrusismo magmatikoak hainbat ondorio ekarri zituen, geologikoak eta biologikoak ” #Zientzialari (127) appeared first on Zientzia Kaiera.
Hipatia: zientzialari aitzindariaren historia komiki egina
Jaiotako herrian eman zuen bizia. Garai hartan nahaste eta gatazka ugari zeuden Alexandrian baina horrek ez zuen beldurtu eta bere ezagutza eta jakinduria ikasleei transmitituz gain, besteen zerbitzura ere jarri zituen. Ospe handiko irakaslea izan zen eskola neoplatonikoan, eta bera dugu erreferentziazko emakume zientzialari aitzindarietako bat.

1. irudia: 2Hipatia, egia matematikan” komikiaren azala. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)
“Hipatia, egia matematikan” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren azken alea da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Aristoteles eta azkenik, Hipatia.

2. irudia: “Hipatia, egia matematikan” komikian, besteak beste, garaiko emakume matematikari eta filosofoak ezagutzeko aukera ere eskaintzen da. Pandrosia, matematika-irakasle izan zena Hipatiaren aurretik, Asklepigenia eta Sosipaira Efesokoa filosofoak. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)
Hipatia komikian ikusiko dugu Hipatiak ikastea eta egiara hurbiltzea nahi zuela eta horretarako, haren ustez, biderik onena matematika zela. Komiki-tiren bidez Alexandriako Liburutegi zaharra ezagutzeko aukera izango dugu eta baita, Alejandro Magnok fundatu zuen Alexandria hiriko matematika eta filosofiako ikasle gazteen bizitza.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Hipatia, egia matematikan
- Egilea: Jordi Bayarri
- Itzultzailea: Maialen Berasategi
- Argitaletxea: Ikaselkar, 2019
- Orrialdeak: 47 orrialde
- ISBNa: 978-84-17538-42-2
The post Hipatia: zientzialari aitzindariaren historia komiki egina appeared first on Zientzia Kaiera.
Euskal landa-arkitekturako eredu tradizionalaren eraikuntza-bilakaeraren eragina portaera higrotermiko pasiboan: Lea ibarreko kasu-azterketa

Irudia: (Argazkai: Etxaburu).
Honela, beraz, euskal landa-arkitektura tradizionalaren itxitura-elementuen eraikuntza-bilakaerak beraren barne-giroari nola eragin dion jakitea du helburu artikulu honek, beraren barneko gorabehera higrotermiko pasiboaren irakurketa dela medio.
Eredu arkitektoniko tradizional honek mendeetan iraun du euskal lurralde osoan. Alabaina, lan honek, lurralde osoa eta aldaera guztiak aztertzea baztertu, eta Bizkaiko ekialdean kokatzen den Lea ibarreko eremu geografikoko ereduak hartu ditu aintzat.
Landa-arkitektura, hau da, «baserria eraikin-motatzat jotzen badugu, berariazko identitatea duen arkitektura-eredutzat», jatorria, nonbait, XV. mendean dauka, eta lurraldearekin, eskualdearekin, arkitektura-aldiarekin, nekazal ekoizpen sistemarekin, eraikuntza teknikekin lotutako aldaerak albo batera utzita, eboluzio-ezaugarrien sailkapen gisa «arkitekturaren historiaren garai klasikoak» eta eraikuntza-aroak lotzen dituena hartu da oinarri, hau da, gotiko-berpizkundeko lehenengo aroa (XV. mendearen erdialdetik XVII.aren erdialdera doana, XVI. eta XVII. mende bitarteko berpizkundekoa barne), garai barroko jori eta aberatsa (XVII. mendearen erdialdetik XVIII.aren amaiera arte doana), eta, azkenik, eredu honen gainbehera ekarri zuen azken aro neoklasikoa (XIX. mendea). Sailkapen nagusi hau eta ikerketa eremua mugatuta izanda, bertatik bertara egindako azterketen ondorioz tokira egokitutako lau azpiereduren araberakoa da ikerketa-lan hau.
Lau azpiereduak zehaztuta izanda, landutako metodologiaren lehenengo urratsa ingurumen baldintzak (kokapena eta ezaugarri klimatikoak) aztertzea izan da. Hurrenik, arkitektura tradizional honen ereduaren adierazgarri diren lau azpiereduen azterketa sakona burutu da berariazko eraikuntza-bilakaera eta ondoriozko ezaugarri teknikoak zehazteko.
Hala, erreferentzia-eredu adierazgarrienak aukeratu, eta haien portaera higrotermiko pasiboaren irakurketa egin da Design Builder v.5.0.1.024 simulazio energetikorako softwarea baliatuz. Horretarako, aurretiaz zenbait oinarrizko modelizazio-irizpide finkatu dira emaitzak euren artean konparagarriak izateko. Hauen artean, aldagai klimatikoak, lekuko informazioa (orientazioa, haizearekiko esposizioa), itxitura azal termikoaren zehaztapena Eraikuntzaren Kode Teknikoak ezartzen duen Eraikuntza Elementuen Katalogoaren arabera, geometria, okupazio eta funtzio parametroak, eta airearekiko iragazgaiztasuna ezarri dira.
Ikerketa eredu bakoitzetik solairu bakoitzeko «1. zona termikoa» hartu da portaera higrotermiko pasiboaren azterketa-gunetzat, mehelin hormaren eta aurrealdeko fatxadaren artean eratzen den gunea, alegia. Gune hauetako aldagai higrotermiko bien, hau da, Tenperatura Operatiboaren [°C] eta Hezetasun Erlatiboaren [%] balioak jaso dira, banan-banan, konparatiboki eta kronologikoki, eraikuntza-bilakaeraren eraginaren ondorioz izandako aldaera zenbatesteko neguko, udako eta tarteko urte-sasoietako egunetako balioen arabera.
Beraz, azaldutako metodologiaren eta emaitzen arabera, eraikuntza-bilakaerak landa-arkitektura eredu tradizional honen portaera higrotermikoan ezkutuko edo ezagutu gabeko eragin onuragarria izan duela esan liteke. Izan ere, nahiz eta lortutako datuen arteko desberdintasuna izugarrizkoa ez izan, azpiereduetan kronologikoki aurrera egin ahala, eraikinak epelagoak direla ondorioztatu da, betiere tokiko klima hezeak barneko Hezetasun Erlatiboan duen eragin nabarmena kontutan izanik.
Lortutako balio higrotermikoek, beraz, kanpo-barru erlazioan garatutako oreka bat egon dela iradokitzen dute, erlazioaren eraginkortasuna arkitektura-, material- eta eraikuntza-ezaugarrien bilakaerarekin lotuz. Hortaz, eraikin eredu tradizional honen barne-giroaren garrantzia eta portaera-eredua arkitektura ondare ikuspegitik kontutan hartu beharreko oinarrizko balioak dira.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 34
- Artikuluaren izena: Euskal landa-arkitekturako eredu tradizionalaren eraikuntza-bilakaeraren eragina portaera higrotermiko pasiboan: Lea ibarreko kasu-azterketa.
- Laburpena: Energia-oreka eta -eraginkortasun handiko estrategia pasiboak ditu ezaugarri arkitektura tradizionalak. Izan ere, tokiko ingurumen-baldintzen eta eraikinaren eraikuntza-ezaugarrien arteko interakzioa gertatzen da beraren barnean, eta bi aldagai horien erlazioaren menpe dago barneko giroa. Euskal etxe-eredu tradizionalaren barneko portaera higrotermiko pasiboari aldian-aldian eginiko eraikuntza-egokitzapenek eragindako eboluzioa eta bilakaera aztertzen ditu artikulu honek. Horiek jorratzeko, Lea ibarreko arkitektura tradizionala hautatu da ikerketa-eremutzat. Bizkaiko ekialdeko ibar bat da, klima epel eta hezekoa. Hango baserrien eraikuntza-ezaugarriak, xv. mendean arkitektura-eredu gisa sortuz geroztik, behin eta berriz izan dira eraldatuak, gizarte-bilakaerak eta bestelako eskakizunak tarteko; eraldaketa horiek, bestalde, eraikinon portaera higrotermiko pasiboaren eboluzioa ere ekarri izan dute. Landa-azterketaren ondorioz, lehenik eta behin, lekuko arkitektura tradizionalaren eraikuntza-sistemaren eboluzioaren azterketa egin da eredu adierazgarrienak zehazte aldera; ondoren, eredu horietako Tenperatura Operatiboaren [oC] eta Hezetasun Erlatiboaren [%] datuak biltzeko, simulazio energetikoa egin da Design Builder v.5.0.1.024 softwarea baliatuz. Azkenik, eskuraturiko datuok kronologikoki alderatu dira, neguko, udako eta tarteko urte-sasoietako eguneko balioen arabera, eta hortik eskuratu eraikuntzaren eboluzioak zer-nolako eragina izan ote duen barneko portaera higrotermikoan..
- Egileak: Matxalen Etxebarria Mallea, Lauren Etxepare Igiñiz, Margarita de Luxán García de Diego.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 317-334
- DOI: 10.1387/ekaia.19671
————————————————–
Egileez:
Matxalen Etxebarria Mallea eta Lauren Etxepare Igiñiz, UPV/EHUko Arkitektura Sailean dabiltza eta Margarita de Luxán García de Diego Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Irakasle Emeritua da.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Euskal landa-arkitekturako eredu tradizionalaren eraikuntza-bilakaeraren eragina portaera higrotermiko pasiboan: Lea ibarreko kasu-azterketa appeared first on Zientzia Kaiera.
Usteak erdi ustel: ez dirudi likenek landareei bidea ireki zietenik
Zeharo bitxiak dira onddoak. Hasiera batean, itxuragatik, landare direla eman dezake. Baina gizakiok mundua antolatzeko eratu dugun sailkapenean erreinu propioa eman behar izan diegu; landareak ez bezala, onddoak ez direlako gai haien elikagaiak sintetizatzeko. Bada, ez dira ez landareak. Algen kasua ere berezia da: fotosintesia egiteko gai dira, baina, –beste behin ere, landareak ez bezala– , sustrai eta zutoinik gabeko organismoak dira.
Berezitasunen festa honetan, likenak are bereziagoak dira. Natura-zientzien hastapenetan landaretzat hartu ziren, eta gero onddotzat. Simon Schwendener botanikoa izan zen XIX. mendearen erdialdean konturatu zena liken deitzen dugun hori onddo baten eta alga baten arteko harreman sinbiotikoaren ondorioa dela. Ordudanik, sinbiosiaren paradigma bihurtu dira likenak: onddoak babesa ematen du, eta algak fotosintesia bitartez ekoiztutako nutrienteak. Baina duela 150 urte inguru Schwendenerrek esandakoa ez da azken hitza izan. Duela gutxi jakin da zenbait likenetan onddo batek ez baizik bi onddok parte hartzen dutela. Likenologiaren diziplinan aurkikuntza horrek iraultza txikia ekarri zuen, mende eta erdiz ziurtzat ematen zelako likenena soilik bien arteko kontua zela.

1. irudia: Eremu gordin askotan likenak dira bidea irekitzen dutenak. Logika horri jarraiki, litekeena da eboluzioan ere hala gertatu izana. Baina ez dirudi horrela denik. (Argazkia: Bering Land Bridge National Preserve / CC BY 2.0)
Zientzia hutsetik harago, aurkikuntza horren aurrean istorio polit bat ere bazegoen. Erica Gies kazetariak Investigación y Ciencia aldizkarian idatzi zituen ikerketaren atzean zeuden nondik norakoak. Giesen kontakizunaren arabera, Science aldizkariko azala merezi izan zuen ikerketa hori, hein batean, Kanadako Columbia Britainiarreko Wells Gray parke naturalean bizi den Trevor Goward naturalistari zor zaio. Zientzia-formazio arautua izan gabe arlo zehatz batean izugarrizko ezagutzak eskuratzen dituen lagun horietako bat, hain justu. Eta agian ohiko zientzia ibilbide hertsietatik kanpo egon izanagatik ordura arte finkotzat jotzen zena beste modu batean ikusteko aukera izan zuen Grayk.
Halako proposamen ausart asko beharko dira zientziaren bidezidorrean aurrera egiteko eta oraindik erantzuna ez duten galderei erantzun berriak bilatzeko. Adibidez, eta likenenen alorrean jarraituta, oraindik misterioa da zergatik hasi ziren elkarrekin bizitzen bi organismo horiek. Beste harreman sinbiotikoei begira, baliteke hasiera batean onddo batek alga bat eraso egin izana, eta liskar horietatik harreman baketsu bat sortu izana. Funtsean, gure gorputzetan ere antzeko zerbaiten arrastoa legoke, Lynn Margulis biologoak proposatu zuen teoria endosinbiotikoaren arabera.
Berdin eraso baten ondorio izanik edo hasieratik elkarrekintza baketsu baten ondorio izanik, kontua da elkarte horrek oso emaitza indartsua sortzen duela. Jakina da likenek oso muturreko egoeretan bizirik jarraitzeko ahalmena dutela –Nazioarteko Espazio Estazioan egindako esperimentuek erakutsi dute espazioan ere lasai asko mantentzen direla hainbat hilabetez–. Besteak beste, zuhaitzei edota harkaitz gordinei eusteko gai dira. Eta, arlo makroskopikoan bederen, ekosistema askotan likenak dira, nolabait esateko, biziaren aitzindariak. Horiek dira eremu latzak kolonizatzen dituzten lehenak, eta horiek osatzen dute gero etorriko diren beste hainbat organismoren oinarria. Oinarri, zentzu askotan: bai kate trofikoari dagokionez, zein oinarri fisiko bezala ere.
Horregatik, denbora askoan zientzialariek pentsatu dute Lurraren historian likenak egon zirela uretatik lur idorrera igaro ziren lehenengo organismoen artean. Hipotesi horren arabera, likenek rol garrantzitsua jokatu zuten atmosferaren aldaketan, eta, bestetik, ordura arte arroka huts besterik ez zirenak sustraiak dituzten landareentzako aterpe bihurtu zituzten. Egoera berri hori izan zen, hain justu, landareei bidea erraztu ziena.
Hipotesi polita da, dudarik gabe, sen onean oinarrituta. Baina, jakina da askotan errealitatea ez dela guk uste dugun bezain sinplea. Hala, orain argitu dutenez, likenak landareak baino milioika urte geroago garatu ziren. Hortaz, ezinezkoa da likenek landareei bidea ireki izana. Hara beste iraultza txiki bat likenologiaren erreinu txikian!

2. irudia: Onddo baten eta alga baten arteko “elkarlanari” esker osatuta daude likenak. Horregatik, sinbiosiaren paradigmatzat jo dira sarritan. (Argazkia: Matthew P. Nelsen / Field Museum)
Geobiology aldizkarian argitaratutako ikerketa artikulu batean eman dituzte xehetasunak (artikulu hori hemen ere dago eskuragarri, modu irekian). Artikuluaren nondik norakoak azaltzeko atera duten prentsa oharrean azaldu dutenez, Matthew Nelsen artikuluaren egile nagusiaren hasierako helburua ez zen kronologia kolokan jartzea, algen eta onddoen arteko harremanak argitzea baizik. Bi organismoek osatutako entitatea izanda, bai onddoen zein algen eboluzioa aztertu behar izan dute.
Likenen eboluzioa aztertzeko, gainera, ez da oso lagungarria erregistro fosilari jotzea, oso zaila baita bereiztea fosil bat benetan liken batena ote den. Dena dela, dudarik gabe likentzat jotzen diren fosilen kasuan, guztiak dira landaretzat hartzen diren fosilak baino berriagoak.
Beste bide bat jorratu behar, beraz. Nagusiki, erloju molekularraren teknika baliatu dute datak ebazteko. Espezieen arteko dibergentzia kalkulatzeko erabiltzen den teknika hori erabili ondoren, atera duten ondorioa da likenak landareak baino “gazteagoak” direla, zentzu ebolutiboan. Lur idorreko lehen landareak duela 450 milioi urte inguru garatu zirela uste da, eta likenak batez bestean duela 250 milioi urte garatu zirela proposatu dute orain. Egin duten kalkuluaren arabera, gutxi gora behera lehenengo likenak iratzeak eta beste hainbat landare baskular batzuk agertu eta 100 milioi urtera agertu ziren.
Halako teknikak erabiltzen direnean, kontuan hartu behar da datak oso gutxi gorabeherakoak direla. Halere, landareen eta likenen arteko agerpen tarteak dezente handiak direla proposatu dute. Bestetik, datak batez bestekoak direla nabarmendu beharra dago. Are gehiago, eta liken motaren arabera dibergentzia datak aldatzen direla kontuan izanda, beste ondorio garrantzitsu bat atera dute: ez zen egon likenen bat-bateko”genesi” bat. Alegia, onddo desberdinek algei eusteko joerak modu independentean garatu zituztela. Hori zergatik izan zen, ordea, argitzeko dago oraindik.
Erreferentzia bibliografikoa:
Nelsen, MP, Lücking, R, Boyce, CK, Lumbsch, HT, Ree, RH. (2019). No support for the emergence of lichens prior to the evolution of vascular plants. Geobiology. 2019; 00: 1– 11. DOI: https://doi.org/10.1111/gbi.12369.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Usteak erdi ustel: ez dirudi likenek landareei bidea ireki zietenik appeared first on Zientzia Kaiera.
Leize-hartza Askondon (Mañaria, Bizkaia)

1. irudia: Leize-hartz (Ursus spelaeus s.l.) baten berrosaera. (Ilustrazioa: Amaia Torres Piñeiro)
Ikertzaile batzuen arabera, espezieak hainbat mila urte gehiagotan biziraun zuen Europako hegoaldeko eta ekialdeko aterpe klimatikoetan, baina hori egiaztatzeko, Karbono-14 bidezko datazio gehiago egin beharko lirateke. Azterketa paleogenetikoek diotenez, gutxienez, leize-hartzen hiru leinu genetiko bizi izan ziren batera Goi Pleistozenoan. Ildo horretan, zientzialari batzuek espezie desberdintzat hartu dituzte: Ursus ingressus Europako erdialdean eta ekialdean, Ursus kudarensis Kaukasoan, eta Ursus rossicus Siberiako hegoaldean.

2. irudia: Leize-hartzen taldearen mapa filogenetikoa (goian; lau espezie, espezie batek bi azpiespezie dituela), hartz arrearen aldean (behean). (Iturria: Baca et al., 2016, egileek moldatutako irudia)
Johann Christian Rosenmüller zirujau eta anatomistak espezie berriaren deskribapena egin zuen 1794. urtean. Animalia horrela izendatzeko arrazoia dugu leize-hartzen lehen hezur fosilak leize edo haitzuloetan aurkitu zirela. Europako haitzulo batzuetan, milaka hezurrez osaturiko pilaketak idoro dira, espezie horrek leizeak erabiltzen zituelako negua bertan lo emateko eta, batzuetan, gosez eta ahulduraz hiltzen ziren haitzuloen barruan.
Alde nabariak aurkituko ditugu baldin eta erkatzen baditugu leize-hartza eta gaur egun bizi den horren ahaiderik hurbilekoena, hartz arrea. Alde horiek eskeletoaren alde guztietan igar daitezke, baina oso agerikoak dira garezurrean, masailezurrean eta esku-oinetan: I hatza (erpurua) laburragoa da leize-hartzetan, eta gainera, metapodoak eta hatz-hezurrak indartsuagoak dira, hau da, zabalagoak dira, luzeraren aldean.

3. irudia: Alde handiak daude leize-hartzen eta hartz arreen artean (azkenek eredu morfologiko primitiboagoa dute). Leize-hartzek maila nabarmena dute kopetan (1); masailezurraren aurreko matrailagin txikiak galdu dituzte (2); masailezur-adar aurreratua dute (3); masailezurraren egitura garaiagoa da (4) eta profila makurragoa (5). Alde horien guztien eta hortz handiagoak izatearen arrazoia dugu leize-hartzen dieta hartz arreena baino begetarianoagoa zela. (Irudia: Asier Gómez eta Mónica Villalba – Creative Commons 4.0. lizentziapean)
Leize-hartzen tamaina eta gaur egun bizi diren hartz handienen (Kodiak hartza, hartz zuria) tamaina antzekoak lirateke. Arrek 400-500 kg-ko pisua zuketen eta emeek 225-250 kg-koa. Bi sexuen arteko tamainaren desberdintasunari dimorfismo sexual deritzogu. Dimorfismoa agerikoa da banako hezurren tamainan ere, eta oso desberdintasun nabariak antzeman daitezke bi sexuen artean. Oro har, erregistro fosilean hortz-haginak hobeto gordetzen direnez, betortzen zeharkako dimentsioak erabili ohi dira arrak eta emeak bereizteko. Eskeleto osoetan, hartz arrak bereiz daitezke baculum deritzona (zakil-hezurra) dutelako. Zakil-hezurra ugaztun-talde askoren arretan ageri da; emeetan, aldiz, baubellum (edo klitori-hezurra) agertzen da. Leize-hartzen populazioen artean ere desberdintasun nabarmenak izan ziren tamainari dagokionez. Esate baterako, Ekialdeko Alpeetan aurkitutako aztarna batzuek (Ursus spelaeus lanidicus eta Ursus spelaeus eremus) desberdintasun handiak erakusten dituzte gainerako hartzen populazioen aldean, alpetarrak txikiagoak direlako. Beste alde batetik, leize-hartzen leinuetako bat, Ursus ingressus, Europako erdialdean eta ekialdean bizi izan zen eta Europako mendebaldeko leize-hartzak (Ursus spelaeus s.s.) baino handiagoa eta indartsuagoa izan zen.
Leize-hartzaren hedaduraLeize-hartzaren hedadura zabal-zabala izan zen, Europa osoan barrena eta Asiako zati batean (Kaukason eta Siberian). Iberiar penintsulan, aldiz, iparraldeko erdian baino ez da dokumentatu, eta aztarnategiak zein aztarnen kopurua ugari-ugariak dira Kantauri aldean eta Kataluniako ipar-ekialdean.

4. irudia: Europako mapa honetan, proposaturiko leize-hartzen espezieak eta haien banaketa geografikoa ageri dira. (Irudia: Asier Gómez eta Mónica Villalba – Creative Commons 4.0. lizentziapean)
Euskal Herrian, espezie horren aztarna ugari aurkitu dira honako lekuetan: Muniziaga (Galdames), Askondo (Mañaria), Astigarragako kobea eta Ekain (Deba), Lezetxiki (Arrasate), Troskaeta (Ataun), Arrikrutz (Oñati), Amutxate (Aralar), eta Izturitze, besteak beste.

5. irudia: Askondoren kokapena eta leize-hartzen hedapena iberiar penintsulan. (Irudia: Asier Gómez eta Mónica Villalba – Creative Commons 4.0. lizentziapean)
JatorriaLeize-hartzen eta hartz arreen leinuen jatorria erkidea da: orain dela 1,2 milioi urte sortu bide ziren biak, azterketa molekularrek ondorioztatu dutenez. Leize-hartzaren arbaso berriena Deninger hartza (Ursus deningeri) da; Deninger hartzaren eitea antzekoa da, baina ondorengo leize-hartza baino txikiagoa eta ez horren indartsua (6. irudia). Bi espezie horien arteko banaketa artifiziala da, haien artean bitarteko ugari ageri direlako eta, hortaz, ikertzaile askok leize-hartzen taldean sartzen dituzte bi-biak. Bizkaian, U. deningeri hartzaren aztarna osoak aurkitu dira Raneroko Santa Isabel haitzuloan (Karrantzan), 300 mila urte dituztela (7. irudia).

6. irudia: Leize-hartza eta gaur egungo hartzen arteko erlazioa adierazten duen eboluzio eskema sinplifikatua. (Irudia: Mónica Villalba eta Asier Gómez – Creative Commons 4.0. lizentziapean)

7. irudia: Raneroko Santa Isabel haitzuloko (Karrantza) Ursus deningeri hartzaren garezurraren marrazkia. (Ilustrazioa: Paula Martin Rodríguez)
Goi Pleistozenoan, Europan, leize-hartzak beste hartz-espezie batzuekin batera bizi izan ziren, hala nola hartz arrearekin (Ursus arctos) eta, unean-unean eta leku jakin batzuetan, Tibeteko hartz beltzarekin (Ursus thibetanus). Leinu desberdinekoak izan arren, azterketa genetikoek frogatu dute leize-hartzak eta hartz arreak hibridatu egin zirela; izan ere, gaur egun bizi den hartz arrearen genomaren % 0,9-2,4 iraungitako espeziearen genomatik dator.
DietaOraintsuko ikerketen arabera, badakigu leize-hartzak, gehienbat, belarjaleak zirela (fruituak, belarrak, sustraiak, baiak eta abar jaten zituzten), azterketa isotopikoei, garezurraren morfologiari, masailezurrari eta hortzeriari esker. Leize-hartzek aurreko matrailaginak (gainerako haginak baino txikiagoak) galdu zituzten eta, ondorioz, hortz handiagoak, kuspide anitzekoak garatu zituzten, elikagai urragarriak jateko egokiagoak. Gainera, leize-hartzek beste hartz-espezie batzuek baino masailezur indartsuagoa dute eta muskulu-lotune sakonak dituzte murtxikatzeko muskulu garatu eta sendoei eusteko. Beste alde batetik, aztarna fosil batzuetan ageri diren markak direla eta, badakigu beste leize-hartz batzuek hildakoen haragi ustela jan zutela; azkenik, hortzeriaren higaduran funtsaturik, ondorioztatu dezakegu askotariko dieta zutela eta, inoiz, haragia jaten zutela. Beraz, leize-hartzak ez ziren egungo hartz arreak bezain orojaleak izango, ez eta belarjale hertsiak ere. Dietaren inguruko azterketek diotenez, oso habitat heterogeneoetan bizi izan ziren. Elkarrengandik hurbil bizi ziren populazioek dieta berezitu zuten. Gainera, ekosistema desberdinak dituzten altitude eta latitudeetara egokitu ziren eta Goi Pleistozenoan gertatu ziren klima-aldaketa laburretara ere bai.
Leize-hartzak Askondon (Mañaria, Bizkaia)Askondoko haitzuloa edo leizea Mañarian dago, San Lorentzo baselizatik hurbil, Urkuleta auzoan. Gaur egun, Kanterazarra harrobiak zati batean itxita dauka haitzulorako sarbide nagusia; barruan, 302 metroko luzera eta 9 metroko desnibela du guztira. Leizea I-H norabideko haustura-sistema bati jarraiki sortu zen, disoluzioz (hasierako aldian) eta higaduraz nahiz grabitatearen eraispenez (geroko aldian). Askondoko haitzuloa Aramotz unitate hidrogeologikoaren sistema karstikoaren barruan dago eta leizea errudistaz eta koralez beteriko Kretazeoko uharri-kareharriz osaturik dago.

8. irudia: Askondoko (Mañaria) haitzuloan aurkitutako leize-hartzen aztarnez osatutako erakusketa dago ikusgai 2020ko irailera arte Mañariko Hontza museoan. (Argazkia: Hontza museoa)
Augusto Gálvez Cañerok egin zituen lehen indusketak XX. mendearen hasieran; geroago Joxe Miel Barandiaran izan zen haitzuloan 1929an. 1963. urtean, Joan Serrések leize-hartzaren bi burezur aurkitu zituen barruan eta, hamarkada horretan bertan, Ernesto Noltek leizearen barrualdea aztertu zuen eta haragijaleen (gehienbat, hartzen) nahiz gizakien aztarnak aurkitu zituen; halaber, adierazi zuen haitzuloaren sarrera erdi itxita zegoela harrobiko lanen eraginez. Joan den mendearen 80ko hamarkadaren hasieran, Bizkaiko karta arkeologikoak zioen bazitekeela haitzuloaren barruko balizko aztarnategi arkeologikoa hondaturik egotea, sarrera eta lehen esparrua hondaturik zeudenez gero.
2011ko urtarrilean, leizea berriro arakatu zen eta labar-margoak aurkitu ziren bertan. Horri esker, Bizkaiko Aldundiak finantzatu eta Diego Garatek eta Joseba Rios-Garaizarrek zuzendutako ikerketa proiektua abiatu zen, haitzuloaren sarreran hiru zundaketa gauzatzeko asmoz. Ikerketa horrek, hain zuzen ere, leizearen lehen ingurumari arkeologikoa eta paleontologikoa ondu zuen eta, horretan funtsaturik, badakigu gizakiek eta haragijaleek haitzuloa erabili zutela Historiaurreko hainbat alditan. Hala, Neandertal gizakiak (Homo neanderthalensis) bizi izan ziren Askondon orain dela 45 mila urte baino gehiago; geroago, gizaki modernoen (Homo sapiens) taldeek baliatu zuten haitzuloa Goi Paleolitoan: Aurignac aldian (gutxi gorabehera, orain dela 36 mila urte); Gravette aldian, (gutxi gorabehera, orain dela 28.500 urte) eta Goi Solutre aldian (gutxi gorabehera, orain dela 20-21 mila urte). Azkenik, Brontze Aroan (orain dela 3.500 urte inguru), 10 urteko ume baten aztarnak utzi ziren haitzuloaren barruan.
Leize-hartzei gagozkiela, haitzuloaren azalaren gainean idoro diren aztarnez gain (testuinguru estratigrafikorik gabekoak), beste aztarna batzuk berreskuratu dira hainbat mailatako indusketa-lanetan eta zuzeneko datazioa egin da erradiokarbonoa erabiliz. Horri guztiari esker, badakigu leize-hartzak haitzuloaren barruan bizi izan zirela 10 mila urtetik gorako aldi batean. Leize-hartzen hainbat belaunaldik Askondo erabili zuten negua lo emateko eta, batzuetan, gazteegiak zirelako, zaharregiak zirelako edo erreserba nahikorik ez zutelako, neguan hil ziren leizean bertan.
Hontza museoan gordeta dagoen Askondoko leize-hartzen aztarnen bilduma dohaintzan eman zuten Durangaldeko Paleontologia-elkarte batek (zoritxarrez orain dela 30 urte baino gehiago desegin zen) eta Unai Periañezen senideak.
Iturriak:
- Torres, T., Nestares, T., Cobo, R., Ortiz, J.E., Cantero, M.A., Ortiz, J., Vidal, R., Prieto, J.O. (2001). Análisis morfológico y métrico de la dentición y metapodios del oso de Deninger (Ursus deningeri , Von Reichenau) de la Cueva Sta. Isabel de Ranero. Aminocronología (Valle de Carranza – Bizkaia – País Vasco). Munibe (Ciencias Naturales – Natur Zientziak) 51, 107-141.
- Garate, D. & Rios, J. (Dir.) (2012). La cueva de Askondo (Mañaria, Bizkaia). Arte parietal y ocupación humana durante la Prehistoria. Kobie-Bizkaiko Arkeologi Indusketak, 2.
- Torres Pérez-Hidalgo, Trinidad José (2013). La historia del oso de las cavernas: vida y muerte de un animal desaparecido. Madrid: Escuela Técnica Superior de Ingenieros de Minas.
- Torres, T., Ortiz, J.E., Fernández, E., Arroyo-Pardo, E., Grün, R., Pérez-González, A. (2014). Aspartic acid racemization as a dating tool for dentine: A reality. Quaternary Geochronology, 22, 43-56. DOI: https://doi.org/10.1016/j.quageo.2014.02.004.
- Baca, M., Popović, D., Stefaniak, K., Marciszak, A., Urbanowski, M., Nadachowski, A., Mackiewicz, P. (2016). Retreat and extinction of the Late Pleistocene cave bear (Ursus spelaeus sensu lato). The Science of Nature 103 (92). DOI: https://doi.org/10.1007/s00114-016-1414-8.
- Gómez-Olivencia, A. (2018). Los macromamíferos continentales de los Pirineos occidentales durante el Pleistoceno: registro fósil, extinciones y nuevas técnicas de estudio. En: Badiola, A., Gómez-Olivencia, A., Pereda Suberbiola, X. (Editores). Registro fósil de los Pirineos occidentales. Bienes de interés paleontológico y geológico. Proyección social (pp. 179-197). Vitoria-Gasteiz: Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco-Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
———————————————————————————-
Egileez: Asier Gómez Olivencia (@AsierGOlivencia) Ramón eta Cajal eta Ikerbasque ikertzailea da UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean eta Mónica Villalba de Alvarado doktorego aurreko ikertzailea da Eboluzioa eta Giza Portaeren UCM-ISCIII Ikerketa Zentroan.
———————————————————————————-
—————————————————–
Itzultzailea: Manu Gañan Valero
——————————————–——–
The post Leize-hartza Askondon (Mañaria, Bizkaia) appeared first on Zientzia Kaiera.
Nerabezaroko desoreka
Zerebeloa, bestalde, oso handia izan gabe, populazio dentsitate handieneko entzefaloko alderdia da: tamaina txikia izanagatik, hirurogeita bederatzi mila milioi neurona ditu. Horien esku-hartzearen mende dago bizitzan zehar ikasi eta automatizatu ditugun mugimenduak zehatz egitea, horietako bakoitzaz ohartu beharrik gabe.

Irudia: Ezker hemisferioko kortex prefrontala.
Bestela, entzefaloan –kortexaren peko egituretan–, soilik zazpiehun bat mila neurona daude, baina horien egitekoak funtsezkoak dira, organismoak zuzen funtzionatuko badu. Egitura horiek –azpikortikal deritze posizioagatik– bizi funtzio zenbait doitzeaz arduratzen dira, eta hainbat fenomenotan esku hartzen dute, tartean, desira, motibazioa eta adikzioak. Emozioak sortzen dituzten egiturak dira; beraz, funtsezkoak.
Guztiz heltzeko denbora gehien behar duen eskualde entzefalikoa da aurre-aurrean kokatutako garun azalaren zati bat; kortex prefrontala. Ez da guztiz heltzen 25 urte izan arte, gutxi gorabehera. Funtzio betearazleak gauzatzen ditu; alegia, egintzen ondorioen balorazioa, judizio moralak eta bestelakoak, ekintzen plangintza, itxaropenen sorkuntza eta, oso garrantzitsua dena, bulkada portaerak kontrolatzea eta, behar bada, eragoztea. Horrenbestez, kortex prefrontala ez dagoenez guztiz garatuta bizitzaren hirugarren hamartera arte, funtzio horiek ez dira gauzatzen helduetan besteko efizientziarekin. Alabaina, aipatu eremu azpikortikalak, emozioen sorkuntzarekin zerikusia dutenak, eta, batik bat, sari aurreikuspenak eta sentipenak ekoizten dituztenak, oso aktibo egon ohi dira haurtzaroaren amaieran eta pubertaroan jada.
Egintzen ondorioak baloratzeko eta autokontrolatzeko ardura duten eremuak plazer emaileak eta plazera lortzea xede dutenak baino geroago heltzeak, bistan da, ondorio esanguratsuak ditu. Ondorio esanguratsuak, baiki, nerabezaro esaten diogun bizitzako fase horretan dauden norbanakoetan. Ondorioetako bat da nerabeak sentsazio eta esperientzia berrien gose izatea, eta horien balizko ondorioak ez aztertzea. Bestela esanda, arrisku portaerak izateko joera. Ez da ondorio bakarra, noski.
Robert Sapolskyk Behave (2017) liburuan dioenez, nerabezaroa eta gaztaro goiztiarra dira aldirik egokienak edonork hauetakoren bat egiteko: norbait edo norbaitek hil, etxea utzi, arte forma bat asmatu, diktadore bat erorarazi, behar dutenei bizitza eskaini, drogazale bihurtu, fisikoa aldatu, aisialdi-jarduera batean lepoa hautsi, jainkoren bati bizitza eskaini edo bere buruari sinetsarazi historia osoa une honetara iritsi dela, instanterik garrantzitsuena izateko, arrisku eta itxaropen gehienekoa, zailena, bereziena. Eta hori guztia zergatik eta entzefaloko eremuen artean heltze desdoikuntzak daudelako.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
Oharra:
Nerabezaroko neuropsikologiari buruzko hiru artikuluko sorta baten zati da artikulu hau. Hauek izango dira sortako artikuluak:
- Nerabezaroko desoreka
- Norbere identitatearen bila
- Giza garunak denbora behar du garatzeko
The post Nerabezaroko desoreka appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #279
Marten gauza arraroak gertatzen ari dira. Oraindik azalpenik ez badute ere, Curiosity ibilgailuak oxigenoaren gorabehera neurtu du Gale kraterrean. Oxigeno gutxi egon arren, urtaroen arabera kopurua %30 aldatzen dela kalkulatu dute. Gauzak horrela, metanoaren misterioari gehitu zaio oxigenoarena. Hain zuzen, iaz zientzialariek topatu zuten metano gorakaden eta urtaroen arteko korrelazioa zegoela. Oxigenoari dagokionez, ikertzaileek ondorioztatu dute zerbait egon behar dela udako hilabeteetan oxigeno hori sortzen ari dena. Hona artikulua osorik.
OsasunaKaltetutako bihotzetan zelula amak txertatzen direnean gertatzen den hobekuntza zelula horiek txertatzeak eragiten duen erantzun immunologikoagatik da, Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez. Aurreko ikerketek iradokitzen zuten zelula amek eragiten zutela bihotzean zelula berriak sortzea, baina orain alboratu dute ideia hori ikerketa honen bitartez. Erantzun immunologikoa da funtsa!
Infekzioetatik babesten duten mutazio berek beste gaitz batzuk izateko arriskua areagotzen dutela ikusi dute Herbehereetako ikertzaile batzuek. Horretaz gain, badirudi gaixotasun infekzioso batzuei aurre egiteko lagungarriak diren aldaera genetikoek areagotu egiten dutela hanturazko gaitz eta autoimmune zenbait izateko arriskua, Elhuyar aldizkariak azaltzen digun moduan.
Disfagia elikagaiak irensteko zailtasuna da, edozein adinetan eman daitekeen gaitza, alegia. UPV/EHUko Testura Analizatzeko Laborategiak (LaTEX) abiatu duen azken ikerketan, elikagai lodituen estandarizazioan dauden hutsuneak eta aldakortasun handia plazaratu dituzte. Alde batetik, kontuan hartu behar da disfagiarako elikagaiek pertsona bakoitzak irensteko duen zailtasun mailari egokitutako testura behar dutela. Bestetik, mantenugai ugari izan behar dituztela, desnutrizioa saihesteko, eta azkenik, zentzumen aldetik atseginak izan behar direla.
PaleontologiaEuropako Lambeosaurus-ik zaharrena topatu dute Kataluniako Pirinioetan. Ahoaren formagatik, dinosauro hauei “ahate mokodun” esaten diete. Buru gainean gandorra zeukaten, ikertzaileen arabera, komunikatzeko balio zuena; orroak eta bestelako soinuak handitzeko erresonantzia kutxa gisa erabiltzen zuten, eta sexualki erakargarri suertatzeko ere. Xehetasun gehiago irakurtzeko, jo ezazue Berriako artikulura.
BiologiaGinkgo zuhaitzari buruz hitz egin digu asteon Koldo Garciak berezia omen delako. Baina zergatik da berezia? fosil biziduna delako. Espezie hauek ez dute ahaide bizirik eta horregatik baliotsua da bere gene-azterketa. Zuhaitz hau askotan ikertu da baina orain misterio batzuk argitzen saiatu da ikerketa berri bat: non babestu zen, nola egin zion aurre Pleistozenoko klima-aldaketari, zein izan zen gizakion papera bere sakabanaketan eta zein faktorek eragin duten bere biziraupenean. Erantzunak testuan topatuko dituzue. Ez galdu!
Adimen artifizialaErabilgarri dago jada Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztuna: Itzultzailea.eus. Doan da eta prest dago ordenagailuetarako sakelako telefonoetarako. Bost hizkuntzatan dabil: euskaraz gain, espainiera, frantsesa, katalana eta galegoa daude aukeran. Elhuyarrek adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako teknologia izan du oinarri, Berriak dioenez.
Adimen artifiziala diskriminatzailea izatea eragozteko sistema bat asmatu dute AEBetako eta Brasilgo unibertsitate batzuetako ikertzaileek. Elhuyar aldizkariak azaltzen duenez, ikasketa automatikoan oinarritzen da, eta hezkuntzan eta osasun-arloan probatu dute.
Emakumeak zientzianAsteon, Hedwig Kohn fisikaria izan dugu protagonista, bere lana oso garrantzitsua izan zen espektroskopia atomikoan eta molekularrean. Zehazki, argi-intentsitatea zehaztu zuen modu kuantitatiboan. Halere, zailtasun handiak izan zituen Bigarren Mundu Gerra piztu aurretik, ihes egin behar izan zuen judua zelako. Beraz, Ameriketako Estatu Batuetara eskapatu zen, Lise Meitner eta Hertha Sponer fisikariak bezalaxe. Ikerketan aritu zen Kohn eta irakasle izan zen ere. Ez galdu egin zituen ekarpenak eta bizi zituen abentura guztiak!
MatematikaTxartelen erabilera oso zabalduta dago gure bizitzan; hoteleko logelak irekitzeko erabiltzen ditugu, baita garraiobide batzuetan ere. Lan hau problema erreal batetik abiatu dute, adibidez, autoa aparkaleku batera sartzeko lauki sareko txartela diseinatu beharra, eta horri erantzuna emateko, formula matematiko batzuk erabili dituzte. Lan honen helburua formula matematiko horiek eta haien orokorpenak Burnside eta Pólyaren zenbatzeko teoriaren bidez azaltzea da.
Klima-aldaketaSatitsuek klima-aldaketari erantzuteko zer gaitasun duten ikertzen ari da Antton Alberdi, Kopenhageko Unibertsitateko biologoa. Horretarako, eta Berriako artikuluan azaltzen de bezala, satitsuen hesteetako mikroorganismoak nola aldatzen diren behatzen ari da. Ikerketa honek gainera badu bereizgarri bat: ez ditu erabili laborategietako ohiko saguak, mendietan harrapatutako satitsuak baizik. Aukeraketa honek badu arrazoi bat atzean: klima baldintzek animalien egokitzapenean zer eragin duten jakitea du xede eta horretarako naturako egoeran dauden animaliak erabiltzea garrantzitsua dela dio biologoak.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #279 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #286
Zerk du influentzia gehiago, genetikak ala inguruak? Aingeruen sexuaren inguruko eztabaida eskolastikoaren baliokide izan daitekeela dirudi, baina ez. Irakurtzen hasten den entzefalo batean gertatzen dena oso esanguratsua da. Nature versus nurture: how modern science is rewriting it, Kevin Mitchell eta Uta Frith.
Beharrik ez dagoenean, prebentiboki, frutalen gainean fungizida zabaltzeko arrazoirik ez dago. Ez da onuragarri inorentzat eta egiteko modu arrazionalagoak daude: eredu bayesianoa eginez, esaterako. BCAM eta Valentziako kakiak: A Bayesian model of fungal infection in persimmon
Duela 114 urte azaldu zuen Einsteinek efektu fotoelektrikoa. Kontu ugaritan erabiltzen da. Eta, hala ere, solidoetan, non aurkitu zen, zelan funtzionatzen den ikasten gabiltza. DIPC-k The attosecond dynamics underlying the photoelectric effect
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #286 appeared first on Zientzia Kaiera.
Hedwig Kohn: Fisika, naziak eta korapilatu zen ihesaldi bat

1. irudia: Hedwig Kohn 1912. urtean haren laborategian. (Argazkia: Domeinu publikoko argazkia – Wikimedia Commons)
Edonola ere, eskapatu aurretik, Alemaniako unibertsitateetan klaseak emateko titulua lortu zuten hirurek; hain justu, hori erdietsi zuten lehenengo emakumeak izan ziren. Hirurak ikerketan ibili ziren buru belarri. Kohn, bere aldetik, aitzindaria izan zen bere alorrean; argi-intentsitatea zehaztu zuen modu kuantitatiboan. Bere lana oso garrantzitsua izan zen espektroskopia atomikoan eta molekularrean.
Hedwig Kohn 1887an jaio zen, Breslavian (Poloniako hiri bat izan zen, Alemaniako Inperioko garrantzitsuetako bat). 1907an hasi zituen ikasketak unibertsitatean, emakumeek bertan sartzeko debekua zutenean. Fisikako doktoregoa ere lortu zuen, 1913an. Geroago, Kohnek azaldu zuen elkarrizketa batean hasieran ez ziotela utzi modu ofizialean matrikula egiten; alegia, “ikasle gonbidatu” gisa joaten zela klaseetara. Alabaina, berak bazekien egoera hori noizbait aldatuko zela.
Otto Lummer (1860-1925) bere mentorea izan zen, Kohnen esanetan, “fisikarako intuizio handia zuen gizona”. Ezaguna izan zen batez ere egindako erradiazio neurketen zehaztasunagatik; bere laguntza oso garrantzitsua izan zen Planck Legearen garapenean, adibidez. Lummer jabetu zen haren potentzialaz eta horregatik bere laguntzailea izateko eskaera egin zion 1914an. Jakina, Kohnek onartu egin zuen.
Lehen Mundu Gerran, irakasle eta ikasle batzuen tutore gisa lan egin zuen. Oraindik oso gaztea bazen ere, bere lanagatik domina jaso zuen. Klaseak eman eta ikerketak egin ondoren, 1930ean lortu zuen unibertsitateetan irakasteko behar zuen titulua. Halere, esan beharra dago aurretik saiatu zela hori lortzen, 1919an, baina beste oztopo bat izan zuen aurrean. Izan ere, dekanoarekin hitz egin ondoren, azken honek azaldu zion arauek argi uzten zutela kalifikazio hori “gizon gazteentzako” zela bakarrik. Arauak aldatzen hasi ziren.
Kaleratze batek piztu zuen ihesaldia1933an, bere kargutik bota zuten judua izateagatik. Bi urte geroago, Arosan (Suitza) hiru hilabeteko lana eskaini zioten behatoki batean, eguzkiaren argi ultramorearen intentsitatea neurtzeko. Alabaina, ez zuen denbora aski izan bere ikerketa bukatzeko. Kristal hautsien gauaren ondoren, konturatu zen ahalik eta lasterren ihes egin behar zuela, baina ez zuen lan-eskaintzarik atzerrian eta horrek zailtzen zuen nolabait bere ihesaldia. Aurreiritziak agertu ziren berriro: beste herrialdeetan ez zen ezaguna, 50 bat urte zituen eta emakumea zen. Krisi-egoera horretan, Rudolf Landerburgek (1882-1952), Kohnen doktore-tesia zuzendu zuenak, lana topatzen lagundu zion. Unibertsitateko Emakumeen Nazioarteko Federazioak (IFUW ingelesez) eta Arriskuan dauden Akademikoentzako Kontseiluak esku hartu zuten egoera zail honetan eta Aberdeeneko Unibertsitatean lanpostua eskaini zioten. Hala ere, pozak oso gutxi iraun zion; gerra piztu zen eta, ondorioz, Ingalaterrak aurretik onartu zituen bisa guztiak bertan behera utzi zituen.

2. irudia: Hedwig Kohn fisikaria bere bulegoan 1950. urtean, gutxi gorabehera, Wellesley College Unibertsitatean. (Argazkia: Jewish Women’s Archive)
Garai hartan, Kohnek, Landerburgek, Meitnerrek eta Sponerrek gutun ugari bidali zizkioten Unibertsitateko Emakumeen Nazioarteko Federazioari eta, oro har, munduko unibertsitateei. Azkenean, hainbeste tematu zirenez, hiru lanpostu lortu zituzten Ameriketako Estatu Batuetan: lehenengoa, Ipar Carolinako Unibertsitateko Emakumeen Eskolan; bigarrena, Sweet Briar Unibertsitatean, Virginian; eta hirugarrena, Wellesley izeneko Unibertsitatean, Massachusettsen. Urtebeteko egonaldia egin zuten hiruek. Denbora tarte horretan, Kohni Suediara joateko aukera eman zioten eta ez zuen bi aldiz pentsatu. Ez zuen zorte bera izan Kurtek, bere nebak; 1941ean Kaunasera bidali, eta bertan hil zuten.
Fisikariari benetan zaila egin zitzaion itzulera, alegia, Stockholmotik Ipar Carolinara bidaiatzea, izan ere Atlantikoa une hartan gudu-zelaia zen. 1940an Suediako hiriburua atzean utzi zuen; trenez egin zuen bidaia Vladivostok hiriraino, eta bi hilabete geroago, Ameriketako Estatu Batuetara iritsi zen, oso gaixorik. Indarberritzeko, Chicagon gelditu zen bolada batez, bere lagun James Franck fisikariarekin (1882-1964) eta ondoren Hertha Sponer izan zuen zaintzaile Durhamen (Ipar Carolina). Jada guztiz sendatuta zegoenean, Greensboroko Emakumeen Eskolan irakasten hasi zen.
Ez zion inoiz irakasteari utzi1942 eta 1952 bitartean, irakasle jardun zuen Wellesleyko Unibertsitatean. Horretaz gain, laborategi xume bat eraiki zuen bere ikasleekin batera ikertzeko. Bertan, absortzio atomiko bidezko espektrometria teknika erabili zuen. 1952an, erretiroa hartu zuen urte berean, irakasle emeritu titulua esleitu zion Alemaniako Errepublika Federaleko Gobernuak.
Erretiroa hartu ondoren, Dukeko Unibertsitatean lan egin zuen ikertzaile gisa 1964an zendu zen arte. Denbora tarte horretan, Kohnek zenbait ikasleren doktore-tesiak zuzendu zituen eta doktorego ondoko ikasle bi hautatu eta animatu zituen absortzio atomiko bidezko espektrometria berarekin batera ikasteko, absortzioaren ezaugarriak eta gehiengo espezie kimikoen kontzentrazioak ikertu nahi zituen eta. Oinarrian, lan hori 1912 eta 1933 urteen artean egindakoaren jarraipena izan zen.
Bere ibilbide zientifikoan zehar, erradiazio-intentsitatearen neurketa kuantitatiboan zentratu zen, argitasunean eta tenperaturan nagusiki. Gainera, “Mueller-Pouillets Lehrbuck der Physik” (1929) izeneko fisika testu-liburu bateko hainbat kapitulu idatzi zituen. Ezin da ukatu bere ikerketek eta ekarpenek finkatu zituztela Fisikako oinarri batzuk.
Iturriak:
- Lewin Sime, Ruth, (1997). Lise Meitner: A Life in Physics. University of California Press, California.
- Winnewisser, Brenda P. (2009). Hedwig Kohn. Jewish Women: A Comprehensive Historical Encyclopedia. (2019ko azaroaren 22an kontsultatua)
- American Institute of Physics. Hedwig Kohn. Niels Bohr Library & Archives, American Institute of Physics. (2019ko azaroaren 22an kontsultatua)
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Hedwig Kohn: Fisika, naziak eta korapilatu zen ihesaldi bat appeared first on Zientzia Kaiera.
Lauki sareko patroien kalkulua, Pólyaren teoriaren eskutik

1. irudia: Parkineko txartela sartzeko lau aukera ditugu.
Imajina dezagun autoa aparkaleku batera sartzeko lauki sareko txartela diseinatu nahi dugula. Txartela, parkimetroan sartzea errazteko asmoz, edozein posiziotan sartzeko aukera posible izango da, parkimetroaren zirrikituaren neurria (r laukietako luzerakoa) kontuan izanik. Hau da, txartela laukizuzena bada lau aukera dugu era arrakastatsuan sartzeko, 2. irudiaren adibidean ikusten den bezala. Bi txartel berdinak dira, batetik (a) bestera pasatu ahal bada 180 gradu biratuz (b), aurrealdetik atzealdera itzulia emanez (c) edo bien konbinaketa eginez (d). Erantzun nahi ditugun galderak mota honetakoak dira: zenbat txartel desberdin egin liteke bi kolore erabiliz? Eta zehatz-mehatz hiru lauki beltzez eta gainontzeko laukiak zuriz margozten badira? Eta kolore gehiago erabiliz? Eta txartela karratuak kontsideratzekotan?
Problema modelizatzeko nahian, txartelak matrize moduan ikusiko ditugu. Izan bitez r, s eta t zenbaki arruntak. Orduan, gure lanaren interesa t kolore erabiliz r x s tamainako matrize ez-baliokideak zenbatzean datza. Kopuru horiek matrize orokorren kasuan a(r; s; t) notazioarekin adieraziko ditugu. Bi matrize baliokide direla esango dugu baldin eta berdinak badira islapenak (horizontalak zein bertikalak) edo biraketak (180 gradukoen multiploak laukizuzenen kasuan) egin ondoren. Emaitzak r eta s neurrien bikoitasunaren menpekoak izango dira.

2. irudia: Parkimetroan txartela sartzeko aukera posibleak
Lan honen jatorria EKAIA 26 eta 27 aldizkarietan agertutako [1, 2] artikuluak dira. Lehenengoan, Konputazioa erabiliz formula batzuk induzitzen dira; bigarrenean, oinarrizko Konbinatoria erabiliz aieru batzuen froga matematikoa erakusten da. Hirugarren honetan Pólyaren zenbatzeko teoria aplikatuko da formulak lortzeko eta orokorpenak egiteko.
Aipatutako lanetan, patroi bitarrak landu dira, hots, bi koloredun matrizeen kalkulua. Matrize orokorren kasuan, (1) adierazpenean formulen laburpena dugu.
Aurreko emaitzak behin berriro frogatzeaz gain, teoriari esker formula horiek orokortuko ditugu bi norabidetan: (i) patroi bitarrak erabiltzetik t koloredun patroi ez baliokide kopurua kalkulatzera; eta (ii) kolore bakoitzaren maiztasuna jakinik, patroi ez-baliokide kopurua lortzeko bidea emanez. [3] lanean azalduko diren emaitzetan oinarrituta, hogeita hamar segida onartuak izan dira The On-Line Encyclopedia of Integer Sequences (OEIS) webgunean. OEIS zenbaki arrunten, zatikien, zenbaki transzendenteen digituak eta zenbaki konplexuen segidak dituen entziklopedia on-line da, [4] estekan kontsulta daitekeena. Neil James Alexander Sloane matematikaria 1960 urteetan biltzen hasi zen eta 2018an 300,000 segida inguru ditu, mota honetako datu-base handiena izanik.
Erreferentziak
[1] YURRAMENDI Y. 2013. \Matematika esperimentalaren adibide bat: Lauki sareko patroi bitarren kopuruaren kalkulua,” EKAIA, 26, 325{348.
[2] MERINO M. eta YURRAMENDI Y. 2014. \Lauki sareko patroi bitarren kalkulua, oinarrizko konbinatoriaren eskutik,” EKAIA, 27, 237{262.2
[3] MERINO M. eta UNANUE I. 2018. \Lauki sareko patroien kalkulua, P_olyaren teoriaren eskutik,” EKAIA, 34, onartua.
[4] SLOANE N.J.A. (ed.), \The On-Line Encyclopedia of Integer Sequences.” Website, eguneratze-data: 2017-05-12. http://oeis.org
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 34
- Artikuluaren izena: Lauki sareko patroien kalkulua, Pólyaren teoriaren eskutik.
- Laburpena: Lan hau Yurramendiren (2013) eta Merino eta Yurramendiren (2014) artikuluen jarraipena da. Horietan, formula matematiko batzuk eman ziren kalkulatzeko zenbat patroi bitar ez-baliokide diren lauki-sarean. Lan honen helburua formula matematiko horiek eta haien orokorpenak Burnside eta Pólyaren zenbatzeko teoriaren bidez azaltzea da. Izan ere, bi kolore baino gehiago duten patroiak zenbatuko ditugu eta, gainera, kolore guztien maiztasuna jakinda, patroi ez-baliokideen kopurua lortzeko bidea emango dugu. Artikulu hau UPV/EHUko Imanol Unanue Gualen Matematikako Gradu Amaierako Lanean oinarrituta dago.
- Egileak: María Merino Maestre, Imanol Unanue Gual.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 289-316
- DOI: 10.1387/ekaia.17851
————————————————–
Egileez:
María Merino Maestre, Imanol Unanue Gual UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Aplikatua eta Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa sailean dabiltza.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Lauki sareko patroien kalkulua, Pólyaren teoriaren eskutik appeared first on Zientzia Kaiera.
Marteko metanoaren misterioari oxigenoarena gehitu zaio orain
“Gauza arraroak gertatzen ari dira Gale kraterraren inguruan. Urtaro bakoitzean, aurreikusitakoa baino handiagoak diren oxigenoaren gorakadak eta beherakadak ikusten ditut, metanoarekin gertatu den antzerakoa, hain justu. Iturri bio eta ez bio izan zitezkeen; hortaz, horrek ez du adierazten bizia Marten, baina… ene bada! Pena merezi du gehiago ikertzeak”. Azaroaren 12an Twitter sare sozialaren bitartez @MarsCuriosity kontu ofizialak zabaldutako mezua da. NASAko arduradunak gai izan dira 280 karakteretan baino gutxiagotan aurkikuntzaren muina laburbiltzeko: zer neurtu duten, testuingurua zein den, azalpen posibleak eta ikerketetan sakontzearen beharra. Halakoetan egin behar den moduan, gainera, emozioa eta zuhurtzia ondo neurtuta zabaldu dute mezua.

1. irudia: Ia sei urtez –hiru urte Marten– laginak hartzen egon da Curiosity, Gale kraterraren inguruetan. Ibilgailu horren neurketek planeta gorriaren inguruan genuen irudia guztiz aldatu dute. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/MSSS)
Marten aurkikuntza harrigarriak egiten ari den robotaren arduradunak ez dira, noski, sare sozialetara mugatu aurkikuntzaren berri emateko. Journal of Geophysical Research: Planets aldizkarian eman dituzte xehetasun guztiak, gainerako zientzialariek horren berri izan dezaten, eta, behar izanez gero, datu horietatik bestelako ondorioak ateratzeko aukera izan dezaten.
Kasu honetan, gainera, kontua ez da tramite hutsa. Zientziaren kanonen arabera ondorioak mundu guztiaren esku jartzea eskatzen duen tramitea baino harago doa hau: ideiak beharko dituzte. Aitortu dutenez, esku artean dituzten datuen argitara, Marten dagoen oxigenoaren portaera azaltzeko modurik ez dute.
Kontu honetan guztian agian zirraragarriena da metanoarekin antzeko zerbait gertatu dela. Iaz zientzialariek aurkitu zuten metano gorakaden eta urtaroen arteko korrelazioa zegoela, eta martxoan gaiaren inguruan egon zitezkeen zalantzak argitu zituzten, Curiosityk lurrean egindako neurketak orbitatik berretsi zituztelako, Mars Express zundaren bitartez. Dena dela, eta gauzak konplikatzeko, apirilean jakin zen TGO zundak orbitan neurtutako metano mailak uste baino askoz txikiagoak izan direla.
Orain, oxigenoaren neurketak izan dira ezustekoa eman dutenak. Lehenik eta behin argitu behar da oso oxigeno gutxi dagoela Marten: atmosferaren %95 karbono dioxidoaz osatuta dago. Nitrogenoa %2,6 da; argona %1,9; eta oxigenoa %0,16 besterik ez da. Gutxi izan arren, neurketa fidagarriak egiteko oxigeno adina dago. Metanoaren kasuan, berriz, kopurua askoz txikiagoa da (%0,00000004), eta hor neurketetan akatsaren bat egotea errazagoa litzateke.
Beroarekin, goraUrtaroei lotutako aldaketak izaten dira Marteko atmosferaren osaketan. Neguan, poloetako karbono dioxidoa izoztu egiten da, eta horrek dakar planeta osoko atmosferaren presioa are txikiagoa izatea. Uda partean, berriz, CO2z osatutako izotz hori sublimatzen da, eta atmosferaren presioak gora egiten du berriro. Dinamika hau ezagututa, zientzialariak gai dira azaltzeko CO2aren aldaketaren ondorioz argonean eta nitrogenoa izaten diren urtaroko aldaketak. Hots, bai nitrogenoak zein argonak urtaroen arabera esperokoa den patroia jarraitzen dute, atmosferan dagoen CO2aren arabera. Baina oxigenoaren kasuan ezin daiteke esan hau hala denik. SAM tresnaren bitartez egindako neurketek erakutsi dutenez, udaberria eta uda partean oxigeno hori %30 handitu da, eta udazkenean ohiko kopuruetara itzuli da. Gainera, aldaketa hauek urtero gertatzen diren arren, ez dira beti berdintsuak izaten. Horregatik, Melissa Trainer planeta-zientzialariaren aburuz, horren jatorria ezin daiteke egon atmosferaren dinamiketan; ezinbestean, jatorri kimikoa izan behar duela babestu du.

2. irudia: Oxigenoaren –zirkulu beltza– eta metanoaren –karratu grisa– aldaketak Gale kraterrean, lau urtaroen arabera. (Irudia: Melissa Trainer/Dan Gallagher/NASA Goddard)
Metanoaren kasuan, aurreko neurketek erakutsi zuten metanoa %60 hazten dela uda partean. Orain ezagutarazi dutenez, zenbait kasuetan bi gasen gorakadak batera ematen dira, eta hori izan liteke, zenbait hipotesiren arabera, gas horien jatorri komun baten adierazle. Oraindik goiz da jakiteko oxigenoaren eta metanoaren korrelazio bat ote dagoen, baina hala izan zitekeela iradoki dute NASAk zabaldutako prentsa oharrean.
Gainera, atmosferan horrelako gorakada bat sortzeko oxigeno-atomo adina ez dagoela kalkulatu dute zientzialariek; horregatik, lurrera begira ari dira, erantzunen bila. Onartu dute, halere, oraindik ez dakitela zein izan zitekeen gorakadaren abiapuntua. Hainbat hipotesi abiatu badituzte ere, orain arte sortu dituzten hainbat eredu desberdinak ez dira gai izan horrenbeste oxigenoren sorrera justifikatzeko.
Hortaz, atera duten ondorioa da egon behar dela zer edo zer udako hilabeteetan oxigeno hori sortzen ari dena. Zientzia artikuluetan idazterik ez baina prentsari bai azaldu ahal zaion zerbait gaineratu dute: hori ikusi zuten lehen aldia “txundituta” geratu ziren.
Datuak ikusita, egin zuten lehen gauza izan zen egiaztatzea SAM tresna ondo kalibratuta zegoela, eta hala zela baieztatu zuten. Lehen susmagarrietara jo zuten ondoren: agian oxigeno hori CO2tik edo ur molekuletatik zetorren, konposatu horiek atmosferara askatzen zirenean. Baina zenbakiak ez zetozen bat: planetaren atmosferan dagoen ura halako bost beharko lirateke oxigenoaren gorakada hori sortzeko. CO2ari dagokionez, horren deskonposaketa mantsoegia da zenbaki horiek emateko.
Neguan zergatik jaisten den ere azaltzeko modurik ez dutela onartu dute. Eguzkiaren erradiazioa oxigenoko molekulak apurtzeko gai bada ere, oraingoan ere prozesua mantsoegia litzateke jaitsiera azaltzeko (teorian gutxienez hamar urte beharko lirateke praktikan urtaro batean gertatzen den galera sortzeko).
Agerikoa da galdera: orain arte atzeman ez dugun bizidun motaren batek sortzen al ditu oxigeno eta metano horiek? Ur handiak dira horiek, noski. Fenomenoaren atzean arrazoi geokimikoren bat egon daitekeela diote aditu gehienek, behar-beharrezkoa den zuhurtzia erakutsiz. Baina, aldi berean, ziur aditu horiek guztiek, kasu honetan bederen, oker egotea nahi izango dutela.
Erreferentzia bibliografikoa:
Trainer, M. G., Wong, M. H., McConnochie, T. H., Franz, H. B., Atreya, S. K., Conrad, P. G., et al. ( 2019). Seasonal Variations in Atmospheric Composition as Measured in Gale Crater, Mars. Journal of Geophysical Research: Planets, 124. DOI: 10.1029/2019JE006175.
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Marteko metanoaren misterioari oxigenoarena gehitu zaio orain appeared first on Zientzia Kaiera.
Planifikazio-algoritmoak
Sare baliabideen esleipenerako estrategia tradizionalak zerbitzuaren kalitate parametro objektiboetara bideratzen dira. Sare baliabideen esleipen horretan, kalitate subjektiboaren maximizaziorako, planifikazioaren garrantziaren eta beharraren aurrean, lan honetan erabiltzaileek hautemandako kalitatearen maximizazioa helburutzat duen sare baliabideen planifikaziorako algoritmoen lorpenean sakondu da.
Era honetan, trafiko fluxuen planifikaziorako optimizazio arloan aurkitutako gabeziei aurre egiteko, lan honetan sare baliabideen esleipen dinamiko eta estokastikoaren problema aztertzen da, bataz besteko kalitate subjektiboaren maximizazioa denboran aldakorra den kapazitatea duen kanalaren kasua hain zuzen ere. Problema horren soluzio optimoa analitikoki zein konputazionalki eskuratzea bideragarria ez denez, sinpleak, tratagarriak eta inplementagarriak diren eta errendimendu ona erakusten duten lehentasunean oinarritutako planifikazio diziplina heuristikoak diseinatzeari ekin zaio.
Horretarako, ikerketa hau matematika arloan ekarpen handia duten erabakitze prozesu markoviarren markoan eta planifikazio indize erregela motako soluzioak eskuratzeko Gittins zein Whittle metodoetan zentratu da. Modu honetan, lehenik eta behin, aurreko planifikazio problema erabakitze prozesu markoviarren plataforman modelatu da. Ondoren, eredu analitiko horren soluzio optimoaren lorpena ezinezkoa izanik, horren ebazpenerako Gittins-en edota Whittle-n oinarritutako metodologiak erabilita, adierazpen itxia duten planifikazio indize erregelak proposatu dira, GM eta ASPIM deiturikoak hurrenez hurren.
Bukatzeko, proposatutako planifikazio diziplinen funtzionamendua balioztatzeko planifikazio proposamen horien errendimenduaren azterketa egin da. Horrela, planifikazio estrategia berri horiek 4G sare baten kasurako errendimendu egokia erakusten dutela egiaztatu da.
Egindako errendimenduaren azterketaren arabera, aipatzekoa da Whittlen-en konponbideak emaitza nabarmenki hobeak erakusten dituela. Batez besteko QoE-ari dagokionez, ASPIM izan ezik, GM-ek gainontzeko aztertutako diziplina guztiak gainditzen ditu, biak gogobetetze-atalasearen gainetik mantentzen direlarik. Gainera, ASPIMen eta GMen arteko aldea kasurik txarrenean 1 ingurukoa da. QoE-aren ekitateari erreferentzia eginez, bi diziplinen Jain indizeen arteko diferentzia kasurik txarrenean 0.15 ingurukoa da.
Aitzitik, ASPIM indize-erregela GM indize-erregela baino konplexuagoa da, GMen inplementazioa errazagoa zein exekuzio-denbora azkarragoa direlarik. Simulazioetan behatzen denaren arabera, exekuzio-denborari dagokionez, GM ASPIM baino 16 aldiz arinagoa da gutxi gorabehera.
Hortaz, lortu nahi den QoE-aren maximizazioaren zehaztasunaren eta indize-erregelaren konplexutasunaren arteko oreka bilatuko da ASPIM edo GM aukeratzerakoan.
Bestalde, analizatutako problemaren indize erregelen ondorioztatzearen ekarpenaz aparte, erabakitze prozesu markoviar batean oinarritutako sare baliabideen esleipenean erabiltzailearen pertzepzioaren maximizaziorako planifikazio optimizazio problemarako hautemandako kalitatea kontuan hartzen duen eredu analitikoaren proposamena azpimarratzekoa da. Eredu matematiko horren modelaketan kalitate subjektiboa sartzeko modua eredu horretatik abiatuz erabiltzailearen pertzepzioaren maximizaziorako problema ezberdinetarako indize erregela egokiak eskuratzeko oinarria da.
Beraz, lan honetan lortutako emaitzak gaur egungo eta etorkizuneko sareetan planifikazio algoritmoak garatzeko oinarri matematiko garrantzitsua dira.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
- Artikuluaren izena: QoE-aren optimizaziorako indize-erregelen proposamenak sare-baliabideen esleipenerako planifikazioan.
- Laburpena: Lan honetan sakon aztertu dira erabiltzaileek hautemandako kalitatearen maximizazioa helburu duen sare-baliabideen planifikaziorako scheduling algoritmoak, beti ere sare-baliabideen esleipenean kalitate subjektiboaren maximizaziorako planifikazioaren garrantzia eta beharra buruan izanda. Ikerketak bereziki erreparatu dio matematika arloan ekarpen handia egin duten Gittins zein Whittle metodoen bidez lortutako kalitate subjektiboaren maximizaziorako scheduling indize-erregela motako soluzioen azterketei. Modu honetan, lehenik eta behin, bi diziplina horiek aurkeztu dira, Gittinsena bakunagoa izanik. Ondoren, bi planifikazio-politika horien errendimenduak elkarrekin erkatu dira, eta ikusi da Whittlen-en konponbideak emaitza nabarmenki hobeak erakusten dituela. Ondorioz, Gittins edo Whittle metodoetan oinarritutako proposamena aukeratuko da.
- Egileak: Ianire Taboada, Fidel Liberal.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 109-120
- DOI: 10.1387/ekaia.14384
—————————————————–
Egileaz: Ianire Taboada eta Fidel Liberal UPV/EHUko Bilboko Goi Ingeniaritza Eskolako irakasleak dira eta Komunikazioen Ingeniaritza Saileko ikertzaileak.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Planifikazio-algoritmoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Fosil bizidun baten gene-istorioak
Ginkgo zuhaitzak ez du izan aldaketa nabarmenik bere itxuran azken 200 milioi urtean eta glaziazioetan bizirik iraun du Txinako parajeetan. Zuhaitz honek duen xarma dela eta, azken urteetan mundu osoan zehar zabaldu da gizakion eraginez, apaingarri gisa erabili baita. Zuhaitz hau askotan ikertu bada ere, oraindik ezezagunak ziren alderdi batzuk argitzen saiatu da lan berri bat: non babestu zen, nola egin zion aurre Pleistozenoko klima-aldaketari, zein izan zen gizakion papera bere sakabanaketan eta zein faktorek eragin duten bere biziraupenean.
Lan hau egiteko 51 tokitako 545 ginkgo zuhaitzen genomak sekuentziatu dituzte. Zuhaitz horiek batez ere Txinatik hartu dituzte, baina aztertu dituzte Koreako, Japoniako, Europako eta Ameriketako zuhaitzak ere. Kontuan izan behar da ginkgo zuhaitzaren genomak hamar mila miloi letrako luzera duela, hau da, gizakion genoma baino hiru aldiz luzeagoa da. Hortaz, eskerga da hortik atera den datu-kopurua, eta lan mardula hura aztertzea.

1. irudia: Ginkgo zuhaitza udazken koloretan Txinako herrixka batean. (Argazkia: Kohji Asakawa– Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)
Gaur egungo ginkgoen jatorria aztertzeko hainbat metodo erabili zituzten eta emaitza bera lortu zen horiek guztiek erabilita: jatorrian lau populazio handi zeudela eta hiru eskualdek babesgune bezala funtzionatu zutela. Jatorrizko populazio horien kokaleku ziren Txinako ekialdea, Txinako hego-mendebaldea, Txinako hegoaldea eta Txinako iparra, azken hau zelarik beste hiruen lotura-gunea. Hortaz, lanaren egileek proposatu dute Txinako iparraldeko populazioa hegoaldeko eta hego-mendebaldeko populazioen nahasketaren ondorioz sortu zela, orain dela 140.000 urte inguru. Emaitza horretan oinarrituta ere hiru babesgune zehaztu dituzte: jadanik ezagunak ziren hego-mendebaldeko eta ekialdeko babesguneak; eta hegoaldean babesgune berri bat. Izan ere, hiru babesgune hauek biodibertsitate handia duten lekuak dira, bai landare askoren babesguneak ere.
Populazioen tamainari dagokiola, ginkgoak hainbat zabalkuntza- eta murrizketa-ziklo izan ditu, Pleistozenoko glaziazioetan gertatu zirenak. Gene-datuetan eta simulazioetan oinarrituta, tamainarik handienak gertatu ziren orain dela 15 milioi urte, 1,05 milioi urte eta 0,5 milioi urte; eta txikienak orain dela 4 milioi urte, 0,1 milioi urte eta 0,06 milioi urte. Azken 2 milioi urteetan klima hotzekin izan dute lotura populazioen murrizketak.

2. irudia: Ginkgoak jatorrizko lau populazio ditu (Argazkia: Marzena P.– Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)
Txinatik kanpo kokatzen diren ginkgoei dagokienez, beren gene-jatorria aztertuta, Txinako ekialdeko populazioen ondorengoak direla ondoriozta daiteke. Lehenengo, Japoniara eta Koreara eraman ziren ginkgoak, Txinako ekialdeko ginkgoen parekoak direnak. Geroago, Europara eta Ameriketara. Europan aurkitzen diren zuhaitzak Txinako ekialdeko ohiz kanpoko ginkgoen ahaideak dira; eta Ameriketan aurkitzen direnak Txinako ekialdeko, Japonia eta Koreako, eta Europako ginkgoen antzekoak dira. Hortaz, ikertzaileen iritzia da ginkgoak hainbat aldiz eraman direla Txinako ekialdetik Ameriketara. Hori horrela izan dadin, ginkgoaren hedaketa berri hau gizakion eraginez izan behar zuen, ikertzaileen iritziz.
Banaketa honetan zein faktorek eragiten zuten ere ikertu zuten. Ondorioztatu zuten zazpi klima-aldagaik zutela eragina, besteak beste, tenperaturaren urtarokotasuna, euriaren urtarokotasuna edota hilabete lehorrenaren euri-kopurua. Gainera, aldagai hauen garrantzia ezberdina izan zen Txinako ekialdeko eta hego-mendebaldeko ginkgoetan, agian talde bakoitzak izan zituen habitat-lehentasunen ondorioz.

3. irudia: Ginkgoa klima-aldaketei moldatzeko gai izan da. (Argazkia: punch_ra – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)
Ginkgoen eboluzioa aztertzeko, 58 zuhaitz aukeratu zituzten ekialdeko taldetik eta beste 38 hego-mendebaldekotik. Zuhaitz horien genometan hautespenaren seinaleak bilatu ziren eta talde bakoitzean hautespena jaso zuten genoma-eskualdeak ezberdinak izan zirela ikusi zuten. Eskualde horietan kokatzen diren geneak aztertuta, ondorioztatu zuten gene horiek estres abiotiko eta biotikoei aurre egiteko funtzioa zutela; bereziki zirela intsektuei eta onddoei aurre egiteko defentsekin lotutako geneak eta deshidratazioari, tenperatura baxuei eta gatz askori erantzuteko geneak. Izan ere, aurretik jakina zen ginkgoak erresistenteak zirela estresaren aurrean, bereziki herbiboroen eta patogenoen aurrean.
Laburbilduz, ginkgo askoren genoma aztertuta bere banaketari buruzko zehaztasun berriak lortu dira, bere historia ebolutiboa irudikatuta. Honek espezieen eboluzioari buruzko datu berriak eman dizkigu, ez baita ohikoa isolatutako espezie bati buruzko horrenbeste gene-informazio biltzea. Mendeetan zehar ginkgoak gizakiak liluratu ditu, medikuntzan esanguratsua izan da eta inspirazio-iturri izan da arteetan. Orain genetikan ere bai.
Erreferentzia bibliografikoa
Zhao, Y., Fan, G., Yin, P. et al., (2019). Resequencing 545 ginkgo genomes across the world reveals the evolutionary history of the living fossil. Nature Communications, 10(1), 4201. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-019-12133-5.
—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
—————————————————–
The post Fosil bizidun baten gene-istorioak appeared first on Zientzia Kaiera.
Irensteko zailtasuna duten gaixoei jatea erraztuko dien loditzailearen bila
Egun, biztanleen %8ak du disfagia eta horietatik %80a adineko pertsonak eta gaixotasun neurodegeneratiboak dituztenak dira. Irensteko arazoa larria izan daiteke eta desnutrizioarekin lotu daiteke. Horrez gain, desnutrizioarekin harreman dituzten egoera patologikoak larriagotu ditzake eta heriotza ere ekar dezake elikagaiak eztarrian trabatzearen ondorioz edota arnas konplikazioak eragiteagatik. Hau dela eta, UPV/EHUko Testura Analizatzeko Laborategiko Olaia Martinez ikertzaileak lanean dihardu disfagia duten pertsonen dieta egokitzeko eta Food Hydrocolloids aldizkarian arlo honetan egindako ikerlan bat argitaratu berri du, ‘Sensory perception and flow properties of dysphagia thickening formulas with different composition’ izenekoa (Disfagiarako formula loditzaileen zentzumen pertzepzioa eta fluxu propietateak, hainbat osaeratakoak).

Irudia: Elikagaiak irensteko zailtasunari esaten zaio disfagia eta biztanleriaren ehuneko handi bati (% 8) eragiten dion arazo larria da. Besteak beste, desnutrizioa ere eragin dezake gaitzak. (Argazkia: Catkin – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)
Argitaratutako artikuluan Gasteizko zenbait boluntarioei esker egindako azterlan bat deskribatzen da: parte-hartzaileek loditzaileak dastatu zituzten, osaeran goma jangarriak (xantana eta guar goma) dituzten loditzaileen irensketa propietateak ebaluatu eta almidoiekin egindako beste loditzaile tradizional batzuekin alderatzeko. “Produktuok baliokideak balira bezala eskaintzen eta erabiltzen dira, baina oso bestelako portaera dute ahoan, argitaratutako azterlanak agertzen duen bezala”, azaltzen du Olaia Martinez ikertzaileek. Horrek, bada, inplikazio garrantzitsuak ditu disfagia duten pertsonen irensketa segurtasunari dagokionez. Lanak, aurreko beste batzuen ildo beretik, elikagai lodituen estandarizazioan oraindik ere dauden aldakortasun handiaren eta hutsune garrantzitsuen berri ematen du.
Alde batetik, disfagiarako elikagaiek pertsona bakoitzak irensteko duen zailtasun mailari egokitutako testura behar dute. Elikagai solidoak pure homogeneo bihurtu arte birrindu eta likidoak loditu ohi dira. Hori funtsezkoa da elikagaiak irensteko seguruak izan daitezen, eta asfixiarik eragin ez dezaten, bai eta arnas infekzioak eragin ditzaketen hondarrak utz ez ditzaten ere. Bestetik, mantenugai ugari izan behar dituzte, desnutrizioa saihesteko. Azkenik, zentzumen aldetik atseginak izan behar dira, hartu behar dituenak otorduen ohiko zati gisa onartu ahal izan ditzan.
Dastatzean, produktu komertzialetan erabilitakoak baino estuagoak diren loditasun aldaketen artean bereizi ahal izan da. Kontzentrazio altuagoetan –esaterako, budinean–, zailagoa da aldaketoz ohartzea. Ondorioz, “loditzaile komertzialak prestatzeko jarraibideak berrikusi egin behar dira –ikertzaileek ohartarazi dutenez–. Fluxu proben datuek berretsi zutenez, produktuaren oharrak ez datoz beti bat kategoria estandarizatuekin. Loditzaileak pauta estandarretara egokitzeko ahalegina egin behar da; hartara, berme klinikoa handiagoa izango da, bai eta kudeaketa efizienteagoa ere, produktua gehiegi erabiltzea saihestuz”.
Beste ekarpen batzuen artean, testura egokitua duten elikagaiak disfagia duen pertsona bakoitzaren eskakizunetara zein mailatan egokitzen diren aztertzeko objektiboa eta efektiboa den zentzumen protokolo bat garatzen ari da Olaia Martinezen ikertaldea. “Gaur egun esparru zientifikoan erabiltzen diren erreferentziako teknika analitiko konplexuetatik urrun, senideek eta esparru kliniko-asistentzialeko langileek aipatu zentzumen protokoloa irensketa segurtasuneko berme gisa erabil lezakete, behar bezalako prestakuntzarekin”, ikertzaileak baieztatu duenez.
LaTEX laborategiak arazo larri hau aintzat hartzeko beharraz ohartarazi nahi du administrazioa, eta eskatu nahi dio baliabide gehiago bidera ditzala ikerketa ildo honetara, bai eta diziplina anitzeko lankidetza bultzatu dezala eremu honetan elikagaien teknologiako espezialisten, sukaldarien, nutrizionisten eta osasuneko profesionalen (logopedak eta gastroenterologoak, tartean) artean. Izan ere, oraindik asko dago egiteko eremu honetan Olaia Martinez ikertzailearen esanetan.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Testura egokitua duten elikagaiak, disfagia duten pertsonentzako.
Erreferentzia bibliografikoa:
Martínez, O., Vicente, M.S., De Vega, M.C. eta Salmerón, J. (2019). Sensory perception and flow properties of dysphagia thickening formulas with different composition. Food Hydrocolloids, 90, 508-514. DOI: https://doi.org/10.1016/j.foodhyd.2018.12.045.
The post Irensteko zailtasuna duten gaixoei jatea erraztuko dien loditzailearen bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #278
Badirudi lo egiten dugunean, gure gorputza ere gelditu egiten dela. Bada, jakina da hainbat prozesu garrantzitsu gertatzen direla lo gauden bitartean. Horietako bat da hezur-ehunak berritzen direla. Ikerketa batean ondorioztatu dute lo gutxiegi egiteak hezurren mineral-dentsitatea txikitzen eta osteoporosia izateko arriskua handitzen duela, menopausia ondoren. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.
PsikologiaLuis Fernando Lopez Martinez psikologoa elkarrizketatu dute Berrian. Bertan, suizidioaz mintzatu da eta honek Interneten duen presentziaz. Sare sozialak kanal “oso ahaltsuak” direla dio. “Pairamendu egoera oso handian dagoen pertsona bati, sufrimendu horren zilegitasuna onartu behar zaio, baina gero laguntza ematen ez bazaio, hauspotu egiten da pertsona horren suizidio arriskua”, azaltzen du Lopez Martinezek.
ElikagaiakHaragiaren samurtasuna izan dute ikergai honetan. Badirudi ezaugarri aldakorra dela; hil ostean gertatzen den ontze-prozesua da azken produktuaren samurtasunean eraginik handiena duena. Lan honetan, giharra osatzen duten proteinen profila ezaugarritzeko estrategia berria garatu da. Egileek diote ontze-prozesuan gertatzen diren aldaketa biokimikoak ulertzeko, beharrezkoa dela ildo honetan ikertzen jarraitzea. Hala, isoelektrofokatze likidoa etorkizun oparoko teknika dela gaineratzen dute.
EkologiaKlima aldaketaren ondorioetako bat biodibertsitatearen galera da. Hain zuzen, ibaietako ekosistemak espeziak galtzen ari dira. UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Ibaien Ekologia taldeko ikerketa batek frogatu du ibaiertzetako basoek bizi dituzten aldaketek biodibertsitatea narriatzea eta galtzea eragiten dutela.
GenetikaZer gertatuko litzateke gure informazio genetikoa argitara ematen badute? Zer egin ahalko luketen komunikabide edo politikari batzuek pertsona baten informazio genetikoa eskuratuta? Estatu Batuetan jada analisi genetiko komertzialak erabiltzen dira semen emaile baten ama topatzeko. Intimitate galera honetan, bada beste adibide bat: Ancestry, test genetikoak merkaturatzen dituen genealogiako enpresa estatubatuarra. Spotify enpresarekin bat egin eta gero, kasuan kasuko DNA testaz gain, ustez bezeroaren jatorrian oinarritutako musika zerrenda eskaintzen du.
MedikuntzaUkimenarekiko sentikorra den interfaze bat garatzea lortu dute. Elhuyar aldizkariak azaldu duenez, gailuak informazioa bibrazio mekanikoen bitartez komunikatzen du. Gainera, “azal” honek material leun eta malgu batean integratuta ditu osagai bibragailuak, eta “komunikazio atsegina” lortzen du. Haririk gabekoa eta programagarria dela ere esan dute egileek. Interfaze berri hau eskuen protesietan erabil ahal izango da.
BiologiaIberiar penintsulako saguzarren elikadura aztertzean, ikertzaileek ikusi dute sarri izurrite bihurtzen den pinu-beldarraren kontrolean ardura garrantzitsua dutela. Hainbat baso-eremutan eskuratutako saguzar gorotzetako DNA bidezko analisiak egin dituzte eta ikusi dute berez elikadura ohitura desberdinak zituzten hamar espezietik zazpitan intsektu baten arrasto genetikoa zegoela. Saguzarrak izurriteei aurre egiteko aliatu bikainak dira.
TeknologiaMusika unibertsala al da? Orain arte egin den ikerketarik osatuenean ondorioztatu dute musikak badituela ezaugarri komunak kultura denetan. Elhuyar aldizkariak azaltzen digu egindako ikerketan ezagutzen diren kultura guztien adierazgarriak diren 315 kulturatako kantak aztertu dituztela. Lau testuingurutan sailkatu dituzte kantak: dantza, sendatzea, maitasuna eta sehaska-kanta.
Adembi Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkarteak exoeskeleto bat erabiltzen du pazienteen errehabilitaziorako, eta gailu hori erabiltzearen abantailak frogatu nahi dituzte ikerketa baten bidez. Urtebete beharko dituzte datuak aztertzeko baina ondorio batzuk atera dituzte jada: oreka hobetzen du, eta hankak eta enborra indartzen ditu. Exoeskeletoak garestiak eta astunak dira. Oraindik, errehabilitaziorako erabiltzen dira bakarrik.
FisikaJavier Aizpurua munduko ikertzailerik aipatutakoen artean azaltzen da, Clarivate Analytics argitalpen zientifikoaren zerrendaren arabera. Guztira, mundu osoko 6.000 ikertzailek osatzen dute zerrenda. Aizpurua Materialen Fisikako Zentroko (CFM, CSIC zentro mistoa eta UPV/EHU) Nanofotonika Teorikoko eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) taldeko burua da. Argiaren eta nanomaterialen arteko interakzioa aztertzen du.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #278 appeared first on Zientzia Kaiera.