Mirari Otxandorena, fisioterapian ikertzailea: “Nire bizitzako pasioa hori zela jabetu nintzen”
Otxandorenak horrela azaldu du nola iritsi den hara: “Duela urtebete hasi nintzen tesia egiten. Hasi aurretik, garbi nuen zer gai ikertu nahi nuen, eta, nazioartean arlo horretan erreferenteak bilatzen hasi nintzenean, Norvegiako ikertzaile baten lanak aurkitu nituen. Ikertzailearekin harremanetan jartzea erabaki nuen, eta, galdetu nionean ea haiekin ikertzera joan ote nintekeen, baietz erantzun zidan. Eta hala etorri nintzen”.

Irudia: Mirari Otxandorena Atxa, Fisioterapian ikertzailea.
Aitortu duenez, benetan pozik dago Norvegian: “Ate guztiak ireki dizkidate. Zentro publiko guzietara gonbidatu naute, lana nola egiten duten ikusteko, eta zainketa intentsiboen unitatera ere sartzeko aukera izango dut. Bestalde, diru-laguntza pribatu bat jasotzen dut, eta zortzi orduko lanaldia dut, ikertzeko. Bulego bat ere eman didate eta jende guztia oso abegikorra da…Espainian, berriz, tesia egiten dugunok ez dugu ordutegirik, ezta lan-baldintza egokirik ere. Nik, adibidez, nire denbora librean ikertu behar dut han. Sekulako aldea dago”.
Helduen fisioterapiatik neonatologiaraHain gustura dabilen arren, ikasketak aukeratzean ez zuen hain garbi bide hori hartuko zuenik. Haren lehengusu batek, kirol-fisioterapeuta, eta asko bidaiatzen zuen taldearekin, eta horrek erakartzen zuen. Ikasketak ere etxetik urrun egin nahi zituen; hala, Bartzelonan hasi zen Fisioterapia egiten. Bigarren urtean maitemindu zen Fisioterapiaz: “Neuroanatomiako ikasgaian izan zen. Irakaslea izugarri ona zen, eta orduan erabaki nuen neurologian espezializatuko nintzela”.
Hori bai, argi omen zuen ez zuela haurrekin lan egin nahi, ez baitzituen oso gustuko. “Edo hori uste nuen, garapen tipikoa duten haurrekin baino ez bainuen esperientzia”, aitortu du Otxandorenak.
Azken urtean neurologian espezializatu, eta Nafarroara itzuli zen. Aniztasun funtzionala dutenen elkarte batean lanean hasi zen, eta garun-paralisia zuen haur bat tratatzeko eskaintza jaso zuen. Erreparoekin bazen ere, eskaintza onartu zuen. “Mugarri bat izan zen; nire bizitzako pasioa hori zela jabetu nintzen”.
Haurrekin lan egiteko, pediatrian espezializatu behar zela erabaki zuen. Hala, asteburuetan, master bat egiten hasi nintzen Bartzelonan, eta, gainerako egunetan, lana egiten nuen Iruñean eta Nafarroako beste herri batzuetan. Halako batean, Bartzelonako hezkuntza bereziko eskola batetik deitu zioten lanerako, eta geroztik Bartzelonan aritu zen bai ikasten bai lanean.
Masterra amaitutakoan, irakasle hasi zen unibertsitatean, eta orduan hasi zen baita tesia egiten ere, pediatriaren barruan, neonatologian. Hain zuzen, haur goiztiarretan esku-hartze lasterrak izan dezakeen eragina ikertzen du: “Ikusi dugu haur goiztiarrek epe luzera atzerapena izaten dutela garapen psikomotorrean. Hortaz, ahalik eta lasterren tratatzen saiatzen ari gara, atzerapen hori ahalik eta txikiena izan dadin”.
Horrenbestez, haur horientzat eta haien familientzat tratamendu bat diseinatu du, eta proban jarri du, Bartzelonako Sant Joan de Déu ospitalean. Orain emaitzak biltzen ari da, eta ikerketa nagusi horren barruan joan da Tromsøko unibertsitatera ere. Laster izango dugu emaitzen berri.
Fitxa biografikoa:Mirari Otxandorena Atxa Almandozen jaioa da, 1992an. Gimbernat Unibersitate eskolan egin zuen Fisioterapiako gradua, eta, ondoren, Pediatriako masterra, Kataluniako Nazioarteko Unibertsitatean. Gaur egun, doktoretza egiten ari da Viceko Unibertsitatean, eta irakasle ere bada, unibertsitate berean.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Mirari Otxandorena, fisioterapian ikertzailea: “Nire bizitzako pasioa hori zela jabetu nintzen” appeared first on Zientzia Kaiera.
Kosmetika onkologikoa: larruazalean efektu desiragaitzak eta tratatzeko konposatu naturaletan oinarritutako formulazio berriak

Irudia: Laborategi kosmetikoek, landare-jatorria duten konposatuak konbinatuz, paziente onkologikoen larruazala tratatzeko hainbat produktu kaleratu dituzte.
Orain arte, tratamendu onkologikoaren ondorioz sortutako larruazalaren efektu desiragaitzak tratatzeko formulazioek asaldurak sintomatikoki tratatzen zituzten, baina ez zuten ehun kaltetua erreparatzen ezta erregenerazio-prozesua azkartzen ere. Horiek administrazio topikoa duten antiseptiko, kortikoide, antihistaminiko edo analgesikoak dira.
Gaur egun, ordea, formulazio berrien joera aspaldidanik erabiltzen diren landare-jatorriko produktuen propietateaz baliatzea da, horiek baitituzte biologikoki aktiboak diren konposatu kimikoak.
Larruazalaren hidratazio-maila hobetzeko, fitozeramida eta gantz-azido esentzialetan aberatsak diren landare-estraktuak erabiltzen dira. Fitozeramidek barrera lipidikoaren egituran galdutako zeramidak ordezkatzen dituzte, horien jatorrizko funtzioa berreskuratuz: barnealdetik kanpo-ingurunera dagoen ur-transpirazioaren kontrola eta korneozitoek barnealdean dituzten Faktore Hidratatzaile Naturalen babesa. Bestalde, gantz-azido esentzialek, beste propietateez aparte, estratu korneoan funtzio bikoitza izango dute: alde batetik, barrera lipidikoaren egituraren berreskurapenean laguntzen dute ur-galera oztopatuz eta, beste aldetik, mintz zelularren erregenerazioan parte hartzen dute. Gehien erabilitakoak jojoba-olioa, kartamo-olioa edo mahats-hazi olioa dira, besteak beste.
Mina eta hantura arintzeko, landare-espezie batzuek badituzte aktibitate antiinflamatorio, analgesiko eta antioxidatzailea duten metabolito sekundarioak: fenolak, flabonoideak eta fitoesterolak. Horiek, ekintza mekanismo desberdinen bidez, hantura-, oxidazio- eta min-prozesuak kontrolatzen dituzte. Horien adibide kamamila edo Ginkgo biloba landareak dira.
Orbaintze- eta erregenerazio-propietateengatik ere landare-jatorria duten konposatuak betidanik erabili izan dira medikuntza tradizionalean. Aloe vera edo Centella asiatica-k, adibidez, kolageno-zuntzen sintesia estimulatzen dute. Badira bestelako ekintza mekanismo batzuk ere larruazalaren berriztatzea sustatzen dutenak, hala nola, mosketa-arrosa olioarena. Landare honen olioa gantz-azido esentzial poliinsaturatuen ehuneko handiagatik bereizten da, barrera lipidikoaren erregenerazioan parte hartuko duena.
Larruazal-osotasunaren galeraren ondorioz, mikroorganismoen sarrera faboratu egiten da. Antiseptiko tradizionalak albo batera uzteko asmoz, olio esentzialak erabiltzen hasi dira, izan ere, beren eragin farmakologikoetako bat funtzio antimikrobianoa da. Olio esentzialak mikroorganismoaren pareta zelularraren egitura lipidikoa eraldatzeko eta zeharkatzeko gai dira, mintz plasmatikoaren osotasuna galaraziz. Modu horretan, mintzaren iragazkortasuna handitzen da, zelularen suntsipena eragingo duena. Beren efektu antimikrobianoarengatik produktuetan gehien erabili izan diren olio esentzialak erromero-lorearen olioa, te-zuhaitzaren olioa eta eukalipto-olioa dira, besteak beste.
Laborategi kosmetikoek, landare-jatorria duten konposatuak konbinatuz, paziente onkologikoen larruazala tratatzeko hainbat produktu kaleratu dituzte, sintoma nagusiak arintzea eta erregenerazio-prozesua azkartzea helburu izango dutenak. María D’uol eta INOXDERM laborategiak horren adibide dira, landare-estraktuetan oinarritutako Cosmética Onco eta OnCosmetics produktu-lerroak garatu dituztenak, hurrenez hurren. Beacon Biomedicine laborategiek, landare-estraktuez gain, TECTUM Skincare produktu-lerroan hazkuntza faktoreak erabiltzen dituzte erregenerazio-prozesua azkartzeko. IFC laborategiek ere aurretik aipatutako laborategien joera jarraitzen dute, baina, kasu honetan, ez dituzte landare-jatorria duten konposatuak erabiltzen, baizik eta Cryptomphalus aspersa barraskilotik lortutako jariakina, izan ere, behatu izan da eskrezio glikoproteiko horrek berriztapen kutaneoa sustatzen duela.
OMSk aurreikusten du hurrengo bi hamarkadetan minbizi-kasu berrien agerpenak % 70 egingo duela gora mundu mailan eta, beraz, efektu desiragaitzak pairatuko dituzten pazienteen kopurua ere. Azken urteetan produktu naturalen erabilpenaren joera asko handitu da eta pentsa daiteke landare-jatorria duten produktu hauen erabilera handiagotuko dela.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 33
- Artikuluaren izena: Kosmetika onkologikoa: kimioterapiak eta erradioterapiak larruazalean eragindako efektu desiragaitzak eta horiek tratatzeko konposatu naturaletan oinarritutako formulazio berriak.
- Laburpena: Sarritan, tratamendu onkologikoek pazientearen bizi-kalitatea baldintzatu dezaketen efektu desiragaitzak sortzen dituzte, minbizi-zelulak kaltetzeaz gain, bestelako ehun osasuntsuak suntsitzen baitituzte. Lan honetan tratamendu onkologikoen ondorioz larruazalean sortutako gaitzak aztertuko dira (hala nola pruritoa, ezkatatzea edota ultzerazioa kasu larrienetan) eta baita arazo horiei aurre egiteko formulatu diren produktu berrien konposizioa ere. Orain arte erabili diren kortikoide, antihistaminiko edo lidokainadun kremak alde batera uzteko helburuarekin, laborategi dermokosmetikoek paziente onkologikoen larruazala tratatzeko bestelako produktu-lerroak merkaturatu dituzte, horien bizi-kalitatea hobetu eta eragin desiragaitz berantiarren agerpena oztopatzeko asmoz. Antzinatik erabili izan diren landare-estraktuez baliatuz, larruazalaren erreparaketa-prozesua bultzatzea helburu duten formulazioak diseinatu dituzte, Maria D’uol edota OnCosmetics laborategien produktu-lerroak bezala. Beste kasu batzuetan, landare-jatorriko konposatuez gain, bestelako molekula aktiboak erabili dituzte; hala nola, BEACON Biomedicine laborategien kasuan, hazkuntza-faktoreak eta Tectum 11 izeneko proteina-konplexuak erabiltzen dituzte, edota IFC laborategian, Cryptomphalus aspersa barraskilotik lortutako jariakinaz baliatzen dira tratamendu onkologikoen ondorioz sortutako larruazaleko gaitzak erreparatzeko.
- Egileak: Miren Izaguirre, Edorta Santos-Vizcaíno, Aiala Salvador, Amaia Esquisabel, José Luis Pedraz, Rosa María Hernández, Manoli Igartua.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 35-53
- DOI: 10.1387/ekaia.17837
————————————————–
Egileez:
Edorta Santos-Vizcaíno, Aiala Salvador, Amaia Esquisabel, José Luis Pedraz, Rosa María Hernández eta Manoli Igartua UPV/EHUko NanoBioCel Taldean eta baita Biomaterial eta Nano-medikuntzako Ikerkuntza BiomedikokoZentro Sarea Bio-ingeniaritzan dabiltza.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Kosmetika onkologikoa: larruazalean efektu desiragaitzak eta tratatzeko konposatu naturaletan oinarritutako formulazio berriak appeared first on Zientzia Kaiera.
Entzimez

Irudia: Entzimak hain kopuru txikietan egoteak erabat zaildu zuten entzimak isolatzea.
Hartzigarriak antzinatetik ezagutzen ziren. Ogia altxarazten zuten agenteak ziren, mahats-zukua ardo eta malta-estraktuak garagardo bihurtzen zituztenak. Antoine-Laurent Lavoisier-ek, alkohol-hartzidura ekuazio kimiko gisa deskribatzean, eragile estatus berezia eman zien hartzigarriei, prozesuaren parte hutsa izan beharrean.
XIX. mendeko 30eko urteetan kimikariek hainbat erreakzio aurkitu zituzten, era berean aktibatzen zirenak substantzia baten kopuru oso txikietan; substantzia hori erreakzioan eraldatzen ziren erreaktiboak ez bezalakoa zen. Horrela, Anselme Payen-ek eta Jean-François Persoz-ek ernamuindutako hazietatik substantzia bat atera zuten, gai zena bere almidoi-pisua bi mila aldiz azukre bihurtzeko: diastasa deitu zioten. Eilhard Mitscherlich-ek frogatu zuen alkohola eter bihurtzen duen azido sulfurikoa ez zela erretzen prozesuan; kimikari horrexek beste prozesu asko identifikatu zituen, “kontaktu bidezko deskonposatze eta konbinatze” gisa sailkatu zituenak. 1835ean, Jöns Jacob Berzelius-ek katalisi deitu zion fenomeno orokorrari. Berzeliusek aurreikusi zuen diastasaren moduko eragile katalitiko organiko asko aurkituko zirela, eta milaka prozesu katalitiko gertatzen omen zirela landareen eta animalien ehun eta jariakinetan.
Urtebete geroago, Theodor Schwann-ek substantzia bat identifikatu zuen urdaileko urinetan, oso kopuru txikietan jokatzen zuena azidoen aurrean, albumina eta beste elikagai nitrogenodun batzuk digeritzeko. Substantzia hori ―pepsina izena eman zion― isolatzeko gai izan ez bazen ere, frogatu zuen haren propietate kimikoek beste edozein animalia-substantzia nitrogenodun ezagunetatik bereizi egiten zutela. Pepsinaren propietateak alkohol-entzimarekin arretaz alderatuta, Schwannek ondorioztatu zuen, jokatzeko moduan hain antzekoak zirenez, pentsa litekeela hartzigarri organikoen klase orokor batekoak zirela. Schwannen pepsinaren akzioaren analisiak digestio-entzima gehiagoren bilaketa erraztu zuen.
Louis Pasteur-ek esan zuenean alkohol, azido laktiko eta azido butirikorako hartzigarriek nahitaezkoa zutela organismo biziak izatea, behera etorri zen Schwannek pepsina alkohol-entzimarekin konparatuz sortua zuen definizioa, digestio-entzimek gorputzetik kanpo jokatu ahal zutelako. “Eratutako” hartzigarrietatik bereizteko ―legamiatik, adibidez―, organismoetatik beraietatik bereizezinak baitziruditen, hartzigarri “eragabeak” esan zitzaien Pasteurrenei, harik eta Willy Kühne-k entzima izena eman zien arte.
Eduard Buchner-ek 1900ean zelulen hartzidura askea frogatu ondoren, bereizketa hori ez zen beharrezkotzat jo. Entzima izena izendapen orokor gisa erabili zen alemanez mintzatzen ez ziren herrialdeetan, hartzigarri hitza lotuegi zegoelako hartzidura-prozesuekin, eta, beraz, agente katalitiko biokimikoez aritzeko ezin zen hitz orokorra izan. Alemanian bazen hitz ezberdin bat hartzidura izendatzeko (Gärung), eta, horregatik, hartzigarri hitza Bigarren Mundu Gerra ostera arte erabili zen.
Schwannek pepsina ezaugarritzeko erabili zituen erreaktiboek erakutsi zuten “albuminoide”en taldeko substantzia bat izan litekeela, geroago proteinak esango zitzaiena. Hala ere, entzimak hain kopuru txikietan egoteak erabat zaildu zuten entzimak isolatzea; hori zela eta, ezin zitzaizkien berariazko saiakuntzak aplikatu proteina gisa identifikatzeko. Egoera halakoa zen, ezen, artean XX. mendeko 20ko urteetan, Richard Willstäter biokimikari entzutetsuak ere esaten baitzuen entzimekin lotzen ziren proteinak molekula erreaktibo txikien garraiatzaile hutsak zirela, eta horiexek ematen zietela berariazkotasuna entzimei.
1930ean, John Northrop-ek pepsina kristaltzea lortu zuen; horrek iritzia azkar aldarazi eta entzimak proteinak zirela sinestea ekarri zuen. Harrezkero, ikertzeko ahalegin asko eskaini zaio frogatzeari molekula zinez konplexu horien hiru dimentsioko egitura dela beren akzioen berariazkotasun aparta dakarrena.
——————————————–
Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta
Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao
——————————————–
The post Entzimez appeared first on Zientzia Kaiera.
Cassiniren suizidioaren fruituak: uzta oparoa jasotzen hasia da
2017ko irailean izan zen Cassini zundaren Amaiera Handia. Zunda zaharra azken unera arte lanean arituko zela esan zuten orduan NASAko arduradunek. Zundak bere buruaz beste egin izanagatik, ilargiak kutsatzeko arriskua desagerrarazteaz gain, Cassini datu baliotsuak eskuratzeko eta bidaltzeko moduan egongo zela ere esan zuten. Ez dute hutsik egin: argi dago ez zela marketin kontua izan, edo, behintzat, hori baino askoz gehiago bazen.

1. irudia: Saturnoko eraztunek duten masa badakigu orain, eta, datu horri esker, ikertzaileek ondorioztatu dute haien adina zein den. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech)
Orotara, Cassini 292 orbita egin zituen Saturnoren inguruan, eta horiei esker, eraztunen osaketari eta dinamikari buruzko datu andana eskuratu zituen. Bizitzaren amaierara hurbiltzen ari zela, misioaren kontrol gunetik gero eta maniobra ausartagoak egitera animatu ziren. Horietako maniobra bat izan zen planetaren eta haren eraztunen artean igarotzea: 2017ko apirilean Saturnoren eta haren eraztunen artean sartu zen Cassini. 22 aldiz egin zuen orbita hori, eta, horietatik, bostean posible izan zen doitasun handiarekin zundaren abiadura ezagutzea, irrati uhinen igorpenei esker.
Uneoro Cassiniren kokapen zehatza jakinda, planeta beraren eta eraztunen grabitazioa oso ondo neurtu ahal izan zen, bakoitza bere aldetik. Bestela, arras konplikatua lirateke bereiztea zein zen eraztunen grabitazio indarra eta zein planetarena, kontuan izanda pare-parean gasezko erraldoi baten grabitazio erraldoia dagoela.
Ohi bezala, kreatibitatea baliatu behar izan dute 1.400 milioi kilometrora dagoen mundu baten elementuak “pisatzeko” eta adina ezagutzeko. Gakoa partikuletan egon da (eraztunen %99 izotza da, eta silikatozko partikulak gainerako %1). Eraztunek sortzen duten grabitatea jakinda, 1,54 X 10^19 kg-ko masa ondorioztatu dute. Hori Mimas ilargiak duen masaren erdia baino txikiagoa da, gutxi gorabehera (%41). Masa jakinda, bertan dauden partikulen kopurua kalkulatu dute, eta horiek metatzeko beharrezkoa izan zen denbora kalkulatu dute ere. Eredu teorikoek aurreikusten dutenez, gero eta masiboagoak, orduan eta zaharragoak dira eraztunak. Horregatik, eraztunek 10-100 milioi urte bitarteko adina dutela uste dute, planetak 4.500 milioi urte dituen bitartean. Science aldizkarian jaso dituzte emaitzak.
Zientzialarientzat ez da erabateko ezustekoa izan. 1980ko hamarkadan Voyager zundei esker eskuratutako datuek norabide horretara jotzen zutelako ere. Baina orain datu berriek berretsi dute artean susmoa besterik ez zena.

2. irudia: 2017ko irailean gertatu zen Cassini zundaren Amaiera Handia, Saturnoren gainean amilduta. Bizitzaren azken hilabeteetan egin zituen orbitarik ausartenak. (Irudia: NASA/JPL-Caltech)
Ez dute argitu eraztunak nola sortu ziren, ezta bakoitzaren adina zein den. Eraztun horiek nola sortu ziren misterioa da oraindik. Zenbait proposamenaren arabera, planetarekin batera jaio ziren, baina, datu berrien argitara, aukera hori alboratutzat eman daiteke jada. Planetarekin batera sortu ez baziren, argi dago objektu batean edo objektu multzo batean izan behar dutela jatorria. Aukera bat da orain desagertu diren ilargi izoztu batzuk noizbait txikitu izana, talka baten ondorioz. Talka horren hondarrak lirateke egun ikusten diren eraztunak. Beste batzuek uste dute kanpotik etorritako kometa batean egon zitekeela jatorria: Saturnoren grabitazioak harrapatuta, kometa txikitu egin zen. Orain dakigunez, horixe izango da Marteko Phobos satelitearen patua: planetara gerturatzen ari denez, etorkizun urrun batean Marteren grabitateak, marea-indarren bitartez, satelitea birrinduko du, eraztun bihurtuta.
Biraketa eta barne estrukturaEraztunei dagokien informazioa da, zalantza barik, publiko zabalari atentzio gehien ematen diguna, baina planeta-zientzialariek beste irakaspen garrantzitsuak lortu dituzte datu hauetatik. Atera duten ondoriotako bat da planetaren barruan oso biraketa diferentzial handia dagoela: sakontasunaren araberakoa da biraketa hori. Ekuadorrera hurbildu ahala, errotazio hori handiagoa da. Horri esker, kalkulatu dute atmosferak gutxienez 9.000 kilometroko sakontasuna duela. Bestetik, Saturnoren barne nukleoaren masa ondorioztatu dute: Lurrak duen masa halako 15-18 da. Nukleo hori, Jupiterrena ez bezala, oso ondo bereizita dagoela iradoki dute zientzialariek.
Biraketa beraren inguruan beste emaitza bat atera dute. Harrigarria dirudien arren, 2019an plazaratutako datu hauei esker zientzialariak gai izan dira planeta erraldoiaren biraketa-periodo zehatza behin-betiko finkatzeko. Gasezko planeten kasuan, azaleran erreferentziazko punturik ez dagoenez, astrofisikariek eremu magnetikoaren igorpenak hartzen dituzte abiapuntutzat. Baina bide horretatik Voyager eta Cassini zunden bidez eskuratutako datuak ez zetozen bat. Orain datu horiek modu finagoan zehaztu ahal izan dira, eremu magnetikoa ez baizik eraztunak abiapuntu hartuta. Izan ere, planetaren eremu magnetikoak sortzen dituen bibrazioak eraztunetan “islatu” egiten dira, uhin baten modura, eta mugimendu horietan jarri du arreta berezia Cassinik. Horri esker, baieztatu ahal izan da zen den Saturnoko egun baten iraupena: 10 ordu, 33 minutu eta 38 segundo. Hortaz, esan liteke, estruktura liluragarria izateaz gain, erloju erraldoia ere badirela Saturnoko eraztunak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Iess, L. et al., (2019). Measurement and implications of Saturn’s gravity field and ring mass. Science, 17, eaat2965. DOI: 10.1126/science.aat2965
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Cassiniren suizidioaren fruituak: uzta oparoa jasotzen hasia da appeared first on Zientzia Kaiera.
Alkohola eta kafeina, eztanda egin arte
Esandako hori edan ondoren, gizonak ondoeza sentitu zuen eta handik pixka batera ziplo erori zen. Osasun-langileak saiatu baziren ere, suspertzea ezinezkoa izan zen eta bertan hilotz geratu zen. Kasu jakin honetatik haratago -autopsiak adieraziko du zein izan den heriotzaren arrazoia-, edari energetikoak geroz eta arruntagoak dira gazteen artean eta, gainera, edari alkoholdunekin nahasten direnean ondorio larriak eragin ditzakete.

1. irudia: Edari energetikoak eta alkohola nahastea oso arriskutsua da eta ondorio larriak ekar ditzake. (Argazkia: SocialButterflyMMG – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Ron botila bat eta edari energetiko baten bi lata edateak arrisku itzela du, eta horretarako nahikoa da zenbait kalkulu egitea. Tolosaldeko Ataria-n azaldu nuen moduan, organismoan sartzen diren etanol gramoak kalkulatzeko formula hau erabili behar dugu: etanol gramoak = (edandako mL-ak x edariaren graduazioa x 0,008). Estimazioak eginez, demagun ron botila baten bolumena 70 cL-koa dela eta bere alkohol-graduazioa 40º-koa. Horrek esan nahi du 224 gramo etanol puru irentsi direla.
Jarraian, etanol gramo horiek gorputzaren odolean izango duten kontzentrazioa kalkulatu beharko genuke. Horretarako, C (g/L-tan) = hartutako gramoak / (M x R) egingo dugu, non M gorputzaren masa den eta R, berriz, banaketa-faktore delakoa -0,7 gizonen kasuan eta 0,6 emakumeen kasuan-. 65 kg-ko gizon baten kasurako, ron botilak zuen etanolak 5,3 g/L kontzentrazioa emango luke odolean, teorikoki.
Arrisku tauletara jotzen badugu, 4-5 g/L kontzentraziotik gorakoak arrisku mailarik handienean kokatzen dira, alegia, koma arriskuan. Ibiltzeko ezintasuna, eutsi ezina, okadak, arnas-aparatuaren depresioa eta konorte galtzea dira espero behar diren ondorioak. 5 g/L kontzentraziotik gora shock kardiobaskularra, arnasketaren inhibizioa edo bihotz-biriken gelditzea gerta daiteke. Hortaz, ron botila bat edatea heriotza azaltzeko arrazoi nahikoa da, baina, arriskua are handiagoa da horrekin batera edari energetikoak hartzen badira.
Edari energetikoen atzean dagoenaEdari energetiko baten 500 mL-ko lata batek 160 mg kafeina edukitzera iritsi daiteke. Bi lata hartzen badira, egun batean segurtasunez kontsumitu daitekeen kafeina kantitatea gainditzen da. Haurren edo haurdun dauden emakumeen kasuan, esaterako, lata bat nahikoa litzateke. Bi lata hartzea jarraian bost kafe espreso hartzearen parekoa da. Horretaz gainera, bi latatan 30 bat azukre-koxkor daude -100-150 g azukre-, beraz, edari energetikoak kafeina eta azukre bonbak besterik ez dira. Lata bakar batek hirukoiztu egiten du OME Osasunaren Munduko Erakundeak egun batean kontsumitzea gomendatzen duen azukre kantitatea.

2. irudia: Edari energetikoak azukre eta kafeina bonbak dira. (Argazkia: Joenomias – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Beraz, edari energetikoen atzean azukrea eta kafeina besterik ez dago. Diabetesarekin eta gizentasun arazoekin lotzen dira eta bihotz taupadak azkartzen dituzte. Nerbio sistema bizkortzen dute eta bihotzeko asaldatzeak eragin ditzakete -takikardia, insomnioa, arterietako presioa handitzea eta gorputzaren koordinazioa zailtzea-. Esandakoarengatik, oso tarteka hartzeko edariak dira. Gainera, alkoholarekin batera nahasten direnean alkoholaren eta kafeinaren eragina handitu egin daiteke. Alkohola kontsumitzeak nerbio-sistema moteltzea dakar eta, horrek, lehenago edo beranduago kontsumitzez uztea dakar, baina, edari energetikoen kafeinarekin elkartzen bada, edaten jarraitzeko arriskua handiagoa da.
Edari energetiko askok aldarrikatzen dute nekea atzeratzeko edota kontzentrazioari eusteko balio dutela. Saltzaileen esanetan, karnitina, guarana, ginsenga, taurina eta edariei gehitzen zaizkien bestelako konposatuetan daude edari energetikoen ezaugarri apartak. Europar Batasuneko araudi berriak ez die uzten horrelako aldarrikapenak egitea; izan ere, ez dago frogatuta molekula miragarri horiek funtzio hori dutenik. Horrexegatik, edari energetikoetan B taldeko bitaminak gehitzen dituzte arazoa konpontzeko. Hala ere, esan behar da B bitamina edonon dagoela eta, hortaz, ez da beharrezkoa edari energetikoak kontsumitzea B taldeko bitaminak lortzeko.
Bitaminak onak izan badaitezke ere, edariak ezin dira aztertu haien osagaiak banan-banan aztertuta. Edaria bere osotasunean aztertu behar da onuragarria den edo ez erabakitzeko eta, hortaz, testuingurua edozein dela ere, onura gutxi daukate edari energetikoek. Ez dauka zentzurik kirola egin ondoren kafeina estimulatzaile bezala erabiltzea. Kirola egin ondoren gorputzak ura, gatz mineralak eta karbohidratoak galtzen ditu nagusiki eta horiek dira berreskuratu behar direnak. Zentzu horretan, aipatzekoa da 2015ean Kataluniako Elikagaien Segurtasunerako Zientzialarien Batzorde Aholkulariak egindako txostena, zeinetan edari energetikoak kontsumitzeko gomendioak eman zituzten. Adituen arabera, edari energetikoak ez dira inondik inora edari alkoholdunekin nahastu behar. Era berean, haurdun dauden zein bularra ematen duten emakumeek, haurrek, kafeinarekin sentiberak direnek eta bihotzeko zein arazo neurologikoak dituztenek ez lukete hartu behar. Kirola egin ondoren hartzea ere ez dute gomendatzen; izan ere, kafeinak eragin diuretikoa du eta, ondorioz, jarduera fisikoa egin ondoren ur gehiegi galtzeko arriskua handitzen dute edari energetikoek.
Laburtuz, edari energetikoek onetik ezer gutxi dute eta arrisku larriak ekar ditzakete kantitate handitan edaten badira. Zentzu horretan, garrantzitsua da kontsumitzaileek zehatz mehatz jakitea zein den edari bakoitzaren kafeina eta azukre edukia eta edari horien arriskuen jakitun izatea -adingabeen kasuan, bereziki-. Adingabeen kasuan, eskolako emaitzak kaltetu ditzakete eta haur-obesitatea handitzearen erantzuleak izan daitezke. Esandako guztiaren ondorioz, tabakoa eta alkoholaren kasuan egiten den bezala edari energetikoak adingabeei ez saltzea proposatu duenik ere bada. Aztertzekoa.
Informazio osagarria:
- Eztanda kafeinatan, G. Goikoetxea, berria.eus, 2014.
- Muere un joven en Murcia tras beberse una botella de ron y dos bebidas energéticas, elespanol.com, 2019.
- Bebidas energéticas: cafeína enlatada, ocu.org, 2016.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Alkohola eta kafeina, eztanda egin arte appeared first on Zientzia Kaiera.
Hondartzaren bainulari gaitasuna kalkulatzen

1. irudia: Plentzia eta Gorliz hondartzetako bainulari gaitasuna kalkulatzeko tresna garatu dute. (Argazkia: Jatamendi)
Hondartzako ur-xaflak har ditzakeen bainulari kopurua kalkulatzeko tresna da garatu dena. Plentzia eta Gorlizko hondartzak izan dira ikerketan aztertu direnak eta bainu zonalde segurua kalkulatzeko eredua lortzea izan da ikerketaren helburua.
Plentzia eta Gorliz herriek 4304 eta 5669 biztanle dituzte hurrenez hurren, baina udan laukoiztu ere egiten dira kopuru horiek. Hondartzara doazen pertsonen %74k hiru aktibitate dituzte gogokoen: eguzkia hartu, paseatu eta bainatu. Bestelako erabiltzaileak ere badaude hondartzetan, hala ere.
Surfa, esaterako, gorantza doan aktibitatea da eta ikerketa egindako hondartzetan hamar surf eskolek eman zituzten kurtsoak ikerketa aldian.
Hondartzak har ditzakeen bainulari kopurua kalkulatzea erabilgarria izan daiteke hondartza erabiltzaile mota ezberdinei zona esleitzerako orduan, segurtasuna bermatuta.
Bainu zona seguruaHondartzak har ditzakeen bainulari kopurua kalkulatzeko korronteak, harkaitzak eta oztopoak bezalako arriskurik ez duen bainu eskualdea metro karratuetan kalkulatzen da lehenengo eta behin.
Horretarako, erabilgarria den ur-bazterra neurtzen da metrotan eta ur-bazterretik olatu-apurketa punturako distantzia kalkulatzen da. Bi hauekin, eta zuzenketak aplikatuta, bainu eskualde segurua kalkulatzen da metro karratuetan.
Legearen arabera bainu eremua ur bazterretik itsasoko 200 metrora doan ur xafla da hondartzetan. Ikerketan, baina, arriskurik gabeko bainu zona segurua da kalkulatu dena.
Ur-xaflaren bainu eskualde segurua bi faktore nagusiren menpekoa izango da: olatuen altuera eta marea. Mareak eragin zuzena du bainu zonaren tamainan, ura mugitzerakoan espazio ezberdinetan kokatzen baita eta arriskuen agerpena (arrokak eta oztopoak) ere eragin dezake mareak. Olatuen altuerari dagokionez, olatuak zenbat eta altuago, orduan eta indartsuago eta arriskutsuago.
Bi datu horiekin bainu zona segurua kalkulatu ostean, bainulari gaitasuna kalkulatu daiteke. 2016an egindako behaketetan oinarrituta, bainulari bakoitzari 9 metro karratuko espazioa esleitu zaio ikerketan.
Horrela, hondartzak duen bainulari gaitasuna ezagutu daiteke eta berau kudeatzea erraztu, bainularien, surflarien eta bestelako erabiltzaileentzako eremuak bereizterako orduan.
Datu aldagarriaKontuan izan behar da, hala ere, egunean zehar bainu zona segurua aldakorra dela, mareak gora eta behera egiten baitu eta olatuen indarra eta altuera ere aldakorrak baitira.
Ikerketa egiteko lau eremutan banatu zituzten Plentzia eta Gorlizko hondartzak. Berez, hondartza bakarra da, baina Gorlizek eta Plentziak zona ezberdinen kontrol administratiboa dute.

2. irudia: Lau zonaldetan banatu dituzte Plentzia eta Gorlizko hondartzak ikerketan (A, B, C eta D).
Esan bezala, marea eta olatuen altuera dira aldagai nagusiak eta eragin handiena dutenak. Ikerketan, hala ere, bestelako parametroak ere izan dituzte kontuan:
– Ur-bazterraren luzera. Marearen araberakoa da.
– Erradioa. Garrantzitsua da datua, izan ere, zenbat eta erradio txikiagoa, bainu eremu txikiagoa.
– Oztopoak. Plentzia eta Gorlizko hondartzan dauden eraikuntzek eta instalazioek eragina dute ur-bazterraren luzeran marea altua denean.
– Ur-bazterretik olatu-apurketa punturako distantzia. Sakonera kontuan izateko baliatu da datu hau, izan ere, sakonera 1.3 aldiz olatuaren altuera denean apurtzen dute olatuek. Hortaz, bainu eremu segurua mugatzeko muga gisa erabil daiteke.
– Korronteak eragina duen ur-bazterra. Itzulera korronteak (RIP current arriskua areagotzen du eta, beraz, erabilgarri den ur-bazterraren luzeran eragin zuzena du.
– Barneratzen koefizientea. Bainularien dentsitatea eta mugimenduak hartzen dira kontuan honen kalkulurako eta bainu zona seguruaren tamainan eragin zuzena du.
Bainulariek uretan ematen duten denbora ere kontuan hartu beharreko datua da. Gizonezkoen kasuan 19 minutu eta emakumeen kasuan 11 minutu egoten diren uretan bataz beste mota guztietako erabiltzaileek (bainulariak, paseatzaileak eta surflariak barne) Australian egindako ikerketen arabera. Eguraldiak ere eragin zuzena du uretan pasatzen den denboran.
2017 eta 2018ko tresna hau erabili izan da eta, datuen arabera, surflari eta bestelako erabiltzaileen arteko liskarrak zerora murriztu dira, uraren banaketa espazial egokiari esker.
Hortaz, uraren banaketa egiteko tresna da ikerketak garatu duena. Modu azkarrean kalkulatu daiteke bainu zona segurua eta eremuak banatu algoritmoari esker, baina kontuan izan behar da datuak aldakorrak direla.
Erreferentzia bibliografikoa
Basterretxea-Iribar, Imanol, et al., (2019). Managing bathers’ capacity at overcrowded beaches: A case on the Spanish North Atlantic coast. Tourism Management, 71, 453-465. DOI: https://doi.org/10.1016/j.tourman.2018.10.016
The post Hondartzaren bainulari gaitasuna kalkulatzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #239
Rosalyn Yalow fisikariak lortu zuen Medikuntzako Nobel saria 1977an, erradioimmunosaio teknika (RIA ingelesez) garatzeagatik. Bere bizitzan zehar oztopo ugari izan zituen, gehienak emakumea izateagatik baina aurrera egin zuen. Yalowk Fisika Nuklearra doktoregoa lortu zuen 1945ean eta hortik aurrera lanean aritu zen Solomon Berson medikuarekin batera, 22 urteko lankidetza izan zen; biek lortu zuten erradioimmunosaio teknika garatzea. Metodo honek ahalbidetzen zuen, besteak beste, organismoan oso kantitate txikian zirkulatzen duten hormonak antzematea isotopo erradioaktiboak erabiliz. Azken batean, teknika honi esker zenbatu daitezke antigorputzen (Ac) eta antigenoen (Ag) kontzentrazioak modu oso espezifikoan.
GenetikaGiza genomaren “bereizmen osoko” lehen mapa aurkeztu du deCode konpainiak, Berriak kontatu digunez. Lan honetan saiatu dira bereziki gizaki bakoitzak aparteko ezaugarri berezituak izatea dakarten bi aldagai aztertzen: de novo mutazioak eta birkonbinazioak. Mapa honekin erakutsi dute, adibidez, de novo mutazioak gertatzeko probabilitatea 50 bider handiagoa dela birkonbinazio lekuetan, genomako beste edozein eremutan baino.
Big dataren iraultza genetikara ere iritsi da. Koldo Garciak kontatu digu artikulu honen bidez zer diren biobankuak eta zeintzuk diren hauen ezaugarriak. Hasteko, biobankuek gizakien lagin biologikoak jasotzen, kudeatzen eta gordetzen dituzte. Bi modutara sailkatzen dira nagusiki: batetik gaixotasun baten gene-oinarrian sakontzeko erabiltzen direnak, eta bestetik, hor daude biomarkatzaile berriak aurkitzeko populazio orokorra oinarri dituztenak. Adibide moduan, Erresuma Batuko Biobankua (UKB ingelesez) jarri du Garciak, zeinak iazko urrian artikulu bat argitaratu zuen bertan biltzen dituen datuei buruz. Gene-azterketentzat eta genoma-azterketentzat mugarri bat izan da lan hori.
Genoma editatzeko erabiltzen den CRISPR metodoaren aldaera bat egin dute, eta emaitzak Cas 9-rekin baino are hobeak izan direla adierazi dute. Elhuyar aldizkariak kontatu digu Feng Zhang ikertzaileak zuzendu duela ikerketa eta zehaztu dutenez, Bacillus hisashii bakterioaren Cas12b nukleasa erabili dute. Badirudi eraginkorra dela oso: moztu beharreko DNA-zatiarekiko Cas9 nukleasak baino berariazkotasun handiagoa duela baieztatu dute.
KimikaJosu Lopez Gazpiok kontatzen digu nola egiten den kafe deskafeinatua. Kafeari kafeina kentzeko disolbatzaileak erabil daitezke eta bi modutara egin daiteke: era zuzenean eta zeharkakoan. Disolbatzaileak era zuzenean erabiltzeak, baina, arazoak dakartza, hala nola zapore aldaketak gertatzen ahal dira. Horretaz gain, artikuluan beste modu batzuk agertzen dira; karbono dioxidoa eta presioa erabiliz lortzen den teknika eta deskafeinatze naturala.
OsasunaLo-eskasiaren eta alzheimerraren arteko lotura identifikatu dute oraingoan: loa eteten denean, gora egiten du nabarmen Alzheimer gaixotasunean gako den Tau proteinaren kontzentrazioak. Zehazki, Tau proteina % 50 gehiago agertzen dela ikusi dute, garuneko likido zefalorrakideotik eta hezur-muinetik gizakiei hartutako laginak aztertuta. Ikertzaileen arabera, loaren eskasiak ez du gaixotasuna sortzen, baina bai laguntzen dio azkarrago hedatzen jada garatzen ari denean. Elhuyar Aldizkariak eman digu honen berri.
Klima-aldaketaJean-Noel Thepaut, Copernicus Climate Change Zerbitzuko burua, elkarrizketatu dute Berrian, tenperaturaren igoera dela eta. Izan ere, 2018a urte beroenetan laugarrena izan zen eta berotegi gasen isuriak ere areagotu egin ziren. Thepautek ohartarazten digu gas horiek atmosferan egongo direla urte luzez.
NeurozientziaZiortza Guezuraga kazetaria adiskidetasunaz mintzo da artikulu honetan. Jakina denez, hori ez da gizakien artean bakarrik ematen. Primateen, zetazeoen eta elefanteen artean ere adiskidetasuna ikusi da. Ildo honi jarraiki, azaltzen digu nerbio sisteman erantzuna sorrarazten duen eguneroko estimuluei erreakzio naturalak ikertzea erabaki zuela Carolyn Parkinsonen taldeak. Lortutako emaitzen arabera, adiskidetasunaren oinarrian garunak daude eta homofilia maila neuralean gertatzen dela frogatu dute ikerketaren emaitzek.
PaleontologiaRobot bat eraiki dute, duela 280 milioi urte bizi izan zen animalia baten fosilean oinarrituta. Zientzia fikzioa dirudien arren, benetan gertatu da. Zientzialari talde batek robotika erabili du antzinako tetrapodoek ibiltzeko erabiltzen zuten modua hobeto ezagutzeko. Euren helburua argia da oso: aspaldi desagertutako animalia bat mugimenduan ikustea. Ikertzaileek ondorioztatu dute animalia horiek orain arte uste zena baino modu hobeagoan ibiltzen zirela, eta, horregatik, iradoki dute lurrean mugitzeko gaitasun aurreratua amnioten agerpena baino askoz lehenago izan zitekeela.
Eboluzioa‘Sapiens ispiluaren aurrean’ liburua aurkeztu berri du Elhuyar Zientzia taldeko Ana Galarragak eta horren harira, Berriak elkarrizketa egin dio. Bilduma honek Elhuyar aldizkarian idatziriko artikuluak jasotzen ditu; horietan, gizakien egoera erretratatu du, genetika, arkeologia eta demografia arloetatik, besteak beste. Horretaz gain, zientziaren dibulgazioaz mintzatu da elkarrizketan eta hori euskaraz egitearen garrantziaz. Ez galdu!
IngurumenaKeko Alonso biologoa eta Kolore Guztietako Basoak ekinbideko kidea izan da protagonista Berriako elkarrizketa honetan. Berak mendien kudeaketa eredua aldatzea proposatzen du basoen kudeaketan atzeman zuten krisia dela eta, bai ingurumenean, bai alde ekonomikoan. Euren iritziz, mendiaren dibertsifikazioa behar da: “Ikuspuntu guztietatik da interesgarria: bioaniztasuna handitzeko, baita errentagarritasun ekonomikotik begiratuta ere”.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #239 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #246
Auzokideek benetan nahi duten tokian instalazio publiko baten kokapena erabakitzeko prozesurik existitzen al da? José Luis Ferreiraren Voting sincerely for public facilities location
Arritmia kardiakoen ablazioan zirujauen lana gidatzeko simulazio matematikoa. BCAM-ren Optimizing arrythmia ablation
Konputazio kuantikoa etorkizuna da, baina orainaldia al da? Momentuz DIPCko jendea lanean dabil konputazio kuantiko komertziala erreala izan dadin: A family of degradable fermionic Gaussian channels
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #246 appeared first on Zientzia Kaiera.
Rosalyn Yalow (1921-2011): Erradioimmunosaioaren hazia jarri zuen fisikaria
Solomon Berson medikua izan zuen bidelagun 22 urtez. Nobel Saria bien lanaren fruitua izan bazen ere, Yalowk bakarrik jaso zuen saria, bere lankidea 1972an hil zelako. Aipatu moduan, 1959an erradioimmunosaio teknika garatu zuten, zeinak ahalbidetzen zuen, besteak beste, organismoan oso kantitate txikian zirkulatzen duten hormonak antzematea isotopo erradioaktiboak erabiliz. Azken batean, teknika honi esker zenbatu daitezke antigorputzen (Ac) eta antigenoen (Ag) kontzentrazioak modu oso espezifikoan.

1. irudia: Rosalyn Yalow 1977. urtean laborategian lanean, Roger Guillemin eta Andrew Schallyrekin batera Medikuntzako Nobel sariaren irabazlea zela jakin odoren. (Argazkia: Wikimedia Commons, Creative Commons lizentziapean)
Hasieran abiatu zuten ikerketak diabetesaren fisiopatogenia argitzea zuen helburu. Honekin guztiarekin, intsulina gisako molekula txikiek antigorputzak sortzea ezinezkoa zutela zioen axioma deuseztatzea ere erdietsi zuten. Aurkikuntza oso garrantzitsua izan zen baina lortutako emaitzak argitaratzeko zailtasunak izan zituzten. Nature eta Journal Clinical Investigation aldizkariek, esaterako, ezezkoa eman zien baina, azkenean, Naturen publikatu zuten artikulua, moldaketa batzuk egin ostean, zehazki, “antigorputza” hitza testutik ezabatu zutenean.
Oztopoak eta erreferenteakRosalyn Yalow 1921ean jaio zen, New Yorken. Txikitatik jaso zuen irakurtzeko zaletasuna bere amari esker, eta zientzia ere maite zuen. Hala, fisika ikastea erabaki zuen. Bi erreferente nagusik baldintzatu zuten bere hautaketa. Alde batetik, Marie Curie, une hartan bere alaba Eve Curiek amaren biografia bat publikatu zuelako (liburu horrek behar zuen bultzada eman zion); bestetik, Enrico Fermi –lehenengo erreaktore nuklearra egin zuen ikertzailea–, zeinak 1939an hizketaldi bat eman zuen fisio nuklearrari buruz. Fermik landu zuen gaia oso interesgarria iruditu zitzaion.
Fisikan graduatzea lortu zuen Hunter Collegen eta handik gutxira, Illinoisko Unibertsitatetik deitu zioten irakasle-laguntzaile gisa aritzeko bertako Ingeniaritza Eskolan. Gelako emakume bakarra zen bertan. Izan ere, fakultateko dekanoak kontatu zion moduan, 1917tik ez zen emakumerik igaro handik. Yalowek berak jakin bazekien lanpostu hori lortu zuela, neurri handi batean, Bigarren Mundu Gerraren kariaz: gizonak armadara joateak ekarri zuen emakumeek fakultateetan lan egiteko aukera izatea.
1941ean jazo zen Pearl Harborreko erasoak Estatu Batuak gerran sartzea eragin zuen. Itsas armadako gaztez bete zen campusa eta lan handia zegoen egiteko, garai korapilatsua izan zen berarentzat: klaseak prestatu, laborategiko praktikak egin, masterra egin, doktoregoa hasi… Halere, bere lanean arreta jarri zuen eta 1945ean lortu zuen Fisika Nuklearra doktoregoa Illinoisko Unibertsitatean (bertan doktoregoa bukatu zuen lehendabiziko emakumea izan zen). Urte berean, New Yorkera itzuli zen eta ingeniari-laguntzaile gisa hasi zen lanean Federal Telecommunications Laborategian. Berriz ere, taldeko emakume bakarra izan zen. Urtebete beranduago, Hunter Collegera itzuli zen lanera. Bertan, gerratik zetozen beteranoei fisika irakastea egokitu zitzaion aurre-ingeniaritza deituriko programa batean, hain zuzen ere.

2. irudia: Rosalyn Yalow isotopo erradioaktiboekin lanean. (Argazkia: James J. Peters Va Medical Center – Iturria: Boston.com)
Doktoregoa egin aurretik, diskriminazioarekin topo egin zuen behin baino gehiagotan fisikariak. Bere lehenengo aukera ikasketak egiteko Purdue Unibertsitatea izan zen, baina ez zuten onartu hiru arrazoirengatik: New Yorken jaio zen, judua zen, eta, gainera, emakumea.
Yalow-Berson sinergia perfektua1950. urtea oso garrantzitsua izan zen Yalowentzat. Bere senarra, fisikaria zena, une hartan Montefiore Ospitalean zegoen lanean, Bronx auzoan. Hari esker Edith Quimby ikertzailea ezagutu zuen eta Yalow bere laborategian hasi zen lanean boluntario gisa erradiazioaren aplikazio medikoak zeintzuk ziren aztertuz. Kasualitatearen katea jarraitu besterik ez zuen egin. Izan ere, Quimbyk Gioacchino Failla fisikaria ezagutzen zuen eta azken honek Bernard Roswit doktorea, Bronx Veterans Administration Ospitaleko Erradioterapia Zerbitzuko zuzendaria zena. Roswitek aukera eman zion Yalowi bere laborategian lan egiteko. Bi aldiz pentsatu gabe, irakasle izateari utzi eta lan berriari ekin zion.
Une hartan hasi zen Yalow eta Bersonen arteko lankidetza. Hasteko, isotopo erradioaktiboak ikertu zituzten. Horiek erabili zituzten, besteak beste, odol-bolumena zehazteko, tiroidearen gaixotasunetan diagnosi klinikoa egiteko eta iodoaren metabolismoaren zinetika ikertzeko. Ondoren, hormonetara egin zuten jauzi; horien artean intsulina hautatu zuten, hormonen artean egokiena zelako ikerketarako. Horretarako, erreminta bat landu zuten, organismoan zegoen intsulina neurtzeko gai zena isotopo erradioaktiboak erabiliz: erradioimmunosaioa.
Egun, teknika hori mundu osoko laborategietan erabiltzen da (baita ELISA metodoa ere, ingelesez Enzyme-Linned ImmunoSorbent Assay izenez ezagutzen da) organismoan oso kantitate txikian dauden substantzia biologikoak neurtzeko. Ekarpen berri hau garrantzitsua izan zen oro har medikuntzarentzat, eta zehazki endokrinologia arloarentzat. Diabetesaren inguruko ikerketei bultzada eman zien aurkikuntzak, baita hormona-arazoen tratamenduei ere (hazkuntza, funtzio tiroideoa eta ugalkortasuna).
Sariak barra-barraJendeak errazago gogoratzen du Nobel saria gainontzekoak baino. Bada, Rosalynek beste hainbat jaso zituen bere bizitzan zehar, hala nola Lasker Saria, 1976an lortu zuena, A. Cressy Morrison Saria eta Gairdner Fundazioak eskaintzen duena. Honoris Causa doktore izendatu zuten zenbait unibertsitatek, horien artean Hartford Unibertsitateak, adibidez. Horretaz gain, Estatu Batuetako Zientzien Nazioarteko Domina eta Banting eta Lilly Domina jaso zituen, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide izateaz gainera.

3. irudia: Medikuntzako Nobel saria jaso zuen Stockholmen 1977. urtean Rosalyn Yalow bifisikariak. (Argazkia: Wikpmedia Commons – Creative Commons lizentziapean)
Yalowek dena ondo egin zuen. Hasieratik hain argi duzun ideia bati bizkar ematea oso erraza da; aurkitzen dituzun oztopoek azpiak jaten dizkizute, zalantzek irensten zaituzte, zure gorputza lausotuz doa zugan sinesten ez duen jendea inguratzen zaituen bitartean. Baina ez zuen estropezu egin tranpa haietan. Zientzia helmuga zen harentzat, baina baita bidea ere. Iñaki Uriartek Diarios liburuan idatzitako hausnarketa batek Yalowek bere bizitza osoan izandako irmotasunari keinu egiten diola pentsatzen dut: “Ez ditu soilik oinak lurrean, gorputz osoa baizik, sugeen antzera”.
Iturriak:
- Biografias y Vidas: Rosalyn Sussman Yalow
- Historia de la Medicina: Rosalyn Sussman Yalow (1921-2011)
- The Nobel Prize: Rosalyn Yalow
- Universitat Rovira i Virgili: Rosalyn Sussman Yalow
- UPV/EHU – Curso de Biomoléculas: Radioinmunoensayo (RIA)
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
———————————————————————–
The post Rosalyn Yalow (1921-2011): Erradioimmunosaioaren hazia jarri zuen fisikaria appeared first on Zientzia Kaiera.
Informazio genetikoaren gordailuak

1 irudia: Lagin biologikoa gordetzen (Argazkia: benjy_a_708 – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Biobankuak izeneko baliabideek, gizakien lagin biologikoak jasotzen, kudeatzen eta gordetzen dituzte. Biobiltegi esaten zaie beste espezie batzuen laginak gordetzen dituzten baliabideei. Biobankuek emaileen laginak mantendu behar dituzte denboran zehar ahalik eta degradazio txikiena paira dezaten, eta laginak babestuta egon behar dira, kalterik jaso ez dezaten. Gainera kontu handiz erregistratzen dira laginari buruzko informazioa eta lagin bakoitzaren erabilera. Horrela, baliabideen erabilera egokia bermatzen da. Biobankuak hainbat eratara sailka daitezke, baina bi mota handi bereiz ditzakegu: batetik baditugu gaixotasun baten gene-oinarrian sakontzeko erabiltzen direnak, eta bestetik, hor daude biomarkatzaile berriak aurkitzeko populazio orokorra oinarri dituztenak. Azken bi hamarkadetan, biobankuak hedatu eta hazi dira, gaixotasunen gene-ikerkuntza errazteko asmoz. Esate baterako, hainbat gaixotasuni buruzko ikerketetan lortutako DNA-laginak, odol-laginak edota ehunak gordetzen dira Euskadiko Autonomi Erkidegoko Euskal Biobankuan.
Biobanku batzuek laginak eta beraien gene-informazioa eskuratu eta eskaintzen dituzte. Iazko urrian Erresuma Batuko Biobankuak (UKB ingelesez) artikulu bat argitaratu zuen berak biltzen dituen datuei buruz. Gene-azterketentzat eta genoma-azterketentzat mugarri bat izan da lan hori. Zenbakiak ikaragarriak dira: zientzia-komunitatearentzat eskuragarri ditu ia milioi erdi gizakiren gene-informazioa, historia medikoa, neurri antropometrikoak, bizimoldea, analisi biokimikoak, eta abarrekoak bildu ditu. Informazio honi guztiari esker, genoma osoko asoziazio-analisiak sendoagoak izango dira eta, hortaz, posible izango da ezaugarrien eta gaixotasunen gene-oinarria hobeto ezagutzea.
Genotipazio-txipaInformazio genetikoari dagokiola, 500.000 gizaki horien odola, listua eta gernua jaso eta beren DNA genotipatu zen. Horretarako, espreski diseinatutako genotipazio-txipa erabili zen. Genotipazio-txipa izeneko teknologiak aldi berean aztertzen ditu lagin askoren milaka gene-aldaera. Txip horri esker, gizaki bakoitzaren ~845.000 markatzaile genetikoren informazioa eskuratu zen: ~125.000 markatzaile maiztasun txikian agertzen ziren gene-aldaerak ziren, ~47.000 markatzaile gene-eskualde interesgarrietan kokatuta zeuden, ~45.000 markatzaile ezaugarriekin eta gaixotasunekin lotuta zeuden, eta, azkenik, ~630.000 markatzaile estrapolazio egoki bat egiteko aukeratu ziren. Estrapolazio bidez zuzenean genotipatu ez diren markatzaileei buruzko informazioa eskuratu daiteke. Horrela, UKBk ikertzaileentzat eskuragarri jarri du ia 93 milioi markatzaile genetikori buruzko informazioa. Zein kantitatez ari garen irudikatzeko, informazio horrek ia 12 Terabyte betetzen ditu. Hau nahikoa ez balitz, UKBren asmoa da 50.000 gizakien genoma osoak sekuentziatzea, ahalik eta gene-informaziorik fidagarriena lortzeko.
Bestetik, gene-informazio hori guztia kudeatzeko eta aztertzeko baliabide eta konputazio-lanabes berriak garatu behar izan dira. Hortaz, estatistika-analisi, fitxategi-formatu eta programa berriak garatu dira, datu horietatik guztietatik emaitza esanguratsuak eta erabilgarriak erauzi ahal izateko, hots, big data erabiltzeko. Ondorioz, genoma osoko asoziazio-analisientzat garai berri bat sortzen ari da.
Big data eta gene-informazioaHala ere, ikertzaileek informazio hori guztia eskuratzeko (izan gene-informazioa, izan beste motetakoak) hainbat kontrol iragan behar dituzte. Edozein biobankutan bezala, UKBko arduradunek hainbat prozedura ezarri dituzte datuen erabilera egokia bermatzeko. Horrela, ikertzaileek datu horiek zertarako eta nola erabiliko dituzten azaltzen duen eskabide bat bete behar dute, eta eskabide hori batzorde batek aztertzen du, beharrezko irizpideak betetzen dituela ziurtatzeko. Gainera, ikertzaileek eskabide horretan zeintzuk datu erabiliko dituzten zehaztu behar dute eta bakarrik eskatutako datu horietara sarbidea izango dute.
Arestian esan bezala, iazko urrian argitaratu zen UKBari buruzko oinarrizko artikulua, baina ikertzaileok aspalditik gabiltza gene-informazio horrekin lanean: 150.000 gizakiri buruzko datuak jarri ziren eskuragarri 2015eko maiatzean, eta parte-hartzaile guztien gene-informazioa 2017ko uztailean; hala ere, estrapolazioarekin eragozpenak egon zirenez, gene-markatzaile asko ezin izan ziren aztertu; azkenik 2018ko martxoan jarri zen eskuragarri gene-informazio guztia (eta egokia). Datu hauetatik abiatuta, azken lau urteetan hamarnaka artikulu argitaratu dira hainbat ezaugarri eta gaixotasuni buruz. Argi dago bada biobanku hau lanabes garrantzitsua dela eta, hortaz, mugarri.

2. irudia: Gene-informazioa antolatuta eta gordeta (Irudia: PublicDomainPictures – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Biobankuak munduak zeharBide bera jorratu duten beste biobanku batzuk daude, zenbakiak apalagoak badira ere. Estoniako biobankuak bere sorreraren garaian populazio guztiaren informazio genetikoa eta klinikoa eskuratzea zuen ikusmiran, baina aurrekontuak eragindako eragozpenengatik, 50 mila gizakiren datuak bildu dira. Estoniako populazio helduaren ia %5a. EEBBko Michiganeko Unibertsitateak sustatutako Michigan Genomics Initiative izenekoak 42.000 gizakiren informazio genetikoa, klinikoa eta bestelako datu batzuk bildu ditu. Herbehereetako Lifelines biobankuak 170.000 bat gizakiren laginak biltzen ditu; horietatik 13.000 bat gizakik eman dute gene-informazioa. Dauden biobanku guztietatik aipatutakoak adibide gutxi batzuk besterik ez dira.
Gene-informazioaren gordailu hauek ezaugarrien eta gaixotasunen gene-azterketarako lanabes ahaltsuak bilakatu dira. Lanabes horiek hazten eta hedatzen joango dira, eta tartean norbanakoek bere laginak emango dituztelarik, ezaugarrien eta gaixotasunen gene-oinarriak hobeto ezagutzen joango gara. Horri esker, sendabide berriak proposatuko dira zalantzarik gabe. UKBk egindakoak segida izango duen mugarria izatea espero dugu.
Erreferentzia bibliografikoa:
Bycroft et al. (2018). The Biobank resource with deep phenotyping and genomic data. Nature 562, 203-209. DOI: https://doi.org/10.1038/s41586-018-0579-z
—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
—————————————————–
The post Informazio genetikoaren gordailuak appeared first on Zientzia Kaiera.
Dinosauroak baino lehenagoko animalia ‘berpiztu’ dute, robotikaren bidez
Zein izan zen aurrena, arrautza ala oiloa? Horrelako gauzaren bat galdetzen dizuten hurrengoan, atakatik atera nahi baduzu, egizu politikarien antzera, eta beste zerbait aipatu. Larba. Bai, aurrena larba izan zen. Zalantzarik ez dago. Arrautza ondorengo asmakizuna izan zen, baina, hori baino lehen, larbak ziren jaun eta jabe naturaren haurtzaindegietan. Ondorengoak mundura ekartzeko modu duina zen hori, eta oraindik badira formatu hori erabiltzen duten animalia asko. Baina zalantzarik ez dago: arrautza asmakizun bikaina izan zen. Enbrioia gainerako mundutik babesteko kanpo geruza bat du arrautzak, eta barruan elikagaia asko gordetzeko aukera ematen du ere. Adituek amniota izenaren barruan sailkatzen duten talde baten berrikuntza izan zen arrautza. Narrastiak, hegaztiak eta ugaztunak biltzen dituen kladoa da amniotena. Uretan utzitako larbak erabili beharrean, amniotek arrautzak “asmatu” zituzten (ados, bai: teknikoki, eboluzioa izan zen milaka urteren poderioz garapen hori ahalbidetu zuena. Asmatu, naturan, ezer gutxi asmatu egiten da, noski).

1 . irudia: John Nyakatura eta Kamilo Melo ikertzaileek gidatutako talde batek orain arte paleontologian gutxi erabili izan den metodologia erabili du: fosiletan oinarritutako robota eraiki dute. (Argazkia: Maxime Marendaz)
Asmakizunak lur idorra konkistatzeko aukera zabaldu zuen, larbek ez bezala, arrautzek aukera ematen dutelako enbrioia idorrean garatzeko. Konkista horretarako, ordea, arrautza ez ezik, bestelako egokitzapenak beharrezkoak izan ziren, uretan eta lur idorrean mugitzea oso bestelakoa baita. Lau hanken gainean ibiltzea da egokitzapen horietako bat.
Hori nola lortu zen jakiteko paleontologoek fosiletan oinarritu ohi dute, baina teknologia berriek laguntza asko ematen dute zeregin horretan ere. Oraingoan, zientzialari talde batek robotika erabili du antzinako tetrapodoek ibiltzeko erabiltzen zuten modua hobeto ezagutzeko. Funtsean, edozein paleontologoren ametsa izan litekeena lortu dute: aspaldi desagertutako animalia bat mugimenduan ikustea.
Orobates pabsti izeneko espeziean oinarritu dute Nature aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa. Duela 280 milioi urte bizi zen animalia hura, Permiar garian. Eboluzioaren egutegian, urlehortarren eta narrastien artean kokatutako espeziea zen. Belarjalea, tamaina dezente garatu zuen lehen animalia lurtarra izan zen. Baina Orobatesen ezaugarririk nabarmenena zen mendietan bizi zela. Hain zuzen, hortik datorkio izena: “mendietako ibiltaria”.
Garai horretan animalia espezie batzuk mendietan bizi baziren ere, animalia gehienak kostaldetik gertu bizi zirela uste dute zientzialariek. Baina logikak agintzen du mendietan ibiltzeko lokomozio garaturen bat behar zutela. Egungo teoriek babesten dute lokomozio aurreratu hori narrastiekin batera iritsi zela, hau da, beranduago. Horregatik, gure protagonistak paleontologoen arreta bereganatu du.

2 . irudia: Animalia gehienak kostaldetik gertu bizi ziren garai batean, Orobates mendietan bizi zen. Haren hezurduraren fosilak ez ezik, oinatzen arrastoak ere aurkitu dituzte paleontologoek. (Argazkia: Thomas Martens)
Misterioa argitu aldera, ordenagailu bidez, hiru dimentsioko berreraikitzea egin dute, eta robot bat eraiki dute ere. Jakintza eta irudimena beti batera ez doazela erakusteko edo, OroBOT izena eman diote Orobates fosilean oinarritutako robotari. Berreraikitze digitala eta robota bera eraikitzeko, fosiletatik harago joan dira zientzialariak, eta gaur egun bizi diren zenbait espezietako gorputzaren neurriak kontuan hartu dituzte ere. Baina ikerketa honetarako gako izan den ezaugarria da fosil honen oinatzak kontserbatu direla harrietan “zizelkatuta”, eta horrek, noski, informazio ederra utzi die ikerlariei.
Ibiltzeko modu desberdinak antzeztu eta probatu dituzte, gorputzaren zein hanken mugimenduak konbinatuz. Egungo hainbat animaliak darabiltzaten mugimenduekin alderatu dute ikusitakoa, eta konturatu dira soilik kaimanaren mugimenduekin duela antza.
Ondorioztatu dute animalia horiek orain arte uste zena baino modu hobeagoan ibiltzen zirela, eta, horregatik, iradoki dute lurrean mugitzeko gaitasun aurreratua amnioten agerpena baino askoz lehenago izan zitekeela. Halere, onartu dute ere atera dituzten ondorioak behin-behinekoak direla. Kasu honetan, beste hainbatetan gertatu ohi den moduan, ondorioak ez dira hain garrantzitsuak. Bai ordea, metodologiaren alorrean aurrera emandako urratsa, eta horrek irekitzen dituen ateak, biorobotika paleontologiaren mundura eramanda. Norabide horretan, ate horiek zabal-zabalik utzi dituzte. Eskuratu dituzten datu zehatzak publikoki askatu dituzte, Orobates Interactive gunean, nahi duten ikertzaile guztiek datu horiek erabiltzeko eta ondorioak ateratzeko aukera izan dezaten.
Erreferentzia bibliografikoa:
Nyakatura John, Melo Kamilo et al., (2019). Reverse-engineering the locomotion of a stem amniote. Nature, 565, 351–355. DOI: 10.1038/s41586-018-0851-2
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Dinosauroak baino lehenagoko animalia ‘berpiztu’ dute, robotikaren bidez appeared first on Zientzia Kaiera.
Nola deskafeinatzen da kafea?

1. irudia: Kafeina munduan gehien kontsumitzen den psikoestimulatzaileetako bat da. (Argazkia: Christoph – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Kafeak kafeinari zor dizkio bere efektu estimulatzaileak. Abuztuen kontatu nizuen bezala, kafeina edo 1,3,5-trimetilxantina, nekea eta logalea murrizten dituen substantzia estimulatzailea da. Kafea hartu ondoren 15-45 minututan iristen da odol-kontzentrazio handienean egotera. Kafeina hori kafe-aleetatik dator eta kafe motaren arabera, kafeina edukia desberdina izan daiteke, oro har, kafe alearen masaren %1-%2 izaten da kafeina. Deskafeinatu ondoren, kafe-ale deskafeinatuen kafeina portzentajea %0,1era murriztu behar da Europar Batasuneko araudiaren arabera.
Disolbatzaileak erabiliz deskafeinatzeaDisolbatzaileak erabiliz kafeari kafeina kentzeko, kafe-bihi berdeak disolbatzaile batean beratzen jartzen dira. Prozesu hori bi modutara egin daiteke: modu zuzenean edo zeharkakoan. Prozesu zuzena erabiltzen denean, kafe-aleak lurrunpean jartzen dira poroak ireki daitezen. Horren ondoren, disolbatzaile batean murgiltzen dira. Disolbatzaile horiek mota askotarikoak izan daitezke. Bentzenoa izan zen erabili zen lehena, baina, egun ez da erabiltzen bere toxikotasuna aski ezaguna delako. Erabiltzen direnen artean, etil azetatoa eta diklorometanoa dira arruntenak. Kafe-aleak disolbatzailean murgilduta eduki ondoren, aleak lurrunpean jartzen dira, lehortu egiten dira eta, azkenik, txigortu egiten dira. Pauso horien ostean, guztiz ziurtatzen da disolbatzaile arrastorik ez dagoela aleetan; izan ere, aipatutako disolbatzaileak oso lurrunkorrak dira. Kafeak zuen kafeina disolbatzailean geratzen denez, aleak berak kafeinarik gabe geratzen dira, kafe kafeinagabea prestatzeko erabil daitezkeenak. Arazoen artean aipatu behar da disolbatzaileak beste zenbait konposatu ere kentzen dizkiola kafe-aleari eta, hortaz, zapore aldaketak gerta daitezke.
Beste aukera bat zeharkako metodoak erabiltzea da. Zeharkako metodoetan, lehen pausoa kafe-bihiak ur berotan murgiltzea da. Kafeina eta kafeari zaporea ematen dioten zenbait konposatu uretan disolbatzen dira, baina, kasu honetan, ur hori da disolbatzailearekin nahasten dena -kafe-aleak kendu ondoren-. Disolbatzaileak kafeina disolbatzen du, baina, zaporea ematen duten konposatuak uretan geratzen dira -afinitate gehiago dutelako urarekin disolbatzaile organikoekin baino-. Hortaz, disolbatzailea eta ura erraz banatzen dira eta kafe-aleak berriro ere uretan jartzen dira. Horrela, kafe-aleek konposatu horiek berriro xurgatzen dituzte eta kalitate hobea izango duen kafeinarik gabeko kafea lortzen da.

2. irudia: Kafe deskafeinatua lortzeko kafe-bihiei kafeina erauzi behar zaie, baina, prozesu horretan kafearen ezaugarri aromatikoak mantendu behar dira. (Argazkia: Myriams-Fotos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Karbono dioxidoa eta presioa erabiliz deskafeinatzeaEdozein kasutan, disolbatzaileak erabiliz kafea deskafeinatzen denean, kafeina kentzearekin batera kafearen usain eta zapore bereziak galdu egin daitezke, neurri txikian bada ere. Metodorik merkeenak diren arren, badaude beste batzuk kafeina kentzea ahalbidetzen dutenak kafearen beste ezaugarriak gutxiago aldatuta. Prozesu horietako bat karbono dioxidoa eta presioa erabiliz egiten da. Giro tenperaturan eta ohiko presiopean karbono dioxidoa gasa da, baina, presio handia egiten bazaio eta tenperatura pixka bat igotzen bada, fluido superkritikoa bihurtzen da. Fluido superkritikoak likido eta gasen arteko hibridoak dira eta, baldintza horietan, karbono dioxidoak disolbatzaile moduan joka dezake. Karbono dioxido superkritikoa eta ura nahasten badira, modu oso eraginkorrean erauzten dute kafeina kafe-aleetatik beste konposatuak kendu edo eraldatu gabe, alegia, aipatutako nahastea oso selektiboa da kafeinarekin. Prozesu horren arazorik handiena ekonomikoa da; izan ere, azkoz garestiagoa da disolbatzaile organikoak erabiltzea baino -presio altua eragiteko makineria, mantentze-kostua, eta abar-.
Deskafeinatze naturala?Kafeari kafeina kentzea modu nanturalean edo ekologikoan egiten dutela erakusten dute zenbait kafe markek -zenbait organikozalek ere karbono dioxidoaren metodoa metodo berdetzat ere onartu dute, hori bai-. Hala ere, deskafeinatze prozesu guztiz natural eta ekologikoa saltzen duten kafe markek ura bakarrik erabiltzen dutela diote. Metodo horiek Swiss Water Process delakoan edo antzekoetan oinarritzen dira -azpiko bideoan ikus daiteke-. Funtsa zera da: kafe-bihiak ur berotan jartzen dira kafeina eta beste konposatu aromatikoak uretan disolbatzen direlarik. Ur hori karbonozko iragazkietatik pasaratzen da, kafeinarekiko selektiboa dena, eta beraz, kafeina harrapatuta geratzen da. Jarraian, konposatu aromatikoetan asetuta dagoen ura -jada kafeina kendu zaiona-, beste kafe-ale batzuen kafeina erauzteko erabiltzen da. Ura dagoeneko asetu denez substantzia aromatikoetan, ale berrien kafeina erauzteko gai izango da, baina, ez ditu osagai aromatikoak eramango. Ondoren iragazkitik pasaraziko da kafeina kenduz, eta kafe-aleek beren ezaugarriak mantenduko dituzte. Azalpenak eman ondoren ikus daitekeen bezala, metodo hori benetan naturala den zalantzan jartzekoa da eta ura bakarrik erabiltzen dela esatea agian gutxitxo da.
Nolanahi ere, edozein dela erabilitako metodoa, amaieran aleak lehortu eta txigortu egiten dira. Erauzketan lortutako kafeina beste edari edo produktu farmazeutikotan erabili daiteke. Kafetegietan ikusten dugun kafe deskafeinatuari dagokionez, deskafeinatua sobrekoa denean kafe-aleak deshidratatu egin dira eta hauts moduan aurkezten dira. Aldiz, deskafeinatua makinakoa denean, deskafeinatze prozesua pasa duten kafe-aleak birrintzen dira, kafe arruntaren kasuan bezala. Edozein kasutan, kafeari kafeina kentzeko metodorik naturalena bilatzen den bitartean nire kafe kafeinaduna hartuko dut; izan ere, agian kafeari kafeina kentzea da natural-naturala ez dena.
Informazio osagarria:
- How is decaffeiated coffee made? The chemistry of coffee decaffeination, compoundchem.com, 2018.
- Descafeinado “natural”, elblogdebuhogris.blogspot.com, 2016.
- ¿Cómo se le quita la cafeína al café para que sea descafeinado? directoalpaladar.com, 2016.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Nola deskafeinatzen da kafea? appeared first on Zientzia Kaiera.
Adiskidetasunaren neurozientzia
Adiskidetasuna ez da gizakien artean bakarrik ematen. Primateen, zetazeoen eta elefanteen artean ere adiskidetasuna ikusi da. Baita askoz gutxiago ikertutako animalien artean, saguzar banpiro emeen artean, esaterako. Urritasun garaietan lortutako odola beste emeekin partekatzen dute saguzar eme hauek, elikagairik gabe egun bat baino askoz gehiago bizitzeko gai ez diren animalien artean garrantzia handiko ekintza.

1. irudia: Homofilikoak gara adiskidetasunari dagokionez, gure antza duten pertsonak nahiago ditugu.
Lagunik ez dutenek gabezia fisiko eta emozionalak izaten dituzte. Eta ez edonolakoak, ondo ikertutako bestelako arrisku-faktoreak (obesitatea, hipertentsioa, langabezia, sedentarismoa, erretzea) bezainbesteko eragina izan dezake eguneroko bizitzan. Lagunik ez duten pertsonek, sozialki isolaturik daudenak, gaixotasun eta heriotza goiztiar maila altuak dituzte.
Jakina da pertsonak homofilikoak garela: gure antzekoak diren lagunak nahiago ditugu. Hala, adina, erlijioa, maila sozioekonomikoa, maila akademikoa, tendentzia politikoa edota bostekoa emateko indarra bezalako ezaugarrietan gure antza duten pertsonak nahiago ditugu lagun gisa. Horrek ez du esan nahi bestelako lagunik izan ez dezakegunik, baina, orokorrean, aurrekoetan antzekotasunak handiagoak dira bi lagunen artean bi ezezagunen artean baino.
Homofiliarako joera, “bestelako” zenbat eta gutxiago den besteekin harremanak egiteko joera, gizarte ehiztari-biltzaile zein gizarte industrializatuetan hauteman da.
Adiskideen arteko antzekotasunak maila genetikoan ere gertatzen dira. Adiskidetasun harremanen sorreran, egituretan eta ezaugarrietan eragina dute geneek. Ez hori bakarrik, bi adiskideren genomek, nukleotido bakarreko polimorfismo (SNP) mailan ere korrelazio positiboa dute, homofilikoak dira. Ezezagunekiko antzekotasunarekin konparatuta, laugarren mailako lehengusuen baliokidea da.
Maila biokimikoan ere hala gertatzen da. Ikusi da harreman sozial sendoak dituzten pertsonek fibrinogeno kontzentrazio baxuak dituztela. Biomarkatzaile moduan erabiltzen den proteina da fibrinogenoa, inflamazioarekin eta arrisku kardiobaskularrarekin lotutakoa. Adiskidetasunaren eta gaixotasun kardiobaskularren arteko harremana ezezaguna da egun, dena den.
Adiskidetasuna neurozientziarekin ikertzenNerbio sisteman erantzuna sorrarazten duen eguneroko estimuluei erreakzio naturalak ikertzea erabaki zuen Carolyn Parkinsonen taldeak. Talde sozial zabala aukeratu zuten, non intentsitate ezberdineko adiskidetasunak aurki zitezkeen: 279 ikasleko unibertsitate klasea. Elkar ezagutzen zuten ikasleek eta, zenbait kasutan, erresidentzia berdinetan bizi ere. Norekin bazkaltzen zuten, norekin joaten ziren zinemara, noren etxera izan ziren gonbidatuak… bezalako galderak zituzten galdetegiak bete behar izan zituzten. Haien arteko harremanaren intentsitatea finkatzeko indikatzaile ahalik eta objektiboenak aurkitzeko baliatu ziren galdetegiak.
Ikasleen harreman sozialen mapa egin zuten datuak baliatuta. Konexio maila ezberdinak kontuan izan ziren mapan: nor zen noren lagun, adiskidetasun mailarik altuenetik baxuenera, soziograma, azken batean. Lagunak, lagunen lagunak, lagunen lagunen lagunak, e.a. biltzen zituen sarea.

2. irudia: Parte hartzaileekin soziograma osatu zuten ikerketaren lehen fasean, haien arteko harremanak biltzen zituena.
Ikerketaren bigarren fasean 42 ikaslek hartu zuten parte. Erresonantzia magnetikoa egin zieten hainbat bideo ikusten zuten bitartean. Bideoak ezberdinak ziren edukian eta baita iraupenean ere eta boluntarioek ez zuten ikusten zutenaren gaineko inongo kontrolik.
Eduki ezberdina zuten bideoek: elikagaien produkzioa multinazionalen eskuetan uztearen arriskuen ingurukoa zen bat, unibertsitatean errugbira jokatzearen arriskuaz bestea, bikote homosexual judutar baten ezkontza, Chris Hadfield astronautak urak espazioan duen portaera zein den azaltzen zuen hurrengoan eta beste batean Liam Neesonek komedia inprobisazioa egiten zuen.
Homofilia neuralaHomofilia neurala ere badugula frogatzen dute ikerketaren emaitzek. Estimuluaren ondoren eta odol jarioa seinale gisa erabilita, garunaren emaitzak izugarri antzekoak dira bi adiskideren artean eta antzekotasun hori distantzia sozialarekin batera gutxitzen da.
Lagun minen garunek erantzun antzekoak izan zituzten bideoak ikusi zituztenean: atentzioan gorabehera berdinak momentu berdinetan, indartze positiboen eta saritze zentzuan maila goren berdinak, asperdura eta neke alerta berak. Antzeko aktibazio patroiak dituzten garun bertsuak bideoak ikusten ari zirela ematen zuen. Garun eskanerretan antzekotasunak bereziki deigarriak dira accumbens nukleoetan, sari zirkuituaren parte dena, eta baita goi lobulu parietalean, kanpo inguruneari zenbat arreta jartzen zaion erabakitzen duena.
Emaitzen arabera antzekotasun harrigarria dago lagunen artean mundua hautemateko eta honi erantzuteko moduan. Garrantzitsua da batzuek besteengan zelan duen eragina ulertzeko eta harreman pertsonaletarako norekiko atrakzioa dugun ulertzeko.
Iturria: Neuroscience of friendship
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
——————————————————————
The post Adiskidetasunaren neurozientzia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #238
Zer da hobe seme-alabak izatea ala ez izatea? Mundu akademikora iritsi da eztabaida hau. Ameriketako Estatu Batuetan egin duten ikerketa batean ondorioztatu zuten apur batez hobeto bizi zirela seme-alabak zituztenak. Beste ikerketa batean 161 herrialdeko datuak aztertu dira eta bertan ondorioztatu dute seme-alabak dituzten gizonek sentipen on edo txar bortitzagoak izaten dituztela. Ez da hori emakumeen kasua: aztertutako herrialdeen 2/3etan emakumeek ez dituzte sentipen onak bortizkiago nabaritzen. Gizonek eta emakumeek desberdin sentitzen dute aitatasuna eta amatasuna, eta gizonek hobeto sentitzen dute.
IngurumenaElhuyar aldizkarian irakur daiteke itsasoko olatuek gero eta energia gehiago dutela, Kantabriako Unibertsitatean egin duten ikerketa baten arabera. Ondorioztatu dute klima-aldaketaren eraginez gertatu dela. 1948tik aurrera urtean % 0,4 handitu da ozeanoetako olatuen energia, Elhuyar aldizkariak azaltzen digun moduan. Ikertzaileek ohartarazi dute horrek ondorio garrantzitsuak izan ditzakeela kostaldeko komunitateetan, are gehiago kontuan hartuta itsas-maila ere igotzen ari dela.
OsasunaJosu Lopez Gazpiok ohartarazten digu tentuz ibili behar dugula albisteetan irakurtzen dugunarekin. Azaro partean, hedabide batzuek argitaratu zuten ardoa eta txokolatea hainbat onura ekar ditzaketela eta beste batzuek esan zuten txokolateak, adibidez, bizitza luzatu ere egin dezakeela. Lopez Gazpiok albistearen eta ikerketaren arteko aldeak seinalatu dizkigu artikulu honetan. Adibidez, hedabideetan azaldu da zinkak eta hidrokinonak oxidazio-estresaren aurka lagundu dezaketela eta, hortaz, bizitza luzatzen laguntzen dutela. Hidrokinonak ardoan, kafean, tean eta txokolatean daudenez, elikagai horiek bizitza luzatzeko eraginkorrak direla azaldu dute. Ikerketak ordea oso gauza zehatza aztertu du: zinkaren eragina molekula jakin batekin elkartzen denean. Hortaz, elikagaiak ez dira osotasunean aztertu. Adibide bat ematearren: ardoak polifenolak ditu baina beste osagaiek alkohola osasungarri ez izatea eragiten dute.
MeteorologiaArnaitz Fernandez meteorologia dibulgatzaileari egin diote elkarrizketa Berrian. Kimika ikasten ari da EHUn baina meteorologia txikitatik gustatu izan zaio eta hori sare Sozialetan zabaltzen dabil. Berak kontatzen du: “Txikitan, leihoaren ondoan geratzen nintzen elur malutei begira. Neure buruari galdetzen nion ea zergatik egiten zuen elurra. Dibulgazio liburuak irakurtzen hasi, eta jakin-mina handituz joan zen”. Zientzia modu erakargarrian zabaltzea zaila dela dio, baina teknologiak laguntzen duela gaineratzen du. Halere, berak dio tentu handiz ibili behar dugula sare sozialetan irakurtzen ahal ditugun ideia sasi-zientifikoekin.
MedikuntzaBerriki James Watsoni ohorezko izendapen guztiak kentzea erabaki du Cold Spring Harbor Laborategiak bere pentsaeragatik. Hala irakur daiteke Elhuyar aldizkarian. Izan ere, arraza zuriaren nagusitasunean sinesten du eta oinarri genetikoa duela ere adierazi izan du inoiz. James Watsonek Medikuntza eta Fisiologiaren Nobel saria jaso zuen 1962an, Francis Crickekin batera, DNAren egitura argitzeagatik.
GeokimikaGeokimika Isotopikoak/Geokronologiak azken hamarkadetan izan duen bilakaerak hainbat teknika analitikoren hobekuntza eragin du, gerriko metamorfikoen tektonikaren gaineko informazioan iraultza eraginez. Hemen azaltzen den lan honetan, Rb-Sr eta Lu-Hf sistemak MC-ICP-MS bidez analizatzeko metodologia garatu da alde batetik, eta Hf-Hf eta U-Pb sistemak LA-ICP-MS bidez neurtzeko teknikak bestetik. Teknika horiek Iberiar mendigunearen ipar-mendebaldeko Malpica-Tui eta Cabo Ortegal Konplexu Aloktonoetako presio altuko arroka metamorfikoen dataziorako eta trazaketarako erabili dira.
AstronomiaGau polarraz hitz egin dute Berrian asteon. Zehazki, Alaskako Utqiagvik herria ekarri dute adibide: urtarrilaren 23an espero da lehen aldiz eguzki argia ikusi ahal izatea 65 egunen buruan. Joan den azaroaren 18an ikusi zuten azkenekoz eguzkia hango herritarrek; ordubete eta lau minutu eskas iraun zuen egun hartan eguzki argiak. Urtero gertatzen den fenomenoa da gau polarra eta Europa iparraldeko herrialde askotan ikus dezakegu. Nola egiten diete aurre bertako herritarrek fenomenoari? Irakur ezazue artikulua osorik!
NeurozientziaGero eta zailagoa egiten zaigu arreta mantentzea, pantailez inguraturik gaudelako. Ildo horri jarraiki, zientzialari batzuk, zehazki Queenslandeko (Australia) Unibertsitateko ikertzaileak, gai izan dira arreta ahalbidetzen duen garuneko prozesu bat identifikatzeko. Hori lortzeko, optogenetika izeneko teknika bat baliatu dute. Testuan azaltzen den moduan, sistema kolinergikoan omen dago gakoa. Ikerketan parte hartu duen Stephen Williams ikertzaileak azaldu du: “Uste dugu gauza berdina gertatzen dela gizakien neokortexean, eta horri esker gai garela gure arretaren fokua aldatzeko. Honek ere azal lezake zergatik gertatzen diren kognizioari lotutako gaitzak nerbio-sistema parasinpatikoak huts egiten duenean”.
Elektrokimika1834an, Faradayk artikulu bat argitaratu zuen non sistematikoki erabiltzen zuen nomenklatura elektrokimiko berria, ioi, anioi eta katioi hitzak barne. 1812. urtearen inguruan, Berzeliusek jada identifikatua zuen afinitate kimikoaren indarra korronte elektrikoaren indarrarekin eta onartua zuen atomo (edo atomo-talde) kargatuek loturik irauten dutela aurkako karga elektrikoek sortutako indarrengatik. Baina Berzeliusen teoria hau atxikimenduak galduz joan zen pixkanaka. 1887an Svante Arrehnius-ek proposatu zuen elektrolitoen molekulak ur-disoluzioan (disolbatua) daudenean ioi kargatuetan deskonposatzen direla. Ioiak molekula aktibatuen barruan labur-labur existitzen direlako hipotesi elektrokimikoak arrakasta izan zuen XX. mendeko lehen urteetan. 1916 eta 1919 urteen artean identifikatu zuten elektroia zela balentzia-lotura polarren (ionikoa) eta ez-polarren (kobalentea) oinarrizko osagaia.
Psikologia1961ean, Stanley Milgram psikologo estatubatuarrak esperimentu bat abiatu zuen obedientziaren muina aztertzeko: batzuk irakasleak izango ziren (boluntarioak), eta besteak, ikasleak (Milgramen konplizeak). Irakasle rola egokitzen zitzaion boluntarioak deskarga elektriko bat eman behar zion ikaslearena egiten zuenari, oker erantzuten zuen bakoitzean. Akatsak pilatu ahala, deskargaren indarra areagotzen zihoan. Irakasleak soilik ikasleen garrasiak entzuten ahal zituen eta ez zekien garrasiak eta deskargak gezurrezkoak zirela. Emaitza oso esanguratsua izan zen: irakasle rola izan zuten 40 boluntarioetako 26 450 volteko deskarga ematera iritsi ziren. Esperimentu honek kritika asko jaso ditu egin zenetik. Berriki beste bat egin dute eta hori gauzatzeko errealitate birtuala erabili dute! Londreseko Unibertsitateko ikasleekin berregin dute Milgramek egindakoa. Irakur ezazue Berrian zeintzuk izan diren esperimentuaren ondorioak!
TeknologiaDonostia International Physics Centerrek itun bat sinatu du Barcelona Supercomputing Centerrekin, Ikerbasqueko zientzialariek Mare Nostrum superordenagailua erabiltzeko modua izan dezaten. Munduko azkarrenetan 25.a eta Europako bosgarrena da. Berrian galdera bat planteatzen dute arlo honen harira: “Zergatik izan daitezke horren indartsuak ordenagailu kuantikoak?” Prozesagailu klasikoak bitarrak dira eta bit bakoitza egoera zehatz batean egon daiteke: 0 edo 1. Ordenagailu kuantikoan, ordea, qbit edo bit kuantikoetan kodetzen da informazioa, eta horiek egoera batean baino gehiagotan egon daitezke aldi berean. Mare Nostrum-en kasuan, ordenagailu klasikoa da, bitarra eta mekanika kuantikoaren arabera funtzionatzen du.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #238 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #245
Sare sozialetan albiste faltsuak benetakoak baino azkarrago zabaltzen dira. Zergatik izan daiteke? Martha Villabonaren Why is false information more disseminated than true information?
Bai, bai, jakinduriari zaletasunagatik egiten du zientzia jendeak. Bai. Baina artikuluak eta liburuak sinatzen dituzte, sariak hartu eta haien izena eta ospea garrantzitsua da. Hala izan da eta da, eta zientzia gizakiek egiten duten artean, hala izango da. Jesús Zamora Bonillaren Karl Popper’s ‘constitution of science’ (& 3)
Zelan sortzen dira zulo beltz supermasiboak? Normalen sorrera izar handiago edo txikiago baten kolapsoarekin azal daitezke, baina zelan sortzen dira eguzkiaren masaren 10.000 milioi aldiz masa duten zulo beltzak? DIPC: The dark collapse of merging galaxies as the origin of supermassive black holes
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #245 appeared first on Zientzia Kaiera.
Inma Hernaez: “Hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonentzat ahots sintesia oso egokia izan daiteke” #Zientzialari (108)
Ahots sintesiaren bitartez testu idatz batetik dagokion mezu akustikoa lortu daiteke. Teknologia honen garapena nahiko berria izan arren, aplikazio ugari ditu jadanik.
Aplikazio hauen artean burura etortzen zaigun ohikoena aparatu elektronikoekin zerikusia duena da. Esaterako, mugikorra erabiltzean teklatura jo beharrean ahotsa erabiltzen dugunean eta aparatuak berak era berean erantzuten digunean. Teknologia hau pertsonen arteko komunikazioan lagungarria izan daiteke ere, besteak beste, itzulketak egiterako orduan edota ahots ezgaitasun bat duten pertsonen kasuan.
Azken urteotan ahots sintesiak sekulako aurrerakuntzak izan dituen arren, zeintzuk dira gaur egun dituen erronka nagusiak? Galdera honi erantzuteko Inma Hernaez UPV/EHUko Aholab ikerketa-taldeko zuzendariarekin izan gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Inma Hernaez: “Hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonentzat ahots sintesia oso egokia izan daiteke” #Zientzialari (108) appeared first on Zientzia Kaiera.
Masa-espektrometria prozedura analitiko berriak Geokimika Isotopikoan eta aplikazioa presio-altuko arroka metamorfikoen azterketan

Irudia: Cabo Ortegal Konplexu Aloktonoetako presio-altuko arroka metamorfikoen datazio eta trazaketarako erabili dira teknika hauek. (Argazkia: FotoLibre).
Ondorioz, erabiltzen diren tekniketako zehaztasun, zuzentasun edo sentikortasun parametroak, orain dela urte batzuk pentsaezinak ziren mailetara heldu dira, lagin kopuru txikien datazioa ahalbidetuz arroka eta mineraletan. Aurrerapen hauek, ikerlarien jakin minarekin batera, aukera sorta zabala zabaldu dute datazioei dagokienez.
Azken urteotan, Euskal Herriko Unibertsitateak UPV/EHU berariazko tresneria analitikoa erosi eta gela zuriak eraiki ditu. Tresna hauen erabileran aurrerapausoak eman nahian munduan gehien erabiltzen diren metodo geokronologikoen inplementazioa eta hobekuntzak ahalbidetu dituzten teknika ezberdinak garatu dira.
Alde batetik, diluzio-isotopiko eta detektagailu anitzeko induktiboki akoplatutako plasma iturridun masa-espektrometro (ID-MC-ICP-MS) bidezko metodo analitikoak garatu dira Rb-Sr eta Lu-Hf sistemen erabilerarako. Rb eta Lu-a elementu erradioaktiboak dira, denborarekin Sr eta Hf-rako desintegrazio-erradioaktiboa jasaten dutenak. Desintegrazio hori neurgarria da, eta horri esker arroka edo mineral ezberdinen adinak ezagutu daitezke.
Analisiak egin aurretik, laginaren ezaugarrien eta lortu nahi diren helburuen araberako tratamendu espezifikoa egiten da. Horrela, laginaren deskonposizio prozesuan trazatzaile bat, isotopo jakin batean aberastuta dagoen disoluzioa, gehitzen zaio laginari, interesekoa den arrazoi-isotopikoa ahalik eta zehatzen eta zuzenen neurtzeko. Ondoren, intereseko elementuak gainerako elementuetatik isolatzea beharrezkoa da gerta daitezkeen interferentzia isobarikoak ekiditeko, horretarako erauzte eta katio-truke kromatografian oinarritutako erretxina ezberdinak erabiltzen direlarik. Elementuetako bakoitzak erretxina hauekiko eta azido ezberdinekiko duen portaera dela eta, Rb, Sr, Lu eta Hf-aren isolamendua lortzen da. Ezagunak diren nazioarteko erreferentziazko materialen analisien bidez egiaztatu ahal izan denez, lagin geologikoen tratamendurako ezarritako deskonposizio zein sistema bakoitzaren elementuak isolatzeko prozedurek ondo funtzionatzen dute; metodo biak ikerketa geokimiko/geokronologikoetan erabiltzeko erabat fidagarriak direla baieztatuz.
Beste alde batetik, laginaren lekuan bertako (in situ) analisiak egiteko teknikak ere martxan jarri dira, Geologian gero eta interes handiagoa daukatenak. Horrela, U-Th-Pb (Uranioak Torio eta Berunerako desintegrazio-isotopikoa jasaten du) eta Lu-Hf sistemak zirkoietan analizatzeko metodoak arrakastarekin garatu dira. U-Th-Pb-aren kasuan induktiboki akoplatutako plasma iturridun masa-espektrometro kuadrupolarrari (Q-ICP-MS) elkartutako laser ablazio-sistemaren bidez burutzen dira analisiak; Lu-Hf-an MC-ICP-MSari lotzen zaiolarik laser ablazio-sistema berbera. Analisiak Geologian erabiltzen diren xafla petrografiko arruntetan egiten dira zuzenean. Kasu honetan ere, nazioarteko erreferentziazko materialetan lortutako emaitzak bat datoz erreferentziazko balioekin.
Sistema bakoitzaren prozedura analitikoei datxekien arazo eta ziurgabetasun guztientzako irtenbideak topatu ahal izan dira, eta beraz, metodo guztiak zuzen garatu dira; komunitate zientifikoaren eskura geratzen direlarik.
Azkenik, teknika hauek Iberiar Mazizoaren Ipar-Mendebaldeko Malpica-Tui eta Cabo Ortegal Konplexu Aloktonoetako presio-altuko arroka metamorfikoen datazio eta trazaketarako erabili dira. Lortutako emaitzen arabera, arroka hauek Erdi eta Goi Devoniarrean gertatutako protolito Ordoviziarren subdukzio prozesu baten ondorioz sortutakoak dira (orain dela 390 Mu Goi Aloktonoan eta 370-375 Mu Behe Aloktonoan). Behe Aloktonoaren subdukzioa presio-altuko Goi Aloktonoaren unitateena baino 15-20 mu geroago ematen da, Reiko ozeanoaren zabalera txikia zela ondorioztatuz. Rb-Sr adinak, 360 Mu inguru bi aloktonoetan, berrabiarazitako adintzat hartzen dira, eta zirkoi berrien hazkuntzarekin batera, exhumazio prozesuan fluidoen aktibitate garrantzitsua iradokitzen dute.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 33
- Artikuluaren izena: Masa-espektrometria bidezko prozedura analitiko berrien garapena Geokimika Isotopikoan eta haien aplikazioa presio altuko arroka metamorfikoen azterketan.
- Laburpena: Geokimika Isotopikoak/Geokronologiak azken hamarkadetan izan duen bilakaerak hainbat teknika analitikoren hobekuntza eragin du, gerriko metamorfikoen tektonikaren gaineko informazioan iraultza eraginez. Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) berariazko tresneria analitikoaren jabe da, munduan gehien erabiltzen diren metodo geokronologikoen inplementazioa eta hobekuntza ahalbidetuz. Lan honetan, Rb-Sr eta Lu-Hf sistemak MC-ICP-MS bidez analizatzeko metodologia garatu da alde batetik, eta Hf-Hf eta U-Pb sistemak LA-ICP-MS bidez neurtzeko teknikak bestetik. Teknika horiek Iberiar mendigunearen ipar-mendebaldeko Malpica-Tui eta Cabo Ortegal Konplexu Aloktonoetako presio altuko arroka metamorfikoen dataziorako eta trazaketarako erabili dira. .
- Egileak: Aratz Beranoaguirre, Jose Ignacio Gil Ibarguchi, Pablo Puelles Olarte.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 167-179
- DOI: 10.1387/ekaia.17774
————————————————–
Egileez:
Aratz Beranoaguirre Instituto Geológico y Minero de España (IGME) eta UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Sailean dabil, Jose Ignacio Gil Ibarguchi UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Sailean dabil eta Pablo Puelles Olarte UPV/EHUko Geodinamika Sailean.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Masa-espektrometria prozedura analitiko berriak Geokimika Isotopikoan eta aplikazioa presio-altuko arroka metamorfikoen azterketan appeared first on Zientzia Kaiera.
Ioiez

Irudia: Svante Arrehniusek proposatu zuen elektrolitoen molekulak ur-disoluzioan daudenean ioi kargatuetan deskonposatzen direla, nahiz eta korronte elektrikorik ez izan.
1834an, Faradayk artikulu bat argitaratu zuen Londresko Royal Societyren Philosophical Transactionsetan; artikuluan sistematikoki erabiltzen zuen nomenklatura elektrokimiko berria, ioi, anioi eta katioi hitzak barne.
Faradayk bezala, Humphry Davy-k Londresen eta Jöns Jacobs Berzelius-ek Stockholmen, bateria erabiltzen zuten substantzia konposatuak korronte elektrikoaren bidez deskonposatzeko, bereizitako osagaiak polo elektriko edo elektrodoetan bereiz ipinita. 1812. urtearen inguruan, Berzeliusek jada identifikatua zuen afinitate kimikoaren indarra korronte elektrikoaren indarrarekin eta onartua zuen atomo (edo atomo-talde) kargatuek loturik irauten dutela aurkako karga elektrikoek sortutako indarrengatik. Teoria hori teoria dualista izenaz ezagutu zuten espezialistek edo, oro har, konposatze eta deskonposatze kimikoen teoria elektrokimikoa izenaz.
Berzeliusen teoria elektrokimikoa atxikimenduak galduz joan zen pixkanaka, atomo berdinek osatutako substantziak aurkitu ahala ―hala nola hidrogenoa (H2)― eta egiaztatu zelako kloro-atomoek (“negatiboki kargatuak”) hidrogeno-atomoak (“positiboki kargatuak”) ordezkatu ahal zituztela hidrokarburoetan. Jakina, Berzeliusen teoriak aintzat hartzen zuen lotura guztiak ioien artean gertatzen zirela; horri gaur egun lotura ionikoak (polarrak) esaten diogu.
Svante Arrehnius-ek 1887an proposatu zuen elektrolitoen molekulak ur-disoluzioan (disolbatua) daudenean ioi kargatuetan deskonposatzen direla, nahiz eta korronte elektrikorik ez egon. Ioiak existitzen direlako eta prozesu fisiko eta kimiko askotan parte hartzen dutelako ustea handitzen lagundu zuen proposamen horrek.
XIX. mendearen amaieran, ioiak eta partikula ionizatuak modako azterketa arlo bihurtu ziren, 80 eta 90eko hamarkadetan izpi katodiko eta anodikoen —biak partikula kargatuek osatuak— izatasunaren gainean egindako ikerketen ondorioz.
Ioiak sortzeko beren ahalmenagatik hauteman ahal izan ziren X izpiak eta erradioaktibitatea, eta ioiak izateagatik alfa- eta beta-desintegrazioen kasuan. Elektrometroen hobekuntzak ionizazio kopuru txikiak hautematea ahalbidetu zuen; hala egiten zuen Hans Geiger-ek eta Walther Müller-ek XX. mendeko 20ko urteetan asmatutako detektagailuak ―“Geiger kontagailua” izenaz ezaguna―. Erradiazio kosmikoa ere hauteman ahal izan zen materian zituen eragin elektrikoei esker, eta partikula ionizatuak ikusgai ziren C.T.R. Wilson-ek 1899an asmatutako laino-ganberan uzten zituzten arrastoei esker.
Ioiak molekula aktibatuen barruan labur-labur existitzen direlako hipotesi elektrokimikoak jarraitzaileak irabazi zituen XX. mendeko lehen urteetan, balentziaren teoria elektronikoak bere lehen urratsak eman ahala, Joseph John Thomson, Walther Kossel, Gilbert N. Lewis eta Irving Langmuir-en eskutik.
Lewisek, eta geroago Langmuirrek, 1916 eta 1919 urteen artean identifikatu zuten elektroia zela balentzia-lotura polarren (ionikoa) eta ez-polarren (kobalentea) oinarrizko osagaia. Hurrengo bi hamarkadetan, Arthur Lapworth-ek, Robert Robinson-ek eta, bereziki, Chistopher Ingold-ek kimika organikoa irauli zuten erreakzio-mekanismoen ikuskera berri bati esker, elektroien eta ioien teoriak konposatu aromatiko eta alifatikoei aplikatuta. Ioien historia dugu kimika modernoa.
——————————————–
Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta
Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao
——————————————–
The post Ioiez appeared first on Zientzia Kaiera.
Arreta bideratzeko garunak darabilen mekanismoa argitu dute, neuronak argiztatuz
Gero eta zailagoa da arreta mantentzea. Ez da sekretua. Jende askoren ahoan dabilen arazoa da. Jakinarazpenak gozoki baten antzera loratzen dira sakelako telefonoetan, eta, horien aurrean, berehala argitzen zaigu begitartea. Kontua da gehienetan hori ez dela gertatzen gogoan zerbait piztu egin zaigulako, LED argiaren eraginpean gaudelako baizik. Arimaren ispilua beharrean, mugikorraren ispilua bihurtu ohi zaigu aurpegia.

1. irudia: Etengabean jasotzen dituen estimuluen artean, batean arreta jartzeko ahalmena du garunak, baina prozesua nola gertatzen den ez dago argi. (Argazkia: Victor Larracuente / Unsplash)
Dagoeneko ilea urdinduta daukatenak ondo oroituko dira orain arte bete ez diren agintza horietaz: Internetek mundu mailako eztabaida sakona ekarri behar zuen, etengabeko demokrazia zuzena garatzeko tresna bikaina zen eta. Eta aitortu behar zaizkio aitortu beharrekoak, sareak izugarrizko onurak ekarri dituelako ere. Derrigorrezkoa da, gainera, edalontzia erdi beteta ikustea, horrela garatu baita zibilizazioa. Baina, halere, ezin uka bizimodu berriak kutsu mingotsa ere utzi duela. Buzz Aldrin astronautak ederki laburbildu zuen ideia hori aldizkari baten azalean: “Marten koloniak agindu zenizkidaten. Horien ordez, Facebook daukat”.
Bitartean, jakinarazpenek horretan sakontzeko bidea ematen dietenean bederen, neurozientzialariek gertutik jarraitzen dituzte arretari lotutako kontuak, eta sareak bidea ematen du hizkuntza txiki baten hiztunei zientzialari horiek egiten dituzten aurrerapenen berri ematea, Euskal Herrian eta mundu osoan ere. (Oroitu, edalontzia erdi beteta, beti).
Arretari buruzko aurrerapen baten berri eman dute ikertzaileek, baina hori ulertu ahal izateko, testuinguru pixka bat beharrezkoa da. Neurologoek jakin badakite zerbaiten arreta jartzen dugunean garuneko neokortexean aldaketa batzuk gertatzen direla. Bertan dauden hainbat neuronen gorputzek haien arteko sinkronizazioa gelditu egiten dute, eta bakoitzak bere kasa jotzen du. Prozesu horri esker, neurona bakoitza gai da estimulu sentsorial bati modu independentean erantzun bat emateko. Gutxi gorabehera, garunak modu horretan lortzen du arreta.
Prozesu hori beharrezkoa da garunak iragazi baten antzera funtzionatzeko. Bestela, garunak ezingo luke bereizi uneoro joka ari diren estimulu guztien artean zeintzuk diren benetan garrantzitsuak. Halere, gutxi ezagutzen da prozesu horretan parte hartzen duten neuronen inguruan, edo, hobeto esanda, bakoitza bere kasa doazen neurona horiek koordinatzeko garunak erabiltzen dituen mekanismoen inguruan. Gaia argitu berri du Queenslandeko (Australia) Unibertsitateko ikertzaile talde batek, arreta ahalbidetzen duen garuneko mekanismoaren pasarte garrantzitsu bat deskribatu dutelako Neuron aldizkarian.
Garuneko sistema kolinergiko izenekoak du, hein handi batean, koordinazio horren ardura. Zenbait zelulek askatzen duten azetilkolina izeneko neurotransmisorea erabiltzen da horretarako: horren bitartez, entzefalo osoa hartzen duten konexioak lortzen dira. Baina, argitu berri dutenez, azetilkolinan oinarritutako mekanismo hori ez da etengailu hutsa, eta estimuluak zehazteko orduan rol garrantzitsua jokatzen duela ikusi dute. Hots, sistema hau beharrezkoa da arreta mantentzeko.

2. irudia: Neurona baten dendritak urre koloreaz eta axoiak berdez margotu dituzte irudi honetan, garunean izaten den prozesua irudikatzeko. (Irudia: Lee Fletcher/ Queenslandeko Unibertsitatea)
Orain argitu dute zehazki zeintzuk diren prozesuan parte hartzen duten neuronak. Horretarako, ikertzaileek optogenetika izeneko teknika baliatu dute. Azken urteetan dezente garatu den teknika honek argia erabiltzen du neuronak “markatzeko”, eta modu horretan aukera dago jakiteko zelula bakoitzak noiz egiten duen lan. Horretarako, baina, lehenik eta behin zelula horiek genetikoki eraldatu behar dira, argiaren aurrean sentikorrak izan daitezen. Halako esperimentuak, momentuz, arratoietan egin behar dira, noski, eta horixe egin dute oraingoan ere.
Neurona multzo zehatz bat kitzikatu dutenean -zehazki, adituek 5 B motako neurona piramidal gisa ezagutzen dituzten neuronak dira horiek-, sistema kolinergikoaren jarduera asko handitu dela egiaztatu ahal izan dute. Ondorioztatu dute neurona horiek inplikatuta daudela arretaren mekanismoaren sorreran. Are gehiago, uste dute sistema kolinergikoak nolabait aukera ematen diela hainbat neuronei “lanean” egoteko, arreta-egoera edozein izanda ere. Era horretan, arreta eta kontzentrazioaren arteko aldaketa azkarrak egiteko aukera gu garunak.
Ikerketan parte hartu duen Stephen Williams ikertzaileak prentsa ohar batean azaldu du aurkitu berri duten honek duen ibilbidea: “Uste dugu gauza berdina gertatzen dela gizakien neokortexean, eta horri esker gai garela gure arretaren fokua aldatzeko. Honek ere azal lezake zergatik gertatzen diren kognizioari lotutako gaitzak nerbio-sistema parasinpatikoak huts egiten duenean”.
Sistema hori hobeto ezagutzearen garrantzia nabarmendu du zientzialariak. “Sistema kolinergikoak esan dio garunari: ‘kontu hau garrantzitsua da, eta, beraz, horri adi egon behar duzu'”, azaldu du.
Erreferentzia bibliografikoa:
Williams Stephen R., Fletcher Lee N., (2018). A Dendritic Substrate for the Cholinergic Control of Neocortical Output Neurons. Neuron, 101, 1–14. DOI: https://doi.org/10.1016/j.neuron.2018.11.035
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Arreta bideratzeko garunak darabilen mekanismoa argitu dute, neuronak argiztatuz appeared first on Zientzia Kaiera.
Ardoa eta txokolatea bizitza luzatzeko?

1. irudia: Hainbat hedabidek argitaraturakoaren arabera, txokolateak eta ardoak bizitza luzatzen dute. (Argazkia: congerdesign – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Ikerketan aipatzen den moduan, oxigeno-espezie erreaktiboak -ROS, Reactive Oxygen Species- organismoan metatzea hainbat gaixotasunekin lotuta dago, hala nola arazo kardiobaskularrak, neurologikoak, hanturak eta baita zenbait minbizi mota ere. ROSak arnasketa zelularraren ondorioz ekoizten dira, baina, beste hainbat prozesutan ere izan dezakete jatorria, esaterako, UVA erradiazioek ere oxigeno-espezie erreaktiboak sortzen dituzte. Espezie horiek biomolekulak kaltetzeko gai dira, besteak beste, proteinak eta lipidoak. Egun ere ROSek gaixotasun horietan duten eragina guztiz ezagutzen ez den arren -eztabaidagaia da zientzia-komunitatean-, litekeena da antioxidatzaileak hartzea gaixotasun horiek eragina saihesteko, edo gutxienez murrizteko, bidea izatea. Hori ere eztabaida puntua da adituen artean, Zientzia Kaieran bertan azaldu nuen bezala. Hain zuzen ere, litekeena da erradikal askeen eta antioxidatzaileen teorian hain sinplea ez izatea eta dietan antioxidatzaile gehiegi hartzea ere kaltegarria izatea.
Albisteek diotenaHedabide orokorretan irakurgai dagoen informazioaren arabera, ardoan, kafean, tean eta txokolatean dauden antioxidatzaileak -polifenolak edo, zehatzago, hidrokinonak- oxidazio-estresaren aurka lagundu dezakete. Hori bai, Nature Chemistry aldizkarian argitaratutako ikerketaren emaitzen arabera, eragin hori handiagoa da inguruan zinka baldin badago. Zinkak eta hidrokinonak oxidazio-estresaren aurka lagundu dezakete eta, hortaz, bizitza luzatzen laguntzen dute. Hidrokinonak ardoan, kafean, tean eta txokolatean daudenez, elikagai horiek bizitza luzatzeko eraginkorrak dira. Besterik gabe.

2. irudia: Hedabideetan, prentsa idatzian zein Interneten, sarritan ikerketen emaitzak ez dira modu zuhurrean eta zintzotasunez lantzen. (Argazkia: USA-Reiseblogger – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)
Ikerketak dioenaWard, Schitler eta haien lankideek argitaratu berri duten ikerketan superoxido dismutasa katalizatzaileak imitatzen dituzten molekulak aztertu dituzte. Superoxido dismutasak superoxidoak -ROS mota bat- eliminatzen dituzten entzimak dira eta organismoan ditugu. Dakigunez, bide terapeutiko erakargarria da superoxido dismutasen antzekoak diren molekulak kanpotik gehitu ahal izatea oxigeno-espezie erreaktiboei aurre egiteko. Konposatuok erradikal askeen deskonposaketa katalizatuko lukete arrisku gutxiago ekartzen duten oxigeno eta ur oxigenatu molekulak emanez. Ikertzaileen berrikuntza zera izan da; orain arte konposatu imitatzaile horiek manganeso metala zuten eta horrek hainbat kalte ekar ditzake -osasunerako kalteak, konposatuen ezegonkortasuna-, baina, orain, manganesoaren ordez metal gisa zinka duten konposatu bat aurkitu dute.
Proba gehiago egiten badira eta ikerketa aitzindari honek baieztatu duena gizakiongan ere horrela dela frogatzen bada, baliteke noizbait ardoari edo txokolateari zinka gehitzea osasunarentzat onuragarriagoa izateko. Alabaina, momentu hori oraindik nahiko urrun dago. Horrexegatik, hedabideetan irakurritako albisteetan hainbat puntu nahasgarri daude, azalpen sakonagoa eskatzen dutenak. Alde batetik, ikerketak gauza oso zehazta aztertu du: zinkaren eragina molekula jakin batekin elkartzen denean. Hortaz, elikagaiak ez dira osotasunean aztertu eta ezin da jakin elikagaien dauden beste osagaien presentzian gauza bera gertatuko den edo ez. Bestetik, elikagaiak osotasunean aztertu behar dira eta ez osagai zehatz bati bakarrik begiratuta. Ardoak polifenolak ditu, bai, baina beste osagaiek alkohola osasungarri ez izatea eragiten dute. Ivana Ivanovic-Burmazovic ikerketaren sinatzaileetako batek hori bera azpimarratu zuen The Independent hedabideak elkarrizketa egin zionean. Zinkaren eta polifenolen artean eragin positiboa egongo balitz ere, ardoak duen alkoholaren eraginez inoiz ez da izango edari osasungarri bat.
Horretaz gainera, argitaratu berri den ikerketan ez dira polifenol guztiak aztertu: zinkarekin lotzeko gai den molekula bakar bat aztertu dute. Baliteke haren antzeko egitura molekularra duten beste konposatu batzuen erreaktibitatea berdina edo antzekoa izatea, baina, hori ez da frogatu. Esandako guztia gutxi balitz, garrantzitsuena falta da. Animalietan ez da probarik egin, beraz, ez dago frogatuta, gizakiongan eragin positiboa izango duenik. Ikerketan konposatu oso zehatzak aztertu dira guztiz kontrolatuta dagoen ingurune batean, eta ez gizakion organismoa den koktel kimikoaren barruan. Azkenik, hidrokinonak edo beste polifenolek zinkarekin batera superoxidoen aurka gure organismoan eragina izango balute, eta benetan peroxidoen kontzentrazioa murriztuko balute ere, ez dago frogatuta horrek ROSek eragindako gaixotasunen aurka eraginik izango lukeen edo ez.
Ardoa eta txokolatea jan nahi badugu gure bizitza luzatzeko asmoz, momentuz behintzat itxaron egin beharko dugu. Hedabideetan irakurritako albisteak tentu handiz irakurtzeak ere ez digu kalterik egingo.
Erreferentzia bibliografikoa:
Ward Meghan B., Scheitler Andreas, Yu Meng, Senft Laura, Zillmann Annika S., Gorden John D., Schwartz Dean D., Ivanovic-Burmazovic Ivana, Goldsmith Christian R. (2018). Superoxide dismutase activity enabled by a redox-active ligand rather than metal. Naure Chemistry, 10, 1207-1212. DOI: https://doi.org/10.1038/s41557-018-0137-1
Informazio osagarria:
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Ardoa eta txokolatea bizitza luzatzeko? appeared first on Zientzia Kaiera.