Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 19 min 18 sec ago

Ezjakintasunaren kartogragfia #452

Sat, 2023/06/24 - 09:00
Irudia: ESA/Webb, NASA & CSA, J. Lee and the PHANGS-JWST Team / J. Schmidt

Gaixotasun mentalak arazoak sortzen ditu, ez bakarrik sortzen den unean eta agertzen den bitartean, baizik eta epe luzean ere. A lifetime of mental illness accelerates ageing Rosa García-Verdugoren eskutik.

Beroarekin zerikusia duen guztiaren azalpena bibrazioak direla ez da erabat egia: Traditional understanding of heat transport, involving phonons, is not applicable to strong heat insulators

Boxer txakurretan aurkitutako parasito bat giza minbizi mota batzuen konponbidea izan daiteke: A dog parasite could help fight incurable cancers Arthur Battistoni eta Françoise Debierre-Grockiego.

Hubbleko irudien eta James Webb-eko irudien konbinazioak objektu astrofisikoen misterio asko argitzen lagunduko du, baina, oraingoz, misterio berriak aurkitzeko balio izan du. DIPC jendea New mysteries in the nuclear star cluster of the Phantom galaxy

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #452 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kozinatzeak egin gintuen gizaki

Fri, 2023/06/23 - 09:00

Duela 7-8 milioi urte, txinpantze eta bonoboekin komunean genuen azken arbasoa izan genuen. Informazio horrek gizakiok izan ditugun aldaketak ulertzen laguntzen digu gure espezie hurbilenarekin konparatzean.

Nahiz eta tamaina bertsuko barne-organoak partekatzen ditugun tximino horiekin, hala nola bihotza, giltzurrunak eta gibela, gizakiok garun handiagoa eta heste txikiagoak ditugu beste primate batzuekin alderatuta.

Zergatik aldaketa hori? Noiztik kozinatzen du gure espeziea? Noiztik kontrolatzen du sua? Juan Ignacio Pérez Iglesias biologo eta UPV/EHUko Fisiologiako katedradunak Kozinatzeak egin gintuen gizaki hitzaldian aldaketa hori eragin duten faktoreak azaltzen ditu. Antropologo ezberdinen teoria eta ikerketatik abiatuta, gure arbasoen elikaduraren aldaketak eta hauen zergatiak aurkezten ditu Pérez Iglesias-ek. Ezaugarri horiek guztiak aztertuta ulertu daiteke kozinatzeak giza eboluzioan izan duen eragina.



Hitzaldia Zientziaren ertzetik zientzia-dibulgazioan oinarritzen den hitzaldi-solasaldiaren zikloaren barruan antolatu zen. Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekaren eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren ekimen honek 2022-2023 ikasturtearen bitartean hilabetero hitzaldi bat eskaini zuen.

The post Kozinatzeak egin gintuen gizaki appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Banbuaren karakterizazio mekanikoa eta kimikoa

Thu, 2023/06/22 - 09:00

Azken hamarkadetan, ikerketa-talde askok bideratu dute haien lana eraikuntzan eta elementu mekanikoetan material jasangarriagoak garatu eta sustatzera. Banbuak, geometria tubularreko landareak, material sintetiko tradizionalen ordezko aukera interesgarriak aurkezten ditu eraikuntzaren sektorerako. Gainera, ingurumenaren aldetik jasangarria eta berriztagarria da.

Banbua kontinente guztietan hazten da modu naturalean eta landare honek hainbat abantaila ditu. Besteak beste, banbuak azkar hazten dira, eta ondorioz, zuhaitzek baino karbono gehiago xurgatzen dute, Lurraren berotegi-efektua modu eraginkorrago batean aurre eginez, lurzoruaren higaduraren aurka babesten dute, eta transformazio-prozesuan material gutxiago galtzen da errefus moduan.

Banbuak erresistentzia espezifiko eta zurruntasun espezifiko handiak eskeintzen ditu. Egurrarekin alderatuz, erresistentzia handiagoa eta ura xurgatzeko ahalmen txikiagoak dauzka. Beste ohiko eraikuntza-materialen erresistentzia pisuarekin alderatuz gero, hala nola egurrezko konposatuak, hormigoia eta altzairua, garaile ateratzen da. Eta beste materialekin gertatzen den bezala, espeziearen eta erabileraren arabera ezaugarri mekanikoen taula konparatiboak sortzeko beharra dago. Lan honek, gaur egun eraikuntzan ezezagunak diren baina tradizionalki oso erabiliak izan diren hiru espezie aztertzen ditu, kimikoki eta mekanikoki: Dendrocalamus strictus (DS), Arundinaria amabilis (AA) eta Phyllostachys aurea (PA).

Bere erabilera sustatzeko, beharrezkoa da banbuen propietate mekanikoak eta kimikoak ezagutzea. Azterketa kimikorako, TAPPI arauak erabili dira, eta ezaugarri mekanikoak konpresioan eta dinamometroarekin makurdura hiru puntutan neurtuta aztertu dira (1. Irudia). Erabilitako laginen tamainak 1. taulan agertzen dira.

banbuak1. irudia: saiakuntza mekanikoen eskemak: ezkerrean, konpresio-proba; eskuinean, makurdura-proba. (Iturria: Ekaia aldizkaria)banbuak1. taula: saiakuntzetako dimentsioak, 1.irudiaren arabera. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Literatura berrikusketan beste 35 banbu-espezieen osagai kimikoekin konparatu dira lortutako emaitzak eta baita ere ezagunagoa den pinu gorriaren osagaiekin, 2. taulan ikusi daitekeen bezala.

banbuak2. taula: DS, AA eta PA banbuen konposizio kimikoak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Hurrengo taulan berriz (3. taula) aztertutako hiru banbuen propietate mekanikoen laburpena aurkitu daiteke, eta bertan emaitzak pinu gorriaren propietate mekanikoekin alderatu daitezke.

banbuak3.taula: DS, AA eta PA banbu espezieen eta Pinu Gorriaren (PG) propietate mekanikoak eta dentsitatea. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Alde batetik, kimikoki, orokorrean, banbuak ez du desberdintasun handirik erakusten pinu gorriaren konposizioarekin konparatzen denean. Beste aldetik, propietate mekanikoen emaitzek erakutsi dute banbuaren dentsitateak eragin zuzena duela bai erresistentzian, bai zurruntasunean. Aztertutako hiru banbu-espezieetan, dentsitatea zenbat eta handiagoa izan, erresistentzia eta zurruntasuna orduan eta handiagoak direla ikusi da pinu gorriarekin alderatuta. Banbuak erresistentzia handiagoa dauka baina zurruntasun txikiagoa.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Banbuaren karakterizazio mekanikoa eta kimikoa
  • Laburpena: Banbuak, geometria tubularreko landareak, material sintetiko tradizionalen ordezko aukera interesgarriak aurkezten ditu eraikuntzaren sektorerako. Gainera, ingurumenaren aldetik jasangarria eta berriztagarria da. Hala ere, bere erabilera sustatzeko, beharrezkoa da banbuen propietate mekanikoak eta kimikoak ezagutzea. Lan honek gaur egun eraikuntzan ezezagunak diren baina tradizionalki oso erabiliak izan diren hiru espezie aztertzen ditu, kimikoki eta mekanikoki: dendrocalamus strictus (DS), Arundinaria amabilis (AA) eta Phyllostachys aurea (PA). Azterketa kimikorako, TAPPI arauak erabili dira, eta ezaugarri mekanikoak konpresioan eta dinamometroarekin makurdura hiru puntutan neurtuta aztertu dira. Propietate mekanikoen emaitzek erakutsi dute banbuaren dentsitateak eragin zuzena duela bai erresistentzian, bai zurruntasunean. Aztertutako hiru banbu-espezieetan, dentsitatea zenbat eta handiagoa izan, erresistentzia eta zurruntasuna orduan eta handiagoak direla ikusi da.
  • Egileak: A. Elejoste, G. Mondragon, J.L. Osa, A. Arevalillo, A. Eceiza, J.M. Abascal, A. Butron, C. Peña-Rodriguez
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 273-291
  • DOI: 10.1387/ekaia.23049
Egileez:

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Banbuaren karakterizazio mekanikoa eta kimikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Distantzia handira ere, eltxoek usainduko zaituzte

Wed, 2023/06/21 - 09:00

Eremu zabaleko esperimentu batean berretsi dute eltxoek hainbat gizaki mota nahiago dituztela, besteak baino. Gorputzaren usaina giltzarri dela ikusi dute.

Mundu honetan non eta zein egoeratan jaio, horren araberakoa da gizakiaren patua. Halaxe izan dira gauzak historian zehar, eta, azken hamarkadetan egoera inoiz baino gehiago hobetu den arren, tamalez oraindik ere izugarri handiak dira gizakien artean dauden desberdintasun sozioekonomikoak. Kasurako, artikulu hau jatorrizko hizkuntzan —euskaraz— irakurtzen dutenentzat, eltxoen ziztadak, gehien-gehienetan, uda garaiko amorrazio bat baino ez dira izango.

Beste hainbat eta hainbat lagunentzako, berriz, amorrazioa baino askoz gehiago suposatu dezakete ziztada horiek. Izan ere, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduko populazioaren erdia bizi da malariaz kutsatzeko arriskua duten eremu geografikoetan. Erakunde horrek esku artean dituen zifrak arras esanguratsuak dira: kalkulatzen da 2021ean 247 milioi lagunek hartu zutela gaitza 85 herrialdetan; haietatik, urte horretan, 619.000 hil ziren.

eltxoek1.irudia: Anopheles gambiae multzoko espezieak malariaren transmisoreak dira. Horregatik, aspalditik ikerketa askoren jomugan daude. (Argazkia: James Gathany / CDC)

Gaitz lazgarria da malaria, baina, beste hainbat ez bezala, ez da transmititzen pertsona batetik bestera. Aldiz, eltxoen bitartez zabaltzen da. Hortik dator ziztadekiko ardura berezi hori. Gauzak horrela, normala da ikerketa andana egin izana eltxo horiek eragindako gaitzaren transmisioa ahalik eta gehien mugatzeko.

Alabaina, horrelako ikerketak normalean laborategian egiten dira, ezagutza fidagarria jasotzeko ezinbestekoa baita inguruabar guztiak ongi kontrolatuta izatea. Bueltan, eta zenbait arlotan bereziki, horrek dakar laborategiko baldintzak oso urrun egon daitezkeela naturan ematen diren portaerarekiko.

Horretaz jakitun, Malaria Ikertzeko Institutuko zientzialari talde batek naturan ematen den egoera ahalik eta modu fidagarrienean erreplikatzeko ahalegina egin du. Horretarako, esperimentazio eremu zabala eratu dute Zambiako Choma eskualdean: 20 metro alde bakoitzeko, eta 2,5 metroko altuera duen area bat atondu dute. Orotara, 1.000 metro kubikoko eremua prestatu dute ikerketarako, “eskala espazial errealistagoa” lortu aldera, prentsa ohar batean azaldu dutenez. Alde nabarmena dago aurreko ikerketekin, gehienetan metro kubiko erdi baino gutxiagoko espazioetara probak egitera mugatu baitira.

Current Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dute prozesu osoa, eta baita ikasitakoa ere. Perimetroan zortzi kanpin denda jarri dituzte, eta horiek guztiak barruko kaiolarekin lotu dituzte, haizatutako hodi batzuen bitartez. Kaiolan estazio meteorologiko bat jarri dute ere, besteak beste, haize fluxuen gaineko kontrola eduki ahal izateko .

Eta bai, irakurleak aurreikusi ahalko duen moduan, giza akuiluak ere erabili dituzte, ziztaden jomuga gisa aritu daitezen. Dena dela, horiek ez dituzte jarri zuzenean eltxoen jomugara. Aldiz, hamar zentimetroko diametroa duten altzairuzko diskoak paratu dituzte, 35 °C-ko gradura berotu dituzte —giza azalaren tenperatura berdinera—, eta, kontrolatutako aire fluxu baten bidez erantsi diete diskoei denda bakoitzean jasotako usaina.

Sei gauez sei lagun lotan egon dira, bakoitza denda batean, eta beren gorputzen usaina bideratu dute kaiolaren erdian askatu dituzten Anopheles gambiae eltxoetara. Hauek malariaren bektore izan ohi dira, baina esperimentuan, noski, itxian hazitako eltxo garbiak erabili dituzte.

Esan beharrik ez dago pertsona horiek aldez aurretik gel eta xanpu mota berdina erabiliz garbitu zituztela beren buruak, eta, emaitzetan eraginik ez sortzeko, ez zituztela beste desodorante edo kosmetikorik erabili aurreko egunetan.

eltxoek2. irudia: eltxoekin esperimentuak egiteko berariaz eremua berezia sortu dute Zambian. Modu horretan, egoera naturalera ahalik eta gehien hurbiltzen saiatu dira, datuak modu ziurrean hartzeko aukera mantenduz. (Argazkia: Julien Adam)

Konfigurazio honekin errepikatu nahi izan dute tropikoetako herrialde askotan ematen den egoera. Etxe baten barruan lotan ari diren gizakien usainak gora egiten du airean, eta teilatu hegaletatik askatzen denean, eltxoek usain hori hautematen dute.

Ezagutzen dira eltxoak erakartzen dituzten faktore orokorrak: beroa, gizakien kontraste bisuala hondoarekiko, arnasaren bitartez askatzen den CO2a eta giza gorputzari lotutako zenbait usain. Giza gorputzaren beroa, baina, 30 eta 50 zentimetro baino gehiagora ez da barreiatzen. Zeinu bisualak, berriz, 5 eta 15 metrora arte atzeman daitezkeela kalkulatu dute ikertzaileek. Baina CO2a eta giza gorputzari lotutako beste zenbait usain askoz gehiago zabaldu daitezke, tartean haizeak eraman ditzakeelako. Zientzialariek hor jarri dute oraingoan arreta berezia.

Lehenik eta behin berretsi dute beroa eta seinala bisualak berez ez direla nahikoak eltxoak erakartzeko. CO2a eta giza usaina egotea, ordea, nahitaezkoa da horretarako. Hasierako 30 minutuetan kanpin denda hutsetako airea baino ez dute bidali, eltxoen artean batere interesik piztu gabe. CO2 gasa erantsi dutenean, eltxoen interesa handitu da. Baina kanpin dendetan esperimentuetan parte hartu duten pertsonen usainaren airea gehitu bezain pronto biderkatu dira eltxoen erasoak, kamera infragorriaz jasotako irudien bidez ikusi ahal izan dutenez.

Sei gizakietatik, bereziki batek piztu du eltxoen apeta. Beste batek oso gutxi erakarri ditu eltxoak. Gainerako laurak, batez bestean ibili dira. Datuak aztertzerakoan, noski, alboratu dute tenperatura edo hezetasuna bezalako aldagaiak eltxoek erakutsitako portaera desberdin horren arrazoia izan daitekeela.

Alde horien zergatian sakontzeko, analisi kimikoak erabili dituzte, gizaki hauen usaina analizatuz. Orotara, parte hartzaile guztien gorputz usainean 36 konposatu kimiko identifikatu dituzte. Ziztada gehien erakarri dituen pertsonaren kasuan, besteak beste, azido karboxiliko lurrunkor gehiago aurkitu dituzte, eta baita azetoina gehiago. Azken honen kasuan, azaleko mikrobiomaren ondorio izan daitekeela uste da. Staphylococcus epidermidis eta Staphylococcus aureus bakterioek giza azalean azetoina sortzen duten bakterio garrantzitsuenak dira. Kontrara, eltxo gutxien erakarri dituen lagunarengan eukaliptol izeneko konposatuaren maila altuagoak aurkitu dituzte —gainerako parte hartzaileek zutena halako hiru—. Zientzialariek diotenez, konposatu hori landare jatorriko elikagaietatik zein zapore emaileetatik dator. Horrez gain, eukaliptola eltxo uxatzaileetan erabiltzen den konposatua da ere.

Datu hauetan abiatuta, etorkizunean zientzialariek sakondu nahi dute azaleko mikrobioma edo dieta bezalako faktoreek duten eraginean, modu horretan malariaren aurkako estrategia berriak abiatu ahal izateko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Giraldo and Rankin-Turner et al. (2023) Human scent guides mosquito thermotaxis and host selection under naturalistic conditions. Current Biology. DOI: 10.1016/j.cub.2023.04.050

The post Distantzia handira ere, eltxoek usainduko zaituzte appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mapa geologikoa, koloretako mihisea baino askoz gehiago

Tue, 2023/06/20 - 09:00

Mapa geologiko bat behatzen dugunean, arreta ematen duen lehen ezaugarria da ez duela inolako antzik jada ohikoak egiten zaizkigun mapekin eta planoekin; hots, mugikorrean edo GPSan ikusten eta bidaiatzen edo ezagutzen ez dugun lekuren bat bisitatzen ari garenean erabiltzen ditugunekin. Eta hala da, hain zuzen ere, ez dituztelako muga geografikoak irudikatzen, muga geologikoak baizik. Muga horiek oso modu berezian markatzen ditugu: kolore ezberdinekin, puntuen eta marren bilbeekin, eta ikurrekin, hala nola geziak, triangeluak edota zirkuluak. Hala, mapa geologiko batek marrazki artistiko baten antz handiagoa du, plano klasiko batena baino.

mapa geologikoa1. irudia: Espainiako lehen mapa geologikoa, Espainiako Mapa Geologikoaren Batzordeak egindakoa 1889aren eta 1893aren artean. 1:400.000 eskalan eginda dago, 64 orri edo zati indibidualizatu ditu, eta gaur egun Geomeatzaritzako Museoko korridoreetan dago ikusgai (IGME-CSIC, Madril). (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Gure mapa geologikoa egiteko, mapa topografiko bat hartzen dugu oinarri. Horren gainean, zelaian identifikatzen ditugun arrokek, egiturek eta prozesu geologikoek duten adina kolorez margotzen dugu. Ondoren, kolore bakoitzean bilbe multzo bat gehitzen dugu, behatu dugun arroka zein motatakoa den adierazteko (kareharria, hareharria, granitoa, arbela…). Eta, azkenik, gure irudikapena ikurrekin osatzen dugu. Ikurrek material horiei eragin dieten egiturak eta prozesu geologikoak markatzen dituzte (tolesturak, hausturak edo arroken arteko kontaktua), baita zenbait puntu interesgarri ere, hala nola harrobiak, meatzeak edo ur gezako iturriak. Eremu baten historia geologiko guztia irudikapen grafiko oso ikusgarri batean islatu dugu horrela. Material horiek milioika urtean jasandako aldaketak interpretatzea baino ez zaigu falta.

Baina ez ditugu kolore eta ikur horiek edonola edo gure guk nahi bezala jartzen (edo gure sen artistikoa, nik gutxi izan arren); aitzitik, nazioartean ezarritako kode batzuei jarraitzen diegu. Kode horiei esker, Lurraren Zientzietan dihardugunok ikusten dugun edozein mapa geologikoren historia berreraiki dezakegu, baita gure ikerketa eremua munduko edozein lekutan kokatutako antzeko beste batzuekin erlazionatu ere. Adibide bat jarriko dizuet: Kretazeoko materialak kolore berde argiez margotzen dira, kareharria adreiluzko hormen antzeko bilbe baten bidez irudikatzen da, eta tolestura antiklinal bat markatzeko tolesturaren norabidea adierazten duen marra lodi bat eta kanpoalderantz seinalatzen duten geziak erabiltzen dira, adierazteko geruzak zein norabiderantz inklinatzen diren tolesturaren alde bakoitzean.

mapa geologikoa2. irudia: Espainiako eta Portugaleko mapa geologikoaren hamargarren edizioa, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuak (IGME-CSIC) argitaratua 2015ean. Espainiako plan kartografikoaren (MAGNA) emaitza da, eta Geomeatzaritzako Museoko korridoreetako hormetan dago ikusgai (IGME-CSIC, Madril). (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Koloreen eta ikurren informazio hori guztia mapa geologikoaren ondoan jartzen den legenda batean dago. Bertan, halaber, mapan irudikatzen diren material geologikoen adina zehazten da eta haien deskribapen laburra azaltzen da. Modu horretan, edozein pertsonak, geologian aditua ez bada ere, bisitatzen ari den eskualdeko materialak ezagutu eta identifikatu ditzake.

Baina mapa geologiko baten legendak zerbait biziki garrantzitsua izan behar du: eskala. Gure mapan errealitatea irudikatzeko erabili dugun proportzioa adierazten du, bi punturen arteko distantzia mantentzeko moduan. Bi eskala mota aurki ditzakegu –mapen oinean azaldu ohi dira–:

  • a) zenbakizko eskala, hots, bi zenbakiren arteko proportzioa, 1:10.000 gisakoa, zeinak adierazten baitu 1 cm, mapan, 10.000 cm dela errealitatean;
  • b) eskala grafikoa, hots, marra edo laukizuzen bat eta zenbakiak, bai alboetan (adib. 0 eta 100 m), bai goialdean (adib. 100 m).

Mapako marrak edo ikurrak mundu errealean irudikatzen duen luzera adierazten du. Segur aski pentsatu duzue zenbat eta txikiagoa izan eskalan dagoen zenbakia, orduan eta xehetasun handiagoa izango duela gure mapak. Izan ere, gure marrazkiaren 1 cm errealitatean 2.000 cm badira, oso hedadura txikia hartzen duten aldaketa geologikoak sar ditzakegu. Alabaina, oso hedadura handiko eremuak kartografiatzean eta eskala handiagoa erabiltzean (esate baterako, eskala bat non 1 cm errealitateko 200.000 cm diren), xehetasun txiki horiek galduko ditugu eta material, prozesu eta egitura geologiko orokorrak soilik islatu ahalko ditugu.

Lan edo ikerketa geologiko bat egiten dugunean, lehenengo urratsa beti da eremuaren mapa geologikoa sortzea; izan ere, materialak eta horien historia geologikoa ezagutu behar ditugu inolako interpretaziorik egin baino lehen. Eta horrek landa laneko ordu asko eskatzen ditu: eremu osoa modu metodikoan igarotzea, arroken eta sedimentuen laginak jasotzea, materialen eta egitura geologikoen norabide eta inklinazio neurketak hartzea, eta gure koadernoetan marrazki eta ohar ugari egitea eta idaztea. Ondoren, datu horiek oinarri topografikoaren gainean irudikatu beharko ditugu, dela ohiko moduan, hots, ikusi dugun guztia eskuz marraztuz, dela modu digitalean, sartzen ditugun datuak eta behaketa puntuen koordenatuak irudikatzen dituzten programa informatikoak erabiliz.

Baina lan zaila eta neketsua izan arren, mapa geologikoei esker, milioika urteko historia zoragarriak ezagutzeaz gain (itsaso, sumendi edo oihan tropikaletara eraman gaitzakete), gure geografiako baliabide natural baliotsuenak eta beharrezkoenak ere ezagut ditzakegu.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko martxoaren 30ean: Mapas geológicos, mucho más que lienzos de colores.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Mapa geologikoa, koloretako mihisea baino askoz gehiago appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Alga inbaditzaileak mahastizaintzarako

Mon, 2023/06/19 - 09:00

Mahastizaintzan oso ohikoak dira tratamendu kimikoak. Hauek murrizteko edo ordezkatzeko balio lezaketen estrategia ekologikoen bila dabiltzate UPV/EHU eta IFAPA institutua buru dituen SEAWINES proiektuan. Honetan, alga inbaditzaile batek mahatsondoen defentsa-mekanismoak nabarmen aktibatzen eta indartzen dituela frogatu berri dute. Ikerketa gehiago behar badira ere ikusitakoa landa-eremuan berresteko, ikertzaileak baikor agertu dira alga horren estraktuak izan dezakeen etorkizunarekin.

2030. urterako nekazaritzan erabiltzen diren pestiziden % 50 murrizteko helburua jarria du Europako Batzordeak. Jakina da, bestalde, mahastizaintzan bereziki ugariak direla halako produktuak, ohikoak direlako askotariko organismoen infekzioak. Hala nola mildiua eta oidioa, biak ala biak onddoek eragindakoak. Hain zuzen, bi onddo horien kontrako “alternatiba estrategiko eta ekologiko bat bilatzeko asmoz, SEAWINES proiektua abiatu genuen orain dela urtebete pasa”, dio Iratxe Zarraonaindia Martinez UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko Ikerbasque ikertzaileak.

algaIrudia: IFAPA institutuaren Rancho de la Merced zentroko mahasti bat (Jerez de la Frontera, Cadiz), non Ulva eta Rugulopteryx estraktuen inpaktua testazen ari baitira Tempranillo barietatean. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)

Itsasoko makroalgak erabiltzea da proiektuaren asmoa. Azken urteetan gero eta gehiago erabiltzen dira algak nekazaritzan, frogatu baita hainbat alderditan eragiten dietela onura laboreei, hala nola haziak ernetzen, landareen hazkuntza eta osasuna areagotzen, eta ura eta elikagaiak xurgatzen hobetzen. SEAWINESen, bi algaren eragin bioestimulatzaile eta fungizida aztertzen ari dira: Ulva ohnoi, zeinaren onddoen kontrako potentziala dagoeneko ezaguna den, eta Asiatik etorri eta Mediterraneoaren itsasertzean izugarri zabaldu den Rugulopteryx okamurae alga inbaditzailea. Azkeneko horren “eragin babesleari buruz ez da azterketarik egin orain arte, baina ikerketa asko daude martxan alga horren erabilerak edo aplikazioak bilatzeko. Izan ere, ehunka tona alga erauzten dira Mediterraneotik urtero, eta oso interesgarria litzateke hori guztia nolabait baliaraztea”, azaldu du ikertzaileak.

“Gure apustua izan da begiratzea alga horien estraktu batzuek zer gaitasun duten landareen defentsa-mekanismoak aktibatzeko, pestiziden alternatiba gisa, onddo patogenoa datorrenean, landarea indartsuago egoteko”, zehaztu du Zarraonaindiak. Lehendabizi, negutegietan eta kondizio kontrolatuetan egin zuten azterketa. Zehazki, Neiker Ikerketarako eta Garapenerako Euskal Erakundearen berotegietan tratatu zituzten tempranillo barietateko mahatsondoak, hostoak alga-estraktu desberdinez bustiz: alde batetik, Ulva-tik erauzitako bi estraktu testatu ziren, eta bestetik, Rugulopteryx-etik erauzitako beste bi. Zenbait landarek ura besterik ez zuten jaso, kontrol gisa.

Tratamenduen ondoren, hosto-laginak hartu eta analisi ugari egin zituzten tratamendu bakoitzaren eragina aztertzeko. Honela laburbildu du ikertzaileak aurkitutakoa: “Emaitza positiboenak Rugulopteryx okamurae alga inbaditzailetik ekoitzitako estraktuetako batekin lortu genituen. Ikusi genuen estraktu horren tratamenduaren ondorioz landarean areagotu egin zirela, besteak beste, erresistentzia-geneen espresioa eta entzima antioxidatzaileen jarduera. Hostoen gainazaleko mikrobiotan, halaber, behatu genuen landareari kontrol biologikoan lagungarri zaizkion onddo batzuk ugariagoak zirela Rugulopteryx-en estraktua jaso zuten landareetan”.

Lortutako emaitzek ez dute ezustean harrapatu Zarraonaindia. “Azken batean, espezie inbaditzaile bat izanik, pentsatzekoa da gaitasun edo ezaugarriren bat izango duela hainbeste aurrera egiten lagunduko diona, bai eta beste espezieak hain eraginkortasun handiz desplazatzen ere”.

Kondizio errealetan emaitzak berresteko lanetan

“Zirraragarritzat” jotzen ditu ikertzaileak lortutako emaitzak, nahiz eta jakitun izan “lehen emaitzak bakarrik” direla. Hiru urteko proiektua da SEAWINES, eta alga inbaditzailearen potentzialaren neurketa ahalik eta osoena izateko helburuz, negutegi-kondizioetan lortutako emaitzak landa-kondizioetan berresteko lanetan hasi dira: “Jerez eta Errioxako mahastietan testatuko ditugu alga-estraktuak, tokian tokiko kondizioetan. Gainera, ardogintzaren fase guztietan egingo dugu eraginaren jarraipena, hau da, ikusi nahi dugu bioestimulazioaz eta onddoen kontrako eraginaz aparte zer eragin duten tratamendu hauek mahatsaren eta ardoaren kalitatean”, argitu du.

“Gogotsu gaude Rugulopteryx algak zer erabilera izan dezakeen ikusteko. Izugarria litzateke ingurunetik kendu eta mahastizaintza indartzeko baliatzea; ekonomia zirkularraren primerako adibidea litzateke”, dio bukatzeko.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Itsasoko alga inbaditzaile baten estraktua mahatsondoen defentsa-mekanimoen akuilu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zarraonaindia, Iratxe; Cretazzo, Enrico; Mena-Petite, Amaia; Díez-Navajas, Ana M; Pérez-López, Usue; Lacuesta, Maite; Pérez-Álvarez, Eva Pilar; Puertas, Belén; Fernandez-Diaz, Catalina; Bertazzon, Nadia; Cantos-Villar, Emma (2023). Holistic understanding of the response of grapevines to foliar application of seaweed extracts. Frontiers in Plant Science 14. DOI: 10.3389/fpls.2023.1119854

The post Alga inbaditzaileak mahastizaintzarako appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #443

Sun, 2023/06/18 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

bihurkari

Klima-aldaketa

Lur gogorretako mikroorganismoak inokulatzeak landareen erresilientzia handitzen du klima-aldaketaren aurrean. Lurzoru zailak deitzen zaie oso hotzak, lehorrak, edo beroak diren substratuei, landareek bertan hazteko zailtasunak baitituzte. Alabaina, badaude lortzen dutenak, eta landare horiek lurzoruko mikroorganismoei esker eskuratzen dituzte hazteko behar dituzten mantenugaiak. Honen harira, ikerketa honetan frogatu dute mikroorganismo horiek, beste leku batzuetan txertatuta, toki horietako landareei mantenugaiak lortzen laguntzen dietela. Ikertzaileek pentsatzen dute aurkikuntza hori oso baliagarria izan daitekeela klima-aldaketaren eraginen aurrean landareek erresilientzia handitzeko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Munduan gero eta urtegi gehiago daude baina gero eta hutsago. Ondorio horretara iristeko mundu osoko urtegietako erreserben hogei urtetako bilakaera aztertu dute satelite irudiak erabiliz. Ikusi dute ur erreserbak urtean 28 km3 inguru handitu direla, urtegi berriak eraiki direlako, baina, orotara, urtegien edukieraren eta gordetzen duten uraren arteko proportzioa gero eta txikiagoa da. Gainera, ikusi dute Hego Amerikako eta Afrikako urtegietako erreserbak direla gehien jaisten ari direnak, eta Ipar Amerikan eta Europan, berriz, oro har, gero eta beteago daudela urtegiak. Datuak Elhuyar aldizkarian: Munduko urtegiak: gero eta gehiago, baina gero eta hutsago.

Produktuen prezioan karbono-tasa agerian jartzeak kontsumitzaileek gehiago erostea eragiten du. Hala frogatu dute UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean egindako zenbait esperimentuk. Beraz, espero zenaren kontrako emaitza lortzen da kontsumitzaileari zergaren kostua agerian jartzen bazaio. Ikertzaileen ustetan, emaitza paragojiko honen azalpena izan daiteke kontsumitzaileek zerga ordaintzea positibotzat jotzen dutela, eta moduren batean moralki justifika dezaketela produktu kutsagarriak erostea, gehiago ordaintzearen truke. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Produktuetan karbono-tasa erakustearen eragina.

Astronomia

3200 Phaethon izeneko asteroidea 6 km-ko diametroa duen gorputz txiki bat da, eta 1983ko abenduan aurkitu zen. Asteroideen barruan, Phaethon asteroide aktiboenen kategorian dago, Eguzkira gerturatzean kometek duten antzeko adats bat garatzen baitu. Azterlan berri baten arabera, adatsaren osagai nagusia gas egoeran dagoen sodioa da. Ikertzaileen esanetan, asteroidea Eguzkitik gertuen dagoenean azalaren tenperatura altuen ondorioz eratzen da adats hori. Datuak Zientzia Kaieran: Phaethonen adats bitxia.

Entzelado izeneko Saturnoren ilargian fosforoa aurkitu dute, eta horrek bizia izateko probabilitatea handitu du. Cassini zundak lortutako datuen arabera atera dute ondorio hori. Lurrean dugun bizitza-motarako karbonoa, hidrogenoa, nitrogenoa, sufrea, oxigenoa eta fosforoa dira elementu gakoak; lehen bostak aurkitzea nahiko arrunta da, baina fosforoa oso urria da espazioan. Elementu horren presentziaz gain, Entzeladok baditu bizitza izateko beste ezaugarri garrantzitsu batzuk. Besteak beste, konposatu organikoak aurkitu izan dituzte, baita jarduera bolkanikoaren zantzuak eta ur likidoarena, azaleko izotz-geruzaren azpian. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Hizkuntzalaritza

Kristina Bilbao hizkuntzalariak egitura bihurkari eta elkarkarien inguruan hitz egin du Zientzia Kaieran. Egitura bihurkariek norbere buruari erreferentzia egiteko balio dute, eta egitura elkarkariek, bestalde, elkarrekikotasun harremana adierazten dute. Euskaraz, bi motatako egitura bihurkari eta elkarkariak eraiki daitezke: iragankorrak edo bi argumentudunak, eta iragangaitzak edo argumentu bakarrekoak. Honen inguruan, euskarak badu berezitasun bat: egitura bihurkari eta elkarkari iragangaitzak ere sor daitezke. Halakoa da, adibidez, (ni) ispiluan ikusi naiz egitura. Hipotesi nagusiaren arabera, boz izeneko mekanismo bati esker hasi zen egitura honen erabilera. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Egitura bihurkari eta elkarkari iragangaitzak euskaraz.

Bilogia

Adrian Bozal-Leorri Ingurumen-agrobiologian doktorea (UPV/EHU, UPNA/NUP) eta gaur egun Margarita Salas doktoratu ondoko kontratu batekin ari da garien onurak ikasten. Udako Euskal Unibertsitateko webgunean egin dioten elkarrizketan nitrifikazioaren inhibitzaile biologikoak (BNI) sortzeko gaitasuna duten gari berriei buruz azalpenak ematen ditu.

Zoologia

Orain arte, pentsatu izan da oskoldun arrautza giltzarri izan zela ornodunek uretatik lehorrera egiteko. Bada ikerketa batek, 51 espezie fosil eta 29 espezie bizi aztertuta, ondoriozta du lehorreko ornodunen lerro ebolutibo nagusien (narrasti, hegazti eta ugaztun) arbasoek ez zutela arrautzarik jartzen, eta enbrioiak amaren barruan garatzen zirela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #443 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #451

Sat, 2023/06/17 - 09:00
Eric Smalley, TCUS; Biodiversity Heritage Library/Flickr; Taymaz Valley/Flickr, CC BY-ND

Botika ezagun bati aplikazio berriak aurkitzea oso ondo dago. Repurposing ponatinib for ALT-specific minority types of recurrent tumors José R. Pinedak egina

Pentsaezina zen duela urte batzuk. Lotura kimiko bat zehaztasun harrigarriz nola hausten den “ikustea” lortu dute: Tracking C–H bond activation with unprecedented resolution

Sare sozialak, fake newsak eta biztanleria orokorraren irizpide kritikorik eza (komunitate zientifikoa barne) konbinatuz gero, hori guztia modu pertsonalizatuan erabiliz adimen artifizialak lor dezakeena dardarka hasteko da. How artificial intelligence language models could take over elections

Propietate kuantiko topologikoetan oinarrituta, erabilera teknologikoko materialak diseinatzeko gai izateak ez du misteriorik DIPCko jendearentzat: Engineering high Chern number materials

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #451 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Marian Elliot Koshland, gure antigorputzak ezagutarazi zizkigun immunologoa

Fri, 2023/06/16 - 09:00

COVID-19aren pandemiaren lehenengo asteetan ia egunero entzuten zen «antigorputz» hitza, gizakion immunitate sistemaren parte diren proteina horiek, kanpoko mikroorganismo inbaditzaile askorengandik –hala nola birusak eta bakterioak– babesten gaituztenak. Marian Elliot Koshland (1921-1997) biologo iparramerikarrak, hurbilekoentzat Bunny izenaz ezaguna, goitik behera aldatu zuen antigorputzen funtsezko eginkizunari buruz zegoen ezagutza. Aitzindaria izan zen, eta XX. mendeko ikertzaile handienetako bat izatera iritsi zen.

Nobel saridun baten akatsak zuzentzen

1950eko hamarkadan Marian zientziaren munduan agertu zen arte, Linus Pauling Nobel saridunaren azalpena erabiltzen zen antigorputzek mikroorganismoei aurre egiteko zuten moldagarritasun harrigarria ulertzeko. Horren arabera, antigorputz guztiak proteina berbera ziren, eta mikrobio jakin bati hurbiltzean haren formari atxikitzen zitzaizkion, horri aurre egiteko. Hala uste izan zen, harik eta gure bakteriologo gazteak untxiekin egindako lanari buruzko hitzaldi bat egin zuen arte, Biologia Esperimentaleko Elkarte Estatubatuarren Federazioaren aurrean. Bunnyk ezberdintasunak antzeman zituen antigorputzen aminoazidoen artean; ondorioz, Paulingek zioenaren kontra, guztiak ez ziren berdinak, eta hori zen haien eraginkortasunaren gakoa.

Marian Koshland1. irudia: Marian Elliot Koshland (1921-1997) biologo iparramerikarra zen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Kontatzen dutenez, zalaparta handia sortu zen hitzaldiaren ondoren. Emakume ia ezezagun batek nolatan gezurtatu zezakeen Nobel saridun bat? Marian, ordea, ez zen kikildu. Galderak banan-banan erantzun ondoren, lankideen mesfidantzak deuseztatu zituen, urratsez urrats azalduz emaitza hori lortzeko erabili zituen metodo zehatzak. Azkenean, diotenez, denak altxatu egin ziren, eta txalo zaparrada handia eskaini zioten. 40 urte geroago, berebiziko garrantzia izango zuen ere genetika, biokimika eta immunologia lotzen dituen ikerkuntzan.

Marian Elliot 1921eko urriaren 25ean jaio zen New Havenen (Connecticut, AEB). Bere ama Margrethe Schimidt zen, daniar jatorriko irakaslea, eta aita, Walter Elliott, Hegoaldeko Konbentzio Baptistako erreminta-saltzailea zen. Aita oso zorrotza zen, ez zegoen zigor fisikoen aurka, eta aurreiritzi arrazista handiak zituen.

Zorte ona?

«Zorte hutsak eraman ninduen immunologo izatera», esan zuen emakume izugarri adimentsu honek zenbait hamarkada geroago, nahiz eta drama familiarrez zipriztindutako zortea izan.

Lau urte baino ez zituela, bere anaiak sukar tifoidea harrapatu zuen. Ondorioz, Bunny auzoko neska gazte batzuekin bizitzera joan zen, eta haiek oso serio hartu zuten bere heziketa. Gaixotasunaren ondorioz, asko ahuldu zen bere anaiaren immunitate sistema, eta, hortaz, infekzioak har ez zitzan, Marianek urtebeteko berrogeialdia egin behar izan zuen etxean, aitaren heziketa zorrotzaren menpe. Haren hitzetan: «Azkenean, eskolara joateko baimena eman zidatenean, argi zegoen auzokoen eta aitaren tutoretzak nire adinkideen aurretik jarri ninduela, eta segurtasun horri esker argi nuena are argiago ikusi nuen, alegia, ikastea zela ondo egiten nuen gauza bakarra».

Bigarren zorte kolpea bigarren hezkuntzan izan zuen. Bertan hiru haur juduren lagun egin zen; bere familian baino giro ikasiagoa zuten, eta, haiei esker, bere ezagutzak areagotu zituen. 1930eko hamarkadako depresio ekonomikoan bete-betean, antzerkira eta operara joaten zen haiekin, baina baita Chinatown eta antzeko lekuak esploratzera ere. «Elektronika egiten bazuten, nik ere bai; nota ona ateratzen bazuten, nik ere bai; eta metro bateko suge hertsatzaile bat hartzen bazuten, nik ere egin behar nuen», adierazi zuen testu autobiografiko batean. Bitartean, aitaren anbizioa zen «dama» bihur zedin, hau da, etxekoandre on bat, baina bere lagunek intelektualki akuilatzen zuten. «Horrela, ihes egin nuen neskato bat izatearen ohiko presioetatik».

Ikasketak egin nahi zituenez baina bere familiak urrutira bidaltzeko dirurik ez zuenez, Vassar College aukeratu zuen, New Yorkeko Poughkeepsie herriko unibertsitate pribatu bat, bertan beka bat lor zezakeela esan baitzioten. Gastuak ordaintzeko, idazkari lanetan aritu zen. Eta orduan iritsi zitzaion hirugarren zorioneko zirkunstantzia: bertan zeraman bigarren urtean Catherine Dean irakaslea iritsi zen, immunologian espezializatua, eta patogenoei aurre egiteko gai zieten antigorputzen ikerketaren jakin-mina piztu zion (bere ibilbidearen erdigune bihurtu ziren).

Baina Vassar ez zen berarentzako lekua. Hala, gau batean Chicagora zihoan autobus bat hartu zuen, eta Medikuntzan matrikulatu zen hango unibertsitatean. Geroago, bakteriologian espezializatu zen. Hain zuzen ere, Bigarren Mundu Gerran, Chicagoko Unibertsitatea tropen gaixotasunak kontrolatzeko ikerketa zentro bihurtu zen, eta, gainera, bonba atomikoaren garapenean parte hartu zuen. Izan ere, ikasketak egin bitartean, Marian lanean aritu zen Ekialde Urrunean zeuden tropak koleratik babesteko ahotiko txertoa ikertzen zuen taldearekin. Talde horrek aurkikuntza garrantzitsuak egin zituen antigorputzei buruz, eta horiek geroago baliatu ziren poliomielitisaren aurkako ahotiko txertoa garatzeko.

Ezkontza Levi Straussen oinordekoarekin

1943an lizentziatu zen Chicagon, eta bertan ezagutu zuen ere Daniel E. Koshland Jr. biokimikaria eta Levi Strauss XIX. mende amaierako lehen galtza bakeroen sortzailearen fortunaren oinordekoa. Danielekin, 1945ean, urtebete eman zuen Tennesseen arma nuklearrek sortutako erradiazioaren ondorio biralak ikertzen, Manhattan Proiektuaren barruan. Hurrengo urtean ezkondu ziren, eta Chicagora itzultzea erabaki zuten. Bertan, Immunologian doktoratu zen Marian hiru urte geroago. 28 urte zituen.

Lekukotza batek testuinguruan kokatzen du zeinen zaila zen garai hartan Bunnyrentzako eta beste emakume batzuentzako ibilbide akademiko bat egitea, aurretik lan zientifikoa egin arren. Bere koinatuak kontatu zuen Marianen irakasleak ez ziola doktoregoa eman nahi garai hartan haurdun zegoelako, eta uste zuelako ez zuela baliatuko, haurra zaindu behar baitzuen.

Bost seme-alaba eta patu bat

Doktoratu ondoko beka batekin Bostonen bi urte eman ondoren, 1950eko urteen hasieran zientzialari bikoteak lana aurkitu zuen Brookhaven Laborategi Nazionalean, Uptonen (New York), eta bertan aritu zen Marian 13 urtez, gehien interesatzen zitzaiona ikertzen. Baina zerbait gertatu zen. Ordura arte, ohiko ibilbidea egin zuen: ezkontza, graduondoko eskola, bi seme-alaba, doktoratu ondokoa… Eta bere karrerari dedikazio osoa eskainiko ziola barneratu zuen pozez, baina ustekabeko konplikazio bat sortu zen, alegia, bikiak jaio ziren. Horrek esan nahi zuen familian, bat-batean, bost urtetik beherako lau haur zeudela. Eta zalantzak piztu zitzaizkion: Ama ona eta immunologo ona izan zitekeen, aldi berean? Zorionez, amatasunean bakarrik jardutea erabaki zuenean, Danielek sinetsarazi zion ezin zituela bere ikerketak baztertu, zientzian lanaldi partzialean aritu arretan, beste batzuek lanaldi osoan egiten zutena baino gauza garrantzitsuagoak egiteko gauza zela. Eta kasu egin zion.

Marian Koshland2. irudia: Marianek hitzaldi bat egin zuen antigorputzen dibertsitateari buruz egin zituen ikerketa sakonak aurkezteko, eta ziurtzat uste zena desmuntatu zuen. (Argazkia: swiftsciencewriting – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Gure antigorputzen dibertsitatea

Hain zuzen ere, Uptonen zegoela, Marianek hitzaldi bat egin zuen antigorputzen dibertsitateari buruz egin zituen ikerketa sakonak aurkezteko, eta ziurtzat uste zena desmuntatu zuen. 1960ko urteetan ildo horretan jarraitu zuen, antigorputzak osatzen zituzten aminoazidoak eta haien arteko desberdintasunak aztertzen.

Daniel ezaguna zen biologia molekularrean egindako lanengatik eta, Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley) postu bat eskaini ziotenean, bizi ziren herri txikian familia oso finkatuta egon arren, aukera hori aprobetxatzea erabaki zuten. Zenbaiten mesfidantza gorabehera, Bunnyk ere lortu zuen lanaldi partzialeko ikertzaile lanpostu bat unibertsitate berean 1965ean, baina 1970era arte ez zuen lanaldi osoko plaza lortu.

Bere ikerketen aitortza geroago iritsi zitzaion. 1982. eta 1989. urteen artean, Mikrobiologia eta Immunologia Saileko burua izan zen, Berkeleyn. Zientzia Elkarte Estatubatuarreko batzordeko kide ere izan zen, eta Biologia Esperimentaleko Elkarte Estatubatuarren Federazioaren Zientzietako Bikaintasunaren inaugurazio saria irabazi zuen. Horrez gain, omendu egin zuen Immunologoen Elkarte Estatubatuarraren Zientzietako Emakumeen Estatuserako Batzordeak.

Zorroztasuna aldarri

Marian Elliot Koshlandek ez zion inoiz ikasteari utzi. Bere ibilbidearen bukaeran ia-ia, DNAri buruzko ikerketen ahalmena ulertu zuen, eta urte sabatiko bat eskatu zuen David Baltimoren laborategian lan egiteko eta teknika genetiko berriak ezagutzeko. Ondoren, bere laborategira eraman zituen, klonazioa kasu, antigorputzei buruzko esperimentuetan erabiltzeko. Berarekin lan egin zutenek nabarmentzen zuten izugarri zorrotza izateko grina zuela; horrek emaitzen argitalpena atzeratzen zuen, eta zenbait arazo sortu zizkion bere taldekideekin.

Bunny 1997ko urriaren 28an hil zen, biriketako minbiziak jota. Bere izena ez ahazteko, bere senarrak Marian Koshland Zientzia Museoa sustatu zuen Washingtonen. Museoa zabalik egon zen, zientziari eskainia, 2004. eta 2017. urteen artean. Halaber, bere izena daraman ikerketa zentro bat sortu zuten Haverford Collegen. Bere seme-alabetako bi, Catherine eta Douglas zientzialariek han ikasi zuten, hain zuzen ere.

Marian Koshland3. irudia: Marian Koshland Zientzia Museoa, Washingtonen. (Argazkia: Williamborg – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia)

Bere bizitzaz aritzean, nahiago zuen hitz egin haurtzaroan lagun onak eduki izanaren, bere jakin-mina eta sormena sustatu zuten irakasleak aurkitu izanaren eta bikotekidearen laguntza eduki izanaren zorte onaz, baina onartzen zuen ere trabak izan zituela, bere senarrak izan ez zituenak. Adibidez, Chicagoko irakasle batek esan zion ikasle ona zela, baina emakume izategatik kontraturik izango ez zuela; departamentu bateko buruak esan zion ez zuela inoiz inoren emaztea kontratatuko, ezta atezain batena ere, beste lan bat bilatzera animatuz; eta lankide immunologoek, Marianen aurkezpenen ondoren, inolako frogarik gabe, ziurtatzen zuten bere datuak ezin zirela erreproduzitu, bere aurkikuntzen aitortza atzeratuz. Eremu zientifiko batzuetan oraindik ere dirauten tik horiek konpentsatzeko, gizonezko lankide eta nagusien laguntza jaso zuen eta dirua utzi zioten lanerako behar zuena erosteko, eta aurrera egitera animatu zuten. Azkenean, benetako azalpena eman zigun gure bisitari desiraezinenak kontrolatzeko moduari buruz, haiei aurre egiteko benetan baliagarria dena.

Erreferentzia bibliografikoa:

Allison, Jim (1998). In Memoriam Marian Koshland 1921-1997. The Journal of Immunology, 161, 545-546. DOI: 10.4049/jimmunol.161.2.545

Iturriak: Egileaz:

Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko urtattilaren 24an: Marian Elliot Koshland, la inmunóloga que nos descubrió cómo eran nuestros anticuerpos

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Marian Elliot Koshland, gure antigorputzak ezagutarazi zizkigun immunologoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Biomimetikaren eragina organokatalisiaren garapenean

Thu, 2023/06/15 - 09:00

Natura betidanik izan da gizakien inspirazio baliabidea, arlo anitzen aurrerakuntza sustatu duena, jakintzaren iturri agorrezina izanik. Naturaren behaketan igarritako prozesu entzimatikoek, ikertzaileen asmakuntzak bultzatu dituzte entzimen antzerako transformazioak aurrera eramateko gaitasuna dituzten molekula organiko txikiak diseinatzeko.

Aipatutako molekula organiko txiki hauek organokatalizatzaile deritze. Entzimen zentro aktiboen egituraren antza duten neurrian, prozesu biomimetikoak jartzen dituzte abian era oso selektiboan, jatorrizko entzimen bezala. Baina espezifikotasun zabalagoa dute organokatalizatzaileek, beraz hauen erabilgarritasuna zabalagoa da.

molekula organikoIrudia: naturaren behaketan igarritako prozesu entzimatikoek, ikertzaileen asmakuntzak bultzatu dituzte entzimen antzerako transformazioak aurrera eramateko gaitasuna dituzten molekula organiko txikiak diseinatzeko. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Azken urteotan, entzimen gune aktiboak mimetizatuz sortutako pisu molekular txikiko substantzia organiko edo organokatalizatzaile berriei esker, modu errazean prestatu ahal izan dira intereseko molekula organiko ugari. Horregatik, merezimendu osoz jaso zuen organokatalisiaren arloak 2021. urteko Kimikako Nobel Saria.

Organokatalizatzaile biomimetikoen eta dagokien entzimen artean gertatzen den biomimesia substratu bat edo batzuk aktibatzearen bidez gertatzen da. Substratu horiek erreaktibitate areagotuko espezieak eratuz erreakzionatzen dute, bai lotura kobalenteak eratuz (hala nola L-Prolina, imidazolidinona eta tiamina difosfatoa (TDP)), bai hidrogeno-loturak eratuz, eta aktibazio dualaren bidez, azido fosforikoak bezala.

Ikerketa arlo honen etorkizunerako aukerak zabalak dira; batez ere, organokatalizatzaileek, duten moldakortasunagatik, hainbat erreaktibo berriren eraldaketa susta dezaketelako, baina baita selektibitateagatik ere, edozein sistema entzimatiko berezkoa den bezala.

Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) Sintesi Asimetrikoa, Kimika Iraunkorra eta Prozesu Biomimetikoak Ikerketa Taldea ari da lanean Jose L. Vicario irakaslea buru duelarik. Ikerketa-taldeak organokatalisia erabiltzen du laborategian tresna gisa produktu naturalak, farmakoak, pestizidak eta produktu analogoak ekoizteko eta metodologia sintetiko berriak garatzeko. 2005. urtean hasi zen ikerketa-arlo horretan lanean, eta, gaur egun, nazioko eta nazioarteko ikerketa-talde ospetsuenetako bat da.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: 2021. Kimikako Nobel Saria natura imitatzeari. Biomimetikaren eragina organokatalisiaren garapenean
  • Laburpena: Prozesu biokimikoen behaketak eta ulerkuntzak ikertzailea inspiratu du entzimen jarrera antzeratzen duten molekula organiko bakunak aurkitzeko. 2021eko Kimikako Nobel Sariak biomimetikan oinarritutako organokatalisian egin den garapena nabarmendu du; gainera, organokatalizatzaileek zenbait abantaila ditzute jatorrizko aitzindari entzimatikoekin alderatuta, hautakortasun eta espezifikotasun hobetua erakusten baitute, besteak beste.
  • Egileak: Liher Prieto, Efraím Reyes, Uxue Uria, Luisa Carrillo eta Jose L. Vicario
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 59-66
  • DOI: 10.1387/ekaia.23224
Egileez:

Liher Prieto, Efraím Reyes, Uxue Uria, Luisa Carrillo eta Jose L. VicarioUPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Organikoa eta Ezorganikoen Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Biomimetikaren eragina organokatalisiaren garapenean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Egitura bihurkari eta elkarkari iragangaitzak euskaraz

Wed, 2023/06/14 - 09:00

Giza hizkuntzari esker askotariko egiturak sortzen ditugu hiztunok. Horien artean daude egitura bihurkari eta elkarkariak.

Esanahiaren aldetik, egitura bihurkariek norbere buruari erreferentzia egiteko balio dute. Egitura elkarkariek, bestalde, elkarrekikotasun harremana adierazten dute. Euskaraz, bi motatako egitura bihurkari eta elkarkariak eraiki daitezke: iragankorrak eta iragangaitzak. Egitura iragankor eta iragangaitzen arteko desberdintasun behinena argumentu kopuruan datza: egitura iragankorrek bi argumentu dituzte; aldiz, egitura iragangaitzek argumentu bakarra dute.

elkarkariIrudia: Euskaraz, egitura bihurkari eta elkarkari kanonikoak anafora bidez eratzen dira. Baina badira bihurkari eta elkarkari iragangaitzak ere, eta hauek ez daukate anaforarik. (Argazkia: Gerd Altmann – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Egitura bihurkari iragankorra da, adibidez, (i) (nik) nire burua ispiluan ikusi dut. Orobat, egitura elkarkari iragankorra da (ii) (guk) kalean elkar ikusi dugu. Egitura bihurkari eta elkarkari hauek esanahiaren aldetik desberdinak izan arren, antzekoak dira sintaxiari dagokionez. Izan ere, bi egitura motak iragankorrak dira (-k ergatibo kasuarekin markatutako subjektua dute, adibidez) eta osagarri gisa anafora bat erakusten dute. Anaforak dira perpausean aldez aurretik agertu den hitz edo sintagma bati, hots, aitzindari bati erreferentzia egiten dioten osagaiak. Euskaraz, X-ren burua egiturakoa da anafora bihurkaria eta (i) adibidean, nire burua anaforak ni pertsona izenordainari egiten dio erreferentzia. Bestalde, elkar da anafora elkarkaria euskaraz, eta (ii) adibidean, gu pertsona izenordaina da haren aitzindaria.

Alabaina, euskaraz, egitura bihurkari eta elkarkari iragankor hauekin batera, egitura bihurkari eta elkarkari iragangaitzak ere sor daitezke. Halakoak dira, adibidez, (ni) ispiluan ikusi naiz egitura bihurkaria eta (gu) kalean ikusi gara egitura elkarkaria. Bi egitura hauek iragangaitzak dira, batetik agerian behintzat argumentu bat bakarra dutelako (ni eta gu) eta bestetik, ez dutelako anafora bihurkari edo elkarkaririk osagarri gisa, hots, ez dute erakusten X-ren burua ez elkar anaforen arrastorik.

Beraz, egitura bihurkari eta elkarkari iragankor eta iragangaitzak kidekoak dira esanahiaren aldetik, batzuek zein besteek esanahi bihurkari eta elkarkaria adierazten dutelako. Hala ere, ez dute arreta bera jaso gramatikarien aldetik. Egitura iragankorrak, hots, anafora erakusten duten horiek, kanonikoak dira euskaraz (euskal gramatika arauemaileetan eta euskara estandarrean onartzen direnak baitira) eta haien egitura sintaktikoa nahikoa aztertu izan da literaturan. Aldiz, bihurkari eta elkarkari iragangaitzak ez dira egitura ohikoak, nahiko bazterrekoak baino (orain artean behintzat), eta ez dira, beraz, kideko iragankorrak bezainbeste aztertu. Alabaina, galdera teoriko interesgarriak sorrarazten dituzte gramatika teoriaren ikuspegitik; esate baterako, non sortzen dira bihurkari eta elkarkari iragangaitzak, lexikoan ala sintaxian?

Bestalde, bihurkari eta elkarkari iragangaitzak euskara baturako onesten ez diren arren, egitura goratzen hasiak dira, gero eta sarriago aditu daitezkeelako bereziki lagunarteko ahozko euskara batuan, baina baita idatzizko testu informaletan ere, sare sozialak kasu. Izan ere, gero eta aditz gehiago onartzen dira halako egitura iragangaitzetan, hala nola maite izan aditz estatiboa Asko maite zaitez! adierazpenean. Halakoak gaur egun gero eta maizago entzun eta irakur daitezkeen arren, gramatikari batzuek ez dituzte onargarritzat hartu. Beste alde batetik, euskara batuan ez ezik, herri hizkeretan ere, lehenago bakanak ziren egitura hauek gero eta agerraldi gehiago erakusten dituztelakoan nago.

Honek guztiak pentsatzera eraman dezake nondik eta nola sortu ote diren halakoak. Galdera horri erantzuteko hipotesietako bat izan daiteke egiturok sortu direla giza hizkuntzak hiztunoi eskura jartzen digun boz izeneko mekanismo bati esker. Boza dela bide, egitura iragankor batetik egitura iragangaitz bat sor daiteke. Esate baterako, boz aldaketa baten bidez sortzen da ezaguna den gaztelaniazko edo frantsesezko boz pasiboa. Bada, aldeak alde, mekanismo orokor bertsua litzateke egitura bihurkari eta elkarkari iragangaitzak sortu dituena. Beste alde batetik, ikuspuntu tipologikotik ere interesgarria da bozaren hipotesia, munduko beste hainbat hizkuntzatan ere boz aldaketa baten bidez sortzen direlako egitura bihurkari eta elkarkariak.

Gainerakoan, asko dira uste dutenak halako egiturak erromantzearekiko, zehazki, gaztelaniarekiko ukipenean sortu direla, eta antzekotasuna izan badute. Begiratu bestela Poesiaren egunaren harira Bilboko Udalak bere webgunean egindako iragarkia euskaraz eta gaztelaniaz: Graba zaitez […] poema bat errezitatzen/Grábate recitando un poema […]. Galdera, ordea, ez da bakarrik gaztelaniarekiko ukipenean sortu ote diren, ezpada nola daitekeen tipologikoki horren ezberdinak diren hizkuntzek kidekotzat hartzea itxuraz horren ezberdinak diren egiturak.

Hauxe da, beraz, giza hizkuntzaren bozak eta zehazki euskarazko boz bihurkari eta boz elkarkariak hizkuntzalaritzari dakarkioten erronka, oraindik ere argitzeke baitago boz hauek zer-nolako ezaugarriak dituzten eta sintaktikoki nola eratortzen ote diren. Azken finean, auzi honi dagokion galdera nagusia hauxe da: nolakoak dira euskarazko boz bihurkari eta boz elkarkaria?

Galdera horri erantzutea oraindik lortu ez bada ere, ageri da euskararen boz hauek aldaketa linguistikoaren erakusgarri direla. Izan ere, giza hizkuntza oro bezala, euskara ere aldatuz doan sistema bat da, ez sistema egonkor eta aldagaitz bat. Hala, bihurkari eta elkarkari iragangaitzak goratzen hasitako bozak direla esan daiteke. Zenbateraino goratuko ote diren edo bazterreko bozak izaten segituko ote duten, hori denborak berak bakarrik erakutsiko du.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Artiagoitia, X. (2003). Reciprocal and reflexive constructions. In J. I. Hualde & J. Ortiz de Urbina (arg.), A grammar of Basque (607–630). Mouton: De Gruyter. DOI: 10.1515/9783110895285.607
  • Bilbao, K. (2022). Euskarazko elkarkari iragangaitzak: lexikoak ala sintaktikoak? Fontes Linguae Vasconum, 134, 337–373. DOI: 10.35462/flv134.3
  • Bilbao, K., Berro, A. & Fernández, B. (2022). Inkoatibo/arazleak, bihurkari eta elkarkariak eta beste (alegiazko solasaldiak egitura iragangaiztuez). In I. Barberia & A. Iribar (arg.), Papers on Basque Linguistics in Honour of Jon Franco (127-146). Deustuko Unibertsitatea. ISBN: 978-84-1325-171-4.
  • Etxepare, R. (2003). Valency and argument structure in the Basque verb. In J. I. Hualde & J. Ortiz de Urbina (arg.), A grammar of Basque (363–426). Mouton: De Gruyter. DOI: 10.1515/9783110895285.363
  • Zuñiga, F. & Kittilä, S. (2019). Grammatical voice. Cambridge: Cambridge University Press. DOI: 10.1017/9781316671399
Esker onak:

Lan hau Gogo Elebiduna ikerketa taldearekin egindako lankidetza baten bidez eraman da aurrera. Euskal Unibertsitate Sistemako ikertalde egonkortua (IT1439/22). Hezkuntza Saila, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetza, Eusko Jaurlaritza.

Egileaz:

Kristina Bilbao Hernandez Euskal Ikasketetan graduatua da UPV/EHUn eta Hizkuntzalaritza Teoriko eta Esperimentaleko masterrean dihardu egun unibertsitate berean.

 

The post Egitura bihurkari eta elkarkari iragangaitzak euskaraz appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Phaethonen adats bitxia

Tue, 2023/06/13 - 09:00

Gure eguzki sisteman asteroide asko daudenez, gorputz talderik heterogeneoenetako bat osatzen dute eta, beren tamaina eta urruntasunagatik, batzuetan behatzeko eta aztertzeko zailenetako bat ere, gure planetara hurbiltzen direnean edo haraino zunda bat bidaltzeko zortea dugunean izan ezik. Asteroide horietako bat 3200 Phaethon da. Apenas 6 km-ko diametroa duen gorputz txiki hori 1983ko abenduan aurkitu zen, eta teleskopio espazial batek deskubritutako lehen asteroidea izan zen. Gainera, hamarkadak daramatza zientzialariak harritzen, asteroidea izan arren, Eguzkira gerturatzean kometek dutenaren antzeko adats bat garatzen baitu. Beraz, Phaethon objektu kategoria berri samar baten barruan dago, asteroide aktiboenean alegia. Kategoria hori asteroideenen antzeko orbitak dituzten baina Eguzkiaren inguruko orbitaren uneren batean kometa adats bat garatzen duten gorputzek osatzen dute.

adats1. irudia: Phaethonen irudiak, Areciboko irrati teleskopioak 2017ko abenduaren 17an ateratakoak. (Argazkia: Arecibo Observatory/NASA/NSFk eskainitako irudiak. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Hori bai, kategoria horren barruan badira beste zenbait objektu beste arrazoi batzuengatik adats bat garatu dutenak, modu errepikakorrean izan ez bada ere. Batzuek, adibidez, inpakturen bat jasan ostean, beren materiaren zati bat egozten dute, errotazio oso azkar baten ondorioz –partikulek asteroidearen grabitatetik ihes egiten dute– edota zunda batek beren azaleraren aurka talka egin duelako, 2022an DART misioarekin gertatu zen bezala.

Bestalde, urtero, abenduaren erdialdera, Phaethonek atzean uzten dituen hauts partikulek Geminiden meteoro zaparrada ekartzen dute. Partikula horiek gure atmosferan sartzen dira haiekin gurutzatzen garenean, eta hori, normalean, kometen jarduerak eragiten du asteroideenak baino gehiago.

Orduan, zer dela eta garatzen du Phaethonek adats bat? Azterlan berri baten arabera, ikusten ari garena ez da kometena bezalako adats bat, gorputz horiek osatzen dituen izotza sublimatzen eta gas bihurtzen hasten denean eratzen dena eta arroka zein hauts partikulak erauzten eta bidean uzten dituena, zerbait exotikoagoa baizik.

adats2. irudia: Phaethon, hainbat behatoki eta iragazkiren bidez ikusita. Goi-ezkerraldeko irudian, asteroidea, sodioa detektatzea ahalbidetzen duen iragazkiarekin ikusita. Goi-eskuinaldeko irudian, hautsa detektatzea ahalbidetzen duen iragazkiarekin ikusita; bertan asteroidea ere ez da hautematen. Bi irudiak SOHO behatokitik atera dira. (Iturria: Zhang et al. (2023))

Dirudienez, antzematen dugun adatsaren osagai nagusia gas egoeran dagoen sodioa da, asteroidearen azalaren tenperatura altuen ondorioz eratzen dena gorputza Eguzkitik gertuen dagoenean: 21 milioi kilometrora soilik egotera iristen da, Merkurioren eta Eguzkiaren arteko distantziaren ia herenera, alegia. Izan ere, tenperatura horiek aski altuak dira mineralen eta beste konposatu batzuen parte izan daitekeen sodioa lurruntzeko.

Nola iritsi gara aurkikuntza horretara? Arazo handiak ditugu Phaethonen adatsa Lurretik behatzeko, gure planetatik oso gertu dagoenean garatzen denez, ezinezkoa baita ohiko teleskopio astronomikoen bidez hautematea; eguzki behatokietatik, ordea, badugu ikustea.

Eguzki behatoki horietako bik, SOHOk eta STEREOk, xehetasunez aztertu ahal izan dituzte Eguzkiarenganako azken hurbilketak. Gainera, tresna horiek asteroidea hainbat iragazkiren bidez ikertzeko eta, horrela, adatsa hautsez edo beste elementu batzuez osatuta dagoen bereizteko aukera ematen dute.

SOHOren irudiek adatsa gas egoeran dagoen sodioak osatzen duela baieztatzen dute: sodioa antzemateko gai den iragazkiarekin, asteroidea distiratsu agertzen da; behaketa berbera hautsa detektatzeko gai den iragazkiarekin errepikatzean, berriz, asteroidea ez da azaltzen.

adats3. irudia: SOHO behatokitik 2011n ikusitako Eguzki-arraseko kometa bat. (Argazkia: NASA/ESA-Caltech. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Erantzuna iruditu dakigukeen horrek bi galdera berriri irekitzen die atea: Lehenik, adatsa sodio lurrunez osatuta badago, nondik ateratzen dira Geminiden zaparrada eragiten duten partikulak? Phaethonek jasandako talka baten ondorioz edo haren errotazio abiadurak eragindako haustura baten kausaz sortu ote ziren duela milaka urte gutxi batzuk?

Eta bigarrenik, eguzki behatokiei esker, Eguzkira gerturatzean adats bat garatzen duen gorputz talde garrantzitsu bat aurkitu da, Eguzki-arrasekoena, hain zuzen ere… Kometak al dira benetan ala kasu honetan ere haien antzeko portaera duten asteroideen aurrean al gaude?

Erreferentzia bibliografikoa:

Zhang, Qicheng; Battams, Karl; Ye, Quanzhi; Knight, Matthew M.; Schmidt, Carl A. (2023). Sodium brightening of (3200) Phaethon near Perihelion. The Planetary Science Journal, 7, 40. Doi: 10.3847/PSJ/acc866.

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko maiatzaren 1ean: La extraña cola de Faetón.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Phaethonen adats bitxia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Produktuetan karbono-tasa erakustearen eragina

Mon, 2023/06/12 - 09:00

Karbonoaren gaineko zergek produktuen kostuak igotzen dituzte, haien kontsumoa murrizteko helburuarekin. UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, zenbait esperimenturen bidez frogatu dute produktuen prezioan karbono-tasa agerian jartzeak eta karbonoaren gaineko zerga bat ordaintzen ari dela jakiteak kontsumitzaileen lizentzia morala aktibatzen duela eta gehiago kontsumitzeko joera erakusten dutela.

Klima-aldaketari aurre egiteko, merkatuan oinarritutako politika garrantzitsutzat jotzen da karbono-kontsumo intentsiboa duten ondasunen eta zerbitzuen prezioa igotzea, karbono-emisioen gaineko zerga baten bidez. Zerga horren ondorioz, “ekoizleak diru-kopuru finko bat ordaindu beharko luke atmosferara isurtzen duen CO2-kilogramo bakoitzagatik. Hala, produktu kutsagarrien ekoizpen-kostuak garestituko lirateke, produktuen prezioak igo eta eskaera jaitsi”, azaldu du Aitor Marcos UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikertzaileak.

karbono-tasaIrudia: karbono-tasa ordaintzen ari direla jakiteak kontsumitzaileen lizentzia moralak aktibatzen ditu. (Argazkia: geralt – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)

Herrialde askotan arazoak izan dira zerga hau aplikatzerakoan, jendea aurka azaldu izan delako; horrenbestez, karbonoaren gaineko zergen eraginari buruzko gardentasuna eskatzen dute aditu askok. Agintari politikoen esku dago karbonoaren gaineko zerga edo karbono-tasa publikoarentzako salmenta-prezioaren berariazko osagai gisa agerian jartzea edo ezkutuan uztea. Eta gardentasun horrek oharkabeko ondorio batzuk izan ditzakeela ohartarazi dute UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko zenbait ikertzailek. Izan ere, frogatu dute prezioan ikusgai jartzen diren karbono-tasek ezkutuan uzten direnak baino eraginkortasun txikiagoa dutela eskaera murrizteari dagokionez.

Eragin handiagoa klima-aldaketarekin kezkatuta dauden pertsonengan

Zenbait esperimentu egin dituzte AEBn kontsumo handiko bost produkturekin: kirol-oinetako batzuk, hanburgesa bat, telebista bat, mugikor bat, mikrouhin-labe bat. “Ez dira oso produktu kutsagarriak, baina ekoizpen-prozesu energetikoki intentsiboa dute, eta haien kontsumo absolutua oso handia da gaur egun”. Erosle-talde bati karbonoaren gaineko zerga prezioaren etiketan agerian zeukatela eskaini zizkioten produktuak, eta beste talde bati zerga ezkutuan zeukatela; prezioa berbera zen bi kasuetan.

Ikerketan frogatu dute “karbonoaren gaineko zerga bat edo karbono-tasa ordaintzen ari direla jakiteak kontsumitzaileen lizentzia moralak aktibatzen dituela, eta produktu horien eskaera txikitu beharrean areagotu ere egiten dela”. Oso jarrera paradoxikoa dela adierazi du ikertzaileak: “Zerga ordaintzea positibotzat jo daitekeenez, kontsumitzaileek moralki justifika dezakete produktu kutsagarriak erostea. Alegia, kontsumitzaileek produktu kutsagarriak erosten jarraituko dute, uste dutelako zerga ordaintzeak kutsatzeko baimen morala ematen diela”.

Aitor Marcosek azaldu duenez, “ikusi genuen parte-hartzaileen erosteko asmoa sistematikoki handiagoa zela karbonoaren gaineko zerga agerian zegoenean. Talde horretako kontsumitzaileek zuten produktua erosteko asmo handiagoa; beren buruarekiko irudi moral positiboagoa zeukaten, eta horrek lizentzia moralaren hipotesia berresten du”. Halaber, hauteman dute karbonoaren gaineko zergek eragin handiagoa izan dutela klima-aldaketarekin kezkatuta dauden eta kontserbadore ez diren pertsonengan; izan ere, “pertsona horietan handitu zen gehiago karbono-tasa ordaintzeak piztutako autokontzeptu morala. Ez zuten karbono-tasa ondo interpretatzen, eta horra hor paradoxa, pertsona horiek baitira karbono-tasa aplikatzeko orduan gardentasun handiagoa eskatzen dutenak”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Produktuen karbono-tasa erakusteak beroriek erosteko joera handitzen du.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hartmann, Patrick; Marcos, Aitor; Barrutia, Jose M. (2023). Carbon tax salience counteracts price effects through moral licensing. Global Environmental Change, 78. DOI: 10.1016/j.gloenvcha.2023.102635

The post Produktuetan karbono-tasa erakustearen eragina appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #442

Sun, 2023/06/11 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

dieta

Nutrizioa

Ikerketa pilotu bat egin dute heste suminkorraren sindromea duten pazienteentzako dieta espezifiko baten erabilera euskal herritarrei helarazteko. Ikerketa hori Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko eta BCC Innovation Basque Culinaryko Gastronomiako Zentro Teknologikoko ikertzaileen arteko lankidetzaren emaitza izan da. Heste suminkorraren sindromea biztanleriaren %20ak pairatzen duen gaitza da, eta sintoma nagusiak abdomeneko mina eta hesteetako aztura asaldatua dira. Gaitz hori tratatzeko, aurrez deskribatutako dieta bat erabili zuten, sakarosa eta almidoi gutxiko dieta bat, hain zuzen, eta emaitzen arabera, parte-hartzaileen %85ek erantzun positiboa eman zion dietari. Datuak Zientzia Kaieran: Dieta azterketa piloto bat heste suminkorraren sindromea duten pazienteekin.

Fisiologia

Esther Samperrek sukarraren fisiologia eta garrantzia azaldu ditu Zientzia Kaieran. Kasu gehienetan, sukarra infekzioen aurkako defentsa erreakzio natural bat da. Gorputzaren tenperatura igotzen da, eta horrek immunitate sistemari laguntzen dio agente patogenoak suntsitzen. Horregatik, hainbat azterlan zientifikok ondorioztatu dute sukarra kosta ahala kosta jaisten saiatzea kalterako izan daitekeela. Sukarrak seinale modura jokatzen du, zerbait ongi ez doala adierazten baitu. Hala eta guztiz ere, kasu batzuetan kezkatu beharko ginateke sukarra dugunean, besteak beste, 40°C-tik gorako sukarra duenean edo haur baten sukarrak hiru egun edo gehiago irauten duenean. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Sukarra: ulertu gabea, ospe txarrekoa eta mitoz inguratua.

Medikuntza

Mar Mendibe Biocruceseko zuzendari zientifikoa neurologiaren egoeraz eta erronkez aritu da Berriarekin. Azaldu duenez, esklerosi anizkoitza azken 20 urteetan gehien aurreratu den gaixotasunetako bat da. Gaixotasun larria da oraindik paziente askorentzat, baina egoera asko hobetu da, bai gaixotasunaz dagoen ezagutzan, eta baita tratamenduan ere. Neurologiaren erronken inguruan galdetzean, Mendibek Alzheimerra eta AEA alboko esklerosi amiotrofikoa aipatu ditu. Gaixotasun horiei lotuta From bench to the bedside terminoa erabiltzen dutela azaldu du, hau da, Biocruceseko laborategien eta ospitalearen arteko zubia sortzea. Elkarrizketa honen inguruko informazio gehiago Berrian: «Kontsultaren eta laborategiaren artean zubiak eraikitzea dagokit».

Biologia

Estitxu Txurruka Ekologia jakintza-arloan doktorea da (UPV/EHU), eta gaur egun, Bizkaiko Golkoko antxoa europarraren populazioa du ikergai. Populazioaren dinamika aztertzeko tamaina eta pisua hartu izan dira kontuan orain arte, baina Txurrukaren esanetan, metodo horrek bere mugak ditu. Horregatik, antxoa-indibiduoen materia organikoaren kantitatea hartu du kontuan berak, hau da, proteinen, lipidoen eta karbohidratoen edukiak, eta baita edukiok organoetan duten presentzia ere. Antxoaren egoeraren inguruan galdetuta, Txurrukak dio urtez urteko kudeaketa egoki bat egin behar dela, populazioaren egoeraren jarraipen estu bat kontuan izanda. Elkarrizketa honen inguruko datu gehiago Udako Euskal Unibertsitateko webgunean irakur daitezke.

Antropologia

Iberiar penintsulako migranteek sartu zuten nekazaritza Afrikako ipar-mendebaldean, diziplinarteko ikerketa baten arabera. Lau aztarnategitatik lortutako 9 gizakiren azterketa genetikoa egin dute, eta sekuentzia horiek aurretik zituzten datuekin bateratuta, erakutsi dute Marokoko paisaia genetiko eta kulturala erabat aldatu zela duela 7.500 eta 5.700 urte bitartean, Europako eta Ekialde Urbileko talde eta bizimodu neolitikoak iristean. Ikertzaileen esanetan, Europako nekazariek eraman zuten hara bizimodu neolitikoa, eta ondoren tokiko komunitateek bereganatu egin zuten. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Ingurumen-gatazketan emakumeak bereziki zaurgarriak direla baieztatu dute. Ondorio horretara iristeko 2022tik ingurumen-gatazkei buruzko Ingurumen Justiziako Atlasean bildutako 523 kasu aztertu dituzte, eta ohartarazi dute biktimak emakumeak direnean, sarritan, ez direla injustizia horiek dokumentatzen. Atlas horretan urarengatik, erregai fosilengatik, nekazaritzagatik eta deforestazioagatik sortutako gatazkak azaltzen dira, besteak beste. Hilketak ez ezik, jazarpena, kriminalizazioa eta sexu-indarkeria ere aztertu dituzte, eta jakinarazi dute, seguru asko, kasuak jasota daudenak baino ugariagoak direla. Bestalde, bildutako biktimen artean gehiengoa hegoalde geografikokoak direla baieztatu dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Iraunkortasuna

Euskal Herriko Unibertsitatean, Campus Bizia Lab programak unibertsitate-komunitatean prozesu kolaboratiboa abiaraztea du helburu, UPV/EHUn iraunkortasunaren erronkei erantzuteko. Ekintzen artean Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako hiri-hondakinen eta hondakin arriskutsuen sorkuntza aztertu da, eta topatu diren akatsak hobetu dira. Horretaz gain, zenbait ikusgaitasun- eta sentsibilizazio-ekintza azaldu eta eraman dira aurrera. Datu horiek aurreko ikasturteetakoekin alderatuko dira. Azalpenak Zientzia Kaieran: Unibertsitate iraunkorragoaren alde.

Klima-aldaketa

Hiriak larrialdi klimatikoari aurre egiteko nola egokitu daitezkeen aztertu dute Imagine Adaptation lanean. Maria Loroño BC3ko ikertzailea izan da lan horren parte, eta argi azaldu du Berriaren Kinka podcastean: «Hiriak ez daude prest klima aldaketari aurre egiteko». Gaur egungo egoeraren adibide modura errepideak eta zementua erabili ditu, azpiegitura hauek beroa gordetzen baitute, eta tenperatura igotzen dute hirietan. Loroñoren esanetan, egokitzapen egokiarekin hirietako tenperaturak epeldu, uholdeak gutxiagotu eta, orokorrean, klima-aldaketaren efektuak kontrolatu edo murriztuko lirateke. Eraikinak hobetzea ere estrategikoa da prozesu horretan, bai isolamendu aldetik, eta baita estruktura berdeak gehitzeko ere. Datuak Berrian.

Fisika

Higgs bosoiaren desintegrazio arraro baten ebidentziak topatu dituzte LHC azeleragailuan. 2012an Higgs bosoia aurkitu zenetik, partikula horren propietateak zehaztasunez ulertu nahian dabiltza zientzialariak, eta propietate horietako bat da nola desintegratzen den Higgs bosoia. Bada, aurkikuntza berri honetan ikusi dutenez, bosoia ez dela zuzenean deskonposatzen. Badirudi zuzenean detektatu ezin diren beste partikula “birtual” bi sortzen direla, eta ondoren Z bosoi bat eta fotoi bat sor litezkeela pentsatzen dute adituek. Bi partikula birtual horiek erabat berriak izan litezke, oraingoz eredu estandarrek iragartzen ez dituenak. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Kimika

Gaur egun etxebizitza eta eraikuntzetan gertatzen diren suteetan heriotzaren kausarik nagusiena zianuro-gasak dira. Izan ere, karbonoa eta nitrogenoa duten plastikoek eta haiez egindako beste materialek hidrogeno zianuroa sor dezakete errekuntza-prozesuetan. Hidrogeno zianuroa oso toxikoa da, eta haren eraso-mekanismoa C zitokromo oxidasa konplexua inhibitzea da. Oxidasa horren funtzioa etetean, elektroien garraio katea ere eten egiten da eta zelula-arnasketa ez da gauzatzen. Hala, zelulek ezingo dute beren lana egiten jarraitu. Badira ordea efektu horiei aurre egiteko antidotoak jada, eta, oro har, hidroxokobalamina konposatuan oinarritzen dira. Azalpenak Zientzia Kaieran: Madrilgo jatetxearen sutea eta zianuro intoxikazioak.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #442 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #450

Sat, 2023/06/10 - 09:00
Adrien Converse / Unsplash

Hizkuntza bat baino gehiago jariotasunez hitz egiteak onura kognitibo ezagunak ditu, eta are gehiago aurkitzen ari dira: Bilingualism and cognitive reserve: unlocking the benefits of multilingualism, Patricia Fuente García eta Victoria Cano Sánchez.

Posible al da tona askoko kamioi-flota bat ekonomikoki eraginkorra den moduan operatzea elektrizitatea erabiliz eta baldintza errealetan? Ikerketa honek dio baietz eta diesela baino merkeagoa ere badela. Electricity cheaper than diesel for heavy goods vehicles.

Garuna hain ona bada arazoak konpontzen eta informazioa aztertzen, zergatik ez egin konentatuko garunetan oinarritutako ordenagailurik? Organoid intelligence: brains acting as computers, Rosa García-Verdugorena.

Material supereroaleak oinarri bikaina dira gorputz askoren egoeren koherentzia eta qubits gisa izan dezaketen erabilera aztertzeko. DIPCko jendea, esploratzen: Tunneling electrons excite a superconducting pair-breaking transition in the presence of magnetic impurities.

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #450 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Klima-aldaketa guztioi dagokigun arazoa

Fri, 2023/06/09 - 09:00

Ebidentzia zientifikoak klima-aldaketa badela erakusten du: planetaren tenperatura igotzen doa, ozeanoak berotzen ari dira, artikoko itsaso-izotza hedadura galtzen ari da… Gaur egungo arazoa, besteak beste, erregai fosilekin isurtzen den CO2 kantitatea da eta arazo honen parte garen heinean, hau ere gure arazoa da.

EAEn non sortzen diren isuri handienak eta zer neurri hartu ahal diren azaltzen ditu Elisa Sainz de Murieta geologoak bere hitzaldian Klima-aldaketa guztioi dagokigun arazoa. Geologoak eta UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua Saileko irakasleak azaltzen du nola egin aurre inpaktu hauei. Inpaktu larrienak ekiditeko gai bagara ere, eragin batzuk jasango ditugu, beraz hauei aurre egin eta klima egokitzapena bultzatzearen beharra adierazten du Sainz de Murietak. Ekonomikoki, ingurumenaren, gizartearen zein efizientziaren ikuspuntutik, zentzu guztia daukala inbertitzea klima-aldaketa murrizteko, honen inpaktuei itxarotea baino.



Hitzaldia Zientziaren ertzetik zientzia-dibulgazioan oinarritzen den hitzaldi-solasaldiaren zikloaren barruan antolatu zen. Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekaren eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren ekimen honek 2022-2023 ikasturtearen bitartean hilabetero hitzaldi bat eskaini zuen.

The post Klima-aldaketa guztioi dagokigun arazoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Unibertsitate iraunkorragoaren alde

Thu, 2023/06/08 - 09:00

Unibertsitateak gizarte-aldaketaren eragiletzat hartzen dira eta, ondorioz, zeregin garrantzitsua dute ezagutza, ikerketa, berrikuntza, garapen ekonomikoa eta gizarte-ongizatea sortzen eta zabaltzen, etengabeko konpromisoa erakutsiz garapen jasangarriarekin. Honen harira, Euskal Herriko Unibertsitatean, Campus Bizia Lab (CBL) programak unibertsitate-komunitatean prozesu kolaboratiboa abiaraztea du helburu, UPV/EHUn iraunkortasunaren erronkei erantzuteko.

Lan honetan, CBL ekimenaren barruan “EKINTZA-MURRIZTEA. Lege klasikoak berrasmatzea gure Campusaren etorkizun iraunkorrago baterako: kontsumoak eta hondakinak murrizteko ekintzak” proiektuaren baitan lortu diren hainbat emaitza aurkeztu dira.

Vitoria-GasteizkoIrudia: VGIEko hondakinen bilakaera 2015-16 ikasturtetik 2019-20 ikasturtera. Ezkerrean: hiri-hondakinak. Eskuinean:  hondakin-arriskutsuak, a) disoluzio ez organiko azido eta alkalinoak, laborategiko erreaktiboak eta beste likidoorganikoak; eta (b) beira hautsia, plastikozko ontzi hutsak eta xurgatzaileak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Alde batetik, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako (VGIEko) hiri-hondakinen (HHen) eta hondakin arriskutsuen (HAen) sorkuntza aztertu da, horien bilketa-, erregistro- eta biltegiratze-prozedurak zehatz-mehatz aztertu dira, eta topatu diren akatsak edo efizientzia gutxiko alderdiak hobetu dira. Datuak eguneratzeak eta kudeaketaren inguruko azterketa sistematikoa egiteak Eskolan sortutako hondakinen kontrola ahalbidetu du. Gainera, hondakinen inguruko datuen bilketarako erabili den protokoloa eta erregistrorako erabili diren txantiloiak berrikusteak eta hobetzeak erraztu egin du baliabide horiexek erabiltzen eta aztertzen dituzten irakasle, ikertzaile eta langileen lana, informazioa modu argiago eta baliagarriagoan biltzen lagundu baitu.

Bestetik, Eskolan azken 5 ikasturteetan sortutako hiri-hondakinen eta hondakin arriskutsuen inguruko datuak aztertu dira. Ondorioztatu da ekoiztutako kantitateak Eskolako dinamikaren eta eguneroko bizitzaren ondorio direla bai HHen eta bai HAen kasuan. Hala ere, badira, oraindik, kezka sortzen duten hondakin kantitateak, hala nola sortzen den paper kantitate handia (3-4 tona inguru azken ikasturteetan), ontzi arinen kopuru altua, hondakin arriskutsuen banaketa eta kudeaketa egokia etab.

Azkenik, VGIE unibertsitateko Zentro den aldetik, etengabeko ahalegina egin beharra dauka unibertsitate-komunitate jasangarri eta iraunkorraren alde. Hori dela eta, hainbat hobekuntza-ekintza eta ikusgaitasun- eta sentsibilizazio-ekintza azaldu eta eraman dira aurrera, VGIEn sortzen den hondakin kantitatea gutxitzeko eta gaikako bilketa sustatzeko. Horietako batzuk honakoak izan dira: Zentroaren sarreran dagoen pantailan hondakin-ekoizpenarekin erlazionatutako mezu orokorrak eta VGIEko ekoizpen datuak jarri dira, Twitter eta Instagram sare sozialetan azken urteotan eskolan sortutako HHen eta HAen inguruko datuak jarri dira, frakzio bakoitza biltzeko ontzien identifikazio-kartelak bateratu dira (HHen bereizketa egokiagoa sustatzeko asmoz), ontzi arinen edukiontzietan zein hondakin bota daitezkeen eta zein ez adierazi da, eta abar.

Amaitzeko, aipatu behar da ekintza hauen eraginkortasuna aztertzeko asmoz, ondorengo ikasturteetako datuak biltzen eta erregistratzen jarraitzeaz gain, lortutako datuak aurreko ikasturteetakoekin alderatuko direla, beti ere VGIE iraunkorragoa lortzea delarik helburu.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Unibertsitate iraunkorragoaren alde: Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako hondakinen kudeaketaren azterketa
  • Laburpena: Unibertsitateak gizarte-aldaketaren eragiletzat hartzen dira eta, ondorioz, zeregin garrantzitsua dute ezagutza, ikerketa, berrikuntza, garapen ekonomikoa eta gizarte-ongizatea sortzen eta zabaltzen, etengabeko konpromisoa erakutsiz garapen jasangarriarekin. Honela, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHUk) bere gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-politika planak eta praktikak gizartearentzat eredugarri izan daitezen zehazten ditu, «Garapen Iraunkorrerako EHUagenda 2030» dokumentuan esaterako. Bertan, gogoeta sakona egiten da garapen iraunkorreko 17 helbururen eta oparotasun ekonomikoa, gizarteratzea eta ingurumen-jasangarritasuna sustatzeko 169 helmugaren inguruan, dokumentua ibilbide-orritzat hartuz eta Unibertsitatearen lana planetaren erronka handienekin lerrokatuz. Aldi berean, UPV/EHUk, Campus Bizia Lab ekimenarekin, aipatu berri diren alderdiak indartu nahi ditu unibertsitate-komunitatearen artean (irakasleen, ikertzaileen, zerbitzu eta administrazioko langileen, eta ikasleriaren artean). Lan honetan, aurkeztu egiten dira Campus Bizia Lab ekimenaren barruan «EKINTZA-MURRIZTEA. Lege klasikoak berrasmatzea gure Campusaren etorkizun iraunkorrago baterako: kontsumoak eta hondakinak murrizteko ekintzak» proiektuaren baitan lortu diren hainbat emaitza. Proiektu honen helburuetariko bat izan da Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako hiri-hondakinen eta hondakin arriskutsuen sorkuntza aztertzea, haien kudeaketa optimizatzea eta sorkuntza minimizatzea ahalbidetuko duten jarduerak azaltzea. Horretarako, hondakin mota horien bilketa-, erregistro- eta biltegiratze-prozedurak zehatz-mehatz aztertu dira, eta topatu diren akatsak edo efizientzia gutxiko alderdiak hobetu dira. Gainera, Eskolan azken 5 ikasturteetan sortutako hiri-hondakinen eta hondakin arriskutsuen inguruko datuak aztertu dira, emaitzen argitan hondakinen sorkuntza murrizten lagun dezaketen hobekuntza-ekintzak edo ideiak proposatzeko eta aplikatzeko, eta EHU agenda 2030 helburuekin lerrokatuz, hondakinen inguruan unibertsitate-komunitate sentsibilizatuagoa lortzeko bidean aurrera egiten laguntzeko.
  • Egileak: Naiara Rojo, Ainara Saralegi eta Jon Alvarez
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 293-308
  • DOI: 10.1387/ekaia.22957
Egileez:

Naiara Rojo, Ainara Saralegi eta Jon Alvarez UPV/EHUko Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Unibertsitate iraunkorragoaren alde appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Madrilgo jatetxearen sutea eta zianuro intoxikazioak

Wed, 2023/06/07 - 09:00

Gaur egun etxebizitza eta eraikuntzetan gertatzen diren suteetan heriotzaren kausarik nagusiena ez da karbono monoxidoa, zianuro-gasak baizik. Horrekin lotuta, apiril amaieran Madrilgo jatetxe baten sutean antzeko zerbait gertatu izana da ziurrena. Sabaiko plastikozko dekorazioak su hartu zuen eta bi lagun hil ziren, antza, gas-intoxikazioaren kausaz. Emandako azalpenetan, zianuroa aipatzen da, baina nola liteke sute baten kean zianuroa egotea?

Apirilaren 21ean Madrilgo jatetxe batean gertatutako sutearen ondorioz hiru lagun hil ziren eta gutxienez beste hamar zauritu ziren. Sutea 23:00ak aldera hasi zen, antza, pizza bat flanbeatzeko erabilitako soplete baten kausaz. Jatetxearen sabaia plastikozko lore eta bestelako apaingarriz beterik zegoen eta, dirudienez, plastikozko dekorazioak su hartu zuen segundo gutxiren barruan. Hedabideetan irakurri ahal izan dugunez, litekeena da bi heriotzen kausa gas toxikoak arnastea izatea, batik bat karbono monoxidoa eta zianuro-gasak. Bertaratutako suhiltzaileen arduradunek aipatu zutenez, zianuroa izan zitekeen arrazoi nagusia. Oraingoz heriotzen arrazoiak argitzeke dauden arren, nola da posible zianuroa askatzea sute batean? Bada, ez da harritzekoa zianuro-gasak askatzea eta badauka azalpen zientifikoa. Instagram-estiloko dekorazioak eztabaidan dauden bitartean, azter dezagun zianuroaren kimika Madrilgo sutearen arriskuak hobeto ulertu ahal izateko.

zianuro1. irudia: sabaiko plastikozko loreen errekuntzak zianuro-gasak aska ditzake. (Argazkia: Yung-pin Pao – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Lehenik eta behin, egin dezagun zuzenketa bat. Oro har, zianuroa aipatu den arren, hidrogeno zianuro (HCN) gasaz hitz egiten ari gara, baina beste zianurodun konposatu batzuk ere aska daitezke sute batean. Zein da desberdintasuna? Zianuroa anioi monobalentea da, karbono atomo baten eta nitrogeno atomo baten loturaz sortzen dena. Modu desberdinetan aurki daiteke; esaterako, konplexu kristalinoetan -potasio zianuroa-, zianogeno kloruroa edo zianogeno bromuroa bezalako konposatu gisa edo hidrogeno zianuro moduan -bai gas-fasean bai ur-fasean-. Hidrogeno zianuroari, ur-fasean disolbatuta dagoenean, azido zianhidriko deritzo. Antzeko zerbait gertatzen da azido klorhidrikoarekin, zeina hidrogeno kloruroaren ur-disoluzioa den. Zianuroari, konposatu organikoen talde funtzional gisa dagoenean, nitrilo talde funtzionala deritzo. Beste modu batera esanda, zianuro taldea duen konposatu organiko bati nitriloa deritzo, horixe baldin bada haren talde funtzionalik garrantzitsuena.

Hidrogeno zianuroa, HCN formula kimikoa duen gasa, oso toxikoa da. Haren eraso-mekanismoa C zitokromo oxidasa konplexua inhibitzea da. Oxidasa horren funtzioa eteten bada, elektroien garraio katea ere eten egiten da eta horixe da, hain zuzen ere, zelula-arnasketaren funtsezko mekanismoa. Zelula-barneko ATPa ekoizten jarraitzea ez denez posible, zelulek ezin dute beren funtzioa eraginkortasunez bete. Zianuroaren eraginik kaltegarrienetakoa globulu gorrien lana oztopatzea da. Zelulek ezin dutenez erabili globulu gorrietan garraiatzen den oxigenoa, zianuro-intoxikazioz hildako gorpu baten zainetan oxigeno-kontzentrazio altuak aurkitu ohi dira.

Madrilgo sutera itzuliz, kontuan hartu behar dugu karbonoa eta nitrogenoa duten plastikoek eta, oro har, osagai horiek dituzten beste materialek hidrogeno zianuroa sor dezaketela errekuntza-prozesuetan. Aipatzekoak dira melamina, nylona, nitrozelulosa, poliakrilonitriloa, poliuretanoak eta bestelako poliamida motako plastikoak. Plastiko horiek erretzen direnean, hidrogeno zianuroa sortzen da. Litekeena da Madrilgo jatetxeko sabaiko dekorazioan zeuden plastikozko lore eta bestelakoak mota horretakoak izana. Oro har, sute batean gertatzen diren hildakoen %82 gasak arnasteagatik hiltzen direla jotzen da. Esan bezala, gas horien artean arriskutsuenak karbono monoxidoa eta zianuro-gasak dira. Hidrogeno zianuroaren arriskua handia da; izan ere, bizirauteko oinarrizkoak diren funtzioak nahiko azkar eteten dituen pozoia da. Bi gas horien akzio-mekanismoa antzekoa da: hipoxia zelularra eragiten dute eta horrek heriotza azkarra dakar. Dirudienez, erabiltzen ditugun materialen kausaz, geroz eta arruntagoa da suteetan zianuro-intoxikazioak gertatzea.

Arazoa ez da gaurkoa eta 2008. urtetik eskuragarri daude suteetan zianuro-intoxikazioei aurre egiteko antidotoak. Gaur egun gehiago ere badira, baina, oro har, hidroxokobalamina konposatuan oinarritzen dira. Jada eskuragarri daude zianuroaren eta karbono monoxidoaren aurkako antidoto konbinatuak ere. Ezin dugu ziurtatu, jakina, baina litekeena da Madrilgo intoxikatuei horien antzeko antidotoak eman izana gas toxikoen eragina arintzeko asmoz. Hidroxokobalamina B12 bitaminaren aurrekaria da eta hari esker lotzen da zianuroa hidroxokobalaminak duen kobalto metalarekin. Kobaltoarekin lotzen denean, zianokobalamina sortzen da eta hura gernuarekin batera kanporatzen da inongo arazorik gabe.

Madrilgo jatetxearen sutean zehazki zer gertatu zen ez dakigun arren, hedabideetan agertu diren albisteetan zianuroa zergatik aipatu den badakigu orain eta suteetan egon daitekeen arrisku ezkutuaren berri ere orain badaukagu. Gaitz erdi.

Informazio gehiago: Erreferentzia bibliografikoa:

Dugard, Paul H. (1987). Clinical and experimental toxicology of cyanides. Ed. Wright.

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Madrilgo jatetxearen sutea eta zianuro intoxikazioak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Sukarra: ulertu gabea, ospe txarrekoa eta mitoz inguratua

Tue, 2023/06/06 - 09:00

Giza gorputza sistema biologiko oso konplexu bat da eta defentsa mekanismo ugari ditu, helburu nagusi bat betetzen dutenak: gu bizirik mantentzea. Hala ere, ez ditugu gure organismoan gertatzen diren erreakzio fisiologiko guztiak behar bezala ulertzen. Sukarra, esate baterako, duen fama txarragatik nabarmentzen da ia mundu osoan, baita harekin lotzen diren mito anitzengatik ere –horien ondorioz, okerreko osasun praktikak egiten dira hari aurre egiteko–.

Gurasoak dira, bereziki hasi berriak, sukarrarekin gehien izutzen direnak beren haurrei eragiten dienean, haien bizitza arriskuan jartzen duela uste baitute. Arrastoan sartzeko asmoz, guraso askok beren seme-alabei sukarraren kontrako botikak ematen dizkiete, baina horiek ere badute kontrako ondoriorik. Hain zuzen ere, Estatu Batuetan egin berri den inkesta nazional baten arabera, hiru gurasotik batek, arrazoirik gabe, sukarra arintzeko botikak ematen dizkie bere seme-alabei. Hori ez da fenomeno bakana. Beste herrialde askotan ere, besteak beste, Espainian, gurasoek sarritan eskatzen dizkiete sukarraren kontrako tratamenduak pediatrei edo farmazialariei, beldur irrazional batek bultzatuta.

SukarraIrudia: hainbat azterlan zientifikoren bidez sukarraren onurak hobeto ezagutu ahala, gero eta argiago gelditzen ari da hura kosta ahala kosta jaisten saiatzea kalterako izan daitekeela. (Argazkia: Matteo Fusco – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)

Ia kasu guztietan, sukarra infekzioen (sarritan, birusek eta bakterioek eraginak) aurkako defentsa erreakzio natural bat da. Gorputzaren termostatoari (hipotalamoari) esker, gorputzaren tenperatura zehaztasun handiz igotzen da, immunitate sistemari agente patogenoak suntsitzen laguntzeko eta haiek ugaldu daitezen eragozteko. Bestela esanda, sukarra ez da etsaia, aliatua baizik. Noski, sukarra izatea ez da atsegina, ondoez orokorra eta ahulezia eragin ditzake eta. Infekzio prozesua laburtzeagatik eta mikroorganismo inbaditzaileari aurre egiteko aukera gehiago izateagatik ordaindu beharreko prezioa da.

Hainbat azterlan zientifikoren bidez sukarraren onurak hobeto ezagutu ahala, gero eta argiago gelditzen ari da hura kosta ahala kosta jaisten saiatzea kalterako izan daitekeela. Horregatik, medikuntzan gero eta ohikoagoa da sukarra beharrezkoa denean bakarrik tratatzea, handiegia delako edo pertsonari sufrimendu nabarmena eragiten diolako, adibidez. Bestela esanda, pertsona tratatu behar da, ez termometroa. Horren harira, zenbait osasun erakundek, tartean, Espainiako Pediatria Elkarteak, Mayo Klinikak eta Erresuma Batuko Osasun eta Arreta Bikaintasunerako Institutu Nazionalak kasu puntualetan baino ez dute gomendatzen sukarrari aurre egitea.

Sukarraren inguruko mitorik nabarmenenak

1. mitoa: sukarra arriskutsua da, kalte zerebrala ez ezik, heriotza ere eragin baitezake.

Hori ez da horrela sukarra duten ia paziente guztietan. Prozesu horrek garuneko lesio larri eta itzulezinak eragin ahal izateko, gorputzaren tenperatura 42 °C-tik gora igo beharko litzateke (hainbat proteina desnaturalizatzeko). Sukar handia dagoen kasu horietan gomendatzen da sukarraren kontrako botikekin jaistea, baina, normalean, hori ez da gertatzen.

2. mitoa: sukarrak konbultsio larriak eragiten dizkie haurrei, eta tratatu egin behar da horiek ager ez daitezen.

Guraso askok sekulako beldurra diete adingabe batzuek infekzio prozesuetan izan ditzaketen konbultsioei, alarma seinaletzat hartzen baitituzte. Kasu horietan, ordea, konbultsioak ez dira alarma seinaleak: arinak izaten dira eta, gainera, ez dute zerikusirik gorputzaren tenperaturarekin. Are gehiago, konbultsioak ohikoagoak dira sukar baxuekin, eta sukarraren kontrako botikek ez dituzte eragozten.

3. mitoa: sukarra bainuak, oihal hotzak eta bestelako neurri fisikoak erabiliz edo haurrak biluztuz jaitsi behar da.

Erakunde mediko askok baliabide horiek saihestea aholkatzen dute. Ekintza horiek alferrikakoak izaten dira gorputzaren tenperatura jaisteko, eta, batzuetan, igo ere egin dezakete, larruazaleko odol hodiak uzkurtu egiten baitira.

Sukarra alarma seinale badenean

Berez, sukarra prozesu normal bat da gaixotasun infekzioso batean. Dena den, batzuetan, seinale horrek zerbait ondo ez doala adieraz dezake. Ondorengo kasuetan, sukarrak kezkatu egin beharko gintuzke, eta medikuarenera joan beharko genuke haren atzean zer dagoen jakiteko:

Sukarraren jatorria ezagutzen ez dugunean.

Hiru astean baino gehiagoan sukarra izatea, dela etengabe, dela aldizka, gaixotasun infekzioso baten ageriko zantzurik gabe, pisuzko arrazoia da medikuarenera joateko.

Edozein pertsonak 40 °C-tik gorako sukarra duenean edo haur baten sukarrak hiru egun edo gehiago irauten duenean.

Kasu horietan, berehala joan behar dugu kontsultara, medikuak tratamendu egokia ezartzeko.

3 hilabetetik beherako haurtxo batek sukarra duenean.

Berehala joan behar dugu Larrialdietara, hain adin txikiko haur bati sukarra zerk eragin dion jakiteko.

Horiez gain, badira beste alarma seinale batzuk, sukarrarekin batera ager daitezkeenak eta Larrialdietara azkar joatea justifikatzen dutenak. Hauek dira seinale horietako batzuk: garondo zurruntasuna (meningitisaren susmoa), buru nahasmendua, larruazaleko orbanak edo kolore zurbil-grisaxka, arnasa hartzeko zailtasuna, okada etengabeak eta mina pixa egiterakoan edo gernu kantitate murriztua. Bestela esanda, sukarra duen pertsona batek medikuarenera joan behar duen ala ez erabakitzeko orduan, termometroak markatzen duenarekin itsutu ordez, pertsonaren egoeran jarri beharko genuke arreta.

Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko martxoaren 13an: La fiebre: incomprendida, con mala fama y rodeada de mitos

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Sukarra: ulertu gabea, ospe txarrekoa eta mitoz inguratua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dieta azterketa piloto bat heste suminkorraren sindromea duten pazienteekin

Mon, 2023/06/05 - 09:00

Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko eta BCC Innovation Basque Culinaryko Gastronomiako Zentro Teknologikoko ikertzaileen arteko lankidetzan ikerketa pilotu bat egin dute heste suminkorraren sindromea duten pazienteentzako dieta espezifiko baten erabilera euskal herritarrei helarazteko. Luis Bujanda UPV/EHUko Medikuntzako katedradun eta Donostialdeko ESIko Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen Arloko arduraduna, eta Koldo Garcia Etxebarria UPV/EHUko Genetikan doktore eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Genetika Gastrointestinaleko Taldeko arduraduna ikerketaren parte izan dira.

Heste suminkorraren sindromea biztanleriaren %20ak pairatzen duen gaitza da, eta sintoma nagusiak abdomeneko mina eta hesteetako aztura alteratua dira. Patologia horrek gaixoen bizi-kalitatea murrizten du, eta gaur egungo tratamenduak ez dira eraginkorrak.

heste suminkorrarenIrudia: sakarosa eta almidoi gutxiko dieta bat (modu hoberenean digeritu ez daitezkeen bi nutriente), onuragarria izango litzateke heste suminkorraren sindromea duten pertsonentzat. (Argazkia: Ewa Raymond – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Suediako Lund University eta Skäne University Hospitaleko ikertzaileek aurretik egindako ikerketa baten arabera, sakarosa eta almidoi gutxiko dieta bat (modu hoberenean digeritu ez daitezkeen bi nutriente), onuragarria izango litzateke gaixotasun hori duten eta askotan beherakoak izaten dituzten pertsonentzat. Ildo horretan, ikerketa pilotu bat egin zen dieta horrek euskal herritarrengan duen eraginkortasuna ikusteko, sukaldaritza-kultura maila handiko gizartea baita. Dieta horren jarraipena errazteko, Zentro Teknologikoko chefek eta ikertzaileek gida bat diseinatu zuten, errezeta bat, menuak eta nutrizio eta sukaldaritza-gomendio egokituak biltzen zituena.

Biodonostia OIIko ikertzaileek aukeratutako 34 pertsonak hartu zuten parte Basque Culinary Centerren instalazioetan egin zen azterketa pilotu honetan, lau asteko iraupenarekin. Prozesuaren amaieran, parte-hartzaileen %85ek erantzun positiboa eman zion dietari, eta 50 puntu baino gehiagoko murrizketa lortu zen heste suminkorraren sindromearen sintomen larritasun-eskalan (horrelako ikerketetan erabilitako neurri estandarra). Bizi-kalitatea nabarmen hobetu zela ikusi zen, eta testeoa amaitu eta bi hilabetera arte iraun zuen hobekuntza hori. Ekimen honen arrakastaren arrazoia, neurri handi batean, parte-hartzaileek erakutsitako interes eta inplikazio-maila handiak izan dira, lau asteetan zehar jasotako dieta eta nutrizio eta sukaldaritza-aholkuak jarraitu baizituzten.

Ikerketaren emaitzak Therapeutic Advances in Gastroenterology aldizkarian argitaratu dira. Azterketa pilotu honen egileek espero dute etorkizun handiko emaitza horiek ikerketa zabalagoa bultzatuko dutela. Dieta hori beste nutrizio-aukera batzuekin alderatzea eta beste paziente-talde batzuetara zabaltzea da helburua.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Emaitza oparoak lortu dituzte heste suminkorraren sindromea duten pazienteekin egindako azterketa pilotu batean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Gayoso, Lucia; Garcia-Etxebarria, Koldo; Arzallus, Teresa; Montalvo, Isabel; Lizasoain, Jacobo; D’Amato, Mauro; Etxeberria, Usune; Bujanda, Luis (2023). The effect of starch- and sucrose-reduced diet accompanied by nutritional and culinary recommendations on the symptoms of irritable bowel syndrome patients with diarrhoea. Therapeutic Advances in Gastroenterology, 16, DOI: 10.1177/17562848231156682

The post Dieta azterketa piloto bat heste suminkorraren sindromea duten pazienteekin appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages