Ibon Uriarte: “Planktona berreskuratzen ari da Euskal Herriko estuarioetan” #Zientzialari (72)
Itsaso, ibai zein lakuetan bizi den organismo txikien multzoa da planktona. Bizidun hauek berebiziko funtzioa betetzen dute ekosisteman. Batetik, kate trofikoaren oinarrietako bat dira eta, bestetik, atmosferan dagoen CO2 soberakina xurgatu eta klima erregulatzaile eginkizuna betetzen dute.
Gai honen inguruan sakontzeko Ibon Uriarte, UPV/EHUko Ingurumen Zientzietako irakaslearekin izan gara. Bere ustez, Euskal Herriko itsasadarrak leku aproposak dira espezie hauen bilakaera aztertzeko.
Zientzialari izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Ibon Uriarte: “Planktona berreskuratzen ari da Euskal Herriko estuarioetan” #Zientzialari (72) appeared first on Zientzia Kaiera.
Argi uhina ala argi partikula?
Uhinen ezaugarriak betetzen baititu:
Islapena eta errefrakzioaSubstantzia garden batetik bestera (airetik uretara) pasatzean jasaten duen norabide aldaketa da errefrakzioa.

1. irudia: Errefrakzioaren eskema. Josell7-ren irudian oinarritua.
Islapena, bere aldetik, gainazal batekin topo egitean jatorrizko norabidera itzultzen den norabide aldaketa da.

2. irudia: Islapenaren eskema. (Egilea: Ziortza Guezuraga)
Interferentziak
Bideoan ikus daiteke zelan bi zirrikitudun xaflatik pasaraztean argitasun handiko aldeak eta iluntasuna tartekatzen diren. Argitasun handiko aldeetan interferentzia konstruktiboa eman da eta iluntasun aldeetan suntsitzailea.

3. irudia: Interferentzia konstruktiboa (ezk.) eta interferentzia suntsitzailea (esk.). Haade, Wjh31 eta Quibik-en irudia oinarritua.
Uhinak gainjartzen direnean interferitu egiten dute. Frekuentzia berdineko bi uhin batzen direnean euren artean eragiten dute. Interferentziak konstruktiboak izan daitezke, hau da, uhinen gehiketa eman daiteke ala suntsitzaileak eta uhinak deuseztatu. Young-en esperimentuak frogatzen du argiaren interferentzia.

4. irudia: Young-en esperimentuaren eskema. Stannered-en irudian oinarritua.
DifrakzioaOztopo bat aurkitzean ala zirrikitu bat zeharkatzerakoan uhinen desbideratzea da difrakzioa. Zirrikitutik pasatzen den argia zirrikitua bera eta laserra baino zabalera handiagoa duela ikus daiteke, difrakzioa da hau. Efektu hau ikusteko, dena den, zirrikitua txikia izan behar da, bideoan ikus daitekeen bezala, zabalera handitzerakoan efektua aldatzen da.

6. irudia: Difrakzioaren eskema. (Egilea: Ziortza Guezuraga)
PolarizazioaPlano bakar batean bibratzen duen argia da argi polarizatua. Kontrako bi polarizazio filtro (bata 90º eta bestea 180º) aurrez aurre jartzean ez da uhinik eta, beraz, argirik pasatzen.
Uhinen norabideak du eragina polarizazioan. Filtro polarizatzaileak norabide jakin batean ondulatzen diren uhinak baino ez ditu pasatzen uzten. Bideoan ikus daitekeen bezala, malgukia hainbat norabideetan ondulatu daiteke, filtroa jartzerakoan, ordea, soilik ondulazio horizontalak jarrai dezake, besteak blokeatzen dira.

7. irudia: Polarizazioaren eskema.
Oker zegoen Newton, orduanNewtonek bere teoria argitaratu zuenean polemika handia izan zen, bere teoria defendatzen zutenen eta kontra egiten ziotenen artean. Fisikaren ikuspuntutik argia uhina dela argi geratu da, uhinen ezaugarriak betetzen baititu. Argiaren eta materiaren arteko elkarreragina gertatzen denean, ordea, argiak ez du uhinek duten portaera agertzen, partikulek dutena baizik.
Efektu fotoelektrikoa da uhina baino, argia partikula dela frogatzen duena. Materialengan inziditzean hauek elektroiak askatzea da efektu fotoelektrikoa.
Bideoan ikus daitekeen bezala, negatiboki kargatzen da girlanda lataren bidez, elektroi kopurua handituta. Karga negatibo horiek euren artean aldaratu egiten dira, karga bereko imanak bezala. Lata ukitzerakoan kargak girlanda uzten du eta jada ez dira aldaratzen. Berriro ere kargatzen da negatiboki eta argiaztatzen da lata. Argiak sortzen duen efektu fotoelektrikoa dela eta elektroiak askatzen doaz girlanda aldaratzen ez den arte.
Zelan frogatzen du horrek argia partikula dela, baina? Bada, energia kuantifikatuagatik. Argiak ez du edozein energia kantitate elkartrukatzen, modu kuantifikatuan askatzen du, hurrengo formulari jarraiki:
Energia ‘paketeak’, fotoi izenekoak, askatzen ditu argiak, E horrek ehuneko balioa badu, argiak 100 edo 200 edota 500 emango ditu baina inoiz 386 ala 79. Uhinek bai, edozein energia kantitate aska dezakete. Horrela demostratzen da argia partikula dela, energia ‘pakete’ zatiezinez (fotoiez) osatuta dagoelako.
Oker eta zuzen zegoen Newton, orduan? Bai, izan ere, izaera duala du argiak, uhina eta partikula da.
Argia, fisikaren ikuspegitik———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.
———————————————————————–
The post Argi uhina ala argi partikula? appeared first on Zientzia Kaiera.
Ba ote bizitzarik sakonera ilunean?

———————————————————————————————————–
Ozeanoetako hondoetako fauna ez da oso aberatsa. Itsasoaren behealdeak itsas azaletik hainbat kilometrotara daude, eta, beraz, urrutiegi eguzkiaren argitik; ondorioz, alde horiek ilunegi daude horretarako gai diren izakiek fotosintesia burutu dezaten. Goragotik erortzen den materia hila edo detritikoa izan ohi da hondo horietara heltzen den materia organiko bakarra. Bakterio batzuek metaboliza dezakete, eta zenbait ekinodermok eta moluskuk bakterio horiek jan ditzakete. Azkenik, badaude arrain gutxi batzuk ornogabe horiek jaten dituztenak, baina goragotik iritsitako “euri” horrek ez du askorako ematen. Bizitza urriko inguruak ditugu, beraz, itsas hondoak.
1. irudia: Garai batean, itsas hondoko eremu abisalean bizidunik ez zegoela uste zen baina Atlantikoan komunikazio banaketarako jarri zen lehen kableko lanak egin zirenean, animaliaz beteta zegoela ikusi zen eta, gainera, hauetariko asko ezezagunak zirela.
Ozeano Bareko hondoak ere arau orokor horri egokitzen zaizkio, baina hala ere badira, tarteka, bizitza oparoko gune batzuk. Asia eta Amerika elkarrengandik aldentzen ari direnez (zentimetro gutxi batzuk urteko), eta plaka tektoniko batzuek alde horretan talka egiten dutenez, ozeano-fosak izeneko sakonera handiko guneak aurkitu ditzakegu munduko alde horretan (baita beste zenbaitetan ere). Fosa horietan, plaken arteko tentsioen ondorioz arrakalak edo zirrikituak irekitzen dira noizbehinka, zirrikituotatik lurraren barruko laba atera, eta solidotu ondoren berriro arrakalatzen da. Zirrikitu horiek irekitzen direnean, sufre- eta sulfuro-kontzentrazio altuak dituzten ur beroak (20 bat gradu) isurtzen dira bertatik itsasoko ur hotzetara (5 gradu baino gutxiago), tximinia edo fumarola izenez ezagutzen diren azaleratzeak eraginez.
1977 urtean ozeano-fosa horiek aztertzera ikerketa-urpekari bat bidali zenean, aurkikuntza harrigarria egin zuten ikertzaileek: tamaina handiko izakiak eta kolore biziko animaliez osatutako dentsitate altuko populazioak aurkitu zituzten. Horien artean metrotik gorako zizare tubikolak aurkitu zituzten kantitate handitan, eta baita muxila erraldoiak ere (>30 cm). Aurkitutako har-espezie berriari Riftia pachyptila izena eman zitzaion (Vestimentifera filum berezi samarreko partaideak omen dira), eta bibalbio-espezieari, berriz, Calyptogena magnifica.

2. irudia: Itsaspeko sumendien bueltan dauden tximinia hidrotermalen inguruan bizi diren zizare tubikolak. (Argazkia: NOAA Okeanos Explorer Program, Galapagos Rift Expedition 2011 / Wikipedia)
Animalia erraldoi horien azterketari ekin ziotenak berehala ohartu ziren azaleratzeen inguruan neurtutako hazkunde-tasa harrigarriak ez zirela gertatzen tenperatura altuengatik, eta haatik sufrearen erabileran oinarrituta zeudela. Sulfitoa edo sulfatoa osatzeko sufrea oxidatzen denean, energia askatzen da. Aspalditik dira ezagunak energia hori lurrazaleko sufre-azaleratzeetan erabiltzen dituzten bakterioak (sufre-oxidatzaileak, kimiolitotrofoak). Fotosintetizatzaileak diren landareak ez bezala, eguzkiko energia erabili beharrean sufrearen oxidazioko energia erabiltzen dute karbohidratoak eta beste baliabide batzuk ekoizteko.
Ozeano-fosetan, sufrea oxidatzen duten bakterio askeez gain, badira zizareen eta moluskuen ehunetan bizi diren bakterio sufre-oxidatzaile sinbionteak. Hodi zuri batzuen barruan bizi da Riftia zizare erraldoia; kolore gorri biziko lumak (brankiak) soilik ateratzen ditu hoditik kanpo. Ez dauka ez ahorik ez sabelik, eta, beraz, ezin du jan. Haren barne-organo handiena, trofosoma izena duena, sufre-oxidatzaileak diren bakterioz josita dagoen barrunbe bat da. Trofosomaren pisua animalia osoaren pisuaren erdia izatera hel daiteke, ohikoena % 30 baino gehiago izatea bada ere. Trofosomako bakterioek elikagaiak sintetizatzeko beharrezkoak dituzten sufrea, oxigenoa eta karbono dioxidoa uretatik odolerantz bideratzeko lana, hoditik kanpo ateratzen diren kolore gorriko luma brankialek egiten dute. Hain zuzen ere, hemoglobinak ematen die brankiei kolore gorri bizia. Animalia hauen odoleko hemoglobina, hala ere, hemoglobina berezia da, oxigenoa eta sufrea, biak lotzeko gai baita. Beraz, hemoglobinarekin konbinatuta garraiatzen dira bi sustantzia hauek trofosomara. Ezohiko hemoglobina da, sufreak hemoglobina arrunta ezgaitu egiten baitu, horrela oxigenoa lotzeko guneak blokeatuz. Horregatik da hain kaltegarria eta pozoitsua hidrogeno sulfuroa gizakiarentzat eta beste hainbat animaliarentzat. Riftiaren hemoglobinak, aldiz, banatuta dauden lotura-guneak ditu oxigenoarentzat eta sufrearentzat.

3. irudia: Calyptogena magnifica tximinia hidrotermalen inguruan bizi den almeja zuri erraldoia da. Taldeetan biltzen da tximinien inguruan eta Ozeano Barearen hondo abisalean bizi da. (Argazkia: Woods Hole Oceanographic Institution)
Calyptogenaren kasuan, bere bakterio sufre-oxidatzaileak brankietan “umatzen” ditu, eta horrela oxigenoa eta CO2-a zuzenean heltzen zaizkie uretatik. Baina zizare erraldoien kasuan ez bezala, almejen hemoglobinak ezin du sufrea garraiatu; are gehiago, pozoitsu gerta dakioke. Sufrea odoleko plasmako proteina handi eta berezi batzuek garraiatzen dute. Sufrea lortzeko modu berezi batean kokatzen dira bibalbio hauek azaleratzeetan: tximiniaren zirrikituetan txertatuta dute oina; sifoiak, ordea, gorantz, ohiko itsas uretarantz zuzentzen dituzte (sifoietatik sartu eta ateratzen da brankiak irrigatzen dituen ura). Horrela, bada, oinak eta brankiek inguruan duten ur-masak zeharo desberdinak dira: oinak ia oxigenorik gabea eta sufretan aberatsa den ur beroa jasotzen du; brankiek, ostera, ohiko itsasoko ur hotz eta oxigenatua hartzen dute, ia sufrerik gabea. Beraz, oxigenoa eta CO2-a zuzenean barreiatzen dira brankietan, eta sufrea, berriz, oinak hartu eta odolean zehar garraiatzen da brankietaraino.
Jokaera korapilatsua da, bai, baina bada horretarako arrazoi bat. Oxigenoak eta sufreak berez erreakzionatzeko joera dute, hau da, baldin eta bero ateratzen den ur-emari sufreduna eta oxigenoa duen ohiko itsasoko ura elkartzen badira, oxigenoak sufrea oxidatuko du bakterioetara heldu baino lehen. Beraz, bakterioez baliatzen diren animaliek sulfuroa eta oxigenoa bananduta mantendu behar dituzte beren sinbionteei hala helarazteko. Zizareek, horretarako, lur barrutik ateratzen den emarirantz eta ohiko itsas uretarantz txandaka zuzentzen ditu brankia-lumak. Muxilek, zirrikituetarantz zuzendutako oinetik jasotzen dute sufrea, eta, aldiz, oxigenoa, itsasoko uretarantz zuzendutako brankien bidez. Lan latza dute bai batzuek eta bai besteek bi konposatuak banandurik mantentzen, baina ordainetan, “gordetzen” dituzten bakterioak behar dituzten baliabideez hornitzen dituzte, eta hauek ekoitzitako materia organikoaz balia daitezke. Riftiaren kasuan, oso-osoan, ez baitu energia lortzeko beste modurik!
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Ba ote bizitzarik sakonera ilunean? appeared first on Zientzia Kaiera.
Berpizteko fruituak ematen
Antzinako egiptoarrek hileta sinbolo gisa baliatzen zituzten landareak, ezin hobeki irudikatzen zutelako heriotzaren eta berpizkundearen ideia. Horregatik, lorategi edo ortu txiki bat landatzen zuten hilobien sarreran. Ikonografiari esker dakigu hori, marrazkiak utzi zizkigutelako, baina orain arte inork ez zuen benetako hileta lorategirik topatu. Bada, Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak (CSIC) egin du aurkikuntza, gaur egungo Luxor hirian, Nilo ibaiaren ertzean. Aurrenekoz topatu dituzte antzinako marrazki horiekin bat egiten duen hileta lorategi baten arrastoak, duela lau mila urtekoak.
CSICek zuzentzen duen Djehuty proiektuaren barruan gertatu da. Ikerketa honetan, Tebas zenaren (Egiptoko Inperio Ertainaren eta Inperio Berriaren hiriburua; gaur egun, Luxor dago hor) nekropoliaren zati bat dute aztergai, eta indusketen hamaseigarren kanpaina egin dute aurten. Hain zuzen, urtarrilean eta otsailean egin duten kanpaina horretan topatu dute hileta lorategia. Dra Abu el-Naga muinoan aurkitu dute zehazki, Inperio Ertaineko hilobi baten atari irekian. Egiptoko XII. dinastiari dagokiola iritzi diote ikertzaileek, eta k.a. 2.000 urtekoa izango litzateke gutxi gorabehera.

1. irudia: Aurkitutako lorategiaren arrastoak, batetik, eta hura berreraikitzen duen marrazkia, bestetik, karratu bakoitzean landare bat duela. (Argazkia: ©CSIC Comunicacion)
“Bagenekien antzinako egiptoarrek ortu bat jartzen zutela hilobien sarreran, ikusi dugulako nola irudikatzen zituzten haien hiletak eta hilobietarako sarbideak, baina orain arte inork ez zuen fisikoki halakorik aurkitu. Lehenbizikoz, ikonografiak iradokitzen zuena berretsi du arkeologiak”, azaldu du Jose Manuel Galan CSICeko ikerketa taldearen buruak.
Egiptoarrek hilobien hormetan marrazten zuten, eta nolako hileta nahi zuten irudikatzen zuten marrazkiotan. Horri esker dakite ikertzaileek hileta lorategiak maite zituztela: laukizuzen formako ortu txiki bat, metro erdiko garaierakoa, eta karratutan bereizia. Marrazki horiexen irudiko da aurkitu duten lorategia. Izan ere, hiru metro luze eta bi metro zabal da, eta 30 zentimetroko aldea duten karratutan banatuta dago, zazpi karratuko lerroak eta bost karratuko zutabeak osatuz. Gainera, gainontzekoak baino garaiagoak diren bi karratu ditu, itxuraz, bertan zuhaixka bat zegoelako landatuta.
Datilak eta bestelako fruituak zituen katilu bat ere aurkitu dute lorategiaren ertz batean; ziurrenik, eskaintza erritual gisa baliatu zituzten. Hori gutxi ez, eta oraindik zutik zirauen tamariz baten sustraiak eta enborra (30 zentimetro luze) ere berreskuratu dituzte. Tamariza aukeratu izana ez da ausazkoa, zuhaitz honek hiletei lotutako konnotazioak baitzituen antzinako egiptoarrentzat. Haien sinesmenen arabera, hildakoaren arima hilobitik ateratzen zenean, tamarizaren adar batean pausatzen zen, eskaintzen esperoan.

2. irudia: Hilobi baten ondoan aurkitutako marrazki honetan lorategi bat dago irudikaturik. (Argazkia: ©CSIC Comunicacion)
Erlijio horretan askotariko landareek zuten sinbologiaren bat, heriotza edo berpizkundearekin zerikusia zuena. Esaterako, palmondoa edo sikomoroa hildakoaren berpizteko ahalmenari lotzen zaizkio. Letxugak, aldiz, ugalkortasuna irudikatzen du, eta beraz, bizitzara bueltatzea. Alberjinia eta tipularen gisakoek ere bazuten bere sinbologia, eta hiletatan eskaintza moduan erabiltzen ziren. Landare horiek eta beste zenbaitek beteko zituzten topatu duten lorategiko karratuetako bakoitza. “Itxaron egin beharko dugu ikusteko ea zer landare identifikatzea lortzen dugun, bertan bildu ditugun haziak aztertuta”, adierazi du Galanek.
Lorategiaz gain, beste makina bat aurkikuntza ere egin dituzte paraje horietan, proiektu honen barruan. Esaterako, ortu horren ondoan adobezko kapera bat ere topatu dute, k.a. 1.800 urte ingurukoa. Nekropoli batean ikertuz, hileta erritualei buruz ez ezik, gauza gehiagori buruz ere asko ikas daitekeela gaineratu du Galanek: “Haien eguneroko bizimoduaz, gizarteaz eta inguruneaz xehetasun gehiago argitzen laguntzen digu. Antzinako egiptoarrek berek zituzten usteei jarraiki, bizitza ezagutzeko biderik onena da nekropolia”.
Aurkikuntzaren berri ematen duen bideoa, (gaztelaniaz).
———————————————————————————-
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————
The post Berpizteko fruituak ematen appeared first on Zientzia Kaiera.
Tiritak, diruditen bezain sinpleak ote?

1. irudia: Tiritak. (Argazkia: U. Leone – Jabego Publikoa)
Lehenengo tirita Earle Dicksonek asmatu zuen, Johnson & Johnson konpainian lan egiten zuen kotoi saltzaile batek. Earlen emazteak, Josephine Frances Knightek, sukaldean ibiltzen zenean maiz zauri edo erredura txikiak egiten zituen. Zauri horiek estaltzeko Earli bururatu zitzaion zinta itsaskorra eta kotoizko gaza bat erabiltzea. Baina Frances bakarrik zegoenean eta behatz bat zaurituta zuelarik Francesentzat ez zen erraza horrelako tirita bat prestatzea. Hori dela eta, Earlek zinta itsaskor biribilki bat hartu, gainean kotoizko gaza zatiak jarri eta ondoren krinolinazko zinta batekin estali zuen. Horrela, emazteak zauri bat egitean biribilkitik zati bat moztu, krinolina kendu eta zaurian itsatsi zezakeen. Lankideek bere asmakuntza ikusi zutenean enpresako buruei erakusteko konbentzitu zuten. Hauei asko gustatu zitzaien produktua eta tiritak ekoizteari ekin zioten berehala.
Gaur egun tirita mota asko daude merkatuan: arruntak, gardenak, urarekiko erresistenteak, detektagarriak, hidrokoloideak, … Azken hauek batez ere babak sendatzeko erabiltzen dira. Funtsean, zauria ingurunetik babesten dute eta bakterioen migrazioa ekiditen dute.
Tirita arruntek poliuretanozko, polietilenozko edota zenbait kasutan poliesterrezko euskarria daukate. Euskarriaren gainean badago material absorbatzaile bat, zenbaitetan poliuretano apar bat izaten dena. Azkenik itsasgarria ez den material bat jartzen delarik, tirita zaurira itsastea ekiditen da.
Tirita detektagarriakElikagaien industrian lan egiten duen jendeak tirita detektagarriak erabiltzen ditu elikagaien segurtasuna eta higienea bermatzeko. Izan ere, ez litzateke atsegina izango jogurta jaten ari garen bitartean tirita bat aurkitzea! Horretarako aluminiozko banda bat daramate, metal detektagailuek antzeman ditzaten. Eta zer egin elikagaiak lata edo metalezko ontzietan badoaz? Kasu honetan X izpiek hauteman dezaketen haritxo bat jartzen zaie. Haria bario sulfatozkoa edo wolframiozkoa izaten da, eta gainera kolorezkoa izan ohi da errazago ikus dadin.

2. irudia: Tirita detektagarri baten eskema. (Egileak: Leire Sagroniz eta Ainara Sangroniz)
Irudian ikus daiteke mota honetako tirita baten eskema. Ikus daitekeen bezala, kanpoko geruza polietilenoz edo poliuretanoz egina egon daiteke. Behean, itsasgarri geruza bat dago eta aluminiozko banda bat, metal detektagailuek hauteman dezaten. Honen gainean material absorbatzaile bat jartzen da, eta azkenik, zaurira itsatsiko ez den materiala, zauriarekin kontaktuan egongo dena.
HidrokoloideakTirita hidrokoloideak maiz erabiltzen ditugu oinetakoek sortutako babak sendatzeko. Mota hauetako tiritak gelak osatzen dituzten polimeroez eginak daude, esaterako sodio karboximetil zelulosaz, pektina edo gelatinaz. Gela osatzen duen polimeroa euskarri baten gainean jarri behar da, euskarri hori poliuretanozko film bat izan ohi da.

3. irudia: Oinetako berriak lehen aldiz janzten ditugunean babak ateratzen zaizkigu azalean. Hauek sortutako gaitza osatzeko tirita hidrokoloideak jartzen dira sarritan.
Zauria estaltzean zauriaren exudatua polimeroarekin konbinatzen da eta ondorioz gel bat sortzen da; honela zauria ingurune heze batean osatzen da. Mota honetako hesgailuek abantaila nagusi bat dute: tirita ez da zaurira itsasten eta gainera tirita kentzerakoan ehun berria ez da kaltetzen.
Hesgailu likidoak“Hesgailu likido” deritze zauriak estaltzeko dagoen teknika berritzaile edo deigarrienari. Funtsean, polimero-disoluzio bat da, kolorerik gabea eta itsaskorra. Zuzenean aplika daiteke zaurian, likido edo esprai modura.
Polimeroa poli(N-binilpirrolidona), kopolimero akrilikoa edo poliuretanoa izan daiteke, eta erabilitako polimeroaren arabera disolbatzaile egokia aukeratu beharko da, esaterako alkohola edo ura. Disoluzioa azalean jarritakoan disolbatzailea lurrundu egiten da eta polimero-geruza fin bat gelditzen delarik, zauria babestu egiten du. Mota honetako hesgailuak oso egokiak dira babesten zailak diren eremuetan erabiltzeko, esaterako behatzen arteko zonaldea babesteko. Gainera, igerilekura joan gaitezke estaldura galdu gabe!
Iturriak:
- Band-Aid
- Detectaplast
- Liquid Bandages; Petkewich, Rachel; C&En Chemical & Engineering news, 86. liburukia 24. alea, 61. orrialdea, 2008.
- Uso adecuado de los apósitos de plata en las heridas; Consenso del grupo de trabajo de expertos. London, Wounds International, 2012.
———————————————————————————-
Egileez: Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak dira Polymat Institutuan.
———————————————————————————-
The post Tiritak, diruditen bezain sinpleak ote? appeared first on Zientzia Kaiera.
Kosmetikako alergenoen analisi-teknikak berrikusten

Irudia: Kosmetikoei buruzko Europako araudian, erreakzio alergenikoak eragin ditzaketen 26 substantzia identifikatzen dira.
Europar Batasunaren legediaren kasuan, 1223/2009 araudiak osagaien segurtasunari dagokionez, muga zorrotzak ezarri zituen. Araudian debekatutako osagaien zerrenda jasotzen da, eta baita erabilpen-mugak dituzten hainbat osagai. Produktuen etiketatzeari buruzko xehetasunak ere aipatzen dira eta, oro har, kosmetikoan dauden osagaiak etiketan identifikatu behar direla adierazten da. 1223/2009 araudiaren eranskinak dira, zalantzarik gabe, interes analitiko handienekoak, izan ere, bertan kosmetikoetan erabili ezin diren edo erabilpen mugatua duten substantziak sailkatzen dira. III. eranskinean, hain zuzen, artikulu honetan aztertzen diren alergenoak sailkatzen dira.
Badira zenbait substantzia, derrigor zerrendan jarri behar direnak alergiak eragiteko gai direlako. Substantzia horietako gehienak osagai usaintsuak direnez, lurrin alergeno edo PAS (potentially allergenic substances) deritze. PASak etiketan azaldu behar dira kontzentrazioa %0,001 baino handiagoa bada kosmetiko iraunkorren kasuan —perfumeak, kremak, eta abar—, eta %0,01 baino handiagoa bada eliminatzekoak diren produktuen kasuan —gelak, xanpuak, xaboiak, eta abar—.
Kosmetikoen etiketan alergenoei buruzko informazio hori ematea garrantzitsua da alergiak saihestu edo kontrolatu behar dituzten gaixoentzat bereziki, ukipen-alergien diagnosian lagungarria delako eta, hartara, alergia duten kontsumitzaileek kosmetiko horien erabilpena saihets dezaketelako.
Ekaia aldizkarian argitaratutako artikuluan substantzia alergenoak kosmetikoetan kuantifikatzeko zientzia-literaturan dauden analisi-metodoen berrikuspena egin da. Lurrin alergenoen analisia interes handiko alorra izan da azken urteotan, kontsumitzaileen segurtasuna bermatzeko nahia dela eta. Berrikusi diren metodo gehienak gas-kromatografian oinarrituta daude, eta horiek izan ziren garatu ziren lehenak. Hala ere, beste tekniketan oinarritutako metodologiak ere izan badira, hala nola likido-kromatografian eta elektromigrazioan oinarritzen direnak. Dimentsio biko gas-kromatografiak, bestalde, zehaztasun handiko analisiak egitea ahalbidetzen du, baina kostu ekonomikoa handiagoa da beste teknikekin alderatzen bada. Era berean, etorkizuneko erronka handia da araudian gehitzen ari diren beste zenbait substantzia alergeno analizatzeko metodoak garatzea. Izan ere, artikuluan aztertu diren 26 PAS klasiko horietaz gainera, badira beste batzuk Europako araudian gehitzen ari direnak. Guztira 82 dokumentatu dira, oraingoz —54 konposatu bakun eta 28 estraktu—, beraz, etorkizunerako erronka analitikoak ez dira txikiak.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 29
- Artikuluaren izena: Substantzia alergenoen analisia kosmetikoetan.
- Laburpena: Kosmetikoei buruzko Europako araudian, erreakzio alergenikoak eragin ditzaketen 26 substantzia identifikatzen dira. Araudiaren arabera, halabeharrekoa da kosmetikoaren etiketan substantzien berri ematea, araudiak ezarritako kontzentrazioak gainditzen badira. 26 substantziatik, 24 ondo definitutako konpasatu lurrunkorrak dira, eta beste biak estraktu naturalak. Artikulu honek helburu modura hartuko du 24 substantzia alergeniko horiek kosmetikoetan kuantifikatzeko garatu diren analisi metodoak aztertzea eta laburtzea.
- Egileak: Josu Lopez-Gazpio
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 73-85
- DOI: 10.1387/ekaia.14536
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Kosmetikako alergenoen analisi-teknikak berrikusten appeared first on Zientzia Kaiera.
Ostrak, estuarioen egoeraren adierazle eraginkorragoak

1. irudia: Oka ibaia Zugastietan jaiotzen da, Mundakan itsasoratzen da eta Urdaibaiko padura eratzen du.
Bizkaiko golkoko hiru estuariotan (Ibaizabal, Oka eta Gironda) egin da ikerketa eta bertako zilar-kontzentrazioa aztertzeko ostrak eta muskuiluak monitorizatu dira. Hiru dira ikerketak utzitako ondorio nagusiak:
- Ostrek muskuiluak baino metal kontzentrazio handiagoak bereganatzen dituzte. Oso erabilgarriak izan daitezke, hortaz, estuarioen ingurumen-egoera zein den jakiteko. Lortutako emaitzak bidea irekitzen du, Ane Rementeriaren ustez, Euskal Herrian ostrak gehiago erabil daitezen estuarioen egoera aztertzeko.
- Girondeko animaliek metal kontzentrazio handiagoak dituzte. Oka eta Ibaizabal estuarioetako animaliek kontzentrazio baxuagoak erakutsi dituzte.
- Zilarraren eta kobrearen konbinazioak areagotze efektua du, toxikotasun handiagoa erakusten du zilarrak kobrearekin elkarreraginean.
Estuarioetatik hurbil egiten den giza jarduerak eragina du ingurune horien orekan: degradatu egiten ditu eta funtzionamendu naturala aldatzen die. Europa mailan estuarioak kontserbatzeko prozesuak martxan egon arren, hainbat kutsatzaile agertzen dira oraindik uretan zein sedimentuetan; metalak, esaterako. Metalen artean, garrantzi berezia dute zilarrak eta kobreak, duten toxikotasunagatik eta ugaritasunagatik.

2. irudia: Kostaldeko ingurumena nola eraldatzen den aztertzea funtsezkoa da eskualdeko itsasertzak nolako bilakaera izango duen zehazteko.
Girondako estuarioko ostrek oso zilar balio altuak zituztela, zilar asko metatzen zutela, detektatu zuen Bordeleko Unibertsitateko ikerketa batek. Ibaizabal ibaiak ere antzeko historia izan duela kontuan izanda; Ibaizabalgo (Arriluze), Okako (Murueta) eta Girondako (Bonne Anse eta Lafosse) estuarioetako zilar eta kobre kontzentrazioak eta haien eraginak aztertzea erabaki zuten Ane Rementeriak eta UPV/EHUko CBET ikerketa taldeak.
Bibalbioak, ostrak eta muskuiluak, aztertu dituzte estuarioetako zilar eta kobre mailak neurtzeko. Estuarioetan bizi eta mugitu ezin diren izaki iragazleak dira ostrak eta muskuiluak; kutsadura jasan eta metatzen dute, beraz. “Hemen muskuiluak erabiltzen dira gehien ikerketarako; Frantzian, berriz, ostrak. Ostrak erabiltzen dituzte Girondako estuarioan ikerketak egiteko, eta guk erabilera potentzial hori ikertu nahi genuen”, azaldu du Ane Rementeriak.

3. irudia: Zilarrak eta kobreak sortzen duten kutsaduraren aurrean ostren erantzun biologikoa neurtu dute ikertzaileek, Bizkaiko golkoko egoera ezagutzeko.
MetodologiaBiomarkatzaileak baliatu dituzte ikerketaren datuak lortzeko. Erantzun biologikoa da biomarkatzailea, “organismo bat kutsaduraren eraginpean dagoenean, erantzun biologiko neurgarri bat ematen du, izan daiteke proteina bat emendatzea edo zelula batzuk galtzea, eta guk hori neurtzen dugu”, azaldu du Rementeriak. Glandula digestiboen atrofia eta degenerazioa, edota alterazio histopatologikoak daude ikerketan behatutako aldaketen artean.
IBR (Integrative Biological Response) erabili dute neurketa horiek prozesatzeko. Beliaeff eta Burgeot (Environ Toxicol Chem 21:1316–1322, 2002) kalkulatutako indizea da IBR, monitorizaziorako tresna. Ikerketa honen kasuan, denboraren eta dosiaren menpeko ostren osasun egoeraren dinamika identifikatu dute honi esker.
Aurrera begira, gai honetan sakontzen jarraitzeko beharra azpimarratu du ikertzaileak: “interesgarria izango litzateke esperimentu gehiago eta epe luzeagokoak aurrera eramatea, ondo ulertzeko benetan zer gertatzen den animalia hauetan zilarraren eta kobrearen eraginpean daudenean”.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Ostrak bereziki baliagarriak dira estuarioetako zilar-kontzentrazioa aztertzeko
The post Ostrak, estuarioen egoeraren adierazle eraginkorragoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #153
Lorea Argarate izan da Emakumeak zientzian atalaren protagonista aste honetan. Unibertsitate-mailako ikasketak aukeratzeko garaian, Fisika izan zen bere hautua, musikaren alderdi fisikoa ezagutu nahi baitzuen. Baina laugarren urtean utzi egin zuen karrera. Argaratek azaltzen du: “Ez nuen topatzen bilatzen nuena, eta motibazioa galtzen joan nintzen. Nik gauzak egiteko ikasi nahi nuen Fisika, ez Fisikaz hitz egiteko, eta han ez genuen ezer egiten”. Hortaz, musika elektronikoarekin hasi zen. Gauzak horrela, Deustuko Unibertsitatean beretzako moduko ingeniaritza bat zutela ikusi zuen. Lau urteren buruan, gradu amaierako lana egiteko unea iritsi zen eta musikaren bidez haurrei programazioa irakasteko jostailu bat garatu zuen: “Beatkids”. Kode irekian egin zuen, eta planoak eta material guztia eskuragarri jarri zituen; beraz, munduko edozein txokotan edonork egin dezake bere kabuz. Gaur gaurkoz Deustuko Unibertsitatean jarraitzen du, Learning Lab laborategian, ikerketa-laguntzaile lanetan. Aldi berean, Deustuko Unibertsitatea eta Elhuyarren artean sortutako INSPIRA ekimenean parte hartzen ari da.
AstronomiaJuno zundak Jupiterren argazki berriak bidali ditu udaberri honetan, bosgarren maniobra amaitu duenean. NASAk edonoren eskura jarri ditu argazkiak.
BiologiaZenbait arrain ura iragaziz elikatzen dira. Horien artean daude marrazo erraldoia eta marrazo balea, ozeanoetako arrainik handienak, adibidez. Hegaztien artean ere badira animalia iragazleak. Flamenkoak ditugu adibide. Mokoan dituzten lamelei esker harrapatzen dituzte ur-esekiduran eta jalkinetan bizi diren alga eta krustazeo txikiak. Iragazleen artean handienak baleak dira. Balea urdinak eguneko lau tona jaten du. Baleek migrazio-bidaia oso luzeak egiten dituzte. Udaberrian poloetara hurbiltzen dira, janariaren bila. Jaten dutenari esker gantz-erreserba handiak pilatzen dituzte. Ura iragaziz harrapaturiko krill hori da baleen energia-iturri nagusia.
HizkuntzalaritzaKeinuak eta hizkera noiz eta nola uztartzen dituzten umeek ikertu du UPV/EHUko EUDIA ikerketa taldeak. Helburua? komunikazioaren garapenaren hasieran gertatzen den keinuen eta bokalizazioaren arteko harremana zer-nolakoa den ezagutzea. Ikerketak erakutsi du 9 hilabeterekin zezelka egiteari, silaba errepikatu eta luzeen kateak bokalizatzeari, uzten diotela umeek eta 11 hilabete inguru dutenean keinu gehienak ahozko ekoizpenarekin konbinatzen hasten direla. Horretaz gain, keinuak eta hizkera konbinatzen hasten direnean oso keinu jakinak erabiltzen dituzte: deitikoak. Zezelkatzea keinuekin konbinatzearen eta umeak izango duen hizkuntzaren garapenaren arteko harremana badagoela frogatzen duten “ebidentzia zientifikoak gero eta gehiago” direla azaldu du Asier Romero ikertzaileak.
PaleontologiaNazioarteko zientzialari talde batek ezagutzera eman duenez, sedimentuetan antzinako DNA eskuratzea ahalbidetzen duen teknika garatzea lortu dute. Europako eta Asiako zazpi haitzulotan aurkitutako sedimentuen analisian oinarritu da ikerketa. Guztira 85 lagin aztertu dituzte, duela 550.000 eta 14.000 urte artekoak. Espainian, Frantzian, Belgikan, Kroazian eta Errusian daude aztarnategiak. Material gehiena Siberian dagoen Denisovako aztarnategian hartu dute. Errusiako haitzulo hori oso garrantzitsua da, 2010ean Denisovako gizakia identifikatu zutelako bertan. Egindako analisi genetikoek erakutsi zuten giza espezie berri hori gertuago zegoela neandertalekiko gizaki modernoekiko baino. Teknika berri honi esker, adituak gai izan dira espezie bakoitzari dagokion estratu maila zehazteko. Bi hominido espezieek haitzuloa txandaka erabili zutela argitu dute oraingoan. Era berean, haitzuloa okupatu zuten lehenak Denisovako gizakiak izan zirela ondorioztatu dute. Artikulua osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu.
ArkeologiaIkerlan batek aditzera eman duenez, 130.000 urteko giza jardueraren aztarnak aurkitu dituztela Ameriketan, Kalifornian: 100.000 urte aurreratu dute gizakiaren presentzia. Mastodonte baten arrastoak ageri dira, eta inguruan objektuen bitartez mastodonte hori akabatu edo, behintzat, haren hezurrak baliatu zituzten zantzuak ere bai. Arazo bakarra dago: hori gertatzea ezinezkoa da. Krimena izan zen garaian gizakirik ez zegoelako han. Asteon proposatu den hipotesia, beraz, 115.000-100.000 urte aurreratuko luke gizakiaren presentzia kontinentean. Zientzialariek azalpenak eman dituzte aurkikuntzaren inguruan. Steven Holen antropologoak azaltzen du: “Hain antzinako aztarnategia izanda, eszeptizismoa espero genuen. Are gehiago, ni neu ere eszeptikoa nintzen lehen aldiz materiala ikusi nuenean. Baina gure artikuluan zehazten den testuinguru geologikoa eta hezurretan azaltzen diren hausturak ikusten badira, ebidentzia nahikoa ematen dute». Hautsak harrotu ditu ikerlanak. Zuek zer deritzozue?
GeologiaNukleo eta mantuaren arteko mugan murgildu gaitu Arturo Apraizek. Bertan sortzen dira plaken dinamika, superkontinenteen apurketa eta bereizketa, basalto-plataformak eta, ondorioz, klima-aldaketa orokorrak zein suntsipen biologikoak eragin ditzaketen luma gorakorrak. Jakina da Lurraren bilakaeran eragina duten prozesuak gertatzen direla bertan, baina oso datu gutxi dugu eremu horri buruzkoak. Azken urteotan, halere, tomografia sismikoaren garapenari esker, baieztatu ahal izan da hiru dimentsioko egitura ugari daudela bertan, eskala askotarikoak, milaka kilometrotik hamarnaka kilometrora. Orain arte mantuaren beheko aldean bereizi diren egitura onartuenak aipatzen dira testuan, bakoitzaren ezaugarriekin osatuz artikulua. Ez galdu!
ArkeologiaArkeologiazalea da Jabier Lazkano (Azpeitia, Gipuzkoa, 1948). Ia 100 aztarnategi, arte labarra duten kobazuloak eta beste sekulako aurkikuntzak egin ditu Antxieta arkeologia taldeak eta horietako gehienetan parte hartu du. Elkarrizketa interesgarri honetan, Lazkanok kontatzen du, adibidez, nolakoa izan zen lur azpian sartu zen lehenengo aldia edota zeintzuk izan diren buru dituzten aurkikuntzak. Irakur ezazue elkarrizketa osorik, ez zarete damutuko!
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #153 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #158
Lekaleak nitrogenoa finkatzeko gai badira, zergatik ez da erabiltzen gaitasun hori nitrogenoa finkatzeko gai diren zerealak diseinatzeko? Daniel Marinok azaldu du asteon Engineering nitrogen-fixing cereals, between science fiction and reality artikuluan.
Herny D. Thoreauk adierazi zituen ideiak hartzen ditu oinarritzat Antonio Casado da Rochak, ezagutzaren gehiegizko espezializazioak eta zatiketak ezagutza beraren ahultasuna indartzen dutela argudiatzeko. Honen ondorioz, zientziaren komunikazioa funtsezko zerbait bihurtu da: The best of both worlds: Henry D. Thoreau on science communication.
Estralurtarrekin komunikatzeko baliagarria zen fenomeno oso sinple bat erabiliz, DIPCko ikertzaileek spin bat neurtzeko gai den zunda bat diseinatzea lortu dute: A spin-sensitive probe.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #158 appeared first on Zientzia Kaiera.
Lorea Argarate: “Zortea bilatu eta zaindu duen neska naiz”
Hala ere, ezin du ezkutatu musikarekiko grina: “Musika-mota pila bat gustatzen zaizkit eta talde askotan eta jende desberdin askorekin jo dut”. Hala, unibertsitate-mailako ikasketak aukeratzeko garaia iritsi zitzaionean, Fisikaren alde egin zuen. “Musikaren alderdi fisikoa ezagutu nahi nuen, uhinak eta hori dena. Fisika ikasita, dena jakingo nuela pentsatzen nuen”.

Irudia: Lorea Argarate Telekomunikazio Teknologietako ingeniaria.
Alabaina, laugarren urtean utzi egin zuen Fisikako karrera. “Ez nuen topatzen bilatzen nuena, eta motibazioa galtzen joan nintzen, Aitziber Anakabe irakasleak nire lan frikiak baloratzen zituen arren. Nik gauzak egiteko ikasi nahi nuen Fisika, ez Fisikaz hitz egiteko, eta han ez genuen ezer egiten”. Azkenean, Fisika uztea erabaki zuen.
Aldi berean, musika elektronikoarekin hasi zen: “Ni klarinete-jotzailea naiz. Karrera egin dut, eta nire ametsa klarineteak egitea zen. Baina hori oso garestia da. Orduan musika elektronikoa deskubritu nuen, eta oso merkea eta erraza dela ikusi nuen, neuk egiteko modukoa”. Horrela ezagutu zuen zer zen elektronika eta zer ingeniaritza, eta Deustuko Unibertsitatean beretzako moduko ingeniaritza bat zutela ikusi zuen: “Telekomunikazio Ingeniaritza graduaren barruan, Irudia eta Soinua adarra zegoela ikusi nuen, eta hor ematen ziren ikasgaiak bat zetozen, guztiz, nik egin nahi nuenarekin”.
Ikasgaiak ez ezik, irakasleak ere gustuko izan zituen, bereziki bat: Mari Luz Guenaga Gómez. “Lehenengo mailatik izan dut ondoan, eta beti lagundu dit aurrera eramaten nire nahiak”. Gogoan du, adibidez, lehen mailan Programazioa irakatsi ziela, euskaraz, eta sei baino ez zirela gelan. “Ordutik, erreferente oso indartsua izan da niretzat. Eta hasieran hardwarean jarria banuen arreta, hari esker deskubritu nuen programatzeak ematen dituen aukerak. Nahi nuena egin nezakeen!”.
Marra paraleloak batu zirenekoaLau urte igarota, gradu-amaierako proiektua egin behar zuen, eta hor batu zitzaizkion bere hiru pasioak: zientzia, musika eta hezkuntza. “Ordura arte, marra paraleloak ziren: beti zeuden oso hurbil, baina ez ziren elkartzen. Agian, perpendikularrean jartzen ziren, eta orduan gurutzatzen ziren, baina une horretan bakarrik. Gradu-amaierako proiektuan, bat egin ziren”.
Hain zuzen ere, musikaren bidez haurrei programazioa irakasteko jostailu bat garatu zuen, “Beatkids”. Kode irekian egin zuen, eta planoak eta material guztia eskuragarri jarri zituen; beraz, munduko edozein txokotan edonork egin dezake bere kabuz. Horrek erabat gogobete omen zuen, eta geroztik Deustuko Unibertsitatean jarraitzen du, Learning Lab laborategian, ikerketa-laguntzaile lanetan.
Aldi berean, Deustuko Unibertsitatea eta Elhuyarren artean sortutako INSPIRA ekimenean parte hartzen ari da. Ekimenaren helburua neskengan bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzea da, eta, horretarako, inspirazio-iturri edo eredu izan daitezkeen emakume profesionalen esperientzia jasotzen dute, lehen eskutik. “Esperientzia oso aberasgarria izan da niretzat; beste lan batzuekin alderatuta, oso pertsonala izan da, eta asko jaso dut”.
Bukatzeko, norberaren jarrerak eta inguruak duten eragina nabarmendu nahi izan ditu: “Egun onak ez datoz bakarrik, egun onak “egin” egin behar dira eta gauzak egiteko ingurune oso ona eta proaktiboa izan dut. Beraz, esatetik egitera ez da zailtasun askorik egon. Zortea bilatu eta zaindu duen neska naiz”.
Fitxa biografikoa:Lorea Argarate Zubia Bilbon jaioa da, 1990ean. Fisikako ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, laugarren mailara arte, eta, gero, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako Gradua egin zuen, Deustuko Unibertsitatean. Han egin zuen baita Industria Antolaketako Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra ere, Big Data eta BI programa berria eta bertan jarraitzen du, Learning Lab laborategian, ikerketa-laguntzaile lanetan.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Lorea Argarate: “Zortea bilatu eta zaindu duen neska naiz” appeared first on Zientzia Kaiera.
Iragazle erraldoiak

———————————————————————————————————–
Iragazle mikrofagoez aritu gara aurreko atalean, baina badira mikrofagoak ―edo mikrofago hutsak― ez diren animalia iragazleak ere, batzuk oso ezagunak gainera. Zenbait arrain ura iragaziz elikatzen dira. Horien artean daude marrazo erraldoia (Cetorhinus maximus) (13 metroko luzera) eta marrazo balea (Rhincodon typus) (23 metroko luzera), ozeanoetako arrainik handienak, hain zuzen ere. Uretan igerian bizi diren animalia txikiak (baina ez halabeharrez mikroskopikoak) iragaziz elikatzen dira biak.
1. irudia: Rhincodon typus espezieko marrazo balea Georgiako akuarioan. (Argazkia: esAcademic)
Hegaztien artean ere badira animalia iragazleak, flamenkoak (Phoenicopterus generokoak) esaterako. Mokoan dituzten lamelei esker harrapatzen dituzte ur-esekiduran eta jalkinetan bizi diren alga eta krustazeo txikiak. Iragazi egiten dituzte eta, iragazteaz gain, jateko onak direnak hautatu egiten dituzte eta baliorik gabeko jalkin-partikulak baztertu.

2. irudia: Flamenkoak uretan zein lurrean bizi daitezkeen hegaztiak dira eta krustazeoz eta algaz elikatzen dira.
Iragazle handienak, bestalde, baleak dira, munduko animalia handienak hain zuzen ere. Euphasiacea ordenako kideak diren “krill” izeneko krustazeo txikiak jaten dituzte baleek; izkirak dira, 3-5 cm-ko luzerakoak. Ozeano Antartikoan 500 milioi tona krill daudela kalkulatu izan da. Multzotan egoten dira eta multzo bakoitzak bi milioi tona izan ditzake. Balea urdinak eguneko lau tona jaten du.

3. irudia: Krill (Meganyctiphanes norvegica) (Argazkia: Øystein Paulsen – Wikipedia – CC BY-SA 3.0 lizentziapean)
Baleek migrazio-bidaia oso luzeak egiten dituzte. Udaberrian poloetara hurbiltzen dira, janari ugaria baitago udaberrian eta udaren hasieran. Poloen inguru horietan hiru bat hilabete egin eta jaten dutenari esker gantz-erreserba handiak pilatzen dituzte. Gantz horren funtzioa bikoitza da, gainera: batetik, larruazalaren azpian gordetzen dutenez, isolatzaile termiko aparta da, eta hori oso ondo datorkie ur hotz horietan bizi ahal izateko, eta, bestetik, ugaltze-sasoian balearen energia-iturri nagusia bilakatzen da koipe edo gantz hori. Udaren amaieran migratzen dute berriro, eta alde tropikal edo azpitropikaletara abiatzen dira, ugaltzera. Ugaltze-sasoian kasik ez dute jaten, baina larru azpiko lipido-geruza ur epeletan behar ez dutenez, energia sortzeko erabiltzen dute.
Azkenean, ura iragaziz harrapaturiko krill hori da baleen energia-iturri nagusia, bai itsas hotzetan bizi diren bitartean bai eta, geroago, ugaltze-sasoia heltzen denean ere.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.
The post Iragazle erraldoiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Lurpetik erauzitako altxor ikusezina
Lanean ari direnean, arkeologoek lurra mugitu eta bertan arrastoak bilatzen dituzte. Ohikoa da, beraz, horiek buru-belarri lanean ikustea, objektuak bilatzen eta lurra edo hondarra alboratzen. Paleontologoek, berriz, arreta gehiago jartzen dute material horietan, batez ere mikrougaztunen hezurrak bilatzen ari direnean. Besteak beste, hezur puska ñimiñoek estratu zehatz horri dagozkion animaliak zeintzuk ziren jakiteko aukera ematen diete, eta iraganeko klimak berreraikitzeko bereziki baliagarria da informazio hori. Halere, horiek ere normalean baheak erabiltzen dituzte hezurtxoak eskuratzeko, eta soberan dagoen hondarra alboratzen dute.
Hemendik aurrera, ordea, gauzak alda daitezke. Izan ere, azken urteotan maiz gertatu izan den bezala, genetika berriro ere bete-betean sartu da aztarnategietan. Aspaldian bizi izan ziren gizaki eta animalien antzinako DNA berreskuratzeak benetako iraultza ekarri du, gure arbasoen inguruko informazio mordoa emanez. Denborarekin, teknikak asko findu dira, eta, horri esker, inoiz ez bezalako leihoa irekita dago iraganari. Zaila dirudi irudikatzea leiho hori are zabalagoa izan daitekeenik. Baina hala dela dirudi.
Nazioarteko zientzialari talde batek Science aldizkarian ezagutzera eman duenez, sedimentuetan antzinako DNA eskuratzea ahalbidetzen duen teknika garatzea lortu dute. Orain arte, ordea, hezurretan baino ezin zen antzinako DNA eskuratu. Aurrerapausoa, beraz, nabarmena da.

1. irudia: Asturiasen (Espainia) dagoen El Sidrongo haitzuloan ere ikerketa honetarako laginak hartu dituzte. (Argazkia: Joan Costa/CSIC)
Europako eta Asiako zazpi haitzulotan aurkitutako sedimentuen analisian oinarritu da ikerketa. Guztira 85 lagin aztertu dituzte, duela 550.000 eta 14.000 urte artekoak. Espainian, Frantzian, Belgikan, Kroazian eta Errusian daude aztarnategiak. Material gehiena (52 lagin) Siberian dagoen Denisovako aztarnategian hartu dute.
Denisovako gizakiaErrusiako haitzulo hori bereziki garrantzitsua da, 2010ean Denisovako gizakia identifikatu zutelako bertan. Orduan egin ziren analisi genetikoek erakutsi zutenez, giza espezie berri hori gertuago zegoen neandertalekiko gizaki modernoekiko baino.
Haitzuloan neandertalen zein denisovanoen gizakien hezurrak topatuak dira, eta horien arabera abiatu dira orain arteko ikerketak. Teknika berri honi esker, baina, adituak gai izan dira espezie bakoitzari dagokion estratu maila zehazteko. Bi hominido espezieek haitzuloa txandaka erabili zutela argitu dute oraingoan. Era berean, haitzuloa okupatu zuten lehenak Denisovako gizakiak izan zirela ondorioztatu dute.
Max Planck Institutuan lan egiten duen Matthias Meyer antropologoak zuzendu du ikerketa. Azken urteotan paleogenetikaren arloan egin diren nazioarteko beste ikerketa askotan bezala, Carles Lalueza Fox eta Svante Paabo genetistek parte hartu dute azken lan honetan ere.
Berreskuratutakoa DNA mitokondriala izan dela nabarmendu beharra dago. DNA gehiena zeluletako nukleotan dago, baina zati txiki bat mitokondrietan dago ere. Hau bereziki garrantzitsua da espezien eboluzioa jarraitzeko, DNA mota hori aldagarriagoa baita, eta, gainera, ama leinuaren bitartez baino ez baita transmititzen (obuluetan espermatozoideen nukleoa baino ez da sartzen, eta aitaren DNA mitokondriala, beraz, ez da lagatzen). Gainera, genetistek badakite kalkulatzen gutxi gorabehera DNA mitokondrialean izaten den mutazioek denboran zehar zenbatean behin ematen diren. Horren arabera, leinu bakoitza noiz sortu zen jakin dezakete.

2. irudia. Denisovako koban (Errusia) topatutako laginei esker, 2010ean Denisovako gizakia deskribatu zen (Argazkia: Antropologia Ebolutiboaren Max Planck Institutua)
Halere, DNA nuklearrak askoz informazio gehiago ematen du, eta zientzialariek gustura jasoko lukete hori ere. Etorkizunean teknikak genoma nuklearrak berreskuratzeko bidea irekiko duela espero dute ikertzaileek. Hori lortzea, ordea, ez da erraza izango, zeluletan mitokondria asko daudelako baina nukleo bakarra.
Elikaduraren erakusleGizakiez gain, animalien arrasto genetiko ugari ere atzeman dituzte haitzuloetan. “Megafaunaren DNAk iraganeko hominidoek zuten elikaduraren inguruko informazioa eman dezake”, azaldu du Carles Lalueza-Foxek, Bartzelonako Eboluzioaren Institutuko ikertzailea, CSICek zabaldutako ohar batean. “Berreskuratutako DNAren jatorria bertan egindako kakak edo kobazuloetan deskonposatu ziren gorpuak izan direla uste dugu”.
El Sidrongo haitzuloan izan ezik, gainerako aztarnategietan beste ugaztunen DNA mitokondrialaren arrastoak topatu dira. Guztira, 12 familia ezberdin bereizi dituzte: besteak beste, mamut iletsua (Mammuthus primigenius), errinozero iletsua (Coelodonta antiquitatis), leizetako hiena (Crocuta crocuta spelaea) eta leizetako hartza (Ursus ingressus) identifikatzeko gai izan dira. Horrez gain, ekidoak, bobidoak, zerbidoak eta kanidoak ere topatu dituzte.
Ikertzaileak gai izan dira bereizteko antzinako DNA eta DNA modernoa, antzinakoak degradazio marka zehatzak dituelako. Horrek asko erraztuko du material genetikoa bereiztea jantzi berezirik gabe egiten diren indusketetan (CSI moduko telesailetako buzo zuri horiek), eta orain arte arkeologoek nahigabean egiten duten “kutsadura” genetikoaren arazoari irtenbidea eman diezaioke.
Aurrera begira irekitzen diren ateak ere zabalak dira. Batetik, beste ugaztunen inguruko informazioa eskuratzeko bidea emango du teknika honek. Bestetik, bereziki zenbait aztarnategitan, berrazterketak abiatzeko aukera izango da. Hau bereziki garrantzitsua izango da zalantzagarriak diren aztarnategien kasuan. Duela gutxi, adibidez, izugarrizko polemika egon da Ameriketako Estatu Batuetako ikertzaileek esan dutenean San Diegoko (Kalifornia, AEB) Cerutti Mastodon aztarnategian duela 130.000 urteko giza jardueraren arrastoak topatu dituztela. Arazoa da giza aztarna fisikorik ez dagoela inguruetan, eta harrien erabileran eta hezurrak apurtu ziren eran sustatu behar izan dute aurkikuntza. Teknika berriarekin, ordea, posible izango litzateke argitzea bertan gizakiak izan ote diren eta, era berdinean, gizaki horiek zein espeziekoak ziren argitu liteke ere.
Erreferentzia bibliografikoa:
V. Slon et al., Neandertal and Denisovan DNA from Pleistocene sediments. Science. DOI: 10.1126/science.aam9695
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Lurpetik erauzitako altxor ikusezina appeared first on Zientzia Kaiera.
Nukleo eta mantuaren arteko muga: ilun zegoena argitzean…

1. irudia: Lurraren barruko egitura.
Ozeano Pazifikoaren eta Afrikaren azpitik, behe-mantuan kokatutako eskala handiko bi eremu daude, 15.000 km-ko zabalerarekin eta CMBtik gora, 500-1000 km-ko garaierarekin. Bertan, normalak baino txikiagoak diren abiadura-sismikoak antzeman dira. Gaur egun, eremu hauei “abiadura-sismiko txikiko lurralde handiak” izena ematen zaie (LLSVP; Large Low Seismic Velocity Provinces). Hasiera batean, iradoki zen agian tenperatura altuagoko eta ondorioz, dentsitate baxuagoko eremuak izan litezkeela (superlumak), baina muga zorrotzak dituzte inguruko materialekin eta P- eta S-uhinen abiadura-aldaketen azterketa zehatzek, erakutsi dute inguruko arrokak baino dentsitate handiagoa dutela. Beraz, baieztatu da konposizioan ere nolabaiteko desberdintasuna izan behar dutela. Oraingoz, konposizio-desberdintasunak azaltzeko bi aukera baino ez dira iradokitzen.
Alde batetik, Fe-n aberastuta egoteak azalduko luke abiadura-sismikoen moteltzea eta dentsitatearen gehikuntza, eta beraz baliteke, aldaketa kimikoa nukleo eta mantuaren arteko elkartrukearen ondorioa izatea edo Lurraren hastapenetan mantuaren diferentziazio-prozesuan garatutako konposizio desberdineko eremua izatea. Bestetik, espero da hondoratutako ozeano-lurrazala inguruko materiala baino dentsoagoa izatea behe-mantuko baldintzetan. Beraz, aldaketa kimikoen eragile ere izan liteke.
LLSVPei buruzko hipotesi hedatuenetakoak dio badaudela arrazoiak subdukzio-eremuekin lotutako konbekzio-korronte beherakorrek albo batera desplazatutako eremuak direla pentsatzeko, konbekzio-korronte gorakorreko inguruneekin lotura eginez: lehenik, konposizio propioa dute, bigarrenik, inguruko mantua baino dentsoago dira eta hirugarrenik, flotazio neutroa edo motelki negatiboa dute.
Horrela, azal daiteke luma gorakor ugari LLSVPen mugetan sustraituta egotea eta, era berean, konposizio desberdineko bi eremuen arteko nahasketaren ondorio izan daitezke puntu beroetako arroka bolkanikoek erakusten dituzten ezaugarri isotopiko bereziak. LLSVPak eragin nabarmena dute mantuaren dinamikan eta luma gorakorren sorreran.

2. irudia: Behe-mantuaren beheko aldean bereizi diren hiru dimentsioko egitura nagusien irudi eskematikoa. (Rost, 2013)
CMBtik 100-200 km gora sarritan sumatzen da uhin-sismikoen abiaduraren bat-bateko igoera eta azalera islatzaile bat ere agertzen da; azken hori, mantuaren barneko beste etenune sismikotzat hartu da. Etenunea etena eta uhinkaria da, eta D’’ eremua bezala identifikatuta zuten geofisikoek aspalditik. Petrologia esperimentaleko ikerketak aurrera eramatea oso zaila izan da, muturreko baldintzengatik: muturreko presioa (atmosferako presioa baino 1,3 milioi aldiz handiagoa) eta tenperatura (2.500 K-tik gorakoa). Hala eta guztiz ere, 2004. urtean, baldintza horiek laborategian lortu zirenean, egiaztatu zen behe mantuko mineral nagusiak (perovskita) egitura-aldaketa bat jasaten duela, eta post-perovskita[1] izeneko egitura minerala garatzen duela. Geroztik egindako ikerketetan guztiz egiaztatu da post-perovskitak tenperaturarekiko menpekotasun handia duela, eta zenbat eta tenperatura handiagoa izan presio handiagoa (edo sakonera handiagoa) behar duela garatzeko. Horrela, erraz detektatzen da subdukzio-eremuetan hondoratutako ezpalak pilatzen diren eremu hotzetan (D’’ erreflektorea), baina ez da garatzen nukleo eta mantuaren arteko ingurune beroenetan (LLSVP). Tenperaturaren menpekotasunak eragiten du D’’ azaleraren geometria uhinkaria eta etena.
Nukleo eta mantuaren arteko mugaren gainean 5-40 km lodi eta 100 km zabal diren txatal isolatuak identifikatu dira, uhin sismikoen abiadura izugarri moteltzen delako (2. eta 3. irudia). Txatal horiei “abiadura sismiko ultratxikiko eremua” izena eman zaie (ULVZ; Ultra-Low Velocity Zones). P-uhinak %10-raino eta S-uhinak %30-raino motel daitezke, baina behe–mantu guztian zehar lortzen diren abiadura-aldaketak %1-2 tartekoak baino ez dira. Abiadura sismikoen moteltze nabarmenak eta S-uhinen abiadura-moteltzea P-uhinena baino askoz ere nabarmenagoa izateak, iradokitzen dute txatal hauek fusio partzialaren ondorio direla. Nukleo eta mantuaren arteko muga konposizionalki homogeneoa balitz, fusio partzialaren ondorio diren ULVZak CMB guztian zehar agertuko lirateke, muga hori isotermikoa baita. Baina ULVZak txataletan sakabanatuta ageri dira, eta konposizio kimikoaren aldetik ere desberdinak izan behar dutela pentsatu behar dugu. ULVZko txatalak LLSVPetako ertzetan pilatuta agertzeko joera dute eta uste da mantuko sakonera berean dauden beste materialak baino %10 dentsoagoak direla bertako materialak. Izan ere, ez dute konbekzio-korronte gorakorrekin batera mantuan gora egiten. Lurraren azaleko puntu-beroak (hot spot) LLSVP ertzen gainetik kokatuta daude, hain zuzen ULVZak kokatzen diren eremuen gainetik, eta horrek agerian uzten du luma gorakor eta ULVZen arteko harreman zuzena. Beraz, baliteke ULVZk eragin zuzena izana probintzia igneo erraldoien sorreran edo superkontinenteen apurketan.

3. irudia: Ozeano-lurrazaleko ezpal hotz eta dentsoak mantuan behera hondoratzen dira eta material beroko lumek gora egiten dute. Behe-mantuan, gorriz nabarmendu dira abiadura sismiko txikiko lurralde handiak (LLSVP). Post-perovskita mineral-egituraren sorrera lerro grisez adierazita azaltzen dira. Nukleo eta mantuaren arteko mugatik gertu, aldiz, ezaugarri desberdinak dituzten ULVZ eremuak (laranja) eta LVZ eremuak (marroia) bereizi dira. (Rost, 2013)
Berriki, Ipar-Amerikako sismografo-sare osatua erabiliz Ipar-Amerika azpiko CMBko azterketa sismiko zehatza egin da eta beste egitura mota bat identifikatu ahal izan da (Sun et al., 2012).
CMBren gainetik hainbat gandor irudikatu dira, oraingoz abiadura baxuko eremu gisa identifikatzen direnak (LVZ; Low Velocity Zone), lodiera aldakorrekoak eta 100 km bitarteko altueraraino luzatzen direnak (3. irudia). Gandorretan uhin sismikoen abiadura moteldu egiten da, baina ez ULVZtan bezain beste; P-uhinen abiadura %5 moteltzen da eta S-uhinena %8. Era berean, kalkulatu da dentsitatea inguruko mantuko arrokena baino %1.5-2 handiagokoa dela. Datu hauek dituztela, ikertzaileek iradoki dute agian LVZ eremuak burdina kopuru altuago baten ondorio direla, nukleo eta mantuaren arteko material trukaketaren eraginez. Lortutako datuek iradokitzen dute Ipar-Amerikaren azpiko nukleo eta mantuaren arteko muga konposizio kimikoaren aldetik oso heterogeneoa dela.
Sismologoek gero eta eskala txikiagoko egiturak identifikatzen ari dira, 10 km ingurukoak ere; hala ere, oso zaila da fusio partzialeko eremuekin, konposizio desberdineko eremuekin edo beste zerbaitekin lotura zuzena egitea. Zehaztapen handiagoko azterketak behar dira egitura txikien ezaugarriak identifikatu eta beraien jatorriari buruz hipotesiak plazaratu ahal izateko.
Etorkizunean, gero eta konpaktuagoa izango da sismografo-sarea, batez ere eremu ozeanikoetan tresna gehiago kokatzen ari direlako. Gainera, konputagailuen ahalmenak gero eta handiagoak direnez, etorkizun hurbilean oso zehaztapen handiko irudiak lortu ahal izango dira CMBan.
Oharrak:
[1] Post-perovoskita (pPv): MgSiO3 magnesio silikatoaren presio altuko fasea.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Rost, S. (2013): Core-mantle boundary landscapes. Nature Geoscience, 6: 89-90.
- Sun D, Helmberger DV, Jackson JM, Clayton RW, Bower DJ. Rolling hills on the core-mantle boundary Earth and Planetary Science Letters. 361: 333-342.
———————————————————————————-
Egileaz: Arturo Apraiz UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da.
———————————————————————————-
The post Nukleo eta mantuaren arteko muga: ilun zegoena argitzean… appeared first on Zientzia Kaiera.

Noiz hasten dira umeak keinuak helburu komunikatiboekin erabiltzen?

1. irudia: Ume-eskua.
Euskara ama hizkuntza gisa duten umeek nola eta noiz hasten diren keinua eta hizkera uztartzen, keinua eta hizkera koordinatzeko patroiaren garapena, ikertzen duen lehen lana da “The interrelation of gestures and vocalization in early communication functions: Evidence from Basque language”.
Hizkuntzaz jabetu eta berau garatzeko prozesuak zer-nolako lotura daukan haurren keinu eta hizketaren arteko koordinazioarekin aztertzea da ikerketaren helburu nagusia. Hau da, umeek egiten duten hizkeraren eta keinuaren koordinazio prozesuak zer harreman duen hizkuntzaren ikasketarekin ikertzea.
Ikerketak erakutsi du 9 hilabeterekin zezelka egiteari, silaba errepikatu eta luzeen kateak bokalizatzeari, uzten diotela umeek eta 11 hilabete inguru dutenean keinu gehienak ahozko ekoizpenarekin konbinatzen hasten direla. 11 hilabetetik aurrera umeek egiten dituzten keinuak ez dira ausazkoak, ez daude isolaturik, nagusiki testuinguruan daude, hizkerarekin lotuta. Hau da, keinuen eta hizkeraren sistema elkarri estuki lotuta daude 11 hilabete dituztenean, hitz egin aurreko etapa konplexuena hasten dutenean.
Keinuak eta hizkera konbinatzen hasten direnean oso keinu jakinak erabiltzen dituzte umeak: deitikoak. Zerbait egitearekin lotutako keinuak dira deitikoak, seinalatzekoak, ematekoak, eskatzekoak, erakustekoak edota eskaintzekoak.

2. irudia: Haur txiki keinu deitikoa egiten.
Keinuak eta hizkera sistema estuki koordinaturik daudela erakusten duten frogak gero eta ugariagoak dira, Asier Romero ikertzailearen arabera. Are gehiago, zezelkatzea keinuekin konbinatzearen eta umeak izango duen hizkuntzaren garapenaren arteko harremana badagoela frogatzen duten “ebidentzia zientifikoak gero eta gehiago” direla azaldu du ikertzaileak. Euskara bariazioa aztertzen duen EUDIAk ikertaldeak egindako ikerketa hau, hortaz, lagungarria izan daiteke asaldura linguistikoak aurreikusteko. Izan ere, giza komunikazioa ikertzerakoan hizkera eta keinuak “beharrezko” bi elementu direla erakusten du ikerketak, Romeroren hitzetan.
Behaketa eta software espezifikoaFamilia euskaldunetan jaiotako bi haurren jarraipena egin da ikerketan zehar. Umeak 9 hilabete zituztenetik 13 hilabete bete arte grabatu zituzten bideoan. Etxean grabatu zituzten, gurasoekin batera. Denera, 1.260 ekintza komunikatibo baino gehiago biltzen dituen 6 orduko grabazioa lortu zuen ikerketa taldeak. ELAN software espezifiko eta berezitua erabili zuten ekintza komunikatiboak aztertzeko. Audio eta bideo artxiboetan anotazio konplexuak egiteko erabiltzen da ELAN softwarea.
Lan ildo berriak irekitzeaz gain, ingelesa eta katalana ama hizkuntza gisa duten umeekin egindako ikerketen emaitzak berretsi ditu argitalpen honek. Hitz egiten hasi baino lehen umeek keinuak eta aho jarioa koordinatzen dutela, batetik, eta alor honetan garapen arazoak detektatzeko baliagarria izan daitekeela, bestetik.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Haurtxoek nola koordinatzen dituzte keinuak eta bokalizazioa?
The post Noiz hasten dira umeak keinuak helburu komunikatiboekin erabiltzen? appeared first on Zientzia Kaiera.

Asteon zientzia begi-bistan #152
Hegaztiek Bizkaiko golkoan gauez egiten duten migrazioaren aztertu du UPV/EHUko Matematika Aplikatu Saileko Nadja Weisshaupt ikertzaileak bere doktorego-tesian. Ikerketaren emaitzek erakusten dute gaueko migrazio-jarduera handia dagoela Punta Galean udaberrian eta txikia udazken osoan. Hegazti tipologiari dagokionez, paseriformeak (txori kantariak) dira gau-migratzaile nagusiak. Ikerketan, bi motatako radarrekin egin dute lan: Euskalmetek Punta Galean duen profilagailua eta prezipitazioa neurtzeko radarrak. Horietaz gain, kamera termikoak erabili dituzte baita ilargiaren behaketa ere.
IngurumenaZoriari esker jakin dute abaraskak suntsitzen dituen har batek polietilenoa jaten duela. Horretaz konturatu zen Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikertzaile bat, Federica Bertocchini. Cambridgeko Unibertsitatearekin batera aritu dira ikertzen, eta frogatu du harrak oso eraginkorrak direla polietilenoa degradatzen. Adibidez, ehun har gai dira 92 mg polietileno degradatzeko 12 ordutan. “Oso azkar da hori”, nabarmendu du Bertocchinik. Ikertzaileen esanean, litekeena da entzimaren baten bidez degradatzea. Hortaz, hurrengo helburua degradazio-mekanismoa argitzea da, balizko entzima identifikatzeko eta in vitro sortzeko, maila industrialean.
MedikuntzaFiladelfiako Haur Ospitaleko ikertzaileek umetoki artifizial bat sortu dute. Poltsa itxi bat da, likido amniotikoaren antza duen fluido batez betea, eta kumea oxigenoaz eta elikagaiez hornitzeko sistema bat duena. Dagoeneko arkume oso goiztiarrekin probatu dute eta 28 egunez han bizitzea lortu dute. Honetan, halere, zilborreste sintetiko baten bidez iristen zaio odola arkumeari. Baina ez du odol-zirkulazioa ponpatzeko sistemarik, arkumeen bihotzak oraindik ez bailuke jasango kanpo zirkulazio-sistema bat. Horregatik, arkumeak, bere bihotzaren bidez, behar dituen osagaiak hartzen ditu. Bestetik, bentilazio-sistemarik ere ez du umetoki artifizialak. Ikertzaileek diotenez, aurrerapen handia izan da baina gizakietan erabili ahal izatetik urruti daudela aitortu dute.
KimikaWolframa Bergarako Errege Seminarioko laborategian aurkitu zuten Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek 1783. urtean, Euskal Herriak inoiz zientzia arloan egin duen eta egingo duen aurkikuntzarik handienetakoa. Proiektuari ospe handia eman zion lorpena izan zen baina une hartan ez zioten aplikaziorik aurkitu. Baina iritsi ziren eta gaur gaurkoz Eta wolframa gizartearen garapenerako funtsezko elementuetako bat dela esan daiteke. Adibidez, beroaren aurrean duen erresistentzia ezinbestekoa izan da gaur egun arte etxeetan erabili ditugun bonbillen funtzionamendurako. Beste dohai batzuk ere baditu, irakur ezazue artikulua osorik!
BiologiaIzurriteez hitz egiten dugunean, intsektuak edo arratoiak datozkigu gogora. Baina horiek ez dira animalia bakarrak, bibalbioen artean bada bat egiazko izurria, oso arriskutsua dena gainera: zebra-muskuilua. Zebra-muskuilua gertutik ezagutzeko parada izango dugu artikulu honekin. Ur gezetako bibalbio txikia da, gazitasun desberdineko uretan bizirik manten daiteke denbora luzez, eta tenperaturari dagokionez ere jasankortasun-tarte zabala du. Gainera, oso eraginkorra da: arrautza kopuru itzelak ekoizten ditu ur gezetako beste bibalbioekin erkatuz gero. Ibaietako zein aintziretako biodibertsitatearen arerio handia izateaz gain, izugarriak dira sor ditzakeen kalte ekonomikoak.
Azken hamarkadan inork ikusi ez dituen baina bizirik jarraitu dezaketen animalia eta landareen zerrenda egin du Global Wildlife Conservation erakundeak. The Search for Lost Species (galdutako espezieen bila) du izena ekimenak. Ehun zientzialari baino gehiagorekin elkarlanean, 160 estatutan galdutzat jotzen diren 1.200 animalia eta landare espezieren zerrenda egin dute: gutxienez azken hamarkadan zientzialari bakar batek ere ez ditu ikusi. Gainera, horien artetik, 25 desiratuenak aukeratu dituzte, eta azken horiexek aurkitzea da lehentasuna. Testuan azaltzen den moduan, ahaztutako espezie horietako askoren desagertzea galarazteko azken aukera izan liteke hau.
GeologiaAurreko astean hitz egin genuen Tunelbokako hondartzan aurkitutako ‘beachrock‘ei buruz. Asteon, badugu Berriak dakarren azalpen interesgarria ere. Nikole Arrieta da ikerkuntza honen atzean dagoenak dio eremu tropikal eta subtropikaletan dauden marea arteko guneetan sortzen diren harri egiturak direla eta beraz, oso arraroa dela hemen topatzea: “Inguru honetan, gizakiaren eraginak zeresan handia izan du, eta pentsa daiteke faktore bio-fisiko-kimiko eta antropogenikoengatik eratu direla”. Kasu honetan, beachrockak Bilboko itsasadarrean izan zen jarduera industrialaren ondorio da.
Ekialde Hurbilean hontzak eta nekazariak bateratzen dituen proiektu baten berri eman dute, duela 35 urte inguru abiatu zutena. Garai hartan, Tel Aviveko Unibertsitateko (Israel) Yossi Leshem ornitologoa konturatu zen nekazari israeldarrek pozoiak erabiltzen zituztela marraskariak hiltzeko. Azkenean, pozoiaren ordez harrapakari naturalak erabiltzea proposatu zuen. Baina arazo hori israeldarrez gain, palestinarrek zein jordaniarrek ere bazeukatela konturatu zen. Hortaz, hiru komunitateetako nekazariekin lanean hasi zen. Orain, Lausanako Unibertsitateko (Suitza) biologo Alexandre Roulin murgildu da proiektuan. Honek hala azaltzen du: “Berehala konturatu nintzen hontzak tresna bikaina izan zitezkeela palestinarrak, jordaniarrak eta israeldarrak mahai berera eramateko. Beraz, jarduera honetan murgiltzea erabaki nuen, eta ikusi nuen giza alderdi harrigarria zegoela”.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #152 appeared first on Zientzia Kaiera.

Ezjakintasunaren kartografia #157
Izan liteke baraua simulatzen duen dieta bat diabetesaren aurrean erantzuna? Rosa García-Verdugok dakarkigu gaia: Fasting against diabetes.
LIGOk laserrak erabili zituen grabitazio-uhinak detektatzeko, hauen ordez erloju atomikoak erabili daitezke uhinok antzemateko. Victor Marinek kontatzen digu zelan: The gravitational wave detector revisited: a new approach using atomic clocks.
Antibiotikoen aurrean sortutako erresistentzia gero eta arazo larriagoa da. Egoera honen aurrean beharrezkoak dira botika berriak eta, baita ere, egun ditugun antibiotikoak emateko sistema eraginkorragoak. Ildo honetan lanean dihardu DIPC: Combatting antimicrobial resistance with a ruthenium-based photorelease antimicrobial therapy.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #157 appeared first on Zientzia Kaiera.