Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela ordu 1 33 min

Gizaki modernoen sorlekua eta abiapuntua dantzan

Az, 2017-06-14 09:00
Juanma Gallego Duela 300.000 urteko Homo sapiens espezieko arrastoak topatu dituzte Marokon. Aurkikuntzak 100.000 urte atzeratuko luke gure espeziearen jatorria.

Marokon dagoen Jebel Irhoud izeneko aztarnategia egin dute paleoantropologiaren mundua, beste behin ere, irauli duen aurkikuntza. Alemaniako Max Planck Institutuko ikertzaileek egindako ikerketaren arabera, bertan topatu diren bost homininoren arrastoak Homo sapiens espeziekoak dira, eta duela 300.000 – 350.000 urte bitartekoak omen dira. Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Proposamen berriak 100.000 urte baino gehiago atzeratu ditu gure espeziearen existentziaren lehen frogak, eta jatorri geografikoa ere lekuz aldatu du. Izan ere, orain arte, gizaki modernoaren lehen ordezkariak Etiopian bizi izan zirela uste izan da. Egindako datazioen arabera, aztarna horiek 200.000 urte zituzten. Orain arteko teoriaren arabera, Afrikako ekialdean eta hegoaldean zeuden Homo sapiensak. Proposamen berriaren arabera, Afrikatik atera baino lehen, kontinente osoan zehar barreiatu ziren gizaki modernoaren lehen arbaso horiek.

1. irudia: Aurkitutako fosilen eskanerretan oinarrituta, arkeologoek egin duten simulazioa. (Argazkia: Nature)

1960ko hamarkadan ezagutu ziren Jebel Irhoud aztarnategiko fosilak, baina Afrikan zeuden Neandertalgo gizakien aldaeratzat jo ziren. Inguruan aurkitu ziren harrizko tresnek ere Europan neandertalei lotuta dagoen mousteriar aldiko kulturaren parekoak zirela zehaztu zen orduan. Hau guztia zela eta, topatu zituztenean, arrasto horiek duela 40.000 urtekoak zirela kalkulatu zuten ikerlatzaileek. Halere, orain egindako analisi berriek kolokan jarri dituzte lehen emaitza horiek. Indusketa berriek, gainera, fosil eta harrizko tresna berriak azaleratu dituzte. Besteak beste, garezur baten zatia eta beheko baraila bat. Horien azterketan abiatuta, Jean-Jacques Hublin paleoantropologoak gidatutako taldeak dio fosil horiek gizaki modernoaren eboluzioaren lehen fase bati dagokiela.

Beste lantalde batek harrizko tresnen analisiaren emaitzak aurkeztu ditu, Nature aldizkariaren ale berean. Europakoekin baino, Afrikako industriekin lotu dituzte material horiek. Era berean, termolumineszentziaren teknika baliatu dute aztarnategian topatutako suharrien data zehazteko. Horren arabera proposatu dute 300.000 eta 350.000 urte arteko tartea. Kuartzoa duten harrien data zehazteko tresna aproposa da termolumineszentzia. Sinplifikatuz, mineral hori asko berotzen denean, kristaletako barne egitura aldatzen da. Gerora, eta urtez urte material horrek jasotzen duen erradiazio kopurua jakinda, zientzialariak gai dira jakiteko material hori noiz erre zen.

“Data ondo zehaztuta duten aro honetako aztarnategiak oso urriak dira Afrikan, baina guk zortea izan dugu, Jebel Irhoud aztarnategian topatu ditugun suharrizko tresna asko iraganean berotuak izan zirelako”, esan du geokronologian aditua den Daniel Richter ikertzaileak Max Planck Institutuak zabaldutako ohar batean. Horrez gain, aurretik eginda zegoen giza baraila baten inguruko datazio bat aldatu dute. Lehen 160.000 urte zituela uste bazen ere, orain emaitza horiek doitu eta berrikusi dituzte, aztarnategiko sedimentuen erradiazioarekin alderatuz. Kasu honetan, erresonantzia elektronikoaren ekorketaren metodoa erabili dute.

2. irudia: Jean-Jacques Hublin paleoantropologoa, Marokoko Jebel Irhoud aztarnategian.

Fosilen azterketatik abiatuta, ikertzaileek diote aurpegiak, barailak eta hortzek lotura dutela gizaki modernoekin, baina garunaren morfologia, berriz, primitiboagoa omen dela. Horren arabera diote gure espezieko lehen ordezkaritzat jo daitezkeela Marokon aurkitutako arrastoak.

Afrikako teknologia

Naturek argitaratutako beste artikulu batean, Londresko Historia Naturalaren Museoan ikertzen duten Chris Stringer eta Julia Galway-Witham antropologoek aurkikuntzaren egileek diotena babestu dute. Analisi morfologikoaz gain, genetikaren argudioa mahai gainean jarri dute ere: “orain arte egin diren bizidunen eta fosilen DNA azterketen arabera, gure leinua gertueneko ahaideengandik -Eurasiako neandertalak era Denisovako gizakiak alegia- duela 500.000 urte baino lehenago aldendu zen. Data hori, ezagutzen den lehen Homo sapiens baino askoz zaharragoa da”. Funtsean, beste paleoantropologo askok pentsatzen duten modu berean, erregistro fosilean galdutako fosil horiek agertu behar direla argudiatzen dute. Gizaki modernoen eboluzioari dagokionez, Atapuercako (Burgos) Hezurren Osina neandertalen eboluzioa zehazteko izan duen garrantziarekin alderatu dute Marokoko aztarnategia.

Hala ere, eta analisi genetikotan oinarrituta, beste zientzialari askok uste dute gaur egungo giza espeziaren aniztasuna duela 200.000 urte inguru hasi zela, eta, hortaz, bat datorrela orain arte gizaki modernoaren abiapuntutzat jotzen den hasierako datarekin.

Ohi bezala, eta ikerketa berriak heldu bitartean, hedabideetan zalantzak agertu dituzte paleoantropologiari zein genetikari lotutako hainbat adituk. Finean, aztarna bat espezie batekin edo bestearekin lotzeak interpretazio anitzerako bidea ematen duelako, eta gizakiaren historia ebolutiboa zehaztea buruhauste galanta izan ohi delako zientzialarientzat. Halere, sapiens izan ala ez, argi dirudien bakarra da zuhaitzen babespetik atera eta mundu berrietara egokitzeko gai izan ziren hominidoek abentura epikoa abiatu zutela, eta, gaur egun, Marteko hautsetan oinatzak marrazteko bidean daudela.

Erreferentzia bibliografikoak:

Hublin et al. New fossils from Jebel Irhoud, Morocco, and the pan-African origin of Homo sapiens. Nature 546, 289–292. DOI: 10.1038/nature22336

Richter et al. The age of the hominin fossils from Jebel Irhoud, Morocco, and the origins of the Middle Stone Age. Nature 546, 293–296. DOI: 10.1038/nature22335

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Gizaki modernoen sorlekua eta abiapuntua dantzan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Jo eta ke minbiziaren aurka

Ar, 2017-06-13 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Guztiok ezagutzen dugu Steve Jobs enpresari aberats amerikarra, pankreako minbiziak jota hil zen, ebakuntza garaiz ez egiteagatik. Gaixotasuna aurkitu ziotenean egin izan baliote ebakuntza, oso desberdin bukatuko zen kontua agian. Hala ere, Jobsek erabaki zuen terapia alternatiboetara jotzea, eta oso berandu egingo zuen bizitza salba ziezaiokeen ebakuntza. Hau ez da zoritxarrez kasu bakarra, bukaera izugarrietara iristen dira gaixoak, terapia eraginkorrei uko egiten dietenean.

Osatzeko ez ezik, gaixotasunak saihesteko ere jotzen dute zenbaitek horrelako baliabideetara. Dieta batzuk, tumoreak ekiditen dituztelakoan iragartzen dira ageri-agerian.

Azkenean, oso lotsagabeak eta gaiztoak dira batzuk, aldarrikatzen baitute gaixoak beraiek baitira beren gaixotasunaren eragile: ozen esaten dute arazo psikologikoren bat dutela gaixoek, eta ez direla behar bezala bizi.

Irudia: Minbizia gaixotasun hedatuenetariko bat da herrialde garatuetan. Denboraren poderioz, gure gorputzeko zelulak zahartuz joaten dira eta, halako batean, akatsen batengatik edo zahartu direlako, gaixotasunak ager daitezke. Beraz, minbizia, nolabait esan, norberaren zelulak gaiztotzea da.

Gero eta ugariagoak dira “minbiziaren aurkako” dietak. Dieta alkalinoa da ezagunenetakoa. Adibide gisa erabiliko dut hemen dieta hau, agerian utzi nahi dudalako jokabide hauen guztien zentzugabekeria. Gauza ondo ulertzeko, kontuan hartu behar da minbizi-zelulen ingurunea azidoa izaten dela, eta dieta hau bultzatu nahi dutenek aldarrikatzen dutela azidotasun hori dela minbiziaren eragile. Horrela ba, pentsatzen dute ezabatu egin behar dela azidotasun hori, dieta alkalino bat hartuta.

Izan ere, zelula osasuntsuek baino glukosa gehiago erabiltzen dute minbizi-zelulek, energia lortzeko. Glukolisi izeneko metabolismo-bidezidor bat erabiltzen dute horretarako. Berez, zelula hauetan ez dira gertatzen beste animali ehun batzuetan oxigenoaz baliatuta gauzatzen diren prozesuak, eta produktu azidoak ematen dituzte glukolisiaren ondorio modura; horretxegatik da azidoa zelula hauen ingurunea. Antzera gertatzen da gure muskuluetako zeluletan, ahalegin fisiko handia egiten dugunean: baldintzapen horietan ere glukosak hainbat aldaketa pairatzen ditu, eta azkenean azido laktiko bihurtzen da.

Warburg efektua” deritzo minbizi-zelulek lehentasunez glukosa erabiltzeari, Otto Warburgek deskribatu zuelako prozesua 1924.ean. Berak proposatu zuen azidotasunaren ondorio izan litekeela minbizia, baina ikusia dugu ordea alderantziz gertatzen dela eta minbizia dela azidotasuna eragiten duena. Edonola ere, argi esan behar da ingurunearen azidotasun maila ezin dela dietaren bidez aldatu. Fisiologikoki zorrotz erregulatua dagoelarik, dietak ez dio inola ere eragiten azidotasun mailari.

Egia da izugarri kostatzen zaiola jendeari minbizia duela onartzea, eta are gehiago kostatzen zaio kimioterapia bezalako tratamendu agresiboak eman behar direnean. Hori dela eta, ez da hain bitxia gaixoak terapia alternatiboetara jotzea, baldin eta ohiko medikuntzak ezarriko badio tratamendu gogorra, albo efektu oso ezatseginekoa eta zenbaitetan jarduteko ezintasuna. Gainera, gaixoen sufrimenduez baliatuz, batzuek tratamendu leunak eskaintzen dituzte, ohiko bide onkologikoetatik kanpo. Argi esan behar da ordea gure osasun-sistemako medikuak direla terapia eraginkorrena agintzeko gai diren bakarrak. Bidea gogorra denean, ulergarria da bide errazetara jotzeko gogoa, baina minbiziaren aurka bide errazik ez dago.

Adenda:

Testu hau Deia aldizkariaren Con ciencia atalean argitaratu zen urtarrilaren 29an. Aurkako kritikak gertatu ziren, argudiatu izan zutelako Jobsen pankrea-minbizia ohikoa baino arinagoa zela eta horretxegatik onartu behar zitzaiola bide alternatiboak hartu izana. Hau idazten ari dena ez da ez onkologoa, ez eta medikua ere. Horrela ba, ingelesetik itzuliko dut Wikipediak dioskuna, norberak bere ondorioak har ditzan:

“2003ko urrian, minbizia antzeman zitzaion Jobsi. 2004.aren erdialdean, bere langileei esan zien minbizi-tumorea zuela pankrean. Oro har, oso pronostiko txarra izaten dute tankera honetako minbiziek, baina Jobsek argitu zuen berak tumore bitxia zuela, arinagoa, pankreako uhartexketako karzinoma modura ezagutzen dena.

Jobsek ez zien jaramonik egin medikuei bederatzi hilabetean zehar eta ez zuen ebakuntza onartu nahi izan. Horren ordez, gezurrezko mediku-dieta batez fidatu zen, eta gaixotasunaren aurkako tratamendu natural bat hartu zuen. Harvard ikerlari den Ranzi Amrik uste du alferrik laburtu ziola bizitza tratamendu horrek. Minbizia ikertzen duen David Gorski ere, medikuntza alternatiboaren aurkakoa da baina berak pentsatzen du bakar-bakarrik apur bat laburtu zitzaiola bizitza. Barri R.Cassileth, bestalde, buru da Memorial Sloan Kettering Cancer Center izenekoaren Medikuntza Integratiboaren Sailean eta bere ustez, Jobsi bizitza kendu zion medikuntza alternatiboan zuen sinesmenak. Funtsean, bere buruaz beste egin zuen. Jobsen biografo den Walter Isaacsonen hitzetan “bederatzi hilabetean zehar uko egin zion pankrea-minbiziaren aurkako kirurgiari, eta gero damutu egin zen bere erabaki horretaz, bere osasunak txarrera egin zuenean. Kirurgiaren ordez, dieta beganoa hartu zuen, eta akupuntura eta belar batzuk erabili zituen, Interneten aurkituta. Igarle bati ere galde egin zion. Berak fede handia izan zuen klinika baten zuzendari zen batengan, eta hor enemak eta ganorarik gabeko zenbait kontu erabiltzen zituzten. Azkenean, 2004.ean egin zioten ebakuntza tumorea kentzeko. Jobsek ez zuen hartu ez erradioterapiarik, ez kimioterapiarik”.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

The post Jo eta ke minbiziaren aurka appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Euskarazko denbora-informazioaren azterketa eta prozesamendua

Al, 2017-06-12 15:00
Begoña Altuna, Mª Jesús Aranzabe eta Arantza Díaz de Ilarraza Denborak ekintzak eta egoerak gertatzea eta horien ondorioz sortutako aldaketak edo aldaketa ezak antzematea ahalbidetzen du. Gainera, ekintza eta egoera horiek noiz jazo diren edo zenbat iraun duten jakiten ere laguntzen du. Gizaki guztiek, ordea, ez dute denbora berdin adierazten; nola ulertu denbora, hala adierazi. Hizkuntzaren prozesamenduan, denbora-informazioa interpretatzea oso garrantzitsua da testuak osotasunean ulertu nahi badira eta horretarako, hizkuntza bakoitzean denbora nola adierazten den aztertu behar da. Gu euskarazko denbora-informazioarekin ari gara lanean.

Irudia: Euskaraz, aztertutako beste hizkuntzetan bezala, denbora-informazioa adierazteko hiru elementu nagusi daude: gertaerak, denbora-adierazpenak eta denborazko erlazio-eraikuntzak. (Argazkia: Gabriel Aresti euskaltegia)

Bada, hiru denbora-egitura motak osatzen du denbora-informazioa:

  1. Gertaerak, hau da, gertatzen diren ekintzak eta egoerak (adibidez, galdetzea, leherketa, haurdun egotea)
  2. Denborako une eta iraupenak adierazten dituzten denbora-adierazpenak (adib., atzo, bost minutu, arratsaldeko lauretan
  3. Horien artean sortzen diren erlazioak (adib., hiruretan, lan egin ondoren bazkaldu dugu). Hau da, denborazko erlazio-eraikuntzak.

Hizkuntzaren prozesamendurako azterketa linguistikoa egitean, elementu horien ezaugarriak erauzi eta era normalizatuan antolatu behar dira, bestela esan, testuko denborek kronologiako zer une zehatzi egiten dioten erreferentzia azaleratu behar da, ekintzen ezaugarri gramatikalak eta semantikoak sailkatu behar dira eta loturetan elementu parte-hartzaileen segida erabaki behar da. Erabaki horiek guztiak EusTimeML markaketa lengoaian eta etiketatze-gidalerroetan adierazi ditugu. Esaterako, “bost minutu” iraupena bost minutu adieraziko da.

Behin denbora-egiturak nola sailkatu eta normalizatu erabaki ostean, corpus etiketatuak sortu ditugu. Corpusetan albisteak eta historia testuak batu eta testuko denbora-egiturak eskuz markatu ditugu eta beren ezaugarriak gehitu dizkiegu. Horrela denbora-informazioa duen corpusa sortu dugu. Corpus hau etiketatzaileen trebakuntzarako, etiketatze-irizpideen ebaluaziorako, ikasketa automatikorako eta tresna automatikoen ebaluaziorako urre patroi gisa erabili da.

Aurretik azaldutako guztia baliatuta, denbora-informazioan gertaeren, denbora-adierazpenen eta erlazioen inguruan ari gara lanean. Denbora-adierazpenei dagokienez, erregela bidezko EusHeidelTime tresna garatu dugu. EusHeidelTimek testuko denbora-adierazpenak identifikatu eta balio normalizatuak ematen dizkie. Horretarako testuetan aurki daitezkeen denbora-adierazpenen egiturak aztertu ditugu eta egitura bakoitzarentzat erregela bat sortu. Ez dugu, ordea, adierazpen bakoitzarentzat erregela bat sortu, egituraren zatiak (urteak, hilabeteak, asteko egunak, etab.) multzokatu ditugu eta multzo horiek idatzi ditugu erregeletan.

EusHeidelTimeren erregelak eta hizkuntza baliabideak—egitura zerrendak eta bakoitzaren balio normalizatuak—sortu ostean, denbora-informazioa lantzeko sortutako corpusaren lagin bat automatikoki etiketatu dugu eta lagin hori eskuz etiketatuarekin konparatu dugu. Denbora-adierazpenen % 90 inguru antzemateko gai izan gara; aurrera egitera animatzen gaituen emaitza. Hala ere, denbora-adierazpenak ez dira denbora-informazioa adierazten duten egitura bakarrak eta gertaerak eta erlazioak automatikoki prozesatzeko lanean jarraitu behar da.

Denbora-informazioa era zabalean tratatzeko gai garenean, informazio hori kronologien sorrera automatikoan, gertaeren aurreikuspenean edo etorkizunaren iragarpenean erabili ahal izango dugu. Ondorioz, euskarazko denbora-informazioaren prozesamendua oso erabilgarria izango da etorkizun hurbilean medikuntzan, ekonomian eta beste hainbat arlotan.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Euskarazko denbora-informazioaren tratamendu automatikoa TimeMLren eta HeidelTimeren bidez.
  • Laburpena: Hizkuntzaren prozesamenduan (HP), denbora-informazioa beharrezkoa da testuak ulertzeko, testuko gertaerak noiz jazotzen diren edo zenbat irauten duten adierazten baitu. Artikulu honetan, euskarazko denbora-informazioaren azterketa eta prozesamendua aurkezten dira. Lehenik, denbora-egituren deskribapena egin da. Bigarren, informazio egituratua emateko markaketa-lengoaia eta horren bidez etiketatutako corpusak azaldu dira. Ondoren, etiketatzeko tresna automatikoa ere deskribatzen da eta lehen etiketatze automatikoaren saiakera bat eta horren emaitzak ere ematen dira.
  • Egileak: Begoña Altuna, Mª Jesús Aranzabe eta Arantza Díaz de Ilarraza
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 153-165
  • DOI: 10.1387/ekaia.16362

—————————————————–
Egileaz: Begoña Altuna eta Arantza Díaz de Ilarraza UPV/EHUko Hizkuntza eta Sistema Informatikoak saileko ikertzaileak dira eta Mª Jesús Aranzabe UPV/EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko ikertzailea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Euskarazko denbora-informazioaren azterketa eta prozesamendua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Lehenengo aleazio superelastiko nanometrikoa

Al, 2017-06-12 09:00
Lehen aldiz, superelastikotasuna dimentsio mikrometriko eta nanometrikoan aztertu du UPV/EHUko ikerketa talde batek.

Deformatu ostean jatorrizko egoerara bueltatzeko gaitasuna da elastikotasuna; asko deformatzeko gaitasuna duten materialen propietate fisikoa da superelastikotasuna. Guztiz demostratuta dago superelastikotasuna material makroskopikoetan; lehen aldia da, baina, eskala mikrometriko eta nanometrikoan aztertzen dela.

Superelastikotasunaren froga nahiko sinplea da: haga zuzen bati tentsio bat aplikatzen zaio, U itxura har badezake eta, tentsioa kentzean, hagak erabat berreskuratzen badu hasierako forma positiboa da emaitza.

1. irudia: Superelastikotasunaren froga. (Ziortza Guezuragak egina Fongsen irudian oinarritua).

Superelastikotasunaren tentsio kritikoarekin lotutako propietateak nabarmen aldatzen direla mikrometro batetik beherako diametroetan jakin da ikerketari esker. Cu-14Al-4Ni aleazioa erabili dute, memoria-forma eta giro-tenperaturan superelastikotasuna ageri duen aleazioa da.

Aleazio zutabeak dimentsio nanometrikoetaraino zizelkatuta aztertu dituzte eskala nanometrikoan superelastikotasuna. Hala, mikrometro bateko diametrotik behera materialak portaera desberdina duela eta askoz ere tentsio handiagoa aplikatu behar zaiola deformatu ahal izateko baieztatu dute. Aleazioak superelastikotasuna izaten jarraitzen du, baina tentsio handiagoetan.

Metodologia

Focused Ion Beam izeneko ioi kanoia erabili dute materia eskala nanometrikoraino zizelkatzeko, aleazioaren mikro eta nanozutabeak (2 µm eta 260 nm bitartekoak) eraikitzeko. Zutabe horiei tentsioa aplikatu zaie indar txiki-txikiak aplikatzea baimentzen duen nanoindentazio (materialen gogortasuna neurtzeko teknika) bidez, horrela, materialaren portaera neurtu eta aztertu dute.

Aurkitutako portaera superelastikoak bide berriak zabaltzen dizkie elektronika malguko mikrosistemen eta giza gorputzean jar daitezkeen mikrosistemen aplikazioei. Elektronika malgua erabilia da jantzietan, kirol-oinetakoetan eta hainbat pantailatan, besteren artean. Gorputzean erabil daitezkeen mikrosistemei dagokienez, gailu adimendun mediko-sanitarioetan garrantzi handia izan dezake, Lab on a chip moduko gaileuetan. Mikroponpa edo mikroeragingailu txikiak eraiki ahal izango dira, askotariko tratamendu medikoetarako giza gorputzaren barnean substantzia bat askatu eta erregulatu ahal izateko.

Erreferentzia bibliografikoa

Jose F. Gómez-Cortés, Maria L. Nó, Iñaki López-Ferreño, Jesús Hernández-Saz, Sergio I. Molina, Andrey Chuvilin and Jose M. San Juan. Size effect and scaling power-law for superelasticity in shape-memory alloys at the nanoscale. Nature Nanotechnology. May 2017. DOI: 10.1038/nnano.2017.91.

Iturria: Dimentsio nanometrikoko lehenengo aleazio superelastikoa garatu du UPV/EHUk

The post Lehenengo aleazio superelastiko nanometrikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #158

Ig, 2017-06-11 09:00
Uxue Razkin

Paleontologia

Asteko berria (eta baliteke urtekoa izatea) dakargu igandean ontzen dugun gehigarri honi hasiera emateko: 300.000 urteko Homo sapiens-en fosilak aurkitu dituzte Marokon. Gure espeziea duela 200.000 urte inguru sortu zela uste izan dute orain arte. Orain, aurreko hipotesia iraultzen duen bi ikerketa gauzatu dira. Elhuyarrek azaltzen digu: Jebel Irhoud aztarnategian (Maroko) aurkitutako fosil batzuetan oinarritzen dira ikerketak. Adituen ustez, Homo sapiens espeziaren sorlekua ez legoke Afrikako ekialdean, baizik eta iparraldean. Handik hedatuko zen kontinente osora, lehenik, eta gero Europa aldera (Out of Afrika edo Afrikatik kanpora hipotesia). Max Planck Institutuko Antropologia Ebolutiboko ikertzaileek gidatu dituzte ikerketok eta, datazioaz gain, gure espeziearen eboluzioari buruzko zantzuak ere eman dituzte.

Sustatuk eman du horren berri ere. Ikertzaile guztiak ez dira hipotesi berri honen alde agertu. John Hawks paleoantropologoak, besteak beste, Homo Naledi espezia aurkitu zuen taldeko ikertzaileak, artikulu eszeptiko bat idatzi du: bere ustez, “aurpegi modernoa” izate hutsagatik, Atapuercan aurkitutako Homo Antecessor ere izenda zitekeen Sapiens-aren “aldagai” bezala, eta hori ez da posible (1.2 eta 0.8 milioi arteko Europako espezie bat da Antecessor hau, agian Neandertalen arbasoa, ez ordea gu Sapiens-tarrona.) Halaber, astean agertu den beste azterketa –Hego Afrikako zenbait giza-genoma zahar eta berriren konparaketa– baten berri eman du.

Neurozientzia

Badira monogamoak diren animaliak eta ikerketa batek horiek hartu ditu hizpide. Zehazki, Ipar Amerikako lursagua hartu dute aintzat Emory Unibertsitateko (Atlanta, Georgia, AEB) ikertzaile batzuek, “maitasunaren kode neurala” argitzeko. Hau da, bikotekide leiala bilatu eta aurkitzeko prozesu horretan, animalion garunean zer gertatzen den aztertu dute. Zunda elektrikoak baliatuta, lursagu emeen garuneko bi erregio –kortex prefrontal mediala (erabakiak hartzearekin zerikusia duen atala) eta accumbens nukleoa (sari sistema, plazera…)– arteko komunikazio neurala grabatu eta entzun zuten ikertzaileek, arrekin hartu-emanetan zeuden bitartean. Jarraian, ikertzaileek artifizialki aktibatu zuten garuneko bi erregioen arteko zirkuitu neurala. Horren ondorioz, ar horrekin bizi arteko harreman sendoa izango balu bezala hasi zen jokatzen emea.

Medikuntza eta osasuna

Min kronikoa tratatzeko garrantzitsua izan daiteke neuronen barrura iristea. Nazioarteko ikertzaile-talde batek arratoiekin egindako esperimentu batzuetan ikusi duenez, neuronen azaleko minaren hartzaile batzuek zelularen barnealdera migratzen dute eta ohiko botikak ez dira gai horraino iristeko. NK1R izeneko hartzaileek lotura dute min kronikoarekin; horiek aktibatzean, hantura eta mina eragiten baitute. Hartzaile horiek blokeatzen dituzten konposatuei lipido bat erantsi diete, zelularen mintza zeharkatu ahal izan dezaten, eta ikusi dute horrela mina kentzea lortzen dela.

Medikuntza arloan badugu beste albiste bat. Gelatinazko matrizea garatu du UPV/EHUko NanoBioCel taldeak, hezurren osatze prozesuan euskarri fisiko funtzioa izateaz gain, hazkuntza-faktoreak askatzeko aukera ematen duena, gorputzak modu naturalean egiten duenari jarraiki. Biodegradagarria izateaz gain, gorputzak errefusatzeko oso arrisku baxua du. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Xiringei beldurra diotenek pozarren hartuko dute albiste hau. Izan ere, azken urteotan odola biltzeko teknika berri bat garatzen ari da: Odol Tanta Lehorra. Zer da? Kotoiaz egindako txartel batean odol tanta batzuk ipintzen dira, horretarako gorputzeko edozein tokitan (atzamarra, orpoa edo belarria) orratz batekin ziztada bat eginez. Odola lehortu denean txartel hauek oso erraz gorde daitezke eta edonora eraman. Gero, laborategian odola duen paper zati bat zulatzen da, odola erauzten da eta interesatzen zaigun metabolitoa edo droga analiza daiteke. Baina zergatik ez du azken honek baztertu guztiz xiringa bidezko odol ateratzea? Teknika “berria” 1963. urtean erabiltzen hasi zen eta oraindik gutxik izan dute ospitaletan ikusteko aukera. Arrazoi nagusietariko bat analisiak burutzeko behar diren metodo analitikoen mugak izan dira.

Felipe Aizpuru, Osakidetzako Arabako ikerketa unitateko burua elkarrizketatu du Berriak. Bihotz gutxiegitasunaren bilakaera iragarri ahal izateko ikerketa lanetan ari da. 2011. urtetik, gaitz hori duten 13.000 lagunen datuak aztertu dituzte. Big data osasungintzan “aukera” bat dela dio, baina ez du gizateria salbatuko. Zuzentzen ari den ikerketa lanak badu helburu jakin bat, Azipuruk azalduta: “Etorkizunean aurreikuspenak egiteko modeloak landu nahi ditugu. Alegia, medikuek edo erizainek gaixoaren bilakaera zein izango den iragar dezaten. Bestalde, kasuen artean konparazioak egin nahi ditugu, ondorioak ateratzeko”.

Astrofisika

Albert Einsteinek erlatibitatearen teoria orokorra landu zuzenean, aurreikusi zuen argia kurbatu egiten dela masa baten eraginez. Fenomeno horren froga esperimentala lortu dute oraingoan Estatu Batuetako Space Telescope Science Instituteko ikertzaileek. Ez da argiaren desbiazio hori esperimentalki frogatzen den aurreneko aldia, baina. Jada 1919ko eguzki-eklipse batean ikusi zuten. Eguzkiaren atzean zegoen izar bat desplazatuta azaltzen zela ikusi zuten, Eguzkiaren beraren presentziagatik. Orain fenomeno hori Eguzkia ez den beste izar batekin frogatu ahal izan da. Esperimentu horren nondik norakoa ezagutzeko, jo ezazue Einsteinek ezinezkotzat jo zuena lortu zuen artikulura.

KIC 8462852 izarra dugu protagonista albiste honetan. Lurretik 1.300 bat argi-urtera dago eta Tabbyren izarraz ezagutzen da. Portaera bitxia du: izugarrizko iluntzeak gertatzen dira han, baina zientzialariek ez dakite zergatik. Izan ere, distira aldaketa horiek ez dute jarraitzen inolako eredu ezagunik. Marian Martinez, Kanariar Uharteetako (Espainia) Astrofisika Institutuko ikertzaileak dio: “ikertzen ari garen guztiok ez dakigu oso ondo zehazki zeren bila ari garen”. Martinezek azaltzen du orain arte irakurri duen “azalpenik zentzuzkoena” dela honakoa: asteroidez inguratuta dagoen planeta erraldoi batek sortzen dituela iluntzeak.

Nanoteknologia

Material superelastikoak gai dira % 10 deformatu eta atzera jatorrizko itxura hartzeko. Ezaugarri hori ezaguna da eskala makroskopikoan; orain, kobre-aluminio-nikel aleazio bateko gailu oso txikiak ere ezaugarri izan dezaketela frogatu dute EHUko Materia Kondentsatuaren Fisika Saileko eta Fisika Aplikatua II Saileko ikertzaileek. Ikerketa honek aplikazio interesgarriak ekar ditzake, hala nola jantzietan, pantailetan eta abar, eta haientzat osagaiak sortzeko baliagarria izan daiteke, baita osasun-arloan ere, organismo barruan txertatuko liratekeen txipak egiteko, adibidez.

Geodinamika

Lurralde igneo erraldoiak “bolkanismo anomaloaren” egitura adierazgarrienak dira. “Bolkanismo anomalotzat” jotzen da plaken arteko mugetatik urrun gertatzen dena. LIPek zuten ezaugarrietako bat da geologian laburtzat hartzen den epean azaltzen direla, eta onartu ohi da 1 ma baino arinago garatzen direla. Horren epe laburrean horrenbeste arroka igneo azaleratzen delarik, atmosferara gas kantitate izugarriak igortzen dira. Ondorioz, eragina dute bai Lurreko batezbesteko tenperaturan, bai klimatologian, bai eta ozeanoetako baldintzetan, eta zenbait suntsipen biologiko orokor sustatu dituzte. Mendearen hasieran eztabaida sutsua izan zen LIPen jatorria azaltzeko. Bi hipotesi gailendu ziren: batak mantuko luma gorakorren jarduera (lumen eredua) erabiltzen du eragile gisa, eta besteak, kontinenteko litosferaren lodiera-ezberdintasunetan sortutako, tokian tokiko, konbekzio-korronteak eta mantuaren heterogeneotasuna (plaken eredua). Egindako azken ikerketek indartu egin dute luma gorakorraren eredua.

Biologia

Kolibriak hegazti txikienak dira eta nektarra da haien janari nagusia. 12 ordutan zurrupatu behar duten ur kantitatea haien masaren halako 5 baino gehiago da. Ur gehiegi edaten duten animalietan hiperhidratazioa gerta daiteke. Naturan animalia gutxi egon daitezke hori pairatzeko arriskuan. Artikuluaren egileek adibide batzuk aipatu dituzte: anfibioak egon litezke egoera horretan, larruazal iragazkorra dutelako, baina gernu-bolumen handiak ekoitziz konpontzen dute arazoa; anfibioen gernua, bestalde, oso diluitua da, kasik ez du gatzik, haien giltzurruna oso eraginkorra baita gernutik gatzak berreskuratzen. Kolibriek badute urarekin arazoa. Zurrupaturiko uraren % 80 xurgatzen dute kolibriek eta, beraz, giltzurrunak kanporatu behar du ur gehiena. Bada, giltzurrunak mugak ditu. Litekeena da kolibriak toki beroetan bizitzera behartuta egotea. Toki hotzetan animalia homeotermoek bero gehiago galtzen dute eta, ondorioz, toki hotzetan beroetan baino gehiago jan behar dute. Baina kolibriek nekez jan lezakete jaten dutena baino gehiago, giltzurrunak askoz ere ur gehiago prozesatu beharko bailuke orduan.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #158 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #163

La, 2017-06-10 09:00

Zelan eragiten du gure garunaren entrenamenduak berorrek esan diezaion gure buruari zer gogoratu? Ignacio Amigok ematen dizkigu azalpenak Learning to remember artikuluan.

Erabili daiteke LSD bezalako droga bat autismoa tratatzeko? José Ramón Alonsok garatzen du gaia: LSD as a therapeutic agent for autism.

Elektronika elektroien kargan oinarritzen da, spintronika haren spinean, eta “harantronika” (valleytronics)? Gure zalantza argitzen dute DIPCko ikertzaileek: A link between straintronics and valleytronics in graphene.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #163 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Olaia Martinez: “Elikagaien segurtasun alerten %40a etxeko praktika desegokiak dira” #Zientzialari (74)

Or, 2017-06-09 09:00

Aurreko mendearen azken hamarkadetan izandako behi eroen gaitzaren edota koltza olioaren krisien ondorioz, kontsumorako elikagaien segurtasuna bermatzeko kontrolak areagotu egin dira azken urteetan. Hala ere, gaur egun oraindik badira esparru honetan aurre egin beharreko mehatxuak, denon ahotan dabilen palma olioaren auzia esate baterako. Baina badakigu zehatz mehatz arriskuak zeintzuk diren? Zein kontrol egiten zaizkie gure etxeetara iristen diren elikagaiei? Nola areagotu genezake jaten ditugun produktuen segurtasuna?

Galdera hauei erantzuteko Olaia Martinez, UPV/EHUko Elikagaien segurtasun eta kalitateko irakaslearekin izan gara. Bere esanetan, kontsumitzaileak berak ere erantzukizun handia dauka, izan ere, urtero gertatzen diren alerta kasuen %40a etxeko praktika desegokien ondorioz izaten da.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Olaia Martinez: “Elikagaien segurtasun alerten %40a etxeko praktika desegokiak dira” #Zientzialari (74) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Landareentzat ez ezik animalientzat ere: argia

Og, 2017-06-08 15:00
Landareentzako ezinbestekoa da argia. Pellokeria dirudi. Denok dakigu fotosintesia egiteko eta, hortaz, bizitzeko nahitaezkoa dutela argia landareek. Animaliak, baina, beste kontu bat dira. Beharrezkoa dute argia animaliek? Eraginik du argiak animaliengan?

Zalantzarik gabe, bai. Alor bat baino gehiagotan du garrantzia argiak animalientzat. Batetik, ezinbestekoa da animaliak elika daitezen. Izan ere, elikadura mota edozein dela (belarjale, haragijale, orojale) oinarrian argia dago.

Landareek nahitaezkoa dute argia hazteko eta, beraz, hedaduraz, animalia belarjaleek ere argia behar dute euren elikadura bermatzeko. Era berean, haragijaleentzat ere beharrezkoa da jaten dituzten belarjaleak haz daitezen eta horretarako landareak behar dituzte. Kate trofiko guztian du eragina argiak, beraz.

1. irudia: Argiak eragina du kate trofiko guztian zehar. (Ziortza Guezuragaren irudia.)

Argia beharrezkoa da animalientzat, hortaz. Eta ez bakarrik elikadurarako, bestelako aspektuetan ere eragina du argiak, animalien jokaeran, adibidez:

  • Ugalketa sasoia muga dezake argi ordu kopuruak eta baita ugalketa-sasoiaren hasiera edo amaiera markatu.
  • Lozorroan sartzen diren animaliei noiz sartu seinalatzen die argiak, tenperaturarekin batera.
  • Animalia migratzaileek, beste faktoreren artean, argi ordu kopuruari esker dakite noiz hasi migrazioa.
Ikusi makusi

Ikusmenaren alorrean du, hala ere, argiak inpaktu gehien. Argia hautemateko mekanismoa da ikusmena, azken batean. Animalien %95ak ditu irudiak sortzen dituzten begiak eta %96ak argia hautemateko moduren bat. Begi guztiak ez dira berdin, hala ere. Ez dituzte argia eta irudiak modu berean prozesatzen eta zenbait begik ez dute irudirik sortzen.

“Begi”rik sinpleenek argia antzemateko gaitasuna baino ez dute, irudirik ez dute sortzen. Euglena protozooa da argia hauteman baina irudirik sortzen ez duen animaliaren adibidea. Ez da ikusmena zentzu hertsian, baina fotorrezepzioa (fotoien energiaren xurgapena) gertatzen da. Begi mekanismo sinpleena litzateke Euglenarena, baina animalien artean oso begi konplexuak aurki daitezke.

Argia antzeman baino ezin duten begi sinpleenetatik hasi eta irudi konplexuak garbitasunez sortzeko gai diren begietaraino eboluzio prozesua jasan dute ikusmen organoek. Lehen “begia” zelula fotorrezeptoreen xafla izan zen eta hortik hasita kamera konplexudun begira eboluzionatu dira. Hona eboluzio hipotetikoa:

  1. Zelula pigmentudun xafla. Hasiera batean argia sumatzeko gai ziren zelula multzoa baino ez ziren begiak, argia detektatzeko gai. Lehen aipaturiko Euglenaren eta lapen kasua litzateke hau.

    2. irudia: Zelula fotohartzaile multzoaz osaturiko xafla (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia).

  2. Begi kopak. Zelula xaflak kopa itxura hartzean argia antzemateaz gain, norabidea ere nabaritu dezakete. Planariek dute mota honetako begiak.

    3. irudia: Kopa itxurako begia (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia).

  3. Kamera iluna. Pinhole begia izenarekin ere ezaguna. Irudiak sortzeko gai da, fokatzeko. Irudiak nahiko ilunak dira, baina. Izan ere, oso argi gutxi sar daiteke begian. Nautilus moluskuetan aurkitu daitezke mota honetako begiak.

    4. irudia: Kamera iluna motak begia (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia).

  4. Lente primitibodun begia. Lenteen agerpenak argia kontzentratzeko gaitasuna ekarri zuen, ikusmena hobetzea eta argitzea ekarri zuena. Murex barraskiloek gartu dute honako mekanismoa.

    5. irudia: Lente primitibodun begia (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia).

  5. Kamera konplexudun begia. Lente sistema konplexua da, kornea eta bestelakoei esker garbitasunez ikustea ahalbidetzen dute. Egungo ornodun gehienen begiak lirateke mota honetakoak.

    6. irudia: Kamera konplexudun begia (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia).

Eboluzio hipotetikoa izanik ere, ezaugarri komuna dute begi guztiek: zelula fotorrezeptoreak dituzte guztiek. Bestelako begi motak ere garatu izan dira, intsektuetan aurki daitezkeen begi konposatuak, esaterako. Kasu honetan, omatidio izeneko hainbat egiturez osaturiko begiak dira. Omatidioak begi osoak dira, bakoitzak kornea, kristalinoa eta fotorrezeptoreak du eta mosaiko itxurako irudia sortzen dute.

7. irudia: Begi konposatua (Ziortza Guezuragak moldatutako irudia De Bugboyren irudian oinarrituta).

''Argiak animalietan izan ditzakeen eraginak''

Aurreko artikuluak:

Argi uhina ala argi partikula?

Argia materia bihurtzen

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.

——————————————————————

The post Landareentzat ez ezik animalientzat ere: argia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Nektarra jateak dakarren korapiloa

Og, 2017-06-08 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Kolibriak hegazti txikienak dira eta nektarra da haien janari nagusia. Nektarra diluzio bat da, intsektuak eta hegazti polinizatzaileak erakartzeko zenbait landareren loreek sortzen duten ur-diluzioa. Hori dela eta, kolibriek 12 ordutan zurrupatu behar duten ur kantitatea haien masaren halako 5 baino gehiago da, eta hori, bistan da, ur asko da, gehiegi beharbada.

Ur gehiegi edaten duten animalietan hiperhidratazioa gerta daiteke, hots, urez pozoitzea. Gezurra badirudi eta arraro samarra bada ere, noiz edo noiz hori gertatzen zaie gizabanakoei, gaixotasun batzuen ondorioz batik bat. Paradoxikoa izanik ere, gastroenteritisak, esaterako, hiperhidratazioa ekar dezake. Izan ere, barne-medioaren gatz-kontzentrazioa gehiegi behera daiteke ur gehiegi edaten denean, eta barne-likidoen bolumen handia galdu ondoren gerta daiteke hori. Hori dela eta, zenbait kirolari hil ere egin dira lehiatzen ari ziren bitartean, urez pozoituta. Hiperhidratazioaren zantzuak aurkitu zituzten Andy Warhol artista ezagunaren gorpuan ebakuntza baten osteko bihotz-arritmia baten ondorioz hil zenean. Garunaren funtzioan eragiten ditu kalterik larrienak hiperhidratazioak, zeren barne-medioa gehiegi diluitzen denean neuronen zitoplasmaren eta barne-medioaren arteko elektrolitoen balantzea desorekatu egiten baita. Ezaguna denez, elektrolitoen oreka ezinbestez gorde behar da nerbio-bulkada behar bezala sortu ahal izateko.

Irudia: Odol beroko animaliarik txikiena Kuban bizi da, eta ez da satitsu etruskoa: erle-kolibria da. Mellisuga helenae du zientzia-izena eta “pájaro mosca” edo “zunzuncito” esaten diote gaztelaniaz.

Naturan animalia gutxi egon daitezke hiperhidratazioa pairatzeko arriskuan. Anfibioak egon litezke egoera horretan, larruazal iragazkorra dutelako, baina gernu-bolumen handiak ekoitziz konpontzen dute arazoa; anfibioen gernua, bestalde, oso diluitua da, kasik ez du gatzik, haien giltzurruna oso eraginkorra baita gernutik gatzak berreskuratzen. Ur gezetako arrain teleosteoak ere, urez pozoitu litezke uraren sarrera saihesteko modurik izango ez balute, baina “Ura, bizitzarako ezinbestekoa” atalean ikusi dugun bezala, oso eraginkorrak dira diluzioaren aurka dituzten hiru hesiak [1].

Uretako animalia horiek, beraz, badituzte gehiegizko uraren arazoa saihesteko modu egokiak, bestela ezingo lirateke ur gezetan bizi. Kolibriek ere, lehenago emandako arrazoi bitxiagatik, antzeko arazoei aurre egin behar diete. Kolibriek urarekin duten arazoa ez da arazo makala. Izan ere, uretan bizi diren anfibioek baino ur-sarrera handiagoak pairatzen dituzte.

Kolibrien hesteak nektarraren ur osoaren zati txiki bat bakarrik xurgatzen duela pentsatzen zen hasieran, baina gero frogatu da ezetz, gehiena xurgatzen duela. Ez zen ideia txarra, hala ere, horixe baita Nectariniidae familiako eguzki-txoriek [2] egiten dutena.

Zurrupaturiko uraren % 80 xurgatzen dute kolibriek eta, beraz, giltzurrunak kanporatu behar du ur gehiena. Hortaz, oso eraginkorra da haien giltzurruna, eta oso malgua gainera; azken batean, egunez lan handia egin behar badu ere, gauez ez du ia lanik egiten, kolibriak lozorroan sartzen baitira, eta giltzurrunak ez baitu ia gernurik sortzen.

Hala eta guztiz ere, urarena ez da arazo makala, giltzurrunak mugak dituelako, oso eraginkorra eta ahaltsua bada ere. Izan ere, litekeena da kolibriak toki beroetan bizitzera behartuta egotea. Toki hotzetan animalia homeotermoek bero gehiago galtzen dute eta, ondorioz, toki hotzetan beroetan baino gehiago jan behar dute. Baina kolibriek nekez jan lezakete jaten dutena baino gehiago, giltzurrunak askoz ere ur gehiago prozesatu beharko bailuke orduan. Hortaz, ingurune hotzetan jarritako kolibriek pisua galtzen dute, gehiegizko ur-arazoa dela medio beharko luketen nektar guztia jan ezin dezaketelako.

Lehen esan bezala, bestelakoa da eguzki-txorien jokabide fisiologikoa. Eguzki-txoriek ez dute zurrupatu duten ur guztia xurgatzen, % 60 baztertu baitezakete. Ez dakigu zein den hori egiteko erabiltzen duten mekanismoa, baina badakigu txori horientzat behar-beharrezkoa dela horrela jokatzea, bizi diren tokietan askotan hotza egiten duelako.

Horrelakoxe korapiloak ditu bizitzak: tamaina, tenperatura, giltzurrun-funtzioa eta elikatze-modua, lau faktore horiek batera eragiten diote kolibrien banaketa geografikoari. Bai korapilo ederra!

Oharrak:

[1] Larruazal iragazkaitza da lehen hesia; gernu-bolumen handia ekoizteak eta gernuko gatz-kontzentrazioa oso apala izateak osatzen dute bigarren hesia; eta gatzen barneratze aktiboa dugu hirugarrena. Azken hau da, izan ere, urez pozoitzea eragozten duena, barne-medioaren diluzioaren aurkako berezko mekanismoa baita.

[2] Familiaren izen zientifikoak dioen bezala, txori horiek ere nektar-jaleak dira.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Nektarra jateak dakarren korapiloa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Lursaguek dute maitasunaren gakoa

Az, 2017-06-07 09:00
Amaia Portugal Monogamia naturala ala kulturala den, asko eztabaidatu daiteke gaiari buruz, gizakiez ari garenean. Baina izan, badira, berez monogamoak diren animalia gutxi batzuk, bizitza osoa bikotekide bat eta bakarrarekin partekatzen dutenak. Microtus ochrogaster lursagua da espezie horietako bat. Hain zuzen, Ipar Amerikako lursagu monogamo honi begira jarri dira Emory Unibertsitateko (Atlanta, Georgia, AEB) ikertzaile batzuk, “maitasunaren kode neurala” argitzeko. Hau da, bikotekide leiala bilatu eta aurkitzeko prozesu horretan, animalion garunean zer gertatzen den aztertu dute. Nature aldizkarian eman dute ikerketaren berri.

Abiapuntua bazuten zientzialariok. Izan ere, aurrez beste lan batzuek iradoki izan dutenez, oxitozina eta dopamina bezalako gai kimikoek garuneko bi erregiotan esku hartzen dute, lursaguen arteko bikote loturak sustatze aldera: kortex prefrontal mediala (erabakiak hartzearekin zerikusia duen atala) eta accumbens nukleoa (sari sistema, plazera…) dira bi erregioak. Horiek sakon aztertuta, bikote loturak bideratzen dituen jarduera neural zehatza aurkitzea zen lan honen gakoa.

1. irudia: Microtus ochrogaster lursaguek bikotekide bakarrarekin partekatzen dute bizitza osoa. (Argazkia: Emory Unibertsitatea)

Zunda elektrikoak baliatuta, lursagu emeen garuneko bi erregio horien arteko komunikazio neurala grabatu eta entzun zuten ikertzaileek, arrekin hartu-emanetan zeuden bitartean. Hau da, bikotekide potentzial bat aurkitu, lehenbizikoz harekin ernalketa izan eta, ondotik, biziarteko lotura osatu dutela erakusten duten adierazleak (ez dira gizakiengandik hain desberdinak zentzu horretan, elkarri lapa-lapa eginda ibiltzen baitira) agertzen diren arteko prozesu guztia jarraitu zuten, emearen burmuinari begira.

Ondorioztatu dutenez, erabakiak hartzen dituen kortex prefrontalak lagundu egiten dio sari sistemaren erdigunea den accumbens nukleoari, bertan dauden neuronen oszilazio erritmikoak kontrolatuta. Bi alorren arteko konexio funtzionala iradokitzen du horrek. Gainera, ikertzaileok ikusi dutenez, konexio funtzional horren indarra desberdina da kasu bakoitzean, eta konektibitate sendoena erakusten duten emeak dira balizko bikotearenganako lotura azkarren erakusten dutenak.

Are gehiago, lehen ernalketak bizkortu egin ohi du lursagu bikotearen arteko harremana, eta garuneko konexio funtzionala ere sendotzen duela egiaztatu dute. Konexio horrek zer indar duen eta animaliok bikote lotura zer azkar (edo motel) egiten duten, korrelazioa dago bi aldagai horien artean. Era berean, emeak ar zehatz batekin bikotea osatzeko duen probabilitatea aurresan daiteke, garuneko bi erregioen arteko komunikazio mailari erreparatuta.

2. irudia: Gerora, autismoa bezalako gaitzei aurre egiten ere lagun dezake ikerketa ildo honek.
(Argazkia: Darryl Leja, National Human Genome Research Institute / CC BY 2.0 lizentziapean)

Horiek guztiak ikusita, jarraian, ikertzaileek artifizialki aktibatu zuten garuneko bi erregioen arteko zirkuitu neurala, optogenetikaren bitartez. Hala, lursagu emeen kortex prefrontalaren eta accumbens nukleoaren arteko komunikazioa indartu zuten teknika horrekin. Optogenetika bidezko estimulazioa baliatzen zuten bitarte horretan, emea ar baten ondoan jarri zuten, baina ez zegoen ez ernalketarik, ez eta kontaktu fisiko txikienik ere haien artean, arra kopa garden baten azpian baitzegoen. Harreman hori ahulegia da, berez, lursaguen arteko bikote lotura osatzeko, baina estimulazio artifizialaren ondorioz, ar horrekin bizi arteko harreman sendoa izango balu bezala hasi zen jokatzen emea.

Epe luzera begira, ikerketa ildo honetatik, erronka are zailago bati heldu nahi diote Emory Unibertsitateko kideek, Robert Liu arduradunak azaldu duenez: “Oro har komunikazio neural hobea sustatzea da gure helburua, adibidez autismoaren moduko gaitzen kasuan, kognizio sozialari bultzada emateko”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Elizabeth Amadei et al. Dynamic corticostriatal activity biases social bonding in monogamous female prairie voles. Nature (2017). Published online 31 May 2017. DOI: 10.1038/nature22381

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————

The post Lursaguek dute maitasunaren gakoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Lurralde igneo erraldoiak: Lurraren indar-erakustaldia

Ar, 2017-06-06 09:00
Arturo Apraiz Lurralde igneo erraldoiek (LIP; Large Igneous Provinces), bere barne hartzen dituzte basalto-plataformak (flood-basalts edo trap), ozeano-plataformak (oceanic plateau), eta Hawaii bezalako gandor aseismiko edo bolkan-kateekin batera “bolkanismo anomaloaren” egitura adierazgarrienak dira (1. irudia).

“Bolkanismo anomalotzat” jotzen da plaken arteko mugetatik urrun gertatzen dena. Ondorioz, onartzen da plaka-tektonikak ezin duela bolkanismo mota hori azaldu. LIPetan pilatutako basalto-bolumenak izugarriak dira; sarritan 1.000-2.000 km-ko diametroko lurraldeak estaltzen dituzte, lodiera kilometrikoa dutelarik (1-5 km); beraz, milioi bat km3 baino basalto gehiago pila daiteke (Elosegi eta Apraiz, 2004). Pilaketa prozesua metro gutxiko laba-kolada bakunen gainezartzaren ondorioa da.

LIPek ezaugarri modura dute, era berean, Geologian laburtzat hartzen den epean azaltzea, eta onartu ohi da 1 ma baino arinago garatzen direla.

Horren epe laburrean horrenbeste arroka igneo azaleratzen delarik, atmosferara gas kantitate izugarriak igortzen dira. Ondorioz, eragina dute bai Lurreko batezbesteko tenperaturan, bai klimatologian, bai eta ozeanoetako baldintzetan, eta zenbait suntsipen biologiko orokor sustatu dituzte.

1. irudia: Fanerozoikoko lurralde igneo erraldoien kokapena (Mahoney eta Coffin, 1997). Kontinente-lurrazalean garatutako basalto-plataformak (flood-basalt) kolore horiarekin daude adierazita, ozeano-lurrazalean kokatutako ozeano-plataformak (oceanic plateau) laranja kolorez. Gorriz, bolkanismo anomaloa adieraten dituzten beste eremuak.

Lurralde igneo erraldoiek daukaten bolumen handia eta isurtze-denbora laburra uztartuz, erraz uler dezakegu produkzio magmatikoa ikaragarrizkoa behar duela, urtero kilometro kubikoa baino handiagoa.

Halako emaria lortzeko mantuak ohiko tenperaturak baino beroagoak behar ditu izan eta magmaren igoera azkarra izan behar da.

Aurrez aipatutako zehaztapenak kontutan hartuz, mendearen hasieran eztabaida sutsua izan zen LIPen jatorria azaltzeko muturreko bi hipotesien artean. Batak mantuko luma gorakorren jarduera (lumen eredua) erabiltzen du eragile gisa, eta besteak, kontinenteko litosferaren lodiera-ezberdintasunetan sortutako, tokian tokiko, konbekzio-korronteak eta mantuaren hetereogeneotasuna (plaken eredua).

Egun, eztabaida baretu da, egindako azken ikerketek zeharo indartu dutelako luma gorakorraren eredua.

Aipagarria da, adibidez, LIP gazte gehienek, sortu zitueneko luma gorakorrekin duten lotura zuzena, bien artean 200-300 km zabal den bolkan-katea edo gandor aseismikoa agertzen baita (2. irudia).

Jakinik LIPen erupzio-proportzioa, lotuta duten bolkan-kateena baino 2-3 magnitude-orden handiagoa dela, luma gorakorren bilakaera logikoa ondorengoa litzateke: luma gorakorren buruek anomalia termiko handia eragiten dute listoferaren azpian, eta horren eraginez, LIPak garatzen dira. Lumaren burua lausotu eta indarra galtzen duenean, lumaren zutabea edo isatsa baizik ez da geldituko, eta zutabe horrek Hawaii-Emperor antzeko bolkan-katea edo gandor aseismikoa baino ez du sortuko, anomalia termiko murritzagoa eragiten duena (2. irudia).

Isatsaren bizia luzea da eta puntu bero bat mantenduko du lurrazalean. Puntu bero horrek, bolkanketa prozesu geologikoki jarraituak izango ditu.

2. irudia: Luma gorakorraren buruak litosferaren oinera iritsita, lurralde igneo erraldoia sortuko du (kasu honetan basalto-plataforma bat). Buruak indarra galtzen duenean aldiz, bolkan-katea edo gandor aseismikoa sortzen da zutabe edo isatsaren eraginez.

Basalto-plataformek eta, ondorioz, luma gorakorrek lotura zuzena dute superkontinenteen edo kontinenteen apurketa prozesuekin. Luma gorakorrek bultzada eragiten dute litosferaren azpian, eta horren eraginez, domo egiturak sortzen dira 1000m-ko altueraraino. Domoek estentsioaren eragipean jartzen dute kontinente-litosfera eta estentsio-indarrek LIPen sorrera erraztu eta ozeano baten garapenarekin buka dezakeen rifting prozesua abiarazten dute.

Rifting prozesua eraginkorra izanik, ozeano berria sortzen denean, normala baino lodiagoa izango da luma gorakorraren eraginpean garatutako ozeano-lurrazala. Aldiz, lodiera normala izan ohi du luma-gorakorren eraginetik urrun sortzen den ozeano-lurrazal berriak. Adibidez, ozeano-lurrazalerako normala dena baino lodiera handiagoa erakusten dute Hego Ameriketako eta Afrikako ertzak Paranáko luma gorakorraren inguruan, Indiako ertzak Deccan luma gorakorraren inguruan edo Groenlandia eta Europako ertzak Islandiako luma gorakorraren inguruan.

LIPen eta kontinenteen apurketaren arteko adin-harremana aspalditik ezaguna da geologoontzat. Azken 300 ma-tan eskala handiko hamar LIP garatu dira. Etiopiakoa da gazteena eta ez dago zalantzetan Itsas Gorriko, Adeneko golkoko eta Eki-Afrikako riftaren sorrerarekin duen harreman estua. Era berean, antzeko harremanak aurkitu dira 55 ma-ko Groenlandiako LIParen eta Ipar Atlantikoaren zabalkuntzaren artean, 66 ma-ko Deccaneko LIParen (3. irudia) eta iparmendebaldeko ozeano Indikoaren irekitzearen artean, 133 ma-ko Paranáko LIParen eta Hego Atlantikoaren irekitzearen artean, 183 ma-ko Karooko LIP-aren eta hegomendebaldeko ozeano Indikoaren zabalkuntzaren artean edo 201 ma-ko Atlantikoaren erdialdeko LIP-aren eta ozeano Atlantikoaren Ekuatore aldeko irekitzearen artean. Hala ere, zalantzak sortzen dituzten salbuespenak ere badaude. Ezagutzen den LIP handienak, Siberiakoak, ez du lotura zuzenik ozeano baten sorrerarekin, nahiz eta bere inguruan estentsioaren aztarnak ugari izan eta arro sedimentario sakonak aurkitu. Baliteke, hasierako estentsio-egoera orokorra kontinenteen apurketa gertatu aurretik aldatu izana eta, ondorioz, arro ozeanikoaren garapena ekiditzea.

3. irudia: Deccaneko LIParen ikuspegi zoragarria. Kilometro bat baino lodiagoa den sekzio honetan oso ondo bereizten dira kolada basaltikoak. Mahabaleshwar, Ghats mendebaldean, India. Hetu Sheth-en argazkia, abenduak, 2005.

Izugarria da Lurralde igneo erraldoiek Lur osoko ingurumenean izan dezaketen eragina. Erupzio basaltikoek sulfuro dioxidoaren, karbono dioxidoaren, kloroaren eta fluorraren kopuru izugarriak igortzen dituzte atmosferara. Bolkanismo-prozesuetan sortzen diren 3-13 km bitarteko erupzio-zutabeen bidez gasak troposferaren goiko aldean eta estratosferaren beheko aldean pila daitezke. Baldintza horietan, berotegi-efektua sortzen duen gasa izanik, Lurreko berotzea eragin dezake karbono dioxidoak. Aldiz, sulfuro dioxidoak aurkako eragina du, eta sasoi hotzak eragin ditzake epe laburrera.

Hain epe laburrean hainbeste arroka bolkaniko azaleratzen delarik, klima-aldaketa azkarrak eragin ditzake atmosferara igortzen den gasak eta, ondorioz, gerta daiteke hainbat organismok baldinza berrietara egokitzeko denborarik ez izatea.

Adibide bat ematearren, Pinatubo bolkanak 20 milioi tona sulfuro dioxido igorri zituen atmosferara 1991. urtean. LIP batean astero Pinatubo antzeko bolkan bat aktibatuko litzateke milaka eta milaka urtean zehar, eta horrela sortuko ziren atmosferan, kliman zein ozeanoen konposizioan aldaketa iraunkorrak. Horrela, klima zein ozeanoetako uren konposizioa suntsipen biologikoak eragiteraino alda daiteke. Frogatu da lotura zuzena dagoela historia geologikoan gertatutako suntsipen biologiko garrantzitsuenen eta LIPen artean (4. irudia) (Courtillot, 1999). Kretazeo-Paleogeno mugan (K/Pg) gertatutako suntsipenak dinosauroen desagerpena, beste hainbat espezieren artean, ekarri zuenak Deccaneko LIPrekin lotzen da. Gaur egun, askok pentsatzen dute K/Pg mugaren aurretik organismo bizidun asko estresatuta zeudela Deccaneko LIPak sortutako klima-aldaketengantik eta Yucatango penintsulan eroritako meteoritoak suntsipena areagotu eta bapatekotu egin zuela. Baina historia geologikoan K/Pg suntsipen orokorraren antzeko eta are suntsipen bortitzagoak gertatu dira (Permiar-Triasiko muga), eta horietarako ez da meteoritoen aztarnarik aurkitu. Zer dugu beraz?

4. irudia: LIP nagusiek Lurreko berotze orokorreko garaiekin, ozeanoetako anoxia garaiekin eta suntsipen biologiko orokorreko garaiekin dituzten adin harremanak.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Courtillot, V. (1999): Evolutionary catastrophes: the science of mass extinction. Cambridge Univ. Press, Cambridge.
  • Elosegi, M. eta Apraiz, A. (2004): Basalto-plataformak: ezaugarriak, jatorria eta kontinenteen apurketa, eta suntsipen biologiko orokorrekin izan ditzaketen loturak. Ekaia, 18: 31-48.
  • Mahoney, J.J. eta Coffin, M.F. (Edk.) (1997). Large Igneous Provinces: Continental, Oceanic, and Planetary Flood Volcanism. Geophys. Monogr., 100.

———————————————————————————-

Egileaz: Arturo Apraiz UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da.

———————————————————————————-

The post Lurralde igneo erraldoiak: Lurraren indar-erakustaldia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kotoi-paperezko euskarriak odol analisiak egiteko

Al, 2017-06-05 15:00
Beatriz Uribe, Oskar Gonzalez eta Rosa M. Alonso Medikuak odol analisi bat egiteko esaten digunean segituan datozkigu burura xiringak eta odolez betetako tutuak. Guztiok diogu gutxi-asko, beldurra momentu latz horri, baina, XXI. mendean ez al dago alternatibarik? Zorionez azken urteotan odola biltzeko teknika berri bat garatzen ari da: Odol Tanta Lehorra (OTL) edo, beste hainbat terminoekin bezala, bere ingelesezko izenez hobeto ezagutzen den Dried Blood Spot (DBS) teknika.

Irudia: Odol Tanta Lehorrean (OTL) erabiltzen den kotoi-paperezko euskarri baten odola biltzen.

Teknika honetan kotoiaz egindako txartel batean odol tanta batzuk ipintzen dira, horretarako gorputzeko edozein tokitan (atzamarra, orpoa edo belarria) orratz batekin ziztada bat eginez. Odola lehortu denean txartel hauek oso erraz gorde daitezke eta edonora eraman. Gero, laborategian odola duen paper zati bat zulatzen da, odola erauzten da eta interesatzen zaigun metabolitoa edo droga analiza daiteke. Modu honetan teknika hau dopin kontroletan, farmakoen monitorizazioan edota gaixotasunen diagnostikotan aplika daiteke. Zeresanik ez izugarri egokia dela jaioberriei odola hartu behar zaienean (ezin diegu odol gehiegi lapurtu!) edo hirugarren munduan erabiltzeko tamalez han odol laginketa klasikoa egiteko arazo asko baitaude.

Orduan, teknika hau hain ona bada, zergatik ez du aspaldi xiringen bidezko odol ateratzea baztertu? Izan ere, 1963. urtean erabiltzen hasi zen eta oraindik gutxik izan duzue ospitaletan OTLa ikusteko aukera. Arrazoi nagusietariko bat analisiak burutzeko behar diren metodo analitikoen mugak izan dira. OTLarekin hain odol bolumen gutxi hartzen da ezen analitoen kantitate izugarri txikiak detektatzeko teknikak beharrezkoak baitira. Zorionez denbora aurrera doan heinean metodo analitikoak askoz sentikorragoak dira eta gaur egun analisi gehienak ahalbidetzeko beharrezkoak diren detekzio mugak lor daitezke.

Hala ere, teknika honen berpiztea berriki geratu denez analisi kuantitatiboetan eragina izan dezaketen faktoreak sakonki aztertu behar dira oraindik. Hori da hain zuzen ere aurkezten dugun lan honetan egin duguna. Alde batetik, OTLan oinarritutako prozedura analitikoa garatu dugu hiru farmako ezberdinen analisi erraza aurrera eramateko kromatografia likido ultra-azkarra eta detekzio fluoreszentea erabiliz. Bestetik, farmako hauen analisi kuantitatiboa baldintza dezaketen hiru faktore sakonki aztertu ditugu: odolaren hematokritoa, euskarrian ipinitako tantaren bolumena, eta analisirako zulatutako paperaren posizioa.

Garatutako metodo azkarrak OTLa farmakoen analisirako etorkizun izugarriko teknika dela erakusten du. Dena den, hematokritoa eta zulatutako paperaren posizioa bezalako faktoreek analitoen kuantifikazioan eragina dutela ikusi dugu. Ondorioz, teknika hau aplikatu baino lehen, analizatu nahi den konposatu bakoitzaren portaera aztertu behar da eskaintzen diren emaitzak fidagarriak direla ziurtatzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Odol Tanta Lehorraren fidagarritasunaren azterketa farmakoen analisi kuantitatiborako UHPLC-PDA-FLDren bidez.
  • Laburpena: Lan honetan Odol Tanta Lehorraren (OTLa) laginketa-teknikaren fidagarritasuna ikertu da farmakoen analisirako fotodiodo- eta fluoreszentzia-detektagailuei akoplatutako bereizmen oso altuko likido-kromatografiaren (UHPLC-PDA-FLD) bidez. OTLak, odol-tanta bat kotoi-paperezko euskarri batean jartzean eta lehortzen uztean datzan teknikak, azken urteotan erabileraren handipen garrantzitsua antzeman du bioanalisian. OTLak ohiko odol-analisiekiko hainbat abantaila erakutsi arren, analisi kuantitatiboaren ikuspuntutik hainbat faktorerekiko mendekotasuna duela antzeman da. Ikerketa honetan faktore batzuek (hematokritoa, odol-bolumena eta laginketa-puntua) farmakoen determinazioan duten eragina aztertu da, horretarako amilorida, propranolola eta valsartan farmakoak eredu gisa erabiliz. Emaitzetan oinarrituta, zuloaren kokapenak eta hematokritoak analisien zehaztasunean eta doitasunean eragina dutela ondorioztatu da, teknika honen aplikazio kuantitatiboa mugatuz. Bestalde, analitoen sakabanaketa odol-tantan zehar analitoen propietate fisiko-kimikoen mendekoa dela ikusi da, metodo analitikoaren garapenean analito bakoitzaren sakabanaketa aztertu behar dela ondorioztatuz.
  • Egileak: Beatriz Uribe, Oskar Gonzalez eta Rosa M. Alonso
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 19-36
  • DOI: 10.1387/ekaia.14547

—————————————————–
Egileaz: Beatriz Uribe, Oskar Gonzalez eta Rosa M. Alonso UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko irakasleak eta ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Kotoi-paperezko euskarriak odol analisiak egiteko appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Hazkuntza faktoreak askatzen dituzten aldamioak

Al, 2017-06-05 09:00
Hezur kalteak jasan ostean hezurren birsorkuntza-prozesua hasten du organismoak. Batzuetan, baina, ez da gai jasandako kaltea osatzeko. Kasu horietan, lagungarria izan daiteke kaltetutako tokian egitura bateragarri eta biodegradagarria jartzea: aldamioa.

1. irudia: Hezurretako hutsuneak osatzeko aldamio gisa balia daitezkeen eta hazkuntza-faktoreak askatzen dituzten egitura batzuk sortu dituzte UPV/EHUn.

Aldi baterako aldamio funtzioa izaten dute kaltetutako ehunean, organismoari osatzen laguntzeko. Gelatinazko matrizea garatu du UPV/EHUko NanoBioCel taldeak, hezurren osatze prozesuan euskarri fisiko funtzioa izateaz gain, hazkuntza-faktoreak askatzeko aukera ematen duena, gorputzak modu naturalean egiten duenari jarraiki.

Hezur-kalte kritikoetan (erredura, traumatismo, tumore-erauzketa, …) sor daitezkeen kalteetan aldi batez hezur-matrizea ordezkatu eta hezur-ehuna birsortzen laguntzeko da baliagarria garatutako aldamioa. Kolagenoaren deribatu bat erabili dute, kolagenoa prozesatzean sortzen den gelatina bat, zehazki.

Biodegradagarria izateaz gain, gorputzak errefusatzeko oso arrisku baxua du material honek. Gelatina-proteinak polimerizatu eta aldamioa kohesionatzeko, gardeniaren fruitutik erauzten den molekula bat erabili dute: genipina. Erabili ohi diren beste molekulak (glutaraldehido, adibidez) baino toxizidade baxuagoa du zelulentzat genipinak.

Behin aldamioa diseinatuta, zenbait entsegu eta prozesutan probatu dute; zer-nolako propietate, biobateragarritasun eta zitotoxikotasun dituen jakiteko. Emaitza positiboak lortu dituzte proba guztietan. Are gehiago, entseguetako batean espero baino hobeto erantzun dute zelulek: ohiko euskarri batean aldamioa zelula alfonbra baten gainean jarri zuten, kontaktuan egoteak zelulak intoxikatzen edo hiltzen ziren ikusteko. Aldamioa altxatzean, hutsunea ikusi zuten harekin kontaktuan egondako gainazal osoan eta zelulak hil zirela pentsatu zuten hasieran, baina zelulek aldamiora migratu zutela ikusi zuten orduan, alegia, hazteko jarritako plastikoa baino, nahiago zutela aldamioaren gelatina.

Aldamioa baino gehiago

Zelula ama mesenkimalei (hezur-matrizea birsortzen duten zelulei) sostengatzeko egitura emateaz harago, hazkuntza-faktoreak askatzeko gai den materiala bilatu dute ikertzaileek; unean uneko egoeraren arabera beharrezkoa den moduan eta kantitatean egin dezala, gainera. VEGF and SHH proteinak dira, zehazki, gehitu diren hazkuntza faktoreak. Heparina glikosaminoglikanoa lotzeko atalak dituzte bi proteina hauek haien sekuentzietan eta, ezaugarri hori aprobetxatuta, heparina gehitu da aldamio egiturara, hazkuntza-faktoreak harrapatu eta haien askatze profilak gordetzeko.

Hezurra hautsi eta lehenengo bi egunetan baino espresatzen ez den proteina da SHH, hezurra osatzen laguntzeko inguruko zeluletan zenbait gene aktibatzeko funtzioa duena. Heparina baliatuta aldamioetan gehitutakoan, lehenengo 24 orduetan askatu zen SHH proteina entseguetan, gorputzak sortzen duenaren antzeko portaera. VEGF proteinak, bere aldetik, angiogenesia (odol hodien sorrera) bultzatzen du eta, horretaz gain, zelulak erakartzen ditu hezur ehuna sortzen lagun dezaten. Kasu honetan ere, gorputzak askatzen duen moduan, hainbat egunetan zehar askatu zen aldamioan gehitutakoan.

2. irudia: SHH eta VEFG proteinen askapen grafikoak. (Ikerketa artikulutik hartua)

Proiektuaren lehenengo zatia da ikerketa hau. Animalietan azterketa preklinikoak egin dituzte eta emaitza itxaropentsuak lortu dituzte. Etengabe goraka doan diziplina da medikuntza birsortzailea eta askotariko estrategia terapeutikoak hartzen ditu barnean, proteina birkonbinatu eta zelula ametatik hasi eta, kasu honetan bezala, botikak eta hazkuntza-faktoreak askatzeko material eta matrizeetaraino.

Erreferentzia bibliografikoa:

P. Sánchez, J.L. Pedraz, G. Orive.. Biologically active and biomimetic dual gelatin scaffolds for tissue engineering. International Journal of Biological Macromolecules, 98: 486–494 (2017). DOI: 10.1016/j.ijbiomac.2016.12.092.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Hezurren birsorkuntza-prozesuan organismoa imitatzen duten gelatinazko gailu berriak

The post Hazkuntza faktoreak askatzen dituzten aldamioak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #157

Ig, 2017-06-04 11:10
Uxue Razkin

Osasuna

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Zegamako (Gipuzkoa) Solita Apaolazari ezarritako isunak –erreakzio alergikoa eragin zion ukendu bat saldu ziolako bezero bati –, zer esana eman du komunitate zientifikoan; batzuek txalotu dute jarri dioten debekua, baina beste batzuk beldur dira mendeetako ezagutza bat galduko delako horrela. Deborah Garcia Bello kimikari eta dibulgatzaileak argi dauka: “Primeran iruditzen zait isuna jarri izana”. Hasteke produktuak kosmetiko edo sendagai gisa merkaturatzen ahal dira eta Zegamako sendalariak ukendua sendagai gisa merkaturatu izanak “askoz larriago” egiten du afera, kimikariaren arabera. “Hasteko, ezin da formula sekreturik izan. Kontrola pasatu behar duzu”. Sasi-zientzia izan da mintzagai artikulu honetan.

Teknologia

Kataluniako ICFO Kataluniako Fotonika Institutuko ikertzaileek, Grapheneakoekin lankidetzan, sentikortasun handiko kamera bat sortu dute grafenoa erabiliz. Ikertzaileek azpimarratu dute sentsorea egiteko ez dela prozesamendu konplexurik behar. Horregatik, uste dute aurrerapauso garrantzitsua izan daitekeela espektro anitzeko eta bereizmen handiko irudigintzarako gailu merkeak sortzeko. Hamaika aplikazio ditu gainera mugikorretarako kamerak, gaueko zaintzarako kamerak, automoziorako sentsoreak, medikuntzako irudigintza, elikagaien eta farmakoen azterketa, ingurumenaren monitorizazioa.

Maiatzaren 24an argitaratutako artikulu baten adimen artifizialean adituak diren 352 ikertzaileren iritzia plazaratu dute gure etorkizunari buruz. Bertan adierazten denez, adituen esanetan hemendik 40 urtetara robotek guk baino hobeto egingo dituzte hainbat zeregin: gidatu, idatzi edota operatu… eta honako honek aldaketak eragingo ditu gizartean. Sustatun eman digute honen berri: Makinek edozertan gaindituko gaituzte 2060. urterako.

Satelite artifizialen bilatzaile baten berri eman digute Sustatun. Keeptrack Space du izena aplikazioak. Honen bidez gure planetaren inguruan biraka dauden satelite artifizialen orbita eta informazioa ezagutu daiteke.

Erregaiak eta ingurumena

Txinak iragarri berri du itsaspean gordetako metano hidratoetatik gasa erauztea lortu duela. Hego Txinako Itsasoan egin dute ustiapena. Lurra eta Baliabideetako ministro Jiang Damingek jakinarazi du, hil honen 18an, hidratoak eskuratzeko arrakasta. Haren hitzetan, «mundu mailako iraultza energetikoan» aitzindaria izango da lorpena. 1.266 metroko sakontasunean topatu dituzte hidratoak. Xinhua Txinako agentzia ofizialaren arabera, “purutasun handiko 16.000 metro kubo” atera dituzte eguneko. Abantaila handiak dakartza berriak gainera: “Energia oparoa eta garbia da, eta mundu mailako energiaren garapenaren etorkizunerako garrantzi estrategikoa du”.

Eloy Alvarez Pelegry, Orkestrako energia katedrako buruari egin diote elkarrizketa Berrian. Garraioan bestelako energiak erabiltzea gomendatu dute, ohiko erregaiek eragiten duten igorpen kutsakorrak murrizteko asmotan. Orkestratik helarazi dute erronka nagusia dela energia alternatiboak gehituz joatea ahalbidetuko duen plana indartzea.

Hizkuntzalaritza

Afasiaren ondorioz, hizkuntza-erabilerari dagozkion askotariko arazoak ager daitezke, hala nola hitzak, hotsak edota esaldiak ekoizteko edota ulertzeko zailtasuna edo hizkuntzak bereiz mantentzeko ezintasuna elebidunengan. Arazo horiek ahozko edota idatzizko modalitateetan ager daitezke, baita zeinu-hizkuntzen hiztunengan ere. Afasiologiaren historian bi korronte kontrajarri dira aipagai hizkuntzek burmuinean duten antolaketari buruz: ikuspegi lokalizazionista eta ez-lokalizazionista. Egungo ikerketak, baina, bi mutur horietatik aldendu egin dira eta proposamen zehatz eta sofistikatuagoak eskaintzen dituzte. Informazioa osorik irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Kimika

Uda begi-bistan dugunez Josu Lopez Gazpio kimikariak hondartza sasoiko gai bat dakarkigu. Dirudienez orain arte marmoken ziztaden aurrean egindako lehen sorospenak ez dira egokiak ezta eraginkorrak ere. Hawaiiko Unibertsitateko ikertzaileek egindako ikerketaren arabera ozpina eta beroa dira aplikatu beharrekoak marmokaren ziztada jasanez gero. Izan ere, ozpinak tentakuluen kolagenoa puztu eta blokeatu egiten ditu eta, ondorioz, pozoi-deskarga inhibitzen da. Azalpen guztiak eskura dituzue Zer egin behar da marmoken ziztada arintzeko? (eta ez, ez da pixa) artikuluan.

Emakumeak zientzian

Emma López de Armentiak Giza Nutrizioa eta Dietetika ikasi zuen eta amaitutakoan, kontsulta bat jarri zuen. Baina konturatu zen ez zuela horretan aritu nahi. Modu horretan, Elikagaien Zientzia eta Teknologia egitea erabaki zuen eta Leian hasi zen praktiketan: “Orduan hasi nintzen gerturatzen ikerketara”. Praktikak amaitu ostean, masterra gauzatu zuen: Elikagaien Kalitatearen eta Segurtasuna. “Segidan, Neiker-Tecnalian hasi nintzen lanean, Enrique Ritter doktorearekin, eta genomikaren mundua deskubritzen hasi nintzen”. Inoiz ez zuen doktorego-tesia egitea pentsatu, baina doktorego aurreko kontratu bat eskaini zioten. Bere tesiaren helburua Olio-palmondoko markatzailez lagundutako hautespen-sistema bat garatzea zen. Halaber, palma-olioaren aurka zabaldu den iritziaz mintzo da ikertzailea: “Badakigu palma-olioak gantz asea duela, eta gantz ase gehiegi hartzea txarra dela, baina horregatik palma-olioa guztiz baztertzea ez da zuzena, nire ustez”.

Biologia

Tridacna generoko espezieek bi elikatze-modu erabiltzen dituzte batera. Batetik, bibalbioetan ohikoa den iragazte-modua erabiltzen dute. Bestetik, mantuaren bazterrean dituzten mikroalga dinoflagelatu sinbiotikoek egiten duten fotosintesiari esker eskuratzen dute energia eta egitura-osagaien ekarpen gehigarria. Testuan azaltzen digutenez, handiak dira tamainaz eta duten bizitza luzea da: 100 urteko adinera hel daitezke. Hori bai, Tridacnaren tamaina dela, txirla gizajale edo txirla hiltzaile izenez ezagutu izan da Ozeano Bareko zenbait kostaldetan. Baina horiek funtsik gabeko elezaharrak dira soilik.

Genetika

CRISPR teknikak aurreikusi gabeko mutazioak eragiten ditu. Ikerketa Estatu Batuetan egin dute. CRISPR erabilita genoma eraldatu zaien saguen DNA aztertu dute, eta sagu batzuei itsutasuna sendatzeko gene bat aldatu zieten. Hori arrakasta izan zen, ikusteko gaitasuna eskuratu baitzuten. Baina, modu berean, bi saguren genometan 1.500 nukleotido-aldaketa inguru gertatu ziren, eta ehundik gora gene blokeatu edo gehitu egin ziren.

Zer da neuroblastoma? Umeei eragiten dien minbizi tumore arraroa da. Nerbio ehunetik eratzen da, nerbio sistema sinpatikoa osatzen duten ehunetatik, hain zuzen. Gorputzeko zona askotan gara daiteke, organo eta sistema gehienetara heltzen baita sistema parasinpatikoa. Hala, gaitz horren tratamendua hobetzen lagunduko duten hainbat mutazio genetiko identifikatu ditu ikerketa batek. TIAM 1 genea funtsezkoa da neuroblastomaren garapenean eta hori da ikertu dutena. Xehetasun gehiago ezagutzeko, irakurri Neuroblastoma: tratamenduan aurrera.

Astronomia

Astronomia alorrean, emakumezkoek sinatutako artikuluek sistematikoki aipamen gutxiago jasotzen dutela aurkitu dute Zuricheko (Suitza) Astronomia Institutuko ikertzaileek. Egile nagusi bezala emakume bat duten ikerketek %10 aipamen gutxiago jasotzen dute. Hain azterketa zabala burutu ahal izateko, ordea, ikaste automatikoko teknikak (machine learning) erabili behar izan dituzte. Zehazki, random forest izeneko algoritmoa baliatu dute. Artikuluan ere bada itxaropena pizteko datu bat: emakumezkoek idatzitako artikuluek gora egin dute azken hamarkadetan; 1960ko hamarkadan, %5 baino gutxiago ziren, baina, 2015ean, %25 inguru ziren emakumeek idatzitako ikerketa artikuluak.

Kirola eta osasuna

Ariketa fisiko eza hainbat gaixotasunekin uztartu da, besteak beste, gaixotasun kardiobaskularrekin, 2 motako diabetesarekin, depresioarekin edota zenbait minbizi motarekin. Munduko laugarren hilkortasun-eragilea da. Baina kirola egiteak ondorioak ere baditu; hala nola, lesioak. Artikulazioetako lesioak, esate baterako, aldaka, belauna edo orkatila bezalako giltzaduretan gertatzen dira. Garuneko kommozioa ere lesio larria da. Horretaz gain, aurretik jasandako lesioak dira arrisku-faktore garrantzitsuenak, esaterako orkatilako bihurdurarik pairatu ez duenak baino aukera gehiago izango du horrelakoa pairatu duenak, geroago lesio gehiago jasateko. Testuan, Athletic Clubarekin elkarlanean ari diren Euskal Herriko Unibertsitateko Kirola, Errendimendua eta Osasuna ikerketa taldeak eta Spot Genomics ikerketa taldeak, arrisku-faktoreen eta futboleko lesioen arteko lotura aztertzen duen ikerketa bat abiatu dute. Honen inguruko informazioa artikuluan topatuko duzue.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #157 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #162

La, 2017-06-03 09:00

Gorputzean ditugun bakterioak ote dira gure zahartze prozesuaren arduradunak? Eva García-Gonzálezek gaia aztertzen du Growing old together; are your bacterial partners making you old? artikuluan.

Erakusleihoetan ikusten ditugun manikietatik hasita, modaren munduak ematen duen irudia gaizbera izatera iritsi daiteke. Do mannequins have anorexia? artikuluan José Ramón Alonsok aztertzen du eragina.

Banakako molekulen korronte-pasabidearen diferentzien lehen behaketa dokumentatu da, hauen kiralitearen arabera. DIPCko ikertzaileek gauzatu dute berori: First case of observed current asymmetries in single chiral molecular junctions.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #162 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Emma López de Armentia: “Ikerketak asko eskatzen du, baina baita asko eman ere”

Or, 2017-06-02 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Emma López de Armentia Adan ia-ia halabeharrez sartu zen ikerketa-munduan. Dioenez, txikitatik zituen gustuko biologia, giza gorputza… Beraz, bazirudien medikuntza ikastera bideratuko zela. Baina gaztetan ikasketei behar baino arreta gutxiago jarri zienez, azkenean Giza Nutrizioa eta Dietetika ikasi zuen, eta, ikasketak amaitutakoan, kontsulta bat jarri nuen.

“Laster ohartu nintzen ez nuela horretan aritu nahi. Gaia bera oso gustukoa nuen, baina lana ez. Gainera, orduan ez zegoen gaur bezain ondo ikusia”, aitortu du. Hala, Elikagaien Zientzia eta Teknologia egitea erabaki zuen. Egin, eta Leian hasi zen praktiketan (gaur egun Tecnaliaren barruan), Elikagai Berrien laborategian. “Orduan hasi nintzen gerturatzen ikerketara; ordura arte, urrutikoa zen, eta han hasi zitzaidan harra sartzen”.

Praktikaldiaren ondoren, Elikagaien Kalitatearen eta Segurtasunaren Masterra egin zuen. “Segidan, Neiker-Tecnalian hasi nintzen lanean, Enrique Ritter doktorearekin, eta genomikaren mundua deskubritzen hasi nintzen. Erabat harrapatu ninduen, liluratuta geratu nintzen”, gogoratu du. “Inoiz ez nuen doktorego-tesia egitea pentsatu, baina doktorego aurreko kontratu bat eskaini zidaten, eta horrela hasi nintzen”.

Irudia: Emma López de Armentia ikertzailea.

López de Armentiaren esanean, ezustean eta pixka bat berandu iritsi zen ikerketa-mundura, baina gaiarekin zoratuta zegoen. Olio-palmondoko markatzailez lagundutako hautespen-sistema bat garatzea zen tesiaren helburua. Eta esperimentu-aldia gogorra izan bazen ere, askoz ere gogorragoa izan zen tesia idazten eman zuen garaia.

“Esperimentu-aldia ez da erraza izaten eta denbora asko eskatzen du, baina taldea oso-oso ona zen, eta benetan gustura aritu nintzen, asko lagundu baininduten. Ezin da beste lanarekin alderatu; ikertzen ari zarenean, ikasten duzu arazoei aurre egiten, taldean lana egiten, eta, aldi berean, autonomoa izaten… Asko eskatzen du, baina asko eman zidan. Hiru hilabetez luzatu zidaten kontratua esperimentuekin amaitzeko, eta dena ondo joan zen”, azaldu du.

Aldiz, inolako kontraturik gabe aritu zen tesia idazten, urte eta erdiz, eta oso gogorra egin zitzaion: “Diziplina handia eskatzen du, eta norberak ez ezik, ingurukoek ere lagundu behar dute. Bestela, ezin da; baina oso gogorra egiten zitzaidan ikustea etxekoei ere eragiten ziela. Azkenean, beste guztia alboratu, horretan ematen duzu urte eta erdi, buru-belarri”.

Palma-olioari buruzko iritzia eta informazioa

Palma-olioaren aurka zabaldu den iritziaz galdetuta, López de Armentiak uste du ez dela informazio osoa eman. “Boladak izaten dira. Garai batean txerri-gantza txartzat jotzen zen; gero jakin zen batez ere azido oleikoa duela, alegia, osasunerako ona dela. Eta bai, badakigu palma-olioak gantz asea duela, eta gantz ase gehiegi hartzea txarra dela, baina horregatik palma-olioa guztiz baztertzea ez da zuzena, nire ustez”.

Azaldu duenez, palma-olioak oso ezaugarri organoleptiko eta teknologiko egokiak ditu; horregatik erabiltzen da hainbeste elikagai-industrian. “Izatekotan, elikagai-prozesatuak dira kontuz hartu beharrekoak. Gaur egun, jende askok horietan oinarritzen du bere elikadura, eta hori bada txarra osasunerako; ez bakarrik palma-olioagatik, baita horrekin batera hartzen duen karbohidrato, gatz, azukre, gehigarri eta beste osagaiengatik”.

Horrekin batera, argitu du palma-olioaren ordezkoak are okerragoak izan daitezkeela: “Industriaren ikuspegitik, trans-azidoak erabiltzea izan daiteke irtenbide bat, baina horiek are kaltegarriagoak dira”. Eta olio-palmondoaren jatorrizko lekuetan, gantz-iturri nagusia huraxe dutela gogorarazi du. Haientzat, ezinbesteko elikagaia da.

Bestalde, olio-palmondoarekin egiten den ikerketaren erabat alde azaldu da: “Ikerketa pila bat egiten dira olio-palmondoarekin, eta oso onak: ingurumenaren alderditik, osasunarenetik, teknologiarenetik… Jendeak hori guztia jakin beharko luke, palma-olioa epaitu baino lehen”

Etorkizunean, olio-palmondoaren edo beste oleaginoso batzuen ikerketan aritzea du amets… “Badakit ikaragarri zaila dela. Gainera, nik ez dut kanpora joan nahi ikertzera; familia dut, eta ezin diet hori eskatu. Baina, nigatik, horixe egingo nuke gustura asko”.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Emma López de Armentia: “Ikerketak asko eskatzen du, baina baita asko eman ere” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bertsozientzia (6): “Zerk eragiten du gure osasunean?”

Og, 2017-06-01 15:00
Kultura zientifikoa zabaltzeko jaialdia antolatu? Bertsolaritza eta zientzia uztartu? Bai, “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldian. Zelan, baina? Lau zientzialarik gai baten inguruko azalpen laburrak emanda, bertsolariek zientzia oinarri hartuta errima eta neurria jartzen dutelarik eta guztia Kike Amonarrizen gidaritzapean.

2016ko bigarren hizlariak, Felix Zubiak, osasunean eragina duten faktoreen inguruan aritu zen. Jone Uriak eta Felix Zubiak berak jarri zioten errima gero.

Osasunean zerk eragiten duen azaltzeko 1996an eguneratu zen Lalonde txostenean (1974) oinarritu zen Felix Zubiak. Txostenaren ondorioen arabera lau dira osasunean eragin zuzena duten faktoreak: bizi azturak, ingurugiroa, biologia-genetika eta osasun sistema.

  • Bizi ohiturak

Elikadura, ariketa fisikoa, alkohola, tabakoa, drogak eta jokaera biolento edota inpultsiboak dira kontuan hartu beharrekoak.

  • Ingurugiroa

Uraren kalitatea, elikadura eta kutsadura bezalako faktoreak eragiten dute ingurugirotik.

  • Genetika-biologia

Eragile genetiko-biologikoen kasuan gaixotasunekiko erresistentzia, gaixotzeko joera eta gaixotasun genetikoak dira nabarmentzekoak.

  • Osasun sistema

Osasun sistemari dagokionez, daukan kalitatea, irisgarritasuna eta kostua dira ezaugarri nagusiak.

Kontuan izan behar da, hala ere, faktore guztiak daudela elkarreraginean, ez dutela modu isolatuan eragiten. Zenbait faktorek bestelako arrisku faktoreetatik babesten dute. Eta alderantziz, faktore batzuek arriskua areagotzen dute. Erretzeak, esaterako, minbizia garatzeko arrisku faktorea da, baina biologia-genetikak arrisku horretatik babestu dezake neurri batean.

Hartara, erretzaile sutsua den norbanakoak biriki minbizirik ez garatzea posiblea da, biologia-genetikak babesten duelako. Eta sekula erre ez duen norbaitek gaixotasuna gara dezake, biologia-genetikak edota ingurugiroak duten eraginagatik, adibidez.

Osasun faktoreak vs. inbertsioa

Hurrengo banaketaren araberako eragina dute osasunean azaldutako faktoreek:

1. irudia: Osasunean eragina duten faktoreen banaketa. Felix Zubiak hitzaldian emandako datuetan oinarritutako grafikoa.

Osasun arloan dirua zertan inbertitzen den aztertzean, baina, banaketa oso bestelakoa dela erakusten du Lalonderen txostenak.

2. irudia: Osasun arloaren inbertsioaren banaketa. Felix Zubiak hitzaldian emandako datuetan oinarritutako grafikoa.

Ikus daitekeen moduan, nahiz eta osasunean eragin gehien duen faktorea bizi azturak izan, inbertsioaren gehiengoa osasun sistemara bideratzen da.

Osasunean eragina duten faktoreen banaketa eta osasun zerbitzuek egiten dituzten inbertsioen banaketaren arteko ezberdintasun nabaria ikusita, aldaketa proposatu zuen Lalondek. Orduan ezarri zen medikuntza prebentiboaren oinarria.

Norbanakoaren ohiturak dira osasunarengan eragin gehien duten faktoreak eta, beraz, osasun egoera norberaren esku dago hein handi batean. Dena den, kontuan izan behar da arriskua dela neurtzen dena. Posible da bizi ohitura erabat osasuntsuak izatea eta gaixotasun larria garatzea, bestelako faktoreek horren alde egiten badute. Ezin da ahaztu elkarreraginean dabiltzan faktoreak direla.

Horretaz gain, oso kontuan izan behar da gizabanakoa ez dela isolaturik bizi, gizartean baizik, eta honek ere eragina du.

3. irudia: Osasun faktore indibidualez gain, gizartea ere osasunean eragina duela erakusten duen diagrama. Dahlgren eta Whitehead-en diagrama.

Ez da berdin herri txiki eta isolatu batean, non auzokide guztiak ezagutzen diren bizi edo hiri handi batean bizi. Auzoen artean ere ezberdintasunak nabarmenak dira, biziraupenean 2-3 urteko diferentzia dagoela. Gizarteak ere osasunean du eragina. Gizarte justua izatea ere osasun arazoa da.

Irailaren 26an Bilboko Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatu zuen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldian egin ziren lau hitzaldietatik hitzaldian dago oinarrituta artikulua.

Hitzaldi osoa:

Hiru bertsolari (Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria) eta lau zientzialari (Gotzone Barandika, Patxi Juaristi, Onintze Salazar eta Felix Zubia) bildu zituen “Jakinduriek mundue erreko dau 2016” ekitaldiak, zientzia eta bertsolaritza uztartu zituen egitasmoak.

Aurreko hitzaldia:

The post Bertsozientzia (6): “Zerk eragiten du gure osasunean?” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Txirla gizajalea

Og, 2017-06-01 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

Symsagittifera roscoffensis zizarea eta Elysia chlorotica itsas barea ez dira algen sinbiosiaz baliatzen diren itsas animalia bakarrak. Bibalbioen artean, esaterako, badira berdin jokatzen dutenak ere. Ozeano Bareko koralezko uharrietan bizi den Tridacna gigas dugu kuskubiko horietako bat.

Tridacna generoko espezieek bi elikatze-modu erabiltzen dituzte batera. Batetik, bibalbioetan ohikoa den iragazte-modua erabiltzen dute; hau da, esekiduran dauden mikropartikula organikoak ―mikroalgak eta beste― harrapatu eta irensten dituzte, ura ponpatuz eta brankietatik iragaziz. Bestetik, mantuaren bazterrean dituzten mikroalga dinoflagelatu sinbiotikoek egiten duten fotosintesiari esker eskuratzen dute energia eta egitura-osagaien ekarpen gehigarria.

Irudia: Tridacna gigas edo txirla erraldoia. Pemba uharteko uretan hartutako irudia (Zanzibar). (Argazkia: James Heilman / Wikipedia / CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Tridacna guztiak handiak dira tamainaz, baina genero horretan Tridacna gigas da tamaina handieneko espeziea. Horri dagokio, hain zuzen ere, espezie-izena, bibalbioen artean erraldoia baita. Izan ere, 200 kg-ko pisua eta 140 cm-ko luzera edukitzera hel daitezke espezie honetako banakoak.

Tridacna generoko kuskubikoak munduko handienak izatea eta elikatze-modu bikoitza edukitzea ez da, seguru asko, kasualitatea, zeren tamaina handi horietara iritsi ahal izateko ezinbestekoa baita mikroalga dinoflagelatuek Tridacnari ematen diotena. Bestalde, luzea da duten bizitza ere, 100 urteko adinera hel daitezke eta. Handi egiteko denbora nahikorik gabe, nekez lor liteke horren tamaina handirik.

Tridacnaren tamaina dela eta, badira inolako funtsik ez duten elezaharrak. Izan ere, gizakiak “jaten” zituztelakoan, txirla gizajale edo txirla hiltzaile izenez ezagutu izan da Ozeano Bareko zenbait kostaldetan. Izen horiek, baina, ez dira inondik ere egokiak. Kuskuak ixten dituztenean astiroegi ixten dituzte, eta euren babeserako egiten dute, inoiz ez erasotzeko. Beraz, inoiz Ozeano Bareko koralezko uharrietan urperatzen bazara, Tridacnari ez beldurrik izan, ez du koskarik egiten. Baina hori bai, kontuz ibili marrazoekin! Horiek bai egiten dute koska, eta hortz zorrotzak dituzte.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Txirla gizajalea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Berdintasuna, argi-urtetara dagoen aukera

Az, 2017-05-31 09:00
Juanma Gallego Astronomiaren alorrean, generoa dela eta izaten den alborapena kuantifikatu dute, lehenengo aldiz. Emakumezkoek sinatutako artikuluek sistematikoki aipamen gutxiago jasotzen dutela aurkitu dute.

Astronomiari buruzko artikulu zientifikoetan, egile nagusi bezala emakume bat duten ikerketek %10 aipamen gutxiago jasotzen dute, gizonezko bat egile nagusi bezala duten antzeko lanekin alderatuz.

Nature Astronomy aldizkarian plazaratu dituzte generoaren araberako alborapena agerian uzten duen ikerketaren emaitzak. Zuricheko (Suitza) Astronomia Institutuko ikertzaileek egin dute aurkikuntza.

Guztira, 1950etik 2015era argitaratutako 149.000 ikerketa aztertu dituzte ondorio horretara ailegatzeko. Hain azterketa zabala burutu ahal izateko, ordea, ikaste automatikoko teknikak (machine learning) erabili behar izan dituzte. Zehazki, random forest izeneko algoritmoa baliatu dute datu-base erraldoi batetik ondorio estatistikoak atera ahal izateko. Aztertutako ikerketa horiek guztiak bost aldizkaritan argitaratutakoak dira: Astronomy & Astrophysics, The Astrophysical Journal, Monthly Notices of the Royal Astronomical Society, Nature eta Science.

1. irudia: Jupiter ikertzen duen Heather Knutson astronomoa, Caltech Institutuan. Irudia NASAk egindako irudi konposaketa artistikoa da. (Argazkia: NASA)

Egileek aitortu dutenez, erronka bat izan da generoaren araberako aipamenak kuantifikatzea, askotan datu bibliografikoak urriak direlako, eta, bestetik, faktore askok eragiten dutelako ikerketa batek jasotzen dituen aipuetan.

Hasieran, 208.577 artikulu arakatu dituzte, horietan egile nagusia emakumezkoa ala gizonezkoa ote zen jakiteko. Hala ere, hasierako garbiketa egin behar izan zuten: aipamenik jaso ez dutenak, egilerik edo egile nagusirik agerian ez zutenak, eta, batez ere, inizialak baino azaltzen ez zituzten artikuluak alboratu zituzten. Zenbait kasutan, emakumezkoek inizialak baino ez dituzte jartzen lanetan. Antza, emakume ikertzaile askok nahita egiten dute hori, hain zuzen ere, generoan oinarritutako alborapena saihesteko. Ikertzaileek egoera hau ere kontuan hartu dute ikerketa egiteko. Daturik gabeko garbiketa honetan, lanen %28 alboratu zuten: 58.836 artikulu, guztira. Ikerketa abiatzeko, beraz, 149.741 artikulu “baino” ez dituzte aztertu azkenean.

Artikulu bakoitza “generoaren” arabera sailkatu ondoren, gizonezkoek idatzitako artikuluen ezaugarriak aztertu dituzte: ikerketa lerroa, artikuluaren luzera, eremu geografikoa edota egilearen eskarmentu profesionala, besteak beste. Generoarekin zerikusirik ez duten ezaugarri hauek ezagututa, eta aipatutako ikaste automatikoko teknikak baliatuz, ezaugarri berdinen arabera emakumezkoen artikuluek jaso beharko luketen aipamenen kopuru teorikoa kalkulatu dute. Hortxe atera da aipamen teorikoen eta benetakoen arteko aldea: %10,4.

Ikerketa azaltzeko idatzi duten artikuluan egileek azaltzen dutenez, “ikerketa arlo ezberdinetan egin diren hainbat azterketek erakutsi dute ebaluatzaileek, bai emakumezkoek zein gizonezkoek, emakumezkoek egindako antzeko lanekin alderatuz, puntu gehiago eman ohi dizkietela gizonezkoek egindako lanei”.

2. irudia: Australiako CSIRO erakundean lan egiten duen Lisa Harvey-Smith astrofisikari britainiarra. (Argazkia: Philip Gostelow / Women in STEMM Australia, CC BY 4.0)

Artikuluan ere bada itxaropena pizteko datu bat: emakumezkoek idatzitako artikuluek gora egin dute azken hamarkadetan; 1960ko hamarkadan, %5 baino gutxiago ziren, baina, 2015ean, %25 inguru ziren emakumeek idatzitako ikerketa artikuluak. “Joera hau bat dator fakultateetako astronomia sailetan emakumezkoen presentziaren handitzearekin”, azaldu dute egileek. Alborapenak ere, zorionez, behera jo omen du azken urteotan. Garai horretako datu bibliografikoak zehaztea oso zaila dela aitortuta ere, 1960ko hamarkadan alborapena %50era ailegatzen zela proposatu dute Suitzako ikertzaileek.

Aipamenen garrantzia

Zientzia mundutik urrun daudenentzat aipamenen kontua huskeria eman badezake ere, zientzialariek gertutik jarraitzen dituzte ikerketa edo paper bakoitzak jasotzen dituen aipamenak. Izan ere, horren arabera neurtzen baita zientzialari bakoitzak egiten duen lanaren garrantzia, eta horrek ondorioak ditu ere eguneroko bizitzaren alde praktiko anitzetan. Batez ere, curriculuma osatzeko eta aukera profesional hobeagoak lortu ahal izateko beharrezkoa da aipamen horiek eskuratzea.

Ekoizpen zientifikoa ebaluatzeko erabiltzen den sistema honek (zientziametria) kritika asko jaso ditu, batez ere, zientzialariak kosta hala kosta publikatzera behartzen dituelako, eta, bestetik, iruzurrak hauspotu ditzakeelako. Dena dela, eta demokraziaren inguruan askotan esan ohi den moduan, beste alternatiba baten faltan, zientziametria, sistema txarrenen artean, horren txarrena ez den bakarra omen da.

Halere, gaur egun ezarrita dagoen zientziametria eredua zalantzan jartzen dutenek orain badute eskura kritikarako beste argudio bat: aipamenak kontuan hartuta, generoaren araberako alborapena egiten duela. Astronomiaren arloan, bederen, hori berresten duten datu argiak daude orain mahai gainean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Caplar, Neven; Tacchella, Sandro; Birrer, Simon. Quantitative evaluation of gender bias in astronomical publications from citation counts. Nature Astronomy 1: 0141 (2017). DOI: 10.1038/s41550-017-0141

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Berdintasuna, argi-urtetara dagoen aukera appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ariketa fisikoa eta lesioak

Ar, 2017-05-30 09:00
Jon Larruskain, Julen Diaz-Ramirez, Susana M Gil, Adrian Odriozola Ariketa fisiko eza hainbat gaixotasunekin uztartu da, besteak beste, gaixotasun kardiobaskularrekin, 2 motako diabetesarekin, depresioarekin edota zenbait minbizi motarekin. Munduko laugarren hilkortasun-eragilea da. Bestetik, gaixotasunak tratatzen ere laguntzen du, eta sendagai etiketa jarri diote. Hala ere, sendagaien antzera, bigarren mailako ondorioak ere baditu, haien artean ohikoenak lesioak izanik. Lesio esaten zaie muskulu, lotailu, tendoi, hezur edo gorputzeko beste egitura batzuetan gertatutako kalteei: adibidez, kontraktura muskularrak, orkatilako bihurdurak, kontusioak edo bizkarreko mina.

Zoritxarrez, lesioek ondorio ezkorrak eragiten dituzte. Epe motzean mina, mugikortasun murriztua edota laneko baja ekar dezakete. Are kezkagarriagoak dira epe luzean sor daitezkeen osasun arazoak; horien artean bi dira nabarmenenak: artrosia eta garuneko arazoak.

1. irudia: Haurrak eta gazteak dira lotailu gurutzatuaren haustura jasateko aukera duten arrisku-talde nagusietako bi.

Artrosia endekapenezko gaixotasun kroniko eta sendaezina da. Gaixotasun honetan, hezurrek muturrean duten kartilago bigunaren higaduraren ondorioz, bata bestearen aurka talka egiten dute, eta horrela, mina, mugikortasun murriztua eta bizi-kalitatearen jaitsiera gertatzen dira. Artikulazioetako lesioak, esate baterako, aldaka, belauna edo orkatila bezalako giltzaduretan gertatzen dira, eta esan izan da etorkizunean artrosia pairatzeko arrisku handiagoarekin lotuta daudela. Belauneko aurreko lotailu gurutzatuaren haustura da lesio hauen artean beldurgarrienetakoa, eta ohikoa izaten da jauziak, norabide-aldaketak edo kontaktu-egoerak eragiten dituzten jardueretan.

Sarritan, ebakuntza behar izaten da lotailua osatzeko, eta errekuperazio epeak oso luzeak dira, urtebete ingurukoak. Gainera, 12-25 urteko haur-gazteak lesio hau jasateko arrisku-taldea dira, eta emakumeak gizonezkoak baino arrisku handiagoan daude. Horrelako lesio batek adin hain gazteetan, artrosiaren hasiera goiztiarra ekar dezake, eta beraz, ezinbestekoa da prebentzioa gazte-gaztetatik hastea.

Garuneko kommozioa ere lesio larria da, objektu edo gizaki baten aurka hartutako kolpeen ondorioz eragiten dena. Sintomen artean, badaude buruko mina, zorabioak, ikusmen lausoa, botagura, jokabide-aldaketak edota kognizio-narriadura; kasu larrietan kontzientzia galera ere gerta daiteke. Ohikoak izaten dira borroka-kiroletan, eta errugbia edo futbol amerikarra bezalako kontaktu-kiroletan, baina baita beste talde-kirol batzuetan ere. Izan ere, horrelako lesioek igo egiten dituzte geroago neurokogniziozko arazoak pairatzeko probabilitateak. Hollywoodera ere iritsi da horren lesio kezkagarria, Concussion (La verdad duele) filmaren harira.

2. irudia: Oso ohikoak dira garuneko kommozioak futbol amerikarreko jokalariengan.

Hari beretik, esan beharra dago lesioek diru-galera handiak eragiten dituztela. Futbolean, Champions Leagueko taldeetan, 600.000 euro galtzen dira jokalari baten hilabete bateko baja batengatik. Alegia, 20.000 euro/eguneko joaten dira. Gizartearentzat ere gastuak handiak dira. Suitzak Euskal Autonomi Erkidegoak baino 4 aldiz populazio handiagoa du, eta futbolean gertatutako lesioek soilik 150 milioi euroko gastua eragiten dute urtero. Australian, batez beste 1.000 euro ingurukoa da ospitaleetan tratatutako ariketa fisikoarekin zerikusia duen lesio bakoitzaren kostua. Gainera, kontuan hartu beharko dira etorkizuneko osasun arazo eratorrien gastu esponentzialak.

Horrela ba, lesioak osasun arazo publikoa dira eta prebentzio-neurriak hartu behar dira. Hori dela eta, ondorengo pausoak eduki behar dira kontuan:

Lehenbizi, norberak ondo jakin behar du zein lesio gertatzen zaizkion bere jardueran. Gero, prebentzioan, lehentasuna eman behar zaie lesio larriei eta etorkizunean ondorio kaltegarriak dituzten lesioei. Hori hala izan behar da, aipatutako lesio horiek ohikoenak ez badira ere.

Bigarrenik, lesio horien eragileak zehaztu behar dira, arrisku-faktoreak eta lesioen mekanismoak aztertuz. Erraz esanda, zertan ezberdintzen dira lesionatzen direnak eta lesionatzen ez direnak? Hau lagungarria da, alde batetik, lesionatzeko arrisku handiagoa duten gizakiak identifikatzeko, eta bestetik, lesioak prebenitzeko erak ezagutzera emateko. Imajina dezagun, oso era sinplean, ikerketen arabera hanka baten gainean oreka gaitasun baxua duten kirolariak gehiago lesionatzen direla oreka hobea dutenekin alderatuta. Geroago, aukera izango genuke oreka kaxkarreko kirolariak identifikatu eta oreka hobetzeko ariketak ezartzeko.

Dakigunez, aurretik jasandako lesioak dira arrisku-faktore garrantzitsuenak, esaterako orkatilako bihurdurarik pairatu ez duenak baino aukera gehiago izango du horrelakoa pairatu duenak, geroago lesio gehiago jasateko. Hala ere, ezin dezakegu ahaztu lesio batek arrisku faktore eta kausa anitz dituela.

3. irudia: Champions Leagueko taldeetan jokalari baten hilabeteko bajak eguneko 20.000 euroko kostua du.

Arlo honetan, Athletic Clubarekin elkarlanean ari gara Euskal Herriko Unibertsitateko Kirola, Errendimendua eta Osasuna ikerketa taldea, eta Sport Genomics ikerketa taldea, arrisku-faktoreen eta futboleko lesioen arteko lotura aztertzen. Lan honen emaitza modura, aurkitu dugu gizon eta emakume futbolariek lesio ezberdinak jasateko joera dutela. Izan ere, ohikoagoak dira emakumeetan koadrizepseko muskulu-lesioak, aurreko lotailu gurutzatuaren hausturak eta orkatilako lotailuen lesio larriak. Gizonezkoetan, ordea, sarriago gertatzen dira iskiotibialetako muskulu-lesioak eta pubalgiak. Horretaz gain, kirolaren esparruan sartu dira buru-belarri genetikari buruzko ikerketak, eta haien artean, genetika eta lesioen arteko harremana ikertzen ari direnak. Azpimarratzekoa da orain egin dugun ikerketa batek agerian utzi duela gizakien gene-kodeen arteko desberdintasunak kontuan hartzekoak direla futbolean ohikoenak diren muskulu iskiotibialetako lesioetan.

Oro har, deskribatuta daude arrisku-faktore eta lesioen arteko harremanak, baina ez dago oraindik lesioak ondo aurresaten dituen testik eta ikerketa gehiagoren beharra dago. Une honetan, badirudi zentzuz jokatu behar dela eta lehentasuna eman behar diegula gure jardueran ohikoak diren lesioei, norberaren aurretiko lesioei, eta ondorio ezkorrak dituzten lesioei.

Azkenik, arrisku-faktoreen ikerketetatik lortutako informazioarekin prebentzio esku-hartzeak garatu eta inplementatu egin beharko dira. Zorionez, funtzionatzen dute! Nerbio-muskuluen entrenamendurako programek aurreko lotailu gurutzatuaren hausturen % 50-80 ekidin ditzakete. Programa hauetan, ariketa sinpleak erabiltzen dira kirolariaren oreka, koordinazioa, indarra eta malgutasuna hobetzeko: hainbat korrikaldi mota, gorputz-pisuarekin egindako indar-ariketak, hanka baten gaineko oreka, edota jauziak.

Honen adibide ona da FIFAren 11+ beroketa programa. Horrelako programa bakunak behe ataleko lesioak ekiditeko eraginkorrak dira, eta ariketa fisikoaren hasieran egiten den beroketan sar daitezke, denbora gehiegi luzatu gabe (ordu laurden, bi aldiz astean). Gainera, prebentzio-neurriak gero eta hurbilago ditugu e-Osasunaren agerpenarekin, eta jadanik lesioen prebentziora bideratutako hainbat aplikazio egin dira sakelako telefonorako.

Beste batzuetan, etorkizuneko lesio larriagoak edo ondorio kaltegarriak ekiditeko ezinbestekoa izango da lesioa gertatu osteko jokabide zuzen bat. Ikus bedi adibidez, garuneko kommozioen kasua. Kirolari batek buruaren mugimendu bortitza eragiten duen kolpe bat jaso eta gero, garrantzitsua da bere egoera fisiko eta kogniziozkoaren azterketa zorrotza egitea, kognizio- edo trauma-kalteak atzemateko. Jarduerara azkarregi itzultzean beste kolperen bat jasotzekotan, arazoa handi daiteke. Eskuragarri daude horrelako egoeretan jarraitu beharreko protokoloak, esate baterako, SCAT5 delakoa. Argibideak zorrotzak dira, eta kommozioaren susmoa badago kirolariak bertan behera utzi behar du jarduera, ez dezagun burua galdu! Hori dela eta, norbaitek pentsa dezake ezinezkoa dela aurkari baten ostikoa edo kolpea aurreikustea. Horra hor ‘Fair play’ horretan oinarritutako programak, kirolarien segurtasuna eta jokabidea zintzoa bultzatzen dutenak.

4. irudia: Jarduera fisikoaren eraginez sortutako lesioak ekiditeko prebentzio-neurriak hartzea beharrezkoa da eta gazteetatik hasi beharra dago hauek lantzen.

Hortaz, prebentzio-neurriak arrakastatsuak izango badira, ezinbestekoa gertatuko da heziketa eta kontzientziazioaren onurak azpimarratzea eta prozedura egokiak zehaztea. Honen guztiaren berri helarazi beharko zaie bai ariketa fisikoa egiten dutenei, bai eta kirolariengan eragina duten guraso, irakasle eta kirol-teknikariei.

Lesioak osasun arazo publikoa direla kontuan hartuta, instituzio publikoen eta kirol-erakundeen parte hartzea beharrezkoa izango da gizarte mailako estrategiak abian jartzeko. Gazteenetatik hasi behar gara, eta heziketa fisikoko klaseek aukera bikaina dirudite.

Bukatzeko, argi gera bedi, ariketa fisikoa egitearen onurak arriskuak baino askoz handiagoak direla. Dena den, lesioak ekiditen saiatu behar gara, hain zapore gozoa duen sendagai horretatik nahi adina pilula hartzeko aukera eduki dezagun.

—————————————————–
Egileez: Jon Larruskain eta Julen Diaz-Ramirez UPV/EHUko Sport Genomics ikerketa-taldeko ikertzaileak dira, Susana M Gil, UPV/EHUko Fisiologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da eta Adrian Odriozola UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko ikertzailea eta irakaslea.
—————————————————–

The post Ariketa fisikoa eta lesioak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak