Botanika britainiarra edertzen (I): Lilian Snelling
Londres hego-mendebaldean dagoen Kew Gardens edo Kew Errege Lorategi Botanikoa munduko lorategi botaniko garrantzitsu eta ederrenetako bat da. Lorategiak, halaber, izen handiko aldizkari bat du, Curtis’s Botanical Magazine, 1787an sortutakoa. Bertan jasotzen dira espezie asko eta asko, irudi ederrez lagunduta; irudi horien xedea da testua osatzea eta hari bizitza ematea.
Aurreko artikulu batean, Matilda Smith (1854-1926) ilustratzaile handia aipatu genuen. Hura izan zen aldizkarian lan egin zuen lehen emakumezko artista ofiziala, eta bidea ireki zien beste emakumezko marrazkilari handi batzuei. Besteak beste, artea eta zientzia uztartzeko gaitasun zail hori zuten bi zientzialari bikain gogorarazi nahi ditugu artikulu sorta honetan: Lilian Snelling (1879–1972) eta Stella Ross-Craig (1906-2006).

Baina, jarraitu aurretik, adierazi behar dugu ilustrazio botanikoa mendetako historia duen tradizio zientifikoa dela. Marraztu nahi den objektua xehe-xehe behatu behar da, eta organismoa zehaztasun eta doitasun handiz marraztu, lamina batean islatzeko. Hau da, estetika xede hutsekin loreak marrazteaz oso bestelako jarduera da. Alice R. Tangerini Estatu Batuetako ilustratzaile botaniko ezagunak hainbat aldiz argitu duenez, «jarduera horren helburu nagusia da landare bat marraztea doitasun eta zehaztasun maila handiarekin, gutxienez generoa eta are espeziea ezagutzeko adinakoarekin».
Lilian Snelling, ilustratzaile entzutetsuaLilian Snelling XX. mendearen lehen erdiko Erresuma Batuko artista botaniko garrantzitsuenetako bat izan zen. Lamina ugari marraztu zituen Curtis’s Botanical Magazine aldizkarirako 1921 eta 1952 artean. Ilustrazio horiei buruz, Catherine Haines idazle eta artistak adierazi du «marrazkiak zehaztasun eta doitasun handikoak izateaz gain, benetan ederrak» zirela.
Lilian Snelling 1879an jaio zen Kenten (Erresuma Batua), familia ugari batean. Margaret Elizabeth Colgalt eta John Carnell Snelling garagardo fabrikatzailearen alaba zen. 1915 eta 1916 artean, bere lehendabiziko ordainpeko lana egin zuen. Henry John Elwes botanikari eta bidaiariak, landareen bildumagile aberatsa ere bazenak, gaztearen gaitasun artistikoak ikusi zituen, eta Annika Erikson arte adituak deskribatu duen moduan, Snelling kontratatu zuen bidaietan bildutako loreak marrazteko.
Aurrerago, Lilian Snelling ilustratzaile gisa hasi zen lanean Edinburgoko Lorategi Botanikoan (Royal Botanic Garden Edinburgh), eta hantxe jardun zuen lanean bost urtez. Denbora tarte horretan, 430 akuarela eta marrazki egin zituen, gutxi gorabehera. Horien artean, hiru laurden inguru errodendroak edo azaleak dira (Rhododendron), eta gainerakoak, nagusiki, udaberri loreak edo sanjose loreak (Primula); izen hori hartzen dute udaberrian loratzen diren lehen loreak direlako.

Marrazkigilearen gaitasun artistikoak gero eta aintzatespen handiagoa jasotzen hasi ziren, eta 1921ean Kew Errege Lorategi Botanikoko aldizkariak Snelling kontratatu zuen artista nagusi gisa. Lan bikaina egin zuen bertan, eta kideek benetan aintzatetsi zuten. 1929tik aurrera, Snellingek Stella Ross-Craig marrazkigile gaztearen kolaborazioa izan zuen. Gerora, Ross-Craig ere izango zen artista botaniko aintzatetsia.
Hogeita hamar urtez baino gehiagoz, Snelling ilustratzaile aritu zen Kewn, eta 1952an erretiratu zenean, Curtis aldizkariak 169. ale osoa dedikatu zion. Beste aintzatespen batzuen artean, liburukian honela deskribatu zuten artista: «ilustratzaile botanikoak samurtasun eta zehaztasun handiz, koloreak bikain erabiliz eta tonuen gradazio ederraz, aldizkari honetan agertu diren landare gehienak marraztu ditu 1922tik 1952ra bitartean».
1954an, arteari eta zientziari eginiko ekarpenak aitortzeko, Lilian Snellingek bere herrialdean oso baliotsua den domina bat jaso zuen: Most Excellent Order of the British Empire, MBE (Britainiar Inperioko Ordena txit garaia). Eta 1955ean baratzezaintzako Victoria Medal of Honour (VMH) sari nabarmena ere eman zioten. Horrez gain, Lilian Snelling emakume ilustratzaileen talde batean hautatu zuten, 1959an Kew Errege Lorategi Botanikoan eginiko erakusketa garrantzitsu batean parte hartzeko. Erakusketa horren xedea zen erakundeak botanikari dedikatutako 200 urteak ospatzea (Kew’s Aid to Botany over 200 Years).
1972ko urriaren 12an, Lilian Snelling 93 urterekin zendu zen Kenteko bere etxean. Hala ere, hogeita hamabost urte igaro behar izan ziren 2007an Edinburgoko Lorategi Botanikoak (Royal Botanic Garden Edinburgh) merezitako omenaldia egin zion arte. Erakusketa ederra antolatu zuten, artistaren obra osoa jendaurrean jarrita hamar astez.
Iturriak:- Wikipedia. American Society of Botanical Artists.
- Erikson, Annika Liv (2009). Snelling, Lilian (1879–1972). Dictionary of National Biography. Oxford Dictionary of National Biography. Oxford University Press
- Haines, Catherine M. C. (2001). International women in science: a biographical dictionary to 1950. Santa Barbara, Calif.: ABC-CLIO, 290.
- Stella Ross-Craig. Efemérides 19-03-2017. Mujeres con ciencia.
- Wikipedia. Stella Ross-Craig
Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.
Botanika britainiarra edertzen artikulu-sorta:
- Botanika britainiarra edertzen (I): Lilian Snelling
- Botanika britainiarra edertzen (II): Stella Ross-Craig
Mujeres con Ciencia blogean 2024ko uztailaren 31an argitaratu zen artikulua: Lilian Snelling y Stella Ross-Craig: embelleciendo la botánica británica.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Botanika britainiarra edertzen (I): Lilian Snelling appeared first on Zientzia Kaiera.
Oinarrizko partikulen eredu estandarra, SM, kinka larrian ote?
Oinarrizko partikulen eredu estandarrak, SM-k, indar elektromagnetikoaren, nuklear ahularen eta nuklear bortitzaren bidez funtsezko partikulak eta horien elkarreraginak deskribatzen ditu. SM ereduak sekulako arrakasta izan du, baina fisikariek denbora luzez ulertu dute SM eredua osatu gabe dagoela: ez da Ororen/Guztiaren Teoria osoa. Hala ere, XXI. mendearen hasieran instalazio garrantzitsuetatik jasotzen zen albiste bakarra SM ereduak ondo funtzionatzen zuela zen.
2001ean berriz, Brookhaven National Laboratory-n muoien g−2 esperimentuak muoiaren momentu magnetikoa neurtu zuen eta SM ereduan oinarritutako kalkuluekin ez zegoen ados. Desadostasuna 2.7σ baliokoa zen, zirraragarria! Esperimentu horiek berriro egin dira Fermilabean eta 2023ko udan aurkeztutako muoiaren g−2 esperimentuaren emaitzak SM eredua kinka larrian utzi ote duten kezka dago, balio esperimentalen eta teorikoen arteko desadostasunak, «anomaliak», 5σ balioa hartu duela iragarri baita. Horrek adierazten du neurtutako emaitzak 5 desbideratze estandar urruntzen dela SM ereduak ematen duen baliotik. «Anomalia» baten honelako balioak eredua ez dela gai neurketa esperimentalak azaltzeko adierazi ohi du, eta, beraz, nahitaez, eredua aldatu behar dela, hau da, Fisika berria behar dela esperimentua azaltzeko. Balio horretara iritsita ere, oraindik ez da txanpaina ateratzeko garaia. 2011n, OPERA esperimentukoek prentsa agerraldi batean ere informatu zuten neutrinoak argiaren abiadura baino arinago mugitzen neurtu zituztela. Behaketa 6σ baino esanguratsuagoa izan zen, baina —agian ez ustekabean— akats esperimentala izan zen.

Ikuspegi klasikoan oinarriturik, bere simetria ardatzaren inguruan biraka dabilen e eta m kargako eta masako elektroiaren momentu magnetikoa eta angeluarra proportzionalak dira, eta proportzionaltasun-konstantea ge/2m da, ge=1 izanik. Dirac-ek 1928an bere ekuazio kuantikoa idatzi ondoren ge=2 zela kalkulatu zuen. Bigarren mundu gerraren ostean, teknika esperimental berrituek zioten elektroiaren momentu magnetikoa Dirac-ek lortutakoa baino handixeagoa behar zuela. 1948an, Schwingerrek 2.0023228 balio teorikoa lortu zuen. Egun SM-ren bidez lortutako balioa esperimentuekin adostasun handiena duen balio teorikoa da, 12 hamarrekotara heltzen da adostasuna. Itzela!!
Zergatik da ge kostantea 2 baino handiagoa? Elektrodinamika Kuantikoaren arabera, bigarren kuantizazioaren ondorioz ikuspegi klasikotik ezezagunak diren fenomeno berriak sor daitezkelako; hutsaren polarizazioa adibidez (materia-antimateria partikula-bikote birtualen sorrera kanpoko eremu elektromagnetiko baten aurrean). Artikuluan azaltzen da hutsa, etengabe sortzen eta desagertzen diren partikula birtualez beterik dagoela, eta partikula birtual horiek edozein partikulekin elkar eragin dezakete, eremu magnetiko baten barneko partikularen erantzuna aldatuz; hots, partikularen momentu magnetikoa eta g−faktorea aldatuz. Teorikoek, SM ereduaren barnean existitzen diren partikulak kontuan hartuz g−faktorea kalkula dezakete.
Prozedura bera jarraituz muoiaren kasuan teoria eta esperimentuen arteko adostasuna, “bakarrik” 8 hamarrekora mugatzen da (eta ez 12 hamarrekora). Aipatu bezala muoiaren g−2 esperimentuaren «anomalia», 5σ balioa hartu duela prentsa agerraldi batean iragarri da.
Autoreak kezkak azaltzen ditu iragarritako «anomalia» horrekin, eta orokorki emaitzak iragartzeko hainbatetan erabiltzen diren prentsa agerraldiekin. Zientzialariak ere egungo hedabideek erakusten duten “morboaren” eta “presaren” joera beretara hurbiltzen ari dira. Muoiaren g−2 esperimentuan aipatutakoa oso agerian geratzen da. Autorearen ustez, datu esperimental guztiak aztertu ostean emaitzak nazioarteko argitalpen zientifiko batean plazaratu behar dira. Halaber, talde teorikoen artean adostasunik ez dagoenean ezin da «anomalia» handiena ematen duen balio teoriko soilarekin alderatu; esperimentukoek prentsa agerraldian egin zuten bezala.
Artikulua apustu batekin amaitzen da: muoiaren g−2 esperimentuaren emaitzek ez dute SM eredua hankaz gora jarriko.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 46
- Artikuluaren izena: Oinarrizko partikulen eredu standarra, SM, kinka larrian ote?
- Laburpena: 023ko udan aurkeztutako muoiaren g–2 esperimentuaren emaitzak oinarrizko partikulen eredu estandarra, SM, kinka larrian utzi ote duten kezka dago, balio esperimentalen eta teorikoen arteko desadostasuna, «anomalia», 5σ balioa hartu duela iragarrita. «Anomalia» baten balio horrek adierazi ohi du eredua ez dela gai neurketa esperimentalak azaltzeko, eta, beraz, nahitaez, eredua aldatu behar dela. Autoreak kezkak azaltzen ditu emaitzak iragartzeko hainbatetan aukeratzen diren prentsa agerraldiez, eta artikulu honen idazleak apustu egiten du muoiaren g–2 esperimentuaren iragarritako emaitzak ez duela SM eredua hankaz gora jarriko.
- Egilea: Fernando Plazaola
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 57-85
- DOI: 10.1387/ekaia.25874
Fernando Plazaola UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Elektrizitatea eta Elektronika Saileko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Oinarrizko partikulen eredu estandarra, SM, kinka larrian ote? appeared first on Zientzia Kaiera.
Kanpo espazioko ondarea babesteko deia
Lurretik kanpo bidalitako objektuei jarraipena egiteko eskatu du antropologo talde batek. Objektu horiek ondarearen partetzat hartu behar direla aldarrikatu dute.
“Nola demontre zaharberritu eta kontserbatu daiteke VHS zinta batean grabatutako artelan bat?”. Euskal Herriko arte garaikideko museo baten arduradunak behin botatako galdera da. Eta ez zitzaioan arrazoirik falta: garaiak aldatzen ari dira etengabean, eta, horiekin batera, beharrak zein mundua bera ulertzeko moduak. Besteak beste, ondarea aintzat hartzeko modua ere aldatzen hasia da pixkanaka. Kasurako, antzinako artelan eta eraikinekin lotu ohi dugu ondare materiala, baina, industriaren aroan, ondare industriala ere aintzat hasia da. Guztiz logikoa da; arras zaila litzateke argudiatzea Parisko Eiffel dorrea, edo, etxera etorrita, Portugaleteko Zubia zaindu beharreko ondare arkitektonikoa ez direla.
Gauzak hala, kanpo espazioaren kasuan ere txipa aldatzen hasi beharko ginatekeelakoan dago ikertzaile talde bat, eta beren argudioak plazaratu dituzte Nature Astronomy aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean.

Momentuz, bertara joan diren misio kopurua aintzat izanda, ikertzaile hauek Marten jarri dute arreta berezia, eta, horregatik, berariaz gizakiak Martera bidalitako objektuei jarraipena egiteko eta horiek babesteko deia egin dute. Prentsa ohar batean azaldu dutenez, orain arte hamalau misiok lur hartu dute bertan. Planeta gorrian pilatutako objektu horiek katalogazioa eta zaintza merezi dituztela diote, planeta arteko esplorazioan gizakiek egindako lehen urratsen aztarnak direlako. Horretaz jabetzeko, gizateriaren historian atzera egin dute: Afrika Ekialdeko harrizko lehen eskuko aizkorak edota Ameriketan aurkitutako Clovis puntak bezala, oraindik gelditu ez den giza migrazioaren adierazle dira espaziora bidalitako gailuak. “Muga berriak aurkitzeko Homo sapiensaren grina adierazten duten objektu preziatuak” dira, prentsa oharrean adierazitakoaren arabera.
Kansasko Unibertsitateko (AEB) antropologo Justin Holcomben esanetan, “argudio nagusia da Homo sapiensak zabalkunde prozesu batean daudela; Afrikatik ateratzean hasi zen hori, beste kontinenteetara iritsita, eta, orain, hasi da hori egiten gure kanpoko inguruetan ere”. Hori dela eta, adituaren ustez, planetan zehar gizakiak egindako ibilbideen berri izateko arkeologia bitartez objektu eta jardueren jarraipena egiten dugun modu berean, gauza bera egin beharko genuke espazioaren esploraziorako erabilitako objektuekin ere. “Dispertsio horren aztarna bat badago”, nabarmendu du.
Are, babestu du objektu horiek —zundak, sateliteak, lurreratze moduluak eta bestelako materialak— garrantzitsuak direla, eta ez direla zabor gisa hartu behar. Zentzu honetan, arkeologoek aztarnategietako zabortegiei esker eskuratzen duten informazio baliotsua gogora ekarri du. Bada, modu berean, espazio zabor modura hartzen diren material askok balore arkeologiko handia dutelakoan dago. “Ondarearekiko narratiba hori aldatzea funtsezkoa da. Izan ere, zaborrari ematen zaion irtenbidea da hori kentzea, baina ondarearekiko irtenbidea da hori babestea. Alde handia dago”.
Besteak beste, antropologoak uste du etorkizunean Martera egingo diren misioek aintzat hartu beharko dutela egin dezaketen kalte arkeologiko potentziala lurreratze lekuetan edo bestelako tokietan, eta kontu hori ere, beraz, planifikazio baten barruan joan beharko dela. Hala, misioek ez lukete lur hartu beharko ondare hau dagoen lekuetan. “Gure presentziaren lehen erregistro materialak dira, eta hau garrantzitsua da guretzako”, nabarmendu du.

Aurreko lan batean, antropologoak berak gogora ekarri duenez, ilargi antropozeno kontzeptua erabiltzen hasi beharko genukeela proposatu zuen. Planteamendu horren arabera, Ilargiaren paisaiaren gaineko kontrolaren garaiaren hasieran gaude. Marteren kasuan, ordea, adituak ez du uste antropozeno batez hitz egin daitekeenik, baina sinetsita dago bertan dagoeneko “horizonte estratigrafiko” bat badagoela, eta horrek material hori testuinguru jakin betean kokatzeko bidea irekitzen duela.
Espazio ondarea jasotzeko datu baseakOndare hori guztia jasotzeko, agian beren-beregi prestatutako datu base berri bat izan daitekeela dio adituak, baina iradoki du dagoeneko martxan dagoen beste bat izan daitekeela: Nazio Batuen Kanpo Espaziora Bidalitako Objektuen Erregistroa, hain zuzen ere. Bai bata edo bestea izan, bertan, material guztia jasota geratuko litzateke, “berdin rover baten gurpil apurtua edota helikoptero baten pala”, babestu du antropologoak, Ingenuity gailuari erreferentzia eginez; “hori baita beste planeta batean egon den lehen helikopteroa”.
Lurrean klimak edo geologiak tramankuluen narriadurari nola eragiten dion jakin badakigu, baina Marten horrelako prozesuak nolakoak diren ez da ondo ezagutzen. Baina argi dago bertako ingurumenak bestelako inpaktua izango duela objektu horiean, Lurrean daudenekiko, bederen. Hori dela eta, etorkizunean geoarkeologia planetarioa lantzen hasi beharko dugulakoan dago aditua. Orokorrean, Marten dauden materialak ezagutu ez ezik, planetako toki desberdinetan dauden materialak ezagutu beharko dira, horien inguruan dauden prozesuak ez direlako berdinak.
Geoarkeologiaren bitartez, material arkeologikoetan prozesu geologikoek duten eragina aztertzen da. Tokiaren arabera eragin horiek desberdinak izan daitezkeenez, antropologoak dio hori ere aintzat hartu beharra dagoela Marten sakabanatuta dauden objektuen azterketa eta kontserbazioa planifikatzerakoan. Horren adibidetzat jo du ipar eta hego hemisferioetan dauden eremu izoztuak, kriosfera bat osatzen dutenak. Logikoa denez, izotzak inpaktu jakin bat izango du ondarean. Beste horrenbeste gertatzen da burdin asko duten hareekin, lurperatutako objektuetan lur mota horrek izango duen eragina ez baita ezagutzen. Modu berean, Marteko ezaugarri nabarmenetako bat diren hauts ekaitzak ere aipatu ditu. Dunak ere kezka iturri izan daitezke, eta aztarnentzako ere kaltegarri izango direlakoan daude. Kasurako, Spirit robota duna eremu batez inguratuta dago, eta litekeena da etorkizunean duna horiek estalita geratzea. “Behin lurpean geratuta, oso zaila izango da berriro lekuz mugitzea”, ohartarazi du Holcombek.
Erreferentzia bibliografikoak:Holcomb, Justin A.; O’Leary, Beth L.; Fairén, Alberto G.; Mandel, Rolfe D.; Wegmann, Karl W. (2024). The emerging archaeological record of Mars. Nature Astronomy 8, 1490–1492. DOI: 10.1038/s41550-024-02439-w
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Kanpo espazioko ondarea babesteko deia appeared first on Zientzia Kaiera.
Materialen kodea deszifratzen
Inoiz galdetu al diezue zeuen buruei zergatik gidatzen duen kobreak korronte elektrikoa eta zergatik ez beirak? Zergatik da diamantea hain gogorra eta arkatzen grafitoa hain biguna, biak karbonoz osatuak egon arren? Erantzuna ez dago ez dago begi-bistan.
Pentsa dezagun DNAn. DNAren base nitrogenatuen ordena espezifikoak izaki bizidun bakoitzaren berezitasunak kodifikatzen ditu. Gure kode genetikoak, adibidez, gure begien kolorea zehazten du. Era berean, material bakoitzak bere elektroien barne-banaketa berezi bat du, “energia-banda” izenez ezagutzen dena. Energia-bandak elektroi horien portaera zehazten du, eta ezaugarri garrantzitsuak baldintzatzen ditu, hala nola korrontea gidatzeko edo imantatzeko gaitasuna, erreaktibotasun kimikoa edo, jarraian ikusiko dugun bezala, kolorea.

Irudika dezagun material bat eskailera erraldoi bat bezala, non maila bakoitza bere elektroien energia-mailei dagokien. Hemen funtsezkoa da fisika kuantikoaren eragina. Badakigu elektroiak fermioi izeneko partikula motakoak direla. Wolfgang Pauli fisikariak “esklusio-printzipioa” ezarri zuen haientzat, eta haren arabera, sistema bereko bi fermioi ezin dira energia-egoera berean egon. Bestalde, fisika klasikoa ere behar dugu. Elektroiek karga elektrostatikoa dute, eta, beraz, Coulomben legeari lotuta daude. Lege horren arabera, kontrako zeinua duten kargak erakarri egiten dira, eta zeinu bera dutenek, berriz, elkar aldaratzen dute. Elektroiek, karga negatiboa dutelako, atomoen nukleoek erakartzen dituzte (karga positibokoak baitira) eta, aldi berean, elkar aldaratzen dute materialean dauden gainerako elektroiak. Arau horien guztien elkar-eraginak baturik, lortzen dugun emaitza da elektroiak ezin direla egon materialaren edozein energia-mailatan: maila batzuk debekatuta dituzte.

Hala, material bakoitzaren banda elektronikoen egitura haren “DNA” edo nortasun-ikurra da, baimendutako eta debekatutako energia-mailen konbinazio espezifiko batez osatua, eta haren propietate nagusiak zehaztuko ditu. Adibidez, konbinazio zehatz horrek espezifikatzen du material batek ondo gidatuko ote duen elektrizitatea, eroaleek bezala; korronte elektrikoa jariatzen utziko ez duen, isolatzaileek bezala… edo erresistentziarik eta energia-galerarik gabe eroango ote duen, supereroaleen kasuan bezala.
Mekanika kuantikoaren legeen aplikazioak aukera ematen digu haratago joateko eta iragartzeko nola erantzungo duen material batek kanpoko estimulu baten aplikazioaren aurrean, hala nola presio mekaniko bat, eremu magnetiko bat edo argia bezalako zerbait. Erdieroale eta isolatzaileetan, uhin-luzera jakin batetik argia xurgatzean, elektroiak “kitzikatu” egiten dira, eta horrek esan nahi du energia handiagoko maila hutsetara jauzi egin dezaketela. Prozesu mota honek materiala zer kolorerekin ikusten dugun zehazten du. Era berean, kontrako prozesua ere gerta daiteke, elektroiak “des-kitzikatu” egingo dituena. Haren bidez, materialak uhin-luzera jakin bateko argia igortzen du, jaitsitako mailen arabera. Egunero erabiltzen ditugun gailu askotan dagoen LED teknologiak fenomeno hori baliatzen du argia igortzeko.

Laborategi batean esperimentalki neur dezakegu materialen banden egitura, elektroiak askotariko argi-iturriekin kitzikatzearen emaitzaren behaketatik abiatuta, bereziki X izpien eta argi ultra-morearen (UV) bidez. Baina gure “materialaren erradiografia” egitean benetan zehatzak izan nahi badugu, sinkrotroi-erradiaziotik datorren argia erabili behar dugu, eta horrelakoa instalazio berezietan baino ez dago eskuragarri. Horien artean ALBA sinkrotroia nabarmentzen da, Bartzelonako probintzian kokatua.


“Ab initio” teorietan oinarritutako simulazio-softwarea erabiliz ere kalkula dezakegu banda-egitura. Simulazio horiek materialeko elektroien portaera erreproduzitzen dute, aurretik deskribatutako bi oinarri fisikoetatik (mekanika kuantikoa eta Coulomben legea) abiatuta formulatutako ekuazio matematikoen bidez. Kalkulu oso konplexuak dira, eta batzuetan superordenagailuak erabili behar izaten dira.
Azkenik, fisikari esperimental eta teorikook lankidetza estua dugu, gure aurkikuntzak konbinatzeko eta, horrela, materialaren banden egitura deskodetzeko. Ikerketa horiei esker, nahi ditugun propietate espezifikoak dituzten materialak diseinatu eta fabrikatu ditzakegu.
Egileez:Maider Ormaza eta Maria Blanco, Kimika Fakultateko irakasle-ikertzaileak dira.
The post Materialen kodea deszifratzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Simetria molekularra hausten duen metodologia garatu dute
UPV/EHUko Katalisi metalikoa eta Organokatalisia Ikerketa Taldeak metodologia bat garatu du zenbait molekula desimetrizatzeko eta asimetria molekular mota jakin bat lortzeko. Horrek bidea irekitzen die naturan aurrekaririk ez duten zenbait egitura berriri, zeinak eragile terapeutiko gisa erabil bailitezke. Angewandte Chemie aldizkariak aurkikuntza horren berri eman du, eta azaldu du nolako ekarpena egiten dion biziaren jatorriarekin lotutako teorietako bati.
Molekula organiko (karbono-egitura batean oinarrituak) gehien-gehienek, lauak izan beharrean, hiru dimentsioko geometria dute. Atomoak molekula bakoitzaren barruan ordenatzeko moduaren arabera, emaitza desberdinak lor daitezke. Zenbait kasutan, molekula batek eta haren irudi espekularrak propietate guztiz desberdinak izan ditzakete (hau da, objektu batek ispiluko bere islarekin duen erlazio bera duten bi molekula elkarrekiko simetrikoez ari gara).
Erabil dezagun eskuen konparazioa hori azaltzeko: gure eskuak elkarren irudi espekularrak dira; pentsa liteke berdinak direla. Hala ere, esku bat bestearen gainean jartzen denean (ez ahurrak elkartuta, baizik eta esku bat bestearen gainean), hatzen posizioa ez da berdina. Gauza bera gertatzen da molekula batzuekin: atomoen antolaketa ez da berdina. Gainjarri ezin diren irudi espekularretako bakoitzari enantiomero deritzo.

“Naturan eta farmakologian, bi enantiomeroek propietate desberdinak dituzten adibide ugari daude. Talidomidaren kasua da hori: haurdunaldiko lehen hiru hilabeteetan goragaleen baregarri eta lasaigarri gisa emandako farmakoa izan zen, eta sortzetiko milaka malformazio-kasu eragin zituen. Talidomidaren enantiomeroetako batek propietate analgesikoak ditu, eta besteak malformazioak eragiten ditu —azaldu du Efraim Reyes UPV/EHUko doktoreak—. Itu terapeutikoek enantiomero batekin edo bestearekin ezberdin interakzionatzen dutelako gertatzen da hori. Horrenbestez, funtsezkoa da molekula-mota horren sintesia kontrolatzea, bi enantiomeroetako bakarra lortzeko”.
José Luis Vicario UPV/EHUko katedraduna buru duen Katalisi metalikoa eta Organokatalisia Ikerketa Taldeak, Rovira i Virgili Unibertsitatearekin elkarlanean, zera lortu du: ziklobutano-talde baten bi molekula enantiomerikoetako bat selektiboki eraikitzea (nagusiki karbono- eta hidrogeno-atomoak eraztun-forman konektatuta dauden molekulak dira ziklobutanoak).
Josebe Hurtado doktoratu aurreko ikertzailea gai izan da “asimetria iheskor bat duten molekulak sintetizatzeko metodologia berritzaile bat erabiliz; horrek bidea irekitzen die oraindaino lortu ez diren zenbait egitura berriri, zeinak farmako gisa erabil bailitezke, besteak beste”. “Desimetrizazio-prozesu baten bidez, plano-simetria hautsiz, molekula konplexuagoak sintetizatzeko oinarrizko bloke bihurtu ditugu”, azaldu du Efraim Reyes tesi-zuzendariak eta lanaren egile nagusietako batek.
UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko talde honek berez asimetrikoak diren molekula ziklikoak (eraztun-formakoak) sintetizatzea lortu du. “Metodologia eraginkor eta zuzenekoa garatu dugu, kobretik eratorritako katalizatzaile baten kantitate txikiak erabiliz, zeina metal ugaria baita eta ez baita kaltegarria”, adierazi du UPV/EHUko Kimika Organikoko katedradunak. Aurkikuntza hori eta metodologiaren irismenaren azterketa berriki argitaratu dira Angewandte Chemie aldizkarian.
Gaur egungo erronka handi bati erantzuten dio, gero eta interes handiagoa pizten duen ikerketa-arlo batean. “Naturan aurrekaririk ez duen asimetria axial bat (ardatz baten inguruko asimetria) duten molekulak sintetizatzea lortu dugu. Horrek bidea irekitzen dio molekula-mota berri bat aztertzeari, eta horiek, berriz, bide terapeutiko berriak garatzeko balio dezakete”, gaineratu du Vicariok. Gainera, erreakzioak zorrotz kontrolatuz, “plano-simetria hautsi dugu, eta ardatz-asimetria bihurtu; eta, ondoren, asimetria puntual bihurtu dugu (puntu baten ingurukoa)”, azaldu du UPV/EHUko katedradunak. Horrek frogatzen du “benetan posible dela asimetria duten biomolekulek ere jatorri komuna izatea”.
Desimetrizazio espontaneoa, biziaren jatorriaAurkikuntza honek biziaren jatorriarekin lotutako teorietako bat gogorarazten du: haren arabera, simetriaren desimetrizazio espontaneoaren bidez sortu ziren bizia eragin zuten molekulak. “Biziaren jatorriari buruzko teoria oso onartuetako batek esaten du hasieran molekula simetrikoak baino ez zeudela eta, desimetrizazio espontaneoko prozesu baten ondorioz, molekula asimetrikoak sortu zirela. Argi dago horiek direla biziaren jatorria, zeren gure organismo osoa eta sistema bizi guztiak biomolekula asimetrikoetan oinarritzen baitira eta bi enantiomeroetako bakarra baitute”, ondorioztatu du Reyesek.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Simetria molekularra hausten duen eta bizitzaren jatorriari buruzko teorietako bat babestuko lukeen metodologia bat garatu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:Hurtado, Josebe; Iragorri, Nerea; Reyes, Efraim; Vicario, Jose L.; Fernández, Elena (2024). Cu-Catalyzed Enantioselective Borylative Desymmetrization of 1-Vinyl Cyclobutanols and Axial-to-Point Chirality Transfer in a Diastereoconvergent/Stereoretentive Allylation Scenery. Angewandte Chemie International Edition. DOI: 10.1002/anie.202411232
The post Simetria molekularra hausten duen metodologia garatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #523
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Erdigune galaktikoetako zulo beltz supermasiboek betiereko orbitetan harrapatuta geratu beharko lukete parsec-era hurbiltzean, baina behaketek adierazten dute fusionatzen direla. Izan ere, materia ilun auto-elkarrekintzailea da horren azalpen posible bat, bere momentu angeluarra xurgatu eta hurbildu egin baitezake. Beste hipotesi batzuk dira izarrekin interakzioak, gas-diskoak edo hirugarren zulo beltz bat egotea. Hurrengo behaketek, hala nola LISA zundak egindakoek, teoria horietako zein den zuzena berrets lezakete, fusio kosmikoak zein materia ilunaren izaera hobeto ulertzen lagunduz. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
Mekanika kuantikoak materia eskala mikroskopikoan ulertzeko bide berriak ireki ditu, fisika klasikoaren mugak gaindituz. 2025ean UNESCOk zientzia kuantikoaren urtea izendatu du. UPV/EHUko Ion Erreak zuzendutako ikerketek supereroankortasuna aztertzen dute, energia-galera gabe eroaten duten materialak bilatuz. Mekanika kuantikoaren metodoak erabiliz, tenperatura normaletan funtzionatuko luketen supereroaleak identifikatzen saiatzen dira, haien aplikazioek elektromagnetismoan iraultza ekar baitezakete. Gainera, ikerketa kuantikoak unibertsoaren fenomenoetan eragina izan dezake, fisika eta kosmologia uztartuz. Datuak Zientzia Kaieran.
GenetikaIkertzaile japoniarrek Down sindromea eragiten duen 21. kromosomaren kopia gehigarria laborategiko giza zeluletan ezabatzea lortu dute CRISPR-Cas9 teknikaren bidez. Trisomiaren ondorio kaltegarriak arintzeko potentziala erakutsi dute, zelulen bideragarritasuna eta estres zelularra hobetuz. Hala ere, teknika oraindik hastapenetan dago, eta oraindik ezin da erabili animalietan edo pertsonetan. Ikerlariek erronka nagusiak aipatu dituzte: ezabatze-tasak hobetzea eta genomaren aldaketa ez-intentzionalak saihesteko metodo seguruagoak garatzea. Aurkikuntza honek Down sindromea tratatzeko aukera berriak ireki ditzake etorkizunean. Informazioa Elhuyar aldizkarian.
KimikaJosu Lopez-Gazpio, Kimikan doktorea, auzitegietako zientziekin jarraituz, oraingoan krimenaren agertokiari buruz idatzi du Zientzia Kairan. Krimenaren agertokia delitu baten gertalekua da eta ebidentziak biltzeko gunea. Auzitegi-analisia bertan hasten da, eta polizia da ikerketaren arduraduna. Lehenik, agertokiaren segurtasuna bermatu eta isolatu behar da, ebidentziak hondatu ez daitezen. Ebidentziak identifikatu, dokumentatu eta bildu egiten dira, haien degradazioa saihestuz. Krimenaren agertokia bat baino gehiago izan daiteke, eta argazkiak funtsezkoak dira ikerketan eta etorkizuneko berrikuspenetan. Agertokiaren azterketa konplexua da, eta metodologia zorrotza behar du delitua berregiteko eta biktimagilea identifikatzeko.
ArkeologiaPonpeiako erupzioan, 79. urtean, hil zen gizon baten garuna kristalizatuta aurkitu dute, fenomeno bakana. Ikertzaileek frogatu dute bero handiak (510 ºC-tik gorakoa) baina laburrak garunaren egitura aldatu zuela, garezurrak babestuta. Bat-bateko hozteak kristalizazioa eragin zuen, egitura neuronalak mantenduz. Aurkikuntza Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute, eta saponifikazioa baztertu dute. Ez da beste ehun bitrifikaturik ezagutzen, eta prozesua hobeto ulertzeko ikerketa gehiago behar dira. Datuak Elhuyar aldizkarian.
AstrofisikaSimulazio bidez egindako ikerketa batek ondorioztatu du ura Big Bangetik 100-200 milioi urtera sortu zela, uste baino lehenago. Orain arte pentsatzen zen oxigeno falta zela eta askoz beranduago agertu zela. Lehen belaunaldiko izarren supernobek askatutako oxigenoak hidrogenoarekin erreakzionatu zuen, eta hoztu ahala, ura zuten gas-kumulu trinkoak sortu ziren. Ikerketak iradokitzen du ura lehen galaxien funtsezko osagai bat izan zela. Nature Astronomy aldizkarian argitaratu dute lana. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
FisiologiaZientzia Kaieran asteon argitaratutako Ekaia aldizkariko artikulu honetan bihotzeko QT luzearen sindromearen nondik norakoak azaltzen dira. hERG potasio-kanalak bihotzaren erritmo egokian funtsezko rola du. QT luzearen sindromea (LQTS) kanal honen disfuntzioak eragin dezake, arritmia larriak eta bat-bateko heriotza ekarriz. Bi motatakoa izan daiteke: genetikoa (LQTS2 barne, KCNH2 genearen mutazioak eraginda) edo hartutakoa (farmakoak, iskemia, alterazio ionikoak). Gaur egungo tratamendua betablokeatzaileetan oinarritzen da, baina ez da beti eraginkorra. Horregatik, ikertzaileak diana terapeutiko berrien bila ari dira, gaixotasunaren arriskua murrizteko.
SoziologiaXabier Tirapuk gazteen prekaritatea aztertu du doktoretza tesian, haien ahotsari garrantzia emanez. Dioenez, heldutasuna lan egonkorra, emantzipazioa eta egonkortasun ekonomikoa eskuratzearekin lotzen da, baina horretan adina baino erabakigarriagoak dira klasea, generoa eta jatorria. “Gaztaroaren luzapena” baino, “helduaroaren ukazioa” kontzeptua proposatzen du, egoera indibiduala baino belaunaldi arazoa dela azpimarratuz. Gainera, emantzipazioaren datuak ez direla beti errealegiak dio, eta gazteen bizitza ibilbideak xehetasunez aztertzea beharrezkoa dela nabarmendu du. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Berrian.
Egileaz:Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.
The post Asteon zientzia begi-bistan #523 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #530
Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.

Errealismo guztiak ez dira berdinak. Bertsio bati eska dakiokeen gutxienekoa errealista izatea da. Closer to the truth (4): Realistic realism, Jesus Zamorarena.
Grafenoa lortzeko grafitoa esfoliatzea ez da oso industrializagarria. Beste metodo batzuek eskala handian lortzea ahalbidetuko lukete. Urrats bat zentzu honetan: Synthetic 2D graphene oxide nanosheets from commercial carbon fibres
Ezagutzen duzun eta ateratzen ez zaizun hitz edo izen bat aurkitu behar duzunean, zure garuna “zintzilik” geratu delako da. What happens in the brain when there’s a word ‘on the tip of the tongue’?
Unibertsoaren eskala handiko egitura pentsa dezakezun gauzarik liluragarriena da. Orain, DIPC jendeak osagai bat zuzenean ikusi ahal izan du: Direct imaging of a cosmic filament connecting two quasar-host galaxies
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #530 appeared first on Zientzia Kaiera.
Eta Lurra zeharkatzen duen tunel bat egingo bagenu?
Bidaia oso merkea litzateke, eta oso azkarra.
Lur planetaren diametroak 12.742 km ditu, eta diametro hori osorik zeharkatzen duen tunel bat egingo bagenu, Lurraren nukleotik pasa beharko ginateke. Erronka teknologiko itzela litzateke, milaka gradu egiten baititu bertan.
Behin tunela eraikita ordea, funtzionamendua erabat eraginkorra litzateke. Izan ere, bagoia erotzen uztea nahikoa litzateke 21 minutuko erorialdiaren ostean 28.000 km/h abiadura lortzeko. Balaztarik ere ez luke beharko, behin nukleoa pasata bagoia motelduz joango litzatekeelako Lurraren beste aldera 0 km/h-ko abiaduran iritsi arte. Hau da, grabitateak egingo luke lan guztia.
Bide batez, 42 minutu eskasean egingo genuke ibilbide osoa.
Eta…? ataleko bideoek galdera honi eta beste batzuei heltzen die, eta hainbat egoera hipotetiko zientziaren bidez azalen dira bertan. Atal hau Órbita Laika (@orbitalaika_tve) eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arteko elkarlanaren emaitza dira.
The post Eta Lurra zeharkatzen duen tunel bat egingo bagenu? appeared first on Zientzia Kaiera.
Bihotzeko QT luzearen sindromea, hERG kanaleko mutazioek sortutako kanalopatia
Ikustea, entzutea, informazioa eta lengoaia prozesatzea edo gure bihotzak taupada etengabeak egitea, besteak beste, organismoko zelulen arteko komunikazio-gaitasunaren ondorio da. Seinaleztapen hori zelula-mintzetan dauden kanal ionikoak ireki eta ixteak sortutako mezu elektrikoei esker egin daiteke. Irekitzeak eragiten duen estimuluaren arabera, hurrengo mota hauetan sailka daitezke: boltai mendeko kanalak, mekanikoki aktibatuak eta ligando mendekoak.
Potasio-kanalak (Kv) mintz plasmatikoaren boltai-aldaketen ondorioz irekitzen dira eta potasioa haien zehar pasatzen uzten dute. Organismoko hainbat ekintza kritikotan parte hartzen dute, hala nola bihotzaren ekintza potentzialean. hERG potasio-kanala (edo Kv11.1 izenekoa), boltai mendeko kanal bat da, bentrikulu-korronte birpolarizatzaile nagusia (IKr korrontea, korronte zuzentzaile berantiar azkarra) sortzeaz arduratzen dena. Korronte hori funtsezkoa da bentrikulu kardiakoak behar bezala birpolarizatzeko eta, beraz, bihotzak behar bezala funtzionatzeko. IKr korronte hori gutxitzen denean, bihotz-birpolarizazioaren iraupena luzatzen da. Elektrokardiograman, QT tartea, bentrikuluen despolarizazioa hasten den unearen eta birpolarizazioa amaitzen den unearen arteko denborari dagokiona, luzatuta agertzen da, eta horrek hilgarriak izan daitezkeen arritmia larriak izateko joera dakar.

QT luzearen sindromeak (ingelesezko sigletan, LQTS) bi motatakoak izan daitezke: hartutakoa eta sortzetikoa. Hartutako LQTSan QT tartea luzatu egiten da, hainbat egoeraren ondorioz: iskemia miokardiakoa, alterazio ionikoak, hipotermia eta hainbat medikamentu ematea. Sortzetiko LQTSek, kausa genetikoengatik QT tartea luzatzea dute ezaugarri.
Gaur egun, hamasei mutazio genetiko desberdin ezagutzen dira, eta horrek LQTSaren hamasei forma desberdin sortzen ditu. “Nagusiak” izenekoak (1., 2. eta 3. motak) kasuen % 90 dira. Horien artean, 2. motako sortzetiko QT luzearen sindromea (ingelesezko sigletan, LQTS2) kasuen % 30-40 da, eta farmakoen bidez sortutako QT sindromeen artean ohikoena da. Sindrome-azpimota hori KCNH2 genearen mutazioek eragiten dute, eta, ondorioz, IKr gutxitua sortzen duten hERG kanal mutatuak sortuz. Korronte-murrizketaren intentsitatearen arabera, koadro klinikoa larria izan daiteke, arritmiak ohikoak eta larriak direnean, edo arina, koadro arritmikoa arina denean edo sintomarik gabeko pazienteak direnean. Azken horietan, batzuetan, bat-batean hilgarria den sinkope bat agertzen da eta, beraz, sintoma hori da lehena eta bakarra. Horregatik, LQTS2 sindromeaz diagnostikatutako paziente guztiak (sintomarik gabekoak edo sintomatologia arina dutenak ere) tratatu behar dira, ezin baita aurreikusi gaixotasunaren larritasuna.
Gaur egun, klinikan, LQTS2a tratatzeko betablokeatzaileak erabiltzen dira, hauen artean ohikoenak nadolola eta propranolola izanik. Farmako horiek bihotz-maiztasuna gutxitzen dute, eta arritmia gutxiago sortzen dira. Hala ere, pazienteen % 30ean, tratamendua ez da eraginkorra eta arritmiak ez dira desagertzen. Horregatik, azken urteotan, sindrome hori tratatzeko diana terapeutiko berriak eta eraginkorragoak detektatzeko eta gaixotasun horren erikortasuna eta hilkortasuna murrizteko ikertzen ari dira.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 46
- Artikuluaren izena: Bihotzeko QT luzearen sindromea, hERG kanaleko mutazioek sortutako kanalopatia.
- Laburpena: KCNH2 geneak KV11.1 edo hERG kanala, IKr potasio-korrontea ahalbidetzen duena, kodifikatzen du. Korronte hori funtsezkoa da gizakien bentrikuluen birpolarizaziorako eta, beraz, bihotzak funtzionamendu egokia izan dezan. Gene honen mutazioek hERG kanal eraldatuak sor ditzakete, eta horrela IKr korrontearen murrizketa eragin. IKr korrontearen murrizketa honek bihotz-birpolarizazioaren iraupena luzatzea eragiten du, eta, beraz, QT tartea luzatzea, elektrokardiograman ikus daitekeen bezala. QT tartearen luzapen horrek 2. motako QT luzearen sindromea deritzon bihotz-patologia eragiten du, arritmia larriak izateko arriskua handitzen duena, baita hilgarriak direnak ere.
- Egileak: Leyre Echeazarra, Beatriz Sáenz-Díez, Oscar Casis eta Mónica Gallego
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 315-325
- DOI: 10.1387/ekaia.26002
Leyre Echeazarra, Beatriz Sáenz-Díez, Oscar Casis eta Mónica Gallego UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Fisiologia Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Bihotzeko QT luzearen sindromea, hERG kanaleko mutazioek sortutako kanalopatia appeared first on Zientzia Kaiera.
Mekanika kuantikoa: materialen egitura, propietate eta portaera ezkutuak argitzen
Teorema kuantikoaren garapenaren hasieretatik 100 urte betetzen direla eta, UNESCOk zientzia eta teknologia kuantikoaren urtea izendatu du 2025a. Baina, zergatik da hain garrantzitsua mekanika kuantikoa? Materia eskala mikroskopikoetan ikertzen duen diziplinak, industria ugaritan garrantzia izateaz gain, guztiz eraldatu dezake gure ingurunea ulertzeko eta bizitzeko era. Izan ere, fisikaren alderdi berri honek aukera eskaintzen baitu materialen pertzepzio makroskopiko eta baldintza estandarretan oinarritzen diren teoria klasikoek aurkezten dituzten mugak gainditzeko.
Gaur egun laborategi askotan aurkitu dezakegun fisika klasikoak materialen inguruko informazio ugari eskaini digu azken 500 urteetan. Gizakiok fase-trantsizioak, eroankortasun elektriko eta termikoa, magnetismoa, erresistentzia mekanikoa eta propietate erradioaktiboak zein optikoak ikertu ditugu mendeetan zehar, gure planeta eta gu geu osatzen gaituen materia hobeto ulertu eta baliatzeko. Hala ere, XX. mendearen hasieran fisikaren mundua kolokan jarri zuen teoriaren agerpenak, hau da, mekanika kuantikoaren agerpenak, teoria klasikoek dituzten mugak azaleratu zituen, eta aukera berriak ireki materialen propietate eta portaerak ikertzeko.
Materia: fisika klasikotik mekanika kuantikoraXVI-XVII. mendeetan, gure lurraren eta unibertsoaren oinarri izan diren – edo garai hartan halakotzat jotzen ziren – printzipioak garatu zituzten Newton eta lankideek. Fisika klasikoaren bitartez, planeten errotazio-translazioa, gezi baten mugimendua, ur-fluxua edota argi-izpiaren konposizioa azaldu zezaketen. Materialen ikerketa ez zen gutxiago izan, eta hurrengo mendeetan zehar hainbat zientzialarik materialen egitura, propietate eta portaerak aurkitu zituzten teoria klasiko nagusi hauetan oinarrituta.
Horrela, XIX. mendean zehar, erradioaktibitatearen eta elektroiaren inguruko lehen aurkikuntzak egin ziren, eta XX. mendearen hasieran, Einsteinen erlatibitate bereziaren teoriaren agerpenarekin, materialen propietate elektriko eta magnetikoen inguruko funtsezko aurrerapenak egin ziren. Mende honetan, Einsteinen teoremaren garapenaz gain (erlatibitate orokorra), Bohr-en atomoaren modeloa aurkezten da eta mekanika kuantikoaren lehenengo printzipioak ezartzen dira.
Mekanika kuantikoak egitura atomikoen eta geruza elektronikoen deskribapen orokorrak hobetu zituen eta, horrela, oinarri teoriko berri bat eskaini materiaren ikerketarako. Gaur egun, ikuspegi klasikoaren mugak gaindituz, sistema atomiko eta subatomikoak ikertzeko alderdi gisa ezarri da.
Supereroankortasunaren bilaMekanika kuantikoaren teorema garatu zenetik, aurrerapen ugari egin dira hainbat esparru teknologikotan. Guztien artean, foku mediatikoa konputagailu kuantikoek jaso dute, baina zenbait zientzialarik iragarri zuten aukera paregabea zela materialen propietateak ikertzeko eta material berriak aurkitzeko. Haien artean dugu Ion Errea, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea, Donostiako Materialen Fisika Zentroko (CFM) eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) ikertzailea, eta ErreaLab ikertaldearen ikerketaburua. Zientzialariak azaltzen duenez “Mekanika kuantikoan oinarritutako metodo berriak ordenagailuan programatzen ditugu, propietate bereziko materialak eta potentzialki sintetizatu ahalko diren material berriak aztertzeko”. Bere taldekideekin batera, interes teknologiko handiko materialen propietateak ikertzen ditu; besteak beste, hidrogenoan oinarritutako materialen supereroankortasuna, material ferroelektrikoen eta termoelektrikoen fase-trantsizioak, edota argi-izpien kontrola eskala nanometrikoan.

Hala ere, ikergai guztien artean, “supereroankortasuna da gure gai kuttuna”, aitortzen du fisikariak. Material hauek erresistentzia elektriko nulua duten metalak dira. Baina, “Metalak supereroale bihurtzeko zailtasun nagusia da tenperatura oso baxuak behar direla”, azaltzen du ikerlariak. Hori dela eta, metodo kuantikoak eta programazioa baliatuz, ikertaldeak tenperatura-egoera normaletan supereroale bihurtu daitezkeen materialak ikertzen ditu. Izan ere, “material hauek sekulako aplikazio teknologikoak dituzte eta elektromagnetismoaren mundua irauli dezakete”, dio Erreak. Material supereroaleak fisikako material liluragarrienetakoak dira ikerlariaren iritziz; haien bitartez, energia-gastu gabeko garraio elektrikoa garatu ahalko litzateke, adibidez.

Materialak ikertzeko orduan, bereziki eskala subatomikoan, hau da, elektroi eta ioien kasuan, kontraesan handietan sartzeko arriskua du fisika klasikoak, ereduen sinpletasunagatik. “Ezin dugu ontzat eman ioiak geldi izatea oreka-egoeran, baloiak izango balira bezala; zero absolutu tenperaturan ere fluktuatzen duten partikulak dira”. Izan ere, materialen propietateak etengabeko dinamiketan eta elkarrekintzan dauden ioiek eta elektroiek definitzen dituzte. “Ioiak eta elektroiak oso partikula txikiak dira, eta, euren dinamika aztertzeko, mekanika kuantikoaren ekuazioak ebatzi behar dira”, dio ikertzaileak. Horrela, materialen propietate eta portaerak ikertzeko orduan, ikuspegi klasikoak eskaintzen dituen eredu sinpleek hainbat fenomeno makroskopikoak azaldu ditzakete, baina ez besterik.
Gainera, mekanika kuantikoak unibertsoaren zenbait fenomeno azaldu ditzake. Fisika berriak materialen inguruan egindako aurkipenak unibertsoaren ikerketetan izan dezakeen garrantziari buruz galdetzerakoan, ikertzaileak azaltzen du: “Gu adituak izan ez arren, materiaren eta unibertsoaren fenomenoen artean loturak daudela dirudi. Hala ere, grabitatea eta fisika kuantikoa uztartzea oraindik ikertzeko dago, baina ikuskapen kuantiko berriek eredu kosmologikoetan eragina izan dezaketela badirudi”.
Fitxa biografikoa:Ion Errea Donostian jaioa da 1984ean. Fisikan lizentziatua (2007) eta doktorea (2011) UPV/EHUko Donostiako kanpusean. Doktoretza egion ondoren Pariseko Université Pierre et Marie Curie Paris eta Donostiako International Physics Center (DIPC) zentroetako ikerlaria izan da eta 2018 urtetik aurrera Quantum Theory of Materials (CSIC-UPV/EHU) ikertaldeko buru da.
Erreferentzia bibliografikoa:Errea, Ion; Belli, Francesco; Monacelli, Lorenzo; Sanna, Antonio; Koretsune, Takashi; Tadano, Terumasa; Bianco, Raffaello; Calandra, Mateo; Arita, Ryotaro; Mauri, Francesco; Flores-Livas, José A. (2020). Quantum crystal structure in the 250-kelvin superconducting lanthanum hydride. Nature, 578, 66–69. DOI: 10.1038/s41586-020-1955-z
Iturria: Egileaz:Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.
The post Mekanika kuantikoa: materialen egitura, propietate eta portaera ezkutuak argitzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Zientzia auzitegietan (III): krimenaren agertokia
Krimenaren agertokia ekintza kriminala gertatu den lekua da, krimenaren lekuko isila. Bertan dauden ebidentziek emango dituzte gertatutakoa berregiteko eta egilea identifikatzeko gakoak. Auzitegi-analisia krimenaren agertokian hasi ohi da. Bada, azter dezagun krimenaren agertokia.
Krimen baten edo krimena izan daitekeen baten aurrean gaudenean, kontuan hartu behar den lehen gauza krimena bera gertatu den leku fisikoa da; alegia, krimenaren agertokia. Zenbait kasutan, ikerketa egokiak egin ondoren jakingo dugu ustezko delitua ez dela delitua. Esate baterako, baliteke ustezko pozoiketa, benetan, suizidioa izatea, edo su-armaz gertatutako hilketa, benetan, istripua izatea. Bi kasuetan, ziurrenik, auzitegi-analisia beharrezkoa izango da kasua argitzeko −gertakaria argitu, ondoren delitua izan daitekeen edo ez jakin ahal izateko−. Horrexegatik, teorian, egokiagoa litzateke gertakarien agertokia izendapena erabiltzea, baina onartu behar da auzitegiko arloan krimenaren agertokia dela izendapenik erabiliena. Testu honetan ere horixe izango da erabiliko duguna.

Ekintza kriminala gertatu den lekuan hasten da auzitegi-analisia. Espainian, kasuan kasu, Polizia, Guardia Zibila edo autonomiako polizia −Ertzaintza EAEn eta Foruzaingoa Nafarroan− izango dira polizia-ikerketaren arduradunak. Ikerketaren helburuetarako egokiena polizia iritsi arte dena bere horretan mantentzea da, nahiz eta kasu askotan hori ez den posible. Agertokia barneko leku bat bada −etxebizitza bat, gela bat− lanak erraztu egiten dira; baina agertokia kanpoaldean badago, zailagoa da haren mugak ezartzea. Era berean, azken kasu horietan eguraldiak ere ezabatu ditzake ebidentziak −euriak, elurrak, haizeak…−.
Krimenaren agertokia gertatutakoaren lekuko isila da. Biktimak kasu askotan ezin du informaziorik eman −bereziki hilda baldin badago− eta biktimagileak normalean gezurra esango du, bere burua libratzeko. Horrexegatik esaten da lekuko isilarena: agertokian daude delitua gertatu den edo ez frogatu dezaketen objektuak, biktimagilearen informazioa eman dezaketenak edota biktimaren eta biktimagilearen arteko lotura argitu dezaketenak. Delitua argitzeko informazioa ematen duten objektuei ebidentzia edo aztarna deritze. Hortaz, krimenaren agertokian jasotzen diren objektuak, balizko ebidentziak, ebidentzia bilakatuko dira auzitegi-analisien ondoren, baldin eta krimena argitzeko informazioa ematen badute.
Krimenaren agertokiaz ari garenean bakarra dela pentsa dezakegu, baina normalean agertoki batean baino gehiagotan gertatzen dira ekintza kriminalak: hilketa baten ondoren hiltzaileak kotxea gidatu badu, inguru hori ere agertokia litzateke eta, kotxea agertzen bada, hura eta bere ingurua ere krimenaren beste agertoki bat izango da, non informazio garrantzitsua topa daitekeen.
Edozein kasutan, krimen baten agertokia ikertzerakoan, lehen pausoa segurtasuna bermatzea da; alegia, bertan lan egin behar duten forentseak arriskuan ez egotea. Horren ondoren, bigarren lana agertokia babestea da; hau da, krimena gertatu den lekua isolatzea eta bertan dauden elementu guztiak bere horretan gelditzen direla ziurtatzea. Hurrengo pausoetarako, ikertzaileek ekipamendu egokia erabili beharko dute −eskularruak, txanoak, jantzi bereziak edota oinetakoen babesleak−. Ondoren, balizko ebidentziak nabarmendu behar dira eta guztia idatziz jaso eta argazkiak atera. Hori guztia egiteko, ezinbestekoa da azterketa eta dokumentazioa modu egokian egiteko estrategia jarraitzea; izan ere, ebidentzia batzuk degradatu egin daitezke denbora pasa ahala, eta abiadura hori desberdina da froga motaren arabera. Esaterako, fluido biologikoak azkarrago degradatzen dira hatz-markak edo su-armen tiro-aztarnak baino; horregatik, fluido biologikoak ahalik eta lasterren biltzea komeni da. Aipatu dugun bezala, kanpoaldeko agertokien kasuan ere azkarrago lan egin beharko litzateke euria ari badu; izan ere, hainbat ebidentzia desagerraraz ditzake euriak.
Ikertzaileen zuzeneko behaketaz gainera, argazkiak oso elementu garrantzitsua dira eta poliziak zehaztasun osoz egin behar ditu krimenaren agertokiaren hainbat argazki. Bildutako objektuen posizio zehatza, bildu gabekoena eta abar. Horrekin guztiarekin posible izango da zehaztasun osoz jakitea ebidentzia bakoitza nola zegoen agertokian eta, gainera, aurrerago ezinbestekoak izan daitezke krimenaren sekuentzia berregiteko. Kontuan hartu behar dugu gerta daitekeela urte askoren ostean kasu bat berrirekitzea, adibidez, eta frogak berriro aztertu behar izatea.
Hemen krimenaren agertokiaren azterketaren analisi labur bat besterik ez dugu egin; izan ere, lan konplexua eta garrantzitsua da agertokiaren analisia eta ebidentzien bilketa. Gaiari buruzko informazio espezializatua lortzeko, irakurgai dago sarean Serrulla Rech-ek (2022) koordinatutako liburua bai eta AEBetako Justizia Departamentuak argitaratutakoa ere. Lan horietan topatuko du irakurleak auzitegi-medikuek erabili ohi duten informazio espezifikoa.
Erreferentzia bibliografikoak:- Mulet, J.M. (2016). La ciencia en la sombra. Planeta argitaletxea.
- Serrula Rech, Fernando (koord) (2022). Investigación forense de la escena del crimen. Asociación Galega de Médicos Forenses.
- AEBetako Justizia Departamentua (2000). Crime Scene Investigation: A guide for lae enforcement. U.S. Department of Justice, Office of Justice Programs.
Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
Zientzia auzitegietan buruzko artikulu-sorta:
- Zientzia auzitegietan (I): hastapenak
- Zientzia auzitegietan (II): artsenikoa eta Marsh-en proba
- Zientzia auzitegietan (III): krimenaren agertokia
The post Zientzia auzitegietan (III): krimenaren agertokia appeared first on Zientzia Kaiera.
Nola pasatzen dute azken parsec-a fusioan dauden zulo beltz supermasiboek?
Galaxien erdiguneetan dauden zulo beltz erraldoiak berez ezingo lirateke fusionatu, baina fusionatzen dira. Zientzialariek iradokitzen dute soluzioa materia ilunaren ezohiko forma bat izan daitekeela.
https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2025/01/FinalParsecProblemCOMP.mp4 Simulazio honetan, kolore distiratsuko gas korronteak ikusten dira orbitan dauden zulo beltz supermasibo pare baten inguruan. Iturria: Luciano Combi et al. (2022) ApJ 928 187Historia kosmikoan zehar, galaxiak fusionatu eta gero eta egitura handiagoak sortu dira. Galaxiak fusionatzen direnean, haien erdiguneetan dauden zulo beltz supermasiboak ere fusionatzen dira eta zulo beltz are erraldoiagoa osatzen dute.
Hala ere, hainbat hamarkadatan, galdera batek astrofisikariak nahasi ditu: nola hurbildu daitezke zulo beltz supermasiboak espiralean biratzeko eta fusionatzeko adina? Kalkuluen arabera, zulo konbergenteak azken parsec-a deiturikora iristen direnean (gutxi gorabehera parsec bateko distantzia, edo 3,26 argi urte), haien aurrerapena gelditu egiten da. Teorian, etengabe orbitatu beharko lukete.
“Espiralean egoteko denborak unibertsoaren adinera irits zitezkeela uste zen”, azaldu du Stephen Taylor Vanderbilt Unibertsitateko astrofisikariak. “Jendea kezkatuta zegoen zulo beltzen fusioak ezin lortzearekin”.
Fusionatzen direlako ebidentziak jaso dira. Iaz, izar pultsatzaileen mugimendu sotilen (pulsaren sinkronizazio matrize gisa ezagutzen dira) behaketek grabitazio uhinen hondoko burrunba erakutsi zuten unibertsoan: ondulazioak espazio-denboraren ehunean. Oso litekeena da grabitazio uhin horiek oso hurbil orbitatzen duten zulo beltz supermasiboetatik etortzea, elkarrengandik parsec bateko distantziara eta fusionatzear daudenetatik. “Hori izan zen zulo beltzen sistema binarioek azken parsecaren arazoa gainditzen dutelako gure lehenengo ebidentzia”, kontatu du Laura Blecha Floridako Unibertsitateko astrofisikariak.
Hortaz, nola egiten dute?
Astrofisikariek iradokizun berri bat dute: materia ilunak bi zulo beltzen une angeluarra xurgatu lezake eta haien artean hurbildu.

Materia iluna da oraindik aurkitu ez den unibertsoko materiaren % 85 izendatzeko erabiltzen den terminoa. Galaxietan eta egitura kosmikoan dituen grabitazio efektuak ikus ditzakegu, baina oraingoz ezin dugu zehaztu zer den. Materiaren forma ikusezin hori osa lezaketen partikula hipotetiko sinpleenek ez lukete lagunduko zulo beltzen fusioak ahalbidetzen. Baina uda honetan, Kanadako fisikari talde batek argudiatu zuen materia ilun auto-elkarrekintzaile izeneko zerbait konplexuago batek egin zezakeela. Partikula horiek arrastaka eraman litzakete zulo beltz supermasiboak, elkarren artetik parsec bateko distantziara uzteko adina. Azalpen hau zuzena bada, “esango dizu materia iluna ez dela uste genuen bezain sinplea”, baieztatu du Gonzalo Alonso-Álvarez Torontoko Unibertsitateko fisikari teoriko eta egileetako batek.
Gero, irailean, fisikari talde independente batek adierazi zuen materia ilun izateko hautagai batek, batzuetan materia ilun lausoa izenekoak, ere funtziona lezakeela.
Urteetan zehar, arazoaren soluzio arruntagoak ere proposatu dira. Aukera mordo horren erdian —batzuk mundutarrak, beste batzuk exotikoak—, aukera batzuk beste batzuen aurrean probatzeko moduak planteatzen ari dira zientzialariak.
“Une honetan, komunitatearen gehiengoak ia ziurtzat jotzen du azken parsecaren arazoa konponduta dagoela”, esan du arazoaren hainbat soluzio aztertu dituen Sean McWilliams Mendebaldeko Virginiako Unibertsitateko astrofisikari teorikoak. “Galdera bakarra honako hau da: zein da soluziorik efizienteena?”.
Bi tango bat dantzatzekoZulo beltz txikiak —izar baten tamainako objektuak, hain trinkoak ezen grabitateak gehiegi hurbiltzen den guztia harrapatzen baitu, baita argia ere— galaxia guztietan sakabanatuta daude. Banakako izarren grabitazio kolapsoaren bidez sortzen dira. Baina galaxien erdiguneetan dauden zulo beltz supermasiboak, milaka milioi eguzki bezain astunak izan daitezkeenak, misteriotsuagoak eta eragin handiagokoak dira. Nolabait, inguratzen dituen galaxiaren eraketa eta bilakaera zuzentzen dute.
Bi galaxia fusionatzen direnean, izarrekiko, gasarekiko eta materia ilunarekiko grabitazio interakzioaren ondorioz, bi zulo beltz supermasiboak bata bestearen gainean erortzen dira poliki-poliki. 1980an, astrofisikariek lehenengo aldiz deskribatu zuten marruskadura dinamikoa izeneko prozesua. “Uste da hori dela zulo beltzak hurbiltzeko modu nagusia”, azaldu du Dan Hooper Wisconsingo Unibertsitateko (Madison) astrofisikariak.
Hala ere, puntu jakin batean (teknikoki parsec frakzio baten eta parsec gutxi batzuen artean dago, zulo beltzen masen arabera), marruskadura dinamikoak “oso eraginkorra izateari uzten dio”, azaldu du Hooperrek. Hemen, fusioan dauden galaxien erdigunean, bi zulo beltzek materiala jaten dute eta urrutira botatzen dute, zulo bat sortuz. Ondorioz, izarren eta gasaren dentsitateak behera egiten du izugarri, eta zulo beltzak nahiko hutsik dagoen espazio batean geratzen dira. Inguruan geldiarazten dituzten gauzarik gabe, elkarren inguruan orbitatu beharko lukete ia amaierarik gabe.
“Lurrak Eguzkiaren inguruan orbitatzen du eta ez gara bata bestearen kontra erortzen ari”, dio Alonso-Alvarezek, eta gauza bera gertatu beharko luke bi zulo beltzen kasuan. “Orbitan une angeluarraren kontserbazio bat dago, erortzea saihesten duena, energia hori erauzten ari den ezer ez badago behintzat”.
Materia ilun auto-elkarrrekintzaileak zeregin hori bete lezake, Alonso-Álvarezek eta bere kideek uztailean Physical Review Letters-en proposatu zuten moduan. Mota hori materia ilun hotza (materia iluneko partikula hipotetikoen motarik sinpleena, non astunak, motelak eta geldoak izango liratekeen) deritzonaren desberdina da. Materia ilun hotzak ez luke ezertan elkarreraginik izango grabitatearen bidez izan ezik, eta, beraz, zulo beltzen grabitazio eraginak ingurutik kanporatu beharko luke zulo beltzak azken parsecera iritsi baino askoz lehenago.
Hala ere, bere buruarekin elkarreragiten duen materia iluna partikula arinek osatzen dute, eta partikula horiek gutxienez indar bat dute haien artean jarduten dutenean. Materia ilun auto-elkarrekintzaileen partikulak mahai baten gainean bilar bolak bezala mugitzen direnez, ez lirateke hain erraz sakabanatuko, zulo beltzekin elkarreraginean arituko lirateke eta haiek moteldu egingo lituzkete. “Hor geratzen dira eta marruskadura sortzen dute”, jarraitu du Alonso-Álvarezek. “Likatasun motaren bat du”. Orduan, marruskadura horrek 100 milioi urte barru fusioa eragin lezake, eta, hala, azken parsecaren arazoa konponduko luke.
Materia ilun “ultrarina” edo “lausoa” masa oso txikiak dituzten partikulek osatuko lukete, eta horiek elkartu egingo lirateke ikaragarrizko uhinak sortzeko. Partikula horiek galaxia erdigunean ere pilatuko lirateke, eta marruskadura izango lukete zulo beltzekin; horri esker, materia ilun lausoak “modu efizientean izango luke bere une angeluarra eta energia orbitala”, azaldu du Jae-Weon Lee Hego Koreako Jungwon Unibertsitateko kosmologoak eta ideia deskribatzen duen iraileko Physics Letters B-n argitaratutako artikulu baten egilekideak. Zulo beltzen eraginez, materia ilun horrek kanpai batek bezala egingo luke dar-dar, sakabanatu beharrean.
Occamen labanaJende guztiak ez du uste hain fisika exotikoa erabili behar dugunik zulo beltz supermasiboak nola fusionatzen diren azaltzeko. “Ez nuke esango materia ilun auto-elkarrekintzailea behar dugunik”, baieztatu du Priyamvada Natarajan Yaleko Unibertsitateko astrofisikari teorikoak.
Beste aukera bat da izarrak ez gelditzea fusionatzen ari diren zulo beltzetan eta horiek lotzeko behar adinako une angeluarra ateratzea. Agian izarrak ausaz jaurtitzen dira zulo beltzen norabidean galaxiaren beste alde batzuetatik, beste izar batzuekiko elkarrekintzaren bidez. “Horietako izar asko badituzu, erdiko bi zulo beltz supermasiboetara hurbiltzen direnak, orduan gero eta une angeluar gehiago atera dezakezu”, adierazi du Fabio Pacucci Harvardeko Unibertsitateko astrofisikari teorikoak.

Hala ere, ereduek erakutsi dute zaila dela nahikoa izar zulo beltzetarantz sakabanatzea azken parsecaren arazoa konpontzeko.
Beste aukera bat da zulo beltz bakoitzak inguruan gas disko txiki bat izatea, eta disko horiek zuloek zulatutako eremu hutsa inguratzen duen disko zabalago baten materiala xurgatzea. “Inguruko diskoak disko zabalagotik elikatzen dira”, azaldu du Taylorrek, eta horrek, ere berean, esan nahi du horien energia orbitala disko zabalagorantz iragaz daitekeela. “Soluzio oso efizientea dirudi”, baieztatu du Natarajanek. “Gas asko dago eskuragarri”.
Urtarrilean, Blechak eta bere kideek soluzioa sistemako hirugarren zulo beltz batean egon zitekeelako ideia ikertu zuten. Bi zulo beltz gelditu diren kasu batzuetan, beste galaxia bat has liteke lehenengo biekin fusionatzen eta zulo beltz gehigarri bat ekarriko luke. «Hiru gorputzen arteko elkarreragin handia egon daiteke», azaldu du Blechak. «Energia ken dezake eta, neurri handi batean, fusioaren denbora eskala murriztu». Egoera batzuetan, hiru zuloetatik arinena kanporatu egiten da, baina beste batzuetan hirurak fusionatu egiten dira.
Frogak etorkizuneanOrain zeregina da zehaztea zein den soluzio zuzena, edo prozesu asko dauden jokoan.
Alonso-Álvarezek espero du pulsaren sinkronizazio matrizearen hurrengo datuetan materia ilun auto-elkarrekintzailearen seinale bat bilatzea, bere ideia frogatu ahal izateko. Zulo beltzak azken parsecatik haratago hurbiltzen direnean, une angeluarra galtzen dute grabitazio uhinak igortzen dituztenean. Baina materia ilun auto-elkarrekintzailea jokoan badago, orduan ikusi beharko genuke energiaren zati bat xurgatzen duela parsecaren mugatik hurbil. Horrek, era berean, grabitazio uhin ez hain energetikoak sortuko lituzke, azaldu du Alonso-Álvarezek.
Hai-Bo Yu Kaliforniako Unibertsitateko (Riverside) partikula fisikariak eta materia ilun auto-elkarrekintzailearen defendatzaileak dio ideia onargarria dela. “Grabitazio uhinen fisikatik abiatuta materia ilunaren ezaugarri mikroskopikoak bilatzeko bide bat da”, dio. “Uste dut zoragarria dela”.
Europako Espazio Agentziaren LISA (Laser Interferometer Space Antenna) espazio zundak (grabitazio uhinen behatokia, 2035erako abiaraziko dena) are erantzun gehiago eman liezazkiguke. LISAk azken egunetan zulo beltz supermasiboen fusioak igorritako grabitazio uhin handiak jasoko ditu. “LISArekin zulo beltz supermasiboen fusioa ikusiko dugu”, esan du Pacuccik. Seinale horren izaerak “dezelerazio prozesua erakusten duten ezaugarri bereziak” adieraz litzake eta azken parsecaren arazoa konpondu.
Jatorrizko artikulua:Jonathan O’Callaghan (2024). How Do Merging Supermassive Black Holes Pass the Final Parsec?, Quanta Magazine, 2024ko urriaren 23a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Nola pasatzen dute azken parsec-a fusioan dauden zulo beltz supermasiboek? appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #522
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Ametsak gogoratzeko gaitasunean hainbat faktorek eragiten dutela ondorioztatu dute Luccako IMT institutuak eta Camerinoko unibertsitateak egindako ikerketa batean. Ametsekiko jarrera baikorrak eta ameskerietan ibiltzeko joerak ametsak oroitzeko aukerak handitzen dituzte. Gainera, loaldi arinak eta gaztetasunak ametsak gogoratzeko joera indartzen dute, adinean aurrera egin ahala gaitasun hori gutxitzen den bitartean. Urtaroek ere eragina dute: udaberrian neguan baino gehiago gogoratzen dira ametsak, erritmo zirkadiarrek eragina izan dezaketela iradokiz. Ikerketa Communications Psychology aldizkarian argitaratu dute, eta ametsei lotutako patologiak eta zenbait gaitzen diagnostikoa hobetzeko erabilgarri izan daiteke. Informazioa Elhuyar aldizkarian.
TeknologiaUPV/EHUko ikertzaileek erretako eremuen kartografia hobetzeko algoritmo bat garatu dute. Sei sateliteren datuak erabiliz, proposamenak bereizmen handiagoa eskaintzen du, 250 metro baino txikiagoak diren suteak ere identifikatuz. Algoritmoa sute aktiboen detekzioaren eta irudi optikoen konbinazioan oinarritzen da, eta mundu osoko 576 eremutan probatu da. Hurrengo urratsa bereizmen ertaineko produktuak garatzea da, suteen monitorizazioa eta klimaren azterketa hobetzeko. Datuak Zientzia Kaieran.
EboluzioaRockefeller Unibertsitateko ikertzaileek ikusi dute NOVA1 genearen aldaera berezi bat hizketaren sorrerarekin lotuta egon litekeela. Gizakien aldaera hori saguetan txertatu dutenean, haien bokalizazioak aldatu egin dira. Neandertal eta denisovarren geneetan ez dago aldaeta hori, eta 650.058 gizaki modernoren artean, seik izan ezik, guztiek aldaera bera dute. Horrek iradokitzen du aldaketa hau Afrikan sortu eta nagusitu zela, agian ahozko komunikaziorako abantaila emanez. Ikerketa Nature Communications aldizkarian argitaratu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Hegaztiek, narrastiek eta ugaztunek garuneko zirkuitu konplexuak modu independentean garatu dituzte, arbaso komun bat izan arren. Science aldizkarian argitaratutako bi ikerketek erakutsi dute neuronen garapen mekanismoak eta identitate molekularrak nabarmen aldendu direla eboluzioan. Hegaztiek, adibidez, mekanismo propioak erabili dituzte garun konplexuak sortzeko. Ikertzaileek garuneko neuronen portaera aztertu dute, eta inhibitzaileak espezie guztietan antzekoak direla ikusi dute. Azterketek giza garunaren funtzionamendua eta eboluzioa hobeto ulertzeko bidea ireki dezakete. Informazio guztia Berrian.
KimikaLeire Sangroniz eta Ainara Sangroniz kimikan doktoreak Zientzia Kaierako artikuluan hortzetako pastaren kimikaz aritu dira. Hortzetako pasta aspaldidanik erabili izan da, baina osagaiak aldatu egin dira mendeetan zehar. Egiptoarrek eta erromatarrek hauts urratzaileak erabiltzen zituzten, eta XVIII. mendean industrializazioarekin osagai modernoak agertu ziren. Gaur egun, hortzetako pastak urratzaileak, surfaktanteak, zaporedun konposatuak eta fluoruroak ditu, txantxarrak saihesteko. Azkenaldian, hortzetako-pasta tabletak ere merkaturatu dira, baina garestiagoak dira. Osagaien artean xilitola, kaltzio karbonatoa eta surfaktanteak nabarmentzen dira, pasta tradizionalaren antzeko eragina lortzeko.
GeologiaMeteoritoak gure planetaren historiaren parte garrantzitsua dira, ez bakarrik kalteak eragiten dituzten objektu gisa, baita bizitzaren oinarriak ekarri zituzten elementu gisa ere. Hauei buruz aritu da Blanca Martinez Geologian doktorea Zientzia Kaierako artikuluan. Lurraren sorrera eta eboluzio geologikoan, meteoritoek material esanguratsuak ekarri zituzten, hala nola burdina, nikel, silizioa eta karbonoa, bizitzaren oinarriak finkatuz. Nahiz eta batzuetan suntsipenarekin lotzen ditugun –dinosauroen desagertzea bezala–, gure existentziaren giltzarrietako bat ere badira. Gau izartsu batean izar iheskor bat ikustean, baliteke Lurrera eroritako meteoritoek gure bizitzaren hastapena ekarri zutela gogoratzea.
GenetikaGene Ontologia Partzuergoak 25 urtetik gorako ibilbidean giza geneen funtzioak aztertzeko tresna ireki eta zehatza garatu du. Azken eguneraketak, Nature aldizkarian argitaratuta, 200.000 generen funtzioa deskribatzen du, modelizazio ebolutiboari esker, gizakietan zuzenean ikertu ezin den informazioa animalia-ereduetatik eskuratzeko aukera emanez. Baliabideak bilatzaile ahaltsua eta AI tresnekin integrazioa eskaintzen du, gaixotasunen azterketa eta tratamendua hobetzeko. Gainera, ikertzaileek ekarpenak egin ditzakete, datu-basea etengabe aberastuz. Informazioa Elhuyar aldizkarian.
EkonofisikaEkonofisikak desberdintasunen, energia kontsumoaren eta CO2 isurien arteko harremanak aztertzeko ikuspegi berritzailea eskaintzen du, fisika eta matematikaren printzipioak ekonomia eta ingurumen arazoetara aplikatuz. Termodinamikaren eta mekanika estatistikoaren bidez, mundu mailako joerak azter daitezke, eta horrek erakusten du sistema globala oreka egoera batera hurbiltzen ari dela, nahiz eta desberdintasun estrukturalak mantendu. Ekonofisikaren ikuspegia baliagarria izan daiteke politika eta estrategia iraunkorrak garatzeko, baliabideen banaketa justuagoa sustatzeko eta klima aldaketari modu eraginkorrean aurre egiteko. Azalpenak Zientzia Kaieran.
FitopatologiaAmaia Ortiz Barredo fitopatologoak landareen gaixotasunak eta izurriteak aztertzen ditu, haien osasuna zaindu eta nekazaritzan kalteak prebenitzeko. Klima aldaketak izurriteak ugaritu ditu, eta berak estrategia jasangarriak garatzen ditu intsektu eta patogenoak kontrolatzeko. Fitosanitarioak zorrotz kontrolatzen ditu, eta adimen artifiziala aplikatzen du laboreen jarraipena egiteko. Patataren historia ere ikertu du Araban, eta agriboltaikarekin lotutako proiektuetan ari da. Bere helburua da elikadura-sistema iraunkorragoa sortzea, bertako ekoizpena sustatuz eta produktu kimikoen beharra murriztuz. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Berrian.
Egileaz:Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.
The post Asteon zientzia begi-bistan #522 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #529
Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.
Sistema immunearen eta osasun mentalaren arteko harremana liluragarria da. Immune signals affect neural circuits involved in schizophrenia, José Ramón Pinedaren eskutik
Konputazio kuantikoa topologiko egiten da sendoagoa izateko. Towards a fully functional topological quantum computer
Eta mundua hautematen duzun modua, fisikoki, arnasa hartzeko moduaren araberakoa balitz? Your pupils change size as you breathe, Martin Schaefer.
Grafenozko bi geruza gainjarrita baina angelu magiko izeneko angelu txiki bat biratuta, supereroale bihurtzen dira. Eta zer gertatzen da bi jarri ordez hainbat jartzen baditugu? DIPCko jendeak erantzuna ikertu du. Superconductivity in twisted graphene multilayers
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #529 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: arroza
Kiñu gaurkoan gure mahaietan ohikoa den baina historia sakona duen elikagai bati begira geratu da: arroza. Lur oso hezeetan hazten den landare honek fruitu berezia ematen du, munduko populazioaren erdia baino gehiago elikatzeko gai dena.
Arrozaren historia milaka urtetakoa da, Txinan etxekotu zenetik kontinente-kontinentez hedatu baita, kultura askoren elikaduraren oinarrizko zutabe bihurtuz. Etxekotze-prozesu honek aldaketak ekarri ditu arrozaren genoman, batez ere materia ilun gisa ezagutzen den geneez kanpoko osagaietan. Aldaketa horiek eragina izan dute arroza landatzeko eta elikatzeko desiragarri bihurtu duten ezaugarrietan
Zereal honen ekoizpena, ordea, ez da erraza, eta landaketa-eremuak batzuetan osasun-arriskuak ere ekar ditzake, eltxoen hazkuntza-gune aproposak direlako. Kiñuk arrozari buruzko hainbat datu interesgarri ekarri dizkigu oraingoan.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: arroza appeared first on Zientzia Kaiera.
Desparekotasuna, energia eta CO2-a ekonofisikaren ikuspuntutik
Mundu mailako desparekotasunak, energia kontsumoa eta CO2 isuriak gizateriak aurre egin beharreko erronka konplexuen alderdi lotuak dira. Gai hauek konplexutasun handikoak dira eta, aldi berean, lotura estua dute elkarren artean. Ekonofisikaren ikuspegitik, fisika eta matematikaren printzipioak arazo ekonomiko eta finantzarioetara aplikatzen dituen eremu berritzaile batetik, gai hauen inguruko ikuspegi paregabeak lortzen ditugu. Ikuspegi honek aukera ematen digu gure gizarte global konplexua bezalako sistemak modu integratuan ulertzeko, mekanika estatistikoa eta termodinamika erabiliz. Hala, ikerketa ekonomiko eta ingurumeneko tradizionalen ikuspegi freskoa eskainiz, arazo hauei aurre egiteko modu berriak eskaintzen ditugu.
Ekonofisikak, analisi-esparru erakargarria eskaintzen du herrialdeen artean aberastasuna, energia kontsumoa eta ingurumen inpaktua nola banatzen diren aztertzeko. Hain zuzen ere, herrialde aberatsek energia gehiago kontsumitzeko eta, ondorioz, karbono dioxido gehiago isurtzeko gaitasuna dute. Honek ez du bakarrik baliabideetarako sarbidearen desparekotasuna azpimarratzen, baizik eta klima aldaketaren inpaktu desberdinen zama ere agerian uzten du. Bestalde, energia eskuratzeko aukera mugatua duten herrialde txiroagoek, arazoari ekarpen handirik egin gabe, ingurumenaren degradazioaren zama jasan behar dute. Desberdintasun global hau energia kontsumoaren eta CO2 isurien bidez agerian geratzen da, eta, ondorioz, gure planetaren etorkizun iraunkorraren ikuspegian eragin handia du.

Energia kontsumoa eta CO2 isuriak, beraz, benetan desparekotasunaren adierazle izan daitezke. Ekonofisikaren metodologiak erabiliz, faktore hauen banaketa-ereduak aztertu ditugu, baliabide mugatuak dituen entitate mugatu gisa sistema globala tratatuz. Gure azterketak erakusten duenez, termodinamikaren ikuspegitik gure sistema globala oreka egoera batera hurbiltzen ari dela, 2019an CO2 isurien Gini koefizientearen inguruan 0.508 batekin. Hau da, azken 30 urteetan mundu mailako desberdintasuna nabarmen murriztu arren, joerak 0.5eko Gini koefiziente idealarantz jotze asintotikoa adierazten du. Hau entropia maximizazioak adierazten duen moduan gertatzen da, kanpo-harrikadak handirik gabe, aldaketak zaildu egingo direla esan nahi duena.
Hala ere, garrantzitsua da ohartaraztea aurkikuntza honek ekonomia sistemak termodinamikari aplikatutako printzipioekin bat datorrela, non entropiaren maximizazioak oreka egoerarantz joateko joera naturala adierazten duen. Baina, egoera hau lortzeak ez du baliabideen banaketa ideala edo bidezkoa adierazten. Aitzitik, sistemaren inertzia existitzen diren desberdintasunak mantendu ditzakeela islatzen du, nabarmenki indar handiek eraginda ez bada. Horrek esan nahi du aldaketarako borondate politikoa eta gizartearen mobilizazioa beharrezkoak direla egungo joerak aldatzeko.
Energia kontsumoaren, CO2 isurien eta mundu mailako desberdintasunaren arteko harremana ekonofisikaren ikuspegitik aztertzeak gure munduaren irudi konplexua erakusten du. Ez du soilik gure aurrean dauden erronkei buruzko ulermena sakontzen, baizik eta ekonomiko, ingurumeneko eta sozial sistemak elkarrekin lotuta daudela ere adierazten du. Aurrera egin ahala, ekonofisikak eskainitako ikuspegiak gure politikak eta estrategiak gai hauetan modu osagarrian jorratzeko gidatu ditzake. Izan ere, ekonofisika tresna erabilgarria da etorkizun iraunkor eta bidezkoagoa eraikitzeko, desberdintasunak murriztu eta klima aldaketari aurre egiteko estrategiak garatzeko.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 46
- Artikuluaren izena: Desparekotasun globala, energiaren kontsumoa eta CO2-emisioak ekonofisikaren ikuspuntutik
- Laburpena: Desparekotasun globalaren, energia-kontsumoaren eta CO2-emisioen arteko harremana aztertu dugu ekonofisikaren ikuspegitik. Herrialde aberatsenek energia gehiago kontsumitzeko eta karbono gehiago isurtzeko joera dute; herrialde txiroenek, berriz, energia eskuratzeko aukera mugatua dute eta klima-aldaketaren ondorio negatiboen zama nagusia jasaten dute. Hori dela eta, energia-kontsumoa eta CO2-emisioak desparekotasunaren adierazle gisa erabil daitezke. Azken 30 urteetako desparekotasun-maila jaisteaz gain, sisteman oreka termodinamikoranzko erlaxazio asintotiko bat ikusten dugu, 0,5eko Gini koefizientearen baliorantz. Prozesu horretaz gain, analisian argi ikusten da COVID-19aren pandemiaren eragina: perturbazio bat ageri baita desparekotasunean. Faktore ekonomiko, sozial, politiko edo teknologikoek bultzatzen dute dinamika, baina, gure ustez, ekonofisikak eskaintzen duen analisiak emaitza onak ematen ditu; ekarpen guztiak batuz, egoera globalaren ikuspegi berri bat sortzen du.
- Egileak: Oihane Saez Murgiondo, Hegoi Manzano eta Josu Martinez-Perdiguero
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 43-55
- DOI: 10.1387/ekaia.24625
Oihane Saez Murgiondo, Hegoi Manzano eta Josu Martinez-Perdiguero UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Desparekotasuna, energia eta CO2-a ekonofisikaren ikuspuntutik appeared first on Zientzia Kaiera.
Eta meteorito bat erortzen bada?
Meteoritoak kometa eta asteroide zatiak dira, eta Lurreko atmosfera zeharkatzea lortzen dute suntsitu gabe eta gure planetaren gainazalera erortzen dira. Prozesu hori guk uste baino ohikoagoa da; izan ere, horietako milaka bisitari estralurtar iristen dira Lurrera urtero, gehienak oso txikiak. Hori dela eta, ez dugu horien berri izaten, nahiz eta baten batek nahiko tamaina handia lortzen duen, eta zenbait kalte material eragin ditzakeen eremu jendetsuetan eroriz gero.
Hala ere, meteorito hitza entzuten dugunean, burura datorkiguna etsai erraldoi eta gupidagabea da, Lurrera hurbiltzen dena kaosa eta suntsipena ereiteko. Irudi hori historiako meteorito inpaktu ospetsuenak eragindako gertakarien ondorioz markatuta geratu zaigu, duela 66 milioi urte inguru gertatutakoa, 10 km baino gehiagoko diametroa zuen gorputz estralurtar bat egungo Mexikoko Golkoan erori zenean eta Lurraren historiako azken desagertze masibo handia eragin zuenean. Bertan, planetako espezieen % 75 desagertu ziren, hegaztiak ez diren dinosauroak barne. Eta istorio bera errepikatzeko beldur hori herri kulturaren parte izatera iritsi da zientzia fikziozko film ugariren bidez, hala nola Deep Impact, edo beldurrezko eleberrien bidez, hala nola H. P. Lovecraften El color surgido del espacio.

Baina Lurraren historia geologikoari begiratzen badiogu, meteorito inpaktuak ez dira beti hain katastrofikoak izan, guztiz kontrakoa baizik. Eta hori egiaztatzeko, gure jatorrira bidaiatuko dugu… planeta gisa.
Lurra duela 4567 milioi urte sortu zen planetesimalen akrezioari esker. Prozesu horretan, diametro kilometrikoko hainbat objektu solidok (planetesimalak) talka egin zuten. Objektu horiek protoizar baten inguruan orbitatzen zuen hauts eta gas laino batean sakabanaturik zeuden, eta protoizar hori azkenean gure Eguzki bihurtu zen. Planetesimalen zenbait milioi urteko talkaren ondoren, duela 4538 milioi urte, Proto‑Lurra sortuta genuen. Bola erdi-solido handi bat zen, labazko ozeano batez estalia, talkek sortutako bero handiaren ondorioz.

Gure planeta sortu berria hozten eta gaur egun gure inguruan ikusten dugunaren antz handiagoa hartzen hasia zen bitartean, ez zen meteorito gehiago erortzetik salbu egon. Zehazki, jaurtigai estralurtarren benetako erasoa jasan zuen, bi aldi jakinetan: duela 4400 eta 4100 milioi urte artean, Bonbardaketa Goiztiar Handia izenekoan, eta duela 4100 eta 3900 milioi urte artean, Bonbardaketa Berantiar Handian.
Lur primitibo hori bonbardatu zuten meteoritoak hainbat motatakoak ziren: aerolitoak edo kondritak, sideritoak, litosideritoak eta asteroide karbonazeo zatiak. Eta horiek dira, gaur egun, gure planetan bizia egotearen errudunak, haren osagai nagusiak ekarri baitzituzten, elementu kimikoak, hala nola burdina (Fe), nikela (Ni), silizioa (Si), oxigenoa (O), karbonoa (C) edo hidrogenoa (H); eta horietako batzuk konbinatu egin ziren molekula garrantzitsuak sortzeko, besteak beste, karbono dioxidoa (CO2), ura (H2O) eta ozonoa (O3). Horiek gabe, gure planetaren eboluzio geologikoa ez zen horrela gertatuko. Horri esker, orain eroso irakurtzen ari zareten testu hau idazten ari naiz.
Oraindik ez bazaituztet konbentzitu gure planetaren historia geologikoan gertatutako meteorito inpaktuak ez direla kaltegarriak izan, baizik eta onuragarriak gizakiarentzat, jakin ezazue dinosauroak duela 66 milioi urte desagertu izan ez balira, ugaztunek ez zuketela eboluzionatuko gizakia sortu arte, milioika urte geroago. Beraz, espazioan sortutako kankailu horrek mesede handia egin zigun. Gainera, meteoritoak gorputz estralurtarren zatiak dira, eta jatorrizko Lurra nolakoa izan behar zen zuzenean ezagutzeko aukera ematen digute. Gainera, siderito bat eskuetan izatea, batez ere burdinaz eta nikelez osatutakoa, gure planetaren nukleoa ukitzeko modurik antzekoena da.
Gau izartsu batean zerura begiratu eta izar iheskor bat ikusten duzuenean, ez dut nahi desio bat pentsatzea, baizik eta gogoan izatea meteoritoek jarri zituztela gure planetako zein ezagutzen dugun bizitzako lehen adreiluak. Eta bai, baliteke egunen batean berriro beste bat erortzea, gizakiaren aroarekin amaitzeko bezain handia, baina ez daukagu horren ziurtasunik.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko azaroaren 21ean: ¿Y si cae un meteorito?
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Eta meteorito bat erortzen bada? appeared first on Zientzia Kaiera.
Hortzetako pastaren kimika
Egunero pare bat aldiz erabiltzen dugu hortzetako pasta. Zuria, urdina, marraduna; menta-, limoi- edo marrubi-zaporekoa aurki ditzakegu. Aukera ugari daude eta sinplea dirudien arren zientzia asko dago produktu honen atzean.
Gizakiak aspalditik erabili izan du hortzetako pasta edo hautsa, baina aldatzen joan dira osagaiak mendeetan zehar. Egiptoarrek 3000-5000 K.A. artean hortzetako hautsa erabiltzen zuten dagoeneko, hau jasota dago Ebers Papiroan, Egiptoko medikuntza-gidan. Hauts hau idi-apatxa, mirra, arrautza-azalak eta apar-harria erabiliz prestatzen zuten. Hipokrates-ek (460 – 370 K.A.) ere hortzetako pasta erabiltzea gomendatzen zuen, arnasari usain gozoa ematen baitzion hortzak garbitzeaz gain. De Morbis Mulierum liburuan deskribatzen du pasta hiru saguren eta erbi baten buruak errez prestatu behar dela. Erromatarrek ere erretako sagu, erbi eta otso buruak, idi-apatxak, orein-adarrak, arrautza-oskola eta gatza, besteak beste, erabiltzen zituzten.

Industrializazioarekin, XVIII. mendean, hortzetako pastaren osagaiak aldatu ziren eta zabaldu egin zen erabilera. Osagaien artean honakoak aurki zitezkeen: adreilu-hautsa, azidoak, alunbrea eta apar-harria. Osagai hauek desegokiak ziren Pierre Fauchard-en arabera ‒odontologia garaikidearen aitatzat dena‒, enamela urratzen zutelako eta orban horiak sortzen zituztelako. Fauchardek errezeta berri bat proposatu zuen, ahoa garbitzeko onena gernu freskoa zela iradokiz.
Azken hamarkadetan aurrerakuntza nabariak egon dira; osagai berriak erabiltzen dira hortzak garbitzen dituztenak baina kaltetu gabe. Hortzetako pasten osagai nagusiak urratzaileak, surfaktanteak, zaporedun konposatuak, eta koloratzaileak dira, besteak beste. Horretaz gain, konposatu aktiboak dituzte, hau da, eragin terapeutikoa daukaten konposatuak.
Hortzetako pastaren osagaiakHortzetako pastaren osagai garrantzitsu bat urratzaileak dira. Osagai hauek orbanak ezabatu behar dituzte, baina hortzaren gainazala kaltetu gabe. Honela, urratzaileak aukeratzeko orduan kontuan izan behar da hortzen gogortasuna: urratzaileek hortza baino pixka bat bigunagoak izan behar dute. Hortzaren kanpoko geruza, enamela, geruza mehe eta gogorra da, eta nagusiki hidroxiapatitaz osatuta dago. Gogortasuna neurtzeko, Mohs eskala erabiltzen da: enamelak 5eko puntuazio dauka. Hortzetako pastan erabiltzen diren urratzaileek balio baxuagoak dituzte; esaterako, kaltzio karbonatoa erabiltzen da, 3 balioa daukana, edo sodio bikarbonatoa, 2.5ekoa. Konposatuaren arabera kontzentrazio desberdinak erabiltzen dira; adibidez, sodio bikarbonatoa hortzetako pastaren % 50 izan daiteke.
Beste osagai garrantzitsu bat surfaktanteak dira. Osagai hauek aparra sortzen dute eta konposatu hidrofobiko eta hidrofilikoen dispertsioa errazten dute. Tartean sodio lauril sulfatoa da gehienetan erabiltzen dena, eta polietilen glikola. Hain zuzen ere, sodio lauril sulfatoa da hortzak garbitu eta gero laranja-zukuak zapore txarra izatearen eragilea. Konposatu honek zapore gozoa antzematen duten dastamen-papiletan dauden errezeptoreak blokeatzen ditu.
Horretaz gain, hortzetako pastak zenbait gehigarri izaten ditu; esaterako, zaporedun konposatuak ‒gehienetan menta zaporea‒, edulkoratzaileak zaporea hobetzeko ‒oro har xilitola‒, eta koloratzaileak ‒gehienetan kolore zuria. Ura ere izaten dute neurri batean; disolbatzaile modura jokatzen du.
Konposatu aktiboei dagokienez, fluor konposatuak dira hortzetako pasten osagai garrantzitsu bat. Aipatu bezala, hortzen kanpoaldeko geruza gogorra enamela da. Bakterioek azido organiko bihurtzen dituzte ahoan gelditzen diren janari-hondarrak eta azido organikoek, beren aldetik, enamela eraso dezakete eta txantxarrak sortu. Ondorio hau ekiditeko, hortzetako pastei fluoruro konposatuak gehitzen zaizkie; adibidez, sodio fluoruroa edo estainu fluoruroa. Fluoruro-ioiek fluoro-apatita bihurtzen dute enamelean dagoen hidroxiapatita, eta hura erresistenteagoa da azidoekiko.
Merkatuan hortzak zuritzeko pastak aurki daitezke, eta haiek orbanak kentzeko konposatu eraginkorrak dituzte; esaterako, konposatu kimikoak edo urratzaileak. Helburu honekin zenbait kasutan hidrogeno peroxidoa gehitzen zaio pastari, baina ezegonkorra da, oso kontzentrazio baxuak erabiltzen dira eta baxua da haren eraginkortasuna.
Hortzetako pasta solidoaAzkenaldian modan jarri dira hortzetako-pasta tabletak. Pilula itxura daukate eta aldean eraman daitezke edonon erabiltzeko. Baina ez dira batere merkeak, prezioa pasta arrunta baino 5-20 aldiz handiagoa da. Tableta lehor hauek, listuarekin nahastean, pasta bat osatzen dute. Haien konposizioa pasta arruntaren oso antzekoa da: urratzaileak dituzte orbanak ezabatzeko, surfaktanteak, aglutinatzailea formulazioa mantentzeko eta gozagarriak eta zaporedun konposatuak zapore ona izan dezaten.
Zenbait kasutan pilularen ia erdia azukrea da; xilitola, sorbitola edo manitola esaterako. Azukreen xedea bikoitza da: zaporea hobetzea eta osagaiak batera mantentzea pilulan, puskatu gabe. Azukre hauek surfaktante gisa ere jokatzen dute listuarekin nahastean.
Konposatu urratzaileak dira hortzetako pilulen beste osagai garrantzitsu bat; formulazioaren erdia izan daitezke. Erabiltzen diren konposatu urratzaileen artean kaltzio karbonatoa, sodio bikarbonatoa eta zelulosa eta bere deribatuak daude.
Erreferentzia bibliografikoak:- Fischman, Stuart L. (1997). The history of oral hygiene products: how far have we come in 6000 years. Periodontology 2000, 15(1), 7-14. DOI: 10.1111/j.1600-0757.1997.tb00099.x
- Lippert, Frank (2013). An introduction to toothpaste-its purpose, history and ingredients. Toothpastes, 23, 1-14. Karger Publishers. DOI: 10.1159/000350456
- Sälzer, S.; Rosema, N. A. M.; Hennequin‐Hoenderdos, N. L.; Slot, D. E.; Timmer, C.; Dörfer, C. E.; Van der Weijden, G. A. (2017). The effectiveness of a dentifrice without sodium lauryl sulphate on dental plaque and gingivitis–a randomized controlled clinical trial. International Journal of Dental Hygiene, 15(3), 203-210. DOI: 10.1111/idh.12201
- Bettenhausen, Craig (2023) What’s inside toothpaste tablets, and can they clean your teeth effectively?. Chemical & Engineering News, 101, 22. 2023ko uztailaren 9an
Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen PMAS Saileko (Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia Saila) ikertzailea Polymaten eta Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakaslea Polymaten.
The post Hortzetako pastaren kimika appeared first on Zientzia Kaiera.
Erretako eremuen mundu mailako kartografia lortzeko algoritmoa
Irudi optikoak jasotzen dituzten bi sateliteren eta suteek eragindako tenperatura altuak neurtzen dituzten beste lau sateliteren datuak erabilita, erretako eremuen mundu mailako kartografia erresoluzio handiagoarekin lortzeko algoritmoa proposatu du UPV/EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeko Aitor Bastarrikak gidatutako argitalpen batek.
Suaren eraginpeko guneen informazio zehatza eta eguneratua lortzea funtsezkoa da airearen kalitatea, ziklo biogeokimikoak edota klima hobeto ulertzeko, eta, halaber, suteen kudeaketan laguntzeko. Erretako eremuen kartografia edo mapaketa landa-eremuen azterketatik abiatuta egiten zen duela hamarkada batzuk, baina Lurra behatzeko sateliteak jaurti zirenetik, teledetekzioa aukera praktikoagoa bihurtu zen erretako eremuak detektatzeko; izan ere, sateliteek suteen estaldura neurtzea errazten dute, bai eskualde mailan zein mundu mailan.

Sateliteen bidez kartografiatutako eremuen erronka bereizmenean dago. Izan ere, mundu mailako behaketen bereizmena txarra izan da orain arte. “Egungo produktuetan omisio-errorea oso handia da: benetan erreta dauden eremu asko ez dira erretakotzat identifikatzen”, adierazi du Aitor Bastarrika UPV/EHUko ikertzaileak. “Egungo sistemek erabiltzen duten pixel-tamaina 250 eta 500 metro artekoa da, eta ondorioz, 250 metro baino gutxiago dituzten suteak ez dituzte detektatzen. Eta ekosistema batzuetan oso ohikoak dira 250 metro baino gutxiagoko suteak.”
Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeko ikerketak algoritmo bat garatu du bereizmen handiagoa lortzeko, sei sateliteren datuak erabiliz. Alde batetik, Sentinel-2 konstelazioko bi satelite optikoek jasotako irudiak erabili dituzte: bereizmen espazial ona eskaintzen dute, 10-20 metrokoa, baina denbora maiztasun baxua, 5 egunean behin soilik lortzen direlako leku jakin bateko irudiak. Bestetik, sute aktiboak detektatzen dituzten MODIS (Terra eta Aqua sateliteetatik eratorria) eta VIIRS (Suomi NPP eta NOAA-20 sateliteetatik eratorria) produktuak baliatu dituzte: tenperatura altuko puntu horiek 375-1000 metroko bereizmen espazial baxuarekin detektatzen dituzte, baina denbora maiztasun altuarekin, datuak egunero jasotzen baitituzte.
Ehunka eremutan probatutako algoritmoaAlgoritmoak sute aktiboen detekziorako bi produktuen datuak erabiltzen ditu, horrekin irudi optikoen sistema bat entrenatuz sailkatzaile bat garatzeko, eta ondoren aurreikuspenak ematen ditu, zer erre den eta zer ez esateko. “Gainera, aurreikuspen horiek mundu osoko 576 eremutan probatu dira; alegia, algoritmoa erretako eremuak esanguratsuak diren ekosistema guztietan aztertu da”, azaldu du Bastarrikak.
Bastarrikaren taldeak garatutako algoritmoa ez da bakarra, badaude antzeko beste proposamen batzuk ere. Dena den, UPV/EHUko ikertzaileen ekarpena bereziki garrantzitsua da algoritmoa prestatuta dagoelako mundu mailan exekutatu ahal izateko eta bereizmen ertainean emaitzak lortzeko. “Badira eremu jakin batzuk bereizmen ertainarekin kartografiatzeko algoritmoak, baina gure proposamenak mundu osoko erretako eremuak kartografiatzeko balio du, bereizmen duinarekin egiten du, eta erabiltzeko prest dago.”
Aurrera begira, helburua garatutako algoritmo honekin produktu berriak sortzea izango da. “Orain arte bereizmen baxuko sistemak exekutatzeko prest dauden bezala, hemendik aurrerako helburua da bereizmen ertaineko emaitzak ematen dituzten produktuak sortzea. Bereizmen baxutik ertainera pasatzeak ekosistema batzuen identifikazioan eta klimaren azterketan sekulako ekarpena egingo luke”, baieztatu du Bastarrikak.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Erretako eremuen mundu mailako kartografia lortzeko algoritmoa proposatu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:Bastarrika, Aitor; Rodriguez-Montellano, Armando: Roteta, Ekhi; Hantson, Stijn; Franquesa, Magí; Torre, Leyre; Gonzalez-Ibarzabal, Jon; Artano, Karmele; Martinez-Blanco, Pilar; Mesanza, Amaia; Anaya, Jesús A.; Chuvieco,Emilio (2024). An automatic procedure for mapping burned areas globally using Sentinel-2 and VIIRS/MODIS active fires in Google Earth Engine. ISPRS Journal of Photogrammetry and Remote Sensing, 218, part A, 232-245. DOI: 10.1016/j.isprsjprs.2024.08.019
The post Erretako eremuen mundu mailako kartografia lortzeko algoritmoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #521
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Matematikari batek n2 + 1 segidaren faktore lehen handienen hazkuntza frogatu du, batuketaren eta biderketaren arteko harreman konplexua argitzeko. Hamar urte baino gehiagoko lana izan da, eta kurba eliptikoak eta Shimuraren kurbak erabiliz lortu du emaitza Héctor Pastén matematikariak. Bere metodoak abc aieru ospetsuan ere aurrerapausoak ekar ditzake. Aurkikuntzak 90 urtez geldirik egon den arazo batean hobekuntza nabarmena dakar, eta zenbakien teoriako beste problema batzuei aplikatzeko aukerak irekitzen ditu. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
GenetikaIkerketa genetiko batek Kaukaso-Behe Volgako populazio eneolitikoa hizkuntza indoeuroparren jatorriko katebegi galdu gisa identifikatu du. 435 antzinako DNA laginen azterketak erakutsi du populazio hori Jamna kulturaren % 80ren iturria izan zela, eta hititeren arbasoengan ere % 10eko aztarna utzi zuela. Horrek iradokitzen du K. a. 4.400-4.000 artean indo-anatolieraz hitz egiten zuten. Aurkikuntza honek indoeuropar hizkuntzen hedapena azaltzen laguntzen du, Jamna kulturaren migrazioen eta Anatoliako hizkuntzen isolamenduaren arteko harremana argituz. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Ikertzaileek Twigstats metodo berria garatu dute, antzinako DNAren azterketan zehaztasuna handitzeko. 1.556 genoma aztertuta, Ipar eta Erdialdeko Europako migrazio patroiak argitu dituzte, Burdin Arotik Bikingoen Arora arte. Datu genetikoek baieztatu dute germaniar hizkuntzadun herriak hegoalderantz joan zirela, baita alderantzizko mugimenduak ere. Eskandinaviar jatorriko arrastoak aurkitu dituzte Hego Europan, eta alderantziz. Metodo berria Europako historia genetikoa argitzeko tresna baliotsua izan daiteke. Informazioa Zientzia Kaieran.
NeurozientziaBasque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak ikerketa bat abiatu du elebitasunak adinekoen errendimendu kognitiboa mantentzen laguntzen duen aztertzeko. 60-80 urteko elebakarrak eta elebidunak aztertzen ari dira, haien garun jarduera elektrikoa elektroenzefalografiaren (EEG) bidez erregistratuz. Lehen emaitzek erakutsi dute erreserba kognitibo altua dutenek gazteagoen burmuin-ereduak dituztela. Bereziki, erreserba kognitibo baxua duten elebidunek funtzionamendu hobea dute elebakarrekin alderatuta, elebitasunak babes-efektua izan dezakeela iradokiz. Aurkikuntzak zahartze osasuntsua sustatzeko eta narriadura kognitiboaren prebentzioan laguntzeko baliagarriak izan daitezke. Datuak Gara egunkarian.
OsasunaPuzkerrak hesteetako mikrobiotaren desorekaren seinale izan daitezke. Luis Bujanda medikuak Berria egunkarian azaltzen du gasen sorrera normala dela, baina batzuetan mina eta bizi-kalitatearen jaitsiera eragin ditzaketela. Mireia Alberdi nutrizionistak mikrobiotaren oreka azpimarratzen du, disbiosiak eta Sibo sindromeak usain eta mina larritu ditzaketelako. Elikadura, estresa eta bizimoduak gasen ekoizpenean eragina dute, eta digestio osasuntsu baterako patxadaz jatea funtsezkoa da.
AstronomiaIkertzaileek Ilargiaren sorrerari buruzko teoria berri bat proposatu dute: truke bitarragatiko harrapaketa. Horren arabera, sistema bitar bateko gorputzetako bat Lurrak harrapa zezakeen. Simulazioek erakutsi dute baldintza egokietan Lurraren tamainako planeta batek Ilargiaren masa duen satelite bat harrapa lezakeela. Hala ere, teoriak hainbat zalantza uzten ditu, hala nola nola bihurtu zen orbita hain zirkularra. Metodo honek beste satelite batzuen jatorria ere azal lezake, hala nola Neptunoren Triton. Azalpenak Zientzia Kaieran.
AstrofisikaAstrofisikariek James Webb Teleskopioarekin behatu dute Esne Bidearen erdiko Sagittarius A* zulo beltzean erupzioak etengabe gertatzen direla. Emaitzak The Astrophysical Journal Letters aldizkarian argitaratu dituzte. Egunean bospasei erupzio handi eta hainbat txikiago behatu dituzte, beti borborka dagoela frogatuz. Erupzio batzuk segundo gutxi irauten duten distira ahulak dira, baina beste batzuk hilabeteak luzatzen dira. Ez da argi nola gertatzen diren, baina uste dute akrezio-diskoko perturbazio txikiek erupzio ahulak eragiten dituztela, eta bortitzenak birkonexio magnetikoen ondorioz sortzen direla. Informazioa Elhuyar aldizkarian.
IngeniaritzaBilboko Ingeniaritza Eskolak saiakuntza-banku bat eraiki du tren arrunten dinamikan dauden bi arazo nagusi aztertzeko. SIMPACK bezalako softwareak eta saiakuntza-bankuez baliatuz ardatz muntatuen ezegonkortasun dinamikoa eta bogien bihurguneetan inskribatzeko zailtasunak aztertzen ari dira. Saiakuntza-bankuak trenbide zuzeneko ezegonkortasunak eta bihurguneetako portaera simulatzeko balio du, bi motor independente erabiliz. Hasierako emaitzek ardatzen desplazamendua neurtzeko baliagarritasuna erakusten dute, baina oraindik erronka batzuk daude, hala nola, peralte praktikoa simulatzea eta bogie ezohikoak fabrikatzea. Datuak Zientzia Kaieran.
IngurumenaLeeds Unibertsitateko ikertzaileek proposatu dute Eskoziako Lur Garaietan otsoak berriro sartzea basoak berreskuratzeko eta, ondorioz, klima-larrialdiari aurre egiteko. Izan ere, orein-populazio gehiegizkoak zuhaitz berriak haztea eragozten du. 140-190 otso sartuz gero, oreinak kontrolpean egongo lirateke, eta basoek urtean milioi bat tona karbono dioxido xurgatuko lukete, Erresuma Batuaren 2050erako karbono-jaitsieraren % 5. Ecological Solutions and Evidence aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta ekoturismoaren sustapena edo oreinek eragindako istripuen jaitsiera bezalako onurak ere azpimarratu dituzte. Hala ere, otsoen babes-mailari buruzko eztabaida bizia dago Europan. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
BiokimikaHasieran serotonina ornogabeetan ikertzen zen, baina ez zen neurotransmisore gisa deskribatzen, baizik eta hodi-hertsatzaile gisa. 1952. urtean Betty M. Twarog biokimikariak hormona hau aurkitu zuen ugaztunen garunean. Aurkikuntzaren berri emateko artikulu zientifikoa 1953ko ekainean aurkeztu zuen, serotonina neurotransmisore gisa finkatzen eta neurokimikaren garapenean ekarpen handia eginez. Bere lanak antidepresibo modernoen sorrera ahalbidetu zuen, milioika pertsonen bizitza hobetuz. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Egileaz:Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.
The post Asteon zientzia begi-bistan #521 appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- …
- hurrengoa ›
- azkena »