Matematiketarako Rosetta harria
1940. urtean, André Weilek gutun bat idatzi zion bere arreba Simoneri, matematikaren hiru arloren arteko itzulpenerako bere ikuspegia azaltzeko. Laurogei urte aurrerago, gutunak esparru horretako garapen interesgarrienetako asko animatzen ditu oraindik ere.
1. irudia: André eta Simone Weil anai-arrebak ikusten dira lehen planoan. (Irudia: Kristina Armitage – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)1940. urtean, Rouengo (Frantzia) kartzelatik, André Weilek XX. mendeko matematikaren esparruko gutunik garrantzitsuenetako bat idatzi zuen. Zigorra betetzen ari zen Frantziako armadan sartzeari uko egin ziolako, eta egunak igarotzen zituen gutunak idazten, gehien bat bere arreba Simoneri zuzenduak. Simone filosofo bikaina zen, eta Londresen bizi zen.
Aurreko gutun batean, Simonek Andréri eskatu zion bere lanaz hitz egin ziezaiola. Gerra bete-betean, André erantzuna kontu handiz prestatzen hasi zen, baina arrebari ohartarazi zion puntu jakin batetik aurrera ez zuela ezer ulertuko. Hurrengo 14 orrialdeetan, matematikako “Rosetta harri” baten ideia azaldu zion. Izen bereko epigrafe famatuaren adibideari jarraikiz (testu hirueledun horri esker, Egipto zaharreko idazketa irakurri ahal izan zuten mendebaldeko irakurleek greko zaharrera itzultzearen bidez), Weilen Rosetta harriak matematikaren hiru esparru lotzen zituen: zenbakien teoria, geometria eta, erdian, eremu finituen azterketa.
Beste matematikari batzuek ere ildo bereko ideiak proposatu zituzten aurretik, baina Weil izan zen lehena ikuspegi zehatz bat azaltzen. Weilen gutunak Langlands programa iragartzen zuen, ikerketa matematiko garaikideko ekimen garrantzitsu bat.
«Elkarren artean zuzenean komunikatzen ez diren hiru mundu daude, baina badituzte zenbait ezaugarri komunean, eta esperientziak erakusten du alde bateko galdera batzuk behar bezala interpreta daitezkeela beste alde batean», azaldu du Standfordeko Unibertsitateko Brian Conradek.
Weilen Rosetta harriaren lehen elementua zenbakien teoria zen, milaka urteetan zehar ikerketa matematikoaren bihotz karismatikoa izan dena. Zenbakien teoriaren kezka nagusia zenbaki osoak dira (zenbaki oso positiboak eta negatiboak), baita horien menpeko funtzioak ere. Zenbakien teorialariak hainbat ideia saiatzen dira frogatzen, esaterako, nola banatzen diren zenbaki lehenak. Horretarako, matematikaren hainbat adar esoterikoetatik atera daitezkeen tresnak erabiltzen dituzte. Zenbaki eremu deritzen mundu matematikoak ere aztertzen dituzte, zenbaki osoen ezaugarri garrantzitsuenetako batzuk orokortzen dituztenak.
2. irudia: André Weil eta bere arreba Simone, 16 eta 13 urte zituztenean, hurrenez hurren. Itzal handiko intelektualak izango ziren biak. (Argazkia: ARCHIVO GBB/Alamy – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)Weilen Rosetta harriaren beste aldean geometria zegoen. Arreta berezia eskaintzen zien esfera, donut eta pretzel [korapilo formako galleta gaziak] moduko formei, eta hainbat zulorekin imaginatzen zituen. Forma horiek bi aldagaiko ekuazio batzuen soluzioen multzoak dira (adibidez, y2 = x3 − x). Pentsa daiteke soluzio horiek zenbaki «konplexuak» direla, zati «erreal» bat (egunerokoak erabiltzen ditugun zenbaki motak) eta zati «irudikari» bat (zenbaki erreal bat bider -1en erro karratua, i idazten dena) dutenak.
Forma horiek ekuazio polinomikoen soluzioen enkarnazio geometrikoa direnez, horien egitura ustia daiteke analisi konplexuko teknikak erabilita (kalkulu mota bat). Egitura horrek teoremak frogatzeko tresnen multzo aberatsagoa eskaintzen du, zenbakien teorialarientzat berehala eskuragarri daudenez haratago.
Hori guztia bazekiten XIX. mendeko matematikariek, eta horrexek berak bultzatu zituen pentsatzera zein ederra izango litzatekeen“Riemann-en gainazalei” buruzko teoremak frogatzea (horiek ziren Weili interesatzen zitzaizkion formak), eta ondoren zenbakien teoriako teoremetara itzultzea. Baina gauza eder asko ez dira egia, eta Weilek arrebari aitortu zion Riemannen gainazalen teoria “zenbakien teoriarengandik urrunegi” dagoela. “Erabat trabatuta egongo ginateke bien arteko zubirik ez balego”.
Orduan, gutunaren mamira iritsi zen: zubi hori eraikitzen ari zen. Hau idatzi zuen: “Jainkoak deabrua gainditzen duela bezain argi: zubi hori existitzen da”.
3. irudia: Robert Langlands, datarik gabeko argazkia. Langlandsek gutun bat idatzi zion Weili, eta gutun horrek ikerketa matematikoaren belaunaldi baten norabidea markatuko zuen. (Argazkia: Ikasketa Aurreratuen Institutuko artxiboa – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)Weilek proposatzen zuen zubia eremu finituen azterketa zen. Eremu horiek zenbaki txikien sistemak dira, eta zenbaki errealen antzekoak dira problemarik gabe funtzionatzen duten bi eragiketa dituztelako, hala nola batuketa eta biderketa. Hori lortzen dute erloju batean dagoen forma zirkularra hartuta, orduen zenbaki lehen batekin. Esan dezagun 11 orduko erloju bat daukagula; 10:00etan puntuan hasita eta bi ordu gehituta, 13:00etan kokatuko ginateke. (Erlojuko orduen kopuruak zenbaki lehena izan behar du zatiketan behar bezala funtziona dezan).
Eremu finituen esparruan, zenbakien teoria eta geometria fusionatzen hasten dira.
Hori nola gertatzen den ikusteko, har dezagun bi elementu dituen (zero eta bat) eremu finitu bat. Polinomioak idatz ditzakezu (batuketak eta berretzaile finkoko produktuak konbinatzen dituzten funtzioak) eremu horretan. Horien koefizienteek (aldagaien aurreko zenbakiak) zero edo bat izan behar dute, bi polinomio hauetan bezalaxe:
A adibidea: 0x3 + 1x2 + 0x + 1
B adibidea: 1x3 + 1x2 + 1x + 0
Polinomio horiek soilik beren koefizienteak erabiliz isla daitezke, zero eta bat zenbakien kate bat osatuta. Osoko zenbakiak ere zero eta bat zenbakien kate gisa kodifika daitezke, forma bitar deritzonean, non 2 zenbakiaren berreturen batuketa gisa adierazten diren. 1 zenbakia 20ren baliokidea da, 2 zenbakia 21ena, 3 zenbakia 21 + 20 litzateke, eta berdin hortik aurrera. Horrenbestez, bitarrean, lehenengo hiru osoko zenbakiak 00, 01 eta 10 dira.
Bi elementudun eremu finituan, polinomioen osoko zenbakiak eta koefizienteak zero eta bat zenbakien kate gisa daude kodetuta. Hortaz, A adibideko polinomioa 5 zenbakiari dagokio, bere koefizienteak —0101— 5 zenbakia direlako, sistema bitarrean idatzita. Eta B adibideko polinomioa 14 zenbakiari dagokio, 1110 bitarrean idatzita 14 zenbakia baita.
Eta antzekotasun gehiago ere badituzte. Osoko zenbaki batzuk lehenak ere badira. Horrek esan nahi du horien faktore bakarrak 1 eta zenbakia bera direla; beste batzuk, aldiz, konposatuak dira, eta horrek esan nahi du zenbaki lehen anitzen produktu direla. Eta lehenen eta konposatuen arteko bereizketa hori bera polinomioei aplikatzen zaie. Polinomio batzuk beraiek bakarrik faktorizatu ezin diren polinomio txikiagoen produktu gisa faktoriza daitezke. Polinomio txikiago horiek, polinomio laburtezin izenekoak, polinomioen munduko zenbaki lehenak dira. Eta, gainera, polinomio laburtezinen koefizienteek zenbaki lehenak kodifikatzen dituzten kate bitarrak osatzen dituzte. Polinomioak hertsiki lotuta daude geometriaren ideiekin, baina bi elementudun eremu finituan horren aritmetika osoko zenbakien aritmetikarekiko analogo lauso bilakatzen da; eta, testuinguru horretan, aukera berri bat irekitzen du: intuizio bisuala aplikatu ahal izatea zenbakien teoriako kontuetan.
Arrebarentzako gutunean, Weilek adierazten zuen “zenbaki eremuekiko analogia hain dela zurruna eta agerikoa non ez dagoen aritmetikan funtzio eremura [edo eremu finitura] ia hitzez hitz itzul ezin daitekeen argudio edo emaitzarik”. Hala ere, aitortzen zuen Riemannen gainazalen eta eremu finituen arteko distantzia handiagoa zela. Polinomioak eremu finituetan adieraz eta faktoriza daitezke, baina analisi konplexuaren makineria osoa eremu finituetara inportatzea beste kontu bat da erabat. Hala ere, Weilek hala esaten zuen, konfiantzaz: «Distantzia ez da hain handia; azterlan paziente baten bidez ikasiko dugu egunen batean batetik bestera joaten». Eta, orduan, bere anbizio handia deskribatzen zuen:
Nire lana testu hirueledun bat deszifratzean datza [hortik dator Rosetta harriarekiko simila]; hiru zutabeetako bakoitzean bat ez datozen zatiak besterik ez ditut; ideiaren bat dut hiru hizkuntzetako bakoitzean; baina, aldi berean, badakit zutabe batetik bestera esanahi alde handiak daudela, eta aurretik ezerk ez nauela horretarako prestatu.
Hori guztia 1940. urtean izan zen. Bada, hurrengo hamarkadan zehar, Weilek bere Rosetta harriaren eremu handiak deszifratu zituzten metodo zehatzak garatu zituen. Eta zenbakien teoriaren eta geometriaren arteko harremanari buruzko ideia batzuk ere landu zituen. Horietatik ausartena Riemannen hipotesiaren eremu finituaren bertsio bat izan zen, matematiken esparruko gai ireki garrantzitsuenetako bat, besteak beste zenbaki lehenak nola banatzen diren jorratzen duena. (Bertsio horren kasu dimentsiobakar bat frogatu zuen).
4. irudia: Pierre Delignek 1973an frogatu zuen zenbakien teoriaren eta geometriaren arteko harremanari buruzko Weilen ideia garrantzitsuenetako bat. (Argazkia: Ikasketa Aurreratuen Institutuko artxiboa – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)«Intuizioa nabaria den zerbaitetan bihurtzen duzunean, orduan bilakatzen da baliotsu», esan du Kaliforniako Unibertsitateko (Berkeley) Edward Frenkelek.
Berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran eta hirurogeiko hamarkadaren hasieran, Alexander Grothendieckek funtsezko ekarpenak egin zituen geometria aljebraikoaren esparruan Weilen ideiak frogatu nahian. 1973an, Pierre Delignek Grothendiecken teknikak erabili zituen Weilen Riemannen hipotesiaren eremu finituen bertsioa frogatzeko maila goreneko dimentsioetan.
Weilen Rosetta harriak ere Langlands programaren aurrerapenaren ardatz izan da. Proiektu handi horren helburua da matematikaren eremu ezberdinak bateratzea. Proiektua 1967an abiarazi zen, Robert Langlands fundatzaileak ideia kontatu zionean gutun bidez Weili. Bertan esaten zion zenbakien teoriaren barruan ikerketa adar ezberdinak konektatu nahi zituela. Aurrerago, 1980ko hamarkadaren hasieran, Alexander Beilinsonek eta Vladimir Drinfeldek Langlands programaren bertsio geometriko bat definitu zuten, Langlandsen ikuspegia zabalduta zenbakien teoriaren eta geometriaren arteko konexioa barne hartzeko.
Azken urteetan, Langlands programako aurrerapen garrantzitsuenetako batzuetarako, Robert Langlandsen zenbakien teoriaren jatorrizko ikuspegiaren eta ondoko bertsio geometrikoaren arteko itzulpenak behar izan dira. Itzulpen horiek Weilen Rosetta harrian ezarritako ikuspegiei jarraitzen diete.
2021ean, Laurent Farguesek eta Peter Scholzek Fargues-Fontaineren kurbari buruzko lana amaitu zuten. Hori Langlands programaren bertsio geometrikoaren eta zenbakien teoriaren bertsioaren arteko lehen itzulpen zuzenetako bat izan zen. Azken hilabeteetan, Frenkel, Pavel Etingof eta David Kazhdan adituek bi bertsioen arteko lotura zorroztu dute. Langlandsen programa geometrikoa Langlandsen hasiera bateko ikuspegiarekiko kontsistenteagoak ziren terminoetan birdefinitu zuten, bien arteko itzulpen zehatzagoa lortuta.
Frenkelentzat, Weilen Rosetta harriaren inpaktuak matematikak egiteko modua laburbiltzen du. Ideia berri batzuk jada ezagunak ditugun beste gauza batzuen logikaren ondorioz sortzen dira. Eta beste batzuk, aldiz, —gehienetan garrantzitsuenak— erabat orijinalak dira.
“Ezerezetik datozen ideiak dirudite; ez dira hain nabarmenak eta ezin dira hain erraz arakatu”, azaldu du Frenkelek. Weilen ideia, aldiz, ametsa baino gehiago zen. «Guztiok daukagu amets bat», esan du Frenkelek. “Weilek, gutunean amets hori artikulatzeaz gain, gerora zehatza den zerbaitetan bihurtu zuen”.
Jatorrizko artikulua:Kevin Hartnett. (2024). A Rosetta Stone for Mathematics, Quanta Magazine, 2024ko maiatzaren 6a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:
The post Matematiketarako Rosetta harria appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #495
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
IngurumenaUPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak antibiotikoak topatu ditu barazkietan eta zizareetan. EAEko zenbait puntutan hartu dituzte laginak, eta mikrobioen aurkako medikamentuak eta haien eratorriak topatu dituzte. Horretarako, metodo bat garatu dute mikrobioen aurkako medikamentuen gama zabal bat identifikatzeko kontzentrazio oso baxuetan. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Basoak lagungarri izan daitezke ibai-arroetan ur gehiago eta osasungarriagoa lortzeko. Hala dio Nahia Gartzia Bengoetxea Neikerreko ikertzaileak. Arroetan dauden landare espezieek edo landatzen direnek zuzenean eragiten dute ibaietan. Espezie batzuk ur gehiago xurgatzen dute, eta zuhaitz helduek ur gutxiago xurgatzen dute gazteek baino. Bestalde, uraren kalitatean ere eragiten dute. Datu guztiak Berrian.
KlimatologiaEz da ur geza nahikoa isuriko Europako klima epeltzen duen Ipar Atlantikoko itsaslasterra geldiarazteko. Pentsatu izan da klima-aldaketagatik urtzen ari diren izozmendiek AMOC itsaslasterra geldiaraziko zutela, eta horrek, Europako klima hoztea eragingo zuela. Azken ikerketen arabera, ur geza horren askatzeak ez du halako eraginik izango. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
OsasunaUr gogorrek (bereziki kaltzio-kontzentrazio handia dutenek) giltzurruneko kalkuluak sor ditzaketela hedatuta dago. Alabaina, ideia hori ez da zuzena, eta hala frogatu dute hainbat ikerketa epidemiologikok. Hala ere, prebentzio-neurri gisa, medikuek gomendatu ahal diete aurretik giltzurrunean harriak izan dituzten pazienteei konposizio espezifikoko urak edateko. Azalpenak Zientzia Kaieran.
ArkeologiaIruña-Veleiako aztarnategian zirku erromatar bat aurkitu dute. LiDAR teknologiarekin eta drone bidez hartutako irudiei esker egin du aurkikuntza Arabako Arkikus enpresak, eta 280 metro luze eta 72 metro zabal lituzkeen egitura baten aztarnak izango lirateke. Zirkuaz gain, erromatar garaiko beste hainbat eraikinen, kaleren eta bestelako azpiegituren aztarnak izan daitezkeenak ere ageri dira irudietan. Datu guztiak Berrian eta Alea aldizkarian.
ArgitalpenakKoloretako intsektuak liburu ilustratuak intsektuak beste era batera ikusten lagunduko digu. Marrazketa tresna bat da inguruan dugunari gehiago erreparatzeko, eta haren bidez, biodibertsitatea ezagutaraztea eta haren zaintza sustatzea da Maddi Astigarraga Bergara egilearen helburu nagusia. Liburu honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #495 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #502
Giza DNAren historia, nola ez, oso konplexua da. Antzina deabruzko jabetzei eratxikitzen zitzaizkien zenbait afeziok gure genoman txertatutako jatorri birikoa izan dezakete. Ancient viral DNA appears connected to some psychiatric conditions, Rosa García-Verdugok idatzia
Arau orokor gisa, tenperatura zenbat eta altuagoa izan, orduan eta substantzia baten kantitate handiagoak disolba ditzake urak. Zer gertatzen da lurpeko uren tenperatura igotzen bada klima aldaketa dela eta? Rising temperatures may impact groundwater quality
Gure gustu eta lehentasunetan arrazionalak garela pentsatzea gustatzen zaigu, baina benetan oso manipulagarriak gara, alderdi politikoen komunikazio kabineteek eta enpresetako marketin sailek dakiten bezala. Gaur egun, sare sozialetan guk geuk manipulatzen dugu gure buura, zikloaren itxiera. The people we like can influence the connections our memory makes, Ines Bramao, Marius Boeltzig eta Mikael Johansson.
Materia arrunta gehiegi dagoen unibertsoko eremuak dira gaindentsitate kosmikoak. Izarrak sortzen ari diren hauts askoko galaxietan bilatzea da hauek topatzeko modu bat. DIPCko jendea Dusty star-forming galaxies can trace cosmic overdensities
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #502 appeared first on Zientzia Kaiera.
Eta dinosauroak ez balira desagertu?
Zer gertatuko litzateke dinosauroak duela 66 milioi urte desagertu ez balira? Agian tresnak diseinatu eta erabiltzeko gai lirateke batzuk.
Duela 66 milioi urte, 18km-ko diametroko asteroide bat erori zen Lurrera. Baina erori beharrean, ibilbidea aldatu eta Lurra jo ez balu, gaur egungo bizitza oso desberdina litzateke.
Dinosauroek, oro har, ez zuten burmuin-bolumen handiegia haien gorputzarekin alderatuta, baina baziren ezaugarri hori zuten batzuk baita ere. Eta posible da, desagertu izan ez balira, dinosauro espezie adimendunen batek eboluzionatu izana.
Ugaztunok, ordea, ez genuke lan erraza izango.
Eta…? ataleko bideoek galdera honi eta beste batzuei heltzen die, eta hainbat egoera hipotetiko zientziaren bidez azalen dira bertan. Atal hau Órbita Laika (@orbitalaika_tve) eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arteko elkarlanaren emaitza dira.
The post Eta dinosauroak ez balira desagertu? appeared first on Zientzia Kaiera.
Koloretako intsektuak
Agian noizbait, edo akaso askotan, entzun izan duzu polinizatzaileak eta polinizazioa bera garrantzi handikoak direla. Ziur gainera polinizatzaileetan pentsatzean erleren baten irudia etortzen zaizula burura. Eta arrazoi duzu, erleak polinizatzaile bikainak dira. Hala ere, Euskal Herrian bertan eta mundu osoan zehar polinizatzaile ugari daude eta guztiak dira beharrezkoak!
Irudia: “Koloretako intsektuak” liburuaren azala. (Ilustrazioa: Maddi Astigarraga Bergara. Iturria: Sua Edizioak)Baina polinizatzaile hauek ezagutu ezean… ezin zaindu! Askotan inguruari erreparatu ere egin gabe pasatzen gara gure herrietako kale, belardi eta parkeetatik. Ez dugu horretarako astirik hartzen.
Zenbat hego ditu erle batek? Eta zenbat hanka kakalardoak? Marigorringoak ba ahal du antenarik?
Eskuan arkatza eta papera hartu eta inguruan duguna marrazten hasten garenean gehiago erreparatzen diogu parean dugunari, eta hobeto behatzen dugu. Hala, erleen hegoetan, kakalardoen hanketan eta marigorringoen antenetan hobeto fixatzeko balio du marrazketak. Gainera ez ahaztu komunikazio-tresna oso indartsua dela irudia.
Polinizatzaileak eta inguruko biodibertsitatea zaintzeko behar beharrezkoa dugu berauek ezagutzea. Beraz, liburuxka honen bidez, intsektuak beste era batera begiratu eta ikusteko asmoz, ingurua bera marraztera gonbidatzen zaitugu.
Zabaldu begiak, erne belarriak, jakinminez beterik gogoa, eta papera eta arkatza eskuan, has dezagun abentura.
Marraztu ezagutzeko, ezagutu zaintzeko!
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Koloretako intsektuak
- Egilea: Maddi Astigarraga Bergara
- Argitaletxea: Sua Edizioak
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2024
- Orrialdeak: 72
- ISBNa: 978-84-8216-869-2
Sua Edizioak: Koloretako intsektuak
The post Koloretako intsektuak appeared first on Zientzia Kaiera.
Ur gogorrak eta giltzurruneko kalkuluak
Giltzurruneko kalkuluak, «giltzurruneko harri» gisa ezagunagoak, osasun-arazo oso ohikoa dira. Zenbatesten da populazio osoaren % 10 inguruk pairatuko dituela momenturen batean gernuan zenbait konposaturen kristalizaziotik abiatuta pixkanaka sortzen diren harritzar mingarri horiek.
Harrien tamaina eta forma oso aldakorra da. Egun, tamainaren munduko marka duen giltzurruneko harria Sri Lankako paziente batean detektatu zen 2023an. Izan ere, ezinezkoa zen harri koskorra ez detektatzea: 13,4 zentimetro luze zen eta 800 gramoko pisua zuen.
Kasu gehienetan (% 75 inguru), giltzurruneko harriak kaltzioz osatuta daude. Eta, neurri txikiagoan, azido urikoz, kristinaz edo estrubitaz (magnesioa eta amonio fosfatoa) osatzen dira. Faktore anitz daude tartean harri horiek sor daitezen: gernu oso azidoa edo oso basikoa eragiten duten pH-aren alterazioak, gernu infekzioak edo hiperparatiroidismoa bezalako gaixotasunak, askotariko arrazoirengatik —arrazoi genetikoak, ingurumenekoak edo bizimoduari lotutakoak, kalkuluak sortzeko inhibitzaileen defizita…— gernuan konposatu jakin batzuen kontzentrazio handiak, eta abar.
Irudia: gizartean zabalduta dago kaltzio-kontzentrazio handia duten urek giltzurruneko kalkuluak sor ditzaketenaren ideia. (Argazkia: Andres Siimon – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)Eta, txorrotako ura?Kultura popularrean oso hedatuta dago edaten dugun uraren konposizio mineralak baduela eragina giltzurrunetan harriak agertzeko. Uste horren arabera, ur gogorrak kontsumitzeak (bereziki kaltzio-kontzentrazio handia dutenak) denborarekin kalkuluak sor daitezela lagunduko luke.
Espainiako Mediterraneoko arroan (Andaluzia, Murtzia, Valentziako Erkidegoa eta Katalunia) bereizgarria da edateko ura, hain zuzen ere, herrialdeko beste eskualde batzuetan baino kaltzio ehuneko handiagoa baitu. Mineral horrek eta kloroak zapore bizia eta bereizgarria ematen diote bertako urari, eta jendeak ez du bereziki maite (horren erakusle dira supermerkatuetan erosten diren ur mineraleko txanbilak eta txorrotetan instalatutako ur-iragazkiak). Hala ere, zapore desatseginaz harago, txorrotako ur gogorrak benetan areagotzen al du giltzurruneko harriak sortzeko arriskutsua?
Galderari erantzuteko, lehenik eta behin kontuan izan behar dugu Europako kontsumitzeko uren kalitatea eta konposizioa zorrotz araututa dagoela giza-osasuna babesteko hainbat legeren bidez. Beste parametro askoren artean, kaltzio karbonatoaren (CaCO3) kontzentrazioa kontrolatzen da; hori da uraren gogortasuna definitzen duen faktore nagusia. Hau da Europako edateko urean baimendutako kontzentrazio handiena: 500 mg/l. Aintzat hartzen badugu Espainian banatzen den edateko ur guztiaren % 0,5 besterik ez dela gizakiok ez edateko modukoa, esan daiteke estatuko ur gogorrenek ezin dutela gogorregiak izan. Osasunaren Mundu Erakundeak argitaratutako txostenen arabera, kaltzio karbonatoa adierazitako mugen barruan duten urek ez lukete gizakiontzako kalte ondoriorik sortu behar.
Kalitatea baino gehiago, kantitateaAdierazitakoaz harago, hori garrantzitsua bada ere, beste datu batzuek ere islatzen dute giza-kontsumorako edateko uraren gogortasunak ezer gutxi edo ezer ez eragiten duela herritarrek giltzurrunetan harriak izateko arriskuan. Alde batetik, hainbat ikerketa epidemiologikok ez dute loturarik ikusten, edo lotura hori oso ahula da, ur gogorraren kontsumoaren eta giltzurruneko kalkuluak izateko arriskua areagotzearen artean.
Hala ere, ikusi da ur gogorragoak edateak lotura duela gernuan zitrato, magnesio eta kaltzioaren iraizpen handiagoarekin. Hala ere, horrek ez du per se esan nahi kalkuluak izateko arrisku handiagoa dagoenik. Baina, medikuek, prebentzio-neurri gisa, aurretik giltzurrunean harriak izan dituzten pazienteei gomendatu ahal diete konposizio espezifikoko urak edateko, izan dituzten harrien motaren arabera, nahiz eta ebidentzia zientifikoak badioen lotura hori ahula dela. Pazienteen % 50 inguruk harriak izaten dituzte berriro 5-10 urtera, eta horregatik jokatzen da kautelaz.
Laburbilduz, oraindik ere ez dago argi ur gogorrak kontsumitzeak arrisku osagarririk ekartzen duenik biztanleria orokor osasuntsuan giltzurruneko kalkuluak sortzeko. Arriskuren bat egongo balitz, ikerketen arabera, arrisku txikia izango litzateke, eta ez oso garrantzitsua, aintzat hartzen baditugu giltzurruneko harriak agertzeko eragiten duten faktore guztiak. Nolanahi ere, adostasun sanitario eta zientifikoa dago kalkuluak agertzeko arriskua murrizteko ageriko eragina duen jarraibide honetan: egunero ur asko edan behar da gernu produkzioaren bolumena areagotzeko eta gernua gehiegi kontzentra dadila saihesteko. Zentzu horretan, gomendatzen da aurretik giltzurruneko harriak izan dituzten pazienteek egunero gutxienez 2 litro ur edan ditzatela. Hau da, ez da hainbeste uraren kalitatea kontuan izan beharrekoa, baizik eta hartzen dugun uraren kantitatea, harrien agerpena prebenitzeko edo harriak berriro sor daitezela saihesteko.
Egileaz:Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko urtarrilaren 15ean: Aguas duras y cálculos renales.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Ur gogorrak eta giltzurruneko kalkuluak appeared first on Zientzia Kaiera.
Ez dirudi izozmendiek itsaslasterra geldituko dutenik
Azken glaziazioan Ipar Atlantikoan gertatutako izozmendien askatzea eta klima-aldaketagatik gertatuko dena alderatuz, ondorioztatu dute oraingoan ez dela ur geza adina isuriko Europako klima epeltzen duen Ipar Atlantikoko itsaslasterra geldiarazteko.
1. irudia: izozmendiek ur geza askatzen dute ozeanoan eta, kopuru handietan isuriz gero, ozeanoaren gazitasuna aldatu dezakete, eta zirkulazio termohalinoan eragin. (Argazkia: Alexander Hafemann – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)Behin baino gehiagotan aipatu dugu hemen zeinen erronka eskerga den epe erdirako eguraldia zein, oro har, joera klimatikoak aurreikusten saiatzea, zinez zaila baita izaera ez-lineala duten sistema horietan parte hartzen duten aldagaiak neurtzea, zein beren arteko elkarrekintzen ondorioak iragartzea.
Mundu-mailako sistema klimatikoan eragiten duten faktoreen artean, azken urteotan mediatikoenetakoa da Atlantikoaren Hegoaldeko Iraultze Zirkulazioa —gehienetan AMOC gisa ezagututa, ingelesezko siglen arabera—. Itsaslaster hori funtsezkoa da gaur egungo egoera klimatikoa ulertzeko, tartean Mendebaldeko Europako klima epeltzen duelako. Funtsean, itsaslasterrak azaleko ur epela iparraldera eramaten du, eta hegoaldera bueltatzen du hondoko ur hotza.
Mundu-mailako zirkulazio termohalinoren zati garrantzitsua da itsaslaster hau, eta, horregatik, sistema klimatiko globalaren funtsezko osagarria da. Ipar Atlantikoa da itsaslasterraren erdigunea, bertan azaleko ura hoztu eta hondoratzen baita. Horrek abian jartzen du hein handi batean klima arautzen duen uhal garraiatzailea.
Aipatutako interes mediatikoa, hein handi batean, itsaslaster horretan asaldura garrantzitsu bat gertatuz gero sor litezkeen muturreko ondorioen inguruan biltzen da. Izan ere, denetariko agertokiak marraztu izan dira sistemaren balizko kolapsoaren bueltan, kliman sortu litezkeen aldaketak direla eta. Ohi bezala, hedabide askotan egindako tratamendua oso urrun dago errealitatetik, baina horrek ez du esan nahi adituen artean kezka eta eztabaida ez dagoenik; horregatik, etengabekoak dira gaiaren bueltan egiten diren ekarpen zientifikoak.
Azkena Science aldizkarian mahai gainean jarri dute. Oraingoan, balizko kolapso horren gaineko espekulazioa baino, ikertzaileek paleoklimatologiara jo dute, iragana ulertuz oraina hobeto konprenitu nahian. Argitaratutako zientzia-artikuluan, gaur egungo egoeraren eta azken glaziazioan gertatu ziren Heinrich gertaeren arteko “lehen alderaketa” egin dute bi zientzialarik.
Aipatutako gertaera horiek azken glaziazioan jazo ziren, Groenlandiako glaziarretatik izozmendiak Ipar Ozeano Atlantikora askatu zirenean, itsaslasterrek eramanda. Izozmendi horiek urtu zirenez gero, Ipar Atlantikora ur geza asko askatu zen, eta, horien eragina zein izan zen ebaztea arras zaila izanik ere, zientzialariek uste dute garaiko klimaren gorabeherekin korrelazioak egon zitezkeela.
Santa Barbara Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) doktoretza-ondorengo ikertzaile den Yuxin Zhou ahalegindu da aurreikusten gaur egungo joerek AMOC itsaslasterrean izan litzatekeen ondorioak. Emaitzen arabera, klima-aldaketa dela eta egiten diren aurreikuspenetan oinarrituta, izozmendien askatzea erdi-mailako Heinrich gertaera baten parekoa izango dela aurreikusi daiteke.
2. irudia: zirkulazio termohalinoaren bitartez, mundu mailako itsaslasterren sistema eratzen da, eta eragin klimatiko handia du. (Irudia: NOAAk argitaratutako bideo batetik lortutako irudia. Iturria: NOAA)Dena dela, Groenlandiako izotz-geruzak atzera egiten duen heinean, izozmendien askatzea ez da luzatuko itsaslasterra aldatzeko adina denboran, eta horrek, nolabait, efektua ahuldu lezake. Hots, ikertzaileak uste du izozmendien askatzea ez dela nahikoa izango oraingo itsaslasterra guztiz eraldatzeko.
Gauzak hala izanik ere, eta Lur-sistemaren konplexutasuna aintzat hartuta, ondorio orokorra ez da baikorra, argi duelako ere ur gezaren askatzea —ondorengo gazitasunaren aldaketarekin— eta beroketa globala bera arriskutsuak direla itsaslaster horren egonkortasunerako.
Zientzialariak dio AMOC itsaslasterra partez ahulduta zegoela izozmendiekin gertaera hauek izan aurretik. Gaur egun, baina, ur laster hori oso indartsua dela azaldu du eta, haren esanetan, hori bada “lasaitzeko motibo”.
“Ikerketa honek adierazten du oraindik badela itxaropena, eta ideia hori buruan jardun beharko genuke”, adierazi du zientzialariak prentsa-ohar batean.
Sedimentuen azterketaAzken glaziazioan, duela 16.000 eta 68.000 urte bitartean bereziki ahulduta egon zen itsaslasterra. Batez ere Ipar Amerika gehiena bere gain hartzen zuen Laurentiar izotz-geruzatik askatu ziren izozmendiek ur geza asko sartu zuten ozeanoan. Horretaz konturatu zen Hartmut Heinrich geologoa, eta harengatik datorkio izena pasarte geologiko horri.
Besteak beste, itsas hondoko sedimentuetan pilatutako torio-230 isotopoaren analisian abiatu zen Heinrich. Isotopo honen maila neurtuta, gutxi gorabehera ondorioztatu daiteke zenbat sedimentu pilatu ziren garai bakoitzean. Horren arrazoia da itsas uretan dagoen uranioaren desintegrazioaren ondorioz sortzen dela torioa, eta, uretan ondo disolbatzen ez denez, modu konstantean pilatzen dela hondoan. Gero eta sedimentu gehiago egonda, torioaren kontzentrazioa gutxitu egiten da. Hala, gero eta torio gutxiago atzemanda, orduan eta sedimentu gehiago pilatu zirelako adierazlea da.
Urarekin edo haizearekin alderatuz, geologoek jakin badakite izozmendiek sedimentu gehiago eramaten dituztela itsasora. Hala, funtsean, torio gutxiago aurkitzeak esan nahi du izozmendi gehiago jaso zituela itsasoak.
Erreferentzia bibliografikoa: Zhou, Yuxin; McManus, Jerry F. (2024). Heinrich event ice discharge and the fate of the Atlantic Meridional Overturning Circulation. Science 384, 983-986. DOI:10.1126/science.adh8369 Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Ez dirudi izozmendiek itsaslasterra geldituko dutenik appeared first on Zientzia Kaiera.
Antibiotikoak barazki eta zizareetan
UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak EAEko zenbait puntutan mikrobioen aurkako medikamentuak eta haien eratorriak topatu dituzte barazkietan eta zizareetan.
1. irudia: Irantzu Vergara bere lantokian. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)Irantzu Vergara UPV/EHUko ikertzaileak aldi berean zenbait antibiotiko-familia analizatu ahal izan ditu barazkietan eta zizareetan. “Antibiotikoak eta antimikrobianoak pertsonengan eta animalietan modu masiboan erabiltzearen ondorioz, substantzia horiek espero ez zen ingurumeneko laginetan agertu dira”. Gorputzean guztiz metabolizatzen ez diren medikamentuak ingurumenera heltzen dira zenbait bidetatik (adibidez, simaurretik, ongarritarako erabiltzen diren araztegietako lohiaetatik, etab.). Handik zoruetara iragazten dira, eta laboreetara eta zizareetara ere igaro daitezke, zeinak elikatze-kateko oinarria baitira.
Antibiotikoak nonahiVergarak azaldu duenez, “Ez da frogatu epe laburrean toxikoak direnik gizakientzat, baina dietaren bidez antibiotikoak nahi gabe kontsumitzeak arazoak eragin diezazkieke alergikoei, eta epe luzeko esposizioaren eraginak ez dira ezagunak oraindik. Hala ere, kutsadura horren ondoriozko arazo nagusia bakterio multirresistenteak ugaltzea da; zaila da haien aurkako tratamendu efektiboa lortzea infekzioak daudenean, eta urtean 33.000 heriotza eragiten dituzte Europan”.
Arazo horri aurre egiteko, barazkietan eta zizareetan antimikrobiano-kontzentrazio oso baxuak detektatzen dituzten bi analisi-metodo garatu ditu IBeA ikerketa taldeak: Vergarak dioenez, “Simaurrean medikamentu-kontzentrazio handiak izatea espero da, baina substantzia horiek barazkietara edo zizareetara igaro ondoren, kontzentrazio askoz baxuagoak espero dira. Beraz, kontzentrazio horiek detektatuko dituzten metodo sentikorrak behar dira”.
Analisi oso zehatzaVergarak Euskal Herriko Unibertsitateko laborategietan garatu dituen metodoei esker, mikrobioen aurkako medikamentuen gama zabal bat zehaztu daiteke, baita haiek eraldatzetik eratorritako zenbait produktu ere. Ikertzaileak azaldu duenez, “medikamentuak jatorrizko forman iraitz daitezke, edo eraldatuta iraitz daitezke, metabolizatu ondoren (gure organismoaren barruan aldaketa batzuk izan ondoren). Gainera, konposatu sentsibleak dira oso, eta tenperaturaren, hezetasunaren, argiaren eta bestelako faktoreen ondorioz, ingurunean oso erraz degradatu eta eraldatzen dira”.
Metodo horiek aurrerapen garrantzitsuak ekarri dituzte. Izan ere, “orain arte ez genuen barazkietan eta zizareetan antimikrobiano-gama zabal bat aldi berean aztertzeko metodo analitikorik; gainera, ez ziren zentratzen eraldatutako produktuen analisian. Antibiotiko-familia bakoitzak propietate fisiko-kimiko desberdinak ditu, eta analisi-metodo berak haiek guztiak analizatzeko balio izatea oso garrantzitsua da. Gainera, detekzio-muga nahiko baxuak lortu ditugu. Horri esker, substantzia horien kontzentrazio oso baxuak detekta ditzakegu ingurumenean.
Barazkien laginak EAEko zenbait puntutanBarazkien kasuan, ikerketa taldeak hauen laginak hartu ditu Euskal Herriko zenbait puntutan, bai nekazaritza ekologikoko laginak, bai nekazaritza ez-ekologikokoak. Gaineratu duenez, “Gure helburua zen antibiotikoen arazoa EAEn zenbaterainokoa zen neurtzea. Egindako analisi-azterketako datuek erakutsi dutenez, mikrobioen aurkako medikamentuak eta haien eratorriak daude barazkietan: egiaztatu dugu antimikrobianoak eta haien degradazio-produktuak igarotzen direla zorutik barazkietara. Hau da, antimikrobianoen kutsadura arazo bat da Euskadin”.
Zizareei dagokienez, esposizio-kondizio kontrolatuetan egin dute saiakuntza; hau da, “diseinatutako azterketa bat da, eta laborategian egin da zizareak erabiliz. Egiaztatu nahi genuen, zoru kutsatuak izanez gero, zoru horietan elikatzen diren zizareek beren organismoetan antimikrobianoak metatu zitzaketen”. Azterketan ikusi da antimikrobiano horiek organismoan metatzen direla eta orain arte erregistratu ez diren mota askotako produktu eraldatu ugari sortzen dituztela.
Antimikrobianoekin eta antifungikoekin bizitzenVergarak nabarmendu duenez, beharrezkoa da “diziplina anitzeko ikuspegiarekin ikertzen jarraitzea ildo honetan, arazo honek gizarte guztiari eragingo baitio datozen hamarkadetan”. Ura tratatzeko instalazioek gaur egun ez dute tratamendu guztiz eraginkorrik farmako-hondakinak erabat ezabatzeko, eta ur horiek ureztatzeko erabiltzen dira askotan. Ikertzaileak adierazi duenez, “Antimikrobiano ugari sartzen da etengabe ingurunean, eta bakterioak haiekin bizitzera ohitzen eta haien aurkako erresistentzia sortzen ari dira. “Hala, kasu batzuetan ez dago bakterio multirresistenteekin kutsatzen diren pertsonentzako tratamendu eraginkorrik. Garrantzitsua da ikertzen jarraitzea, arazoa minimizatzeko eta epe laburrerako eta ertainerako soluzioak bilatzen hasteko”.
Informazio osagarria:Azterketa hau Irantzu Vergara egiten ari den doktore-tesikoa da. Euskal Herriko Unibertsitateko IBeA ikerketa taldean egiten ari da tesia, eta Ailette Prieto eta Maitane Olivares dira zuzendariak.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Barazki eta zizareetan antibiotikoak detektatzeko metodo berritzaileak garatu dituzte.
Erreferentzia bibliografikoak:Vergara-Luis, I.; Rutkoski, C. F.; Urionabarrenetxea, E.; Almeida, E.A.; Anakabe, E.; Olivares, M.; Soto, M.; Prieto, A. (2024). Antimicrobials in Eisenia fetida earthworms: A comprehensive study from method development to the assessment of uptake and degradation. Science of The Total Environment, 922. DOI: 10.1016/j.scitotenv.2024.171214
Vergara-Luis, I.; Jin, M.; Baez-Millán, J.C.; González-Gaya, B.; Ijurco, I.; Lacuesta, M.; Olivares, M.; Prieto, A. (2024). Multitarget and suspect-screening of antimicrobials in vegetables samples: Uptake experiments and identification of transformation products. Food Chemistry, 444. DOI: 10.1016/j.foodchem.2024.138643
The post Antibiotikoak barazki eta zizareetan appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #494
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumeak zientzianMaría Fernanda Campa Uranga geologo ikertzailea izateaz gain, aktibista ezaguna izan zen Mexikon. IPN-en ingeniaritza geologikoko titulazioa lortu zuen lehen andrea izan zen, eta Mexikoko lurpeko aberastasunen, bereziki petrolioaren, defendatzaile amorratua izan zen. Bere lurraldeko geologiari buruzko 200 artikulutik gora argitaratu zituen, eta Lurraren Zientzien Ikerketarako Mexikoko Erakundea sortzen lagundu zuen. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
OsasunaAlboko Esklerosi Amiotrofikoaren aurkako mekanismo bat aurkitu dute. Gaitzaren abiapuntu ohikoenetakoa C9orf72 genearen mutazioa da, eta proteina egokia egin beharrean, kate oso luzeak sortzen dira. Ikertzaileek RNA modu artifizialean sartu dute zeluletan eta kate horiekin lotu eta toxikotasuna murrizten dela frogatu dute. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
IngurumenaIratiko oihana biosferaren erreserba izendatu du Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak. Eremuak 537 kilometro koadroko azalera izango du, eta Zaraitzu eta Aezkoa ibarrak hartuko ditu barne. Izendapen horren helburua izango da tokian tokiko neurriak sustatzea garapen jasangarria bultzatzeko, biodibertsitatea babesteko eta klima-aldaketara egokitzeko. Azalpenak Berrian.
ZoologiaIntsektuek eta beste animalia batzuek badute kontzientzia, biologo eta filosofoen talde nabarmen baten arabera. Animalien Kontzientziari buruzko New Yorkeko Adierazpena idatzi dute hori azaltzeko, eta kontzientzia fenomenikoan oinarritzen dituzte haien argudioak. Azaldu dutenez, ez da beharrezkoa entzefalo eta nerbio-sistema konplexuak izatea kontzientzia izateko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Pirinioetan 83 hartz daude gaur egun, eta urtean %10 egiten du gora populazioak. Hala azaldu du FIEP taldeko Gerard Caussimontek. Hala ere, mendilerroaren erdialdean dibertsitate genetiko eskasa dute hartzek, eta mendebaldean, Nafarroa artean, kumeak izan dituen eme bakarra dago gaur egun. Azalpenak Berrian.
BiokimikaZelulen migrazioa nola zuzentzen den aurkitu du EHUko ikerketa talde batek. Zelulen migrazioa ohiko prozesua da, eta ondorioztatu dute haren bidez, zelulan gertatzen diren prozesu biokimiko-metabolikoek unitate funtzional baten modura jarduten dutela. Hau da, zelulen migrazioa izaera sistemikoko prozesu autoarautuek gobernatzen dutela. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
AnatomiaAurpegiek informazio asko ematen digute, eta aurreiritzi askoren iturri ere badira. Paul Ekmanen ikerketen arabera, aurpegiak zazpi adierazpen unibertsal ditu: haserrea, nazka, beldurra, harridura, zoriona, tristura eta mespretxua. Denok ulertzen ditugu adierazpen horiek, eta globalizazioak ez du eraginik izan horretan. Azalpenak Zientzia Kaieran.
BotanikaSyntrichia caninervis goroldioa hautagai egokia da Marteko baldintzetan bizitzeko. Goroldio espezie hori basamortuetan hazten da, hala nola Tibeten, Antartikan eta eremu polarretan, eta ikerketa berri batek adierazi duenez, Marten bizirauteko gaitasuna izango luke. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
MikrobiologiaH5N1 birusa ugaztunen artean transmititu daiteke behi-esnearen bidez. Hegazti-gripearen birusa isolatu dute Mexiko Berrian kutsatutako behi baten esnetik, eta sagu eta hudoetan ugaltzen dela egiaztatu dute. Lehen aldia da hegazti gripearen birus batek, hegazti zelulen hartzaileekin ez ezik, ugaztunen zelulekin ere bat egiteko gaitasuna duela. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
ArgitalpenakZomorroak. Oihana etxe barruan liburuan gurekin etxean bizi diren zomorroak ezagutuko ditugu. Ez baita beharrezkoa urrutiko oihan batera bidaiatzea modu guztietako izakiak ikusteko. Jakin-egarri direnen jakin-mina bildumaren parte da liburua eta Berta Paramo da egilea. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #494 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #501
Eta zelula ama neuronalak gaztetzeko modurik balego? José R. Pinedaren Rejuvenating senescence of neural stem cells
James Webb teleskopioak inoiz ikusi ez ditugun gauzak ikusteko aukera ematen du. The Pillars of Creation seen as never before
Entzefaloaren azterketan mugarri izan zen, teknika ez-inbaditzaile nagusiaren, elektroentzefalogramaren, agerpena. 100 years of EEG have transformed neuroscience, Erika Nyhus
Zientzia-fikziozko eleberri izena dute biomorfoek. Baina errealitatean existitzen dira, eta DIPCko jendeak jakin du haien hazkundea ez dela pH-aren araberakoa. The morphogenetic mechanism of different biomorphs is independent of pH
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #501 appeared first on Zientzia Kaiera.
María Fernanda Campa Uranga, geologo iraultzailea
María Fernanda Campa Uranga geologoaren bizitza Mexikok markatu zuen, bere jaioterriak. Bere ikerketekin ezagutzera eman zuen Amerikako lurralde horren bilakaera geologikoa, eta bereziki Zenozoiko garaikoa, gaur egungo petrolio hobietako asko sortu ziren garaia, orain 65 milioi urte.
Horretaz gain, Campa Urangaren bizitza “gerra zikina” deritzonak markatu zuen, botereak mugimendu sozial eta politikoen kontra jokatutakoak, Campa Uranga oso aktibista ezaguna izan baitzen mugimendu horietan. María Fernanda bere herrialdeko emakumezko lehen ingeniari geologikoa izan zen, eta, berarentzat, zientzia eta iraultza eskutik hartuta joan ziren beti.
1. irudia: Campa Urangak hamahiru urterekin Bigarren Mundu Gerrako heroien nobela errusiarrak irakurtzen zituen, eta haren ama Consuelorekin joaten zen langileen mitinetara. (Irudia: Amelia Rivaud Morayta. Iturria: Antropología)María Fernanda Campa, La Chata ezizenez, 1940ko martxoaren 22an jaio zen, baliabide urriko familia oso berezi batean: haren aita, Valentín, trenbidean lan egiten zuen lider sindikal bat zen, eta hamaika aldiz espetxeratu zuten horregatik; ama, Consuelo, feminista, sufragista eta komunista nabarmena zen, eta horren ondorioz, bera ere egon zen preso, zehazki Belengo kartzela izugarrian. Borroka giro horrek txikitatik markatu zuen María Fernanda neskatoa. Hamahiru urterekin, Bigarren Mundu Gerrako heroien nobela errusiarrak irakurtzen zituen, eta Consuelorekin joaten zen langileen mitinetara.
Hamasei urte zituela, Mexiko Hiriko 1. Eskola Bokazionalean matrikulatu zen (IPN-Institutu Politekniko Nazionalari atxikia), doako prestakuntza hartzeko. Berak gerora aitortu zuenez, ez zuen gehiegi pentsatu geologia aukeratu aurretik. Elkarrizketa batzuetan esan zuen bere asmoa arkitektura egitea zela, baina azken momentuan ez zuela bere burua ikusi mahai baten aurrean planoak marrazten, eta erabaki zuela inork nahi ez zuen beste gai horrekin saiatzea. “Neuk aukeratu nuen geologia. Baina gure lehen irakasleak lortu zuen denok jarraitzea, oso ona baitzen”.
Urte gatazkatsuak ziren, ordea. Mugimendu sozialak bor-bor zebiltzan borrokan alderdi bakarraren –Alderdi Iraultzaile Instituzionala, PRI– boterearen kontra. 1956an Mexikoko armadak IPN hartu zuen, eta La Chata izan zen ezkerreko ikasleen suhartasuna hauspotu zuen gazteetako bat; hain zuzen ere, beste ikaskide batzuekin batera, ikasleen kazeta bat sortu zuen, behin baino gehiagotan kartzelara eraman zuena, geroago oroituko zuenez. Aita preso politikoa izanik, nerabeak oso garbi zeukan bere klase-kontzientzia, eta horrek ikasteko denbora kentzen zion. 1957an lurrikara batek campusa suntsitu zuen, eta horren ondorioz, aktibismo politikorako denbora gehiago izaten hasi zen. Hamazazpi urte zituenerako Mexikoko Alderdi Komunistako kidea zen, eta buruzagi gazte nagusietako bat izatera ere heldu zen. Hori dela eta, Kubara joan zen 1960an. Haren oroitzapen kutunenetako bat zen bidaia hartan Che Guevara eta Fidel Castro ezagutu izana.
Lehen ingeniari geologoaHamaika zereginetan sartuta ibili arren, María Fernandak 1958 eta 1962 urteen artean amaitu zuen karrera, aginduta zegoen bezala, eta kalifikazio onekin, gainera. IPN-en ingeniaritza geologikoko titulazioa lortu zuen lehen andrea izan zen. Horren ostean Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan (UNAM) matrikulatu zen masterra egiteko. Hantxe bertan doktoratu zen, zientzietan, 1977an. Handik urte askotara bere arloko irakasle bihurtu zen erakunde horretan bertan, eta horretan jardun zuen erretiroa hartu arte.
Hastapenetako urteetara itzulita, ikasketak amaitu eta gutxira, Pemex petrolio enpresa nazionalak kontratatu zuen geologo aitzindaria. Pemex 1938an sortua zen, Mexikoko presidente Luis Cardenasek agindutako desjabetzearen ostean. Campa Urangak hamarkada batzuk eman zituen enpresa horretan, eta bertan deskubritu zuen, politikarekiko grinaz gain, harriekikoa ere bazuela. Esan izan da La Chatak, bere printzipioen arabera, zentzu ideologiko bat eman ziola lanbideari, beti azpimarratzen baitzuen estatuaren erakunde batentzat egiten zuela lan, eta beti egon baitzen haren pribatizazioaren kontra.
1960ko hamarkadaren amaieran, 1968ko mugimenduetan inplikatzen ari zenean, beste iraultza bat etorri zen, baina kasu horretan planetaren zientzia-geologikora. Lehendabizi, plaken tektonikaren teoria eta kontinenteen jitoarena ezagutu ziren, eta, handik gutxira, eremu estratigrafikoen teoria, Ipar Amerikaren eta beste lurralde batzuen sorrera azaltzen zuena. Horrek liluratu egin zuen María Fernanda, eta buru-belarri sartu zen Mexikoren hegoaldeko eremuak ikertzen. Mesozoikoaren (duela 250 eta 66 milioi arteko garaiaren) eta hurrengo aroaren, Zenozoikoaren, egituraz eta bilakabideaz egindako lanek izen handia eman zioten. Haren ikerketei esker, Mexiko hegoaldeko goiko geruza bost eremu estratigrafikotan banatu zen: Oaxaka, Mixteka, Guerrero, Xolapa eta Juarez. Eredu horrek indarrean jarraitzen du gaur egun ere. Campas Uranga zientzialari emankorra izan zen inondik ere, 200 artikulutik gora argitaratu izanak erakusten duenez.
“Emakumea eta komunista izan behar”Mexikoko Petrolioaren Erakundea izeneko fundazioarekin kolaboratu zuen, eta haren ekarpena erabakigarria izan zen bertan Hobi Geologiaren Laborategia sortzeko. Hala ere, ez zen libratu jarrera matxistekin lehiatu behar izatetik. Eguneroko ogia izaten zen bere nagusien ahotik “emakumea eta komunista izan behar” bezalakoak entzutea.
2. irudia: Campa Uranga IPN-en ingeniaritza geologikoko titulazioa lortu zuen lehen andrea izan zen, eta petrolio enpresa batentzat egin zuen lan. (Irudia: Alfredo Domínguez. Iturria: Proceso)Urteekin, Mexikoko lurpeko aberastasunen, bereziki petrolioaren, defendatzaile amorratua egin zen, eta giltzarria izan zen Lurraren Zientzien Ikerketarako Mexikoko Erakundea sortzeko. Aldi berean, geologiako lizentziatura Mexikoko bi unibertsitatetan ezartzearen alde aritu zen, 1985ean sortu ziren arte. 2008an Mexikoko Kongresu Legegilera gonbidatu zuten La Chata, babestu beharreko lurpeko aberastasunez hitz egiteko. Bere hitzaldian planetaren ezagutza handia plazaratu zuen eta mexikarren ondarearen defentsa sutsua egin zuen. Gerora, auzitara eraman zuten, adierazpen batzuetan bere unibertsitateko errektore ohiari interes-gatazkak leporatzeagatik. Beste batean Moskura gonbidatu zuten, geologoen nazioarteko kongresu batera, eta berari eta Valentina Tereshkova kosmonauta sobietarrari enkargatu zieten kongresuari hasiera ematea. Valentinak, espaziotik, eta María Fernandak, lurretik.
María Fernanda Campa Uranga 2019ko urtarrilaren 17an hil zen, 78 urte zituela. Mexikoko LXXV. legegintzaldiko diputatuek omenaldia egin zioten eta Mexikoko hedabide askok eman zuten albistea. Hil-oharretan askok esan zuten “historiarekin eta bere garaiarekin konprometitutako emakume bat” izan zela.
Erreferentzia bibliografikoak:- Raúl A. Rubio Cano (2019). Muere la doctora en geología María Fernanda Campa Uranga, la Chata Campa, activista social, científica comprometida con su tiempo e historia…, Demócrata Norte de México, 2019ko urtarrilaren 22a.
- Semblanza de la Dra. María Fernanda Campa Uranga (1940 – 2019), Maya de Geociencias, 8-9.
- Amelia Rivaud Morayta eta Mauricio Sánchez Álvarez. (2013). Una mujer de verdad: lectura y militancia de María Fernanda Chata Campa, Antropología(96), 76-89.
- María Fernanda Campa Uranga, Wikipedia
Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia- eta ingurumen-dibulgazioan espezializatutako kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 2an: María Fernanda Campa Uranga, la geóloga revolucionaria.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post María Fernanda Campa Uranga, geologo iraultzailea appeared first on Zientzia Kaiera.
Zomorroak. Oihana etxe barruan
Ez da beharrezkoa urrutiko oihan batera bidaiatzea modu guztietako izakiak ikusteko. Zure etxea oso garbi egon arren, bertan ere zomorro asko bizi dira.
Ez dituzte fakturak ordaintzen eta ez daude zure etxeko helbidean erroldatuta, baina zurekin bizi dira, ohean lo egiten dute eta komunean zehar ibiltzen dira. Zilarrezko arraintxoa, etxeko eulia edo armiarma hankaluzea dira gure ohiko pisukideetako batzuk.
Irudia: “Zomorroak. Oihana etxe barruan” liburuaren azala. (Iturria: CSIC Argitaletxea)Zomorroak. Oihana etxe barruan liburua Jakin-egarri direnen jakin-mina bildumaren parte da. Jakin-minak bultzatuta egiten dira lorpen zientifiko handienetako asko “zergatik?” eta “nola?” galdetu zutenen jakin-minak bultzatuta. Bilduma honen xedea da ezagutza transmititzea, entretenitzea, eta, batez ere, jakin-egarri diren buruak inspiratzea.
Berta Paramok Arkitektura ikasi zuen, baina haurrentzako ilustrazioko master bat egin zuen eta hark norabidea aldatu zion. Paramok dio ilustratzeak pentsatzen eta mundua ikusteko duen modua adierazten laguntzen diola. Ez-fikzioan espezializatuta dago eta ikertzen dituen gai guztietan esploratu gabeko bideak egitea gustatzen zaio. Bere lehen liburu ilustratua, Cambio Climático (Litera Libros), World Illustration Awards sarietan aukeratu zen. Testuen eta ilustrazioen egile gisa idatzi zuen lehen liburuak, Fluidotecak (Litera Libros), Opera Primaren Aipamen Berezia jaso zuen Bologna Ragazzi Awards sarietan, Robotlandek (Zahorí Books) APIMen ez-fikziozko saria jaso zuen, eta Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak (CSIC eta Zahorí Books) The BRAW Amazing Bookself-en hautatu zuten.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Zomorroak. Oihana etxe barruan
- Jatorrizko izenburua: Bichos. La jungla en casa
- Egilea: Berta Páramo
- Berrikuste zientifikoa: Laura López-Mascaraque
- Itzulpena: Lete Itzulpenak
- Argitaletxea: CSIC Argitaletxea / Zahorí
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2024
- Orrialdeak: 50
- ISBNa: 978-84-00-11270-7
CSIC Argitaletxea: Zomorroak. Oihana etxe barruan
The post Zomorroak. Oihana etxe barruan appeared first on Zientzia Kaiera.
Aurpegia
Begitartea. 1. Aurpegia. 2. Aurpegiera.
Aurpegia. 1. Giza-buruaren aurreko aldea, kopetaren hasieratik kokotsaren puntaraino.
Aurpegiera. 2. Gogo-aldarte baten adierazpena begitartean
RAE hiztegia.
Aurpegian erraz ezagutzen ditugu sexua, familia eta arraza, eta subjektuaren gutxi gorabeherako adina. Haurretan oso goiz garatzen den trebetasuna da. Aurpegiko adierazpenek komunikatzen dituzten emozioak berehala deszifratzeko gaitasuna ere goiztiarra da, gutxienez oinarrizko emoziotzat hartzen direnak (poza, beldurra, harridura, haserrea, tristura, atsekabea eta mespretxua). Trebetasun horien garapenaren abantaila ebolutiboak argi daude, baita aurrean dugun pertsonaren egoera fisikoa, psikologikoa eta intelektuala ezagutzera garamatzatenak ere. Gaixotasun larriak argi eta garbi ikusten dira itxuran, baita osasun arazo txiki asko ere…
Belén Altuna «Una historia moral del rostro» («Begitartearen historia moral bat») liburuan, Aurre testuak, Valentzia, 2010, 297 or., 30. or.
1. irudia: aurpegiak informazio asko ematen du beste gizabanako batzuk pentsatzen edo sentitzen ari direnaren inguruan. (Argazkia: Alessandro Bellone – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)UPV/EHUko Belen Altunak Una historia moral del rostro izeneko 2010eko liburuan berrikusten duenez, gure espezieko hitzik gabeko komunikazioari buruzko ikerketak aurpegiko eta gorputzeko emozioen adierazpenaren azterketan oinarritzen dira batez ere. Begitarteek funtsezko garrantzia dute giza interakzio sozialetan. Gizabanako baten sexua, adina, ezagutza eta nortasuna zehazteko informazioa emateaz gain, begitarteak ere erabiltzen dira beste gizabanako batzuk pentsatzen edo sentitzen ari direnari buruzko informazioa biltzeko.
Belen Altunak gaineratzen duenez, hitzik gabeko komunikazioan gehien interesatzen zaigun aditua Paul Ekman da, Kaliforniako Unibertsitateko ikertzailea (San Frantzisko). Ekmanek bere ikerketak joan den mendeko hirurogeiko hamarkadan hasi zituen. Garai hartako adituen arabera, emozioen adierazpena kontaktu sozialaren bidez ikasten zen eta, beraz, pentsatzen zen talde bakoitzaren kulturaren arabera aldatu egiten zela. Ekmanek, aldiz, aurkitu zuen adierazpena unibertsala zela. Bitxia da hori izan zela Charles Darwinen proposamena La expresión de las emociones en los animales y en el hombre (Emozioen adierazpena gizakiarengan eta animaliengan) liburuan, duela mende eta erdi argitaratua, 1872an.
Oviedoko Unibertsitateko Tomás Fernándezek azpimarratzen duenez, Darwinek, norbanakoaren barne-egoera ezagutzeko, adierazpenaren azterketa bilatu zuen bere testuaren aurkezpenean, emozioen azkerketaren ordez. Izan ere, emozioak aztertzeko eta kuantifikatzeko zailagoak dira. Zehazki, emozioak errazago detektatzeko eta bere liburuan aurkezteko metodo erabilgarri eta deskribatzailea aurkitu zuen emozioen adierazpenaren azterketarekin.
Ekmanek, bere lehen ikerketetan, hainbat kulturatako pertsonei argazkiak erakutsi zizkien, zehazki Txile, Argentina, Brasil, Japonia eta Estatu Batuetakoei, eta argazkietako aurpegiek adierazten zuten emozioa identifikatzeko eskatu zien. Eta gehienak bat zetozen. Ondorioak berresteko eta egungo globalizazioaren ondorioz pertsona horiek izan zitzaketen kontaktuak saihesteko, Papua Ginea Berriako tribuetan inkesta errepikatu zuen, kanpoaldearekin kontaktu gutxi zeukatenak. Emaitzak berdinak lortu zituen, 1970ean argitaratutako berrikuspenean azaldu zuenez.
Ekmanentzat zazpi dira aurpegiaren adierazpen unibertsalak: haserrea, nazka, beldurra, harridura, zoriona, tristura eta mespretxua. Batzuetan sei bakarrik aipatzen ditu, mespretxua baztertuta, nahiz eta beste autore batzuek zortzi edo gehiago ere aipatzen dituzten. Belen Altunak adierazten duen moduan, interesgarria da Estrasburgoko Unibertsitateko David Le Bretonek 1999an argitaratu zuen emozioen adierazpenen kopuruari buruzko eztabaida.
Ekmanek azpimarratzen du emozioak haurtzaroan agertzen direla eta aldez aurretik zehaztutako prozesu bati jarraitzen diotela. Zoriona, irribarrearekin, eta harridura, jaiotzean sortzen dira, nazka eta tristura lehen egunetik hiru hilabetera, besteekiko irribarrea hilabete eta erditik hiru hilabetera, eta beldurra bost eta bederatzi hilabete bitartean.
2. irudia: Ekmanen ustetan, zazpi dira aurpegiaren adierazpen unibertsalak: haserrea, nazka, beldurra, harridura, zoriona, tristura eta mespretxua. (Argazkia: Alexander Krivitskiy – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)Londresko St. Mary’s Unibertsitateko Kate Lawrenceren taldeak 6 eta 16 urte bitarteko 478 haur eta gazterekin aurpegiko emozioak ezagutzeko saiakerak egin zituen. Aztertutako emozioak zoriontasuna, harridura, beldurra, atsekabea, tristura eta haserrea izan ziren. Adinean aurrera egin ahala, lehenengo lau emozioetan gehikuntzak aurkitu zituzten, eta tristuran eta haserrean, berriz, aldaketa gutxi edo batere ez. Tarte guztietan, neskek mutikoak gainditu zituzten.
Cambridgeko MITeko (Massachusetts) Katharina Dobs eta bere taldeak esperimentu bat egin zuten 16 boluntariorekin; zortzi emakume eta zortzi gizon ziren, eta batez besteko adina 25.9 urtekoa zen. Pertsonen 16 argazki erakutsi zitzaizkien, eta haien generoa, adina eta nortasuna asmatzeko eskatu ziteten. Hori lortzeko behar zuten denbora garuneko magneto-entzefalografiaren bidez neurtu zen. Azkar lortu zuten, segundo erdi baino gutxixeagoan. Generoa eta adina nortasuna baino denbora gutxiagoan asmatu zituzten. Eta, esperimentua errepikatzean, generoa eta nortasuna azkarrago asmatu zituzten aurpegi ezagunetan.
3. irudia: genomaren bi eskualdek harreman sendoa zuten pertsona bakoitzari egozten zitzaion erakargarritasunarekin. (Argazkia: Thea Hoyer – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)Eta, jakina, aurpegia behatzean erakargarritzat jotzeak eragina du, baina oraindik ere ez da erraza pertsona bakoitzarengan antzematen den erakargarritasuna ezartzea. Pennsylvaniako Estatu Unibertsitateko Julie White eta David Putsek Wisconsineko institutuetan graduatutako 12 ikasleko talde batean ikertu zuten gaia 1957an. 2006 eta 2007an datu genetikoak jaso ziren, eta 80 behatzailek 2004 eta 2008 bitartean erakargarritasuna neurtu zuten 1957an institutuaren urtekarian argitaratutako argazkietan.
Genomaren hainbat eskualde pertsona bakoitzari egozten zaion erakargarritasunarekin lotu zituzten: bi eremuk harreman sendoa izan zuten eta beste hamarrek nahiko sendoa. Alde horietako batzuk sexuari lotuta zeuden. Genomaren alde horiek zerikusia zuten larruazalaren kolorearekin, gorputz-masaren indizearekin, altuerarekin, gerri-aldaken proportzioarekin eta aurpegiaren morfologiarekin. Adibidez, ahoaren zabalerak aurpegiaren erdigunearekiko edo kopetaren zabalerarekiko eragina du.
Gainera, espero zen moduan, zalantza sortu zen ea aurpegia erakargarriagoa izan daitekeen ala ez, gehiago edo gutxiago ezkutatzen badugu, adibidez, maskara daramagunean; eta hori ondo dakigu COVID-19aren pandemiagatik. Cardiffeko Unibertsitateko Oliver Hies eta Michael Lewisek 2022an argitaratutako ikerketaren arabera, maskarak aurpegiaren erakarpena areagotzen du, aurpegiko beste estalkiek baino gehiago.
Ikerketa horretan 18 eta 24 urte bitarteko Psikologiako emakumezko 42 unibertsitate ikaslek hartu zuten parte, eta 18 eta 30 urte bitarteko 40 gizonen erakargarritasuna behatu eta puntuatu zuten. Maskara kirurgikoa edo oihalezko maskara zeramaten batzuek, edo aurpegiaren aurrean liburu bat zeukaten edo ez zuen inolako estalkirik. Emaitzek erakutsi zuten aurpegiak erakargarriagotzat jo zirela maskara kirurgikoz estalita zeudenean, eta zertxobait erakargarriagoak oihalezko maskaraz estalita zeudenean, estalita ez zeudenean baino. Agian, behatzailearen garunak ikusten ez duen aurpegiaren zatia berreraikitzen du; eta beti modu positiboan.
Bizarrak ere aurpegiaren zati bat estaltzen du gure espezieko arretan, eta bikotekidea bilatzeko lehian, erakargarritasun handiagoa izatearekin ere lotu daiteke. Salt Lake Cityko Utahko Unibertsitateko E.A. Beseris eta bere lankideek ematen dioten azalpenaren arabera, horrela, aurpegi biluzia duten gizonekin alderatuta, aurpegia maskulinoagotzat eta sozialki menderatzailetzat jotzen da, eta jokabide oldarkorragoarekin erlazionatzen da.
Horregatik, eta aurpegi erakargarriaren balizko berreraikitzeagatik onartzen da edertasuna behatzailearen adimenean dagoela. Beste adibide bat da Clintongo Hamilton Eskolako (New York) Ravi Thiruchselvam eta bere taldearen ikerketa, 18 eta 21 urte bitarteko ikasleekin egin zutena —19.6 urteko batez besteko adina eta 11 emakume—. Parte-hartzaileen ustez, irudietan, aurpegi erakargarrienak, aldez aurretik, erakargarriak direla esan zaienak dira. Erakargarriak espero badituzte, erakargarriak dira.
Tokio Unibertsitateko Atsunobu Suzuki eta bere lankideen ikerketa hipotesi honetatik abiatzen da: pertsonek ez dituzte modu berean ondorioztatzen besteen nortasuna eta trebetasunak aurpegietatik abiatuta. Baina, esan bezala, ondorio horrek eragin handia du, askotan justifikatu gabea, beste pertsona batzuek mundu errealean duten jokabideari buruzko erabakiak hartzean. Zazpi ezaugarri psikologikori buruzko erabakiek, inkestatuarekin bat datozenean, ondorio indartuak dakartzate, denboran zehar mantentzen direnak eta beste pertsona batzuk epaitzeko balio dutenak. Horri aurpegian oinarritutako ezaugarrietatik abiatutako ondorio esaten diote. Behatutako aurpegietan bilatzen dituzten zazpi ezaugarriak lehia, moraltasuna, adimena, nagusitasuna, agresibitatea, emozioak eta egiazkotasuna dira.
Emaitzek adierazten dute gizabanako batzuek jarrera egonkorra dutela denboran, aurpegiko itxuratik abiatuta besteen hainbat ezaugarriri buruzko ondorioak ateratzeko.
4. irudia: pertsonek ez dituzte modu berean ondorioztatzen besteen nortasuna eta trebetasunak aurpegietatik abiatuta. (Argazkia: Renè Müller – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)Amaitzeko, Belen Altunarekin hildakoen aurpegia errepasatuko dugu edo, atalak dioen bezala, “ni tienen rostro los muertos” (“hildakoek aurpegirik ere ez dute”). Gorpuek ez dute aurpegirik; izan ere, gizakiek bizirik zeudeneko aurpegia gordetzen dute ezagutu zituztenen oroimenean. Jada ez daude bizirik, gorputza bakarrik geratzen da eta, horregatik, aurpegia oihal batekin estaltzen zaie: ez du begiratzen jada eta, beraz, ez da begiratu behar.
Lehenik eta behin, begiak itxi behar zaizkie. Ezin dute ikusi, baina bizidunek ez dute hildako baten begirada hila jasaten. Han jada ez dago inor. Baina begiak itxita izateak lasaitzen gaitu; agian ez da hil eta lo dago.
Gaubeilan hildakoa janzten eta makillatzen duenak esku hartzen du. Adierazpen neutroa eta baketsua bilatzen da, nahiz eta askotan ez den lortzen eta frustrazioa iristen den bizirik ezagutu zutenentzat. Hildakoaren aurpegia maskara bat da, hotza, zuria, zurruna, geldia.
Erreferenzia bibliografikoak:Altuna, B. (2010). Una historia moral del rostro. Pre-Textos, 297 or.
Beseris, E.A. et al. (2020). Impact protection potential of mammalian hair: testing the pugilism hypothesis for the evolution of human facial hair. Integrative Organismal Biology, (1)2. DOI: 10.1093/iob/obaa005.
Darwin, C. (1998). La expresión de las emociones en los animales y en el hombre. Alianza Editorial. Madril. 390 or.
Dobs, K. et al. (2019). How face perception unfolds over time. Nature Communications, 10, 1258. DOI: 10.1038/s41467-019-09239-1.
Ekman, P. (1970). Universal facial expressions of emotion. California Mental Health Research Digest, 8, 151-158.
Fernández, T.R. (1998). Itzultzailearen aurretiazko gogoetak. Charles Darwin, “La expresión de las emociones en los animales y en el hombre”, Alianza Editorial. Madril. 7-34.
García Etxebarria, Koldo (2020). Los componentes genéticos del atractivo, Cuaderno de Cultura Científica, 2020ko urriaren 12a.
Hies, O. eta Lewis, M.B. (2022). Beyond the beauty of occlusion: medical masks increase facial attractiveness more than other face coverings. Cognitive Research: Principles and Implications, 7, 1. DOI: 10.1186/s41235-021-00351-9.
Hu, B. et al. (2019). Genome-wide association study reveals sex-specific genetic architecture of facial attractiveness. PLOS Genetics, 15(4). DOI: 10.1371/journal.pgen.1007973.
Lawrence, K. et al. (2015). Age, gender, and puberty influence the development of facial emotion recognition. Frontiers in Psychology 6, 761. DOI: 10.3389/fpsyg.2015.00761
Le Breton, D. (1999). Las pasiones ordinarias. Antropología de las emociones. Nueva Visión Argitaletxea. Buenos Aires, 254 or.
Pérez Iglesias, Juan Ignacio (2020). Giza bizarra, Zientzia Kaiera, 2020ko irailaren 16a.
Suzuki, A. et al. (2022). Generalized tendency to make extreme trait judgements from faces. Royal Society Open Science 9, 220172. DOI: 10.1098/rsos.220172.
Thiruchselvam, R. et al. (2016). Beauty is in the belief of the beholder: cognitive influences on the neural response to facial attractiveness. Social Cognitive and Affective Neuroscience, 11(12), 1999-2008. DOI: 10.1093/scan/nsw115.
White, J.D. eta Puts, D.A. (2019). Genes influence facial attractiveness through intricate biological relationships. PLOS Genetics. DOI: 10.1371/journal.pgen.1008030.
Informazio gehigarria:Francisco R. Villatoro (2014). El sesgo a la izquierda al reconocer un rostro, Cuaderno de Cultura Científica, 2014ko urtarrilaren 17a.
Lorena Fernández Álvarez (2020). Sombra aquí, sombra allá: reconocimiento facial discriminatorio, Cuaderno de Cultura Científica, 2020ko abenduaren 24a.
Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko apirilaren 6an: El rostro.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Aurpegia appeared first on Zientzia Kaiera.
Alboko Esklerosi Amiotrofikoa hesitzeko zirrikitu berria
AEA genetiko ohikoena eragiten duen molekula baten aurrean tranpa gisa funtzionatzen duen mekanismoa aurkitu du zientzialari talde batek.
1. irudia: Alboko Esklerosi Amiotrofikoan gertatzen den heriotza neuronala murrizteko estrategia berria garatu du nazioarteko ikertzaile talde batek. (Argazkia: Josh Appel – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)Garuneko neuronei eta bizkarrezur muinari eragiten dion neuroendekapenezko gaitza da AEA Alboko Esklerosi Amiotrofikoa. Gaixotasunaren ondorioz, muskuluen kontrola galtzen da. Tamalez, momentuz sendabiderik ez duen gaitz larria da, baina horri aurre egiteko bideen bila ari dira mundu osoko ikerketa zentroak.
Norabide horretan, Alboko Esklerosi Amiotrofikoan —gurean, ELA gisa ere ezaguna, gaztelaniazko siglen arabera— heriotza neuronala murrizteko estrategia berria garatu du nazioarteko ikertzaile talde batek. Science Advances aldizkarian argitaratutako zientzia-artikuluan aurkeztutako emaitzek erakutsi dute RNA sekuentzia zehatzak zeluletan sartuta, gaitzak jotako neuronen heriotza gutxitzen dela. Organismo-eredu batean —ozpin-eulietan— ez ezik, giza-ehunetik eratorritako neuronetan ere frogatu dute mekanismoa.
Ikerketa hori aurkeztu duten zientzialariek azaldu dutenez, C9orf72 genearen mutazioa da gaitzaren abiapuntu ohikoenetakoa; Espainian familia bidez jasotako AEAren %33 inguru, eta noizbehinkako AEAren %5 inguru horretan abiatzen dira, EHUk zabaldutako prentsa-ohar baten arabera.
Zehazki, polyGR izeneko dipeptidoak dira horren guztiaren abiarazleak. Karga positibo asko duten peptido horiek sortzen direnean, toxiko bilakatzen dira neurona motorretan. Hortaz, zientzialariek horietan jarri dute arreta, eta tranpa baten modura funtzionatzen duen amarru bat asmatu dute. Gaitza sortzen den bitartean dipeptidoak erakartzen dituen RNAren sekuentzia imitatu dute, dipeptido tokikoak bertan txertatu daitezen.
CFM Materialen Fisika Zentroko (CSIC-UPV/EHU) kimikari Ivan Sassellik parte hartu du ikerketan. Besteak beste, Bartzelonako Unibertsitatearekin batera gauzatutako lanean, peptidoen alorrean egin du Sassellik ekarpena. Izan ere, normalean molekula horiekin egiten du lan, eta, batez ere interesatuta dago peptidoek sortzen dituzten egituretan. “Azterketa horietatik hartutako irakaspenak normalean materialen garapenera bideratzen ditut”, argitu du kimikariak. Baina oraingo ikerketan, osasunaren alorrera bideratu du bildutako ezagutza. “Peptido hauei tratamendu kimiko bat egin diegu. Horiek sintetizatu, ikertu eta ezaugarritu ditugu, beren egitura zergatik den desberdina ulertu nahian”, zehaztu du Sassellik.
Hitz errazetan laburbildu du arazoa nola sortzen den. Dioenez, gaitza eragiten duen mutazioak peptido mota horiek sortzen ditu. “Akats baten ondorioz, proteina egokia egin beharrean, sekuentzia jakin bateko kate oso luzeak gehitzen dituzte”. Proteinak sortzeko garaian, aminoazidoen alfabetoan behar diren hurrenkera sortu beharrean, zenbait errepikapen egiten dituzte —hortik datorkie, hain justu, polyGR izena—. Beraz, peptido horiek toxiko bihurtzen dira gorputzarentzat.
2. irudia: peptidoetan jarri dute arreta ikerketa honetan. Irudian, zientzia-artikuluan azaldutako zenbait peptidoren simulazioak. (Irudia: Ortega, J. et al. (2023). Iturria: Science Advances)Erribosometan hau gertatzen zela ezagutzen zen. “Bertan sortzen dira proteinak. Bada, ezagutzen zen sekuentzia tokikoak sortzen direnean, zelulek proteinak sortzeko duten ahalmena galtzen dutela gaitzean, eta ondorioz, zelulak hiltzen direla”.
Alabaina, orain arte ez zen ezagutzen hori zergatik gertatzen zen. “Aurreko zenbait ikerketek horretarako mekanismo batzuk proposatu dituzte, baina ez dituzte egiaztatu. Guk hori garatu eta frogatu nahi izan dugu. Simulazioez eta esperimentu biologikoez baliatu gara horretarako”, azaldu du adituak.
Hori azaltzeko, zientzialarien artean bi hipotesi zeuden. Batek zioen elkarrekintza gehiena proteina batzuekin gertatzen zela. Beste hipotesi batek RNArekin gertatzen zela proposatzen zuen. “Orain, gure ikerketa eta esperimentuekin ikusi dugu sekuentzia batzuen toxikotasuna RNAri lotuta dagoela. Konturatu gara karga positibo handia duten zenbait sekuentzietan oso modu indartsuan ematen dela hau, RNAk oso karga negatiboa handia duelako”.
Behin pista hauek eskuratuta, ikerketaren bigarren zatian saiatu izan dira nolabaiteko blokeo bat egiten: RNA modu artifizialean sartu dute zeluletan, tokikotasuna eragiten duten peptidoak RNA berri horretara bideratu nahian. Horrela, proteinen sintesia modu normalean gerta dadin lortu nahi dute.
Hau ezagututa, burura datorren ondorengo galdera da, noski, ea aurkitutako zirrikitu hau sendabide bat lortzeko baliagarria izan daitekeen. Ohi bezala, beharrezkoa den zuhurtziaz mintzo izan da zientzialaria etorkizunean etor daitezkeen aukerei begira. “Halakoetan, sendabidean baino, terapian pentsatu behar dugu”, zehaztu du. Baina, modu berean, sinetsita dago aukera honek “bide berriak” irekiko dituela. “Alboko Esklerosi Amiotrofikoa nola ematen den baldin ez badakizu, oso mugatuta egongo zara irtenbideak bilatzerakoan”, esan du kimikariak. “Baina, toxikotasunak nola funtzionatzen duen ulertuta, baduzu bederen blokeatu dezakezun zerbait. Gure ikerketan erakutsi dugu bide hori blokeatuta, zelulen osasuna hobetzen dela. Orain ikusi beharko da zein den modurik eraginkorra hori egiteko, eta horrek, noski, denbora eramango du”.
Erreferentzia bibliografikoa:Ortega, J. et al. (2023). CLIP-Seq analysis enables the design of protective ribosomal RNA bait oligonucleotides against C9ORF72 ALS/FTD poly-GR pathophysiology. Science Advances, 9. DOI: 10.1126/sciadv.adf7997
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Alboko Esklerosi Amiotrofikoa hesitzeko zirrikitu berria appeared first on Zientzia Kaiera.
Intsektuek eta beste animalia batzuek badute kontzientzia
Biologo eta filosofoen talde nabarmen batek iragarri du badagoela “aukera errealista bat” adierazteko intsektuek, olagarroek, krustazeoek, arrainek eta bazter utzitako beste animalia batzuek kontzientzia dutela.
1. irudia: zer dago erle baten gogoan? Adierazpen berrien arabera, badago «aukera errealista» bat kontzientzia badutela adierazteko. (Argazkia: Dmitry Grigoriev – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)2022an, Londresko Queen Mary Unibertsitateko Ekologia Sentsorialaren eta Erleen Portaeraren Laborategiko ikertzaileek behatu zuten erlastarrek portaera aipagarri bat zutela: izaki iletsu eta ñimiño horiek jolas gisa soilik deskribatu zitekeen jarduera batean parte hartzen zuten. Erleei zurezko bola txikiak ematean, bolak leku batetik bestera bultzatu eta biratzen zituzten. Portaerak ez zuen lotura argirik estalketarekin edo biziraupenarekin, eta zientzialariek ez zuten portaera hori saritzen. Hortaz, badirudi jostaketarako egiten zutela.
Erle jostalariei buruzko azterlana adituen talde nabarmen batek eginiko ikerketa-multzo baten parte da. Eta egin duten adierazpen berriak babes zientifikoa ematen dio formalki aitortutako animalien multzo zabalago batek kontzientzia baduela dioen ideiari. Hamarkadatan zehar zientzialariak ados agertu dira adieraztean gure antzeko animaliek (tximino handiek, esaterako) esperientzia kontzientea badutela, nahiz eta gurearekiko ezberdina den. Hala ere, azken urteetan, ikertzaileak aitortzen hasi dira gugandik oso bestelakoak diren animaliek ere kontzientzia izan dezaketela, gureak baino nerbio-sistema askoz sinpleagoak eta oso ezberdinak dituzten ornogabeek barne.
Adierazpen berriak, biologoek eta filosofoek sinatutakoak, ikuspuntu hori formalki babesten du. Honako hau dio: «Ebidentzia enpirikoaren arabera, badago gutxienez aukera errealista bat adierazteko ornodun guztiek (narrastiak, anfibioak eta arrainak barne) eta ornogabe askok (gutxienez molusku zefalopodoak, krustazeo dekapodoak eta intsektuak) esperientzia kontzientea dutela». Animalia horietan eta beste batzuetan portaera kognitiboak deskribatzen dituzten emaitza berrietan inspiratuta, dokumentuak adostasun berri bat plazaratzen du, eta iradokitzen du balitekeela ikertzaileek kontzientziarako beharrezkoa den konplexutasun neuronalaren maila gehiegi estimatu izana.
Lau paragrafoko Animalien Kontzientziari buruzko New Yorkeko Adierazpena apirilaren 19an ezagutarazi zen, New Yorkeko Unibertsitateko “Animalien kontzientziaren zientzia emergentea” izeneko konferentzia batean. Ontarioko York Unibertsitateko Kristin Andrews filosofo eta zientzialari kognitiboa, New York Unibertsitateko Jeff Sebo filosofo eta ingurumen-zientzialaria eta Londresko Ekonomia eta Zientzia Politikoen Eskolako Jonathan Birch filosofoa buru zituela, adierazpena 39 ikerlarik sinatu zuten; besteak beste, honako hauek: Nicola Clayton eta Irene Pepperberg psikologoek, Anil Seth eta Christof Koch neurozientzialariek, Lars Chittka zoologoak eta David Chalmers eta Peter Godfrey-Smith filosofoek.
Adierazpena kontzientzia motarik oinarrizkoenean zentratzen da: kontzientzia fenomenikoa. Oro har, izaki batek kontzientzia fenomenikoa badu, izaki hori izatea “zerbait bezalakoa izatea” da. Ideia hori Thomas Nagel filosofoak partekatu zuen 1974an “What Is It Like to Be a Bat?” (Nolakoa da saguzar bat izatea?) izeneko saiakera famatuan. Izakia gugandik oso bestelakoa bada ere, idatzi zuen Nagelek, “organismo batek gogo-egoera kontzienteak ditu organismo hori izatearen antzeko zerbait badago soilik. … Esperientziaren izaera subjektibo modura izenda dezakegu hori”. Izaki bat fenomenikoki kontzientea bada, mina, plazera edo gosea bezalako sentimenduak esperimentatzeko gaitasuna izango du, baina agian ez ditu gogo-egoera konplexuagoak izango, esaterako, autokontzientzia.
«Espero dut adierazpenari esker arreta gehiago eskainiko zaiela giza-kontzientzia ez diren gaiei, eta gizakiez askoz haratago esperientzia kontzienteen aukerak dakartzan erronka etikoei», idatzi du Seth-ek, Sussexeko Unibertsitateko neurozientzialariak, mezu elektroniko batean. «Espero dut eztabaida sortuko dela, animalien ongizatearen arloko politiketan eta jardunbideetan aintzat har daitezela, eta uler eta onar dezagula askoz ere gehiago dugula komunean beste animalia batzuekin ChatGPT bezalako gauzekin baino».
Kontzientzia kontziente batAdierazpena aurreko udazkenean hasi ziren prestatzen, Sebo, Andrews eta Birchen arteko elkarrizketen ondorioz. «Azken 10-15 urteetan animalien kontzientziaren zientzian gertatutako guztiaz ari ginen hirurok», ekarri du gogora Sebok. Orain badakigu, adibidez, olagarroek mina sentitzen dutela eta txibiek iragan espezifikoko gertakarien xehetasunak gogoratzen dituztela. Arrainetan eginiko azterlanek erakutsi dute Labroides dimidiatus espeziekoek “ispiluaren proba”ren bertsio bat gainditu dutela, eta horrek autoantzemate maila jakin bat adierazten du. Bestetik, zebra-arrainak kuriositate seinaleak azaltzen ditu. Intsektuen munduan, erleek jolas portaerak erakusten dituzte, eta Drosophila fruta-euliek lo-patroi ezberdinak dituzte beren ingurune sozialak baldintzatuta. Bien bitartean, ibai-karramarroek antsietatearen antzeko egoerak izaten dituzte, eta egoera horiek botika antsiolitikoekin alda daitezke.
2. irudia: animalien gogoen inguruko ikerketa berriei buruz hausnartu ondoren, Jeff Sebo, Kristin Andrews eta Jonathan Birchek (ezkerretik eskuinera) zientzialariak eta filosofoak biltzea erabaki zuten, kontzientzia animalia gehiagora zabaltzeko adierazpena sinatzeko. (Argazkiak, ezkerretik eskuinera: Kate Reeder; Ben Wulf; María Moore/LSE – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)Denbora luzez kontzientetzat hartu ez diren animalietan egoera kontzienteen seinale horiek eta beste batzuk ikusteak liluratu eta desafiatu zituen biologoak, zientzialari kognitiboak eta gogoaren filosofoak. «Jende askok onartu du duela asko, adibidez, ugaztunak eta hegaztiak kontzienteak direla edo hala izateko probabilitate handia dagoela, baina arreta gutxiago eskaini zaie ornodunen taxon batzuei, eta bereziki ornogabeei», azaldu du Sebok. Elkarrizketa eta bileretan, adituak ados zeuden, neurri handi batean, animalia horiek kontzientzia izan behar zutela. Hala ere, adostasun berri hori ez zen publiko orokorrari zabaltzen, ezta beste zientzialari batzuei eta politika formulatzaileei ere. Horiek horrela, hiru ikerlariek erabaki zuten adierazpen argi eta labur bat idaztea eta beren kideen artean zabaltzea, haiek ere onets zezaten. Adierazpenak ez du zehatza izan nahi, baizik eta “esparruaren egungo egoera zein den adierazi eta nora zuzen gaitezkeen ikusi”, esan du Sebok.
Adierazpen berriak animalien kontzientziari buruzko adostasun zientifikoa ezartzeko esfortzu berriak eguneratzen ditu. 2012an, ikertzaileek Kontzientziari buruzko Cambridgeko Adierazpena argitaratu zuten. Bertan jasotzen zen gizakiak ez diren animalien multzo batek, besteak beste ugaztunak eta hegaztiak, «nahitako portaerak erakusteko gaitasuna» duela, eta «gizakiak ez direla kontzientzia sortzen duten substratu neurologikoak dituzten bakarrak».
Adierazpen berriak aurrekoaren irismena zabaltzen du, eta kontu handiagoz dago idatzita, adierazi du Sethek. «Adierazpenaren asmoa ez da zientzia idatziz ezartzea, baizik eta azpimarratzea animalien kontzientziari eta dagoen ebidentziari eta etikari buruz serio hartu behar ditugun alderdiak, egungo ebidentzia eta teoriak oinarri hartuta». Adierazi du “ez dagoela gutun irekien eta antzekoen olde baten alde”, baina, azkenean, “ulertu zuen adierazpenak babesa jasotzea merezi zuela”.
Godfrey-Smithek, olagarroekin luzez lan egin duen Sydneyko Unibertsitateko zientziaren filosofoak, uste du olagarroen portaera konplexuak (problemen ebazpena, tresnen erabilera eta jolas portaerak, besteak beste) kontzientziaren adierazletzat besterik ezin direla interpretatu. «Gauzekiko, gurekiko eta objektu berriekiko arretazko konexioa dute, eta horrek eramaten gaitu pentsatzera beren gogoetan gauza asko gertatzen ari direla», esan du. Halaber, adierazi du olagarroetan eta txibietan mina eta egoera onirikoak aztertzen dituzten artikulu berriek ere «norabide hori markatzen dutela… hau da, esperientzia izaki horien bizitzen parte erreala dela».
Adierazpenean aipatutako animalia askok gizakienen oso bestelako entzefaloak eta nerbio-sistemak dituzten arren, ikertzaileek esan dute horrek ez duela zertan kontzientziarako oztopo izan. Adibidez, erle baten burmuinak milioi bat neurona inguru besterik ez ditu; gizakionak, berriz, 86 mila milioi inguru. Baina erleen neurona bakoitza haritz bat bezain konplexua izan daiteke egiturari begira. Osatzen duten konexioen sarea ere bereziki mamitsua da, eta neurona bakoitzak beste 10.000 edo 100.000 neuronarekin kontaktatzen du beharbada. Olagarro baten nerbio-sistema, aldiz, konplexua da beste alderdi batzuetan. Antolakuntza banakatua du, eta ez hain zentralizatua; ebakitako beso batek osorik dagoen animaliaren portaera asko izan ditzake.
3. irudia: animalien gogoei buruzko ikerketa berriek (ibai karramarroenak, olagarroenak, sugeenak eta arrainenak barne) iradokitzen dute kontzientzia gurearekiko “erabat bestelakoa dirudien arkitektura [neural] batean existi daitekeela”, adierazi du Peter Godfrey-Smithek. (Argazkiak, erloju-orratzen noranzkoan, goitik eta ezkerretik hasita: Svetlana123/iStock; Colin Marshal/Biosphoto/Science Source; MATTHIASRABBIONE/iStock; Jim Maley/iStock. Iturria: Quanta Magazine)Eta horren emaitza da, Andrewsen hitzetan, «beharbada ez dugula kontzientzia izateko uste genuen beste ekiporik behar». Adierazi du, adibidez, agian garun-azala ere ez dela behar (ugaztunen garunaren kanpoko kapa, arretan, pertzepzioan, memorian eta kontzientziaren beste alderdi gako batzuetan ezinbestekotzat jotzen dena) adierazpenak aipatzen duen kontzientzia fenomeniko sinpleenerako.
«Eztabaida handia egon zen arrainen kontzientziari buruz; eta horretarako argudio handienetako bat zen ez dituztela ugaztunek badituzten egitura entzefalikoak», azaldu du. “Baina hegaztiei, narrastiei eta anfibioei erreparatzean, ikusten dugu egitura entzefaliko oso bestelakoak dituztela, baita presio ebolutibo ezberdinak ere; eta, hala ere, deskubritzen ari gara egitura entzefaliko horietako batzuek gizakiengan garun-azalak egiten duen lan mota berbera egiten dutela”.
Godfrey-Smith ados dago, eta adierazi du kontzientziaren adierazle diren jokabideak «egon daitezkeela ornodunen edo gizakion arkitekturarengandik guztiz bestelakoa dirudien beste arkitektura batean».
Harreman kontzienteakAdierazpenak inplikazio argiak ditu animalien tratuari, eta bereziki animalien sufrimendua prebenitzeari dagokionez. Hala ere, Sebok adierazi du arretak minarengandik harago ere joan behar duela. Ez da nahikoa pertsonek saihestea gatibutasun-egoeran dauden animaliek mina edo gorputzeko deserosotasuna izan dezatela, esan du. «Animaliei beren instintuak adieraztea ahalbidetuko dien aberastasuna eta aukerak eman behar dizkiegu, sistema sozialetan parte hartzea eta beren inguruak miatzea ahalbidetu; hau da, berez badiren agente konplexuak izaten utzi behar ditugu».
Baina animalien gama zabalago bati “kontziente” etiketa jartzearen ondorioak —bereziki animalia horien interesak aintzat hartu nahi ez baditugu— ez dira hain sinpleak. Adibidez, gure intsektuekiko harremana «pixka bat antagonikoa da ezinbestean», adierazi du Godfrey-Smithek. Izurri batzuek laboreak jaten dituzte, eta eltxoek gaixotasunak transmiti diezazkigukete. «Eltxoekin adiskidetzeko ideia edo arrain eta olagarroekin adiskidetzekoa bestelakoak dira oso», esan du.
Era berean, arreta gutxi eskaintzen diogu Drosophila bezalako intsektuen ongizateari. Intsektu horiek ikerketa biologikoan asko erabiltzen dira. «Ikerketan abereen eta saguen ongizatean pentsatzen dugu, baina inoiz ez intsektuen ongizatean», esan du Matilda Gibbonsek (kontzientziaren oinarri neuronalak ikertzen ditu Pennsylvaniako Unibertsitatean, eta adierazpenaren sinatzaileetako bat da).
Organismo zientifikoek laborategiko saguen tratamendurako estandar batzuk sortu dituzten arren, ez dago argi adierazpen berriak intsektuen tratamendurako estandar berriak sortzea ekarriko duen. Baina aurkikuntza berriek, zenbaitetan, politika berriak ekartzen dituzte. Erresuma Batuan, adibidez, lege bat promulgatu dute olagarro, karramarro eta otarrainen babesa areagotzeko, London School of Economicseko txosten batek adierazi ondoren animalia horiek mina, angustia eta kaltea sentitzen dituztela.
Adierazpenak adimen artifiziala aipatzen ez badu ere, AAren kontzientzia posiblearen gaia ere animalien kontzientziaren arloko ikertzaileen burutik pasa da. «Egungo adimen artifizialeko sistemak kontzienteak izatearen probabilitate oso txikia dago», esan du Sebok. Hala ere, animalien gogoei buruz ikasitakoak «hausnartzera narama, eta gaia kontuz eta umiltasunez landu behar dela uste dut».
Andrewsek espero du adierazpenak orain arte bazter utzi diren animaliei buruzko ikerketa gehiago susta ditzala, animalien kontzientziari buruzko gure kontzientziazioa are gehiago zabaltzeko. «Ia unibertsitate guztietan daude zizare nematodoak eta fruta-euliak; bada, ikertu horien kontzientzia», esan du. «Hor dauzkazu. Zure laborategiko norbaitek proiektu bat beharko du. Bihur ezazu proiektu hori kontzientziari buruzko proiektu. Imajina ezazu!».
Jatorrizko artikulua:Dan Falk (2024). Insects and Other Animals Have Consciousness, Experts Declare, Quanta Magazine, 2024ko apirilaren 19a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Intsektuek eta beste animalia batzuek badute kontzientzia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #493
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumeak zientzianLucie Adelsberger mediku aleman judu bat izan zen. Alemania nazian bizi izan zen, eta Holokaustoaren biktima izan zen. Urte batzuk eman zituen Auschwitz eta Ravesnbrückeko kontzentrazio-esparruetan. Auschwitzeko erizaindegian jarri zuten lanean, baina geroago adieraziko zuenez, ez zuen ezertarako balio izan. Aske utzi ondoren, memoria batzuk idatzi zituen, eta Holokaustoaren memoria gordetzen lagundu zuen. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
PaleontologiaDinosauro haragijale espezie berri bat aurkitu dute Errioxan. Riojavenatrix lacustris izena jarri diote, eta duela 120 milioi urte bizi izan zen Iberiar penintsulan. Erik Isasmendi UPV/EHUko Geologia Saileko doktoratu aurreko ikertzailearen doktorego-tesiaren parte izan da ikerketa. Espinosaurido bat zela ondorioztatu dute, 7-8 metro luzeeran, eta arrainez elikatzen zen batez ere. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
HizkuntzalaritzaEgoera sozioekonomikoak eragina izan dezake haurren hizkuntza-gaitasunetan. Egoera sozioekonomiko altuen kasuan, amen hizketaldia haurrarekin luzeagoa eta ugariagoa izan ohi da egoera sozioekonomiko baxuko amen hizketaldiarekin alderatuta. Ikasketarako eskuragarri dauden baliabideak ere desberdinak izan ohi dira, eta horrek guztiak eragina du gerora umeek ekoitzitako hitzen kantitate, kalitate, jariotasun eta aberastasun linguistikoan. Datuak Zientzia Kaieran.
IngurumenaFrogatu dute artobeltza egokia dela garia ordezkatzeko lehorte-egoeretan. Klima-aldaketa dela eta, etorkizunean, laboreek lehorte-garai luzeagoak eta gogorragoak jasan beharko dituzte, eta baita CO2 maila eta tenperatura altuagoak ere. Baldintza horietan, ikusi da artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten duela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
OsasunaAkainak ugaritu diren pertzepzioa dute adituek, datu zientifikorik egon ez arren. Aitor Cevidanes Neikerreko Animalia Osasun departamentuko ikertzaileak azaldu du animalia basatien edo abereen zabaltzeak eragina izan dezakeela ugaritze horretan. Akainen ugaritzearekin batera Lyme gaitzaren intzidentzia-tasak gora egin du baita ere, hanturazko afekzio kroniko eta multisistemiko bat, akai batzuen bidez transmititzen dena. Datuak Berrian.
GeologiaSuaren Harana Mojave basamortuan dago, Nevadan (AEB). Film askotan erabili izan da paisaia hori, haren geologia ikusgarriagatik. Suaren Haraneko harri gehienak hareharri azteka (Aztec Sandstone, ingelesez) izeneko formazio geologiko baten parte dira, duela milioika urte sortu ziren harezko dunez sortuak. Kolorea, bestalde, burdin oxidozko mineralek ematen die. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
BioteknologiaEdizio genetikoko teknika berri bat garatu du AEBko eta Japoniako ikertzaile talde batek. RNA-zubiak izena jarri diote, eta aukera ematen du DNA-sekuentzia luzeak txertatzeko, alderantzikatzeko edo ezabatzeko. Bakterioen genoman egin dituzte probak, eta oraindik ez da frogatu giza zeluletan. Hala ere, gaur egungo metodoak baino eraginkorragoa eta zehatzagoa dela ikusi da. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
ArgitalpenakUsaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak Berta Páramoren liburu ilustratuan usaimenaren funtzionamendua azaltzen da zientziaren eta umorearen bidez. Egunean 23.000 bat aldiz arnasten dugu, eta egiten dugun bakoitzean, nahi edo ez, usaina hartzen dugu. Horrek gure inguruari buruzko informazio ugari ematen digu. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #493 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #500
Argi dago emakumeek gizonek baino gehiago jasaten dutela mina. Harrigarria bada ere, desberdintasun horrek oinarri zelularra izan dezake. Sexual differences in pain sensation could be due to differing pain receptors, Rosa García-Verdugo.
Zehaztasun-iragazpen teknologia, kontu handiz eraikitako mintzak erabilita, lehen urratsak ematen ari da. Sharp separation using isoporous membranes
Etorkizun handiko estrategia, saguetan frogatua, leuzemia mieloide akutuari aurre egiteko. TREM2 acts as a receptor for IL-34 to suppress acute myeloid leukemia in mice, Marta Irigoyenen eskutik.
Goi-mailako telebisten iragarkietatik ezaguna egingo zaizkizu agian oinarri organikoko argia igortzen duten diodoak (OLEDak, ingelesezko sigletan). Orain, DIPCko jendeak eraginkorragoak egin ditu. New design boosts performance in radical-based OLEDs
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #500 appeared first on Zientzia Kaiera.
Lucie Adelsberger, Auschwitzen bizitzak salbatzen saiatu zen mediku judua
1940ko azaroaren 27an, Alemania nazian, mediku batek errezeta bat idatzi zuen paziente batentzat. Judua zen eta, beraz, haren errezetak Daviden izar bat zeraman estanpatuta, leku eta une horretan kondenaren baliokidea zen baldintza bat argi eta garbi adierazteko. Haren izena Lucie Adelsberger zen eta, jakina, kondena hori bete zuen: urte batzuk eman zituen Auschwitz eta Ravesnbrückeko kontzentrazio-esparruetan.
1. irudia: Lucie Adelsbergerrek medikuntza ikasi zuen eta interes berezia zuen alergologian eta immunologian. Alemaniako Emakumeen Elkarte Medikoaren sortzaileetako bat izan zen. (Argazkia: Ursula Bohn doktorearen jabetza pribatua, Seidler 2005, 197. or. – Copyright lizentziapean. Iturria: Berlin.de)Bertan aritu zen bere lanbidean eta presoen pairamena arintzen saiatu zen, batez ere tifusa zutenena, imajina zitezkeen baldintzarik gogorrenetan. Bizitzak salbatzea bere irismenetik kanpo zegoen ia beti, nahiz eta ahal izan zuen guztia egin zuen. Aske utzi ondoren, hurrengo urteetan memoria batzuk idatzi zituen, eta bertan bizitako esperientzia kontatu zuen. Horri esker, Holokaustoaren memoria gorde ahal izan da.
Alemaniatik ihes egin nahi izan zuenerako, berandu zenAdelsberger Nurenbergen (Alemanian) jaio zen 1895eko apirilaren 12an. Aita ardo merkataria zen. Medikuntza ikasi zuen Erlangengo Unibertsitatean eta 1919an lizentziatu zen. Weimarko Errepublikaren garaian hasi zen pediatra gisa lan egiten Berlinen, Adolf Hitler boterera igo aurretik. Robert Koch Institutuko ikerketa klinikoan ere jardun zuen, eta interes berezia adierazi zuen alergologian eta immunologian. Alemaniako Emakumeen Elkarte Medikoaren sortzaileetako bat izan zen, eta haren lanek eragin handia izan zuten garai hartako lankideen artean, eta Harvardeko Unibertsitatea bisitatzeko eskaintza bat jaso zuen.
Hasieran, Gestapok, polizia naziak, bidaiatzeko baimena ukatu zion. Geroago, hamar eguneko baimena lortu zuen eta Estatu Batuetara bidaiatu zuen. Han zegoen 1938an, labana luzeen gaua izenekoa gertatu zenean. Gertaera horien aurrean, Estatu Batuetako orduko presidenteak, Rooseveltek, dekretu bat eman zuen; horren bidez, herrialdean zegoen eta berera itzultzeko beldur zen edozein pertsona gera zitekeen. Berak ez zuen hori egin nahi izan: ama, bere mende zegoena, Alemanian baitzegoen, eta ez zuen bakarrik utzi nahi hain giro arriskutsuan.
Eta hori bere lan aukerak nabarmen murriztu zirela erregimen nazia boterean zegoenean. 1933tik aurrera, mediku eta zientzialari juduei unibertsitateetan ikerketa-lanpostuak betetzea eta osasun-arretako plan nazionalean parte hartzea debekatu zitzaien, ordura arte beren lanaren ordainsaririk handiena izan zena. 1938az geroztik debekatuta zuten juduak ez ziren gaixoak tratatzea. Geroago, Adelsbergerrek bisa bat lortu nahi izan zuen amarekin alde egiteko, baina ez zuen lortu.
“Sara” izena hartzera behartutaAdelsbergerrek, beraz, erregimen naziaren pean bizitzen jarraitu zuen. Garai horretakoa da istorio hau hasteko erabili dugun errezeta. Bertan agertzen den izen osoa Lucie Sara Adelsberger da. “Sara” ez zen Adelsbergerren benetako bigarren izena, baina garai hartan erregimen naziak ezarritako arraza-dekretuetako batek emakume judu guztiak behartzen zituen beren izenetan sartzera, haien nortasuna argi uzteko. Gizonek bigarren izen gisa “Israel” erabili behar zuten arrazoi beragatik.
1943ko maiatzaren 17an, Adelsberger Auschwitzera deportatu zuten, Bigarren Mundu Gerrako Europako kontzentrazio-esparrurik handienetako batera. Esparru hori da ezagunena juduen eta beste gutxiengo batzuen hilketarako erregimen naziak abiarazitakoen artean. Adelsbergerrek bizirik irautea lortu zuen, eta, urte batzuk geroago, memoria batzuk argitaratu zituen. Bertan, bere esperientzia kontatu zuen, eta gertatutakoaren oroitzapena gordetzen lagundu zuen.
2. irudia: Lucie Adelsbergerrek 1940ko azaroaren 27an emandako errezeta bat. (Irudia: Herentzia Juduaren Museoa, New York. Iturria: Berlin.de)«Ez zuen ezertarako balio, euliak bezala hiltzen ziren»Auschwitzeko esparrua hainbat eremuk osatzen zuten: sarraski-eremu bat (gas-ganberak zeuden tokia), Auschwitz II-Birkenau izenekoa; barneratze-eremu nagusi bat, Auschwitz I; eta behartutako lanen eremu bat, Auschwitz III. Adelsberger ijito etniako pertsonak konfinatuta zeuden sarraski eremuko erizaindegira bidali zuten, eta horien artean tifus bolada piztu zen. Medikaziorik eta tratamendu aukerarik gabe, higiene eta pilaketa baldintza jasangaitzenen erdian, medikuak bere memorietan kontatu zuen ezer gutxi zegoela egiteko, kontsolatzen eta animatzen saiatu baino ez. «Ez zuen ezertarako balio, euliak bezala hiltzen ziren».
Adelsberger saiatu zen ahalik eta preso gehienei bizirauten laguntzen, posible zuen modu guztietan. Gaixoak sendatzen eta kontsolatzen saiatzeaz gain, beste pertsona batzuei gaixotasun edo ahuleziak ezkutatzen lagundu zien. Izan ere, guardia eta mediku naziek hauteman izan balituzte, gas-ganberara bidaltzeko lituzkete; lan egiteko moduan ez zegoena ez zen nahitaezkoa, eta berehala gaseztatzen zuten.
Baina Adelsbergerrek oso-oso gutxitan salbatu ahal izan zuen biziren bat, eta horrelako leku batean mediku izateak zalantza etiko ikaragarriak sortu zizkion, aurrerago bere memorietan kontatuko zituenak. Auschwitzera haurdun zeuden emakume batzuk iritsi ziren; eta, antzemanez gero, berehala hiltzen zituzten. Baina antzematen ez bazuten eta haurdunaldia kontzentrazio-esparruan garatzen bazen, gauzak ez ziren hobeak ez haientzat ez haurrarentzat, erditu eta hurrengo egunetan hiltzen baitzituzten.
Etika medikoak dio erditzean amaren bizitza eta haurrarena arriskuan badaude, lehentasuna amaren bizitza salbatzera bideratu behar dela. Preso-medikuek diskrezioz jokatzen zuten arau horri jarraituz: haurra hil egin behar zen amak bizi ahal izateko. Emakume askok ez dute gainditzen haren haurraren heriotzak eragindako shocka, eta ez digute barkatu, ez guri ez beren buruari.
Basakeria desagerrarazteko ondarea1945eko urtarrilaren 18an, tropa sobietarrek Auschwitzerantz aurrera egin ahala, ofizial naziek presoak hotzetik eta elurretik martxa bat hastera behartu zituzten. Horietako asko bidean hil ziren edo hil egin zituzten. Adelsberger bizirik atera zen eta beste esparru batera bidali zuten, Ravesnbrückera, Alemanian. Azkenik, aske utzi zuten 1945eko maiatzaren 2an.
3. irudia: Lucie Adelsberger Auschwitzetik beste esparru batera bidali zuten, Ravesnbrückera, eta azkenik aske utzi zuten 1945eko maiatzaren 2an. (Argazkia: 1964ko “Montefiore” egunkaria. (Seidler 2005, 8). 211. Iturria: Museum im Robert Koch-Institut)Gerra ostean, Adelsbergerrek Estatu Batuetara emigratu zuen eta New Yorkera joan zen bizitzera. Han minbiziaren ikertzaile gisa lan egin zuen bere karrera amaitu arte. 1971ko azaroaren 2an hil zen.
Bere memorietan, Adelsbergerrek alegatu bakezale sutsua egin zuen:
Txosten honek biktimen historia kontatzen du, ez zauri zaharrak irekitzeko asmoarekin, baizik eta guretzat, juduontzat eta gizateria osoarentzat, ondarea izan dadin. Helburua beteko du irakasten badigu, guri geure burua Jainkoaren kreaturatzat daukagunoi, pertsona hobeak izateko, lagun hurkoa benetan maitatzeko eta Lurretik basakeria desagerrarazten lan egiteko.
Iturriak:- Lucie Adelsberger, Wikipedia
- Hoenig, L. J. (2000). A Jewish physician amidst the Holocaust, Archives of International Medicine, 160(19), 2891-2894
- Lucie Adelsberger, Museum im Robert Koch-Institut
- Saenger, Paul. (2006). Jewish Pediatricians in Nazi Germany: Victims of Persecution, The Israel Medical Association journal, 8(5):324-8
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 25ean: Lucie Adelsberger, la médica judía que trató, con poco éxito, de salvar vidas en Auschwitz.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Lucie Adelsberger, Auschwitzen bizitzak salbatzen saiatu zen mediku judua appeared first on Zientzia Kaiera.
Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak
Zure aitonaren oinek, lurrin batek edo erre den gosariko ogi xigortuak badute zerbait komunean: usaina dute.
Egunean 23.000 bat aldiz arnasten duzu. Egiten duzun bakoitzean, nahi edo ez, usaina hartzen duzu. Aromak, esentziak, hatsak edota kiratsak. Berta Paramok, ilustrazioaren, zientziaren eta umorearen bidez, usaimenaren funtzionamendua azaltzen du liburu honetan.
Irudia: “Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak” liburuaren azala. (Iturria: CSIC Argitaletxea)Inguratzen zaituen airea molekulaz josita dago, begi bistaz ikusten ez badituzu ere, eta arnasgora bakoitzean, zeruan ikusten dituzun izar adina molekula sartzen dira zure barruan. Usaimenak, gainerako zentzumenek bezalaxe, gure inguruaren informazioa ematen digu.
Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak liburua Jakin-egarri direnen jakin-mina bildumaren parte da. Jakin-minak bultzatuta egiten dira lorpen zientifiko handienetako asko “zergatik?” eta “nola?” galdetu zutenen jakin-minak bultzatuta. Bilduma honen xedea da ezagutza transmititzea, entretenitzea, eta, batez ere, jakin-egarri diren buruak inspiratzea.
Berta Paramok Arkitektura ikasi zuen, baina haurrentzako ilustrazioko master bat egin zuen eta hark norabidea aldatu zion. Paramok dio ilustratzeak pentsatzen eta mundua ikusteko duen modua adierazten laguntzen diola. Ez-fikzioan espezializatuta dago eta ikertzen dituen gai guztietan esploratu gabeko bideak egitea gustatzen zaio. Bere lehen liburu ilustratua, Cambio Climático (Litera Libros), World Illustration Awards sarietan aukeratu zen. Testuen eta ilustrazioen egile gisa idatzi zuen lehen liburuak, Fluidotecak (Litera Libros), Opera Primaren Aipamen Berezia jaso zuen Bologna Ragazzi Awards sarietan, Robotlandek (Zahorí Books) APIMen ez-fikziozko saria jaso zuen, eta honako liburua, Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak (CSIC eta Zahorí Books) The BRAW Amazing Bookself-en hautatu zuten. Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak
- Jatorrizko izenburua: Oler. Aromas, esencias, hedores y pestilencias
- Egilea: Berta Páramo
- Berrikuste zientifikoa: Laura López-Mascaraque
- Itzulpena: Lete Itzulpenak
- Argitaletxea: CSIC Argitaletxea / Zahorí
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2024
- Orrialdeak: 48
- ISBNa: 978-84-19889-10-2
CSIC Argitaletxea: Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak.
The post Usaindu. Lurrinak, esentziak, hatsak eta kiratsak appeared first on Zientzia Kaiera.
Ikusteko moduko harana
William Shatner eta Patrick Stewart aktoreen arteko harremanari buruz galdetzen badut, zientzia fikzioaren fanatikoek argi eta garbi erantzungo dute: Star Trekeko USS Enterprise izarrarteko espazio-ontziko kapitainak dira. Baina Arnold Schwarzenegger aktorea ere tartean sartzen badut, kontua konplikatu egiten da. Hala ere, galdera nik neuk egiten badut, erantzun hau ere nahiko agerikoa da: geologia.
Baina ez geologia oro har, baizik eta kokaleku oso zehatz baten geologia. Star Trek: Generations filma ikusi baduzue, zehazki Kirk eta Picard kapitainek Veridian III planetan duten interakzioa, bai eta Total Recall (Desafío Total Espainian) filma ere, zehazki Quaid Marten paseoan dagoenean, agian konturatuko zineten paisaia berbera dela. Kanpoalde horiek Nevadako Suaren Harana Parke Nazionalean grabatu ziren.
1. irudia: A) Star Trek: Generations filmeko fotograma: bi protagonistak gaiztoari aurre egiten Veridian III planetan. (Argazkia: Paramount Pictures – Copyright lizentziapean. Iturria: Cuaderno de Cultura científica) B) Total Recall fimeko xehetasuna, protagonista Marteren gainazalean paseatzen ari dela. (Argazkia: Columbia Pictures / Tri-Star Pictures – Copyright lizentziapean. Iturria: Cuaderno de Cultura científica)Jokoaren munduko hiriburutik (Las Vegas) 80 kilometrora ipar-ekialdera, eta Mojave basamortuan bertan, Suaren Harana dago. Leku aparta da, tonu gorrixka, laranjatu eta marroixka duten bandadun arrokaz eratutakoa. Koloreek izugarrizko distira dute, eta kolorea aldatzera ere iristen dira; izan ere, eguzkiak bete jotzen duenean, badirudi harana sutan dagoela. Ezaugarri horrek eman dio haranari izena, hain zuzen ere. Bada, horrek guztiak zinema plato eder bihurtzen du, eta ez soilik western estilokoetarako, baita aurretik adierazi ditugunen antzeko zientzia fikziozko ekoizpenetarako ere. Eta ezaugarri horiek guztiak geologiari zor dizkio.
2. irudia: Suaren Haraneko (Nevada, Estatu Batuak) harrien itxura, bereizgarri dituen koloretako bandekin. (Argazkia: Nevada State Parks. Iturria: Cuaderno de Cultura científica)Suaren Haraneko harri gehienak hareharri azteka (Aztec Sandstone, ingelesez) izeneko formazio geologiko baten parte dira. Izenak berak adierazten duen moduan, kuartzo‑pikorrezko hareharriak dira nagusiki, baina beste arroka detritiko batzuk ere badaude, hala nola pikor xeheko konglomeratuak eta lutitak; bai eta kareharriak bezalako harri karbonatatuak ere. Material horiek duela 150 milioi urte baino gehiago eratu ziren, Jurasikoan; orduan, eremuaren itxura asko aldentzen zen egungokotik. Garai hartan, eremua basamortu erraldoia zen, Sahara gaur egun dena baino askoz handiagoa. Haize boladek kuartzo‑pikorrak mugitzen zituzten, eta duna zelai erraldoiak sortzen ziren horrela, etengabe mugitzen eta aldatzen zirenak. Duna horiek hareharrietan preserbatu dira; egun, oraindik mantentzen dute haien egitura, bai eta barne-lineazioa ere, gailurren kokalekua eta kuartzo-pikorrak irristatzen ziren malda handieneko eremuak markatzen dituena.
3. irudia: hareharri jurasiko gorriaren xehetasuna; jatorrizko dunetan kuartzo-pikorren mugimenduaren eraginez eratutako barne lineazioa ikus daiteke. (Iturria: Nevada State Parks. Iturria: Cuaderno de Cultura científica)Beste alde batetik, dunen arteko eremu lauek ura pilatzeko aukera ematen zuten, eta putzu txikiak eta ingurune hezeak sortzen ziren. Leku horiek oasi edo urmael efimero bihurtzen ziren, landare gutxi batzuez inguratuta, eta, egun, hareharrien arteko harri karbonatatu edo kareharrien maila isolatu bihurtu dira. Arroila txikiak ere bazeuden, zeinetatik ura ibiltzen zen, eta errekak ere sortzen ziren denboraldi ekaiztsuetan. Lokatza eta harea arrastan eramaten zituen urak, eta indarra galtzen zuenean, material horiek inguruan pilatuta geratzen ziren. Azken inguru hori da egungo konglomeratuen eta lutiten aurrekaria. Baina basamortua bazen ere, horrek ez du esan nahi bizitzarik ez zegoenik. Izan ere, artropodo, narrasti hegalari eta dinosauroen oinatzen fosilak aurkitu dira, eremu hezeetara edatera joaten zirenean sortutakoak.
Baina leku berezi horren historia geologikoa ez da hor amaitzen. Eratu ondoren, harriek prozesu tektoniko handiak jasan zituzten egungo Iparramerika sortuko zuten plaka litosferikoen mugimendua dela eta. Hasteko, Aro Mesozoikoaren amaieran, konpresio- edo bultzada-indarren pean egon ziren; eta indar horiek failak sorrarazi zituzten eta materialak tolestea eragin zuten. Hori gutxi balitz, duela 17 eta 14 milioi urte artean, hedapen-indarrak ere jasan zituzten, hau da, kontrako indarrak. Ondorioz, haustura are handiagoa sortu zen harrietan. Baina, horrez gain, azken ehunka mila urteetan, egurats zabalean egon dira, eguraldi txarrak modelatu eta zizelkatuta, eta higadurak askotariko morfologiak eratu ditu: arkuak, arrailak, haitzuloak… denek ala denek piztu dute jendearen imajinazioa, horietan pareidoliak bilaraziz: elefanteak, erle abaraskak, eta abar.
Nolanahi ere, hau da galdera nagusia: nondik atera dira kolore horiek? Badirudi hareharri horiek gorriak zirela jada Jurasikoan dunak sortu zirenean; izan ere, hematiteek estalitako kuartzo-pikorrak aurkitu dira. Mineral hori burdin oxido bat da (Fe2O3) eta kolore gorrixka distiratsua du. Ezaugarri horrek ematen dio izena, gainera (termino grekoaren itzulpena “odolaren antzekoa” litzateke). Hortaz, harana betetzen duten harri gorri horiek ondoko prozesu tektonikoen menpe egon zirenean, hainbat jariakin —bai lurrazpikoak bai gainazalekoak— ibili ziren horien artean zirkulazioan, kolorazioak aldatuko zituzten erreakzio kimikoak eraginda eta tonu horixkak, arrosak edo laranjatuak sortuta, kareharrien grisen gainean nabarmentzen diren bandadun sekuentzietan. Azkenik, egungo prezipitazioek patina marroixka bat jarri dute hareharri askoren gainazalean, herdoiltzearen eraginez. Eta patina horiek mihise gisa erabili zituzten gerora zenbait kulturak (adibidez, anasaziena): pazientzia handiz patinak kentzen zituzten, harrien kolore gorria berriro gailentzen zen arte, eta, horrela, petroglifo izugarriak marrazten zituzten.
4. irudia: Suaren Haraneko hareharri jurasikoan kontserbatutako petroglifoak, gainazaleko oxido patina arraspatuta sortutakoak. (Argazkia: Clément Bardot – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Horrela sortu zen ikusteko modukoa den harana, Hollywoodeko superekoizpen handi baten berezko historia geologikoa duena. Nolanahi ere, azalpen hauek egundoko film horren trailerra besterik ez dira.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko maiatzaren 9an: Un valle de película.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Ikusteko moduko harana appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- 10
- 11
- 12
- …
- hurrengoa ›
- azkena »