Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 44 min 32 seg

Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika

Og, 2023-01-19 09:00

Andrew E. Desslerrek eta Edward A. Parsonek zientzia atmosferikoan eta politikan duten esperientzia konbinatzen dute Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika liburuan (2006) zientzialariei, politikariei eta hiritarrei klima-aldaketaren labirintuan zehar laguntzeko asmoz. Zientziaren eta politikaren araubideak alderatu eta eskumenean diren aukerak azaltzen dituzte.

Irudia: Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Zergatik da hain nahasia klima-aldaketari buruzko debatea? Batzuek diote krisi izugarria ate-joka dugula, besteek, aldiz, klima-aldaketaren aldeko ebidentzia oso ahula dela. Batzuen ustez, berotegi-gasak murrizteko ahaleginek lur jota utziko dute gure ekonomia, besteen iritziz arazoak gehiegizko kosturik gabe konpon daitezke.Ezinezkoa da alde biak zuzen ibiltzea, baina komunikabideek eskaintzen dituzten argibideetatik ez da erraza izaten aldarrikapen kontrajarri hauen funtsa balioestea.

Klima-aldaketaren gaiari buruzko informazio oinarrituaren egarri den irakurleak, eta baita politika-eztabaidetan zientzia nola erabili ohi den interesatzen zaionak ere, guztiz argigarri aurkituko du liburu hau.

Andrew E. Dessler ( Houston 1964) Zientzia atmosferikoen saileko irakaslea da Texas A&M Unibertsitatean. Harvard Unibertsitatean doktgoretza Portu ondoan, NASAn eta Maryland Unibertsitatean lan egin du 2005.erarte. Estatu Batuetako gobernuaren aholkularia izan da Zientzia eta Teknologia Politikan; bertan hasi zen Parson-ekin lankidetzan. Ozono geruza eta klimaren fisikari buruzko hainbat argitalpenen zientifikoren egilea, badu beste liburu bat klimaren inguruan: The Chemistry and Physics of Stratospheric Ozone (Academic Press, 2000).

Edward A. Parson Zuzenbide eta Ingurumena eta Baliabide Naturalen irakaslea Michigan Unibertsitatean. Fisikan eta Kudeaketa-zientzian lizentziatua, eta Harvard Unibertsitateko doktorea Politika Publikoan. Bertako Kennedy School of Government-ean irakasle izan da, Canadako gobernuaren, EBko National Science Foundation erakundearen eta gobernuaren aholkularia izan da. Ingurugiroaren politikari buruzko hainbat argitalpenen egilea da, adibidez Protecting the Ozone layer: Science and Strategy (Oxford University Press, 2003) liburua.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika. Eztabaida gida
  • Egilea: Dessler, Andrew E.; Parson, Edward A.
  • Itzultzailea: Iñaki Iñurrieta
  • ISBN: 978-84-9860-211-1
  • Formatua: 16 x 24 zm
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2009
  • Orrialdeak: 354 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika

The post Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Erromatar hormigoiaren ezusteko osagaia

Az, 2023-01-18 09:00

Duela bi milurteko porlanean kaltzita pikorrak aurkitu ditu ikertzaile talde batek, eta horri esker hormigoia bere kabuz konpontzeko gai dela ziurtatu dute.

Gaur egun egiten diren gauzak ez dira lehen egiten zirenen modukoak. Ohiko solasaldi gaia da Gabon egunetako otorduetan, koinatuak joan den urtean jasotako opari horren inguruan hitz egiten dizunean. Eta egia da sentsazio hori luze eta zabal hedatuta dagoela. Ekoizpena azkartu beharra dago ezinbestean, prezioa ahalik eta gehien murriztuta, merkaturatutako azken produktuei kontsumoaren dantzalekuaren ateak itxi ez diezazkieten.

Ez gaude soilik etxetresna elektrikoen inguruan hitz egiten ari. Askotan gauza zaharragoetan ere gertatzen da. Horren adibide bikaina da erromatarrek erabilitako hormigoia. Hauek zoratuta zeudela irakatsi ziguten Asterixek eta Obelixek, baina ezkutatu ziguten ingeniari zoroak zirela. Duela bi milurteko pasa diren arren, erromatarrek egindako egitura ugari ederki asko mantendu dira, beste eraikuntza batzuk egiteko birziklatu ez direnean behintzat. Eta gakoetako bat erabilitako hormigoian datza.

1. irudia: Erromatarrek hormigoiez egindako egitura asko gaurdaino nahiko txukun mantendu dira, bi mila urte inguru igaro diren arren. (Argazkia: Juanma Gallego)

Urte luzez zientzialariek uste izan dute hormigoian sartutako sumendi errauts berezi batpuzolana deritzona— izan zela erromatar hormigoia horrenbeste urtez txukun mantendu izanaren arrazoi nagusienetakoa. Baina orain zientzialari talde batek proposatu du beste faktore garrantzitsu bat tartean egon daitekeela.

Gure garaian hormigoia egiteko erabiltzen den zementua Portland motakoa da, buztina eta kareharria tenperatura altuetan nahasten dituena. Erromako porlanaren kasuan, karea eta puzolana izeneko errauts hori erabiltzen zituzten.

Baina, horrez gain, erromatarren porlan horretan karezko egitura ñimiño batzuk agertzen dira. Orain arte uste izan da pikor txiki hauek —milimetrikoak dira— txukuntasun askorik gabe egindako nahasketen edo material eskasen ondorio zirela. Baina nazioarteko zientzialari talde batentzat hau ez zen oso logikoa. “Erromatarrek ardura asko jartzen zuten eraikuntza material bikaina egiteko, eta mende askotan zehar findutako errezetak jarraitu zituzten. Hortaz, zergatik jarri behar zuten ba ardura gutxiago ondo nahasitako azken produktua egiterakoan?”, argudiatu du Admir Masic ikertzaileak prentsa ohar batean

Hortaz, Privernum (Italia) hiriko harresi batean aurkitutako hormigoiaren analisia egin dute, hormigoi hori lur idorrean egindako egituren adierazle baita. Modu berean, laborategian hormigoi propioa egiten saiatu dira. Funtsean, zientzialariek arkeologia esperimentala egin dute, erromatar erara egindako hormigoia sortuz, eta ondoren bere ezaugarriak erromatarren hormigoiarekin alderatu dituzte.

Science Advances aldizkarian azaldu dutenez, konturatu dira erromatarrek ez zutela hormigoia egiten orain arte uste zen moduan. Izan ere, adituek suposatutzat ematen zuten ura eta karea nahasten zituztela hasieran, eta ondoren sortutako pasta hori erabiltzen zutela hormigoia egiteko. Baina, zientzialari hauek diotenez, modu horretan ezinezkoa zen halako kaltzita egitura txiki horiek sortzea, ez bazen bederen aurrean aipatutako lardaskeria horren ondorioz. Baina karea urarekin bota beharrean zuzenean kare bizia botaz gero, duela bi milurteko hormigoian atzemandako kaltzio karbonato pikor horiek sortzen direla ikusi dute.

Hori oso garrantzitsua da materiala indartu aldera, arrakala edo poro txikiak sortzen direnean, urarekin batera, kaltzio karbonatu hori lixibatu egiten delako, berriro kristalizatuz eta hutsune horiek betez. Kaltzita horrek sumendi errautsarekin izandako erreakzioek ere egitura indartzen dutela berretsi dute zientzialariek. Funtsean, ikertzaile hauek diote erromatarren garaiko hormigoia bere kabuz konpontzeko gai dela.

Besteak beste, espektrografia bitartez ikusi dute pikor hori tenperatura handietan sortu zirela, eta horrek bat dator kare bizia botatzean espero izatekoa den portaerarekin.

hormigoia2. irudia: Laborategian hormigoia apurtu dute, eta gero ura bota dute, hidratazioaren bitartez kaltzitaren lixibazioa sortzeko. Egiaztatu dute arrakalak bete direla kaltzio karbonatoarekin. (Argazkia: Seymour et al.)

Kuriositatea asetzeaz gain, ikertzaileek aldarrikatu dute hemendik irakaspen praktikoak atera daitezkeela, gaur egungo ekoizpenari begira, eta formula hori patentatzeko asmoa agertu dute.

Zientzia artikuluak oihartzun mediatiko handia izan duela jakinda, eta ikerketari buruz galdetuta, hormigoian aditu den Manuel Francisco Herrador ingeniariak gehiegizko espektatibak hoztu ditu. Haren esanetan, ikerketa bera oso interesgarria da, “atzeman dituztelako nahasketa zehatz batean beste leku batzuetan ikusi ez diren kare biziaren inklusio batzuk”. Bitxia bada ere, Herradorrek azaldu du porlanaren inguruko kimikaz nahiko gutxi ezagutzen dugula oraindik, azken urteotan nanoteknologiari esker prozesuak sakontasun gehiagorekin neurtu ahal izan diren arren. “Beraz, egin dituzten detekzio kimikoak eta erreakzioen analisiak oso interesgarriak dira”. Baina egileek mahai gainean jarritako ondorioak gehiegizkoak direla uste du.

“Adibidez, karakterizazio mekanikoa albo batera utzi dute, erabat. Besteak beste, lortutako hormigoi horrek zer erresistentzia duen edo nola eragin ahal dien altzairuzko egiturei…”. Horrez gain, nabarmendu du kaltzio karbonatoak kristalizatzean lortutako abantaila kontrara bihur daitekeela gero, azidoekin erraz erreakzionatzen duelako. Kutsadura pixka bat daraman euri urak egindako lana desegin lezake, hirietako eraikuntza historikoak babestu behar dituztenek ondotxo dakiten moduan.

Beraz, oraindik bide luzea urratzeko dagoela gogora ekarri du adituak, halabeharrez porlana egiterakoan karbono isuriak gutxitzeko “obsesioa dugun sektore batean”.

Obsesio hori ez da hutsala. Izan ere, porlana egiteko erabili behar diren tenperaturak oso altuak dira —1.450 ºC ingurura berotu behar dira materialak–, baina hau hasiera baino ez da. Porlana sortzeko kareharria erre behar denez (CaCO3), prozesuan karbono dioxidoa sortzen da ere, erdibana. Ondorioz, porlan tona bakoitzeko, CO2 tona bana askatzen da. Eta jakin badakigu XXI. mendeko gizakiak arazo bat duela gehiegizko karbono dioxidoarekin. Porlanaren ekoizpenari lotutako isuriak, beraz, ez dira txikiak: kalkulatzen da CO2 isuri guztien %8 suposatzen dutela. Arazoa are handiagoa da ikusten dugunean porlanaren ekoizpena gora ari dela.

Bai, silizioaren aroan gaudela ematen duen arren, bereziki Txinan hormigoiaren osagai nagusia den porlanaren ekoizpena izugarri handitu da. Mende honetako lehen hamasei urteetan AEBetan XX. mende osoan ekoitzitakoa baino porlan gehiago egin dute bertan, eta, 2022ko datuei erreparatuta, munduko porlanaren % 56 Txinan ekoiztu da.

Hortaz, eta beti ere espektatiba errealei kasu eginda, agian bada garaia erromatar zoro hauei kasu pixka bat egiteko, eta Judeako Fronte Popularreko kideak erromatarrek gure alde zer egin duten galdetzen duen hurrengoan, badugu beste zerbait zerrenda luze horretan gehitzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Seymour, Linda M.;  Maragh, Janille; Sabatini, Paolo; Di Tommaso, Michel;  Weaver, James C. eta  Masic, Admir (2023). Hot mixing: Mechanistic insights into the durability of ancient Roman concrete. Science Advances, 9 (1), eadd1602. DOI: 10.1126/sciadv.add1602.

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Erromatar hormigoiaren ezusteko osagaia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Desmitifikatzen: “Kinesiotaping” edo bendaje neuromuskularra

Ar, 2023-01-17 09:00

Wikipediarekin has gaitezke: bendaje neuromuskularra edo kinesiotaping delakoa kotoizko zinta batzuk dira eta itsasgarri akrilikoa dute. Askotariko kolore deigarriak dituzte (gorria, horia, urdina, beltza, beixa eta abar) eta atleten lesioak edo bestelako arazo fisikoak tratatzeko erabiltzen dira. Profesionalek gerrialdean, sorbaldetan, belaunetan, lepoan edo bizkarrean jarri ohi dituzte.

Joseph Kompek asmatu zituen (Bowling Green, Kentucky); patentearen izena “Adhesive Tape Products” da eta 1970eko abuztuaren 11koa da. Teknika hori 1970eko hamarkadan erabili zuten Japonian hainbat ortopedia espezialistek, eta kiropraxian eta akupunturan ere erabiltzen zen. Aurrerago, japoniar atleten eta olinpikoen artean arrakasta izan zuen. Kenzo Kase japoniar kiropraktikoak zabaldu zuen horien erabilera, eta Pekingo 2008ko Olinpiar Jokoetan 58 herrialdetako atletek dohaintzan jaso eta bendak erabili ondoren, jende asko ere horiek erabiltzen hasi zen.

Bendak finak, elastikoak eta kotoizkoak dira. Beren luzeraren % 130 eta % 140 artean tenkatu daitezke. Benda gehiegizko gihar tenkaketa duen paziente bati jartzen zaionean, benda bera ere tenkatu egiten da eta jatorrizko luzerara itzultzeko kontrako indarra egiten du. Erreakzio horrek jatorrizko egoera bueltatzen laguntzen dio giharrari. Elastikotasun horri esker gihar mugimenduak handiagoak izan daitezke, berreskuratzeari laguntzen baitiete. Gainera, bendek denbora luzez funtzionatzen dute eta benda berriak jartzea atzeratu daiteke.

kinesiotaping1. irudia: bendaje neuromuskularra edo kinesiotaping delakoa kotoizko zinta batzuk dira eta itsasgarri akrilikoa dute. Atleten lesioak edo bestelako arazo fisikoak tratatzeko erabiltzen dira. (Argazkia: Xlsergval – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Itsasgarri akriliko bat dute; horrek eusteari laguntzen dio eta beroarekin lurrundu egiten da. Azkar lehortzen dira eta lau egunera arte erabil daitezke. Eskaintzen dituzten onurak dira gihar mugimendua erraztea, giharretako nekea gutxitzea, giharretako mina kentzea, mina inhibitzea eta hantura edo edema murriztea eta odol fluxuari laguntzea. Zinten eraginkortasuna kolorearekin lotzen da gainera; izan ere, zinten kolorearen arabera eta tenperaturak gora egin ahala, argi gehiago edo gutxiago xurgatzen dute. Adibidez, giharretako lesio kronikoetarako egokienak zinta gorriak dira; argi gehiago xurgatzen dute, tenperatura gehiago hartzen dute eta lesionatutako giharrari bero handiagoa ematen diote.

Nahiz eta atletek eta kirol profesionalek asko erabiltzen dituzten, kinesiotapingak ez du bere eraginkortasuna frogatu entsegu klinikoak egin dituztenean argitalpen zientifikoetan onartzen den metodologia aplikatuta eta beste zientzialari batzuek berrikusteko ohiko sistema jarraitu denean. Lara Tardónek El Mundo egunkarian hauxe baieztatu zuen: “Diotenaren kontra, kinesio tape delakoek ez dute giharren funtzioa hobetzen eta ez dute oneratzea errazten, eta ez dituzte lesioak prebenitzen, ezta tratatzen ere. Adituek ez dute zalantzarik: ez dago ebidentzia zientifikorik publizitate abantaila horiek frogatzen dituenik”. Beharbada nolabaiteko eraginkortasuna dute, baina oraingoz ez da frogatu horrelakorik ez praktika klinikoan ez zientifikoan.

97 azterlanetatik metodologia egokia zuten 10 hartu zituzten eta horien metaanalisi bat egin zen, eta azterlan horren arabera, minaren arintzea oso baxua da eta artikulu batean ere ez dute aurkitu garrantzi klinikorik duen emaitzarik, Sean Williamsek eta Aucklandeko Unibertsitate Teknologikoko (Zeelanda Berria) bere kideek ondorioztatu zutenaren arabera. Bendaje horrek onura txiki bat izan dezake indarra eta zenbait lesio taldetan mugimendu tartea hobetzeko, eta beste zinta batzuekin alderatuta hobeak izan daitezke indarraren detekzio errorean, baina aurkikuntza horiek baieztatzeko azterlan gehiago egin behar dira. Kasuei buruzko hainbat berri daude eta babesa anekdotikoa da nolabait, eta horregatik bermatu behar da ongi diseinatutako ikerketa esperimentala egingo dela, bereziki kirol lesioekin lotuta, horrela ziurtatzeko atletentzako teknika onuragarria dela.

Rafael Muñoz Lópezen Kordobako Reina Sofía Unibertsitate Ospitaleko taldeak artikulu bat idatzi zuen, eta bertan kinesiotaping benden funtzioa eta erabilera berrikusi zituzten. 2016ra arte sorbaldetako, ukondoetako, bizkarraldeko, lepoko, oinetako, orkatiletako eta belaunetako lesioak artatzeko argitaratu ziren azterlanak analizatu eta gero, autoreek ondorioztatu zuten kinesiotaping teknika oso ospetsua dela komunikabideetan, eta eliteko kirolariei zuzendutako inbertsio oso handia egin dela marketinean beraien erabilera bultzatzeko. Baina argitaratutako azterlanek ez dute egiaztatzen zintak erabiltzearen ondorioz onura argirik dagoenik, eta haien erabilera zalantzan jartzekoa litzateke.

kinesiotaping2. irudia: bendaje neuromuskularrak beharbada nolabaiteko eraginkortasuna dute, baina oraingoz ez da frogatu horrelakorik ez praktika klinikoan ez zientifikoan. (Argazkia: domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pxhere.com)

Aipatu beharreko beste azterlan bat Mark Thelenek eta Armadaren Winn Komunitate Ospitaleko (Fort Douglas, Georgia) kideek sinatutakoa da. Sorbaldako tendinitisa diagnostikatuta zuten 42 paziente aztertu zituzten eta bi taldetan banatu zituzten: batzuek bendaje neuromuskularra erabili zituen eta beste batzuek bendaje simulatua. Guztira boluntario bakoitzak bendak hiru eguneko bi tartetan erabili zituen eta elkarrizketak egin zitzaizkien sorbaldako minari eta desgaitasunean nabaritutako aldaketei buruz. Emaitzen arabera, boluntarioen mina edo desgaitasun sentsazioa ez ziren gutxitu.

2009an Candasko Fisioterapia Integraleko Zentroko (Asturias) Javier González Iglesiasen taldeak 41 boluntarioekin egindako azterlana argitaratu zuen. 21 emakumeak ziren eta lepoko zartakoaren ondoriozko lepoko mina zuten. Bi talde sortu zituzten: batzuei benda neuromuskularrak jarri zitzaizkien eta besteei bendaje simulatua. Minaren datuak (1etik 11ra arteko eskala batean) eta lepoaren mugimenduaren datuak jaso zituzten proba hasi aurretik, bendak jarri eta berehala eta 24 ordu geroago.

Boluntarioek estatistiketan nabarmentzekoak ziren hobekuntzak izan zituzten benda jarri eta berehala eta 24 orduko jarraipenean. Hala ere, gutxi arindu zen mina eta gutxi handitu zen mugimendu zerbikalaren tartea, eta ez dira klinikoki esanguratsuak.

Hara! Kinesiotapingaren koloreak ez du efekturik

Interesgarria da benden koloreek aurretik aipatu ditudan gihar lesioak arintzeko duten eraginkortasun ezberdinarekin lotutako azterlanen emaitza batzuk errepasatzea. Ashcan Çaglarrek eta Ankarako Baskent Unibertsitateko (Turkia) bere taldeak sorbaldako trapezio giharrean lesioak diagnostikatuta dituzten 50 emakumerekin probak egin zituzten. Pazienteek 20,8 urte zituzten batez beste. Bost kolore hauetako bendak jarri zizkieten: gorria, urdina, beltza, beixa eta zuria. Eta pazienteei galdetu zitzaien nola sentitzen ziren kolore ezberdinetako zintak jantzita izan eta gero. Eskala hauxe zen: berorik ez, epela, hotza, bizia, freskoa…

Adibidez, zinta gorriarekin % 30ek ez zuten aldaketarik sentitu eta % 26k epeltasuna sentitu zuten; urdinarekin % 32k epeltasuna sentitu zuten eta % 24k ezer ez; beltzarekin % 24k ezer ez eta % 22k epeltasuna; beixarekin % 26k epeltasuna eta % 20k ezer ez; eta zuriarekin % 34k epeltasuna eta % 20k ezer ez. Laburbilduz, koloreak ez ditu modu esanguratsuan aldatzen pazienteen pertzepzioak. Beharbada, gehienez ere bendaren koloreen pertzepzio ezberdinek nolabaiteko plazebo efektua sor dezakete.

Rocco Cavalerik eta Sydney Mendebaldeko Unibertsitateko (Australia) bere kideek bendaren koloreari buruz egin duten ikerketan antzeko emaitzak jaso zituzten. 32 paziente osasuntsuk parte hartu zuten; 16 emakumeak ziren eta batez besteko adina 24 urtekoa zen. Ausaz bost talde sortu zituzten: lehen taldea kontrolekoa zen eta ez zizkieten kinesiotaping bendak jarri izterrean, belaunetik aldakara; beste lau taldetako kideei benda beixak jarri zitzaizkien tentsioarekin eta tentsiorik gabe, eta benda gorriak eta urdinak tentsioarekin.

Emaitzen arabera, bendak ez du inpaktu onuragarririk hankaren funtzioan edo belaunaren indarrean. Eta bendaren koloreak ez du eragiten boluntarioen errendimendu atletikoan ere.

Bukatzeko, interesgarria da jakitea Ameriketako Estatu Batuetako osasun profesionalek zer uste duten kinesiotapingaren erabilerari buruz. Scott Cheathamek eta Dominguez Hills Kaliforniako Estatu Unibertsitateko bere kideek 30 galderako inkesta bat egin zuten eta posta elektroniko bidez inkestak bidali zizkieten Atletismoko Entrenatzaileen Elkarte Nazionaleko, Fisioterapia Ortopedikoko Akademiako eta Kirol Fisioterapiako Akademiako 51.000 profesionali. 1.083k erantzun zuten.

Gehienek, % 74k, benda neuromuskularrak erabiltzen zituzten lesio baten ondorengo tratamenduetan eta mina kontrolatzeko % 67k erabiltzen zituzten. % 77k uste zuten zintekin azalean estimuluak hobeto hautematen zirela, eta % 69k esan zuten zirkulazio lokala suspertzen zela. Hala ere, % 40k uste zuten efektu plazeboa sortzen zutela bakarrik, eta, horregatik, % 58k minak arintzeko terapia gisa erabiltzen dituzte. Profesionalen % 60k adierazi zuten bi eta hiru egun artean erabiltzen direla, baina % 81ek esan zuten gehienez ere bi eta bost egun artean erabiltzen direla.

Eta ikusi dugun bezala, % 70ek benda beltza nahiago dute, eta % 66k, beixa.

Ikertzaileek ondorioztatu zuten osasun profesionalek bendak plazebo gisa erabiltzen dituztela inkestari erantzun ziotenen % 60an ia-ia. Profesionalek uste dute hainbat efektu terapeutiko positibo sortzen dituztela erabiltzaileentzat, baina onurak nola eragiten dituzten ez dakitela ondo. Azterketen emaitzak kontraesankorrak dira, eta bi arazo nagusi hauengatik izan daiteke hori: zinten ekoizpena eta mota, eta proba eta azterketa metodoen aldagaiak.

Emaitzak direla-eta interesgarria da hau: Yu Qinek eta Lanzhouko Unibertsitateko (Txina) bere kideek 2011tik 2020ra kinesiotapingaren inguruan egin ziren argitalpenei buruz egin zuten berrikusketa. Guztira 677 artikulu aurkitu zituzten, gehienak Turkian argitaratutakoak ziren, zehazki Ankarako Hacettepe Unibertsitatean, eta testu gehien idatzi zituena Gul Baltaci izan zen, Ankarako Güven ospitalekoa. Argitalpenen kopuruak goranzko joera bat erakusten du.

Erreferentzia bibliografikoa:

Çaglar, A.et al. (2016). Are the kinesio tape colors effective for patient perception? A randomized single blind trial. Journal of Exercise Therapy and Rehabilitation 3: 96-101. Dergipark.org.tr/en/pub/jetr/issue/41759/504138

Cavaleri, R. et al. 2018. The influence of kinesiology tape colour on performance and corticomotor activity in healthy adults: a randomized crossover controlled trial. BMC Sports Science, Medicine and Rehabilitation 10: 17. DOI: 10.1186/s13102-018-0106-4

Cheatham, S.W. et al. 2021. Kinesiology tape: A descriptive survey of healthcare professionals in the United States. International Journal of Sports Physical Therapy 16: 778-796. DOI: 10.26603/001c.22136

González-Iglesias, J. et al. 2009. Short-term effects of cervical kinesio taping on pain and cervical range of motion in patients with acute whiplash injury: A randomized clinical trial. Journal of Orthopaedic & Sports Physical Therapy 39: 515-521. DOI: 10.2519/jospt.2009.3072

Muñoz López, R. et al. 2016. Kinesiotaping. Evidencia actual. Revista de la Sociedad Andaluza de Traumatología y Ortopedia 33: 23-29. Portalsato.es/documentos/revista/Revista16-2/04.pdf

Qin, T. et al. 2022. Research hotspots and trends of kinesio taping from 2011 to 2020: a bibliometric analysis. Environmental Science and Pollution Research DOI: 10.1007/s11356-022-22300-9

Tardón, L. 2018. Sin rastro científico que avale el “kinesiotaping”. El Mundo 7 agosto.

Thelen, M.D. et al. 2008. The clinical efficacy of kinesio tape for shoulder pain: A randomized, double-blinded, clinical trial. Journal of Orthopaedic & Sports Physical Therapy 38: 389-395. DOI: 10.2519/jospt.2008.2791

Wikipedia. 2021. Vendaje neuromuscular. 14 agosto.

Wikipedia. 2022. Elastic therapeutic tape. 24 September.

Williams, S. et al. 2012. Kinesiotaping in treatment and prevention of sports injuries. Sports Medicine 42: 153-164. DOI: 10.2165/11594960-000000000-00000

Egileaz:

Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.

The post Desmitifikatzen: “Kinesiotaping” edo bendaje neuromuskularra appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Farmakoak ‘Aliziaren ispiluaren bidez’ sintetizatzen

Al, 2023-01-16 09:00

UPV/EHUko José Luis Vicario katedraduna eta Zaragozako Unibertsitateko Pedro Merino katedraduna buru direla, bi ikerketa-taldek elkarrekin dihardute konposatu poliziklikoen sorkuntza ikertzen. Batez ere hidrogenoz eta karbonoz osatutako eraztun bat baino gehiagoko konposatuak dira poliziklikoak, eta zuzeneko erabilera dute industria farmazeutikoan. Erabili duten metodologia eta lortutako konposatuen erabilgarritasuna hartu ditu aintzat Chemistry: A European Journal aldizkariak (Wiley-VCH argitaletxea).

“- Gustatuko litzaizuke ispiluaren etxean bizitzea, katutxo hori? Ez dakit, ba, nik, esnerik emango ote dizuten. Baliteke ispiluko esnea edateko ona ez izatea”. Lewis Carrollek bazuen, 1871rako, ispiluaren islako objektuek objektu “errealen” moduko propietateak ez zituztelako irudipena. Objektu beraren bi irudi —bata bestearen isla— ikusita planteatu zuen Aliziak aburu hori Ispiluan barrena eta Aliziak han aurkitu zuena liburuan. Izen handiko zientzialari zenbaitek ere, Pasteur tartean, aukera izan zuten irudipen hura laborategian frogatzeko, materia, eratzen duten molekulak aztertuz. Zehazki esanda, frogatu zuten ezen fruta askotan —batez ere, mahatsean— dagoen azido tartarikoaren molekula-egituren ispilu-irudiak ezin gainezar zitezkeela, pertsona baten bi eskuak gainezar ezin daitezkeen moduan, eta, gainera, propietate desberdinak zituztela egitura biek. Molekula-egitura horiei azido tartarikoaren enantiomero esaten zaie.

ispilu irudiakIrudia: Chemistry: A European Journal aldizkariaren azala ikerketaren egileek diseinatuta: Alizia ageri da, ispilua zeharkatuz bere forma enantiomerikoa (ispilu-irudia) bihurtzeko zorian. Aliziak bidelagun bat aurkitzen du, katalizatzaile bat, azken produktua eratu arte bide horian lagun egingo diona: sulfonamida. (Irudia: Uria, U.et. al.)

Gaur egun badakigu, jakin ere, farmako batek itu terapeutikoan eragina izango badu, nahitaezkoa dela farmakoaren bi enantiomero edo ispilu-irudietako (ispiluaren alde bakoitzeko molekula-egitura) bat bakarra erabiltzea, nahi den eragina lortzeko. Gainera, kontrako enantiomeroak —esnea, Lewis Carrollen ipuineko islan— eragin ditzakeen albo-ondorioak murrizten edo desagerrarazten dira horrela. Zientzia eta Teknologiako Fakultateko ikerketa-talde batek, UPV/EHUko katedradun José Luis Vicariok zuzentzen duen Sintesi Asimetrikoa, Kimika Iraunkorra eta Prozesu Biomimetikoak ikerketa-taldeak, bi hamarkada baino gehiago daramatza lehenespenezko enantiomero bakar bat prestatzera bideratutako metodologia berriak ikertzen, farmakoen eta interes terapeutikoko produktu naturalen sintesian.

Bi enantiomero posibleetako bakarra sortzen dute

Zaragozako Unibertsitateko Merino irakaslearen lankidetzarekin, konposatu poliziklikoak sortzeko bide berritzaile bat garatu dute berriki, uztai baten diametroko bi mutur elkartuz bi uztai sor daitezkeen modu berean. Sintesi Asimetriko, Kimika Jasangarri eta Prozesu Biomimetikoetako ikerketa-taldeak molekula-eskalan egin du eragiketa hori katalisia erabiliz, eta aukeran dauden bi enantiomeroetatik bakarra sortu du.

Erabili duten metodologiak eta lortutako konposatuen erabilgarritasunak Wiley argitaletxeak diziplina anitzeko kimikaren arloan argitaratzen duen Chemistry: A European Journal aldizkariaren aintzatespena jaso dute. Egileei alearen azala diseinatzeko gonbita helarazi zaie; azalean Alizia ageri da, ispilua zeharkatuz bere forma enantiomerikoa (ispilu-irudia) bihurtzeko zorian. Aliziak bidelagun bat aurkitzen du, katalizatzaile bat, azken produktua eratu arte bide horian lagun egingo diona: sulfonamida.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Aurrerapenak, farmakoak ‘Aliziaren ispiluaren bidez’ sintetizatzen

Erreferentzia bibliografikoa:

Luis-Barrera, Javier; Rodríguez, Sandra; Uria, Uxue; Reyes, Efraim; Prieto, Liher; Carrillo, Luisa; Pedrón, Manuel; Tejero, Tomás; Merino, Pedro; Vicario, Jose L. (2022). Brønsted Acid versus Phase-Transfer Catalysis in the Enantioselective Transannular Aminohalogenation of Enesultams. Chemistry: A European Journal. DOI: 10.1002/chem.202202267

The post Farmakoak ‘Aliziaren ispiluaren bidez’ sintetizatzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #423

Ig, 2023-01-15 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

klima-aldaketa

Emakumeak zientzian

Jone Bilbao Antolinek hiru urte daramatza Urdaibaiko urak ikertzen, eta berak irabazi du txiotesia lehiaketaren azken edizioa, txiotesi ulergarrienaren kategorian. Bilbaok adierazi duenez, beti izan du interesa izaki bizidunetan, baina baita kutsaduran, fenomeno meteorologikoetan, eta halako prozesuetan. Eta Ingurumen Zientzietan ikusi zuen aukera horiek denak ukitzeko. Fitoplanktonaren laborategian dabil, eta organismo horiek eredutzat hartuz, Urdaibaiko egoera aztertu du bere tesian. Izan ere, Urdaibai biosferaren erreserba bat bada ere, 2021 urtera arte ur fekalak isurtzen ziren bertara. 2021etik aurrera, ordea, Gernika-Lumoko eta inguruko ur fekalak Lamiarango araztegira eramaten dira, eta Bilbaok berehala sumatu zuen estuarioko uren hobekuntza, amonio- eta fosfato-kontzentrazioetan, adibidez. Zientzialari honi buruzko informazio gehiago irakur daiteke Zientzia Kaieran.

Ingurumena

Ozono-geruza bere onera itzultzen ari dela baieztatu du ikerketa batek. Munduko Meteorologia Erakundeak zabaldu du berria, eta azaldu dutenez, ozono-geruzarentzat kaltegarriak diren substantzia kimikoen %99 ezabatu da mundu mailan, eta horri esker berreskuratu da geruza. Hobekuntza horrek, era berean, tenperaturaren igoera moteltzea espero da, eta berotze globala 0,5 gradu txikiagoa izan liteke mende bukaeran, bide honetan jarraituz gero. Honekin batera, eguzkiaren erradiazio ultramoreak gizakiongan duen eragina ere murriztuko da. Artikoan gutxi gorabehera 2045ean itzuliko litzateke geruza bere onera; 2066an Antartikan eta 2040an munduko gainerako lekuetan. Datu guztiak Garan.

Hiriak berdetzeak diskriminazio soziala areagotzen duela frogatu du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikerketa talde batek. Hau da, gune berdeak sortzeak edo zeudenak bere onera ekartzeak maila ekonomiko altuko pertsonak erakartzen ditu; etxebizitzen prezioak igo egiten dira eta maila ekonomiko apalagoko jendea kanpo geratzen da. Zehazki, aztertutako 28 hirietatik 17tan berdetzeak gentrifikazioa eragin zuen. Egileek gogorarazi dute hiriak berdetzeak onura nabarmenak dakartzala osasunean, kliman, eta ekonomian, baina azterketak agerian jarri du banaketa eta eskuragarritasuna ez direla ekitatiboak. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia-kontsumoa murritz dezake, UPV/EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group taldeek egindako ikerketa batean ondorioztatu denez. Emaitza hori lortzeko Gasteizko Errekaleor auzoko biztanleen energia-aztarna EAEkoekin alderatu dute. Azterketaren arabera, alde horren arrazoi nagusia kontsumo-ondasun eta -zerbitzuak ekoizteko erabiltzen den energia da. Zehazki, estatuko energia primarioaren aztarna totalaren % 81 dagokio produktu eta zerbitzuetan txertatutako energiari; EAEkoaren % 75, eta Errekaleorrekoaren % 66. Azalpenak Zientzia Kaieran: Bizimodu komunitario alternatiboak energia-aztarna txikiagoa du.

Klima-aldaketa

ExxonMobil petrolio-konpainiaren eredu klimatikoek zehaztasunez iragartzen zuten klima-aldaketa, duela 45 urte. 2015ean kazetariek argitara atera zuten, konpainiaren barne-dokumentuen arabera, jakitun zirela erregai fosilek berotze globala eragin zezaketela, eta horrek ondorio larriak izan zitzakeela ingurumenean. Kazetariek ExxonMobil salatu zuten, informazio hori izan arren, klima-aldaketa ukatzen zuten mezuak zabaltzeagatik. Konpainiak ukatu egin du orain arte halako informaziorik zutenik, baina orain, Science aldizkarian argitaratu duten lan berri batek berretsi egin du aurreko ikerketek erakusten zutena, hain zuzen ere, petrolio-konpainiaren txostenek berotegi globala ongi iragartzen zutela, baina konpainiak egindako adierazpen publikoak kontraesanean zeuden euren datu zientifikoekin. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Eboluzioaren ikuspegitik, altruismoa jarrera harrigarria da, janaria ematen duenak beste taldeko kideei lehiarako abantaila emango liekeen baliabide bat galtzen baitu. Gizakietan eta beste hainbat animalietan, alabaina, altruismoa jarrera arrunta da, eta hiru arrazoiengatik merezi du. Lehenengoa, ahaideen artean altruista izatea da, geneen zati bat partekatzen denez, ondare genetikoaren zati batek irautea errazten baita. Bigarrena, bizkarroikeria onartua da, eta hirugarrena, elkarrekikotasuna. Primateetan ez ezik, Desmodus rotundusa saguzar hematofagoetan ere ikusi da jarrera altruista. Saguzar hauek lortzen duten odola bere taldeko beste banpiro batzuekin partekatzen dute, eta odola partekatzean, espezie horretako saguzarrek lotura iraunkorrak ezartzen dituzte kideekin. Honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Altruismorako arrazoiak.

Psikologia

Gizakia geroz eta urrunago dago naturatik. Oro har, aire zabaleko ekintza gutxi gauzatzen ditugu egunean zehar; naturan are gutxiago, eta munduan zehar pertsona gehiago bizi dira hirietan landa-eremuetan baino. Ikerketa batzuek jada enpirikoki neurtu dute deslotura hori, kulturak izan duen bilakaerari erreparatuz. 2014an, adibidez, ikerketa talde deskonexio hau frogatu zuen Disney-ren marrazki bizidunetako filmak aztertuz, ikusi baitzuten urteak joan ahala pelikulek geroz eta paisaia natural gutxiago irudikatzen zituztela. Gainera, gure produktu kultural batzuk adierazten duten moduan, natura bera “erreplikatu” dugu birtualki, eta Pokémon eta Avatar filmak dira honen adibide argia. Azalpenak Zientzia Kaieran: Lurreko “estralurtarrak”.

Antropologia

Goi Paleolitoko zeinu ez-figuratiboak egutegi baten osagaiak zirela iradoki dute. Duela 42.000 urteko margoak eta grabatuak aztertuz ondorioztatu dute zeinu haiek egutegi fenologiko-meteorologiko baten osagaiak zirela, eta ikertzaileen arabera, proto-idazketa baten zantzuak dira. Artelan hauetan hiru zeinu ohikoenak lerroa, puntua eta Y zeinua dira, eta komunikazio-unitate gisa funtzionatzen zutela proposatu dute ikertzaileek, eta marra- eta punto-sekuentziek udaberrian hasten zen ilargi-egutegi batekin bat egiten dutela. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Iruñeko Erresumari lotutako hiru errege historikoren azterketa antropologikoa egin du ikerketa talde batek Aragoin. Hiru errege horien hezurrek esaten dutenari adi, izandako bizimodua eta itxura birsortu dituzte. Protagonistak Antso Ramiritz eta Petri I.a Santxitz dira, biak Iruñeko eta Aragoiko errege izandakoak; eta Ramiro I.a Aragoikoa, Antso Ramiritzen aita. Bada, hiruren bizimoduei buruzko informazioa biltzeaz gain, Petri I.aren eta Ramiro I.aren burua hiru dimentsiotan sorberritu dituzte, bigarrenaren heriotza ere argitu dute, eta kronika historikoek ziotena gezurtatu dute honela. Izan ere, kroniken arabera, Ramiro I.a begian gezi batek jota hil zuten, baina hezurren arabera, sabelean lantza bat sartuta. Informazio gehiago Berrian: Hezurrek kontatzen dutena.

Teknologia

Hainbat enpresa hasiak dira elikagaiak sortzeko 3D inprimagailua erabiltzen; Iruñako Cocuus enpresa da horietako bat. Laborategietan hazitako zelulak, fabrika handietako haragi hondarrak eta landareetan oinarritutako haragi artifizialak erabiltzen dituzte bertan janaria inprimatzeko. Duela hamar urte hasi zuen Cocuusek ibilbidea, eta orin gai dira ilarrekin eta oliba olioarekin hirugiharraren testura eta zaporea duen kopia sortzeko. Orain, Softmimic proiektua jarri dute martxan, pureak 3D objektu bihurtzea helburu duen proiektua. Honela, disfagia dutenei eta adinekoei lagundu nahi die, janariaz gozatzen jarrai dezaten. Txuleta itxura eta zaporea duen purea egiten dute, adibidez. Azalpenak Berrian: Etorkizuneko mantenua.

Argitalpenak

Marc D. Hauser psikologo eta biologoak Gogo basatiak (2000) liburuan animalien adimenari buruzko hainbat galdera erantzuten ditu, animalien pentsatzen dutenaren eta sentitzen dutenaren inguruan. Erantzun hauek psikologian, biologia ebolutiboan, neurozientzietan eta zientzia kognitiboan egindako aurkikuntzetan sendo oinarrituta daude, eta hautespen naturalak animalien gogoak nola moldatu dituen argitzen dute. Liburu honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke, ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #423 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #430

La, 2023-01-14 09:00


Konputazio kuantikoak garrantzitsua izan behar badu, sarean funtzionatu beharko du. Oso urrats garrantzitsua eman berri da posible izan dadin. The dawn of the quantum network: quantum interference over 300 km of optical fiber

Emakumeak pisu txikiagoko gizonezkoak balira bezala tratatzea farmakologia modernoaren funtsezko akatsa da. Women are not scaled men, clinically speaking Rosa García-Verdugoren eskutik .

Metaleno oso berezi bat, nikelozenoa, erabiltzen duen teknika berri batek kate metalo-organikoen propietate magnetikoak zehaztasunez zehaztea ahalbidetzen du. DIPC jendea A formidable characterization tool for one-dimensional metal−organic chains

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #430 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Jone Bilbao, ingurumen-zientzialaria: “Ingurumen Zientzietan ikusi nuen nire intereseko hainbat gai ukitzeko aukera”

Or, 2023-01-13 09:00

Jone Bilbao Antolinek irabazi du txiotesia lehiaketaren azken edizioa, txiotesi ulergarrienaren kategorian. Aitortu duenez, hasieratik izan zuen helburutzat ulergarria izatea, “sekula ez bainaiz originala izan”. Izan ere, iruditzen zaio ikertzaileek oso argi izaten dutela zertan dabiltzan, baina ingurukoek, normalean, ez dutela arrasto handirik izaten. “Hortaz, nire asmoa zen azaltzea zer egiten nuen, eta zergatik. Eta non; nire kasuan oso garrantzitsua baita lekua”.

Leku hori Urdaibai da. Hiru urte daramatza han ikertzen Bilbaok, eta orain laugarrena egingo du. Txiotesian, tarte horretan egindako ikerketen eta lortutako datu eta emaitzen zati txiki bat baino ez du azaldu, baina garrantzitsua iruditu zaio zer egiten ari diren azaltzea, mundu hori arrotza zaionak ere ulertu dezan.

JoneIrudia: Jone Bilbao Antolin, ingurumen zientzialaria. (Argazkia: Elhuyar)

Jone Bilbao berarentzat nahiko naturala edo zuzena izan da Urdaibain ikertzera eraman duen bidea. “Sopelakoa naiz, eta, beraz, beti izan dut lotura estua naturarekin, batez ere itsasoarekin eta hondartzarekin. Egia da, ikasketak aukeratu behar dituzunean, gauzak ez dituzula argi izaten, eta nik ere ez neukan hasieratik garbi Ingurumen Zientziak ikasi nahi nituela. Baina hor ikusi nuen aukera gustatzen zitzaizkidan gauzak ikasteko: ez zen biologia purua, ez zen kimika… Eta beti izan dut interesa izaki bizidunetan, baina baita kutsaduran, fenomeno meteorologikoetan, eta halako prozesuetan. Eta Ingurumen Zientzietan ikusi nuen aukera horiek denak ukitzeko“.

Horrez gain, ingurumena hobetzeko lan egiteko gogoak ere bultzatu zuen karrera hori ikastera, eta, behin horretan zebilela, ekologiak, kutsaduraren analisiak eta halako gaiek erakarri zuten. “Horrek eraman ninduen Plentziara, Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Masterra egitera, eta hortik aurrera Urdaibain geratu naiz, tesia egiten”.

Fitoplanktonaren laborategian dabil, eta hasieratik sentitu da gustura taldean: “Orain gehiago gara, baina sartu nintzenean taldea oso txikia zen, eta oso ondo hartu ninduten. Gero, taldea handitzen joan da, eta oso eroso nago denekin. Niretzat inportantea da; azken finean, laginketetara beti norbaitekin joan behar duzu. Batzuetan joan naiz ikasleekin, beste batzuetan lankideekin edo zuzendariarekin… baina beti da taldeko lana”.

Lan horretan, Urdaibaiko egoera aztertu dute. Horrela ikusi du Bilbaok: “Jendeak paradisu baten pareko ikusten du. Baina nik batzuetan oso zikin ere topatu dut, eta zenbaitetan arrazoi naturalengatik izan da, adibidez, euriteengatik, baina beste askotan ez. Eta egia da hondakin-uren tratamenduan egin dituzten aldaketekin, berehala sumatu dugula hobekuntza. Bai guk, emaitzetan, baina baita handik pasatzen zen edonork ere, begi-bistakoa izan baita. Usainean bertan nabaritzen da”.

Azaldu duenez, hondakin-uren tratamendurako plana 2017an onartu zen, eta horren barruan URAk eta Busturialdeko Ur Partzuergoak saneamendu-sarea eraiki behar zuten, eta Bermeoko Lamiaran araztegiarekin lotzeko azpiegiturak egin behar zituzten. Lanak ez dira egun batetik bestera egin, baina 2021tik aurrera, Gernika-Lumoko eta inguruko ur fekalak Lamiarango araztegira eramaten dira, itsasora isuri aurretik behar bezala tratatzeko. Horri esker, ez dira estuariora iristen.

Ondorioak agerian

Horren ondorioak azpimarratu ditu Bilbaok: “Udan Urdaibaiko hondartzetan izaten ziren ur fekalen agerpenak konpontzea zen, batez ere, helburua. Baina gure ikerketetan ikusi dugu beste onura argi batzuk ere ekarri dituela. Adibidez, amonio- eta fosfato-kontzentrazioak nabarmen jaitsi dira, eta ur zikinetan gailentzen diren organismoak ere gutxitu egin dira”.

Finantzazioaz ere hitz egin du. Izan ere, ikerketaren alderdirik zailena horixe izaten da, finantzazioa lortzea, eta, hasieran, haiei ere asko kostatu zitzaiela baieztatu du Bilbaok. “Lehenengo laginketa-urtea inolako finantzaziorik gabe egin genuen. Urte horren ondoren, lehen emaitzak lortu genituenean, jada babesa lortu genuen, bai URArena, bai Busturialdeko Ur Partzuergoarena. AZTIrekin elkarlanean ere aritu gara… Beraz, orain ondo, baina, hasieran, guk ikusten genuen zer garrantzitsua zen hainbeste diru kostatuko ziren azpiegitura-lanen onurak neurtzea, baina ez genuen laguntzarik lortzen“.

Orain, Bilbon egin zen bezala, jarraipen-programa bat jarri nahi dute martxan, eta aurrera ateratzea espero dute.

Fitxa biografikoa:

Jone Bilbao Antolin Sopelan jaioa da, 1995ean. Ingurumen Zientzietako gradua ikasi zuen UPV/EHUko Gasteizeko campusean, 2013 eta 2017 bitartean, eta horren ondoren, Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia Masterra egin zuen (2017-2018) Plentziako Itsas Estazioan (PiE-EHU). 2019an, Itsas Baliabideak eta Ingurugiroa doktorego programan hasi zen tesia egiten, EHUren doktoratu aurreko laguntzarekin (2019-2023), Sergio Seoaneren zuzendaritzapean. Leioako campuseko Landare Biologia eta Ekologia sailean dago, Ibaien Ekologia izeneko taldean, Fitoplankton ikerketa-taldearen barruan, eta PiE-EHUko parte ere bada.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Jone Bilbao, ingurumen-zientzialaria: “Ingurumen Zientzietan ikusi nuen nire intereseko hainbat gai ukitzeko aukera” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Gogo basatiak

Og, 2023-01-12 09:00

Zer pentsatzen dute animaliek? Zer sentitzen dute? Ba ote dute emoziorik? Haserrea, oinazea, errukia sentitzeko gai al dira? Galdera horien erantzunak eskaintzen dizkigu Marc D. Hauser psikologo eta biologoak Gogo basatiak (2000) liburuan. Erantzun hauek psikologian, biologia ebolutiboan, neurozientzietan eta zientzia kognitiboan egindako aurkikuntzetan sendo oinarrituta dago. Zientzia-zabalkundeko liburu gehienek animaliak mutur biotariko batean irudikatzen dituzte: edo antropomorfismoan, animalia-itxurako gizakiak balira bezala, edo inolako sentipenik ez duten izaki mekaniko gisan. Hauser ospetsua da animalien kognizioaren gaian, eta hainbat alorretako emaitzak darabiltza animalien pentsamendua aztertu eta aurkezteko, aurretiazko ustekizunik gabe.

gogo basatiakIrudia: Gogo basatiak liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Liburu honek argituko dizu nola moldatu dituen hautespen naturalak animalien gogoak: zenbatzen ote duten, nola aurkitzen duten etxerako bidea gauez, zergatik ez duten hitz egiten, errurik sentitzeko gai ote diren, sexua gozatzen ote duten, eta zergatik diren emozio batzuk unibertsalak eta beste batzuk bereziak. Animaliak ez dira sentipenik gabeko automatak, ez eta gizakion isla hutsa ere; izaki beregainak dira, izadiaren indar konplexuek gidatzen eta moldatzen dituzte haien burutazio eta gogoak, gureak bezala.

Prosa argi, bizi eta dotorea darabil Hauser-ek; David Premack aditu ezagunak ederki laburbiltzen duen moduan, hauxe da emaitza: “bidaia bikain bat animalien gogoetan zehar”.

Marc D. Hauser (Cambridge 1959), psikologo eta biologo eboluzionista, Harvard unibertsitateko irakasle katedraduna da Psikologian eta Neurozientzian, eta Primateen Neurozientzia Laborategiko zuzendaria. Itzal handiko ikertzailea da psikologia ebolutiboan eta neurozientzietan, eta hainbat argitalpen espezializaturen egilea. Punta-puntako ikerkuntzan jarduteaz gainera, zientzia-alor horietan egindako aurkikuntzak idazkera argi eta erakargarriz zabaltzen ditu jendartean. Gogo basatiak liburua ez ezik, beste bi ere nabarmendu behar dira: The Evolution of Communication (1997) eta Moral Minds: How Nature Designed Our Universal Sense of Right and Wrong (2006).

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Gogo basatiak
  • Egilea: Hauser, Marc D.
  • Itzultzailea: Irene Aldasoro
  • ISBN: 978-84-9860-074-2
  • Formatua: 16 x 24 cm
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2008
  • Orrialdeak: 484 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Gogo basatiak

The post Gogo basatiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Lurreko “estralurtarrak”

Az, 2023-01-11 09:00

Bioaniztasun-galera eta klima-aldaketa gaur egungo kezka-iturri nagusienetarikoak dira zientzialarien artean. Hala eta guztiz ere, halako kezkei irtenbideak aurkitzeko baliabide eskasak dituzte gaur egun, eta honen arrazoi nagusia da gizarteak lotura falta handia duela naturarekin. Gizakiaren eta naturaren arteko tartea geroz eta handiagoa da, eta urruntze horren berri izan dezakegu azken mendean kulturak izan duen bilakaerari erreparatzen badiogu.

Modu batera edo bestera, gutako asko lotuago sentitzen gara gizakiak sortutako gailu edo espazioei, gertu ditugun gune edo esperientzia naturalei baino. Oro har, aire zabaleko ekintza gutxi gauzatzen ditugu egunean zehar; naturan are gutxiago, eta leku itxiak, hiriak eta gailu elektronikoak gailendu dira pertsona askoren bizitza profesionalean eta aisian. Prozesu horri “gizakiaren naturarekiko deskonexioa” izena eman zaio, eta askotariko ondorioak ditu, bai osasun fisiko eta mentalean, baita prozesu sozialetan ere.

Naturarekiko deskonexioaren eragile nagusienetako bat nahiko argia da: pertsona gehiago bizi dira hirietan landa-eremuetan baino. Gaur egun, munduko populazioaren %56 (4.400 milioi biztanle) hirietan bizi da. Gehienok geroz eta gehiago eraldatutako eta gizakiak menderatutako inguruneetan bizi gara, non prozesu naturalak geroz eta urrunago eta ezkutuago topatzen ditugun. Urbanizazioak homogeneizatu egiten du inguruko bioaniztasuna, eta askotan bertakoak ez diren espezieak gailentzen dira, gainera. Horrek tokian tokiko landare- eta animalia- espezieen aniztasuna txirotzen du, eta haiekin dugun harremana hozten da, inguratzen gaituena “inpertsonala” bilakatzen baita. Horrela, deslotura esponentzial batean murgildu da gizakia, eta naturak aberastasuna galtzen duen heinean, guk harentzat dugun estimua galtzen dugu. Gurpil zoro horretan harrapaturik, alde askotatik jada ez dugu naturaren beharrik sentitzen, eta ezjakintasun kolektiboak axolagabekeria kolektibora garamatza.

naturarekiko deskonexioaIrudia: Gizakiaren eta naturaren arteko tartea geroz eta handiagoa da. (Argazkia: Pexels – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Deskonexio-sentsazio hori prozesu abstraktua da, psikologikoa eta kolektiboa, eta zaila da, beraz, enpirikoki neurtzen. 2014an, ordea, ikerketa talde bati modu bitxi bat otu zitzaion prozesu hori kuantitatiboki neurtzeko: pentsatu zuten Disney-ren marrazki bizidunetako filmek islatu zezaketela, nolabait, denboran zehar naturak gizartean izan duen pisua. Hala, 70 urtean zeharreko Disney-ren filmak aztertu zituzten, paisaia naturalen irudikapenek pelikuletan zuten garrantzia kuantifikatuz. Egileek ikusi zuten, hain zuzen ere, urteak joan ahala pelikulek geroz eta paisaia natural gutxiago irudikatzen zituztela, bioaniztasun gutxikoak, eta gizakiak eraldatutako edota sortutako agertokiak gailentzen zirela film berrienetan.

Antzeko ikerketa bat egin zuten Ingalaterran hiru urte geroago. Orduan, gizakiaren naturarekiko deskonexioa neurtu nahi izan zuten gizakiak sortutako produktu kulturalei erreparatuz. Zehazki, 20. mendetik aurrerako pop kultura ingeleseko produktuen berrikuspena egin zuten ikertzaileek. Horretarako, urte horietan zehar argitaraturako eleberriak, abestien letrak eta pelikulen tramak hartu zituzten aintzat. Izan ere, idazleek, musikariek edota zinema-zuzendariek beren sorkuntzetan natura geroz eta gutxiago aipatu bazuten, hiru arrazoirengatik izan zitekeen, ikertzaileen aburuz: kultura-sortzaileek esperientzia gutxiago bizi zituztela naturan, momentu horiek eragin lausoagoa zutela sortzaileengan, edo naturarekin lotutako gaiek erakargarritasuna galdu zutela haien ikuslerian. Eta, hain zuzen ere, produktu horietan naturari eginiko erreferentziak murriztu zirela egiaztatu zuten. 50eko hamarkadako abesti herrikoiek zituzten naturarekiko erreferentziekin alderatuz, adibidez, heren bat soilik aipatzen ziren ikerketaren urtean.

Aurkikuntza horiek ondorio bakarrera garamatzate: iraultza teknologikoak gizakiaren bizimodua aldatu du, eta horrekin batera, gure aisialdirako gustuak. Produktu kulturalen gai-aldaketak bat datoz telebistaren kolonizazioarekin, bai eta, denboran hurbilago, bideo-jokoen eta Interneten arrakastarekin. Baina egoera are aldrebesagoa da, jarraian ikusiko dugunez. Izan ere, hain da konplexua batzuetan gizakia, ezen etxe-barrua eta mundu birtualak naturagatik trukatzeaz gain, natura bera “erreplikatu” dugun birtualki, eta gainera, badirudi aukeran nahiago dugula “natura birtuala”.

Fenomeno horren gaur egungo bi adibide oso argi ditugu. Bata, ezin garaikideagoa, Avatar pelikulak. Film horiek ikusi ez dituenarentzat, hemen doa sinopsi labur bat. Etorkizunean, izakia Lurreko aberastasun guztia agortzeko zorian dago, eta Pandora delako planeta aurkitzen dute. Bertako eboluzioak Lur planetakoak iragan dituen pausu ia berdinak jarraitu ditu. Pandorak Lurraren gisako ozeanoa eta atmosfera ditu, bai eta landare eta animalia antzekoak ere, eta gizakiaren antz handia duten izaki urdin batzuk bizi dira bertan. Izaki hauek naturarekin lotura estuan bizi dira, eta dena da zoragarria planeta horretan. Bada, edonork esango luke Avatarren bi pelikulak natura fantastiko eta birtual bati buruzko dokumentalak direla, Pandorako bizitza goresteko filmak. Hausnarketa zera da: inoiz egon al da “blockbuster” izatera iritsi den animaliei buruzko dokumentalik?

Pokémon frankiziaren bideo-joko eta pelikulak dira beste adibidea. Pokémonen mundu birtualean jokalariek pokémon deritzen izaki fantastikoak biltzen dituzte, haiek entrenatu eta beste jokalarien aurka lehiatzeko. Tematika horren jarraitzaileek, gehienetan haur edo nerabeek, pokémon guztien izenak dakizkite, bai eta beren ahulezia, indargune eta beharrizanak ere. Bitxia zera da, Science aldizkarian argitaratu zenez, haurrek pokémon “espezie” gehiago ezagutzen dituztela Lurrean bizi diren eta errealak diren animalia-espezieak baino; eta are gutxiago ezagutzen dituzte animalia bakoitzaren biologia eta ezaugarriak.

Zergatik da erakargarriagoa mundu birtuala? Zergatik sortzen ditugu ingurune eta espezie berriak Lurrekoak alde batera utziz? Agian, besterik gabe, gizakiak sormena eta gaitasuna duelako atsegin duen hori eta adimena pizten dion hori sortzeko; agian inkonformista delako izatez. Agian natura bera ere aspergarria zaigu jada, zaharkitua, efektu berezi eta superbotererik gabea. Baina ez gara avatarrak, ezta pokémon-entrenatzaileak ere; gizakiak gara, Lurrean bizi gara eta natura paregabe batek inguratzen gaitu; natura hau bai da erreala, ikusteaz gain, usaindu, ukitu eta sentitu daitekeen natura berdingabea, landare zoragarriz eta animalia pentsaezinez betea. James Cameronek Lurrari buruzko pelikula bat egingo balu!

Erreferentzia bibliografikoak:

Balmford, Andrew; Clegg, Lizzie; Coulson, Tim; Taylor, Jennie (2002). «Why Conservationists Should Heed Pokémon». Science 295, n.o 5564  2367-2367. https://doi.org/10.1126/science.295.5564.2367b

Kesebir, Selin; Kesebir, Pelin (2017). «A Growing Disconnection From Nature Is Evident in Cultural Products». Perspectives on Psychological Science 12, n.o 2 258-69. https://doi.org/10.1177/1745691616662473

Miller, James R. (2005). «Biodiversity Conservation and the Extinction of Experience». Trends in Ecology & Evolution 20, n.o 8 430-34. https://doi.org/10.1016/j.tree.2005.05.013

Prévot-Julliard, Anne-Caroline; Julliard, Romain; Clayton, Susan (2015). «Historical Evidence for Nature Disconnection in a 70-Year Time Series of Disney Animated Films». Public Understanding of Science 24, n.o 6 672-80. https://doi.org/10.1177/0963662513519042

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Lurreko “estralurtarrak” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Altruismorako arrazoiak

Ar, 2023-01-10 09:00

Gizakiok janaria eta bestelako ondasunak partekatzen ditugu. Ez dugu edonorekin egiten, ezta edozein egoeratan ere, baina ohiko portaera bat da. Horregatik normala iruditzen zaigu, nahiz eta eboluzio ikuspegitik harrigarria izan, janaria ematen duenak beste taldeko kideei lehiarako abantaila emango liekeen baliabide bat galtzen baitu.

Hiru arrazoi hartzen dira aintzakotzat janaria partekatzeak merezi izateko. Lehenengoa ahaidetasunaren araberako hautaketa da. Horri jarraikiz, onuragarria da geneen zati bat partekatzen duten pertsonekin (ahaideekin) altruista izatea, horrela ondare genetikoaren zati batek irautea errazten baita. Bigarrena, bizkarroikeria onartua. Hori gertatzen da janaria duena hura monopolizatzeko gai ez denean janaria ez dutenek ezartzen dizkioten kostuengatik; horiek janaria partekatzera behartzen ez badute ere, ez partekatzea oso garestia gerta dakioke. Hirugarrena elkarrekikotasuna da. Baliteke gaur janaria duenak iraganean beste baten laguntza jaso izana edo etorkizunean laguntza behar izatea. Hau da, partekatzen duenarentzat onuragarria litzateke janaria partekatzea, etorkizunean elikagaia jasotzen duenaren elkarrekikotasuna onuragarria izango litzatekeelako.

partekatzenIrudia: Desmodus rotundusa saguzarrak lortzen duen odola bere taldeko beste banpiro batzuekin partekatzen du. (Argazkia: Uwe Schmidt – CC BY SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Gu ez gara janaria partekatzen duten primate bakarrak. Aurreko paragrafoan aipatutako hiru arrazoiak gizakion eta beste primateen (txinpantzeen, bonoboen, kaputxinoen eta tamarinoen) portaera eskuzabalaren oinarrian daudela dirudi. Eragin handiena duten bi arrazoiak bizkarroikeria onartua eta elkarrekikotasuna dira, eta ahaidetasunaren araberako hautaketarena, berriz, txikiagoa da.

Giza espeziean, populazioen artean horien kideen elkarrekikotasun mailan dauden aldeak eskuragarri dagoen elikagai kantitatearen iragarpen mailarekin lotuta daudela dirudi. Janaria aldizka izateko aukera zalantzagarriagoa den populazioetan, elkarrekikotasuna garrantzitsuagoa izaten da.

Altruismoa ez da primateengan soilik ematen. Desmodus rotundusa odolez elikatzen da; benetako banpiro bat da, hau da, saguzar hematofago bat. Gainera, lortzen duen odola bere taldeko beste banpiro batzuekin partekatzen du. Bereziki diseinatutako esperimentuen bidez egiaztatu denez, odola partekatzean, espezie horretako saguzarrek lotura iraunkorrak ezartzen dituzte kideekin eta, ondorioz, elkarren artean janaria partekatzeko ohitura hartzen dute. Janaria partekatzen duten horiekin familiakoak izan daitezke edo ez, beraz, haien altruismoa ez dirudi ahaidetasunaren araberako hautaketaren ondorio denik. Era berean, odola partekatzeko era berezia dela eta (berrahoratzea), bizkarroikeria onartua ere ulertezina da.

Desmodus rotundusen artean elkarrekiko altruismoa izaten da. Banpiro batek bere elikagaia beste batekin partekatzen duenean eta horrekin lotura bat ezartzen duenean, biei egiten die mesede harremanak, batzuetan batak lortzen baitu elikagaia eta, besteetan, besteak. Horrela, elikadura lortzeko probabilitate ezezagunak dituzten lekuetan elikadura gabezia izateko aukerak murrizten dira bientzat. Kasu bakoitzean partekatzen den odol kantitate txiki hori ugaltzea edo ez ugaltzea, bizirik irautea edo hiltzea izan daiteke jasotzen duenarentzat. Ematen duenak, berriz, lortutakoaren zati bat baino ez du galtzen. Horregatik, altruismoak egokitze balio oso handia du animalia horientzat (gainera, sozialak dira): talde osoaren jarraitutasuna horren menpe dago.

Erreferentzia bibliografikoa:

Carter, G. G., Wilkinson, G. S., (2015). Social benefits of non-kin food sharing by female vampire bats. Proc. R. Soc. B.282 20152524 20152524

Jaeggi, A. V. y Gurven, M., 2013, Reciprocity explains food sharing in humans and other primates independent of kin selection and tolerated scrounging: a phylogenetic meta-analysis. Proc. R. Soc. B.280 20131615 20131615

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Altruismorako arrazoiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bizimodu komunitario alternatiboak energia-aztarna txikiagoa du

Al, 2023-01-09 00:09

UPV/EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking Group taldeek egindako ikerketa batean ondorioztatu dute bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia-kontsumoa murritz dezakeela, kontsumo-ondasun eta -zerbitzuak ekoizteko erabiltzen den energiak duen garrantzia dela eta. Zehazki, Errekaleor auzoko (Gasteiz) biztanleko energia-aztarna EAEkoa baino % 24 txikiagoa dela kalkulatu dute.

Energia-sistema berriztagarri, justu eta demokratikoak lortzeko eraldaketa globala gerta dadin, herritarren energia-beharrak identifikatu eta herritarrek dituzten bizimodu eta kontsumo-patroi desberdinak izan behar dira kontuan. “Egungo gizartearen kontsumo-eredu mugagabeak energia eta baliabideen krisia eragin du jada. Beraz, ukaezina da Iparralde Globaleko herrialdeen energia-kontsumoa murriztu beharra dagoela”, adierazi dute UPV/EHUko Ekopol eta Life Cycle Thinking ikerketa-taldeko kideek.

Murrizketa horiek lortzeko, nahitaezkoa da energia-kontsumoa neurtu eta konparatzeko adierazle edo baliabide egokiak erabiltzea. Energia-kontsumo globala eta herrialde baten energia-kontsumoa zenbatzeko, energia primarioaren hornidura totala kalkulatu ohi da, Energiaren Nazioarteko Agentziak emandako datuetatik abiatuta: herrialde baten barruan (etxebizitzetan, garraioan, industrian eta zerbitzuetan) guztira kontsumitzen den energia primarioa. “Baina adierazle horrek ez ditu kontuan hartzen ezkutuko energia-fluxuak, alegia, beste herrialde batzuetatik ondasun eta zerbitzu gisa inportatutako energia”, adierazi du Estitxu Villamor doktoreak.

energia-aztarnaGrafikoa: bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia-kontsumoa murriztu dezake. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)

Energia-aztarnak, ordea, herrialde bakoitzari esleitu behar zaion energia primario osoa kontuan hartzeaz gain, ezkutuko energia-fluxuak ere hartzen ditu kontuan, hau da, “ondasuna beste herrialde batean kontsumitu arren herrialde ekoizle bati esleitu ohi zaion energia”, dio. Ikertzaileen arabera, adierazle hau funtsezkoa da “herrialde baten energia-kontsumoaren diagnostiko erreal bat egiteko, eta, beraz, gakoa da energia-trantsizioko politikak diseinatzeko”.

Metodologia berritzailea

UPV/EHUko ikertzaileek lehen aldiz erabili dute Input-Output metodologia eskualde mailako (EAEko) eta auzo mailako (Gasteizko Errekaleor auzoko) energia-aztarna kalkulatzeko —Euskal Herrian elektrikoki burujabe den komunitate handiena da Errekaleor—. Hala, frogatu dute, batetik, metodologia egokia dela auzo mailako, eskualde edo erkidego mailako edota estatuko energia-aztarnak kalkulatzeko; bestetik, gaur egungo garai globalizatuko energiaren kontsumo-patroien neurketa doiagoa ematen duela energia-aztarnak, eta, azkenik, bizimodu komunal alternatiboak energia-aztarna txikiagoa eragiten duela.

Emaitzen arabera, “Errekaleorreko biztanleen etxebizitzetako energia-kontsumoa (4,46 MWh biztanleko eta urteko), batez beste, EAEko eta Espainiako biztanleena baino % 32 eta % 15 handiagoa den arren, Errekaleorreko biztanleen energia-aztarna (31,10 MWh biztanleko eta urteko), batez beste, EAEko eta estatuko biztanleena baino % 14 eta % 24 txikiagoa da, hurrenez hurren”, dio Villamor doktoreak. Produktu eta zerbitzuetan txertatuta dagoen zeharkako energia-kontsumoak eragiten du alde hori: estatuko energia primarioaren aztarna totalaren % 81 dagokio produktu eta zerbitzuetan txertatutako energiari; EAEkoaren % 75, eta Errekaleorrekoaren % 66.

Ikertzaileen iritziz, “horrek erakusten du pertsona bakoitzaren kontsumo materialarekin lotuta daudela energia-aztarna baldintzatzen duten faktore nagusiak”. Alde horretatik, nabarmentzekoa da Errekaleorreko instalazio fotovoltaiko isolatutik datorren argindarrak auzoko energia-aztarna totalaren % 0,6 baino ez duela eragiten. Azkenik, ikertzaileek ikusi dutenez, auzoan bertan “etxebizitza-mota ezberdinek alde handiak eragiten dituzte energia-aztarnan: familietan bildutako pertsonek bakarrik bizi direnek baino % 33,5 aztarna txikiagoa dute (biztanleko eta urteko 28,45 MWh eta 42,79 MWh, hurrenez hurren)”. Gainera, ikerketan ondorioztatu dute Errekaleorren bakarrik bizi diren pertsonek, batez beste, EAEko biztanleek baino energia-aztarna handiagoa dutela.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Bizimodu komunitario alternatiboak energia-aztarna txikiagoa du

Erreferentzia bibliografikoa:

Villamor, Estitxu; Akizu-Gardoki, Ortzi; Taneli Heinonen, Jukka; Bueno, Gorka (2022). Global Multi-Regional Input-Output methodology reveals lower energy footprint in an alternative community project. Sustainable Production and Consumption vol. 34 p. 65-77. DOI: 10.1016/j.spc.2022.09.003

The post Bizimodu komunitario alternatiboak energia-aztarna txikiagoa du appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #422

Ig, 2023-01-08 12:23

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

populazioa

Demografia

Munduko biztanleriak 2080an joko du goia, 10.400 milioi biztanle izatera iristen garenean. Hortik aurrera, populazioa beherantz egiten has liteke. Azken hamarkadetan populazioak hazkuntza egonkorra izan du eta, gutxi gorabehera, hamabi urtetik hamabi urtera mila milioi pertsona gehiago izan gara munduan. Alabaina, joera hau moteltzen hasi da. Bestalde, 2022tik 2050era 65 urtetik gorako biztanleria %16 handituko da. Datuak Zientzia Kaieran.

Osasuna

Txinako bidaiarien sarrera kontrolatzea ez da eraginkorra, Ignacio López Goñi Nafarroako Unibertsitateko mikrobiologiako katedradunaren arabera. Azaldu duenez, oraingoz ez dirudi munduan hedatuta dauden COVID-19aren aldaeretatik oso bestelako aldaerarik sortu denik Txinan, eta gainontzeko herrialdeak ondo babestuta gaude, beraz, Txinako aldaeratik. Bestela ere, Europako Batasunean ez dago mugarik, eta horrenbestez, alferrik da herrialde batek alde bakarreko erabakiak hartzea. Arrazoi hauengatik eta beste batzuengatik, López-Goñik ondorioztatu du kanpokoei neurriak ezartzea baino eraginkorragoa dela Espainian prebentzioa indartzea. Informazio Gehiago Elhuyar aldizkarian.

Genetika

Duela 2.600 milioi urteko CRISPR-Cas edizio genetikoko sistema berreraiki dute. Aurkikuntza hau CIC nanoGUNEko Rául Pérez-Jiménez ikertzailearen gidaritzapean egin du nazioarteko talde batek. Zehazki, CRISPR-Cas sistemen historia ebolutiboa berregitea lortu dute, eta behin antzinako sekuentzia horiek sintetizatuta, kultiboko giza zeluletan probatu dituzte. Horrela baieztatu ahal izan dute erabilgarriak direla edizio genetikoko tresna gisa. Antzinako CRISPR-Cas sistema sinpleagoa dela azaldu dute, eta horrek ba omen du abantaila bat, moldagarriagoa bihurtzen baitu aplikazio berrietarako. Datu guztiak Berrian eta Elhuyar aldizkarian irakur daitezke.

Hominoideen garunaren garapenean eta handitzean eragin zuzena izan zezaketen gene batzuk identifikatu dituzte. Zehazki 74 gene berri identifikatu dituzte hominoideen sekuentzia ez-kodetzaileetatik. DNAren sekuentzia asko, nahiz eta ez-kodetzaileak izan, transkribatzen dira RNA-ra. Baina RNA horiek ez badira nukleotik ateratzen, ezin dute proteinarik sortu. Horrela, berriki identifikatutako 74 gene horien RNA homologoak aurkitu dituzte makakoetan, baina horiek ez dira nukleotik ateratzen. Hominoideetan, aldiz, uneren batean sekuentzia horiek nukleotik ateratzeko seinaleak eskuratu zituzten, eta horri esker proteinak sortzen dira, makakoetan adibidez, sortzen ez direnak. Gainera, ikusi dute gene horietako bat adierazten denean, garun handiagoa garatzen dela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Medikuntza

Lekanemab botikak alzheimerraren gaitza astirotu egiten omen du gaitzaren lehen faseetan. AEBen botikak baimentzen dituen FDA erakundeak laster erabakiko du sendagaiari oniritzia ematen dion edo ez. Hala ere, adituek diote tentuz hartzeko kontua dela. Berrian Miren Altuna neurologoa eta CITA Alzheimer zentroko ikertzaileari galdetu diote eta dioenez ez da izango gaixotasunari aurre egiteko bide bakarra. Haren ustetan medikazio honek mesede handiagoa izango du diagnostikorako planen aldaketan, tratamenduan bertan baino. “Datu guztiak Lekanemab, «tentuz» hartzeko esperantza alzheimerraren aurka” artikuluan.

Ilargiak ez du inongo eraginik gizakiaren osasunean, gure burua nola engaina dezakegun besterik ez du islatzen. Antzinako garaietatik hainbat kulturatan uste izan da ilargiak eragin boteretsua duela gizakiengan, eta ez hain urrun, 1995an, osasun mentaleko profesionalek inkesta batean argi utzi zuten haien % 43k uste zutela ilargi beteak norbanakoen jokaera aldatzen zuela. Alabaina, azken hamarkadetan hainbat azterketa egin dira efektu hau frogatzeko, eta oro har, ondorioa da ilargiak ez duela inolaz ere eragiten gizakiaren osasunean, eta eragiten badu, zoriz gertatuko litzatekeenaren berbera dela. Azalpenak Zientzia Kaieran: Eragiten al du ilargiak gure osasunean? Ez, gure burua nola engaina dezakegun besterik ez du islatzen.

Teknologia

Lagin-tamaina oso txikiak erabiltzen dituzten plasma-bereizgailu modularrak azkar optimizatzeko metodologia bat sortu du UPV/EHUko Mikrofluidika Clusterrak. Hori lortzeko, neurrira egindako erretxina-formulazio bat eta bereizmen handiko 3D inprimatze-metodologia bat erabili dituzte. Plasma odoletik erraz eta modu fidagarrian bereizteko fabrikatutako gailu mikrofluidikoak erakutsi du 3Dko inprimaketa estereolitografikoaren teknologiak aukera handiak zabaltzen dituela mikrofabrikazioan. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Plasma-bereizgailu mikrofluidikoen fabrikazioa.

Argitalpenak

Aste honetan Zientzia Kaierak ZIO bildumarekin batera eginiko atalean Formen matxinada liburuaz jardun dira. Liburu hori Jorge Wagensbergek fisikariak argitaratu zuen 2004an, eta bertan erakusten du forma sinple bakan jakin batzuen konbinazioz egina dela mundua. Zientziaren metodoa oinarri hartuta mundua ulertzea du xede liburu horrek, eta ezer ez da berdina izango irakurri ostean. Jorge Wagensberg zientzia-dibulgazioko Metatemas liburu-bildumaren sortzaile eta zuzendaria izan zen, Cosmocaixa zientzia-museoaren buru eta “La Caixa” Fundazioaren zientzia-arloaren zuzendaria.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #422 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #429

La, 2023-01-07 09:00
© Florian Wollweber, ETH Zürich.

Asgardeko arkeek azal lezakete Lurreko bizimodu konplexu guztien jatorria. Filo honetako arkea batek aktinazko zitoeskeletoa eta zelula-egitura konplexua ditu, zelula eukariotoak bezala. Asgard archaea have an extensive cytoskeleton like eukaryotic cells

Ezaugarri elektronikoak ezartzerakoan, grafenoa bera bezain garrantzitsuak dira grafenozko monokapak metatzeko formak. Angelu oso zehatz batean biratutako bi geruzak supereroankortasuna sortzen dute. Eta zer gertatzen da bi geruza izan beharrean hiru badira? DIPCko jendeak kontuak atera ditu The stability of trilayer graphene

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #429 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Espazioko igogailuaren historia

Or, 2023-01-06 09:00

Ezin da espaziora iristen den igogailurik egin. Edo bai? 1978an, Arthur C. Clarke zientzia-fikzioaren totemak Paradisuaren Iturburuak liburua argitaratu zuen. Eleberriak 36.000 metroko igogailu bat eraiki nahi duen ingeniari bikain baten istorioa kontatzen du.

Eta tramak irudimentsua badirudi ere, benetako proposamen zientifiko batean oinarrituta dago. Gaur egun, bai NASAk bai Europako Espazio Agentziak espazioko igogailuen proiektu bana dute. Tiradera batean gordeta daude, hori bai; oraingoz eginezinak direlako. Baina nork daki, baliteke etorkizunean gure planeta 20.000. solairutik ikusi ahal izatea.

‘Zientziaren historia’ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Espazioko igogailuaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Formen matxinada

Og, 2023-01-05 09:00

Formen matxinada (2004) liburuan, Jorge Wagensbergek fisikariak erakutsiko dizu -erakutsi, ez irakatsi- forma sinple bakan jakin batzuen konbinazioz egina dela mundua. Liburu hau irakurriz gero, akabo ikusten ohituta zeunden mundua. Ezer ez da berdina izango; ez mundu bizigabea, ez bizidunena, ez zu zeu nahiz gainerako mundu-behatzaileak. Ikuspegia aldatuko zaizu, nahitaez. Eta ikusiari ere eragingo dio horrek, nolabait, ikuslea munduaren parte denez. Hori gutxi ez eta, izadiaren adreiluak diren forma horiek, ez izatearen aurka matxinatuz, nola errealitateratu diren ere azalduko dizu; eboluzioaren teoria, alegia, materia biziaren esparrutik besteetara ere hedatua: biziaren aurretik (materia bizigabea) eta ondotik (materia kultua).

Formen matxinadaIrudia: Formen matxinada liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Hala, solas eta jolas, materiazko bizi kultuaren ekoizpenak ere izango dira hizpide: sormena; artea, bereziki. Horien guztien atarian, konprenitzea (ulergarritasuna) zer den definituko du egileak, eta teoria-oinarri funtsezkoenak azalduko, estilo bizi-biziz betiere. Formen matxinada osoa da, bestalde, teoria horren praktika zorrotz bezain gozagarria. Horra, bada, metodoa: zientziarena, jakina; uste ez zenuen alderdi askotara ere zabaldua, ordea, oraingoan: fraktal bat bezala, oro kolonizatuz. Bai: mundua ulertzea du xede liburu honek, zuk bezala, eta ezin egotziko diozu huts egin duenik, huts egin dizunik.

Jorge Wagensberg (Bartzelona 1948 – Bartzelona 2018) fisikariak Prozesu Itzulezinen Teoriako irakasle giza aritu zen Bartzelonako Unibertsitateko Fisika Fakultatean, eta zientzia-dibulgazioko Metatemas liburu-bildumaren sortzaile eta zuzendaria izan zen. 1991tik Cosmocaixa zientzia-museoaren buru izan ondoren, “La Caixa” Fundazioaren zientzia-arloaren zuzendaria bihurtu zen. Ikertzaile gisa argitaratu zituen lanek guztiz esparru zabala hartzen dute, biofisikatik hasi eta museologiaraino. Kaleratu zituen azken liburuak: Izadia erantzuna bada, zein zen galdera?, Formen matxinada, Zenbat eta nola gehiago, orduan eta zergatik gutxiago eta Buru-gozamena.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Formen matxinada
  • Egilea: Jorge Wagensberg
  • Itzultzailea: Juan Garzia
  • ISBN: 978-84-8373-989-1
  • Formatua: 15,5 x 24 cm
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2007
  • Orrialdeak: 422 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Formen matxinada

The post Formen matxinada appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Eragiten al du ilargiak gure osasunean? Ez, gure burua nola engaina dezakegun besterik ez du islatzen

Az, 2023-01-04 00:09

Antzinako garaietatik hainbat kulturatan uste izan da agerikoenak diren efektuez haratago –besteak beste itsasaldiak– ilargiak eragin boteretsua duela gizakiengan. Urruti geratu dira gizarteetan satelite horrekin lotutako jainkoak gurtzen zituzten garaiak, baina ilargi mistizismoak, hein batean, presente jarraitzen du gaur egun.

Horren aztarnak ikus ditzakegu, adibidez, gaztelaniako hainbat hitzetan. Esate baterako, «lunático» hitzaren definizio hauxe eman zuen Espainiako Errege Akademiak: «Eromena duela, ez jarraitua, baizik eta tarteka». Hitza latineko «lunatĭcus» terminotik dator, eta antzinatik erabiltzen zen (ustez) ilargiaren zikloengatik jokaera arraro eta alderraiak zituztenei buruz hitz egiteko. Izan ere, Hipokrates mediku ospetsuaren garaiko (aro arruntaren aurreko 400. urtea) agiriek zioten ilargi betea (ilbetea) zela norbanakoen bat-bateko jokaera arraroen erantzulea.

Ilargiak nahasmendu mentaletan duen eraginaren estigma albo batera utzita, egia da satelite horrek duen boterearen gaineko usteek gizakien osasunaren askotariko alderdiak barnean hartzen dituztela, eta osasun profesionalek horrelako iritziak dituzte ere: kolektibo horri egindako zenbait inkesten arabera, ehuneko handi batek uste du ilargiak askotariko alderdietan eragiten duela, besteak beste larrialdietako ospitaleratzeetan, krisi epileptikoetan edo bihotzeko infartuetan, eraso fisikoetan edo loaren nahasmenduan edo ziklo menstrualean. Ez dira gutxiengoa: 1995ean inkestari erantzun zioten osasun mentaleko profesionalen % 43k uste zuten ilargi beteak norbanakoen jokaera aldatzen zuela. Ideia hori hainbat herrialdeetako osasun langileek defendatzen dute gaur egun ere, espainiarrek barne.

IlargiakIrudia: fisika oinarrizkoenak eta gizakien osasunaren askotariko alderdiei buruzko azterlan zientifikoek guztiz gezurtatzen dute ilargi betearen ustezko eragina. (Argazkia: JosepMonter – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Ba al dute babes zientifikorik ilargiak gizakien osasunean duen botereari buruzko usteek, edo milaka urte igaro badira ere desagertzen ez den engainu kolektibo bat al da? Azken hamarkadetan hainbat azterketa egin dira satelite horrek askotariko osasun alderdietan duen eginkizuna argitze aldera. Ikuspuntu orokorra, nagusiki azterlan zorrotzenetan, berbera da: ilargiak ez du inolaz ere eragiten, eta eragiten badu, efektua oso txikia da, eta zori hutsarengatik edo azterlanaren muga propioengatik (askok diseinuan edo estatistika analisian akats handiak dituzte) izango delakoan gaude. Maiz ilargiak gizakien gorputzean nolabaiteko efektuak sortzen dituela egiaztatzen duen azterlan bateko emaitzak errepikatzeko saioren bat egiten denean, emaitzok ez dira errepikatzen.

Zientzian orokorrean horixe gertatzen da ilargiak osasunean duen ustezko eraginari dagokionez:

  • Ilargi beteak akats gehiago eragiten al ditu kirurgietan? Horren inguruko azterlan zorrotzenek ez dute astroaren efekturik aurkitu. Anesthesiology aldizkarian argitaratu zen ikerketa batek ez zuen ezberdintasun nabarmenik detektatu 1993 eta 2006 artean bypass koronario bat (bihotzaren baskularizazioa bermatzeko) egin zitzaien 18.000 paziente baino gehiagotan. Ilargiaren faseek ez zuten inolaz ere eragiten. Beste azterlan bat egin zen 12.000 paziente baino gehiagorekin, eta kirurgia ondoko mina eta tratamenduaren ondorio kaltegarriak ebaluatu zituzten. Bada, hor ere ez zen ilargiaren efekturik detektatu. Egileek artikuluaren bukaeran hauxe ondorioztatu zuten: «Beraz, ez dago arrazoirik pazienteek kirurgiak atzeratzeko edo egun jakin batean kirurgiari beldur berezirik izateko». Beste ikerketa batean 2.411 pazienteren biriketako minbiziaren kirurgien emaitzak aztertu zituzten, eta hor ere ez zuten detektatu ilargiaren inolako eraginik.
  • Larrialdietan ospitaleratze gehiago izaten al dira ilbetean? Ikerketa serioen arabera, ez. American Journal of Emergency Medicine aldizkarian 1996an argitaratu zen azterlan batean ez zuten ezberdintasunik aurkitu ilargi beteko gauen eta gainerako gauen artean larrialdietara egindako bisiten 150.000 erregistro baino gehiago analizatu eta gero.
  • Ilargi betea dagoenean nahasmendu mentalengatik larrialdietara edo kontsultetara bisita gehiago egiten al dira? Elkarrekin dozenaka mila paziente aztertu dituzten hainbat azterlanek egiaztatu dute ilargiaren zikloek ez dutela inolako eraginik pazienteengan.
  • Krisi epileptiko gehiago gertatzen al dira ilbetea dagoenean? Horren inguruko azterlanek uste hori baztertu egiten dute. Ez da efekturik ikusi.
  • Ziklo menstruala ilargiaren zikloarekin sinkronizatzen al da? Ez. Bi fenomenoek antzeko iraupena izateak (egiaz ziklo menstrualaren iraupena aldatu egiten da emakume batetik bestera) ez du esan nahi sinkronizatzen direnik. Azterlan batean 74 emakumeren ziklo menstruala aztertu zuten urtebetean eta ez zuten inolako loturarik ikusi ilargiaren faseekin. Beste ikerketa batean antisorgailu hormonalik erabiltzen ez zuten milioi bat eta erdi emakumeren datuak eta 7,5 milioi ziklo menstrual aztertu zituzten, eta ez zuten inolako sinkronizaziorik aurkitu ilargiarekin, ezta hor ere.
  • Lo egiteko arazo gehiago izaten al dira ilargi beteko gauetan? Azterlan batzuetan melatonina mailekin lotuta (loan eragiten duen hormona) efektu arin batzuk ikusi dituzten arren, pertsona gehiago aztertu dituzten beste ikerketa handi batzuetan ez dute fenomeno hori detektatu.

Zergatik, nahiz eta ilargiaren efektuen aurkako ebidentzia zientifikoa erabatekoa izan, irauten dute uste horiek are osasun profesionalen artean ere? Fenomeno horren jatorria isuri kognitibo jakin bat da eta «berreste alderako isuria» deitzen da. Funtsean, norbaitek zerbaitetan sinesten duenean modu kontziente edo inkontzientean arreta gehiago jartzen die gauza horiei eta gehiago kontuan hartzen ditu bere usteak indartzen dituzten datuak, eta kontrakoak diren egitateak alboratzen edo baztertzen ditu. Azkenean, fenomeno horrek errealitatearen pertzepzioa aldatzen du. Gaur egun milaka fake news dauden honetan, Daniel Pazen binetak modu oso komiko batean azaltzen du fenomeno hori:

«-Ez, aita. Berri hori faltsua da… -Baina, nola izango da faltsua hain justu nik uste dudana esaten badu?»

Ilargiak osasunean duen ustezko eraginaren kasuan, horretan sinesten dutenek adibidez arreta berezia jartzen dute jakiteko ea larrialdi gehiago edo psikiatriako bisiten kasu gehiago gertatzen direnean, zeruan ilargi betea dagoen gauetan gertatzen den. Horrela bada, beren sinesmenak indartzen dituzte eta hauxe pentsatzen dute: «Ilargi betea izango da». Eta aurreko guztia, nahiz eta zenbait gauetan, beste ilargi ziklo batzuekin, kasu kopuru berdina edo gehiago egon. Gainera, nork bere burua engainatzeko beste mekanismo bat da ilbeteko kasuen kopuruari gehiegizko garrantzia ematea eta pentsatzea ohikoa baino gehiago direla.

Egiaz, ilargiak gizakien gorputzean duen eraginaren inguruko sinesmenak asko esaten du nork bere burua engainatzean eta horretan jarraitzean eragiten duten mekanismo psikologiei buruz, eta ezer ez efektu fisiko errealei buruz: ez dago inolako fenomenorik satelite horrek osasunean duen eragina azaldu dezakeenik, gauetan izaten duen distiraz haratago. Izan ere, ilargi betearen ustezko eragin grabitatorioa –gutxienekoa dena pertsonengan– ilargi berriarekin ere gertatu beharko litzateke, orduan izaten direlako marea biziak eta ilargiaren eta Lur planetaren grabitate indarrak batzen direlako. Egitate fisiko horretatik haratago, bada oraindik agerikoagoa den beste bat: pertsona baten ondoan lo egiten duen beste pertsona baten grabitate eragina ilargiarena baino askoz ere handiagoa da. Azken finean, fisika oinarrizkoenak eta gizakien osasunaren askotariko alderdiei buruzko azterlan zientifikoek guztiz gezurtatzen dute ilargi betearen ustezko eragina.

Egileaz:

Esther Samper (Shora) medikua, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta dibulgatzaile zientifikoa da.

The post Eragiten al du ilargiak gure osasunean? Ez, gure burua nola engaina dezakegun besterik ez du islatzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Munduko biztanleriak 2080an joko du goia

Ar, 2023-01-03 09:00

Munduko populazioa haziz joan da gutxienez azken 12.000 urteetan zehar. Azken hamarkadetan izugarria izan da hazkunde hori eta, gutxi gorabehera, hamabi urtetik hamabi urtera mila milioi pertsona gehiago izan gara munduan. 60ko hamarkadan 3.000 milioi biztanle zeuzkan munduak eta, gaur egun, 8.000 milioi baino gehiago gara. Hala ere, adituek adierazi dutenez, hazkuntza geroz eta geldoagoa da eta jada data jarri diote goia joko dugun uneari: 2080aren bueltan iritsiko gara 10.400 milioi biztanle izatera. Hortik aurrera, populazioa beherantz egiten has liteke.

2022ko azaroaren 15ean munduko biztanleriak 8.000 milioiko langa gainditu zuen. Azken hamarkadetan populazioak hazkuntza egonkorra izan du eta, gutxi gorabehera, hamabi urtetik hamabi urtera mila milioi pertsona gehiago izan gara munduan. Alabaina, joera hau moteltzen hasi da eta adituek 2080. urtean goiko mugara iritsiko garela adierazi dute: 10.400 milioi biztanle izango ditu munduak une horretan. Aldaketa mantsoa izango da, jakina. 2050. urtean bederatzi mila milioi izatera iritsiko gara eta, horrela, hazkundea moteltzen joango da 2080an goia jo arte.

Beste ziklo baten aldaketa ere laster gertatuko da; izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundearen 2022ko txostenaren arabera, 2023an Indiak biztanle gehiago izango ditu Txinak baino. Aipatutako txostenaren arabera, une honetan gizateria oso mantso ari da hazten -urtean %1eko hazkuntza-. Hazkuntza hau baino motelagorik ez da izan 1950. urtetik hona. Duela urte batzuk populazioaren gailurra hamaika mila milioian ezarri bazen ere, gaur egun 10.400 milioian ezarri da gehienezko muga. Mende amaieran munduko biztanleria murrizten hasi daitekeela pentsatzen dute adituek.

mundukoIrudia: 2020. urtearen bueltan munduko biztanleria ez da gehiago haziko eta baliteke populazioa murrizten hastea (Argazkia: Eak K. – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Zein da, baina, hazkundearen desazelerazioaren atzean dagoen arrazoi nagusienetako bat? Ugalkortasuna, hain zuzen ere. Geroz eta seme-alaba gutxiago ekartzen dira mundura eta horrek, pixkanaka, hazkundea moteltzea dakar. Herrialde aberatsenek jaiotza-tasarik baxuenak dituzte eta, alderantziz, herrialderik pobreenetan izaten dira ondorengo gehien. Alde hori handia den arren, oro har, herrialde guztietan geroz eta ondorengo gutxiago sortzen dira. Demografoen arabera, emakume bakoitzeko 2,1 seme-alaba izatea litzateke populazioari egonkor eusteko ordezkapen-tasa. Une honetan, herrialde aberats gehienak tasa horren azpitik daude -esaterako, AEBn 1,7; Txinan 1,2-. Are gehiago, datozen urteetan munduko herrialde gehienak 2,1eko tasatik behera egongo dira. Horrekin lotuta, ugalkortasun-tasari buruzko irudikapen grafiko interesgarriak bildu ditu Scientific American aldizkarian Katie Peek kazetariak. Bertan ikus daitekeenez, 1960. urtean munduko herrialde gehienek 2,1 baino handiago zuten ugalkortasun-tasa. Une horretan, munduak 3.000 milioi biztanle besterik ez zituen. Gaur egungo egoera guztiz bestelakoa da etorkizunerako aurreikuspenekin alderatuta.

Desorekak beti egon dira munduan. 2050. urtera arte gertatuko den hazkuntzan ere desoreka izango da nagusi. Munduko populazioaren hazkuntzaren zatirik handiena zortzi herrialderi esker gertatuko da: Egipto, Etiopia, India, Filipinak, Nigeria, Pakistan, Kongo eta Tanzania. Argi dago populazioaren hazkundea muga bat dela garapen iraunkorrerako; izan ere, nekez bizi gaitezke mundu jasangarri batean geroz eta biztanle gehiago badaude mundu horretan. Ez da posible, gaur egun ditugun ereduen arabera, bederen. NBEren arabera, etorkizun egoki eta jasangarria izateko, ezinbestekoa da adin guztietako osasungintzan eta hezkuntzan inbertitzea. Hain zuzen ere, gaur egun lanean dagoen populazioaren zati handi bat, laster, ez da lanean egoteko moduan izango. 2022tik 2050era 65 urtetik gorako biztanleria %16 handituko da eta, une horretan, munduan 65 urtetik gorakoak 5 urte azpikoen bikoitza izango dira. Populazioaren zahartzea bizi-itxaropen geroz eta handiagorekin lotuta dago, noski. 2019an munduko biztanleriaren bizi-itxaropena 72,8 urtekoa zen, 1990ean baino ia bederatzi urte handiagoa. 2050ean bizi-itxaropena bost urte gehiago areagotzea espero da, nahiz eta herrialdeen artean dauden desoreken kausaz zifra hori estimazio hutsa den.

Laburtuz, ziurgabetasunez beteriko mundu honetan aurreikuspenak egitea zaila den arren, munduko biztanleriaren hazkundea jada joera-aldaketa batean murgilduta dago, demografo eta adituen arabera. Joera-aldaketa horren kausaz 2080. urtean bere goia joko du gizateriak eta bestelako gizarte baterantz garamatza horrek. Geroz eta zahar gehiago eta haur gutxiago egongo dira eta, gainera, zaharrak geroz eta zaharragoak izango dira -edo, gara-. Horrek aurreikuspenak oraintxe egitea eskatzen digu. Geroz eta zaharragoa den gizarte hori jasangarria izan dadin, ezinbestekoa da populazio horren beharrei erantzuteko sistema eraginkorrak izatea, osasun-sistema egokietatik hasita.

Informazio gehiago:

 

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Munduko biztanleriak 2080an joko du goia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Plasma-bereizgailu mikrofluidikoen fabrikazioa

Al, 2023-01-02 09:00

Neurrira egindako erretxina-formulazio bat eta bereizmen handiko 3D inprimatze-metodologia bat erabili ditu UPV/EHUko Mikrofluidika Clusterrak, lagin-tamaina oso txikiak erabiltzen dituzten plasma-bereizgailu modularrak azkar optimizatzeko. Erabilitako inprimatze-metodoak frogatu du teknologia mikrofluidiko horrek ekarpen handia egin diezaiokeela plasma bereizteko gailu biomedikoen merkatuari.

Lab-on-a-Chip motako gailuetan, laborategian berez egiten den funtzio bat edo batzuk integratzen dira tamaina milimetrikoko txip bakar batean. Esparru horretan, emaitza onak lortzen ari dira odoleko biomarkatzaileak detektatzeko diagnostiko-probetan. Mikrofluidikak oso ekarpen handiak egin ditzake analisian eta gailu medikoetan, oso lagin txikiekin lan egiten delako eta emaitza berak lortzen direlako.

3Dko inprimaketak eragin nabarmena izan du eremu horretan, baina erronka handia da oraindik osagai integratuak dituzten plataforma mikrofluidiko guztiz funtzionalak 3Dko inprimaketa bidez garatzea. UPV/EHUko Mikrofluidika Klusterrak bere ekarpena egin du arlo horretan.

Irudia: mikrofluidikak oso ekarpen handiak egin ditzake analisian eta gailu medikoetan. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)

Odol-zelulak oztopo izaten dira askotan biomarkatzaileen determinazioan, eta horrek okerreko kontzentrazio-balioak eragiten ditu. Beraz, plasma bereiztea urrats kritikoa da errendimendu analitikoa hobetzeko eta detekzio-sistema fidagarri eta zehatzak garatzeko. Polymers aldizkari zientifikoak argitaratutako ikerketa batean, neurrira egindako erretxina-formulazio bat erabili du Sandra García Rey UPV/EHUko Mikrofluidika Klusterreko doktoretza-ikasleak, bereizmen handiko 3Dko inprimatze-metodologia batekin konbinatuta, plasma  bereizteko modulu operatibo baten prototipoa azkar optimizatzeko.

Plasma bereizteko aurrerapena

“Imajina ezazu bost edo hamar mikrometro inguruko kanal bat —azaldu du Fernando Benito López doktoreak (klusterreko ikertzaile nagusietako bat)—, errezeptorez funtzionalizatutako azalera duena, odoleko molekula edo biomarkatzaile jakin bat atzitzeko eta fluoreszentzia bidez analizatzeko. Globulu gorriek fluoreszentzia hori ikustea eragotziko lukete. Beraz, zulo moduko bat sortu dugu, globulu zuri eta gorriak grabitate bidez erauzteko; hala, kanaletik, plasma bakarrik igarotzen da, eta metodo optikoen bidez detektatzeko sistema integratuan eragin ditzaketen interferentziak ezabatzen dira. Hau da, modulu hau analisi-sistemaren aurretik jarriko litzateke”. Benito Lópezen iritziz, sistema berri honi esker prozesu osoa integratzen da gailu fluidikoaren barruan. Gainera, gailuak analisiaren kalitatea hobetzen du, “azkarragoa delako eta akats gutxiago sortzen direlako, gizakiaren esku-hartzea txikiagoa baita”.

Plasma odoletik erraz eta modu fidagarrian bereizteko fabrikatutako gailu mikrofluidikoak erakutsi du 3Dko inprimaketa estereolitografikoaren teknologiak (argi ultramorearekiko sentikorra den erretxina likidoa erabiltzen duen laser-teknologia) aukera handiak zabaltzen dituela mikrofabrikazioan. “Ohiko metodoak erabiliz (fotolitografia, adibidez) baino askoz azkarrago lor daiteke egitura fluidiko optimo bat”, dio Benito López doktoreak. Ikertzaileek diotenez, ikerketa honek aukera emango du plasma bereizteko osagai integratuak dituzten pieza bakarreko gailuak 3Dko inprimaketa bidez fabrikatu ahal izateko, odoleko biomarkatzaileak detektatzeko. Gainera, frogatu dute “erretxina desberdinekin lan egin daitekeela”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Odoleko plasma bereizteko gailu mikrometriko bat, bereizmen handiko 3D fabrikazio bidez

Erreferentzia bibliografikoa:

Garcia Rey, Sandra; Nielsen, Jacob B.; Nordin, Gregory P.; Woolley, Adam T.; Basabe Desmonts, Lourdes; Benito Lopez, Fernando (2022). High-Resolution 3D Printing Fabrication of a Microfluidic Platform for Blood Plasma Separation. Polymers 14. DOI: 10.3390/polym14132537

The post Plasma-bereizgailu mikrofluidikoen fabrikazioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #428

Ig, 2023-01-01 09:00
Anton Maksimov / Unsplash

Zelula metastasikoak, minbizia beste organo batzuetara daramatenak, isolatuta mugitzen zirela uste zen orain arte. Ikerketa berri batek errealitate askoz ere ikaragarriagoa agerian utzi du: odol-fluxuan dabiltzan minbizi-zelulen superkumuluak. José R. Pinedaren Cancer cell clusters to foster metastatic spread.

Historian gehien aztertu den substantzietako bat da ura. Eta etengabe harritzen gaitu: berak, hari buruz dugun ezagutza areagotzeko erabiltzen diren teknikak, eta baita aurkitzen dena ere. Machine learning to understand water’s liquid phases

Sistema kuantiko jakin batzuk ebazgarriak dira (integragarriak, jargian) funtsezko egoerek baldintza jakin batzuk betetzen badituzte. Oso erabilgarria da sistema elektronikoak aztertzeko erabiltzen diren zenbakizko hurbilketetan, adibidez. The implications of ground-state correlations on the integrability of quantum many-body systems

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #428 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Norena da esaldia?

La, 2022-12-31 09:00

Urteko azken egun honetarako, ohi bezala,jolas bat proposatzen dizugu zientzialariei eta hauek egindako ekarpenei buruz dituzun ezagutzak probatzeko.

Emakume zientzialariek esandako hamabost esaldi zerrendatu ditugu. Esaldi horietan suma daiteke bakoitzak zer diziplina jorratu duen eta, agian, pixka bat ikertuz, aipuaren atzean nor dagoen asmatuko dugu.

Laguntza osagarri gisa, esaldien hamabost egileak agertzen dira irudian, baina ez nahitaez aipuen hurrenkera berberean ordenatuta.

esaldiaIrudia: Aipuen egileak diren 15 zientzialariak. (Argazkiak: Wikimedia Commons)Zer egin behar da?

Zientzialariak eta aipuak lotzea proposatzen dizugu. Esaguzu nork esan zuen esaldi bakoitza, mezu bat utziz artikuluaren azpian dagoen iruzkinen kutxatilan. Erronkari behar bezala erantzuten diotenen artean, zientziari buruzko liburu bat zozkatuko dugu. Urtarrilaren 9ra arteko epea duzu erantzunak uzteko. Urtarrilaren 10ean argitaratuko dugu esaldi bakoitza norena den eta baita nork jasoko duen saria ere.

Jokoari aurre egiteko, Zientzia Kaiera eta Mujeres con Ciencia blogak oso lagungarriak izan daitezke. Animatu zaitez!

Aipuak

1. Matematikaren edertasuna jarraitzaile pazienteenei baino ez zaie erakusten.

2. Ez naiz ezer, ez dut ezer egin; naizena, dakidan guztia nebari zor diot. Berak moldatu zuen tresna bat besterik ez naiz; ondo entrenatutako txakurtxo batek ere gauza bera egingo zukeen.

3. Artemisia mina antzinako txinatar medikuntzaren oparia da. Baina ez da Txinako medikuntzaren jakinduriak fruituak eman dituen kasu bakarra.

4. Ikerketarik gabeko herrialdea garapenik gabeko herrialdea da.

5. Matematikaren ezagutzan sakontzeko aukerarik izan ez duenak aritmetikarekin nahasten ditu eta astuntzat hartzen du. Egia esan, irudimen handia eskatzen duen zientzia da.

6. Etxera bueltatu eta sukaltarrian plater pila bat aurkitzea baino zerbait okerragoa dago: laborategira ez joatea!

7. Deskonexio handia dago zientifikoki frogatu denaren eta jende gehienak uste duenaren artean.

8. Defenda ezazu pentsatzeko duzun eskubidea, hobe baita oker pentsatzea ez pentsatzea baino.

9. Ez izan zalantzarik, herritar pentsalari eta konprometitu talde txiki batek mundua alda dezake. Izan ere, lortu duten bakarrak dira.

10. Zuhaitzak landatzeko metodo praktiko horrekin, emakumeak konturatu dira ingurumena zaindu edo suntsitzeko benetako aukera dutela. Esperientzia horiek beren autoestimua garatzen laguntzen dute, eta ahalmen handiagoa ematen diete beren bizitzetan.

11. Behaketak gaixoaren egoeraren berri ematen du, hausnarketak zer egin behar den erakusten du, trebezia praktikoak nola egin behar den adierazten du. Prestakuntza eta esperientzia beharrezkoak dira jakiteko nola eta zer behatu; jakiteko nola eta zer pentsatu.

12. Ikusmena zertxobait galdu dut, entzumena, aldiz, asko. Hitzaldietan ez ditut ondo ikusten proiekzioak eta ez dut ondo entzuten. Baina orain hogei urte nituenean baino gehiago eta hobeto pentsatzen dut.

13. Ez didazu poesia filosofikorik eskainiko. Ordena aldatu! Emango didazu filosofia poetikoa, zientzia poetikoa?

14. Edertasun sinboliko bezain erreala dago hegaztien migrazioan, itsasgora eta itsasbeheran, udaberrirako prest dauden hosto eta lore-begien tolesturetan. Infinituki indarberritzen duen zerbait dago naturan behin eta berriz errepikatzen diren leloetan, egunsentia gauaren ondoren datorrela eta udaberria neguaren ondoren.

15. Zientzia ederra da, eta edertasun hori dela eta, lan egin behar dugu zientzian; eta, agian, noizbait erradioa bezalako aurkikuntza zientifiko bat gizateria osoarentzat onuragarria izan daiteke.

Egileez:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.

Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Norena da esaldia? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak