Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela ordu 1 10 min

Kiñuren begirada: balea

Or, 2023-03-31 09:00

Baleek eta gizakiek aspalditik izan dituzten harremanak. Izan ere, duela 6.000-8.000 urteko arroketan aurkitu dira horren inguruko irudiak Alaskan, eta 9.000-10.000 urteko arroketan Norvegian. Euskal Herrian duela 13.000 urteko balea-arpoi aurkitu dira Lekeitioko Lumentxa kobazuloan.

Euskaldunek, bereziki, harreman estua izan dute baleekin, euskal literaturan bada horren erreferentzia.

Lur planetan bizi izan den izaki handienetako bateri erreparatu dio gaurkoan gure Kiñuk.

balea

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: balea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Epigenetikaren iraultza

Og, 2023-03-30 09:00

Epigenetikaren iraultza irakurgai gozagarri honetan, 2011an argitaratua, zientzia berri horren bilakabidea azaltzen digu Nessa Carey-k. Urratsez urratseko aurkikuntzek osatzen duten zientzia-abentura iraultzailea, kasu eta kontu jakingarriz harilkatua, eta gizakiontzat dituen ondorio nabarmenak inoiz bistatik galdu gabe.

Epigenetikaren iraultzaIrudia: Epigenetikaren iraultza liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Iritzi arruntak zioen DNAko gene proteina-kodetzaileek erabakitzen zutela izaki baten zer-nolakoa: geneon kode betiko finkoan legoke, hala, bizidunon patu biologikoa. Hartara bultzatzen zuten, izan ere, genetika artean garatzeko egoteak eta aurrerantzean zekarkeenaren itxaropen bero eta, inoiz, zoro batek.

Denborarekin, ordea, pilatuz joan ziren datuak uste horren aurka. Genetika molekularraren aurrerapenak, animaliekin egindako esperimentuek eta gizakien bilakaera berezi batzuek –historiko-soziologikoak (goseteen ondorioak) zein banakoenak (biki berdin petoen arteko desberdintasunak)– garbi erakusten zuten ez zegoela dena hor erabakita.

Hala argituz joan da genomako zabor ugaria ez dela halakoa, eta kode genetikoan eragiten duela, eraldakuntza ondoregarriak sortuz geneen espresioan. Hori aztertzen duen zientziari deritzo epigenetika.

Nessa Carey-k birologiako doktore-titulua jaso zuen Edinburgoko Unibertsitatean, eta Biologia Molekularreko ikerketaburu izana da Londresko Imperial College-n. Hamar urtez jardun du lanean industria bioteknologiko eta farmazeutikoan, epigenetikan oinarrituriko ikerkuntzan.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Epigenetikaren iraultza
  • Egilea: Nessa Carey
  • ISBN: 978-84-9082-211-1
  • Edizio mota: Cartoné
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2015
  • Orrialdeak: 458 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Epigenetikaren iraultza

The post Epigenetikaren iraultza appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Itsas txakurra: bisitari bat euskal kostaldean

Az, 2023-03-29 09:00

Urtarrilean askoren ahotan egon dira, sare sozialetan, euskal kostaldean azaldu diren itsas txakurrak. Urtarrilaren 16 eta 21 bitartean hiru itsas txakur grisek bisitatu dituzte gure hondartzak; bat atseden hartzen egon zen ordu batzuk Donostiako Kontxako hondartzan, eta beste bi Getarian azaldu ziren egun batzuk geroago.

Kantauri itsasora iristen diren itsas txakur gehienak itsas txakur grisak dira (Halichoerus grypus) eta iparraldeko itsasoetatik datoz. Gazteak dira, oro har, euskal kostaldean noizbehinka ikusten ditugunak, baina ez dira gure uretan egoten urte osoan zehar. Izatez, abentura ederrak bizi dituzte espezie honetako gaztetxoek gugana iritsi aurretik, eta, gehienetan, atseden hartzera soilik etortzen dira.

itsas txakurIrudia: itsas txakur gris bat (Halichoerus grypus) hondarretan. (Argazkia: Andreas Trepte – CC BY-SA 2.5 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Halichoerus grypus, itsas txakur grisaren izen zientifikoa, nahiko deskriptiboa da bere horretan; genero-izenak, hau da, Halichoerus hitzak, itsas txerria esan nahi du grezieraz, eta espezie-izenak (grypus), berriz, espezie honetako arrek duten kako itxurako sudurrari egiten dio erreferentzia. Ezaugarri bereizgarri hori da, beste batzuen artean, ar eta eme helduak desberdintzen dituena. Ugaztun horiek filogenetikoki kokatze aldera, itsas txakurrak pinnipedoen goi-familian sailkatzen dira, eta, zetazeo eta sirenidoekin batera, ur-ingurunean bizitzera guztiz ohitu diren ugaztunak dira. Pinnipedoak dira itsas lehoiak, mortsak eta itsas txakurrak. Euskal kostaldean ikusi izan dira mortsak eta bestelako pinnipedoak, baina esan bezala, itsas txakur grisa da ohikoena.

Ipar Ozeano Atlantikoaren bi ertzetan eta Groenlandian eta Islandian aurki ditzakegu itsas txakur grisak; ekialdeko ertzean San Lorenzo golkoaren inguruetan, eta mendebaldean, berriz, Irlanda eta Britainia Handitik Mantxako kanal osoan zehar, Eskandinaviako penintsulako kostalde osoa ere hartzen dute, baita itsaso Baltikoa ere. Eremu horietan beren umatze-koloniak sortu dituzte itsas txakurrek, eta beraz, eremu horiek osatzen dute beren distribuzio nagusia. Alabaina, animalia hauek distantzia luzeak egin ditzakete igerian, esploratzen eta ehizatzen, eta distribuzio gehigarri horrek bigarren mailako distribuzioa osatzen du. Zientzialariek pentsatzen dute Kantauri itsasora iristen diren itsas txakur grisak bi eremu ezberdinetatik datozela. Galiziako iparraldera eta Asturias ingurura iristen direnak Irlandatik edota Britainia Handitik datozela uste da, zuzenean hegoalderanzko norabidea hartuta kostalde horrekin topatzen baitira. Euskal kostaldera iristen diren itsas txakur grisak, berriz, Bretainiatik (Frantzia) datozela dirudi, hegoalderantz, kostaldeari jarraiki. Bidaia horren zergatia eta nondik norakoak ulertzeko, lehenik, itsas txakur gris baten bizitza azalduko dugu kronologikoki, jaiotzen direnetik, eta hala, hobeto ulertuko ditugu animalia hauen noizbehinkako bisitak.

Itsas txakurraren bizi-zikloa

Oro har, umatze-koloniak eremu arrokatsuetan edo hondartza bakartietan eraikitzen dituzte itsas txakurrek, lehenago aipatutako kostalde horietan. Halere, Europan gaur egun dauden kolonia garrantzitsuenak gizakiak ere erabiltzen dituen hondartzetan daude. Kolonia horietan, hamar emetatik ar bat egoten da, eta arren artean liskarrak izaten dituzte, emeak zeinek estaliko. Ugaltze-garaia irailaren eta abenduaren bitartean izaten da, eta hilabete horietan itsas txakurren zeregin nagusia etzanda egotea eta elkarrekin erlazionatzea da. Urteko gainerako hilabeteetan, proportzioan denbora gehiago pasatzen dute itsasoan ehizatzen, gorputzeko erreserbak betetzeko. Emeek 8 hilabeteko haurdunaldiak izaten dituzte, baina behin ugalketa gauzatuta, obulua 3-4 hilabetez gordetzen dute ernaldu gabe, eta haiek erabakitzen dute noiz ernaldu. Horrela, umatze-zikloa 12 hilabetekoa izatea lortzen dute, itsas txakur emeak beren artean eta urtaroarekin sinkronizatuta egoteko.

Eme bakoitzak ile zuri dentso eta goxodun kume bakarra izango du umatze-garai bakoitzean, baina ez dute urtero umatzen. Jaioberritan itsas txakur gris kumeek 11-20 kg pisatzen dute, eta edoskitzean zehar (18 egun irauten du, gutxi gorabehera), beren pisua laukoiztu dezakete, 40 kg-ra iritsi arte. Amek ematen dieten esnea oso dentsoa eta gantzatsua da; %50-60 gantza izaten da, eta kumeak laster biltzen dira bereizgarria zaien gantz-geruza potoloaz. Ama, berriz, asko argaltzen da, baraurik egongo baita kumea edoskitzen duen egunetan. Gainera, esneak duen gantza bere gantz-geruzatik ateratzen da. Gau eta egun beren ondorengoa zaintzen egonda, gorputz-masaren %40 galdu dezakete itsas txakur emeek umatu ondoren. Horregatik, edoskitze-garaia amaituta, itsas txakur emeak itsasora itzultzen dira, ehizatu eta umatzeak agortu dituen erreserbak betetzera, eta ez dira berriz beren kumeengana itzultzen. Moduren batean “abandonatzen” dituztela esan daiteke.

Kumeak, bestalde, ezin dira itsasora sartu ile zuri eta dentso hori mudatu arte, oso zaila izango litzatekeelako ondoren lehortzea, eta bero kantitate handia galduko luketelako. Horrela hasten da, hain zuzen ere, itsas txakur txikien burujabetzea, eta baita abentura ere. Egun batzuen buruan mudatu egiten dute, eta gero 21 eguneko baraualdia egiten dute, artean uretara sartu gabe. Denbora-tarte horretan, egunero 0,5 kg galtzen ditu itsas txakur gazteak. Zientzialariek oraindik ez dute ongi ulertzen baraualdi horren arrazoia, baina pentsatzen da aldaketa fisiologiko batzuk gertatzen direla egun horietan, urperatzeko gaitasuna eskuratu dezaten.

Behin 21 egun horiek pasata, itsas txakur gazteek beren kabuz hasi behar dute ehizatzen, hotzetik babesten dituen gantz-geruza finegia egin ez dadin. Dirudienez, espezie honetan amek ez diete beren ondorengoei ehizatzen erakusten, eta kumeek beren kabuz ikasi beharko dute itsasora sartu eta elikatzen. Horrela, esperientziarik eta laguntzarik gabe, itsas txakur gazteak itsasoan murgiltzen dira, elikatzeko leku oparoen bila eta noizean behin deskantsatzeko hondartza aproposen bila, eta hala iristen dira urtero bizpahiru itsas txakur gris euskal kostaldera. Bidaia luze hori arrakastaz gauzatzen dutenak berriro itzuliko dira umatze-kolonietara, eta ixten da, azkenik, itsas txakurren bizi-zikloa.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Hall, Ailsa J. eta Russell, Debbie J.F. (2018). Gray Seal: Halichoerus grypus; Bernd Würsig, J.G.M. Thewissen, Kit M. Kovacs-ek editatutako Encyclopedia of Marine Mammals (3. edizioa, 420-422 or.). Academic Press. DOI: https://doi.org/10.1016/B978-0-12-804327-1.00139-4.
  • Vincent, Cécile et al. (2017). Grey and harbour seals in France: Distribution at sea, connectivity and trends in abundance at haulout sites. Deep-Sea Research Part II: Topical Studies in Oceanography, 141, 294–305. DOI: https://doi.org/10.1016/j.dsr2.2017.04.004
Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Itsas txakurra: bisitari bat euskal kostaldean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (I)

Ar, 2023-03-28 09:00

Zientziaren oinarrietako bat emaitzen komunikazioa da. Komunikazio hori, nagusiki, zientzia-aldizkarien bitartez egiten da eta haien kalitatearen oinarri-oinarrian dago peer review edo parekoen berrikuspen-prozesua. Gauzak horrela, ikerketa-lanak ebaluatzeko eta argitaratzeko prozesua zientziaren funtsezko prozesuetako bat dela onartu dezakegu.

Badira azken urteotan zalantzan jarri diren zientzia egiteko moduaren hainbat alderdi: argitalpen-sistema, zientzia-iruzurra, argitaratzeko beharra eta lehiakortasuna, besteak beste. Haien artean, berrikusi beharreko aldeetako bat da gaur egungo zientziaren oinarrian dagoen parekoen ebaluazioa ere; agerian jarri dira, izan ere, horren inguruko zenbait arrisku eta kezka.

berrikuspen-sistemaIrudia: parekoen ebaluazio-prozesua kalitatezkoa izatea ezinbestekoa da zientzia-argitalpen prozesu egoki batean. (Argazkia:Nasim Nadjafi – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zientziak aurrera egin ahal izateko, ezinbestekoa da zientzialarien arteko komunikazioa. Hain zuzen ere, lanean hasi aurretik, arlo horretan egin diren lanak irakurri eta aztertu beharko ditu ikertzaileak, hipotesi berriak proposatzeko edo aurreko hipotesiak berresteko zein ukatzeko. Zientzialarien arteko komunikazioa zenbait bidetatik gerta daiteke, baina, gaur egun, biderik ohikoena zientzia-aldizkariak dira.

Hain zuzen ere, ikertzaile batek egin duen lanaren ondorioa beste edonon dagoen ikertzaile batek jaso dezan, argitaratu egin beharko du bere lana lehenak. Duela hainbat hamarkada, aldizkariak paperean argitaratzen ziren eta liburutegietan gorde, kontsultarako. Gaur egun, aldizkariak online topa daitezke eta, horrela, klik gutxi batzuen ostean milaka eta milaka ikerketa-lan edukiko ditugu eskura. Esan daiteke gaur egun arazo handiagoa dela artikulu kantitate izugarri horretan bilatzen den informazioa topatzea, artikulu-bilketa bera egitea baino.

Oro har, handituz doa mundu mailako zientzia-artikuluen ekoizpena, baina horrek ez du esan nahi kalitatezko ikerketa gehiago egiten denik. Horrela, noizean behin albiste dira argitalpen masiboek ekartzen dituzten arazoak. Zenbait urtetik hona, ikertzaileen curriculumeko punturik garrantzitsuenak argitalpenen kopuruak dira; horrek etengabe lanak argitaratzeko beharra sortzen du, eta, normalean, ikerketa bera kaltetzen da. Hau ez da arazo berria. Duela hamar urte Koldo Garcia genetistak Edonola blogean azaldu zuen eta blog honetan bertan ere duela bost urte aipatu nuen arazoaren larritasuna. Publish or perish -argitaratu ala hil- horrek, gaur egun ere indarrean jarraitzen du, noski. Esan bezala, argitaratutako lanen kopurua handitzea ez da zertan ona izan eta salami publication kontzeptuaren adibide izan daiteke. Hain zuzen ere: ikerketa-lan sakon bat argitaratu ordez, lan sakon hori hainbat zatitxotan bana daiteke, argitaratutako lan kopurua handiagoa izan dadin. Horrek ikertzaileari onurak ekarriko dizkio epe motzean, baina, epe luzean, ikerketa sakonak geroz eta urriagoak izango dira eta osotasuna duten lanak topatzea zailagoa bilakatuko da.

Aurreko paragrafoan azaldutako arazoez aparte, duela gutxi, José Manuel Lopéz Nicolás zientzialari eta dibulgatzaileak argitaletxeen jokabideak dakartzan beste arazo batzuk azaldu zituen bere blogean eta, zalantzarik gabe, Zientzia Kaieran ere aipamena merezi dute. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da zientzia-argitalpen sistemak nola funtzionatzen duen ulertzea. Labur esanda, ikertzaile baten curriculumean bere lana kontuan hartzeko modukoa izan dadin, kalitatezko zientzia-aldizkari batean argitaratuta egon beharko du. Zentzuzkoa den bezala, kalitatezko aldizkari batean argitaratzen den lan bat kalitatezkoa dela ulertzen da. Aldizkariak arloka antolatzen dira eta, oro har, kalitatearen arabera zerrendatzen dira arlo horren barruan. Hortaz, 1. postuan dagoen aldizkari batean argitaratzea zailagoa izango da, baina bertan argitaratzen den lana oso kalitate onekoa izango da, oro har. Aldiz, azken postuan dagoen aldizkari batean argitaratzen bada, lana xumeagoa dela ulertzen da. Hala eta guztiz ere, aldizkaria zerrendan badago, esan nahi du kalitate-printzipio minimo batzuk betetzen direla, zerrendako postua edozein izanik ere.

Zein da kalitatearen adierazlerik nagusienetako bat? Bada, aldizkari bat kalitatezkoa izan dadin ezinbestekoa da bertan argitaratzen diren lanak peer review delako sistematik pasatzea. Hori kalitate-adierazle bakarra ez den arren, ezinbesteko baldintza da. Eta nola gauzatzen da peer review edo parekoen ebaluazioa deritzon prozesua? Ikertzaileak bere lana bidali nahi duen aldizkaria aukeratu ostean, argitaratzaileak lanaren gutxieneko baldintzak aztertu eta erabakiko du artikulua aldizkarian argitaratzeko modukoa izan ote daitekeen. Artikuluaren gaia bera edota kalitate txar nabarmena nahikoak izan daitezke urrats horretan bertan lana ez onartzeko. Lehen galbahea gainditzen badu, argitaratzaileak lanaren laburpena bidaliko die gai jakin horretan adituak diren ikertzaileei. Ikertzaile-adituek gai ikusten badituzte beren buruak ikerketa-lana zuzentzeko, argitaratzailearen proposamena onartuko dute eta lanaren berrikuspena egingo dute. Berrikuspenaren emaitza posibleak lau dira: lana bere horretan onartzea, aldaketa txikiak eskatzea, aldaketa handiak eskatzea edo lana ez onartzea. Argitaratzaileak bizpahiru adituren txostenak jasoko ditu eta, horrekin, bere azken erabakia hartuko du.

Artikulu honen hurrengo zatian aztertuko ditugu xeheago egoera posible horiek, baina garrantzitsua da aipatzea lana bidaltzen duen ikertzaileak, oro har, ez duela ordainsaririk izango eta lana berrikusi duen ikertzaileak ere ez. Argitaletxeak, aldiz, bere egingo du ikerketa-lana, eta etorkizunean lana irakurri nahi duten ikertzaileek ordaindu egin beharko dute aldizkarira sarbidea izateagatik. Baldintza honek egoera xelebreak ekar ditzake eta, neure burua adibide gisa jarriz, esan dezaket halako aldizkarietarako idatzi ditudan ikerketa-lanak ezin ditudala irakurri sarbidea ordaintzen ez badut. Era berean, ikerketa-lanen berrikusle izatea zientzia-meritu garrantzitsua izan daiteke curriculumean. López Nicolásek aipatzen duen moduan, horrek egoera etsigarri batera eraman gaitzake: baliteke ikerketa-artikuluak berrikusten ari diren ikertzaileak gai horretan aditu ez izatea eta curriculumeko merituen truke aritzea lan hori egiten.

Zer atera daiteke gaizki? Jarraituko dugu…

Informazio gehiago: Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (I) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Paradigma aldaketa zientzia-akademietan

Al, 2023-03-27 09:00

AEBko National Academy of Science (NAS) eta American Academy of Arts and Sciences akademiek (AAAS) psikologia, ekonomia eta matematikako akademikoak hautatzean izan den genero-arrakalaren 60 urteko bilakaera aztertu du, lankidetzan, UPV/EHUko ikertzaile batek. Azken 20 urteetan, emakumezkoek lehentasuna izan dute bi akademia horietan sartzeko, argitalpen- eta aipamen-historial bertsuko gizonezkoekin alderatuta.

Emakumezko ikertzaileek beren kideko gizonezkoen aintzatespen eta sari berak jaso izan al dituzte? Eta gaur egun jasotzen dituzte? Galdera kritiko eta aproposa da, akademiaren barnean zein kanpoan izan diren diskriminazio-kasuak kontuan hartuta, eta genero-berdintasunerantz aurrera egin behar badugu. Azken urteetan, kezka sortzen du zientzian emakumezko gutxiago izateak. Esate baterako, historikoki, AEBko Zientzia Akademia Nazionalean (NAS) eta AEBko Arteen eta Zientzien Akademian (AAAS) hautatzen zituzten kide berri gehien-gehienak gizonezkoak ziren. NAS akademiak Proceedings of National Academy of Sciences (PNAS) aldizkari entzutetsua argitaratzen du, eta AAASk, Science.

paradigmaIrudia: gaur egun, emakumezkoek 3 eta 15 bitarteko probabilitate handiagoa daukate AAAS eta NAS erakundeetako kide gisa hautatuak izateko. (Argazkia: ThisIsEngineering – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

UPV/EHUko Ikerbasque irakaslea da Nagore Iriberri eta gai horri buruz lankidetzan aritu da ikerketa batean. Egindako azterketak erakutsi du azken bi hamarkadetan NAS eta AAAS akademietako egoera aldatu egin dela, eta, azken hiru urteetan handitu egin dela emakumezko kide berrien portzentajea.

Ikerlan horretarako, emakumezkoen ordezkaritzan alde handiak dituzten hiru arlo hautatu dituzte: psikologia, ekonomia eta matematika. “Hiru alor horietako aldizkari nabarmenen argitalpenetatik abiatuz, jardunean dauden akademikoen zerrendak egin ditugu. Horrez gain, zenbait eredu sortu ditugu, duela 60 urtetik gaur egun arte NAS eta AAAS akademietako kide gisa emakumeak hautatzeko probabilitatean izan diren aldaketak alderatzeko, argitalpen- eta aipamen-kopuruak kontuan hartuta”, azaldu du Iriberrik.

Ikertzaileek ikusi dutenez, “duela 60 urte emakumezkoek probabilitate txikiagoa zuten akademiko gisa hautatuak izateko, antzeko argitalpen- eta aipamen-historiak zituzten gizonezkoen aldean. 90eko hamarkadan, bi akademietako hautaketa-prozesua gutxi-asko neutroa zen, generoaren ikuspegitik. Eta azken hogei urteetan, emakumezkoen aldeko lehentasun positiboa hautematen da hiru arloetan”, adierazi du ikertzaileak. Izan ere, ikerketaren arabera, gaur egun, emakumezkoek 3 eta 15 bitarteko probabilitate handiagoa daukate AAAS eta NAS erakundeetako kide gisa hautatuak izateko, antzeko argitalpen- eta aipamen-historia duten gizonezkoen aldean. Nolanahi ere, Iriberrik adierazi du akademia horietako emakumeen ordezkaritza oraindik ez dela “inondik inora % 50era iristen matematikan eta ekonomian”, psikologian ez bezala.

Paradigma aldaketa ordezkaritzan

Iriberriren iritziz, “neurri batean, litekeena da emakumezkoek aldizkari onenetan artikuluak argitaratzeko oztopo handiagoak dituztelako eta beren lanagatik aintzatespen gutxiago jaso ohi dutelako kezkaren adierazgarri izatea emakumeekiko lehentasun positibo hori”. Ikertzaileek ez dute aztertu zer mekanismoren bidez gertatzen den hori, “ez baitira prozesu gardenak. Guk ikusi dugu nork lortu duen akademian sartzea eta nork ez. Horren inguruan hainbat interpretazio egin daitezke —dio Ikerbasque ikertzaileak—: izan liteke, ikusirik historikoki emakumezkoak baztertu izan direla, akademiek orain emakumeei lehentasuna eman nahi izatea edo emakumeen ordezkaritza handitu nahi izatea; orobat, izan liteke emakumeei ikusgarritasuna eman nahi izatea, belaunaldi berriek eredu gisa izan ditzaten”.

Ikertzaileek nabarmendu nahi izan dutenez, “emakumezkoei lehentasuna emateak ez du esan nahi emakumeak estandar baxuagoekin sartzen direnik akademian, baizik eta paradigma aldaketa bat gertatzen ari dela: badago nolabaiteko borondate bat emakumeen ordezkaritza handitzeko”. Eta argi utzi nahi dute ikerketak ez duela esaten “horra iristeko prozesua berdina izan denik emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat; izan ere, ebidentzia izan badago prozesua ez dela halakoa izaten”.

Ikerketan hautatutako hiru jakintza-arloen bilakaerari dagokionez, ikusi dute “nahiz eta hirurek historikoki bilakaera oso desberdina izan emakumeen ordezkaritzari erreparatuz, hauteman dugu bai psikologian, bai matematikan eta bai ekonomian emakumeekiko lehentasun positiboa agerikoa dela”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Zientzia-akademiek emakumezko ikertzaileen lana aintzatesteko probabilitatea hobetu da

Erreferentzia bibliografikoa:

Card, David; DellaVigna, Stefano; Funk, Patricia eta Iriberri, Nagore (2023). Gender gaps at the academies. PNAS, 120 (4), e2212421120. DOI: 10.1073/pnas.2212421120

The post Paradigma aldaketa zientzia-akademietan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #433

Ig, 2023-03-26 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

baso

Ingurumena

Itsas biologoek detektatu dutenez, itsas espezieek desagertzeko joera dute orain. Standford Unibertsitateko ikerketa talde batek oraingo espezie-desagerpen tasa ezagutzen ditugun aurreko beste desagerpen batzuekin alderatu dute, erregistro fosilari esker. Emaitzen arabera, gaur egungo desagertzea gogorragoa da tamaina handiko animalientzat, eta arinagoa mugitzen direnentzat. Egileek diote giza jarduerak eragiten diela gehien animalia handienei. Hala desagertu ziren mamutak, moak dortoka erraldoiak, eta orain itsasoan berdina gertatzen ari da zetazeoekin. Desagertze horren arrazoi nagusia arrantza litzateke ikertzaileen arabera, zehazki, ausazko arrantza. Koralezko arrezifeak ere egoera tamalgarrian lirateke, eta ostrak ere desagertzen ari dira. Azalpenak Zientzia Kaieran: Itsasoetako desagertzea.

Basoa fundazioak basogintzari buruzko jardunaldia antolatu du aste honetan, eta gonbidatuetako bat da Maria Menendez Miguelez mendi ingeniaria. Klima-aldaketaren arintzearen alorrean lan egiten du Menendezek, baso kudeaketa jasangarria lortzeko helburuarekin. Azaldu duenez, Espainian dagoen arazo handienetako bat baso suteena da. Izan ere, baso-garbiketak urte osoan zehar egin behar direla dio, ez soilik udan. Bestalde, baso espezieen monolaborantzak eta biodibertsitatea bateragarriak izan daitezke dio, horiek modu egokian kokatuz gero. Hau da, gakoa espezie bakoitzak bere lekua izatea da, eta ez baso guztiak monolaborantzez ordezkatzea. Gainera, klima-aldaketa arintzeko basoek karbono hustuleku gisa betetzen duten rola azpimarratu du adituak. Datu guztiak Alea aldizkarian: “Baso monolaborantzek ez dute zertan kaltegarri izan”.

Astronomia

44 unitate astronomikora dagoen Quaoar objektuan eraztun sistema bat atzeman dute. Aurkikuntza hori bi arrazoiengatik da ezustekoa. Lehenik eta behin, hain urrun dagoen objektu batean eraztunak atzematea ez da gauza arrunta, eta gainera, eraztun horiek ohikoa baino askoz urrunagotik orbitatzen dutela Quaoar objektua. Gutxi gorabehera 1.100 kilometroko diametroa du Quaoarrek, eta Weywot izeneko ilargi txikia ere badu inguruan. Bada, objektu horrek Roche-ren muga gainditzen duen eraztun bat du inguruan, eta orain arte, muga horrek zehazten zuen satelite bat modu egonkorrean egon zitekeen eremua. Quaoarren eraztunak aldiz, birritan gainditzen du distantzia hori. Aurkikuntza honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Quaoar, inork espero ez zuen eraztunaren jabea.

NASAk berretsi du Artizarrak jarduera bolkanikoa duela. Espazio-agentzia estatubatuarraren Magallanes zundak 1991n jaso zituen radar-datuen berrikuspen batek baieztatu du esandakoa. Zunda horrek Atla Regio izeneko eremuan tximinia bolkaniko baten forma- eta tamaina-aldaketak jaso ditu zortzi hilabetean zehar. Hain zuzen ere, frogatu dute tximiniaren neurria bikoiztu egin dela, eta barrualdea labaz bete dela. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Nature Astronomy aldizkariko artikulu batek ohartarazi du sateliteek eta espazioko hondakinek ere argi-poluzioa eragiten dutela. Elementu horiek gaueko iluntasunean sortzen duten distira kalkulatu dute, eta azaldu dute argi gehigarri horrek behatokien kostua asko handitu dezakeela, behaketak egiteko iluntasuna behar delako, eta, beraz, esposizio-denbora askoz handiagoak beharko direlako. Hala, satelite-konstelazioen eta argi artifizialaren ugaritzea geldiarazteko neurriak eskatu dituzte. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

UPV/EHUko eta Biocruces Bizkaia Ikerketa Institutuko ikertzaileek frogatu dute amaren obesitateak fetuaren garapenari eragin diezaiokeela. Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek aztertu dute nola eragiten duen amak haurdunaldiaren hasieran duen gorputz-masaren indizeak plazentaren eredu molekularretan. Zehazki, plazentako DNAren metilazioak aztertu dituzte, amez eta seme-alabez osatutako 2.631 bikoteetan. DNAren metilazioan aldaketak hautematen diren 27 leku identifikatu dituzte bikote horietan, eta leku horietako asko obesitatearekin lotutako geneetatik hurbil daudela ikusi dute. Bestalde, minbiziaren eta oxidazio-estresaren bide metabolikoz aberastuta daude. Emaitza horiek iradokitzen dute obesitateak baduela eraginik plazentaren funtzionamenduan eta fetuaren hazkundean. Datuak Zientzia Kaieran.

Jeremy D. Walston irakasleak adindunen ahultasunaren jatorri biologikoa, egoera horren prebentzioa eta tratamendua ditu ikergai. Horretarako, adimen artifizialaz eta teknologia berriez baliatzen da. Walstonek azaldu du ahultasunaren prebentzio-estrategia nagusia kirol jarduerak direla. Bestalde, elikadurak ere eragin handia duela azaldu du; karbohidrato askoko edo karbohidrato sinpleko dieta batetik dieta mediterraneo batera aldatzen ahultasuna murrizten dela ziurtatu du. Oro har, Walstonen ikerketak frogatu du teknologia berriak, elikadura egokia eta ariketa fisikoa gakoak direla osasuntsu zahartzeko. Datu guztiak Berrian: «Errealitate birtuala erabiltzen dugu adinekoak laguntzeko».

Lide Arana EHUko Kimika Aplikatuko irakaslea da, eta Berriako artikulu batean lipidoen eta hauek gaixotasun kardiobaskularrekin duten erlazioaz aritu da. Teknika berriei esker, azken urteotan esfingolipido deituriko lipido talde misteriotsu batek osasun egoeran eragin nabarmena duela jakin ahal izan da. Esfingolipidoek zelulen hazkuntza, heltze, heriotza edota migrazio prozesuak erregulatzen dituzte. Orain, froga kimiko berrietan ikusi da esfingolipido mota zehatz batzuen odoleko kontzentrazioek osasun arazoak aurresateko gaitasun hobea izan dezakete kolesterol kontzentrazioak baino. Gainera, adituek diotenez, beste hainbat gaixotasunekin ere zerikusia izan dezakete molekula hauek, besteak beste, 2 motako diabetesarekin, obesitatearekin eta gibel gantzatsu ez-alkoholikoaren garapenarekin. Azalpenak Berrian: Lipido misteriotsuak.

Psikolinguistika

Esti Blanco-Elorrieta psikolinguista da, eta elebitasunaren neurozientzia ikertzen dihardu Harvard Unibertsitatean. Elebitasunaren inguruan hizketan, azaldu du bi hizkuntzak ez daudela nolabait bananduta burmuinean, maila anatomiko edota kognitiboan. Horren ordez, sistema bakarrean batzen ditugu hizkuntza denen arauketak, eta gero aukeratzen dugu berbak hizkuntza batean edo bestean erabili. Bestalde, baieztatu du hizkuntzak hobeto ikasten direla txikitan, ez hainbeste hitzak errazago gogoratzen direlako, baizik eta soinuen sistemagatik, eta baita gramatika eta sintaxiagatik ere. Gaur egun, afasia ikertzen du Blanco-Elorrietak, eta zehazki, nola erabili daitekeen elebitasuna afasiaren tratamenduan. Ikertzaile honi buruzko informazio gehiago Berrian: «Elebitasunaren kontrako iritziek ez dute zerikusirik zientziarekin».

Teknologia

Botikak inprimatzeko 3D bioinprimagailua aurkeztu dute Leskarai ikergunean. Victor Guarnizo Tecnaliako ikertzaileak azaldu duenez, edozein tamainatako, zaporetako eta itxuratako botikak sortzeko aukera emango du inprimagailuak, guztiak pazientearen beharren araberakoak. Hau da, hainbat botika ezberdin denak pilula bakarrean izatea ahalbidetzen du inprimagailu honek, eta gainera, gozoki baten itxura eta zaporea ematen dio. Inprimatze prozesu osoa automatikoki egin zuen bioinprimagailuak, eta pare bat minutu irauten ditu inprimatze prozesuak. Oraingoz, ordea, ikerketa-helburua duen inprimagailua da, eta, ez dute ospitaletan ezarriko. Informazio gehiago Berrian: Pilulen ordez, izar gozokiak.

Argitalpenak

Aste honetan, Zientzia Kaierak ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean, 2009an Jerry Coyne biologoak idatzitako Zergatik den egia eboluzioa liburua aurkeztu dute. Jerry Coyne-k ongi laburbildu du liburu honetan zer den eboluzioa eta zer baieztatzen duen zehazki hari buruzko teoriak. Tarteka Darwinen hitzak hizpidera ekarriz, eboluzioaren aldeko hainbat froga azaltzen ditu. Coynek berak, bere ikerketa eboluzioaren froga enpirikoak eskuratzera bideratu du, prozesu horrek sorturiko eredu genetikoak ulertuz. Chicagoko Unibertsitateko Ekologia eta Eboluzioa Sailean dihardu irakasle.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #433 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #439

La, 2023-03-25 09:00


Edozein teoria zientifiko tautologia bat izango litzateke, teoria bera oinarritzen duten datuak interpretatzeko teoria behar delako, ala ez? On theory and observation (4): Sneed’s structuralism and T-theorecity, Jesús Zamora Bonillarena.

Abeltegiko animaliek metanoa ekoiztea arazoa da klimarentzat. Baina modu esanguratsuan murriztea gorozkiei konposatu bat gehitzea bezain erraza da. Beste kontu bat da Europako legediak, simaurraren garbitasuna zaintzen duenak, horretarako aukera ematea. How to get 99% less methane emissions from the slurry pit.

Imajinatu garbiketa-talde batek gurpildun edukiontziak dituela kirol-instalazio baten zoruan dauden hondakinak biltzeko. Haizete batek teilatu erdia altxatu eta leihoak hausten dituen egunean, edukiontzien kopurua laurdenera murrizten da. Ez da zentzuzkoa hurrengo egunean instalazioa garbi-garbi egotea. Entzefaloan ere antzeko zerbait gertatzen da: garun-infartu bat (haizetea) izaten denean, garbiketa-ekipoak (mikrogliak) edukiontzi gutxiago izaten ditu (lisosomak) hondakinak biltzeko (hildako neuronak). Lysosomes: the Achilles heel of brain macrophages during a stroke, Ainhoa Plaza-Zabala eta Amanda Sierra.

Indar elektrostatiko txikiek konposatu supramolekular organikoei eragiten diete eta haien emaitza garbia haien efektu indibidualen batura baino handiagoa da. DIPCko jendea Synergistic effects of electrostatic bonds in a self-assembled molecule

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #439 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Tesla eta Edisoren buruz burukoaren historia

Or, 2023-03-24 09:00

Edisonek korronte zuzena asmatu zuen, baina arazo ugari zituen: haize-boladarik txikienarekin behera zetorren kable-sare handia behar zuen eta sorgailu asko behar zituen. Teslak Edisonentzat lan egiten, eta arazo horiek konpontzen korronte alternoa asmatu zuen. Baina Edisoni ez zitzaion lehia gustatzen eta Teslak bakarrik hegan egitea erabaki zuen.

1893an, Chicagoko Erakusketa Unibertsalean, biek jendaurrean jarri zituzten beren asmakizunak, eta argi ikusi zen Teslaren asmakizunak akats gutxiago zituela eta kable gutxiago erabiltzen zituela.

Zientziaren historia‘ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Tesla eta Edisoren buruz burukoaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zergatik den egia eboluzioa

Og, 2023-03-23 09:00

2009an Jerry Coyne biologoak Zergatik den egia eboluzioa liburua argitaratu zuen. Baina, eboluzioa egunean-egunean berresten ari da, biologiaren ardatz izateraino erabat, zergatik da beharrezkoa horrelako liburu bat? Inork ez luke zertan libururik idatzi garbi uzteko atomoak, izan, badirela, edo Lurra Eguzkiaren inguruan biratzen dela. Bada, zientziako ezein arlok ez duelako sortu, ideologiaren interferentziaz, hainbeste egonezin, gaizki-ulertu zein berariazko desinformazio eboluzioa bezala.

eboluzioaIrudia: Zergatik den egia eboluzioa liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Eboluzioaren aldeko frogabideak ugari, askotariko eta agerikoak dira, eta zientzia-ikerkuntzaren arlo guztietatik datoz, gainera. Gaur egun, zientzialariak espezieak nola adarkatzen diren ari dira aztertzen, animalia eta landareak nola egokitzen diren behatuz eta fosil-bildumak handituz. Naturan bertan nahiz laborategian dihardute halako lanetan.

Jerry Coyne-k argi eta zorrotz laburbildu du liburu honetan zer den eboluzioa eta zer baieztatzen duen zehazki hari buruzko teoriak, Darwinen hitzak tarteka hizpidera ekarriz. Irakurleari zalantzak uxatzeko lan horretan, ezin konta ahala froga dakar liburuak teoriaren alde. Orobat erakusten du eboluzioa ez dela teoria huts bat, egitate bat ere bada-eta, beldurrik gabe denok onartu behar genukeena, zientziak argituriko beste edozein egitate bezala.

Jerrry A. Coyne-k (San Luis, 1949) Chicagoko Unibertsitateko Ekologia eta Eboluzioa Sailean dihardu irakasle. Coyne-ren laborategiaren egiteko nagusia zera da: Darwin-ek espezieen jatorriari buruz idatzitakoak egiaztatzea, prozesu horrek sorturiko eredu genetikoak ulertuz. Ehun zientzia-artikulu baino gehiago ditu idatziak, eta hainbat saiakera eta iritzi-artikulu hedabide arruntentzat. Liburu honetaz gainera, Speciation (2004) izenekoa ere argitaratua du, H. Allen Orr-ekin elkarlanean.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Zergatik den egia eboluzioa
  • Egilea: Jerry A. Coyne
  • ISBN: 978-84-9860-881-6
  • Formatua: 16 x 24 zm
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2013
  • Orrialdeak: 443 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Zergatik den egia eboluzioa

The post Zergatik den egia eboluzioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Quaoar, inork espero ez zuen eraztunaren jabea

Az, 2023-03-22 09:00

Quaoar planeta nanoa Neptunoz haraindiko dagoen objektu txikia da eta bertan eraztun sistema bat atzeman dute astrofisikariek. Orain arte urte luzez finkatuta zegoen teoria baten arabera, ordea, ez luke bertan egon behar.

Duela gutxira arte pentsaezinak ziren mugetara eraman gaitu gaur egungo astronomiak, eta Hubble edo James Webb bezalako behatokiek unibertsoa gaztea zeneko uneak ekarri dizkigute begietara. Kontaezinak dira inguru urrun horietan argitzeko dauden misterioak, baina gertuagora begiratuta ere, etengabean azaltzen dira argitzeko dauden kontuak.

Hala gertatzen da Eguzki Sisteman bertan ere. Oraingoan, sistemaren aldirietan egin den aurkikuntza batek astindu ditu astrofisikariak zein astronomia zaletuak. Izan ere, 44 unitate astronomikora dagoen Quaoar objektuan eraztun sistema bat atzeman dute. Hain urrun dagoen objektu batean eraztunak atzematea dezenteko aurkikuntza da berez, baina ezustekoa are handiagoa izan da ikusi denean eraztun horiek ohikoa baino askoz urrunagotik orbitatzen dutela Quaoar.

Quaoar1. irudia: Quaoar planeta nanoaren eta eraztunaren irudikapen artistikoa. Ezkutaketaren teknikaren bitartez atzeman ahal izan dute eraztuna. (Irudia: ESA/ATG medialab)

Momentuz ofizialki planeta nanoa ez bada ere, askok horrela jotzen dute, oreka hidrostatikoa mantentzeko dentsitate adina duela uste dutelako. Weywot izeneko ilargi txikia ere du inguruan. Gutxi gorabehera, tamainan Plutonen erdiaren parekoa da Quaoar: 1.100 kilometroko diametroa du. Lurra bezalako planeta baten aldean, ez da izugarrizko tamaina, baina argi dago ere ez dela espazioan galdutako harri koskor bat.

Izan ere, Neptunoz haraindiko objektuen artean, zazpigarrena da tamainan. Izenak berak argi uzten duen moduan, zortzigarren planeta baino harago doazen objektuak dira hauek; eta ez dira gutxi: gaurdaino halako 3.000 objektu inguru ezagutzen dira, horien artean, Pluton eta Eris handienak direlarik. Izena Los Angeles (AEB) inguruan jatorria duen herri indigena batetik datorkio, eta, Mike Brown astronomoak How I Killed Pluto liburuan kontatzen duenari jarraiki, hasiera batean objektuaren izena X batekin hastea nahi zuten, objektua 2002an aurkitu zuen ikerketa taldean ordura arte “X objektu” gisa izendatzen zutelako. Baina, zorionez, konturatu ziren azteken Xiuhtecuhtli gisakoak idazteko eta ahoskatzeko zail samarrak zirela, eta Tongva tribuko historialari ofiziosoarengana telefonoz jo zutenean ikusi zuten izen egokia aurkitua zutela: indigena horien artean, Quaoar da unibertsoa abiatu zuen indar sortzailea, kantuka eta dantzaka hasi zenean. Ez da, ez, hasiera txarra unibertso alai baterako.

Erantzunak aurkitzeko prozesua 2018 eta 2021. urteen artean gertatu da, eta soberan dokumentatuta dago: Quaoar hondoko lau izar desberdinen aurrean pasatzean detektatu dituzte eraztun sistema baten adierazle diren argi jaitsierak. Hau da, exoplanetak bilatzeko erabiltzen den antzeko teknikaz baliatu dira. Ezaguna da izar batean argi jaitsiera inguruan planeta bat duelako adierazle izan daitekeela. Modu berean, objektu ezagun bat hondoko izar baten aurrean igarotzen denean —Lurretiko gure ikuspegitik, noski—, posible da objektu horren inguruko zenbait ezaugarri ondorioztatzea, eklipse txiki horretan gertatzen diren argi aldaketen arabera. Halakoetan, noski, objektu nagusia da argiaren beherakada nagusiaren erantzule, baina horren aurretik eta ondoren jaitsiera txikiagoak gertatzen direnean, zientzialariek badakite eraztun baten adierazle izan daitekeela hori.

Arazoa da lurreko behatokien kasuan oso zaila izan daitekeela ebaztea halako aldaketa ahulen atzean atmosferaren eragina ote dagoen. Hortaz, atmosferaren eraginetik kanpo dagoen behatoki baten beharra dago. Baina hemen ere gauzak guztiz konplikatzen dira, izugarri zaila delako orbitan dagoen teleskopio baten posizio zehatza jakitea izarraren eta behatu nahi den objektuaren arteko konjuntzioa gertatzen denean.

Zailtasun hauek guztiak gaindituz, Lurretik egindako behaketak eta ESA Europako Espazio agentziaren CHEOPS satelitearen laguntzari esker, nazioarteko ikertzaile talde batek aurkitu du Quaoarrek eraztun bat duela. Emaitzak Nature aldizkarian argitaratu dituzte. Honaino, aurkikuntza polita, baina beste asko egiten diren modukoa. Izan ere, azken hamarkadetan ezagutu dugu eraztun sistemak nahiko ohikoak direla. Saturnok ez ezik, Eguzki Sistemako beste hiru erraldoiek —Jupiter, Urano eta Neptuno— eraztunak dituzte. Kariklo izeneko zentauroan eta Haumea planeta nanoan ere eraztunak aurkitu dira.

Baina, Quaoarren kasuan, benetako ezustekoa etorri da eraztunaren kokapena kalkulatzerakoan: beharko lukeena baino dezente urrunago dago.

Quaoar2. irudia: ESAren Cheops satelitearen irudikapen artistikoa. Eraztunak Lurreko behatokien bitartez aurkitu badira ere, Cheops misioaren baieztapena ezinbestekoa izan da, atmosferaren eragina alboratzeko. (Irudia: ESA/ATG medialab)

Zer dela-eta egon behar dira ba kokatuak eraztunak eremu jakin batean? Eremu hori aspalditik finkatuta dago, Roche-ren muga izenekoaren bitartez. Orain arte ezagutu diren kasu guztietan bete da teoria hau, eta azalpen sinplea du. Muga horrek zehazten du satelite bat modu egonkorrean egon daitekeelako eremua. Objektu handi baten inguruan orbitatzen duen objektu bat gertuegi egonez gero, planetaren marea indarrek erraz suntsitu ahalko lukete satelitea. Kontrara, urrunago egonda, orbitatzen duen material multzo bat eraztun gisa ez baizik eta ilargi gisa pilatuko zen. Esan bezala, orain arte ezagutzen diren eraztun guztiak muga horren barruan daude.

Ez da Quaoarren kasua. Bertan Rocheren muga 1.780 kilometrora hedatzen da, baina atzeman den eraztuna 4.110 kilometrora kokatuta dago. Quaoarren erradioa halako zazpi. Zenbakiak ez datoz bat, inondik inora.

Ikertzaileen esanetan, beharko lukeena baina bi aldiz urrunago dago eraztun hori. Kokapen horretan egonda, hamarkada bakar batzuetan objektu bakarra bilakatu beharko zen, eraztuna osatzen duten objektuak fusionatuz. Hau da, distantzia horretara, bertan ilargi bat egon beharko zen, eta ez eraztun bat.

“Gure behaketen ondorioz, eraztun dentsoek soilik Rocheren mugaren barruan bizirauten dutelako ideia klasikoa errotik berrikusia izan beharko da”, adierazi du Giovannik Bruno ikertzaileak ESAk argitaratutako prentsa ohar batean.

Behaketak zuzenak direla ziurtzat emanda, azalpen bila jo dute zientzialariek. Uste dute kokapen bitxi horren arrazoia tenperaturan egon daitekeela. Izan ere, kalkulatzen da bertan -220 ºC-ko tenperatura dagoela. Proposatu dute tenperatura izugarri baxu honek nolabait saihets dezakeela eraztuna osatzen duten izotz partikulak fusionatzea, espero izatekoa izango zen moduan. Hipotesia babesteko, ordenagailu bidezko simulazioak egin dituzte, eta horietan ikusi dute materialen arteko talken ostean geratzen diren abiadurak handiagoak dira, beste partikulekiko atrakziotik aldentzeko adinekoak. Horrek saihestuko luke materiala pilatzea, eta, ondorioz, ilargi bat osatzea.

Topiko handi bat da esatea ikerketa gehiago beharko direla gaian sakontzeko. Baina, kasu honetan, ezinbestekoa izango da hori, Rocheren muga zalantzan jartzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.

Erreferentzia bibliografikoa:

Morgado, B.E.. Sicardy, B., Braga-Ribas, F. et al. (2023). A dense ring of the trans-Neptunian object Quaoar outside its Roche limit. Nature, 614, 239–243. DOI: https://doi.org/10.1038/s41586-022-05629-6

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Quaoar, inork espero ez zuen eraztunaren jabea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Itsasoetako desagertzea

Ar, 2023-03-21 09:00

Itsas biologoek detektatu dutenez, itsas espezieek desagertzeko joera dute orain. Ekologian, eboluzioan eta itsasoetako biodibertsitatean eta, espero dugu, arrisku horren leheneratzean eragiten duten ondorioak hobeto behatzeko, Standford Unibertsitateko Jonathan Paynek eta bere taldeak, erregistro fosilari esker ezagutzen ditugun aurreko beste desagerpen batzuekin alderatu dute. Moluskuen eta itsasoko ornodunen 2.497 espezie –desagertu direnak eta gaur egun daudenak– dituen datu base bat aztertu dute. Desagertuta eta bizirik existitzen diren espezie generoak soilik aztertzen dituzte, alderaketak errazteko. Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren (NKNB) zerrendetatik hartzen dute desagertzeko arriskua. Espezie horien lau alderdi alderatzen dituzte: gorputzaren tamaina, gehieneko luzeraren arabera; habitat bentonikoa, hondoan, edo pelagikoa, ur askeetan; mugikortasuna, mugikorrak edo mugiezinak diren; eta elikadura, harrapakariak diren ala ez diren.

Erregistro fosilari esker ezagutzen ditugun aurreko bost desagertzeekin alderatuta, oraingoa gogorragoa da tamaina handiko animalientzat, eta arinagoa mugitzen direnentzat (mugitzen ez direnekin alderatuta). Ez dago alderik habitataren arabera (bentonikoak edo pelagikoak), ez eta elikaduraren arabera ere (harrapakariak diren edo ez).

Egileek diote giza jarduerak eragiten diela gehien animalia handienei eta, zehazki, arrantzak, ale handienen arrantzak –etekin handiagoa atera daitekeelako–. Antzeko zerbait gertatu zen lurrean ere. Esan daiteke gure espeziea izan zela mamuten, moen, dortoka erraldoien eta tamaina handiko beste espezie batzuen desagertzearen erantzule.

itsasoetakoIrudia: esan daiteke gure espeziea izan zela mamuten, moen, dortoka erraldoien eta tamaina handiko beste espezie batzuen desagertzearen erantzule. (Argazkia: Gabriel Dizzi – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)

Kaliforniako Unibertsitateko (Santa Barbara) Douglas McCauleyren taldeak giza jardueraren ondorio zuzena izan zen espezieen desagertze horri buruz dakiguna errepasatu du. Prozesua duela urte asko hasi zen eskala handian, eta azken mendeetan areagotu egin zen, batez ere XX. mendean. McCauleyk azken 55.000 urteak aztertu ditu. Besteak beste aipatu ditudan lurreko espezieak desagertu badira ere, itsasoan espezieak askoz ere geroago hasi ziren desagertzen. Gainera, itsasoko espezieek lurrekoek baino dispertsio geografiko zabalagoa dute, eta normalean ez dira hain lokalizatuak egoten. Ondorioz, oro har, azkar desagertzeko arrisku txikiagoa dute lurrekoekin alderatuta. Interesgarria litzateke itsas espezieen desagertzeak hegaztienekin alderatzea, izan ere, haiek ere sakabanatuta daude eta antzeko moduan mugitzen dira. Are gehiago, Payneren azterketan gertatzen zen moduan, hegaztien kasuan ere tamaina handiena dutenak dira mehatxatuenak daudenak.

2022an,Washingtongo Unibertsitateko (Seattle) eta Princeton Unibertsitateetako Justin Pennek eta Curtis Deutschek argitaratu zuten azterketa batek Jonathan Paynek ozeanoetako desagertzeari buruz lortutako emaitzak berresten ditu, berotze globalari buruzko datuak eta berotzeak hainbat espezieren ekologian eta fisiologian duen eraginari buruzko ereduetan oinarrituta. Ereduek aurkezten dutena berresten dute, erregistro fosilaren arabera aurreko desagertzeei buruz dakiguna baliatuz.

Ereduetan, gure espeziearen mende honetako inpaktuarekin aldera daitezke berotegi efektuko gasen emisioaren hazkundea, berotzearen ondorioz espezieak galtzea eta atmosferan oxigenoa gutxitzea, eta planetaren historian aurretik izandakoen antzeko desagerpen batean amaitzen da. Espezie polarrak dira desagertzeko arrisku handiena dutenak; baina biodibertsitatearen oparotasuna eremu oparoenetan murrizten da gehien, hots, tropikoetan. Autoreen arabera, berotze globala murriztu eta aldaketa klimatikoa kontrolpean izango bagenu, desagertzeko arriskua % 70 baino gehiago murriztuko litzateke.

Tamainaren araberako desagertzea

Txinako Nanjingeko Unibertsitateko Chuanwu Chenen eta bere taldearen ikerketaren arabera, tamainaren araberako desagertzearen adibide bat zetazeoena da. Tamaina handia izatera irits daitezkeen itsas ugaztunak dira. Balea urdina, Balaenoptera musculus, gaur egungo Lur planetako animaliarik handiena da. Bi azpiklase daude: mistizetoak eta odontozetoak. Mistizetoek (baleek nagusiki) itsasoko ura iragazteko eta elikagaiak gordetzeko bizarrak dituzte; odontozetoek (kaxaloteak eta izurdeak kasu) hortzak dituzte. Guztira 90 espezie dira, eta horietatik 80 Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren zerrenda gorrian daude. Horietatik 22 espezie, hau da, % 27,5, desagertzeko arriskuan daude. 80 espezie horietatik, hamahiru mistizetoak dira eta 67 odontozetoak. Arriskuan dauden espezieen ehunekoa handiagoa da mistizetoen kasuan, hamahirutik bost baitaude (% 38,5); odontozetoen kasuan, 67tik hamazazpi daude (% 25,4).

Espezie horiek desagertzeko arrisku handiena eragiten duten faktoreak honako hauek dira: tamaina, banaketa geografikoa, itsas gainazalaren tenperatura eta giza jarduerak eragindako arrisku zehatzak. Bitxia da: mistizetoen kasuan, zenbat eta handiagoa izan, orduan eta desagertze arrisku handiagoa dute; aldiz, odontozetoen kasuan, aurkakoa gertatzen da: zenbat eta handiagoa izan, orduan eta arrisku txikiagoa. Era berean, azpimarratzeko modukoa da desagertzeko zazpi arrisku posibleetatik arriskutsuena ausazko arrantza dela. Beste arrain batzuen bila joan eta zetazeoak harrapatzen dituzte, nahi gabe.

Espezie batek desagertze prozesu bat jasaten duenean, bere banaketa geografikoa uzkurtu egiten da, txikitu egiten da; izan ere, kanpoaldeko eremuetan geratzen diren horiek dira desagertzen lehenak. Kanpoaldean, gutxiago bizi ohi dira eta inguruneko baldintzak kaskarragoak izaten dira. Ondorioz, haiek izaten dira desagertzen lehenak. McCauleyk eremu geografikoa uzkurtu zaien espezieak zein diren ikertu du. Beste behin, lurreko espezieak dira uzkurtze hori gehien jasan dutenak. Besteak beste, desagertu diren zenbait ahuntz eta tximeleta nabarmentzen ditu. Itsasoan, eremu geografikoa gehien uzkurtu zaien espezieak tamaina handiko espezieak dira; marrazoak, zehazki.

Halaber, itsasoan habitat zehatz batzuk ere galtzen ari dira, hala nola koralezko arrezife batzuk, zeinak 2007rako % 30 gutxitu zirela uste baitzen, edo mangladiak, % 20. Gainera, adituek proposatzen duten hipotesiaren arabera, kasu guztietan itsasoko uraren tenperatura igo delako gertatu da, hau da, berotze globalaren ondorioz. Bai eta giza jardueraren ondorioz ere, hala nola itsasoan haize errota gehiago jartzeagatik, nazioarteko uretako urpeko meatzaritzagatik, kontainerren trafikoagatik (% 600 areagotu da 1970az geroztik) eta itsasoko “eremu hil” deritzenen (oxigenorik gabe) kopuruagatik.

Olagarro batek baino bizitza gehiago

Dena den, berri txar horien guztien artean bada berri onik ere, eta hori da, hain zuzen, zefalopodoei egokitu zaiena. 700 espezie inguru dituen itsas moluskuen talde bat da, eta ezagunenak olagarroak, txipiroiak, txibiak… dira. Biologian eta itsasoaren ekologian duten garrantziaz gain, oso preziatuak dira ere gastronomian. Azkar hazten dira, bizitza laburra dute eta inguruneko baldintza aldakorretara egokitzeko plastikotasun handia dute. Australiako Adelaidako Unibertsitateko Zoe Doubledayk eta bere lankideek eta mundu osoko zentroek dioten moduan (besteak beste Palma de Mallorcako Espainiako Ozeanografia Institutua), badirudi zefalopodoak areagotzen ari direla munduko ozeano guztietan. Hala adierazten dute animalia horiek arrantzatzen diren tokietako harrapaketa datuek.

Hori berresteko, Doubledayk eta bere taldeak azken 61 urteetan (1953-2013) zefalopodoen arrantzaldiei buruz argitaratu den guztiaren metaanalisia egin dute. Eskualde ozeaniko guztietako datuak eta gehien merkaturatzen diren espezieen harrapaketen zifrak erabiltzen dituzte, hala nola olagarroarenak edo txipiroiarenak, eta horrela 35 espezie arte.

Emaitzen arabera, aztertutako 61 urteetan hazi egin da zefalopodoen kopurua, eta, gainera, habitat guztietan gertatu da: hondoko habitat bentonikoetan; demertsaletan, hondotik gertu dauden habitatetan; eta pelagikoetan, ur askeetan.

Zefalopodoen igoera horren arrazoiak eztabaidan daude. Adibidez, hipotesi batek dio klima aldaketagatik gertatu dela: uraren tenperaturaren igoeraren ondorioz, animalia horien bizi zikloak azkartzen dituelako. Beste batek, aldiz, esaten du gehiegizko arrantzagatik gertatu dela, zefalopodoz elikatzen diren arrainen populazioen beherakada ekarri duelako. Beraz, haien ustez, harrapakari gutxiago dituztelako hazi da zefalopodoen populazioa.

Koralezko arrezifeei buruzko auzi irekia itsasoetakoIrudia: azken 30 urteetan % 80 murriztu da Karibeko arrezifeen hedadura. (Argazkia: Francesco Ungaro – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)

Eztabaidagai izaten jarraitzen duen beste auzi bat koralezko arrezifeena da. Batez ere Karibe itsasoan eta Ozeano Barean gertatzen da, eta, beste behin, kausa berotze globala da. Kaliforniako La Jollako Scripps Ozeanografia Erakundeko Jennifer Smithen argitalpen baten arabera, azken 30 urteetan % 80 murriztu da Karibeko arrezifeen hedadura. Ozeano Barean, berriz, % 50 desagertu da 1980ko hamarkadatik 2000ko hamarkadako lehen urteetara bitartean. Adituen aurreikuspenek diote mende honen erdialderako % 70 desagertuta egongo dela.

Koralezko arrezifeekin gertatzen ari dena zehaztasunez aztertzeko, Smithen taldeak xehe-xehe aztertu ditu arrezifeen multzoak, hamar urtez, Ozeano Bareko erdialdeko bost uhartedietako 56 uhartetan. Ikerketa egiteko arrezifeak dituzten hondoen 6.500 argazki erabili dituzte, 56 uharteetako 450 laginketa puntutan ateratakoak.

Emaitzek erakusten dute kalte gehien jasaten duten arrezifeak gizakiengandik gertu dauden eremuetan daudenak direla. Jenderik bizi ez den uharteetan, habitat horietan ohikoak diren espezieak daude oraindik ere arrezifeetan.

Hawaiiko Unibertsitateko (Manoa) Renee Setterren taldearen arabera, honako hauek dira koralezko arrezifeei eragiten dieten ondorio kaltegarriak: itsasoko bero boladak, uraren azidotzea, ekaitzak, lurretik iristen den kutsadura eta leku jakin batzuetan isurtzen diren giza substantzia estresagarriak. Autoreen arabera, efektu horietako bakoitza bere aldetik aztertzen da, baina, batera aztertzen denean, kaltea guztien batura baino handiagoa da. Adibidez, 2050erako (hemendik 28 urtera), ingurumen baldintzak jasanezinak izango dira efektu horietako bakoitzarentzat, bakarka aztertuta. Baina, osotasunean aztertuta, jasanezina izango da 2035erako (hemendik 13 urtera soilik). Kasurik onenean, berotegi efektuko gasak arintzen badira eta jasangarritasunaren aldeko giza garapen optimista bat egiten bada, 2100erako koralen % 41 jasanezinak izango dira. Dena den, efektu horiek osotasunean aztertuz gero, XXI. mendearen amaierarako % 64 izango dira jasanezinak. Kasurik okerrenean, 2055erako koralen % 99 jasanezinak izango dira.

Aldiz, badirudi ostren arrezifeek bestelako bide bati jarraitzen diotela. Kaliforniako Unibertsitateko (Santa Barbara) Michael Becken taldeak ostren arrezifeen pixkanakako gutxitzeari buruz dakiguna errepasatu du.

Mundu osoko 144 badiatako eta 44 kostaldeko eskualdetako datuak errepasatu dituzte. Horietako % 90etan gutxi gorabehera ostrak galdu dituzte, Iberiar Penintsulako Atlantikoko kostaldean barne. Aztertu diren hainbat eta hainbat lekutan geratzen diren ostra gutxi horiek ez dira funtzionalak inguruneko ekologiarentzat, ez eta espeziea bera arrakastaz ugaltzeko ere. Ondorioz, badien % 75ek baino gehiagok bere ostren biztanleria galdu dute. Gehiegizko arrantzak eta kutsadurak zerikusia dute ostren desagertze horretan, batez ere gizaki asko bizi den estuarioetan.

Dena den, Leslie Reeder-Myersek eta bere lankideek, Filadelfiako Temple Unibertsitatekoak, Ipar Amerikako eta Australiako aztarnategi indigenei buruz egindako ikerketaren arabera, duela milaka urtetik ezagutzen da ostrak arrantzatzeko tokiak. Denbora luzez ustiatu dituzte, eta 5.000-10.000 urtez egon dira espazioan eta denboran, eta baliteke ostrak arrantzatzeko tokiak are zaharragoak izatea.

Egileek zenbait espezie aztertu dituzte xehetasunez: bederatzi Queenslandeko sei aztarnategitan (Australia), 21 Ipar Amerikako mendebaldeko kostaldean eta 43 ekialdeko kostaldean. Hala ere, egungo arrantzarekin alderatuz gero, agerian geratzen da ostren arrezifeak dituzten eremuen % 85 galdu egin direla mende honen hasieran, metodo indigenen bidezko ustiapenetik ostren populazio asko eta asko hil dituen merkataritza sistema kapitalistara aldatzearekin batera.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Beck, Michael W.; Brumbaugh, Robert D.; Airoldi, Laura; Carranza, Alvar; Coen, Loren D.; Crawford, Christine; Defeo, Omar; Edgar, Graham J.; Hancock, Boze; Kay, Matthew C.; Lenihan, Hunter S.; Luckenbach, Mark W.; Toropova, Caitlyn L.; Zhang, Guofan; Guo, Ximing (2011). Oyster reefs at risk and recommendations for conservation, restoration and management. BioScience 61, 107-116. DOI: 10.1525/bio.2011.61.2.5
  • Chen, Chuanwu; Jefferson, Thomas A.; Chen, Bingyao; Wang, Yanping (2022). Geographic range size, water temperature, and extrinsic threats predict the extinction risk in global cetaceans. Global Change Biology, vol.28, 6541-6555. DOI: 10.1111/gcb.16385
  • Doubleday, Zoë A.; Prowse, Thomas A.A.; Arkhipkin, Alexander; Pierce3, Graham J.; Semmens, Jayson; Steer, Michael; Leporati, Stephen C.; Lourenço, Sílvia; Quetglas, Antoni; Sauer, Warwick; Gillanders, Bronwyn M. (2016). Global proliferation of cephalopods. Current Biology 26, R406-R407. DOI: 10.1016/j.cub.2016.04.002
  • McCauley, Douglas J.; Pinsky, Malin L; Palumbi, Stephen R.; Estes, James A.; Joyce, Francis H; Warner, Robert R. (2015). Marine defaunation: Animal loss in the global ocean. Science, 347. DOI: 10.1126/science.1255641
  • Payne, Jonathan L.; Bush, Andrew M.; Heim, Noel A.; Knope, Matthew L.; McCauley, Douglas J. (2016). Ecological selectivity of the emerging mass extinction in the oceans. Science, 353. DOI: 10.1126/science.aaf2416
  • Penn, Justin L.; Deutsch, Curtis (2022). Avoiding ocean mass extinction from climate warming. Science 376, 524-526. DOI: 10.1126/science.abe9039
  • Reeder-Myers, Leslie; Braje, Todd J.; Hofman, Courtney A.; Smith, Emma A. Elliott; Garland, Carey J.; Grone, Michael; Hadden, Carla S.; Hatch, Marco; Hunt, Turner; Kelley, Alice; LeFebvre, Michelle J.; Lockman, Michael; McKechnie, Iain; McNiven, Ian J.; Newsom, Bonnie; Pluckhahn, Thomas; Sanchez, Gabriel; Schwadron, Margo; Smith, Karen Y.; Smith, Tam; Spiess, Arthur; Tayac, Gabrielle; Thompson, Victor D.; Vollman, Taylor; Weitzel, Elic M.; Rick, Torben C. (2022). Indigenous oyster fisheries persisted for millennia and should inform future management. Nature Communications 13, 2383. DOI: 10.1038/s41467-022-29818-z
  • Setter, Renee O.; Franklin, Erik C.; Mora, Camilo (2022). Co-occurring anthropogenic stressors reduce the timeframe of environmental viability for the world’s coral reefs. PLOS Biology 20(10), e3001821. DOI: 10.1371/journal.pbio.3001821
  • Smith, Jennifer E.; Brainard, Rusty; Carter, Amanda; Grillo, Saray; Edwards, Clinton; Harris, Jill; Lewis, Levi; Obura, David; Rohwer, Forest; Sala, Enric; Vroom, Peter S.; Sandin, Stuart (2016). Re-evaluating the health of coral reef communities baselines and evidence for human impacts across the central Pacific. Proceedings of the Royal Society B 283. DOI: 10.1098/rspb.2015.1985
Egileaz:

Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko urriaren 24an: Extinción en los mares

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Itsasoetako desagertzea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Amaren obesitateak fetuaren garapenari eragin diezaioke

Al, 2023-03-20 09:00

UPV/EHUko eta Biocruces Bizkaia Ikerketa Institutuko ikertzaileek aztertu dute nola eragiten duen amak haurdunaldiaren hasieran duen gorputz-masaren indizeak plazentaren eredu molekularretan, eta ea horrek eraginik izan dezakeen fetuaren garapenean eta haurren osasunean gero.

Jende gehienak uste du ezen, fetua amaren barnean hazten denez, ama izango dela haurraren etorkizuneko osasunari eragingo dion faktore garrantzitsuena, eta hori nagusituko dela, zalantzarik gabe, gainerako faktore posible guztien gainetik. Uste hori oso zabalduta dago gizartean, eta ikerketa asko amak haurdunaldian zehar dituen ezaugarri eta portaeretan oinarritzen dira.

fetuarenIrudia: plazenta ezinbesteko organoa da fetuaren hazkunde eta garapenerako; ama fetuarekin konektatzen duen organoa da eta haren bidez elikatzen da fetua. (Argazkia: Mart Production – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Kasu horietako bat Communications Biology aldizkarian argitaratu da berriki. Lan horrek aztertu du nolako eragina duen amak haurdunaldiaren hasieran duen gorputz-masaren indizeak plazentaren profil molekularretan. Zehazkiago, plazentako DNAren metilazioan (karbono batez eta hiru hidrogenoz osatutako talde baten adizioa DNA molekularen posizio jakin batean)”, Nora Fernández Jiménez EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak eta Genetika, Antropologia Fisiko eta Fisiologia saileko ikertzaileak azaldu duenez. “Plazentako DNAren metilazioari buruz gaur arte egin den azterketarik handiena da, Europako, Ipar Amerikako eta Australiako amez eta seme-alabez osatutako 2.631 bikoterekin egina”, erantsi du Fernández Jiménezek.

Mutazio ezagunenekin gertatzen ez den bezala —nukleotido bat beste batekin ordezkatzea DNAren sekuentzian—, sekuentzia aldatu gabe gene-adierazpena erregulatzen duen DNAren aldaketa bat da metilazioa. “Berriki egindako ikerketen arabera, metilazioa umetokiaren barneko giroaren eta fetuaren genomaren arteko zubia da. Adibidez, ingurunearen eraginez, gerta daiteke genomaren eskualde batean metilazio-mailak gora egitea. Gorakada horrek, oro har, berekin dakar DNA trinkotzea; ondorioz, transkripzio-makineria ezin izaten da eskualde horietara iritsi, eta zenbait gene isildu egiten dira. Aurkakoa ere gerta liteke, hau da, ingurunearen ondorioz, genomaren zenbait eskualdetan metilazio-mailak behera egitea. Halakoetan, DNAk konformazio ireki bat lortzen du, transkripzio-makineriak hobeto iristen dira hara eta, ondorioz, gora egingo luke gene-adierazpenak. Bi kasuetan, sekuentzia ez da aldatzen, baina genomak modu batean edo bestean jokatzen du”, azaldu du EHUko ikertzaileak.

“Lan honetan, DNAren metilazioan aldaketak hautematen diren 27 leku identifikatu ditugu, guztiak ere plazentaren espezifikoak diruditenak”, adierazi du Fernándezek. Komeni da gogoan izatea plazenta ezinbesteko organoa dela fetuaren hazkunde eta garapenerako, ama fetuarekin konektatzen duen organoa delako eta haren bidez elikatzen delako fetua. “Identifikatutako leku horietako asko obesitatearekin lotutako geneetatik hurbil daude, eta minbiziaren eta oxidazio-estresaren bide metabolikoz aberastuta daude. Horrek ez du esan nahi obesitate-arazoak dituzten amengandik jaiotako haurrek minbizia izango dutenik, baina egia da plazentak tumore baten antzeko jokabidea duela, oso bizkor hazten baita, eta horrek pentsarazten digu obesitateak baduela eraginik plazentaren funtzionamenduan eta fetuaren hazkundean”, erantsi du Nora Fernándezek.

Emaitza horiek guztiek iradokitzen dute plazentako DNAren metilazioa izan litekeela amaren obesitatea eta haurtzaroko osasun metabolikoaren arazoak lotzen dituen mekanismoetako bat, nahiz eta Fernándezek ohartarazi duen ikerketa gehiago egin beharko direla aurkikuntza horiek berresteko. Gainera, Fernándezek azpimarratu duenez, “gure ikerketaren emaitzak zilegiak izan arren, ez lirateke erabili behar amaren erruaren mantra justifikatzeko; izan ere, oso zaila da kuantifikatzea zenbaterainoko eragina duten amek eta haien ezaugarri eta portaerek fetuaren eta jaioberriaren inguruko beste faktore batzuen aldean (hala nola amen gurasoak edo bikotekideak, familiak, gizartea bera eta ingurumena), faktore horiek inoiz ez baitira hain sakonki ikertu”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Amaren obesitateak fetuaren garapenari eragin diezaioke

Erreferentzia bibliografikoa:

Fernandez-Jimenez, Nora; Fore, Ruby; Cilleros-Portet, Ariadna; Lepeule, Johanna; Perron, Patrice; Kvist, Tuomas; Tian, Fu-Ying; Lesseur, Corina; Binder, Alexandra M.; Lozano, Manuel; Martorell-Marugán, Jordi; Loke, Yuk J.; Bakulski, Kelly M.; Zhu, Yihui; Forhan, Anne; Sammallahti, Sara; Everson, Todd M.; Chen, Jia; Michels, Karin B.; Belmonte, Thalia; Carmona-Sáez, Pedro; Halliday, Jane; Fallin, M. Daniele; LaSalle, Janine M.; Tost, Jorg; Czamara, Darina; Fernández, Mariana F.; Gómez-Martín, Antonio; Craig, Jeffrey M.; Gonzalez-Alzaga, Beatriz; Schmidt, Rebecca J.; Dou, John F.; Muggli, Evelyne; Lacasaña, Marina; Vrijheid, Martine; Marsit, Carmen J.; Karagas, Margaret R.; Räikkönen, Katri; Bouchard, Luigi; Heude, Barbara; Santa-Marina, Loreto; Bustamante, Mariona; Hivert, Marie-France; Bilbao, Jose Ramon (2022). A meta-analysis of pre-pregnancy maternal body mass index and placental DNA methylation identifies 27 CpG sites with implications for mother-child health. Communications Biology, 5,1313. DOI: 10.1038/s42003-022-04267-y

 

The post Amaren obesitateak fetuaren garapenari eragin diezaioke appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #432

Ig, 2023-03-19 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

glutenik gabeko

Biologia

Cristina Claver-ek biologia-ikasketak egin zituen UPV/EHUn, eta gaur egun tesiko hirugarren urtean dago. AZTIn ari da tesia egiten, eta ekosistema mesopelagikoko organismoak ditu aztergai. Ozeano irekian Eguzkiaren argia berrehun metroko sakoneraraino iristen da, eta hortik behera, iluntasunean, ekosistema mesopelagikoa dago. Planetako ekosistemarik handienetako bat da, baina ezezagunena ere bai. Claverrek, zehazki, ekosistema mesopelagikoan jasotako ur laginetako ingurumen-DNA erabiltzen du, eta espezieei buruzko informazioa lortzen du bertatik. Azaldu duenez, ingurumen-DNA aurrerapen handia da ozeano sakonean dauden espezieei buruzko informazioa lortzeko. DNA lagin horiekin, besteak beste, harrapakarien dieta ere aztertzen du Claverrek. Datuak unibertsitatea.net webgunean: Cristina Claver: “Ekosistema mesopelagikoan munduko arrain-biomasarik handiena dagoela pentsatzen da”.

Animalia mesopegalikoen gaiarekin jarraiki, AZTI zentro teknologikoak haien errolda egiteko protokoloak zehaztu ditu. Hasieran uste zen ekosistema mesopegalikoetan mila milioi tona arrain zeudela, baina Malaspina kanpainak beste datu batzuk eman zituen argitara. Xabier Irigoien AZTIko zuzendari zientifikoak azaldu duenez, kanpaina horretan jasotako datuekin kopurua hamar milioi tona ingurura igo zen. Orain, erronka da jakitea zein den arrain hauek ekosisteman duten funtzioa. Irigoienen esanetan, badute funtzio ezagun bat, CO2a eramaten baitute goiko geruzetatik hondora. Hala eta guztiz ere, argi utzi du itsas zabala ezagutzeko oraindik ikerketa lan handia egin behar dela. Azalpen guztiak Berrian: Itsaso ilunean, argia.

Tibeteko jaken oxigenoaren eskasia pairatzeko mekanismoak aztertzeko, Txinako ikerketa talde batek jaken eta zezenen genomak alderatu ditu. Hala, biriketako odol-kapilarren barneko zelula batzuetan oso aktiboak diren bi gene aurkitu dituzte. Ikertzaileen arabera, posible da bi gene horien jarduera handiagoaren ondorioz, jaken biriketako odol kapilarrak zezenenak baino irmoagoak izatea, eta hori lagungarria izan daiteke oxigenoa lortzeko oso oxigeno gutxi dagoen atmosfera batean. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Milioika urte Tibeten.

Genetika

Lan berri batek aztertu ditu gizakiok partekatzen ditugun bakterioak, eta ikusi du gertuko pertsonen artean transmititzen direla. Zehazki, zenbait bakterio-espezieen anduiak aztertu dituzte, horiek ez baitira harremanik ez diten pertsonen artean partekatzen. Emaitzek erakutsi zuten bakterioen partekatzerik altuena amen eta jaioberrien artean gertatzen dela, eta haurren adina aurrera joan ahala apaldu egiten dela. Bestalde, ikusi zuten etxe berean bizi ziren pertsonek bakterio gehiago partekatzen zituztela elkarren artean populazio horietako beste pertsonekin baino. Hortaz, ikertzaileek iradoki dute elkarrekintza estuko etxeetan bakterioen ahozko transmisioa indartu egiten dela. Datuak Zientzia Kaieran: Bakterioak gertuko pertsonekin partekatzen.

Mikrobiologia

Ikerketa berri batek ikusi du hesteetako mikrobiotak eragina duela minbizien aurkako immunoterapian. CAR-T zelulen bidezko immunoterapia emaitza itxaropentsuak ematen ari da minbizi batzuen aurka, baina emaitza ez da bera pertsona batetik bestera. Honen zergatia aztertzeko, gaixoen mikrobiomak aztertu zituen azterketa batek, eta zuten terapiaren aurretik espektro zabaleko antibiotiko gogorrak hartu zituzten pazienteek mikroorganismo-aniztasun txikiagoa zutela eta tratamendurako emaitza okerragoak zituztela. Honetaz gain, ikusi zuten Bifidobacterium longum bakterioaren maila altua zuten gaixoek emaitza hobeak zituztela immunoterapian. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Medikuntza

Lo-gabeziak txertoen erantzuna ahultzen duela frogatu dute. Zehazki, ikusi dute sei ordu baino gutxiago lo egiteak antigorputzen bidezko erantzun ahulagoa izatea eragiten duela. Lo-gabeziaren ondorioa ez da soilik COVID-19aren txertoekin nabaritzen, izan ere, gripearen eta A eta B hepatitisen aurkako txertoak ikertu dituzte batez ere. Ikerketaren emaitzen arabera, gizon gazteetan eragina pixka bat nabarmenagoa da, eta emakumeetan, loaren eta erantzunaren arteko erlazioa gorabeheratsuagoa da. Ikertzaileen ustez, sexu-hormonen eraginagatik gerta daitezke daiteke hori. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Rosemary Bamforth (1924-2018) mediku eskoziarra izan zen amiantoarekiko esposizioaren eta biriketako minbiziaren artean lotura zegoela iradoki zuen lehen pertsona. Umetatik nahi izan zuen mediku izan Bamforthek, baina 16 urte zituela, Glasgowko Unibertsitatean Medikuntza ikasteko plaza bat eskatu zuen eta ezetz esan zioten gazteegia zela eta. Gauzak horrela, Mundu Gerran parte hartu zuen, eta gerra amaitzean, Medikuntzan matrikulatu zen. Southampton hiriko Ospitale Nagusian lan egiten ari zirela Rosemary Bamforthek biriketako mesoteliomaz hiltzen ziren itsas langileen kopuruaren eta amiantoarekiko esposizioaren arteko lotura ezarri zuen. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke: Rosemary Bamforth, amiantoaz ohartarazi zuen patologoa.

Astronomia

Supernova bihurtu aurreko ezohiko fase bat behatu du JWST teleskopioak. 2022ko ekainean egin zen 15.000 argi-urtera dagoen WR 124 izarraren behaketa, eta ikusi zuten Wolf-Rayet fasean zegoela. Fase horretan izarrak kanpoko geruzak galtzen ditu, eta gas eta hauts haloak sortzen dira. Kanporatutako gasa izarretik urrundu eta hoztu ahala, hauts kosmikoa sortzen da. JWST teleskopioak, beraz, hauts hori ikertzeko aukera handia eman du. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Arkeologia

XVI. mendean Flandriako urka bat hondoratu zen Iturritxikin, Getarian, eta urka haren nondik norakoak ikertu ditu Ana Benito arkeologoak, bai eta dibulgaziozko liburu bat idatzi ere. 1987an hasi zen Benito Iturritxiki aztarnategian, kobrezko lingote batzuk azaldu ostean. Simancasko artxibategiko (Valladolid, Espainia) dokumentazioari esker jakin zuten ontzi hura urka bat zela, XVI. mendeko zamaontzia, hain zuzen. Kobrezko salgaiz beteta zeraman sotoa, Afrikan esklaboak erosteko. Benitok azaldu du urteetako lana izan dela hondoratu zena azalera ekartzea, horien artean, uztai misteriotsu batzuk. Parisko Txanponaren Museoan zeuden antzeko pieza batzuekin alderatuz jakin izan zuten esklaboak ordaintzeko “txanponak” zirela. India zen urka horren azken helmuga. Datuak Berrian: Iturritxiki: hondoa azalera.

Elikagaien zientzia

Elena Romeo Arroyo Gastronomia Zientzietako nazioarteko lehen doktorea da. Azukre kontsumoari eta hura murrizteko estrategiei buruz egin du tesia. Bioteknologia ikasi zenuen, zientzia forentseak gero, eta BCCn ikertzaile orain Romero. Labur esanda, aztertzen duena da gizakiek nola hautematen dituzten elikagaiak, zentzumenen bidez. Horretarako, burmuinak estimulu berbera nola prozesatzen duen ikusten dute, eta nola erantzuten duen ezberdin. Adibidez, egin zuten azterketa batean ondorioztatu zuten gaileta berdinei azukre gutxi zutela azaltzen zuen etiketa bat jarriz gero, jendeari gutxiago gustatzen zitzaizkiela. Praktikan, Romerok ondorioztatu nahi izan duena da, produktu bat gustukoa izateko, ez daukala azukre mordo bat eduki beharrik. Datuak Berrian: «Gustukoa izateko, ez dauka azukre mordo bat eduki beharrik».

Osasuna

UPV/EHUko Gluten 3S taldeak ondorioztatu du glutenik gabeko produktuak ez direla nutrizionalki glutendunen baliokideak. Azken bederatzi urtetan, taldeak 200 glutenik gabeko produkturen nutrizio-analisiak egin ditu. Besteak beste, ikusi dute glutenik gabeko produktu askok lipido asegabe gehiago zituztela glutendunek baino, zuntz-ekarpen murritzagoa zuten, eta haien gatz-kantitatea eta proteinak kontrolatu beharra zegoen. Ikertzaileek argi utzi dute gluten gabeko produktuen kalitateak nabarmen gora egin duen arren, oraindik ere produktu horiek ez direla iritsi glutena dutenen baliokide izatera. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Argitalpenak

Aste honetan Zientzia Kaierak ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalean, Longitudea (1995) aurkeztu dute. Liburu hau Dava Sobel zientzia-dibulgatzaileak idatzia da, eta John Harrison zientzialari eta erlojugile eskoziarra dauka protagonista nagusi. Pertsonaiek sari dirutsu bat irabazi nahiko dute longitudearen kalkulu zehatza ebatziz, eta aitzaki horrekin, Sobelek nabigazioaren eta orientazioaren nondik norakoak azalduko ditu.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #432 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #438

La, 2023-03-18 09:00
Mikael Kristenson / Unsplash

Badirudi aldizkako barauak ez dituela soilik eragin onuragarriak metabolismoaren ikuspegitik, baita osasun mentalean ere. Rosa García-Verdugoren Intermittent fasting appears to improve quality of life in humans

Nukleo atomikoen formari buruzko ereduek ez dute funtzionatzen isotopo batzuentzat, 106 kadmiorako frogatu berri den bezala. Cadmium-106 nuclei rotate, not vibrate

Eromena burmuineko kalkuluen eraketaren adierazpena besterik ez zela uste zen garai batean, giltzurrunean edo besikulako kalkuluak bezalakoak. Eta irtenbidea berdina zen: kirurgia. Extracting the stone of madness: the art of brain surgery in the Renaissance

Hiru dimentsioko eredu batean animalia baten hortzeria behar bezala deskribatzeak asko esaten digu taxonomiaz, egokitzapen ebolutiboez eta habitataz. Baina edonork ezin ditu eskuratu azterketa bat egiteko behar diren hortz-piezak, eta edonork ezin ditu beharrezko ekipoak erabili. HortxeDIPCko jendearen azkena, argitaratutako argazkiak baino ez ditu behar. How to describe hervibore teeth from their photographs

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #438 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Rosemary Bamforth, amiantoaz ohartarazi zuen patologoa

Or, 2023-03-17 09:00

Asbestoa edo amiantoa mineral haritsua da, beroaren eta higaduraren aurrean erresistentea. Bere ezaugarriak direla eta, askotariko produktu manufakturatuetan erabili izan da hainbat hamarkadaz mundu osoan. Gaur dakigunez, asbestodun produktuek, hondatzen direnean, osasun arazo larriak eragin ditzaketen zuntz txikiak askatzen dituzte airera. Baina ez da beti jakin.

Rosemary Bamforth (1924-2018) mediku eskoziarra izan zen amiantoarekiko esposizioaren eta biriketako minbiziaren artean lotura zegoela iradoki zuen lehen pertsona. Bere lanari eta hurrengo hamarkadetako ebidentzia zientifiko gero eta ugariagoari esker, munduko herrialde askotan debekatu dute mineral kaltegarri hori erabiltzea.

Rosemary Bamforth1. irudia: Rosemary Bamforth mediku eskoziarra amiantoarekiko esposizioaren eta biriketako minbiziaren artean lotura zegoela iradoki zuen lehen pertsona izan zen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Rosemary Margaret Warren Ince 1924ko urriaren 19an jaio zen, Eskozian. Isabel Warren-ek eta Douglas Ince-k osatutako klase ertaineko familia bateko bigarren alaba zen. Lehenik, Eskozian, eskolara joan zen, eta, gero, Ingalaterrako neskentzako barnetegi aintzatetsi batean ikasi zuen, Cheltenham Ladies College-n. Umetatik nahi izan zuen mediku izan, eta, 16 urte zituela, Glasgowko Unibertsitatean Medikuntza ikasteko plaza bat eskatu zuen; adinagatik, baina, ezetz esan zioten. Hurrengo urtean, Women’s Royal Navy Service itsas zerbitzuan sartu nahi izan zuen. Errege Itsas Gudarostearen emakumeen adarra zen hori, Wrens deitua, eta adin nagusikoa izan bezain laster sartu zen bertara.

Soldadutza

Hainbat instalazio militarretan entrenatuta, Hut 11ra iritsi zen Rosemary, hau da, Bletchley Park-eko eraikinetako batera, eta, azken hori Bigarren Mundu Gerran ondoen gordetako sekretu britainiarretako bat izan zen. Han, matematika, ingeniaritza eta inteligentzia militarreko adituek gau eta egun egiten zuten lan, Ingalaterraren hegoaldeko zenbait estaziok haririk gabeko bideetatik gordin hartzen zituzten kode alemanak deszifratu eta interpretatzeko. 1944tik 1945era, Rosemaryk Turing-Welchman Bombe makinetako bat erabili zuen, alemanek mezuak zifratzeko erabiltzen zituzten Enigma makinen eguneroko doikuntzak deskubritzeko. Segurtasun arrazoiak tarteko, 25 urtez isilpean gorde zen Rosemaryren eta Bletchley Park-eko teleinprimagailuekin lan egiten zuten gainerako pertsonen bizitzako alderdi hori, 1970eko hamarkadaren erdialdera arte; garai hartan eman zen ezagutzera instalazioaren benetako historia, hain zuzen ere.

Minbiziaren patologia eta kirurgia

Gerraren ondoren, Rosemary bere jaioterrira itzuli zen, eta, 1946an, Medikuntzan matrikulatu zen, Glasgowko Unibertsitatean. Patologian espezializatu, eta 1951n graduatu zen. Patologiaren arloko prestakuntza Kanadako McGill Unibertsitatean eta Estatu Batuetako Long Islandeko Meadowbrook Ospitalean osatzea erabaki zuen. Hala, giza ehunetan minbizia aztertu eta diagnostikatzen espezialista aitortua bihurtu zen.

2. irudia: Ordenagailu bidezko tomografia: ezkerraldeko mesotelioma. (Argazkia: Frank Gaillard – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Ingalaterrara itzuli zenean, gerora senar izango zuena ezagutu zuen, John Bamfoth medikua, biak Southampton hiriko Ospitale Nagusian lan egiten ari zirela. 1960an ezkondu ziren, eta bi alaba eta seme bat eduki zituzten.

Southamptonen zeudela, gaixotasun horren kausa guztiz zehaztu baino lehen, Rosemary Bamforthek biriketako mesoteliomaz hiltzen ziren itsas langileen kopuruaren eta amiantoarekiko esposizioaren arteko lotura ezarri zuen. Southamptongo medikuei aurkikuntza haiei buruzko dokumentu bat aurkeztu zien. Une hartan, bere tesia oso eztabaidatua izan zen, baina gero, asbestosia aztertu ondoren, babestu egin zuten.

Rosemary Bamforth, Ingalaterraren hegoaldeko zenbait ospitaletan lanean aritu ondoren, Estatu Batuetara itzuli zen. Han, berak eta senarrak hainbat ikerketa beka jaso zituzten Rochester hiriko Mayo klinikan, Minnesotan. Bere ibilbidearen amaierara arte, minbiziaren kirurgia ikertzen aritu zen.

Rosemary Bamforth 2018ko apirilaren 17an hil zen, 93 urte zituela.

Iturriak: Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko abenduaren 3an: Rosemary Bamforth, la patóloga que alertó sobre el amianto.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

 

The post Rosemary Bamforth, amiantoaz ohartarazi zuen patologoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Longitudea

Og, 2023-03-16 09:00

GPSa eta abar tresna arruntak diren garai honetan, ezin aproposagoa da Dava Sobel Longitudea (1995) liburuan dakarkiguna. John Harrison zientzialari eta erlojugile eskoziarra daukagu protagonista nagusi. Dozenaka urte eman zituen itsas kronometro zehatz bat egiten. Baina hor ibiliko dira, lehia berean loturik, astronomoak, itsasgizonak, matematikariak eta agintariak, besteak beste. Sari dirutsu bat ere ezarriko da longitudearen kalkulu zehatza ebazten duen lehenarentzat, hartara hain mentura larria izan ez dadin itsasoz bidaiatzea.

LongitudeaIrudia: Longitudea liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Neil Armstrong-ek, ilargiratu zen lehen espazio-nabigatzaileak, honela aurkezten digu atarian liburua: «Lehenengo garaietako ontzi-kapitainek bazekiten zer esan nahi zuen latitudeak, eta, ipar hemisferioan, Iparrizarrak horizontean zuen garaieraren arabera neurtzen zuten hura. Baina inork ez zuen ulertzen longitudea. Nabigazio-arazo hori nola konpondu zen jakiteko egin nuen bilaketak, ezinbestean, John Harrison-en asmamena eta trebetasuna ezagutzera eraman ninduen. Historiaren atal paregabe hori ezagutzen ez dutenek denbora-neurketaren eta nabigazioaren lorpen handi baten kontakizun liluragarria aurkituko dute Longitudean. Gaia ondo ezagutzen dutenek, berriz, zoragarrizko ezustekoak aurkituko dituzte».

Benetan gertatuaren kronika izanik, xehetasun jakingarriz harildua da kontakizuna, baina, oroz gainetik, abentura-liburu xarmagarri bat da irakurlearentzat Longitudea.

Dava Sobelek (New York, 1947) ibilbide luzea du zientziaren dibulgazioan, eta arlo horretako hainbat artikulu argitaratu ditu; besteak beste, The New York Times egunkarian. 1995ean, Longitudea argitaratu, eta arrakasta handia bildu zuen; harrezkero, erabat emana da genero horretako liburuak idazteari.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Longitudea
  • Egilea: Sobel, Dava
  • ISBN: 978-84-9860-745-1
  • Formatua: 16 x 24 zm
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2012
  • Orrialdeak: 198 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Longitudea

The post Longitudea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bakterioak gertuko pertsonekin partekatzen

Az, 2023-03-15 09:00

Gugan bizi diren bakterioen geneek gure geneek egiten dituzten funtzio biologikoen osagarria gisa jarduten dute. Mikrobiota deitzen diogu bakterio horien guztien multzoari eta aldatzen doa jaiotzen garenetik. Izan ere, mikrobiotak aldakortasun handia du, bai denboran zehar, bai pertsonaz pertsona. Mikrobiotaren osaketan eragina izan dezakete dietak, bizimoduak eta norberaren geneek, baina bakterio horiek nonbaiten izan behar dute jatorria.

Bakterio gutxi batzuek giza gorputzetik kanpo bizitzeko gaitasuna dutenez, pentsatzekoa da beste pertsona batzuk izan daitezkeela gutako bakoitzak dituen bakterioen jatorria. Jakina da bakterioak hesteetara heltzen direla amak haurrari jaiotzean transmitituta, baina dagoen bakterio-dibertsitatea ezin daiteke soilik bide horren bidez azaldu. Egia esan, ez da asko ikertu bakterioak nola eskuratzen diren, indibiduo artean nola transmititzen diren eta populazioan nola barreiatzen diren, halako ikerketak egitea zaila baita. Lan berri batek aztertu ditu gizakiok partekatzen ditugun bakterioak, mikrobiotaren transmisioa nola gertatzen den hobeto ulertarazteko.

Bakterioak1. irudia: bakterioak partekatzen ditugu gertuko pertsonekin (Argazkia: qimono – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Lan hori egiteko erabili ziren jada eskuragarri zeuden 23 datu-sorta eta lanerako espreski egindako 8 datu-sorta. 31 datu-sorta horietan eskuragarri zeuden pertsonen arteko harremanei buruzko informazioa eta zazpi milatik gora gorotzetako bakterioen eta bi mila listutako bakterioen gene-informazioa. Datu-sorta horiek lortu ziren bost kontinenteetako hogei herrialdetatik, eta hainbat bizimodu ordezkatzen zituzten.

Bakterioen gene-informazioa aztertu zen lan horretarako berariaz garatutako metodoen bidez. Helburua zen zehaztu ahal izatea zer bakterio-andui agertzen ziren laginetan, ez soilik bakterio-espezieak, halako lanetan egin ohi den bezala. Anduiak dira bakterio-espezieen barruan dauden aldaerak eta oso ezberdinak izan daitezke beren artean –erraldoia da bakterio-espezie baten barruan dagoen aldakortasuna gene-informazioan–. Anduiak identifikatzea lehenetsi zuten, batetik, anduiek hilabeteak pasa ditzaketelako pertsona baten hesteetan eta, bestetik, harremanik ez duten pertsonek partekatzen ez dituztelako, ez bada gertatu transmisio zuzena edo ez-zuzena. Gainera, analisietatik ezabatu egin zituzten elikagaietatik etorri daitezkeen bakterioak, batera lortutako bakterioak ez nahasteko transmisio-gertaera batekin.

Bakterioen partekatzerik altuena amen eta jaioberrien artean aurkitu zen eta haurren adina aurrera zihoan heinean apalagotuz joan zen partekatutako bakterioen kopurua. Lehenengo urtean, bakterioen erdia partekatzen zuten; 1-3 urteetan, aldiz, behin titia kendutakoan eta mugitzen hastean, laurden batera jaitsi zen partekatutako bakterioen kopurua. 3 urtetatik aurrera egonkortu egiten da amak eta haurrek partekatzen dituzten bakterioen kopurua –%15-19 artean– eta helduetan ere ikusten da amaren efektu hori mikrobiotaren osaketan. Ikertzaileen ustez, eragin iraunkor hau gerta daiteke jaiotzean amak eragindako mikrobiotaren osaketari gehitzen zaiolako partekatutako ingurumena.

Bakterioak2. irudia: gure amak dira ditugun bakterioen iturburu nagusia (Argazkia: timkraaijvanger – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Jakina zen batera bizi diren pertsonen mikrobiota antzekoa zela, baina ezezaguna zen antzekotasun hori transmisioaren ondorioa ote zen ala antzeko baldintzetan bizitzearen ondorio. 212 etxetan bizi ziren 883 pertsonaren bakterioen gene-datuak aztertuta –lau kontinentetako zortzi populaziotakoak, landa-eremuetakoak, garatzen ari diren herrietakoak eta herri industrialetakoak-–, ikusi zuten etxe berean bizi ziren pertsonek bakterio gehiago partekatzen zituztela elkarren artean populazio horietako beste pertsonekin baino. Hala, partekatze hau adinaren araberakoa izan zen: zenbat eta adinez nagusiagoa pertsona, txikiagoa izan zen senideekin partekatutako bakterio-kopurua.

Bestalde, guraso-haur, haurride eta bikote harremanak aztertu ziren eta konparaketa guztietan bakterio gehiago partekatzen zituzten halako taldeek haiekin bizi ez diren pertsonekin baino, hau da, etxe berean bizitzeak eragina zuen bakterioen transmisioan. Eragin hau denboran zehar irauten ote zuen aztertu zuten bikien datuak erabilita. Hala, ikusi zuten zenbat eta urte gehiago aldenduta bizi, orduan eta bakterio gutxiago partekatzen zutela bikiek.

Batera bizi ez diren pertsonek partekatzen dituzten bakterioen kopurua arbuiagarria bada ere, herri berean bizi diren pertsonek bakterio gehiago partekatzen dituzte elkarren artean beste herri batzuetan bizi direnekin baino. Hala, badirudi estuak ez diren pertsonen arteko harremanetan ere partekatzen direla bakterioak eta gertaera horretan eragina izan dezakeela populazioaren egiturak.

Bakterioak3. irudia: harremana estua izan ezean, zaila da bakterioak partekatzea (Argazkia: blende12 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Orain arte aipatutako emaitzen oinarria gorotzetako bakterioen gene-informazioarekin egindako analisiak izan dira. Pentsatzekoa da ahoan dauden bakterioen transmisioa errazagoa dela, listua bera transmisio-bidea delako. Ahoko bakterioen gene-informazioarekin egindako analisiek antzeko joerak erakutsi zituzten. Salbuespenak izan ziren guraso-haur arteko partekatzea handitu zela adinarekin eta bikoteek partekatze handiagoa izan zutela gainontzeko harremanek baino. Hortaz, ikertzaileek iradokitzen dute elkarrekintza estuko etxeetan bakterioen ahozko transmisioa indartzen dela.

Laburbilduz, elkarrekin bizi diren pertsonek bakterio gehiago transmititzen diote elkarri, batez ere amek beren haurrei. Atsotitzak dioen bezala, “Nolako ama, halako alaba” bai eta semea, bakterioen osaketari dagokiola bederen. Gainera, harremana zenbat eta estuagoa izan, altuagoa da partekatzen den bakterioen kopurua. Eta, beno, bakterio gutxiago partekatu nahi badituzue, egin kasu Josu Lopez-Gazpiori eta jaitsi komuneko tapa.

Erreferentzia bibliografikoa:
  • Valles-Colomer, Mireia; Blanco-Míguez, Aitor; Manghi, Paolo; Asnicar, Francesco; Dubois, Leonard; Golzato, Davide; Armanini, Federica; Cumbo, Fabio; Huang, Kun D.; Manara, Serena; Masetti, Giulia; Pinto, Federica; Piperni, Elisa; Punčochář, Michal; Ricci, Liviana; Zolfo, Moreno; Farrant, Olivia; Goncalves, Adriana; Selma-Royo, Marta; Binetti, Ana G.; Becerra, Jimmy E.; Han, Bei; Lusingu, John; Amuasi, John; Amoroso, Loredana; Visconti, Alessia; Steves, Claire M.; Falchi, Mario; Filosi, Michele; Tett, Adrian; Last, Anna; Xu, Qian; Qin, Nan; Qin, Huanlong; May, Jürgen; Eibach, Daniel; Corrias, Maria Valeria; Ponzoni, Mirco; Pasolli, Edoardo; Spector, Tim D.; Domenici, Enrico; Collado, Maria Carmen; Segata, Nicola (2023). The person-to-person transmission landscape of the gut and oral microbiomes. Nature, 614, 125-135. DOI: 10.1038/s41586-022-05620-1
Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Bakterioak gertuko pertsonekin partekatzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Milioika urte Tibeten

Ar, 2023-03-14 09:00

1944ko apirilean, Heinrich Harrer mendizale, kirolari, geografo eta SSetako ofizial austriarrak, beste aberkide batzuekin batera, ihes egin zuen agintari kolonial britainiarren mende zegoen Indiako kontzentrazio esparrutik. Hilabete geroago, Tibeten muga zeharkatu eta Lhasara, hiriburura, eramango zuen bidaiari ekin zion, herrialdetik barrena. Han egon zen 1952ra arte, Austriara itzuli zen arte. Ordurako, SSetan izandako iraganaren erantzukizunetatik salbuetsita zegoen. Eta bere abenturen kronika idatzi eta argitaratu zuen: Sieben Jahre in Tibet (Zazpi urte Tibeten), zeina 1956an eta 1997an zinemara eraman zuten Seven Years in Tibet izenburuarekin.

Bidaian eta, zehazkiago, mendebaldeko Tibeten eta Changtang goi ordoki babesgabean zehar –batez besteko altuera 5.000 metro da–, Harrer eta bere kide Peter Aufschnaiterrek gorriak ikusi zituzten. Liburuko pasarte batean honako hau dio: “Egunean behin haragia egosten dugu eta ontzitik bertatik jaten dugu; izan ere, gauden altitudean, ura oso azkar hasten da irakiten, baina tenperatura oso txikia da eta koipea ia berehala gogortzen da”. Esaldi horrek austriarren bidaia zaildu zuten bi faktore nagusiak laburbiltzen ditu: izugarrizko hotza eta aire gabezia. «Ura oso azkar hasten da irakiten», dio Harrerek. Hala da. 5.000 metroko altitudean, presio atmosferikoa itsas mailakoaren erdira jaisten da ia –% 55era, hain zuzen ere–, eta baldintza horietan uraren lurrun presioa eta presio atmosferikoa 84 ºC-ko tenperaturan berdintzen dira, beraz, ura irakiten hasten da. Beste era batera esanda: 5.000 metroko altitudean urak 84 ºC-tan irakiten du.

tibetenIrudia: jakak atmosfera arraro batean arnasa hartzera egokituta daude. (Argazkia: Dennis Jarvis – CC BY SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Datua garrantzitsua da, izan ere, uraren irakite tenperatura jaisteaz gain, oso oxigeno gutxi dagoela adierazten du. Izan ere, itsas mailan dagoenaren % 55 dago, atmosferako gasen eskuragarritasuna murriztea presio atmosferikoaren beherakadarekiko guztiz proportzionala baita. Han goian oxigenoaren % 21 dago oraindik, baina itsas mailan dauden gas molekulen % 55 baino ez.

Abenturen kontakizunean, Harrerek dio sarritan erabili zituztela jakak ekipajea garraiatu ahal izateko. Jakak munduko txoko horretan bezain baldintza babesgabeak dauden lekuetara oso ondo egokitzen diren bobidoak dira. Ilaje lodia dute, eta hotzetik babesten ditu. Eta, gainera, atmosfera arraro batean arnasa hartzera egokituta daude.

Txinako ikerketa talde batek jaken eta zezenen genomak alderatu ditu; antz handia duten espezieak dira. Eta biriketako odol kapilarren barneko zelula batzuetan –orain arte ezezagunak ziren– oso aktiboak diren bi gene aurkitu dituzte. Biriketako gainerako zeluletan baino askoz aktiboagoak dira bertan. Ikertzaileen arabera, posible da bi gene horien jarduera handiagoa dela-eta jaken biriketako odol kapilarrak behienak baino irmoagoak eta zuntz gehiagokoak izatea, eta hori lagungarria izan daiteke oxigenoa lortzeko oso oxigeno gutxi dagoen atmosfera batetik.

Jakek milioika urtez eboluzionatu dute altuera handian; baliteke Tibeteko goi ordokiko beste espezie batzuek ere antzeko zelulak izatea, han goian eboluzionatu baitute. Baina ia ezinezkoa da tibetarrek zelula mota hori izatea, itxuraz hain erabilgarria dena, gizakiek 30.000 urte baino ez daramatzatelako altitude horretan.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Milioika urte Tibeten appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Glutenik gabeko produktuak ez dira nutrizionalki glutendunen baliokideak

Al, 2023-03-13 09:00

UPV/EHUko Gluten 3S taldea akreditatuta dago ekoizleei glutenik gabeko produktuen zigilua emateko. Azken bederatzi urte hauetan, taldeak produktu horien ikerketa zabal bat gidatu du, eta nutrizio-analisiak egin ditu glutenik gabeko 200 produktu aztertzeko. Produktuen kalitatea nabarmen handitu da denbora horretan, eta, hala ere, oraindik ere produktu horiek ez dira iritsi glutena dutenen baliokide izatera.

Urteak aurrera egin ahala, geroz eta zeliakia-kasu gehiago ezagutzen dira, eta hazkuntza, gainera, esponentziala da. Adituek diote bi arrazoi izan daitezkeela horretarako. Bata, ingurumeneko faktoreen ondorioz zeliakoen kopurua handitzen ari dela, eta, bestea, diagnostikoak hobetu eta ugaritu egin direla. Gainera, zeliakiaz gain, glutenak beste nahasmendu batzuk ere eragiten ditu. Hazkuntza hori pertzepzio publikora iritsi da, eta arazo bat sortu du horrek, jendeak uste baitu glutenik gabeko dieta osasuntsuagoa dela glutena duena baino. Eta uste oker hori kaltegarria izan daiteke.

glutenik gabekoIrudia: glutenik gabeko produktuen kalitatea nabarmen handitu da. Hala ere, oraindik ez dira iritsi nutrizionalki glutena dutenen baliokide izatera. (Argazkia: Mariana Kurnyk – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

“Dietari leporatzen zaizkio zenbait ezaugarri, berez dietarekin loturarik ez dutenak. Datuek erakusten dute glutenik gabekoak ez direla produktu osasuntsuagoak”, dio Jonatan Miranda Gomez UPV/EHUko farmazialariak eta Gluten 3S ikerketa-taldeko ikertzaileak. Talde hori akreditatuta dago glutenik gabeko produktuak benetan glutenik ez dutela bermatzen duen zigilua jartzeko, ISO legearen bitartez.

Hain zuzen ere, Mirandaren taldeak urteak eman ditu glutenik gabeko produktuen analisi nutrizionala egiten. “2014an, artikulu zientifiko bat argitaratu genuen, nahiko berritzailea”, dio Mirandak. “Bertan, glutenik gabeko 200 elikagai alderatzen genituen, haien glutendun elikagai baliokideekin. Ez dira nutrizionalki baliokideak”. Glutenik gabeko produktu askok lipido asegabe (edo gantz kaltegarri) gehiago zituzten glutendunek baino, zuntz-ekarpen murritzagoa zuten, eta haien gatz-kantitatea eta proteinak kontrolatu beharra zegoen. Baina egoera etengabe aldatzen ari da, eta, orain, beste azterketa baten emaitzak argitaratu dituzte Foods aldizkarian.

Bederatzi urteko bilakaera

Zeliakoen proportzioa ez da aldatu, jarraitzen du % 1ekoa izaten, gutxi gorabehera. Baina, batetik, populazioa handitu da, eta, beste alde batetik, glutenarekiko sentikortasunak azaldu dira, eta, talde hori kontuan hartuta, arazoak populazioaren % 10rari eragiten dio. “Industria kontziente izan da horretaz —dio Mirandak—. Horrenbestez, produktu gehiago garatu ditu, eta horrek ahalbidetu du industriak gehiago ikertzea eta beste osagai batzuk hartzea kontuan. Nolabait, gizartearen eta ikerketa-taldeen bultzada horrek bilakaera bat eragin du industrian”. Eta hobekuntza nabarmena izan da.

Adibide eredugarri bat pastarena da. Glutenik gabeko pasta ez da gariarekin egiten, glutena duelako, baizik eta artoarekin, eta, hain zuzen ere, arto-irina izan da beti osagaietan lehenengoa. Hori ez da aldatu azken bederatzi urteetan. Bigarren osagai nagusia, ordea, lehen arroz-irina izaten zen, eta orain artatxikia da ohikoena. “Horrek nutrizioan eragin positiboa izan du”, adierazi du Mirandak. “Pasta egiteko, estrusio bat egin behar izaten da, eta artatxikiak aukera ematen du estrusioa lipido gutxiagorekin egiteko”. Gainera, elikagaien inguruko lege-ekimenek ere lagundu dute, azken urteetako aldaketek sustatu egin dutelako pastaren osagaiak aldatzea.

Solidoak ez diren produktuen kasuetan, ekoizleek beste estrategia batzuk erabiltzen dituzte. Garagardoa da adibide bat. Kasu horretan, glutena ordezkatu beharrean apurtu egiten da, klarifikazio-prozesuan (partikula esekiak likidotik bereizteko prozesuan) entzima batzuk gehituta. “Baina prozesu horrek badu beste muga bat —erantsi du Mirandak—. Gerta liteke ohiko analisian detektatzen ez diren molekula kaltegarriak geratzea. Zeliakoen Elkarteko kideek batzuetan esaten digute glutenik gabeko garagardoak kalte egiten diela”. Beraz, beste ikerketa-lerro bat ireki da, garagardo horietako arazoak aztertzeko.

Mirandak argi dauka gaia zabala dela. “Azken urte hauetan, artikuluetan, agertu da beste zenbait molekula ere kaltegarriak izan daitezkeela, eta nahiz eta glutenik gabeko dieta zorrotz bat jarraitu, glutenik gabeko produktu horiek ondoeza sor dezaketela”. Gainera, beste ikuspegi bat ere eman nahi diote ikerketari, ingurumenaren alderdia ere aztertu nahi baitute. “Glutenik gabeko elikagaiek ingurumenean zer inpaktu duten jakin nahi dugu. Besteek baino inpaktu handiagoa izaten dute, adibidez, atzerritik ekarri behar direlako zenbait osagai. Inpaktu hori murriztu beharko litzateke. Adibidez, ikusi behar da artatxikia nondik ekarri behar den”, dio Mirandak.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Glutenik gabeko produktuak ez dira izaten nutrizionalki glutendunen baliokideak

Erreferentzia bibliografikoa:

Mármol-Soler, Claudia; Matias, Silvia; Miranda, Jonatan; Larretxi, Idoia; Fernández-Gil, María del Pilar; Bustamante, María Ángeles; Churruca, Itziar; Martínez, Olaia; Simón, Edurne (2022). Gluten-Free Products: Do We Need to Update Our Knowledge? Foods, 11, 3839. DOI: 10.3390/foods11233839

The post Glutenik gabeko produktuak ez dira nutrizionalki glutendunen baliokideak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #431

Ig, 2023-03-12 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

zelula ama

Komunikazioa

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, EHUko Kultura Zientifikoaren Katedratik, generoa eta zientziaren komunikazioaren inguruko hausnarketa egin da, eta dekalogo bat aurkeztu dute: Zientzia genero-ikuspegiarekin komunikatzeko dekalogoa, non laburbiltzen baitira egunean zehar hitzaldietan emandako gomendio eta ondorio nagusiak. Dekalogoan gomendatzen dute, komunikazio zientifikoari heltzean, alderdi kualitatiboari ematea garrantzia, ez soilik kuantitatiboari. Gomendio orokor horri segika hamar puntu garrantzitsu jorratzen dira, komunikazioan genero-berdintasuna sustatzeko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Zientzia genero-ikuspegitik komunikatzeko dekalogoa.

Mikrobiologia

Nekazaritzaren sektorearen erronkez hausnartzeko jardunaldia antolatu dute NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak eta Elhuyar Fundazioak. Bertan, Ana Aizpurua Insausti NEIKEReko ikertzaileak abiatu du eztabaida, eta hainbat hizlarik hartu dute parte. Gaitzen bektoreekin, klima-aldaketarekin eta globalizazioarekin lotuta, Aitor Cevidanes Miranda Osasun Bakarrean adituak hartu du hitza. Besteak beste, zoonosiak eta antropozoonosiak izan ditu hizpide. Honetaz gain, Ibone Ametzaga Arregi ekologian aditua ere aditu da naturaren multifuntzionalitatearen inguruan, eta azkenik, Manu Soto López EHUko ikertzaileak hitz egin du lur-zizareen mikrobiomaz. Datuak Elhuyar aldizkarian: Nekazaritza eta abeltzaintza jomugan: erronka berriak.

Neurozientzia

Zientzia Kutxa jardunaldien barne, martxoak 10ean Banpiroarekin neurozientziaz solasean hitzaldia eskaini zuen Jose Ramon Alonso neurobiologoak, Donostiako Tabakaleran. Neurozientzien alorrean ikertzen du Alonsok, eta, nazioarteko zientzia aldizkarietan argitaratzeaz gainera, blog bat eta hitzaldiak baliatzen ditu bildutako jakintza gizarteratzeko. Hitzaldian zehar, gai asko jorratu ditu, besteak beste, autismoa, depresioa, usaimena eta dibulgazioa. Bere ikerketa gai nagusia, bestalde, plastikotasun neuronala da, hau da, garapenaren nahasmenduek eragindako kalteei erantzuteko burmuinak duen gaitasuna. Argi utzi du, hala eta guztiz ere, galdera asko daudela oraindik erantzuteko, bai bere ikerketa-gaien inguruan, baita orokorrean burmuinaren inguruan ere. Azalpenak Berrian: «Neurozientzian hardwaretik softwarera pasatzea falta zaigu».

Ekologia

Erlauntzen osasun mikrobianoa hobetzen da, zenbat eta kokapen naturalagoan egon. Hala berretsi du UPV/EHUko Applied Genomics and Bioinformatics taldeak. Nazioarteko ikerketa baten bidez, nekazaritza intentsiboko eremuetako, eremu erdinaturaletako eta eremu naturaletako erleen egoera ikertu dute erlauntza unitate gisa hartuta, eta ikusi dute erleen mikroorganismo-multzoa nabarmen aldatzen dela antropizazio-mailaren arabera. Gainera, ondorioztatu dute erlauntzak habitat erdinatural batean 16 egunez edukitzeak arindu egiten duela nekazaritzak haien mikroorganismo-multzoan eragindako desoreka. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Botanika

Etxean landareak lehortzeko, Aranzadi zientzia elkarteak hainbat gomendio eman ditu Berrian, Nola lehortu landareak etxean artikuluan. Aranzadik ARAN izeneko herbarioa du, eta bertan 80.000 lagin baino gehiago dituzte bilduak. Erregistratutako lehen herbarioa 1544koa da, eta Luca Ghini mediku eta botanikari italiarrak eraiki zuen. Pentsatzen da berak asmatu zuela landareak kontserbatzeko modua, eta ez da asko aldatu garai hartatik hona. Aranzadik herbario bat egiteko modua azaldu du, beraz, mendira joan eta landareak hartzetik, landareak prentsatu eta katalogatzera arte.

Adimen artifiziala

Ikerketa berri batean adimen artifizialaren giza alborapen kognitiboak aztertu dituzte, eta RIEV aldizkarian argitaratu dira emaitzak. Jakina da adimen artifizialeko algoritmoek datuetan dauden alborapenak barneratzen eta areagotzen dituztela, eta artikuluaren egileen arabera, ez dituzte datuek soilik alborapenak eragiten, baita adimen artifizialeko algoritmoen garapen osoan eragiten duten giza alborapen kognitiboek ere; hasi ikertzaileetatik eta erabiltzaileetara. Alborapen horiek guztiak aztertu eta eztabaidatu dituzte ikerketa berri horretan, eta ohartarazi dute, adimen artifiziala ez dela pentsatzen dugun bezain objektiboa eta neutrala. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkartearen arabera, Espainiako biztanleriaren % 40k eta 65 urtetik gorako pertsonen % 80k baino gehiagok D bitamina molekularen defizita daukate. Alabaina, D bitaminaren defizit arina antzemanez gero ere, gida klinikoek eta elkarte medikoek ez dute gomendatzen molekula horren gehigarriak hartzea, D bitamina duten osagarri edo gehigarri dietetikoak kontsumitzeak ez dielako inolako onurarik ekartzen defizitik ez duten biztanle osasuntsuei. Izan ere, behaketa batean D bitaminaren gehigarriak kontsumitzeak minbiziaren ondoriozko hilkortasuna handitzearekin lotu zen. Artikulu honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran: D bitaminaren gehigarrien atzean dagoen paradoxa bitxia.

Garazi Larrañaga Jaurrietak Ingeniaritza Mekanikoa ikasi zuen, eta, gaur egun, tesia egiten ari da BioSmarTE taldean, CICbiomaGUNErekin kolaborazioan. Bere tesian osteoartritisaren tratamendurako teknologiak garatzen dihardu. Azaldu duenez, osteoartritisa 65 urtetik gorakoen %30ek jasaten dute, eta helduen artean, desgaitasun ohikoena da. Emakumeek gaitz hori pairatzeko probabilitate altuagoa dute, bestalde, eta menopausiaren ondorioz sortutako estrogeno-urritasunagatik izan daitekeela uste da. Alabaina, oraindik ez da era sakonean ezagutzen zer prozesu gertatzen diren gaixotasun honetan zehar, eta horrek tratamendu egokiaren bilaketa zailtzen du. Horregatik, osteoartritisean immunitate-sistemak nola jokatzen duen aztertu nahi du Larrañagak, eta tratamendu eraginkor bat bilatu, kartilagoaren erregeneraziorako 3D egiturez baliatuz. Datu guztiak unibertsitatea.net webgunean.

Akufenoak edo tinnitusak belarrietan edo buruan norberak bakarrik entzuten dituen zaratak dira, eta mundu osoko herritarren %10-17k dituzte. Xavier Pujolas Gasteizko otorrinolaringologoaren esanetan, batez ere loa aztora dezakete enbarazu egiten duen kasuetan, eta pairatzen duenaren kontzentrazio gaitasuna eta eguneroko jarduerak oztopa ditzake. Kasu gehienetan azkar desagertzen dira akufenoak, baina badaude bizi osorako dituztenak. Zehazki, ezin daiteke esan akufenoak izateko arrazoiak zeintzuk izan ahal diren, baina belarriko infekzioek edota zarata handien eraginpean egoteak eragina izan dezakete, besteak beste. Oraindik, ordea, asko dago jakiteko eta ikertzeko soinu nahasmendu horri buruz. Informazio gehiago Berrian: Isiltasunik gabeko jendea.

Saguzarrek birusak nola toleratzen dituzten azaltzeko hipotesi berriak plazaratu dituzte, saguzarren zelula ama pluripotenteak lortzeko teknika berri bati esker. Saguzarrek beste edozein ugaztunek baino askoz birus gehiago ostatatzen dituzte, itxuraz kalte handirik pairatu gabe. Beraz, animalia-eredu bereziki interesgarria da birusekiko tolerantzia neurtzeko. Alabaina, azterketarako lagin-tamaina handia behar zenez, pentsatu zuten zelula ama pluripotenteak sortzea izan zitekeela bide bat. Zelula ama horiek aztertuta, ikusi zuten sekuentzia biral aktibo asko zeudela. Ikertzaileek emaitza horiekin ondorioztatu dute saguzarrek ez dutela birus horien aurka egiten, eta litekeena dela beste birus batzuekiko defentsa-estrategia modura erabiltzea, edo txerto gisa funtzionatzea. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Genetika

Nature Communitations aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean azaldu dutenez, giza enbrioietan gaixotasunak sendatzeko edizio genetikoa erabiltzea ez da segurua oraindik. CRISPR teknikaren bidez editatutako giza enbrioiak aztertu dituzte, eta ikusi dute, DNA gutxi dagoela enbrioi horietan, eta sekuentziatu ahal izateko asko anplifikatu beharra dagoela. Hainbeste anplifikatzean fidagarritasuna galtzen dela azaldu dute ikertzaileek, eta, beraz, ezin dela ziurtatu diagnosi egoki bat. Bestalde, edizio-tekniketan ere arazo bat aurkitu dute, mutazioa konpontzeko egin nahi den aldaketa baino gehiago egiteko arriskua dagoela, hain zuzen. Datuak Elhuyar aldizkarian: Enbrioien edizio genetikoa ez da segurua.

Arkeologia

Aztarna arkeologiko gehiago atera dituzte argitara Arkaiako aztarnategian (Gasteiz), hiru urteko lanaren ostean. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran egin zituzten aurreneko indusketa lanak bertan, eta orduan atera zituzten argitara erromatar garaiko termak. Miguel Loza arkeologoa da azken indusketa lanen arduraduna, eta azaldu duenez, Suestatium hiri erromatarra zegoen gaur egun Arkaia herria dagoen lekuan, eta termak ziren hiri hartako eraikinik handienak. Arkaiakoak, gainera, inguruan aurkitu diren terma garrantzitsuenak zirela azpimarratu du Lozak. Lehen indusketa horien ostean, aztarna horien inguruko eremuak induskatzen aritu dira arkeologoak, eta azaldu dutenez, ez dute garrantzi handiko ezer topatu. Hala eta guztiz ere, lanek balio izan dute orain arte aurkitutakoa egonkortu eta balioa emateko. Informazio gehiago Berrian.

Argitalpenak

Aste honetan, Zientzia Kaierak ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean, Descartesen hutsegitea (1994) liburua iradoki dute. António Damásio (Lisboa, 1944) neurozientzia, neurologia eta psikologiako irakasleak idatzi zuen, eta bertan, egungo zientziaren ikergai zirraragarrienetariko bat jorratzen du: ea nola eratortzen den materia soiletik espiritua esaten zaion hori. Istorio bitxiez, historial klinikoez, laborategiko esperimentuez zein abentura existentzialez dihardu Damasok liburuan zehar, eta datu xeheetatik hipotesi orokortzaileak saiatuz, zientziaren bidez gizakiok gizaki egiten gaituen horren azterketa egiten du.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #431 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak