Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela ordu 1 45 min

Farmakokutsadura eta Garapen Iraunkorrerako 6. Helburua: ur garbia eta saneamendua

Al, 2022-08-08 09:00

Geroz eta kutsatuagoa dagoen planeta baten bizi gara. Hainbat substantzia erraz jotzen ditugu kutsatzailetzat: pestizidak eta metal astunak, esate baterako. Azkenaldian, ordea, kutsatzaile izendatu berriez hitz egiten da, hots, aurretik ezezagunak ziren edo kutsatzailetzat jotzen ez ziren substantziez, eta horien artean farmakoak edo medikamentuak dira kezka handiena eragiten dutenak.

FarmakokutsaduraIrudia: Medikamentuak naturan. Sarbideak eta eragina. (Irudiaren egilea: AlGranberg (U.S. Geological Survey)). (Iturria: Ekaia aldizkaria).

Gizakiotan ez ezik, medikamentuak animalietan ere erabili ohi dira (maskotetan nahiz abeltzaintzan). Medikamentuen erabilera nabarmenki igo da, batez ere azken hamarkadetan. Ezaguna da medikamentuak eta haien hondakinak ingurumen-konpartimentu guztietan aurkitu direla, batez ere uretan. Medikamentuak ingurumenera iristeko bide nagusia kontsumoarekin eta haren ondoriozko iraizpenarekin dago erlazionatuta. Hau da, medikamentuak hartzean, zati bat organismotik kanporatzen da, bereziki gernuaren eta gorotzen bitartez, eta partzialki aktiboa izan daiteke oraindik ere. Nolanahi ere, medikamentuen bizi-zikloaren beste faseetan ere gerta daitezke ingurumenerako igorpenak. Farmakokutsadurak eragina du ingurumenean dauden izaki bizidunetan, eta baita giza osasunean ere. Antibiotikoekiko erresistentzien gorakada da horren adibideetako bat.

2015ean, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda sortu zuen, herrialde guztietako pertsonen ongizatearen alde apustu egiteko aburuz. Agenda horretan, garapen iraunkorrerako 17 helburu (GIH) agertzen dira, eta helburu horiek aurrera eramateko 169 erronka. Medikamentuei buruzko aipamena 3. helburuan agertzen da, bizimodu osasungarriari eta ongizateari lotuta. Halere, farmakokutsadura eta hura murrizteko ekintzen proposamenak hainbat helburu eta erronkatan aurki ditzakegu, kasu batzuetan zeharka bada ere. Artikulu honetan, 6. helburua eta erronkak aztertuko ditugu, farmakokutsaduraren ikuspuntutik.

NBEren datuen arabera, 673 milioi pertsonak praktikatzen dute aire zabaleko sabelustea, eta haien % 91 landa-eremuetan bizi dira. Gizarte batzuetan sustraitutako arau kulturala da. Gernu eta gorotzen bidez kanporatzen diren medikamentuak eta haien hondakinak zuzenean sartzen dira ingurumenera, lurzorutik uretara filtratuz edo zuzenean uretara sartuz. Aire zabalean sabelustea ahal den neurrian murriztuko balitz, kutsatze-bide horren garrantzia minimizatuko litzateke.

Farmakokutsadurak uraren kalitatean eragina izan dezake. Gainera, giza jarduerak sortutako hondakin-uren % 80 baino gehiago zuzenean isurtzen dira ibaira edo itsasora, inolako tratamendurik gabe, eta urak kutsatzen dira. Erronka horren helburuetako bat ehuneko hori gutxitzea da.

Bestalde, farmakokutsadurak hainbat ekosistema motatan izan ditzakeen eraginen inguruko ikerketa sustatu behar da, ekosistema horiek babestu ahal izateko. Jakina da farmakokutsadurak eragina izan dezakeela ekosistema akuatikoetan; horren adibide dira etinilestradiol izeneko hormonak arrainengan eragiten dituen ugalketa-arazoak. Halere, oraindik ere, asko dago ikertzeko farmakokutsaduraren inguruan.

Uraren saneamendurako funtsezkoak dira ur-araztegiak. Hondakin-uren araztegiak ez ziren diseinatu medikamentuen hondakinak deuseztatzeko, konposatu organikoak naturan izango lituzketen biodegradazio-prozesuak imitatzeko baizik. Afrikako eta Europako ur gezetako farmakokutsadura aztertzen duen ikerlan baten arabera, Afrikan hautemandako kontzentrazio maximoak Europan atzemandakoak baino 20.000 bider altuagoak direla frogatu da, eta horren arrazoien artean hondakin-uren araztegietako deusezte partziala aipatzen dute. Afrikan, hondakin-uren tratamendua hobetu beharra premiazkoa dela ondorioztatu dute.

Jakina da GIHek garrantzi berezia dutela garapen-bidean dauden herrialdeetan; hain zuzen ere, uretako farmakokutsadura gehien dutenetan. Farmakokutsadura ulertu eta aztertzeko, «One-Health» ikuspuntua bultzatu beharra dago, hau da, osasun bakarrean bateratzea gizakion osasuna, animaliena eta partekatzen dugun ingurumenarena, eta, arazoari aurre egiteko, nahitaezkoa da medikamentuen bizi-zikloan parte hartzen duten eragile guztien elkarlana. Farmakokutsadura 6. GIHa lortzeko oztopo bihur ez dadin, beharrezkoa da lekuan lekuko osasun publikoaren beharrez gain neurrien kostu-eraginkortasuna ere kontuan hartzea, neurrien eraginkortasuna ziurtatzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2021
  • Artikuluaren izena: Farmakokutsadura eta Garapen Iraunkorrerako 6. Helburua: ur garbia eta saneamendua.
  • Laburpena: Medikamentuek naturan duten inpaktua geroz eta interes handiagoa pizten duen gaia da. Ezaguna da medikamentuak eta haien hondakinak ingurumen-konpartimentu guztietan aurkitu direla, batez ere uretan. Medikamentuak ingurumenera iristeko bide nagusia kontsumoarekin eta haren ondoriozko iraizpenarekin dago erlazionatuta. Nolanahi ere, medikamentuen bizi-zikloaren beste faseetan ere gerta daitezke ingurumenerako igorpenak. Farmako-kutsadurak eragina du ingurumenean dauden izaki bizidunetan, eta baita giza osasunean ere. Antibiotikoekiko erresistentzien gorakada da horren adibideetako bat. Bestalde, uraren erabilgarritasuna, saneamendua eta higienea giza eskubideak badira ere, mundu osoko biztanle guztiek ez dauzkate bermatuta. Artikulu honetan, Garapen Iraunkorrerako 6. Helburua (GIH) —hots, ur garbia eta saneamendua— eta haren erronkak aztertuko ditugu, farmakokutsaduraren ikuspuntutik, konponbideak aztertuz. GIHek garrantzi berezia dute garapen-bidean dauden herrialdeetan; hain zuzen ere, uretako farmakokutsadura gehien dutenetan. Farmakokutsadura ulertu eta aztertzeko, «One-Health» ikuspuntua bultzatu beharra dago, hau da, osasun bakarrean bateratzea gizakion osasuna, animaliena eta partekatzen dugun ingurumenarena, eta, arazoari aurre egiteko, nahitaezkoa da medikamentuen bizi-zikloan parte hartzen duten eragile guztien elkarlana. Farmakokutsadura 6. GIHa lortzeko oztopo bihur ez dadin, beharrezkoa da lekuan lekuko osasun publikoaren beharrez gain neurrien kostu-eraginkortasuna ere kontuan hartzea, neurrien eraginkortasuna ziurtatzeko.
  • Egileak: Saioa Domingo Echaburu, Unax Lertxundi Etxebarria, Gorka Orive Arroyo
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 105-118
  • DOI: 10.1387/ekaia.22086
Egileez:

Saioa Domingo Echaburu Osakidetzako, Debagoieneko ESI, Arrasate, Gipuzkoako Farmazia Zerbitzuko ikertzailea da.

Unax Lertxundi Etxebarria Osakidetzako, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutukoa eta Arabako Osasun Mentaleko farmazia zerbitzuko ikertzailea da.

Gorka Orive Arroyo UPV//EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel Farmazia eta Farmazia Teknologia laborategiko ikerketa taldekoa da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Farmakokutsadura eta Garapen Iraunkorrerako 6. Helburua: ur garbia eta saneamendua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Etxetresna elektrikoak berriztu aurretik

Or, 2022-08-05 09:00

Gaur egungo gizarteak energia asko kontsumitzen duenez, CO2 emisioak murrizteko irtenbideak proposatzen dira, teknologia eraginkorragoak erabiliz. Baina, murriztu al daitezke ingurumen-inpaktuak erabilera-fasean? Zenbateraino dira zentzuzkoak etxetresna elektrikoak gailu berri eraginkorrago batzuez ordezkatzeko erabiltzen diren “renove planak”? Orain arte, ez da arreta handirik jarri berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko etxetresna elektrikoen funtzionamendu-aldi optimoaren azterketetan.

Hutsune hori betetzeko, UPV/EHUko Life Cycle Thinking Group eta Ekopol taldeek, Ekonomia Zirkularreko Masterraren eta Proiektuen Zuzendaritzako Masterraren bidez, hiru etxetresna elektriko adierazgarriren (mikrouhinak, ontzi-garbigailua eta garbigailua) CO2 inpaktu baliokidea aztertu dute bizi-ziklo osoan. Horretarako, fabrikazio-prozesua, ondoren etxetresna elektriko horien erabilera eta bizi-amaiera, desegitea eta birziklatzea barne, kontuan izan dira. “Inpaktu horiek murrizteko ingurumen-arrazoiengatik etxetresna elektriko berriak egungoez ordezkatzeko izan behar duten eraginkortasuna kalkulatu dugu hiru kasuetarako”, adierazi du Ortzi Akizu-Gardoki UPV/EHUko Life Cycle Thinking Group taldeko ikertzaileak eta lanaren egileetako batek.

Irudia: Ekonomia Zirkularraren baitan dauden neurriak aplikatzen badira murriztu egin daitezke etxetresna elektrikoek isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasak. (Argazkia: stevepb – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

“Inpaktuak murrizteko jarraibide egokiak emateko, egungo egoera aztertu dugu, eta materialen eraginkortasunean, material birziklatuetan, energia berriztagarrietan eta kontsumo arduratsuan oinarritutako lau egoera hipotetikorekin alderatu dugu”, azaldu du Akizuk. Horrela, produktuaren fabrikazioan, erabileran eta bizi-amaieran izan daitezkeen inpaktuak kuantifikatu eta alternatiba eraginkorragoak baloratu dituzte.

“A” motako etxetresna elektriko berria versus energia berriztagarriak

Egindako azterketa konparatiboan agerian geratu da erabilera-etapan kontsumitzen den elektrizitatea dela etxetresna elektronikoek isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasen eragile nagusia. Gauzak horrela, Ekonomia Zirkularraren baitan dauden neurriak aplikatzeak murriztu egin ditzake hauek isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasak. Zehazki, CO2 emisioak % 68 murriztu daitezke mikrouhin-labeen, % 76 ontzi-garbigailuen eta % 61 garbigailuen kasuan. Energia-kontsumoa ere murriztu daiteke % 10, erabilera-fasean energia berriztagarriekin eta erabilera arduratsu batekin.

Lortutako ingurumen-hobekuntzekin batera, etxetresna elektrikoen balio-bizitza luzatu egiten da energia-eraginkortasun handiko gailu berri batekin ordezkatu baino lehen. Hain zuzen, erabilera-fasean % 100 energia berriztagarriak aplikatzen direnean,  ingurumenaren ikuspegitik etxetresna elektriko horiek “A” motako mikrouhin, ontzi-garbigailu  eta garbigailu batez ordezkatzea bideragarria litzake soilik 24,4, 19,3 eta 28,5 urte igaro ondoren, hurrenez hurren. Erabilera-fasean kontsumitutako energia % 10 murrizten bada kontsumo-jarraibide arduratsu batzuen ondorioz, denbora-tarte horiek 30,3 26,2 eta 33,9 urtera arte luzatzen dira.

Beraz, ikerketa honek egiaztatu du CO2 emisioak murrizteko bidean aurrera egiteko eraginkorragoa dela (ingurumenari dagokionez) energia berriztagarrietan inbertitzea etxetresna elektrikoen “renove planetan” baino. “Emaitza horiek guztiek ingurumenari dagokionez jasangarriak diren ekoizpen- eta kontsumo-ereduak sustatzen lagundu diezaiekete fabrikazioaren sektoreari, arduradun politikoei eta herritarrei”, dio Ortzi Akizuk.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Etxetresna elektronikoen balio-bizitza optimoa aztertu dute, ingurumen-inpaktuak murrizteko

Erreferentzia bibliografikoa: Alejandre, Carlos; Akizu-Gardoki, Ortzi; Lizundia, Erlantz (2022). Optimum operational lifespan of household appliances considering manufacturing and use stage improvements via life cicle assessment. Sustainable Production and Consumption, Volume 32, 52-65. DOI: https://doi.org/10.1016/j.spc.2022.04.007

The post Etxetresna elektrikoak berriztu aurretik appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (1): Gezurrak baztertuz, zenbakiaren bila

Az, 2022-08-03 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure lehenengo ariketa: Gezurrak baztertuz, zenbakiaren bila.

Anartz, Gari eta Mikel zifra biko zenbaki batez ari dira. Bakoitzak egia bat eta gezur bat esaten ditu.

  • Anartzek: “bikoitia da eta 3ren multiploa”.
  • Garik: “3ren multiploa da eta azken zifra 5 da”.
  • Mikelek: “5en multiploa da eta zifren batura 12 da”.

Zenbat balio desberdin har ditzake zenbakiak? Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

zenbakiaren(Argazkia: fotoblend – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Ariketak “Calendrier Mathématique 2022. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (1): Gezurrak baztertuz, zenbakiaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ekoizpen eta kontsumo jasangarriaren mugarriak

Al, 2022-08-01 09:00

2030 Agenda 2015ean Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako eta sinatutako akordioa da. Bertan, Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) markoa onartu zen, garapen iraunkorrerako funtsezko oztopo sistemikoei heltzeko asmoarekin.

Hala ere, hainbat adituek adierazi dute GIHen abiapuntuko diagnostikoan hutsuneak daudela, bai ezarritako helburuen arrazoiak ulertzeko eta baita ere garapen globaleko politikak behar bezala bideratzeko. Hutsune horien oinarria 2030 Agendaren aurretik zegoen markoaren, hots, Milurteko Garapen Helburuen ebaluazio politiko eta tekniko zorrotzen faltagatik gertatu da. Horrez gain, zenbait analisietan esaten da GIHak erretorikaz betetako marko bat dela, helburuen aplikazio-maila ebaluatzeko zehaztasunik eta konpromisorik ezak (GIHak borondatezkoak baitira), GIHak ez betetzera daramalako. Horrekin batera, eta COVID-19aren osasun-krisia dela eta, datuek iragartzen dute helburuen bi heren betetzea zaila izango dela. Ondorioz, Nazio Batuek ere GIHak mantsoegi betetzen ari direla onartu dute.

ekoizpen eta kontsumo jasangarriaren mugarriakIrudia: Ekodependenteak gara naturatik lortzen ditugulako gure egunekoan jardueretarako behar ditugun baliabide eta ondasun guztiak (mugatuak direnak). (Argazkia: LTapsaH – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

“12. GIHa aletzen” izenburuko artikuluak 12. GIHaren erronken azterketa egiten du ekofeminismoaren paradigmatik abiatuta, muga ekologikoen eta bizitzaren iraunkortasunaren perspektibatik. Alde batetik, ekodependenteak gara naturatik lortzen ditugulako gure egunekoan jardueretarako behar ditugun baliabide eta ondasun guztiak (mugatuak direnak); eta bestetik, interdependenteak gara, ezinezkoa zaigulako pertsona baten bizitzan pentsatzea beste pertsona baten laguntzarik gabe.

12. GIHak Kontsumo eta Ekoizpen Arduratsua jasotzen du. Egungo ekoizpen- eta kontsumo-patroiek planetaren birsorkuntza-ahalmena gainditzen dutela jakinik, azpimarragarria da 12. GIHak inolako aipamenik ez egitea kontsumoaren eta produkzioaren murrizketari. Funtsean, 12. GIHa hondakinak kudeatzera bideratutako ekonomia berde baten sustapenean oinarritzen da, «Greenwashing» kontzeptutik edanez, hots, erantzukizun ekologiko baten ilusiozko irudia ematetik alegia. Ildo horretan, ekonomia zirkularra hazkunde ekonomikoaren eragile gisa kokatzen da, eta hau, lan honetan jasotzen diren datuen arabera, nabarmena da ere Euskal Autonomia Erkidegoko 2030 estrategian.

Entropia legearen ikuspuntutik, hazkunde ekonomikoa ezinezkoa da ingurumenaren degradazioa alde batera utzita. Hala ere, 12. GIHak, beste GIH batzuekin batera (8. GIHarekin, adibidez, hazkunde ekonomikoan oinarritzen dana), kapital-metaketaren eta kontsumo masiboaren hedapenaren logikatik edaten du, krisi ekosoziala kontuan hartu gabe, eta, beraz, biosferaren mugen gainditzean sakontzen jarraitzen du.

Aipatu behar da GIHek dituzten erronka bakoitzari dagozkion kasuistika edo erroei ez zaiela behar bezalako garrantzia ematen. Horren adibide garbia da elikagaien xahutzeari buruzko erronka: elikadura-sistemaren egungo eredu agroindustrialean elikagaien xahutzea hazten jarraitzen duen bitartean 12. GIHak ez du inola ere iradokitzen eraginkortzat frogatuak izan diren elikadura-eredu edo -sistema iraunkorrago eta justuagoetara aldatzearen beharra; hala nola, elikadura sistema agroekologikoen garapena bultzatzearena.

Erronka bakoitzaren azterketarekin batera, “12. GIHa aletzen” artikuluaren egileek gako batzuk ematen dizkigute, konplexutasuna eta sistemen integraltasuna aintzat hartuta, ekofeminismotik trantsizio ekosozialean prozesu eraldatzaileak abiatzeko eta bultzatzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2021
  • Artikuluaren izena: 12. GIHa aletzen: ekoizpen eta kontsumo jasangarriaren mugarriak.
  • Laburpena: Sei urte bete dira Nazio Batuen Erakundeak 2030 Agendako Garapen Iraunkorrerako Helburuak onartu zituenetik. Artikulu honetan, 12. GIHaren analisia egingo dugu, eko-feminismoak bere egin duen iraunkortasunaren kontzeptualizaziotik abiatuta. Gure analisian, lehenik, 12. GIHaren irakurketa orokorra egingo dugu, eta, ondoren, hamaika erronka zehatzez osaturiko helburu horren xehetasunak eta kontraesanak aletuko ditugu. Analisiaren ondorio gisa, azpimarratuko dugu gure ekoizteko eta kontsumitzeko erak, naturak birsortzeko dituen gaitasun-mugak aspaldi gainditu zituen arren, hazkunde mugagabean eta kontsumo masiboan oinarritutako logika ekonomikoan oinarritzen jarraitzen duela. GIHetan topatzen diren inkoherentzien aurrean, aztertutako erronketan jaso ditugun hausnarketekin, trantsizio ekosozialaren bidetik bizitza iraunkor bat lortzea aldarrikatzen dugu.
  • Egileak: Mirene Begiristain Zubillaga, Goiuri Alberdi Aresti
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 211-228
  • DOI: 10.1387/ekaia.22106
Egileez:

Mirene Begiristain Zubillaga eta Goiuri Alberdi Aresti UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Finantza Ekonomia II Departamentuko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ekoizpen eta kontsumo jasangarriaren mugarriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #404

Ig, 2022-07-31 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

zigarrokinak

Ingurumena

IPBESek naturaren balioen katalogo bat ondu du, ebidentzia zientifikoan oinarrituta. Katalogo honetan, naturaren balio askotarikoak eta onuragarriak jaso dituzte, biodibertsitatea eta ekosistemen funtzioak eta zerbitzuak aintzat hartuta. Honela, bideak proposatzen dituzte bizi-kalitatea Lurreko biziarenarekin uztartzeko, eta proposamen horiek politika bihurtzeko jarraibideak ematen dituzte. Ikerketa honetan, Unai Pascual Ikerbasqueko eta BC3ko ikertzailea izan da taldeburua, eta Berria berarekin elkarrizketatu da. Pascualek azaldu duenez, begirada ekonomizistak hazkunde ekonomikoarekin lotzen du ongizatea handitzea, eta horrek ekarri gaitu egoera honetara. Ikuspegi hau hobetzeko, natuaren balioak orekatu behar ditugu; honela, beste modu batean ulertuko dugu gure ongizatea, eta beste erabaki batzuk hartuko ditugu.

Zigarrokinak munduko hondakin ugarienetako bat dira. Hauetako gehienak kalera edo ingurumenera botatzen dira, eta ez dago ezarrita haiek jasotzeko, tratatzeko eta birziklatzeko sistemarik. Zigarroek 7.000 substantzia toxiko inguru dituzte, eta hauetako bakoitzak 50 eta mila litro artean kutsa ditzake. Gainera, hamabi bat urte behar ditu desegiteko. Zigarroek dituzten kutsatzaileetako bi nikotina eta metal astunak dira. Substantzia horiek guztiak zigarrokinetatik ingurumenera irazten dira, eta kaltegarriak dira itsasoko bizidunentzat. OMEk uste du 1980ko hamarkadatik kostaldean eta barnealdean egin diren zabor bilketetako zaborren %30-40 direla. Datu guztiak Berrian: Zigarroa itzali, kutsadura piztu.

Klima-aldaketa

Egiazko kareta itsas dortoka (Caretta caretta) Cheloniidae familiako narrastia da. Munduan zeharreko itsaso eta ozeano askotan aurki daiteke, ur epel eta subtropikaletan. Mediterraneo itsasoan ere zabalduta dago espezie hau, baina, orain arte behintzat, mediterraneoaren ekialdean soilik habiaratzen zuten,  Grezia, Turkia, Libia eta Txipren, gehienbat. Alabaina, 2020ko abuztuaren 4an, Fuengirolako Los Bolinches hondartzan egiazko kareta eme bat agertu zen habia jartzeko. Habia hau Mediterraneoaren mendebal aldera inoiz urrunen deskribatu den egiazko kareta habia da. Ikertzaileen ustetan, habiaratze-portaeraren aldaketa hau hondartzetako tenperatura-igoeraren ondorioa izan liteke. Hau da, gaur egun Txipre eta Turkia bezalako herrialdeetako hondartzak beroegi daude egiazko karetak bertan habiak egiteko, eta hondartza berriak kolonizatzen hasi dira. Azalpenak Zientzia Kaieran:  Itsas dortokak habiaratzeko leku hotzagoen bila dabiltza.

Osasuna

Tximino baztangaren 85 kasu atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 59 Bizkaian izan dira, 7 Araban eta 19 Gipuzkoan. Osakidetzak azaldu duenez, azken kasu horiek ez daukate, lehenengo kasuek bezala, lotura epidemiologikorik atzerriko beste kasu batzuekin. Oraingoak aurretik kutsatutako pertsonen kontaktuak dira. Hala ere, argi utzi dute gaixotu diren guztiek sintoma arinak izan dituztela, eta etxean bakartzeko agindu dietela. OMEk dagoeneko nazioarteko larrialdia eman zuen tximino baztangarengatik.

Zientzia

Sarritan, ez da lortzen ikerketa zientifiko batean ontzat ematen diren emaitzak errepikatzea. Hau da, geroz eta ohikoagoa da erreproduzigarritasuna edo emaitzak errepikatzea zaila edo ezinezkoa izatea. Fenomeno honi “erreproduzigarritasunaren krisia” izena jarri diote. Sinplea badirudi ere, krisi hau arazoa bilakatu da. Izan ere, metodo zientifikoak bi oinarri ditu: emaitzak faltsutzea eta erreproduzigarritasuna. Bigarren honek zera esan nahi du, tresna eta prestakuntza egokia duen edozein gai izan behar dela behaketa edo esperimentu jakin hori errepikatzeko. Arazo hau guzti hau oso modu argian azaldu zuten Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Joaquín Sevilla adituek “La crisis de reproducibilidad en ciencia” artikuluan. Bertan, egileek diote krisiaren arrazoietako bat ekoizpen zientifikoan gertatzen ari den kalitatearen murrizpenean egon daitekeela. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Fisika

Diapasoia mendeetan zehar erabili izan dute musikari profesionalek beren instrumentuak afinatzeko. Hain zuzen ere, historiako lehen soinu sintetikoak sortzeko aukera eman zuen asmakizun honek. Diapasoiaren tonua oso ezaguna eta egonkorra da, eta horregatik da primerakoa instrumentuak afinatzeko, hain zuzen ere. Gainera, denboran aurrera egin ahala ia ez da desafinatzen. Baina tresna hau ez zer musika helburutzat hartuta asmatu; sardexkan du bere jatorria. XVII. mende amaieran, sardexkek askotan bi punta luzexka zituzten. Horretaz baliatuz, Schelhammer medikuak sardexkaren ezaugarri akustiko bikainak baliatu zituen pazienteetan gortasuna diagnostikatzeko. Gerora, sardexkak musikaren mundura egingo zuen salto. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Diapasoia: sukaldetik laborategira, orkestratik igarota.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #404 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #410

La, 2022-07-30 09:00

Begietara begira jakin daiteke gaixotasun neurologikorik baden. Rosa García-Verdugoren What your eyes can tell

Paleogeologiaz entzungo zenuten, agian. Bada, antzina zer gertatu zen determinatzen laguntzen diguten tresna horiek, etorkizun geologikoa ere aurresan dezakete: The Somalayas are the biggest mountain range you will never see, Douwe van Hinsbergen.

Badirudi grafenoak ez duela mugarik. Elektroi-sorta banatzailea diseinatu dute DIPCn bi grafeno bandekin. Teknologia experimentalak eraikitzea ahalbidetzen duenean, guztiz erabilgarria izango den aparatua. Crossed graphene nanoribbons as electron-beam splitte

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #410 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Mary Malahlela, apartheidean bizi arren mediku lanetan aurrera

Or, 2022-07-29 09:00

Apartheid hitzak bereizketa esan nahi du afrikaans hizkuntzan, hau da, Hegoafrikan hitz egiten den hizkuntzan. 1948 eta 1992 artean legez indarrean egon zen arraza segregazioko sistema izan zen. Legez, arraza ezberdineko taldeek ez zuten toki berean bizitzerik, lan egiterik, ikasterik edo jolasterik. Pertsona zuriek bakarrik zuten botoa emateko eskubidea. Zurien eta beltzen arteko ezkontzak eta sexu harremanak debekatuta zeuden. Diskriminazio horren helburua zen gutxiengo zuriak, biztanleriaren % 21ak, pribilegio egoerari eustea.

Garai hartan, Hegoafrikan emakume eta beltz izatea ez zen oso egoera egokia askatasunez eta duintasunez bizitzeko. Hala ere, horietako batzuk, Mary Malahlelak adibidez, muga horiek ezabatzea lortu zuten ikasteko, eta, modu murriztuan bada ere, hautatu zuten lanbidean jarduteko.

Mary 1916ko maiatzaren 2an jaio zen, Polokwanen (artean Pietersburg), Pedi talde etnikoan, Hegoafrikako iparraldeko landa-inguruan. Bere amak Susan Mautswane Malahlela zuen izena, eta bere aitak –maisua zena– Thadeus Chweu Malahlela. Familiak, kristautasunera bihurturik, herritik ihes egin behar izan zuen seme bikiak –Maryren anaia txikiak– erailtzeari uko egitearen ondorioz. Pedi talde etnikoaren kide ziren; tradizioz ume bikiak madarikaziotzat hartzen zituzten.

Mary Malahlela1. irudia: Mary Malahlela Hegoafrikan medikuntza titulua lortu zuen lehenengo afrikar emakumea izan zen. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Familia Roodepoort hirian finkatu zen, Johannesburgetik gertu. Han, aitak lehen hezkuntzako eskola metodista baten zuzendari izateari ekin zion. 17 urterekin, Maryk lehen hezkuntzako maistra titulua atera zuen.

Medikuntza helburu

1937an, South African Native College Alice hiriko goi mailako hezkuntzako erakundeak (Lurmutur Ekialdeko probintzia) –geroago Fort Hareko Unibertsitatea bilakatu zena–, Hegoafrikan ikasle beltzak onartzen zituen medikuntzarako lehenengo prestakuntza-ikastaroak proposatu zituen. Fort Hareko ikasle gailenen artean, geroago mugimendu independentisten eta Afrikako herrialdeetako gobernuen buru izango zirenetako batzuk aurkitzen dira: Nelson Mandela, Kenneth Kaunda, Oliver Tambo, Govan Mbeki, Julius Nyerere eta Mangosuthu Buthelezi, besteak beste​.

Malahlela osasun laguntzako ikastaroetako ikasleen lehen promozioan hasi zen, eta Johannesburgetik ia mila kilometrora dagoen Alicera lekualdatu behar izan zuen. 1941ean Witwatersrandeko Unibertsitateak ikasle beltzak medikuntza ikasketetan onartu zituenerako, Mary ondo prestatuta zegoen eta ikasketak finantzatzeko beka bakarretako bat lortu zuen. Esperientzia penagarria izan zuen erabateko gehiengo zuria zuen erakunde horretan. Ikasle beltzek, jakina, ikaskide zurietatik bereizitako egoitzak eta jantokiak zituzten. Ikasle beltzek ospitale «ez europarretan» egin behar zituzten praktika medikoak; ez zitzaien uzten paziente zurien erakustaldi klinikoak behatzen edo pertsona zurien gorpuetan anatomia ikasten. Malahlela gai izan zen bidegabekeria horiek guztiak gainditzeko, eta 1947an medikuntzako titulua lortu zuen. Hirugarrena izan zen bera: beste bi ikasle beltzek, Donald Moikangoak eta James Njongwe-k, urtebete lehenago amaituak zituzten medikuntza ikasketak. Malahlelaren graduazio argazkian bera ageri zen, emakume beltz bat, gizon zuri mordo baten artean. Tokiko egunkari batean azpititulu tamalgarri hau erantsi zioten irudi horri: Die Swart Gevaar, hau da, afrikaansez, «Arrisku beltza».

Mary Malahlela2. irudia: Mary Malahlela mediku hegoafrikarra. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Barneko ikasle gisa aritzeko, Maryk berriz ere Hegoafrika zeharkatu zuen, eta Durbanera iritsi zen, KwaZulu-Natal-eko probintzian. Han, 1909an James eta Margarey McCord misiolari eta medikuek sortutako McCord ospitaleko pertsonalari batu zitzaion. Haren lana izan zen, batez ere, bertako komunitateetako pazienteak artatzea eta erizain beltzak gaitzea. McCordeko mediku arduradun zuriak harro-harro zeuden ospitalean nagusi zen «laguntzarako jarreraz». Alabaina, egoitzetan, jantokietan eta bainugeletan arraza bereizkeria zegoen, eta, Hegoafrikako gainerako lekuetan bezala, medikuen soldata larruazal kolorearen eta sexuaren araberakoa zen. Erantzukizun maila bererako, gizon zuriek zituzten soldatarik altuenak eta emakume beltzek baxuenak.

Lanbidean aritzeko mugak eta soldata murritzak ikusirik, mediku beltz gehienek kontsulta pribatuak zabaldu zituzten, eta Malahlela ez zen salbuespen izan.

1948an Wallie Xakanarekin ezkondu zen Mary, eta hiru seme-alaba izan zituzten. Familia Kliptownen finkatu zen, Soweton. Bertan, bi kirurgia kontsultategi zabaldu zituen hurbileko komunitatea artatzeko. Bi urte geroago, gobernuak, apartheida aplikatuz, establezimendu horiek ixtera behartu zuen. 1950ean Guneetan Biltzeko Legea onartu zenean, Mary eta haren familia Dobsonvillera –Sowetoko errebalean– lekualdatu zituzten indarrean, zeina apharteidak gune beltz moduan izendatu baitzuen. Han, Malahlelak bizitza osoan komunitatea zerbitzatu zuen medikuntzaren bidez, askotan diru saririk jaso gabe, pobrezia handiko auzo batean.

Medikuntzaz harago

Medikuntzaz harago, Malahlela Afrikako gazteriari laguntzeko erakundeei lotu zitzaien. Bakearen alde eta apartheidaren aurkako borrokan aritu zen. Hegoafrikako Emakume Gazteen Elkarte Kristauko (South African Young Women’s Christian Association) kide fundatzailea izan zen, Roodepoorteko Eskola Batzordeko lehendakari eta Fort Hareko Unibertsitateko Kontseiluko kide. Zoritxarrez, ez zen bizi izan Hegoafrikako apartheidaren azkena ikusteko adina: 1981ean hil zen, bihotzeko batek emanda. Une horretan, Johannesburgeko landa eskualde batean paziente bat artatzen ari zen Nthato Motlana mediku eta apartheidaren aurkako aktibistarekin batera.

Maryk ez zuen 2015era arte aitorpen formalik jaso bere dedikazioagatik eta komunitateari eskainitako zerbitzuagatik, Witwatersrandeko Unibertsitateak bere omenezko plaka bat ezarri baitzuen urte hartan. Garai hartan erakunde hartako errektoreorde zen  Adam Habibek pertsonalki barkamena eskatu zion Malahlelari, jasandako diskriminazioagatik. 2016an, bere jaiotzaren mendeurrenean, Malahlelak Hegoafrikako Gobernuaren hil osteko Baobabaren ordena jaso zuen «apartheid garaian hegoafrikarren gehiengo zapalduari zerbitzu medikoak ematen egindako ekarpen bikainagatik» eta «Hegoafrikan medikuntza titulua lortu zuen lehenengo afrikar emakumea izateagatik».

Erreferentziak Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 18an: Mary Malahlela, la médica sudafricana que consiguió ejercer su profesión a pesar del apartheid.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Mary Malahlela, apartheidean bizi arren mediku lanetan aurrera appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Pobreziari aurre egiteko oinarrizko errenta behar da

Og, 2022-07-28 09:00

2030eko Garapen Iraunkorrerako 1. Helburua (aurrerantzean, GIH) pobreziari aurre egitean datza, eta beste helburu hauek dakartza berekin:

  • Gaur egun, eguneko 1,25 dolar baino gutxiagorekin bizi diren pertsonen muturreko pobrezia desagerraraztea mundu osoan.
  • Gutxienez erdira jaistea pobrezian bizi direnen proportzioa, dimentsio guztietan, definizio nazionalen arabera.
  • Gizarte-babeserako sistema eta neurri egokiak ezartzea estatu-mailan guztientzat, etxebizitza barne, eta pobreen eta kalteberen funtsezko estaldura lortzea.
  • Munduko herritar guztiek baliabide ekonomikoetarako eskubide berberak dituztela bermatzea, bai eta oinarrizko zerbitzuak, lurraren gaineko jabetza eta kontrola eta beste jabetza, herentzia, baliabide natural egoki batzuk, teknologia berria eta finantza-zerbitzuak eskuratzeko aukera ere, mikrofinantzak barne.
  • Berreskuratzeko gaitasuna garatzea eta klimarekin eta ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-arloko beste shock eta hondamendi batzuekin lotutako muturreko gertaerekiko esposizioa eta kalteberatasuna murriztea.
pobreziari aurreIrudia: Espainian, 2020an, 3,3 milioi pertsonak gabezia material larria izan zuten. (Argazkia: Frantisek_Krejci – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren 11.1 artikuluak zera dio: «Pertsona orok eskubidea du berak eta beraren familiak bizi-maila egokia izateko, baita elikadura, jantzi eta etxebizitza egokiak ere, eta bizi-baldintzak etengabe hobetzeko». Itun horren eraginkortasuna bermatzeko ardura osoa estatu sinatzaileek hartu zutela beren gain, itunaren 2.1 artikuluak dioenaren arabera: «Neurriak hartzea, bai nork bere aldetik, bai nazioarteko laguntzaren eta lankidetzaren bidez, bereziki ekonomikoak eta teknikoak, gehienera arte, eskura dituen baliabideak, mailaz maila, bitarteko egoki guztiak erabiliz, legegintza-neurriak hartzea barne, hemen aitortutako eskubideen erabateko eraginkortasuna lortzeko». Gauza bera aitortzen zaiola haur orori Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak.

COVID-19aren pandemiaren eraginak pobrezia murrizteko joera alderantzikatu du, eta aurreikusten da %0,4 igoko dela munduko muturreko pobreziaren tasa. Kalkulatzen da 40 eta 60 milioi pertsona artean itzuliko direla muturreko pobreziara. Espainian, 2020an, 3,3 milioi pertsonak gabezia material larria izan zuten; beraz, urtebetean, % 4,7tik % 7ra igo da proportzioa. Gainera, 9,94 milioi pertsona zeuden pobrezia arriskuan, hau da, Espainiako biztanleen % 21.

Honen aurrean oinarrizko errenta (aurrerantzean, OE) alternatiba egokia da. Kontzeptua bera eraginkorra da pobreziaren aurkako borrokan, eta honela dio: «OE edo herritarren diru-sarrera unibertsalerako eskubidea, pertsona orori, adina, sexua, sexu-orientazioa, egoera zibila edo lan-egoera edozein izanik ere, duintasun-baldintza materialetan bizitzeko eskubidea bermatzeko. Horretarako, zerga-erreformen bidez eta estatuko aurrekontuen kontura ordaindutako aldizkako diru-sarrera baldintzarik gabe jasotzeko eskubidea aitortzen zaio, herritartasun-eskubide gisa, gizarteko kide egoiliar bakoitzari, beste errenta-iturriak alde batera utzita, egokia izan dadin haren oinarrizko beharrak betetzeko».

OEak, pobreziari aurre egiteaz eta haren biktimak ez estigmatizatzeaz gain, baditu beste hainbat birtualtasun, justizia sozialetik, aberastasunaren birbanaketatik eta askatasunetik hasita, baina baita beste hainbat esparrutan ere, hala nola lanean, genero-berdintasunean, demokrazian eta herritarren parte-hartzean, gazterian eta administrazioaren eraginkortasunean.

OEak aldaketa kultural sakonak eskatzen ditu, eta horietako bat, inbertsio gisa eta ez gastu gisa ulertzea da. Inbertsio horrek gure bizitzako alderdi askori eragingo lioke, eta, ikuspuntu ekonomikotik, ez da lurruntzen den gastu bat, banatzen den aberastasunaren zati bat baizik, eta, ondorioz, herritar bakoitzaren eta komunitatearen beraren zeregina indartuko litzateke.

Nazioarteko hainbat forotan aztertu eta planteatu den neurri bat da, bai Nazio Batuetan, bai Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarrean, bai finantza- eta lan-munduko esparruetan. Espainian ere eskatu izan da, gizarte-lanaren, kulturaren eta osasunaren esparru profesionaletan, bai eta feminismoan, ekologismoan eta LGBTI kolektiboetan ere.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2021
  • Artikuluaren izena: GIH-Pobreziari aurre egiteko, oinarrizko errenta behar da.
  • Laburpena: 2030eko Garapen Iraunkorrerako 1. Helburua, pobreziari aurre egiteari dagokiona, zer den gogorarazi ondoren, helburu horren egungo bilakaera eta zer neurritan betetzen den aztertu da, bai mundu mailan, bai Espainian eta Euskadin, eta bereziki aipatu dira langile pobreen kolektiboa eta gizarte-babeserako sistemak. Jarraian, ikusi da oinarrizko errenta unibertsala, baldintzarik gabea eta banakakoa eskatzea, pobreziaren atalasetik gorako zenbatekoa izango duena. Nazioarteko hainbat forotan aztertu eta planteatu den neurri bat da, bai Nazio Batuetan, bai Europako Kontseiluko Parlamentu Batzarrean, bai finantza- eta lan-munduko esparruetan. Espainian ere eskatu izan da, gizarte-lanaren, kulturaren eta osasunaren esparru profesionaletan, bai eta feminismoan, ekologismoan eta LGBTI kolektiboetan ere. Azkenik, ondorio eta gogoeta labur batzuk atera dira, non berresten baita iritsi dela unea oinarrizko errentak neurri utopikoaren kategoria alde batera utzi eta behingoz abian jartzeko, horrela pobrezia materiala desagerrarazi eta Garapen Iraunkorraren 1. Helburua bete dadin.
  • Egilea: Ángel Elías Ortega
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 15-30
  • DOI: 10.1387/ekaia.22073
Egileaz:

Ángel Elías Ortega Zuzenbidean doktorea eta UPV/EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko irakaslea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Pobreziari aurre egiteko oinarrizko errenta behar da appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Diapasoia: sukaldetik laborategira, orkestratik igarota

Az, 2022-07-27 09:00

Gero eta gutxiago ikusten dugu kontzertuetan. Afinagailu digitalak ditugunetik, haien herenaitona analogikoa gero eta gutxiago erabiltzen dugu. Baina zure lagunetako bat musika kontuetan apur bat frikia bada, edo noizbait abesbatza baten entsegura joan bazara, adibidez, baliteke oraindik ere bat ikusi izana. Diapasoia da, urkila (edo Y) formako objektu metaliko bitxia; bi beso paralelo eta oin bakarra ditu, eta bola txiki bat beheko muturrean. Mendeetan zehar, musikari profesionalek asmakizun hori erabili zuten beren instrumentuak afinatzeko. Halaber, XIX. mendearen amaieran, fisikaren doitasun handiko tresnetako bat bihurtu zen. Laser akustiko moduko bat zen: historiako lehen soinu sintetikoak sortzeko aukera eman zuen, eta argiaren abiadura aurrekaririk gabeko zehaztasunez neurtzen lagundu zuen1.

Diapasoia1. Irudia: Diapasoi baten mugimendua (handizkatua), 440 Hz-ko maiztasunean dardaraka. (Iturria: Wikimedia Commons – CC BY SA 4.0 lizentziapean)

Baina zergatik da berezia erresonadore txiki hori? Akustikaren munduan askotan gertatzen den bezala, diapasoiaren alderdi harrigarriena bere forma da. Bi beso luzeei esker, instrumentua akustikaren soinu puruenetako bat sortzeko gai da; ia goiko harmonikorik gabeko oinarrizko frekuentzia 2. Diapasoiaren tonua oso ezaguna eta egonkorra da (afinatzeko primerakoa, hain zuzen ere), eta denboran aurrera egin ahala ia ez da desafinatzen. Diapasoiaren frekuentzia besoen luzeraren eta masaren araberakoa da soilik, batak bestearen kontra oszilatzen dutelako. Gainera, bibrazioa oinarrira transmititzen da luzetara; horrela, diapasoia gainazal edo taula akustiko baten kontra jarrita, soinua anplifikatu daiteke. Diapasoia soinu-laser batekin3 konpara liteke: sinusoide uhin ia purua sortzeko gai den tresna da, eta frekuentzia egonkor eta ongi definitua du.

Baina diapasoiaren jatorria ez dago fisikan. Ezta musikan ere. Tresna honen jatorria topatzeko, otorrinoengana eta sardexka apal baten bibrazioetara jo behar dugu.

Jatorria sardexkan

Harald Feldmannen arabera4, honako hau aurkitu zutenean hasi zen diapasoiaren historia: zenbait bibrazio buruko hezurretan zehar transmititu eta entzuten dira, airean nahitaez bidaiatu beharrik gabe.

Girolamo Cardanok deskribatu zuen fenomenoa lehen aldiz XVI. mendean. Gaur egun matematikari gisa ezaguna den arren, sendagilea eta astrologoa ere izan zen, eta diziplinarteko jenioa ere bai. Bere asmakizunak dira, esaterako, kardan giltzadura (gaur egun hainbat ibilgailutan erabiltzen da) eta itsasontzietako iparrorratzaren esekidura. Halaber, hirugarren eta laugarren mailako ekuazioak ebazteko lehen metodoetako bat ere aitortzen zaio, baina badirudi beste garaikide batzuen (esaterako, Targaglia) ideiez jabetu zela emaitza argitaratzeko. De subtilitate liburuan (1550), deskribatzen du hagaxka bat hortzekin eustean edonork soinuak hauteman, «ahotsak bereizi eta urruneko hitzak entzun ditzakeela, bestela entzun ezingo lituzkeenak»5.

Geroxeago, Hieronimus Capivacci izeneko Paduako beste mediku bati otu zitzaion fenomeno hori metodo diagnostikotzat erabiltzea. Paziente gor bat gai bazen zitara baten soinua hautemateko, instrumentuarekin kontaktuan zegoen metalezko hagatxo bati hortz artean eutsiz, orduan ondoriozta zitekeen «gortasuna mintz tinpanikoaren gaixotasun baten ondorio» zela. Bestela, gortasunaren zergatiak nerbioan egon behar zuen, entzumenaren pertzepzioan bertan.

Günther Christoph Schelhammer medikuak erabili zituen lehen aldiz mahai-tresnak esperimentu hori egiteko. 1684an deskribatu zuen bibratzen ari den sardexka baten soinua argi eta garbi entzun daitekeela hezurren bidez, hortzen artean eusten zaionean. Capivaccik bezala, test hori hainbat gortasun mota diagnostikatzeko erabiltzea proposatu zuen.

Diapasoia2. irudia: zenbait bibrazio buruko hezurretan zehar transmititu eta entzuten dira, airean nahitaez bidaiatu beharrik gabe. (Argazkia: Sadia – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Argitu beharra dago garai hartako sardexkak antz handiagoa zuela gaur egungo errekitarako sardearekin. Asmakizuna XI. mendearen hasieran iritsi zen Europara, Bizantzioko enperadorearen alaba Teodora Ana Ducaina printzesaren eskutik. Teodorak uko egiten zion eskuak jateko zikintzeari, eta elikagaiak ziztatzeko tresnaren bat sortzeko eskatu zuen. Asmakizuna askoz geroago zabaldu zen jendartean. XVI. mendean Katalina Medicik modan jarri zuen Frantziako gortean, baina oraindik aristokrata pinpirinen berezko irrigarrikeriatzat hartzen zen. XVIII. mendera arte, Europak ez zion eskuekin jateari utzi.

Denboran pixka bat atzerago bidaiatuz gero, ikusiko dugu XVII. mende amaierako sardexkek askotan bi punta luzexka baino ez zituztela. Horrek azaltzen du Schelhammerrek sardexkaren ezaugarri akustiko bikainak baliatu nahi izana pazienteak diagnostikatzeko. Propietate horiek ziur aski oso ezagunak ziren garai hartan. Hala ere, Alemaniako antzinako superstizio batek mahaiko sardexkekin soinua egitea debekatzen zuen. Uste zuten sardexkaren tinbreak deabrua erakar zezakeela. Kristau ikonografian horregatik darama, hain zuzen ere, ilunpetako jaunak hiruhortzeko handi bat bekatariak zatikatzeko. Zorionez, sinesmen horiek ez zuten Schelhammer ikaratu. Lehena izan zen bi puntako sardexka helburu zientifikoetarako tresna akustikotzat erabiltzen.

Hurrengo urteetan, medikuntzaren ahaleginak hezur bidezko eroapena ustiatzera bideratu ziren, tinpanoan arazoak zituzten pertsonen entzumena hobetzeko. Bestalde, bi puntako sardexkak laster aurkitu zuen ustekabeko erabilgarritasuna musikaren munduan.

Oharrak eta erreferentziak:

1KLEPPNER, D. (2007): «Master Michelson’s measurement» in Physics Today, 60(8), 8-9. DOI: 10,1063/1,2774115

2Sinplifikatua. Diapasoia jotzean, oinarrizko frekuentzia ez den beste frekuentzia batzuk sortzen dira, baina denboran azkar egiten dute behera. Seinalea egonkortzen denean, harmoniko nabarmenaren frekuentzia oinarrizko frekuentziarena baino 6 aldiz handiagoa da (askoz ere altuagoa da eta, beraz, ia ez da nabaritzen).

3Hau ere sinplifikatua. Argi-laser batek frekuentzia «purua» sortzen du eta kolimatua dago. Denborazko koherentzia ez ezik, espaziozkoa ere badu. Kasu honetan, diapasoia laserrarekin alderatu dugu, soinu-frekuentzia bakarra sortzeko duen gaitasunagatik.

4FELDMANN, H. (1997): «History of the tuning fork. I: Invention of the tuning fork, its course in music and natural sciences. Pictures from the history of otorhinolaryngology, presented by instruments from the collection of the Ingolstadt German Medical History Museum» in Laryngorhinootologie, 76(2), 116–122. DOI: 10.1055/s-2007-997398.

5CARDANO, G. (2013): 709. or. The De Subtilitate of Girolamo Cardano (J.M. Forrester, Ed.; J. Henry & J. M. Forrester, Trans.), ACMRS (Arizona Center for Medieval and Renaissance Studies), Tempe, Arizona. Jatorrizko obra: 1550.

Egileaz:

Almudena M. Castro (@puratura) pianista da, arte ederretan lizentziatua, fisikan graduatua eta zientzia dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko ekainaren 16an: El diapasón: de la cocina al laboratorio, pasando por la orquesta.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

 

The post Diapasoia: sukaldetik laborategira, orkestratik igarota appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Itsas dortokak habiaratzeko leku hotzagoen bila dabiltza

Ar, 2022-07-26 09:00

2020ko abuztuaren 4an, gauaren ilunean, 112 larrialdi-zenbakiak dei bat jaso zuen Fuengirolako Los Bolinches hondartzatik (Malaga), itsas dortoka bat bertan habia egiten ari zela esanez. Eme errulea egiazko kareta bat zen (Caretta caretta). Munduan zeharreko itsaso eta ozeano askotan aurki daiteke, ur epel eta subtropikaletan, baina bertako ura epeldu denez hondartza hotzagoen bila hastea erabaki dute.

Los Bolinches  hondartzan agertutako dortokaren habia zigilatu zuten agintariek, eta ordu batzuk geroago aditu-talde bat bertaratu zen, arrautzarik ba ote zegoen egiaztatzera. Habia ongi arakatu eta gero, egiazko kareta emeak 72 arrautza errun zituela jakinarazi zuten. Tamalez, habia ur-bazterretik oso gertu zegoen kokatuta, eta urak hartzeko arriskua zuen. Gainera, hondartza urbanoa da Los Bolinches, eta oso turistikoa. Hau ikusirik, habia eremu aproposago batera lekualdatu behar zela erabaki zen, eta arrautzen erdia Calahonda hondartzan kokatu zuten. Beste erdia Fuengirolako Bioparc-eko instalazioetan inkubatu zen, ahalik eta tenperatura eta ingurumen-baldintza egokienetan.

itsas dortokak1. irudia: ohikoa da egiazko kareta itsas dortokak ehunka kilometroko migrazioak egitea bere janlekuetara iristeko. Gero, jaio den tokira itzultzen da, bertan arrautzak erruteko. (Argazkia: Brian Gratwicke – CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Egiazko kareta itsas dortoka Cheloniidae familiako narrastia da. Munduan zeharreko itsaso eta ozeano askotan aurki daiteke, ur epel eta subtropikaletan. Naturaren Kontserbaziorako Elkarte Internazionalak (IUCN, ingeleseko sigletatik) bere Zerrenda Gorrian sartu zuen 2017an, espezie “Zaurgarrien” kategorian. Hala eta guztiz ere, Mediterraneoko populazioa “Kezka baxuko” espezie moduan kategorizatu zuen elkarte berak. Izatez, Caretta caretta Mediterraneoko itsas dortoka ohikoena da, eta itsasoko zabalera osoan aurki daiteke. Dortoka emeek, ordea, Mediterraneoaren erdialdean eta ekialdean soilik egiten dituzte habiak (Grezia, Turkia, Libia eta Txipren, gehienbat), bertako tenperatura altuak lagun dituztela.

Itsas dortoken habiaraketa prozesu berezia da benetan. Hasteko, animalia hauek filopatrikoak dira. Eta zer da filopatria? Animaliak, ugaltzeko orduan, jaio ziren leku berera itzultzea da. Filopatria espezie ezberdin askotan deskribatu da dagoeneko, baina itsas dortokak dira fenomeno horren adibide argienetako bat. Itsas dortoken kasuan, emeak soilik dira filopatrikoak, haiek bakarrik itzultzen baitira hondartzetara arrautzak errutera. Ikusi izan denez, batzuetan jaio ziren eremu antzekoan egiten dute habia (probintzia bereko hondartzaren batean, adibidez), eta beste kasu batzuetan, beren jaiolekuarekiko metro batzuetako errorearekin soilik egiten dute habia berria.

Baina honetaz gain, bada beste ezaugarri bat egiaz berezia itsas dortoketan: inguruko tenperaturak erabakitzen du arrautzen sexua. Arrautzen garapenean zehar, tarte termo-sentikor bat dago, eta tarte horretan habia inguratzen duen hareak hartzen duen tenperatura erabakigarria da habiak izango duen eme/har proportzioa zehazteko. Egiazko kareten kasuan, 29,5 ℃-ko tenperaturan arrautzen erdia arrak izango dira, eta beste erdia emeak. Hala, atalase honetatik gora, arren proportzioa handituko da, eta tenperatura baxuagoetan arrautza emeak gailenduko dira. Pentsatzekoa da, beraz, tenperatura geroz eta altuagoek zer eragin izan dezaketen itsas dortoken populazioetan. Baina horretaz gain, tenperatura tarte batetik behera edo gora ere arrautzak ez dira bideragarriak, eta habia guztia hil daiteke.

itsas dortokak2. irudia: gutxi gorabehera, duela 5 milioi urte egiazko kareta itsas dortokak nonahi zeuden Ozeano Atlantikoan eta Ozeano Barean. (Argazkia: wahyudihari widodo – erabilera libreko irudia. Iturria: pixabay.com)

Moldapen hau polita bezain delikatua da, esan bezala hondartzetako tenperatura-aldaketek habiako eme/har proportzioa asaldatu dezaketelako, eta baita habia bideraezin bilakatu ere. Eta honek lehenengo paragrafora bueltatzen gaitu, Los Bolinches hondartzako habiara. Habia hau Mediterraneoaren mendebal aldera inoiz urrunen deskribatu den egiazko kareta habia da. Mediterraneo itsasoaren mendebaldea ez da habiaratzeko kokapen ohikoa espezie honentzat, baina azken bi hamarkadetan eme bakan batzuk agertu dira iberiar penintsulako hondartzetan beren arrautzak errutera. Adituen ustetan, jokabide-aldaketa hau tenperaturen igoera orokorraren ondoriotzat har daiteke. Duela hogei urtera arte, Mediterraneo itsasoaren mendebaldeko hondartzak ez ziren nahikoa berotzen udan egiazko karetaren arrautzak bideragarriak izateko, baina asaldura bat gertatu da prozesu honetan. Azken urte hauetan zehar, Grezia, Turkia, Libia eta inguruko herrialdeetan inoiz baino tenperatura altuagoak bildu dira, eta denbora luzeagoz. Horrek hondartzak gehiago berotzea eragin du, eta egiazko kareta itsas dortokak (eme batzuk), beren filopatria alde batera utzi, eta hondartza hotzagoen bila hasi dira.

Egiazko kareta, beraz, hondartza berriak kolonizatzen hasi da, bere ondorengoen biziraupena bermatu ahal izateko itsaso geroz eta beroago batean. Ekialdeko kokalekuak dagoeneko ez dira hain egokiak haientzat, eta horiek abandonatu eta mendebaldera gerturatu dira, hondartza aproposagoak aurkituko dituztelakoan. Kokaleku biak, hala eta guztiz ere, duela hogei urte baino beroagoak dira. Grezia eta Turkia bezalako herrialdeak, ordea, ohituta zeuden bertako hondartzetan itsas dortoken arrautzak izatera. Espainiako kostalde mediterranearrean, alabaina, berriak dira gertaera horiek, eta ez biztanleria ezta hondartzak ere, ez daude prestatuta honelako prozesu biologiko sentiberari ostatu emateko. Jokabide-aldaketa honen kausak tristeak badira ere, oso polita den zerbait hurbildu zaigu, eta gure eskuetan dago, beraz, behar bezalako ongi etorria ematea.

Erreferentzia bibliografikoak:

Carreras, C., Pascual, M., Tomás, J., Marco, A., Hochsheid, S., Castillo, J. J., Gozalbes, P., Parga, M., Piovano, S., & Cardona, L. (2018). Sporadic nesting reveals long distance colonisation in the philopatric loggerhead sea turtle (Caretta caretta). Scientific Reports, 8 (1), 1–14. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-018-19887-w

González-Paredes, D., Fernández-Maldonado, C., Grondona, M., Martínez-Valverde, R., & Marco, A. (2021). The westernmost nest of a loggerhead sea turtle, Caretta caretta (Linnaeus 1758), registered in the Mediterranean Basin (Testudines, Cheloniidae). Herpetology Notes, 14, 907–912.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Itsas dortokak habiaratzeko leku hotzagoen bila dabiltza appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Erreproduzigarritasunaren krisia

Al, 2022-07-25 09:00

Duela zenbait urte zientzia erreproduzigarritasunaren krisian murgilduta egon daitekeela ohartarazi dute. Zientzia-argitalpenen kopurua geroz eta handiagoa den arren, argitalpen horietako askoren kalitatea zalantzan jartzeko modukoa da eta, sarritan, ez da lortzen ikerketa batean ontzat ematen diren emaitzak errepikatzea. Hain zuzen ere, erreproduzigarritasuna edo emaitzak errepikatzea zaila edo ezinezkoa izatea geroz eta ohikoagoa dela dirudi. Krisi egoera honetatik zer ikasi ere badugula argi dago.

erreproduzigarritasuna""Irudia: Metodo zientifikoaren oinarrietako bat da erreproduzigarritasuna. (Argazkia: Andrew Martin – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Egunotan inoiz baino gehiago hitz egiten da pentsamendu kritikoaz eta pentsamendu kritikoa izatearen garrantziaz. Pentsamendu kritikoaren oinarrian metodo zientifikoak egon behar du. Metodo zientifikoa helburutzat ezagutza sortzea duen sistema bat da eta bere oinarri-oinarrian bi euskarri ditu: faltsutzea eta erreproduzigarritasuna. Alde batetik, faltsutzearen oinarriak dio edozein teoria edo hipotesi zalantzan jartzeko modukoa izan behar dela eta posible izan behar dela behaketa esperimental bat diseinatzea teoria edo hipotesi bat gezurtatu ahal izateko. Faltsutzea azaltzeko adibide klasikoaren arabera, zisne guztiak beltzak dira gezurtatu daitekeen hipotesia da; izan ere, nahikoa litzateke zisne zuri bat behatzea hipotesia gezurtatzeko. Hala eta guztiz ere, faltsutzearen kontuak baditu hainbat ertz -César Tomék Cuaderno de Cultura Científica blogean azaltzen duen bezala– eta, laburtuz esango dugu, faltsutzearen oinarria jarrera bat dela beste ezer baino gehiago.

Beste alde batetik, metodo zientifikoaren bigarren oinarriari helduz, alegia, erreproduzigarritasunari, azaltzeko errazagoa da: tresna eta prestakuntza egokia duen edozein gai izan behar da behaketa edo esperimentu jakin batzuk errepikatzeko. Beste modu batera esanda, esperimentuak baliozkoak izateko errepikagarriak izan behar dira. Zenbait adituren arabera, egungo zientziak erreproduzigarritasunarekin arazoak ditu eta erreproduzigarritasunaren krisia delakoaren aurrean egon gaitezke. Ildo horretan, nabarmentzekoa da John Ioannidis-en 2005. urteko artikulua, zeinetan azaltzen duen zergatik diren faltsuak argitaratzen diren hainbat lan. Psikologiaren alorrean, esaterako, 2015. urteko lan batek kalte handia egin zuen -hobeto esanda, eztabaida areagotu zuen-. Urte horretan, psikologo talde bat 100 esperimentu errepikatzen ahalegindu zen eta ikerketen % 40a bakarrik errepikatzea lortu zuten.

Erreproduzigarritasuna eta iruzurra

Hori guztia oso modu argian azaldu zuten Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Joaquín Sevilla adituek La crisis de reproducibilidad en ciencia artikuluan. Zientzian beti egon da eta beti egongo da iruzurra, gizakion esku dagoen beste edozein arlotan bezala, baina, erreproduzigarritasun arazoak ez dira beti iruzurrarekin lotu behar. Pérez Iglesias eta Sevillak aipatzen duten moduan, kasu askotan baldintza esperimentalak ez dira zehaztasunez deskribatzen eta horrexegatik zaila izan daiteke emaitzak errepikatzea. Beste kasu batzuetan, zientzialarien joera okerrek edo aurreiritziek eragina izan dezakete esperimentuen interpretazioan. Aipatutako artikuluan, egileek diote erreproduzigarritasunaren balizko krisiaren arrazoietako bat ekoizpen zientifikoan gertatzen ari den kalitatearen murrizpenean egon daitekeela. Hain zuzen ere, geroz eta kaskarragoak diren lanak argitaratzeko arriskua handia da, egun argitalpen zientifikoak egiteko beharrak bultzatua, besteak beste. Kalitatea galtzen den neurrian, azkenean gerta daiteke errealak ez diren emaitzak argitaratzea eta, horrexegatik ezinezkoa izatea emaitza horiek errepikatzea.

Momentuz erreproduzigarritasunaren krisiak ez gaitu eraman krisiari aurre egiteko irtenbide zehatzak garatzera. Alabaina, badira ildo horretatik egindako zenbait saiakera. Esaterako, Iñaki Irazabalbeitiak Amaral eta Neves ikertzaileen lana aipatzen du, zeinetan prozedura esperimentalen definizio zehatza egiten den. Modu horretan, ikertzaileek datuak biltzen hasi aurretik definitzen eta deskribatzen dute zer izango den arrakasta esperimentala eta nola lortuko duten emaitzak errepikakorrak izatea. Kasu horretan, biomedikuntzaren arloko lanen erreproduzigarritasuna  zen jomuga, baina, beste arloetan ere horrelako ahaleginak egin behar dira.

Zientzia eskasa argitaratzen dela onartu behar dugu, baita aldizkari entzutetsuenetan ere, eta ezinbestekoa da aldaketak egiten hastea. Gizarte-zientzian kasuan, adibidez, emaitzen erreproduzigarritasun eskasa aurresatea faktore gutxi batzuen menpe dagoela ikusi zuten Altmejd eta bere lankideek. Lagin txikien erabilera eta estatistikaren aplikazio desegokia izan ohi dira emaitza errepikaezinak lortzeko arrazoi nagusia. Zientzia-aldizkarietan kalitatezko argitalpenen aldeko neurri zorrotzagoak hartzen diren bitartean, arazoa egungo zientziaren egituran dagoela ulertu behar dugu. Ikertzaileen curriculumean argitalpen kopurua haien kalitatea baino garrantzitsuagoa den bitartean, ez da erraza izango erreproduzigarritasunaren krisiari aurre egitea.

Informazio gehiago: Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Erreproduzigarritasunaren krisia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #403

Ig, 2022-07-24 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

biodibertsitatearen galera

Ekologia

Frontiers in Ecology and the Environment aldizkariaren arabera, oraingo joerak berdin jarraituz gero 2100ean munduko espezieen % 37 egongo dira galzorian. Orain arte aurreikusten zena baino espezie gehiago, hain zuzen. Honen aurrean, ikertzaileek argi utzi dute biodibertsitatearen galera gaur egungo ingurumen erronkarik larrienetakoa dela, klima-aldaketa baino are gehiago. Hala ere, azaldu dute kontserbazio-ekintza azkar eta zabalak eginez gero % 25era jaits daitekeela ehuneko hori. Horretarako, alabaina, gune larrienak identifikatzea lortu nahi dute etorkizuneko ikerketaren bitartez. Datu guztiak Berrian.

Jose Javier Friasek liburu bat argitaratu berri du (Salburua, un año en la vida de los humedales), non Gasteizko Salburuako hezegunean behatutakoa marrazkiekin irudikatu duen. Liburu hau egiteko, bere ezagutzaz gain, SEO Birdlife Espainiako Ornitologia Elkarteak emandako datuak erabili ditu. Azaldu duenez, gainontzeko habitatetan bezala, Salburuan ere egoera okerrera doa, eta hegazti populazioa geroz eta urriagoa da. Arrazoi askorengatik ari dira gutxitzen animalia ohikoenak: klima-aldaketagatik, pozoiengatik, nekazaritzako pestizida eta herbiziden erabilera suntsitzaileagatik… Klima-aldaketak, zehazki, ziklo guztiak aurreratu ditu. Friasek hegaztien adibidea jarri du kasu honetan. Izan ere, hegaztiak jaiotzen direnean, intsektuak jada helduaroan egon daitezke. Horregatik, ezin dituzte txitak elikatu eta gosez hiltzen dira. Azalpenak Berrian: «Hegazti populazioa geroz eta urriagoa da Salburuan».

Aste honetan Zientzia Kaieran Ibone Ametzagari egin diote elkarrizketa “Zientzialari” atalaren barruan. Ametzaga  UPV/EHUko ​​Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedrako koordinatzailea da, eta ekosistemen zerbitzuen inguruan ikertzen du gaur egun. Ekosistemen zerbitzuak naturaren bidez gizartearen ongizaterako lortzen ditugun onurak dira. Onura hauek bide ezberdinetatik lor ditzakegu eta mota askotakoak izan daitezke. Badaude onura ekonomikoak, giza-harremanei dagozkienak edo segurtasunarekin lotutakoak, adibidez. Gai honen inguruan gehiago jakiteko, ikus Zientzia Kaieran egin zaion elkarrizketa.

Geologia

Eremu bateko geodibertsitatea tokiko historia geologikoaren emaitza da. Testuinguru tektonikoak topografia kontrolatzen du, eta hala, mendi goragune handiak edo ingurune lau zabaletan garatuko den biodibertsitatea oso bestelakoa izango da. Gainera, zoruak inguru jakin batean finkatuko den landaredi mota zehaztuko du eta, horrenbestez, kate trofiko osoari eragingo dio. Ezaugarri hauek kontuan izanik, habitat desberdinak sortzen dira eremu desberdinetan. Honetaz gain, lurralde batean dagoen ura ere bertako ezaugarri geologikoen araberakoa da, eta honen menpe sortu daitezke lakuak, aintzirak, gisa askotako hondartzak edo eta labar malkartsuak. Honela, geodibertsitatearen eta biodibertsitatearen arteko lotura bat ematen da. Blanca Martinezek azaldu du Zientzia Kaieran: Geodibertsitateak inguratzen gaitu.

Zientzia Kaieran irakur daitekeenez, ikertzaile talde batek mineralak sailkatzeko metodo berria proposatu du, eratzen diren modua kontutan izanda. Sailkapen berri hau egiteko, Nazioarteko Mineralogia Elkarteak onartuak zituen 5.659 mineral espezie arakatu dituzte. Espezie hauez gain, ikertzaileek 10.556 mineral “mota” proposatu dituzte, mineral asko modu batean baino gehiagotan eratu daitekeelako. Horrela, mineralak sortzen dituzten 57 prozesu fisiko, kimiko eta biologiko identifikatu dituzte. Azterketa honetan bertan oso datu interesgarriak argitaratu dituzte, horietako batzuk mineralen adinarekin erlazionatuak. Ondorioztatu dute gutxienez 296 mineral Lurra bera baino aurretikoagoak dira. Horien barruan aurkitutako zenbait konposatu duela 7.000 milioi urte baino gehiago sortu zirela kalkulatu dute. Hau da, Eguzki Sistema bera baino zaharragoak dira.

Kimika

Gaur egun ezagutzen dugun izozkia Italian garatu zen Erdi Aroan, eta hortik hedatu zen Europara eta, ondoren, mundu osora. Hasiera batean, izozkiak elikagai sinplea ematen du, baina osagaiek beren artean sistema konplexu bat sortzen dute. Izotz-kristalek izozkiari sendotasuna eta gorputza ematen diote; aire-burbuilek ere eragina dute izozkiaren sendotasunean (izozkiaren %30-50 inguru izan daitezke); esne-gainak eta esneak aire-burbuilak egonkortzen dituzte eta urtze prozesua moteltzen dute; azkenik, azukreak izozkia gozatu eta gorputza ematen dio. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Izozkia, udako beroari aurre egiteko jaki goxoa.

Astronomia

Tom Broadhurst Ikerbasqueko astrofisikaria James Webb teleskopioaren lantaldearen parte izan da. Uztailaren 12an argitaratutako James Webb teleskopioak ateratako argazkiak, orain arte unibertsoari ateratako argazkirik sakonenak dira. Broadhurst ikertzaileak parte hartu baitu teleskopio espazialak egindako kosmosaren sakonera handieneko irudiaren lehen azterketan. Hiru multzotan bana daitezke argazki horiek: WASP-96b exoplanetaren espektroskopia datuak, Hegoaldeko Eraztuna, Eta Carinae nebulosa eta Stephanen Boskotea galaxia multzoaren irudiak, eta espazio sakonaren argazkiak. Azken argazki hauekin, SMACS 0723 kumulua harrapatzea lortu dute, 4.600 milioi argi urtera dagoen objektua. Infragorrian inoiz aztertu den objekturik urrunekoena da hau. Informazio gehiago Berrian: Unibertsoa «handitu» du.

Medikuntza

EHUn garatutako nanopartikula bat probatuko dute AEBn. Iker Badiolak zuzenduriko EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Signaling Lab taldeak garatu du teknologia berri hau, eta gibeleko metastasia murrizteko %80 ko eraginkortasuna duela frogatu dute. Momentura arte saguetan egin dituzte entseguak, eta orain AEBtako Osasun Institutu Nazionalak aukeratu egin du, botika bihurtu aurretiko probak egiteko. Honi buruz gehiago jakiteko, Berrian bi artikulu daude eskuragarri: “Minbiziaren kontra EHUn garaturiko nanopartikula bat probatuko du AEBetako osasungintzak” eta “EHUn garatutako nanopartikula bat probatuko dute AEBetan”. Honetaz gain, Iker Badiola ikerlariari egin diote elkarrizketa egunkari berean. Badiolak azaldu duenez, nanopartikula hau aurrerapauso bat izan da koloneko minbiziaren arloan, eritasun horrek gibelean eragiten duen metastasia txikitzen baitu. Tumoreek oxigeno eta elikagai asko behar dituzte, eta hauek lortzeko, inguruan dauden odol hodiei deitzen die. Bada, nanopartikula hauek odol hodi horien hazkundea blokeatzen dute. Orduan, odol hodiak ez dira heltzen tumorera, eta tumoreak ez dauka gehiago hazteko gaitasunik.

Tumore hematologikoei erasateko erabiltzen diren immunoterapia motez jardun du Cristina Egizabal Biocruces ikerguneko eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko ikertzaileak. Egizabal tratamendu berri batekin ari da lanean. Tratamendu honetan NK zelulei  CD-19 antigenoa sartzen zaie, eta, ondoren, zelula horiek pazienteari CAR-T tratamenduaren bidez ematen zaizkie. Modu horretan, antigeno horiek tumoreari eraso egingo liokete. Egizabalek azaldu duenez, ez da tratamendu berria bat, baina beste modu batera erabili izan dute orain arte. Gaur egun, aztertzen ari dira ea NK zelulak zein organismotatik atera ditzaketen, eraginkorrenak zein izan daitezkeen jakiteko. Tratamendua garatu ahal izateko, halaber, odol transfusioen beharra dagoela nabarmendu zuen, eta, alde horretatik, odola emateko deia egin zuen.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #403 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #409

La, 2022-07-23 09:00

Merezi du antidepresiboak hartzea? Funtzionatzen dute? Funtzionatzen badute, zein kasutan? José Ramón Alonsoren Doubts about antidepressants

Galaxien errotazio abiadura azaltzeko postulatu zen materia iluna. Materia hau baliatzen ez duen eredu alternatiboa sortu zen: MOND. Eta adostasunak dio ez dela sostengatzen. Baina bada baietz dioenik. Dark matter: our review suggests MOND is better Indranil Banikena.

Angelu magikodun grafeno bigeruzak portadak izan ditu azken urteotan fisikaren munduan. Baina bigeruza zerbaitetan oinarritu behar da (grabitaterik gabekoa ez baita) eta zerbait horrek eragina izan dezake propietate elektronikoetan eta magnetikoetan. DIPC -k: An atomistic approach to twisted bilayer graphene-boron nitride heterostructures.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #409 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ibone Ametzaga: “Ekosistemen zerbitzuek eragin zuzena daukate gizartean” #Zientzialari (179)

Or, 2022-07-22 09:00

Badira urte batzuk klima-aldaketaren inguruan hitz egiten dela eta honen inguruan gehiago hausnartzen hasi ginela. Honenbestez, naturaren garrantziaz jabetu da gizartea, eta, natura gehiago zaintzen hasiak gara, izan ere, izardiaren abantailak ugariak dira. 

Naturaren bidez gizartearen ongizaterako lortzen ditugun onurak ekosistemen zerbitzuak dira eta mota askotakoak izan daitezke, besteak beste, ekonomikoak, giza-harremanei dagozkienak edo segurtasunarekin lotutakoak. Hiru talde desberdinetan bereiz daitezke ekosistemen zerbitzuen onurak: lehena, hornidurazkoak edo eragin zuzena daukatenak (adibidez, elikagaiak); bigarrenak, erregulaziokoak edo zeharkakoak (tenperaturaren kontrola edo gaixotasunak); eta, azkenik, kulturalak izango genituzke, hau da, pertsonok naturan egoteagatik lortzen ditugunak (aisialdiarekin lotutakoak edo natura miresteagatik ondo sentiarazten gaituztenak).

Ekosistema zerbitzuen inguruko xehetasun gehiago ezagutzeko, UPV/EHUko ​​Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedrako Ibone Ametzaga koordinatzailearekin egon gara. 

“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Ibone Ametzaga: “Ekosistemen zerbitzuek eragin zuzena daukate gizartean” #Zientzialari (179) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Fabrikazio gehigarriaren iraunkortasun-azterketa

Og, 2022-07-21 09:00

Gizakiak ingurunean sortzen duen eragina nabaria da eta inongo zalantzatik kanpo dago. Horren adibide dira kutsadura, klima-aldaketa, lurzoruaren higadura, baso-soiltzea eta lehengaien agortzea besteak beste. Horregatik, eragin hau murrizteko helburuarekin Nazio Batuen Erakundeak (NBE) “Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH)” aurkeztu zituen 2015. urtean eta tokian tokiko erakundeak proposamen horretara atxiki izan dira, gizakien beharrak asetzeko beharrezkoak dituzten baliabideen erabilera egoki eta jasangarria bultzatzeko eta hurrengo belaunaldien etorkizuna bermatzeko.

Helburu horiek lortzeko, fabrikazio-teknologia aurreratuek funtsezko zeregina betetzen dute, ez bakarrik nazio-ekonomien oparotasuna areagotzeari dagokionez, baizik eta baita Garapen Iraunkorrerako 9. Helburuari dagokionez ere: «industria-berrikuntza eta -azpiegitura». Alabaina, fabrikazio-prozesuak jasangarritasun-ikuspuntuaren arabera garatzea erronka konplexua da, besteak beste, enpresek helburu gisa garapen iraunkorra jartzen dutenean, xede hori zuzeneko edo epe laburreko etekinak lortzearekin kontrajarria delako sarritan.

Jasangarritasun-helburu horiek guztiak lortzeko jomugarekin, lekuan lekuko gobernuek plangintza ugari argitaratu dituzte, betiere herrialdeen arteko koordinazioa bilatuz. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda argitaratu du, EAEko egoerara egokitua. Agenda horretan, fabrikazio gehigarria (hemendik aurrera, FG) etorkizuneko fabrikazio eta ekoizpen jasangarriagoen garapena ahalbidetuko duen fabrikazio-prozesu bezala sailkatzen da, eta horregatik, lan honetan FGaren iraunkortasunaren azterketa gauzatu da.

Fabrikazio gehigarriak fabrikazio-modu berri bati ireki dizkio ateak, eta diseinu-askatasuna eta konplexutasun handiko piezen fabrikazioa ahalbidetzea dira teknologia horren arrakastaren giltzarri. Besteak beste, ondorengo onurak eskaintzen ditu FGak:

  • Lehengaien erabilera eraginkorra. Bukaerako pieza eskuratzeko fabrikazio-prozesuan zehar sortzen den hondakin kantitatea, mekanizazioarekin eta halako ohiko teknologiekin alderatuz, murriztu egiten da.
  • Produktuen diseinu-optimizazioa. FGko prozesuek, diseinua egokitzeko gaitasuna eskaintzeaz gain, material gutxiago erabiltzea dakarte.
  • FG prozesuaren berezko izaera: FGak energia kantitate handiak erabiltzen dituzten fabrikazio-prozesuak –hala nola forjaketa– baztertzeko gaitasuna dauka.
  • Hornitze-katearen sinplifikazioa: FGko prozesuen izaera digitala dela medio, FGko ekipoak bukaerako bezeroarengandik hurbilago koka daitezke, eta distantziatik kontrolatu. Hortaz, hornitze-kateak sinplifikatu egiten dira; hala, «0 km»ko fabrikazioa lortzen da, eta bitarteko biltegi- eta garraio-logistikak gutxitzen dira.
  • Produktuaren iraupena luzatzea: FGa piezen konponketarako edo xehetasun berriak gehitzeko erabil daiteke. Horrela, FGak piezen iraupena luzatzen du, eta fabrikazio jasangarriagoa eskaintzen.

Alabaina, FGak abantailak izan arren, ezin dira baztertu prozesu horrek ingurumenari begira dituen arriskuak. Piezen fabrikazioan erabiltzen diren hauts-formatuko lehengaiak oso kutsakorrak izan daitezke; ez bakarrik ingurumenaren jasangarritasunaren ikuspuntutik, baizik eta baita langileen osasunarenetik ere. Gainera, sortzen diren hondakinen tratamendua konplexua da, eta haien aurreko esposizio jarraituak osasun-arazoak ekar ditzake babes-neurri egokiak hartzen ez badira.

Fabrikazio gehigarriarenIrudia: L-PBF bidez fabrikatutako sare-egiturak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Dena den, FGak abantaila nabarmenak eskaintzen ditu pieza konplexuen fabrikazioan, bereziki aeronautikako, automobilgintzako eta medikuntzako balio erantsi handiko piezen fabrikazioan. Hala ere, kasu bakoitza bere aldetik aztertu beharra dago, fabrikazio gehigarriak ohiko fabrikazio-teknologiekin alderatuz hobekuntzarik eskaintzen duen ala ez erabakitzeko eta energia-kontsumo eta materialaren erabilera eraginkorra bermatzeko.

Bukatzeko, azpimarratu beharra dago EAEko industrian fabrikazio gehigarriak duen garrantzia handitzeko, erakunde publikoen apustu argia dagoela; izan ere, seguru daude teknologia hori fabrikazio jasangarriagoaren giltzarria izango dela etorkizun hurbilean.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2021
  • Artikuluaren izena: Fabrikazio gehigarriaren iraunkortasun-azterketa: materiala aurreztea eta kontsumo energetikoa murriztea.
  • Laburpena: Gizakiaren ekintzen ondoriozko aztarna ekologikoaren eragina murriztearen garrantziaren kontzientzia globala hedatuta dago egungo gizartean, baina oraindik beharrezkoa da aurrerapausoak ematea. Egora horren aurrean, Nazio Batuen Erakundeak 2015ean aurkeztutako Garapen Iraunkorrerako Helburuen artean, industriaren eta berrikuntzaren aldeko apustuaren beharrizana azpimarratu behar da. Ildo horretan, fabrikazio gehigarria materialaren erabilera murriztu eta kontsumo energetiko jasangarriaren alde egiteko aukera ezin hobea da. Beraz, teknologia horrek eskaintzen dituen abantailen azterketa gauzatu da artikulu honetan, baina betiere ikuspuntu jasangarri batetik eta ohiko teknologiekin alderatuz.
  • Egileak: Jon Iñaki Arrizubieta, Olatz Ukar, Marta Ostolaza, Aitzol Lamikiz, Naiara Ortega
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 155-171
  • DOI: 10.1387/ekaia.22141
Egileez:

Jon Iñaki Arrizubieta, Marta Ostolaza, Aitzol Lamikiz eta Naiara Ortega UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Mekanika Saileko ikertzaileak  dira.

Olatz Ukar Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Diseinu eta Industria Antolaketa Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Fabrikazio gehigarriaren iraunkortasun-azterketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Naturak 57 modu ditu mineralak sortzeko

Az, 2022-07-20 09:00

Eratzen diren moduan abiatuta, mineralak sailkatzeko metodo berria proposatu du ikertzaile talde batek. Orain arte osaketa kimikoa eta egitura kristalinoa baino ez dira kontuan hartzen.

Igneoak, sedimentarioak eta metamorfikoak. Oso ezaguna da arrokak sailkatzeko erabiltzen den modu orokorra. Jakina denez, arroken jatorria aintzat hartzen da sailkapenean, eta hori oso lagungarria da beren ezaugarriak eta testuinguru geologikoa ulertzeko.

Ez da mineralen kasua. Kasu horretan, haien ezaugarriak hartzen dira kontutan. Alabaina, aditu talde batek uste du mineralen kasuan ordua dela jatorria ere aintzat hartzeko. Horregatik, sailkapen osagarri bat proposatu dute. Lurrean ezagutzen diren mineral guztiak aintzat hartu dituzte horretarako. Sarbide librea duten datu baseetan abiatu dira —mindat.org eta rruff.ima/info aipatu dituzte—. Hamabost urteko lan baten ondoren, beraiek ere datu-base bat osatu dute mineralak sortzeko gai diren prozesu guztiekin.

mineralak1. irudia: kaltzita hamazazpi modu desberdinetan sor daiteke. Argazkian, ustez haitzulo baten barruan garatu den kaltzita alea, kristalizazio prozesu desberdinak garatu dituena. Izotz Aroan zehar haitzuloan izan ziren ur mailen araberakoak dira fase desberdinak, zientzialariek susmatzen dutenez. (Argazkia: ARKENSTONE/Rob Lavinsky)

Ez dira sailkapen hutsean geratu, noski. Jakina da ordenatze hutsak gutxirako balio duela, eta prozesu horretan ateratzen diren irakaspenak direla, hain zuzen, zientzia balio gehien dutenak.

Sailkapen berri hau aurrera eraman ahal izateko, azterketa egin duten azken uneetan IMA Nazioarteko Mineralogia Elkarteak onartuak zituen 5.659 mineral espezie arakatu dituzte (zenbaki hori, ordea, etengabean handitzen da, eta 2022ko uztailean zerrenda ofizialak 5.828 mineral biltzen ditu dagoeneko).

“Espezie” hauez gai, ikertzaileek 10.556 mineral “mota” proposatu dituzte. Honen zergatia da mineral asko modu batean baino gehiagotan eratu daitekeela, eta horretan jarri dute, hain zuzen, ikerketa honen fokua. Modu horretan, mineralak sortzen dituzten 57 prozesu fisiko, kimiko eta biologiko identifikatu dituzte. Hainbat mineral mota batu dituzte ezaugarri horien arabera, eta beste hainbat, berriz, banandu dituzte, mineral horiek noiz eta nola sortu ziren abiapuntu hartuta. Ez dute proposatu zerrenda ofiziala ordezkatzea, zerrenda horretan kategoria eta taldekatze berriak eranstea baizik.

Egileek azaldu dute orain arte proposatu diren sailkapenetan irizpideak beti izan direla osaketa kimikoa eta egitura kristalinoa, baina proposamen berri honetan aintzat hartu dute mineral hauek sortu diren modua eta unea. “Ahaleginik handiena egin dugu mineral desberdinak arakatzeko orduan ikuspegi berri baten oinarriak jartzeko”, adierazi du Carnegie instituzioko zientzialari Robert Hazenek. “Lan honek errotik aldatzen du planetan dauden mineralen aniztasunari buruz daukagun ikuspuntua”, erantsi du.

American Mineralogist aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean Shaunna Morrison eta Robert Hazen ikertzaileek mineralak sailkatzeko erabili duten ikuspegi berri hau ezagutarazi dute.

Hain azterketa zabala izanda, datu interesgarri asko azaleratu dira, eta, horiei esker, mineralen mundua ikuspegi zabal batetik aztertu daiteke. Adibidez, ondorioztatu dute 2.400 mineral ingururen osaketarako 41 elementu funtsezkoak direla; baina, halere, elementu horien kontzentrazioa lurrazalaren milioiko bost partekoak baino ez direla.

mineralak2. irudia: opalo bihurtutako amonitea. Ez da ohiko kasua, baina biologiaren eta geologiaren arteko loturaren adibide ikusgarria da. Duela 100 milioi urte inguru animaliak karbonatozko oskola sortu zuen, baina gero pixkanaka opaloak ordezkatu zuen jatorrizko egitura. (Argazkia: ARKENSTONE/Rob Lavinsky)

Mineralen %40 inguru eratu dira bide batean baino gehiagotan. Mineral gehienak (%59) modu batez baino ez dira sortzen. Laurden bat (%24) bi modutara sortu ahal dira. Hiru prozesu bidez sortu daitezke mineralen %8, eta gainerako %8 inguru lau prozesuren baino gehiagoren ondorio izan daitezke.

Izan ditzakeen askotariko jatorriari dagokionez bederen, pirita (FeS2) da “munduko txapelduna”, prentsa ohar batean adierazi dutenez: 21 bide desberdinetik eratzen da. Sor daiteke tenperatura altuetan zein baxuetan, urarekin ala urik gabe, bizidunen laguntzarekin ala guztiz elkorrak eta antzuak diren eremuetan. Meteoritoak, sumendiak, iturri hidrotermalak, arroka geruzen arteko presioak, meteorizazioa, mikrobioek eragindako deposituak… are gehiago, meatzaritzari lotutako zenbait prozesu… horiek guztiak izan daitezke piritaren abiapuntu.

Faktore garrantzitsuena mineralen osaketarako ura da: mineralen %80 inguruk elementu hau dute beren eraketa prozesuan. Ondorioz, esan daiteke ura dela planetan dauden mineralen aniztasunaren funtsezko eragilea. Zientzialariek azaldu dutenez, horrek azaltzen du zergatik Ilargiak, Merkuriok edo Martek mineral mota gutxiago dituzten Lurrarekin alderatuz.

Adinari dagokionez ere, datu interesgarriak jarri dituzte mahai gainean: gutxienez 296 mineral Lurra bera baino aurretikoagoak dira. Horietatik, 97 soilik meteoritoetan ezagutzen dira. Horien barruan aurkitutako zenbait konposatu duela 7.000 milioi urte baino gehiago sortu zirela kalkulatu dute: horrek esan nahi du Eguzki Sistema bera baino zaharragoak direla. Horien jatorria zehaztea zaila den arren, meteoritoetan gordetako mineral berezi hauek gure Eguzki Sistema sortzen ari zenean gertatutako supernoba baten eztandaren emaitza izan zirela uste dute zenbait adituk.

3.534 mineral planetaren bizitzaren lehen 250 milioi urteetan sortu ziren. Garai horretan funtsezko hainbat prozesu gertatu ziren, hala nola ozeanoen sorrera eta lur azalaren garapena. Horrek esan nahi du biziaren agerpena abiatzeko beharrezkoak ziren osagai geokimikoak eskura zeudela. Honen guztiagatik, mineral asko zein ura soberan dituzten munduetan bizia “inperatibo kosmikoa” baldin bada, egileek babestu dute argitaratu dituzten emaitzek “bizia planetaren eboluzioaren lehen uneetan azkar sortu zelako hipotesia” sustatzen dutela. Horretan, lagungarria izan zen “askotariko erreinu mineral” indartsu bat egotea.

Baina, horrez gain, funtsezkoa izan da ere biologiaren rola. Kalkulatu dutenez, mineral espezieen heren batean ezinbestekoak izan dira bizidunak. Kasurako, oskolak, hezurrak, hortzak edota mikrobioak… horiek guztiak aintzat hartzeko modukoak dira zenbait mineralen eraketa prozesuan. Baina, zeharka ere, biologiak mineral gehiagotan du eragina: bizidunei esker bete zen oxigenoz planetaren atmosfera, eta hori ere funtsezkoa izan da mineral askoren eraketarako. Modu horretan ulertuta —zeharkako eragina— biologiak baldintzatu du mineral guztien erdia.

mineralak3. irudia: zianobakterioek duela 2.500 milioi urte inguru oxigeno atmosferikoa kopuru handietan sortu zutelako eratu ahal izan zen malakita, beste mineral askorekin batera. (Argazkia: ARKENSTONE/Rob Lavinsky)

Mineral gehienen jatorria naturala bada ere, antropozenoaren mineralak deitu genitzakeenak ere badira. Ez dira gutxi, gainera: zenbatetsi dute 600 mineral baino gehiagok giza jardunean dutela jatorria. Horietatik 500 bat meatzaritzaren ondorio dira, eta 234 ikatz meatzaritzan izandako suteetan sortu dira.

Horiez gain, ikertzaileek gogorra ekarri dute gizateriak mineralekin antza handia duten material ugari sortu dituela azken hamarkadetan, horiek zerrenda ofizialetan agertzen ez diren arren. Konposatu horiek milioika urtez mantenduko dira planetan, temati, antropozenoaren adierazle gisa.

Jatorri biologikoaz gain, badira ere biomineraltzat har daitezkeenak, oso lotuta daudelako bizidunetan izandako prozesu metabolikoei. Kasurako, koralak, oskolak edota giltzurrunetan sortutako harriak. Halako 77 biomineral daudela kalkulatu dute. Zeharo bitxiak diren jatorriak egon daitezke multzo horretan: kasurako, badago mineral bat soilik Antartikako Elefante uhartean sortzen dena, eta pinguinoek botatako gernuak bertako zoruan dauden mineralekin sortutako erreakzioen ondorioz eratzen da: spheniszidita deritzo.

Esan beharrik ez dago: inoiz bikoteari edo lagun bati mineral horretaz egindako lepoko bat oparituz gero, ez duzu zertan horren jatorria azaldu beharrik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hazen, Robert M., Morrison, Shaunna M. (2022). On the paragenetic modes of minerals: A mineral evolution perspective. American Mineralogist, 107 (7), 1262–1287. DOI: https://doi.org/10.2138/am-2022-8099 https://doi.org/10.2138/am-2022-8099

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Naturak 57 modu ditu mineralak sortzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Geodibertsitateak inguratzen gaitu

Ar, 2022-07-19 09:00

Joan den ekainaren 5ea, Ingurumenaren Mundu Eguna ospatu genuen eta, ez baduzue uste ere, oso efemeride geologikoa da. Ingurumenaz hitz egiten dugunean, oro har, biodibertsitatearekin lotutako irudiak etorri ohi zaizkigu burura lehenik, hau da, inguru batean garatzen den aniztasun biologikoarekin lotutakoak (flora eta fauna). Gutxitan pentsatzen dugu geodibertsitatean –lurralde hori osatzen duten prozesuak, egiturak eta material geologikoak–. Aitzitik, geodibertsitateak zehazten du aurkituko dugun biodibertsitatea.

geodibertsitatea1. irudia: Karrantza Haraneko (Bizkaia) panoramika Ranero menditik, aukera ematen duena ikusteko altueraren eta arroka motaren arabera sortutako landaredia zatiak. (Argazkia: Iranzu Laura Guede)

Eremu bateko geodibertsitatea tokiko historia geologikoaren emaitza da. Milaka urtez izan diren aldaketa, prozesu eta gertakari naturalen ondorioa, egungo paisaian beha daitezkeen arroketan eta egituretan islatuta gelditu direnak. Historia horrek hitz egiten digu gure iraganaz, orainaz eta etorkizunaz, espezie eta gizarte gisa. Eta, aurretik azaldu bezala, historia horrek definituko du inguruan garatuko diren flora eta fauna. Hona hemen zenbait adibide.

Lurralde batek jasaten duen testuinguru tektonikoak topografia kontrolatzen du. Hala, mendi goragune handiak badaude, eragina izango dute ziklo atmosferikoan eta altuerako fauna eta flora banatzeko tokiak sorraraziko dituzte. Ingurune lau zabalak badaude, ordea, garatuko den biodibertsitatea oso bestelakoa izango da.

Eremu batean agertzen diren arrokek baldintzatuko dute han sortuko den zorua. Esaterako, kareharri askoko tokietan, kaltzio karbonatoan aberatsak diren zoruak egongo dira; hareharri gehiago dauden inguruetan, aldiz, silize eduki handiko zoruak egongo dira. Zoruek, aldi berean, inguru horietan finkatuko den landaredi mota zehaztuko dute eta, horrenbestez, kate trofiko osoari eragingo diote.

Uretako geodibertsitatea geodibertsitatea2. irudia: sakonune txiki batean metatutako urak eratutako aintzira txikia, Añaviejan (Soria). (Argazkia: Antonio Pérez)

Lurralde batean dagoen ura ere bertako ezaugarri geologikoen araberakoa da. Alde batetik, harri porotsuek, kareharriak edo basaltoak kasu, urari zirkulatzen eta metatzen uzten diote, eta, modu horretan ur gordailuak sortzen dira, gainazalekoak edo lurpekoak. Bestalde, material geologikoen higadura bereiziek edota ahalegin tektoniko estentsiboek eragindako hondoratzeek sakonuneak agertzea ekartzen dute, non ura metatu daitekeen, eta hala askotariko biodibertsitatea duten aintzirak eta lakuak ager daitezke.

geodibertsitatea3. irudia: Oyambreko hondartza (Kantabria), harea finez osatua. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Kostaldea ere geologiaren eraginpean dago. Kostaldean ageri diren arrokek eta horien geruzen posizioak olatuen korronteekiko eta itsasaldiekiko (alegia, geruzak kostaldeko lerroarekiko paralelo edo zut dauden) zehaztuko dute higadura edo hauste maila. Ondorioz, faktore horien arabera, oso hondar finezko hondartzak edota amildegi arrokatsuak aurkituko ditugu. Lehenetan, batez ere hondarretan lurperatuta bizi diren organismo hondeatzaile ugari egongo dira; bigarrenean, ordea, arrokei finkatuta bizi direnak aurkituko ditugu.

geodibertsitatea4. irudia: kostalde arrokatsua Castro Urdialesen (Kantabria). Arroka karbonatatuen geruzak inklinatuta daude, ia-ia olatuen eraginarekiko zut. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Azaldutako hauek oso adibide orokor batzuk baino ez dira. Gehiago sakonduko bagenu, geodibertsitatearen eta biodibertsitatearen arteko lotura bera aurkituko genuke. Arroken osaera kimikoak eta barne egiturak, baita leku batean milioika urtez gertatu diren prozesu eta egitura geologikoek ere, askotariko ezaugarrietako ingurumen anitzak eragiten dituzte, non bakoitzaren baldintzei egokitutako flora eta fauna garatuko baitira (askotan oso espezifikoak). Historia geologikorik gabe ez litzateke gaur egun gure inguruan daukagu paisaia ikusi. Horrengatik, planteatu behar dugu, gure biodibertsitatea babesteko eta zaintzeko, aurretik gure geodibertsitatea zaindu eta ulertu behar dugula.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

The post Geodibertsitateak inguratzen gaitu appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Izozkia, udako beroari aurre egiteko jaki goxoa

Al, 2022-07-18 09:00

Udako egun hauetan ez dago izozkia bezalakorik beroari aurre egiteko. Makina bat zapore daude: txokolatezkoa, banillazkoa, marrubizkoa, limoizkoa… Gogokoena aukeratzea zaila izaten da. Izozkiaren jatorria ez dago argi. Zenbaiten arabera lehenengo izozkiak edo antzeko produktuak orain dela milaka urte sortu ziren Txinan. Badirudi hainbat kulturatan zegoela joera elurra eztiarekin edo frutekin nahasteko. Edozein kasutan, gaur egun ezagutzen dugun izozkia Italian garatu zen Erdi Aroan, eta hortik hedatu zen Europara eta, ondoren, mundu osora.

Izozkia

Izozkiak hiru osagai nagusi ditu: esnea, esne-gaina eta azukrea. Sinplea badirudi ere, osagai hauek nahastean sistema konplexu bat osatzen da. Hain zuzen ere, izozkia izotz-kristalek (solido egoeran), aire-burbuilek (gasa) eta koipe- eta azukre-disoluzioak (likido egoeran) osatzen dute. Jarraian aztertuko dira aipaturiko lau osagai hauek.

Izotz-kristalek izozkiari sendotasuna eta gorputza ematen diote; izozkiaren % 30 inguru dira. Kontuan izan behar da esne-gainaren eta esnearen osagai nagusia ura dela, eta ur horren ehuneko bat solidotu egiten da izotz-kristalak sortuz. Kristalen tamainak garrantzi handia dauka testura krematsua lortzeko orduan. 50 mikra baino handiagoak diren kristalek testura pikortsua eragiten dute; 10-20 mikrako kristalek, berriz, kontsumitzaileei gustatzen zaien testura krematsua ematen diote izozkiari.

Izozkiaren beste osagai garrantzitsu bat aire-burbuilak dira; izozkiaren %30-50 inguru izan daitezke. Aireak eragina du izozkiaren sendotasunean. Zenbat eta aire gutxiago izan izozkiak, dentsoagoak dira eta testura krematsuagoa izango dute. Aire kantitate handiak dituzten izozkiak, ordea, arinagoak dira eta errazago urtzen dira. Aire-burbuilak harrapatzeko, ezinbestekoa da koipea, proteinak eta emultsifikatzaileak konbinatzea.

Izozkian dagoen koipearen jatorria esne-gaina eta esnea dira. Koipea garrantzitsua da aire-burbuilak egonkortzeko, urtze prozesua moteltzeko eta testura krematsua lortzeko.

Izotz-kristalak, aire-burbuilak eta koipea azukre-disoluzioan barreiaturik daude. Azukrearen presentziak uraren izozte-tenperatura jaitsarazten du eta horrek ura likido egoeran egotea ahalbidetzen du zero azpiko tenperaturan. Azukre mota desberdinak gehitu daitezke, izozkia gozatzeko eta hari gorputza emateko. Disoluzioan aurkitzen diren proteinek zeregin berezia daukate, aire burbuilak harrapatzen laguntzen baitute koipearekin batera eta izozkia egonkortzen laguntzen dute.

Nola egiten da izozkia?

Izozkiak egiteko, izozkigile bakoitzak belaunaldiz belaunaldi gordetako errezeta sekretua baldin badu ere, jarraian jaki hau prestatzeko jarraitzen diren urrats nagusiak aipatuko dira.

Izozkia egiteko lehenengo urratsa osagaiak nahastea da: esne-gaina, esnea, azukrea, zaporedun konposatuak, etab. Osagaiak kantitate egokian nahastu behar dira azukre-, koipe- eta ur-proportzioa egokia izan dadin.

Oro har, nahastea berotu egiten da pasteurizatzeko; honela, ager daitezkeen bakterio arriskutsuak suntsitzen dira. Horretaz gain, esnearen proteinak desnaturalizatzen dira, eta horrek lagundu egiten du izozkian harrapatutako aire-burbuilak egonkortzen.

Jarraian, izozkia 5 °C-ra mantentzen da 4-24 h ordu artean. Prozesu honetan koipeak kristalizatu egiten du; horri zahartzea deritzo. Prozesu hau amaitutakoan egoera likidoan dauden koloratzaileak eta zaporea ematen dieten osagaiak gehitzen dira.

Egoera likidoan dagoen nahastea izozkia egiteko makinan sartzen da. Bertan nahastu eta izoztu egiten da, izotz-kristalak sortzen ditu eta aire-burbuilak harrapatzen ditu. Kristalen kopurua handitu ahala nahastea loditzen hasten da.

Izozkiari fruituak edo antzeko osagai solidoak gehitzen zaizkio eta azkenik gogortzea gertatzen da. Hau da, izozkiaren zati bat oraindik egoera likidoan dago; beraz, guztiz izozteko -25 °C-ra hozten da. Honela, izozkia prest dago egun hauetako beroari aurre egiten laguntzeko.

Erreferentzia bibliografikoak:

Cook, K.L.K., Hartel, R.W. (2010). Mechanisms of Ice Crystallization in Ice Cream Production. Comprehensive Reviews, 9, 213-222. DOI: https://doi.org/10.1111/j.1541-4337.2009.00101.x

Juri-Morales, G.; Ramírez-Navas, J. S.(2016). El helado desde la antigüedad hasta nuestros días. Heladería Panadería Latinoamericana, 233, 60-68.

Iturriak: Egileez:

Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta Colorado State University-ko Kimika Saileko ikertzailea. Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzailea Polymat Institutuan.

The post Izozkia, udako beroari aurre egiteko jaki goxoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #402

Ig, 2022-07-17 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


animaliaAstronomia

Aste honetan, James Webb teleskopioaren lehen irudiak eta datuak aurkeztu ditu NASAk. Orain arte inoiz unibertsoari ateratako argazkirik sakonenak dira, eta 13.000 milioi urte atzera begiratu aha izan dute hauei esker. Aurkitutako egituren artean, argi infragorria erabiliz SMACS 0723 kumulua behatu ahal izan da, 4.600 milioi argi-urtera dagoen galaxien kumulua. Bestetik, WASP-96 b exoplaneta erraldoiaren espektroskopia-datuak aurkeztu dituzte. Azaldu dutenez, ura detektatu dute exoplanetan, baita lanbroaren zantzuak eta atmosferan lainoak dituen ebidentzia ere. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Natura Zientzien Museoak meteoritoen gaineko erakusketa zabala antolatu du, eta honen harira, Juanma Gallegok hauen inguruko artikulua idatzi du Alea aldizkarian: Unibertso puxka bat, beldurgarri bezain dotorea. Bertan azaldu duenez, batez bestean, eguneko ehun bat tona meteorito erortzen dira Lurrera, baina horietatik asko hauts baino ez dira. Meteoritoek tamaina eta osaketa oso desberdinekoak izan daitezke, eta asko ikasten da horiei esker. Izan ere, harri puska hauek eraldatu ez den jatorrizko materiala ikertzeko aukera ematen dute, horietako asko Eguzki Sistemaren osaketaren materialetatik datozelako. Gainera, etorkizunean asteroideetan meatzaritza egiteko aukera gero eta gehiago aipatzen ari da.

Teknologia

Ahozko ezgaitasuna duten pertsonek sostengu-lanabes baliogarria eduki dezakete teknologia berrietan. Honen harira, badaude asko erabiltzen diren sistema komertzialak (ezagunak diren ‘Siri’ren edo ‘Google’en laguntzailearen ahotsen modukoak), baina hauek ahots-multzo mugatua izaten dute. Testuinguru honetan ZureTTS proiektua sortu da, norberaren ezaugarriei egokitutako ahots pertsonalizatuak emateko. Proiektu honen bidez, ahotsa galdu baino lehen, grabaketa sorta jakin bat egin daiteke esaldi multzo mugatua erabiliz. Horrela, ahots pertsonalizatua erabili ahal izango da ahotsa galdu ostean. Azalpenak Zientzia Kaieran: Ahots sintetiko pertsonalizatuak.

Ingurumena

Ikerketa batek baieztatu duenez, Euskal Herriko haurrek erraztasun handiagoa daukate kanpoko espezieak izendatzeko, bertakoak baino. Euskal Herriko 12 eta 13 urte bitarteko 1.000 gazterekin egin zen azterketa, eta ikasleen %82,8 hamar animalia izendatzeko gai izan zen, baina %7,4 baino ez zen izan gai hamar landare izendatzeko. Gainera, gehien aipatutako animalia espezieak lehoia, tigrea, otsoa, basurdea eta hartza izan ziren, batzuk kanpoko espezieak. Ornogabe edo anfibioak, esaterako, apenas aipatu ziren. Honegatik, umeak naturara hurbildu behar dira. Azalpenak Berrian: «Naturarekin kontaktu emozionala txikitu da; berreskuratu behar da».

IPBES plataformak aurkeztu duen txostenean ondorioztatu dutenez, naturaren balioa kontuan hartu gabe, epe laburreko onuretara eta hazkunde ekonomikora begira hartzen diren erabaki politikoak dira egungo biodibertsitate-krisiaren arrazoi nagusietako bat. Erabaki hauek guztiak, gainera, pertsonen ongizatea kontutan hartu gabe hartzen dira. Bestalde, orain arte ez da ia ahaleginik egin naturaren balioak erabaki politiko eta ekonomikoetan integratzeko, eta txosten honek informazio erabilgarria eta praktikoa ematen du jakiteko nola aktibatu naturaren balioak. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Frontiers in Ecology and Evolution aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi du amilotx urdinaren lumen distira moteldu dela 2005etik 2019ra. Ikertzaileek uste dute klima-aldaketa izan daitekeela koloreen distira eta intentsitatea aldatzeko arrazoi nagusia. Zehatzago esanda, tenperaturaren igoeraren eta prezipitazioen murrizketaren konbinazioaren emaitza izan daiteke. Ez da lehen aldia hegazti-espezie batean aldaketa fisiko hau sumatzen dela. Amilotx urdinen kasuan alabaina, ikertzaileek azpimarratu dute ez dela genetikoki gertatu den aldaketa bat, plastikoa bizik, eta ingurumen berrira egokitzeko modu bat dela. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Genetika

Artocarpus odoratissimus zuhaitza tropikoan hazten den morazeoen familiako espeziea da. Izen zientifiko hori 1837. urtean eman zitzaion, eta geroago, 1860. hamarkadan, Odoardo Beccari italiar botanikoak Artocarpus tarap eta Artocarpus mutabilis espezieak izendatu zituen. Orain arte azken izen hauek Artocarpus odoratissimus espeziearen sinonimotzat jo izan dira, baina lan berri batek ezbaian jarri du hori. Iban jendeak bi izen erabiltzen ditu Artocarpus odoratissimus zuhaitza izendatzeko: landatzen den zuhaitzari lumok deitzen diote, eta pingan zuhaitz basatiari. Bada, 31 zuhaitzen 451 generen informazioa erabilita, ikertzaileek argi ikusi zuten pingan eta lumok genetikoki ezberdinak direla, eta, beraz, proposatzen dute lumok eta pingan bi espezie ezberdin bezala sailkatzea. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Izenei esker izana aitortu zitzaien zuhaitzak.

Biokimika

Taneko Suzuki biokimikari eta nutrizionista japoniarrak bere garaian aintzatespena ekarri zion produktu bat sortu zuen: hanburgesa baten antzeko itxura, testura eta ontzeko aukera dituen elikagai bat. Marinbeef izena jarri zioten, itsas txahala euskaraz. Honen aurretik, Suzukik ekarpen ugari egin zituen arrantzako zientziaren eta teknologiaren arloan. Zehazki, arrantza produktuetatik eratorritako proteinen erabileran eta aprobetxamenduan egin zuen lan gehienbat. Gainera, Marinbeef garatzeaz gain, Suzukik hainbat lan eta liburu argitaratu zituen ingelesez, bere herrialdean kimika proteikoaren inguruan zekitena Japoniako mugetatik haratago ezaguna izan zedin.  Horri esker, gaur egun hain ezaguna den surimiaren zientzia eta teknologia mundu osoan zabaldu zen. Azalpenak Zientzia Kaieran:  Taneko Suzuki, arraina (ia) hanburgesa bihurtu zuen biokimikaria.

Osasuna

Tximino baztangaren aurkako txertaketa-estrategia onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak. Estrategia horretan jaso denez, gizonekin sexu harremanak dituzten gizonezkoak lehenetsiko ditu txertaketak. Talde horren barruan sartuko dira tximino baztangarekin kutsatuta egon gabe GIB birusaren prebentziorako tratamenduak hartzen ari direnak, eta baita GIB birusarekin kutsatuta daudenak. Lehentasuna izango dute baita ere pertsona zaurgarriek, hala nola kutsatutako pertsonekin harreman estua izan duten adingabeek, haurdunek eta immunoeskasia dutenek. Gainera, argitu dute baztangaren kontrako txertoa hartua dutenei ez zaiela jarriko bigarren ziztadarik. Datu guztiak Berrian.

Gorka Oribe EHU Euskal Herriko Unibertsitateko farmazia irakasleak pandemiaz eta botiken kutsadurari buruzko ikerketaz jardun du Berriarekin. Azaldu duenez, badirudi joera aldaketa baten aurrean gaudela. Izan ere, hilabeteek aurrera egin ahala immunitatea, batez ere antigorputzena, gutxitu da. Ondorioz, aztertu egin beharko litzateke ea immunitate maila hori gutxitzen ari den, BA.4 eta BA.5 aldaera berriak gehiago kutsatzeko gai diren, eta kutsatze maila altuak ospitaleetan zer presio eragiten duen. Honetaz aparte, azaldu du txertoen banaketa munduan oso desorekatua izatea gainditu gabeko arazo bat dela, pandemia bat modu globalean jorratu behar baita.

Dengearen eta zikaren birusek eltxoak erakartzen dituen usaina sorrarazten dute. Eltxoen bidez hedatzen dira dengearen eta zikaren birusak, eta ikertzaileek ikusi dute infektatutako ostalariak ziztatzeko joera dutela eltxoek. Hauek usaimena erabiltzen dute ostalaria hautatzeko, eta horregatik, infektatutako ostalarien usaina aztertu dute. Ikusi ahal izan dutenez, azetofenona da gakoa, kutsatutako banakoen larruazalean ohi baino kontzentrazio handiagoetan aurkitzen baita. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Paleontologia

Hartz-txakur baten fosila aurkitu dute Pirinioetan, eta “Tartalo” izena jarri diote. Izendapena, hizkera arruntean euskal mitologian ezaguna den pertsonaiaren omenez jarri diote eta, bestalde, Tartarocyon cazanavei izen zientifikoa eman diote. Espezie berri bat da, beraz, eta hau ondorioztatzeko hagin batean oinarritu dira, Amphicyonidae familiako beste aleetan orain arte aurkitu ez duten laugarren aurreko hagin berezkoa duelako. Duela 12 milioi urte bizi izan zen harrapari hau, eta familia honetako espezieak hartz baten eta txakur handi baten ezaugarrien arteko hibridoak zirela esan daiteke. Datuak Zientzia Kaieran: ‘Tartalo’ aurkeztu dute, Miozenoko hartz–txakur berria.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #402 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #408

La, 2022-07-16 09:00

Imaginatu hamster bat genetikoki editatzen duzula otzana izan dadin eta panpin diaboliko bilakatzen dela. Unexpected effects of gene editing: aggressive hamsters, Rosa García-Verdugok.

Nekazal big data uste baino jende gehiago ari da biltzen. Elikaduraren etorkizunerako oso larria izan daiteke. The dangers of agricultural big data por Kelly Bronson

Van der Waals iman guztiak ez dute berdin funtzionatzen. DIPCren A different class of van der Waals magnets

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #408 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak