Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 28 min 57 seg

Asteon zientzia begi-bistan #393

Ig, 2022-05-15 09:00

metabertsoa udaberria

Teknologia

Metabertsoa etorkizuneko teknologiatzat jo dute dagoeneko. Gaur egun, metabertso batzuetara errealitate areagotuko betaurrekoen bidez sartzen da, eta harreman sozialetatik harago doaz erabilgarritasunak. Batzuen ustetan, metabertsoa baliagarria izango da ikerketa arlo askotarako; osasungintzarako, hezkuntzarako eta industriarako, esate baterako. Alabaina, eztabaida dago oraindik gai askoren inguruan. Gisa horretako teknologiek sedentarismoa areagotu dezaketela diote batzuk, baina era berean, mugimendua eragiten duten jokoak baliagarriak izan daitezke ariketa fisikoa hauspotzeko. Azalpen guztiak Berrian: Nola bizi bizitzatik kanpo.

Genetika

Ainara Castellanos-Rubio Ikerbasque ikertzaileak informazio genetikoa gordetzen duten molekulen eboluzioaz jardun du Berrian. DNA eta RNA orain dela gutxi gorabehera lau bilioi urte agertu ziren Lurrean. Alabaina, molekula horien funtzioak eta konposaketa nahiko argi baldin baditugu ere, oraindik ez dakigu nola sortu ziren. Hainbat teoria argitaratu dira gai honen inguruan, eta horietako bat Teoria estralurtarra da. Honen harira, Japoniako ikerketa talde batek joan den hilabetean argitaratutako artikulu batean azaldu du DNAren eta RNAren letra horiek topatu dituztela espaziotik eratorritako meteorito batzuetan. Eta ondorioztatu dute bizi-konposatu horiek espazioan sortu zirela.

Ikertzaile talde batek analisi genetiko eta morfologikoak egin ditu tomate barietate ugaritan, tomatearen etxekotzearen historia berreraikitzen saiatzeko. Zehazki, Europan landu izan diren 1254 tomate barietate ikertu dituzte. Azaldu dutenez, tomatea Mexikon etxekotu zen, eta ondoren, Peruko eta Ekuadorrera zabaldu zen belar txar gisa. Europarrak Amerika kolonizatzean, kontinente zaharrera esportatu zen tomatea, baina jatorrizko lurraldean zeuden barietateen lagin bat baino ez. Horrek, noski, ezinbestean aniztasun genetikoaren galera ekarri zuen. Beraz, gaur egun kontsumitzen ditugun tomateen artean aniztasun handia egon arren, azterketak erakutsi du oso oinarri genetiko urrian abiatu zirela. Azalpenak Zientzia Kaieran: Tomateen oparotasunaren abiapuntua: oasi genetikoak.

Astronomia

Esne Bidearen erdian dagoen zulo beltzaren lehen irudia aurkeztu dute. Lau milioi Eguzkiren parekoa da, eta 44 milioi kilometroko diametroa du. Gugandik 27.000 argi-urtera dago zulo beltz supermasibo hau, galaxiaren erdian, baina orain arte ez dute zuzeneko ebidentzarik izan. Zortzi irrati-teleskopioz osatutako sare bat erabili dute irudia eskuratzeko, eta haiek hartzen dituzten irudiak teleskopio birtual batean biltzen dira. Izatez, zulo beltza ez da ikusten, honen inguruan orbitatzen duen gasa baizik. Albiste honen inguruko informazio gehiago aurki daiteke Elhuyar aldizkarian eta Berrian.

Naiara Barrado eta Itziar Garate asteroideen talkak suposatzen duten mehatxuaz jardun dira Zientzia Kaieran.  Asteroideak eta kometak oro har, asteroide-gerrikoan eta Kuiperren gerrikoan daude, Marte eta Jupiter artean dagoen disko zirkunestelarrean. Objektu horietako batzuk hurbiletik aztertu ahal izan dira zenbait misio espazialei esker: Eros, Itokawa, Toutatis edo Ryugu, besta batzuen artean. Asteroide hauetako batzuk, alabaina, noizbait asko gerturatu dira lurrera, eta batzuk talka ere egin dute. Arrisku honen aurrean Lurra babesteko, defentsa planetarioa dugu. Hau da, planetara hurbiltzen diren objektu denak ikuskatu eta sailkatzen dituen programa bat, haien arriskuak balioesteko eta lurra defendatzeko.

Geologia

Lehen aldiz, ur likidozko sistema erraldoi bat kartografiatu dute Antartikako izozpean. Columbia Unibertsitateko ikertzaileek egin dute aurkikuntza, eta klima-aldaketaren ikerketarako oso baliagarria dela azpimarratu dute. Izan ere, glaziarren portaera ulertzeko funtsezkoak dira ur-sistema hauek. Taldeak irudigintza magnetotelurikoa izeneko teknika erabili du neurketak egiteko. Teknika horrek atmosferako energia elektromagnetikoa lurrean nola barneratzen den neurtzen du, eta horrela, elementuen araberako mapak sor daitezke. Hala ere, ikertzaileek argi utzi dute izotz-gainazala urtuko balitz, ur-fluxuaren norabidea aldatuko litzatekeela, eta oraindik ezezagunak diren ondorioak ekarriko lituzke honek. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Tonga irlako Hunga sumendia urtarrilaren 15ean erupzioan sartu zen. Orain, sumendi horrek Lurrean eta espazioan eragindako ezohiko fenomenoak aztertu dituzte. Ikusi ahal izan dutenez, erregistro geofisiko modernoan dokumentatutako leherketarik handiena eragin zuen atmosferan, eta sumendiaren eragina inoiz erregistratutako distantziarik handienera iritsi zen. Honetaz gain, erupzioak sortutako infrasoinu indartsua (0,01-20 Hz-koa) mundu osoan zabaldu zen eta Lamb uhinek hainbat bira eman zizkioten Lurrari. Azken uhin hauek ozeanoen eta itsasoen azalean zehar mugitzen direnez, tsunami sakabanatuak sortu zituzten.

Ingurumena

Zientzialariek diote egungo urtaroak ez direla lehengoak bezalakoak. Izan ere, gaurko neguak laburragoak dira eta udaberriak goizago etortzen zaizkigu. AEMET agentziak urtaroen jarraipena egiten du eta urtero bi txosten fenologiko plazaratzen ditu bildutako datuekin. Bada, 2021eko azken txostenaren arabera, abenduan Kantauriko isurialdean tenperaturak nabarmen igo ziren. Honetaz gain, izotza eta antzigarraren gabezia eman zen, eta, horren ondorioz, hurritzak, haltzak eta belar-espezie ugari goiz loratu ziren. Gai berari jarraiki, martxoan plazaratutako ikerketa baten emaitzek erakutsi dute sikateak udaberri goiztiarren eragileetako bat direla. Datuak Zientzia Kaieran: Udaberria ez da jada aspaldi zena.

Osasuna

Zientzia Kaieran irakur daitekeenez, fruktosaren kontsumoak osasun arazoak eragin ditzake. 2 motako diabetesa tratatzeko erreminta terapeutiko bat da sakarosa edo mahaiko azukrea fruktosagatik ordezkatzea. Izan ere, azken horren xurgapen eta metabolismorako ez baita intsulinarik behar, eta ondorioz, ez du odoleko glukosa-mailen aldaketarik eragiten. Alabaina, ikusi da fruktosaren kontsumoaren handipen hori gaixotasun metaboliko ezberdinen handipenarekin batera eman daitekeela. Fruktosa gehiegi edo kronikoki kontsumitzeak intsulinarekiko erresistentziaren garapena eragin dezake. Gainera, erraietako gantz-ehunaren gehiegizko metaketa ere eragin dezake, eta gaixotasun kardiobaskularrak pairatzeko arriskua handitu daiteke.

Aste honetan, Zientzia Kaierako Zientzialari atalean Igor Horrillo UPV/EHUko neuropsikofarmakologiako ikertzaileari egin diote elkarrizketa. Gaixotasun neuropsikiatrikoen inguruan jardun dute, hori baita Horrilloren ikerketa-esparrua. Azaldu duenez, gaixotasun neuropsikiatrikoak eta hauen eragina gero eta ohikoagoak dira gizartean. Alabaina, prebalentzia handia badute ere, gaixotasun hauen oinarri neurobiologikoak ezezagunak dira gaur egun. Gaitz hauetako bat da, adibidez, estresa. Gaixotasun mota honen eta honen tratamenduen inguruko erronkak ezagutzeko, eskuragarri dago elkarrizketa Zientzia Kaieran.

Neurologia

Ikerketa berri batek erakutsi duenez, likido zerebroespinal gazteak sagu zaharren memoria hobetzen du. Ikusi dutenez, neuronak isolatzen dituen mielinazko estalkiaren ekoizpena handitzen da likido horri esker, eta honek memoria hobetzea eragiten du. Oinarri biologikoa ulertzeko, RNA-sekuentziazio bidez, aztertu zuten gene-adierazpena nola aldatu zen sagu zahar horien hipokanpoan. Emaitzen arabera, gazteen likidoa jaso zuten saguetan, oligodendrozitoetan adierazi ohi diren geneak gehiago adierazi ziren. Oligodendrozitoek mielina ekoizten dute. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

 

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #393 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #399

La, 2022-05-14 09:00

Terapia genikoa bezalako tratamendu sofistikatuak krema bat bezain sinplea izan daiteke. Healing from the skin: the first topical gene therapy is out Rosa García-Verdugorena.

Imajinatu estralurtar inteligenteak badirela dakizula, Lurra non dagoen esango al zenieke? Zenbaitek uste dute hobe dela ezetz. Blasting out Earth’s location, Chris Impey.

Dispositibo iraultzaileen klabea materialen kiralitateari probetxu ateratzea izan daiteke. DIPCren Chirality and the next revolution in quantum devices

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #399 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Igor Horrillo: Garrantzitsua da gaixotasun neuropiskiatrikoen oinarriak aztertzea hauei aurre egiteko” #Zientzialari (174)

Or, 2022-05-13 09:00

Gaixotasun neuropsikiatrikoak eta hauen eragina gero eta ohikoagoak dira gure gizartean. Azken bi urteotan datuek gora egin dute, baina adituek ez dakite nola edo zergatik sortzen diren gaixotasun hauek, hots, gaixotasun hauen oinarri neurobiologikoak ezezagunak dira. Hori dela eta, gaur egun gaixotasun hauei aurre egiteko tratamenduen eraginkortasuna mugatua da.

Estresa, adibidez,  gizarteak pairatzen duen kanpo faktore garrantzitsuenetako bat da, eta depresioarekin eta gaixotasun honen garapenarekin lotura zuzena daukala frogatu da.  Gaitz hau pairatzen duen gaixo batek gorputzeko atal zehatz bat (ardatz hipotalamiko hipofisario adrenala) martxan jartzen du.  Horren eraginez, gorputzak kortisola izeneko hormona askatzen du eta nerbio-sistema sinpatikoa abiarazten du. Depresioa sufritzen duten pertsonek ez dute ardatz honen kontrola izaten eta ondorioz, gaixo horien gorputzek kortisola gehiegi askatzen dute. Horrek, baina, garunaren ongi izatean eragin kaltegarria izango luke. 

Gaixotasun neuropisikiatrikoen eta hauen tratamenduen inguruko erronkak ezagutzeko, UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia ikerketa-taldeko Igor Horrillo ikertzailearekin bildu gara.

“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Igor Horrillo: Garrantzitsua da gaixotasun neuropiskiatrikoen oinarriak aztertzea hauei aurre egiteko” #Zientzialari (174) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Fruktosaren kontsumoak eragin ditzakeen osasun arazoak

Og, 2022-05-12 09:00

Nahiz eta azken urteetan obesitatearen tratamendu posibleen inguruan asko ikertu eta aurreratu den, oraindik ere lehen mailako osasun-arazoa da mendebaldeko gizartean. Izan ere, obesitatearen prebalentziak etengabe jarraitzen du handitzen eta ondorioz, mundu-mailan heriotza goiztiarren eragile nagusienetakotzat jotzen da.

Jakina izan arren obesitatea faktore anitzeko gaixotasun metaboliko kronikoa dela, haren garapenean eragin handiena duten faktoreak elikatze-ohitura desegokiak eta bizimodu sedentario bat eramatea dira. Obesitateak duen beste ezaugarria da, berarekin lotzen diren osasun-arazoak pairatzeko arriskua handitzen duela. Gaixotasun horien artean 2 motako diabetesa nabarmentzen da, zeina nagusiki obesitatea duten pertsonetan ematen den diabetes mota baita. Beraz, 2 motako diabetesa duten gaixoen gehiengoak obesitatea ere pairatzen duenez, ohikoena izaten da tratamendu berdina preskribatzea bi gaixotasunentzat, kaloria-murrizketan oinarritutako dieten erabilpena delarik nagusiki aukeratzen dena.

Fruktosaren kontsumoak1. irudia: azukre asko daude: laktosa (esnekoa), fruktosa (fruituetakoa eta eztikoa), maltosa (garagardokoa),… Karbohidratoak dira guztiak, baina desberdin metabolizatzen ditugu batzuk eta besteak. (Argazkia: erabilera publiko argazkia. Iturria: pixabay.com)

Zoritxarrez, mota horretako tratamenduek arrakasta urria izaten dute, eta ondorioz, beharrezkoak izaten dira 2 motako diabetesa tratatzeko bestelako erreminta terapeutikoak. Horien artean sakarosa (edo mahaiko azukrea) fruktosagatik ordezkatzea izan da aspalditik erabilitako neurri bat, azken horren xurgapen eta metabolismorako ez baita intsulinarik behar, eta ondorioz, ez du odoleko glukosa-mailen aldaketarik eragiten. Ezaugarri horrek fruktosa sakarosa baino osasuntsuagoa ote den ustea zabaltzea eragin du, zeinak, halaber, fruktosaren kontsumoaren handipena eragin baitu. Zoritxarrez, fruktosaren kontsumoaren handipen hori gaixotasun metaboliko ezberdinen handipenarekin batera eman dela ikusi da, eta ondorioz egun arreta fruktosaren gehiegizko kontsumoak edo kontsumo kronikoak eragin ditzakeen osasun-asalduretara bideratu da.

Gibel gantzatsu ez-alkoholikoa da fruktosaren gehiegizko kontsumoarekin edota kontsumo kronikoarekin lotu den osasun-arazoetako bat. Izan ere, behin hestean xurgatu ondoren, odoleko fruktosaren gehiengoa gibelera sartzen da bertan metabolizatua izateko. Organo horretara heltzen den fruktosa kantitatea handiegia denean, lipidoen sintesia aktibatu eta oxidazioa inhibituko dira, baita oxidazio estresa eta hesteko mikrobiotaren asaldurak sortu ere. Prozesu horiek gibeleko gantz-metaketa eta hantura eragingo dituzte, organo horren funtzionamendu egokia asaldatuz.

Paradoxikoki, ikusi da fruktosa gehiegi edo kronikoki kontsumitzeak intsulinarekiko erresistentziaren garapena eragin dezakeela, zeina 2 motako diabetesaren aurreko urratsa baita. Kasu horretan ikerlan ezberdinek erakutsi dute fruktosak pankreako intsulina jarioa handitzen duela eta hiperintsulinemia sortu. Egoera hori denboran luzatzen denean, intsulina hartzaileen jarduera-murrizketa eragingo da, eta ondorioz intsulinak ez du bere funtzioa egokiro beteko. Bestalde, aurrez aipatu den fruktosak eragindako gibelaren hanturak ere eragina izango du intsulinarekiko erresistentziaren garapenean, glukosaren xurgapenaren murrizketa eragingo baitu.

Aurrekoez gain, fruktosaren gehiegizko kontsumoak edo kontsumo kronikoak erraietako gantz-ehunaren gehiegizko metaketa ere eragin dezake. Hori gertatzen denean, gantz-ehun horrek bitartekari hantura-eragileak jariatuko ditu odolera, baita gantz azido askeak ere, kalteak sortuz egun eta organo ezberdinetan. Era berean, fruktosaren kontsumo desegokiak odoleko lipido-mailen asaldurak ere sortu ditzake, horien artean nabarmentzen direlarik triglizerido eta LDL kolesterolaren maila igoerak, baita HDL kolesterolaren maila murrizketak ere. Horiek horrela, fruktosaren gehiegizko kontsumoak gaixotasun kardiobaskularrak pairatzeko arriskuaren handipena eragingo lukete.

Egun ezagutzen diren datuetan oinarrituz, esan liteke fruktosaren kontsumoa gomendagarria ez izateaz gain, zenbait osasun-arazo garatzeko arrisku-faktorea ere badela. Kontuan izanik fruktosatan aberatsak diren elikagaietako asko (zukuak eta freskagarriak, esaterako) haur eta nerabeek kontsumitzen dituztela, arreta berezia jarri beharko litzateke azukre horrek adin-talde horretan sor ditzakeen efektuetan. Ondorioz, “osasungarriagoak” diren gozagarrietan ikertzen jarraitzea eta elikagaietako fruktosa edukia mugatzen duten lege/arauak garatzea beharrezkotzat jotzen da.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 41
  • Artikuluaren izena: Fruktosaren kontsumoak eragin ditzakeen osasun arazoak: konponbidea arazo bihurtzen denean.
  • Laburpena: Obesitatea lehen mailako osasun-arazotzat hartzen da, epidemia baten tamaina hartuz eta mundu-mailan heriotza goiztiarren eragile nagusietakoa bihurtuz. Gaixotasun metaboliko kroniko honen ezaugarri nagusietako bat berarekin lotzen diren osasun-arazoak dira, eta horien artean 2 motako diabetesa nabarmentzen da. Obesitatearen kasuan bezala, diabetesaren tratamendurako ere murrizketa kalorikoan oinarritutako dietak erabili ohi dira. Hala ere, tratamendu mota horrek arrakasta baxua lortu ohi duenez, bestelako esku-hartzeak ere beharrezkoak dira, eta horien artean sakarosa fruktosarekin ordezkatzea sarritan preskribatzen da paziente horientzat. Izan ere, glukosarekin ez bezala, fruktosaren metabolismorako ez da intsulinarik behar, eta ondorioz, ez da odoleko glukosa-mailen handipenik gertatzen. Hala ere, azken urteetan izan den fruktosaren kontsumoaren handipena gaixotasun metaboliko ezberdinen prebalentziaren handipenarekin batera gertatu denez, arreta handia jarri zaio fruktosari, konponbidea izan beharrean arazoa izan daitekeela uste delako. Esaterako, ikusi da fruktosaren gehiegizko kontsumoak edo kontsumo kronikoak gibel gantzatsu ez-alkoholikoa (GGEA) sortzen duela, de novo lipogenesia aktibatuz, gibeleko gantz-azidoen (GA) oxidazioa murriztuz eta hesteko mikrobiotaren konposizioa aldatu eta iragazkortasuna handituz, besteak beste. Horretaz gain, paradoxikoki fruktosaren gehiegizko kontsumoa intsulinaren erresistentziarekin (IR) ere lotu da. Kasu horretan, pankreako intsulina-jario handiagotua eta gibeleko IR deskribatu dira mekanismo eragile nagusitzat. Azkenik, fruktosaren gehiegizko kontsumoak edo kontsumo kronikoak erraietako gantz-ehunaren (EGE) gehiegizko metaketa eta dislipemiak ere eragin ditzakeela deskribatu da ikerlan ezberdinetan. Horiek horrela, nahiz eta hasiera batean fruktosaren kontsumoa osasungarritzat eta zenbait osasun-asalduraren «konponbidetzat» jo, argi geratzen da haren kontsumo desegokiak zenbait arrisku ere badituela. Ondorioz, beharrezkotzat jotzen da administrazioaren esku-hartzea fruktosaren kontsumoa murrizten edota erregulatzen lagunduko duten arauen garapenerako.
  • Egileak: Iñaki Milton-Laskibar, Irene Besné, Helen Carr-Ugarte, María Puy Portillo
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 109-126
  • DOI: doi.org/10.1387/ekaia.22707
Egileez:

Iñaki Milton-Laskibar, Irene Besné, Helen Carr-Ugarte eta María Puy Portillo UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Saileko, Bioaraba Osasun Ikerketa zentroko eta CIBERobn zentroko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Fruktosaren kontsumoak eragin ditzakeen osasun arazoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Tomateen oparotasunaren abiapuntua: oasi genetikoak

Az, 2022-05-11 09:00

Gaur egun kontsumitzen ditugun tomateen artean aniztasun handia egon arren, azterketek erakutsi dute oso oinarri genetiko urrian abiatu zirela barietate horiek. Zorionez, nekazariak oso adi egon ziren mutazioei.

Fruta dendan edo supermerkatuan sartzen zaren hurrengoan, arren, erakutsi ezazu errespetu pixka bat: benetako heroien aurrean zaude. Ez, oraingoan ez gara ari dendariei buruz —gehienek heroitasun puntu bat badute ere, bai—. Tomate eta bananei buruz ari gara.

Hain egunerokoak izateagatik, askotan ahaztu egiten zaigu fruta horiek bizirik irautea lortu duten heroi txikiak direla. Istorio honetan, super-gaizkileak Fusarium oxysporum izena du, eta izugarrizko triskantzak egiten ditu laborantza askotan —ez ahaztu, arren, hau lizentzia literarioa dela: onddo gizajoak bizirautea eta ondorengoak bermatzea baino ez du nahi, guk guztiok bezala—.

tomate1. irudia: tomatea eguneroko jakia da orain askorentzat, baina, beste laborantza landare asko bezala, nekazariek egindako aukeraketen istorio luze bat du atzean. (Argazkia: Immo Wegmann – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)

Bananen kasuan, Cavendish motako barietatea onddo horren aurrean nagusitu zen, duela hamarkada batzuk luze eta zabal hedatuta zegoen Gros Michel barietatea hondoratu zen bitartean. Tomateen kasuan, Raf barietate espainiar ezagunari hortik datorkio izena, hain justu: Resistente al Fusarium.

Biak ala biak, tomate zein bananak, oso desberdinak dira jatorrizko basa ahaideekiko. Bananen kasuan, basa barietateak haziez beteta daude. Tomateen kasuan, oso txikiak dira, diametroan zentimetro baten ingurukoak, eta guztiak dira borobilak eta gorriak. Gaur egun, ordea, merkatuetan tamaina eta forma desberdinetakoak daude, eta kolorean ere alde nabarmena egon daiteke.

Oparotasun hau, ordea, ez da beti horrelakoa izan. Baina tomateen bilakaera jarraitzea ez da kontu erraza, are gehiago kontutan izanda arrasto arkeologikoek ezer gutxi esan ahal digutela haien historiari buruz. Alabaina, ikertzaile talde bat horien analisi genetiko eta morfologikoan oinarritu da tomatearen etxekotzearen historia berreraikitzen saiatzeko.

Traditom izeneko proiektuaren baitan egin dute ikerketa hori. Bertan, Europan landu izan diren 1254 tomate barietate ikertu dituzte. Journal of Experimental Botany aldizkarian argitaratutako emaitzak aztertuta ondorioztatu dutenez, Europako nekazariak gai izan ziren aniztasun handia lortzeko berez nahiko mugatua zen gene dibertsitate batean abiatuta.

Egileek ikerketa horren gaineko xehetasun osagarriak eman dituzte The Conversation atarian argitaratutako artikulu batean, Jose Blanca eta Joaquin Cañizares Valentziako Unibertsitate Politeknikoko ikertzaileen eskutik.

Bertan azaldu dutenez, orain arte zabalduen egon den hipotesiak dio tomatea Mexikon etxekotu zela. Halere, eta kontuan izanda Peruko eta Ekuadorreko Andeetako goi oihanetan dagoela laborantza tomateen dibertsitate handiena, proposatu dute Mexikotik eremu horretara mugitu zela belar txar gisa; bertan etxekotu bide zuten eta, ondoren, berriro bueltan eraman zen Mexikora, oraingoan laborantza landare gisa. Zantzu genetikoek hori iradokitzen dute.

XVI. mendetik aurrera Ameriketatik Europara eraman zuten ondoren, bereziki Espainiara eta Italiara. Halere, jatorrizko lurraldean zeuden barietateen lagin bat baino ez zen esportatu, eta horrek, noski, ezinbestean aniztasun genetikoaren galera ekarri zuen, kanpoan utzi zirelako hainbat eta hainbat aukera genetiko. Horren emaitza da Europako barietateen azterketaren ondoren aurkitu duten urritasun genetikoa.

Europan elikagai berriak izan zuen ibilbidearen hasiera, gainera, ez zen oso oparoa izan: bereziki herri xehearen artean kultibatu zen, baina goi mailako klase sozialetan ez zen estimatua izan. Gaur harrigarria egiten bazaigu ere, mende askotan medikuek uste zuten fruta eta barazkiak ez zirela oso osasungarriak.

Halere, beste landare askorekin historian egin den bezala, denborarekin nekazariek askotariko kolore, forma, tamaina eta testurak lortu dituzte tomateetan, barietate andana sortuta. Gogoratu beharra dago aniztasuna ez dela soilik gustu kontua. Gaitz berriei edota klima aldaketari aurre egiteko oso komenigarria izan daiteke alternatiben aukera zabala eskura izatea, arazoak sortzekotan, ahalik eta landare mota egokiena erabili ahal izateko. Norabide horretan, mundu osoan mota askotako hazi bankuak daude, normalean hedabideetan Svalbardeko hazien ganga agertzen ez bada ere.

Bi multzo

Ikertzaileek bi barietate multzo identifikatu dituzte Europan: Espainiakoa eta Italiakoa, eta baita bi eremu hauen arteko hibridazioetatik sortutako hirugarren multzo bat ere. Hortaz, azken hau modernoagoa da.

tomate2. irudia: gaur egun tomate barietate asko dago ortu eta merkatuetan, baina horiek nahiko abiapuntu genetiko urritik abiatu dira. (Argazkia: Vince Lee – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)

Mediterraneo inguru hau bigarren mailako aniztasun gune bilakatu zen —Nikolai Vavilov genetistak etxekotutako landaretarako zehaztu zituen zortzi aniztasun guneetatik ondoren sortutakoa, hain justu—.

Gaur egun merkatuan dauden barietate gehienak eremu horietan lortu ziren. Alabaina, lortu ziren barietate tradizional horietako gehienak jada ez dira ereiten, edo oso merkatu txikietan baino ez dira lantzen.

“Bi tomate landare ausaz aukeratuz gero, ikusiko dugu sekuentzia genetiko ia berdinak dituztela”, azaldu dute. “Halere, basamortu genomiko horretan, oasi bakar batzuk badaude. Genoma zati txiki horietan, oso desberdinak diren sekuentzia genomiko batzuk azaltzen dute zenbait barietatek”. Erantsi dute eremu horietako asko intereseko ezaugarriei lotuta agertzen direla: hala nola fruituaren forma edo tamaina kontrolatzen dituztenak. “Bai basamortu handia zein oasi txikiak, biak ala biak izan ziren nekazarien hautespenak egindako zizelkatzearen emaitza”, laburbildu dute, poesia kutsu batekin.

Europako barietateetan aldakortasun handia duten 298 gene eremu aurkitu dira. Horietako asko bat datoz nekazariek egindako hautespenetan faboratu diren ezaugarri morfologikoekin. Izan ere, mutazioei adi egon ziren nekazariak. Kasurako, nor izeneko mutazioak tomateak usteltzeko denborak dezente luzatzea ahalbidetu zuen. Beste mutazioetako bat CLAVATA3 geneari dagokio: fruitu handiagoak eta irregularrak sortzen ditu.

Europako merkatuetan izan zuen bilakaerari dagokionez, egileek gogora ekarri dute hasieran denboraldiko kontsumoa zela tomateena. Negutegiak agertu baino lehen, gainera, zaila zen klima hotzetan tomateak kultibatzea, eta fruituak ez ziren luzaroan kontserbatzen.

Industria iraultzarekin batera etorri zen garraiobideen garapenari esker errazagoa izan zen fruta eta barazkiak garraiatzea, eta Maria bainu moduko kontserbazio teknika berriak edota lata metalikoen agerpena oso lagungarriak izan ziren. Bestetik, hazien lanketa modu profesionalean egiten hasi zen, eta XX. mendearen hasieran berriro basa barietateen bila hasi ziren, modu antolatu batean aniztasun gehiago eskuratzeko. Bide horretatik, gene erresistenteak lortu ziren.

Joan-etorriko bidaia izan da hobekuntza hauena, eta tomate barietate tradizionaletan ere mantendu dira. Egiaztatu dutenez, aztertu dituzten barietate tradizionalen %25ean daude gaitzen aurrean erresistente diren geneak, eta horiek barietate komertzialetarako egindako hautaketa profesionalen ondorio dira.

Dena dela, argi dago tomatearen historia ez dela orain bukatuko, horren gaineko ikerketa eta saiakera asko egiten direlako oraindik. Zentzu honetan, eta beren beregi aipatu gabe, transgenikoen aldeko aldarria egin dute egileek. Laborantzak hobetzea ahalbidetuko duen “edozein teknologia” erabiltzeko beharra azpimarratu dute, nekazaritzak ingurumenean duen inpaktua ahalik eta gehien gutxituz. “Tamalez, zio ideologikoengatik tresnak alboratzeko Europan hartu dugun alternatibak gosetea dakar, bai eta baliabide naturalen alferrikako suntsiketa ere”, erantsi dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Blanca, Jose et al. (2022). European traditional tomatoes galore: a result of farmers’ selection of a few diversity-rich loci. Journal of Experimental Botany, erac072. DOI: https://doi.org/10.1093/jxb/erac072

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Tomateen oparotasunaren abiapuntua: oasi genetikoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteroide baten talka: benetako mehatxua?

Ar, 2022-05-10 09:00

Zeltek beldur ikaragarria zuten zerua haien gainean eroriko ote zen; hori diote gutxienez autore klasiko batzuek. Izu hori Asterix eta Obelix-en komikietan ere ikusi ahal izan da, Abraracurcix-ek berak aipatzen du, zenbait liburuetan, beldur diola bai meteorito bai ekaitz izugarri moduan etor litekeen edozein mehatxuri.

Ez da bat ere harrigarria beldur izatea, zeruan gertatzen diren fenomenoak kontrolaezinak baitira eta, batzuetan, haien dimentsioak guztiz suntsitzaileak baitira; ekaitzak, tornadoak eta asteroideak kasu.

asteroide baten talka1. irudia: asteroide gehienak Marte eta Jupiterren orbiten artean higitzen dira, Gerriko Nagusian. Baina badaude gure Eguzki Sisteman edozein lekutan mugitzen direnak ere. (Argazkia: A Owen – pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Eguzki-sisteman, eguzkiaz eta planetez gain asteroideak eta kometak dauzkagu. Azken biak, oro har, asteroide-gerrikoan eta Kuiperren gerrikoan daude, hurrenez hurren, eta eguzki-sistemako gorputz txikien taldekatzeak dira. Asteroide-gerrikoa Marte eta Jupiter artean 3 bat unitate astronomikora (UA, non 1 UA = 149,6 milioi km) dagoen disko zirkunestelarra da. Bertan 900.000 asteroide antzeman ditugu eta ezagunenen artean Zeres, Palas, Vesta, Higia eta Juno daude. Baina nahiz eta kopuru hori handia izan, asteroide-gerrikoaren material guztia ilargiarenaren %4 da, gutxi gorabehera; beraz, asteroide-dentsitatea ez da oso altua. Pentsatzen da balitekeela bertan planeta bat eratzen hasi izana eguzki-sistema sortzen ari zenean, baina Jupiter lehenago sortu zen (izatez, sortzen lehenetarikoa izan zen) eta haren perturbazio grabitatorioak ez zuen planeta-eraketa hori ahalbidetu.

Kuiperren gerrikoa, ordea, askoz ere urrunago dago, Neptunotik haratago; Eguzkitik 30 UAra hasi eta 50 UAra amaitzen da, gutxi gorabehera. Disko hau ere eguzki-sistemako gorputz txikiez osatuta dago, baina gorputz horiek konposatu lurrunkor (metanoa, amoniakoa, ura…) izoztuez osatuta daude; hau da, kometak dira. Asteroide-gerrikoa bezala, ekliptikaren planoan dago diskoa, baina zaila da bertako objektuak sailkatzea, oso behaketa gutxi existitzen baitira. Disko honen parte dira, esaterako, Pluton eta bere ilargi Caronte, edo Haumea eta Makemake planeta nanoak. Objektu horiei guztiei, eta are urrunago dauden objektu guztiei, TNO deritze, ingeleseko Trans Neptunian Objects-etik eratorritako izendapena.

Bisitatutako asteroideak

Objektu horietatik batzuk hurbiletik aztertu ahal izan ditugu misio espazial askori esker. 2001eko otsailean, NEAR Shoemaker misioak Eros bisitatu zuen. S motako asteroide honek 17 km-ko diametroa dauka, eta zunda espazial batek orbitatutako eta lur hartutako lehenengo asteroidea izan zen. Hurrengoak, Itokawa izenez, S motakoa baita ere, 300 m-ko diametroa du eta Hayabusa misioak bisitatu zuen 2005eko azaroan. Misio hau, sample return mision (laginak lurrera bueltatzeko misioa) zen, eta horrela egin zuen. Izatez, lehena izan zen hori egiten.

Geroago, Toutatis bisitatu zen. Behaketa hori fly-by1 (gain-hegaldi) baten ondorio izan zen: Chang’e 2 espazio-ontzia ilargira zihoala bertatik pasatu zen eta Toutatis-en argazkiak atera zituen 2012 urtean. Bitartean, Dawn misioak asteroide gerrikoko bi gorputz bisitatu zituen: Vesta eta Zeres; lehenengoa, 263 km-ko diametrodun asteroidea, eta, bigarrena, 473 km-ko planeta nanoa. 2011ko abuztutik 2012ko maiatzera arte Vesta orbitatzen ibili zen, eta jasotako datuekin mapa topografiko oso zehatza eraiki ahal izan zen. 2015ean Zeres-era heldu zen eta 2018ko urrira arte egon zen bertan datuak hartzen eta behaketak egiten.

Bukatzeko, Ryugu eta Bennu, C motako asteroideak ere bisitatu ditugu. Ryugura Hayabusa 2 misioa heldu zen 2018ko ekainean eta, laginak hartzeaz gain, bi rover ere eraman zituen haren gainazaletik ibiltzeko. Bennura, ordea, OSIRIS-Rex misioa joan zen eta 2020ko urrian heldu zen. Uste da 60g lagin hartu zituela, baina 2023an dago aurreikusia horiek lurrera heltzea eta orduan jakingo dugu zein den dakarren kantitate zehatza eta zerez osatuta dagoen.

2. irudia: Eros, Toutatis, Ryugu, Bennu eta Itokawa tamaina eskalan hurrenez hurren. (Argazkiak: NASA / GSFC / JHUAPL / CNSA / JAXA / University of Arizona eta The Planetary Society)

Baina ez ditugu asteroideak bakarrik bisitatu, kometa bat orbitatzeko gai ere izan gara gizakiok, 67P/Churyumov-Gerasimenko kometa. Mugarri hau lortu zuen misioa Rosseta izan zen 2014 urtean. Rossetak kometa orbitatu zuen, eta, horrez gain, kometan lur hartu ere egin zuen zeraman Philae zundak. Misioaren amaieran, Philaeren lurrartzetik urtebetera, espazio ontzi nagusiak ere, Rossetak, lur hartu zuen kometan.

Talkak Lurrean

Hala ere, gu ez gara bakarrak izan bisitak egiten, asteroideek ere gu bisitatu gaituzte eta haien talkak izan ditugu Lurrean, besteak beste Chelábinsk-eko bolidoa, Tunguska-ko talka edo dinosauroen desagerpena ekarri zuen asteroidea. 2013ko otsailaren 15ean, Errusian, zehazki Cheliábinsk hirian, 15m-ko diametrodun meteoroide batek 500 kilotoneko energia askatu zuen eztanda izugarria eginez. Hori bezalako objektuak urtean zenbait alditan erortzen dira, baina 30-50 km-ko altueran erretzen dira. Cheliábinsk-ekoak, ordea, beherago askatu zuen energia gehiena, eta, beraz, uhin hedakorrek kalte ugari eragin zituzten hirian. Zorionez kalte gehienak materialak izan ziren, zenbait zauritu egon baziren ere. Talka honen ondorioz 5.000 kg meteorito jaso ahal izan ziren, zatirik handiena 650kg-koa izanik.

Hura baino 105 urte lehenago, 1908ko ekainaren 30ean, inoiz erregistratu den talka gertaerarik handiena gertatu zen Tunguskan. Horrek ez du esan nahi historian gertatutako handiena izan denik, handiagoak egon direla baitakigu, baina bai erregistratutako handiena dela. Haren tamaina 50-190m-koa izan zen eta askatutako energia 10-15 megatonekoa. 80 milioi zuhaitz bota zituen, eta horrela 2.150 km2-ko azalera suntsitu. Zoritxarrez, urria da gertaera horri buruz daukagun informazioa, oso urruneko eremu batean gertatu baitzen eta duela 100 urteko teknologiak egungoak baino muga gehiago zituelako.

Talkekin bukatzeko, Chicxulub-en duela 65 milioi urte gertatutako eta dinosauro eta beste espezie askoren desagerpena ekarritako talka dugu. 10 – 18 km inguruko bolido batek 180 km-ko diametroko kraterra utzi zuen Mexikoko Yucatan-eko golkoan eta 100 teratoneko energia askatu zuela estimatzen da. Talkak ondorio katastrofiko eta suntsitzaileak izan zituen. Alde batetik, megatsunamiak gertatu ziren, talka golkoaren uretan gertatu baitzen. Baina sakonerako handiko urak ez zirenez, sakon harrotu zen itsas azpiko materiala, atmosferan gora eginez lehenengo eta, ondoren erortzean, lurrazalaren kontra talka berriak eraginez. Gertaera horiek suteak, lurrikarak, talka uhinak eta abar ekarri zituzten. Azkenik, atmosfera hautsez eta errautsez bete eta 30 urteko iluntasuna ezarri zen Lurrean. Horrek berotegi efektu dramatikoa eta fotosintesiaren etenaldia izan zituen ondorio gisa. Hortaz, lurreko animalia-espezieen %75 desagertu zen.

Defentsa planetarioa

Zorionez, guk badaukagu garai hartan ez zegoen zerbait: defentsa planetarioa! Horretan dihardute espazio-agentzia batzuk; planetara hurbiltzen diren objektu denak ikuskatzen eta sailkatzen, haien arriskuak balioesteko eta lurra defendatzeko planak garatuz. Plan eta proiektu horien artean AIDA programa daukagu, zeinetan NASA eta ESA elkarlanean ari diren. Programa honen barruan DART (NASA) eta HERA (ESA) misioak daude, helburu nagusitzat asteroide baten orbita desbideratzea dutenak. Baina ez Lurrarentzat arriskua izan daitekeelako, probarako saio moduan baizik.

NASAren DART misioa iazko azaroaren 24an aireratu zen. Haren helburua da 2022ko irailean edo urrian Dydimos asteroideak eta bere ilargi Dimorphos-ek osatzen duten sistemara heltzea, eta azken honen aurka talka egitea. Talka horren ondorioz, Dimorphosen ibilbidea apur bat desbideratuko dela espero dute. Desbideraketa egiaztatze aldera, HERA misioa joango da berriro haraino urte batzuk geroago, 2024 urtean, eta gertatutakoaren datuak hartuko ditu, talkak ilargiaren gainazalean utzitako ondorioak eta ilargiaren ibilbide “berria” aztertzeko. Azkenik, Dimorphos-en lur hartuko du. Beraz, AIDA programak asteroide mehatxagarri baten bidea aldatu ahalko ote genukeen eta horren ondorioak zeintzuk izango liratekeen erakutsiko digu.

asteroide baten talka3. irudia: Asteroide baten talka saihesteko programak jarri dira martxan. Horietako bat da DART edo Double Asteroid Redirection Test ingelesez. DART asteroide bitar baten birbideratzeko proba oinarrian du eta NASAren misio espazial bat da. Misio honek Lurretik gertu dauden objektuen aurkako defentsa planetarioko metodo berri bat probatzea du helburu. (Argazkia: ESA)

2016. urtetik lurrera hurbiltzen diren eta potentzialki arriskutsuak diren objektu denak behatu, jarraitu eta sailkatzen dira, kontrolpean edukitzeko eta, benetako arrisku bat egotekotan, gertakariei aurrea hartzeko. Hortaz, badauzkagu gure planeta asteroide baten talka-mehatxutik defendatzeko baliabide batzuk, eta garapenean dauden beste batzuk. Oraingoz lasai egon gaitezke, ez baitago asteroide mehatxagarririk agerian, askotan egunkariek aurkakoa diotela badirudi ere.

Egileez:

Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) eta Itziar Garate Lopez (@galoitz) UPV/EHUko Fisika Aplikatua I Saileko irakasleak dira eta Zientzia Planetarioen Taldeko kideak.

The post Asteroide baten talka: benetako mehatxua? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Udaberria ez da jada aspaldi zena

Al, 2022-05-09 09:45

Gure nagusiek ahotan izaten dute sarritan beraien garaian gauzak bestelakoak zirela. Hobeak ziren edo ez, hori beste kontu bat da. Baina, zientziak arrazoia eman die gai baten: egungo urtaroak ez dira lehengoak bezala. Izan ere, gaurko neguak laburragoak dira eta udaberriak goizago etortzen zaizkigu.

Urtaro-erritmoekin zerikusia duten fenomeno biologikoen azterketak erakutsi du udaberria hilabete bat aurreratu dela azken urteotan. Fenologia da fenomeno biologikoak aztertzen dituen zientzia. Fenomeno horiek urtaro-erritmoetara egokituta agertzen dira aldizka, eta klimarekin zerikusia dute.

Fenologiak, besteak beste, urteko landareen eta intsektuen ziklo biologikoak, zuhaitzen eta zuhaixken garapenean ikusitako aldaketak eta hegaztien migrazioak  aztertzen ditu. Informazio hori garrantzitsua da klimaren azterketetarako eta nekazaritzarako ere, urtaro-erritmoen aldaketak eragina baitu laboreetan.

udaberria1. irudia: Fenomeno naturalak gertatzen diren datak nola aldatzen diren aztertzen du fenologiak. (Argazkia: Miroslav Kaclík – pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

AEMET agentziak udaberriko eta udazkeneko fenomenoen jarraipena egiten du eta urtero bi txosten fenologiko plazaratzen ditu bildutako datuekin. Prezipitazioak eta landarediaren eta hegaztien fenologiaren datuak jasotzen dira dokumentuetan. 2021eko azken txostenari erreparatuz gero bertan adierazten da abenduaren amaieran, Kantauriko isurialdean tenperaturak nabarmen igo zirela, izotza eta antzigarraren gabezia eman zela, eta, horren ondorioz, hurritzak, haltzak eta belar-espezie ugari goiz loratu zirela.

Negua, antza, ez zen izan negu mina. Neguan tenperaturak igotzeak desorekak eragin zituen animalien eta landareen bizitzan, eta horrela aldatu egin zen urtaro honen ohiko erritmoa, eta hurrengoarena ere, udaberriarena. Azken hau, zegokiona baina hilabete arinago iritsi zela kalkulatzen baita.

Kaskabeltz handiak adierazle

2000ko hamarkadaren hasieran, eskala handiko aldaketa fenologikoen inguruko azterketen emaitzak plazaratu zituzten zientzialariek .Urteetan bildutako datuen arabera, 203 landare- eta animalia-espezieren bizi-zikloak 2,8 egun aurreratu dira hamarkada bakoitzeko.

Horren adibidea da, esate baterako, Wytham basoan bizi kaskabeltz handiak (Parus major) erakutsi duena 75 urteko jarraipena egin ondoren. Beharbada, Lurrean gehien ikertutako naturagunea da Wytham Woods. Tamesis ibaiaren garai arroaren bihotzean dago eta baso hostoerorkorrez eta larrez jositako paraje ederra da. Basoak Oxfordeko Unibertsitatearenak izan dira 1943tik, eta, ondorioz, bertako flora eta fauna asko aztertu dira. Esaterako, 1947az geroztik kaskabeltz handien bizi-ziklo eta bizimodua aztertu izan da.

Penintsulan ere ohikoa da kaskabeltz handia, eta banaka markatutako animalia-populazioaren gainean inoiz egindako jarraipenik luzeena egin dute Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek. Ikertzaileek basoan kokapen finkoa duten 1.209 habi-kutxetan izandako errunaldia eta txitatzeen datuak bildu dituzte.

75 urtez hartu dituzte datuak eta hauen analisiak agerian utzi du kaskabeltz handiak aurreratu egin duela arrautzen errunaldia, batez ere, tenperaturen igoerari erantzuteko. Behaketek erakutsi dutenez, 2022an, urteko lehen arrautza martxoaren 28an jarri zuten, duela 75 urte baino ea hilabete lehenago. Ikertzaileen esanetan, azterketaren hasierarekin alderatuta, ikus daiteke apur-apurka gertatu direla familia-sistema biologikoetan ikusten diren ziklo aurreratuak eta hauek, klima-aldaketaren ondorioz gertatu dira.

Udaberri goiztiarraren eragileak

Ikertzaileek, orain arte, tenperaturen igoerari egotzi dizkiote landare eta animalien bizi-ziklo aurreratuei. Izan ere, uste zen berotze globalak eragindako tenperatura altuko negu leunak zirela ipar hemisferioan udaberria aurreratzearen arrazoi nagusia. Baina martxoan plazaratutako ikerketa baten emaitzek erakutsi dute sikateak ere udaberri goiztiarren eragilea direla. Ikertzaileek esanetan, euri faltak aurreratu du udaberria.

2. irudia: Euriaren maiztasuna murrizteak ipar hemisferioko ekosistemetan hostoen hasiera goiztiarrari laguntzen dio. (Argazkia: Annette Meyer – pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Lan berri honen arabera, azken hogeita hamar urteetan murriztu egin da euriteen maiztasuna ipar hemisferioan eta landareen egutegi naturalari eragin dio. Euri gutxiago egiterakoan zeruan hodei gutxiago dugu, eguneko eta gaueko tenperaturen artean kontraste gehiago ematen da, eguzki-erradiazio handiagoa dago eta faktore horien ondorioz, besteak beste, landareak nahastu egiten dira eta udaberria iritsi dela uste dute (garaia baino lehen). Ikerketak lehen aldiz lotzen ditu euri falta eta naturaren esnatze goiztiarra eta aurreikusten du, mende honetarako espero diren euri-maiztasunaren murrizketaren ondorioz, udaberri biologikoaren aurrerapen gehigarri bat: hamarkada bakoitzeko 1,2 eta 2,2 egun artekoa.

Klima-aldaketak, beraz, gurpil zoro baten sartu ditu ipar hemisferioan urtaroen erritmoa iparrorratz gisa dituzten bizi-zikloak eta urtero errepikatzen diren fenomeno naturalen datak aldatzea eragin du. Izan ere, bertako zaharrenek dioten bezala, gauzak ez dira lehen bezalakoak; ezta udaberria ere.

Iturriak: Erreferentzia bibliografikoak:

Wang, J., Liu, D., Ciais, P. et al. (2022). Decreasing rainfall frequency contributes to earlier leaf onset in northern ecosystems. Nature Climate Change, 12, 386–392. DOI: https://doi.org/10.1038/s41558-022-01285-w

Bates, J. M., Fidino, M., Nowak-Boyd, L., Strausberger, B. M., Schmidt, K. A. & Whelan, C. J. (2022). Climate change affects bird nesting phenology: Comparing contemporary field and historical museum nesting records. Journal of Animal Ecology, 00, 1–10. DOI: https://doi.org/10.1111 Egileaz:

Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zuzendaria da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Udaberria ez da jada aspaldi zena appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #392

Ig, 2022-05-08 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

kolesterola

Paleontologia

Iberiar penintsulako hainbat aztarnategitan legatz arrasoak jaso dituzte, horien azterketa zabala egiteko. Aztarnategi horietako sei Erdi Aroko aztarnategi arabarrak dira. Azterketa honen helburua arrantzaren eta merkataritzaren historian sakontzea zen, eta Fish and Fisheries aldizkarian argitaratutako artikuluan azaldu dutenez, uste zena baino mende bat lehenago gertatu zen arrantza handiaren berragerpena. Bestalde, ezusteko beste ondorio bat ere jaso dute ikerketan. Izan ere, ikusi ahal izan dute oraingo arrainen tamaina askoz txikiagoa dela. Batez bestean, 10-15 zentimetro arteko aldeak aurkitu dituzte lehengo eta oraingo espezie bereko arrainen artean. Alea aldizkarian irakur daiteke: Legatz hezurrek esateko dutena.

Matematika

Morfogenesia organismo batek etorkizunean izango duen eta enbrioian ematen den formaren sorrera- eta garapen-prozesuari deritzo. Prozesu honen ikerketarekin erlazionatuta, 1952 urtean Alan Turing matematikariak biologia matematikoaren arloa aztoratu zuen, The Chemical Basis of Morphogenesis artikuluaren argitalpenarekin.  Turingek artikulu horretan biologiarekin zein kimikarekin erlazionatuta dagoen morfogenesiaren mekanismoa ikertu zuen, landareetan zein animalien ilajeetan agertzen diren patroiak aztertu nahian. Zientzia Kaieran irakur daitekeen “Alan Turing, morfogenesiaren oinarriak matematikarekin azaltzen” artikuluan, Turingen matematikako tresnak eta ideiak zehaztasun eta sakontasun gehiagorekin ulertzera gonbidatzen gaituzte.

Biologia

Olalla Prado Novoa doktoretza-ondorengoa egiten ari da, eta giza eboluzioa da bere intereseko gaia, bereziki, emakumeen ikuspegitik. AEBn egin duen egonaldi batean egun osoko gastu metabolikoa ezagutzeko metodo ez inbaditzaile bat ezagutu du. Azaldu duenez, ura deuterio eta oxigeno-isotopoekin markatu, eta, boluntarioak ur hori edan ondoren, gernuan zein kantitatetan azaltzen diren neurtuta, jakin daiteke zein izan den pertsona horren gastu metabolikoa. Teknika hau erabiliz, bere helburua da ulertzea talde bateko kideen arteko harremanak, eta ingurunearekin zuten elkarrekintza, eboluzioaren zehar. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Espainiar estatuan, basurdeak arazo bilakatu dira zenbait tokitan beren ugaritasunagatik, eta ehizaren bidez egiten da populazio hauen kontrola. Alabaina, ehizak batzuetan guztiz legezkoak ez diren jokabideak hartzen ditu barne. Kordobako Unibertsitateko ikerketa-talde batek Espainiako hego-mendebaldeko ehiza-barruti ezberdinetan egin du azterketa. 75 basurderen ileak ikertu dituzte beren bizitzan zehar izan zuten dieta berreraikitzeko. Honela, ikusi ahal izan dute, basurdeen dietetan oinarrituta, ehiza-barruti horietako batzuetan basurdeak elikadura osagarria izaten dutela, eta beste batzuetan, berriz, gatibu hazitako basurdeak askatu izan dituztela ehiza garaian. Azalpenak Zientzia Kaieran: Azpijokoak basurdearen ehizan.

Mikrobiologia

Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, herpesbirus latentea nola berraktibatzen den argitu dute. Julius Maximilians Unibertsitateko (Alemania) ikertzaile-talde batek lortu du emaitza. Birusaren mikroRNA bat da berraktibazioa eragiten duena. Honekin, orain arte ezezaguna zen mekanismo biriko berri bat aurkitu dute. MikroRNA horrek miR-aU14 du izena, eta birusaren erreplikazioan parte hartzen du berez, baina egoera latentetik ateratzen ere laguntzen duela ikusi dute. Oraindik ez dute birusaren berraktibazio-mekanismoa guztiz xehetu, baina ikertzen jarraituko dutela adierazi dute.

Genetika

Azken 15 urteetan Afrikako biodibertsitatea ikertu dituzten egitasmoen % 70 ez dituzte afrikar ikertzaileek gidatu. Batez ere, Estatu Batuetako, Txinako eta Europako ikertzaileak ibili dira lan horretan. Honek arazo bat ekarri du. Izan ere, ez dira geratzen Afrikan genomikako eta bioinformatikako analisiak egiteko eskarmentua eta baliabideak. Horregatik, 109 afrikar ikertzailek eta 22 afrikar erakundek martxan jarri dute “The African BioGenome project” egitasmoa. Egitasmo honen bidez, 105.000 afrikar espezie sekuentziatu nahi dituzte. Informazio horri esker, besteak beste, Afrikako biodibertsitatearen kontserbazioaren egoera jakingo da eta elikagai-sistema iraunkorrak garatuko dira. Datuak Zientzia Kaieran: Afrika, bere gene-beharrei heltzen.

Klima-aldaketa

Ekonomia justuagoa lortzeko, basoak zabaltzeko eskatu du FAOk. Seulen, Hego Korean, egiten ari diren basoei buruzko kongresuan egin du eskakizuna, “Munduko basoen egoera 2022an” izeneko azterlanean. Honen helburu nagusiak mende amaierarako planeta osasungarriago bat izatea eta tokiko ekonomia sendotzea dira. Hauek lortzeko, aholku orokor batzuk zerrendatu dituzte, besteak beste, oihanak sendatzea, hedatu eta zaintzea, munduan hazten ari den eskaerari erantzuteko basogintzaren sektorea sustatzea edo isuriak gutxitzea.

Osasuna

Ezaguna da kolesterola maila altuegietan izateak osasun arazoak ekar ditzakeela. Alabaina, kolesterolaren funtzioak ezezagunak dira gizartean, eta ez da beti argi izaten zer neurritatik gora den arriskutsua. Hau argitzeko asmoz, Jakes Goikoetxeak molekula honen ezaugarri orokorrak azaldu ditu Berrian: zer den, zer egiten duen gure gorputzean, zenbat mota dauden… Honetaz aparte, azaldu du osasun arazoei dagokiela, LDL edo kolesterol txarra aintzat hartu behar dela batez ere. Arrisku faktorerik ez badugu, LDL kolesterolak dezilitroko 130 miligramotik behera egon beharko luke, eta arriskurik bagenu, dezilitroko 100 miligramo baino gutxiago. Azalpenak Berrian: Kolesterola, ezagun arrotza.

Osasunaren Munduko Erakundeak adierazi duenez,  obesitateak epidemia-izaera hartu du Europan. Bere azken txostenean kontinente zaharreko datuak argitaratu ditu, eta azaldu duenez, helduen % 59, eta haur eta gazteen % 28 bizi da obesitateaz. Argitu du, gainera, munduan obesitate-tasa handiena duen kontinentea dela Europa. Gainera, azpimarratu du heriotzen % 13 eragiten dituela obesitateak, eta gaixotasun ez-kutsakor asko izateko aukera nabarmen handitzen duela. EAEn, bestalde, Save The Children elkarteak gisa honetako datuak argitaratu ditu, eta Europakoen antzekoak dira: 16 urtetik beherako haur eta gazteen % 24,7 bizi da obesitateaz.

Medikuntza

CardioPrint ikerketa-proiektuak bihotzekoren bat izan dutenen bihotzak birsortu nahi ditu hiru dimentsiotako inprimagailuak erabiliz. Zazpi bazkideetatik lau Euskal Herrikoak dira. Bihotzeko baten ondorioz, oxigenorik jasotzen ez duen bihotzeko zatiko zelulak hil egiten dira. Orban bat sortzen da eremu horretan eta bertako zelulak ez dira birsortzen. Horixe izango da, izatez, CardioPrint proiektuaren abiapuntua: laborategian giza bihotzeko ehunak sortu gero bihotzekoa izan dutenei jarri ahal izateko, eta honela, kaltetutako bihotzeko zatiak birsortu. Azalpenak Berrian: Bihotza ‘inprimatzeko’ saioa.

Minaren arloko genero arrakala zera da, medikuek sentitzen duzun mina serio ez hartzea, emakumea zarelako. Honen atzean, osasunarekin lotutako estereotipoak daude, emakumeen gaixotasunak gutxiestean sustraitutako estereotipoak, adibidez. Estatu Batuetako azterlan batek ikusi zuen larrialdi unitateetan emakumeek gizonek baino 16 minutu gehiago itxaron behar izatea botikak jasotzeko, abdomeneko mina zutela azaldu ondoren. Beste ikerketa batek, oraingoan Erresuma Batuan, emakumeek bihotzekoa izan ondoren diagnostiko okerra jasotzeko dituzten probabilitateak % 50 handiagoak dira gizonezkoekin alderatuta, mina gaizki interpretatzearen ondorioz.

Teknologia

Alea aldizkarian irakur daitekeenez, Arabako Parke Teknologikoan jarri dute instalazio fotovoltaiko flotagarri bat ur baltsa txiki baten gainean. Emica Solar enpresak egin du prototipoa, eta teknologia foltovoltaikoaren aldaera hau probatzeko egin dute instalazioa. Ur baltsa bertako lorategiak ureztatzeko baliatzen da berez, eta bertan, plataforma flotatzaile baten gainean daude ezarrita eguzki plakak. Enpresa sustatzaileak hedabideei helarazitako ohar batean azaldu duenez, diseinu honek lurrunketa naturalaren, mantenu kostuen eta ur flora eta faunaren gaineko afekzioaren gutxitze nabarmena dakar. Azalpenak Alea aldizkarian: Eguzki panelak, uraren gainean.

 

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #392 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #398

La, 2022-05-07 09:00

Covid-19a sortzen duen koronabirusak entzefaloan eragina du eta, beraz, kognizioan. Zuhurra izateko arrazoia. Cognitive and brain changes due to SARS-CoV-2 José R. Pinedarena.

Metabertsoan gauzengatik dirua ordaintzen duenik bada. Ondasunak ere erosten dituela esaten duenik bada. Kontua da zuzenbide inmobiliarioa ez dela aplikatzekoa, zuzenbide zibila, baizik. Can you truly own anything in the metaverse? João Marinottirena.

Grafeno nanozinta baten ertzetan aldaketa txikiak eginda, DIPCkoek propietate magnetiko berriak lortu dituzte. Generation of net spins on chiral GNRs

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #398 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Olalla Prado, giza eboluzioan aditua: “Lorpenak ez dira indibidualak, taldearenak baizik”

Or, 2022-05-06 09:00

Olalla Prado Novoa doktoretza-ondorengoa egiten ari da, eta justu AEBn egiten ari den egonaldia amaitzen ari zaio. Esperientzia paregabea izan dela onartu du, eta nabari zaio benetan gozatu duela, alde pertsonaletik zein akademikotik: “Giza metabolismoaren gastua neurtzeko teknika jakin batzuk ezagutzera eta haietan trebatzera etorri nintzen, eta beste mundu batekin egin dut topo. Hemen beste era batera ulertzen dute ikerketa, eta bai harremanak bai baliabideek ez dute zerikusirik Espainiakoarekin. Beste maila batean daude”.

Ourensen jaioa da, eta Galizian egin zituen unibertsitate-ikasketak eta bitartekoak. Gero, giza eboluzioan sakontzeko, masterra egin zuen Burgosko Unibertsitatean, eta CENIEH giza eboluzioaren ikerketarako zentroan, berriz, egin du doktoretza. Eta orain, Aberdeengo Unibertsitatearen bitartez, VPISU Virginiako institutu politekniko eta unibertsitate estatalean izan da. Eta garbi ikusi du aldea sekulakoa dela.

Olalla PradoIrudia: Olalla Prado Nóvoa, giza eboluzioan doktorea.

“Alde batetik, gogo handia nuen doktoretza atzean uzteko eta nire kasa ikertzeko. Baina, batez ere, alderdi akademikotik eta formazioarenetik, hartu dudan erabakirik onenetakoa izan da. Ikerketa nola ulertzen duten, zenbat baliabide inbertitzen dituzten, kideen arteko harremanak… ez du hangoarekin zerikusirik. Hemen ulertzen dute merezi duela ikerketan inbertitzea, eta diziplinartekotasuna egiazkoa da. Lorpenak ez dira indibidualak, taldearenak baizik; beraz denak prest daude besteari laguntzeko, denen onurarako izango baita haren lana aurrera ateratzea. Asko arduratzen dira gustura egon zaitezen, ikertzaile gazteak gehiago zaintzen dira, eta baikorragoak dira”.

Horrez gain, doktoretza egin ondoren, askoz ere errazagoa da enpresa pribatu batean lana lortzea; eta zientziei buruzko ikuspegi zabalagoa dute, ez dute hainbeste bereizten humanitateen eta zientzien artean.

Izan ere, egiaz, bereizketa ez da hain garbia kasu askotan, adibidez, Pradoren beraren kasuan: historia ikasi zuen, eta metabolismoa aztertzeko teknikak lantzen ari da.

Horrela azaldu du bi arloen artean dagoen lotura: “Txikitatik, garbi nuen arkeologo izan nahi nuela ―bai, Indiana Jonesek du errua― . Eta, orain, badaude beste bide batzuk arkeologo izateko, baina orduan historia-ikasketen bitartez egiten zen. Giza eboluzioa da nire intereseko gaia, bereziki, emakumeen ikuspegitik. Eta garbi nuen Atapuercara joan behar nuela. Hortaz, Burgosko Unibertsitatera joan nintzen, giza eboluzioari buruzko masterra egitera. Horrela hasi nintzen emakumeen gastu energetikoa ikertzen, egoera fisiologikoaren arabera, eboluzioan zehar”.

Eboluzioa, emakumeen ikuspuntutik

Jakina, hori ezin da zuzenean ikertu, baina gaur egungo emakumeen datuak ikertuta, eta aztarna arkeologikoetatik lortutako zenbait parametro aintzat hartuta, simulazioak egin daitezke. Hori izan da Pradoren lana, eta, orain, AEBn, egun osoko gastu metabolikoa ezagutzeko metodo ez inbaditzaile bat ezagutu du. “Ura deuterio eta oxigeno-isotopoekin markatu, eta, boluntarioak ur hori edan ondoren, gernuan zein kantitatetan azaltzen diren neurtuta, jakin daiteke zein izan den pertsona horren gastu metabolikoa”, esplikatu du.

Metodo hori, beraz, oso lagungarria zaio datu zehatzagoak lortzeko eta simulazio hobeak egiteko. Azken helburua da ulertzea talde bateko kideen arteko harremanak, eta ingurunearekin zuten elkarrekintza, eboluzioaren zehar. Batik bat, emakumeetan, gizonetan baino gutxiago ikertu baita. Bere tesian, esaterako, batetik, ikertu zuen haurdunen gastu metabolikoa gizaki modernoaren aurreko espezieetan, eta, bestetik, ea sexuen araberako lan-banaketa sexuen arteko diferentzia energetikoen ondorio zen.

Ondorio honetara iritsi ziren: “Ikusi genuen ezetz, gizonen eta emakumeen artean ez dagoela abantaila edo desabantaila energetikorik, lan jakin bat egiteko. Antza denez, espezializazioak inguruneko baliabideak hobeto ustiatzea dakar. Gero, baliabideak taldekideekin partekatuta, bizirauteko aukera areagotzen da. Horrek azaltzen du lan-banaketa; eraginkorragoa eta hobea da taldearentzat“.

Elkarlanak norbere kasa aritzeak baino emaitza hobeak ematen ditu, beraz, lehen eta orain. Aurrera begira, Espainian lan egitea gustatuko litzaioke, baina ez du erraza ikusten. Doktoretza-ondorengoarekin jarraitzeko atzerrian eskatu ditu pare bat beka, eta erantzunaren zain dago Olalla Prado. “Ea zortea dudan”. Hala bedi.

Fitxa biografikoa:

Olalla Prado Nóvoa Ourensen jaioa da (Galizia), 1990ean. Historian lizentziatu ondoren, Giza eboluzioari buruzko masterra egin zuen Burgosko Unibertsitatean. Jarraian, doktoretza egin zuen CENIEH giza eboluzioaren ikerketarako zentroan, eta, orain, Aberdeengo Unibertsitatearen bitartez, VPISU Virginiako institutu politekniko eta unibertsitate estatalean izan da, egonaldi bat egiten.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Olalla Prado, giza eboluzioan aditua: “Lorpenak ez dira indibidualak, taldearenak baizik” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Alan Turing, morfogenesiaren oinarriak matematikarekin azaltzen

Og, 2022-05-05 09:00

1952 urtean, The Chemical Basis of Morphogenesis artikuluaren argitalpenarekin, Alan Mathison Turing matematikariak biologia matematikoaren arloa aztoratu egin zuen ideia iraultzaileak berera ekarriz. Ordutik, ideia horiek zientziako arlo ezberdinak elikatu izan dituzte, adibidez, matematika, fisika eta adimen artifiziala.

Morfogenesia enbriologiaren arlo bat da. Morfogenesi hitzaren itzulpen literala “formaren jatorria” da. Berez, morfogenesia organismo batek etorkizunean izango duen eta enbrioian ematen den formaren sorrera- eta garapen-prozesuari deritzo.

Turing1. irudia: Alan Turing (Paddington, Londres, 1912 – Wilmslow, Cheshire, 1954). (Iturria: Ekaia aldizkaria)

The Chemical Basis of Morphogenesis artikuluan morfogenesiaren inguruko edukiak ulertzeak Turingen ikerketek bere garaian eta aurrerantzean izan duten garrantziaz jabetzera lagun diezaguke. Bestetik, biologia matematikoaren ondorengo ikerketa-bideak nondik jarraitu izan duten hobeto ezagutzeko aukera ematen digu. Horregatik, laburpen honekin eta ikerlanarekin, irakurlea Turingen artikuluan agertzen diren matematikako tresnak eta ideiak zehaztasun eta sakontasun gehiagorekin ulertzera gonbidatzen dugu.

Matematika morfogenesia azaltzeko

Turingek, bere artikuluan, biologiarekin zein kimikarekin erlazionatuta dagoen morfogenesiaren mekanismoa ikertu zuen, landareetan zein animalien ilajeetan agertzen diren patroiak aztertu nahian. Horretarako, matematikako kontzeptu eta baliabide ezberdinak erabili zituen: ekuazio diferentzialak, deribatu partzialetako ekuazioak, erreakzio-difusio ekuazioak, Fourierren serieak eta funtzioen linealizazioa, besteak beste.

Artikuluan, ehunez osatutako masetan dauden morfogeneen (aztertu zituen substantzia kimiko arbitrarioei eman zien izena) jarrera ezagutzeko, egoera eta eremu sinpleenak aztertzen hasi zen Turing. Bi eredu matematiko hauek aurkeztu zituen: eraztun diskretuko eta eraztun jarraituko eremuak, artikuluko Reactions and Diusion in a Ring of Cells eta Continuous Ring of Tissue ataletan, hurrenez hurren.

Turing2. irudia: “The Chemical Basis of Morphogenesis”, 1952. (Iturria: Ekaia aldizkaria).

Eraztun diskretuko eremuan, erreakzio-difusio ekuazioen ondorengo sistema planteatu zuen Xr = X(r, t) eta Yr = Y (r, t) morfogeneen kontzentrazioen aldaketa azaltzen saiatzeko:

Turing

∀ r ∈ (1,…, N), izan ere, eraztun diskretuan N zelula daudela suposatu zuen. Hau da, eraztuneko zelula bakoitzarentzako horrelako sistema bat betetzea eskatu zuen.

Deskribatzen ari garen (1) sisteman, ekuazio bakoitzeko eskuinaldeko bigarren batugaiek morfogeneek jarraitzen duten difusio-prozesua adierazten dute, μ eta ν parametroak zelularteko difusio-koezienteak izanik. Bestalde, f eta g funtzioek (erreakzio-zinetiko gisa ezagutzen direnak) Xr eta Yr morfogeneen substantzien kontzentrazio-aldakuntzak definitzen dituzte, erreakzio-prozesuaren adierazpide dira.

(1) sistemaren soluzioa bilatzeko, lehenik eta behin, Turingek sistema linealizatu zuen Taylorren garapenak erabiliz. Hau da, f eta g funtzio linealen bidez hurbildu zituen oreka-puntu baten inguruan. Ondoren, jatorrizko kontzentrazioen gorabeherak adierazten dituzten xr zein yr funtzioen Fourierren seriezko garapenak lortuta eta sisteman ordezkatuta, Kalkuluko deribatuen eta serieen emaitza teorikoetan oinarrituta, (1) sistema ebazteko gai izan zen.

Eraztun jarraituko eremurako, deribatu partzialetako ekuazioez baliatuta, erreakzio-difusio ekuazioetako sistema hau planteatu zuen Turingek:

non = X (ρ, θ , t) eta Yρ = Y (ρ, θ , t) funtzioek t uneko, θ ∈ [0, 2π] angeluko (OX ardatzarekiko neurtuta) eta ρ erradio finkoko eraztuneko puntuko substantzia kimikoen kontzentrazioak adierazten dituzten. Bestalde, ρ ∈ (ρ1, ρ2) dago (ρ1 eta ρ2 aztertzen ari garen eraztunaren bi erradioak dira) eta f(Xρ, Yρ) zein g(Xρ, Yρ) morfogeneen arteko erreakzioaren adierazpide dira. Bigarren ordenako terminoak difusioaren adierazle dira, µ’ eta ν’ zelulen arteko difusio-koezienteak izanik. (2) sistemaren soluzioa bilatzeko, eraztun diskreturako erabilitako baliabide matematikoen antzekoak aplikatu zituen Turingek.

Aurretik txertatu ditugun eredu matematikoak planteatuta, Turingek forma biologikoak substantzia kimikoen kontzentrazioetako aurrereduei jarraiki sortzen zirela iradoki zuen. Hau izan zen bere proposamena: morfogeneak era “egokian” erreakzionatuz eta hedatuz gero, morfogeneen kontzentrazioetan espazio-patroiak era zitezkeela baldin eta hasierako zelulen bilduraren banaketa uniformea bazen. Hau da, hasierako substantzia kimikoen sistema “nahiko” homogeneoa izango balitz, denbora pasa ahala, ausazko desorekek oreka-puntu homogeneoetan eragiten zituzten ezegonkortasunengatik, patroi bat baino gehiago garatuko liratekeela, Turingen patroi deritzenak.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 41
  • Artikuluaren izena: Alan Turing-ek morfogenesiaren inguruan
    egindako ikerketaren analisi matematikoa.
  • Laburpena: Artikulu honetan, Alan Turing matematikariak 1952an morfogenesiaren inguruan aurkeztu zuen The Chemical Basis of Morphogenesis lanaren zati bat aurkeztu eta matematikoki garatu da. Horretarako, beharrezkoak diren matematikako kontzeptuak eta baliabideak azalduko dira. Konkretuki, Alan Turingek artikuluko «Reactions and Diffusion in a Ring of Cells» (eraztun diskretuko eremua) eta «Continuous Ring of Tissue» (eraztun jarraituko eremua) ataletan gehiegi sakondu edo zehaztu gabe erabili zituen ekuazio diferentzialak, erreakzio-difusio ekuazioak, Fourierren serieak eta funtzioen linealizazioa azaltzen dira, eta bi eremu horietan planteatutako ekuazio-sistemen soluzioak bilatzeko erabili dituzte egileek. Artikulua UPV/EHUko Idoia Marauri ikasle ohiaren Gradu Amaierako Lanean oinarrituta dago.
  • Egileak: Jone Apraiz Iza, Idoia Marauri Bernedo
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 275-310
  • DOI: doi.org/10.1387/ekaia.22214
Egileez:

Jone Apraiz Iza eta Idoia Marauri Bernedo UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Alan Turing, morfogenesiaren oinarriak matematikarekin azaltzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Azpijokoak basurdearen ehizan

Az, 2022-05-04 10:20

Bati baino gehiagori jada arraroa egiten zaio ehiza oraindik praktikatzen dela jakitea. Gizakia kobazuloetan bizi zeneko istorioak dira horiek, elikagaia eskuratzeko mamutak eta leizeetako hartzak bezalako basapiztiak harrapatu behar zirenekoak. Alabaina, orainaldian ere badago ehizatzearen grina duen jenderik, geroz eta gutxiago bada ere. Gaur egun, ehizak ere baditu bestelako erabilerak; besteak beste, zenbait animalia basatiren gaineko populazioaren kontrola.

Espainiar estatuan, adibidez, basurdeak arazo bilakatu dira zenbait tokitan beren ugaritasunagatik, eta ehizaren bidez egiten da populazio hauen kontrola. Izatez, ehiza da, gaur egun, basurdeen hilkortasun-kausa garrantzitsuena.

Basurdeak (Sus scrofa) ez dira espezie inbaditzailea, baina ugariak dira ingurune natural askotan. Animalia handiak dira basurdeak, eta, beraz, ez dute harraparirik; eta hori da arazo nagusia. Garai batean, gure lurraldean oraindik goi-mailako harrapariak (otsoa, hartz arrea…) aurki zitezkeen garaietan, animalia horiek kontrolatzen zituzten basurdeen populazioak, beren bazka baitziren. Gizakiok, ordea, kate-trofikotik ezabatu ditugu harrapari horiek, eta orain, gu haien harrapari bihurtzea izan da basurdeak kontrolpean mantentzeko modua.

basurdeakIrudia: ikerketa bate basurdearen ehizan baimenduta ez dauden praktikekin topo egin du. Animalia hauen elikadura aztertzea helburu zuten ikertzaileek baimendu gabeko elikadura osagarria ematen zitzaiela aurkitu du (azterketa-eremuan modu naturalean aurkitzen ez ziren elikagaiak). Animaliak ehizatzen ziren lekuetara erakartzeko asmoa duen jokabidea litzateke berori. (Argazkia: Eveline de Bruin – pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Iragana argiturik, orainaldian kokatuko gara, eta gaur egun, basurdeak ehizatzea baliagarria da populazioen kontrolerako. Urtero populazioen neurketak egiten dira, eta behin hau jakinda kupoak ezartzen dira, garai bakoitzean ehizatu daitezkeen indibiduo kopurua zehazteko. Alabaina, praktika honek, batzuetan, guztiz legezkoak ez diren jokabideak hartzen ditu barne, eta ikerketa-zientifiko batek frogatu du, lehen aldiz, ekintza horietako bat benetan gertatzen dela.

Isotopo egonkorrak basurdeak aztertzeko

Kordobako Unibertsitateko ikerketa-talde batek espainiar hego-mendebaldeko zenbait ehiza-barrutietako basurdeak ikertu ditu, zehazki 7 populazio ezberdinetako 75 basurde. Azterketa honen helburua basurde horiek elikadura-osagarria izan zuten ikertzea izan zen. Hau aztertzeko, basurdeen ileak erabili zituzten, zehazki, ileetako isotopo egonkorrak. Isotopo egonkorrak zera dira, erreaktiboak ez dien nukleidoak (elektroirik gabeko nukleoak). Elementu kimiko batek isotopo bat baino gehiago izan ditzake, baina nukleidoan dituen protoi eta neutroien kopuruaren arabera, egonkorra ala ezegonkorra izango da isotopo hori. Bada, karbonoak eta nitrogenoak, adibidez, isotopo egonkor bat baino gehiago dituzte, eta, biologian, bereziki interesgarriak dira Karbono-13 (nukleoan 6 protoi eta 7 neutroi dituen karbonoaren isotopo egonkorra) eta Nitrogeno-15 (nukleoan 7 protoi eta 8 neutroi dituen nitrogenoaren isotopo egonkorra) isotopoak.

Baina zergatik dira interesgarriak isotopo hauek biologian? Ba, landare mota bakoitzak isotopo hauen proportzio ezberdina dutelako beren ehunetan, aurrera eramaten duten metabolismo motaren arabera. Proportzio hauen arabera sailka ditzakegu landareak: Karbono-13 isotopoaren proportzio altuagoa dute, adibidez, gariak, tuberkuluek eta loredun landare gehienek, artoak edo azukre-kanaberak dutena baino altuagoa. Honela banatzen dira C3 eta C4 motako landareak, karbono-13 isotopoak haien ehunetan duen agerpenagatik, hain zuzen. Bestalde, Nitrogeno-15 isotopoaren balioak askoz ere aldakorragoak dira, eta landareen sailkapen zehatzagoa egiteko erabiltzen dira.

Basurdeetara itzuliz, Kordobako ikertzaile hauek ideia erabat berritzailea izan zuten. Izan ere, landare-ehunen isotopo-proportzioen arrastoa jarraitu dakioke kate-trofikoan gora eginda; alegia, landareetatik belarjaleetaraino edo orojaleetaraino. Ilea gorputzeko ehun bereziki interesgarria da honetarako, zelula hilen pilaketak baitira ileak, eta, ondorioz, informazio isotopikoa gordetzen apartak dira. Beraz, ileak erabiliz, ikertzaile hauek 75 basurde horiek beren bizitzan zehar izan zuten dieta berreraiki ahal izan zuten.

Legez kanpoko praktikak agerian

Eskuratutako emaitzak guztiz adierazgarriak izan ziren. Askatasunean orojalea da basurdea, gehienbat ingurunean topatzen dituen landareez elikatzen baita. Alabaina, animalia oportunistak dira basurdeak, eta giza jatorriko elikagai osagarria topatuz gero, zalantzarik gabe baliatuko dute aukera. Hau jakinik, ehizaren inguruan elikagai osagarria jarri izan zaie basurdeei, bi helburu nagusirekin: haiek ehiza-guneetara erakarri eta bertan ehizatzeko, edo/eta basurdeak bazkatzeko eta, honela, ehiza daitekeen indibiduo-kopurua handitzeko. Muturreko egoeretan, basurdeen haztegiak ere aurkitu izan dira, non animaliak hazten diren, ondoren ehiza-barrutietan askatzeko.

Bada, ikerketa honetan aztertutako 7 populazioetan (A-tik G-ra izendatuak), bostek artoa jan izanaren arrastoa zuten beren ileetako isotopoetan. Artoa pentsuaren oinarrizko osagaia da, eta 75 basurde horiek ez zuten inolako aukerarik beren kabuz arto-landaketa batera edo beste edozein jatorrira iristeko. C eta F populazioek landaretza mediterranearra jan izanaren arrastoak erakutsi zituzten, hau da, bertako landaretza. B populazioko basurdeek, ordea, artoan oinarritutako dieta bat izan zuten beren bizitza osoan zehar. A, D eta E populazioen ileetako isotopoetan dietako aldaketa bat argi bat nabari zen; lehen urteetan landaretza mediterranearra jan zuten, eta une batean, artoan oinarritutako dietara egin zuten salto. G populazioak, azkenik, bi dieten arteko nahaste bat erakusten zuen kronologikoki, bertako landaretza eta artoa, biak, jaten zituztenez gero.

Emaitza hauek ikusirik, ikertzaileek zenbait hipotesi aipatu dituzte argitaratu duten artikuluan, datu hauen zergatia azaltzeko:

  • B populazioko basurdeak gatibu hazitako indibiduoak izango lirateke, eta ehiza-sasoia baino zertxobait lehenago askatuko zituzketen helburu argi batekin. Praktika hau guztiz legez kanpokoa da aurretiaz baimena eskatu ezean.
  • Bestalde, A, D, E eta G populazioetako emaitzek iradokitzen dute basurde hauek bazka osagarria izan zutela beren bizitzaren aldiren batean, ehiza-guneetara erakartzeko edo populazioak handitzeko.

Honekin ez da iradoki nahi Espainiar estatu osoan honelako jokabideak izaten direnik. Ikerketa Espainia hego-mendebaldeko ehiza-barruti jakin batzuetan egin zen, eta jokabide horiek ezin dira orokortu beste barruti edo lurralde batzuetara. Alabaina, basurdearen ehiza justifikatzeko premisek bete-betean egiten dute talka honelako praktikekin. Gainera, animaliak inolako kontrolik gabe askatzeak hainbat arazo ekar ditzake. Besteak beste, introgresio genetikoak gerta daitezke populazioetan eta haien kontserbazioa kaltetu. Era berean, populazioen arteko gaixotasunen hedapena ere larriagotu daiteke, eta ondoren gizakietara heltzeko aukerak handitu, ahaztu gabe horrek guztiak dakartzan ondorio sozio-ekonomikoak.  Frogatu da kalte egiten diela ekosistemei ingurune naturalean basurde asko egoteak, baina praktika hauek erakusten dute, beste behin, ingurunearen babesa gizakiaren interes propioen azpitik geratzen dela.

Erreferentzia bibliografikoak:

Vedel, G., de la Peña, E., Moreno-Rojas, J. M., Gómez, J. C. M., & Carranza, J. (2022). Stable carbon and nitrogen isotope values in hair reveal management differences and hidden practices in wild boar populations. Science of the Total Environment, 823, 154071. DOI: https://doi.org/10.1016/j.scitotenv.2022.154071

Quirós-Fernández, F., Marcos, J., Acevedo, P., & Gortázar, C. (2017). Hunters serving the ecosystem: the contribution of recreational hunting to wild boar population control. European Journal of Wildlife Research, 63(3), 4–9. DOI: https://doi.org/10.1007/s10344-017-1107-4

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Azpijokoak basurdearen ehizan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Minaren arloko arrakala

Ar, 2022-05-03 09:00

1807an, Liverpoolen, 77 urteko emakume bat hil zen, J.S., urte askoan umetokian min akutua izan ondoren. Zenbait medikurekin kontsultatu zuen, baina inork ez zuen zergatia ikertzeko lanik hartu. Autopsiak erakutsi zuenez, pelbiseko eta abdomeneko organoak oso erasanda zituen. Hala ere, bera aztertu zuen azken medikuak, John Rutterrek, ez zuen inoiz pentsatu egiten zizkion miaketetan aurkitutakoak J.S.-k aipatzen zuen min maila handia azaltzeko bezain larriak zirenik.

Emakumea «urduri» zegoela eta horregatik bere agonia puztu egiten zuela ondorioztatuta, histeralgia diagnostikatu zion; etimologikoki, umetokiko mina. Termino hori, halabeharrez, histeriaren historiarekin lotuta dago eta, esaterako, Wikipediako orrialde honetan irakur ditzakegun horri buruzko diagnostiko eta tratamenduek barre eginaraziko digute, haserrea pasatzen zaigunean.

minaren arloko arrakala1. irudia: 1952an, Amerikako Psikiatria Elkarteak (A.P.A) histeria gaixotasuntzat hartzeari utzi zion. (Argazkia: Engin Akyurt – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Medikuek ez zuten inoiz serio hartu J. S.-ren mina, emakumea zelako. Hori are iraingarriagoa da gizonen kasuarekin alderatuz gero; azken horiek diotena sinesgarriagotzat eta neurrizkoagotzat jotzen da, deskribapen soiltzat eta kausa larriekin lotutzat. Joera horri minaren arloko genero arrakala deitzen zaio, eta, horren atzean, osasunarekin lotutako estereotipoak daude; emakumeen gorputzari buruzko diskurtso medikoetan eta emakumeen gaixotasunak gutxiestean sustraitutako estereotipoak. Zorionez, arrakalari eta berau areagotzen duten aurreiritziei buruzko ikerketan lortutako ebidentziek mito horiek deuseztatzen dituzte.

Emakumeen minaren gutxiespena

Gero eta azterlan gehiagok erakusten dutenez, emakumeek mina adierazten dutenean joera hori izateak diagnostikoan eta ondorengo tratamenduan eragin negatiboa du. Emakumeen min fisikoa serio hartzen denean, profesional txar batek asmatutzat edo puztutzat jo eta irribarre gutxiesgarria egiten ez duenean, haren osasuna eta ongizatea nabarmen hobetzen dira. Deigarria da Ameriketako Estatu Batuetako larrialdi unitateetan emakumeek, abdomeneko mina dutela azaldu ondoren, batez beste gizonek baino 16 minutu gehiago itxaron behar izatea botikak jasotzeko, eta, mina arintzeko lehen aukera gisa tratamendu hori jasotzeko dituzten aukerak % 7 txikiagoak izatea. Aurreko aukerak dira: baso bat ur hartzea, arnasa hartzea, antsiolitiko bat hartzea eta «lasaitu zaitez» entzutea.

Erresuma Batuko azterlanek erakusten dutenez, emakumezkoen mina gaizki interpretatzearen ondorioz –adibidez, antsietatearekin nahastea–, emakumeek bihotzekoa izan ondoren diagnostiko okerra jasotzeko dituzten probabilitateak % 50 handiagoak dira. 2020an endometriosia zuten emakumeei egindako inkesta batean ikusi zenez –eta horretaz ari garela, batez beste zazpi-bederatzi urte igarotzen dira diagnostikatu arte–, min ginekologikoa buruko osasun arazoekin lotzearen ondorioz kasuen % 50ean atzerapenak sortu eta diagnostikoak galdu ziren.

Hori baino errealitate onartezinago bat ere badago: gutxiengo kaltebera batzuek mina adieraztean sortzen diren aurreiritziak. Adibidez, emakume beltzen minaren pertzepzioaren aurrean dagoen joera arrazistaren ondorioz, mina ez da aintzat hartzen eta diagnostikoak atzeratu egiten dira, batez ere, amen osasunaren eta ugalketa osasunaren arloetan.

Munduan, emakumeek gizonek baino min kroniko handiagoa izaten dute. Planeta osoko emakumeengan mina eragiten duten gaixotasunen karga handitu denez, erantzun klinikoetan dauden desparekotasunen arrazoiak eta ondorioak ulertzea, jorratzea eta behar bezala ezabatzea ezinbestekoa da. Sinesmen faltsuez ohartzeak, diagnostiko prozesuetan generoa kontuan hartzeak eta minaren arloko ezberdintasunen oinarri biologiko eta psikosozialei buruz gehiago ikertzeak emakume askoren bizi kalitatea hobetzen lagunduko lukete. Osasunaren zaintzan erabateko genero berdintasuna lortzeko, medikuntzak bere iragana aztertu ere egin behar du. Kasu historikoek erakusten dutenez, generoarekin lotutako minaren arloko mitoek oraindik ere indar handia dute, baita aurrerapen zientifiko eta biomediko asko egin ondoren ere.

2. irudia: Eskuinean: neurona klasiko baten egitura. Ezkerrean: nerbio sistema periferikoko neurona baten kalibre handiko axoi bat inguratzen duen Schwann-en zelula batek mielina zorroa osatzen du. (Iturria: Wikimedia Commons – CC BY SA 3.0 lizentziapean)Minaren gaia genero ikuspegi berria

Histeria, diagnostiko gisa, erabat zaharkituta dagoen arren, osasun profesional batzuek oraindik aipatzen dute, emakume baten min adierazpenak sinesgarriak iruditzen ez bazaizkie eta jaramon handirik ez zaiela egin behar uste badute. Ezgaitasun profesional horren aurrean, generoarekin lotutako minaren arrakala desagerrarazteko ahaleginak egin eta heziketa eman behar da. Ildo horretan, minaren gaia genero ikuspegi berri horretatik lantzen duten ekimen asko daude. Halako ikerketetan, besteak beste, minaren neuronen jarduera genetikoa aztertzen ari dira. Horrek botika esperantzagarrienak identifikatzen lagundu dezake eta, halaber, gizonen eta emakumeen minak ezberdinak direla erakusten du. Diana Tavares-Ferreirak eta haren kideek erronka horiek guztiak planteatu zizkioten beren buruari eta beren ondorioak 2022ko otsailean argitaratu zituzten (Tavares-Ferreira et al., 2022). Min kronikoarekin aktibatzen diren neuronak hautemateaz gain, aintzat hartu gabe zegoen nerbio sistemako zelula mota bat (Schwann-en zelula) deskubritu zuten azterlanean. Horrek erakusten du minaren pertzepzioari buruz asko daukagula ikasteko oraindik.

Min kronikoak, definizioaren arabera 12 astetik gorako iraupena duen minak, Erresuma Batuko heldu guztien ia erdiari eragiten dio. Mundu mailan, min hori duten pertsonen % 70 inguru emakumeak dira. Munduko biztanleak zahartzen ari diren neurrian, gero eta premiazkoagoa da tratamendu eta terapia berriak aurkitzea, adinekoen artean min kronikoa izatea ohikoagoa delako.

«Arratoiekin egindako minaren inguruko azterlan gehienetan, gizakientzako helburu farmakologikoak bilatzen direnean, nolabaiteko egokitzapen falta bat sumatu da», dio Diana Tavares-Ferreirak. Espezieen arteko ezberdintasunei buruz gehiago ikasteko, berak eta bere taldeak beren gorpua zientziari eman zioten hildako zortzi pertsonaren minaren neuronak mapatu zituzten eta, gero, aurkikuntza horiek arratoiekin eta tximinoekin lortutako datuekin alderatu zituzten.

3. irudia: bizkarrezur muinaren sekzio bat. Aurreko eta atzeko sustraia eta bizkarrezurreko gongoila agertzen dira. (Iturria:  Wikimedia Commons – domeinu publikoko irudia)

Minaren seinaleak neurona espezializatuen bidez transmititzen dira gorputz osoan hedatzen diren zuntzekin, baina zelula horien zati nagusiak bizkarrezurreko gongoilak deitutako taldeetan daude. «Minerako botikak garatzeko proiektu askoren ardatza neurona periferiko horiek dira», dio Theodore Price-k, azterlanaren egilekideak. «Min kronikoa duten paziente gehienen kasuan, neurona horiek eragiten diete mina». Taldeak transkriptomika espaziala deitutako metodo bat erabili zuen zelula bakoitzean aktibo jarraitzen duten geneak zehazteko. Horrek erakutsi zuenez, gizakien minaren errezeptoreak mota guztietako minei erantzuteko prestatuta daude –adibidez, beroa edo min mekanikoa–; karraskarien minaren errezeptoreak, berriz, espezifikoagoak dira. Ezberdintasun horien inguruan gehiago ikertuz gero, gizakiengan funtzionatzeko probabilitate handiagoko botiken bilaketan aurrerapausoak eman ahal izango dira. Espero izatekoa da hori izatea atlasak hobetu eta gure espeziearen min sistemaren molekulen arkitektura hobeto ulertzen laguntzeko azterlan askoren abiapuntua.

Gizakien laginetan sexuarekin lotutako ezberdintasunak aurkitu ziren, esaterako: CGRP proteina kodetzen duen genea aktiboagoa izan zen emakumeen neurona taldeetan gizonenetan baino. Dirudienez, CGRPa migrainak izateko faktore garrantzitsua da eta horiek emakumeei gizonei baino hiru bider gehiago eragiten diete.

Oraindik ez dago argi zer proteinak bereizten dituzten minaren errezeptoreak. Hainbat motatako minen sorreran esku hartzen dutenak zein diren argituz gero, mina kentzeko botikak garatzeko aurrerapauso nabarmena emango litzateke; 2022ko azterlan hau gizakien neurona sentsorialak erabili dituen lehenengoetako bat da, eta, horri esker, neurona sentsorialen lehenengo atlasa egin ahal izan da. Mapa horiek minari buruz jakin behar dugun guztia azalduko ez diguten arren, abiapuntu on bat dira.

Minaren prozesua gizonen eta emakumeen arabera bereizteko bultzada hori mugimendu zabalago baten parte da; sexua biomedikuntzako ikerketako aldagai garrantzitsutzat jotzen duen mugimendu baten parte. Horrela, azterlanek, gizonezkoek osatzen duten erdiari bakarrik erreparatu beharrean, aukera guztiak barne hartuko dituztela bermatuko da. 2016an funtsezko aldaketa bat gertatu zen, Ameriketako Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalak (NIH) dirulaguntzen eskatzaileei honako baldintza hau ezarri zienean: esperimentuetan erabilitako animalien sexuaren hautaketa justifikatzea.

Botikak berdinak minaren jatorria ezberdina izanda

Gaur egun, farmazia merkatuak denontzat analgesiko berak eskaintzen ditu. Baina minaren jatorria ezberdina bada, botika batzuk pertsona batzuentzat eraginkorragoak izan daitezke beste batzuentzat baino. Are gehiago, gerta daiteke hormona mailek gorabeherak dituztenean beste analgesiko batzuk behar izatea. Gainera, pertsonaren sexua beti ez dator guztiz bat gizon eta emakume kategoriekin: ezaugarri multzo batek baldintzatzen du, eta, horren barruan sartzen dira genetika, garapen anatomikoa eta hormona-mailak.

4. irudia: farmazia merkatuak denontzat analgesiko berak eskaintzen ditu. Baina minaren jatorria ezberdina bada, botika batzuk pertsona batzuentzat eraginkorragoak izan daitezke beste batzuentzat baino. (Argazkia: Vacho – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Duela gutxi argitaratutako artikulu batean, Parisa Gazerani, Anna Maria Aloisi eta Hiroshi Ueda ikertzaileek ordura arte gai honen inguruan jasotako ebidentzia guztia bildu zuten (Gazerani et al., 2021). Horrez gain, mina aztertzeko sexua eta generoa kontuan hartuko zituen ikuspegi berri batean oinarritzearen balioa sustatu nahi zuten, baita ezagutza hori praktika klinikoan ezartzea ere. Haiek gainbegiratutako argitalpenen artean, arlo honetako aukeren eta arrakalen espektroaren eta etorkizun ez urrunean edukiko dituzten aukeren ikuspegi bat ematen duten batzuk aipatuko ditugu:

  • Zin-ek eta bere taldeak opioideen bidezko terapiarekiko atxikidura adinaren eta generoaren araberakoa dela erakutsi zuten. Ondorioztatu zutenez, mina kentzeko opioideak erabiltzen zituzten gizonezko pazienteek atxikidura txikiagoa zuten, hau da, tratamenduarekiko konfiantza eta aplikazioaren iraupena txikiagoak ziren.
  • Migrainaren tratamenduari buruzko artikuluak ere nabarmenduko ditugu; izan ere, esan dugun bezala, nahasmendu horrek emakumezkoengan prebalentzia handiagoa du. Gainbegiratutako ikerketek ez zuten sexuaren araberako erantzun ezberdinei buruzko irtenbide biribilik ematen, ez migrainetarako farmakoterapia sintomatikoaren ez prebentiboaren kasuan, oinarrizko ikerketako aurkikuntzetan eta sakabanatutako kasu klinikoetan sexuan eta generoan oinarritutako ondorioak atera ziren.
  • Beste adibideetako bat Cecarelli et al.-ena da. Agerian utzi zutenez, sistema endokannabinoidea estradiolaren maila zirkulatzaileen eraginpean dago. Estradiol maila handia denean, emakumezkoen artean sistema kannabinoidea eraginkorragoa da. Azken finean, azterlan honetako aurkikuntzek nabarmentzen dutenez, sexua botika berrien eraginkortasun analgesikoa probatzeko aldagai garrantzitsua da.
  • Fibromialgiaren alderdi batzuk imitatzen dituen min orokorreko eredu bat hartuz, alodinia mekanikoan (ukitzean mina izatea, hau da, laztanek ere mina ematea) eta estimulazio elektrikoarekiko hpersentikortasunean sexuarekin lotuta dauden ezberdintasunak ikertu zituzten. Ikertzaileek, zenbait metodo aplikatuz, minarekiko hipersentikortasunaren atzean dauden dimorfismo sexualaren mekanismoek nola funtzionatzen duten erakutsi zuten. Aurkikuntza interesgarrietako bat mikroglia tartean zegoela ikustea izan zen. Behin eta berriz egindako garuneko tratamenduek eragindako min orokortua saihestu zuten arratoi arren kasuan, baina ez emeenean. Azterlan horrek adierazten du emakumeen eta gizonen kasuan minak eta hipersentikortasunak mekanismo ezberdinak jartzen dituztela martxan, sexuak tratamenduaren aurreko erantzunean eragin nabarmena izan dezakeela eta zelula ez neuronalak –adibidez, mikroglia– faktore garrantzitsuak direla.
  • Bukatzeko, Ferentzik eta bere taldeak frogatu zutenez, gizon gazteen minaren atalasa eta tolerantzia maila emakumezkoena baino nabarmen handiagoa zen eta bihotzaren zehaztasun interozeptiboa ez zen lotu minarekiko sentikortasunarekin.

Egile guztiek gizonengan eta emakumeengan inplikatutako balizko mekanismoak azpimarratzen dituzte eta, nabarmentzen dutenez, gaur egungo aurkikuntzek minaren ikerkuntzan eta tratamenduan generoa, sexua eta adina kontuan hartzen lagundu dezakete. Arrakala honi buruzko kontzientzia sortzea, ikertzaileen jakin-mina piztea, ikuspegi berriaren balioa, potentziala eta mugak onartzea eta mina aztertzeko oinarriak sakonago ulertzen laguntzea funtsezkoa da.

Iain Chessel-ek, AstraZenecaren (Cambridge) lehendakariorde eta neurozientziako arduradunak iragartzen duenez, etorkizuneko analgesikoak pertsona bakoitzaren arabera egokituko dira eta sexua preskripzio pertsonalizatu horietako faktore giltzarri bat izango da. Baina oraindik hori lantzen ari dira. Fida gaitezen zientziaz eta espero dezagun zientzia emakumeek minari buruz esaten dutenaz fidatzea.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Gazerani, P., Aloisi, A.M., Ueda, H. (2021). Editorial: Differences in Pain Biology, Perception, and Coping Strategies: Towards Sex and Gender Specific Treatments. Frontiers in Neuroscience 15. DOI: 10.3389/fnins.2021.697285.
  • Tavares-Ferreira, D., Shiers, S., Ray, P.R., Wangzhou, A., Jeevakumar, V., Sankaranarayanan, I., Cervantes, A.M., Reese, J.C., Chamessian, A., Copits, B.A., Dougherty, P.M., Gereau, R.W., Burton, M.D., Dussor, G., Price, T.J. (2022). Spatial transcriptomics of dorsal root ganglia identifies molecular signatures of human nociceptors. Science Translational Medicine, 14 (632). DOI: 10.1126/scitranslmed.abj8186.
Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko martxoaren 29an: “La brecha del dolor“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Minaren arloko arrakala appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Afrika, bere gene-beharrei heltzen

Al, 2022-05-02 09:00

Txoko honetan azaldu dugu genetika erabili daitekeela biodibertsitatea ikertzeko edo elikagaien ezaugarriak aztertzeko, hala nola, arrozarenak edo kafearenak. Horrez gain, aipatu dugu afrikarrek ez dituztela jaso gene-informazioaren onurak giza osasunari dagokiola; eta ez dutela jaso aitorpen nahikorik ikertzaile gisa.

Biodibertsitatearen eta elikagaien inguruko gene-ikerkuntza ez da salbuespen bat eta, berriro ere, Afrika baztertu egin da. Baina afrikarrek ez dute amore ematen eta beren gene-baliabideak ikertzeko prest daude.

Gineako golkoko hainbat komunitaterentzat diru-iturri garrantzitsua da Mendebaldeko Afrikako dietan oinarrizkoa den arraina (Bostrychus africanus). Era berean, Afrikaren elikagai-segurtasunerako gakoak dira bertan landatzen diren laboreak –adibidez, kalabaza ildaduna (Telfairia occidentalis) edo marama baba (Tylosema esculentum)–. Espezie horiei buruz urria da gene-informazioa edo ez dago batere. Egoera antzekoa da arriskuan dauden afrikar espezie gehienetan. Orobat, Afrikan dauden 60.000 landare-espezietatik 20 sekuentziatu dira –Afrikako landareen %0,03; bat bera ere ez Afrikan–; eta 123.000 animalia-espezietatik 385 sekuentziatu dira –%0,31; horietatik 11 Afrikan–. Izan ere, Saharaz hegoaldeko Afrikan 45.000 landare-espezie daude. Horietatik % 60 endemikoak dira, eta garrantzitsuak izan daitezke nekazaritzaren eta sendagaien garapenerako. Adibidez, Afrikako jengibreak (Siphonochilus aethiopicus) asmari eta gripeari aurre egiteko balio dezake. Baina ez dira genoma horiek ikertu.

Afrika1. irudia: sekuentziatu egin dira Afrikako animalien % 0,31 eta landareen % 0,03. (Argazkia: kolibri5 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Ez dituzte afrikar ikertzaileek gidatu azken 15 urteetan Afrikako biodibertsitatea ikertu dituzten egitasmoen % 70 –batez ere, gidatu dira Estatu Batuetatik, Txinatik eta Europatik–. Ondorioz, ez dira geratzen Afrikan genomikako eta bioinformatikako analisiak egiteko eskarmentua eta baliabideak. Gainera, erakunde pribatu edo gobernuz kanpokoetan kokatzen dira dauden baliabide apur horiek. Hortaz, ikerkuntza-institutu nazionalek herrialdeetako zientzia-agenda ezartzeko betebeharra badute ere, beren eskuetan ez daude osasun publikoa, nekazaritza eta kontserbazioa hobetzeko beharrezkoak diren baliabideak. Hain zuzen, Afrikan gaitasun bioinformatikoak hedatzeko H3ABioNet egitasmoaren baitan 150 ikertzailek formakuntza jaso bazuten ere, ikertzaileen %10-15 artean joan dira Ipar Amerikara edo Europara eta ez dago itzuliko diren bermerik. Are gehiago, egitasmo hori aurten bukatuko da eta, lanpostu finko gutxi daudenez, Afrikatik alde egin dezake formakuntza jaso duten ikertzaile horien % 50ek.

Afrikak dituen gene-beharrei aurre egiteko, 109 afrikar ikertzailek –horietatik 87 Afrikan bizi dira– eta 22 afrikar erakundek martxan jarri dute “The African BioGenome project” (AfricaBP) egitasmoa. Egitasmo honen baitan, 105.000 afrikar espezie sekuentziatu nahi dituzte. Hala, gene-informazio horri esker, zenbait aurrerakuntza eskuratuko dira: besteak beste, elikagai-sistema iraunkorrak garatzeko baliagarriak diren gene-lanabesak izango dituzte landare- eta animalia-hazleek; Afrikako biodibertsitatearen kontserbazioaren egoera jakingo da; eta gaitasunak indartuko dira bete ahal izateko Biodibertsitateari buruzko Hitzarmena –zeinak 2030erako gene-dibertsitatearen %90 gutxienez mantentzea adostuko duen–.

 

2. irudia: “African BioGenome Project” martxan jarri dute 100 afrikar ikertzailetik gora. (Argazkia: PublicDomainPictures – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

2021eko ekainean abiatu zen AfricaBP-ren proiektu pilotua. Bertan, Afrikako 2.500 espezie sekuentziatzeaz gain, landu egingo dituzte halako proiektu batek dituen arazo etiko, juridiko eta sozialak. Horrela, kontuan hartuko dira espezie batzuen inguruan dagoen sentikortasuna eta dauden usadioak; eta zehaztuko dira datuei sarbidea emateko prozedurak edo aurkikuntzen onurak nork eta nola jasoko dituen. Egitasmo honek, handiagoa bihurtzeko eta bere helburuak betetzeko, Afrikako eta nazioarteko erakundeen babesa beharko du, hurrengo hamar urteetan urtero ehun milioi dolarreko inbertsioa beharko baitu. Egitasmoaren bultzatzaileek jakitun dira zentzuzkoagoa dirudiela mila milioiko inbertsioa bideratzea goseteari eta gaixotasunei aurre egitera. Alabaina, gogorarazten dute hiru mila milioi dolarreko inbertsioa izan zela giza genoma sekuentziatzea; eta 2019 urtean giza genetika eta genomikaren arloak 265 mila miloi dolarreko ekarpena egin ziola AEBko ekonomiari. Hortaz, egitasmo honen bultzatzaileek uste dute Afrikako gene-baliabideetan inbertitzeak itzulkin handiak izango dituela.

Hiru helburu nagusi ezarri ditu AfricaBP egitasmoak:

  • Elikagai-sistema hobetzea. Gene-baliabideak eskaini nahi dizkie nekazariei eta abeltzainei elikagai-sistema erresilienteagoak eta iraunkorragoak garatzeko, jada martxan dauden nekazari eta abeltzain sareekin elkarlanean. Esate baterako, Etiopiako oilo indigenen genoma sekuentziatzeak ahalbidetu egin zuen ezagutzea ingurune hotz eta lehorretara moldatzea erraztu duen gene-oinarria eta, ondorioz, gene-informazio hori erabili ahalko da oiloen kudeaketarako.
  • Kontserbazioa hobetzea. Ikertzaileek gene-baliabideak eskaini nahi dituzte desagertzeko arriskuan dauden espezie eta populazioak identifikatzeko eta kontserbazio-estrategia eraginkorrak ezartzeko. Adibidez, Afrikako sabanako elefanteen populazioaren gene-egitura aztertu ostean, ondorioztatu zen beharrezkoa zela Tanzaniako ingurune babestuen artean fauna-korridoreak ezartzea elefanteen epe luzerako biziraupena bermatzeko.
  • Datuen partekatzearen hobekuntza eta onurak. Afrikan barrena hainbat akordio daude datuen partekatzearen inguruan. Horiek hobetu eta bateratu nahi dituzte gene-baliabideetatik eratortzen diren onurak zuzen banatzen direla bermatzeko. Adibidez, jada Nagoya-ko Protokoloa existitzen da datuen partekatzea kudeatzeko. Haatik, hainbat hutsune detektatu dira bertan eta hobekuntzak behar ditu komunitateen ohiturak eta usadioak errespetatzeko; edo gene-baliabideen jatorria behar bezala aitortzeko.
3. irudia: afrikarrek bertan egin nahi dute beren baliabideen gene-ikerketa. (Argazkia: aga2rk – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Egitasmo hau gauzatzeko, baliabide ekonomikoez gain, ikertzaileek formakuntza beharko dute eta azpiegitura genomikoak eta bioinformatikoak garatu. AfricaBP-ren asmoa da Afrikako 600 bat ikertzailek parte hartzea eta ziurtatzea Afrikako ikerkuntza guneetan beren lana garatzen dutela, lortutako eskarmentua Afrikan gera dadin. Baliabide teknologikoei dagokiela, Afrikak hainbat zailtasun ditu. Azpiegitura genomikoen kasuan, dauden apurrak ez daude modu homogeneoan barreiatuta. Esate baterako, Afrikako hegoaldean halako 87 azpiegitura daude, baina Afrikako erdialdean soilik zortzi. Egitasmo honen asmoa da azpiegituren eskasia duten eskualdeak laguntzea. Sekuentziazioa egiteko makinen kasuan, halako gailuen eskasia dago Afrikan; eta Afrikako azpiegituren egoera dela eta, zaila da halako gailuak bertan instalatzea. Hala ere, sekuentziazioa egiteko aukerak egon badaude; adibidez, eramangarriak diren gailuak, sekuentziazioa egitean beste gailuak bezain zehatzak ez badira ere.

Laburbilduz, AfricaBP-ren sustatzaileek uste dute egitasmoan egindako inbertsioak onurak sortuko dituela hainbat alderditan, Afrikaren gene-beharren ikerkuntza Afrikatik eta Afrikarentzat egingo baita. Ikusi beharko da lortuko ote dituzten behar dituzten baliabide guztiak, baina argi dago guztiz txalogarria den egitasmoa dela. Ea hamar urte barru txoko honetara ekar ditzakegun lortutako emaitzak.

Iturria:

Echezona Ebenezer, T. et al. (2022). Africa: sequence 100,000 species to safeguard biodiversity. Nature, 603, 388-392. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-022-00712-4

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Afrika, bere gene-beharrei heltzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #391

Ig, 2022-05-01 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

padura

Arkeologia

Duela 8.200 urte bi gradu jaitsi zen Kantauri itsasoaren tenperatura eta ikerketa batek orduko giza biltzaileek klima-aldaketa gogor hari emandako erantzuna aztertu dute. Gure kostaldean orduan gertatutakoa 11.700 urteetako klima-aldaketa nabarmenena izan zen. Ikertzaileek azaldu dutenez, hozketa horrek kostako itsaskiak aldatzea ekarri zuen. Zehazki, El Mazo aztarnategiko moluskuen maskorrak aztertu dituzte, eta ikusi ahal izan dute espezie batzuen ugaritasunak gora egin zuela, baina beste espeziek batzuk, ordea, gutxitu egin zirela. Bakoitzak hotzarekiko zuen tolerantziari egotzi dizkiote aldaketa hauek. Espero dute ikerketa honek gaur egungo klima-aldaketaren ondorioak ulertzen lagunduko duela. Datu guztiak Ana Galarragaren eskutik Elhuyar aldizkarian.

Berrian Joseba Rios arkeologoak zuzendutako lan bat ekarri du Jakes Goikoetxea kazetariak. Neandertalen desagertzea hobeto ulertzeko eta osatzeko gauzatu den ikerketa burutu dute Riosek eta lantaldeak. Urteak daramatzate Kantauri aldeko Erdi Paleolitoko azken neandertalen aztarnak ikertzen. Duela 45.000 urtekoak dira haien arrastoen datazio gazteenak. Azaldu dutenez, Aranbaltzako (Barrika, Bizkaia) Erdi Paleolitoko neandertalak desagertu egin ziren, eta Akitaniatik joandako Chatelperron garaiko neandertalek ordezkatu zituzten. Hala ere, Garaizarrek argi utzi nahi izan du erantzun berriek galdera berriak sortzen dituztela eta ikerketa gehiago beharko direla hauei erantzuna emateko.

Aranzadiko eta EHUko ikertzaileek euskal kostaldeko itsasadarretako nekazaritza-hedapeneko paisaiak aztertu dituzte. Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian azaltzen du lur hauen eraldaketa izan dutela ardatz. Emaitzek erakutsi dute XVI. eta XIX. mendeen artean Euskal Herriko estuarioen paisaian eraldaketa handiak egin zirela nekazaritzarako lur berriak sortzeko. Beste eraldaketa batzuen artean, dikeak eta bestelako egiturak eraiki ziren, ur gazia sartzea saihestu eta, honela, lur berriak sortzeko. Hala, basadi gehienak lehortu eta polder edo erriberak sortu ziren. Ikertzaileek azpimarratu dute eraldaketa horiek garrantzia historikoa dutela, eta hauek dokumentatzeko eta babesteko beharra aldarrikatu dute.

Sonia Harmand zientzialari frantsesa ospe handiko aditua da Harri Aro goiztiarreko arkeologiaren esparruan. 1998az geroztik, homininoen genesi teknologikoaren berreraikuntzara bideratu du bere lana ikertzaileak, eta gaur egun, New Yorkeko Stony Brook Unibertsitatean irakasle elkartua da. Bere lan garrantzitsuenetako bat Turkana aintziraren inguruko aurkikuntzak izan ziren. Izan ere, industria litikoaren ordura arteko ebidentziarik zaharrenak aurkitu zituzten. Azalpenak Zientzia Kaieran: Sonia Harmand, Turkana aintzirako arkeologoa.

Biologia

Juanma Gallego kazetariak, enara azpizuria hegaztiak habiak non kokatzen dituen jakiteko Aranzadik martxan jarri duen programa bati erreparatu dio. Zientzia herritarra deituriko egitasmo bat da eta hegazti honen nondik norakoak ezagutze du helburu. Enara azpizuriak (Delichon urbica) Afrikan ematen du negua, baina urtero bueltatzen da Euskal Herrira udaberrian, hemen habiak egitera. Bada, sare sozialen bidez, herritarrek hiru gauza egin ahal izango dituzte animalia hauen inguruko informazioa eskuratzeko: habiari argazki bat atera, habiaren kokapena seinalatu eta, azkenik, argazkia eta datu osagarri horiek sare sozialetan zabalduko #azpizuria traola erantsita. Azalpenak Alea aldizkarian: Auzokide hegalarien errolda

Teknologia

Platinoaren ordez burdina darabilen hidrogenozko erregai-pila garatzeak aukera onak eskain diezaioke energia berdeari. Hori da Londresko Imperial College zentroko ikerketa-talde baten lanak erakutsi duena hidrogeno erregai-pilak garatu ondoren. Prototipo honek erraz eskura daitezkeen eta merkeagoak diren materialak darabiltza eta ikertzaileek ikusi dute ohikoak baino jasangarriagoak direla. Datu guztiak Ana Galarragaren eskutik Elhuyar aldizkarian.

Matematika

Charles Dickens idazle ingelesak testu batzuk idatzi zituen kode propio bat erabiliz, eta proiektu batek hauek deszifratu nahi ditu. Brakigrafia teknikan (hitzen laburdurak erabiliz) oinarritutako kode bat erabili zuen Dickens-ek, besteak beste, «Tavistock gutuna» idazteko. Gutun honek 150 urte baino gehiago daramatza New Yorkeko Morgan Liburutegi eta Museoan gordeta, eta, orain arte, inork ezin zuen bere gakoa aurkitu. Orain ordea, munduko toki guztietako hainbat pertsona aritu dira honen inguruan lanean, eta denen ekarpenei esker, partzialki ebatzi da gutunaren esanahia, edukiaren % 70 inguru. Azalpen gehiago Zientzia Kaieran: Dickensen idatzi kodetuak deszifratzeko proiektua.

Geologia

‘Into the Ice’ (Izotzerantz) euskal espedizioa Amerikako hego muturreko glaziarretan ibili da ikerketa zientifiko zabal bat egiten. Zehazki, Darwin mendikatean ibili dira, Hego Amerikako hirugarren izotz eremu handienean. Eñaut Izagirre glaziologoa bere doktorego-tesia egiten ari da eta bere lana sistema glaziar horren egoera aztertzea zen. Eremu horretako Roncagli glaziarraren behealdean bi argazki kamera eta beste bi sentsore jarri zituzten glaziar horren joera ikusteko. Izagirrek azaldu duenez, lau urteko epean ia kilometro bat atzeratu da glaziarraren aurrealdea, 400 metro azken urtebetean. Espedizioan gertatutakoa dokumentatzen aritu dira bideokamera bidez, eta udazkenean ikus-entzunezkoa aurkeztu nahi dute, Mendi Film zinemaldian. Azalpenak Berrian: Munduaren amaierako izotzetara bidaia.

Osasuna

Osalanen laborategiak lanpostuetako substantzia kimiko kaltegarriak aztertzen ditu. Gaur egun, arnasbideetatik sartzen diren sustantzietan jartzen dute arreta handiena, formaldehidoan, adibidez. Formaldehidoa kontrolatu beharreko substantzia da. Izan ere, sektore askotan erabiltzen da eta minbizia eragin dezake. Kromoaren aztarnak ere aztertzen dituzte; lan askotan dago sustantzia kimiko hau, eta Osalanen ikerketen arabera, kromoaren arnasketa bronkitis kroniko kasuekin lotzen da, baita minbizi kasu batzuekin ere. Datu guztiak Berrian: Formaldehidoaren usainean.

Medikuntza

Zientzia Kaieran irakur daitekeenez, argipean lo egiteak osasun arazoak sorrarazi ditzake. Ikerketa baten arabera, lo gauden bitartean logelan argia egonez gero, bihotz abiadura eta glukosa mailak handitzen dira. Honek, zenbait gaitz garatzeko arriskua handitu dezake, hala nola, bihotzeko gaixotasunak, diabetesa eta sindrome metabolikoa. Lehenago argitaratutako ikerketa batek jada aztertu zuen loaldian argiarekiko esposizioaren eta gehiegizko pisuaren arteko lotura. Ikusi ahal izan zutenez, argi gehiagorekin lo egitean, intsulinarekiko erresistentzia handitzen da hurrengo goizean, eta zelulek ez dute odoleko glukosa behar bezala jasotzen.

Metastasia eragozten lagun dezakeen antigorputz bat aurkitu dute. MCLA-158 izena jarri diote antigorputzari eta metastasia prebenitzeko farmakoak lortzeko baliagarria izan daitekeela uste da. Bartzelonako IRB ikerketa-taldeak zuzendu du azterketa, eta azaldu dutenez, tumore solidoen zelula amen zabalkundea eragozteko ahalmena du antigorputzak. Argiago esanda, minbizien zabalkundean giltzarri diren bi proteina atzematen ditu antigorputz honek. Alabaina, argi utzi nahi izan dute ikerketa gehiago behar izango dela.

Biokimika

Unibertsitatea.net webgunean Jon Luzuriagari egin diote elkarrizketa. Luzuriaga Biokimikan lizentziatu zen 2012an, eta Biomedikuntzan doktoratu ondoren irakasle bezala dihardu gaur egun UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultatean. Tesian kaltetutako nerbio-ehunak birsortzea izan zuen ikergai. Egun irakaslea de EHU, gustuko du irakaskuntza baina ikerketarekin jarraitzea ere funtsezkoa dela uste du: Jon Luzuriaga: “Birsortu nahi genuen ehunaren zelula espezializatuak lortzea izan zen gure helburua”

Astronomia

2016an aurkitu zen planeta bat ez da benetan existitzen. Urte horretan Arizonako Unibertsitateko astronomo batzuek hiru eguzki zituen planeta baten aurkikuntzaren berri eman zuten. Azaldu zutenez, oso planeta gaztea zen (16 milioi urte besterik ez zituen),  eta Centaurus konstelazioan zegoen kokatuta, Lurretik 340 argi-urtera. Alabaina, beste ikerketa-talde batzek frogatu dute akatsak egon zirela lehen behaketa horietan eta identifikatu zutena ez dela planeta bat, urrutiago kokatutako izar baten argi-seinalea baizik. Datuak Zientzia Kaieran: Inoiz existitu ez zen planeta.

 

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #391 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #397

La, 2022-04-30 09:00

Zer da teoria baten eduki teorikoa? Errala da, egitura baino ez bada ere? Ala egite esperimentalak erakusteko instrumentala den zerbait? Ramseyren esaldia termino logikoetan planteatzea ahalbidetzen du. On theory and observation (2): The Ramsey sentence Jesús Zamora Bonillarena.

Garaileek idazten dute historia eta garaileen garaileek berridatzi. Faraoiekin gertatzen zen, Napoleonekin ere eta baita gerra zibilarekin. Linguistikak dioena gora behera. Is Ukrainian a language or a dialect? That depends on whom you ask and how the war ends, Joshua Holzer.

Bazen behin, galaxia oso-oso urrun batean, lente grabitazional batek izugarri urrun zegoen izar bat detektatzea ahalbidetu zuela… A highly magnified star dating just 900 million years after the Big Bang, DIPCrena.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #397 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Sonia Harmand, Turkana aintzirako arkeologoa

Or, 2022-04-29 09:00

Sonia Harmand zientzialari frantsesa ospe handiko aditua da Harri Aro goiztiarreko arkeologiaren esparruan. Harmand, 1974an jaioa, ikerketa bateko buru izan zen, eta, 2015ean, ikerketa horren emaitzak Nature aldizkarian argitaratu ziren; emaitza horien garrantziak komunitate zientifikoa astindu zuen. 3.3-million-year-old stone tools from Lomekwi 3, West Turkana, Kenya izeneko artikuluak agerian uzten zuen lehen tresnak Homo generoko lehen kideak baino zaharragoak zirela. Aurkikuntza deigarri horrek gutxienez 700.000 urte atzeratzen zuen lehen tresnen antzinatasuna.

Sonia Harmand Parisko Unibertsitatean graduatu zen, eta Historiaurreko eta Teknologiako ikerketa unitateari lotua egon zen. Zentro horrek ospe handia du harrizko tresnen analisiaren arloan egindako lanengatik. Gradudun gazteak Paris Nanterre Unibertsitatean irakurri zuen bere doktoretza, eta, ondoren, zientzialari ikertzailea izan zen Frantziako Zientzia Ikerketarako Gunean (CNRS) lau urtez (2009-2012).

Sonia HarmandIrudia: Sonia Harmand arkeologoa. (Iturria:  Stony Brook University)

1998az geroztik, homininoen genesi teknologikoaren berreraikuntzara bideratu du bere lana ikertzaileak –garai horri buruzko erregistro arkeologikoa nahiko urria da–. Gaur egun, New Yorkeko Stony Brook Unibertsitatean irakasle elkartua da. Giza teknologiaren jatorria ikertzeaz gain –homininoek nola, noiz eta zergatik sortu zuten harrizko tresnen manufaktura–, zientzialari honek harrizko tresnen elaborazioaren eta balizko erabileraren atzean dagoen biomekanika aztertzen du (eskuen eta eskumuturren kontrola eta morfologia funtzionala). Era berean, primateen arkeologiaren arloko adituekin lankidetzan, homininoek izan zezaketen portaerari buruzko eredu ebolutiboak eraikitzen ari da.

Turkana aintziraren inguruko aurkikuntza iraultzaileak

2011n, Kenyako ipar-mendebaldeko Gran Rift haranean dagoen Turkana aintziraren ertz idorretan, Sonia Harmand arkeologoak eta bere ikertaldeak industria litikoaren ordura arteko ebidentziarik zaharrenak aurkitu zituzten; ebidentzia horiek 3,3 milioi urte zituzten. Aurkikuntza hori gaur egun Lomekwi-ko aztarnategia deitzen den tokian egin zen, eta, harrigarria bada ere, erregistro arkeologikoaren hasiera 700.000 urte atzeratu zuen.

Nabarmena izan da halako tresna zaharrek komunitate espezializatuaren eta publiko interesdunaren artean sortutako zalaparta, besteak beste, José María Bermúdez de Castro paleoantropologoak adierazi duen bezala, «erakusten baitigute oraindik asko dugula ikasteko gure iraganik urrunenari buruz». Ideia bera laztanduz, artikuluaren egileetako batek, Chris Lepre geologoak, honela zioen: «Aztarnategi osoa harrigarria da, egiatzat jotzen genituen gauza askoren historia berridazten baitu».

Ikertaldeak Nature aldizkariko artikuluan azaldu zuenez, harrizko 149 tresna aurkitu zituzten, besteak beste, lauzak, kolpatzeko erabilitako harriak eta ingude funtzioa bide duten beste harri batzuk. Sonia Harmand-ek honako hau azpimarratu du, enfasi handia jarrita, behaketa garrantzitsua baita: «Berreskuratu genituen nukleoak eta lauzak zizelkatuta daude, inolako zalantzarik gabe, eta ez dira harri baten ustekabeko edo berezko haustura baten emaitza».

Adituak eta bere laguntzaileek diote, halaber, tresna horiek bereziak direla jada ezagunak direnekin alderatuta, ordura arte aurkitutako tresna zaharrenak baino askoz handiagoak baitira, hau da, Olduvai aldiko kulturakoak baino askoz handiagoak. Gainera, harrietan atzemandako markek erakusten dute erabilitako manipulazio teknikak oso oinarrizkoak zirela; izan ere, Sonia Harmandek azaldu duen bezala:

«[Modu eta] keinuek gogora ekartzen dizkigute txinpantzeek fruitu lehorrak irekitzeko harriak erabiltzen dituztenean egiten dituzten keinuak».

Industria litikoko katebegi teknologikoa

Beste datu interesgarri bat zera da, Lomekwiko tresnen azterketek iradokitzen dutela tresna horiek tarteko fase teknologiko bat islatu dezaketela, hau da, hominino zaharrenek erabilitako harria jotzeko teknikaren eta ondoren iritsi zen xafla eta ertz ebakitzaileak lortzeko portaeraren arteko katebegi moduko bat. Arrazoiketa hori bat dator Mary Nicol Leakey arkeologoak egindako iradokizunarekin; izan ere, ikusi dugun bezala, hark zera esaten zuen, Olduvai aldiko kulturaren aurretik askoz ere desantolatuagoak eta primitiboagoak izan behar zuten zizelkatze etapak egongo zirela.

Sonia Harmanden eta bere taldearen lanaren garrantzia honetan datza: desafiatu egiten duela erabat onartuta dagoen ideia, hots, tresnak egiteko teknika bat garatzeko gai izan ziren lehen homininoak Homo generoko kideak izan ziren ideia; izan ere, tresna horiek 2,8 milioi urteko antzinatasuna dutela kalkulatzen da gaur egun. Tresnak askoz zaharragoak direnez, zientzialari horrek eta bere laguntzaileek izen berri bat proposatzen dute, Lomekwy aldiko teknologia; teknologia hori Olduvai aldiaren aurrekoa izango litzateke eta, beraz, erregistro arkeologikorako hasiera berri bat markatuko luke.

Aipatzekoa da, garrantzitsu baita, aurkikuntza berrietatik nahiko argi ondorioztatzen dela Homo baino lehenagoko talde batek jada bazuela behar besteko gaitasun intelektuala tresna zorrotzak nola egin asmatzeko, eta, beraz, portaera teknologiko homininoak orain arte oso eztabaidatua izan den antzinatasuna izan zezakeela.

Ildo horretan, teknologia litikoan aditua den Robert Sala i Ramos Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitateko Historiaurreko Saileko irakasleak eta IPHESeko (Giza Paleoekologiako eta Gizarte Bilakaerako Kataluniako Institutua) zuzendariak, aipatutako Cristina Saéz kazetari zientifikoari azaldu dio aurkikuntza oso esanguratsua dela, erakusten duelako Homo generoa baino lehenagoko homininoak «gai zirela nahita keinu bat errepikatzeko, eta, gainera, aurreikus zezaketela, kolpatzen ari ziren harria hautsiz gero, mozteko tresna bat lor zezaketela». Hori behin eta berriz azpimarratzen du adituak; izan ere, «gure ahaide bizi hurbilenek, hots, txinpantzeek, ez dakite hori egiten; tresnak erabiltzen dituzte, baina ez dakite tresna horiek eraikitzen».

Bestalde, Sonia Harmandek adierazi duenez: «Lomekwiko tresna zahar horiek argitu egiten dute homininoen portaeraren garai ustekabeko eta aurrez ezezagun hori, eta, beraz, asko esan diezagukete gure arbasoen garapen kognitiboari buruz –fosiletan bakarrik oinarrituta ezin zen ulertu garapen hori–». Eta aurrerago hau gehitzen du: «Luzaroan onartu zen Homo habilis espezieko kideak izan zirela tresnak egiten lehenak, eta gure aurkikuntzak ideia horri aurre egiten dio».

2017an, Sonia Harmand «eragin handiena duten 50 frantsesetako bat» izendatu zuen Vanity Fair aldizkariaren frantsesezko edizioak. Balio handiko sari hori jasotzerakoan, bere ikerketako beste alderdi batzuk aipatzeaz gain, Hamandek honako hau adierazi zuen:

«Denbora asko behar izan genuen gure lana Nature aldizkarian argitaratzeko. Hiru urte izan ziren […], baina [aldizkariaren zenbaki horren] azala egin ahal izan genuen, eta hori ez da maiz gertatzen, batez ere harrizko tresnei buruz hitz egiten duzunean. Abentura ez da amaitu –esan zuen amaitzeko–, aztarnategian indusketak egiten jarraitzen baitugu; uda guztietan joaten gara».

Erreferentzia bibliografikoak: Egileaz:

Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.

Artikulua Mujeres con Ciencia blogean 2022ko urtarrilaren 18an argitaratu zen Científicas en el nacimiento de la industria lítica artikuluaren zati bat da.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Sonia Harmand, Turkana aintzirako arkeologoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Konposatu bioeraginkor berriak aurkitzeko bideak

Og, 2022-04-28 09:00

Konposatu bioeraginkorrak (KBE) sistema biologikoetan jarduera zelular edo fisiologikoaren gain eragin dezaketen konposatu kimiko naturalak zein sintetikoak dira. Horien artean farmakoak daude. Farmakologiaren testuinguruan, KBE berrien bilaketa gaur egungo erronka handienetako bat da.

KBEen itu biologikoak gehienetan proteinak dira eta beren identifikazioa farmako berrien aurkikuntzaren urratsetako bat izaten da; horrek zelulen eta ehunen testuinguruan izan ditzaketen eragin desiragarriak edota kaltegarriak aurreikustea ahalbidetzen du. Proteinak identifikatzeko erabiltzen diren metodologia gehienetan, konposatuak detektagarriak egiteko kimikoki eraldatu egiten dira eta horrek bere ekintza biologikoaren gain eragina izan dezake. Beroak eragindako proteinen desnaturalizazioan KBEek duten eraginaren azterketan oinarritutako metodoek, ordea, konposatuen aurretiko eraldaketa kimikorik gabeko azterketa ahalbidetzen dute. Horrela, KBEaren benetako itu proteinak identifikatu daitezke.

Proteina baten jatorrizko egitura inguruneko baldintza kimikoen eta fisikoen aldaketekiko oso sentikorra da. Besteak beste, beroaren eraginez hiru dimentsioko egituraren desegonkortze eta galera gerta daiteke: desnaturalizazio termala (DT) deritzoguna. Tenperatura igo ahala, desnaturalizazioarekin batera, proteinen agregazioa eta hauspeatzea gertatzen dira modu mailakatuan. Hauspeatutako proteinak banatu ondoren, jatorrizko egitura mantentzen dutenak kuantifikatu egin daitezke masen espektrometria bidezko analisia eginez. Proteina bakoitzaren aldaera natiboaren kontzentrazioa tenperaturarekiko adieraziz desnaturalizazio kurba lortzen da (ikus grafikoa). KBE bat proteina bati lotzean proteinaren egonkortasun termodinamikoaren aldaketa gertatzen da. Horren ondorioz, desnaturalizazio kurbaren parametroak aldatu egiten dira. Beraz, desnaturalizazio termalaren analisiaren bidez, KBEaren eta proteinaren arteko loturarik ote dagoen azter daiteke.

konposatu bioeraginkorGrafikoa: Proteinen desnaturalizazio termalaren bidezko analisiaren emaitzak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Grafikoak proteinen desnaturalizazio termalaren bidezko analisiaren emaitzak erakusten ditu. Jatorrizko kurba laranjaz adierazi da eta KBEen ekintzaren emaitza posibleak marra ez-jarraiez. Kurba berdeak desnaturalizazio tenperaturaren (Td) igoera erakusten du, KBEak proteinaren egonkortzea eragin duela adierazten duena; urdinak desegonkortzea adierazten du. Kurba arrosak ez du desplazamendurik erakusten, proteina hori KBEaren itu ez dela adieraziko lukeena.

Horrelako saioak proteomaren profiltze termal (PPT; ingelesez TPP, thermal proteome profiling) bezala ezagutzen dira. KBEen eragina erauzitako lagin biologikoetan (in vitro) zein zeluletan (in vivo) aztertzeko erabil daitezke.

PPT saioak itu ezezagunak dituzten konposatuen azterketatan oso baliagarriak izan daiteke, ez bakarrik KBE berrien aurkikuntzan laguntzeko, baizik eta ezagunak diren konposatuen itu berriak zehazteko edota zenbait froga kliniko pasa dituzten farmakoen erabilera berrien aurkikuntzarako eta beren alboko eraginen mekanismoak aztertzeko.

Adibide hauek agerian jartzen dute gaur egun PPT saioek batez ere KBEen itu ezezagunak aurkitzeko duten baliagarritasuna. Horri etorkizunean proteomikaren tresna eta teknologien garapenaren laguntza gehitzen badiogu gainera, PPT teknikak izan ditzakeen aplikazioak asko zabaldu daitezke.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 38
  • Artikuluaren izena: Proteinen desnaturalizazio termalaren bidezko analisia konposatu bioeraginkor berriak aurkitzeko.
  • Laburpena: Konposatu bioeraginkorrak bizidunetan jarduera zelularraren edota fisiologikoaren gain eragin dezaketen substantzia kimiko naturalak zein sintetikoak dira. Horien artean daude, adibidez, farmakoak, prozesu biologikoen modulazioaren bitartez osasunaren gain efektu onuragarriak bideratu ditzaketenak. Konposatu bioeraginkor berrien eta horien itu biologikoak bilatzeko estrategia berrien garapena inpaktu handiko erronka da. Itu proteinak edota ekintza mekanismoak aurkitzeko metodologia ezberdinak garatu dira. Itu proteinak aurkitzeko metodoen artean, lan honetan jorratzen dena daukagu: konposatu bioeraginkorrek proteinen desnaturalizazio termalean eragindako aldaketen azterketan oinarritutako metodoa. Lan honetan, konposatu bioeraginkorrak bilatzeko metodologia horren oinarriak eta haren inplementaziorako irizpideak azaltzen dira.
  • Egileak: Yuri Rueda, Hiart Navarro-Imaz, Irati Rekondo, Susana Cristobal, Olatz Fresnedo
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 231-240
  • DOI: 10.1387/ekaia.21405
Egileez:

Yuri Rueda, Hiart Navarro-Imaz, Irati Rekondo, Susana Cristobal eta Olatz Fresnedo UPV/EHUko Fisiologia Saileko ikertzaileak dira.

Susana Cristobal Linköping Unibertsitateko Medikuntza Klinikoa eta Esperimentala Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Konposatu bioeraginkor berriak aurkitzeko bideak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Inoiz existitu ez zen planeta

Az, 2022-04-27 09:00

2016an Arizonako Unibertsitateko Kevin Wagner astronomoak eta bere lankideek hiru eguzki zituen planeta baten aurkikuntzaren berri eman zuten Science aldizkarian. Sei urte beranduago eta beste talde baten behaketa luzeagoaren ondoren, jatorrizko ikerketa horretan akatsak egin zituztela onartu berri dute.

Kevin Wagner eta lantaldeak aurkitutako ustezko planeta hori ez zen planeta bat, urrutiago kokatutako izar baten argi-seinalea baizik. Gertakari hau, zalantzarik gabe, zientziaren metodoei buruz hausnartzeko baliagarria da.

planetaIrudia: Wagnerren taldeak behatutako planeta urrutiago kokatutako izar baten argia besterik ez zen. (Argazkia: ipicgr – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

2016ko udan Wagnerrek eta bere lankideek planeta oso berezi baten aurkikuntzaren berri eman zuten. Ikerketaren emaitzak izen handikoa den Science aldizkarian argitaratu ziren. Hainbat hedabidek zabaldu zuten albistea eta NASAk berak ere HD 131399Ab planetaren aurkikuntzaren berri eman zuen. Aipatutako planeta oso planeta gaztea zen, 16 milioi urte besterik ez zituen -Lurrak 4.500 milioi urte ditu-. Jupiter baino lau aldiz handiagoa zen eta bertan urteak 5 mende irauten zituen. Centaurus konstelazioan kokatuta zegoen, Lurretik 340 argi-urtera. Aurkitutako exoplanetarik gazteenen artean sailkatzen zen. Hala ere, bazuen are bereziagoa egiten zuen beste ezaugarri bat: bere zeruan hiru eguzki zeuden.

Wagner eta bere lankideek azaldu zuten bezala, planeta horren urteak irauten dituen bost mendeetatik hirutan hiru eguzki ikus zitezkeen zeruan. Ikerketa Atakamako basamortuan dagoen VLT teleskopioari esker egin zuten. Teleskopioaren ardura duen ESO European Southern Observatory erakundeak ere 2016ko uztailean adierazi zuen planeta harrigarria zela HD 131399Ab izenekoa.

Orain arte kontatutakoa polita da oso. Are politagoa litzateke egia balitz. Alabaina, Arizonako Unibertsitateko Wagner ikertzaileak eta 2016ko lana sinatzen zuten gainontzeko ikertzaileek ikerketarekin atzera egiten dutela adierazi dute. Science aldizkari berean argitaratu dute oharra eta bertan argi diote zein den lanaren akatsa. Planeta hori ez da inoiz existitu: litekeena da positibo faltsu bat izatea. Akatsaren berri Nielsen astronomoak eta bere lankideek eman zuten The Astronomical Journal aldizkarian. Bigarren talde horrek teleskopio bera erabili zuen, baina, tarte luzeagoz behatu zuen ustezko planeta. Haien ikerketen arabera, emaitzak argiak dira eta ustezko HD 131399Ab planeta urrutiago dagoen izar baten argi-seinalea besterik ez da. Hiru eguzki dituen planeta harrigarri hori, beraz, ez da existitzen eta ez da inoiz bertan egon. Wagnerren taldeak Nielsenen hipotesia baieztatzen zuen beste ikerketa-lan bat argitaratu zuen 2022ko urtarrilean, beraz, badirudi bi taldeek egindako behaketek orain bai, norabide bereko emaitzen alde egiten dutela.

Planeta horrekin gertatutakoak zientziaren eta argitalpen-prozesuen zenbait argi-ilun agerian jarri ditu. Alde batetik, zientziak ondo funtzionatzen duela erakusten du; izan ere, faltsugarritasuna zientziaren beraren ezaugarri garrantzitsuenetakoa da. Hain zuzen ere, teoria zientifiko batek esperimentu bidez bere aldeko edo kontrako datuak jasotzeko aukera eskaini behar du. Horixe da kasu honetan gertatu dena. Beste alde batetik, Wagnerren taldeak modu egokian jokatu du akatsaren berri izan ostean, izan ere, haien ikerketak ere egin dituzte eta Science aldizkarian bertan argi utzi dute hasierako lana bertan behera gelditu dela. Aldizkariaren jatorrizko ikerketan ere argi gelditzen da lanaren egoera zein den.

Alde positiboak alde batera utzita, badira aipatzeko modukoak diren beste kontu batzuk. Lehenik eta behin, sarean argitaratutako hainbat albistetan ez da adierazi zer den gertatu dena eta hiru eguzki dituen planeta existitzen dela pentsa dezake gehiago sakontzen ez duen edozein irakurlek. Zenbait hedabidetan horrela jokatzea ez da harrigarria, baina, aipatzekoa da NASAren edo ESOren webguneetan argitaratutako albisteetan ez dela eguneraketarik egin. Beste alde batetik, Wagnerren taldearen akatsa zientziaren argitalpen-prozesu eta lehiakortasunarekin ere lotu daiteke, ziurrenik.

Egungo zientzian sarritan ez dago astirik hausnarketa sakonak egiteko eta analisietan denbora-tarte luzeak hartzeko. Wagnerren taldeak 11 hilabeteko behaketa egin zuen eta adituen arabera, denbora-tarte hori oso laburra da distantzia horretara egon daitekeen planeta bat ikertzeko. Wagnerrek zituen datuen arabera planetaren hipotesia zuzena izan zitekeen arren, ziurrenik behaketa luzeago batekin ikusiko zuten planeta izar bat zela.

Informazio gehiago: Erreferentzia bibliografikoak:

Wagner, K., Apai, D., Kasper, M., Kratter, K., McClure, M., Massimo, R., Beuzit, J.-L. (2016). Direct imaging discovery of a Jovian exoplanet within a triple-star system, Science, 353(6300), 673-678. DOI: 10.1126/science.aaf9671

Nielsen, E.L. et al. (2017). Evidence that directly imaged planet HD 131399Ab is a background star, The Astronomical Journal, 154(6), 218. DOI: 10.3847/1538-3881/aa8a69

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Inoiz existitu ez zen planeta appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dickensen idatzi kodetuak deszifratzeko proiektua

Ar, 2022-04-26 09:00

Charles Dickens (1812-1870) lan oso ezagunen egilea izan zen: Oliver Twist, David Copperfield, Bi hiriren istorioa edo Eguberri kanta. Idazle ingelesak, asmakizunen zalea izaki, kode propio bat asmatu zuen brakigrafian oinarrituta. Kode horretaz baliatuta, oraindik deszifratu ez diren testu batzuk «idatzi» zituen. Dickensek askotan erabili zuen takigrafia parlamentuko txostenak egiteko, gutunak idazteko eta oharrak hartzeko, baina ez dakigu zein sistema erabili zuen.

Dickens Kodea proiektuak idazle ingelesaren dokumentu takigrafiatu horiek deszifratzea du helburu. Claire Wood Leicesterreko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Victoriar Literaturako irakasleak zuzentzen du proiektu hori, eta Hugo Bowles, Foggiako Unibertsitateko (Italia) Ingeleseko irakasleak ere parte hartzen du bertan.

Proiektu horretan ikertzen den testuetako bat «Tavistock gutuna» da, zeina New Yorkeko Morgan Liburutegi eta Museoan dagoen gordeta. Horrela deitzen zaio, Tavistock etxeko idazpurua duen paper batean idatzita zegoelako. Dickens eta bere familia 1851 eta 1860 artean etxe horretan bizi izan ziren.

dickens kodea1. irudia: ezkerretan, Charles Dickens (Iturria: Wikimedia Commons) eta eskuinean, «Tavistock gutuna». (Iturria: The Dickens Code)Dickens kodea Tavistock gutuna argitzeko

2021aren amaieran, Wood-ek eta Bowles-ek nazioarteko deia egin zuten gutun misteriotsu horren esanahia argitzen saiatzeko. Eskudirutan emandako sari bat eskaintzen zieten eskutitz horren esanahia erabat edo partzialki argitzen laguntzen zutenei. Izan ere, gutun horrek 150 urte baino gehiago zeramatzan gordeta museoan, eta inork ez zuen aurkitu bere gakoa. Munduko toki guztietako hainbat pertsonak erantzun zioten eskaera horri, eta jasotako ekarpenei esker, partzialki ebatzi da puzzlea. Eta puzzlea diot, edukiaren % 70 inguru pertsona bakoitzak bere aldetik ekarritako piezak elkartuz osatu baita. Hainbat «deszifratzaile amateurrek» testu zati itzuliak proposatu dituzte, eta horrela, ezkutuko esanahiak forma har dezan lagundu dute. «Tavistock gutunean» hainbat esamolde identifikatu dira: «igokunde-eguna», «datorren astean», «iragarkia», «baztertua», «itzulia», «faltsua eta bidegabea» edo «entzunaldi publikoan». Horiek guztiak apurka-apurka egokitzen joan diren pieza horietako batzuk dira, besteak beste, haiei esker aurkitu dira Dickensek aldizkari edo egunkariren batek baztertutako eskuizkriburen bat aipatzen zuen gutunaren data.

Hipotesi hori indartu egin da New Yorkeko museo batean Mowbray Morris The Times egunkariko gerenteak 1859an idatzitako gutun bat aurkitu ondoren. Gutun horretan, gerenteak barkamena eskatzen zion Dickensi, idazlearen iragarpenari uko egin zion langile baten erabakiagatik. Gerentea lege ondorioen beldur izango zen.

Iragarpen hori premiazkoa zen idazlearentzat, sozietate baten desegiteari buruzkoa baitzen: Dickens Household Words izeneko astekari baten jabekidea eta editorea zen. Idazlea haserretu egin zen Bradbury & Evans editoreekin, eta aldizkari berri bat sortzea erabaki zuen; bera izango zen jabe eta editore bakarra eta berak izango zuen kontrol osoa: All The Year Round. Dickensentzat lehentasunezkoa zen bi argitalpenen arteko trantsizioa ahalik eta azkarrena izatea, eta, jakina, aldi berean, Household Words astekariaren irakurleak erakarri nahi zituen bere proiektu berrira.

dickens kodea2. irudia: Household Words eta All The Year Round aldizkarietako azalak. (Iturria: Wikimedia Commons)

Enplegatuak emandako ezezkoarekin haserre, 1859ko maiatzaren 6an idazlea The Times egunkariko J.T. Delane editoreari zuzendu zitzaion, esku hartu zezan eskatzeko. Eta eskutitz horren kopia kriptiko bat gordeko zuen, lege arrazoiengatik beharbada: horixe da, hain zuzen, «Tavistock gutuna».

Delane-k Mowbray Morris-i pasatu zion Dickensen gutuna, eta hark hartu zuen gaizki-ulertuaren ardura; izan ere, bere langileei agindu zien iragarkiei uko egiteko, baldin eta nolabait gatazkatsuak zirela uste bazuten. Maiatzaren 9an, idazleari barkamena eskatzeko gutun bat idatzi zion, New Yorkeko museoan aurkitutakoa, eta Dickensen iragarkia argitaratzeko agindua eman zuen.

Gutun hori ulertzea, partzialki bada ere, lagungarria izan daiteke hobeto ulertzeko Dickensen metodo takigrafikoa, bere bizitza eta bere obra. Oraindik egilearen eskuizkribu zifratu asko daude itzultzeke. Detektibe lan hori zehaztasun matematikoz egin da, eta, ziurrenik, Akademiako pertsonen ikerketei eta aurkitzeko irrikaz dagoen boluntario baten lankidetzari esker egingo da.

«Tavistock gutunak» Dickensen tratu komertzialen berri ematen digu; gainerako eskuizkribuak Dickensen apaletako liburuen laburpenak, bat-bateko diskurtsoak edo ipuin ezezagunak izan daitezke.

Claire Wood

 

Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko otsailaren 16an: El proyecto «Código Dickens»: descifrando la «carta de Tavistock».

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Dickensen idatzi kodetuak deszifratzeko proiektua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak