Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela ordu 1 28 min

Einstein: Jauzi kuantikoa

Og, 2024-06-13 09:00

Albert Einstein Alemanian jaio zen 1879an, familia judu batean. Gaztea zela, Suitzara joan zen ikastera, eta hango nazionalizatea eskuratu zuen.

Einstein1. irudia: “Einstein: Jauzi kuantikoa” komikiaren azala. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri. Iturria: Ikaselkar)

Patenteen Bernako bulegoan teknikari ibili zen hasiera batean, eta bertan aztertu behar zituen patenteetako askok denbora neurtzeko balio zuten. Horrek zer pentsatua eman zion denboraren inguruan.

Gerora, zientzialari entzutetsua bilakatu zen benetan. Masa eta energia lotzen dituen ekuazio ezagunaren egilea izan zen, eta bere lan esanguratsuneak erlatibitatearen inguruan egin zituen.

Einstein2. irudia: “Einstein: Jauzi kuantikoa” komikian zientzialari entzutetsu honen bizitzaren berri izango dugu, hastapenetatik, mito bihurtzera arte. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri. Iturria: Ikaselkar)

Naziek Alemaniako boterea eskuratu zutenean, Eisnteinek Estatu Batuetara egin zuen alde, bera judua zen eta. Bertan gelditu zen hil zen arte, Princeton-eko Unibertsitatean irakasle.

“Einstein: Jauzi kuantikoa” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren ale bat da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Hipatia edo Aristoteles.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Einstein: Jauzi kuantikoa
  • Egilea: Jordi Bayarri
  • Itzultzailea: Maialen Berasategi
  • Argitaletxea: Ikaselkar
  • Urtea: 2021
  • Orrialdeak: 48 orrialde
  • ISBNa: 978-84-18410-47-5
Iturria:

Ikaselkar: Einstein, jauzi kuantikoa.

The post Einstein: Jauzi kuantikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Eris, planeta nanotik planeta “bigunera”

Az, 2024-06-12 09:00

Jendearentzat oso ezezaguna den arren, Eris gure Eguzki Sistemako bigarren planeta nano handiena da, Plutonen atzetik. 2005ean aurkitu zen, eta eztabaida eta liskar handia sortu zuen astronomiaren munduan, planetatzat zer hartzen genuen birpentsatzera behartu baitzuen komunitate zientifikoa.

Eztabaida hori kategoria berri baten agerpenarekin amaitu zen (planeta nanoarena), zortzi planetako Eguzki Sistemara itzuli gintuena… baina bertan dagoeneko bederatzi planeta nano daude. Guzti horietatik oso gutxi ikusi ahal izan ditugu, Zeres eta Pluton kenduta. Izan ere, distantzia ikaragarriek bereizten gaituzte, eta gorputz horiei misio gutxi eskaini zaizkie.

Gorputz horiekiko distantziak eta haien tamainak eragiten dituzten zailtasunak gorabehera, teleskopio onenekin egindako Erisen behaketek aukera ematen digute planeta nano hori nolakoa izan daitekeen ezagutzeko.

Eris1. irudia: Kaliforniako Palomar mendiko behatokitik hartutako irudien sekuentzia, 2005ean Eris aurkitu zenean.  (Irudia: NASA/JPL/Caltech-en eskaintza. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Datu horien arabera, azalera oso zuria eta islatzailea du Erisek (eguzki argiaren % 96 islatzen du), eta horrek Plutonenarekin kontrastatzen du. Izan ere, azken horrek askoz ere argi gutxiago islatzen du eta, neurri handi batean, kolore gorrixkakoa da. Horrek iradokitzen du Eris estaltzen duen izotza berritu egiten dela (oraintxe bertan zaila izango litzateke jakitea ea barneko edo kanpoko prozesuen bidez gertatzen den hori), eta, beraz, planetan nolabaiteko dinamika aktiboa dagoela.

Erisek Disnomia izeneko satelite bat du, 615 kilometro inguruko diametroa duena (Erisek duen diametroaren laurdena), eta Erisekiko 37.000 kilometrora orbitatzen du. Satelite horren existentziari esker, zientzialariek zehaztasun handiz kalkulatu ahal izan zuten Erisen masa, eta haren osaerari eta barne egiturari buruzko baieztapenak egiten hasi ziren.

Bada, Science Advances aldizkarian argitaratutako ikerketa berri batek Eris eta Disnomiaren arteko erlazio orbitala aztertu du, Erisen barne egiturari buruzko argitasun pixka bat emateko edo, gutxienez, egitura horren eredu eta bilakaera batzuk eraikitzeko. Horrek, aldi berean, barne dinamika posible bati buruzko arrastoak emango lizkiguke.

Azterlan horren ondorioez hitz egiteko, Eguzki Sistemaren eraketara jo behar dugu, duela 4.500 milioi urte inguru. Gure planeta-sistemaren haurtzaro horretan, Erisek inpaktu handi bat jasango zukeen. Inpartu horren ondorioz, bere mantuko materia asko galduko zukeen (% 15 inguru) edo bestela, inpaktuak sortutako bero handiaren ondorioz, mantua osatzen zuten elementu lurrunkorren ehuneko handi bat gal zitekeen. Inpaktu horren ondorioz, hain zuzen ere, eratuko zitzatekeen Disnomia.

Eris2. irudia: Hubble teleskopio espazialak eginiko irudia. Bertan, Eris eta Disnomia ikus daitezke, eskala batekin, distantziaren ideia onartua izateko. (Irudia: NASA, ESA eta M. Brown-en eskaintza. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Erisentzat ondoriorik berehalakoena planeta nano trinkoago bihurtu izana litzateke, adibidez, Plutonekiko eta beste objektu batzuekiko nabarmentzen dena. Izan ere, bero horrek elementu lurrunkorren bolumen handi bat sublimatu edo lurrunduko zukeen eta planetako izotz/harkaitz proportzioa aldatu.

Baina ez hori bakarrik: Disnomia Erisengandik orain baino askoz hurbilago sortu zela uste da. Horrek Erisen marea garrantzitsuak eragingo lituzte (eta alderantziz). Mareek sortutako energia hori, lehenik eta behin, bero bihurtuko litzateke, eta fenomeno kriobolkanikoak eta gainazalaren gaztetzea elikatu ahal izango lituzke. Auskalo, agian azalaren azpian ur likidoko ozeano bat sortzea ere eragin zezakeen, gaur egun egon litezkeenak baino tenperatura altuagoak mantendu ahal izango bailituzke.

Baina mareek sortutako energiaren disipazioak osagai astronomiko bat ere izango luke. Alde batetik, Disnomiaren orbita aldatzeko gai izan zitekeen, pixkanaka Erisengandik urruntzen joan baita, eta, bestetik, bi gorputzen arteko mareen akoplamendua eragin zezakeen.

Akoplamendu horren ondorioz, Eris eta Disnomiak beti aurpegi bera “erakusten” diote elkarri, bi gorputzen errotazio aldia eta Disnomiaren translazio aldia sinkronizatuta baitaude, gure Lurrarekin eta Ilargiarekin gertatzen den moduan. Arraroa iruditzen bazaigu ere, nahiko ohikoa da gure planeta sisteman.

Eris3. irudia: Eris-Disnomia sistemaren inprimatze artistikoa. (Irudia: NASA/JPL-Caltech-en eskaintza. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Xehetasun horrek iradokitzen du sistemak konfigurazio egonkor bat lortu duela milioika, ziurrenik milaka milioi, urtetan zehar, eta Eris gai dela Disnomiarekin duen elkarreraginetik sortutako energia kantitate handi bat disipatzeko. Horrek pentsarazten die zientzialariei ez dela gorputz erabat zurruna, baizik eta oraindik ere nolabaiteko konbekzioa jasan lezakeela izotzez egindako tarteko geruzan. Mareen energiaren disipazioak sortutako beroari esker eta oraindik nukleo harritsuan gera litezkeen elementu erradioaktiboen desintegrazioari esker, bero hori azalerara eramango luke. Hortik dator izenburuko planeta “biguna”ren txantxa.

Hain zuzen ere, disipazio handiago horren ondorioz, Eris erabat bereizitako gorputza izango litzateke; hau da, geruza ezberdinez osatua —kasu honetan, ziurrenik, izotz azal zurrunago bat gainazalean, izotz mantu bat egoera likatsuan eta konbekzioan, eta, azkenik, nukleo harritsu bat, gure planetan gertatzen den moduan—. Ez litzateke izango harriaren eta izotzaren nahasketa gutxi gorabehera homogeneoz osatutakoa, ustez beste planeta nano batzuetan hala baita.

Gorputz horien egitura ezagutzeak etorkizunean haien bizigarritasunari (oraingoa eta iraganekoa) buruzko xehetasunak aztertzen edo haien historia berreraikitzen lagun diezaguke, eta hori oso baliotsua da gure Eguzki Sistemaren dinamika konplexua ulertzeko, batez ere lehen etapei dagokienez.

Erreferetzia bibliografikoa:

Nimmo, F. and Brown, M.E. (2023) The internal structure of Eris inferred from its spin and Orbit Evolution, Science Advances, 9 (46). DOI: 10.1126/sciadv.adi9201

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko abenduaren 11n: Eris, de planeta enano a planeta “blandito”.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Eris, planeta nanotik planeta “bigunera” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Lankidetzetan aniztasuna egoteak zientzia ona sustatzen du

Ar, 2024-06-11 09:00

Lankidetzak, batez ere zenbait diziplinaren artekoak, gero eta beharrezkoagoak dira kalitatezko zientzia egiteko eta ibilbide zientifiko batean aurrera egiteko. Ikertzaile ezagunen sareetan sartu eta haien babespekoen artean leku bat egitea zaila izan daiteke emakumeentzat. Sarritan, emakumezko zientzialari gazteek baliabide onak dituen zientzialari batekin lan egin nahi duten erabaki behar dute, nahiz eta haren izen onaren itzalpean geratu.

Nork egiten du zientzia?

Ikerketa taldeen aniztasunak ondorioak ditu mundu errealean. Gizonek eta emakumeek ikuspegi desberdinak izan ditzakete, batez ere, sexua eta generoa tartean dituzten ikerketetan. «Zientzia egiten duenak erabakitzen du benetan nolako zientzia egingo den», adierazi du Londa Schiebingerrek zientziaren historialariak. Ikerketetan, ikuspegi ahaztu horren adibide asko ditugu: nahiko ohikoa da sendagaiak sagu arretan soilik probatzea eta emakumeak saiakuntza klinikoetatik kanpo uztea; ondorioz, lortzen diren tratamenduak egokiagoak dira gizonentzat. Akatsak ikusi dira klima aldaketak itsas organismoetan eragindako ondorioen azterketetan, modu desberdinean erantzuten baitute organismook arrak edo emeak diren. Eta inoiz pentsatu al dugu hegaztien kantuaren sexuaren inguruan?

Sandi Toksvig antropologia ikasten ari zela, haren irakasleetako batek 28 marka zituen adar hezur baten argazkia erakutsi zuen. «Hau», esan zuen, «gizon batek egutegi baten bidez denbora neurtzeko egindako lehen ahalegina da». Toksvigek galdera bat zuen buruan: zer gizonek jakin behar du noiz igarotzen diren 28 egun? Doktoregaiari zirrara sorrarazi zion begirada desberdin horrek, eta gizakiaren eboluzioa aztertzeko beste modu batean pentsatu zuen.

lankidetzetan1. irudia: aniztasuna funtsezkoa da ikerketa taldeetan, zientzia hobea egiten da horrela. (Argazkia: Gerd Altmann – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Mende askoz, gizonen bizitza hartu izan da oinarritzat giza espezie osoaren bizitza irudikatzeko. Gizateriaren beste erdia isilduta egon da, eta isiltze horiek nonahi ikus daitezke: zineman, albisteetan, literaturan, zientzian, hirigintzan, ekonomian, gure iraganari, orainari eta etorkizunari buruz kontatzen ditugun istorioetan. Eremu asko daude desitxuratuta emakumeen faltagatik.

Inpaktua txikia izan daiteke, esaterako, goiko apal batera ez iristea, gizonen ohiko altuera kontuan hartuta pentsatu direlako; baina baita larria ere, emakumeen neurriak kontuan hartu ez dituzten segurtasun probak gainditu dituen auto batekin istripua izatea, adibidez. Gauza bera gertatzen da balen aurkako txalekoekin, bularrik gabeko soinetarako diseinatuta egon ohi baitira.

Bulegoak girotzeko formula 1960tik datorkigu, eta ingurune horretan dagozkion lanak egiten dituen batezbesteko gizonak atsedenean duen tasa metabolikoa hartzen du oinarri. Herbehereetan duela gutxi egindako ikerketa batean berriki aurkitu denez, antzeko lanak egiten dituzten emakume helduen tasa metabolikoa jarduera berbera egiten duten gizonena baino nabarmen baxuagoa da. Hala, emakumeentzat atsegina litzatekeena baino bost Celius gradu gutxiagoko tenperaturan klimatizatutako bulego bat lortzen da.

Antzeko beste adibide asko ditugu, eta gaur egun badakigu emakumeen ehuneko ertain bat duten taldeek arazo horiek kontuan hartuko dituztela, seguruenik. Horri buruz, Schiebingerrek eta haren lankideek ikerketa medikoko 1,5 milioi artikulu baino gehiagoren egiletza aztertu zuten, eta ikusi zuten emakumezko egileak zituztenetan ohikoagoa zela sexua eta generoa aintzat hartzea lanaren metodologian eta ondorioetan. Aniztasuna funtsezkoa da ikerketa taldeetan, zientzia hobea egiten da horrela.

Hala ere, agian ez da nahikoa talde bakoitzean emakume bat egotea: ikerketek erakusten dutenez, talde minoritario bateko kideen diskurtsoa aintzat hartua izan dadin, ikerketa taldeko kideen % 25-30 izan behar da talde horretakoa. Schiebingerrek gaineratu duenez, ikerketa bat inklusiboa izan dadin, kolektibo sorta zabal baten ikuspegiak hartu behar ditu kontuan, barne hartuta beste etnia batzuetako emakumeak, askotariko maila sozioekonomikoak eta aurrekariak dituzten pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak eta askotariko identitate eta orientazio sexualak dituztenak.

Egiletzaren inguruko eztabaidak

Emakume askorentzat, zaila izan daiteke lankidetza bat egiteko erabakia hartzea. Emakumeek gizonek baino joera handiagoa izaten dute egiletza eztabaidetan sartzeko. 2021ean, Cassidy Sugimoto informazioaren zientzialariak galdeketa bat egin zien 5.575 zientzialariri, argitalpen bat egin aurreko argibide horiei buruz. Emakumeek esan zuten eztabaida horien ondorioz kolaborazio gutxiago izan zituztela gerora, beren borondatez atzera egin zutelako edo laguntzaileek kanpoan utzi zituztelako. Ikerketak erakutsi zuen gizonen ehuneko handi batek ez zuela egiletzari buruz eztabaidatzen artikulua argitaratzear zegoen arte, batzuetan orduan ere ez. Emakumeek, ordea, lankidetzaren hasieran argitu nahi zuten beren izena non eta nola agertuko zen.

Alderdi hori garrantzitsua da ibilbide zientifiko baten hasieran, eta emakumezko ikertzaile gazteek badakite tinko jarraitu behar dutela. «Doktoretza egiteko ibilbidean artikulu baten lehen egilea izatea zientzian jarraituko duzula iragartzen duen adierazle garrantzitsu bat da», dio Sugimotok. 2021ean, haren taldeak ikerketako 30.000 artikulutan egileek izandako ekarpena aztertu zuten, eta ikusi zuen ohikoagoa zela emakumeek lan teknikoak egitea eta gizonek, berriz, zeregin garrantzitsuagoa izatea ikerketa berriak planteatzen. Halaber, ondorioztatu zuenez, doktoretzako gizonezko ikasleek emakumezko doktoretza ikasleek baino argitalpen gehiago egiten dituzte lehen egile gisa.

Sarritan, lankidetzak egiten hastea dauden sareetara sartzeko modu bat besterik ez da, eta han aukera egongo da kolaboratzaile potentzialak aurkitzeko, bai eta beren ibilbidea bultzatu dezaketen mentoreak lortu eta osterantzean hurbilgaitzak izango liratekeen kideekin aritzeko ere.

Elkartzea

Merezimendu asko dituzten zientzialarien sare sotiletik kanpo sentitzen diren emakumeek elkarrekin lan egin dezakete, hitzaldietan kolaboratzaileak aurkituz eta zientzialari gazteagoei laguntza emanez. Hori ez da oso ohikoa emakumeengan, hainbat arrazoirengatik, Joyce Benenson psikologoak dioenez. Batetik, emakumeek gizonek adina aurreiritzi inplizitu izaten dituzte emakumeak kontratatzeari dagokionez. Gainera, gogoa beren ibilbidean aurrera egiten jartzen duten emakumezko zientzialariek agian ez diete laguntzarik eskainiko emakume gazteenei, Benensonek dioenez. Alabaina, gizonak nagusi diren sare zientifikoen kontrola arintzeko, emakumeentzat interesgarria izan daiteke koalizio estrategikoak sortzea, banaka lehiatu beharrean.

lankidetzetan2. irudia: ikerketa bat inklusiboa izan dadin, kolektibo sorta zabal baten ikuspegiak hartu behar ditu kontuan. (Argazkia: Gerd Altmann – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Azken hamarkadan, soilik emakumezko zientzialariek osatutako taldeak sortzeko joerak gora egin du. 2019an, Luke Holman biologo ebolutiboak eta haren lankideek ikusi zutenez, bizitzaren zientzietako ikertzaileek zori hutsagatik espero zitekeena baino maizago idatzi zituzten artikuluak beren genero bereko beste ikertzaile batzuekin, beren esparruko genero proportzioak kontuan hartuta. Holmanek dioenez, ez dago argi zergatik gertatzen den hori. Agian, emakumeek elkarri laguntzeko duten inplikazioak bultzatzen du, edo emakumezko ikasleek berentzat garrantzitsuak diren ikuspuntuetan antzeko pentsamoldea duten emakumezko mentoreekin lan egiteko duten nahiak, bestela. Aldi berean, litekeena da gizonezko zientzialarien sareek emakumeak baztertzea, edo emakumeek gizonekin lan egin nahi ez izatea, jazarpena izateko beldur.

Lara Mahal kimikaria da, eta adierazi du beste erakunde batzuetako emakumeekin lankidetzan aritzeak aukera eman ziola bere interes eta premiekin bat zetozen zientzialari sare handietan sartzeko. Ezohiko laborategi talde batekin egiten du lan, birus eta zeluletan dauden azukreak aztertzen; izan ere, azterketa horretarako ikertzaile askoren parte-hartzea behar da. Egia da gizonekin lankidetza onuragarriak izan zituela, baina Mahalen harreman iraunkorrenak emakumeekin izan ziren, eta hark «arima bikiak» direla dio. Emakumeen interes zientifikoak eta nortasunak bat etorri ohi dira eta, haren hitzetan, horrek lana bereziki atsegina egiten du. «Lanean oso ondo pasatzen duzunean, zuk bezala pentsatzen duen jendearekin, halako lan gehiago egin nahi izaten duzu», adierazi du.

Tutoretzak eta genero estereotipoak

Gaur egun, oraindik ere mesedegarria da emakumezko ikertzaile gazteen ibilbideak bultzatuko dituzten zientzialarien sareetan sartzea. Egia da arrakala murrizten ari dela, baina, oraindik ere, gizonak dira ezagunenak eta haiek dituzte loturarik hoberenak zientziaren munduan. Adibidez, Estatu Batuetan, biologiako irakasle titularren % 18 baino ez dira emakumeak. Europan, batez beste, 2016an ospea zuten ikertzaileen % 15 baino gutxiago ziren emakumeak.

Tutoretzaren genero dinamika konplexua izan daiteke. Mahali, adibidez, doktoretzako aholkulari gisa Kaliforniako Unibertsitateko Carolyn Bertozzi biokimikaria aukeratzeko zuen asmoa kendu nahi izan zioten, unibertsitatean izan zuen aholkularia ere emakumea zelako eta, beraz, Mahalek gizonekin ez zuela lan egin nahi pentsa zezakeelako jendeak. Alabaina, ez zuen aholkua aintzat hartu eta Bertozzik eta Mahalek berak lankidetzaz gozatu zuten: Mahalen graduondoko ikerketari esker, Bertozzik bere lehen artikulua argitaratu zuen Science aldizkarian.

2020an, Bedoor AlShebli gizarte-zientzialari konputazionalak eta haren lankideek artikulu bat argitaratu zuten; horretan, 215 milioi egileren generoa eta antzinatasuna aztertu zituzten, hainbat alorretan eta 100 urtez idatzitako 222 milioi artikulutan (AlShebli et al, 2020). Ikusi zutenez, emakumezko mentore bat izateak ikertzaile gazteen aipuak % 35eraino murrizten zituen, eta emakumezko begiko bat izateak, berriz, % 18 murrizten zituen mentoreen aipuak. Ondorioz, mundu akademikoan, emakumeek gizonekin lan egin beharko lukete, nolabaiteko arrakasta lortu nahi izanez gero.

Azkar deuseztatu zuten artikulua eta horren ondorioak. Komunitate zientifikoak gogor kritikatu zuen tutoretzaren ordez egilekidetza faktorea erabiltzea, bai eta arrakastaren neurri gisa aipuak aldagaia erabiltzea ere, beste alderdi metodologiko batzuen artean.

Artikulua argitaratu eta gutxira, 7.600 ikertzaile inguru artikulu hartan esandakoaren ondorioez kezkatuta agertu ziren, eta beren babesa adierazi zieten berori egin zuten akademikoei, Stanfordeko Christine Jacobs-Wagner biologo molekularrak eta haren lankideek idatzitako gutun ireki batean.

AlSheblik eta haren egilekideek atzera egin zuten artikuluan idatzitakoaz, eta aitortu zuten argitalpenaren ondorengo berrikuspenek muga handiak aurkitu zituztela metodologian.

Hala ere, guztiak ez zeuden ados atzera egite horrekin. Benensonek generoa aztertzen du talde dinamiketan, eta uste du ikerketa ondorioengatik gutxietsi zela, ez hainbeste zuzena ez zelako. Adierazi duenez, azterlanaren ondorioak sozializazioari eta lankidetzari buruz generoan oinarrituta egin diren beste ikerketa batzuekin lotzen dira. Adibidez, Benensonek lehen hezkuntzako ikasleekin egindako ikerketak berak iradokitzen du estatus sozial bereko neskak elkarrekin jolasten direla, baina beste estatus bateko neskekin harremanik ez izateko joera dutela, eta gauza bera gertatzen da artean edo kirolean gutxi gorabehera trebeak diren neskekin. Mutilak, aldiz, etengabe lehiatzen dira elkarren artean, eta ondo funtzionatzen duten hierarkia sozial aldakorrak sortzen dituzte.

Benensonek eta Sugimotok gogoeta egiteko aukera ikusi zuten artikulu polemikoa argitaratu ondoren; Benensonek adierazi zuen emakumezko mentoreak desabantailan daudela nagusiki gizonek eta gizonentzat diseinatuta dagoen sistema baten ondorioz. Bestalde, Sugimotok azaldu zuenez, emakumeak beren ibilbiderako mesedegarrienak diren sareetara sartzea eragozten duten zenbait egitura instituzional daude. Adibidez, gertagarriagoa da gizonak talde handien buru izatea eta nazioarteko lankidetzetan parte hartzea, baina, gaur egun, emakume askok familiakoen zainketak beren gain hartzen dituzte, eta horrek zaildu egiten die etxebizitzaz aldatzea edo beren herrialdetik kanpo bidaiatzea. Onargarria iruditzen al zaigu batzuei eskubideak kentzea eta besteei pribilegio bat ematea?

Gero eta funtsezkoagoa da zientzian askotariko pertsonekin lankidetzan aritzen ikastea; izan ere, esan bezala, alor asko diziplinartekoak bihurtu dira eta, gainera, aberasgarria da askotariko ikuspegiak izatea. Lankidetza atseginetan aurrerapen zientifikoak lortzea poztasun handiena ematen duen erronketako bat da; alaitasun partekatu eta hedatua sortzen du, kontaktuz eta izenez egindako mailetan gora egitean datzan igoera lehiakorraz harago.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • AlShebli B, Makovi K, Rahwan T (2020). The association between early career informal mentorship in academic collaborations and junior author performance. Nature Commun. 11, 5855. DOI: 10.1038/s41467-020-19723-8
  • Reardon S (2022). Scientific collaborations are precarious territory for women. Nature 605, 179.–181. or. DOI: 10.1038/d41586-022-01204-1
Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022eko maiatzaren 5ean: ‘La diversidad en las colaboraciones promueve la buena ciencia‘.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Lankidetzetan aniztasuna egoteak zientzia ona sustatzen du appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Azkenean, fisikariek ordenagailu kuantikoek bakarrik konpon dezaketen arazo bat aurkitu dute

Al, 2024-06-10 09:00

Ikertzaileek frogatu dute sistema kuantiko baten energiari buruzko arazo bat konpontzea erraza dela ordenagailu kuantikoentzat, baina zaila klasikoentzat.

sistema kuantiko1. irudia: Carlos Arrojo. (Iturria: Quanta Magazine)

Ordenagailu kuantikoak superpotentzia konputazional bihurtzear daude, baina ikertzaileek denbora asko daramate abantaila kuantiko bat emango lukeen arazo bideragarri baten bila, hau da, ordenagailu kuantiko batek bakarrik konpon dezakeen zerbaiten bila. Argudiatzen dutenez, orduan bakarrik joko da teknologia hori funtsezkotzat.

Hainbat hamarkadatan bila ibili dira. «Hein batean erronka bat da, ordenagailu klasikoak nahiko onak direlako egiten dituzten gauza askotan», azaldu du John Preskillek,  Kaliforniako Teknologia Institutuko fisikari teorikoak.

1994an, Peter Shorrek aukera bat aurkitu zuen: zenbaki handiak faktorizatzeko algoritmo kuantiko bat. Shorren algoritmoa indartsua da, eta algoritmo klasiko guztiak gainditzen dituela uste da. Ordenagailu kuantiko batean exekutatzen denean, Interneteko segurtasun sistema asko apurtzeko ahalmena du, zenbaki handiak faktorizatzeko zailtasunaren mende baitaude. Baina hain harrigarria bada ere, algoritmoa ikerketa arloen zati txiki baterako baino ez da garrantzitsua, eta litekeena da bihar norbaitek makina klasiko batean zenbaki handiak faktorizatzeko modu efiziente bat aurkitzea, eta horrek Shorren algoritmoa eztabaidagarri bihurtuko luke. Shorren aplikagarritasun mugatuaren ondorioz, ikertzaileen komunitateak makina kuantikoen beste erabilera kasu batzuk bilatu ditu, aurkikuntza zientifiko berriak egiten benetan lagun dezaketenak.

«Ez dugu ordenagailu bat sortu nahi zeregin berezi baterako bakarrik», dio Soonwon Choik, Massachusettseko Teknologia Institutuko fisikariak.  «Shorren algoritmoaz gain, zer gehiago egin dezakegu ordenagailu kuantiko batekin?».

Preskillek dioen moduan: «Klasikoki zailak diren arazoak aurkitu behar ditugu, baina orduan [erakutsi] beharko dugu metodo kuantikoak benetan efizienteak izango direla».

Batzuetan, ikertzaileek uste izan zuten lortu zutela, arazoak konpon zitzaketen algoritmo kuantikoak aurkituz, ordenagailu klasiko batek egin dezakeen edozer baino azkarrago. Baina gero, norbaitek (sarritan Ewin Tang ikertzaile gazteak) kuantikoak gaindi zitzaketen algoritmo klasiko berri eta adimentsuak asmatu zituen.

Orain, fisikari talde batek, Preskill barne, abantaila kuantikorako orain arteko hautagairik onena aurki zezakeen. Sistema kuantiko batzuen energia aztertzean, galdera espezifiko eta erabilgarri bat aurkitu zuten, makina kuantiko batentzat erantzuteko erraza dena, baina klasiko batentzat zaila. «Hori aurrerapen handia da algoritmo kuantikoen teorian», dio Sergey Bravyik, IBMko teorialari eta informatikariak. «Emaitza abantaila kuantiko bat da materialen zientzietarako eta kimikarako  garrantzitsua den arazo baterako».

Ikertzaileak ere gogotsu daude lan berriak zientzia fisikoen ustekabeko arlo berriak aztertzearekin. «Gaitasun berri hori kualitatiboki [Shorrena] ez bezalakoa da, eta algoritmo kuantikoen munduan aukera berri asko ireki ditzake», dio Choik.

sistema kuantiko2. irudia: John Preskillek denbora luzez bilatu zuen abantaila kuantikoaren adibide bat, konputagailu kuantikoek egin zezaketena eta ordenagailu klasiko normalek egin ezin zutena. (Argazkia: Greg Segal. Iturria: Quanta Magazine)

Arazoak sistema kuantikoek (normalean atomoek) hainbat energia egoeratan dituzten propietateekin du zerikusia. Atomoek egoeren artean salto egiten dutenean, haien propietateak aldatu egiten dira. Argi kolore jakin bat eman dezakete, adibidez, edo magnetiko bihurtu. Sistemaren propietateak hainbat energia egoeratan hobeto aurreikusi nahi baditugu, erabilgarria da sistema hain asaldatuta ez dagoenean ulertzea, zientzialariek oinarrizko egoera gisa definitzen duten horretan.

«Kimikari, materialen zientzialari eta fisikari kuantiko asko lanean ari dira oinarrizko egoerak aurkitzeko», azaldu du Robert Huangek, artikulu berriaren egileetako bat eta Google Quantum AI-ko ikertzaile zientifikoak. «Badakigu oso zaila dela».

Hain zaila da non, mende bat baino gehiagoko lanaren ondoren, ikertzaileek oraindik ez baitute aurkitu ikuspegi konputazional efizienterik sistema baten oinarrizko egoera zehazteko, lehen printzipioetatik abiatuta. Ez dirudi ordenagailu kuantiko batekin hori egiteko modurik dagoenik ere. Zientzialariek ondorioztatu dute sistema baten oinarrizko egoera aurkitzea zaila dela ordenagailu klasikoentzat zein kuantikoentzat.

Baina sistema fisiko batzuek panorama energetiko konplexuagoa dute. Hozten direnean, sistema konplexu horiek ez dira beren funtsezko egoeran finkatzen, baizik eta hurbileko eta energia maila baxuagoko batean, tokiko gutxieneko energia maila gisa ezagutzen dena. (2021eko Fisikako Nobel Sariaren zati bat sistema multzo horietako batean egindako lanagatik eman zen, spinezko beirak izenekoak). Ikertzaileek beren buruari galdetu zioten orduan ea sistema baten tokiko gutxieneko energia maila zehaztea ere unibertsalki zaila ote zen.

Erantzunak iaz hasi ziren sortzen, Chi-Fang (Anthony) Chenek, artikulu berriaren beste egile batek, termodinamika kuantikoa simula zezakeen algoritmo kuantiko berri bat garatzen lagundu zuenean (beroaren, energiaren eta lanaren eragina sistema kuantiko batean aztertzen duena). «Uste dut jende askok [ikertu] duela energia potentzialaren azalerak sistema kuantikoetan duen itxura, baina lehen ez zegoen hori aztertzeko tresnarik», dio Huangek. Chenen algoritmoak leiho bat irekitzen lagundu du sistema horiek nola funtzionatzen duten jakiteko.

sistema kuantiko3. irudia: Robert Huangek eta John Preskillek lagundu zuten aurkitzen ordenagailu kuantikoen erabilgarritasuna frogatzen zuen arazo bat: sistema kuantiko baten gutxieneko energia-maila lokala aurkitzea. (Argazkia: Chi-Yun Cheng. Iturria: Quanta Magazine)

Tresna berria zein indartsua zen ikusita, Huang eta Leo Zhouk, artikulu berriaren laugarren eta azken egileak, ordenagailu kuantikoek sistema baten tokiko gutxieneko energia egoera zehazteko modu bat diseinatzeko erabili zuten, oinarrizko egoera ideala bilatu beharrean; ikuspegi hori, hain zuzen ere, konputazio kuantikoan ikertzaileak bilatzen ari ziren galdera motan zentratzen zen. «Orain arazo bat dugu: tokiko energia kantitate bat aurkitzea, eta hori oraindik zaila da ikuspegi klasikotik, baina esan dezakegu kuantikoki erraza dela», dio Preskillek. «Beraz, horrek egon nahi dugun eremuan jartzen gaitu, abantaila kuantiko bat lortzeko».

Preskillek zuzenduta, egileek sistema baten tokiko gutxieneko energia egoera zehazteko beren ikuspegi berriaren ahalmena frogatzeaz gain (fisika kuantikoaren arloan aurrerapen handia), frogatu zuten azkenean arazo hori ordenagailu kuantikoek beren balioa frogatzeko modukoa zela. «Tokiko gutxieneko bat aurkitzeko arazoak abantaila kuantikoa du», ondorioztatu du Huangek.

Eta aurreko hautagaiak ez bezala, algoritmo klasiko berri batek ez dio aurre hartuko ziur asko. «Ez da oso litekeena deskuantifikatzea», dio Choik. Preskillen taldeak oso hipotesi onargarriak egin zituen eta arrisku logiko gutxi hartu zituen; algoritmo klasiko batek emaitza berdinak lor baditzake, fisikariek beste gauza askotan erratuta egon behar dutela esan nahi du. «Emaitza txundigarria izango da», dio Choik. «Poztu egingo nau ikusteak, baina txundigarriegia izango litzateke sinesteko». Lan berriak hautagai bideragarri eta etorkizun handikoa aurkeztuko du abantaila kuantikoa erakusteko.

Gauzak argi uzteko: emaitza berria teorikoa da oraindik. Ikuspegi berri hori gaur egun benetako ordenagailu kuantiko batean frogatzea ezinezkoa da. Denbora beharko da arazoaren abantaila kuantikoa zehatz-mehatz frogatzeko gai den makina bat eraikitzeko. Horregatik, Bravyirentzat, lana hasi besterik ez da egin. «Duela bost urte gertatutakoari erreparatzen badiogu, qubit gutxi batzuetako ordenagailu kuantikoak baino ez genituen, eta orain ehunka eta baita 1.000 qubiteko makinak ere baditugu», azaldu du. “Oso zaila da bost edo hamar urte barru zer gertatuko den aurreikustea. Eremu oso dinamikoa da”.

Jatorrizko artikulua:

Lakshmi Chandrasekaran (2024). Physicists Finally Find a Problem That Only Quantum Computers Can DoQuanta Magazine, 2024ko martxoaren 12a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Azkenean, fisikariek ordenagailu kuantikoek bakarrik konpon dezaketen arazo bat aurkitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #489

Ig, 2024-06-09 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

mielina

 

Emakumeak zientzian

Olatz Ortega Vidales biologoa da, ekotoxikologian espezializatua, eta gaur egun “Kontuz! Ez nazazu zapaldu!” herritarren zientziako proiektu inklusiboan dabil lanean. Proiektu horretan, hondartzako hondarretan bizi diren organismoak ezagutu, identifikatu eta aztertzen dituzte, eta herritarrak parte hartzaile aktiboak dira eginkizun horretan. Herritarren zientziaren bidez, parte-hartzaileak ahalduntzen direla azaldu du, eta zientziarentzat ere oso aberasgarria da. Ortegak azpimarratu du inklusibitatea lantzea oso garrantzitsua dela, baita zientzian ere. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Klima-larrialdia

Azken hamabi hilabeteak inoizko beroenak izan dira munduan, 2023ko ekainetik 2024ko maiatzera. Copernicus klima-aldaketari buruzko zerbitzuak argitaratu ditu datuak azken txostenean. Hilabete horietan, batez besteko tenperatura 1,63 gradu igo dela azaldu dute, 1850-1900 garaiko tenperaturarekin alderatuta. Gomendioa zen tenperaturaren igoerak 1,5 graduen langa ez gainditzea. Datu guztiak Berrian.

Ingurumena

Zuhaitzek hainbat ekarpen positibo dituzte, bai gizakian eta baita gure inguruan ere. Hainbat eremutan egin diren zuhaitzen kimatze bortitzak direla eta, herritar batzuk kontra azaldu dira. Horren aurrean, Celina Aznarez eta Alba Marquez BC3-ko ikertzaileek azaldu dute soilik hazkunde, garbiketa edo segurtasun arrazoiengatik kimatu behar dira zuhaitzak. Izan ere, karbono dioxidoa xurgatzen dute, itzala ematen dute eta egoiliarrentzat ingurune freskoagoak eta erosoagoak sortzen dituztela ere azaldu dute. Horregatik, hiriguneetan zuhaitzak landatu eta kontserbatu behar direla argi dute. Azalpenak Berrian.

SUV autoak dira energiarekin lotutako karbono-emisioen hazkundearen % 20aren erantzuleak. 2023an autoen salmentan arrakasta handia izan zuten SUV motakoek, eta datuen arabera, urte horretako petrolio-eskariaren % 25a ere haiei zor zaie. Txostenean alderapen bat ere egin dute, eta azaldu dute SUV autoak herrialde bat balira, CO2  gehien isurtzen duen bosgarrena izango litzatekeela. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Endometriosia emakumeengan oso ohikoa den gaitz kronikoa da. Gaitz hori pairatzen dutenetan, endometrioko ehuna umetokia ez den beste eremu eta organoetan hazten da. Oraindik ez dakigu zergatik gertatzen den, ikerketa zientifiko oso gutxi egin direlako, eta diagnostiko falta handia dagoelako. Batez ere, mina, nekea eta haurdun geratzeko zailtasunak eragiten ditu endometriosiak. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Lyme gaixotasuna edo borrelosia Borrelia borgdorferi mikroorganismoak sortzen du, eta askotan kaparren bidez iristen da gizakiarengana. Kaparren larbak animalia txikiak bilatzen dituzte ostalari gisa, eta hauek borrelia bakterioaz infektatuta badaude, bakterioa larbaren hesteetara pasatuko da. Larba handitzean, beste animalia batzuk bilatuko ditu, hala nola, gizakia, eta bakterioa transmititu diezaioke. Azalpenak Berrian.

Neurologia

Ikerketa-talde batek aztertu du maratoi bat egiteak zer eragin duen garunean. Zehazki, mielinari erreparatu diote, neuronen axoiek inguratzen dituen egiturari. Emaitzen arabera, maratoi bat egiteak mielinaren kontzentrazioa nabarmen murriztea eragiten du. Ikertzaileek uste dute energia-biltegi bat izan daiteke mielina. Ordea, mielina-maila ia egoera normalera itzultzen da bi astera. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Zoologia

Gizakiok ekokokapena erabiltzen ikasi dezakegu. Ekokokapenaren bidez, hainbat animaliak soinuak igortzen dituzte eta soinu horien oihartzuna baliatzen dute orientatzeko edo ehizatzeko, besteak beste. Esperimentu batek erakutsi du gizakiok ere ikasi dezakegula gaitasun hori, hamar astetan. Ikusmena dutenek eta ikusmena falta dutenek erabili dezakete. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Fisika

Duela gutxi aurorak ikusi ahal izan genituen Euskal Herrian. Eremu polarretan agertzea da ohikoena, baina eguzki-aktibitatea handia denean eremu zabalago batean ager daitezke. Aurorak Lurreko atmosferako gasek eguzki haizearekin duten elkarreraginaren ondorioz sortzen dira. Eguzkiaren barruan sortzen diren ekaitzekin hasten da prozesua; ekaitz horietan askatzen diren protoiak Lurrera iristen dira, eta horiek eragiten dute aurora. Azalpenak Berrian.

Astronomia

Chang’e-6 zundak Ilargitik aireratu da alde ezkutuko laginak hartuta. Txinak burututako misioa Ilargiaren orbitan dago orain, eta hala jarraituko du 14 egunez, Lurrerantz abiatzeko une egokia iritsi arte. Ekainaren 2an iritsi zen zunda Ilargiaren hego poloko Aitken arrora, eta bi egunez laginak jasotzen aritu da. Lurrera iristean jakingo da zehazki zenbat lagin hartzea lortu duen. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Argitalpenak

Pasteur: Mikrobioen iraultza “Zientzialariak” komiki-sortaren ale bat da. Ale honetan Pasteur kimikari eta mikrobiologoaren ibilbidea ezagutu ahal izango dugu hasiera hasieratik. Ardoan sortzen ziren kristal batzuk ikertzen hasi zen Pasteur, eta egin zituen hainbat esperimentuetatik ondorioztatu zuen berezko sorkuntzaren teoria oker zegoela. Hala, pasteurizazio delako prozesua diseinatu zuen, eta baita lehenengo txertoa ere. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #489 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #496

La, 2024-06-08 09:00


Intuizioaren kontrako da hau: urtzen den izotz plaka antartiko baten inguruan itsaso maila ez da igotzen, jaitsi egiten da. Melting ice sheets can lower local sea levels, Rebecca McGirr, Anthony Purcell, Herbert McQueen eta Paul Tregoning.

DNAren egitura pi pilaketa (π-stacking) izeneko molekula gaineko egitura mota bat da. Pilaketa mota hori konposatu organiko antiaromatikoak erabiliz egiterakoan ezusteko izugarriak sortzen ditu: oso eroale den kristal likido bat bezala. Triple-decker antiaromatic π-stacking leads to a liquid crystal

Kafe on bat egitea kapsulatxo bat makina batean sartu eta botoi bati ematea baino ez zela uste zenuen. Kafe bat behar bezala egiteko, lehenik X izpiak erabili behar dira, eta gero kontuak atera. BCAMeko jendea Modelling coffee brewing using X-rays.

Ohm-en legea erlazio lineala da. Linealtasun hori bertan behera geratzen da simetria kristalografikoa sinplea izateari uzten dionean. DIPCko jendeak frogatu du telurozko konposatu bat erabiliz. An odd nonlinear conductivity in chiral tellurium

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #496 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Olatz Ortega, biologoa: “Derrigorrezkoa iruditzen zait desberdinak garen pertsonek lekua izatea zientzian”

Or, 2024-06-07 09:00

Olatz Ortega Vidalesen X sare sozialeko profilean hau dago idatzita: “Biologia (bizitzaren oinarria) | Ekotoxikologia (Bizia salbatzeko metodo bat)”. Hortaz, hasieratik, argi uzten du beretzat berebiziko garrantzia dutela bi gai horiek.

Olatz OrtegaIrudia: Olatz Ortega biologoak ekotoxikologiaren arloan ikertzen du. (Argazkia: Fernando Gómez – UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa)

Hain zuzen, unibertsitateko ikasketak hautatzean, biologiako graduaren alde egin zuen: “Bizia bera, hau da, ekosistemak eta haien arteko elkarreraginak azaltzen dituen zientzia da niretzat biologia”. Eta horren ondotik, ekotoxikologiako master bat egin zuen: “Eta hor beste aldea ikasi genuen: giza jatorriko kutsadurak zelan eragiten dien gure planetako beste izaki guztiei. Horrez gain, eta pixka bat buelta emanda, bioerremediazioa ere ikasi genuen, alegia, naturarekin arituz zelan aurre egin kutsadura horri”, azaldu du Ortegak.

Ikuspegi baikor horrekin ari da orain lanean. Haren ustez, egokia da, gainera, gaur egun gizartean zabaltzen ari den ekoantsietatea gainditzeko. “Ekologismoaren inguruan dabilen jendearengan badago ardura edo erantzukizun-sentimendu oso handi bat, eta kezka handia sortzen du zer egin behar dugun eta zer egin dezakegun artean dagoen tarte horrek. Sentipen hori bereziki nabarmena da 20-25 urteko jendearen artean; horregatik, pixkanaka saiatzen ari naiz buelta ematen horri, ulertaraziz zer egin dezakegun gutako bakoitzak. Azkenean, krisi klimatikoa eta soziala, hain handiak eta hain globalak diren arazoak kezka sortzen badigute ere, ez gaitzatela eraman gelditzera, paralizatzera”.

Ortega ez dago geldirik: “Plentziako Itsas Estazioan nabil lanean, “Kontuz, ez nazazu zapaldu” izeneko proiektuan. Estazioan egiten diren beste proiektuetatik oso bestelakoa da, herritarren zientziako proiektu bat baita, eta, beraz, herritarrak parte hartzaile aktiboak dira. Eta zer egiten dugu? Ba, hondarretan bizi diren organismo ikusezinak ezagutu, identifikatu eta aztertzen ditugu“.

Esaerak dioenez, ezagutzen ez dena ezin da maitatu. Eta horixe da proiektuaren helburua: “Ezagututa, maitatzera iristea, eta, maitatuta, babesteko grina izatera”. Azaldu duenez, parte-hartzaileak DBHko irakasleak eta ikasleak dira, edozein ikastetxetakoak; adibidez, dibertsifikaziokoek eta eskola konbinatukoek ere eman dezakete izena.

Bereizketen kontra

Horrez gain, elkarteek ere parte hartzen dute; horrekin inklusibitatea landu nahi dute: “Gure asmoa da, horrela, proiektua demokratikoagoa izatea. Eta nahi genuen azpimarra jarri normalean zientzian hain presente ez dauden taldeetan. Horiek dira gizarte-bazterkeria jasan dezaketen talde batzuk; adibidez, desgaitasun fisikoak edo psikikoak dituzten pertsonak biltzen dituzten taldeak: entzumen- edo ikusmen-urritasuna dutenak, autismoaren espektrokoak… Dibertsitate handia dago, eta disidentzia guztiek gure proiektuan lekua izatea nahi genuen”.

Ortegaren esanean, talde horietako kideentzat ahalduntze-prozesu handia da, komunitatea sortzeko ikuspegitik. Eta, bestetik, zientzialarientzat, oso aberasgarria da: “Ni neu asko ari naiz ikasten, eta, gaur egun, zientzian derrigorrezkoa iruditzen zait desberdinak garen pertsonek lekua izatea. Egia da oso zaila dela, hain hierarkizatuta eta hain norbatiboa den zientzian, baina bidea egiten ari gara, eta uste dut ondo gabiltzala. Behintzat, jasotako feedbacka oso positiboa da, eta ni neu oso-oso pozik nago, ikasten ari naizenarekin eta hazten ari naizenarekin”.

Jakina, biologia ikasten hasi zenean, ez zuen imajinatzen horrelako lan batean ariko zenik, baina gogora ekarri du beti izan duela gustuko jendearekin elkarlanean aritzea, eta dibertsitatea, “bai biodibertsitatea, bai pertsonen arteko dibertsitatea”. Hala ere, onartu du lan hori egiten ikasi egin behar dela.

Horrekin lotuta egin nahiko luke doktoretza. Alabaina, argi esan du oso zaila dela doktoretza-beka bat lortzea horrelako proiektuetarako. “Izan ere, herritarren zientzia nahiko kontzeptu berria da zientzia-arloan, eta, doktoretza eskatzeko dokumentuetan, ez da sartzen ez zientzia puruen arloan, ez gizarte-zientzietan. Horrenbestez, oso zaila da ulertaraztea zer den, eta ikusaraztea horrelako proiektuen beharra. Ematen du garrantzitsuagoa dela parasito bat ikertzea (eta ez dut esan nahi ez denik garrantzitsua), guztion parte-hartzea eskatzen duten proiektuak bultzatzea baino”. Edonola ere, ez du itxaropena galdu, eta proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmo betea du.

Fitxa biografikoa:

Olatz Ortega Vidales, Bilbon jaioa, 1997an. Zientzia demokratikoagoa eta inklusiboa izateko lanean ari da. EHUn Biologia ikasi ostean, Suediara joan zen LGTBIQ+ pertsonen eta desgaitasun intelektuala duten pertsonen ahalduntzearen inguruan lan egitera. Gerora, EHUko Ekotoxikologiako Erasmus Mundus masterra ikasi zuen. Egun, zientzia gizartean zabaltzeko lanean ari da; besteak beste, Plentziako Itsas Estazioko “Kontuz! Ez nazazu zapaldu!” herritarren zientziako proiektu inklusiboaren ikertzaile-taldearen parte da. Ortega etengabe ari da formatzen, ingurumena eta zaintza erdigunean jartzeko.

Informazio gehiago:
  • EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren Arloko Errektoreordetza (2024). EHU Ekinean podcasta: Olatz Ortega Vidales, Campusa Campusa aldizkaria, UPV/EHU.
https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2024/06/EHU-ekinean-olatz-ortega-vidales.mp3 Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.

Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Olatz Ortega, biologoa: “Derrigorrezkoa iruditzen zait desberdinak garen pertsonek lekua izatea zientzian” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Pasteur: Mikrobioen iraultza

Og, 2024-06-06 09:00

Pasteur kimikari eta mikrobiologoak berezko sorkuntzaren teoria deusaztatu zuen, eta pasteurizazio delako prozesua diseinatu zuen, geroago hala deitu zena bere omenez.

Pasteur1. irudia: “Pasteur: Mikrobioen iraultza” komikiaren azala. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

Berezko sorkuntzaren teoriaren arabera, bizitza bere kabuz sortzen zen materia organikoan. Pasteurrek, ordea, teoria hori deusaztatu zuen ardoaren inguruan egin zituen ikerketekin. Hainbat esperimentu eginda, frogatu zuen mikroorganismoak (berak “germen” deitzen zienak) airean daudela, eta ez direla berez sortzen materia organikoan, baizik eta bertara iristen direla.

Horrek atea ireki zuen hainbat gaixotasun infekziosoen ikerketari, eta Pasteur eta bere kideek oiloen kolera eta ardien karbunkoa sendatzea lortu zuten, ahuldutako mikroorganismoak inokulatuz. Hau da, lehenengo txertoa sortu zuten.

Pasteur2. irudia: Pasteurrek, hasiera batean, ardoan sortzen ziren kristal batzuk ikertu zituen. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

“Pasteur: Mikrobioen iraultza” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren ale bat da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Hipatia edo Aristoteles.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Pasteur: Mikrobioen iraultza
  • Egilea: Jordi Bayarri
  • Itzultzailea: Maialen Berasategi
  • Argitaletxea: Ikaselkar
  • Urtea: 2023
  • Orrialdeak: 48 orrialde
  • ISBNa: 978-84-18410-54-3

The post Pasteur: Mikrobioen iraultza appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Endometriosia diagnostikatzeko oztopo lasterketa

Az, 2024-06-05 09:00

Endometriosia emakumeengan oso ohikoa den gaitz kronikoa da. Hamar emakumetik bati eragiten dio; hau da, Espainian 2 milioi kasu baino gehiago daude, eta mundu osoan 190 milioi bat emakumeri eragiten die. Hala ere, jatorria ezezaguna da: zergatik hasten da endometrioko ehuna, normalean umetokiaren azaleraren barrualdea estaltzen duena, maskuria, obarioa edo ondestea bezalako leku arraroetan hazten? Gaur egun, horren erantzuna misterioa da, eta gaitz horri buruz egin den ikerketa zientifiko urriak ez du lagundu erantzuna aurkitzen.

endometriosiaIrudia: Wikimedia Commons8 urte diagnostikoa egiteko

Endometriosia oso ohikoa den arren, gaixotasun arraro bat diagnostikatzeko baino urte gehiago behar izaten dituzte. Endometriosia pairatzen duten pazienteek, batez beste, 7-8 urte itxaron behar izaten dituzte gaixotasuna identifikatzeko, Osasun Ministerioaren datuen arabera. Diagnostikorako atzerapen handi hori, baina, ez da gure herrialdeko fenomeno isolatua, mundu osoan gertatzen baita.

Hain luzez itxaron behar izate horrek ondorioak ekartzen ditu emakumeentzat, urtetan zehar ulertzen ez dituztela sentitu baitezakete, bai eta estigmatizazioa jaso ere, etiketa medikorik ez duen gaitz horrengatik. Denbora guzti horretan, tratamendurik jasotzen ez dutenek askotariko sintomak jasan behar izaten dituzte (batez ere mina, nekea eta haurdun geratzeko zailtasunak), eta kasurik larrienetan bizi kalitatean, lanean eta gizarte harremanetan ere eragiten die. Gainera, gaixotasunak okerrera egin dezake urte horietan. Diagnostikoa egiteko atzerapen horren atzean arrazoi asko daude, eta ez dago oso argi zer neurritan eragiten duen bakoitzak. Duela gutxi, Astoneko Unibertsitateko (Ingalaterra) zientzialariek Obstetrics & Gynaecology aldizkarian argitaratu dituzte endometriosiaren diagnostikoaren atzerapenean eragina duten hainbat faktoreri buruzko ikerketa baten emaitzak.

Ikerketa gaiari buruzko berrikuspen sistematikoa eta analisi kualitatiboa da, zeinetan azken 20 urteetan herrialde aberatsetan (gehienek osasun arreta unibertsala dute) eginiko 13 artikulu zientifiko aztertu ziren. Endometriosia diagnostikatzeko atzerapena eragiten duten faktoreak osasun sistemaren eta endometriosiaren ezaugarriekin dute zerikusia; eta eragina dute, halaber, influentzia interpertsonalek eta trazu indibidualek. Egileek 4 taldetan sailkatu zituzten gaitzaren diagnostiko goiztiarra egitea eragozten duten oztopoak:

  1. Menstruazio arruntaren sintoma patologikoak bereizteko zailtasuna eta norbera zaintzeko tekniken erabilera.
  2. Menstruazioaren estigma eta min menstrualaren normalizazioa.
  3. Osasunaren profesionalen jarrera jakin batzuk eta ezagutza falta, atzerapena espezialistarenera bidaltzeko orduan, eta azalpen urriak diagnostikatzeko prozesuan ahotiko antisorgailuen erabilerari buruz.
  4. Aldakortasuna sintomen aurkezpenean, beste gaitz batzuekin estaltzen baitira, endometriosia diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzailerik ez egotea, eta diagnostikoaren garrantziari buruzko kezkak.
Endometriosiari buruzko ezagutza urriak

Aztertutako ikerketetan aurkikuntza nabarmena izan zen familia mediku askok aitortzen zutela oso gutxi zekitela endometriosiari buruz. Eta horri gehitzen badiogu gaitz horrengatik ager daitezkeen sintomak aldakorrak eta ez oso espezifikoak direla (beherakoa, idorreria, hileko biziak, neke kronikoa, mina sexu harremanetan, pixa egiteko premia…), oso zaila da diagnostikoa egitea. Beste alde batetik, endometriosia zuten emakume askok eta familia medikuen ehuneko handi batek gaixotasun horrengatiko mina normalizatzen zuten, mina hilekoari egotziz, eta ez osasun arazo bati. Horrek ere gaitzaren jatorria sakon aztertzea eragozten zuen. Horren ordez, emakumeek norbera zaintzeko neurriak aplikatzen zituzten mina baretzeko, onartuta sufrimendu hori hilekoaren ondoriozkoa zela, eta, beraz, jasan behar zuten zerbait.

Endometriosiaren diagnostikoaren atzerapenean eragina duten faktoreak identifikatzea neurriak hartzeko lehen pauso bat da. Horrez gain, endometriosiari buruzko informazioa zabaltzeak, mitoak eraitsiz, atzerapen hori murrizten lagun dezake, arazoa hobeto ulertuko baitugu. Zentzu horretan, Sophie Davenportek, ikerketaren arduradun nagusiak, azaldu du «gizarteak tradizioz normalizatu egin duela menstruazioko mina; eta, beraz, menstruazio anormalak zer diren birpentsatu behar dugu. Sintomek eguneroko bizitzan eragina badute eta emakumea lanera edo eskolara ez badoa edo bere bizitza sozialarekin jarraitzeko gai ez bada, argi dago esku hartze medikoa behar duela». Adituak espero du artikulu zientifikoak «pazienteak anima ditzala laguntza eskatzera beren hilekoak anormalak badira edo min edo sufrimendu nabarnena eragiten badiete; eta klinikoak anima ditzala pazienteen kezkak serio hartzen eta espezialistenera goiz bidaltzen».

Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko abenduaren 4an: La carrera de obstáculos para el diagnóstico de la endometriosis.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Endometriosia diagnostikatzeko oztopo lasterketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bi hilabete t’erdi Batman bilakatzeko. Edo Manbat

Ar, 2024-06-04 09:00

Benetan ari naiz, aizu. Ez da clickbaita. Paperezko aldizkarian clickbaita posible bada, behintzat. Bi hilabete t’erdi baino ez dira behar Batman bilakatzeko. Neurri batean, behintzat, ez baitakart di-da batean aberats bihurtzeko formula. Horretaz ideiarik ez. Beno, ideia pare bat bai, baina ez erabat legalak. Umezurtz izatearena ere alde batera utziko dugu. Gaizkileak etab. harrapatzearena ere nahiko nekagarria da eta horretan ere ez naiz sartuko.

ekokokapenaIrudia: Ronê Ferreira / Pexels.

Eta pentsatuko duzue: Badakit! Batmanen tresnaren bat zelan eraiki kontatuko du! Teknologiaren inguruko artikulua da. Eta oker egongo zarete. Zera baita dakardan albistea: nahikoa entrenatuta, gizakiek ekokokapena ikas dezakete.

Eta Batman ezagutzen duzuenok (figuratiboki, noski; bestela kualifikatutako norbaitekin hitz egiteko momentua da) amorratuta egongo zarete, Batmanek ez baitu ekokokapena erabiltzeko gaitasunik. Baina nirekin haserretu baino, amorrua Batmanen sortzailera bideratu beharko zenukete: zer dela eta ez zuen gaitasun hori? Hamar aste baino ez dira behar ikasteko!

Gainera, izenburuan Manbat ere badago. Eta horrek bazuen ekokokapena erabiltzeko gaitasuna.

Manbat bezala, munstro izan barik

Hala da. Ez dugu saguzarren DNA txertatu beharrik: mihia erabilita, soinu klikatuak egin eta itzultzen diren oihartzunak interpretatzen ikasi dute ikerketa baten parte-hartzaileek.

Hamar astean oztopoen artean nabigatzen eta baita objektuen tamaina eta orientazioa ezagutzen ikasi dute parte-hartzaileek, beren kliken dei errepikakorrak erabiliz eta klik horien erreboteak baliatuta.

Saguzarrek edo izurdeek bezala, hain justu. Ekokokapenean pentsatzerakoan animaliak etortzen baitzaizkigu gogora. Baina zenbait gizaki itsuk ere beren soinuen oihartzunak erabiltzen dituzte oztopoak eta inguruneak antzemateko.

Batzuek makila baten kolpetxoez edo behatzekin kriskitin eginez sortzen dute behar duten soinua. Zenbaitek ahoa ere erabiltzen dute klik egiteko. Hortaz, erabaki dut hemendik aurrera norbait taberna batean kriskitin egiten ikusiz gero, ekokokapenean trebatzen dabilela pentsatuko dudala, inoren arreta modu nahiko zatarrean deitu nahian baino.

Baina goazen berriro ekokokapenera. Gaur egun, oso itsu gutxik ikasten dute. Eta ikusmena dutenetatik are gutxiagok. Kontua da ez dela ikasten zaila.

Ekokokapena ikasten

Honako esperimentuan hogeita sei pertsonak hartu dute parte: haurtzaroan legez itsutzat jotako hamabik eta ikusmena zuten hamalauk. Eta emaitzen arabera, 40-60 ordu nahiko ziren ekokokapen-gaitasunean hobekuntza ikusteko.

ekokokapenaIrudia: Tyler Hewitt / flickr.

Zelan egin zuten? Gela bat prestatu zuten propio Durhamgo Unibertsitatean. Soinuz isolatutakoa zen gela eta eko-akustikoki mugatutakoa. Bertan, hiru gaitasun entrenatu ziren:

  • Tamaina-diskriminazioa. Metalezko masta batean tamaina ezberdineko bi disko muntatu ziren. Parte-hartzaileak, klikak baliatuta, handiena goikoa ala behekoa zen asmatu behar zuen.
  • Orientazio-pertzepzioa. Honetan ere metalezko masta erabili zen, baina, kasu honetan, taula laukizuzena zuen atxikita eta taularen posizioa aldatzen zen (horizontala, bertikala, diagonala eskumaldea gorantza eta diagonala ezkerraldea gorantza). Klikak baliatuta, taularen posizioa asmatu behar zuten parte-hartzaileek.
  • Nabigazioa. Birtualki landu zen hau: espazio ezberdinetan (T itxurako labirintoan, U itxurako labirintoan eta Z formako labirintoan) kliken eta klik-oihartzunen grabazio biauralak egin ziren maniki antropometriko batekin. Entzungailuekin entzuten zituzten parte-hartzaileek kliken grabazio horiek eta teklatu batekin mugitu (birtualki), labirintotik atera arte.

Eta pentsatuko duzue, zer dela eta egin zen nabigazio atala birtualki? Ez al zen errazago zuzenean gela horretan oztopoak jartzea? Kontua da erabilitako metodologia birtuala dagoeneko balidatuta dagoela nabigazioa aztertzeko. Eta azkarrago egin daitezkeela hainbat saiakera fisikoki eraikita baino. Gainera, egin, egin zituzten saiakerak laborategitik kanpo, kalean zein eraikin barnean.

Bizpahiru orduko iraupena zuten entrenamendu saioak egin zituzten eta, hogei saioren ostean, ikertzaileek ikusi zuten parte-hartzaile guztiak, itsuak eta ikusmena zutenak, zaharrak zein gazteak, nabarmen hobetu zirela kliketan oinarritutako ekokokapenean.

Are gehiago, emaitzen arabera, itsutasunak eta adinak rol txikiak baino ez dituzte betetzen ekokokapenaren ikaskuntzan. Entrenamenduak jokabide-aldaketa nabarmenak eragin zizkien parte-hartzaile guztiei.

Aurreko ikerketek frogatuta zuten klik bidezko ekokokapena ikastea posible zela ikusmena duten indibiduoen kasuan. Ikerketa honek lehen aldiz eman du jakitera bai itsuek, bai adin askotariko jendeak ere posible duela gaitasun hau ikastea.

Hortaz, badakizue. Hartu hamar aste eta ekokokapena ikasi ahalko duzue. Benetan erabilgarria ematen du, ezta? Gauez komunera joateko, esaterako. Etxeko gainerakoak argiekin esnatu beharrean, egundoko ikara eman diezaiekegu gauerdian klikak edo kriskitinak entzunda. Agian ez da erabilerarik onena.

Erreferentzia bibliografikoak

Carly Cassella (2022). Humans Can Learn to ‘Echolocate’ in Just 10 Weeks, Experiment Shows, Science alert, 2022ko ekainaren 20a.

Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.

Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2023ko urtarrilean, 246. zenbakian.

The post Bi hilabete t’erdi Batman bilakatzeko. Edo Manbat appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Maratoi baten eragina garunean

Al, 2024-06-03 09:00

Ikerketa-talde multizentriko batek aztertu du maratoi bat egiteak zer eragin duen mielinan (egitura horrek inguratzen ditu axoiak, hau da, neuronek nerbio-bulkadak transmititzeko dituzten hari-formako luzapenak). Emaitzen arabera, mielina-edukiak jaitsiera nabarmen eta orokorra izaten du, eta pixkanaka berreskuratzen da gero. Ikerketak erakutsi du garuneko metabolismo energetikoa uste zen baino konplexuagoa dela. Mielinak garunaren erregai gisa duen funtzioak garunaren energia-premiei buruzko ikuspegi berri bat ireki du.

Energia asko behar duten seinale elektriko eta kimikoen bidez gauzatzen da garuneko komunikazioa. Zenbatespenen arabera, giza gorputzak gastatzen duen energia guztiaren % 20 garunak kontsumitzen du, gorputz-pisuaren % 2 inguru baino ez duen arren. Haren energia-iturri nagusia glukosa da. Hainbat erakundeetako ikertzaile batzuek, Carlos Matute UPV/EHUko Anatomia eta Giza Enbriologia arloko katedratikoak zuzenduta, azterketa bat egin dute jakin nahian “zer gertatzen zaion garunari energia-iturri hori minimoen azpitik dagoenean. Adibidez, ariketa fisikoa denbora luzez egiten denean, hala nola maratoi edo ultramaratoi batean”.

MaratoiIrudia: lasterkarien garuneko mielina-mailak murriztu egiten dira maratoi baten ondoren (erdiko irudia). Bi asteren buruan, material isolatzaile horren parte handi bat berreskuratu egiten dela dirudi (eskuineko irudia). (Irudia: Pedro Ramos-Cabrer. Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Erresistentzia-ariketa luzeak organismo guztiko energia-erreserbak mobilizatzen ditu eskaera energetikoei erantzuteko. Karbohidratoak dira energia-iturri nagusia. Erreserba horiek agortzen diren heinean, gorputzak energia-iturri gisa pilatutako gantza behar du neurri handiagoan. Besterik ez bada, beharrezkoa izanez gero, organismoak muskulu-proteinak ere deskonposa ditzake energia gisa erabiltzeko. “Gure azterketaren emaitzek erakutsi dute nerbio-zelulek, hipogluzemia-egoeran (glukosa gutxi), ordezko energia-iturrietara jotzen dutela, hala nola mielinara. Axoiak edo neuronak komunikatzen dituzten nerbio-zuntzak inguratzen dituen egitura koipetsu bat da mielina, eta seinale elektrikoak oso arin hedatzea errazten du”, azaldu du Matutek.

Mielinaren funtzioa ulertzearen garrantzia

Azterketak erakutsi du maratoi bat egiteak korrikalarien mielina-edukia murrizten duela garuneko gai grisaren eta zuriaren parte handi batean. Eremu batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago baina eragina antzekoa da bi hemisferioetan. Mielina-galera hori berreskuratu egiten da lasterketaren ondoren, eta esfortzua amaitu eta bi astera mielina-mailak ia normalizatuta egoten dira. “Prozesu itzulgarria da, mielina-maila atsedenarekin normalizatzen baita, ohiz kanpoko energia-eskaeraren ondoren. Baina gehiegi luzatuko balitz, eragin funtzionalak izan litzake garunean”, adierazi du Pedro Ramos Cabrer CIC biomaGUNEko Ikerbasque irakasleak.

Ikerketa egiteko, zenbait maratoi-lasterkariren garunak eskaneatu zituzten erresonantzia magnetiko bidez, lasterketaren aurreko eta ondorengo egunetan eta handik bi astera. Lasterketaren ondorengo egunean edo hurrengo bi egunetan, lantaldeak murrizketa bat nabaritu zuen garuneko mielina-kantitatean. “Bi asteren buruan, mielina-mailak normalak ziren”, adierazi du Matutek.

Ariketa luzearen ondoren mielina-eduki orokorrean izandako jaitsiera drastiko horrek eta jarduera fisikoa murriztu ondoren mielina-maila berreskuratu izanak ikuspegi berri bat ireki du. Tipikoki erabiltzen diren garun-nutrienteak urritzen direnean erabiltzeko moduko energia-biltegi bat izan daiteke mielina. Ramosen esanetan, “garuneko metabolismo energetikoa gaur egun uste dugun baino konplexuagoa da. Mielinaren lipidoak (gantzak) garun-erregai gisa duen erabilerak garunaren eskakizun energetikoei buruzko ikuspegi berri bat ireki du, zeinak eragina baitu oro har biztanleriaren nutrizioan eta kirolarien errendimenduan”.

“Emaitza horiek ireki dituzten ikerketa-lerroek parez pare jar ditzakete gaixotasun neurodegeneratiboak eta metabolismo energetikoaren asalduak. Horrek, bide berriak ireki gaixotasun horiek tratatzeko. Lan-lerro berria, berritzailea eta esperantzagarria da. Ala ere, kasu gehiagorekin berretsi behar dira emaitzak”, azaldu du CIC biomaGUNEko irakasleak.

Matute irakasleak azaldu du azterketa hori oso garrantzitsua dela “esklerosi anizkoitza eta gainerako gaixotasun desmielinizatzaileak ulertzeko. Haietan, mielina desagertu egiten da, eta, horrenbestez, axoiei egiten dien ekarpen energetikoa ere bai; ondorioz, elikatu gabe geratzen dira, eta errazagoa da egitura-kalteak eta degenerazioa sortzea”. Gainera, adinaren ondorioz mielinak jasaten duen zahartzeak eragin negatiboak ditu funtzio kognitiboetan, eta alzheimerra eta bestelako gaixotasun neurodegeneratiboak sorrarazi eta larriagotu ditzake.

Lan horren emaitzek horizonte berriak ireki dituzte mielinak —osasuntsu, zahartu eta gaixo dagoelarik— garunean duen paper energetikoari buruz. UPV/EHUko katedratikoak ondorioztatu duenez, “frogatu dugu ezen, osasun-egoera onean dagoenean, mielina ariketarekin gastatzen dela eta atseden hartuta berreskuratzen dela berez, dieta osasungarria izanda. Baina, zahartzearekin eta esklerosi anizkoitzaren, alzheimerraren eta beste gaixotasun batzuen kasuan, mielina-kantitatea eta haren kalitatea murriztu egiten dira zenbait kausaren ondorioz, patologiaren arabera, eta ez dira berez berreskuratzen. Horregatik, beharrezkoa izango litzateke goiz esku hartzea, gaixotasun horien hasieran, edo modu prebentiboan, mielinaren suntsitze progresiboa murrizteko, bai ad hoc dieta baten bidez, bai mielina energia-iturri gisa erabiltzea eta atsedenean berreskuratzea sustatuko duten farmakoen bidez”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Maratoi bat egiteak mielina-edukia murrizten du garunean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ramos-Cabrer, Pedro; Cabrera-Zubizarreta, Alberto; Padró, Daniel; Matute-González, Mario; Rodríguez-Antigüedad, Alfredo; Matute, Carlos (2023). Widespread drastic reduction of brain myelin content upon prolonged endurance exercise. bioRxiv. DOI: 10.1101/2023.10.10.561303

The post Maratoi baten eragina garunean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #488

Ig, 2024-06-02 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

hirietan

Klima-larrialdia

Hiriak eta udal aglomerazio handiak klima-larrialdira moldatu behar dira, Pedro Miguel Guerrero Malagako Unibertsitateko irakaslearen ustetan. Hirietan bero-uharte efektua gertatzen da, eta horrek areagotu egiten du bero sentsazioa eremu horietan. Guerreroren arabera, hirigintza ereduak zerikusi handia du bero-uharte efektuaren emendapenean, eta eraikuntzako materialez gain, eraikuntzaren morfologiari eta arkitekturari ere erreparatu behar zaiola dio. Azalpenak Berrian.

Osasuna

Kontaktu fisikoak onurak ditu gure osasunean. Kontaktu fisikoa gainerako pertsonekin edo objektuekin izan daiteke, eta osasun fisiko eta mentala hobetzen ditu. Ikertzaileek ondorioztatu dute besarkadek, laztanek edo masajeek gutxitu ahal dituztela mina, depresioa eta antsietatea. Robotekin, mantekin edo burkoekin kontaktua izateak ere onurak eragiten zituen. Datuak Zientzia Kaieran.

Fentaniloak mendekotasuna sortzeko baliatzen dituen mekanismoak argitu dituzte. Bi mekanismoren bidez eragiten du mendekotasuna: dopamina askatzen du sariaren zirkuituaren bidez, eta abstinentzia-sindromea saihesten du. Lortutako ondorioen arabera, bien baturak egiten du adikzioa hain handia izatea. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Pepe Alcami Madrilgo Karlos III.a Osasun Institutuko ikerlaria da, eta 1986tik ari da GIBa eta hiesa ikertzen. Azaldu duenez, oraindik hiesaren kontrako txertorik ez izatearen arrazoi nagusiak bi dira: immunitate sistema ez dela eraginkorra GIBaren aurka, eta birusak mutatzeko joera duela. Alcamik adierazi du, hiesaren kontrako txertoa, aurkitzekotan, lortzeko eta aplikatzeko zaila izango dela, oraingoz behintzat. Azalpenak Berrian.

Mikroplastikoak topatu dituzte pertsonen eta txakurren barrabiletan. 47 txakur eta 23 pertsonetan egin dute behaketa, eta guztietan topatu dituzte mikroplastikoak, maila esanguratsuetan, gainera. Kasu guztietan, polietilenoa izan da gehien agertu zen polimeroa. Txakurren kasuan ugalkortasun-parametro batzuk ere neurtu dituzte, eta ikusi dute zenbat eta mikroplastiko gehiago, are eta espermatozoide gutxiago dituztela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Zelula seneszenteak gehiago bikoiztu ezin diren zelulak dira. Hil beharrean, zelula seneszenteek inguruko zelulei seinaleak igortzen dizkiete, ehun hori birsortu beharra dagoela komunikatzeko. Horregatik, alzheimerra, minbizia, osteoartritisa eta beste hainbat gaitzen terapietan erabili daitezke. Baina kaltegarriak ere izan daitezke, zahartzea ere eragin baitaitezke. Datu guztiak Berrian.

Kimika

Barazkietan eta zizareetan antibiotikoak detektatzeko bi metodo berri aurkeztu ditu EHUko IBeA ikerketa-taldeak. Antibiotiko-kontzentrazio oso baxuak detektatzeko gai dira, eta gama zabal bat zehaztu daiteke, baita haiek eraldatzetik eratorritako zenbait produktu ere. Erabilgarritasun handikoa izatea espero da, antibiotikoak elikadura-katearen bidez, gizakietara ere irits daitezkeelako. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Antropologia

Trantsizio demografikoaren elementu erabakigarria kulturala izan daiteke. Prozesu horren kausa nagusia garapen ekonomikoa dela pentsatu izan da, baina horrek prozesuaren zati bat bakarrik azalduko luke. Jaiotza-tasa murriztea seme-alaba kopuru txikia hazteko erabaki kontzientearen ondoriozkoa da, eta erabaki hori arrazoi kulturalengatik gailentzen da gizartean. Datuak Zientzia Kaieran.

Informatika

Maitane Martinez informatikaria izan da aurtengo Txiotesia lehiaketa irabazi duen ikertzailea. Bere doktorego-tesian, ikaskuntza automatikoaren teknikak aplikatzen ari da Parkinson gaixotasunaren diagnosi goiztiarra eta pronostikoa egiteko. Horretarako, biomarkatzaileak identifikatzen dabil, eta azken helburua parkinsona goiz atzematea eta pazienteen eboluzioa ikustea da. Informazio gehiago UEUren webgunean eta Berrian.

Kosmologia

X izpi berri batzuek agerian jarri dute unibertsoa kosmologiak igarri bezain pikortsua dela. eRosita X izpien teleskopioak jasotako datuak erabilita, kosmosaren heterogeneotasunari buruzko estimazio berriak egin dituzte. Emaitzen arabera, unibertsoaren “pikortasun faktorea” 0,83 izango litzateke. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Argitalpenak

Charles Darwin Ingalaterran jaio zen 1809an. Txikitatik naturalista izan nahi zuen, baina bere aitak teologia ikasketak egitea derrigortu zuen. Cambridgeko Unibertsitatean ikasten ari zela, hegoaldeko itsasoetara antolatu behar zen espedizio batean parte hartzeko gonbita jaso zuen, eta espedizioan izandako bizipenek hautespen naturalaren teoria proposatzea eragin zuten. Pertsonaia honen bizipenak “Zientzialariak” komiki-sortaren Darwin: Teoriaren eboluzioa alean irakur daitezke. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #488 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #495

La, 2024-06-01 09:00

“Ni”, hau da, zu, den ezer ez dagoela ondorioztatzen duzula da serio pentsatzen jartzearen arazoa. Ondorio horretara iristeko bideetako bat denboraren jarraitutasuna ukatzea da, eta hori denboraren existentzia ukatuz lor daiteke. How logic alone may prove that time doesn’t exist, Matyax Moravecena.

Bero gutxiago gordetzen duten hormigoiak erabiltzea da hirietako beroa murrizteko bide bat. Horretarako, nahasketari itsas barraskiloak gehitu behar zaizkiola dio DIPCko jendeak. Sea snails for mitigating urban heat island effects. Ez da ideia hain xelebrea, alorrean erreferentzia den aldizkari baten azala eman diotenean.

Irisgarritasuna, erabilgarritasuna eta kostua dira haurren mundu digitalerako sarbidean desberdintasunaren hiru hankak. Martha Villabonak Inequality in children’s access to the digital world.

Matematika eta bere historia gustatzen bazaizkizu, ziur Euklidesen bosgarren postulatuaz hitz egiten entzun duzula. Jesus Zamorak kontatu ohi ez den istorioaren zatia kontatzen dizu: Euclid’s fifth postulate, the inside story

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #495 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kiñuren begirada: plastikoak

Or, 2024-05-31 09:00

Oraingoan, Kiñu kirikinoak plastikoari buruzko hainbat datu interesgarri azalduko dizkigu.

Plastikoak polimeroz osatutako materialak dira, hau da, behin eta berriz errepikatzen diren molekulez daude eratuta. Gaur egun, edozertarako erabiltzen dira mota askotako plastikoak, baina egon zen plastikorik gabeko garai bat.

Lehen plastiko sintetikoa 1907. urtean sortu zen; Bakelita izena zuen. Plasikoa oso material moldagarria da, eta oso iraunkorra. Baina ezaugarri horiek abantailak eta desabantailak dakartzate, gehiago behar ez dugunean ere ez baita desegiten. Zati geroz eta txikiagotan banantzen da, eta eraldatu egiten da, baina hor jarraitzen du.

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: plastikoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Darwin: Teoriaren eboluzioa

Og, 2024-05-30 09:00

Aitak aginduta, Charles Darwinek teologia ikasketak egin zituen, baina laster lortu zuen naturalista arrakastatsu bilakatzea

Darwin1. irudia: “Darwin: Teoriaren eboluzioa” komikiaren azala. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

Cambridgeko Unibertsitatean ikasten ari zela, hegoaldeko itsasoetara antolatu behar zen espedizio batean parte hartzeko gonbita jaso zuen Darwinek. Aitak hasiera batean ez zion bidaian joateko oniritzia eman, natura aztertzeko ikerketek ezer gutxirako balio zutela uste baitzuen. Azkenean konbentzitu zuen aita bere osabaren laguntzaz, eta 1831ko abenduan abiatu zen Beagle itsasontzian, Plymouth-eko portutik.

Darwin2. irudia: Darwin ziur zegoen bizidunek eboluzionatu egiten zutela denboran zehar, eta nola gertatzen zen jakin nahi zuen. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

Bidaian zehar, topatzen zituen animalien katalogazioak egiten joan zen, eta haien arteko ezberdintasunak ikusita, ziur egon zen, denboran zehar, bizidunek ere eboluzionatu egiten zutela, Lurrak bezalaxe. Alabaina, eboluzio hori nola gertatzen zen jakin nahi zuen, eta hainbat ikerketa eta esperimentu egin ostean, hautespen naturalaren teoria plazaratu zuen, Alfred Wallace zientzialariarekin batera.

“Darwin: Teoriaren eboluzioa” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren azken alea da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Newton, Galileo, Hipatia edo Aristoteles.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Darwin: Teoriaren eboluzioa
  • Egilea: Jordi Bayarri
  • Itzultzailea: Maialen Berasategi
  • Argitaletxea: Ikaselkar
  • Urtea: 2017
  • Orrialdeak: 48 orrialde
  • ISBNa: 978-84-16752-93-5

The post Darwin: Teoriaren eboluzioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Trantsizio demografikoaren sustrai kulturalak

Az, 2024-05-29 09:00

Gehiengoaren iritziz, trantsizio demografikoa, nagusiki, kausa ekonomikoen mendekoa da. Hala ere, eta kausa horiek baztertu gabe, zenbait datuk bermatzen dute fenomeno horren elementu erabakigarria kulturala dela, eta gizarte aurreratuetan nagusi diren balio eta ideietan duela jatorria, baita balio eta ideia horiek transmititzeko moduan ere.

trantsizioArgazkia: Stéphane Juban / Unsplash

Trantsizio demografikoa heriotza- eta jaiotza-tasen jaitsiera sekuentziala da. Epe luze batez —mendetakoa—, bi tasak erlatiboki altu mantendu ziren, eta populazioa oso mantso hazten zen (baldintzen ahalbidetzen zutenean). Orain, beste garai batean gaude, duela 200 urte baino gutxiago hasi zena, eta tasa horiek aldatzen ari dira.

Trantsizio demografikoa gertatzeko, hasteko, heriotza-tasa jaitsi behar da. Elikadura, osasun eta etxebizitza baldintzak hobetzearekin batera, bizi-itxaropena areagotzen da, nagusiki haurren hilkortasuna murrizten delako. Hilkortasuna murriztu ondoren, eta haren ondorioz, populazioa modu azeleratuan hazten da, ugaltzeko adinera iristen diren haurren kopuruak gorakada handia duelako. Ondoren, populazioaren hazkuntza-garai nabarmen baten ostean, jaiotza-tasa jaisten hasten da, eskuarki, emakume bakoitzeko sei eta zortzi seme-alabatik bi seme-alaba baino gutxiagora. Eta jaiotza-tasa balio baxu horietara iritsi denean, populazioa ere jaitsi daiteke.

Trantsizio demografikoa duela ia bi mende gertatzen hasi zen zenbait herrialdetan, eta mundu osoan zabaltzen ari da, ia planetako herrialde guztietara hedatu delarik. Horren ageriko salbuespena dira Afrikako zenbait herrialde, batez ere. Une honetan, ugalkortasunak behera egin du; munduko populazioa egonkor mantentzeko beharrezkoak diren mailen azpitik dago.

Argi eta garbi, antisorgailuen erabilera zabaltzea elementu gakoa izan da horretarako. Emakumeek euren ugalkortasunari buruzko kontrola eskuratu dute, eta metodo horien ondorioz jaiotzak murriztu egin dira.

Azalpen ekonomikoa

Trantsizio demografikoaren azalpen ekonomikoaren arabera, fenomeno horren arduradunak bizi-baldintza hobeak eta kontsumo ondasunen eskaintza zabala dira. Lehenengo fasea, hilkortasuna jaistearena, argi eta garbi dago lotuta osasun eta elikadura baldintzekin. Eta bigarrena, jaiotza tasa jaistearena, seme-alaba kopuru txikia hazteko erabaki kontzientearen ondoriozkoa da. Izan ere, horrela, ahalik eta baldintza onenak eskaini ahal izango zaizkie (osasuna, prestakuntza, ekonomia). Horrez gain, eskuragai ditugun kontsumo ondasunez gozatzea ez da bateragarria seme-alaba kopuru handia hazteak berekin dakartzan premiekin.

Ikuspegi ebolutibotik, trantsizio demografikoak ageriko arazoa mahaigaineratzen du. Hasteko, eboluzioari eta haren mekanismoei buruz dakigunaren arabera, logikoena litzateke norbanakoak ahalik eta seme-alaba kopururik handiena izaten saiatzea. Eta gure garaian eskuragarri dugun baliabide kopuru handiak ugaltzeko helburu hori indartu behar luke. Aitzitik, kontrakoa gertatzen da.

Uste zen trantsizio demografikoan berezkoa den jaiotza-tasaren jaitsiera faktore ekonomikoetan oinarritzen dela soil-soilik, eta zerikusia zuela bizi-kalitatearekin eta ondorengoei bizi-kalitate bera emateko nahiarekin. Baina, oraingoan, kulturan oinarritzen den beste azalpen alternatibo bat plazaratu dute.

Kultura argumentu alternatibo gisa

Informazioa eskuratzea oso baliagarria da, eta horregatik dudu, hain zuzen, gaitasun handia hura eskuratzeko. Horrek sortzen duen arazoa da eskuratzeko erraztasun horrek berak ideia maladaptatiboak (gaitasun biologikoa murrizten dutenak —fitness darwinianoa—) jasotzeko probabilitatea areagotzen duela.

Kulturak informazioa ebaluatzearen kostu altuak eragiten duen arazoa txikiagotzen du. Kulturari esker, arazoak ebazteko sistema orokor bat daukagu. Zientzia, bere kabuz edo teknologiaren bidez, dugun adibide sofistikatuena da kulturak askotariko arazoak eta zailtasun handikoak ebazteko duen ahalmenaren inguruan. Hain da eraginkorra, non instituzio sozial egokiak baldin badaude, adimen indibidual oso hutseginkorrak —hala nola gizakiarenak— gai baitira pixkanaka Unibertsoaren sekreturik sakonenak argitzeko. Baina horren truke ordaintzen dugun prezioa da zenbaitetan aldaera kultural patologikoak onartu behar ditugula, termino darwinianoetan.

Hori gertatzearen arrazoia da aldaera kultural maladaptatiboak hedatzeko aukera ez dela erraz ezabatzen, aldaera kultural bat ebaluatzeak kostu handia dakarrelako. Informazioa zabaltzeko modu hori erraz ezabatuko balitz, kultura transmititzeko sistemak izateak berekin dakartzan abantailak ere galduko genituzke, eta oso erabilgarriak suertatu zaizkigu. Hori dela eta, horrela jokatzen da soilik salbuespenezko egoeretan; kasu gehienetan heuristiko erraz eta arinetara jotzen da.

Erabilgarritasun handiko heuristikoen bi adibide on dira konformitatea eta prestigio alborapena. Lehenengoak talde baten barruan gehiengoaren jokabideari jarraitzera bultzatzen gaitu, eta bigarrenak prestigioa duten pertsonak imitatzera. Alborapen horiek oso agerikoak dira nerabezaroan, baina populazio osoak betetzen ditu.

Tresna erabilgarriak dira, bai, baina albo kalte maladaptatibo saihetsezinak ere badituzte. Izan ere, edozein arrazoi dela medio, transmititzen den informazioa edo aldaera kulturala maladaptatiboa bada, ez da erraza transmisio hori ezabatzea edo mugatzea. Gainera, transmisio modu horren garrantzi erlatiboa handiagoa da populazioaren bolumena handiagoa den heinean, pertsona gehiagok jaso dezaketelako informazio hori.

Nekazaritzako gizarte premodernoetan, prestigioa eta estatusa etxe onekoa izatearekin lotuta zeuden, ez merituarekin, eta familia zen instituzio sozial garrantzitsuena. Gizarte horietan, informazioaren transmisioa bertikala da eta familiaren garrantzia indartzen duten aldaera kulturalak sustatzeko joera du; izan ere, azken finean, oparotasuna familiaren tamainaren araberakoa zen, eta familia handia, era berean, arrakasta ekonomikoaren seinale zen.

Gizarte konplexu baten eraketa

Herriek bizi-baldintza hobeak izan dituzten neurrian, gizarteak gero eta konplexuagoak bihurtu dira, eta ekonomiak gero eta menpekoagoak ezagutza aurreratuekiko. Gizarte horietan prestakuntza maila altuko pertsonak behar dira entitate publiko zein pribatuen kudeaketaz eta gobernuaz arduratzeko, bai eta goi-mailako ezagutza teknikoak behar dituzten lanak gauzatzeko ere. Gero eta denbora gehiago eskaini behar diete pertsona horiek prestakuntzari; eta, ondorioz, seme-alabak izateko unea atzeratzen dute.

Bestalde, lehiakortasun handia dago lan kualifikatuko lanpostu horietan, lanpostu horiek dituztenek estatus sozial handiagoa baitute. Gainera, amatasuna atzeratu denez eta emakumeek ere prestakuntza jasotzeko aukerak dituztenez, haiek ere parte hartzen dute jarduera horietan.

Ideiak transmititzeko bideak aldatu egin dira. Informazioa modu askotan transmititzen da eta bide “horizontalak” —batez ere komunikabideetan eta hezkuntza-sistemetan oinarritutakoak— gero eta garrantzitsuagoak dira. Prestigio alborapenaren arabera, imitatzeko ereduak profesional arrakastatsuak direnean, ideia eta balio horiek populazioaren artean zabaltzen dira, eta hor sartzen da jokoan konformitatea, pertsona askok edo guztiek jokabide horiek har ditzatela eraginez. Jaiotza-tasaren jaitsiera prozesu horren guztiaren ondorio da.

Hau da, garapen ekonomiko jakin bat behar da trantsizio demografikoa gertatzeko, baina hori ez da abiarazlea, ez eta faktorerik erabakigarriena ere. Princeton European Fertility Project proiektuaren esparruan Europako 600 administrazio unitaterekin eginiko ikerketa batek erakutsi zuen desdoitze nabarmen bat dagoela garapen ekonomikoaren eta trantsizio demografikoaren mugarrien artean.

Trantsizio demografikoa Frantziako eskualde batzuetan hasi zen 1830. urtearen inguruan; aitzitik, Erresuma Batuan, garapen ekonomiko handiagoa zuen herrialdean, ez zen 50 urte berandurago arte hasi. Alemanian ere gauza bera gertatu zen. Are gehiago, Alemaniako zenbait eskualdetan trantsizioa ez zen XX. mendearen bigarren hamarkadara arte gertatu. Eta alde horiek ez dute inolako zerikusirik alde ekonomikoekin. Era berean, Belgika frankofonoan trantsizio demografikoa 1870. urtearen inguruan abiarazi zen, baina eskualde flandiarrean ez zen 1910. urtera arte hasi. Eta Frantziako beste eskualde batzuetan, hala nola Bretainian eta Normandian, fenomenoa gainerako herrialdean baino mende bat beranduago gertatu zen. Austria-Hungariako inperioan ere alde handiak egon ziren: Hungaria izan zen lehena. Erregistratutako kasu guztietan, elementu komun bat dago: emakumeek lan-merkaturako sarbidea izatea da jaiotza-tasaren jaitsiera abiarazten duen faktorea.

Baina salbuespenak ere badaude

Amaitzeko, Mendebaldean joera orokorrarekiko bi salbuespen handi adierazi beharra daude. Sinesbide erlijiosoen inguruan artikulatutako bi komunitate dira: amishak eta huteritak. Amishak Estatu Batuetan eta huteritak Kanadan, bi hauek Europan erreforma luteranoaren ostean erlijioagatiko jazarpena sufritu zuten anabaptisten oinordekoak dira. Amishek Estatu Batuetara emigratu zuten XVIII. mendean, eta huteritek Kanadara XIX. mendean. Bi kasuetan, euren tradizioei eta bizimoduari eutsi zioten, funtsean nekazaritzan oinarritzen direnak.

Bi komunitateek kulturalki isolatuta mantendu dira beren herrialdeetako gainerako komunitateekiko. Aro garaikidearen berezko komunikabideen erabilera ukatu dute, garapen teknologikoaren ondoriozko produktu gehienak erabiltzeari uko egin diote, eta berezko hezkuntza sistemak dituzte goi-mailako mailetarako. Hau da, komunitate horiek gizarte premodernoen kultura transmititzeko berezko bideak mantendu dituzte.

Horri lotuta, emakume bakoitzagatik 6 eta 8 seme-alaba arteko jaiotza-tasak arruntak dira komunitate horietan. XX. mendean, huteritek euren kopurua bikoiztu dute 17 urtean behin. Eta amishak 5.000 ziren XX. mendearen hasieran, eta XXI. mendearen hasieran 150.000 izatera irisi dira. Ez dira pobreak. Komunitate oparoak dira biak; baliabideak hazkuntza demografikoari eusteko erabiltzen dituzte, eta, horretarako, euren lurren jabetza hedatu behar dute. Lurren prezioa izan da, neurri batean, haien hedapena mugatu duen faktore bakarra. Hala ere, moldakortasun handia dute eta bestelako jarduera ekonomikoak ere gauzatzen dituzte beren bizimoduaren funtsezko elementuak galdu gabe.

Iturria:

Peter J Richerson-en eta Robert Boyd-en liburuko 4. kapitulutik (Culture is an adaptation) hartutako ideia batzuen laburpena: Not by genalone: How culture transformed human evolución (The University of Chicago Press, 2006).

Oharra:

Our World in Datak ugalkortasunari buruzko datu oso zehatzak eskaintzen ditu, baita hainbat faktorek aldaera horretan izan ditzaketen eraginari buruzko analisi xehatu bat ere. Analisi horietan, emakumeen hezkuntzarako sarbideak lehentasunezko lekua hartzen du, baina seme-alabak hezteko baldintzak eta faktore kulturalek eta beste faktore batzuek duten eragina ere aztertzen da.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko martxoaren 24ean: Raíces culturales de la transición demográfica.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Trantsizio demografikoaren sustrai kulturalak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Eman besarkada hori, kontaktu fisikoak onurak dakartza eta

Ar, 2024-05-28 09:00

Gainerako pertsonekin edo objektuekin kontaktu fisikoa izateak osasun fisiko eta mentala hobetzen dituela babestu du zientzialari talde batek.

kontaktu1. irudia: kontaktu fisikoak mina, depresioa eta antsietatea gutxitu ahal dituela babestu dute zientzialariek. (Argazkia: Dim Hou / UNSPLASH)

Gaur egun harrigarria iruditu dakiguke, baina 1950eko hamarkadan pedagogia aditu batzuek gurasoei gomendatzen zieten haurtxo jaioberriak ez besarkatzeko, mimo edo fereka asko izatea beren garapenerako kaltegarri izan zitekeelakoan. Jende guztia, ordea, ez zegoen horren konbentzituta. Testuinguru horretan abiatu zen tximino jaioberriekin ikoniko bilakatu den esperimentu sorta bat.

Haurdunaldiaren osteko banaketaren eta bakardadea hobetu ulertu nahian, Harry Harlow psikologoak bi tramankulu prestatu zituen, bi motatako ama suzedaneoak irudikatu nahian: horietako batek esnea ematen zuen, baina oso oinarrizko aurpegia eta alanbrez egindako egitura baino ez zuen. Besteak, berriz, aurpegi garatuagoa zuen, eta benetako azal baten funtzioa zuen trapuzko azal batez estalita zegoen. Esperimentu batzuetan, azken honek esnea ere ematen zuen, eta besteetan, harizkoak baino ez zuen ematen.

Emaitzetan argi geratu zen tximino kumeek soilik jotzen zutela alanbrezko amarengana janaria ematen zuenean, baina, gainerakoetan, bestearekin mantentzen zutela kontaktu fisikoa. Are, amarru baten bitartez bat-bateko sustoa ematen zietenean, kumeek trapuzko tramankulura jotzen zuten.

Halako esperimentuek polemika eragin bazuten ere, besteak beste, kontaktu fisikoak osasunean duen eragina aztertzeko interesa piztu zuten. Geroztik, gaia askotan jorratu izan da zientzian, arlo askotatik.

Horiek aintzat hartu eta Nature Human Behaviour aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean kontatu fisikoak gizakien osasun fisiko eta mentalean izan ditzaketen onuren gaineko ezagutza zertan den aztertu dute. Berraztertze artikulua izan da; hots, zientzia literaturan izan diren lanak aintzat hartu dituzte emaitzak ondorioztatzeko. Izan ere, aurretik ezagutzen zen ukitzeak ondorio positiboak dituela, baina gehienetan arlo zehatzetan izandako eraginak aztertu izan dira. Oraingoan, azterketa zabalagoa egin nahi izan dute, gaia osotasunetik aintzat hartuta.

Orotara, gaiaren bueltan orain arte egin diren 212 ikerketa berrikusi dituzte zientzialariek. Ikerketa horietan guztietan, 12.966 lagunek parte hartu zuten. Berrikusketa handi honen emaitzetan oinarrituta, besarkadek, laztanek edo masajeek mina, depresioa eta antsietatea gutxitu ahal dituztela babestu dute zientzialariek. Logikoa denez, esperimentu horietan guztietan kontaktua baimendua izan da beti: egileek diote aipatutako kalte horien sintomak arintzeko beharrezkoa dela ukitzeko baimena eman izana.

Aztertutako kasu horiek guztiak populazio kohorteen arabera sailkatu dituzte, tartean umeak eta helduak bereizita. Modu berean, laztanen edo bestelako ukimenen iraupena ere aintzat hartu dute, bai eta ukimena egiten zuena ezaguna ala ezezaguna ote den ere bai. Azkenik, kontaktu horien ostean osasunean neurtutako eraginak ere sailkatu dituzte. Horietako batzuk izan daitezke loaldian izandako onurak, presio arteriala edo osasun mentalean neurgarri diren adierazleak.

Emaitzek erpin asko dituzte, baina, horietatik guztietatik ateratzen den ondorio orokorra da ukimenak zeresan handia izan dezakeela giza ongizatean. Osasun arreta jasotzen ari diren lagunetan ez ezik, osasuntsu dauden pertsonetan ere ematen bide da onura hau, arlo klinikoan zein arlo horretatik kanpoko azterketak berrikusi dituztelako. Eta, diotenez, adina edozein dela ere antzeko onura jasotzen da.

kontaktu2. irudia: ume jaioberrien artean gertatzen da salbuespena; hauetan, onurak handiagoak dira gurasoekiko kontaktua dagoenean. (Argazkia: Hollie Santos / UNSPLASH)

Agian harrigarriena da ukimenaren onurak ez direla mugatzen gizakiekiko kontaktura. Aitzitik, robotak, mantak edo burkoak bezalako objektuekiko kontaktua egitean ere jasotzen omen dira onura horiek. Badago, halere, ñabardura garrantzitsu bat: gizakien arteko kontaktuaren ondorioz onura mental gehiago sortzen dira. Eta hau gertatzen da kontaktu mota edozein dela ere. Horien iraupenak aparteko eraginik izan ez duen arren, frekuentzia garrantzitsua bide da, ikusi dutelako gero eta gehiagotan ukitu, orduan eta ondorio positiboagoak sortzen direla.

Subjektuari dagokionez, atentzioa ematen duen kontua da helduen artean berdin diola zeinek egiten dituen ukituak. Hots, berdin-berdin izan daiteke masajista ezezagun bat edo robot bat ere. Onurak ere hobeak dira buruko parteren bat ukituz gero, hala nola aurpegian edota buruaren larruazalean. Bestetik, aldebakarreko kontaktua bi aldeetakoa baino onuragarriagoa dela ikusi dute.

Hau ez da gertatzen, halere, jaioberrien artean. Hauen kasuan, onura handiagoa da kontaktua gurasoekin denean, osasun langileekin beharrean. “Helduen artean, baina, ez dugu aparteko alderik aurkitu gure boluntarioek ezagutzen zituzten pertsonen eta erizainen artean”, azaldu du Duisburg-Essen Unibertsitateko (Alemania) Helena Hartmann ikertzaileak prentsa ohar batean.

Zientzialari hauek sinetsita daude ukimenean oinarritutako esku hartzea —esku hartzea, zentzu literalean— “tresna oso indartsua” izan daitekeela populazioaren ongizate mailak handitzeko.

Animalia edo maskotei dagokienez, ikertzaileek diote ez daudela momentuz ikerketa nahikorik gaiaren bueltan ondorioak ateratzeko, baina onartu dute interesgarria izango zela horretan gehiago sakontzea.

Ohi bezala, etorkizunean entsegu gehiago egin behar direla proposatu dute, eskuratutako emaitzak berretsi ahal izateko. Modu berean, maila sozioekonomiko baxuagoa duten gizarteetan ikerketa gehiago egiteko beharra azpimarratu dute, esku artean izan dituzten ikerketa gehienak diru sarrera ertain edo altuak dituzten gizarteetan egin direlako.

Erreferentzia bibliografikoa:

Julian Packheiser et al. (2024). A systematic review and multivariate meta-analysis of the physical and mental health benefits of touch interventions. Nature Human Behaviour. DOI: 10.1038/s41562-024-01841-8

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Eman besarkada hori, kontaktu fisikoak onurak dakartza eta appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

X izpi berri batzuek agerian jarri dute unibertsoa kosmologiak igarri bezain pikortsua dela

Al, 2024-05-27 09:00

Unibertsoko egitura handienak mapeatzean, kosmologoek deskubritu dute anomalia kosmiko bat, dirudienez, desagertzen ari dela.

https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2024/05/XRayCosmology-byMPE_ALiu_for_the_eROSITA_consortium-Lede.mp4 eRosita X izpien teleskopioak milaka galaxia kumulu detektatu zituen kosmosaren zati zabal batean. Irudian kolorez agertzen dira, teleskopioaren kokalekutik dauden distantziaren arabera. Urrunen dauden kumuluen argia duela 9 mila milioi urte igorri zen. (Sinulazioa: MPE, A. Liu for the eROSITA Consortium. Iturria: Quanta Magazine)

Kosmosaren tapiza elkarrekin gurutzatzen diren materiazko harizpi erraldoiek osatzen dute, eta haien elkarguneetan ehunka edo milaka galaxien kumuluak daude. Grabitateak galaxien kumulu bakoitzean dagoen guztia erdigunera erakartzen duen neurrian, galaxien arteko espazioa betetzen duen gasa konprimatu egiten da eta, ondorioz, berotu. Hala, X izpietan haren distira ikusi dezakegu.

eRosita X izpien teleskopioa 2019an bidali zen espaziora, eta bi urte baino gehiago igaro zituen espazio zabalean zehar energia handiko argi-izpiak biltzen. Datu horiei esker, zientzialariek milaka galaxia kumuluren kokalekuak eta tamainak mapeatu ahal izan dituzte; horietako bi heren ezezagunak ziren orain arte. Otsailaren 14an sarean argitaratutako artikuluen multzo batean (Astronomy & Astrophysics aldizkarian agertuko dira), zientzialariek azaldu dute nola erabili duten kumuluen hasierako katalogo hori kosmologiaren zalantza handietako batzuk ikertzeko.

Emaitzen artean kosmosaren heterogeneotasunari buruzko estimazio berriak daude. Azken aldian, eztabaidetan oso presente dagoen gaia da hori; izan ere, duela gutxiko beste neurketa batzuek agerian jarri dute nahiko homogeneoa dela. Horretaz gain, estimazio berriak aurkeztu dituzte neutrino deritzen partikula irrealen masari buruz, eta baita energia ilunaren propietate gako bati buruz ere, hau da, unibertsoaren espantsioa azeleratzen ari den energia aldaratzaile misteriotsuaren propietatei buruz, hain zuzen.

Kosmologoen unibertsoaren eredu nagusian, energia iluna espazioaren beraren energia da eta unibertsoaren edukiaren % 70 hartzen du. Unibertsoaren beste laurden bat materia ilun ikusezina da, eta % 5 materia arruntak eta erradiazioak osatzen dute. Eta hori guztia grabitatearen indarraren menpe dago. Hala ere, azken hamarkadako behaketa batzuek kosmologiaren “eredu estandar” hori zalantzan jarri dute; dena hobeto ulertzeko, ereduari osagaiak edo efektuak falta zaizkiola planteatu dute.

eRosita teleskopioaren behaketek, aitzitik, eredu estandar hori berresten dute alderdi guztiei dagokienez. «Eredu estandarraren ageriko baiespena da», adierazi du Dragan Hutererrek, lanean parte hartu ez duen Michigango Unibertsitateko kosmologoak.

Kosmosaren erradiografia

Big Bangaren ostean, unibertso jaio berriaren dentsitate aldaketa txikiak gero eta nabarmenagoak bilakatu ziren materia partikulak bata besteari itsasten ziren neurrian. Talde dentsoagoek material gehiago erakarri zuten, eta handiago egin ziren. Gaur egun, galaxia kumuluak kosmosean grabitazionalki elkartutako egitura handienak dira. Horien tamainak eta banaketa zehazteak aukera ematen die kosmologoei unibertsoaren bilakaeraren beren eredua frogatzeko.

Kumuluak aurkitzeko, eRositako taldeak algoritmo informatiko bat entrenatu zuen objektu zehatzen ordez X izpien iturri «oso harrotuak» bilatzeko; halaxe azaldu du Esra Balbulek, Garchingeko (Alemania) Lurraz haraindiko Fisikako Max Planck Institutuko zientzialariak, hain zuzen ere, eRositako kumulu behaketak zuzendu zituenak. Haren azalpenen arabera, hautagaien zerrenda “langin guztiz puru” batera murriztu zuten: zehatz-mehatz 5.259 galaxia kumulura, teleskopioak detektatutako 1 milioi X izpien iturrietatik abiatuta.

Ondoren, kumulu horien pisua zehaztu behar izan zuten. Objektu masiboek espazio-denboraren egitura kurbatzen dute eta igarotzen den argiaren norabidea aldarazten dute; horregatik dirudi argi iturria distortsionatuta dagoela. Fenomeno horri grabitazio-leiarraren efektua deitzen zaio. eRositako zientzialariek 5.259 kumuluetako batzuen masa kalkulatu ahal izan zuten, horien atzean dauden galaxia urrunenen gaineko leiar efektuan oinarrituta. Dena den, kumulu horien herenak bakarrik zituen atzealdean behar zen moduan lerrokatutako galaxia ezagunak. Nolanahi ere, zientzialariek deskubritu zuten kumuluaren masak korrelazio handia duela bere X izpien distirarekin. Korrelazio handi horri esker, distira erabili ahal izan zuten gainerako kumuluen masak neurtzeko.

Azkenik, masaren informazioa txertatu zuten kosmos biziaren ordenagailu bidezko simulazioetan parametro kosmikoen balioak inferitzeko.

Pikortasuna neurtzea

Unibertsoaren “pikortasun faktorea” (S8) zenbaki interesgarria da. Faktore hori zero balitz ezerez kosmiko zabal bat irudikatuko luke, arrokarik gabeko lautada bat. Batetik gertuagoko S8 balio batek haran sakonen gainean altxatzen diren mendi malkartsuak irudikatuko lituzke. Zientzialariek S8 balioztatu dute mikrouhinen hondo kosmikoaren (unibertso primitiboan jatorria duen argi zahar bat) neurketetan oinarrituta. Kosmosaren hasierako dentsitate aldaketak estrapolatzean, ikertzaileek espero dute S8 horren egungo balioa 0,83 izatea.

Baina duela gutxi argitaratutako ikerketa batzuek, zeinen bidez egungo galaxiak aztertu baitiren, % 8 eta % 10 arteko balio baxuago neurtu dituzte. Horrek esan nahi du unibertsoa nahiko homogeneoa dela. Diferentzia horrek kosmologoen jakin-mina piztu du, eredu kosmologiko estandarrean akatsak egon daitezkeela esan nahi baitu.

masaIrudia: eRositako galaxia kumuluen katalogoa irudikatuta dago hemen zeru erdiaren mapa batean. Koloreen bidez kumuluen distantzia adierazten da, eta zirkuluen tamainek iturri bakoitzaren X izpien itxurazko distira adierazten dute. (Irudia: MPE, J. Sanders for the eROSITA Consortium. Iturria: Quanta Magazine)

eRositako taldeak, aldiz, ez zuen diferentzia hori aurkitu. «Gure emaitza bat etorri zen hasieratik mikrouhinen hondo kosmikoaren aurreikuspenarekin», adierazi du Vittorio Ghirardinik, azterketaren zuzendariak. Ghirardinik eta bere kideek 0,85 balioko S8-a kalkulatu zuten.

Taldeko kide batzuk desengainatuta sentitu ziren, Ghirardiniren arabera, osagaiak falta izatea askoz zirraragarriagoa baitzen teoria ezagunarekin bat egitea baino.

S8-ren balioak, mikrouhinen hondo kosmikoaren estimazioa baino pixka bat altuagoa denak, beste talde batzuen azterketak eragingo ditu seguruenik, Gerrit Schellenbergerren arabera (Astrofisikako Harvard-Smithsonian Zentroan galaxia kumuluak aztertzen dituen astrofisikaria da). «Seguruenik hau ez da izango gaiari buruz ikusiko dugun azken artikulua», esan du.

Neutrinoak pisatzea

Unibertso primitiboan, neutrino ugari sortu ziren, ia fotoiak (argi-partikulak) bezainbeste, azaldu du Marilena Loverdek, Washingtoneko Unibertsitateko kosmologoak. Baina fisikariek badakite neutrinoek, fotoiek ez bezala, masa ñimiñoak izan behar dituztela, hiru mota artean oszilatzen dutelako. Partikulek ez dute masa eskuratzen beste oinarrizko partikula batzuek masa eskuratzen duten mekanismoaren bidez; hori dela eta, horien masa ikerketa askoren aztergaia da. Lehendabiziko galdera izango litzateke ea zein den horien benetako masa.

Kosmologoek neutrinoen masa neur dezakete kosmosaren egituran dituzten efektuak aztertuta. Neutrinoak ia-ia argiaren abiaduran mugitzen dira, eta bestelako materia zeharkatzen dute, hartara itsatsita geratu ordez. Hortaz, kosmosean neutrinoak egoteak kosmosaren pikortasuna ahuldu du. «Neutrinoei zenbat eta masa gehiago egotzi, orduan eta masa gehiago da homogeneoa eskala [handi] horietan», adierazi du Loverdek.

Galaxia kumuluen neurketak eta mikrouhinen hondo kosmikoaren neurketak konbinatuta, eRositako taldeak estimatu zuen neutrinoen hiru moten masen baturak ez dituela 0,11 elektronvoltak (eV) gainditzen, hau da, elektroi baten masaren milioirena bat baino gutxiago. Neutrinoekin eginiko beste esperimentu batzuetan muga txikiago bat ezarri da, eta erakutsi dute neutrinoen hiru masek 0,06 eV-ko batura eman behar dutela gutxienez (hiru masa balioen ordenamendu posible baterako), edo 0,1 eV-koa (alderantzizko ordenamendurako). Goiko eta beheko mugen arteko distantzia murriztu ahala, zientzialariak gehiago hurbiltzen ari dira neutrinoaren masaren balioa zehaztera. «Egia esan, aurrerapen handi bat lortzear gaude», adierazi du Bulbulek. Datuei buruzko ondorengo argitalpenetan, eRositako taldeak goiko maila alderantzizko ordenako neutrinoen masaren ereduak baztertzeko adina jaitsi lezake.

Zuhurrak izan behar gara. Existitu litekeen beste edozein partikula laster eta arinek (hala nola axioiak, materia ilunerako hautagai gisa proposatutako partikula hipotetikoak) efektu berberak izango lituzke egituren eraketan. Eta erroreak sartuko lituzkete neutrinoen masaren neurketan.

Energia ilunari jarraikiz

Galaxia kumuluen neurketek agerian jar dezakete nola hazi ziren egiturak, baina baita energia ilunak hazkuntza hori nola eragotzi zuen ere: espazioa inpregnatzen duen energia aldaratzailearen kapa fina, espazioaren espantsioa azeleratzen duena, materia banaraziz.

Energia iluna espazioaren beraren energia bada, kosmologiaren eredu estandarrak jasotzen duen moduan, orduan dentsitate konstantea izango luke espazio eta denbora osoan (horregatik, hain zuzen, esaten zaio batzuetan “konstante kosmologikoa”). Baina denborak aurrera egin ahala dentsitatea murriztu egiten bada, orduan egoera guztiz bestelakoa da. «Horixe da kosmologiak planteatzen duen galderarik garrantzitsuena», esan du Sebastian Grandisek, Innsbruckeko Unibersitateko (Austria) eRosita taldeko kideak.

Milaka kumuluen mapatik abiatuta, ikertzaileek deskubritu zuten energia iluna bat datorrela konstante kosmologiko baten profilarekin, nahiz eta horren neurketak % 10eko ziurgabetasuna duen; hortaz, oraindik ere posible da pixka bat aldatzen den energia ilunaren dentsitate bat existitzea.

Jatorriz, eRositak, Errusiako aireontzi batean dagoenak, zeru osoaren zortzi azterketa egin behar zituen, baina 2022ko otsailean, teleskopioak bosgarren azterketa hasi eta aste batzuetara, Errusiak Ukraina inbaditu zuen. Horri erantzuteko, lankidetzaren talde alemaniarrak, zeinak eRosita operatu eta zuzentzen baitu, teleskopioa modu seguruan jarri zuen, behaketa zientifiko guztiak etenda.

Hasierako artikulu horiek, beraz, lehendabiziko sei hilabeteetako datuetan oinarritzen dira soilik. Alemaniako taldeak espero du falta den behaketen urte eta erdian lau aldiz galaxia kumulu gehiago aurkitzea, gutxi gorabehera. Horri esker, parametro kosmologiko horiek guztiak zehaztasun handiagoz identifikatu ahal izango dituzte. «Kumuluen kosmologia zunda kosmologiko sentikorrena izan liteke, mikrouhinen hondo kosmikoaz gain», adierazi du Anja von der Lindenek, Stony Brookeko Unibertsitateko astrofisikariak.

Haren hasierako emaitzek frogatzen dute oraindik ia arakatu gabeko informazio iturri handia izango dela. “Auzoko bizilagun berria gara”, esan du Grandisek.

Jatorrizko artikulua:

Liz Kruesi (2024). Fresh X-Rays Reveal a Universe as Clumpy as Cosmology Predicts, Quanta Magazine, 2024ko martxoaren 4a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post X izpi berri batzuek agerian jarri dute unibertsoa kosmologiak igarri bezain pikortsua dela appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #487

Ig, 2024-05-26 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Gizonentzako antisorgailu

Emakumeak zientzian

Alice Lee matematikariak frogatu zuen garezurraren tamaina eta adimena ez zeudela erlazionatuta. Uste hori zabalduta zegoen orain dela gutxi arte, eta pentsatzen zen emakumeek garezur txikiagoak zituztela. Leek metodo estatistikoak aplikatu zituen garezur-edukieraren, generoaren eta adimenaren arteko benetako erlazioa argitzeko, eta frogatu zuen ez zegoela halakorik. Alabaina, etnien arteko aldeak bazeudela argudiatzen zuen, eta aurreiritzi horiek indartu zituen. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Biokimika

Antsietate-asaldura testosteronaren gabeziarekin lotu dute. EHUk parte hartu du ikerketan, eta ikusi dute erlazio esanguratsua dagoela antsietate-asalduren, TACR3 izena duen garuneko errezeptore baten, eta testosteronaren artean. Gizonezkoetan, testosterona maila baxua izateak antsietatea eragiten kasu batzuetan, batez ere hipogonadismoa dutenetan. Animalia ereduetan ikusi dute antsietate maila handia dutenek TACR3 errezeptorea eraldatuta dutela, eta horrek hormona sexualen produkzio txikia eragiten duela, testosterona barne. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Gizonentzako antisorgailu bat garatzeko molekula apropos bat topatu dute. Kinasa-inhibitzaile bat da molekula, eta STK33 proteina ongi garatzea eragozten du. Proteina hori ezinbestekoa ugalkortasunerako, saguetan zein gizakietan, eta haren gabeziak espermatozoideen mugikortasuna eta morfologia gaizki garatzea eragiten du. Tratamenduak ez du bestelako ondoriorik sortzen, eta eragina itzulgarria da, hau da, denbora gutxira, berriro ugalkortasuna berreskuratzen da. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Giza enbrioiaren asimetria lehen zatiketatik hasten dela frogatu dute. in vitro ernalkuntza baten ostean jarraipena egin diote zigotoari teknika ez-inbaditzaileak erabilita. Egun bateko giza enbrioi bat bi zelulek soilik osatzen dute, eta ikusi dute gorputza sortuko duten zelula gehienak hasierako bi zelula horietako batetik sortzen direla. Ikertzaileen ustez, prozesu asimetriko hori gako da giza gorputza eratzeko. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Botanika

Phylopyr proiektua jarri dute martxan Aranzadi zientzia elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Haren helburua Pirinioetako landare loredun guztien informazio genetikoa lortzea izango da. 4.000 espezie inguru daude, eta horien laginak hartuko dituzte analisi genetikoak egiteko, baita herbario bat eraikitzeko ere. Datu guztiak Berrian.

Neurologia

Loak eta anestesiak moteldu egiten dute garunaren garbiketa saguetan. Zabaldutako ideia zen loak garuneko toxinak garbitzen zituela, baina ikerketa berri batek kontrako prozesua behatu du. Baita anestesiarekin ere. Ikertzaileek emaitza horien garrantzia azpimarratu dute; izan ere, uste izatekoa da pertsonetan ere antzera gertatuko dela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Ozeanografia

Ozeanoko tenperaturak hain egonkorra izateari utziko diola ondorioztatu du ikerketa batek. Ozeanoaren azaleko geruza gutxi gorabehera 50 metroraino heltzen da, eta geruza horretan inertzia termikoa dago, hau da, tenperatura oso gutxi aldatzen da. Hainbat ereduk erakutsi dute, ordea, inertzia termikoak behera egingo duela hurrengo urteetan, eta ozeano azaleko tenperatura gehiago aldatuko dela. Hainbat ondorio izango ditu prozesu horrek. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Paleontologia

Kuaternarioan zehar, alternantzia egon da glaziazioen eta garai interglaziarren artean. Baina horien barnean ere, momentu erlatiboki beroagoak eta momentu erlatiboko hotzagoak ere badaude. Horiek noiz gertatu ziren jakiteko, organismo txiki eta sinpleagoetara jo behar dugu, parametro ekologiko mugatuagoak dituztelako. Kantauri Itsasoan, aro hotzagoen seinalea ematen dute bi organismo txikik, Europaren iparraldetik zetozen ur polarren masak ekartzen baitzituzten. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Antropologia

Jose Antonio Azpiazu historialari eta antropologoak txerriak euskal kulturan duen konnotazioa ikertu du El cerdo en la historia de los vascos (Txerria euskal herritarren historian) liburuan. XVI. mendeko dokumentazio aberatsa jaso du, landa lana ere egin du, eta ikertu du etxekotu zutenetik txerriak zer bide egin duen euskal gizartean. Baserrian animalia oso garrantzitsua zela ondorioztatu du Azpiazuk, bai eta bale ehiztarien dietaren oinarri ere. Azalpenak Berrian.

Genetika

Lurreko Hologenomaren Egitasmoa aurkeztu du mundu-mailako lankidetza batek. Egitasmo horren helburua animalia basatien eta haiei lotutako mikroorganismoen datu hologenomikoak biltzea eta aztertzea da. Datu horiekin animalia basatien ekologia eta eboluzioa berraztertu nahi dute, oraingoan ostalari-mikrobiota elkarrekintzak kontuan izanda. Egitasmoaren koordinatzaileak azpimarratu du ez dela existitzen animalien eta mikroorganismoen arteko elkarrekintzak modu sistematikoan aztertzeko azpiegiturarik. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

Eguzkiaren eremu magnetikoa azaletik gertu sortzen dela proposatu dute. Aurretik uste zenaren arabera, gutxienez 210.000 km-ko sakoneran sortzen zen, baina ikerketa berri baten arabera, 32.000 km-ko sakoneran sortzen da Eguzkiaren eremu magnetikoa. Gainera, datu ikerketan sortutako ereduek hobeto azaltzen dituzte eguzki-orbanak, eta, beraz, eguzki-ekaitzak ere hobeto aurreikusiko dituztela espero da. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Merkurion gatz glaziarrak aurkitu dituzte Planetary Science Instituteko zientzialariek. Planetaren ipar poloan daude, itzal iraunkorreko eskualdean, eta glaziar nagusiak bi kilometroko sakonera izan dezakeela kalkulatu dute. Gatz glaziarren sorrera izotzezkoenen antzekoa da, baina Nahum Mendez geologoak azaldu duenez, prozesua ez dago oso argi. Hala ere, teoria nagusiak iradokitzen du Merkurioren atmosferak zerikusia duela. Datu guztiak Berrian.

Argitalpenak

“Zientzialariak” komiki-sortak eskaini dio ale bat Marie Curie, fisikari eta kimikari poloniarrari. Seguruenik, emakume zientzialari ezagunena da. Varsovian jaio zen 1867an, eta bera eta bere familia beti egon ziren oso arro poloniarrak izateaz. Alabaina, bere herrialdean emakumeek goi-mailako ikasketak egiteko aukera gutxi zegoen, eta Parisen ikasi zuen, Sorbona Unibertsitatean. Geroago bere bikotea izango zen Pierre Curierekin hasi zen ikerketan, eta erradioaktibitatea deskribatu zuten. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #487 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #494

La, 2024-05-25 09:00


Esadazu zerekin elikatu duzun eta esango dizut zer itxura duen. Horra superharra. A. sudhausi, the superworm, Ramón Muñoz-Muchpuli.

Datuak prozesatzeko modurik azkarrena ez da modu klasikoan bezala materialik erabiltzen, argia baizik. Parity-time symmetry for faster and stronger optical signal processing.

Dilema batzuk dagokion koinatuari galdetuz ebazten dira. TILKUT bineta bat: Great dilemmas of history.

2017an, kimika kuantiko topologikoaren oinarriak argitaratu zituzten Naturen, azalean. 2020an, material magnetikoetara zabaldu zuten, eta Naturen ere argitaratu zuten. Orain, DIPCko jendeak Sciencen argitaratzen du fonoi topologikoen lehen datu-basea. A Topological Phonon Database has been built

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #494 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak