Breton Frères ospe handiko etxea, ondo ordezkatuta Errege Seminarioan.
“Aberastu zaitezte!” esaten zien behin eta berriz Guizot ministroak frantsesei 1840ko hamarkadan. Urte batzuk lehenago, 1836. urtean, Luis Felipe Orleanskoaren erregealdi ia osoak (1830-1848) bizi izan zuen oparoaldiaren barruan Breton etxea sortu zen, Pariseko rue Servandoni 4an, Fisika, Kimika eta Matematikako instrumentuak egiten zituen etxea. Louis eta André anaiek, jakin-minak bultzatuta, mota horretako material zientifikoaren ekoizpen-arloan berrikuntzak sartu zituzten. Arrakasta izan zutenez, Breton etxeak sari eta aipamenez betetako ibilbideari ekin zion. Breton etxeak erabilera terapeutikoa zuen aparatu elektro-magnetiko bat ekoiztu zuen 1838rako eta, eten gabe perfekzionatu zutenez, bosturteko askotan zehar erabili zen Frantziako ospitaleetan, eta mediku frantziarrek asko goraipatu zuten.
1841. urtean Breton etxeak bere egoitza hedatu zuen, rue Petit-Bourbon-St-Sulpice 9ko lokalei esker, eta Société d'Encouragementen brontzezko domina jaso zuen argazkigintza-teknikaren arloan egindako hobekuntzengatik. Garai hartan bertan hasi ziren makina pneumatikoekin esperimentatzen; eta, horri esker, 1852. urtean mota horretako aparatuetan aplikatu beharreko balbula-sistema baten gaineko patentea lortu zuten. 1848. urtean, Breton etxeak rue Dauphine 25era (ondoren 23) aldatu zuen egoitza. Etxeak sari ugari jaso zituen: 1839ko, 1842ko, 1844ko eta 1849ko Erakusketa Nazionaletan; 1851n Londresen egin zen Erakusketa Unibertsalean; 1854ko Erromako Erakusketan; 1855ean, Parisen ospatu zen Erakusketa Unibertsalean. Ondoren, 60ko hamarkadaren hasieran, Ohorezko Legioa saria jaso zuen. Hala, hainbeste ohorerekin, nazioarteko ospea izatera iritsi zen Breton etxea. 1867. urtean, Pariseko erdialdeko Avenue Victoria (8) kale dotorean ireki zuten denda, eta ekoiztutako produktu asko Europako estatuetara esportatzen hasi ziren. Breton etxeak rue des Écoles 52an izan zuen azken egoitza (1880). Handik gutxira, Gerboz egin zen Breton etxearen kargu, denbora gutxiz baina, etxea 1888an itxi baitzen.
Bergarako Errege Mintegiko bilduman, Breton etxeko hemezortzi zientzia-tresna ditugu. Instrumentu horietako bat, likidoen dilataziorako lau tutudun aparatua (AZT-0082), 1851-1867 urte bitartean (bidaltze- edo saltze-data) datatu dugu. Melloniren bankua hirurogeiko hamarkadaren amaierakoa da. Beste zortzi instrumentu 1880koak edo beranduagokoak dira, zalantzarik gabe. Gainontzeko zortzi tresnei, nahiz eta dudarik gabe Breton etxekoak izan, ezin diegu bidaltze-data segururik jarri.