BERGARAKO ERREGE SEMINARIOAREN BILDUMAREN ERAKUSKETA IRAUNKORRA
bilduma geologikoak

Errege Seminarioko modeloak
Bergarako Errege Seminarioan, XVIII. mendetik aurrera, beti egon izan dira bilduma geologikoak. Gogoan izan behar dugu Errege Seminarioak izan zuela kabinete mineralogiko aberatsa, mineralogia eta metalurgia arloan egindako ikerketa aitzindari haietarako. Besteen artean, Ramon Mª de Munibe eta Fausto Elhuyarrek hartu zuten parte kabinete hori antolatzen eta aberasten. Bilduma mineralogikoak XIX. mende osoan zehar iraun zuen eta gainera material berriekin aberastu zen, esaterako, goi-mailako ingeniari, geologo eta Espainiako Mapa Geologikoaren Batzordeko presidente izan zen Felipe Bauzak, lehenago Errege Seminarioko kide izandakoak, bere jabetzako mineral ugari eman zituenean (1872).
Gaur egun 369 fosilek eta 1.181 mineralek osatzen dute bilduma geologikoa.
Pieza kopuru nahiko ugaria dagoen arren eta erakundearen historia akademikoan pieza horien garrantzia dokumentatuta dagoen arren, egin berri dugun ikerketa historiko-zientifikoarekin ezin izan ditugu datazioak egin eta antzinako material-taldeak ere ezin izan ditugu behar den bezala identifikatu.
irudi galeria





