Laboratorium Museoaren albisteak

Pérez Iglesias sailburuak “Bi ilunabarreko eguna” aurkeztu du Laboratorium Museoan, abuztuaren 12ko eguzki-eklipsea ardatz duen erakusketa

  • Erakusketa Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 13 udalerritan izango da bost hilabetetan zehar.
  • Bergaran izango da erakusketaren bosgarren etapa, Zarautz, Beasain, Zalla eta Donostiatik igaro ondoren.
  • Erakusketa Laboratorium Museoan egongo da ikusgai maiatzaren 21era arte.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek “Bi ilunabarreko eguna” erakusketa aurkeztu du gaur arratsaldean Bergarako Laboratorium Museoan. Dibulgazio-ekimen honek datorren abuztuaren 12an Euskadin ikusgai izango den eguzki-eklipse osoa du ardatz. Sailburuarekin batera Bergarako alkate Gorka Artola eta Laboratorium Museoko zuzendari Rosa Errazkin izan dira.

Erakusketa bisitatu ondoren, sailburuak haren balio dibulgatzaile eta emozionala azpimarratu du: “Eguzki-eklipse oso bat behatzea da pertsona batek fenomeno natural bat ikusten duenean bizi dezakeen esperientziarik hunkigarrienetako bat. Ekimen honekin, alde emozionala alde batera utzi gabe, astronomia eta eguzki-sistemaren funtzionamendua hobeto ezagutzeko aukera emango digun alde intelektuala eskaini nahi dugu “.

Rosa Razkin Laboratorium Museoko zuzendaria pozik agertu da Bergara zientzia-dibulgazioko programa ibiltari honen parte delako, eta nabarmendu duenez, “datorren abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoa aukera paregabea izango da zientziarekiko jakin-mina pizteko eta astronomiaren bidez ingurunea ezagutzeko”.

Erakusketa ilustrazio zientifikoek osatzen dute, eta astronomia-fenomeno hori modu didaktikoan, eskuragarrian eta erakargarrian publiko guztiei hurbiltzeko diseinatuta dago, herritarrak eklipsea ulertzera eta gozatzera gonbidatuz.

13 herritako ibilbide baten bosgarren etapa

Erakusketa dibulgazio zientifikoko jarduera-programa ibiltari baten parte da, eta zientzia Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat lekutara eramango du. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako ekimen honek Jakindari aliantzako 20 erakunde baino gehiagoren lankidetza du; horien artean daude Donostia International Physics Center (DIPC) eta Aranzadi, erakusketaren sorkuntzan parte hartu dutenak.

Bergara ibilbide honetako bosgarren etapa da, Zarautz — sailburuak inauguratu zuena —, Beasain, Zalla eta Donostiatik igaro ondoren. Erakusketa osatzen duten lau totemak Durango, Bilbo, Barakaldo, Gasteiz, Gesaltza Añana, Gaubea, La Puebla de Labarca eta Guardiako espazio publiko eta kulturaletan barrena izango dira datozen asteetan.

Jarduera osagarriak Bergaran

Erakusketarekin batera, Laboratorium Museoan eklipseari buruzko jarduera osagarrien programa bat dago. Erakusketa museoko lorategian jarri zenetik, bisita gidatuak eta dibulgazio-tailerrak antolatu dira, publiko orokorrarentzat zein familientzat. Gainera, gaur goizean, Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Laboratoriumek bisita gidatu berezi bat eskaini du erakusketaren edukiak eta eguzki-eklipse osoaren fenomeno astronomikoa jendeari hurbiltzeko.

Ekainaren 11n Bergarako Seminarixoan, “Eklipsea eta asmakizunak” solasaldia izango da. Mikel Falxa DIPCko doktoratu ondoko ikertzaileak emango du hitzaldia, Kutxa Fundazioarekin lankidetzan. Eta uztailaren 3an, Ilatargi Astronomia Elkarteko Josu Gonzalezek “Eklipseak: astroak ezkutaketan jolasten” hitzaldia emango du Seminarixoan.

Programa jarduera osagarri ugarirekin osatzen da, Jakindariko erakundeen inplikazioari esker. Besteak beste, dibulgazio-hitzaldiak, haur, gazte eta helduentzako tailerrak, bisita gidatuak, behaketa astronomikoak eta ipuin-kontalari saioak antolatuko dira.

Jarduera guzti horiei buruzko informazioa eklipsea.euskadi.eus webgune ofizialean dago eskuragarri. Bertan, gainera, dibulgazio-edukiak, eklipsea behatzeko aholku praktikoak, intereseko estekak eta baliabide multimediak aurki daitezke.

Jakindariri buruz

2025ean Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sortua, Jakindari Euskal Autonomia Erkidegoko kultura zientifikoaren aldeko erakundeen aliantza da, eta dagoeneko 70 kide baino gehiago ditu. Bere helburu nagusia da erakundeen arteko ahaleginak batzea, ezagutza zientifikoa lurralde osora zabaltzeko, jarduera bateratuak sustatuz eta jardunbide egokiak partekatuz.

2026ko dibulgazio-programan, abuztuko eguzki-eklipsean oinarrituta, Jakindariko 20 erakundek parte hartu dute: Aranzadi Zientzia Elkartea, DIPC, ZarautzOn, Lemniskata Goierriko Zientzia Sare Herrikoia, Betelgeuse Enkarterrietako Astronomia Elkartea, Tabakalera, EHU, Kutxa Fundazioa, Polymat, Laboratorium Zientzia Museoa, Bixenta Mogel liburutegia, Izarra Astronomia Elkartea, Norarte, Abadiñoko Udala, Logos Elkartea, Astrobizkaia, Barakaldoko Udala, Arabako Natura Zientzien Museoa, CEA-Ingurugiro Gaietarako Ikastegia eta Arabako Astronomia Elkartea.

Horiez gain, erakusketa Arabako beste hainbat lekutara iristeko ahaleginetan beste erakunde batzuek ere parte hartu dute, hala nola Gasteizko Udaleko Herritartasun Eskolak, Añanako Gatz Haranaren Fundazioak, Lapuebla de Labarca eta Guardiako udalek eta Gaubeako turismo-bulegoak.


Scroll to Top