Asteon zientzia begi-bistan #462
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Klima-aldaketaPirinioetako Ekologia Institutuak gidatutako ikerketa batek berretsi du, 1981-2022 aldian, Pirinioetako Anetoko glaziarraren azalera % 64,7 murriztu dela. Irismen laburreko teledetekzio teknikei esker lortu dituzte datu horiek, eta haiekin, glaziar horren unera arteko azterketa xehakatuena eta luzeena egin dute. Bestalde, argitu dute % 92ko galera izan dela glaziar eremuan Izotz Aro Txikiaren amaieraz geroztik. 1850ean 100 glaziar baino gehiago zeuden Pirinioetan; 2022an, berriz, 18 glaziar. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Klima-aldaketaren eragina Pirinioetan.
ZoologiaIkerketa batek frogatu du baratze-saguzarra (Eptesicus serotinus) sarketarik gabe ugaltzen dela. Horren ordez, kontaktuz kopulatzen dute. Ikertzaileek ehun bikoteren sexu-jokabidea bideoz jaso dute, eta ikusi dute arrak emeari eusten diola, eta zakila bulbaren gainean kokatzen duela. Ia ordubetez egoten dira horrela. Ugalketa-mekanismo hori hegaztien antzekoa da, eta ikertzaileek dakitela, era horretako koitoa duen ugaztun bakarra da. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Saiek aerosorgailuekin talka egiteko arrisku gehien non duten kalkulatu dute, eta ondorioztatu dute Iberiar Penintsularen % 20 ez dela egokia egitura horiek ezartzeko. Espainian 850 sai inguru hiltzen urtean aerosorgailuengatik, baina baita beste hainbat espezie ere. Ikerketak kalkulatu du aerosorgailuen ehuneko handi bat sai arreen populazio ugaltzailearen eremuetan daudela kokatuta. Egileen iritziz, energia berriztagarriaren garapenarekin jarraitzeko, inpaktu txikiagoko eremuak aukeratu behar dira, energia benetan jasangarria izan dadin. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Esperimentu batek frogatu du sabanako espezie gehienek beldur gehiago diotela giza ahotsari, lehoiarenari baino. Ikusi dutenez, animalia gutxiago uxatzen dira lehoiaren bokalizazioekin, txakurren zaunkekin edota eskopeta tiroekin, giza ahotsekin konparatuta. Bozgorailuak kokatu dituzte sabanan eta bideoz grabatu dituzte animaliak, horien erreakzioak ikusteko. Bideoak aztertuta, zientzialariek kalkulatu dute espezieen %95 azkarrago aldentzen zela gizakiak entzutean, lehoien soinua entzunean baino. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
OsasunaSexu biologikoa faktore garrantzitsua da parkinsonaren intzidentzian, garapenean eta adierazpen fenotipikoan. Izan ere, gizonek ia bi aldiz maizago pairatzen dute, baina emakumeetan hilkortasun-tasa altuagoa da eta gaixotasunaren diagnostikoa gizonetan baino bi urte inguru beranduago gertatzen da emakumeetan. Horrez gain, gaixotasunaren aurrean gertatzen den inflamazio-erantzuna eta oxidazio-estresa ere desberdinak dira sexuaren arabera. Desberdintasun horiek ezagututa, ezinbestekoa dela tratamendu terapeutikoa neurrira diseinatzea. Datuak Zientzia Kaieran.
GenetikaIkerketa berri batek argitu du edozein organismo bizik, hazi eta ugaltzeko, zenbat gene behar dituen. Hala, ingeniaritza genetikoko teknikak baliatuz, genoma txikieneko eta gene kopuru txikieneko organismoa sortu dute. Bakterio bat da, eta haren genomak 531.000 base-pare eta 473 gene ditu. Ikertzaileen esanetan, hurrengo erronka izango da bizitzarako ezinbestekoak diren funtzio horiek zeintzuk diren argitzea, baita parte hartzen duten molekulak zeintzuk diren zehaztea ere. Azalpen guztiak Berrian: Tamainak axola al du?
MikrobiologiaSARS-CoV-2a zelulen barnean nola erreplikatzen den ikusi dute 3D-n. Zehazki, biriketako zeluletan ikusi dute prozesua, eta emaitza hori lortzeko biologia molekularreko, birologiako eta mikroskopiako hiru teknika konbinatu dituzte. Ikusi ahal izan denaren arabera, birusaren erreplikazio-makineriak besikulak eta tubuluak sortzen ditu, eta estresa eragiten die organuloei. Datuak Elhuyar aldizkarian.
PsikologiaIkerketa berri batek frogatu duenez, literatura ona irakurtzeak hobetu egiten du besteekiko enpatia sentitzeko gaitasuna. Hau da, pentsamenduak, asmoak eta emozioak beste pertsona batzuei esleitzeko dugun gaitasuna hobetzen du. Bost esperimenturen bidez iritsi dira ondorio horietara. Egileek proposatu dute fikzioak ez duela bakarrik besteengan pentsatzen duguna aldatzen, baita geure buruaz pentsatzen duguna ere. Gainera, fikzioaren eragin positiboak haratago joan daitezkeela pentsatzen dute, eta ez dela soilik literaturara mugatzen. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Literatura onak besteen lekuan jartzen laguntzen digu.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #462 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #470
Ariketa fisikoa egiteak osasunerako onurak dituela gauza ezaguna da. Onura kognitibo horiek odol-transfusio bidez transferi daitezkeela, agian ez da hain ezaguna. Eta orain arte ez da jakin nola izan daitekeen. Platelets participate in hippocampal neurogenesis and cognitive function, José R. Pinedaren eskutik.
Azken 130 urteetako argazki baliatuta, 1000 glaziar analizatu dira eta ez dago zalantzarik: Groenlandia gero eta azkarrago urtzen ari da. Greenland ’s glaciers are melting at an unprecedented pace.
Gizarte-arazoetan oinarritutako ontologia soziala dagoeneko landua dagoela uste daiteke, baina badirudi ezetz. Jesús Zamorak On the ontology of social problems (1).
Edan nahi dugun uretara orotariko kutsatzaile kimiko iristen denez, beharrezkoa da eraginkortasunez araztu ahal izateko sistemak garatzea, eta hori egitean energia-kostuak ez daitezela handiegiak izan. DIPCko jendeak ideiak eskaintzen ditu Crosslinking pectin for the simultaneous removal of multiple pollutants from water
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #470 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: grafenoa
Oraingoan, grafenoaren munduan murgilduko gaitu Kiñuk. Zientzia-fikzioa dirudien material miresgarria da egitura sinestezina eta propietate apartekin. Grafenoa, lodiera atomikoko karbono-xafla bat, zientzia materialaren altxor bihurtu da. 2004an aurkitu zuten lehen aldiz material iraultzaile hori, Andre Geim eta Constantin Novoselov-ek grafito arruntetik isolatua.
Zientzialari askok uste zuten ezinezkoa zela atomo bateko lodiera bakarreko xafla bat fabrikatzea edozein materialarekin, ezegonkorra zelako. Grafenoa isoatuz ezustekoa lortu zuten eta horrekin materialen zientzia irauli zuten aukera-bolada bat eragiten.Askotariko erabilerak ditu, eta, horri esker, askotariko aplikazioak daude: elektronika aurreratua, medikuntzako aurrerapen iraultzaileak… Arkatz arrunt baten grafitotik ateratako material harrigarri hori gure mundua aldatzen ari dela kontatuko digu gure kirikiñoak: ukipen-pantailak, sendaketa berritzaileak…
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: grafenoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Sexu-desberdintasunak Parkinson gaixotasunean
Azken urteotan, sexuak gaixotasunen intzidentzian, bilakaeran edota agindutako tratamenduen erantzunean duen eragina aztertzea Medikuntzako arlo askoren jomuga izan da. Izan ere, sexuak osasunean eta gaixotasunean eragin nabarmena du, eta eragin hori aztertzea bereziki garrantzitsua da pazienteen denbora luzez diziplina anitzeko arreta eskatzen duten gaixotasun kroniko progresiboetan, hala nola Parkinson gaixotasunean.
Parkinson gaixotasuna nahasmendu motor neurodegeneratibo ohikoena da, eta alfa-sinukleina izeneko proteinaz osatutako Lewy gorputzen presentziarekin eta substantia nigra pars compacta-ko neurona dopaminergikoen galerarekin lotuta dago. Ebidentzia askok iradokitzen du sexu biologikoa faktore garrantzitsua dela parkinsonaren intzidentzian, garapenean eta adierazpen fenotipikoan. Gizonek ia bi aldiz maizago pairatzen dute gaixotasuna, baina emakumeetan hilkortasun-tasa altuagoa da eta gaixotasunaren diagnostikoa gizonetan baino bi urte inguru beranduago gertatzen da. Emakumeen artean, Parkinson gaixotasunaren intzidentzia altuagoa da menopausia-osteko aldian menopausia-aurreko aldiarekin alderatuz. Hortaz, emakumeen hormona sexualek zerikusia izan dezaketela iradoki da. Izatez, hainbat ikerketek erakutsi dute estrogenoek eragin neurobabeslea eskaintzen dietela emakumeei parkinsonaren aurrean.
Irudia: Sexu-desberdintasunak Parkinson gaixotasunaren sintomatologian eta fisiopatologian. Sexu-desberdintasunak Parkinson gaixotasunaren fenotipo klinikoan eta patogenian parte hartzen duten funtsezko mekanismoetan. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Gaixotasunaren fisiopatologian ere sexu-desberdintasunak azter daitezke. Gizonetan emakumeetan baino endekapen handiagoa gertatzen da parkinsonean kaltetuta dagoen bidezidorreko sistema dopaminergikoan. Horrez gain, sexuaren arabera, gaixotasunaren aurrean gertatzen den inflamazio-erantzuna eta oxidazio-estresa ere desberdinak dira. Oxidazio-estresari buruz aritzean mitokondrien funtzioa azpimarratzekoa da, eta estrogenoek mitokondrien disfuntzioa gutxitzea eragin dezaketenez, emakumeetan gertatzen den oxidazio-estresa baxuagoa da oro har. Aldiz, testosteronak, gizonezkoen hormona sexualak, Parkinson gaixotasunean izan dezakeen eragina ez dago guztiz argi oraindik.
Beste alde batetik, hainbat ikerlanek gizon eta emakumeen arteko desberdintasun klinikoak deskribatu dituzte Parkinson gaixotasunean. Gaur egun, sintoma motorrak gaixotasunaren diagnostikoaren oinarria dira: atsedenaldiko dardara, muskuluen zurruntasuna, gorputz-jarreraren ezegonkortasuna eta mugimenduen moteltasuna. Emakumeetan sintoma motorrak gizonetan baino beranduago agertzen dira, eta kasu gehienetan, dardara izaten da lehendabizikoz adierazten dena. Gizonetan aldiz, maizago gertatzen dira baldarkeria eta idazteko zaitasuna. Halaber, sintoma motorrak azaleratu aurretik sintoma ez-motorren agerpena gertatzen da, zeinak eguneroko bizi-kalitatea gogor astintzen duten: usaimenaren galera, narriadura kognitiboa, depresioa, antsietatea, mina, loaren nahasmenduak, ikusmen arazoak edota idorreria. Sintoma ez-motor horien sexu-desberdintasunei dagokienez, emakumeek maizago pairatzen dituzte depresioa, antsietatea edota mina bezala sintomak, baina gizonek baino hobe mantentzen dituzte gaitasun kognitibo orokorra eta hitzezko gaitasuna.
Sintoma motorren agerpenaren ondoren, eta sintoma horiek arintzeko helburuarekin, tratamendu farmakologikoak erabiltzen dira, levodopa (L-dopa) izanik ezagunena. Garrantzitsua da gizon eta emakumeek tratamendu horien aurrean izan dezaketen erantzuna desberdina izan daitekeela azpimarratzea, eta hortaz, ezinbestekoa dela tratamendu terapeutikoa neurrira diseinatzea. Izan ere, badirudi emakumeek L-dopa eman ondoren gain-dosifikatzeko arriskua dutela, eta horrek diszinesiak (nahigabeko mugimendu hiperzinetikoak) garatzeko arriskua areagotzen duela.
Laburbilduz, gero eta ikerketa gehiagok uzten dute agerian gizon eta emakumeen artean desberdintasunak daudela Parkinson gaixotasunean. Hortaz, ezinbestekoa da desberdintasun horiek kontuan hartuz, besteak beste, sexuaren araberako tratamendu terapeutikoak egokitzea, gizon-emakumeen behar indibidualak asetzea eta behar ezberdinei erantzuteko programa berritzaileak garatzea, pazienteei osasun-arreta integrala eskaintzeko bidean.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 44
- Artikuluaren izena: Sexu-desberdintasunak Parkinson gaixotasunean
- Laburpena: Gero eta ebidentzia gehiagok adierazten du sexu biologikoa faktore garrantzitsua dela Parkinson gaixotasunaren garapenean eta adierazpen fenotipikoan. Jakina da Parkinson gaixotasunaren prebalentzia ia bi aldiz altuagoa dela gizonezkoetan emakumezkoetan baino. Hala ere, emakumezkoek gaixotasunaren progresio azkarragoa izaten dute. Gainera, azken urteotan egindako ikerketek agerian utzi dute Parkinson gaixotasunaren ondorioz agertzen diren sintoma motorrak eta ez-motorrak maiztasun edota larritasun desberdina dutela sexuaren arabera. Halaber, emakumeek eta gizonezkoek tratamendu farmakologikoen eta kirurgikoen aurrean duten erantzuna ere desberdina dela uste da. Sexu-desberdintasun hauen oinarriak zehatz-mehatz ezagutzen ez badira ere, mekanismo fisiopatologikoak desberdinak direla iradoki da. Berrikuspen honetan parkinsona duten emakumezkoen eta gizonezkoen artean dauden desberdintasunak laburbiltzen dira, besteak beste, ezaugarri klinikoetan, arrisku-faktoreetan, gaixotasunaren fisiopatologian eta tratamenduen erantzunean. Patologiak sexu bakoitzari nola eragiten dion argitzeak pazienteen arreta hobetzea ahalbidetu dezake gizonen eta emakumeen maneiu terapeutikoa neurrira diseinatuz eta bakoitzaren beharrei erantzuteko programa berritzaileak garatuz.
- Egileak: Maider Zubelzu, Andrea Leivar, Teresa Morera-Herreras eta Ane Murueta-Goyena
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 41-61
- DOI: 10.1387/ekaia.23974
- Maider Zubelzu, Andrea Leivar eta Teresa Morera-Herreras UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzaileak dira.
- Maider Zubelzu, Teresa Morera-Herreras eta Ane Murueta-Goyena Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeko ikertzaileak dira.
- Ane Murueta-Goyena UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Sexu-desberdintasunak Parkinson gaixotasunean appeared first on Zientzia Kaiera.
Literatura onak besteen lekuan jartzen laguntzen digu
Literatura ona irakurtzeak hobetu egiten du besteekiko enpatia sentitzeko, besteak ulertzeko eta haien portaera hobeto interpretatzeko gaitasuna; hots, haien lekuan jartzeko dugun gaitasuna. Termino teknikoagoetan eta hitz gutxirekin adierazita, gure «adimenaren teoria» (AT) hobetzen du; hau da, pentsamenduak, asmoak eta emozioak beste pertsona batzuei esleitzeko dugun gaitasuna. Horren barruan honako hauek bereizten dira: afektiboa (ATa), emozioei dagokiena, eta kognitiboa (ATk), pentsamenduei eta asmoei dagokiena.
Aurreko paragrafoan aurkeztutako ondorio orokorra besteen lekuan jartzeko gaitasunean irakurketa mota desberdinek izan dezaketen eragina baloratzeko diseinatutako esperimentuetatik lortu da. Hainbat pertsonaz osatutako taldeei hautatutako liburuetatik hartutako testu laburrak eman zizkieten, eta, irakurri ondoren, talde bakoitzeko pertsonei testa egin zieten zenbait AT adierazle ebaluatzeko. Esperimentu guztietan, parte hartzaileek literaturaren inguruan duten ezagutza maila ere baloratu zen, eta, horretarako, egileak ezagutzeko test bat erabili zen. Lehen esperimentuan literatur fikzioa irakurtzearen efektua ez fikzioa deritzona irakurtzearenarekin alderatu zuten. Eta ondoren, beste lau esperimentuko sorta batean, fikzioa irakurtzearen efektua haiek fikzio herrikoia deitzen dutena irakurtzearenarekin alderatu zuten; ohar honen ondorioetarako, “supersalmentak” (best sellers) esango diegu. [1]
Irudia: fikzioak besteen bizitzak baliatuz gure ezagutza zabaltzen du, eta gure antzekotasunak eta desberdintasunak ezagutzen laguntzen digu. (Argazkia: Polina Zimmerman – Domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com)Adibide gisa, erabilitako bi test aipatuko ditut. “Adimena begietan irakurtzea” izenekoan, AT afektiboaren test prototipikotzat hartzen dena, parte hartzaileei eskatzen zitzaien begiak ardatz zituzten irudietan agertzen ziren aurpegi adierazpenei egoera emozionalak esleitzeko. Eta “Yoniren testa” izenekoan, egoera emozionalak (ATa-rako) edo pentsamenduak (ATk-rako) ondorioztatu behar zituzten, gutxieneko gako linguistiko eta bisualetatik abiatuta. Egileek uste faltsuaren test bat ere erabili zuten arren – Sally & Anne motakoa–[2] adimen kognitiboaren teoria baloratzeko, ez zuen inolako emaitzarik eman.
Lehen esperimentuak erakutsi zuen literatur fikzioaren irakurketak adimen afektiboaren teoria hobetzen duela ez fikziozko testuen irakurketarekin alderatuta. Ondorengo esperimentuetatik ondorioztatu zen efektua literatur fikzioaren berezko efektua dela, eta, beraz, ez dela fikzio herrikoira zabaltzen. Uste faltsuaren testak funtzionatu ez zuenez, egileek lehen aipatu dudan Yoniren testa erabili zuten; test hori uste faltsuarena baino askoz zorrotzagoa da eta, ikusi dugunez, ATren bi modalitateak zehazteko balio du, afektiboa zein kognitiboa. Test hori erabili zuten esperimentuen emaitzek erakutsi zuten literatur fikzioaren irakurketaren eragina ez zela AT afektibora mugatzen, baizik eta AT kognitibora ere hedatzen zela.
Bost esperimentuetatik hiruren arabera, literatura ezagutzeak eragin positiboa du ATn, baina efektu hori zen egiaztatu beste bi esperimentuetan. Ikertzaileek iradokitzen dute alderdi hori modu espezifikoagoan ikertu behar dela; izan ere, aurreko erreferentziek adierazten zuten fikziozko literatura ezagutzea adimenaren teoriari modu positiboan eragiten dion faktore bat dela. Eta, egia esan, arrazoiak daude hori gertatzeko; izan ere fikzioak besteen bizitzak baliatuz gure ezagutza zabaltzen du, eta gure antzekotasunak eta desberdintasunak ezagutzen laguntzen digu.
Hala ere, autoreek, hori horrela izatea baztertu gabe, uste dute adimenaren teoriaren eta literatura ezagutzearen arteko harremana testuaren ezaugarri sotilagoek eragin dezaketela, pertsonaien karakterizazio soilak baino. Haiek proposatzen dute fikzioak ez duela bakarrik besteengan pentsatzen duguna aldatzen, baizik eta geure buruaz pentsatzen duguna ere. Bere planteamenduaren arabera, fikzioak ATren berezko prozesuei eragiten die, pertsonaien adimenaren irakurketan inplikatzera behartzen gaituelako, eta horrek ez luke edozein fikzio motarako balioko. Literaturak bakarrik eramango luke irakurlea adimenaren teoriaren berezko prozesuetan inplikatzera.
Irakurlearen interpretazioaren ondoren, literatur fikzioa polifonikoagoa eta aberatsagoa dela diote, irakurritakoa berregiten du eta, horregatik, pertsonaiak ulertzeko beharrezkoak diren gakoak eskuratzeko aukera ematen dio. Zentzu horretan, benetako bizitzaren antz handiagoa izango luke fikzio herrikoiak baino, pertsonaia konplexuz beteta baitago, eta haien bizitzak ez dira erraz bereizten. Bizitza errealarekin alderatuta, fikzioaren abantaila da fikzioan ez dagoela arrisku pertsonalik, bilbean inplikatzeagatik. Are gehiago, gure ohiko harreman sozial asko estereotipoek eta konbentzioek gobernatzen dituzten bitartean, literatura fikziozko lanetan aurkezten direnak ez datoz bat gure itxaropenekin askotan. Horregatik, literatur fikzioa irakurtzen dutenek interpretazio baliabide malguagoak erabili behar dituzte pertsonaien sentimenduak eta pentsamenduak ondorioztatzeko. Edo, bestela esanda, adimenaren teoriaren berezko prozesu mentaletara jo behar dute. «Fikzio herrikoia» delakoak, aldiz, mundua eta pertsonak askoz modu koherenteagoan eta aurreikusteko modukoagoan deskribatzeko joera du; horrela, irakurleen itxaropenak berresten ditu eta ez du zertan adimenaren teoria hobetu.
Esperimentuen emaitzek, egileen arabera, aurrekoa berresten dute, eta iradokitzen dute fikzioaren eduki zehatzean oinarritzen diren azalpenek ezingo luketela haien berri eman; izan ere, erabilitako testuek oso gai desberdinak jorratzen zituzten. Gainera, ez zaie sinesgarria iruditzen irakurleek besteei buruz asko ikasi ahal izatea hain testu laburrak irakurriz. Bestalde, berariaz literatur fikzioak zuen eragina ATn. Horregatik guztiagatik, ikertzaileek proposatzen dute pertsonaien egoera subjektiboak irudikatzeko paper aktiboa hartzea dela literatur fikzioaren irakurketak adimenaren teoria sustatzen duena.
Beste alde batetik, eta literatura ezagutzearen ondorioei buruzko emaitzak eztabaidaezinak izan ez baziren ere, honako hau diote: oso litekeena da literatur fikzioa maiz irakurtzeak adimenaren teorian hobekuntza egonkorrak ekartzea. Bestalde, ez dute uste literatura onaren ongintzako efektuak ATren prozesuetara mugatzen direnik, baizik eta ziur aski beste mota bateko onurak ere ekarriko dituela, kognitiboak zein afektiboak, eta oso litekeena da efektu horiek oro har fikziora orokortzea, ez literaturara bakarrik.
Oharrak:
[1] Lan honen egileek aukeratutako literatur fikziozko lanek ospe handiko literatur sariren bat jaso zuten, eta supersalmentak Amazoneko liburu salduenen zerrendatik hartu ziren.
[2] Jatorrizko bertsioan, test honetan subjektuari eszena bat erakusten zaio, non bi panpina dauden, Sally eta Anne. Sallyk puxtarri bat (edo tamaina txikiko beste edozein objektu) hartu eta bere saskian jartzen du. Gero eszenatik irteten da. Orduan, Annek Sallyren saskiko puxtarria hartu eta bere saskian jartzen du. Sally eszenara itzultzen da eta subjektuari galdera gakoa egiten zaio: “Non bilatuko du Sallyk puxtarria?” Subjektuak testa gainditzen du Sallyren saskian erantzuten badu, horrela Sallyk aplikatuko lukeen logika bera aplikatuko baitu. Horrek esan nahi du Sallyren lekuan jartzen dela, bere ikuspegia hartzen baitu. Bestearen lekuan jarri eta bere ekintzak aurreratzeko gai ez diren subjektuek, duten informazioaren arabera erantzuten dute; hau da, kanika Anneren saskian dagoela, berak jarri duen lekuan. Testa gainditzen dutenek ulertzen dute Sallyk errealitatearekin bat ez datozen bere usteak dituela, eta hori da, hain zuzen ere, adimenaren teoriaren funtsezko eskakizuna.
Erreferentzia bibliografikoa:Comer Kidd, David eta Castano, Emanuele (2013). Reading Literary Fiction Improves Theory of Mind. Science 342, 377-380. DOI: 10.1126/science.1239918
Egileaz:Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Literatura onak besteen lekuan jartzen laguntzen digu appeared first on Zientzia Kaiera.
Gizakiaren ahotsa, lehoiarena baino beldurgarriagoa
Hegoafrikako parke natural batean egindako esperimentu batek demostratu du sabanako espezie gehien-gehienek beldur gehiago diotela giza ahotsari, lehoiarenari baino.
Ehiztari beldurgarrienak izateko ospea dute lehoiek, baina ospe hori ez da ezerezetik sortu. Afrikako sabanetako harrapakaririk handienak dira. Munduko beste zenbait lekutan, tigreak izan daitezke lehoia bezain beldurgarriak, baina tigreek, handiagoak izan arren, bakarka ehizatzen dute. Lehoiak bakarka aritu badaitezke ere, normalean talde lanean aritzen dira, eta horrek ehiza eskuratzeko aukerak handitzen ditu.
1irudia: Kruger parke nazionalean dago lehoien populazio handienetakoa munduan. Harrapakari nagusia izan arren, gainerako animaliek beldur gehiago bide diete gizakiei. (Argakzia: Diego Morales. Iturria: Unsplash.com)Batez ere emeen ardura izaten da ehiza, eta dena abiatu ohi da horietako batek harrapakina uxatzen duenean, gainerakoengana bideratuz. Harrapakinak bere abiadura izan ohi du halako eraso baten osteko esperantza bakarra, etengabean jokatzen den bizitzaren eta heriotzaren arteko lehia horretan egun bat gehiago munduan irauteko.
Biziraupenaren jokoan bikain nabarmendu dena gizakia da, baina hori izan da, jakina, beste espezieen kalterako. Zenbaitetan, irudiezinak diren moduetan. Horietako batean sakondu dute Current Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean.
Hegoafrikan egindako esperimentu baten berri eman dute bertan. Zehazki, Kruger parke nazionalean bizi diren ugaztunak aztertu dituzten ikertzaileek ondorioztatu dute animaliek beldur gehiago dietela giza ahotsei, bestelako hotsei baino. Ikusi dutenez, lehoiaren bokalizazioek, txakurren zaunkek edo eskopeta tiroek gutxiago uxatzen dituzte animaliak, giza ahotsekin konparatuta.
Gizakion ahotsa beldur-iturriEsperimentua burutzeko, neurrira egindako tresnak jarri dituzte: kamera tranpa bat eta bozgorailuaz osatuta, hainbat hilabetez egunean 24 orduz grabatzeko kapazak direnak. Tresna horiek uraska baten ondoan jarri dituzte, urtaro idorrean, animalia guztiak halabeharrez hurbildu behar direlako gune horietara. Ur putzuen aukeraketaren beste arrazoi bat izan da bertan lehoiak eta giza ehiztariak ahalegintzen direla animaliak harrapatzen. Parke horretan dago, hain justu, munduko lehoi populazio handienetakoa. Modu berean, kokapenak ikertzaileei ahalbidetu die ere askotariko animaliak izatea esperimenturako.
Giza ahotsak solasaldi normal baten bolumenean jarri dituzte; telebistatik hartutakoak izan dira, inguruan mintzo diren lau hizkuntzatan: tsongera, pediera, ingelesa eta afrikaansa. Txakurren zaunkekin eta eskopetetako tiro hotsekin ehiza jardun baten soinua imitatzen ahalegindu dira. Lehoien orroa imitatuz, berriz, inguruetako harrapakari nagusia adierazi nahi izan dute. Espezie horretan aditu den zientzialari batekin prestatu dituzte lehoien soinuak, beren arteko komunikazio bat irudikatuz. Hau da, ahalegindu dira marmarak izan daitezela, eta ez, berez, orroak. Gauzak hala atonduz, uste dute gizakien arteko solasaldi batekin parekatu daitezkeela beste animaliei aurkeztu dizkieten lehoien bokalizazioak. Azkenean, kontrol soinu modura, hegaztien soinuak erabili dituzte.
2. irudia: esperimentua egiteko, kamera eta bozgorailu automatizatuak erabili dituzte. Irudian, Liana Zanette biologoa, halako gailu baten ondoan. (Argazkia: Liana Zanette. Iturria: Western University)Hamar metrotara animaliaren bat hurbiltzen zenean, zuhaitz batean jarritako kamerak automatikoki grabatzeari ekiten zion, eta hamar segundoko soinu grabazioa abiatzen zuen, bozgorailu batetik. Teknika horri esker, 15.000 bideo inguru grabatu dituzte. Besteak beste, jirafak, lehoinabarrak, hienak, zebrak, kuduak, fakokeroak, inpalak, elefanteak eta errinozeroak grabatu dituzte. Bideoak aztertuta, zientzialariek kalkulatu dute espezieen %95 arinago korrika egiten zutela, edo azkarrago aldentzen zirela gizakiak entzutean, lehoien soinua entzunean baino. Kalkulatu dute uraskatik %40 azkarrago ateratzen zirela gizakiak entzutean. Basa txakurrak, lehoinabarrak eta bufaloak izan dira giza ahotsak entzunda ere ur putzuan denbora gehien mantendu direnak.
Ikusitakoak kontserbazioari buruzko bestelako ikuspegi bat ematen duela babestu dute ikertzaileek. Hala adierazi du Michael Clinchy biologoak: “Ehiza egon ezean, animaliak gizakietara ohituko direlako ideia zabalduta dago, baina gauzak hala ez direla demostratu dugu. Gizakiekiko beldurra sustraituta eta orokortuta dago; beraz, kontserbazioari begira seriotasunez aintzat hartu behar dugun zerbait da”.
Ideia horretan sakondu du Liana Y. Zanette biologoak. Adituak uste du emaitzak “gizakiak planetan duen ingurumen inpaktuaren benetako testigantza” direla. “Paisaia horretan egote soila arrisku seinale nahikoa da [animaliek] era irmo batean erantzun dezaten”, laburbildu du.
Ezagutza soila eskuratzeaz harago, ondorio praktikoak izan ditzake alor horretako ikerketak, biologoak Living on Earth irratsaioan egindako adierazpenetan argitu duenez. Harrapakarien eta harrapakinen arteko elkarrekintzak ikertzen ditu Zanettek, beldurraren ekologia zertan den argitu nahian. Hortaz, ongi ezagutzen du beldurrak izan ditzakeen ondorioak. Dioenez, animaliek uste dutenean inguruan harrapakariak daudela, gutxiago elikatu eta ugaltzen dira, eta horrek eragiten du %53 kume gutxiago jaiotzen direla. Ondorioz, beldurrak berak populazioen beherakada ekar dezake, batere harrapakaritza egon gabe ere.
Bideoetan jaso dituzte animalien erantzuna. Orotara, 15.000 bideo lortu dituzte.Ondorioetako bat da turismoak animaliak aztoratzen dituela, animaliengandik gertu hitz egite soilagatik eragin bat sortzen duelako. Horrek kontraesan bat eragiten du, noski, hein handi batean turismoari esker sustengatzen direlako babestutako gune asko Afrikan. Zanetteren hitzetan, jaso duten emaitza “ikaragarria da, baina baita etsigarria ere”.
Eraginaren tamainaz jabetzeko, biologoak nabarmendu du animaliek ur putzutik aldentzen direnean beste bat aurkitu behar dutela, eta horrek, logikoa denez, kostu bat suposatzen duela haientzat.
Giza inguruan bizi diren animaliak gurera zergatik hain erraz ohitu diren galdetuta, biologoak zalantzan jarri du hori hala denik. Erresuma Batuan aurretik azkonarrekin egindako beste esperimentu bat jarri du adibidetzat –irratsaioan erreferentzia zehatza egin ez badute ere, badirudi hau dela aipatutako ikerketa.
Ondorioztatu zuten gizakien alboan bizi arren azkonarrek ez dituztela gizakiak batere gustuko, eta gizakia dela, hain justu, Erresuma Batuan azkonarrei beldur gehien ematen dien harrapakaria. “Egia da hirietan eta aldirietan ikusten ditugun animaliak gurekin bizi direla, baina probableena da haiek gu gustuko ez izatea”, argudiatu du biologoak. Gogora ekarri du gizakia dela, alde handiz, tamaina erdiko ugaztunak gehien akabatzen dituena.
Afrikan egindako azken ikerketara bueltatuz, egileek aurreratu dute haien hurrengo pausoa izango dela ikustea ea posible den beldurra nahita erabiltzea kontrako norabidean: bozgorailu hauetaz baliatzea arriskuan dauden espezieak babesteko, hain justu; adibidez, ezkutuko ehiza guneetatik errinozero zuriak uxatzeko. Izan ere, azken urteotan errinozero zurien ezkutuko ehiza izugarri handitu da, ehiztariek animaliaren adarra lortu eta merkatu beltzean saldu nahi dutelako.
Erreferentzia bibliografikoa:Zanette, Liana Y.; Frizzelle, Nikita R.; Clinchy, Michael; Peel, Michael J.S.; Keller, Carson B.; Huebner, Sarah E.; Packer, Craig (2023). Fear of the human “super predator” pervades the South African savanna. Current Biology. DOI: 10.1016/j.cub.2023.08.089
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Gizakiaren ahotsa, lehoiarena baino beldurgarriagoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Klima-aldaketaren eragina Pirinioetan
Anetoko glaziarra, oso glaziar txikitzat jotzen bada ere, Pirinioetako glaziarrik handiena da, baita Europa hegoaldeko handiena ere. Baina klima aldaketak bizkortu egin du haren desagerpena, mendikateko gainerako glaziarren kasuan bezala. Irismen laburreko teledetekzio tekniken eboluzioari esker, posible da glaziarraren azalera oso xehetasun maila altuarekin behatzea eta, horri esker, glaziarrak hainbat urtetan izandako azaleraren eta aldaketen ebaluazioa aldera daiteke.
Mendiko glaziarrak aldakortasunaren eta klima aldaketaren adierazle bikainak dira; izan ere, hotz garaian elurra metatzearen eta urtaro beroenean izotza eta elurra urtzearen arteko orekaren araberakoa da glaziarren bilakaera. Anetoko glaziarra Europako glaziarrik hegoaldekoenetako bat da, eta oso glaziar txikia den arren (2), Pirinioetako handiena da.
Irudia: ikertzaileak glaziarraren lodiera neurtzen. (Iturria: EHUko prentsa bulegoa)Pirinioetako Ekologia Institutua (IPE-CSIC) buru duen eta The Cryosphere aldizkarian argitaratu den ikerketa batek berretsi duenez, 1981-2022 aldian, Anetoko glaziarraren azalera % 64,7 murriztu da, –135,7 ha (1,36 km2) izatetik 48,1 ha (0,48 km2) izatera igaro da–. Glaziarraren aurrealdea, berriz, 2.828 metrokoa izatetik 3.026 metrokoa izatera igaro da.
Azterketaren helburua zen Pirinioetako glaziar handi eta altuenaren bilakaera aztertzea, Pirinioetako glaziarren lodiera galeraren denboran zeharreko datu multzo zabalenak erabilita. Gainera, lan horri esker, denboraldi biziki bero eta lehor batek (2022) glaziarren bilakaeran izan duen eragina ebaluatu ahal izan da.
“Anetoko glaziarraren unera arteko azterketa xehakatuena (glaziarraren bereizmen handiko hiru dimentsioko ereduak) eta luzeena (41 urte) egin dugu. Horretarako, glaziarraren 1981etik 2022ra bitarteko azalerak berreraiki ditugu, bereizmen handiko airetiko irudiak erabiliz. Irudi horiek, batetik, Geografia Institutu Nazionalak lortu zituen 1981. urtearen kasuan eta LIDAR hegaldien bidez eskuratu ziren, berriz, 2011. urtearen kasuan. Horiez gain, tripulaziorik gabeko aireko gailuak (droneak) erabili ziren 2020an, 2021ean eta 2022an”, Eñaut Izagirre Estibaritzek, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasleak eta ikerketako parte hartzaileak azaldu duenez. “Hori guztia osatzeko, georradar kanpaina handia egin zen 2020. urtean. Horretan, hainbat trantsekturen bidez, eta glaziarraren gainean 7 km baino gehiago eginda, glaziarrak urte hartan zuen lodiera ezagutu ahal izan genuen”.
Glaziarren desagerpenaAzalera glaziarraren galera nabarmena da Pirinioetan: 100 glaziar baino gehiago zeuden 1850ean; 39 ziren 1984an; 21, berriz, 2020an; eta 18 glaziar, 2022an. 1850ean, 2.060 ha-ko azalera hartzen zuten (20,6 km2), 810 ha-koa (8,1 km2) 1984an, 232 ha-koa (2,3 km2) 2020an eta 170 ha-koa (1,7 km2), berriz, 2022an. Hau da, glaziar eremuan % 92ko galera izan da Izotz Aro Txikiaren amaieraz geroztik.
Zehazki, Aneton, azken 41 urteetan, azalera glaziarra % 64,7 murriztu da eta izotzaren lodiera 30,5 m murriztu da, batez beste. “Gainerako izotzaren batez besteko lodiera 11,9 m-koa izan zen 2022ko udazkenean, 1981. eta 2011. urteetarako berreraikitako eta 2020an behatutako 32,9, 19,2 eta 15,0 m-ko batez besteko lodieraren aldean, hurrenez hurren. Emaitzek agerian uzten dute glaziarraren egoera kritikoa, hiru izotz gorputz txikiagotan segmentatuko baita berehala, metatze eremu baten ebidentziarik gabe. Halaber, ikusi dugunez, 2021-2022 denboraldian urte oso bero eta lehorra izan ostean, glaziarra zeharo degradatu zen, eta horrek arrisku handia dakar Aneto glaziarraren iraunkortasunerako. Egoera hori Pirinioetako gainerako glaziarretara ere zabal liteke nahiko denbora laburrean”, zehaztu dute ikertzaileek.
Ikerketaren datuen arabera, izotzaren lodieraren banaketak oso lodiera txikiko ( inguru horiek hurrengo udetan desglaziatzetik oso gertu daude. Anetoko glaziarraren azalera eta lodiera galerek agerian uzten dute izotz masa horren egoera kritikoa. Etapa terminalean dago, izotz gorputz txikiagoetan zatikatzen ari baita eta higakinen estalkia baitu zenbait eremutan. “Glaziarraren mehetze tasak –urtean 1 m ingurukoak ziren– hirukoiztu egin dira azken azterketa urtean (2021etik eta 2022ra). Argi dago, bada, urte nahiko lehor eta, batez ere, oso bero batek (hala nola 2022an bizi izandakoak) Anetoko glaziarrean elurra eta izotza urtzearen gainean izandako eragina”, ondorioztatu du UPV/EHUko irakasleak.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Anetoko glaziarraren izotz galera hirukoiztu egin da 2022ko bero boladaren ondorioz.
Erreferentzia bibliografikoa:Vidaller, Ixeia; Izagirre, Eñaut; del Rio, Luis Mariano; Alonso-González, Esteban; Rojas-Heredia, Francisco; Serrano, Enrique; Moreno, Ana; López-Moreno, Juan Ignacio; Revuelto, Jesús (2023). The Aneto glacier’s (Central Pyrenees) evolution from 1981 to 2022: ice loss observed from historic aerial image photogrammetry and remote sensing techniques. The Cryosphere, 17, 3177–3192. DOI: 10.5194/tc-17-3177-2023
The post Klima-aldaketaren eragina Pirinioetan appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #461
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
DemografiaMunduan, mutil gehiago jaiotzen dira neskak baino. Zehazki, gizonezko 103 eta 107 haur artean jaiotzen dira emakumezko 100 haur bakoitzeko. 2015ean argitaratu zen ikerketa baten arabera, giza enbrioiek aukera berdina dute sexu maskulinoa edo femeninoa izateko, baina haurdunaldian zehar, enbrioi edota fetu femeninoak ez jaiotzeko eta hiltzeko probabilitatea handiagoa da gizonena baino. Zientzialarien ustetan, bizitzan zehar gizonezkoek emakumezkoek baino hiltzeko arrisku handiagoa izatearen ondoriozko egokitzapen bat izango litzateke. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Zergatik jaiotzen dira neska baino mutil gehiago munduan?
OsasunaIkerketa batek iradoki du Brasilgo haurren leuzemia-kasuen igoera pestizidekin lotuta egon litekeela. Ez dute lotura kausalik aztertu, baina ohartarazi dute populazioa pestiziden eraginpean dagoela ur-horniduraren bidez. Gai hau bereziki garrantzitsua da Brasilen, munduko soja-ekoizle nagusia bihurtu baita, eta, horrekin batera, baita pestizida arriskutsu gehien erabiltzen duen herrialdea ere. Egileen arabera, 2008 eta 2019 urteen artean 10 urtetik beherako haurren artean leuzemiagatik gertatutako heriotzen %50 pestizidekin lotuta egon daitezke. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Berrikuspen zientifiko batek ondorioztatu du intsektiziden eraginpean dauden gizonek espermatozoide gutxiago dituztela. Zehazki, gehien erabiltzen diren bi intsektizida-motaren eragina aztertu dute: organofosfatoak eta N-metilo karbamatoak. Emaitzen arabera, lotura zuzena dago intsektizida horien eraginpean egotearen eta espermatozoide-kontzentrazio txikia izatearen artean. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
IngurumenaFrogatu dute aireko mikroplastikoek eguraldian eragin dezaketela. Ikerketa batek Txinako Tai mendiaren gaineko hodeiak aztertu ditu, eta ikusi dute hodeiek mikroplastikoak dituztela. Baina hortik haratago: ondorioztatu dute mikroplastiko horiek hodeiak sorrarazteko gai direla. Hainbat eredu matematiko erabiliz, azaldu dute plastiko partikula zaharrenek azalean erantsita dituztela berun, merkurio eta oxigeno molekula gehiago, eta partikula horiek hodeiak sortzeko ahalmena dutela. Bestalde, azaldu dute partikula horien jatorria lur lehorreko eremu populatuetan dagoela seguruenik. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
MikrobiologiaIkerketa berri batek argitu du nolakoa den 7.000 metrotik gora bizi diren mikrobioen komunitatea. Lan hori gauzatzeko laginak Everest mendiaren hegoaldean dagoen IV kanpamentuaren ondoan hartu ziren, 7.900 metrotik gora eta -33ºC-ko tenperatura izan ohi den eremuan. Lagin horietan zegoen DNA aztertu zuten, eta, muturreko baldintzetara moldatutako mikroorganismoak aurkitu zituzten, baina baita kosmopolitak ere. Ikertzaileek uste dute azken horiek mendizaleek utzitakoak izan litezkeela, eztularen edo sudur-jariakinen bidez. Datuak Zientzia Kaieran.
InformatikaGaur egun algoritmoak gauza askotarako erabiltzen dira, baina duela ia mende bat Alan Turing zientzialari informatikoak erakutsi zuen badirela algoritmoen bidez ebatzi ezin daitezkeen zenbait problema. Turingek ebazteko saio oro arbuiatzen duen problema bat definitu zuen. Artikulu berea, gainera, konputazioaren modelo matematikoa formulatu zuen, eta informatika modernoaren abiapuntu izan zen modelo hori. Turingek planteatutako problema irakurri daiteke Zientzia Kaieran: Alan Turing eta pentsamendu negatiboaren boterea.
TeknologiaIbilgailu elektrikoen optimizazioak ikerkuntza handia behar du oraindik. Erronka horietako bat da, esaterako, etengailuen bizi-zikloa handitzea eta arkuaren iraupena txikitzea. Alor horren ikerketan, gas desberdinen erabilera ikertzen ari dira gaur egun zientzialariak, eta 3D simulazio magnetohidrodinamikoak erabili daitezke horretarako. UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileek eta Pablo Eguia Leibniz Institute for Plasma an Technology-ko ikertzaileak hidrogenoaren baliagarritasuna aztertu dute lan berri batean, etengailuaren gas isolatzaile modura. Azalpenak Zientzia Kaieran.
AstronomiaEuropako Espazio Agentziak argitaratu berri ditu Euclid misioaren lehen irudiak. Izen bereko teleskopio bat jaurti zuten uztailean Lurretik 1,5 milioi kilometrora, eta, haren helburua unibertsoaren 3D-ko mapa zehatza egitea da. Mapa hori osatzeko materia eta energia ilunak ere aztertu behar ditu, unibertsoaren % 95 osatzen baitute elementu horiek. Oraingoz bost argazki argitaratu dira, argi ikusgarria eta infragorria batzen ditizten argazkiak. Espero da argazki horiek informazio esanguratsua eskaintzea energia eta materia ilunak batera aztertzeko. Berri honen inguruko informazioa Elhuyar aldizkarian eta Berrian irakur daiteke.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #461 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #469
Minbizi ezberdin bakoitza (berrehun mota baino gehiago daude) mundu bat da. Diana berri bakoitza itxaropen berria da. Cutaneous lymphocyte antigen is a potential therapeutic target in cutaneous T-cell lymphoma, Marta Irigoyenen eskutik.
Baieztatzen bada (kontu handiarekin ibili behar da, ideia eztabaidagarria baita) inplikazio ekonomiko serioak dituzten aplikazioak ia berehalakoak dira: Photomolecular effect: light can make water evaporate without heat
Gogoan izan oraindik ere animali-fisiologiaren zati esanguratsua ez dugula ezagutzen. Oxigenoa falta bazaizu, kartilagoak hemoglobina sortuz erantzuten du: The cartilage produces hemoglobin to adapt to hypoxia, Ramón Muñoz-Cónpuli.
DIPCko jendeak urrats esperimental garrantzitsua eman du Kondo sareen funtsezko egoera ulertzeko eta, agian, supereroankortasun exotikoetarako bidea irekitzeko. Ground state coherence in a two-dimensional Kondo lattice
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #469 appeared first on Zientzia Kaiera.
Flogistoa
Ez da beti jakin errekuntza oso oxidazio azkarra dela. XVII. mendean ez zekiten zergatik objetu batzuk erretzen diren eta beste batzuk ez, eta zergatik ia beti gutxiago pisatzen duten hondarrak erretzen direnan. Horiek horrela, Johann Becher-ri azalpen bat bururatu zitzaion.
Alkimista eta mediku ingelesaren arabera, objektu sukoiak substantzia misteriotsu batez inpregnatuta zeuden. Zerbait erretzean, flogistoa erretzen zen, eta errekuntza amaitzenan, objektu horrek barruan flogisto gehiago ez zuelako zen. Horrek azaltzen zuen, halaber, zerbait erre ondoren, lehen baino gutxiago pisatzeak.
UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Flogistoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Ibilgailu elektrikoen baterietako etengailuen optimizazioa
Europan isurtzen diren berotegi-efektuko gasen % 25 inguru, garraioaren ondoriozkoak dira eta etengabe handitzen da. 2017an garraioak isuritako berotegi-efektuko gasen % 71,7 lurreko garraioen emisioei zegokion. Beraz, Europar Batasunak isuri horiek % 90 murriztu nahi ditu 2050erako.
Europar Batasunak finkatutako helburua lortzeko, ibilgailu elektrikoak garraio aukera lehiakor eta eskuragarria bihurtzea ezinbestekoa izango da. Bide horretan, besteak beste, ibilgailuak optimizatu beharko dira, beraien prezioa jaitsi eta hauen erabilera bultzatu beharko da.
Ibilgailu elektrikoen optimizazioak, ikerkuntza handia behar du oraindik hainbat arlotan, esaterako: pisua eta galerak murriztea, energia biltegiratzeko eta korrontea eteteko ahalmena handitzea, bateria pizteko eta itzaltzeko segurtasuna mantentzea. Segurtasunari dagokionez, erabiltzaileen segurtasunaz harago, etengailuen bizi-zikloa handitzea litzateke gakoetako bat.
Irudia: ibilgailu elektrikoen optimizazioak ikerkuntza handia behar du oraindik hainbat arlotan. (Argazkia: Kindel Media – erabilera libreko irudia. Iturria. Pexels.com)Etengailuen bizi-zikloa handitzea eta arkuaren iraupena txikitzea ekar dezaketen estrategien artean, gas desberdinen erabilerari erreparatu diezaiokegu. Izan ere, korronte zuzeneko etengailuetan, gasen erabilerak, arkuaren denbora txikitzeaz gain, arkuaren erresistentzia elektrikoa handitzen du, arkua amatatzeko lagungarria dena. Bestalde, kontaktoreen fusioa handitzen da, kontrolatu beharreko fenomeno kaltegarria dena. Bai eragin positiboak bai negatiboak kuantifikatzeko, 3D simulazio magnetohidrodinamikoak (ingelesez, MagnetoHydroDinamics MHD) erabili daitezke.
MHD simulazioak jariakinen dinamika konputazionalean (ingelesez, Computational Fluids Dynamics, CFD) oinarrituta daude eta arku elektrikoaren jokaerari buruzko informazioa ematen dute jariakinen mekanikako legeak eta lege termodinamikoak aplikatuta. CFDa jariakinen mekanikako adarra da, zeinak problemak ebazteko zenbakizko metodoak eta algoritmoak erabiltzen dituen. Behin eredua finkatuta dagoela, oso erraza eta merkea da aldaketak egitea, adibidez, geometrian, gasen konposizioan, materialetan eta abar.
Arku elektrikoa etengailuetan ematen den efektua da, korrontearen etete prozesuaren barruan. Etengailuaren kontaktuak bata bestetik aldentzen direnean, etengailutik igarotzen den korronte elektrikoa kontaktuetatik etengailuaren gas isolatzailera pasatzen da, eta hau ionizatuz, bertan arku elektrikoa sortzen da. Arku elektrikoak efektu ez desiragarriak sor ditzake etengailuetan, beraz, efektu horiek murrizteko asmoz, lan honen helburu nagusia hidrogenoaren baliagarritasuna aztertzea da etengailuaren gas isolatzaile modura. Horretarako, Navier-Stokesen ekuazioak eta Bolumen Finituen Metodoa (ingelesez, Finite Volume Method, FVM) oinarritzat hartuz, simulazio magnetohidrodinamikoak definitu dira ANSYS CFX programaren bitartez. Hala, arku elektrikoaren prozesuan oinarrizkoak diren aldagaiak kalkulatu dira, hala nola, tentsioa, tenperatura eta presioa. Emaitza horiek airea isolatzaile modura darabilten etengailuetan lortutakoekin alderatuz, hidrogenoa simulatutako aplikaziorako gas egokia dela ondorioztatuko da.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 44
- Artikuluaren izena: Arku Elektrikoaren FVM Bidezko Simulazioa Ibilgailu Elektrikoen Baterietako Hidrogenozko Etengailuetan
- Laburpena: Arku elektrikoa etengailuetan gertatzen den efektua da. Etengailuaren kontaktuak bata bestetik aldentzen direnean, etengailutik pasatzen den korronte elektrikoa kontaktuetatik etengailuaren gas isolatzailera pasatzen da, eta hau ionizatuz, bertan arku elektrikoa sortzen da. Arku elektrikoak efektu ez-desiragarriak sor ditzake etengailuetan; beraz, efektu horiek murrizteko asmoz, lan honen helburu nagusia hidrogenoaren baliagarritasuna aztertzea da etengailuaren gas isolatzaile modura. Horretarako, Navier-Stokesen ekuazioak eta Bolumen Finituen Metodoa (ingelesez, Finite Volume Method, FVM) oinarritzat hartuz, simulazio Magnetohidrodinamikoak (ingelesez, Magnetohydrodynamics, MHD) definitu dira ANSYS CFX programaren bitartez. Hala, arku elektrikoaren prozesuan oinarrizkoak diren aldagaiak kalkulatu dira, hala nola, tentsioa, tenperatura eta presioa. Emaitza horiek airea isolatzaile modura darabilten etengailuetan lortutakoekin alderatuz, hidrogenoa simulatutako aplikaziorako gas egokia den ala ez ondorioztatuko da.
- Egileak: Pedro Sanchez, Araitz Iturregi, Diego Gonzalez, Pablo Eguia, Unai Villena
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 319-33
- DOI: 10.1387/ekaia.23847
- Pedro Sanchez, Araitz Iturregi, Diego Gonzalez eta Unai Villena UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak dira.
- Pablo Eguia Greifswald Unibertsitateko Leibniz Institute for Plasma an Technology-ko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Ibilgailu elektrikoen baterietako etengailuen optimizazioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Zergatik jaiotzen dira neska baino mutil gehiago munduan?
Gaur egun, munduko biztanleriaren % 50 inguru gizonezkoak dira, eta % 50 emakumezkoak (zehazki, % 50,5 gizonezkoak eta % 49,5 emakumezkoak dira). Ehuneko horiek hainbat faktoreren ondorioz alda daitezke, hala nola gerrak edo herrialde jakin batzuetan (Txinan, Pakistanen, Indian edo Vietnamen, esaterako) seme-alabak sexu jakin batekoak nahiago izatea; hala ere, nahiko egonkor mantendu ohi dira historian zehar.
Hori ikusita, pentsa genezake jaiotzean mutila edo neska izateko aukerak ere % 50ekoak direla sexu bakoitzarentzat, baina, harrigarria bada ere, ez da horrela. Gizonezko 103 eta 107 haur artean jaiotzen dira, batez beste, emakumezko 100 haur bakoitzeko. Herrialdea eta historiaren unea alde batera utzita (erregistro fidagarriak daudenetik), beti mutil gehiago jaiotzen dira neskak baino, eta horrek agerian uzten du ez dela fenomeno kultural bat (non abortu selektiboak egiten diren sexuaren arabera), baizik eta batez ere biologikoa.
Irudia: gizonezko 103 eta 107 haur artean jaiotzen dira, batez beste, emakumezko 100 haur bakoitzeko. (Argazkia: bingngu93 – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)Beraz, faktoreren bat badago sortzetik jaio arte gertatzen dena eta gizakiengan sexuen arteko desberdintasun horren erantzulea dena. Baina, zein zehazki? Gai horrek denbora luzez demografoen, biologien, obstetren, pediatren eta estatistikoen jakin-mina piztu du. 2015ean Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaratu zen gai horri buruzko ikerketarik osatuenak eta zabalenak ondorio sendoak ezarri zituen horren inguruan.
Egileek fenomenoa ikertzeko honako datu hauek hartu zituzten kontuan: ugalkortasun kliniken 3 eta 6 egun bitarteko 140.000 enbrioi, plazentaren eta amniozentesiaren 900.000 lagin (ile korionikoa) eta 30 milioi abortu eta jaiotza bizien erregistroetatik lortutako datuak. Hori guztia haurdunaldi bakoitzean, ernalkuntzatik hasi eta erditzeraino, sexuen proportzioaren berri izateko.
Berdintasuna enbrioietan, baina mutil gehiago jaiotzen diraEmaitzek erakutsi zuten ez dagoela alderik sexu maskulinoko eta sexu femeninoko enbrioien proportzioan, sortu eta egun batzuetara. Baieztapen hori mundu zientifikotik kanpo eta barne hedatuta dagoen sinesmen baten kontrakoa da; izan ere, uste zen ernalketaren une berean aukera gehiago zeudela sexu maskulinoko zigotoa (XY) gertatzeko, femeninoa (XX) baino.
Egia esan, ikertzaileek aurkitu zutena hauxe da: haurdunaldian, enbrioi eta fetu femeninoak ez jaiotzeko eta hiltzeko probabilitatea gizonena baino pixka bat handiagoa da. Hortaz, lehen hiruhilekotik haurdunaldia amaitu arte, enbrioi eta fetu maskulinoen proportzioak gora egiten du pixkanaka. Hala ere, bi etapa daude non gizonezkoen fetuen hilkortasuna emakumezkoena baino handiagoa den: sortzearen ondorengo lehen astea (aldaketa kromosomikoen ondorioz), eta haurdunaldiaren 28. eta 35. asteen artean.
Theodosius Dobzhansky biologoak esango lukeen moduan: «Biologian ezerk ez du zentzurik eboluzioaren argitan ez bada». Hortaz, zer zentzu ebolutibo du haurdunaldia arrisku handiagoko prozesua izateak enbrioi eta fetu femeninoentzat (abortuen ehuneko handiagoarekin) horrek jaio ondoren desproportzio nabarmena badakar mutil eta nesken maiztasunean? Nagusi den hipotesiaren arabera, hori gizakiengan orokortutako fenomeno baten ondorioa da: bizitza osoan zehar, gizonezkoek emakumezkoek baino hiltzeko arrisku handiagoa dute hainbat faktorerengatik: gaixotasunak, istripuak, drogen kontsumoa, suizidioak… Horren ondorioz, emakumeek baino bizi itxaropen txikiagoa dute.
Beraz, nahiz eta mutil gehiago jaio, denborak aurrera egin ahala, emakumeen eta gizonen proportzioa orekatu egiten da, kolektibo bakoitzarentzat ia % 50 izateraino. Hala ere, baliteke hori aldatzea krisi klimatikoaren ondorioz. Azterlan batzuen arabera, ingurumeneko tenperaturak eragin desberdina du giza enbrioien/fetuen biziraupen probabilitateetan sexu femeninokoak edo maskulinokoak badira. Tenperaturak pixkanaka gora eginez gero, baliteke jaiotzen diren mutilezkoen ehunekoa are handiagoa izatea neskena baino. Oraindik babes zientifiko ahula duen hipotesia da (beste faktore batzuk ere egon daitezke tartean), baina itsas dortoketan gertatzen denaren guztiz kontrakoa izango litzateke. Krisi klimatikoaren ondorioz, munduko leku ezberdinetan jaiotzen ari diren dortoka ia guztiak emeak dira, eta hori oso arriskutsua da haien biziraupenerako.
Egileaz:Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko abuztuaren 28an: ¿Por qué nacen más niños que niñas en el mundo?.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Zergatik jaiotzen dira neska baino mutil gehiago munduan? appeared first on Zientzia Kaiera.
Planetako tontorrean bizi diren mikrobioak
Gero eta ohikoagoak dira Everest mendia jendez gainezka erakusten diguten irudiak. Duela denbora asko, mendi hori abenturarekin eta mugak gainditzearekin lotzen genuen; gaur egun, tontorrera igotzeko txanda zain dauden turisten ilara besterik ez dirudi. Gaurkoan, paraje horietara bidaiatuko dugu, txandaren zain dauden pertsonen inguruan bizi diren beste bizidun batzuk ezagutzera.
Toki garaietan biziraun behar duten bizidunek muturreko hainbat baldintzari egin behar diete aurre: tenperatura hotzak, atmosfera-presio baxuak, uhin ultramoreen esposizio handia, oxigeno-eskuragarritasun txikia eta ur-aktibitate urria. Gainera, altuera igo ahala zailagoak dira baldintzak bizirik irauteko eta horrek jaitsiera eragiten du dibertsitatearen.
Himalayaren kasuan ezaguna da altueraren arabera bizidun komunitate ezberdinak bizi direla: 3.000 eta 3.500 metro artean onddoak dira nagusi; 4.000 eta 5.400 metro artean amonioa oxidatzen duten arkeobakterioak dira nagusi; eta 6.500 metroraino amonioa oxidatzen duten bakterioak dira nagusi. Gainera, susmoa egon da argia erabiltzen duten bakterioak ez direla garaiera horietan bizi, baina, espero ez bazen ere, aurkitu egin dira halako bakterioak 5.500 metrotik gora. Hala ere, 7.000 metrotik gora bizi diren mikrobioen komunitatea ezezaguna zen eta ikerketa berri batek argitu du bertan bizi diren mikrobioak nolakoak diren.
1. irudia: Everest mendia (Argazkia: lutz6078 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Lan berri honetan hiru lagin aztertu ziren eta Everest mendiaren hegoaldean dagoen IV kanpamendutik ehun bat metrora hartu ziren. Paraje horiek 7.900 metrotik gora kokatzen dira, tenperaturak -33ºC-ra heltzen dira askotan, atmosfera-presioa itsaso-mailara dagoenaren heren bat da eta haizea oso bortitza izatera hel daiteke. Hartutako laginek ez zuten ur askorik, karbono-edukiera txikia zuten, pH basikoa zen eta, batez ere, silizioz osatuta zeuden. Zein motatako mikroorganismoak bizi litezke halako muturreko ingurune batean?
Lagin horietan zegoen DNA aztertu zen bakterioak eta eukariotoak detektatzeko erabiltzen diren ohiko prozedurak erabilita. Espero zitekeen bezala, lagin horietan detektatu zen espezieen kopurua txikia izan zen. Gainera, bakterio gehiago detektatu ziren eukariotoak baino, eta ez zen arkeobakteriorik detektatu. Bakterioen artean Firmicutes, Proteobacteria eta Actinobacteria taldeak izan ziren nagusiak; eta onddoen artean, Ascomycota eta Basidiomycota taldeak. Gainera, horietako hainbat bakterio eta onddo laborategian hazteko gai izan ziren.
2. irudia: Everest mendira igotzeak eragina du bertan bizi diren bakterioetan (Argazkia: 12019 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Bakterio talde horietako kideak aurkitu izan dira Antartikako lurzoruan, Kilimanjaroko tontorrean edo Puna de Atacaman. Hau da, muturreko baldintzetara moldatu diren bakterio taldeak aurkitu dira Everesten. Hala ere, kosmopolitak diren bakterio taldeak ere aurkitu ziren, edozein lurzorutan aurkitu badaitezke ere: lekaleekin sinbiosian bizi diren bakterioak edo giza patogenoak diren hainbat talde. Onddoen kasuan beste horrenbeste gertatu zen: hotzean bizitzera moldatuta dauden taldeak aurkitu ziren eta kosmopolitagoak ziren beste batzuk, besteak beste, landareekin sinbiosian bizi diren onddo taldeak.
Arestian aipatutako joera berretsi du lan berri honek: zenbat eta garaiago, txikiagoa da bizidunen dibertsitatea. Izan ere, lan honetan aurkitu duten dibertsitatea Atacamako basamortukoaren parekoa da eta baxuagoa da Everest mendiko altuera baxuagoko guneekin konparatuta. Gainera, egileek uste dute bizidun horietako asko haizeak garraiatu dituela altuera baxuagoetatik haizearen bidez hara. Garraiobide hori ohikoa da mikrobioentzat hainbat ingurunetan eta, ondorioz, hazi ezin daitezkeen inguruneetan detektatu izan dira. Izan ere, lan honetan detektatu diren bakterio eta onddo talde nagusiak munduko hainbat txokotako airean detektatu izan dira. Alderdi hau garrantzitsua da, lan honetan detektatu diren bizidun gehienak bertan egon badaude ere, ez baitira gai izango bertan hazteko. Hau da, bizidun horiek altuera horietan ez-aktibo daude baldintza hobeagoen zain.
3. irudia: mikrobio dibertsoak aurki daitezke izoztuta Everest mendian (Argazkia: monicore – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Kosmopolitagoak diren bizidunak detektatzea giza kutsaduren ondoriozkoa izan litekeela iradoki dute lanaren egileek. Ideia hori indartzeko, egileek argudiatzen dute lortu dituzten DNA sekuentziak gizakien azal eta sudurrean bizi diren bakterioen berdin berdinak direla. Hala, detektatu dituzten bizidun asko mendizaleek utzitakoak izan litezke, eztularen edo sudur-jariakinen bidez. Gero eta mendizale gehiagok txanda itxaron behar dutenez Everesteko tontorrera igotzeko, pentsatzekoa da kutsadura hori handituz joango dela, Himalayako paraje baxuagoetan ikusi den bezala.
Aipatu beharra dago ikerketa honek muga handi bat duela: laginak modu aseptikoan jaso baziren ere eta ontzi esteriletan zigilatuta gorde baziren ere, ez ziren hotzean eduki garraio-prozesu osoan. Horrek eragina izan lezake detektatu daitekeen DNAn eta, ondorioz, egileek garrantzi gehiago eman zioten organismoen dibertsitateari organismoen kopuruari baino.
Everest mendiaren hegoaldean, 7.900 metroko altueran, hainbat bakterio eta onddo detektatu dira muturreko baldintzetan. Detektatu diren espezie batzuk hotzean bizitzera moldatuta daude eta beste batzuk kosmopolitak dira, beste paraje batzuetatik gizakiak ekarriak izan litezkeenak. Hala, Everest mendian beren txanden zain dauden gizakiek egiten dituzten selfiez gain, beste oroigarri batzuk uzten dituzte izoztuta.
Erreferentzia bibliografikoa:Dragone, Nicholas B.; Perry, L. Baker; Solon, Adam J.; Seimon, Anton; Seimon, Tracie A.; Schmidt, Steven K. (2023). Genetic analysis of the frozen microbiome at 7900 m a.s.l., on the South Col of Sagarmatha (Mount Everest). Arctic, Antarctic, and Alpine Research, 55, 1, 2164999. DOI: 10.1080/15230430.2023.2164999
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu), genetikan doktorea, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Dibulgazio eta Kultura Zientifikoko arduraduna da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Planetako tontorrean bizi diren mikrobioak appeared first on Zientzia Kaiera.
Alan Turing eta pentsamendu negatiboaren boterea
Diagonalizazioa izeneko teknika batean oinarritutako proba matematikoak erabat aurkakoak izan daitezke, baina algoritmoen mugen berri ematen laguntzen dute.
Algoritmoak toki guztietan daude. Gure bidaiak optimizatzen dituzte, ordainketak prozesatzen dituzte eta trafikoaren fluxua koordinatzen dute Interneten. Termino matematiko zehatzetan artikulatu daitekeen arazo bakoitzarentzat hori ebatz dezakeen algoritmo bat dagoela dirudi, gutxienez printzipioz.
1. irudia: termino matematiko zehatzetan artikulatu daitekeen arazo bakoitzarentzat hori ebatz dezakeen algoritmo bat dagoela dirudi. (Ilustrazioa: Kristina Armitage. Iturria: Quanta Magazine)Baina ez da hala: itxuraz arruntak diren zenbait problema inoiz ere ezin dira algoritmoen bidez ebatzi. Alan Turing zientzialari informatiko aitzindariak duela ia mende bat erakutsi zuen arazo “konputaezin” horiek bazirela, informatika modernoaren abiapuntu izan zen konputazioaren modelo matematikoa formulatu zuen artikulu berdinean.
Turingek emaitza berritzaile hori erakusteko intuizioaren aurkako estrategia bat erabili zuen: ebazteko saio oro arbuiatzen duen problema bat definitu zuen.
«Zer egiten ari zaren galdetzen dizut eta gero esaten dut: ‘Ez, beste zerbait egitera noa’», azaldu du Rahul Ilangok, Massachusettseko Teknologia Institutuko graduondoko ikasle batek, informatika teorikoa ikasten ari dena.
Turingen estrategia diagonalizazioa izeneko teknika matematiko batean oinarritzen da eta historia entzutetsua du. Hona hemen proba horren logikaren azalpen sinplifikatua.
Kateen teoriaDiagonalizazioa bit katea baten problema arrunt bat ebazteko trikimailu argi baten ondorioz sortu zen. Bit bakoitza 0 edo 1 izan daiteke, eta kate horien zerrenda bat emanda, denak luzera berekoak, sortu daiteke zerrendan ez dagoen kate berri bat?
Estrategiarik errazena da balizko kate bakoitza txandaka hartzea kontuan. Demagun bost kate dituzula, bakoitza bost biteko luzerakoa. Hasi zerrenda errepasatzen 00000 aurkitzeko. Ez badago, geratu; baldin badago, pasa 00001era eta errepikatu prozesua. Nahiko sinplea da, baina mantsoa, kate luzeen zerrenda luzeetarako.
Diagonalizazioa ikuspegi alternatiboa da eta pixkanaka eraikitzen du kate berri bat. Hasi zerrendako lehenengo kateko lehenengo bitarekin eta inbertitu; hori izango da zure kate berriko lehenengo bita. Gero inbertitu bigarren kateko bigarren bita eta kate berriko bigarren bita izateko erabili eta errepikatu zerrendaren amaierara iritsi arte. Inbertitzen dituzun bitek bermatu egiten dute kate berria eta jatorrizko zerrendako kate bakoitza desberdinak izango direla gutxienez toki batean. (Kate zerrendaren bidez lerro diagonal bat ere eratzen da eta horrek ematen dio izena teknikari).
2. irudia: Diagonalizazioa ikuspegi alternatiboa da eta pixkanaka eraikitzen du kate berri bat. (Ilustrazioa: Merrill Sherman. Iturria: Quanta Magazine)Diagonalizazioak zerrendako kate bakoitzeko bit bakarra aztertu behar du, beraz, beste metodoak baino askoz azkarragoa izaten da. Baina infinituarekin duen jokabide ona da diagonalizazioaren egiazko boterea.
“Orain kateak infinituak izan daitezke; zerrenda infinitua izan daiteke; eta hala ere funtzionatu egiten du”, dio Ryan Williams MITeko zientzialari informatiko teorikoak.
Ahal hori aprobetxatu zuen lehenengo pertsona Georg Cantor izan zen, multzoen teoriaren azpiatal matematikoaren sortzailea. 1873an Cantorrek diagonalizazioa erabili zuen infinitu batzuk besteak baino handiagoak zirela erakusteko. Handik sei hamarkadara, Cantorren diagonalizazioaren bertsioa konputazioaren teoriara egokitu zuen Turingek, kontrakorrentean zen tonu argia emanaz.
Mugapenaren jolasa [*]Turingek erakutsi nahi zuen bazirela inongo algoritmok ebatzi ezin zituen problema matematikoak, hau da, sarrerak eta irteerak ongi definitutako problemak baina sarreratik irteerara joateko prozedura hutsezinik gabeak. Egiteko lauso hori erabilerrazago bihurtu zuen erabakitzeko problemak soilik hartu zituenean, non sarrera zeroen eta batekoen edozein kate izan daitekeen eta irteera 0 edo 1 den.
Zenbaki bat zenbaki lehena (1ekin eta bere buruarekin bakarrik zatitu daitekeena) den zehaztea da erabakitzeko problema baten adibidea: zenbaki bat ordezkatzen duen sarrerako kate bat emanda, irteera zuzena 1 da zenbaki lehena bada eta ez bada, 0 da irteera zuzena. Beste adibide bat da programa informatikoak egiaztatzea, sintaxiko akatsen bila (akats gramatikalen parekidea). Hemen sarrerako kateek kode bat irudikatzen dute programa desberdinetarako (programa guztiak horrela irudikatu daitezke, horrela biltegiratzen eta exekutatzen baitira ordenagailuetan) eta xedea da 1 sortzea kodeak sintaxiko akatsen bat badu eta 0 sortzea, akatsik ez badu.
Algoritmoak problema ebatziko du, soilik irteera zuzena sortzen badu balizko sarrera bakoitzerako; huts egiten badu, behin bakarrik egin arren, ez da algoritmo generalista izango problema horrentzat. Eskuarki, lehenengo ebatzi nahi dizun problema zehaztuko zenuke eta gero hori ebazteko algoritmo bat aurkitzen saiatuko zinateke. Turing ebatzi ezin ziren problemen bila zebilen eta logika horri bira eman zion: algoritmo posible guztien zerrenda infinitua irudikatu zuen eta diagonalizazioa erabili zuen, zerrendako algoritmo guztiek porrot egiteko moduko problema etengabe bat eraikitzeko.
Demagun ’20 galderako’ [**] prestatutako joko bat, non buruan objektu jakin bat dugula hasi ordez, erantzuten duenak (‘erantzuleak’) aitzakia bat asmatzen duen galdera bakoitzari ez esateko. Jokoaren amaieran, falta zaizkion kualitateen bidez erabat definitutako objektu bat deskribatu da.
Turingen diagonalizazioaren proba, joko horren bertsio bat da non galderek algoritmo posibleen zerrenda infinitua igarotzen duten, behin eta berriro galdetuz: «Algoritmo horrek ebatzi al dezake inkonputagarria dela erakutsi nahiko genukeen problema?»
«’Galdera infinituak’ moduko bat da», esan du Williamsek.
Jokoa irabazteko, Turingek problema bat landu behar zuen algoritmo bakoitzaren erantzuna ez izango zena. Horrek esan nahi du sarrera partikular bat identifikatzea lehenengo algoritmoak erantzun okerra sortzeko, beste sarrera batek bigarrenaren okerra sortzea eta horrela, denekin. Sarrera berezi horiek aurkitu zituen Kurt Gödel-ek duela gutxi erabili zuen antzeko trikimailu bat erabilita; Gödelek horrelakoak erabili zituen erakusteko “baieztapen hau ezin da demostratu” bezalako baieztapen autoerreferentzialak problemak direla matematikaren funtsentzat.
Ideia giltzarria izan zen algoritmo (edo programa) bakoitza zero eta bat zifren katea bezala irudikatu daitekeela. Horrek esan nahi du, akatsak egiaztatzeko programaren adibidean bezala, algoritmo batek beste algoritmo baten kodea har dezakeela sarrera gisa. Printzipioz, algoritmo batek bere kodea ere har dezake sarrera gisa.
Ideia horrekin, Turingen probakoa bezalako problema ez konputagarri bat defini dezakegu: “Algoritmo baten kodea irudikatzen duen sarrerako kate bat emanda, 1 sortzen du algoritmo horrek 0 sortzen badu bere kodea sarrera denean; aitzitik, irteera 0 da”. Problema hau ebazten saiatzen den algoritmo bakoitzak irteera okerra emango luke gutxienez sarrera batean, hau da, bere kodeari dagokion sarreran. Horrek esan nahi du problema zital hori ezin dela ebatzi inongo algoritmoren bidez.
Negazioak egin ezin duenaInformatikariek oraindik ez dute diagonalizazioarekin amaitu. 1965ean Juris Hartmanis eta Richard Stearns-ek Turingen argumentua egokitu zuten erakusteko problema konputagarri guztiak ez direla berdinak: batzuk berez besteak baino zailagoak dira. Emaitza horrek hasi zuen konplexutasun konputazionalaren teoriaren alorra, problema konputazionalen zailtasuna aztertzen duena.
Baina konplexutasunaren teoriak Turingen aurkako metodoaren mugak ere erakutsi zituen. 1975ean, Theodore Baker, John Gill eta Robert Solovay-k erakutsi zuten konplexutasunaren teorian irekitako gai asko inoiz ezin direla ebatzi soilik diagonalizazioa erabilita. Horietan nagusia P eta NP konplexutasun moten problema ospetsua da, non galdetzen den erraz egiazta daitezkeen irtenbideak dituzten problema guztiak algoritmo egokiarekin ebazteko ere errazak al diren.
Diagonalizazioaren puntu itsuak abstrakzio maila altuaren zuzeneko ondorioak dira eta abstrakzio maila horrek egiten du diagnolazizaioa hain ahaltsu. Turingen demostrazioak ez zuen praktikan sor zitekeen problema konputaezinek aipatzen; aldiz, mota horretako problema bat asmatu zuen sortu ahala. Diagonalizazioaren beste proba batzuk ere oso aldenduta daude mundu errealetik, beraz, ezin dituzten ebatzi mundu errealeko xehetasunek garrantzia duten gaiak.
«Urruneko konputazioa darabilte» dio Williamsek. «Tipo bat irudikatzen dut birus baten aurrean eta birus horrengana eskularru-kaxa baten bidez heltzen».
Diagonalizazioaren porrota adierazle goiztiarra izan zen, P eta NP kategoriako problemak ebaztea bide luzea izango zela argi uzten zuena. Mugak izan arren, diagonalizazioa tresna giltzarria da konplexutasunaren teorikoen pilan. 2011n Williamsek beste teknika batzuekin batera erabili zuen konputazio eredu murriztu jakin batek ezin zituela ebatzi problema bereziki zail batzuk, ikertzaileek 25 urtez emaitza horri heldu ez zioten arren. P eta NP kategorien problema ebaztetik oso urrun zegoen, baina aurrerapen handia izan zen.
Zerbait ez dela posible erakutsi nahi baduzu, ez gutxietsi ez esate soilaren boterea.
Itzultzailearen oharrak:[*] Ingeleseko jatorrizkoa, “The limitation game”, hitz-joko bat da “The Imitation Game” filmaren izenburuan oinarritua; film hori Alan Turingen bizitza eta obrako alderdi batzuei buruzkoa da.
[**] ‘20 galdera’ izeneko jokoan erantzuten duenak (‘erantzuleak’) gainerako jokalariek (interrogatuek) igarri beharreko zerbait aukeratzen du. Galderak egiten dituzte txandaka eta erantzuleak «bai» edo «ez» erantzun behar du. Hona hemen galderen adibide batzuk: «Mugikor bat baino handiagoa da?», «Bizirik dago?» eta, amaitzeko, «Boligrafo hau da?». Ezin da gezurrik esan. Interrogatzaile batek erantzun zuzena asmatzen badu, irabazi egiten du eta hurrengo txandako erantzulea izango da. 20 galdera egin eta erantzun zuzenik ez bada, erantzuleak irabazten du eta hurrengo txandan ere bera izango da erantzulea.
Jatorrizko artikulua:Ben Brubaker (2023). Alan Turing and the Power of Negative Thinking, Quanta Magazine, 2023ko irailaren 5a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Alan Turing eta pentsamendu negatiboaren boterea appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #460
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
MedikuntzaNatalia Zylberlast-Zand Europako lehenengo neurologo akademikoetako bat izan zen. Natalia Varsovian jaio zen 1883an, eta Suitzara joan zen Genevako Unibertsitatean Medikuntza ikastera. Neurologiaz interesatu zen berehala, eta ehunetan eta garuneko eta bizkarrezurreko patologietan aditua egin zen. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean Varsoviako ghettora joatera behartu zuten, eta bertatik irtetea lortu zuen. Alabaina, bi astetara preso hartu eta hil zuten judutar jatorrikoa izateagatik. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke.
Klima-aldaketaPirinioetako glaziarrak galzorian direla ohartarazi dute glaziologoek. Horietako bat Ibai Rico da, Gasteizko EHUko Geografia saileko ikertzailea. Glaziarrak hiru hamarkadatan desager zitezkeela ohartarazi zuten garai bateko ikerketek, baina prozesu hori aurreratu daitekeela diote egungo datuek. 2010ean 24 glaziar geratzen ziren Pirinioetan, eta 17 daude egun. 2022ko urtea bereziki txarra izan zela gogoratu du Ricok. Glaziarrak ikertuz klima eta ingurumen informazio interesgarria eskuratu daitekeela azaldu du glaziologoak, baina martxa honetan informazio hori guztiz galduko dugula ohartarazi du. Azalpen guztiak Alea aldizkarian.
IngurumenaToxico Watch fundazioko zientzialariek egindako ikerketaren arabera, dioxinen eta metal astunen kutsadura gero eta handiagoa da Zubietako erraustegiaren inguruan. Toxico Watch erraustegia martxan jarri aurretik hasi zen lehen neurketak egiten, eta hala aurreko eta ondorengo egoerak alderatu ahal izan dituzte. Hala ikusi dute erraustegiaren ondoko goroldioetan eta pinuen hostoetan dioxinen igoera nabarmena gertatu dela. Ondoan dagoen Arkaitzerrekako sedimentuetan ere atzeman dute metal astunen hazkundea. Inguruko etxaldeetako arrautzetan ere topatu dituzte toxikoak. Informazio gehiago Berrian.
KimikaDoitasun handiko grafeno-nanozintak sintetizatzeko metodo berri bat garatu du UPV/EHUko ikerketa talde batek. Grafenoa zinta nanometrikoetan mozten bada, propietate elektriko eta magnetiko desberdinak dituzten materialak lor daitezke, eta oso garrantzitsua da horiek doitasun atomikoarekin ekoizteko moduko metodoak garatzea aplikazio potentzialak garatzeko. Hain zuzen ere, helburu hori lortu dute POLYMAT zentroko ikertziale batzuek, eta nanozinta osagarriak konbinatuz erabateko doitasun atomikoa duten nanozintak sortu dituzte. Datuak Zientzia Kaieran.
GeologiaGeologian, arroken konposizioa edota barne propietateak aztertzeko mikroskopio petrografikoa erabiltzen da. Mikroskopio biologikoekin duten alde nagusia da bi iragazkik osatutako argi sistema polarizatuko sistema dutela. Bi iragazkiko sistema honi esker, begien aurrean interferentzia kolore batzuk agertzen dira, eta horrek mineralak identifikatzeko balio du. Mikroskopio horiek erabiltzeko, alabaina, Biologian eta Medikuntzan bezala, laginaren xafla fin-fina moztu behar da arroka-ebakitzaile baten bidez. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Kolore mikroskopikoen fantasiak.
OsasunaObesitatearen eta 2. motako diabetesaren prebalentzia goraka doa, eta horiei aurre egiteko tratamendu dietetiko desberdinak erabiltzen dira. Horietako bat Aldizkako baraua elikadura-eredu da. UPV/EHUko ikertzaile talde batek berrikuspen sistematiko bat egin du ikusteko ea dieta hori benetan erabilgarria izan daitekeen bi gaixotasun horiek tratatzeko. Emaitzen arabera, baraualdia gai da pisu galera eta gantz-masaren murrizketa eragiteko, eta diabetesaren parametroak hobe ditzakeela ere ikusi da. Datuak Zientzia Kaieran.
Yesenia García Alonsok bere doktoretza-tesian frogatu du itxialdian ariketa egin zuten haurrek osasun mental hobea dutela. Azaldu duenez, egunero gutxienez ordubetez, intentsitate ertaineko edo biziko jarduera fisikoa egin zuten eskolaurreko haurrek neurri txikiagoan sentitzen dituzte lotsa, beldurrak, fobiak, tristura edo kezkak, COVID-19aren itxialdian bizimodu sedentarioa egin zutenek baino. Gainera, adierazi du jokabide horiek lotura estua dutela amaren jokabideekin. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
Biodibertsitatearen kontserbazioaIbis eremita espezieak berriz migratu du Iberiar penintsulara, lehen aldiz Erdi Aroaz geroztik. Espezie hori jatorrian ia Europa osoan zabalduta zegoen, baina guztiz desagertu zen kontinentean duela 400 bat urte. Egoera larria ikusirik, Alemaniako ikerketa talde bat eta Jerezeko Zoobotanikoa paraleloki ibisen populazio egonkor bana sortzen hasi ziren 2004an. Alemaniako taldeak Toscanara migratzen erakutsi zien hegaztiei, ultrarin batez baliatuz, baina azken urteetan Alpeak gurutzatzea erronka handia izan da, klima-aldaketa dela eta. Hau ikusirik, aurtengo udazkenean, Alemaniako ibisak Cadizera migratu dute. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Ibisak bueltan dira Iberiar penintsulan.
Ikerketa berri baten arabera, Europako ibaietako biodibertsitatearen leheneratzea moteldu egin da 2010etik. EHUko Ibai Ekologia taldeak parte hartu du ikerketan, eta ondorio horretara iristeko 22 herrialdetako ibai-sistemetan 1968 eta 2020 bitartean bildutako datuak aztertu dituzte. Emaitzek erakutsi dute, oro har, ibai eta erreketako biodibertsitateak hobera egin zuela 2000ko hamarkada arte. Baina hortik aurrera biodibertsitatearen ugaritzea geratu egin da. Aitor Larrañaga ikertzaileak eta bere lankideek ur gezatako biodibertsitatea leheneratzeko prozesuak berraktibatzeko ahaleginak areagotzeko eskatu dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
TeknologiaDNA erabiliz kuasikristal koloidalak diseinatzeko metodologia berritzaile bat aurkeztu du CIC biomaGUNEk, beste zentro batzuekin lankidetzan. Zehazki, ikerketa honek erakutsi du nola balia daiteken DNAren programagarritasuna kuasikristalak diseinatzeko eta eratzeko. Ikertzaileek azaldu dute DNA-kateak nanopartikulei lotzea lortu dutela nanopartikulen antolatzea gidatzeko, baita modu itzulgarrian ere egin daitekeela adierazi dute. Aurkikuntza horrek material aurreratuetarako eta aplikazio nanoteknologiko berrietarako atea zabaldu du. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #460 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #468
Autismoari eragiten dioten edo autismoaren ondorio diren faktore ugarien artean, lipidoen konposaketa organismoan, lipidoma, horietako bat da, eta orain ezagutzen hasia da. Lipids and autism. J.R. Alonsoren eskutik.
Neurtzeko zaila izatea eta neurtzeko laborategi bat behar izatea dira kutsatzaile toxiko batek izan dizakeen ezaugarririk okerrenak. Horregatik da hain interesgarria ur-masa baten ertzean bertan PFAS neurtzeko metodo berri bat. Sensitive on-site testing for PFAS in water samples.
Orain arte, B serieko zientzia-fikziozko filmetan bakarrik imajinatu izan da hau: bi planeta erraldoi talka egiten. The afterglow of an explosive collision between giant planets in a star system far away. Simon Locken, Matthew Kenworthyren eta Zoe Leinhardten eskutik.
Nanomakina batek oso energia gutxi erabiltzen du. Etorkizun hurbilean baten bat muntatu behar baduzu, jakin ezazu DIPCko jendeak horri buruzko gauza pare bat ikasi dituela nanokoloideak eta argi-marratxo bat erabiliz. Nanocolloids as hosts for light-propelled machineries
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #468 appeared first on Zientzia Kaiera.
Natalia Zylberlast-Zand neurologoa eta nazien holokaustoko martirietako bat
Natalia Zylberlast-Zand izan zen Europako lehenengo neurologo akademikoetako bat. 1883ko martxoaren 28an jaio zen Varsovian, gaur egun Polonia den arren, garai hartan Errusiako inperioan zegoen hirian. Familia judutarrekoa, nazien holokaustoan hil ziren gurasoak, anaia, bi ahizpa eta Natalia bera; ahizpa bakarrak biziraun zuen.
Natalia Zylberlast (Zand abizena Maksymilian Zand-ekin ezkondu zelako hartu zuen) 1899an graduatu zen bigarren hezkuntzan Varsovian eta handik gutxira Suitzara joan zen Genevako Unibertsitatean Medikuntza ikastera. 1907an egin zuen tesia, Un cas de leucémie myéloïde chez un enfant de neuf mois (Leuzemia mieloidea bederatzi urteko haur batean), eta Edouard Martin pediatra eta zirujaua izan zuen zuzendari. Urte horretan bertan Poloniara itzuli zen eta azterketa bat gainditu behar izan zuen Suitzan lortutako tituluak Errusian ere balio zezan.
1. irudia: Natalia Zylberlast-Zand neurologoa. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Ehunetan eta garuneko eta bizkarrezurreko patologietan adituaKochanówka-ko ospitalean hasi zen lanean, Lodz-etik gertu, eta neurologiaz interesatu zen berehala. 1908an Czyste-ko ospitale judutarrean hasi zen lanean, Varsoviatik gertu, Edward Flatau neurologoaren lehenengo laguntzaile gisa; harekin batera argitaratu zituen bizkarrezurreko tumoreen tratamendu kirurgikoari eta gortasunari buruzko zenbait lan. Beste neurologo judutar-poloniar ospetsuekin lankidetzan aritu zen eta Marcelo Nencki-ren laguntzailea ere izan zen Biologia Esperimentaleko institutuan.
Varsovian eman zuen garaian ikertzaile ospetsu egin zen, histologian eta garuneko eta bizkarrezurreko patologian aditua. 80 artikulu baino gehiago argitaratu zituen polonieraz, alemanez, frantsesez eta ingelesez. 1912an meningitis biriko batekin zerikusia duten buruko arazoen kasu bati buruz argitaratu zuen, haluzinazio kronikoak eta migraina zituena. 1913an sifilisak garun-bizkarrezur sisteman dituen ondorioez lan bat argitaratu zuen eta 1915ean hortzetako infekzio baten ondoriozko tetanos kronikoa zuten bi kasuri buruz.
Aktibista haurren zaintzan eta emakumeen eskubideetanKlinikako eta laborategiko lanaz gain, bere ezagutzak eta denbora praktika medikoaren alderdi sozialerako izaten ziren; adibidez, langileak artatzen dituzten erakundeetan aholkuak ematen zituen haurrak hazteaz. Sozialista konbentzitua zen eta haurrak artatzen zituzten erakundeekin lankidetzan aritzen zen, batez ere judutar haurrak artatzen zituztenekin. Emakumeen eskubideen defendatzailea eta aktibista izan zen eta Emakume Sendagileen Poloniako Elkartearen sortzaileetako bat ere bai. 1937an poloniar ordezkari bakarra izan zen Emakume Sendagileen Elkartearen Nazioarteko Laugarren Konferentzian, Edinburgon. Poloniako Psikiatria Elkarteko kide aktiboa izan zen eta eugenesiaren ideiari aurka gogor egin zion.
Gaixotasun neurologiko sorta zabala ikertu zuen, hala nola paralisia, meningitisa, entzefalitis letargikoa, epilepsia… Meningitis tuberkulosoa sendatzeko prozedura kirurgikoak erabiltzeko aukeraz interesatu zen, eta garun-bizkarrezurreko isuriaren analisi biologiko eta bakteriologikoak egin nahi izan zituen gaixotasunari buruz gehiago jakiteko. 1920ko hamarkadan Korsakoffen sindromea aztertzen aritu zen (buruko gaixotasun jakin batzuk dituzten pertsona batzuen afekzioa, alkohol gehiegi hartutakoan agertzen dena). Era berean, begietako eta betazaleko erreflexu batzuk ere aztertu zituen Parkinsonen gaixotasun kasu jakin batzuetan.
Nazien inbasioa eta Varsoviako ghettoaBigarren Mundu Gerra hasi zenean, Zylberlast-Zandek poloniarrek, judutarrek eta emakumeek jasan zuten krudeltasun pilatu osoa jasan zuen. Eskubide zibil guztiak kendu eta Varsoviako ghettora joatera behartu zuten; sendagile lanetan aritu zen han eta umezurtzak hartu eta zaintzen lagundu zuen. 1942ko uztailean hasi zen ghettoetako judutarrak sarraskitzeko operazioa eta Zylberlast-Zandek irtetea lortu zuen, lagun batzuk ezkutatu zutelako.
2. irudia: Varsoviako ghettoko horma. (Argazkia: German Federal Archive – CC-BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Baina ihes egin eta bi astera, 1942ko azaroaren 23tik 24rako gauean, Zofia Garlicka judutar ginekologoarekin batera hartu zuten preso. Pawiakeko espetxera eraman eta galdeketa egin zieten. Zylberlast-Zandek han bertan aitortu zuen judutar jatorrikoa zela eta hurrengo egunean hil zuten. Gorpua toki ezezagun batean lurperatu zuten. Bere ibilbide zientifikoa, eta batez ere bere bizia, bat-batean eta krudeltasun osoz eten ziren Europa suntsitu eta mundu osoan eragina izan zuen gerran.
Holokaustotik urte batzuetara, Estatu Batuetako etorkin judutar poloniarrek eta ondorengoek omenaldi bat egin zieten Poloniako sendagile martiriei, hau da, Holokaustoaren garaian hildako 2.500 sendagile judutar poloniarri. Horietako bat Natalia Zylberlast-Zand izan zen.
Erreferentzia bibliografikoa:- Pękacka-Falkowska, Katarzyna; Pekacka-Egli, Anna-Maria (2021). Natalia Zylberlast-Zand (1883–1942), Ir J Med Sci 190, 1537–1538. DOI: 10.1007/s11845-020-02472-4
- Macho Stadler, Marta (2023). Natalia Zylberlast-Zand, neuróloga, Efemérides. Mujeres con Ciencia.
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko abuztuaren 3an: Natalia Zylberlast-Zand, neuróloga y una de los mártires médicos del Holocausto nazi.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Natalia Zylberlast-Zand neurologoa eta nazien holokaustoko martirietako bat appeared first on Zientzia Kaiera.
Aldizkako barauaren efektuak obesitatean eta 2. motako diabetesean
Azken hamarkadetan gora egin dute dieta desorekatuaren ondoriozko gaitzek, hala nola, obesitateak eta 2.motako diabetesak. Osasunerako Mundu Erakundearen (OMEren) arabera, 2016ean helduen %36ak gainpisua zuen eta %13ak obesitatea. 2.motako diabetesaren prebalentzia handituz doa, 2016ean %8,5ekoa zen eta 1,6 milioi heriotza eragin zituen.
Gaixotasun hauek gizartean arazo kezkagarri bihurtu dira, gizabanakoarentzat, familiarentzat eta gizartearentzat oso kaltegarriak diren konplikazio kronikoak dituelako eta osasun kostu handiak dakartzatelako. Horiei aurre egiteko tratamendu dietetiko desberdinak erabiltzen badira ere, zaila da pazienteen elikadura portaera moldatzea eta interbentzioek ez dute behar beste eraginkortasun.
Irudia: aldizkako barauarekin helburu desberdinak bilatzen badira ere, gorputz osaera eta osasuna hobetzeko asmoz jarraitzen da gaur egun. (Argazkia: Victoria Rain – erabilera libreko irudia. Iturria. Pexels.com)Zenbait ikertzailek aldizkako baraua aztertu dute gaixotasun horiek tratatzeko aukera bezala. Aldizkako baraua elikadura-eredu bat da, elikatzeko modu bat, barau tarteak eta elikagaiak irensteko aldiak bereizten dituena. Helburu desberdinak bilatzen badira ere, gorputz osaera eta osasuna hobetzeko asmoz jarraitzen da gaur egun. Baina, benetan erabilgarria al hobekuntza horiek lortzeko?
Baraualdi motakLehenik eta behin, aldizkako baraualdi motak bereizi behar ditugu:
- Txandakako eguneko baraualdia: Baraualdiak egun osokoak dira eta astean zehar egun txandakatuetan egiten dira. Hau da, barau-egunak eta ingesta-egunak txandakatzen dira.
- Energiaren aldizkako murrizketa baraualdia: Programatutako barau-egunetan behar energetikoen % 20-25 kontsumitzen da. “5:2” dieta ezaguna mota honetakoa da: asteko bi egun jarraitan energia ingesta asko murrizten da baraua eginez, eta gainerako 5 egunetan energia-ekarpen normala hartzen da.
- Denbora murriztuetako baraualdia: Egunero egiten da baraua, egunean zehar barau eta ingesta tarteak txandakatuz. “16:8” eredua da ohikoena, eguneko 24 orduetatik 16 ordutan baraua egin eta gainerako 8 orduetan energia-ekarpen normala egiten da.
- Baraualdi erlijiosoak: Arrazoi erlijiosoak helburu duten barauak dira. Aipagarriena Ramadaneko hilabete sakratuan egiten den baraua da, egunsentitik ilunabarrera arte dirauena. Praktika dietetiko ohikoena eguzkia sartu ondoren janari ugari hartzea eta egunsentia baino lehen janari gutxiago kontsumitzea da.
Baraualdiak obesitatean duen eragina aztertu duten ikerketetan ikusi dute baraualdia gai dela pisu galera eta gantz-masaren murrizketa eragiteko. Bestalde, baraualdiak diabetesaren parametroak hobe ditzakeela ikusi da.
Dena den, efektu horiek gizabanako batek behar duena baino energia gutxiago kontsumitzeak eragindakoak dira eta ez dira baraualdiak eragiten dituen prozesu fisiologiko konkretuek eragindakoak. Hortaz, aldizkako barauldia dieta hipokaloriko mantendua (herri mailan “dieta” deitzen dioguna) jarraitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako aukera bezala plantea liteke.
Are gehiago, zenbait eragin onuragarri energia murrizketarik gabeko ariketa fisikoak sortutakoen berdinak dira. Hortaz, azken hori ezin da alde batera utzi gaitz horiei aurre egiterakoan.
Dietaren kalitateari dagokionez, lanek energia murrizketari erreparatzen diote batez ere, nutriente ingestari beharrezko garrantzia eman gabe. Hortaz, zentzu horretan ikerketak motz gelditzen dira, murrizketak, aldizka edo ez, gomendatzean nutriente esentzialen beharrak asetu behar baitira.
Esan behar da ere, ez dela aurkitu aldizkako baraualdiak izan ditzakeen albo ondorioen inguruko lanik. Hori horrela, ikerketa gehiago egin beharko lirateke albo-ondorioak ondo zehaztu eta barauak egiteko jarraibide egokiak izateko.
Azkenik, azpimarratu behar da nutrizioan eta dietetikan adituak diren osasun profesionalak ditugula, Dietista-Nutrizionistak. Profesional hauek obesitatearen eta 2.motako diabetesaren tratamenduan funtsezko giltzak dira.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 44
- Artikuluaren izena: Aldizkako barauaren efektuak obesitatean eta 2.motako diabetesean
- Laburpena: Aldizkako baraualdia eguneko elikagai ahorakina ingesta-aldi eta barau-aldietan banatzen duen elikadura mota da. Estrategia dietetiko hau asko erabiltzen da zenbait efektu onuragarri eragin ditzakelakoan. Horrela, obesitateari eta diabetesari aurre egiteko izan ditzakeen efektuak ikertzen ari dira. Lan honetan gaiari buruzko errebisio sistematikoa egin da. Aipatutako gaixotasunetan baditu eragin desiragarriak, zenbait parametrotan eragiten baitu: gorputz-osaeran, gantz-masan, lipido plasmatikoetan, odoleko glukosa kontzentrazioan edo/eta intsulinarekiko erantzunean. Baina, efektuok energia murrizketari berari sor zaizkio, izan ere energiaren murrizketa mantenduak berak sortzen dituen efektuak antzekoak baitira. Zientifikoki oraindik ez dago behar adineko ebidentziarik. Izan ere, literaturan argitaratuta dauden ikerketek ez dute lantzen dietaren kalitatea; honek eragin nabariagoak izan ditzake gaixotasunetan, kaloria eta janaldi murrizketa edozein izanik ere. Gainera, gutxi aipatzen dira estrategia hau jarraitzean gerta litezkeen albo-ondorioak, profesionalek gertutik zaindu beharko lituzketenak.
- Egileak: Maialen Diez, Maialen Vázquez-Polo, Silvia Matias, Gesala Perez-Junkera, Leire Cantero, Arrate Lasa, Virginia Navarro, Idoia Larretxi eta Itziar Txurruka
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 27-40
- DOI: 10.1387/ekaia.23620
Maialen Diez, Maialen Vázquez-Polo, Silvia Matias, Gesala Perez-Junkera, Leire Cantero, Arrate Lasa, Virginia Navarro, Idoia Larretxi eta Itziar Txurruka UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Nutrizio eta Bromatologia Saileko eta GLUTEN3S ikerketa-taldeko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Aldizkako barauaren efektuak obesitatean eta 2. motako diabetesean appeared first on Zientzia Kaiera.
Kolore mikroskopikoen fantasiak
Geologian, baita beste diziplina zientifiko batzuetan (hala nola, Biologia edo Medikuntza) ere, edozein arrokaren azterketa zehatza egin nahi dugunean bere konposizioa eta barne propietateak zehatz-mehatz ezagutzeko, transmititutako argi mikroskopio bat erabili behar dugu. Baina, gure kasuan, mikroskopio berezi samarra da, eta mikroskopio petrografiko izenaz ezagutzen dugu.
1. irudia: Olympus BHT modeloko mikroskopio petrografikoa, UPV/EHUko Geologia Saileko petrologia praktiketarako erabiltzen dena. (Iturria: UPV/EHU)Mikroskopio biologikoekin duten alde nagusia da argi sistema polarizatuko sistema dutela, bi iragazkik (edo nikolak) osatua: lehenengoa argi fokuan dago, laginaren azpian, eta bigarrena laginaren eta okularraren artean. Lehenengo iragazkiaren bidez (oro har finko dago) argi uhinak noranzko bakar batean mugitzen dira, lagina desbideratu gabe zeharkatu ahal izateko. Baina, bigarren iragazkia (gure mikroskopiotik atera eta sartu ahal dugu gure borondatez) lehengoarekiko perpendikular jartzen da; horrela, aktibatzen dugunean, edo, zehatzagoa izateko, zeharkatzen dugunean, oztopo gisa dihardu eta argia pasa dadin oztopatzen du. Hau da, mikroskopio petrografiko baten okularretik begiratzen badugu lagin bat jarri gabe eta bigarren iragazkia sakatuta pizten badugu, argiak gure begietan eragiten duela ikusiko dugu. Baina, bigarren polarizatzailea sartzen edo gurutzatzen badugu, guztia beltz ikusiko dugu.
Seguru asko zeuen buruari galdetuko dizuela, orduan, zertarako balio duen bigarren polarizatzaile horrek ez badigu ezer ikusten uzten. Erantzuna mineralen propietate optikoetan dago. Mikroskopioan argi polarizatuaren norabidea hori zeharkatzen duen heinean aldatzeko gai den lagin bat jartzen badugu (ezaugarri horrek birrefringentzia du izena), bigarren iragazkia gurutzatzean magia sortuko da; izan ere, orduan argiak ez du modu perpendikularrean eragingo, angelu bat izango baitu, eta angelu hori gure begien aurrean kolore batzuk (interferentzia koloreak izenekoak) agertzen direnean islatuko da. Eta propietate optiko hori mineralak identifikatzeko irizpidea da.
Gainerako mikroskopioekiko bigarren aldea da mikroskopiko petrografikoak platina bat daukala, hau da, 360º biratu ahal den lagin bat jartzen den gainazal bat. Eta, aztertzen ari garen laginaren oinarri musikal ona ateratzen saiatzen ari garen DJak ematen dugun arren, platina aurrera eta atzera biratzen dugunean, mineralen interferentzia koloreak nola aldatzen diren egiaztatzen ari gara argiaren eragin angelua aldatzean. Kasu batzuetan, ia ez lukete ikusiko eta kolore beraren antzeko tonuak aurkitzen ditugu. Baina, beste kasu batzuetan, joan den mendeko hirurogeiko hamarkadako irudi psikodelikoa dirudi, eta bariazio izugarriak aurkitzen dira mineral beraren interferentzia koloreetan. Interferentzia koloreen bariazio tarte hori mineralen identifikazio irizpidea da.
2. irudia: harri igneo (gabro) baten itxura mikroskopio petrografiko batetik ikusita. Ezkerreko irudia bigarren polarizatzailea desaktibatuta zegoela lortu da. Bitartean, eskuineko irudia bigarren polarizatzailea gurutzatzean lortu da, aztertutako lagina osatzen duten mineralen interferentzia koloreak erakutsiz. (Iturria: Open University / OpenLearn)Baina mikroskopio petrografikoaren bidez arrokak aztertzeak, arroka horien mineralaren konposizioa identifikatzeaz gain, beste aukera batzuk ematen dizkigu. Horrez gain, laginaren egitura mikroskopikoak ikusi ahal ditugu, hala nola hausturak edo barneko poroak, arrokaren adinaren eta sortu zen giroaren berri ematen diguten mikrofosilak. Begi hutsez ikusi ezin genitzakeen ezaugarriak, eta lan egiten ari garen materiala deskribatzeko beharrezkoak direnak.
Bideoa: Zenbait mineraletako interferentzia koloreen bariazioa, batik bat feldespatoena, mikroskopio petrografikoaren platina biratzean bi polarizadoreak gurutzatuta.Orain, beste gai bat sortzen da: nola lortu ahal dugu argiak arroka bat gurutzatzea, sustantzia solido batekin (eta, beraz, opakoa) lanean ari bagara? Ba Biologian edo Medikuntzan bezalaxe, gure laginaren xafla fin-fina moztuta gauza gardenean bilakatu arte. Horretarako, arroka ebakitzailea erabiltzen dugu, zeinak diamante diskoa duen, eta, horren bidez, prisma formako tako txiki eta laukizuzen bat prestatzen dugu, 2,5 cm zabal eta 4 cm luze ingurukoa, beirazko lagin ontzian itsasten dena. Arroka tako hori urratzaile ugari bidez leundu egiten da (diamante hautsezkoa ere bai), 0,03 mm-ko lodiera lortu arte. Horren ostean, beirazko estalki baten bidez estaltzen da. Horrela, Geologian xafla fin gisa ezagutzen duguna eraldatzen da (edo arrokaren atal landua, termino serioagoa erabili nahi izatekotan). Orain lagina mikroskopio gainean jarri ahal dugu, eta, horrela, argiak arazo barik gurutzatu ahal du.
3. irudia: Xafla mehe baten prestakuntza prozesua, arrokaren laginetik atal landua lortu arte, horretatik argia pasa dadin ahalbidetzen duena. (Iturria: Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko Geologia Institutua)Mikroskopio petrografikoa duela mende bat baino gehiagotik erabili izan da ikasketa geologikoak egiteko mundu osoan, baina teknika urtez urte perfekzionatu da. Duela hamarkada batzuk erabili nituen gailuak argi-urteetara daude (ezin da hobeto esan) Espainiako fakultateetan pixkanaka prestatzen ari diren profesional berriek orain erabili ahal dituztenekin alderatuta. Eta hori berri ona da; hala ere, mineralen propietate optikoak berdinak badira ere, edozein aurrerapen teknologikok aukera emango du horiek askoz errazago zehazteko; horrela, gero eta gehiago eta hobeto findu ahalko dira ikertzen ari garen arroken osagaien identifikazioa, eta hori izugarri eskertzen da azterketetan. Aldatuko ez dena honako hau da: belaunaldi berriek mikroskopio baten xafla mehea lehenengo aldiz ikustean eta arroka ilun eta sinple batean ezkutatuta dagoen kolore joko zoragarria ezagutzean izango duten iritzia.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko irailaren 14an: Fantasías de colores microscópicos.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Kolore mikroskopikoen fantasiak appeared first on Zientzia Kaiera.
Ibisak bueltan dira Iberiar penintsulan
Urriaren hasieran ibis eremita andana bat Cadizera iritsi zen hegan, lehen aldiz Erdi Arotik. Baina hegazti hauek ez zihoazen bakarrik. Ultrarin batez baliatuz, hiru biologo migrazio-ibilbide berria irakasten ari zitzaien ibis eremitei, Alemaniatik Andaluziara. 2.300 kilometroko bidaiaren ostean eta hiru herrialde gurutzatu ondoren, espezie horrek berriz migratu du Iberiar penintsulara.
Ibisek zenbait urte zeramatzaten gizakiaren laguntzaz migratzen, uda bukaeran, iparraldetik hegoaldera. Ekimena 2004an hasi zen Alemanian, Waldrappteam (Waldrapp hitzak ibis esan nahi du alemanez) ikerketa taldea ibis eremiten kolonia egonkor bat sortzen hasi zenean Europa erdialdean. Geroztik, biologo talde batek lagundurik, ibis eremitek Constanza lakutik Toscanara migratu dute urtero, bidean Alpeak gurutzatuz.
Irudia: 2004az geroztik biologo talde batek lagundurik, ibis eremitek Constanza lakutik Toscanara migratu dute urtero, bidean Alpeak gurutzatuz. (Argazkia: H. Wehner. Iturria: Waldrappteam.at).Ibis eremita espeziea (Geronticus eremita) jatorrian ia Europa osoan zabalduta zegoen, baita Afrika iparraldean eta Arabiar penintsulan ere. Espezie migratzailea izanik, udara iparraldeko eskualdeetan pasatzen zuten koloniak eremu epelagoetara mugitzen ziren neguan, Alpeen inguruko mendietara, Adriatikoaren iparraldeko eskualdeetara, eta Iberiar penintsularen hegoaldera, besteak beste. Erdi Aroan, ordea, galdu egin zen Europa osotik, eta bi kolonia soilik geratu ziren Marokon. Egoera horrek espeziea “galtzeko arriskuan” gisa katalogatzea ekarri zuen.
Orain Iberiar penintsulara egingo dugu salto, zehazki Cadizera. Izan ere, aurrerago ikusiko dugun moduan, gaurkoan protagonista dugun hegaztiak, halako batean, bi eskualdeak batu ditu. 2004an, espeziearen egoera larria ikusirik, Eremita Proiektua jarri zen martxan Jerezeko Zoobotanikoan. Garai batean eremu hori ibis eremitaren banaketa-esparruaren parte zen, eta zientzialariek erabaki zuten hegazti enblematiko horren egoera tamalgarriari irtenbidea eman behar zitzaiola. Hala, Zoobotanikoaren instalazioetan hegazti hau itxian hazten hasi ziren, ibisei txitak aurrera ateratzen lagundu eta ondoren askatzeko helburuarekin.
Metodologia bitxia erabili zuten horretarako: “adopzio-guraso” batzuek jaten eskutik emanda elikatzen zituzten txitak, eta “guraso” hauek identifikagarriak izan zitezen, ibis eremiten formako buruko bat eraman behar zuten beti jantzita, bai eta kamiseta beltz bat ere. Egoera nahiko barregarria sortzen bazen ere, mozorro horrek giza arrastoa gutxitzeko balio zuen, bi modutara: batetik, txitek pentsa zezaten beren espezieko banako batek elikatzen zituela, eta, bestetik, beren “gurasoak” ez ziren gizakiekin elkarrekintza izan zezaten saihesteko. Behin hazkuntza amaituta, Cadizeko Janda eskualdean askatzen zituzten, bertan kolonia egonkor bat sortzeko.
Baina, ikusi dugun moduan, Jerezeko Zoobotanikoa ez zen bakarra izan ibis eremiten populazioa handitzen. Garai berean, paraleloki, Waldrappteam ikerketa talde alemanak prozesu bera abiarazi zuen Europa erdialdean, ibis eremiten kolonia egonkor bat sortzeko. Kasu honetan, ordea, koloniak migratzailea izan behar zuen. Cadizeko neguarekin alderatuz, Europa erdialdean tenperaturak asko jaisten dira neguko egun motzetan, eta Janda eskualdean kolonia sedentario bat sortzea posible zen arren, Europa erdialdean eraikitako kolonia eremu epelagoetara mugitu behar zen negua pasatzera. Hala egiten zuen ibisak, modu basatian, Europa osoan desagertu aurretik, eta hala egiten erakutsi behar zitzaion: uda amaitzean hegoalderantz migratzen.
Beraz, azken 20 urteetan, Waldrappteam taldeko ikertzaileek migratzen erakutsi diete ibisei, haien gurasoak bailiran. Izan ere, itxian hazitako hegaztiak izanik, ez zekiten nola egin.
Behin uda amaituta, irailaren amaiera aldera, Austria, Alemania eta Suiza banantzen dituen Constanza lakutik Toscana italiarrera migratzen erakutsi diete ibis eremitei. Zenbait hilabetez ibisez mozorrotuta jaten eman dieten adopzio-guraso berak ultrarin batera igo dira urtero, eta ibisek jarraitu egiten diete, negua pasatzeko lekura iritsi arte. Egokitzapen-denboraldi baten ostean, ibis gazteenek adopzio-gurasoengandik bananduta bizitzen ikasi dute, eta askatu egin dira gero. Behin negua pasata, bueltako bidaiari ekin diote udaberrian, oraingoan gizakiaren laguntzarik gabe. Hala, Waldrappteam-ek migrazio tradizio bat sortzea lortu du.
Europa erdialdetik Toscanarainoko ibilbide honetan Alpeak gurutzatu behar ziren, noski, eta azken urteetan, zeharkaldi hori arazo-iturri bilakatzen hasi zen. Esan bezala, hegoalderanzko migrazioa irailaren amaieran ezarri zen hasiera batean, baina klima-aldaketak Europan uda geroago amaitzea eragin du, eta azken urteetan ez zioten Italiaranzko bidaiari ekiten urriaren erdialdera arte. Ordurako, alabaina, Alpeetan ez zen udaren zantzurik geratzen, eta zeharkatu ezinezko harresia bihurtzen zen ibisentzat. Iaz 60 ibisetik bostek soilik lortu zuten beren kabuz mendilerro izugarri hori gurutzatzea; gainontzekoak kamionetan lekualdatu zituzten Waldrappteam taldeko ikertzaileek. Ibis batek, ordea, ordezko bide bati ekin zion bere kabuz, eta Malagan agertu zen egun batzuk geroago. Banako horrek eman zion irtenbidea, hain zuzen ere, klima-aldaketak eragiten zien arazoari.
Eta hala hasi da, 2023an, hasiera batean bakarka lanean ari ziren bi talderen arteko lankidetza. Aurten Europa erdialdeko ibis eremiten koloniak, Italiara migratu beharrean, Andaluzia hartu du neguko kolonia berri gisa. Ibilbide berri horretan Alpeak gurutzatzea saihestu dute, eta Pirinioak ere mendilerro handia badira ere, Alpeetan baino baldintza klimatiko hobeak daude bertan.
Guztira, ibis eremitek eta Waldrappteam taldeko adopzio-gurasoek, batzuk besteen atzetik, 2.300 km egin dituzte hegan, sei astetan zehar. Aurten ibis eremita andana batek Pirinioak gurutzatu ditu lehen aldiz 400 urtean, eta urriaren 3an amaiera eman dio Iberiar penintsularainoko migrazioari. Hemendik aurrera prozesuak orain arte bezala jarraituko du, eta dena ondo badoa, aurten berrabiatutako migrazio-ibilbideak belaunaldiz belaunaldi iraungo du espezie honetan.
Iturriak:- European commission. (2023/10/18). LIFE Northern Bald Ibis. https://webgate.ec.europa.eu/life/publicWebsite/project/details/5721
- Waldrappteam Conservation & Research. https://www.waldrappteam.at/hlm/
- Zoobotánico Jerez. (n.d.). Proyecto Eremita. https://www.zoobotanicojerez.com/proyecto-eremita
- Alpañés, E. (2023ko irailak 24). El Regreso de los ibis: Estos biólogos están enseñando a migrar a una bandada hacia Cádiz. El País. https://elpais.com/ciencia/2023-09-24/el-regreso-de-los-ibis-estos-biologos-estan-ensenando-a-migrar-a-una-bandada-hacia-cadiz.html
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Ibisak bueltan dira Iberiar penintsulan appeared first on Zientzia Kaiera.