Ibisak bueltan dira Iberiar penintsulan
Urriaren hasieran ibis eremita andana bat Cadizera iritsi zen hegan, lehen aldiz Erdi Arotik. Baina hegazti hauek ez zihoazen bakarrik. Ultrarin batez baliatuz, hiru biologo migrazio-ibilbide berria irakasten ari zitzaien ibis eremitei, Alemaniatik Andaluziara. 2.300 kilometroko bidaiaren ostean eta hiru herrialde gurutzatu ondoren, espezie horrek berriz migratu du Iberiar penintsulara.
Ibisek zenbait urte zeramatzaten gizakiaren laguntzaz migratzen, uda bukaeran, iparraldetik hegoaldera. Ekimena 2004an hasi zen Alemanian, Waldrappteam (Waldrapp hitzak ibis esan nahi du alemanez) ikerketa taldea ibis eremiten kolonia egonkor bat sortzen hasi zenean Europa erdialdean. Geroztik, biologo talde batek lagundurik, ibis eremitek Constanza lakutik Toscanara migratu dute urtero, bidean Alpeak gurutzatuz.
Irudia: 2004az geroztik biologo talde batek lagundurik, ibis eremitek Constanza lakutik Toscanara migratu dute urtero, bidean Alpeak gurutzatuz. (Argazkia: H. Wehner. Iturria: Waldrappteam.at).Ibis eremita espeziea (Geronticus eremita) jatorrian ia Europa osoan zabalduta zegoen, baita Afrika iparraldean eta Arabiar penintsulan ere. Espezie migratzailea izanik, udara iparraldeko eskualdeetan pasatzen zuten koloniak eremu epelagoetara mugitzen ziren neguan, Alpeen inguruko mendietara, Adriatikoaren iparraldeko eskualdeetara, eta Iberiar penintsularen hegoaldera, besteak beste. Erdi Aroan, ordea, galdu egin zen Europa osotik, eta bi kolonia soilik geratu ziren Marokon. Egoera horrek espeziea “galtzeko arriskuan” gisa katalogatzea ekarri zuen.
Orain Iberiar penintsulara egingo dugu salto, zehazki Cadizera. Izan ere, aurrerago ikusiko dugun moduan, gaurkoan protagonista dugun hegaztiak, halako batean, bi eskualdeak batu ditu. 2004an, espeziearen egoera larria ikusirik, Eremita Proiektua jarri zen martxan Jerezeko Zoobotanikoan. Garai batean eremu hori ibis eremitaren banaketa-esparruaren parte zen, eta zientzialariek erabaki zuten hegazti enblematiko horren egoera tamalgarriari irtenbidea eman behar zitzaiola. Hala, Zoobotanikoaren instalazioetan hegazti hau itxian hazten hasi ziren, ibisei txitak aurrera ateratzen lagundu eta ondoren askatzeko helburuarekin.
Metodologia bitxia erabili zuten horretarako: “adopzio-guraso” batzuek jaten eskutik emanda elikatzen zituzten txitak, eta “guraso” hauek identifikagarriak izan zitezen, ibis eremiten formako buruko bat eraman behar zuten beti jantzita, bai eta kamiseta beltz bat ere. Egoera nahiko barregarria sortzen bazen ere, mozorro horrek giza arrastoa gutxitzeko balio zuen, bi modutara: batetik, txitek pentsa zezaten beren espezieko banako batek elikatzen zituela, eta, bestetik, beren “gurasoak” ez ziren gizakiekin elkarrekintza izan zezaten saihesteko. Behin hazkuntza amaituta, Cadizeko Janda eskualdean askatzen zituzten, bertan kolonia egonkor bat sortzeko.
Baina, ikusi dugun moduan, Jerezeko Zoobotanikoa ez zen bakarra izan ibis eremiten populazioa handitzen. Garai berean, paraleloki, Waldrappteam ikerketa talde alemanak prozesu bera abiarazi zuen Europa erdialdean, ibis eremiten kolonia egonkor bat sortzeko. Kasu honetan, ordea, koloniak migratzailea izan behar zuen. Cadizeko neguarekin alderatuz, Europa erdialdean tenperaturak asko jaisten dira neguko egun motzetan, eta Janda eskualdean kolonia sedentario bat sortzea posible zen arren, Europa erdialdean eraikitako kolonia eremu epelagoetara mugitu behar zen negua pasatzera. Hala egiten zuen ibisak, modu basatian, Europa osoan desagertu aurretik, eta hala egiten erakutsi behar zitzaion: uda amaitzean hegoalderantz migratzen.
Beraz, azken 20 urteetan, Waldrappteam taldeko ikertzaileek migratzen erakutsi diete ibisei, haien gurasoak bailiran. Izan ere, itxian hazitako hegaztiak izanik, ez zekiten nola egin.
Behin uda amaituta, irailaren amaiera aldera, Austria, Alemania eta Suiza banantzen dituen Constanza lakutik Toscana italiarrera migratzen erakutsi diete ibis eremitei. Zenbait hilabetez ibisez mozorrotuta jaten eman dieten adopzio-guraso berak ultrarin batera igo dira urtero, eta ibisek jarraitu egiten diete, negua pasatzeko lekura iritsi arte. Egokitzapen-denboraldi baten ostean, ibis gazteenek adopzio-gurasoengandik bananduta bizitzen ikasi dute, eta askatu egin dira gero. Behin negua pasata, bueltako bidaiari ekin diote udaberrian, oraingoan gizakiaren laguntzarik gabe. Hala, Waldrappteam-ek migrazio tradizio bat sortzea lortu du.
Europa erdialdetik Toscanarainoko ibilbide honetan Alpeak gurutzatu behar ziren, noski, eta azken urteetan, zeharkaldi hori arazo-iturri bilakatzen hasi zen. Esan bezala, hegoalderanzko migrazioa irailaren amaieran ezarri zen hasiera batean, baina klima-aldaketak Europan uda geroago amaitzea eragin du, eta azken urteetan ez zioten Italiaranzko bidaiari ekiten urriaren erdialdera arte. Ordurako, alabaina, Alpeetan ez zen udaren zantzurik geratzen, eta zeharkatu ezinezko harresia bihurtzen zen ibisentzat. Iaz 60 ibisetik bostek soilik lortu zuten beren kabuz mendilerro izugarri hori gurutzatzea; gainontzekoak kamionetan lekualdatu zituzten Waldrappteam taldeko ikertzaileek. Ibis batek, ordea, ordezko bide bati ekin zion bere kabuz, eta Malagan agertu zen egun batzuk geroago. Banako horrek eman zion irtenbidea, hain zuzen ere, klima-aldaketak eragiten zien arazoari.
Eta hala hasi da, 2023an, hasiera batean bakarka lanean ari ziren bi talderen arteko lankidetza. Aurten Europa erdialdeko ibis eremiten koloniak, Italiara migratu beharrean, Andaluzia hartu du neguko kolonia berri gisa. Ibilbide berri horretan Alpeak gurutzatzea saihestu dute, eta Pirinioak ere mendilerro handia badira ere, Alpeetan baino baldintza klimatiko hobeak daude bertan.
Guztira, ibis eremitek eta Waldrappteam taldeko adopzio-gurasoek, batzuk besteen atzetik, 2.300 km egin dituzte hegan, sei astetan zehar. Aurten ibis eremita andana batek Pirinioak gurutzatu ditu lehen aldiz 400 urtean, eta urriaren 3an amaiera eman dio Iberiar penintsularainoko migrazioari. Hemendik aurrera prozesuak orain arte bezala jarraituko du, eta dena ondo badoa, aurten berrabiatutako migrazio-ibilbideak belaunaldiz belaunaldi iraungo du espezie honetan.
Iturriak:- European commission. (2023/10/18). LIFE Northern Bald Ibis. https://webgate.ec.europa.eu/life/publicWebsite/project/details/5721
- Waldrappteam Conservation & Research. https://www.waldrappteam.at/hlm/
- Zoobotánico Jerez. (n.d.). Proyecto Eremita. https://www.zoobotanicojerez.com/proyecto-eremita
- Alpañés, E. (2023ko irailak 24). El Regreso de los ibis: Estos biólogos están enseñando a migrar a una bandada hacia Cádiz. El País. https://elpais.com/ciencia/2023-09-24/el-regreso-de-los-ibis-estos-biologos-estan-ensenando-a-migrar-a-una-bandada-hacia-cadiz.html
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Ibisak bueltan dira Iberiar penintsulan appeared first on Zientzia Kaiera.
Doitasun handiko grafeno-nanozintak sintetizatzeko metodo berri bat garatu dute
Grafeno-nanozintak ekoizteko metodo berri bat garatu dute, doitasunari zein luzerari dagozkien marka guztiak hausten dituena. UPV/EHUko POLYMAT zentroari atxikitako Ikerbasqueko ikertzaile Aurelio Mateo Alonso irakaslearen ikerketa-taldeko kideek, Polimeroen Ikerketarako Max Planck Institutuko (Alemania) eta Aveiroko Unibertsitateko (Portugal) ikertaldeak parte hartu dute ikerketan. Artikulua Chem aldizkarian argitaratu dute.
Grafenoaren aurkikuntzak aukera ugari zabaldu ditu material berrien garapenari dagokionez. Grafenoa tamaina nanometrikoko zintetan mozten denean (grafeno-nanozintak), propietate elektriko eta magnetiko desberdinak dituzten materialak lor daitezke, zinten ertzak ebakitzeko moduaren nahiz zinten zabaleraren eta luzeraren arabera.
Irudia: grafenoz-nanozinta sintetizatuen egitura eta propietate optoelektronikoak. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)Horren harira, garrantzi handikoa da grafeno-nanozintak doitasun atomikoarekin ekoizteko moduko metodoak garatzea, horien aplikazio potentzialak garatze aldera. Material berri horiei esker, gailu elektroniko eta espintronikoak miniaturizatu ahal izango dira, eta hau funtsezkoa da elektronikaren zein konputazio kuantikoaren arloko teknologia berriak garatu ahal izateko.
UPV/EHUko POLYMAT, Polimeroen Ikerketarako Max Planck Institutua (Alemania) eta Aveiroko Unibertsitatea (Portugal) tarteko dituen ikertzaile-talde batek grafeno-nanozintak sintetizatzeko metodo berri bat garatu du, doitasunari zein luzerari dagozkien marka guztiak hautsiz. Metodo berri honek 2 nanometroko nanozinta osagarriak konbinatu ditu, Legoko piezak balira bezalaxe, erabateko doitasun atomikoa duten 36 nanometroko nanozintak sortzeko.
Zintak zenbat eta luzeagoak izan, orduan eta eroankortasun elektriko handiagoa dute, eta honek eraginkortasun handiagoko gailu elektroniko berrien garapena ekar lezake. Gainera, argia xurgatu eta igortzeko ezohiko propietateak dituzte, puntu kuantikoenak baino dexente handiagoak, eta ondorioz, grafeno-nanozintak energian, LED teknologian, medikuntza-irudian eta beste eremu batzuetan aplika litezke etorkizunean.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Aurrerapen berriak doitasun handiko grafeno-nanozinten diseinuan.
Erreferentzia bibliografikoa:Dubey, Rajeev K.; Marongiu, Mauro; Fu, Shuai; Wen, Guanzhao; Bonn, Mischa; Wang, Hai I.; Melle-Franco, Manuel; Mateo-Alonso, Aurelio (2023). Accelerated iterative synthesis of ultralong graphene nanoribbons with full atomic precision. Chem. DOI: 10.1016/j.chempr.2023.06.017
The post Doitasun handiko grafeno-nanozintak sintetizatzeko metodo berri bat garatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #459
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
ZoologiaTxinpantzeek ere menopausia badutela frogatu dute. Ugandako Kibale Parke Nazionaleko txinpantze emeak aztertu ondoren iritsi dira ondorio horretara. Izan ere, ikusi dute eme horiek bataz beste haien bizitzaren % 20 ematen dutela bizirik, ugaltzeko gaitasuna galdu ondoren. Orain arte gizakian eta itsas ugaztun batzuetan soilik ezagutzen zen menopausia. Txinpantzeen kasuan, ordea, ikusi da ez dela “amonaren hipotesia” betetzen menopausiaren arrazoia azaltzeko. Hau da, menopausia duten emeek ez dute loturarik beren alabekin, ezta haien kumeekin ere. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Marmoka espezie txiki bat ikasteko gai dela frogatu du ikertzaile talde batek, nerbio-sistema oso sinplea izan arren. Tripedalia cistophora da espeziea, eta Karibeko mangladietan bizi da. Mangladietako sustraien ondoan elikatzen dira baina horiek arriskutsuak izan daitezke marmokentzat. Sustraietara hurbiltzean buelta ematen dute marmokek, eta ikertzaileek ikusi dute kontrastea erabiltzen dutela distantziak ebaluatzeko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Garatutako garunik gabe ere ikasteko aukera dago.
ArkeologiaNeolito Aroko gerrate baten zantzuak aurkitu dituzte San Juan ante Portan Latinam Guardiako aztarnategian, Araban. Bertan, 338 pertsonen arrastoak topatu zituzten, horietatik asko indarkeria-zantzuekin. Orain hezurrak aztertu dituzte, eta gehiengoa mutil gazteak edo gizon helduak direla. Hortik ondorioztatu dute gerrate baten biktimak izango ziratekeela, eta halako borroketan parte hartzen zutenak mutilak eta gizonak zirela. Aztarnategi honetan aurkitutakoa Neolito Berantiarrean Europa osoan dokumentatutako indarkeriazko gertakari handiena da. Datuak Elhuyar aldizkarian eta Alea aldizkarian topatu daitezke.
AstrofisikaProba matematiko batek zulo beltzen eraketaren inguruko muga berriak ezarri ditu. Zehazki, frogatu dute kuboaren tamainarekin alderatuta materiaren kontzentrazioa handia den espazioko lekuren batean kuboa aurkitu badaiteke, orduan harrapatuta dagoen gainazal bat sortuko dela. Horrela, proba horrek materiaren kontzentrazioan soilik oinarrituta zulo beltzen presentzia zehaztu ahal izateko aukerak ematen ditu. Gainera, ziurtatu dute zulo beltzek lau, bost, sei edo zazpi dimentsio espazialekoak izan daitezkeela. Azalpenak Zientzia Kaieran.
AstronomiaNahúm Méndez geologo planetarioak Marteko karkaben eta zeihartasun zikloaren arteko erlazioa azaldu du Zientzia Kaieran. Zeihartasuna esaten zaio planeta baten errotazio ardatzaren inklinazioari orbita planoari dagokionez. Marteren zeihartasuna oso aldakorra da, 10º-tatik 40º izatera pasatzen baita ardatza momentuaren arabera. Beste aldean Marteko karkabak ditugu, eta zientzialariak horien jatorria ulertzen saiatzen ari dira. Bada, ikerketa berri batek iradoki du, planetaren zeihartasuna 35 °C ingurukoa denean, baldintza egokiak egon daitezkeela poloetako izotza urtzeko eta ura azalean egonkor mantentzeko. Horrek higadura-prozesuak sortuko lituzke, eta, ondorioz, karkabak.
ArgitalpenakEgoitz Etxebeste Adurizek emakume zientzialarien istorioen bilduma argitaratu zuen 2021ean, Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira izenburupean. 19 protagonista ditu liburu honek, besteak beste, Sophie Germain, Mary Somerville edo Eunice Foote. Emakume horien esperientziek agerian uzten dute zenbat arazori egin behar izan zioten aurre, eta zenbatetan gutxietsi zuten haien lana. Liburu honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakurri daiteke.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #459 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #467
Zahartzeak ez ditu desabantailak bakarrik ekarriko. Can older adults anticipate words better than younger adults?, Victoria Cano Sánchez eta Patricia Fuente García.
Atmosferaren energiaren aldaketek atmosferak ozeanora transferitzen duen energiari eragiten diote azkenean, eta, horrek, itsas korronteei eragiten die, eta, horrek, eragina du kliman… Energy input into the ocean from mid-latitude storms is expected to decrease
Einsteinek berak ere bazekien. Erlatibitate orokorrak ageriko mugak ditu eta hori gaindituko duen teoria bat behar da. Why Einstein must be wrong, Valerio Faraoniren eta Andrea Giustiren eskutik.
European Spallation Source martxan jartzen denean, partikulen fisikako komunitateak ez du jakingo nora jo horrenbesteko aukerekin. DIPCko jendea badabil horretan. European Spallation Source, at the forefront of particle physics with neutrons and neutrinos.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #467 appeared first on Zientzia Kaiera.
Fusio hotza
Zientzian ere bada «zientzia patologikoa» deritzona. Zientzia hori ondo egiten ari direla uste duten baina beren burua engainatzen ari diren pertsonek egiten dute.
Horren adibide da 1989ko martxoaren 23an daukagu: isilpean urte askoz lan egin ondoren, Stanley Pons eta Martin Fleischmann estatubatuarrek prentsaurreko batean iragarri zuten fusio-erreakzio nuklearrak lortu zituztela giro-tenperaturan. Aldez aurretik beharrezkoak ziren baldintza garesti eta zailei aurre egingo liekeen balentria zen hura.
Iragarkiak munduari bira eman zion. Asmakizun hark energia-arazoak modu ekonomiko eta iraunkorrean konpon zitzakeen. Baina mundu osoko zientzialariak esperimentua erreplikatzen hasi zirenean, batek ere ez zuen fusio nuklearrik lortu.
UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Fusio hotza appeared first on Zientzia Kaiera.
Zientziaren izarrak
Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira (2021) liburuan, Egoitz Etxebeste Adurizek emakume zientzialarien istorioen bilduma argitaratu du, emakume aitzindari eta borrokalariei ahotsa ematen.
Irudia: Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira liburuaren azala. (Iturria: Elhuyar fundazioa)Emakume horien lekukotzak agerian uzten du zenbatetan gutxietsi zuten haien lana, eta zenbat arazori egin behar izan zioten aurre. Hori dena, Etxebesteren estilo pertsonalean kontatuta, Manu Ortega marrazkilariaren marrazkiez horniturik.
Benetako izarrak izan arren, itzalean geratu ziren zientziaren 19 izar ditu protagonista liburu honek. 19 emakumezko zientzialarik ekin zioten bideari. Sophie Germain, Mary Somerville, Eunice Foote, Nettie Stevens, Berenice Abbott edo Dorothy Crowfoot eta beste hainbat emakume dira protagonistak. Eredugarri izateaz gain, mota guztietako zientzialariek gozatzeko aukera izan dezaten.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira
- Egilea: Egoitz Etxebeste Aduriz
- ISBN: 978-84-947451-4-0
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2021
- Orrialdeak: 92 or.
Elhuyar fundazioa: Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira
The post Zientziaren izarrak appeared first on Zientzia Kaiera.
Marteko karkabak eta zeihartasun zikloak
Termino batzuek a priori geologiarekin harreman txikia izan dezaketela eman dezake –zentzu hertsian, bederen–, baina, adibidez, planeta bateko klima baldintzatzeko gai dira, eta horrekin batera, haren kanpo dinamika, higadura prozesu eta prozesu deposizionaletan arrastoa utziz, Lurra, Marte edo beste planeta baten historia klimatikora haren geomorfologiaren edo sedimentologiaren bitartez hurbiltzeko aukera izateraino. Gaur landuko dugun hitza zeihartasuna da; hau da, planeta baten errotazio ardatzaren inklinazioa orbita planoari dagokionez. Esan dezakegu angelua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta muturrekoagoak izango direla urtaroak, nahiz eta planetaren eremu bakoitzak bere berezitasunak izan.
Pentsa genezake planetek egonkor eusten diotela denboran errotazio ardatzaren inklinazio horri; egiari zor, ordea, hori ez da horrela. Ziklo batzuetan balio hori aldatzen joaten da zeihartasun handieneko eta txikieneko uneen artean. Gure planetan, aldaketa horiek nahiko txikiak dira –22,1º eta 24,5º artean–, baina Marten, zeihartasuna batzuetan 10º inguruko balioetan egon daiteke zeihartasun baxuko aldietan, eta, beste batzuetan, ardatza 40º-tik gora inklinatzen da.
1. irudia: Marteko zeihartasun ziklo muturrekoak nolakoak izan daitezkeen azaltzeko irudia. Egun, goiko ezkerreko irudiaren antzeko egoeran egongo litzateke. (Iturria: NASA/JPL-Caltech.)Martek zeihartasun handiena izango zukeen uneak ezin hobeak izango ziratekeen poloen masa handia transferitzeko atmosferara. Hau da, poloetako gordailu horietan izotza eratzen ari den karbono dioxidoaren zati bat sublimatzen amaitzeko eta presio atmosferikoa igoarazteko (egungo presio atmosferikoa bikoizten duten balioetara iritsi zitekeen). Horren ondorioz, tenperatura altuagoetara iritsiko zen, bai eta gainazaleko ur likidoa izateko egonkortasun baldintza hobeak izatera ere.
Itzul gaitezen, ordea, geologiara. Marten, hainbat sakan txiki agertzen dira, gure planetan karkaba deitzen diegunak. Lurrean, maldadun eremuetan euriaren higaduragatik eratu ohi dira, uraren indarrak eta, batzuetan, materialen konpetentzia eskasak –edo baita kontsolidatutako materialen proportzio txiki bat ere– ebakidura bat gertatzea eta materialak hegalean behera garraiatzea ahalbidetzen du.
2. irudia: Lurreko karkabak, kasu honetan Guadalajara probintzian. (Iturria: Informazio Geografikoaren Zentro Nazionala (CNIG).)Gainera, Marten behatutako karkaba horietako batzuk denbora geologikoan nahiko berriak ematen dute; hori hautematen da forma ondo kontserbatzen dutelako, ez dituztelako aldatu beste prozesu batzuek eta ez dutelako inpaktu krater handirik. Nolanahi ere, egungo baldintzek ez badute ahalbidetzen ur likidorik egotea gainazalean –ez behintzat karkaba berrienak sortzeko lekuetan eta kantitatean–, nola sortuko ziren?
Azterlan batzuek iradokitzen zuten karbono dioxidozko izotzak eratuta egongo liratekeela, eta haren sublimazioan –solidotik gas egoerara igarotzea, likidotik igaro gabe– eragingo zela materialak – edo azpian dituztenak– desegonkortzea eta hegalean behera erortzea, batzuetan gas egoerako karbono dioxidoak berak lagunduta, errazago garraiatzeko aukera emango lukeen “lubrifikatzaile” gisa balioko bailuke. Mekanismo hori funtzionala izan daiteke gaur egun ere, bereziki Marteko udaberrian eta udan, Eguzkiak argiztatutako hegaletan.
Prozesu hau denboran errepikatzen denean, ikusten ditugun karkabak sortzen dira, eta hala deskribatzen dute Pilorget et al.-en (2016). Esan dezakegu higadura “lehorrean” gertatzen dela; izan ere, ura ez da beharrezkoa karkabak sortzeko. Hala ere, gaur egun, planeta gorria behatu eta gainazalean gertatzen diren aldaketak aztertzeko aukera izan dugun bitartean, behintzat, karkabetan ez dago jarduera nabarmenik; hortaz, Marteren historiako beste une batzuetako herentzia izan daiteke, egungo modelatuaren irudikapena baino.
Artikulu honetan soilik mendi batzuetako hegaletan eta kraterretan agertzen diren karkabak hartu ditugu kontuan. Karkaba horiek, dirudienez, jatorri desberdina dute eremu polarretako dunetan sortzen direnekin alderatuta; izan ere, eragile higatzailea urtaro zikloen ondoriozko karbono dioxidoa besterik ez dela dirudi. Horiek egungo klimaren adierazgarri dira.
Science aldizkarian Dickson et al.-ek (2023) argitaratutako azterlan berri bati esker ura berriro ere jopuntuan jarri da, karkabak sortzeko eragile gisa. Gaur egun, Marteren errotazio ardatzaren inklinazioa kontuan hartzen badugu, karkabak dauden guneetan ez dira beharrezko presio eta tenperatura baldintzak betetzen gainazaletik hurbil dauden erregolitoetan edo biltegi geologikoetan dagoen ur izoztua urtzeko, eta, hortaz, ura hegalean behera joatea ahalbidetzeko. Baina planetaren zeihartasuna 35 °C inguruan dagoenean, baldintza egokiak izango lirateke izotza urtzeko eta ura azalean egonkor mantentzeko, higadura-prozesuak sortzeko eta behatzen ditugun sedimentuak metatzeko behar beste denbora egon dadin.
3. irudia: Karkabak Marten, HiRISE tresnari esker jasota. Irudiaren malda ezkerretik (altuena) eskuinera (baxuena) joango litzateke. Halaber, karkaben bukaeran hainbat “abaniko” agertzen dira, urak eramandako materialen ondorioz. (Iturria: NASA/JPL-Caltech/UArizona.)Ondorio horretara iristeko, zientzialariek eredu klimatiko bat garatu dute. Bertan, karkaba berrienen kokapena markatu dute eta aldi berean sortzeko zein unetan eta zein baldintzaren arabera sor daitezkeen aztertu dute; hori oso argi azaldu daiteke Marteko zeihartasun zikloen bidez. Izan ere, karkabak sortzeko prozesu horiek azken milioi urteetan errepikatu zitezkeen, eta baliteke azkenekoz duela 630.000 urte gertatu izana.
Aurkikuntza horrek ondorio ugari ditu. Lehenengoa planeten ustiapenari lotuta dago; izan ere, izotz deposituak aztertzeko aukera izan genezake. Halaber, astrobiologiari dagokionez, ur likidoa –gutxitan bada ere– oso garrantzitsua izan daiteke Marten egon daitekeen bizitzarako, halakorik egotekotan. Gainazalean ur likidoa dagoen tarte hori zubi moduko bat izan daiteke baldintza hotz eta lehorren eta planetako espazio bizigarrien tartea handitzen dutenen artean.
Hala ere, zalantzarik gabe, ikerketa honek agerian uzten du oso zaila dela geologia interpretatzea Lurretik haratago. Horregatik, hain zuzen ere, diziplinarteko hurbilketa egitea beharrezkoa da, Eguzki Sistemako planeten eta bestelako elementuen historia ulertzeko.
Erreferentzia bibliografikoak:- Dickson, James L.; Palumbo, Ashley M.; Head, James W.; Kerber, Laura; Fassett, Caleb I.; Kreslavsky, Mikhail A. (2023). Gullies on Mars could have formed by melting of water ice during periods of high obliquity. Science 380, 6652, 1363-1367. DOI: 10.1126/science.abk2464
- Dickson, James L.; Head, James W. (2009). The formation and evolution of youthful gullies on Mars: Gullies as the late-stage phase of Mars’ most recent ice age. Icarus 204, 1, 63-86. DOI: 10.1016/j.icarus.2009.06.018.
- Dundas, Colin M.; Diniega, Serina; Hansen, Candice J.; Byrne, Shane; McEwen, Alfred S. (2012). Seasonal activity and morphological changes in martian gullies. Icarus, 220, 1, 124-143. DOI: 10.1016/j.icarus.2012.04.005
- Dundas, Colin M.; McEwen, Alfred S.; Diniega, Serina; Hansen, Candice J.; Byrne, Shane; McElwaine, Jim N. (2019). The formation of gullies on Mars today. Geological Society, London, Special Publications 467, 1, 67-94. DOI: 10.1144/SP467.5
- Treiman, Allan H. (2003). Geologic settings of Martian gullies: Implications for their origins. Journal of Geophysical Research, 108, E4, 8031. DOI: 10.1029/2002JE001900
- Pilorget, C.; Forget, F. (2016). Formation of gullies on Mars by debris flows triggered by CO2 sublimation. Nature Geoscience 9, 1, 65-69. DOI: 10.1038/ngeo2619
Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko uztailaren 24an: Las cárcavas marcianas y los ciclos de oblicuidad.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Marteko karkabak eta zeihartasun zikloak appeared first on Zientzia Kaiera.
Garatutako garunik gabe ere ikasteko aukera dago
Nerbio sistema oso sinplea izan arren, marmoka espezie txiki bat ikasteko gai dela frogatu du ikertzaile talde batek.
Zaila da atzean dagoen arrazoia argitzea, baina, egiari zor, gizakiari ez zaio gelatina gustatzen. Munstroak irudikatzean, askotan itxura hori eman zaie, adurrez eta elementu likatsuez osatuaz. Filmetan ere, beldurra eta higuina eragin nahian, horiei askotan soinu berezia eransten zaie, platerean tomate gehiegi duten makarroi horiek mugitzean egiten duten soinu berdinarekin.
1. irudia: Tripedalia cistophora espeziea Karibeko mangladietan bizi da, eta tentu handiz ibili behar da ehizatzen ari denean, sustraien kontrako talkak saihestu aldera. (Argazkia: Jan Bielecki)Baina, hala ere, gorputz likatsua izateak abantaila nabarmenak ditu, batez ere uretan bizi izaten denean. Marmoken kasua da. Besteak beste, sinpletasuna. Proteina bakar batzuk antolatu, polisakarido batzuekin osatu, eta, hara! Organismo bat eraiki dugu. Organismo urtsu bat, egia esanda. Botilaratutako ura saltzen duten enpresek esan ohi dute gizakiok ur garela, eta, horretan bederen, arrazoia eman behar zaie: kalkulatzen da gure organismoaren %65 ur dela. Baina marmokek muturrera eraman dute hau: %95 ur dira. Richard Conniff idazlearen hitzetan, marmokak funtsean “antolatuta dagoen itsasoko ur” dira. Hortaz, elikagaia soberan dagoenean, arin hazi daitezke, baina aise har dezakete kontrako norabidea ere, behi meheen garaia iristen bada. Hainbeste ur izanda, flotagarritasuna nahieran erabili dezakete, ur zutabean gora eta behera egiteko.
Gelatinan oinarritutako egitura honek marmokei eta beren antzeko organismori ahalbidetu die duela 500 milioi inguru urtetik baino gehiagotik planetan irautea. Dudarik ez dago hori arrakasta ebolutibo baten adierazle dela. Halere, denak ez dira abantailak. Gehienetan ozeanoan talka egiteko arrisku gutxi dago, baina, adibidez, arrisku honetaz ez dira libratzen mangladien artean ehiza egiten duten marmokak. Tripedalia cistophora espeziearen kasua da. Karibeko mangladietan bizi diren tamaina txikiko marmoka hauek —azazkal baten tamainakoak, hain zuzen— elikatzeko zooplaktonaren parte diren kopepodo ñimiñoak bilatzen dituzte mangladietan.
Horiek atzemateko, 24 begiz osatutako ikusmen sistema daukate kubozooen klasearen parte diren animaliatxo pozoitsu hauek. Kanpaiaren beheko aldean dauden puntu beltz horiek rhopalia izena dute, eta, begiak baino, animaliaren ikusmen sentsoreak direla esan daiteke. Horietako batzuk besteak baino garatuago daude, ikusmen ahalmenak emanez.
Kontua da mangladien sustraiak arriskutsuak izan daitezkeela marmoka txikientzat, hain justu, gorputz likatsu oso leunak dituztelako. Hortaz, sustraietara hurbiltzean buelta eman behar dute, minik ez hartzeko. Hori dela eta, ehiza egiteko eta, aldi berean, sustraien kontra talka eginez ez hiltzeko, oso koordinazio ona garatu behar dute. Gertuegi hurbilduz gero, hil daitezke. Baina gerturatzen ez badira, ezingo dute elikatu. Beraz, distantziak ondo kalkulatzea hil ala biziko kontua da animalia hauentzat.
Bada, halako portaera behatuta, zientzialari talde bat konturatu da hori soilik ikasketa prozesu baten ondorioa izan daitekeela. Current Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dute ikasitakoa.
2. irudia: marmokaren kanpaian dauden puntu beltzek rhopalia izena dute. Ingurunea hautemateko ez ezik, zientzialariek uste dute ikasketa zentro baten modura funtzionatzen dutela. (Argazkia: Jan Bielecki)Behaketa laborategian egin dute, naturaren baldintzak errepikatzen ahalegindu den esperimentu batean. Horren bitartez behatu dutenez, marmokatxoei nahikoa zaie hiru edo bost maniobra iheskorretan huts egitea beren portaera aldatzeko eta sustraien kontra ez jotzeko. Diotenez, ozpin-euliek edo arratoiek egiten duten huts egite kopuru berdina egiten dute ikasi baino lehen. Behaketa soilean ez ezik, elektrofisiologiaren eta baldintzapen klasikoko bestelako esperimentuen bitartez ere berretsi dute marmoek benetan ikasi izan dutela.
“Gure esperimentuek erakusten dute marmokek kontrastea erabiltzen dutela distantziak ebaluatzeko; hots, sustraiak urarekiko noraino ilunak diren [kalkulatzen dute]. Horrek ahalbidetzen die une egokian igerian atzera egitea”, adierazi du Kopenhageko Unibertsitateko Anders Garm neurobiologoak. Baina esanguratsuena da distantziaren eta kontrastearen arteko erlazioa aldatuz doala egunaren arabera, euriko uraren, algen eta olatuen jarduna aldatzen diren heinean. Hots, egile hauen arabera, ikertu dituzten marmokek egoerari buruzko ikasketa bat egiten dute. Zenbait inpresio lerrokatzen direnean, marmokak gai dira horien artean lotura bat dagoela ikasteko. Diotenez, marmokak dituen rhopalia edo begiak ikaste zentrotzat ere har daitezke.
Honetan, gakoa da beti uste izan dela marmokak adimen gutxiko animaliak direla. Izan ere, gero eta nerbio sistema garatuagoak eduki, orduan eta ikasteko potentzial gehiago dute animaliek. Mila bat nerbio zelula baino ez izanda —alde nabarmena gizakien garunak dituen 100.000 milioi neuronei konparatuta—, eta garunik gabeko animaliak izanik —ez behintzat garun zentralizatua, beste animalia askok dutenaren parekoa—, marmokek ikasteko gaitasun gutxi dutela uste izan da, beren ikasketa ahalmena oso gauza sinpleetara mugatuz. Funtsean, jarraian jasotzen den estimulu baten aurrean ohitzeko baino ez zirela gai pentsatu izan da orain arte. Baina Garmek uste du egindako akatsetatik ikasteko gai direla, bai eta horren ondorioz beren portaera aldatzeko ere. Horrek esan nahi du marmoka espezie honek bederen ikasketa asoziatiboa egiten duela.
Ikasketa ez-asoziatiboaren bitartez, estimulu bakar bat errepikatzen denean ikasten da. Izenak dioen bezala, ez da zertan estimulu hori ezerekin lotu. Errepikapenaren ondorioz, ohitu gaitezke, ala, kontrara, sentsibilizatu gaitezke. Horregatik, etxean txakurra dutenek ez dute inoiz beren txakurraren usainik nabaritzen. Soberan ohitu dira. Ikasketa asoziatiboan, berriz, seinale bakoitza portaera jakin bati lotuta dago modu fidagarrian. Patata frijituen poltsa ireki eta berehala, hor azaltzen da berehalakoan txakurra, zintzo-zintzo, soinu horren ostean zerbait erori daitekeela jakitun.
“Ohiko garun zentralizatu beharrean T. cistophora-k nerbio sistema zentral sakabanatuta duenez, gure lan honek zalantzan jartzen du zirkuitu ikasketa asoziatiboak neuronal konplexuak behar dituelako nozioa”, laburbildu dute zientzia artikuluan. Neurozientziarentzat garrantzi handiko aurkikuntza dela babestu dute ikertzaileek, “nerbio sistema sinple batekin egin daitekeenari buruzko perspektiba berria” ematen duela iritzita.
Ikasketan eta memorien eraketan parte hartzen duten zelula zehatzak identifikatzea jarri dute ikertzaile hauek hurrengo erronka gisa. Ondoren, argitu beharko dute ikasketa mekanismo hau marmoketara mugatzen ote den, ala beste animalietan ere antzeko prozesuak gertatu ote daitezkeen.
Erreferentzia bibliografikoa:Bielecki, Jan; Dam Nielsen, Sofie Katrine; Nacham, Gösta; Garm, Anders (2023). Associative learning in the box jellyfish Tripedalia Cystophora. Current Biology, 33, 4150–4159. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2023.08.056
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Garatutako garunik gabe ere ikasteko aukera dago appeared first on Zientzia Kaiera.
Proba matematiko batek zulo beltzen eraketaren inguruko muga berriak ezarri ditu
Mende erdi batez, zulo beltz bat existitzeko egoera zehatzak zehazten saiatu dira matematikariak. Lan berri batek erakutsi du nola lagun dezakeen kubo batek galdera horri erantzuten.
Zulo beltzaren nozio modernoa gurekin egon da 1916ko otsailetik, Albert Einsteinek bere grabitatearen teoria azaldu eta hiru hilabetera. Orduan, Karl Schwarzschild fisikariak, Lehen Mundu Gerran Alemaniako armadan izandako borroken erdian, artikulu bat argitaratu zuen, inplikazio harrigarriekin: eremu guztiz esferiko baten barruan (“Schwarzschilden erradioak” mugatua) masa nahikoa gordetzen bada, ezerk ezin du ihes egin horrelako objektu baten grabitazio erakarpen bizitik, ezta argiak berak ere. Esfera horren erdian berezitasun bat dago, non dentsitatea infinitura hurbiltzen den eta ezaguna den fisika errailetik irteten den.
1. irudia: duela 51 urteko aierua baten arabera, materia neurri jakin bateko uztai batean konprimatzen bada, zulo beltz bat sortuko da ziurrenik. (Ilustrazioa: Allison Li. Iturria: Quanta Magazine)Ordutik 100 urte baino gehiago igaro dira, eta fisikariek eta matematikariek objektu enigmatiko horien propietateak aztertu dituzte, teoriaren eta esperimentazioaren ikuspegitik. Horregatik, harrigarria izan daiteke hau entzutea: «espazioko eskualde bat hartzen badugu bertan sakabanatutako materia pila batekin eta fisikari bati galdetzen badiogu ea eskualde horrek kolapsatuko lukeen zulo beltz bat osatzeko, oraindik ez ditugu galdera horri erantzuteko tresnak» (Marcus Khuri, Stony Brook Unibertsitateko matematikaria).
Ez da etsi behar. Khurik eta hiru kidek (Ikasketa Aurreratuen Institutuko Sven Hirsch-ek, Michigango Estatu Unibertsitateko Demetre Kazaras-ek eta Kaliforniako Unibertsitateko (Irvine) Yiyue Zhang-ek) artikulu berri bat argitaratu dute, materiaren kontzentrazioan soilik oinarrituta zulo beltzen presentzia zehaztu ahal izatera hurbiltzen gaituena. Gainera, artikuluak erakusten du matematikoki dimentsio handiagoko zulo beltzak egon daitezkeela (lau, bost, sei edo zazpi dimentsio espazialekoak), lehen ziurtasunez baieztatu ezin zena.
Artikulu berria testuinguruan jartzeko, 1964ra atzera egitea merezi du. Urte horretan, Roger Penrose berezitasun teoremak aurkezten hasi zen, eta 2020ko Fisikako Nobel Sariaren zati bat eman zioten horregatik. Penrosek frogatu zuen ezen, baldin eta espaziodenborak harrapatuta dagoen gainazal itxi deitzen zaion zerbait badu (kurbatura hain handia duen gainazal bat, non ateratzen den argia inguratu eta barrurantz biratzen den), orduan berezitasun bat ere izan behar duela.
Sekulako emaitza izan zen, Penrosek geometriaren eta topologiaren tresna berri eta indartsuak ekarri zituelako zulo beltzen eta Einsteinen teoriaren beste fenomeno batzuen azterketara. Baina, hasteko, Penroseren lanak ez du zehatz-mehatz azaltzen zer behar den harrapatuta dagoen gainazal itxi bat sortzeko.
2. irudia: Kip Thorne 1972an, “uztaiaren aierua” aurkeztu zuen urte berean. (Iturria: Wikimedia Commons)1972an, Kip Thorne fisikariak pauso bat eman zuen norabide horretan, uztaiaren aierua formulatu zuenean. Thornek aitortu zuen objektu ez-esferiko bat (Schwarzschilden ahalegin aitzindarietan ustezko simetriarik ez zuena) zulo beltz batean kolapsatu egingo ote litzatekeen zehaztea askoz zailagoa zela eta bere gaitasunetatik harago zihoala. (Thornek 2017ko Fisikako Nobel Saria irabazi zuen). Hala ere, bere aieruak arazoa hobeto maneiatzeko modukoa bihur zezakeela sentitzen zuen. Oinarrizko ideia da, lehenik eta behin, objektu jakin baten masa zehaztea eta, hortik abiatuta, objektuak egokitu behar duen uztai baten erradio kritikoa kalkulatzea (uztaia nola orientatuta dagoen kontuan hartu gabe), zulo beltz bat sortzea saihestezina izan dadin. Gerri inguruan doitzen den hula-hoop batek, 360 gradu biratuz gero, gorputz osora egokitu daitekeela frogatzea bezala litzateke, oinak eta burua barne. Objektua egokitzen bada, kolapsatu egingo da eta zulo beltz bihurtuko da.
«Uztaiaren aierua ez dago ondo definituta», dio Kazarasek. «Thornek idazkera lausoa erabili zuen nahita, beste batzuek adierazpen zehatzagoa emango zutelakoan».
1983an, Richard Schoen eta Shing-Tung Yau matematikariek uztaiaren aieruaren bertsio garrantzitsu bat aurkeztu zuten, gerora zulo beltzaren existentziaren teorema deitua. Schoen eta Yauk frogatu zuten (argudio matematiko argi batean) zenbat materia metatu behar den bolumen jakin batean, harrapatuta dagoen gainazal itxi bat sortzeko behar den espaziodenbora kurbatura eragiteko.
Kazarasek Schoen-Yauren lana goraipatzen du bere originaltasun eta orokortasunagatik; bere teknikak agerian utz lezake materiaren edozein konfigurazio, simetria kontsiderazioak alde batera utzita, zulo beltz bihurtzera bideratuta dagoen. Baina haien ikuspegiak eragozpen handi bat du. Espazioko eskualde jakin baten tamaina neurtzeko modua (barruan sar zitekeen toruaren erradioa edo donut lodiena zehaztuz), behatzaile askorentzat, “gogaikarria eta ez oso intuitiboa” da, dio Kazarasek, eta, beraz, ez da oso praktikoa.
Artikulu berriak beste aukera bat eskaintzen du. Schoen eta Yauren berrikuntza nagusietako bat Pong Soo Jang fisikariak asmatutako ekuazio bat, jatorrian zulo beltzekin zerikusirik ez zuenak, espazioko zenbait puntutan «lehertu» (infinitura iritsi) daitekeela aitortzea izan zen. Harrigarria bada ere, lehertzen den lekua bat dator harrapatuta dagoen gainazal itxi baten kokapenarekin. Beraz, gainazal hori aurkitu nahi izanez gero, lehenik Jangen ekuazioa infinitura non iristen den jakin behar da. “Bigarren hezkuntzan, askotan, zero ematen duen ekuazio bat ebazten saiatzen gara”, azaldu du Columbiako Unibertsitateko Mu-Tao Wang matematikariak. «Kasu honetan, [Jangen] ekuazioa ebazten saiatzen ari gara, erantzuna infinitua izan dadin».
Hirsch, Kazaras, Khuri eta Zhang ere Jangen ekuazioan oinarritzen dira. Baina toru batez gain, kubo bat erabiltzen dute, asko deforma daitekeen bat. Ikuspegi hori “Thorneren ideiaren antzekoa da, ohiko uztai zirkularren ordez uztai karratuak erabiltzen baititu”, dio Khurik. Mikhail Gromov matematikariak garatutako “kuboaren berdintasun ezan” oinarritzen da. Erlazio horrek ontziaren tamaina espazioaren kurbadurarekin lotzen du haren barruan eta inguruan.
Artikulu berriak erakusten du kuboaren tamainarekin alderatuta materiaren kontzentrazioa handia den espazioko lekuren batean kuboa aurkitu badezakezu, orduan harrapatuta dagoen gainazal bat sortuko dela. «Neurri hori askoz errazagoa da egiaztatzeko» toru bat erabiltzen den neurri bat baino, dio Miamiko Unibertsitateko Pengzi Miao matematikariak, «kalkulatu behar duzun guztia kuboaren muturreko bi aldeen arteko distantzia delako».
Matematikariek ere eraiki ditzakete donutak (toruak) eta kuboak neurri handiagoetan. Zulo beltzen existentziaren froga espazio horietara zabaltzeko, Hirsch eta haren kideak 1983ko Schoen eta Yauren artikuluaren ondorengo lau hamarkadetan garatu diren ezagutza geometrikoetan oinarritu ziren. Taldeak ezin izan zuen zazpi dimentsio espazialetatik harago joan, emaitzetan berezitasunak agertzen hasi zirelako. «Berezitasun horiek konpontzea gatazka puntu komuna da geometrian», azaldu du Khurik.
Hurrengo urrats logikoa, gaineratu du, zulo beltz baten existentzia frogatzea da “masa ia lokal” batean oinarrituta, materiatik zein grabitazio erradiaziotik datorren energia barne hartzen duena, materiatik bakarrik etorri beharrean. Ez da lan erraza, hein batean ez dagoelako masa ia lokalaren definizio unibertsalki onarturik.
Bitartean, beste galdera bat sortzen da: hiru dimentsio espazialeko zulo beltz bat sortzeko, hiru norabideetan konprimatu behar al da objektu bat, Thornek behin eta berriz esan zuen bezala, edo nahikoa izan al daiteke konpresioa bi norabidetan edo are bakar batean egitea? Froga guztien arabera, Thorneren baieztapena egia da, dio Khurik, baina oraindik ez dago frogatuta. Izan ere, duela mende bat baino gehiago soldadu alemaniar baten ohar koadernoan lehen aldiz agertu zen zulo beltzaren kontzeptuaren inguruan sortu diren galdera ireki ugarietako bat baino ez da.
Jatorrizko artikulua:Steve Nadis (2023). Math Proof Draws New Boundaries Around Black Hole Formation, Quanta Magazine, 2023ko abuztuaren 16a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Proba matematiko batek zulo beltzen eraketaren inguruko muga berriak ezarri ditu appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #458
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
MedikuntzaEsofagitis eosinofilikoa diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzailea garatu dute Biodonostiako, Tomellosoko Ospitale Orokorreko, Ikerbasqueko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek. Gaixotasun horren ezaugarri nagusia esofago edo hestegorriaren hantura kronikoa izatea da. Gaixotasun arraroa da, baina gero eta prebalentzia handiagoa du gizartean. Hura diagnostikatzeko metodo erabiliena hestegorriko hainbat puntutan biopsiak hartzea izan da. Orain, ordea, ahotik hartutako laginen bidezko diagnostikoa diseinatu dute. Lagin horietan gaixotasunarekin zerikusia duten biomarkatzaileak bilatuz egiten da. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
IngurumenaItziar Irakulis Loitxate doktoregaia da Valentziako Unibertsitate Politeknikoko ikerketa talde batean, eta Nazio Batuen Erakundean lanean ari da mundu osoko metano isurketak antzematen. Bereizmen handiko satelite irudiak erabiltzen ditu horretarako. Metanoari dagozkio berotegi gasen askapenaren herenak, eta horietatik %20 hidrokarburoetako instalazioek isuritakoak dira. Alderdi horretatik, Irakulisek dio isuriak geratzeko aukera badagoela, baina ekoizpen modua aldatuta. Azalpen guztiak Berrian.
Lindanoa lurzorutik eta zabortegietatik kentzeko konposatu bat sortu berri dute. Lindanoa urte askoan erabili izan da intsektizida gisa, eta konposatu oso toxikoa, iraunkorra eta biometagarria da. Hura lurzorutik kentzeko konposatu berria mikroporoz betea dago, eta lindanoa xurgatzeko gaitasuna du. Gainera, zuzenean erabili daiteke poluitutako lurzoruan, eta lindanoaren % 90etik gora ezabatzen du denbora gutxian. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
EboluzioaIkerketa berri batek iradoki duenez, historiaurrean tamaina handiko animaliak desagertu ziren heinean, gizakiaren arbasoen gaitasun kognitiboak handitu ziren. Azaldu dutenez, animalia txikiagoak ehizatzeko arma berriak eta txukunagoak asmatzeko beharra sortu zen, eta horrek hobekuntza kognitiboa eragin zuen. Bereziki Levallois teknikaren agerpenean jarri dute arreta. Teknika horrek irudikapen maila handiagoa izatea suposatzen du, eta aztertu diren aztarnategietan teknika horren agerpena harrapakin handien arrastoen desagerpenarekin bat dator. Datuak Zientzia Kaieran: Megafaunaren desagerpenak gizakien kognizioa hobetu zuenekoa.
ArkeologiaAtxurrako grabatuak eszenografia eta ikusleak kontuan hartuta egin zituztela frogatu dute IIIPC institutuko ikertzaileek. Kobazulo hori Berriatuan dago (Bizkaia), eta sarreratik 300 metrora eta 4 metroko garaieran dagoen erlaitz batean, duela 14000 urte grabatutako animalien irudiak daude. Ikertzaileek nabarmendu nahi izan dute irudi horiek sortzea prozesu konplexua izan zela: tresna berezi batzuk sortu zituzten, argiztatu egin zuten eremua, eta ikuslearen kokapena irudikatu behar izan zuten, besteak beste. Horrek guztiak iradokitzen du grabatuak egitea ez zela entretenimendu bat, baizik eta gizartean garrantzi handia zuen ekintza zela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
PsikologiaHainbat azterlan ikusi dute nostalgia sentimenduek baikortasuna eragiten dutela, eta prozesua nola gertatzen den ondorioztatu dute. Azaldu dutenez, faktore nagusia autoestimua da; nostalgia sentimenduek autoestimua hobetzen dutela ikusi zuten, eta azken horrek, era berean, baikortasuna areagotzen du. Gainera, ikertzaileen ustez, nostalgiak eragindako autoestimu sentimenduek gure etorkizuneko perspektibak hobetzen lagun diezagukete. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Nostalgiaren bertuteak.
ArgitalpenakNatura gure esku (2022) liburuan, gizakiaren eta ingurumenaren arteko harremanei buruzko gogoeta egiten du Aiora Zabalak. Bizipen pertsonalak ikerketa lanetatik eratorritako ebidentziekin tartekatzen dira bertan, gaurkotasun osokoz. Esan daiteke liburuaren helburua zera dela: irakurleari jakitun egitea posiblea dela larrialdi klimatikoa eta bioaniztasunaren galera bezalako arazoei buruz askatasun eta kreatibitate gehiagorekin pentsatzea eta ekitea. Liburu honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #458 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #466
Irakurtzea ona da arrazoi askorengatik: literatura ona irakurtzen baduzu, kontzentratzeko gaitasuna eta enpatia hobetzen dira, zure hiztegia zabaltzen da eta hizkuntzaren egiturak menderatzen dira, eta gauzak ikasten dituzu. Hau guztia oso ondo dago, baina beste kontu bat da guztiau esperimentalki frogatzea. Juan Trillok azaltzen du Reading for pleasure: As good as expected artikuluan.
Unibertsoaren masa kalkulatu behar duzu? Hemen duzu metodo bat: Fast radio bursts can be used to weigh the Universe.
Posible al da zientzia, adostasunean oinarritzen dena, demokratikoa izatea? Hori zientziaren alorraren araberakoa izango da eta baita zientzia… eta demokrazia zer diren uste dugunaren araberakoa ere. Jesús Zamorak ditu gakoak Too much democracy in democratic science? artikuluan.
Infodinamikaren bigarren legea zuzena bada, ezerk ez luke eragotziko Matrix estiloko ordenagailu bidezko simulazio batean bizitzea: Infodynamics would hint we live in a computer simulation.Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #466 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: zelula
Bizitzaren oinarria osatzen duen unibertso mikroskopiko harrigarrian murgildu da gure kirikiñoak gaurkoan zelulak aztertzen. 1665ean Robert Hooke zientzialariak lehen aldiz zelula hitza erabili zuenetik, hauei buruzko ezagutzak handituz joan dira. Adibidez, Bigarren Mundu Gerraren ostean, mikroskopio elektronikoari esker mitokondrioaren eta zelularen gainontzeko organuluen egitura ezagutu ahal izan zen.
2016. urtean, zientzialarien ustetan gure gorputzean ugarienak diren sei zelula-moten zenbatespen zehatzagoak lortu ziren, guztizkoaren %97 hartzen baitute. Zelulen adinari buruz ere ekartzen digu informazioa gaur Kiñuk. Gure gorputza osatzen duten egitura gehienak adin desberdinetakoak dira: zelula batzuek ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte, eta beste batzuek, berriz, bizitza luzea dute.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: zelula appeared first on Zientzia Kaiera.
Natura gure esku
Gizakiaren eta ingurumenaren arteko harremanei buruzko gogoeta egiten du Aiora Zabalak Natura gure esku (2022) liburuan. Narrazioaren tresneria eta teknika dialogikoak erabiliz, eta bizipen pertsonalak, gaurkotasun osoko gertakizunak eta ikerketa lanetatik eratorritako ebidentziak tartekatzen ditu egileak. Kontakizunaren protagonista ez da, beraz, «gizakia» era abstraktu batean, baizik eta egilea bera edo egilearen tankerako norbait izan daitekeen pertsona gazte bat, gaur-gaurkoa izateagatik eguneroko arazoak bizi dituena, eta haiekiko nola kokatzen duen bere burua azaltzen duena.
Irudia: Natura gure esku liburuaren azala. (Iturria: Alberdania argitaletxea)Liburuak agerian jarri nahi du badagoela, posiblea dela, larrialdi klimatikoa eta bioaniztasunaren galera bezalako arazoei eta haiei dagozkien erabakiei buruz askatasun eta kreatibitate handiagoz pentsatzerik eta, azken batean, ekiterik. Egilearen asmoa ere bada mezu positibo edo baikor bat helaraztea, asko baita, azken finean, norbanakoak –gutariko bakoitzak, alegia– egin dezakeena gizataldeen, enpresen, gobernuen eta, funtsean, gizarte osoaren norabidea eta erabakiak bideratzeko. Literatur erregistroak erabiliz, eta jarduera berdeen jarraibide preskriptiboak alde batera utzita, irakurleak arazo eta irtenbide konplexuei buruz pentsatzeko duen gaitasuna eta gogoa sustatzea du liburu honek helburu. Liburuak hamar kapitulu ditu, sarrera eta amaiera barne. Zortzi kapitulu nagusietan, eguneroko gai banaren inguruan antolatzen dira kontakizuna eta gogoetak. Horrela, solasaldian edo barne bakarrizketan, hainbat eta hainbat gai datoz orrialdeetara, fineziaz jositako narrazio laburren sorta baten tankeran.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Natura gure esku
- Egilea: Aiora Zabala Aizpuru
- ISBN: 978-84-9868-764-4
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2022
- Orrialdeak: 142 or.
Alberdania argitaletxea: Natura gure esku
The post Natura gure esku appeared first on Zientzia Kaiera.
Nostalgiaren bertuteak
Iragana nostalgiaren erreferentzia da, baina haren esparru psikologikoa etorkizunera heda daiteke. Nostalgia sentimenduak unibertsalak dira, eta, gertakari arrunten oroitzapenekin aldetuta, baikortasuna areagotzen dute edo, gutxienez, baikortasun adierazpenak sortzen dituzte.
Irudia: iragana nostalgiaren erreferentzia da, baina haren esparru psikologikoa etorkizunera heda daiteke. (Argazkia: Miray Bostancı – Domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com)Hori da egin diren lau azterlanen ondorio nagusia. Azterlan horietan, zehaztuko ez ditudan hainbat prozedura erabiliz, aztertu da nostalgia sentimenduek zein neurritan sortzen duten baikortasuna, baita harreman horretan bitartekari diren prozesu mentalak ere. Ikerketak adin ezberdinetako eta hiru nazionalitatetako (estatubatuarrak, danimarkarrak eta ingelesak) gizon eta emakumeekin egin dira.
Lehenengo azterlanak harremanaren existentzia posiblea identifikatzeko balio izan zuen. Bigarrenak erakutsi zuen nostalgia sentimenduen indukzio esperimentalak pertsonen baikortasuna areagotzen duela. Hirugarrenak aurrekoaren aurkikuntzak erreproduzitu zituen, eta, horretarako, abesti nostalgikoen eta, kontrol gisa, abesti arrunten esposizioa erabili ziren. Hirugarren azterlan horrek agerian utzi zuen autoestimua bitartekari gisa aritzen dela nostalgiak baikortasunean duen eraginean. Hau da, nostalgia sentimenduek autoestimua hobetzen dute, eta azken horrek, dirudienez, baikortasuna areagotzen du.
Behaketa hori bat dator aurreko aurkikuntzekin, eta horien arabera norberaren iraganeko oroitzapenek norberaren maitasun sentimenduei eusten laguntzen dute. Baina, gainera, ezagutza hori etorkizunera zabaltzen du; izan ere, nostalgiak eragindako autoestimu sentimenduek gure etorkizuneko perspektibak hobetzen lagun diezagukete. Laugarren azterketak prozesu horiek gehiago argitzen lagundu zuen, esperimentuetan parte hartu zuten pertsonak abesti nostalgikoen letren eta, kontrol gisa, abesti arrunten letren eraginpean jarriz. Laugarren azterlan horren bidez, kausazko sekuentzia zabalago bat ezarri zen sentimendu nostalgikoen eta autoestimuaren arteko loturarako, harreman horren bitartekari gisa gizarte konektibitatearen sentsazioa sartu baitzen.
Beraz, nostalgiak gizarte konektibitatearen sentsazioa sustatzen du; horrek, era berean, autoestimua areagotzen du, eta autoestimu handiago baten ondorioz, baikortasuna areagotzen da. Edo, beste era batera esanda, parte hartzaileek autoestimua handitzea amets nostalgikotik eratorritako gizarte konektibitatearen sentimendu biziago baten ondorioa da; eta autoestimu handiago horrek, bestalde, baikortasuna areagotzen du.
Jakina da baikortasunak ongizatea eta onurak eragiten dituela osasunari dagokionez. Horregatik, eta esperimentu horietan lortutako emaitzen arabera, nostalgia ongizaterako bide oso egokia izan daiteke, portaera osasungarriak eta harremanetan arrakasta bultzatuz. Gainera, oroitzapen nostalgikoetara jotzea tristura, bakardade, asperdura edo zalantza existentzialeko aldietan areagotu ohi denez, lan honetan lortutako emaitzen arabera, nostalgiak, baikortasuna sustatzean, pertsonei ezbehar psikologikoari aurre egiten lagun liezaieke. Nostalgia, lanaren egileen arabera, azken batean, pertsona baten iragana, oraina eta etorkizuna konektatzeko katalizatzailea izan daiteke, jarraitutasun zentzua emanez.
Egileen hitz ia testualak (baina itzuliak) erabiliz, lan honen ondorioa da “nostalgia ez dela kaxoi batean giltzapean gordetako sepiako argazki zahar bat. Nostalgiak irismen handiko ahalmena du, eta jarraitu beharreko bidea argi diezaguke”.
Erreferentzia bibliografikoa:Cheung, Wing-Yee; Wildschut, Tim; Sedikides, Constantine; Hepper, Erica G.; Arndt, Jamie; Vingerhoets, Ad J. J. M. (2013). Back to the Future: Nostalgia Increases Optimism. Personality and Social Psychology Bulletin, 39(11), 1484-1496. DOI: 10.1177/0146167213499187
Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Nostalgiaren bertuteak appeared first on Zientzia Kaiera.
Megafaunaren desagerpenak gizakien kognizioa hobetu zuenekoa
Historiaurrean tamaina handiko animaliak desagertzen joan ziren heinean, gizakiak gero eta ehiza tresna txukunagoak egitera behartuta egon ziren, ikertzaile talde baten arabera. Horrek gaitasun kognitiboak handitu zituela babestu dute.
Gosea baino argiagorik ez dago. Atsotitzak ideia bera azpimarratzen duen aldaera asko ditu hainbat hizkuntzatan. Necessity is the mother of invention. El hambre agudiza el ingenio. La faim aiguise l’esprit… kontzeptu argia da, eta ez du azalpen gehiagoren beharrik.
Zaila da sen hutsean oinarritutako ideia hori benetan norainokoa den egiazkoa frogatzen saiatzea, baina, noizean behin, saiakerak egiten dira. Hain justu, atsotitzaren bide beretik doan proposamena bota du Israelgo ikertzaile talde batek. Haien ustez, historiaurrea garatu ahala, gizakiek ehizatzen zituzten animalien tamainaren beherakadak gero eta arma hobeak egitera bideratu zituen.
Funtsean, Tel Aviveko unibertsitateko ikertzaile horiek Quaternary aldizkarian argitaratutako zientzia artikuluaren arabera, harrapakin handiak iraungi izanak gizakien garapen kognitiboan onerako eragina izan zuen, gizakiek animalia txikiagoak ehizatzeko moduko arma berriak asmatu behar izan zituztelako.
1. irudia: ikertzaileen aburuz, animalia handien desagerpenak ehiza tekniken aldaketa ekarri zuen, gizakiaren kognizio gaitasunaren onerako. Irudian Victor Vasnetxov margolariaren irudikapen bat. (Irudia: – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Prentsa ohar batean azaldu dutenez, “zabalduen zegoen hipotesiak zioen ehiza egiteko armetan izandako aldaketak funtsean esplikaezina den hobekuntza kognitibo baten ondorio izan zirela”. Aldiz, haien hipotesia da animaliatzarren desagerpenaren eta ehizarako erabilitako tresna eta tekniken artean ikusi duten korrelazioan kausalitate bat dagoela: ehiza behar berriei egokitzeko beharrak ekarri bide zuen arma berrien garapena.
Miki Ben-Dor eta Ran Barkai arkeologoak Afrika, Espainia eta Frantziako historiaurreko zenbait aztarnategitako arrastoetan oinarritu dira analisia egiteko. Aztarnategi horietan aurkitutako harrapakinen arrastoak aztertu dituzte, eta espezie bakoitzaren kopuru erlatiboak zenbatetsi dituzte. Modu berean, hezur horiekin batera aurkitutako harrizko tresnak aintzat hartu dituzte ere. Beren hipotesiaren aldeko argudioen bila, aztarnategi horietako datuekin bost kasu azterketa egin dituzte.
Bereziki Levallois teknikaren agerpenean jarri dute arreta. Harria lantzeko metodo honen bitartez, historiaurreko gizakiak gai ziren herrizko erdigune batetik harri printzak eskuratzeko, kolpe jakin batzuen bitartez. Metodo honen erabilpenak berekin dakar gizaki horiek aldez aurretik irudikatzen zutela lortu nahi zuten tresnaren forma. Bada, diotenez, aztertu duten aztarnategi guztietan korrelazioa dago Levallois teknikaren bitartez landutako tresnen garapenaren eta harrapakin handien arrastoen desagerpenaren artean. Soilik aztarnategi batean —Kenyako Olorgesailie aztarnategian— ikusi dute megafaunaren iraungitzea klima aldaketari lotuta egon zela.
Ez da lehen aldia ikertzaile hauek animaliatzarretan arreta jartzen dutena. 2021ean argitaratutako beste zientzia artikulu batean erakutsi zutenez, Ekialde Hurbilean batez bestean animalien gorputz masa %98 gutxitu zen azken milioi eta erdi urteetan, 3.000 kilo izatetik 50 kilora izatera pasata.
Baina analisia harago eraman dute, denboran zehar izandako bilakaera aztertuz. Hala, duela 1,5 milioi urte inguru Homo erectus espeziea egurrezko lantzez baliatzen zela azaldu dute ikertzaileek. Diotenez, seguruenera gertu zeuden presa handiak akabatzeko erabiltzen zituen lantza horiek. Dena dela, zaila da horretaz ziur egotea, jakina delako egurra ez dela horrenbeste denboraz kontserbatzen.
2. irudia: historiaurrean gehien ehizatutako animalien eta ehiza tresnen bilakaera, grafiko batera eramanda. (Irudia: Ben-Dor et al., Juanma Gallegok euskaratua)Hurrengo pausoa lantza horietan harrizko puntak jartzea izan zen. Hori duela 300.000 urte inguru gertatu zen, neandertalen eta gizaki modernoen eskutik. Duela 64.000 urtetik Afrika Hegoaldean arkua eta gezia agertu ziren, eta horiekin batera garatu ziren lantza edo dardoen jaurtigailuak. Tresnez harago, garai batetik aurrera ehiza lanetan lagungarriak izan ziren txakurrak sartu zituzten ere: hori duela 23.000-14.000 urte artean gertatu zela uste dute. Garai horretan ere dokumentatuta daude tranpa zein arrantzarako amuen erabilera. Beraz, indar hutsean oinarritutako armak beharrean, egoera berriak gero eta arma zehatzagoak eskatzen zituen.
Antropologiaren eremura jauzi eginez, adibide bat jarri dute, egungo ehiztari-biltzaileen portaeran oinarrituta. Elefante bat ehizatzeko nahikoa zaizkie animaliatzarra norabait bideratzea eta, behin mugikortasun mugatua duela, egurrezko lantzak erabiltzea hura akabatzeko. Aldiz, abiaduran zein pisuan askoz arinagoa den orein baten kasuan, nekez akabatu ahalko da egurrezko lantza soilen bidez. Lantza horiek harrizko puntak edukiz gero, zientzialari hauek sinetsita daude errazagoa izango dela oreinari dezenteko zauria eragin eta bere ihesaldia moteltzea. Bestetik, harrizko gezi puntek apurtzeko joera duten arren, abantaila da behin azalaren aurka jota askotan animaliaren beraren barruan geratzen direla, harrapakina hiltzeko aukerak handituz.
Oraingoan, ikertzaile hauek ez dira sartu gai honen bueltan adituen artean klasikoa den aspaldiko polemika batean: norainoko eragin izan zuen gizakiek egindako ehizak animaliatzat hauen iraungitze prozesuan.
“Harrapakinen tamaina txikiagoa edukitzeak erronka nabarmena suposatu zuen lehen gizakientzat, eta horrek bultzatu zituen ehiza praktiketan moldagarritasuna eta berrikuntza handitzera”, laburbildu dute egileek.
Aipatu dute badagoela beste teoria bat harrapakinen tamainari lotuta: gizakiak haitzuloetan bizitzen hasi zirenean, errazagoa egiten zitzaien harrapakin txikiak etxera eramatea. Baina zientzialari hauek uste dute efektua kontrako norabidean joan zela: animalia txikiagoak ehizatzeak gizakiei haitzuloetan bizitzea erraztu ziela argudiatu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:Ben-Dor, Miki, and Ran Barkai (2023). The Evolution of Paleolithic Hunting Weapons: A Response to Declining Prey Size. Quaternary 6(3), 46. DOI: https://doi.org/10.3390/quat6030046
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Megafaunaren desagerpenak gizakien kognizioa hobetu zuenekoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Esofagitis eosinofilikoa diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzailea garatu dute
Biodonostia, Tomellosoko Ospitale Orokorra, Ikerbasque eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek esofagitis eosinofilikoaren diagnostikoa erraztuko duen metodo ez-inbaditzailea garatu dute. Lana Clinical Gastroenterology and Hepatology aldizkarian argitaratu dute.
Esofagitis eosinofilikoa esofago edo hestegorriaren hantura kronikoa ezaugarri duen gaixotasuna da. Hantura hau eosinofiloak deritzen globulu zuriak mukosan sartu eta irensteko zailtasunak eragiten dituztenean gertatzen da. Gaixotasun arraroa izan arren, gero eta prebalentzia handiagoa du. Orain arte, gaixotasun honen diagnostikoa hestegorriko hainbat puntutan hartutako biopsiak aztertuz egiten zen. Proba hau inbaditzailea eta oso molestagarria da pazienteentzat. Horren harira, test ez-inbaditzaileen garapena benetako erronka bihurtu da.
Irudia: esofagitis eosonofilikoarekin zerikusia duten 68 gene hautatu eta hauen jarduera aztertu da. (Argazkia: Artem Podrez – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)UPV/EHU, Biodonostia eta Tomelloso Ospitale Orokorra (Ciudad Real) partaide dituen ikerketa batek honako hipotesi hau izan du abiapuntu: ahoko mukosa hestegorritik gertu dagoenez gero, baliteke bertan biomarkatzaile erabilgarriak aurkitzeko aukera egotea, laginak ahotik lortzeak dakarren erraztasun eta abantailarekin.
Biomarkatzaile horiek aurkitzeko, esofagitis eosonofilikoarekin zerikusia dute 68 gene hautatu eta hauen jarduera aztertu da esofagitis aktiboa duten pazienteengan, sendatzeko bidean daudenengan eta osasun-kontrol egokiak dituztenengan, Tomellosoko Ospitale Orokorraren eta Donostia Unibertsitate Ospitalaren eskutik. 68 gene horietatik 29 ahoko laginetan detekta zitezkeen, eta hauetatik, zortzi gene biomarkatzailetzat erabiltzeko modukoak izan zitezkeen. Hartara, gene horiek beste paziente batzuengan aztertu ziren, eta horietako hiruk jarduera-desberdintasunak erakutsi zituzten pazienteen eta osasun-kontrol egokiak zituztenen artean. Hiru gene horiek datu klinikoekin konbinatuta erabiliz gero (sexua edo atopien presentzia, kasu), predikzio-gaitasuna % 95ekoa da.
Ikerlan honen egileen iritziz, emaitza itxaropentsu horiek oinarritzat erabil daitezke esofagitis eosonofilikoaren diagnostikoa errazteko, test inbaditzaileen kopurua murriztuz. Etorkizunean, beste lan batzuk egin beharko dira lortutako emaitzak baliozkotzeko, eta test honen erabilerak esofagitis eosonofilikoa eta hestegorriko beste gaixotasun batzuk bereizteko aukera emango duen aztertzeko.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Esofagitis eosinofilikoa diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzailea garatu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:Sebastian-delaCruz, Maialen; Garcia-Etxebarria, Koldo; Bilbao, Jose Ramón; Lucendo, Alfredo J; Bujanda, Luis; Castellanos-Rubio, Ainara (2023). A novel, non-invasive method to diagnose active eosinophilic esophagitis, combining clinical data and oral cavity RNA levels. Clinical Gastroenterology and Hepatology. DOI: 10.1016/j.cgh.2023.07.023
The post Esofagitis eosinofilikoa diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzailea garatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #457
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
FisikaEsperimentu berri batek nukleoaren teoria nagusiari buruzko zalantzak sortu ditu. Teoria horren arabera, atomo bateko nukleoa kitzikatzean nukleo hori puztu edo hazi egiten da, protoietako batek salto egiten duen arte. Helio-4arekin egindako neurketa berri batean ordea, ez da teoria hori bete. Atomo hori espero baino gehiago puztu zen eztanda egin aurretik, eta horrek aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri ditu. Esperimentu horrek agerian jarri du oraindik ez dela indar nuklear bortitza ongi ezagutzen. Datuak Zientzia Kaieran.
Genetika1999. urtean, Kathleen Folbigg-i bere lau seme-alabak hil izana leporatu zitzaion. Lauak jaio eta hilabete batzuetara hil ziren, bata bestearen atzetik, ustez, arrazoi naturalak medio. Gertaera hain bitxia izanik, Folbigg-i seme-alabak itota hiltzea egotzi zitzaion. 2003tik atxilotuta egon ostean, 2023ko ekainaren 5an aske geratu zen emakumea, genetikari esker. Ikertzaile batek frogatu zuen CALM2 eta MLKL geneetan mutazioak zituztela Folbigg-en seme alabek, eta mutazio horiek sortutako gaixotasun arazoen ondorioz hil zirela lauak. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Errugabea genetikari esker.
NeurologiaGiza garuneko zelulen zehaztasun handiko atlas bat osatu du nazioarteko ikertzaile-talde batek. 21 artikuluk osatzen dute atlasa, eta hura sortzeko informazioa hildako hiru gizonen garunetako 3 milioi zeluletatik eta emakume baten kortex motorraren disekzio batetik lortu dute. Hala, 3.000 zelula mota baino gehiago identifikatu dituzte, horietako asko ezezagunak. Atlas hori oso baliagarria izatea espero da etorkizuneko ikerketetarako. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Kepa Paz Alonsok Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko ikertzailea da, eta bere taldekideekin batera talamoaren eta kortex prefrontalaren arteko komunikazioa aztertu dituzte. Erresonantzia magnetikoaz baliatuz, bi eskualdeak lotzen dituen materia zurizko egiturak ikusi ahal izan dituzte, eta ohartu dira gizakiaren kasuan konektibitatea oso masiboa dela beste espezie batzuekin alderatuz. Bi gune horiek funtsezkoak dira memoriarako eta emozioetarako, eta espero dute etorkizunean aurkikuntza honek laguntzea gaixotasun askoren tratamenduan. Azalpen guztiak Berrian: «Oraindik ez dakigu zehazki garunak nola funtzionatzen duen».
OsasunaBagina garbitzeko produktuak saltzen dituzten enpresek gorputzeko atal hori garbitzeko eta usaina kentzeko beharra zabaldu dute emakumeen artean. Baina mezu hori faltsua izateaz gain arriskutsua ere bada, kalte egiten baitie baginaren anatomiari eta fisiologiari. Baginak mikrobiota berezi bat du, eta horrek babestu egiten du bakterio eta onddo patogenoengandik. “Garbitzeko produktuek” ordea, mikrobiota hori desorekatu dezakete. Gainera, gorputz atal horrek badu bere garbitzeko mekanismoa: baginako fluxua. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Bagina zikinaren mitoa.
COVID iraunkorra serotoninaren jaitsierarekin erlazionatuta egon daitekeela iradoki du ikerketa berri batek. Ikertzaileak jabetu ziren gaixotasun hori modu iraunkorrean pairatu duten hainbat pazienteren gorozki-laginetan SARS-CoV-2 birusaren arrastoak zeudela. Horrek pentsarazi zien birusaren konposatuek hesteetan iraun zutela. Gainera, ikusi zuten konposatu horiek triptofano aminoazidoa behar bezala xurgatzea eragozten zuela, eta horrek serotoninaren jaitsiera eragiten zuela. Neurotransmisore hori funtsezkoa da garunaren eta gorputzaren funtzionamendurako. Datuak Elhuyar aldizkarian.
ArgitalpenakNekane Balluerkak eta Jaume Arnauk Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak liburua argitaratu zuten 2001ean. Bertan, psikologia zientifikoaren historia lantzen da, eta bilakaera horretan sortu diren paradigma ezberdinak aurkezten dira. Izan ere, psikologia benetako zientzia ote den eztabaidak bizirik jarraitzen du gaur egun ere, eta eztabaida horri buruzko hausnarketa aurki daiteke liburu honetan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran aurki daiteke, ZIO Bildumarekin elkarlanean egindako atalean.
AstronomiaMilaka satelite daude espazioan, eta aditu batzuek elementu horien baimenak zorrotzago erregulatzeko beharraz ohartarazi dute. Izan ere, orbita baxuko sateliteen sekulako igoera aurreikusten da datozen urteetarako. Cinnamon 937 konstelazioak, adibidez, 337.000 satelite jarri nahi ditu orbitan. Hainbeste satelite egoteak hainbat arazo eragin ditzakeela ohartarazi dute adituek; besteak beste, gehiegizko hondakinak sortzea, orbitan talkak gertatzeko arriskua handitzea, edota ikerketa astronomikoak oztopatzea. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Jupiterreko atmosferaren jet edo zurrusta-korronte berri bat topatu dute EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileek. James Webb espazio-teleskopioak egindako behaketetatik lortu dute informazioa, eta planeta horretako sistema meteorologikoen hiru dimentsioko ikuspegia lortu dute. Irudi horiei esker ikusi dute Jupiterreko goiko hodeietan haizea 500 km/h-ko abiadurara iristen dela, eta, behekoetan, horren erdira. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
MedikuntzaDorothy M. Horstmann epidemiologo, birologo, pediatra eta hezitzaile estatubatuarra izan zen, eta Yaleko Medikuntza Eskolako lehenengo emakumezko katedraduna izatera iritsi zen. Zientzialari honek milioika haurren heriotza ekidin zuen bere ibilbide profesionalean egindako aurkikuntzengatik. Horstmann frogatu zuen poliobirusa odolaren bidez hedatzen zela gorputzean, eta ez soilik nerbio sisteman, garai hartan pentsatzen zen moduan. Poliobirusak poliomelitis gaixotasuna sortzen du, eta Horstmannen aurkikuntzei esker, haren kontrako txertoa garatzea lortu zen. Kalkulatzen da 1988az geroztik txerto horrek 1,5 milioi haurren heriotza ekidin dituela, bai eta 18 milioi paralisi ere. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.
The post Asteon zientzia begi-bistan #457 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #465
Ikuspuntu militarretik, zure armamentuak potentzia nahikoa izatea etsaiaren defentsak gutxi izatea bezain garrantzitsua da. Gauza bera gertatzen da minbiziarekin. Badirudi leuzemia mota batzuetan faktore baten inhibizioak nabarmen murrizten dituela zelula kantzerigenoen defentsak. Marta Irigoyenek idatzia: Inhibition of Hypoxia-Inducible Factor Alpha (HIF-1α) helps suppress T-ALL drug resistance.
Zenbat ur-izotz mota daudela uste duzu? Bada, ez, 19 dira. Eta aurkitutako azkena oso bero dago. XIX, a new phase of high-density, ultra-hot water ice.
Mikrobioen materia iluna laborategian landu ezin diren mikroorganismoen multzoa da, eta, beraz, ezer gutxi dakigu horri buruz. Multzo horrek elementu bat galdu du. Throwing light on microbial dark matter Ramón Muñoz-Chápuliren eskutik.
Tunel-efektuko mikroskopio baten punta erabiliz, DIPCko ikertzaileek spinak hiru atomoetan manipulatu dituzte gainazal batean, konputazio kuantikoa ikertzeko plataforma berri bat sortzeko. Eta Science aldizkarian argitaratu dute. A new qubit platform, atom by atom.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #465 appeared first on Zientzia Kaiera.
Dorothy M. Horstmann, polioaren buru-hausgarria argitzen lagundu zuen zientzialaria
Estatu Batuetako epidemiologo, birologo, pediatra eta hezitzaile hau izan zen Yaleko Medikuntza Eskolako lehenengo emakumezko katedraduna. Poliobirusa odol fluxuaren bidez hedatu eta pertsonen nerbio sistemari iristen dela frogatu zuen. Oso lagungarria izan zen poliomielitisaren aurkako txertoa garatzeko oinarriak finkatzeko, gaixotasun infekzioso hori hilkorra baitzen XX. mendearen lehen erdian. Zenbatesten da polioaren aurkako txertoak 1,5 milioi haurren heriotza ekidin duela eta 18 milioi paralisi ere bai 1988az geroztik, urte horretan abiarazi baitzuen Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasuna errotik kentzeko mundu osorako programa bat.
Dorothy Horstmann 1911ko uztailaren 2an jaio zen Spokanen, Washington (AEB), baina gaztaroaren zatirik handiena San Frantziskon (Kalifornia) igaro zuen. Kaliforniako Unibertsitatean ikasi zuen sendagile izateko, lehenengo Berkeleyn eta ondoren San Frantziskon, 1940an amaitu zuen. Praktikak eta egonaldia San Frantziskoko Ospitale Orokorrean egin zituen eta Karl Friedrich Meyer zientzialariaren hitzaldiak entzuteko aukera izan zuen han, gaixotasun infekziosoen alorreko zientzialaririk prestigiotsuena garai hartan. Horrela sortu zitzaion gaixotasun horiekiko interesa.
1. irudia: Dorothy M. Horstmann, Estatu Batuetako epidemiologo, birologo, pediatra eta hezitzailea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Dorothyk trebatzen jarraitu nahi izan zuen Vandebilteko Unibertsitate Ospitalean, baina hasieran ezetz esan zioten, Hugh Morgan zuzendariak gizonezkoak bakarrik hartzen zituelako lanerako. Hilabete batzuetara ospitale horretako eskutitz bat iritsi zitzaion Horstmanni, oraindik ere postua interesatzen zitzaion galdetzeko, eta baietz erantzun zien. Dirudienez, Morgan ez zen gogoratzen eskaria atzera botatzeko jatorrizko arrazoiaz, eta harrituta geratu zen atetik sartzen emakumezko bat ikusi zuenean.
1942an Yaleko Medikuntza Eskolan lan egiteko kontratatu zuten Dorothy Horstamnn. Barne medikuntzan espezializatu zen Unibertsitate horretan John R. Paul gainbegirale zuela. Epidemiologia klinikoan aitzindaria zen John R. Paul, bai eta poliomelitisa aztertzeko Yaleko unitatearen sortzaileetako bat ere, herrialdean polioaren epidemia etengabe hazten ari zelako sortua.
Poliomielitisaren buru-hausgarriaPoliomielitisa poliobirusak eragiten du, RNA birus batek; birus hori 1908an identifikatu zuten lehenengoz Karl Landsteiner eta Erwin Popper zientzialari austriarrek. Poliobirusaz kutsatutako pertsonen % 90ak inoiz ez du sintomarik garatu. Sintomak garatzen dituzten gehienek gaixotasun arina izaten dute, aldiz, % 10ak gaixotasunaren formarik larriena garatzen du: paralisi flazido akutua.
Paralisia gertatzen da birusak nerbio sistema zentrala eta neurona motorrak suntsitzen dituenean, muskuluak uzkurtzeko beharrezkoak. Gehienetan nerbio ehuneko kalte horrek aldi bateko paralisia eragiten du, baina kaltea larriagoa izanez gero, pazienteak betirako gal dezake muskulu horien funtzioa. Paralisi iraunkorra sarriago gertatzen da oinak edo arnasketa kontrolatzen duten muskuluetan eta, ondorioz, heriotza eragin dezake.
40ko hamarkadaren hasieran, polioa ikertzen zuten alorreko liderrek uste zuten (New Yorkeko Rockefeller Institutuko Simon Flexnerrek, esaterako) poliobirusak garuna infektatzen zuela, sudur hobietako nerbioak igaro ondoren. Polioaren patogenesia eta transmisioa aztertzeko erabiltzen zen eredu esperimentalagatik uste zuten hori. Flexner eta kideek paralisia zuten tximinoen garuneko ehuneko birus isolatuak erabiltzen zituzten garun barneko inokulazio bidez beste tximino talde batzuk infektatzeko. Poliobirusa soilik bide horren bidez transmitituta, birusaren laborategiko anduia egokitu egin zen eta nerbio ehuna baino ez zuen infektatzen. Hori zela eta, Flexner tximinoak ahoz inokulatzen saiatzen bazen birusaren laborategiko andui harekin, ez zen gaixotasunaren sintomarik garatzen. Flexnerren aurkikuntzen ondorioz, komunitate zientifikoak uste zuen (oker uste arren) poliobirusa nerbio ehunean baino ezin zela erreplikatzen, Horstmannek eta haren kideek uste horri aurka egin zioten arte.
2. irudia: 1943tik 1944ra Horstmann eta gainerako unitatea izan ziren Estatu Batuetan izandako poliomielitisaren bost agerraldi aztertzeko arduradunak. (Iturria: Mujeres con Ciencia)1943tik 1944ra Horstmann eta gainerako unitatea izan ziren Estatu Batuetan izandako poliomielitisaren bost agerraldi aztertzeko arduradunak. Banakoetan eta biztanleriaren taldeetan gaixotasuna agertzen lagun zezaketen balizko faktore sorta bat aztertzea erabaki zuten. Horretarako, ur hornikuntzako osasun baldintzak aztertu zituzten, balizko bektoreak izan zitezkeen intsektuak bildu zituzten eta hainbat lagin hartu zizkieten (eztarria eta sudurra, odola eta gorozkiak) pazienteei hainbat egunez. Ordura arte ez zen hain modu konplexuan egin eta ikuspegi berritzailea zen. Informazio horri esker jakingo zuten birusak zenbat denbora irauten zuen faringean eta digestio hodian eta toki bakoitzak zer garrantzi erlatibo zuen infekzioan. Gorotz lagin gehienek positibo eman zuten poliobirusean hainbat astez, aldiz, faringean zuen presentzia iragankorra zen eta gutxitan gertatzen zen. Emaitza horiek, beste zientzialari batzuen aurkikuntzekin batera, adierazi zuten digestio hodia zela, eta ez sudur hobiak, poliomielitisaren patogenesian garrantzia zutenak. Baina birusa –irentsitakoa- digestio hoditik garunera nola igarotzen zen, deszifratu gabe zegoen.
Horstmannen ekarpena polioaren patogeniariNew Havenen 1943an izan zen agerraldian polioa zutela uste zen 111 pazienteren odola jaso zuen Horstmannek Yale New Haven ospitalean. 111 laginetatik bakarrak eman zuen positibo poliobirusean. 9 urteko neskato bat zen, eta neskato horren odola izan zen lehenengo sintoma arinak garatu ondorengo sei orduetan atera zen bakarra. Laginketaren denboran egondako alde horren ondorioz Horstmannek gertuagotik behatu nahi izan zuen birusaz infektatu eta sintomak agertu arteko aldia. Emaitza horiek funtsezko paradigma aldaketa izan ziren poliomielitisaren transmisioa eta patogenesia ulertzeko.
Horstmannek tximino eta txinpantzeetan egin zituen esperimentu zenbait, odol fluxuak polioaren patogenesian zerikusirik ba ote zuen ikertzeko. Hasteko, animaliei ahoz eman zieten poliobirusa, Horstmann eta beste batzuek kutsatzeko bide naturala hori zela erakutsi baitzuten. Ondoren animalia horien odolaren laginak hartu zituzten infektatu ondorengo zazpi egunetan, poliobirusa odolean egon ote zitekeen eta noiz egon zitekeen zehazteko. Poliobirusa odolean agertu zen ingestio ondorengo 4-6 egunetara eta paralisia hasi aurretik aztertutako animalia gehienetan. Emaitzek adierazten zuten aurrez zientzialariek, Horstmann bera barne, askotan zergatik ezin izan zuten birusa detektatu odol fluxuan: luzeegi itxaron zuten. Izan ere, odolaren laginak gaixotasunaren sintomarik larrienak (esaterako, paralisia) agertu ondoren jasotzen ziren. Ordurako poliomielitisaren aurkako berariazko antigorputzak odol fluxuan ibiliak ziren, birusa neutralizatuz; horregatik ezin zen odolean detektatu.
Horstmannek, ordea, pazienteen kontaktuen odolean poliobirusa detektatu zuen; horietako batzuek gaixotasuna garatuko zuten gero eta beste batzuk asintomatikoak izango ziren. Aurkikuntza horrek poliomielitisa ulertzeko funtsezko paradigma aldatu zuen: ordura arte zientzialariek uste zuten poliobirusak nerbioen ehuna infektatzen zuela soilik eta aurkikuntzaren ondorioz gaur egun poliobirusaren transmisioari eta patogeniari buruz dugun eredurako lehenengo urratsa egin zen.
3. irudia: polioaren aurkako txertoa ahoz ematea. (Argazkia: Wellcome images – CC-BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Horstmannen aurkikuntzak poliobirusa geldiaraz zitekeen puntu anatomiko espezifikoak ere adierazi zituen: odola eta digestio hodia. Ondorioz, Dorothy izan zen poliomielitisaren aurkako ahotiko txertoaren sustatzaile nagusia, birusaren infekzioaren bide naturala gertutik imitatuko zuena, eraginkorra izan baitzitekeen odolean eta digestio hodian antigorputzak eragiteko, ondoren infekzioa blokeatu ahal izateko. Txerto hori Albert Sabin birologoak garatu zuen eta 1964an baimendu zen. Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasunak errotik kentzeko mundu osoko programa bat hasi zuen eta oso emaitza onak eman zituen; dena dela, 2019ra arte ez zen erabat deuseztatu munduan.
Pediatra eta hezitzaileaPoliomielitisaren azterketan izandako esperientziaren ondorioz (batez ere paziente gazteei erasotzen die), Horstmannek, bere ibilbide profesionalaren erdi aldera, berez aldatu zuen egiten zuen lanaren ikuspegia eta medikuntza pediatrikoan hasi zen. Ondorioz, haurren gaixotasunak eragiten dituzten beste birus askoren (errubeola, Coxsackievirus eta Echovirus) epidemiologia klinikoan aditu bihurtu zen.
Epidemiologia eta Pediatriako baterako izendapenarekin, Horstmann izan zen Yaleko medikuntza eskolako lehenengo emakume katedraduna 1961ean. Postu hark ematen zion autoritateari esker, gaixotasun infekziosoen irismena zabaltzearen alde egin zuen osasun publikoko alderdiak ere barne hartu arte, eta diagnostikoko mikrobiologia eta birologia gaixotasun infekziosoen praktikan eta irakaskuntzan sartzearen alde egin zuen.
Yalez harago, Dorothy Estatu Batuetako gaixotasun kutsakorren elkarteko presidentea izan zen eta Zientzietako Akademia Nazionaleko kide izendatu zuten 1975an. 1982an erretiratu zen irakasle emeritu gisa.
Dorothy Millicent Horstmann 2001eko urtarrilaren 11n hil zen New Havenen, Connecticut. (AEB), Alzheimerraren konplikazioen ondorioz. 89 urte zituen.
Iturriak:- Berliner, Robert W. (1982). Scientific essays on infectious diseases in honor of Dorothy M. Horstmann, M.D., Yale J Biol Med. 55(3-4) 161–389
- Carleton, Heather A. (2011). Putting Together the Pieces of Polio: How Dorothy Horstmann Helped Solve the Puzzle. Yale J Biol Med. 84, 83–89
- Dorothy Millicent Horstmann, Wikipedia
Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko uztailaren 27an: Dorothy M. Horstmann, la científica que ayudó a resolver el rompecabezas de la polio.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Dorothy M. Horstmann, polioaren buru-hausgarria argitzen lagundu zuen zientzialaria appeared first on Zientzia Kaiera.
Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak
Zientifiko hitza psikologian dauden hitzik eztabaidatuenetakoa izan da eta izaten jarraitzen du. Nekane Balluerka eta Jaume Arnauren Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak (2001) liburuak psikologia zientifikoaren historiaz dihardu, psikologia ezagutza zientifikoaren arauak jarraitzen dituen zientzia esperimental gisa ulerturik. Thomas Kuhn fisikari eta filosofoaren paradigma ideiatik abiatuz, autoreek psikologia zientifikoaren garapen historikoa aztertzen dute, sortu zenetik gaur egun arte. Diziplina honen bilakaeran parte hartu duten ikuspegi metateoriko eta metodologikoak, edo hitz batean, paradigma ezberdinak aurkezten dira bertan.
Irudia: Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak liburuaren azala. (Iturria: Erein argitaletxea)Psikologiak benetako zientzia izateko ahaleginean bizi izan dituen gertaera nagusien ikuspegi orokorra eskaintzea da lan honen helburua. Bilakaera historiko horren haritik, autoreek psikologiaz duten ikuspegi berezia eta psikologia zientzien artean sartzeari dagokion eztabaidari buruzko hausnarketa aurki dezake irakurleak.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak
- Egileak: Nekane Balluerka Lasa eta Jaume Arnau i Gras
- Itzultzailea: Garbiñe Ortiz Anzola
- ISBN: 978-84-7568-982-1
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2001
- Orrialdeak: 128 or.
Erein argitaletxea: Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak
The post Psikologia zientzia gisa: Paradigma eta metodologiako aldaketa nagusiak appeared first on Zientzia Kaiera.