Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 10 min 18 sec ago

Sukarra: ulertu gabea, ospe txarrekoa eta mitoz inguratua

Tue, 2023/06/06 - 09:00

Giza gorputza sistema biologiko oso konplexu bat da eta defentsa mekanismo ugari ditu, helburu nagusi bat betetzen dutenak: gu bizirik mantentzea. Hala ere, ez ditugu gure organismoan gertatzen diren erreakzio fisiologiko guztiak behar bezala ulertzen. Sukarra, esate baterako, duen fama txarragatik nabarmentzen da ia mundu osoan, baita harekin lotzen diren mito anitzengatik ere –horien ondorioz, okerreko osasun praktikak egiten dira hari aurre egiteko–.

Gurasoak dira, bereziki hasi berriak, sukarrarekin gehien izutzen direnak beren haurrei eragiten dienean, haien bizitza arriskuan jartzen duela uste baitute. Arrastoan sartzeko asmoz, guraso askok beren seme-alabei sukarraren kontrako botikak ematen dizkiete, baina horiek ere badute kontrako ondoriorik. Hain zuzen ere, Estatu Batuetan egin berri den inkesta nazional baten arabera, hiru gurasotik batek, arrazoirik gabe, sukarra arintzeko botikak ematen dizkie bere seme-alabei. Hori ez da fenomeno bakana. Beste herrialde askotan ere, besteak beste, Espainian, gurasoek sarritan eskatzen dizkiete sukarraren kontrako tratamenduak pediatrei edo farmazialariei, beldur irrazional batek bultzatuta.

SukarraIrudia: hainbat azterlan zientifikoren bidez sukarraren onurak hobeto ezagutu ahala, gero eta argiago gelditzen ari da hura kosta ahala kosta jaisten saiatzea kalterako izan daitekeela. (Argazkia: Matteo Fusco – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)

Ia kasu guztietan, sukarra infekzioen (sarritan, birusek eta bakterioek eraginak) aurkako defentsa erreakzio natural bat da. Gorputzaren termostatoari (hipotalamoari) esker, gorputzaren tenperatura zehaztasun handiz igotzen da, immunitate sistemari agente patogenoak suntsitzen laguntzeko eta haiek ugaldu daitezen eragozteko. Bestela esanda, sukarra ez da etsaia, aliatua baizik. Noski, sukarra izatea ez da atsegina, ondoez orokorra eta ahulezia eragin ditzake eta. Infekzio prozesua laburtzeagatik eta mikroorganismo inbaditzaileari aurre egiteko aukera gehiago izateagatik ordaindu beharreko prezioa da.

Hainbat azterlan zientifikoren bidez sukarraren onurak hobeto ezagutu ahala, gero eta argiago gelditzen ari da hura kosta ahala kosta jaisten saiatzea kalterako izan daitekeela. Horregatik, medikuntzan gero eta ohikoagoa da sukarra beharrezkoa denean bakarrik tratatzea, handiegia delako edo pertsonari sufrimendu nabarmena eragiten diolako, adibidez. Bestela esanda, pertsona tratatu behar da, ez termometroa. Horren harira, zenbait osasun erakundek, tartean, Espainiako Pediatria Elkarteak, Mayo Klinikak eta Erresuma Batuko Osasun eta Arreta Bikaintasunerako Institutu Nazionalak kasu puntualetan baino ez dute gomendatzen sukarrari aurre egitea.

Sukarraren inguruko mitorik nabarmenenak

1. mitoa: sukarra arriskutsua da, kalte zerebrala ez ezik, heriotza ere eragin baitezake.

Hori ez da horrela sukarra duten ia paziente guztietan. Prozesu horrek garuneko lesio larri eta itzulezinak eragin ahal izateko, gorputzaren tenperatura 42 °C-tik gora igo beharko litzateke (hainbat proteina desnaturalizatzeko). Sukar handia dagoen kasu horietan gomendatzen da sukarraren kontrako botikekin jaistea, baina, normalean, hori ez da gertatzen.

2. mitoa: sukarrak konbultsio larriak eragiten dizkie haurrei, eta tratatu egin behar da horiek ager ez daitezen.

Guraso askok sekulako beldurra diete adingabe batzuek infekzio prozesuetan izan ditzaketen konbultsioei, alarma seinaletzat hartzen baitituzte. Kasu horietan, ordea, konbultsioak ez dira alarma seinaleak: arinak izaten dira eta, gainera, ez dute zerikusirik gorputzaren tenperaturarekin. Are gehiago, konbultsioak ohikoagoak dira sukar baxuekin, eta sukarraren kontrako botikek ez dituzte eragozten.

3. mitoa: sukarra bainuak, oihal hotzak eta bestelako neurri fisikoak erabiliz edo haurrak biluztuz jaitsi behar da.

Erakunde mediko askok baliabide horiek saihestea aholkatzen dute. Ekintza horiek alferrikakoak izaten dira gorputzaren tenperatura jaisteko, eta, batzuetan, igo ere egin dezakete, larruazaleko odol hodiak uzkurtu egiten baitira.

Sukarra alarma seinale badenean

Berez, sukarra prozesu normal bat da gaixotasun infekzioso batean. Dena den, batzuetan, seinale horrek zerbait ondo ez doala adieraz dezake. Ondorengo kasuetan, sukarrak kezkatu egin beharko gintuzke, eta medikuarenera joan beharko genuke haren atzean zer dagoen jakiteko:

Sukarraren jatorria ezagutzen ez dugunean.

Hiru astean baino gehiagoan sukarra izatea, dela etengabe, dela aldizka, gaixotasun infekzioso baten ageriko zantzurik gabe, pisuzko arrazoia da medikuarenera joateko.

Edozein pertsonak 40 °C-tik gorako sukarra duenean edo haur baten sukarrak hiru egun edo gehiago irauten duenean.

Kasu horietan, berehala joan behar dugu kontsultara, medikuak tratamendu egokia ezartzeko.

3 hilabetetik beherako haurtxo batek sukarra duenean.

Berehala joan behar dugu Larrialdietara, hain adin txikiko haur bati sukarra zerk eragin dion jakiteko.

Horiez gain, badira beste alarma seinale batzuk, sukarrarekin batera ager daitezkeenak eta Larrialdietara azkar joatea justifikatzen dutenak. Hauek dira seinale horietako batzuk: garondo zurruntasuna (meningitisaren susmoa), buru nahasmendua, larruazaleko orbanak edo kolore zurbil-grisaxka, arnasa hartzeko zailtasuna, okada etengabeak eta mina pixa egiterakoan edo gernu kantitate murriztua. Bestela esanda, sukarra duen pertsona batek medikuarenera joan behar duen ala ez erabakitzeko orduan, termometroak markatzen duenarekin itsutu ordez, pertsonaren egoeran jarri beharko genuke arreta.

Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko martxoaren 13an: La fiebre: incomprendida, con mala fama y rodeada de mitos

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Sukarra: ulertu gabea, ospe txarrekoa eta mitoz inguratua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dieta azterketa piloto bat heste suminkorraren sindromea duten pazienteekin

Mon, 2023/06/05 - 09:00

Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko eta BCC Innovation Basque Culinaryko Gastronomiako Zentro Teknologikoko ikertzaileen arteko lankidetzan ikerketa pilotu bat egin dute heste suminkorraren sindromea duten pazienteentzako dieta espezifiko baten erabilera euskal herritarrei helarazteko. Luis Bujanda UPV/EHUko Medikuntzako katedradun eta Donostialdeko ESIko Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen Arloko arduraduna, eta Koldo Garcia Etxebarria UPV/EHUko Genetikan doktore eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Genetika Gastrointestinaleko Taldeko arduraduna ikerketaren parte izan dira.

Heste suminkorraren sindromea biztanleriaren %20ak pairatzen duen gaitza da, eta sintoma nagusiak abdomeneko mina eta hesteetako aztura alteratua dira. Patologia horrek gaixoen bizi-kalitatea murrizten du, eta gaur egungo tratamenduak ez dira eraginkorrak.

heste suminkorrarenIrudia: sakarosa eta almidoi gutxiko dieta bat (modu hoberenean digeritu ez daitezkeen bi nutriente), onuragarria izango litzateke heste suminkorraren sindromea duten pertsonentzat. (Argazkia: Ewa Raymond – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Suediako Lund University eta Skäne University Hospitaleko ikertzaileek aurretik egindako ikerketa baten arabera, sakarosa eta almidoi gutxiko dieta bat (modu hoberenean digeritu ez daitezkeen bi nutriente), onuragarria izango litzateke gaixotasun hori duten eta askotan beherakoak izaten dituzten pertsonentzat. Ildo horretan, ikerketa pilotu bat egin zen dieta horrek euskal herritarrengan duen eraginkortasuna ikusteko, sukaldaritza-kultura maila handiko gizartea baita. Dieta horren jarraipena errazteko, Zentro Teknologikoko chefek eta ikertzaileek gida bat diseinatu zuten, errezeta bat, menuak eta nutrizio eta sukaldaritza-gomendio egokituak biltzen zituena.

Biodonostia OIIko ikertzaileek aukeratutako 34 pertsonak hartu zuten parte Basque Culinary Centerren instalazioetan egin zen azterketa pilotu honetan, lau asteko iraupenarekin. Prozesuaren amaieran, parte-hartzaileen %85ek erantzun positiboa eman zion dietari, eta 50 puntu baino gehiagoko murrizketa lortu zen heste suminkorraren sindromearen sintomen larritasun-eskalan (horrelako ikerketetan erabilitako neurri estandarra). Bizi-kalitatea nabarmen hobetu zela ikusi zen, eta testeoa amaitu eta bi hilabetera arte iraun zuen hobekuntza hori. Ekimen honen arrakastaren arrazoia, neurri handi batean, parte-hartzaileek erakutsitako interes eta inplikazio-maila handiak izan dira, lau asteetan zehar jasotako dieta eta nutrizio eta sukaldaritza-aholkuak jarraitu baizituzten.

Ikerketaren emaitzak Therapeutic Advances in Gastroenterology aldizkarian argitaratu dira. Azterketa pilotu honen egileek espero dute etorkizun handiko emaitza horiek ikerketa zabalagoa bultzatuko dutela. Dieta hori beste nutrizio-aukera batzuekin alderatzea eta beste paziente-talde batzuetara zabaltzea da helburua.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Emaitza oparoak lortu dituzte heste suminkorraren sindromea duten pazienteekin egindako azterketa pilotu batean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Gayoso, Lucia; Garcia-Etxebarria, Koldo; Arzallus, Teresa; Montalvo, Isabel; Lizasoain, Jacobo; D’Amato, Mauro; Etxeberria, Usune; Bujanda, Luis (2023). The effect of starch- and sucrose-reduced diet accompanied by nutritional and culinary recommendations on the symptoms of irritable bowel syndrome patients with diarrhoea. Therapeutic Advances in Gastroenterology, 16, DOI: 10.1177/17562848231156682

The post Dieta azterketa piloto bat heste suminkorraren sindromea duten pazienteekin appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #441

Sun, 2023/06/04 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Ingurumen-ingeniaritza

Arrate Santaolalla ingurumen-ingeniaria da, eta bere lanean mikroorganismoak erabiltzen ditu solubilizazio-prozesu batean, metalak berreskuratzeko. Bi alderditan aplikatu eta ikertu dute bioprozesu hori. Batetik, biomekanizazioan, eta, bestetik, biolixibiazioan. Santaolallak aitortu du pozik dagoela ikerketa-munduan egiten ari den lanarekin, baina ingurumen arloko ikerketetan finantziazio falta sumatzen duela adierazi du. Bestalde, dibulgazioaren eta hezkuntzaren garrantzia azpimarratu du ikerketan ere, aurkikuntzak gizartera hel daitezen. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Arrate Santaolalla, ingurumen-ingeniaria: “Mundua hobetzeko ikertzen dugu”.

Argitalpenak

Mia. Marteko robota (2022) Josu Goiko eta Juan Rolleren liburuak haurrei Marteko istorioak azaltzen die. Denonartean argitaletxearen liburuak zientzia eta abentura uztartzen ditu. Mia izeneko robota da liburuko protagonista, eta pertsonaia horrek bere egunerokoa aurkeztuko du planeta gorrian.

Teknologia

Perovskita mineralaz osatutako eguzki-zelulen efizientzia eta egonkortasuna frogatu du nazioarteko ikerketa batek. Oxfordeko Unibertsitateko Henry Snaith fisikariak eta UPV/EHUko Juan Luis Delgado Ikerbasque ikertzaileak informazioa bildu dute gai honen inguruan, azken urteetako ikerketak aztertuz. Hala ondorioztatu dute gaur egun silizio kristalinozko zelulak izan arren merkaturatzen direnak, perovskitaz eginikoak efizienteagoak direla (% 25etik gorako efizientzia), eta kostu txikiagoa dutela. Izan ere, mineral hori ekonomikoki merkeagoa da eta gutxiago kutsatzen du silizioa araztearen aldean. Emaitza hauek etorkizunean gailu fotovoltaiko egonkorragoen eta efizientzia handiagokoen garapena sustatzea espero da. Datuak Zientzia Kaieran: Efizientzia eta egonkortasun handiko eguzki-zelulak.

Ingurumena

Bioplastikoek uste baino iraupen luzeagoa dutela ondorioztatu du ikerketa batek. Bioplastiko horiek itsasoan nola degradatzen diren aztertu dute, eta ikusi dute urte bat baino gehiago irauten duela batere degradatu gabe. Bioplastiko erabiliena PLA da, artotik, maniokatik, erremolatxatik eta abarretik abiatuta ekoizten den materiala, eta biodegradagarri eta konpostagarri gisa etiketatzen da. Alabaina, baldintza industrial jakinetan degradagarria den arren, prozesua ez da hain erraz gertatzen ingurumenean. Emaitzok ikusita, ikertzaileek aldarrikatu dute beharrezkoa dela materialak ingurumenean nola degradatzen diren jakiteko azterketak estandarizatzea. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian: Plastiko biodegradagarriak ez dira hain biodegradagarriak.

Lurra sistema egonkor bat izateko muga berriak proposatu ditu nazioarteko ikerketa batek, mundu osoko pertsonen segurtasuna eta justizia kontuan hartuta, lehenengoz. Lurraren egonkortasuna eta erresilientzia mantentzeko guztira 8 muga seguru eta justu proposatu dituzte. Besteak beste, klimari, biodibertsitateri eta ekosistemei dagozkie, eta pertsonen segurtasuna eta justizia gehitu dituzte ekuazioan. Hala ikusi dute, bi irizpide horiek kontuan hartuta, mugak zorrotzagoak direla. Kalkulatu dutenez, lurrazalaren % 52 hartzen duten eremuetan bi muga edo gehiago gaindituta daude dagoeneko, eta horrek munduko giza populazioaren % 86ri eragiten dio. Datuak Elhuyar aldizkarian: Lur seguru eta justu baten mugak aurrekoak baino estuagoak dira.

Farmazia

Botiken soberakinak eta ontziak dagozkion tokira eramatea oso garrantzitsua dela gogorarazi du Juan del Arco Bizkaiko Farmazeutikoen Elkargoko zuzendari teknikoak, Bizkaiko Medikuen Elkargoak antolatutako Impacto medioambiental de los farmacos jardunaldietan. Juan del Arcok gomendatu du tratamendu bat amaitzen denean sobera dauden medikamentuak farmazietako SIGRE edukiontzietara eramatea, baita kutxa ere, nahiz eta hutsik egon, arrastoak egon baitaitezke. Mota honetako hondakinak ondo kudeatzen ez badira, oso kaltegarriak izan daitezke ingurumenerako. Kudeaketa hau bereziki garrantzitsua da antibiotikoen kasuan, uretara edo zabortegietara botatzen badira, erresistentzia sor baitezakete. Azalpenak Berrian: «Antibiotikoak txarto kudeatzen badira, oso arriskutsuak dira».

Biologia

Animalien aldean, ahalegin gutxi egiten dira landareen kontserbazio politiketan, Richard T. Corlett ekologo eta biodibertsitatean adituak ohartarazi duenez. Haren esanetan gainera, erreinu begetala babestea animaliak babestea baino merkeagoa eta errazagoa izan daiteke. Ekologoak nabarmendu du, alabaina, jende, espazio, finantziazio eta monitorizazio gehiago behar dela helburu hori lortzeko. Bestalde, dagoen ezagutza optimizatu aldera, online jarritako metaherbario bat osatzea proposatu du, herbario desberdinetako informazioa elkar lotzeko. Artikulu honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: ‘Ikusezinak’ dira landareak, baita zientziarentzat ere.

Juan Ignacio Pérez Iglesiasek baraualdia egitean gertatzen diren prozesu fisiologiko eta biokimikoak azaldu ditu Zientzia Kaierako artikulu berri batean. Pertsona batek barau egiten duenean gertatzen den lehenengo gauza da metabolismoak behera egiten duela. Horren ondorioz, bihotz taupaden maiztasuna murrizten da, gorputzeko tenperatura 37 gradutik 35,5 gradura jaisten da, eta oro har, gorputzak masa galtzen du. Metabolismoa moteldu egiten da nagusiki hormona paratiroideo gutxiago jariatzen delako, eta pentsatzen da hormona horren jariapena gutxitzen dela adipozitoek leptina gutxiago jariatzen dutelako. Kalkulatzen da 70 kg pisatzen duen eta 18 kg gantz erreserba dituen pertsona batek 100 egun iraungo lituzkeela bizirik baraualdian. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Baraua.

Arrain diadromoen onura ekologiko eta kulturalak handiak direla adierazi dute Europako Diades proiektuaren emaitzek. Diadromoak dira ibairik itsasora migrazioak egiten dituzten espezieak, eta kontrako bidaia egiten dutenak katadromoak dira. Arrain horien adibide dira izokinak, aingirak eta itsas amuarrainak, besteak beste. Euskal Herrian aurkitu daitezkeen arrain diadromoak kolaka, lanproia, aingira, izokina eta itsas amuarraina dira. Arrain espezie horien onurak eta mehatxuak kontuan izanda, AZTIk Europako agintariei eskatu die ardura har dezatela hauen kontserbazioa sustatzeko. Azalpen guztiak Berrian: Joan-etorriko arrainen balioa.

Neurologia

Zentzumenek nola engainatzen duten erakutsi dute Urteko Irudipen Onenaren lehiaketan. AEBetako Neural Correlate Society elkarteak antolatzen du lehiaketa hori, eta aurten Harry Potterren geltoki magikoaren inguruko begitazioak irabazi du lehenengo saria. Lehiaketaren helburua pertzepzioaren eta kognizioaren inguruko ikerketa zabaltzea da. Aurtengo hiru irabazleen lanak ikusteko, jo Berriako artikulura: Zentzumenek nola engainatzen duten erakutsi dute Urteko Irudipen Onenaren lehiaketan.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #441 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #449

Sat, 2023/06/03 - 09:00


Ama-hizkuntzak, hitzez hitz, garuna zizelkatzen du. Literalki. How our first language shapes brain’s connectivity structure, Juan F. Trillok egina.

Eta atmosferaren berotzean metanoaren eragina uste zena baino txikiagoa balitz? New insights on methane’s effects on climate warming Ruben Sousseren eskutik.

Supernobak “ikusi” egin ohi dira, baina orain arte ez da bat bera ere hauteman irrati-frekuentzietan. Type Ia supernova detected at radio wavelengths

Ezagunak diren arauak aplikatu baino, trebezia kontua dira nanoteknologian interesgarriak diren konposatuen sintesi organikoak. DIPCko jendea Synthesis of thioether polymers on Au(111).

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #449 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Arrate Santaolalla, ingurumen-ingeniaria: “Mundua hobetzeko ikertzen dugu”

Fri, 2023/06/02 - 09:00

Ukaezina da gaur egun ingurumenaren zaintzak eta leheneratzeak duen garrantzia. Arrate Santaolalla Ramirez horretan ikertzen du, baina ez zen horregatik hasi horretan. Onartu du, hala ere, betitik iruditu zaiola funtsezkoa ingurumena zaintzea, baina, batez ere, gustuko ikasgaiekin eta irakasleekin topo egin izanak eraman dute bide horretatik. Are gehiago; ingurumenarekin lotutako sailetara, bizi-zientzietatik iristen dira asko; Santaolalla, ez: “Industria Kimikoa Ingeniaritza Gradua ikasi nuen EHUn, eta, hor bertan, laugarren mailan, ingurumen-teknologiak izeneko ikasgai bat zegoen, eta konturatu nintzen gustatzen zitzaidala”.

Hala, Ingurumen Ingeniaritza masterra egitea erabaki zuen. Han ezagutu zituen master-amaierako lanaren zuzendariak izango zirenak, eta haiek proposatuta hasi zen ingurumen-ingeniaritzan ikertzen.

Arrate SantaolallaIrudia: Arrate Santaolalla Ramirez ingurumen-ingeniaria.

Santaolallak azaldu duenez, prozesu industrialak aurrera doaz, eta hondakinak sortzen dira. “Hondakin horiek kudeatu behar dira, eta, teknologiak horretan laguntzen du”. Horren adibide da bere lana: “Guk metalak berreskuratzen ditugu. Mikroorganismoak erabiltzen ditugu solubilizazio-prozesu batean, metalak berreskuratzeko”.

Berez, bi alderditan aplikatu eta ikertu dute bioprozesu hori. Batetik, biomekanizazioan, mikroegituren ekoizpenean; eta, bestetik, biolixibiazioan, tresna elektriko eta elektronikoen zirkuitu inprimatuetan dauden metalen berreskuratzeko, adibidez. “Izan ere, gero eta gehiago metatzen dira munduan, eta horien kudeaketa arazo oso larria da. Gu horretan zentratzen gara”, zehaztu du.

Finantzazioa, zailtasun nagusia

Santaolallak aitortu du pozik dagoela ikerketa-munduan egiten ari den lanarekin, bere aletxoa jartzen ari dela iruditzen baitzaio. Baina oztopo handi bat ere aurkitu du: finantzazioa lortzea. “Bekak eta diru-laguntzak, normalean, beste talde batzuei ematen dizkiete; agian, ikerketa oso garrantzitsuak egiten dituztelako. Baina, hori hala izanda ere, ingurumena gure osasunarekin erlazionatuta dago, eta ez dugu ahaztu behar funtsezkoa dela zaintzea”.

Haren iritziz, dibulgazioak lagundu dezake babes handiagoa lortzen, baita irakaskuntzak ere. “Dibulgazioa ikerketaren parte da. Jendeak ikusi behar du zertan egiten dugun lan, zer lortzen dugun, zer ondorio dituen… Nire ustez, horrek lagundu dezake ikerketaren garrantziaz jabetzen eta finantzazioa hobetzen”.

Bestalde, gustuko du irakasle-lana: “Nik ikasitako guztia, gazteei irakasten nabil. Baita ikerketa zein garrantzitsua den; ez bakarrik ingurumen-arloan, baizik eta arlo guztietan, mundua hobetzeko, nolabait. Horretarako egiten dugu ikerketa”.

Etorkizun labur-ertainean, hezkuntzan eta ikertzen jarraitzea gustatuko litzaioke. Izan ere, gustura dago taldean: “Talde txikia gara, eta uste dut guztiok gaudela gustura, eta egiten duguna oso garrantzitsua dela”.

Fitxa biografikoa:

Arrate Santaolalla Ramirez 1991n jaio zen, Gasteizen. Industria Kimikaren Ingeniaritzako Graduko titulua lortu ondoren, Ingurumen Ingeniaritza Masterra egin nuen (Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Kantabriako Unibertsitatearen artekoa). 2017an doktorego-ikasketak hasi zituen Astrid Barona eta Naiara Rojo doktoreen zuzendaritzapean, 2021eko uztailean, doktorego-tesia defendatu zuen UPV/EHUn: Copper solubilization strategies for mold biomachining and bioleaching from printed circuit boards, eta Ingurumen Ingeniaritzako “Nazioarteko Doktorea”-ren aipamena lortu zuen. Doktoregoan, nazioarteko egonaldi bat egin zuen National University of Ireland Galway-n (NUIG).

Informazio gehiago:

EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren Arloko Errektoreordetza (2023). EHU Ekinean podcasta: Arrate Santaolalla, Campusa aldizkaria, UPV/EHU.

Zuazagoitia, Daniel; Rojo, Ainara; Santaolalla, Arrate eta Zuazagoitia, Iñigo (2018). Gorbeialdeko Hondakinen Partzuergoak kudeatutako hiri-hondakin solidoen errefusaren karakterizazioa. Ekaia, 34, 225-241. DOI: 10.1387/ekaia.19068

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.

Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Arrate Santaolalla, ingurumen-ingeniaria: “Mundua hobetzeko ikertzen dugu” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mia. Marteko robota

Thu, 2023/06/01 - 09:00

Mia. Marteko robota (2022) planeta gorrira eramango gaitu bidaia liluragarri batean. Josu Goiko eta Juan Rolleren liburua zientzia eta abentura uztartzen dituen istorio xarmagarria da haurrei Marteko ezaugarriak erakusteko.

Istorio honetan, Mia izeneko robotaren egunerokoa auzoko planetan ikusiko dugu. Irakurleek, beren begien bidez, Marteko paisaia deskubrituko dute: mendi handi-handiak, arroila erraldoaik, zulo beldurgarriak… 

Marteko robotaIrudia: Mia. Marteko robota liburuaren azala. (Ilustrazioa: Juan Roller. Iturria: Denonartean)

Jakin, gaur egun badakigu Marten ura egon izan bazela urte luzez, airearen batez besteko tenperatura zero azpitik 55 gradu ingurukoa dela, etab. Ipuin hau umeei informazio hori hurbiltzeko medio bikaina da.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Mia. Marteko robota
  • Egilea: Josu Goiko
  • Ilustratzailea: Juan Roller
  • Argitaletxea: Denonartean
  • ISBN: 978-84-17940-97-3
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2022
  • Orrialdeak: 40 or.

The post Mia. Marteko robota appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

‘Ikusezinak’ dira landareak, baita zientziarentzat ere

Wed, 2023/05/31 - 09:00

Animalien aldean, ahalegin gutxi egiten dira landareen kontserbazio politiketan, zientzialari batek ohartarazi duenez.

2023ko apirilaren amaieran, Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi sortaren barruan, Landareekiko itsutasuna izenburupeko mintzaldia eskaini zuen Ainara Achurra EHUko biologoak —bideoa, hemen—. Achurrak bizitzaren abenturan bidaide ditugun izaki horien inguruan izan ohi dugun indiferentzia lazgarriaz ohartarazi zuen bertan.

Sinple bezain argia da arazoaren abiapuntua: gure biziraupenerako funtsezkoak izan arren, eta gure eguneroko jardueran edonon egonik ere, ez gara konturatzen beren presentziaz. Haietaz ohartu gabe ematen dugu bizitza gehiena. Landareekiko erabateko itsutasunak jota gaude.

Halere, itsutasun hori ez da soilik gizartera mugatzen. Landare ekologo batek ohartarazi duenez, zientzia jardunean ere ematen da fenomenoa, eta hori, noski, arazo iturri garrantzitsua izan daiteke landareentzat. Baita gizateriarentzat ere.

landareak1. irudia: landareak edonon gaude egunerokotasunean, baina gehienetan ez gara konturatzen beren presentziaz, eta espezie gutxi batzuen izenak baino ez ditugu ezagutzen. (Argazkia: Juanma Gallego)

Trends in Plant Science aldizkarian argitaratutako berrikusketa artikulu batean, Yunnango (Txina) Xishuangbanna Lorategi Botaniko Tropikaleko ikertzaile Richard T. Corlett-ek landareen gaineko ezagutzaren aldeko aldarria egin du. Ez du egin, noski, pertzepzio soilean oinarrituta, gaiaren bueltan egin diren aurreko ikerketetan baizik.

Artikuluan helarazitako mezu nagusia da landareak kontserbatzeko politiketan oso gutxi egiten dela gaur egun, batez ere animalien aldean. Zientzialariaren esanetan, erreinu begetala babestea eskura dagoen zerbait da, eta helburu hori, gainera, merkea eta erraza izan daiteke, beste behin, animalien kontserbazioari bideratutako ahaleginekin konparatuta.

382.000 landare espezie inguru ezagutzen dira. Horiez gain, kalkulatzen da espezieen %10–25 oraindik ez direla deskribatu. Ezagutzak, halere, pixkanaka aurrera egiten du: urte bakoitzeko 2.000 espezie berri deskribatzen dira. Noski, deskribatu gabeko espezie horiek guztiak zientziarentzat eta kontserbazio ekimenenetarako «ikusezinak» dira.

Kalkuluak ez dira oso zehatzak, baina, datuen tarte zabala izanda ere, argi dago kezkatzeko moduko arrazoiak badirela. Landare baskular espezieen %21-48 desagertu daitezkeela kalkulatzen da. Besteak beste, zoruaren erabileran egindako aldaketak eta nekazaritza praktika ez jasangarriak daude arazoaren atzean, egilearen ustez.

Mundu mailako de facto estandarra da IUCN Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak kudeatzen duen mehatxatutako espezieen Zerrenda Gorria, baina, horretan ere, datuak nahiko etsigarriak dira. Ia ornodunen %100 ebaluatu dira zerrenda hori begira, baina, landareak %15 baino ez dira ebaluatu orain arte.

Egoera hala izanik ere, Corlettek dio buelta eman dakiokeela. Ez da mugatu gaiaren bueltan dauden arazoen katalogo bat osatzera. Aitzitik, irtenbideak ere proposatu ditu. Gauza berriak egiteari ekin beharrean, beharrezkotzat jo du dagoeneko martxan diren ekimen eta jardueretan sakontzea. «Jende, espazio, finantziazio eta monitorizazio gehiago, bai eta eraginkorrak diren tokian tokiko esku hartze gehiago», behar direla nabarmendu du egileak.

Adituaren esanetan, gakoetako bat izan daiteke landareetan aditu gehiago trebatzea, jardun horretan nahikoa ez daudela uste duelako. Batez ere eremu tropikaletan omen dira beharrezkoak, bertan ikertu gabeko espezie asko daudelako; horietako batzuk, gainera, oraindik deskribatu gabe daude. Ezaugarritu gabeko landare horiek zientziarentzat «ikusezin» direla dio egileak. Ondorioz, espezie horiek desagertu daitezke gizakiok horren jakitun izan gabe. Egilea sinetsita dago horrelako «iraungipen ilunak» gertatu direla dagoeneko.

2. irudia: munduko leku askotan hazien bankuak sortu dira, espezie eta barietateen kontserbazioa erraztu aldera. Halere, hazi guztiak ezin daitezke kontserbatu. (Argazkia: Juanma Gallego)

Modu berean, landareentzako babesleku txikiak sortzearen alde azaldu da. «Existitzen diren babesleku gehienak paisaia karismatikoak edo eta ornodunak babesteko izendatu ziren“, idatzi du artikuluan. «Ondorioz, askotan ez dute modu egokian babesten arriskuan dauden landare taxonak».

Espeziearen eta arloaren araberako erabakiak hartu beharko direla sinetsita dago. Kasurako, espezie bat babesteko kontserbazio eremu bat ezarri daiteke, baina, aldi berean, beharrezkoa izan daiteke ere espeziearen hazi izoztuak mantentzea, badaezpada ere. Halere, hoberena da landareentzako babeslekuak izatea. Modu horretan, espezieak aukera izango du eboluzionatzeko, aldaketa eta erronka berrietara egokituz; agerikoa denez, klimarena da aldaketa horietako bat.

Hazi biltegiei dagokienez, zientzialariak dio haziak dituzten landare espezieen %17 inguru gordeta daudela hazien bankuetan, baina horiek kontserbatzeak ere erronka bat suposatzen du. Landare motaren arabera, zabaltzen diren aukerak oso mugatuta egon daitezke. Bereziki kontserbatzeko zailak dira tropikoetako landareen haziak. Kalkulatzen da espezieen %10 ezin direla ez lehortu ez izoztu, eta, horrela, kontserbatzeko aukera ezinezkoa bilakatzen da. Prozesu horietan lagungarri diren teknikak garatzen ari diren arren, oraindik erronka tekniko handia da hazi horien kudeaketa.

Nabarmendu du ere informazio baliogarria eskura izatearen garrantzia. Dioenez, uneotan informazio fidagarri gehiena espezieetako aleetatik eskuratzen da, baina egoera horrek ez du errazten distantziatik ikerketa egitea. Dagoen ezagutza optimizatu aldera, online jarritako metaherbario bat osatzea proposatu du, herbario desberdinetako informazioa elkar lotzeko. Halako proiektu batean, noski, are beharrezkoagoa izango da katalogazio eta ikerketa estandarretara jotzea.

Herbarioen arteko informazio trukaketarako estandar batzuk finkatuta dauden arren, egileak dio erreferentzia asko ez daudela digitalizatuta, eta horietako asko denetariko «estilo idiosinkratiko» batzuen bidez jasota daudela; askotan, geoerreferentziak ere falta bide dira. Landareak kokatzeko eta identifikatzeko iNaturalist bezalako proiektuen garrantzia eta potentziala aitortuta ere, hiritar zientziaren baitan aritzen diren halako proiektuek gabeziak dituztela azaldu du. Besteak beste, halako egitasmoek datu base erraldoiak sortzen dituzte, baina gutxitan egiten dira laginketa sistematikoak, eta horrek mugatzen du datu horiekin zer egin daitekeen.

Erronkak erronka, zientzialariak itxaropena agertu du, eta eremu geografiko zehatzetan egitasmoak abiatzeko garrantzia nabarmendu du. «Landare espezieen zero desagertzea helburu global batek urruneko asmoa eman dezake, baina tokiko, eskualdeko eta nazio mailako zenbait helburu potentzialki lorgarriak dira orain».

Erreferentzia bibliografikoa:

Corlett, Richard T. (2023). Achieving zero extinction for land plants. Trends in Plant Science. DOI: 10.1016/j.tplants.2023.03.019

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post ‘Ikusezinak’ dira landareak, baita zientziarentzat ere appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Baraua

Tue, 2023/05/30 - 09:00

Pertsona batek barau egiten duenean gertatzen den lehenengo gauza da metabolismoak behera egiten duela. Baraua egiten dutenek jarduera gutxiago egiten dute, edo are ezinbestekoa ez den edozein jarduera egiteari uzten diote. Baina metabolismoak behera egitea ez da jarduera murriztearen ondorio bakarrik; atsedeneko tasa metabolikoak ere behera egiten du. Bihotz taupaden maiztasuna murriztu egiten da. Gorputzeko tenperatura 37 gradutik 35,5 gradura jaisten da. Muskuluek masa galtzen dute, baita bihotz muskuluak ere. Gibela eta giltzurrunak ere argaldu egiten dira. Entzefaloa da bolumena galtzen ez duen bakarra. Horrek esan nahi du printzipioz organismorako beharrezkoak edo oso komenigarriak diren prozesu jakin batzuk egiteari uzten zaiola edo horiek intentsitate txikiagoarekin egiten direla. Jarduera metabolikoak behera egiten du baraurik egotean halabeharrez gertatu behar den gorputz masaren galera baino neurri handiagoan. Horrela, aurrerago ezinbestekoak izan daitezkeen energia erreserbak aurrezten dira.

BarauIrudia: Kurt Gödelek barau egin zuen, harik eta ahuleriagatik hil zen arte. (Iturria:)

Metabolismoa moteldu egiten da nagusiki hormona paratiroideo gutxiago jariatzen delako (batik bat T3 edo triiodotironina izeneko forma aktiboa). Oso litekeena da prozesu hori, bere aldetik, adipozitoek leptina gutxiago jariatzearen ondorio izatea. Leptina adipozina bat da; hots, hura sortzen duten zelulen egoeraren berri ematen duen proteina bat. Adipozitoak organismoan gantza gordetzen duten zelulak dira eta, gainera, leptinaren ekoizle nagusiak dira. Lipidoz kargatuta daudenean, odolera askatzen dute, hipotalamora –edo entzefalora– iristen da eta jateko gogoa gutxitzea eragiten dute. Gainera, tiroide guruina estimulatzen duen hormona, hipofisi guruinetik –hipotalamoaren bizilagun eta kidea da–, askatzea eragiten dute. Ondorioz, T3 gehiago askatzen da eta, beraz, metabolismoak gora egiten du eta bero gehiago ekoizten da. Adipozito horietako lipidoen mailek behera egiten badute, horiek leptina gutxiago askatzen dute; beraz, jateko gogoa areagotzen da eta metabolismoak behera egiten du. Barau egiten dutenak hotz dira.

Glukogenoa, animalien karbohidratoen erreserba, 24 orduan agortzen da gibelean –horrek hornitzen du entzefaloa glukosaz–, eta, seguru asko, astebetean, muskuluan. Metabolismo globala murrizteaz gain, proteinetan ere aurrezten da, gutxiago katabolizatzen baitira, karbohidratoen eta gantzen aldean. Ondorioz, gantz deposituak energia hornidura nagusia (eta ia bakarra) izatera igarotzen dira. Hain zuzen ere, barau egiten duten pertsonen biziraupena depositu horien tamainaren araberakoa da. Lipidoak amaitzen direnean, proteinak bakarrik geratzen dira energia lortu ahal izateko; beraz, horiek azkar erabiltzen dira. Askok bizirauteko ezinbesteko funtzioak betetzen dituztenez, heriotza azkar iristen da.

Ezin da erraz aurreikusi zenbat denbora iraungo duen barau egiten ari den pertsona batek bizirik; izan ere, faktore asko daude tartean, batik bat baraualdiaren aurretik zuen osasun egoera eta erreserba lipidikoen bolumena. Demagun 70 kg pisatzen duen eta 18 kg-ko gantz erreserbak (bere pisuaren % 25) dituen pertsona batek barau egitea erabakitzen duela. Hasteko, 700 megajoule inguruko erreserbak dituela (megajoule bat milioi bat joule dira: MJ); bestetik, barau egitean, metabolismoak atsedeneko balio normaletik, hau da, 10 MJ/egun-etik, 7 MJ/egun-era jaitsiko da. Beraz, erreserbek 100 bat egun iraungo lukete. Bobby Sands IRAren militante espetxeratuak gose greba bat egin zuen beste kide batzuekin batera 1981ean, eta baraualdiko 66. egunean hil zen. Litekeena da Sandsek suposizio teorikoan adierazitako 18 kg horiek baino gantz gutxiagorekin hasi izana greba.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Baraua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Efizientzia eta egonkortasun handiko eguzki-zelulak

Mon, 2023/05/29 - 09:00

Perovskita mineralaz osatutako eguzki-zelulen efizientzia eta egonkortasuna aztertu du nazioarteko ikerketa batek, eguzki-panel eraginkorragoak lortzeko asmoz.

Perovskita minerala ohikoa da lurrazalean eta eroale ona. Izan ere, gaur egun eguzki-zelula organikoen ohiko materiala da eta Juan Luis Delgado kimikariak, Polymat zentroko eta UPV/EHUko Ikerbasque ikertzaileak, perovskita eguzki-zelulen efizientzia eta egonkortasuna hobetzeko zelula hauen aukerak eta funtzionamendua aztertu du nazioarteko ikertalde baten barruan.

Perovskita eguzki-zelulek gaur egun merkaturatzen diren silizio kristalinozko zelulak ordezkatu ditzakete; izan ere, abantailak dituzte ohiko siliziozko panelekin alderatuta, hala nola efizientzia handiagoa -% 25etik gorako efizientzia- eta kostu txikiagoa. Perovskita zelulak «soluzio bidezko prozesamenduaren» bitartez egiten dira. Ekonomikoki merkeagoa da eta gutxiago kutsatzen du silizioa araztearen aldean. Merkaturatzeko eragozpen nagusia egonkortasuna da. Hain zuzen ere arlo horretan zentratzen da ikerketa zientifikoa.

eguzki zelulakIrudia: ikertzaileek perovskita eguzki-zelulak eguzkiaren energia modu eraginkorragoan aprobetxatzeko erabili dituzte. (Argazkia: andreas160578 – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Oxfordeko Unibertsitateko Henry Snaith fisikariak eta UPV/EHUko Juan Luis Delgado Ikerbasque ikertzaileak zuzendu dute ikerketa-taldea elkarlanean, efizientzia eta egonkortasun handiko eguzki-zelulak lortzeko azken belaunaldiko gehigarrien erabilerari buruzko informazioa eskuratzeko asmoz. 2019aren eta 2022aren artean, zenbait ikerketa-taldek oso efizientzia handiko perovskita eguzki-zelulak deskribatu dituzte gehigarri kopuru txiki bat (metilendiamonio dikloruroa) txertatzearen bidez, horrela momentura arte perovskita eguzki-zeluletarako ziurtatu den efizientziarik handiena lortzeko (% 25,7ko PCE).

Lan honetan, aldiz, aztertu dute gehigarriak perovskita kristalen hazkundean jokatzen duen rola, eta ikusi dute gehigarri hori, denboran zehar, forma kimiko egonkorragoetan deskonposatzen dela. Horrek egonkortasun hobea ematen dio perovskitari (> 1 urte airean).

Emaitza horiek oso garrantzitsuak dira, eta zuzeneko ondorioak izango dituzte etorkizunean, perovskita gailu fotovoltaiko egonkorrak eta efizientzia handikoak garatzeko orduan. Horrek eguzkiaren energia hobeto aprobetxatzea eta beste energia-iturri batzuekiko dagoen mendekotasuna murriztea ekar dezake.

Ikerketaren emaitzak Journal of the American Chemical Society (JACS) aldizkarian argitaratu berri dira eta bertan azaltzen dituzte efizientzia eta egonkortasun hobetuko perovskita eguzki-zelulen funtzionamendua.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Eguzki zelula eta efizienteenen eta egonkorrenen funtzionamendua argitu du ikerketa batek.

Erreferentzia bibliografikoa:

Duijnstee, Elisabeth A.; Gallant, Benjamin M.; Holzhey, Philippe; Kubicki, Dominik J.; Collavini, Silvia; Sturdza, Bernd K.; Sansom, Harry C.; Smith, Joel; Gutmann, Matthias J.; Saha, Santanu; Gedda, Murali; Nugraha, Mohamad I.; Kober-Czerny, Manuel; Xia, Chelsea; Wright, Adam D.; Lin, Yen-Hung; Ramadan, Alexandra J.; Matzen, Andrew; Hung, Esther Y.-H.; Seo, Seongrok; Zhou, Suer; Lim, Jongchul; Anthopoulos, Thomas D.; Filip, Marina R.; Johnston, Michael B.; Nicholas, Robin J.; Delgado, Juan Luis; Snaith, Henry J. (2023). Understanding the Degradation of Methylenediammonium and Its Role in Phase-Stabilizing Formamidinium Lead Triiodide. Journal of the American Chemical Society, 145, 18. DOI: 10.1021/jacs.3c01531

The post Efizientzia eta egonkortasun handiko eguzki-zelulak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #440

Sun, 2023/05/28 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

izenak

Biologia

Euskal Herrian ezagutzen diren anfibio espezieen erdiak mehatxatuta daude, eta %28 galzorian. Aranzadi zientzia elkarteko Herpetologia Saileko Ion Garin biologoak azaldu du mundu mailako eboluzioaren isla dela Euskal Herriko egoera, anfibioek gainbehera globala bizi baitute. Nabarmendu du gainbehera horren erantzule nagusia habitaten suntsiketa dela, eta bereziki, hezeguneena. Hezeguneak desagerrarazi dira historian zehar, leku horiei ez zitzaielako baliorik ematen gizartean. Ez da meatsu bakarra ordea; espezie inbaditzaileak haien inguruetan askatzeak ere eragina izan du anfibioen gainbeheran, eta hainbat gaixotasun zabaldu izanak ere haien populazioak arriskuan jarri ditu. Informazio gehiago Berrian: Apaltzen ari diren korrokak.

Geologia

Blanca Martinez geologoa jangarriak eta sendagarriak diren mineralen inguruan aritu da Zientzia Kaieran. Mahaiko gatza adibidez, sodio kloruroa (NaCl) besterik ez da, eta gero eta ohikoagoa da kaltzio askoko elikagaiak aurkitzea, hala nola esnea edo galletak. Sendagaiei dagokienez, digestioa egiteko garaian arazoren bat baldin badugu, antiazido sendagaia hartu ohi dugu. Bada, sendagai horren osagai nagusietako bat kaltzio karbonatoa da. Hortzetako pastetan ere mineralak daude eta ardoa egiteko prozesuan ere erabiltzen dira, beste hainbat aplikazioren artean. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Eta mineral sendagarriak.

Garrotxako bulkanismoa Iberiar penintsulako gazteena izan zela frogatu du nazioarteko ikerketa batek. Tartean Burgosko Unibertsitateko Eneko Iriarte Avilés aritu da lanean, eta azaldu du eremu horretako bulkanismoa duela 8.300 urtera arte gertatu zela; orain arte, duela 13.000 urte inguru amaitu zela uste zen. Besteak beste, jarduera bolkanikoak landare- eta laku-ekosistemetan izandako eragina aztertu dute, eta, azaldu dutenez, klima-aldaketa bortitz batzuk ere izan ziren. Gainera, Fluvià ibaiaren erregistro sedimentarioan hainbat adierazle geologiko eta biologiko aztertu dituzte, eta azken 14.000 urteetako bilakaera paleoklimatikoa argitu dute informazio horrekin. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: La Garrotxako bulkanismoa, Iberiar penintsulako gazteena.

Kimika

Piper minek duten mingarritasunaren jatorria kapsaizinoide izeneko konposatu batzuetan dago. Horien artean garrantzitsuena kapsaizina da. Piper min bat jatean, konposatu hauek lotu egiten dira ahoko mukosan dauden errezeptore batzuetara. Errezeptore hauek bero eta abrasio fisikoa hautematen dute, eta horregatik sortzen da sumindura-sentsazioa. Alabaina, min horrek ondoren endorfinak askatzea eragiten du, eta horiei esker, ongizate-sentsazio atsegina sentitzen da azkenik. Dituen ezaugarri horiengatik, kapsaizinak aplikazio ugari ditu, besteak beste sendagarriak sortzeko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Piper minen atzean dagoen zientzia.

Eraikuntza

Gaur egun, eraikinen kontsumoaren % 50 berokuntzarako eta hozteko erabiltzen da. Hori ikusita, energia-eraginkortasuna hobetzeko hainbat neurri hartu daitezke. Neurri horien bidez, energia-aurrezpena eta energia-eraginkortasuna sustatu daitezke, eta baita iturri berriztagarrietatik sortutako energiaren erabilera sustatu ere. Neurri horiek eraikinen birgaitze energetikoaren prozesuen bidez aplikatu daitezke, eta prozesu horietako bat da, adibidez, eraikinaren inguratzailea edo fatxada termikoki isolatzea. Gai honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen birgaitze energetikoa.

Teknologia

Litioaren ordez magnesioa duen bateria baten prototipoa aurkeztu du CIDETEC Energy Storagek. Gaur egun, litio-ioizko bateriak erabili ohi dira garraioa elektrifikatzeko edo energia berriztagarriak biltegiratzeko, baina naturan litio gutxi dago. Arazo horri konponbidea emateko asmoz, magnesioa erabili dute proiektu horretan litioaren alternatiba modura. Bestelde, bide-orri bat ere proposatu dute, sistemaren prestazioak nabarmen hobetuko lituzketen material berriak garatzeko eta inplementatzeko. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Azukrearen ordezko gozagarriak ez erabiltzea gomendatu du Osasunaren Mundu Erakundeak. Azaldu dutenez, pisua kontrolatzeko ez da gomendagarria mota horretako gozagarriak erabiltzea, hala nola aspartamoa, sakarina edo estebia. Erakundeak orain arteko ebidentzien berrikuspen zabal bat egin du, eta bi ondorio atera dituzte: batetik, ikusi dute gozagarri horiek ez direla eraginkorrak epe luzera gorputzeko gantza murrizteko. Bestetik, denbora luzez erabiltzen badira, ondorio kaltegarriak izan ditzaketela ere ondorioztatu dute, hala nola, 2 motako diabetesa eta gaixotasun kardiobaskularrak. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Gazteen osasun mentaleko arazoek lotura zuzena daukate elikagai eta edari ultraprozesatuen kontsumoarekin, UABko azterketa batek ondorioztatu duenez. 13 eta 18 urte bitarteko 500 nerabe ingururen ohiturak aztertu dituzte eta hauen %26,2k arazo psikosozialen bat du. Gazteen batez besteko kontsumoa 7,7 elikagai ultraprozesatukoa da (gehiene bat hestebeteak, galletak eta haragi prozesatuak). Aldiz, fruta eta barazkien kontsumoa egunean batez beste 1,93 erraziokoa da, gomendatutako bost errazioetatik «oso urrun». Datu guztiak Gara egunkarian: Janari ultraprozesatuak eta gazteen osasun mentaleko arazoak lotu ditu azterketa batek.

Astronomia

Planeta bati eta haren izarrari ‘Su’ eta ‘Gar’ izenak jartzea onartu du Nazioarteko Astronomia Batasunak. Orain arte Gliese 486 eta Gliese 486b izenak zituzten James Webb espazio teleskopioaren bitartez aurkitutako elementu horiek. Alabaina, Nazio Batuen Erakundeak 2022-2032ko tartea Hizkuntza Indigenen Hamarkada izendatu duenez, hizkuntza indigenetako izenak proposatzea deitu duten. Besteak beste, planeta topatu zuen taldeko Jose Antonio Caballerok egin zuen ‘Su’ eta ‘Gar’ deitzeko proposamena, eta erruz aukeratu zituzten beroarekin loturiko izenak, tenperatura beroak baitituzte. Lehenbiziko aldia da planeta batek eta bere izarrak euskarazko izenak dituztela. Berri honen inguruko informazio gehiago Sustatun, Alea aldizkarian, Garan eta Berrian irakur daiteke.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #440 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #448

Sat, 2023/05/27 - 09:00

Asko hitz egiten da ekonomia zirkularraz, baina zirkulartasun guztia ez da nahitaez jasangarria. Is the valorization of marine organic-waste into chitin environmentally sustainable? Mireia Martín eta Erlantz Lizundia.

Orain arte baliatu ez den metodo baten bidez neurtu ahal izan da unibertsoaren hedapena. Gaiari buruzko eztabaidan, badirudi mikrouhinen hondo kosmikoaren datuek hobera egin dutela. Refsdal measurement of the Universe’s expansion rate

Gene bat. Gene bakarra isilarazi eta arrak antzuak egiten dira. Amaitu dira emakumezkoen pilulak eta hormonen asaldurak. Hasiera batean eta saguetan. A single gene holds the key to male contraception, Rosa García-Verdugoren eskutik.

Kibble-Zureken mekanismoak ez-orekaren dinamika eta akats topologikoen sorrera deskribatzen ditu. Orain, DIPCko jendea pauso bat harago joan da, sistema klasiko zein kuantikoetarako. Universal power-law Kibble-Zurek scaling in fast quenches

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #448 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kiñuren begirada: astronomia eta astrofisika

Fri, 2023/05/26 - 09:00

Astronomia eta astrofisika izan dira unibertsoa ezagutzen eta ulertzen lagundu gaituzten zientziak. Baina ez al dira berdinak? Edo zertan ezberdintzen dira?

Galdera hauek erantzuten daukagu gaurkoan Kiñuk. Argitzen digu astronomia eta astrofisikaren arteko alde nagusia bi diziplinen helburu ezberdinen artean dagoela. Halere, gaur egun bi terminoak erabiltzen dira sarritan berdintsu, astronomia ikerketa gehienek astrofisikaren lege eta printzipioen aplikazioa behar baitute. Hortaz, ia-ia sinonimotzat har ditzakegu.

Gure kirikiñoak zientzia hauen nondik norakoak azaltzen dizkigu, antzinako zibilizazioetatik hasita gaur egungo teleskopioetara arte.

Astronomia

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: astronomia eta astrofisika appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen birgaitze energetikoa

Thu, 2023/05/25 - 09:00

Azken urteotan krisi energetiko bat bizitzen ari gara mundu mailan. Batez ere baliabide fosilen eskasiagatik eta energia-kontsumoaren gorakadagatik. Eraikuntzaren sektorea baliabide fosil gehien kontsumitzen duen sektoreetako bat da, eta, gainera, CO2 gehien isurtzen duen sektoreetako bat da. Kontsumo horren eta emisioen zati handi bat eraikinaren erabilera-etapan, berokuntzaren kontsumoan, hoztean eta ur bero sanitarioan islatzen da. Gaur egun, eraikinen kontsumoaren % 50 berokuntzarako eta hozteko erabiltzen da.

birgaitze energetikoaIrudia: birgaitze-teknika motak: ezkerrean fatxada aireztatua, eskuinean kanpo-isolamendu termikoreko sistemak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Horregatik, energia-inportazioekiko mendekotasun gero eta handiagoa, energia-baliabideen eskasia, berotegi-efektuko gasen ekoizpena mugatzeko beharra eta krisi ekonomikoa eta energetikoa gainditzeko beharra direla eta, beharrezkoa izan da neurriak hartzea eraikuntza-sektoreko energia-eraginkortasunari dagokionez. Neurri horien bidez, eraikinen energia-kontsumoa kontrolatu daiteke,energia-aurrezpena eta energia-eraginkortasuna sustatu daitezke, eta baita iturri berriztagarrietatik sortutako energiaren erabilera sustatu daiteke ere. Europako, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko eraikuntzako araudiaren barruan neurri hauek eskakizun gisa ezarri dira.

Azken urteotan eraikuntzari buruzko araudia aldatu egin da, energia-eraginkortasunari dagokionez hobekuntza eskatzeko, bai eraikin berriei, bai lehendik dauden eraikinei. Baina eraispen-tasa txikia eta eraikuntza berrien hazkunde txikia kontuan hartuta, birgaitzeari dagokio energia aurrezteko eta isurtzeko potentzial handiena. Izan ere, eraikinak birgaitzea oso garrantzitsua da, berehalako ondorioengatik ez ezik (energia-kontsumoa murriztea, eraikinen egoera hobetzea, etab.), epe luzeko ondorio positiboengatik ere, hala nola bizi-kalitatea handitzea, ingurumen-inpaktua murriztea eta abar.

Euskadiko etxebizitza-parkea Europako zaharrenetakoa da, eta, beraz, energetikoki pobreena. Hori dela eta, etxebizitza-parkearen eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta egungo araudiaren eskakizun berriak betetzeko, beharrezkoa izango da epe laburrean eraikin hauetan esku hartzea, eta energetikoki birgaituz.

Eraikinen birgaitze energetikoaren prozesuen bidez egin daiteke. Horietako prozesu bat eraikinaren inguratzailea edo fatxada termikoki isolatzea da. Prozesu honekin energia-kontsumoan aurrezpen handia lortzen da. Izan ere, eraikinaren guztizko kontsumoaren % 50 inguratzailetik zehar ematen da.

Hortaz, eraikinaren fatxadaren birgaitze energetikoak energia-kontsumoa eta CO2 isuriak murriztea dakar. Baina, eraikin bat energetikoki birgaitzeko hainbat birgaitze-teknikak, isolamendu eta abar daude. Horregatik, eraikin bat birgaitzeko orduan, teknikarik egokiena aukeratzea ez da lan erraza. Artikulu honetan, aukeraketan lagungarriak diren irizpideak planteatzen dira, jasangarritasunaren ikuspegitik. Hau da, eraikin bat energetikoki birgaitzeko aukerak aztertzen dira kontuan hartuta, ekonomia, ingurumena eta egoera soziala. Honela, aukeraka era zabal batean egitea lortzen da. Izan ere, Eraikinak giza espazioak dira, eta bertan bizi eta lan egiten da. Horregatik, kontuan hartu behar da eraikitako eta giza ingurunearen berrikuntza. Hau da, eraikina birgaitzerako orduan jasangarritasunaren funtsezko hiru oinarriak kontua hartu behar dira.

Honela, planteatzen diren jasangarritasun-irizpideak lan-tresna bat bezala erabili daitezke. Lan-tresna honek jasangarritasunaren ikuspuntutik birgaitze-teknikarik egokiena aukeratzen lagunduko du. Bere erabilera birgaitze-prozesuan parte hartzen duten eragile guztiei zuzenduta dago, bai eraikinen jabeei eta bai eraikuntza-enpresak.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2022
  • Artikuluaren izena: Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden eraikinen birgaitze energetikoa: Birgaitze-teknikak eta erabakia hartzeko jasangarritasun-irizpideak.
  • Laburpena: Eraikuntzako energia-kontsumoak gora egin du azken urteotan. Horregatik, eraikinen energia-eraginkortasunari buruzko araudiak ezarri behar izan dira kontsumoa kontrolatzeko, energia-aurrezpena hobetzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko. Baina Euskal Autonomia Erkidegoan zaharrak eta energetikoki pobreak diren eraikin kopurua oso altua denez, behar beharrezkoa da eraikin horietan esku hartzea eta epe labur edo ertainean energetikoki birgaitzea. Birgaitze-teknikarik egokiena aukeratzea ez da lan erreza eraikinak energetikoki birgaitzeko eraikuntza-soluzio ugari baitaude. Hau dela eta, erabakia hartzen laguntzeko, jasangarritasun-irizpideak erabiltzea planteatzen da. Horrela, birgaitze-teknikak ekonomiaren, ingurumenaren eta sozialaren ikuspegitik aztertuko dira.
  • Egileak: Ziortza Egiluz, Jesús Cuadrado, Eduardo Rojí, Ugaitz Gaztelu
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 31-47
  • DOI: 10.1387/ekaia.23101
Egileez:

Ziortza Egiluz, Jesús Cuadrado, Eduardo Rojí eta Ugaitz Gaztelu UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoa Saileko iketzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen birgaitze energetikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Piper minen atzean dagoen zientzia

Wed, 2023/05/24 - 09:00

Berdeak, horiak edo gorriak, txikiak edo handiak, gozoak edo minak… mota askotako piperrak daude. Gurean Gernikakoak, Ibarrakoak eta Ezpeletakoak, besteak beste, dira ospetsuenak. Zenbaitek biziki maite dituzte, beste batzuek, ordea, gorroto dituzte. Piper batzuk benetan minak dira, baina zein da ezaugarri hau ematen dien konposatua?

piperIrudia: Piperren mina aldatu egiten da landareen, fruituaren adinaren eta barietatearen arabera. Bestalde, esaterako, ur faltak ur-estresa  eragiten du eta honek fruituaren mina areagotzen du. (Argazkia: pasja1000 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Mingarritasunaren jatorria kapsaizinoideetan dago: konposatu horien artean garrantzitsuena kapsaizina da. Piper min bat jatean, konposatu hauek lotu egiten dira ahoko mukosan dagoen errezeptorera. Errezeptore hau bero eta abrasio fisikoarekin lotuta dago; horregatik sortzen da sumindura-sentsazioa. Min horrek dakarren ondorioa endorfinak askatzea da. Endorfinak gorputzean sortzen diren analgesikoak dira eta ongizate-sentsazio atsegina sortzen dute.

Mingarritasun maila

Piperren mingarritasuna neurtzeko, Wilbur Scoville farmazialariak bere izena daraman eskala bat sortu zuen 1912an. Metodo honetan piper lehorra diluitu egiten da ur- eta azukre-disoluzio bat erabiliz dastatzaileek mingarritasuna nabaritzen ez duten arte. Zenbat eta mingarriagoa izan, orduan eta puntuazio handiagoa izango du. Esaterako, kapsaizina puruak 16000000 SHU (Scoville min-unitate)  balioa du. Piperrei dagokienez, mingarrienen artean daude X piperra (3180000 SHU) eta dragoiaren hatsa (2480000 SHU).

Metodo hau ez da objektiboa eta, horregatik, 1980ko hamarkadatik aurrera bereizmen handiko kromatografia likidoa (HPLC) erabiltzen da mingarritasuna kuantifikatzeko. Neurketa hauetan kapsaizina kantitatea determinatzen da. Metodo hau fidagarria eta azkarra da kapsazinoideak identifikatu eta kuantifikatzeko. Lortutako emaitzak erraz pasa daitezke Scoville eskalara piper desberdinak konparatu ahal izateko.

Nola murriztu mingarritasuna?

Piper minak jaten ditugunean ura edaten dugu eragiten digun ondoeza murrizteko, baina hau ez da irtenbiderik onena. Horren arrazoia kapsaizina molekularen egitura kimikoan dago: hidrokarburo-kate luzea dauka eta, ondorioz, disolbagarritasun txikia du uretan. Disolbagarria da, ordea, alkohol eta oliotan. Horregatik, esnea edo jogurta jatea da minari aurre egiteko konponbide egokiena. Jaki hauek kaseina daukate, esnean aurkitu daitekeen proteina nagusia. Lipofilikoa da kaseina (olioarekin nahaskorra) eta kapsaizina molekulak barreiatzen ditu.

Kapsaizinaren aplikazioak

Kapsaizinak aplikazio ugari ditu; esaterako, hanturaren aurkako kremetan erabiltzen da. Osagai hau arlo honetan denbora luzez erabili bada ere, orain dela gutxi arte zientzialariek ez zeukaten argi nola egiten zuen bere lana. Badirudi eragin bat duela minaren seinaleak burmuinarekin konektatzen dituzten neurotransmisoreetan eta, ondorioz, mina murriztea lortzen du.

Kapsaizina piper-espraietan ere erabiltzen da. Esprai horiek begiak ixtea eta negargura eragiten dute berehala. Denborarekin bestelako sintomak azaltzen dira; esaterako, erredura-sentsazioa, eztula edota arnasa hartzeko zailtasuna. Esprai hauek 500000-2000000 SHUko balioak dituzte Scoville eskalan.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Idrees, S., Hanif, M.A., Ayub, M.A., Hanif, A., Ansari, T.M. (2020). Chili Pepper In Muhammad Asif Hanif, Haq Nawaz, Muhammad Mumtaz Khan, Hugh J. Byrne (Ed.), Medicinal Plants of South Asia (pp. 113-124). Elsevier. DOI: 10.1016/B978-0-08-102659-5.00009-4
  • Oliveira Junior, N., Padulla, V., Flores, I., Annunciação, D., Neiva, M., Brant, V. (2019). Evaluation of Natural Capsaicin (N.Cap) in Pepper Spray by GC-MS/FID, NMR and HPLC as an Alternative to the Use of Oleoresin Capsicum (OC). Human Factors and Mechanical Engineering for Defense and Safety, 3, 8. DOI: 10.1007/s41314-019-0024-6
Egileez:

Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen PMAS Saileko (Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia Saila) ikertzailea Polymaten eta Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakaslea Polymaten.

The post Piper minen atzean dagoen zientzia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Eta mineral sendagarriak

Tue, 2023/05/23 - 09:00

Bada oso ospetsua den eta asko gustuko dudan esaera bat gaztelaniaz, kutsu geologiko handia duelako, eta bizitza honetan zerbait guztiz gaizki ateratzen zaidan bakoitzean edo, aitzitik, sekulako zortea daukadanean nire buruari esaten diodana: “dar una de cal y otra de arena” (euskaraz, gutxi gorabehera, “batean kale, bestean bale”).

Izan ere, horixe bera egin dut mineralekin nire azken bi artikuluetan. Aurreko artikuluan, gure osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen (modu batera edo bestera) mineraletan zentratu nintzen, baina oraingo honetan gizakiarentzat ezin hobeak diren batzuei buruz mintzatuko natzaizue. Dena den, bide errazetik ez jotzen saiatuko naiz, eta jarriko dizkizuedan adibideak deigarriak izatea espero dut.

mineral1. irudia: Gatzunak berriz mugitzea lehortze larrainetan, Gesaltza Añanan (Araba) gatz minerala prezipitatzen laguntzeko. (Iturria: Añanako Gatz Harana Fundazioa)

Dibulgazio lanetan nabilenean, txikienen arreta neureganatzeko eta haiek harritzea lortzeko, gehien gustatzen zaidan moduetako bat da esatea nik, egunero, mineralak jaten ditudala. Eta hori Istorio Amaigabeako fantasiazko munduko harrijale bat izan gabe. Denbora pixka bat ematen diet pentsatzeko, eta, ondoren, esaten diet janariari gatza botatzeagatik esan diedala hori, eta, beharbada, apur bat esajeratu dudala. Mahaiko gatz hori sodio kloruroa (NaCl) besterik ez da, ur batzuetan disolbatuta agertzen den konposatu bat, zeinak, prezipitatzean, halita izeneko mineral baten forman egiten duen. Mahaiko gatza lortzeko, bi aukera ditugu: batetik, ur gazia –ez duen zertan itsas ura izan– lurruntzen utz dezakegu halitazko kristalak prezipitatzen diren arte; edo, bestetik, duela milioika urte ur gazia modu naturalean lurruntzearen ondorioz eratu ziren eta material modernoagoen azpian lurperatuta geratu diren mineral deposituak ustia ditzakegu. Eta ez da beharrezkoa gatz hori Itsaso Hiletik edo Himalaiatik ekartzea, ur gazia lehortzeko guneak ditugulako etxetik gertu, Gesaltza Añanan (Araba) adibidez, edo bai eta duela milioika urte eratutako biltegien ustiategiak, hala nola Poza de la Sal (Burgos) edo Cabezon de la Sal (Kantabria).

Janariarekin jarraituz, gero eta ohikoagoa da kaltzio askoko elikagaiak aurkitzea, hala nola esnea edo galletak. Izan ere, elementu hori kaltzita edo aragonito mineraletatik ateratzen da nagusiki, kaltzio karbonatoz (CaCO3) osatuta daudenak. Baina horrek ez du esan nahi minerala hauts bihurtu arte txikitu eta esneari zuzenean gehitzen zaionik; tratamendu kimiko bat egin behar zaio, ziurtatzeko jangarria dela eta gizakioi ez digula osasun arriskurik ekarriko.

Baina ez da hemen amaitzen kaltzitaren eta janariaren arteko harremana. Digestioa egiteko garaian arazoren bat baldin badugu, antiazido bat hartu ohi dugu. Bada, sendagai horren osagai nagusietako bat kaltzio karbonatoa da. Eta nahiz eta egia den duela mende batzuk kaltzitazko kristalak zuzenean ehotzen zituztela eta bertatik ateratako hautsa urdaileko arazoak eta ultzerak arintzeko hartzen zutela, gaur egun farmazietan eskura ditzakegun antiazidoak behar bezala testatuta eta prozesatuta daude.

Jan ondoren, hortzak garbitzea komeni da, hortzetako pasta erabiliz, txantxarra eta ahoko gaixotasunak saihesteko, eta horietan ere mineralak daude. Hortzak garbitzean, hortzak garbitzen dituena ez da hortzetako pastak sortzen duen aparra, baizik eta partikula mineral txiki batzuk. Mineral horiek urratzaileak dira, eta hortzetako esmalteari itsatsita geratzen diren janarien hondarrak kentzen dituzte. Horretarako mineralik erabilienak kaolinita (Al2Si2O5(OH)4 formula kimikoa duen buztin mota bat) eta kaltzita dira, bai eta diatomita ere, zeina diatomeoz –silizeozko (SiO2) oskol bat eraikitzen duten uretako alga batzuk– osatutako harri bat den.

mineral2. irudia: Jarama haranean (Madril), «Escarpes salinos y yacimientos de sulfato sódico del Jarama» izeneko interes geologikoko lekuko (LIG) glauberitaren meatze zahar baten sarrera. (Iturria: Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutua (IGME-CSIC)

Adibide oso bitxi bat sodio sulfatoarena (Na2SO4) da. Konposatu hori ardoa egiteko entzimen sintesirako baliatzen da. Farmazian ere erabiltzen da, zenbait sendagairen eszipiente gisa (parazetamola kasu), eta oso ondo dator ardo gehiegi edaten dugunerako. Detergente hautsaren osagai nagusietako bat ere bada, eta oinarrizkoa da mahai zapiko edo arropako ardo orbanak garbitu ahal izateko. Izan ere, sodio sulfatoa, nagusiki, hiru mineraletatik lortzen da: thenarditatik eta mirabilitatik (biek Na2SO4 formula kimikokoa dute), eta glauberitatik (zeina sodio eta kaltzio sulfatoz osatzen den: Na2SO4·Ca2SO4). Eta azpimarratu behar da, egun, Espainia dela Europar Batasunean mineral horien meak dituen herrialde bakarra (Burgos, Madril eta Toledo probintzietan daude meatzeak).

Garbiketaren munduan sartu naizenez, esan beharra daukat osasun ona ziurtatzeko oinarrizkoa dela jatorduen ondoren sukaldeko tresnak behar bezala garbitzea, eta, beraz, ezinbestekoa da harraskan espartzu bat egotea. Seguru konturatu zaretela kolore desberdinak dituztela, gogortasunaren arabera, eta berdeak eta urdinak direla ohikoenak. Bada, gogortasun hori espartzuak egiteko garaian sartzen diren mineralen araberakoa da, horiek osatzen dituzten zuntz sintetikoetan elkarri lotuta jartzen direnak: leunenek kaltzita partikulak izaten dituzte; gogorrenek, berriz, kuartzo pusketak (SiO2).

mineral3. irudia: San Andres meatzeko (Puebla de Lillo, León) talkozko kristalak, hainbat tonalitatetakoak: 1.- talko zuria, 2.- talko arrosa eta berdexka, 3.- talko beltza, Interes Geologikoko Lekua (IGL) – «Yacimiento de talco y pirita de Puebla de Lillo». (Iturria: Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutua (IGME-CSIC)

Amaitzeko, higiene pertsonalari helduko diot. Eta horretarako erabiltzen den mineral batean pentsatzen jartzean, bururatzen zaigun lehena talkoa da –Mg3Si4O10(OH)2–. Baina kontuz ibili behar dugu harekin, kalitate kontrol zorrotz bat gainditu behar baitu produktu kosmetiko gisa erabili ahal izateko, asbestoen taldeko beste mineral batzuekin edo gizakiarentzat toxikoak izatera irits daitezkeen materia organikoekin batera egon daitekeelako. Nahiko ezaguna den beste adibide bat desodorantea edo antitranspiratzailea da, hots, “alunbre harria” deritzona. Alunbrea da oro har aluminiozko sulfato bat, eta, desodoranteen kasuan, potasiozko alunbrea da gehien erabiltzen dena, zeina kalinita izeneko mineral batetik ateratzen den (Kal(SO4)2·12H2O).

Eta hobe dut hemen geratzea, horrelako beste ehunka adibide gehiago jartzen jarrai nezakeelako; baina, uste dut honezkero jabetu zaretela mineralek gure osasunean duten garrantziaz. Dena den, ez dut amaitu nahi begi bistan dagoen gauza bat gogora ekarri gabe: mineralak ez dira ez onak ez txarrak, haien konposizio kimikoaren eta gizakiok ematen diegun erabileraren araberakoa da dena.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko otsailaren 2an: Y minerales que curan

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Eta mineral sendagarriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ekimen kolektiboetan parte hartzeak integrazio soziala sustatzen du

Mon, 2023/05/22 - 09:00

Emile Durkheim (1858-1917) soziologoaren teoriaren arabera, bilkura kolektibo batean parte-hartzaileen artean gertatzen den elkar elikatzea eta bat egite emozionala giltzarriak dira prozesu kolektiboetan, eta iraun egiten du denboran. Teoria hori egiaztatu du UPV/EHUko Gizarte Psikologia, Kultura, Kognizioa eta Emozioa ikerketa-taldeak 2019ko Korrikan parte hartu zuten hainbat korrikalariren artean.

Ikerketa 2019ko Korrikako parte-hartzaileen lagin batekin egin zuten, hiru urratsetan: Korrika hasi aurretik, Korrika egiten zen bitartean eta Korrika bukatu eta gerora. Urrats bakoitzean parte-hartzaileek onlineko hiru galdetegiak erantzun zituzten eta jasotako datuak aztertu ondoren, ikertzaileek ondorioztatu dute Korrikan Durkheimen teoria betetzen dela.

ekimenIrudia: erritu eta ekimen kolektiboak, dimentsio handikoak zein txikiagoak, parte-hartzaileen ongizatean positiboki eragiten dute. (Argazkia: AEK Korrika – CC BY-ND 2.0 lizentziapean. Iturria: Flickr.com)

Durkheimen arabera, aldizka ospatzen diren erritu kolektiboek berrindartu egiten dituzte talde-balore eta -sinesmenak, eta kohesio soziala sustatzen dute. Horrenbestez, gizabanakoak gizartearekiko fede eta energia eraberrituak dituztela itzultzen dira beren bizitza indibidualetara. Eraberritze-sentsazio hori eferbeszentzia kolektiboak ahalbideratzen du, alegia, pertsonen arteko elkarreragin emozionalaren bitartez sortzen den bateratasun emozionalak. Orain arte, ordea, oso ikerketa gutxitan egiaztatu ahal izan da Durkheimen teoria.

«Gizakia izaki soziala da, eta erritu kolektiboetan parte hartzeak eragin psikologiko positibo ugari ditu, bai talde gisa, bai indibiduo gisa». Hala adierazi du Gizarte Psikologia CCE ikertaldeko Jon Zabala ikertzaileak. «Ikerketen arabera, erritu kolektiboetan parte hartzeak integrazio soziala sustatzen du, sinesmen sozialetan positiboki eragin, eta maila indibidualean (adibidez, autoestimuan eta bizitzarekiko asebetetzean) zein kolektiboan ahalduntzen du, besteak beste. Ez da harritzekoa, beraz, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako isolamendu-neurriak estres-, antsietate- eta depresio-maila altuagoekin erlazionatu izana», dio.

Eferbeszentzia kolektiboa

Ikertzaileen arabera, «parte-hartzaileek ongizatearen adierazle maila altuagoak erakusten dituzte Korrikan parte hartu ondoren, aurretik baino. Eta, adierazle horietako batzuetan, adibidez, integrazio sozialaren kasuan, maila horrek iraun egiten du Korrika bukatu eta sei astera ere». Ikertzaileek, gainera, proba estatistiko batzuen bitartez, baieztatu dute Durkheimek aipatzen duen «eferbeszentzia kolektiboa» dela eragin positibo horiek azaltzen dituena. «Parte-hartzaileak integratuago sentitzen dira taldean, herrian eta komunitatean, kolektiboki ahaldunduago, eta, gainera, pertsonekiko eta gizartearekiko ikuspegi positiboagoa dute», adierazi du Zabalak. Bestalde, egiaztatu ez duten arren, ikertzaileen ustez, beste ikerketa batzuen emaitzak ikusita, espero izatekoa da parte-hartzaileek gerora ere predisposizio handiagoa izatea euskararen aldeko ekintzak egiteko.

Durkheimen teoria modu honetan egiaztatu duten ikerketak ez dira asko, eta, zentzu horretan, berritzailea da lan hau, besteak beste datuak hiru fasetan aztertu dituztelako eta, horri esker, ikusi ahal izan dutelako erritu kolektiboetako parte hartzearen eragin psikologiko positiboek zenbat iraun dezaketen denboran.

Horrek argi erakusten du gizakion osasun mentalerako oso garrantzitsuak direla erritu kolektiboak, nahiz Korrikaren dimentsiokoak, nahiz txikiagoak, hala nola lagun arteko afariak edo familiako kideekin egiten ditugun bilkurak, integrazio soziala sustatzen baitute. Haien bidez, «gure talde erreferenteekiko sinesmen eta balore sozialak indartzen ditugu, taldearen parte eta estimatuak sentitzen gara, eta horrek motibazioak ematen dizkigu gure buruak eta gainerakoak hobeto zaintzeko. Horrek zentzua ematen dio gure bizitzari, munduan kokatzen laguntzen baitigu». Beraz, Zabalaren iritziz, ez da kasualitatea pandemia-garaian arazo psikologikoak ugaritu izana: «Osasunaren prebentzio-programetan kontuan hartu beharreko faktoreetako bat izan behar du partaidetza kolektiboak».

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Korrikan parte-hartzeak efektu psikologiko positiboak ditu gizarte-ongizatean eta ahalduntze kolektiboan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zabala, Jon; Conejero, Susana; Pascual, Aitziber; Zumeta, Larraitz N.; Pizarro, José J.; Alonso-Arbiol, Itziar (2023). Korrika, running in collective effervescence through the Basque Country: A model of collective processes and their positive psychological effects. Frontiers in Psychology, 14. DOI: 10.3389/fpsyg.2023.1095763

The post Ekimen kolektiboetan parte hartzeak integrazio soziala sustatzen du appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #439

Sun, 2023/05/21 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

ariketa fisikoak

Ekologia

Rosalie Barrow Edge (1877-1962) ornitologo amateurra eta ingurumenaren defendatzaile aitzindaria izan zen, eta bere ikuspegiak kontserbazioari heltzeko modua eta haren inguruan pentsatzen zena goitik behera aldatu zuen. Edgek bat egin zuen ornitologo eta behatzaile afizionatuen talde batekin, eta naturaren babesaren inguruan interesatzen hasi zen, batez ere milaka hegazti inolako kontrolik gabe ehizatzen zituztela jakin zuenean. Hortik aurrera, arriskuan zeuden espezieen aldeko jokabidea hartu zuen eta bere helburuak lortzeko, talde bat sortu zuen, Larrialdiko Kontserbazio Batzordea (ECC). Batzorde horri esker, 1934an Hawk Mountain basabizitzaren santutegia sortu zen Appalache mendietan, munduko basabizitzako santutegirik zaharrena. Emakume honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke.

Osasuna

1976ko uztailaren 10ean Seveson (Italian) sute bat piztu zen bertako industria bateko eraikin batean. Sute hark TCDD dioxina askatu zuen ingurura ondorio latzak eragin zituen inguruko 18 bat kilometro karratuan bizi zirenengan. Fabrika hartan, besteak beste, 2,4,5-T izeneko herbizida eta xaboi hexaklorofenoa ekoizten ziren, eta horren azpiproduktu gisa, TCDD dioxina edo 2,3,7,8-tetraklorodibenzo-p-dioxina ekoizten zen, zeina oso substantzia arriskutsua eta hilgarria baita. Biztanleak laster hasi ziren ondorioak pairatzen; lehena kloraknea izan zen, baina denboran luzatu ziren hilkortasun eta morbilitate arriskua. Besteak beste, neoplasia linfoemopoietikoa, digestio sistemako minbizia eta arnas sistemako minbizia pairatzeko arriskua handitu zen TCDD dioxinaren ondorioz, beste gaitz askoren artean. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Ez ahaztu Seveso.

OMEk aholkatu du ez erabiltzeko azukrea ez diren edulkoratzaileak pisua kontrolatzeko. Gaiaren inguruko ikerketak aztertu ditu erakundeak, eta, dauden datuen arabera, ikusi du sakarinak, estebiak eta antzeko produktuek ez dutela laguntzen gorputzeko gantza gutxitzen. Gainera, ikerketa horiek ikusi zuten ordezko horiek, luzera, hainbat gaitz pairatzeko arriskua handitu ahal zutela; besteak beste, 2 motako diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak eta hilkortasuna helduetan. Datuak Berrian.

Janari eta edarietako bisfenol-A eta beste plastifikanteen arriskuaz ohartarazi du EFSA Europako Batasunean elikagaien segurtasunaz arduratzen den agentziak. Bisfenol-A plastikoetan eta erretxinetan erabiltzen da, eta material horietako batzuk ondoren elikagaien eta edarien ontziek daramatzate. EFSAk sustantzia horren eraginari buruzko 800 ikerketa baino gehiago aztertu ditu, eta ondorioztatu dute Bisfenol-Ak T linfozito laguntzailearen maila igoarazten duela arean. Horrek, azaldu dute, hantura alergikoa eragin dezake biriketan, eta asaldura autoimmuneak. Horrez gain, ikusi dute garapenean, ugalketan eta metabolismoan ere eragin dezakeela. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Ikerketa berri batek ondorioztatu du ariketa fisikoak alzheimerraren garapena moteltzen duela, baita arrisku genetikoa dutenetan ere. Zehazki, aztertu dute ariketa fisikoak eta alzheimerra izateko arriskuarekin lotzen den proteina baten (ApoE4) geneak zer eragin duten alzheimerraren patologiarekin zerikusia duten mekanismo molekularretan. Mekanismo molekular horietako batzuk proteina amiloideen eta tauen metaketa, erresilientzia neuronala eta neurogenesia izan dira, eta aztertu dituzte ariketa fisikoa eta ApoE4 bakoitza bere aldetik hartuta eta elkarrekin. Hala ondorioztatu ahal izan dute ariketa fisikoak pertsona guztietan duela eragin onuragarria. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Lesbianek eta emakume bisexualek arrisku handiagoa dute bihotzeko osasun-arazoak izateko. Hori ondorioztatu du Frantzian 170.000 pertsonarekin egindako ikerketa batek. Azterketan zortzi faktore neurtu zituzten: dieta, jarduera fisikoa, loaren kalitatea, pisua, erretzea, eta azukrearen, kolesterolaren eta presio arterialaren mailak. Emaitzen arabera, lesbianek eta emakume bisexualek dietan, presio arterialean eta erretzeko ohituretan alde handia dute emakume heterosexualekin alderatuta. Emaitza hauek baldintzatzaile sozialekin erlazionatu dituzte, eta ikertzaileek uste dute osasun-egoeraren desberdintasun hauek bizi-baldintzek azal ditzaketela, hala nola lan-baldintza txarrek, buru-osasuneko erronkek edota diskriminazioak. Azalpen gehiago Elhuyar aldizkarian.

Astrofisika

Ikertzaile talde batek argitu du metaltasun altuko izarrak ez direla oso egokiak inguruko planetetan bizia agertzeko, isurtzen duten erradiazio ultramore motak ez duelako laguntzen planetetan ozono geruza trinko bat eratzen. Ordenagailu bidezko simulazioak erabiliz, aztertu dute izarraren metaltasunaren arabera zer nolako erradiazio ultramoreak isurtzen dituen. Landu dituzten ereduen arabera, metaltasun txikiagoa duten izarretan UV-C motako erradiazio gehiago sortzen da. Hau da, metal gehiago dituzten izarrak erradiazio ultramore gutxiago isurtzen dute. Lurraren kasuan, uhin luzera laburreko UV-C erradiazioek erdi atmosferan ozono babesgarria sor dadila laguntzen dute. Azalpenak Zientzia Kaieran: Izarren osaketa kimikoak bizigarritasuna baldintza dezake.

Teknologia

Aste honetan Ikur solasaldiak ospatu dira Bilbon, eta bertan mintzatu zen Maciej Lewenstein fisikari eta Kataluniako ICREA Zientzia Fotonikoen Institutuko ikerketa irakaslea. Lewensteinek optikan eta informazio kuantikoan ekarpen nabarmenak egin ditu, eta simulagailu kuantikoek hurrengo hamarkadan izango dituzten erabilerez eta garapenaz jardun zen. Azaldu duenez, simulagailu kuantikoek fenomeno fisikoak modelo esperimental batekin ikertzea ahalbidetzen dute, baldintzak kontrolatu ditzakezulako. Alabaina, Lewensteinek argitu du modelo horretarako behar dena kalkulatzea oso zaila dela ordenagailu klasiko batentzat, eta beraz, ikerketa gaia simulatzen duen sistema esperimentala eraiki nahi dute. Datuak Berrian: «Simulazio kuantikoa ez da iraultza bat, baina bai eboluzio oso garrantzitsua».

Arkeologia

Erdi Aroko Araban baliatzen zituzten ureztatze eta ongarritze mailak ezagutu ahal izan dira Arabako Zornoztegi eta Aistra aztarnategietan aurkitutako hazi batzuei esker. Hazi horien 50 lagini egin zaizkien karbono eta nitrogeno isotopo egonkorren analisiak, eta emaitzei esker jakin da Zornoztegiko eta Aistrako Erdi Aroko kokalekuetan garia eta garagarra landu zituztela ureztatze maila txiki eta ertainekin eta ia ongarririk gabe. Bestalde, badirudi Goi Erdi Arotik laboreen txandakatzea aplikatu zutela, eta leguminosoak erabiltzen zituztela lurra ongarritzeko. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Arabako Erdi Aroko nekazaritza-praktikak lurpetik ateratzen.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #439 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #447

Sat, 2023/05/20 - 09:00

Hizkuntza erabiltzeko dugun modu pertsonalak krimen baten armako hatz-marka batek bezainbeste salatu gaitzake. Language of crime, Marta Sánchez Lópezena.

Ikerketa-talde batek frogatu berri du polaritoi guztiz simetrikoak egon daitezkeela kristal batean. Eta esan ohi den bezala, ikusi sinesteko. First real-space images of THz plasmon polaritons.

Bazen behin bi jeneral bizantziar, kanpamenduen artean zeukaten hiri bati eraso behar ziotenak. Noiz erasotu adosteko izan zituzten arazoek joko teoriaren kapitulu oso bat ekarri zuen. Jesus Zamorak ondorioak ateratzen ditu On theory and observation (6): Public events and the two generals’ problem.

Substratuak eragin izugarriak ditu trantsizioko metalen dikalkogenuroak bezalako materialen monokapen ezaugarri elektroniko exotikoetan, Baina, ezagutzen badira, efektu horiek ezaugarriak manipulatzeko tresna bihurtzen da. DIPCko jendea Substrate dependency of the charge density wave orders of monolayer VSe2

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #447 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Rosalie Edge, infernuko katemea eta belatz errukiorra

Fri, 2023/05/19 - 09:00

Garai batean, milioika bisontek bazkatzen zuten Ipar Amerika barnealdeko larreetan –europarrak iritsi aurretik populazioa 100 milioi ingurukoa zela uste da–, baina ehizak haien gainbehera ekarri zuen. XX. mendearen hasieran ehunka baino ez ziren geratzen, zoologikoetan, in extremis. Beste espezie batzuek, hala nola uso migratzaileak (Ectopistes migratorius), ez zuten halako zortea izan, eta azkenean desagertu egin ziren.

Lehen kolonoak txundituta geratu ziren migrazio garaietan zerua estaltzen zuten milaka alek osatutako uso saldo handiekin. Batzuek hamalau ordu baino gehiago behar izaten zituzten eremu bat zeharkatzeko. Nork pentsatuko zuen Martha, espeziearen azken emea, 1914an hilko zela gatibutasunean? Azken kasu horrek ondo baino hobeto erakusten du espezie bat, munduko hegaztirik ohikoenetako bat izatetik desagertutako espezie izatera igaro daitekeela mende batean baino gutxiagoan. Historian maiz gertatu dira halakoak: gizakiak animalia eta landare asko desagerrarazi ditu, bere garaian oso ugariak izan zirenak, baliabide agorrezina zirelakoan. Kontserbazio biologiaren puntu ahulenetako bat ohiko espezieak gutxiestea izan da, eta uste baino gehiagotan gertatu da.

Edge1. irudia: Martharen kasuak ondo baino hobeto erakusten du espezie bat, munduko hegaztirik ohikoenetako bat izatetik desagertutako espezie izatera igaro daitekeela mende batean baino gutxiagoan. (Argazkia: Enno Meyer – domeinu publikoan. Iturria Wikimedia Commons)

Horren harira, Rosalie Barrow Edge (1877-1962) ornitologo amateurra eta ingurumenaren defendatzaile aitzindaria izan zen. Espezieak babestearen alde egin zuen, eta arreta berezia jarri zuen guztiak babesteko beharrean, ohikoak ziren bitartean, arraroak bihur ez zitezen. Bere ikuspegiak kontserbazioari heltzeko modua eta haren inguruan pentsatzen zena goitik behera aldatu zuen. Izan ere, garai hartan balio ekonomiko kuantifikagarri bat zuten espezieak bakarrik babestu ohi ziren. Helburu hori lortzeko, Larrialdiko Kontserbazio Batzordea (Emergency Conservation Committee, ECC) sortu zuen 1929an. Erakunde oso aktiboa zen, eta hil zen arte zuzendu zuen.

Rosalie Barrow New York hirian jaio zen, eta John Wylie Barrowren bost seme-alabetatik gazteena zen. John Wylie Barrow inportatzaile britainiar dirudun bat zen, eta Charles Dickensen senidea. 1909an, Charles Noel Edge ingeniari zibilarekin ezkondu zen Japonian. Hiru urtez Asian zehar bidaiatu zuen harekin, behin betiko Estatu Batuetara itzuli aurretik. Itzultzean, Edge senarrarengandik banandu zen, eta emakumeen boto-eskubidearen alde borrokatzen zen erakundearekin batekin (Equal Franchise Society) bat egin zuen. Bertan, hitzaldiak emateko eta eztabaidetan parte hartzeko jaioa zela ikusi zuen. Ondoren, New Yorkeko Estatuko Emakumeen Sufragioaren Alderdiko idazkari-diruzain izendatu zuten.

Edge2. irudia: Rosalie Barrow Edge ornitologo amateurra eta ingurumenaren defendatzaile aitzindaria izan zen. (Argazkia: domeinu piblikokoa. Iturria: Wikimedia Commons)

Garai hartan, 1905ean sortutako National Audubon Societyk eta kontserbaziora dedikatutako beste erakunde batzuk hegaztiak ikusteko topaketak egiten zituzten Central Parken. Edgek bat egin zuen egunero leku horretara joaten zen ornitologo eta behatzaile afizionatuen taldearekin, eta naturaren babesaren inguruan interesatzen hasi zen, batez ere milaka hegazti inolako kontrolik gabe ehizatzen zituztela jakin zuenean. Ehiztariek hainbat motibo zituzten hegaztiak ehizatzeko: haien luma desiratuak lortzea, gero modako osagarri gisa erabiltzeko; haien haragia saltzea; edo bestela, kirola egitea. Sarraski horiek garai batean ugariak ziren espezieak desagerrarazi zituzten eta beste asko desagertzeko zorian utzi zituzten. Haien ondorioz, Edge kontserbazioaren aldeko aktibista bilakatu zen, eta Audubon Elkarteen Elkarte Nazionalaren (NAAS) antolaketa politikan parte hartu zuen, oraingo Audubon Elkarte Nazionalaren aitzindarian.

1934an, Rosalie Edgek hegazti harraparientzako munduko lehen erreserba sortu zuen. Garai hartan gupidarik gabe ehizatzen zituzten espezie horiek, eta desagertzeko zorian zeuden.

Behin barruan, gertutik ezagutu zuen bere funtzionamendua, eta babestu behar zituzten espezieen aurka zihoazen praktika kaltegarriak zein ziren ikusi zuen. Edgek ikusi zuen naturaren alde egin behar zuten zenbait erakunde, Audubon kasu, isilik geratzen zirela gehiegikerien aurrean, eta are gehiago, batzuetan haien konplize ere izaten zirela interes ekonomikoak tarteko jartzen zirenean. Besteak beste, NAASeko presidenteak armaginen dohaintzak onartu izanak ehizaren aldeko politikak onartzearen truke edo elkartea ez jarri izanak gobernu federalak hildako hegazti harrapatzaileen ordainetan sekulako ordainsariak ematearen aurka, suminarazi egin zuten.

Edgek Audubon elkartearen bileretan buruzagi batzuen jokabidea gaitzetsi eta ustelak zirela salatu zuen, kirol tiroko klubekin, zur enpresekin eta abeltzainekin bat egiteagatik. Gerora, denak berdin jarraitzen zuela ikusi zuenean, NAAS auzitara eraman zuen, sufragista gisa ikasitakoa praktikan jarriz.

Bere aldeko epai batek erakundeko 11.000 kideen posta zerrendan sartzeko aukera eman zion, eta guztiekin harremanetan jartzen hasi zen zuzenean. Bere ustez basabizitzaren defentsari zegokionez egin ziren akatsak zein ziren azaldu zien. Neurri horri esker, bazkide askok baja eman zezaten lortu zuen, eta hala, buruzagiei zeharka presioa egin zien. Horietako batzuek dimisioa eman zuten. Eztabaida latz horrek NAASen eta Edgeren arteko haustura eragin zuen, eta emakumea hil baino aste batzuk lehenagora arte iraun zuen, 1962ko azarora arte, hain zuzen.

Bere helburuak lortzeko, talde bat sortu zuen, eta Larrialdiko Kontserbazio Batzordea (ECC) izena eman zion. Hasieran berak bakarrik osatzen zuen. Baina bere irmotasuna fruituak ematen hasi zen eta aurrerantzean izan zituen lorpenak izugarriak izan ziren, batez ere kontuan hartuta gehienak 1930eko eta 1940ko hamarkadetan gertatu zirela, hots, krisi ekonomiko sakoneko garaian.

Edge3. irudia: hegazti harraparien hego-luzera alderatzen duen benetako tamaina duen pantaila, Hawk Mountain Sanctuary. (Argazkia: Zeete – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Harraparientzako puntu beltzetako bat Appalache mendietako (Pennsylvania) mendixka bat zen, non hamarkadak zeramatzaten bertatik igarotzen ziren belatzak eta arranoak hiltzen. Kirol-ehizaldi horiek oso ezagunak ziren, eta milaka hegazti akabatzen zituzten urtero. Eta kontserbazionista batzuek, Richard Poughek adibidez, kanpaina batzuk egiten zituzten haiekin amaitzeko eta toki hura erosteko dirua biltzeko.

Edge sarraski horien jakitun zen, eta haien aurka egitea erabaki zuen, udazkeneko ehizari aurrea hartuz. Bazekien espezieak babesteko neurririk eraginkorrenetako bat lurrak erostea zela, jabe gisa lurrak zaintzeko kudeaketa egokia egin baitzezakeen. Uste zuen politikariei eta erakundeei hegaztien garrantzia ulertarazteko ahaleginak porrot egingo zuela, eta, ondorioz, bere ahalegin guztiak bere ikuspegiarekin bat zetozen pertsonek babesa eman ziezaioten bideratu zituen, eta, hala, lurren jabegoa eskuratzeko dirua lortu zuen.

Hasteko, zenbait naturalista konbentzitu zituen, 1.400 akreko Hawk Mountain (Belatzaren mendia) alokatzeko –erosteko aukerarekin–. Horrela jaio zen 1934an munduko basabizitzako santutegirik zaharrena. Ingalaterra Berriko Maurice Broun eta Irma Broun senar-emazte kontserbazionistek babestu zuten, eta orduz geroztik, migrazio ibilbideetan leku horren gainetik hegan egiten zuten hegaztien erroldak egiten hasi ziren. Urte baten buruan, ehizaldiak gelditzea lortu zuten, eta harraparien populazioa nabarmen suspertu zen. 1938an, Hawk Mountain Santutegia Elkartea irabazi asmorik gabeko erakunde gisa eratu zen, eta Edgek haren jabetza eskuratu zuen. Gerora, 2.500 akreraino hedatu zen, eta elkartearen jabetza izatera pasa da betiko.

Hawk Mountain ez da estatuaren jabetzakoa, eta ez du haren finantzaketarik jasotzen. Erabat autosufizientea izan da betidanik, eta halaxe izaten jarraitzen du gaur egun ere. Hegaztiak babesteko eta behatzeko bakarrik erabiltzen da. Behatokira sartzeko hamabost zentimoko sarrerei eta kontribuzio txikiei esker finkatu zen santutegia. Baina, batez ere, kontzientziazio gune bat da. Bisitari asko harraparien migrazioa ikustera soilik joaten ziren, jakin-minez, baina bertan ingurumenaren kontserbazioaren alderdi asko ezagutzen zituzten.

Gainera, historia zientifikoaren mugarri izan zen; izan ere, 1960an, Hawk Mountain Sanctuaryk Rachel Carsoni migrazioari buruzko datu esanguratsu batzuk eman zizkion, eta hark, datu haiei esker, harrapari gazteen biztanleriaren beherakada DDTarekin lotu zuen. Ikerketa horri buruz bere liburuan jardun zuen, Udaberri isila izenekoan.

Bere aktibismoa konprometitua eta beligerantea zen, eta arreta beti gatazketan jartzen zuen. Ondorioz, kontserbazioaren infernuko katemea bezala ezagutzen zen.

Bere aktibismoak parke nazionalak sortzeko eta zabaltzeko kanpaina ugari zuzentzera eraman zuen. Zeregin garrantzitsua izan zuen Olympic Parke Nazionalaren eta Kings Canyon Parke Nazionalaren sorreran, baita Yosemite Parke Nazionalarenean eta Sekuoia Parke Nazionalarenean ere. Eta, hori gutxi balitz, basabizitza eta ingurumena babesten zuten erakunde askoren fundatzaileengan eragina izan zuen.

Baina, gainera, Edge jarraitzaile gutxiko kausa askoren buru izan zen, eta toxiko eta pestiziden erabilera indiskriminatua salatzen ere lehenengotarikoa izan zen. DDTaren arriskuei buruz mintzatu zen. 1941aren amaieran, Edge kongresura joan zen, entzunaldi batera, intsektiziden kontrolik gabeko erabilerari aurre egiteko. Izan ere, Floridako zenbait lekutan, abereek izaten zituzten akainen infestazioak desagerrarazteko intsektizida horiek erabiltzen zituzten. Bertan, aplikazio masibo horiek fauna guztia pozoien eraginpean jartzen zutela ohartarazi zuen.

Bere aktibismo konprometitu eta beligeranteagatik eta arreta beti gatazketan jartzeagatik, kontserbazioaren infernuko katemea goitizenez ezagutzen zen, eta «zintzoena eta hezigaitzena» gisa definitu zuen The New Yorker aldizkariak 1948ko artikulu batean. Edge ez zen inoiz isildu: ez erakunde naturalistetako agintariak kritikatzeko garaian, haiengan praktika okerrak ikusten zituenean; ezta zientzialariei ahotsa ematerakoan ere, argia ikusteko bide zaila zuten gai korapilatsuak ikertzen zituztenean.

Hil baino aste batzuk lehenago, Audubon elkartearekin zuen sua behin betiko itzali zuen; 33 urtean gauza asko aldatu ziren, eta erakundea gauzak ondo egiten ari zen. Edge urteroko bileran izan zen, non estatubatuar kontserbazioaren figura garrantzitsuenetako bat bezala aurkeztu zuten; eta, milatik gora bazkideren txaloen artean, honako hau esan zuen: «Adiskidetu egin naiz Audubon elkartearekin».

Gaur egun bere izena gehienentzat ezezaguna bada ere, bere ondareak sekulako eragina du egungo mugimendu ekologistan. Rosalie Edge, Hawk of Mercy: The Activist Who Saved Nature from the Conservationists liburuak (Rosalie Edge, Belatz errukiorra: Natura kontserbazionisten eskuetatik salbatu zuen aktibista), Dyana Z. Furmanskyrenak, gogora ekartzen du eta omenaldia egiten dio ekosistemak babesten aitzindaria den eta modu bidegabean ahaztua izan den emakume honi.

Erreferentzia bibliografikoa: Iturriak: Egileaz:

Elena Soto zientzian espezializatutako kazetaria da. B@leópolisen idazten zuen, Balear Uharteetako dibulgazio zientifiko eta teknologikorako eranskinean. Poeta ere bada, eta hainbat liburu argitaratu ditu.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko azaroaren 30ean: Rosalie Edge, la gata del infierno y el halcón misericordioso.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Rosalie Edge, infernuko katemea eta belatz errukiorra appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zoladura iragazkorrak, hirietako drainatze-sarean txertaturiko elementu gisa

Thu, 2023/05/18 - 09:00

Azken hamarkadetan nabarmen egin du gora mundu-mailako biztanle kopuruak, eta, horrenbestez, baita planetako azalera urbanizatuak ere. Bide horri jarraituz gero, 2050. urterako, mundu-mailako biztanleen bi heren hiriguneetan biziko direla aurreikusten da. Tradizionalki, urbanizazio-prozesua gauzatzeko, natura- edo nekazaritza-inguruneak eraldatu izan dira, hiri-ingurune berrian lurzoru naturaleko eremuak zein landaretza murriztuz, agerikoa denez. Eraldaketa prozesu horrek, besteak beste, hiri-ingurunearen desnaturalizazioa eragin du, gainazal natural eta iragazkorrak (zelai eta basoak) ordeztu eta iragazgaitzak bultzatuz (errepideak, espaloiak eta teilatuak batez ere).

Zoladura iragazkorrakIrudia: urbanizazio-prozesua dela eta, uraren hiri-zikloa gero eta urrunago dago uraren ziklo naturaletik eta ura iragazten ez denez sarean kudeatu beharreko ur bolumenak handiagoak dira. (Argazkia: 652234 – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Hori dela eta, uraren hiri-zikloa gero eta urrunago dago uraren ziklo naturaletik. Ziklo naturalean, gizakiaren eraginik ez dagoenean, euriak akuiferoak hornitzen ditu; prozesu horretan, gainera, iragazi eta garbitu egiten da, naturalki. Hiriguneetan, aldiz, lurra zigilatua dagoenez, ura kolektoreetan jasotzen da, eta handik araztegiraino eramaten dira hondakinak zein sedimentuak, edo, batzuetan, baita ingurunera zuzenean isurtzen ere. Hau da, ura hainbat funtzio dituen baliabide baliotsua izatetik, ahalik eta azkarren ebakuatu beharreko arazo izatera igaro da. Gainera, horrek eragina du saneamendu sarearen diseinuan, ura iragazten ez denez sarean kudeatu beharreko ur bolumenak handiagoak baitira.

Gauzak horrela, hainbat proposamen osagarri sortu dira euri-ura hirien plangintzan eta diseinuan integratzeko. Horietako bat dira Sustainable Urban Drainage Systems (SUDS) deiturikoak edo, gurera ekarrita, Drainatze Jasangarriko Hiri-Sistemak (DJHS). Sistemak horiek euri-ura kudeatzeko teknikak dira, erreproduzitu eta/edo lehengoratu egin nahi dituztenak hirigintza-garapenaren aurreko prozesu hidrologikoak (isurketa-atzeratzea, iragazketa, biltegiratzea edo ebapotranspirazioa).

Teknika horietako bat dira zoladura iragazkorrak. Hala, zoladura iragazkor deitzen diegu, zoladura tradizionalak ez bezala, euri-ura jasotzeko eta gordetzeko gai diren horiei. Hori egiteko geruza irazkorrak ipini ohi dira bata bestearen gainean. Azpian harri garbiak eta, goian, asfalto edo hormigoi porotsua moduko geruzaren bat. Ez dira berriak, baina oso mugatua da hirietako drainatze-sareko elementu integratu moduan duten erabilpena; besteak beste, sistema horien funtzionamenduarekiko konfiantza-ezagatik.

Zoladura iragazkorreko sistemen abantaila nagusienetako bat euri-ura kudeatzeko modua da. Zoladura tradizionalak euri-ura drainatze- edo saneamendu-sarera lehenbailehen bideratzeko diseinatu ohi dira, eta gainazaletik egin ohi dute hori, iragazgaitzak izaki. Zoladura iragazkorrak, aldiz, ur hori jatorrian kudeatzeko gai dira; oso porotsuak direnenez ura atxikitzeko gaitasuna baitute. Ura jasotzeko eta gordetzeko ahalmen hori dela medio, nabarmen murriztu dezakete saneamendu-sarera bideratzen den ur-bolumena, saneamendu-sarearen behin-behineko gainezkatze-egoerak urrituz.

Ur-bolumenean eta emarian ez ezik, aipaturiko gainazalaren inpermeabilizazioak eragina du uraren abiaduran ere, eta, ondorioz, kutsagaiak garraiatzeko ahalmenak ere gora egiten du. Beraz, hirietako ur-isuriek kutsagai ugari garraia ditzakete (besteren artean, metal astunak, hidrokarburoak, nitrogenoa, fosforoa eta mikroplastikoak), osasunerako eta ingurumenerako arriskutsuak diren kontzentrazioetan ere ager daitezkeelarik. Zoladura iragazkorrek, isurketa murriztearekin batera, gutxitu egiten dute kutsatzaileen kontzentrazioa azaleko isurketan, kutsagai batzuk beste batzuk baino hobe degradatu edo atxikitzen dituzten arren.

2. irudia: eremu esperimentaleko ura jasotzen duten hiru ubide: azaleko isurketa jasotzen duena (ezkerrean), asfalto iragazkorrekoa jasotzen duena (erdian) eta gal- tzada-harrien ura jasotzen duena (eskuinean). (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Zoladura iragazkorrek isuriak murrizteko eta isurien kalitatea hobetzeko duten gaitasuna aztertzeko, Donostiako Udalak Martuteneko Txominenea urbanizazioan zoladura iragazkorreko eremu bat eraiki du, Euskal Herriko Unibertsitateak kudeatzen duena. Eremuak 180 m2 ditu eta zoladura iragazkorren eraginkortasuna aztertzeko datuak biltzen dira. Eremua zoladura iragazkorren epe luzerako eraginkortasuna aztertzeko baliagarri izango da, baita isurketen bolumen eta kalitatean izan dezaketen eraginkortasuna aztertzeko ere.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2022
  • Artikuluaren izena: Zoladura iragazkorrak, hirietako drainatze-sarean txertaturiko elementu gisa.
  • Laburpena: Zoladura iragazkorrak hirietako drainatze-sistema jasangarri mota bat dira. Ez dira berriak, baina oso mugatua da hirietako drainatze-sareko elementu integratu moduan duten erabilpena; besteak beste, sistema horien funtzionamenduarekiko konfiantza-ezagatik. Artikulu honen helburua zoladura iragazkorren inguruan dagoen ezagutzaren inguruko ikuspegi eguneratua ematea da, Administrazio eta enpresetako teknikariek inplementaziorako tresna eskuragarri gehiago izan ditzaten. Horrela, zoladura iragazkorren deskribapena emateaz gain, hirietako saneamendu-sarearen kudeaketan dituzten inpaktuak aztertuko dira, baita diseinurako irizpide batzuk eskainiko ere. Guztia ikuspuntu hidrologiko-hidrauliko batetik egingo da, azaleko isurketen bolumen- eta emari-murrizketa nabarmenduz, baina uraren kalitatea ere kontuan harturik. Bukaeran, zoladura mota hauek ikertzeko eraiki den eremu baten deskribapena ere emango da, haren erabilgarritasuna azpimarratuz.
  • Egileak: Eneko Madrazo Uribeetxebarria, Maddi Garmendia Antín, Maite Meaurio Arrate
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 91-107
  • DOI: 10.1387/ekaia.23083
Egileez:

Eneko Madrazo Uribeetxebarria UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetiko Saileko ikertzailea da.

Maddi Garmendia Antín UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetiko Saileko ikertzailea da.

Maite Meaurio Arrate UPV/EHUko Kimika Fakultateko Kimika Aplikatua Saileko eta Prozesu Hidro/Ingurumenekoen Ikertaldeko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Zoladura iragazkorrak, hirietako drainatze-sarean txertaturiko elementu gisa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages