Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 1 hour 4 min ago

Arabako Erdi Aroko nekazaritza-praktikak lurpetik ateratzen

Mon, 2023/05/15 - 09:00

Arabako Zornoztegi eta Aistra aztarnategietan aurkitutako hazien 50 lagini egin zaizkien karbono eta nitrogeno isotopo egonkorren analisiei esker Erdi Aroko nekazaritza-praktikak ezagutu izan dira. Haziak IV. mendetik XIV.ra bitartekotzat jo dira eta azterketako emaitzei esker ikertzaileek ezagutu dituzte baliatzen zituzten ureztatze eta ongarritze mailak.

Erdi Aroko nekazaritzari buruz daukagun informazio gehiena idatzizko iturrietakoa da eta, horrez gain, aro horretako azken mendeei buruzko da soilik. Gainera, informazioa ez da zehatza. Isotopoen analisiaren bidez, ordea, Erdi Aro osoari buruzko datuak lortu ahal izan dituzte ikertzaileek, baita zuzeneko idatzizko frogarik ez zegoen testuinguruei buruzkoak ere.

nekazaritzaIrudia: UPV/EHUren parte-hartzea izan duen ikerketa baten, inoiz erabili gabeko karbono eta nitrogeno isotopo egonkorren metodologia baliatu dute, Arabako Erdi Aroko aztarnategi bitan sasoiko nekazaritza aztertzeko. (Argazkia: andreas160578 – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Karbono eta nitrogeno isotopo egonkorren analisiak aukera ematen du kuantitatiboki ezaugarritzeko iraganeko nekazaritza teknikak; bereziki, ureztatzearen eta ongarritzearen erabilgarritasunari dagokionez. Bestalde, lehen aldiz aplikatu da metodologia hau sistematikoki Iberiar penintsulako Erdi Aroko aztarnategietan, esaterako, Araban dauden Zornoztegi eta Aistran. Ikerketan, Euskal Herriko Unibertsitateako Maite Iris García Colladok hartu du parte eta emaitzak ikusita ondorioztatu daiteke “Zornoztegiko eta Aistrako Erdi Aroko kokalekuetan garia eta garagarra landu zituztela ureztatze maila txiki eta ertainekin eta ia ongarririk gabe. Dena den, gariaren laginek adierazten dute Zornoztegin Aistran baino ohikoagoa izan zela ur erabilgarritasun handiagoa zituzten lursailak aukeratzea, baita gizakien parte-hartzea ere hobetzeko”.

Ureztatzeari buruzko datuez gain, ikerketak bestelako zenbait zantzu aurkeztu ditu, eta, horien arabera, badirudi Goi Erdi Arotik laboreen txandakatzea aplikatu zutela, eta leguminosoak erabiltzen zituztela lurra ongarritzeko. Emaitza horiek pizgarria dira gai horretan lanean jarraitzeko, orain arte ezagutzen ez ziren datuak jakinarazi dituztelako Erdi Aroko komunitate nekazariek laborantzan baliatzen zituzten estrategiei buruz. Hala, datu multzo handiagoak aztertu beharko dira, eta zabaldu egin beharko dira bai geografikoki, bai kronologikoki ikerketa kasuak.

Maite Iris Garciak azaltzen du Arabako bi aztarnategien arteko alde nabarmenak ere aurkitu dituztela, bakoitzaren funtzio ekonomikoak, sozialak eta politikoak ulertzen laguntzen dutenak. Esaterako, Zornoztegi nekazarien herrixka bat zen, eta bertako familia taldeen artean ez da alderik aurkitu. Aistra, ordea, eskualdeko leku nagusietako bat zen, eta zenbait datuk adierazten dute tokiko eliteak han bizi zitezkeela eta ziurrenik zergak biltzeko zentroa zatekeela. Hasieran ikertzaileek uste zuten Aistrako hazien jatorria errentak zirenez, anitzagoak izango zirela. Aitzitik, aldakortasuna antzekoa izan zen bi testuinguruetan. “Zornoztegikoetan, gainera, balizko lan inbertsio handiagoa behatu genuen. Hala ere, gure ikerketa mugatua da, ez dagoelako datu isotopikorik erromatarren garaiko nekazaritzako jardunbideei buruz. Horiek beharrezkoak izango lirateke Erdi Aroko aldaketak eta berrikuntzak behar bezala ebaluatu ahal izateko”, azaldu du ikertzaileak.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Erdi Aroko nekazaritzaren ureztatze eta ongarritze mailak zehaztu dituzte.

Erreferentzia bibliografikoa: García-Collado, Maite I.; Quirós Castillo, Juan Antonio;  Tereso, João Pedro; Carmine Lubritto, Luís Seabra; Altieri, Simona eta Ricci, Paola (2022). First Direct Evidence of Agrarian Practices in the Alava Plateau (Northern Iberia) During the Middle Ages Through Carbon and Nitrogen Stable Isotope Analyses of Charred Seeds. Environmental Archaeology, 0 (0), 1-11. DOI: 10.1080/14614103.2022.2091725

The post Arabako Erdi Aroko nekazaritza-praktikak lurpetik ateratzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #438

Sun, 2023/05/14 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

estalki

Osasuna

Adinkeriari aurre egiteko modua ikertu du Erizaintza Fakultateko ikasleetan Bertitze San Martin UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak. Adinkeriak adinean aurrera doazenen aurkako diskriminazioa deskribatzen du, eta osasun arloan, arazoak dituztenean hauek aintzat ez hartzea eragiten du, besteak beste. Arazo hau aztertzeko helburuarekin, San Martinek aztertu zuen geriatria eta gerontologiari buruzko ikasgaien eta praktika klinikoak egin behar zituzten ikasleen jarrera, praktikak egin aurretik eta ostean. Hala ikusi zuen, erizaintzako ikasleek estereotipo negatibo eta aurreiritzien maila murriztu zutela praktikak egin ostean, baina medikuntzako ikasleetan berdin mantendu ziren. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Paleontologia

Metodo berri bat erabiliz, paleolitoko zintzilikario batetik erabiltzailearen genoma erauztea lortu dute Anatomia Ebolutiboko Max Planck Institutuan. Ikertzaileek azaldu dutenez, objektua sodio fosfatozko disoluzio batean sartu dute, eta tenperatura pixkanaka igotzen joaten dira. Horrela, hortz edo hezur zaharrean harrapatutako DNA disoluzioan askatzen da, eta sekuentziatzeko eta aztertzeko aukera ematen du. Teknika berritzaile honekin, Denisova haitzuloan aurkitutako zerbido-hortzeko zintzilikario batetik, uapiti baten eta antzinako gizaki baten DNA berreskuratzea lortu dute. Gizaki hori, gainera, duela 19000-25000 urte bizi izan zen emakume bat zela jakin ahal izan dute. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Ikerketa batek berretsi du Homo espezieek, eta bereziki Homo sapiensek, oso ingurumen-baldintza eta paisaia desberdinetara egokitzeko gaitasun handia zutela. Ondorio horretara iristeko, duela 3 milioi urte arteko biomen simulazioak egin dituzte eta sei hominino espezieren datu arkeologikoak erabili dituzte. Hala, homininoen migrazioetan eta adaptazioan landarediak, paisaiak eta ekosistemek nola eragin zuten aztertu dute, eta ondorioztatu ahal izan dute espezie bakoitzaren lehenespenak zeintzuk ziren. Gainera, emaitzek iradokitzen dute Homo espezieek aktiboki bilatu zituztela habitat-dibertsitate handiko inguruak, eta, bereziki, H. sapiensek, gaitasun handia zuela halako inguruneetara egokitzeko. Aurkikuntza honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Kimika

Onintze Parrak (1998,Bilbo) Ingeniaritza Kimikoko Gradua (UPV/EHU) ikasi zuen UPV/EHUn, eta ia bi urte daramatza Procat-Vares taldean ikertzen. Bere ikergaia CO2-a gasolina nola bihurtzeko metodoak aztertzean datza, katalizatzaileak erabiliz. Katalizatzaileak erreakzio kimikoak gertarazteko eta horien abiadura kontrolatzeko erabiltzen diren substantziak dira, eta Parraren kasuan, metal oxidoak eta zeolita izeneko katalizatzaile azidoak erabiltzen ditu. Orain arte eginiko probetan oso emaitza onak lortu ditu Parrak. Erreaktorera sartutako CO2-aren ia % 40 zenbait produktu bihurtzea lortu du, eta lortutako produktu horien % 75 gasolina izan da. Besteak beste, ekoiztutako gasolinaren propietateak hobetzea da orain helburua. Ikertzaile honi buruzko informazio gehiago Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean aurki daiteke: Onintze Parra: “Erreaktorera sartu dugun CO2-aren ia % 40 zenbait produktu bihurtzea lortu dugu, eta horien % 75 gasolina izan da”.

Astronomia

Artizarran sumendi aktiboak daudela adierazten duen zantzua topatu dute duela urte batzuetako irudiak aztertuz. Magellan zundak 90eko hamarkadaren hasieran Maat Mons mendiaren hainbat irudi hartu zituen, eta otsailaren eta urriaren bitartean lortutako irudietan zenbait aldaketa hauteman dituzte. Zehazki, sumendiaren kraterretako baten tamaina eta forma aldatu dela egiaztatu ahal izan da, eta zientzialariek uste dute hor laba laku bat egon zitekeela. Beste azalpen alternatibo bat da krater horren handitzea hormen kolapso baten ondoriozkoa izatea, baina gure planetan mota eta tamaina horretako kolapsoak sumendien erupzio batetik hurbil egon ohi dira denboran, eta Maat Mons mendiak ez du ezaugarri hori betetzen. Datuak Zientzia Kaieran: Artizarrak sumendi aktiboak dituela dioen behin betiko froga?

Hizkuntzalaritza

Zahartzaroan geroz eta gehiago kostatzen zaigu hitzak topatzea hitz egitean. Hitzak dimentsio askotako sare zabal eta konplexuetan daude gordeta gure gogoan, eta auzokide semantiko eta fonologiko asko dituzten hitzek dentsitate handiko guneak eratu eta hutsarte gutxiko sare-guneak sortzen dituzte. Oraindik ez dago argi zein duten iturburu adinarekin sarbide lexikoan agertzen diren zailtasunek, baina ikerketek iradokitzen dute sare horren ehundura ahuldu egiten dela adinean aurrera egin ahala, eta hitzen arteko konexioak ahultzen direla. Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna taldeak eta Ixa ikerketa taldeak gai horren inguruan ikertzen dihardute. Orain arte lortu dituzten emaitzek iradokitzen dute esanahien inguruko ezagutzak behera egiten duela urteen poderioz, eta horrek erlazioa izan dezake hitzak ez topatzearekin. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Arkitektura

Urmaela daukan estalki laua da estalki putzuduna, eta abantaila garrantzitsuak ditu eraikinaren kudeaketa termiko pasiboa hobetzeko. Klima lehorreko herrialdeetan erabili izan da batik bat, baina Euskal Herriko eraikinetan ere asko hedatu zen, gehienbat ingurune industrialetan. Dituen hainbat abantailen artean, estalki putzudunari esker eraikina hoztu edo berotu egin daiteke. Kanpoan beroa egiten duenean, estalki putzuduneko ura lurruntzen da, horrek urmaeleko energia hartzen du, eta, horrela, eraikineko barne-tenperatura jaistea lortzen da. Hotza egiten duenean, berriz, urak beroa mantentzeko gaitasuna du, eta, beraz, isolatzaile bezala jarduten du. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Estalki putzuduna, altxor ezkutua.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #438 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #446

Sat, 2023/05/13 - 09:00


Industria kimikoa oinarrizkoa da gizarte modernoan. Izan ere, gure bizimodua pentsaezina litzateke hura gabe. Ahalik eta jasangarriena izatea da gure garaiko erronka handienetako bat. Amoniakoa industria honen erreferentziazko konposatuetako bat da eta katalizatzaile berri bat iraultzailea izan daiteke: Reducing the energy requirements and carbon footprint of ammonia production

Geure gorputzari buruz dugun irudia gorputzaren irudikapen mentala da eta ez du datu sentsorial objektiboetan oinarrituta egon behar: horregatik, nahasmendu batzuetan pertsonak ez du bere gorputza den bezala hautematen, zerbait inperfektu eta onartezin gisa baizik. Horren ondorioz, badira jateari uzten diotenak… eta gorputzaren zati bat anputatzen dutenak. JR Alonsoren eskutik niaren sakonera ilunetara bidaia: Our body and our body image.

Neutrinoa bere antipartikula dela zehazteko, desintegrazio oso berezi bat detektatu behar da, hondoko zaratak nahastu gabe. Duela 3 urte, DIPCko jendeak konposatu bat diseinatu zuen, NEXT esperimentuak erabiltzen duen gasa, xenona, desintegratzearen ondorioz sortutako bario katioia detektatzeko gai zena. Orain gainazal bat detektagailuaren muturreko baldintzetan estaliz funtzionatzen duela egiaztatu dute: Development of a barium detector for a neutrinoless double beta decay

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #446 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Miguel Serveten historia

Fri, 2023/05/12 - 09:00

Gaur egun, jakin badakigu odola biriketara doala eta han gas-trukea egiten dela; baina hori ez da beti horrela izan: XVI. mendera arte, trukea bihotzean gertatzen zela uste zen.

Miguel Servet izan zen, bere Christianismi Restitutio tratatuan, ideia hau lehen aldiz idatzi zuena. Teorian, teologia-tratatu bat zen idazkia, baina elizaren aurka egiten zuten ideien artean, gogoeta zientifiko garrantzitsuak tartekatu zituen. Bere ideia heterodoxoengatik eta liburuengatik, Inkisisioak heretikotzat jo eta eta sutan erretzera kondenatu zuen.

Zientziaren historia‘ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Miguel Serveten historia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Estalki putzuduna, altxor ezkutua

Thu, 2023/05/11 - 09:00

Urmaela daukan estalki laua da estalki putzuduna. Klima lehorreko herrialdeetan erabili izan da batik bat. Hori dela eta, estalki horren inguruko ikerketa garrantzitsuenak Indian, AEBn eta Israelen egin izan dira. Hala ere, pasa den mendean, estalki putzuduna asko hedatu zen Euskal Herriko eraikinetan, gehienbat ingurune industrialetan. Gaur egun, ordea, ia ez da erabiltzen. Zergatik erabili zen hainbeste estalki putzuduna gure herrialdean, hain hezea izanik?

Estalki putzuduna1. irudia: estalki putzudunak: a) 1962an eraikitako ARGA burdinola (Arrasate) eta b) gaur egun Euskalduna ontziolatik zutik geratzen den eraikin bakarra, dikearen ponpen eraikina (Bilbo). (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Estalki putzudunak abantaila garrantzitsuak ditu eraikinaren kudeaketa termiko pasiboa hobetzeko. Alde batetik, eraikinaren inertzia eta isolamendu termikoa areagotu egiten dira, barruko bizi-giroa hobetuz. Izatez, urak ezaugarri termiko onak ditu eraikuntzarako. Batetik, eroankortasun termiko txikia dauka, isolatzaile termiko ona baita. Horri esker, eraikinaren estalkitik barruranzko/kanporanzko bero-fluxuak murriztu egiten dira. Bestetik, bero(-ahalmen) espezifiko handiko materiala da ura. Hau da, energia asko xurgatu/askatu dezake tenperatura-aldaketa nabarmenik eduki gabe. Bi ezaugarri horiek direla eta, eraikinak inertzia termiko handia lor dezake estalki putzudunari esker. Horrela, eraikinaren barne-espazioen tenperatura kanpokoa baino astiroago aldatzen da, eta oszilazio termiko txikiagoak izaten ditu.

Estalki putzuduna2. irudia: estalki putzudunaren ohiko eraikuntza-egitura. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Beste aldetik, eraikina hoztu edo berotu egin daiteke estalki putzudunari esker. Eraikinaren tenperatura jaisteko, ur-lurrunketa baliatzen da. Izan ere, 25 °C-tan, ur kilogramo bakoitzari 2442 kJ (583 kcal) eman behar zaizkio fase-aldaketa hori gertatzeko (uraren lurruntze-bero sorra). Estalki putzuduneko ura lurruntzean, urmaeletik hartzen du energia, eta, horrela, eraikineko barne-tenperatura jaistea lortzen da. Aspertsoreak erabiliz gero, prozesua askoz eraginkorragoa da, ur-tanta txikien erraztu egiten delako lurrunketa. Estalki putzudunak bestelako abantailak ere eskaintzen ditu, hala nola, jasangarria da eta ikuspegi ekologikotik onurak besterik ez ditu. Gainera, Arrasate aldeko eraikin industrial batzuetan, estalki putzuduneko ura barruko makinak hozteko erabiltzen zen puntualki. Leku batzuetan, komunetako zisternak ere betetzen zituzten ur horrekin.

Estalki putzuduna3. irudia. a) Muxibar baserriko estalki putzuduna gaur egun. b) San Agustin lantegiaren estalki putzuduneko ekosistema (Arrasate). (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Eta, noski, estalki putzudunak desabantaila batzuk ere baditu: zikinkeria pila daiteke, mantentze-lana eskatzen du eta eraikinaren egiturak sendoagoa izan behar du, uraren zama jasateko.

Laburbilduz, arazo batzuk baditu ere, estalki putzuduna interesgarria da oraindik ere. Izatez, gaur egun, arkitektu ospetsuek diseinatutako nazioarteko hainbat eraikinetan erabili izan da. Baina, zoritxarrez, Euskal Herrian erabat ahaztua dago, eta eraikin batzuetan onuragarria izan litekeela esan daiteke.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2022
  • Artikuluaren izena: Estalki putzudunaren abantaila jasangarriak.
  • Laburpena: Estalki putzuduna klima lehorreko herrialdeetan erabili ohi da. Horregatik, ez da kasualitatea estalki horren inguruko ikerketa garrantzitsuenak Indian, AEBn eta Israelen eginak izatea. Hala ere, pasa den mendean, estalki putzuduna asko hedatu zen Euskal Herriko eraikinetan, gehienbat ingurune industrialetan. Gaur egun, ordea, ia ez da erabiltzen. Estalki putzudunak abantaila garrantzitsuak ditu eraikinaren kudeaketa termiko pasiboa hobetzeko. Eta, noski, desabantaila batzuk ere baditu: zikinkeria pila daiteke, mantentze-lana eskatzen du eta eraikinaren egiturak sendoagoa izan behar du, uraren zama jasateko. Baina arazo batzuk baditu ere, estalki putzuduna interesgarria da, oraindik, eta gaur egungo eraikinetan eta Euskal Herriko eraikin batzuetan onuragarria izan liteke.
  • Egileak: Ramon Ugalde, Katrin Santín, Urtza Uriarte, Jose Miguel Campillo-Robles
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 151-172
  • DOI: 10.1387/ekaia.23041
Egileez:

Ramon Ugalde Historia irakasle jubilatua da.

Katrin Santín eta Jose Miguel Campillo-Robles UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko ikertzaileak dira

Urtza Uriarte UPV/EHUko Arkitektura G.E.T.ko Arkitektura Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Estalki putzuduna, altxor ezkutua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Non daude behar ditugun hitzak zahartzaroan? Korapilo eta loturen artean

Wed, 2023/05/10 - 09:00

Begi-bistakoa da urteak betetzen ditugun heinean hitz egitea gero eta korapilatsuagoa bihurtzen dela. Gaztaroan, hitzak ur-jauzia legez etenik gabe irteten zaizkigu ahotik eta gure arreta mezuan eta interakzioan utz dezakegu, hizkuntzak bidea berez aurkituko balu bezala. Helduaroan zehar, ostera, berehala ohartzen gara hizkuntza erabiltzeak gero eta arreta gehiago eskatzen digula; gero eta ahalegin handiagoa eskaini behar diogula hitzen bilaketari.

Hitzak beren kabuz ahora gerturatzetik, gero eta sarriago haien bila ibiltzera pasatzen gara adinarekin, nahiz eta sarritan mingainaren puntan izan. Fenomeno hau hitzek jasotzen duten aktibazio mailarekin lotuta dagoela uste dute ikerketek. Adinarekin lotuta agertzen diren hiztegi-arazoek eragiten dute, besteak beste, motelago eta etenaldi gehiagorekin hitz egitea.

hitzakIrudia: adinean aurrera joan ahala, hitz kopuru handiago ezagutu arren, zailtasunak izaten ditugu beharrezko hitza gogora ekartzeko haren errepresentazioa ez baita aktibatzen gure hiztegi-sarean. (Argazkia: James Ampong – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)Hitzak sareetan gordeta

Batzuetan mentalki zabaltzen dugu paperezko hiztegia, non hitz-zerrendak irudikatzen ditugun, gogoratu nahi dugun hitza bat-batean bertan topatzerik izango bagenu bezala. Gutxitan da hori lagungarri, hitzak gure gogoan ez baitaude zerrendetan gordeta forma ortografikoari jarraiki, baizik eta sareetan: dimentsio askotako sare zabal eta konplexuetan.

Hiztegi mentala elkarri ehundutako harien multzo gisa irudikatu dezakegu, bere korapilo eta loturekin. Oinarrian, sareko korapilo bakoitzean hitz baten errepresentazio lexikoa eta kontzeptuala metatzen ditugu, eta korapiloak beren arteko harreman semantiko eta fonologikoen arabera lotzen dira elkarrekin. Hau da, ‘txerri’ hitzaren errepresentazioak lotura izango du ‘basurde’ eta ‘zaldi’ hitzekin. Bestalde, ‘txerri’ hitzak lotura izango du, baita, ‘herri’ hitzarekin eta beste hainbat eta hainbat korapilorekin, antzekotasun fonologikoa medio. Edonola ere, sarea ez da simetrikoa, korapiloen arteko distantzia aldakorra baita, beren arteko harreman mailaren araberakoa. Hau da, ‘txerri’ ‘basurde’-tik gertuago egongo da sarean ‘zaldi’-tik baino, lehen biek lotura estuagoa dutelako. Horrek eragiten du sarearen baitan hitzen gertutasunaren araberako multzoak sortzea. Ondorioz, auzokide semantiko eta fonologiko asko dituzten hitzek dentsitate handiko guneak eratu eta hutsarte gutxiko sare-guneak sortzen dituzte. Aldiz, auzokide gutxi dituzten hitzak isolatuago egon ohi dira.

Hitzak aktibatzen

Sare-egituran oinarrituta, Collins eta Loftus-ek (1975) ‘aktibazioaren hedapenaren teoria’ aurkeztu zuten, eta harrezkero, kontaezinak dira teoria horren balioa azpimarratu duten ikerketak. Teoria horren arabera, hitz bat behar dugunean, aktibatu egiten da haren errepresentazioa, korapilo zehatz horretan kokatuta dagoen bonbilla bat piztuko balitz bezala. Alabaina, aktibazio hori ez da hitz bakar batera mugatzen, hedatu egiten da harreman semantiko edo fonologikoak dituzten beste hitz batzuetara. Egoera egoki batean, erabili nahi dugun hitzak jasoko du aktibazio gehien, eta aktibazioa ahulagoa izango da hari loturiko beste hitzen errepresentazioetan, zeintzuk isilpean geratuko diren milisegundo batzuen buruan guztiz desaktibatu arte. Aktibazio eta ko-aktibazio mekanismo horrek ez duenean behar bezala funtzionatzen, “koilara” esaten dugu “tenedore” ordez, edota “armairu” “hozkailu”-ren ordez. Tankera honetako akatsak edozein hiztunetan gertatu daitezkeen arren, bereziki nabarmenak dira hartutako gaitz neurologikoaren edo prozesu neurodegeneratiboen ondorioz afasia erakusten duten hiztunetan.

Antzekotasun semantiko eta fonologikoaz haratago, hitzen beste hainbat ezaugarrik eragiten diote haien biltegiratze eta aktibazioari; besteak beste, hitzen erabilera-maiztasunak, hizkuntza naturalean bi hitzek batera agertzeko daukaten probabilitateak, zehaztasun mailak edota hitz auzokideen dentsitateak. Hainbat ikerketa esperimentalek erakutsi dute aldagai horiek eragina dutela zuzentasunean eta erreakzio-denboran hitzak ezagutzeko orduan, bai eta erabiltzekoan edota haien inguruan usteak ematekoan, edozein izanik hiztunak hitz egiten duen hizkuntza. Hots, hiztegi-sarearen egitura eta aktibazio-mekanismoa unibertsala da edozein dela ere gizabanakoaren jatorria. Alabaina, goian aipatu bezala, badirudi ezaugarri horiek ez dutela berdin irauten bizi-ziklo guztian zehar.

Hitzen bila zahartzaroan

Zahartzaroan, hitz gehiago ezagutzeaz gain, elementu bitxiagoak erabiltzeko joera dugu gizakiok. Hala ere, ez dirudi hizkuntza-erabilerak eta eskarmentuak dakarten abantaila hori egunerokotasunean azaleratzen denik, adinarekin gero eta eragozpen handiagoak baititugu hitzen bilaketan. Honen adibide dira aiton-amonek familiartekoen izenak erabiltzerako orduan dituzten zailtasunak; parean duten ilobaren izena esan nahian, iloba guztien izenak ahoskatzen dituzte sarritan. Ur gaziak eta erabilerak higatu duen arrantza-sareari gertatzen zaion moduan, adinarekin hitz-sareko loturek ehundura gutxiago dituzte; korapiloak ez daude elkarrekin horren sendo konektatuta. Izan ere, arlo honetan eginiko lanek iradokitzen dutenaren arabera, hiztegiek antolaketa pobreagoa erakusten dute. Ikerketa ildo honetan lankidetzan gabiltza Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna taldea eta Ixa ikerketa taldeetako hainbat ikertzaile, BBVA Fundazioak emandako Leonardo beka batek finantzatutako proiektu batean. Hiztegiari dagokion ezagutza semantikoak 30 eta 80 urte bitarteko hiztunengan duen balizko aldaketa aztertu dugu kognitiboki osasuntsuak diren hiztunengan. Atariko emaitzek iradokitzen dute hezkuntza maila berbera izanik, hitzen arteko lotura kontzeptualak ahuldu egiten direla adinarekin. Hots, esanahien inguruko ezagutzak behera egiten du zahartzaro osasuntsuan, eta urteen poderioz, behin hiztegi sarean erlazionatuta zeuden korapiloek joera dute beren arteko lotura galtzeko (Arantzeta, San Martin eta Goikoetxea, aribidean).

Hiztegiaren prozesamendua fenomeno konplexua eta dimentsio anitzekoa da, eta oraindik ez dago argi zein duten iturburu adinarekin sarbide lexikoan agertzen diren zailtasunek. Psikohizkuntzalaritza ikerketek iradokitzen dute hitzen arteko loturak ahuldu egiten direla zahartu ahala eta honek hitzen faltarekin harremana daukala, hitzen aktibazio eta ko-aktibazioa baldintzatzen baitute. Era berean, zentzuzkoa da pentsatzea hiztegi mailan gertatzen diren aldaketa horiek hizkuntzaren beste alderdi batzuei ere eragingo dietela zahartzaro osasuntsuan; esaterako, ulermen-gaitasunari. Hizkuntza eta komunikazio-gaitasuna gure espeziearen sozializazio eta ongizatearen gako dira, eta zahartzaroaren arlo honen inguruko ikerketak ezinbestekoak izango dira nagusiak ahaldundu eta gizarte honetan eragile aktibo bihurtzeko bidean.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Collins, A.M. eta Loftus, E.F. (1975). A spreading-activation theory of semantic processing. Psychological Review, 82 (6), 407-428. DOI: 10.1037/0033-295X.82.6.407
  • Strijkers, K., Costa, A., eta Thierry, G. (2010). Tracking Lexical Access in Speech Production: Electrophysiological Correlates of Word Frequency and Cognate Effects, Cerebral Cortex, 20 (4), 912–928. DOI: 10.1093/cercor/bhp153
  • Dahan, D., Magnuson, J.S., eta Tanenhaus, M.K. (2001). Time Course of Frequency Effects in Spoken-Word Recognition: Evidence from Eye Movements. Cognitive Psychology, 42 (4), 317-367. DOI: 10.1006/cogp.2001.0750
  • Mirman, D., eta Magnuson, J. S. (2008). Attractor dynamics and semantic neighbourhood density: Processing is slowed by near neighbours and speeded by distant neighbours. Journal of Experimental Psychology: Learning, Memory, and Cognition, 34 (1), 65–79. DOI: 10.1037/0278-7393.34.1.65
  • Beretta, A., Fiorentino, R., eta Poeppel, D. (2005). The effects of homonymy and polysemy on lexical access: an MEG study. Cognitive Brain Research, 24 (1), 57-65. DOI: doi.org/10.1016/j.cogbrainres.2004.12.006
  • Verhaeghen, P. (2003). Aging and vocabulary score: A meta-analysis. Psychology and Aging, 18 (2), 332-339. DOI: 10.1037/0882-7974.18.2.332
  • Dubossarsky, H., De Dedeyne, S., eta Hills, T.T. (2017). Quantifying the structure of free association networks across the life span. Developmental Psychology Journal, 53 (8), 1560-1570. DOI: 10.1037/dev0000347
  • Wulff, D.U., Hills, T., eta Mata, R. (2022). Structural differences in the semantic networks of younger and older adults. Scientific Reports, 12, 21459. DOI: 10.1038/s41598-022-11698-4
Esker onak:

BBVA Fundazioa. Leonardo bekak kultur ikertzaile eta sortzaileentzat 2021. Hezkuntza Saila, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetza, Eusko Jaurlaritza. Euskal Unibertsitate Sistemako ikertalde egonkortua (IT1439/22-GIC21/132).

Egileez:

Olatz Andonegi, Ingeles Ikasketetan graduatua, eta Miren Arantzeta, Neurozientzia Kognitiboan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna ikerketa-taldeko ikertzaileak dira.

The post Non daude behar ditugun hitzak zahartzaroan? Korapilo eta loturen artean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Artizarrak sumendi aktiboak dituela dioen behin betiko froga?

Tue, 2023/05/09 - 09:00

Lurra eta Artizarra, tamaina eta konposizio berdintsukoak izan arren, oso eboluzio geologiko eta atmosferiko ezberdinak izan dituzten bi planeta dira. Egin dituzten bideak hain izan dira bereiziak, non esan baitezakegu, itxuraz, elkarren oso antz txikia dutela.

Artizarra gure planeta “bikia” izanda, espero izango ez genituzkeen desberdintasun ugari aurkezten ditu Lurrarekin alderatuta, eta, ondorioz, haren irudia arraroa suerta dakiguke, besteak beste, honako ezaugarri hauek dituelako: gainazaleko tenperatura izugarri altuak –kontrara, gure planetako tenperaturak ur likidoa eta bizitza ahalbidetzen ditu–, plaken tektonikarik ez egotea –izan ere, plaken tektonika propietate emergente bat al da planeta harritsuetan edo Lurraren bitxikeria bat baino ez da? – eta sumendi aktiboen existentziaren froga urriak –nahiz eta Lurrarekin dituen antzekotasunak direla-eta oraindik planeta aktiboa izan beharko lukeen–.

Azken urteetan –batez ere, azken hamarkadan–, Artizarrari buruzko gure ikuspegia aldatzen hasi da; izan ere, azkenaldiko misioek eskuratutako datuen bidez ez ezik, duela hogeita hamar urte baino gehiago hartutako datuen azterketaren eta berrinterpretazioaren bidez ere, planeta horren jarduera geologikoari buruz dakiguna argitzen hasi gara.

sumendi1. irudia: gauza batzuetan antzeko planetak dira, baina badira zenbait forma, hala nola venusiar “krepe” hauek –pancake domes, ingelesez–, Lurrean baliokiderik ez dutenak. Laba domoak direla uste da –kasu horretan 65 kilometro inguruko diametroa dute eta metro bat baino gutxiagoko altuera, eta sabai oso laua–. (Argazkia: NASA/JPL. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Izan ere, jarduera geologikorik ez ikusteak ez du esan nahi jarduera geologikorik ez dagoela: Artizarrean gertatzen denari zuzenean behatzea benetako buruhaustea da; izan ere, haren gainazala etengabe estaltzen dute hodeiek eta horrek uhin luzera ikusgarrian behatzea eragozten du. Horrenbestez, hari behatu ahal izateko, infragorriko leiho batzuk edo radar bat –hodeiak gorabehera, gainazalaren irudiak hartzeko gai da– daramaten misioak baliatzen dira.

Artizarraren gainazalean lurreratzeko gai diren misioei buruz hitz egitea erronka tekniko handia da oraindik; izan ere, tenperatura 450 ºC-tik gorakoa izan daiteke eta Lurrean baino 90 aldiz handiagoa da presio atmosferikoa, eta horrek asko mugatzen du horrelako misioen bizitza. Bide batez, azken urteotan ikusten ari garen proposamenetan ez dira ikusten hainbeste gainazalean ibiltzeko misioak, baizik eta atmosferan mugitzekoak –adibidez, globoak–; izan ere, atmosferako kondizioek biziraupen handiagoa bermatzen dute eta handik ere datu ugari eskura litezke, bai eta jarduera geologikoa, infrasoinuen erabileraren bidez, detektatu ere.

Argi dagoena da planetan zerbait gertatzen dela, haren gainazala, denbora igaro ahala, berritu egiten delako. Egiazki, orain arte, gure behaketek ezin izan dute baieztatu sumendi hauenen jarduera, baina azalpenik onenetako bat jarduera bolkanikoarena da, hau da, laba koladen eta beste fenomeno batzuen bidez aldatzen dela gainazala.

Izan ere, 2010. urteaz geroztik, gaur egun sumendi aktiboak daudela adierazten duten zenbait zantzu hauteman dira. Alde batetik puntu beroak egotea –infragorrian– Lurreko sumendien morfologian antzekoak diren gune menditsuen gainean, eta horrek gainazalean duela gutxiko koladak daudela adieraz dezake. Bestetik, Artizarreko atmosferan sufre dioxidoaren kontzentrazioa aldakorra izatea –jarduera bolkanikoarekin lotutako gasa Lurrean. Azkenik, fosfano polemikoa: egile batzuek iradokitzen dute haren jatorria ez dagoela lotuta bizitzarekin, eta atmosferako goi geruzetan fosfatoa duten konposatuak injektatzeko gai diren erupzio leherkorretan atmosferara igorritako gasetatik abiatuta eratu daitekeela.

Baina Science aldizkarian argitaratutako froga da gaur egun sumendi erupzioak badirela adierazten duen ebidentziarik garrantzitsuenetako bat. Magellan zundak 90eko hamarkadaren hasieran hartutako radar bidezko irudiek oraindik ere zenbait ezusteko ezkutatzen zituztela zirudien.

sumendi2. irudia: Maat Mons sumendiaren hiru dimentsioko berreraikuntza, Magellan misioaren datuekin egina. Ezkutu-sumendi hori Lurreko sumendien antzekoa da garaierari dagokionez, baina askoz diametro handiagoa du. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Zundaren radarrak une ezberdinetan hartutako irudiak alderatuta, zientzialariak konturatu ziren aldaketa batzuk gertatu zirela Maat Mons mendian 1991ko otsailaren eta urriaren bitartean. Ezkutu-sumendi bat da, ia 5 kilometro altxatzen dena inguratzen duen lautadaren gainean, eta azken urteetan interes zientifikoa erakarri zuen; izan ere, haren morfologiak eta maldan behera erortzen ziren koladek duela gutxiko jarduera adierazten zuten, itxuraz.

Zer motatako aldaketak ikusi dituzte zientzialariek? Bi irudien artean sumendiaren kraterretako baten tamaina eta forma aldatu dela egiaztatu ahal izan da –kasu horretan, hasieran 2,5 kilometro karratu izatetik, gero ia 4 kilometro karratu izatera–. Zientzialariek uste dute hor laba laku bat egon zitekeela bi irudiak egin ziren uneen arteko zortzi hilabeteetan.

sumendi3. irudia: Magellan zundaren bi irudien erkaketa, aldaketa horiek erakusten dituena. Argi eta garbi ikusten da kraterraren morfologian izandako aldaketa. (Argazkia: Robert Herrick/UAF. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Beste azalpen alternatibo bat ere badago: krater hori handitzea haren hormen kolapso baten ondoriozkoa izan liteke, eraikin bolkanikoaren beraren ezegonkortasunak edo jatorri tektonikoko lurrikara batek eraginda, baina gure planetan mota eta tamaina horretako kolapsoak sumendien erupzio batetik hurbil egon ohi dira denboran.

Era berean, bigarren irudian, urriko irudian, mendi hegalean behera laba kolada berriak izan daitezkeenak ageri dira. Zoritxarrez, eta irudien bereizmena eta intzidentzia-angelua direla eta, ezin da baztertu lehendik hor egotea eta, besterik gabe, bigarren irudian gehiago nabarmentzea.

Dena bere bidean, hurrengo hamarkadaren hasieran bi misio berri izan genitzake Artizarraren orbitan: VERITAS eta EnVision. Planetaren jarduera geologikoari buruzko zenbait galdera argitzeko gai izango dira, eta, irekiera sintetikoko radarren bidez, gainazalaren irudiak hartu –eta aldaketak aztertu– ahal izango dituzte, aurrekaririk gabeko bereizmenarekin, aurreko misioen aldean. Nolanahi ere, batek daki ez ote garen gai izango, oraindik, planeta-misio zaharren datuetan ezkutatutako ezusteko are handiagoak aurkitzeko.

Erreferentzia bibliografikoak:

Emmanuel, Marcq; Bertaux, Jean Loup; Montmessin, Franck; Belyaev, Denis (2013). Variations of sulphur dioxide at the cloud top of Venus’s dynamic atmosphere. Nature Geoscience, 6 (1), 25–28. DOI:  10.1038/ngeo1650

Bains, William; Shorttle, Oliver; Ranjan, Sukrit; Rimmer, Paul B.; Petkowski, Janusz J.; Greaves, Jane S.; Seager, Sara (2022). Only extraordinary volcanism can explain the presence of parts per billion phosphine on Venus. PNAS, 119 (7), 2–3. DOI: 10.1073/pnas.2121702119

Herrick, Robert R; Hensley, Scott (2023). Surface changes observed on a Venusian volcano during the Magellan mission. Science, 7735, 1–7. DOI: 10.1126/science.abm7735

Shalygin, Eugene V.; Basilevsky, Alexander T.; Markiewicz, Wojciech J.; Titov, Dmitrij V.; Kreslavsky, Mikhail A.; Roatsch, Thomas (2012). Search for ongoing volcanic activity on Venus: Case study of Maat Mons, Sapas Mons and Ozza Mons volcanoes. Planetary and Space Science, 73 (1), 294–301. DOI: 10.1016/j.pss.2012.08.018

Smrekar, Suzanne E.; Stofan, Ellen R.; Mueller, Nils; Treiman, Allan; Elkins-Tanton, Linda; Helbert, Joern; Piccioni, Giuseppe; Drossart, Pierre (2010). Recent Hotspot Volcanism on Venus from VIRTIS Emissivity Data. Science, 328 (5978), 605–608. DOI: 10.1126/science.1186785

Cordiner, Martin A.; Villanueva, Geronimo L.; Wiesemeyer, H.; Milam, S. N.; de Pater, Imke; Moullet, Arielle; Aladro, Rebeca; Nixon, Conor A.; Thelen, Alexander E.; Charnley, S. B.; Stutzki, J.; Kofman, Vincent; Faggi, Sara; Liuzzi, Giuliano; Cosentino, Richard; McGuire, Brett. Phosphine in the Venusian Atmosphere: A Strict Upper Limit From SOFIA GREAT Observations. Geophysical Research Letters, 49 (22). DOI:  10.1029/2022GL101055

Basilevsky, Alexander T.; Shalygin, Eugene V.; Titov, Dmitrij V.; Markiewicz, Wojciech J.; Scholten, Frank; Roatsch, Thomas; Kreslavsky, Mikhail A.; Moroz, Lyuba V.; Ignatiev, Nikolai I.; Fiethe, Björn; Osterloh, Björn; Michalik, Harald (2012). Geologic interpretation of the near-infrared images of the surface taken by the Venus Monitoring Camera, Venus Express. Icarus 217 (2), 434–450. DOI: 10.1016/j.icarus.2011.11.003

Zhang, Xi. (2014). On the Decadal Variation of Sulphur Dioxide at the Cloud Top of Venus. European Planetary Science Congress. https://meetingorganizer.copernicus.org/EPSC2014/EPSC2014-189.pdf

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko martxoaren 20an: ¿Es esta la prueba definitiva de que Venus tiene volcanes activos?

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Artizarrak sumendi aktiboak dituela dioen behin betiko froga? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Osasun arloan adinkeriari lotutako aurreiritziei aurre egiteko irakasgaia

Mon, 2023/05/08 - 09:00

Adinkeriak edadetuekiko eta zahartzaroarekiko ditugun jarrera baztertzaileak, aurreiritziak eta estereotipoak deskribatzen ditu, hau da, adinean aurrera doazenen aurkako diskriminazioa. Adinkeria edozein eremutan ikus daiteke, baita osasun arloan ere eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Bartitze San Martin irakasleak ikertu du nola egin aurre adinkeriari Erizaintzako ikasleetan.

adinkeriaIrudia: adinekoekin familiako kontakturik izan ez dutenek, edadetuekiko estereotipo negatiboak eta aurreiritziak izateko joera handiagoa dute. (Argazkia: Mabel Amber – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Robert Butler mediku eta gerontologo amerikarrak “adinkeria” terminoa sortu zuen 1968an. Honen bidez adierazten zuen gizarteak nola ukatzen zien adinekoei bizitzarekin jarraitzeko aukera eta beren burua berrasmatzeko aukerak. Adinkeriak, besteak beste, adinekoak umeak bezala tratatzea eragiten du, haurrak baliran hitz egitea edota osasun arazoak dituztenean hauek aintzat ez hartzea. Azken honek ondorio larriak ekar ditzake osasunaren arloan, adibidez, behar diren proba medikuak ez bideratzea, diagnostiko gutxiago egitea eta behar diren tratamenduak ez ematea. Hori dela eta, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Bartitze San Martin irakasleak aztertu du nola eragiten duen ikasleengan geriatria eta gerontologiari buruzko ikasgaien eta praktika klinikoak, eta hura egin ondoren estereotipo eta aurreiritzien karga hobetu, okertu edo bere horretan mantentzen den ere.

Ikasgai eta praktika klinikoen eragina adinkerian

Azterketa gauzatzeko Erizaintza eta Medikuntza graduetako bigarren mailako bi ikasle-talde hautatu zituen: lehenak, Erizaintzako 113 ikasle ziren eta geriatria eta gerontologia gaiak landu zituzten “Bizi Zikloa II” irakasgaian eta baita ere praktikak egin nagusiekin zentro soziosanitarioetan. Bigarren taldea, Medikuntzako graduko 109 ikaslek osatzen zuen eta ez zuten ikasgai hori eduki, ez antzeko besterik ere, ezta praktika klinikorik egin adinekoekin. Proben hasieran, parte hartu zuten bi taldeetako kideek estereotipo negatiboen eta aurreiritzien antzeko maila zuten; baina, ikasturtea amaitzean, Erizaintzako ikasle taldean nabarmen murriztu ziren adinekoekiko estereotipo negatiboak eta aurreiritziak. Aldiz, Medikuntzako ikasleen artean, ez zen aldaketa nabarmenik ikusi.

Ikertzaileak eta haren lankideek adierazi dute bereziki garrantzitsua dela osasun zientzietako ikasleak, eta zehazki Erizaintzako ikasleak, adinekoekiko ditugun aurreiritzi eta estereotipoez jabetzea, haiek baitira pazienteekin etengabeko kontaktuan daudenak. Izan ere, edadetuekiko estereotipoak eta aurreiritziak baditugu, gure jokabideak hauek islatzeko arriskua dugu. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) adinkeriari buruzko mundu mailako txostenaren emaitzek adierazten dutenez adinkeria ez da soilik osasun langileen kontua, erakunde eta pertsona orok landu beharreko gai baizik.

“Zahartze trajea” enpatia garatzeko

Bartitze San Martin irakaslearen esanetan Erizaintzako graduko ‘Bizi Zikloa II’ irakasgaian asko lantzen dira zahartze-prozesuan adinekoek dituzten aldaketa fisiko zein kognitiboak, baita urteen poderioz izaten duten narriadura ere. Horrez gain, “zahartze trajea” deritzona dute ikasleek irakasgaian eta, honi esker, lehen pertsonan senti ditzakete adinekoek mugikortasunean, ikusmenean, entzumenean eta beste hainbat esparrutan izan ditzaketen zailtasunak. Zahartze trajearen bidez egoitzetako eta ospitaleetako adineko pazienteen azalean jartzeko aukera dute ikasleek eta horrela, Bartitze San Martin ikertzailearen esanetan, “adinekoekiko duten enpatia areagotzea”.

Enpatia garatzea da aurreiritziak eta estereotipoak baztertzeko bideetako bat, izan ere, adinkeriak edadetuen bizi-kalitatean eragina du, haien gizarte-isolamendua, bakardadea eta osasun arazoak areagotzen ditu eta baita beraiekiko abusuak eta indarkeria ere. Beraz, beraiekin lan egingo duten osasun arloko ikasleen adinkerian eragiteko eta jarrera baztertzaileak prebenitzeko baliagarriak dira hezkuntza arloko esku-hartzeak.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Tesi batek ikertu du nola egin aurre adinkeriari Erizaintzako ikasleetan.

The post Osasun arloan adinkeriari lotutako aurreiritziei aurre egiteko irakasgaia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #437

Sun, 2023/05/07 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

landareak

Geologia

UPV/EHUko ikerketa batek Bizkaiko Barinatxe hondartzan berezkoak diren dunen hesi-efektua aztertu du. Prozesu Hidrikoen eta Ingurumenekoen ikertaldea izan da azterlan honen egilea, eta dunek harri-jausietan duten eragina aztertu dute. Fenomeno horren aurka, ohikoa da dikeak, sareak eta hesiak eraikitzea, baina ikerketa-taldeak aztertu nahi izan du babes-neurri horiek nola naturalizatu. Droneak edo laser eskanerra erabiliz, Barinatxe hondartzaren eremuko 3Dko ereduak sortu dituzte, eta zenbait parametroren jarraipena eta monitorizazioa egin ostean, ondorioztatu dute itsaslabarraren oinean dagoen berezko duna-sistemak babesten duela hondartza harri-jausietatik. Datuak Zientzia Kaieran: Dunak hondartzetako harri-jausien aurka.

Paleontologia

Anbar zatien ikerketa berri batean aurkitu dute kakalardoak dinosauroen lumez elikatzen zirela, duela 105 milioi urte inguru. Enrique Peñalverrek, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutu Nazionaleko ikertzaileak, eta bere kideek egin dute aurkikuntza, Teruel, Urizaharra eta Kantabriako anbar hobietan aurkitutako piezak aztertu ondoren. Kakalardo-hondarrekin kontserbatutako lumak dinosauro ezezagun batenak dira, eta ez dira hegazti modernoenak; izan ere, talde hori 30 milioi urte beranduago agertu zen erregistroetan. Ikertzaileek uste dute erlazio sinbiotiko baten zantzuak ematen dituela aurkikuntza honek; izan ere, litekeena da dinosauro lumadunak kakalardo-larben jardueraz baliatzea habia garbi mantentzeko. Azalpenak Alea astekarian: Dinosauroen lumak, otordura.

Genetika

Ugaztunak forma eta tamaina askotarikoak dira. Batzuk oso ezagunak, baina badira ere ezezagunak diren hainbat, esaterako, Cryptoprocta ferox espezieko fosa bat, hatz biko nagia, tenrec triku ñimiñoa, pangolina edo aie-aiea. Ugaztunen aniztasuna eta bilakaera ulertzeko asmoarekin jarri zuten martxan Zoonomia proiektua. Egitasmo honek ugaztunen 240 ugaztun espezieren genoma sekuentziatu ditu hauen bilakaera aztertzeko eta, horrekin batera, baita geurea ere. Elhuyar aldizkarian ematen dute honen berri: 240 ugaztunen genomak alderatu dituzte.

Antropologia

Dantza giza jarduera oso hedatua da, bai denboran bai espazioan, eta zientzialariek pentsatzen dute oinarri ebolutiboa duela. Zehazki, lotura sozialak sortu eta indartzen duela uste da. Hau horrela zen jakiteko, Oxford Unibertsitateko Bronwyn Jarr ikertzaileak Brasilgo institututako 264 ikasle batu zituen eta dantzan jarri zituen, hainbat neurketa hartzen zituzten bitartean. Hala frogatu ahal izan zuen dantzaren sinkronizazioak eta ariketa fisikoak endorfinen maila igo eta horrek, era berean, poztasun edo plazera sentsazioa sortzen zuela. Datuak Zientzia Kaieran: Zergatik dugu atsegin dantza egitea?

Biologia

Drosophila melanogaster edo frutaren euliaren larbaren garunaren mapa osoa egin dute: 3.016 neurona eta beren arteko 548.000 loturak zehaztu dituzte. Hamabi urtez luzatu da ikerketa eta orain arte egin den garuneko maparik osatuena dela esan daiteke. Azken helburua azterketa bera giza garunean egitea litzateke, baina ikertzaileek argi utzi dute etorkizun hurbil batean ez garela giza garuna modu horretan aztertzeko moduan egongo. Ugaztunetara ia salto handia litzateke, sagu baten garuna euliarena halako milioi bat baita. Gizaki heldu baten garuna, berriz, 86.000 milioi neuronez osatuta dago. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Intsektu baten garunaren mapa osatu dute.

“Landareekiko itsutasuna” fenomenoa landareen presentzia ahaztean datza, hau da, gure inguruan landareak egon arren ez ditugu erreparatzen eta begietarako ikusezin bihurtzen dira. Fenomeno hori egungo gizarte modernoen berezko anomalia edo isuria da eta Ainara Achurra biologoaren ustez hainbat izan daitezke honen arrazoiak. Alde batetik, biologikoak: landareak berdeak dira eta multzotan ikusten ditugu naturan, eszena monokromatikoa sortuz eta horrek ez du arreta punturik islatzen. Bestalde, soziokulturalak: modernitatearen eraginez ez ditugu landareak manipulatzen, ukitzen, aztertzen eta horrek eurekiko interesa murriztu du. Ainara Achurra ikertzailearen esanetan “Landareak ezagutzeko, interesgarri egin behar ditugu”. Datu guztiak Berria egunkarian.

Osasuna

Saio Domingok Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuan (ESI) egiten du lan eta farmakokutsadura izan du bere tesian ikergai. Zehazki, farmakoek ingurumenean duten inpaktua ikertu du, kutsatzaile izendatu berrien taldean, farmakoak baitira kezka gehien sorrarazten dutenak. Izan ere, oso kontzentrazio baxutan eragin dezakete, eta ingurumenean agertzen direnean ekosistemetan eragin dezakete gainera. Domingok minbiziaren aurkako farmakoak aukeratu ditu ikerketarako, eta jakin nahi izan du farmako horiek ingurumenean duten presentzia eta balizko ingurumen-inpaktua ezaguna ote zen. Gai honen inguruan, nabarmendu nahi izan du diziplinarteko ikerketa oso beharrezkoa dela arazoa konpondu ahal izateko. Azalpen guztiak Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean: Saioa Domingo: “Medikamentuen bizi-zikloaren etapa guztiak izan daitezke medikamentuak ingurumenera sartzeko ate”

Astronomia

Mundu osoan sakabanatuta dauden teleskopioen sare bat erabiliz, zulo beltz bat eta igortzen duen zorrotada jaso dituzte, irudi berean. Zehazki, M87 galaxiaren zulo beltza da, eta jada 2019an albiste bihurtu zen irudi batean ikusi ahal izan zen lehen zulo beltza izateagatik. Ikertzaileek azaldu dute orain hautemandako eraztuna aurrekoan jasotakoa baino %50 handiagoa dela, eta, beraz, uste da material gehiago ari dela zulo beltzera erortzen. Irudi horren bidez espero da zulo beltzak eta haietan gertatzen diren fenomenoak hobeto ulertu ahal izatea. Datuak Elhuyar aldizkarian.

James Webb Space teleskopioaren bidez inoiz hautemandako galaxia nanorik urrunena aurkitu dute ikertzaileek eta, ondorioztatu dute, unibertso goiztiarrean sortutako galaxiak halakoak zirela. Webb teleskopioak bereizmen handikoa da eta grabitazio lenteez baliatzen da behaketak egiteko. Honen bidez, urruneko unibertsoko zenbait galaxia multzoen atzean dauden espektroak aztertzeko aukera izan dute, hau da, galaxia multzoen atzean dauden objektuen argitasuna eta tamaina handituz. Berrian azaltzen ditu datuak Iker Tubia kazetariak.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #437 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #445

Sat, 2023/05/06 - 09:00


Interesatzen zaizkigun ezaugarriak lortzeko eta, bide batez, jasangarriago bihurtzeko, dagoena zelan aldatu dirudi aste honetako gaia.

Polimero inorganiko mota bat, zeinetik hormigoi benetan ekologiko bat lor liteke, propietateak galdu gabe. Zementua eta bere deribatua, hormigoia, oso ekologikoak ez dira: paisaian due inpaktua, energiaren erabilera, ingurumenaren kutsadura, karbono dioxidoaren emisioa hondakinak. Hori dela eta, asmakizun hauek garrantzi handikoak dira. Geopolymer, an eco-friendly concrete?, Ada Martinelliren eskutik.

Baterietarako litioaren kontua ez da ondo amaituko baliabide mugatua delako. Ez al litzateke hobe izango ur-oinarriko bateria organikoak izatea? Ba horretan daude batzuk: A recyclable aqueous organic high-capacity battery.

Gizakiak ez gara berez ez ditugun ezaugarriak bilatzen dituzten bakarrak. Mesodinium rubrum zelula bakarrak zazpi genoma operatibo biltzera ere heltzen da. Stolen phototrophy and enslaved nuclei: the sophisticated strategy of Mesodinium rubrum, Ramón Muñoz Conpuliren eskutik.

Grafenoarekin gauza bitxienak gertatzen dira: adibidez, laginaren zabaleran atomo bakar bateko aldeak propietate elektronikoak aldatzen ditu; atomo mota aldatuz gero, berriro aldatzen dira. DIPCko jendeak efektu hori beste maila batera eraman du, zuzenduta eta handituta: Molecular bridges as tools to engineer quantum transport in nanoporous graphene

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #445 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dorota Krajewska, hizkuntzalaria: “Egiten ditugu gauza txikiak, ez bereziki salgarriak, baina horrela egiten du aurrera zientziak”

Fri, 2023/05/05 - 09:00

Dorota Krajewska poloniarra da, eta bere herrialdean linguistika ikasten ari zela sortu zitzaion, lehen aldiz, euskarara hurbiltzeko aukera. Aukerari heldu, eta hurbiltzetik murgiltzera egin du jauzi, eta, orain, ikergai du hizkuntza hau.

Azaldu duenez, gradua egiten ari zela, bazuen gogoa eta jakin-mina hain ezaguna ez zen hizkuntzaren bat ikasteko, “hain aspergarria izango ez zena; alegia, ez zedila beste hizkuntza indoeuropar bat izan, dagoeneko banekizkielako ingelesa, frantsesa, gaztelania apur bat…”. Hala, irakasle batek euskara gomendatu zion; “horrela hasi zen nire abentura euskararekin”, gogoratu du.

Dorota KrajewskaIrudia: Dorota Krajewska Hizkuntzalaritzan doktorea, Hizkuntzalaritza Diakronikoa, Tipologia eta Euskararen Historia taldeko ikertzailea da. (Argazkia: Elhuyar)

Erasmus egitera Gasteizera etorri zen. Ordurako bazekien euskaraz oinarrizko esaldi batzuk esaten, eta ikasgai batzuk euskaraz egin ahal izan zituen. Gradua amaitutakoan, hizkuntzan sakontzea erabaki zuen, eta EHUn egin zuen masterra.

Ordutik, hizkuntzaren iraganari lotutako ikerketak egin ditu, gehien bat. “Egia esan, psikolinguistika egitea izan zen nire lehenengo ideia, baina, beste ideia batzuk ere banituen, gaur egun ere, hizkuntzalaritzaren barruan, ia dena interesatzen baitzait”.

Azkenean, euskararen historia aztertzeari heldu zion; hau da, zer aldaketa izan dituen hizkuntzak, gaur egungo euskara izatera iritsi arte. Beste hizkuntza batzuen aldean, corpusa ez da hain handia, eta testu idatziak beranduago hasten dira, ez dira dialekto guztiak agertzen… Zehaztapen bat egin du, ordea: “Horrekin kexatzen gara, eta; beste hizkuntza batzuekin alderatuta, hala da. Baina, egiazki, munduko hizkuntza gehienek baino gehiago daukagu; horrela ere begiratu behar da. Erlatibizatu egin behar da. Beti nahiko genuke gehiago, eta beti pozten gara testu berriak agertzen direnean. Baina badugu zerekin lan egin”.

Aurkikuntzak aipatuta, ezinbestean etortzen da gogora Irulegiko eskua. Krajewskak argi esan du: “Ez dakigu eskuaren gainean idatzita dagoen hori zer hizkuntzatan dagoen, eta, beraz, ez dakigu euskal filologoei dagokien ikertzea, edo beste batzuei. Hori argitu bitartean, eta ez dakigu inoiz argitu ahalko den, ez daukat ezer esateko, nik ez baitut testu hori ulertzen. Ez nik, ezta aurkitu dutenek ere”.

Aurkikuntza txikiak eta ez hain txikiak

Irulegiko eskua alde batera utzita, bere arloan bizi izan du aurkikuntza batek sortzen duen zirrara. Kontatzean ere, nabari zaio emozioa. Kontatu aurretik, baina, aurkikuntzez eta zientziaren funtzionamenduaz gogoeta egin du: “Hasiera batean, esango nuke ez dudala aurkikuntza handirik egin. Baina hori, zientzian, horrela izaten da. Normalean, eta jende gehienak uste duenaren kontra, zientzialariok ez gara jartzen Newton jarri omen zen bezala, zuhaitz baten azpian zain, ea sagarren bat erortzen zaigun eta deskubrimendu bat egiten dugun. Egiten ditugu gauza txikiak, ez bereziki salgarriak, baina horrela egiten du aurrera zientziak”.

Hori esanda, onartu du noizbait izaten dituztela egunerokotasunetik ateratzen dituzten gertakariak, eta bat nabarmendu du: “2015. urtearen inguruan izan zen. XVII. Mendeko liburu batekin lanean genbiltzan, Esteve Materraren Doctrina Christiana-n, eta, espero genuenaren kontra, aurkitu genuen liburu horren aspaldi galdutzat jotzen zen beste edizio bat, sei urte lehenagokoa“. Ezusteko aurkikuntza izan zen, liburuak erraz galtzen baitira, erraz erretzen baitira… Baina, kasu hartan, aurkitu zuen, egilearen izena beste era batera idatzita, eta interneteko katalogo batean bilaketa eginda.

Halako batean, Danimarkan zegoela azaldu zitzaion, eta hala izan zen. “Eta hori bi gauzei esker izan zen: munduko biblioteken katalogoak digitalizatzeari esker, eta egileari eta haren izenari buruz egin genuen azterketari esker”.

Antzeko beste kasu bat ere izan zuten, “baina ez zen hain ondo amaitu”. Galdutzat ematen zen beste liburu bat, hura ere XVII. mendekoa, Frantziako liburutegi batean zegoela azaldu zitzaion interneten, baina liburutegikoek azaldu zioten 1940an alemaniarrek hiria bonbardatu zutela, eta milaka eta milaka liburu erre zirela. Tartean, hura.

Orain, hizkuntzaren historia ikertzen jarraitzen du, baina, orain arte bereziki gramatikan aritu bada ere, orain fonetika eta fonologiari jarri die arreta. “Ez da erraza alderdi hau datu historikoekin lantzea, testu idatzitik abiatzen garelako, grabaketa zahar gutxi baitaude, eta haiekin ere ezin da urte asko egin atzera”.

Etorkizunera begira, eta adimen artifizialaz hainbeste hitz egiten den garai honetan, ez du uste adimen artifiziala hizkuntzalarien lana egitera iritsiko denik: “Agian egingo dituzte lan aspergarrienak, baina, giza hizkuntzek hainbat alderdi baitituzte hain finak, non beti beharko baitira hizkuntzalariak”.

Fitxa biografikoa:

Dorota Krajewska Hizkuntzalaritzan doktorea da (EHU, 2017). /EHU Letren Fakultateko irakaslea da, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean. “Hizkuntzalaritza Diakronikoa, Tipologia eta Euskararen Historia” ikerketa taldearen kidea da. Euskara ikertzen du. Testuak arakatzea gustatzen zaio, gaur egungoak eta aspaldikoak, ahozkoak eta idatzizkoak. Sintaxi eta morfologia diakronikoak, testuen edizioa eta fonetika landu ditu orain arteko ikerketa lanetan.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Dorota Krajewska, hizkuntzalaria: “Egiten ditugu gauza txikiak, ez bereziki salgarriak, baina horrela egiten du aurrera zientziak” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hirigune historikoen babesa klima-aldaketaren aurrean: arriskua neurtzeko metodologiak

Thu, 2023/05/04 - 09:00

Klima-aldaketa mehatxu nabarmena da hiri-gune historikoentzat, askotan populazio trinkoa duten eta ondare kultural baliotsua dutenak. Eremu horietan klima-aldaketarekin lotutako arriskuak ebaluatzeko, hainbat metodologia erabil daitezke.

Arriskuak neurtzeko hainbat metodologia aurki ditzakegu, esaterako, planteamendu bat ahultasun-ebaluazio bat egitea da, eta eraikin historikoek eta azpiegiturak klima-aldaketaren ondorioetara duten esposizioa, sentsibilitatea eta egokitzapen-gaitasuna ebaluatzea dakar. Horrek uholdeak, itsasoaren mailaren igoera eta muturreko gertakari meteorologikoak izateko potentziala ebaluatu dezake, baita tenperatura eta prezipitazio ereduen aldaketen eraginak ere.

Ebaluazio integratuaren modelizazioa hirigune historikoetan klima-aldaketaren arriskuak ebaluatzeko beste metodologia erabilgarria da. Ikuspegi honek klima-aldaketaren zientzia, ekonomia eta gizarte zientziak integratzeko eredu informatikoak erabiltzea dakar klima-aldaketak sektore eta eskualde ezberdinetan dituen inpaktuak ebaluatzeko, baita egokitzapen eta arintze estrategia ezberdinen kostuak eta onurak ere. Horrek erabakiak hartzen dituztenei lagun diezaieke, aukera desberdinak konparatzen eta klima-arriskuak kudeatzeko moduari buruzko aukerak aztertzen.

hiriguneIrudia: ahultasun-ebaluazioak, agertoki-analisiak, ebaluazio integratuaren ereduak eta alderdi interesdunen parte hartzeak ikuspegi integral bat eman dezake hirigune historikoetan klima-aldaketaren arriskuak ebaluatzeko. (Argazkia: Ondare Lagunak – CC-BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)

Metodologia horiez gain, interes-taldeak arriskuen ebaluazio-prozesuan parte hartzea ere garrantzitsua da. Hauek tokiko komunitateek, ondare adituek eta gobernu-agentziek osa ditzakete, hirigune historikoetarako ahultasunei eta egokitzapen-aukerei buruzko informazio baliotsua eman dezaketenak.

Orokorrean, ahultasun-ebaluazioak, agertoki-analisiak, ebaluazio integratuaren ereduak eta alderdi interesdunen parte hartzeak ikuspegi integral bat eman dezake hirigune historikoetan klima-aldaketaren arriskuak ebaluatzeko. Arriskuak eta ahuleziak ulertuz, erabakiak hartzen dituztenek egokitzapen eta arintze estrategia eraginkorrak garatu ditzakete kultur ondare baliotsu hauek etorkizuneko belaunaldientzat babesteko.

Artikulu honek hirigune historikoetarako klima-aldaketaren arriskuak ebaluatzeko metodologiei buruz dagoen literaturaren berrikuspen sistematiko eta kritikoa aurkezten du.

Dauden literaturaren berrikuspen sistematiko eta kritiko batek gai zehatz bati buruz aurretik argitaratutako ikerketen azterketa integrala eta zorrotza dakar. Berrikuspen honek ikerketa anitzen ondorioak identifikatzea, ebaluatzea eta sintetizatzea du helburu, ikerketa-galdera zehatz bati erantzuteko edo gai baten ulermen sakonago bat garatzeko. Ikuspegi sistematikoa eta egituratua erabiliz, ikertzaileek alborapena gutxitu dezakete eta ondorioen fidagarritasuna eta baliozkotasuna areagotu dezakete. Berrikuspen mota hau ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egiteko eta ebidentzian oinarritutako praktikak informatzeko hainbat arlotan.

Horretarako, Web of Science eta Scopus-en dagoen literaturaren bilaketa sistematikoa egin zen. Scopus eta Web of Science munduko aipamen akademikoen datu-baserik erabilienak eta zabalenetakoak dira. Scopus Elsevier-ek mantentzen du eta zientzia, teknologia, medikuntza eta gizarte zientzien arloko 23.000 aldizkari baino gehiago biltzen ditu. Biltzarreko aktak, liburu sorta eta merkataritzako argitalpenak ere biltzen ditu. Web of Science Clarivate Analytics-ek kudeatzen du eta hainbat diziplinatako 21.000 aldizkari baino gehiago indexatzen ditu, besteak beste, zientzia, gizarte zientziak, arteak eta humanitateak. Biltzarreko aktak eta liburuen aipamenak ere biltzen ditu. Bi datu-baseek aukera ematen dute ikertzaileek artikuluak bilatzeko, aipamenen jarraipena egiteko eta euren arloko egile eta argitalpen nagusiak identifikatzeko. Ikerketa akademikorako, ebaluaziorako eta erabakiak hartzeko ezinbesteko tresnak dira.

Berrikuspena klima-aldaketaren ondorioen eta ondoriozko muturreko gertaeren eraginpean dagoen kultura-ondarearen ahultasunari eta arriskuen ebaluazioari buruz dauden metodologiak identifikatu eta ezaugarritzeko helburuarekin egin zen. Etorkizun hurbilean landu beharreko metodologien ezaugarri nagusiak eta ezagutzaren hutsune nagusiak identifikatu ziren, besteak beste, hirigune historikoetarako bero-olatuen arriskuak ebaluatzeko metodologia holistikorik eza. Berrikuspenaren emaitzak aztertzen dira, etorkizuneko arriskuak ebaluatzeko metodologietan erabiltzeko errendimendu-adierazle gakoak identifikatu eta garatu, bai hirigune historikoetako elementuak sistema gisa jorratzen dituztenak, bai bero-bolada luzeen eragin potentziala muturreko eguraldi honen probabilitatea gero eta handiagoa dela kontuan hartuta.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2022
  • Artikuluaren izena: Hirigune historikoen babesa klima-aldaketaren aurrean: arriskua neurtzeko metodologiak.
  • Laburpena: Artikulu honetan hirigune historikoetarako klima–aldaketarekin erlazionatutako arriskuen ebaluaziorako metodologiei buruzko egungo literaturaren berrikuspen sistematiko eta kritikoa egiten da. Horretarako, gaur egungo literaturaren azterketa sakona egin da Web of Science eta Scopus datu-baseetan, klima-aldaketaren eta ondoriozko muturretako gertaeren eraginpean dagoen kultura-ondarearen kalteberatasun eta arrisku ebaluazio metodologiak identifikatu eta ezaugarritzeko. Etorkizunean zuzendu beharreko metodologien ezaugarriak eta ezagutza-hutsune nagusiak identifikatu dira, hirigune historikoetan bero-boladak izateko arriskua ebaluatzeko metodologia holistikorik eza barne. Berrikuspenaren emaitzak aztertu dira, ondoren arriskuak ebaluatzeko etorkizuneko metodologietarako adierazleak identifikatu eta garatzeko. Metodologia horiek, hirigune historikoetako elementuak sistema bakar gisa landuko dituzte, eta bero-bolada luzeek izan dezaketen inpaktu potentziala landuko dute, muturreko gertaera klimatiko horien probabilitate handiagoa kontsideratuz.
  • Egileak: Laura Quesada-Ganuza, Leire Garmendia, Irantzu Álvarez, Estibaliz Briz, Ane Villaverde
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 15-30
  • DOI: 10.1387/ekaia.23076
Egileez:

Laura Quesada-Ganuza, Leire Garmendia,  Estibaliz Briz eta Ane Villaverde UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoko Saileko ikertzaileak dira.

Irantzu Álvarez UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuen Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Hirigune historikoen babesa klima-aldaketaren aurrean: arriskua neurtzeko metodologiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zergatik dugu atsegin dantza egitea?

Wed, 2023/05/03 - 09:00

Etxean bakarrik, musika topera jarri eta korridorean dantzan ibili, alde batera eta bestera; a zer iskanbila. Pentsatzen jarriz gero, ikusteko modukoa izan behar du, bai horixe, baina ziur gutako batek baino gehiagok egin duela halakorik noizbait. Eta zer nolako barru hustea sentitzen den amaitzean, eta zer nolako plazera askatasunez dantza egitean.

Gauza bitxia da, baina gorputza musikaren doinuarekin mugitzean gustura sentitzen gara; abesti batzuek, inkontzienteki, dantza egiteko gogoa ere sortzen dute, eta batzuetan, oso umoretsu gaudenean, gorputzak berak eskatzen digu dantza, sentitzen duen poza erakusteko bezala. Oro har, dantza alaitasunarekin eta festarekin lotzen da, baina zergatik egiten dugu dantza? Eta are gehiago, zergatik gustatzen zaigu dantza egitea?

dantza egitea1. irudia: zenbait ebidentziak adierazten dute mugimendua, ahalegina eta musikarekiko sinkronizazioa barne hartzen dituen dantza talde-batasunaren jarduera eraginkorra izan daitekeela.  (Argazkia: No-longer-here – erabilera libreko irudia. Iturria: pixabay.com)

Dantza giza jarduera oso hedatua da, bai denboran bai espazioan; historia luzea du munduan zeharreko kultura askotan, eta hamaika mota eta estilotakoak sortu dira historia luze horretan zehar. Musikarekin sinkronizatutako mugimendu multzoek osatzen dute dantza, eta egoera anitzetan erabili izan da, hala nola zirrarak askatzeko, festarako, erritual erlijiosoak, magikoak edota artistikoak ospatzeko eta abar.

Antropologiak ikertu ditu dantzaren sorrera eta historia, eta zientzia horren ikuspuntutik, jarduera horrek hainbeste urte iraun izanak iradokitzen du onuraren bat egingo ziola gizakiari historian zehar, hau da, dantzak oinarri ebolutiboa duela pentsatzen da. Antropologoek hiru eginkizun positibo egotzi dizkiote dantzari. Alde batetik, pentsatzen da pertsonen arteko harremanak estutzeko ahalmena duela dantzak, dantzan ari direnen arteko konfiantza handitzen duelako. Bestalde, zenbait kulturatan adiskidetasuna erakusteko ere erabiltzen zela uste da, eta azkenik, etsaiak beldurtzeko ere baliatzen zuten dantza beste zenbait kulturatan.

Dantzak, beraz, modu batean edo bestean, lotura sozialak sortu eta indartzeko balioko luke. Baina nolatan du dantzak gaitasun hori? Bada, ikuspuntu zientifikotik, pertsonen arteko lotura sentsazio hori dantzak intrintseko dituen bi ezaugarrirengatik ager daiteke: batetik, pertsonen arteko sinkronizazioaren ondorioz, eta bestetik, ariketa fisikoa egitearen ondorioz; baita bi prozesuen bateratzearekin ere. Ondorioz, esan genezake lotura sozialak sendotzen laguntzen duela beste norbaitekin mugimendu sinkronizatuak gauzatzeak ariketa fisikoa egiten dugun bitartean.

Hau guztia jakinik, Oxford Unibertsitateko Bronwyn Jarr ikertzaileak sakonago ikertu nahi izan zuen dantzaren efektu hau, lotura sozial horien indartzea eskala txikiagoan ulertzeko. Jarrek hipotesi bat zuen prozesu horren inguruan: lotura sozialak endorfinen jariapenarekin erlazionaturik daude hainbat ugaztunetan, eta bere ustetan, dantzak, nolabait, endorfinen askapena eragin zezakeen. Endorfinak gure garunak askatzen dituen sustantzia batzuk dira, eta plazer eta ongizate sentsazioa sortzen dute. Mina sentitzearekin ere estuki lotuta daude endorfinak.

dantza egitea2. irudia: dantza giza jarduera unibertsala da, musikarako mugimendu sinkronizatua dakarrena. (Argazkia: Mircea – All in collections – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Bere hipotesia frogatzeko, Jarrek esperimentu bat egin zuen Brasilgo Marajó uharteko gazteekin. Zenbait institututako 264 ikasle batu zituen, eta dantza egiteko eskatu zien denbora batez. Bitartean, Jarrek eta bere lankideek partaide bakoitzaren min atalasea neurtu nahi izan zuten, endorfinen eragina hautemateko zeharkako neurketa gisa. Horretarako, parte hartzaile bakoitzak odol presioa neurtzeko besokoa zeraman esperimentuan zehar, eta abisatu egin behar zuten besokoak egiten zien presioa mingarria bihurtzen zenean.

Bestalde, sinkronizazioak eta ariketa fisikoak, bakoitzak bere aldetik, endorfinen mailan zuten eragina ikusteko, taldekatu egin zituzten ikasleak hiruko multzoetan eta aurrez ikasitako lau mugimenduetatik bat esleitu zitzaion hirukote bakoitzari. Lau mugimendu horietako bakoitzak sinkronizazio eta ariketa fisiko maila bat irudikatzen zuen: (1) sinkronizazio eta ariketa fisiko altua, (2) sinkronizazio partziala eta ariketa fisiko baxua, (3) sinkronizazio eta ariketa fisiko baxua eta (4) sinkronizazio partziala eta ariketa fisiko altua. Sinkronizazio altua irudikatzen zuten kategorietan hiru kideek mugimendu berdinak egiten zituzten, eta partzialean, berriz, desberdinak. Ariketa fisikoaren mailari zegokionez, maila altua irudikatzen zuten mugimenduak gorputz osoko mugimenduak ziren, eta baxukoak eskuekin bakarrik egiten zituzten. Taldekatze honen bitartez, bi aldagaietako bakoitzak independenteki zuen eragina kalkulatu ahal izango zuten hirukoteen arteko datuak alderatuz.

Baina Jarrek beste aldagai oso garrantzitsu bat ere izan zuen kontuan, esperimentuko emaitzak ongi interpretatu ahal izateko: hirukotea osatzen zuten pertsonek aurrez zuten harremana, hain zuzen. Izan ere, hirukoteak ausaz sortu zirenez, aurretiaz ezagutu ahal ziren edo ez, eta hori zainpean edukitzeko, partaideek aurretiaz zuten harremana definitu behar izan zuten galdetegi baten bidez. Horrela, aurretiazko harremanen indize bat sortu zuten.

Esperimentuaren emaitzek arrazoia eman zioten Jarri. Bai sinkronizazioak eta baita ariketa fisikoak ere, modu independentean, minaren atalasea igotzen zutela frogatu zuen. Horrek, ondotik, adierazi zuen sinkronizazioak eta ariketa fisikoak endorfinen maila igotzen zutela, eta lehenak efektu nabariagoa zuela. Gainera, esperimentuan zehar eta ostean eginiko galdetegiaren bitartez ere ikusi zen kideak “estuago loturik” sentitzen zirela dantza egin ostean. Hemen dugu, beraz, dantzak gizarte askotan izan duen garrantziaren arrazoia, eta dantza atsegin izatearen azalpena.

Erreferentzia bibliografikoa:

Tarr, B., Launay, J., Cohen, E., Dunbar, R. (2015). Synchrony and exertion during dance independently raise pain threshold and encourage social bonding. Biology Letters, 11, 20150767. DOI: http://dx.doi.org/10.1098/rsbl.2015.0767

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin du eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Zergatik dugu atsegin dantza egitea? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Intsektu baten garunaren mapa osatu dute

Tue, 2023/05/02 - 09:00

Ikerketaren munduan luze eta zabal erabiltzen den euli espezie baten larbaren garunaren mapa osoa egin du ikertzaile talde batek, hamabi urtez luzatu den azterketa batean.

Aspaldiko ametsa da garun baten barruan gertatzen diren prozesu guztiak ondo ezagutzea. Besteak beste, medikuntzaren alorrean sortzen diren aukerak imajinaezinak dira. Alabaina, momentuz imajinaezina da ere gizakiaren garunaren mapa zehatza osatzea.

Ikertzaile talde batek mahai gainean jarri duen ikerketa batek erronkaren tamainaren neurria eman dezake. Batetik, intsektu larba baten garunaren mapa osoa egitea lortu dute. Txanponaren beste aldean, baina, giza garunaren tamaina dago. Eta, momentuz, bi zifra horiek elkarrengandik oso urrun geratzen dira.

garunaren mapa1. irudia: euli labaren garunean dauden 3.016 neurona eta elkarren arteko 548.000 lotura zehaztu dituzte ikerketan. (Irudia: Winding et al.)

Orain aurkeztu dituzten zifrak ez dira edonolakoak: Science aldizkarian argitaratu dutena garun baten loturei buruz orain arte egin den maparik osatuena dela esan daiteke. Drosophila melanogaster edo frutaren euli larba baten garunean dauden 3.016 neurona eta beren arteko 548.000 loturak zehaztu ditu ikertzaile talde batek, hamabi urtez luzatu den lan batean.

Lehen itxura batean, asko dira neurona horiek, baina ugaztunetara pasatzeak suposatzen du hainbat magnitude ordenatan igotzea. Kasurako, sagu baten garuna euliarena halako milioi bat da. Gizaki heldu baten garuna, berriz, 86.000 milioi neuronez osatuta dago, sarrien aipatzen den zifrari helduta.

Frutaren eulia aukeratzeko erabakia badu azalpen bat, noski. Genetikaren alorrean modelo organismoa da. Bizitza ziklo laburra duenez, eta azkar ugaltzen denez, espeziak aukera ematen du hainbat belaunaldi nahiko modu azkarrean aztertzeko. Horrez gain, neurozientziaren alorrean ere ikertzen da euli espeziea, bereziki ikasketa prozesuak eta erabakiak nola hartzen diren aztertzerakoan.

Aintzat hartu behar da, ordea, aztertutako garuna ez dela izan ale heldu batena, sinpleagoa den larba batena baizik. Hala izanik ere, prozesua ez da erraza izan, inondik inora. Prentsa ohar batean azaldu dutenez, hamabi urtez aritu dira lanean mapa hau lortzeko. Gutxi gorabehera, neurona bakoitzeko egun bat bideratu behar izan dute zientzialariek. Eta, hein handi batean, artisau lana ere izan da. Bereizmen handiko irudiak hartu eta banan banan aztertu dituzte neuronak, horietako bakoitza identifikatzeko. Modu berean, beren lotura sinaptikoak ere zehaztu dituzte. Lanean, mikroskopia elektronikoa erabili dute, sinapsi mailako bereizmenaz.

Irudi horien bitartez, zientzialariak ahalegindu dira partekatutako konektibitate loturak —konektoma deritzana— dituzten neurona taldeak aurkitzen. Ondoren, informazioa garunean zehar nola zabaltzen den argitzen saiatu dira. Azkenik, neurona eta konexio guztiak erregistratu dituzte, eta garunean bete dezakeen rolaren arabera sailkatu dituzte elementu horiek guztiak.

garunaren mapa2. irudia: euli larbaren konektoma laburbiltzen duen eskema orokorra. Neuronak puntuka agertzen dira, eta lerroek loturak adierazten dituzte. Inguruan, neuronen morfologiak. (Irudia: Winding et al.)

Garunaren mapa osatzeaz harago, hainbat irakaspen lortu dituzte. Sare horren barruan informazioa nola mugitzen den modelatu dute. Adibidez, ikusi dute zirkuitu aktiboenak irakaste prozesuan parte hartzen duten neuronen artean sortzen direla.

“Nor garen eta nola pentsatzen dugun jakin nahi badugu, pentsamenduaren mekanismoa ulertu behar dugu. Eta, zeregin horretan, funtsezkoa da ulertzea neuronak nola konektatzen diren elkar”, nabarmendu du Joshua Vogelstein ingeniari biomedikoak.

Besteak beste, konektomaren ezagutzaren bitartez, neuroendekapenezko gaitzei aurre egiteko tresna berriak landu nahi dira. Izan ere, egoera osasuntsu batean dagoen garunean izaten diren lotura sinaptikoak ezagututa, errazagoa izango da alzheimerra edo parkinsona bezalako gaixotasunetan gertatzen dena ulertzea.

Egileek gogora ekarri dute beste hainbat ikerketa talde euli heldu baten garunaren mapa osatzeko lanean ari direla une honetan, eta, behin hori osatuta, horrek aukera emango duela larba etapa honetako eta helduaroan dauden eulien garunak alderatzeko.

Giza garunari buruzko ikerketak errazteaz gain, adimen artifizialean erabili ohi den ikasketa automatikoa garatzeko baliogarria izango delako esperantza agertu dute ikertzaileek. Diotenez, ikasketa automatikoan erabiltzen diren arkitekturen antzekoak dira eulien garunean aurkitu dituzten zirkuituen ezaugarriak. Beraz, argudiatu dute adimen artifizialean erabiltzen diren teknikak hobetzeko ere erabilgarria izan daitekeela mapa honen bitartez ikasitakoa.

Etorkizun hurbil batean giza garuna modu horretan aztertzeko moduan egongo ez garela iritzi diote egileek, eta “agian inoiz ez” dela lortuko aitortu dute. Hasieran aipatu bezala, ikerketa metodologia hau ez da, inondik inora, nahikoa izango ugaztun baten garuna osotasunean marrazteko. Erabilitako sistemak eskatzen du garuna ehunka edo milaka xafletan moztea, mikroskopio elektroniko bidez irudiak hartzea eta, gero, neurona bakoitza aztertzea. Ikusteko dago adimen artifizialeko metodologia bat txertatzeak ireki ditzakeen ateak, beste zenbait lanetan ondotxo ikusi baita irudi medikoak aztertzeko ahaleginetan oso erabilgarriak izan direla sare neuronalak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Winding, Michael; Pedigo, Benjamin D.; Barnes, Christopher L.; Patsolic, Heather G.; Park, Youngser; Kazimiers, Tom; Fushiki, Akira; Andrade, Ingrid V.; Khandelwal, Avinash; Valdes-Aleman, Javier; Li, Feng; Randel, Nadine; Barsotti, Elizabeth; Correia, Ana; Fetter, Richard D.; Hartenstein, Volker; Priebe, Carey E.; Vogelstein, Joshua T.; Cardona, Albert; Zlatic, Marta (2023). The connectome of an insect brain. Science, 379, 6636. DOI:10.1126/science.add9330

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Intsektu baten garunaren mapa osatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Dunak hondartzetako harri-jausien aurka

Mon, 2023/05/01 - 09:00

Harri-jausiak oso fenomeno ohikoak dira euskal itsaslabarretan, bai eta benetako arriskua ere labar horien azpiko hondartzetara joaten den jendearentzat. UPV/EHUko Prozesu Hidrikoen eta Ingurumenekoen ikertaldeak egindako azterlan batean, Bizkaiko Barinatxe hondartzan berezkoak diren dunen hesi-efektua aztertu da. Emaitzek erakutsi dute dunek erabateko babesa ematen dutela eta, gainera, balio ekologikoa eransten diotela kostaldeko ekosistemari.

Hondartzak jende ugari ibiltzen den aisialdirako guneak direnez, lehentasunezkoa da itsaslabarren azpiko hareatzetan dagoen jendea babestea, harriak erori ohi baitira bertara. Harriei eusteko, dikeak, sareak eta hesiak eraiki izan dira tradizionalki, baina haiek eraikitzea eta mantentzea garestia da, eta, gainera, inpaktu bisual eta ingurumen-inpaktu handia eragiten dute eremuan. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Prozesu Hidrikoen eta Ingurumenekoen ​​​​ikertaldeko (HGI) ikertzaile Jon Ander Clementek azaldu duenez, “babes-neurri horiek ahal den neurrian naturalizatzea da gure ikertaldearen xedea”. Gainera, balio ekologiko eta/edo geomorfologiko handiko eremu babestuetan, hala nola euskal kostaldeko Geoparkean, ezin da mota horretako esku-hartze tradizionalik egin.

Duna(Argazkia: Janfri – CC-BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)

Droneak edo laser eskanerra erabiliz, eremu horien 3Dko ereduak sortu dira; horrela, ikertaldeak azterketa-eremuetara erortzen diren harrien ibilbideen, tamainaren, aitzinamenduaren eta beste zenbait parametroren jarraipena eta monitorizazioa egiten du. Horri esker, “hondartzek inguruko itsaslabarretatik erortzen diren harriekiko duten zaurgarritasuna ebalua daiteke, eta naturarekin bateragarriagoak diren neurriak eta jarduketak proposa daitezke hondartzak babesteko eta, aldi berean, ingurune naturala errespetatzeko”, zehaztu du ikertzaileak.

Bizkaiko Barinatxe hondartzaren kasuan (Sopela eta Getxo artean dago), azterlanetik ondorioztatu zuten ezen itsaslabarraren oinean dagoen berezko duna-sistemak babesten duela hondartza harri-jausietatik. Horrela azaldu du Clementek: “Beren ezaugarriak direla eta, duna horiek areka natural bat eratzen dute, eta hark, hesi-lana eginez, harriak atxikitzen ditu. Gure 3Dko ereduak erakusten digunez, hesi natural hori narriatu eta desagertuko balitz, harriak jendea joaten den hondartzaraino iritsiko lirateke, eta arrisku-egoera handia sortuko litzateke. Une honetan, duna-sistemak % 100eko babesa ematen du. Horrez gain, ingurune hori biodibertsitatearen ikuspegitik aztertu da, eta ikusi da bertan hazten diren espezieak garrantzitsuak direla eta, gainera, landarediak tinko eusten diela dunei. Emaitza horiek naturan oinarritutako soluzioen (nature-based solutions ingelesez) eraginkortasuna erakusten dute”.

Ikertzaileak argitu duenez, dunen eraginkortasuna egiaztatu izanak ez du esan nahi duna-sistemen ezarpena sustatuko dutenik Barinatxeko hondartzaren pareko arriskua duten hondartza guztietan. “Konponbideak leku bakoitzaren berezko morfologiara egokitu behar dira. Baliteke hondartza batzuetan duna-sistemak sortzeko aukera egotea, baina beste batzuetan inpaktu handiagoko esku-hartzeak egin beharko dira. Kasu horietan, gure 3Dko ereduak aukera ematen du leku bakoitzaren behar zehatzak definitzeko; esate baterako, eraiki behar den hesiaren altuera zehazteko balio dezake”.

Komunitate zientifikoaren arreta erakartzen ari den 3Dko eredua

Clemente pozik dago garatutako metodologiak izan duen harrerarekin: “Tokian-tokian garatu genuen, finantziazio oso apalarekin, baina oso pozik gaude komunitate zientifikoan izaten ari den inpaktuarekin: zenbait ikerketatan aipatu dute, eta beste leku batzuetan ere probatzen ari dira. Esate baterako, Portofinoko parke naturalean —Italiako garrantzitsuenetako bat da—, gure metodologia baliatzen ari gara kaletan”.

Gaur egun metodologia hau hondartzetako harri-jausiak gelditzeko erabiltzen ari dira, baina ikertzaileak uste du harri-jausiak pertsonentzat arriskutsuak izan daitezkeen ingurune orotan erabil daitekeela. Dunen efektuaren kasu zehatzean, “antzeko azterketak egin litezke basamortu-sistemetan. Metodologia honetan, oso interesgarria da arazoa konpontzeko egiten den planteamendua; izan ere, ikusi da naturara gehiago hurbiltzeak eta jarduketa jasangarriagoak gauzatzeak emaitza onak ematen dituela”, ondorioztatu du.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Hondartzetako harri-jausietarako irtenbide naturalak bilatzen dituen metodologia garatu dute

Erreferentzia bibliografikoa:

Clemente, Jon Ander; Uriarte, Jesus A.; Spizzichino, Daniele; Faccini, Francesco; Morales, Tomás (2023). Rockfall hazard mitigation in coastal environments using dune protection: A nature-based solution case on Barinatxe beach (Basque Coast, northern Spain). Engineering Geology, 314. DOI: 10.1016/j.enggeo.2023.107014

The post Dunak hondartzetako harri-jausien aurka appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #436

Sun, 2023/04/30 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

DNAren

Genetika

Jakina da James Watsonek eta Francis Crickek ekarpen handia egin zutela DNAren egitura ulertzeko ikerketan; bereziki, 51 argazkiaren izenez ezagutzen den irudi ikonikoa. Alabaina, ezaguna da baita ere Rosalynd Franklin zientzialaria haiekin batera ibili zela lanean, baina honi aipamen bat baino ez zioten egin argitalpenean. Orain, garaiko dokumentu batzuek agerian jarri dute Watsonek eta Crickek bezainbeste ulertzen zuela DNAren egitura. DNAren egituraren aurkikuntza bi talderen lanaren emaitza izan zela argitu dute: Franklinek eta Maurice Wilkinsek lan esperimentala egin zuten, eta Watsonek eta Crickek, berriz, teorikoa. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian eta Berrian.

Antropologia

Gizakiak jaio ostean hazten dira gehien, baina fetua hazten den abiadura primateen artean handiena da. Duela 6 eta 3 milioi urte inguruko gure arbasoen haurdunaldia, gutxi gorabehera, txinpantzeen eta bonoboenaren antzekoa zen. Hau da, Ardipithecus eta Australopithecus generoen haurdunaldian fetuaren hazkuntza-abiadura beste primateen antzekoa zen oraindik. Homo generoaren hastapenetan ere antzeko mantendu zen fetuaren hazkuntza-abiadura, baina erritmoa hori nabarmen handitu zen duela 1,5-2 milioi urte. Denbora tarte horretan, larreak zabaldu egin ziren Afrikako ekialdean eta hegoaldean barrena, eta ungulatuak asko hedatu eta dibertsifikatu ziren. Horrela, gure arbasoak eduki-energetiko eta proteiko handiko elikagaiak kontsumitzen hasi ziren, eta horrek haurdunaldian zehar fetuak bizko haztea ahalbidetu zuen. Azalpenak Zientzia Kaieran: Gure arbasoen haurdunaldia.

Biokimika

Peio Azcoaga (Zarautz, 1995) Biokimika eta Biologia Molekularrean graduatu zen UPV/EHUn, eta gaur egu doktorego-tesia egiten ari da Biodonostia eta CIC biomaGUNE ikerketa-zentroetan. Tesian zehar Oncostatin M (OSM) zitokinak bularreko minbizian duen eragina aztertzea du helburu. Azaldu duenez, OSM proteina zitokina proinflamatorioa da, eta immunitate-sistemaren modulazioan jarduten du. Bada, sistema hau tumore-zelulek beren alde erabiltzen dute, beren biziraupena bermatzeko eta tamaina handitzeko, bereziki bularreko minbizietan. Azcoagak ez du tesia oraindik amaitu, baina oraingoz lortu dituen emaitzen arabera, OSM zitokinak bularreko minbizia garatu ostean horren progresioa eta metastasiaren garapena bultzatzen dituela ikusi du. Datu gehiago Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean aurki daitezke.

Ingurumena

Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu duenez, klimaren eta biodibertsitatearen krisia bereizezinak dira eta biei batera egin behar zaie aurre. Honen harira, Hans-Otto Pörtner irakasleak argi utzi nahi izan du klima-larrialdiarekin batera beste krisi bat sortzen ari dela, ia oharkabekoa, baina bestea bezain arriskutsua: planeta osoko landare eta animalien espezieen galera dramatikoa. Horregatik, klima-aldaketaren aurkako babesa eta biodibertsitatearen kontserbazioa batera jorratu behar direla diote. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

James Webb Space (JWST) teleskopioa erabiliz, inoiz aurkitu den galaxia nano urrunena hauteman dute. Ikertzaileek azaldu dutenez, Big Bang-a gertatu eta eratu zen lehen galaxietako bat da, 500 milioi urte soilik igaro ondoren. Jaso dituzten datuen bidez, ondorioztatu dute galaxiek bilakaera-prozesu hierarkiko bat jasan dutela, zeinetan galaxia nanoetatik abiatuta galaxia handiak sortu baitziren, elkarrekiko grabitatearen eraginez elkartuz. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Inoiz hautemandako galaxia nano urrunena.

Zientziaren komunikazioa

Josu Lopez-Gazpiok aurreko artikulu batean zientzia-lanak argitaratzeko jarraitu beharreko pausoak azaldu zituen. Behin argitaratzaileak artikulu batek gutxieneko baldintzak betetzen dituela ondorioztatzean, lanaren laburpena bidaliko die gai jakin horretan adituak diren ikertzaileei. Ikertzaileek lana ebaluatzea onartzen badute, erabaki beharko dute lana bere horretan onartu, zuzenketa txikiekin edo sakonekin onartu, edo ez onartu. Berrikuspen hauek egitea lan sakona da, eta argitaletxeek diru-kantitate handiak lortzen dituzte horri esker. Alabaina, ikertzaileek ez dute ordainsaririk jasotzen berrikuspen horiek egiteagatik, eta horren ondorioz, azken urteotan ugaritzen ari dira berrikuspenak egiteari uko egin dioten ikertzaileak. Azalpen gehiago Zientzia Kaieran: Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (eta II).

Psikologia

UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko azterlan baten emaitzen arabera, oroimen-ariketak egiten diren bitartean musika klasikoa entzuteak ez du narriadura kognitibo arina (DCL) duten pertsonen ikasketa-maila hobetzen edo okertzen. Aldiz, ikusi da musika aktibatzaileagoa entzuteak eragin positiboa izan dezakeela eguneroko bizitzan musika erregulatzaile emozional gisa erabiltzera ohituta dauden pertsonengan, eta horrek hipotesi eta ikerketa berriak egiteko aukera zabaltzen du. Datuak Gara egunkarian: Musika «aktibatzailea» entzuteak errendimendu kognitiboa hobetzen du, ikerketa baten arabera

Argitalpenak

Karmele Llano albaitariak Orangutanak eta ni (2021) eleberria idatzi zuen, Borneoko oihanetan bizi diren orangutanak zaintzen egiten duen lana azaltzeko asmoz. Bertan, planetako leku ezkutu horretan bizitzera eta lan egitera eraman zuten arrazoiak azaltzen ditu. Gainera, liburu osoan zehar bizkaitarrak animalienganako grina transmititu nahi du, eta bide batez, espezie horren kontserbazio arazoak plazaratzen ditu. Karmele Llano Indonesian bizi da 2003tik, eta International Animal Rescue (IAR) Indonesiako programen zuzendari da 2006tik. Argitalpen honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran aurki daiteke.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #436 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #444

Sat, 2023/04/29 - 09:00


Nahi duenak baino, ahal duenak egiten ditu zenbait gauza. Cyberbullying and media literacy, Martha R. Villabonarena.

Arrakastaz probatu berri da exoplanetak detektatzeko metodo berri bat: izar baten ibilbidean distortsioak bilatu eta gero teleskopio bat apuntatu zer ikusten den behatzeko. Using astrometry to identify candidate exoplanet host stars

Botoxak zimurrak kentzen ditu, bai, baina felpazko panpina baten adierazkortasuna ere ematen du. Eta horrek ondorio ustegabeak izan ditzake, higuingarria izateaz gain: Botox can affect emotional processing, Rosa García-Verdugok egina.

Materia ilunaren izaera misterio bat dela aski ezaguna da. Orain, DIPCko jendeak proposamen iraultzaile bat babesten duen emaitza planteatzen du: materia iluna Bose-Eisntein axoien kondentsatu bat besterik ez balitz? Baieztatuz gero, soken teoriak nolabaiteko babes esperimentala duela erakusten duen lehen zantzua izan daiteke? Wavelike Dark Matter, new physics invoking axions

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

 

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #444 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kiñuren begirada: fosilak

Fri, 2023/04/28 - 09:00

Nola jakin genezake zer gertatu zen Lurrean duela 66 milioi urte? Besteak beste, paleontologia bezalako zientziei esker. Ikerketa arlo honek aztarnategietan edo arroketan aurkitzen diren izaki bizidunen arrasto fosilak aztertu eta interpretatzen ditu.

Gobi basamortuko Nemegt arroan fosil asko daudenez, duela mende batetik, paleontologiaren iturri handienetako bat dago han. UNESCOren arabera, munduko fosil gordailurik handiena da Gobi.

Fosilei buruzko hainbat datuekin dator gaurkoan gure Kiñu.

fosilak

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: fosilak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Orangutanak eta ni

Thu, 2023/04/27 - 09:00

Orangutanak eta ni (2021) Karmele Llano albaitariaren historia da; Borneoko oihanetan egiten duen lana primate arraza hori zaintzen laguntzen. Bilbon bizi izan zuen haurtzaroa, albaitaritzako ikasle-garaia eta Euskal Herriko neska gazte bat planetako leku ezkutu horretan bizitzera eta lan egitera eraman zuten arrazoiak kontatuko dizkigu Karmelek.

1. irudia: Orangutanak eta ni komikiaren azala. (Ilustrazioa: Maria Girón. Iturria: A fin de cuentos)

Liburuan zehar, Bizkaitarrak animalienganako grina transmititzen digu, batez ere gugandik hain hurbil dauden tximino horiekiko, orangutanekiko, alegia. Azalduko digu zergatik desagertzeko zorian dagoen arraza hau, eta zerk dagoen ezkutatuta Borneoko oihanen deforestazioaren atzean (Sumatrarekin batera, han bizi baitira primate horiek).

Maria Gironen irudiek Karmelek tximino hauengatik sentitzen duen maitasuna aparte, animalia horiek pizten dizkiguten sentimendu sendoak ere islatzea lortzen du.

Irakurketan murgildu zaitezte, eta Jojo, Peni, Monty eta beste orangutan asko ezagutu. Horiek, Karmeleren eta bere erakundeko gainerako kideen lan nekaezinik gabe, heriotza seguruagoa izango zuten.

Karmele Llano Sánchez-ek (Bilbo, 1978) 2003. urtean amaitu zuen Leongo albaitaritza-karrera, eta 2011ean masterra egin zuen Kontserbazioaren Medikuntzan, Australian. Eskarmentu handia du primateen medikuntzan eta kontserbazioan. Indonesian bizi da 2003tik, eta International Animal Rescue Indonesiako programen zuzendari da 2006tik. Yayasan IAR Indonesiako (YIARI) fundatzaileetako bat ere bada. Irabazi asmorik gabeko erakundea da YIARI, eta 2008an sortu zen, gizakiak eta animaliak ekosistema jasangarrietan elkarrekin egoteko eta habitatak eta animaliak babestuta egoteko sistema eraginkorrak ezartzeko. 2020an, Biodibertsitatea Zaintzeko Munduko Saria jaso zuen, “tokiko populazioa ahalduntzeko” proiektu baten buru izateagatik.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Orangutanak eta ni
  • Egilea: Karmele Llano
  • Ilustratzailea: Maria Girón
  • Argitaletxea: A fin de cuentos
  • ISBN: 978-84-123181-3-5
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2021
  • Orrialdeak: 56 or.

The post Orangutanak eta ni appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (eta II)

Wed, 2023/04/26 - 09:00

Artikulu honen lehen atalean Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (I) izenekoanzientzia-lanak argitaratzeko jarraitu beharreko pausoak azaldu genituen. Guztiaren muina hauxe da: zientziak aurrera egin ahal izateko, ezinbestekoa da zientzialarien arteko komunikazioa eta zientzia-lanen komunikazio publikoa. Alabaina, argitaletxeek erabiltzen duten ohiko ebaluazio-prozesuak, pareko adituen bidezkoak, hutsuneak ditu eta ezinbestekoa da sistema berrikustea.

Zientziak aurrera egin ahal izateko, beharrezkoa da zientzialari batek eskuragarri izatea besteek egin dituzten lanak; izan ere, aurreko lanen testuinguruan abiatu ohi da ikerketa-esparru berri bakoitza. Dakigunez, gaur egun zientzia-aldizkariak dira emaitzen berri emateko biderik ohikoena. Aurreko atalean azaldu genuen bezala, zientzia-aldizkarien argitalpen-sistemaren oinarria peer review edo parekoen ebaluazioa deritzon prozesua da. Parekoen ebaluazioa metodo zientifikoarekin bat datorren ebaluatzeko modua da eta metodoa bera ez litzateke zalantzan jarri beharko -hobekuntzak beharrezkoak diren arren -. Hala ere, berrikuspen sakona behar du argitaletxeek duten jarrerak, bai eta joko horretan sartzen diren zenbait zientzialarirenak.

berrikuspen1. irudia: Parekoen ebaluazio-prozesua zientziaren funtsezko prozesuetako bat den arren, azken urteotan argi gelditu da prozesuak berrikuspen sakona behar duela (Argazkia: Tumisu – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Aipatzen genuen bezala, ikertzaile batek, bere ikerketa-lana amaitu ostean, zein aldizkaritara bidali nahi duen erabaki behar du. Horretarako, kontuan izango ditu, bai bere lanaren kalitatea eta esparrua eta, baita, aldizkariaren kalitatea eta esparrua ere. Lana bidali ostean, aldizkariaren argitaratzaileak lanaren gutxieneko baldintzak aztertu eta erabakiko du ea artikulua aldizkarian argitaratzeko modukoa ote den. Lehen pauso hori gainditzen badu, argitaratzaileak lanaren laburpena bidaliko die gai jakin horretan adituak diren ikertzaileei. Ikertzaileek lana ebaluatzea onartzen badute, lau multzo hauetako batean kokatu beharko dute: 1) bere horretan onartu, 2) zuzenketa txikiekin onartu, 3) zuzenketa sakonekin onartu edo 4) ez onartu.

Oro har, lehen kategorian sailkatzen den ia artikulurik ez dago; izan ere, oso zaila litzateke hiru edo lau ebaluatzailek zuzenketa bakar bat ere ez eskatzea. Normalean, artikulua zuzenketekin onartzen da edo ez da onartzen. Azkeneko aukeratik hasita, artikulua ez bada onartzen, ikertzaileak lana berrikusi beharko du eta beste aldizkari batera bidaltzen ahalegindu beharko da -askotan kategoria baxuagoko aldizkari batera joz-.

Zuzenketekin onartzen den kasuetan -txikiak zein sakonekoak-, ikertzaileari epe bat ematen zaio adituek egindako iruzkin eta zuzenketak egiteko. Horren ostean, bere lana berriro bidaliko du eta ebaluatzaileei erantzuna bidali beharko die. Kasu batzuetan aldaketak egin behar izaten dira artikuluaren idazketan, beste kasu batzuetan nahikoa izan daiteke ebaluatzaileei azalpenak ematea eta, beste kasu batzuetan, beharrezkoa izan daiteke laborategira itzuli eta esperimentu berriak egitea. Behin erantzunak bidalita, berriro ere txosten bat osatuko dute ebaluatzaileek. Ados badaude egindako aldaketekin, artikuluak aurrera egingo du argitalpen-prozesuan. Hala ere, posible da bigarren txandan ere ebaluatzaileak ados ez egotea edo aldaketak desegokiak direla esatea. Horrela, ebaluatzaile/egile eztabaida bat egon daiteke, adostasunean edo desadostasunean amaitu daitekeena. Ebaluatzaile guztiak ados daudenean adieraziko zaio egileari lana argitaratzeko prest dagoela. Ebaluatzaile guztiak ados egotea lortzen ez bada, lana ezin izango da aldizkari horretan argitaratu.

Argitalpen-prozesu hau zientzian ez daudenentzat arrotza izan daitekeen arren, onartu behar da peer review-a bera oso zorrotza dela eta ikerketa-lan bat argitaratzeko metodorik garbienetakoa dela. Hain zuzen, argitaratzen diren lanak oso lan zehatzak izan daitezke eta sarritan ezinezkoa edo oso zaila litzateke egilea bera baino adituagoa den norbait topatzea. Horregatik, gutxienez bera bezain aditu diren hiru edo lau ebaluatzaileren irizpidean jartzen da lanaren kalitatearen bermea. Hala eta guztiz ere, zientzialariok ere jakin behar dugu aldizkari batean argitaratu den lan bat ez dela egia absolutua. Zientzia-emaitzak zalantzan jartzekoak izan daitezke beti eta ikerketa batek zalantzan jar ditzake aurrez egindakoak, jakina.

Hori horrela, López Nicolásek bere blogeko ekarpen interesgarrian aipatzen duen moduan, ezinbestekoa da ebaluatzaileak ohartzea haien lanaren garrantziaz. Oro har, ebaluatzaile-lana egitea ordaindu gabea izaten den arren, baliagarria izaten da curriculumeko meritu gisa. Ebaluatzaileek lan garrantzitsua dute: haien eskuetan dago ikertzailearen lana onartu ala ez, eta horrek ondorio asko izan ditzake etorkizunean -ikertzailearen curriculuma edo ikerketa-proiektuen finantzaketa, esaterako-.

Azken urteotan ugaritzen ari dira berrikuspenak egiteari uko egin dioten ikertzaileak; izan ere, lan sakona da eta argitaletxeek diru-kantitate handiak lortzen dituzte horri esker. Zentzuzkoa da zientzialariek ere haien berrikuspen-lanengatik ordainsaria jaso nahi izatea. Horrek guztiak ebaluatzaileak lortzeko zailtasunak areagotzen ditu eta, beste kasu batzuetan, aditu ez direnek ebaluazio lanak onartzera eraman ditzake ¾haien curriculumak hobetzeko asmoz¾. Ondorioak jada iritsi dira zientzia-komunitatera, bi modutan: alde batetik, metodologikoki zuzenak ez diren zenbait lan argitaratu dira zientzia-aldizkarietan -horietako batzuk gero atzera bota direnak- eta, beste alde batetik, lan egokiak ez dira onartu ebaluatzaileak ez zirelako lana berme nahikoaz aztertzeko bezain adituak.

Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra izenburudun artikulu sorta honen helburu nagusia zientziaren argitalpen-sistema azaltzeko ahalegina egitea izan da. Sarritan entzuten da artikuluak atzera bota direla edota argitalpen batean iruzurra egin dela. Horrelakoak normalak dira eta horrek ez du zalantzan jarri behar argitaratzen diren lanen kalitatea. Zientzia etengabeko berrikuspen-prozesuan dago eta, lehenago edo beranduago, beti azaleratzen dira iruzurrak. Zientzia gizakiok egiten dugu, geure interes pertsonal eta akats guztiekin. Zenbaitetan, jarrera desegokiak egon daitezke, baina, zientzia oro har hartuta, bere burua zuzenduz doa etengabe. Peer review ebaluazio-prozesua zientziak duen tresna garrantzitsuenetako bat da, eta berrikuspenak behar dituen arren, metodo egokia da aurrera egin ahal izateko. Hala eta guztiz ere, berrikusi beharreko prozesua da ezinbestez azken urteotan zientzian eta zientzialariongan gertatzen ari diren aldaketen ondorioz.

Informazio gehiago: Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (eta II) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages