Hirietako eta landetako kaskabeltz handien gene-istorioa
Eguneko lehenengo argi-izpiekin batera txoriak abesten hasten dira. Beren kantuarekin esnatu egiten gara eta gure bizitzen soinu-bandaren parte dira. Hirietan nahiz landetan txio egiten dute txoriek, baina argi dago hirietako eta landetako inguruneak guztiz ezberdinak direla. Horrek eraginik ote du beren gene-egituran? Ezberdinak ote dira hirietako eta landetako txoriak?
Orain dela gutxi argitaratutako lan batean, ikertzaile-talde batek aztertu eta erkatu egin du hirietan eta landetan bizi diren 192 kaskabeltz handien (Parus major) gene-informazioa. Lan hori gauzatzeko laginketak Europako 9 hiritan egin zituzten eta gertuko landa-eremu batean; horrela aztertu nahi zituzten urbanizatutako eta urbanizatu gabeko pareko guneak. Honakoak izan ziren hiri horiek: Bartzelona, Glasgow, Göteborg, Lisboa, Madril, Malmö, Milan, Munich eta Paris. Kaskabeltz handi bakoitzean milioi erdi gene-aldaeratik gora aztertu ziren, txori hau ikertzeko zehazki diseinatu zen genotipazio txip bat erabilita, hau da, gizakien gene-aldaerak aztertzeko ohikoa den teknologia moldatuta.
1. irudia: Hirietako eta landetako kaskabeltz handiek gene-ezberdintasunak dituzte. (Argazkia: Oldiefan – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Aztertutako toki ezberdinetako kaskabeltz handiak nahiko antzekoak izan ziren, genetikoki bederen. Salbuespenak izan ziren Lisboako eta Glasgoweko kaskabeltz handiak, espezie honen bizi-eremuaren ertzetan kokatzen diren tokiak, hain zuen ere. Beste era batera esanda, gene-osaketak ez zuen islatu hirien arteko ezberdintasun handirik. Hala ere, aztertutako hiri guztietan –Munichen eta Parisen izan ezik– hiri-eremuetako eta landa-eremuetako txoriek izan zituzten gene-ezberdintasunak.
Ondorioz, lanaren egileek iradokitzen dute hirien kolonizazioa landa-eremuetatik abiatu zela, hiri bakoitzean modu independentean. Adibidez, zozoek (Turdus merula) hiriguneak horrela kolonizatu zituztela proposatu zen antzerako beste lan batean. Gainera, egileek detektatu zuten Glasgoweko eta Lisboako kaskabeltz handien artean gene-elkartrukea egon zela eta, ondorioz, proposatzen dute bide horren bidez urbanizazioa erraz dezakeen gene-informazioaren elkartrukea egon zitekeela.
Hiri-eremuetako eta landa-eremuetako kaskabeltz handien gene-ezberdintasunak sakonago aztertzerakoan, egileek ikusi zuten gene-aldaera batzuen maiztasuna aldatu egin dela hiri-eremuetako kaskabeltzetan. Ondorio horretara heltzeko, bi metodo ezberdin erabili zituzten. Metodo batek detektatu zituen 2.758 gene-aldaera urbanizazioarekin lotura zutenak; besteak, aldiz, bakarrik 70 gene-aldaera. Horietatik 34 gene-aldaera bi metodoek detektatu zituzten. Lanaren egileen aburuz, seguru asko, 34 gene-aldaera horiek dira hiriguneetara moldatzeko prozesuan parte hartu dutenak. Gainera, ikusi zuten gene-aldaera horiek kokatuta zeudela genomako eskualde berdintsuetan hiri gehienetako txorietan. Hala, ikertzaileek ondorioztatu zuten hiriguneetara moldatzeko prozesuan hainbat gene-aldaerak parte hartzen dutela, eta aldaera horietako gutxi batzuetan nabarmenagoak direla hirietako eta landetako kaskabeltzen arteko ezberdintasunak.
2. irudia: Kaskabeltz handiak hiriguneetara moldatu dira. (Argazkia: Steffen Wachsmuth – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Aipatutakoaz gain, lan honen egileek aztertu egin zuten hautespen naturalak nola jokatu duen gene-ezberdintasun horien sorreran. Adibidez, ezaguna da halako eboluzio-prozesua izan dutela New Yorkeko arratoiek (Rattus norvegicus). Gainera jakin nahi zuten ea hirigune bakoitzean espezifikoa izan ote zen hautespen hori edo zenbait lekutan partekatua. Hala, ondorioztatu zuten hiriguneetara moldatzeko gene-aldaera horien hautespena gertatu berria dela edo gertatzen ari dela eta, orotara, 127-173 gene-eskualdek izan dutela hautespen hori. Gainera, hirietako kaskabeltz handietan detektatzen diren gene-aldaketa horietatik gehienak hiri bakoitzeko populazioak berezkoak zituen, gene-aldaketa batzuk komunak baziren ere. Komunak ziren eskualde horiek, gehienera, bost populaziok partekatzen zuten eta ez zuten zerikusirik ez banaketa geografikoarekin, ezta populazioen distantzia genetikoarekin ere. Migrazioek eragindako gene-elkartrukea baztertu ezin badaiteke ere, litekeena da populazio bakoitzean modu independentean gertatu izana hautespen prozesu hori. Ondorioz, egileek uste dute kaskabeltz handiek urbanizatzerakoan antzeko gene-mekanismoak erabiltzen dituztela, baina modu independentean garatu dituztela mekanismo horiek.
3. irudia: Gizakion hedapenak aldatu du kaskabeltz handien gene-egitura (Argazkia: MabelAmber – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Hautespena izan duten gene-aldaera eta gene-eskualde horiek zein gene eta funtzio biologikotan kokatzen ziren aztertzerakoan, lanaren egileek ikusi zuten aldaerek eta eskualdeek lotura zutela jokaera ezartzen duten ezaugarriekin, gaitasun sentsorial eta kognitiboekin eta neuronen garapenarekin. Alegia, beste espezie basati batzuen urbanizazioan detektatu diren funtzio biologikoak, hain zuzen ere. Lan hau egin baino lehenago, ezaguna zen hirietako kaskabeltz handien abestien egitura ezberdina zela edo ihes egiteko estrategiak ezberdinak zirela. Ezezaguna zen, ordea, ezberdintasun horiek hiriguneetara moldatzeko ondorio zirenik edo espeziearen berezko ezaugarriekin azal zitezkeenik. Lan honek iradokitzen du ezberdintasun horiek hiriguneetara moldatzeko gertatu diren gene-aldaketen ondorio direla.
Laburbilduz, Europan zehar kaskabeltz handiak aldaketak izan ditu bere gene-egituran hiriguneetara moldatzerakoan. Moldaketa horrek, hautespen naturala medio, eragina izan du jokaera ezartzen duten eta neuronen garapenean parte hartzen duten geneetan, hiri bakoitzean modu independentean gertatu bada ere. Hortaz, badirudi, edonon, hirien bizimodura moldatzeko eta ohitzeko jokaera- eta zentzumen-moldaketak behar direla. Baita txorietan ere.
Erreferentzia bibliografikoa:Salmón, P., Jacobs, A., Ahrén, D. et al. (2021). Continent-wide genomic signatures of adaptation to urbanisation in a songbird across Europe. Nature Communications, 12, 2983. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-021-23027-w
Egileaz:Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
The post Hirietako eta landetako kaskabeltz handien gene-istorioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Tokian tokiko jarduera: kirurgian laguntzen duten robotak
Automatizazioa etorkizuna zen orain dela 50 urte. Robotizatzea hain da etorkizun hurbila, oraina baita. Eta giza jardueraren arlo guztiak robotizatzea, dirudienez, joera geldiezina da. Baina ez dugu zertan robot guztiz autonomoetan pentsatu behar, Isaac Asimoven 1950eko izen bereko liburuan oinarritutako Yo Robot (Alex Proyas, 2004) filmekoak bezalakoetan.
Laguntzaile gisa integratuko dira robotak gure eguneroko ekintzetan. Horren adierazgarri dira, adibidez, oso tentuz egin beharreko ebakuntza kirurgikoetan laguntzaile gisa baliatzen diren robotak.
1. irudia: Ebakuntza-gela baten lanean. (Argazkia: Artur Tumasjan – Unsplash lizentziapean. Iturria: unsplash.com)Demagun bizkarrezurreko ebakuntza bat egin behar dugula, baina ez dugula nahi ebakuntza hori apenas inbaditzailea izatea. Oso modu sinplean esateko, halako ebakuntzetan erabateko zehaztasunez jakin behar da torlojuak non jarri ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen, eta ziur egon behar da orno muina ukitzen denean konpondu nahi dena baino kalte handiagorik ez dela eragingo.
CEIT eta Egile erakundeak lankidetzan ari dira ELCANO proiektuan; mota horretako ebakuntzetarako irtenbide integratu eta robotizatu bat garatzeko jomuga du, hain zuzen, ELCANO proiektuak. Kirurgiaren arduraduna da ebakuntza erabakitzen eta egiten duena; robotak kalkuluetan lagunduko dio, eta kalteak sor daitezen eragozteko ere baliagarria izango zaio. Laguntza hori hiru arlotan gauzatzen da; lehen biak dira hirugarrena –hots, robotaren jarduketa– ahalbidetzen dutenak:
- ebakuntzaren plangintza birtuala,
- nabigazio sistema edo trackinga,
- laguntzaile robotizatua (COBOT).
Ospitaleek irudi bidezko komunikazio eta artxibatze sistema bat izan ohi dute (PACS, ingelesezko sigletan). Sistema horren funtzio nagusia irudiak gordetzea eta ospitaleko zerbitzuen arteko komunikazioa erraztea da. PACS sistema perfektuak irudiaren ibilbide osoari erantzun behar dio: atzematea, diagnostikoa, txostena egiteko prozesua eta monitorizazioa.
Ebakuntza baino lehen*, plangintza software batek (viewIT-spine) pazientearen historian bildutako informazioa erauzten du PACS sistematik, eta pazientearen eredu birtual bat taxutzen du, eskuragarri dauden TACeko irudietan oinarrituta. Horrekin zirujauak ebakuntzaren plangintza egin dezake, bere bulegotik pazienteari sartu nahi dizkion torlojuen posizioa eta orientazioa zehaztuta. Behin bukatu ondoren, plangintza ebakuntza gelara igortzen da.
Nabigazio sistema/trackingaEbakuntza gelan instalaturiko gailu batek denbora errealean monitoriza dezake pazientearen posizio erreala, eta, hala, korrelazio bat sortzen du paziente errealaren jarreraren eta planifikatzailearekin taxututako eredu birtualaren artean. Horretarako, viewIT-spine softwarearen modulu bat denbora errealean exekutatzen da ebakuntza gelan.
3. irudia: Ebakuntza-gelaren prototipoa, 6 askatasun-graduko robot batean oinarritua. (Argazkia: Cuaderno de Cultura Científica bloga)Laguntzaile robotizatua (COBOT)COBOT sistema robotiko bat da, planifikatzailearen informazioa jasotzeko gai dena. Robot hori gai da mugimenduaren murrizte aktibo batzuk taxutzeko eta zirujauarekin elkarlanean aritzeko (COllaborative roBOT), ebakuntza errazte aldera. Horrekin batera, mugimendu murrizketek zirujauaren mugimenduak mugatzen ditu, arrisku zonak ez ukitzeko.
* Profesionalentzako oharra:
Torloju transpedikularrak erabiliz egindako lotura ebakuntzak. Kontzeptua bestelako ebakuntzetarako ere aplikagarria da, hala nola alde batetik egindako artrodesi intersomatikorako (ALIF edo TLIF).
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
The post Tokian tokiko jarduera: kirurgian laguntzen duten robotak appeared first on Zientzia Kaiera.
Bilboko itsasadarra, etengabeko bilakaeran
Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita
Merkataritza-hiribildu izatetik, industria-hiri izatera eta, egun, zerbitzu-sektorean diharduen hiria pasa da Bilbo, etengabeko bilakaeran. Eraldaketa horretan, Trianoko mendiekin batera, ezinbestekoa izan da itsasadarra.
Erabileran ez ezik, eraldaketa fisikoak ere ikusgarriak izan dira Bilboko itsasadarrean:
- 1300. urtean portua Areatzan zegoen.
- 1654an Uribitarteko uhartea sortu zen, uholdeak ekiditeko.
- 1887an Portugaleteko hareazko barra kendu zen, itsasontzi handiei nabigazioa errazteko.
- 1905ean kanpoko portuaren lehen kaia eraiki zen.
- 1968an Deustuko ubidea zabaldu zen.
- 1992an kanpoko portua handitu zen.
- 2018an Zorrozaurre uhartea sortu zen.
Bilakaeran ezinbestekoak izan dira zientzia eta teknologia.
Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusitaIbaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología proiektua infografia sorta bat izan zen hasieran, Ibaizabal itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin osatutako erakusketa.
Ondoren, zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica blogean.
Proiektu honen (orain arteko) azken atala dugu honakoa, azalpen bideoak:
- Bilboko itsasadarreko eta inguruko geologia
- Berreskurapena Bilboko itsasadarrean: fauna
- Meatzaritza: itsasadarra garraio bide
- Bizia itsasadarrera bueltatzeko azpiegitura
- Planktona Bilboko itsasadarrean, kate trofikoaren oinarri
- Metroak Bilboko itsasadarrean dituen pasabideak
- Flora eta faunaren bilakaera Abran
- Bizkaia Zubia, Aro Industrialaren ikonoa
The post Bilboko itsasadarra, etengabeko bilakaeran appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #357
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
OsasunaAinize Odriozola ugalketaren biologian espezializatua dago eta egun gizonezkoen antzutasun arazoak ikertzen ditu helburu jakin batekin: baliabide terapeutikoak izan daitezkeen erremintak sortzea. Hori da bere doktorego-tesiaren oinarria eta Unibertsitatea.net atarian elkarrizketatu dute eskuartean duen ikerlerroa ezagutzeko: “Espermatozoideetan akats kromosomikoak dituzten gizonezkoentzako lehen baliabide terapeutikoa sortu nahi dugu“.
MikrobiologiaGizakiari transmititu dakizkiokeen beste animalien (eta batez ere ornodunen) gaitzei deitzen zaie zoonosia. Zientzialariek ohartarazi gintuzten egun bizi dugun pandemia bat bezalakoa etor zitekeela. Kontua da, bizi izan dugun guztiak prestatu gaitu beste pandemia bati hobeto aurre egiteko? Juanma Gallego kazetariak Guillermo Quindós mikrobiologoarekin eta Neikerreko Marta Barral ikertzaileekin aztertu du gaia. Besteak beste, adituek uste dute baliabide gehiago eskuratu ditugula etor litekeen izurriteari aurre egiteko, adibidez, sekuentziazio masiborako tresna berriek abantaila nabarmena ematen dutelako patogenoei buruzko ezagutzan. Hala ere, ezinbestekoa da bidean egon daitezkeenei adi egotea.
BiologiaInurri esklabistak gizarte-parasitoak dira, eta lotura estua duten inurri-espezieen lan-indarra ustiatzen dute esklabo bilakatuz, esaterako, kumeen hazkuntzarako eta elikagaiak zaintzeko. Normalean inurriek larba edo pupa forma dutenean harrapatzen dituzte esklabistak haien koloniara eramateko. Behin inurri langileak bilakatzen direnean, haien jabeentzat lanean hasten dira. Juan Ignacio Pérez biologoak kontatu digu istorio harrigarri hau: inurriak esklabo bilatzen dituzten inurriak.
PaleontologiaUPV/EHUko Ornodunen Paleontologiako ikertaldeak orain dela 37 milioi urte bizi ziren ugaztun paleoteridoen espezie berri bi deskribatu ditu, hau da, bi sasizaldi-espezie berri: Leptolophus cuestai eta Leptolophus franzeni. Biak Arabako paisaia subtropikalean kokatzen dira eta Eozeno berantiarrean bizi zirela zehaztu dut ikertzaileek. Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian jaso ditu datu guztiak: duela 37 milioi urteko bi sasizaldi-espezie berri aurkitu dituzte Araban.
EkologiaKontrol biologikoa esaten diogu uztetan kalteak eragiten dituzten izurriteak kontrolatzeko etsai naturalak askatzeari. Nekazaritzan erabiltzen den estrategia hau, esaterako, lorezaintzan ere usu ikusten da. Berrian Enekoitz Telleriak azaltzen du Hernaniko Udalak mantangorrien larbak jarri dituela hainbat zuhaitzetan zorriei aurre egiteko. Kazetariak adituekin hitz egin du eta gako bat nabarmentzen dute hauek, biodibertsitatea mantentzea oinarrizkoa da. Izan ere, geroz eta biodibertsitate handiagoa, izurriak hobeto kontrolatzen dira. Datu guztiak intsektuak intsektuen kontra artikuluan.
Antonio Turiel Fisika Teorikoan doktorea da eta Bartzelonan dagoen CSICeko Itsas Zientzien ikertzailea. “Petrocalipsis” liburua argitaratu berri du, non petrolioaren ekoizpenaren gailurra gainditu ondoren, produkzioaren gainbeherak eragindako krisi sistemikoa aztertzen du. Iñaki Petxarromanek elkarrizketatu du Berrian eta Turielen esanetan energia krisiari aurre egiteko “Energia tokian tokian aprobetxatzeko sistemak antolatzea da alternatiba, modu eraginkorrago batez, material eta inpaktu gutxiagorekin. Elikadura industria eta banaketa sistema aldatzea, tokiko ekoizpena eta kontsumoa indartuz.”
MatematikaErabaki indibidualak, esaterako, zer produktu erosi edo arrisku-portaera bat hartu ala ez, sarritan beste pertsona batzuen erabaki, jokabide edo egoeren araberakoak izaten dira. Baina jendeak oso gutxitan izaten du besteen egoerei buruzko ezagutza osoa, baizik eta haien gizarte-harremaneni buruzko pertzepzioak ditu abiapuntu gisa. Horregatik, sare batean oro har arraroa den egoera bat gainbaloratua egon daiteke. Efektu horri “gehiengoaren ilusioa” deitzen diogu, eta egoera horren prebalentzia sistematikoki gehiegi estimatzera eramaten ditu norbanakoak. Josu Doncel matematikariak azaltzen du Zientzia Kaieran: Gehiengoaren ameskeria.
AstrofisikaLehenengo aldiz, bi zulo beltzen eta bi neutroi-izarren arteko fusioa detektatu dute zientzialariek. Gertaera 900 milioi argi-urte inguruko distantzian dauden bi galaxiatan gertatu zen, bi zulo beltzek bi neutroi-izar irentsi zituzten, eta prozesuan grabitazio-uhinak sortu zituzten. Talkak hain bortitzak eta masiboak izan ziren, ezen, distantzia horretan ere, ikertzaileek detektatu ahal izan zituztela sortutako grabitazio-uhinak. Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Zulo beltz batek bere orbita-sistemako neutroi-izarra irentsi duela detektatu dute.
Egileaz:Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
The post Asteon zientzia begi-bistan #357 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #358
ESA Europar espazio agentziaren astronauta izateko prozesuan izena emateko epea bukatu da orain dela gutxi. Izena eman dutenak, printzipioz, oso argiak dira. Eta oso-oso ausartak… Spaceflight affects mitochondria Rosa García-Verdugorena.
Ez duzu begiekin ikusten. Begiak datuak baino ez dituzte harrapatzen, burmuinarekin ikusten duzu. Horregatik zara gai begiak itxita pertsona, objektu edo egoera bat bistaratzeko. Pertsona guztiek ezin dute, baina. Gainera, ez dauden gauzak ikusteko gai da burmuina. Pseudo-hallucinations: why some people see more vivid mental images than others – test yourself here Reshanne Reederena.
Fisika edo kimika ikasi baduzu dipolo hitza ezagutuko duzu, monopolo ere. Baina seguru anapolo berria dela. DIPC eta fotonika: Kerker anapoles
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #358 appeared first on Zientzia Kaiera.
Andrea Cabezas, erizain ikertzailea: “Lehen ikuspegi biomedikotik lantzen zen erizaintza; ez zen aztertzen ingurune soziala”
Pertsona batzuek garbi dute txikitatik zer ikasi nahi duten eta zertan egin nahi duten lan; Andrea Cabezas Rodríguez ez zen horietakoa: ez zuen erizaintza ikasiko zuela imajinatzen, eta, are gutxiago, ikertzaile izango zela. Alabaina, bidean sortzen joan zaizkion aukerei heldu die, eta, gaur egun, tesia egiten ari da, osasun mentaleko genero-desberdintasunen gainean.
Horra iristeko, batxilergoa bukatu zuenean erizaintza ikastea erabaki zuen. “Beti gustatu izan zitzaizkidan biologia eta osasuna, eta, azkenean, erizaintza aukeratu nuen. Ikasketak asko gustatu zitzaizkidan, eta, tesia egiten hasi aurretik, Osakidetzan lana egiteko aukera izan nuen, eta hori ere benetan gustuko izan nuen”, aitortu du.
Irudia: Andrea Cabezas Rodríguez, erizain ikertzailea.Laneko bigarren urtean, EHUko Osasun Publikoko Masterra egiten hasi zen, eta desberdintasun-sozialak osasunean gaiak harrapatu zuen: “Erizaintzako ikasketetan, gaia aipatu, aipatzen da, baina, oro har, alderdi klinikoari jartzen zaio arreta. Hau orain aldatzen ari da, baina, nire garaian, batez ere ikuspegi biomedikoarekin lantzen zen, eta ez zen hainbeste aztertzen ingurune soziala eta nola eragiten duten baldintzatzaile sozialek osasunean”.
Hala, masterraren amaierarako, desberdintasun sozialek haurren osasunean duten eraginari buruzko lan bat egitea erabaki zuen. “Orain OPIK ikerketa-taldean nire lankidea denarekin egin nuen, Yolanda González Rábagorekin. Ustekabean, tesia egitea proposatu zidaten, eta, aurrez horretarako asmorik ez nuen arren, aukera erakargarria iruditu zitzaidan. Azken finean, praktika klinikoa beti izango dut hor, baina agian ez nuen inoiz gehiago izango tesi bat egiteko aukera. Beraz, aurrera egin nuen”.
Berez, desberdintasun sozialek adinekoetan duten eraginari buruz ikertzeko asmoa zuen, baina ez zuen horretarako finantziaziorik lortu. Aldiz, osasun-mentalean genero-desberdintasunak ikertzeko proiektu bat aurrera atera zen, eta hor aritzeko aukera sortu zitzaion. Oso interesgarria iruditu zitzaionez, baiezkoa eman zuen, eta, orain, arlo horretan egingo du tesia.
Talde-lana, aberasgarriTaldean lantzen ari diren gai bat izanik, beste lankideekin elkarlanean dabil tesia egiten, eta horrek asko asebetetzen du: “Askotan esaten da tesia egitea oso bakartia dela. Talde baten barruan daudenak ere, askotan bakarrik egiten dute lana. Gurean, ordea, ez da horrela. Bakoitzak bere gaia duen arren, elkarlanean aritzen gara. Gainera, diziplina askotakoak gara: soziologoak daude, medikuren bat ere badago… Hortaz, oso aberasgarria da, eta lortzen diren emaitzak osoagoak dira”.
Onartu du, erizaintzan sartu zenean, ez zuela irudikatzen zein neurritaraino eragiten duten osasunean baldintzatzaile sozialek eta bizi-zirkunstantziek. Ezta ikertzaile izango zenik ere! “Orain, baina, benetan gustura nago. Eta irakasle izatea ere ez nuen sekula imajinatu, eta dagoeneko egokitu zait mintegiren bat ematea, eta hori ere gustatu zait”. Horrenbestez, aurrerantzean ere hor nahiko luke jarraitu lanean.
Bukatzeko, bere lantaldearen ezaugarri bat ere aipatu du: kide guztiak, bat izan ezik, emakumeak dira. “Uste dut horrek baduela eragina lana egiteko gure moduan. Bestetik, adierazgarria da emakumeak arduratzea halako kontuez”. Gogoetarako gaia utzi du, beraz.
Fitxa biografikoa:Andrea Cabezas Rodríguez Abanto-Zierbenan jaio zen, 1993an. Erizaintzan graduatu ondoren, Osasun Publikoko Masterra egin zuen. Gaur egun, osasun mentaleko genero-desberdintasunei buruzko doktorego-tesia egiten ari da, UPV/EHUko OPIK Osasunaren Gizarte-Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari Buruzko Ikerketa-Taldearen barruan.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Andrea Cabezas, erizain ikertzailea: “Lehen ikuspegi biomedikotik lantzen zen erizaintza; ez zen aztertzen ingurune soziala” appeared first on Zientzia Kaiera.
Mikrotxantiloiak fabrikatzen eta horien aplikazioak biomedikuntzan
Mikrotxantiloiak, definizioz, gainazaletan (2 dimentsiotan) egiten diren maila mikrometrikoko formak dira eta albo-neurri gisa nanometro eta milimetro arteko dimentsioak dituzte. Gainera, horrelako egiturak gainazal mota ugaritan eta material mota anitzetan egin daitezke.
Mikrotxantiloiek substratu jakin baten gainazala zelulak itsats daitezkeen eta itsats ezin daitezkeen sektoreetan banatzen dute, hau da, zelulen itsaspen-selektiboa sustatzen dute. Modu horretara, zelula-hazkuntza norabidetua eta zelulen dentsifikazioa ere lor daitezke. Funtsean, gainazalen topografiak, zimurtasuna, poroak eta orientazioa barnean hartuta, baliagarriak dira zelulen portaera, hala nola, itsaspena, orientazioa, mugikortasuna, hazkuntza eta diferentziazioa kontrolatzeko.
1. irudia: . a) Hiru geometria ezberdinetako silikonazko mikrotxantiloiak: zutabe artekatuak, sareak eta irloteak. b) Mikroskopio optikoz ateratako mikrotxantiloien argazkiak. c) Mikrotxantiloien errepresentazio grafikoa.Mikrotxantiloiak zelulen biologiako oinarrizko ikerketetarako oso erabiliak dira. Izan ere, horien bidez, zelulen kokapen espaziala eta tamaina kontrola daitezke eta beraz, hauen proliferazioan eta diferentziazioan nabarmen eragin daiteke. Hala, tamaina eta forma ezberdinetako txantiloiek zelula-zelula eta zelula-substratu interakzioak kontrola ditzakete. Hauen aplikazio zuzenak dira adibidez, biosentsoreak, ehun-ingeniaritzarako in vitro eginiko kultibo zelularrak eta inplante gainazal egokiak sortzea.
Itsaspen-selektiboa ahalbidetzen duten mikrotxantiloi polimerikoak: ikerketa lanaGaur egun, material polimerikoen gainean zelulak itsatsiko diren mikrotxantiloi polimerikoak fabrikatzeko teknika mota ezberdinak existitzen dira eta hauen artean fabrikazio-gehigarria bereiz daiteke. Esaterako, horietako batzuk dira litografia biguna, fotolitografia, fotopolimerizazioa eta 3D-inprimaketa. Azken hau izan da Biomaterial Polimerikoen Zientzia eta Ingeniaritza ikerketa taldeak (ZIBIO) erabilitako teknika mikrotxantiloi polimerikoak fabrikatzeko.
Jorratutako proiektuaren helburu nagusia zelulen itsaspen-selektiboa eta lerrokatzea lortzea izan da. Hau estrusio bidezko 3D inprimaketaz lortu da, mikrotxantiloi zehatzak, errepikakorrak eta egonkorrak fabrikatzeko teknika egokia delako. Aurreko helburua lortzeko bi estrategia nagusi jorratu dira: (1) zelulak itsatsiko ez diren substratu baten gainean (polifluorurozko binilidenoa) zelula-itsaspena sustatuko duen geometria ezberdinetako mikrotxantiloiak inprimatu dira (poli-L-laktida-Dopamina). (2) Zelula-itsaspena sustatuko duen substratu baten gainean (polidopaminaz estalitako poli-L-laktida) zelulak itsastea ekidingo duten geometria ezberdinetako mikrotxantiloiak inprimatu dira(silikona). Behin mikrotxantiloi optimoak ditugunean, HeLa motako zelulak ezarri dira.
Emaitzak aztertuz ikusi da, mikrotxantiloiak zelulen itsaspen-selektiboa lortzeko baliagarriak direla baldin eta materialak ondo aukeratzen badira.
2. irudia: Silikonazko mikrotxantiloietan zelulen kokapen selektiboa (gorriz zelulen zitoeskeletoa eta urdinez nukleoa).OndorioakMikrotxantiloiak hainbat aplikazio ezberdinetan erabilgarriak dira eta etorkizunean oraindik erabilpen handiagoa izango dutela aurre ikusten da. Hori dela eta, euren fabrikazio tekniken eta propietateen ezagutza izatea garrantzitsua da. Hala ere, oraindik erronka handia da mikrotxantiloietan zelulek nahi dugun portaera izatea eta zelula mota bakoitzerako material eta geometria egokienak zeintzuk izango diren zehaztea. Dena den, behin hori lortuta, aplikazio biomedikoetarako oso erabilgarriak izango direla uste da.
Iturria:
Aldalur, Eider; Sarasua, Jose-Ramon; Larrañaga, Aitor; M. Ugartemendia, Jone (2019). «Mikrotxanti-loien fabrikazioa eta haien aplikazioak biomedikuntzan»; Ekaia, 36, 2019, 15-30. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20157). Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 36
- Artikuluaren izena: Mikrotxantiloien fabrikazioa eta horien aplikazioak biomedikuntzan
- Laburpena: Azken aldian, biobateragarriak diren eta zelulen itsaspen selektiboa baimentzen duten gainazalak biomedikuntzako zenbait aplikazio ezberdinetarako oso desiragarriak bihurtu dira. Bide horretatik, material biobateragarrietan horrelako gainazalak lortzeko, posible da mikrotxantiloiak (maila mikrometrikoan eginiko gainazaleko formak) erabiltzea; izan ere, horiek substratu zehatz baten gainean zelula-hazkunde kontrolatua eta bideratua baimendu ditzakete. Lan honetan, hain zuzen ere, mikrotxantilioak lortzeko teknikak berrikusten dira, hauek ehun-ingeniaritzan eta biomedikuntzan aurkitzen dituzten aplikazio nagusiak azpimarratuz, hala nola, biosentsoreak, ehun-ingeniaritzarako in vitro eginiko kultibo zelularrak eta inplante gainazal egokiak sortzea. Azkenik, zelulen itsaspen selektiboari dagokionez, gure ikerketa taldean 3D inpresioz sortutako mikrotxantiloi polimerikoen aurre-emaitzak aurkezten dira. Hala, emaitza horietatik ondorioztatu da 3D inpresioa teknika egokia dela mikrotxantiloi zehatzak, errepikakorrak eta egonkorrak fabrikatzeko.
- Egileak: Eider Aldalur, Jose-Ramon Sarasua, Aitor Larrañaga, Jone M. Ugartemendia
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 15-30
- DOI: 10.1387/ekaia.20157
————————————————–
Egileez:
Eider Aldalur, Jose-Ramon Sarasua, Aitor Larrañaga, Jone M. Ugartemendia UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Biomaterial Polimerikoen Zientzia eta Ingeniaritza taldea (ZIBIO), Meatze-Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia saila eta POLYMAT -ekoak dira.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Mikrotxantiloiak fabrikatzen eta horien aplikazioak biomedikuntzan appeared first on Zientzia Kaiera.
Gehiengoaren ameskeria
Baliteke noizbait ideia bitxiak entzun izana Interneten (edo beste komunikabideren batean), jende askok defendatuak, baina gure intuizioak onartzen ez dituenak. Hori gertatu da azkenaldian, esate baterako, COVID-19aren aurkako txertoen inguruan azaldu diren usteekin. Fenomeno horri gehiengoaren ameskeria deitzen zaio eta matematikak erabiliz (grafoen teoria eta sare konplexuen teoria, hain zuzen ere) nola aztertu ahal den ikusiko dugu.
Lehenik eta behin, definitu dezagun zer den gehiengoaren ameskeria: sare batean (sare sozial batean adibidez), gutxiengo batek duen ustea gehiengoak gehiengoaren ustetzat jotzen duenean gertatzen den fenomenoa da. Gehiengoaren ameskeria Lerman, Yan eta Wu ikertzaileek aztertu zuten lehen aldiz The “Majority Illusion” in Social Networks artikuluan. Ondo ulertzeko zertan datzan fenomeno hau, ondoko adibidea erabiliko dugu.
Sareak aztertzeko, grafoak erabiltzen dira normalean. Goiko irudian 14 erpineko grafo bat ikus daiteke. Grafo honetan bi motatako erpinak daude: laranjak eta urdinak. Hortaz, sare honetan bi iritzi posible daudela pentsatuko dugu (COVID-19aren txertoen aldekoa eta txertoen kontrakoa, adibidez), erpinen koloreek aldeko edo kontrako iritzia adierazten dutelarik. Alegia, kolore laranjako erpinak COVID-19aren txertoen alde daudela onartuko dugu eta kolore urdineko erpinak, berriz, txertoaren kontra. Horiek horrela, argi ikusten da gehiengoa txertoaren aldekoa dela sare honetan eta gutxiengoa kontra. Hala ere, ikusiko dugu gehiengoaren ameskeriaren fenomenoa gertatzen dela sare honetan, hau da, nodo gehienek pentsatzen dutela gehiengoa txertoen kontra dagoela.
Grafo honetako ertzek erpinen arteko harremanak adierazten dituzte. Hau da, bi erpin lotuta badaude, haien iritzia partekatzen dute beren artean (edo kontaktuak direla ere esango dugu). Hala nola, 1 erpina eta 8 erpina lotuta daudenez, 1 erpinean dagoen pertsonak ikusi ahal du zein den 8 erpineko pertsonaren iritzia, eta 9 erpinean dagoen pertsonak ikusi ahal du zein den 1 erpineko pertsonaren iritzia. Horrela, 1 erpinari galdetzen badiogu bere kontaktuen artean zein den txertoaren aldeko iritzia, haren erantzuna zein izango da? Berak, bi erpinekin lotuta dagoenez (8 erpinarekin eta 11 erpinarekin, alegia) eta bi erpin horiek txertoaren kontrakoak direnez, bere kontaktu guztiak txertoaren kontrakoak direla ondorioztatzen du. Bestalde, 5 erpinarekin gauza bera egiten badugu, konturatuko gara lau erpinekin dagoela lotuta (2 erpinarekin, 6 erpinarekin, 8 eta 11 erpinarekin, alegia) eta lau erpin horietatik hiru txertoaren kontra daudela eta bat alde. Hortaz, 5 erpinak ondorioztatzen du bere kontaktuen gehiengoa txertoaren kontra dagoela. Izan ere, grafo honetako beste erpin laranja guztiak begiratzen baditugu, konturatuko gara erpin laranja bakoitzaren kontaktu guztiak (edo gehiengoa) txertoaren kontrakoak direla. Horrela, kolore laranjako nodo bakoitzak (argi gera bedi, sare honetan dauden 14 nodoetatik 11 erpin kolore laranjakoak dira eta, hortaz, gehiengoa kolore laranjako erpinak dira) pentsatuko du txertoaren kontrako iritzia gehiengoa dela eta, arestian ikusi dugun bezala, hori ez da horrela.
Eta zergatik gertatzen da hori? Kolore urdineko erpinek kontaktu asko dituztelako eta kolore laranjakoek, berriz, gutxi. Edo grafo teoriako terminoak erabiliz, kolore urdineko erpinak gradu handiko erpinak dira eta kolore laranjakoak, ordea, gradu txikikoak. Gainera, erpin bakoitzak ezin du ikusi sare guztiaren iritzia, baizik eta beraren kontaktuena baino ez.
Argi dago goiko adibidean ez dela zaila jakitea erpin guztien iritzia (izan ere, 14 erpin besterik ez daude). Alabaina, gaur egungo sare sozialetan parte hartzen duen gizaki kopurua askoz ere handiagoa da eta sortzen den grafoaren konplexutasuna erraldoia da. Beraz, sare hauetan ezin da jakin zein den erpin guztien iritzia. Horregatik, askotan agertzen da gehiengoaren ameskeria deituriko fenomenoa gaur egungo sare sozialetan. Fenomeno honetaz baliatzen dira publizitatea egiteko, esate baterako. Izan ere, kontaktu asko duen jendeak (gradu handiko erpinak, alegia) produktuak erakusten ditu YouTubeko bideoetan eta, hori egiten dutenean, produktua jende askok ikustea lortzen dute.
Bukatzeko, gehiengoaren ameskeriari esker, okerrak diren usteak ontzat eman ahal ditugula jakinarazi nahi dizuet (goiko adibidean, txertoaren kontrako iritzia, adibidez). Horregatik, komeni da ahalik eta iturri gehienetara jotzea fenomeno baten alde edo kontrako iritzia sortu aurretik.
Erreferentzia bibliografikoa:Lerman, K., Yan, X., Wu, X-Z (2016). The “Majority Illusion” in Social Networks. PLoS ONE, 11(2), e0147617. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pone.0147617
Egileaz:Josu Doncel Matematikan doktorea da eta UPV/EHUko Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Saileko irakaslea.
The post Gehiengoaren ameskeria appeared first on Zientzia Kaiera.
Inurriak esklabo bilakatzen dituzten inurriak
Zuzen ari gara esklabista deitzen diegunean. Esklaboak ez dira bere espezie berekoak, ikuspuntu biologikotik oso gertu dagoen beste batekoak baizik. Esklabo bilakatzen dituzte haien ahaide genetikoak, nolabait esatearren.
Inurri esklabista batzuek esklabo bilakatzen duten espezieko langileak harrapatzen dituzte, eta haien koloniara daramatzate, haientzat lan egin dezaten: haien kumeak zaintzen dituzte, defendatzen laguntzen diete, elikagaiak bilatzen dituzte eta koloniak garbi mantentzen dituzte. Ohikoena da garapen fase oso goiztiarretan harrapatzea banakoak, larba edo pupa forma dutenean; haien koloniara eramaten dituzte eta, inurri langile bilakatzen direnean, haien jabeentzat lanean hasten dira. Baina, espezie batzuetan, langile helduak harrapatzen dituzte.
Irudia: Inurri esklabistak gizarte-parasitoak dira, eta lotura estua duten inurri-espezieen lan-indarra ustiatzen dute esklabo bilakatuz, esaterako, kumeen hazkuntzarako eta elikagaiak zaintzeko. (Argazkia: Alexa_Fotos – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Inurrietan eusozialitatea agertzeak, alegia, sozietate konplexuak garatzea, eta zeregin jakin batzuk dituzten (lana, ugalketa, defentsa) eta koloniak irauteko nahiz ondorengoak hazteko elkarlanean diharduten inurri kastak egoteak, molekula kimiohartzaileak –bai usaimenekoak bai dastamenekoak– kodetzen dituzten geneak ugaritzea ekarri zuen. Horrek erakusten du nolako garrantzia duen espezie horietan komunikazio kimikoak. Hori dela eta, interes berezia du inurri esklabisten langileak ugaltzeko gai izateak. Esan liteke ezaugarri hori berreskuratu dutela; ugalketa jarduera inhibitzen duten inurri erreginaren feromonak hautemateko eta haiei erantzuteko gaitasunaren galerari egozten zaio.
Oraintsuko azterlan batean, zortzi inurri espezieren genoma sekuentziatu dute: hiru parasito, haien hiru espezie parasitatu eta bi espezie ez parasitatu. Horren bidez ikertu nahi izan dute hiru espezie parasito horietan kimiohartzaileak galdu ote diren. Eta aurkitu dutena da parasitoek beste bost espezieen dastamen hartzaileen erdiak dituztela, eta usaimen hartzaileen hiru laurden. Beste modu batera esanda, espezie horietan galdu egin da % 50ean dastamena eta % 25ean usaimena. Beraz, bide horietatik parasitatuak identifikatzen dituztenak baino askoz substantzia gutxiago identifikatzeko gai dira.
Dastamen hartzaileen galera horren motiboa omen da espezie horiek dagoeneko ez dutela elikagairik bilatzen; izan ere, haien ordez, parasitatuek bilatzen dituzte –haiek aginduta– eta, beraz, ez dute zertan bide horretatik hainbeste informazio jaso eta deskodetu. Eta usaimen hartzaileen galeraren motiboa omen da, zati batean behintzat, espezie horietan izan den izaera eusoziala galdu edo ahuldu egin dela. Oso logikoa da, eusozialitateak kimiohartzaileak biderkatzea ekarri zuen moduan, kimiohartzaile horietako batzuk galdu izanak ezaugarri berezi horren moteltzea eragitea.
Espezie parasitoek galdutako usaimenaren gene horietako asko ohikoak dira aztertutako hiruretan. Beraz, biologook konbergentzia diogunaz ari gara; izan ere, gene horien galera independenteki gertatu da espezie horietan. Eta halako gauzak kasualitatez nekez gertatzen direnez, ondorioztatzen dena da galera abantailatsua dela, balio moldatzaile handikoa dena, seguru asko haiek sortzeak eta mantentzeak eragiten duen kostua ez delako irabazi baliokide batekin konpentsatzen.
Metafora iradokitzailea da: inurrietan, esklabotzak eusozialitatearen eta hura posible egiten duten zentzumen gaitasunen ahultzea edo galera dakar. Eboluzioak ez dio denbora gezi bati jarraitzen; giza historiak, seguru asko, ere ez.
Erreferentzia bibliografikoa:Jongepier E. et al. (2021). Convergent loss of chemoreceptors across independent origins of slave-making in ants. bioRxiv. https://doi.org/10.1101/2021.05.11.443570
EgileaJuan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Inurriak esklabo bilakatzen dituzten inurriak appeared first on Zientzia Kaiera.
Bizkaia Zubia, Aro Industrialaren ikonoa
Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita
Portugalete eta Getxo batzen dituen Bizkaia Zubia izan zen munduan eraikitako metalezko egitura zuen lehen transbordadore mekanikoa. Europako Industria Iraultzako eta burdinazko arkitekturaren eraikinik nabarmenetako bat izan zen. Eta baita ingeniaritza erakusketa ere.
Eraikuntza izugarria da Bizkaia Zubia: 165 metroko zabalera du Portugaletetik Areetara eta 65 metroko garaiera punturik altuenetan.
1888. urtean hasi zen zubiaren historia, Alberto de Palaciok eta Ferdinand Armodinek zubia eraikitzeko proposamena egin baitzuten urte horretan. Hiru urtez obrak egin ostean, 1893an inauguratu zen.
Baina ez da gaur egun ezagutzen den zubia, izan ere, 1937an dinamitaz bota zuten behera, erabilezina bihurtu eta tropa frankistek aurrera egin ez zezaten. 1939an ekin zioten berreraikuntzari, zenbait diseinu aldaketarekin. 1941ean inauguratu zen berritutako zubia.
Lau fasetan eraiki zen zubia:
- Lehen fasea. Zimenduak egin eta gainean dorreak jarri ziren.
- Bigarren fasea. Haize lokarriak eta haizearen kontrako lokarriak jarri eta egitura ainguratu zen.
- Hirugarren fasea. Bi aldeak lotzen dituen zeharraga atalez atal muntatu zen gabarra bat baliatuta piezak altxatu zirelarik.
- Laugarren fasea. Zeharraga eusten duten penduluak eta ontzitxoa jarri ziren.
Zientzia eta teknologia daude eraikuntza enblematiko honen oinarrian.
Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusitaIbaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología proiektua infografia sorta bat izan zen hasieran, Ibaizabal itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin osatutako erakusketa.
Ondoren, zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica blogean.
Proiektu honen (orain arteko) azken atala dugu honakoa, azalpen bideoak:
- Bilboko itsasadarreko eta inguruko geologia
- Berreskurapena Bilboko itsasadarrean: fauna
- Meatzaritza: itsasadarra garraio bide
- Bizia itsasadarrera bueltatzeko azpiegitura
- Planktona Bilboko itsasadarrean, kate trofikoaren oinarri
- Metroak Bilboko itsasadarrean dituen pasabideak
- Flora eta faunaren bilakaera Abran
- Bizkaia Zubia, Aro Industrialaren ikonoa
The post Bizkaia Zubia, Aro Industrialaren ikonoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #356
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
PaleontologiaGiza espezie ezezagun berri bat aurkitu dute Israelen. Nesher Ramla Homo izena jarri diote eta duela 470.000 eta 120.000 urte bitartean bizi izan zela uste dute. Zientzialarien esanetan, Homo sapiens-arekin duela 200.000 urte baino gehiago nahastu ziren neandertal zaharrak izan liteke. Bere ezaugarri fisikoak neandertalen (bereziki hortzak eta masailezurra) eta gizaki arkaikoen (eskeletoa) arteko nahasketa dira. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian Aitziber Agirreren eskutik: Homo berri bat aurkitu dute Israelen.
Berrian ere jakitera eman dute Hominido mota berri bat aurkitu dutela Ekialde Hurbilean. Juanma Gallegok azaltzen du aurkikuntza hau baliagarria izan daitekeela gaur egungo gizakien zuhaitz ebolutiboa argitzeko. Izan ere, duela 750.000-125.000 urte inguru gertatu zena argitzeko zailtasun nabarmenak baitituzte paleoantropologoek.
BiologiaJuanma Gallego kazetariak ez ditu gustuko armiarmak. Aldiz, ez dio muzin egiten zonbi ñimiñoei. Izan ere, asteon, berpiztu dituzten errotiferoei buruz hitz egin digu. Errotiferoak ur gezan bizi diren animalia mikroskopikoak dira. Idorrean edo bestelako baldintza kaskarretan mantentzeko ahalmen handia dute, eta orain egiaztatu ahal izan dute 24.000 urte igarota bizira buelta daitezkeela. Izan ere, Siberian dagoen Alazeia ibaiaren ondoan aurkitu dituzte batzuk bertako permafrostean izoztuta eta bizira ekarri dituzte.
ArkeologiaGizakientzat argiztapen artifiziala funtsezko baliabidea izan zen Paleolitoan jokabide sozial eta ekonomiko konplexua zabaltzeko. Horrez gain, suaren kontrolari esker, haitzulo sakonetan lehen portaera sinbolikoa garatzeko aukera izan zuten. Ikertzaileek kobazuloen sakonean argia izateko behar zuten materiala eta ahalegina kalkulatu dute. Elhuyar aldizkarian: Paleolitoko argiztapen-sistemak ikertu dituzte esperimentalki.
FisikaZientzialaria, ikertzailea, abeslaria, dibulgatzailea eta beste hainbat gauza ere bada Eneko Axpe fisikaria. “Super egun on, Euskal Herria!” da bere ohiko agurra AEBtik agurtzen duenean. Bertan dago lanean, Marie Curie doktore osteko ikertzaile bekaduna baita Stanford Unibertsitatean eta NASAn. Naiz hedabidean elkarrizketa egin diote bere ibilbideaz eta aitortu duenez, ikertzaile gisa, Humanitatearen historian inoiz ikusi ez den fenomeno bat lehen aldiz azaltzea izugarria deritzo.
EkologiaIrati Diezek Leire Ruiz biologoarekin hitz egin du AMBAR Elkarteak egiten duen lanari buruz. Elkartea itsas faunaren babesa eta ikerketa ditu helburu eta ikerketarako datuak, batez ere, gure kostaldean lehorreratzen diren animalien bidez lortzen dituzte. Hau da, euskal kostaldera hilzorian edo hilik hurbiltzen diren banakoak aztertuz. Euren lanari buruzko informazioa, AMBAR Elkartea, euskal uretako zetazeoen zaindari artikuluan.
AstrofisikaUPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeak Marteko ur-izotzezko hodei berezi baten dinamika ikertu du. Hodeia 1 800 km-ko luzera eta 150 km-ko zabalera izatera hel daiteke, oso azkar zabaltzen da eta ordu gutxi batzuen buruan desagertzen da, eta zenbait hilabetez goizero errepikatzen du zikloa. Elhuyar aldizkarian xehetasunak: Marteko hodei erraldoi baten sekretuak argitu dituzte.
OsasunaAna Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu digu, Nerea Irigoyen ikertzaileak Cambridgeko Unibertsitatean zuzentzen duen taldeak birusaren kontrako estrategia berri bat proposatu duela. Koronabirusak eragindako infekzioari aurre egiteko, berari zuzenean eraso gabe, birusak kutsatu dituen zelulei eraginez. Horretarako bi botika konbinatu dituzte eta SARS-CoV-2 bidezko infekzioaren hedapena zeluletan %99,5era murriztea lortu dute. Xehetasunak, “Aurrerapausoak antibiral bat lortzeko bidean” artikuluan.
Ikerketa berri batek ohartarazten du ahalmen farmakologiko eta terapeutikoa duten landareei buruzko ezagutza indigena desagertu egingo dela hizkuntzak hiltzean. Indigenen komunitateek sendabelarrei buruz duten ezagutzaren %91a galdu egingo dela aurreikusi dute. Iker Tubia kazetariak jorratu du gaia Berrian ikerketan parte hartu duten bi ikertzaileekin hitz eginez, eta nabarmendu dute indigenek sendabelarrei buruzko ezagutza horiek beharrezkoak dituztela eta, galduz gero, beraien ongizatea eta osasuna kaltetu daitekeela.
TeknologiaUnai Otamendi UPV/EHUko ikaslea da eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu amaierako lanean, epidemien hedapenean portaera sozialaren eragina zein den ezagutzeko simulazio epidemiologikoak burutzeko programa bat diseinatu eta garatu du. Lanaren helburua izan da faktore sozioekonomikoak eta demografikoak kontuan hartzen dituen eredu epidemiologiko bat garatzea, hau da, programa informatiko bat. Berrian horren inguruan Edurne Begiristainek egin dion elkarrizketa: Test gehiago eginda, kutsatze kasuak sei aldiz gutxitu daitezke.
Gara elkarrizketa Eneko Axperi: «Humanitatearen historian inoiz ikusi edo ulertu ez den fenomeno bat lehen aldiz azaltzea izugarria da»
Egileaz:Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
The post Asteon zientzia begi-bistan #356 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #357
Pertsonai ikusezina da irudizko laguna, denboraldi batez pertsona baten alboan dabilena. Tom Hanksek boleibol pilota izan zuen “Naúfrago” filmean. Zazpi urte baino gutxiagoko umeen bi herenek dute irudizko laguna. Zer esaten digu honek? JR Alonsoren The imaginary friend
Online ikastaroen gorakada ekarri du pandemiak. Eta atzera bueltarik ez dagoela dirudi. Zenbait desabantaila baditu ere: Robert Danischen The problem with online learning? It doesn’t teach people to think
Denbora kuantikoaren parte hartzea neurtzeko, galdetu DIPCn: How to measure quantum speed limits experimentally
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #357 appeared first on Zientzia Kaiera.
José Ignacio Royo: “Folazio teoriaren aplikazioak hainbat eremutan daude, prozesu anitz modelizatzeko” #Zientzialari (156)
Foliazio teoriak espazioak ikertzen ditu eta espazio horien deskonposizioa beste azpiespazio batzuetan nola ematen den. Izan ere, foliazioa (erregularra) barietate baten partizioa da, dimentsio bereko hainbat azpibarietatetan. Hau da, liburu bat bezalakoa litzateke, non haren orriak hainbat geruzaren antzera bezala metatzen dira.
Foliazio teoriak hainbat aplikazio izan ditzake arlo desberdinetan. Esaterako, ekonomian ingeniaritzan edo fisikan, non ekuazio diferentzialak beharrezkoak dira prozesuak modelizatzeko eta, modu horretan, sistema dinamikoetan, mekanika kuantikoan edota fluidoen mekanikan aplikagarriak izan.
José Ignacio Royo, UPV/EHU Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika saileko topologo aljebraikoarekin elkartu gara foliazio teoriaren xehetasunak ezagutzeko eta topologiak dituen ekarpenei buruz gehiago jakiteko.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post José Ignacio Royo: “Folazio teoriaren aplikazioak hainbat eremutan daude, prozesu anitz modelizatzeko” #Zientzialari (156) appeared first on Zientzia Kaiera.
Simetriaz eta bere hausturaz (I)
Egungo simetria kontzeptua objektuen simetria geometrikoa deskribatzearekin batera hasi zen zedarritzen, matematika zein fisika arloetan. Hartu elur-maluta perfektu bat, bere erdigunea ardatz harturik eta horri finko eutsita 60º biratu, eta ez da hasierako elur-malutatik bereizterik izango. Aitzitik, 90º biratuz gero, errotazioaren eragina sumatu ahalko dugu. Biraketaz jabetzeko, baina, erreferentzia bat beharko dugu, edo beste era batera esanda, biraketak elur-maluta transformatuko du, baina betiere kanpo-erreferentzia batekin alderatuta.
Hala, bada, objektu baten simetriari dagozkion transformazioek (errotazioak orokortzea) bereizezin bihurtzen dituzte hasierako eta bukaerako egoerak, garrantzizkotzat ditugun propietateei erreparatuta behintzat. Simetria ulertzeko modu hori (transformaziorik egon den ala ez bereizi ezin izatea) oso emankorra izan da azken 400 urteetako zientzia-ikerketan. Hiru dira garapen aipagarrienak: (I) kontzeptua simetria fisikoetara zabaltzea, (II) talde-teoriaren garapena eta haren aplikazio zientifikoak, (eta III) «simetria-haustura» kontzeptuaren garrantzi gero eta handiagoa.
Lege fisikoen simetriaZientzian, simetria geometrikoen eta fisikoen arteko bereizketa egiten da; hau da, objektuen simetria dagoela ikusten da, bai eta lege fisikoen simetria. Objektu jakin batek ez du zertan simetriarik izan, baina posible da objektu horrek simetria eduki badaukaten lege batzuen arabera jokatzea. Adibidez, aulki batek ez du simetria errotazionalik −hau da, 360º ez den edozein angelutan biratuz gero bereizi egingo ditugu hasierako eta amaierako egoerak−; alabaina, naturaren legeek badutenez simetria errotazionala, aulkiaren jokaera ez da aldatuko –kanpo-eragilerik ez dagoen bitartean– aulkiaren kokapena edozein delarik.
Galileo Galileik simetria fisikoaren aplikazio bat erabili zuen Kopernikoren sistemaren gaineko eztabaidan. Heliozentrismoaren aurkariek zioten Lurra Eguzkiaren inguruan baldin bazebilen, Lurreko objektuen jokaeran antzeman ahalko zela. Dialogo sopra i due massimi sistemi del mondo Tolemaico, e Coperniciano bere lanean (1632), Galileok argudiatu zuen halako behaketak ezinezkoak zirela. Itsasontzi bateko bidaiari bat proposatu zuen adibide gisa: bidaiariak, bere gelaxkan sartuta eta leihoak itxita dagoelarik, ezingo luke inolako esperimenturik egin jakiteko ea itsasontzia geldirik dagoen ala abiadura uniformean mugitzen ari den. «Galileoren erlatibitate» deritzon printzipio honek espazioaren eta denboraren arteko simetrian du oinarria. Luze gabe bihurtu zen XVII. mendeko filosofia naturalaren osagai, eta, hala, Christiaan Huygens zientzialariak gorputzen talkaren problema ebazteko erabili zuen, eta Isaac Newton fisikariaren Philosophiæ Naturalis Principia Mathematica liburuan agertu zen (1687), bere mugimenduaren legeen V. korolario gisa.
Galileoren simetrien taldeak barnean hartzen ditu simetria espazial translazionalak eta errotazionalak, eta translazio tenporalak. Galileoren erlatibitateak gaurdaino dirau fisikaren bihotzean, Albert Einsteinen erlatibitatearen teoria bereziaren bi postulatuetako bat baita. Nolanahi ere, kasu horretan espazio-denboraren bestelako transformazio talde batean kokatzen da, Poincaré matematikariaren taldean, zehazki. Eta horrek, hain zuen, bigarren mugarrira garamatza: matematiketako talde-teoriara.
Egileaz:Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena:Lamia Filali-Mouncef Lazkano
Hizkuntza-begiralea:Xabier Bilbao
Simetriari buruz idatzitako artikulu-sorta:- Simetriaz eta bere hausturaz (I)
- Simetriaz eta bere hausturaz (II)
- Simetriaz eta bere hausturaz (eta III)
The post Simetriaz eta bere hausturaz (I) appeared first on Zientzia Kaiera.
AMBAR Elkartea, euskal uretako zetazeoen zaindari
Zetazeoek, beste edozein itsas animaliak bezala, itsas garraioaren eta gehiegizko arrantzaren eraso handia jasaten dute gaur egun. Haien habitatak eta bizi-espazioa narriatuta daude, bai fisikoki bai akustikoki (soinuak berebiziko garrantzia du zetazeoentzat), elikagaiengatik lehiatzen dute, arratza-sareetan korapilaturik hiltzen dira… Oro har, estimatzen da urtero 100.000 zetazeo hiltzen direla zakarren eta arratza-aparailuen ondorioz.
Mundu mailan eragin hauek balioztatzea zaila bada ere, eragina nabaria da eskualde mailan eta tokiko mailan. Horretan dihardu, hain zuzen ere, AMBAR Elkarteak, itsas faunaren ikerketa eta babeserako sorturiko elkarteak. Elkarte honek euskal uretan dabiltzan zetazeoen jarraipenean jarduten du, baina lan-prozedura berezi bat du: lehorreratzen diren indibiduoetan oinarritzen dira gehienbat beren datuak, hau da, euskal kostaldera hilzorian edo hilik hurbiltzen diren banakoetan. Datu hauetatik, itsasoan zuzenean populazio biziak aztertuz lortu ezin daitekeen informazio oso baliagarria eskuratzen dute.
1. irudia: Izurdeak euskal kostaldean. (Argazkia: AMBAR Elkartea)AMBAR Elkarteko Lehorreratze Sarea 1996 urtearen inguruan jaio zen, euskal itsasertzean lehorreratzen ziren zetazeoak ikertzen hasi zirenean. Ordura arte beste inork lan hori egiten ez zuela ikusita, AMBAR Elkarte ofiziala handik bi urtera sortu zen. Honela, elkarte honetako boluntarioen helburua (denak baitira borondatezko langileak) zetazeo, pinipedio, marrazo nahiz itsas dortoken populazioen jakintza eta kontserbazioaren alde lan egitea da. Hogeita bost urteko lanaren ondoren, populazio hauen inguruko ezagutza handia lortu du AMBAR elkarteak. Bertako zuzendaria da Leire Ruiz biologoa eta, azaltzen duenez, “Euskal itsasertzean, Estatuko kostalde ia osoan bezala, gehien lehorreratzen diren espezieak izurde marraduna (Stenella coeruleoalba) eta izurde arrunta dira (Delphinus delphis). Espero izatekoa da, ugarienak baitira eremu honetan eta urte guztian zehar, gainera. Izurde handia (Tursiops truncatus), mazopa (Phocoena phocoena), pilotu-izurde hegaluzea (Globicephala melas) eta cuvier moko-balea (Ziphius cavirostris) dira noizean behin lehorreratzen diren beste espezietako batzuk eta, are maiztasun gutxiagoz, tamaina handiagoko zetazeoak, hala nola Balaenopteridae familiako espezieak (horien artean, zere arrunta) edo kaxaloteak (Physeter macrocephalus).”
Lehorreratze baten inguruko lan dinamikaZer egiten dute, beraz, AMBAR Elkarteko kideek lehorreratze baten berri jasotzen dutenean? “Tira, animalia bizirik edo hilik iritsi ote den, horren arabera” dio Leirek. Esaterako, “bizirik aurkitzen badugu, bere kabuz itsasora itzultzen ote den behatzen dugu (batzuetan gertatzen baita) edo gure laguntzaz itzul daitekeen aztertzen dugu. Kasu hauetan ahalik eta informazio gehien jasotzen saiatzen gara, animaliarekin harremanean ahalik eta gutxien arituz, bai pertsonen segurtasunagatik baita animaliaren sufrimendua ez areagotzeagatik. Oro har, kostaldera iristen direnerako oso kaltetuta egoten dira eta iritsi bezain pronto hiltzen ikusten ditugu. Horren aurrean, prozesua ahalik eta naturalena izan dadin laguntzen ahalegintzen gara. Aldiz, “hilda iristen badira, datu biometrikoak eta organo eta ehunen laginak hartzen ditugu, tokian bertan edo Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU), tamainaren arabera. Laginak PiEn bertan gordetzen dira eta Ehunen Biobankuaren parte dira”.
Lortutako informazio horrekin guztiarekin, animaliaren bizi historia berreraiki dezakete AMBAR elkartekoek. Izan ere, informazio genetikoa, fisiologikoa eta anatomikoa eskuratzeaz gain, toxikologia eta patologiak analizatuz, animalia hauei eragiten dieten gaixotasunak azter baitaitezke, baita heriotzaren kausak ere. Bestetik, urdaileko edukiaren arabera, zein espeziez elikatzen diren ere jakin daiteke eta, beraz, non elikatzen diren. Hau da, amaierarik gabeko hari bati tiratzearekin alderatzen du Leire Ruizek prozesua. Informazio honek guztiak espezie hauek sakontasunez ikertzen laguntzen die eta, hortaz, haien kontserbaziorako eraginkorrak izango diren plan eta estrategiak diseinatzea ahalbidetzen die.
2. irudia: Euskadiko kostaldean urtean 10-30 itsas ugaztun bitarte lehorreratzen dira. Batez ere, izurdeak, mazopak eta pilotu-izurde hegaluzeak izate dira. (Argazkia: AMBAR Elkartea)Kontserbazio-planak ordea, berandu heldu dira euskal kostaldera zetazeo espezie berezi batentzat, Ipar Atlantikoko sardako balea edo euskal balearentzat (Eubalaena glacialis), balea handietatik urriena gaur egun. Historikoki, arrunta zen espezie honetako indibiduoak ozeano Atlantikoaren bi ertzetan aurkitzea, baina mendeetan zehar etengabeko arrantzari eta beste hainbat faktore antropikori aurre egin ondoren, azkenean Atlantiko ekialdean iraungi egin dela dirudi.
Iraganean, euskal balearen ekialdeko banaketa mendebaldeko Saharatik Ipar lurmuturreraino (Norvegia) iristen zen, neguan ur azpi-tropikaletan erditu eta uda partean iparralderantz migratzen baitzuten, zooplanktonean aberatsak diren ur hotzetara. Urtaroko ziklo honen bidaietan, Bizkaiko Golkotik pasatzen ziren espezie honetako banako asko, eta hortik datorkie euskal jentilizioa, jada XI. mendean euskal balearen arrantzaleek espezie hau harrapatzeko zuten zaletasunagatik, hain zuzen. Estimatzen da arrantza aurretiko espezie honen populazioa 9.000-21.000 indibiduokoa zela. 2018 urtearen amaieran, 409 banako bizi zeudela pentsatzen da, horietatik 250 heldu. Naturaren Kontserbaziorako Elkarte Internazionalak (IUCN, ingeleseko sigletan) urte berean argitaraturiko Zerrenda Gorrian, “mehatxatua” kategoria zuen esleitua euskal baleak, baina 2020an eguneraturiko zerrendan, ordea, “kritikoki mehatxatua” kategorian sartzea erabaki zen. Balea mitiko honen gaineko harrapakaritza XVIII. mendearen erdialdetik aurrera amaitu zela esan daiteke. Orduan, zergatik ez dira beren kabuz indarberritzeko gai izan espezie honen populazioak? Arrazoi nagusiak, besteak beste, itsasontzien talkak eta arrantza-sareen korapiloak direla pentsatzen da.
Galdera hau eta beste hainbat modu sakonago batean erantzun nahiko lituzke AMBAR elkarteak, baina, gaur egun, ez du ikerketarik aurrera eramateko nahikoa baliabide. Leire Ruizekin hitz egin ostean, ordea, argi dago euskal uretan bizi den itsas fauna aztergai paregabea dela eta, hori baino garrantzitsuago, azterketa behar duela, haren populazioen egoera ulertu eta etorkizuna aurresan ahal izateko. Ikas dezagun beraz gure akatsetatik, eta Euskal baleak balio dezala jarraitu behar ez den eredu gisa.
Esker ona:Egileak eskerrak eman nahi dizkio Leire Ruiz Sancho biologoari eskainitako arreta eta informazioagatik.
Erreferentzia bibliografikoak:Cooke, J.G. (2020). Eubalaena glacialis (errata version published in 2020). The IUCN Red List of Threatened Species 2020, e.T41712A178589687. https://dx.doi.org/10.2305/IUCN.UK.2020-2.RLTS.T41712A178589687.en
Europar Batasuneko Parlamentua (2018). Plásticos en el océano: datos, efectos y nuevas normas europeas.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post AMBAR Elkartea, euskal uretako zetazeoen zaindari appeared first on Zientzia Kaiera.
24.000 urtez izoztutako leinua bizira ekarri dute
Artean munduan mamutak zirela, eurekin batera bizi ziren animalia ñimiñoak berpiztea lortu du ikertzaile talde batek: Siberiako permafrostean gordetako errotiferoak gurean dira berriro.
Denetako jendea dago munduan. Eta, agian, unibertsoan hala izango da ere. Adibidez, Liu Cixin egilearen The three-body problem liburuan aukera bitxi batekin jokatzen da. Hiru izarrez osatutako eguzki sistema baten inguruan bizi diren estralurtarrek senperrenak ikusten dituzte hain ingurune ezegonkorrean bizitzeko. Euren zibilizazioa goreneko puntu batera heltzear dela… sast! espazio hondamendia dator, dena hankaz gora jartzera. Zorionez ―beraientzat―, gauzak gaizki datozkienean, gai dira euren buruak idortzeko, eta, horrela, haien planetak bizia mantentzeko baldintzarik ez duen garaietan ere bizirik irauten moldatzen dira. Ingurune hori oso atsegina egiten ez zaienez, erabaki bat hartuko dute… lasai, ba, honaino irakur dezakegu. Jo liburuetara edo itxaron Netflixen bertsioa iritsi arte.
Gaurkoan interesatzen zaiguna da denboran letargiaren antzeko egoera batean mantentzeko gaitasuna. Espazio bidaietan erabiltzeko antzeko gaitasunekin amestu den arren, praktikan soilik organismorik sinpleenek dute aukera hasiera batean ia mirarizkotzat har dezakegun ahalmen hori abiatzeko. Orrialde hauetan behin baino gehiagotan aipatu izan diren tardigradoak horren adibide bikainak dira. Baina errotiferoak ere ez dira atzean geratzen, oraingo honetan ikusiko dugun bezala.
1. irudia: Siberian dagoen Alazeia ibaiaren ondoan aurkitu dituzte errotiferoak, bertako permafrostean izoztuta. Laginketa egiteko espedizioa 2015eko abuztuan egin behar izan zuten, Artiko inguruek utzi ohi duten udako tarte laburra aprobetxatuz. (Argazkia: Tatiana Vixnivetskaia)Naturak eskaintzen duen katalogo opariaren barruan, errotiferoak aparteko kapitulu bat merezi dute. Ur gezako animalia mikroskopiko hauek, normalean, sexu gabe ugaltzen dira; baina, behar izanez, gero, ugalketa sexualari ekiteko moduan daude ere. Hau ez da gertatzen, baina, bdelloidea klaseko errotiferoetan: 460 espezie inguru biltzen dituen talde horretako animalia guzti-guztiak emeak dira. Ernalketa behar ez duen obuluak dituzte, eta, beraz, partenogenesi bitartez ugaltzen dira. Hala eta guztiz ere, sexurik gabe mantendu dira milioika urtez, espezie ugari sortuz, eta, horregatik, sexuaren abantaila ebolutiboa ikertzen duten zientzialariek askotan errotiferoetara jo dute, haien proposamenak kontrastatzeko.
Ez da duten ahalmen bitxi bakarra. Horrez gain, inguruko baldintzak kaskartzen direnean, paregabeko egoera batean sartzeko gai dira. Adituek kriptobiosi deitzen diote bizitzaren eta heriotzaren arteko egoera hori, organismoaren prozesu biologikoak stand by egoera batean geratzen direnekoa. Orain arte eskuratutako ezagutzagatik, uste da errotiferoetan gene berezi bati zor zaiola gaitasun hori: prozesua abiatzeko beharrezkoak diren proteinen sintesia abiatzen du gene horrek. Besteak beste, zelula mintzei eusteko beharrezkoak diren aldaketak egiten laguntzen dute proteina horiek.
Bada, duela gutxira arte, egoera horretan mantentzeko gaitasun hori hamarkada batez luzatzen zela uste zen, baina, uste hori irauli duten datuak eman dituzte orain. Current Biology aldizkariari bidalitako gutun batean jakinarazi dutenez, Siberiako permafrostean 24.000 inguru urtez izoztuta mantendu diren errotiferoak aurkitu dituzte. Halako ehunka animalia aurkitu dituzte laginetan, eta, horietatik, batzuek aktibitatea berreskuratu dute. Are gehiago, errotifero horietako batzuk ugaldu dira, ikertzaileen harridurarako. Ondorengoen analisi genetikoa ere egin dute, errotifero horiek laginean aurkitutako errotiferoetatik jaiotakoak direla egiaztatzeko. Horrek ere eman die aukera jakiteko non dauden gaur egun genetikoki hurbilen dauden errotiferoak, eta Belgikan lagindutako Adineta vaga izeneko espeziekoak direla ondorioztatu dute.
Karbono-14 bidezko datazioa baliatu dute permafrost geruzaren adina kalkulatzeko. Lurzoru izoztu horretan mikrobioek bertikalean mugitzerik ez dutenez, zientzialariek argi dute bertan aurkitutako mikroorganismoak adin horretakoak direla. Aurreko ikerketa batean 30.000 urte bizi izandako nematodoak eskuratu eta bizira ekarriak zituzten ere, baina, errotiferoen kasuan, hamar urteko epe hori hartzen zen baliokotzat. Milaka urtez kriogenizatuta mantendu eta berpizteko gain diren organismoen katalogoak, beraz, gora doa.
Kultiboetako emaitzakHalako emaitza ponposoak eskaintzen dituzten ikerketa asko bezala, nazioarteko prentsan oihartzun handia izan du aurkikuntzak. Soilik artikuluaren metriketan ehun hedabide inguru azaltzen dira. Baina bitxia izan da hedabide batzuk berpiztutako errotiferoak aipatzen dituztela, eta, beste batzuk, errotifero bat. Bat besterik ez da izan, ala, errotifero asko? Current Biology-ko gutunean hainbat errotifero aipatzen dira hasierako kultiboetan, eta, ondoren, norbanako bat. Zalantza, beraz, argitzeke.
2. irudia: Errotiferoak ur gezan bizi diren animalia mikroskopikoak dira. Idorrean edo bestelako baldintza kaskarretan mantentzeko ahalmen handia dute, eta orain egiaztatu ahal izan dute 24.000 urte igarota bizira buelta daitezkeela. (Irudia: Galban, S. et al.)Ea, Zientzia Kaiera honen irakurle maiteok: ongi baino hobeto dakizuenez, toki onean zaudete, eta hemen gauzak arduraz hartzen dira. Errauskineren ipuinean bezala, larunbat batean bota dugu galdera posta elektronikoz, Euskal Herrian ia-ia gauerdia zela. Mosku inguruetan dagoeneko igandea hasita zela jaso dugu Stas Malavin ikertzailearen erantzuna, galdera bota eta 15 minutu ingurura, hain justu —Спасибо, Стас!—. Ez esan, mesedez, globalizazioak gauza ederrak ez dituenik.
“Arrazoi duzu”, dio Malavinek, “horrek asko nahasi ditu kazetariak”. Normalean permafrostean gordeta dauden mikroorganismoekin jarraitzen duten prozesua azaldu du. “Permafrost lagina jartzen dugu kultibo ingurunean, eta platera behatzen dugu noizean behin, erabateko esterilizazio baldintzetan, noski. Organismo biziak berraktibatzen dira, eta lagin berdinean zeuden eta berraktibatu egin diren bakterioez elikatzen hasten dira; eta, batzuetan, ugaltzen hasten dira ere. Gero, banan banan aukeratu, klonatu, hazkuntzak egin eta horiekin lan egiten dugu”.
“Kasu honetan, hilabete inguru pasata, hainbat errotifero ikusi genituen. Astebete bat igarota zegoen kultiboa behatu genuen azken egunetik. Horrek esan nahi du behatutako errotifero horietako batzuk ondorengoak izan daitezkeela, bizpahiru aste bizi direlako, eta eklosiotik hainbat egunetara arrautzak jartzen hasten dira. Beraz, ez dugu izan ‘esku artean’ bizirik iraun duen errotifero hori, edo horiek”. Gogorarazi duenez, halako kasuetan kultiboak behar dituzte, eta bizirik iraun duen errotifero horren ondorengoak oraindik laborategian dituztela erantsi du. Kontua are gehiago argitzeko, birusen adibidea jarri du. “Imajina ezazu gaixotutako pertsona batetik birus berria isolatu dela. Inozoa litzateke galdetzea isolatutako birus horren lehen partikula non dagoen, ezta?”.
2015eko abuztuan Alazeia ibiaren inguruetan (Siberia) zulatuz eskuratutako laginetan zeuden errotiferoak. Hilabete horretan bertan izatea ez zen kapritxoa. Izan ere, goiko latitude horietan uda bereziki laburra da: ekainetik abuztura bitartean baino ez dago elurretatik eta izotzetik salbu. Eta hori ez zen izan bertara joandako zientzialariek nozitu behar izan zuten traba bakarra. Bilbo erdialdekoa ez baizik jatorriz Ukrainakoa den Tatiana Vixnivetskaia mikrobiologoaren hitzetan “milioika eltxo” zituzten inguruan, “tonaka”. Ziztadak arintzeko pomada bila joatea ez zen lan erraza: gertueneko herria —Andruxkino— hiru ordutara zegoen… txalupa azkarrean. Bertara joateko, noski, helikopteroa erabili behar zuten. Zientziaren bideak, beraz, nekezak dira, eta denbora dezente behar da emaitzak paper edo paper baten gainean ikusteko. Eskuratu dituzten emaitzak ikusita, nahiko argi dago eltxoen ziztada horien guztien ondoren ere, ahaleginak sobera merezi izan duela.
Erreferentzia bibliografikoa:Shmakova, L. et al. (2021). A living bdelloid rotifer from 24,000-year-old Arctic permafrost. Current Biology, 7, 31(11), 712-713. DOI: 10.1016/j.cub.2021.04.077.
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post 24.000 urtez izoztutako leinua bizira ekarri dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Flora eta faunaren bilakaera Abran
Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita
Kanpoaldeko Abran izan den flora eta fauna komunitate aldaketak dira Bilboko itsasadarreko leheneratze prozesuan protagonistetako bat. Komunitateek hobekuntza nabarmena izan dute industria garaiarekiko, uraren gardentasuna eta kalitatea hobetu direlako. Industria garaian Bilboko itsasadarreko bizia kinkan izan zen kutsadura dela eta. Uraren garbitze prozesuak egoerari buelta ematea ahalbidetu du.
Hiru momentu bereizi daitezke kanpoaldeko Abran izandako prozesuan:
– 199o. urtean uren arazketa hasi zen. Momentu hartan uraren egoera nahasgarria eta osasungaitza zen. Toxikotasun kimikoa handia zen. Uhertasuna ere handia zen, argiak ia ezin zuen ur zutabea zeharkatu gardentasuna nahikoa ez zelako eta itsas hondoa ez zen egokia bizitzeko. Bakterio-toxikotasuna, bere aldetik, bakterio fekalen presentzia handia zegoen, E. coli eta estreptokokoak, bereziki.
– 2002. urtean uren tratamendu biologikoa hasi zen. Egoera hobea zen. Toxikotasun kimikoa ertaina zen. Uhertasuna ere behera egin zuen eta, honi esker, argi izpiek uretan sar zitezkeen. Bakterio fekalen kontzentrazioa murriztea lortu zen, uren tratamendu biologikoari esker.
– 2018. urten saneamendu plana osatu zen. Orokorrean, egoera osasungarriagoa da. Toxikotasun kimikoa txikia da. Uhertasuna ere txikia da eta argi izpiek sakonera handiagora heltzen dira. Honi esker ekosistema konplexuagoak eratzen dira. Bakterio-toxikotasunari dagokionez, bakterio fekalen kontzentrazioa baimendutako mailan dago.
Hau guztiau, zientzia eta teknologiaren erabilerari esker. Honi guztiari buruz idatzi zuten Maria Bustamantek, Isabel Diezek, Javier Tajadurak, Endika Quintanok, Nahiara Muguerzak, Jose Ignacio Saiz Salinasek eta Jose Maria Gorostiaga Garaik.
Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusitaIbaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología proiektua infografia sorta bat izan zen hasieran, Ibaizabal itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin osatutako erakusketa.
Ondoren, zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica blogean.
Proiektu honen (orain arteko) azken atala dugu honakoa, azalpen bideoak.
The post Flora eta faunaren bilakaera Abran appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #355
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
FisikaCornell Unibertsitateko ikertzaileek “ptikografia” (ptychography) izeneko irudi konputazionalen teknika bat erabiliz eta algoritmo batek bultzatutako prozesu batekin konbinatuta, potentzia handiko detektagailu bat egin zuten. Datuak eta patroiak bereizmen handiko irudiak bilatzeko gaitasuna du detektagailuak eta munduko errekor bat lortu dute: azken belaunaldiko mikroskopio elektroniko baten ebazpena hirukoiztu dute eta bereizmen handieneko argazkia egin diete atomoei. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: Atomoei inoiz egindako argazkirik zehatzena lortu dute.
ArkeologiaBerrian Enekoitz Telleria kazetariak oximoron batekin piztu du gure jakin-mina. Suak izoztu zuen ogia aurkeztu baitigu. Ez da txapata bat, ez baserriko ogia, ezta ogi biribila, “panis quadratus” izena duen ogia da. “Panis quadratus” Vesuvio sumendia lehertu zen egunean okindegi baten errautsez lurperatuta gelditu zen ogia da. Ikertzaileek kiskalita topatu zituzten, eta Panis Quadratus izena eman zioten ogia zortzi anoatan banatzen dituen markak dituztelako azalean.
Azken hamarkadan gure herrian Paleolitoko labar-arteari dagozkion margolanak aurkitu dituzte, esaterako, Atxurra (Berriatua) edo Armintxe (Lekeitio) kobazuloetan. Arte-zantzu hauei buruzko ikuspegi berri bat landu dute ikertzaileek: nolako argiztapen-sistemak erabili zituzten pinturak egiteko orduan? Zelan eramaten zuten materiala barrura? Izan ere, logistika eta planifikazioa beharrezkoa zen. Berrian Jakes Goikoetxeak gaia landu du ikertzaileekin batera eta azaldu dute, adibidez, Atxukarro kobazuloan margolanak dauden lekura iristeko 38 minutu behar zituztela eta ordubete irauten duten bi suziri beharko zituztela gutxienez, sartzeko eta ateratzeko. Datu guztiak Sutan, argiaren bila artikuluan.
BiologiaAnimaliak bizidun harrigarriak dira. Izan ere, bizirik irauteko hamaika amarru eta trikimailu garatu dituzte. Horietako asko harrapariei aurre egiteko defentsa-mekanismoak dira. Badira oinarrizko defentsa-mekanismoak (harrapariaren begi-bistatik desagertzeko helburua dutenak) eta mekanismo sekundarioak (harrapariak detektatuz gero, harrapatuak izatea saihesteko erabiltzen direnak). Bigarren multzo honetan daukagu tanatosia, azken hatsa emateko prest ez daudenen antzerki-lan ikusgarria: hildakoaren plantak egitea.
Animalien mundu liluragarriarekin jarraituz, Josu Lopez Gazpio kimikariak askok gogoko ditugun animalia batzuen jokabide interesgarriaz jardun du Zientzia Kaiera blogean. Azaldu digu izurdeak gai direla talde-lanean aritzeko eta gainera hamarkada askoan mantendu ditzaketen taldeak osatzen dituztela. Baina talde handi horiez gain, lankidetzan aritzeko bikoteak ere osatzen dituztela kontatu digu. Ez al da liluragarria ezagutzea izurdeek badakitela talde-lana zer den?
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek izurri baten kontrol biologikorako ikuspegi berri bat proposatu dute. Ezpelak pairatzen duen sits-izurritea aurre egiteko, intsektizida gisa bakterio bat erabiltzea proposatzen dute. Funtsean, bakterioak sitsaren larbak hiltzen dituen toxina jakin batzuk sortzea litzateke gakoa. Datuak Elhuyar aldizkarian: Nafarroako ezpelaren sits-izurriteari aurre egiteko biointsektizidak erabiltzea proposatu dute NUPeko ikertzaileek.
Errotiferoak mikroskopioan soilik ikus daitezkeen zelula anitzeko animalia txiki batzuk dira. Ba ikertzaile errusiarrek berpiztu dute Siberiako permafrostean 24 000 urte izoztuta igaro dituen errotiferoa. Ikerketa honek erakutsi du, besteak beste, mikroorganismo batzuek kriptobiosian denboraldi luzeak eman ditzaketela. Kriptobiosian prozesu metabolikoak ia erabat etenda daude, eta izaki bizidun batzuetan gertatzen da ingurumen-baldintzak muturrekoak izatera iristen direnean. Aitziber Agirrek kontatzen du Elhuyar aldizkarian: 24 000 urtez izoztuta egondako errotifero bat berpiztea lortu dute.
GenetikaAna Zubiaga Genetikako katedraduna da UPV/EHUn, irakaslea eta ikertzailea unibertsitate berean. Ondo ezagutzen ditu giza genetikarekin lotutako gaiak, izan ere, minbiziaren oinarriak ikertzen dihardu biologia zelularra lan ildo hartuta. Berrian haren ibilbidearen berri eman digute Zihara Jainagak egin dion elkarrizketarekin: “Helburua minbiziaren hilkortasuna saihestea da“.
PaleontologiaUxue Razkinek Mary Dawson paleontologoa nor zen kontatu digu asteon. Mary Dawson ikertzaile aitzindaria izan zen, eta kristalezko sabaia hautsi zuen bere eremuan, ornodunen paleontologian. Paleontologo “menderaezina” izan zen eta, besteak beste, iraganean Artikoko klima-aldaketaren ebidentziak aurkitu zituen. Lurralde artikoan aztarnak ikertzen ibili zen eta duela 50 milioi urte inguru bertan bizi ziren kaimanen fosilak aurkitu zituen. Horrez gain, Ipar Amerikako ornodun fosilen bilduma handienetakoaren ardura izan zuen.
MedikuntzaNature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioaren aurka sortzen diren antigorputzak kutsatu ondorengo 6-12 hilabete bitartean irauten dute. Horrez gain, sortzen diren aldaeretatik babesten dutela, eta txertoen bidez ere indartzen direla ikusi dute ikertzaileek. Ana Galarragak plazaratu du gaia Elhuyar aldizkarian: SARS-CoV-2arekiko immunitateak luze irauten du eta txertoak indartu egiten du.
OsasunaBizitza luzeago baten gakoak arlo sozioekonomikotik aztertu du ikerketa-talde batek. Artikulu baten emaitzak jakitera eman dituzte eta bertan adierazi dute zahartze osasungarria eta produktiboa lortzen dela hiru dimentsioren arteko korrelazio positiboaren bidez: bizi-itxaropena, osasuna eta ekonomia. Besteak beste, azpimarratzen dute zahartzen ari den gizarte baten aurrean, beharrezkoa dela neurriak hartzea. Esaterako, 50 urte bete ondoren enplegua babestu eta sustatzea eta adinaren araberako bereizkeria ekiditea. Xehetasunak Elhuyar aldizkarian.
Emakumeak ZientzianEspainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak (CSIC) “Emakume ikertzaileak 2021” txostena argitaratu berri du eta, zalantzarik gabe, aurreko urteko txostenean ikusten zen zerbait berretsi da: CSICeko emakumeen eta gizonen karrera zientifikoaren bilakaeraren “guraize” grafiko tipiko bihurtu dela. Hau da, ibilbide profesionalean aurrera joan ahala, emakumeen ehunekoa txikitzen doa eta gizonena, berriz, handitzen. Ana Galarragak kontatu digu Elhuyar aldizkarian: CSICen guraize-grafikoa, okerrera.
Egileaz:Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.
The post Asteon zientzia begi-bistan #355 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #356
Gaixotasun arraroa da progeria, oso azkar zahartzea dakarrena. Prozesuari buelta emateko gai izango da edizio genetikoa? Gene editing could help reverse fast ageing in progeria, Rosa García-Verdugo.
Artikoa urtzea desastrea dela diote guztiek. Antartidaz askoz gutxiago hitz egiten da eta katastrofea litzateke: Antarctica is headed for a climate tipping point by 2060 Julie Brigham-Gretteren eta Andrea Duttonen eskutik.
Beira idealaren existentziaren inguruan espekulazioa dago 1948tik. DIPCk esperimentalki frogatu du: Reaching the ideal glass in polymer spheres
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #356 appeared first on Zientzia Kaiera.
Mary R. Dawson (1930-2020), paleontologo bat Artikoan
Gabon batzuetan, jada heldua zela, Barbie paleontologo bat oparitu zioten Mary Dawsoni. Grazia egin zion opariak; ez burutazioagatik, baizik eta panpinak zekarren erreminta-kutxan ile-eskuila zelako objekturik handiena. Bere esanetan, alde handia zegoen Barbie haren eta errealitatearen artean. Hori bai ziurta zezakeela.
1. irudia: 1976. urteko argazkia, Mary Dawson eta haren taldea Artikoko artxipelago kanadarrean, Strathcona fiordoan. Ezkerretik hasita, Robert “Mac” West, Mary Dawson, J. Howard Hutchison eta Malcolm McKenna paleontologoak. (Argazkia: Robert “Mac” West)Dawsonek txikitatik maitatu zuen natura; batik bat fosilek pizten zioten arreta. Albaitari-medikuntza ikasten hasi zen Michiganeko Estatu Unibertsitatean, baina, amaitu baino lehen, espezializazioa aldatu, eta zoologia hautatu zuen. Graduatu ondoren, beka bati esker, paleontologia ikasi zuen Edinburgoko Unibertsitatean (Eskozia). Gero, 1958an, doktoretza lortu zuen Kansaseko Unibertsitatean. Bere tesia lan aurrendaria izan zen, eta karraskari lagomorfoen (adibidez, untxien eta erbien) eboluzioaren inguruan ardaztu zen.
Geroago, Suitzan osatu zituen ikasketak. Han, urtebetez, Ochotonidae familiako kideak diren pika edo haitzetako untxien eboluzioa aztertzen aritu zen. Ikerkuntza hartan, Prolagus sardusedo Pleistozeno berantiarreko Sardiniako pika bildu zuen. Hain zuzen ere, bere landako ikerketan, Sardiniako eta Siziliako Pleistozenoko haitzuloak bisitatu zituen.
1962an, Pennsylvaniako Pittsburgh hiriko Historia Naturalaren Carnegie Museoan ekin zion bere ibilbide profesionalari, ikertzaile elkartu moduan. Museo hartako zuzendariak, Maurice Graham Nettingek, esan zion emakume batek inoiz ez zuela erakunde hartan aurrera egingo; zaindari izatera ez zela iritsiko emakumerik. Ia hamar urte geroago, 1970ean, lortu ere lortu zuen Dawsonek hori, eta 2003an erretiroa hartu zuen arte bete zuen kargua –zaindari emeritua izaten jarraitu zuen–. Besteak beste, ornodunen fosilen Ipar Amerikako laugarren bilduma handienaren bultzatzailea izan zen Dawson.
Dawsonek ezarritako beste mugarrietako bat Artikora egindako espedizio garrantzitsu bat izan zen. 1973 eta 1987 artean, haren lantaldeak Aro Tertziarioko –aro zenozoikoa ere deitzen zaio duela 66 bat milioi urteko garai horri– ugaztun lurtarren fosilak aurkitu zituen han, eta horrek erakutsi zien migrazio bide bat bazela Ipar Amerikaren eta Europaren artean. Pasabide lurtar bat egon zela frogatu zuten, eta horrek azaltzen zuen zergatik ziren Ipar Amerikan aurkitutako zenbait ugaztun –zaldiak eta errinozeroak, adibidez– Europan aurkitutakoen hain antzekoak. Aurkikuntza horrek sendetsi egin zuen plaken tektonikaren teoria, zeina 60ko eta 70eko hamarkadetan pixkanaka onarpena lortzen ari baitzen. Bidenabar, Zirkulu Polar Artikoan kaimanen eta dortoken hondar fosilak aurkitu zituenez, ondorioztatu zuen klima aldaketa bat gertatu zela duela 55 milioi urte, berotegi efektu bat.
2. irudia: Ezkerrean, atzean, Liz Ross; aurrean, Natalia Rybczynski eta Mary Dawson ikertzaileak Devon uhartean. Devon uhartea Artikoko artxipelago kanadarrean kokatua dago, eta jenderik ez duen irla handiena da. Irudian, ikertzaileak Haughton inpaktu-kraterrean laginak hartzen. (Argazkia: Martin Lipman)2007 eta 2010 artean, Kanadako Naturaren Museoko Natalie Rybczynski paleobiologoa izan zuen lankide, eta itsas txakurren eboluzioa ikertzeko fosilen bila aritu ziren elkarrekin. Bestalde, Natur Historiaren Amerikar Museoko (New York) Richard Tedford paleontologoarekin, Puijila darwini aurkitu eta deskribatu zuen, erabakigarria itsas txakurren, itsas lehoien eta mortsen sorburua ulertzeko. Halaber, 2006an, beste paleontologo batzuekin batera, ezbaian jarri zuen Laoseko haitzetako arratoia (Laonastes aenigmamus) non sailkatu behar zen. Bere aburuz, ez zen Laonastidae familiakoa, baizik ustez duela 11 milioi urte desagertu zen Datomyidae familiakoa.
Sariak eta ohoreakHainbat sari jaso zituen bere ibilbidean, eta goratua izan zen paleontologiaren esparruan egindako lan aurrendariarengatik. Carnegie Museoko Lurraren Zientzien Saileko presidentea izan zen (1973-1997), bai eta jarduneko zuzendaria ere (1982-1983). Halaber, Geologia eta Planeta Zientzien Saileko irakasle atxiki moduan kontratatu zuten Pittsburgheko Unibertsitatean.
Sariei dagokienez, 1981ean Arnold Guyot saria jaso zuen, National Geographic Society erakundeak emana, Artikoan egindako lanaren aintzatespen modura. Gainera, 1999tik aurrera Ornodunen Paleontologia Sozietate (Society of Vertebrate Paleontology) ospetsuko ohorezko kidea izan zen, eta arestian aipaturiko sozietate horrek emandako Romer-Simpson Domina jaso zuen lehen emakume estatubatuarra bihurtu zen 2002an.
Iturriak:- Black, Riley (2021). Daring to Dig, Carnergie Magazine.
- Crompton, Janice (2020). Mary R. Dawson: Pioneer of polar paleontology, Pittsburgh Post-Gazette, 13 diciembre 2020ko abenduaren 13a.
- Society of Vertebrate Paleontology, Mary R. Dawson
- Van der Geer, Alexandra (2016 ). Mary Dawson. Breaking the Ice on Plate Tectonics, TrowelBlazers, abenduaren 6a.
- Wikipedia, Mary R. Dawson
Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.
The post Mary R. Dawson (1930-2020), paleontologo bat Artikoan appeared first on Zientzia Kaiera.