Ezjakintasunaren kartografia #511
Mark Zuckerbergek bere enpresaren izena Facebooketik Metara aldatu zuenean, metabertso terminoa modan jarri zen. Egindako inbertsio izugarria fruitu pixka bat ematen ari dela adieraz lezakete azken garapenek. Hala ere, Jesús Zamora Bonillak No metaverse in sight (1) lanean argudiatzen du metabertsoaren promesak, ontologikoki, inprobableak direla ezinezkoak ez direnean.
Arkeologia bezalako gauza hauskor batean zale pila baten indarra eta gogoa erabiltzeak fruituak eman ditzake. Assessing the quality of citizen science in archaeology
Adimen artifizialak lan batzuk ordezkatuko ditu, baita sormenezkoak ere. The writer, TILKUTen bineta bat.
Materia iluna osatzen duten partikulak axioiak direla egiaztatzeko modu bat isolatzaile axionikoetan eszitazio axionikoak egitea da. DIPCko jendeak isolatzaile axioniko bat kristal fotoniko batean sortzeko oinarri teorikoak ezarri ditu: A photonic axion insulator in a 3D photonic crystal
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #511 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: oxigenoa
Hilabete honetan, Kiñuk Lurreko bizitzarako funtsezko elementuari erreparatu dio; hori oxigenoa da. Gure atmosferan dioxigeno moduan (O₂) aurkitzen dugun oxigenoa molekula diatomiko bat da, hau da, lotuta dauden bi oxigeno atomoz osatuta dago. Koloregabea, zaporegabea eta usainik gabea da, baina ezinbestekoa animaliek zein landareek arnasa hartu ahal izateko.
Gure trikuak gogorarazten digu ugaztun guztiak oxigenoaren mende gaudela. Baina, ugaztun guztiak baldintza berdinetan bizi ez garenez, egokitzapen ezberdina daukagu arnasteko. Itsas txakurrek, adibidez, ez dute aire-kantitate handirik metatzen biriketan urpean igeri egiten dutenean, baizik eta oxigenoa metatzen dute odolean eta muskuluetan. Gizakiek baino hemoglobina eta mioglobina gehiago dituzte, eta, horri esker, ur azpian luzaroan egon daitezke. Nahiz eta guk ere biltegi berberak izan, itsas ugaztunek, sakonean murgiltzeko, askoz ere edukiera handiagoa dute.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: oxigenoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Geologia 1-Fisika 0: Lur planetaren adina
Lur planetaren adinaren ikerketaren istorioan Arthur Holmes geologoak XIX. mendeko William Thomson fisikari ospetsuenari (Lord Kelvin) «gol galanta» sartu zion.
Harrigarria badirudi ere, Mekanika Kuantikoaren iraultza eta Erlatibitate Bereziaren eta Orokorraren teoriak aski ezagunak zirenean, oraindik inork ez zekien zein zen Lurraren adina. Artikulu honetan istorio eder hori kontatzen da. Biblian oinarrituriko kronologien bidez eginiko lehen datazioek 6.000 urte inguruan jartzen zuten Lurraren adina. Zientzialari oso ospetsutzat dauzkagun Keplerrek eta Newtonek ere metodo ez-zientifiko bera erabili zuten antzeko balioetara heltzeko. Horrek agerian uzten du sasoiko zientzialarien trantsizioa metodo zientifikora ez zela bapatekoa izan.
Irudia: Biblian oinarrituriko kronologien bidez eginiko lehen datazioek 6.000 urte inguruan jartzen zuten Lurraren adina. (Argazkia: urikyo33 – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay)Alabaina, Naturalistek ez zioten Lurrari ez hasierarik ez amaierarik ikusten, hau da, ez zuten onartzen Lur planeta gazte bat existitu zenik.
XIX. mendean fisikariak Lurraren adina aztertzen hasi ziren eta William Thomson ingelesa izan zen nabarmenena. Thomsonek suposatu zuen hasieran Lurra tenperatura homogeneoa zuen esfera guztiz urtu oso beroa zela, eta Lurra gaurko eguneko egoera hotz honetara iristeko zenbat denbora pasa den kalkulatu zuen. Kalkulu horien bidez Lurraren adina 100 milioi urteko eskalan zegoela zenbatetsi zuen.
Thomsonen kalkuluek naturalistak larritu zituen, eroso baitzeuden mugagabeko denboraren ideiarekin. Hala ere, XIX. mendea bukatzear zegoenean geologo gehienek onartzen zuten Lurraren adina 100 milioi urte ingurukoa zela. Halaber, Thomsonen kalkuluek geologoak bezain beste, asaldatu zituen biologoak. Izan ere, oso zalantzan jartzen zuten Darwinen eboluzioaren teoria.
1896ean Henri Becquerelek erradioaktibitatea aurkitu ostean, Pierre Curie eta Albert Laborde zientzialariak, radio elementu kimikoak beroa sortzen duenaz jabetu ziren. Ondorioz, interes handia piztu zen beste energia mota horren inguruan zeinetan Thomsonen kalkulua ez zen kontuan eduki.
Izan ere, erradioaktibitatearen bitartez arroken adina datatu zitekeela ikusi zuten. Bertram Boltwood kimikaria eta Ernest Rutherford izan ziren datazio erradioaktiboaren aitzindariak. Boltwoodek geologiako argitarapen garrantzitsu batean 2.000 milioi urteko arroken datazioak argitaratu arren, inpaktu eskasa jaso zuen. Egiatan, hainbat geologok datu geologikoak eta fisikoak «errefinatu» zituzten Thomsonek lorturiko Lurraren adinari buruzko balioak zuzenak zirela erakusteko!
Arthur Holmes geologo ingelesa asko interesatu zen datazio erradioaktiboan, baina Boltwoodi gertatu bezala Holmesen lana ere baztertua izan zen. Hala eta guztiz. ere, Holmes oso tematia zen eta azkenean bere lanek 1921ean fruitua jasotzen hasi ziren, nahiz eta «guardia zaharreko» hainbatek ez zuen oraindik onartzen Lurrak 100 milioi urte baino gehiago eduki zezakeenik. Azkenean, guda 1926 urtean irabazi zuen Holmesek Estatu Batuetako Ikerketa Kontseilu Nazionalak erabaki zuenean erradioaktibitateak ematen duen denbora geologikoaren eskala dela dagoen eskala fidagarri bakarra.
Egungo teknikek Holmesek bideratutako hurbilketa berdinak jarraituz, Lurraren arroka zaharrenak duela 3,8 mila milioi urte eratu zirela diote. Hala ere, Lurraren arroka zaharrenen adinak Lurraren adinarekin bat egiten al du? Horrek ez digu ematen gas/hauts hodei espiralak Eguzki Sistema kondentsatzeko behar izan zuen denbora (balio hori 3,8 mila milioi urteko balioari gehitu beharko genioke). 1953an Clair Cameron Patterson zientzialariak meteoritoen adina eta Lur planetarena berdinak direla proposatu zuen. Hipotesi hau balio osokoa dela frogatu zen eta Pattersonek argitaratutako artikuluan Lurraren adina eta meteoritoena 4.55 mila miloi urtekoa dela frogatu zuen; hau da, Lurra primigenioaren adina 4.55 mila milioi urtekoa dela.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 42
- Artikuluaren izena: Geologia 1-Fisika 0: Lur planetaren adina.
- Laburpena: Artikulu honetan saiatuko naiz erakusten xx. mendeko, eta bereziki mendearen lehen erdiko, fisikaren nagusitasuna ez zela arlo guztietara heldu. Izan ere, izenburuak dioen bezala, Geologiak gol galanta sartu zion fisikari garai hartan. Hala ere, eta bigarren artikulu batean azalduko denez («Geologia 1-Fisika 1» artikuluan hain zuzen), xx. mendearen laugarren laurdenean, fisikaren arrakasta edo eraginkortasuna hain handia ez zenean, fisikak partida berdintzea lortu zuen. Beraz, artikulu honi, «Geologia 1-Fisika 1» izenburua duen beste artikulu batek jarraituko dio.
- Egilea: Fernando Plazaola
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 253-281
- DOI: 10.1387/ekaia.22983
Fernando Plazaola UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Elektrizitatea eta Elektronika Saileko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Geologia 1-Fisika 0: Lur planetaren adina appeared first on Zientzia Kaiera.
Glaziar azpiko lakuak Marten?
Gaur egun gure eguzki sisteman eremu bizigarriak bilatzeko unean fenomeno preziatuenetariko bat egoera likidoan dagoen ura da. Izan ere, bizitza ulertzeko dugun moduan (ez dakigu beste modurik dagoen) ezinbesteko osagaia da: substantzia ugari disolbatzeko eta garraiatzeko balio du, egonkortasun termikoa sortzea ahalbidetzen du, hainbat erreakzio biokimikotan parte hartzen du… eta ziur bizitzarako ezinbesteko molekula bihurtzen duen bestelako propietateren bat ahaztu dudala.
Gainera, ura modu egonkorrean existitzeko gai bada -maila geologikoko denbora-eskalei buruz ari gara-, ura existitze hutsak askoz ere garrantzi handiagoa du, objektu interesgarriagoa baita astrobiologiarentzat; izan ere, hala eta guztiz, ziurrenik biziak denbora beharko du agertu eta garatzeko, baina baita mantentzeko ere, noizbait agertu bazen; halaber, litekeena da ingurune-baldintza egonkorragoak behar izatea bizia sortzeko.
Gure eguzki-sisteman ura egoera likidoan (ur-masa txikiak, gutxienez) egotekotan, Marteko hego poloko izotzaren azpialdean egon daiteke. Orosei et. al.-ek (2018) Mars Express zundaren bidez 2012 eta 2015 bitartean jasotako radar-profil desberdinak aztertu zituzten eta ikusi zuten pare bat eremu zeudela radarraren isla bizia eragiten zutenak. Hortaz, hasiera batean Marteko hego hemisferioko kasko polarraren azpian urez blaitutako material geologikoak zeudela interpretatu zuten.
1. irudia: Marteko hego poloa, Mars Express europar misioaren kameren bidez. (Iturria: ESA/DLR/FU Berlin/Bill Dunford-ek eskainita)Ur masa txiki horiek izotzaren azpian egongo lirateke, 1.500 metroko sakoneran, harriaren eta kasko polarraren arteko interfazean. Ziurrenik ura ez litzateke elementu bakarra izango, gatzunaren antzeko zerbait izango litzateke, disoluzioan dauden gatzei esker izozte-puntua txikiagoa izan dadin. Ur gazi hori nahikoa da ura egoera likidoan mantentzeko, eta, beraz, ez da bestelako mekanismorik behar; izan ere, gatzei esker ura izozteko beharrezkoa den tenperaturak behera egiten du. Hori hala ez balitz, adibidez, eremu horretan gradiente geotermiko handiagoa beharko litzateke lurzoruaren tenperatura igotzeko, eta, hortaz, ura egoera likidoan mantendu ahal izateko.
Aurrerago Lauro et. al.-ek (2021) egindako ikerlan berri batean aurreko ikerlana zabaldu zen, Marteko hego poloan dagoen Ultimi Scopuli eremua aztergaitzat hartuta. Antartikan edo Groenlandian egindako ikerlanetan erabilitako teknikak aplikatzea izan zen alderdi interesgarrienetariko bat; izan ere, izotzaren eta harriaren arteko interfazean geruza lehorrak eta hezeak bereiztea ahalbidetzen dute, eta horrek glaziar azpiko ur masak lokalizatzen laguntzen du.
Ikerlan horretan azaltzen da Marten aldaketa klimatiko garrantzitsuak izan direla denboran zehar -geologiaren eskalan, jakina-, eta aldaketa horiek eragin nabarmena dute tenperatura globalean eta poloetako izotz deposituetan. Hori oso garrantzitsua da, iradokitzen baita une beroagoetan harriaren interfazean izotzak urtzeko eta glaziar azpiko ur masak osatzeko behar adinako tenperatura lortuko zela. Hala ere, urtzea ahalbidetzeko bero nahikoa izaten lagun zezakeen gradiente geotermiko altua egoteko aukera ere aipatzen da.
2. irudia: hiru irudi hauetan, ezkerraldean, glaziar azpiko balizko laku batzuen aurkikuntzaren testuinguru geografikoa ikus dezakegu; erdialdean, radarrean isla handiena duten eremuak, urdinez; eta eskuinaldean, berriz, radarraren profila, non glaziar azpiko balizko lakuak egongo liratekeen izotz-harriaren interfazea ikus daitekeen. (Iturriak: NASA/Viking/NASA/JPL-Caltech/Arizona State University; MARSIS datuak: ESA/NASA/JPL/ASI/Univ. Rome; R. Orosei et. al. 2018)Baina ikerlan horretan beste altxor bat ere aurki dezakegu: balizko ur masa bat detektatzeaz gain, haren inguruan masa txikiagoak edo urez blaitutako sedimentuak izan ditzaketen eremu batzuk ere agertzen dira; hortaz, glaziar azpiko lakuak, edo, behintzat urez blaitutako sedimentuak ohikoagoak izan litezke eremu horretan.
Hego poloaren azpian ura dagoela frogatu ahal izateko arazoetako bat da ezin dugula zuzenean ikusi -eta are gutxiago ur-masa horietara iritsi-. Hala ere, radarraz gain, datuak hobeto interpretatzen eta datu guztien emaitza bera den egiaztatzen lagundu diezaguketen bestelako zeharkako ebidentziak egon daitezke.
Hori dela eta, Arnold et. al.-ek (2022) lakuak detektatzeko beste modu bat proposatu zuten: balizko laku horien eremuan erliebearen anomaliak ikertzea, gure planetan Antartikako edo Groenlandiako glaziar azpiko lakuekin egiten den bezala.
Artikulu horretan MOLA (Mars Orbiter Laser Altimeter, ingeleseko siglen arabera) tresnatik eratorritako topografia erabili zuten Ultimi Scopuli eremuaren erliebean anomaliak bilatzeko. Emaitzen arabera, anomalia bat dago. Horrek adierazten du izotzaren marruskadura basala txikia dela, mugimenduaren lubrikatzaile gisa jarduten duen ur likidoa baitago. Hala ere, artikuluan aipatzen denez, ohiz kanpoko gradiente geotermikoa beharrezkoa da ura egoera likidoan mantendu ahal izateko.
3. irudia: Antartikan satelite bidezko irudiei esker aurkitu diren glaziar azpiko bi laku, horien gainean sakonune topografikoak sortzearen ondorioz. Kasu horretan, lakuak 3 kilometrotik gorako sakoneran egongo lirateke. (Iturria: NASAk emandako irudia)Urtebete geroago, Sulcanese et. al.-en (2023) artikuluaren ondorioa antzekoa izan zen: Eremu nahiko lau bat aurkitu zuten, hain zuzen ere, ur likidoaren masak egon beharko liratekeen tokiaren gainaldean. Erliebe aldaketa hori oreka hidrostatiko baten ondoriozkoa zela interpretatu zuten, Lurreko glaziar azpiko lakuetan gertatzen den bezala, hala nola Vostok lakuan (Antartika).
Glaziar azpiko ur masak egon daitezkeela erakusten duten froga horiek gorabehera, duela aste batzuk berri txarrak jasotzen zituen artikulu zientifiko bat argitaratu zen. Lalich et. al.-en (2024) interpretazioaren arabera, radarraren isla bizienak hauts eta izotz geruzen artean sortutako interferentzia eraikitzailearen ondoriozko fenomenoa dira, eta ez hainbeste izotza eta harriaren arteko interfazean dagoen ur likidoaren ondoriozkoak.
Ondorio horretara iristeko, 10.000 simulazio inguru egin zituzten, uhinek izotz geruzak zeharkatzean aurkituko zuten estratigrafiaren arabera radarraren isla nolakoa izango litzatekeen ikusteko. Hortaz, milaka agertoki desberdin sortu behar izan zituzten. Horietatik guztietatik, 216 kasutan simulatutako islak Mars Express zundaren MARSIS radarrak jasotakoen antzekoak ziren.
Autore horien ustez estratigrafia nahikoa litzateke beraiek glaziar azpiko lakuak egin daitezkeela dioten eremuetan aurkitutako radarraren isla sortzeko, fenomeno hori azaltzeko izotzaren azpian ur geruza bat sartu behar izan gabe, eta, hortaz kolpe batez laku horien existentzia baztertu zuten.
Ikerlan horietako zein da zuzena? Egia esanda, gaur egun ezinezkoa dirudi eztabaida ebatziko duen erantzun zehatza ematea. Hortaz, etorkizunean bereizmen handiagoko radar aurreratuagoen laguntzaz misio gehiago egin beharko ditugu laku horiek existitzen diren edo ez jakiteko. Hala ere, inolako zalantzarik gabe, aurkikuntzek Marten bizitzeko moduko giroak egon daitezkeela amets eginarazten digute.
Erreferentzia bibliografikoak:Sulcanese, Davide; Mitri, Giuseppe; Genova, Antonio; Petricca, Flavio; Andolfo, Simone; Chiarolanza, Gianluca (2023). Topographical analysis of a candidate subglacial water region in Ultimi Scopuli, Mars. Icarus, 392. DOI: 10.1016/j.icarus.2022.115394
Lauro, Sebastian Emanuel; Pettinelli, Elena; Caprarelli, Graziella; Guallini, Luca; Rossi, Angelo Pio; Mattei, Elisabetta; Cosciotti, Barbara; Cicchetti, Andrea; Soldovieri, Francesco; Cartacci, Marco; Di Paolo, Federico; Noschese, Raffaella; Orosei, Roberto (2020.) Multiple subglacial water bodies below the south pole of Mars unveiled by new MARSIS Data. Nature Astronomy, 5, 63–70. DOI: 10.1038/s41550-020-1200-6
Arnold, N. S.; Butcher, F. E.G.; Conway, S. J.;Gallagher, C.; Balme, M. R. (2022).Surface topographic impact of subglacial water beneath the south polar ice cap of Mars. Nature Astronomy, 6, 1256-1262). DOI: 10.1038/s41550-022-01782-0
Orosei, R.; Lauro, S. E.; Pettinelli, E.; Cicchetti, A.; Coradini, M.; Cosciotti, B.;Di Paolo, F.; Flamini, E.; Mattei, E.; Pajola, M.; Soldovieri, F.; Cartacci, M.; Cassenti, F.; Frigeri, A.; Giuppi, S.; Martufi, R.; Masdea, A.; Mitri, G.; Nenna, C.; Noschese, R.; Restano, M.; Seu, R.(2018). Radar evidence of subglacial liquid water on Mars. Science, 361, 6401, 490–493. DOI: 10.1126/science.aar7268
Lalich, Daniel E.; Hayes, Alexander G.; Poggiali, Valerio (2024) Small variations in ice composition and layer thickness explain bright reflections below martian polar cap without liquid water. Science Advances, 10, 23. DOI: 10.1126/sciadv.adj9546
Egileaz:Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko uztailaren 8an: ¿Lagos subglaciales en Marte?
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Glaziar azpiko lakuak Marten? appeared first on Zientzia Kaiera.
Nola erraztu bigarren hizkuntzen ikasketa helduaroan
Hizkuntzak ikasteko hainbat prozesu konplexu jarri behar dira abian. Fonemak ikasi behar ditugu, haiek konbinatuz hitzak sortu, hitzak esanahi jakin batekin lotu eta egitura gramatikalen bidez esaldiak eraiki. Haur jaioberriek erraz eta naturalki jabetzen dute inguruan duten hizkuntza. Baina, ematen ditugun pausuak antzekoak izanagatik, bigarren hizkuntza bat helduaroan ikasi nahi dugunean, bestelakoa izan ohi da kontua. Heldu bihurtzeko prozesuan, gure burmuinak jasaten dituen aldaketa fisiologikoek zaildu egiten dute prozesu guztia.
Bigarren hizkuntza bat ikasten dugunean helduaroan, gure lehenengo hizkuntzan ez dauden fonemekin egingo dugu topo. Gure burmuinari asko kostatzen zaio fonema berriak ikastea eta erabiltzea. Zaila egiten zaigu bigarren hizkuntzako fonema berri horiek dituzten hitz berriak sortzea eta ulertzea. Egitura sintaktiko berriekin ere antzera gertatzen zaigu: zaila egiten zaigu gure lehenengo hizkuntzan ez dauden egitura sintaktikoak bigarren hizkuntzan prozesatzea. Argitaratu berri den ikerketa batean, Gogo Elebidunako ikertzaileek erakutsi dute bigarren hizkuntzak ikastean zail egiten zaizkigun egitura sintaktikoen ikasketa-prozesua erraztu daitekeela. Horretarako, lehenengo hizkuntzan ezagunak diren hitzak erabili dituzte, hitz kognatuak hain zuzen ere.
Irudia: bigarren hizkuntzak ikastean zail egiten zaizkigun egitura sintaktikoen ikasketa-prozesua erraztu daiteke hitz kognatuak direnei esker. (Argazkia: StockSnap – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay)Hitz kognatuak, itxura eta esanahia oinarrianBi hizkuntzetako hitzek itxura antzekoa badute eta esanahi bera badute, hitz kognatuak direla esaten da, katu (euskaraz) eta gato (espainolez) esaterako. Hainbat ikerketak erakutsi dute hitz kognatuak azkarrago eta errazago ekoizten, ikasten eta irakurtzen direla ez-kognatuak baino. Gainera, badakigu hitz kognatuek egitura sintaktikoen prozesamendua ere erraz dezaketela. Orain, lehenengo aldiz erakutsi da kognatuek hizkuntza berrien egitura sintaktikoen ikasketa-prozesua erraztu eta azkartu egiten dutela.
Ikerketa hau egiteko, euskara oinarrian zuten bi hizkuntza artifizial sortu ziren. Bi hizkuntza haiek bi hiztun talderi irakatsi zitzaizkien. Lehenengo hizkuntza espainola zuten eta ez zekiten euskaraz. Talde bakoitzak hizkuntza bat ikasi zuen. Biek egitura sintaktiko berberak ikasi behar izan zituzten, hots, subjektuek -k atzizkia hartu ohi zutela eta subjektu eta objektuen arteko hurrenkera malgua zela. Egitura sintaktikoak berberak izan arren, hiztegiaren itxura desberdina egiten zen: talde batek, ez-kognatua izena jaso zuenak, Sorosleak suhiltzailea elkarrizketatu du moduko perpausak entzun zituen bitartean, beste taldeak, talde kognatuak, Sokorristak bonberoa entrebistatu du modukoak entzun zituen. Partaideek, perpausak entzuten zituzten bitartean, haien esanahia adierazten zuen irudi zuzena aukeratu behar zuten. Bakoitzak ikasitakoa neurtzeko, zenbatu egin ziren aukera zuzenak eta okerrak.
Emaitzek erakutsi zuten sasi-euskararen egitura sintaktikoa ikasteko kognatuak erabili zituzten partaideek akats gutxiago egin zituztela perpausak eta irudiak parekatzeko orduan. Lehenengo hizkuntza espainiera zuten partaideentzat errazagoa bihurtu zen hiztegiaren ikasketa-prozesua ezagunak ziren hitz kognatuak erabiltzerakoan, eta beraz, baliabide gehiago izan zituzten egitura sintaktiko berrien ikasketarako. Aldiz, talde ez-kognatukoek hiztegiari arreta handia jarri behar izan zioten euskarazko perpausak irudiekin parekatzean, eta ondorioz, baliabide gutxiago geratzen zitzaizkien ikasi berri zuten egitura sintaktikoa erabiltzeko.
Hitz kognatuak eta haien aplikagarritasunaHortaz, ikerketa honen emaitzek adierazten dute sarbide lexikoa errazteaz gain, eta egitura sintaktikoen prozesamendua errazteaz gain, hitz kognatuek egitura sintaktikoen ikasketa-prozesua ere erraz dezaketela. EHUko Gogo Elebiduna taldearen ikerketa hau hizkuntzalaritza esperimentaleko laborategi batean egin da, sasi-hizkuntza artifizial miniaturizatuak erabiliz eta ahalik eta kontrol handiena ezarriz partaideen homogeneotasuna lortzeko. Hitz kognatuen errazte-efektuen inguruan eta hizkuntzen ikasketa-prozesuen inguruan oraindik ikerketa gehiago egin behar bada ere, badira zenbait aplikagarritasun emaitza hauekin lot daitezkeenak.
- Burura datorkigun lehen aplikagarritasuna hizkuntzen ikaskuntzarena da. Ikasleak bigarren hizkuntza bat ikasten hasten diren unean, ezagunak zaizkien hitzak eta egiturak erabil ditzakete, oso modu oinarrizkoan bada ere. Hortaz, bigarren hizkuntzen irakaskuntzako curriculumak diseinatzeko orduan, unean uneko beharren arabera, egitura konplexuak ikasteko lana erraztu diezaieke ikasleei hiztegiaren arintzeak eta, horrela, arrakasta handiagotu eta ikasleen frustrazio-egoera saihestu.
- Hezkuntza-sisteman arindu egin daiteke, era berean, tokian tokikoa ez den hizkuntza bat hitz egiten duten haurrek eskolak jarraitzeko duten aukera ere. Hau da, herrialde jakin batera iritsi berria den ikasle batek eskolako gaiak menderatzeko behar dezakeen ahalmen kognitibotik hizkuntzaren karga kentzen badugu, errazago bereganatuko ditu behar dituen ezagutzak.
- Sistema adimendunen kasuan, hizkuntza ikasteko aplikazioek eta adimen artifizialean oinarritutako plataformek kognatuak oinarritzat hartzen dituzten moduluak integratu ditzakete egitura sintaktiko berriak aurkezterakoan. Ikaskuntza intuitiboagoa egingo du horrek, eta ikaskuntza-fasean hasierako karga gutxituz, hobetu egin dezake erabiltzaile-esperientzia. Era berean, ikaskuntza-sistema egokituak sor daitezke non algoritmoek ikaslearen aurrerapenera egokitzeko aukera ematen duten, eta sintaxiarekin zailtasunak dituzten ikasleei kognatu gehiago eskaini ahal zaizkie, ez-kognatuak pixkanaka sartuz trebetasuna handitzen doazen heinean.
- Bukatzeko, gobernuek har ditzaketen hizkuntza-politiketan ere eragina izan dezakete ikerketa honen emaitzek. Alde batetik, gero eta gehiago entzuten den hezkuntza elebidunaren kasuan, tokian tokiko hizkuntzak eta nazioarteko hizkuntzak errazago eta azkarrago ikastea ekar dezaketen plangintzak sor daitezke kognatuen erabilera uztartuz. Eta bereziki, Europa eta antzeko eremuetan, non hizkuntza anitzeko testuinguruak gertatzen diren, hizkuntzen artean topatzen diren antzekotasunek (hizkuntza erromantzeen artean dauden kognatu kopuru handien kasuan bezala) herrialde ezberdinetako hiztunek elkarri errazago ulertzea ekar dezakete.
Behin erakutsita hiztegiaren karga arintzeak egitura sintaktikoen ikasketa-prozesua erraz dezakeela, etorkizunari begira, Gogo Elebiduna ikerketa-taldeak hiztegiaren eta sintaxiaren arteko elkarreragina ikertzen jarraituko du laborategian egin ohi den modu kontrolatuan. Epe laburrean, ikustea espero da bigarren hizkuntza bat erabiltzen ari garenean, kognatuen erabilerak natiboen antzeko prozesamendua eragin dezakeen ala ez.
Erreferentzia bibliografikoak:- Díaz, Begoña; Erdocia, Kepa; de Menezes, Robert F.; Mueller, Jutta L.; Sebastián-Gallés, Núria; Laka, Itziar (2016). Electrophysiological correlates of second-language syntactic processes are related to native and second language distance regardless of age of acquisition. Frontiers in Psychology, 7, 133. DOI:10.3389/fpsyg.2016.00133
- Hopp, Holger (2017). Cross-linguistic lexical and syntactic co-activation in L2 sentence processing. Linguistic Approaches to Bilingualism, 7 (1) , 96–130. DOI:10.1075/lab.14027.hop
- Pallier, Christopher; Colomé, Angels; Sebastián-Gallés, Núria (2001). The Influence of Native-Language Phonology on Lexical Access: Exemplar-Based Versus Abstract Lexical Entries. Psychological Science, 12 (6), 445-449. DOI:10.1111/1467-9280.00383
- Kroll, Judith F.; Dussias, Paola E.; Kinsey, Bice; Perrotti, Lauren (2015). Bilingualism, mind, and brain. Annual Review of Linguistics, 1, 377–394. DOI:10.1146/annurev-linguist-030514-124937
- Sanahuja, Noèlia; Erdocia, Kepa (2024). The impact of cognate vocabulary on explicit L2 rule learning. Language Teaching Research, 0 (0). DOI:10.1177/13621688241254
- Zawiszewski, Adam; Gutiérrez, Eva; Fernández, Beatriz; Laka, Itziar (2011). Language distance and non-native syntactic processing: Evidence from event-related potentials. Bilingualism: Language and Cognition, 14 (3), 400–411. DOI:10.1017/S1366728910000350
Kepa Erdozia Uriarte, Hizkuntzalaritzan doktorea eta UPV/EHUko irakaslea da; Noèlia Sanahuja Cobacho, Hizkuntzalaritzan doktorea da eta Gogo Elebiduna ikerketa-taldeko ikertzaileak dira biak.
The post Nola erraztu bigarren hizkuntzen ikasketa helduaroan appeared first on Zientzia Kaiera.
Artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten die etorkizuneko klima-kondizioei
Gariak eta artobeltzak CO2-maila eta tenperatura altuko lehorte-egoeretan nola erantzuten duten ikertu dute UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Sailean.
Berotegi-efektuak eragingo dituen lehorte, tenperatura eta CO2-maila altuko baldintzek arriskuan jarriko dituzte gari-ekoizpenak. Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileek egiaztatu dute artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten duela muturreko kondizio horietan, landareen hainbat parametro fisiologiko aztertuta.
Datuek argi uzten dute: etorkizuneko klima-kondizioak muturrekoak izatera irits litezke. Pello eta otsoa ipuin ezagunean bezala, “otsoa badatorrela” esaten dute datuek. Atmosferako CO2-a esponentzialki igo da azken hamarkadetan, eta hala jarraituko du hainbat urtez. Horren ondorioz, berotegi-efektua areagotu egingo da; litekeena da tenperatura globalak 3 °C igotzea, eta, hala, ur-eskasia ere areagotu egingo da planetako hainbat tokitan.
Irudia: artoblentza (Fagopyrun esculentum) landarea.(Ilustrazioa: Prof. Dr. Otto Wilhelm Thomé – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Horrenbestez, laboreek etorkizunean lehorte-garai luzeagoak eta gogorragoak jasan behar izango dituzte, CO2-maila eta tenperatura altuekin batera. Kondizio horiek kalte egiten diete labore konbentzionalei, hala nola gariari, eta horrek arriskuan jar lezake mundu mailan milioika pertsonak elikagaiak eskuratzeko duten aukera. Pello eta otsoaren ipuineko herritarrek ez bezala, zientzialariek badakite klima-aldaketa etorri badatorrela edota dagoeneko gertatzen ari dela. Ez dute ikuspegi baikorrik zentzu horretan, baina buru-belarri ari dira “otsoa” etortzen denerako erremedioak bilatzen.
UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Sailean, adibidez, ikertzen ari dira “ea etorkizuneko baldintza horietan zer labore alternatibok izan dezaketen aukera gehiago aurre egiteko —dio Xabier Simón ikertzaileak—. Litekeena da etorkizunean labore konbentzional askoren erabilera murriztea (garia, artoa…), eta haien ordez egoera berrietan hobeto aurrera egiten duten laboreak erabiltzea. Hortxe daude, adibidez, artobeltza, basartoa, espelta eta abar. Beraz, funtsezkoa da jakitea espezie horiek zer gaitasun izango duten lehorte handiko, tenperatura altuko eta CO2-maila handiko egoerak jasateko”.
Garia vs artobeltzaEtorkizunerako aurreikusten diren kondizioetan gariak eta artobeltzak nola erantzuten duten aztertu du Xabier Simónek, Jon Miranda eta Usue Pérez FisioKlima-AgroSosT taldeko ikertzaileekin lankidetzan: “Hazkuntza-ganbera batean hazi ditugu bi espezie horien landareak, tenperaturaren, CO2-aren eta lehortearen baldintzak kontrolatuz”. Landareen hainbat parametro fisiologiko aztertuz ikusi dute “artobeltzak baduela potentziala gariaren ordezko labore alternatibo izateko. CO2-maila eta tenperatura altuetan, lehorterik egon ez arren, jada hautematen da gariaren zenbait parametrok okerrera egiten dutela: gariaren hazkuntza mugatu egiten da, eta artobeltzarena, ordea, ez; bestalde, artobeltzaren fotosintesi-maila handitu egiten da, eta gariarena, txikitu. Oro har, agerian geratu da lehorte-egoeretan artobeltzak hobeto erantzuten duela gariak baino”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten die etorkizuneko klima-kondizioei
Erreferentzia bibliografikoa:Simón Martínez-Goñi, Xabier; Miranda-Apodaca, Jon; Pérez-López, Usue (2024). Enhanced photosynthesis, transpiration regulation, water use-efficiency and growth in buckwheat outperforms wheat response to high [CO2], high temperature and drought. Environmental and Experimental Botany, 222. DOI: 10.1016/j.envexpbot.2024.105756
The post Artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten die etorkizuneko klima-kondizioei appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #503
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
BiologiaLurreko mikrobio eta organismo asko lozorroan sartzen dira baldintza txarrei aurre egiteko. Duela gutxi, Balon permafrost artikoan hibernatzen duten bakterioa aurkitu zuten, zeluletan proteinen ekoizpena gelditu eta berehala berrabiarazten duena, jarduera betean erribosomak etenez. Hibernazio mekanismo hori bakterioetan ohikoa da, eta funtsezkoa izan daiteke organismoek muturreko inguruneetan edo klima-aldaketaren aurrean bizirauteko. Hibernazioa funtsezko estrategia da Lurreko bizitzarako, eta baldintzak hobetzen direnean bizirauteko aukera ematen du. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
TeknologiaEtorkizuna zalantzazko helmuga baino gehiago da; gure erabaki eta aurrerapen zientifikoak gidatzeko tresna da. Gaur egungo gizarteak etorkizunaren ikuspegi iluna izateko joera badu ere, Gisela Bañosek kontatzen duen bezala, garai bakoitzak modu desberdinetan irudikatu du. Zientziarekiko eszeptizismo gero eta handiagoa izan arren, zientziak funtsezkoa izaten jarraitzen du aurrerapenerako. Etorkizuna oraingo erabakietan eta posible dena irudikatzeko gaitasunean oinarrituta eraikitzen da, baina ez beti egiantzekoa. Datuak Zientzia Kaieran.
BiokimikaMagnetosomen degradazioa biriketako kartzinoma eredu batean ikertu du Magnetismo eta Material Magnetikoen Taldeak. Nano-XANES teknika erabili dute magnetosomak degradatu egiten direla behatzeko, giza zelulek harrapatu eta ferritinaren barruan magnetita bihurtzen dituzten burdin ioiak askatuz. Prozesu hori zelulen oxidazio-estresarekin lotuta egon liteke. Aurkikuntzak funtsezkoak dira nanopartikula magnetikoek gaixotasun neurodegeneratiboetan duten papera eta minbizia tratatzeko duten potentziala ulertzeko, bereziki epe luzera eta dosi txikiagoetan. Journal of Nanobiotechnology aldizkarian argitaratu da ikerketa. Informazioa Elhuyar aldizkarian.
Adimen artifizialaUPV/EHUk eta Paueko Unibertsitateak EDUTEC aldizkarian argitaratu dute ikerketa bat, non Adimen Artifizialak nola erantzuten dien etorkizuneko irakasleen ebaluazioei aztertu dute. AAko hiru sistema erabiliz (ChatGPT, Gemini eta Copilot), Lehen Hezkuntzako testuak ebaluatu zituzten. ChatGPT giza ebaluazioetara gehiago hurbildu zen % 70eko zehaztasunarekin. Errendimendu akademiko hobea zuten irakasleek lerrokatze handiagoa erakutsi zuten AArekin, eta horrek prestakuntzaren eta ebaluazioko AAren zehaztasunaren arteko erlazioa iradokitzen du. Ikertzaileek nabarmendu dute AAk ebaluazio zama murriztu eta irakaskuntza pertsonalizatu lezakeela ikasgela jendetsuetan. Azalpenak Alea aldizkarian.
Klima-aldaketaEuropako Ingurumen Agentziaren txosten baten arabera, Europako azaleko uren % 37 baino ez daude egoera ekologiko onean, eta % 29 egoera kimiko onean daude. Besteak beste, klima-aldaketa, nekazaritza- eta industria-poluzioa eta gehiegizko ustiapena eragiten dituzte. Lurpeko urak egoera hobean badaude ere (% 77 kimikoki osasuntsuak), Europako segurtasun hidrikoa arriskuan dagoela ohartarazi du txostenak. Pestiziden erabilera murriztea eta praktika iraunkorrak sustatzea eskatu dute. Europako Ingurumen Agentziak ur-kontsumoa murrizteko eta ekosistemak leheneratzeko eskatu du, klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko. Datuak Berrian.
MatematikaCamerata Fiorentina, Giovanni Bardi kondearen babespean Florentzian (1572-1587) bildutako artista eta pentsalari taldea, funtsezkoa izan zen operaren sorkuntzan. Poesia eta musika harmonizatzea bilatzen zuten, Giulio Caccinik eta Jacopo Perik sartutako errezitatiboa bezalako tekniketan oinarrituta, bertsoei adierazkortasun handiagoa emateko. Vincenzo Galileik printzipio matematikoak aplikatu zizkion harmonizazioari, konposizioetan disonantzia eta kontsonantzia deskribatuz. Informazio guztia Zientzia Kaieran.
HezkuntzaOlatz Etxebarria Perez de Nanclares Psikodidaktikan doktorea da, eta hezkuntza sisteman trans identitateak txertatzeko gakoak ikertzen ari da. Irakaskuntzan izandako esperientziatik eta Harvardeko egonalditik abiatuta, funtsezko bost arlo identifikatu zituen: eskolako giroa, irakasleen formakuntza falta, igarotzea, sexu bidez segregatutako espazioak eta ongizate emozionala. Haren emaitzek agerian uzten dute irakasleen prestakuntza falta eta ikuspegi inklusiboago baten beharra. Gainera, Etxebarriak “Pre-Texts” metodologia proposatu du, ikasleen arteko komunikazioan eta lankidetzan oinarrituta. Hezkuntza inklusiboago baten bidez aldaketa soziala sustatzea du helburu, ikasgeletan genero binarismoa gaindituz. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEUko webgunean.
HizkuntzalaritzaHizkuntzaren izaera ikuspegi filosofiko, neurozientziazko eta linguistikoetatik aztertzen du Beatriz Fernandezen Hizkuntza gogoan (2020) liburuak. Hizkuntzari buruzko galderen bidez, haur basatiek hitz egiten ikas dezaketen edo animaliek hizkuntza duten, esaterako, Fernandezek erakusten du denok garela hizkuntza sortzaileak. Besteak beste, genozidioaren eragin kulturala eta linguistikoa, nazioarteko adopzioetan ama hizkuntza galtzea, eta hizkuntzaren eta emozioen arteko harremana jorratzen ditu. Liburuak irakurlearen jakin-mina piztu nahi du hizkuntzaren inguruan, ikerketan oinarritutako erantzunak eskainiz. Datuak Zientzia Kaieran.
Egileaz:Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.
The post Asteon zientzia begi-bistan #503 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #510
Aurten, Fisikako eta Kimikako Nobel saridunek harreman estua dute. Fisikakoak ikasketa automatikoaren oinarri fisikoak saritu dituen bitartean, kimikakoak makina-ikaskuntza horren ordura arteko garrantzi zientifiko handieneko aplikazioetako bat nabarmendu du. Nobedadea zera da: enpresa pribatu batean egindakoa, Deep Mind. Machine learning cracked the protein-folding problem and won the 2024 Nobel Prize in chemistry, Marc Zimmerren eskutik.
Kimikarekin jarraituz, argi-bisturi bat erabilita ultraestimazioko kirurgia egitea bezala da honako hau. Using light to replace an oxygen atom with a nitrogen atom in a furan molecule.
Matematikak partikula-azeleragailuen teknologiari ematen diona, bere egileetako batek azalduta: New linear optics of particle accelerators using Moebius transformation, Victor Etxebarria.
Onartu beharra dago. Energia nuklearrak onura nabarmenak ditu. Nuclear rockets could travel to Mars in half the time, Dan Kotlyarrek egina.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #510 appeared first on Zientzia Kaiera.
Eta Ilargia existituko ez balitz?
Zer gertatuko litzateke Ilargia existituko ez balitz? Mareak, Lurraren errotazioa eta tenperaturak kaltetuko liratekeela, eta bizitzeko lekurik ez litzateke izango guretzat.
Ilargia da gure ozeanoetan eragin gehien duena, eta desagertuko balitz, mareak askoz ere ahulagoak izango lirateke.
Baina, horretaz gain, Ilargiak gure Lurraren errotazioa moteltzen du; Ilargia kenduta, egunek zortzi orduko iraupena izango lukete, eta 200 km/h-ko haizea arrunta litzateke lurrazalean.
Lurraren errotazio-ardatza ere egonkortzen du Ilargiak, eta, harik gabe, urtaroak ere desagertuko lirateke.
Eta…? ataleko bideoek galdera honi eta beste batzuei heltzen die, eta hainbat egoera hipotetiko zientziaren bidez azalen dira bertan. Atal hau Órbita Laika (@orbitalaika_tve) eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arteko elkarlanaren emaitza dira.
The post Eta Ilargia existituko ez balitz? appeared first on Zientzia Kaiera.
Hizkuntza gogoan
Hizkuntza gogoan (2020) liburuak hamaika filosofia erreferentzia, neurozientzialari, hizkuntzalari, aktore, bertsolari, literaturako pertsonaia, pasadizo eta kontakizun ditu. Zer da hizkuntza galderari erantzun nahi izatetik hasita, denok garela sortzaile esango digu Beatriz Fernándezek.
Irudia: Hizkuntza gogoan liburuaren azala. (Iturria: Erein)Jakin-minak zehazten du ikertzaileen lanaren norabidea. Dena delako gaiari buruz arazo bat aurkitzen da, galderak sorrarazten ditu eta erantzuna ematen zaie. Halaxe gorpuzten da zientzia, eta zientzien artean, hizkuntzalaritza. Zer da hizkuntza? Haur basatiek hizketan ikas dezateke? Gu al gara hitz egiteko gai diren animalia bakarrak? Txinpantzeek hizketan ikas dezakete? Xibarta baleek beti kantu bera kantatzen al dute? Arrazoia ote zuen Nelson Mandelak zioenean “[inori] bere hizkuntzan hitz egiten badiozu, hori bere bihotzera joaten dela”? Zergatik hiltzen dituzte Kanadan Lehen Nazioetako neskato eta emakumeak? Genozidioak ba al du zerikusirik hizkuntza eta kulturarekin? Ama hizkuntza galtzen al dute atzerrian adoptatutako haurrek? Gure barruko ahotsa hizketaldi bihur daiteke soinurik ahoskatu gabe? Hauexek dira irakurleak liburu honetan aurkituko dituen galderetako batzuk eta ikerkuntzak eman dizkien erantzunak. Ziur aski ez dira behin betiko erantzunak izango, baina irakurlearen jakin-mina hauspotuko dute beharbada.
Beatriz Fernández Fernández UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasle titularra da. 1997an doktoratu zen unibertsitate berean. Euskaltzaindiko euskaltzain urgazlea da 2013az geroztik. Euskarari eta aldakortasun sintaktikoari buruzko zenbait lan eta liburu idatzi eta editatu ditu hemen zein nazioartean.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Hizkuntza gogoan
- Egilea: Beatriz Fernández
- ISBN: 978-84-9109-728-0
- Hizkuntza: Euskara
- Urtea: 2021
- Orrialdeak: 120 or.
Erein argitaletxea: Hizkuntza gogoan
The post Hizkuntza gogoan appeared first on Zientzia Kaiera.
Poesia harmonizatzeko metodo matematikoak
Camerata Fiorentina delakoa musikari, poeta eta humanista talde bat izan zen, gutxi gorabehera 1572 eta 1587 urteen artean jardun zuena Florentzian, Giovanni Bardi kondearen babesaren pean eta haren jauregian. Cameratako kide garrantzitsuenetako batzuk Vincenzo Galilei musikaria, Giulio Caccini eta Jacopo Peri kantariak eta Ottavio Rinuccini poeta izan ziren. Haiek ezarri zituzten gaur egungo opera deitzen diogun horren oinarri intelektual, teoriko eta praktikoak.
1. irudia: Florentziako Palazzo Bardiko patioa, Bruneleschi-rena, ustez. Bertan biltzen zen Camerata Fiorentina. (Argazkia: Francesco Bini – CC BY 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Poesia harmonizatzea: errezitatiboak eta tonemakCameratak antzinateko poema edo drama klasiko garrantzitsuak modernizatu, musikatu eta antzokietan antzeztu nahi zituen. Giulio Caccinik eta Jacopo Perik bertsoen eta elkarrizketen errezitatiboa sortu zuten, sekulako asmakuntza musikala, antzezle eta abeslarien giza ahotsa goratzeko pentsatua. Giza hizkuntzen ohiko intonazioan oinarritzen zen, baina —ahotsaren inflexio egokien bitartez— adierazkortasun, komunikazio, sentimendu eta musikaltasun hobea emanez.
Fonetikan esaldi baten intonazioa tonemen bitartez sistematiza dezakegu. Tonemek ahots tonuaren igoerak eta jaitsierak markatzen dituzte. Esaldi bera, tonema desberdinekin intonatua, baieztapen bat, zalantza bat edo galdera bat izan daiteke, edo haserrea, poza, tristura edo beste sentimendu batzuk adieraz ditzake. Caccinik eta Perik ahotsaren inflexio adierazkor horiek formalizatu zituzten, testuan nota musikalak idatziz, poema bateko bertsoak edo antzerki lan bateko esaldiak musikalki errezitatzeko. Errezitatiboaren teknika, beraz, lehen pausoa izan zen poesia eta literatura musikatzeko, eta funtsezkoa izan zen opera garatzeko.
Matematika: melodia, intonazioa, eufonia eta ebazpenaPoema bat harmonizatzeko, ahots bat baino gehiago sartu behar ditugu, eta lortu behar dugu biak aldi berean eufoniko entzutea. Vincenzo Galileik Della musica antica et della moderna obran, matematikoki azaldu zituen aldi berean entzuten diren bi noten disonantzia eta kontsonantzia, Gioseffo Zarlino musika teorialariaren ideiak oinarri hartuta. Arau matematiko soil batzuk eman zituen aldibereko bi esaldi musikal ebazteko. Noten progresio ordenatu bat proposatu zuen, eufonia handiago edo txikiagoarekin. Amaieran nota biren arteko jauzi tentso bat zegoen, eta jarraian itzulera erlaxatu bat giza hizkuntzan espero den azken notara.
Beraz, arau matematiko horizontal (melodia eta intonazioa) eta bertikal (eufonia eta ebazpena) soil batzuk erabiliz, azaltzen da intuitiboki bi ahotsetan kantatzen ari diren bi pertsonaren arteko harmoniarik sinpleena eta ezagunena, hirudun, bostun, zortzidun edo unisonoen bitartez, pitagorikoek jadanik altxorra bezala maite zutena, bere purutasunagatik. Arau berak aplikatzen dira aldi berean entzun behar direnak ahots bi baino gehiago badira.
Händelen adibideaMusikara dedikatzen diren pertsonek “letretako” jendetzat jo ohi dute beren burua, beharbada ez dietelako azaldu arteek, eta bereziki musikak, matematikatik edaten dutela. Poesia harmonizatzearen adibide bat emateko, bizitzan ikaragarrizko arrakasta, aitorpena eta zoriona ezagutu zituen konpositore handi bakanetako baten praktika sinple bat ikusiko dugu: Georg Friedrich Händel dugu musikari hori, guztiz maitatua izan zena bera adoptatu zuen herrialdean, eta ohore guztiez lurperatu zutena Westminsterreko Abadian.
Händelen lehen opera Rinaldo izan zen, 1711ko otsailaren 24an estreinatua Haymarketen Queen’s Theatren. Egileak ikasitako opera estilo italiarrak eta Giacomo Rossi poetaren italierazko libretoak sekulako arrakasta izan zuten.
1. irudian Rinaldoren II. aktoaren jatorrizko eskuizkribuaren zati bat ikusten da. Arganteren errezitatibo bat hasten da: Oscura questo pianto il bel fuoco d’amor, ch’in me s’accese per te, mia cara. Honela erantzuten dio Almirenak: In questi lacci avvolta, non è il mio cor soggetto d’un amoroso affetto. Errezitatibo batean zein bestean, Giulio Caccini eta Jacopo Periren asmakuntza musikalari bete-betean jarraituz, Händelek nota musikalen bidez kokatu ditu tonemak, esaldiei intonazio egokia emateko.
1. irudia: G. F. Händelen Rinaldoren jatorrizko eskuizkribua (II. aktoa, IV. eszena): Arganteren errezitatiboa (“Oscura questo pianto”) eta Almirenaren errezitatiboa (“In questi lacci avvolta”), eta Almirenaren ariarik famatuenetako baten (“Lascia ch’io pianga”) lehen konpasak. Wikimedia Commons.1. irudiko eskuizkribuaren beheko zatian dago opera honetako —eta Händelen opera errepertorio osoko— aria ezagunenetako baten lehen konpasen harmonizazio osoa. Har ditzagun bertso lerro hauek:
“Lascia ch’io pianga mia cruda sorte,
e che sospiri la libertà.”
Orain pasa dezagun garbira haien harmonizazio sinple-sinplea, adibide bat ikusteko zortzi konpasekin (lau konpas lerro bakoitzeko). Musika irakurtzen ez badakizu ere, ez du axola orain azalduko duguna ulertzeko.
2. irudia: ariako lehen lerroa, lau ahotsetan (1. biolina sopranoaren baliokidea da)3. irudia: ariako bigarren lerroa, lau ahotsetan (1. biolina sopranoaren baliokidea da)Hasteko, esango dugu Almirenaren aria fa maiorren dagoela. Harmonizazioa lau ahotsetan eginda dago. Hari laukote bat edo hari orkestra txiki bat balitz bezala kokatu dugu. Lerrorik akutuena lehen biolinak edo sopranoa dira: horrek abesten ditu hitzak.
Irakurketa horizontala eta bertikala2. eta 3. irudietan, lehen lerroa horizontalean irakurriz, sopranoak melodia abesten du. Gainera, bi lerro erritmikoak markatuta daude une adierazkor giltzarrietan kokatutako intonazio azentu inportanteen konbinazioaren bidez (cru-da) eta erritmo eten funtsezkoen (hau da, isiluneen) bitartez.
2. irudia bertikalean irakurtzen badugu, lehen konpasa ikusiko dugu, tonalitatearen lehen notan (fa-n) oinarritua. Akorde eufoniko hori, oso pitagorikoa, fa-la-do da, eta zenbaki erromatar bat ezarriko diogu (I). Ikus dezakegu nola aplikatzen diren Galileiren arau matematiko soilak —akordeen progresio ordenatua eta esaldi horien ebazpena— partituran baxuaren partean zenbaki erromatarrei erreparatuz. Ia ez dira mugitzen, bigarren eta hirugarren konpasetako disonantzia xumeren batzuk gorabehera. Horrek lehen lerroa amaitzeke uzten du, ia-ia galdera bat bezala, erantzun eske.
3. irudiari erreparatuta, bertikalean irakurtzen segitzen badugu eta zenbaki erromatarrei jarraituz, ikusiko dugu bigarren lerroko progresioa amaitzen dela triada tentso batez (V) eta jarraian modu erlaxatuan itzuliz giza hizkuntzan espero den azken notara (I), Camerata Fiorentinak azaldu zuen bezala. V-I itxiera horri musikan “benetako kadentzia” (erorketa) esaten zaio, eta amaiera ematen die esaldiei ia edozein estilo musikaletan.
Poema bat harmonizatzea ez da “letretako” kontu bat bakarrik. “Zientzietakoa” ere bada: haren arau matematikoek sentimenduak adierazten dituzte, eta istorio hunkigarri bat kontatzen dute. Entzun dezagun harmonizazio sinple honen emaitza, eta ikusiko dugu zergatik izan zen Händel hain estimatua bere garaian bertan ere:
Egileaz:Víctor Etxebarria Ecenarro Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga Kontserbatorioan diplomatutako luthierra da, eta Sistemen Ingeniaritzako eta Automatikako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU).
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko uztailaren 28an: Métodos matemáticos para armonizar la poesía.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Poesia harmonizatzeko metodo matematikoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Zertarako balio du etorkizunak?
“Gure ezagutza oro iraganari buruzkoa da, baina gure erabaki guztiak, berriz, etorkizunari buruzkoak” esan zuen behin Gregory Benford zientzia-fikzioa generoan aritutako idazleak. Hala ere, errealitatean, etorkizuna ez dugu gure erabakien arabera gauzatzen den zerbait balitz bezala hartzen, denboran nolabaiteko leku gisa baizik, nahikoa hurbiltzen garenean modu espontaneoan agertuko dena; eta gutxitan hautatzen dugu kontzienteki bertara eramango gaituen bidea.
1. irudia: aldaketak bizi ditugu, onartu ere ezin dugun abiaduran. (Argazkia: jingoba – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay)Eta hori, praktikan, autobidean gidaririk gabe bidaiatzearen parekoa da, seinaleei jaramonik egin gabe eta gure bidaiaren helmuga zein izango den erabaki gabe. Baliteke dena hain azkar joatea non ezin dugun antzeman kilometroek aurrera egiten dutela begiratzen ez dugun leiho batetik?
Baina, “zalantzazko” patua izateaz gain ―etorkizunak ematen dizkigun pistak antzematen jakiten badugu hain zalantzazkoa ez den arren―, etorkizunak ia inoiz kontuan izaten ez dugun funtzio bat bete dezake; izan ere, tresna bat izan daiteke. Horren adibide argi bat zientzian ikus dezakegu: aurkikuntza, ikerketa… Ezinezkoak dira geure burua etorkizunean kokatzen ez badugu, ez badugu helbururik edo xederik.
Gizateriaren historian zehar, garai bakoitzak etorkizuna bere modura imajinatu du. Tamalez, gure garaiaren kasuan nahiko itxura ospela du, baina ez da beti horrela izan. Neure buruari galdetzen diot ea neurri batean etorkizunaren ikuspegi horrek badaukan loturarik XX. mendearen erdialdean zientziak berarekin ekarri zituen desengainuekin, hala nola bonba atomikoa edo espazioa konkistatzeko agintzarekin; izan ere, azkeneko hori desagertu egin zen herrialde batek gailentzen zela erakutsi zuenean eta horrek buruan maiz planeta anitzeko gizateria globalaren ideia erabiltzen zutenen ametsak zapuztu zituen.
2. irudia: Bill Andersek Lurraren lehen argazkietako bat hartu zuen Ilargitik 1968ko abenduaren 24an, Apollo 8 misioan. Gaur egun, oraindik ere, gizateriak zerbait eskuratu nahi duenean lortu dezakeenaren eredu da. (Argazkia: Bill Anders. Iturria: NASA)Aurrerapen zientifikoen ondorioz egungoa gure espeziearen une emankorrenetariko bat izan arren, badirudi zientziarekin gero eta gutxiago fidatzen garela ―edo, besterik gabe, agian Internetek indar gehiegi ematen die gehiengoarenak izan beharrean burrunbatsuak diren ahotsei―.
Egunero, gutako askok zur eta lur ikusten dugu milaka urte daramatzaten egiaztatutako gertakariak zalantzan jartzen direla, hala nola Lurraren esferikotasuna; edo, bestela, XXI. mende betean, eta eskutan smartphone bat dugula ―arlo askotan hamarkadetako garapen zientifikorik gabe funtzionatuko ez lukeen objektua―, badira datu eta lege zientifikoak iritzi kontua direla uste duten pertsonak. Hortaz, deigarria da duela ez hainbeste, zientziaren lorpenak eta frogak egungoak baino lausoagoak zirenean, zientziarengan genuen konfiantza askoz handiagoa zela. Edo, beharbada, ez da hain deigarria. XIX. mendearen amaieran jaiotako norbait lasai asko bizi zitekeen argindarrik gabe, telefonorik gabe, irratirik gabe, autorik gabe, baita haurtzaroan bere anai-arreba gehienak hiltzen ikusi ere… eta egungo munduan hil zitekeen, non gaixotasunak errotik kentzen diren, planetako puntutik puntura berehalako komunikazioa dugun eta Ilargira iristea lortu dugun. Egoera ikusita, nola ez dugu zientzian sinetsiko?
3. irudia: motordun lehen hegaldia Wright anaien eskutik egin zen, 1903an. XIX. mendearen amaieran jaiotakoek lehenengo hegazkinaren garapena eta ilargira iristeko unea bizitzeko aukera izan zuten. Iturria: jabetza publikoa (Argazkia: John T. Daniels – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Hura izan zen pentsamendu zientifikoaren une ederrenetako ―eta eroenetako― bat; hots, zientziaren eta teknologiaren lehen aurrerapen modernoak “estreinatu” zituena, jostailu berrien antzera. Haurren antzera. Nahiko luze iraun zuen, gutxienez XX. mendeko 50eko edo 60ko hamarkadetara arte, non inoiz ez bezala etorkizuna irudikatu zen… Distopia alde batera uztean askori burura etortzen zaigun etorkizuna: auto hegalariak, domotika, automatizazioa, fusio-energia edo hyperloop-a… Non geratu zen hori guztia? Ba, hala ez dirudien arren, edonon dago.
4. irudia: eta ez pentsa orain arte auto hegalaririk asmatu ez denik. Modern Mechanics aldizkariaren 1933ko urtarrileko alean saiakeraren bat aipatu zen, baina praktikan ez ziren oso bideragarriak. Iturria: eskubiderik gabea. (Argazkia: domeinu publikoko irudia. Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)Hasieran aipatu bezala, etorkizuna erabaki bat da, eta ikuspegi batzuekin aurrera egitea erabakitzen dugu, eta, beste batzuekin, berriz, ez da hori gertatzen. Beste kontu bat da horren zergatia edo atzean egon daitezkeen interesak zein diren. Beste batzuetan, berriz, ezintasun tekniko bat da arrazoia. Iraganeko etorkizun horietan erreakzio hegazkinak, satelite geoestazionarioak eta xurgagailu robotikoak aipatu ziren, bai eta komunikazio sare globalak, ordenagailu eta telefono eramangarriak ere… Baina agian horretara oso ohituta gaude eta ez gaitu gure autoak zerua zeharkatzeak bezainbeste harritzen. Ziur? Auto hegalariak edonon aurki daitezkeen munduan biziko bagina, miresgarriak izango lirateke?
Etorkizuna imajinatzea posible izan litekeen oro imajinatzea da, besterik gabe. Ez da egiantzeko egoera izan behar, egoera posiblea baizik, eta, horren bidez, memoria kolektiboan bideak ireki behar dira, garapen zientifikoa eta teknologikoa bideratzeko unea iristen denean bidean aurrera egin ahal izateko. Batzuetan ez gara une horretara iristen, eta beste batzuetan, berriz, beste bide batzuk hartzen ditugu, baina behin imajinatutakoa, modu batera edo bestera, gauzatu egin da. Hortaz, honako galdera hau planteatzea besterik ez zaigu geratzen: egia bihurtuko dela jakingo bagenu, zientziak zein etorkizunekin amets egitea nahiko genuke?
Erreferentzia bibliografikoak:Benford, G. (2010). The wonderful future that never was. Hearst Books.
Gil, J. M. eta Polanco Masa, A. (2017). Aviones bizarros. Los aparatos más asombrosos de la historia de la aviación. Glyphos.
Egileaz:Gisela Baños zientzia, teknologia eta zientzia fikzioaren dibulgatzailea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko maiatzaren 16an: ¿Para qué sirve el futuro?
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Zertarako balio du etorkizunak? appeared first on Zientzia Kaiera.
Lurreko bizitza gehiena lozorrotuta dago
Mikrobio eta zelula asko lo sakonean daude, aktibatzeko une egokiaren zain. Biologoek deskubritu dute zelula batean jarduera bat-batean geldiarazten duen eta arintasun berarekin berriro aktibatzen duen proteina oso hedatu bat.
Duela gutxi jakinarazi da Balon izeneko proteinaren deskubrimendua. Proteina hori gai da proteina berrien zelula ekoizpena erabat gelditzeko. Balon permafrost artikoan hibernatzen duten bakterioetan aurkitu da, baina badirudi beste organismo askok ere ekoizten dutela eta bizitzaren zuhaitz osoan alde batera utzi den lozorro mekanismo bat izan daitekeela.
1. irudia: zailtasunen aurrean, mikrobio asko inaktibatu egiten dira. Ikerketa berri batean, zelula baten proteina ekoizpena istant batean gelditzen duen proteina nonahiko bat deskubritu da. Argazkia: Nico Roper – Copyright lizentziapean. Iturria: Quanta Magazine)Bizi forma gehienentzat, isolatzeko gaitasuna bizirauteko funtsezko ahalmena da. Izan ere, edozein unetan aurre egin behar izaten diete elikagaien gabezia edo klima hotza bezalako baldintza gogorrei. Eta zorigaiztoko egoera horietan, etsi eta hil ordez, organismo askok lozorroaren artea menperatu dute. Beren jarduera eta metabolismoa moteltzen dituzte. Eta garai hobeak datozenean, biziberritzen dira.
Baina, benetan, egoera latentean egotea Lurreko bizitza gehienaren ohikotasuna da: estimazio batzuen arabera, zelula mikrobiano guztien % 60 hibernatzen ari dira une jakin batean. Zenbait organismotan, ez da gorputz osoa inaktibatzen (hala nola, ugaztun gehienetan), baina zenbait zelula populaziok atseden hartzen duten beren baitan, eta aktibatzeko une egokiaren zain geratzen dira.
«Lozorrotuta dagoen planeta batean bizi gara», adierazi du Sergey Melnikovek, Newcastleko Unibertsitateko biologo molekular ebolutiboak. «Bizitza, nagusiki, lo egotean datza».
Baina, nola da posible zelulek hori egitea? Urteetan zehar, ikertzaileek «hibernazio faktore» batzuk deskubritu dituzte, zelulek egoera latentea eragiteko eta mantentzeko erabiltzen dituzten proteinak. Zelula batek aurkako baldintza motaren bat detektatzen duenean (hala nola, gosea edo hotza), hibernazio faktoreen multzo bat ekoizten du, bere metabolismoa geldiarazteko.
Hibernazio faktore batzuek makineria zelularra eraisten dute; beste batzuek geneak adieraz daitezela eragozten dute. Garrantzitsuenek, aldiz, erribosoma desaktibatzen dute, proteina berriak eraikitzeko makina zelularra. Proteinen ekoizpenak hazkuntza prozesuan dagoen zelula bakteriano baten energia erabileraren % 50 baino gehiago hartzen du. Hibernazio faktore horiek harea botatzen dute erribosomaren engranajeetan, proteina berriak sintetiza ditzala eragotziz, eta, horrela, bizirauteko oinarrizko beharretarako energia gordetzen dute.
Urte honen hasieran, Nature aldizkariko argitalpen batean, ikertzaileek talde batek jakinarazi du hibernazio faktore berri bat deskubritu dutela, eta Balon jarri diote izena. Harrigarria bada ere, proteina oso arrunta da: haren sekuentzia genetikoaren bilaketa egiterakoak deskubritu zen sailkatutako genoma bakteriano guztien % 20an dagoela. Eta biologo molekularrek orain arte ikusi ez duten moduan funtzionatzen du.
Orain arte, erribosomak alteratzen zituzten hibernazio-faktore ezagun guztiek pasiboki funtzionatzen zuten: erribosoma batek proteina bat eraikitzen amaitu arte itxaroten zuten, eta gero proteina berri batekin hastea eragozten zioten. Balonek, berriz, esku balazta erabiltzen du. Zelularen erribosoma bakoitzean sartzen da, baita lanean ari diren erribosoma aktiboak oztopatzen baditu ere. Balonen aurretik, hibernazio faktoreak erribosoma hutsetan besterik ez ziren hauteman.
«Baloni buruzko artikulua xehetasunez beteta dago», komentatu du Jay Lennon biologo ebolutiboak, Indianako Unibertsitatean latentzia mikrobianoa aztertzen duenak (hark ez du ikerketan parte hartu). «Lozorroaren funtzionamenduari buruzko gure ikuspegia zabalduko du».
2. irudia: Karla Helena-Buenok hibernazio faktore arrunt bat deskubritu zuen nahi gabe Artikoko bakterio bat izotzetan denbora luzeegiaz utzi zuenean. «Naturan gutxi aztertutako txoko bat bilatzen saiatu nintzen, eta zerbait aurkitu nuen», adierazten du. (Argazkia: Karla Helena-Bueno – Copyright lizentziapea. Iturria: Quanta Magazine)Melnikovek eta haren graduondoko ikasle Karla Helena-Buenok Balon deskubritu zuten Psychrobacter urativorans bakterioan; bakterio hori hotzera egokituta dago, izoztutako lurzoruetakoa baita, permafrost artikoan bildutakoa. (Melnikoven arabera, bakterioa lehen aldiz aurkitu zen 1970eko hamarkadan, izoztutako saltxitxa pakete bat infektatzen ari zela; eta, ondoren, berriro deskubritu zuen Craig Venter genetista famatuak Artikora eginiko bidaia batean). P. urativorans eta arruntak ez diren bestelako mikrobioak aztertzen dituzte, bizitzaren espektro zabalean erabiltzen diren proteinak eraikitzeko tresnen aniztasuna karakterizatzeko, eta ulertzeko nola egoki daitezkeen erribosomak muturreko inguruneetara.
Lozorrua hainbat baldintzek eragin dezakete, hala nola goseak eta lehorteek. Hori dela eta, zientzialariek ikerketa egiten ari dira helburu praktiko bat buruan dutela: «Baliteke ezagutza horiek gerora erabili ahal izatea klima epelagoetara egoki daitezkeen organismoak diseinatzeko», adierazi du Melnikovek. «Eta, beraz, klima aldaketara egoki daitezkeenak ere bai».}«Eta, beraz, klima aldaketara egoki daitezkeenak ere bai».
Hona hemen: BalonHelena-Buenok kasualitatez deskubritu zuen Balon. P. urativorans konbentzitzen saiatzen ari zen, laborategian poz-pozik haz zedin. Baina, aitzitik, kontrakoa egin zuen. Kultiboa izotz kubo batean utzi zuen denbora luzeegiz, eta hotz kolpe bat aplikatzea lortu zuen. Bertan utzi zuela gogoratu zuenean, hotzera egokitutako bakterioak lozorroan zeuden jada.
Kultiboa alferrik ez galtzeko, ikertzaileek jatorrizko interesen bidean jarraitu zuten. Helena-Buenok hitzak eragindako bakterioetako erribosomak atera zituen eta cio-EM teknikaren pean jarri zituen. Crio-Em (mikroskopia elektroniko kriogenikoaren laburdura) egitura biologiko ñimiñoak bereizmen handian ikusteko teknika bat da. Helena-Buenok proteina trabatu bat ikusi zuen paralizatutako erribosomaren A lekuan, proteina berriak eraikitzeko aminoazidoak entregatzen diren «atean».
Helena-Buenok eta Melnikovek ez zuten proteina ezagutu. Izan ere, ordura arte inork ez zuen deskribatu. Beste proteina bakteriano baten antzekoa zen, erribosomaren atalak desmuntatu eta birziklatzeko garrantzitsua dena, hain zuzen; eta proteina hori Pelota deitzen da, gaztelaniazko terminoagatik. Eta horregatik deitu zioten Balon proteina berriari, “pelota”ren gaztelaniazko homonimo den “balón” hitzarengatik.
Balonek erribosomaren jarduera geldiarazteko duen gaitasuna egokitzapen kritikoa da estrespean dagoen mikrobio batentzat; halaxe azaldu du Mee-Ngan Frances Yapek, ikerketan parte hartu ez duen Northwesterneko Unibertsitateko mikrobiologoak. «Bakterioak aktiboki hazten direnean, RNA eta erribosoma asko ekoizten dituzte», adierazi du. «Estresatuta dagoenean, espezie batek itzulpen prozesua geldiarazteko beharra izan dezake», hain zuzen ere, RNA proteina berri bihurtzeko prozesua. Horrela, energia gorde ahal izango luke luzea izan daitekeen hibernatze aldirako.
Harritzekoa bada ere, Balonen mekanismoa prozesu itzulgarria da. Beste hibernatze faktore batzuk ez bezala, hazkuntza geldiarazteko sartu eta, ondoren, arin batean atera daiteke kasete zinta batekin. Ahalbidetzen du zelula bat arin sar dadila lozorro egoeran larrialdi baten aurrean, eta arintasun berarekin itzul ahal izan dadila bizitzara, baldintza hobeetara berregokitzeko.
Balonek gaitasun hori du erribosometara modu bitxian itsasten delako. Aurretik deskubritutako hibernatze faktore erribosomiko guztiek erribosomaren A lekua fisikoki blokeatzen dute. Hori dela eta, proteinak ekoizteko prozesuak abian badaude, horiek amaitu arte itxaron behar da faktorea elkartu ahal izateko, erribosoma desaktibatze aldera. Balon, berriz, kanaletik gertu jartzen da, baina ez hartan zehar. Hortaz, modu independentean mugi daiteke, erribosoma egiten ari dena alde batera utzita.
Balonen berritasun mekaniko hori gorabehera, proteina arrunt-arrunta da. Identifikatu ondoren, Helena-Buenok eta Melnikovek Balonen ahaide genetikoak aurkitu zituzten datu base publikoetan sailkatutako genoma bakterianoen % 20an. Texaseko Unibertsitateko Medikuntza Adarreko biologo molekular Mariia Rybaken laguntzarekin, proteina bakteriano alternatibo horietako bi karakterizatu zituzten: Mycobacterium tuberculosis giza patogenoaren bat, tuberkulosia eragiten duena; eta Thermus thermophilusen beste bat, P. urativorans aurkituko genukeen azken lekuan bizi dena, hau da, itsaspeko iturri hidrotermal ultraberoetan. Bi proteinak erribosomaren A lekuan elkartzen dira, halaber; eta horrek esan nahi du ahaide genetiko horietako batzuek, gutxienez, Balonen antzeko jokabidea dutela beste espezie bakteriano batzuetan.
Aitzitik, Balon ez da aurkitu Escherichia coli eta Staphylococcus aureus bakterioetan. Horiek dira zelulen lozorrorako gehien erabiltzen diren ereduak eta gehien aztertzen diren bakterio arruntenak. Laborategiko organismo gutxi batzuetan zentratzean, zientzialariek hibernatze taktika orokortu bat baztertuta utzi zuten, Helena-Buenoren hitzetan. «Naturan gutxi aztertutako txoko bat bilatzen saiatu nintzen, eta zerbait aurkitu nuen».
Mundu guztiak hibernatzen duZelula guztiek behar dute lozorroan egoteko gaitasuna, beren unearen zain. Melnikovek azaldu du E. coli bakterioaren laborategiko ereduak hibernatzeko bost modu ezberdin dituela, eta guztiak direla indibidualki mikrobioak krisi batean bizirauteko nahikoa.
«Mikrobio gehienak gosez hiltzen ari dira», adierazi du Lyongo Unibertsitateko Ashley Shade mikrobiologoak (hark ez du ikerketan parte hartu). “Premia egoera batean existitzen dira. Ez dira bikoizten ari. Ez dira beren bizitzarik onena bizitzen ari”.
Baina lozorroa ere beharrezkoa da gose aldietatik harago. Zenbait organismotan, ez da gorputz osoa inaktibatzen (hala nola, ugaztun gehienetan), baina, hala ere, zenbait zelula populazio aktibatzeko une egokiaren zain geratzen dira. Giza obozitoak inaktibo mantentzen dira hamarkadetan, ernalketarako zain. Gizakion ama zelulak hezur-muinean jaio eta inaktibo mantentzen dira, gorputzak deitzeko zain, orduan hazi eta bereizteko. Nerbio ehuneko fibroblastoak, immunitate sistemako linfozitoak eta gibeleko hepatozitoak fase latenteetan sartzen dira, inaktibo eta dibisiorik gabe, eta aurrerago berraktibatzen dira.
«Ez da bakterio edo arkeoen ezaugarri esklusiboa», adierazi du Lennonek. “Bizitzaren zuhaitzeko organismo guztiek dute estrategia hori lortzeko modu bat. Beren metabolismoa geldiaraz dezakete”.
Hartzek hibernatzen dute. Herpesaren birusak lisogenizatzen dira. Zizareek dauer etapa bat dute. Intsektuak diapausan sartzen dira. Anfibioek estibazioa egiten dute. Txoriak logalean. Eta hitz guzti horiek gauza bera adierazten dute: lozorro egoera bat, organismoek baldintza hobeak daudenean aldatu dezaketena.
«Hibernazioa asmatu aurretik, bizirauteko modu bakarra hazten jarraitzea zen, etenik gabe», azaldu du Melnikovek. “Bizitza pausan jartzea luxua da”.
Baita seguru mota bat ere populazio mailan. Zelula batzuek lozorro egoera bilatzen dute ingurunean aldaketak detektatuta eta horiei erantzuteko. Hala ere, bakterio askok estrategia estokastikoa erabiltzen dute. «Ausaz fluktuatzen duten inguruneetan, batzuetan, lozorro egoeran sartu ezean, populazio osoa desager liteke» hondamendiekiko ausazko topaketen ondorioz, azaldu du Lennonek. Are E. coli kultibo osasuntsu, alai eta hazkuntza arinekoenetan ere, zelulen % 5 eta % 10 artean inaktibo mantentzen dira. Horiek dira biziko direnak beren lehengusu aktiboago eta zaurgarriagoei zerbait gertatzen bazaie.
Zentzu horretan, lozorroa hondamendi globaletan bizirauteko estrategia da. Eta horregatik ari da Helena-Bueno hibernazioa ikertzen. Jakin nahi du zein espezie manten liratekeen egonkor klima aldaketa gorabehera, zeintzuk izango luketen berreskuratzeko aukera, eta zein prozesu zelularrek —hala nola Balonek bultzatutako hibernazioa— lagun zezaketen horretarako.
Melnikovek eta Helena-Buenok espero dute Balonen deskubrimenduak eta haren ubikuitateak jendeari lagun diezaioten bizitzan garrantzitsua dena birplanteatzen. Guztiak inaktibatzen gara askotan, eta askok benetan gozatzen dugu egoera horretaz. «Bizitzaren herena ematen dugu lotan, baina ez dugu horri buruz hitz egiten», komentatu du Melnikovek. Lotan gaudenean galtzen ari garenaz kezkatu beharrean, Lurreko bizitza guztiarekin konektatzen gaituen prozesua dela pentsa dezakegu, Artikoko permafrostaren sakontasunean lotan dauden mikrobioekin ere bai.
Jatorrizko artikulua:Dan Samorodnitsky (2024). Most Life on Earth Is Dormant, After Pulling an ‘Emergency Brake’, Quanta Magazine, 2024ko ekainaren 5a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Lurreko bizitza gehiena lozorrotuta dago appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #502
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
AntropologiaEuskal kobazuloen ikerketa batek iradokitzen du Paleolitoko labar arteak funtzio anitz zituela. Metodo konputazionalen erabilera konbinatua erabili dute UPV/EHUko ikertzaileek, hala nola 3D teknologia, informazio geografikoko sistemak eta aldagai anitzeko estatistika. Teknika horien bidez, Madeleine aldiko labar-irudiak lau klusterretan biltzen direla egiaztatu dute. Ikerketak tekniken eta kokapenen aldakortasuna nabarmentzen du, sakoneraren arabera haitzuloen erabilera desberdinak adieraziz. Informazio guztia Kaieran.
NeurozientziaZientzialariek Drosophila melanogaster ozpin- euli heldu baten garun osoaren mapa egin dute: 140.000 neuronaz eta 50 milioi konexio baino gehiagoz osatua. Nature aldizkarian argitaratu dute, eta 300 ikertzailek hartu dute parte proiektuan, eta adimen artifizialeko 21 milioi irudi eta eredu erabili dituzte 3Dko mapa zehatza egiteko. Aurrerapen horri esker, hobeto aztertu ahal izango dira garunaren funtzionamendua eta gaixotasun neurologikoak. Gainera, 8.400 zelula-mota baino gehiago identifikatu dituzte eta horietatik 4.581 berriak dira. Datu-basea modu irekian dago eskuragarri beste ikertzaile batzuentzat. Datuak Elhuyar aldizkarian.
MedikuntzaVictor Ambros eta Gary Ruvkun biologoek jasoko dute 2024ko Medikuntzako Nobel saria, mikroRNAk eta geneen transkripzio osteko erregulazioan duten funtzioa aurkitzeagatik. RNA txiki horiek gene-jarduera erregulatzen dute, zelula mota desberdinak behar bezala gara daitezen ahalbidetuz. Caenorhabditis elegans zizarearekin egindako ikerketek erakutsi zuten nola mikroRNAek gene gakoen aktibazio denborak erregulatzen dituzten. Hasieran komunitate zientifikoan oihartzunik izan ez bazuten ere, 2000n baieztatu zen mikroRNAek zeregin unibertsala dutela organismo zelulanitzetan. Haren funtzionamendu txarrak minbizia bezalako gaixotasunak eragin ditzake, eta horrek zelulen garapenean eta funtzionamenduan duen garrantzia nabarmentzen du. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian eta Berrian.
Klima-aldaketaMunduko Meteorologia Erakundeak argitaratutako ‘Munduko baliabide hidrikoen egoera’ txostenaren arabera, ur gezaren eskuragarritasuna murrizten ari da. 3.600 milioi pertsonak baino gehiagok ur-eskasia dute urtean hilabete batez, gutxienez, eta kopuru hori 5.000 milioira igo daiteke 2050erako. Klima-aldaketak, lehorteak, uholdeak eta 2023ko tenperatura errekorrak tarteko, egoera larriagotu du: Amazonas bezalako ibaiei eragin die, eta glaziarren galera azkarra eragin du. Informazio guztia Berrian.
PaleontologiaIkertzaileek proposatu dutenez, duela 13.000 urte, historiaurreko gizakiek mamutak ehizatzen zituzten, lurrean lantzak sartuta, bota beharrean. Defentsarako teknika horrek, zaldien kontrako gailu militar historikoen antzekoa, areagotu egingo zuen inpaktua animaliak lantzetarantz korrika zihoazenean. Esperimentuek erakutsi zuten estrategia horrek lantzak jaurtitzeak baino kalte handiagoa eragin zezakeela, eta, aldi berean, tresna baliotsuak zaindu. Hipotesiak iradokitzen du Ipar Amerikan aurkitutako Clovis puntak defentsarako erabili izan zitezkeela, eta horrek aldatu egingo lukeela historiaurreko ehizari buruzko gure ulermena. Datuak Zientzia Kaieran.
FisikaJohn J. Hopfieldek eta Geoffrey E. Hintonek Fisikako Nobel saria jasoko dute, ikasketa automatikorako funtsezkoak diren sare neuronal artifizialei egindako ekarpenengatik. Hopfieldek osatu gabeko irudiak berreraikitzen dituen memoria asoziatiboaren sarea sortu zuen, espin atomikoen elkarrekintzan inspiratuta. Hintonek, bere aldetik, Boltzmann Makina garatu zuen, ezkutuko nodoak erabiltzen dituen metodoa, patroiak modu autonomoan ikasteko. Biek ezarri dituzte egungo adimen artifizialaren oinarriak, eta hainbat aplikazio nabarmendu dituzten, hala nola egitura molekularren iragarpena eta material aurreratuen garapena. Azalpenak Elhuyar aldizkarian eta Gara egunkarian.
KirolaHaritz Esnalek eta Saioa Martinez de Lahidalgak hilekoaren zikloak ultra-distantziako korrikalariengan duen eraginari buruzko ikerketa bat argitaratu dute Osagaiz aldizkarian. 46 parte hartzailerekin, % 76k esan zuten hilekoak eragina zuela haien kirol errendimenduan, eta hainbat sintoma nabarmendu zituzten: puztuta egotearen sentsazioa (% 73,9), nekea (% 47,8) eta bizkarreko mina (% 34,7), besteak beste. Iraupen luzeko kiroletan emakumeei buruzko ikasketarik ez egoteak bultzatu zuen ikerketa. Emakumeen fisiologian erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratzen dute egileek, eta lagina zabaltzeko eta alor horretan kalitatezko azterketa gehiago egiteko beharra nabarmentzen dute. Informazioa UEU webgunean.
BiologiaWolbachia bakterioa soilik zelula zitoplasmaren barruan bizi daiteke eta belaunaldi batetik bestera obuluen bidez transmititzen da. Intsektuak eta artropodoak infektatzen ditu, eta ostalarien sistema endokrinoa manipulatzen du, feminizatuz edo partenogenesia egiten. Ikerketa baten arabera, Encarsia formosa liztorrean, Wolbachiak intsektu batetik lapurtutako genea erabiltzen du Piff proteina ekoizteko, eta proteina horrek Transformer (Tra) proteina gisa jokatzen du, feminizaziorako funtsezkoa dena. Datuak Zientzia Kaieran.
ArgitalpenaDinosauroen inbentarioa (2018) liburu irudiduna dinosauroen arora garamatza eta 47 espezie aztertzen ditu garai geologikoen arabera banaturik. Virginie Aladjidik idatzia, eta Emmanuelle Tchoukrielen ilustrazioekin, liburuak Lurreko bizitzaren jatorritik orainaldira garamatza, gaur egungo hegaztiak antzinako erraldoi horien ondorengoak direla agerian utziz. Datuak Zientzia Kaieran.
ZoologiaSatsue Mito maistra japoniarra funtsezkoa izan zen Kōjima uharteko makakoen portaeraren azterketan. 1953an, jan aurretik batatak garbitzen ikusi zuen Imo izeneko makako eme bat eta kulturalki tximino gazteen artean transmititu zen jokabidea. Makakoen artean itsasoan bainatzeko ohitura eragiteko ardura ere izan zuen. Aurkikuntza horiek primateen transmisio kulturala ulertzen lagundu zuten. Mitok makakoak aztertzen eta zaintzen eman zuen bizitza, eta haren ondareak gaur egungo ikerketa primatologikoan jarraitzen du. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Egileaz:Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazio digitaleko teknikaria.
The post Asteon zientzia begi-bistan #502 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #509
Baliteke arriskuan dauden espezieen desagerpena saihesteko arma sekretua genetikan egotea, katamotz iberikoaren kasuan ikus daitekeen bezala. Iberian lynx’s potential secret weapon against extinction, Johanna L.A. Paijmans, Axel Barlow eta José A. Godoy.
Komenigarria litzateke adimen artifizialak ogi txigortuan norbaiten aurpegia ikusteko gai izatea? AI pareidolia: Can machines spot faces in inanimate objects?
THCak, marihuanaren printzipio aktiboak, bere onurak izan ditzake zahartzean, Long-term, low-dose THC can improve cognitive decline in mice, Rosa-García Verdugoren eskutik.
Bilioi (europarra) bat erreferentzia dituen liburutegi batean bilatu behar dela. Minbiziaren aurkako tratamendu bat bilatzeko bada, egin egiten da, baina adimenez. DIPCko jendea Helix-focused peptide libraries for de novo inhibitor discovery
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #509 appeared first on Zientzia Kaiera.
Satsue Mito, makakoei begira egoten zen maistra
Primateen jokabideari buruz dakizkigun gauza asko eta asko hainbat emakumeren azterketei esker izan dira, emakume adimentsu horiek behatzeko gaitasuna ere izan dutenez, animalia horien berezitasun harrigarriez ohartu baitira.
Satsue Mito Japoniako irakaslearen egitekoa funtsezkoa izan zen primatologiaren historian gehien aipatzen den azterlan batean. Azterlan horren arabera, makakoen ohiturak talde eta belaunaldi batetik bestera igarotzen dira komunikazioaren bidez, herentzia biologikoaren bidez igaro ordez.
1. irudia: Satsue Mito tximu batekin. (Iturria: Mujeres Con Ciencia)Satsue Mito 1914ko apirilaren 21ean jaio zen Saeki-kun, Hiroshimako prefekturako zortzi barrutietako batean, Japonian. 1932an lortu zuen irakasle titulua, handik bi urtera ezkondu egin zen eta Korea iparraldera joan zen lan bila. 1940an bat-batean hil zitzaion senarra eta hiru alabekin Dalianera (Txina) joan zen, eta eskola batean aritu zen lanean. Handik zazpi urtera Japoniara itzuli zen; Hiroshima suntsituta zegoen, ezagutu ere ez zuen egiten eta handik hegoaldeko segurtasunera joan zen: Kyūshūra. Bizitzeko toki bat lortu zuen han, Kōjima uharte txikiaren ondoan, eta uhartean bizi ziren tximuak behatzen hasi zen.
Makakoak behatzen1934an Kōjima uhartea eta bertako tximuak monumentu natural izendatu zituen Japoniako Monumentu Naturalen 1919ko Legeak.
Kōjiman betidanik izan zen Nihon-zaru izeneko tximu espezie bat (Macaca fuscata edo Japoniako makakoa), eta Bigarren Mundu Gerran primate horietako gehienak hil egin zituzten jateko nahiz saltzeko. Zeuden apurrak baldintza txarretan eta galtzeko zorian zeudenez, Satsue Mito gaixo zeuden tximu horiek zaintzen hasi zen. Pixkanaka gauzak hobetu egin ziren eta tximuen biztanleria berreskuratu zen.
Uharteko tximuen azterketa zientifikoa 1947an hasi zen. Gaur egun, Primateak Aztertzeko Japoniako Institutuak uhartean basa baldintzetan mantentzen ditu Japoniako makakoak, azterketa primatologikoak egiteko. Hainbat ikerketa egin dira bertan, denboran zehar gizarte dominantzian egoten diren aldaketei buruzkoak edo animalien kulturari buruzkoak, esaterako.
Satsue Mitok makakoen ongizateaz zuen kezkaren ondorioz, Kiotoko Unibertsitateko primatologiako ikertzaileen taldearekin lankidetzan aritu zen. 1953an Satsue Mito izan zen animalia taldeko tximuetako batean ezohiko jokabidea hauteman zuen lehenengoa. Imok (urte eta erdiko eme batek) aurrez ikusi gabeko gauza bat egin zuela ikusi zuen Satsue Mitok: batata bat garbitzen ari zen uretan. Ondoren egindako behaketek argi utzi zuten Imoren komunitateko tximuen % 74 pixkanaka hasi zirela batatak garbitzen. Ohitura hori bereganatu zuen makakoetako bat ere ez zen heldua; Eba zen salbuespen bakarra, Imoren ama. Garbitzeko era aldatu egin zen denborarekin, Imok batatak ur gezatan garbitzen zituen hasieran eta denborarekin itsasoko ur gazitan garbitzen hasi zen. Uste da lehorteen ondorioz hasi izango zela batatak itsasoan garbitzen, ur geza gutxi zegoenetan, edo beharbada itsasoko urak batatari ematen dion zapore gaziagatik gertatu izango zela aldaketa.
Masao Kawai primatologoak Mitok bildutako informazioaren berri eman zuen artikulu zientifiko batean, baina, zoritxarrez, beste ikertzaile batzuen ustez tximuak norbaitek entrenatu zituen.
Itsasoz inguratutako uharte txiki batean bizi diren arren, Kōjimako tximuak ez ziren inoiz uretan sartzen garbitzeko, nahiz eta eskuak eta oinak sartzen zituzten. 1959ko udan, kakahuete batzuk uretara botata, Satsue Mitok tximuak erakarri zituen itsasoan sar zitezen. Bainatu zen lehenengo tximua Ego izan zen, bi urteko makako bat. Handik hiru urtera ia tximu gazte guztiak itsasoan bainatzen ziren naturaltasun osoz; helduak ordea, ez ziren itsasoan sartzen, amak ziren salbuespen bakarra, beren kumeen eraginez sartzen baitziren.
Eta Satsue Mitok behatzen jarraitu zuen.
Satsue Mitoren oinordetza1970ean Mitok irakaskuntza utzi eta Kiotoko Unibertsitateko primatologia taldeko kide bihurtu zen Kōjimako Behatokian; bere bizitzako gainerako urteak bere makakoei (hala esaten zien) eskaini zizkien.
Haurrentzako zenbait liburu idatzi zituen Kōjimako Nihon-zaruei buruz, eta liburu horietako batzuk bereziki aitortu eta saritu ziren.
Umeyo Mori, bere bigarren alaba, graduatu ondoren tximuen arloan hasi zen ikertzaile lanetan Kiotoko Unibertsitateko Primateen Zentroan.
Satsue Mito 97 urte zituela hil zen, 2012ko apirilaren 7an.
2. irudia: Kōjima uhartea kontinentetik ikusita. (Argazkia: Sanjo – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)Gaur egun, Satsue Mitok Imo batata garbitzen lehenengoz ikusi zuenetik 70 urtera, Kōjima uharte txikiko makako berriek ere horixe egiten jarraitzen dute.
Iturriak:- Jorge Martínez Contreras, Two moments in the history of Primatology: Hanno’s Periplus and Satsue Mito’s legacy, Almagest 14 (2) (2023) 36-45
- Masao Kawai, Newly-acquired pre-cultural behavior of the natural troop of Japanese monkeys on Koshima islet. Primates 6 (1965) 1–30
- Yoshi Kai, The Legend of Satsue Mito, Wawaza, 2016ko martxoaren 10a
- Satsue Mito, Wikipedia
Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko maiatzaren 15ean: Satsue Mito, la maestra que observaba a los macacos.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Satsue Mito, makakoei begira egoten zen maistra appeared first on Zientzia Kaiera.
Dinosauroen inbentarioa
Dinosauroen inbentarioa liburuak gure planetan orain dela 230 milioi urte bizi izandakoak ditu protagonista gisa. Zenbaiten iritziz, meteorito baten erorketak eragin zuen, neurri batean, haien desagerpena; gaur egun Mexiko dagoen tokian izan zen, orain dela 66 milioi urte. Erabat desagertu ote ziren? Ez dirudi hala izan zenik: gaur egungo hegaztiak haien ondorengoak dira…
Irudia: Dinosauroen inbentarioa liburuaren azala. (Iturria: Pamiela Etxea)Bizia Lurraren gainean orain dela 4.300 urte sortu zela ikasiko dugu inbentario (irudiduna) honen hasieran, eta jarraian bizidunen historiaren mugarri batzuk aipatzen zaizkigu, sorrera hartatik gaur egun arte.
Liburuan 47 dinosauro espezie azaltzen dira, garai geologikoen arabera banaturik: Triasikoa, eta orduko Mussaurus patagonicus, adibidez; Jurasikoa, non agertzen zaigun Diplodocus carnegii, besteak beste; eta Kretazeoa, Tyrannosaurus rex-en garaia.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Dinosauroen inbentarioa
- Egilea: Virginie Aladjidi
- Itzultzailea: Mikel Taberna
- Ilustratzailea: Emmanuelle Tchoukriel
- ISBNa: 978-84-9172-039-3
- Argitaletxea: Pamiela etxea; Kalandraka
- Hizkuntza: Euskara
- Orrialdeak: 72
- Urtea: 2018
Pamiela etxea: Dinosauroen inbentarioa.
The post Dinosauroen inbentarioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Lapurtutako gene bat erabiliz feminizatzen duen bakterioa
Mikrobioen mundua askotarikoa da, baina egunen batean bakterio harrigarriena aukeratu beharko bagenu, uste dut Wolbachiak boto asko eskuratuko lituzkeela. Bakterio hori (1. irudia) naturako ugalketa parasito ugariena da, eta intsektu eta artropodo espezie guztien erdiak infektatzen dituela kalkulatzen da. Soilik zelula zitoplasmaren barruan bizi daiteke eta belaunaldi batetik bestera obuluen bidez transmititzen da, ez espermatozoideen bidez. Transmisio modu berezi horren ondorioz, Wolbachiak hainbat estrategia garatu ditu bere hedapena maximizatzeko. Hain zuzen ere, estrategia horiek ez diete laguntzen ostalari arrei, ez baitira gai bakterioa hedatzen laguntzeko.
1. irudia: Wolbachiak infektatutako intsektu zelula (geziak). (Iturria: O’Neill, Scott et. al. DOI: 10.1371/journal.pbio.0020076Wolbachia ostalari batzuen sistema endokrinoa manipulatzeko gai da, feminizatzeko eta soilik obuluak sor ditzaten. Beste batzuetan, ostalari arren heriotza eragiten du, edo ezinezkoa egiten du infektatutako arren espermatozoideek Wolbachiak infektatu gabeko obuluak ernaltzea, eta horrek ondorengo osasuntsuak sortuko lituzke. Estrategia horiei buruzko informazio gehiago aurki dezakezue bakterioak garatutako mekanismo zelular eta molekular batzuk deskribatu nituen artikulu batean. Halaber, artikulu horretan azaldu nuen Wolbachia erabiltzen ari direla aliatu gisa intsektuek transmititutako gaixotasunen aurkako borrokan.
Laugarren estrategia partenogenesia eragitea da, hau da, emeak ugaltzea arren esku hartzerik gabe, ondorengo emeak bakarrik sortzeko. Kasu horretan, ez dira hain ezagunak Wolbachiak bere ostalarien ugalketa sistema manipulatzeko erabiltzen dituen mekanismoak. Orain arte Shenyangeko (Txina) Nekazaritza Unibertsitateko ikertalde batek Wolbachiak Encarsia formosa liztorraren ugalketa nola manipulatzen duen argitu berri du. Intsektu hori partenogenesi bidez ugaltzen da, eta emeek emeak bakarrik sortzen dituzte, ugalketa zikloko ezein unetan arrik egon gabe. Ikerketaren garrantzitsuena da Wolbachiak beste intsektu bati “lapurtu” dion gene bat erabiltzen duela manipulazio horretarako.
2. irudia: irudia. Goian, intsektu askoren sexuaren zehaztapena. Doublesexen aurre-RNAm-ren prozesamenduak dsxF eta dsxM polipeptidoak sortzen dituzten bi mezulari sortzen ditu, garapen femeninoa eta maskulinoa eragiten dutenak, hurrenez hurren. Transformer (Tra) proteinaren presentzia funtsezkoa da garapen femeninorako. Behean, feminizazioaren eragitea eta partenogenesia Wolbachiak infektatutako Encarsia formosa liztorrean. Wolbachiak intsektu baten Transformer gene bat eskuratu du bere eboluzioan, zeinarekin Tra-k bezala jokatzen duen Piff proteina sortzen duen. Emeak bakarrik bereiz daitezke, eta nahitaez partenogenesi bidez ugaldu behar dira, Wolbachiaren hedapenean laguntzeko. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)Hori azaltzeko, jakin behar dugu nola zehazten den intsektu bat arra edo emea den (2. irudia). Kasu askotan, gene bakar baten produktuaren mende dago hori, Doublesex (Dsx) izenekoaren mende. Gene horrek aurre-RNA mezulari bat sortzen du, eta prozesatu egiten da bi polipeptido desberdin eman ditzan: dsxF eta dsxM. Prozesamendu horri “lotura alternatiboa” (alternative splicing) esaten zaio, RNA mezulariaren segmentuen “moztu eta itsatsi” bat. dsxF polipeptidoak enbrioiaren feminizazioa eragiten du; dsxM formak, berriz, arrak. dsxF forma sortzeko, bi proteina behar dira, Transformer (Tra) eta Transformer2 (Tra2) izenekoak, hurrenez hurren. Bi proteina horiek enbrioiaren garapenean agertzen badira, intsektu eme bat sortuko da, eta bestela ar bat izango dugu.
Esan dugu Wolbachiak infektatutako E. formosa liztorrak soilik emeak sortzen dituela. Bada, liztorrak antibiotikoz (tetraziklinaz) tratatzen badira, bakterioa hil egiten da eta arrak agertzen hasten dira ondorengoetan. Hori bai, arrak ez dira emeak ernaltzeko gai. E. formosak betiko galdu du sexu bidezko ugalketarako gaitasuna, eta hori ez da antibiotikoaren tratamenduarekin berreskuratzen.
Txinako ikertzaileek liztorraren sexu zehaztapenaren sistema aztertu zuten eta Transformer geneak Tra proteina ez funtzional bat sortzen zuela ikusi zuten. Gogora dezagun Tra-ren eta Tra2-ren arteko konbinazioa funtsezkoa dela emeak sortzeko. Orduan, nola gertatzen dira ondorengo emeak infektatutako liztorretan, Tra ez bada funtzionala?
Wolbachiak Piff izeneko proteina sortzen du (izen bitxia, eta hemendik dator: parthenogenesis-induction feminization factor). Piff-ek Tra-k bezala funtzionatzen du, Tra2-rekin bat egiten du eta dsxF sortzea eragiten du faktore feminizatzailea (2. irudia). Harrigarriena da Wolbachiak “adimena” duela Piff faktorea enbrioiaren sexua zehazten den garapen unean bertan jariatzeko. Are harrigarriagoa da Piff ez dela agertzen Wolbachiaren andui guztietan, eta haren sekuentziak intsektu gene bat dela adierazten du, koleoptero bat ziurrenik.
Beste era batera esanda, Wolbachiaren andui batzuek intsektuaren Transformer gene zahar bat hartu dute, “geneen transferentzia horizontala” izenez ezagutzen den fenomenoagatik. Bikaintasun ebolutibo horri esker, liztor enbrioiaren zelulei Piff produktua ematen die Tra2-ren osagarri gisa, eta garapen femeninoa bultatzen du. Hala, partenogenesi bidez bakarrik ugaldu daitekeen heldu bat sortzen da, ez baitago arrik. Garrantzitsua da nabarmentzea kasu hori eta garapena feminizatzeko sistema endokrinoa manipulatzea prozesu desberdinak direla; bigarren hori Wolbachiak egiten du beste espezie batzuetan. Kasu horretan, esku hartzen du sexua zehazten duen sistema genetikoan.
Ez al du merezi Wolbachiak bakterio harrigarrienen elitean egotea?
Erreferentzia bibliografikoa:Li C, Li CQ, Chen ZB, Liu BQ, Sun X, Wei KH, Li CY, Luan JB. (2024). Wolbachia symbionts control sex in a parasitoid wasp using a horizontally acquired gene. Curr Biol. Doi: 10.1016/j.cub.2024.04.035.
Egileaz:Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko ekainaren 3an: La bacteria que feminiza usando un gen robado.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Lapurtutako gene bat erabiliz feminizatzen duen bakterioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Izotz Aroko ehizan erabilitako teknika berria proposatu dute
Lantzak jaurtiki beharrean, duela 13.000 urteko gizakiek lantzak lurretik altxatu eta erasoan ari ziren mamuten kontra jotzeko erabili zituztelako hipotesia aurkeztu du ikertzaile talde batek.
Dozenaka irudi, film, berreraikipen eta kontakizunetan agertu da eszena: Historiaurreko gizaki talde bat animalia erraldoi bat inguratzen ari da, eskuetan lantza eta zuziak dituztela. Ez da borroka erraza, inondik inora, basapiztiaren tamaina aintzat hartuta; baina gizakiek abantaila garrantzitsu bezain erabakigarria dute: komunean ehizatzen duten beste hainbat animaliak bezala estrategia bat izateaz gain, gizakiek tresnak ere dituzte eskura.
Halere, argi dago garai horretako zuzeneko kontakizunik ez zaigula iritsi —Historiaurrea delako, hain justu—, eta arrasto arkeologikoetan utzitako aztarnak interpretatzea beste erremediorik ez dago.
1. irudia: mamutak eta tamaina handiko beste animaliak ehizatzeko Clovis punten erabilera berria proposatu dute ikertzailek. (Irudia: Flying Puffin – CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)Logikan eta gaur egungo ehiztari-biltzaileen jardunean oinarritu da ehizatzeko modu horren interpretazioa. Beste aukera bat da, noski, ehiztariak gehienbat animalia zaurituez profitatu izana, eta beren haragia apurtu eta ebakitzeko harrizko tresnak erabili izana. Unearen arabera, noski, izan zitekeen bata edo bestea gertatzea: zenbaitetan modu aktiboan ehizatzea, eta, besteetan, hildako animaliei probetxua ateratzea.
Baina adituak ez dira ados jartzen, eta eztabaida hori bereziki handia izan da Ipar Amerikan aurkitutako Clovis punten inguruan. Horrelako puntak 1920ko hamarkadan aurkitu ziren aurrenekoz, Mexiko Berriko Clovis hirian, eta, arkeologian askotan gertatu ohi den moduan, lehenengo aldiz aurkitu ziren lekuaren izena hartu zuten.
Handik geroztik, halako milaka punta agertu dira Ameriketako aztarnategietan, horietako batzuk mamuten hezurduren barruan. Silex, suharri edo harrinabarrezkoak izaten dira, eta ertz oso bereizgarriak dituzte. Oinarriaren inguruko bi aldeetan arraildura ildaskatuak dituzte, eta, beheko aldean, koska bat. Baina gehienetan lantza osoak ez dira agertzen, horiek osatzen dituzten zatiak —egurrezko makila, pinu brea edo lokarriak— denborak aurrera egin ahala galtzen diren elementuak direlako.
Aipatutako adituen arteko eztabaida horren adibide, 2021ean Journal of Archeological Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean ikertzaile batzuek proposatu zuten mamutak ehizatzeko arma modura beharrean, benetan haragia apurtzeko aizto gisa erabili izan zirela Clovis puntak. Bertan argudiatu zutenez, arraroa da puntetan apurketa arrastorik geratu ez izana. Baina, kontrako norabidean, 2022an aldizkari berean argitaratutako beste ikerketa batek zioen mamuten hezurretan aurkitutako markak bat zetozela Clovis punten ezaugarriekin.
Bada, orain, Berkeley Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) arkeologoek beste aukera bat jarri dute mahai gainean, PLOS ONE aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu baten bidez.
Proposamenaren arabera, duela 13.000 urte inguru, Izotz Aroan, mamutak eta antzeko animalia handiak hiltzeko, garaiko ehiztariek lurrean sartutako zutoinak erabiltzen zituzten, eta, hortaz, ez zituzten erabiltzen lantza gisa, jaurtikita. Hala, horren arabera, garaiko ehiztariek lantzen atzeko aldeak lurraren gainean txertatzen zituzten, eta ihesean edo erasoan ari ziren animalien aurka altxatzen zituzten. Horrek lantzen eragina asko handitu ahal zuela diote, animaliatzarren gorputzean sakonki sartuz.
Egileek errepasatu dute gaiaren bueltan idatzitakoa eta, are, artearen munduan marraztutakoa, jakiteko lurrean iltzatutako lantzen bidezko ehizaren inguruan dagoen ezagutza. Baina, horrez gain, arkeologia esperimentalaz baliatu dira ere, pika bidezko ehiza tekniken erabilgarritasuna egiaztatu aldera.
Egin duten ikerketa historikoan, arkeologoak konturatu dira dezenteko ezagutza dagoela antzeko funtzioa betetzen zuten metalezko gailu militarren inguruan, gerretan zaldien aurka egiteko erabili izan direlako historian zehar. Baina ehizarako egindako erabilera ez da asko jorratu testuetan.
2. irudia: Clovis puntek oso ezaugarri bereizgarriak dituzte; tartean, oinarrian egindako koska bat, berreraikipen hauetan ikus daitekeenez. (Argazkia: Scott Byram / Berkeleyko Unibertsitatea).Baina, esan bezala, horrez gain, esku artean izan duten hipotesia frogatzeko arkeologia esperimentalera ere jo dute, beren beregi prestatutako esperimentu praktikoen bidez. Modu horretan, hurbiltzen den animalia baten aurrean lantza horiek nola erantzuten zuten jakin nahi izan dute. Arkeologoek probetarako plataforma bat eraiki dute. Punta apurtu aurretik lantza batek jaso ahal duen indarra neurtzen ahalegindu dira, animalia baten erasoaren simulazioa eginez. Hainbat lantza mota probatu dituzte modu horretan.
Aurretik egindako esperimentuetan ohiko beste modu batean neurtu dute lantzen indarra, buztinezko edo gelezko egituren aurka tiro eginez. Bederatzi tonako mamut batek jaso ahalko zuen kaltea neurtu nahi izan dute jaurtiketen bidez.
Bi motako esperimentuak alderatuz, ikertzaileek argi dute gizaki batek jaurtikitako lantza baten indarra eta erasoan ari den animalia handi batena oso desberdinak direla. “Magnitude ordena baten aldea dago”, adierazi du Jun Sunseri antropologoak.
Egileen arabera, orain arte zabalduen dagoen irudiak ez du zentzu askorik, gehienetan utziko zituelako animalia erraldoi eta haserre bat —are arriskutsuago izateko aukerarekin, beraz—, eta lantza apurtuta duen ehiztari bat.
“Ameriketako natiboen diseinu zahar hau berrikuntza ikaragarria izan zen ehiza estrategietan”, babestu du Scott Byram arkeologoak prentsa ohar batean. Koskadun beste hainbat puntaren aldean, Clovis puntak “substantzialagoak” direla babestu du Byramek, eta defentsarako erabili izan zirelakoan dago.
Aintzat hartu behar da garai horretan halako lantzak oso baliotsuak izango zirela, ez baitzen erraza horiek eraikitzeko material egokiak lortzea eta lantzea. Horregatik, egileek diote logikoa dela pentsatzea ehiztariek ez zutela nahi izango lantza horiek besterik gabe animalien kontra botatzea, horiek puskatzeko arriskua handia izango zelako, animaliak akabatuko zuten ziurtasuna izan gabe. Gauzak hala, arkeologoek babestu dute tresna iraunkorrak izatea lehentasuna izan behar zela duela 13.000 urte bizi ziren komunitateentzat.
Egileek esan dutenez, gaia ikertzeko ideia su baten inguruko solasaldi batean hasi zen, Afrika Hegoaldean bizi den Venda herriko lagunen artean beren lantzen erabileraz izandako irakaspenak jaso eta gero.
Babestu dute ideia hau ez dela zertan mugatu Ameriketara, eta munduko beste hainbat lekutan erabili ahal zela. Dena dela, aurreratu dute beren hipotesian sakontzeko esperimentu berriak prestatzen ari direla; horietan, mamut baten erreplika egingo dute, eta pendulu batez edo irristatzeko gai den beste tramankuluren batez baliatuko dira animaliaren erasoa simulatzeko.
Erreferentzia bibliografikoak:Eren, Metin I.; Meltzer, David J.; Story, Brett; Buchanan, Briggs; Yeager, Don; Bebber, Michelle R. (2021). On the efficacy of Clovis fluted points for hunting proboscideans. Journal of Archaeological Science: Reports, 39. DOI: 10.1016/j.jasrep.2021.103166
Kilby, J. David; Surovell, Todd A.; Huckell, Bruce B.; Ringstaff, Christopher W.; Hamilton, Marcus J.; Haynes Jr, C. Vance (2022). Evidence supports the efficacy of Clovis points for hunting proboscideans,
Journal of Archaeological Science: Reports, 45. DOI: 10.1016/j.jasrep.2022.103600
Byram, R. Scott; Lightfoot, Kent G.; Jun Sunseri, Ueno (2024). Clovis points and foreshafts under braced weapon compression: Modeling Pleistocene megafauna encounters with a lithic pike. PLOS ONE. DOI: 10.1371/journal.pone.0307996
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Izotz Aroko ehizan erabilitako teknika berria proposatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Paleolitoko labar-artea funtzio anitzekoa izan zen
Euskal Herriko Unibertsitateko eta Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileek ikerketa bat argitaratu berri dute Archaeological and Anthropological Sciences aldizkari zientifikoan. Ikerketa horrek alderdi anitzeko izaera proposatzen du lurrazpiko eremu sakonetako arte parietalerako.
Irudia: Santimamiñeko haitzuloko panel nagusia (Bizkaia). (Argazkia: Iñaki Intxaurbe. Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)Metodo konputazionalen erabilera konbinatuari esker, hala nola 3D teknologia, informazio geografikoko sistemak eta aldagai anitzeko estatistika, Madeleine aldiko labar-irudiak (duela 18,5 eta 13,5 mila urte bitartekoak) lau klusterretan biltzen direla egiaztatu ahal izan da, ezaugarri espazialen eta ikonografikoen arabera. Lana Iñaki Intxaurbe UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Sailean egiten ari den doktore tesiaren barruan kokatzen da, Martin Arriolabengoa (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Diego Garate (Kantabriako Unibertsitatea) irakasle eta ikertzaileen zuzendaritzapean.
Lau talde nagusi“Bi taldek antagonikoak dirudite beren funtzioari dagokionez. Batzuetan, eszenaratzea zaindu zen, eta komunikazio-helburu bat iradoki zen (ikusiak izateko egin ziren); beste batzuetan, berriz, guztiz kontrakoa bilatu zen (ezkutuko eta oso ikuspen gutxiko irudiak dira, oso sarbide zaileko zonalde sakonetan kokatuak). Horrek iradokitzen du bigarren taldean irudien marrazketa bakarrik izan zela garrantzitsua, eta ez gizarteak hauek ulertzea”, azaldu dute ikerketaren egileek.
Lehenengo taldean, “azalpen xamaniko batek onargarria dirudi: helduek egindako adierazpen grafikoak dira (mihise altuetan kokatzeagatik), ikusgarritasuna errazten zuten eremuetan egindakoak, ziurrenik kontakizunekin batera, pertsona kopuru ertainak edo handiak har lezaketen espazioetan baitaude. Bigarren taldeak beste arrazoi batzuei erantzuten diela dirudi, hala nola igarotze-erritoei. Ohikoa da irudi horiek (irudi “ezkutuen” klusterra) lurretik gertuago dauden eremuetan aurkitzea, baita beste aukera batzuk zeudenean ere. Horrek gazte edo haurren presentzia iradoki lezake irudien egile bezala, testuinguruko beste elementu batzuetatik ateratako informazioarekin bat eginez (haur eta nerabeen oin biluzien aztarnak, hatzekin egindako marren tamaina, eta abar)”.
Sarbidearen garrantziaIrudiz osatutako beste kluster bat Madeleine aldiko gizarteek buztinean grabatutako elementuek eta egindako eskulturek osatzen dute, haitzuloetako eremu sakon eta ezkutuenetan bakarrik aurkitu ohi direnak. “Sarbide zaileko eremuetan kokatzeak kontserbazio-gaiei erantzun diezaiekeen arren (hain hauskorrak diren elementu grafiko hauen babesa, esaterako, onargarriagoa dirudi sarbide zaileko eremuetan), historiaurreko bisitaren ondoren itxi egin ziren beste kobazulo batzuetan (adibidez, Erberua, La Garma, Fontanet, etab.) patroi hori errepikatzeak iradokitzen du aurrez pentsatutako eta kontzienteki aukeratutako erabaki kultural bat izan zela”, diote ikertzaileek.
Azken taldea zeinu abstraktuek osatzen dute, Paleolitoko labar-arte figuratibotik (animaliak eta/edo gizakiak irudikatzen dituena) desberdin jokatzen dutela diruditenak, eta ausaz agertzen dira apaindutako haitzuloan zehar. Azterlanaren egileek nabarmendu dutenez, mota horretako irudi gehiago sartu behar dira (Armintxe, El Pindal edo Cullalvera bezalako kobazuloetan daudenak) baliozko estatistika-inferentziak ezartzeko.
Laburbilduz, Santimamiñe (Bizkaia), Ekain (Gipuzkoa) eta Etxeberri (Zuberoa) moduko euskal kobazulo apainduetatik ateratako informazioari esker, Paleolitoko irudi multzo ezberdinak identifikatu ahal izan dira. Batzuk ikusiak izateko sortuak izan ziren, hainbat teknika erabiliz eta ikusgarritasun, irisgarritasun edo pertsonak hartzeko gaitasun oneko kokapenak hautatuz; beste batzuk, berriz, kontrakoa bilatzen zuten. “Erabilitako tekniken eta kobetan duten kokapenaren arteko korrelazioa ere badago, agian baliabideak aurrezteko. Sarreretatik hurbilen zeuden eremuetan irudiak egiteko denbora gehiago hartu zuten bitartean, eremu sakonetan, berriz, irudiak azkar egitea nahiago izan zuten, agian lurrazalera onik itzultzeko erregaia ziurtatzeko. Datu horiek Madeleine garaian haitzuloetako sektore sakonetarako erabilera desberdinak egon zirela babesten dute”, ikerketaren ikertzaileek ondorioztatu dute.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Euskal kobazuloetan egindako ikerketa batek iradokitzen du Paleolitoko labar-artea funtzio anitzekoa izan zela.
Erreferentzia bibliografikoa:Intxaurbe, I.; Garate, D. eta Arriolabengoa, M. (2024). Drawing in the depths: spatial organization patterns related to Magdalenian cave. Archaeological and Anthropological Sciences, 16, 104. DOI: 10.1007/s12520-024-02007-3
The post Paleolitoko labar-artea funtzio anitzekoa izan zen appeared first on Zientzia Kaiera.