Suscribirse a canal de noticias Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Actualizado: hace 1 hora 17 mins

Asteon zientzia begi-bistan #227

Dom, 2018/11/04 - 09:00
Uxue Razkin

Paleontologia, eboluzioa

Neandertalen toraxaren tamaina eta forma eztabaidagai izan dira duela 150 urte neandertalen lehen saihets-hezurrak topatu zirenetik. Orain, neandertal heldu baten toraxa birtualki berreraikita, ondorioztatu dute sapiensen toraxaren antzeko tamaina zuela, baina forma desberdina. Ikertzaileek iradoki dute neandertalen arnasketa-mekanika ere desberdina izango zela.

Asier Gómez-Olivencia eta Ella Been ikertzaileek gidatu dute lan hau. Hiru dimentsiotan berreraiki dute toraxa. Horretarako, egun Tel Aviveko unibertsitatean gordeta dauden fosilak baliatu dituzte, eta erabili dituzte ere Ordenagailu Bidezko Tomografia bitartez ornoei, saihetsei eta hezur pelbikoei egindako eskanerrak. “Gure lehenengo ezustekoa izan da uste genuela toraxa tamaina handiagokoa izango zela, baina ez da horrela izan”, adierazi du Gómez-Olivenciak. Horretaz gain, beste berezitasun bat azpimarratu dute tartean: saihetsen horizontaltasuna.

Teknologia

Gidaririk gabeko auto batek pertsonak saihesteko agindua du baina demagun bi errei daudela eta bakoitzean pertsona bat dagoela, bata gaztea eta bestea zaharra. Zer egin beharko luke autoak? MIT Massachusetseko Teknologia Institutuak esperimentu handi bat egin du jendearen iritzi moral edo etikoa ezagutzeko. Moralaren Makina (Moral Machine) deitu diote eta 233 herrialdetako milioika pertsonaren 40 milioi erantzun jaso dituzte horrelako egoeratan zer egin behar den jakiteko. Emaitzei dagokienez, ikusi da adostasun handia dagoela kasu batean: jendeak nahiago du pertsonak eta gazteak salbatu; eta asko badira, hobe.

Astronomia

Jupiterreko Orban Gorri Handiaren barruko fenomeno atmosferikoak askotarikoak direla agerian utzi du ikerketa batek. Beste lan batean, mundu osoko astronomo afizionatuek azken urteetan Jupiterreko atmosferan detektatutako bolidoen inpaktuei buruzko azterketa bat aurkeztu da. Kalkuluen arabera, tamaina horretako 10-65 inpaktu inguru gertatzen dira urtean Jupiterren. Horiek izan dira batik bat Juno misioak datozen urteetan egingo dituen ikerketen jomugak.

Paolo Nespoli astronauta elkarrizketatu dute Berrian. Italiarra iazko abenduan itzuli zen Lurrera eta orain Bilbon izan da bizitako esperientziak kontatzen. Misioei dagokienez, Nespolik dio egun “AEBk ez du ibilgailurik, eta Errusiaren espaziontziak erabili behar ditugu. Europan geure espaziontzia izango bagenu, denek erabiliko lukete orain”. Berak bietan izan da, AEBn espazio transbordadorean eta Errusiaren Soyuz kapsulan, eta horietan izandako esperientzia kontatu du. Bere misioak eta arlo honetan ematen ari diren urratsak ere izan ditu mintzagai.

Kimika

Haragiaren kolore gorriari buruz idatzi du asteon Josu Lopez-Gazpiok. Ziur denok pentsatu dugula noizbait kolore hori odolarena dela baina kimikak beste behin argitu digu zein den egiazko erantzuna. Haragiaren kolorea faktore askoren mende dago. Nagusiena, giharretan dagoen mioglobina izeneko proteina da. Izan ere, haragiak prozesatzean odol gehiena kentzen zaie. Orduan, supermerkatura iristen den produktuak ez du odol askorik. Horretaz gain, mioglobina ez dago odolean. Mioglobinak muskuluetara garraiatzen du oxigenoa eta bertan egoten da kontzentraziorik handienean. Berez, purpura kolorea du baina oxigenoarekin erreakzionatzen duenean hartzen du kolore gorria.

Ekologia

Planeta biziaren indizea deiturikoa neurtzeko ikerketak aurkezten ditu WWF mundu mailako erakundeak; ekosistemen bizitasunari erreparatzen diote indize horren bitartez. Hamabigarren ikerlanak agerian utzi du ekosistemek mehartzen eta eskasten jarraitzen dutela; azken datuen arabera, ornodunak %60 urritu dira 1970. urtetik hona. Galerarik handiena ur gozoko espezieetan izan da: %83 urritu dira. Laster, bioaniztasunari buruzko goi bilera egingo dute eta WWFk argi du: “Izadiaren aldeko akordio global baten oinarriak jarri behar dira, Parisen klimari buruzko goi bileran egin bezala”.

Hizkuntzalaritza

Lan honetan trataera formal bateratu bat aurkeztu da euskal aditz jokatuaren tempus, aspektu eta moduarentzat. Aditz esaeren bidez, gertaerak adierazi eta eremu semantiko konplexu batean kokatzen ditugu hizketa-gunetik hurbilago edo urrunago, dimentsio bietan zehar, denborarena eta modu zein modalitatearena. Artikuluak dioenez, euskal aditzaren morfologia oparoak eskaintzen du aukera paregabea haien ulertzerako. Bada, orain arteko azalpenak ez dira guztiz egokiak. Izan ere, azalpen egoki batek uztartu behar lituzke zenbait unibertsal semantiko eta haien euskarazko adierazpenak eta, horren bidez, erakutsi behar luke zergatik diren ez-gramatikalak hainbat adizki edo aditz-esaera, nondik datorkien besteei haien interpretazioa eta zein faktorek eta nola eragin dituzten aldaerak aurreko bi ideietan, geografian eta historian zehar.

Biologia

Klonak sortzeari buruz aritu da Cesar Tomé artikulu honetan. “Klon” hitza J.B.S. Haldane biologoak sortu zuen 1963an, grezierazko “adaxka” hitzaren baliokidea oinarrian zuena. Geneen erreplikazioaz aritzeko, baina, 70eko urteen hasieran erabiltzen hasi zen. Polimerasaren kate-erreakzioa Kjell Kleppe eta H. Gobind Khoranak deskribatu zuten. Hala ere, Kary B. Mullis kimikariak 1983an teknika garatzeak ahalbidetu zien zientzialariei gene baten milaka milioi klon sortzea saio-hodi batean. XX. mendeko 20ko urteen amaieran, Hans Spemann enbriologoak animaliak klonatzeko hurbilketa bat lortu zuen. Urrats horretatik jauzi handi bat eman zuten: ardi bat klonatzera iritsi ziren zientzialariak, Dolly izenaz bataiatu zutena. Ezagutu ezazue historian zehar arlo honetan eman ziren pauso guztiak.

Emakumeak zientzian

Irati Rodilla Ojeda, artikulu honetako protagonista, Fisioterapian graduatu zen Leioan eta egun Farmakologian doktoretza egiten dabil. Bertan, minaren aurka erabiltzen diren opioideen eraginkortasuna eta tolerantzia hobetzeko ikertzen ari da. Hasieratik argi zuen osasun-zientziaren bidea hartuko zuela, baina ez Medikuntza. Rodillaren esanetan, tesian ikasten ari denari esker hobeto ezagutzen ditu minaren eta analgesiaren mekanismoak. Izan ere, hori oso baliagarria da tratamendu fisioterapeutikoa hobetzeko eta baita alderantziz ere: “Fisioterapiak ematen duen ezagutzak ere osatzen du osasunari eta gaixotasunari buruzko jakintza”.

Arkeologia

Vichamako (Peru) aztarnategian ia hiru metroko murala aurkitu dute. Bertan, giza aurpegiak, sugeak eta hazi antropomorfo bat agertzen dira. Murala interpretatu ostean jakinarazi dute “emankortasunaren murala” dela eta Caral gune arkeologikoko zuzendari Ruth Shady arkeologoaren esanetan, “erliebe horiek klima-aldaketak giza populazioan dituen eragin katastrofikoak gogorarazten dizkigute”.

———————————————————————–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #227 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #235

Sáb, 2018/11/03 - 09:00

Batzuetan bibliografiak urte andana ditu eta bertan dagoena xehetasunez berrikusteak saria dauka. Ahaztu ohi den oinarrizko zientzia da hori. Adibide zehatza dakar Adrian Matenciok When we forget basic science. Seeking the small details ou

Sistema biologikoek, optimizatzen urteak daramatenak, gauzak zelan egiten dituzten behatzea emaitzak lortzeko biderik labur eta seguruena da. Berez konpontzen diren materialen kasuan bezala. Silvia Romanen Bio-inpired self-healing materials

Urtutako masa batek kristalak duen barne ordenaziorik gabe solido izatera zelan pasatzen den ulertzen ez den fenomeno fisikoa da. Bidrioen, solido hauen, eraketak berebiziko garrantzia tekniko eta ekonomikoa du. Eoiak dirudiena itxaron gabe beirazko-trantsizioaren ikerketan aurrera egiteko modua aurkitu dute DIPCn Avoiding geological timescales to access low energies in bulk glasses

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #235 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Irati Rodilla: “Garrantzitsua iruditzen zait ikuspegi orokorrari oinarrizko zientzia gehitzea”

Vie, 2018/11/02 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Irati Rodilla Ojeda Fisioterapian graduatu zen, baina, lanean ari den arren, ez dabil pazienteak tratatzen, Farmakologian doktoretza egiten baizik. Dioenez, aurretik ikasitakoaren erabat osagarria da orain egiten ari dena, minaren aurka erabiltzen diren opioideen eraginkortasuna eta tolerantzia hobetzeko ikertzen ari baita.

Batxilergoan abiatu zuen horra eraman duen bidea: “Argi nuen osasun-zientzietako zerbait egin nahi nuela, baina ez Medikuntza, beste zerbait”. Hala, batxilergo biosanitarioa egin ondoren, eta unibertsitatera sartu aurretik, Diagnosi klinikoen laborategiko teknikari izateko ikasketak egin zituen, bi urtetan. Bigarren urtearen hasieran, Fisioterapia gradua jarri zuten UPV/EHUn, Leioan, eta, bukatutakoan, hara joatea erabaki zuen.

“Batxilergoa bukatu nuenean, ez zitzaidan bururatu ere egin Fisioterapia egitea, seguru asko, kanpora joan behar zelako, baina, bertan izanda, animatu egin nintzen. Ez da ohiko bidea, laborategitik pazienteak zuzenean tratatzera igarotzea ekartzen baitu, baina oso gustura egin nuen,” aitortu du Rodillak.

Irudia: Irati Rodilla Ojeda, fisioterapeuta eta farmakologia-ikertzailea.

Eta batxilergoan Fisioterapia aukeratzea bururatu ez zitzaion bezala, graduko ikasketak hastean ez zuen pentsatu inoiz tesia egingo zukeenik. “Alabaina, lehen eta bigarren mailen artean, graduko irakasle bat ezagutu nuen, eta hura tesia egiten ari zen Farmakologiako talde batean, hain justu, ni orain nagoen talde berean”.

Azaldu duenez, talde horrek analgesiko opioideak ikertzen ditu: “Opioideak oso analgesiko onak dira, baina tolerantzia, mendekotasuna eta adikzioa eragiten dute. Irakasleari esperimentu batzuetan laguntzen hasi nintzen, asko gustatu zitzaidan, eta graduaren amaieran tesia egitea erabaki nuen. Horretarako, Farmakologia masterra egin nuen aurretik, eta orain tesiaren bigarren urtean nago”.

Rodillak aldaketa handia izan dela onartu du, beste gradu batzuetan Fisioterapian baino ohikoagoa delako tesia egitea. “Hala ere, pozik nago. Egia da une batzuetan gogorra dela: ordu asko ematen dituzu laborategian, artikulu asko irakurri behar dituzu eta lan handia ematen du, baina gustuko dut. Asko ari naiz ikasten, eta oso garrantzitsua iruditzen zait fisioterapeutak pazienteaz izan dezaken ikuspegi orokorrari oinarrizko zientzia gehitzea. Horrela, teknika jakin bat aplikatzeaz gain, maila molekularrean edo zelularrean gertatzen dena ezagutu dezaket, eta hobeto ulertuko dut zerk funtzionatzen duen eta zergatik, zer komeni den…”.

Haren esanean, tesian ikasten ari denari esker, hobeto ezagutzen ditu minaren eta analgesiaren mekanismoak, eta hori, berez interesgarria izateaz gain, oso baliagarria da tratamendu fisioterapeutikoa hobetzeko. “Eta baita alderantziz ere: Fisioterapiak ematen duen ezagutzak ere osatzen du osasunari eta gaixotasunari buruzko jakintza. Gainera, fisioterapeutak medikuak baino denbora gehiago igaro ohi du pazientearekin, eta hark ez dakizkien xehetasunak ezagutzen ditugu guk. Ondorioz, tratamendu osoagoa eman diezaiokegu. Horrek asko asebetetzen nau”.

Ikerketaren aurkia eta ifrentzua

Oro ez da urre, ordea, eta alde txarrak ere topatzen dizkio ikertzaile-lanari: “Lantegi gogorra izateaz gain, baldintzak ez dira onak izaten, eta ez dugu jakiten jarraitzeko aukera izango ote dugun. Oso zaila da egonkortzea, eta etorkizuna oso zaila jartzen digute. Paper pila bat bete behar dira, epeak luzatu egiten dira, gero eta diru eta aukera gutxiago daude… Horretan denbora eta ahalegin gehiegi xahutzen dugu”.

Aldiz, ikerketa-prozesuak berak izugarrizko motibazioa eragiten dio: “Galdera berriak egitea, haiei erantzuteko moduak probatzea, emaitzak alderatzea… Horrek guztiak benetan erakartzen eta betetzen nau. Gainera, nire arloan diziplinartekotasun handia dago, eta hori oso aberasgarria da”.

Etorkizunera begira, ikertzen jarraitu nahiko luke, baina klinikara ere hurbildu nahiko luke. Hala, ikastaroak egiten ditu, Fisioterapian ikasitakoa ez ahazteko eta sakontzen jarraitzeko, eta irakasle izateko ere trebatzen ari da. Azkenik, euskara ikasten dabil; “paziente euskaldunek eskertuko dutela uste baitut”.

Fitxa biografikoa:

Irati Rodilla Ojeda Bilbon jaioa da, 1992ean. Diagnosi klinikoen laborategiko teknikari zikloa egin ondoren, Fisioterapia ikasi zuen UPV/EHUn. Jarraian, Farmakologian masterra egin zuen, Medikamenduen Garapena, Baliospena eta Erabilera Arrazionala Unibertsitate Masterra, hain zuzen, eta orain doktoretza egiten dabil, EHUren Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia sailean.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Irati Rodilla: “Garrantzitsua iruditzen zait ikuspegi orokorrari oinarrizko zientzia gehitzea” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Euskararen tempus-aspektu-modu sistemaren trataera formala

Jue, 2018/11/01 - 15:00
Ibon Coterón Agorria Aditz esaeren bidez, gertaerak adierazi eta eremu semantiko konplexu batean kokatzen ditugu, hizketa-gunetik hurbilago edo urrunago, dimentsio bietan zehar, denborarena (lehenago – batera – ondoren) eta modu zein modalitatearena (erreala / irreala).

1. irudia: Gertaerak adierazi eta eremu semantiko konplexu batean kokatzen ditugu aditz esaeren bidez.

Anitzak dira kokatze horretan esku hartzen duten faktore semantikoak eta euskal aditzaren morfologia oparoak eskaintzen du aukera paregabea haien ulertzerako, nahiz orain arteko azalpenak urrun egon ulertze oso eta sakonetik. Azalpen egoki batek uztartu behar lituzke zenbait unibertsal semantiko eta haien euskarazko adierazpenak eta, horren bidez, erakutsi behar luke:

  • Zergatik diren ez-gramatikalak hainbat adizki edo aditz-esaera.
  • Nondik datorkien besteei haien interpretazioa (edo interpretazioak).
  • Zein faktorek eta nola eragin dituzten aldaerak 1 eta 2 puntuetan, geografian eta historian zehar.

Erraz kontura gaitezke orain arteko azalpenak ez direla guztiz egokiak. Bitxia da, adibidez, gramatikarien ahalegina benetako hizkuntza-erabilerei erreparoak erakusteko, hala nola esaten denean urraketa gramatikalen bat sumatzen dela etorri balitz egingo zuen bezalako esamoldeetan: horrek adierazten du ez direla egokiro ulertzen alegiazkoaren eta iraganaren arteko harremanak.

Deigarria da, halaber, kategoria desberdinak erabiltzea jokaera trinkoaren eta perifrastikoaren aditz-aspektua azaltzeko: lehenak balioko luke gertaera puntukariak adierazteko (beste ikertzaile batzuek aspektu aldetik neutroa dela diote); bigarrena, aldiz, [±burutu] eta [±gero] faktore semantikoen konbinaketari legokioke, baina lau konbinaketa posibleetatik bat ez da ematen [+burutu, +gero], eta aspektu sistematik kanpo uzten da aditzoina+*EDIN/*EZAN egitura.

Aditz laguntzaileok direla eta, orain arte ez da azaldu zergatik XVII. mendetik hona desagertu zen aurreko aoristo zaharra (etor zedin egungo etorri zen esaeraren ordez), ezta zergatik haien adizki gehienek atzizki edo aurrizkiren bat behar duten gramatikalak izateko (*nadi, baina banadi, naiteke, nadin…), aginte adizkiak salbuespen direla. Azalpen berak balio behar luke beste kasuotan ere: *nintz, baina banintz, nintzateke, nintzen… Baina orduan, zer ote dute komun subjuntiboko eta iraganeko -n adizkiek?

Goiko irudiko denborazko orientazio prozesuan eragina dute:

  1. Gertaera-erek (ea gertaeraren kontzeptuak aldakuntza barruratzen duen ala ez, ea ibilbide bat duen ala ez, ea aldakuntza ibilbide hasierakoa edo bukaerakoa den).
  2. Gertaeraren gaineko ikuspegi mota (ea gertaera haren ibilbide barrutik / kanpotik ikusita adierazten den, ±INTRA aspektu operatzaileak; haren mugaren ondotik / muga igaro gabe, ±POST; haren mugatik bertatik / mugari erreparatu gabe, ±AD).
  3. Ikuspegiaren kokagunea. *EDIN eta *EZAN (EGIN) laguntzaileen bidezko esamoldeetan (baita *IRON aditzarekin ere) +AD balioko ikuspegia aplikatzen da. Gainontzekoetan, oposizio nagusia ±INTRA da (nengoen, +INTRA; egon zen, –INTRA). Ikuspegiaren kokagunea aurreikusi egiten denean, geroan (edo / eta irrealtasunean) proiektatzen da (etorriko da, +PRO (–POST), egina duket (+PRO (+POST)).

Moduzko orientazio prozesuan eragina dute:

  1. Ahalezkotasuna.
  2. Asmozkotasuna.
  3. Ilokuzio indarraren aldaerak (hiztunaren gertaerarekiko konpromiso mota: baldintzarik gabekoa –nintzen–, baldintza baten menpe era baretuan emandakoa –nintzateke–, edo eman gabea –banintz). Baldintzarik gabeko konpromisoa ez den guztiak eremu irrealerantz desplazatzen du kokagunea.

Kokagunerako hiru une nagusi morfologikoki markatuta datoz: oraingunea (hizketa-guneari lotua), iraganaldia eta alegigunea. Orainalditik kanpo, hiztunaren gertaerarekiko konpromisoak marka esplizitu bat behar du (euskaraz, -n). Hori gabe, ikuspegia ez da iraganaldian kokatuko, alegigunean baizik. Ongi bereizi beharrekoak dira morfologikoki markaturiko alegigunea eta semantikoki alegiazkoa dena, azken horretan iraganaldiko kontrafaktualak ere sartzen baitira.

2. irudia: Ongi bereizi beharrekoak dira morfologikoki markaturiko alegigunea eta semantikoki alegiazkoa dena.

+AD ikuspegia ezin da kokatu hizketa-gunean bertan (O1S-n) eta proiekzio bat eragiten du horren gerorantz. Horregatik bateragarria da aginte adizkien asmozkotasun ideiarekin, baita ahalezko ideiarekin ere. XVII. mendean, bateraezintasun hori hedatu zen beste une nagusien orientazio puntu nagusietara (O2P-ra bereziki), aoristo zaharraren galera eraginez.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia. 2018
  • Artikuluaren izena: Euskararen tempus-aspektu-modu sistemaren trataera formala.
  • Laburpena: Lan honetan trataera formal bateratu bat aurkeztuko da euskal aditz jokatuaren tempus, aspektu eta moduarentzat.
  • Egilea: Ibon Coterón Agorria.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 209-224
  • DOI: 10.1387/ekaia.17695

————————————————–
Egileaz:

Ibon Coterón Agorria filosofia irakaslea da Erandioko Ategorri BHIn.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Euskararen tempus-aspektu-modu sistemaren trataera formala appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Klonez

Jue, 2018/11/01 - 09:00
César Tomé López

Klonak sortzea, organismo bizien kopia genetikoki berdin-berdinak, nekazaritza bezain zaharra den prozesu bioteknologikoa da.

Irudia: “Klon” hitza grezierazko “adaxka” hitzaren baliokidean du oinarria.

Lehen klonak sortu ziren nekazariek zurtoin bat edo adar bat (aldaxkak) hartu eta lurrean landatzen zutenean, landare batzuk ugaltzeko. Prozesua gaur egungo aroa baino milaka urte lehenago hasi zen erabiltzen eta gaur egun lorezain eta baratzezainek erabili ohi dute, fruitu-arbolen, aihen-belarren eta arrosen ugalketa lortzeko, besteak beste. Izan ere, J.B.S. Haldane biologoak 1963an “klon” hitza sortu zuenean, oinarri hartu zuen grezierazko “adaxka” hitzaren baliokidea.

Klon hitza, geneen erreplikazioaz aritzeko, 70eko urteen hasieran erabiltzen hasi zen. Izan ere, DNA birkonbinatzailearen teknika berriek orduan ahalbidetu zuten zientzialariek organismo baten genomaren bakarkako geneak ebaki eta bakterioen genoman txertatzea, non haiekin batera ugalduko ziren.

Polimerasaren kate-erreakzioa (PCR, ingelesezko siglen arabera) Kjell Kleppe eta H. Gobind Khoranak deskribatu zuten. Hala ere, Kary B. Mullis kimikariak 1983an teknika garatzeak ahalbidetu zien zientzialariei gene baten milaka milioi klon sortzea saio-hodi batean. Teknika horren garrantziak ekarri zuen zenbaitek biologia bi arotan banatuta zegoela baieztatzea: PCRaren aurrekoa eta PCRaren ondokoa. Egileak Nobel saria jaso zuen 1993an.

Animalia-organismo osoen klonatzeak historia zaharragoxea du. XX. mendeko 20ko urteen amaieran, Hans Spemann enbriologoak animaliak klonatzeko hurbilketa bat lortu zuen: Arrabio baten enbrioi-zelula baten nukleoa txertatu zuen bere nukleoa aldez aurretik ateratako obulu batean eta azken hau geroago arrabio independente gisa garatu zen. 1938an, jada Nobel sariduna zelarik, Spemannek proposatu zuen posible litzatekeela animalia heldu bat antzeko moduan klonatzea, baina “ametsa” bailitzan deskribatu zuen saiakuntza hori; alde batetik, berak ez zekielako nola egin eta, bestetik, ez zekielako animalia heldu baten zelula guztiz diferentziatu baten nukleoa gai izango ote zen organismo baten garapen osoa zuzentzeko obulu batetik abiatuta.

Ildo berean, 1951n Robert Briggsek eta Thomas J. Kingek ―Estatu Batuetako Osasuneko Nazio-Laborategietakoak― igelen enbrioi-zelulak klonatzea lortu zuten, baina ez zuten arrakastarik izan zelula bereiziagoak lortzeko egindako hainbat saiotan. Beren emaitzek, bai eta arlo horretan ziharduten beste laborategi batzuetakoek ere, hau erakusten zuten: Nukleoaz gabetutako zelulak zenbat eta “zaharragoak” izan (bereiziak, hau da, enbrioiaren garapenaren ondoko faseetan hartutako zelulak), hainbat eta gertagaitzagoa zen klonaren garapena lortzea.

1962an, John Gurdon Oxfordeko Unibertsitatean lan egiten zuen garapenaren biologoak esan zuen gai izan zela igel erabat garatuak sortzeko, zapaburuen hesteen estaldurako zelula ustez bereiziak klonatuta. Gurdonek argudiatzen zuen bere saiakuntzak ―nahiz eta saioen %2an besterik ez zuen arrakasta izan― frogatzen zuela zelula bereiziek eusten ziotela garapena zuzentzeko ahalmen genetikoari. Beste biologo batzuk ez ziren gai izan Gurdonen emaitzak errepikatzeko. Baserriko abereekin lan egiten zuten zientzialariek lortu zuten zaldiak, zerriak, untxiak eta ahuntzak klonatzea, lehen enbrioi-faseetako zeluletatik abiatuta, baina gehienek ezinezkotzat jotzen zuten zelula helduetatik abiatuta klonatzea.

Hala ere, 90eko urteen erdialdean, Ian Wilmutek, Roslin ikerketa institutukoak, erabaki zuen “nekazaritza molekularra” esaten zaionaren eraginkortasuna hobetzen saiatzea; hau da, animalien aldaketa genetikoa egitea giza proteina garrantzitsu eta baliotsuak ekoitz ditzaten, koagulazio-faktoreak esaterako. Helburu horrekin, animaliak aldatu egin ziren, proteinarako genea obulu ernaldu berrietan injektatuta; obuluok ordezko ama baten uteroan inplantatzen ziren eta honek azkeneraino burutzen zuen prozesua. Prozedurak ondoriozko animalien % 5etan baino ez zuen arrakastarik izan; baina, animalia horiek klonatzerik balego, porrotaren %95 arrakastaren %100 bihurtuko litzateke. Aukera horrek Wilmut bultzatu zuen bioteknologiako enpresa baten lankidetza bilatzera, PPL Therapeutics enpresarena hain zuzen.

Wilmutek pentsatu zuen zelula helduak klonagarriak izan litezkeela, baldin eta nukleoa egoera egokian zeuden zeluletatik hartzen bazen. Keith Campbellek, saiakuntza horretan laguntzen zion enbriologo batek, iradoki zuen G0 faseko zelulak (elikagairik ez dutenean zelulak sartzen diren gelditasun-egoera) balekoak izan litezkeela. 1996ko martxoan baieztatu zuten aukera hori, bi arkume jaio zirenean, enbrioi-zelula bereizietatik abiatuta klonatutakoak. Hurrengo urratsa ardi bat klonatzea izan zen, errapearen zelula helduetatik abiatuta. Beren ikerlanen ondorioz, 277 porrot izan zituzten, eta arrakasta bat: ardi bat, uztailean jaio zena, eta Dolly izenaz bataiatu zutena (Dolly Partonen gorazarretan).

Dollyren jaiotza hurrengo otsailean iragarri zen jendaurrean (PPL Therapeutics enpresak denbora izan zezan protokolo eta teknologiaren patentea erregistratzeko). Horrek berehala piztu zuen eztabaida, klonatzea gizakietan aplikatzearen inguruan (ikusi dugunez, azken batean, aurreko hirurogeita hamar urteetako edozein unetan pitz zitekeen eztabaida hori). Eztabaidak bizirik dirau.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

The post Klonez appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Neandertalen arnasketa sistema argitu dute, toraxaren berreraiketari esker

Mié, 2018/10/31 - 09:00
Juanma Gallego Kebara 2 izeneko neandertalaren toraxa berreraiki dute, hiru dimentsiotan; horri esker ondorioztatu dute neandertalen arnasketa bereziki lotuta dagoela diafragmari, eta ez horrenbeste kaxa torazikoari.

1. irudia: Neandertalek zuten itxura eta ohiturei buruz gero eta adostasun gehiago badago ere, oraindik eztabaida handia dago haien desagerketaren arrazoiei buruz. ( Argazkia: Wikipedia / UNiesert / Frank Vincentz / Abuk SABUK)

Gaur egungo gizakiekin alderatuta, neandertalek birika-edukiera handiagoa eta bizkarrezur egonkorragoa zutelako teoria babestu du Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa batek.

Ondorio horretara iristeko, Asier Gómez-Olivencia eta Ella Been ikertzaileek gidatutako zientzialari talde batek duela 60.000 urteko neandertal baten toraxaren berreraiketa egin du. Ikertzaileek Kebara leizeko (Israel) fosilak izan dituzte abiapuntu, zehazki, Kebara 2 izenarekin ezagutzen den norbanakoarenak.

Horietan abiatuta, toraxaren eredu birtuala osatu dute. Horretarako, egun Tel Aviveko unibertsitatean gordeta dauden fosilak baliatu dituzte, eta erabili dituzte ere Ordenagailu Bidezko Tomografia bitartez ornoei, saihetsei eta hezur pelbikoei egindako eskanerrak. Zeregin honetarako beren-beregi prestatutako softwarea erabili dute.

2. irudia: Kebara 2 izeneko fosila baliatu dute berreraiketa egiteko (Argazkia: © Javier Trueba / Madrid Scientific Films)

Orduan ikusi ahal izan dute beheko saihetsen orientazioa gaur egungo gizakiena baina horizontalagoa zela, eta, horretan abiatuta, ikertzaileek ondorioztatu dute neandertalen arnasketa bereziki diafragmari lotuta zegoela. Gizaki modernoetan, aldiz, arnasketa bai diafragmari zein kaxa torazikori lotuta dago.

Prozesu luzea eta konplikatua izan arren, behin puzzlearen piezak eskura izanda aukera ugari izan dituztela azaldu du EHUko Ikerbasque ikertzaile Asier Gómez-Olivenciak. “Ordenagailu bidezko tomografiaren bidez eredu birtual bat lor dezakezu, nahi duzuna errepikatzeko edo mozteko, eta ispilu-irudi bat lortzea ere baduzu. Adibidez, saihets bat apurtuta egonez gero, beste aldeko saihetsa onik bada, horren ispilua egin dezakezu. Edo lekuz kanpo dagoen pieza bat dagokion kokapen anatomiko egokian jartzeko modua duzu”. Prozesuan, egon daitezkeen deformazioak zuzentzeko aukera ere aipatu du adituak.

Aurretik orno eta saihetsak banan-banan eta modu tradizionalean ikertuak zituztela argitu du paleoantropologoak. Oraingoan, Haifako (Israel) ospitale batean egin dute fosilaren tomografia, eta ornoak berreraikitzea izan zen lehen egitekoa. “Aldez aurretik ikusi genuen ornoek kurbadura txikiagoa zutela, batez ere eremu lunbarrean. Joan den urtean argitaratu genituen horri buruzko emaitzak. Baina ereduan saihetsak sartzea falta zitzaigun. Bidean ere ikusi genuen berreraikitzean akats batzuk bazirela, eta horiek ere zuzendu genituen”

Behin puzzlea osatuta, interpretazioaren ordua iritsi da. “Gure lehenengo ezustekoa izan da uste genuela toraxa tamaina handiagokoa izango zela, baina ez da horrela izan”. Ikusi dute ornoen arteko tartea txikiagoa dela, baina toraxaren beheko aldea askoz zabalagoa dela. “Ezaguna da neandertalek pelbis zabalagoa zutela, eta pelbis horri egokitzen zaio toraxa, hain zuzen”.

3. irudia: Berreraikitako toraxaren ikuspegia. Beheko aldean agertzen den barraren eskalak 5 zentimetroko luzera du. (Irudia: A. Gómez-Olivencia, A. Barash eta E. Been)

Aurrean aipatu bezala, atentzioa eman dieten hurrengo berezitasuna izan da saihetsen horizontaltasuna. “Berez horrek ez lioke mugikortasun handirik emango neandertalari arnas egoteko orduan. Aldiz, toraxaren beheko partean, diafragma dagoen lekuan, azalera handiagoa du toraxak”. Egoera horrek zer pentsa eman die. “Nahiz eta orokorrean hezurduraren tamaina antzekoa izan, toraxaren beheko partea handiago izateak eragin handiagoa du biriken bolumen osoan”, azaldu du Gómez-Olivenciak.

Behin baino gehiagotan aipatu izan da neandertalek arnasten zuten airea berotzeko ahalmen gehiago izan zezaketela. Azken aurkikuntza honek sustatu lezake ideia hori? Berezitasun horiek nolabaiteko eragina izan al zezaketen neandertalek egokitzeko zuten gaitasunean? Zuhur azaldu da aditua halako hipotesi baten aurrean, kontua guztiz argi ez dagoelako. “Tira, garaiera berdina izanda, normalean gorputza zabalagoa zuten neandertalek, eta pisu handiagoa izango zuten. Muskulu-masa gehiago izatean, kaloria kopuru gehiago beharko zuten bizitzeko, eta kaloria horiek erretzeko oxigeno gehiago beharko zuten ere. Dena dela, askotan desberdintasun anatomiko guztiak modu funtzionalean ikusi nahi ditugu, baina batzuetan ez da horrela. Dibertsitate genetiko txikiagoko espeziea izanda, gizaki modernoek ere fenotipo-plastikotasun handia dugu”.

Horregatik, neandertalen kasua ez dela desberdina izan behar babestu du adituak. “Neandertalak ekosistema eta tenperatura desberdinetan aritu ziren, eta, beraz, ehiza desberdina izango zuten eskura. Gizaki horiek oso klima hotzetan irudikatzeko joera dago, baina gaur egungo egoera klimatikoarekin antza handia zuten eremuetan ere bizi izan ziren, eta milaka urtez ederki moldatu ziren, gainera”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Gómez-Olivencia, A., Barash, A., García-Martínez, D., Arlegi, M.,Kramer, P., Bastir, M., Been, E., (2018). 3D virtual reconstruction of the Kebara 2 Neandertal thorax. Nature Communications, 9 Article number: 4387. DOI: 10.1038/s41467-018-06803-z

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Neandertalen arnasketa sistema argitu dute, toraxaren berreraiketari esker appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Kimika sukaldean: haragia (I). Haragiaren kolorea.

Mar, 2018/10/30 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Gorriak badu bere xarma. Ez al dira erakargarriagoak haragi, fruta eta barazki gorriak? Elikagai horietatik eratorritako produktuek ere kolore gorria izan ohi dute. Ez da kasualitatea kolore gorria eta horia izatea koloratzaile arruntenak eta gehien ekoizten direnak. Era berean, xerra egin aurretik kolore gorri bizikoa da, freskotasunaren seinale. Baliteke noizbait pentsatu izana kolore gorria odolarena dena, baina, oraingoan ere kimikak erakusten digu zenbaitetan oker gaudela. Haragiaren kolorea faktore askoren mende dago. Hala ere, nagusiena, giharretan dagoen mioglobina izeneko proteina da, eta ez odola.

1. irudia: Haragi gordinak kolore gorri bizia du giharrean dagoen mioglobina proteinaren ondorioz. (Argazkia: moreharmony – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Animaliek odol gutxi dute masarekiko ehuneko bezala adierazita -%3-10 artean-, gainera, haragiak prozesatzean odol gehiena kentzen zaie. Hortaz, odol gutxi du harategira edo supermerkatura iristen den haragiak. Mioglobina izeneko proteina da kolore gorriko pigmentua duena eta mioglobina ez dago odolean. Mioglobinak muskuluetara garraiatzen du oxigenoa eta bertan egoten da kontzentraziorik handienean. Mioglobinak hemoglobinak odolean duen funtzio bera betetzen du muskuluetan, alegia, oxigenoa garraiatzea. Mioglobinaren egitura hemoglobinarenaren antzekoa da: proteina txikia da, hemo taldea duena. Hemo taldeak burdina(II) katioia du eta hori da, hain zuzen ere, oxigenoarekin lotzen dena. Modu horretan mioglobinak oxigenoa garraiatzen eta metatzen du giharrek behar dutenerako. Bai hemoglobinak eta bai mioglobinak kolore purpura-gorria dute hemo taldean dagoen burdinaren ondorioz. Mioglobinarekin alderatuz, hemoglobina proteina handiagoa da eta lau hemo talde ditu, hau da, lau burdina atomo ditu bere egituran.

2. irudia: Hemo taldearen egitura kimikoa. Erdian burdina(II) katioia ageri da, oxigenoarekin lotzen den atomoa. (Argazkia: Yikrazuul – domeinu publikoko irudia. Iturria: wikipedia.org)

Ez, ez da odola

Mioglobinak purpura kolorea du eta oxigenoarekin erreakzionatzen duenean hartzen du kolore gorri bizia -oximioglobina sortzen da-. Beste hainbat faktorek ere eragiten dute haragiaren kolorean: haragia gordeta egon den denbora, modua, animaliaren adina eta hark egin duen ariketa fisikoa, esate baterako. Alabaina, kolore gorriaren erantzule nagusia mioglobina da. Haragia denbora luzez paketatuta egon bada kolore ilunagoa izango du, oxigeno faltaren ondorioz. Era berean, haragia aireko oxigenoarekin kontaktuan dagoenean -adibidez, haragiak duen bilgarria ireki dugulako-, kolore gorri biziagoa hartuko du mioglobina oximioglobina bihurtzen den neurrian.

Bizirik dauden animaliek duten burdinaren %10 inguru mioglobinan dago eta mioglobina hori da kolore gorriaren erantzule nagusia -eta ez odoleko hemoglobina-. Kasu nabarienetakoa izoztutako haragia desizoztean ikusten da. Haragia plater baten gainean uzten bada, likido gorria askatzen da, antza, odola dirudiena. Alabaina, hori ez da odola; izan ere, haragiari odola kendu egiten zaio prozesaketaren lehen pausoetan. Haragiaren zatirik handiena ura da eta ur hori haragitik askatzen den mioglobinarekin nahasten denean agertzen da likido gorrixka hori.

Haragi gorria eta zuria

Haragi gorriak gihar gehiago du uzkurdura moteleko zuntzak dituelako. Zuntz horiei esker, animaliak denbora tarte luzeak egin ditzake ibiltzen, esaterako. Gihar horiek mioglobina ekarpen handia behar dute -oxigeno asko behar dute denbora luzez mugitzeko- eta, hortaz, kolore gorria izango dute. Alabaina, mugimendu azkarrak egin behar dituzten giharrek uzkurdura azkarreko zuntzak dituzte, arrisku egoeren aurrean ihes egiteko. Horiek ez dute hainbeste mioglobina behar eta, beraz, kolore argiagoa dute haragi horiek. Oilaskoen kasuan, esaterako, argi ikusten da desberdintasun hori. Hankak eta hegalak ilunagoak dira -arriskuetatik ihes egiteko mugimendu azkarrak egin behar dituzten atalak-, baina, beste ataletako haragia zuriagoa da, adibidez, bularkien kasua.

3. irudia: Oilaskoaren haragia zuriagoa da, bereziki uzkurdura moteleko zuntzak dituzten atalak. Bertan mioglobina kontzentrazioa baxuagoa da eta, hortaz, kolore gorria ez da hain nabaria. (Argazkia: kakyusei – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Mioglobinaren koloreak

Azaldu den bezala, haragiaren kolorea mioglobinaren kimikarekin lotuta dago, eta bereziki, haren burdina atomoarekin. Mioglobina hiru modutan ager daiteke: deoximioglobina, oximioglobina eta metamioglobina. Deoximioglobina mioglobinaren egoera erreduzitua da, alegia, oxigenoaren presentziarik ez dagoenean. Animalia hil berri denean agertzen da eta kolore gorri-purpura du. Animalia hil ostean, mioglobina hori oxidatzen doa aireko oxigenoaren ondorioz eta oximioglobina eratzen da. Guk atsegin dugun haragiaren kolore gorriaren erantzulea da eta, oraindik ere, mioglobinaren hemo taldean dagoen burdina burdina(II) izaten jarraitzen du -deoximioglobinan bezala-. Alabaina, haragiak denbora luzez jarraitzen badu oxigenoarekin kontaktuan gehiegizko oxidazioa gertatzen da eta metamioglobina eratzen da. Metamioglobinan burdina(III) dago -eta ez burdina(II)-, eta kolore arrea hartzen hasten da haragia. Metamioglobina duen haragia jangarria da, baina, pixkanaka usteltze prozesuak hasiko dira haragia guztiz alferrik galtzen den arte. Oxihemoglobina 50 aldiz azkarrago degradatzen da giro tenperaturan 0 ºC-an baino eta horixe da, hain zuzen ere, haragia hozkailuan mantentzeko arrazoietako bat.

4. irudia: Haragia paketatzeko hutsunepeko baldintzak erabil daitezke oxigeno edukia murrizteko edo atmosfera bereziak erabil daitezke. (Argazkia: moreharmony – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Haragi gordina baldintza onetan mantentzeko irtenbide bat karbono dioxidoa erabiltzea da. Karbono dioxido gasak bakterioen hazkuntza saihesten du -normalean %60 karbono dioxido eta %40 nitrogeno duten nahasteak erabiltzen dira-, eta modu horretan ez dago oxigenorik bilgarriaren barruko atmosferan. Haragiak kolore gorria denbora luzeagoz mantenduko du. Beste aukera bat karbono monoxidoa erabiltzea da. Gas toxikoa den arren, %0,4 kontzentrazioan erabiltzen bada nitrogenoarekin eta karbono dioxidoarekin batera, ez du osasunarentzat arriskurik eragiten -esposizio altuagoak jasaten ditugu trafikoaren eraginez, esaterako-. Karbono monoxidoaren presentzian, karboximioglobina sortzen da, deskonposaketarekiko erresistentzia altua duena. Hainbat herrialdetan gas horren erabilera onartzen da, baina, beste zenbaitetan ez -Europar Batasunean, kasu-. Karboximioglobina sortzen denean, haragiak kolore gorri freskoa mantentzen du, kontsumitzailearentzat oso erakargarria dena, baina, haragia usteltzen hasia egon daiteke kolore gorri bizia izan arren. Horiexek dira kimikaren sekretuak…

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Kimika sukaldean: haragia (I). Haragiaren kolorea. appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Jupiterreko Orban Gorri Handiko fenomeno meteorologikoen barietate aberatsa

Lun, 2018/10/29 - 09:00
Orban Gorri Handiaren barruko fenomeno atmosferikoak askotarikoak direla agerian utzi du ikerketak. Kanpoaldean 450 km/h inguruko abiaduran dabiltzan haize bortitzek eragiten dituzte fenomeno horiek.

1. irudia: Duela 150 urte aurkitu zen Jupiterreko Orban Gorri Handia.

Orban Gorri Handia duela 150 urte inguru aurkitu zen. Teleskopiotik begiratuta, kolore gorrizta nabarmentzen da planetako gainerako hodei zuri, horizta eta okreen aldean. Fenomeno horri buruz ikerketa asko egin badira ere, oraindik erronka handia da meteorologo planetarioentzat.

20.000 km-ko zurrunbilo obalatu itzela da Jupiterreko Orban Gorri Handia eta eguzki sistemako fenomeno atmosferikorik ezagunena izango da seguruenik. Azterlanaren arabera, amoniako lurrunaren kondentsazioak eragindako ekaitz kumuluak ditu mordokatuta, hau da, Lurrean haizeak mendien gailurrean jotzen duenean sortzen direnen antzeko grabitate uhin estuak. Erdialdean, ordea, baretasuna da nagusi eta hodeiak kontrako noranzkoan mugitzen dira, orduko 25 km-ko abiaduran gehienez.

2. irudia: 20.000 km-ko zurrunbilo obalatu itzela da Jupiterreko Orban Gorri Handia.

Fenomeno horiek Orbaneko hodei sabaia osatzen duen 50 km inguruko lodierako geruza mehe batean baino ez dira gertatzen eta Orbana berak seguruenik ehunka kilometroan jarraitzen du sakoneran, JunoCam kamerak Orban Gorri Handiaren ingurutik igarotzean hartutako irudietan oinarrituta.

Beste lan batean, mundu osoko astronomo afizionatuek azken urteetan Jupiterreko atmosferan detektatutako bolidoen inpaktuei buruzko azterketa bat aurkeztu da. 2010etik 2017ra, 5-20 m-ko tamainako gorputzek eragindako segundo bateko 5 argi flash hartu ziren. Kalkuluen arabera, tamaina horretako 10-65 inpaktu inguru gertatzen dira urtean Jupiterren, oso laburrak direnez gero detektatzea oso zaila bada ere.

3. irudia: Jupiterreko atmosferan detektatutako bolidoen inpaktuei buruzko azterketa bat ere aurkeztu da.

Fenomeno horren inguruko alderdi horiek eta beste batzuk izango dira Juno misioak datozen urteetan egingo dituen ikerketen jomugak. NASA erakundeak Jupiterreko atmosfera sakona, barnealdea eta eremu magnetiko konplexua aztertzeko asmoz bidali duen Juno misio espaziala 2016an sartu zen orbitan. Barruan daramatzan tresna zientifikoen artean, JunoCam izeneko kamera dago eta planetako irudiak hartzea du helburu, zabalkunde lanetarako eta herritarrek zientzian parte har dezaten sustatzeko. Jupiterren ingurutik bidalitako lehen irudiek atmosferaren 7 km inguruko xehetasunak erakutsi ditu.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Jupiterko Orban Gorri Handiko fenomeno meteorologikoen barietate aberatsa eman dute jakitera

Erreferentzia bibliografikoa:

Hueso, Ricardo, et al., (2018) The rich dynamics of Jupiter’s Great Red Spot from JunoCam: Juno images. Astronomical Journal, 156, 162 (9pp). DOI: 10.3847/1538-3881/aada81

The post Jupiterreko Orban Gorri Handiko fenomeno meteorologikoen barietate aberatsa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #226

Dom, 2018/10/28 - 09:00
Uxue Razkin

Osasuna

Europako Batzordearen eskaeraren aurrean, ordua egoki hautatzearen garrantziaz ohartarazi dute adituek, egunsentiko argiak organismoan duen pisua dela eta. Ildo horri jarraiki Trinitat Cambras Riuk, Farmazian doktore eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Fisiologia irakasleak dio ordutegiaren hautaketak garrantzia duela batez ere neguko hilabeteetan. Erritmo zirkadianoa egunero ondo doitzearen garrantzia nabarmendu: “Goizean behar beste argi ez jasotzeak egun amaieran eragiten du, loaldia atzeratu egiten delako”. Horretaz gain, adingabeak eta adinekoak dira erritmoen arteko desoreka gehien nabaritzen dutenak.

Ordu aldaketak sortu duen eztabaida honen inguruan aritu da Antoni Diaz Noguera Fisiologian katedraduna. Nabarmendu du ordutegi aldaketa ez dela osasungarria fisiologiaren ikuspuntutik eta barruko erlojua orduan jarri behar dugula; izan ere, “barruko erlojua aske utziz gero, 25 ordu inguruko zikloen arabera funtzionatuko luke. Beraz, 24 orduko egunetara egokitzeko orduan jarri behar du, egunero-egunero”. Horretarako, gure organismoak goizeko argia bilatzen du. Txandaka lan egiten dutenek, esaterako, pairatzen dute desoreka handiena: “Egun bateko aldaketa gertatzen bada ez da ezer gertatzen. Urteetan mantentzen denean, egoera horretan daudenek patologia larri gehiago izaten dituzte”.

Ekologia

Ziur egunotan Gipuzkoako kostaldeko flyscha plastikoz gainezka ikusi duzuela birala egin den bideo batean. Surfalari batek egindako bideo honek agerian utzi du plastiko kutsadura “arazo globala” dela. Bere ustez, “baloiak kanpora botatzen” ari da administrazioa: “Ez da egia ezohiko fenomenoa dela, surflariok askotan ikusten baitugu”.

Medikuntza

Minbizi mota berbera gaixoaren arabera ezberdina izan daiteke eta desberdin jokatzen ahal du. Honi tumore barneko heterogeneotasuna (TBH) deritzo. Terapia pertsonalizatuek tratamendua paziente bakoitzaren TBHra egokitzea dute helburu. Oraindik ez dira oso ondo ezagutzen TBHaren oinarrian dauden mekanismoak. Azken finean, tumorearen atal batzuetako zelula talde batzuek ondo erantzuten diote tratamenduari, baina beste batzuk erresistente egin daitezke profil genetiko ezberdina daukatelako eta mutazio ezberdin horiek eraginda erresistentzia gaitasun hori eskuratu dutelako. Eta minbizi-zelula talde erresistente hauek dira minbiziaren aurrera egitearen eragileak.

Hainbat ikerketek frogatu dute badagoela erlazioa herpes birusaren eta alzheimerraren artean. Oxford unibertsitateko Ruth Itzhaki ikertzaileak aditzera eman du artikulu batean HSV1 birusa alzheimerraren arrisku-faktore nagusietako bat dela, eta gene batekin lotuta dagoela azaltzen du: apolipoproteina E-aren genea (APOE-Ɛ4). Hori guztia ikusita, antibiralak alzheimerra tratatzeko eraginkorrak izan daitezkeela proposatu du ikertzaileak.

Genetika

Botika pertsonalizatuen inguruan aritu da Koldo Garcia. Horiek egin ahal izango dira? Lehenengo aukera bat ematen du egileak: gaixotasun askok oinarri genetikoa dute beraz, gure geneak konponduta, gaixotasun horri aurre egiten ahal diogu. Horren harira, Garciak dio terapia genetikoek huts egin zutela baina badirudi edizio genomikoaren belaunaldi berriak lortuko duela. Artikuluaren egileari, ordea, oso zaila egiten zaio hori sinestea. Bigarren aukera bat ere ematen du: botikei erantzuteko gaitasunaren zati bat gure geneek azal dezakete. Gene batzuen aldaerek botika batzuk hobeto prozesatzen lagundu dezakete; eta beste batzuk botika baten lana zaildu. Hortaz, norberaren geneen arabera tratamendu baten arrakasta aurreikus daiteke eta, hortaz, tratamendurik egokiena hasieratik ezarri. Hirugarren aukera bat planteatzen da artikuluan, lehenengo bien nahasketa dena. Irakur ezazue osorik!

Teknologia

Robotak prest dira gizakiekin batera lan egiteko. Hasieran beldur ginen baina adi! gero eta ohikoagoak izango dira lantegietan, erietxeetan, bulegoetan, eta, adituen aburuz, baita aisialdian ere. Alor honetan murgilduta gaudela, ondo bereizi behar dira robotak eta kobotak. Egun lantegietan dabiltzan robotek hesi baten atzean dihardute, kaioletan, gizakiengandik ondo bereizita, istripuak saihesteko. Kobota, ordea, gizakien ondoan lan egiteko diseinatuta dago. Azken hauek sentikorrak dira: lankidea ukitzen dutenean gelditu egiten dira. Horretaz gain, kobotak laguntza ematen ahal dio adinean aurrera doan langileari, Loreto Susperregia IK4ko-Teknikerreko Robotika koordinatzailearen ustez.

Nanoteknologia

Nanopartikula sintetiko bigunen tamainaren eta elastikotasunaren arteko erlazioa definitzen duen lege baten eredua egin eta formulatu dute ikerketa batean. Sendagaien dosifikazioa izan daiteke nanopartikula horien aplikazioetako bat: kateak tolestean sortzen diren hutsuneetan garraiatuko lirateke sendagaiak eta tratatu beharreko eremura iristean nanopartikula askatuko litzateke. Lan honetan ikusi dute nanopartikula handi samar batzuk gai direla poro txikietatik pasatzeko, oso elastikoak direlako, eta txikiago baina zurrunagoak direnek, berriz, ezin dituztela zeharkatu. Ikerketan behatutakoari, oinarri teorikoa jarri diote.

Antropologia

Gatza maien ekonomiaren funtsezko osagarria izan zela berretsi dute, Belizen aurkitutako harri tresnen analisian abiatuta. Elikagaiak kontserbatzeko eta merkataritza-trukaketetan erabiltzen zuten gatza. Azken ideia honi jarraiki, artikuluan honakoa idatzi dute ikertzaileek: “Gatz opilak eta arrain gazitua kontserbatu zitezkeen ondasunak ziren, eta bazegoen aukera horiek gordetzeko eta merkatuan trukatzeko”, idatzi dute zientzia artikuluan.

Agrobiologia

Oilategi konpostagailua aukertzen da lan honetan, hau da, biohondakinak lekuan bertan aprobetxatzea ahalbidetzen duen konpostatze-sistema berritzaile bat. Oilategi baten egitura du, eta konpostagailu bat edo gehiago eduki ditzake barnean, parte-hartzaileek etxean sortzen duten bio-hondakina konpostatzeko. Esperientzia arrakastatsua izan da: garraioaren eta tratamenduaren kostu ekonomiko eta energetikoak murrizteaz gain, inbertsio ekonomiko garrantzitsurik gabe biohondakin-kantitate nabarmenak kudeatzea lortu da.

Fisika

Sistema fisiko eta kimiko isolatuek aldatzen ez diren zenbait propietate dituzte, esate baterako, masa, energia, eta baita tenperatura ere oreka termikoan baldin badaude. Sistema horiek elkarri eragiten diotenean, propietate horietako batzuk kontserbatu egiten dira. Kontserbazio legeek horiei egiten die erreferentzia. Filosofo naturalek XVIII. mendean eman zuten aditzera lege horiek lehen aldiz. Horren ondotik, fisika alorreko teoriaren bilakaera gidatu dute kontserbazio-legeek. Horren historia ezagutzeko, jo ezazu artikulura!

Emakumeak zientzian

Uxua Lopez ikertzaile nafarrak (Tafalla, 1983), egun Acciona-n telekomunikazioetako ingeniaria denak, klima-aldaketaren inpaktuak emakumeengan duen efektu negatiboei buruz hitz egin du elkarrizketa honetan, Donostian emango duen hitzaldi baten harira. Oro har, nafarrak dio berotze globalak emakumeengan dituen efektu negatiboak gizonezkoengan dituenak baino handiagoak dira; beste arrazoi batzuen artean baliabide ekonomiko gutxiago dauzkatelako, heziketarako eta justiziarako sarbide txikiagoa dutelako eta higikortasun eta erabaki-hartzean aukera gutxiago dauzkatelako.

———————————————————————–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #226 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #234

Sáb, 2018/10/27 - 09:00

Finantza-matematiketan oinarrizko operazioa da etorkizuneko sarreren eguneko balioaren kalkulua. Etorkizuneko interes-tasa ezagutzen bada, noski, epe luzera kontu arina ez dena. Eta ezinbestekoa da hau politika ekonomikoan erabakiak hartzean. José Luis Ferreirren How to choose a discount rate for long term public policies

Kristautasunaren garaipena teknika terroristak erabilita lortu zen? Jesús Zamoraren artikuluan hausnarketa: From Constantine to Justinian: the triumph of Christian ‘terrorism’

Energia kontsumo oso baxua suposatzen duen eta etorkizuneko dispositibo mugikorren iraultza ekar dezakeen argi-materia eszitazio hibrido bideragarriaren detekzio esperimentalean hartu du parte DIPCk A route to the directional control of light–matter interactions at the nanoscale

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #234 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Eguzkiñe Iturrioz: “Ezinbestekoa da iragarpen meteorologikoa egingo dugun eremua ondo ezagutzea” #Zientzialari (103)

Vie, 2018/10/26 - 09:00

Meteorologia pil-pilean dagoen intereseko gaia bihurtu da. Egunero, eguraldiaren iragarpenak kontuan hartzen ditugu egin beharrekoak antolatzeko. Izan ere, albistegietan, mugikorrean edota kaleetan kokatutako informazio pantailak eskura ditugu momentu oro informazioa jasotzeko.

Iragarpen hauen atzean meteorologoak daude. Egunero, Eusko Jaurlaritzaren sare hidrometeorologikoa, satelite irudiak, Araban kokatutako Kapilduiko radarra edo tximista detektagailuak bezalako baliabideek eskaintzen dituzten datuak aztertu eta balioztatzen dituzte tokian tokiko iragarpen meteorologikoa egiteko.

Eguneroko iragarpena egiteko beharrezkoak diren prozeduren xehetasunak ezagutzeko Tecnaliako Energia eta Ingurumena dibisioan meteorologoa den Eguzkiñe Iturriozekin elkartu gara.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Eguzkiñe Iturrioz: “Ezinbestekoa da iragarpen meteorologikoa egingo dugun eremua ondo ezagutzea” #Zientzialari (103) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Noaingo oilategi konpostagailua: etxeko soberakin organikoak aprobetxatzeko ikerkuntza parte-hartzailea

Jue, 2018/10/25 - 15:00
Ania Ibarguren, Joseba Arizmendiarrieta, Francesco Storino, Monica Usanoz eta Inazio Irigoien Biohondakinak lekuan bertan aprobetxatzea ahalbidetzen duen konpostatze-sistema berritzaile bat aurkezten da hurrengo artikuluan: Oilategi konpostagailua.

Oilategi baten egitura du, eta konpostagailu bat edo gehiago eduki ditzake barnean, parte-hartzaileek etxean sortzen duten biohondakina konpostatzeko. Noaingo Zentzumenen Parkean, Noain (Nafarroan), aurkitzen den 3 konpostagailu edo modulu dituen oilategi konpostagailuaren 30 hilabetetako jarraipen-emaitzak aurkezten dira dokumentu honetan. Bertan bizi diren oiloak materia organiko honetatik elikatu ahal izan dira eta haien moko eta atzaparren akzioa dela eta, konposta irauli edo aireztatu eta biohondakina txikitzen dutenez konpostatze prozesua azkartzen lagundu dute.

30 familia boluntarioek haien soberakinak eraman dituzte eta hilean behin horietako familia batek bizilagun guztiek egun horretan utzitako biohondakin-poltsen ekarpena gauzatu eta datuak jaso ditu. Trukean, arrautzak eta egun batez oiloen zaintzaile izatearen esperientzia jaso du. Ikerkuntza parte-hartzaile honetan datu gehienak familiek beraiek neurtu eta bildu dituzte.

Soberakin organikoen ekarpena 1. konpostagailuan egiten da (irekita aurkitzen den bakarra) eta dagokion egituratzaile kantitatearekin nahasten da prozesua baldintza oxidatiboetan eman dadin. Prozesuaren antolamenduari dagokionez, loteka antolatu da eta 1. moduluaren edukiera betetzean, dagokion lekualdaketak egin dira prozesua berriz hasteko lote berri batekin. Konpostagailura bota diren bio-hondakinen izaerari dagokionez oso desberdina izan da, etxean sor daitezkeen hondakin organiko oroz osatua izan delarik: fruitu eta barazki gordinak edota prestatutakoak, haragi eta arrain hondarrak, arrautza azalak, sukaldeko papera, hezurrak, etab.

Egituratzaile motari dagokionez, material ezberdinak erabili izan dira (txirbila, ezpal txikitua eta birzirkulatutako ezpal txikitua). Materia organikoa ez diren gaien edota inpropioen presentzia oso baxua izan da. Beraz, partaideek beren etxeetan biohondakina beste frakzioetatik modu egokian bereizi dutela ondorioztatzen da.

Agerikoa da esperientzia arrakastatsua izan dela. Eskala txikiko instalazio deszentralizatua denez, garraioaren eta tratamenduaren kostu ekonomiko eta energetikoak murrizteaz gain, inbertsio ekonomiko garrantzitsurik gabe biohondakin-kantitate nabarmenak kudeatzea lortu da (100 bat pertsona) eta erabiltzaileen inplikazioa sustatzeko pizgarri eraginkorra izan da. Konpostatze prozesuan eman diren tenperaturek nahasketa higienizatu dute eta prozesu amaieran lortzen den konposta higienizatua, egonkorra eta heldua izateaz gain, elikagaietan aberatsa da eta metal astunen kontzentrazio oso baxuak ditu. Marroi ilun kolorekoa da, lur-usain atseginekoa eta gai ezegokien presentziarik gabekoa, biltegiratu edota baratzeetan, zein lorategietan erabiltzeko egokia.

Orokorrean, konposizio kimiko aberatsa izateaz gain, eroankortasun elektriko altua ere baduenez, ez da lur edo substratu bezala bera bakarrik erabiltzeko aproposa, baina lurra ongarritzeko edota substratu-osagai bezala erabiltzeko (turba edo hondarrarekin nahastuta) oso gomendagarria da. Konpostaz gain, parte-hartzaileen artean banatu diren arrautza errun berriak ere lortzea ahalbidetu du. Gainera, nahiz eta oiloak partzialki biohondakin hauetaz elikatu eta oso pentsu gutxi kontsumitu, ez dute nutrizio-eskasiaren sintomarik erakutsi. Gainera, partaideen iritzia jaso asmoz egindako bi inkestetan balorazio oso positiboak bildu dira eta bertaratutako bisitari gehienek ez zekiten oilategian bertan 100 biztanleren biohondakinak konpostatzen ari zirenik. Esperientzia arrakastatsu hau beste lekuetan edota beste tamainatara guztiz moldagarria da.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia. 2018
  • Artikuluaren izena: Noaingo oilategi konpostagailua: etxeko soberakin organikoak aprobetxatzeko ikerkuntza parte-hartzailea.
  • Laburpena: Bio-hondakinak lekuan bertan tratatzea ahalbidetzen duen konpostatze sistema berritzaile bat aurkezten da: Oilategi-Konpostagailua. Oilategi baten egitura du, eta konpostagailu bat edo gehiago eduki ditzake barnean, parte-hartzaileek etxean sortzen duten bio-hondakina konpostatzeko. Oiloek, moko eta atzaparren akzioa dela eta, konpostatze prozesua azkartzen dute. Noaingo Zentzumenen Parkean Noain (Nafarroan) aurkitzen den oilategi-konpostagailuaren 30 hilabetetako jarraipen emaitzak aurkezten dira. 30 familiak haien soberakinak eraman dituzte, datuak jaso dituzte eta trukean arrautzak, konposta eta egun batez oiloen zaintzaile izatearen esperientzia jaso dute. Ikerkuntza parte-hartzaile honetan datu gehienak familiek beraiek neurtu dituzte.
  • Egilea: Ania Ibarguren, Joseba Arizmendiarrieta, Francesco Storino, Monica Usanoz eta Inazio Irigoien
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 163-172
  • DOI: 10.1387/ekaia.17996

————————————————–
Egileaz:

Ania Ibarguren, Joseba Arizmendiarrieta, Francesco Storino eta Inazio Irigoien Nafarroako Unibertsitate Publikoan dabiltza. Monica Usanoz, bere aldetik, Noaingo udaleko Agenda 21en.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Noaingo oilategi konpostagailua: etxeko soberakin organikoak aprobetxatzeko ikerkuntza parte-hartzailea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Kontserbazio legeez

Jue, 2018/10/25 - 09:00
César Tomé López Sistema fisiko eta kimiko isolatuek aldatzen ez diren zenbait propietate dituzte, esate baterako, masa, energia, eta baita tenperatura ere oreka termikoan baldin badaude. Sistema horiek elkarri eragiten diotenean, propietate horietako batzuk kontserbatu egiten dira: propietate azpi-multzo horretaz ari gara kontserbazio-legeez hitz egitean. Hala, «masaren kontserbazioa» diogu, edo «energiaren kontserbazioa».

Irudia: Kontserbazio-lege batekin zerikusia izan zuen lehen eztabaida XVIII. mende hasieran agertu zen.

Filosofo naturalek XVIII. mendean egin zituzten lege horiek esplizitu lehen aldiz. Harrez geroztik, kontserbazio-legeek fisika alorreko teoriaren bilakaera gidatu dute eta bidean sorturiko hainbat auzi argigarriak gertatu izan dira kontserbazio-baldintzak nahiz kontserbatzen diren propietateen izaera bera ulertzeko.

Lege horiexek aurkitzeko eta aplikatzen hasteko prozesua hiru alditan bana daiteke; hala izendatuko ditugu: aurkikuntza (XVIII. mendea), lehen emaitzak (XIX. mendea) eta simetriak (XX. eta XXI. mendeak).

Aurkikuntza

Kontserbazio-lege batekin zerikusia izan zuen lehen eztabaida XVIII. mende hasieran agertu zen. Partikula edo partikula-sistema baten «indarra» izan zuen ardatz; «indar» hitzak esan nahi zuelarik partikula baten masa m bider bere abiadura v (momentum), mv2 edo mv2/2 (vis viva). Hain zuzen, Colin McLaurin, Gottfried Leibniz eta Johann Bernoulli matematikariek «indarraren» kontserbazioari buruzko ikuspegiak proposatu zituzten logikaren bitartez garatutako (eta ondoren matematikaren bidez adierazitako) printzipio metafisikoetan oinarriturik. Datu esperimentalak gehitu zituzten gogoeta metafisiko horietako baten batean. Parisko Zientzien Akademiak 1724an antolatutako lehiaketaren testuinguruan, asaldura-egoera nagusitu zen; izan ere, McLaurini garaipena emateaz gain, Bernoulli kanporatu zuten.

Ia aldi berean, momentu angeluarraren kontserbazioari buruzko eztabaida azaldu zen. 1749an izan zuen goren unea, une hartan D’Alembert entzutetsua bihurtu baitzen auziaren protagonista bere Encyclopédie famatuko zientzia- eta matematika-editore gisa. Azkenean, liskarrak saihesteko asmoz, D’Alemberten jarraitzaileek mekanika arrazionala abiadura birtualaren kontzeptuan oinarritu zuten, kontserbazioan oinarritu ordez. XIX. mendera arte ez ziren argitu momentum hura, vis viva, energia, indarra eta horiek guztiak banandu zein erlazionatzen zituzten baldintza fisikoak.

Era berean, XVIII. mendeko beste halako propietate bat pisua izan zen. Aire-motak identifikatu eta aurkitu zirenean, erreferentzia garrantzitsu bihurtu zen kimikaren teorian. Pisuaren kontserbazioa Antoine-Laurent Lavoisier-en kimika birmoldatuaren oinarri izatera igaro zen.

XVIII. mendean garatzen hasitako hirugarren kontserbazio-legeak elektrizitate estatikoarekin izan zuen zerikusia. Benjamin Franklinek, bere elektrizitate positibo eta negatiboaren existentziaren teorian (1747), karga esplizituki kontserbatzen zuen eta, are gehiago, lege hori erabili zuen Leyden-en botilaren funtzionamendua azaltzeko. Franklinen osteko filosofo naturalek bi fluido erabiltzen zuten hark bakarra erabili zuenetan; elektrizitatea kontserbatzen zela onartzen zuten eurek ere, nahiz eta esplizituki ez idatzi.



Gainerako fluido neurtezinen inguruko teoria gehienek kontserbazioa onartzen zuten, esate baterako, kalorikoarena (garaiko teorien arabera, beroaren fenomenoetan elkartrukatzen ei zen pisurik gabeko materia).

Hala, bada, 1800erako kontserbazio-legeak irmo ezarriak ziren fisikan.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

The post Kontserbazio legeez appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Gatza maien ekonomiaren funtsezko osagarria izan zela berretsi dute

Mié, 2018/10/24 - 09:00
Juanma Gallego Belizen aurkitutako harri tresnen analisian abiatuta, arkeologoek ondorioztatu dute maiek gatza baliatzen zutela elikagaiak kontserbatzeko eta merkataritza-trukaketetan erabiltzeko.

Aspaldi ezagutzen da maien kulturak gatza erabiltzen zuela, batez ere Belizen dauden gatzagak direla eta. Baina pixkanaka, ikertzaileak datu berriak eskuratzen ari dira, eta, horietan oinarrituta, Erdialdeko Amerikako kultura horretan gatzaren garrantzia uste baino handiagoa zela ezagutu da orain.

1. irudia: Gatza kostaldean ekoizten bazuten ere, ondoren barnealdeko hirietara eramaten zuten, bertan trukean erabiltzeko. (Argazkia: Jimmy Baum / Unsplash)

PNAS aldizkarian eman dituzte gaiaren harira egindako azken aurkikuntzen berri. Heather McKillop Louisianako Estatuko Unibertsitateko (AEB) arkeologoa eta Kazuo Aoyama Ibarakiko Unibertsitateko (Japonia) antropologoa izan dira ikerketa burutu dutenak. Gatzaga horietan aditua da estatubatuarra, eta harrizko tresnetan agertzen diren markak dira japoniarraren jakintza eremua. Bada, ondorioztatu daiteke zertan oinarritu duten ikerketa: aztarnategietan aurkitutako tresnak aztertu dituzte duela 1000 urte baino gehiago bertan gertatu zenaz jabetzeko.

Aztergai duten eremuak gaur egun dituen baldintzak ez dira hoberenak arkeologia egiteko, ur azpian dagoelako. Paynes Creek natur parkean dauden aztarnategian egin dute ikerketa. Bertan, maiek gatza ekoizteko gune bat zeukaten, aintzira baten alboan. Guztira, zeregin horretara bideratutako 110 tokiren aztarnak daude, bost kilometro koadro inguruko eremu batean.

Aztarna horiei esker badakigu maien zibilizazioaren loraldiaren azken hiru mendeetan (600 eta 900 urteen bitartean), kostaldean zeuden maiek gesala irakitan jartzen zutela gatza lortzeko. Gatz hori opiletan biltzen zuten, eta ondoren opil horiek kanoen bitartez eramaten zituzten ondoko hirietara, bertan trukean erabiltzeko.

Orain, itsasoaren mailak gora egin du, eta garai batean gatzaga zena aintzira bat da egun, mangladiez inguratuta. Mangladietako zoruak zohikatzez osatuta daude, eta azidotasun handia duen material horrek hezurrak, oskolak eta bestelako aztarnak suntsitzen ditu. Horregatik, bertan ez dute animalien arrastorik aurkitu, baina animalia horien kontsumoaren zantzuak harrietan bertan eskuratu dituzte. Erdialdeko Amerikan gertatu ohi denaren kontra, aztarnategi honetan egurra ondo kontserbatu da, mangladietako zohikatzak ez baitio material horri erasotzen.

Bertan aurkitutako harrizko tresnak mikroskopio bidez aztertu dituzte. Zehazki ur azpitik ateratako chertezko (kuartzo mota bat) 20 tresna miatu dituzte, eta bertan marraztutako patroietan jarri dute arreta. Ikusi dute patroi edo aztarna horiek arrainak lantzean sortzen direnekin bat datozela, eta ez soilik, esperokoa zen moduan, egurra lantzean sortzen diren patroiekin.

2. irudia: Gatzagetan, haragia eta arraina prozesatzeko harrizko tresnetan ageri diren aztarnak aurkitu dituzte arkeologoek; horrela baieztatu dute gatza elikagaiak kontserbatzeko erabili zutela. (Argazkia: Louisianako Estatuko Unibertsitatea)

Ikusitakoaz ondorioztatu dute elikagaiak kontserbatzeko gatza erabiltzen zutela, eta maiek elikagai gazitu horiek zein opiletan bildutako gatza bera “merkaturatzen” zuteneko hipotesia azaldu dute. “Gatz opilak eta arrain gazitua kontserbatu zitezkeen ondasunak ziren, eta bazegoen aukera horiek gordetzeko eta merkatuan trukatzeko”, idatzi dute zientzia artikuluan.

Kostaldean ekoiztutako ondasun hauek txalupen bitartez barruko hirietara eramaten zituztela uste dute, 24 kilometro arteko bidaietan. Zentzu horretan, zientzia artikuluan gogorarazi dute aurreko ikerketa batean beste zientzialari batzuek azaldu dutela kostaldetik Tikal hirira gatzari lotutako jarduerei loturiko giza mugimenduen aztarna bazegoela, hezurretako estrontzioaren isotopoen analisian oinarrituta. Era berean, Asiako zenbait kulturatan eta Inperio Erromatarrean ere arrain gazituaren inguruko jarduera ekonomiko garrantzitsua bazegoela oroitarazi dute.

Tresnetako batzuk soilik haragia edo haragia mozteko erabiltzen ziren, eta beste batzuk egurra zeregin anitzetarako erabiliak izan ziren. Mahai gainean jarri dituzten datuen arabera, espezializazio handiko gunea zen. Adibidez, gatza ekoizteko 72. gunean haragia edo arrainak mozteko bost tresna aurkitu dituzten bitartean, 70. gunean egurra baino ez zuten mozten, ondoren gatza lortzeko suteetan erabiltzeko. Hau da, nolabaiteko lan banaketa zegoen berez espezializatua zen jarduera ekonomiko baten barruan.

Egin dituzten kalkuluen arabera, gatza ekoizteko gune bakoitza 3.444 lagunen gatz beharrak asetzeko ekoizpena egiteko moduan zegoen: 37,7 tona gatz asteko, edo 600 tona 4 hilabetean. Datu hori kalkulatzeko, gaur egun Guatemalako Sacapulas eskualdean dagoen antzeko gune tradizional batean egiten den ekoizpena izan dute kontuan.

Erreferentzia bibliografikoa:

McKillop, Heather and Aoyama, Kazuo., (2018). Salt and marine products in the Classic Maya economy from use-wear study of stone tools. Proceedings of the National Academy of Sciences, 201803639. DOI: 10.1073/pnas.180363911

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Gatza maien ekonomiaren funtsezko osagarria izan zela berretsi dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Tumore barneko heterogeneotasuna. Sarrera

Mar, 2018/10/23 - 09:00
Gorka Larrinaga, Iker Badiola eta José Ignacio López Gaur egun minbiziaren tratamenduan etorkizun handiko bideak zabaltzen ari diren arren, aurkikuntza berriek agerian jarri dute minbiziaren konplexutasuna uste zena baino handiagoa dela. Mediku eta ikertzaileentzat aspalditik ezaguna da minbizi mota berbera gaixoaren arabera ezberdina dela eta ezberdin jokatzen duela. Honi tumore arteko heterogeneotasuna deritzogu. Baina gaixo berberean tumore bat bere inguru osoan aztertzen badugu, hor ere ezberdin jokatzen duten atalak topa ditzakegu. Tumore barneko heterogeneotasuna (TBH) deitzen den fenomeno hau berriki ari da ikertzen eta horren harira are konplexuagoa bilakatu da berez nahiko konplexua zen esparrua.

Sekuentziazio masiboko teknikak izandako garapen handiak agerian jarri du TBHak daukan benetako garrantzia klinikoa. Tresna sofistikatuak eta garestiak dira eta minbiziaren ezagutzarako pixkanaka inplementatzen ari dira. Hauei esker hurrengo pausua terapia berri eta pertsonalizatuak izango dira.

Minbizi gehienek TBHa garatzen dute euren bilakaeran zehar. Kasu batzuetan, TBHa urria da eta ez du askorik baldintzatzen tratamendua. Beste batzuetan ordea, gaixoen okerrerako, bera da tratamenduen porrotaren eragile nagusia. Terapia pertsonalizatuek tratamendua paziente bakoitzaren TBHra egokitzea dute helburu. Baina minbiziaren sendatze osoaren bidean aurrerapauso edo, batzuen iritziz, iraultza bat izan daitekeen hau, terapiak askoz garestiago bilakatuko ditu, osasun-sistemaren diru-kutxarentzako mehatxu bihur daitekeelarik.

TBHaren oinarrian dauden mekanismoak ez dira ondo ezagutzen. Minbizi-zelulen ezaugarri garrantzitsu bat ezegonkortasun genomikoa eta mutazioen agerpena da. Ezaugarri honek minbiziaren beste marka asko baldintzatzen ditu. Tumorearen bilakaeran zehar, atal ezberdinetako tumore-zelulen ezaugarri genetikoak ere ezberdin aldatzen dira, eta honela tumore-zelula talde ezberdinak sortzen dira tumorearen area osoan zehar.

1. irudia: Tumore barneko heterogeneotasuna (TBH): gibeleko tumore bat ikus dezakegu (metastasia kasu), non tumore-zelula talde ezberdinak agertzen diren. Jatorri komuna izan dezaketen arren, ezegonkortasun genomikoa eta mutazioak direla medio, ezberdinak bilakatu dira bai ikuspuntu genetikotik eta bai eskuratutako marken ikuspuntutik ere. (Egilea: Gorka Larrinaga)

Tumorearen eskualdekatze honen zergatiak argi ez dauden arren, fenomeno hau berezia, errepikaezina eta aurresan ezina da. Honek arazo handiak eragiten ditu minbiziaren tratamenduan. Azken finean, tumorearen atal batzuetako zelula talde batzuek ondo erantzuten diote tratamenduari, baina beste batzuk erresistente egin daitezke profil genetiko ezberdina daukatelako eta mutazio ezberdin horiek eraginda erresistentzia gaitasun hori eskuratu dutelako. Honela, paradoxikoa dirudien arren, minbizi aurkako tratamendu batek erresistenteak diren tumore zelulak aukeratzen laguntzen du. Minbizi-zelula talde erresistente hauek dira tratamenduaren porrotaren eta minbiziaren aurrera egitearen eragileak.

2. irudia: TBHren eragina minbizi-aurkako tratamenduekiko erantzunean. Aurreko irudiko tumore horretako zelula-talde guztiek ez diote berdin erantzuten tratamenduari. Batzuk kimioterapiarekiko sentikorrak diren bitartean besteek erresistentzia eskuratu dute. Zelula-talde edo klon erresistenteak gaixotasunaren berrerotzea edo tratamenduarekiko erantzun ezaren arduradunak dira. (Egilea: Gorka Larrinaga)

Tumore-zeluletan gertatutako modifikazio genetiko hauek berezkoak izan daitezke edota tratamendu ezberdinekiko moldatzearen ondorioa ere. Tumore-zelulak, bakteriak edota beste mikroorganismoak bezala, gai dira medikamentuen aurka babes-sistemak garatzeko, bere bilakaeran zehar eta tumore zelulen biziraupena bermatzeko benetako guda mikroskopikoa sortzen delarik tumorearen osotasunean.

Beraz, eboluzioak eta ekologiak, euren definizio klasikoan, zeresan handia dauka TBHren garapenean. Honetaz hurrengo kapituluetan arituko gara.

Erreferentzia bibliografikoak:

———————————————————————————-

Egileez:

Gorka Larrinaga, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta Erizaintza Saileko irakaslea da.

Iker Badiola, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Zelulen Biologia eta Histologia Saileko ikertzailea da.

José Ignacio López, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzu burua eta ikertzailea da.

———————————————————————————-

Zer dakigu minbiziaz? artikulu-sorta

  1. Zer dakigu minbiziaz? Minbiziaren markak.
  2. Zer dakigu minbiziaz? Minbizi-zelula amak.
  3. Minbizia: zauri sendaezina.
  4. Tumorearen mikroingurunean ezkutaketan jolasten.
  5. Tumore barneko heterogeneotasuna. Sarrera.

The post Tumore barneko heterogeneotasuna. Sarrera appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Nanopartikulen tamainaren eta elastikotasunaren arteko erlazioa definituta

Lun, 2018/10/22 - 09:00
Nanopartikula bigunen tamaina eta elastikotasunaren arteko zer erlaziok baimentzen duen translokazioa zehaztu du ikerketa batek.

Irudia: Nanopartikula handi samar batzuk gai dira poro txikietatik pasatzeko, oso elastikoak direlako, eta txikiago baina zurrunagoak direnek, berriz, ezin dituzte zeharkatu.

Nanopartikula sintetiko bigunen translokazioa izan dute ikergai, haiek baino txikiagoak diren nanoporo edo nanozirrikituak zeharkatzen dituztenak, zehazki. Nanopartikula sintetiko bigunen tamainaren eta elastikotasunaren arteko erlazioa definitzen duen lege baten eredua egin eta formulatu dute. Erlazio horrek egiten du posible, adibidez, nanopartikula handi batzuek haiek baino hamar aldiz txikiagoak diren poroak zeharkatzea eta txikiago diren batzuek ezin halakorik egitea. Nanopartikulak karakterizatzeko aplikazioak gara daitezke azterketa horretatik abiatuta.

Polimero-kateak sintetizatu eta horiek nanopartikulak eratu arte tolesten dituzte ikerketa taldean; proteinetan, naturan, gertatzen den tolestura imitatzen saiatzen dira. Sendagaien dosifikazioa izan daiteke nanopartikula horien aplikazioetako bat: kateak tolestean sortzen diren hutsuneetan garraiatuko lirateke sendagaiak eta tratatu beharreko eremura iristean nanopartikula askatuko litzateke.

Horretarako, baina, jomuga dituzten zelulen mintzak zeharkatzeko gai izan behar dute nanopartikulek eta haiek baino txikiagoak diren poroak edo zirrikituak zeharkatzeko gaitasuna nanopartikulen tolestura-mailak eta elastikotasunak baldintzatzen dute.

Nanopartikula-eredu batekin lan egin du taldeak, maila teorikoan, benetako nanopartikulek nanopororen edo nanozirrikituren bat zeharkatzerako orduan zer portaera izango duten iragartzeko. Nanopartikula handi samar batzuk gai dira poro txikietatik pasatzeko, oso elastikoak direlako, eta txikiago baina zurrunagoak direnek, berriz, ezin dituzte zeharkatu.

Eskalatze-lege batzuk eman ditu lanak, tamaina eta elastikotasun jakin bateko nanopartikula batek zeharkatu ahal izango duen diametro txikiena zenbatekoa den zehazteko edo zer fluxu-tasa kritiko den beharrezkoa nanoporoak zeharkatuz translokazioa gertatzeko, besteak beste. Behatu izan denari oinarri teorikoa jarri dio ikerketak.

Informazio horri esker, gaur egun existitzen ez diren karakterizazio-teknikak garatzera ere irits daitezke, hala nola nanopartikula bigunen elastikotasuna ezagutzea nanoporo batzuetatik pasaraziz, edo nanopartikulak banatzea elastikotasunaren edo barneko kohesio-mailaren arabera. Bereizmen-mailatara iristen ari diren karakterizazio-teknika berriei esker banako nanopartikulei buruzko informazioa ematen dute, tamaina nanometrikokoak.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Argituta zergatik nanopartikula batzuek zeharka ditzaketen nanoporoak eta txikiago batzuek ez.

Erreferentzia bibliografikoa

Pomposo, Jose A., et al., (2018) Ultrafiltration of single-chain polymer nanoparticles through nanopores and nanoslits. Polymer, 148, 61-67. DOI: https://doi.org/10.1016/j.polymer.2018.06.030

The post Nanopartikulen tamainaren eta elastikotasunaren arteko erlazioa definituta appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #225

Dom, 2018/10/21 - 09:00
Uxue Razkin

Genetika

Txinako Zientzia Akademiako ikertzaileek sexu bereko saguetatik kumeak sortu dituzte. Gainera, kume osasuntsuak jaio dira eta helduaroan normaltasunez ugaltzeko gai direla ikusi da. Zientzialarien arabera, ikerketaren helburua ez da, inolaz ere, halako teknikak gizakiekin erabiltzea, anormaltasun-arriskua handiegia baita, baizik eta ugaztunen ugalketa nolakoa den hobeto ezagutzea.

Zergatik ikertzen dira gene batzuk beste batzuk baino gehiago? Ikerketa batek galdera hori oinarri hartuta, datu batzuk eman ditu. Orobat, 12.948 gene aztertu zituzten eta 15 ezaugarri nahikoak izan dira gene baten arrakasta aurresateko. 15 ezaugarri horiek 6 taldetan banatzen dira: beren ugaritasuna zeluletan, proteinen karga positiboa, proteinen hidrofobitatea, geneen sentikortasuna mutazioei, geneen luzera eta erretikulu endoplasmatikora (zelularen atal batera) joateko seinale. Datu interesgarri bat: 1991 urtera arte deskribatutako geneak (giza-geneen %16a) aztertu dituzten 2015eko artikulu zientifikoen erdian aipatzen dira.

Klima-aldaketa

Jean-Charles Hourcade IPCCko ikertzaileak azpimarratzen du Berriak egin dion elkarrizketa honetan aldaketak “oso bizkor” egin behar direla berotze globala 1,5 gradutik igaro ez dadin. Horretaz gain, ikertzaileak dio toki batzuetan gauza positiboak egiten ari direla. Frantzia jartzen du adibidetzat: “Autoen isuriei muga jarri zaie, abiadura mugak ezarri dira, auto elektrikoa ari da bere bidea egiten…”. Halere, gaineratzen du “neurri globalagoak eta koordinatuak” behar direla.

Alice Bouman-Dentener biologoa da eta aditua klima-aldaketari lotutako auzietan, garapen iraunkorreko politiketan eta genero gaietan. Gainera, WfWP Uraren Aldeko Emakumeen Aliantza sarearen sortzailea da. Elkarrizketa honetan esan du klima aldaketak ahulenei eragiten diela batik bat. Hortaz, emakumeak egoera kalteberagoetan egon ohi dira. Asteon, Iruñean, emakumeek klima aldaketaren gaian egindako ekarpena aztertu dute. Horri buruz dio: “Gurea ez da egitasmo baztertzaile bat, baina daukan garrantzia aitortu nahi diogu andreen jakintzari eta lidergoari”.

Neurologia

Hiru pertsonaren burmuinak konektatu dituzte kanpo-sistema baten bidez eta euren arteko pentsamenduak partekatzea lortu dute. Washingtongo Unibertsitateak (AEB) egin du esperimentua eta BrainNet jarri diote izena sistema horri. Lehenengo saiakera itxaropentsua izan da. Hurrengo pausoa da hiru lagun aukeratu beharrean, talde zabalago batekin esperimentua egitea.

Astronomia

Eguzki-sisteman, planetez gain, badaude beste objektu batzuk. Neptunotik haratago, esaterako ,objektu transneptuniano ugari daude. Bertan daude lau planeta nano ezagun: Pluton, Eris, Makemake eta Haumea. Eguzki-sistemako gorputz hauek behatzea oso zaila da. Alde batetik oso txikiak direlako eta bestetik, gugandik oso urrun daudelako. Berriki, Andaluziako Astrofisika Institutuko ikertzaileek Haumeak eraztun bat daukala topatu dute. Zer da eraztun bat eta zertaz dago osatuta? Ez galdu artikulu interesgarri hau!

300 kilometroko diametroa besterik ez duen objektu berria aurkitu dute astronomoek eta bederatzigarren planeta ospetsuaren adierazle izan daitekeela gaineratu dute. The Goblin edo Iratxo izena jarri diote, 2015.urteko urrian, Halloween baino egun batzuk lehenago aurkitu zutelako. Aurkikuntza oso garrantzitsua da, ikertzaileek adierazi duten moduan, Iratxoaren orbita askoz handiagoa den beste planeta baten aztarna izan daitekeelako.

Osasuna

Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna izan da asteon. Buruko nahasmenduekin (haiek nahiago dute hitzhori erabili arazoa baino) lotuta agertzen den hitza estigma da eta hori aldatu nahi du Gipuzkoako Agifes elkarteak. Batzorde honetako kideak izan dira protagonista artikulu honetan eta euren kezkak agertu dituzte. Besteak beste, autoestigmaz gain, ospitaleetan sufritzen duten tratua nabarmendu dute: “Torturatzat har daitezkeen jardunak normaltzat hartzen dira”.

Azken 25 urteotan, %55 areagotu da lunbalgia edo gerriko minaren intzidentzia mundu osoan. The Lancet medikuntza aldizkariak txosten bat publikatu du; bertan ondorioztatzen da gerriko mina “erronka global handia” dela. Baina zientziak oraindik ez du erantzunik arazo horrentzat. Mina kentzeko botikak eta ohiko aholkuak besterik ez ditu medikuntzak. Esaterako, Ana Lersundi traumatologoak kontatzen du hamalau urte daramatzala bizkarrezurreko gaitzak tratatzen, eta ikusten dituen kasuetatik %80 “inespezifikoak” dira, hau da, ez daki nondik datorren edo zerk sortzen duen mina. Garikoitz Aristegi fisioterapeuta, bere aldetik, kritikoa da osasungintza publikoarekin: “Osasunaren profesional batzuek gaixoak sortzen dituzte, pazienteak tratatu beharrean”.

Emakumeak zientzian

Linda Buck biologoak lortu zuen 2004. urtean Medikuntzako Nobel Saria usain-errezeptoreak identifikatzeagatik eta usaimen-sistemaren antolaketari buruzko ikerketa-lanengatik. Lehenik eta behin, identifikatu zuen usaimen-errezeptoreak existitzen zirela eta usaimen-epitelioan (sudurrean) kokatuta zeudela. Horretaz gain, ikusi zuen gene-familia batek kodetzen zituela usaimen-errezeptore mota desberdinak. Hori gutxi balitz, usaina detektatzen zenean, ikusi zuen garuneko usaimen-erraboilean kokatzen diren glomeruluetara bidaltzen zela seinalea axoien bidez (nerbio-bulkadak gidatzen dituen atala), hau da, usaimen-epiteliotik garunera egiten den bidea argitu zuen.

Biologia

Historian zehar, kromosomak identifikatzeko eman diren pausoak izan dira aztergai testu honetan. Besteak beste, 1833an Robert Brown botanikariak deskribatu zuen landareen zelula-ehunetan beti-beti zegoela pikor-egiturako gorpuzki bat, berak nukleo izendatu zuena. Mikroskopioetan eta tindatze-tekniketan egindako hobekuntzek ahalbidetu zuten gorpuzki horren edukia argitzea. Kromosoma izena Wilhem Waldeyer-ek eman zuen eta tindatuak izateko ahalmenari egiten dio erreferentzia. Mitosiaren ezagutzan zein hari nuklearren funtzioan egindako hurrengo urrats handia August Wismann zoologoak eman zuen, ulertu baitzuen zein zen kromosomen papera eboluzioaren ikuspuntutik; lehendabizi kromosomak ondoretasunezko ezaugarrien oinarri material gisa identifikatuta, eta geroago aldaketa iturri gisa, sexu bidezko ugalketan beren artean gertatzen diren nahasketen ondorioz.

Fisika

Fenomeno fisiko oso ezberdinak deskribatzeko erabiltzen diren eredu matematiko sofistikatuak Rabiren eredu kuantiko errazaren barnean daudela egiaztatu du ikerketa batek. Rabiren eredu kuantikoa materiak eta argiak (erradiazioak) komunikatzeko aukeratu duten mekanismoa da. Rabiren eredu kuantikoa materiak eta argiak (erradiazioak) komunikatzeko aukeratu duten mekanismoa da. Rabiren eredu kuantikoaren funtzionamendu mekanismoa sakonago ikertuz gero, ordenagailu kuantiko bat garatzeak dituen arazo teknikoei zehaztasun handiagoarekin aurre egiten lagunduko luke.

Ingeniaritza

Material konpositeen faseak konposite motaren arabera eta aplikazioaren arabera diseinatzen dira. Egitura konpositeak ohiko materialak baino garestiagoak direnez pisua garrantzi handia duen kasuetan erabiltzen dira. Erabilerari dagokionez, besteak beste, industri aeroespazialean, hegazkinetan, automobilgintzan, itsasontzietan, energia arloan, azpiegituretan, biomedikuntzan, eta kirol aplikazioetan erabiltzen dira. Pitzadurak edo akatsak dituen egitura batek jasan dezakeen karga maximoa kalkulatzeko hausturaren mekanika aplika daiteke. Hiru modutan ager daiteke. Material konpositeetan I/II modu mistoa da maizago ematen dena. Lan honetan, beraz, laminatu konpositeen I/II haustura modu mistoa aztertzeko saikuntza konfigurazio berri bat proposatzen da.

Animaliak

Urte hasieran txorientzat jantoki bat ipini zuten bulegoko leihoan. Plastiko garden bat aukeratu zuten jantokia egiteko, artikuluaren egilearen esanetan, erraza delako eta merkea. Jantokira hurbildu ziren lehen txoriak kaskabeltz handiak, txantxangorriak eta parandak izan ziren. Egun osoan zehar bisitan joaten badira ere, goizeko orduetan gertatzen da sartu-irten handiena. Behatze-lan honetan aipagarria da, adibidez, kaskabeltzak gehienetan bikotean doazela; eta parandak, berriz, beti bakarka.

———————————————————————–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #225 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #233

Sáb, 2018/10/20 - 09:00

Herbarioak, XVI. mendearen amaieran egiten hasi zieren landare bildumak, iraganera biadaiatzeko eta gaur egun garrantzitsua den informazioa biltzeko tresna bilakatu dira. Daniel Marinoren artikulua: The power of herbaria: a time machine for plant biology research.

Gene gutxi batzuk lirateke gizakiak gehien bizi diren primateak izatearen arduradun. Rosa García-Verdugoren 25 genes to make humans long-lived primates

Lehen mailako inplikazio teknologikoak eta zientifikoak ditu maila ia atomikoan likidoen interfazeen portaeraren ikerketak. Eta DIPCkoek lortzeko metodo berrietan kolaboratzen dabil. Vibrational spectra of liquids with nanometer spatial resolution

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #233 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Linda Buck: usaimen-sistemaren misterioa argitu zuen emakumea

Vie, 2018/10/19 - 09:00
Uxue Razkin Zentzumenak alor askotan izan dira ikergai. Horien hierarkia ere ezaguna da; garrantziaz mintzo bagara ikusmena beti zerrenda guztietan lehenengoa da eta usaimena, berriz, azkena. Bost zentzumenen artean, usaimenari ia ez zaio erreparatzen. Halere, badira horren garrantziaz jabetu direnak ere. Literaturan esaterako, Patrick Süskindek idatzitako Perfumea eleberriaren protagonistak usaimenaren bidez hautematen du mundua, besteek baino garatuago duelako zentzumen hori. Bitxia da jaio zenetik, “ez du usaintzen beste haurtxoak bezala”, dio pertsonaia batek. Bada, bere gorputzak ez du usaintzeko gaitasunik eta hori bilatzen igarotzen du nobela osoa.

Kasu honetan, agerikoa da usaimenak gidatzen duela eleberria guztiz. Ez da adibide bakarra; izan ere, Tristan eta Iseo kondairak ere erakusten du usaimenaren garrantzia gainerako zentzumenen artean. “Irudien gela” eraikitzen du Tristanek Iseo ez ahazteko, azken hori Marco erregearekin itzuli delako. Iseoren estatua bat du gelan eta horri musu ematen dio baita laztandu ere. Baina arnasten duen bere urrina da (trikimailu bat erabiltzen du hori lortzeko) Tristanen bihotzean eta memorian irmo gordetzen dena.

1. irudia: Linda Burck ikertzaileak 2004. urtean Medikuntzako Nobel saria jaso zuen, Richard Axel medikuarekin batera egindako usaimeneko errezeptoreei eta usaimen-sistemaren antolaketari buruzko lanengatik. (Argazkia: Ben-Gurion University)

Gai hori zientziara ekarriz, modu berean, usaimen-sistemaren funtzionamendua askotan ikertu den arloa da. Kasu honetan, aipagarria da Linda Bucken lana, biologo honek usaimen-sistemak ezkutuan duen misterioa argitu baitzuen. Usain-errezeptoreak identifikatzeagatik eta usaimen-sistemaren antolaketari buruzko ikerketa-lanengatik jaso zuen 2004. urtean Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria Richard Axelekin batera.

Zientziaren bidetik

Linda Buck Seattlen (Washington) jaio zen 1947an. Bere amak hezurretaraino sartu zion puzzleak egiteko zaletasuna. Aitarengandik, berriz, jaso zuen gauzak asmatzeko nahia eta tresnak erabiltzeko abilezia. Bere gurasoei esker, txikitatik ohartu zen zientziaren bidetik jo nahi zuela.

Washingtoneko Unibertsitatean Psikologia eta Mikrobiologiako ikasketak gauzatu zituen. Buckek jendea lagundu nahi zuen horregatik psikologia ikastea erabaki zuen. Bada, immunologia ikastaro bat egin ondoren, konturatu zen biologiaren alorrean sakondu nahi zuela. 1975ean, hasi zuen Mikrobiologiako Gradua Texaseko Unibertsitateko Mikrobiologia Departamentuan (Dallas). Bucken esanetan, Washingtoneko Unibertsitatean ikerketa txikiak egin bazituen ere, Texasen bihurtu zen benetako zientzialari.

1980ean Immunologian doktoratu zen eta doktorego-ondokoa egiteko Columbiako Unibertsitatera joan zen. Une horretan, bere ikerketak garatzeko, biologia molekularrean garatutako teknikak ikasi behar zituela konturatu zen. Horri irtenbidea emateko asmoz, Richard Axelen laborategian hasi zen lanean. Buckek bazekien Axel aspaldian neurozientzia arloan lanean ari zela, lankide zuen Eric Kandelekin batera. Zehazki, Aplysia ur barraskiloaren nerbio-sistemari buruzko ikerketan ziharduen.

2. irudia: Aplysia californica moluskua. (Argazkia: Wikimedia / CC BY 2.0 lizentziapean)

Buckek, ordea, bere ikerketa propioa egin nahi zuen; neurona-zelulen azaleko errezeptoreak kodetzen zituzten geneak interesatu zitzaizkion nagusiki. Jim Roberts laborategiko ikasle batek, esaterako, teknika molekularrak irakatsi zizkion bere azterkizuna garatu ahal izateko. Denbora gutxian aurkitu egin zituen Aplysiaren neuronen artean modu bereizgarrian espresatzen ziren geneak. Laborategian franko ikasi zuen, neurozientzia arloko nozioak barneratu zituen batik bat. Horrek ekarri zuen garuneko zelulak eta konexio ezberdinen aniztasunak ikertzeko grina.

Usainaren arrastoa jarraituz

Aplysiaren inguruko ikerlana amaitzen ari zela, bere bizitza hankaz gora utzi zuen testu bat irakurri zuen. Solomon H. Snyderrek 1985ean publikatu zuen artikulu batean azaltzen zen usaina detektatzeko gai izan litezkeen mekanismoak. Zergatik gara gizakiok gai 10.000 usaindun-molekula detektatzeko edo berdinak diren molekuletatik usain pertzepzio desberdinak jasotzeko? Galdera hori puzzle erraldoi baten hasiera izan zen Buckentzat.

1988an, usain-errezeptoreen inguruko ikerketa abiatu zuen Richarden laborategian. Lehenik eta behin, identifikatu zuen usaimen-errezeptoreak existitzen zirela eta usaimen-epitelioan (sudurrean) kokatuta zeudela. Horretaz gain, ikusi zuen gene-familia batek kodetzen zituela usaimen-errezeptore mota desberdinak. Alegia, usaimen-zelula bakoitzak errezeptore mota jakin bat du eta errezeptore bakoitzak soilik usaindun-molekula batzuk identifika ditzake. Horregatik, arnasten diren usaindun-molekula batzuen aurrean errezeptore batzuk aktibatzen dira, eta besteetan beste batzuk.

Ikerketa horretan, beste ebidentzia batekin egin zuen topo: informazioaren transdukzioan, G proteina eta cAMP molekula sistema horren protagonistak ziren. Hala, usaimen-errezeptore bakoitzak G proteina aktibatzen du garunean molekula usaindun bat arnasten denean. G proteina horrek cAMP sortzen du, molekula mezularia dena. 1991n eman zuen informazio hori guztiaren berri.

3. irudia: Linda Buck 2004. urtean Nobel Sarien banaketa ekitaldian. Haren ezkerrean Richard Axel ikertzailea, harekin batera partekatu zuen Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria. (Argazkia: AP Images/Henrik Montgomery)

Errezeptoreen misterioa argituta, usaimen-sistemak zehazki nola funtzionatzen duen ezagutzeko parada izan zuen. Halere, hor ez zen burutu lana. Buckek bigarren pauso bat eman zuen; izan ere, batetik ezagutu nahi zuen errezeptore horien seinaleak nola zeuden antolatuta eta bestetik, nola sortzen ziren garunean usain-pertzepzio desberdinak. Ildo horri jarraiki, ikusi zuen usaina detektatzen zenean, garuneko usaimen-erraboilean kokatzen diren glomeruluetara bidaltzen zela seinalea axoien bidez (nerbio-bulkada gidatzen duen neuronaren atal bat da. Neurona baten axoiaren amaierak beste baten dendritekin bat egiten duenean gertatzen da). Azkenik, usaimen informazio hori garun azalera iristen da. Ibilbide horrek argitu zuen usaimen-epitelioaren eta usaimen-erraboilaren arteko lotura, hau da, sudurretik garunera egiten duen bidea. Emaitza hauek 1993 eta 1994an publikatu zituen; bertan azaldu zuen sudurreko nerbio-zelula horiek nola funtzionatzen zuten eta bide batez neuronen forma deskribatu zuen.

Aurkikuntza horiek egin eta gero, Seattlera itzuli zen 2002.urtean. Han, Fred Hutchinson Minbizi Ikerketa Zentroko Oinarrizko Zientzia Dibisioko kide izendatu zuten eta Washingtoneko Unibertsitateko irakasle afiliatua bilakatu zen Psikologian zein Fisiologian. 2003tik aurrera, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide izan zen. Nobelaz gain, 1996an Rosenstiel Saria irabazi zuen bere ikerketa-lanagatik.

Buckek atzera begiratzen duenean, zoriontasuna ikusten du alde guztietatik. Pozik dago zientzia hautatu zuelako. Gainera, lankide, mentore eta ikasle ugari izan ditu bidelagun eta horiekin batera izandako arrakastaz eta aurkikuntzez disfrutatu du. Denboran atzera egitea gustuko du oso zoriontsua izan delako baina etorkizuna ere ardura zaio: “Adi-adi nago Naturak argituko digun hurrengo afera zein izango den ikusteko”.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Linda Buck: usaimen-sistemaren misterioa argitu zuen emakumea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Laminarteko hausturaren I/II modu mistoa aztertzeko saiakuntza konfigurazio berri bat

Jue, 2018/10/18 - 15:00
Ana Boyano, Juan Luis Osa, Unai Fernandez-Gamiz, Leyre Torre, Faustino Mujika Orokorrean, material konpositeak bi fase edo gehiagoz osatutakoak dira. Ezaugarri mekanikoak garrantzitsuak direnean, material konpositea bere ezaugarri mekaniko espezifikoak osagaiek banaka dituztenak baino hobeak izan daitezen diseinatzen da.

Irudia: Bi fase edo gehiagoz osatutako materialak dira konpositeak.

Materialaren fase bat ez-jarraia izan ohi da, zurrunagoa eta erresistenteagoa eta errefortzua deritzo. Ahulagoa eta deformagarriagoa den faseari matrizea deritzo. Material konpositeen faseak konposite motaren arabera eta aplikazioaren arabera diseinatzen dira. Ezaugarri espezifikoek garrantzia dutenean, materialak egituran konpositeak izendatzen dira eta errefortzuaren norabidean zurruntasun eta erresistentzia handia dute.

Materialak alderatzen direnean, pisu unitateko ezaugarriak erabiltzen dira, espezifikoak deritzonak. Egitura konpositeen kasuan, gerta daiteke, ezaugarri mekanikoak ingeniaritzan erabili ohi diren materialen, esate baterako altzairuaren ezaugarriak baino txarragoak izatea, ezaugarri espezifikoak hobeak direlarik. Egitura konpositeak ohiko materialak baino garestiagoak direnez pisua garrantzi handia duen kasuetan erabiltzen dira.

Egun, konpositeen erabilera ugari dago eta hazten jarraitzen du. Konpositeak, besteak beste, industri aeroespazialean, hegazkinetan, automobilgintzan, itsasuntzietan, energia arloan, azpiegituretan, biomedikuntzan, eta kirol aplikazioetan erabiltzen dira.

Konpositeen zurruntasun eta erresistentzia handiek hegazkinen lehen eta bigarren mailako egituretan erabiltzeko material aproposak egiten ditu. Esate baterako, Boeing 787 “Dreamliner” hegazkinen % 50-a material konpositea da, eta Airbus A350 XWB hegazkinean % 50 baino gehiago konpositez eginda dago, Airbus-en kasuan, lehenengo aldiz metalaren portzentaia konpositearena baino baxuagua delarik.

Haize-energia energia berriztagarrien baliabide garrantzitsu bat da. Aerosorgailuen palek gainazal sostengatzaile baten forma dute, hegazkin baten hegalaren antzekoa. Gainazal horren materialak gogorra, zurruna eta arina izan behar du. Baldintza horiek betetzeko, zuntz errefortzudun konpositeak egokienak dira.

Laminatu konpositeak beraien artean itsatsita dauden laminaz osatuta daude. Lamina bat matrize batean barneratuta dauden norabide bakarrean kokatutako zuntzez, edo ehun bat osatuz dauden zuntzez osatuta dago. Lamina norabide bakarreko zuntzez osatuta badago norabide bakarreko lamina deitzen da. Orientazio bera duten norabide bakarreko lamina batzuk geruza bat osatzen dute. Laminatu konpositea pilaketa sekuentzia bat jarraituz lotzen diren bi lamina edo gehiagoz osatuta dago. Laminen pilaketaren ordena eta orientazioaren arabera, laminatuaren propietate mekaniko desberdinak lor daitezke.

Deslaminazioa edo laminen arteko bereizketa, matrizearen laminarteko pitzadura bezala defini daiteke. Zuntz errefortzudun konposite materialetan, zuntzek laminatuaren planoan hobetzen dituzte propietateak baina ez beraiekiko elkartzuta den planoan. Beraz, laminartean pitzadura bat egonez gero, erraz heda daiteke matrizetik edota matrize-zuntz aldeartetik. Pitzadura hauen hedapenak propietate mekanikoen galtze garrantzitsua dakar, gaur egun zuntz errefortzudun konposite materialek egituretan erabiliak izateko duten eragozpen nagusia izanik.

Pitzadurak edo akatsak dituen egitura batek jasan dezakeen karga maximoa kalkulatzeko edota pitzadura bat bere luzera kritikoa noiz heltzen den aurreikusteko hausturaren mekanika aplika daiteke. Haustura mekanikaren arabera, laminarteko pitzadura baten hedapena hiru modutan gerta daiteke:

  • I modua (irekitze modua)
  • II modua (lerraketa modua)
  • III modua (bihurdura modua)

Material konpositeetan modu hutsetan laminarteko haustura maizago gertatzen da. I/II modu mistoa da maizago ematen dena, modu horrek indar egoerak errealitateko egoera hobeki azaltzen du. Lan honetan, laminatu konpositeen I/II haustura modu mistoa aztertzeko saikuntza konfigurazio berri bat proposatzen da. Aurkeztutako konfigurazioa Bukaerako Pitzaduradun Makurdura (ENF) saiakuntzan oinarrituta dago. Modu mistoa lortzearren, pitzaduraren bi besoen artean arrabola bat sartzen da. II modua kanpoko kargaren bidez lortzen da, eta I modua, arrabola sartzeagatik pitzadura irekitzean lortzen da.

Haustura aztertzeko energia askatze tasa erabili da. Emaitza analitikoak elementu finitoen bidezko kalkuluez lortutako emaitzekin erkatzen dira.

Lan esperimentalean, karbono zuntzez eta epoxi matrizez osatutako norabide bakarreko T300/F593 konpositea erabili da. Pitzadura-luzeraren egokitasuna konprobatzen da probeta bera ENF konfigurazioan hedapenik gabeko saiakuntzak burutuz. Pitzadura-hedapenean zehar energia askatze tasaren balioak irudikatzen dira eta haustura irizpide egokia aukeratzen da.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia. 2018
  • Artikuluaren izena: Laminarteko hausturaren I/II modu mistoa aztertzeko saiakuntza konfigurazio berri bat.
  • Laburpena: Lan honetan, laminatu konpositeen I/II haustura modu mistoa aztertzeko, saiakuntza konfigurazio berri bat aurkezten da. Konfigurazioa End Notched Flexuresaiakuntzan oinarrituta dago. Pitzaduraren bi besoen artean, metalezko arrabola bat sartzen da modu mistoa lortzearren. II modua kanpoko kargaren bidez lortzen da, eta I modua, arrabola bat sartuz pitzadura irekitzean lortzen da. Haustura aztertzeko, energia askatzearen tasa erabiltzen da. Haustura modu bakoitzari dagokion tasa, analitikoki kalkulatu ondoren, elementu finituen bidezko kalkuluetan lortutako emaitzekin erkatzen da. Lan esperimentalean, karbono zuntzez eta epoxi matrizez osatutako norabide bakarreko T300/F593 konpositea erabiltzen da. Pitzadura luzera egoki neurtuta dagoen egiaztatzen da, energia askatzearen tasaren balioak irudikatzen dira, eta haustura irizpide egokia aukeratu da. Gainera, GIc eta GIIc parametroak ere kalkulatzen dira.
  • Egilea: Ana Boyano, Juan Luis Osa, Unai Fernandez-Gamiz, Leyre Torre Faustino Mujika
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 37-50
  • DOI: 10.1387/ekaia.17895

————————————————–
Egileaz:

Ana Boyano, Juan Luis Osa eta Faustino Mujika UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Sailean dabiltza, Unai Fernandez-Gamiz Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Sailean eta Leyre Torre Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia Sailean

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Laminarteko hausturaren I/II modu mistoa aztertzeko saiakuntza konfigurazio berri bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Páginas