Bioziden mikrokapsularatzea eta ingurumen-osasuna

Irudia: Intsektuen izurriteen kontroleko amuen parte izango diren produktu mikrokapsularatuak sintetizatu dituzte.
Mikrokapsularatze prozesua substantzia aktibo bat mintz batez inguratzean datza, kanpoaldearekin kontaktu zuzena saihestuz, eta ondoren, askapen kontrolatu bat eskainiz. Mikrokapsularatze prozesua burutzeko kapsulatuko diren substantzien eta agente kapsulatzaileen propietate fisiko- kimikoak, mikrokapsularatze produktuaren amaierako aplikazioa, partikula tamaina, askapen- mekanismoa eta prozesuaren kostua kontuan izan behar dira.
Gure ikerkuntza taldeak intsektuen izurriteen kontroleko amuen parte izango diren produktu mikrokapsularatuak sintetizatu ditu. Mikrokapsularatutako produktu hauek biozida eta bioerakarle naturalak dituzte, ingurumenerako zein gizakiarentzat errespetagarriagoa den produktua lortzeko asmoz. Gainera, bioerakarleen erabilpenaren ondorioz, amaierako produktu komertziala selektiboagoa eta eraginkorragoa izango da espezie zehatz batzuen aurka.
Mikrokapsularatutako intsektiziden, fungiziden eta sinergisten familiako biozidak dira. Beste aldetik, oddoetatik eratorritako bioerakarle naturalak alkoholen eta terpenoen familiako konposatu hegazkorrak dira. Mikrokapsularatze metodo arinak eta errendimendu estekiometriko altukoak garatu izan dira polimeroekin, gomekin eta karbohidratoekin erabiltzeko, hala nola, ihinztadura bidezko lehorketa, gelifikazio ionikoa eta inklusio-konplexuen eraketako mikrokapsularatze- metodoak. Osagai aktiboak mikrokapsularatuta izanda, amaierako produktuaren egiaztapenari zein karakterizazioari dagozkien ikerketak burutu dira teknika analitiko ezberdinak erabiliz. Era berean, konposatu aktiboen kontzentrazioak determinatzeko metodologia analitiko ezberdinak ikertu dira eta ostean, inguruko tenperaturan eta hezetasunean konposatu hegazkorren askapenaren monitorizazioa ikertu da.
Mikrokapsularatze prozesuan lortutako aurrerapenek mugarri esanguratsu bat adierazten dute ingurumen- osasunean dauden ingurumen- arazoak ebazteko. Alde batetik, intsektiziden kapsulazioak langilearen eta printzipio aktiboaren arteko kontaktu zuzena saihesten du, lanpostuan giza- osasunarentzako arriskua ekidituz.
Gainera, likidoak zein likatsuak diren zenbait pestizida mikrokapsularatze prozesuak solido bilakatzen dituzte, maneiatzeko erraztasuna lortuz. Era berean, produktuaren nahi gabeko isurketen aurrean, portaera eta erremediazioa errazten du. Kapsulatuta egotean pestiziden mugimendua ingurunera moteltzen da eta ondorioz erremediazio metodoen aplikazioentzako erantzun- denbora handitu egiten da. Nolanahi ere, sortutako eragina txikiagoa eta ingurunerantzako onargarriagoa izango litzateke.
Gainera, mikrokapsularatutako produktua uretan burutzen da eta disolbatzaile organikoak ez dira erabiltzen, daukaten toxikotasun- maila eta kostu altua saihestuz. Beste aldetik, eratuko litzatekeen produktuak inpaktu ekologikoa murrizten lagundu lezake. Mikrokapsularatze prozesuak agente kapsulatzaile biodegradagarriak erabiltzen dituenez, pestizida babestu eta maskaratzen dute. Azkenik, aipagarria da pestizida pixkanaka- pixkanaka askatuz joango dela eta modu honetan aplikazio puntuetan ez dira produktuaren kantitate handiak erabili behar. Hau da, prozesu honek pestiziden denboraldiko dosifikazioa ahalbidetzen du eta, beraz, bere ingurunerako dispertsioak kontaminazio zehatzen prozesuak saihesten ditu.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 32
- Artikuluaren izena: Bioziden mikrokapsularatzea eta ingurumen-osasuna
- Laburpena: XXI. mendeko erronken artean, ingurumen-osasunean kalte egin dezaketen arazoei aurre egiteko metodo alternatiboen bilaketa aurkitzen da. Arlo honetan, mikrokapsularatzearen abantaila anitzek arazo horiei aurre egiteko baliozko aukera bat erakusten dute. Abantaila garrantzitsu horien artean aurkitzen dira ingurumenean eta ugaztunetan toxikotasuna murriztea, langileen zein bezeroen manipulazioan segurtasuna hobetzea eta uretan disolbagarritasun baxua duten konposatuen sintesia uretan ahalbidetzea. Horrela, ura disolbatzaile gisa erabiliz, disolbatzaile organiko toxikoen eta garestien erabilpena ekiditen da.Gure ikerkuntza-taldeak intsektuen izurriteen kontroleko amuen parte izango diren produktu mikrokapsularatuak sintetizatu ditu. Mikrokapsularatutako produktu horiek biozida eta bioerakarle naturalak dituzte, ingurumenarentzat zein gizakiarentzat errespetagarriagoa den produktua lortzeko asmoz. Gainera, bioerakarleen erabilpenaren ondorioz, amaierako produktu komertziala selektiboagoa eta eraginkorragoa izango da espezie zehatz batzuen aurka.Mikrokapsularatutako biozidak sinergisten familiako pestizidak dira. Adibide ezagun bat piperonilo butoxidoa da. Biozidek intsektiziden, (piretroideak, nikotinoideak, karbamatoak…), fungiziden (tebukonazola) zein pestiziden gaitasuna areagotzeko gaitasuna dute. Bioerakarle naturalak, berriz, alkoholen eta terpenoen familiako konposatu hegazkorrak dira. Mikrokapsularatze-metodo arinak eta errendimendu estekiometriko altukoak garatu izan dira polimeroekin, gomekin eta karbohidratoekin erabiltzeko, hala nola ihinztadura bidezko lehorketa, gelifikazio ionikoa eta inklusio-konplexuen eraketako mikrokapsularatze-metodoak. Era berean, konposatu aktiboen kontzentrazioak determinatzeko, metodologia analitiko ezberdinak ikertu dira eta buruguneko gas-kromatografia / masa-espektrometria detektoreko (Headspace Gas Chromatography-Mass Spectrometry, HS-GC/MS) teknika erabiliz giro-tenperaturan eta hezetasunean konposatu hegazkorren askapenaren monitorizazioa ikertu da.Mikrokapsularatze-prozesuan lortutako aurrerapenek mugarri esanguratsu bat adierazten dute ingurumen-osasunean dauden ingurumen-arazoak ebazteko.
- Egileak: Rosa María Alonso, María Luz Alonso, Itziar Corral
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 125-136
- DOI: 10.1387/ekaia.17023
————————————————–
Egileaz:
Rosa María Alonso, María Luz Alonso, Itziar Corral Biofisika Institutukoak eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularreko Saileko kideak dira.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Bioziden mikrokapsularatzea eta ingurumen-osasuna appeared first on Zientzia Kaiera.
Arrainen joan-etorriak
———————————————————————————————————–
«Diadromo» izena ematen zaie itsasotik ibaira edo ibaitik itsasora migratzen duten arrainei. Horietako batzuk ―izokinak― ikusi ditugu dagoeneko, haien biologia berezi samarra baita. Beste arrain diadromo bat, aingira, preziatu samarra da gure artean. Aingira esan dugu, baina benetan preziatua dena ez da aingira bera, aingiraren larba baizik.
Irudia: Ibaietatik itsasora joaten dira aingirak errutera eta itsasoan sortzen dira angulak.
Jakina denez, ibaietatik itsasora joaten dira aingirak errutera, eta itsasoan sortzen dira guztiz preziatuak diren angulak, aingiren larbak. «Katadromo» izena ematen zaie ibaietatik itsasora ugaltzera doazen arrain diadromoei.
Izokinek alderantzizko bidaia egiten dute. Ibaietan jaio eta ibaietan ematen dituzte beren bizitzaren lehen aldiak. Gero itsasora joaten dira gizentzera, eta, gizendu ondoren, ibaietara itzuli, ugaltzera. «Anadromo» izena ematen zaie era horretako bidaiak egiten dituzten arrain diadromoei.
Joan-etorri horiek egitea kontu bitxia bada ere, are bitxiagoa da espezie batzuek noranzko bateko bidaia egitea eta beste batzuek aurkakoa. Ez da erraz ulertzen zergatik egiten duten batzuek besteek egiten dutenaren aurkakoa, eta horixe da hemen aztertuko dugun kontua.
Hainbat adituren ustez, ibaien eta itsasoaren emankortasunei dagokie jokabide desberdin horien arrazoia. Izan ere, eta salbuespenak salbuespen, espezie katadromo gutxiago daude ekuatoretik poloetarantz joatean, eta alderantziz gertatzen da espezie anadromoekin. Bestalde, ibai eta itsasoaren emankortasuna latitudearekin batera aldatzen da, eta aldaketa hori aurkakoa da kasu bakoitzean. Hau da, ekuatoretik hurbil dauden ibaiak emankorragoak dira poloetatik hurbil daudenak baino, baita latitude berean dauden itsasoak baino. Alderantziz, poloetatik hurbilago dauden itsasoak latitude bereko ibaiak baino aberatsagoak dira, baita ekuatore aldera dauden itsasoak baino ere. Beraz ―eta hauxe da gakoa―, latitudearen arabera aldatzen dira uretako animaliak gizentzeko egokiagoak diren ur-ingurumenak.
Katadromoak itsas arraintzat hartu behar dira, baina ibaiek eskaintzen dituzten ekoizpen- baldintza egokiak direla eta, latitude bereko ibaietara jotzen dute gizentze-aldia ahalik eta laburrena izan dadin. Era berean, ur gezetako arraintzat hartu behar dira anadromoak, baina ibaietatik itsasora joaten dira itsasoak eskaintzen dituen janari-baliabide egokiez baliatzera. Hala ere, naturan ikus daitezkeen beste hainbat gertaerarekin bezala, bada salbuespenik, eta, urrutira joan gabe, gure itsaso eta ibaietan batera ikus ditzakegu bai aingirak, bai izokinak ere, hots, bai arrain anadromoak bai katadromoak.
Hala eta guztiz ere, salbuespenak egon arren, portaera horiek azaltzeko hipotesi egokia dirudi hemen aurkeztu dugunak. Bi espezie horiek orain batera egoteak ez digu esaten egoera horretara iritsi arte bakoitzak jarraitu duen bidea zein izan den, eta seguru asko, hor egongo da paradoxa honen azalpena. Azken batean, nekez uler litezke horren jokabide berezi eta neketsuak etekinik ateratzeko modukoak izango ez balira.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Arrainen joan-etorriak appeared first on Zientzia Kaiera.
Ikusten ez den partikula batek ate berria ireki du astronomian
2017ko irailaren 22an mundua ohiko arazoetan murgilduta zegoen. Iazko udazkenaren lehen egun horretan, Erresuma Batuko lehen ministro Theresa Mayk brexit-erako bi urteko luzapena eskatu zuen, eta Kataluniako krisia puri-purian zegoen. Atlantikoaren beste aldean ez zeuden negoziaketa askorako tenorean: lurrikara ikaragarri batek Mexiko astindu berri zuen; alboan are okerrago zeuden: urakan batek Dominikar Errepublika jo berria zuen. Asiara joanda, Ipar Koreako erregimenak Ozeano Barean H motako bonba bat lehertzeko mehatxu egin zuen.
Telebistako pantailetan samina besterik agertzen ez zen egun horretan, gauza xume bezain garrantzitsua gertatu zen munduaren txoko urrun batean: Antartidan kokatutako IceCube izeneko behatokian, zientzialariek “ikusezina” zen partikula baten arrastoa “ikusi” ahal izan zuten: energia altuko neutrino bat. Film batean bezala, adituen artean mundu mailako alarma piztu zuten, eta izarretan burua duten “txoriburu” asko partikula horren jatorriari begira lerrotu zituzten euren tramankuluak.

1. irudia: 3.700 milioi argi urtera kokatuta dagoen galaxia batean du jatorria atzemandako neutrinoak. Irudian, neutrinoak eta gamma izpiak isurtzen dituen blazarraren irudikapen artistikoa. (Argazkia: IceCube/NASA)
Hego Poloan kokatuta dago IceCube neutrino behatokia, Amundsen-Scott estazioan, eta partikula horiek detektatzeko berariaz eraikitakoa da. Bertan egindako behaketari esker, astrofisikariek ondorioztatu dute neutrinoak blazarretan sortzen direla, hau da, zenbait galaxiaren erdiguneetan. Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, bi artikulutan.
Drexel unibertsitateko (AEB) ikertzaile Naoko Kurahashi Neilson-en esanetan, “jende askok susmatzen zuen blazarrek neutrinoak jaurtitzen dituztela, baina, orain arte, inork ez du prozesu hori ikusi”.
Hasieran esan bezala, ordea, iazko irailean prozesu hori “ikusi” ahal izan zuten. Neutrinoa topatu eta minutu batera zabaldutako alarmak erantzun ona izan zuen: mundu osoko astronomia behatokietan egindako lanari esker baieztatu ahal izan dute IC170922A izendatu duten gertaera horrek TXS 0506+056 blazarrean jatorria duela. Lurretik ikusita, Orion konstelazioan dago estruktura hori; zehazki, ehiztariaren ezkerreko “sorbaldan”. Lurretik 3.700 milioi argi urtera kokatuta dago.
Espektro elektromagnetiko osoan behaketak egin dira, baina, batez ere, gamma izpien isurien analisia izan da garrantzitsuena. Bereziki NASAren Fermi espazio teleskopioa eta La Palma uhartean dagoen MAGIC izeneko gamma izpien teleskopioa erabakigarriak izan dira iturria zehaztu ahal izateko.
Zaila zen kasualitatea izatea, baina, bazitekeen. Horregatik, ikertzaileek aurreko urteetan gordetako erregistroak arreta handiz aztertu dituzte, modu horretan jakin ahal izateko ea aurretik norabide horretatik etorritako beste neutrino isuririk ote zegoen. Ia hamarkada bat atzera egitea lortu dute, eta blazar horretatik bertatik beste neutrino jaurtiketa handiak izan zireneko ebidentzia haina bildu dutela ziurtatu dute. 2014ko eta 2015eko datuetara joanda, konturatu dira jatorri bereko dozena bat neutrino erregistratuta zeudela.

2. irudia: DOM izeneko sentsoreak daude izotzaren barruan, IceCube behatokiaren azpian, neutrinoak atzeman ahal izateko. (Argazkia: IceCube/NSF)
Neutrinoak partikula subatomikoak dira. Aspalditik ezagutzen dira, baina, orain arte, ez zegoen argi zein zen haien jatorri zehatza. Orain bederen, zientzialariek badakite blazarrak neutrinoen iturrietako bat direla. Are gehiago, aurkikuntzak beste arrasto garrantzitsua eman du: blazarretan ere egon litezke izpi kosmikoen jatorrietako bat.
Neutrinoek zuzen-zuzen bidaiatzen dute unibertsoan zehar, eta galaxiak, izarrak edo aurrean duten edozein gauza zeharkatzeko gai dira. Neutrinoek ez bezala, izpi kosmikoek karga elektrikoa dute, eta, beraz, eremu magnetikoek haien ibilbidea desbideratzen dute. Horregatik, Lurretik jasotzen diren izpi kosmikoak aztertzea ez da nahikoa jakiteko zein den horien jatorria. Behatokiak detektatzen dituen neutrino gehienak energia baxukoak dira, baina horiek atmosferan bertan izan ohi dute jatorria, izpi kosmikoek goi atmosferako partikulekin talka egiten dutenean. Baina zientzialariek badakite izpi kosmikoek gasarekin edo fotoiekin talka egitean sortzen direla energia altuko neutrinoak. Beraz, litekeena da orain aurkitu duten neutrino iturri hori izpi kosmikoen jatorri izatea ere.
Ohi bezala, partikula hauen existentzia zeharka ondorioztatu zen. Wolfgang Pauli fisikaria izan zen 1930ean neutrinoa aurrenekoz proposatu zuena. Nukleo batean beta motako desintegrazioa izaten denean, nukleotik ateratzen diren elektroien energia zinetikoa ez da nukleoan dagoen energiaren arabera espero daitekeenaren parekoa. Elektroi horiek, berriz, energia espektro zabala dute. Energien arteko alde hori azaltzeko, neutrinoaren existentzia proposatu zuen Paulik.
Oso masa txikiko eta energia neutroko partikula da neutrinoa. Materiarekin gutxitan elkarri eragiten dute. Ezaugarri horiek azaltzen duten zergatik den hain zaila partikula hori detektatzea. Hori 1956an lortu zen aurrenekoz, baina oraindik ere, gaur egun arras zaila da partikula horiek atzematea, eta tresna oso bereziak behar dira: tamaina handiko behatokiak, normalean likido asko duten biltegiak, eta inguruan erradiazio detektagailuak dituztenak. Halako azpiegitura handien bitartez, neutrinoek materiarekin talka egiten dutenean sortzen den erradiazio txikia neurtzen saiatzen dira zientzialariak. IceCube behatokiaren kasuan, izotz kilometro kubo baten eremuan dauden milaka detektagailu txiki baliatzen dira.
Orain aurkeztutakoa kanal anitzeko behaketak egiteko baliagarria izatea espero dute astrofisikariek. Modan jarri da, honezkero, astronomia multi-mezulariaren kontzeptua. “Argiaz aparte bestelako bideak erabiltzen dituen astronomia egiten hasiak gara, behaketa elektromagnetikoa -argia- eta bestelako neurketak bateratzen dituen astronomia multi-mezularia egiten, hain zuzen”, azaldu du Alabamako Unibertsitateko (AEB) Marcos Santander astrofisikariak. Funtsean, unibertsoari begiratzeko bide berria ireki dela nabarmendu dute ikertzaileek.
Astrofisikariek espero dute etorkizunean neutrinoak lagungarri izango direla unibertsoa sakonki aztertzeko. Orain arte, astronomia guztia fotoietan edo “argian” oinarritu da, baina pixkanaka egoera aldatzen ari da, eta unibertsora hurbiltzeko bide berriak zabaltzen ari dira. Iaz grabitazio uhinen lehen detekzioarekin gertatu zen modu beran, oraingo aurkikuntzak gure unibertsoaren pertzepzioa fintzen lagundu dezake. Munduko arazoek berdin jarraituko dute, baina, eskerrak, ezagutzaren abenturak zirrarara zabaltzen jarraitzen du.
Erreferentzia bibliografikoa:
The IceCube Collaboration, Fermi-LAT, MAGIC, AGILE, ASAS-SN, HAWC, H.E.S.S., INTEGRAL, Kanata, Kiso, Kapteyn, Liverpool Telescope, Subaru, Swift/NuSTAR, VERITAS, VLA/17B-403 teams, (2018). Multimessenger observations of a flaring blazar coincident with high-energy neutrino IceCube-170922A. Science , 361(6398), eaat1378. DOI: 10.1126/science.aat1378
IceCube Collaboration, (2018). Neutrino emission from the direction of the blazar TXS 0506+056 prior to the IceCube-170922A alert. Science, 361(6398, pp. 147-151. DOI: 10.1126/science.aat2890
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Ikusten ez den partikula batek ate berria ireki du astronomian appeared first on Zientzia Kaiera.
Marteko 2018ko ekaineko hauts-ekaitza
Lurrean ere badaude hauts-ekaitzak edo hondar-ekaitzak, basamortuetan, batez ere. Baina Lurreko baldintzak ezberdinak dira, eta Lurreko ekaitzak ez dira Marten bezain beste zabaltzen. Planeta gorria Eguzkitik gertuen dagoenean, hego-hemisferioan udaberria edo uda denean, atmosfera berotu egiten da eta gainazalean sortzen diren tenperatura-kontrasteek eragindako haizeek gainazalean pausatuta dagoen hautsa mugiarazten dute. Gainera, neguan izoztutako CO2 kasko polarra lurruntzen hasten da garai honetan. Horrek atmosfera loditu, eta ondorioz trinkoago egiten du. Horrela, hautsa airean geratzea ahalbidetzen da. Hautsa, 60km-raino igo daiteke atmosferan barrena. Halere, normalean, ekaitza txiki mantentzen da, ez da oraingoa bezain handia bilakatzen (ekaitza tokikoa, ez orokorra, dela diogu kasu honetan) eta astebete inguru irauten du.
Gaur egun zientzialariok oraindik ez dugu ondo ulertzen zergatik hauts-ekaitz batzuk tokikoak diren astebetez, eta beste batzuk orokorrak izan arte handitzen diren, azken hauek hilabeteak luza daitezkeelarik. Zorionez, inoiz izan dugun aukerarik onena dugu orain. Curiosity izeneko bertan baita, ekaitzean guztiz murgilduta (ikus 1. irudia).

1. irudia: Curiosityren Mastcam kamerak ateratako bi argazki hauetan Marteko Gale kraterraren barrualdea ikus dezakegu bi egun ezberdinetan; ezkerraldean ekainaren 7ko argazkia eta eskuinaldean hiru egun beranduagokoa. Bertan, atmosferako hauts kantitatea nabarmenki handitu dela ikus daiteke. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/MSSS)
Bestalde egun, 3 orbitadore baino gehiago daude Marteren inguruan biraka. Beraz, hauts-ekaitza bertatik aztertuz, Marteko eguraldi eta klimari buruzko aurkikuntza berriak egiteko beta paregabea dugu.

2. irudia: Ekaitzaren bilakaera ikus daiteke NASAren Mars Reconnaissance Orbiter izenekoaren MARs Color Imager (MARCI) kamerak hartutako irudiez osatuta. (Argazkiak: NASA/JPL-Caltech/MSSS)
Opportunity roverra ere Marten da, planetaren beste aldean. Honek ordea eguzki panelen bidez lortzen du energia, eta ekaitzak dirauen bitartean gainazalera iristen den eguzki-argia ez da nahikoa Opportunity aktibo mantentzeko. Lotan da beraz. Espero dezagun ekaitzak luze ez irautea, Opportunityren bateria hotzez hil ez dadin, 2010ean Spirit izeneko bere rover bikiari gertatu zitzaion moduan. Zorionez, Curiosityren bateria, energia nuklearraz elikatzen da eta, beraz, ez du eguzki-argirik behar. Gau eta egun egin dezake lan. Baina kaltetu ahal dezake hauts berak roverra edo bertako instrumenturen bat? Ingeniarien ustetan, ez. Misioaren prestaketetatik roverraren gainean pilatutako hautsa nola kendu pentsatua eta planeatua dute. Hala ere, zientziaren zati bat egiteko lan-modua aldatu edo egokitu behar da. Adibidez, argi gutxiago dagoenez, kamerek denbora luzeagoan izan behar dute objektiboa irekita.
Esan bezala, hauts-ekaitz honen aurretik azkena 2007koa izan zen. Urte hartako ekaitza oraingoa baino handiagoa izan zen, baina arinagoa. Ekaitz haren opakotasuna 5,5ekoa izan zen, eta oraingo ekaitzarena 10,8 da, ia bikoitza. 2007ko ekaitza orokorra izan bazen ere, ez zen behatutako handiena izan. Izan ere, sumendi garaienen gailurrak izan ezik, planeta osoa ilundu zuten 1971-1972an Mariner 9 misioak behatutako hauts-ekaitzak edo 2001ean Mars Global Surveyor-ek behatutakoak (ikus 3. irudia).

3. irudia: NASAko Mars Global Surveyor orbitadorearen Mars Orbiter Camerak 2001eko hauts-ekaitz erraldoiari hartutako bi argazki. Planetak jasandako erabateko itxura-aldaketa hilabeteko tartean gertatu zen. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/MSSS)
Ez dirudi oraingo hauts-ekaitz hau planeta osoa estaltzera iritsiko denik, baina nork daki… adi jarraitu beharko!
—————————————————–
Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) UPV/EHUko Fisika Aplikatuko irakaslea da eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea. Itziar Garate Lopez (@galoitz) Fisikan doktorea da eta Parisko Meteorologia Dinamikoaren Laborategiko ikertzailea.
—————————————————–
The post Marteko 2018ko ekaineko hauts-ekaitza appeared first on Zientzia Kaiera.
Bioolioa zitriko hondakinetatik

Irudia: Zuku industriako zitriko hondakinetatik bioolioa lortu dute.
Egindako ikerketaren arabera, zitrikoen hondakinak energia iturri berriztagarri oparo, merke eta eskuragarria dira. Zuku fabriketan pilatzen diren hondakinei irtenbidea ematea lortu dute: iturri-ohantze konikoko erreaktorean hondakin horren pirolisi azkarra eginda bioolioa lortu dute . Zitriko hondakinak erreaktorean elikatu aurretik lehortu eta zatitzen dira eta, erreaktorean 500 ˚C-an pirolizatu ondoren, %70-75 bioolioa lortzen da.
Hondakinak tratatzeko erreaktorean ere hobekuntzak egin eta patentatu dituzte. Zitrikoak huts-hutsean tratatzea oso zaila zen eta harearekin nahasita tratatzen hasi ziren. Harea lodia erabiliz gero, erreaktorean oso ponpa indartsuak erabili behar ziren eta horrek gastu handia zekarren. Harea fina erabiltzen hasi ziren, baina harea finak airearekin eta gasarekin ihes egiten zuen. Irtenbide moduan airea konfinatzeko gailu bat jarri zuten goiko aldean, iturria konfinatu, azken batean. Itzelezko abantailak zituela ikusi eta patentatu dute. Sistema berriaren prototipoak egin dituzte, baina maila handiagoetan zer gertatuko litzatekeen ikusteko, konfinatze-sistemaren simulazio-ereduak egin dituzte.
Hondakinok enpresan bertan lehortu eta, pirolizatuz, enpresarako beroa lortzeko galdaretan erretzeko moduko bioolioa lortuko litzateke. Kontuan hartuta milaka tona hondakin dagoela, enpresan kontsumitu ezingo zen bioolioa findegietara bideratu ahal izango litzateke, erregai nobleagoa lortu ahal izateko. Zitriko-hondakinetatik, bioolioa lortu beharrean, bi urratsetan hidrogenoa lortzeko prozesua ere ari dira aztertzen.
2011n 9,3 milioi tona inguru hondakin sortu ziren Brasilen zuku ekoizpenaren ondorioz. Brasilgo enpresa bat prest legoke proiektu pilotu txiki bat martxan jartzeko zitrikoeen hondakinetatik bioolioa lortzeko, Brasilen garapenerako Europako kooperazio proiektu orokor baten ebazpenaren zain daude.
Erregai fosilak pixkanaka ordezteko funtsezkoa da bioerregaiak lortzeko estrategiak aztertzea eta, kasu honetan bezala, bide batez hondakinei irtenbidea emateak balio erantsia ematen dio.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Zitriko-hondakinak aprobetxatuz bioolioa lortu dute UPV/EHUn.
Erreferentzia bibliografikoa:
Olazar Martin, et al., (2018). Valorization of citrus wastes by fast pyrolysis in a conical spouted bed reactor, Fuel, 224, 111-120. DOI: 10.1016/j.fuel.2018.03.028.
The post Bioolioa zitriko hondakinetatik appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #211
Energia handiko neutrinoen lehen iturria aurkitu dutela kontatzen dute Elhuyar aldizkarian. Blazar bat, ezagutzen den lehena, da iturria eta izpi kosmikoen iturri ere izan liteke. 2017ko irailaren 22an Hego Poloan dagoen IceCube behatokian energia handiko neutrino bat detektatu zuten eta blazar ezagun batetik etor zitekeela ikusi zuten.
OsasunaObesitatea duten pertsonek janariaren zaporearekiko sentikortasun baxuagoa dutela eta berriro ere pisua galtzen dutenean dastatzeko gaitasuna berreskuratzen dutela kontatu digu Josu Lopez Gazpiok. Kontua da pertsona obesoen gantz metaketak eragiten duen hantura kronikoaren ondorioz dastamen-papilen berritze prozesua eten egiten dela eta, pixkanaka, haien kopurua murriztu egiten da, elikagaiak dastatzeko gaitasuna kaltetuz.
Udan azalaren zainketaren ingurukoak dakartza Euskal Naturak. Azaltzen dutenez, eguzkiak igortzen dituen uhinen erradiaziotik babesteko era seguruena honekiko esposizioa murriztea da, itzal edo arropa egokiaz baliatuz eta eguzkipean egoteko oso garrantzitsua da eguzkitako krema erabiltzea.
Klima-aldaketaAzken 30 urteotan kostaldeko ura gradu erdi bat berotu dela ikusi dugu Berrian. Azti-Tecnaliak Pasaian eginiko neurketetan, tenperatura eta ur gazitasuna nola aldatzen ari diren aztertu dute eta emaitzen arabera euskal itsasertzeko batez besteko ur zutabearen tenperatura ia gradu erdi bat igo da 30 urtean.
BiologiaNesketan mutiletan baino handiagoa da omega 3 gantz-azidoen kontsumoak buruaren ahalmenean duen eragin ona. Hala azaldu digute Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eta Miren Bego Urrutiak. Zehazki, bikoitza da eragina. Gakoa da neskek, garun-ehuna osatzeko erabiltzeaz gain, euren etorkizuneko seme-alaben garun ehuna osatzeko ere erabili behar dituztela omega 3 gantz-azidoak eta ipurmasail, aldaka eta izterretan pilatzen dute asimilaturiko omega 3 gantz-azidoen zati bat, beharrezkoa denean umekiari transferitu ahal izateko.
EkologiaIntsektuen gainbeheraren errudunetako bat argi artifiziala izan daitekeen albistea eman du Juanma Gallegok. IGB Ur Gezeko Ekologiren eta Barne Arrantzaren Institutuko zientzialariek berretsi dute harremana dagoela argi kutsadura handia duten eremuen eta intsektuen galera handia duten eremuen artean.
ArkeologiaHistoriaurreko Euskal Herriko ustezko lehen hiri planoa aurkitu dutela irakur daiteke Berrian. Anoetan topatutako harlauza baten gainean egindako trazo linealak erakusten ditu piezak: gainazala bitan banatzen duten bi lerro paralelo, eta alboetara zabaltzen diren laukiak ditu marraztuak. Euskal Herriko lehen hiri planoa izan daitekeela uste dute, lehen hipotesiaren arabera.
PaleontologiaArranoak, otsoak eta katamotzak, Axlorreko neandertalen jaki izan zirela azaltzen dute Elhuyar aldizkarian. Axlor haitzuloan bizi izan ziren neandertalek hegaztiak, otsoak eta katamotzak jaten zituztela ondorioztatu dute, 1970eko hamarkadan Barandiaranek gidatutako indusketatan jasotako aztarnak aztertuta.
Euskaldun bat Artikoan txiolaria egiten ari den ikerketa-egonaldia Twitter bidez ari dela kontatzen jakinarazi du Sustatuk. Artikoko paleozeanografia ikertzen ari da tesia osatzeko. Zehazki, inguru haietako antzinako itsasoen bizitzaren historia, foraminiferoak aztertzen.
——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #211 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #224
Txiste baten hasiera dirudi, baina ez da: Zer zerikusi dute metalek, haginek eta autismoak? JR Alonsoren Metals, teeth and autism
Logikari jarraiki, atmosferaren karbono dioxido mailen igoerarekin baso masek uraren erabileraren efizientzia hobetuko lukete. Baina ez. Teresa Gimeno ikertzailearen Challenging predictions for the impact of elevated CO2 on eucalyptus woodlands
Gainazal baten ezaugarriei buruzko informazio oso baliotsua lor daiteke gainazal hori energia baxuko helio atomoekin bonbardatuta. DIPCko jendea: Helium atom scattering can measure electron−phonon interaction properties of surfaces
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #224 appeared first on Zientzia Kaiera.
Asier Vallejo: “Hausnarkariak izan dira Kantauriar mendilerroko indusketetan aurkitutako animalia mota gehienak” #Zientzialari (98)
Nola lagundu dezake kimikak historiaurreko abeltzaintzaren inguruko ikerketan? Paleontologia bezalako diziplinek gure arbaso eta beraien bizi-ohiturak ezagutzeko aukera ematen digute; baina, hezurrak soilik aztertuz, zaila izaten da abeltzaintzaren ohitura primitiboen nondik norakoak ezagutzea. Kasu hauetan, paleontologoek beste ikerketa alorretan aritzen diren ikerlartzaileekin lan egin behar dute.
Diziplinen arteko elkarlan horrek eraman du Asier Vallejo kimikaria euskal kostaldeetako leizeetan bizi ziren lehen abeltzainen ohiturak ikertzera. Bertan hazten zituzten animalia motak ezagutzeko eta horretarako erabiltzen den metodologiari buruz sakontzeko UPV/EHUko Farmazia Fakultatean Kimika Analitikoa saileko irakasle den Vallejo ikerlariarekin elkartu gara.
‘Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Asier Vallejo: “Hausnarkariak izan dira Kantauriar mendilerroko indusketetan aurkitutako animalia mota gehienak” #Zientzialari (98) appeared first on Zientzia Kaiera.
Material hibrido organiko-ez-organiko fluoreszenteak aplikazio optikoetarako

Irudia: Aplikazio optikoetarako material hibrido egokiak aurkitu nahian, koloratzaile desberdinak MgAPO-11 aluminofosfato inorganikoan kapsulatu dira lan honetan.
Material hibridoak mota anitzekoak izan daitezke. Kasu konkretu honetan, aplikazio optikoetarako material hibrido egokiak aurkitu nahian, koloratzaile desberdinak MgAPO-11 aluminofosfato inorganikoan kapsulatu dira. Horrela osatzen diren material hibridoak oso interesgarriak dira propietate optiko, kimiko zein elektriko erakargarriak izan ahal dituztelako.
Gehiago sakontzeko, aipatu beharra dago MgAPO-11 egitura inorganikoa zeotipo bat dela, hau da, egitura irekia eta ondo-definituriko barne-kanalak dituela, non koloratzaile organikoak koka daitezke. Barne-kanal hauek oso estuak dira, dimentsio nanometrikokoak. Beraz, erabiliko diren koloratzaileen neurri molekularra kontuan izanik, oso estu kapsulatuak geratuko dira, hauen ordenamendu maila oso altua lortuz. Hau dela eta, koloratzailea sintesi nahastera gehitzea beharrezkoa da kapsulatuak gera daitezen.
Normalean, koloratzaileak horrelako egitura zeolitikoetan barneratzeko sintesi-osteko metodoak erabiltzen dira, hau da, lehenengo material ez-organikoa prestatzen da, eta gero koloratzaileak sartzen dira difusioz, bai sublimazioz edo baita katioi-trukearen bidez. Gure metodoa erabiltzearen abantailak, hala nola, sintesi-denboraren murrizketa eta lor daitekeen ordenamendu maila altua dira. Koloratzaileak oso modu ordenatu batean kapsulatzeaz gain, 10 µm baino gehiagoko luzeradun partikuletan eta euren ardatz molekular luzea kanalekiko paralelo geratzen delarik, koloratzaile molekulen agregazioa ere saihesten da MgAPO-11 egituraren topologia berezia deta eta.
Alde batetik, akridina (AC) eta pironina Y (PY) kromoforo fluoreszenteak material zeolitikoan batera kapsulatu dira. Lehenengoak ikuskorreko eremu urdinean igortzen du, eta bigarrenak berriz berdean. Biak batera MgAPO-11 egituran barneratzean, material hibrido oso fluoreszentea lortu da. Gainera, bi kromoforoen trantsizio-momentu dipolarrak bata bestearekiko perpendikularrak direnez, eta haien artean FRET (Föster Resonance Energy Transfer) energia transferentzia eraginkorra ematen denez, partikulen emisio fluoreszentearen kolore aldaketa ikus daiteke (zianetik berdera) materiala argi ultramorearekin kitzikatu ostean, bide optikoan detekzioaren aurretik koka daitezkeen polarizatzaileen norabidearen arabera. Urdinetik-berderako igorpen argiaren kolore aldaketa eraginkorra, bat-batekoa, itzulgarria eta errepikakorra da, eta ez duenez eraldaketa kimikoen beharrik gertatzeko, nekearekiko erresistentzia altua erakusten du.
Azkenik, LDS 722 koloratzailea sartu da euskarri inorganikoan emaitza gisa espektro elektromagnetikoaren alde gorrian igortzen duen material hibrido oso fluoreszentea eskuratuz. Bere etekin kuantikoa koloratzaileak disoluzio urtsuan azaltzen duena baino 50 bat aldiz altuagoa da. Hau lortzen da MgAPO-11 euskarriak eskaintzen dituen zurruntasunari esker, honek koloratzailearen malgutasuna izugarri mugatu egiten duelako. Beste alde batetik, LDS 722-ak optika ez-linealerako propietate intrintsekoak dituenez, eta partikuletan molekulek duten ordenamendu maila altua dela eta, material hibrido egokia lortu da bigarren harmonikoaren sorkuntzarako (SHG).
Beraz, MgAPO-11 euskarri ez-organikoaren baliagarritasuna ziurtatzen da eremu elektromagnetikoaren alde desberdinetan igorpen fluoreszentea erakusten duten koloratzaileak barne hartzeko eta emaitza gisa propietate hobetuak erakusten dituzten material hibrido berri eta interesgarriak lortzeko.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 32
- Artikuluaren izena: Material hibrido organiko-ez-organiko fluoreszenteak aplikazio optikoetarako
- Laburpena: Aplikazio optikoetarako material hibrido egokiak aurkitu nahian, koloratzaile desberdinak MgAPO-11 aluminofosfato ez-organikoan kapsulatu dira. Material zeolitiko honek AEL egitura dauka, dimentsio bakarreko nanokanal eliptiko oso estuak dituena, 6.5 x 4 Å2-ko diametrodunak; beraz, erabiliko diren koloratzaileen neurri molekularra kontuan izanik, oso estu kapsulatuak geratuko dira. Hori dela eta, koloratzailea sintesi-nahastera gehitzea beharrezkoa da kapsulatuak gera daitezen. Sintesi-metodo horren bidez koloratzaileak modu oso ordenatuan AELaren kanaletan harrapatzen dira 10 µm baino gehiagoko luzeradun partikuletan, euren ardatz molekular luzearekin kanalekiko paralelo, eta koloratzaile molekulen agregazioa saihesten da. Alde batetik, akridina (AC) eta pironina Y (PY) kromoforoak material zeolitikoan batera kapsulatu direnean, material hibrido oso fluoreszentea lortu da. Gainera, bi kromoforoen trantsizio-momentu dipolarrak bata bestearekiko perpendikularrak direnez, eta haien artean FRET energia-transferentzia eraginkorra gertatzen denez, partikulen emisio fluoreszentearen kolore-aldaketa ikus daiteke (zianetik berdera) materiala argi ultramorearekin kitzikatu ostean, bide optikoan detekzioaren aurretik koka daitezkeen polarizatzaileen norabidearen arabera. Azkenik, LDS 722 koloratzailea sartu da euskarri ez-organikoan eta emaitza gisa espektro elektromagnetikoaren alde gorrian igortzen duen material hibrido oso fluoreszentea eskuratu da. Bere etekin kuantikoa koloratzaileak disoluzio urtsuan azaltzen duena baino 50 bat aldiz altuagoa da, eta gainera, LDS 722ak optika ez-linealerako propietate intrintsekoak dituenez, eta partikuletan molekulek duten ordenamendu maila altua dela eta, material hibrido egokia lortu da bigarren harmonikoaren sorkuntzarako (SHG).
- Egileak: Rebeca Sola-Llano
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 125-136
- DOI: 10.1387/ekaia.17823
————————————————–
Egileaz: Rebeca Sola-Llano UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko kidea da eta Espektroskopia Molekularreko Laborategiko ikertzailea.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Material hibrido organiko-ez-organiko fluoreszenteak aplikazio optikoetarako appeared first on Zientzia Kaiera.
Nesken adimena, ipurmasailak eta aldakak
———————————————————————————————————–
Omega 3 gantz-azidoen kontsumoa ona da adimenerako. Horixe da zenbait ikerketak erakutsi dutena; gaur kontu ezaguna dela esan dezakegu. Ezaguna da, halaber, omega 3 gantz-azidoak oso ugariak direla gantz-eduki altuak dituzten itsas arrainetan. Esan bezala, kontu ezagunak dira horiek.
Irudia: Izokina eta txitxarroa bezalako itsas arrainetan oso ugariak dira Omega 3 gantz-azidoak.
Ondoren azalduko duguna, baina, ez da horren ezaguna. Dirudienez, eta duela gutxi aurkitu den bezala, nesketan mutiletan baino handiagoa da omega 3 gantz-azidoen kontsumoak buruaren ahalmenean duen eragin on hori. Bikoitza da eragina, zehatzak izateko. Horixe da W. Lassek-ek (Pittsburgheko Unibertsitatea, Pennsylvanian) eta S. Gaulin-ek (Californiako Unibertsitatea, Santa Barbaran) argitara eman dutena Kioton (Japonia) 2009an egin zen Giza Jokabidea eta Eboluzioa Elkartearen Simposiumean.
Dirudienez, gantz-azido horien erabilera metabolikoari dagokio aurkikuntza horren zioa. Izan ere, garunaren nahitaezko osagaiak dira omega 3 gantz-azidoak eta ezaugarri horri dagokio, hain zuzen ere, azido horien kontsumoaren eta adimenaren arteko harreman onuragarria. Neskek, baina, garun-ehuna osatzeko erabiltzeaz gain, euren etorkizuneko seme-alaben garun ehuna osatzeko ere erabili behar dituzte omega 3 gantz-azidoak. Hobeto esateko, aurreko atalean ikusi dugun bezala, ipurmasail, aldaka eta izterretan pilatzen dute neskek asimilaturiko omega 3 gantz-azidoen zati bat, beharrezkoa denean umekiari transferitu ahal izateko[1]. Hortaz, umekiak bere garun-ehuna osatzeko erabiltzen ditu amak transferituriko gantz-azido horiek. Argi dago, beraz, omega 3 gantz-azidoen behar handiagoa dutela neskek mutilek baino, eta horri dagokio gantz-azido horien kontsumoak nesketan eragin bikoitza edukitzea. Ikerketa-emaitzak oro zalantzan jar daitezke, jakina, baina kontuz: tamaina handiko lana egin dute ondorio horietara iristeko, zeren 6 eta 16 urteko 4.000 neska-mutilengandik jasotako datuak erabiliz atera baitituzte aurkeztu ditugun emaitzak.
Guri, bestalde, zer hausnartu eman digu lan horrek. Izan ere, ez dakigu noraino izan daitezkeen bateragarriak hedabideek egun erakusten dituzten emakumeen estetika-ereduak, batetik, eta nerabe emeen buru-garapen egokirako elikatze-baldintzak bestetik. Amaitzeko, azken ohar bat: ez da ahaztu behar ipurmasail eta aldaketan edozein motatako gantzak pilatzeak ez lukeela ondorio berbera ekarriko. Izokina eta txitxarroak dira jan behar direnak. Txuletak edo bollikaoak jateak, berriz, ez dubalio: izterrak eta ipurmasailak loditu, loditu egingo lirateke horrela, baina garunak ez luke ezer onik aterako.
[1] Asegabetasun-maila garaiko gantz-azido garrantzizkoenak dira omega 3 gantz-azidoak.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Nesken adimena, ipurmasailak eta aldakak appeared first on Zientzia Kaiera.
Argi artifiziala izan daiteke intsektuen gainbeheraren errudunetako bat
Udako kanpalekua, sute txiki baten inguruan. Gitarra bat eskutan eta erretako pataten usaina. Istorioak kontatzen hasteko une aproposa da. Gaua da. Ortziari begira eta… tira, ezer ez. Den-dena ilun dago. Paradoxikoa da, baina iluntasun hori argiak eragindakoa da. Alboko herriko farolek, edota urrunago dagoen hiriaren argiek amatatu dute zerua.

1. irudia: Zientzialariek tranpak erabili ohi dituzte intsektuak harrapatzeko, eta laginketa horren arabera populazio osoa zein den kalkulatzen dute. (Argazkia: Gabriel Singer / IGB)
Arbasoek eskura zuten zinemaskopea itzali egin zaigula ohartarazi dute astronomia zaleek behin baino gehiagotan. Izarretara begira daudenen kolektiboak berezi nozitzen du argi kutsadura, baina astronomiatik edo estetika hutsetik baino harago doa kontua. Gero eta argiago dago bizidunengan ere eragina duela argiaren eta iluntasunaren arteko orekaren apurketak. Ez pentsa tontakeria denik, ez gara ying eta yang-aren arteko orekaz ari, ezta Super Pop aldizkarian agertzen ziren bioerritmoez ere. Iazko Fisiologiako Nobel saria, adibidez, erritmo zirkadianoen inguruko ikerketak abiatu zituztenentzat izan zen. Argi dago, beraz, egunaren zikloek eragin handia dutela zelulen funtzionamenduan.
Argi kutsadura deitzen zaio fenomenoari, eta gero eta zabalduago dago, baina kontuari eskaintzen zaion garrantzia nahiko mugatua da. Esaterako, Euskal Herrian aitzindaria da Susana Malon fisikariak gidatutako Luminica Ambiental enpresa; baina, oro har, gutxi dira oraindik horretaz arduratzen direnak. Halere, kutsadura berezi horren eraginaren inguruko ebidentziak pilatzen ari dira pixkanaka. Orain arte gutxi ikertu bada ere, intsektuetan ere eragina izan dezake argi kutsadurak.
Intsektuen egoera ez lasai egoteko modukoa. Erleen desagerpena aspaldiko kezka da, baina beste polinizatzaileak ere kinka larrian daude. Iaz plazaratutako ikerketa batek bereziki hautsak harrotu zituen, entomologoek mahai gainean jarritako zenbakiak zinez kezkagarriak zirelako. Plos One aldizkarian argitaratutako ikerketa horretan Alemaniako zientzialari talde batek ondorioztatu zuen intsektu hegalarien biomasa %75 txikitu dela azken 27 urteetan. Hori, gainera, babestutako eremuetan egindako kalkulua izan da; teorian, ohiko arriskuetatik salbu dauden eremuetan, alegia. Ikerketa egin zutenek klima eta habitatean izandako aldaketak aurkeztu zituzten arrazoi posible bezala, eta pestiziden aukera ere aipatu zuten, baina ustezko arrazoi horietan ez zuten asko sakondu, batez ere ikerketa kuantitatiboa izan zelako ordukoa.

2. irudia: Westhavellandeko parke naturala, Alemanian. Bertan intsektuak ikertzeko laborategi bat jarri dute. (Argazkia: Maja Grubisic / IGB)
Iazko lan horretan abiatuta, beste zientzialari talde batek argiak izan lezakeen rola sakonki aztertu du. Alemaniako IGB Ur Gezeko Ekologiren eta Barne Arrantzaren Institutuko zientzialariek berretsi dute harremana dagoela argi kutsadura handia duten eremuen eta intsektuen galera handia duten eremuen artean. IGBko Argi Kutsadura eta Ekofisiologia taldeko kideek orain arte egin diren hainbat ikerketaren berrikusketan oinarritu dute Annals of Applied Biology aldizkarian plazaratutako artikulua.
Artikuluaren sarreran laburbildu dute egoera. “Orokorrean, gaueko argiztapen artifizialak handitu dezake ingurumen presioa intsektuen populazioetan, eta hau bereziki garrantzitsua da agroekosistemetan, bertan intsektu komunitateek zerbitzu ekosistemiko garrantzitsuak eskaintzen dituztelako, hala nola izurriteen kontrola edota polinizazioa. Lurzoruaren estruktura, ugalkortasuna eta nutrienteen zikloa kontserbatzen laguntzen dute ere”. Intsektuen egoera “Harmagedon ekologikotzat” jo dute aditu hauek.
Maja Grubisic ikertzaileak gidatutako taldeak iazko ikerketa horretan agertzen ziren eremuak argi kutsaduraren ikuspuntutik ikertu ditu. Argitu duenez, intsektu espezieen erdia gautarrak dira; ondorioz, iluntasunaren eta ilargiaren eta izarren argiaren arabera jokatzen dute orientatzeko, mugitzeko, harrapakariengandik babesteko, janaria bilatzeko edota ugaltzeko. “Gauean pizten den argi artifizialak portaera natural hau eraldatzen du, eta horrek eragin negatiboa du bizirik irauteko aukeretan”, azaldu du Grubisicek prentsa ohar batean.
Argibide zehatzak eman dituzte. Adibidez, intsektu hegalariek argi artifizialera joateko joera dute, eta horrek harrapatuak izateko edota nekeziaz hiltzeko aukerak handitzen ditu. Bestalde, argi artifizialez osatutako ilarek intsektu populazioak bereizten dituzte, eta horrek truke genetikoa oztopatzen du, beste erasoen aurrean defenditzeko aukera gutxiago dituzten populazioak sortzen direlarik.
Arazoa ez da soilik bioaniztasunaren galera, zerbitzu ekosistemiko garrantzitsu asko arriskuan jartzen direla baizik. Polinizatzaile gutxiago daude eta espezieen arteko desorekak ondorioak izan ditzake izurriteen kontrol naturalean. Egoera okertzeko, argi artifizialek loraketan era landareen hazkuntzan ere eragina dutela erantsi dute.
Hau guztiagatik, hemendik aurrera intsektuen egoerari buruz egingo diren ikerketetan argi kutsaduraren eragina kontuan hartzeko eskatu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Grubisic, M., van Grunsven, R.H.A., Kyba, C.C.M., Manfrin, A. and Hölker, F. (2018). Insect declines and agroecosystems: does light pollution matter? Annals of Applied Biology. DOI: https://doi.org/10.1111/aab.12440
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Argi artifiziala izan daiteke intsektuen gainbeheraren errudunetako bat appeared first on Zientzia Kaiera.
Obesitateak dastamen-papilak desagerrarazten ditu
Kontua da pertsona obesoen gantz metaketak eragiten duen hantura kronikoaren ondorioz dastamen-papilen berritze prozesua eten egiten dela eta, pixkanaka, haien kopurua murriztu egiten da, elikagaiak dastatzeko gaitasuna kaltetuz.

1. irudia: Gehiegizko pisua eta obesitatea duten pertsonek gehiago jateko joera dute eta, antza, dastamen-papilen kopuru txikiagoa izatea izan daiteke arrazoietako bat. (Argazkia: Tumisu – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay)
Obesitatea munduko osasun arazo handienen artean sailkatzen da, batez ere herrialde garatuenen kasuan -esaterako, AEBko populazioaren heren batek obesitatea du-. Gehiegizko pisua eta obesitatea aski lotua dago heriotza-tasa altuagoarekin, gaixotasun kardiobaskularrekin, diabetesarekin, garun-isuriarekin eta hainbat minbizi motekin. Obesitatearen tratamendua, gainera, erronka eta zailtasun handiez josita egoten da, nagusiki, obesoek dieta osasungarriak jarraitzea ez da erraza izaten. Obesitatearen ondorio larriak aski ezagunak diren arren, askok osasungarriak ez diren dietak jarraitzen dituzte. Ikerketen arabera, gorputz-masaren indizea eta dastamen gaitasuna lotuta daude, baina, orain arte ez zen aztertu horren arrazoi molekularra. Kaufman eta bere lankideek egindako ikerketak, ordea, arlo honetan zeuden zenbait itzal argitzera dator.

2. irudia: Dastamen-papilak 50-100 zelulaz osatuta daude eta etengabe berritzen doaz. Gehiegizko pisua edo obesitatea duten pertsonen kasuan, berritze hau motelagoa da eta dastatzeko gaitasuna galtzen dute. (Argazkia: Henry Gray – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia)
Dastamen-papila batek 50-100 zelula ditu, hiru mota desberdinetakoak izan daitezkeenak. Zelula desberdin horiek bost zapore primarioak dastatzeko balio dute. Jakina denez, dastamen-papilak etengabe, eta bizitza guztian zehar, berritzen doaz eta epe motzekoak dira gainera: gutxi gorabehera 10 eguneko bizia dute dastamen-papiletako zelulek. Kaufman eta bere lankideek dastamen-papilen berritzen eragina duten prozesu molekularrak aztertu dituzte eta, horretarako, sagu ereduak erabili dituzte.
Sagu talde batek dieta arrunta jaso zuen –%14ko gantz-edukia duena– eta beste taldea, aldiz, dieta obesogeniko batekin elikatu zuten –%58ko gantz-edukia–. Espero zitekeen modura, zortzi asteren buruan, dieta obesogenikoa jaso zuen sagu taldeak heren bat gehiago pisatzen zuen. Alabaina, eta hauxe da ikerketaren muina, sagu obesoen dastamen-pilen kopurua %25 murriztu zen. Ikerketaren emaitza berresteko, ikertzaileek esperimentua errepikatu zuten obesitatearekiko erresistenteak izateko genetikoki eraldatutako saguekin. Sagu horiek, obesoak ez izateko eraldatuak izan direnak, dastamen-papila kopuru bera mantentzen zuten dietaren gantz-edukia edozein zela ere. Hortaz, horrek frogatzen du obesitateak -eta ez dietaren gantz-edukiak- eragiten duela dastamen zentzuaren murrizketa.
Ikerketaren garrantziaOrain arte ez zen ezagutzen obesoek jaiotzetiko dastamen-papila gutxiago ote zituzten -hortaz, hori izan zitekeen obeso izatearen arrazoia-. PLOS Biology aldizkarian argitaratu berri den ikerketaren ondorioaren arabera, ordea, orain gehiago ezagutzen da kausa-efektu hori eta frogatu ahal izan da gehiegizko pisuak murrizten duela dastatzeko gaitasuna. Ikerketaren emaitzetatik ondoriozta daitekeenez, gehiegizko pisua edo obesitatea duten pertsonek gehiago jan behar dute dastamena asetzeko eta horrek pisu gehiago hartzea eragiten du. Pisu igoerak dastamena murrizten du eta, horrela, eteten oso zaila den zirkulu anker batean sartzen dira.
Oraindik frogatzeko dago sagu-ereduetan ikusi diren efektuak gizakiaren kasura ere aplika daitezkeen, baina, hipotesia oso probablea da kontuan hartzen bada aski frogatuta dagoela gantz metaketaren eta dastamen gaitasunaren gutxitzearen arteko lotura. Gainera, ezaguna da lotura hori itzulgarria dela, alegia, obesitateak eragindako hantura desagertzen denean dastamen-papilak kopuru arruntera itzultzen direla. Ikerketaren egileek diotenez, obesitatea edo gehiegizko pisua duten pertsonak tratatzeko aurrerapauso bat dakar ikerketak; izan ere, dastamen gaitasunaren murrizketari aurre egiteko modurik balego, pertsona horiek dieta osasungarriagoetara itzultzea errazagoa litzateke. Etorkizunean, dastamen-papila kopurua berreskuratzeko tratamenduak diseina litezke eta, modu horretan, obesitateari aurre egiteko estrategia berriak gara litezke. Hala ere, oraindik ikusteko dago etorkizunak zer ekarriko duen.
Erreferentzia bibliografikoa:
Kaufman A, Choo E, Koh A, Dando R, (2018). Inflammation arising from obesity reduces taste bud abundance and inhibits renewal. PLOS Biology, 16(3), e2001959. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pbio.2001959
Informazio osagarria:
- How obesity makes it harder to taste, A. Cunningham, sciencenews.org, 2018
- Obesity dulls sense of taste, study suggests, H. Devlin, theguardian.com, 2018.
- Los obesos tienen menos sentido del gusto, efefuturo.org, 2018
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Obesitateak dastamen-papilak desagerrarazten ditu appeared first on Zientzia Kaiera.
Larruazal minbizia irudi bidez diagnostikatzeko metodologia
OCT (Koherentzia Optiko bidezko Tomografia) teknologiaren aplikazioan oinarritzen da garatzen ari diren tresna larruazal minbizia diagnostikatzeko. Ekografia baten moduko irudiak hartzean datza, baina bereizmen mikroskopikoarekin. Adimen Artifizialaren tekniken ezagutzak ere gehitu dizkiote, irudien tratamenduei zuzenduak, hain zuzen ere. Orbanen eboluzioa aztertzeko eta automatikoki alderatzeko, argazkiak kasu errealen irudi banku bateko irudiekin erkatzen dira horretarako.
Biopsia optiko bidezko lesio susmagarriak in situ hobeto diagnostikatu ahal izango da teknologia honi esker, azkar eta modu ez inbaditzailean. Tumorea garapen fase goiztiarrean identifikatzen lagunduko du eta, aldi berean, kasu positibo eta negatibo faltsuak murrizten lagunduko du. Azken batean, aztertzeko modu berri honek diagnostiko epeak nabarmen murriztu, pazientearen trauma gutxitu eta prozedura kostuak aurrezteko aukera emango du.
Gaur egun, larruazaleko lesio susmagarriak biopsia bidez aztertzen dira. Prozesu horrek hainbat aste har ditzake eta kostu pertsonal altuak eragin ditzake, itxarotearen kezka eta tentsioa direla eta. Horretaz gain, kostu ekonomiko altua du, prozedurarena berarena eta kontsulta gehiago egin behar baitira. Horri gehitu behar zaio melanomaren eragina ia bikoiztu egin dela azken hamar urteotan Euskadin eta Espainian urtean %10 gehitzen dela.
Iaz, bost mila pertsona baino gehiago diagnostikatu ziren melanomarekin, bere eragina %10 gehitzen da urtean. 2017an Espainian 5.286 melanoma kasu izan ziren. Diagnostikatutako minbizien artean, larruazalekoa bederatzigarrena da emakumeen kasuan (iaz 2.810 kasu, minbizi guztien %3,09). Gizonen artean hamahirugarren tokian dago (2.376 kasu eta %1,7).
Diagnostiko tresna berri hau garatzea da ASTONISH (Advancing Smart Optical Imaging and Sensing for Health) Europako proiektuaren helburua. 3 urteko epea du eta 2019. urtean amaituko da. Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), TECNALIA ikerketa-zentroa eta Ibermática eta NorayBio enpresak, Biocruces laguntzarekin eta Europako beste 20 enpresak parte hartzen ari dira proiektu honetan.
Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Irudi bidez larruazal-minbizia garaiz diagnostikatzeko metodologia garatu du euskal partzuergo batek.
The post Larruazal minbizia irudi bidez diagnostikatzeko metodologia appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #210
Esklerosi anizkoitzaren aurrerapena moteltzen duen molekula bat aurkitu dutenaren albistea dakar Elhuyar aldizkariak. Animalia-ereduekin egindako ikerketa batean, esklerosi anizkoitzaren aurrerapena moteltzen eta sintomak aritzen dituen P2X4 izeneko errezeptore bat identifikatu dute zelula mikroglialetan eta frogatu dute errezeptore hori aktibatzen duten farmakoek gaixotasunaren sintomak hobetzen dituztela fase kronikoan, nerbio-ehuna leheneratzen laguntzen baitute.
Minbiziari buruzko ikerketak gaur egun daukan erronka handi bat immunitate-sistemak (IS) tumorearen mikroingurunean betetzen duen funtzioa ondo ezagutzea dela irakurri dugu. Minbizi gehienak immunitatea kaltetu gabe daukaten gizabanakoetan gertatzen dira. Ebidentzia honek ISak tumore baten bilakaeran zehar funtzio ezberdinak betetzen dituela teorizatzera eraman zituen ikertzaileak. Autoreen arabera, oraindik ikerketa asko egin beharko dira minbizi zelulek babes zelulekin daukaten ezkutuko jokoko zokondo eta bazter guztiak ezagutzeko.
Klima-aldaketaJuanma Gallegok azaldu digu planetako lurren egoeraz ohartarazi du Europako Batzordeak: urtero, Europako Batasunaren erdiaren tamaina duen eremua narriatzen da. Munduko lurren %75ek narriadura nozitzen dute eta 2050. urterako kopuru hori %90era irits liteke, gainera. Urteko, 4,18 milioi kilometro koadro narriatzen dira munduan. Bestalde, nabarmendu dute “desertifikazio” terminoa erabiltzea ez dela egokia, oso generikoa eta zehaztasunik gabekoa delako.
BiologiaEmakumeen gerri aldaka ratioa (GAR) izan dute hizpide Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak. Gerriaren diametroaren eta aldakaren diametroaren arteko zatidura da GAR eta ratio horren balio baxuak dituzten emakumeak direla gizonak gehien erakartzen dituztenak. Azaltzen dutenez, andrazkoen ipurmasailak eta aldakak umeki eta haur jaioberrien garunaren garapenerako ezinbestekoak diren gantz-azidoen biltegi dira, beraz, emakumeen kurbak ez lirateke irizpide estetiko arbitrarioa izango, ezaugarri fisiologiko onuragarri baten adierazlea baizik.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
———————————————————————–
Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #210 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #223
Voyager zunda bakoitzak (giza) musika diska bana eta berau erreproduzitzeko jarraibideak. Estralurtarrei gure musika gustatuko balitzaie bezala. Baliteke, baina, estralurtarrak gure artean izatea jada. JR Alonsoren Musical anhedonia, not everyone likes music
Bizitzaren sorrerarekin sekula lotu ez ditugun molekulek funtsezko rola izan balute? Isabel Pérez Castro en A new theory on the early building blocks of life
Urre narnopartikulen agregatuak modu itzulgarrian sortzea ez da erraza. DIPCk metodo burutsua garatzen lagundu du: Solvent-induced reversible clustering of gold nanoparticles
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #223 appeared first on Zientzia Kaiera.
Itxaso Parola: “Tesia egiteko aukera eman zidatenean, ez nuen asko pentsatu”
Bolonia plana ezarri aurreko azken promozioa izan zen berea. Euskarazko adarrean oso gutxi zirela gogoratu du, 10 inguru, eta, urte batzuetan, neska bakarra. “Ingeniaritzako talde handietan mutilen eta nesken artean izaten den ehuneko bera da, baina, hain gutxi ginenez, ez zen beste neskarik egokitu. Hori bai, ez nuen inolako arazorik izan bakarra izateagatik”.

Irudia: Itxaso Parola Domingo telekomunikazio-ingeniaria. (Argazkia: UPV/EHU)
Azken urtean, Komunikazio optikoak izeneko ikasgaia izan zuen, eta “nahiko interesgarria” iruditu zitzaion. Hala, karrera-amaierako proiektua arlo horretan egitea eskatu zuen, zehazki, Fotonika Aplikatuko taldean. “Han hasi nintzen proiektuarekin, eta asko gustatu zitzaidan. Hortaz, proiektua amaitutakoan tesia egiteko aukera eman zidatenean, ez nuen asko pentsatu”.
Horrela hasi zen tesia egiten. Orain, dagoeneko tesia idatzita dauka, eta laster du aurkezpena. Gustura dago egindako bidearekin, luzea eta, batzuetan, gogorra ere badela aitortu duen arren: “Karrera amaitu eta beste hiruzpalau urte ematen dituzu tesiarekin, eta, bitartean, ikusten duzu zure lagunak dagoeneko lanean ari direla eta zu, berriz, beka batekin zaudela. Baina, oro har, esperientzia positiboa izan da”.
Ikertzen jarraitzeko asmozPertsonalki ere aberasgarria izan dela esan du Parolak: “Batetik, jende asko ezagutu dut, eta, bestetik, artikuluak idazten, hitzaldiak ematen eta horrelako lanak egiten ikasi dut”.
Ikerketaren ikuspuntutik, berriz, esperientzia zabala eskuratu duela iruditzen zaio, bereziki, Fotonikako arloan. Hain zuzen, eguzki-kontzentragailu lumineszente gisa jokatzen duen polimerozko zuntz optiko dopatu berri bat lortu du, merkea eta eraginkorra.
Emaitza itxaropentsutzat jotzen du, eta horrekin jarraitu nahiko luke, “Bilbon ez bada, beste nonbait”. Izan ere, garatu duen zuntz optikoak etorkizuna izan dezakeela uste du; “baina, ikertzen jarraitzeko, finantziazioa lortu behar da”. Badu Braunschweig Unibertsitatera joateko aukera (haiekin elkarlanean garatu zuen proiektua); bederatzi hilabetetarako bakarrik izango zen, ordea, eta nahiago du beste aukera batzuk ere begiratu. “Nolanahi ere, arlo honetan ikertzen jarraitu nahiko nuke”, adierazi du, ziur.
Fitxa biografikoa:Itxaso Parola Domingo Plentzian jaioa da, 1991ean. Telekomunikazio-ingeniaritza ikasi zuen, eta gaur egun Fotonikako arloan doktorego-tesia ari da bukatzen UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Bere tesian polimerozko zuntz optiko bereziak aztertu ditu hainbat aplikaziotarako, adibidez, eguzki-kontzentragailu gisa erabiltzeko. Bi ikerketa-egonaldi egin ditu Alemaniako Braunschweig Unibertsitate Teknikoan.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Itxaso Parola: “Tesia egiteko aukera eman zidatenean, ez nuen asko pentsatu” appeared first on Zientzia Kaiera.
IL-2ren eraginez T-zelulen nukleoko proteinen fosforilazio-maila aldatu egiten da

Irudia: Inmunoterapiaren ikerketan aurrera egiten lagun dezake IL-2ak erregulatutako fosforilazioen funtzio biologikoa argitara ematea, zitokinak T-zelulen hazkuntza nola bultzatzen duen hobeto ulertzeko eta etorkizunean immunoterapia eraginkorragoak eta seguruagoak diseinatzeko.
Gaur egun immunoterapian oinarritzen diren hainbat saio kliniko daude abian, besteak beste hesteetako hantura, gaixotasun autoimmuneak edota minbizia menderatzea dutenak helburu. Hauetako saio askotan gaixoei IL-2 ematen zaie beraien immunitate-sistema indartzeko baina tamalez, T-zelulen hazkuntza bultzatzeaz gain IL-2ak maiz efektu desatseginak ere eragiten ditu gaixoetan. Ondorioz, IL-2ak T-zeluletan eragiten dituen molekula mailako aldaketak sakon aztertzea premiazkoa da etorkizunean terapia eraginkorragoak diseinatu ahal izateko.
Zelulen gainazalera heltzen diren seinaleak, hala nola hormonek, hazkuntza faktoreek edota interleukinek bideraturikoak, nagusiki proteinen behin-behineko fosforilazioen bidez transmititzen dira zelulan barrena. Nukleora heldutakoan, seinale horiek gene ezberdinen aktibazioa edo inaktibazioa eragiten dute, beti ere zelulak gainazalera heldutako seinaleari modu eraginkorrean erantzun diezaion. Hain zuzen ere hori izan da lan honen helburua; IL-2arekin kitzikatutako T-zeluletako nukleora heltzen diren seinaleak ikertzea zitokinak nukleoko proteinen fosforilazio-maila nola erregulatzen duen aztertuz.
IL-2arekin kitzikatutako eta kitzikatu gabeko T-zeluletako nukleoko proteinen fosforilazioak konparatu dira masa espektrometrian (MS) oinarritzen den SILAC delako kuantifikazioa metodoa erabiliz. T-zelulen populazio beraren bi lagin izanik, bakoitza aminoazidoen bertsio arin edo astunetan hazten dira; marka arinenarekin hazitako zelulak kitzikatu gabe utzi ziren kontrol gisa erabiltzeko, eta astunarekin hazitakoak aldiz, IL-2z kitzikatu ziren. Ondoren, nukleoak aberastu, proteinak erauzi, 1:1 proportzioan nahastu eta tripsinaz ebaki ziren. Lortutako proteina zatikiak, hots peptidoak, TiO2-dun esferatxoekin inkubatuz fosforilatutako peptidoak isolatu ziren eta azkenik hauek MS bidez analizatu ziren. IL-2arekin tratatutako zein tratatu gabeko laginen arteko masa diferentzia dela eta masa espektrometroan bereiztu egiten dira. Era berean, lagin bakoitzak MSan erakusten duen intentsitateak elkarren artean konparatuz bi egoeren arteko kuantifikazio erlatiboa egiten da.
Esperimentu bera 3 aldiz errepikatu ostean T-zelulen nukleoko proteinetan guztira fosforilatutako 8521 aminoazido identifikatu eta kuantifikatu dira lan honetan. Nabarmentzekoa da fosforilatutako aminoazido hauetako asko aurrez ezagutzen ez zirela eta ondorioz lehen aldiz identifikatu direla lan honetan. Bioinformatika analisiek erakusten dute identifikatu diren fosforilatutako proteina gehienak nukleoko eskualde ezberdinekoak direla, hala nola nukleolokoak edo nukleo mintzekoak. Honekin bat eginez, analisi gehigarriek erakusten dute gure datu sortako fosfoproteinek nukleoko prozesu garrantzitsuetan hartzen dutela parte, besteak beste geneen transkripzioan baita zelula zikloaren erregulazioan ere. IL-2ak proteina hauen fosforilazio-mailan eragiten duen erregulazioari dagokionez, orokorrean tratatu eta tratatu gabeko T-zeluletako fosforilazio-maila berdin antzera mantentzen dela ikusi da. Halere, azpimarragarria da IL-2ren ondorioz 391 aminoazidoren fosforilazio-maila nabarmen aldatzen dela T-zelulen nukleotan. Zehazki, 331 aminoazidoren fosforilazio-maila ugariagoa da, gutxienez bikoitza, IL-2arekin kitzikatutako T-zeluletan kontrol T-zeluletan baino. IL-2aren menpeko fosforilazio hauetako batzuk jada ezagunak ziren baina azpimarratu beharra dago gehienak ez zirela aurrez ezagutzen. Hortaz, lan honen ekarpena oso garrantzitsua da.
Ikerketa honetan lortutako emaitza oparoak makina bat ikerkuntza berrien abiapuntu izan daitezke. Izan ere, hori da hurrengo erronka nagusia; IL-2ak erregulatutako fosforilazioen funtzio biologikoa argitara ematea, zitokinak T-zelulen hazkuntza nola bultzatzen duen hobeto ulertzeko eta etorkizunean immunoterapia eraginkorragoak eta seguruagoak diseinatzeko.
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 32
- Artikuluaren izena: Hormigoi armatuaren eboluzioa linealki irakurtzeko ezintasuna. Espainiaren kasua (1896-1973)
- Laburpena: Immunoterapiaren helburua da gaixoen immunitate-sistema indartuz minbizia bezalako gaitz larriak menderatzea. Horretarako, gaixoak maiz 2-interleukina (IL-2) deitzen den konposatu batekin tratatzen dira, izan ere molekula honek berebiziko ahalmena baitauka T-zelulen edo T linfozitoen hazkuntza sustatzeko. Zoritxarrez, IL-2ren erabilerak albo kalte desatseginak eragiten ditu gaixoetan, eta hauek ekiditeko ezinbestekoa da IL-2k T-zeluletan eragiten dituen molekula mailako aldaketak sakon aztertu eta ulertzea. Zelulen gainazalera heltzen diren seinaleak zelulan barrena garraiatzen dira nagusiki proteinen behin behineko fosforilazioen bidez. Hori horrela, aurreko lan batean, IL-2k T linfozitoetan pizten dituen seinalizazio-bidezidorrak aztertu genituen zelulen zitoplasman fosforilatzen diren proteinak masa espektrometriaren bidez identifikatuz. Oraingo lan honetan berriz, masa espektrometriaren laguntzaz aztertu da IL-2k nola erregulatzen duen T-zelulen nukleoko proteinen fosforilazio maila, izan ere horrek zuzenean eragingo baitu geneen erregulazioan eta horrenbestez baita zelularen patuan ere. Esperimentu bera 3 aldiz errepikatu ostean, gutxienez behin identifikatu eta kuantifikatu dira lan honetan T-zelulen nukleoko proteinetan fosforilatutako 8.521 aminoazido, horietako haietako asko aurrez ezagutugabeak. Bestalde, ikusi da orkorrean berdinantzera mantentzen dela IL-2rekin tratatutako eta tratatu gabeko T-zeluletako fosforilazio maila. Halere, azpimarragarria da IL-2ren ondorioz 391 aminoazidoren fosforilazio maila nabarmen aldatzen dela T-zelulen nukleoetan. Etorkizunean egingo diren ikerkuntzek argituko dute zein den IL-2ren menpeko fosforilazio hauen esanahi biologikoa.
- Egileak: Nerea Osinalde
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 23-33
- DOI: 10.1387/ekaia.17655
—————————————————–
Egileez:
- Nerea Osinalde UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra Sailekoa da.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post IL-2ren eraginez T-zelulen nukleoko proteinen fosforilazio-maila aldatu egiten da appeared first on Zientzia Kaiera.
Emakumeen kurbak
———————————————————————————————————–
Emakumeen gerri-aldaka ratioa (GAR), hau da, gerriaren diametroaren eta aldakaren diametroaren arteko zatidura, gorputz-gantzaren kokapenaren adierazlea da, eta ezaguna da ratio horren balio baxuak dituzten emakumeak direla gizonak gehien erakartzen dituztenak.
Irudia: Emakumeen kurbak ez lirateke irizpide estetiko arbitrarioa izango, ezaugarri fisiologiko onuragarri baten adierazlea baizik. (Irudia: Lucas Cobb).
Hitz gutxitan esanda, gerri estu eta aldaka zabaleko emakumeak gustatzen zaizkie gizonezkoei. GAR zatiduraren bitartez adierazten badugu, esango genuke 0’67tik hurbil dagoen GAR-a dutenak direla andrazko erakargarrienak. Balio horrek adierazten du aldakaren diametroa gerriarena baino % 50 handiagoa dela.
Hori horrela, pentsatu behar dugu hautespen-indarren batek eragin izan duela gizonen gustu hori; hau da, pentsatzekoa da gizonen gustua hori izateko arrazoi sendoak egon behar dutela. Hori bakarrik uler daiteke GAR delakoaren balio horrek arrakasta (zentzu darwinistan) handitzen badu, edo, bestela esanda, ezaugarri horrek moldatze-balioa badu. Hainbaten ustez, ugalkortasun handiagoaren eta osasun hobearen adierazleak dira GAR horren balio baxuak, baina egia da ezagutza-esparru honetako aditu guztiek ez dutela hori berdin ikusten.
Ipurmasailetan eta izterretan gantza pilatzeak garrantzi handia du emakumearen garapenean. Haurtzaroan eta nerabezaroan pilatzen den koipe gehiena gorputzaren atal horietan metatzen da. Bestalde, izterrean eta ipurmasailean gantz asko pilatzen bada, lehenago iristen da menarkia, eta alderantziz gertatzen da gantza sabelean pilatzen denean. Gainera, kontu ezaguna da izterretako eta ipurmasailetako gantza haurdunaldiaren azken hilabeteetan eta edoskitze-aldian erabiltzen dela bakarrik, ez lehenago, ez eta gose izanda ere. Kontuan hartu behar da aldi horietan gertatzen dela haurraren garunaren hazkunde azkarrena.
Bestalde, emakumeen asegabetasun-maila altuko gantz-azidoen (PUFA[1]) iturri nagusia da izter eta ipurmasailetako gantza, eta umekiaren eta umearen garunaren garapenerako ezinbestekoak dira gantz-azido horiek. Izan ere, garunaren % 20 asegabetasun-maila altuko gantz-azidoek osatua da. Hortaz, hemen azaldutakoa eta ildo bereko beste zenbait datu kontuan hartzen badira, andrazkoen ipurmasailak eta aldakak umeki eta haur jaioberrien garunaren garapenerako ezinbestekoak diren gantz-azidoen biltegi direla ondoriozta daiteke.
Beraz, zentzuzkoa dirudi gizonezkoek beren seme-alaben garun-garapena eta horrekin lotuta dauden kognizio-gaitasunak handituko dituen ezaugarri bat bilatzea bikotekidearengan. Hortaz, emakumeen kurbak ez lirateke irizpide estetiko arbitrarioa izango, ezaugarri fisiologiko onuragarri baten adierazlea baizik.
[1] «Poliunsaturated fatty acids» ingelesezko izenaren akronimoa da PUFA.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Emakumeen kurbak appeared first on Zientzia Kaiera.
Une batez, ahaztu futbolaz, hauxe baita benetako ‘Mundiala’: planetako lurren hiru laurdenak narriatuta daude
Guztiena eta inorena. Horrelako irudia har daiteke lurzoruaren gaira aurrenekoz hurbiltzean. Geografoak, klimatologoak, geologoak, biologoak, ekologoak, agronomoak… era batean edo bestean, horiek guztiek aztertzen dute lurzorua. Agian edafologoak lirateke aditurik gertuenak, baina oso eremu berezitua da hau.
Eta, hala ere, funtsezko kontua da; zibilizazioaren biziraupena, besteak beste, horretan oinarritzen baita. Duela 10.000 – 8.000 urte inguru gizateriaren parte handi batek ehiza eta bilketa alboratu eta nekazaritzari ekin zionetik, oinarrizko elementu bilakatu da lurzorua. XXI. mendean, mendebaldeko gizarte gehiena nekazaritzatik urrun bizi da, eta zoruarekin dagoen kontaktua aisialdira mugatu ohi da, hiri baratzen modara hain zuzen. Baina ekoizpen kate luze baten beste aldean, munduko elikadurak lurraren osasunari lotuta jarraitzen du.

1. irudia: Gizakiak eremu idor askotan lortu du nekazaritza aurrera eramatea, baina, orokorrean, lurzoruetako egoera txarrera doala diote adituek. Irudian, Limpopo probintziako lurrak, Hegoafrikan. (Argazkia: Wynand Uys / Unsplash)
Biziraupenerako funtsezkoa izanda ere, lurzoruaren egoera gero eta kaskarragoa da, eta, aldian behin, alarma pizteko moduko datuak ezagutzen dira. Gaurkotasunaren zurrunbiloan ia oharkabean igaro den txosten bat dugu horren adibide.
Desertifikazioaren Munduko Atlasa aurkeztu berri du Europak, eta bertan azaltzen direnak ez dira lasai hartzeko modukoak. Europako Batzordeko JRC Ikerketa Zentro Bateratuak ekainaren 21ean argitaratu du atlasa. Duela 20 urte egindako txosten baten gaurkotzea da orain aurkeztu dutena: hirugarren edizioa da honakoa. Lehenengoa 1992an argitaratu zen, Rio de Janeiron (Brasil) egin zen Lurraren Gailurrarekin batera, eta bigarren edizioa 1998an plazaratu zuten. Bi hamarkada igaro dira, beraz, azken ebaluazioa egin zenetik.
Atlas honen arduradunek nabarmendu dutenez, bi hamarkada hauetan aldaketa dezente egon dira ingurumenari dagokionean, baina, aldi berean, Lurraren egoera neurtzeko teknologiak asko hobetu dira ere, eta horrek asko erraztu du egoeraren nondik-norakoak ezagutzeko aukera.
Datu andana baliatu dituzte egoeraren ahalik eta azterketarik osatuena egiteko. Sateliteen bitartez eskuratutako 1,8 petabyte datu jaso dituzte (2,7 milioi CD-ROMen parekoa). Hortaz, milaka ordenagailu erabili behar izan dituzte datu horiek guztiak prozesatu ahal izateko.
Azpimarratu duten ondorio nagusia kezka eragiteko modukoa da: munduko lurren %75ek narriadura nozitzen dute, eta 2050. urterako kopuru hori %90era irits liteke, gainera. Urteko, 4,18 milioi kilometro koadro narriatzen dira munduan, Europako Batasunaren tamainaren erdiaren parekoa, hain zuzen. Europari berari dagokionez, arazoak lurraldearen %8 ingururi eragiten dio (14 milioi hektareari). Urte bakoitzeko Europako Batasunak dozenaka mila euro galduko ditu lurren narriadura dela eta.
Txostenean behin baino gehiagotan nabarmendu dute “desertifikazio” terminoa erabiltzea ez dela egokia, oso generikoa eta zehaztasunik gabekoa delako. Hitza “zoritxarrekoa” dela aitortu duten arren, asko errotu da, eta txostenaren tituluan mantendu dute. Halere, “lurraren narriadura” (land degradation) kontzeptua hobesten dute, zehatzagoa eta esanguratsuagoa delakoan.

2. irudia: Atlasean agertzen den irudietako bat: giza populazioa (zirkuluetan) eta ur estresa edo lehortea (berdean, gutxi; gorrirantz, asko). (Ilustrazioa: World Atlas of Desertification)
Lurraren narriadura epe luzera ekosistemetako ondasunen eta zerbitzuen arteko balantzearen porrotera daraman fenomenotzat jo dute. Zoruaren higadura, bere propietate fisiko, kimiko eta biologikoen okerragotzea eta landarediaren galera dira prozesu horretako ezaugarrietako batzuk.
Halako txostenak eta datuak horrenbeste aldiz zabaltzearekin batera arazo bat azaltzen da: anestesian erortzeko arriskua. Klima aldaketarekin edota bioaniztasunaren galerarekin gertatzen den berdina, hain zuzen: datu kezkagarriak dira, baina, epe motzeko begiradapean, eguzkia goizero ateratzen da, kafetera ondo dabil eta dutxatik ur beroa ateratzen da.
Zalantzarik gabe, fokua zabaldu eta ikuspegia osotasunetik begiratzen denean agerian geratzen da gauzarik larriena: lurraren narriadura eta klima-aldaketa direla eta 2050. urtearen bueltan laborantzak %10 gutxituko direla aurreikusten dute adituek, eta joera hori Indian, Txinan eta Saharaz hegoaldeko herrialdeetan bereziki indartsua izango omen da: lurraren produktibitatea erdira jaitsi liteke garrantzi geopolitiko handiko eremu horietan. Horren ondorioz, 700 milioi desplazatu egon litezkeela aurreratu dute.
Ordurako aurreikusten diren populazio joerei erreparatuz gero, ateratzen den “koktela” ez da batere lasaigarria. Ez dirudi mendearen hasieran iraultza berdea ahalbidetu zuen Haber-Bosch bezalako prozesu berririk agertuko denik. Transgenikoen iraultzan jarri dute askok esperantza, baina zalantza izpirik ez dago transgenikoen laguntza izanda ere, garapena beste erritmo batera egokitzeko beharra izango dela.
Zorionez, azterketan parte hartu duten zientzialariek ez dira mugatu arazoen katalogoa osatzera, eta arrakasta izan duten hainbat ekimenen adibideak jarri dituzte, lanerako oinarri izan daitezkeelakoan. Azpimarratu dute irtenbideak martxan jartzeak kostu bat izango duela, baina “martxan jartzearen edo prebentzioa egitearen kostua beti geldirik egotearen kostua baino txikiagoa da”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Cherlet, M., Hutchinson, C., Reynolds, J., Hill, J., Sommer, S., von Maltitz, G. (Eds.), World Atlas of Desertification, Publication Office of the European Union, Luxembourg, 2018. DOI:10.2760/06292
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Une batez, ahaztu futbolaz, hauxe baita benetako ‘Mundiala’: planetako lurren hiru laurdenak narriatuta daude appeared first on Zientzia Kaiera.
Tumorearen mikroingurunean ezkutaketan jolasten

1. irudia: Tumorearen mikroingurunean (TM) gaixotasunaren bilakaera baldintzatuko duten elkarrekintza konplexu eta dinamikoak gertatzen dira.
Joan den mendean indarrean egon zen teoriari Minbiziaren Immunozaintzaren Teoria zeritzon eta, bere arabera, gure babes-zelulek minbizi-zelulen agerpena saihesten dute. Ehun batean mutazioak jasan dituzten zelulak ISarentzako arrotz bilakatzen dira eta honek eraso koordinatu bat prestatzen du minbizia sor lezaketen zelula hauek ez daitezen ugaldu. Eraso honetan, parte hartzen dute bai berezko immunitatea osatzen duten zelulek (neutrofilo, makrofago eta NK zelulak) eta bai hartutako immunitateak (B eta T linfozitoak).
Sagu edo arratoietan egindako esperimentuetan ikusi izan da minbizia izateko arriskua handitzen duela bai berezko immunitatea bai hartutako immunitatea inhibitzeak. Horrez gain, ikusi da minbizien intzidentzia handiagoa dela immunoeskasiaren sindromeak dauzkaten gaixoetan (HIESean adibidez) eta besteak beste transplanteen errefusatzeak ekiditeko immunitate-kontrolerako farmakoak hartzen dituzten gaixoetan. Beraz, minbiziaren garapenetik babesten gaituen immunozaintza bat badagoela ondorioztatu daiteke.
Hala ere, minbizi gehienak immunitatea kaltetu gabe daukaten gizabanakoetan gertatzen dira. Ebidentzia honek ISak tumore baten bilakaeran zehar funtzio ezberdinak betetzen dituela teorizatzera eraman zituen ikertzaileak joan den hamarkadan. Horregatik, gaur egun, immunozaintzaz baino immunoedizioaz hitz egiten dute. ISa eta minbizi-zelulen arteko elkarrekintzako hiru egoera bereiz daitezke ISren uneko egoeraren arabera eta tumore-zelulak eskuratutako ezaugarrien arabera: eliminazioa, oreka eta ihesa (2. Irudia).

2. irudia: Immunoedizioaren aldiak: 1) Eliminazioa: Immunitate sistemako T linfozito (T), B linfozito (B), natural killer zelulak (NK) makrofagoak (M), etab. zelulek tumore-zelulak suntsitu dute eta tumoreak ez du aurrera egin. 2) Oreka: ISak ez ditu immunogeneizitate baxuko zelulak arrotz bezala identifikatu eta ez ditu erraz erasotzen, baina euren hazkundea kontrolpean dago. 3) Ihesa: Tumore-zelulak beste ezaugarri batzuk eskuratuz joan dira (adibidez PD-L1 lotugaiaren adierazpena mintz zitoplasmatikoan), IStik ihes eginez. Tumorea kontrolik gabe haz daiteke. (Egilea: Gorka Larrinaga)
Eliminazioa delako prozesua immunozaintzarekin lotuta dago. Zelula mutatuek euren egituran ISak arrotz bezala identifikatzera daramatzaten proteina ezberdinak adierazten dituzte. Beste era batera esanda, gure babes-sistemarentzako immunogeniko bilakatzen dira, eta horregatik gertatzen da erasoa. Zelula gaizkitu guztiak akabatuz gero, tumorerik ez da sortzen, eta kasu honetan immunoedizioak aldi bat baino ez luke izango. Gerta daiteke ordea mutatzen dagoen zelula populazio horretatik batzuk hain immunogenikoak ez izatea eta, ondorioz, ISak arrotz bezala identifikatzeko eragozpen gehiago izatea. Honela, zelula hauek ezkutuka jolasten hasten dira babes-zelulekin eta euren arteko elkarrekintza oreka aldi batean sartzen da (urteak iraun ditzakeena). Denborak aurrera egin ahala, ezkutuan zeuden tumore-zelula hauek ezaugarri edo marka gehiago eskuratu ditzakete ezegonkortasun genomikoak eta mutazio berrien agerpenak eraginda, ISrengandik ihes eginez eta tumorea hazi eta hedatuz.
Beraz, immunoedizioaren teoriaren arabera, ISak minbizia eragin lezaketen zelulen aukeraketa egiten duela esan daiteke. Azken finean, arrotz bezala identifikatzen dituen zelula mutatuak eliminatu egiten baititu eta, ordea, ez baita gai babes-zelulengandik ezkutatzen direnak akabatzeko. Edizio honen bitartez, mutatzen dauden zelulen arteko lehian babes-zelulengandik ihes egiteko gaitasuna eskuratzen dutenak egiten dira garaile, eta tumorearen garapenean zehar protagonista bilakatzen dira. Bada minbiziaren immunologia eta immunoterapiaren arloan ikertzen duten talde askok ihes egiteko gaitasun hau eskuratu duten tumore-zelulak ISrentzat berriro identifikagarri bilakatzea helburu daukate. Alegia, gure babes-zelulei laguntza ematen diete immunozaintza funtzioa ondo bete dezaten.
Gure babes-zelulen artean T linfozitoak oso garrantzitsuak dira tumore-zelulak bezalako eragile arrotzen aurka ISak eraso espezifikoa sor dezan. Erasoa eraginkorra izateko eta era berean norberaren aurka ez joateko, kontrol-mekanismoak daude. Horretarako linfozitoek mintz plasmatikoan zenbait hartzaile proteiko dituzte, immunitate-kontrol puntuak deituak (“immune check-points”). Proteina hauek beste zelulen mintzetako proteina ezberdinekin lotu daitezke, puzzleko piezak bezala ahokatuz, lotura honen ondorioz T linfozitoaren aktibitatea kontrola daitekeelarik.
Honen adibide bat dira PD-1 kontrol puntua eta bere bikote-kidea den PD-L1 lotugaia. Lehenengoa T linfozitoen mintzetan adierazten da eta bigarrena ehun ezberdinetako zelula askoren mintzetan ikus daiteke. PD-1/PD-L1 loturak linfozitoen aktibitatea inhibitzea eragiten du, elkarrekintza hau ISak norberaren ehunen aurka erasorik ez eragiteko era bat delarik.
Minbizi askotan tumore-zelulek PD-L1 lotugaia adierazten dute eta honek eboluzio-abantaila bat eskaintzen die beste zelula mutatuekiko, linfozitoen aktibitatea inhibituz IStik ezkutatzeko eta ihes egiteko gaitasuna eskuratu baitute. Fenomeno honen ezagutzak minbiziaren tratamenduan immunoterapia bide berriak zabaldu ditu (3. Irudia). Linfozitoetako immunitate-kontrol puntuekin (PD-1, CTLA-4, e.a.) edota minbizi-zeluletako lotugaiekin (PD-L1, CD86, e.a.) elkartu daitezkeen antigorputzak diseinatu dira. Antigorputzek bikote-kideen arteko ezagutza oztopatzen dute eta, honela, minbizi-zelulek ezin diete linfozitoei seinale inhibitzailerik bidali, ISak tumorearen mikroingurunean immunozaintzarako gaitasuna berreskuratuz.

3. irudia. Immunitate-kontrol puntuak eta immunoterapia. Minbizi-zelulek PD-L1 lotugaia aurkezten dutenean mintz zitoplasmatikoan, T linfozitoen PD-1 kontrol puntuarekin lotu eta babes-zelula inhibitu egiten da. Honela, tumore-zelulak babes-zelulengandik ezkutatu eta tumorea garatu egiten da. Immunoterapiak kontrol puntu eta lotugai hauen aurkako antigorputzak erabiltzen ditu, ISak tumorearen mikroingurunean immunozaintzarako gaitasuna berreskuratzea lortuz. (Egilea: Gorka Larrinaga)
Immunoterapia berri hau 2011n erabiltzen hasi zen lehenengoz melanomaren metastasien tratamendurako. Ordutik hona antigorputz ezberdin gehiago merkaturatu dira birika, giltzurrun, maskuria, buru eta lepoko minbizien tratamendurako. Askoren ustez immunitate-kontrol puntuen blokeatzaileen sorrera aurrerapauso handia izan da gaixotasun konplexu honen aurkako borrokan. Hala ere, oraindik ikerketa asko egin beharko dira minbizi-zelulek gure babes-zelulekin daukaten ezkutuko joko honetako zokondo eta bazter guztiak ezagutzeko.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Muenst S, Laübli H, Soysal SD, Zippelius A, Tzankov A, Hoeller S., (2016). The immune system and cancer evasion strategies: therapeutic concepts. Journal of Internal Medicine, 279(6), 541-562. DOI:10.1111/joim.12470
- Hanahan D, Weinberg RA., (2011). The hallmarks of cancer: The next generation. Cell, 144(5), 646-674. DOI:10.1016/j.cell.2011.02.013
———————————————————————————-
Egileez:Gorka Larrinaga, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta Erizaintza Saileko irakaslea da.
Iker Badiola, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Zelulen Biologia eta Histologia Saileko ikertzailea da.
José Ignacio López, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzu burua eta ikertzailea da.
———————————————————————————-
Zer dakigu minbiziaz? artikulu-sorta
- Zer dakigu minbiziaz? Minbiziaren markak.
- Zer dakigu minbiziaz? Minbizi-zelula amak.
- Minbizia: zauri sendaezina.
- Tumorearen mikroingurunean ezkutaketan jolasten.
The post Tumorearen mikroingurunean ezkutaketan jolasten appeared first on Zientzia Kaiera.