Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 14 min 51 seg

Asteon zientzia begi-bistan #239

Ig, 2019-01-27 09:00
Uxue Razkin

Emakumeak zientzian

Rosalyn Yalow fisikariak lortu zuen Medikuntzako Nobel saria 1977an, erradioimmunosaio teknika (RIA ingelesez) garatzeagatik. Bere bizitzan zehar oztopo ugari izan zituen, gehienak emakumea izateagatik baina aurrera egin zuen. Yalowk Fisika Nuklearra doktoregoa lortu zuen 1945ean eta hortik aurrera lanean aritu zen Solomon Berson medikuarekin batera, 22 urteko lankidetza izan zen; biek lortu zuten erradioimmunosaio teknika garatzea. Metodo honek ahalbidetzen zuen, besteak beste, organismoan oso kantitate txikian zirkulatzen duten hormonak antzematea isotopo erradioaktiboak erabiliz. Azken batean, teknika honi esker zenbatu daitezke antigorputzen (Ac) eta antigenoen (Ag) kontzentrazioak modu oso espezifikoan.

Genetika

Giza genomaren “bereizmen osoko” lehen mapa aurkeztu du deCode konpainiak, Berriak kontatu digunez. Lan honetan saiatu dira bereziki gizaki bakoitzak aparteko ezaugarri berezituak izatea dakarten bi aldagai aztertzen: de novo mutazioak eta birkonbinazioak. Mapa honekin erakutsi dute, adibidez, de novo mutazioak gertatzeko probabilitatea 50 bider handiagoa dela birkonbinazio lekuetan, genomako beste edozein eremutan baino.

Big dataren iraultza genetikara ere iritsi da. Koldo Garciak kontatu digu artikulu honen bidez zer diren biobankuak eta zeintzuk diren hauen ezaugarriak. Hasteko, biobankuek gizakien lagin biologikoak jasotzen, kudeatzen eta gordetzen dituzte. Bi modutara sailkatzen dira nagusiki: batetik gaixotasun baten gene-oinarrian sakontzeko erabiltzen direnak, eta bestetik, hor daude biomarkatzaile berriak aurkitzeko populazio orokorra oinarri dituztenak. Adibide moduan, Erresuma Batuko Biobankua (UKB ingelesez) jarri du Garciak, zeinak iazko urrian artikulu bat argitaratu zuen bertan biltzen dituen datuei buruz. Gene-azterketentzat eta genoma-azterketentzat mugarri bat izan da lan hori.

Genoma editatzeko erabiltzen den CRISPR metodoaren aldaera bat egin dute, eta emaitzak Cas 9-rekin baino are hobeak izan direla adierazi dute. Elhuyar aldizkariak kontatu digu Feng Zhang ikertzaileak zuzendu duela ikerketa eta zehaztu dutenez, Bacillus hisashii bakterioaren Cas12b nukleasa erabili dute. Badirudi eraginkorra dela oso: moztu beharreko DNA-zatiarekiko Cas9 nukleasak baino berariazkotasun handiagoa duela baieztatu dute.

Kimika

Josu Lopez Gazpiok kontatzen digu nola egiten den kafe deskafeinatua. Kafeari kafeina kentzeko disolbatzaileak erabil daitezke eta bi modutara egin daiteke: era zuzenean eta zeharkakoan. Disolbatzaileak era zuzenean erabiltzeak, baina, arazoak dakartza, hala nola zapore aldaketak gertatzen ahal dira. Horretaz gain, artikuluan beste modu batzuk agertzen dira; karbono dioxidoa eta presioa erabiliz lortzen den teknika eta deskafeinatze naturala.

Osasuna

Lo-eskasiaren eta alzheimerraren arteko lotura identifikatu dute oraingoan: loa eteten denean, gora egiten du nabarmen Alzheimer gaixotasunean gako den Tau proteinaren kontzentrazioak. Zehazki, Tau proteina % 50 gehiago agertzen dela ikusi dute, garuneko likido zefalorrakideotik eta hezur-muinetik gizakiei hartutako laginak aztertuta. Ikertzaileen arabera, loaren eskasiak ez du gaixotasuna sortzen, baina bai laguntzen dio azkarrago hedatzen jada garatzen ari denean. Elhuyar Aldizkariak eman digu honen berri.

Klima-aldaketa

Jean-Noel Thepaut, Copernicus Climate Change Zerbitzuko burua, elkarrizketatu dute Berrian, tenperaturaren igoera dela eta. Izan ere, 2018a urte beroenetan laugarrena izan zen eta berotegi gasen isuriak ere areagotu egin ziren. Thepautek ohartarazten digu gas horiek atmosferan egongo direla urte luzez.

Neurozientzia

Ziortza Guezuraga kazetaria adiskidetasunaz mintzo da artikulu honetan. Jakina denez, hori ez da gizakien artean bakarrik ematen. Primateen, zetazeoen eta elefanteen artean ere adiskidetasuna ikusi da. Ildo honi jarraiki, azaltzen digu nerbio sisteman erantzuna sorrarazten duen eguneroko estimuluei erreakzio naturalak ikertzea erabaki zuela Carolyn Parkinsonen taldeak. Lortutako emaitzen arabera, adiskidetasunaren oinarrian garunak daude eta homofilia maila neuralean gertatzen dela frogatu dute ikerketaren emaitzek.

Paleontologia

Robot bat eraiki dute, duela 280 milioi urte bizi izan zen animalia baten fosilean oinarrituta. Zientzia fikzioa dirudien arren, benetan gertatu da. Zientzialari talde batek robotika erabili du antzinako tetrapodoek ibiltzeko erabiltzen zuten modua hobeto ezagutzeko. Euren helburua argia da oso: aspaldi desagertutako animalia bat mugimenduan ikustea. Ikertzaileek ondorioztatu dute animalia horiek orain arte uste zena baino modu hobeagoan ibiltzen zirela, eta, horregatik, iradoki dute lurrean mugitzeko gaitasun aurreratua amnioten agerpena baino askoz lehenago izan zitekeela.

Eboluzioa

‘Sapiens ispiluaren aurrean’ liburua aurkeztu berri du Elhuyar Zientzia taldeko Ana Galarragak eta horren harira, Berriak elkarrizketa egin dio. Bilduma honek Elhuyar aldizkarian idatziriko artikuluak jasotzen ditu; horietan, gizakien egoera erretratatu du, genetika, arkeologia eta demografia arloetatik, besteak beste. Horretaz gain, zientziaren dibulgazioaz mintzatu da elkarrizketan eta hori euskaraz egitearen garrantziaz. Ez galdu!

Ingurumena

Keko Alonso biologoa eta Kolore Guztietako Basoak ekinbideko kidea izan da protagonista Berriako elkarrizketa honetan. Berak mendien kudeaketa eredua aldatzea proposatzen du basoen kudeaketan atzeman zuten krisia dela eta, bai ingurumenean, bai alde ekonomikoan. Euren iritziz, mendiaren dibertsifikazioa behar da: “Ikuspuntu guztietatik da interesgarria: bioaniztasuna handitzeko, baita errentagarritasun ekonomikotik begiratuta ere”.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #239 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #246

La, 2019-01-26 09:00

Auzokideek benetan nahi duten tokian instalazio publiko baten kokapena erabakitzeko prozesurik existitzen al da? José Luis Ferreiraren Voting sincerely for public facilities location

Arritmia kardiakoen ablazioan zirujauen lana gidatzeko simulazio matematikoa. BCAM-ren Optimizing arrythmia ablation

Konputazio kuantikoa etorkizuna da, baina orainaldia al da? Momentuz DIPCko jendea lanean dabil konputazio kuantiko komertziala erreala izan dadin: A family of degradable fermionic Gaussian channels

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #246 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Rosalyn Yalow (1921-2011): Erradioimmunosaioaren hazia jarri zuen fisikaria

Or, 2019-01-25 09:10
Uxue Razkin Bazirudien Rosalyn Yalowen patua zehaztuta zegoela txikia zenetik; zientziaren bidetik joko zuela argi zuen berak eta bere inguruak. Matematika interesatu zitzaion lehenik, ondoren kimika… azkenean, fisika hautatu zuen. Zaila da hasieratik zein ikasketari helduko diozun erabakitzea, azken finean hautu horrek erabakiko duelako zure etorkizuna. Bertigoa sentitzea ez da arraroa, aukera hori egiten den momentuan bizitza aldaezina izango dela iruditzen zaigulako. Ausardia handiko pertsona izan zen Yalow. Oztopoak izan zituen, emakume izateagatik gehienak, baina bizitza orok beti du sorpresarako abagunea. Fisika arloan emaitza esanguratsuak lortu ondoren, Fisiologiako eta Medikuntzako Nobel saria irabazi zuen 1977an –Roger Guillemin eta Andrew Schallyrekin batera–, erradioimmunosaio teknika (RIA ingelesez) garatzeagatik, hain zuzen.

Solomon Berson medikua izan zuen bidelagun 22 urtez. Nobel Saria bien lanaren fruitua izan bazen ere, Yalowk bakarrik jaso zuen saria, bere lankidea 1972an hil zelako. Aipatu moduan, 1959an erradioimmunosaio teknika garatu zuten, zeinak ahalbidetzen zuen, besteak beste, organismoan oso kantitate txikian zirkulatzen duten hormonak antzematea isotopo erradioaktiboak erabiliz. Azken batean, teknika honi esker zenbatu daitezke antigorputzen (Ac) eta antigenoen (Ag) kontzentrazioak modu oso espezifikoan.

1. irudia: Rosalyn Yalow 1977. urtean laborategian lanean, Roger Guillemin eta Andrew Schallyrekin batera Medikuntzako Nobel sariaren irabazlea zela jakin odoren. (Argazkia: Wikimedia Commons, Creative Commons lizentziapean)

Hasieran abiatu zuten ikerketak diabetesaren fisiopatogenia argitzea zuen helburu. Honekin guztiarekin, intsulina gisako molekula txikiek antigorputzak sortzea ezinezkoa zutela zioen axioma deuseztatzea ere erdietsi zuten. Aurkikuntza oso garrantzitsua izan zen baina lortutako emaitzak argitaratzeko zailtasunak izan zituzten. Nature eta Journal Clinical Investigation aldizkariek, esaterako, ezezkoa eman zien baina, azkenean, Naturen publikatu zuten artikulua, moldaketa batzuk egin ostean, zehazki, “antigorputza” hitza testutik ezabatu zutenean.

Oztopoak eta erreferenteak

Rosalyn Yalow 1921ean jaio zen, New Yorken. Txikitatik jaso zuen irakurtzeko zaletasuna bere amari esker, eta zientzia ere maite zuen. Hala, fisika ikastea erabaki zuen. Bi erreferente nagusik baldintzatu zuten bere hautaketa. Alde batetik, Marie Curie, une hartan bere alaba Eve Curiek amaren biografia bat publikatu zuelako (liburu horrek behar zuen bultzada eman zion); bestetik, Enrico Fermi –lehenengo erreaktore nuklearra egin zuen ikertzailea–, zeinak 1939an hizketaldi bat eman zuen fisio nuklearrari buruz. Fermik landu zuen gaia oso interesgarria iruditu zitzaion.

Fisikan graduatzea lortu zuen Hunter Collegen eta handik gutxira, Illinoisko Unibertsitatetik deitu zioten irakasle-laguntzaile gisa aritzeko bertako Ingeniaritza Eskolan. Gelako emakume bakarra zen bertan. Izan ere, fakultateko dekanoak kontatu zion moduan, 1917tik ez zen emakumerik igaro handik. Yalowek berak jakin bazekien lanpostu hori lortu zuela, neurri handi batean, Bigarren Mundu Gerraren kariaz: gizonak armadara joateak ekarri zuen emakumeek fakultateetan lan egiteko aukera izatea.

1941ean jazo zen Pearl Harborreko erasoak Estatu Batuak gerran sartzea eragin zuen. Itsas armadako gaztez bete zen campusa eta lan handia zegoen egiteko, garai korapilatsua izan zen berarentzat: klaseak prestatu, laborategiko praktikak egin, masterra egin, doktoregoa hasi… Halere, bere lanean arreta jarri zuen eta 1945ean lortu zuen Fisika Nuklearra doktoregoa Illinoisko Unibertsitatean (bertan doktoregoa bukatu zuen lehendabiziko emakumea izan zen). Urte berean, New Yorkera itzuli zen eta ingeniari-laguntzaile gisa hasi zen lanean Federal Telecommunications Laborategian. Berriz ere, taldeko emakume bakarra izan zen. Urtebete beranduago, Hunter Collegera itzuli zen lanera. Bertan, gerratik zetozen beteranoei fisika irakastea egokitu zitzaion aurre-ingeniaritza deituriko programa batean, hain zuzen ere.

2. irudia: Rosalyn Yalow isotopo erradioaktiboekin lanean. (Argazkia: James J. Peters Va Medical Center – Iturria: Boston.com)

Doktoregoa egin aurretik, diskriminazioarekin topo egin zuen behin baino gehiagotan fisikariak. Bere lehenengo aukera ikasketak egiteko Purdue Unibertsitatea izan zen, baina ez zuten onartu hiru arrazoirengatik: New Yorken jaio zen, judua zen, eta, gainera, emakumea.

Yalow-Berson sinergia perfektua

1950. urtea oso garrantzitsua izan zen Yalowentzat. Bere senarra, fisikaria zena, une hartan Montefiore Ospitalean zegoen lanean, Bronx auzoan. Hari esker Edith Quimby ikertzailea ezagutu zuen eta Yalow bere laborategian hasi zen lanean boluntario gisa erradiazioaren aplikazio medikoak zeintzuk ziren aztertuz. Kasualitatearen katea jarraitu besterik ez zuen egin. Izan ere, Quimbyk Gioacchino Failla fisikaria ezagutzen zuen eta azken honek Bernard Roswit doktorea, Bronx Veterans Administration Ospitaleko Erradioterapia Zerbitzuko zuzendaria zena. Roswitek aukera eman zion Yalowi bere laborategian lan egiteko. Bi aldiz pentsatu gabe, irakasle izateari utzi eta lan berriari ekin zion.

Une hartan hasi zen Yalow eta Bersonen arteko lankidetza. Hasteko, isotopo erradioaktiboak ikertu zituzten. Horiek erabili zituzten, besteak beste, odol-bolumena zehazteko, tiroidearen gaixotasunetan diagnosi klinikoa egiteko eta iodoaren metabolismoaren zinetika ikertzeko. Ondoren, hormonetara egin zuten jauzi; horien artean intsulina hautatu zuten, hormonen artean egokiena zelako ikerketarako. Horretarako, erreminta bat landu zuten, organismoan zegoen intsulina neurtzeko gai zena isotopo erradioaktiboak erabiliz: erradioimmunosaioa.

Egun, teknika hori mundu osoko laborategietan erabiltzen da (baita ELISA metodoa ere, ingelesez Enzyme-Linned ImmunoSorbent Assay izenez ezagutzen da) organismoan oso kantitate txikian dauden substantzia biologikoak neurtzeko. Ekarpen berri hau garrantzitsua izan zen oro har medikuntzarentzat, eta zehazki endokrinologia arloarentzat. Diabetesaren inguruko ikerketei bultzada eman zien aurkikuntzak, baita hormona-arazoen tratamenduei ere (hazkuntza, funtzio tiroideoa eta ugalkortasuna).

Sariak barra-barra

Jendeak errazago gogoratzen du Nobel saria gainontzekoak baino. Bada, Rosalynek beste hainbat jaso zituen bere bizitzan zehar, hala nola Lasker Saria, 1976an lortu zuena, A. Cressy Morrison Saria eta Gairdner Fundazioak eskaintzen duena. Honoris Causa doktore izendatu zuten zenbait unibertsitatek, horien artean Hartford Unibertsitateak, adibidez. Horretaz gain, Estatu Batuetako Zientzien Nazioarteko Domina eta Banting eta Lilly Domina jaso zituen, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide izateaz gainera.

3. irudia: Medikuntzako Nobel saria jaso zuen Stockholmen 1977. urtean Rosalyn Yalow bifisikariak. (Argazkia: Wikpmedia Commons – Creative Commons lizentziapean)

Yalowek dena ondo egin zuen. Hasieratik hain argi duzun ideia bati bizkar ematea oso erraza da; aurkitzen dituzun oztopoek azpiak jaten dizkizute, zalantzek irensten zaituzte, zure gorputza lausotuz doa zugan sinesten ez duen jendea inguratzen zaituen bitartean. Baina ez zuen estropezu egin tranpa haietan. Zientzia helmuga zen harentzat, baina baita bidea ere. Iñaki Uriartek Diarios liburuan idatzitako hausnarketa batek Yalowek bere bizitza osoan izandako irmotasunari keinu egiten diola pentsatzen dut: “Ez ditu soilik oinak lurrean, gorputz osoa baizik, sugeen antzera”.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Rosalyn Yalow (1921-2011): Erradioimmunosaioaren hazia jarri zuen fisikaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Informazio genetikoaren gordailuak

Og, 2019-01-24 09:00
Koldo Garcia Big data direlakoak gure bizitzaren esparru askotara heldu dira eta gogor astindu dituzte bazterrak. Datu askoren erabilerak emaitza esanguratsuak lortzeko bide berriak ireki ditu eta, hori lortzeko, ikerketa egiteko modu berriak asmatu behar izan dira. Genetika ez da iraultza horretaz kanpo gelditu, eta horren adibide garbiak dira biobankuen sorrera, garapena eta hazkundea.

1 irudia: Lagin biologikoa gordetzen (Argazkia: benjy_a_708 – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Biobankuak izeneko baliabideek, gizakien lagin biologikoak jasotzen, kudeatzen eta gordetzen dituzte. Biobiltegi esaten zaie beste espezie batzuen laginak gordetzen dituzten baliabideei. Biobankuek emaileen laginak mantendu behar dituzte denboran zehar ahalik eta degradazio txikiena paira dezaten, eta laginak babestuta egon behar dira, kalterik jaso ez dezaten. Gainera kontu handiz erregistratzen dira laginari buruzko informazioa eta lagin bakoitzaren erabilera. Horrela, baliabideen erabilera egokia bermatzen da. Biobankuak hainbat eratara sailka daitezke, baina bi mota handi bereiz ditzakegu: batetik baditugu gaixotasun baten gene-oinarrian sakontzeko erabiltzen direnak, eta bestetik, hor daude biomarkatzaile berriak aurkitzeko populazio orokorra oinarri dituztenak. Azken bi hamarkadetan, biobankuak hedatu eta hazi dira, gaixotasunen gene-ikerkuntza errazteko asmoz. Esate baterako, hainbat gaixotasuni buruzko ikerketetan lortutako DNA-laginak, odol-laginak edota ehunak gordetzen dira Euskadiko Autonomi Erkidegoko Euskal Biobankuan.

Biobanku batzuek laginak eta beraien gene-informazioa eskuratu eta eskaintzen dituzte. Iazko urrian Erresuma Batuko Biobankuak (UKB ingelesez) artikulu bat argitaratu zuen berak biltzen dituen datuei buruz. Gene-azterketentzat eta genoma-azterketentzat mugarri bat izan da lan hori. Zenbakiak ikaragarriak dira: zientzia-komunitatearentzat eskuragarri ditu ia milioi erdi gizakiren gene-informazioa, historia medikoa, neurri antropometrikoak, bizimoldea, analisi biokimikoak, eta abarrekoak bildu ditu. Informazio honi guztiari esker, genoma osoko asoziazio-analisiak sendoagoak izango dira eta, hortaz, posible izango da ezaugarrien eta gaixotasunen gene-oinarria hobeto ezagutzea.

Genotipazio-txipa

Informazio genetikoari dagokiola, 500.000 gizaki horien odola, listua eta gernua jaso eta beren DNA genotipatu zen. Horretarako, espreski diseinatutako genotipazio-txipa erabili zen. Genotipazio-txipa izeneko teknologiak aldi berean aztertzen ditu lagin askoren milaka gene-aldaera. Txip horri esker, gizaki bakoitzaren ~845.000 markatzaile genetikoren informazioa eskuratu zen: ~125.000 markatzaile maiztasun txikian agertzen ziren gene-aldaerak ziren, ~47.000 markatzaile gene-eskualde interesgarrietan kokatuta zeuden, ~45.000 markatzaile ezaugarriekin eta gaixotasunekin lotuta zeuden, eta, azkenik, ~630.000 markatzaile estrapolazio egoki bat egiteko aukeratu ziren. Estrapolazio bidez zuzenean genotipatu ez diren markatzaileei buruzko informazioa eskuratu daiteke. Horrela, UKBk ikertzaileentzat eskuragarri jarri du ia 93 milioi markatzaile genetikori buruzko informazioa. Zein kantitatez ari garen irudikatzeko, informazio horrek ia 12 Terabyte betetzen ditu. Hau nahikoa ez balitz, UKBren asmoa da 50.000 gizakien genoma osoak sekuentziatzea, ahalik eta gene-informaziorik fidagarriena lortzeko.

Bestetik, gene-informazio hori guztia kudeatzeko eta aztertzeko baliabide eta konputazio-lanabes berriak garatu behar izan dira. Hortaz, estatistika-analisi, fitxategi-formatu eta programa berriak garatu dira, datu horietatik guztietatik emaitza esanguratsuak eta erabilgarriak erauzi ahal izateko, hots, big data erabiltzeko. Ondorioz, genoma osoko asoziazio-analisientzat garai berri bat sortzen ari da.

Big data eta gene-informazioa

Hala ere, ikertzaileek informazio hori guztia eskuratzeko (izan gene-informazioa, izan beste motetakoak) hainbat kontrol iragan behar dituzte. Edozein biobankutan bezala, UKBko arduradunek hainbat prozedura ezarri dituzte datuen erabilera egokia bermatzeko. Horrela, ikertzaileek datu horiek zertarako eta nola erabiliko dituzten azaltzen duen eskabide bat bete behar dute, eta eskabide hori batzorde batek aztertzen du, beharrezko irizpideak betetzen dituela ziurtatzeko. Gainera, ikertzaileek eskabide horretan zeintzuk datu erabiliko dituzten zehaztu behar dute eta bakarrik eskatutako datu horietara sarbidea izango dute.

Arestian esan bezala, iazko urrian argitaratu zen UKBari buruzko oinarrizko artikulua, baina ikertzaileok aspalditik gabiltza gene-informazio horrekin lanean: 150.000 gizakiri buruzko datuak jarri ziren eskuragarri 2015eko maiatzean, eta parte-hartzaile guztien gene-informazioa 2017ko uztailean; hala ere, estrapolazioarekin eragozpenak egon zirenez, gene-markatzaile asko ezin izan ziren aztertu; azkenik 2018ko martxoan jarri zen eskuragarri gene-informazio guztia (eta egokia). Datu hauetatik abiatuta, azken lau urteetan hamarnaka artikulu argitaratu dira hainbat ezaugarri eta gaixotasuni buruz. Argi dago bada biobanku hau lanabes garrantzitsua dela eta, hortaz, mugarri.

2. irudia: Gene-informazioa antolatuta eta gordeta (Irudia: PublicDomainPictures – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Biobankuak munduak zehar

Bide bera jorratu duten beste biobanku batzuk daude, zenbakiak apalagoak badira ere. Estoniako biobankuak bere sorreraren garaian populazio guztiaren informazio genetikoa eta klinikoa eskuratzea zuen ikusmiran, baina aurrekontuak eragindako eragozpenengatik, 50 mila gizakiren datuak bildu dira. Estoniako populazio helduaren ia %5a. EEBBko Michiganeko Unibertsitateak sustatutako Michigan Genomics Initiative izenekoak 42.000 gizakiren informazio genetikoa, klinikoa eta bestelako datu batzuk bildu ditu. Herbehereetako Lifelines biobankuak 170.000 bat gizakiren laginak biltzen ditu; horietatik 13.000 bat gizakik eman dute gene-informazioa. Dauden biobanku guztietatik aipatutakoak adibide gutxi batzuk besterik ez dira.

Gene-informazioaren gordailu hauek ezaugarrien eta gaixotasunen gene-azterketarako lanabes ahaltsuak bilakatu dira. Lanabes horiek hazten eta hedatzen joango dira, eta tartean norbanakoek bere laginak emango dituztelarik, ezaugarrien eta gaixotasunen gene-oinarriak hobeto ezagutzen joango gara. Horri esker, sendabide berriak proposatuko dira zalantzarik gabe. UKBk egindakoak segida izango duen mugarria izatea espero dugu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Bycroft et al. (2018). The Biobank resource with deep phenotyping and genomic data. Nature 562, 203-209. DOI: https://doi.org/10.1038/s41586-018-0579-z

—————————————————–
Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.
—————————————————–

The post Informazio genetikoaren gordailuak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dinosauroak baino lehenagoko animalia ‘berpiztu’ dute, robotikaren bidez

Az, 2019-01-23 09:00
Juanma Gallego Robot bat eraiki dute, duela 280 milioi urte bizi izan zen animalia baten fosilean oinarrituta. Lur idorraren gainean ibilitako lehen izakiak nola mugitzen ziren hobeto ezagutzeko bidea eman du ikerketak.

Zein izan zen aurrena, arrautza ala oiloa? Horrelako gauzaren bat galdetzen dizuten hurrengoan, atakatik atera nahi baduzu, egizu politikarien antzera, eta beste zerbait aipatu. Larba. Bai, aurrena larba izan zen. Zalantzarik ez dago. Arrautza ondorengo asmakizuna izan zen, baina, hori baino lehen, larbak ziren jaun eta jabe naturaren haurtzaindegietan. Ondorengoak mundura ekartzeko modu duina zen hori, eta oraindik badira formatu hori erabiltzen duten animalia asko. Baina zalantzarik ez dago: arrautza asmakizun bikaina izan zen. Enbrioia gainerako mundutik babesteko kanpo geruza bat du arrautzak, eta barruan elikagaia asko gordetzeko aukera ematen du ere. Adituek amniota izenaren barruan sailkatzen duten talde baten berrikuntza izan zen arrautza. Narrastiak, hegaztiak eta ugaztunak biltzen dituen kladoa da amniotena. Uretan utzitako larbak erabili beharrean, amniotek arrautzak “asmatu” zituzten (ados, bai: teknikoki, eboluzioa izan zen milaka urteren poderioz garapen hori ahalbidetu zuena. Asmatu, naturan, ezer gutxi asmatu egiten da, noski).

1 . irudia: John Nyakatura eta Kamilo Melo ikertzaileek gidatutako talde batek orain arte paleontologian gutxi erabili izan den metodologia erabili du: fosiletan oinarritutako robota eraiki dute. (Argazkia: Maxime Marendaz)

Asmakizunak lur idorra konkistatzeko aukera zabaldu zuen, larbek ez bezala, arrautzek aukera ematen dutelako enbrioia idorrean garatzeko. Konkista horretarako, ordea, arrautza ez ezik, bestelako egokitzapenak beharrezkoak izan ziren, uretan eta lur idorrean mugitzea oso bestelakoa baita. Lau hanken gainean ibiltzea da egokitzapen horietako bat.

Hori nola lortu zen jakiteko paleontologoek fosiletan oinarritu ohi dute, baina teknologia berriek laguntza asko ematen dute zeregin horretan ere. Oraingoan, zientzialari talde batek robotika erabili du antzinako tetrapodoek ibiltzeko erabiltzen zuten modua hobeto ezagutzeko. Funtsean, edozein paleontologoren ametsa izan litekeena lortu dute: aspaldi desagertutako animalia bat mugimenduan ikustea.

Orobates pabsti izeneko espeziean oinarritu dute Nature aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa. Duela 280 milioi urte bizi zen animalia hura, Permiar garian. Eboluzioaren egutegian, urlehortarren eta narrastien artean kokatutako espeziea zen. Belarjalea, tamaina dezente garatu zuen lehen animalia lurtarra izan zen. Baina Orobatesen ezaugarririk nabarmenena zen mendietan bizi zela. Hain zuzen, hortik datorkio izena: “mendietako ibiltaria”.

Garai horretan animalia espezie batzuk mendietan bizi baziren ere, animalia gehienak kostaldetik gertu bizi zirela uste dute zientzialariek. Baina logikak agintzen du mendietan ibiltzeko lokomozio garaturen bat behar zutela. Egungo teoriek babesten dute lokomozio aurreratu hori narrastiekin batera iritsi zela, hau da, beranduago. Horregatik, gure protagonistak paleontologoen arreta bereganatu du.

2 . irudia: Animalia gehienak kostaldetik gertu bizi ziren garai batean, Orobates mendietan bizi zen. Haren hezurduraren fosilak ez ezik, oinatzen arrastoak ere aurkitu dituzte paleontologoek. (Argazkia: Thomas Martens)

Misterioa argitu aldera, ordenagailu bidez, hiru dimentsioko berreraikitzea egin dute, eta robot bat eraiki dute ere. Jakintza eta irudimena beti batera ez doazela erakusteko edo, OroBOT izena eman diote Orobates fosilean oinarritutako robotari. Berreraikitze digitala eta robota bera eraikitzeko, fosiletatik harago joan dira zientzialariak, eta gaur egun bizi diren zenbait espezietako gorputzaren neurriak kontuan hartu dituzte ere. Baina ikerketa honetarako gako izan den ezaugarria da fosil honen oinatzak kontserbatu direla harrietan “zizelkatuta”, eta horrek, noski, informazio ederra utzi die ikerlariei.

Ibiltzeko modu desberdinak antzeztu eta probatu dituzte, gorputzaren zein hanken mugimenduak konbinatuz. Egungo hainbat animaliak darabiltzaten mugimenduekin alderatu dute ikusitakoa, eta konturatu dira soilik kaimanaren mugimenduekin duela antza.

Ondorioztatu dute animalia horiek orain arte uste zena baino modu hobeagoan ibiltzen zirela, eta, horregatik, iradoki dute lurrean mugitzeko gaitasun aurreratua amnioten agerpena baino askoz lehenago izan zitekeela. Halere, onartu dute ere atera dituzten ondorioak behin-behinekoak direla. Kasu honetan, beste hainbatetan gertatu ohi den moduan, ondorioak ez dira hain garrantzitsuak. Bai ordea, metodologiaren alorrean aurrera emandako urratsa, eta horrek irekitzen dituen ateak, biorobotika paleontologiaren mundura eramanda. Norabide horretan, ate horiek zabal-zabalik utzi dituzte. Eskuratu dituzten datu zehatzak publikoki askatu dituzte, Orobates Interactive gunean, nahi duten ikertzaile guztiek datu horiek erabiltzeko eta ondorioak ateratzeko aukera izan dezaten.

Erreferentzia bibliografikoa:

Nyakatura John, Melo Kamilo et al., (2019). Reverse-engineering the locomotion of a stem amniote. Nature, 565, 351–355. DOI: 10.1038/s41586-018-0851-2

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Dinosauroak baino lehenagoko animalia ‘berpiztu’ dute, robotikaren bidez appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Nola deskafeinatzen da kafea?

Ar, 2019-01-22 09:00
Josu Lopez-Gazpio Tradizionalki, kafeak onarpen maila oso handia duen estimulatzailea da, munduan gehien kontsumitzen den droga psikoaktiboetako bat. Askori gustatzen zaigu goizeko kafearen usain eta zaporea eta, gainera, ia beharrezkoa da egunaren martxari aurre egiteko. Beste batzuk, ordea, hainbat arrazoi direla medio ezin dute edo ez dute kafeinarik hartu nahi eta, hortaz, kafe deskafeinatura jotzen dute. Nola egiten da, baina, kafe deskafeinatua?

1. irudia: Kafeina munduan gehien kontsumitzen den psikoestimulatzaileetako bat da. (Argazkia: Christoph – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Kafeak kafeinari zor dizkio bere efektu estimulatzaileak. Abuztuen kontatu nizuen bezala, kafeina edo 1,3,5-trimetilxantina, nekea eta logalea murrizten dituen substantzia estimulatzailea da. Kafea hartu ondoren 15-45 minututan iristen da odol-kontzentrazio handienean egotera. Kafeina hori kafe-aleetatik dator eta kafe motaren arabera, kafeina edukia desberdina izan daiteke, oro har, kafe alearen masaren %1-%2 izaten da kafeina. Deskafeinatu ondoren, kafe-ale deskafeinatuen kafeina portzentajea %0,1era murriztu behar da Europar Batasuneko araudiaren arabera.

Disolbatzaileak erabiliz deskafeinatzea

Disolbatzaileak erabiliz kafeari kafeina kentzeko, kafe-bihi berdeak disolbatzaile batean beratzen jartzen dira. Prozesu hori bi modutara egin daiteke: modu zuzenean edo zeharkakoan. Prozesu zuzena erabiltzen denean, kafe-aleak lurrunpean jartzen dira poroak ireki daitezen. Horren ondoren, disolbatzaile batean murgiltzen dira. Disolbatzaile horiek mota askotarikoak izan daitezke. Bentzenoa izan zen erabili zen lehena, baina, egun ez da erabiltzen bere toxikotasuna aski ezaguna delako. Erabiltzen direnen artean, etil azetatoa eta diklorometanoa dira arruntenak. Kafe-aleak disolbatzailean murgilduta eduki ondoren, aleak lurrunpean jartzen dira, lehortu egiten dira eta, azkenik, txigortu egiten dira. Pauso horien ostean, guztiz ziurtatzen da disolbatzaile arrastorik ez dagoela aleetan; izan ere, aipatutako disolbatzaileak oso lurrunkorrak dira. Kafeak zuen kafeina disolbatzailean geratzen denez, aleak berak kafeinarik gabe geratzen dira, kafe kafeinagabea prestatzeko erabil daitezkeenak. Arazoen artean aipatu behar da disolbatzaileak beste zenbait konposatu ere kentzen dizkiola kafe-aleari eta, hortaz, zapore aldaketak gerta daitezke.

Beste aukera bat zeharkako metodoak erabiltzea da. Zeharkako metodoetan, lehen pausoa kafe-bihiak ur berotan murgiltzea da. Kafeina eta kafeari zaporea ematen dioten zenbait konposatu uretan disolbatzen dira, baina, kasu honetan, ur hori da disolbatzailearekin nahasten dena -kafe-aleak kendu ondoren-. Disolbatzaileak kafeina disolbatzen du, baina, zaporea ematen duten konposatuak uretan geratzen dira -afinitate gehiago dutelako urarekin disolbatzaile organikoekin baino-. Hortaz, disolbatzailea eta ura erraz banatzen dira eta kafe-aleak berriro ere uretan jartzen dira. Horrela, kafe-aleek konposatu horiek berriro xurgatzen dituzte eta kalitate hobea izango duen kafeinarik gabeko kafea lortzen da.

2. irudia: Kafe deskafeinatua lortzeko kafe-bihiei kafeina erauzi behar zaie, baina, prozesu horretan kafearen ezaugarri aromatikoak mantendu behar dira. (Argazkia: Myriams-Fotos – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Karbono dioxidoa eta presioa erabiliz deskafeinatzea

Edozein kasutan, disolbatzaileak erabiliz kafea deskafeinatzen denean, kafeina kentzearekin batera kafearen usain eta zapore bereziak galdu egin daitezke, neurri txikian bada ere. Metodorik merkeenak diren arren, badaude beste batzuk kafeina kentzea ahalbidetzen dutenak kafearen beste ezaugarriak gutxiago aldatuta. Prozesu horietako bat karbono dioxidoa eta presioa erabiliz egiten da. Giro tenperaturan eta ohiko presiopean karbono dioxidoa gasa da, baina, presio handia egiten bazaio eta tenperatura pixka bat igotzen bada, fluido superkritikoa bihurtzen da. Fluido superkritikoak likido eta gasen arteko hibridoak dira eta, baldintza horietan, karbono dioxidoak disolbatzaile moduan joka dezake. Karbono dioxido superkritikoa eta ura nahasten badira, modu oso eraginkorrean erauzten dute kafeina kafe-aleetatik beste konposatuak kendu edo eraldatu gabe, alegia, aipatutako nahastea oso selektiboa da kafeinarekin. Prozesu horren arazorik handiena ekonomikoa da; izan ere, azkoz garestiagoa da disolbatzaile organikoak erabiltzea baino -presio altua eragiteko makineria, mantentze-kostua, eta abar-.

Deskafeinatze naturala?

Kafeari kafeina kentzea modu nanturalean edo ekologikoan egiten dutela erakusten dute zenbait kafe markek -zenbait organikozalek ere karbono dioxidoaren metodoa metodo berdetzat ere onartu dute, hori bai-. Hala ere, deskafeinatze prozesu guztiz natural eta ekologikoa saltzen duten kafe markek ura bakarrik erabiltzen dutela diote. Metodo horiek Swiss Water Process delakoan edo antzekoetan oinarritzen dira -azpiko bideoan ikus daiteke-. Funtsa zera da: kafe-bihiak ur berotan jartzen dira kafeina eta beste konposatu aromatikoak uretan disolbatzen direlarik. Ur hori karbonozko iragazkietatik pasaratzen da, kafeinarekiko selektiboa dena, eta beraz, kafeina harrapatuta geratzen da. Jarraian, konposatu aromatikoetan asetuta dagoen ura -jada kafeina kendu zaiona-, beste kafe-ale batzuen kafeina erauzteko erabiltzen da. Ura dagoeneko asetu denez substantzia aromatikoetan, ale berrien kafeina erauzteko gai izango da, baina, ez ditu osagai aromatikoak eramango. Ondoren iragazkitik pasaraziko da kafeina kenduz, eta kafe-aleek beren ezaugarriak mantenduko dituzte. Azalpenak eman ondoren ikus daitekeen bezala, metodo hori benetan naturala den zalantzan jartzekoa da eta ura bakarrik erabiltzen dela esatea agian gutxitxo da.

Nolanahi ere, edozein dela erabilitako metodoa, amaieran aleak lehortu eta txigortu egiten dira. Erauzketan lortutako kafeina beste edari edo produktu farmazeutikotan erabili daiteke. Kafetegietan ikusten dugun kafe deskafeinatuari dagokionez, deskafeinatua sobrekoa denean kafe-aleak deshidratatu egin dira eta hauts moduan aurkezten dira. Aldiz, deskafeinatua makinakoa denean, deskafeinatze prozesua pasa duten kafe-aleak birrintzen dira, kafe arruntaren kasuan bezala. Edozein kasutan, kafeari kafeina kentzeko metodorik naturalena bilatzen den bitartean nire kafe kafeinaduna hartuko dut; izan ere, agian kafeari kafeina kentzea da natural-naturala ez dena.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Nola deskafeinatzen da kafea? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Adiskidetasunaren neurozientzia

Al, 2019-01-21 09:00
Ziortza Guezuraga Adiskidetasunaren oinarrian garunak daude. Ikerketa baten arabera, homofilia maila neuralean ere gertatzen da. Adiskidetasuna interesak partekatzea baino gehiago da, mundua hautemateko eta informazio hori prozesatzeko modua ere bada.

Adiskidetasuna ez da gizakien artean bakarrik ematen. Primateen, zetazeoen eta elefanteen artean ere adiskidetasuna ikusi da. Baita askoz gutxiago ikertutako animalien artean, saguzar banpiro emeen artean, esaterako. Urritasun garaietan lortutako odola beste emeekin partekatzen dute saguzar eme hauek, elikagairik gabe egun bat baino askoz gehiago bizitzeko gai ez diren animalien artean garrantzia handiko ekintza.

1. irudia: Homofilikoak gara adiskidetasunari dagokionez, gure antza duten pertsonak nahiago ditugu.

Lagunik ez dutenek gabezia fisiko eta emozionalak izaten dituzte. Eta ez edonolakoak, ondo ikertutako bestelako arrisku-faktoreak (obesitatea, hipertentsioa, langabezia, sedentarismoa, erretzea) bezainbesteko eragina izan dezake eguneroko bizitzan. Lagunik ez duten pertsonek, sozialki isolaturik daudenak, gaixotasun eta heriotza goiztiar maila altuak dituzte.

Jakina da pertsonak homofilikoak garela: gure antzekoak diren lagunak nahiago ditugu. Hala, adina, erlijioa, maila sozioekonomikoa, maila akademikoa, tendentzia politikoa edota bostekoa emateko indarra bezalako ezaugarrietan gure antza duten pertsonak nahiago ditugu lagun gisa. Horrek ez du esan nahi bestelako lagunik izan ez dezakegunik, baina, orokorrean, aurrekoetan antzekotasunak handiagoak dira bi lagunen artean bi ezezagunen artean baino.

Homofiliarako joera, “bestelako” zenbat eta gutxiago den besteekin harremanak egiteko joera, gizarte ehiztari-biltzaile zein gizarte industrializatuetan hauteman da.

Adiskideen arteko antzekotasunak maila genetikoan ere gertatzen dira. Adiskidetasun harremanen sorreran, egituretan eta ezaugarrietan eragina dute geneek. Ez hori bakarrik, bi adiskideren genomek, nukleotido bakarreko polimorfismo (SNP) mailan ere korrelazio positiboa dute, homofilikoak dira. Ezezagunekiko antzekotasunarekin konparatuta, laugarren mailako lehengusuen baliokidea da.

Maila biokimikoan ere hala gertatzen da. Ikusi da harreman sozial sendoak dituzten pertsonek fibrinogeno kontzentrazio baxuak dituztela. Biomarkatzaile moduan erabiltzen den proteina da fibrinogenoa, inflamazioarekin eta arrisku kardiobaskularrarekin lotutakoa. Adiskidetasunaren eta gaixotasun kardiobaskularren arteko harremana ezezaguna da egun, dena den.

Adiskidetasuna neurozientziarekin ikertzen

Nerbio sisteman erantzuna sorrarazten duen eguneroko estimuluei erreakzio naturalak ikertzea erabaki zuen Carolyn Parkinsonen taldeak. Talde sozial zabala aukeratu zuten, non intentsitate ezberdineko adiskidetasunak aurki zitezkeen: 279 ikasleko unibertsitate klasea. Elkar ezagutzen zuten ikasleek eta, zenbait kasutan, erresidentzia berdinetan bizi ere. Norekin bazkaltzen zuten, norekin joaten ziren zinemara, noren etxera izan ziren gonbidatuak… bezalako galderak zituzten galdetegiak bete behar izan zituzten. Haien arteko harremanaren intentsitatea finkatzeko indikatzaile ahalik eta objektiboenak aurkitzeko baliatu ziren galdetegiak.

Ikasleen harreman sozialen mapa egin zuten datuak baliatuta. Konexio maila ezberdinak kontuan izan ziren mapan: nor zen noren lagun, adiskidetasun mailarik altuenetik baxuenera, soziograma, azken batean. Lagunak, lagunen lagunak, lagunen lagunen lagunak, e.a. biltzen zituen sarea.

2. irudia: Parte hartzaileekin soziograma osatu zuten ikerketaren lehen fasean, haien arteko harremanak biltzen zituena.

Ikerketaren bigarren fasean 42 ikaslek hartu zuten parte. Erresonantzia magnetikoa egin zieten hainbat bideo ikusten zuten bitartean. Bideoak ezberdinak ziren edukian eta baita iraupenean ere eta boluntarioek ez zuten ikusten zutenaren gaineko inongo kontrolik.

Eduki ezberdina zuten bideoek: elikagaien produkzioa multinazionalen eskuetan uztearen arriskuen ingurukoa zen bat, unibertsitatean errugbira jokatzearen arriskuaz bestea, bikote homosexual judutar baten ezkontza, Chris Hadfield astronautak urak espazioan duen portaera zein den azaltzen zuen hurrengoan eta beste batean Liam Neesonek komedia inprobisazioa egiten zuen.

Homofilia neurala

Homofilia neurala ere badugula frogatzen dute ikerketaren emaitzek. Estimuluaren ondoren eta odol jarioa seinale gisa erabilita, garunaren emaitzak izugarri antzekoak dira bi adiskideren artean eta antzekotasun hori distantzia sozialarekin batera gutxitzen da.

Lagun minen garunek erantzun antzekoak izan zituzten bideoak ikusi zituztenean: atentzioan gorabehera berdinak momentu berdinetan, indartze positiboen eta saritze zentzuan maila goren berdinak, asperdura eta neke alerta berak. Antzeko aktibazio patroiak dituzten garun bertsuak bideoak ikusten ari zirela ematen zuen. Garun eskanerretan antzekotasunak bereziki deigarriak dira accumbens nukleoetan, sari zirkuituaren parte dena, eta baita goi lobulu parietalean, kanpo inguruneari zenbat arreta jartzen zaion erabakitzen duena.

Emaitzen arabera antzekotasun harrigarria dago lagunen artean mundua hautemateko eta honi erantzuteko moduan. Garrantzitsua da batzuek besteengan zelan duen eragina ulertzeko eta harreman pertsonaletarako norekiko atrakzioa dugun ulertzeko.

Iturria: Neuroscience of friendship

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

The post Adiskidetasunaren neurozientzia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #238

Ig, 2019-01-20 09:00
Uxue Razkin

Psikologia

Zer da hobe seme-alabak izatea ala ez izatea? Mundu akademikora iritsi da eztabaida hau. Ameriketako Estatu Batuetan egin duten ikerketa batean ondorioztatu zuten apur batez hobeto bizi zirela seme-alabak zituztenak. Beste ikerketa batean 161 herrialdeko datuak aztertu dira eta bertan ondorioztatu dute seme-alabak dituzten gizonek sentipen on edo txar bortitzagoak izaten dituztela. Ez da hori emakumeen kasua: aztertutako herrialdeen 2/3etan emakumeek ez dituzte sentipen onak bortizkiago nabaritzen. Gizonek eta emakumeek desberdin sentitzen dute aitatasuna eta amatasuna, eta gizonek hobeto sentitzen dute.

Ingurumena

Elhuyar aldizkarian irakur daiteke itsasoko olatuek gero eta energia gehiago dutela, Kantabriako Unibertsitatean egin duten ikerketa baten arabera. Ondorioztatu dute klima-aldaketaren eraginez gertatu dela. 1948tik aurrera urtean % 0,4 handitu da ozeanoetako olatuen energia, Elhuyar aldizkariak azaltzen digun moduan. Ikertzaileek ohartarazi dute horrek ondorio garrantzitsuak izan ditzakeela kostaldeko komunitateetan, are gehiago kontuan hartuta itsas-maila ere igotzen ari dela.

Osasuna

Josu Lopez Gazpiok ohartarazten digu tentuz ibili behar dugula albisteetan irakurtzen dugunarekin. Azaro partean, hedabide batzuek argitaratu zuten ardoa eta txokolatea hainbat onura ekar ditzaketela eta beste batzuek esan zuten txokolateak, adibidez, bizitza luzatu ere egin dezakeela. Lopez Gazpiok albistearen eta ikerketaren arteko aldeak seinalatu dizkigu artikulu honetan. Adibidez, hedabideetan azaldu da zinkak eta hidrokinonak oxidazio-estresaren aurka lagundu dezaketela eta, hortaz, bizitza luzatzen laguntzen dutela. Hidrokinonak ardoan, kafean, tean eta txokolatean daudenez, elikagai horiek bizitza luzatzeko eraginkorrak direla azaldu dute. Ikerketak ordea oso gauza zehatza aztertu du: zinkaren eragina molekula jakin batekin elkartzen denean. Hortaz, elikagaiak ez dira osotasunean aztertu. Adibide bat ematearren: ardoak polifenolak ditu baina beste osagaiek alkohola osasungarri ez izatea eragiten dute.

Meteorologia

Arnaitz Fernandez meteorologia dibulgatzaileari egin diote elkarrizketa Berrian. Kimika ikasten ari da EHUn baina meteorologia txikitatik gustatu izan zaio eta hori sare Sozialetan zabaltzen dabil. Berak kontatzen du: “Txikitan, leihoaren ondoan geratzen nintzen elur malutei begira. Neure buruari galdetzen nion ea zergatik egiten zuen elurra. Dibulgazio liburuak irakurtzen hasi, eta jakin-mina handituz joan zen”. Zientzia modu erakargarrian zabaltzea zaila dela dio, baina teknologiak laguntzen duela gaineratzen du. Halere, berak dio tentu handiz ibili behar dugula sare sozialetan irakurtzen ahal ditugun ideia sasi-zientifikoekin.

Medikuntza

Berriki James Watsoni ohorezko izendapen guztiak kentzea erabaki du Cold Spring Harbor Laborategiak bere pentsaeragatik. Hala irakur daiteke Elhuyar aldizkarian. Izan ere, arraza zuriaren nagusitasunean sinesten du eta oinarri genetikoa duela ere adierazi izan du inoiz. James Watsonek Medikuntza eta Fisiologiaren Nobel saria jaso zuen 1962an, Francis Crickekin batera, DNAren egitura argitzeagatik.

Geokimika

Geokimika Isotopikoak/Geokronologiak azken hamarkadetan izan duen bilakaerak hainbat teknika analitikoren hobekuntza eragin du, gerriko metamorfikoen tektonikaren gaineko informazioan iraultza eraginez. Hemen azaltzen den lan honetan, Rb-Sr eta Lu-Hf sistemak MC-ICP-MS bidez analizatzeko metodologia garatu da alde batetik, eta Hf-Hf eta U-Pb sistemak LA-ICP-MS bidez neurtzeko teknikak bestetik. Teknika horiek Iberiar mendigunearen ipar-mendebaldeko Malpica-Tui eta Cabo Ortegal Konplexu Aloktonoetako presio altuko arroka metamorfikoen dataziorako eta trazaketarako erabili dira.

Astronomia

Gau polarraz hitz egin dute Berrian asteon. Zehazki, Alaskako Utqiagvik herria ekarri dute adibide: urtarrilaren 23an espero da lehen aldiz eguzki argia ikusi ahal izatea 65 egunen buruan. Joan den azaroaren 18an ikusi zuten azkenekoz eguzkia hango herritarrek; ordubete eta lau minutu eskas iraun zuen egun hartan eguzki argiak. Urtero gertatzen den fenomenoa da gau polarra eta Europa iparraldeko herrialde askotan ikus dezakegu. Nola egiten diete aurre bertako herritarrek fenomenoari? Irakur ezazue artikulua osorik!

Neurozientzia

Gero eta zailagoa egiten zaigu arreta mantentzea, pantailez inguraturik gaudelako. Ildo horri jarraiki, zientzialari batzuk, zehazki Queenslandeko (Australia) Unibertsitateko ikertzaileak, gai izan dira arreta ahalbidetzen duen garuneko prozesu bat identifikatzeko. Hori lortzeko, optogenetika izeneko teknika bat baliatu dute. Testuan azaltzen den moduan, sistema kolinergikoan omen dago gakoa. Ikerketan parte hartu duen Stephen Williams ikertzaileak azaldu du: “Uste dugu gauza berdina gertatzen dela gizakien neokortexean, eta horri esker gai garela gure arretaren fokua aldatzeko. Honek ere azal lezake zergatik gertatzen diren kognizioari lotutako gaitzak nerbio-sistema parasinpatikoak huts egiten duenean”.

Elektrokimika

1834an, Faradayk artikulu bat argitaratu zuen non sistematikoki erabiltzen zuen nomenklatura elektrokimiko berria, ioi, anioi eta katioi hitzak barne. 1812. urtearen inguruan, Berzeliusek jada identifikatua zuen afinitate kimikoaren indarra korronte elektrikoaren indarrarekin eta onartua zuen atomo (edo atomo-talde) kargatuek loturik irauten dutela aurkako karga elektrikoek sortutako indarrengatik. Baina Berzeliusen teoria hau atxikimenduak galduz joan zen pixkanaka. 1887an Svante Arrehnius-ek proposatu zuen elektrolitoen molekulak ur-disoluzioan (disolbatua) daudenean ioi kargatuetan deskonposatzen direla. Ioiak molekula aktibatuen barruan labur-labur existitzen direlako hipotesi elektrokimikoak arrakasta izan zuen XX. mendeko lehen urteetan. 1916 eta 1919 urteen artean identifikatu zuten elektroia zela balentzia-lotura polarren (ionikoa) eta ez-polarren (kobalentea) oinarrizko osagaia.

Psikologia

1961ean, Stanley Milgram psikologo estatubatuarrak esperimentu bat abiatu zuen obedientziaren muina aztertzeko: batzuk irakasleak izango ziren (boluntarioak), eta besteak, ikasleak (Milgramen konplizeak). Irakasle rola egokitzen zitzaion boluntarioak deskarga elektriko bat eman behar zion ikaslearena egiten zuenari, oker erantzuten zuen bakoitzean. Akatsak pilatu ahala, deskargaren indarra areagotzen zihoan. Irakasleak soilik ikasleen garrasiak entzuten ahal zituen eta ez zekien garrasiak eta deskargak gezurrezkoak zirela. Emaitza oso esanguratsua izan zen: irakasle rola izan zuten 40 boluntarioetako 26 450 volteko deskarga ematera iritsi ziren. Esperimentu honek kritika asko jaso ditu egin zenetik. Berriki beste bat egin dute eta hori gauzatzeko errealitate birtuala erabili dute! Londreseko Unibertsitateko ikasleekin berregin dute Milgramek egindakoa. Irakur ezazue Berrian zeintzuk izan diren esperimentuaren ondorioak!

Teknologia

Donostia International Physics Centerrek itun bat sinatu du Barcelona Supercomputing Centerrekin, Ikerbasqueko zientzialariek Mare Nostrum superordenagailua erabiltzeko modua izan dezaten. Munduko azkarrenetan 25.a eta Europako bosgarrena da. Berrian galdera bat planteatzen dute arlo honen harira: “Zergatik izan daitezke horren indartsuak ordenagailu kuantikoak?” Prozesagailu klasikoak bitarrak dira eta bit bakoitza egoera zehatz batean egon daiteke: 0 edo 1. Ordenagailu kuantikoan, ordea, qbit edo bit kuantikoetan kodetzen da informazioa, eta horiek egoera batean baino gehiagotan egon daitezke aldi berean. Mare Nostrum-en kasuan, ordenagailu klasikoa da, bitarra eta mekanika kuantikoaren arabera funtzionatzen du.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #238 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #245

La, 2019-01-19 09:00

Sare sozialetan albiste faltsuak benetakoak baino azkarrago zabaltzen dira. Zergatik izan daiteke? Martha Villabonaren Why is false information more disseminated than true information?

Bai, bai, jakinduriari zaletasunagatik egiten du zientzia jendeak. Bai. Baina artikuluak eta liburuak sinatzen dituzte, sariak hartu eta haien izena eta ospea garrantzitsua da. Hala izan da eta da, eta zientzia gizakiek egiten duten artean, hala izango da. Jesús Zamora Bonillaren Karl Popper’s ‘constitution of science’ (& 3)

Zelan sortzen dira zulo beltz supermasiboak? Normalen sorrera izar handiago edo txikiago baten kolapsoarekin azal daitezke, baina zelan sortzen dira eguzkiaren masaren 10.000 milioi aldiz masa duten zulo beltzak? DIPC: The dark collapse of merging galaxies as the origin of supermassive black holes

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #245 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Inma Hernaez: “Hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonentzat ahots sintesia oso egokia izan daiteke” #Zientzialari (108)

Or, 2019-01-18 09:00

Ahots sintesiaren bitartez testu idatz batetik dagokion mezu akustikoa lortu daiteke. Teknologia honen garapena nahiko berria izan arren, aplikazio ugari ditu jadanik.

Aplikazio hauen artean burura etortzen zaigun ohikoena aparatu elektronikoekin zerikusia duena da. Esaterako, mugikorra erabiltzean teklatura jo beharrean ahotsa erabiltzen dugunean eta aparatuak berak era berean erantzuten digunean. Teknologia hau pertsonen arteko komunikazioan lagungarria izan daiteke ere, besteak beste, itzulketak egiterako orduan edota ahots ezgaitasun bat duten pertsonen kasuan.

Azken urteotan ahots sintesiak sekulako aurrerakuntzak izan dituen arren, zeintzuk dira gaur egun dituen erronka nagusiak? Galdera honi erantzuteko Inma Hernaez UPV/EHUko Aholab ikerketa-taldeko zuzendariarekin izan gara.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Inma Hernaez: “Hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsonentzat ahots sintesia oso egokia izan daiteke” #Zientzialari (108) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Masa-espektrometria prozedura analitiko berriak Geokimika Isotopikoan eta aplikazioa presio-altuko arroka metamorfikoen azterketan

Og, 2019-01-17 15:00
Aratz Beranoaguirre, Jose Ignacio Gil Ibarguchi, Pablo Puelles Olarte Geokimika Isotopikoak/Geokronologiak azken hamarkadatan izan duen bilakaerak hainbat teknika analitikoren hobekuntza eragin du, gerriko metamorfikoen tektonikaren gaineko informazioan iraultza eraginez.

Irudia: Cabo Ortegal Konplexu Aloktonoetako presio-altuko arroka metamorfikoen datazio eta trazaketarako erabili dira teknika hauek. (Argazkia: FotoLibre).

Ondorioz, erabiltzen diren tekniketako zehaztasun, zuzentasun edo sentikortasun parametroak, orain dela urte batzuk pentsaezinak ziren mailetara heldu dira, lagin kopuru txikien datazioa ahalbidetuz arroka eta mineraletan. Aurrerapen hauek, ikerlarien jakin minarekin batera, aukera sorta zabala zabaldu dute datazioei dagokienez.

Azken urteotan, Euskal Herriko Unibertsitateak UPV/EHU berariazko tresneria analitikoa erosi eta gela zuriak eraiki ditu. Tresna hauen erabileran aurrerapausoak eman nahian munduan gehien erabiltzen diren metodo geokronologikoen inplementazioa eta hobekuntzak ahalbidetu dituzten teknika ezberdinak garatu dira.

Alde batetik, diluzio-isotopiko eta detektagailu anitzeko induktiboki akoplatutako plasma iturridun masa-espektrometro (ID-MC-ICP-MS) bidezko metodo analitikoak garatu dira Rb-Sr eta Lu-Hf sistemen erabilerarako. Rb eta Lu-a elementu erradioaktiboak dira, denborarekin Sr eta Hf-rako desintegrazio-erradioaktiboa jasaten dutenak. Desintegrazio hori neurgarria da, eta horri esker arroka edo mineral ezberdinen adinak ezagutu daitezke.

Analisiak egin aurretik, laginaren ezaugarrien eta lortu nahi diren helburuen araberako tratamendu espezifikoa egiten da. Horrela, laginaren deskonposizio prozesuan trazatzaile bat, isotopo jakin batean aberastuta dagoen disoluzioa, gehitzen zaio laginari, interesekoa den arrazoi-isotopikoa ahalik eta zehatzen eta zuzenen neurtzeko. Ondoren, intereseko elementuak gainerako elementuetatik isolatzea beharrezkoa da gerta daitezkeen interferentzia isobarikoak ekiditeko, horretarako erauzte eta katio-truke kromatografian oinarritutako erretxina ezberdinak erabiltzen direlarik. Elementuetako bakoitzak erretxina hauekiko eta azido ezberdinekiko duen portaera dela eta, Rb, Sr, Lu eta Hf-aren isolamendua lortzen da. Ezagunak diren nazioarteko erreferentziazko materialen analisien bidez egiaztatu ahal izan denez, lagin geologikoen tratamendurako ezarritako deskonposizio zein sistema bakoitzaren elementuak isolatzeko prozedurek ondo funtzionatzen dute; metodo biak ikerketa geokimiko/geokronologikoetan erabiltzeko erabat fidagarriak direla baieztatuz.

Beste alde batetik, laginaren lekuan bertako (in situ) analisiak egiteko teknikak ere martxan jarri dira, Geologian gero eta interes handiagoa daukatenak. Horrela, U-Th-Pb (Uranioak Torio eta Berunerako desintegrazio-isotopikoa jasaten du) eta Lu-Hf sistemak zirkoietan analizatzeko metodoak arrakastarekin garatu dira. U-Th-Pb-aren kasuan induktiboki akoplatutako plasma iturridun masa-espektrometro kuadrupolarrari (Q-ICP-MS) elkartutako laser ablazio-sistemaren bidez burutzen dira analisiak; Lu-Hf-an MC-ICP-MSari lotzen zaiolarik laser ablazio-sistema berbera. Analisiak Geologian erabiltzen diren xafla petrografiko arruntetan egiten dira zuzenean. Kasu honetan ere, nazioarteko erreferentziazko materialetan lortutako emaitzak bat datoz erreferentziazko balioekin.

Sistema bakoitzaren prozedura analitikoei datxekien arazo eta ziurgabetasun guztientzako irtenbideak topatu ahal izan dira, eta beraz, metodo guztiak zuzen garatu dira; komunitate zientifikoaren eskura geratzen direlarik.

Azkenik, teknika hauek Iberiar Mazizoaren Ipar-Mendebaldeko Malpica-Tui eta Cabo Ortegal Konplexu Aloktonoetako presio-altuko arroka metamorfikoen datazio eta trazaketarako erabili dira. Lortutako emaitzen arabera, arroka hauek Erdi eta Goi Devoniarrean gertatutako protolito Ordoviziarren subdukzio prozesu baten ondorioz sortutakoak dira (orain dela 390 Mu Goi Aloktonoan eta 370-375 Mu Behe Aloktonoan). Behe Aloktonoaren subdukzioa presio-altuko Goi Aloktonoaren unitateena baino 15-20 mu geroago ematen da, Reiko ozeanoaren zabalera txikia zela ondorioztatuz. Rb-Sr adinak, 360 Mu inguru bi aloktonoetan, berrabiarazitako adintzat hartzen dira, eta zirkoi berrien hazkuntzarekin batera, exhumazio prozesuan fluidoen aktibitate garrantzitsua iradokitzen dute.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 33
  • Artikuluaren izena: Masa-espektrometria bidezko prozedura analitiko berrien garapena Geokimika Isotopikoan eta haien aplikazioa presio altuko arroka metamorfikoen azterketan.
  • Laburpena: Geokimika Isotopikoak/Geokronologiak azken hamarkadetan izan duen bilakaerak hainbat teknika analitikoren hobekuntza eragin du, gerriko metamorfikoen tektonikaren gaineko informazioan iraultza eraginez. Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) berariazko tresneria analitikoaren jabe da, munduan gehien erabiltzen diren metodo geokronologikoen inplementazioa eta hobekuntza ahalbidetuz. Lan honetan, Rb-Sr eta Lu-Hf sistemak MC-ICP-MS bidez analizatzeko metodologia garatu da alde batetik, eta Hf-Hf eta U-Pb sistemak LA-ICP-MS bidez neurtzeko teknikak bestetik. Teknika horiek Iberiar mendigunearen ipar-mendebaldeko Malpica-Tui eta Cabo Ortegal Konplexu Aloktonoetako presio altuko arroka metamorfikoen dataziorako eta trazaketarako erabili dira. .
  • Egileak: Aratz Beranoaguirre, Jose Ignacio Gil Ibarguchi, Pablo Puelles Olarte.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 167-179
  • DOI: 10.1387/ekaia.17774

————————————————–
Egileez:

Aratz Beranoaguirre Instituto Geológico y Minero de España (IGME) eta UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Sailean dabil, Jose Ignacio Gil Ibarguchi UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Sailean dabil eta Pablo Puelles Olarte UPV/EHUko Geodinamika Sailean.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Masa-espektrometria prozedura analitiko berriak Geokimika Isotopikoan eta aplikazioa presio-altuko arroka metamorfikoen azterketan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ioiez

Og, 2019-01-17 09:00
César Tomé López William Whewell-ek munduratu zuen scientist (zientzialari) hitza Zientziaren Aurrerabiderako Britainiar Elkarteko bilera batean 1833an. Urte horretan bertan, Whewellek eta Michael Faraday-k elkarlanean jardun zuten hiztegi berri bat sortzeko, izendegi bat, Faradayri bere ikerketa elektrokimikoen emaitzak deskribatzeko balio izango ziona.

Irudia: Svante Arrehniusek proposatu zuen elektrolitoen molekulak ur-disoluzioan daudenean ioi kargatuetan deskonposatzen direla, nahiz eta korronte elektrikorik ez izan.

1834an, Faradayk artikulu bat argitaratu zuen Londresko Royal Societyren Philosophical Transactionsetan; artikuluan sistematikoki erabiltzen zuen nomenklatura elektrokimiko berria, ioi, anioi eta katioi hitzak barne.

Faradayk bezala, Humphry Davy-k Londresen eta Jöns Jacobs Berzelius-ek Stockholmen, bateria erabiltzen zuten substantzia konposatuak korronte elektrikoaren bidez deskonposatzeko, bereizitako osagaiak polo elektriko edo elektrodoetan bereiz ipinita. 1812. urtearen inguruan, Berzeliusek jada identifikatua zuen afinitate kimikoaren indarra korronte elektrikoaren indarrarekin eta onartua zuen atomo (edo atomo-talde) kargatuek loturik irauten dutela aurkako karga elektrikoek sortutako indarrengatik. Teoria hori teoria dualista izenaz ezagutu zuten espezialistek edo, oro har, konposatze eta deskonposatze kimikoen teoria elektrokimikoa izenaz.

Berzeliusen teoria elektrokimikoa atxikimenduak galduz joan zen pixkanaka, atomo berdinek osatutako substantziak aurkitu ahala ―hala nola hidrogenoa (H2)― eta egiaztatu zelako kloro-atomoek (“negatiboki kargatuak”) hidrogeno-atomoak (“positiboki kargatuak”) ordezkatu ahal zituztela hidrokarburoetan. Jakina, Berzeliusen teoriak aintzat hartzen zuen lotura guztiak ioien artean gertatzen zirela; horri gaur egun lotura ionikoak (polarrak) esaten diogu.

Svante Arrehnius-ek 1887an proposatu zuen elektrolitoen molekulak ur-disoluzioan (disolbatua) daudenean ioi kargatuetan deskonposatzen direla, nahiz eta korronte elektrikorik ez egon. Ioiak existitzen direlako eta prozesu fisiko eta kimiko askotan parte hartzen dutelako ustea handitzen lagundu zuen proposamen horrek.

XIX. mendearen amaieran, ioiak eta partikula ionizatuak modako azterketa arlo bihurtu ziren, 80 eta 90eko hamarkadetan izpi katodiko eta anodikoen —biak partikula kargatuek osatuak— izatasunaren gainean egindako ikerketen ondorioz.

Ioiak sortzeko beren ahalmenagatik hauteman ahal izan ziren X izpiak eta erradioaktibitatea, eta ioiak izateagatik alfa- eta beta-desintegrazioen kasuan. Elektrometroen hobekuntzak ionizazio kopuru txikiak hautematea ahalbidetu zuen; hala egiten zuen Hans Geiger-ek eta Walther Müller-ek XX. mendeko 20ko urteetan asmatutako detektagailuak ―“Geiger kontagailua” izenaz ezaguna―. Erradiazio kosmikoa ere hauteman ahal izan zen materian zituen eragin elektrikoei esker, eta partikula ionizatuak ikusgai ziren C.T.R. Wilson-ek 1899an asmatutako laino-ganberan uzten zituzten arrastoei esker.

Ioiak molekula aktibatuen barruan labur-labur existitzen direlako hipotesi elektrokimikoak jarraitzaileak irabazi zituen XX. mendeko lehen urteetan, balentziaren teoria elektronikoak bere lehen urratsak eman ahala, Joseph John Thomson, Walther Kossel, Gilbert N. Lewis eta Irving Langmuir-en eskutik.

Lewisek, eta geroago Langmuirrek, 1916 eta 1919 urteen artean identifikatu zuten elektroia zela balentzia-lotura polarren (ionikoa) eta ez-polarren (kobalentea) oinarrizko osagaia. Hurrengo bi hamarkadetan, Arthur Lapworth-ek, Robert Robinson-ek eta, bereziki, Chistopher Ingold-ek kimika organikoa irauli zuten erreakzio-mekanismoen ikuskera berri bati esker, elektroien eta ioien teoriak konposatu aromatiko eta alifatikoei aplikatuta. Ioien historia dugu kimika modernoa.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

The post Ioiez appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Arreta bideratzeko garunak darabilen mekanismoa argitu dute, neuronak argiztatuz

Az, 2019-01-16 09:00
Juanma Gallego Argiaren bitartez identifikatutako neuronei esker, zientzialariak gai izan dira arreta ahalbidetzen duen garuneko prozesu bat identifikatzeko. Sistema kolinergikoan omen dago gakoa.

Gero eta zailagoa da arreta mantentzea. Ez da sekretua. Jende askoren ahoan dabilen arazoa da. Jakinarazpenak gozoki baten antzera loratzen dira sakelako telefonoetan, eta, horien aurrean, berehala argitzen zaigu begitartea. Kontua da gehienetan hori ez dela gertatzen gogoan zerbait piztu egin zaigulako, LED argiaren eraginpean gaudelako baizik. Arimaren ispilua beharrean, mugikorraren ispilua bihurtu ohi zaigu aurpegia.

1. irudia: Etengabean jasotzen dituen estimuluen artean, batean arreta jartzeko ahalmena du garunak, baina prozesua nola gertatzen den ez dago argi. (Argazkia: Victor Larracuente / Unsplash)

Dagoeneko ilea urdinduta daukatenak ondo oroituko dira orain arte bete ez diren agintza horietaz: Internetek mundu mailako eztabaida sakona ekarri behar zuen, etengabeko demokrazia zuzena garatzeko tresna bikaina zen eta. Eta aitortu behar zaizkio aitortu beharrekoak, sareak izugarrizko onurak ekarri dituelako ere. Derrigorrezkoa da, gainera, edalontzia erdi beteta ikustea, horrela garatu baita zibilizazioa. Baina, halere, ezin uka bizimodu berriak kutsu mingotsa ere utzi duela. Buzz Aldrin astronautak ederki laburbildu zuen ideia hori aldizkari baten azalean: “Marten koloniak agindu zenizkidaten. Horien ordez, Facebook daukat”.

Bitartean, jakinarazpenek horretan sakontzeko bidea ematen dietenean bederen, neurozientzialariek gertutik jarraitzen dituzte arretari lotutako kontuak, eta sareak bidea ematen du hizkuntza txiki baten hiztunei zientzialari horiek egiten dituzten aurrerapenen berri ematea, Euskal Herrian eta mundu osoan ere. (Oroitu, edalontzia erdi beteta, beti).

Arretari buruzko aurrerapen baten berri eman dute ikertzaileek, baina hori ulertu ahal izateko, testuinguru pixka bat beharrezkoa da. Neurologoek jakin badakite zerbaiten arreta jartzen dugunean garuneko neokortexean aldaketa batzuk gertatzen direla. Bertan dauden hainbat neuronen gorputzek haien arteko sinkronizazioa gelditu egiten dute, eta bakoitzak bere kasa jotzen du. Prozesu horri esker, neurona bakoitza gai da estimulu sentsorial bati modu independentean erantzun bat emateko. Gutxi gorabehera, garunak modu horretan lortzen du arreta.

Prozesu hori beharrezkoa da garunak iragazi baten antzera funtzionatzeko. Bestela, garunak ezingo luke bereizi uneoro joka ari diren estimulu guztien artean zeintzuk diren benetan garrantzitsuak. Halere, gutxi ezagutzen da prozesu horretan parte hartzen duten neuronen inguruan, edo, hobeto esanda, bakoitza bere kasa doazen neurona horiek koordinatzeko garunak erabiltzen dituen mekanismoen inguruan. Gaia argitu berri du Queenslandeko (Australia) Unibertsitateko ikertzaile talde batek, arreta ahalbidetzen duen garuneko mekanismoaren pasarte garrantzitsu bat deskribatu dutelako Neuron aldizkarian.

Garuneko sistema kolinergiko izenekoak du, hein handi batean, koordinazio horren ardura. Zenbait zelulek askatzen duten azetilkolina izeneko neurotransmisorea erabiltzen da horretarako: horren bitartez, entzefalo osoa hartzen duten konexioak lortzen dira. Baina, argitu berri dutenez, azetilkolinan oinarritutako mekanismo hori ez da etengailu hutsa, eta estimuluak zehazteko orduan rol garrantzitsua jokatzen duela ikusi dute. Hots, sistema hau beharrezkoa da arreta mantentzeko.

2. irudia: Neurona baten dendritak urre koloreaz eta axoiak berdez margotu dituzte irudi honetan, garunean izaten den prozesua irudikatzeko. (Irudia: Lee Fletcher/ Queenslandeko Unibertsitatea)

Orain argitu dute zehazki zeintzuk diren prozesuan parte hartzen duten neuronak. Horretarako, ikertzaileek optogenetika izeneko teknika baliatu dute. Azken urteetan dezente garatu den teknika honek argia erabiltzen du neuronak “markatzeko”, eta modu horretan aukera dago jakiteko zelula bakoitzak noiz egiten duen lan. Horretarako, baina, lehenik eta behin zelula horiek genetikoki eraldatu behar dira, argiaren aurrean sentikorrak izan daitezen. Halako esperimentuak, momentuz, arratoietan egin behar dira, noski, eta horixe egin dute oraingoan ere.

Neurona multzo zehatz bat kitzikatu dutenean -zehazki, adituek 5 B motako neurona piramidal gisa ezagutzen dituzten neuronak dira horiek-, sistema kolinergikoaren jarduera asko handitu dela egiaztatu ahal izan dute. Ondorioztatu dute neurona horiek inplikatuta daudela arretaren mekanismoaren sorreran. Are gehiago, uste dute sistema kolinergikoak nolabait aukera ematen diela hainbat neuronei “lanean” egoteko, arreta-egoera edozein izanda ere. Era horretan, arreta eta kontzentrazioaren arteko aldaketa azkarrak egiteko aukera gu garunak.

Ikerketan parte hartu duen Stephen Williams ikertzaileak prentsa ohar batean azaldu du aurkitu berri duten honek duen ibilbidea: “Uste dugu gauza berdina gertatzen dela gizakien neokortexean, eta horri esker gai garela gure arretaren fokua aldatzeko. Honek ere azal lezake zergatik gertatzen diren kognizioari lotutako gaitzak nerbio-sistema parasinpatikoak huts egiten duenean”.

Sistema hori hobeto ezagutzearen garrantzia nabarmendu du zientzialariak. “Sistema kolinergikoak esan dio garunari: ‘kontu hau garrantzitsua da, eta, beraz, horri adi egon behar duzu'”, azaldu du.

Erreferentzia bibliografikoa:

Williams Stephen R., Fletcher Lee N., (2018). A Dendritic Substrate for the Cholinergic Control of Neocortical Output Neurons. Neuron, 101, 1–14. DOI: https://doi.org/10.1016/j.neuron.2018.11.035

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Arreta bideratzeko garunak darabilen mekanismoa argitu dute, neuronak argiztatuz appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ardoa eta txokolatea bizitza luzatzeko?

Ar, 2019-01-15 09:00
Josu Lopez-Gazpio Azaro hasieran hedabideetan hainbat albiste argitaratu ziren txokolateak, ardoak edota kafeak, zinkarekin batera, hainbat onura ekar ditzaketela esanez. Albiste batzuk ziotenez, txokolatea eta zinka eraginkorrak dira oxidazio-estresaren aurka. Beste batzuen arabera, hain dira onak, ezen bizitza luzatu ere egin dezaketela. Guztiek urrian Nature Chemistry aldizkarian argitaratutako ikerketa bati egiten zioten erreferentzia albisteetan argitaratutakoari bermea emanez. Gaiaren interesa ukaezina denez, ikerketaren mamia -eta ez albisteena- aztertzen hasi nintzen. Laster zapuztu zen txokolatea nahi adina jan ahal izateko nuen itxaropena.

1. irudia: Hainbat hedabidek argitaraturakoaren arabera, txokolateak eta ardoak bizitza luzatzen dute. (Argazkia: congerdesign – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Ikerketan aipatzen den moduan, oxigeno-espezie erreaktiboak -ROS, Reactive Oxygen Species- organismoan metatzea hainbat gaixotasunekin lotuta dago, hala nola arazo kardiobaskularrak, neurologikoak, hanturak eta baita zenbait minbizi mota ere. ROSak arnasketa zelularraren ondorioz ekoizten dira, baina, beste hainbat prozesutan ere izan dezakete jatorria, esaterako, UVA erradiazioek ere oxigeno-espezie erreaktiboak sortzen dituzte. Espezie horiek biomolekulak kaltetzeko gai dira, besteak beste, proteinak eta lipidoak. Egun ere ROSek gaixotasun horietan duten eragina guztiz ezagutzen ez den arren -eztabaidagaia da zientzia-komunitatean-, litekeena da antioxidatzaileak hartzea gaixotasun horiek eragina saihesteko, edo gutxienez murrizteko, bidea izatea. Hori ere eztabaida puntua da adituen artean, Zientzia Kaieran bertan azaldu nuen bezala. Hain zuzen ere, litekeena da erradikal askeen eta antioxidatzaileen teorian hain sinplea ez izatea eta dietan antioxidatzaile gehiegi hartzea ere kaltegarria izatea.

Albisteek diotena

Hedabide orokorretan irakurgai dagoen informazioaren arabera, ardoan, kafean, tean eta txokolatean dauden antioxidatzaileak -polifenolak edo, zehatzago, hidrokinonak- oxidazio-estresaren aurka lagundu dezakete. Hori bai, Nature Chemistry aldizkarian argitaratutako ikerketaren emaitzen arabera, eragin hori handiagoa da inguruan zinka baldin badago. Zinkak eta hidrokinonak oxidazio-estresaren aurka lagundu dezakete eta, hortaz, bizitza luzatzen laguntzen dute. Hidrokinonak ardoan, kafean, tean eta txokolatean daudenez, elikagai horiek bizitza luzatzeko eraginkorrak dira. Besterik gabe.

2. irudia: Hedabideetan, prentsa idatzian zein Interneten, sarritan ikerketen emaitzak ez dira modu zuhurrean eta zintzotasunez lantzen. (Argazkia: USA-Reiseblogger – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Ikerketak dioena

Ward, Schitler eta haien lankideek argitaratu berri duten ikerketan superoxido dismutasa katalizatzaileak imitatzen dituzten molekulak aztertu dituzte. Superoxido dismutasak superoxidoak -ROS mota bat- eliminatzen dituzten entzimak dira eta organismoan ditugu. Dakigunez, bide terapeutiko erakargarria da superoxido dismutasen antzekoak diren molekulak kanpotik gehitu ahal izatea oxigeno-espezie erreaktiboei aurre egiteko. Konposatuok erradikal askeen deskonposaketa katalizatuko lukete arrisku gutxiago ekartzen duten oxigeno eta ur oxigenatu molekulak emanez. Ikertzaileen berrikuntza zera izan da; orain arte konposatu imitatzaile horiek manganeso metala zuten eta horrek hainbat kalte ekar ditzake -osasunerako kalteak, konposatuen ezegonkortasuna-, baina, orain, manganesoaren ordez metal gisa zinka duten konposatu bat aurkitu dute.

Proba gehiago egiten badira eta ikerketa aitzindari honek baieztatu duena gizakiongan ere horrela dela frogatzen bada, baliteke noizbait ardoari edo txokolateari zinka gehitzea osasunarentzat onuragarriagoa izateko. Alabaina, momentu hori oraindik nahiko urrun dago. Horrexegatik, hedabideetan irakurritako albisteetan hainbat puntu nahasgarri daude, azalpen sakonagoa eskatzen dutenak. Alde batetik, ikerketak gauza oso zehazta aztertu du: zinkaren eragina molekula jakin batekin elkartzen denean. Hortaz, elikagaiak ez dira osotasunean aztertu eta ezin da jakin elikagaien dauden beste osagaien presentzian gauza bera gertatuko den edo ez. Bestetik, elikagaiak osotasunean aztertu behar dira eta ez osagai zehatz bati bakarrik begiratuta. Ardoak polifenolak ditu, bai, baina beste osagaiek alkohola osasungarri ez izatea eragiten dute. Ivana Ivanovic-Burmazovic ikerketaren sinatzaileetako batek hori bera azpimarratu zuen The Independent hedabideak elkarrizketa egin zionean. Zinkaren eta polifenolen artean eragin positiboa egongo balitz ere, ardoak duen alkoholaren eraginez inoiz ez da izango edari osasungarri bat.

Horretaz gainera, argitaratu berri den ikerketan ez dira polifenol guztiak aztertu: zinkarekin lotzeko gai den molekula bakar bat aztertu dute. Baliteke haren antzeko egitura molekularra duten beste konposatu batzuen erreaktibitatea berdina edo antzekoa izatea, baina, hori ez da frogatu. Esandako guztia gutxi balitz, garrantzitsuena falta da. Animalietan ez da probarik egin, beraz, ez dago frogatuta, gizakiongan eragin positiboa izango duenik. Ikerketan konposatu oso zehatzak aztertu dira guztiz kontrolatuta dagoen ingurune batean, eta ez gizakion organismoa den koktel kimikoaren barruan. Azkenik, hidrokinonak edo beste polifenolek zinkarekin batera superoxidoen aurka gure organismoan eragina izango balute, eta benetan peroxidoen kontzentrazioa murriztuko balute ere, ez dago frogatuta horrek ROSek eragindako gaixotasunen aurka eraginik izango lukeen edo ez.

Ardoa eta txokolatea jan nahi badugu gure bizitza luzatzeko asmoz, momentuz behintzat itxaron egin beharko dugu. Hedabideetan irakurritako albisteak tentu handiz irakurtzeak ere ez digu kalterik egingo.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ward Meghan B., Scheitler Andreas, Yu Meng, Senft Laura, Zillmann Annika S., Gorden John D., Schwartz Dean D., Ivanovic-Burmazovic Ivana, Goldsmith Christian R. (2018). Superoxide dismutase activity enabled by a redox-active ligand rather than metal. Naure Chemistry, 10, 1207-1212. DOI: https://doi.org/10.1038/s41557-018-0137-1

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Ardoa eta txokolatea bizitza luzatzeko? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zer da hobe, seme-alabak izatea ala ez izatea?

Al, 2019-01-14 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Zer da hobe, seme-alabak izatea ala ez izatea? Haurrek onurak ekartzen dizkigute ala buruhausteak? Hobeto bizi dira seme-alabak dituztenak, ala seme-alabarik ez dutenak? Hau guztia eztabaidagai izan da, kalean, familian zein kuadrillan, baina era berean mundu akademikora iritsi da eztabaida.

Irudia: Eustaten datuen arabera, jaiotzak %9,7 gutxitu ziren Euskal Autonomi Erkidegoan 2018ko bigarren hiruhilekoan. (Argazkia: Olichel / Pixabay – Creative Commons lizentziapean)

Amerikako Estatu Batuetan egindako ikerketa batean, ondorioztatu zuten apur batez hobeto bizi zirela seme-alabak zituztenak, desberdintasunak txikiak baziren ere. Izan ere, alaitasun gehiago azaltzen da beraiengan, eta bai barre eta ongizate handiagoak. Tristura gutxiago pairatzen dute gainera. Hala ere, gehiagotan haserretu eta kezkatzen dira, eta estres gehiago jasaten dute (baina min fisiko gutxiago).

Baina esan beharrekoa da seme-alabak izatearekin batera tankera horretako gizakiek bestelako ezaugarri onuragarri batzuk ere erakusten dituztela. Normalean diru gehiago irabazten dute, ezkonduta daude, erlijiosoagoak dira, eta osasuntsuagoak eta heziagoak ere. Jakina da ezaugarri horiek onuragarriak direla bizitza-kalitatean. Beraz, baliteke seme-alabak dituztenek beste arrazoi batzuengatik hobeto ebaluatzea bere bizitza propioa. Gainera, baliteke Estatu Batuetatik kanpo egoera desberdina izatea.

161 herrialdeko datuak ikergai

Hau guztia dela eta, 161 herrialdeko datuak aztertu dira beste egitasmo batean, eta bertan, ondorioztatu dute seme-alabak dituzten gizonek sentipen on edo txar bortitzagoak izaten dituztela. Ez da ordea hala gertatzen emakumeen kasuan, eta aztertutako herrialdeen 2/3etan emakumeek ez dituzte sentipen onak bortizkiago nabaritzen. Gizonek eta emakumeek bada, desberdin sentitzen dute aitatasuna eta amatasuna, eta gizonek hobeto sentitzen dute.

Era berean, ondorioztatu zuten seme-alaba gehiago sortzen diren herrialdeetan, seme-alabak dituzten aita-ama horiek joera dutela bere bizitza seme-alabarik ez dutenek baino gaizkiago ebaluatzeko. Alderantzizkoa gertatzen da seme-alaba gutxiago sortzen diren herrialdeetan: seme-alabak dituzten gurasoek hobeto ebaluatzen dute bere bizitza. Areago, joera hori oso nabaria da estatistika mailan. Alegia, ugalkortasun handiagoa dagoen herrialdeetan, seme-alabak dituzten gurasoek ilunago ikusten dute bere bizitza.

Laburbilduz, hainbat eragileren arabera asko aldatzen da bizitza eta aitatasun-amatasunen arteko harremanaren ebaluazioa. Demografia-aldaketa oraindik gertatu ez den herrialdeetan, seme-alabek bizitza nekagarriagoa eta ezatseginagoa eragiten dute, eta hori areagotu egiten da emakumeengan. Herrialde horietan, aitatasuna ez da boluntarioa, eta are gutxiago amatasuna.

Behin demografia-aldaketa gertatuta ordea, seme-alabak izatea aukerazko bilakatzen da, eta agian pentsa dezakegu izateak ala ez izateak ezer gutxi ekarriko diela gure bizitzei. Izan ere, seme-alabak izateko aukera askeari eusten dionak, ondo pentsatuko zuen erabakia hartu baino lehen, eta etorkizuna nekez asma badaiteke ere, espero izatekoa da ustez berari bizitza onena ekarriko ziona aukeratuko zuela. Gauza bera pentsa daiteke seme-alabarik ez izatea erabaki dutenei buruz. Horrela bada, ziur aski zentzugabekeria bat da seme-alabek bizitza onera ala txarrera eramaten dutela pentsatzea.

Erreferentzia bibliografikoa:

Deaton Angus, Stone Arthur A., (2014). Evaluative and hedonic wellbeing among those with and without children at home. PNAS, 111(4), 1328–1333. DOI: 10.1073/pnas.1311600111

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

The post Zer da hobe, seme-alabak izatea ala ez izatea? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #237

Ig, 2019-01-13 09:00
Uxue Razkin

Klima-aldaketa

Berotze globala bizkortzen ari da. Hala berretsi dute Europako Copernicus programaren datuek: azken lau urteak beroenak izan dira neurketak egiten direnetik. Tenperatura beroenetan laugarrena izan da 2018ko batez bestekoa. Copernicusen mapak erakusten du tenperaturaren igoera orokorra. Halere badira eskualde batzuk tenperatura beroagoak jasan dituztenak, bereziki Artikoan, eta, zehazki, Bering itsasartean —AEBn eta Errusiaren artean— eta Svalbard uhartedian (Norvegia). Poloetan egoera oso larria da: adituek jakinarazi dute Antartikaren izotz hedadura inoizko txikiena izan dela aurten. Hain zuzen ere, 5,47 milioi kilometro koadroko hedadura neurtu dute, azken 40 urteetako txikiena. Xehetasun guztiak aurkituko dituzue Berria egunkarian.

Fisika

Talboten efektuari William Henry Fox Talbot zientzialariak eman zion izena. Kalotipoa izan zen bere ekarpen handiena. Hain zuzen ere, kalotipoaren sortze prozesu honetan optika-ikerketak egin behar izan zituen eta horri esker iritsi zen Talboten efektuaren aurkikuntza. Zer da baina? Erantzuna artikulu interesgarri honetan daukagu: fenomeno optiko mikroskopiko bat da, hots, eskala txikian gertatzen den argiaren fenomeno bat, eta argia sareta batean zehar iraganaraztearen ondorioz sortzen da.

Astrofisika

Aste honetan, zulo beltzak protagonistak izan dira. Alde batetik, zulo beltz txiki baten ingurua kartografiatu dute Maryland-eko Unibertsitateko astronomoek eta bestetik, zulo beltzen biraketa-abiadura kalkulatzeko modua aurkitu dute eta iradoki dute zulo beltz honen biraketa-abiadura gutxi gorabehera 150.000 km/s-koa izan daitekeela. Elhuyar aldizkariak bi ikerketa hauen berri eman digu. Ez galdu!

Ingurumena

Itsasoko kutsadura murrizteko asmoz, Europako Batasunak plastikozko lastotxo, mahai tresna eta platerak eta kotoi txotxak debekatuko ditu 2021etik aurrera. Erabilera bakarreko objektuak dira gehienak baina horiek degradatzeko 500 urte baino gehiago behar dira. Neurri horiez gain, beste batzuk hartu ditu Europako Batasunak, hala nola plastikozko produktu horien fabrikatzaileak natur guneetako garbiketak ordaintzera zigortuko ditu eta plastikozko produktu batzuetan plastikoz eginda daudela adierazi beharko da, baita horrek ingurumenean dakartzan kalteak ere, eta nola birziklatu ere zehaztu beharko da. Datu guztiak Berrian.

Genetika

Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek intsektuen izurriteak kontrolatzeko teknika berria proposatu dute, CRISPR teknika erabiliz: intsektuen sexua eta emankortasuna baldintzatzen dituzten geneak eraldatu dituzte. Hala, lortu dute bakarrik intsektu arrak eta antzuak sortzea. Teknika hori giza-gaixotasunen bektore diren intsektuen izurriteak ezerezteko baliabide eraginkorra izan daitekeela uste dute. Oraingoz, Drosophila ozpin-euliekin erabili dutela kontatzen digute Elhuyar aldizkarian.

Emakumeak zientzian

Naima El Bani Altuna paleozeanografoa aipatuz gero, datorkigun lehenengo hitza “Artikoa” da ezbairik gabe. Ez zuen espero hara espedizio batera joango zenik: “Talde batek foraminiferoekin laguntza behar zuela esan zidan, eta talde hura Artikoan ari zen, Artikoko foraminiferoekin”, azaltzen du El Banik. Bere esperientzia nolakoa izan den kontatu du ikertzaileak artikulu honetan: “Baditu zailtasunak: itsasontzi bereziak behar dira, izotza hausteko eta abar, hotz egiten du… baina oso aberasgarria da”.

Iera Arrieta, Maitematika blogaren sortzailea, elkarrizketatu dute Zarauzko Hitzan. Zientzia zehatzak maite ditu eta estereotipoak hautsiz, ikasgaia modu erakargarri batean aurkeztea da bere helburua blogaren bitartez, eta baita matematika gure egunerokotasunera ekartzea ere. Arlo honi egokitu zaion “kutsu negatiboa” ezabatu nahi du: “Abstraktua eta zerbait teorikoa balitz bezala ikasi dugu eskolan. Errealitatean, matematikaz inguratuta gaude”. Horretaz gain, berak dio matematika erakusteko modu berriak daudela orain eskoletan, baina poliki-poliki ematen ari dela aldaketa.

Farmakologia

Infekzioak mundu mailako arazo bilakatu dira. Batez ere, bakterio multirresistenteen agerpena igo delako eta honek tratamendu eraginkorrak ezartzea zaildu duelako. Eta hori argi ikusi ohi da gaixo kritikoetan, hamar bat aldiz antibiotiko kopuru handiagoa administratzen zaielako. Hortaz, antimikrobiano egokia aukeratzeaz gain, dosifikazioaren optimizazioa ezinbestekoa izango da tratamenduaren eraginkortasuna bermatzeko. Analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoak dosifikazio-erregimenen optimizazioa ahalbidetzen du, tratamenduaren arrakasta bermatzen da horrela.

Medikuntza

Tuberkulosia da heriotza gehien eragiten dituen gaixotasunetako bat; urteko, 10-15 miloi kasu berri agertzen dira eta 1.5-1.8 miloi heriotza. Caitilin Pepperellek, Wisconsin-Madisongo (AEB) Unibertsitatean, bakterioaren 552 genoma-lagin aztertu ditu eta berak gidatzen duen taldeak bakterioaren leinu-zuhaitza osatu du, jatorri geografikoa eta bakterioak mutazio bidez aldatzeko duen abiadura kontuan hartuta. Aurretik ezaguna zen zazpi familia nagusi daudela Mycobacterium tuberculosis espeziean. Zazpi horiek sortu zituena, ziur aski Afrika Mendebaldean sortu zen duela 5.000 urte. Baina zazpi familia horietatik hiru ez dira inoiz Afrikatik atera. Badirudi erromatarrek erraztu egin zutela tuberkulosiaren hedapena.

Biologia

Arrain espezie batek elektrizitatea baliatzen du jasotzen duen informazio sentsoriala hobetzeko. Detektatze aktiboaren adierazpen bat dela uste dute zientzialariek. Zertan datza prozesu hori? Artikuluan azaltzen digutenez, animalia batek zentzumenen bitartez jasotako informazioaren arabera egokitzen ditu haren mugimenduak. Johns Hopkins Unibertsitateko adituek Eigenmannia virescens espeziean oinarritu dute ikerketa. Lortutako emaitzak robotikaren alorrera bideratu nahi dituzte.

Inoiz baino liztor asiarren habia gehiago kendu dituzte 2018. urtean eta ikertzaileak kezkatuta daude. Neiker-Tecnalia Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak adierazi du oraindik ez dela asko ezagutzen animalia horren biologiari eta ohiturei buruzko alor asko, Berrian irakur daitekeenez. Eduardo Perez de Obanos Nafarroako Erlezainen Elkarteko albaitariaren ustetan 2018an eguraldiak liztor asiarraren bilakaeran eragina izan zuen. Denbora beharko da ikusteko zeintzuk diren ondorioak.

Teknologia

Gorka Azkune EHUko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren saileko irakasleak Gartnerren zikloa aipatu du Berriako artikulu honetan. Zer da hori baina? Berak azaltzen digun moduan, teknologia batek bere garapenean zehar igarotzen dituen faseak erakusten dizkigu ziklo horrek eta bost fase aurreikusten dira: teknologiaren agerpena, gehiegizko arretaren tontorra, desilusioaren bailara, argitasunaren malda, eta azkenik, produktibitatearen lautada. 2018ko abuztuan plazaratu zenaren arabera, gehiegizko arretaren tontorrean neurona-sare sakonak daude eta tontorrera bidean dauden teknologiak konputazio kuantikoa, adimen artifizial orokorra eta robot adimentsuak dira. Badirudi urte berri honetan adimen artifizialak emango duela zeresana!

AEBtako Las Vegas hirian egiten ari diren CES Kontsumorako Elektronikaren Azokan izan diren berritasunak ezagutzeko aukera duzue Berriako artikulu honen bitartez. Besteak beste, ahots bidezko laguntzaileez eta sareez gain, telebistak, prozesatzaileak eta ibilgailu eta aurikular autonomoak izan dira aurtengo berrikuntza nagusiak. Teknologia gailuak maite dituztenentzat hau da artikulurik aproposena. Ez galdu!

Geologia

Plaken tektonikaren teoria XX. mendeko 60ko hamarkadan proposatu zen, XX. mendeko aurkikuntza zientifikorik nabarmenenetakoa izan zen. Teoria horri buruzko aurkikuntzak paleomagnetismotik eta ozeanografiatik etorri ziren. Jason Morganek eta Dan Mckenziek, nork bere aldetik, plaken tektonikaren teoria proposatu zuten, 1967 eta 1968 urteetan, hurrenez hurren. Biek proposatzen zutena zera zen: plaka zurrun batzuek Lurraren azala estaltzen zutela. Plaka horiexek ziren Lurraren azalaren egitura-ezaugarri benetan garrantzitsuak, eta ez mendiak edo ozeanoak. Zientzialarien komunitateak oso azkar onartu zuen teoria hori.

Psikolinguistika

Clara Marin psikolinguista elkarrizketatu dute Berrian. Europako Ikerketa Zentroak 1,9 milioiko diru laguntza eman dio hizkuntza bakoitzak eta elebitasunak haurrei irakurtzen ikastean nola eragiten dien aztertzeko. Basque Center on Cognition Brain and Language gunean egiten du lan Marinek eta pozik dago jaso zuen diru-laguntzagatik. “Dislexia eta halako nahasmenduak atzeman eta osatzeko balio praktikoa izango du gure ikerketak, eta hizkuntzak ikasteko orduan, esaterako, erabakitzeko zein den metodorik eraginkorrena ikasteko, entzunez edo idatziz, soinuen errepresentazioak egonkortzeko”, azaltzen du.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #237 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #244

La, 2019-01-12 09:00

DNA mitokondrialaren eta autismoaren arteko harremanaren gure ezagutza hutsa izateari utzi dio. Eta ezagutza berri honek gizateriaren historia genetikoa kokatzen du. José Ramón Alonso-ren Haplotypes, mitochondria and autism

Esperimentuak egiteko gaitasuna al da benetan zientzia eta zientzia ez dena ezberdintzen duena? Jesús Zamora Bonilla en Karl Popper’s ‘constitution of science’ (2)

Schrödinger katuaren paradoxa desagertu egiten da dekoherentzia agertzen denean. Sistema kuantikoetan dekoherentzia muturrekoa da. DIPCren Extreme decoherence in chaotic quantum systems

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #244 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Naima El Bani: “Zientzia gizarteratzeko, garrantzitsua da norbere hizkuntzan aritzea”

Or, 2019-01-11 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Askok Twitterren bidez ezagutu dute Naima El Bani Altuna paleozeanografoa. Hain zuzen, Artikoan izan dituen bizipenen berri emateko, sare sozial hori erabili du, @artikoan izenarekin, hain zuzen. Horrenbestez, ez da harritzekoa El Bani eta Artikoaren artean lotura zuzena egitea. Alabaina, El Banik berak ikertzaile izateko asmotan zebilenean, beste toki bat zuen jomugan, Artikoa baino beroagoa eta abegikorragoa.

Dena den, non eta zehazki zertan ez bazekien ere, txikitatik zuen garbi El Banik zientzian arituko zela: “Ama biologoa dugu, eta, umetan, sukaldean esperimentuak egiten genituen. Ordutik, argi neukan zientzietatik joko nuela. Hori bai, ez nuen arrastorik ere geologoa izango nintzela eta Artikoan ikertuko nuela”.

Irudia: Naima El Bani Altuna paleozeanografoa Norvegian, ikerketa burutzen ari den herrialdean.

Aitortu duenez, jakin-minak bultzatuta hasi zen Geologia ikasten. Eta asko harritu zen ikusi zuenean ez zela hasiera batean kontatzen ziotenaren modukoa: “Hasieran esaten zigutenaren arabera, bazirudien oso bideratuta zegoela petroliora eta erregaien mundura, eta nik hori ez nuen nahi. Alderantziz, klima-aldaketarekin kezkatuta nengoen, eta alde horretatik jo nahi nuen. Eta pozik nago, Geologian topatu dudalako aukera nahi nuen bidea egiteko”.

Horretarako, UPV/EHUko irakasleak gako izan zirela aitortu du El Banik. Are gehiago: ondotik, Frantzian, Kanadan eta Norvegian izan da, eta ohartu da UPV/EHUko maila benetan ona dela. “Gainera, izan nituen irakasleek irakasteko gogoa zuten, eta hori pila bat eskertzen da”, dio El Banik.

Irteera asko egiten zituztela ere gogoratu du, Sopelara eta Zumaiara, besteak beste. “Geologia nola aplikatu ikasten genuen, eta masterrean, berriz, Frantzian, ez genituen hainbeste irteera. Behin bai, astebeteko irteera izan genuen, eta euskal kostaldera izan zen! Ikasle aurreratua izan nintzen orduan”, dio, barrez.

Artikora, ezustean

Masterraren lehen urtean foraminiferoekin egin nahi zuen lana, Bizkaiko Golkoan. Gainera, aita marokoarra du, eta jakin zuen Bordelen bazela irakasle bat Bizkaiko Golkoan eta Marokoko kosta atlantiarrean ikertzen zuena. Hortaz, harengana jo zuen proiektua egitera. Eta hark, onartu. Hortik aurrerakoa ez zen espero zuen bezala gertatu: “Talde batek foraminiferoekin laguntza behar zuela esan zidan, eta talde hura Artikoan ari zen, Artikoko foraminiferoekin”. Horrela iritsi zen Artikora.

Ezusteko helmuga izan zen, beraz, baina onartu du izugarri gustuko duela. “Baditu zailtasunak: itsasontzi bereziak behar dira, izotza hausteko eta abar, hotz egiten du… baina oso aberasgarria da. Ontzietan, espedizioaren helburuaren arabera, diziplina askotako ikertzaileak elkartzen gara. Nire zuzendariak paleozeanografia egiten du, eta askotan eramaten ditu biologoak, iraganeko fosilak ulertzeko, gaur egungo bizidunak nola funtzionatzen duten jakin behar dugulako. Horrez gain, askotan espedizio berean proiektu bat baino gehiago batzen da, eta elkarlanean aritzen gara. Horri esker, askoz gehiago sakontzen dugu”.

Ontzietan egiten den bizikidetza ere aberasgarritzat jotzen du Al Banik. Adibidez, Artikoko espedizioko kideek euskararekiko erakutsi duten jakin-mina ekarri du gogora: “Ez zuten ezagutzen eta harrituta geratu ziren Twitterren neukan elkarrekintzarekin. Erabat erromantizatuta zuten, eta beste estatus bat duela ohartu dira”.

Twitterreko jardunak hori baino gehiago ere ekarri dio, UEUk antolatzen duen Txiotesia sariketa ere irabazi baitu horri esker, txiolari originalenaren kategorian. Ez zuen inondik inora espero, baina pozik dago, sinetsita baitago ezinbestekoa dela zientzia gizarteratzea. “Eta, horretarako, garrantzitsua da norbere hizkuntzan aritzea. Nire inguruko ikertzaileek, diren lekukoak direla ere, ingelesez egiten dute Twitterren, baina nire amak, adibidez, edo nire lagun batzuek ez dakite ingelesez. Zertan ari naizen ulertzea nahi badut, euskaraz kontatu beharko diet, bada!”

Fitxa biografikoa:

Bilbon jaio zen, 1993an. UPV/EHUn Geologia ikasi zuen, eta, horren ostean, Paleozeanografia eta Sedimentologia Masterra egin zuen Bordeleko Unibertsitatean. Masterrean zela, Kanadako Artikoko paleozeanografia ikertzeko aukera izan zuen foraminiferoekin, eta doktoregoa Artikoko foraminiferoekin jarraitzea erabaki zuen, CAGE zentroan (Centre for Arctic Hydrate, Environment and Climate), Tromsøko Unibertsitateko Geozientzien Sailean, Tine L. Rasmussen eta Mohamed Ezat ikertzaileen zuzendaritzapean.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Naima El Bani: “Zientzia gizarteratzeko, garrantzitsua da norbere hizkuntzan aritzea” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Analisi farmakozinetiko/ farmakodinamikoa, antimikrobianoen erabilera hobetzeko gaixo larrietan

Og, 2019-01-10 15:00
Amaia Soraluce Olañeta, Alicia Rodriguez Gascón, Arantxazu Isla Ruiz Infekzioak mundu mailako osasun publikoko arazo bilakatu dira. Alde batetik, erresistentzien garapenaren ondorioz, bakterio multirresistenteen agerpena izugarri igo delako eta honek tratamendu eraginkorrak ezartzea zaildu duelako. Bestetik, infekzio bat pairatzeko arriskuan dauden pertsonen kopuruak gora egin duelako, gaixo immunokonprometituena edo pertsona nagusiena, esaterako.

Irudia: Antimikrobiano egokia aukeratzeaz gain, dosifikazioaren optimizazioa ezinbestekoa izango da tratamenduaren eraginkortasuna bermatzeko.

Infekzioek mundu osoko zainketa intentsiboko unitateetan (ZIU) zehar presentzia nabarmena dute. Horrela, bestelako pazienteekin konparatuz, gaixo kritikoei hamar bat aldiz antibiotiko kopuru handiagoa administratzen zaie. Medikamentu hauek maizago erabiltzeak erresistentziak sortzeko aukera handitzen du.

Antimikrobianoen erabilera egokirako, agente infekziosoek farmakoari dioten sentikortasunaz gain, medikamentuaren, pazientearen eta mikroorganismoaren artean gertatzen diren elkarrekintza konplexuak ere kontuan hartu behar dira. Horregatik, antimikrobiano egokia aukeratzeaz gain (bakterioaren aurkako aktibitatea daukana), dosifikazioaren optimizazioa ezinbestekoa izango da tratamenduaren eraginkortasuna bermatzeko. Hala ere, posologia egokiena ezartzea bereziki zaila suerta daiteke gaixo larrietan, haien egoera fisiopatologikoa dela eta, botiken farmakozinetikan eta farmakodinamikan aldaketa nabariak ematen baitira.

Farmakozinetikak farmakoen kontzentrazioen eboluzioa aztertzen du denboran zehar. Hori dela eta, “gorputzak medikamentuari egiten diona” aztertzen duela esaten da. Dosifikazio egokiena aukeratzeko, farmakoaren portaera farmakozinetikoari erreparatzea ezinbestekoa izan arren, egunerokotasun klinikoan ez da medikamentu hauen monitorizazioa egiten; hau da, ez dira farmakoen kontzentrazio plasmatikoak neurtzen. Honek paziente bakoitzean farmakoaren farmakozinetika zehazki ezagutzea eragozten du. Ondorioz, erabakiak hartzeko beharrezkoa den informazioa aurretik burututako populazio ikerketetatik lortu behar izaten da. Populazio eredu farmakozinetikoek, bataz besteko parametro farmakozinetikoak kontuan hartzeaz gain, pazienteen arteko aldakortasuna ere kuantifikatzen dute. Gainera, aldagai desberdinak (kreatinina argitzapena edota pisua, esaterako) aintzat izaten dituzte, pazienteen ezaugarri desberdinek farmakozinetikan duten eragina zehazteko.

Posologia optimizatzeko, farmakozinetikaz gain, farmakodinamia ere kontuan hartu behar da. Honek medikamentu batek organismoan eragiten dituen efektuak aztertzen ditu eta, “farmakoak gorputzari egiten diona” bezala definitu izan da. Terapia antimikrobianoan, antibiotikoari bakterioaren esposizioa eta efektu mikrobiologiko edo klinikoa erlazionatzen duen disziplina da.

Farmakodinamia medikamentuaren kontzentrazioaren menpe dagoenez, eta azken hau farmakoaren farmakozinetikak baldintzatzen duela kontuan hartuz, farmakozinetika eta farmakodinamika estuki erlazionatuta daude. Analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoak indibiduo desberdinentzat eta infekzio mota bakoitzarentzat antibiotikoen dosi egokiena aukeratzea ahalbidetzen du. Modu honetan, efektu desiragaitzak edota erresistentziak agertzea saihesten da.

Hala ere, gaixo larrietan pertsona arteko aldakortasuna nabaria izan ohi da eta ZIUetan burututako ikerketan parte hartzen duen gaixo kopurua, berriz, mugatua. Informazio murritz honek dosifikazioen doikuntza ezegokia edota helburu terapeutikoak lortzeari dagokionez iragarpen okerrak egitera eraman gaitzake. Hau gerta ez dadin, indibiduoen arteko aldakortasuna aintzat hartu eta laginaren tamaina maximizatu egiten duten estrategiak burutu daitezke, Monte Carlo simulazioa (MCS) erabiliaz. Honek aurretik eraikitako eredu farmakozinetikoaren ekuazioak aintzat hartzen ditu eta indibiduo desberdinen artean lortutako parametroen distribuzioa kontuan hartuz, milaka subjektu desberdin simulatzen ditu. Simulazio hauek, baliagarriak dira terapia enpirikoan zein populazio berezietan dosifikazio optimoak aurreikusteko.

Laburbilduz, analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoek, populazio modelizazio farmakozinetikoarekin eta MCSekin batera, antibiotikoen dosifikazio erregimenen optimizazioa egitea ahalbidetzen dute. Analisi hauek bereziki erabilgarriak izango dira gaixo kritikoetan. Alde batetik, farmakoen farmakozinetika modu nabarian eraldatuta izan ohi dutelako, eta bestetik, antibiotikoekiko erresistenteagoak diren mikroorganismoek eragiten dizkietelako infekzioak.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 33
  • Artikuluaren izena: Analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoa, antimikrobianoen erabilera hobetzeko gaixo larrietan.
  • Laburpena: Azken urteotan infekzioen tratamendua mundu mailako osasun publikoko arazo bilakatu da, erresistentzien garapenaren ondorioz, bakterio multirresistenteen agerpena izugarri igo baita. Antibiotiko berrien gabeziak merkatuan daudenen dosifikazioen optimizazioaren premia areagotzen du. Zenbait pazientetan, gaixo larrietan esaterako, aipatutakoa egitea bereziki zaila suerta daiteke. Izan ere, beraien egoera fisiopatologikoa dela eta, medikamentuen farmakozinetika eta farmakodinamia eraldatuta daukate. Analisi farmakozinetiko/farmakodinamikoak, Monte Carlo simulazioekin batera, dosifikazio-erregimenen optimizazioa ahalbidetzen du. Horrela, tratamenduaren arrakasta bermatu eta erresistentzien agerpena ekiditen da.
  • Egileak: Amaia Soraluce Olañeta, Alicia Rodriguez Gascón, Arantxazu Isla Ruiz.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 19-33
  • DOI: 10.1387/ekaia.17849

————————————————–
Egileez:

Amaia Soraluce Olañeta, Alicia Rodriguez Gascón, Arantxazu Isla Ruiz UPV/EHUko Farmazia Fakultateko PharmaNanoGene, Farmakozinetika, Nanoteknologia eta Terapia Genikoa taldean dabiltza.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Analisi farmakozinetiko/ farmakodinamikoa, antimikrobianoen erabilera hobetzeko gaixo larrietan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Plaken tektonikaz

Og, 2019-01-10 09:00
César Tomé López Plaken tektonikaren teoria XX. mendeko 60ko hamarkadan proposatu zen. Teoriak baieztatzen du plaka zurrun batzuen ―oso meheak Lurraren diametroarekin alderatuta― sorrera, mugimendua eta suntsipena direla planetaren kanpo-azalaren itxuraren eragileak. Argitaratu eta gutxira iraultzatzat jota, XX. mendeko aurkikuntza zientifikorik nabarmenenetako bat da zalantzarik gabe.

1. rudia: Iraultzailea izan zen plaken tektonikaren teoria. (Argazkia: Evelyn Proimos).

Plaken tektonikaren formulazioa eragin zuten aurkikuntzak paleomagnetismotik eta ozeanografiatik etorri ziren. 50eko urteen amaieran, fisikari talde txiki baina eragin handiko bat ―Ingalaterrako Londres eta Newcastleko unibertsitateetakoak eta Australiako Nazio-Unibertsitatekoak― lurraren paleomagnetismoa ikertzen ari zen. Polo magnetikoaren kokapen itxuraz alderraia globalki azaltzeko, garai geologikoetan, aintzat hartu behar zutela kontinenteak mugitu egin zirela elkarrekiko ondorioztatu zuten. Onarpen hori beste froga bat zen kontinenteen jitoaren hipotesiaren alde; teoria hori Alfred Wegener-ek 1912an proposatu zuen eta artean biziki eztabaidatzen zen, unibertsitate britainiarretan eta australiarretan bereziki, Arthur Holmes-en 1945eko Principles of Physical Geology testuari esker.

Bien bitartean, ozeanografoak arituak ziren itsas hondoa kartografiatzen eta bero-fluxuaren, grabitatearen eta magnetismoaren anomaliak neurtzen. Bruce Heezen-ek eta Marie Tharp-ek dortsal ozeanikoak existitzen zirela ikusi zuten datu horietan. Itsaspeko mendilerro erraldoi horiek hainbat ezaugarri fisiko oso deigarriak dituzte, hala nola, anomalia magnetikoen pautak eta bero-fluxu handia duen erdiko haran bat (rift izenekoa). 60ko hamarkadaren hasieran, Harry Hess-ek iradoki zuen dortsalak tentsio-hausturak zirela, zeinetan zehar laba isurtzen zen, itsas hondo berria sortuz eta hedatuz. Susmo horrek atxikimendua jaso zuen handik oso gutxira, bi iragarpen berretsi zirenean.

1963an, Fred Vine-k eta Drummond Matthews-ek aurreikusi zuten dortsal ozeanikoaren albo banatan behatutako anomalia magnetikoek inbertsio magnetiko globalak erregistratzen zituztela laba solidotuaren itxuran. Fisikariek erregistratuak zituzten inbertsio magnetiko globalak kontinenteetan erradiaktibitatea baliatuta eta, beraz, bazuten denbora-eskala bat. Hortaz, dortsalen alboetan zeuden anomalia magnetikoen lerro paraleloak aurkitu behar ziren soilik. Bestalde, 1965ean, Hessen ikasle zen J. Tuzo Wilson-ek, aurreikusi zuen itsas hondoa hedatzen ari baldin bazen posible izango zela faila mota berri bat —“faila eraldatzailea” izenaz bataiatu zuena— sismologikoki aurkitzea. 1966an, Lamont Doherty Geological Observatoryko ikertzaile batzuek bi iragarpenen frogak aurkitu zituzten.

Itsas hondoa hedatzen ari bazen, non kokatzen ari zen material berria? Akaso Lurra ere hedatzen ari zen? Zientzialariek serioski aztertu zuten aukera hori. Dena den, berehala baztertu zen 1967 eta 1968 urteetan, hurrenez hurren, Jason Morgan-ek eta Dan Mckenzie-k, nork bere aldetik, plaken tektonikaren teoria proposatu bezain laster. Biek proposatzen zuten plaka zurrun batzuek ―100 kilometro inguruko lodierakoak― Lurraren azala estaltzen zutela. Plaka horiexek ziren Lurraren azalaren egitura-ezaugarri benetan garrantzitsuak, eta ez mendiak edo ozeanoak. Dortsal ozeanikoetan sortzen ziren, eta haietatik bereiziz joaten ziren, harik eta hondoratu eta “subdukzio zonetan” suntsitzen ziren arte; bertan jarduera sismiko bizia eta grabitate negatiboko anomaliak zeuden. Plaken mugimenduen eredu matematikoak eta lekuan bertan egindako behaketak ia bat zetozen. 70eko urteen hasieran geologo gehienek onartua zuten plaken tektonika egitatea zela (Sobietar Batasunean eta herri sateliteetan salbu).

2. irudia: Plaken tektonikaren teoriaren arabera, plaka zurrun batzuek ―100 kilometro inguruko lodierakoak― Lurraren azala estaltzen zutela. Plaka horiexek ziren Lurraren azalaren egiturazko ezaugarri benetan garrantzitsuak, eta ez mendiak edo ozeanoak.

Gehigarri filosofikoa

Zientzialarien komunitateak hain azkar onartu zuen plaken tektonika, ezen jende gehienaren jakin-mina piztu baitzuen. Geologo batzuk hasi ziren zientzia jendarteratzeko aldizkarietan argitaratzen, telebista saioetan agertzen, eta testuliburuak orrazten. Baina behin hasierako euforia igarota, ordea, geologo askok konfiantza-krisi bat izan zuten: Hain oker egon al ziren kontinenteen jitoaren teoria berrogeita hamar urtetan errefusatzean? Eta, zientziak aurrera egiten baldin bazuen gertaeren metaketa motelari esker ―haietako gehienek hala uste zuten―, zientifikotzat jo liteke urte gutxitan pasatzea kontinenteak estatikoak zirela pentsatzetik mugitzen zirela pentsatzera?

Lehen galderari dagokionez, geologo askok (gehienak gazteak) zalantzan jartzen zuten nola litekeen beren aurretikoek kontinenteen jitoaren teoria baztertu izana eta sasizientifikoa zela egotzi izana, teoria berresten zuten frogak egonda; hala nola, antzekotasunak Atlantikoaren bi aldeetako kostaldeko paleontologian eta litologian eta kontinenteen puzzlearen egokitzea. Bistan denez, jarrera hori presentismo-kasu bat zen, hau da, historia orainaldiko balio eta ezagupenekin epaitzea. Kontinenteen jitoa oso serio hartu zen baina ez zen bere horretan onartu, frogak “zirkunstantzialak” baino ez zirelako. Plaken tektonikak, aldiz, oinarri askoz sendoagoa zuen eta geroago berretsitako iragarpenak egin zituen. Gainera, ideia ezberdina zen: plakak sartzeak garrantziarik gabeko ondorio bihurtzen zuen kontinenteen mugimendua eta ez baieztapen teorikoaren giltzarri.

Gorago esan dugunez, geologoei kostatu egiten zitzaien asimilatzea teoria berria hain azkar onartu izana eta denboran zeharreko datu-metaketaren gainean eraikitako zientzia batean egokitu izana. 1962an Thomas Kuhn-en Iraultza zientifikoen egitura argitaratu zen, auzian interesa zuten geologoek besoak zabalik hartutako liburua. 60ko urteen amaieran, J. Tuzo Wilson eta Allen Cox, adibidez, argi eta garbi mintzatzen ziren plaken tektonikaz Kuhn erako iraultza gisa eta paradigmen aldaketaz. Hori zerbait ageriki eztabaidagarria zen (paradigmak, iraultzak existitzea, eta existitzekotan, plaken tektonika halaxe izatea).

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

The post Plaken tektonikaz appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak