Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela ordu 1 59 min

Edadetuek belarri handiagoak al dituzte?

Ar, 2018-12-04 09:00
Josu Lopez-Gazpio Kultura txinatarrean belarri handiak bizitza luze baten adierazle omen dira. Era berean, txinatarrek uste dute pertsona baten aurpegiko ezaugarriek haren bizitzako hainbat alor gidatzen dituztela: izateera, dirua izango duen ala ez, eta abar. Esaterako, Txinako enperadore eta errege guztiek belarri handiak zituztela esaten da -gizarte-maila altuaren irudi-, eta Buda jainkoak belarri handiak ditu estatuetan edo edozein irudikapenetan. Ziur aski zentzurik gabeko loturak dira, antzinako ohituretan oinarritzen direnak, baina, jakin badakigu belarrien eta sudurraren kasuan egindako adierazpenek zientzia badutela atzean, bizitza-luzerari dagokionez, behintzat.

1. irudia: Buda belarri handiekin irudikatzen da; izan ere, Asiako kulturan belarri handiak pertsonaren garrantzia adierazten dute. (Argazkia: JosepMonter – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Bizitza luzea edo motza izan daiteke, baina, edadetuak direnak badakite belarrien eta sudurraren tamaina handitu egiten dela urteak pasa ahala. Hala iruditzen zaie, eta arrazoia dute. Belarriak hazi egiten direla esaten duenik ere bada, baina, hori ez da horrela. Uste oker nahiko zabaldua da pentsatzea sudurra eta belarriak hazten jarraitzen dutela adinarekin kartilagoa etengabe sortzen delako. Hori ez da guztiz zuzena. Belarriak eta sudurra handitu egiten dira, bai, baina ez hazten direlako. Arrazoia askoz sinpleagoa da: grabitatearen ondorioz handitzen dira.

Kartilagoa: sudurraren eta belarrien osagaia

Kartilagoa ehun konektiboa da, eta hiru mota hauetakoa izan daiteke: hialinoa, elastikoa edo haritsua. Era berean, kartilago mota guztiek hiru osagai nagusi dituzte: kondrozito izeneko zelulak, elastina zuntzak eta matrize interzelularra. Hiru kartilago moten arteko desberdintasuna matrizean murgilduta dauden proteina-zuntzen motan eta kopuruan dago. Kartilago hialinoa artikulazioetan dagoen kartilagoa da eta proteina luzez osatuta dago. Proteina horiek –kolagenoa, esaterako- matrizean kantitate handian daude eta matrizea da, hain zuzen ere, kartilago mota honen osagairik nagusiena. Kartilago motarik arruntena da eta artikulazioetan eta saihets-hezurren amaieran dago, adibidez. Sudurra ere kartilago hialinoz osatuta dago nagusiki. Bestalde, kartilago elastikoak hialinoaren antzeko matrizea du, baina, osagairik nagusiena zuntz elastikoak dira. Izenak ondo dioen bezala, elastikotasuna behar duten gorputzaren ataletan kokatzen da, besteak beste, belarriak, epiglotia -elikagaiak eta likidoak biriketara sartzea oztopatzen duena-, Eustakioren tronpan -ahoaren eta sudurraren artean daudenak- eta laringean. Azkenik, kartilago haritsua -fibrokartilagoa- nagusiki zuntzez osatuta dago. Kartilago mota horren egitura ez da besteak bezain uniformea eta esponja-lanak egiten dituela esan daiteke. Egituran dituen zuntzei esker, material ezinhobea da kolpeei aurre egiteko. Horrexegatik, kartilago haritsua ornoen artean, belaunetan, masailezurretan eta mota horretako gorputz-ataletan aurkitzen da.

2. irudia: Belarriak eta sudurra handitu egiten dira zahartzaroan. (Argazkia: Pezibear – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Kartilagoaren hazkuntza edo luzatzea?

Kartilagoa hazi egiten dela ezaguna da, eta bi modutara hazi daiteke, gainera. Hazkuntza interstiziala gertatzen denean kondrozito gehiago eratzen dira eta kartilagoarentzat matrize gehigarria sortzen da. Hazkuntza aposizionala gertatzen denean, aurreko kartilagoaren gainazalean kartilago berria gehitzen da, pixkanaka handiagoa egiten delarik. Alabaina, kartilagoaren hazkuntza ez da bizitza guztian zehar gertatzen. Ikerketek erakutsi dutenez, 40 bat urtera iristen garenean kartilagoa ez da gehiago hazten. Ez hori bakarrik, adin horretatik aurrera kartilagoko zelulak gutxitzen hasten dira. Hain zuzen ere, bizitza guztian zehar kartilagoa hazten zaion animalia bakarrenetakoa marrazoa da. Agian horregatik, marrazoaren kartilagoari ezaugarri oso bereziak ematen dizkio sasimedikuntzak, baina, ohikoa izaten den moduan, hori ez da horrela. Gurera itzuliz, esan bezala, zahartzaroan belarri eta sudur handiagoak izatea ezin da azaldu kartilagoaren hazkuntzaren ondorio bezala.

Dakigunez, zahartzaroan belarriak eta sudurra handiagoak izatearen arrazoia grabitatea da. Edadetu egin ahala, kolagenoa eta elastina zuntzak apurtzen hasten dira eta ahulagoak egiten dira. Grabitatearen ondorioz, zuntzak luzatu egiten dira eta kartilagoa handiagoa dela dirudi. Kartilagoari eusten dion azalak ere kolagenoa eta elastina zuntzak ditu eta hori ere biguntzen hasten da -besoetan, esaterako, prozesu hori nabarmena da-. Azalak ezin dio pisuari eutsi eta, pixkanaka, kartilagoa erortzen hasten da. Gainera, ez da hori arrazoi bakarra. Zuntzen ahultzea gutxi balitz, belarrien eta sudurraren inguruan dauden atalak -masailak, ezpainak- bolumena galtzen dute zahartzen garen neurrian. Guztiaren eraginez, belarriek eta sudurrek are handiagoak dirudite.

3. irudia: Zahartzaroan belarriak eta sudurra handitu egiten dira kartilagoaren zuntzak luzatu egiten direlako grabitatearen eraginez. (Argazkia: MabelAmber – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Horre harira, British Medical Journal aldizkarian argitaratutako ikerketa baten ondorioen arabera, hazkuntza hori aski frogatuta dago eta neurtu ere egin zuten. 206 pertsona edadetuen belarriak aztertu ondoren, korrelazio positibo sendoa aurkitu zuten eta ondorio hauxe plazaratu zuten: batezbeste, belarriak urtean 0,22 milimetro hazten dira. Neurtutako belarrien batezbesteko 675 mm-koa izan zen eta datu guztiak bildu ondoren erregresio lineal baten bidez adinaren eta belarriaren tamaina lotzea lortu zuten. Honek esan nahi du 30 urteko lagun batek, gutxi gorabehera, 80 urte dituenean zentimetro bat gehiago duen belarriak izango dituela. Poztu egin beharko du, alabaina, 80 urte izatea iritsi delako. Kezkatiek ez dezatela artikuluaren bukaera irakurri.

Hobe ez pentsatzea zahartzaroan giltzurrun-funtzioa asko moteltzen dela, muskulu-masa asko galtzen dela eta baita odolean zirkulatzen duten proteinen kopurua ere. Entzumenari dagokionez, tamalez, belarrien tamaina handiagoak ez du entzumen hobe ekartzen eta, jakina denez, entzumena eta ikusmena ere kaltetu egiten dira adinak aurrera egiten duen neurrian. Entzumenaren kasuan, goiko tonuak galtzen dira lehenengo eta ikusmenaren kasuan, hurbileko ikusmena galtzen da lehendabizi. Bestalde, garunak denbora gehiago behar du informazioa prozesatzeko eta gertatu berri diren gauzak gogoratzeko memoria galdu egiten da. Azkenean, belarriak zentimetrotxo bat luzatzea arazorik txikiena izango ote da…

Erreferentzia bibliografikoa:

Heathcote, James A., (19915). Why do old men have big ears?, BMJ, 311, 1668. DOI: https://doi.org/10.1136/bmj.311.7021.1668

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Edadetuek belarri handiagoak al dituzte? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Arkeologia biomolekularra bisigodoen dieta ikertzeko

Al, 2018-12-03 09:00
Azterlan batean aplikatu dute teknika Goi Erdi Aroko landako gizarteen dieta ikertzeko.

Irudia: Maite Iris García Collado UPV/EHUko ikertzaileak bisigodoen garaiko nekazari gune baten gizartearen dieta ikertu du, arkeologia biomolekularra baliatuta.

Boadilla herrixkan bizi ziren biztanleen elikadura izan da ikertutakoa. Toledoko gaur egungo Illescas udalerriaren kanpoaldean kokatutako nekazari gune bat izan zen Boadilla, bisigodoen garaikoa (K.o. VI-VIII. mendeak).

Analisi biomolekularrari esker, biztanle talde baten dieta berregin daiteke eta, horrez gain, metodo tradizionalen bidez aztertuz gero, potentzial urria izango luketen multzo antropologikoen historia osa daiteke.

Azterlan antropologiko tradizionala egin da Boadillan lurperatutako biztanleriaren tamaina eta haien profil demografikoa (adina eta sexua) zehazteko eta ikusi da biztanleria egonkorra zela eta adin kategoria guztiak zeudela bertan ordezkatuta.

Bestalde, ausaz hautaturiko biztanle batzuen karbono-nitrogeno isotopo egonkorrak analizatu dira. Jaten diren elikagaien konposizio kimikoa organismoko ehunen konposizio kimikoan gelditzen dela islatuta hartzen du premisa gisa teknika honek. Horrenbestez, biztanle talde arkeologiko baten gorpuzki antropologikoen konposizioa aztertuz gero, haien dieta nolakoa zen jakin daiteke.

Ikerketa honekin frogatu da analisi biomolekularrari esker biztanle talde baten dieta berregin daitekeela eta, horrez gain, soilik metodo tradizionalen bidez aztertuz gero potentzial urria izango luketen multzo antropologikoen historia osa daitekeela.

Laboreetan oinarritutako dieta

Karbono isotopoak aztertuta, esan daiteke Boadillan lurperatutako biztanleen elikadura neguko laboreetan zegoela oinarrituta. Kategoria horretakoak dira garia, garagarra, zekalea eta oloa. Dena dela, ziklo laburreko laboreek ere pisu handia zuten komunitatearen dietan (kronologia horretan sartzen dira artatxikia eta artatxiki iletsua).

Bai azterlan honek, bai aurretik egindako beste batzuek adierazten dute labore txiki horien ekoizpena eta kontsumoa euren ekoizpenaren gainean nolabaiteko autonomia eta kontrola zuten nekazarien bereizgarria izan litekeela. Artatxikiak oso nutritiboak eta ekologikoki eraginkorrak dira, baina tradizionalki ez dira oso preziatuak izan. Horregatik, ez datoz bat goragoko botere batek lantzen diren produktuak kontrolatzen dituen egoerekin eta zentzuzkoagoa da nekazariek eurek uztak dibertsifikatzeko erabakia har dezaketen egoeretan.

Nitrogeno isotopoen bidez detektatu ahal izan diren animalia jatorriko elikagaiak (haragia, arrautzak, esnea, esnekiak) gutxi eta noizean behin baino ez ziratekeen kontsumituko. Era berean, albo batera utzi ahal izan da arrainaren kontsumoa.

Hortik abiatuta, biztanle taldearen barruan dieta bera nola aldatzen zen aztertu dute. Laboreen kontsumoari dagokionez, ez da alderik hauteman adin kategoria batetik bestera.

Alabaina, ikusi da eredu bati jarraitzen ziotela animalia jatorriko proteinak kontsumitzeko orduan. Nitrogeno isotopoen emaitzen arabera, biztanle gazteenek (2 eta 8 urte artekoek) kontsumitzen zuten animalia jatorriko jaki gutxien. 8 eta 14 urte artekoek haragi, arrautza, esneki eta bestelako elikagai eratorri gehiago kontsumitzen zituzten eta nerabeek (14 urtetik gorakoek), berriz, helduek bezainbeste kontsumitzen zuten.

Horrek esan nahi du produktuak adinaren arabera eskuratzen zituztela eta gazteenek halako produktu oso gutxi lor zitzaketela. Gainera, erakusten du gutxi gorabehera 14 urtetik aurrera hasten zirela nerabeak heldu gisa tratatzen.

Bestalde, ikertu da ea alderik dagoen apaingarri pertsonalekin edo eguneroko tresnekin batera lurperatutako pertsonen elikaduraren eta objekturik gabe lurperatutakoen elikaduraren artean. Sarritan uste izan da gorpuzkiekin batera jarri ohi ziren objektu horiek norbanakoaren posizio soziala adieraz zezaketela. Hala balitz ez zatekeen alde nabarmenik egongo pertsona esanguratsuagoen dietaren eta pertsona ez hain esanguratsuenen artean.

Gainera, egiaztatu ahal izan da hilobi berean lurperatutako norbanakoen dietak antzekoak zirela eta horrek berretsi egiten du hobiok familia talde handien panteoi gisa erabiltzen zireneko hipotesia.

Azkenik, etxeko animalien lagin batzuk aztertu dira. Animalia horien elikadura zehaztea baliagarria izan liteke herrixka horretan lantzen zen abeltzaintza karakterizatzeko. Emaitzarik interesgarriena da estrategia bat edo beste erabiltzen zela espezie bakoitzerako. Behiak, ardiak eta ahuntzak, ziur asko, herrixkatik gertuko lurretan bazkatzen ziren eta horrek soro landua ongarritzeko modua ematen zuen. Zaldiak, berriz, kokagunetik urrutixeago zeuden larre irekietara bidaltzen zituzten ziurrenik.

Teknika erabilgarria

Arkeologia biomolekularraren teknikak alternatiba erabilgarria izan daitezke Goi Erdi Aroko Iberiar penintsulako landa gizarteen askotariko alderdi sozial eta ekonomikoekin lotutako datu berriak lortzeko eta, hala, multzo antropologiko horiei balio historikoa emateko.

Sasoi hartako landako habitatei buruz datu askorik ez dago: dauden iturri idatzi urriek ezer gutxi kontatzen dute haiei buruz eta utzitako gorpuzki arkeologikoak urriak dira eta ezkutu samar daude.

Horrelako testuinguruetan ohikoak dira eremu handia hartzen duten hilerriak, ilara irregularrak osatzen dituzten hilobiekin. Pertsona bat edo batzuk ehorzten zituzten bata bestearen ondoren, sarritan askotariko objektuekin batera. Haatik, ez zaio askorik erreparatu hilerri horietako material antropologikoari, zatikatuta eta gaizki kontserbatuta egoten delako maiz.

Horrek oztopoak ekarri ditu biztanleria horien berri izateko, aintzat ematen baitzen haien gorpuzki antropologikoetatik oso informazio urria atera zitekeela.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Arkeologia biomolekularra, gorpuzki antropologikoak ikertzeko alternatiba

Erreferentzia bibliografikoa:

García-Collado, Maite I., et al., (2018). Palaeodietary reconstruction as an alternative approach to poorly preserved early medieval human bone assemblages: the case of Boadilla (Toledo, Spain). Archaeological and Anthropological Sciences, 1250, 1-18 DOI: 10.1007/s12520-018-0672-0

The post Arkeologia biomolekularra bisigodoen dieta ikertzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #231

Ig, 2018-12-02 09:00
Uxue Razkin

Astronomia

Asteko albistea izan da zientziaren munduan! Insight zunda onik iritsi da Marteren azalera. Martera iritsi den NASAren zortzigarren misioa da eta helburu batzuk ditu: planetaren barne-egitura eta fluxu termikoa aztertzea, eta uhin sismikoak neurtzea eta haien jatorria argitzea. Lortzen dituzten datuak baliagarriak izango dira planetaren sorrera eta bilakaera ulertzeko. 2020ra arte iraungo du baina baliteke gehiago irautea.

Berriaren bidez ikusi izan ditugu asteon Lurrera Insight zundak bidalitako Marteko lehen irudiak. Ez galdu!

Medikuntza eta Osasuna

Pertsona batek iktusa (gaixotasun zerebrobaskularra) izango duen aurreikusteko biomarkatzaileak identifikatu dituzte. Hain zuzen, iktusa izateko probabilitate handiagoa adierazten duen gene-taldea identifikatu dute. Gene horiek izateak arterietan pilatzen joaten diren kolesterol-plakak ezegonkorragoak eta hauskorragoak izatea eragiten dute. Euskadin, urtero, 6.000 kasu berri izaten dira eta 600 heriotza inguru eragiten ditu.

Minbiziaren esparruan ere aplika daitezke eboluzioaren eta Darwinen hautespen naturalaren arauak. Tumore berdin bateko atal ezberdinak sekuentziazio masiboz analizatuz, atal hauetan aldi ebolutibo ezberdinetan aurkitzen diren zelulak daudela deskribatu zen. Honek frogatu zuen bien arteko harremana. Eredu adarkatua, adibide bat izan daiteke. Bertan tumore-zelulen arteko lehia gertatzen da, eta zelula talde bakoitzaren uneko eraginkortasun biologikoaren arabera klon batzuk desagertu eta beste batzuk agertu eta tumorearen eboluzioan aurrera egiten dute.

Anses Frantziako Osasun Segurtasunaren Agentziak beltzarantzeko kabinak debekatzeko eskatu du minbizia sortzeko arriskua areagotzen dutelakoan. Pauso hori jada beste herrialde batzuek egin dute, hala nola Brasilek 2009an debekatu zuen eta Australiak 2015ean. CIRC minbizia ikertzeko nazioarteko zentroak 2009an ofizialki sailkatu zuen UV izpi artifizialak kantzerigeno gisa. Ordutik, hainbat ikerketa egin dira, eta ondorio berberetara iritsi dira. Ansesek 2014an egindakoak, adibidez, nabarmentzen du 35 urte baino lehen kabina mota horiek behin bederen erabili dituztenei %59z handitzen zaiela arriskua azaleko melanoma bat garatzeko.

Donostia ospitaleko oftalmologiako zerbitzuburu Javier Mendikuteren ustez, begiak ez dira nahikoa zaintzen. Denok joan beharko genuke okulistarengana baina batez ere bi arrisku talde azpimarratu ditu adina kontuan harturik: 6 urtetik beherako haurrena eta 50 urtetik gorako helduena. Testuan zehar, begiak zaintzeko aholkuak aurkeztu eta begietako gaitzak azaldu dizkigute honetan.

Biokimika eta emakumeak zientzian

Aste honetako protagonista Gertrude Belle Elion biokimikaria izan da, 1988an Medikuntzako Nobel saria jaso zuen emakumea. DNAk bakterioen, parasitoen eta tumore-zelulen hazkunde prozesuan protagonismo handia zeukala bazekien beraz organismo horien DNAren erreplikazioa blokeatu nahi zuen, hazkundea geldiarazteko. Horretarako, azido nukleikoen base pirimidiniko eta purikoen antza duten molekulak fabrikatzea izan zuen helburu, baina egitura-akats batekin, hazkundea geldi zedin horrela. Nitrogenodun oinarria zuten sendagai analogoak diseinatu zituen zelula patogenoen hazkundea inhibitzeko.

Ekologia eta ingurumena

Hegoaldeko Europako itsasoetan pilatzen diren mikrozuntzen lehen inbentarioa egin dute zientzialariek. Zuntz horien jatorria argi dute: etxeko garbigailu eta ehungintzari lotutako prozesu industrialetatik datoz. Are gehiago, garbiketa ziklo bakar batean garbigailu batek 1.900 eta 700.000 zuntz artean aska ditzake! 50 mililitro sedimentu bakoitzeko 10-70 mikrozuntz aurkitu dituzte eta jakinarazi dutenez, Kantauri itsasoan dago halako material gehiena.

EHUko ikertzaile talde batek 30 erreka artifizial sortu ditu Leioako campuseko (Bizkaia) Biofisika eraikin zaharreko sotoan. Honekin, klima-aldaketak Euskal Herriko ur-lasterretan izan dezakeen eragina aztertzeko. Jesus Pozo irakasleak dioenez, “laborategi honen funtsa da esperimentuak errepikatu ahalko direla, eta hori oso zaila da naturan, ezin delako benetako ibai edo erreka bateko emaitza estrapolatu beste batera”.

Genetika

Gehien ikertzen diren geneak garrantzitsuak dira, jakina, baina horiek neurriz kanpoko atentzioa jasotzen dutela iritzi dio Koldo Garciak. Ikerkuntza biomedikoak gehiegizko arreta ematen die jada nahiko ondo ezagutzen diren geneei. Horrek eragin bat du: diru-laguntzak gene horietara bideratzen dira. Testuan azaltzen duen moduan, egun, ia gene guztiak ikertzeko gaitasun teknikoak dituzte ikertzaileek. Beraz, zergatik ez dute egiten?

Jiankui He zientzialari txinatarrak genetikoki editatutako bi haur aurkeztu ditu komunikabideetan. Bideo baten bidez azaldu duen moduan, zazpi bikoteren enbrioiak eraldatu zituen, CRISPR teknikaren bidez, hiesarekiko erresistente egiteko. Eta, enbrioi haietatik, bikoteetako baten biki batzuk iritsi dira jaiotzera. Esperimentua egiazkoa dela baieztatu baino lehen ere, zientzia-komunitateak arbuiatu egin du. Koldo Garcia Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileak bere iritzia eman du: “Benetan edizio genomikoa burutu badu, eta bere unibertsitatea edota etika batzordeak ez baditu jakinaren gainean jarri, edizio genomikoaren marra gorri etikoak gainditzeaz gain, praxi txarra da. Honi ezin diogu zientzia deitu”.

Hizkuntzaren prozesamendua

Gure gizartean egunero milioika testu sortzen dira eta horietariko asko konplexuak izaten dira, testuak atzerriko hizkuntza batean idatzita daudelako, hizkuntza ulertzeko arazoak dituztelako edota besterik gabe konplexuegiak direlako. Aurkezten diguten tesi-lan honetan euskarazko testu idatzien konplexutasuna aztertu dute eta testuen sinplifikazio automatikoa proposatu dute arazo horiei aurre egiteko.

Berriki aurkeztu dute euskarazko itzultzaile automatikorik onena: MODELA. Azken belaunaldiko teknologia adimenduna du oinarri, eta tresna azkarra eta erabilerraza da. Elhuyarren eta Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko beste zenbait agenteren arteko elkarlanari esker garatu da. Sistema honek lagunduko du erakundeetan euskararen idatzizko erabilera handitzen eta euskara normalizatzen.

Sustatuk ere eman du honen berri: Modela euskarazko itzultzaile automatiko berria aurkeztu dute.

Biologia

Historian zehar zer esan dute loari buruz? Pentsaera naturalista primitiboaren arabera, loa egoera pasiboa zen. Aristotelesek ‘De somno et vigilia’ lanean baieztatu zuen loaren arrazoia bihotzaren hoztea zela. XVIII. eta XIX. mendeetan bi pentsaera-eskola zeuden: Batak zioen loa anemia bat zela eta besteak odol-gehiegia zela. XX. mendean ere fisiologia-heziketa zuten pertsonek baieztatu zuten loaldian entzefaloak jarduteari uzten diola. XX. mendean, René Legendre-k, Henri Piéron-ek eta beste batzuek uste zuten loaldian lehengoratu egiten zirela egunean zehar galdutako energia edo entzefaloaren eta gorputzaren nahitaezko osagaiak. Loaren ikerketa benetako diziplina bihurtu zen 1953an.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #231 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #239

La, 2018-12-01 09:00

Esaera zahar batek diosku: “Juan Debalde aspaldi hil zen”. Izan ere, ezer ez da doakoa ezta energia berrizgarriak erabiltzea ere. Interesgarriena, dudarik gabe, gauza bakoitzaren kostua ezagutzea da, dena barne dutela. Jose Luis Ferreirak lantzen ditu aipatutakoak The costs of going green artikuluan.

Polimero batzuek korapiloak sortzen dituzte bere-berez. Polimeroak diseinatu daitezke korapilo zehatzak sortzeko edota beste batzuk ez eratzeko. Ivan Caluzza polimeroen diseinuaren arloan abangoardian dagoen ikertzailea da eta polimeroen xehetasun hauek kontatzen dizkigu Self-knotting bionic proteins artikuluan.

Testuliburuetan segurutzat jotzen da katalizatzaile heterogeneo batek, kotxeetan dagoen bezalakoak, berdintsu funtzionatzen duela azalera guztian zehar. Ez da horrela, ordea. Funtzionamendua hori, aurpegi kristalino bakoitzak gas erasotzaileekin sortzen duen angeluaren araberakoa da. DIPCko ikertzaileek dotore frogatu dute: Catalysis depends on the chrystallographic plane of the catalyst.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #239 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Gertrude Belle Elion (1918-1999): gaixotasunak sendatzeko bide urratzailearen ahotsa

Or, 2018-11-30 09:00
Uxue Razkin Berria denak beti beldurtzen du jendea. Ezagutza eta ideia berriak plazaratzeak edo oso orokortuta dauden pentsamenduak zalantzan jartzeak beti ematen du nolabaiteko ikara, mundua jada aldatu ezin izango bagenu bezala. Zientzian nahiz Artean uneoro sortzen dira gauza berriak eta batzuetan mesfidati begiratzen diegu hein handi batean horietaz ezer ez dakigulako eta orain arte sinetsi duguna irauli egiten duelako ezinbestean; harea mugikorrean bezala sentitzen gara. Ideiak, ezagutzak eta pentsamenduak aldatzen doaz. Eta eskerrak. Getrude B. Elion biokimikaria horietako bat izan zen, zientzialari ausarta, bide urratzailea farmakologian.

40ko hamarkadan, oraindik ez zen ezagutzen helize bikoitzaren egitura molekularra (1909an identifikatu zen kimikoki eta 1953an egitura definitu zuten). Halere, zientzialariek jakin bazekiten DNAk protagonismo handia zuela bakterioen, parasitoen eta tumore-zelulen hazkunde prozesuan. Gertrude Elionek ikuspegi berri batetik heldu zion gaiari, une hartara arte indarrean zegoen “entsegua eta akatsa” baztertuz. Berak DNAren erreplikazioa blokeatu nahi zuen organismo horien hazkundea geldiarazteko (antimetabolitoen teoria). Horretarako, azido nukleikoen base pirimidiniko eta purikoen antza duten molekulak fabrikatzea izan zuen helburu, baina egitura-akats batekin, hazkundea geldi zedin horrela. Teoria barneratuta izanik, nitrogenodun oinarria zuten sendagai analogoak diseinatzen hasi zen zelula patogenoen hazkundea inhibitzeko, zelula ostalariak ahalik eta gutxien kaltetu nahian.

1. irudia: Gertrude Belle Elion biokimikari eta farmakologian adituak 1988an Medikuntzako Nobel saria jaso zuen. (Irudia: Wikimedia Commons, CC BY 4.0 lizentziapean)

Gertrude Elionek bide iraultzaile bat zabaldu zuen zientzian. 50ko hamarkadan, gutxi gorabehera, hasi zen emaitzak lortzen: leuzemiaren aurkako lehenengo botika diseinatu zuen (Diaminopurine) eta horren ondotik, beste hainbat etorri ziren: malariaren aurkakoa (Pirimetamina), immunoezabatzaile bat transplanteen hartzaileentzat (Azatriopina) eta herpes birusaren erreplikazioa blokeatzen zuen sendagaia (Aciclovir) —Howard Schaefferrek sintetizatu zuen baina Elionek hori ikertu eta bere jokabidea azaldu zuen—, besteak beste. Ikerketa-lerro horren gainean lan egiteagatik jaso zuen Medikuntzako Nobel Saria 1988an, George Hitchings medikuarekin eta James Black farmakologoarekin batera.

1929ko Kraxa ez zen traba izan

Bere gurasoak txikiak zirenean AEBra emigratu behar izan zuten. Aitak hamabi urte zituen Lituanatik ihes egin zuenean. Bere ama, berriz, hamalau urterekin joan zen Errusiatik. Lotura hartatik jaio zen Gertrude Elion 1918an, New Yorken. Txikitan, irakasgai guztiak gustatzen zitzaizkion, eskolako klase guztietan gozatzen zuen; atera zituen nota bikainak horren erakusle dira. Hamabost urte bete zituenean, bere aitona hil zen minbiziak jota. Albisteak larregi atsekabetu zuen, heriotzak bere barrenak astindu zituen, bai, baina modu berean, indarra eman zion gaixotasun horren eta beste batzuen aurkako sendagaiak sortzeko. Horretarako, ikasi egin behar zuela bazekien eta hori izan zen bere lehenengo premisa, baina 1929ko Wall Streeteko porrotarekin topo egin zuen, alegia, Ameriketako Estatu Batuetako burtsan izan den ezbeharrik handienarekin. Modu oso bortitzean eragin zuen familia guztietan, eta berea ez zen salbuespena izan, jakina.

Halere, lortutako bere espediente akademikoari esker, Hunter Collegen, hiriko unibertsitate askean, hasi zen kimika ikasten. Harrigarria da baina hamabost urterekin sartu zen unibertsitatean, normalean bi gehiagorekin hasten dira gehienak. Ikasketak amaitu ondoren, Cornell Unibertsitateko Erizain Eskolan eta Dukeko Unibertsitatean fisika eta kimikako irakaslea izan zen. Erizain Eskolan ikertzaile bat ezagutu zuen, kimikari bat. Kasualitatez, haren laborategian laguntzaile bat behar zuten eta Elionek baiezkoa eman zion. Astean, 20 dolar kobratzen zituen bakarrik.

2. irudia: Gertrude Belle Elion biokimikaria, haren ikasle garaian 1937. urtean. (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga)

Ikasi eta ikasi, hori izan zen bere mantrarik gustukoena. Hala, aurreztutako diruarekin eta gurasoek emandakoarekin Kimikako graduondokoa ordaindu zuen New Yorkeko Unibertsitatean, 1939an. Gelako emakume bakarra zen baina horrek ez zuen beldurtu, inondik inora. Bere diziplinak eta arduraldiak fruituak eman zituen eta 1941ean jaso zuen titulua.

Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, emakume zientzialariek errazago izan zuten laborategietan sartzea, gizonak frontean baitzeuden. Lehendabizi elikagai enpresa bateko kalitate-kontrolean egon zen. Lan horrek ez zion aukerarik eman gauza gehiegi ikasteko eta horregatik utzi egin zuen. Geroago, New Jerseyko Johnson and Johnson laborategiak deitu zuen baina ez zuen asko iraun bertan, sei hilabeteren buruan enpresa deuseztatu egin zelako. Hala ere, George Hitchingsek zuzentzen zuen Borroughs Wellcome laborategian (orain GlaxoSmithKline izenaz ezagutzen dena) lortu zuen lana segidan. Bertan, mikrobiologian sakondu zuen, baita sintetizatzen ari ziren konposatuetatik ikasten ere. Bere ezagutza zabalduz joan zen: biokimika, farmakologia, immunologia eta birologia alorrak jorratu zituen han.

Botika berriak, bata bestearen atzetik

Elionek doktoregoa egiteko asmoa zuen baina aldi berean lanean ari zenez, ez zuen denbora askorik ikasteko. Horregatik, Brooklyneko Institutu Politeknikoko gau-klaseetara joateko erabakia hartu zuen. Bi urteren buruan, dekanoak adierazi zion ikasketek jardun-osokoak izan behar zutela eta ez partzialak. Ez zen hautu erraza izan zientzialariarentzat; izan ere, ez zuen lana utzi nahi, liluratik oso hurbil baitzegoen lantoki hartan. Azkenean, Borroughs Wellcome laborategian jarraitu zuen azido nukleikoen biosintesia eta horretan sartuta dauden entzimen mundua ulertzen.

1948an etorri zen Elionen lehenengo aurkikuntza: diaminopurina sintetizatu zuen, Lactobacillus casei-ren hazkundea inhibitzen zuena. Leuzemia tratatzeko egokia izan zitekeela iradoki zuten berehala. Entseguak egin zituztenean, ordea, ikusi zuten botikak albo ondorio larriak eragiten zituela. Hiru urte beranduago, biosintesi purikoa inhibitzen zituen bi deribatu lortu zituen, tioguanina eta mercaptopurina. Azken honek emaitza oso onak eman zituen leuzemia linfoblastiko akutua tratatzerako orduan. Ameriketako Droga eta Elikagaien administrazioak (FDA) botika onartu zuen laster. 1950ean, pirimetamina lortu zuen, malariaren aurkako botika, hain zuzen. Geroxeago, immunoezabatzaile batekin egin zuen topo transplanteen hartzaileentzat egokia izan zitekeena, Azatriopina delakoa. Beranduago, HIESAren aurkako lehenengo botika garatzen lagundu zuen: zidovudina.

3. irudia: George Hitchings eta Gertrude Elion beraien laborategian 1988. urtean Nobel Saria irabazi zuten urtean. (Irudia: Wikimedia Commons, CC BY 4.0 lizentziapean)

Teorian, Elionek 1983an hartu zuen erretiroa. Halere, lanean jarraitu zuen, zientzialari emeritu eta aholkulari gisa jardun zuen bere karrera zientifikoa garatu zuen laborategian. Gainera, Dukeko Unibertsitatean medikuntza eta farmakologia esparruan irakasle egon zen. 1960tik aurrera, esaterako, Minbiziaren Nazioarteko Institutuan ikerketetan parte hartu zuen baita aholkulari-lanetan aritu ere. Modu berean, Ameriketako Elkarteko Minbiziari buruzko Ikerketaren kide eta zuzendari izan zen. Horretaz gain, Munduko Osasun Erakundeko gaixotasun tropikalen ikerketen Dibisioko zenbait batzordetako kide izan zen, baita Ameriketako Kimikako Elkartekoa ere. Zerrenda luzea da, bere ezagutzaren parekoa. Oro har, hainbat errekonozimendu esleitu zaizkio. 1990etik aurrera, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko kide izan zen. 1991n Zientzietako Nazioarteko Domina jaso zuen eta National Inventor Hall of Fameko kideen artean, lehenengo emakumea bilakatu zen. Halaber, Washington, Brown eta Michigango Unibertsitateen eskutik Honoris causa doktoregoa jaso zuen.

Doktoregoa ez duen zientzialari batek Nobel Saria irabazten duela ikustea ez da ohikoa. Elion izan zen horietako bat. Izan ere, batzuetan ikasketak burutzearekin ez da nahikoa. Gerta daiteke adorea, jakin-mina eta iraultzailea izateak pisu handiagoa edukitzea kasu batzuetan. Elionek bide berria zabaldu zuen farmakologian eta ordainetan jaso zuen saria.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Gertrude Belle Elion (1918-1999): gaixotasunak sendatzeko bide urratzailearen ahotsa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Euskarazko testu idatzien konplexutasunaren azterketa eta sinplifikazio automatikorako proposamena

Og, 2018-11-29 15:00
Itziar Gonzalez-Dios, María Jesús Aranzabe eta Arantza Díaz de Ilarraza Egunero milaka testu idazten dira, baina jende asko ez da gai testu horiek ulertzeko. Zergatik? Testuak atzerriko hizkuntza batean idatzita daudelako, hizkuntza ulertzeko arazoak (afasia, arazo kognitiboak…) dituztelako edo, besterik gabe, testu horiek konplexuegiak direlako.

Irudia: Testuak automatikoki sinplifikatzeko EuTS sistema diseinatu dute.

Baina, nola jakin dezakegu zein den testu horien konplexutasun maila? Eta, konplexuegiak badira, gure mailara egoki ditzakegu? Alegia, sinplifika ditzakegu? Nolakoak dira testu sinplifikatuak? Eta, makina batek prozesu horietan lagun gaitzake?

Konplexutasunaren analisia (readability assessment) eta testuen sinplifikazio automatikoa (automatic text simplification) hizkuntzaren prozesamenduko ikerlerroak dira eta horietan hizkuntzalaritza eta informatika uztartzen dira: labur esanda, hizkuntza deskribatu egiten da eta, ondoren, metodo informatikoen bitartez, deskribapen horiek automatizatu egiten dira.

Konplexutasunaren analisiak testu bat konplexua den ala ez edo zein konplexutasun maila duen aztertzen du eta testuen sinplifikazio automatikoak, berriz, testu konplexuak sinpleago bihurtzea du helburu, betiere jatorrizko esanahiari eutsiz. “Euskarazko egitura sintaktiko konplexuen analisirako eta testuen sinplifikazio automatikorako proposamena / Readability Assessment and Automatic Text Simplification. The Analysis of Basque Complex Structures” [1] izeneko doktoretza-tesian bi ikerketa-lerro horiek euskarara ekarri ditugu eta, jarraian, labur azalduko dizuegu egindakoa.

Testuen konplexutasuna neurtzeko, alde batetik, corpus batean eskuzko azterketa bat egin dugu eta, beste aldetik, testuen konplexutasuna automatikoki sailkatzen duen sistema bat, ErreXail [2], inplementatu dugu. Corpus-azterketan, ingeleserako eta Brasilgo portugeserako egindako Siddharthan-en [3] eta Specia eta besteren [4] lanetan konplexutzat hartutako fenomenoak euskarazko corpusetan aztertu ditugu.

Fenomeno horiek dira perpaus koordinatuak, mendeko perpausak, aposizio-sintagmak, informazio biografikoa duten egitura parentetikoak eta adierazpenak adierazten dituzten postposizio-sintagmak. Corpus-azterketan oinarrituta, aipatutako fenomeno konplexuen sinplifikazio-proposamenak egin ditugu eta hiru sinplifikazio maila definitu ditugu, testuak irakurriko dituen pertsonaren euskara mailarekin lotutakoak. ErreXail sistemari dagokionez, sei maila linguistiko ezberdinetan banatzen diren 94 ezaugarri (ratio) inplementatu ditugu eta horietan oinarrituta ikasketa automatikoaren bidez testuak sinple ala konplexu bezala sailkatzen ditu. ErreXailek % 93,50eko asmatze-tasa du euskarri bektoredun makinak (SVM) erabiliz.

ErreXailek testu konplexutzat sailkatu dituen testuak automatikoki sinplifikatzeko, EuTS sistema diseinatu dugu, eta sinplifikazio prozesua automatikoki egiteko beharrezkoak diren tresnak (perpausen mugak [5] eta aposizioak [6] detektatzeko, esaterako) inplementatu ditugu. Kasu azterketa bezala, EuTSen arkitekturari jarraituz, Biografix [7] izeneko tresna eleaniztuna garatu dugu. Biografixek 8 hizkuntzatan informazio biografikoa duten egitura parentetikoetatik esaldi sinpleak sortzen ditu.

Gure hurbilpena konparatzeko, eskuz sinplifikatutako testuen corpusa, ETSC-CBST, [8] osatu eta eskuz analizatu dugu. Corpus horretan testuak sinplifikatzeko egin diren eragiketa nagusiak dira ezabatzea, bateratzea, banaketa, transformazioa, txertaketa, hurrenkera-aldaketa, eragiketarik eza eta bestelakoak.

Etorkizunerako, ErreXail sistemari ezaugarri gehiago gehitu nahi dizkiogu (semantikarekin lotutakoak, adibidez), EuTS sistemaren inplementazioa bukatu nahi dugu eta erabiltzaileekin ebaluatu nahi dugu. Horretaz gain, ETSC-CBST corpusa zabaltzen jarraitu nahi dugu.

Erreferentziak

[1] GONZALEZ-DIOS I. 2016. Euskarazko egitura sintaktiko konplexuen analisirako eta testuen sinplifikazio automatikorako proposamena / Readability Assessment and Automatic Text Simplification. The Analysis of Basque Complex Structures. Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU).

[2] GONZALEZ-DIOS I., ARANZABE M.J., DÍAZ DE ILARRAZA A. eta SALABERRI H. 2014. «Simple or Complex? Assessing the Readability of Basque Texts». Proceedings of COLING 2014, the 25th International Conference on Computational Linguistics: Technical Papers, 334-344.

[3] SIDDHARTHAN A. 2002. «An Architecture for a Text Simplification System». Proceedings of the Language Engineering Conference, 64-71.

[4] SPECIA L., ALUÍSIO eta PARDO T.A. 2008. Manual de Simplificação Sintática para o Português. Barne-txostena NILC-TR-08-06.

[5] ARANZABE M.J., DÍAZ DE ILARRAZA A. eta GONZALEZ-DIOS I. 2013. «Transforming Complex Sentences using Dependency Trees for Automatic Text Simplification in Basque». Procesamiento de Lenguaje Natural, 50, 61-68.

[6] GONZALEZ-DIOS I., ARANZABE M.J., DÍAZ DE ILARRAZA A. eta SORALUZE A. 2013. «Detecting Apposition for Text Simplification in Basque». International Conference on Intelligent Text Processing and Computational Linguistics, 513-524.

[7] GONZALEZ-DIOS I., ARANZABE M.J. eta DÍAZ DE ILARRAZA A. 2014. «Making Biographical Data in Wikipedia Readable: A Pattern-based Multilingual Approach». Proceedings of the Workshop on Automatic Text Simplification – Methods and Applications in the Multilingual Society (ATS-MA 2014), 11-20.

[8] GONZALEZ-DIOS I., ARANZABE M.J. eta DÍAZ DE ILARRAZA A. 2018. «The Corpus of Basque Simplified Texs». Language Resources and Evaluation, 52(1), 217-247.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia. 2018
  • Artikuluaren izena: Euskarazko testu idatzien konplexutasunaren azterketa eta sinplifikazio automatikorako proposamena.
  • Laburpena: Gure gizartean egunero milioika testu sortzen dira, eta ikerketa honen helburua testu horiek ulerterrazagoak egitea da. Izan ere, horietariko asko konplexuak direnez, ez dira eskuragarriak arazo kognitiboak dituzten pertsonentzat edo atzerriko hizkuntzak ikasten ari direnentzat, besteak beste. Testu konplexuetatik informazioa erauztea ere ez da lan erraza Hizkuntzaren Prozesamendua egiten duten sistementzat. Arazo horiei aurre egiteko, tesi-lan honetan euskarazko testu idatzien konplexutasuna aztertu dugu eta, konplexutasun hori tratatzeko helburuarekin, testuen sinplifikazio automatikorako proposamena egin dugu.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 209-224
  • DOI: 10.1387/ekaia.17907

————————————————–
Egileez:

Itziar Gonzalez-Dios, María Jesús Aranzabe eta Arantza Díaz de Ilarraza UPV/EHUko Ixa taldekoak dira.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Euskarazko testu idatzien konplexutasunaren azterketa eta sinplifikazio automatikorako proposamena appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Loaz

Og, 2018-11-29 09:00
César Tomé López Hipnos edo loa (Nix gauaren jainkosaren semea eta Tanatos heriotzaren pertsonifikazioaren bikia), mitologia grekoaren azpimunduaren leize-zulo batean bizi da. Bestalde, goizeko otoitz judu eta kristauek Jainkoa goretsi egiten dute, lo dagoenari arima itzultzeagatik behin esnatutakoan. Guztiaz ere, pentsaera naturalista primitiboaren arabera, loa egoera pasibo bat zen, entzefaloa gorputzaren gainerako ataletatik eta ingurutik bakartuta egotetik sortua.

Horrela, Aristotelesek De somno et vigilia lanean baieztatzen zuen loaren arrazoia bihotzaren hoztea zela, ez besterik. Platon eta Galeno bat zetozen arrazoi mekaniko bat zegoelakoan, baina gaur egun entzefalo deritzoguna hozteak eragindako sentimen-iturri gisa ulertzen zuten. Kontzeptu horiek 1500 urtetan biziraun zuten, harik eta Behe Erdi Aroko eta Berpizkundeko sendagile eta filosofoek loa soilik garunaren ustezko bakartzearekin lotu zuten arte. XVIII. mendera arte ez zen ezer aipagarriagorik egon.

Irudia: Loa erabat pasiboa zela uste zuen pentsaera naturalista primitiboak.

XVIII. eta XIX. mendeetan bi pentsaera-eskola identifika ditzakegu. Batak dio loa anemia bat dela, hau da, odol-falta entzefaloan; besteak, odol-gehiegia dela. Datu esperimental objektiboen faltak ekarri zuen XIX. mendeko irudimen joriko hainbat ikertzailek baieztatzea garuna gorputzaren gainerako ataletatik bakarturik egotea lepoko tiroide-guruinaren hanturaren ondorio zela edo linfa-guruinen hanturaren ondorio.

XX. mende betean ere fisiologia-heziketa zuten pertsonek, Raphaël Lépine barne, baieztatu zuten loaldian entzefaloak jarduteari uzten diola, besterik ez; senezko baieztapen hori gaur egun arte iritsi da herri-sineste gisa. Ideia hori proposatu zutenek nerbio-zelulen deskonexio fisiko bat bailitzan azaltzen zuten hori.

XX. mendea aski aurreratu arte ez da loaren ikerketa zientifiko bat aurkitu, Henri Piéron-ek burutua, psikologia esperimentalaren gurasoetako bat baita. Bere iturburuen arrastoa XVIII. mendearen amaierara arte atzera eginez bila badaiteke ere, Piéronen hipnotoxinen teoriaren arabera, loa printzipio homeostatikoen esparruan ulertzen da. René Legendre-k, Piéron berak eta beste batzuek uste zuten loaldian lehengoratu egiten zirela egunean zehar galdutako energia edo entzefaloaren eta gorputzaren nahitaezko osagaiak. Printzipio beraren beste ikuspuntu baten arabera, esnaldian metatuz zihoazen toxinak sortzen ziren eta loaldian kanporatzen ziren. Loaren berehalako arrazoia, ikuspegi honen arabera, garuneko funtzioak inhibitzen zituzten hipnotoxinen ekoizpena zen.

Hipnotoxinen teoria asko indartu zuten Piéronek 1913an burututako saiakuntzen emaitzek. Esperimentu horietan likido zefalorrakideoa ateratzen zitzaion loa galarazitako zakur bati ―ustez hipnotoxinez zamatua, beraz―, eta erabat esna eta atsedenean zegoen zakur baten laugarren bentrikulu entzefalikoan injektatzen zen; horrek loa eragiten zion.

Constantin von Economo-k ―1917an egindako entzefalitis letargikoaren deskribapenagatik ezaguna― hipnotoxinen teoria garatu zuen, loaldi-esnaldien periodikotasuna azaltzeko. Pentsatu zuen toxinen metatzea eta geroko kanporatzea zirela loaldia-esnaldia zikloaren arrazoia. Halaber, pentsatu zuen dientzefaloaren eta mesentzefaloaren artean kokaturiko gune entzefalikoa zela “loaren gunea”, entzefaloaren gainerakoa baino sentiberagoa zelako hipnotoxinekiko. Bere aktibatzeak eragingo zuen loa entzefaloaren gainerakoan, era horretan saihestuz bere intoxikazio eraginkorra.

Loaren ikerketa benetako diziplina bihurtu zen 1953an. Urte horretan Eugene Aserinsky-k eta Nathaniel Kleitman-ek begien mugimendu azkarrekiko loa deskubritu zuten, REM delakoa ingelesezko siglen arabera. Frogatu zuten pertsona bat lokartu eta ordu eta erdi inguru geroago aldaketa bereizgarriak antzematen zirela amets egitearekin lotzen ziren entzefalogramaren uhinetan: begien mugimendu azkarren agertzea eta gihar-tonuaren desagertzea 10-15 minututan. Loaren fase hori aldian behin berragertzen da orduro, loaldian, eta helduen loaldiaren %20 da gutxi gorabehera.

REM loa giltzarri bihurtu zen loaren ikerketan. 60ko hamarraldian, ikertzaileek REM loa eragiten duten mekanismo desberdinduak antzeman zituzten entzefalo-enborrean. Geroagoko ikerketek frogatu dute, batetik, loaldi-esnaldi zikloak hipotalamoaren nukleo suprakiasmatikoan kokatutako erloju biologiko bati erantzuten diola, eta, bestetik, erlojuaren eta printzipio homeostatikoen arteko interakzioak baldintzatzen dituela loaren unea nahiz iraupena.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

The post Loaz appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Itsas hondora iritsi dira garbigailuetako mikrozuntzak

Az, 2018-11-28 09:00
Juanma Gallego Hegoaldeko Europako itsasoetan pilatzen diren mikrozuntzen lehen inbentarioa egin dute zientzialariek, eta material horiek itsas hondoetan barra-barra biltzen direla egiaztatu ahal izan dute. Kantauri itsasoan dago halako material gehiena.

Zientzialariek Plos One aldizkarian argitaratutako artikulu batean jarraitu dute Hegoaldeko Europako itsasoetan pilatutako mikrozuntzen hedapena. Zuntz hauen jatorria batez ere etxeko garbigailuetan eta ehungintzari lotutako prozesu industrialetan dagoela azaldu dute ikertzaileek. Sinestezina dirudien arren, zientzialariek argitu dute garbiketa ziklo bakar batean garbigailu batek 1.900 eta 700.000 zuntz artean aska ditzakeela.

Ingurumenera barreiatutako aztarna hauek luzeak dira, baina izugarri meheak: 3 eta 8 milimetro arteko luzera badute ere, euren diametroa 0,1 milimetro baino gutxiagokoa da. Bereziki zelulosaz osatutakoak dira zuntzak, baina polimero sintetikoak ere badira. 1930eko hamarkadan hasi zen plastikoen eta antzeko materialen kutsadura ozeanoetan, eta leku guztietan atzeman da, poloetan ere. Oraingo ikerketa honen kasuan, eremu zehatz batera mugatu dute ikerketa; ordainean, sakontasunez aztertu ahal izan dute afera.

1. irudia: Itsas hondoetan aurkitu dituzten zuntzen jatorria garbigailuetan eta ehungintzari lotutako prozesu industrialetan dagoela azaldu dute zientzialariek. (Argazkia: Hector J. Rivas / Unsplash)

Hegoaldeko Europako itsasoetako 29 estaziotan hartutako laginak aztertu dituzte, 42 eta 3.500 metro arteko sakontasunean. 2009. urtetik 2015. urtera arte egindako 10 bidaia ozeanografikotan zehar jaso dituzte laginak, eta ondoren Plymoutheko Unibertsitatean (Erresuma Batua) aztertu dituzte. Ardura handia izan dute laborategian nahigabeko kutsadurarik ez izateko; baina, kasu honetan, ekidin beharreko kutsatzaileak bereziak izan dira: batez ere zientzialariek erabilitako arropetan jarri dute ardura berezia, ohartu gabeko kutsadurak saihestu aldera.

50 mililitro sedimentu bakoitzeko 10-70 mikrozuntz aurkitu dituzte. Zuntzen kontzentraziorik handiena mendebaldean dagoela ikusi ahal izan dute: hurrenez-hurren, Kantauriko itsasoan, Mendebaldeko Mediterraneoan eta Alborango itsasoan aurkitu dute mikrozuntz gehien. Ekialdeko Mediterraneoan eta Itsaso Beltzean, berriz, kontzentraziorik txikienak daude.

“Itsas ingurumenean ikusitakoen artean, mikrozuntzak kokatzen dira denbora gehiagoz mantentzen diren plastikoen artean”, azaldu dute zientzia artikuluan. Bertan adierazi dutenez, material hauek oso ondo hautematen dira sedimentuen gainean, kolore bizia izan ohi dutelako. Halere, gaiari buruzko ikerketa gutxi egin direla diote: azken urteetan mikroplastikoen gaia luze eta zabal jorratu dela aipatu dute, baina orain arte “arreta gutxi” jarri dela zuntz itxura duten materialetan.

Kasu honetan, gehienetan zuntzak ez dira plastikozkoak. Itsas hondoetan, zelulosa da gehien aurkitu dutena (%79,7), bai jatorri naturalekoa (kotoia, lihoa) edo berritua (rayona). Zuntz sintetikoen kasuan, poliesterra (%12,9), akrilikoa (%4,5), poliamida, polietilenoa eta polipropilenoa aurkitu dituzte (azken hiru hauen kasuan, bakoitzeko %1 inguru). Oso arinak direlako, poliamida, polietilenoa eta polipropileno batez ere isats azaleran geratzen dira, jitoan flotatzen. Zelulosa eta poliesterra, berriz, erraz hondoratzen dira, ura baino dentsitate dezente handiagoa dutelako.

2. irudia: 42 eta 3.500 arteko metroko sakontasunean. 2009tik 2015era bitartean Hegoaldeko Europako itsasoetako 29 estaziotan hartutako laginak aztertu dituzte ikerketan. (Irudia: PLOS ONE)

Egindako zundaketen bitartez ondorioztatu ahal izan dutenez, material hauek batez ere kostaldetik gertuko uretan biltzen dira (%33). Itsaspeko arroiletan aurkitu dituzte zuntzen % 29. Aldapa irekietan, berriz, materialen %18 biltzen da, eta gainerako %20 itsas hondo sakonean geratzen dira (2.000 metro baino gehiagoko sakonera duten hondoetan, hain zuzen). Material hauen banaketaz ondorioztatu dute mikrozuntzak plataforma kontinentalean biltzen direla, eta itsaspeko arroilen bitartez iristen direla itsas hondora. Datuak ikusita, argi dago luze eta zabal banatzen direla; hortaz, zabalpen honen arriskuez ohartarazi dute artikuluan: “Itsas sakonaren urruntasunak ez du bermatzen mikrozuntzak pilatuko ez direnik; izan ere, mikrozuntzak itsas sakoneko organismoetan sar daitezke”.

Ikerketa hau itsasoko organismoetan izandako eraginak aztertzera bideratu ez badute ere, aurreko hainbat lan aipatu dituzte, haietan beste ikertzaile batzuek fenomeno horren berri emana dutelako. Halere, ohartarazi dute oraindik ere gutxi ezagutzen dela eragin zehatzari dagokionean.

Modu berean, aitortu dute momentuz oso gutxi ezagutzen dela material hauen biodegradagarritasunari buruz. Itsasoaren azalean ezaguna da plastikoak urteen poderioz pixkanaka narriatzen direla, bereziki eguzkiaren beroari eta erradiazio ultramoreari esker. Halere, itsas hondoetan eragin hori ez dago, eta zientzialariek ezer gutxi dakite inguru horietan zelulosak izan ditzakeen narriadurari buruz. Kuriosoa bada ere, jatorri naturaleko zelulosak denbora gehiago behar du biodegradatzeko, prozesu industrialetan eraldatutako zelulosa berrituarekin alderatuta.

Behin egoeraren azterketa ikusita, irtenbideak proposatu dituzte. “Ehungintzan ikerketa eta berrikuntza bultzatu, garbigailuetan iragazki eraginkorrak diseinatu, hondakin-urak modu egokian tratatu, eta arroparen kontsumo arduratsua sustatu… hauetan guztietan aurrerapausoak” eman beharra dagoela proposatu du Anna Sanchez Vidal ingurumen-zientzialariak Bartzelonako Unibertsitateak zabaldutako prentsa ohar batean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Sanchez-Vidal A., Thompson R.C., Canals M., de Haan W.P., (2018). The imprint of microfibres in southern European deep seas. PLoS ONE 13(11): e0207033. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pone.0207033

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Itsas hondora iritsi dira garbigailuetako mikrozuntzak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Tumore barneko heterogeneotasuna eta eboluzioa

Ar, 2018-11-27 09:00
Gorka Larrinaga, Iker Badiola eta José Ignacio López Minbizia mikroingurune ezberdin eta aldagarrietan batzen diren milioika zelulez eraturiko komunitatea da. Auzo handi honetan auzokideen artean gertatzen diren etengabeko elkarrekintzek arau konplexuak eta nahiko ezezagunak betetzen dituzte. Elkarrekintza hauek orain ari dira pixkanaka ulertzen eta, espero litekeen bezala, eboluzioaren arau klasikoak betetzen dituztela diote ikertzaileek.

Charles Darwinek, medikua izatera zihoan britainiar naturista ospetsuak, XIX. mendean esan zuen naturan gaitasun handienak dituzten izakiek bizirauteko probabilitate handiagoak dituztela. Honela, Espezieen Eboluzioaren Teoriaren barnean Hautespen Naturalaren printzipio nagusiak ezarri zituen. Hautespen naturalak komunitate biologikoetan indibiduoen artean gauzatzen diren harremanak ezartzen ditu, bizidun zelulabakar primitibo eta sinpleenetatik hasi eta konplexuenetara arte. Elkarrekintza hauetan gaitasuna eraginkortasun biologikoan oinarritzen da, hau da, izaki batek hurrengo belaunaldiari bere geneak transmititzeko ahalmenean.

Minbizia milioika indibiduoz eraturiko komunitate bezala definituz gero, onartu beharrekoa zen esparru honetan ere aplikagarriak izan beharko zirela eboluzioaren eta Darwinen hautespen naturalaren arauak. Tumore berdin bateko atal ezberdinak sekuentziazio masiboz analizatuz, atal hauetan aldi ebolutibo ezberdinetan aurkitzen diren zelulak daudela deskribatu zen. Honek, minbizian ere Darwinen arauak betetzen direla frogatzen zuen.

Gaur badakigu tumore askok biologo ospetsuak deskribatutako eboluzio ereduak betetzen dituela, nagusiki eredu adarkatua (“branched”). Bertan tumore-zelulen arteko lehia gertatzen da, eta zelula talde bakoitzaren uneko eraginkortasun biologikoaren arabera klon batzuk desagertu eta beste batzuk agertu eta tumorearen eboluzioan aurrera egiten dute ( 1. Irudia).

1. Irudia: Tumorearen bilakaeran zehar tumore-zelula talde batetik hainbat azpi-talde ezberdin sor daitezke. Zelula hauen eboluzioak kasu askotan irudian adierazten den eredu adarkatua jarraitzen du. Ezegonkortasun genomikoa eta mutazioak direla medio, tumore-zelula azpi-taldeak minbiziaren markak era ezberdinean eskuratuz doaz. Tumore barneko heterogeneotasun (TBH) honek minbiziaren bilakaera baldintzatu dezake. (X= Tumorea diagnostikatu eta tratatzen hasten den momentua). (Egilea: Gorka Larrinaga)

Tumorearen bilakaera espazioan eta denboran aztertzeak berebiziko garrantzia dauka minbiziak tratamenduen aurka sortzen dituen erresistentziak gainditu ahal izateko, alegia tumorearen unearen araberako tratamendu egokienak bilatu ahal izateko. Baina tumore-ehuneko atal ezberdinetan gertatutako eboluzioa fenomeno oso dinamikoa da bere hastapenetatik azken estadioetara arte eta, bistako arrazoi deontologikoengatik, eboluzio hau nolakoa den jakiteko minbizi bati ezin zaio utzi bere bilakaera naturala eramaten paziente baten baitan. Ezagutza honetan laguntzeko animali ereduak dauden arren honek ere bere mugak ditu. Gauzak honela, zirujauak gaixoaren gorputzetik tumorea erauzten duen une horretara mugatuko da minbizi jakin baten eboluzioari buruzko ezagutza.

Paziente berberaren lehen mailako tumorearen hainbat atalen azterketak (eta metastasienak, baldin eta badaude) minbizi horren eboluzioaren momentuko irudia emango digu eta bere iraganeko ezaugarri batzuen aztarna genetikoak ere ezagutu ahal izango ditugu. Nekeza izango da ordea tumore horren bilakaera aurreikustea eta, azken finean, errekurrentziarik izango duen eta honen ezaugarriak nolakoak izango diren asmatzea.

Horregatik, garrantzi handia dauka zirkulazioan egon litezkeen tumore zelulen detekzioa egiteko teknikak hobetzen joatea. Odol analisi bakun batekin beste ehunak inbaditu litzaketen tumore zelulen ezaugarri genomikoak ezagutzeak, denbora errealeko irudiak izatea bermatuko luke. Zirkulazioan dauden zelulen ezaugarri klonalak jakingo genituzke eta metastasiak saihetsi edo, agertzen direnean, tratamendu espezifikoagoak ematen lagunduko luke (2. Irudia).

2. Irudia: Erauzitako tumorean minbizi-zelulek ordura arte izandako eboluzio genomikoa aztertu daiteke (iraganeko eboluzioa). Baina aurrerantzean izango duten eboluzioa aurreikusteko biopsia likidoetan (odola adibidez) aurkitu daitezkeen tumore zelulen detekzioa egin beharko da. Denbora errealeko irudiak izateak metastasiak saihetsi edo hauek hobeto tratatzen lagunduko digu. (Egilea: Gorka Larrinaga)

Beraz, minbizi baten bilakaera zein izango den ahalik eta zehatzen aurreikusteko, ezinbestekoa da tumore horren eboluzio-dinamika ondo ezagutzea. Alegia, ondo ezagutu behar da tumore baten bolumen osoan minbizi-zelulen aniztasuna zein den eta klon berrien agerpena eta desagerpena zenbateko denbora epean gertatzen ari den. Kanpo eragile batzuek ordea zuzen eragiten diete minbizi-zelulen barneko faktore hauei. Minbizi-zelula hauek tumorearen mikroingurunea deituriko ekosistema batean bizi dira, eta ekosistema horretan beste hainbat zelula eta hainbat egitura eta substantzia daude. Hau da hain zuzen minbiziaren ekologian aztertzen dena, eta hurrengo artikuluan azalduko duguna: ekosistema horretako arrisku eta baliabideek nola eragiten dioten tumore-zelulen eboluzioari eta minbizia beraren bilakaerari.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Amirouchene-Angelozzi N., Swanton C., Bardelli A., (2017) Tumor evolution as a therapeutic target. Cancer Discov, 7:805-817.
  • Davis A., Gao R., Navin N., (2017). Tumor evolution: Linear, branching, neutral or punctuated? Biochim Biophys Acta, 1867: 151-161.
  • Williams M.J., Werner B., Barnes C.P., Graham T.A., Sottoriva A., (2016). Identification of neutral tumor evolution across cancer types. Nat Genet, 48: 238–244.

———————————————————————————-

Egileez:

Gorka Larrinaga, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta Erizaintza Saileko irakaslea da.

Iker Badiola, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Zelulen Biologia eta Histologia Saileko ikertzailea da.

José Ignacio López, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzu burua eta ikertzailea da.

———————————————————————————-

Zer dakigu minbiziaz? artikulu-sorta

  1. Zer dakigu minbiziaz? Minbiziaren markak.
  2. Zer dakigu minbiziaz? Minbizi-zelula amak.
  3. Minbizia: zauri sendaezina.
  4. Tumorearen mikroingurunean ezkutaketan jolasten.
  5. Tumore barneko heterogeneotasuna. Sarrera.
  6. Tumore barneko heterogeneotasuna eta eboluzioa

The post Tumore barneko heterogeneotasuna eta eboluzioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Iktusari aurrea hartzeko biomarkatzaileak identifikatu dituzte

Al, 2018-11-26 09:00
Pertsona batek iktusa (gaixotasun zerebrobaskularra) izango duen aurreikusteko biomarkatzaileak identifikatu dituzte.

Irudia: Euskadin, urtero, 6.000 iktus kasu berri izaten dira eta 600 heriotza inguru eragiten ditu.

Jada iktusa izan duten edo izateko arrisku handia duten pazienteak aztertuta, iktusa izateko probabilitate handiagoa adierazten duen gene-taldea identifikatu dute ikertzaileek. Arterietan pilatzen joaten diren kolesterol-plakak ezegonkorragoak, hauskorragoak, izatea eragiten dute gene horiek. Plaka hausten denean, zatiak garuneko odol-hodietara iristen dira eta buxatu egiten dituzte, gaixotasuna sorraraziz.

Gene horiek odol-analisi bidez identifikatzeko ari dira lanean ikertzaileak, era horretara sintomarik izan gabe ere iktusa izateko probabilitate handiagoa nork duen aurresan ahal izateko. Praktika klinikoan analitika hori erabiltzea mugarri izango litzateke patologia horri aurre egiteko bidean: kontrol handiagoa eta prebentzio-lan askoz ere eraginkorragoa egitea ahalbidetuko luke.

Euskadin, urtero, 6.000 kasu berri izaten dira eta 600 heriotza inguru eragiten ditu. Bestalde, iktusa munduan heriotza eragiten duen bigarren kausa da, eta urtean 17 milioi kasu berri izaten dira.

Gaixotasuna eragiten duten prozesuak oso konplexuak dira eta horrek asko zailtzen du benetako diagnostiko-balioa duten biomarkatzaileak aurkitzea. Era berean, orain arte ez da lortu iktusa garatzeko arriskua baloratzen lagunduko duen testik. Horregatik da hain garrantzitsua abian den ikerketa, eta bere emaitzak.

The post Iktusari aurrea hartzeko biomarkatzaileak identifikatu dituzte appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #230

Ig, 2018-11-25 09:00
Uxue Razkin

Fisika

Energiaren kontserbazioa Bohr-en eredu atomikoaren oinarrizko elementu bat izan zen. Proposamen horrek arazoak sortu zituen eta beraz, konponbide bat bilatu zuen: energiaren kontserbazioa mugatzea atomoak eremu elektromagnetikoarekin zituen interakzio guztien batezbestekora, horrela interakzio indibidualek ez baitzuten edukiko termodinamikaren lehen legeari jarraitzeko beharra. Werner Heisenberg-ek fisikan kontserbazio-legeak nola ulertu behar ziren aldatu zuen. Artikulu honen arabera, matematika-simetria jakin batzuk ziren, zeinak matrize batzuen adierazpenei zaizkien berezkoak, alegia, sistema fisiko bat egoera batetik bestera daramatzaten eragiketak irudikatzen zituzten adierazpenei. Eman ziren hurrengo urratsak ezagutzeko, jo ezazue “simetriak” artikulura.

Genetika

Suizidiorako joeran geneek zeresana badutela ondorioztatu dute Utaheko Unibertsitateko zientzialariek. Emaitza horretara iristeko, beren buruaz beste egin duten pertsonen DNA aztertu dituzte. Ikertzaileen arabera, bizipenek eta inguruak eragin handia dute suizidiorako pentsamenduak izaten dituztenengan, baina alderdi genetikoak ere badu zeresan handia bistan denez.

Geofisika

Neutrino atmosferikoek Lurra zeharkatzean egiten duten ibilbidea jarraituta, planetaren dentsitatearen banaketa neurtzeko gain izan dira IFIC Valentziako Unibertsitateko Fisika Korpuskularreko Institutuko ikertzaileak. Partikula horiek atzeman dituzte Antartikan dagoen IceCube behatokiari esker. Neutrino horien jatorria urruneko fenomeno masiboetan egon daiteke (supernobetan edo zulo beltzetan, esaterako), eguzkian edota izpi-kosmikoek atmosferako partikulekin talka egitean sortutako elkarrekintzan. Ikertzaileek erabili duten teknikari buruz aritu da Juanma Gallego kazetaria honetan

Klima-aldaketa

Klima-aldaketaren eraginez, Pirinioetako paisaia aldatzen ari da. Landareak eta animaliak gorago ari dira bilatzen habitat berriak, eta sektore ekonomikoetan ere ondorioak nabarmenak dira. Horren froga zientifikoak aurkeztu ditu OPCC Pirinioetako Klima Aldaketarako Behatokiak: eragina, zaurgarritasuna eta egokitzea izeneko txostenean. Publikatu dituzten datuen artean esanguratsua da 1949tik 2010era, 1,2 gradu berotu dela mendikateko batez besteko tenperatura, besteak beste. Baina badira beste hainbat aldaketa sektore ekonomikoetan, baita biofisikoetan ere.

Medikuntza

INDICATE gailua (“Minbiziaren in vitro diagnosi testa” esan nahi du) aurkeztu digute asteon. Minbiziaren diagnosi goiztiarrerako eta tratamenduen egokitzapenerako kontzeptu berri bat proposatzen da. Artikulu honen muina proiektu horren nondik norakoa azaltzea da. Hortaz, lan honen helburua da ekonomikoki jasangarria izango den eta minbizi ezberdinen azterketarako malgutasuna emango duen Lab-on-a-Chip prototipo bat gauzatzea.

Astronomia

Iruñeko Planetarioak 25 urte beteko ditu astronomia eta zientzia ezagutzak zabaltzen eta argi kutsaduraren aurka borrokatzen. Bere urteurrenarekin batera tresneria digitalizatzea lortu dute. Ez da “lan erraza” izan planetarioentzat, aretoen ezaugarriengatik: oso-oso ilunak dira, eta iluntasuna mantentzea ahalbidetzen duten proiektoreek baizik ez dute balio. Aldatu ez duten gauza bat badute: izar proiektorea, euren “harribitxia”.

Bizitzaren azken fasean dauden bi izarrek sortzen duten hautsezko errota bat aurkitu dute gure galaxian. Ikertzaileen arabera, gutxienez bietako batek gamma-izpien eztandak sor litzake, supernoba gisa lehertzen denean. Izar-sistema horri izena jarri diote: Apep. Badugu horren informazio gehiago Elhuyar aldizkariaren eskutik: Lurretik 8.000 argi-urtera dago. Sistemaren nebulosan gas-haizeek sekulako abiadurak hartzen dituztela neurtu dute: 3.400 km/s-koak. Hautsa, berriz, askoz motelago mugitzen da, 570 bat km/s-ra. Apep oso baliagarria izan daiteke masa handiko izarrak nola hiltzen diren ikertzeko.

Biologia

Zein da Lurreko biomasaren banaketa? Uste dute 555.000 miloi tona karbono dela. Horietatik %80a landareetan daude, bakterioak %15 dira eta gainerako guztia honela bananduta dago: %10etik gertu, onddoak, arkheak, protistoak, animaliak eta birusak. %60a agerian dago itsasoan edo lehorrean. Beste guztia, urpean edo lur azpian dago. Datu interesgarri gehiago aipatzen dira: Landare-biomasaren %70a zurezkoa da eta jarduera biologiko txikikoa. Horrelako jarduera dute akuiferoetan edo itsasoaren hondoaren pean dauden bakterioek. Artikulu osoan zehar ematen diren datuak giza jardueren ondorio direla badirudi. Izan ere, uste dute Kuaternarioaren bukaeran baino zazpi aldiz txikiagoa dela egungo lurreko ugaztunen biomasa.

Bioteknologia

Laborategian hazitako garun-organoideek gureen antzeko seinaleak sortu dituzte Kaliforniako Unibertsitatean. Zelula ametatik abiatuta, ehunka garun-organoide sortu eta hamar hilabetez hazi ondoren, elektroentzefalogramaren bidez frogatu dute giza garunek sortzen duten antzeko seinale elektrikoak sortzen dituztela. Euren berezitasuna da seinalearen eredua ez dela erritmikoa, giza garun helduek sortzen dutenaren modukoa, baizik eta irregularra, 25-39 asteko dituzten enbrioien antzekoa.

Berrian, Mary Shelleyk idatzitako ‘Frankenstein’ liburua izan du abiapuntu Ana Galarragak albiste horri buruz idazteko. Paralelismo zoragarri batekin aurkeztu digu albiste harrigarri hau: giza zelula ametatik abiatuta, ehunka garun organoide sortu dituztela, alegia. Kontatu digunez, ikerketa honen helburua da giza enbrioiaren garunaren garapena hobeto ezagutzea, eta autismoa, epilepsia eta halako gaitzak ikertzea.

Ingeniaritza

Titanio eta aluminio aleazio berriek hegazkinen motorren pisua %25 murriztu dezakete UPV/EHUn gauzatutako ikerketa baten arabera. Motor eraginkorrak ez ezik, CO2 emisioak eta erregaiaren kontsumoa gutxitzea du helburu. Horretaz gain, hegazkin arinagoak egiteko ezinbestekoa da tenperatura altuetan erresistenteak diren material arin berritzaileak garatzea. Titanio-aluminio aleazioek potentzial handia dute eskari horiek guztiak betetzeko.

Paleontologia

2016an aurkitutako Armintxeko grabatu paleolitikoak ikertzen aritu dira eta orain Bizkaiko Foru Aldundiak ikerketaren berri eman du. Zehazki, grabatuak egiteko teknika nabarmendu du. Kantabriako Historiaurrearen Ikerketen Nazioarteko Institutuko katedradun César González Sainzek zuzendu du grabatuen azterketa eta haren arabera, “prozedura teknikoetan dago Armintxeren bereizgarri nagusia”.

Mozketa markak dituzten hegazti eta karniboroen fosilak aurkitu dituzte Diman (Bizkaia). Iberiar penintsulako iparraldean aurkitu dituzten lehenbiziko zantzuak dira, hain zuzen. Orain arte, karniboro eta hegaztien kontsumoen zantzuak Iberiar penintsulako Mediterraneo aldean aurkitu izan dira soilik: “Ikerketa honek neanderthalen dietaren aberastasunari buruzko informazio gehigarria ematen du, eta ideia bat indartzen du: gizaki hauek inguruarekin interakzio konplexua zuten”.

Orain dela pare bat aste agertu zen albisteari heldu dio Berriak asteon, neandertalen saihets-hezurren aferari, alegia. Gogora dezagun Asier Gómez-Olivencia eta Ella Been ikertzaileek gidatutako lanean, hiru dimentsiotan berreraiki dutela neandertalaren toraxa eta horri esker, haren arnasketa aztertzeko gai izan direla. Egindako lanean ikertzaileek proposatu dute arnasteko modua ezberdina zela gaur egungo gizakiekin alderaturik. Oro har, gaur egungo gizakiarekin alderatuta, ezberdintasunak topatu dituzte.

———————————————————————–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #230 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #238

La, 2018-11-24 09:00

Petrolioa albo batera uztearen arazoetariko bat ez da hartatik datozen erregaiekin dabiltzan garraioetan izango duen eragina edota elektrizitatea ekoizteko orduan sorrarazi ditzakeenak. Petrolioan oinarritutako material ugarien ekoizpenean nabarituko da ondorioa. Hala ere, petrolioaren ordezkoak aurki daitezke gutxien espero ditugun tokietan. Pablo Ortizek aurkezten digu horietako bat: Catechol derivatives from “ideal lignin”.

Kristautasunak jainko, erritu eta jai paganoak bereganatu zituela jakin badakigu. Behar bada ez da hain ezaguna Behar bada ez da hain ezaguna Budaz ere jabetu zela. Jesús Zamora Bonillak azaltzen digu zelan: How Buddha became a Christian saint.

Material berrien zientzia-eremuan erabiltzen dira ere zehatz-mehatz nola funtzionatzen duten ez dakizkigun gauzak. Laburbilduz, funtzionatzen dute baina ez dakigu zelan, ordea. Hori berori gertatzen zitzaion karbono dots polimerikoen fluoreszentzia urdinari, DIPCko ikertzaileak lanean hasi ziren arte: Origin of the mysterious blue fluorescence of polymer carbon dots.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #238 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Maddi Ibarbia: “Sormena trebatzeko sormen-prozesuan garuneko zein eremu aktibatzen den jakin behar da” #Zientzialari (105)

Or, 2018-11-23 09:00

Sormena bizitzako arlo ezberdinetan azaltzen da, margolariak koadro berri bat egiterakoan, sukaldariak plater berri bat asmatzerakoan edo musikariak pieza berri bat konposatzen duenean, besteak beste.

Baina, zer da zehazki sormena eta zer gertatzen da burmuinean sormen-prozesu bat hasten denean? Neurozientzien arloan ez dira sormenaren inguruko ikerketa proiektu ugari burutu, eta beraz, zaila izaten da askotan sormena eta garunaren arteko erlazioa topatzea.

Euskal Herrian, Donostiako Basque Center for Brain and Language (BCBL) dugu burmuinaren funtzionamendua aztertzen duen ikerketa erreferentzia zentroa. Bertan, Maddi Ibarbia ikertzailea doktoretza tesia prestatzen dabil eta berarekin elkartu gara sormen-prozesuetan garunean gertatzen direnak zehatzago ezagutzeko.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Maddi Ibarbia: “Sormena trebatzeko sormen-prozesuan garuneko zein eremu aktibatzen den jakin behar da” #Zientzialari (105) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Diagnosi azkarrera bideratutako gailu mikro-fluidikoen garapen eta azterketa

Og, 2018-11-22 15:00
Jaione Etxebarria-Elezgarai, Susana Carregal-Romero, Charles Lawrie, Fernando Benito-Lopez, Lourdes Basabe-Desmonts Lan honetan INDICATE izeneko proiektua aurkezten da, non minbiziaren diagnosi goiztiarrerako eta tratamenduen egokitzapenerako kontzeptu berri bat proposatzen den.

INDICATEk “IN vitro DIagnostics for CAncer TEsting” edo “Minbiziaren in vitro diagnosi testa” esan nahi du. Proiektuaren helburu nagusia ekonomikoki jasangarria izango den eta minbizi ezberdinen azterketarako malgutasuna emango duen Lab-on-a-Chip prototipo bat gauzatzea da. Horrela, laborategiko hainbat funtzio bilduko dituen gailu hibrido miniaturizatu batekin odoleko DNA zirkulatzailea analizatu eta kasuan kasuko mutazioaren presentziarik ote dagoen ezagutu nahi da.

INDICATE gailua ClearBlue obulazio testaren antzeko in vitro diagnosi tresnetan inspiratuta dago, baina funtzionamendu askoz konplexuago batekin. Pazientearen odol lagin bat erabiliz minbiziaren diagnostiko goiztiarra ahalbidetuko duen “biopsia-likidoa” izango da. Mota honetako sistema integratu multifuntzionalak garatzean ohikoa izaten da prototipoen ekoizpena era modularrean bideratzea, modulu bakoitzak laborategiko funtzio bat biltzen duelarik.

Adibidez, kasuan kasuko minbiziaren mutazioa identifikatuko duten zunden diseinua, edota laborategiko prozesu ezberdinak era miniaturizatuan gauzatzeko beharko diren egitura mikro-fluidikoen fabrikazio eta funtzionamendua. Helburu hauek lortzeko fabrikazio teknika ezberdin ugari daude eskuragarri. Lan honetan erabilera anitzetarako balio duen 3D inprimaketa bezalako teknika erraz eta merkea aukeratu da, gailu mikro-fluidiko ezberdinak garatzeko optimizazio etapan eskaintze dituen abantailengatik.

Esate baterako, diseinu egokienaren aukeraketarako, iterazio ezberdinak sortu eta probatzeko modu erraz eta azkar batean egitea baliatzen dutelako. Modu horretan, INDICATE gailuan integratuko diren operazio ezberdinen miniaturizazioa frogatu da. Halaber, lagina prestatu eta odola filtratzeko sistema, seinalearen anplifikatze gunea, likidoaren mugimendu autonomorako ponpa autopropultsatuak eta guztia bilduko duen txip hibridorako hurbilpen bat.

INDICATE gailuak gaur egungo gizartearen erronka nagusienetako batean inpaktua izatea bilatzen du, biztanleriaren osasunean eta ongizatean eragin eta bi hauek hobetze aldera. Hori lortzeko Horizon 2020 (H2020) Europar Batasuneko Ikerketa eta Berrikuntza programak definitu duten bezala, ezinbestekoa da ekonomikoki jasangarria izango den kalitatezko osasun eta arreta sistema bat ezartzea.

Europar Batasuneko, bai eta Euskal Herriko gizarteari dagokionez, bizi esperantza gero eta handiagoa da eta, ondorioz, biztanleria gero eta zaharragoa. Zahartzearekin zuzenean lotutako gaixotasunen artean, aipatzekoa da minbiziaren hedatzea nabarmena izan dela azken hamarkadan. Honekin batera, gaixotasuna garaiz antzematea ezinbestekoa dela ikusi da, pazientea gaixotasunaren hasierako etapetan tratatu ahal izateko eta etapa horietara hobekien egokitutako terapiak aplikatuz gaixotasunaren garapena gelditu ahal izateko.

Beraz, ildo horretan, ezinbestekoa da sintomak erakusten dituen pazienteei medikuaren kontsultan bertan, in situ, analisi bat egin eta berandu baino lehenago minbizia ote duen aztertu ahal izatea. Horregatik, lan honetan bildu diren emaitzek bide itxaropentsu bat zabaldu dela erakusten dute, izaera ez-inbaditzaile eta eramangarria duen prototipo honen proposamen hau, laborategitik urrun eta makina espezializatu garestirik erabili gabe analisia gauzatu ahal izateko gai izango delako. Gainera, proposatu den diseinuari esker, gailuak hainbat minbizi ezberdinen mutazioak aztertzeko malgutasuna ematen du, modulu bat aldatuz gailua mutazio bat edo beste detektatzeko erabili ahal izango delako. Era berean, odoleko DNA zirkulatzailean diagnostikatu ahal diren beste gaixotasun ugari detektatzeko baliogarria izango dela uste da

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia. 2018
  • Artikuluaren izena: Diagnosi azkarrera bideratutako gailu mikro-fluidikoen garapen eta azterketa.
  • Laburpena: Lan honetan minbiziaren diagnosi goiztiarrerako eta tratamenduen egokitzapenerako kontzeptu berri bat aurkezten da, non gailu hibrido miniaturizatu batekin odoleko DNA zirkulatzailea analizatuz, kasuan kasuko mutazioaren presentziarik ote dagoen ezagutu nahi den. Egitura hibridodun gailua paperezko zein material polimerikozko mikro-egituraz osatuta egongo da, eta laginaren prestakuntzarako, seinalearen anplifikaziorako eta detekziorako modulu ezberdinak izango ditu. Halaber, analisiakin situ egin eta emaitzak denbora gutxian eskuratzeko aukera emango digu, kostu gutxiko analisiekin pazientearen jarraipen egokituago bat egin ahal izateko.
  • Egileak: Jaione Etxebarria-Elezgarai, Susana Carregal-Romero, Charles Lawrie, Fernando Benito-Lopez, Lourdes Basabe-Desmonts.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 115-126
  • DOI: 10.1387/ekaia.17997

————————————————–
Egileez: Jaione Etxebarria-Elezgarai eta Irene Urcelay-Olabarria UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko BIOMICS-microfluidics Research group, Microfluidics Cluster UPV/EHU ikerketa taldeko ikertzaileak dira; Susana Carregal-Romero CIC biomaGUNEko Bionanoplasmonics Laboratory guneko ikertzailea da; Charles Lawrie Ikerbasque ikertzailea da Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Onkologia Sailean dabil, Fernando Benito-Lopez UPV/EHUko Kimika Analitiko Saileko AMMa LOAC Research Group, Microfluidics Cluster UPV/EHU ikerketa taldean dabil eta Lourdes Basabe-Desmonts Ikerbasque ikertzailea da UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko BIOMICS-microfluidics Research group, Microfluidics Cluster UPV/EHU ikerketa taldean.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Diagnosi azkarrera bideratutako gailu mikro-fluidikoen garapen eta azterketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kontserbazio legeez III: Simetriak

Og, 2018-11-22 09:00
César Tomé López Energiaren kontserbazioa Bohr-en eredu atomikoaren (1913) oinarrizko elementu bat izan zen. Hala ere, bere proposameneko atomo kuantizatuek gero eta arazo gehiago planteatzen zizkioten, eta, ondorioz, 1924an konponbide bat bilatu zuen: energiaren kontserbazioa mugatzea atomoak eremu elektromagnetikoarekin zituen interakzio guztien batezbestekora, horrela interakzio indibidualek ez baitzuten edukiko termodinamikaren lehen legeari jarraitzeko beharra.

1. irudia: Simetria ez-desiratua «apurtzeko», eredu estandarraren teoriak «zapore» kontzeptua sartu zuen quarketan.

Bohren gizateriaren aurkako delitu horrek, dena den, eragina izan zuen Werner Heisenberg-en mekanika kuantikoaren garapenean (1925), fisikan kontserbazio-legeak nola ulertu behar ziren aldatu baitzuen. Hain zuzen ere, kontserbazio-legeen jatorrian zerbait berria zegoen: matematika-simetria jakin batzuk, zeinak matrize batzuen adierazpenei zaizkien berezkoak, alegia, sistema fisiko bat egoera batetik bestera daramatzaten eragiketak irudikatzen zituzten adierazpenei.

Kasu horretan simetriak eskatzen zuen forma matematikoa berdina izaten jarraitzea geometria- edo denbora-aldaketa bat gertatu ostean. Hala, aldaketa bakoitzak kontserbazio bana zekarren berekin: espazioan geratutako biraketa batek momentu angeluarraren kontserbazioa, denboraren inbertsioak energiaren kontserbazioa, eta, azkenik, transformazio lineal batek momentuarena.

Halaber, simetria ez-klasiko berri bat agertu zen, zeina pausagunean dagoen partikularen momentu angeluar intrintsekoarekin (spinarekin) erlazionatzen zen. 1930eko hamarkadan horrekin loturiko kontzeptu berri bat azaldu zen, isospin delakoa: partikula nuklearren sailkapen-modu gisa garatu zen. Isospinak antipartikula berriak aurreikusteko gaitasuna agertu zuen, eta kontserbazio-lege berri bat sortu, nukleoiena.

Nukleoa aztertzeko, fisikoek behartuta ikusi zuten euren burua argia atomoaren eta nukleoaren beraren teorietan uztartzeko. Arazorik sinpleenak ere (elektroiaren eta eremu elektromagnetikoaren arteko interakzioak) zekarren mekanika kuantikoaren zein erlatibitate bereziaren teorien sintesi bat egin beharra. Bi teoria horien arteko bat egitea (argotean, birnormalizazioa) lortzeko garatu zituzten teknikek sarri asko derrigortzen zituzten aldaketak nukleoan edo bere osagaietan. Adibidez, 1928an P.A.M. Dirac fisikariaren elektroi-uhinaren ekuazio-deribazioak berekin zekarren energia-egoera negatiboak existitzea, eta Diracek interpretatu zuen horiek elektroiaren masa berdineko baina karga positiboko «antipartikula» baten domeinua zirela. Bere teorian bi elektroi-motek aldi berean sortu eta elkar suntsitu zezaketen eta hori mekanika kuantikoaren arau inplizitu baten kontra zihoan: partikulen kontserbazioa. Diracen interpretazioa indartu egin zen 1932an Carl David Anderson fisikariak positroia aurkitu zuenean izpi kosmikoek laino-ganberan uzten zituzten lorratzetan.

Beta desintegrazioaren arazoak berriro ere ahitu zuen energiaren eta momentuaren kontserbazio-legeekiko konfiantza. Konponbide gisa, Wolfgang Pauli austriarrak iradoki zuen, haztamuka hasieran 1930eko gutun pribatu batean, oraindik inork hauteman ez zuen kargarik gabeko partikula bat faltan sumatzen ziren energia eta momentua eramatearen arduradun zela. Oso masa txikidun partikula bat zen, ondoren Enrico Fermi italiarrak neutrino izen emango ziona. Neutrinoaren existentzia lehen aldiz berretsi zen Frederick Reines eta Clyde L. Cowan-en esperimentuekin, 1956an.

Partikula-azeleragailuaren garapenak «oinarrizko» partikula gero eta gehiagoren aurkikuntza izan zuen ondorio, eta kontserbazio-legeentzako arazo gehiago eta gehiago. Berritasunen artean zeuden probabilitate oso gutxiko egoeratan elkartzen ziren partikula bikoteak, hainbesteraino ziren gertagaitzak, ezen fisikariek «arrarotasun» izeneko zenbaki kuantikoak eman baitzizkieten. Garai hartan, zientzialariek nukleoaren barnean zegoen indar berri bat existitzen zela proposatu zuten, zeinari «indar ahul» izen eman zioten. Neutrinoa, beraz, partikula «ezkerti» bihurtu zen, eta antineutrinoa, berriz, «eskumati».

Kontserbazio-legeak berriro berrikuspen baten beharrean zeuden. Hain zuzen, berrikusi beharrekoak ziren, esaterako, interakzio elektroahuletan paritatea kontserbatu egiten zela ziurtzat jotzen zutenak. P-k beharrezkoa du bai gailu batek bai bere isipulu-irudiak modu bertsuan funtzionatzea material bertsuekin eginak badaude, hau da, jokaera berdina izatea espazio-koordenatuak alderantzikatuta ere (denbora alderantzikatuta, ordea, ez). Hala, P ez kontserbatzeak simetria-erlazio eta kontserbazio-lege desberdinak planteatzera behartu zituen ikertzaileak, adibidez, C simetria (C, ekuazio batean parte hartzen duten kargak kontrakoak bihurtzen dira) edota denbora-inbertsioarena (T, t aldagaia -t bilakatzen da). Lorturiko emaitzarik mardulena CPT-ren kontserbazioa izan zen. «CPT aldaezintasun» deiturikoan, hiru transformazioak aldi berean gertatzen badira eta T kontserbatzen bada, orduan CP ere kontserbatuko da.

Pren ez-kontserbazioa frogatzeko egin ziren esperimentuek erakutsi zuten partikula batzuk berez direla ezkerti eta beste batzuk berez eskumati. 70eko hamarkadan eredu orokor bat azaldu zen, aski onartua, partikulak eta euren jokaera azaltzen zuena: eredu estandarra. Bere oinarrizko osagaiek, quarkek, elektroien zatikiak ziren kargak zeuzkaten (2/3, -1/3). Nolanahi ere, eredu horretan hadroi guztiek (protoiek, neutroiek, etab.) masa berdina izan beharko lukete simetriagatik, eta hori ez da betetzen. Simetria ez-desiratu hori «apurtzeko», teoria horrek «zapore» kontzeptua sartu zuen quarketan.

2. irudia: Eredu estandarraren oinarrizko osagaiak quarkak dira.

Quarkak indar nuklear bortitzak lotuta egoteko baldintzak simetria eta kontserbazio-lege berriak agertzea eragin zuen. Matematika-azalpenei ulergaitzak izatea leporatzen zieten askok, baina 60ko eta 70eko hamarkadetan quarkak aurkitzean, eta 2012an Higgs bosoia, akusazio horiek ezerezean geratu ziren eta eredu estandarra sendotu egin zen.

Kontserbazio-legeek, hasieran fisikako joera erregularrak eta azkenean matematika-simetria multzoak, ia esoterikoak eta soilik gaian sartuta daudenentzako ezagungarriak, azken 250 urteetako fisikaren bilakaera gidatu dute.

——————————————–

Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

——————————————–

The post Kontserbazio legeez III: Simetriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Lurraren lehen tomografia egin dute, neutrinoak erabilita

Az, 2018-11-21 09:00
Juanma Gallego Neutrino atmosferikoek Lurra zeharkatzean egiten duten ibilbidea jarraituta, orain arte teknika geofisiko tradizionalekin baino neurtu ezin ziren hainbat parametro neurtzeko gai izan dira zientzialariak; tartean, planetaren dentsitatearen banaketa.

Neutrinoak erabilita, planetaren dentsitatearen banaketa eta beste hainbat faktore kalkulatzen dituen ikerketa argitaratu du zientzialari talde batek Nature Physics aldizkarian. IFIC Valentziako Unibertsitateko Fisika Korpuskularreko Institutuko ikertzaileek neutrino atmosferikoak baliatu dituzte neurketa horiek egiteko.

1. irudia: 2011n hasi zen lanean IceCube neutrino behatokia, eta bertan eskuratutako datuei esker zientzia emaitza oso txukunak lortzen ari dira. (Argazkia: Martin Wolf / IceCube / NSF)

Izpi-kosmikoek atmosferako nukleo atomikoekin talka egiten dutenean sortzen dira neutrino atmosferikoak. Partikula horiek IceCube behatokiari esker atzeman ahal izan dituzte. Antartikan kokatuta dagoen behatoki horrek, besteak beste, planetaren bestaldetik Lurra zeharkatuz datozen neutrinoak atzematen ditu. Horretarako, behatokiak kilometro kubo bat izotz erabiltzen du, zeharkako metodoekin partikula horien presentzia, energia eta norabidea kalkulatzeko. Neutrino horien jatorria urruneko fenomeno masiboetan egon daiteke (supernobetan edo zulo beltzetan, esaterako), eguzkian edota izpi-kosmikoek atmosferako partikulekin talka egitean sortutako elkarrekintzan.

Espero bezala, behatokiari horri esker puntako zientzia ari da burutzen. Joan den uztailean, esaterako, 3.700 argi urtera dagoen galaxia batean abiatutako neutrino bat atzemateko gai izan ziren astrofisikariak. Oraingoan, neutrinoak erabili dituzte aspalditik paperean zegoen ideia bat errealitatera eramateko.

Antzeko teknika bat erabili izan da duela gutxi Egiptoko Piramide Handiaren barnealdea ikertzeko. Kasu horretan, muoiak erabili zituzten “erradiografia” erraldoia burutzeko. Teknika horri esker, ikertzaileek ondorioztatu zuten piramidearen barruan hutsune handia dagoela, eta horrek esan nahi duela seguruenera orain arte ezagutzen ez den ganbara erraldoi bat aurkitzeko dagoela.

Gaur egungo ezagutzaren arabera, neutrinoak dira Lurra zeharkatzeko gai diren partikula bakarrak. Izan ere, neutrinoek ia-ia ez dute elkarrekintzarik ohiko materiarekin (materia barionikoarekin, hain zuzen; gizakiok “nabaritzen” dugun unibertsoaren zatia, baina unibertsoaren %4 besterik ez dena). Baina azken hamarkadetan gizakia gai izan da partikula horiek detektatzeko. Norabide horretan, aurrerapauso itzela izan zen IceCube neutrino behatokiaren martxan jartzea.

Andrea Donini, Sergio Palomares eta Jordi Salvado ikertzaileek 2011n IceCubek atzemandako 20.000 neutrino inguru hartu dituzte abiapuntutzat. Atmosferan sortutako neutrinoak izanda, fisikariek aukera izan dute norabide guztietatik datozen neutrinoak eskura izateko.

Erabilitako teknika ulertzeko, kontuan hartu behar da neutrino guztiek ez dutela Lurra zeharkatzen, gaitasun hori euren energiaren araberakoa baita. 1.5 TeV baino gehiagoko energia duten neutrinoak bidean geratzen dira, Lurraren baitan harrapatuta. Aurretik egindako balioespenei esker, zientzialariek badakite bidean geratzen diren neutrinoen proportzioa zein den. Modu horretan, eta partikula horien bidea aztertuta, Lurraren baitako dentsitatea eta beste hainbat faktore kalkulatu ahal izan dituzte: Lurraren masa, inertzia-momentua, nukleoaren masa eta nukleoaren eta mantuaren masaren arteko zatidura.

2. irudia: Neutrinoak atzemateko izotzean sartutako 5.400 bat sentsore erabiltzen ditu IceCubek. Zeharkako metodoa da, neutrinoek atomo batekin talka egitean Txerenkoven erradiazio deritzona sortzen dutelako. (Irudia: Jamie Yang / IceCube)

Gutxi gorabehera, ondorioztatu dituzten zenbakiak bat datoz ohiko teknika geofisikoekin egindako kalkuluekin, baina ez dute horien zehaztasuna berdindu. Alabaina, hori, momentuz, berdin dio. Ohi ez bezala, kasu honetan protagonista ez da izan ondorioa, erabilitako tresna baizik. Irekitzeko zegoen bidea ireki du ikerketak.

Etorkizunean teknika doituz doan heinean, planteamendu berria bereziki interesgarria izan daiteke planetaren nukleoa ikertzeko. Orain, Lurraren barnekoa ikertzeko lurrikarek sorraraziko uhinak erabiltzen dira bereziki. Datu andana sortzen dute lurrikarek: neurketetan erabilgarri izan daitezkeen 100.000 bat lurrikara sortzen dira urtero, baina lurrikara hauen uhinak ez dira gai barne nukleoa zeharkatzeko.

Ikertzaileek espero dute 2011z geroztik IceCubek eskuratutako datuak erabili ahal izatea. Modu horretan orain esku artean darabilten teknika hau doitu ahal izango dute. Baina are garrantzitsuagoak izango diren datu berriak eskuratzea ere espero dute. Izan ere, Mediterraneo itsasoan KM3NeT neutrino behatoki berria martxan jartzen denean (denera, itsaspeko bost eremu izango dira, Frantzian, Italian eta Grezian), planetaren bi hemisferioetan kokatutako behatokiak egongo dira, eta horrek, seguruenera, aukerak biderkatuko ditu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Donini, A.; Palomares, S. and Salvadó, J. (2018). Neutrino tomography of Earth. Nature Physics. Published: 05 November 2018. DOI: https://doi.org/10.1038/s41567-018-0319-1

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Lurraren lehen tomografia egin dute, neutrinoak erabilita appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Lurreko biomasaren banaketa

Ar, 2018-11-20 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Uste dute 550 Gt C dela Lurreko biomasa, hau da, 555.000 miloi tona karbono. Horietatik %80a (450 Gt), landareetan daude, eta horien artean enbriofitak dira nagusi. Bakterioak %15 dira (70 Gt). Gainerako guztia honela bananduta dago: %10etik gertu, onddoak (12Gt), arkheak (%12, 7Gt), protistoak (4 Gt), animaliak (2 GT), eta birusak (0.2 Gt). Hala ere, honelako estimazioak badaezpadakoak dira, nekez iritsi daitezkeelako hainbat esparrutara, eta bertan bakterioak eta birusak oso ugariak izan litezke.

1. irudia: Biomasa deritzogu inguru zehatz batean dauden izaki bizidun guztien materiari. Biomasa hainbat modutan neur daiteke, esaterako, bolumena, azalera edo karbono unitateen bidez. (Argazkia: Pixabay – Creative Commons lizentziapean)

%60a (320 Gt), agerian dago itsasoan edo lehorrean. Beste guztia, urpean edo lur azpian dago. 130 Gt daude landareen sustraietan eta 100 Gt bakterioetan, dela lurrean daudenetan, dela itsasoko hondoaren pean. Landare-biomasaren %70a zurezkoa da eta jarduera biologiko ñimiñokoa. Horrelako jarduera dute akuiferoetan edo itsasoaren hondoaren pean dauden bakterioek. Horrek esan nahi du berriztatze-denborak oso luzeak dituztela: hilabete batzuetatik milaka urtera. Bizitza “geldo” horiek alde batera utzita, landare eta bakterioen biomasa handia da beti ere: 150 Gt landareen sustrai eta hostoetan, eta 9 Gt itsasoko eta lurreko bakterioetan. Onddoak hurbil dabiltza (12 Gt).

Arthropoda phylumeko klasea osatzen duten intsektuak dira espezie kopuru handia dutenak (milioi bat espezie), baina animali biomasaren zati txiki bat dira. Itsas artropodoak dira ugarienak: 1 Gt. Haien artean, espezie bakar batek 0.05 Gt ditu, gizakiaren parean (0.06 Gt). Espezie hori Euphasia superba da (balea urdinek jaten duten krilla). Antzerako biomasa dute behi-abereek eta termitek. Ugaztun eta hegazti basatiek askoz ere biomasa gutxiago dute: 0.07 eta 0.02 Gt hurrenez hurren. Itsas artropodoen atzetik, arrainak dira biomasa gehien dutenak (0.7 Gt), eta geroago datoz lurreko artropodoak, anelidoak (ar segmentatuak) eta moluskuak, haietatik bakoitzak 0.2 Gt dutelarik. Abereek 0.1 Gt dute, knidarioen antzera (hau da medusa, anemona eta antzekoen kantitatearen antzera).

2. irudia: Taxon bakoitzari dagokion biomasaren banaketa globalaren irudikapen grafikoa. (Iturria: Yinon M. Bar-On, Rob Phillips, and Ron Milo (2018). The biomass distribution on Earth | PNAS)

Aurreko zenbaki guztiak giza jardueren ondorio dira neurri handi batean. Izan ere, uste dute Kuaternarioaren bukaeran baino zazpi aldiz txikiagoa dela egungo lurreko ugaztunen biomasa. Bestetik, baleen eta bestelako itsas ugaztunen arrantzak bost aldiz txikiagoa izatera eraman du animalia horiei dagokien biomasa. Guztira, ugaztun basatien biomasa sei aldiz txikiagoa izatera iritsi da, gizakiek Lurrean zeharreko hedapenak eraginda. Gizakien abereak direla eta, ugaztunen osoko kopurua laukoiztu egin da (0.04 tik 0.17ra). Landareen biomasa erdira jaitsi da azken 10.000 urteetan, eta horrek esan nahi du osoko biomasari ere antzerakoa gertatu zaiola.

Gure espeziea ez da Lurrean dagoen espezierik ugariena, ezta biomasaren ikuspegitik ere, baina zalantzarik gabe, bera da gure planetako ekosistemei larrien eragin dien espeziea.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

The post Lurreko biomasaren banaketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Hegazkinen motorren pisua murrizten

Al, 2018-11-19 09:00
Titanio eta aluminio aleazio berriek hegazkinen motorren pisua %25 murriztu dezakete UPV/EHUn gauzatutako ikerketa baten arabera.

Irudia: Hegazkinen motorren pisua %20 eta %30 bitartean arindu dezakeen materiala ikertu dute.

Titanio-aluminio (TiAl) aleazio berriek industria aeronautikoan erabiltzen diren materialak ordezka ditzakete, horien errendimendua hobetuz gainera, Leire Usategui Frías fisikariak egindako “TiAl intermetallics for aerospace applications: atomic relaxation processes, microstructure and mechanical properties at high temperature” doktorego-tesiko ikerketaren arabera.

TiAl aleazioen deformazio-prozesuak kontrolatzen dituzten mugimendu atomikoak arrakastaz ikertu eta sektore aeronautikorako eta aeroespazialerako egokiak diren mugimendu atomikoak identifikatu dira.

Industria aeronautikoak eta aeroespazialak motor eraginkorrak ez ezik, CO2 emisioak eta erregaiaren kontsumoa gutxitzea du helburu eta hori hegazkinen motorren pisua gutxituz lor daiteke. Hegazkin arinagoak egiteko ezinbestekoa da tenperatura altuetan erresistenteak diren material arin berritzaileak garatzea. Titanio-aluminio aleazioek potentzial handia dute eskari horiek guztiak betetzeko.

Orain arte, nikela oinarri duten superaleazioak nagusitu dira hegazkinetako turbinen besoen ekoizpenean: karga mekaniko eta termiko altuei eusteko gai dira, baita zerbitzu-egoeretan ere. Superaleazio horiek dentsitate handia dute, TiAl aleazioen dentsitatea, aldiz, horien erdia da. Beraz, arinagoak izateaz gain, TiAl aleazioek oxidaziorako erresistentzia, motorraren gainberotzea eta, batez ere, isurpen (materialek tenperatura altuetan tentsiopean lan egiten dutenean azaldu ohi den deformazioa; nahitaez saihestu behar dena) ona erakutsi dute.

TiAl aleazioak dira hegazkinetako turbinetan orain arte erabiltzen diren materialak ordezkatzeko aukerarik aproposena, motorren pisua %20 eta %30 bitartean arinduko baitute. Modu horretan motorraren errendimendua nabarmen areagotuko litzake eta erregai-kontsumoa gutxitu.

Osagai aeronautikoen zerbitzu-tenperatura areagotzeko helburuarekin, TiAl aleazioei elementu kimiko ezberdinak gehitzean zein eragin duten aztertu da hobetutako material lehiakorragoak lortzeko. Orain dela gutxiko aleazio aipagarrienetako batek titanio eta aluminio elementu nagusiez gain, niobio eta molibdeno kantitate orekatuak eta silizio eta karbono kantitate txikiak ditu.

Aleazio berri horiek egitura egonkorra eta isurpen-erresistentzia aproposa izatea ezinbestekoa da ingeniaritza aeronautikoaren eskakizunak betetzeko. Ezaugarri horiek guztiak difusio- eta deformazio-prozesuek kontrolatzen dituzte. Horregatik, garrantzitsua da prozesu horiek kontrolatzen dituzten mekanismo atomikoak identifikatzea.

Karbonoak difusio-prozesuak atzeratzen ditu. Maila atomikoan gertatzen diren mugimenduak dira eta ez dira errazak detektatzeko ezta aztertzeko ere. Arrakastaz ikertzea lortu da, espektroskopia mekanikoa izeneko teknika esperimental konplexuari esker.

Tenperatura ezberdinetan materialak zein portaera duen egiaztatu da, hegazkineko motorra berotu ahala zer gertatzen den ikusteko. Informazio hori guztia behar-beharrezkoa da material horrekin ekoiztuko diren besoen fidagarritasuna eta eraginkortasuna bermatzeko, hegaldi- zein atseden-egoeran.

TiAl aleazioei molibdenoa, niobioa, karbonoa eta silizioa gehitzean zer gertatzen den behatu eta elementu kimiko horien difusio-prozesua noiz eta nola aktibatzen den ezagutu da ikerketari esker. Informazio hori ezagutzea ezinbestekoa da difusio-prozesuak atzeratzeko eta, ondorioz, deformazio-prozesuak atzeratzeko; baita aleazio horiek lan egin dezaketen tenperatura tartea areagotzeko ere.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Titanio eta aluminio aleazio berriek hegazkinen motorren pisua % 25 murrizten dute.

The post Hegazkinen motorren pisua murrizten appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #229

Ig, 2018-11-18 09:00
Uxue Razkin

Osasuna

Espainiako Gobernuak plan bat aurkeztu du “pseudoterapiek” ekar ditzaketen arriskuak saihesteko. Ebidentzia zientifikorik ez daukaten produktu ororen kontrako neurriak hartuko dituzte, hori izango da planaren abiapuntua. Unibertsitateetatik eta osasun zentroetatik erretiratzea da helburuetako bat. Publizitatean ere informazio desegokiei erreparatzea da planaren beste asmoetako bat.

Ildo horri jarraiki, homeopatiaren etorkizuna kolokan dago. Erregistratuta dauden 2.008 produktu homeopatiko bakarrik eskura daitezke egun botiketan, gainerakoak erretiratu egin dituzte.

Obesitateak minbizian duen eragina argitu dute. Badirudi NK zeluletan dagoela gakoa: immunologia-sistemaren zelula horiek arduratzen dira minbizi-zelulak detektatzeaz eta suntsitzeaz, eta gantz-gehiegiak blokeatu egiten ditu. Arazoa da detektatzeko gai direla baina ez ez dituztela suntsitzen.

Troposferan dagoen ozonoa arazo bilakatu da gizakiontzat. Izan ere, gehiegi dagoenean, osasun arazoak sortzen ditu. Ozono troposferikoa sortzen da industriak eta trafikoak sortutako nitrogeno oxidoek eta konposatu organiko lurrunkorrek eguzki erradiazioarekin erreakzionatzen dutenean. Batez ere, partikula finak dira arazo gehien sortzen dituztenak. EEA Europako Ingurumen Agentziak eman ditu aditzera datu batzuk: 2015ean Europako Batasuneko 28 estatuetan 391.000 heriotza goiztiar eragin zituzten partikula finek. Ildo honi jarraiki, ikerketa batek asmaren eta kutsaduraren arteko lotura agerian jarri du. Irakur ezazue artikulua osorik!

Teknologia

EHUko Kimika Fisikoa Saileko Quantum Technologies for Information Science (QUTIS) ikerketa-taldeak bizi artifiziala sortu du lehen aldiz ordenagailu kuantiko batean. Artikulu honetan azaltzen denaren arabera, bizi artifizialeko protokolo bat da, Darwinen eboluzio-legeei jarraitzen die eta kodifikatzen dituen portaera kuantikoak sistema bizienak dira berez: autorreplikatzea, mutazioa, banakoen arteko elkarrekintza, jaiotza eta heriotza.

Emakumeak zientzian

Asteon Christiane Nüsslein-Volhard biologoa izan dugu protagonista eta berarekin oso harrigarria den prozesu bat: enbriogenesia. Bere lankide izan zen Eric Wieschausekin batera 1980. urtean identifikatu zituen enbrioiaren garapena ahalbidetzen duten mekanismo genetikoak, hau da, “transformazioaren” arduradunak aurkitu zituzten. Gainera, egiaztatu zuten organismo bat etapaz etapa sortzen dela eta garai bakoitza gene talde jakin batek zuzentzen duela. Lan horri esker Nobel saria jaso zuen 1995ean.

Biologia

XVIII. mendearen amaieran, gero eta naturalista gehiagok baieztatzen zuten izaki bizidunek badituztela objektu bizigabeetatik garbiki ezberdintzen dituzten bereizgarriak. Ezaugarri hori animaliek zein landareek agertzen zuten barne antolaketa izango zen; naturalistak “organismoak” esaten hasi zitzaizkien. 1800 urtearen inguruan, Georges Cuvier naturalistak pentsatzen zuen atalen elkarrekiko mendekotasuna gidatzen zuten arau batzuk zeudela. Biologiaren aurkikuntzek, biokimikaren esparruko lorpenek eta Mendelen legeen berraurkikuntzak organismoaren kontzeptua aldatzen lagundu zuten.

Kimika

Haragiaren ekoizpenean dagoen zientzia da testu honen muina. Josu Lopez-Gazpiok azaltzen digu, oro har, jaten dugun haragiaren kalitatea hiru osagaien -muskulu-ehunaren, ehun konektiboaren eta gantz-ehunaren- proportzioaren eta sakabanaketaren araberakoa dela. Animalien muskulua haragi bihurtzeko animalia hil egin behar da, jakina. Hil ostean, haren zelulek bizirik jarraitzen dute denbora tarte labur batez eta une horretan zelulek energia-erreserbak kontsumitzen dituzte eta prozesu horretan zehar azido laktikoa metatzen dute. “Azido laktikoak entzimen jarduera murrizten du eta bakterioen hazkuntza saihesten du, beraz, haragiak kalitate hobea du denbora luzeagoz”, dio kimikariak. Garrantzitsua da, hortaz, animaliak ahalik eta modu ez-traumatikoenean hiltzea.

Ekologia

Giza presioak ibai ekosistemetan duen eraginaren azterketa bat egin dute. Emaitzen arabera, ikusi dute urtegiak direla asaldura gehien eragiten dutenak. Ibaien zikloa aldatzearen ondorio nagusienak dira, besteak beste, algak neurriz gain haztea, farmakoen kontzentrazioa handitzea ur estresa dagoen lekuetan eta materia organikoaren deskonposizioa moteltzea, hau da, ibaiek gaitasun txikiagoa izatea materia organikoa degradatzeko.

Denok gogoratzen dugu Oier Bartolome surflariak egindako bideoa, berez babestua den biotopoa plastikoz beteta zegoela erakutsi zuenean. Bideo horrek kontzientzia piztu zuen eta Eguzki talde ekologistak deituta, berrehun herritar baino gehiago plastikoak auzolanean jasotzen aritu dira Deba eta Zumaia arteko flyschean. 2.500 kilo inguru jaso dituzte.

Astrofisika

Jose Antonio Caballero astrofisikariari egin dio elkarrizketa Berriak. Carmenes proiektuaz mintzatu da, gertuko izarren inguruan dauden planeten bila aritzen da bertan. Superlur izoztu bat aurkitu dute Barnard izarraren orbitan, abiadura erradialaren metodoarekin. “Barnarden kulunka txiki bat hauteman genuen, eta hura aztertzen hasi ginen. Lurraren masa 3,2 aldiz du planetak, eta 233 eguneko urtea. Bernard izarra oso ahula denez, planeta oso hotza da, 170ºC, gutxi gorabehera”, azaltzen du Caballerok.

Fisika

Zenbait materialetan, egiturazko aldaketak oso txikiak izaten dira eta, beraz, haien detekzioa ohiko tekniken bidez ezinezkoa da. Hori dela eta, material horiek egiturazko aldaketekiko oso sentikorrak diren tekniken bidez aztertzea ezinbestekoa da. Larmor difrakzioa ipini dute adibide testu honetan. Orain dela 15 urte garatu zen eta Larmoren prezesioan oinarritzen da: eremu magnetiko batean dagoen spinak edo momentu magnetikoak prezesatu egiten du eremu magnetikoaren norabidearen inguruan.

———————————————————————–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #229 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #237

La, 2018-11-17 09:00

Texas A&M ROTC Cadet Corps fall out of formation at command dismissed order. (Photo by Frank Scherschel/The LIFE Picture Collection/Getty Images)

Zelan ikertu daitezke fluido biologiko batean flotatzen dabiltzan proteinak? Fluorrekin (fluidoan naturalki ez dagoen elementuarekin) nanopartikula bat estalarazten eta ondoren erresonantzia magnetikoa baliatuta. Mónica Carrilek azaltzen du How to study the protein corona using fluorinated nanoparticles.

Julián Estévez robotika ikertzailearen arabera neurozientziak eta adimen artifizialak bat egingo dute. The convergence of neuroscience and artificial intelligence.

Supereroaleek eta material ferromagnetikoek ezaugarri komunak dituzte. Eta batzen direnean… DIPCko jendea: Nonequilibrium effects in hybrids of electron systems with spontaneously broken symmetries

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #237 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak