Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 31 min 45 seg

Energia gordetzen duen kontraleihoa

Al, 2018-01-29 09:00
Bai kontraleihoaren konfigurazio geometrikoaren edo termikoaren, baita kontraleihoak jartzen diren eraikinaren hainbat parametro ebaluatu dira Miguel Angel Blanco ikertzaileak egindako ikerketan, bakoitzaren eragin maila zein den ezagutzeko.

Azterketa horien emaitzetatik ateratako ondorioei esker, isolamendu eta inertzia termikoa duen kontraleiho diseinu berri baterako oinarriak ezarri dira, eraikinaren eskaera energetikoa ahalik eta gehien gutxitzeko kontraleihoa irekita zein itxita dagoenean. Egunez, irekita dagoenean, energia gordetzeko gai da eta gauean eraikinari energia ematen dio. Eraikin bateko eraginkortasun txikiko leihoak oso leiho eraginkorrekin ordezkatuta baino gehiago gutxitzen da energia eskaria diseinatutako kontraleihoekin.

Zenbakizko metodoak erabili dituzte eraikinetako simulazio energetiko tresna gisa. Erregimen geldikorrean (eraikinaren barneko eta kanpoko tenperaturak finkoak direnean) eta erregimen dinamikoan (tenperatura aldaketak daudenean) kontraleihoek duten portaera termikoa aztertzea izan du ardatz ikerketak. Erregimen geldikorra une jakin baten idealizazio bat da, ohikoa eta errealetik hurbilen dagoena erregimen dinamikoa da, kanpoko tenperatura etengabe ari delako aldatzen.

Azterketa ez da kontraleihoan bakarrik egin, ondoko elementuetan, hala nola leihoaren zubi termikoetan, eragiten dituen efektuak ere aztertu dira. Oro har, isolamendu gutxiagoko eremuak izaten dira zubi termikoak, beraz, bero galera handitzen dute; baita kondentsazio zein hezetasun orbanak azaltzeko arriskua handitu. Kontraleihoekin bero galera txikiagoa da, leihoaren zubi termikoak isolatzen baititu, modu honetan kondentsazioak gertatzeko eta hezetasun orbanak azaltzeko arriskua txikitzen.

Energia politikekin bat

Europar Batasunaren azken urteotako politiketan energia eraginkortasuna sustatu da eta, ondorioz, eraikinetako inguratzaile termikoa osatzen duten elementuak aztertzeko joera nabarmendu da, energia kontsumoa murriztu ahal izateko eta ia kontsumorik gabeko eraikinak edota energia ekoizle diren eraikinak egitea lortzeko.

Indarrean dagoen araudiak baditu zenbait erreferentzia eta ekuazio analitiko kontraleihoak zer eragin duen kuantifikatu ahal izateko, baina erregimen geldikorrari baino ez dagozkio eta ez dira nahikoak kontraleihoen portaera termikoa zehaztasunez kalkulatu ahal izateko. Erregimen dinamikoarekin lotutako erreferentziarik ez dago ia, aurkitzen diren erreferentziek oso kasu espezifikoak aztertu besterik ez dute egiten eta ezin dira beste irtenbide mota batzuetara estrapolatu.

Ikerketan lortutako emaitza teorikoak baliozkotzeko epe laburrean benetako saiakuntza bat egitea litzateke egokiena ikertzailearen aburuz eta energia eraginkortasuna hobetzeko kontraleihoek izan dezaketen garrantzia eraikuntzaren sektoreari jakinarazi.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Energia gordetzeko gai den kontraleiho-modelo berri bat diseinatu dute.

The post Energia gordetzen duen kontraleihoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #187

Ig, 2018-01-28 09:00
Uxue Razkin

Genetika

Primateak klonatu dituzte lehen aldiz. Dolly ardia lortzeko erabili zen teknika berberarekin sortu ditu bi makako Txinako Neurozientzien Institutuak. Orain arte, ez zituzten emaitza onak lortu primateetan baina orain erdietsi dute eta interesgarria da, batez ere, primateak oso antzekoak direlako gure espeziarekin alderatuz gero. Ikertzaileek erabili duten teknika zelula somatikoen nukleo-transferentzia izan da. Ikerketa honen inguruan gehiago jakiteko, jo ezazue artikulura.

Medikuntza

Estatu Batuetako Osasunaren Institutu Nazionalak (NIHk) iragarri du aldatu egingo duela biomedikuntzako ikerketak finantzatzeko politika. Helburua? Ikerketa klinikoetan gardentasuna, zehaztasuna, errepikakortasuna lortzea, eta gizartearekiko konpromisoz jokatzea. Baldintza batzuk jaso dituzte; hala nola, erabiliko diren protokolo klinikoak aurrez erregistratu eta ikerketaren emaitza guztiak argitaratu beharko dira. Hartu nahi dituzten neurriak “entsegu kliniko” gisa definitutako ikerketetan bakarrik hartuko dira. Aldaketa hauen aurrean, zientzialari guztiak ez daude ados.

Ekologia

Sardako balea edo ‘Euskal balea’ ere deitua desagertzear dago, zalantzan jarri da bere iraupena. Geratzen direnak Ameriketako Estatu Batuen eta Kanadaren arteko kosta atlantikoan daude. Daukaten arriskurik handiena inguru horretako itsas nabigazioari lotuta dago. NOAAren arabera, 450 baleetatik hamazazpi hil ziren iaz. Egun soilik 100 eme ugaltzaile geratzen direla diote. “Larriena” da espeziea ez dela hazten ari, Enrike Francor Ambar itsas fauna ikertu eta babesteko elkarteko kideak azaltzen duen moduan.

Azken urtean beste 1.800 animalia espezie desagertzeko arriskuan daudela dio Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak. 2017an zerrendara horretara gehitu dira, besteak beste, koalak, pangolinak eta itsas-zalditxoak. Habitat galerak eta neurriz kanpoko pestiziden erabilerak eragina izan dute horretan. Badago itxaropenerako tartea, dena dela. Itsas dortoka populazio batzuen egoera hobetu egin da, esaterako.

Meteorologia

Nazioarteko Meteorologia Erakundeak (WMO), NOAAk eta beste zenbait erakundek eman dituzte azken datu ofizialak eta ez dira itxaropentsuak: 2017a izan da historiako 2. urterik beroena (El Niño fenomenorik gabe). Historiako urterik beroenak azken hiruak izan dira (2015-2017), eta 5 beroenak 2010etik aurrera gertatu dira.

Antropologia

Malakako penintsulan bizi diren bi herrik usainak izendatzeko trebezia berezia dutela iradoki du esperimentu batek. Guk hizkuntza mugatua dugu usainak izendatzeko. Ez, ordea, Jahai eta Mani herriek. Diotenez, ahalmen paregabe hau sistema ekonomikoari lotuta dago. Herri bakoitzeko hogei bat lagunek parte hartu dute esperimentuan, Semelai eta Semaq Beri izan dira hautatutako giza taldeak. Adibidez, bi herriek erabilitako hizkuntzek usainak izendatzeko hitzak dituzten arren, egileek argitu dute Semelai nekazariek joera dutela jatorriaren arabera usainak deskribatzeko: “platano usaina”, esaterako.

Zoologia

Ingurumenean gertatzen dena kontatzeko garrantzitsuak dira narrastiak eta anfibioak. Hala adierazi dute Iñaki Sanz-Azkue eta Egoitz Alkorta herpetologoek. Animalia horien inguruko informazio biltzen hasi ziren Hernanin eta inguruan: espeziea, arra edo emea, adina, GPSaren datu koordenadak, argazkia ahal bada… Duela hamabi urte abian jarri zuten Ziraba proiektua, “Hernaniko eta inguruetako anfibioak eta narrastiak” liburu-gida, hain zuzen. “Ziraba proiektuaren baitan, datu mordoa jaso dugu ikerketa adarrari dagokionez. Proiektuak badu beste adar bat, ahozko ondarearena”, diote.

Paleontologia

Ekialde Hurbilean aurkitutako giza aztarna berri batzuek agerian jarri dute gizaki modernoak uste zena baino lehenago atera zirela Afrikatik. 177.000 eta 194.000 urte bitartean dituzten giza hortzak aurkitu dituzte. Orain arte uste zen gizaki modernoak duela 90.000-120.000 urte atera zirela lehenengo aldiz Afrikatik. Joseba Rios Burgosko Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroko ikertzailearentzat oso garrantzitsua da aurkikuntza hori: “Ia 80.000 urte aurreratzen du gizaki modernoaren irteera”.

Biologia

Testu honetan planktona dugu protagonista. AZTIko ikertzaile Ernesto Villarinok dio: “Ozeanoetako elikadura katearen oinarria da. Hortik gora, beste talde guztiak daude”. Adituak azaltzen duenez, Lurrean sortzen den oxigenoaren %50 planktonari zor zaio. Bestalde, atmosferatik CO2 kopuru handiak kentzeko gai da. Hortaz, kliman garrantzi handia du. Tamaina omen da funtsa Villarinoren ustetan: “Organismo planktonikoen tamaina gero eta handiago izan, orduan eta txikiagoa da itsas komunitateen arteko lotura. Planktonaren sakabanaketan eta banaketa globalean, tamaina gakoa dela frogatu dugu”.

Hainbat animalia-taldek estrategia ugari garatu dituzte elikagaiak izateko eta etsaietatik babesteko. Animalia horiek toxinak ekoizten dituzte. Horietako batzuk, gainera, mekanismo sofistikatuak erabiltzen dituzte pozoia txertatzeko. Egileek azaltzen digutenez, badago toxina-talde bat neurotransmisorearen askatze-prozesuan eraginik ez izan arren hurrengo prozesua zapuzten duena. Adibidez, α-bungarotoxina. Sugegorri marradunaren pozoia osatzen duten peptidoetariko bat da toxina hori. Hozka egiten duenean eta pozoia txertatzean, harrapakina paralizatzea lortzen du. Hego Amerikako zenbait indiok erabiltzen duten prozedura oso antzekoa da. Amazoniako tribu batzuetan kurarea erabiltzen dute, gezien puntak bustitzen dituzte eta horrela animalia pozoitsuek bezala jokatzen dute.

Kimika

Sagar mota bakarrarekin egindako sagardoak aztertu ditu UPV/EHUko ikerketa batek, sagardoari ematen dizkion edo eman ahal dizkion ezaugarriak zehatz-mehatz aztertzeko. Sagarretan dauden polifenolak dira aztertutako molekulak. Sagar mota bakarreko zukuekin sagar-mota horren ezaugarriak nabarmentzen dira eta, askotan, muturreko sagardoak lortzen direla azaltzen du Andoni Zuriarrain ikertzaileak testuan.

Polimerozko-diru paperak XXI. mendeko kontuak diruditen arren plastikozko lehenengo billeteak 80ko hamarkadan garatu ziren. Egun erabiltzen den diru-papera ez dago paper arruntez egina; izan ere, zuretik lortzen den paperak ez dauka bizi-iraupen luzea. Horren ordez kotoizko zuntza erabiltzen da; zenbaitetan beste ehun batzuk ere gehitzen zaizkio esaterako lihoa. Polimeroz egindako diru-paperak zenbait abantaila ditu. Esaterako, bizi-iraupena luzeagoa da, ez dira hain erraz puskatzen eta gainera behin bere bizitza erabilgarria amaituta birziklatu egin daitezke. Polimeroz egindako diru-papera seguruagoa da gainera. Desabantailak ere baditu, hala nola diru-paper arruntak baino ekoizpen-kostua handiagoa dute.

Ekonomia

Lan honetan, banaketa-katean zehar arrantza prezioen integrazio bertikala aztertu da. Jatorrizko arrantza prezioen indizea 2002-2014 denboraldian harrapatutako 136 espezietatik, 36 espezietarako datuen bitartez eraiki da. Galiziako lonjetan duen arrain fresko eta izoztuaren prezioen indizearekin (API) eta Estatistika Institutu Nazionalak (EIN) argitaratutako kontsumoko prezioen indizearekin (KPI) konparaketa egin da. Irakur itzazue analisiaren ondorioak.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #187 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #200

La, 2018-01-27 09:00

Zazpi bizitza dituzte katuek. Eterrak, baina, zazpi aldiz zazpi ditu. Jaume Navarrok azaltzen dizkigu honen inguruko hainbat kontu Æther and Modernity. The recalcitrance of an agonising epistemic object artikuluan.

Giza entzefalo heldua neurona berriak sortzeko gai ez dela uste zen duela zenbait urte. Orain badakigu ez dela hala. Ez hori bakarrik, zenbait kontuk, ariketa fisikoak adibidez, prozesua faboratzen dutela dakigu. JR Alonso Adult neurogenesis and physical activity artikuluan.

Egoera solidoko fisikak oso hizkuntza partikularra du, serie B pelikuletako pertsonai maltzurren izenak dituzten partikulei lotutakoa. Pasa den astean DIPCk fonoia bazekarren, oraingoan polaritoia aurkezten digu: What on earth is a polariton?

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #200 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Javier Aizpurua: “Mikroskopia azken mugara eramatea posible da nanofotonikari esker” #Zientzialari (87)

Or, 2018-01-26 09:00

Nanofotonika materia eta argiaren arteko elkarrekintza ikertzen duen zientziaren arlo bat da. Besteak beste, argia nanoegituren kontra jotzean sortzen dituen interakzioak eta eraginak aztertzeaz arduratzen da nanofotonika.

Argia, uhina den heinean, ezin da bere uhin-luzera baino neurri txikiagoetan lokalizatu eta manipulatu. Hala ere, CFM eta DIPC ikerketa zentroetan metalezko nanoegiturak osatuz eta diseinatuz argia eskala nanometrikoan lokalizatzea eta manipulatzea lortu dute. Azken urte hauetan, metalezko nanoegitura hauei esker, nanoantenak deritzonak, argia nanoeskalara eraman dute ikertzaileek.

Baina, zeintzuk dira nanofotonikaren erabilera zehatzak? Nola osatzen dira nanofotonikan erabiltzen diren nanoegiturak? Honen inguruan hitz egiteko CFM eta DIPC zentroetako nanofotonika taldeetako arduraduna den Javier Aizpuruarekin izan gara. Bere esanetan, nanofotonikaren erabilerak mota askotakoak dira. Medikuntzan, adibidez, nanopartikulek argia lokalizatzean posible dute berotzea eta bero horrekin inguruneko tumore-zelulak akabatzea.

Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Javier Aizpurua: “Mikroskopia azken mugara eramatea posible da nanofotonikari esker” #Zientzialari (87) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Arrantza prezioen bilakaera: merkaturatze-katearen analisia

Og, 2018-01-25 15:00
Eneko Martin, Ikerne del Valle eta Kepa Astorkiza Lan honen helburu nagusia banaketa-katean zehar arrantza prezioen integrazio bertikala aztertzea da eta horretarako agregazio-ikuspegi bat du oinarri. Ikuspegi hori lehenengo salmentako enkanteetatik datorren jatorriko arrantza prezioen agregazio-indize sintetiko bat (JPI) eraikitzean funtsatua dago.

Jatorrizko arrantza prezioen indizea 2002-2014 denboraldian harrapatutako 136 espezietatik, 36 espezietarako datuen bitartez eraiki da, izan ere, 36 horiek harrapaketa guztien eta zenbateko osoaren %90 baino gehiago dira. Ondoren, jatorria Galiziako lonjetan duen arrain fresko eta izoztuaren prezioen indizearekin (API) eta Estatistika Institutu Nazionalak (EIN) argitaratutako kontsumoko prezioen indizearekin (KPI) konparaketa egin da.

Aztertutako aldia 2002 eta 2014 artekoa da eta, batez ere, 2008 baino lehenagoko urteetan eta krisiaren osteko aldian indize horiek izandako jokabidea hartu da kontuan. Izan ere, lortutako emaitzek, arrainaren merkatu horretako maila guztietan, eskaintzaren eta eskariaren jokaeren arteko bereizte argia egiteko bidea eman dute 2008ko krisia piztu aurreko urteetan eta beraren ondorengo aldian 2014ra arte.

Krisiaren aurreko analisiaren lehenengo fasean, 2002 eta 2008 artean, ikus daiteke ekonomia multzorako kontsumoko prezioen indizea txikiagoa izaten ari zela eta azkeneko kontsumoari zegokion arrantza produktuen prezioen indizearen azpitik zegoela. Hori dela eta, ulertu behar da arrantza produktuen eskaria aski handia zela APIa KPI orokorraren gainetik manten zedin.

Halaber, nabarmen daiteke arrain eskariak balio erantsiaren funtsezko zati bat eskuratzeko aukera eman diola merkaturatze-kateari. Baina 2008az geroztik, erabateko aldaketa gertatu da eta kontrako joera dago. Kontsumo orokorreko prezioen indizearen eta beste bi arrantza adierazleen arteko arraila nabarmena jazo da. Krisiaren aurreko aldian ez bezala, non arrain eskariak kontsumo orokorreko prezioen indizearen gainetik arrainaren prezioen adierazleari eutsi zion, KPIak arrantza produktuen kontsumoko prezioen indizeari, analisiak 2008az geroztik hartzen duen denbora guztian zehar atzean geratzen denari, aldea atera dio.

Hortaz, 2008 eta 2014 bitartean, arrainaren azkeneko kontsumoarekin lotutako prezioen indizea (API) sistematikoki KPIaren azpitik kokatu da, baita ez-ohiko distantzian ere, krisiaren aurreko denboraldian nagusia zen ereduarekin erkatzen bada. Beraz, beste mota bateko elikagaiek arraina ordeztu egin dutela ondoriozta daiteke. Ildo berean, analizatutako denboraldi osoan zehar, lehenengo salmentako prezioen indizea (JPI) parte hartzea galduz joan da beste indizeei dagokienez.

Modu honetan, KPIaren eta JPIaren artean gero eta handiagoa den aldeak erakutsi du arrantzaleek, beren inputak erosteko, ordaintzen dituzten prezioak gora egiten ari direla eta beraien jardueraren prezioak, aldiz, behera; horren ondorioz, arrantzaleen erosteko ahalmena jaitsi da. Hortaz, krisiak merkatu horretako esku-hartzaileen posizio erlatiboak aldatu ditu eta, ondorioz, guztiek okerrera egin dute krisia hasi baino lehenagoko aldiaren aldean. Emaitza horiek hainbat politika-estrategia iradoki dituzte; bereziki ekoizleen eta merkatarien arteko itun estrategikoak eratzea, arrantzaleek eta erauzketa-sektoreak truke desorekatu baten ondorioak saihestu ditzaten, azken finean, arrantza-sektoreko oinarri dira eta.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Arrantza prezioen bilakaera: merkaturatze-katearen analisia.
  • Laburpena: Lan honen helburu nagusia banaketa-katean zehar arrantza prezioen integrazio bertikala aztertzea da eta horretarako agregazio-ikuspegi bat du oinarri. Ikuspegi hori jatorriko arrantza prezioen agregazio-indize sintetiko bat (JPI) eraikitzean oinarritua dago eta ondoren arrantza prezioen indizearekin (API) eta Estatistika Institutu Nazionaleko (EIN) kontsumoko prezioen indizearekin (KPI) konparaketa egingo da.
  • Egileak: Eneko Martin, Ikerne del Valle eta Kepa Astorkiza
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 7-18
  • DOI: 10.1387/ekaia.16316

—————————————————–
Egileez:

Eneko Martin, Ikerne del Valle eta Kepa Astorkiza UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua V Sailekoak (Ekonomia eta Enpresa Fakultatea) dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Arrantza prezioen bilakaera: merkaturatze-katearen analisia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Animalien beste zenbait pozoi

Og, 2018-01-25 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Defentsak eta erasoak

———————————————————————————————————–

Eboluzioan zehar hainbat animalia-taldek askotariko estrategiak garatu dituzte, bai elikagaiak izango dituztela bermatzeko, bai etsaietatik babesteko. Estrategia horien artean animaliek ekoizten dituzten toxinak daude. Pozoiak erabiltzen dituzten animaliak talde askotakoak dira: ekinodermoak, zelenteratuak, anelidoak, moluskuak, artropodoak, arrainak, narrastiak, anfibioak… eta horietako batzuek oso egitura eta mekanismo sofistikatuak erabiltzen dituzte pozoia txertatzeko.

Sinapsietan gertatzen den neurotransmisore-askapenean eragiten duten toxinak eta toxina horien ekintzen ondorioak ikusi ditugu aurreko atal batean. Baina badago beste toxina-talde bat neurotransmisorearen askatze-prozesuan eraginik ez izan arren hurrengo prozesua zapuzten duena.

Toxina horien artean dugu, esaterako, α-bungarotoxina. Bungarus multicinctus krait sugegorri marradunaren pozoia osatzen duten peptidoetariko bat da toxina hori. α-bungarotoxina modu itzulezinean lotzen zaio azetilkolinaren hartzaile mota bati (hartzaile nikotinikoei), eta, horren ondorioz, azetilkolinak ezin ditu kanalak ireki. Sugegorriak, koska egitean eta pozoia txertatzean, toxinak daukan eragin horri esker paralizatzen ditu harrapakinak. Eragin bera dute kobra sugearen α-neurotoxina peptidoak eta itsas sugegorriaren erabutoxina peptidoak.

1. irudia: ‘Bungarus multicinctus’ krait sugegorri marradunaren pozoia osatzen duten peptidoetariko bat da α-bungarotoxina, azetilkolinaren hartzaile nikotinikoei modu itzulezinean lotu eta, ondorioz, azetilkolinak ezin ditu kanalak ireki.

Harrigarria gerta badakiguke ere, oso antzekoa da Hego Amerikako zenbait indiok erabiltzen duten prozedura. Amazoniako tribu batzuetan kurarea erabiltzen dute gezi-puntak bustitzeko; kurareak lehen aurkeztutako toxinen eragin bera du. Egia da kurareak ez daukala animalietan jatorria, Chondrodendron tomentosum landarearen toxinen nahastea den aldetik, baina horrek ez ditu kontuak gehiegi aldatzen: animalia bat (gizakia) dugu landare jatorriko pozoi bat (kurarea) erabiltzen harrapakina errazago ehizatzeko. Azken batean, Amazoniako indioek naturak eskainitako produktu bat baliatzen dute animalia pozoitsuek bezala jokatu ahal izateko.

Kontu honi dagokionez, ez dira salbuespen itsasoko ornogabeak. Hor dugu esaterako itsasoko barraskilo konikoen pozoia, konotoxinaz osatuta dagoena. Hainbat peptidoren nahastea da konotoxina (batzuk kanalak blokeatzen dituztenak) eta horien artean azetilkolinaren hartzaileak blokeatzen dituztenak ere aurkitu daitezke. Sinapsi neuromuskularraren kasuan uzkurketa inhibitzen da blokeatze horren ondorioz. Hau da, harrapakinaren nerbio-sistemak giharrei mugitzeko agindua eman arren, hauek ezin dute erantzun, agindua atariraino baino ez baita iristen. Egoera horretan harrapariarengandik ihes egiteko aukerak oso urriak dira, eta barraskiloak erraz asko irentsi dezake ehizakia.

Clostridium generoko bakterioek ekoitzitako toxinak aurkeztu ditugunean, toxina botulinikoak medikuntzan eta estetikan duen erabilera ikusi dugu. Hemen aipatutako pozoi batzuk ere zenbait gaixotasuni aurre egiteko erabiltzen dira edo erabili ote daitezkeen ikertzen da. Kurarea, esaterako, erlaxatzaile muskular modura erabili izan da. Itsas jatorriko konotoxinak ere ikertzen hasi dira; morfina bera baino askoz eraginkorragoa da, eta opiazeoa ez izaki adikziorik eragiten ez duenez, dagoeneko konotoxinak dituen farmakoren bat atera da merkatura min muskularrak arintzeko. Beraz, pozoiak berak ere, neurri egokian eta ongi erabilita, onuragarri!

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Animalien beste zenbait pozoi appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Usainen mundua izendatzeko den herria

Az, 2018-01-24 09:00
Juanma Gallego Zaila egiten zaio gizakiari usainak izendatzea, baina hau ez da beti horrela izaten herri guztietan. Malakako penintsulan bizi diren bi herrirekin egindako esperimentuek iradoki dute ehiztari-biltzaileek usainak izendatzeko trebezia berezia dutela.

Udako ekaitz baten ostean ateri eta eguzkia ateratzen denean, zerua urdin dagoela esango genuke; belar distiratsuaren kolore berdea ederra dela, edota bidean dagoen lur bustia marroi argitik lokatzaren marroi ilunera igaro dela esan genezake ere. Euskara jasoan egoera deskribatu nahi badugu, zerukara, belarkara edota lurkara formak ere erabil genitzake; baina, egia esanda, hasiera betean bederen, askok ez dute ulertuko zer esan nahi dugun.

Baina ekaitz baten osteko paisaia bisuala zoragarria bada ere, halako egunei darizkien usainak are zirraragarriagoak izan ohi dira. Ozono usaina dagoela esango genuke, belar freskoaren usaina edota lur bustiaren usain goxoa. Usaina izendatzeko, haren jatorrira jo behar dugu ezinbestean. Askoz jota, usain bat “ederra” edo “desatsegina” dela esango genuke, “arina” edo “indartsua”; baina, oro har, hizkuntza mugatua dugu usainak izendatzeko. Hau, gainera, kultura gehienetan gertatzen da. Halako batean, kontu hori unibertsala dela burura datorkigu; alabaina, antza, ez da horrela.

1. irudia: Usainak izendatzeko muga nabarmenak dituzte hizkuntza gehienek, baina zenbait taldetan hiztegi aberatsa mantendu da. (Argazkia: Ruslan Zh / Unsplash)

Ia unibertsalak diren printzipioak ikertzea gustatzen zaie antropologoei, baina are gustukoagoa dute unibertsaltasun hori apurtzen duten fenomenoak aurkitzea. Zentzu honetan, usainei dagokienean, Jahai eta Mani herriak dira festako izarra antropologoentzat. Malakako penintsulan bizi diren giza talde hauek erraztasun handia dute usainak izendatzeko, eta praktikatzen duten erlijioan ere garrantzi handia dute usainek. 2014an Cognition aldizkarian argitaratutako ikerketa batean azaldu zuten herri hauen trebezia. Jahai hizkuntzan, esaterako, 12 hitz inguru dituzte usainen inguruko xehetasunak emateko.

Oraingoan, Current Biology aldizkarian argitaratutako bigarren ikerketa batek Malakan bizi diren beste bi herritan bilatu ditu erantzunak; eta, antza, aurkitu dituzte. Diotenez, usainak izendatzeko ahalmen paregabe hau sistema ekonomikoari lotuta dago.

Prentsa ohar batean, ikerketaren abiapuntua azaldu du Radboud Unibertsitateko (Herbehereak) antropologo Asifa Majid-ek. “Denbora luzean adostasuna egon da: usaimena zentzu mutua da, hitzik gabekoa. Ingeles hiztunekin hamarkadatan zehar egindako ikerketek adierazten zuten hau horrela izan zitekeela”. Baina hau ez omen da beti horrela izaten. Egoera argitzeko, Nicole Kruspe ikertzailearekin batera, Majidek azterketa bat abiatu du. Antzeko ezaugarriak dituzten bi herri aukeratu dituzte usainen inguruko esperimentu txiki bat egiteko.

Nekazariak eta ehiztari-biltzaileak

Semelai eta Semaq Beri dira giza talde horiek. Biak ala biak antzeko hizkuntzan mintzo dira, eta bizi diren ingurune ekologikoa ere antzekoa da: oihan tropikalean bizi dira. Halere, alde nabarmena dago haien bizimoduan. Semelai herrikoak nekazariak dira. Batez ere arroza ekoizten dute, baina basoetako produktuak ere eskuratzen dituzte, trukatzeko. Semaq Beri taldekoak, berriz, ehiztari-biltzaileak dira. Teorian, bederen, haien arteko alde bakarra jarduera ekonomikoa litzateke.

Herri bakoitzeko hogei bat lagunek parte hartu dute esperimentuan. Parte-hartzaileei 16 usain aurkeztu dizkiete: laranja, larrua, kanela, piperbeltza, banana, limoia, erregaliza, trementina, berakatza, kafea, sagarra, iltzea, anana, arrosa, anisa, eta arraina.

2. irudia: Talde bakoitzaren kolore mapak. Kolore berdinean hitz berdinekin definitutako koloreak azaltzen dira. Kolorea izendatzeko izen bakar bat gailentzen ez den kasuetan, puntuen bitartez adierazi dute. (Argazkia: Majid / Kruspe, Cell Press)

Koloreei dagokienean, 20 izan dira erakutsi dizkietenak, baina kolore bakoitzeko lau distira azaldu dituzte. Orotara, beraz, 80 kolore. Haien berezko hizkuntzan bi galdera sinple egin dizkiete: zein da usain honen izena? Zein da kolore honen izena?

Jahaiarren eta maniarren atzera, semaq beriarrek koloreak eta usainak izendatzeko gaitasun berdina izan dute. Baina emaitza guztiz desberdina izan da semelaiarren kasuan. Mendebaldeko gizarteetan gertatzen dena errepikatzen da haien artean: ikusmenarekin alderatuz, herri honetako lagunei askoz zailagoa egiten zaie usainak izendatzea. Bestalde, bi herriek erabilitako hizkuntzek usainak izendatzeko hitzak dituzten arren, egileek argitu dute Semelai nekazariek joera dutela jatorriaren arabera usainak deskribatzeko: “platano usaina”, esaterako.

Egileek proposatu dute hain gertu bizi diren bi giza talde hauen arteko alde nabarmen hori egokitzapen kulturalaren ondorioa dela, eta duela gutxi gertatu dela aldaketa hori. Hipotesi honen arabera, ehiztari-biltzaileen usaimen ahalmena nekazariena baino handiagoa litzateke. Biziraupen modua egon daiteke, beraz, usainak atzemateko gaitasunaren atzean. Funtsean, antropologoek proposatu dute ehiztari-biltzaileen usaimen kognizioa “berezia” dela.

Halere, hipotesiak mugak ditu, eremu zehatz batean baino ez baita azaldu. Egileek beraiek aitortu dutenez, ikerketa gehiago egon behar dira jakiteko ea beste hainbat lekutan ehiztari-biltzaileek ahalmen hau mantentzen duten, ala usainari lotutako bestelako gaitasunak ote dituzten. Adibidez, usain desberdinak hobeto bereizteko ahalmena ote duten argitzeke dago.

Orain arte, usainari lotutako lexiko zabalak aurkitu dira zenbait ehiztari-biltzaile komunitatetan, oso ingurune ekologiko desberdinetan: Thailandia, Gabon eta Mexiko aipatu dituzte ikerketa artikuluan. Baina, era berean, aitortu dute antzeko aurkikuntzak egin direla “ehiztari-biltzaileen bizimodua ez duten beste kultura testuinguruetan”. Ondorioz, eta topikoa ematen badu ere, ikerketa gehiago egin behar da, mundu osoan zehar, usainei lotutako mundu galdua berreskuratzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Majid and Kruspe, Hunter-Gatherer Olfaction Is Special, Current Biology 28, 1–5, https://doi.org/10.1016/j.cub.2017.12.014

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Usainen mundua izendatzeko den herria appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Polimerozko diru-papera: busti eta birzikla daitekeen dirua

Ar, 2018-01-23 09:00
Ainara Sangroniz eta Leire Sangroniz Askori gertatu zaigu diru-papera praketan ahaztuta utzita garbigailuan sartu izana. Baita deskuidu batean billete gainera edaria erortzea edota hainbeste aldiz tolestearen ondorioz apurtzea, eta zelo pixka batekin konpontzen saiatzea. Baina badago hau guztia jasan dezakeen diru-papera: polimerozko diru-papera hain zuzen ere.

1. irudia: Australian indarrean dauden billeteak. Polimerozko billeteak dira, 1988. urtean plazaratu ziren eta 1992. urtetik hona indarrean daude. (Argazkia: Wikipedia)

Europan ingelesak dira diru-paper arruntaren ordez polimeroak erabili dituzten azkenak: Ingalaterrako bankuak 2016ko irailean atera zuen 5 librako diru-papera eta urte bat beranduago 10ekoa. 2020.ean 20 librako diru-papera ateratzea espero dute. Polimerozko-diru paperak XXI. mendeko kontua diruditen arren plastikozko lehenengo billeteak 80ko hamarkadan garatu ziren. Garai horretan polietileno zuntzez eginiko dirupapera garatu zuen DuPont etxeak Tyvek izenarekin, baina ez zuen arrakasta handirik izan, tinta galtzen zuelako eta erraz puskatzen zelako. Costa Rican, Haitin eta Man islan erabili ziren. Arrakasta gehiago izan zuten Australian 1988an kaleratu ziren polimerozko dirupaperek. Hain zuzen ere, 1967an kalitate altuko 10 $ko diru-paper faltsuak aurkitu zituzten eta Australiako Banku Erreserbak uste zuen koloretako fotokopiagailuen kaleratzeak urte horretan bertan diru-paper faltsuen hazkundea eragingo zutela. Hori dela eta unibertsitate eta teknologia-guneetara jo zuten diru-paper seguruago bat garatu nahian. Horrela, diru-paper berria sortzeko elkarlanean hasi ziren, Australiako administrazio publikoko CSIRO ikerkuntza-erakundearekin. 1988an kaleratu ziren polimerozko diru-paper berriak. Alegia, 21 urte iragan behar izan ziren, alde batetik hainbat teknika-arazo gainditu behar izan zituztelako, eta bestetik Banku Erreserba, biziki kontserbadorea, ez zegoelako aldaketak onartzeko prest.

Esan beharra dago gaurko egunean erabiltzen dugun diru-papera ez dagoela paper arruntez egina; izan ere, zuretik lortzen den paperak ez dauka bizi-iraupen luzea. Horren ordez kotoizko zuntza erabiltzen da; zenbaitetan beste ehun batzuk ere gehitzen zaizkio esaterako lihoa. Zelulosa da kotoiaren osagai nagusia (%90). Aipatzeko da zelulosa naturan aurki daitekeen polimero ugariena dela. Beraz esan daiteke jada polimero billeteak ditugula esku artean.

Polimero billeteak biaxialki orientatutako polipropilenoz eginda daude, hau da, polipropilenoa prozesatzen denean bi norabide desberdinetan luzatzen da. Modu honetan erresistentzia eta gardentasun handiagoko materiala lortzen da.

Polimeroz egindako diru-paperak zenbait abantaila ditu: bizi-iraupena luzeagoa da, paperezkoek baino 2.5 aldiz gehiago iraun dezakete, ez dira hain erraz puskatzen eta gainera behin bere bizitza erabilgarria amaituta birziklatu egin daitezke. Garbiagoak dira ez baitute zikinkeriarik xurgatzen eta iragazgaitzak dira. Izan ere, gaur egun erabiltzen dugun diru-papera ez da oso higienikoa: diru-paperean aurkitu daitezkeen substantzien inguruan ikerketa ugari egin dira, esaterako euro billeteen %92.5ak droga aztarnak zituen, horien artean kokaina, anfetaminaren eratorriak edota opiazeoak. Horretaz gain bakterioak edota germenak ere izan ditzakete, eta bakterioen artean Enterococcus spp., S. aureus edota E. colia aurkitu dira. Polimerozko billeteetan berriz, frogatuta dago bakterioak haztea zailagoa dela gainazala ez porotsua izanik ez direlako nutrienteak edota hezetasuna pilatzen.

2. irudia: 2016ko irailaren 13an Ingalaterrako Bankuak polimerozko billeteak emititu zituen. 5 librakoa izan zen lehena eta 2017ko udan seriea jarraituz 10 librakoa plazaratu zuen eta 2020. urtean 20 librako billeteak emititzea espero dute. (Argazkia: © Reuters / Dylan Martinez)

Horretaz gain polimeroz egindako diru-papera seguruagoa da eta nahiz eta kasu batzuetan segurtasun-osagaiak paperezko billeteetan erabiltzen diren berdinak izan, askoz ere zailagoa da osagai hauek polimerozko billeteetan jartzea; honek zaildu egiten du faltsutzea.

Segurtasun-osagaiak direla eta, esan beharrekoa da haietako batzuk optikoki aldakorrak direla, eta beren itxura aldatu egiten dela, kanpoko faktoreren bat aldatzen denean. Esaterako hala gertatzen da begiratzen den angelua edo argiaren intentsitatea aldatzen direnean. Adibidez urrezko film finek urre kolorea daukate erreflektatutako argian, baina transmitantzian kolore berdea daukate.

Segurtasun-osagaien artean beste adibide bat dira difrakzio-sareak, lerroz osatutako irudiak direnak. Normalean, 12.000 lerro dituzte zentimetroko, eta metalezko film mehe batez estalita daude adibidez aluminio-film batez. Horrela, argia difraktatu egiten da eta kolorea aldatu egiten da diru-papera mugitzerakoan.

Horretaz gain tinta lumineszenteak ere erabiltzen dira; honela diru-papera argi ultramorearen azpian jartzen bada paperak beste kolore bat azaltzen du eta gainera fluoreszentea da. Mota hauetako konposatuak diru-paper arruntetan ere erabiltzen dira, esaterako egunero erabiltzen ditugun euro billeteetan.

Polimerozko diru-paperak abantaila ugari dituen arren, kontuan izan behar da zenbait desabantaila ere badituela diru-paper arruntak baino ekoizpen-kostua handiagoa dute eta tolesten zailagoak dira.

Edonola ere, polimeroz eginiko diru-paperak munduko toki desberdinetan aurki daitezke eta oraingoz, ez dago euroa material honetara aldatzeko asmorik baina agian hemendik urte batzuetara gure esku artean izango ditugu.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • B. Hardwick, W. Jackson, G. Wilson, A.W.H. Mau, Advanced materials for banknote applications, Advanced materials, 13. alea, 980-984, 2001.
  • O.P. Luzardo, M. Almeida, M. Zumbado, L.D. Boada, Ocurrence of contamination by controlled substances in Euro banknotes from the Spanish archipielago of the Canary Islands, Journal of Forensic Science, 1588-1593, 2011.

Iturriak:

———————————————————————————-

Egileez: Ainara Sangroniz eta Leire Sangroniz UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak dira Polymat Institutuan.

———————————————————————————-

The post Polimerozko diru-papera: busti eta birzikla daitekeen dirua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

On Zientzia: Fermi paradoxa

Al, 2018-01-22 15:00
Unibertsoa handia da. Tamaina itzela du. Hain handia izanik, zergatik ez dugu izaki estralurtarren seinalerik? Non daude estralurtarrak? Horixe bera galdetu zuen Enrico Fermi Nobel saridun fisikariak. Ongi etorri Fermi Paradoxara.

Estralurtarrekin kontaktu eza azaltzen duten hiru hipotesi lerro daude:

  1. Unibertsoko inteligentzia bakarra gara.
  2. Gure teknologia eta inteligentzia maila bereko zibilizazioak daude baina ez da komunikazioa lortu.
  3. Gu baino azkarragoak eta boteretsuagoak diren zibilizazioak daude, baina komunikazioa ez da eman.

Estralurtarrekin komunikazioa zergatik ez dugun azal dezaketen hiru hipotesi lerro azaltzen dizkigu Josu Colásek “Fermi paradoxa” bideoan, On Zientzia lehiaketaren VI. edizioan euskarazko epaimahaiaren azken errondaren parte izan zena.

—–—–

Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako lehiaketa da On Zientzia, jakintza zientifikoa ezagutzera emango duten bideo labur eta originalen ekoizpena bultzatzeko helburuarekin.

Lehiaketaren oinarriek ezarri bezala, bideoek 5 minutu baino gutxiago iraun behar dute eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez izan daitezke, gaia librea delarik. Edukiak jatorrizkoak izan behar dira, telebistan inoiz atera ez direnak, eta beste lehiaketaren bat irabazi ez dutenak.

Hiru sari kategoria ditu On Zientzia lehiaketak:

  • Gazte saria (18 urtetik beherakoentzat). 1000 €
  • Euskarazko bideo onena. 2000 €
  • Dibulgazio bideorik onena. 3000 €

2017-2018koa VIII. edizioa da eta parte hartzeko epea zabalik dago jada 2018ko apirilaren 25era arte.

The post On Zientzia: Fermi paradoxa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Sagardoa, sagarrez sagar

Al, 2018-01-22 09:00
Sagar mota bakarrarekin egindako sagardoak aztertu ditu UPV/EHUko ikerketa batek, sagar mota bakoitzak edariari ematen dizkion ezaugarriak ezagutzeko.

1. irudia: (Irudia: Unai Fdz. de Betoño).

Sagardoa egiteko, Euskal Herrian oro har, sagar mota ezberdinak nahasten dira eta sagar mota bakoitzak edarian duen eragina ezezaguna da, neurri handi batean pHan eragina duela jakina bada ere. Sagar mota bakarreko muztioetatik abiatuta sagar barietate bakarreko sagardoak egin dira ikerketan, sagar mota bakoitzak sagardoari ematen dizkion edo eman ahal dizkion ezaugarriak zehatz-mehatz aztertzeko.

Sagarretan dauden polifenolak dira aztertutako molekulak. Gaitasun antioxidatzailea dute polifenolek eta oso garrantzitsuak dira, batetik, zapore mikatza eta astringentzia (aho lehortasuna) eragiten dituztelako eta, bestetik, sagardoa iluntzeko prozesuan esku hartzen dutelako, oxidatzean konposatu ilunak sortuta. Horretaz gain, uhertasuna eta sedimentuak sortzen dituzte proteinekin batzen direnean.

Hamalau sagar barietate hautatu eta aztertu dira hiru urtean (2012-2014). Sagar zuku bakoitzaren profil polifenolikoaren bilakaera aztertu da, besteren artean:

  • Indar antioxidatzailea
  • Proteinekin hauspeatzeko gaitasuna
  • Uhertasuna
  • Iluntze-prozesua

Sagar mota bakarreko zukuekin sagar-mota horren ezaugarriak nabarmentzen dira eta, askotan, muturreko sagardoak lortzen direla azaltzen du Andoni Zuriarrain ikertzaileak. Ikuspegi orokorrago bat izateko eta sagardoa egiteko sagar nahasketa aproposena zein den jakiteko asmoz, zenbait nahasketa ere egin dira ikerketan.

Lortutako sagardo guztiak, sagar mota bakarrekoak zein nahasketak, Fraisoro Ingurumen eta Nekazal Laborategira bidali ziren aditu-talde batek dastatzeko. Hainbat irizpide kontuan hartuta puntuatu dute sagardo bakoitza, sagardo horiek kontsumitzaileen artean zenbateko onarpena izan dezaketen baloratuta.

Urtebi Txiki, Manttoni eta Urdin sagarrak nagusi

Urtebi Txiki, Manttoni eta Urdin sagar barietateen sagardoak izan dira orekatuenak eta onarpen handiena lortu dutenak. Gezamina sagarrarekin egindako sagardoa izan da guztietan bereziena. Sagar mota honekin egindako sagardoa oso mikatza eta, koloreari erreparatuta, iluna da; garagardoaren antzekoa. Moko, Merabi eta Narbarte Gorria sagarrekin egindako sagardoak, bere aldetik, muturreko sagardoen taldean sartu dituzte, oso mikatzak eta gaziak baitira.

Sagar nahasketekin egindako sagardoei dagokienez, nahasketa bitarrek jaso dute puntuaziorik altuena:

  • Goikoetxea %40 + Moko %60
  • Narbarte Gorria %36 + Urtebi Txiki %64
  • Manttoni %62 + Udare Marroi %38
  • Frantzes Sagarra %33 + Manttoni %67

Ikerketa honetako datu horiek guztiak sagardogileentzat edo sagardoa ekoiztu nahi duen ororentzat baliagarriak izan daitezkeela uste du ikertzaileak, bai sagarrondoak landatzeko garaian kontuan hartzeko edota irizpide horiek esku artean dituztela zer nahaste egin erabakitzeko.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Sagar-mota bakoitzak zer ematen dion sagardoari.

The post Sagardoa, sagarrez sagar appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #186

Ig, 2018-01-21 09:00
Uxue Razkin

Arkeologia

Ezaguna zen Mexikon uraren azpian leize handi askoak zeudela. Izan ere, azken glaziazioaren ondorioz uholdeek kobazulo asko urperatu zituzten. Azken urteotan hainbat antzeman dituzte zientzialariek eta asteon Sustatun azaldu digute urpeko kobazulo sistema handiena aurkitu dutela Yucatanen. 347 km-ko luzera du sistemak eta biodibertsitate aberatseko ingurunea omen da.

Astronomia

Asteroide gerrikoan jatorri duten meteorito pare batean biziaren sorrerako oinarri izan daitezkeen materialak topatu dituzte. Ura zein konposatu organikoak batera dituzten meteoritoak aurkitzen diren lehen aldia da. Orain lortu dituzte emaitzak baina meteorito horiek 1998an erori ziren: bata Texasen eta bestea, Marokon. Erori eta bi urte geroago hasi ziren lehen emaitzak agertzen. Orain informazio berria erantsi diote horri. Karbonoa, oxigenoa eta nitrogenoa aurkitu dituzte espazioko arroketan eta baita hidrokarburoak eta aminoazidoak ere. Egileek uste dute material hauek duela 4.500 milioi urte inguru sortu zirela. Esan dutenez, Meteoritoen jatorria Zeres planeta nanoan eta Hebe asteroidean egon daiteke.

Genetika

AKT1 du izena eta gene bat da. Historian zehar asko ikertu da gene hau, izan ere ikertuenen artean 10. postua dauka. Koldo Garcia genetistak hurbiltzen digu gene honen ezaugarriak Edonola blogean. 14. kromosoman kokatuta dago AKT1 eta Cowden eta Proteus sindromeekin, eskizofreniarekin eta minbizi mota batzuekin lotua izan da. Honez gain, aipatzekoa da gene honen zeregina ez dela nolanahikoa, zelulen biziraupena, tumoreen eraketan eta glukosaren aurreko erantzunean zerikusia baitu berorrek. Xehetasun guztiak Generik ikertuenak: AKT1 artikuluan.

Klima-aldaketa

Azken hiru urteak neurtu diren beroenak dira Munduko Meteorologia Erakundeak aditzera eman duenez. 2017ko munduaren batez besteko tenperatura 14,3 gradukoa izan zen, hau da, 1981etik 2010era bitarteko aldiko epeko batez besteko tenperatura baino 0,46 gradu beroagoa.

Medikuntza

EHUko ikerketa batek frogatu du faktore neurotrofikoen askapenean oinarritutako estrategia terapeutikoa parkinsonaren sintomak arintzeko eraginkorra dela. Parkinsonaren eredu batekin egin dute lan, zehazki, bi faktore aplikatu dituzte eta frogatu dute bi horiek emanez gero, neurona dopaminergikoen endekapena nabarmen murrizteaz gain, zelula berriak sortzea eta bereiztea bultzatzen dutela.

Zientzia Kaierak eman du honen berri ere. Testuan azaltzen den moduan, eredu esperimentala gaixotasunak eragiten dituen aldaketa morfologikoak eta funtzionalak aztertzeko balio duela egiaztatutakoan, faktore neurotrofikoen askapenean oinarritutako estrategia terapeutikoak aplikatu dira. Bi faktore aplikatu dira: endotelio baskularraren hazkunde faktorea (VEGF) eta zelula glialetatik eratorritako faktorea (GDNF). Faktore horiek parkinson gaixotasunean dituzten efektu onuragarri eta sinergikoak frogatu dira.

Nazioarteko ikerketa batek lipidoen sintesian parte hartzen duen entzima bat identifikatu berri du. Badirudi, hori inhibituz gero, saguetan prostatako minbiziaren metastasia geldiarazten duela. Horrek agerian utzi du lipidoak minbizi-zelulen hazkuntzan eta metastasian inplikatuta daudela. Arkaitz Carracedo Pérez CIC bioGUNEko ikertzaileak parte hartu du ikerketa horretan. Bere iritziz, minbizi-zelulen elikadura bere osotasunean ulertzeko aurrerapauso bat izango da.

Geroz eta ikerketa zientifiko gehiagok babesten dute kannabisa beste gaixotasun askotarako irtenbide garrantzitsua izan daitekeela, hala nola minbiziak sendatzeko, epilepsia tratatzeko… Kannabis landarea oso konplexua da: 554 konposatutik gora identifikatu dira bertan; horien artean, 113 kannabinoide eta 120 terpeno. Kannabinoide horietako bakoitzak aktibitate terapeutiko ezberdina du eta, ondorioz, aplikazio ezberdinetarako erabil daitezke. Egindako lan honek etorkizun hurbilean kannabisa sendagai bezala erabili ahal izateko bi urrats eman ditu.

Kimika

“Nekazaritza ekologikoa konbentzionala baino hobea al da ingurumenarentzat?” galderarekin abiatu du artikulua Josu Lopez-Gazpio kimikariak. Clark eta Tilman ikertzaileek 2017an nekazaritza sistema ugari aztertu ostean, ikerketa bat publikatu zuten eta eztabaida sortu du bi sistema horien artean. Zein da modurik onena, orduan? Lopez-Gazpiok hiru ondorio atera ditu ikertzaileek argitaratutako txostenetik: lehenik, eta datuen arabera, nekazaritza ekologikoak konbentzionalak baino eragin kaltegarriagoa du aztertutako esparru gehienetan. Bigarrenik, dio, ulertu behar dela zenbait egoeratan bat bestea baino hobea izan daitekeela eta beste egoera batzuetan alderantziz izan daitekeela. Azkenik, kimikariak dio “askoz ere garrantzitsuagoa da zer jaten den pentsatzea, eta ez hainbeste jaten den hori nola ekoiztu den. ”.

Ekologia

Afrikako gatazka armatuek eremu babestuetako belarjaleetan izan duten eragina zenbatu dute zientzialariek. Joshua Daskin eta Robert Pringle ikertzaileek 253 populazio aztertu dituzte eta 1946. eta 2010. urteen artean jasotako datuak baliatu dituzte. Joshua Daskin ekologoa baikor agertu da eta Mozambikeko Gorongosa parkean gertatutakoa izan du oinarri Berrian emandako azalpenean: “1977 eta 1992 bitartean izandako gerra zibilean, ugaztun handien %90 hil zituzten, baina fauna horren populazioa gerra aurretik zegoen egoeraren %80ra iritsi da orain. Naturari aukera eman zaio bere bidea egin dezan”. Beste zientzialari batzuk ez dira hain itxaropentsu agertu. Ez galdu artikulu interesgarri hau!

Emakumeak zientzian

Tu Youyou doktorea malariaren aurkako terapia bat aurkitu zuen medikuntza eta ohiko medikuntza txinatarra uztartuz. Artemisinina (qinghaosu gisa izendatu zuten hasieran) aurkitzeagatik jaso zuen Medikuntzako Nobel Saria orain dela hiru urte. 60 hamarkadan, Txinak abian jarri zuen proiektu sekretu batean (Project 523) parte hartu zuen. Ikerketak bi metodologia jarraitu zituen: alde batetik, antipaludiko sintetikoak garatzen hasi zirenak zeuden; bestalde, ohiko medikuntza txinatarra oinarri izan zutenak. Bigarren talde horretan zegoen Youyou. Aztertutako sendabelarren artean (380 landareen estraktu aztertu zituen guztira), atentzioa eman ziona Artemisia annua landarea izan zen, malariaren kontrako terapiaren oinarri.

Mikrobiologia

Kosmetikaren arloan oso ezaguna egin da botoxa. Botulismo-toxina da eta Clostridium generoko zenbait bakteriok ekoizten dute. Zimurrak kentzeko hori erabiltzen dute baina aurretik gaizki kontserbaturiko elikagaiek sorturiko pozoitzeengatik zen ezaguna. Testuan azaltzen diguten moduan, sinapsi neuromuskularraren funtzionamenduan eragiten du botulismo-toxinak. Motoneuronak (nerbio-zelula) egiten duen azetilkolinaren jarioa oztopatzea da botulismo-toxinak duen eragina eta neurotransmisorearen jarioa oztopatzen bada, zelula muskularrak ez ditu motoneuronak garraiatu dituen nerbio-bulkadak jasotzen. Ondorioz, muskulu-paralisia sortzen du.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #186 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #199

La, 2018-01-20 09:00

Erantzun inmunearen osagaiak ditu asmak, baita neurologikoarenak ere. Asmari aurre egiteko modu berrria dakar Sergio Laínezek Nociceptor inhibition as a new therapeutic approach for asthma.

Izaera sozial edo ekonomikoa duten programa pilotuak ezin dira automatikoki eskalatu. Adibide bikaina dakar José Luis Ferreirak How to scale up a pilot program.

Zer demontre da fonoi bat? DIPC-k azaltzen digu What the heck is a phonon?

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #199 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Tu Youyou (1930): Sendabelarrek badute lekua medikuntzan

Or, 2018-01-19 09:00
Uxue Razkin Anopheles generoko eltxo emearen ziztada txiki batekin hasten da benetako gainbehera. Eltxoa odolaz gose da eta hori xurgatzeaz gain, listua sartzen dio gizakiari. Horrela, malaria sortzen duten protozooak gorputzean sartzen dira; hondamendia gertu, eraikina eraistear: lehenik, gibelean sartzen dira eta bertan ugaltzen dira. Ondoren, odoletik barna bidaiatzen dute eta eritrozitoak (globulu gorriak) infektatzen dituzte. Horiek hausten direnean hasten dira sintomak agertzen.

Aski ezaguna zaigu gaixotasun infekzioso honen izena; ikusi moduan, Plasmodium generoko parasitoek eragiten duten gaitza da. Ezezagunagoa zaigu, baina, haren aurkako terapiaren jatorria. Horren atzean dago Tu Youyou doktore txinatarraren lana. Malariaren (Plasmodium falciparum) aurka jokatzen duen artemisinina (qinghaosu gisa izendatu zuten hasieran) aurkitzeagatik jaso zuen Medikuntzako Nobel saria orain dela hiru urte (William Campbell eta Satoshi Omurarekin elkarbanatu zuen). Haren irudiko, gaixotasun ugari senda zitezkeen sendabelarrak erabiliz, landare horien printzipio aktiboa lortuta, gaitza geldiaraztea posible eginez. Milioika pertsona salbatu zituen terapia horrek XX. mendean.

Vietnamgo Gerran, 60 hamarkadan, Txinak proiektu sekretu bat (Project 523) jarri zuen abian, Mao Zeodeng-ek gidatu zuena. Vietnamek laguntza eskatu zion Txinari, ez AEBen kontrako gerran laguntzeko, baizik eta malariak sortutako sarraskia gelditzeko. Gaitz horren aurkako terapia baten bila abiatu ziren ikusita Plasmodium anduiak ezin zirela errotik kendu. 60 ikerketa-zentro baino gehiagok parte hartu zuten programa horretan eta bi metodologia ezberdin jarraitu zituzten: alde batetik, antipaludiko sintetikoak garatzen hasi zirenak zeuden; bestalde, ohiko medikuntza txinatarra oinarri izan zutenak.

1. irudia: Tu Youyou ikertzailea da Nobel saria jaso duen lehen emakume txinatarra.

Bigarren talde horretan zegoen Youyou doktorea; bera zentroko zuzendari izan zena. Aztertutako sendabelarren artean (380 landareen estraktu aztertu zituen guztira), atentzioa eman ziona Artemisia annua izan zen. Arratoietan frogatu ondoren, emaitza kontraesankorrak erdietsi zituzten; batzuetan ikusten zuten inhibitzaile gisa funtzionatzen zuela baina besteetan, kontrakoa gertatzen zen. Youyou doktoreak lortu zuen arazo hori argitzea. Nola? IV. mendeko errezeta-liburu batean ikusi zuen hotzean egin behar zirela erauzketak. Izan ere, tenperatura beroarekin osagai aktiboa ezabatzen zuten nahi gabe erauzketa egiterako garaian. Txinan egin ziren lehenengo entsegu klinikoek arrakasta handia izan zuten. Era berean, lortu zuten proiektu honen bitartez produktu natural horren egitura kimikoa azaltzea, iraganean erabilitako gainontzeko antipaludikoekin konparatuz, itxuraz oso desberdina zena.

2. irudia: 2015.eko Nobel sarien ekitaldian Tu Youyou saria jasotzen. (Argazkia: Copyright © Nobel Media AB 2015 / Alexander Mahmoud)

Guda amaituta, Youyouren aurkikuntza ez zen ezagutzera eman. Soldadu eta oro har, zibil asko salbatu zituen arren, farmazia-industriak ez zuen asmorik agertu hori merkaturatzeko. Dena dela, hamar urte igaro ondoren, 1977an hain zuzen, artemisininaren aurkikuntza publikatu zuten. Mundu mailan ezaguna egin zen terapia berri hori eta modu berean, Tu Youyouren izena entzuten hasi zen.

Youyou medikuari buruz

Ningbón jaio zen 1930ean. Pekineko Unibertsitateko Medikuntza Eskolan hasi zen ikasten 1951n. 1955ean ikasketak amaitu ondoren, bi urte igaro zituen Txinako Medikuntza tradizionala ikasten. Eskistosomiasiaren (zizare parasitoek sortzen duten gaixotasuna) inguruko ikerketak burutu zituen lehenik, une horretan, oso zabalduta baitzegoen Txinan. Nobel sariaz gain, 2001etik aurrera doktoretza egiten ari ziren ikasleen kontseilari akademiko gisa aritu zen eta geroago, zuzendari bihurtu zen Txinako Medikuntza Akademian. 2011.urtean, Albert Lasker Saria jaso zuen Medikuntza kliniko ikerketak gauzatzeagatik.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Tu Youyou (1930): Sendabelarrek badute lekua medikuntzan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kannabisa: ageriko altxor ezkutua

Og, 2018-01-18 15:00
Oier Aizpurua-Olaizola, Jone Omar, Maitane Olivares, Patricia Navarro, Nestor Etxebarria eta Aresatz Usobiaga Gaur egun ezagunak dira kannabisak dituen hainbat ezaugarri eta erabilera; esate baterako, anorexia, minbizien fase aurreratu, edo HIES kasuetan lagungarri den gosea pizteko baliagarria dela; minbiziak sendatzeko erabiltzen den kimioterapia errazago jasateko efektu antiemetikoa duela; minbiziek, HIESak eta fibromialgia edo erreuma-artritisaren gisako gaixotasunek eragindako min neuropatiko kronikoari aurre egin diezaiokeela; eta esklerosi anizkoitzari lotutako gogortasuna edo espastizitatea tratatatzeko zein glaukoma tratatzeko erabil daitekeela.

Irudia: Etorkizunean kannabisa sendagai bezala erabiltzeko urratsak ematen ari dira ikerkuntzan.

Bestalde, oraindik guztiz frogatuta egon ez arren, geroz eta ikerketa zientifiko gehiagok babesten dute kannabisa beste gaixotasun askotarako irtenbide garrantzitsua izan daitekeela; hala nola, hainbat minbizi sendatzeko, epilepsia tratatzeko, eta alzheimerrari, Hungtintonen gaixotasunari, diabetes kasuei zein Touretten sindromeari aurre egiteko.

Kannabis landarea ez da batere sinplea ordea. 554 konposatutik gora identifikatu dira bertan; horien artean, 113 kannabinoide eta 120 terpeno. Kannabinoide horietako bakoitzak aktibitate terapeutiko ezberdina du eta, ondorioz, aplikazio ezberdinetarako erabil daitezke. Hortaz gain, euren artean eragin sinergikoa gertatzen da; esaterako, jakina da kannabidiolak (CBD cannabidiol) tetrahidrokannabinolaren (THC tetrahydrocannabinol) eragin euforikoa modulatzen duela. Hori gutxi ez, eta terpenoek, lurrinaren erantzule izateaz gain, hainbat efektu terapeutiko dituzte eta kannabinoideekin sinergian joka dezakete.

Lan honetan, etorkizun hurbilean kannabisa sendagai bezala erabili ahal izateko bi urrats eman dira. Alde batetik, landareak euren efektu fisiologikoekin lotzeko lagungarria izan daitekeen kannabinoideen hatz-marka ikertzeko metodo bat garatu da fragmentazio bikoitzeko masa-espektometriari akoplaturiko eraginkortasun handiko likido kromatografia bidez (HPLC-MS/MS High Performance Liquid chromatography-tandem mass spectrometry). Horretarako, 6 kannabinoide nagusi kuantifikatu eta beste 7 identifikatu eta kualitatiboki aztertzeko metodo analitikoa garatu da. Identifikatutako 7 kannabinoide horiek berresteko konposatuen identifikazio zehatzagoa eskaintzen duen hegaldi-denbora bati akoplatutako kuadrupolo (Q-ToF quadrupole-time off light) bat erabili da. Teknika horrek konposatuen masa zehaztasun handiz determinatzea ahalbidetzen du, eta, modu horretan, bere formula molekularra zein den ezagut daiteke. Formula molekularra ezagututa, masa-espektroa aztertu eta bibliografiara jo da 7 kannabinoide ezezagun horiek identifikatzeko. Garatutako metodoa 30 lagin ezberdini aplikatu zaie, eta kanpoan hazitako eta barnean hazitako landareen hatz-marken artean ageriko ezberdintasunak ikusi dira. Modu honetan, garatutako metodoa landare ezberdinen kanabinoide profila osatzeko baliagarria dela frogatu da.

Bestalde, kannabis landareko konposatuen produkzioa optimizatzeko kimiotipo ezberdineko landareen hazkuntzan zeharreko kannabinoideen eta terpenoen garapena aztertu da. Horretarako, ama-landare ezberdinen 50 klon landatu dira eta barnean hazi dira hiru fase ezberdinetan. Astero landare bakoitzetik 3 klon moztu eta analizatu dira, 8 kannabinoide diodo-segiden detektoreari (DAD Diode Array Detector) akoplaturiko HPLC bidez eta 28 terpeno garraren bidezko ionizazio-detektagailuari loturiko gas kromatografiaren bidez (GC-FID Gas Chromatography – Flame Ionization Detector). Bertan, kannabis landarearen 3 kimiotipo ezberdinen hazkuntza-prozesuetan zehar kannabinoide eta terpenoen kontzentrazio maximoak noiz aurkitzen diren ezartzeaz gain, kimiotipo bakoitzaren ezaugarri diren terpenoak zeintzuk diren ikusi da. Ezaugarritze hori kannabinoideen eta terpenoen arteko sinergiak aztertzea helburu duten ikerketetarako lagungarria izan daiteke.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Kannabisa: ageriko altxor ezkutua.
  • Laburpena: Etorkizun hurbilean kannabisa sendagai bezala erabili ahal izateko bi urrats eman dira lan honetan. Alde batetik, landareak euren efektu fisiologikoekin lotzeko lagungarria izan daitekeen kannabinoideen hatz-marka ikertzeko metodo bat garatu da fragmentazio bikoitzeko masa-espektometriari akoplaturiko eraginkortasun handiko likido kromatografia bidez (HPLC-MS/MS High Performance Liquid chromatography-tandem mass spectrometry). Bestalde, kannabis landareko konposatuen produkzioa optimizatzeko kimiotipo ezberdineko landareen hazkuntzan zeharreko kannabinoideen eta terpenoen garapena aztertu da. Bertan, konposatu garrantzitsuenen kontzentrazio maximoak noiz agertzen diren ikusteaz gain, landare-mota bakoitzaren ezaugarri diren terpenoak zeintzuk diren aurkitu da.
  • Egileak: Oier Aizpurua-Olaizola, Jone Omar, Maitane Olivares, Patricia Navarro, Nestor Etxebarria eta Aresatz Usobiaga
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 7-18
  • DOI: 10.1387/ekaia.15800

—————————————————–
Egileez:

Oier Aizpurua-Olaizola, Jone Omar, Maitane Olivares, Patricia Navarro, Nestor Etxebarria eta Aresatz Usobiaga UPV/EHUko Kimika Anialitikoa Sailekoak (Zientzia eta Teknologia Fakultatea) dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Kannabisa: ageriko altxor ezkutua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Botox eta beste

Og, 2018-01-18 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Defentsak eta erasoak

———————————————————————————————————–

Botox, toxina baten merkatu-izena da, botulismo-toxinarena hain justu. Aspalditik erabiltzen da botika gisa, gaixotasun muskular batzuk ―distonia fokalak, esaterako― tratatzeko; hau da, muskulu bakar bat edo muskulu multzo baten distoniari tratamendua emateko behar denean erabiltzen da. Azken urteotan, baina, oso ezaguna egin da kosmetikaren arloan.

1. irudia: Zimurrak kentzeko oso erabilia da botulismoaren toxina. Zimurrak ez dira betiko kentzen, baina, 3-6 hilabeteko eragin-epea du toxinak. (Irudia: Jodie Marsh)

Izan ere, zimurrak kentzeko oso erabilia da; zimurrak ez dira betiko kentzen, baina, 3-6 hilabeteko eragin-epea baitu. Clostridium generoko zenbait bakteriok ekoizten dute botulismo-toxina, eta osasun- eta estetika-arloan erabiltzen hasi arte, batez ere gaizki kontserbaturiko elikagaiek sorturiko pozoitzeengatik zen ezaguna.

Botulismo izena, botulus (= saltxitxa) latinezko hitzetik dator. Izan ere, botulismo-toxinari saltxitxa-pozoia izena eman zitzaion duela bi mende lehendabizi deskribatu zenean, gaizki prestaturiko edo kontserbaturiko saltxitxek sortzen zuten pozoiduragatik. Lehen esan bezala, Clostridium generoko bakterioek sortzen dute, eta, bakterio horiek direla eta, ez dira gutxi izan etxean prestaturiko kontserbak jateagatik gertatu diren pozoitzeak. Merkatuko kontserbetan erabiltzen diren esterilizazio- eta asepsia-prozedurei esker ez da arriskurik egoten.

Ikus dezakegunez, beraz, toxina horrek bi aurpegi ditu: batetik, pozoi bat da eta pozoi hilgarria gainera, eta, bestetik, botika gisa erabil daiteke. Bada, bi eraginek, hilgarriak eta sendagarriak, oinarri bera dute, sinapsi neuromuskularraren funtzionamenduan eragiten baitu botulismo-toxinak.

Bi zelula kitzikagarriren arteko lotura funtzionalak dira sinapsiak, eta zelula batetik besterako seinale elektrikoa bidaltzea ahalbidetzen dute, gehienetan bitartekari modura molekula kimiko bat erabiliaz. Mezulari kimikoak bere lana modu egokian egiten ez badu, nerbio-sistemaren komunikazio-prozesua eten egiten da eta, beraz, bertan behera gelditzen da bere koordinaziorako eta integraziorako ahalmena. Sinapsi neuromuskularra da hobekien ezagutzen direnetako bat. Motoneurona (nerbio-zelula) baten eta zelula muskularraren arteko lotura da sinapsi mota hori eta azetilkolina da horretan jarduten duen neurotransmisorea. Hortaz, azetilkolinaren lana kaltetzea izaten da zenbait neurotoxinaren eragina.

2. irudia: Botulismoa sortzen duen toxinari saltxitxa-pozoia izena eman zitzaion, gaizki prestaturiko edo kontserbaturiko saltxitxek sortzen zuten pozoiduragatik.

Motoneuronak egiten duen azetilkolinaren jarioa oztopatzea da botulismo-toxinak duen eragina. Jakina, neurotransmisorearen jarioa oztopatzen bada, zelula muskularrak ez ditu motoneuronak garraiatu dituen nerbio-bulkadak jasotzen. Ondorioz, muskulua ez da uzkurtzen, hau da, muskulu-paralisia sortzen du. Eta horixe da, hain zuzen ere, toxina botulinikoak pozoi gisa edo botika gisa jokatu ahal izatearen arrazoia.

Botulismo-toxina ez da Clostridium generoko espezieek ekoizten duten toxina bakarra, Clostridium tetani izeneko bakterioak toxina tetanikoa edo tetanospasmina sortzen baitu. Toxina botulinikoak bezala, honek ere oztopatzen du mezulari kimikoa jariatzea, interferentziak eragiten baititu neurotransmisorea gordetzen duten besikulen edukiaren askatze-prozesuan. Toxina botulinikoak sinapsi neuromuskular periferikoak deuseztatzen baditu, bizkar-muineko neurotransmisore inhibitzaileen askapena oztopatzen du pozoi tetanikoak. Eta, beraz, motoneuronak inhibitu ezin daitezkeenez, muskulu eskeletikoa hiperkitzikatu egiten da eta tetanikoki (etengabe) uzkurtu. Hori dela eta, tetanos izenez ezaguna dugun gaixotasun larria eragiten du.

Ikusi ditugun bi toxina horiek neurotransmisorearen jariatzea oztopatzen dute, baina aurkako eragina duen toxinarik ere bada. Hau da, zenbait toxinak kontrol gabeko jarioa eragiten dute eta horien artean sartzen da α-latrotoxina. Aurreko kasuetan ez bezala, α-latrotoxina ez du bakterio batek sortzen, alargun beltza armiarma emea da-eta pozoiaren ekoizlea. Toxina horren eragin-bidea ere oso desberdina da. Ikus dezagun. Kaltzio ioiak zeregin garrantzitsua du sinapsi kimikoetan. Nerbio-bulkada sinapsi aurreko terminalera heltzen denean, kaltzioa sartzen da neurona barrura, tentsio menpekoak diren kaltzio-kanalen bitartez. Izan ere, kaltzio hori da neurotransmisorearen askapena eta, beraz, zelulen arteko komunikazioa eragiten dituena. α-latrotoxinak, kaltzioaren menpekotasunetik askatzen du neurotransmisorearen jarioa eta, beraz, etengabea da, agortu arte. Horren ondorioz, pozoi honek ere muskuluen uzkurtze etengabea sortzen du.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Botox eta beste appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Biziaren osagaiak, zerutik erorita

Az, 2018-01-17 09:00
Juanma Gallego Bi meteoritotan materia organikoa aurkitu dute, gatz kristaletan babestuta. Zientzialariek proposatutakoaren arabera, ura zegoen ingurune batean sortu ziren biziaren osagai hauek, eguzki-sistema jaio eta gutxira.

Seguruenez, zientziak eta gizateriak aurrean duten erronkarik zirraragarrienetakoarekin lan egiten dute Lurretik kanpo bizia ote dagoen aztertzen dutenek. Urratzeko duten bidea, ordea, ez da erraza. Milaka argi-urtez bidaiatu duten fotoiei etekina atera behar diete, espektrografiaren bitartez, bertan bizirako oinarri izan daitezkeen molekulen islak ote dauden igartzeko. Halere, horrek ez du ziurtatzen argiaren bitartez atzemandako molekula horiek lurretik kanpoko biziaren testigu direnik.

1. irudia: Marokon 1998an eroritako Zag meteoritoan agertutako kristal gatzak. (Argazkia: Queenie Chan / The Open University)

Astrobiologoek Lurrean bertan ikertzen dute ere, eta espazioan izan daitezkeen antzeko baldintzetan gure planetan biziak aurrera nola egiten duen aztertzen dute, batez ere, organismo extremofiloen bizimodua arakatuta. Halere, horrek ez du ziurtatzen organismo horiek lurretik kanpoko biziaren testigu direnik.

Alabaina, noizean behin, meteoritoetatik berri onak datoz. Horrek esan lezake nonbait, noizbait bizia egondakoa dela unibertsoan. Halere, horrek ez du ziurtatzen… bai, jakina. Astrobiologoek etengabeko zalantzarekin lan egin behar dute. Aparteko adierazpenek aparteko frogak behar dituzte, eta “apartekotasun” hori astrobiologia beraren jatorrian dago.

Itxaropenak pixkana pilatzen dira, ordea. Horren adibide da Science Advances aldizkarian plazaratutako ikerketa bat. Asteroide gerrikoan jatorri duten meteorito pare batean biziaren sorrerako oinarri izan daitezkeen materialak topatu dituzte. Ura zein konposatu organikoak batera dituzten meteoritoak aurkitzen diren aurreneko aldia da.

Emaitza berriak orain atera badituzte ere, duela 20 urte aurkitu ziren meteorito horiek, bakoitza toki eta une desberdinean. “Monahans” izenekoa Texasen (AEB) erori zen, 1998ko martxoan. “Zag” deitutakoa, berriz, Marokon jaso zuten, urte bereko abuztuan.

Arroka puska horiek erori eta bi urtera izan ziren lehen ezustekoak. 2000ko ekainean Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batek agerian utzi zuen bi meteorito hauetan eguzki-sistema eratu zen garaiko ura zegoela. Ikerketa horretan bertan argudiatu zen bizia sortzeko baldintzak bazirela eguzki-sistema sortu eta gutxira. 17 urte geroago, meteorito horien analisiari esker, zientzialariek informazio berria eskuratu dute orain.

Denbora kapsula

Karbonoa, oxigenoa eta nitrogenoa aurkitu dituzte espazioko arroketan, eta baita hidrokarburoak eta aminoazidoak ere. Urarekin batera, bizia sortzeko beharrezkoak diren osagaietako batzuk, hain zuzen. Material organiko hori gatz kristalen barruan gordeta mantendu da. Ikerketa taldeko kide David Kilcoyne zientzialariak anbarean harrapatuta gelditzen diren intsektuekin alderatu du kontua. Kilcoyne Lawrence Berkeley (Kalifornia, AEB) laborategiko zientzialaria da. Bertan egin dituzte, hain zuzen ere, gatzen azterketa, X-izpiak erabilita.

2. irudia: Zeres planeta nanoan (irudian) eta Hebe asteroidean kokatu dituzte meteoritoen jatorria. (Irudia: NASA)

Lortutako datuek ideia argi bat babesten dute: materia organiko hori ura egondako toki batean sortua dela. Egileek uste dute material hauek duela 4.500 milioi urte inguru sortu zirela, eguzki-sistema eratu eta gutxira. Proposatu dutenez, meteoritoen jatorria Zeres planeta nanoan eta Hebe asteroidean egon daiteke. Orain bi objektu horiek Marte eta Jupiterren artean dagoen asteroideen gerrikoan kokatuta daude. Gogoratu beharra dago, Nazioarteko Astronomia Batasunak duela hainbat urte finkatutako irizpideen berrien arabera, planeta nanoa dela Zeres; baina, funtsean, asteroide gerrikoaren objekturik handiena dela ere.

Antzinako eguzki-sisteman materialen garapena aztertzeko bidea emango duela uste dute zientzialariek. Zehazki, eta egileek babestu dutenez, gatz kristal hauek ikertzea lagungarria izan daiteke Europa edo Entzelado bezalako ilargietan izan zitezkeen hasierako prozesu biologikoak hobeto ezagutzeko. “Halitazko kristalek eta euren barruan dauden material organikoek eguzki-sistemaren hasierako materialen mugimenduari eta hasierako historiari begira dagoen leihoa” zabaltzen dutela azaldu dute ikerketa artikuluan.

Ikerketa hau, funtsean, panspermiaren hipotesi ezaguna babesteko beste argudio bat litzateke. Espaziora jaurtikitako arroka hauetan gorde litezke bizia garatzeko beharrezkoak diren hainbat konposatu. Bestalde, gatzen barruan egoteak espazioaren ingurune latzetik babesteko bidea emango lieke konposatuei.

Ikerketa artikuluan babestu dute izotz-sumendietan egon daitekeela abiapuntua: “Europa edo Entzelado bezalako ilargiak ulertzeko bidean, kriobolkanismoaren bitartez sortu diren eta gero espaziora jaurtikiak izan diren halita kristalak eredu bikainak dira objektu hauetan sor daitezkeen prozesu aurrebiotiko eta balizko prozesu biotikoak aztertzeko”.

Azpimarratu beharra dago konposatu horiek berez ez dutela ziurtatzen… bai, hala da. Ez dute ziurtatzen bizia garatu daitekeenik. Dena dela, eguzki-sistemaren hasiera nolakoa izan zen eta bizia sortzeko zer nolako aukerak zeuden igartzeko bide aproposa da. Eta, zergatik ez, gure eguzki-sisteman bertan bizia aurkitzeko ametsera ere hurbiltzen gaitu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Queenie et al. Organic matter in extraterrestrial water-bearing salt crystals. Science Advances 10 Jan 2018. Vol. 4, no. 1, eaao3521 DOI: 10.1126/sciadv.aao3521

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Biziaren osagaiak, zerutik erorita appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Nekazaritza ekologikoa konbentzionala baino hobea al da ingurumenarentzat?

Ar, 2018-01-16 09:00
Josu Lopez-Gazpio Munduko biztanleria handitzen doan neurrian, nekazaritza intentsiboa ere hedatzen doa munduko txoko guztietara. Horren aurrean, geroz eta gehiago dira dietak ingurumenean dituen eraginak kontuan hartu eta txikitu nahi dituzten kontsumitzaileak. Hori egiteko aukera hori duten kontsumitzaileak haien dietak eragiten dituen kalteak murritzen saiatzen dira eta, gehienetan, nekazaritza ekologikoa -edo organiko delakoa- ikusten dute kalteen murrizketa lortzeko bide bakartzat. Inkesten arabera, produktu ekologikoak kontsumitzen dituztenen gehiengoak osasunagatik eta ingurumenagatik egiten dute aukeraketa hori.

1. irudia: Nekazaritza ekologikoa eta konbentzionala, polarizatutako eztabaida, baina, argi-ilun asko dituena. (Argazkia: wobogre – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Bada, eztabaida horren aurrean, Clark eta Tilman ikertzaileek 2017an ikerketa mamitsu baten ondorioen berri eman zuten, urtetan zehar 742 nekazaritza sistema aztertu ondoren. Gaian sartu aurretik, komeni da definitzea zer den nekazaritza ekologikoa eta zer nekazaritza konbentzionala; izan ere, herrialde bakoitzean arau desberdinak daude bereizketa hori egiteko. Oro har, nekazaritza ekologiko moduan ulertu behar da osagai sintetikorik ez dela erabiltzen edo, behintzat, araututako substantzia gutxi batzuk erabiltzen direla ekoizpenean. Jakina, horrek ez du esan nahi substantzia kimikoak erabiltzen ez direnik nekazaritza ekologikoan. Ikerketaren emaitzak nekazaritza mota bakoitzak ingurumenean duen eragina soilik aztertzen duenez, esan behar da osasunari dagokionez ez dagoela desberdintasun aipagarririk. Ez da frogatu produktu ekologikoek nutriente gehiago dituztenik edo osasunarentzat hobeak direnik. Hori bai, nekazaritza konbentzional bidez ekoiztutako produktuetan pestiziden kontzentrazio handiagoak aurkitu dira. Edozein kasutan, frogatuta dago pestizida kontzentrazio horiek ez dutela osasun kalterik eragiten, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ezarritako mugen azpitik egoten baitira elikagaietan.

Datuen garrantzia

Nekazaritza ekologikoaren eta konbentzionalaren arteko konparaketa egitean -eta, oro har, edozein konparaketa modu zientifikoan egin nahi denean-, kontuan izan behar da kasu isolatuek ez dutela ezer adierazten. Beti egongo dira kasu partikularrak edozer frogatzeko, baina, aipatutako ikerketaren garrantzia horretan datza: meta-analisiak nekazaritza sistema asko eta asko aztertu ditu, modu objektibo eta definituan, aurreiritzirik gabe.

Clark eta Tilmanek sei elikagai talde ikertu zituzten: frutak, zerealak, barazkiak, lekaleak, esnea eta arrautzak -bi horiek talde berean- eta haragia. Ingurumen eraginak ere honako talde hauetan sailkatu zituzten: negutegi efektuko gasen ekoizpena, lurraren erabilera, azidotzea, eutrofizazioa -gehiegizko ongarri erabilpenarekin lotua- eta energia erabilera. Gainera, ez zuten nekazaritza etapa bakarrik kontuan hartu, alegia, elikagaiaren bizi-ziklo osoa aztertu zuten ingurumen eraginak aztertzean. Esan bezala, guztira 6 elikagai talde eta 5 ingurumen eragin aztertu zituzten. 30 aukera horietatik, 3 kasutan nekazaritza ekologikoaren ingurumen eragina txikiagoa da, 14 kasutan nekazaritza konbentzionala da ingurumena gehien zaintzen duena eta beste 13 kasuetan bien eragina antzekoa da. Metodo organikoak hobeak diren kasuak hauek dira: frutak landatzean negutegi efektuko gasen ekoizpenean, eta zereal, arrautza eta esnearen ekoizpenean energia kontsumoaren kasuan.

2. irudia: proteinen kontsumoari dagokionez, haragi ekoizpenak du ingurumen eragin handiena (nekazaritza ekologikoa zein konbentzionala izan). (Argazkia: 3dman_eu – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Konbentzional-ekologiko eztabaidan, zenbait ondorio

Esandakoaren ildotik, hiru puntu garrantzitsu hartu behar dira kontuan nekazaritza ekologikoaren eta konbentzionalaren arteko eztabaidan. Lehenik eta behin, argi izan behar da ez dela zuzena pentsatzea elikagai organikoak izatez hobeak direla edo ingurumenarentzat hobea dela nekazaritza mota hori. Datuen arabera, nekazaritza ekologikoak konbentzionalak baino eragin kaltegarriagoa du aztertutako esparru gehienetan. Bigarrenik, nekazaritza intentsiboaren eta ekologikoaren arteko eztabaida oso polarizatuta badago ere, ulertu behar da zenbait egoeratan bat bestea baino hobea izan daitekeela eta beste egoera batzuetan alderantziz izan daitekeela. Kasuak banan-banan aztertu behar dira, eta ezin da esan, ekologikoa edo konbentzionala, zein den bietan onena. Oro har, datuen arabera, frutak landatzeko bide organiko-ekologikoak hobeak dira eta gainontzekoen kasuan ¾zerealak, barazkiak, haragia, arrautzak eta esnea¾, aldiz, konbentzionala.

irudia: Ingurumen kalteak murriztu nahi badira, garrantzitsuena ez da jaten duguna nola ekoiztu den, baizik eta zer jaten dugun. (Argazkia: Andy333 – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Azkenik, garrantzitsua da konturatzea konbentzional-ekologiko eztabaidan oinarrituta gure dietan aukeraketak egiten ditugunean, ahaztu egiten dela ingurumenean eragin handiena izango duten erabakiak aztertzea. Askoz ere garrantzitsuagoa da zer jaten den pentsatzea, eta ez hainbeste jaten den hori nola ekoiztu den. Oro har, nekazaritza ekologikoan ekoiztutako produktu baten eta modu konbentzionalean ekoiztutako produktu beraren arteko ingurumen eraginaren desberdintasuna txikia izaten da -gehienez bikoitza izaten da, kasurik argienetan-. Alabaina, proteinak haragitik eskuratzearen eta laboreetatik eskuratzearen arteko ingurumen eragina ehun aldiz handiagoa da. Hortaz, zure txuletaren ondoan dauden patata frijituak ekologikoak diren ala ez pentsatzen denbora pasatzen duzun bitartean, ez duzu pentsatzen -agian, ez duzulako nahi- ingurumen eragin handiena txuletak berak duela.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Nekazaritza ekologikoa konbentzionala baino hobea al da ingurumenarentzat? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

On Zientzia: Gaztamania

Al, 2018-01-15 15:00
Gazta neolitikotik ekoizten dela uste da. Gaztaren produkzioak atzetik duen prozesu biokimikoa neolitikoan kasualitatez ikasi zutela uste da, hala ere. Zelan egiten da gazta? Zer da, zehazki, gatzagia? Zein da esnea gazta bihurtzeko prozesuan gertatzen dena?

Esnea eta gatzagitik abiatuta gazta egiteko prozesua azaltzen dute protagonistek, parte hartzen duten entzima eta proteinen funtzioak azalduta. Kimosina entzimaren eraginez kaseina proteina zelan prezipitatzen den, horrek zelan mamitzen duen esnea eta hortik aurrera gazta lortu arte jarraitu beharreko prozesua ikus daiteke bideo honetan.

Gaztaren atzean dagoen prozesu biokimikoa ikus daiteke Unamuno BHI-Gasteizeko 1.E-ko gelakideek egindako “Gaztamania” bideoan, On Zientzia lehiaketaren VI. edizioan euskarazko epaimahaiaren azken errondaren parte izan zena.

—–—–

Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako lehiaketa da On Zientzia, jakintza zientifikoa ezagutzera emango duten bideo labur eta originalen ekoizpena bultzatzeko helburuarekin.

Lehiaketaren oinarriek ezarri bezala, bideoek 5 minutu baino gutxiago iraun behar dute eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez izan daitezke, gaia librea delarik. Edukiak jatorrizkoak izan behar dira, telebistan inoiz atera ez direnak, eta beste lehiaketaren bat irabazi ez dutenak.

Hiru sari kategoria ditu On Zientzia lehiaketak:

  • Gazte saria (18 urtetik beherakoentzat). 1000 €
  • Euskarazko bideo onena. 2000 €
  • Dibulgazio bideorik onena. 3000 €

2017-2018koa VIII. edizioa da eta parte hartzeko epea zabalik dago jada 2018ko apirilaren 25era arte.

The post On Zientzia: Gaztamania appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Efektu birsortzailea eta neurobabeslea parkinsonean

Al, 2018-01-15 09:00
Parkinson gaixotasunean substantzia beltzeko neurona dopaminergikoen endekapena murrizteaz gain, bultzada eman zion zelula berrien eraketari eta zelula diferentziazioari VEGF eta GDNF proteinen konbinazioak.

1. irudia: Parkinsona diagnostikatzeko balio dezakeen tomografia.

Bigarren patologia neurodegeneratibo arruntena da gaur egun parkinsona. Aurre egiteko terapiak ordezkapenean oinarritzen dira nagusiki eta arazoak dituzte epe luzera. Diagnostiko goiztiarra egitea eta terapia neurobabesleak eta neurobirsortzaileak sortzea, gaixotasunaren sintomak geldotzeko eta baita lehengoratzeko ere, da parkinsonaren erronka nagusia. Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko LaNCE taldeak egin dituen lanetan bi faktore neurotrofikoren efektu birsortzailea eta neurobabeslea egiaztatu da, era konbinatuan aplikatzen direnean.

Garunaren substantzia beltzean neurona dopaminergikoak galtzen direnean sortzen da parkinsona mugimenduaren nahasmedua. Dopamina neurotransmisorea (nahi gabeko mugimenduen modulazioan eginkizun garrrantzitsua duena) sortzen duten nerbio zelulak dira neurona dopaminergikoak.

Eredu esperimentala eta bi faktore

Parkinsonaren fase ezberdinak erreproduzitzeko aukera ematen duen eredu esperimentala erabili da ikerketan. Emaitzetan ikusi zenez, gaitzak eragindako aldaketak ez dira homogeneoak garunean kaltetutako eskualdeetan. Kaltea bat dator neurona dopaminergikoen eta haien terminalen banaketa anatomiko espezifikoarekin; zehazki, neurona dopaminergikoek osorik dirauten eremuekin konexio gehiago dituzten zonaldeetan kaltea txikiagoa da.

Eredu esperimentala gaixotasunak eragiten dituen aldaketa morfologikoak eta funtzionalak aztertzeko balio duela egiaztatutakoan, faktore neurotrofikoen askapenean oinarritutako estrategia terapeutikoak aplikatu dira. Zelulen hazkundea, plastikotasuna eta biziraupena errazten duten eta neurona funtzioaren erregulazioan funtsezko eginkizuna duten proteinak dira erabilitako faktoreak.

Bi faktore aplikatu dira: endotelio baskularraren hazkunde faktorea (VEGF) eta zelula glialetatik eratorritako faktorea (GDNF). Polimero biobateragarri eta biodegradagarria den azido (poli-laktiko-ko-glikolikoa), PLGA, mikroesferetan edo nanoesferetan sartu dira proteinak, pixkana-pixkana baina etenik gabe askatuak izan daitezen. Faktoreak era konbinatuan erabili dira, batera efektu sinergikorik ba ote duten aztertzeko.

Bai ereduaren fase goiztiarrean bai fase zorrotzean, emaitzak itxaropentsuak izan dira. Substantzia beltzeko neurona dopaminergikoen endekapena nabarmen murriztu ez ezik, bultzada eman dio zelula berrien eraketari eta zelula diferentziazioari VEGF eta GDNF faktoreen konbinazioak.

Efektu sinergiko eta neurobirsortzailea frogatzeko aztertutako bi faktore neurotrofikoen hartzaileak inhibitzen dituen molekula bat erabili da. Ondorioak are okerragoak izan dira sistema dopaminergikoan eta VEGF eta GDNF faktoreek Parkinson gaixotasunean dituzten efektu onuragarri eta sinergikoak frogatu dira.

Faktoreak nanoesferen barruan kokatuta eta ereduak erreplikatutako gaixotasunaren fase goiztiarrean eman direnean lortu dira emaitzarik onenak. Diagnostiko goiztiarrak duen garrantzia eta nanoteknologiaren egokitasuna adierazten dute emaitza hauek.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Bi proteinaren konbinazioak efektu birsortzailea eta neurobabeslea du Parkinson gaixotasunean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Lafuente JV, Requejo C, Carrasco A, Bengoetxea H. Nanoformulation: A Useful Therapeutic Strategy for Improving Neuroprotection and the Neurorestorative Potential in Experimental Models of Parkinson’s Disease. Int Rev Neurobiol; 137:99-122. DOI: 10.1016/bs.irn.2017.09.003.

The post Efektu birsortzailea eta neurobabeslea parkinsonean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #185

Ig, 2018-01-14 09:00
Ziortza Guezuraga Astronomia

2069 urterako misio berezia jarri nahi du abian NASAk: Proxima Centauri sistemako planeta bat kolonizatzea. Gure Eguzki-Sistematik ez oso urrun dagoen Proxima Centauri sisteman bada Proxima B, Lurraren antzeko ezaugarriak dituen planeta. Gaztezulon azaltzen dutenez, egungo teknologiarekin ezinezkoa da bidaia egitea eta 2069an kokatzen dute ingeniariek bidaiaren bideragarritasuna eta, hartara, abian jarri du plana NASAk.

Breakthrough Starshot proiektua ekarri dute Naiara Barradok eta Itziar Garatek asteon Zientzia Kaierara. Lurra galdutzat eman eta beste planeta batera alde egin baino, are urrunago, izarretara joan beharko genukeela uste dutenak badira. Horixe du, hain justu, helburu Starshot proiektuak: izarretara Eguzki-Sistematik atera eta beste izar batera, Alpha Centaurira, joatea.

Biologia

Bonba kimiko batekin babesten den kakalardoa ekarri dute aste honetan Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak Zientzia Kaierara. Zerbaitek, dela apo, inurri edo armiarma edo antzeko harrapariren batek, kalte egiteko zorian duela antzematen duenean, esprai kimiko narritagarria jaurtitzen diote etsaiari kakalardoek. Ez hori bakarrik, jaurtitzen duten substantziaren tenperatura 100°C-tik gorakoa da, hainbat aldiz erabil dezakete eta gainera bonba-jaurtiketa ia edozein noranzkoan zuzendu dezakete.

Norbera espazioan kokatzen duten neuronak zeintzuk diren identifikatuta zuten zientzialariek, orain arte, baina, ez da jakin zelan egiten zitzaien bestelako animaliei jarraipena. Elhuyar aldizkarian ikusi dugunez, espezie bereko beste animalien kokapena erregistratzen duten garuneko zelulak identifikatu dituzte saguzarrekin egindako esperimentuetan. Interakzio sozialetan, behaketa bidezko ikasketan edo taldean nabigatzeko gako izan daitezke identifikatutako neuronak.

Paradisuko hegaztien lumak duten kolore beltzaren atzean dagoen misterioa argitu dutela ikusi dugu Elhuyar aldizkarian. Luma superbeltzek (argiaren % 0,05 baino islatzen ez dutenak) ohiko luma beltzek baino egitura morfologiko konplexuagoa dute: zuntz bakunak eduki beharrean, zuntz adarkatuak eta bertikalki inklinatuak dituzte. Zientzialarien arabera, egitura horiei esker dute argi ikusgai gehiago xurgatzeko gaitasuna.

Genetika

Zeintzuk dira gizakiotan gehien ikertutako geneak? 1980ko hamarkadaren hasieran HBB genea (hemoglobinaren zati bat kodetzen duen gene bat) zen ikerketa genetikoaren jaun eta jabe zen. Famak beherakada izan eta CD4 geneak hartu zion lekukoa. Honetaz guztiaz aritzeaz gain, Peter Kerpedjievek gizakiotan gehien ikertutako geneen zerrenda egin zuela kontatu digu Koldo Garciak Edonolan.

Ilustrazio zientifikoa

Gai konplexuak azaltzeko orduan, irudiek duten garrantziaz, eta ez soilik zientzia dibulgazioa egiteko, aritu da Juanma Gallego Berrian. Ideiak azaltzeko, bereziki zientziaren alorrean, tresna bezala irudigintzak duen balioa azpimarratzen du Vega Asensio ilustratzaileak eta adituen artean komunikazioa errazteko ere balio duela aipatu. Irudien nolakotasunari dagokionez, irudiok ez dutela zertan ederrak izan azaltzen du, askotan oso teknikoak direla, zuri-beltzekoak, eta ikertzaileek baino ez dituztela ulertzen.

Kliodinamika

Historian garatu diren gizarteak modu zientifikoan ikertzeko modua da Kliodinamika. Indikatzaile desberdinak erabilita, gizarteen garapena aztertu nahi du Kliodinamikak, eta, ahal den heinean, garapen hori aurreikusi. Hartara, Seshat “historia globalaren datu-basea” sortzen dabiltzala azaldu digu Juanma Gallegok: azken 10.000 urteetan 30 erregiotako informazio historikoa eta arkeologikoa biltzen ditu datu-baseak. 414 gizarte, orotara.

Medikuntza

GIBaren infekzioari aurre egiteko tratamenduak oso eraginkorrak dira, baina derrigor egunero-egunero hartzea eskatzen dute. Elhuyar aldizkarian ikusi dugu astean behin bakarrik hartuta Giza Immunoeskasiaren Birusaren infekzioari aurre egiteko gai izango den pilula ari direla garatzen. Izan ere, ikerketek erakutsi dute gaixoen % 30ek bakarrik hartzen dutela egunero tratamendua behar bezala, birusak botikekiko erresistentziak garatzea eragin dezakeena.

Teknologia

Mekanismo txiki batekin datozen eta ahotsaren bidez kontrolatu daitezkeen paperezko figura txiki batzuei buruz jakin dugu Sustaturi esker. Googlek bultzatzen du Paper Signals proiektuko figuratxoak: ahotsarekin kontrolatzen diren paperezko seinaleak. Kode irekiko proiektua da eta, beraz, salgai dauden ereduez gain, edonork sor ditzake antzeko elementuak.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #185 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak