Hotzetik etorritako molekulek etorkizun oparoa izan dezakete
Gizakiak apenas urratu ez dituen jatorrizko eremu basatietan benetako altxor biologikoak egon daitezke, norbaitek aurkitzeko zain. Mundu guztiari ondo datorkion klixe bat da. Ekologistek sarri erabiltzen dute argudio hori natur babesguneak aldarrikatzeko orduan. Zientzialariek askotan aipatzen dute, ikerketa proiektuak justifikatzeko txostenak irekitzen duten laburpen exekutiboetan. Kazetarioi primeran datorkigu ere, lehen begirada batean garrantzi askorik ez omen duen gai bat eguneroko koktel informatiboan sartu ahal izateko.
Otsoaren ipuinean bezala, -modu positiboan, oraingoan- batzuetan klixe hori egia biribila bilakatzen da. Poloen inguruan begi hutsez ikusten ez diren mikroorganismoak izan daitezke, lasai asko, horren adibide.
Poloetako bizi baldintzak ez dira inbidia eragiteko modukoak: muturreko hotza, izozte-urtze ziklo etengabeak, elikagai gutxi eta erradiazio ultramoreko maila altuak daude, besteak beste. Alabaina, biziak beti aurrera egiten du. Halako ingurunetako bioaniztasun maila izugarria ez bada ere, bizidunak badira bertan. Poloetan bizi diren bakterio extremofiloak ondo moldatzen dira baldintza latz horietara.

1. irudia: Ikerketa abiatzeko mikroorganismotako batzuk Islandian eskuratu dituzte. Irudian, Jökulsárlón aintzira, Islandian den handiena. (Argazkia: Raphaël Périllat / imaggeo.egu.eu)
Extremofilo horien azterketa sakonean abiatuz, zientzialariek argudio irmoa jarri dute mahai gainean. GFZ Alemaniako Geozientzien Ikerketa Zentroko ikertzaileak daude Trends in Biotechnology aldizkarian argitaratutako proposamenaren atzean. Diotenez, industrian erabiltzeko moduko irakaspenak atera daitezke kriosferaren eremu latzetik. Zehazki, uste dute mikroorganismo askok sortzen duten substantzia tentsioaktiboei etekina atera dakiekeela.
Bertan bizi diren bi bakteriotatik batek molekula tentsioaktiboen beharra du. Biziraupenaren motxilan, beraz, komeni da halako molekula bat eskura izatea. Bakterioa bazara, bederen.
Erabilpen potentzial mordoa omen dute molekula tentsioaktiboek. Hala nola detergenteak, garbitzaileak, kosmetikoak, botikak, elikadura osagarriak eta emultsionatzaileak sortzeko erabili daitezkeela diote. Gainera, mikroorganismoek sortutako biotentsioaktiboen erabilpenak ingurumen abantailak izango lituzke, industrian erabiltzen diren antzeko produkturekin alderatuz, hain kutsakorrak ez direlako.
Substantzia tentsioaktiboek bi alde guztiz desberdinak dituzte: hidrofoboa eta hidrofilikoa. Urarekin kontaktuan egotean, alde hidrofoboak uraren gainean geratzen da; alde hidrofilikoak, berriz, uraren azpian gelditzen da. Horrek dezenteko abantaila dakar zenbait materialetan eta prozesutan erabiltzean. Bestalde, hotzera egokituta dauden organismoek sortutako molekula biotentsioaktiboak gai dira elkarri eragiteko fase fisiko askorekin, hala nola, urarekin, izotzarekin, eta gasarekin. Baita konposatu hidrofobikoekin ere.
Elikadura erraztuMolekula hauek baliatuz, bakterioek elikagaiak metabolizatzeko aukera dute: haien elikaduraren oinarri diren substratu konplexuak bereizteko erabiltzen dituzte. Era horretan, “jateko” moduko tamaina duten ur tantak lortzen dituzte.
Zientzialariek uste dutenez, jatorrian, mikroorganismoek begetaletatik eratorritako materiala jan ahal izateko garatutako entzimetan dute oinarri molekula tentsioaktibo hauek. Lignina, zelulosa edo taninoak metabolizatu ahal izateko, hain zuzen. “Horrela, litekeena da oso tenperatura baxuko lurzoruetan biotentsioaktiboek funtsezko rol ekologiko primarioa jokatu izana karbonoaren eta elikagaien mugimenduan”, proposatu dute ikerketa artikuluan.

2. irudia: Antarktikako bakterioek sortutako biotentsioaktiboak, matraze batean.(Argazkia: Amedea Perfumo)
Molekula hori sortzeko gai diren organismoen artean, ikertzaileek Moesziomyces antartcticus izeneko legamia nabarmendu dute. Bioteknologoek estimu handian dute organismo hori, tentsioaktiboak gain, industrian erabiltzeko moduko zenbait entzima sortzeko gai delako. Halako beste organismo asko aurkitzeko zain egon daitezkeela nabarmendu dute.
Molekula hauek “izugarrizko potentziala” dutela argudiatu du ikerketaren egile nagusi Amedea Perfumo mikrobiologoak. Haren azalpenaren arabera, ingurumen inpaktuari dagokionez ez dago kezka izateko ziorik. Gainera, poloen inguruan sortzen direnak zero azpiko tenperaturetan aritzeko ahalmena dute, eta horrek egonkortasun handia ematen omen die.
Hotza da, hain zuzen, gai honen gakoetako bat. Izan ere, tenperatura hotzagotan garbitzeko ahalmena izango duten detergenteak garatu ahal direla uste dute ikertzaileek. Baina bioerregaien alorrean ere tenperaturak badu garrantzirik. Hotza egiten duenean, biodiesela mantsoago doa motorrean. Horregatik, beste aukeretako bat da biotentsioaktiboak gehigarri gisa erabiltzea, erregaiaren bidea errazteko.
Prentsa oharrean fokua detergenteetan eta bioerregaietan jarri badute ere, ikerketa artikuluak luze eta zabal jorratu dituzte bestelako aplikazioak. Tartean, metano hidratoak erauzteko bidea erraz dezaketela diote, eta baita ozeanoetako eremurik hotzenetan petrolio isuriak garbitzeko orduan erabil litezkeela ere.
Hidrokarburoen industriak aspalditik ditu jo puntuan metano hidratoak, baina, momentuz, horiek eskuratzea teknikoki arras zaila da. Hortaz, prozesua errazteko balioko duen edozein aurrerapenak industria horretako arreta erakarriko du, seguruenera.
Prentsa oharrean Perfumok adierazi duenez, “planetako eremurik hotzenak gero eta eskuragarriagoak dira esploratzeko eta bertan ikerketa zientifikoak burutzeko”. Bestalde, “kultiboen bildumetan gero eta bakterio extremofilo gehiago daude eskura, eta horren ere sarbidea erraztu du”. Ohartarazi du, ordea, lan asko dagoela oraindik egiteko, eta molekula biotentsioaktiboak modu industrialean ekoiztea posible izango ote den ez dakitela.
Erreferentzia bibliografikoa:
Perfumo A. et al. Going Green and Cold: Biosurfactants from Low-Temperature Environments to Biotechnology Applications. Trends in Biotechnology (In press). DOI: https://doi.org/10.1016/j.tibtech.2017.10.016
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Hotzetik etorritako molekulek etorkizun oparoa izan dezakete appeared first on Zientzia Kaiera.
Elikagaiei buruzko hausnarketa bat
Prentsan ere sentsazionalismo handia zabaldu zen eta, adibidez, entzun zen minbizi tasa %18 igotzen zela haragi prozesatua janez gero, baina, horrek benetan %5etik %6rako igoera bat dakar eta ez %5etik %23ra —matematiken erabilera okerraren beste adibide bat—. Bestalde, ez zen askotan gogorarazi haragi prozesatuari buruz esandakoa ez zela berria, eta lehenago ere ezaguna zela haragi prozesatuak minbizi tasak handitzen zituela -1990eko hamarkadatik, gutxienez-. Jakina, MOEren erabakiaren aurretik ere dieta aholku gehienetan gomendatzen zen haragi prozesatu asko ez jatea.

1. irudia: Haragi prozesatua minbizi eragile frogatuen taldean sailkatu zuen IARC agentziak 2015ean. (Argazkia: congerdesign – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)
MOEren menpekoa den IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko agentziak esan zuenez, nahiko ebidentzia zeuden haragi prozesatua jatearen eta kolon eta ondesteko minbizia izatearen arteko lotura egiteko, eta horregatik minbizi eragileen 1 taldean sailkatu zituen haragi prozesatuak eta 2A taldean haragi gorria. Esan behar da IARC agentziak 5 talde dituela substantziak sailkatzeko, minbiziari buruz lortutako ebidentzien arabera. 1 taldean minbizia eragiten dutenak sailkatzen dira -edari alkoholdunen kontsumoa, plutonioa, tabakoa, margolari lanbidea, erradiazio ionizatzaileak, eta abar-, 2A taldean kartzinogeno probableak edo animalien kasuan bakarrik frogatu ahal izan dena minbizi eragileak direla -akrilamida, egurraren errekuntzaren gasak, glifosatoa, malaria, ile-apaintzaile lanbidea-, 2B taldean kartzinogeno posibleak edo datu mugatuagoak lortu direnak -B1 aflatoxina, kafea, gasolina, ehungintzan lan egitea-, eta 3 taldean sailkatzen dira nahiko datu ez dagoenean -kafeina, ur oxigenatua, sulfitoak eta abar-. Azkenik, bada 4 taldea delakoa, zeinetan kartzinogenoak ez direnak sailkatzen diren.
Aipagarria eta deigarria da konturatzea laugarren taldean substantzia bakarra –kaprolaktama– sailkatu ahal izan dela, alegia, IARCen arabera substantzia bakarra legoke minbizia eragiten ez duela frogatu ahal izan dena. Izan ere, ia ezinezkoa da frogatzea substantzia bat ez dela toxikoa -izatez, ia guztiak toxikoak dira dosiaren arabera-. Ideia hori Russellen teontziaren analogiaren bidez azal daiteke: Bertrand Russell filosofoak esan zuen Lurraren eta Marteren artean biraka portzelanazko teontzi bat ez dagoela frogatzea ezinezkoa dela. Jakina, ideia bera hartuz, ia ezinezkoa da frogatzea substantzia batek ez duela minbizia eragiten edo ez dela toxikoa.
Kontuak kontu, IARC agentziaren lehen taldean dauden substantzia guztiek minbizia eragiten dutela frogatu da, baina, ez da adierazten zein den izan beharreko esposizioa minbizia agertzeko. Nolabait, tabakoa, plutonioa edo haragi prozesatua talde berean egoteak ez du esan nahi modu berean minbizia eragiten dutenik. Datu batzuk emate aldera, mundu mailan haragiaren kontsumoarekin lotutako minbiziak 34.000-50.000 dira urteko, baina tabakoarekin, alkoholaren kontsumoarekin edo aire-kutsadurarekin lotutakoak 1.000.000, 600.000 eta 200.000 dira, hurrenez hurren. Era berean, edari alkoholdunak aspalditik daude lehen taldean sailkatuta eta ez da eztabaida edo beldur handirik sortzen gizartean.
Substantzia oro toxikoa izan daitekeSubstantzia naturalak sintetikoak baino hobeak eta osasungarriagoak direla pentsatzeko uste okerra oso zabaldua dago. Oro har, argi dago substantzia bat naturala edo sintetikoa izan daitekeela, baina, horrek ez du zer ikusirik toxikotasunarekin. Fruta askok kantitate handitan oso toxikoak diren substantziak dituzte -udareak formaldehidoa, sagarrak amigdalina, kalabazinak kurkubitazina, adibide gutxi batzuk emate aldera-. Esaterako, sagarraren edo melokotoiaren haziak amigdalina dauka eta honek zianuroa askatzen du digestioan zehar hidrolizatzen denean. Noski, kantitate izugarriak beharko lirateke amigdalinaren kausaz heriotza eragiteko. Kalkulu azkar batzuk eginez, sagarrak 600 mg/kg amigdalina du eta amigdalinaren dosi hilgarria -LD50 delakoa- 400-500 mg/kg dira, alegia, 70 kg-ko lagun batek 50 kg sagar hazi jan beharko lituzke bere bizitza arriskuan jartzeko.

2. irudia: Ura ere substantzia toxikoa da eta hilgarria izan daiteke dosi handiak hartzen badira. (Argazkia: congerdesign – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)
Melokotoi hazien kasuan ere antzekoak dira kalkuluak. Etxeko gatzaren, azukrearen eta C bitaminaren dosi hilgarriak 750 g, 1,8 kg eta 700 g dira, hurrenez hurren. Ura bera ere toxikoa da eta, LD50 = 90 g/kg dela jakinda, 5-6 litro ur jarraian edatea hilgarria izan daiteke. Badaude ur intoxikazioz hil diren pertsonen kasuak. Hiponatremia kasuetan organismoaren elektrolitoen desoreka gertatzen da eta horrek heriotza eragin dezake. Horrek esan nahi du uraren kontsumoa arriskutsua dela edo ura edateagatik hiltzen ari garela? Bada, ez. Are gutxiago, urari esker bizi gara. Modu berean, elikatu egin behar gara bizitzeko, baina, gauza guztietan bezala, neurrian dago gakoa.
Informazio osagarria:
- Todo lo que necesitas saber acerca del anuncio de la OMS sobre carne y cáncer, gominolasdepetróleo.com
- Carne roja, cáncer y glifosato, J.M. Mulet, sabemos.es
- 10 datos telegráficos sobre cáncer, carne y OMS, J. Revenga, juanrevenga.com
- Fatal water intoxication, D. J. Farrell, L. Bower, Journal of Clinical Pathology, 56(10), 802-804-2003.
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Elikagaiei buruzko hausnarketa bat appeared first on Zientzia Kaiera.
Zelula amen kriobabeste geldoa

1. irudia: Haritz Gurruchaga ikertzaileak kriobabeste geldoa ikertu du. Argazkia: Nuria González.
Zenbait metodo daude zelulak biomaterialetan babesteko eta horietako batean zentratu da ikerketa: kriobabeste geldoan. Laginak aldez aurretik tratatu eta profil zehatz bati jarraiki izozten dira, laginak desizoztu eta gero beren eginkizuna eta ezaugarriak berreskuratu ahal izateko.
Paziente ezberdinetako laginak erabili dira matrize bizia osatzeko eta hiru atal izan ditu ikerketak:
- Lehenik eta behin, Vitoria-Gasteizko Vithas San Jose Ospitaleko Kirurgia Artroskopikoa Unitateak (UCA) optimizatutako matrizea zelula ama mesenkimalak babesteko egokia dela frogatu zen.
- Ikerlanaren bigarren zatiak irtenbide horren osaera hoberena zehaztea zuen xede eta molekula ezberdinak konbinatuz, izoztean zehar babeste propietate bikainak dituzten soluzio ezberdinak lortu dira.
- Azkenik, biosistema babestu ahal izateko konbinaziorik onena zein den zehaztasun osoz jakin ahal izateko, saiakera zehatzagoak egin dira ehunak berreskuratzeko ardura izango duten zelulen funtzionalitatea zehazteko helburuarekin, tenperatura baxuetan gordeta zeuden bitartean beren ezaugarriak galtzen ez zituztela baieztatuz.
Horrekin guztiarekin baieztatu ahal izan denez, posible da zelulen eta beren ostatu den matrizearen ezaugarri onuragarriak babestea. Lan honek ate berria ireki dio zelula ama mesenkimalen babesteari, prozedura berri eta erraz bat proposatuta, bai prozesuen kostua zein konplexutasuna gutxituz.
Zelula ama mesenkimalakZelula heldu eta pluripotenteak (ehun mota ezberdinak sortzeko gai) dira zelula ama mesenkimalak. Morfologia fribroblastoidea dute eta zelula linu ezberdinetan (kondrozito, osteozito eta adipozitoak, besteak beste) bereizteko gaitasuna ere.

2. irudia: Irudiko fibroblastoen morfologia dute zelula ama mesenkimalak.
Asko areagotu da zelula ama mesenkimalen erabilera hainbat izaerako gaixotasunak tratatzeko. Aplikazio horietako bat Osteoartritisaren tratamendua (saiakera klinikoko fasean oraindik) da aplikazio horietako bat, kartilago artikularraren eta bere inguruko ehunaren endekapen geldia dakarren gaixotasuna. Azken ikerketek iradokitzen dutenez, zelula ama mesenkimalek kaltetutako ehuna berreskuratzeko eta handitutako ehunaren inguruko komunikazioa aldatzeko gaitasuna dute, gaixotasunaren ondoriozko mina gutxituz.
Vitoria-Gasteizko Vithas San Jose Ospitaleko UCAk zelula ama mesenkimalak erein eta hezteko oso propietate onuragarriak agertzen dituen matrizea garatu du. Plaketetan aberatsa den plasma, likido sinobiala eta paziente berberaren likido sinobialetik ateratako zelula ama mesenkimalak dira matrizearen osagaiak.
Behin baino gehiago jaso behar dute tratamendua osteoartritisa duten pazienteek eta, frogatu denez, zelula ama mesenkimalek zenbait ezaugarri onuragarri galtzen dituzte gaixoaren adinak gora egin ahala. Zelula ama mesenkimalak daramatzan aldamioa babesteak, beraz, potentzial terapeutiko handia izan dezake etorkizunean paziente bakoitzaren osteoartritisa tratatzeko.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Zelula amen kriobabestea.
Erreferentzia: “Cryopreservation of Human Mesenchymal Stem Cells in an Allogeneic Bioscaffold based on Platelet Rich Plasma and Synovial Fluid”. PedrazScientific Reports 7, Article number: 15733 (2017) DOI: 10.1038/s41598-017-16134-6
The post Zelula amen kriobabeste geldoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #189
Azken 45 urteotan bidali den espazio-ontzirik handiena eta “ahaltsuena” espazioratu dute aste honetan: SpaceX enpresak diseinatu du eta Falcon Heavy izena jarri diote. Bere potentziari esker, giltzarria bilaka daiteke gizakia Martera bidaltzeko asmoan. Saiakera gaizki irten zitekeela aurreikusten zuten arduradunek, baina ez da horrela gertatu. Arrakastatsua izan da. Ikusi bideoa!
AstronomiaTRAPPIST-1 exoplanetak eguzki-sistemako planeten antzekoak direla baieztatu dute. Iaz jakin zen izar nano gorri eta hotzaren inguruan zazpi planeta zeudela. Orain ezagutzera eman dituzte emaitzak: gehienak arrokatsuak dira eta badute ura. Zehazki, haien masaren % 5 da ura, Lurraren beraren kasuan baino dezente gehiago (ozeanoak gure planetaren masaren % 0,02 baino ez dira).
Carlos Briones astrobiologoa elkarrizketatu dute Berrian. Bere lana Unibertsoan bizia bilatzea da, horretarako Lurrean bizia nola sortu zen ikertzen du. Besteak beste, laborategian egiten duen lanaz mintzatu da: “Diziplina arteko zientzia da gurea. Laborategian bereziki bionanoteknologia erabiltzen dugu, biziaren jatorria argitzeko. Lurrean biziaren lehen pausoak nolakoak izan ziren argitzen saiatzen gara”. Bere lankideekin batera kimikaren eta biologiaren arteko trantsizioa nolakoa izan zen argitzen saiatzen da: “Estruktura horiek nola hasi ziren automuntatzen, ondoren sistema konplexuagoak garatzeko”. Bizia sortzearen auziaz ere mintzo da.
BiologiaZefalopodoek milaka urte daramatzate itsasoetan. Gero arrainak sortu ziren eta gailendu egin zitzaien. Nola gertatu zen hori? Zefalopodoak oso trebeak dira igeri egiten baina igeriketa-modu horrek energia asko kontsumitzen du eta, energiarekin batera, oxigeno asko. Izan ere, zefalopodo batek arrain batek baino lau bider oxigeno gehiago kontsumitu behar du abiadura bera lortzeko. Arrainak gailendu ziren eta ozeanoetako harrapari nagusi bilakatu ziren, besteak beste, garatutako igeri egiteko moduari eta arnas pigmentuaren ezaugarriei esker.
DemografiaJoan den azaroan 7.500 milioi biztanletik gora egin genuen gure planetan. Luze hitz egin da giza populazioak jasan duen gorakadaz. Artikulu honen hasieran, galdera bat: Zenbat gizaki bizi izan ote dira Lurrean historian zehar? Lehenik, abiapuntua argi izan behar da. Autoreak dioen bezala, duela 50.000 urte izango genuke abiapuntua, “uste baita une horretan egin zuela Afrikatik kanpo Homo sapiens espezieak”. Bigarren urrats batean, kalkulatu beharko litzateke zenbat Homo sapiens bizi ziren duela 50.000 urte Lurrean. Hemen ez dago aztarnarik, beraz estimazioak egin behar dira. Hainbat ikertzailek esan dute 5 milioi biztanle zeudela orain 8.000 urte. Hirugarren pausoa, ezarri behar da zein jaiotze tasa egon den hasieratik gaur egun arte. Egindako estimazioen arabera (testuan irakurgai dituzue), inoiz bizirik egon diren gizakien % 6-7 bizi da egun gure planetan.
Fisika eta KimikaLur arraroen bitartez “margotutako” harea erabilita, kodetze sistema eraiki du Danimarkako ikertzaile talde batek. Argi mota berezi baten aurrean jartzen direnean, hondar ale horiek kitzikatuak izaten dira, eta argi kode berezia, ia-ia bakarra, sortzen dute. Artikuluaren autoreak azaltzen du lur arraroek, taula periodikoan, lantanidoen taldea osatzen dutela. Azken urteetan asko erabiltzen ari dira industrian, bereziki elektronikaren alorrean. Teknika berri hau hackeatzea ezinezkoa dela esan dute. Modu berean, kriptografian erabiltzeko aukera dagoela ere proposatu dute. “Patroi edo giltza digital hau erabil daiteke bai faltsutzeen kontrako giltza fisikoa egiaztatzeko edo edozein mezu enkriptatzeko ere”, esan dute ikertzaileek.
GenetikaHeste minberaren sindromea (HMS) gaixotasun gastrointestinalaz mintzatu da Koldo bere blogean. Orain dela gutxi egindako ikerketa bat ezagutzera eman du. Sakarasaren genea aztertu zuten horretarako. Zergatik? Koldok azaltzen digunez, gene honekin lotutako gaixotasun genetikoak (sakarasaren eskasia kongenitoa delakoak) HMS mota baten antzeko sintomak dituelako: “Sakarosa digeritzeko gai ez direnez, hesteetako bakterioek hartzidura egiten dute sakarosarekin, ta horrek tripako mina ta beherakoa sortzen ditu”. Gene horrek sortzen dituen aldaera arraroak izan zituen aztergai eta berretsi dute gene honen eta HMS arteko lotura badagoela.
Asko ikertzen diren bi geneen adibideak ekarri dizkigu Koldok. MTHFR (metilenetetrahydrofolate) eta ESR1 dira horiek. Lehenengoa 1. kromosoman kokatzen da eta izenak honakoa esan nahi du: metionina aminoazidoaren (aminoazidoak proteinen “piezak” dira) ekoizpenean parte hartzen duela. Gaixotasun baskularretan, nerbio-sistema zentraleko garapenean, koloneko minbizian eta leuzemia akutuan eragin dezake. Bere espresioa ehun guztietan gertatzen da. 20 generekin elkarrekintzak ditu eta 18 prozesu biologikoetan parte hartzen du. Bigarren genea, ESR1 delakoa, 6. kromosoman kokatzen da eta estrogeno hormonaren hartzailea da. Sexu-garapenean ezinbesteko funtzioa du eta bular eta endometrioko minbizietan, migrainan eta osteoporosian eragina du. 954 generekin elkarrekintzak ditu eta 48 prozesu biologikoetan parte hartzen du. Gene hau hizpide izanda, Koldok, orobat, hartzaileei buruz ere hitz egin digu. Ez galdu!
GeologiaArantza Aranburu geologoari elkarrizketa egin diote, aurkeztu duen ‘Lurraren Bidean’ dokumentalaren harira. Geologia gizarteratu nahian, Euskal Herriko historiaren 300 milioi urte bildu dituzte. Ikus-entzunezko pieza honetan, Aranburuk esan duenez, “Euskal Herriko geologiaren bi pasarte kontatu ditugu 50 minutuan. Ikusten diren ebidentzietatik abiatu eta interpretazio bat eman diegu, metodo zientifikoaren bidez”.
IngeniaritzaGaur egungo eredu energetikoa energia ez berriztagarrietan oinarritzen da. Baina eredu energetikoen aldaketa egin behar dela bistan da, energia berriztagarrien erabilera sustatuz. Espainiako zein Europako hainbat legek energia berriztagarrien erabilera sustatzen dute. Espainiaren kasuan, esaterako, ur bero sanitarioko (UBS) eskaria asetzeko eguzki energia termikoko kontribuzio minimo bat egin behar dela azaltzen da. Urtaro arteko biltegiratze termikoko sistema (STES: Seasonal Thermal Energy Storage) kalefakzioko eta UBSko beharrak asetzeko erabili ohi da. Eguzki energia termikoa erabiltzen duen sistema da, non udako hilabeteetan, eguzki energia termikoa biltegiratzen den, ondoren, neguko hilabeteetan erabiltzeko. Europako energiaren kontsumo osoaren %40 eraikinek eragiten dute. Espainiaren kasuan, berokuntza %50 da, eta UBSa, berriz, %27. Proiektu honen bitartez, Espainia mailan Urtaroko biltegiratze termikoko sistemen (STES) bideragarritasun ekonomiko zein energetikoa aztertu da.
MedikuntzaUPV/EHUko ikerketa batean jakinarazi dute mingarriagoa dela odola ateratzea zainean kateter bat jartzea baino. Guztira, zaineko 780 kateter jarri eta arteriako 101 odol lagin atera dira oxigeno eta karbono dioxido mailak eta bikarbonato kontzentrazioa neurtzeko (gasonometria). Numeric Pain Rating Scale (NRS-11) izeneko eskala baliatuta neurtu da mina: 0tik 10era bitarteko balioa ematen dio norberak hautemandako minari; 3tik gorako mina ez litzateke onartu behar. Zainean kateterra jartzeak batez beste 2,8ko puntuazioa izan zuen eta gasometriak 3,6. Horretaz gain, ziztatzen den lekuaren (eskumuturra/ukondoko tolestura edo kubitu aurreko hobia) arabera aldeak ikusi dira. Mingarriagoa da gasometria arteria humerala kubitu aurreko hobiaren parean ziztatzean arteria erradiala eskumuturrean ziztatzen denean baino.
Minbizia izateko arriskua adinarekin handitzen da. Ikusi dute mutazioen hipotesiak baino hobeto azaltzen duela immunitate sistemaren ahultzeak zahartzean minbizi gehiago izatea. Immunitate-sistemaren zahartzearen arrazoi nagusietako bat timoa txikitzea da. Timoa txikiagoa egiten den heinean T zelula gutxiago sortzen dira, eta tumoreak sortzea galarazteko gaitasuna txikitu egiten da.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #189 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ez da pertzepzio bat
Arlo horietan lan egiten duten emakume guztien artean, okerrago tratatuak izan direla adierazteko probabilitatea handiagoa da hiru emakume taldetan: lankide gehienak gizonak diren inguruneetan lan egiten dutenak, batetik; ordenagailuekin lotutako lanak egiten dituztenak, bestetik; eta graduondoko ikasketak dituztenak, bestetik.
Azterlanak, gainera, azaltzen du gizonak eta emakumeak nola dauden banatuta STEM kategorian sailkatutako 74 lanbideetan: emakumeen aldeko desoreka dago osasunaren arloan (% 75 emakumeak), eta gizonen aldekoa fisikan (% 39 emakumeak), informatikan eta ordenagailuetan (% 25) eta ingeniaritzan (% 14). Nolabaiteko oreka dago matematikan (% 47) eta bizitzaren zientzietan (% 48); oro har, lanpostuen % 50 betetzen dituzte emakumeek. Datu hauek eta aurrekoak Estatu Batuetakoak dira, baina ondorio nagusiak baliozkoak izan daitezke mendebaldeko herrialde guztietarako.
Soilik ikerketaren eta akademiaren munduari erreparatuz gero, emakume ikertzaileak mendebaldeko herrialde guztietako (Mendebaldeko Europa eta Ipar Amerika) ikertzaile guztien % 32 dira; Espainian, dena dela, % 39ra iristen dira. Gure ingurunean, graduondoko ikasketetako emakumeen eta doktoregoa bukatzen dutenen ehunekoa gizonena baino zertxobait handiagoa da, eta, kasu batzuetan, UPV/EHUn gertatzen den bezala, STEM diziplinetan emakume gehiago sartzen dira doktoregora (% 58) gizonak baino (% 42). Alabaina, zenbait ikerlanek erakutsi duten moduan, mailaz maila gora egiten den heinean eta, batik bat, ardura, autoritate eta errekonozimendu handieneko mailetan, emakumeen proportzioek behea jotzen dute % 10 eta % 25 artera iritsi arte, instantziaren eta sektorearen arabera. CSICek, MICINNek eta Europako Batzordeak (She Figures 2015) horren inguruan egindako txostenetan informazio ugari eta zehatza ematen da.
Txosten horietan adierazten diren joerak ulertzeko, ikusi besterik ez dago zenbat emakumeri ematen zaizkien sari gorenak euren diziplinetan, eta, bereziki, zenbat emakumeri eman zaien Nobel saria. Sortu zirenetik, Nobel sarien % 3 baino ez zaizkie eman emakumeei. Ehuneko txiki hori arrazoitzeko, esan ohi da sariok sortu zirenetik emakume oso gutxi aritu direla zientzia ikerketaren arloan. Zalantzarik gabe, jarduera bat egiten duten biztanle segmentu batean zenbat eta kide gutxiago izan kolektibo batekoak, orduan eta kide gutxiago iritsiko dira maila gorenetara. Baina, azken hamarkadari begiratuz gero, emakumeei sarien % 6,5 eman zaizkie. Egia da saritzen diren merituak hainbat hamarkada lehenagokoak izan daitezkeela, baina benetan zalantzagarria da XX. mendearen azken laurdenean zientziaren maila gorenean aritu ziren guztien % 6,5 soilik izatea emakumeak. Eta horrela izan balitz, desoreka hori, neurri handi batean, beste desoreka batzuen ondorio izango litzateke: gizonek eta emakumeek zientzia karrera bat maila gorenean egiteko bide ematen duten baliabide eta posizioak eskuratzeko dituzten aukera desberdinen ondorio, hain zuzen [3].
Emakumeek karrera zientifiko eta profesionaletako maila goreneko posizioetan egoteko dituzten mugak bidegabeak dira izatez, eta, gainera, bi ondorio kaltegarri dituzte. Alde batetik, gaitasun handieneko emakumeek guztien ongiari egin diezaioketen ekarpenaz gabetzen dute zientzia sistema eta oro har gizartea. Bestetik, estereotipoak are gehiago elikatzen dituzte, lanbide zientifiko eta teknologikoak emakumeentzat desegokiak balira bezala erakusten baitituzte, eta estereotipo horiek ondorio are kaltegarriagoak izan ditzakete (bukatzen ez den soka).
Euskal Herriko Unibertsitateak konpromisoa du gizon eta emakumeek eskubide eta aukera berberak izango dituzten gizarte bat lortzeko. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak ere konpromiso horixe bera du, eta helburutzat hartu du, betiere bere ahalbide apalen barruan, egoera hori aldatzen laguntzea. Horregatik, 2014ko maiatzaren 8az geroztik Mujeres con ciencia argitaratzen du.
Gaur, baina, otsailaren 11 honetan, ez dugu ahaztu nahi izan Nazio Batuek sustatzen duten Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna. Helburu horrekin, “Ez da pertzepzio bat” egin dugu, testu honekin batera doan bideoa, zeinaren bidez salaketa egin nahi baitugu eta esku hartzeko eta batik bat lan egiteko deia zabaldu nahi baitugu. Hori dela eta, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarentzat, zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna izango da bai bihar, bai etzi, bai hurrengo egunetan.
“Ez da pertzepzio bat“ ekoizpena Jose A. Pérez Ledok zuzendu du. Euskal Herriko Unibertsitatean grabatu da bertako bost zientzialari eta ikertzaileren parte-hartzeari esker:
- Itziar Alkorta, biokimikaria.
- Arantza Aranburu, geologoa.
- Gotzone Barandika, kimikaria.
- Txelo Ruiz, informatika-ingeniaria.
- Ana Zubiaga, genetikaria.
Oharrak:
[1] Pew Research Center Estatu Batuetako think tank prestigiotsua da, joera sozial eta demografikoak ikertzen espezializatua.
[2] Lanaren emaitzak joan den urtarrilaren 9an argitaratu ziren, baina landa lana 2017ko udan egin zen, hau da, hainbat sektore profesionaletako gizon entzutetsuen kontra sexu jazarpenagatik jarri ziren salaketen olatua sortu baino lehenago.
[3] Aipaturiko desoreken adibide argigarri bat da Jennifer eta Johnen kasua.
———————————————————————————-
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
———————————————————————————
The post Ez da pertzepzio bat appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #202
Minbizi mota jakin bati erasotzeko moduak ezusteko tokietan egon daitezke, D bitaminaren errezeptoreetan, adibidez. NuRCaMein-en Vitamin D receptor, a powerful weapon against colorectal cancer.
Tesla espaziora bidaltzeagatik eta Space X programagatik hain entzutetsu egin den Elon Musk-en beste megaproiektu bati arreta jartzea ideia ona da. Iván Rivera eta The limits of Hyperloop.
Molekula baten egitura intimoa ezagutzea ahalbidetzen duten teknikak gero eta sofistikatuagoak eta eskuragarriagoak dira laborategi normaletan erabiltzeko (orden baten barruan). DIPC Submolecular resolution using inelastic electron tunnelling spectroscopy at 5 K artikuluan.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #202 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ainhoa Plaza-Zabala: “Glia zelulak ezinbestekoak dira giza garunaren funtzionamendurako” #Zientzialari (88)
Neurona bakoitzeko hamar glia zelula daudela kalkulatzen da. Zelula mota hauek ezinbestekoak dira neuronen eta giza garunaren funtzionamendu egokirako. Izan ere, neuronak ezingo lirateke bizi glia zelulek ematen dizkieten baliabiderik gabe.
Azken hamarkadetan egindako ikerketek glia zelulak neuronen euskarri fisiko bat baino gehiago direla aditzera eman dute. Neuronekin batera garuna osatzen duten zelula hauek propietate eta funtzio bereizgarriak dituzte. Besteak beste, glia zelulek neuronen ingurumenaren konposizioa kontrolatzen dute, baliabide energetikoak ematen dizkiete neuronei eta azken hauen arteko komunikazioa kontrolatzen dute.
Baina, zein motatako glia zelulak daude eta zein da bakoitzaren funtzioa? Zein ondorio ekar ditzake glia zelulen funtzionamendu txarrak? Galdera hauei erantzun bat emateko Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroan ikertzailea den Ainhoa Plaza-Zabalarekin izan gara.
‘Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Ainhoa Plaza-Zabala: “Glia zelulak ezinbestekoak dira giza garunaren funtzionamendurako” #Zientzialari (88) appeared first on Zientzia Kaiera.
Urtaroarteko biltegiratze termikoko sistema baten bideragarritasun tekno-ekonomikoaren azterketa
Espainiako zein Europako hainbat legek energia berriztagarrien erabilera sustatzen dute, Espainiako Kode Teknikoa (CTE) eta Energy Performance of Building Directive (EPBD), besteak beste. Espainiaren kasuan, (CTE), DB-HE agirian, energia aurrezteko eskakizunak betetzeko arauak eta prozedurak azaltzen dira. Horren barnean, HE4 dokumentuan, ur bero sanitarioko (UBS) eskaria asetzeko eguzki energia termikoko kontribuzio minimo bat egin behar dela azaltzen da, Espainiako gune klimatiko ezberdinen araberakoa. Europaren kasuan, ordea, EPBD-ak kontsumo ia nuluko eraikinerantz bideratzen gaitu (NZEB, Nearly Zero Energy Buildings), hau da, eraikinek kontsumitzen duten energiaren kantitate bera produzitu behar dutela.
Europako energiaren kontsumo totalaren %40 eraikinek eragiten dute. Horietan berokuntza eta ur bero sanitarioaren erabilerak nabarmentzen dira batik bat. Espainiaren kasuan, ur bero sanitarioaren kontsumoak %27 suposatzen du eta berokuntzak, ordea, %50a.
Urtaroarteko biltegiratze termikoko sistema (STES: Seasonal Thermal Energy Storage) kalefakzioko eta UBSko beharrak asetzeko erabili ohi da. Eguzki energia termikoa erabiltzen duen sistema da, non udako hilabeteetan, eguzki kolektore termikoen laguntzaz, eguzki energia termikoa (beroa) biltegiratzen den, ondoren, neguko hilabeteetan erabiltzeko helburuarekin. Izan ere, udan, eguzki energia termiko altuagoa biltegira dezakegu neguan baino. Gainera, urteko bero-eskari ia totala neguan ematen da, hau da, udan ia ez dago bero-eskaririk. Bi arrazoi horiek kontuan hartuta, udan (apiriletik urrira arte) soberan dagoen eguzki energia termikoa biltegiratuko da, hala, neguko bero-eskariak asez.
Lau STES mota ezberdin bereizten dira: ur depositua, putzuko biltegiratzea, biltegiratze geotermikoa eta akuiferoak. Horiek biltegiratze ahalmen handiko biltegi termikoak dira eta bertan ur bero kantitate handiak biltegira daitezke. Beraz, distritu baten bero-beharraren zati handi bat asetzeko ahalmena dute. Eguzki kolektoreekin eta biltegiratuta dagoenarekin ase ezin daitekeen eskaria ekipo laguntzaile batek aseko luke. Artikulu honen bitartez ur depositu motako biltegiak izango lukeen ahalmena aztertu izan da.
Simulazioak egiteko, TRNSYS (TRaNsient System Simulation program) sistema iragankorren simulazio programa erabili da. Oro har, energia berriztagarrien ingeniaritzan egiten ditu simulazioak. Programa honek hiri askotako aldagai klimatologikoen data baseak dauzka bere baitan, Espainiako probintzien hiriburuenak barne.
Hortaz, TRNSYS-aren laguntzaz, Espainiako gune klimatiko ezberdineko hainbat hiritan bi distritu tamaina ezberdinak simulatu dira. Bata txikia, 100-200 arteko etxebizitza kopuruarekin eta bestea distritu handia, 1000-2000 arteko etxebizitzekin. Bi kasuetan, tankearen tamaina ezberdinekin eta eguzki kolektore azalera ezberdinekin egin dira simulazioak. Hala, sistema horren bitartez lortzen den eguzki frakzioa (ase daitekeen UBS-ko eskariaren portzentajea) eta hori eraikitzeak suposatuko lukeen inbertsioa ikusi da.
Honakoa ondorioztatu da emaitzei erreparatuz:
Tankearen bolumena eta kolektoreen azalera handituz, eguzki frakzioa handitzen da. Baina eguzki kolektoreen azalerak garrantzi handiagoa du, eta, hortaz, errentagarriago suertatzen da kolektoreen azaleraren tamaina handitzea tankearen bolumena baino.
Alderdi ekonomikoari dagokionez, konprobatu da zenbat eta distritu handiagoa izan, orduan eta inbertsio handiagoa egin beharko dela, baina horrek geroz eta onura gehiago dakartza.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 30
- Artikuluaren izena: Urtaroarteko biltegiratze termikoko sistema baten bideragarritasun tekno-ekonomikoaren azterketa.
- Laburpena: Gaur egun, Europako energiaren kontsumo osoaren %40 eraikinek eragiten dute. Kontsumo horren barnean, eraikinetako berokuntza eta ur bero sanitarioaren (UBS) erabilera nabarmentzen da, batik bat. Espainiaren kasuan, berokuntza %50 da, eta UBSa, berriz, %27.Proiektu honen bitartez, Espainia mailan Urtaroko biltegiratze termikoko sistemen (STES) bideragarritasun ekonomiko zein energetikoa aztertu da. Espainiako hainbat hiritako eskari termikoak simulatu dira, eta STESaren bitartez berogailuko eta UBSko eskari osoaren %45-60 artean asetzeko saiakera egin da. Beraz, ikusita eraikinetan kontsumo energetiko handia izaten dela eta, gainera, jakinda Eraikuntzarako Kode Teknikoak (CTE) ur bero sanitariorako eguzki-energia termikoaren kontribuzio minimoa derrigortzen duela, sistema horien bideragarritasunaren azterketa ezinbestekoa da. Hala, energia berriztagarrien erabilera sustatzen da.
- Egileak: Oihane Setién Echenique eta Carol Pascual Ortiz
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 71-79
- DOI: 10.1387/ekaia.15854
—————————————————–
Egileez:
Oihane Setién Echenique Aula Tecnalian dabil eta Carol Pascual Ortiz Tecnaliako Energia eta Ingurumeneko Dibisioan.————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Urtaroarteko biltegiratze termikoko sistema baten bideragarritasun tekno-ekonomikoaren azterketa appeared first on Zientzia Kaiera.
Arrainak vs. zefalopodoak

———————————————————————————————————–
Zefalopodoek milaka urte daramatzate itsasoetan. Arrainak sortu baino lehen, haiek ziren itsasoetako harrapari nagusiak. Zefalopodoak ziren aktibitate-maila altuena garatzen zuten animaliak. Baina gero arrainak sortu ziren, uretako ornodunak, lehen ornodunak, eta gailendu egin zitzaizkien. Sortu eta berehala, sekulako arrakasta lortu zuten; arrainak harrapari nagusi bilakatu, eta zefalopodoak bigarren maila batean geratu ziren.Arrainen arrakasta horren gakoa da hemen laburki aztertu nahi duguna. Litekeena da oxigenoa izatea gako hori, edo hobeto esanda, oxigenoarekin zerikusi handia duten fisiologia-ezaugarriak.
Zefalopodoen igeri egiteko modua ikusgarria da benetan, oso trebeak dira. Baina ez da batere eraginkorra arrainen igeri egiteko moduaren alboan, zefalopodoen jet-propultsioko igeriketa oso garestia baita. Igeriketa-modu horrek energia asko kontsumitzen du eta, energiarekin batera, oxigeno asko. Izan ere, zefalopodo batek arrain batek baino lau bider oxigeno gehiago kontsumitu behar du abiadura bera lortzeko.
Energia gehiago kontsumitu behar izatea, berez, eragozpena da janaria mugatua denean (eta janaria ia beti izaten da mugatua). Baina baliteke energia baino areago oxigenoa izatea kasu honetan gakoa. Abiadura bera garatzeko zefalopodoek arrainek baino lau bider oxigeno gehiago erabili behar dute. Garrantzi handikoa izan daiteke hori, noski, baina, horrez gain, zefalopodoen odolaren oxigeno-edukiera arrainena baino askoz txikiagoa da: %5ekoa zefalopodoena eta %10ekoa arrainena. Horren ondorioz, arrainek zefalopodoek baino askoz oxigeno gehiago eskura dezakete kanpo-mediotik, bi aldiz gehiago, zehatzagoak izateko.
Zefalopodoen arnas pigmentua hemozianina da, eta arrainena hemoglobina. Arrainek globulu gorrietan gordetzen dute, baina zefalopodoek plasman disolbatuta daramate. Hori dela eta, zefalopodoek ezin dute hemozianina-kontzentrazio altuagorik izan; pigmentua plasman disolbatuta egonik, haren kontzentrazioa handituko balitz odolaren biskositatea gehiegizkoa izango litzateke.
Laburtuz, arrainek garatu zuten igeri egiteko modua, batetik ,eta arnas pigmentuaren ezaugarriak, bestetik, horiek biak izan omen ziren ozeanoetako harrapari nagusi gisa gailendu ahal izateko gakoak.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Arrainak vs. zefalopodoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Faltsutzeei aurre egiteko, lur arraroetan oinarritutako kodetze sistema
Behin baino gehiagotan agertu da gaiaren inguruko kezka: konputazio kuantikoa garatzen den heinean, gero eta errazagoa izango omen da kodeak apurtzea. Azken hamarkadetan eratu den informazioaren gizarteak kode horien beharra du. Izan ere, ia dena lotuta dago Internetera eta sarearen bitartez egiten diren operazioek gutxienezko segurtasuna behar dute. Batzuek diote, ordea, konputazio kuantikoak ere kode hobeagoak ezartzeko bidea emango duela… arrautza ala oiloa, nor ote aurrena?
Informazioa lapurtzeaz gain, produktuak faltsutzeko lehia ere abian da aspalditik. Teknologiak halako iruzurrak sortzeko aukera errazten du. Batzuetan enpresek baino ez dute jasaten kalte ekonomikoa, baina, beste zenbaitetan kontsumitzaileentzako arriskua ere egon daiteke tartean. Adibidez, faltsututako botiken kasuan.
Lehia teknologiko hau argitzen den bitartean, zientzialariek fisika eta kimika elkartzen diren eremu oparoan jarraitzen dute ikertzen; tartean, kode ziurragoak lortzeko ahaleginetan. Norabide horretan, Kopenhageko Unibertsitateko (Danimarka) ikertzaileek aurkeztu dute azken aurrerapena, Science Advances aldizkarian argitaratutako artikulu baten bitartez.

1. irudia: Hasierako probak egiteko erabilitako txartelak. Bakoitzean 200 kode sartzeko aukera dago (Argazkia: Kopenhageko Unibertsitatea)
Sistemaren oinarria lur arraroen bitartez margotutako hondar aleetan datza. Argi mota berezi baten aurrean jartzen direnean, hondar ale horiek kitzikatuak izaten dira, eta argi kode berezia, ia-ia bakarra, sortzen dute. Kontuaren koska, noski, hondar aleen antolaketan datza eta baita espektroskopia bidezko irakurketan.
Taula periodikoan, lur arraroek lantanidoen taldea osatzen dute. Azken urteetan asko erabiltzen ari dira industrian, bereziki elektronikaren alorrean.
Horrelako kode bat sortzeko, ikertzaileek honako prozesua erabiltzen dute: hondar lagin handi bat hartu, eta hondarra hiru hobi desberdinetan banatzen dute. Ondoren, hodi bakoitzean lur arraro zehatz bat sartzen dute: Europioa, Terbioa eta Disprosioa.
Modu horretan, hondar ale bakoitza lur arraro batekin “margotuta” gelditzen da (edo dopatuta, kimikarien hizkera erabilita). Behin hori eginda, hiru laginak nahasten dituzte, eta euskarri batean, bildu dituzten hondar aleekin osatutako geruza fin bat osatzen dute. Uhin-luzera zehatza duen argia jasotzean, lur arraro bakoitzak argia modu desberdinean islatzen du. Hortaz, azalera txiki horrek berezko argi marka berezia izango du. Marka hori irakurtzeko, hiru laser ezberdin dituen gailu bat erabiltzen da. Bakoitzak era selektiboan kitzikatzen ditu lur arraroetako ioiak. Era horretan, ausazko patroi bat sortzen da hondarrez betetako gailuaren azaleran. Kitzikapen horren atzean eratzen den argiaren marka jasotzen da ondoren eta datu-base batean gordetzen da. Produktuaren fabrikatzaileak baino ez du izango datu hori; nahi izanez gero, produktua saltzaileak aukera izango du alderatzeko bere saltokian dagoen produktua benetan fabrikatzaile ofizialak ekoiztu ote duen ala norbaitek ziria sartu dion. Produktu bakoitzak kode bakarra izango du, beraz.
Antzeko bidea jorratu izan diren aurreko teknikekin alderatuz, prozesu berriaren abantailak nabarmendu dituzte ikerketa artikuluan. “Lantanidoetan oinarritutako koloratzaileak guztiz fotoegonkorrak dira, eta argia xurgatzen eta igortzen dute oso ondo zehaztuta dauden espektro elektromagnetikoko eremuetan”.
Diotenez, “hackeatu” ezin den segurtasun neurria da asmatutakoa. Kopenhageko Unibertsitateko ikertzaile Thomas Just Sørensen-en esanetan “munduko ziurrena” litzateke honakoa. Praktikan, eta estatistikaren arabera, marka hori ia bakarra dela adierazi du ikertzaileak prentsa ohar batean. “Bi produktuk ‘hatz marka’ berdina izateko duten probabilitatea hain da txikia ezen, praktikan, existitzen ez dela esan baitaiteke”, ziurtatu du Sørensenek. Guztiz imajinaezin den probabilitate hori 1/6.10104 da, hau da, aukera bat 104 zeroz jarraitutako 6 zenbaki bakoitzeko.

2. irudia: Itxura honetakoak dira argia islatzean sortzen diren patroiak. Horietatik, hasierakoa baino ez da onargarria (Irudia: Science Advances/Kopenhageko Unibertsitatea/ moldatuta)
Bestetik, teknika hau kriptografian erabiltzeko aukera dagoela ere proposatu dute. “Patroi edo giltza digital hau erabil daiteke bai faltsutzeen kontrako giltza fisikoa egiaztatzeko edo edozein mezu enkriptatzeko ere”.
Praktikotasunari begiraUnibertsitateak sistema patentatu du jada eta, ikertzaileek egin duten aurreikuspenen arabera, urtebete barru merkatuan egon daiteke teknologia berria. Une honetan, eskanerrak hobetzeko lanean ari dira.
Zelako kostuan, ordea? Jakina da, askotan, merkatura heltzean, segurtasun neurri txukunek ez dutela arrakastarik lortzen erabilitako gailu bakoitzaren prezioa handiegia delako, babesten duen produktuaren prezioarekin alderatuz. Besteak beste, RFID teknologiaz babestutako alarmekin gertatu izan da hori. Irrati frekuentzia bidezko segurtasun gailu horiei asko kostatu zaie merkatura heltzea.
Kasu honetan, ez dirudi kostua arazo handiegia izango denik, gutxienez, euskarriari dagokionez. Produktuak markatzeko dispositiboaren kostua daniar koro bat baina pixka bat handiagoa izango dela aurreikusten dute ikertzaileek. Egun, 14 euro zentimo inguru balio du daniar koroak. Halere, produktuaren kodea irakurtzeak eta konprobatzeak guztira zenbat balioko duen kalkulatzeke dago oraindik.
Merkea izango omen den teknologia hau ausazkotasunean oinarritzen da. Ikerketa artikuluaren hasieran argitu dutenez, faltsutzeen aurka egun martxan dauden teknologia gehienak prozesu deterministetan oinarritzen dira. Horrek esan nahi du prozesuak bide jakin bat jarraitzen duela. Beraz, bide hori nolakoa den jakinda, aukera dago kodea “apurtzeko”. Horregatik nahiko erraza da, adibidez, softwarea edota WIFI sareak babesteko kodeak sortzeko algoritmoak igartzea. Danimarkako adituek aurkeztutako sistema, berriz, ez da determinista. Hasitako bideak nola jarraituko duen igartzeko modurik ez dago, erabat ausazkoa baita.
Erreferentzia bibliografikoa:
Carro-Temboury M. et al. An optical authentication system based on imaging of excitation-selected lanthanide luminescence. Science Advances 26 Jan 2018: Vol. 4, no. 1, e1701384 DOI: 10.1126/sciadv.1701384
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Faltsutzeei aurre egiteko, lur arraroetan oinarritutako kodetze sistema appeared first on Zientzia Kaiera.
Zenbat gizaki bizi izan dira Lurrean?
Gauzak ordea ez dira beti horrelakoak izan. Garai batean, jaiotze tasa oso handia zen, baina umeen hilkortasun tasa ere oso handia zen, eta bizi-baldintza txarrek eragotzi egiten zuten populazioaren hazkundea. Milaka urtean hainbeste jende jaio eta hil egin delarik, zenbat gizaki bizi izan ote dira Lurrean historian zehar? [1]

1. irudia: Ba al dakigu zenbat gizaki bizi izan diren Lurrean? Zer nolako bilakaera utzi du gizakiaren historiak?
Hasiera-hasieratik esan behar da hau oso gutxi gorabeherako zenbaki-saio bat baizik ez dela izango. Zenbaki handietan aritzen garelarik, hipotesi bat baino gehiago erabili beharko ditugu ohi bezala: ez dugu hain erraz egiazkotzat emango kopuru bat, baina gutxienez modu bat aurkituko dugu oso urrun ez gabiltzala baieztatu ahal izateko.
Lehenengo eta behin, abiapuntua ezarri behar da. Erregistro arkeologikoek eta paleontologikoek ezagutzera eman digute Lurrean hainbat hominido egon izan direla gu baino lehenago. Dakigun bezala, onar daiteke gure arbaso zuzenak direla eta dagoeneko desagertu egin direla horietako batzuk. Kalkuluak ahalik eta zehatzen egiteko, Homo sapiens espezieari erreparatuko diogu. Gauzak horrela, duela 50.000 urte izango genuke abiapuntua, uste baita une horretan egin zuela Afrikatik kanpo Homo sapiens espezieak. Zoritxarrez, Miguelón eta Lucy kanpo gelditzen dira [2].
Bigarren urrats batean, kalkulatu egin beharko genuke zenbat Homo sapiens bizi ziren duela 50.000 Lurrean. Hemen ez daukagu aztarnarik, eta beraz, oso badaezpadako estimazioak besterik ezin dugu egin batez ere Homo sapiens modernoaren lehenengo une horietarako.

2. irudia: Homo sapiens espeziearen hedapena.
Zenbait ikertzailek batera onartu dute 5 milioi biztanle zeudela orain 8.000 urte. Une horretan, ia Lurra guztia populatua zegoen, eta nahiko egonkorra zen gainera populazioa. Zenbaki hori erdiesteko, zentzuz pentsa dezakegu 0 edo 2 zenbaki batetik hasiko zela eten gabe populazioa hazten [3].
Lehenengo urtean, ez dago hainbeste adostasunik. Population Reference Bureau izenekoak 300 miloi egongo zirela estimatu du, bi datutan oinarrituta: Erromatar Inperioak 40 edo 50 milioi biztanle izango zituen, eta horretaz gain Asia bazen jadanik Lurreko alde populatuena. Dena dela, beste batzuen estimazioak 170 milioitik 500 milioira doaz.
Une horretatik aurrera, ez daukagu erregistro historikorik, baina informazio gehiago dugu munduko populazioa estimatzeko. Izan ere, gutxi gorabehera bat datoz zenbait iturri desberdinetatik datozen estimazioak. Gauzak errazte aldera, berriz erreparatuko diogu Population Reference Bureau horri.
Hirugarren urratsa da garrantzitsuena, ezartzeko beharrean dugulako zein jaiotze tasa egon den hasieratik gaur arte [4]. Horretarako, asmatu egin beharko dugu beste garai batzuetako umeen hilkortasun tasa [5]. Badakigu kopuru horrek handia behar duela, eta beraz, zentzuz onar dezakegu urte bat bete baino lehen hiltzen zela jaiotzen ziren umeen erdia. Horretaz ezer ez badakigu ere, pentsa daiteke ehiztari eta biltzaile taldeetan hilkortasun handiagoa egongo zela. Berez, baliteke haurrak hil izana, taldearentzat behar besteko baliabiderik ez bazegoen. Baliteke hala gertatu izana, haur jaioberria taldearentzat garrantzitsutzat jotzen ez zutenean behintzat.
Pentsa dezakegu batetik 500/1.000-ko hilkortasun tasa zegoela, eta bizi-itxaropena 10-12 urtekoa zela Brontze eta Burdina Aroetan. Gauzak horrela, onar dezakegu 80/1.000 izango zela jaiotze tasa eta horrela populazioak arinki gora egingo zuela.
Behe Erdi Arotik aurrera, hobetzen joan ziren bizi-baldintzak, eta umeen hilkortasun tasak behera egin zuelarik, jaiotze tasa apalagoa beharko zen belaunaldien ordezkapena bermatzeko. Hala ere, esne pasteurizatua asmatu eta medikuntzaren aurrerapen handiak gertatu arte, ez zen nabarmen jaitsiko umeen hilkortasun tasa. Hortxe hasi zen nonbait munduko populazioaren gorakada izugarria.
Beraz, hurrengo taula izango genuke abiapuntua, eta unean uneko jaiotze tasak eta estimazioak kontuan hartuta:

3. irudia: Population Reference Bureau izeneko erakundeak emandako datuak.
Estimazio hauek, Carl Haubek [6] egin zituen, erakunde horretan lanean ari zelarik. Haien arabera, 2011. urterako, 107.000 miloi gizaki jaioak egongo ziren jadanik. Bestela esanda, inoiz bizirik egon diren gizakien %6-%7a bizi da egun gure planetan.
Oharrak:
[1]. Historia eta historiaurrea hartuko ditugu kontuan, idatzizko hizkuntzen agerpenak ez diolako kontuari inola eragingo.
[2]. Miguelón Atapuercan aurkitu zen eta Homo heidelbergensis espeziearen 300.000 urteko ale bat da. Lucy Hadarren (Etiopian) aurktu zen, eta Australopithecus afarensis espeziearen 3.2 miloi urteko ale bat da.
[3]. Zenbaki honek ez dauka Adan eta Evaren pertsonaiekin inongo zerikusirik, eta matematika-abiapuntu bat besterik ez da. Onar daiteke ezinbestez egiten dugun oker bat dela hasierako zenbaki hau.
[4]. Jaiotze tasa: jaiotzak/1000 biztanle.
[5]. Umeen hilkortasun tasa: lehenengo urtean hildakoak/urtean jaiotako 1000 umeak.
[6]. How Many People Have Ever Lived on Earth?
———————————————————————————-
Egileaz: Miguel Garcia (@Milhaud) Telekomunikazio-ingeniaria da eta informazio eta teknologi-zerbitzuetan aditua.
———————————————————————————-
—————————————————–
Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola
——————————————–
The post Zenbat gizaki bizi izan dira Lurrean? appeared first on Zientzia Kaiera.
On Zientzia: E mc2
E=mc2 formulak hiru alderdi ditu:
- E. Energia da, lan bat egiteko ahalmena.
- m. Masa esan nahi du, masa eta ez pisua. Masa berdina da Lurrean zein ilargian.
- c. Argiaren abiadura da, 3·108 m/s.
Hortaz, formulari jarraiki, masa eta energia erlazionaturik daude oso abiadura altuetan.
Einstein fisikariak lortu zuen formula honen azalpen grafikoa dakar Nerea Casasek “E mc2” bideoan, On Zientzia lehiaketaren VII. edizioan euskarazko epaimahaiaren azken errondaren parte izan zena.
—–—–
Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako lehiaketa da On Zientzia, jakintza zientifikoa ezagutzera emango duten bideo labur eta originalen ekoizpena bultzatzeko helburuarekin.
Lehiaketaren oinarriek ezarri bezala, bideoek 5 minutu baino gutxiago iraun behar dute eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez izan daitezke, gaia librea delarik. Edukiak jatorrizkoak izan behar dira, telebistan inoiz atera ez direnak, eta beste lehiaketaren bat irabazi ez dutenak.
Hiru sari kategoria ditu On Zientzia lehiaketak:
- Gazte saria (18 urtetik beherakoentzat). 1000 €
- Euskarazko bideo onena. 2000 €
- Dibulgazio bideorik onena. 3000 €
2017-2018koa VIII. edizioa da eta parte hartzeko epea zabalik dago jada 2018ko apirilaren 25era arte.
The post On Zientzia: E mc2 appeared first on Zientzia Kaiera.
Zer da mingarriagoa kateterra jartzea ala odola ateratzea?
Bosgarren bizi konstantetzat hartzen da mina, gorputzeko tenperaturarekin, pultsuarekin, odol-presioarekin eta arnas maiztasunarekin batera, lehenengo osasun miaketan kontuan hartzen den bizi konstanteetako bat da. Faktore subjektiboa izaki, zaila da mina neurtzea, baina. Hori dela eta, min iatrogenikoa (osasun arretan eragiten dena) baloratzeko eskatu zaie pazienteei ikerketan.
2017ko urtarriletik ekainera egin da ikerketa Galdakao-Usansolo Ospitaleko eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko larrialdi zerbitzuetan. 18 urtetik 85 urtera bitarteko 820 (% 51,8 gizonezkoak eta % 48,2 emakumezkoak) pazientek hartu dute parte. Guztira, zaineko 780 kateter jarri eta arteriako 101 odol lagin atera dira oxigeno eta karbono dioxido mailak eta bikarbonato kontzentrazioa neurtzeko (gasometriak).
Numeric Pain Rating Scale (NRS-11) izeneko eskala baliatuta neurtu da mina: 0tik 10era bitarteko balioa ematen dio norberak hautemandako minari, non zero minik eza den eta hamar imajina daitekeen minik handiena. Adostua dago 3tik gorako mina ez litzatekeela onartu behar.
Zainean kateterra jartzeak batez beste 2,8ko puntuazioa izan zuen NRS-11 eskalan eta gasometriak 3,6. Aldeak daude Erabilitako teknika sanitarioaren zailtasunaren (kateterra jartzea edo arteriatik odola ateratzea) eta ziztatzen den lekuaren (eskumuturra/ukondoko tolestura edo kubitu aurreko hobia) arabera aldeak ikusi dira ikerketan. Mingarriagoa da gasometria arteria humerala kubitu aurreko hobiaren parean ziztatzean arteria erradiala eskumuturrean ziztatzen denean baino. Giza anatomian arteria humerala erradiala baino sakonago egotea izan daiteke diferentzia horren arrazoia.
Sexuak, adinak edo jatorriak ez dute eraginik minaren intentsitatearen pertzepzioan eta badirudi erabilitako orratzaren kalibreak ere ez duela eraginik. Azken honetan, hala ere, ziztada egiten duen pertsonaren eskarmentuaren arabera alda daitezke emaitzak. Aldagai hau kontrolatze aldera, eskarmentu profesional handia duten erizainek hartu dute parte ikerketan.
UPV/EHUko DIASURE Erizaintzako lantaldeak egindako ikerketaren arabera, beraz, gasometriarako arteriatik odola ateratzeak min moderatua eragiten du eta zainean kateterra jartzeak min arina. Interbentzio sanitarioetan erabakiak hartzen laguntzeko eta larrialdi zerbitzuetako erizaintzako teknika nagusien ondorio mingarriak arintzeko balio dezake minaren pertzepzioa aztertzeak.
Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Zer da mingarriagoa, zain batean kateter bat jartzea ala arteria batetik odola ateratzea?
Erreferentzia: “Dolor asociado a las técnicas de inserción de catéteres venosos y extracción de sangre arterial en el área de urgencias. Enfermería Clínica. 2017. DOI: https://doi.org/10.1016/j.enfcli.2017.11.002.
The post Zer da mingarriagoa kateterra jartzea ala odola ateratzea? appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #188

1. irudia: Elementuen taula periodikoa. (Iturria: Ed Uthman)
KimikaJosu Lopez-Gazpiok aurreratzen digu laster taula periodikoak lerro bat gehiago izango duela. Izan ere, Japoniako Riken ikerketa zentroko zuzendariak iaz jakinarazi zuen 119. elementua bilatzeko ikerketak abiatu zituztela. Bost urteko epean, bi elementu -119 eta 120 zenbaki atomikokoak- sintetizatzeko gai izango direla adierazi zuen ere bai. Elementu horren izena oraingoz ununennioa izango da (bat, bat, bederatzi, latineraz) eta testuan azaltzen den moduan, naturan ez da inoiz existitu. Elementu hori sintetizatzea ez da gauza erraza izango orduan. Jakin nahi duzue zein izango den jarraituko duten prozedura? Ez galdu!
Klima aldaketaBederatzi herrialdek oraingoz ez dute neurri nahikorik aurkeztu aire kalitate txarra hobetzeko. Horren aurrean, Bruselak auzitara joko du hori aldatu ezean. Txekiar Errepublika, Alemania, Frantzia, Espainia, Italia, Hungaria, Errumania, Eslovakia eta Erresuma Batuak aire kutsaduraren mugak gainditu dituzte, hainbat hiritan, bereziki, NO2 (nitrogeno dioxidoa) eta PM10 partikulen pilaketagatik. Astebeteko epea eman die zerbait egiteko.
Ipar Atlantikoko jet korronteak (haize-lasterra) Europako muturreko eguraldian duen eragina argitu dute ikertzaileek. Enborren eraztunetan hiru mendetan zehar pilatutako erregistroei esker, ikertzaileak gai izan dira ezagutzeko denbora tarte horretan Ipar hemisferioko klimak izan duen bilakaera. Horretaz gain, egiaztatu dute haize-lasterrak iparraldera eta hegoaldera izaten duen anplitudea bereziki handitu dela azken mende erdian. Hain zuzen, 1960ko hamarkadatik aurrera egon diren aldaketa hauek bat datoz Europan egon diren muturreko eguraldiko gertaerekin. Besteak beste, beroaldiak, lehorteak, baso suteak eta uholdeak.
Deforestazioa da une honetan gure planetak daukan arazo larrienetako bat. Milaka eta milaka hektarea baso desagertzen dira urtero-urtero. Basoak berreskuratzeko modu berriak aztertzen hasi dira. Testu honetan horietako bat azaltzen da: droneak erabiltzea zuhaitzak landatzeko. Zenbait enpresek abiatu dute eta emaitza onak lortu ere. Bataz beste, diote, zuhaitzak eskuz landatzea baino 10 aldiz azkarragoa da drone bidez landatzea.
MedikuntzaEuropako Osasun Mentalaren erankundeak egindako txostenaren arabera, Europako osasun-sistemetan urratu egiten dira gaitz mentalak dituzten pazienteen giza eskubideak. Txostenean agertzen dira psikiatria-zerbitzuetako paziente ohien testigantzak: derrigorrezko ospitalizazioa, terapia elektrokonpultsiboa, indarrean ezarritako tratamenduak –haietako batzuk albo-ondorio gogorrekin–, haiekin indarrez jokatzea, min fisiko eta emozionala…
Emakumeak zientzianGenero-bereizketa zientzia-eremuan nabarmena da oraindik ere. Adibidez, Emakundek 2016an egindako azterketa baten arabera, alde handia dago batxilergoko neska-mutilek aukeratzen dituzten ikasketetan, generoaren arabera. Neskek osasun-zientzien, psikologiaren eta irakasle-ikasketen alde egiten dute eta mutilek, berriz, nahiago dituzte ingeniaritzak. Horren atzean, jakina, estereotipoak daude: barneratua dugu emakumeak gizonak baino egokiagoak direla zaintza-lanetarako, eta gizonak, berriz, lan teknologikoetarako. Badirudi beste faktore batzuek eragina dutela bereizketa horretan, itxura fisikoak, esaterako. Sarah Banchefsky ikertzaileak 2016an argitaratutako artikulu batean ageri da arazoa oso argi, bi esperimentu egin ostean.
Irati Jauregui ikertzailea elkarrizketatu du Ana Galarragak. Unibertsitatean, ingeniaritza arlotik jo zuen, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza hautatu zuen, hain zuzen. Gradu Amaierako Lana egitean, ikertzen hasi zen eta gustatu egin zitzaion. Gradu-Amaierarako Lanarekin, gainera, hirugarren saria jaso zuen 2016ko Telekomunikazioen Liberalizazio Sarietan. Onartzen du lan “polita” egin zuela. Hain zuzen, era askotako egitura biologikoak antzemateko gai diren sentsoreak garatu zituen, aplikazio biomedikoetan erabiltzeko. “Berez, gradu-amaierako lanean simulazioak egin nituen, baina oso ondo funtzionatzen zuten. Horren ondoren, ikerketa-proiektu bat sortu zen, kontratatu ninduten eta ordutik horretan nabil. Laster, gai biologikoekin probatzea espero dugu”, dio Jauregik.
PaleontologiaIndian Erdi Paleolitoko ezaugarriak dituzten tresna batzuk aurkitu dituzte. Levallois teknikarekin egindako harrizko tresnak izan dira topatutakoak, adibidez. 385.000 urte dituztela kalkulatu dute eta horrek jarri du kolokan gure espeziaren jatorria. Izan ere, orain arteko aztarna guztien arabera, artean gizaki modernoa ez zen Asiara iritsi.
IngeniaritzaMiguel Angel Blanco ikertzaileak egindako ikerketan batean, kontraleihoaren konfigurazio geometrikoaren edo termikoaren eta kontraleihoak jartzen diren eraikinaren hainbat parametro ebaluatu dira, bakoitzaren eragin maila zein den ezagutzeko. Atera dituen ondorioei esker, isolamendu eta inertzia termikoa duen kontraleiho diseinu berri baterako oinarriak ezarri dira. Egunez, irekita dagoenean, energia gordetzeko gai da eta gauean eraikinari energia ematen dio. Lanaren ardatza kontraleihoek duten portaera termikoa aztertzea izan da. Halere, ez dira aztertu bakarrik kontraleihoak, ondoko elementuak ere izan ditu oinarri ikerketak.
Hegazkinek marrazten dituzten marrak zer dira? Chemtrail esaten zaion fenomenoaren aurka ari diren elkarteak sortu dira eta marra horien atzean dauden balizko konspirazioez ohartarazten dute. Bartzelonako Unibertsitateko ingurumen kimikari Xavier Gimenezek dio kontu hori guztia faltsua dela eta ustezko fumigazio horien inguruan hitz egiten du adituak: “Hegazkinek gasak ateratzen dituzte errekuntza motorretatik. Gas horietan, batez ere, ura eta karbono dioxidoa daude, eta baita guztiz erre ez diren erregai arrastoak ere. Karbono dioxidoa ez da ikusten, baina, airearen baldintzen arabera, ura kondentsatu egiten da”. Horretaz gain, euria eragiteko esperimentuak egin dira jada. Ameriketako Estatu Batuetan enpresa txiki asko, esaterako, zerbitzu hori ematen ari dira, euriaren beharra duten nekazari elkarteek ordainduta. Naturan eragiteko hainbat proposamen daude. Ez galdu artikulu interesgarri hau!
BiologiaKolonbiako Ozeano Bareko kostaldeko oihanetan igel oso pozoitsu bat bizi da, ezagutzen den ornodunik pozoitsuena da. Batraziotoxinari zor dio bere izaera pozoitsu hori. Baina, aipatzekoa da igelak ez duela berez toxina hori sortzen; Melyridae familiako kakalardoak jan eta haien toxina metatzen du. Pozoi horrek du eragina neuronen sodio-kanaletan. Igelak defentsarako erabiltzen du. Badakizu zenbat behar duen pertsona bat hiltzeko? nahikoak dira 100 μg.
FisikaGure bizimoduan gero eta ohikoagoak dira erradiazio ezionizatzaileko eremu elektromagnetikoak (EEI-EEM) sortzen dituzten iturriak. Artikulu honetan, sortzen dituzten eraginen inguruko ikerketa esperimentalen eta epidemiologikoen bidez lortu diren emaitzak laburbiltzen dira. Ikerketak hiru alorretan egiten dira; in vitro, in vivo eta ikerketa epidemiologikoak. In vivo ikerketa gehienek ez dute arrazoirik eman EEI-EEMek eragin minbizi-sortzailea dutela pentsatzeko. Ikerketa epidemiologikoetan, adibidez, aurkikuntza nabarmenenak ELFen eremu magnetiko (ELF-MF) eta umeen leuzemia linfoblastiko akutuaren arteko asoziazioa eta IMen peko egonaldia eta glioma kasuen arteko erlazioa izan dira.
———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
———————————————————————–
The post Asteon zientzia begi-bistan #188 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #201
Xehetasun maila ikaragarrira heltzen da mintz errezeptoreen analisi estrukturala: maila atomikora. NuRCaMein-ek azaltzen du Structure matters in the androgen receptor artikuluan.
Antibiotikoei erresistente diren bakterioak hemen dira jada. Eta gizateriaren etorkizuna ilundu dezakeen (giza bizitzen kostuari dagokionez) gaitz handietako bat izan daiteke, tabakoa eta obesistatea baino gehiago ere. Zelan garatzen da erresistentzia hori, baina? Sergio Laínez The rise of the superbugs artikuluan.
Sistema elektrokimiko batean urak zer egiten duen ikertzea behar du energia biltegiratzeko efizienteago diren sistema berrien garapenak. DIPCkoek benetan erabilgarria izan daitekeen eredua garatu dute: Accurate simulation of aqueous-based electrochemical setups.
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #201 appeared first on Zientzia Kaiera.
Irati Jauregi: “Uste ez banuen ere, asko gustatzen zait ikertzea”
“Gustura ari nintzen egiten gradua, baina ez nuen urte gehiago eman nahi unibertsitatean”, onartu du Jauregik. Gradu-amaierako lanak aldarazi zion iritzia: “Miguel Beruete Diaz irakasle izan nuen, eta, asko gustatzen zitzaidanez haren azalpenak eta ikasgaia, galdetu nion ba ote zegoen aukerarik harekin egiteko gradu-amaierako lana. Orduan hasi nintzen ikertzen, eta kateatuta geratu nintzen”.

Irudia: Irati Jauregi López telekomunikazio teknologien-ingeniaria.
Egiten ari zaren horretatik ikasten joatea; horrek erakarri zuen: “Neurri batean, autoikaskuntza da. Probak egiten zoaz, eta emaitzen arabera jarraitzen duzu bide bat ala bestea”. Enpresa batean lana egitearekin alderatuta, ikerketa sortzaileagoa eta kitzikagarriagoa iruditzen zaio. “Nire aurreiritzien kontra, onartu behar izan nuen asko gustatzen zaidala ikertzea”.
Saria, aitortza gisaGradu-amaierarako lanarekin, gainera, hirugarren saria jaso zuen 2016ko Telekomunikazioen Liberalizazio Sarietan. Ez zuen inondik inora espero, baina pozik hartu zuen, egindako lanaren aitortza gisa. “Ohorezko Matrikula lortu nuen lanarekin, eta irakasleak bultzatuta aurkeztu nintzen sariketara. Hala ere, Espainia osoko ikasleek parte hartzen dutenez, ezinezkoa iruditzen zitzaidan sari bat eskuratzea, baina hala gertatu zen”.
Onartzen du lan “polita” egin zuela. Hain zuen, era askotako egitura biologikoak atzemateko gai diren sentsoreak garatu zituen, aplikazio biomedikoetan erabiltzeko. Horretarako, meta-azal batzuen jokabidearen simulazio eta azterketak egin zituen, onddoen inbasioak atzemateko. “Meta-azal horiek xafla ultrameheak dira, metamaterialen ikerketetatik eratorritakoak, eta naturan existitzen ez diren ezaugarriak dituzte”, azaldu du Jauregik.
Meta-azal horiek aukera ematen dute terahertz erradiazio elektromagnetikoa oso gune txikietan zedarritzeko, eta, horren bidez, egitura biologikoak (proteinak, onddoak, mikroorganismoak…) detekta daitezke. Terahertz erradiazioarekin oraindik lan gutxi egin da, oso arlo berria da, eta hori ere erakargarria da Jauregirentzat.
“Berez, gradu-amaierako lanean simulazioak egin nituen, baina oso ondo funtzionatzen zuten. Horren ondoren, ikerketa-proiektu bat sortu zen, kontratatu ninduten, eta ordutik horretan nabil. Oraindik ez dugu probatu onddoekin, baina bai erretxinekin, eta ondo funtzionatzen duela baieztatu dugu. Laster, gai biologikoekin probatzea espero dugu”, dio Jauregik.
Elikagai-industrian eta osasunean aplikazio oso interesgarriak dituela ere esan du Jauregik: “Oraindik hastapeneko ikerketan gauden aurren, dagoeneko hasi gara elkarlanean agronomoekin, janarietan substantziak detektatzeko oso baliagarria izan baitaiteke”.
Aurrera begira, ez du baztertzen tesia egitea, baina ez du garbi. Oraingoz, masterra egiten ari da, eta amaitutakoan erabakiko duela esan du: “Ahalegin handia eskatzen du, eta hemen ez da batere bultzatzen ikerketa. Hortaz, askok kanpora joan behar dute, edo beste zerbaitetan bukatzen dute lanean. Ikusiko dut”.
Fitxa biografikoa:Irati Jauregi López Iruñean jaio zen, 1992an. Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako gradua egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta orain ere han ari da egiten Telekomunikazio Ingeniaritzako gradua. Terahertz eta metamaterialen arloan egin zuen gradu-amaierako lana, eta sari bat jaso zuen lan harengatik. Arlo berean ikertzen jarraitzen du.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Irati Jauregi: “Uste ez banuen ere, asko gustatzen zait ikertzea” appeared first on Zientzia Kaiera.
Erradiazio ezionizatzaileko eremu elektromagnetikoen eraginak osasunean: ezagutza-egoeraz egun dakiguna
EEI-EEMak hiru talde nagusitan bereiz daitezke euren maiztasunaren, hots, denbora unitateko uhinak egiten duen oszilazio kopuruaren (Hz-tan neurtua) arabera. Oso maiztasun txikiko uhinak (ELF euren ingelesezko sigletan, Extremely Low Frequency), >0-300 Hz maiztasun tartean daude, eta energiaren sorkuntza, garraio eta erabilerarekin lotuta daude. Tentsio baxuko, ertaineko edo altuko lineak, transformadoreak edota sare elektrikoaz hornitzen diren etxetresnak dira iturri nagusienak. Bitarteko maiztasunak, 300 Hz eta 10 MHz arteko maiztasun tartean daude eta segurtasun-sistemak edo ordenagailu eta telebista-pantailak dira haien iturri nagusiak, baina oso ikerketa gutxi egin da hauen inguruan. Irrati-maiztasuneko uhinak (IM), 10 MHz eta 300 GHz bitartekoak, batez ere haririk gabeko komunikazioarekin loturik daude: haririk gabeko telefonoa, sakelako telefonoa, bluetootha, WiFia eta komunikaziorako antenak.
Gaur egun EEI-EEMen arriskua agerian uzten duten bi mekanismo baizik ez daude aho batez onartuak. ELFen kasuan, nerbio-sistema eta muskulu-ehunak estimulatuko lituzkeen eremu eta korronte elektrikoen indukzioa litzateke onartutako mekanismoa; irradiatutako energiaren absortzioa izango litzateke IMen kasuan, eta ondorio gisa gorputz-tenperaturaren gorakada gertatuko litzateke. Hala ere, mekanismo hauek intentsitate altuaren ondorioz sortutako efektu akutuan oinarritzen dira, baina gaur egungo kezka, aldiz, esposizio maila baxuen pean sor daitezkeen efektu kronikoak dira.
Ikerketak hiru alorretan egiten dira; in vitro, in vivo eta ikerketa epidemiologikoak. Ikerketa mota oro eduki behar dira kontuan arriskuen balorazio bat egiterako orduan.
In vitro ikerketetan ELFekiko esposizioa 100 µT-tik gorakoa izan denean, efektu genotoxikoak aurkitu dira. Orain arte, ordea, ez da aurkitu ebidentzia nahikorik eta trinkorik IMen genotoxizitateari dagokionean.
In vivo ikerketa gehienek ez dute arrazoirik eman EEI-EEMek eragin minbizi-sortzailea dutela pentsatzeko. Ikerketa epidemiologikoetan ELFekin erlazionatu den leuzemia linfoblastiko akutua aztertzeko animali modelo egokirik ez dago. IMei dagokienean gehienek emaitza negatiboak lortzen dituzte. Bestalde, ikerketa batzuek arazoak ikusi dituzte nerbio-sisteman, besteak beste, oroimenean eta ikaskuntzan aldaketak, bai ELF eta bai IMren peko egonaldietan. Neurogenexia, zitotoxizitea eta garunaren endekapena bezalako efektuak ere ikusi dira intentsitate maila gomendagarrietatik oso gora. Ugalketa aztertu duten ikerketek efektuak antzeman dituzte bai ugalkortasunean, bai eta ondorengoen garapenean, baina batez ere IMak ikertu dira. Hauek eragiten dituzten efektu teratogenikoak ikusi dira, baina beti ere esposizio maila tenperaturaren gorakada nabarmena eragiteko gai denean (gradu zentigradu bat baino gehiagokoa).
Ikerketa epidemiologikoetan aurkikuntza nabarmenenak ELFen eremu magnetiko (ELF-MF) eta umeen leuzemia linfoblastiko akutuaren arteko asoziazioa eta IMen peko egonaldia eta glioma kasuen arteko erlazioa izan dira. Bi arrazoi horiengatik, minbiziaren ikerkuntzarako nazioarteko agentziak (IARCek) ELF-MF eta IMak 2B kategoriaren baitan sartu zituen, minbizi-eragile izan daitezkeela ondorioztatuz.
Nahiz eta ikerketa eta proiektu ugari egon gaiaren inguruan, kontu ugari daude argitzeke, batez ere metodologia-mugek sortzen dituzten arazoek ez dutelako ondorio argirik ateratzeko aukera ematen. Aurrerantzean, ahalegin handiagoak egin beharko lirateke eremu elektromagnetikoen esposizioaren estimazio egokiagoa egite aldera.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 30
- Artikuluaren izena: Erradiazio ezionizatzaileko eremu elektromagnetikoen eraginak osasunean: ezagutza-egoeraz egun dakiguna.
- Laburpena: Gure bizimoduan gero eta ohikoagoak dira erradiazio ezionizatzaileko eremu elektromagnetikoak (EEI-EEM) sortzen dituzten iturriak, eta bere horretan dirau eremu horiek osasunean izan ditzaketen efektuen inguruko eztabaidak. Artikulu honetan laburbildu egin nahi ditugu EEI-EEMen eraginen inguruko ikerketa esperimentalen eta epidemiologikoen bidez lortu diren emaitzak. Nahiz eta ikerketa eta proiektu ugari egon gaiaren inguruan, kontu ugari daude argitzeke, batez ere metodologia-mugek sortzen dituzten arazoek ez dutelako ondorio argirik ateratzeko aukera ematen. Aurrerantzean, ahalegin handiagoak egin beharko lirateke eremu elektromagnetikoen esposizioaren estimazio egokiagoa egite aldera.
- Egileak: Mara Gallastegi, Ana Jiménez-Zabala, Juan-José Aurrekoetxea, Loreto Santa-Marina, Jesús Ibarluzea
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 105-123
- DOI: 10.1387/ekaia.16148
—————————————————–
Egileez:
Mara Gallastegi Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan eta Euskal Herriko Unibertsitateako Farmazia Fakultatean dabil; Ana Jiménez-Zabala Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan eta Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako Osasun Publiko eta Adikzioen zuzendariordetzan dabil; Juan José Aurrekoetxea Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza fakultatean eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean dabil; Loreto Santa-Marina Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan eta Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako Osasun Publiko eta Adikzioen zuzendariordetzan eta Epidemiologia eta Osasun publikoaren ikerketarako kontsortzio Espainiarrean dabil eta Jesús Ibarluzea Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan eta Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako Osasun Publiko eta Adikzioen zuzendariordetzan eta Epidemiologia eta Osasun publikoaren ikerketarako kontsortzio Espainiarrean dabil.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Erradiazio ezionizatzaileko eremu elektromagnetikoen eraginak osasunean: ezagutza-egoeraz egun dakiguna appeared first on Zientzia Kaiera.
Urrezko gezi pozoitsua

———————————————————————————————————–
«Urrezko gezi pozoitsua» izena duen igel bat bizi da Kolonbiako Ozeano Bareko kostaldeko oihanetan. Izenak berak ezin hobeto adierazten du igelaren ezaugarririk behinena, oso pozoitsua baita. Izan ere, ezagutzen den ornodunik pozoitsuena da Phyllobates terribilis, horixe baita igelak duen izen zientifikoa.
1. irudia: ‘Phyllobates terribilis’, urrezko gezi pozoitsua, ezagutzen den ornodunik pozoitsuena da.
Phyllobates terribilis igel ikaragarriak batraziotoxinari zor dio bere izaera pozoitsu hori. Zenbait alkaloide esteroideok osatzen duten pozoi-taldeko toxinei deritze batraziotoxina, eta zenbait igeletan, kakalardotan eta hegaztitan aurkitu izan dira. Guztiak dira toxikoak (neurotoxikoak eta kardiotoxikoak), baina Phyllobates terribilis igelak eta Melyridae familiako kakalardoek daukate toxizitate handieneko batraziotoxina. Igelak ez bide du berez batraziotoxinarik sortzen; Melyridae familiako kakalardoak jan eta haien toxina metatzen du. Beraz, toxinak ez du igelarengan eraginik.
Batraziotoxinak neuronen sodio-kanaletan du eragin kaltegarria, kanalaren ioiekiko hautakortasuna eta tentsioaren menpekotasuna aldatzen baititu. Neuronaren axoian zehar hedatuz doan despolarizazio iragankorra da nerbio-bulkada, eta tentsioaren menpekoak diren sodio- eta potasio-kanalei esker transmititzen da. Neuronaren mintza despolarizatzen denean, sodio-kanalak irekitzen dira eta horrek dakarren sodioaren neuronaranzko sarrera da despolarizazioa hedatzen duena. Apur bat geroago potasio-kanalak irekitzen dira eta horri esker polarizatzen da mintza berriro. Horiexek dira nerbio-bulkadaren gertaera garrantzitsuenak. Batraziotoxinaren eraginez, sodioaz gain, beste ioi handiagoak ere igaro daitezke sodio-kanaletik eta, gainera, irekita mantentzen ditu. Etengabeko despolarizazioa sortzen da horrela. Hortaz, mintza berriro polarizatu ezin badaiteke, ezin seinalerik transmititu, eta ondorioz giharren paralisia gertatzen da.
Lehen esan bezala, batraziotoxina kardiotoxikoa ere bada, bihotz-uzkurketa egokirako ezinbestekoa den bihotz-giharraren mintzaren despolarizazio-transmisioa oztopatzen duelako. Hainbat ondorio kaltegarri dakartza (arritmia, estrasistolea eta beste), bihotza gelditu arterainokoak.
Bereziki pozoitsua da Phyllobates terribilis, familia bereko igelek baino 27 bider toxina gehiago baitu eta haren batraziotoxina 20 bider toxikoagoa baita. Pertsona bat hiltzeko, nahikoak dira 100 μg; izan ere, puxika-arrainaren tetrodotoxina baino 10 aldiz toxikoagoa edo kurarea baino 15 aldiz toxikoagoa da batraziotoxina, baina ez da pozoi botulinikoaren toxizitate-mailara iristen.
Igelaren defentsarako tresna da batraziotoxina. Hori dela eta, eraso egiten zaionean edo mehatxatua sentitzen denean, larruazalean dituen guruinek jariatzen dute pozoia. Beste pozoi askorekin gertatzen den bezala, Kolonbiako mendebaldeko Noanamá Chocó eta Emberá Chocó herritarrek ehizarako erabiltzen dute euren geziak pozoiaz bustiz.
—————————————————–
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
—————————————————–
Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.
The post Urrezko gezi pozoitsua appeared first on Zientzia Kaiera.
Zeruan badira ibaiak, eta olatu erraldoiak eragiteko gai dira
1768an Britainia Handiko agintariek misterio bat argitzea eskatu zioten Ipar Amerikako kolonietako Posta Zerbitzuko zuzendariordeari. Merkataritza-ontziekin alderatuz, Ingalaterratik Amerikara posta eramaten zuten ontziek bi aste gehiago ematen zituzten ibilbide berdina egiteko. Stan Ulanski irasleak The Gulf Stream liburuan idatzitakoaren arabera, zuzendariordeak misterioa argitzea lortu zuen.
Ez zen, baina, edonolako zuzendariorde. Besteak beste, tximisten inguruko ikerketak burutu zituen, eta Ameriketako Estatu Batuetako sorreran ezinbesteko parte-hartzea izan zuen ere. Bale ehiztariekin hitz egin ondoren, Benjamin Franklin zuzendariordeak argitu zuen itsas postarien akatsa: Golkoko ur-lasterraren aurka ari ziren, eta horrek izugarri moteltzen zuen bidaia.
Gerora, hegazkintza garatu zenenerako, ikasgaia ondo ikasita zeukaten hegazkinen ibilbideak prestatzen zituztenak. Kasu honetan, beste korronte baten abantailak kontuan hartu zituzten: gaur egun, Jet korrontea izeneko haize-lasterra baliatzen dute hegazkinek erregaia eta denbora aurrezteko. Kontrako bidea egiten dute, Ipar Amerikatik Europara.

1. irudia: Zaila da haize-lasterrak zuzenean ikustea; baina sute erraldoiak daudenean, satelite bidez posible da igartzea korrontearen eragina kearen ibilbidean. Irudian, Ipar Amerikako suteak, korronterantz. (Argazkia: NASA)
Zeruan eskegitako benetako haize ibaiak dira jet korronteak. Mendebaldetik ekialdera jotzen duten haizete hauek Lurrari bira ematen diote. Bi daude hemisferio bakoitzeko. Gure kasuan, Ipar Atlantikoko jet korrontea da gehien eragiten gaituena. Batez bestean, 10 kilometroko altueran kokatzen den haize-laster hau tenperaturen arteko alde nabarmenen poderioz sortzen da. Bertan dago, hain zuzen, troposferaren eta estratosferaren arteko muga. Atmosferako bi geruza hauen artean tenperatura alde nabarmena dago: zorutik hasita, atmosferan gero eta gorago joanez, orduan eta hotzago izaten da airea. Baina tropopausara heltzean, tenperaturak berriro gora egiten du. Haizete indartsuak daude, 200 kilometro orduko abiadurakoak, baina 400 km/h-ra ere hel daitezke. Udan abiadura txikiagoa eta gorako latitudeetan daude korronteak. Neguan, berriz, hegoalderantz jaisten da eta haizea indartu egiten da.
Aspalditik ezagutzen da haize-laster hauen eragina, bai eguraldian zein patroi klimatikoetan; baina, orain, Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa batean eragin hau xehetasun handiarekin zehaztu ahal izan dute.
Paradoxikoa bada ere, ikerketaren protagonistak ez dira izan puntako satelite meteorologikoak, zuhaitzak baizik. Enborren eraztunetan hiru mendetan zehar pilatutako erregistroei esker, ikertzaileak gai izan dira ezagutzeko denbora tarte horretan Ipar hemisferioko klimak izan duen bilakaera. Zehazki, Bretainia Handiko eta Mediterraneoaren ipar-ekialdeko zuhaitz enborren analisia baliatu dute iraganeko klimari buruzko informazioa lortzeko. Bide horretatik, 1725 urtera arte atzera jo ahal izan dute.
Atera duten ondoriorik argiena da jet korronteak eragin zuzena duela Europan gertatzen diren muturreko eguraldiko fenomenoetan. Bestalde, egiaztatu dute haize-lasterrak iparraldera eta hegoaldera izaten duen anplitudea bereziki handitu dela azken mende erdian. Hain zuzen, 1960ko hamarkadatik aurrera egon diren aldaketa hauek bat datoz Europan egon diren muturreko eguraldiko gertaerekin. Besteak beste, beroaldiak, lehortzeak, baso suteak eta uholdeak.

2. irudia: Jet korrontearen eta Europan izaten den muturreko eguraldiaren arteko lotura atzeman dute ikertzaileek; besteak beste, uholdeekin eta lehorteekin lotu dute haize-lasterraren kokapena. (Argazkia: Juanma Gallego)
Lasterra iparraldeen dagoenean, Britaniar Uharteetan eta Europako mendebaldean beroaldiak nozitzen dituzte udan; Europako hego-ekialdean, berriz, eurite gogorrak eta uholdeak jasaten dira. Atmosferako “ibaia” hegoaldeen dagoenean, kontrakoa gertatzen da: Europako mendebaldean ura barra-barra dago, ekialdea “erretzen” den bitartean.
1960ko hamarkadatik aurrera izan den gorabehera hauen handitzeak “aurrekaririk ez duela” esan du ikerketa artikuluaren egile nagusi Valerie Trouet dendrokronologoak. Europan izandako eraginaz gain, noski, Ipar Amerikan sortutakoak ere aztertu dituzte. AEBko erdi-mendebaldean izandako beroaldiak eta 2017-2018ko neguan ipar-ekialdean izandako negu hotza ere lotuta omen daude haize-lasterraren gorabeherei. Kasu honetan, Ozeano Bareko haize-lasterra legoke atzean.
Filma batean bezala, 2012ko udan haren ama Belgikan bisitatzen ari zela bizi izan zuen Trouetek halako “eureka” momentu txiki bat. Amaren etxean egunkaria irakurtzen ari zela, eguraldi mapari erreparatu zion. Europako ipar-mendebaldean euri gogorrak iragartzen ziren bertan, Mediterraneoko ipar-ekialdean muturreko beroa aurreikusten zen bitartean. “Justu mapa berdina ikusita neukan zuhaitz eraztunen maparekin osatutako beste mapa batean”, gogoratu du adituak Arizonako Unibertsitateak (AEB) zabaldutako ohar batean.
1725etik 1978ra arteko neurketak eskuratzeko Erresuma Batuko eta Balkanetako zuhaitzen eraztunak baliatu badituzte ere, 1978. urtetik aurrerako datuak ohiko erregistro meteorologikoei esker eskuratu dituzte. Trouetek azaldu du eztabaida egon dela zientzialarien artean, klima-aldaketa antropogenikoaren eta jet korrontearen gorabeheren handitzearen artean loturarik ote dagoen argitzeko. 1978tik gaurdainoko datuak besterik ez izanda, eztabaida hori herrena izan da. Baina azken hiru mendeetako datuak eskura izateak informazio gehiago jarri ditu mahai gainean. Erabaki garrantzitsuak hartzeko, bada, zeruetako ibaiei ere begiratu beharra dago.
Erreferentzia bibliografikoa:
V. Trouet, F. Babst & M. Meko. Recent enhanced high-summer North Atlantic Jet variability emerges from three-century context. Nature Communications 9, Article number: 180 (2018). DOI:10.1038/s41467-017-02699-3
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Zeruan badira ibaiak, eta olatu erraldoiak eragiteko gai dira appeared first on Zientzia Kaiera.
Taula periodikoa ez dago bukatuta, oraingoz
Hideto En’yo Japoniako Riken ikerketa zentroko zuzendariak 2017an jakinarazi zuen 119. elementua bilatzeko ikerketak martxan jarriko zirela. 2017ko abenduan hasi ziren lanak eta, bost urteko epean, bi elementu -119 eta 120 zenbaki atomikokoak- sintetizatzeko gai izango direla adierazi zuen ikerketaren zuzendariak. Hortaz, litekeena da hurrengo bost urteetan taula periodikoari 8. lerroa gehitu behar izatea.

1. irudia: Orain arteko taula periodiko berriena hau da, baina, baliteke laster 8. lerroa gehitu behar izatea. (Iturria: zientziakaiera.eus)
UnunennioaRiken ikerketa zentroan sintetizatuko den elementu horren behin behineko izena ununennioa izango da -bat, bat, bederatzi, latineraz- eta, esan behar da, elementu hori ez dela sekula Naturan existitu. Ununennioak taula periodikoaren beste lerro bati hasiera emango dio, 1859an Dmitri Mendeléiev-ek proposatutako elementuen sailkapen periodikoari jarraipena emanez. Kasualitatez, 2019an taula periodikoaren 150. urteurrena beteko da eta IUPAC Kimika Puru eta Aplikatuko Nazioarteko Batasunak urte horixe Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtea izendatuko du. Baliteke urte berezi horretan bertan gertatzea 8. lerroaren hasiera, baina, oraingoz, ezer ez da ziurra.
Ununennioa sintetizatzeko ikerketaren zailtasuna ulertzeko, jakin behar da plutonioa –94 protoi ditu bere nukleoan- baino zenbaki atomiko handiagoa duten elementuak ez direla Naturan existitzen eta laborategian sintetizatu behar direla. Elementu arinenak, alegia, hidrogenoa eta helioa Big Bangaren ondoren agertu ziren. Oro har, astunagoak direnak -burdina bitarte, 26 protoi dituena- gero agertzen joan ziren, gehienak izarren nukleoetan sortuta. Zenbaki atomiko horretatik aurrera, jatorria azaltzea zailagoa da eta, esaterako, supernobak edo antzeko prozesu leherkorretan agertu zirela pentsatzen dute zientzialariek. Dena den, plutonioa baino astunagoak direnak ez dira Naturan sortu eta laborategietan sintetizatu dira. Horretarako, laborategian elementu astun bat ioiekin bonbardatzen da, talka horiek bitartez nukleoen fusioa gertatu eta elementu astunagoak lortzeko. Oro har, elementu horiek ezegonkorrak dira eta desintegratzeko joera dute berriz, baina, une batez, elementu horiek existitu egin dira. Une honetan, taula periodikoko azken elementua oganesona da, 118 zenbaki atomikoa duena, blog honetan bertan Gotzone Barandikak azaldu zuen moduan.

2. irudia: Oganesona da une honetan taula periodikoaren azken elementua, 118 zenbaki atomikoa duena. (Argazkia: LJNovaScotia – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)
Riken ikerketa zentroko ikertzaileek antzeko prozedura erabiliko dute 119. elementua sintetizatzeko. Erabiliko duten bidea hauxe izango da: banadio-sortekin bonbardatuko dituzte kurio atomoak. Lehenak 26 protoi ditu nukleoan eta bigarrenak, aldiz, 96. Hortaz, nukleoen fusioa gertatzen bada -eta hala izatea espero dute-, ununennioa sintetizatuko dute, sekula existitu ez den elementua. Jakina, prozedura ez da batere erraza eta aurrez egindako saiakuntzetan ez da arrakastarik lortu -Alemanian saiakuntzak egin zituzten 2012an-. Nolanahi ere, esandakoa lortzen badute, zientzian mugarri garrantzitsua jarriko dute ikertzaile japoniarrek.
Taula periodikoaren azken muga, zertarako?Pentsa liteke, agian, azaldutako prozeduren bidez edozein zenbaki atomikoko elementuak lortu ahal izango liratekeela, baina, ziur asko hori ez da bideragarria. Hain zuzen ere, elektrodinamika kuantikoaren kalkuluen arabera 170-210 artean legoke gehienez lor daitekeen zenbaki atomikoa, eta, ziurrenik 173 litzateke gehienezko zenbaki atomiko posiblea -hemen dituzue Francisco R. Villatororen azalpen argiak gai honi buruz-. Eta azken galderak hauexek dira: zertarako bilatu elementu berriak? Ba ote du erabilpenik segundo gutxi batzuetan desegiten diren elementuak sintetizatzen baliabideak xahutzea? Bada, Hideto En’yo berak esan zuenez, elementua bera aurkitzea praktikoa da, taula periodikoari beste lerro bat gehitzeagatik bakarrik izanik ere. Une honetan beste erabilpen praktikorik ez du, eta baliteke ununennioak inoiz ezertarako ez balio izatea, baina, baliteke etorkizunean oso erabilgarria izatea. Batek daki. Horixe da oinarrizko ikerkuntzaren xarma. XVIII. mende bukaeran Martin H. Klaproth kimikari alemaniarrak uranioa aurkitu zuenean pentsatuko ote zuen 220 urte beranduago gizateriaren energia ekoizpenaren %10a zentral nuklearretan lortuko zela bere aurkikuntzari esker?
Informazio osagarria:
- Hunt for element 119 set to begin, Kit Chapman, chemistryworld.com
- La tabla periódica se asoma a una nueva fila por primera vez en la historia, Manuel Ansede, elpais.com
- Where in the periodic table will be put element 119, lynceans.org
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Taula periodikoa ez dago bukatuta, oraingoz appeared first on Zientzia Kaiera.